Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

13/2007 Legea, abenduaren 27koa, Nekazaritza Ganberak azkentzekoa

2007-12-27

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/1/9, 6. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.

§ 295. 13/2007 LEGEA, ABENDUAREN 27KOA, NEKAZARITZA GANBERAK AZKENTZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Nekazaritza-ganberen araubide juridikoaren oinarriak ezartzen zituen abenduaren 24ko 23/1986 Legea oinarrizko lege gisa ezarri zen bere edukiaren zatia batean, administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak ezartzea (Konstituzioaren 149.1.18 artikulua) Estatuko eskumena dela argudiatuta; Lege hori Nekazaritza Ganberei buruzko ekainaren 15eko 6/1990 Legearen bitartez garatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.21 artikuluan oinarrituta, arlo horretan duen eskumenari jarraiki.

 

       Estatuko lege horretan, probintzia bakoitzeko nekazaritza-ganbera bat egoteko beharra ezartzen zen, besteak beste. Agindu hori ekainaren 15eko 6/1990 Legean gauzatuta gelditu zen, lurralde historiko bakoitzean lurraldeko nekazaritza-ganbera bana aurreikusi baitzen. Gainera, oinarrizko legeak ezarritako eginkizunei beste batzuk gehitu zitzaizkien, bai eta beren araubide ekonomikoa eta antolakuntza ere.

 

       Abenduaren 24ko 23/1986 Legean oinarrizkotzat jotzen ziren artikuluek nekazaritza-ganberak kasuan kasuko lurraldeko nekazaritza-sektorera hoberen egokitzeko eta hari laguntza emateko autonomia-erkidegoen eskumena eta gaitasuna mugatu zuten, eta, hala, nekazaritza-ganberen arloan beren eskumen guztia erabiltzea eragotzi zen; eskumen hori, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan jaso zen, 10.21 artikuluan hain zuzen. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoak askotan eskatu dio Estatuari abenduaren 24ko 23/1986 Legearen oinarrizko kutsu hori ezabatzea.

 

       Egoera horrek horrela segi ezin zuela ohartuta, beren eskumenen muga gainditu zuelako, eta denboraren poderioz eta sektorean egoera-aldaketarekin, nekazaritza-ganberek praktikan beren oinarrizko eginkizunak galdu zituztelako, Estatuak irailaren 30eko 18/2005 Legea argitaratu zuen. Lege horrek indargabetu egin zuen nekazaritza-ganberen araubide juridikoaren oinarriak ezartzen zituen abenduaren 24ko 23/1986 Legea. Indargabetze horrek ez du esan nahi egun dauden nekazaritza-ganberak ezabatu edo azkendu egingo direnik, baizik eta Estatuko oinarrizko araudia ezabatu egiten dela. Hala, autonomia-erkidegoen esku egongo da, beren eskumenak gauzatzearen barruan, ganberak desagertzea edo mantentzea eta arautzea.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritza-ganberen araubidea Nekazaritza Ganberei buruzko ekainaren 15eko 6/1990 Legeak garatu zuen. Aholkularitza-eginkizuna eta administrazio publikoei laguntzeko eginkizuna duten zuzenbide publikoko korpora­zioak direla jaso zen eta horrez gain, beren antolamendua, araubide ekonomikoa eta langileen araubidea eta ordezkaritza arautu ziren.

 

       Denboran aurrera egin ahala, zuzenbide publikoko korporazio gisa Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberek egiten zituzten eginkizunak gain behera etorri ziren, eta Administrazioari eskaintzen zioten laguntza gutxika-gutxika txikituz joan zen desagertu egin zen arte. Hori dela bide, Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-ganberei ematen zien finantziazioa kendu egin zen eta ganberekin sinatutako hitzarmenak salatu eta azkendu egin ziren; gainera, langilerik gabe gelditu ziren. 1999az geroztik, ganberetako osoko bilkuretako kide batzuek erakunde batzuetan parte hartzera mugatu zen nekazaritza-ganberen jarduera, hain zuzen ere landa-errentamenduen arbitraje batzordeetan (hondar-eginkizuna zen, eta gainera, Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legearen ondorioz, gaur egun ez da existitzen) eta nahitaezko desjabetzako epaimahaian (jarduera hori ere gaur egun ez da existitzen).

 

       Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberak ez daude jardunean; zuzenbide publikoko korporazio gisa juridikoki existitzen dira, baina ez dute eginkizunik gauzatzen eta ez dute finantziaziorik.

 

       Abenduaren 24ko 23/1996 Legeak ezartzen zuen betebeharra, hau da, probintzia bakoitzeko nekazaritza-ganbera bat egoteko beharra, ezabatu ondoren (irailaren 30eko 18/2005 Legeak indargabetu zuelako), zuzenbidean egitatezko egoera bat egokitu behar da. Hori dela bide, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeko nekazaritza-ganberak bertan behera gelditzen dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ganberak arautzen dituen ekainaren 15eko 6/1990 Legea indargabetu egiten da; hori lege honetako artikulu bakarrean jaso da.

 

       Azken zatiak bi xedapen gehigarri dauzka, nekazaritza-ganberen ondarea likidatzea eta, Kode Zibilaren 39. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, nekazaritza-interes orokorreko helburuetara eta zerbitzuetara bideratzea aurreikusten dutenak. Bestalde, xedapen indargabetzaile bat dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberak azkentzearen ondorioz funtsean ukituta gelditzen diren arauak indargabetzen dituena. Eta amaitzeko, lau azken xedapen dauzka, nekazaritza-ganberei berariazko aipamena egiten dieten zenbait arau aldatzen dituztenak eta legea indarrean sartuko den eguna zehazten duena; data hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguna izango da.

 

Artikulu bakarra - Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen azkentzea

 

       Arabako Lurraldeko Nekazaritza Ganbera, Bizkaiko Lurraldeko Nekazaritza Ganbera eta Gipuzkoako Lurraldeko Nekazaritza Ganbera azkenduta gelditzen direla deklaratzen da.

 

Xedapen Gehigarriak

 

Lehenengoa - Lurraldeetako nekazaritza-ganberen ondarearen likidazioa

 

       Lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta gehienez sei hilabeteko epean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ondarea erabat likidatu eta azkentzeko beharrezkoak diren eragiketa guztiak egingo ditu.

 

Bigarrena - Nekazaritza-ganberen ondarearen xedea

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ondarearen likidaziotik ateratzen dena Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian integratuko da, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren esku geratuko da, nekazaritzako interes orokorreko helburuetarako eta zerbitzuetarako erabiltzeko.

 

       Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio aurreko lerrokadan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

       Indarrik gabe uzten dira honako xedapen orokor hauek:

 

a)  Ekainaren 15eko 6/1990 Legea, Nekazaritza Ganberei buruzkoa.

b)  Apirilaren 25eko 94/1983 Dekretua, landa-errentamenduen argitraje batzordeen funtzionamendurako arau osagarriak ematen dituena.

c)  Ekainaren 6ko 106/1983 Dekretua, Bizkaiko Nekazaritza Ganberaren funtzionamendurako behin-behineko arauak ezartzen dituena.

d)  Nekazaritza Sailaren abenduaren 5eko 267/1983 Dekretua, lurralde eta eskualdeetako nekazaritza-batzordeak sortzen dituena.

e)  Eta lege honetan ezarritakoaren aurka egiten duten edo honekin kontraesanean dauden bestelako xedapenak, maila berekoak zein txikiagokoak.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa - Nahitaezko desjabetzako lurralde-epaimahaien funtzionamendu-arautegia onesten duen irailaren 20ko 244/1988 Dekretua aldatzea

 

       Nahitaezko desjabetzako lurralde-epaimahaien funtzionamendu-arautegia onesten duen irailaren 20ko 244/1988 Dekretuaren 5. artikuluaren 2. paragrafoan,

 

       Honen ordez:

 

       "... Probintziako Nekazaritza Ganberaren ordezkaria; ...".

 

       Hau jarri behar da:

 

       "... Nekazaritzako Ingeniarien Elkargo Ofizialaren ordezkaria, goi-mailako titulua duena; ...".

 

Bigarrena - Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzioei, osaerari eta funtzionamendu-araubideari buruzko urriaren 2ko 262/1990 Dekretua aldatzea

 

       Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzioei, osaerari eta funtzionamendu-araubideari buruzko urriaren 2ko 262/1990 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. atalean,

 

       Honen ordez:

 

"-     Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ordezkari bat",

 

Hau jarri behar da:

 

"-     "Nekazaritzako Aholku Mahaiak gehiengoz aukeratutako pertsona bat".

 

Hirugarrena - Arautegi-aldaketen maila

 

       Azken xedapenetako lehenengo eta bigarrenak aldatutako arautegi-xedapenek araudi izaten jarraituko dute eta, beraz, etorkizunean horien maila bereko arauek aldapenak egin ahal izango dituzte xedapen horietan.

 

Cuarta - Indarrean jartzea

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra