12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa
2008-12-05Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/12/24, 246. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.
§ 309. 12/2008 LEGEA, ABENDUAREN 5EKOA,
GIZARTE
ZERBITZUEI BURUZKOA
ZIOEN
AZALPENA
Autonomia Erkidegoak gizarte-zerbitzuen arloan duen
eskumena honako esparru honetan kokatu behar da, oro har: Euskal Autonomia
Erkidegoaren Estatutuaren 9.2 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko botere
publikoei ezartzen dien betebeharra, pertsonen eta pertsona horiek kide izan
ohi diren taldeen askatasuna eta berdintasuna egiazkoak eta eraginkorrak
izateko baldintzak sustatzeko neurriak ezartzekoa, eta askatasun eta
berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko neurriak ezartzekoa.
Ikuspegi zehatzago batetik, eskumen hori Autonomia Estatutuaren 9.2, 10.12, 10.14 eta 10.39
artikuluek eratzen duten esparruan kokatu behar da, artikulu horiek, 1978ko
Konstituzioaren 148.1.20 artikuluaren
babespean, eskumen esklusiboa esleitzen baitiote Euskal Autonomia Erkidegoari
honako arlo hauetan guztietan: gizarte-laguntza, adingabeak zaindu eta
babesteko erakundeen antolaketa, araubide eta funtzionamendua, komunitatearen
garapena, berdintasuna eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikak.
Eskumenok
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen artean banatzeko era,
bestalde, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezarria da, alegia, Autonomia Erkidego
Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute
Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak. Lege horrek foru-instituzioei esleitzen die Autonomia Erkidego
osorako instituzioen araudia nork bere lurraldean
betearazteko eginkizuna, betiere Autonomia Erkidego osorako erakundeek lurralde
horretan dagokien eginkizuna zuzenean betetzea eragotzi gabe. Bestalde,
betearazpen-eskumen horren barruan sartzen dira beren zerbitzuen antolaketa
erregelamenduz arautzeko ahala, administrazio-ahala (baita ikuskatzekoa ere)
eta administrazio-bidean egintzak berrikusteko ahala.
Gizarte-zerbitzuen
lehenbiziko legea, Euskal Autonomia Erkidekoan,
1982ko maiatzaren 20an onartu zen, eta arlo horri lehen ez zuen koherentzia
eman zion antolamenduaren aldetik; horrez gain, dohain bereziki garrantzitsua
izan zuen, zerbitzu horien kudeaketa politiko eta administratiboari ikuspegi
arras modernoa eman baitzion. Etorkizunari aurrea hartuz jarduera-printzipio funtsezko batzuk sartu
zituen, oraindik ere arlo horretako araudiaren oinarrizko lerro direnak.
Lege
horrek ezarritako arau-esparrua aldatu egin zuen hein batean azaroaren 25eko 27/1983
Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde
Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, bai eta
apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ere, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoak.
Arau-aldaketa garrantzitsuak izan ziren horiek, eta erantzukizun publikoko
sistemari eragin zioten, hala eskumenen aldetik nola finantzen aldetik, eta,
garai horretan gertatu ziren aldaketa sozial garrantzitsuekin batera,
gizarte-zerbitzuen lehenbiziko lege hura aldatzeko beharra ere ekarri zuten.
Langabeziaren
hazkundea, lehenago inoiz ezagutu gabeko krisi industrial baten eta hark
eragindako birmoldatze-prozesuen ondorio, aldi haren ezaugarri nagusietako bat
izan zen, hainbateraino non Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legearen
zioen azalpenak beharrezkotzat jo baitzuen gizarte-zerbitzuen sistemari Euskal
Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta enpleguaren garapenari laguntzeko
eginkizuna ematea, batez ere lan-merkatuan sartzeko zailtasunik handienak
zituzten gizataldeen alde. Beste gizarte-aldaketa batzuek ere eragin zuten
erreforma, bereziki biztanleriaren hazkunde begetatiborik ezak eta, urrats
positiboa izaki, geroz eta emakume gehiago lan-merkatura sartzeak.
Bestalde,
1996ko legeak ekarpen garrantzitsuak egin zituen, eta lagundu egin zuen,
xedetzat hala aitortuta, "herritar guztiek gizarte-zerbitzuak jasotzeko
duten eskubidea sustatzen eta bermatzen, erantzukizun publikoko
gizarte-zerbitzuak emateko sistema osatu bat antolatuz eta egituratuz, eta, era
horretan, helburu hirukoitz bat gauzatzeko, hala nola marjinazio sozialaren eta
ezberdintasunaren kausak aurreikusi eta ezabatzea, pertsonak eta taldeak
gizarteratzen laguntzea eta haien garapen osoa eta librea sustatzea". Gizarte
Zerbitzuen Sistema antolatu eta egituratzeko zereginean aurreratzeko aukera
eman zuen, bai eta sistema horrek berezko dituen prestazio eta zerbitzuak
garatzen eta horien sarea progresiboki hedatzen ere; hala, gizarte-ongizatea
xede duten beste sistema eta politika publiko batzuetatik bereizitako esparru osagarri
bat eratu zen.
Sistemaren
antolakuntzaren ikuspuntutik, eskumenak argitzeaz gain, ez da dudarik honako
hauek izan zirela ekarpenik garrantzitsuenak: oinarrizko gizarte-zerbitzuak
sistemaren oinarrizko unitate gisa eta zerbitzuetara irispidea izateko gune
gisa eratzea, zerbitzu horiei komunitatearentzako arreta antolatzeko funtsezko
eginkizunak esleitzea eta, horren guztiaren ondorioz, udal guztiei
ezartzea bakarka edo elkarturik era
horretako zerbitzu bat emateko betebeharra.
Alde
horretatik, honako hauek dira 1996ko legearen testuan nabarmendu daitezkeen
beste ekarpen batzuk:
- Unibertsaltasun-printzipioa eta arreta pertsonalizatuaren
printzipioa berariaz jasotzea.
- Ekimen pribatuarekiko harremanetarako sistema baten oinarriak
sartzea, honako hauen bidez: administrazio-baimenaren arauketa, ikuskatzea eta
erakunde pribatuekiko lankidetza-formulak. Erakunde pribatuekiko
lankidetza-formula horietan, eraginkortasuna, kalitatea eta kostuak berdinak
edo antzekoak direnean, irabaziak egiteko asmorik gabeko erakundeei ematen zaie
lehentasuna.
- Zerbitzuen erabiltzaileek zerbitzuon finantzaketa horretan izan
behar duten parte-hartzea zehatzago arautzea, honako hau xedatuz, besteak
beste: erabiltzaileetako inori ez zaiola zerbitzurik ukatuko baliabide ekonomikorik
ez edukitzeagatik, eta emandako zerbitzuaren kalitatea ezin izango dela
zehaztu, inola ere ez, erabiltzaileek kostuaren finantzaketan duten parte
hartzearen arabera.
- Arau-hausteen eta zehapenen sistema bat lehenbiziko aldiz arautzea
gizarte-zerbitzuen arloan.
Beste
alde batetik, azken bi hamarraldietan 1996ko legea garatuz eratu den
arau-esparruak gizarte-zerbitzuen arloan aurrerapen handiak lortzeko aukera
eman du, eta horren fede ematen dute eskubideak eta gizarte-zerbitzuen
kalitatea bermatzeko onartu izan diren oinarrizko arauek, hala nola 64/2004
Dekretua, apirilaren 6koa, zeinaren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia
Erkidegoko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta
betebeharren gutuna, eta iradokizunen eta kexen araubidea, eta 40/1998
Dekretua, martxoaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen
baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko dena. Egindako aurrerapenen erakusgarri dira, orobat,
era bateko eta besteko arreta-eremuetan garatutako arau ugariak.
Nolanahi
ere, eta aurrerapen horiek gorabehera, arau-esparrua berriro erreformatzea
komeni dela erakusten duten elementu eta faktoreak ageri dira.
Hain
zuzen ere, gizarte-egoera nabarmen aldatu
da azken hamarraldian.
- Gainditu
egin da lehen aipatutako krisi industriala orduko langabezia-tasa handiak Euskal Autonomia Erkidegoko
babesgabetasunaren arrazoi nagusitzat jo ziren eta, egun, ekonomia-egoera ona dugu, BPGa etengabe Europako batez bestekoaren
gainetik haziz doalarik, eta batez besteko langabezia-tasa, teknikoki, ia
enplegu betekoa delarik. Hazkunde eta tasa horiek, sortu berri den krisi
ekonomikoak eragingo badie ere, erreferentziako helburutzat hartu beharko
lirateke hurrengo hamarraldirako.
- Beste
alde batetik, beren autonomia mugaturik duten pertsonen kopurua haziz joan da,
eta kopurua
ez ezik izaera ere aldatu
da. Mendekotasuna prebenitzeko eta atenditzeko beharrizanak eta eskaerak hazi egin
dira, bai eta familiei laguntzeko beharrizanak ere; horrekin batera,
gizarte-laguntza informala ahuldu da, geroz eta emakume gehiago sartu direlako lan-merkatura eta, aldi berean, gizonezko askok zainketa informalaren eginkizunak beren gain hartu ez dituztelako. Gainera, hiri-geografian izandako aldaketen ondorioz
areagotu egin da fenomeno hori,
bizitzeko, lan egiteko eta prestakuntza jasotzeko guneak bereizteko joera geroz
eta handiagoa hauteman baitaiteke. Bilakaera horrek eragin du Estatuan Autonomia Pertsonala
Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko
abenduaren 14ko 39/2006 Legea promulgatzera; lege hori mugarri da gizarte-zerbitzuen eremuan,
bermatutako eskubide bati izaera
formala ematen dion neurrian.
- Beste alde batetik, azken hamarraldian, gizarte-zerbitzuek, babes
soziala emateko eta gizarteratzeko beharrizanei dagokienez, aurre egin behar
izan diote ahultasunarekin eta bazterketa-, marjinazio- eta pobrezia-egoeren
kronifikazioarekin lotutako beharrizanen eta laguntza-eskaeren gehitzeari. Errealitate
hori bereziki talde ahulenek bizi dute: etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta
lan-prekarietateak batez ere gazteei, emakumeei eta etorkinei eragiten diete;
babes sozial nahikorik ez izateak eta isolamendu- eta bakardade-egoeretan
bizitzeak adinduei eragiten die nagusiki; gizartearekin, ekonomiarekin edo
familiarekin zerikusirik duten era askotako faktoreen ondorioz ugaldu diren
gatazka-egoerek nerabeei eragiten diete eta babesgabezia-egoerek oro har
adingabeei.
- Azkenik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunera hurbildu ahala
gertatzen diren aldaketa sozialei egokitu behar zaizkie gizarte-zerbitzuak.
Horretarako, emakumeak gizarteratzen laguntzen duten jarduera eta zerbitzuak
sustatuko dira, bereziki, bazterketari, babesgabetasunari, tratu txarrei eta
indarkeriari aurre egiteko baliagarri direnak; horiekin batera, familiei
laguntzeko gizarte-sarea arinagoa eta sendoagoa egiteko neurriak eta zerbitzuak
ere sustatuko dira, eta, oso modu berezian, oraindik ere mendetasun-egoeran
dauden pertsonei laguntzeko eginkizunetan zama handiena hartzen duten emakumeak
sare horretan sartzen laguntzekoak.
Gizarte-errealitatearen
bilakaera hori aintzat hartuta, beharrezkoa da gaur egun, 1996ko legea
indarrean sartu zenez geroztik hamarraldi bat baino gehiago igaro denean,
orduko sistema finkatu eta sendotzea. Aipatu legeak sistemaren funtsezko
oinarriak aurreikusteko gauza izan zen, baina ez zituen ezarri legean bertan
jasota zegoen xedea gizarte-zerbitzuetarako eskubidea sustatu eta bermatzea
guztiz lortzeko behar ziren kudeaketa- eta koordinazio-tresnak. Xede horrek,
dudarik gabe, indarrean dagoen araudi-esparrua erreformatzea eta
gizarte-zerbitzuen lege berri bat onartzea eskatzen du.
Arau-esparru
berriaren osagai nagusia honako hau da: gizarte-zerbitzuetarako eskubidea
eskubide subjektibotzat aldarrikatzea, herritartasunari dagokion eskubidea den
aldetik. Eskubide subjektibo horren erabilera bermatuko bada, nahitaez eraiki
behar da gizarte-zerbitzuen euskal sistema bat, erantzukizun publikokoa,
modernoa, aurreratua eta bermatzailea, xedetzat ongizatea duten beste sistema
batzuk bezain garatua, eskumena duten hiru administrazio-mailak egituratzeko
gauza izango diren kudeaketa- eta koordinazio-tresna batzuez hornitua, eta bere
baitan prestazio eta zerbitzuen sare artikulatu bat ezarri, antolatu, garatu
eta sendotzeko moduko egitura bat izango duena. Sare horrek aldaketa sozial,
demografiko eta ekonomikoek dakartzaten egungo eta etorkizuneko erronkei
koherentziaz, eraginkortasunez eta eragimenez erantzuteko xedea izan behar du.
Era horretan, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistema Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzateke, herritar
guztientzako erantzukizun publikoko sistema gisa eratuta.
Gero
eta egoera desberdin gehiago daude eta gero eta konplexuagoak dira egoera
horiek; nabaria da, beraz, haiei aurre egingo bazaie, jardun batzuk indartu
behar direla, honako hauek: hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea,
laguntzako sare informalei eustea, eragindako pertsonen parte-hartze antolatua
sustatzea, sistemen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparru batzuk (hala
nola, gizarte eta osasunaren, gizarte eta lanaren, gizarte eta etxebizitzaren,
gizarte eta hezkuntzaren, gizarte eta justiziaren, gizarte eta kulturaren
artekoak) eratzea eta politika sozial bat garatzea, herritar guztiek
herritartasun osoa irits dezaten, justizia soziala susta dadin eta
bazterketaren egiturazko kausei ekin dakien.
Garrantzitsua
da gogoan izatea, sistema hori eraikitzeko eta antolatzeko orduan, herritarren
eskubideen artean sartzen direla, gaur egun, ez bakarrik pertsona guztiei
prestazio eta zerbitzu jakin batzuetarako eskubidea ezagutzea, baita
diferentziarako eskubidea aitortzea ere. Eredu horren muin-muinean izango
lirateke berdintasun- eta ekitate-printzipioak, izan ere, printzipio horiek
sistemaz bazterkeriarik gabe baliatzea bermatzen dute, eta baita askotariko
ikuspegiak bateratzea (generoa, dibertsitate sexuala, kulturartekotasuna,
belaunaldiartekotasuna, sistema herritar guztien eskura izatea, eta gizon nahiz
emakumeentzat diseinatua izatea) eta ekintza positiboko eta aukera- eta
tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzea ere.
Bestalde,
erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuen sistemaren beraren bilakaera eta
garapenari dagokionez, ahalegin handia egin da azken hamarraldi honetan
zerbitzu horiek sustatu eta egituratzeko, baina, hala ere, badira oraindik
lurraldeen arteko ezberdintasunak, sistema horretaz baliatzeari eta sistema
horretan ekonomikoki parte hartzeari dagokionez, eta, nahiz eta kasu batzuetan
ezberdintasun horiek antolamendu-berezitasunei egotz dakizkiekeen eta ez dioten
eragiten erabiltzaileek eskubide horretaz egiten duten erabilerari, beste
batzuetan, bai, eragin diezaiokete, eta egoera desberdinak sorrarazi ere bai. Gainera, bada diferentzia orokor bat Autonomia Erkidegoaren
eta Europako eremuko herrialderik aurreratuenen artean.
Ezberdintasun
horiek gutxika-gutxika urritzeko, ezinbestekoa da gizarte-beharrizanen
bilakaerari buruz aurreikuspen egokiak egitea eta Autonomia Erkidegoaren
lurralde osoan sistemaren garapen planifikatua gauzatzeko behar diren tresnak
prestatzea.
Legeak
honako osagai funtsezko hauek aurreikusi ditu horretarako. Lehenbizi, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemak eskainiko dituen Prestazioen eta Zerbitzuen
Katalogoa zehazten du, eta, era horretan, eskubide subjektiboaren irismena
zehazten du; gainera, eskubide horren izaera unibertsala dela-eta, katalogo
horren garapena eta ezarpena Autonomia Erkidego osokoa izango dela bermatzen
du. Horrez gain, katalogoa
Prestazioen eta Zerbitzuen Kartera baten barruan arautuko dela aurreikusten du.
Katalogoaren ezaugarri nagusiak zehaztuko dira horrela, eta beste alderdi hauek
ere bai: prestazio eta zerbitzu horiez baliatzeko bete beharko diren
baldintzak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema kudeatzeko informazio-sistema
integral bat diseinatu eta abiaraztea eta Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko
bat landu eta onartzea, haren barruan Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte
Zerbitzuen Mapa ere izango delarik. Era berean, instituzioen arteko koordinaziorako behar
diren tresnak indartzen ditu, izan ere, bermatu nahi da, batetik, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema koherente eta orekatu bat garatuko dela eta,
bestetik, sistema hori eta sistema horren barruan sartzen diren prestazio eta
zerbitzuak hobeto artikulatuko direla kidekoak edo osagarriak diren beste
sistema eta politika publiko batzuekin, gizarte-ongizatea sustatzea eta lortzea
helburu duten horiekin, hain zuzen.
Lege
berriak finkatu egiten du aurreko esparru juridikoan jasotako printzipioetan ezarrita
zegoen arreta-eredua, eta komunitatea oinarri duen
ikuspegia hautatzen du; ikuspegi horren arabera, pertsonak bizi diren ingurunean geratzea da lehentasuna.
Horrela,
gizarte-langileei berez dagozkien eginkizunei gehitu behar zaizkie gizarte-hezitzaileak
aspalditik garatzen ari diren gizarte- eta hezkuntza-arloko zerbitzu eta
prestazioetatik eratorritakoak; gizarte-hezitzaile horiek gizarte-langileekin
batera osatuko lukete Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarrizko kidego
profesionala.
Proposatutako ikuspegi
komunitariotik bideratuta, gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea,
funtsean, esku-hartze sozialaren oinarrizko elementu bezala ulertu behar da,
prozesu-izaera baitu; horrek, definizioz, laguntza-eginkizunak eta
bidaltze-eginkizunak gainditu eta lan-esparru hezitzaile harremanezkoa ezartzen
du helburu hauek lortzeari begira: subjektuak autonomia handiagoa eta
bizi-baldintza hobeak izatea, bere garapenean dituen testuinguru desberdinetara
egokitzea eta zailtasunak gainditzea.
Gizarte-zerbitzuen euskal sistema
bat finkatu eta haren xedeak gauzatuko badira, Euskal Autonomia Erkidego osoan prestazio eta zerbitzu berberez
baliatzeko aukera bermatzeaz gain,
zerbitzuen eta zentro publikoen eta
pribatu itunduen sare bat indartu eta sendotu behar da, eta, horretarako,
erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzuak eskaintzeko berariazko
hitzarmen-araubide bat ezarri behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioak eta erakunde pribatuak, batez ere irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenekoak badira, elkarlanean aritzeko beste formula batzuen kalterik gabe.
Legearen
I tituluan, esparru berria eratzen duten
funtsezko osagaiak zehazten dituzten xedapen orokorrak jasotzen dira. Legearen
xedea zehazten da bertan, alegia: gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa
aldarrikatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioen eta zerbitzuen izaera
unibertsala bermatzea, euskal administrazio publikoek prestazio eta zerbitzu horiek sistema horretako Prestazio eta
Zerbitzuen Katalogoaren barruan eskainiko dituztela bermatzea eta sistema hori antolatu eta egituratzea, gizarte-zerbitzuetarako eskubidearen
erabilera egiazkoa izan dadin.
Gizarte-zerbitzuetarako
eskubidea honako pertsona hauei ezagutzen zaie: bizileku legezko eta benetakoa Euskal Autonomia Erkidegoko edozein
udalerritan duten pertsonei; horretarako, bertan egon behar dute erroldaturik.
Orobat ezagutzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan
erroldatutako pertsonei, baldin eta egiazko bizilekua bertan izan badute
sistemaz baliatzeko eskaria egin aurre-aurreko 12 hilabeteetan jarraitasunez. Nolanahi ere,
Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sisteman sartzen diren
prestazio eta zerbitzuez baliatu ahal izateko, Autonomia Pertsonala Sustatzeari
eta Mendetasun Egoeran dauden
Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 5.1 artikuluan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.
Horrez gain, beste hau ere ezartzen da: Autonomia Erkidegoan diren pertsona guztiek izan
dezatela, aldez aurretik erroldatzeko epeen baldintza bete beharrik gabe,
informazio-, balorazio-, diagnostiko- eta
orientazio-zerbitzuez
baliatzeko aukera, bai eta
lagun
egiteko zerbitzuaz baliatzekoa ere, eta, orobat, gizarte-premia larrietarako prestazio eta zerbitzuez eta haurrak eta nerabeak
babesteko zerbitzuez baliatzekoa. Aurreko
horren kalterik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek aldez aurretik erroldatzeko epe
luzeagoak eta beste baldintza gehigarri batzuk ere ezarri ahal izango dituzte
Prestazioen eta Zerbitzuen Karterako prestazio eta zerbitzu zenbaitez
baliatzeko; prestazio eta zerbitzu horiek arautzeko berariazko xedapenetan ere
ezarri ahal izango dituzte baldintza gehigarriak. Azkenik, testuan beste hau ere aurreikusten da: Eusko Jaurlaritzak kanpoan dauden
euskal gizataldeetako kideak babesteko
neurriak ezarri ahal izango ditu.
Legeak
erantzukizun
publikoko arreta-sare
antolatu gisa eratzen du Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistema; titulartasun publikoko eta
pribatu itunduko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduaz osatutako sistema gisa, eta pertsona, familia eta
talde guztien gizarteratzearen eta autonomiaren alde egitea du xede;
sustatzeko, aurreikusteko, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu
nahi du xede hori, funtsean pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio
eta zerbitzuen bidez. Arlo horretan diren formulaziorik aurreratuenekin bat etorrita, beharrizanei beren izaeraren eta
ezaugarrien arabera erantzuteko sistema bat ezartzea hautatu da, gizatalde ezberdinei
erreparatuz egituratu beharrean; horrek ez du
esan nahi, inolaz ere, gizatalde horiek babesik gabe uzten direnik, edo ez
direnik kontuan hartzen, sistemaren esparruaren barruan, eragin ahal dizkieten
berezitasunak.
Jarduera-printzipioen
artean, Gizarte Zerbitzuen
urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritako printzipioei eusten zaie, eta garatu ere
egiten dira; bestalde, printzipio horiek eratzen duten arreta mota komunitateari zuzendutako arreta da,
eta honako hauek finkatuz lortzen dute hori: zerbitzuen erantzukizun publikoa, unibertsaltasuna, herritarrekiko hurbiltasuna eta deszentralizazioa;
prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko orduan berdintasuna eta ekitatea; prebentzioa, integrazioa eta
normalizazioa; pertsona bakoitzari egokitutako
arreta integral eta jarraitua; esku-hartzeen
diziplina-artekotasuna eta arretaren kalitatea; gizarte-zerbitzuen arloan, eta
bereziki Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, parte hartzen duten era
bateko eta besteko agenteen arteko lankidetza; jarduera publiko eta pribatu formal eta ez-formal
guztien koordinazioa eta herritarren parte-hartzea eta gizarte-ekimena
sustatzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan.
Halaber,
I tituluan komunitateari zuzendutako arreta hori finkatzen da gizarte-zerbitzuen
jardunerako oinarrizko eredu gisa, eta erabiltzaileei arreta beren ohiko ingurunean emango zaiela bermatzeko beharrizana
du funtsa eredu horrek. Azkenik, gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen eta
profesionalen eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.
Bigarren
tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak teknikoak, ekonomikoak eta teknologikoak eta zerbitzuak definitu eta sailkatzeko
baliatzen da lehenbiziko kapitulua; era berean, esku-hartzeko oinarrizko
prozedura antolatzen du. Prozedura horren arabera, erreferentziako profesionalei dagokie kasua koordinatzea, eta, hala dagokionean, arreta pertsonalizatuko plan bat egin beharko da.
Ondoren, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Kartera
eta Katalogoa definitzen ditu, eta horien ezaugarriak, edukia eta eguneratzea
arautzen ditu, bai eta prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko baldintza
orokorrak ere.
Hurrengo
kapituluan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren egitura orokorra ezartzen da,
lehen eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuez osatua; zerbitzu horiek,
beste irizpide edo aldaera batzuen artean, emandako laguntzaren neurri
handiagoaren edo txikiagoaren arabera bereizten dira, maila bietan laguntza
espezializatua izan daitekeelarik. Hiru jardute-maila nagusiak ere arautzen
dira kapitulu horretan: lehenbizi, udalen gizarte-zerbitzuek tokiko
administrazioaren eremuan egin behar duten esku-hartzea; hemen, oinarrizko
gizarte-zerbitzuak definitzen dira, horiek egituraren oinarrizko osagaitzat eta
sistemara sartzeko lehenbiziko atetzat joz. Halaber, finkatu egiten da Gizarte
Zerbitzuen 1996ko Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztientzat ezartzen
zuen betebeharra, beren aldetik edo elkarturik oinarrizko gizarte-zerbitzu bat
edukitzekoa;. ondoren, foru-aldundiei dagokien esku-hartzea, zeinek bere
lurraldearen mailan, eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzari Autonomia Erkidegoaren
mailan dagokion esku-hartzea.
Bigarren
titulu honetako III. kapituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
plangintza arautzen da, eta plangintza hori arautu behar duten printzipioak
jasotzen dira: Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak aintzat hartu behar dituen
helburuak, estrategiak, politikak eta jarraibideak zehaztea; lege honetan
aldarrikatzen den gizarte-zerbitzuetarako eskubidea egiaz baliatuko dela
bermatzeko behar diren baliabideak ezartzea; hurbiltasuna, oreka eta
lurralde-mailako homogeneotasuna; baliabideen antolamendu eta aprobetxamendu
integral, arrazional eta eraginkorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen
Sistemaren esparruan esku hartzen duten elementu guztien koordinazioa eta
horiekin gauzatu beharreko sareko lana. Plangintzak Euskal Autonomia Erkidegoko
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa hartzen du tresna nagusitzat. Plan hori,
bestalde, Gizarte Zerbitzuen Mapan sartuko da, mapa horrek Euskal Autonomia
Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistema ezartzeko eginkizuna baitu. Mapa horrek,
katalogoan zehazten diren zerbitzuak ezartze aldera, biztanleriari dagozkion
irizpiderik egokienak zehaztuko ditu, honako ezaugarri hauek kontuan hartuta:
zerbitzu horien izaera, zerbitzu horiek eska ditzaketen pertsonen kopurua, eta
ahalik eta erabiltzaileak beren ohiko gizarte-ingurunean integratze aldera
hurbilekoenak izango direla bermatzea.
Plangintzak
orientabideak emango ditu, halaber, sektore publikoak eta pribatuak zerbitzuen
prestazioan izan beharreko parte-hartzeari buruz, eta betiere bermatu egin
beharko du zuzeneko kudeaketa publikoaren bidez egingo direla bai sisteman
sartzeko prestazioak eta eskaerak lehenengoz jasotzekoak, bai eta
kasu-koordinazioari zuzenean lotutako prestazioak ere esku-hartzearen
oinarrizko prozedura modura bereziki balorazioa, diagnostikoa eta
orientazioa. Osagarri modura, berariaz ezagutu daitezen bermatze aldera bai
zerbitzuen eta erabiltzaileen eta profesionalen beharren errealitatea, bai
kudeaketaren eta arretaren kalitatea bermatzeari lotutako zailtasunak ere, eta,
halaber, jokabide egokien ereduak eskaintzearren eta, izaera
esperimentalarekin, soluziobide berritzaile eta alternatiboak probatzeagatik
sistemari jarritako helburuetarantz joaten laguntzeko, hala nola bizkorrago
joaten laguntzeko ere, plangintzak ezarri egingo du, esparru honetan eta izaera
orokorraz ezarriko ere, bai kudeaketa publikoa eta bai gizarte-ekimenaren bidezko
kudeaketa beti gailen izango direla Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak
ematean.
Banaketa
geografiko horren osagai nagusi gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte
Zerbitzuen Sisteman sartzeko aukeretan berdintasuna eta gizarte-zerbitzuetarako
eskubidea egiaz baliatu ahal dela ziurtatze aldera, legeak Euskal Autonomia
Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren oinarrizko jardun-eremua definitzen
du, eta 5.000 biztanleko eremua izango dela zehazten du, edo,
nekazaritza-guneetan eta gune bereziki behartsu edo andeatuetan, 3.000
biztanleko eremua. Legearen arabera, horiek izango dira oinarrizko
gizarte-zerbitzuek izango duten oinarrizko ezarpen-eremua.
III.
tituluan, legeak Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren
eskumen, antolamendu, kontsulta eta parte-hartzearen araubidea ezartzen du, eta
herri-administrazioek gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak eta
administrazioen arteko lankidetza- eta koordinazio-organo eta -prozedurak
zehazten ditu, hala Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemarako
nola gizarte-ongizatea xede duten beste sistema eta politika publiko kideko edo
osagarri batzuekiko harremanetarako.
Bereziki
garrantzitsua da Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren sorrera, Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen arteko lankidetza eta
koordinaziorako bide formal bat ezartzen duen neurrian, izan ere, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna bermatu nahi da eta, ondorioz, Autonomia
Erkidegoaren lurralde osoan prestazio eta zerbitzu guztien garapen koherente
eta harmoniko bat. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen
sailari atxikirik egongo da, eta alde batetik Eusko Jaurlaritzak eta bestetik
foru-aldundiek eta udalek, (udalek Eudelen bitartez) ordezkaritza paritarioa
izango dute bertan; sistemaren iraupena eta kalitatea zaintzea izango da alde
guztien ardura. Organoaren eginkizunetako batzuk arautzen dira bertan,
horietako batzuk oso garrantzitsuak, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoko
Gizarte Zerbitzuen Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karterari buruz eman
beharreko aldeko txosten nahitaezkoa egitea eta, hala egokituz gero,
gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko batzuekin
egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruzkoa ere egitea; Gizarte
Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruzko txosten nahitaezkoa egitea, eta
jarduteko estrategia nagusiei buruz eta Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek aplikatu behar dituzten elkarrekiko tresnei buruz
eztabaidatzea eta erabakiak hartzea.
Legeak,
gizarte-ongizaterako beste sistema eta politika publiko batzuekiko lankidetza
eta koordinazioari buruz, honako hau aurreikusten du: herri-administrazioek
lankidetzarako eta koordinaziorako dituzten betebeharren esparruan,
lankidetzarako bide formalak eta jarduteko tresna eta protokolo bateratuak
ezartzea, jardueren koherentzia bermatzeko eta baliabideak, informazioa eta
ezagutzak era arrazoizkoago eta eraginkorragoan aprobetxatzeko modua emango
dutenak. Egoki irizten zaionean, zerbitzuen eta prestazioen kartera eta
katalogo bateratuak ezartzeko aukera ere aurreikusten da.
Lankidetza
eta koordinazioaren arloan, esparru soziosanitarioak aipamen berezia merezi du.
Esparru honetan sartzen dira babestuak izateko orduan gizarte- eta
osasun-zerbitzuen ekintza bateratua, koordinatua eta eutsia behar duten
pertsonak. Euskal Autonomia Erkidegoan, eskumenak instituzioen eta instituzio
horien mailen artean nola banatzen diren ikusita, horien guztien arteko
koordinazio-eredu bat hautatu da, sektore hori bakoitzaren politikak
harmonizatuz garatu nahi baita, era horretan, azken urteetan egin diren
aurrerapenen espiritua eta funtsezko osagaiak biltzeko; hain zuzen ere, Eusko
Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudelek (Euskal
Autonomia Erkidegoko Udalen Elkarteak) Euskal Autonomia Erkidegoko arreta
soziosanitarioa garatzeko 2003ko urtarrilaren 30ean izenpetu zuten
lankidetza-hitzarmenaren barruan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta
Soziosanitarioa Garatzeko Plan Estrategikoaren barruan izan dira aurrerapen
horiek. Arreta soziosanitarioak Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren
arreta berezia jasoko du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik, beste sistema
eta politiko publiko batzuekin koordinatzeko foroetan, aurkeztu ahal izango
diren estrategia eta proposamen nagusiak eztabaidatu eta erabakitzeko bere
eginkizuna baliatuz.
Eremu
soziosanitarioan eskaintzen den arretaren kasuan, zerbitzu soil-soilik soziosanitarioen,
unitate berariaz soziosanitarioen eta arreta soziosanitario orokorraren
finantzaketa batera egin ahal izango da eraginpeko administrazio publiko
guztien artean, horretarako adosten dituzten hitzarmenen bitartez. Ordea,
administrazio horiek bidezko diren konpentsazio ekonomikoko formuletara atxiki
ahal izango dira, osasun-sistematik gizarte-zerbitzuen zerbitzura, edo
alderantziz, baldin eta haietako baten eskumenekoak diren zerbitzuak,
askotariko kausak direla-eta, bati atxikitako zerbitzuetan eskaintzen badira.
Kontsultaren eta parte-hartzearen
arloetan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua eratzen da. Egungo Gizarte
Ongizateko Euskal Kontseilua izenekoaren antzeko ezaugarri eta eginkizunak
izango ditu, eta beste antzeko kontseilu batzuk ere aurreikusten dira foru-instituzioen eta Toki Administrazioaren
arloetan. Halaber, horien osagarri, kontseilu sektorialak sortzea ere
aurreikusten da Autonomia Erkidegoaren mailan. Legeak osatu egiten du parte-hartzeko
eredu hori beste mekanismo batzuen bitartez, hala gizarte-zerbitzuetako
zerbitzu eta zentroen arloan nola arlo orokorrean, biztanleria osoaren
parte-hartzerako prozesuak sustatuz.
Hirugarren
tituluaren azken kapituluan, gizarte-zerbitzuen erregistro mota ezberdinak definitzen dira, eta haien
izaera eta eginkizunak ezartzen. Horrez gain, erregistroko idazpenaren
ondorioak zehazten dira.
IV.
tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren finantzaketa arautzen da, eta
finantzaketa-iturriak eta administrazioen arteko finantza-arloko lankidetza-formulak
zehazten
dira; esparru horretan,
gizarte-zerbitzuen berezko prestazioen finantzaketa (arlo horretan eskumena
duten herri-administrazioen esku egongo da) eta beste sistema batzuen berezko
prestazioen finantzaketa bereizten dira (beste arlo batzuetan eskumena duten
herri-administrazioek finantzatuko dituzte). Nolanahi ere, horrek ez du
eragotziko prestazio horiek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako
zerbitzuetan eskaintzea; horretarako, eskumena duten administrazioek argitu
egin beharko dituzte arian-arian beren eskumenekoak diren prestazioen
finantzaketan dituzten erantzukizunak.
Halaber,
erabiltzaileek doakoak ez diren zerbitzuen finantzaketan izan beharko duten
parte-hartze ekonomikoa zehazteko funtsezko alderdiak ezartzen dira, eta prezio publikoetan
oinarritutako sistema bat hautatzen da horretarako: prezio publikoak eta erabiltzaile bakoitzak egin beharko duen
ekarpenaren zenbatekoa errespetatzeko oinarrizko irizpideak arautuko dira
horrela.
Zenbateko hori haztatzean kontuan hartuko da erabiltzailearen baliabide
ekonomikoen maila, erregelamendu bidez xedatuko den eran, eta horren balorazioa
egiteko progresibotasuneko irizpideak erabiliko dira. Edozein modutara,
baloraziotik kanpo utziko dira etxebizitza edo bizitokia, etxebizitza edo
bizitoki hori ohiko bizileku duenean, ohiz kanpoko balioa duen etxebizitza izan
ezik. Era berean, dagokion prezio publikoa edo tasa ordaintzeko baliabide
ekonomiko aski ez dagoenean, salbuespenak eta hobariak aplikatzea aurreikusten
da. Adinduentzako egoitza-zerbitzuen kasuan, sarrera aski ez balego baina
ondarerik egongo balitz, finantzaketa-formula ordezkoak adostu ahal izango
dira, eskumena duen herri-administrazioaren eta erabiltzailearen artean;
nolanahi ere, formula horiek ondarearen osotasuna, erabilera ona eta balorazio
zuzena bermatu behar dute. Era berean, zorra aitortzeko prozedurak ezarri ahal
izango dira.
Bosgarren
tituluan, ekimen pribatuak gizarte-zerbitzuen arloan izan behar duen
esku-hartzea arautzen du legeak, honako hauek definituz: Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen diren
gizarte-zerbitzuak ematen izan beharreko parte-hartzea, alde batetik, eta
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan
sartzen ez diren zerbitzuak ematen edo jarduerak gauzatzen izan beharreko
lankidetza-formulak, bestetik. Lehenbiziko alderdiari dagokionez, honako hau
nabarmendu behar da: gizarte-zerbitzuak emateko hitzarmen-araubide bat
arautzea, nahitaez eman beharreko prestazioak eta zerbitzuak Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen
direnak barne titulartasun pribatuko zerbitzu eta zentroetan jasotzeko
eskubidea gauzatzeko helburua duena. Era berean, irabazi asmorik gabeko
gizarte-ekimenak izan beharreko laguntza publikoa arautzen da.
VI.
tituluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hobekuntza eta garapena lantzen
da, eta sistema hori osatzen duten prestazioen, zerbitzuen, egitasmoen eta
jardueren kalitatearen hobekuntza sustatzen du, hiru tresna funtsezkoren bidez:
Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzea, kalitatearen ebaluaziorako eta
etengabeko hobekuntzarako sistemen aplikazioa sustatu eta koordinatzeko;
sistema horiek beharrizanen gogobetetzean eta zerbitzuen funtzionamenduan
gertatzen diren disfuntzioak edo defizitak zehazten lagunduko dute eta, behar
izanez gero, formulak eta bideak jarri ahal izango dira gai honetan lortutako
emaitzek aitorpen publikoa jaso dezaten. Gizarte-zerbitzuei buruzko ikerketa
sustatzea, eta, orobat, ikerketa- eta garapen-ekimenak eta ezagutzaren
kudeaketarako ekimenak. Eta gizarte-zerbitzuetako profesionalen prestakuntza
etengabe hobetzea, bai eta gizarte-zerbitzuetako profesionalak sentsibilizatzea
ere eta, bereziki, zerbitzuetan eta zentroetan jarduten duten profesionalak,
beren lanbide-jarduerak bere baitan duen maila etiko eta bioetikoarekiko.
Bigarren
kapitulua, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema taxutzeaz,
abiarazteaz eta zaintzeaz ari da, eta honako hau da xedea: Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzu guztien neurri
nagusien ezagutza bermaturik edukitzea, eta sistema horretako zerbitzuen eta
prestazioen maila errazago zaindu ahal izatea; horretarako, Prestazioen eta
Zerbitzuen Karteran aurreikusitakoari begiratuko zaio, eta zerbitzu eta
prestazio horiek gizarte-zerbitzuen plangintza eta programazioaren arabera
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean ezarritako
baldintzei egokituko zaizkie.
Legearen zazpigarren eta azken tituluan gizarte-zerbitzuen ikuskapena eta
aplikatzekoa den arau-hauste eta zehapen-araubidea arautzen da. Azken horri dagokionez, zehapen-jarduera ororen nahitaezko legezkotasun-printzipioa
errespetatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskapen-eginkizuna egiaz
eraginkorra izateko modua emango duten arau-hausteen eta zehapen koadroa ezartzen da, eta, aldi berean, segurtasun
juridikoari eusten zaio.
Azkenik,
legeak xedapen iragankor eta gehigarri batzuk ezartzen ditu. Horien artean, ondoko hauek nabarmentzen
dira garrantzi berezia dutelako. Alde batetik, zortzi urteko epe bat
arautzen da, legea indarrean sartzen
denetik aurrera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako katalogoan jasotzen diren
prestazioak eta zerbitzuak herritar guzti-guztientzat
hedatzeko
eta urtebeteko epea aurreikusten da Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa
onartzeko, sistemaren unibertsaltasuna ezartzeko bidea zehaztearren. Bestetik, eskumenen banaketa berritik
datorren
eskumen- eta finantza- berregokitze horiek
indarrean sartzeak ez du berekin ekarriko, inondik ere, une horretan dauden
zerbitzu eta prestazioen urritze bat, ez intentsitatean ezta hedaduran ere. Beste xedapen iragankor batek,
hirugarrenak, legea indarrean sartzen
denerako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
erabiltzaile diren pertsonei bermatzen die eskuratuak zituzten eskubideak
gordeko dituztela gero ere, eta arauketa berriak ezin du haientzat kalterik
ekarri.
I.
TITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
Artikulua - Xedea
Lege
honen xedea hau da: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gizarte-zerbitzuen
prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea sustatu eta bermatzea, eta,
horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsal bat arautu eta
antolatzea.
2.
Artikulua - Gizarte-zerbitzuetarako
eskubide subjektiboa eta benetako babes judiziala
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
prestazioez eta zerbitzuez baliatu ahal izatea eskubide subjektiboa izango da,
betiere sistema horretaz baliatzeko ezarritako baldintza orokorren eta
prestazio edo zerbitzu bakoitzaz baliatzeko araututako baldintza berezien
barruan.
2. Eskubide subjektibo honen titularrek
administrazio- eta jurisdikzio-bidean erreklamatu ahal izango dute Lege honek
ezagutzen dizkien prestazio eta zerbitzuak betetzea; berek zuzenean edo
eskubideak eta interes legitimo kolektiboak defendatzeko legezko gaitasuna
duten pertsona juridikoen bitartez erreklamatu ahal izango dute hori. Benetako
babes judizialaren barnean sartuko dira eskubide horren urraketa gerarazteko
behar diren neurri guztiak, bai eta kaltea jasan duen pertsonari eskubide hori
bete-betean baliatzeko modua bihurtzea ere.
3. Artikulua - Gizarte-zerbitzuetarako eskubidearen
titularrak
1. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioetarako eskubidearen titular dira
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako edozeinetan erroldatuta dauden
pertsonak, baldin eta legezko eta benetako bizilekua bertan badute.
2. Era berean, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzu eta prestazioetarako eskubidearen titular
dira sistemaz baliatu ahal izateko eskabidea egin aurre-aurreko 12 hilabete
jarraituetan Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egon
direla eta benetako bizilekua bertan izan dutela egiaztatzen duten pertsonak.
Aurreko hori gorabehera, pertsona horiek Autonomiaren Aldeko
eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemako prestazio eta zerbitzuez baliatu
ahal izango badira, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran
dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 5.1 artikuluan
aurreikusitakoari jarraitu beharko zaio.
3. Aurreko
paragrafoetan aurreikusitakoaren kalterik gabe, erroldaturik egon gabe eta
benetako bizitokia bertan izan gabe Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pertsonak
informazio-, balorazio-, diagnostiko eta orientazio-zerbitzuez baliatu ahal
izango dira, bai eta gizarte-kontuetan laguntzekoez ere, eta Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako Zerbitzu eta Prestazioen Karteran gizarte-premia larrikotzat
definitutako zerbitzu eta prestazioez ere.
4. Arrisku-egoeran edo
babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeak Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko
eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean aurreikusitakoaren arabera
baliatuko dira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuez eta prestazioez.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoa gorabehera, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoak eta hura
arautzen duten berariazko xedapenek aldez aurretik erroldatzeko betebeharra
ezar dezakete, dagokion agindu tekniko nahitaezkoaz gainera, ondoren aipatuko
diren zerbitzuez baliatzeko: etxez etxeko laguntza-zerbitzua,
ostatu-zerbitzuak, eguneko arretako zerbitzu edo zentroak, gaueko harrera-zentroak,
egoitza-zentroak, atsedenerako zerbitzuak, autonomia sostengatzeko zerbitzuak
eta prestazio ekonomikoak, alegia, hurrenez hurren Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa arautzen duen 22. artikuluko
1.2, 1.9, 2.2, 2.3, 2.4, 2.5, 2.7.2 eta 3 paragrafoetan aurreikusitakoak. Hala,
ezingo dira betebehar gehiago ezarri, aldez aurretik erroldatzeaz gain,
Katalogo horretan aipatzen diren beste zerbitzu batzuei dagokienez.
5. Eusko Jaurlaritzak,
erregelamenduz ezarriko diren baldintzen arabera, kanpoan diren euskal
gizataldeetako kideak babesteko neurriak ezarri ahal izango ditu, Euskal
Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako
maiatzaren 27ko 8/1994 Legean ezarritakoaren arabera.
4. Artikulua - Aplikazio-eremua
1. Lege hau Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek eta haiei atxikitako edo haien
mendeko erakundeek ematen dituzten gizarte-zerbitzuetako jarduera guztiei
aplikatuko zaie, bai eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan (lege
honetako 5. artikuluan zehazten da) herri-administrazioekin elkarlanean aritzen
diren erakunde pribatuek ematen dituztenei ere.
2. Halaber, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sisteman parte hartzen ez duten gizarte-zerbitzuetako
erakunde pribatuei honako hauek arautzen dituzten xedapenak aplikatuko zaizkie:
a) erabiltzaileen eta profesionalen
eskubideak eta betebeharrak arautzen dituzten xedapenak;
b) zerbitzu, zentro eta erakundeei baimena ematea, erregistratzea eta
ikuskatzea, aplikatzekoak zaizkien baldintza materialak eta funtzionalak eta
langileei dagozkien baldintzak betetzen dituztelako berme gisa;
c) arau-hausteen eta zehapenen
araubidea;
d) Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sisteman sartzen ez diren gizarte-ekimeneko zerbitzuak eta
jarduerak sustatzeari eta laguntza publikoa emateari dagozkion xedapenak.
5.
Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema
arreta-sare publiko antolatu bat da,
erantzukizun publikokoa, eta pertsona, familia eta
talde guztien gizarteratzearen, autonomiaren eta ongizatearen alde egitea du xede, eta sustatzeko,
aurreikusteko, babesteko eta laguntzeko eginkizunak betez gauzatu nahi du xede
hori, funtsean pertsonei eta harremanei buruzkoak diren prestazio eta
zerbitzuen bidez.
2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema
titulartasun publikoko eta pribatu itunduko
prestazio, zerbitzu eta horniduraz egongo da osatua.
3. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren jardunak gizarte-ongizatea lortu nahian ari diren beste
sistema eta politika publiko kideko edo osagarri batzuekin koordinatu behar
dira.
4. Lege honetako 2.
artikuluan jasotako eskubide subjektiboa eta 6. artikuluan ezarritako helburuak
bermatzeko, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema beharrezko baliabideak izango
ditu emandako zerbitzuen eta arretaren ikuskapenerako, ebaluaziorako eta
kalitatearen etengabeko hobekuntzarako, lege honetan ezarritako eran.
6.
Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua
1. Herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea da Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua. Horretarako, beste sistema eta politika publiko
batzuekin koordinatuta arituko da, haiekin lankidetzan. Honako hauek ditu
funtsezko eginkizunak:
a) Pertsonen
autonomia sustatzea eta mendetasun-egoerek pertsonei eta familiei eragiten
dizkieten beharrizanei aurrea
hartu eta erantzutea.
b) Babesgabezia-egoerek
eragiten dituzten beharrizanei aurre hartu eta erantzutea.
c) Bazterketa-egoerei
aurre hartu eta erantzutea eta pertsonen, familien eta taldeen gizarteratzea
sustatzea.
d) Larrialdi-egoerek
pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea.
2. Helburu horiek lortze aldera, mekanismo
batzuk ezarriko dira, honako xede honekin:
a) Gizarte-zerbitzuen
arloan arreta behar duten gizarte-beharrizanak
aurkitzea eta horiei erantzuteko zerbitzu eta prestazio egokienak planifikatzea.
b) Komunitateak
gizarte-zerbitzuen esparruan arreta jaso dezaketen gizarte-beharrizanei
erantzuten parte har dezan sustatzea, bereziki erabiltzaileek eta
gizarte-zerbitzuen eremuan jarduten diren erakundeek banaka eta elkartuta parte
har dezaten sustatzea.
3. Gizarte-ongizatea, gizarteratzea eta
gizarte-kohesioa ez dira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko
helburuak, baizik eta gizarte-babeseko beste sistema eta politika publiko
batzuekin batera gauzatu beharrekoak; hala bada, horiek gauzatzeko orduan,
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema bereak diren helburu eta eginkizunen
esparruan arituko da elkarlanean. Halaber, elkartasuna eta elkarbizitza
sustatzea eta gizartearen parte-hartzea sustatzea beste sistema eta politika
publiko batzuekin partekatutako helburutzat joko dira.
7. Artikulua - Printzipioak
Hauek
dira Gizarte Zerbitzuetako Euskal Sistema arautuko duten printzipioak:
a) Erantzukizun publikoa. Botere publikoek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan araututako prestazioen eta zerbitzuen
eskaintza eta horietaz baliatzeko modua bermatuko dute. Nolanahi ere, sistemara
sartzeko prestazioen, eskarien lehenengo harrerako prestazioen eta
kasu-koordinazioarekin zuzenean lotutako prestazioen zuzeneko kudeaketa
publikoa bermatuko dute, 59.2 artikuluak dioenaren arabera. Osagarri modura,
zerbitzuen eta erabiltzaile eta profesionalen beharrizanen eta kudeaketaren eta
arretaren kalitatea bermatzeko zailtasunen errealitatea berariaz ezagutzen
jarraitzeko, eta jokabide egokien ereduak eskaintzeko, eta sistema bere
helburuetarantz bultzatuko duten baliabide berritzaile eta alternatiboak
esperimentu bezala probatzeko, esparru honetan eta modu orokorrean aurreikusiko
dira kudeaketa publikoaren eta gizarte-ekimenaren bidezko kudeaketaren
nagusitasuna, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen
Katalogoko zerbitzu eta prestazioak ematerakoan.
b) Unibertsaltasuna. Botere publikoek Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan
jasotzen diren prestazioez eta zerbitzuez baliatzeko eskubidea bermatuko diete
eskubide horren titular diren pertsona guztiei, lege honetako 3. artikuluan
zehazten diren baldintzen arabera; nolanahi ere, prestazio eta zerbitzu
horietaz baliatzeko eskubidea berariazko baldintzak betetzeko betebeharraren
pean jarri ahalko da.
c) Berdintasuna eta ekitatea. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek prestazio eta zerbitzu jakin batzuk bermatu behar dituzte
gutxienez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapak
zehazten dituenak, baliabideak Autonomia Erkidegoaren lurraldean berdin
banatuko direla ziurtatzearren. Halaber, prestazio eta zerbitzu horietaz
ekitatearen irizpidearen arabera baliatzea bermatuko dute, baldintza sozial edo
pertsonalengatik bereizkeriarik eragin gabe, ekintza positiborako edo aukera-
eta tratu-berdintasunerako neurriak aplikatzearen kalterik gabe, eta beren
jardunean gizon eta emakumeen berdintasunaren eta dibertsitate sexualaren
ikuspegiak integratuz, bai eta belaunaldi ezberdinak eta kultura ezberdinak
aintzat hartzeko ikuspegia ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek, hizkuntz araudia betetze aldera, pertsonek euskara edo
gaztelania erabiltzeko duten askatasuna bermatuko dute.
d) Hurbiltasuna. Hurbiltasunaren printzipioari erantzunez,
gizarte-zerbitzuak, haien izaerak aukera ematen duenean, ahalik eta
deszentralizaziorik handienarekin eskainiko dira.
e) Prebentzioa,
integrazioa eta normalizazioa. Bazterketa sortzen duten edo bizimodu autonomoa mugatzen
duten egiturazko kausen azterketa eta prebentzioa egingo dute
gizarte-zerbitzuek. Era
berean, herritarrak beren ingurune pertsonal, familiar eta sozialean
integratzea izango dute helburu, eta normalizazioa sustatuko dute, beste
arreta-sistema eta politika publiko batzuez balia daitezen lagunduz.
f) Arreta
pertsonalizatua eta integrala eta arretaren
jarraitasuna. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak arreta pertsonalizatua eskaini
behar du, pertsona eta/edo familia bakoitzaren beharrizan bereziei egokitua eta
haien egoeraren ebaluazio integral
batean oinarritua, eta arreta jarraitua eta integrala izango dela bermatu beharko du, nahiz eta administrazio edo
sistema bat baino gehiago jardun.
g) Esku-hartze interdisziplinarioak. Eskainitako arretaren izaera
integrala eta baliabide publikoen aplikazio arrazoizko eta eraginkorra bermatze
aldera, ahalegina egingo da esku-hartzeak interdisziplinarioak izan daitezen,
eta, horretarako, talde-lana sustatuko da, bai eta gizarte-arloko esku-hartzean
aritzen diren era bateko eta besteko lanbideetako ekarpenak eta egokiak diren
guztiak aintzat hartzea ere.
h) Koordinazioa eta lankidetza. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioak koordinazio- eta lankidetza-betebeharraren arabera
jardungo dira elkarren artean, bai eta irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimen
pribatuarekin ere. Elkarlanean arituko dira, orobat, gainerako ekimen
pribatuarekin, lege honetako V. tituluan ezarritako eran. Koordinazio eta
elkarlan horrek gainditu egin beharko du gizarte-zerbitzuen arloa, eta beste
babes-sistema eta -politika publiko batzuetara ere hedatu beharko da.
i) Gizarte-ekimena sustatzea. Irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimenak
gizarte-zerbitzuen arloan parte har dezan sustatuko dute botere publikoek,
bereziki Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman parte har dezan.
j) Herritarren parte-hartzea. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
plangintzan eta garapenean, pertsonak eta taldeak elkartasunezko lankidetzan
ari daitezen sustatuko dute botere publikoek, bai eta erabiltzaileen
parte-hartzea ere.
k) Kalitatea. Prestazio eta zerbitzu nagusiek kalitate-estandar
gutxieneko batzuk izan ditzaten bermatu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek; horretarako, autonomia-mailan, gutxieneko eskakizun gisa
bete beharreko baldintza material, funtzional eta langileei buruzkoak arautuko
dituzte eta aipatu estandarren hobekuntza sustatu; orobat sustatu beharko dute
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osoan xedetzat kalitatea izango duen
kudeaketa.
8.
Artikulua - Arretarako eta esku-hartzerako eredua
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema komunitatea oinarri duen ikuspegiaren arabera
jardungo da, alegia, zerbitzu eta prestazioen hurbiltasunaren ikuspegiaren
arabera, eta, horretarako:
a) baliabideak eta esku-hartzea tokian tokiko
erkidegoaren ezaugarrien araberakoak izan daitezen saiatuko da, eta,
horretarako, beharrizanak izendatu eta ebaluatzeko orduan, pertsonen eta
erakundeen parte-hartzea izango du lagungarri.
b) pertsonei arreta beren ohiko ingurunean
emateko modua eskainiko du, ahal dela beren bizitokian, eta ohiko bizilekuan
jarraitzeko modurik ez dutenean, beren ohiko ingurunearen ordezko egokiak
aurkitu beharko dira, neurriagatik eta hurbil egoteagatik egokiak diren egoitza
ordezkoak, alegia.
c) kasu bakoitzerako egokia den esku-hartzea
diseinatuko du, beharrizanak ebaluatuz arreta pertsonalizatuko plan baten
esparruaren barruan; plan hori, arreta-ibilbideen jarraitasuna eta
koherentzia bermatzearren,
erabiltzailearen parte-hartzearekin egingo da eta ebaluazioko eta berrikuspen
aldizkako mekanismoak jasoko ditu plana pertsonen beharrizanei egokitzen zaien
jakiteko.
d) pertsona edo familia bakoitzari erreferentziako profesional bat
izendatuko zaio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, arreta-ibilbideen
koherentzia eta esku-hartzeen arteko koordinazioa 19. artikuluan ezarritako
moduan bermatze aldera.
e) esku-hartzea interdisziplinarra izatea
bermatuko du, arreta integrala eta jarraitasun-irizpideen araberakoa eskaintze
aldera.
f) prestazio, zerbitzu, programa eta jarduera
guztietan prebentzio-ikuspegi bat sartuko du, eta, ahal dela, gizarte-arriskuak
edo -beharrizanak azaldu edo larriagotu baino lehen esku-hartuko du.
9. Artikulua - Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen
eskubideak
1. Titulartartasun
publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek, Konstituzioak eta
legeek ezagutzen dizkietenez gain, bermatuta izango dute beste eskubide hauetaz
ere baliatu ahal izango direla:
a) Gizarte-zerbitzuez
berdintasunez, duintasunez eta pribatutasunez baliatzeko eskubidea.
b) Isilpekotasunerako
eskubidea, hau da, erabiltzailearen espedientean edo erabiltzailearekin zerikusia duen edozein dokumentutan
ageri diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren erabateko errespetuz
trata daitezela; hor sartuko da profesionalek gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei
buruz jakin dituztenak isilean edukitzeko betebeharra.
c) Autonomiarako
eskubidea, hau da, bizitza pribatuan nork bere
erara jokatzeko eta bizitza pribatuari buruz nork bere iritzia izateko aukera;
hor sartzen da bizitza pribatuan arrisku neurtua hartzeko prest egotea, betiere
horretarako behar den jarduteko gaitasuna eta gaitasun juridikoa edukiz gero,
indarrean den araudiak aurreikusitako eran.
d) Esku-hartze
jakin bati dagokion baimena libreki eman edo ukatzeko eskubidea; baimen hori
idatziz eman beharko da, beti, esku-hartzeak ostatu-zerbitzu batean edo egoitza-zentro batean sartu beharra dakarrenean. Aurreko
horretarako, pertsona ezgaituen edo adingabeen baimena legez ezarritako
prozeduraren arabera emango da.
e) Balizko
ezgaitasun-egoeretan eman beharreko laguntza edo artatzeetarako jarraibideak
emateko eskubidea, eta nork bere burua zaintzeko eskubidea, hau da, nork bere
burua gobernatzeko gaitasuna galduz gero, norbera eta norberaren ondasunak
zainduko dituen eta norbera ordezkatuko duen pertsona aldez aurretik
izendatzeko aukera, Kode Zibilak aurreikusitako eran.
f) Esleitutako
prestazioei eta zerbitzuei uko egiteko eskubidea; nahaste psikikoa dela-eta
norbait bere borondatearen kontra egoitza batean sartzeari buruz eta adingabeen
zainketari buruz indarrean dagoen legeriak xedatutakoa beti aplikatuko da,
ordea.
g) Proposatutako
esku-hartzeei buruz, eskaintzen diren gizarte-zerbitzuei buruz eta horietaz
baliatzeko beharrezkoak diren baldintzei buruz informazio nahikoa, egiazkoa eta
erraz ulertzeko modukoa edukitzeko eskubidea; orobat, norberaren espedientea
edozein unetan ikusteko eskubidea, indarrean den antolamendu juridikoak
ezarritakoarekin bat etorriz.
h) Erreferentziako profesional bat izendaturik izateko
eskubidea, esku-hartzeko prozesuari koherentzia, integraltasuna eta
jarraitasuna eman diezaion.
i) Beharrizanen
ebaluazio edo diagnostiko bat epe arrazoizkoetan edukitzeko eskubidea; eta
ebaluazio hori idatziz eta hizkuntza argi eta ulergarrian edukitzekoa; orobat,
arrazoizko epeetan arreta pertsonalizatuko plan bat edukitzekoa, eta plan
horretan parte hartzekoa, baldin eta, antzemandako beharrizanei erantzuteko,
beharrezkotzat jotzen bada esku-hartze bat.
j) Norberari
eragiten dioten erabakietan eta zerbitzuen funtzionamenduan parte hartzeko
eskubidea, banaka edo taldean, eta eskubideak egiaz erabiltzeko eta babesteko
modua ematen duten informazio-, iradokizun- eta kexa-bitartekoez baliatzekoa.
k) Norberaren
aukeren arabera norberaren kasuari egokien doakion zerbitzu-mota eta
-modalitatea libreki aukeratzeko eskubidea, izendatutako erreferentziako profesionalaren jarraibideei eta agindu
teknikoei jarraituz.
l) Euskal
Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetako edozeinetan aritzeko
eskubidea, norberak hobesten duenaren arabera.
m) Prestazioen
eta zerbitzuen kalitaterako eskubidea, betiere erregelamenduek prestazio eta
zerbitzu horien baldintza materialak,
funtzionalak eta langileei buruz ezarritakoaren arabera.
n) Lege
honek ezagutzen dituen beste eskubide batzuk.
2. Artikulu honetan ezarritakoetarako,
gizarte-zerbitzuen erabiltzaile direla joko da prestazioa edo zerbitzua
zuzenean hartu behar dutenak, eta, dena delako eskubidearen izaera eta lege honetan ezarritako aurreikuspenak
direla-eta egokia denean, baita zaintzaileak ere, erregelamenduz ezarritako
baldintzen arabera.
Adingabeen
eta pertsona ezgaituen kasuan, legezko ordezkarien bitartez bermatuko da haien
eskubideen erabilera, indarrean den araudian ezarritako baldintzen arabera.
10.
Artikulua - Gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen betebeharrak
1. Titulartasun publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuen erabiltzaileek honako betebehar
hauek izango dituzte:
a) Prestazioei eta zerbitzuei buruz ezarritako arau, betebehar,
eskakizun eta prozedurak betetzea, eta arreta pertsonalizatuko plana eta
profesional eskudunek planean ezarritako jarraibideak errespetatzea.
b) Erabiltzailearentzat izendatutako erreferentziako profesionalari
erabiltzailearen egoera pertsonal, familiar eta ekonomikoari buruz behar duen
informazioa ematea, egiazkoa, eta informazio horietan gertatzen diren aldaketen
berri ematea, non eta herri-administrazioek ez dituzten dagoeneko datu horiek
eskura.
c) Prestazioak
eman diren helburu horretarako erabiltzea.
d) Hala
balegokio, prestazioaren edo zerbitzuaren kostua finantzatzen laguntzea.
e) Erabiltzen
dituzten prestazioen eta zerbitzuen funtzionamendu- eta antolaketa-arauak
ezagutu eta betetzea, eta, hala balegokio, baita horien barruan indarrean diren
elkarbizitza-arauak ere.
f) Lege
honetan erabiltzaileei eta profesionalei ezagutzen zaizkien eskubide guztiak
errespetatzea.
g) Beste
erabiltzaile eta profesional batzuekiko harremanetan, diskriminaziorik gabeko
jokamoldez aritzea.
h) Gizarte-zerbitzuen
ondasun higigarriak eta instalazioak errespetatu eta behar bezala erabiltzea.
i) Lege honek ezarritako beste betebehar batzuk
betetzea.
2. Artikulu
honetan ezarritakoetarako, gizarte-zerbitzuen erabiltzaile direla joko da
prestazioa edo zerbitzua zuzenean hartu behar dutenak, eta, dena delako
eskubidearen izaera eta Lege honetan ezarritako aurreikuspenak direla-eta
egokia denean, baita zaintzaileak ere, erregelamenduz ezarritako baldintzen
arabera.
Adingabeen eta pertsona ezgaituen kasuan,
legezko ordezkarien bitartez bermatuko da haien eskubideen erabilera, indarrean
den araudiak ezarritako baldintzen arabera.
11. Artikulua - Gizarte-zerbitzuetako profesionalen
eskubideak
Titulartasun publikoko nahi pribatuko gizarte-zerbitzuetako
profesionalek, Konstituzioak eta legeek ezagutzen dizkieten eskubideez gain eta
beren lanbidearen arabera aplikatzekoak zaizkien legeek eta lan-araudiak
ezagutzen dizkietenez gain, honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Beren lanbideari dagokion jardunean berdintasun- eta
duintasun-baldintzetan aritzeko eskubidea.
b) Honako xede hauek izango dituen informazioa eta hasierako orientazioa
jasotzeko eskubidea: erabiltzaileen beharrizanei eman beharreko arreta
kalitatezkoa eta beharrizan horien arabera egokitua izatea, eta profesionalak
zerbitzuaren ezaugarriei egokitzea.
c) Bizitza aktibo osoan zehar lanbide-heziketa etengabea jasotzeko
eskubidea, arreta lanbide horretako ohitura onei egokitzen zaiela ziurtatze
aldera.
d) Norberari eragiten dioten erabakietan eta zerbitzuen antolaketan
parte hartzeko eskubidea, banaka edo taldean, eta eskubideak egiaz erabiltzeko
eta babesteko modua ematen duten informazio-, iradokizun- eta kexa-bitartekoez
baliatzekoa.
e) Zerbitzua behar bezala ematea bermatzeko behar diren bitartekoak
edukitzeko eskubidea, dagokion araudiak eskatzen dituen kalitate-irizpideen
araberakoa.
f) Lege honetan ezagutzen zaizkien beste eskubide batzuk.
12. Artikulua - Gizarte-zerbitzuetako profesionalen
betebeharrak
Titulartasun
publikoko nahiz pribatuko gizarte-zerbitzuetako profesionalak lan-araudiaren
eta beren lanbidean aplikatzekoa zaien legeriaren arabera jardungo dira, eta
beren arlo horretako kode deontologikoak ezartzen dituen jarraibideen arabera
egokitu beharko dute beren esku-hartzea. Horrez gain, honako betebehar hauek
izango dituzte:
a) Arreta jasotzen duten pertsonen duintasuna, autonomia,
gizarteratzea eta ongizatea sustatzea, eta erabiltzaileei eta profesionalei
lege honetan ezagutzen zaizkien eskubide guztiak errespetatzea.
b) Gizarte-zerbitzuen arloan indarrean dagoen araudia ezagutu eta
betetzea, eta, bereziki, beren jarduera hori gauzatzen duten zerbitzuetako
antolamendu- eta funtzionamendu-arauak, bai eta kudeatzen dituzten
programetakoak ere.
c) Beste
erabiltzaile eta profesional batzuekiko harremanetan, diskriminaziorik gabeko
jokamoldez aritzea.
d) Erabiltzaileek
beren kabuz edo beren legezko ordezkariaren bitartez hartzen dituzten iritziak,
irizpide eta erabakiak errespetatzea.
e) Gizarte-zerbitzuak
ematen dituzten zerbitzuetan eta beren jarduerarekin zerikusia duen beste
edozein lekutan elkarbizitzaren eta elkarren errespetuaren arauak begiratzea.
f) Erabiltzailea
beste zerbitzu batera edo batzuetara bidali behar izanez gero, harentzat
onuragarriena den eran egitea, esku-hartzeak jarraitasuna izan dezala saiatuz.
g) Beren
eginkizunak betetzen dituzten lekuko ondasun higigarriak eta instalazioak gizarte-zerbitzuetako
eta beren jarduerarekin zerikusia duen beste edozein lekutakoak errespetatu
eta behar bezala erabiltzea.
h) Esku-hartzeetarako
ezartzen diren epeak betetzea, eta, betiere, indarrean den araudian ezarritako
gehienezko epeetara egokitzea.
i) Zerbitzuaren
funtzionamenduan, antolaketan edo instalazioetan hautemandako akats edo
irregulartasunen berri ematea zerbitzuaren
arduradunari, edo, beharrezko iritziz gero, ikuskatze-eginkizunak garatzeko
eskumena duen unitate edo zerbitzuari dagokion saileko arduradunari.
j) Baldin
eta eskura dituen balorazio-elementuetan oinarrituz, eta bere iritziz, egoera
batek eskubideen urratzea ekar badezake, eskumena duen agintaritzari
jakinaraztea.
k) Lege honetan ezarritako beste betebehar
batzuk betetzea.
13. Artikulua - Gizarte-zerbitzuak arautzen dituen
legedian eskubide eta betebeharrak aintzat hartzea
Gizarte-zerbitzuetako
prestazio eta zerbitzu motak arautzen dituzten arauek definitu egin beharko
dituzte, prestazio eta zerbitzu horien izaeraren eta ezaugarrien arabera,
erabiltzaileei eta profesionalei dagozkien eskubideak, betiere lege honetan
ezarritako eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.
II. TITULUA
PRESTAZIOAK ETA ZERBITZUAK, FUNTZIOEN ETA LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA,
ETA PLANGINTZA GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAN
I.
KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN PRESTAZIOAK
ETA ZERBITZUAK
1.
Atala
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioak
14.
Artikulua - Prestazio motak
eta ezaugarriak
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartzen
diren prestazioak unibertsalak izango dira, eta prestazio horietako bakoitzaz
baliatzeko arautzen diren baldintzak betetzen dituzten guztiei bermatu beharko
zaie horietaz baliatzeko modua.
2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman honako
prestazio hauek sartuko dira, gutxienez:
a) Prestazio
teknikoak
b) Prestazio
ekonomikoak
c) Prestazio
teknologikoak
3. Gizarte-zerbitzuetako prestazio tekniko,
ekonomiko eta teknologikoek, aurreko paragrafoan aipatutakoek, Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako 6. artikuluan
zehazten diren funtsezko helburuetako bat gauzatzea
izango dute xede.
a) Prestazio
teknikoek harreman-alderdi bat izan behar dute, laguntzekoa, eta, beraz, ahal
den neurrian, erabiltzaileen parte-hartzearekin gauzatu behar dira.
b) Hartzaile
dituztenen gizarteratzea eta autonomia sustatzeko xedea izan behar dute
prestazio ekonomikoek, eta lagungarri izan behar zaizkie gizarteratzeko
prozesuan, edo, haien mendetasun- edo babesgabetasun-egoerek eragindako
beharrizanei erantzun behar diete, aldi batez edo iraunkorki.
c) Prestazio
teknologikoek autonomia irabazten eta gizarteratzen lagundu behar diete
erabiltzaileei eta zaintzaileei, eta bizi diren ingurunean txertatzen; gainera, ahal den neurrian, autonomia
gutxi duten pertsonei beren ohiko bizilekuan bizitzen jarraitzeko aukera eman
behar diete.
4. Gizarte-bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea eta Gizarte
Eskubideen Agiriaren abenduaren 27ko 10/2000 Legea medio ematen diren prestazio
ekonomikoak, eta diru-sarrerak
bermatzeko politikaren esparruaren barruan sortzen
den beste edozein, bai eta gizarte-zerbitzuek berezko dituzten xedeetan lagun
dezaketen beste batzuk ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
kudeaketa-egituretatik izapidetu eta ebatziko dira, haiek arautzen dituzten
xedapenek ezarritako baldintzen arabera.
5. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoaren barruan sartuta dauden zerbitzuek,
sistemak berezko dituen prestazioekin batera, gizarte-arreta emateko beste
sistema edo politika publiko batzuetako prestazioak antolatu ahalko dituzte,
bai eta beste prestazio osagarri batzuk ere, hala nola garraioa, egoitza,
mantenua, arropa-garbitegia eta garbiketa orokorra, eta zerbitzuaren xedeak,
beti, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak berezko dituen helburuak gauzatzea
izan behar du, batez ere. Hala, gizarte-zerbitzuen egoitzetara joateko garraio
egokitua Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestaziotzat joko da.
15. Artikulua - Prestazio teknikoak
1. Prestazio
teknikotzat joko dira profesionalen taldeek egiten dituzten jarduerak baldin
eta jarduera horiek 6. artikuluan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako
definitutako funtsezko xede bat edo batzuk lortzera bideratutakoak badira eta
pertsonen, familien eta taldeen beharrizanei egokitzen bazaizkie.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren berezko prestazio teknikoak honako hauek izango dira,
gutxienez:
a) Informazioa
b) Balorazioa
c) Diagnostikoa
d) Orientazioa
e) Bitartekaritza
f) Etxeko
arreta
g) Arreta
pertsonalizatua
h) Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta
arlo psikosozialean esku hartzea, eta, horien barruan:
- Estimulazioa eta errehabilitazioa lantzeko esku-hartzea
- Arlo okupazionalean esku hartzea
- Heziketan
esku hartzea
- Arlo
psikosozialean esku hartzea
i) Lagun egite soziala
j) Laguntza soziojuridikoa
k) Beste prestazio tekniko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren berezko helburuen artean koka daitezkeenak.
3. Prestazio teknikoez
baliatzea Zerbitzuen eta Prestazioen Katalogoan sartutako zerbitzuen bitartez
egingo da, eta, hor, gehienetan, bat baino gehiago izango dira prestazioak.
16. Artikulua - Prestazio ekonomikoak
1. Prestazio
teknikotzat joko dira une jakin batzuetan edo aldizka pertsonei nahiz
bizikidetza-unitateei ematen zaizkien diru kopuruak, baldin eta Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemarako 6. artikuluan definitutako funtsezko helburuak
lortzera bideratuta badaude edo beste sistema eta politika publiko batzuenak
era badiren helburuak lortzen laguntzen badute.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren berezko prestazio ekonomikoak honako mota hauetakoak izango
dira, gutxienez:
a) Gizarteratzea eta/edo autonomia sustatzeko prestazioak, eta larrialdi-egoera,
gizarte-larrialdi, mendetasun-egoera eta babesgabetasun-egoerak eragindako
egoera ekonomikoak leuntzeko eta horiei erantzuteko prestazioak.
b) Gizarte-laguntza informala eskaintzen duten pertsonei lagundu eta
ordaintzeko prestazioak, beren kasa baliatzeko eta gizarteratzeko laguntza
behar duten pertsonak zaintzen dituzten senitartekoentzat.
c) Banan-banako prestazioak, berreskuratu ezin diren laguntza
teknikoez baliatzeko modua errazteko prestazio teknologikoak eskuratzeko edo ohiko
elkarbizitza-ingurunean egokitzeak gauzatzeko.
d) Zerbitzu pertsonalekin lotutako banan-banako prestazioak, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistematik kanpoko prestazio edo zerbitzu batez baliatzeko
aukera emateko xedea dutenak, alegia, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan erabiltzaileak bere eskubidez lor dezakeen
prestazio edo zerbitzuaren antzeko ezaugarriekiko prestazio edo zerbitzu batez
baliatzeko aukera emateko xedea dutenak; betiere, beharrezkoa da sistema horretan
sartzen diren zerbitzuen esparruan prestazio edo zerbitzu hori ezin aldi batez
bermatzea, eskaintza aski zabala ez izateagatik. Aurrekoa bakar-bakarrik
aplikatuko da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintzan
aurreikusitakoarekin bat etorrita, betetze-bidean dauden zerbitzuen kasuan.
e) Beste prestazio ekonomiko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren berezko helburuen artean koka daitezkeenak.
3. Prestazio tekniko
edo teknologikoak beti izango dira prestazio teknologikoak eskuratzeko prestazio
ekonomikoen gainetik edo zerbitzu pertsonalei lotutako prestazio ekonomikoen
gainetik, berreskuratu ezin diren laguntza teknikoak eskuratzeko edo
elkarbizitzako ohiko ingurunean egokitzeak gauzatzeko kasuetan izan ezik.
Horrenbestez, prestazio teknologikoak eskuratzeko prestazio ekonomikoak edo
zerbitzu pertsonalei lotutako prestazio ekonomikoak aldi baterako izango dira,
eta salbuespenezkoak, eta erabiltzailearen eskubidea onartutzat eman eta
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako dena delako prestazio edo zerbitzuaz egiaz
baliatzen hasi arteko tarte horretan baizik ez dira esleituko.
4. Artikulu honetako
2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen diren prestazioak ezingo dira
inoiz jo zerbitzu baten ordezko prestazio ekonomiko gisa.
5. Lege honetan
zuzeneko kudeaketa publikotzat jotzen diren prestazioak edo zerbitzuak ezingo
dira inoiz prestazio ekonomiko batekin ordeztu.
17. Artikulua - Prestazio teknologikoak
1. Prestazio
teknologikoak honako mota hauetakoak izango dira:
a) Laguntza teknikoak eskaintzea, telelaguntza-zerbitzua emateko behar
diren euskarri mota guztiak barne.
b) Ingurune fisikoan egin beharreko egokitzeak egitea, erabiltzaileen
ohiko bizilekuan irismenerako oztopoak kentze aldera.
2. Lege honen
ondorioetarako:
a) Laguntza teknikotzat joko da autonomiarako mugak prebenitu,
konpentsatu, arindu edo ezabatzeko produktu, tresna, ekipamendu edo sistema
tekniko oro, merkatuan lehendik dagoena edo berariaz fabrikatua.
Laguntza teknikoak izan
daitezke:
- Berreskuragarriak, onuradun batzuek batak bestearen ostean erabili
ahal izateko modukoak direnean eta lekuz aldatzeko modukoak direnean garraioa
beste kosturik gabe. Berreskuragarriak diren laguntza teknikoak
hornidura-zerbitzuen edo aldi baterako lagapenen bidez emango dira.
- Berreskuraezinak, beren ezaugarriak direla-eta eskualdatu ezin
direnean eta, ondorioz, onura eskatzaile bakar bati edo, salbuespen gisa, aldi
berean hainbati dakarkienean. Berreskuratu ezin diren laguntza teknikoez
baliatzeko modua laguntza horiek bermatzeko laguntza ekonomikoak esleituz
bermatu ahal izango da.
b) Ingurune fisikora egokitzea honako hau izango da: arkitektura-oztopoak ezabatzeko modua emango duten obrak diseinatu eta gauzatzea eta erabiltzailearen ohiko bizilekuan egokitzeak egitea, haren irismena errazteko eta haren autonomia-pertsonalaren maila hobetzeko. Zerbitzua eman ezin denean, laguntza ekonomikoen bidez bermatuko dira ingurune fisikoan egin beharreko egokitzeak.
Bigarren atala
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuak eta
esku-hartzeko oinarrizko prozedura
18. Artikulua - Zerbitzuak
Zerbitzuak
antolakuntzarako atalak dira, gizarte-zerbitzuetako erakunde batek kudeatzen
ditu eta prestazio tekniko nahiz teknologiko batek edo gehiagok osatzen dute.
Hainbat zerbitzu mota dago, batez ere zertarako diren gorabeheran,
zerbitzu-hartzaileen ezaugarrien gorabeheran, iraupenaren gorabeheran edo zer
prestazio mota eskaintzen duten gorabeheran, baina Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran zehazturik dagoen moduan beharko
du izan.
19. Artikulua - Esku hartzeko oinarrizko prozedura
1. Profesionalak,
beren eginkizunetan ari direlarik, ohartzen badira zer edo zertan esku hartu
beharra dagoela eta dena delako esku-hartze horrek jarraipen baten beharra
duela, jarduketa-prozedurari ekingo diote. Prozedura horren baitan, diagnostiko
bat egin beharko da, eta diagnostikoak hala gomendatzen badu, arreta
pertsonalizatuko plan bat egin beharko da, plan horretan zehazturik dauden
neurriak martxan jarri baita prestazioak eta zerbitzuak ere, eta jarraipena
eta ebaluazioa ere egin beharko dira. Arreta pertsonalizatuko plan horrek
esango du zein zerbitzu eta prestaziotan esku hartuko den, eta esleitutako
zerbitzuek sortu ahal izango dute, beharrezkoa eta komenigarria dela uste
badute, norbanakoen beharrizanei ahalik eta hoberen egokitzea bermatuko duen
banakako programazio bat.
2. Esku-hartzeak
dirauen denbora guztian zehar, aldian-aldian ebaluazio batzuk egin beharko
dira, eta baliteke ebaluazio horien ondorioz arreta pertsonalizatuko planeko
bai helburuak bai jarduerak aldatu egin behar izatea, berdin norberarenak izan,
beste inorenak, gizartearenak edo beste edonolakoak izan.
3. Prozedura aplikatu baino
lehenago, pertsona edo familia erabiltzailearen oniritzia beharko da, edo,
bestela, pertsona erabiltzailea legez ordezkatzen duen pertsonaren edo
erakundearena, eta, ahal den neurrian, pertsona edo familia erabiltzaileek ere
parte hartu beharko dute.
4. Prozedura koordinatzeko ardura Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako profesional batena izango da, ondoren ezarritako moduan:
a) Prozeduraren hasierako
fasean, ardura oinarrizko gizarte-zerbitzuko gizarte-langile batena izango da.
Erreferentziako profesional modura jardungo du, non eta ez den irizten,
esku-hartzea den modukoa dela-eta, egokiagoa dela beste era bateko profesional
batek hartzea erreferentzia-lan hori bere gain. Halakoetan, edonola ere, udalen
gizarte-zerbitzuetako beste profesional batzuek ere lagunduko eta parte hartuko
dute. Koordinazio-lan hori egiteko, beste euskal herri-administrazio batzuen
menpeko lehen mailako eta bigarren mailako arretako beste gizarte-zerbitzu
batzuetako profesionalen esku-hartzea ere eska dezake. Halakoetan, beste
administrazio horiek erabakitzen badute beren menpeko prestazio edo zerbitzu
jakin baterako sarbidea ematea nahiz ez ematea, eta erabakia dagokion
organoaren bitartez hartzen badute, erreferentziako profesionalarentzat erabaki
lotesleak izango dira.
b) Eman beharreko laguntza handia dela-eta hala egitea komeni bada,
erreferentziako profesionalak dena delako kasuaren ardura bigarren mailako
arretako gizarte-zerbitzuetako profesionalen baten esku utz dezake. Momentu
horretatik aurrera, beste profesional horrek hartuko du dena delako kasua
koordinatzeko ardura, baina, edonola ere, jatorrizko oinarrizko
gizarte-zerbitzuan erreferentzia-lanak egin zituen hori jakinaren gainean eduki
beharko du, ea kasuak zer-nolako bilakaera duen, batez ere hark beste arreta-esparru
batzuetan oraindik pertsona erabiltzailearekin edo familiarekin harremanik
baldin badu.
5. Aurretiazko beste
esku-hartzerik egon bada edo oraindik ere baldin badago, erreferentziako
profesionalak esku-hartze hori garatu duen beste profesionalarekin lankidetzan
aritu beharko du, aurretiazko esku-hartze hori Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemako zerbitzuren baten baitan egon edo ez.
20. Artikulua - Baliabide tekniko komunak
1. Gizarte-zerbitzuek
esku hartu behar duten jakiteko irizpideetan homogeneotasuna bermatzearren,
euskal herri-administrazioek baloraziorako eta diagnostikorako tresna komunak
erabiliko dituzte.
2. Horrexegatik
beragatik, oinarrizko gizarte-zerbitzu guztiek bete beharko dute
gizarte-fitxarako eredua eta aplikatu beharko dute arreta pertsonalizatuko
planaren eredua. Bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek ere aplikatu
beharko dute plan hori. Eredu horiek
diseinatzerakoan, beren erabilera- eta ustiapen-ezaugarriek arintasun handiagoa
bermatuko dute tramitazioan eta kudeaketan.
3. Baliabide komun
horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu, erregelamendu bidez, eta gainerako
euskal herri-administrazioekin koordinaturik, nola foru-administrazioekin hala
udal-administrazioekin.
Bai baliabide horiek diseinatzeko bai datuak biltzeko orduan,
eta baita datu horiek erabiltzeko eta ustiatzeko orduan ere, datu pertsonalak
babesteko indarrean dauden arauak bete beharko dira.
Era berean, 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen
Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidean jasotakoa ere
aintzat hartuko da, eta baliabide horiek diseinatzeko eta aplikatzeko orduan,
lege horretako 35. artikuluan adierazita datorrena beteko dela bermatzeko hartu
beharreko neurri egokiak hartuko dira herri-administrazioen esku lehenagotik
dauden datuak berriz ez aurkezteko, artikulu horren xedapenak, gerora,
Herritarren Sarbide Elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeko 6.
artikuluan garatu baitziren.
3.
Atala
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoa eta Kartera
21.
Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoaren definizioa eta ezaugarriak
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoan daude identifikaturik euskal herri-administrazio eskudunek bermatu behar dituzten
diru-laguntzak eta zerbitzuak.
2. Aurreko ataleko katalogo horretan jasotako
diru-laguntzak eta zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren bidez
bideratuko dira, 5. artikuluan zehazturik dagoen moduan.
22.
Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa
Hona
hemen Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
Katalogoan jasota dauden zerbitzuak eta diru-laguntzak:
1. Lehen
Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak
1.1. Informazio-,
balorazio-, diagnostiko- eta orientazio-zerbitzua.
1.2. Etxez
etxeko laguntza-zerbitzua.
1.3. Gizarte eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko
zerbitzua.
1.4. Zaintzaileei
laguntzeko zerbitzua.
1.5. Gizarte-zerbitzuen
eremuan partaidetza eta gizarteratzea sustatzeko
zerbitzua.
1.6. Telelaguntza-zerbitzua.
1.7. Eguneko
arretako zerbitzuak.
1.8. Gaueko
harrera-zentroak.
1.9. Ostatu-zerbitzuak:
1.9.1. Harrera-pisua.
1.9.2. Etxebizitza babestua.
1.9.3. Apartamentu babestuak.
1.9.4. Etxebizitza komunitarioa.
2. Bigarren
Mailako Arretako Gizarte Zerbitzuak
2.1. Mendetasuna,
ahalmen-urritasuna, bazterketa eta babesgabetasuna
baloratzeko eta diagnostikatzeko zerbitzua.
2.2. Eguneko arretako zerbitzuak edo zentroak.
2.2.1. Autonomia
mugatuak eragindako premiei erantzuteko eguneko zerbitzua edo zentroa.
2.2.2. Arlo
okupazionaleko zerbitzua edo zentroa.
2.2.3. Gizarteratze-premiei
erantzuteko eguneko zerbitzua edo zentroa.
2.3. Gaueko harrera-zentroak.
2.3.1. Autonomia mugatuak eragindako premiei
erantzuteko gaueko zentroa.
2.3.2. Gizarteratze-premiei
erantzuteko gaueko harrera-zentroa.
2.4. Egoitzak.
2.4.1. Adinduentzako egoitza-zentroak.
2.4.2. Ahalmen-urrituentzako egoitza-zentroak.
2.4.3. Buruko gaixotasuna duten pertsonentzako
egoitza-zentroak.
2.4.4. Babesgabetasun-egoeran dauden adingabeentzako
egoitza-zentroak.
2.4.5. Bazterketa- eta marjinazio-egoeran dauden
pertsonentzako egoitza-zentroak.
2.4.6. Etxean tratu txarren biktima izan diren
emakumeentzako egoitza-zentroak eta emakumeentzako beste egoitza-zerbitzu
batzuk.
2.5. Atsedenerako zerbitzua.
2.6. Gizarte-larrialdietarako koordinazio-zerbitzua.
2.7. Bigarren mailako arretako beste zerbitzu
batzuk.
2.7.1. Informazio- eta orientazio-zerbitzuak.
2.7.1.1. Babesgabetasun-egoeran dauden haur eta nerabeentzako informazio-zerbitzua.
2.7.1.2. Etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako
informazio- eta arreta-zerbitzua.
2.7.2. Autonomia sostengatzeko zerbitzuak.
2.7.2.1. Bizimodu independentea sostengatzeko zerbitzua.
2.7.2.2. Laguntza teknikoak emateko eta ingurune
fisikora egokitzeko zerbitzua.
2.7.2.3. Ezgaitutako pertsona helduentzako
tutoretza-zerbitzua.
2.7.2.4. Garraio egokituko zerbitzua.
2.7.3. Familian esku hartzeko eta bitartekaritza
egiteko zerbitzuak.
2.7.3.1. Familiekin gizarte- eta hezkuntza-arloan eta
arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak.
2.7.3.2. Familiarentzako elkargunea.
2.7.3.3. Familia-bitartekaritzako zerbitzu integrala.
2.7.4. Arreta goiztiarrerako esku hartze sozialeko zerbitzua.
2.7.5. Tratu txarren eta sexu-erasoen biktima izan diren
emakumeei, adingabeei, adinduei eta ahalmen-urritasunen bat duten pertsonei
laguntza psikosoziala eta soziojuridikoa emateko zerbitzuak.
2.7.6. Familia-harrera
eta adopzioa sustatzeko eta laguntzeko zerbitzua.
2.7.6.1. Familia-harrera
sustatzeko eta teknikoki laguntzeko zerbitzua.
2.7.6.2. Adopzioa
sustatzeko eta teknikoki laguntzeko zerbitzua.
3. Prestazio
ekonomikoak
3.1. Gizarteratzea
eta/edo autonomia errazteko eta gizarte-larrialdietan erantzuna emateko
prestazioak.
3.2. Beren
kasa laguntzen dihardutenei sostengua eta ordaina emateko prestazioak.
3.3. Baliabide
teknologikoak eskuratzeko laguntzak.
3.4. Pertsonen zerbitzuetarako prestazioak.
3.5. Beste
prestazio ekonomiko batzuk, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko
helburuen artean koka daitezkeenak.
23.
Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Kartera
1. Aurreko artikuluan arauturik datorren
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogo horretatik abiaturik, Eusko Jaurlaritzak Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoa osatuko du. Gizarte-zerbitzuen inguruko eskumenak
dituen sailaren proposamenez egin beharko du, gainerako euskal
herri-administrazioekin koordinaturik, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren bitartez, eta organo hori arautzen duen artikuluan zehazturik dagoen
moduan, hau da, lege honetako 44.
artikuluaren arabera hain zuzen ere. Kartera delako horren bidez, gutxienez
alderdi hauek definitu beharko dira:
1.1. Zerbitzuen kasuan:
a) Zerbitzuaren
ezaugarriak: izena eta definizioa, eta zer-nolako laguntza teknikoak taxutzen
dituen.
b) Zerbitzu motak, mota bat baino gehiago baldin badago.
c) Zerbitzuaren
helburuak eta zein beharrizani erantzuten dien.
d) Zerbitzua
bera eta, zerbitzuaren baitan hainbat prestazio baldin badago, prestazio horiek
jaso ahal izateko baldintzak eta prozedura, eta baita zerbitzu-hartzaileen
ezaugarriak eta, beharrezkoa bada, prezio publikoa edo tasa ordaintzeko
baldintzak ere.
e) Zerbitzua
eteteko edo bertan behera uzteko arrazoiak eta prozedura.
1.2. Prestazio ekonomikoen kasuan:
a) Izena
eta definizioa.
b) Zein
helburu duten eta zein premia asetzeko balio duten.
c) Laguntzaren
zenbatekoa.
d) Zerbitzua
jaso ahal izateko baldintzak eta prozedura, eta baita zerbitzu-hartzaileen
ezaugarriak ere.
e) Baldintzak, besteak beste: ordainketa
zenbatean behin egingo den.
f) Prestazioa bertan behera uzteko arrazoiak.
2. Aurreko
paragrafoan aipaturik dagoen
Prestazio eta Zerbitzuen Kartera osatzeko, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Kontseiluak ere parte hartuko du, kontsulta eta gizarte-partaidetzarako organo nagusia
izanik.
3. Prestazio
eta Zerbitzuen Kartera horretan egon behar dira zehazturik prestazio eta
zerbitzuak finantzatzeko formulak.
24. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Kartera eguneratzea
1. Lau urtez behin,
Eusko Jaurlaritzak, gainerako euskal herri-administrazioekiko koordinazioa
egiteko bere eskumenaz baliaturik eta lankidetzan eta Gizarte Zerbitzuen Plan
Estrategikoaren ebaluaketaren esparruan, Prestazioen eta Zerbitzuen Karteraren
halako ebaluazio orokor bat egin beharko du, nola aplikatu eta garatu den
neurtzeko eta gizartearen aldaketetara behar bezain ondo egokitu ote den
jakiteko, eta, hala ez bada, egin beharreko eguneratzeak egiteko. Ebaluazio
horren baitan, prestazioek eta zerbitzuek emakumeen artean eta gizonen artean
zer-nolako eragina duten ere neurtuko da, eta baita generoaren ikuspuntua
zenbateraino duten barneraturik ere, hartara, berdintasunaren bidean aurrera
egiteko beharrezko egokitzapenak egin ahal izateko, halakorik behar izatekotan.
Baina ebaluazio horretan beste ikuspuntu edo helburu batzuk ondo txertaturik
ote dauden ere aztertu beharko da, hala nola, dibertsitate sexuala, kultura
ezberdinak, belaunaldi ezberdinak, zerbitzuak denon eskura eduki beharra, eta
gizon-emakume guztiontzako moduko diseinua egin beharra.
2. Prestazio eta
Zerbitzuen Kartera biztanleriaren beharrizan aldakorrei etengabe egokituko dela
bermatzearren, eta arretako formuletan ikusitako berrikuntzak sartu eta
etengabe eguneratzearren, eskainitako zerbitzu eta prestazioen motak aldatu
ahal izango dira, baina aldaketa horiek ezin izango dute ekarri ez arretaren
kalitatea gutxitzea ez emandako arretaren mailak jaistea, ez bada eskaintza
urritzea zerbitzu edo prestazioaren eskarian izandako jaitsiera batetik
datorrelako.
3. Prestazio eta
Zerbitzuen Kartera Eusko Jaurlaritzak eguneratuko du, Euskal Autonomia
Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin koordinatuta, Gizarte Zerbitzuen
Erakunde arteko Organoaren bitartez. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluak ere
esku hartuko du, kontsulta eta gizarte-partaidetzarako organo nagusia izanik.
25. Artikulua - Zerbitzu eta prestazioak jasotzeko
baldintzak
1. Zerbitzu eta
prestazioak jasotzeko baldintza orokorrak, kasu guztietan aplika daitezkeenak,
honako hauek dira:
a) zer edo zer behar duten edo eskatzen duten pertsonek Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran kasuan kasurako
definiturik dauden ezaugarriak bete beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion
balorazio-tresna teknikoa erabiliko da;
b) prestazioek edo zerbitzuek pertsona hartzailearen beharrei
erantzuteko egokiak izan behar dute, eta erreferentziako profesionalak egiaztatu
beharko du hala dela, agiri tekniko baten bidez;
c) beharrezkoa bada, erreferentziako profesionalak azaldu beharko du
ez dagoela erabiltzaileari betiko ingurunea utzarazi beharrik gabe arreta
eskaintzeko beste modu egokirik;
d) Gizarte Zerbitzuaren Maparen arabera, dena delako zerbitzua edo
prestazioa derrigor udalerri edo inguru geografikojakin batean eskaini beharko
denez, udalerri horretan edo inguru horretako edozein udalerritan erroldatu
izanaren agiria;
e) zerbitzuaren zati bat ordaindu beharra baldin badago, dagokion
prezio publikoa edo tasa ordainduko duela adierazi beharko du.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran egongo dira definiturik
prestazio edo zerbitzu bakoitzerako berariazko eskakizunak.
26 Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan dauden prestazio eta zerbitzuak
aitortzeko prozedura
1. Prozedura
hasi ahal izango du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta
Zerbitzuen Katalogoaren estaldura duten egoeretako batean dagoenak, horrek 3.
artikuluko titulartasun-baldintzak betetzen baditu, edo haren ordezkariak. Era
berean, prozedura hasi ahal izango du eskumena daukan administrazioak, bere
kabuz edo epaileak hala eskatuta, indarrean dauden legeek aurreikusitako
kasuetan.
2. Erregelamendu bidez arautuko dira bai prozedura
motak prozedura arrunt bat eta presako prozedura bat aurreikusi beharko dira,
bai eskaerarekin lotutako prozedura-berezitasunak, instrukzioa balorazioa,
diagnostikoa eta orientazioa bereziki eta ebazpena. Era berean, prozedurako
fase bakoitzean errespetatu beharreko epeen ezaugarriak eta Administrazioaren
isiltasunaren ondorioak arautuko dira.
II.
KAPITULUA
GIZARTE
ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN ANTOLAMENDUA
27. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren antolamendua eta egitura
1. Sistema taxuz egituraturik eta
kohesionaturik egongo dela bermatzearren, eta erantzukizun publikotik batasunari
eustearren, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten zerbitzu eta ekipamendu guztiek,
publikoak nahiz pribatu itunduak izan, koordinaturik jardungo dute.
2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen
duten zerbitzuak honela egituraturik egongo dira:
a) Lehen
mailako arretako gizarte-zerbitzuak, 22.1
artikuluan araututa daudenak. Zerbitzu horiek bide
emango diete erabiltzaileei gizarte-zerbitzuen sistema osora
iristeko, eta autonomiaren, gizarteratzearen eta larrialdien edo babesgabetasunaren inguruko egoerei erantzungo diete, eta
batez ere arrisku-egoeren prebentzioari erreparatuko diote. Udalen gizarte-zerbitzuei dagokie zerbitzu horiek
eskaintzea eta betetzea, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo den telelaguntza
zerbitzua izan ezik, III. tituluko I. kapituluan ezarritako eskumen-banaketarekin
bat etorrita.
b) Bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak, 22.2 artikuluan
araututa daudenak. Bazterketaren, mendetasunaren edo babesgabetasunaren
inguruko egoerei erantzuna emango diete. Foru-aldundien gizarte-zerbitzuei
dagokie zerbitzu horiek eskaintzea eta betetzea, eta hala badagokie, Autonomia
Erkigoaren eremuko gizarte-zerbitzuei, III. tituluko I. kapituluan ezarritako
eskume-banaketarekin bat etorrita.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan jasotako Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren ezarpena aintzat hartuko da aurreko paragrafoan aipatutako
zerbitzuak emateko eta betetzeko.
28. Artikulua - Udalen gizarte-zerbitzuak
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren esparruan, lege honek eta lege honen garapenerako xedapenek udalen
esku uzten dituzten eskumenak haien lurralde-eremuan erabiltzeko ardura udalen
gizarte-zerbitzuena izango da.
2. Ardurapean dituzten
gizarte-zerbitzuak hobeto eskaintze aldera hala egin behar dutela uste baldin
badute, udalek elkarren artean elkartzeko aukera ere badute. Halakoetan, udalek
sortzen duten antolakundearen eskuetan utziko dituzte lege honen bidez jaso
behar dituzten eskumenak.
3. Udalen
gizarte-zerbitzuek edo, halakorik badago, udalek sortutako antolakundeak
eginkizun hauek izango dituzte:
a) Laguntza
teknikoa, eta bereziki:
- Oinarrizko
Gizarte Zerbitzuak beharren lehen balorazioa egin ondoren, beste diagnostiko sakonago bat egitea.
- Arreta pertsonalizatuko planaren ekintzak eta esku-hartzeak
garatzea.
- Oinarrizko gizarte-zerbitzuak esku hartzen duen guztietan, beti
jarduteko irizpide berberak erabili beharra sustatzea.
- Kasuak
gainbegiratzea, eta profesionalei
prestakuntza eta orientabideak ematea.
- Irizpide
teknikoak zehaztea eta beste arreta-sistema edo arreta-politika publiko
batzuekiko koordinazio-mahaietan parte hartzea.
b) Erabiltzaileari
erantzun osoa eta betea emate aldera, kideko edo osagarriak diren beste
sistema edo politika publiko batzuekin koordinatzea, lege honetako 45 eta 46.
artikuluetan jarritako moduan.
c) Lege honen bidez udalen esku uzten diren
gainerako eskumenetatik datozen gainerako eginkizunak.
29. Artikulua - Oinarrizko gizarte zerbitzua
1. Oinarrizko
gizarte-zerbitzua arreta-unitate bat da, polibalentea eta diziplina
askotarikoa, udalen gizarte-zerbitzuen barruan dago eta herritarrek Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemara iristeko duten lehen sarbidea da.
2. Oinarrizko gizarte-zerbitzuaren
zeregin nagusia izango da dagokion lurraldean gizarte-zerbitzuen bidez
erantzuteko moduko zer-nolako beharrak dauden atzematea eta kargu hartzea.
Horretarako, bere ardura izango du, dagokion lurralde horretan, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren baitako atal batera nahiz bestera nork noiz joan
behar duen koordinatzea eta kudeatzea.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko udal guztiek izan behar dute, dela bakoitzak bere kasa edo dela
beste udal batzuekin elkar hartuta, oinarrizko gizarte-zerbitzu bat.
4. Oinarrizko
gizarte-zerbitzuak zein lurraldetan lan egin behar duen jakiteko, Euskal
Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan jasota datozen irizpideak
erabiliko dira.
Udalerriaren edo
udalerri-elkartearen tamainaren arabera, oinarrizko gizarte-zerbitzua
oinarrizko gizarte-zerbitzuen unitatetan bana daiteke, hartara, herritarren
beharrei hobeto erantzuteko eta dagokion lurralde osoan lan egin ahal izango
duela bermatzeko.
5. Oinarrizko
gizarte-zerbitzuak agintzen zaizkion lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak
eskaintzeko lanak egingo ditu, baina, edonola ere, 22. artikuluko 1.1, 1.2, 1.3
eta 1.4 paragrafoetan jasota datozenak beti-beti eskaini beharko ditu. 19.
artikuluan arauturik dagoen esku
hartzeko oinarrizko prozedura bere lurraldean behar bezala aplikatuko dela
bermatzeko ardura ere badu.
6. Oinarrizko
gizarte-zerbitzuak eginkizun hauek ere izango ditu:
a) Gizarte-premiei erantzuna emateko orduan zer-nolako trakeskeria edo
hutsuneak dauden igartzea.
b) Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren
esparruan, homogeneizatzea eta sistematizazioa lortzeko informazioa osatzea.
c) Egin ditzaketen eta berariaz ezartzen zaizkien antzeko beste
eginkizun guztiak egitea.
30. Artikulua - Foru-aldundien gizarte-zerbitzuak
1. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren esparruan, lege honek eta lege honen garapenerako xedapenek
foru-aldundien esku uzten dituzten eskumenak haien lurralde-eremuan erabiltzeko
ardura foru-aldundien gizarte-zerbitzuena izango da.
2. Balorazio eta diagnostikoi
espezializatuak egiteko orduan hori ere beren eginkizunetako bat baitute,
foru-aldundiek elkarren artean koordinaturik aritu beharko dute, eta bai
oinarrizko gizarte-zerbitzuari bai ordura arte erabiltzaileari eta/edo haren
familiari jarraibideak ematen jardun duen profesionalari ere parte hartzen utzi
behar diete, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren parte den edo ez begiratu
gabe. Balorazio eta diagnosi berezituak egiteko arduradunek erabakitzen badute
beren ardurapeko prestazio edo zerbitzuren baterako sarbidea zabaltzea nahiz
ixtea, eta erabakia dagokion administrazio-organoaren bidez hartzen badute,
erabaki hori dena delako kasuaren ardura duen profesionalarentzat loteslea
izango da.
3. Foru-aldundiek,
gizarte-zerbitzuen inguruko bere eskumenak erabiltzeko orduan,
gizarte-ongizatea lortu nahian lan egiten duten beste sistema edo politika
publiko kideko edo osagarri batzuekin koordinaturik eta elkarlanean jardungo
dute, lege honetako 45 eta 46. artikuluetan ezarritako moduan.
31. Artikulua - Autonomia Erkidegoaren
eremuko gizarte-zerbitzuak
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
esparruan lege honek eta lege hau garatzen duten xedapenek esleitzen dizkioten
eskumenak erabiltzeko erantzukizuna izango du Eusko Jaurlaritzak, eskumen
horiek, Autonomia Erkidegoaren Eremuko Gizarte Zerbitzuen bitartez, Euskal
Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan erabiltzeko erantzukizuna, alegia.
2. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen
inguruko bere eskumenak erabiltzeko orduan, gizarte-ongizatea lortu nahian lan egiten duten beste sistema
edo politika publiko pareko edo osagarri batzuekin koordinaturik eta
elkarlanean jardungo du, lege honetako 45 eta 46. artikuluetan ezarritako moduan.
32. Artikulua - Kudeaketarako langileak eta egitura
Euskal
Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazioak eta zerbitzuak
emateko beren eskumenak garatzeko, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta
udalek behar dituzten langileak izango dituzte. Horien lanbide-perfila eta
ratioa zehazteko, kontuan izango dira jarduteko esparru geografikoa eta esparru
horretan gizarte-zerbitzuak eska ditzakeen biztanleria, Gizarte Zerbitzuen
Mapan aurreikusitako ezarpen-irizpideekin bat etorriz. Era berean, Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lege honek esleitutako beste
eskumenak garatzeko nahikoa den kudeaketa-azpiegitura bat eta beharrezkoak
diren ekipo teknikoak izango dituzte.
III.
KAPITULUA
GIZARTE-ZERBITZUEN
EUSKAL SISTEMAREN PLANIFIKAZIOA
33. Artikulua - Xedapen orokorrak
1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek ere antolatuan planifikatu beharko dute Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemak zein helburu, estrategia, politika eta jarraibide
zaindu behar dituen. Sistema hori hedatzeko irizpideak eta baliabideak
lurraldean nola zabaldu ere zehaztu beharko dute, halako kopuruz eta moduz ezen
zerbitzuek autonomia-lurraldearen luze-zabalean homogeneotasunez banaturik egon
behar baitute eta gizarte-zerbitzuetarako eskubideak benetako eskubide izan
behar baitu, legean jasota dagoenez.
Aurreko paragrafoko plangintzak, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren koherentzia eta batasuna berma dezan, Gizarte Zerbitzuen Erakunde
arteko Organoaren txosten nahitaezkoa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal
Kontseiluarena beharko ditu, lege honetako 44 eta 48. artikuluetan ezarritako
moduan.
2. Lehentasunak
zehaztearren eta babes-maila homogeneoak sustatzearren, gizarte-zerbitzuen
politika eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema diseinatzeko eta estrategikoki
planifikatzeko ardura Eusko Jaurlaritzarena izango da.
3. Foru-aldundiek eta
toki-erakundeek badute bakoitzak bere planifikazioa egiteko aukera, baina
Autonomia Erkidegorako zehazturik dagoena errespetatuz. Hura garatu eta,
beharrezkoa iruditzen bazaie, beren lurraldeetarako hobekuntzak ezarriko dira.
4. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman plangintza garatzeko, gizarte-zerbitzuen plan estrategikoak,
arlokako planak eta, beharrezkoa bada, plan bereziak erabiliko dira.
5. Plan estrategikoak,
sektorialak eta bereziak egiteko prozedurak derrigorra du plan horiek exekutatu
behar dituzten administrazioei eta lege honetan aurreikusita dauden lankidetza
eta koordinaziorako organoei eta partaidetzako organoei ere parte hartzeko
bidea ematea, dagokion moduan, eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileak
ordezkatzen dituzten erakundeei beti eman behar zaie parte hartzeko bidea.
6. Plan guztietan, memoria ekonomiko bat eduki
behar da, plana benetan aplikatuko dela bermatzeko. Helburuak sistematikoki
ebaluatuko dira eta aplikazioaren jarraipena ere egingo da, eta, gero, emaitzak
ikusita, planak aldian-aldian emaitza horietara egokitu beharko dira.
34. Artikulua - Gizarte-zerbitzuak planifikatzeko
printzipioak
1. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistema printzipio hauen arabera planifikatuko da:
a) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman lortu eta jarraitu beharreko
helburuak, estrategiak, politikak eta jarraibideak aurretiaz zehaztu behar
dira.
b) Baliabideak nola hedatu eta lurraldeka eta eginkizunka nola banatu
behar diren jakiteko irizpideak definitzea. Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea,
lege honetan aitorturik dagoen hori, benetako eskubidea izateko behar hainbat
izan behar dute baliabide horiek.
c) Hurbiltasuna, hau da, dena delako zerbitzua nolakoa den kontuan
izanda eta zenbat erabiltzaile dagoen edo egon daitekeen kontuan izanda ahal
den neurrian, erabiltzaileak bizi diren lekutik hurbil eskaini behar da
zerbitzua, eta beraz, horretarako bidea ematen duen inguru geografikoetan
ezarri behar dira zerbitzuak.
d) Lurralde-oreka
eta -homogeneotasuna. Zerbitzuak lurraldean banatzeko orduan, gogoan izan behar
da Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek dena delako zerbitzura iristeko
aukera berberak izan behar dituztela, eta, zerbitzura iristeko baldintzak eta
diru-baldintzak autonomia-lurralde osoan berberak izan behar dira.
e) Baliabideak
oso-osorik, arrazoi-legez eta eraginkortasunez antolatu eta aprobetxatu behar
dira. Premiei erantzuteko lanean ahalik eta ondoena erabili direla
bermatzearren, ahal dela, eskura diren
baliabideak malgutasunez eta
bata besteari loturik erabili behar dira, berdin dio formalak diren edo ez,
publikoak diren edo pribatuak, baina, edonola ere, gizarte-ekimenez datozen
baliabideetan jarri behar da
arreta berezia, berdin gizarte-zerbitzuen arlokoak diren edo
gizarte-babesaren gainerako esparruetakoak diren.
f) Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan esku hartzen duten osagai guztiek
koordinaturik egon behar dute eta sarean lan egin behar dute.
2. Gizarte-zerbitzuak taxutzeko orduan, plangintza
genero-ikuspuntutik begiraturik ere egin behar da, Gizonen eta Emakumeen
Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean aurreikusita dagoen moduan.
Baina
beste ikuspuntu batzuk ere bermatu behar dira, hau da, gogoan izan behar da
sexu-joerak askotarikoak direla, eta kulturak ere bai, eta belaunaldiak ere
bai, eta zerbitzuetara iristeko eskubidea jende guztiarena dela, eta diseinuak
gizon-emakume guztiak izan behar dituela gogoan. Ekintza positiborako eta
aukera- nahiz tratu-berdintasunerako hartu beharreko neurriak ere hartu behar
dira.
35. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa
1. Lau urtez behin, Eusko Jaurlaritzak, bere
koordinazio-eskumenak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen
Plan Estrategikoa egingo du, foru-aldundiekin eta udalekin koordinaturik. Plan
horren bidez planifikatuko ditu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburuak
lortzeko beharrezkoak diren eta sistema horrek ahalik eta ondoena lan egiteko
beharrezkoak diren prestazioak, zerbitzuak, programak eta bestelako jarduerak, lege honetan jasotako
finantza-bitartekoen eta -formulen barruan.
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzaren
komunikazio baten bidez bidaliko zaio Eusko Legebiltzarrari.
2. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko horren
baitan egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapa. Mapa
horretan egongo da zehazturik, oinarrian, plana autonomia-lurraldearen
luze-zabalean nola antolatu behar den.
3. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko
horretan, besteak beste, gauza hauek denak zehaztu beharko dira:
gizarte-premien diagnostikoa eta premia horien bilakaeraren iragarpena; lortu
beharreko helburuak eta helburu horiek lortzeko lan-ildo estrategikoak eta
ekintzarik egokienak; sektore publikoak eta pribatu itunduak zerbitzuak emateko parte-hartzeari
buruzko orientabideak, beharrezko
koordinazio-neurriak; planaren ebaluazio sistematiko eta jarraitua egiteko baliabideak, eta hori guztia 5. artikuluan
aipatutako gizarte-zerbitzuen sare publikoa taxutzeko amaiera-helburuarekin,
7.a) artikuluan ezarritako moduan. Azkenik,
76. artikuluan aipaturik datozen tresna eta prozedurak
ere bildu behar ditu. Tresna eta prozedura horiek, hain zuzen ere, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema osatzen duten prestazio, zerbitzu, programa eta
jardueren kalitatea hobetzeko balio behar dute.
4. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoak
memoria ekonomikoa izan behar du beti aldamenean. Memoria horretan zehaztu
beharko da, hain zuzen ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Katalogoan eta Karteran zehazturik datozen prestazioak eta zerbitzuak
aldian-aldian martxan jartzeko ustez zertan zenbat diru beharko den, Euskal
Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan datozen biztanleriari buruzko hedapen-irizpideak gogoan izanik.
5. Gizarte Zerbitzuen
Plan Estrategikoak, onartua izan baino lehen, beharrezkoa izango du Gizarte
Zerbitzuen Erakunde arteko Organoaren txosten nahitaezkoaz gain, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren nahitaezko txostena, organo hori kontsulta eta
gizarte partaidetzarako organo nagusia den aldetik.
36. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko
Gizarte Zerbitzuen Mapa
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte
Zerbitzuen Mapa Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren baitan dago, eta Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema hedatzeko eginkizuna du. Horretarako, katalogoan zehazten diren zerbitzuak
ezartze aldera, biztanleriari dagozkion irizpiderik egokienak zehaztuko ditu,
honako ezaugarri hauen arabera: zerbitzu horien izaera, zerbitzu hori eska
dezaketen pertsonen kopurua, eta ahalik eta hurbilekoenak izan daitezen
bermatzeko beharra, erabiltzaileak beren ohiko gizarte-ingurunean integratze
aldera.
2. Horretarako guztirako, biztanle kopuruaren aldetik, Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren oinarrizko jardun-eremuak 5.000 biztanlekoa izan beharko du,
edo, nekazaritza-inguruetan edo gune bereziki behartsu edo andeatuetan jardun behar badu, 3.000 biztanlekoa. Berdin dio
biztanle-kopuru hori udalerri bakarrean bildurik edo hainbatean banaturik dagoen.
3. Oinarrizko eremua izango da oinarrizko gizarte-zerbitzuen
lurralde-eremua (edo, hala balegokio, oinarrizko gizarte-zerbitzuen unitateena)
zedarritzeko biztanle-eremua, eta 29.
artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera integratzen dira oinarrizko gizarte-zerbitzuetan.
4. Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu,
erregelamendu bidez, gutxieneko estaldura-mailak eta, beharrezkoa denetan,
batez besteko gutxieneko intentsitateak, 1. paragrafoak dioenaren harira
zehazturiko biztanle-eremuen arabera. Bide beretik aurrera eginez,
biztanleriaren eta soziologiaren aldetik nabari diren aldagaiak aintzat
harturik, adierazle sintetiko bat ere egingo du. Adierazle horren bidez,
gutxieneko estaldura-maila eta batez besteko intentsitate horiek eremu geografikoetako
berezitasunera egokitzeko bidea izango du. Eremu horiek 5. paragrafoaren
arabera mugatuko dira. Aipatutako estandarrak Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasotako
Gizarte Zerbitzuen Mapan ezarriko dira, eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko
Organoaren txosten nahitaezkoa eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluarena
beharko dute, lege honetako 44 eta 48. arikuluetan ezarritako moduan.
5. Euskal Autonomia
Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapak, aurreko paragrafoetan zehazturik dauden
antolaketa-irizpideak aplikatzeko orduan, foru- eta toki-administrazioek
zehazten dituzten banaketa geografikoak hartuko ditu aintzakotzat.
6. Euskal Autonomia
Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan, ahal dela, plangintzan erabiltzen den
banaketa geografikoa doitu egin beharko da, eta arreta-esparruetako
administrazio-lanetan erabiltzen den banaketara egokitu. Izan ere,
gizarte-zerbitzuak eta osasun-zerbitzuak geroz eta estuago loturik daude, eta,
horregatik, eta batez ere, bi sistema horien zatikatze geografikoa bat etortzea
izango da kontua.
37. Artikulua - Plan sektorialak
1. Eusko Jaurlaritzak,
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa hobeto
osatzearren eta garatzearren, eta momentuko gizarte-premiak eta gizarte-arazoak
zein diren kontuan harturik, plan sektorialak egin ditzake, premia eta arazo
horien arabera komeni legez. Euskal Autonomia Erkidegoko beste
herri-administrazioekiko koordinaziorako dituen eskumenak erabiliko ditu
horretarako. Berariazko
gaietan oinarrituko dira, eta hainbat urterako indarraldia izango dute.
2. Plan sektorialetan,
gauza hauek gutxienez zehazturik beharko dira egon, plan bakoitza arlo jakin
batekoa izango dela ahaztu gabe:
a) Planaren
beharra dakarten gizarte-premien eta gizarte-eskariaren azterketa.
b) Planaren helburuak eta, batez ere zerbitzuen
garapenarekin zerikusia dutenak. Helburu horiek lortzeko denbora-tarteak ere
zehazturik beharko ditu izan.
c) Helburu
horiek lortzeko garatu beharreko ekintzak.
d) Planaren
jarraipena eta ebaluazio egiteko irizpideak
eta baliabideak.
3. Gobernu Kontseiluak
onartu ondoren, plan sektorialak Eusko Legebiltzarrera bidaliko dira,
informazio-ondorioetarako.
38. Artikulua - Plan bereziak
1. Arrazoi bereziak
direla-eta, epe laburrean edo ertainean dena delako egoera berezi horri aurre
egiteko zer edo zer egin beharra eskatzen badu, udalerri, eskualde, auzo edo
beste lurralde-eremuren baterako plan integralak egin ahal izango ditu Eusko
Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekiko
koordinaziorako dituen eskumenak erabiliz. Eta, zeharka begiraturik, sistemaren
osagairen batean sakondu beharra baldin badago, osagai berezi horietarako
planik ere egin dezake. Debora-tartetik
egokiena izango dira indarrean, bete beharreko premien arabera.
2. Gobernu Kontseiluak
onartu ondoren, plan bereziak Eusko Legebiltzarrera bidaliko dira,
informazio-ondorioetarako.
III.
TITULUA
GIZARTE
ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN ESKUMEN, ANTOLAMENDU, KONTSULTA ETA PARTAIDETZAKO
ARAUBIDEA
I.
KAPITULUA
HERRI-ADMINISTRAZIOEN
ESKUMENAK
39. Artikulua - Xedapen orokorrak
1. Eusko Legebiltzarrari dagokio
gizarte-zerbitzuen legegintza-funtzioa.
2. Lege honek berak eta legearen garapen-arauek
gizarte-zerbitzuei buruz agintzen dizkion arloetan, Eusko Jaurlaritzaren
eskumenekoa da arauak garatzea eta zuzeneko ekintza burutzea.
3. Baliteke prestazio eta zerbitzu batzuk
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan bateraturik eskaini behar izatea, hain
zuzen ere, interes orokorrekoak direlako, edo direnak direlako edo diren
bezalakoak direlako, edo zenbat erabiltzaile izan ditzaketen kontuan harturik,
edo autonomia-erkidegoan eskainita lor daitezkeen eskala-ekonomiak kontuan
harturik; bada, lege honen ondorioetarako, prestazio eta zerbitzu horien
gaineko gauzatze-eskumena da zuzeneko ekintza.
4. Baldintza horiek betetzen direla arrazoitu
eta aitortu egin beharko da, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, eta,
aurretiaz, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren aldeko txostena beharko da,
derrigor.
5. Gizarte-zerbitzuetako arauak gauzatzea
lurralde historikoetako foru-aldundien eta udalen ardura da, lege honetan
bertan eta garapen-arauetan xedaturik dagoenaren arabera.
40. Artikulua - Eusko Jaurlaritza
Eusko
Jaurlaritzaren ardura da legegintzako ekimena, baina horretaz gainera, bere
eskumenen esparruan, eginkizun hauek ere izango ditu:
1. Gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak
egiteko ahalmena, eta, bereziki:
a) Gizarte-zerbitzuak
antolatzea, eta, horretarako, zentro nahiz zerbitzuen baimentzeak,
erregistratzeak, bateratzeak, homologazioak eta ikuskaritzak arautzea, eta,
baimena lortzeko eta funtzionatzeko, baliabideen aldetik, funtzioen aldetik eta
langileen aldetik bete behar diren baldintzak arautzea.
b) Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Kartera egitea eta
onartzea.
c) Erabiltzaileek
dohainekoak ez diren prestazioak eta zerbitzuak ordaintzen noiz nola parte
hartu behar duten jakiteko irizpide orokorrak arautzea.
d) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazioetarako eta
zerbitzuetarako sarbidea izateko baldintzak betetzen diren edo ez jakiteko
baliabide teknikoak egitea eta onartzea.
e) Gizarte
Zerbitzuen Erregistro Orokorra sortzea, arautzea eta mantentzea.
2. Euskadiko Autonomia Erkidegoan
gizarte-zerbitzuen planifikazioa egitea bai Gizarte Zerbitzuen Plan
Estrategikoaren barruan bai eta kasuan kasu prestatuko diren plan sektorial eta
plan berezietan ere, batetik, lehentasunak zehazteko eta, bestetik, Lege honetan
araututako eskubideak Autonomia Erkidego osoan benetan gauzatzeko
beharrezko diren zerbitzu eta prestazioak maila homogeneoan emango direla
bermatzeko, foru aldundiekin eta udalekin koordinatuta.
3. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzen artean
dauden prestazioak eta zerbitzuak betetzea: telelaguntza-zerbitzua (22.
artikuluko 1.6 paragrafoan dago
arauturik); informazio- eta orientazio-zerbitzuak (22. artikuluko 2.7.1
paragrafoan daude arauturik); familiarentzako elkargunea, epai bidez datozen
kasuetan arreta eskaintzeko zerbitzu modura balio duenean (22. artikuluko 2.7.3.2 paragrafoan dago arauturik); eta
familia-bitartekotzarako zerbitzu osoa (22. artikuluko 2.7.3.3 paragrafoan dago arauturik). Eta, etorkizunean, 39.2 eta 39.3
artikuluen arabera, zuzeneko beste ekintzarik deklaratuko balitz, hori ere bai.
4. Bere eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak
ezartzea, hala balegokio, lege
honetako 57.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5. Gizarte-ekintzaren hirugarren sektorea
sustatzea, bai eta herritarren parte hartzea ere; elkartegintza bultzatzea,
gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta irabazi-asmorik gabeko eta
gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta gizarte-zerbitzuen kudeaketan
eta ebaluaketan erabiltzaileek eta profesionalek ere parte hartzea. Halakoetan,
ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko partaidetza orekatua lortzen saiatu
beharra dago.
6. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren koordinazio
orokorra, prestazioak eta zerbitzuak Euskadiko lurralde osoan orekaturik garatu
daitezen, hartara, haietara iristeko aukerak homogeneoak izan daitezen. Eta,
beste alde batetik, gizarte-zerbitzuen beren eta gizarte-ongizatearekin
zerikusi zuzena duten sistema eta politika publikoen artean koordinaturik
jarduteko bideak zabaltzea, sistema-politika horiek eskumenak dituzten
lurraldean jardun beharra dagoenerako, batez ere honako hauekin: osasun-zerbitzuak, hezkuntzakoak, etxebizitzakoak,
enplegukoak eta diru-sarrerak eta gizarteratzea bermatzekoak.
7. Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko
Euskal Sistema diseinatzea eta mantentzea, Euskal Autonomia Erkidegoko
gainerako herri-administrazioekiko koordinaziorako duen eskumena erabiliz.
Kontua da sistemaren alderdi nagusien tamainaren berri eguneratua izatea eta
gizarte-zerbitzuen plangintza koherentea eta egokia ote den jakitea. Diseinu-
eta mantentze-lan horretarako baldintzak erregelamendu bidez zehaztuko dira.
8. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzea,
zuzentzea, antolatzea eta mantentzea, lege honetan agintzen zaizkion
eginkizunak bete ditzan.
9. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza
bultzatzea eta sustatzea, gainerako euskal herri-administrazioekiko
koordinaziorako duen eskumena erabiliz eta horretako onartuko diren jarraibide
estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan, arreta-kalitatearen
hobekuntza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.
10. Eusko Jaurlaritzaren
zuzeneko ekintza-ahalmenarekin zerikusia duten zerbitzuak, zentroak eta
erakundeak baimentzea, homologatzea, ikuskatzea eta, halakoetan,
zehapen-ahalmena erabiltzea.
11. Lege honek berak eta lege
honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.
41. Artikulua - Foru-aldundiak
Foru-organoek
eskumena izango dute, bakoitzak bere lurraldean, eginkizun hauek betetzeko:
1. Gizarte-zerbitzuen
arloan, beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala.
2. Beren lurraldean, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sisteman bere eskumenekoak diren zerbitzuak antolatzea,
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan jasota
dagoenaren arabera, eta, halakorik baldin badago, autonomia-eremuko arlokako
planetan eta plan berezietan jasota dagoenaren arabera.
3. 22. artikuluko 2.
paragrafoan arauturik dauden bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak
eskaintzea, zuzeneko ekintza-eskumena dela-eta Eusko Jaurlaritzaren esku
daudenak izan ezik.
4. Bere eskumeneko
zerbitzuen prezio publikoak ezartzea, hala balegokio, lege honetako 57.3
artikuluan xedatutakoaren arabera.
5. Arrisku larrian edo
babesik gabe dauden adingabekoak babesteko dauzkaten eskumenak. Haurrak eta
Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean daude zehazturik
zein diren eskumen horiek.
6. Gizarte-ekintzaren
hirugarren sektorea sustatzea, bai eta herritarren parte hartzea ere;
elkartegintza bultzatzea, gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta
irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta
gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta ebaluaketan erabiltzaileek eta profesionalek
ere parte hartzea. Halakoetan, ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko
partaidetza orekatua lortzen saiatu beharra dago.
7. Geografia-hurbiltasuna
eta baliabideak ahalik eta zuzenen erabili beharra gogoan harturik
printzipioak baitira, mankomunitateak edo beste udal-elkarte batzuk osatzeko
sustapen-lana eta bultzada, gizarte-zerbitzuak eskaintzeko.
8. Jarduteko duen
eremuan prestazioak eta zerbitzuak zer-nola dabiltzan jakiteko informazio
eguneratua ematea, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko
Euskal Sisteman jasota datozen datuen ezaugarrien arabera eta bete beharreko
dena delako eguneraketa-maiztasunaren arabera doitzea (ezaugarri horiek eta
maiztasun hori erregelamendu bidez zehaztuko dira).
9. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza
bultzatzea eta sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin
koordinaturik eta lankidetzan eta horretako onartuko diren jarraibide
estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan, arreta-kalitatearen
hobekuntza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.
10. Dagokien lurraldean
kokaturik dituzten jabetza pribatuko zerbitzu, zentro eta erakundeak
baimentzea, eta beharrezkoa bada, homologatzea, eta, zerbitzu, zentro eta
erakunde horiek direla-eta, edo beren titulartasunpekoak direla-eta,
ikuskaritza-lanak egitea eta zehapen-ahalmena erabiltzea, non eta ez diren
sartzen hurrengo artikuluaren 10. paragrafoan aurreikusitako
ikuskapen-eskumenetan.
11. Gizarte Zerbitzuen
Foru Erregistroa arautzea eta mantentzea, eta erregistro horretako datuak
Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorrera lekualdatzea, datu-iraulketa
berehalakoa bermatzeko moduko baliabide informatikoak erabiliz, hartara, bi
erregistro horiek aldi berean eguneratu ahal izan daitezen.
12. Lege honek berak eta lege
honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.
42. Artikulua - Udalak
Udalek
eskumena izango dute, bakoitzak bere udalerrian, eginkizun hauek betetzeko:
1. Gizarte-zerbitzuen
arloan, beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala.
2. Beren lurraldean, udalei
dagokie Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako zerbitzuak, bere eskumenekoak,
antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan
jasota dagoenaren arabera, foru-aldundiaren plangintzan jasota dagoenaren
arabera eta, halakorik baldin badago, arlokako planetan eta autonomia-eremuko
plan berezietan jasota dagoenaren arabera.
3. 29. artikuluan
zehazturik datozen oinarrizko gizarte-zerbitzuak sortzea, antolatzea eta
kudeatzea.
4. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko lehen mailako arretako
gizarte-zerbitzuak eskaintzea, telelaguntza-zerbitzua izan ezik, Eusko
Jaurlaritzaren eskumenpekoa da-eta. Lehen arretako gizarte-zerbitzu horiek 22.
artikuluko 1. paragrafoan daude arauturik.
5. Bere eskumeneko
zerbitzuen prezio publikoak ezartzea, hala balegokio, lege honetako 57.3
artikuluan xedatutakoaren arabera.
6. Arriskuan dauden
adingabeak babesteko dauzkaten eskumenak, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta
babesteko arloan indarrean dagoen araudiak esleitzen dizkienak.
7. Gizarte-ekintzaren
hirugarren sektorea sustatzea, bai eta herritarren parte hartzea ere;
elkartegintza bultzatzea, gizarte-zerbitzuen esparruan boluntario-lana eta
irabazi asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko kooperatibismoa bultzatzea, eta
gizarte-zerbitzuen kudeaketan eta ebaluazioan erabiltzaileek eta profesionalek
ere parte hartzea. Halakoetan, ahal dela, gizonen eta emakumeen arteko
partaidetza orekatua lortzen saiatu beharra dago.
8. Jarduteko duen
eremuan prestazioak eta zerbitzuak zer-nola dabiltzan jakiteko informazio
eguneratua ematea, eta informazio hori Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko
Euskal Sisteman jasota datozen datuen ezaugarrien arabera eta bete beharreko
dena delako eguneraketa-maiztasunaren arabera doitzea. Ezaugarri horiek eta
maiztasun hori erregelamendu bidez zehaztuko dira.
9. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen prestakuntza
bultzatzea eta sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako
herri-administrazioekin koordinaturik eta lankidetzan eta horretako onartuko
diren jarraibide estrategikoen esparruan. Eta, gizarte-zerbitzuen arloan,
arreta-kalitatearen hobekuntza, berritze-zaletasuna eta ikerlana bultzatzea.
10. Udal-eskumeneko
zerbitzuak emateko zerbitzu, zentro eta erakundeak ikuskatu eta haien gaineko
zigor-ahalmena erabiltzea, diren beren titulartasun pekoak, pribatu itunduak,
kontratatuak, edo, hala balegokio, hitzarmen pekoak.
11. Lege honek berak eta lege
honen garapen-arauek agintzen dieten beste edozein.
II. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA ETA KOORDINAZIOA
43. Artikulua - Gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak
dituzten herri-administrazioen elkarrekiko lankidetza- eta koordinazio-betebeharra
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak elkarrekiko lankidetza- eta koordinazio-betebeharraren arabera jardungo
dira sistemak eraginkortasunez eta
eragimenez funtziona dezala bermatzeko.
44. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Erakunde
arteko Organoa
1. Gizarte-zerbitzuen arloan, Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioen
artean,
instituzioen arteko lankidetza
eta koordinazioa taxutzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren batasuna
bermatzeko, Gizarte
Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa sortzen da. Organo hori Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.
2. Osaera, araubidea
eta funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztu beharko dira, eta osaera dela-eta,
araudi horretan zehaztu beharko da Eusko Jaurlaritzak alde batetik eta beste
aldetik foru-aldundiek eta udalek ordezkaritza paritarioa izan behar dutela,
eta organoaren lehendakaria, berriz, Eusko Jaurlaritzaren barruan
gizarte-zerbitzuen eskumena duen saileko burua izango da. Arau horietan, emakumeen eta gizonen
partaidetza orekatua sustatu beharko da.
3. Funtzionamendu-arauan
jasota dituenez gainera, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak honako
eginkizun hauek izango ditu:
a) Honako hauei buruzko txostenak egitea, nahitaez: gizarte-zerbitzuei
buruzko lege-aurreproiektuei eta xedapen-proiektu orokorrei buruz, bai eta
Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoari buruz,
autonomia-eremuko plan sektorialei buruz eta plan bereziei buruz. Halaber,
nahitaezko txostena egin beharko du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Karterari buruz. Kartera hori osatzeko eta
eguneratzeko hartzen diren erabakietan, nahitaezkoa da Herri Administrazioari
dagokion ordezkaritzak aldeko botoa ematea, erabakiak derrigorrik eragingo
badu, berdin ordezkaritza hori Autonomia Administraziokoa, Foru
Administraziokoa edo Toki Administraziokoa bada ere. Azkenik, nahitaezko txostena egin beharko du, hala
balegokio, gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema edo politika publiko
batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera bateratuei buruz.
b) Jarduerak bateratzeko,
kalitateko kudeaketa eta arreta lortzeko eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema
kohesionatzeko balio behar duten estrategia, jarraibide, egitura-osagai eta
tresna nagusiak eztabaidatu eta zehaztea; foru- eta toki-araudien eta, kasua
bada, arau autonomikoen parametro bateratuak zehaztea, sistemaren batasuna
babestearren.
c) Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemak beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatzeko foroetan
aurkeztu ahal izango dituen estrategia eta proposamen nagusiak eztabaidatu eta
zehaztea, bereziki osasun-, hezkuntza- eta justizia-sistemarekin, eta enplegu-,
lanbideratze- eta prestakuntza-politikekin, etxebizitza- eta
irisgarritasun-politikekin eta diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko eta
berdintasunerako politikekin, eta, oro har, esku-hartze sozialeko arlo jakin
batzuetan gizarte-zerbitzuekin batera izan daitekeen beste edozein politika
publikorekin.
d) Informazioa jasotzea, gizarte
zerbitzuei buruzko foru-xedapenei eta toki-xedapenei buruz, lurralde-arloko eta
toki-arloko arlokako planei buruz edo onartzen diren plan bereziei buruz, baita
horiek betetzen ote diren jakiteko jarraipen eta ebaluazioari buruz, baita
aurrekontuen onespenari buruz eta aurrekontuen gauzatzeari buruz,
Administrazioko hiru mailetan.
e) Estatuko Administrazio
Orokorrarekiko lankidetzaren nondik norakoak eztabaidatu eta zehaztea.
4. 2. paragrafoan aipaturik datorren
garapen-arau horretan derrigorra da lurralde- edo toki-batzordeak
osatzeko bidea ere jasota egotea, aukera modura. Beharrezkoa edo komenigarria
dela uste denean osatuko dira, lurralde-esparru jakin bateko behar bereziak aztertzeko,
eta behar horiei erantzuteko plangintza-proposamenak egiteko.
5. Gizarte Zerbitzuen
Erakunde arteko Organoak bere eginkizunak modu egoki eta eraginkorrean
betetzeko behar dituen baliabide pertsonal eta teknikoak izango ditu.
45. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren eta beste sistema eta politika publiko batzuen arteko lankidetza eta
koordinazioa
1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan
gizarte-zerbitzuen inguruko eskumenak dituzten organoek eta beste sistema eta
politika publiko batzuetako zerbitzuak eskaintzeko eskumena duten organoek
koordinaturik jardun beharko dute, eta parametro berberak erabiliz
koordinaturik jardun ere; Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoan
adostutakoak izango dira parametro horiek, 44. artikuluko 3.c) paragrafoan
organo horri esleitutako eginkizunak betetzeko. Sistema eta politika horiek direla-eta, batez ere honako hauek hartuko dira kontuan: osasun-sistema, hezkuntzakoa,
judiziala, enplegu-politikak, lanbideratze- eta prestakuntza-politikak,
etxebizitzakoak, irisgarritasunekoak, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzekoak, berdintasunekoak, eta, orokorrean, esku-hartze
sozialeko arlo jakin batzuetan gizarte-zerbitzuekin batera izan daitekeen beste
edozein politika publiko.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren eta gizarte-ongizatea lortzeko lanean diharduten beste
sistema eta politika publiko batzuen artean lankidetza eta koordinazioa
taxutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek neurri hauek
hartuko dituzte:
a) Beren baitan lankidetza-bideak zabaltzeko ardura hartuko dute,
administrazioen arteko lankidetzarako organoak sortuz, edo egokiak iruditzen
zaizkien beste formula batzuk erabiliz.
b) Elkarrekin jarduteko baliabideak eta protokoloak antolatuko
dituzte, eta, beharrezkoa bada, baita lankidetza-hitzarmenak ere. Baliteke
eduki ekonomikoa izatea, edo ez, baina, edonola ere, jarduerak koherenteak
izango direla bermatzeko eta baliabideak, informazioa eta ezaguerak
arrazoi-legez eta zuzen erabiliko direla bermatzeko balioko dute.
3. Hala egitea komeni
dela uste dutenean, gizarte-ongizatea lortzeko sistema edo politika publikoak
taxutzeko eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioetako organoek zerbitzu- eta prestazio-katalogo eta/edo
kartera bateratuak osa ditzakete.
46. Artikulua - Eremu soziosanitarioko
lankidetza eta koordinazioa
1. Osasun-arazo
larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik
bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra,
arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.
2. Hori dela-eta, ustez, talde batzuek beste
batzuek baino gehiago beharko dute
arreta soziosanitarioa. Hauexek dira: mendetasun-egoeran
dauden adinekoak; ezintasunen bat dutenak; buruko gaixotasunak dituztenak eta,
bereziki, buru-gaixotasun larriak eta kronikoak dituztenak eta droga-arazoak
dituztenak; gaixotasun somatiko kronikoak eta/edo ezintasuna sortzen dutenak
dituztenak; ospitaleko alta jaso izanagatik ere oraindik beren buruak zaintzeko
nahikoa autonomiarik ez duten eriondoak; gaixotasun terminalak dituztenak; eta
gizartetik bazterturik geratzeko arriskua duten beste talde batzuk, eta,
bereziki, arriskuan edo babesik gabe dauden edo jokabide-arazoak dituzten
adingabeak, genero-indarkeria jasaten duten
emakumeak, edo osasun-arloko eta gizarte-arloko laguntza behar duten
immigranteak.
3. Gizarte-arloko eta osasun-arloko lana hobeto
koordinatzeko eta bateratzeko, beharra dutenei ahalik eta zerbitzurik onena
eskaintzearren, sinergia indartzearren eta baliabideak hobeto erabiltzearren,
gizarte-zerbitzuek eta osasun-zerbitzuek, bakoitzak bere aldetik edo
elkarrekin, baliabide soziosanitario hutsak eta atal bereziki soziosanitarioak
sor ditzakete, beste baliabide edo atal zabalago batzuen baitan.
Edonola
ere, arreta-zerbitzu bat soziosanitarioa baldin bada hala da eta ez bada ez da,
aurreko 1. paragrafoan definiturik dagoen moduan, eta dena
delako baliabidearen edo atalaren titulartasuna edonorena delarik ere,
edonolako konplexutasun-maila duelarik ere, eta baliabide horri edo atal horri
soziosanitario izena jarri dioten edo ez begiratu gabe.
4. Zerbitzu soziosanitarioak gizarte- eta
osasun-sistemaren karteretan sartuta dauden prestazioen agregatuak dira, nahiz
eta aldi berean, koordinatuki eta egonkorki aplikatuak izan. Hala bada, zein
arlotakoak diren, gizarte- edo osasun-arlokoak, horren arabera aplikatuko zaie
arlo batean edo bestean indarrean dagoen araudian aurreikusitakoa. Aurrekoari
begira, Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu, 23. artikuluan erregulatutako
karteraren esparruan, zein prestazio hartu behar diren gizarte-zerbitzuen
eremukotzat, bai prestazio horiek gizarte-zerbitzu baten esparruan ematen
direnean, bai osasun-izaerako zerbitzu baten esparruan ematen direnean. Aurreko
hori ahaztu gabe, ordea, eta bere esparruan artatuak izan daitezkeen beharrizan
misto eta konplexuen eboluzioa kontuan izanik, zerbitzu soziosanitorioen
kartera bat eratuko da, edo arretaren egokitasuna bermatzeko beste formula edo
tresna batzuk baliatuko dira.
5. Koordinazio
soziosanitarioa, eta, bereziki, arreta pertsonalizatuaren koordinazioa,
esku-hartzeko programa edo prozesuen bitartez antolatuko da, eta sistema
bietako zerbitzuek parte hartuko dute horietan, artatzeek jarraipena izan
dezaten zainduz.
Koordinazio
soziosanitarioaren esparruan gizarte-zerbitzuek eduki beharreko jardunaren
parametroei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak finkatutako
ditu, besteak beste kontu horretan erabakiak hartzeko eginkizuna izendatuta
baitauka organo horrek 44.3.c) artikuluaren arabera
6. Eremu
soziosanitarioko lankidetza eta koordinazioa honako bitarteko hauen bitartez
antolatuko da:
a) Autonomia Erkidegoaren mailan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
eta Osasun Sistemaren arteko koordinazioa eta lankidetza Arreta
Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari egokituko zaio. Kontseilu horren helburua
koordinazio soziosanitarioaren arloan politikari, araugintzari, ekonomiari eta
antolakuntzari eta laguntzari dagozkion erabakietan aholku ematea eta erabaki
horien jarraipena egitea da.
Kontseilu horren osaera paritarioa izango da, Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren eta Euskal Osasun Sistemaren esparruan eskumena duten
autonomia-erkidegoko administrazioko eta udal- eta foru-administrazioetako
ordezkarientzat Kontseilu horren osaera eta funtzionamendua erregelamenduz
ezarriko dira.
b) Foru- eta udal-administrazioen mailan, koordinazio-bitartekoak
izango dira, hala nola lurralde-kontzeju, batzorde eta beste organo bitariko
batzuk, eta koordinazio soziosanitarioa sustatzea eta erraztea izango dute
xede, bai lehen eta bigarren arretaren mailetan eta lan interdisziplinarrean
bai erabiltzaileekin diseinatu beharreko esku-hartzeetarako ibilbideetan.
III.
KAPITULUA
KONTSULTARAKO
ETA PARTE HARTZERAKO ORGANOAK
47. Artikulua - Parte-hartzearen bermea
1. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek herritar guztien parte-hartzea erraztuko duten parte hartze bideak izango
direla bermatuko dute, eta,
bereziki, gizarte-zerbitzuetako eta ekimen pribatuko erakundeetako erabiltzaile eta profesionalak ordezkatzen
dituzten erakundeenak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren plangintza,
funtzionamendu eta ebaluazioan, eta, horretarako, parte hartzeko bitarteko
eraginkor eta zaluak izan daitezela bermatuko dute.
2. Parte-hartze hori honako formula hauen
bitartez egingo da:
a) Kontsultarako
eta parte-hartzerako lege honetan
aurreikusten diren organoak.
b) Parte
hartzeko kontseiluak eta erabiltzaileen parte-hartzerako beste bitarteko formal
batzuk, gizarte-zerbitzuetako zerbitzuetan eta zentroetan ezarritakoak.
c) Herri-administrazioek
gai orokor edo berezi jakin batzuetan parte hartzeko antolatzen dituzten
prozesuak, gai horiek izan dezaketen interes bereziarengatik.
48. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal
Kontseilua
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseilua
kontsultarako eta parte-hartzerako organo nagusia izango da, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen
arloan eskumena duen sailari atxikia, eta,
bertan, ordezkaritza paritarioa izango dute, alde batetik Eusko Jaurlaritzak,
foru-aldundiek eta udalek, eta, bestetik, arloan parte hartzen duten
gizarte-eragile guztiek, zehazki, sindikatu-erakundeek, enpresaburuen elkarteek, erabiltzaileen erakundeek, gizarte-ekintzaren hirugarren
sektorekoek eta gizarte-zerbitzuen arloan lan egiten duten profesionalen
elkarteek.
2. Kontseilu horren osaera, araubidea eta
funtzionamendua erregelamendu bidez zehaztuko da, eta, bertan, emakumeen eta
gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila zaindu beharko da.
3. Funtzionamendu-arauan jasota dituenez
gainera, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluak honako eginkizun hauek izango
ditu:
a) Honako
hauei buruzko txostenak egitea, nahitaez: lege-aurreproiektuak
eta xedapen orokorren proiektuak, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzuen
eta Prestazioen Kartera barne. Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan
Estrategikoa, autonomia-erkidegoa eremu duten plan sektorialak eta plan
bereziak. Halaber, nahitaezko txostena egin beharko du, 45.3 eta 46.4
artikuluetan ezarritako moduan, gizarte-ongizatera zuzendutako beste sistema
edo politika publiko batzuekin egin litezkeen katalogo eta/edo kartera
bateratuei buruz.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek beren plan
orokorrak, sektorialak eta bereziak nola betetzen diren ebaluatu eta horien
jarraipena egin behar dute, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari eman
horren berri; era berean, gizarte-zerbitzuei eragiten dieten xedapenen
aplikazioaren berri eman behar diote.
c) Gizarte-zerbitzuen ekintzaren gaineko edozein gairi buruzko
iradokizun, proposamen eta ekimenak egin eta jasotzea.
d) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hobetzeko gomendioak egitea,
Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren esparruan jasotako
datuak oinarritzat hartuta egingo den urteroko txosten baten kariaz.
4. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Kontseiluaren barruan gizarte-zerbitzuen kontseilu sektorialak sortu
ahal izango dira; kontsultarako eta parte-hartzerako izango dira, eta Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren erabiltzaileen eta profesionalen beharrizan
berezien arabera zehaztuko da zein arlotan jardungo diren. Arlokako kontseilu horiek aintzat hartu ahal
izango dituzte beren eginkizuna betetzeko egoki iruditzen zaizkien txosten eta
ikerketa guztiak, bai eta, bereziki, erabiltzaileen ordezkaritza-erakundeek eta
gizarte-ekintzaren hirugarren sektorekoek egindako proposamenak ere. Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen
diren beste batzuk sortzea eragotzi gabe, nahitaez eratu beharko dira arlo hauetako
kontseiluak: adinduak, haurrak, ezinduak eta gizarteratzea. Orobat,
gizarte-zerbitzuen arloko enpleguaren kalitaterako eta prestakuntzaren eta
kualifikazioaren hobekuntzarako kontseilu bat ere sortu beharko da.
Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta
funtzionamendu-araubidea kontseiluok sortzeko xedapenetan ezarriko dira;
xedapen horiek gizonezkoen eta emakumezkoen ordezkaritza orekatua izan dadin
zaindu beharko dute.
49. Artikulua - Gizarte-zerbitzuen lurralde-kontseiluak
eta toki-kontseiluak
1. Foru-aldundiek eta
udalek, bakoitzak bere lurraldearen eremuan, eta beren kasa edo beste batzuekin
elkar hartuta, autoantolaketarako ahalmenaz dihardutela, gizarte-zerbitzuen
kontseilua eratuko dituzte, nork bere eskumen-eremuko gizarte-zerbitzuei
buruzko kontsultarako eta parte-hartzerako organo gisa.
2. Kontseilu horien
osaerak gizarte-zerbitzuen eremuan esku hartzen duten gizarte-eragileen parte
hartzea bermatu beharko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako
herri-administrazioena ere, kasu bakoitzean dagokionarena. Halaber, gizonezkoen
eta emakumezkoen artean ordezkaritza orekatua egon dadin zaindu beharko da.
3. Gizarte-zerbitzuen
lurralde-kontseiluen eta tokiko kontseiluen barruan, Gizarte-zerbitzuen
kontseilu sektorialak eratu ahal izango dira, kontsultarako eta
parte-hartzerako organo gisa, eta arlo jakin batean gauzatuko dute beren
jarduera.
Kontseilu sektorialen eginkizunak, osaera eta
funtzionamendu-araubidea beren sorrera-xedapenetan ezarriko dira.
IV.
KAPITULUA
GIZARTE
ZERBITZUEN ERREGISTROAK
50. Artikulua - Gizarte-zerbitzuen
erregistroak
1. Gizarte-zerbitzuen antolamendu egokia eta baliabide guztien ezagutza eguneratua bermatze aldera, erakunde publiko eta pribatu guztiak,
eta horien mendeko zerbitzu eta zentro guztiak, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemakoak izan edo ez, erregistratu egin beharko dira.
2. Egitura, antolamendua eta erregistro-prozedura erregelamendu
bidez zehaztuko dira, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan.
51. Artikulua - Gizarte-zerbitzuen
erregistro motak
1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan
gizarte-zerbitzuen erregistro hauek izango dira:
a) Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra, Autonomia Erkidegoaren
eremukoa, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari
atxikia; hor, Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzarekin zerikusia duten
erakunde, zerbitzu eta zentro guztiak inskribatuko dira. Erregistro horretan, foru-erregistroek
egiten dituzten inskripzioak idatziko dira, bai eta gehitu ere, informazioa
emate aldera. Hain zuzen ere, foru-erregistroek Eusko Jaurlaritzan
gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari emango diote berek egiten
dituzten inskripzioen berri.
b) Foru-aldundiek,
nork bere lurralde historikoan, gizarte-zerbitzuen foru-erregistroak
sortuko dituzte, eta, bertan, beren titulartasuneko erakunde, zerbitzu eta zentro guztiak inskribatuko dituzte,
bai eta beren titulartasunekoak ez diren beste batzuk ere, beren eskumeneko
lurralde-eremuan jarduten diren titulartasun publiko edo pribatuko erakunde, zerbitzu eta zentroak, alegia.
Gizarte
Zerbitzuen Erregistro Orokorra etengabe eguneratzen dela eta erregistro horretako
datuen eta foru-erregistroetan bildutakoen artean koherentzia dagoela bermatze
aldera, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek bermatu behar dute
batetik bestera irauli beharreko datuak berehala iraultzeko eta erregistroak
aldi berean eguneratzeko behar diren tresna informatiko egokiak prestatu eta
aplikatuko direla.
2. Erregistro horiek sortu eta horien
mantentze-lana egiteko, datu pertsonalak babesteari dagokion arloan unean-unean
indarrean dagoen araudian aurreikusitakoari jarraitu beharko zaio.
52. Artikulua - Gizarte-zerbitzuetako erakunde eta zentroen erregistroen izaera eta
eginkizunak
1. Erregistroak tresna publikoak izango dira,
eta, haietara irispidea izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta
Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean, azaroaren 26koan, ezarritako zehaztasun eta baldintzak bete
beharko dira.
2. Datuen ezaupide eta publizitatea
ziurtatzeko tresnak dira, eta, hala direnez, honako eginkizun hauek bete
beharko dituzte:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuen arloan jarduten diren erakunde, zerbitzu eta zentroak zeintzuk diren
jakiteko modua ematea, eta, orobat, erakunde, zerbitzu eta zentro horiek Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioekin duten harremana jakiteko modua; horretarako, lege honetan arautzen diren
itun-araubidearen barruan sartzen diren itunen datuak idatziko dira bertan, bai
eta, hala balegokio, bestelako hitzarmenak; orobat idatziko dira Prestazioen
eta Zerbitzuen Katalogoan sartzen diren zerbitzuen kudeaketarako kontratuak eta hitzarmenak.
b) Euskal
Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan jarduten diren gizarte-zerbitzuen
publizitaterako tresna izatea.
53. Artikulua - Erregistroko inskripzioa
1. Zentroak eta zerbitzuak titulartasun
publikokoak direnean, herri-administrazioek inskribatuko dituzte beren kasa
horiei buruzko datuak; orobat aldez aurreko administrazio-baimena lortu duten
titulartasun pribatuko zentro eta zerbitzuena, eta horien titular diren erakundeena.
Gizarte-zerbitzuetako
erakunde pribatuen kasuan, zerbitzuen edo
zentroen titular ez direnean, interesatuak eskatuta egingo da inskripzioa, eta,
horretarako, titularraren edo legezko ordezkariaren eskaera beharko da aldez
aurretik.
2. Erregistroko inskripzio horrek inskribatutako
datuen publizitatea eragingo du, inskripzioa egiteko ebazpena onartzen den
egunetik aurrerako balioarekin.
3. Inskripzioak ez du eraketa-baliorik izango,
ez eta erregistratutako erakundeen
mendeko zentroei edo zerbitzuei baimena ematekoa ere, eta ez die interesatuei
inolako eskubiderik emango, inskripzio horren kausa diren egintzak eta datuak
bertan jasota daudelako froga izan ezik.
4. Erregistroko inskripzioa behar-beharrezko
eta aldez aurreko baldintza izango da erakunde, zerbitzu edo zentro bat diru-laguntzen eta bestelako laguntzen
araubideaz baliatu ahal izateko, eta, hala balegokio, erakunde, zerbitzu edo zentro horiekin itunak edo hitzarmenak
egiteko edo horiek kontratatzeko, betiere, aldez aurretik homologazioa lortzen
badute.
5. Gizarte-zerbitzuen erregistroan
inskribatutako erakundeek urtez urte
eguneratu beharko dituzte beren datuak eta beren titulartasuneko zerbitzuei eta
zentroei dagozkienak; bereziki aipatu beharko dituzte, hala balegokio,
Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuak emateko Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioekin gauzatutako itunak, kontratuak eta hitzarmenak, erregistroa etengabe
eguneratzen dela bermatzearren eta, hala, Gizarte Zerbitzuei buruzko
Informazioko Euskal Sisteman dauden datuak eguneratzearren.
IV.
TITULUA
GIZARTE
ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN FINANTZIAZIOA
54. Artikulua - Finantziazio-iturriak
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistema, honako hauen kontura finantzatuko da:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.
b) Lurralde
historikoetako Aurrekontu Orokorren
kontura.
c) Udalen
aurrekontuen kontura.
d) Erabiltzaileek
ordaindutako prezio publikoen edo tasen kontura.
e) Ordenamendu
juridikoan babestuta, horretarako bideratzen beste den edozein diru-ekarpenen
kontura.
55. Artikulua - Aurrekontuko diru-izendapenak
1. Eusko Jaurlaritzak,
foru-aldundiek eta udalek, urtero, lege honetan eta lege honen garapeneko
xedapenetan egozten zaizkien eskumenak egikaritzetik ondorioztatzen diren
gastuei aurre egitera bideratutako diru kopuru nahikoak izendatuko dituzte
bakoitzak bere aurrekontuetan, haien artean ezar ditzaketen
finantza-lankidetzarako formulei kalte egin gabe.
2. Aurreko paragrafoan aipatutako
aurrekontu-izendapenak, betiere, bai Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan jasotako prestazio eta zerbitzuak emateari
dagokionez, bai maila administratibo bakoitzari izendatutako gainerako
eginkizunei dagokienez egingo dira.
56. Artikulua - Administrazioen arteko finantza-lankidetzako
formulak
1. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemari dagozkion prestazio tekniko, ekonomiko eta teknologikoak 54.
artikuluan aurreikusitako aurrekontu-izendapenen eta gainerako
finantzaketa-iturrien kontura finantzatuko dira.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemari dagozkion prestazioak, beste sistema batzuen esparruan
hornituak badira, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako,
foru-aldundietako eta udaletako sailek finantzatuko dute, bakoitzak bere
eskumenen eremuan.
3. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemari dagozkion prestazioen izendapena ez duten prestazio teknikoek,
14.5 artikuluan arautzen diren baldintzetan, zerbitzu horrek hornituko ditu,
Katalogoan sartutako zerbitzuen esparruan eskaintzen direnean. Aurrekoa gorabehera,
zerbitzu horien finantzaketa beste sistema publikoei egokituko zaie prestazio
horiei dagozkien sistemei, hain zuzen ere, bai eta, sistema horietan hala
aurreikusten bada, erabiltzaileari ere; hori dela eta, administrazio eskudunek
argituz joan beharko dute arian-arian zeintzuk diren beren
finantzaketa-erantzukizunak eskumena duten prestazioetan.
Eremu soziosanitarioan eskaintzen den arretaren kasuan,
zerbitzu soil-soilik soziosanitarioen, unitate berariaz soziosanitarioen eta
arreta soziosanitario orokorraren finantzaketa batera egin ahal izango da
eraginpeko administrazio publiko guztien artean, horretarako adosten dituzten
hitzarmenen bitartez. Aldiz, administrazio horiek bidezko diren konpentsazio
ekonomikoko formuletara atxiki ahal izango dira, osasun-sistematik
gizarte-zerbitzuen zerbitzura, edo alderantziz, baldin eta haietako baten
eskumenekoak diren zerbitzuak, askotariko kausak direla-eta, bati atxikitako
zerbitzuetan eskaintzen badira.
4. Pisuetan edo
etxebizitza arruntetan egoitza-alternatibak instalatzeko, foru-aldundiek eta
udalek edo udal-elkarteek babes ofizialeko etxebizitzen erreserba eskuratu ahal
izango dute. Etxebizitzaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren
zuzeneko promozioetan eta udalen promozioetan eta administrazio horiek ezartzen
dituzten baldintzetan, erakunde publikoetarako besterentzera bideratzen diren
babes ofizialeko etxebizitzen erreserba hori eskuratu ahal izango dute erakunde
horiek, beren eskumenari dagozkion gizarte-zerbitzuetako ekipamenduak sortzeko.
5. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek elkarren artean eta beste erakunde publiko
batzuekin duten lankidetza, aurreko paragrafoetan aurreikusia, lankidetzako
hitzarmenen edo indarreko legerian araututako edozein formularen bidez gauzatuko
da, zer eta lankidetza hori izarian egiteko, ezarrita dauden helburuak
betetzera egokitzeko eta kasu bakoitzean bidezko irizten diren
finantza-kontroleko neurrietara atxikitzeko.
57. Artikulua - Erabiltzaileen parte-hartze ekonomikoa
1. 21 eta 22.
artikuluetan zehaztutako katalogoan sartzen diren zerbitzuak bi eratakoak
izango dira: doakoak edo kasuan kasuko prezio publikoa edo tasa ordaintzera
atxikiak. Bi kasuetan,
zerbitzu horietara iristeko modua berariazko eskakizunak ezarriz arautuko da.
Zerbitzuetarako irispidea bermatuta geratuko da kasu bakoitzean aplikagarri
diren eskakizunak betetzen dituzten pertsona guztientzat, eta, inola ere, ez
daitezke baztertuta geratu kausa ekonomikoengatik.
2. Erabiltzaileek ez dute, inola ere, parte hartuko
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren
esparruan doakotzat araututako zerbitzu eta prestazioen finantzaketan, alde batera utzita nolakoa den
zerbitzua eta zerbitzu hori zein esparrutan eskaintzen den.
Era
berean, erabiltzaileek ez dute, inola ere, parte hartuko Euskal Osasun Sistema
Publikoaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteraren esparruan doakotzat araututako
zerbitzu eta prestazioen finantzaketan,
alde batera utzita nolakoa den zerbitzua edo zentroa eta zerbitzu hori zein
esparrutan eskaintzen den, ez eta, hala gertatuko balitz, 45.3 eta 46.4
artikuluetan ezarritakoarekin bat etorrita, katalogo eta/edo kartera bateratuen
esparruan doakotzat araututako zerbitzuen finantzatzetan ere.
3. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran barneratutako prestazio eta
zerbitzuen finantzaketan, doakotzat zehaztuta ez daudenetan, erabiltzaileek
izango duten parte-hartzea, berriz, kasuan kasuko prezio publikoa edo tasa
zehaztearen bitartez egingo da, lege honetan eta lege honen garapeneko
xedapenetan Euskal Autonomia Erkidego osorako ezartzen diren irizpideen
arabera. Betiere, prezio publikoa zehaztean, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Prestazioaren eta zerbitzuaren mota eta kostua.
b) Erabiltzaileen baliatze-mailak.
4. Erabiltzaileen
parte-hartzea eta, behar izanez gero, haiei laguntza eskaintzeko legez
behartuta dauden pertsonen parte-hartzea zehazteko asmoz, prestazio eta
zerbitzuen finantzaketan, honako faktore hauek neurtuko dira beti:
a) Erabiltzailearen
diru-sarrerak. Erregelamenduz zehaztuko dira baliabide horiek, eta
progresibotasun-irizpideen arabera baloratuko. Nolanahi ere, baloraziotik
kanpo geldituko da ohiko bizileku duen etxebizitza edo ostatua, salbu eta balio
aparta duen etxebizitza denean. Halako kasuetan, etxebizitzaren balio aparta
Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du erregelamendu bidez, Euskal Autonomia
Erkidegoak unean-unean duen egoera ekonomiko eta soziala kontuan izanda.
b) Baliabide ekonomikoak zenbatzeko, kasu hauetan izango da kontuan
bizikidetzako familia-unitatea: familia-unitateko kideak ekonomikoki
zerbitzuaren zuzeneko onuradunaren mende daudenetan, eta zerbitzuaren zuzeneko
onuraduna adingabea denean; kasu horietan bakarrik.
5. Zerbitzuak
ordaintzera behartuta daudenek, baldin eta kasuan kasuko prezio publikoa edo
tasa osorik ordaintzeko nahikoa baliabide ekonomiko ez daukatela egiaztatzen
badute, salbuespenak eta haborokinak izango dituzte.
6. Behartuta egongo dira prezio publikoa
ordaintzera, edo 5. paragrafoan aipatutako hobariak aplikatu ondoren dagokion
diru-kopurua ordaintzera, zerbitzuan sarrera duten pertsona fisikoak eta, adin
txikikoen kasuan, guraso-ahala edo tutoretza dutenak.
Era berean, behartuta egongo dira
ordaintzera, erregelamendu bidez finkatzen diren zehaztapenekin,
ondare-eskualdaketa baten edo batzuen onuradun izan diren pertsonak ere, baldin
eta erabiltzaileek eskualdaketa horiek dohainik eta zerbitzuan sartzea eskatu
aurreko bost urteetan egin badituzte
7. Erabiltzaileak prezio
publikoa edo tasa oso-osorik ordaintzeko nahikoa baliabide ekonomikorik ez
badu, 6. paragrafoan adierazi bezala ordainketa egitera behartuta dauden
pertsonek beren gain har dezaketen kopuruaren eta zerbitzuaren kostua zerbitzua
hornitzeko eskumena duen herri-administrazioak bete beharko du.
8. Erabiltzaileek beti
bermatuta edukiko dute erabilera libreko urteko gutxieneko kopuru bat; kopuru
hori erregelamendu bidez zehaztuko da, zerbitzuen izatasunaren arabera, eta
urtero eguneratuko da. Baldin eta erabiltzailearen diru-sarrera garbiak aurreko
atalean aipatzen den erabilera libreko urteko gutxieneko kopuruaren berdinak
edo txikiagoak badira, prestazioa doakoa izango da kasu horretan ere.
9. Adinekoentzako
egoitza-zerbitzuen kasuan, baldin eta zerbitzuaren erabiltzaileek kasuan kasuko
prezio publikoak edo tasak ordaintzeko nahikoa diru-sarrerarik ez, baina gastu
horiei atxiki dakiekeen ondareren bat badute, finantzaketa-formula
alternatiboak adostu ahal izango dira herri-administrazio eskudunaren eta erabiltzailearen
artean. Formula horiek, betiere, erabiltzailearen ondarearen osotasuna,
erabilera ona eta balorazio zuzena bermatu beharko dute, eta, era berean, zorra
onartzeko prozedurak egituratu ahal izango dira. Ondare horren balorazioan
kontuan hartuko da ohiko etxebizitza kanpo uztea 4.a) paragrafoan ezarritako
moduan.
Zorra kobratzeko, ordaindu behar duen pertsonaren ondasunen
ondare-betearazpena gauzatu behar bada, betearazpen horrek ez du etxebizitza
eraginpean hartuko, baldin eta pertsona horrek erabili behar badu zerbitzuan
baja eman zaiolako, edo etxebizitza hori haren bizikidetza-unitateko beste kide
batzuen helbide ohikoa eta bakarra baldin bada, erregelamendu bidez ezartzen
diren baldintzetan.
10. Zerbitzuak esleitzea
eta zerbitzuok nolako intentsitatez eta zein modalitatetan eskaini behar diren
zehaztea ez dira egongo onuradunaren baliabide ekonomikoen mailaren mende,
baizik eta esku-hartze horren beharrizanaren mende.
11. Baliabide
ekonomikoen maila kontuan hartu beharko da, betiere, kasuan kasuko zerbitzuaren
finantzaketan izan beharreko parte-hartzearen zenbatekoa zehazterakoan, eta ez
daiteke izan, inola ere, zerbitzutik baztertzeko faktorea.
12. Emandako
zerbitzuaren kalitatea ez da zehatu ahal izango, inola ere, zerbitzuaren
kostuan erabiltzaileak duen parte-hartzearen arabera.
58. Artikulua - Erakunde pribatuen
parte-hartze ekonomikoa
1. Erakunde pribatuen parte-hartzea bultzatuko
da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta
ez dauden gizarte-zerbitzuen finantzaketan. Horretarako, besteak beste, erantzukizun sozial korporatiboa
egikaritzea ahalbidetzen duten jarduerak sustatuko dira.
2. Gizarte-zerbitzuen finantzaketan boluntario moduan parte hartzen duten
erakunde pribatuek ere Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan
Estrategikoan jasotako lerroak hartuko dituzte erreferentziatzat, eta arreta
berezia eskainiko diete berrikuntzarekin eta etengabeko hobekuntzarekin
lotutako helburu eta estrategiei.
V.
TITULUA
EKIMEN
PRIBATUAREN ESKU HARTZEA
I.
KAPITULUA
EKIMEN
PRIBATUAREN ESKU HARTZEA
ERANTZUKIZUN PUBLIKOKO GIZARTE ZERBITZUEN
ESKAINTZAN
1.
Atala
Xedapen
orokorrak
59. Artikulua - Zerbitzu eta zentroak
baimentzea eta homologatzea
1. Ekimen pribatuko erakundeek, Gizarte
Zerbitzuen Erregistroan inskribatzeaz gain, kasuan kasuko administrazio-baimena
beharko dute gizarte-zerbitzuen horniketan eta eskaintzan esku hartu ahal
izateko, zerbitzuon izatasunaren eta tipologiaren arabera egokitzen zaizkion
eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak bete ondoren.
2. Erakunde pribatuek, behar bezala
inskribatzeaz eta baimentzeaz gain, aldez aurreko homologazioa ere beharko dute
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman sartutako gizarte-zerbitzuen eskaintzan esku
hartzeko.
3. Aldez aurreko homologazioa nahitaezko baldintza izango da erakunde pribatu
batek gizarte-zerbitzuen horniketa herri-administrazio
batekin hitzartu edo kontratatu ahal izan dezan. Homologazioa lortzeak,
nolanahi ere, ez du ematen eskubiderik itunak edo kontratuak, edo, hala
balegokio, lankidetza-hitzarmenak egitea galdatzeko.
60. Artikulua - Ekimen pribatuaren
parte-hartzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen eskaintzan
1. Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek, beren
eskumenen eremuan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta
Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen eskaintza antolatu ahal izango dute, honako
formula hauen bidez: zuzeneko kudeaketa,
itunak lege honetan aurreikusitako itun-araubidearen bidez, zeharkako kudeaketa
Administrazio Publikoen kontratazioko araudiaren esparruan, eta hitzarmenak
irabazi-asmorik gabeko erakundeekin.
2. Eskarien lehenengo harrerako prestazioak,
bai eta esku-hartzeko oinarrizko prozedura gisa kasuko koordinazioa duten
prestazioei zuzenean lotutakoak ere, bereziki balioespena, diagnostikoa eta
orientazioa, beti zuzeneko kudeaketa publikokoak izango dira, dela lehen mailako
arretaren eremuan, dela bigarren mailako arretarenean.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek, koordinazioko eta lankidetzako,
gizarte-ekimenaren sustapeneko eta baliabideen aprobetxamendu osoko, arrazional
eta eraginkorreko printzipioak aplikatuz, egoki gertatzen denetan,
gizarte-ekimen pribatuak garatzen dituen gaitasunak eta baliabideak
aprobetxatzen ahaleginduko dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio eta zerbitzuen horniketa ziurtatzeko asmoz.
4. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketan,
edo gizarte-zerbitzuen eremuan erantzukizun publikokoak diren beste jarduera
batzuen kudeaketan, esku hartzen duten erakunde pribatuei dagokienez, 7.
artikuluan aurreikusitako jokaera-printzipioak errespetatu beharko dituzten
beren jardunean, arreta berezia eskainiz c) idatz-zatian erregulatutako
berdintasun- eta ekitate-printzipioari. Bereziki, Euskararen Erabilpena
Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Kontsumitzaileen eta
Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoa betetze
aldera, erakunde pribatu horiek beharrezko diren bitarteko guztiak jarriko
dituzte erabiltzaileek euskara edo gaztelania erabili aukeratzeko duten
eskubidea gauzatu ahal izatea bermatzeko.
2.
Atala
Itunak
egitea ekimen pribatuarekin
61. Artikulua - Itun-araubidea
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuak ematen dituzten ekimen pribatuko
erakundeek, horretarako beren titulartasuneko
zentroak dituztenek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman nola parte hartu behar
duten antolatze aldera, itun-araubide bat ezartzen da,
herri-administrazioen kontratu-araudian arautzen diren kontratu-modalitateetatik
bereizia; esparru horretan izango dute erakunde horiek ematen dituzten erantzukizun publikoko zerbitzuek diru
publikoen sostengua.
2. Eusko Jaurlaritzak,
lege honetan ezarritakoaren esparruan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako kide
egiten diren zentro pribatu itunduen araubide juridikoa eta jarduerako
baldintzak ezarriko ditu, eta itun-araubidearen oinarrizko alderdiak arautuko
ditu, bereziki ituna eskuratzeko eskakizunak, itunaren gehienezko iraupena eta
ituna iraungitzeko kausak, bai eta aldeen betebeharrak ere.
3. Administrazioaren
eta erakunde pribatuaren artean sinatutako itunak ezarriko ditu elkarrekiko
eskubide eta betebeharrak, itunaren araubide ekonomikoari, iraupenari,
luzapenari eta azkentzeari, itundutako unitate-kopuruari, behar izanez gero,
eta gainerako baldintzei dagokienez.
62. Artikulua - Itunen xedea
1. Itungai izan daitezke:
a) Plazen erreserba eta okupazioa, herri administrazioek baimendutako
onuradunek bakarrik erabil ditzaten. Zerbitzu horietarako irispidea administrazio
horiek baimenduko dute, azken horiek horretarako aurreikusitako
hautaketa-irizpideak aplikatuz.
b) Prestazio, zerbitzu eta zentroen kudeaketa osokoa.
2. Zerbitzu eta/edo zentro bat baino gehiago
biltzen duen itun bakar bat izenpetu ahal izango da, betiere titular bera
badute.
63. Artikulua - Itunen ondorioak
1. Itunak honetara
behartzen du ituntzen duen erakunde pribatuko titularra: prestazio eta
zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen
Karterak finkatutako baldintzetan hornitzera, hain zuzen ere.
2. Doakoak ez diren
prestazioek ezin izango dute eduki irabazizko izaerarik, eta erabiltzaileei
ezin izango zaie diru-kopururik kobratu, ezarritako prezio publikotik aparte,
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari dagozkion prestazioengatik. Erabiltzaileei
14.5 artikuluan aurreikusitako prestazio osagarriengatik, hitzartutako prezio
publikoetatik aparte, beste diru-kopuru bat kobratu ahal izateko, administrazio
eskudunaren baimena beharko da.
Hitzartutako prezio publikoak kobratu behar direnean, erakunde
pribatu itunduak lankide izango dira bilketan, baina zerbitzua emateko eskumena
duen administrazioa izango da bildutakoaren azken hartzailea
64. Artikulua - Itun-araubidea eskuratzeko eskakizunak
1. Itun-araubidea
eskuratu ahal izateko, erakunde eskatzaileek, gainera, itunak ezartzeko
erregelamendu bidez ezartzen diren eskakizunak bete beharko dituzte, eta
betiere honelako arreta eskainia izan beharko diote, zerbitzuaren izatasunaren
arabera zehazten den denboran zehar, antzeko beharrizanak dituzten pertsona,
familia eta/edo taldeei, hau da, zerbitzuaren edo zentroaren hartzaile direnen
antzeko beharrizanak dituztenei, ituna zerbitzu edo zentro horietarako eskatzen
badute, eta zerbitzua eman behar duten eremuan aldez aurretik egon direla
egiaztatu beharko dute.
2. Betiere, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Karteran finkatutako
baldintzak betetzen direla ziurtatzeko nahikoa bitarteko eta baliabide
daukatela egiaztatu beharko dute, bai eta, oro har edo berariaz, aplikaziokoak
zaizkion arauak betetzen dituztela ere, dela erakundearen izaera juridikoaren
izaeraren arabera, dela itungai den zerbitzu-motaren arabera.
3. Plazen okupazioko
edo erreserbako itunak egiten dituzten erakundeek, betiere, zentroaren
titulartasuna egiaztatu beharko dute, erabilera- eta gozamen-eskubide erreala
izan beharko dute zentroaren gainean, eta eskubide hori, betiere, ez da izango
itunaren indarraldia baino laburragoa. Zentroaren titularra lokalaren edo
eraikinaren jabea ez bada, egiaztatu beharko du jabearen baimena daukala lokal
edo eraikin hori itunaren xederako bideratzeko.
4. Era berean,
itun-araubidea eskuratzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute, beren
antolaketan, funtzionamenduan eta esku-hartzean, berdintasuneko printzipioa
erabat errespetatuz jarduten dutela, genero-ikuspegiaren egiazko integrazioaren
eta helburu horretara bideratutako berdintasuneko neurri edo planen
egituraketaren bitartez, zehazki familia eta lana uztartzeko neurrien bitartez.
65. Artikulua - Diskriminazio positiboko neurriak
1. Itunak
ezartzerakoan, administrazio publikoek lehentasuna emango diete,
eraginkortasuneko, kalitateko eta kostuko baldintza antzekoak daudenean,
irabazizko izaerarik ez duten gizarte-zerbitzuak eskaintzen diharduten
erakundeei.
2. Era berean, ituna
eskatzen duen erakundearen forma juridikoa alde batera utzita, diskriminazio
positiboko neurriak aplikatuko dira, besteak beste, hain ibilbidean, honako
neurri hauek benetan aplikatu dituzten erakundeentzat:
a) Jardueraren emaitza ekonomikoak ituntzea eskatu duten zerbitzu eta
zentroen etengabeko hobekuntzara bideratu izana, eta hori egiteko hitza ematea
ituna indarrean dagoen bitartean.
b) Gizarte-egoera bereziki ahuleko pertsona, familia eta/edo taldeei
zuzendutako zerbitzuak eskaintzea edo zentroak kudeatzea.
c) Itundu beharreko zerbitzuari edo zentroari balioa eranstea,
zerbitzuaren hartzaile diren pertsona, familia eta/edo taldeei zuzendutako
beste prestazio, zerbitzu edo jarduera batzuekin lortzeko.
d) Itundu beharreko zerbitzurako edo zentrorako pertsonal
kontratatuaren ratio ezarriak hobetzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
Prestazio eta Zerbitzuen Karteran.
e) Erasandako pertsonen parte-hartzea eta gizarte-boluntariotzako jarduerak
aurreikustea, elkarlaguntzako jardueren bidez, zerbitzuaren edo zentroaren
hartzaile diren pertsona, familia eta/edo beharrizanak artatzeko.
f) Zuzendaritzako organoetan emakumeak % 40tik gora izatea.
g) Familia- eta lan-bizitza
uztartzera zuzendutako neurriak aplikatzea.
h) Ahalmen-urrituak lanean,
legeek agintzen dutenetik harago, benetan integratzeko neurriak aplikatzea.
i) Ingurumena babesteko,
zaintzeko eta berrezartzeko neurriak aplikatzea.
j) Kalitatea bermatzeko edo
etengabe hobetzeko sistemak aplikatzea.
k) Lan-baldintzak hobetzera
zuzendutako neurriak aplikatzea.
66. Artikulua - Itun-araubidearen finantzaketa
1. Itundutako
zerbitzuak mantentzera bideratzen diren funts publikoen zenbateko osoa, kasuan
kasuko administrazioaren aurrekontuetan ezarriko da.
2. Zenbateko oso hori
banatzerakoan, urtero finkatuko dira itundutako prestazio eta/edo zerbitzu
bakoitzari dagozkion modulu ekonomikoen zenbatekoak.
67. Artikulua - Itunen iraupena, aldaketa,
berriztapena eta azkentzea
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko prestazio eta zerbitzuen horniketarako
itunak, betiere, urte askoko oinarri baten gainean ezarri beharko dira,
prestazio eta zerbitzuen horniketan egonkortasuna ziurtatzeko; dena dela, prestazio
eta zerbitzu horien indarraldia agortu aurretik, berrikusi eta, behar izanez
gero, aldatu behar diren alderdiak zehaztuko dira.
2. Itunak berritu ahal izango dira, hasierako
iraupen-epearen berdina den aldi baterako, betiere hala aurreikusita badago.
3. Behin, edozein kausa dela eta, itunaren
indarraldia amaituz gero, Administrazio Publikoek bermatu beharko dute
itundutako prestazio eta zerbitzuen erabiltzaileek ez dutela kalterik jasango
ituna amaitzeagatik.
68. Artikulua - Itunen formalizazioa
Itunaren
formalizazioa kontratu-programa batzuetan gauzatuko da. Erregelamendu bidez
ezartzen diren alderdiez gain, honako hauek zehaztuko dituzte kontratuok:
a) Itunaren
xedea zehaztea eta jardueraren bolumen osoa zenbatestea.
b) Iraupena,
iraungitzeko kausak, eta ituna aldatzeko eta berritzeko prozedura.
c) Itundutako
erakundea mantentzeko, kasuan kasuko modulu ekonomikoen arabera,
Administrazioak izendatzen duen kopuru osoa.
d) Ordainketen
aldizkakotasuna eta ordainketak egiteko prozedura, eta gastuak justifikatzekoa.
e) Segimendu,
kontrol eta auditoretzako prozedura eta mekanismoak, Administrazioaren aldetik.
f) Aldeek bere gain hartzen dituzten
betebeharrak.
3.
Atala
Lankidetzako
esparru-hitzarmen eta -akordioak
69. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoan sartutako zerbitzuak kudeatzeko hitzarmenak
Euskal
Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek
hitzarmenak ezar ditzakete irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko
erakundeekin, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoan sartutako
prestazio eta zerbitzuen horniketarako; baldin eta, erakundearen jarduera edo
dagokion prestazioa edo zerbitzua berezia, premiazkoa, berritzailea edo
esperimentala izaki, itun-araubidea aplikatzea komeni ez bada, ituna nola
arautu den aintzat hartuta, eta betiere hori behar bezala egiaztatzen bada.
Aurrekoa
gorabehera, aplikatzekoak izango zaizkie hitzarmen horiei itun-araubideari
dagozkion ezaugarri eta eskakizun guztiak, hitzarmen izatasunarekin bateraezinak
gertatzen ez badira; batik bat, aplikatzekoak izango dira modulu ekonomikoak,
eskuratzeko eskakizunak eta diskriminazio positiboko neurriak arautzen dituzten
arau-xedapenak.
Aurreko
ataletan aipatzen diren hitzarmenak, kontratu-programen bidez formalizatu behar
dira, 68. artikuluan itunetarako aurreikusitako
baldintzetan.
70. Artikulua - Lankidetzako
esparru-akordioak
Euskal
Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek
lankidetzako esparru-akordioak ezarri ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko
erakundeekin. Akordio horiek honako hauek jasoko dituzte: direla katalogoan sartutako zerbitzuak
eskaintzeko erakundearekin ezartzen diren itun, hitzarmen edo kontratuak,
direla katalogoan sartu gabeko gizarte-zerbitzuak
eskaintzeko edo kasuan kasuko administrazio publikoak sustatzea egokitzat edo
bidezkotzat hartzen dituen beste jarduera batzuk egiteko erakunde horiekin
izenpetzen diren lankidetzako hitzarmenak.
4.
Atala
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketa kontratatzea eta
gizarte-zerbitzuen eremuko erantzukizun publikoko beste jarduera batzuk
kontratatzea
71. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen kudeaketa eta gizarte-zerbitzuen
eremuko erantzukizun publikoko beste jarduera batzuk kontratatzea
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoko zerbitzuen zuzeneko kudeaketa aukeratzen ez dutenean,
zerbitzuen zeharkako kudeaketara jo ahal izango dute, zerbitzuon izatasuna edo
izaera berritzailea dela eta, itun-araubidera jotzea ezinezko gertatzen denean.
2. Katalogoko zentro
eta zerbitzuen zeharkako kudeaketa hori herri-administrazioen kontratuak
arautzen dituzten araudietan zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetarako
aurreikusten diren xedapenetara egokitu behar da. Kontratu horiek
kontratu-programen bidez formalizatuko dira, 68. artikuluan itunetarako
aurreikusten diren baldintzetan.
3. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek, gainera, zerbitzu eta zentroen kudeaketaz
besteko jarduera batzuk egitea kontratatu ahal izango dute titulartasun
publikoko erakundeekin.
72. Artikulua - Gizarte-klausulak, diskriminazio
positiboko neurriak eta kontrataziorako beste irizpide batzuk
1. Administrazio
Publikoek, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen
Katalogoko zerbitzuak kudeatzeko kontratuak esleitzeko prozeduretan,
gizarte-klausula batzuk erantsiko dituzte. Besteak beste, honi egingo diote
erreferentzia klausulok: erakundearen aldetik arreta jarraituko eskakizuna
betetzeari, zerbitzuaren izatasunaren arabera zehazten den denboran zehar,
antzeko beharrizanak dituzten pertsona, familia eta/edo taldeei, hau da,
zerbitzuaren edo zentroaren hartzaile direnen antzeko beharrizanak dituztenei
arreta jarraitua, zerbitzu edo zentro horien kudeaketa esleitu nahi bada, eta
bereziki aintzat hartuko da zerbitzua eman behar duen eremuan aldez aurretik
egon bada.
Gizarte-klausula horiek esleipenerako eskakizuna izango dira,
eta ez dira, inola ere, merezimendu soiltzat balioetsiko.
2. Zerbitzu publikoak
kudeatzeko kontratuak ezartzerakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioek lehentasuna emango diete, eraginkortasuneko, kalitateko
eta kostuko baldintza antzekoak daudenean, irabazizko izaerarik ez duten
gizarte-zerbitzuak eskaintzen diharduten erakundeei.
Era berean, erakunde horren forma juridikoa alde batera
utzita, diskriminazio positiboko neurriak aplikatuko dira, besteak beste, honako
ezaugarri hauek biltzen dituzten erakundeen alde:
a) Jardueraren emaitza ekonomikoak kontratugai diren zerbitzu eta
zentroen etengabeko hobekuntzara bideratzea.
b) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazioen eta Zerbitzuen Karteran
ezartzen diren ratioak hobetzea.
c) Zerbitzuaren eskaintzari edo zentroaren kudeaketari lotutako
kostuak gutxitzen laguntzea, beste zerbitzu edo zentro batzuen erabilera
konbinatuaren bidez.
d) Erasandako
pertsonen parte-hartzea egituratzea, elkarlaguntzako jardueren eta
gizarte-boluntariotzako jardueren bidez.
e) Zuzendaritzako
organoetan emakumeak % 40tik gora izatea.
3. Zerbitzu eta zentroen kudeaketaz besteko
erantzukizun publikoko jardueren kontratazioan, aurreko artikuluko 3.
paragrafoan aipatuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lehentasuna emango diete
irabazi-asmorik ez duten gizarte-zerbitzuetako erakundeei, zein ere den horien
forma juridikoa (elkarteak, fundazioak, gizarte-ekimeneko kooperatibak edo
irabazi asmorik gabeko beste erakunde
batzuk), eraginkortasun, kalitate eta kostu aldetik antzeko baldintzak
daudenean.
II.
KAPITULUA
IRABAZI ASMORIK GABEKO GIZARTE EKIMENARI BABES PUBLIKOA EMATEA
73. Artikulua - Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenari
eman beharreko babesa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta
Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta
gizarte-zerbitzuen eremuko beste jarduera batzuk egiteko
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio
eta Zerbitzuen Katalogoan sartuta ez dauden beste prestazio eta zerbitzuak
eskuratzea sustatu eta/edo babestu ahal izango dute, bai eta gizarte-zerbitzuen
eremuko beste jarduera batzuk egin daitezen sustatzea ere, betiere Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen plangintza estrategikoak ezarritako
jardunbide orokorretara egokitzen badira eta irabazi-asmorik gabeko
gizarte-ekimeneko erakundeek garatzen badituzte, zein ere den horien forma
juridikoa (elkarteak, fundazioak, gizarte-ekimeneko kooperatibak edo
irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk).
2. Bereziki
aintzat hartuko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitakorako, honako jarduera
hauek:
a) pertsonak artatzeko prestazio eta zerbitzu berriak martxan jartzearekin
lotuta dauden jarduera berritzaile eta esperimentalak;
b) elkarte-sarea babesteko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko
jarduerak;
c) plangintza hobetzera, zerbitzuen antolaketako eta arretaren eskaintzako
kalitatea bermatzera eta hobetzera, eta praktika profesionalak hobetzera
zuzenduta dauden ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerak.
3. Aurreko paragrafoan
aurreikusitakoa, dirulaguntza edo hitzarmenen esparruan egituratu ahal izango
da, eta azken horiek urte askoko izaera eduki dezakete.
74. Artikulua - Irabazi-asmorik gabeko erakundeak
1. Gizarte-zerbitzuen
eskaintzan diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, kasuan kasuko forma
juridikoen berariazko legerian aurreikusitako baldintzetan herri-onurakotzat
aitortuak izatearen kalterik gabe, gizarte-interesekotzat aitortuak ahal izango
dira, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak biltzen dituztenean.
2. Gizarte-intereseko
aitorpena Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio, gizarte-zerbitzuen arloko
eskumena duen sailak proposatuta.
3. Gizarte-interesekotzat
aitortutako erakundeek lehentasuna izango dute diru laguntzak eta laguntzak
jasotzerakoan, baldin eta haien jardueretan eraginkortasuna eta kalitatea
egiaztatzen badute.
75. Artikulua - Elkarlaguntzako eta
gizarte-boluntariotzako antolakundeak
1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek elkarlaguntzako
antolakundeak eta gizarte-boluntariotzako jarduerak sustatuko dituzte.
2. Lege honen ondorioetarako, elkarlaguntzako
antolakundetzat ulertuko dira irabazizko izaerarik ez duten erakundeak, baldin
eta beren bazkideak, nagusiki, beharrizaneko edo zailtasuneko egoera bati
zuzenean aurre egiten dioten pertsonak eta/edo haien senitartekoak badira.
VI.
TITULUA
GIZARTE
ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMA GARATZEA ETA HOBETZEA
I. KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUEN EUSKAL SISTEMAREN KALITATEA:
INFORMAZIOA, EBALUAZIOA, IKERKETA ETA PRESTAKUNTZA
76. Artikulua - Xedapen orokorra
1. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemak sistema hori osatzen duten prestazio, zerbitzu, programa eta
jardueren kalitatea hobetzera bideratutako jarduerak sustatu beharko ditu,
honako tresna hauen bitartez:
a) Gizarte
Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema diseinatzea, abian jartzea eta
iraunaraztea.
b) Kalitatearen
ebaluazioko eta etengabeko hobekuntzako sistemak aplikatzea.
c) Gizarte-zerbitzuetako
ikerketa, bai eta ikerketako eta garapeneko eta ezagutzaren kudeaketako
ekimenak ere, sustatzea eta bultzatzea.
d) Gizarte-zerbitzuetako
profesionalen prestakuntzaren etengabeko hobekuntza.
2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren tresna
eta prozedurak berariaz jasoaraziko dira Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan.
77. Artikulua - Gizarte Zerbitzuen Euskal
Behatokia
1. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuaren
arloko eskumena duen sailari atxikita, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia
sortuko du, gizarte-zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta hobetzeko beharrezko diren
neurriak sustatzeko xedearekin.
2. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren
egitura erregelamendu bidez zehaztuko da, eta, betiere, hurrengo paragrafoan
jasotzen diren eginkizunak garatzeko arlo berezitu eta espezializatuak eduki
beharko ditu.
3. Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak, honako
eginkizun hauek garatuko ditu:
a) Ebaluazioko
prozesu egiaztatuen eta kalitatearen etengabeko hobekuntzako metodoen
aplikazioa sustatzea, beharrizanen gogobetetzean eta zerbitzuen
funtzionamenduan, kudeaketan zein zuzeneko arretan, gertatzen diren
disfuntzioak edo defizitak zehazten laguntzeko; betiere gai honetan lortutako
emaitzen aitorpen publikorako formulak eta bideak ezarri ahal izango dira
b) Eremu
honetan garatzen diren jarduerak koordinatzea, emaitzen alderagarritasuna
bermatzen duten ebaluazioko tresnen erabilera errazteko.
c) Gizarte-zerbitzuetako profesionalak, eta
bereziki zerbitzuetan eta zentroetan lan egiten dutenak, beren praktika
profesionalak duen alderdi etiko eta bioetikoari dagokionez sentsibilizatzea.
Hartarako, prestakuntza-programak eta ikerketa-ekimenak sustatu daitezke, bai
eta Euskal Autonomia Erkidegoan ari diren etika-batzordeen jardunetik
ondorioztatutako gomendioak eta jokaerazko jarraibideak jakinarazteko eta
hedatzeko bideak ere.
d) Gizarte-zerbitzuen eremuko ikerketako jardunbideak garatzea,
Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan ezartzen diren lehentasunen esparruan,
eta arreta berezia eskaintzea gizarte-aldaketak eragiten dituzten kausa eta
faktoreen azterketari, beharrizanen detekzioari eta eskariaren analisiari,
plangintzako xedeekin, bai eta zerbitzuak aztertzeari ere, arretaren kudeaketa
kostu eta kalitateari dagokienez, zerbitzuon etengabeko hobekuntza sustatzeko
eta zerbitzuon garapena eta bilakaera bideratzeko
78. Artikulua - Profesionalen prestakuntza eta gaikuntza
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek elkarren artean koordinatuko dira, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sisteman esku hartzen duten eragile eta profesionalen
prestakuntza sustatzeko eta planifikatzeko. Eusko Jaurlaritzak, bereziki, bere
gain hartuko ditu sarrerako irizpideen eta tresna erkideen interpretazioari eta
aplikazioari lotutako prestakuntza-ekintzen kudeaketa.
Eginkizun horiek garatzeko, unibertsitateen lankidetza izango
dute, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitatearena, bai eta jardun-eremu honetan
parte hartzen duten beste eragile batzuena ere.
2. Gizarte-zerbitzuetako
prestakuntza, zerbitzuon eskaintzan diharduten profesionalen gaikuntza
hobetzera eta egokitzera zuzenduko da, profesional horien ezagutzak, ahalmenak
eta gaitasunak indartuz, gizarte-laguntzaren kalitatea, eraginkortasuna eta
efizientzia hobetzeko. Bereziki, honako hau zainduko da: gizarte-zerbitzuetan
esku hartzen duten langile guztien prestakuntza oinarrizko, mailakatu eta
iraunkorrerako neurriak hartzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan.
3. Eusko Jaurlaritzak
zehaztuko ditu Prestazio eta Zerbitzuen Katalogoa aplikatzeko beharrezko diren
jarduera profesionalak gauzatzeko egokienak diren gaikuntza profesionalak.
4. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek, Lanbide Heziketan Gaitasuna eta Kalitatea
Ebaluatzeko Euskal Agentziarekin edo erabakitzen den beste organo batekin
lankidetzan eta koordinazioan arituz, beharrezko diren neurriak eta bideak
hartuko dituzte, laguntzeko sare informal eta soziofamiliarretik arreta egiteko
eginkizunetan lortutako gaitasunak errekonozitzea faboratzeko, Kualifikazio
Profesionalen Sisteman eremu horretarako definitutako kualifikazio
profesionaletara iristea erraztuz.
II. KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUEI BURUZKO INFORMAZIOKO EUSKAL SISTEMA
79. Artikulua - Gizarte Zerbitzuei buruzko
Informazioko Euskal Sistema
1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskal
Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen multzoaren magnitude nagusien ezagutza
eguneratua bermatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak, eskumena duen sailaren bitartez, Gizarte Zerbitzuei
buruzko Informazioko Euskal Sistemaren abian jartzea, iraunaraztea eta eguneratze etengabekoa diseinatuko eta bermatuko
ditu, datuen iraulketa etengabekorako beharrezko diren sare eta gailu
informatiko eta telematikoen egituratzearen
bidez.
2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako
ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekiko eta udalekiko
koordinaziorako duen eskumena erabiliz jardungo da, bai eta erakunde
pribatuekin ere, dela Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman jarduten dutenean,
dela han jarduten ez dutenean.
3. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa beteaz,
foru-aldundiek eta udalek, bai eta erakunde pribatuek ere, Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sisteman integratutako zerbitzu eta prestazioen mailen segimendua
eskaintzeko informazio gaurkotua eta beharrezko datuak igorriko dizkiote Eusko
Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari, Prestazio eta
Zerbitzuen Karteran aurreikusitakoari erantzunez; hartara, orobat zaindu ahal
izango du zerbitzu eta prestazio horiek zenbateraino egokitzen zaizkien Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrak gizarte-zerbitzuen
plangintzaren eta programazioaren inguruan ezartzen dituen eskakizunetara.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak gizarte-zerbitzuen horniketari buruzko
dokumentuak, datuak eta txostenak, bidezko geratzen direnak, eskuratu ahal
izango ditu. Informazio hori bildu, baliatu eta erabiltzeko orduan, datu
pertsonalak babestearen arloko araudiak aurreikusitakoari jarraituko zaio.
4. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek eta 2. paragrafoan aipatzen
diren erakunde pribatuek, gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko
Euskal Sistemaren funtzionamendu onerako eta etengabeko eguneratzerako
beharrezko den informazioa bidali beharko dute, erregelamendu bidez zehazten
diren baldintzetan eta aldizkakotasunekin. Jarduera itundu edo hitzartuei buruzko
informazioa, kasuan kasuko zerbitzuaren eta prestazioa bete behar duen administrazio arduradunak igorriko du. Itun, kontratu edo hitzarmenen
esparruan jarduten ez duten erakunde
pribatuen kasuan, lankidetzako betebehar hori zuzenean funtzionamenduko baimenetik
ondorioztatzen da.
5. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuetan
eskumena duen sailaren bitartez, txostenak egin ahal izango ditu, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta sistema horren garapeneko eta ezarpeneko
mailaren inguruan jasotako informazioan oinarrituz, eta informazio hori Gizarte
Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari
eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari jakinaraziko die.
6. Euskal
estatistika-antolakundea osatzen duten organo eta erakundeek, maila
operatiboan, Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistemaren esku
dauden banakako datuak eskuratu ahal izango dituzte, estatistika ofizialak
egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko
4/1986 Legean ezartzen diren baldintzetan eta moduan. Nolanahi ere, estatistika
ofizialak egiten direnean, generoko ikuspegia modu eraginkorrean integratzea
bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005
Legean xedatzen den moduan.
III. KAPITULUA
KOMUNIKAZIOA
80. Artikulua - Izendapeneko erreserba
1. Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioentzat erreserbatuta geratzen dira, haiek
bakar-bakarrik erabiltzeko, bakoitzak bere eskumenen esparruan, bai sailen
izendapenak edo Sistemaren kudeaketan esku hartzen duten beste administrazio-atal
batzuenak, bai honako adierazpen hauek: "Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistema", "Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan
Estrategikoa", "Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen
Mapa", "Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta Zerbitzuen
Katalogoa", "Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazio eta
Zerbitzuen Kartera", "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak",
"Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema",
"Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia", "Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako Gizarte Fitxa", "Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren Arreta Pertsonalizatuko Plana", adierazpen horien zernahi
formatan edo konbinaziotan.
2. Gizarte-zerbitzuen
eremuan esku hartzen duten erakunde pribatuek ezin izango dute erabili Gizarte Zerbitzuen
Euskal Sistemako prestazio, zerbitzu eta programekin nahasbidea eragin dezakeen
izendapenik.
81. Artikulua - Ikur bereizgarria
Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sisteman integratutako zerbitzuak, zerbitzuon horniketarako
eskumena duen herri-administrazioaren ikur edo anagramen bidez identifikatuko
dira.
Era berean, sistema horretako kidetasuna
adierazteko prozedura bat antolatuko da, sistemaren irudia sendotzen laguntzeko
eta biztanleriak oro har sistema hori badagoela jakin dezan sustatzeko.
VII.
TITULUA
IKUSKARITZA ETA ARAU HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN ARAUBIDEA
I.
KAPITULUA
GIZARTE ZERBITZUETAKO ZERBITZU ETA ZENTROEN GOI
IKUSKARITZA
82. Artikulua - Esparrua
Eusko
Jaurlaritzari dagokio gizarte-zerbitzuen arloko goi-ikuskaritza egitea, 2.
artikuluan aldarrikatutako eskubide subjektiboa benetan erabiltzen dela eta
aplikagarri den ordenamendu juridikoa bete eta gordetzen dela bermatzeko.
83. Artikulua -
Eginkizunak
1. Goi Ikuskaritzari,
bere eginkizunetan diharduela, honako hauek dagozkio:
a) Gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzen duten oinarrizko
baldintzak betetzen direla zaintzea.
b) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak ematen dituen zerbitzu eta prestazioen
maila nola egokitzen zaien Prestazio eta Zerbitzuen Karteran ezarritako
baldintzei begiratzea.
c) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren antolamendu orokorrean
ezarritako baldintzak nola betetzen diren gizarte-zerbitzuen plangintza eta
programazioari, erakunde zerbitzu-emaileak baimentzeari eta ikuskatzeari eta
balorazio- eta diagnostiko-eginkizunei dagokienez begiratzea.
d) Itunak eta gizarte-zerbitzuen kudeaketarako kontratuak nola
egokitzen zaizkien lege honetan eta bere garapen-xedapenetan ezarritako
baldintzei dagokienez egiaztatzea.
2. Goi Ikuskaritzaren
egitekoa ez da gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboaren erabilerari
buruzko kexak banan-banan aztertzea.
84. Artikulua - Jarduera
1. Goi Ikuskaritzako
langileek, beren eginkizunetan dihardutela, agintaritza publiko gisa jardungo
dute ondorio guztietarako eta agintariei eta egoki iritzitako pertsona fisiko
eta juridikoei eskatu ahal izango diete beharrezko duten laguntza beren
eginkizunak betetzeko.
2. Gizarte Zerbitzuen
Euskal Kontseiluari eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari emango
zaie Goi Ikuskaritzak burututako jardueren berri, bai eta egindako txosten eta
irizpenen berri ere.
85. Artikulua - Funtzionamendu-araubidea
eta lankidetzako betebeharra
1. Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen
arloan eskumenak dituzten gainerako herri-administrazioei entzun ondoren, Goi
Ikuskaritzaren funtzionamendu-araubidea eta jarduteko prozedurak arautuko ditu.
2. Goi Ikuskaritzak ahalmena du, bere
eginkizunetan diharduela, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek
hornitzen dituzten gizarte-zerbitzuei buruzko dokumentu, datu estatistiko eta
txostenak ikusteko, bai eta beharrezkotzat jotzen dituen azalpen guztiak
eskatzeko ere. Goi Ikuskaritzari laguntzeko eta haren egitekoa errazteko
betebeharra izango dute ikerketa pean dauden pertsona fisiko eta juridiko
guztiek; laguntzarik ez ematea eta egiaztatze- eta ikuskatze-jarduerei
eragozpenak edo trabak ipintzea oztopatzea dela ulertuko da.
86. Artikulua - Antolamendua eta langileen
araubidea
1. Goi Ikuskaritza gizarte-zerbitzuen arloan
eskuduna den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.
2. Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu Gizarte
Zerbitzuen Goi Ikuskaritzako antolamendua eta langileen araubidea.
II.
KAPITULUA
ARAU HAUSTEEN ETA ZEHAPENEN ARAUBIDEA
87. Artikulua - Administrazio-erantzukizuna
1. Gizarte-zerbitzuen arloko arau-hausteen
subjektu arduradun izango dira lege honetan tipifikatutako arau-hausteak
eratzen dituzten egintzak eta ez-egintzak egozgarriak zaizkien pertsonak fisiko
eta juridikoak.
Euskal Autonomia
Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko
2/1998 Legearekin bat etorrita, erantzulea pertsona juridiko bat denean, zigortu nahi den egintza edo
ez-egite zehatz horretan pertsona horren borondatea eratu duten pertsona
fisikoarena edo pertsona fisikoena izango da erantzukizuna. Kasu hauetan,
ezingo dira zigortu, arau-hauste berarengatik, pertsona fisiko horiek.
2. Zentro eta zerbitzu publikoetako
erabiltzaileak ere arduradun izango dira lege honetan ezartzen diren
baldintzetan.
3. Lege honetatik
ondorioztatzen diren administrazio-erantzukizunak kasu guztietan galdatuko
dira, alde batera utzita arau-hauslea bere jardueran zein erantzukizun zibil,
penal edo lanekotan erori den.
Administrazio-erantzukizuna eratzen duten egiteak, gainera,
Zigor Kodean delitutzat edo hutsegitetzat tipifikatu badaitezke, eten egin
beharko da zehapen-espedientearen izapidetzea, kasuan kasuko ebazpen judiziala ematen
den arte. Hala ere, lege honen 96. artikuluaren indarrez onartutako
behin-behineko neurriek indarrean jarraituko dute, neurriok hartzeko kausek
irauten duten bitartean.
88. Artikulua - Arau-hausteak
1. Gizarte-zerbitzuen
arloko administrazio-mailako arau-hausteak dira subjektu arduradun guztien
egintzak eta ez-egintzak, lege honetan tipifikatutako lege- eta
erregelamendu-araudiaren aurkako egintza eta ez-egintza guztiak, ordenamendu
juridikoko gainerako arauetan jasotakoei kalterik egin gabe.
2. Arau-hausteak
honela kalifikatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak, babesgai diren
ondasun juridikoen garrantziari eta jasotako jokabideetatik ondorioztatzen den
lesioari edo lesio-arriskuari erantzunez.
89. Artikulua - Arau-hauste arinak
Hauek
dira arau-hauste arinak:
1. Gizarte-zerbitzuen
eskaintzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:
a) Gizarte-zerbitzuen arloko araudi aplikagarria ez betetzea,
gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen gain kalte zuzenekorik eta zehatzik
ondorioztatzen ez denean, eta ez-betetze hori arau-hauste larritzat edo oso
larritzat tipifikaturik ez dagoenean.
b) Ezarritako
epeetan, titulartasun- edo plantilla-aldaketak ez jakinaraztea.
c) Egoeran,
funtzionamenduan, garbitasunean edo higienean akatsen bat duten lokal,
instalazio, altzari edo tresnak iraunaraztea, baldin eta hortik ez bada inolako
arriskurik ondorioztatzen erabiltzaile edo profesionalen osotasun fisikorako
edo osasunerako.
d) Zerbitzuaren
izatasunaren eta motaren arabera, erabiltzaileek barne-erregelamendu bat edo
iradokizun eta kexuen prozedura bat edukitzeko duten eskubidea haustea, bai
eta, hala badagokio, ordaindu behar duen parte-hartzeko ekonomikoaren
zenbatekoa ezagutzeko eskubidea haustea ere.
e) Sorospen
desegokia eskaintzea, hortik erabiltzailearentzako kalterik ondorioztatzen ez
bada.
f) Horrela
eskatzen den zerbitzuetarako, erabiltzaileen erregistro bat ez edukitzea edo
behar bezala eguneratuta ez edukitzea.
g) Pertsonek zerbitzuan duten parte hartzea errazteko bide egokirik ez
edukitzea, 46. artikuluaren 2.b) paragrafoan adierazitako baldintzetan.
h) Egoitza-zerbitzuen kasuan, erabiltzaileekin kasuan kasuko kontratua
ez izenpetzea.
2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazioen
onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:
a) Zerbitzuen
erabiltzaileen edo prestazio ekonomikoen onuradunen aldetik, ezarritako arau,
eskakizun eta prozedurak ez betetzea, bai eta gizarte-zerbitzuen programa eta
jarraibideak ez jarraitzea, halako eran, non gizarte esku-hartzearen xedea
desitxuratzen den.
b) Zuzendaritzako arduradunari, zerbitzuko edo zentroko pertsonaleko
kideei, erabiltzaileei eta bisitariei zor zaien begiruneari arinki huts egitea.
c) Instalazioak modu desegokian erabiltzea edo zerbitzuko jarduerak
asaldatzea, bizikidetzako eta elkarrekiko errespetuko arauak aldaraziz eta
bizikidetzari kalte eraginez.
d) Erabiltzaileentzako eta profesionalentzako barne-erregelamenduan
jasotzen diren betebeharrak ez betetzea, betetze hori, bere izatasunagatik eta
larritasunagatik, larritzat edo oso larritzat tipifikatua izan ez denean.
90. Artikulua - Arau-hauste larriak
Hauek
dira arau-hauste larriak:
1. Gizarte-zerbitzuen
eskaintzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:
a) Gizarte-zerbitzuen
hartzaileei, berdintasuneko baldintzetan irispidea eragoztea.
b) Erabiltzaileen
datu pertsonal, familiar edo sozialen konfidentzialtasun-beharra eta
erreserba-beharra ez betetzea.
c) Erabiltzaileen
duintasunerako eta intimitaterako eskubidea ez zaintzea.
d) Erabiltzaileen arreta pertsonalizatuko plana prestatzeko
betebeharra ez betetzea, aplikatu beharrekoa den kasuetan, edo plan hori
horretarako ezarritako legezko xedapenak bete gabe aplikatzea, bereziki honako
gai hauei dagozkienetan: kasuaren balioespena eta erabiltzaileen parte-hartzea
eta, behar izanez gero, senitartekoen parte-hartzea planaren balioespeneko eta
diseinuko prozesuan, eta erreferentziako profesional baten izendapenean.
e) Zerbitzu edo egoitza-zentro batean sartzeko, egoteko edo irteteko
banakako askatasuna egikaritzea eragoztea, salbu eta indarreko legeriak
adingabekoentzat eta ezgaituentzat horretarako ezarritakoa.
f) Erabiltzaileei ez eskaintzea arretako osokotasuneko eta
jarraipeneko printzipioen araberako arreta.
g) Zerbitzuen prezio-araubidea ez betetzea edo aldaraztea, jakinarazi
gabe edo bidezko administrazio-baimena lortu gabe, Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sisteman integratutako zerbitzu edo zentro bat denean.
h) Zentro edo zerbitzu bat ixtea, jakinarazi gabe edo bidezko
administrazio-baimena lortu gabe, baldin eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman
integratutako zerbitzu edo zentro bat bada.
i) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gizarte-zerbitzu gisa
jardutea, beharrezko homologazioa eduki gabe.
j) Zentro edo zerbitzuak irekitzea eta funtzionamenduan edukitzea
baimen egokirik eduki gabe, erabiltzaile edo profesionalen osotasunerako edo
osasunerako kalterik gabe.
k) Baimena eta/edo homologazioa emateko beharrezko diren begiztapeneko
jardunetatik ez pasatzea, oztopatzea edo eragoztea.
l) Ikuskatze-jardueratik ez pasatzea, oztopatzea edo eragoztea.
m) Zerbitzuaren tipologiaren arabera aplikagarri diren eskakizun
material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen dituzten araudiak ez betetzea.
n) Eraikinetako edo eraikinen barrunbeetako egitura fisikoan funtsezko
aldaketak egitea, baldin eta baimena iraunarazteari edo ezabatzeari dagokionez
aldaketa horiek eraginik izan badezakete.
ñ) Zentroetako plaza-kopurua aldez aurreko baimenik gabe gehitzea.
o) Egin beharreko zuzenketei buruz kasuan kasuko ikuskatzaileak
emandako aginduak ez betetzea.
p) Gizarte-zerbitzuetako zentro edo establezimenduei baimena eta
homologazioa emateko funtsezkoak diren alderdiak doloz aldaraztea.
q) Egokia
ez den sorospena ematea, erabiltzaileari kalte handiak eraginez.
r) Legeak
edo erregelamenduak onartutako eskubideen gozamena zailtzea edo eragoztea
zerbitzuon erabiltzaileei.
s) Administrazioari
eta gizarteari aurkeztutako jardueretan irabaziak izateko asmoak ezkutatzea,
horrelako asmorik gabekotzat aurkeztuz.
t) Laguntza
publikoak ematen direnean, jarritako helburuetarako ez beste batzuetarako
erabiltzea.
u) Zentroa
edo zerbitzua erabiltzen duten pertsonen ondasun eta diruak administratu, jagon
eta erabiltzerakoan argitasunez eta gardentasunez ez jokatzea.
v) Arau-hauste
arinetan berrerortzea.
2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazio
ekonomikoen onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:
a) Jasotako prestazio ekonomikoak laguntzok ematea eragin zuen xedeaz
beste baterako bideratzea.
b) Zuzendaritzako arduradunari, pertsonaleko kideei, erabiltzaileei
eta bisitariei zor zaien begiruneari larriki huts egitea.
c) Zentroko ondasun eta ekipamenduetan kalte larria edo zentroko
zerbitzuen ohiko garapenari edo bizikidetzari galera nabariak eragitea.
d) Barne-araubideko kasuan kasuko erregelamenduan jasotzen diren
betebeharrak larriki ez betetzea, ez-betetze hori oso larria ez denean.
e) Arau-hauste
arinetan berrerortzea.
91. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Hauek
dira arau-hauste oso larriak:
1. Gizarte-zerbitzuen horniketan eta/edo
eskaintzan esku hartzen duten pertsonen eta erakundeen kasuan:
a) Gizarte-zerbitzuak
eskaintzea, haien izatasuna ezkutatuz, indarreko legeriaren aplikazioa
ekiditeko.
b) Zentro
edo zerbitzuak irekitzea eta funtzionamenduan edukitzea, baimen egokirik eduki
gabe, erabiltzaile edo profesionalen osotasunerako edo osasunerako kaltearekin.
c) Egoeran,
funtzionamenduan, garbitasunean edo higienean akatsen bat duten lokal,
instalazio, altzari edo tresnak iraunaraztea, baldin eta hortik kalte larria
ondorioztatzen bada erabiltzaile edo profesionalen osotasun fisikorako edo
osasunerako.
d) Ikuskatze-zeregina
oztopatzea, zentroan sartzea galaraziz, gizarte-zerbitzuetako ikuskatzaileei
behin eta berriz aurre eginez edo beldurraraziz, edo beste edozein modutan
presioa eginez.
e) Erabiltzaileak
edozelako ibilgetzetatik edo murriztapen fisiko edo farmakologikotatik
pasaraztea, agindu medikorik eta gainbegiratzerik gabe, kasu batzuetan izan
ezik (erabiltzailearen edo beste pertsona batzuen segurtasun fisikorako
berehalako arriskua dagoenean), bai eta jarduera horiek isilaraztea edo
estaltzea ere.
f) Erabiltzaileak
edozelako tratu txar fisiko edo psikikotatik pasaraztea, bai eta jarduera
horiek isilaraztea edo estaltzea ere.
g) Hertsapenak
edo mehatxuak egitea, bai eta beste edozelako presio-modu larri ere,
ikuskatzaileengan, salatzaileengan, direla profesionalak, erabiltzaileak,
senitartekoak edo bisitariak, bai eta jarduera horiek isilaraztea edo estaltzea
ere.
h) Izatasunaren
arabera zerbitzuari egokitzen zaizkion eskakizun material, funtzional eta
pertsonalekoak arautzen dituen araudia ez-betetzea, ez-betetze horrek arriskuan
jartzen duenean erabiltzaileen osasuna edo segurtasuna.
i) Arau-hauste
larritan berrerortzea.
2. Zerbitzuen erabiltzaileen edo prestazio
ekonomikoen onuradunen eta gizarte-zerbitzuen profesionalen kasuan:
a) Prestazio ekonomikoak lortzera zuzendutako iruzurrezko jardunak
egitea.
b) Zentroko arduradunari, pertsonaleko kideei, erabiltzaileei edo
bisitariei eraso egitea edo tratu txarrak ematea.
c) Zentroaren,
pertsonalaren, erabiltzaileen edo bisitarien ondasunak ostea.
d) Zentroko
ondasun eta ekipamenduetan edo zerbitzuen ohiko garapenean edo zentroko
bizikidetzan kalte edo galera oso larriak eragitea.
e) Arau-hauste
larrietan berrerortzea.
92. Artikulua - Berrerortzea
Lege
honen ondorioetarako, arau-haustea behin baino gehiagotan egin dela edo berrerortzea
egon dela esango da arau-haustea egin duenak bi urteko epe barruan izaera
bereko arau-hauste bat baino gehiago egin duenean, eta ebazpen irmo baten bidez
aitortua izan denean.
93. Artikulua - Zehapenak
1. 89, 90 eta 91.
artikuluen lehenengo paragrafoan tipifikatutako arau-hausteek, zerbitzu baten
eskaintzan esku hartzen duten pertsona eta erakundeei egozgarriek, honako
zehapen hauek aplikatzea eragingo dute:
a) Arau-hauste
arinak idatzizko zentzarazpen baten bidez eta/edo 12.000 eurorainoko isun baten
bidez zehatuko dira.
b) Arau-hauste
larriak 12.001 eurotik 60.000 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.
c) Arau-hauste
oso larriak 60.001 eurotik 600.000 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko
dira.
2. 89, 90 eta 91.
artikuluen bigarren paragrafoan tipifikatutako arau-hausteak, lege honetan
aurreikusitako zerbitzu baten erabiltzaileei edo prestazio ekonomikoen
onuradunei eta gizarte-zerbitzuetako profesionalei egozgarriek, honako zehapen
hauek aplikatzea eragingo dute:
a) Arau-hauste arinak idatzizko zentzarazpen baten bidez eta 200
eurorainoko isun baten bidez zehatuko dira.
b) Arau-hauste larriak ahozko eta idatzizko zentzarazpen baten bidez
eta 201 eurotik 600 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.
c) Arau-hauste oso larriak ahozko eta idatzizko zentzarazpen baten
bidez eta 601 eurotik 1.500 eurora bitarteko isun baten bidez zehatuko dira.
3. Arau-haustetik
aberaste ez-bidezko bat ondorioztatzen den kasu guztietan, pertsona edo
erakunde arau-hausleak, arau-haustearen larritasunaren arabera dagokion isunaz
gain, aberaste horren zenbateko baliokidea ordaindu beharko du.
4. Zerbitzu-eskaintzan
esku hartzen duten pertsona edo erakundeei egozgarri zaizkien arau-hauste oso
larrietan, honako hauek ere zehapentzat pilatu ahal izango dira:
a) Lege honetan jasotzen diren jarduerak egikaritzeko ezgaitzea
ondorengo bost urteetan, eta, horren ondorioz, hala badagokio, kasuan kasuko
administrazio-baimena eta, hala badagokio, homologazioa, ezeztatzea.
b) Finantzaketa publikoa debekatzea, urte bat eta bost urteko aldi
baterako.
c) Zerbitzua aldi baterako etetea, guztiz edo zati batean, gehienez
ere urte baterako.
d) Zerbitzua behin betiko utzaraztea, guztiz edo zati batean, eta
horrek kasuan kasuko administrazio-baimena eta, hala badagokio, homologazioa,
ezeztatzea ekarriko du.
e) Zehapenen publizitatea egitea, eta zehapen-organoak erabakitzea
ezarritako zehapenei publizitatea ematea, behin administrazio-bidean irmoak
direnean, pertsona fisiko eta juridiko arduradunen izenak argitaratuz;
argitaratzean, egindako arau-hausteak adierazi beharko dira, berariaz.
Publizitatea, Autonomia Erkidegoko eta lurralde historikoetako aldizkari
ofizialetan egingo da; horrezaz gain, 99. artikuluan aurreikusitako
baldintzetan ere egingo da, hau da, egoki irizten diren
gizarte-komunikabideetan.
5. Lege honetan
arautzen diren zerbitzuen erabiltzaileei edo prestazio ekonomikoen onuradunei
egozgarri zaizkien arau-hauste oso larrietan, zehapen gisa eskubidearen
etendura ere pilatu ahal izango da sei hilabeteko aldi batean, zenbait kasutan
izan ezik; adibidez, etendura horrek babesgabetasun-egoeraren bat sor balezake
edo mendekotasuneko egoeran dagoen pertsona baten arreta-eza eragin balezake.
6. Gizarte-zerbitzuetako
profesionalei egozgarri zaizkien arau-hauste oso larrietan, 2.c) paragrafoan
aurreikusitako zehazpenei, egoki diren diziplinazko zehapenak ere pilatu ahal
izango zaizkie.
94. Artikulua - Isun hertsagarriak
1. Beste kasu
batzuetan, arau-haustea legez galda daitekeen jokabide edo jarduketaren bat ez
egitea denean, zehazpenarekin batera errekerimendu bat ere egingo zaio
arau-hausleari. Errekerimendu horretan, honako hauek zehaztuko dira: pertsona
edo erakunde arau-hausleak egoera legez galda daitezkeen baldintzetara
bihurtzeko egin beharreko jardun konkretuak nahiz jardun horiek egiteko duen
epea. Pertsona edo erakunde behartuak kasuan kasuko errekerimenduan ezarritakoa
betetzen ez badu, formaz eta epez betetzen ez badu, zehatzeko eskumena duen
organoak isun hertsagarriak jartzea erabaki ahal izango du.
2. Isun hertsagarriak
hilabetetik beherako denbora-tarteetarako errepikatu ahal izango dira, baina
isunon zenbatekoak ez du gainditu ahal izango zehapen gisa ezarritako isunaren
zenbatekoaren ehuneko 30, eta honako irizpide hauek kontuan hartuz finkatuko
da:
a) Zuzentzeko betebeharra betetzean atzeratzea.
b) Betebeharrak ez betetzean asmozkotasuna eta
errepikapena egotea.
c) Eragindako galerak nolakoak diren.
3. Pertsona edo
erakunde behartuak ordaintzen ez badu, isun hertsagarriak premiamendu bidez
galdatuko dira, jakinarazpena egiten denetik hogeita hamar egun baliodun
igarotzen direnean.
4. Isun hertsagarriak beregaina eta
bateragarriak izango dira ezar daitezkeen beste zehapenenekin.
95. Artikulua - Zehapenen graduazioa
1. Ezartzea bidezko den zehapenak zehazteko
eta, behar izanez gero, isunen zenbatekoa eta aldi baterako zehazpenen iraupena
graduatzeko, zehapenen beharrezko egokitzapena eta proportzionaltasuna zaindu
beharko dira, arau-haustea eratzen duen egitearen larritasunaren aldean, eta
bereziki honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Eragindako
kalte fisiko, moral eta materialak.
b) Pertsona
eta ondasunentzat sortutako edo mantendutako arriskuko egoera.
c) Arau-haustea
egitean erabili den zabarkeria- edo asmozkotasun-maila.
d) Berrerortzea
edo arau-haustea behin baino gehiagotan egitea.
e) Arau-haustearen
eragin ekonomikoa eta soziala.
2. Prozedura hasarazi zuten akatsak guztiz
zuzenduta daudela egiaztatzen bada, kontuan hartzeko modukoa izango da hori,
zehapena balioesteko eta graduatzeko orduan. Zuzenbidean balio duen edozein
bide erabil daiteke egiaztapena egiteko, baina instantziaren ebazpena eman
aurretik egin behar da, betiere pertsona edo erakunde arau-hauslearen ekimenez.
96. Artikulua - Behin behineko neurriak
arau-hausteengatiko prozeduretan
1. Zehapen-prozedurari
ekin aurretik, prozedura hori ebazteko administrazio-organo eskudunak, erabaki
arrazoitu baten bidez, bidezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak har
ditzake ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko edo pertsonentzat arriskuko
egoerak ekiditeko, hau da, ezabatzea edo arintzea premiazkoa den egoerak
ekiditeko, besteak beste, ezinbestekotzat jotzen bada, zentroa aldi baterako
ixtea, guztiz edo zati batean, edo zerbitzuaren eskaintza edo jardueren
gauzatzea aldi baterako etetea, guztiz edo zati batean, edo erabiltzaile
berriak onartzea aldi batean debekatzea.
2. Hartutako
kautelazko neurriak berretsi, aldarazi eta kendu egin beharko dira
zehapen-prozedura hasten den unean, eta hori neurri horiek hartu eta ondorengo
hamabost egunetan gertatu beharko da.
3. Neurri horiek berak
edozein unetan hartu ahal izango dira, behin zehapen-prozedura hasiz gero, har
daitekeen amaierako ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko. Kasu horretan, era
berean, behin behineko neurritzat, fidantza mailegatzea galda daiteke, egoki
daitekeen isunaren gutxieneko zenbatekoaren baliokide den zenbateko bateraino.
97. Artikulua - Preskripzioak
1. Lege honetan
tipifikatzen diren arau-hauste oso larriak lau urtera preskribituko dira;
larriak, hiru urtera, eta arinak, urte batera, arau-haustea egin den datatik
kontatzen hasita.
2. Hutsegite oso
larriengatik ezartzen diren zehapenak, berriz, lau urtera preskribituko dira;
larriak, hiru urtera, eta arinak, urte batera, zehapena ezartzen duen ebazpenak
irmotasuna hartzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
98. Artikulua - Zehapen-prozedura
Zehatzeko
prozedura erregelamenduz ezarriko da, Herri Administrazioen Araubide
Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992
Legean eta, hala dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen
Zehapen Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezartzen diren
printzipioei egokituta.
99. Artikulua - Zehapenen erregistroa eta
publizitatea
1. Lege honetan araututako erregistro guztietan
zehapenetarako sail bat egongo da. Era guztietako arau-hausteak direla-eta
hartutako ebazpen irmoak idatziko dira bertan.
2. Arau-hausteak oso larriak direnean,
zehapenak irmoak badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta
bakoitzaren lurralde historikoko aldizkarian argitaratu beharko dira.
Xedapen
Iragankorrak
Lehenengoa
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsalizatzeko epea
Gizarte
Zerbitzuen Plan Estrategikoak zerbitzuen estalduren urteko gehikuntzak zehaztu
beharko ditu, zer eta, lege hau indarrean jartzen denetik zortzi urteko aldi
batean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen
Katalogoan eta Karteran jasotzen diren zerbitzuen unibertsalizazioa
ziurtatzeko.
Bigarrena - Eskumenen banaketarako epea
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek lege hau indarrean sartu eta
urtebeteko epean ekingo diote lege honetan ezarritako eskumenen banaketa
benetan gauzatzeari.
Hirugarrena - Finantza-doiketa
1. Lege honetan egiten den eskumen-banaketaren
ondorioz, beharrezko finantza-doiketa egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen artean, 22. artikuluan aurreikusita dagoen Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako Prestazioen eta Zerbitzuen Katalogoa autonomia-,
foru- eta udal-mailan hornitzeko finantzaketa nahikorik bermatzeko.
2. Eskumen-banaketa horrek eta finantza-doiketa
horrek ez du ekarri ahal izango, inola ere, legea indarrean jartzean zeuden
prestazio eta zerbitzuen intentsitate- eta estaldura-mailak jaistea.
Laugarrena - Gizarte-zerbitzuen
erabiltzaileen eta prestazioen onuradunen eskubideak lege hau indarrean
jartzean
1. Lege hau indarrean jartzean,
gizarte-zerbitzuen erabiltzaile eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik
kudeatutako prestazioen onuradun diren pertsonak, gainera, aurretik eskuratuak
dituzten prestazio eta zerbitzuak gozatzen jarraitu ahal izango dute, alde
batera utzita 25. artikuluan arautzen diren zerbitzu eta prestazioak jasotzeko
eskakizun orokorrak eta, aurrerago, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Karteran aurreikusten diren eskakizun berariazkoak
betetzen diren edo ez; betiere, prestazioak ematea eragin zuten baldintzak
beren horretan irauten badute edo zerbitzuaz baliatzeko ezarri ziren
betekizunak betetzen badira.
2. Lege honek, bestalde, ez du ekarriko inola
ere, indarrean jartzen den unean erabiltzaile diren pertsonentzat, zerbitzuaren
finantzaketan duten parte-hartze ekonomikoa
gehitzea, beren baliabide ekonomikoen mailan gerta daitezkeen aldaketengatik
dagokiona izan ezik; ez du eragingo, orobat, ordu arte doakoak izan diren
zerbitzuei prezio publiko bat edo tasa bat aplikatzerik.
Bosgarrena - Gizarte Ongizateko Euskal Kontseilua
Lege
hau indarrean jartzean, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluari Gizarte
Zerbitzuen Euskal Kontseilua deituko zaio, eta hura arautzen duen araudi guztia
aplikatuko zaio lege honetan aurreikusitakoaren aurka joango ez den orotan.
Seigarrena - Indarrean dauden lankidetzako
hitzarmenen indarraldia
Euskal
Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek,
dela elkarren artean, dela elkarte pribatuekin, zerbitzuak eskaintzeko
izenpetzen dituzten hitzarmenak, baldin eta lege hau indarren jartzean
indarrean badaude, balio osoa izango dute, zerbitzu-motaren arabera
aplikaziokoak diren eskakizun material, funtzional eta pertsonalekoak arautzen
ez diren bitartean, zerbitzu hori ezartzeko ezarri diren eskakizunak alde
batera utzita, salbu eta hitzarmenaren indarraldia amaitzen den edo aldeetako
batek hitzarmenean berean aurreikusitakoarekin bat etorriz suntsiarazten duen.
Era berean, balio osoa izango dute eskakizun material, funtzional eta
pertsonalekoak arautzen dituzten araudian aurreikusten den aldi iragankorrean,
eskakizun horietara egokitzea errazteko.
Zazpigarrena - Erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoaren
arloko aurreikuspenetara egokitzeko epea
Eusko
Jaurlaritzak, urte beteko epean, erabiltzaileek doakoak ez diren prestazioen
eta zerbitzuen finantzaketan zer parte-hartze ekonomiko izan behar duten
arautuko du.
Aurreko
paragrafoan aurreikusitako erregulazioa eginda dagoenean, Euskal Autonomia
Erkidegoko herri-administrazioek epe gehigarri bat edukiko dute, lege hau
indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita bi urtekoa gehienez ere,
erabiltzailearen parte-hartze ekonomikoari buruz duten arautegia lege honetako
57. artikuluan aurreikusitako irizpideetara egokitzeko.
Aurreko
paragrafo horietan aipatzen diren araudiak onartzen ez diren bitartean, lege
hau indarrean sartzen den unean arlo horretan indarrean diren xedapenak
aplikatuko dira.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako
Prestazio eta Zerbitzuen Kartera
Eusko
Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, 23.
artikuluan arautzen den Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal
Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Kartera prestatuko eta onartuko du.
Bigarrena - Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa
Eusko
Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean eta Euskal Autonomia
Erkidegoko gainerako herri-administrazioekin lankidetzan, 35. artikuluan
arautzen Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa
prestatuko eta onartuko du. Besteak beste, 36. artikuluan arautzen den Gizarte
Zerbitzuen Mapa bilduko du plan horrek.
Hirugarrena - Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko
Euskal Sistema
Eusko
Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, Gizarte Zerbitzuei
buruzko Informazioko Euskal Sistema prestatu eta abiaraziko du, 79. artikuluan ezarritako
baldintzen arabera.
Laugarrena - Gizarte-zerbitzuetako zerbitzuak eta
zentroak arautzea
1. Eusko Jaurlaritzak,
lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, gizarte-zerbitzuetako zerbitzu
eta zentroei galdatu beharreko eskakizun material, funtzional eta
pertsonalekoak arautuko ditu, zerbitzu eta zentro horiek baimentzeko eta
homologatzeko. Horretarako, antzeko ezaugarriak dituzten zerbitzu eta zentroak
batera arautu ahal izango ditu.
2. Aurreko paragrafoan
aipatzen den araudiak, bestalde, epe iragankorrak aurreikusi beharko ditu
araudi hori indarrean jartzean dauden zerbitzu eta zentroetarako. Epe iragankor
horiek ahalbidetuko dute zerbitzu eta zentro horiek arauketa berriak ezartzen
dituen eskakizunetara egokitzea, eta aplikaziokoa izango zaie aldi horretan,
behar izanez gero, aurretik indarrean zegoen araudia.
3. Arauketa hori
gauzatzen ez den bitartean, administrazio bakoitzak onartutako funtzionamenduko
oraingo formulek iraungo dute.
Bosgarrena - Saiakuntza-izaerako zerbitzuak
Interes
orokorrari begira, eta arretako modalitate alternatiboak eta berritzaileak
garatzea ahalbidetzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko
gainerako herri-administrazioekin elkarlanean, salbuespen gisa eta gehienez ere
bi urteko epe baterako (epe hori beste urte batera luza daiteke),
saiakuntza-izaerako zerbitzu eta zentroak baimendu ahal izango ditu. Epe horren
buruan erabakitzen bada, ebaluazio kualitatibo batean oinarrituz, horrela
garatu den arretako modalitatea alternatiba egokia eta bideragarria dela,
dagozkion eskakizun materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak arautu
beharko dira.
Seigarrena - Gutxieneko baliabide-zuzkidura
Eusko
Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, kasuan
kasuko gutxieneko estaldurak eta, behar izanez gero, gutxieneko intentsitate
estandarrak arautuko eta onartuko ditu, 36.1 artikuluan aurreikusitakoaren
arabera ezarritako biztanle-eremuen harira.
Zazpigarrena - Gizarte-larrialdietarako plaza-erreserba
Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, beren eskumeneko zerbitzuetan,
plaza-erreserba bat bermatu beharko dute, gizarte-larrialdietako zerbitzuetatik
eta laguntza-zerbitzuetatik etortzen diren eskariei erantzuteko.
Zortzigarrena - Itun-araubidea arautzea
Eusko
Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik urte bateko epean, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Sistemako itun-araubidea arautuko duen dekretu bat prestatuko
eta onartuko du. Esparru
orokor hori errespetatuz, dena dela, administrazio bakoitzak bere ekintza
itunduaren berariazko arauketa egin dezake.
Bederatzigarrena
- Gizarte-intereseko aitorpena
Eusko
Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, gizarte-intereseko
prozedura aplikagarri zaizkion eskakizunak eta prozedura.
Hamargarrena
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia arautzea
Eusko
Jaurlaritzak erregelamendu bidez ezarriko ditu, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean, Gizarte
Zerbitzuen Euskal Behatokiaren egitura eta funtzionamendua.
Hamaikagarrena - Zehapenen zenbateko eguneratzea
Eusko
Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honetan aurreikusitako zehapenen
zenbatekoa eguneratzeko.
Hamabigarrena - Eudel/Euskadiko Udalen Elkartea
Udalek
Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko organoan (44. artikuluan arautua) eta
Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan izan behar duten parte-hartzeari begira
(48. artikuluan arautua), Eudel/Euskadiko Udalen Elkarteak izango du
ordezkaritza hori, toki-erakundeen elkarteen artean hedatuena den aldetik.
Hamahirugarrena - Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra
Eusko
Jaurlaritzak, urtebeteko epean, Gizarte Zerbitzuen Erregistro Orokorra sortu
eta arautuko du.
Xedapen Indargabetzailea
Berariaz
indargabetuta geratzen da Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legea eta
lege honetan ezarritakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko arau
guztiak.
Azken Xedapenak
Lehena - Ordezko araubidea
Administrazio-prozedurari
dagokionez, lege honetan aurreikusita ez dauden kasuetan Herri Administrazioen
Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko
30/1992 Legean ezarritako xedapenak aplikatuko dira.
Bigarrena - Legea indarrean sartzea
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean
sartuko da indarrean.