13/2008 Legea, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa.
2008-12-12Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/12/24, 246. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.
§ 310. 13/2008 LEGEA, abenduAREN 12KOA, FAMILIEI
LAGUNTZEKOA
ZIOEN AZALPENA
Familia erakunde naturala da, gizakiaren duintasunaren
eta gizarte-bokazioaren ondorioz sortua; baina, halaber, kultura-errealitate
bat ere bada, eta gizarte-antolaketako forma ugari har dezake. Ez dago, beraz,
familiaren kontzeptu intenporal bat ezartzerik. Familia singularrean aipatu
beharrean, erakunde bakarra eta uniformea balitz bezala, zehatzagoa litzateke
errealitate hori askotarikoa dela kontuan hartuta jokatzea eta zenbait
familia-mota aipatzea, historikoki giza taldeek beren burua antolatzeko baliatu
dituzten eredu desberdinak izendatze aldera.
Familiak pertsonaren funtsezko harremanak
ezartzen ditu; horra bere misio ordezkaezina, beste inoren esku uzterik ez
dagoena. Ildo horretan, bada, gizakia sozializatzeaz gain, nork bere burua
gauzatzeko ere balio du.
Gizarteak funtsezko du familia, familiak
betetzen baitu hainbat gizarte-eginkizun, eta ez nolanahiko eginkizunak;
horietariko bat, esaterako, gizabanakoa sozializatzea da, eta, sozializazio
horren bidez, jokabide-ereduak, tradizioak, ohiturak, usadioak eta sineskerak
transmititzea.
Familiari garrantzizko betekizuna esleitzen zaio
gizabanakoa gizartean eta komunitatean txerta dadin prestatzeko eta hark bere
nortasuna garatzeko. Familian, zenbait pertsona elkarrekin bizitzeko proiektua
gauzatzen da, bere kideetako bakoitzaren autonomia eta berdintasuna
errespetatuz; aurrekoak, ondorengoak eta beren kasa moldatzen ez diren beste
pertsona batzuk zaintzeko eta horiei arreta emateko erantzukizunak partekatzen
dira. Familia, gainera, oinarrizko erakundea da osatzen duten kideentzat, bai afektibitate-
eta emozio-euskarri gisa eta bai elkarri babesa eta laguntza emateko.
Familiak eraldaketa handiak izan ditu
azken mendean, erakunde aldakorra baita, izan ere, eta gizartearen aldaketen
eraginpean baitago. Esate baterako, geroz eta espezializatuagoa da bere
eginkizunei dagokienez; oinarrizko familiaren eredua da ia eredu bakarra;
bikotekideen arteko harremana da garrantzitsuena; eta familiako kideen kopurua
lehen baino txikiagoa da.
Familia funtsezko pieza izan da hezkuntza
informalaren, ekonomiaren eta osasunaren arloan, eta oraindik ere hala da;
horregatik, babes eta laguntza berezia behar du.
Hezkuntza-sistema dela, osasun-sistema dela,
gizarte-zerbitzuak direla, kultura-arloko, kiroletarako eta aisia eta
astialdirako baliabideen eskaintza zabal eta askotarikoa dela, familiek hainbat
eta hainbat zerbitzu eta prestazio daukate eskura, eta, horiei esker, gaur egun
ez dauzkate gizarteak duela gutxi arte egozten zizkien zeregin eta
betebeharretako asko. Azken batean,
orain, familiak bere-bereak dituen eginkizunetara bidera ditzake bere ahalegin
eta indarrak, hau da, eginkizunen aldetik geroz eta espezializatuago dago.
Nolabait ere, familiaren eginkizun pribatuen gainbeheraren aurrean gaude,
familiek gero eta eginkizun gehiago sektore publikoaren esku uzten dute-eta.
Garai batean, familia handia zen denetan
arruntena; aspaldi samarretik, ordea, oinarrizko familia da zabalduena, aitak,
amak eta seme-alabek osatua, alegia, eta berdin dio gurasoak ezkondurik dauden
edo ezkontzaren antzeko beste harremanen bat duten.
Gizarte modernoan, ezkontide-harremana
bihurtu da senitarteko-harreman nagusia. Ez zaio halabeharrez aitortzen
nagusitasun hori ezkontide- edo bikotekide-harremanari, betetzen duen
eginkizunagatik baizik; izan ere, kideen emozio- eta afektibitate-euskarri
izateko eginkizuna jarria dio gizarteak, eta batez ere horrexek legitimatzen du
harreman hori gizartearen begietan. Eta emozio- eta afektibitate-euskarri
izateko eginkizun horretan oinarrituta legitimatzen ditu gizarteak ondorengorik
izatea nahita baztertzen duten familia-proiektuak, eta berdin beste edozein
motatako bikoteak, edozein delarik ere haien harremana ofizialdu edo
formalizatzeko modua edo bikotekideen sexu-joera. Horregatik, lege honen
helburua da gizarteak harreman- eta familia-mota guztiak legitimotzat har ditzan edo onar ditzan
laguntzea, eta, horretarako, tratamendu bera bermatzen zaie denei.
Gurasoen eta seme-alaben arteko
harremanak direla-eta, berriz, lege honek helburu bikoitza du. Lehenik eta
behin, lortu nahi da umeek ez dezatela inolako bereizkeriarik jasan gurasoek
duten edo zuten harreman-motaren arabera; horregatik, seme-alaba biologikoak
nahiz adoptatuak izan, batzuei zein besteei babes- eta laguntza-neurri berberak
bermatzen dizkie, eta umeak aldi baterako hartu dituzten edo tutoretzapean
dituzten familiei ere neurri horietako batzuetarako bidea zabaltzen die.
Bigarrenik, bikoteek nahi bezainbeste ume eduki ahal izateko behar diren
baldintzak sortu nahi dira, edo hartarako oztopoak kendu; horretarako, beren ardurapean
seme-alabak dituzten familientzat hainbat laguntza ekonomiko dakar lege honek, batzuk zuzenekoak eta beste batzuk
zerga bidezkoak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko.
Kultur aldaketa sakonak izan direnez,
eginkizunak sexuaren arabera banaturik zituen oinarrizko familia krisian da.
Izan ere, halako familien oinarria, gehienetan, senar-emazteen arteko
berdintasunik eza izaten zen; agintea, autoritatea eta familia ordezkatzeko
eginkizuna ez zeuden bien artean berdin banaturik; eta, azkenean, askotan,
emaztea gizonaren mende egoten zen, hau da, gizarte-eskubideez baliatzeko
aukera gutxiago zituen eta bereizkeria jasaten zuen gizartean eta lan-munduan.
Horregatik,
lege honen helburu nagusietako bat da ondoko baldintzak betetzen dituen
familia-eredu bat sendo dadin bultzatzea: autonomia, kide guztien arteko
errespetua eta bi bikote-kideen arteko berdintasuna, biek ala biek ere
lanbidean aurrera egiteko aukera berberak dauzkatela eta partekatzen dituztela.
Familiak eraldaketa-bide beharrezko
horretan aurrera egingo badu, ezinbestekoa da samurrago uztartu ahal izatea
norberaren bizitza, familia eta lana. Eta hiru bizi-esparru horiek uztartzen
laguntzeko, lege honen bidez laguntzarako baliabide eta zerbitzu gehiago eskain
daitezen sustatzen da, lehenagotik badaudenak sendotzeaz batera, eta, era
berean, zuzeneko diru-laguntzak jartzen dira uztartze-neurriren batzuez
baliatzeagatik diru-sarrerak murriztu zaizkienentzat, hala nola Langileen
Estatutuan edo beste lege batzuetan, hitzarmen kolektiboetan edo banakako
akordioetan ezarritako uztartze-neurriez baliatzeagatik.
Gizarte zibilari dagokionez, berriz,
ekoizpen-sistemara emakumeak ere biltzen badira, baliteke langileek, gizon zein
emakume, seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaindu beharra
izatea, eta horrek, jakina, baldintza jakin batzuk bete beharra ekarriko du.
Hori hala da, eta naturaltasunez onartu behar dute enpresek.
Herri-administrazioek
aitortu behar dute pertsona orok duela zaindua izateko eskubidea, eta beren
kasa moldatzen ez diren pertsonei arreta emateko erantzukizuna hartuko dute
beren gain, batez ere gizarte-zerbitzuen sarea indartuz eta familiei lagunduz,
baita diruz ere, familiek halakoetan egiten duten lana benetan baita handia.
Herri-administrazioak, gainera, haur-eskolen nahikoa sare zabala ari dira
atontzen, eta, zeregin horretan, euskal udalak dira gailen beren lan
handiagatik.
Familiaren oinarrizko beste
eginkizunetako bat umeen lehen mailako sozializazioa da, gizartean bizitzeko
behar dituzten ezaguerak eta jokabide-ereduak bereganatzeko prozesua. Arlo
horretan, lege honen helburua da gurasoek ikastetxeen eta aisia eta
astialdirako antolakundeen laguntza eskura izatea, gizartean elkarrekin
bizitzeko behar diren balioetan hezteko beren umeak.
Gizarte honetan, oinarrizko familia da
denetan ohikoena, hau da, gurasoek eta seme-alabek osatua, baina bestelakorik
ere badago, eta, horregatik, lege hau familia-mota guztiei dago zuzenduta.
Dakartzan laguntza-neurri batzuk orokorrak dira, baina era berezian aintzat
hartzen ditu egoera bereziki ahulean dauden familien arazoak, esate baterako
guraso bakarreko familienak edo genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan
dituzten familienak; horrenbestez, lehentasuna dute legen honentzat familia
horiek.
Lege honen bidez, familia-mota horiek
zein baldintzatan bizi diren eta zein gabezia, zailtasun, arrisku eta mehatxu
dituzten zehaztu nahi da, beharrezko baliabide eta bitartekoekin babes-sistema
bat jartzeko eta behar duten familientzat baliabide eta bitarteko horiek
sendotzeko.
Familia ugarien egoerari ere arreta
berezia eskaini nahi dio lege honek, gure gizartearen giza kapitalari
zer-nolako ekarpena egiten dioten kontuan izanik, eta baliabideak eta
bitartekoak, edonolakoak direlarik ere, beti besteek baino gehiago beharko
dituztela oinarritzat hartuz.
Gure ustez, eta hauxe da lege honen
printzipio inspiratzaileetako bat, adingabeak zaintzeko eta horiei arreta
emateko erantzukizuna gurasoena da, lehenik eta behin, eta, hortaz, seme-alabak
dituen edonork haiek zaintzeko nahikoa baliabide ekonomiko eta zerbitzu izan
behar du eskura, beste inori laguntza eskatzen ibili beharrik gabe. Hortaz,
seme-alabak dituen edonork, aita edo ama izan, haiek zaintzeko eta mantentzeko
nahikoa baliabide propio izan behar du, hau da, ekonomia-unitate
independentetzat hartu beharra dago, eta, horrelakoa izateko premia badu eta
hori nahi badu, hala bilakatzen lagundu behar zaio.
Lege honek funtsezko balio batzuk
garatzen ditu, eta, balio horietan oinarriturik, familia-mota eta
familia-egoera bakoitzari dagozkion laguntza-neurriak arautzeaz gainera,
pedagogia-lana egiteko eta gizartea sentsibilizatzeko eginkizuna ere bete nahi
du, bere printzipio inspiratzaileen eta proposatzen dituen neurrien berri
emanez.
Arau honen lege-oinarria Konstituzioaren
39. artikuluan dago. Han jartzen duenez, herri-botereek "familiaren babes
sozial, ekonomiko eta juridikoa" ziurtatu behar dute, eta, zehazkiago,
seme-alabena, "seme-alabok legearen arabera berdinak izanik eta
seme-alabatasuna kontuan hartu gabe, eta ama horien babes osoa ere bai, euren
egoera zibila edonolakoa izanik".
Beste oinarri bat Euskal Herriko
Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan du. Han jartzen duenez, euskal
herri-botereek herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilpen
egokia zaindu eta bermatu behar dute; gizabanakoaren eta berori sartuko den
taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezkoa eta egiazkoa izan daitezen,
diratekeen oztopoak erauzteko eta aldeko kondizioei eragiteko neurriak hartu
behar dituzte; politika-,
ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien
parte-hartzea erraztu behar dute; eta bizitzeko eta lan egiteko kondizioen
hobekuntza ekar dezakeen politika bultzatu behar dute bereziki.
Beste oinarri bat Autonomia Estatutuaren
10.12 artikuluan du, gizarte-laguntzako eskumen guztiak Autonomia Erkidegoaren
esku uzten baititu artikulu horrek.
Azkenik, Autonomia Estatutuaren 10.39
artikuluan dago oinarriturik. Han jartzen duenez, komunitatearen aurrerabidea,
emakume-kondizioaren arazoa eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko
politika Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa dira.
Betebehar hori betetze aldera, Euskal
Autonomia Erkidegoko erakunde erkideek, azken urteotan, familiaren errealitate
aldakor eta askotariko horri erantzun nahian jardun dute, hainbat ekimenen
bidez.
Hala, bide horretan egindako urrats
garrantzitsuetako bat, hain zuzen ere, Izatezko Bikoteei buruzko maiatzaren 7ko
2/2003 Legea onartzea izan zen. Lege horren zioen azalpenean honela adierazten
da helburu nagusia: "Lege honek egungo legedian bizirik dirauten
bereizkeria guztiak gainditzeko bidean aurrera egin eta horretan lagundu nahi
du, familiako kideen izaera edo gorabehera pertsonal edo soziala bada
bereizkeriaren oinarri, gure gizarte-inguruaren kulturan onartutako
afektibitate- eta sexualitate-adierazpide ugarien arabera ulertuta familia; eta
horrekin batera Konstituzioan bereizkeriaren aurka, nortasuna askatasunez
garatzearen alde eta familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoaren alde
aipatzen diren printzipioen arau bidezko garapena hobetu nahi da, araudia gizarteak historiako une
bakoitzean bizi duen egoerara egokituta".
Baina lege hori baino lehenago ere, eta
familiaren babesari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, 2001eko uztailaren 3ko
erabaki baten bidez, Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko
Plana onartu zuen, eta gero, urte bereko uztailaren 30eko erabaki baten bidez,
berretsi. Plan harekin, hitzaurrean jartzen zuenez, premia bati erantzun nahi
zitzaion, "jaiotze-tasa handitzeko eta laneko eta familiako bizitzak
uztartzeko politikak gauzatzeko gero eta nabarmenagoa den premiari", eta
beraren helburu nagusia zen "ekonomia eta gizarte eta lan alorreko
oztopoak kentzea, familiek erabakitzen duten seme-alaben kopurua izan
dezaten". Horretarako, plan hartan zerga- eta ekonomia-arloko neurriak
jarri ziren, lana eta
familia uztartzeko neurriak, familiei laguntzeko zerbitzuak eta hainbat sentsibilizazio-neurri.
2006an, Familiei
Laguntzeko Erakundeen arteko II. Plana onartu zen, 2006-2010 aldirako. Bigarren
plan horren bidez, lehenengoarekin abiarazitako familia-politika sendotu da,
lehendik zeuden neurriak zabaldu dira eta neurri berriak garatu. Eta hori dena
osatzeko, eta jarduera-politika orokorren esparruan, euskal
herri-administrazioek, sail batzuen eta besteen bidez, familiari laguntza eta
babesa emateko beste hainbat neurri ere ezarri dute, familia-unitatearen behar
bereziak kontuan hartuz.
Familiei Laguntzeko Lege
honen bidez, Autonomia Erkidegoaren eskumenen esparruan, antolatu egin nahi
dira familiaren alde dauden era bateko eta besteko tresnak, alde batetik horien
guztien artean koherentzia handiago bat bermatzeko, eta, bestetik, ekimen
erabat berriak gehitzeko, dagoen jarduera-aniztasuna osatzearren.
Egituraren aldetik, legearen
testuak lau titulu ditu:
a) I. tituluan xedapen orokorrak datoz jasota. Horietan legearen xedea eta zertarakoa
arautzen dira, baita aplikazio-eremua ere; familia-politikaren funtsezko
balioak eta printzipio inspiratzaileak azaltzen dira; zein helburu lortu nahi
diren zehazten da; erakundeen arteko koordinazio eta lankidetzarako
jarraibideak ezartzen dira, eta familia-errenta estandarizatua finkatzen da.
b) II. tituluan, familiei laguntzeko dauden
neurriak eta zerbitzuak jaso dira, jarduera-eremuen arabera bost kapitulutan
sailkatuta. I. kapituluan, beren ardurapean seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskubide
subjektiboa direla ezartzen da, eta laguntzok zein diren zehazten. II.
kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko laguntza
ekonomikoak azaltzen dira. III. kapituluan, administrazio-esparru batean nahiz
bestean familiari laguntzen diharduten zerbitzu guztiak biltzen dira. IV.
kapituluan, gai honetako eskumenak dituzten organoek familiari laguntzeko
zehazturik dauzkaten zerga-neurriak homogeneiza ditzaten sustatzen da. Azkenik,
V. kapituluan, familiari buruz gizartea sentsibilizatzeko politika sustatzen
da, eta gizarte-eragileak laguntza-ekimenak abian jartzen inplika daitezen.
c) III. tituluan, familia-arloko eskumenak hiru
administrazio-mailen artean nola banatu arautzen da.
d) IV. tituluan erakunde-antolaketa lantzen da,
bi zutabetan oinarrituta: Familiaren Euskal Kontseilua, berari atxikitako hiru
batzordeekin, eta Familiaren Behatokia. Familiaren Euskal Kontseilua aholkuak
emateko eta herri-administrazioen, beste entitate batzuen eta
gizarte-eragileen artean lankidetza indartzeko foro moduan eratzen da. Kontseilu horretan daude Familiaren
Erakunde arteko Batzordea, Sail arteko Batzordea eta Batzorde Iraunkorra.
Familiaren Behatokiaren egitekoa familia-mota batzuen eta besteen errealitatea
aztertzea da, eta lege hau bete beharrez garatzen diren politikek haietan duten
eragina aztertzea. Orobat, titulu hori gizarte-ekimena sustatzeaz ari da, eta
familiaren esparruan lan egiten duten entitateentzako laguntza ezartzeaz.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Xedea eta zertarakoa
1. Familia-politika egiteko esparrua eta horren
oinarriak zehaztea da lege honen xedea. Politika horrek integrala izan behar
du, eta familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera
egon behar du zuzendurik.
2. Familiei babesa, arreta eta laguntza ematea
da lege honen zertarakoa. Horretarako, Autonomia Erkidegoan familien alde
indarrean dauden neurriak osotasun koherente batean antolatzen dira, eta beste
hainbat laguntza-neurri berri ere arautzen da.
2. Artikulua - Aplikazio-eremu
subjektiboa
1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoko
familientzat izango da. Ondorio horietarako, familia da bi pertsonak edo
gehiagok osaturiko bizikidetza-taldea, pertsona horiek ezkontzaz edo horren
antzeko harreman batez loturik daudenean, edo elkarren artean guraso eta
seme-alaba direnean edo beste edozein ahaidetasun dutenean. Tutoretzaren eta
harreraren kasuan, guraso eta seme-alaben arteko harremanaren parekotzat hartu
ahalko dira horiek, dena delako laguntzaren izaeraren arabera eta dagokion
araudiaren arabera.
2. Lege honetan arauturik dauden
laguntza-neurrien hartzaileak, batez ere, adingabeko seme-alabak dituzten
familiak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak dituzten familiak izango
dira, betiere jarduera-mota bakoitzerako erabakita dauden baldintzak betetzen
badituzte familia horiek.
3. Lege honetatik sorturiko prestazio eta
laguntza-neurriak, halaber, bakarrik bizi diren pertsonei edo familiaz
bestelako bizikidetza-taldeei ere aplikatu ahalko zaizkie, hala aurreikusten
denean eta xedatzen den moduan.
3. Artikulua - Familia-politikaren
funtsezko balioak eta printzipio inspiratzaileak
1. Euskal Autonomia Erkidegoaren
familia-politika funtsezko balio hauetan oinarrituko da:
a) Familia-proiektuari
buruz erabakitzeko eta hautatzeko eskubidea errespetatzea.
b) Familiako
kide guztien eskubideak errespetatzea, kide horien adina eta autonomia-maila
edozein delarik ere.
c) Familia-aniztasuna
errespetatzea eta familia-mota guztiak berdintasunez tratatzea.
d) Emakumeek
eta gizonek aukera berak izatea, eta erantzukizunak bikotekide biek
partekatzea.
e) Familiak
betetzen duen eginkizuna aitortzea, familia belaunaldi arteko eta belaunaldi
barruko elkartasun-eragile nagusia den aldetik.
f) Familiak
betetzen duen eginkizuna aitortzea eta errespetatzea, familiak hainbat balio
transmititzen dituen aldetik, hala nola askatasuna, elkartasuna, errespetua,
tolerantzia, berdintasuna, pluraltasuna, parte-hartzea eta elkarbizitza, baita,
oro har, gizarte-elkarbizitzarako printzipio demokratikoak transmititzen dituen
aldetik ere.
g) Elkartasuna
izatea egoera bereziki ahulean dauden edo gizartetik bazterturik geratzeko
arriskua duten familiekin.
h) Familia
osatzen dutenek autonomia izatea, esparru horretan erabateko garapen pertsonala
lor dezaten.
2. Aurreko paragrafoko funtsezko balio horietan
oinarriturik, euskal herri-administrazio bakoitzak ondoko printzipio
inspiratzaileak izango ditu, bakoitzak bere eskumenen esparruan,
familia-politikaren nondik norakoak zedarritzeko:
a) Herri-erantzukizuna.
Gutxienez, lege honetan aurreikusita dauden neurri guztiak taxutu, arautu eta
aplikatu behar dira, eta euskal herri-administrazioen erantzukizuna da,
bakoitzak bere eskumenen esparruan, hori bermatzea.
b) Unibertsaltasuna.
Euskal herri-administrazioek familia guztiei bermatu behar diete lege honetan
edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan unibertsal gisara definituriko
prestazio eta zerbitzuetara iristeko bidea. Ezarritako baldintzek ez dute
auzitan jarri behar printzipio inspiratzaile hori.
c) Berdintasuna
eta ekitatea. Euskal herri-administrazioek familia-mota guztiak errespeta
daitezen sustatu behar dute, direnak direla familien osaera eta tamaina edo
familia-unitate bakoitzaren oinarrian dauden bikote-harremanen eta seme-alabatasunaren
izaera; eta, ekitate-printzipioa dela bide, babes handiagoa eman behar diete
egoera bereziki ahulean dauden familiei.
d) Sustapena.
Euskal herri-administrazioek familiak betetzen duen eginkizuna aitortu, sustatu
eta babestuko dute, familia belaunaldi arteko eta belaunaldi barruko
elkartasunerako eta balio-transmisiorako eragile nagusia den aldetik.
e) Aurrea
hartzea. Euskal herri-administrazioek behar diren neurriak taxutuko dituzte
egoera bereziki ahulean dauden familietan laguntzarik ezari, babesik ezari,
egokitzeko ezintasunari, bazterketari, abandonuari edo babesgabetasunari aurrea
hartzeko.
f) Gizarte-ekimenaren
parte-hartze aktiboaren sustapena. Euskal herri-administrazioek familiei
babesa, arreta eta laguntza emateko planak eta programak egiten eta aplikatzen
gizarte-ekimenak parte har dezan sustatuko dute.
g) Bitartekotza.
Euskal herri-administrazioek behar diren baliabideak taxutu eta aplika daitezen
sustatuko dute familia barruko gatazkei aurrea hartzeko eta gatazka horiek
murrizteko edo bideratzeko.
h) Aukerak.
Euskal herri-administrazioek behar diren baliabideak sustatuko dituzte,
adingabeko seme-alabak eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaindu eta
horiei arreta emateari dagokionez familiek aukera bat baino gehiago izan dezaten
eskura.
4. Artikulua - Helburuak
Euskal Autonomia Erkidegoaren
familia-politikak berak eta politika horren esparruan taxuturiko neurri guztiek
helburu hauek izango dituzte:
a) Familia-mota
guztien eskubideak sustatzea eta babestea, eta haien ongizate-maila hobetzen
laguntzea.
b) Familietan
umeak eta nerabeak ondo babesturik egongo direla bermatzea.
c) Edozein
familia-proiekturi ekiteko eta nahi den haur-kopurua izateko dauden oztopoak
progresiboki ezabatzen edo murrizten laguntzea.
d) Etxeko
eta laneko erantzukizunak uztartu ahal izateko erraztasunak ematea, baita
emakumea lan-munduan sartzeko eta haren karrera profesionala garatzeko ere.
e) Familian
gizonen eta emakumeen erantzukizun-partekatzea finkatzen laguntzea, batez ere adingabeko
seme-alabak zaindu eta hezteari dagokionez eta beren kasa moldatzen ez diren
pertsonei arreta emateari dagokionez.
f) Belaunaldi
arteko eta belaunaldi barruko elkartasuna sustatzea.
g) Familiaren
babes ekonomikoa bermatzea.
h) Egoera
bereziki ahulean dauden familietan gizarte-bazterketari aurrea hartzea.
i) Gizartea
bera orokorrean eta gizarte-eragileak ere familiak betetzen duen eginkizunaz
sentsibilizatzea, baita familia babestu, sustatu eta laguntzea bermatu beharraz
ere.
j) Familiako
gatazkei eta indarkeriari aurrea hartzea eta halakoak murriztea.
5. Artikulua - Erakundeen arteko
koordinazioa eta entitate pribatuen lankidetza
1. Familiak hainbat alderdi duenez, lege
honetan hari babesa, arreta eta laguntza ematearren arautu diren neurriak
erakundeen jarduera-eremu material guztietatik hartu behar dira, eta,
horretarako, ezinbestekoa da gai honetako eskumenak dituzten erakunde publiko
guztien artean lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko bide eraginkorrak
zabaltzea, familiei laguntzeko erakunde arteko planen esparruan eta lege
honetan aurreikusitako erakunde-antolaketaren bidez.
2. Euskal herri-administrazioak gai hauen
inguruan diharduten entitate pribatuen lankidetza lortzen saiatuko dira, lege
honetan familiak babestu, sustatu eta laguntzeko arautu diren neurriak
diseinatzen eta aplikatzen esku har dezaten.
6. Artikulua - Familia-errenta
estandarizatua
1. Laguntza edo zerbitzu jakin bat jasotzea,
prestazioaren zenbatekoa edo zerbitzuaren ordainketa errenta-mailak
baldintzaturik badaude, familia-errenta hartuko da kontuan. Hainbat
familia-mota dagoenez, eta egoerak era askotarikoak direnez, eta guztiak
ekitatez hartu behar direnez, errenta hori familiaren tamainaren eta osaeraren
arabera estandarizatuko da.
Estandarizazio-sistema
zehatza, erregelamendu bidez, dena delako laguntza edo zerbitzua kudeatzen duen
administrazioak edo sailak zehaztuko du, laguntza edo zerbitzuaren arabera.
2. Familia-politiken arloan, homologoak
diren laguntzentzat, familia-errentaren estandarizazio-sistema bera eta
laguntza jasotzeko muga berak ezarriko dira.
II. TITULUA
FAMILIEI BABESA, ARRETA ETA LAGUNTZA
EMATEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
ARDURAPEAN SEME-ALABAK DITUZTEN FAMILIEI
LAGUNTZEKO DIRU LAGUNTZAK
7. Artikulua - Definizioa
Beren ardurapean seme-alabak dituzten
familiei laguntzeko ezarritako diru-laguntzen bidez, seme-alabak mantentzeko
eta zaintzeko eginkizunean sortzen diren premia ekonomikoei erantzuten
laguntzen da.
8. Artikulua - Eskubide subjektiboa
Beren ardurapean seme-alabak dituzten
familiei laguntzeko diru-laguntzak, aurreko artikuluan definitu diren horiek,
eskubide subjektiboa dira, bete beharreko baldintzak betetzen badira.
9. Artikulua - Eskubide subjektiboaren
titularrak
Beren ardurapean seme-alabak dituzten
familientzako diru-laguntzak jasotzeko eskubide subjektiboaren titularra aita
edo ama izango da, edo aita eta ama.
Beren ardurapean adingabeak dituzten
beste pertsona batzuk ere har daitezke aitaren edo amaren parekotzat,
erregelamendu bidez.
10. Artikulua - Ardurapeko
seme-alabengatikako diru-laguntza
1. Diru-laguntza hau ardurapeko seme edo alaba
bakoitzeko emango da, eta hura mantentzeko eta zaintzeko gastuak ordaintzen
laguntzeko da. Besteak beste, eskubidea sortzen duen semearen edo alabaren
adinaren arabera zehaztu daiteke laguntzaren zenbatekoa.
2. Seme-alabetakoren batek ezintasun edo
mendetasunen bat baldin badu, handitu egingo da seme edo alaba horri dagokion
diru-laguntza erregelamendu bidez.
3. Haur bat baino gehiagoz erdituz gero, edo
ume bat baino gehiago adoptatuz gero, edo umea atzerrian adoptatuz gero,
aparteko diru-laguntzak egongo dira. Halakoetan, laguntzaren zenbatekoa
zehazteko, zenbat ume izan edo adoptatu diren, edo atzerrian adoptatuak zenbat
diren, eta familiako aitaren eta amaren errenta-maila hartuko da kontuan.
4. Orobat, adingabeen harrera egiten duten
familientzako laguntzak arautuko dira.
5. Eusko
Jaurlaritzak bata bestearen atzetik onartutako familiei laguntzeko erakunde arteko
planen esparruan, euskal herri-administrazioak progresiboki zabalduz joango
dira ardurapeko seme-alaba adingabeengatik ematen diren zuzeneko
diru-laguntzak, 2020. urtean Europar Batasunaren mailan izateko.
II. KAPITULUA
NORBERAREN BIZITZA, FAMILIA ETA LANA
UZTARTZEKO NEURRIAK
11. Artikulua - Definizioa
Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza,
familia eta lana uztartzen laguntzeko ezarritako familientzako diru-laguntzak
ondoko xedeak dituzten laguntzak dira: adingabeko seme-alabak zaintzeko edo
beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartzean edo
lanaldia laburtzean izandako diru-sarreren galera konpentsatzea, zati batean
behintzat; adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak
etxean bertan zaintzeko norbait kontratatzeak sortutako gastuak ordaintzen
laguntzea; eta familiek adingabeko seme-alabak haur-eskoletan matrikulatzean
izaten dituzten kostu ekonomikoak diruz laguntzea.
Eta eszedentzia hartzerakoan edo lanaldia
laburtzerakoan lanean oztoporik izan ez dadin, enplegatzaileentzat ere hainbat
neurri ekonomiko ezartzen dira, Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko,
aipaturiko neurriak baliatu dituzten langileen ordez beste langile batzuk
kontratatzen dituztenerako.
12. Artikulua - Tipologia
Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza,
familia eta lana uztartzea errazteko ematen dituen diru-laguntzak tipologia
honetakoak izango dira:
a) Adingabeko
seme-alabak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten
langileentzako diru-laguntzak.
b) Beren
kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia
laburtu duten langileentzako diru-laguntzak.
c) Familiek
haur-eskoletako gastuak ordaintzeko egiten dituzten ekarpenetarako
diru-laguntzak.
d) Seme-alabak
etxean bertan zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak.
e) Enplegatzaileentzako
diru-laguntzak, adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak
zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtu duten langileen ordez beste
langile batzuk kontrata ditzaten.
13. Artikulua - Adingabeko seme-alabak
edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo
lanaldia laburtu duten langileentzako diru-laguntzak
1. Artikulu honetan arauturiko langileentzako
diru-laguntzak emango badira, ondoko bi egoeretako batean egon behar dute
langileek, lege-xedapen edo banakako nahiz taldekako itun batetik sorturiko
egoera hauetako batean:
a) Adingabeko
seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren adinekoak zaintzeko eszedentzia.
b) Adingabeko
seme-alabak zaintzeko edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko
lanaldi-laburtzea.
Eszedentziak
eta lanaldi-laburtzeak diruz laguntzeko, nahitaezkoa da neurri horietaz baliatu
diren langileek beren lansariaren zati bat galtzea eszedentzia edo
lanaldi-laburtze horren eraginez.
2. Bai besteren konturako langileak eta bai
kooperatibetako bazkide langileak eta lan-bazkideak izan daitezke laguntza
hauen titularrak, eszedentzia hartu edo lanaldia laburtzen dutenean.
Eta
beren konturako langileak ere izan daitezke laguntza honen titularrak, baldin
eta, adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak
zaintzeko, beren lanbidea edo lana aldi baterako uztea edo gutxiago lan egitea
erabakitzen badute, egoera hori lan-araudian arauturik dagoen moduan betiere.
14. Artikulua - Familiek haur-eskoletako
gastuak ordaintzeko egiten dituzten ekarpenetarako diru-laguntzak
1. Laguntzaren xedea da beren ardurapean
seme-alabak dituzten familiek haur-eskolen ohiko funtzionamendurako egindako
ekarpenetan laguntzea.
2. Familia batek bere ardurapean dituen umeak
haur-hezkuntzako lehenengo zikloko haur-eskoletan matrikulaturik baldin badaude
eskolak titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan, familia horrek jaso
dezake diru-laguntza hau, dagokion erregelamendu bidezko garapenean ezartzen
denaren arabera.
3. Erregelamendu bidez, familia-errenta
estandarizatu bat zehaztuko da, eta diru-laguntza hau jasotzeko baldintza
ekonomikoak errenta horren arabera ezarriko dira, familia-unitatearen tamaina
eta osaera kontuan harturik.
15. Artikulua - Adingabeko seme-alabak
zaintzeko langileak kontratatzeko diru-laguntzak
1. Adingabeko seme-alabak etxean bertan
zaintzeko langile bat kontratatzea diruz lagunduko da.
2. Erregelamendu bidez, familia-errenta
estandarizatu bat zehaztuko da, eta diru-laguntza hau jasotzeko baldintza
ekonomikoak errenta horren arabera ezarriko dira, familia-unitatearen tamaina
eta osaera kontuan harturik.
16. Artikulua - Enplegatzaileentzako
diru-laguntzak, adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren
pertsonak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia laburtzen duten langileen
ordez beste langile batzuk kontrata ditzaten
Adingabeko seme-alabak edo beren kasa
moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko, langileren batek eszedentzia hartzen
badu edo lanaldia laburtzen badu, eta haren ordez beste langileren bat
kontratatzen bada, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduko du ordezko kontratazio
hori.
17 Artikulua - Enpresentzako laguntzak,
familia eta lana uztartzen lagun dezaten
Eusko
Jaurlaritzak sustatze-lana egingo du enpresek langileen familia eta lana
uztartzen lagunduko duten neurriak har ditzaten.
III. KAPITULUA
FAMILIEI LAGUNTZEKO ZERBITZUAK
18. Artikulua - Familiei etxebizitzaren eta
lurzoruaren arloan laguntzeko berariazko neurriak
1. Oro
har, bere etxebizitza-politikaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak tratamendu
berezia emango die adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren
pertsonak beren ardurapean dituzten familiei, baita familia ugariei eta egoera
bereziki ahulean dauden familiei ere, hala nola guraso bakarrekoei,
genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenei edo antzeko
egoeraren batean dauden beste familia-motei, familia horiek etxebizitza
errazago eskuratzeko kupo batzuk ezartzearren.
2. Bereziki, etxebizitza berritzeko laguntza
modura zenbat diru eman erabakitzerakoan, familia-unitatearen tamaina eta
osaera hartuko ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak. Eta, era berean, etxebizitza
hobetzeko diru-laguntzak emateko orduan, haren irisgarritasuna bermatzeko obrei
emango zaie lehentasuna.
3. Bere
lurzoru-politikaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak kontuan izango du
industrialdeetan edo enpresa-parkeetan zenbait ekipamendutarako gutxieneko
eremu bat gordetzea, hala nola haurtzaindegietarako eta enpresa-jantokietarako,
hartara langileek errazago uztartu ahal izan ditzaten lana eta familia.
19. Artikulua - Familiei hezkuntzaren
arloan laguntzeko berariazko neurriak
1. Oro har, Eusko Jaurlaritzak, bere
hezkuntza-politikaren esparruan, umeak eta gazteak 3.1 artikuluan jasota
datozen balioetan heziko direla bermatu beharko du.
2. Bereziki,
Eusko Jaurlaritzak familiei laguntzeko neurri hauek garatu beharko ditu:
a) 0
eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzea.
b) Familia
Ugariak Babesteari buruzko azaroaren 18ko 40/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera,
ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartuak izateko
sistemako puntuaketan, familia ugariek lehentasuna izango dute. Nolanahi ere,
kontuan hartuko dira Hezkuntzaren Lege Organikoan onarpenerako ezarririk dauden
bestelako lehentasun-irizpideak ere.
c) Orobat,
ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, terrorismo-ekintzak
jasan dituzten familiek eta genero-indarkeria jasan duten familiek lehentasuna
izango dute onarpen-sistemako puntuaketan.
d) Bestelako laguntza-neurri osagarriak ere
hartuko dira, curriculumetik aparte, aurrez ezarritako ordutegi eta egutegiko
arretaren osagarri, norberaren bizitza, familia eta lana uztartu ahal izateko
gizonek zein emakumeek. Halaber, hezkuntza-etapa guztietan eskola-jantokien zerbitzu
osoa egotea bermatuko da, eskariaren arabera.
e) Eskola-bitartekotza
sustatuko da, eta horixe izango da eskola-gatazkak ebazteko lehentasunezko era.
f) Eskolen
eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen arteko jarduera koordinatuak bultzatuko dira,
eskoletan atzemandako gizarte-arazo gero eta handiagoentzat erantzun integral
bat sortzeko, familia-unitatea izaten baita jarduera horien hartzailea.
g) Orientazio- eta
aholkularitza-zerbitzu bat sustatuko da familientzat, hezkuntzaren eta garapen
afektiboaren arloko arazoetarako eta beste gai batzuetan sor daitezkeen
gatazketarako.
20. Artikulua - Familiei kultura-, kirol-,
aisia- eta astialdi-arloetan laguntzeko berariazko neurriak
Euskal
herri-administrazioek kultura-, kirol-, aisia- eta astialdi-arloetako ondasun
eta zerbitzuetara iristeko bidea erraz dezaketen neurriak hartuko dituzte.
Horretarako, helburu hauek lortzen saiatuko dira:
a) Bermatzea
familiek irispidea izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-arloko
ondasun eta bitartekoetara eta horietan parte hartuko dutela, berdintasunean.
b) Familia
guztiei kultura-arloan aukera berberak eskaintzea. Horretarako, baliabide
gutxien duten familiak positiboki bereizi beharko dira, gizartera biltzeko
moduan, eta berdin dio baliabide falta ekonomia-, gizarte- edo kultura-arlokoa
edo norberaren baitakoa den.
c) Komunikabideek
familien intereseko informazioa zabaldu, familientzako argitalpenak egin eta
telebista-programak diseina ditzaten sustatzea, horrela adingabeek pixkanaka kontzientzia har dezaten familia-mota
guztiei zor zaien errespetuaz eta lege honen 3. artikuluan adierazi
diren familia-politikaren balio inspiratzaileak errespetatzeaz.
d) Familiei
zuzenduriko ekitaldi kulturalak eta artistikoak antola daitezen sustatzea.
e) Ikastetxeak
oporretan direnerako, astialdi- eta aisia-jarduerak antola daitezen bultzatzea,
norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko zerbitzu gisa,
familien beharren arabera.
21. Artikulua - Familiei gizarte-zerbitzuen
arloan laguntzeko berariazko neurriak
1. Oro har, euskal herri-administrazioek, beren
eskumenen esparruan, behar diren neurriak hartuko dituzte gizarte-zerbitzuen
arloko beren esku-hartzeetan familia-alderdia ere bermatzeko, hala egitea egoki
denean.
2. Bereziki, eta gizarte-zerbitzuei buruzko
araudian une bakoitzean xedaturik dagoena ere betez, euskal
herri-administrazioek familiei arreta eta laguntza emateko zerbitzuak garatuko
dituzte, honako arlo hauetan:
a) Familientzako
orientazioa eta arreta psikosoziala.
b) Familia-bitartekotza
eta elkarguneak.
c) Etxez
etxeko laguntza.
d) Beren
kasa moldatzen ez direnak zaintzen dihardutenentzako laguntza (atseden emateko zerbitzuak).
e) Larrialdietako
aterpea eta babesa.
f) Haurren
babesa eta umeak familian hartzeko eta adoptatzeko laguntza.
g) Arriskuan dauden familietan esku hartzeko
programak.
h) Gizarte-arriskuko egoerei aurrea hartzea,
batez ere familietako indarkeria-egoerei.
22. Artikulua - Familiei
gizarteratzearen arloan laguntzeko berariazko neurriak
Eusko Jaurlaritzak, gizarteratzearen
arloko eskumenak dituen sailaren bitartez, gizartetik bazterturik dauden edo
hala geratzeko arriskua duten familia guztiei behar bezala gizarteratzen
laguntzeko hartu beharreko neurriak hartuko ditu, bai neurri ekonomikoak eta
bai familia horiek gizartera eta lan-mundura biltzeko zerbitzuak antolatuz.
Horretarako, esku hartzeko politika orokorrak erabiliko baditu ere, egoera edo
esparru hauetan berariaz jardungo du:
1. Familia-unitatearen premiak ezagutzeko
diagnosiak egitea, familiaren esparruan esku hartzeko egitasmoak lantzeko.
2. Enplegu-programetan eta gizartera eta
lan-mundura biltzeko programetan, hauek lehenestea:
a) Zuzeneko
familia-zamarik baldin badute, oinarrizko errentaren titularrak.
b) Guraso
bakarreko familietako kideak.
c) Egoera
bereziki ahulean dauden familia ugarietako kideak.
3. Gizartera eta lan-mundura biltzeko prozesuak
eta seme-alaben zainketa uztartzeko zerbitzuak martxan jartzea, uztartzeko zailtasun
bereziak daudenean.
4. Neurri juridikoak eta ekonomikoak
bultzatzea, gertakari batzuen ondorioz baliabide ekonomiko urriak dituzten
pertsonen baldintzak hobetzeko. Gertakari horiek bi izango dira: batetik,
alargun gelditzea, eta bestetik, hitzarmen judizialki onartuan edo ebazpen
judizialean ezarritako pentsio osagarriak eta mantenu-pentsioak ez jasotzea.
Bigarren hori gertatzeko egoerak hauek izan ohi dira: ezkontza-deuseztasuna,
legezko ezkontza-banaketa, dibortzioa, izatezko bikotea hausturaz iraungitzea
edo filiazio- edo mantenu-prozesua.
5. Premia-egoeran dauden emakume haurdunei
laguntzeko programak bultzatzea.
23. Artikulua - Garraio-arloko neurriak
Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren
trenbide-zerbitzuetan, baita foru- eta udal-administrazioen eskumenekoak diren
garraio-linea erregularretan ere, tarifa arautuen eta prezio baimenduen
erregimen berezi bat ezartzeko ahalegina egingo da, familia ugariei eta egoera
bereziki ahulean dauden familiei laguntzeko.
IV. KAPITULUA
FAMILIEI LAGUNTZEKO ZERGA NEURRIAK
24. Artikulua - Zerga-neurriak
homogeneizatzea
1. Eusko Jaurlaritzak sustatze-lana egingo du
lurralde historikoetako organo eskudunek lege honetan aipatzen diren
familia-moten aldeko zerga-neurriak har ditzaten zergei buruzko beren
foru-araudian, batez ere adingabeko seme-alabak eta beren kasa moldatzen ez
diren kideak dituzten familien alde.
Ahalegina
egingo da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan zehazturik datozen
zerga-neurrietan familia ugarien egoera berariaz jasotzeko, beste familiek
baino gastu handiagoa dutenez gero, eta egoera bereziki ahulean dauden
familia-moten egoera ere berariaz jasotzeko, hala nola guraso bakarrekoena,
etxean indarkeria jasan dutenena edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenena.
Era
berean, ahalegina egingo da sozietate-zergan zehazturik datozen
zerga-neurrietan onurak edo hobariak jaso daitezen, familien arretarako eta
lana eta familia uztartzen laguntzeko zerbitzuetan enpresek benetan egindako
gastuak direla-eta, hala nola enpresako jantoki eta haurtzaindegietan edo beren
enplegatuen familientzako oporraldietarako eta astialdirako zerbitzuetan
egindakoak.
Eusko
Jaurlaritzak, Zergak Koordinatzeko Organoaren bitartez, lurralde historikoek
familiei laguntzeko zerga-neurri homogeneoak har ditzaten sustatuko du,
Autonomia Erkidegoko herritarren arteko berdintasuna bermatzea helburu dutela.
Zergetan
baliabide ekonomiko gutxieneko familien alde egitearren, batez ere
kuota-kenkariak aplika daitezke, zerga-oinarria murriztu beharrean.
2. Eusko
Jaurlaritzak, udal-eskumen diren zerga, tasa eta prezio publikoei dagokienez,
horietan batez ere familia ugarien eta egoera bereziki ahulean dauden familien
alde egin dadin sustatuko du Autonomia Erkidegoko udaletan.
V. KAPITULUA
SENTSIBILIZAZIO ETA SUSTAPEN NEURRIAK
25. Artikulua - Oinarrizko helburuak
Hona hemen sentsibilizazio-neurrien
oinarrizko helburuak:
1. Familia-politikaren esparruan taxutu diren
laguntza eta zerbitzuen berri ematea, zuzen eta zabal, onuradun izan
daitezkeenak haietara iritsi gabe gera ez daitezen jakinaren gainean ez
zeudelako.
2. Oro har gizarteari, eta bereziki gizarteko
antolakunde eta eragileei, kontzientzia harraraztea familiak duen garrantziaz
eta euskal herri-administrazioek garaturiko familia-politikaren oinarri diren
balioez.
3. Ekintza positiboak sustatzea, gizonek
emakumeekin erantzukizunak parteka ditzaten, bai etxeko lanetan, baita
seme-alabak zaintzeko eta hezteko lanetan ere.
4. Norberaren bizitza, familia eta lana uztartu
ahal izateko neurriak aplikatzeko lanean enpresak, eta bereziki
enpresa-elkarteak eta sindikatuak, inplikatzea, kontzientzia harraraziz neurri
horiek enpresara bertara eta oro har gizartera dakartzaten abantailez.
5. Familiako errespetua, bizikidetza eta
indarkeriarik eza gizartean zabaltzen saiatzea.
26. Artikulua - Sentsibilizazio-neurriak
Aurreko artikuluan definituriko helburuak
lortzeko, euskal herri-administrazioek sentsibilizazio-neurri hauek hartuko
dituzte:
a) Informazio-kanpainak,
hain zuzen ere laguntza-neurrien onurak jaso ditzaketen familiek onura horiek
benetan lortzeko nahikoa informazio badutela bermatzeko, batik bat.
b) Sentsibilizazio-kanpainak,
etxeko lanetan eta seme-alabak zaintzeko lanetan gizonek erantzukizunak
emakumeekin partekatu beharraz.
c) Publizitate-kanpainak,
euskal familia-politikaren oinarri diren printzipio eta balioez informatu eta
sentsibilizatzeko.
d) Familiari
eta familia-politikari buruzko gaietan espezializaturiko dokumentu-funtsak balia daitezen
laguntzea, hala nola
hemeroteka, arauak, monografiak eta aldizkako argitalpenak.
e) Argitalpenak,
Europar Batasuneko herrialderik aurreratuenetan familia-politika dela-eta
indarrean dauden neurri garrantzitsuenen berri emateko.
III. TITULUA
ESKUMENEN BANAKETA
27. Artikulua - Eusko Jaurlaritzarenak
1. Eusko Jaurlaritzak honako eskumen hauen
erantzukizuna dauka:
a) Foru-aldundiekin
eta udalekin koordinaturik, Euskal Autonomia Erkidegoko familia-politikaren eta
familiarentzako gizarte-zerbitzuen plangintza orokorra egitea lehentasunak
ezartzeko, lurraldeen arteko desorekak saihesteko eta gutxieneko babes-mailak
bermatzeko.
b) Familia-gaietan
eskudun diren herri-administrazioen organoen eta itunpeko ekimen pribatuen
jarduerak koordinatzea, arlo honetan politika homogeneoa egingo dela
bermatzeko.
c) Eusko
Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzarako eskumenean sartzen diren programak,
zentroak edo zerbitzuak sortzea, mantentzea eta kudeatzea.
d) Familiaren
arazoen kausak aztertu eta ikertzea, baita arazo horiek konpontzeko baliabideak
ere, familia-arloan diharduten erakundeei eta entitateei aholkularitza eta
informazioa emateko.
e) Dagokion
familiei laguntzeko erakundeen arteko plana onartzea, garatzea eta ebaluatzea.
2. Familiari laguntzeko gaietan, Eusko
Jaurlaritzak, bere eskumenen esparruan, legegintza-ekimena baliatzeko eta
erregelamenduak egiteko ahala du, baina, horretaz gainera, eginkizun hauek ere
izango ditu:
a) Beren
ardurapean seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak, II. tituluko I.
kapituluan zehaztuak, arautu eta kudeatzea.
b) Norberaren
bizitza, familia eta lana uztartu ahal izateko neurriak, II. tituluko II.
kapituluan zehaztuak, arautu eta kudeatzea.
c) II.
tituluko V. kapituluko sentsibilizazio- eta sustapen-neurriak sustatzea.
d) IV.
tituluan arautzen den erakunde-antolaketa erregelamendu bidez garatzea.
e) Lege
honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste
edozein.
28. Artikulua -
Foru-aldundienak
1. Familiei laguntzeko
ondoko neurriak aplikatzeko eskumena foru-aldundiek izango dute, bakoitzak bere
lurralde historikoan:
a) 21. artikuluan gizarte-zerbitzuen arlorako jasota datozen neurriak,
indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren
arabera.
b) 22. artikuluan gizarteratze-arlorako jasota datozen neurriak,
indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren
arabera.
c) Zerga-neurrien aplikazioa.
d) Lege honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen
zaion beste edozein.
2. Era berean,
foru-aIdundiek izango dute II. tituluko V. kapituluko sentsibilizazio- eta
sustapen-neurriak sustatzeko eskumena.
29. Artikulua - Udalenak
Udalek neurri hauek aplikatzeko eskumena
izango dute:
a) 21. artikuluan gizarte-zerbitzuen arlorako arauturik datozen
neurriak, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko
eginkizun-banaketaren arabera.
b) 22. artikuluan gizarteratze-arlorako arauturik datozen neurriak,
indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehazturiko eginkizun-banaketaren
arabera.
c) Lege
honetan edo ordenamendu juridikoaren gainerako arauetan agintzen zaion beste
edozein.
IV. TITULUA
ERAKUNDE ANTOLAKETA ETA SUSTAPENA
I. KAPITULUA
FAMILIAREN EUSKAL KONTSEILUA ETA HAREN
BATZORDEAK
30. Artikulua - Familiaren Euskal
Kontseilua
1. Familiaren Euskal Kontseilua aholkuak
emateko organo gisa eratzen da, Eusko Jaurlaritzan familia-gaietako eskumena
duen sailari atxikia. Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak egongo dira
bertan ordezkaturik, eta baita irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuak ere.
Aipatutako hiru erakunde-mailen koordinazioa eta lankidetza antolatzeko organo
moduan ezartzen da, eta herri-administrazioen eremutik kanpoko erakundeen eta
pertsonen benetako parte-hartzea gauzatzeko organo moduan.
2. Agindurik
dituen eginkizunak hobeto betetzeko, Familiaren Euskal Kontseiluak nahi duen
edozein pertsona eta entitate publiko nahiz pribaturi eska diezaioke parte
hartzeko.
3. Haren eginkizunak, osaera eta
funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.
4. Familiaren Euskal Kontseiluaren barruan
daude Familiaren Sail arteko Batzordea, Familiaren Erakunde arteko Batzordea
eta Familiaren Batzorde Iraunkorra.
31. Artikulua - Familiaren Sail arteko
Batzordea
1. Familiaren Sail arteko Batzordea eratzen da,
Eusko Jaurlaritzako sailek familia-gaietan egindako jarduerak koordinatzeko
organo gisa.
2. Haren
eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko
dira.
32. Artikulua - Familiaren Erakunde arteko
Batzordea
1. Familiaren Erakunde arteko Batzordea
herri-administrazioek familia-gaietan lankidetzan aritzeko, koordinatzeko eta
parte hartzeko organo nagusia da, eta helburu hau du: lege hau aplikatzetik eta
Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen Plana aplikatzetik
sorturiko jardueretan erakundeak koordinaturik egongo direla bermatzea.
2. Haren eginkizunak, osaera eta
funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.
33. Artikulua - Familiaren Batzorde
Iraunkorra
1. Familiaren Batzorde Iraunkorra familiei
babesa, arreta eta laguntza ematen diharduten gizarte-eragileek parte hartzeko
berariazko foroa da.
2. Haren eginkizunak, osaera eta
funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko dira.
II. KAPITULUA
FAMILIAREN BEHATOKIA
34. Artikulua - Familiaren Behatokia
sortzea
Familiaren Behatokia sortuko da, Eusko
Jaurlaritzan familia-gaietan eskumena duen sailari atxikia. Euskal Autonomia
Erkidegoan dauden familien errealitatea, egoera eta arazoak etengabe aztertzea
izango da haren egitekoa, eta, orobat, lege hau bete beharrez garatzen diren
politikek zer-nolako eragina duten aztertzea.
35. Artikulua - Eginkizunak
Familiaren Behatokiak eginkizun hauek
izango ditu:
a) Azterketarako
eta ikerketarako lan-ildo bat bultzatzea eta sustatzea. Lan-ildo horrek
familiaren errealitate aldakorra eta familiek beren gain hartzen dituzten
askotariko eginkizunak ondo, kuantitatiboki zein kualitatiboki, ezagutzeko
modua bermatu behar du, bereziki seme-alaba adingabeak mantentzeko eta
zaintzeko lanak eta beren kasa moldatzen ez diren pertsonei arreta emateko
lanak ezagutzeko modua, betiere ardura berezia jarriz egoera bereziki ahulean
dauden familietan.
b) Etxeko
indarkerian benetan zer-nolako egoerak dauden eta nola bilakatzen diren
ezagutzea, hartara zerbitzu eta prestazioen eskaintza hobetzeko gomendio eta
proposamenak egin ahal izateko. Hori guztia Emakunde-Emakumearen Euskal
Erakundearekin lankidetzan egingo da, emakumeen kontrako indarkeria ikertzeko
ahalmenak ditu eta.
c) Gai
honen inguruan Autonomia Erkidegoan, Estatuan, Europan eta nazioartean dagoen
literatura zientifikoa biltzen duen dokumentu-funts espezializatu bat etengabe
eguneratuta egongo dela bermatzea, baita arau-funts bat ere, Euskal Autonomia
Erkidegoan, beste autonomia-erkidego batzuetan, Estatuan eta Europar Batasunean
indarrean dauden arauak eskura izateko.
d) Dituen
eginkizunak hobeto eta lasterrago betetzeko bereziki landu behar diren gaien
inguruan dokumentu-azterlanak egitea, aurreko paragrafoan aipaturiko
bibliografia- eta arau-funtsak erabiliz.
e) Lege
honetan eta dagokion familiei laguntzeko erakunde arteko planean jasotako
neurrien benetako aplikazioaren eta gizartean izan duten eraginaren segimendua
egitea.
f) Familiari
babesa, arreta eta laguntza emateko jarduerak direla-eta aholku eske datozkion
herri-administrazioei aholkuak ematea.
g) Txosten
bidez, administrazio eskudunei ordenamendu juridikoa familien beharren
araberakoa den adieraztea eta beste arau batzuk onartzeko edo lehengoak
aldatzeko proposamena egitea.
h) Legebiltzarrean
informazioa ematea, gutxienez Jaurlaritzak erakunde arteko familia-planak
aurkeztu baino lehen.
III. KAPITULUA
GIZARTE EKIMENA SUSTATZEA
36. Artikulua - Gizarte-ekimena sustatzea
Gizarte-ekimena sustatze aldera, Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumenen esparruan,
diru-laguntzak emango dituzte, araututako baldintzak betetzen badituzte betiere, edo
lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dituzte irabazi-asmorik gabeko entitate
pribatuekin, honako arlo hauetan programak eta jarduerak aurrera eramateko:
a) Familien bizi-kalitatea hobetzera zuzendurikoak, batez ere egoera
bereziki ahulean daudenena.
b) Norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzera
zuzendurikoak.
c) Seme-alabak hezteko eta zaintzeko lanetan bikotekide bien
erantzukizun partekatua sustatzera zuzendurikoak.
d) Beren kasa moldatzen ez diren pertsonak zaintzeko lanetan
bikotekide bien erantzukizun partekatua sustatzera zuzendurikoak.
e) Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunak norberarentzat
eta gizarterako dakartzan abantailen berri ematera zuzendurikoak.
f) Lan-munduko gizarte-eragileei norberaren bizitza, familia eta lana
uztartzeko neurriak martxan jarri beharraz kontzientzia harraraztera
zuzendurikoak.
g) Familia-mota
guztiak errespeta eta ezagut daitezen sustatzera zuzendurikoak.
h) Familiek,
gizartea egituratzeko eta belaunaldien artean elkartasuna sortzeko funtsezko
erakunde gisa, gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratzera zuzendurikoak.
i) Familiako
era bateko eta besteko erantzukizunak kide guztiek beren gain har ditzaten sustatzera
zuzendurikoak. Kide bakoitzak bere garapen-mailaren arabera hartuko ditu
erantzukizun horiek.
j) Indarkeria
eta familia-gatazkak murriztera zuzendurikoak.
k) Familia-mota
berriei laguntzera zuzendurikoak.
Xedapen Gehigarriak
Lehena - Zuzeneko ekintza
Lege honen 11, 12, 13, 15, 16
eta 17. artikuluetan arauturik dauden diru-laguntzak zuzeneko ekintzak izango
dira Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute
Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.c.1
artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.
Bigarrena - Familiaren Euskal Kontseilua
arautzea
Lege hau indarrean sartzen denetik, Eusko
Jaurlaritzak urtebeteko epea izango du Familiaren Euskal Kontseiluren
eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzeko.
Hirugarrena - Familiaren Behatokia
Lege hau indarrean sartzen denetik, Eusko
Jaurlaritzak sei hilabeteko epea izango du Familiaren Behatokia jarduten has
dadin egin beharrekoak egiteko.
Xedapen Iragankorra
Familiaren
Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkor Sektoriala non
atxikita egongo diren
Lege hau indarrean sartzen denean,
Familiaren Euskal Kontseiluan sartuko dira Familiaren Erakunde arteko Batzordea
eta Familiaren Batzorde Iraunkor Sektoriala (aurrerantzean Familiaren Batzorde
Iraunkorra), biak ere Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari atxikiak gaur
egun.
Azken Xedapenak
Lehena - Ordezko araubidea
Administrazio-prozeduraren inguruko
gaietan, lege honetan aurreikusi gabe dagoen edozertan, Herri Administrazioen
Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko
30/1992 Legea aplikatuko da.
Bigarrena - Erregelamendu bidezko
garapena
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu
Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko erregelamendu-xedapenak
emateko.
2. Onartu eta hurrengo hamabi hilabeteen
barruan garatuko da lege hau erregelamendu bidez. Epe horretan, gainera, legen honen
6. artikuluan aipatutako estandarizazio-sistema zehatza ezarriko da.
Hirugarrena - Indarrean sartzea
1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratu eta hogeita hamar egunera sartuko da indarrean lege hau.
2. Era berean, Eusko Jaurlaritzak bata
bestearen atzetik onartutako familiei laguntzeko erakunde arteko planen
testuinguruan, aztertu ahal izango da ea komeni den adingabeko seme-alabengatik
ematen diren zuzeneko diru-laguntzak periodifikatzea, 2020. urtean Europar
Batasunaren mailan izateko, are kudeaketa-sistemari dagokionez ere.