Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

13/1988 Legea, urriaren 28koa, Euskadiko Eskola-Kontseiluei buruzkoa.

1988-10-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1988/11/23, 220. zk.; EAO, 2012/3/17, 66. zk.

 

§ 109. 13/1988 LEGEA, URRIAREN 28KOA, EUSKADIKO ESKOLA-KONTSEILUEI BURUZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Konstituzioko 27.5 atalaren arauera, herri-agintariek, irakaskuntzarako egitarau orokorren bidez, doakien sail guztiak benetan partaide izanez, hezkuntzarako eskubidea bermatzen dute. Konstituzio-agindu hau Hezkuntzarako eskubideari buruzko oinarrizko legeko 27.1 atalean ia hitzez-hitz jasotzen da, lege horretako II Izenburuan gai honi buruzko irizpide nagusiak finkatzen direla.

 

Euskal Herrirako Autonomi Estatutuak, bere aldetik, Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte-bizitzan herritar guztiek eskuhartu ahal izatea errazteko agindua ematen die herri-agintariei.

 

Hori bete-asmoz, eta irakaskuntzarekikoan Autonomi Estatutuko 16. atalak Euskal Herriko Autonomi Elkarteari aitortzen dizkion agintepideak egiteratuz, irakaskuntzaren egitaraugintzan gizartearen partaidetza bideratzeko izango diren bateango ihardutze-sailak, hots, Eskola-Kontseiluak, sortaraztea du xede Lege honek.

 

Gaur egun bizi gareneko demokraziazko gizartean, hezkuntza-erapidetzan parte hartzea bazter ezineko beharra da; behar hori, eraginpeko sailek, Konstituzioak dioenari jarraiki, biziki sentitzen dutena da, gainera.

 

Lege honetan araututako Eskola-Kontseilu hauetaz baliatuz, alor edo sail hauetako bakoitzaren partaidetzak izan dezakeen sakabanaketa eta eraginkortasunik eza eragoztea lortuko da; horrela, gainontzekoen eritzien berririk izan gabe, banaka parte hartu eta eritzia eman beharrean, erakunde-mailako baliozko eta gizartea eta hezkuntza-bidea binomioa beharrezko den oreka azkartzailea eta barne-lotura ekarriko duen bidea izango dute.

 

AINTZIN-IZENBURUA

ERABAKI OROKORRAK

 

Lehenengo atala

 

Euskal Autonomi Elkarteak, unibertsitatekoaz besteko irakaskuntza-eremua doakien gizarte-sail guztiei, irakaskuntzako egitaraugintza nagusian partaide izateko eskubideaz benetan baliatu ahal izatea bermatzen die, Lege honetan finkatzen denaren arauera.

 

2. Atala

 

Euskal Herriko Autonomi Elkarteko herri-agintariek, irakaskuntzako egitaraugintza orokorraren bidez, alor horretan izango dituzten ekintzapideen herritarren hezkuntza-beharrei erantzun ematera jozko egitamuketa eginez, hezkuntzarako eskubidea eta ikasketak egiteko askatasuna bermatuko dute.

 

3. Atala

 

Honako helburu hauek lortzea izango da batez ere irakaskuntzaren egitarauketa orokorraren xede:

 

a) Nortasuna bere osoan garatzeko eratutako hezkuntzarako eskubidearen eraginkortasuna bermatzea.

b) Ikasle-tokien eskaintza egokia eginez, herritarren hezkuntza-beharrak betetzen direla segurtatzea.

c) Eskola-erapidetza gizarte eta norbanako-mailako era guztietako ezberdintasunak berdintzeko tresna denez indartzea.

d) Irakaskuntzaren ontasun-maila hobetzea.

e) Euskal kondaira eta kulturaren ikerkuntza, zabalkundea eta ezagutza suztatzea.

f) Euskeraren normalkuntza eta erabilpena hezkuntza-eremuan bultzatzea.

g) Gizarteak hezkuntza-elkarteari egin diezazkion gaikuntzarako eskaintzak elkarri egokitu eta sartzea.

h) Ikastegiak daudeneko geografiazko, gizarte-ekonomiazko eta kulturazko inguruan erabat bertakotu daitezen bultzatzea.

 

Helburu hauek lortzeko eskola-elkarteko sail ezberdinek euren ordezkotza izango duten erakundeen bidez eskuhartzea bultzatuko da.

 

4. Atala

 

Honako alderdi hauek izango ditu, gutxienez, irakaskuntzako egitarauketa orokorrak:

 

a) Hezkuntza-alorrean premiazkoen diren beharrak zehaztea.

b) Ekonomiazko egitamuketari jarraiki, beharrezko eskuarteak finkatzea.

c) Kontutan hartutako aldirako ekintza-helburuak.

d) Ikasle-toki berriak sortu beharko direneko alde eta udalak zehaztuz, horietako zenbat sortu beharko diren ohartematea.

e) Eskola-antolapide eta hornipideak zaintzeko, hobetzeko eta berritzeko ihardupideen egitarauketa.

f) Irakaskuntzan aukera-berdintasuna lortzea xede izanezko ekintzen egitarauketa, baita osagarritarakoena eta hezkuntza-bateraketa xede izanezkoena ere.

g) Itunepeko ikastetxeen dirubideak herri-diruz egiteari buruzko ekintzetarako egitarauketa.

h) Giza-baliapideekikoan dauden beharrak eta gizakion gaikuntza eta hobekuntzarako ekintzapideak zehaztea.

 

5. Atala

 

Jaurlaritzak urtero gertatuko du, egon dauden ikastetxeen guztizko eskaintza kontutan izanez, hezkuntza-beharrei erantzun emateko, gizakizko eta gauzazko eskuarteen izendapen-egitamua.

 

6. Atala

 

Honako hauek dira unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako egitaraugintza orokorreko aholku ematezko, partaidetzarako eta urgazlaritzarako ihardutze-sailak:

 

a) Euskadiko Eskola-Kontseilua.

b) Lurraldeetako Eskola-Kontseiluak.

c) Udal-mailako Eskola-Kontseiluak.

 

I IZENBURUA

EUSKADIKO ESKOLA-KONTSEILUAZ

 

7. Atala

 

Lege honetan esaten diren alderdiei buruzkoan, Euskadiko Eskola-Kontseilua da unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako egitaraugintza orokorrarekin zerikusirik duten gizarte-sailen partaidetzarako eta Eusko Jaurlaritzak salo egin edo eman beharreko lege-egitasmo, erabaki nagusi eta araudiei buruzko aholkuak emateko eta urgazlaritzarako goren-mailako ihardutze-saila.

 

8. Atala

 

Lehendakariak, Lehendakariordeak, Kontseilariek eta Idazkariak osatuko dute Euskadiko Eskola-Kontseilua.

 

9. Atala

 

Lehendakaria, kontseiluko kideen artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak izendatuko du. Kargu hori hutsik, edo Lehendakaria kanpoan edo gaisorik izatea gertatuz gerokotarako, horren ordezkotza egingo duen Lehendakariordea ere izendatuko du eta Lehendakariak esku eman diezazkion ahalmenak izango ditu.

 

10. Atala

 

Honako hauek izango dira Euskadiko Eskola-Kontseiluko kide:

 

- Euskadiko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako sei irakasle, irakasleen elkarte eta sindikatuek, bakoitzaren ordezkotza-mailaren heinean egindako saloz.

- Euskadiko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako ikasleen sei guraso; hauek izendatzea ikasleen gurasoen elkarkunde edo baterakundeei egokituko zaie, bakoitzaren ordezkotza-mailaren eretzean.

- Euskadiko unibertsitateaz besteko irakaskuntzako sei ikasle, ikasleen Elkarkunde edo Baterakunde, Bazkun edo Elkarteek, bakoitzaren ordezkotza-mailaren heinean egindako saloz.

- Arduralaritzako eta Zerbitzuetako lanarigoaren izeneko bi; hauek sindikaritza-erakundeek beren ordezkotza-mailaren heinean aurkeztuko dituzte.

- Norbanako-jabetzapeko ikastetxeetako bi arduradun; hauek beren erakundeek bakoitzaren ordezkotza-mailaren heinean aurkeztuko dituzte.

- Ikastolen probintzi mailako baterakundeek ikastolen ordezkotza-mailaren heinean hautatutako ikastolen arduradun izeneko bi.

- Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat; hau Unibertsitateko Jaurtze-Batzordeak hautatuko du.

- Langileen sindikatuen izeneko hiru ordezkari eta ugazaba-erakundeen izeneko beste hiru, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko eremuan duten ordezkotza-mailaren heinean.

- Hezkuntza-Arduralaritzako lau ordezkari; hauek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak hautatuko ditu.

- Hezkuntza-alorrean izen haundiko diren lau lagun; hauek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak hautatuko ditu.

- Euskadiko Udal-Elkarte edo Baterakundeek beren ordezkotza-mailaren heinean eta, beti ere, Kondaira-Lurralde bakoitzeko Kontseilari bat gutxienez bertan izatea bermatuz salo egindako Toki-Arduralaritzako hiru ordezkari.

- Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Doktore eta Lizentziadunen Elkarteko ordezkari bat.

- Irakaspidetza-Elkarteen izeneko bat.

- Euskadiko Gazteriaren Kontseilu Nagusiko ordezkari bat.

 

Atal honetan aipatzen diren elkarte, bazkun eta batasunen ordezkotza-maila balioztatzeko, Euskal Herriko Autonomi Elkartearen eremuan duten eragina izango da soilik kontutan.

 

11. Atala

 

Norbanako-jabetzapeko eta herri-mailako irakaskuntza-maila eta sare ezberdinek heineango partaidetza izatea bermatzeko, aurreko ataleko aurreneko hiru zatietan ohartemandako ordezkarien banaketa araudi-bidez zehaztuko da.

 

12. Atala

 

Euskadiko Eskola-Kontseiluko kideak, 10 atalean aipatzen diren saloak, hala behar izanez gero, jaso ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak izendatuko ditu.

 

13. Atala

 

Kontseiluak Teknika-Idazkaritzaren ardura ere bere gain hartuko duen Idazkaria izango du. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak bere Sailari atxikitako lanarien artetik aukeratuko du.

 

14. Atala

 

Ondorengo gaiekikoan arauzkoa izango da Euskadiko Eskola-Kontseiluari iritzia eskatzea:

 

a) Irakaskuntzako Egitamu Nagusia egiteko.

b) Hezkuntzarako, irakaskuntza-askatasunerako eskubidea benetan egiteratzeari eta Konstituzioko 27 atalak herri-agintariei ezartzen dizkien beharrak betetzeari artez doakien Lege-Egitasmotarakoak eta guztizko manu-asmotarakoak gertatzeko.

c) Eskolak emateko tokiak sortzeari, kentzeari eta aldatzeari buruzko oinarrizko irizpideekiko.

d) Ikastetxeak hornitzeari eta eraikitzeari buruzko arau nagusiekiko.

e) Irakaspide-egitarau eta joeren berrikuntza eta saio-ihardunetarako egitamuekiko.

f) Irakaskuntza-maila bakoitzeko eredu ezberdinetako hizkuntza-helburuak eta horiek arauzkotzeko oinarrizko irizpideak zehazteko.

g) Osagarritarako ekintzen eta hezkuntzaren egokiketaren zio diren oinarrizko irizpideekiko.

h) Helduen etenik gabeko hezkuntzari buruzko oinarrizko helburuekiko.

i) Gizarteak hezkuntza-alkarteari egin diezazkion osagarrizko gaikuntza-eskaintzei erantzuteko izan behar duten helburu nagusiak eta bateratzeko irizpideak zehazteko.

j) Gizakizko eskuarteen, eta hauek gaitzeko eta hobetzeko alorreko beharrekin zerikusirik duten lanariekiko politikari buruzko oinarrizko irizpideekiko.

k) Ikaste-sariei eta ikasketa-laguntzei buruzko politikaren zio diren oinarrizko irizpideekiko.

 

15. Atala

 

Euskadiko Eskola-Kontseiluak, bere arioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailari, aurreko atalean zehaztutako gaiei eta Euskal Herriko Autonomi Elkartearen esparruan irakaskuntzarekin zerikusirik izan dezan beste ezein gairi buruzko saloak egin ahal izango dizkio.

 

Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailak iritzia emateko aurkeztu diezaion eta irakaskuntza-alderdiekin zerikusirik izan dezan beste ezein gairi buruzko txostena egingo du.

 

16. Atala

 

Euskadiko Eskola-Kontseiluak, urteoro, bere ekintzei buruzko altzinak emanezko txostena eta irakaskuntzaren Euskadiko Autonomi Elkarteango egoeraren argipide-txostena egin beharko du.

 

17. Atala

 

Euskadiko Eskola-Kontseiluak arauzko Osoko bilkura, euskal hezkuntza-moduaren egoerari buruzko urtean-urteko txostena onartzeko, urtean behin egingo du, baita Lege honekin bat etorriz arauzko argipideak eman behar ditzan edo bere agintepeko gaiei buruzkoan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailak iritzirik eska deiezaion guztietan ere. Bertako kideen herenak eska dezan guztietan ere bilduko da.

 

II IZENBURUA

LURRALDEETAKO ESKOLA-KONTSEILUEZ

 

18. Atala

 

Kondaira-Lurraldeetako eremuko irakaskuntzarako egitamugintza nagusia, eta Lege honetan esaten diren erabakiak hartzea eta hitzarmenak egitea doakien alorren partaidetzarako ihardutze-sailak dira Lurraldeetako Eskola-Kontseiluak. Eskualde-mailako Eskola-Kontseiluak ere sortarazi ahal izango dira, eta horien zehaztapena eta arauketa, hala badagokio, araudi-bidez zehaztuko dira.

 

19. Atala

 

Lurraldeetako Eskola-Kontseiluak Kondaira-Lurralde bakoitzean eratuko dira eta Lehendakariak, Lehendakariordeak, Kontseilukideek eta Idazkariak osatuko dituzte.

 

20. Atala

 

Lehendakariak eta Lehendakariordeak, dagokion Lurraldeko Hezkuntzako Lurralde-Ordezkariaren saloz, Kontseilu bakoitzeko kideen artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak aukeratuko ditu.

 

21. Atala

 

Lurraldeetako Eskola-Kontseiluetako Idazkariak, Hezkuntzako Lurralde-Ordezkari bakoitzaren saloz, Sailari atxikitako lanarigoaren artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailburuak aukeratuko ditu.

 

22. Atala

 

Honako hauek izango dira Kondaira-Lurralde bakoitzeko Eskola-Kontseiluko kide:

 

- Lurraldeko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako hiru irakasle.

- Lurraldeko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako ikasleen bi guraso.

- Lurraldeko unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzako hiru ikasle.

- Arduralaritza eta Zerbitzuetako lanarigoaren izeneko bat.

- Norbanako-alorreko ikastetxeen izeneko bat.

- Ikastolen Lurralde-mailako Baterakundearen izeneko bat.

- Langilkeen sindikatuen izeneko bat eta ugazaba-erakundeen izeneko beste bat.

- Udalen izeneko bi.

- Foru-Diputazioaren izeneko bat.

- Hezkuntza-Arduralaritzaren izeneko bi.

 

23. Atala

 

Aurreko atalean ohartemandako ordezkarien saloak Lege honetan Euskadiko Eskola-Kontseiluko kideak aukeratzeko jarritako irizpideak Kondaira-Lurraldeen eremura mugatuz egingo dira.

 

24. Atala

 

Ondoren ematen direnetarako arauzkoa izango da Lurraldeetako Eskola-Kontseiluei iritzia eskatzea:

 

- Osagarritarako ekintzetarako helburuak, lehentasunak eta baliapideak zehazteko.

- Lanbide-gaikuntzan hasteko egitamuen helburuak, lehentasunak eta eskuarteak zehazteko.

- Horiek eskolaratzeko garraio-sareak, eskolako jangu-zerbitzuak eta laguntzen banakuntza zehazteko saloekiko.

- Kondaira-Lurraldeko eremuan osagarritarako ekintzapideen egitaraugintzarako.

- Ihardutze-eremuz Kondaira-Lurralderako izan edo Foru-Diputazioa partaide izango deneko hezkuntzako zaingo-batzorde, bazkun eta erakundeak eratzeko.

 

25. Atala

 

Lurraldeetako Eskola-Kontseiluak arauzko Osoko bilkura, euskal hezkuntza-moduaren egoerari buruzko urtean-urteko txostena onartzeko, urtean behin egingo dute, baita Lege honekin bat etorriz arauzko argipideak eman behar ditzan edo bere agintepeko gaiei buruzkoan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailak iritzirik eska deiezaien guztietan ere. Bertako kideen herenak eska dezan guztietan ere bilduko dira.

 

26. Atala

 

1.- Lurraldeetako Eskola-kontseiluek hezkuntza-arduralaritzako lurralde-mailako ihardutze-sailei, hauei buruz ebazpena emateko gai direneko ezein gairi buruzko saloak egin ahal izango dizkiete.

 

2.- Halaber, Kondaira-Lurraldeen eremuari doakion, eta Lege honetan agintzen denez, argipideak emateko edo saloak egiteko Euskadiko Eskola-Kontseiluak ahalmena izan dezaneko ezein gairi buruzko saloak horri egin ahal izango zaizkio.

 

3.- Lurraldeetako Eskola-Kontseiluek hezkuntza bere lurralde-eremuan aurkitzen deneko egoerari buruz urteoro argipide-txostena egin, eta hezkuntza-arduralaritzako lurralde-mailako ihardutze-sailei eta Euskadiko Eskola-Kontseiluari bidaliko diote.

 

III IZENBURUA

UDALETAKO ESKOLA-KONTSEILUEZ

 

27. Atala

 

1.- Unibertsitatekoaz besteko irakaskuntzaren udal mailako egitaraugintza doakien alorren partaidetzarako eta aholku emateko ihardutze-erakunde dira Udaletako Eskola-Kontseiluak.

 

2.- Bere dirubideak herri-dirutatikakoak izanezko OHO-ko bi ikastetxe gutxienez dauden Udaletan, Udal-mailako Eskola-Kontseilua eratuko da. Gainontzekoetan nahi bada eratuko da.

 

28. Atala

 

Alkatea edo honek esku eman diezaion Zinegotzia izango dira Udaletako Eskola-Kontseiluburu.

 

Udalek eurek finkatuko dute bakoitzaren udalerriko Eskola-Kontseiluko kide izango direnen kopurua; horrek bederatzitik behera eta berrogeitik gora gabekoa izan beharko du; Kontseilu horretan gizarte-sail ezberdinek izango duten partaidetza ere finkatuko dute, irakasle, ikasle, ikasleen guraso eta arduralaritzako eta zerbitzuetako lanariek, denen artean, kontseilukideen ehuneko hirurogeita hamabosteko ordezkotza gutxienez izan beharko dutela.

 

Geratzen den ehuneko hogeita hamabostekorako herri-ikastetxeetako eta dirubideak herri-dirutatikakoak dituzten norbanako-jabetzapeko ikastetxeetako arduradunen ordezkotzaren partaidetza bermatuko da.

 

Hezkuntza-arduralaritzak noiznahi hautatu ahal izango du, Udaletako Eskola-Kontseiluetarako, hizpidea, bai, baina boto-eskubiderik gabeko ordezkari bat.

 

29. Atala

 

Ondoren ematen direnetarako arauzkoa izango da Udaleko Eskola-Kontseiluari iritzia eskatzea:

 

- Udal mailan eskola-tokiak sortzeko, kentzeko eta aldatzeko, eta bai ikastegiak eraberritzeko ere.

- Garbikuntza, bere onean eusteko, zaintze, antolapideak eraberritze-alorrean, etabarrekikoan, ikastetxeen ihardunari doazkien udal ekintzei buruzkorako.

- Zenbait gaitan, hona nola, hezkuntza bereziari, haurrak eskolaratzeari helduen etengabeko gaikuntzari, osagarrizko eta eskola-orduetatik kanpoko ekintzapideei, araupean gabeko irakaskuntzari buruzkoetan eragina duen irakaskuntzari buruzko udal-mailako ihardupide de erabakiei buruzkoan.

- Gizarteak hezkuntza-elkarteari egin diezazkion gaikuntzarako eskaintzak elkarri egokitu eta sartzeari buruzkoan.

- Hezkuntza-beharren nongoari, eskaintzaren lurralde-mailako banakuntzari eta ikasleak eskolaratu ahal izateko banakuntzarako irizpideak zehazteari buruzkorako.

- Osagarrizko hezkuntzaren alorreko ekintza-egitamuari buruzkorako.

- Ihardutze-eremuz udalerako izan edo Udala partaide izango deneko hezkuntzako zaingo-batzorde, bazkun eta erakundeak eratzeko.

 

Hezkuntza-agintariek eta/edo udal agintariek aurkeztu diezazkieten beste ezeinetarako.

 

30. Atala

 

1.- Udaletako Eskola-Kontseilu bakoitzak bere Udalari, hauek haiei buruz erabakirik hartzeko ahalmena duteneko hezkuntza-alorreko ezein gairi buruzko saloak egingo dizkio.

 

2.- Halaber, egoki izan dadin Lurraldeko Eskola-Kontseiluari, bakoitaren udal-eremuari doazkionak izan eta, Lege honetan agintzen denez, argipideak emateko edo saloak egiteko hark gaitasuna izan dezaneko ezein gairi buruzko saloak egin ahal izango dizkio.

 

3.- Udaletako Eskola-Kontseiluek euren lurralde-eremuan hezkuntza aurkitzen deneko egoerari eta Udalaren jabetzapeko ikastetxeak zuzkiketa eta zaingo-aldetik aurkitzen direneko egoerari buruzko txostena urteoro egin eta bakoitzari dagokion Udalari eta Kondaira-Lurraldeko Eskola-Kontseiluari bidaliko diote.

 

Erabaki Orokorra

 

1.- Eskola-Kontseiluen aginte-aldia lau urtekoa izango da.

 

2.- Duten ordezkaritzaren ondorioz Eskola-Kontseiluetako kide direnek, euren taldeen ordezkari izateari uzten dioten une berean utziko diote kontseilukide izateari.

 

3.- Eskola-Kontseiluek beren ihardunerako araudiak Lege honetan ezarritako arauei jarraiki egingo dituzte.

 

4.- Eskola-Kontseiluek beren ihardunean aritzeko, hezkuntza-Arduralaritzari eta Udalekoari argipideak eskatu ahal izango dizkiete.

 

5.- Herri-Arduralaritzek Eskola-Kontseiluei gauzazko eta dirubidezko eskuarteak eskuratuko dizdiete, baita Lege honetan finkatutako egitekoak aurrera eraman ahal izateko behar hainbateko gizakizko eskuarteak ere.

 

Aldi Baterako Erabakia

 

Ikastolak herri-ikastetxe bilakatzeko Eusko Legebiltzarrak legez jarri dezan aldia amaitzean, horietako arduradunentzat Lege honetan ohartematen den berarizko ordezkotza ondorio guztietarako ezabatuta geldituko da.

 

Azken Erabakia

 

Jaurlaritzari, Lege hau egiteratu eta osabideratzeko beharrezko izan daitezen manuak emateko baimena ematen zaio.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra