Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

13/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Ebazpen Batzordea arautzen duena.

1994-06-30

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1994/7/27, 142. zk.; EAO, 2012/2/4, 30. zk.

 

§ 165. 13/1994 LEGEA, EKAINAREN 30EKOA, EBAZPEN BATZORDEA ARAUTZEN DUENA

 

ATARIKOA

 

Gaur egungo erregimen politikoek euren egitura eta ihardunean duten aniztasunaren eraginez, eskuduntzak aitortzerakoan sortu diren auziak dira beraien ezaugarririk nagusienetako bat, batez ere Estatu konplexuetan, autogobernuko aginte politikoaz jantzitako zenbait instituzio daudenetan.

 

Auziak konpontzeko antolamendu bakoitzak hartu dituen aterabiderik gehienak bat etorri dira organo berezi bati zeregin hori agintzeaz. Bere osakeraz eta ihardunez, organo hori, instituzio lez, berebiziko tokian aurkituko da, aparteko garrantzia duen zeregina betetzeko balioko diolarik, instituzioen arteko oreka bermatuz eta, azken baten, sistema politiko osoa bilduz.

 

Organo hauei aztertzeko agintzen zaizkien auzien artean, batzuek agintearen banaketa horizontalan dute eragina, komunitate politikoaren funtsezko ihardunei dagokienez -legegintza-, exekuzio- eta epailaritza-ihardunak, hain zuzen-, eta beste batzuek banaketa bertikalan edo lurraldeen banaketaren araberakoan dute eragina. Lege hau bigarren multzokoez arduratzen da, zeren Euskal Autonomi Elkarteak berez dituen instituzio anitzen arteko auziak sor daitezkeela kontuan izanik, Estatutua egin zenean ohartemanda utzi zen "ad hoc" izango zen organo bat osatuko zela, Autonomi Elkarte osorako instituzioen eta lurralde historikoetako foru-instituzioen arteko auziak konpontzeko, alegia.

 

Horrela, Estatutuaren 39. atalak dioenez, Komunitate Autonomoaren eta lurralde historiko bakoitzaren instituzioen artean sor daitezkeen auziak Eusko Jaurlaritzak eta interesaturik dagoen lurraldeko foru aldundiak erdibana izendatutako ordezkariek osaturiko eta Euskal Herriko Zuzentza Auzitegi Goreneko lehendakaria buru deneko ebazpen batzorde baten erabakiari menpetuko zaizkio, Eusko Legebiltzarraren lege batek erabakiriko prozeduraren arauera.

 

Lege honen xedea Estatutuak emandako oharpena betetzea da, hau da, aldeen gainetik dagoen organo bezala taxutzen duen Ebazpen Batzordea eratzea. Batzordeari aginpidea Estatutuan xedatzen denetik datorkio; eta jarea eta alderdikeriarik gabea izango da ez bakarrik parekidea delako, aginpideak burutzeko behar duen autonomia ere baduelako baizik, bai egitura osatzeko zein iharduteko autonomia ere.

 

Horrela, I. idazpuruak, "Ebazpen Batzordea" izenburukoak, lehenengo eta behin, bere ihardun-eremua eta bere helburua zehazten ditu, eta ihardunak gauzatzerakoan berak duen autonomia sendesten du; horretarako berezi egiten ditu, batetik, legegintza-biltzarren artean sor daitezkeen eskuduntza-arazoak, hau da, Eusko Legebiltzarraren edo Batzar Nagusien artean, eta, bestetik, organo exekutiboen artean sor daitezkeen auziak.

 

Halaber, Ebazpen Batzordearen osakeraz ere ari da: horrela, bokalak izendatzeko beharkizunak eta erak ezartzen ditu, baita horien estatutu pertsonala ere, zeinak bazter uztea edo kargutik kentzea galarazten duen; era berean beraien aginpide-aldia, kargua uzteko arrazoiak edo ordezkotza eragiten duten baldintzak eta, azkenik, ezarriko zaien dieta- eta kalteordain-erregimena ere ezartzen ditu. Jarraian, Ebazpen Batzordearen organoak arautzen dira eta, idazpuruaren bukaeran, Batzordearen osakera eta iharduera aipatzen.

 

Legearen beste zati guztia Ebazpen Batzordearen aurrean epairako izapidatu daitezkeen prozedurei buruz ari da.

 

II. idazpuruak prozedura guztientzako xedapen orokorrak biltzen ditu, aurkakotasun-irizpidea oinarri izanik. Batetik, ordezkaritza eta aldezpena arautzen ditu; bestetik, prozedura modernoa taxutzen duten oinarrizko irizpideak finkatzen: hala nola, malgutasuna, arintasuna eta ofizioz eragitea. Azken batean, ez da nahi formaren aldetiko gogortasuna eragozpen izan dadin instituzioen arteko oreka lortzeko, hori baita Batzordearen beraren xedea.

 

III. eta IV. idazpuruetan, eskuduntza-arazoek eta eskuduntza-auziek sortzen dituzten prozedurak garatzen dira; eskuduntzei buruzko eztabaida sor daitekeen eremu desberdinetan mailakatuta agertzen baitira batzuk eta besteak.

 

Horrela, osoko bilkurari aztertzeko agintzen zaizkion arazoak edozein instituziok aurkez ditzake bere eskuduntzen eremua kaltetuta gertatzen bada; kontrola "ex ante" egiteko eredu bat sortzen da, eta ondorioz har dadin ebazpena dena delako ekimena izan duenari zuzenduko zaio.

 

Autonomi Estatutuko 38.1 eta 39. atalen bateratze egokia lortu nahi da horrekin, hau da, batetik, 39. atalean instituzioen arteko auziei buruz Batzordeak duen eremu zehatza definitzen denez, honen iharduna gutxituko duen salbuespenik jarri gabe, eta, bestalde, 38.1 atalean agindu zehatza ematen denez, Eusko Legebiltzarraren Legeei buruzko kontrola Konstituzio Auzitegiari bakarrean dagokiola esaten denean, bi alderdiok elkartu nahi dira.

 

Lurraldeko sekzioek erabakiko dituzte auziak. Ebazpen Batzordearen izaerarekin bat datorren lurraldekako irizpidearen eta parekidetasun-irizpidearen arabera osatuko dira sekziook. Azpimarratzekoa da, auzien kasuan, administrazioen arteko eskuduntzarik ezaren galdakizun-aldia egongo dela aurretik. Bide hori egokia da izan auzi agertuberriari aterabide bat eskaintzeko Ebazpen Batzordeak berak parte hartu baino ere lehenago. Auziak izan nahizkotzat edo eznahizkotzat jo daitezke, instituzioen arteko liskarra eskuduntza jakin bat onartzeaz edo ukatzeaz den kontuan izanik.

 

Eskuduntza-auziaren eremu zehatza eta horri buruzko erabakia hartzeko Autonomi Estatutuak Ebazpen Batzordeari ematen dion aginpidea, alde batetik, eta administrazioarekiko auzi-jurisdikzioari egotzitakoak, bestetik, desberdinak dira. Hori arautzen duen legearen arabera, administrazioaren xedapen eta ekintzen ohizko legezkotasunaren kontrola dagokio jurisdikzio horri, eta horrela ezartzen da baita Autonomi Estatutuaren 38.3 atalean ere; Ebazpen Batzordearen aginpideak, bestalde, eskuduntzen banaketari buruz zenbait instituzioren artean sor daitezen bat ez etortzeak ebazteko izango dira.

 

Horrela, Ebazpen Batzordeak eta administrazioarekiko auzi-jurisdikzioak dituzten eremu materialak eta iharduera-eremuak desberdinak dira eta ezin dira elkarren artean nahasi, ez baztertu, ez elkarri ezarri; eta, helburu horrekin, antolamendu juridikoan jasotako auziak erabakitzeko sistemetara jo ahal izateaz gain, Lege honek prozedurak erkatzeko eta, beharrezko denean, ez onartzeko edo eteteko manuak sartzen ditu. Autonomi Estatutuaren 10.6 atalaren eremuan, legeak araututa uzten ditu Ebazpen Batzordeari buruzko printzipio hauek, eta administrazioarekiko auzi-jurisdikzioaren lege arautzailera bidaltzen du maila horretako auzitegien kasuetarako.

 

Azkenik, lege hau sortarazten duten printzipioak eta legean jasotzen diren arauak bat datoz, ez bakarrik doktrinak berak ematen dituen jarraibideekin, baita Epailaritzaren Kontseilu Gorenak egindako gomendioekin ere, lege hau egiteko berorrekin zerikusia duten instituzio guztiek parte hartu dutelarik.

 

I IDAZPURUA

EBAZPEN BATZORDEA

 

I ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

Lehenengo Atala

 

Autonomi Estatutuaren 39. atalaren arabera, Ebazpen Batzordeari dagokio Euskal Autonomi Elkartea osatzen duten lurralde historikoetako foru-instituzioek eta Elkarte osorako instituzioek autonomi edo foru-eskuduntzen titularitateari buruz jar ditzaten arazoak aztertzea eta ebaztea, eta batzuen eta besteen organo exekutiboen artean sor daitezen eskuduntza-auziak erabakitzea.

 

2. Atala

 

Lege honek zehazten duen eran eta kasuetan, Ebazpen Batzordeak honako hauek aztertuko ditu:

 

a) Eskuduntzari buruz jar dakizkion arazoak, gaiok direla eta:

-   Lege-proiektu eta -proposamenak, Eusko Legebiltzarrean izapidatzen daudela.

-   Foru-arauen proiektu eta proposamenak, Batzar Nagusietan izapidatzen daudela.

b) Eusko Jaurlaritzaren edo foru-aldundien xedapen, erabaki edo ekintzei buruz sor daitezen eskuduntza-auzi positiboak, edo batzuk edo besteak egin gabe uzteagatik sor daitezkeen eskuduntza-auzi negatiboak.

 

3. Atala

 

Ebazpen Batzordeak bere eginkizunak betetzeko autonomia osoa izango du egitura organikoari eta iharduerari dagokienez, horrela bere objetibotasuna eta askatasuna bermatzeko.

 

4. Atala

 

Ebazpen Batzordearen egoitza Eusko Legebiltzarraren egoitzan egongo da. Behar besteko baliabideak jarriko ditu Legebiltzarrak gizabanako zein gauzazko baliabideei dagokienez.

 

II ATALBURUA

OSAKERA

 

5. Atala

 

Ebazpen Batzordea lehendakari batek eta sei bokalek osatuko dute.

 

6. Atala

 

Ebazpen Batzordeko lehendakari, Autonomi Estatutuaren 39. atalean ohartemandakoarekin bat etorriz, Euskal Herriko Zuzentza Auzitegi Nagusiko lehendakari dena izango da.

 

7. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeko bokalak askatasunez aukeratuko dira: Eusko Jaurlaritzak hiru aukeratuko ditu eta foru-aldundi bakoitzak bana, Legebiltzarrari eta dagokien Batzar Nagusiei argibidezko iritzia eskatu ondoren.

 

2.- Izendapena egiten duen instituzio bakoitzari dagokion lurraldeko aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira izendapenak; nolahai ere, ezinbestekoa da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, bertan argitaratzen diren egunetik aurrera izango baitute eragina.

 

III ATALBURUA

BOKALAK

 

8. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeko bokal izateko, izaera politikoz euskalduna izateaz gain, zuzenbideko lizentziadun izan eta zuzenbide-gaietan legelari gisa aitortutako itzala eduki beharko da.

 

2.- Ebazpen Batzordearen aurrean iharduteko legitimaturik dauden instituzioetako kideak ezingo dira bokal izan. Beste horrenbeste gertatuko zaie instituzio horiekin laneko edo zerbitzuko lotura duten norbanakoei.

 

9. Atala

 

Ebazpen Batzordeko kideek euren eginkizunak betetzeko, alderdikeriarik gabe jokatuko dute; izendatu dituzteneko instituzioenganako askatasunez arituko dira eta antolamendu juridikoari lotuko zaizkio. Euren eginkizunak burutzeko behar den besteko arduraz arituko dira eta euren kargua dela-eta aztertutako gaiei buruzko isiltasuna gordeko dute. Lege honetan bertan ezarritako arrazoiengatik izan ezik ezin dira ez baztertu, ez kargutik kendu.

 

10. Atala

 

Ebazpen Batzordeko bokalek sei urteko agintealdia izango dute, eta aldiak bukatzen direnean berriro izendatu ahal izango dira.

 

11. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeko bokalek honako kasuetan utziko dute euren kargua:

 

a) Heriotza dela-eta.

b) Uko egitearren.

c) Euskalduna izatearen izaera politikoa galtzeagatik.

d) 8.2 atalean adierazitako egoeraren batean sartzearren.

e) Izendatze-aldia bukatu delako.

f) Beren eginkizunak ez betetzeagatik, beren karguan ardurarik ez izateagatik edo beren eginkizunari dagokion isilpekotasuna gorde ez dutelako.

g) Maltzurkeria dela-eta arlo zibilean erantzule deklaratuak izan direlako, edo maltzurkeriazko lege-hausteagatik edo erru astunagatik zigortuak izan direlako.

 

2.- Ebazpen Batzordeko bokal batek bere kargua uztea ofizioz aginduko du lehendakariak. Aurreko f) hizkian jasotakoari dagokionez, ordea, Ebazpen Batzordeak hartuko du kargu-uzteari buruzko akordioa, Batzordeko beste kide gehienen botoekin.

 

3.- Dekretuz edo akordioz erabakitzen denetik izango ditu ondorioak kargu-uzteak eta 7.2 atalean aipatzen diren aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

 

12. Atala

 

Lehendakariak euren eginkizunetatik ken ditzake Ebazpen Batzordeko bokalak badaezpadako neurri lez, epaiketaren batean sartuta egotea gertatuz gero edo, 11.1.f) atalean kargua uzteko ezarri diren arrazoietako bat izango balitz, hori erabakitzeko behar den epealdirako.

 

13. Atala

 

1.- Bokaletarikoren bat gaixorik egon, kargutik kendu edo luzaro agertzen ez dela eta Ebazpen Batzordearen lanak kaltetuta gera daitezkeenean, beharrezko diren neurriak hartzeko proposamena egingo dio lehendakariak osoko bilkurari. Horren ondorioz har dadin aterabideak, beti ere, Autonomi Estatutuaren 39. atalean Batzordea osatzeko eskatzen den berdintasuna errespetatuko du.

 

2.- Gertakizunen arabera, Batzordeko beste bokal bat izendatzeko eska diezaioke lehendakariak dagokion instituzioari, ageri ez denaren edo gaixorik dagoenaren betebeharren ardura har dezan, edo, bestela, ez agertzeko izandako arrazoiak dirauen artean, norbait egokia izendatzeko.

 

3.- Arau berdinak beteko dira Ebazpen Batzordeko bokaletakoren bat abstenitu dadin edo ezetsita dagoen kasuetan.

 

14. Atala

 

1.- 11. atalean aipatutako kargu-uzte kasuetan, e) hizkian ohartemandakoan izan ezik, dagokion instituzioaren jakinaren gainean jarriko du lehendakariak, berri eman eta hurrengo hamabost egunen buruan instituzio horrek beste norbait egokia izendatu dezan, kargua utzi duen bokalaren agintealdia betetzeko falta den denborarako.

 

2.- Izendapena egin ondoren, idazpuru honetako V. atalburuan ohartemandako arauak betez ekingo zaio.

 

15. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeko kideek ez dute inolako lansaririk jasotzeko eskubiderik izango egiten duten lanagatik.

 

2.- Ebazpen Batzordeko lehendakariak eta bokalek dietarako eskubidea izango dute, aztergai bakoitzerako ezarritakoaren arabera. Horrez gain, bere kargua dela eta egin behar izango dituzten gastuen ordaina kobratzeko eskubidea ere izango dute, horiek justifikatuko dituen agiriak aurkeztu beharko dituztela.

 

3.- Lehendakariaren dieta eta gastuetarako diru-kopuruak Euskal Autonomi Elkarteko aurrekontu orokorretan jasoko dira, zuzentza-administrazioari dagozkion gastuetarako horniduren artean.

 

4.- Bokalen dietak eta gastuak ere instituzio izendatzaile bakoitzak egindako aurrekontu orokorren pentzutan ordainduko dira.

 

IV ATALBURUA

ORGANOAK

 

16. Atala

 

Ebazpen Batzordeko organoak hauek dira:

 

-  Lehendakaria.

-  Osoko bilkura.

-  Lurraldeetako sekzioak.

 

17. Atala

 

Ebazpen Batzordeko lehendakariak honako eginkizunak ditu:

 

a) Ebazpen Batzordearen ordezkaritza izatea.

b) Osoko bilkurako eta lurraldeetako sekzioen bilkuretarako deia egin eta horietako lehendakari izatea.

c) Eguneko gai-zerrenda finkatzea.

d) Osoko bilkuraren eta lurraldeetako sekzioen akordioei bere izenpearekin baimena ematea.

e) Ebazpen Batzordearen ihardunerako beharrezkoak diren neurriak hartzea.

f) Lege honek agintzen dizkionak.

 

18. Atala

 

Ebazpen Batzordearen osoko bilkurak, Batzordearen zazpi kideez osaturik egongo denak, honako eginkizunak ditu:

 

a) Eskuduntza-arazoak aztertu eta ebaztea.

b) Batzordeko kideei buruzko ebazpenak hartzea, idazpuru honetako III. atalburuan jasotakoak alegia.

c) Antolaketa eta iharduerari buruzko arautegia onartzea. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta lurralde historikoetako aldizkarietan argitaratu beharko da arautegi hori.

d) Ebazpen Batzordearen aginpideak izanik, beste organoren batzuei berariaz egotzi ez zaizkienak, baita lege honek agintzen dizkionak ere.

 

19. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordearen barnean lurraldeetako hiru sekzio egongo dira, lurralde historiko bakoitzetik bana.

 

2.- Lurraldeetako sekzioek hiru kide izango dituzte:

 

-  Ebazpen Batzordeko lehendakaria.

-  Jaurlaritzak izendatutako bokal bat.

-  Dagokion foru-aldundiak izendatutako bokala.

 

3.- Jaurlaritzak, bere bokalak izendatzen dituenean, horietako bakoitza zein lurraldeko sekziotara atxikitzen duen adieraziko du.

 

4.- Jaurlaritzaren eta lurraldeetako sekzioei izena ematen dien lurralde historikoko foru-aldundiaren artean sor daitezen eskuduntza-auziak aztertu eta erabakiko dute lurraldeetako sekzioek.

 

V ATALBURUA

ERAKETA ETA IHARDUERA

 

20. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordea berriztatu eta eratzeko honako bideei ekingo zaie:

 

a) Bokalak izendatu izan diren epealdia bukatu baino hiru hilabete lehenago, hogeita hamar eguneko epean bakoitzak hurrengo epealdirako bere izendapenak egin ditzala eskatuko die Ebazpen Batzordeko lehendakariak Jaurlaritzari eta foru-aldundiei.

b) Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hamabost egunen barruan, osoko bilkurarako deia egingo du Ebazpen Batzordeko lehendakariak, 8. atalean eskatzen diren beharkizunak betetzen diren ebazteko.

c) Osoko bilkurak ikusten badu esandako beharkizunen bat egiaztatzeke dagoela, lehendakariak berehala emango dio horren berri dagokion organoari, egokia izan dadin beste norbait egokia izendatu dezan.

d) Egokitasuna ebatzi ondoren, Ebazpen Batzordeko kideak beren karguen jabe egingo dira, eta horrela eratuta geratuko da Batzordea. Une horretara arte bere eginkizunak betetzen jarraituko du aurreko Ebazpen Batzordeak.

 

2.- Lehenengo Ebazpen Batzordea eratzeko izendatutakoen egokitasun-beharkizunak ebaztea lehendakariaren eta izendatu izan diren beste guztien ardura izango da.

 

21. Atala

 

Lehendakariak egingo du osoko bilkurako eta lurraldeetako sekzioen bilkuretarako deialdia. Deialdiarekin batera, egunean erabiliko diren gaien zerrenda ere bidaliko da.

 

22. Atala

 

1.- Dena delako organoko kide guztiak biltzea beharrezkoa izango da akordioak hartu ahal izateko.

 

2.- Osoko bilkuraren eta lurraldeetako sekzioen ebazpenak gehiengo soilez hartuko dira, lege honetan jasotzen diren salbuespenetan izan ezik.

 

3.- Antolaketari eta ihardunbideari dagozkien gaietan izan ezik, Ebazpen Batzordeko edozein organotan burutu daitezen bozketetan ezingo da abstentziorik egin.

 

23. Atala

 

Ebazpen Batzordeak egin ditzan bilerak bere egoitzan edo bere aurrean edozelango gaiak aurkezteko legitimitaturik dauden instituzioen egoitzaren batean egingo dira. Bilkura egiten deneko egoitza bere duen instituzioak horren iharduera egokirako beharrezkoak diren gizabanako eta gauzazko baliabideak jarri beharko ditu.

 

24. Atala

 

1.- Batzordearen akordioak kasu bakoitzean horretarako izenda dadin bokalak idatziko ditu. Kide guztiek izenpetu beharko dituzte, euren botu partikularra eman dezatenak salbuetsiko diren arren.

 

2.- Botu partikularrak, ematen dituenak berak idatzi eta izenpetu beharko ditu.

 

II IDAZPURUA

PROZEDURARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

 

25. Atala

 

Euskal Autonomi Elkarte osorako instituzioek eta foru-instituzioek, eurek horretarako izendatutako legelari eta abokatuen bidez ihardungo dute Ebazpen Batzordearen aurrean.

 

26. Atala

 

1.- Arrazoietan oinarritutako idazki bidez emango zaio hasiera prozedurari; bertan zehatz eta argi utziko da zertan datzan ustez gertatu den eskuduntza-hausketa. Bidezkotzat jotzen diren alegazioak adierazi beharko dira.

 

2.- Ebazpen Batzordearen egoitzan aurkeztu beharko da idazki hori.

 

3.- Lehendakariak, unean uneko prozeduraren arabera, Batzordeko dagokion organoari deia egingo dio, hasiarazteko idazkia eta alegazioei eskuratu eta hamar eguneko epearen barruan.

 

27. Atala

 

Ebazpen Batzordeak ofizioz edo doakionak eskatuta ebatziko du eskuduntzarik eza.

 

28. Atala

 

Aurkeztutako eskuduntza-arazoa edo eskuduntza-auzia onartezina dela ebatzi dezake Ebazpen Batzordeak, dagokion prozedurari jarraituz, osoko bilkuraren edo lurraldeetako sekzioen aho bateko erabaki bidez, honako arrazoiren bat dagoenean:

 

a) Aztertu ahal izango diren gaien artean lege honetan jasota utzi ez direnetakoren bati buruzko prozedura izatea.

b) Funtsezko gaiari buruzko erabakirik hartu ahal izateko, hasiarazteko idazkia nabarmen edukinik gabekoa izatea.

a)    Ebazpen Batzordeak edukinari dagokionez funtsean berdina den beste prozeduraren bat jadanik ezetsirik izatea alde berberei. Onartezina dela esaten duen erabakian propio aipatuko dira aurretik ezespena emateko erabili diren arrazoiak. Honelako kasuren batean, aurrekariak alde batera utzita aztertzen badu arazoa Ebazpen Batzordeak, erabakia oinarritzeko erabili dituen arrazoiak aipatu beharko ditu behin-betiko ebazpe-nean.

 

29. Atala

 

1.- Konpontzeko moduko hutsak agertzen badira hasiarazteko idazkian, Batzordeak hori ez onartzeko ikusi dituen arrazoiak jakinaraziko dizkio aurkeztaileari, hamar eguneko epean hutsok zuzendu ditzan.

 

2.- Aipatutako epean zuzentzen ez badira, hasiarazteko idazkia onartezina dela ebatziko da.

 

30. Atala

 

1.- Eskuduntza-arazoaren edo eskuduntza-auziaren hasiarazteko idazkia jaso ondoren, Ebazpen Batzordeak prozedura bakoitzean legitimaturik dauden beste instituzioei emango die horren berri, auzian edo arazoan parte hartu nahi badute, horretarako adierazten dien epean sartu daitezen.

 

2.- Izapide honetan parte hartu dutenei espedientea igorriko zaie, egoki eritzitako alegazioak egin ditzaten, prozedura guztian ere partaide izango direlarik.

 

3.- Atal honetan jasota utzi den izapidearen ondorioz, eskuduntza-auziak izapidatu zituzten instituzioez bestekoak azaltzen badira, arazo hori izapidatzea eta erabakitzea lurraldeetako sekzioei dagokie, batera ihardungo dutelarik.

 

31. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta, edonoiz eta prozeduran aurkeztu direnei entzun ondoren, batu egin ditzake eskuduntza-arazoak edo eskuduntza-auziak, beraien artean duten loturagatik batera izapidatu eta batera ebazteko arrazoiak daudenean. Hamar egunekoa baino handiagoa ez den epean egingo da aldeen entzunaldia.

 

2.- Lurraldeetako sekzio batek baino gehiagok aztertzen diharduten eskuduntza auziak batera biltzea, sekziook eurok ebatziko dute elkarrekin egindako bilkuran. Horrelako kasuan, bildutako prozedurak izapidatu eta erabakitzea ere batera ebatziko dute doakien lurraldeetako sekzioek.

 

32. Atala

 

Ebazpena edo erabakia hartu baino lehenago, Batzordeak prozeduran parte hartzen dutenei jakinarazi ahal izango die aurkeztu direnez bestelako arrazoiak badirela, halakorik izanez gero, nahikoa garrantzia dutenak dena delako eskuduntza-galdakizuna onargarri edo onartezina den erabakitzeko eta, hala badagokio, horren funtsari buruz ebazteko. Entzunaldia batera egingo da, hamar egunetik gorakoa izango ez den epean, artean dagokion ebazpena edo erabakia hartzeko epea etenda uzten delarik.

 

33. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeak dena delako arazoan edo auzian eragina duten espedientea, txostenak edo agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango die horietan zerikusia duten organoei.

 

2.- Horrelako kasuan, agindu dadin epean igorri beharko da espedientea, eta espedientea dagoen bulegoko buruak izango du horren erantzukizun zuzena.

 

3.- Espedientea jaso ondoren, eta alde batek hala eskatzen badu, epe bat zabalduko da aldeek informazioa edo agiriak azter ditzaten, bakoitzak bere eskubideari dagokiona alegatu dezan. Agiriak eta alderdien alegazioak agerian jartzea hamar egun igaro aurretik egin beharko da.

 

4.- Agiriei legez doakiekeen sekretua gordetzeko beharrezko neurriak hartuko ditu Ebazpen Batzordeak eta bai berak, arrazoietan oinarriturik zenbait ihardun zehatzetarako erabakitako sekretuagordetzeko ere. Akordio hori arrazoietan oinarritu beharko da.

 

34. Atala

 

Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta eta beharrezko erizten dionean, frogak burutzeko akordioa har dezake. Horiek egiteko modua eta garaia askatasun osoz erabakiko ditu; baina epealdia ez da sekula izango hamabost egunetik gorakoa.

 

35. Atala

 

Ebazpen Batzordeak, ofizioz edo doakionak eskatuta eta dena delako prozedura amaitu aurretik, hori izapidatzerakoan agian egin diren akatsak zuzendu edo baliozkotu beharko ditu.

 

36. Atala

 

1.- Eskuduntza-arazo edo eskuduntza-auziren bat aurkeztu duenak atzera egin dezake bere ekintza horretan prozedurako edozein unetan, ebazpena edo erabakia eman baino lehen. Atzera egiteak prozedura amaitzea ekarriko du eta horren berri eman beharko zaio beste aldeari.

 

2.- Halaber, eskuduntza-arazo edo eskuduntza-auziaren xede den gaia sorrarazi duen instituzioak, gaiari buruzko ebazpena edo erabakia eman aurretik, prozedura hasiarazteko idazkian eskatzen zena onar dezanean, prozedura bukatutzat joko da.

 

37. Atala

 

1.- Prozedurari amaiera ematen zaioneko ebazpen edo erabakietan boto partikularrez baliatuz agertu ahal izango dira ezadostasunak.

 

2.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira ebazpenak edo erabakiak, eta, hala badagokio, baita doakion lurralde historikoaren aldizkarian ere.

 

38. Atala

 

Batzordeak aztertu beharreko gaien antolaketa egiterakoan, lehentasuna izango dute eskuduntza-arazoen izapidaketek auzi-prozeduren gainetik.

 

39. Atala

 

Lege honetan finkatzen diren epeak luzaezinezkoak dira, prozedurari dagokion ebazpen edo erabakia emateari buruz ezarrita dagoen epea izan ezik.

 

40. Atala

 

1.- Epeen aipamena egunka egin dadinean, egun naturaltzat hartu behar dira egunak. Egunen kontaketa egun jakin batetik hasita egin behar denean, egun horren hurrengotik hasita egingo da kontaketa.

 

2.- Epeak hilabeteka finkatuta egon daitezenean, datatik datara kontatuko dira hilabeteak. Kontaketa hasteko erabili zen eguna dataren amaierako hilean ez egotea gertatuz gero, epea hilaren azken egunean amaitzen dela joko da.

 

41. Atala

 

1.- Legezko kausaren bat gertatuz gero, Ebazpen Batzordeko kideek ezingo dute parte hartu prozeduretan eta parte hartzen badute, ezetza eman ahal izango zaie kide horiei.

 

2.- Aldeek bakarrik eman ahal izango diete ezetza prozeduretan.

 

3.- Hona hemen parte hartu ezinaren eta, hala badagokio, ezetza jasotzearen kausak:

 

a) Ezkontide izatea edo egitez horren parekoa den egoera edukitzea. Prozeduran parte hartzen duten aldeetakoren baten legelari edo abokatuarekiko bigarren graduko ahaidetasuna izatea, nahiz odolekoa, nahiz ezkontzakoa.

b) Dena delako gaiarekiko lanbide mailako lotura lehenagotik izatea.

c) Aztertzeko bere esku jartzen den gaiarekiko artezko edo zeharkako interesa izatea.

 

4.- Ebazpen Batzordeko kide batek parte ez hartzeko arrazoiren bat dagoela uste badu, osoko bilkurari jakinaraziko dio, edo, bestela, prozedura dagokion sekzioari.

 

5.- Prozedura bateko edozein partehartzailek Batzordeko kide baten aurkako ezezko-idazkia aurkeztuko balu, ezetza jaso duenak osoko bilkurari edo, bestela, prozedura dagokion sekzioari adieraziko dio alegatutako arrazoiak bere iritziz ukitzen ote duen ala ez. Jaso duen ezetzaren aldeko iritzia badu, gertatzen den prozeduratik kanpo geratuko da automatikoki. Hala izango ez balitz, prozedura hori dagokion osoko bilkurak edo sekzioak erabakiko du jaso duen ezetzari buruz, ukitutako kideak ezingo duelarik erabaki horretan esku hartu.

 

6.- Parte hartu ezin izana gertatuz gero edo parte hartzeko ezetza ematea erabaki bada, lege honetako 13.3 atalean agindutakoa ezarriko da, Batzordearen osaketan berdintasuna bermatuz.

 

42. Atala

 

Batzordeak edo honen organoren batek egin ditzan jakinarazpenak egokientzat jotako bideez baliatuz egin ahal izango dira, baldin eta egin direla egiaztatzeko aukera ematen badute.

 

43. Atala

 

Aldeen eta Ebazpen Batzordearen arteko ekintzak honen egoitzan gauzatuko dira. Helbide honetara bidali beharko dira Batzordeko organoei aldeek egin diezazkieten idazkiak.

 

III IDAZPURUA

ESKUDUNTZA ARAZOAK

 

I ATALBURUA

HASIERA

 

44. Atala

 

Lege edo foru-arauaren proiektu edo proposamena dela-eta eztabaidagai izan daitezen autonomi edo foru-eskuduntzen titularitatea zeini dagokion erabakiko du Ebazpen Batzordeak, eta, horretarako, eskuduntza-arazoei buruzko prozeduraz baliatuko da.

 

45. Atala

 

1.- Foru-arauen proiektu edo proposamenei buruzko eskuduntza-arazoak aurkeztu ahal izango ditu Eusko Legebiltzarrak.

 

2.- Halaber, lege-proiektu edo -proposamenei buruzko eskuduntza-arazoak aurkeztu ahal izango dituzte lurralde historikoetako Batzar Nagusiek.

 

46. Atala

 

Batzar Nagusietan izapideetan dauden foru-arauen proiektu eta proposamenei buruzko eskuduntza-arazoak aurkeztu ditzake Eusko Jaurlaritzak, eta Eusko Legebiltzarrean izapideetan dauden lege-proiektu eta -proposamenei buruzkoak foru-aldundiek.

 

II ATALBURUA

IZAPIDEAK

 

47. Atala

 

1.- Ekimena Eusko Legebiltzarraren edo dagokien Batzar Nagusietako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengo hogei egunen barruan aurkeztu beharko dira eskuduntza-arazoak.

 

2.- Ekimena presatasunez izapidatzeko akordioa hartzea gerta dadinean, hamabost egunekoa izango da arazoa tartejartzeko epea.

 

3.- Lege honetako 26. atalean xedatzen den moduan egin beharko da arazoaren aurkezpena.

 

48. Atala

 

Edozein eratako gorabehera dela medio, ekimena argitaratu ordez ekimen horren berri Legebiltzarreko kideei ematea gertatuz gero, Legebiltzarrak, halaber, berri emango die eskuduntza-arazoa aurkezteko legitimaturik dauden instituzioei, lege honetan xedatzen denaren arabera eta guztiei batera.

 

49. Atala

 

Arazoa aurkeztu duenak arazoa tartejarri duela jakinaraziko dio egun berean ekimena aztertzen ari den Eusko Legebiltzarreko edo doakien Batzar Nagusietako Mahaiari, eta horrek ekimenaren izapideak eteteko agindua emango du.

 

50 Atala

 

1.- Eskuduntza-arazoa izapideetan jarri behar den ala ez erabakiko du Ebazpen Batzordeak gaia aztertzeko egin dezan lehenengo bilkuran eta 26.3 atalean finkatzen den epearen barruan. Onartezinezkotzat jotzea gertatuz gero, erabakiaren gai izan den ekimenaren izapideek aurrera jarraitu ahal izango dute.

 

2.- Izapideetan jarri ondoren, hasiarazteko idazkia bidaliko dio Batzordeak lege edo foru -arauaren proiektu edo proposamenaren egileari hogei eguneko epearen barruan, egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan.

 

3.- Era berean, lege honetako 30. atalean aipatzen diren berri-emateak gauzatuko dira.

 

51. Atala

 

1.- Atal honetan xedatutakoaren arabera eskatzen denean, eta salbuespen gisa, ekimenaren izapideen etenaldia indargabetu egin ahal izango du Ebazpen Batzordeak, ohiz besteko eta presako beharrizanek horrela eskatzen badute eta tartean dauden interes publikoak kontuan hartuta. Zati bati dagokion etenaldia alde bat indargabetzeko akordioa ere hartu ahal izango da, proiektu edo proposamenaren zati zehatzen batean etenaldiari eutsi arren, hori egiteak, Batzordearen eritziz, osoan ulertzeko eragozpenik eta batasun-galerarik sortzen ez badu.

 

2.- Eusko Legebiltzarreko edo ekimena izapidatzen ari den doakien Batzar Nagusietako Mahaiak edo hura aurkeztu duenak, etenaldia indargabetzearen beharra alegatu dezakete, eskuduntza-arazoa izapideetarako onartu dela jakinarazten denetik kontatzen hasi eta bost eguneko epean. Alegazio horietan argi eta garbi agertu beharko dira etenaldia indargabetzea zurituko duten ohiz besteko gorabeherak.

 

3.- Etenaldia indargabetzeko eskabidearen berri emango zaio eskuduntza-arazoa aurkeztu duenari, egoki eritzitako alegazioak aurkez ditzan bost eguneko epean.

 

4.- Beste bost eguneko epearen barruan erabakiko du Batzordeak.

 

52. Atala

 

1.- Izapidaketa beste gabe geldiarazteari buruzko arau orokorra ez zaie aplikatuko aurrekontu orokorren lege edo foru-arauen proiektuekiko sor daitezkeen eskuduntza-arazoei.

 

2.- Aurreko idazatian esandakoa Autonomia Elkarte osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeko 22. eta 29. atalei buruzko lege-egitasmoei ezarriko zaie.

 

3.- Atal honetako 1. eta 2. zenbakietan aipatutako lege edo foru-arauen proiektuak direla -eta sor daitezkeen eskuduntza-arazoek lehentasuna izango dute izapideak egin eta ebazpenak hartzerakoan.

 

III ATALBURUA

EBAZPENA

 

53. Atala

 

1.- Egin diren izapideak ikusita, azkenengo izapidea egin denetik hilabeteko epean emango du bere ebazpena Ebazpen Batzordeko osoko bilkurak.

 

2.- Salbuespenez, ebazpena hartzeko beste hilabeteko luzapena emateko akordioa har dezake osoko bilkurak.

 

54. Atala

 

1.- Ebazpenak zehaztuko du Autonomi Estatutuan Euskal Autonomi Elkarte osorako instituzioen eta foru-instituzioen arteko eskuduntzei buruz ezarritako banaketarekin proiektua edo proposamena bat datorren ala ez.

 

2.- Halaber, ebazpenean zehaztuko da proiektuak edo proposamenak aldaketarik edo eraginik sortzen duen ala ez Euskal Autonomi Elkarte osorako instituzioen eta foru-instituzioen arteko eskuduntzei buruz indarrean dagoen legediak ezarritako banaketaren sisteman.

 

55. Atala

 

Eskuduntza-arazoei buruzko erabakien berri Eusko Legebiltzarreko edo ekimena izapidatzen ari den doakien Batzar Nagusietako Mahaiari emango zaio eta honako ondorio hauek izango ditu:

 

1.- Erabakiak ekimena legedian ezarritakoarekin bat datorrela deklaratuko balu, ekimena lantzeko prozeduraren etenaldia indargabetzen zuen agindua indarrik gabe uzteko erabakia hartuko da, eta izapidetzari Eusko Legebiltzarreko edo doakien Batzar Nagusietako Araudian ohartematen denaren arabera jarrituko zaio.

 

2.- Erabakiak lege-egitasmo bat Autonomi Estatutuan ohartemandako foruzko aginpideen aurkakoak direla deklaratuko balu, lege-egitasmo hori atzera jaso egin beharko du Jaurlaritzak.

 

 

3.- Erabakiak foru-arauen egitasmo bat Autonomi Estatutuaren edo Euskal Autonomi Elkarte osorako instituzioen eta foru-instituzioen arteko eskuduntzak zehazten dituzten legeen aurkakoa dela deklaratuko balu, dagokion foru-aldundiko Jaurtze Batzordeak hori atzera jaso egin beharko du.

 

4.- Erabakiak lege-salo bat Autonomi Estatutuaren aurkakoa dela deklaratuko balu, Legebiltzarreko Mahaiak osoko bilkurarako deia egingo du, honek jakin eta bete dezan eta, hala behar izanez gero, saloaren egokitzapena egingo du.

 

5.- Prozedura eta ondorio berei jarraituko zaie Autonomi Estatutuaren edo Elkarte osorako erakundeen eta foruzkoen arteko eskuduntzak zehaztu ditzaten gainontzeko legeen aurkako izan daitezen foru-arauen saloen kasuan ere.

 

6.- Erabakiaren arabera lege-egitasmo nahiz -saloak Autonomi Estatutuaz besteko legeetan ezarritako Elkarte osorako erakundeen eta foruzkoen arteko eskuduntzen zehaztapenaren aldakuntza ekarriko balu, Jaurlaritzak, edo lege-saloen kasuan Legebiltzarrak, ekimenari eutsi behar zaion ala ez erabakiko dute.

 

56. Atala

 

37.2 atalean ezartzen diren argitalpenez aparte, eskuduntza-arazoari buruzko ebazpenaren berri eman beharko zaie prozeduran parte hartu dutenei eta, behar izanez gero, ekimena izapidatzen ari den instituzioari.

 

57. Atala

 

1.- 52. atalean ohartemandako kasuetan eta, 51. atalean xedatutakoaren arabera eta salbuespenez ekimenaren izapideen etenaldia indargabetu den kasuetan, proiektu edo proposamen bati buruzko erizpena osoan onartu ondoren Batzordeak har ditzakeen ebazpenek ez dute eragin zuzenik izango kasu haietatik sor daitezen lege edo foru-arauetan.

 

2.- Eusko Legebiltzarreko edo doakien Batzar Nagusietako Araudietan araututako ihardunbideen berarizkotasuna dela eta, 49. atalean ohartemandako etenda uztea ezinezkoa izan deneko lege edo foru-arauen egitasmo nahiz -saloei buruzko eskuduntza-arazoen erabakiek ere ez dute zuzeneko eraginik izango.

 

3.- Aurreko zenbakietan ezarritakoa horrela izan arren, ebazpen horien aurkako alegazioak aurkeztu ahal izango dira, aurreko atalean esandakoa garatzean edo ezartzean onartutako xedapen eta ekintzen aurka sor daitezen eskuduntza-auzien kasuetan.

 

IV IDAZPURUA

ESKUDUNTZA AUZIAK

 

I ATALBURUA

ESKUDUNTZA AUZI POSITIBOAK

 

58. Atala

 

1.- Foru-aldundi baten, bere organoen edo bere menpeko izaikiren baten xedapen, erabaki edo ekintzaren batek ezarrita dagoen eskuduntza-mailaketa ez duela betetzen uste dezanean Eusko Jaurlaritzak, delako xedapena indargetzea edo delako erabakia edo ekintza baliogabetzea galdatuko dio aldundi horretako organo exekutiboari.

 

2.- Era horretako kasuetan berdin-berdin jokatuko dute foru-aldundiek, hau da, Jaurlaritzak edo bere organo eta izaikiek eman ditzaten xedapen, erabaki edo ekintzen aurrean.

 

3.- Xedapen, erabaki edo ekintza bat eskuduntzerik ezaz kutsaturik dagoela uste izan dadinean egin beharko da galdakizuna, haiek argitaratu edo haien berri izan eta hurrengo hogei egunen barruan. Horretarako, xedapena, erabakia edo ekintza eman duen administrazioko goragoko organo exekutiboari idatzi beharko zaio.

 

4.- Galdakizunak idatzizkoa eta arrazoi eta guztikoa izan behar du eta eskuduntzarik ezaz kutsatuta daudela uste deneko xedapeneko manuak edo erabakiaren edo ekintzaren alderdiak zehaztu egin beharko dira bertan.

 

5.- Galdakizuna jaso duen organoak erantzun edo errefusatu egin beharko du galdakizuna hilabeteko epean. Epea bukatzean berariaz erabaki gabe gelditu direnak baztertutzat joko dira.

 

59. Atala

 

1.- Errefusatua izan dela jakinarazten denetik hurrengo hogei egunetan edo horri buruzko akordioa hartzeko jarritako epea bukatu dadinean, galdakizuna egin duen organoak, berak nahi duena bete ez bada, auzia aurkeztu ahal izango du Ebazpen Batzordearen aurrean, lege honetako 26. atalean ezarritakoaren arabera.

 

2.- Planteamendu-idazkiak arrazoitua izan behar du eta honakoak zehaztuko dira bertan: xedea, eskuduntzarik ezaz kutsatuta daudela uste deneko xedapeneko manuak edo erabakiaren edo ekintzaren puntu zehatzak eta bai alegazioaren gai den agiango eskuduntzarik ezak jatorria duen legezko xedapenak ere.

 

60. Atala

 

Nolanahi ere, eskuduntza-auzi positiboak honako hau hartuko du soil-soilik: Eusko Jaurlaritzaren edo foru-aldundiren baten xedapen, erabaki edo ekintza dela-eta eztabaidagai izan den eskuduntzaren titularitatea eta ez besterik. Ondorioz, eskuduntza-auzi positiboa aurkezteko legezko gaitasuna duten instituzioek ezingo dute sartu bere asmoen artean administrazioarekiko auzi-jurisdikzioari dagozkion ekintzen, akordioen eta arauen legezkotasun-kontrolari buruzko gairik. Arazo horiek planteatzen badira, bakoitzaren lurraldeko sekzioari dagokio arlo horretako eskuduntzarik eza baloratzea, lege honetako 27. atalean xedatutakoaren arabera.

 

61. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordeak beste aldeari bidaliko dio prozedura hasiarazteko idazkia, eta alde horrek hogei eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.

 

2.- Halaber, lege honetako 30. atalean aipatzen diren jakinarazpenak burutuko ditu.

 

62. Atala

 

1.- Eskuduntza-auzi positiboa jartzeko legez baimenduta daudenek, xedapen, erabaki edo ekintzaren bat eskuduntzarik gabekoa dela salatu dadinean, hura etenda utzi dezala eska diezaiokete Ebazpen Batzordeari, hori ezartzearen edo burutzearen ondorioz sor daitezkeen kalteak konponezinak izango liratekeela alegatuz.

 

2.- Ebazpen Batzordeak beste aldeari bidaliko dio eskabide hori, horrek, bere eskubideen arabera, dagokiona alegatu dezan hamar eguneko epearen barruan.

 

3.- Gehienez hamar eguneko epea izango du Ebazpen Batzordeak erabakia hartzeko.

 

4.- Etenaldiaren aurkako errekurtsorik ezingo da aurkeztu ondoren.

 

5.- Aldeei aditzera eman zaienetik hasita izango ditu ondorioak etenaldiak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurralde historikoaren aldizkarian argitaratuko da etenaldi-egoera.

 

II ATALBURUA

ESKUDUNTZA AUZI NEGATIBOAK

 

63. Atala

 

1.- Honako kasu hauetan aurkeztu ahal izango du Jaurlaritzak eskuduntza-auzi negatiboa: foru-aldundi bati bere eskuduntzapekotzat jo ditzan ahalmenak erabili ditzala eskatu ondoren, erantzunik jaso ez edo eskabidea jaso duen organoak eskuduntzarik ez duela deklara dezanean edo galdakizunean finkatutako epearen barruan ezer ez dela egin gerta dadinean. Epeak hilabetetik gorakoa izan behar du.

 

2.- Berdin-berdin jokatuko dute foru-aldundiek, hau da, bere eskuduntzak erabili ditzala eskatuko diote Jaurlaritzari hala behar denean.

 

3.- Eskegileak, bere nahia ez dela bete uste izanez gero, eskuduntza-auzi negatiboa aurkeztu ahal izango du, galdakizunean finkatutako epea amaitu edo, bestela, eskabideak erantzun espresua jaso eta ukoa hartu ondorengo hogei eguneko epearen barruan.

 

4.- Eskuduntza-auzi negatiboa 26. atalean xedatzen denaren arabera aurkeztu beharko da.

 

64. Atala

 

1.- Auzia formalizatzeko idazkiarekin batera, aurreko atalean aipatu den prozedura amaitu eta horrek iraun duen bitartean hartutako akordioak bete direla ziurtatuko duten agiriak aurkeztu beharko dira.

 

2.- Ebazpen Batzordeak beste aldeari bidaliko dio prozedura hasiarazteko idazkia, eta alde horrek hogei eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.

 

3.- Halaber, lege honetako 30. atalean aipatzen diren jakinarazpenak gauzatu beharko dira.

 

III ATALBURUA

ESKUDUNTZA AUZIEI BURUZKO ERABAKIAK

 

65. Atala

 

Erabakien izena emango zaie eskuduntza-auziei behin-betiko irtenbidea eman eta, auzia garrantzigabekoa izan arren, auziko alderik nagusiena bukatutzat ematen duten epaiei, aurrera jarraitzea ezinezko bihurtuz.

 

66. Atala

 

1.- Ebazpen Batzordearen barnean osatutako lurraldeetako sekzioek, auziari buruzko prozeduran egindako azkenengo izapidetik kontatzen hasita, gehienez hilabeteko epean hartu beharko dituzte erabakiak.

 

2.- 39. atalean aipatzen den salbuespena kontuan hartuta, lurraldeko sekzioak beste hilabete bateko luzapena emateko akordioa hartu dezake, kide guztien aho bateko adostasunez.

 

67. Atala

 

Erabakiak aldeei jakinaraziko zaizkie, 37.2 atalean xedatzen denaren arabera horien argitalpena egitearen kaltetan izan gabe.

 

68. Atala

 

1.- Dagokion lurraldeko sekzioaren erabakiak deklaratuko du zein instituziori dagokion auzian eztabaidagai izan denaren eskuduntza. Erabakiak behin-betikoak izango dira eta horien aurka ezingo da aurkeztu inolako errekurtsorik.

 

2.- Auziak eskuduntza positibokoak izan daitezenean, eskuduntzarik ezaz kutsatuta egon dadin xedapena eman edo ekintza burutu duen organoak indargabetu edo baliogabetu beharko du xedapena edo ekintza, erabakian agindutakoa betez.

 

3.- Erabakia honako hauetan oinarrituko da: Autonomi Estatutuan, Euskal Autonomi Elkarte Osorako instituzioen eta Lurralde Historikoetako Foruzko Organoen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean edo, orokorrean, Elkarte osorako instituzioen eta foru-instituzioen arteko eskuduntzak finkatzen dituzten legeetan.

 

Gehigarrizko Erabakia

 

1.- Foru-aldundiek edo Eusko Jaurlaritzak eskuduntzak bereganatu nahirik sor ditzaten gorabeherak ez dituzte jarriko izapideetan administrazioarekiko auzitarako auzitegiek, hauen jurisdikzio-eremua arautzen duen legean xedatzen denaren arabera.

 

2.- Administrazioarekiko auzitarako auzitegien jurisdikziopekoak izan eta xedapen, erabaki edo ekintza batekiko lege-kontrola eskatuz, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundi batek edo beste norbaitek aurkeztutako administrazioarekiko auzi-prozesu baten gain, Ebazpen Batzordea aztertzen ari den arazo bati edo eskuduntza-auzi bati ebazpena emateak eragina izango balu, auzitegiak, prozesu hori gelditu dadila erabaki ahal izango du, jurisdikzio-eremua arautzen duen legean xedatzen denaren arabera eta lege horretan finkatzen diren modu eta epeen barruan.

 

Aldi Baterako Erabakia

 

Lege hau indarrean jarri dadin egunetik hasi eta sei hilabeteko epearen barruan, Jaurlaritzak eta foru-aldundiek bakoitzari dagozkion bokalen izendapenak egingo dituzte, era honetan Ebazpen Batzordea eratuta geldituko dela lege honetako 20. atalean eta horrekin bat datozen ataletan xedatzen denaren arabera.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra