12/2007 Legea, azaroaren 16koa, Autonomia Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko indarreko lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren 125. eta 126. artikuluak aldatzeko
2007-11-16Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/12/5, 234. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.
Indargabetua: 2011-07-18
§ 295. 12/2007
LEGEA, AZAROAREN 16KOA, AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKONTU ERREGIMENARI BURUZKO
INDARREKO LEGE XEDAPENEN TESTU BATEGINA ONARTZEN DUEN IRAILAREN 27KO 1/1994 LEGEGINTZAKO
DEKRETUAREN 125 ETA 126. ARTIKULUAK ALDATZEKOA
ZIOEN AZALPENA
Aurrekontuen Legeak aurreikusten du Eusko
Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidaliko duela Herri Kontuen Euskal Epaitegiak
fiskalizatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren likidazioa
onesteko lege-proiektua.
Alabaina, epe bakarra 1/1994 Legegintzako
Dekretuko 125.1 artikuluan ezartzen da, hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ko
epea ezartzen baitu soilik likidazioari buruzko dokumentazioa egiteko.
Herri Kontuen Epaitegiaren iritziz,
likidazioaren fiskalizazioa atzeratzearen arrazoia da Jaurlaritzak agortu
egiten duela lehen aipatutako epea eta, hala, eragotzi egiten duela epaitegiak
urteko kontuak garaiz fiskalizatzea, taldeek aurrekontua aztertzerakoan aurreko
ekitaldiko likidazio jadanik fiskalizatua ere aztertu ahal dezaten.
Atzerapen hori gertatzen da Jaurlaritzak
uste duelako agortu egin behar duela
Aurrekontuen Legeak ematen dion epea (uztailaren 31) eta gero bidali Kontuen
Epaitegira (4 hilabete); beraz, urrirako ez dago fiskalizatuta.
Izan ere, joan den 2006ko otsailean
agerraldia egin zuen Kontuen Epaitegiko lehendakariak 2003 ekitaldiko
fiskalizazioa azaltzeko.
Bestalde, legeak ez du eperik ezartzen
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen likidazioaren lege-proiektua Legebiltzarrera
bidaltzeko, eta, horren ondorioz, aurkeztu eta onetsitako azken likidazioa
1997ko ekitaldiari buruzkoa izan zen, ekainaren 29ko 5/2000 Legearen bitartez,
eta orain arte Legebiltzarrak ez du likidazioaren beste ezein lege-proiekturik
jaso.
Beraz, hamar urte joan dira ia, Ibarretxe
jauna Autonomia Erkidegoko lehendakaria denetik, aurrekontuen likidaziorik
onetsi gabe.
Legearen xedea betetzeko, hau da,
Legebiltzarrak aurrekontua egiteko beharrezko eta fiskalizatutako informazioa
edukitzeko, behartu egin behar da Jaurlaritza Kontuen Epaitegiari aurreko
ekitaldiari buruzko likidazioa fiskalizazio hori egin ahal izateko nahikoa denboraz
bidaltzeko.
Aspaldi jakinarazi zion Herri Kontuen
Euskal Epaitegiak Legebiltzarrari beharrezkoa zela erreforma hori egitea
Aurrekontuen Legearen beraren xedea eta eskakizuna bete ahal izateko.
1. Artikulua
Honela geldituko da 1/94 Legegintzako Dekretuko 125.1
artikulua:
"Aurrekontu Orokorren likidazioari
buruzko dokumentazioa hurrengo ekitaldiko maiatzaren 31 baino lehen izango dute
egina Ekonomia eta Ogasun Saileko zerbitzuek".
2. Artikulua
Honela geldituko da 1/94 Legegintzako Dekretuko 126.1
artikulua:
"1. Jaurlaritzak bi hilabeteko epea izango du, Herri Kontuen Euskal
Epaitegiak ekitaldiaren fiskalizazio-txostena eman ondoren, Legebiltzarrari
bidaltzeko Aurrekontu Orokorren likidazioari buruzko dokumentazioa, kasuan kasu
eskatuko den Autonomia Erkidegoko finantzazko eta ondarezko egoeraren gaineko
alderdiei buruzko informazioarekin batera, lege-proiektu baten bidez
eztabaidatzeko eta onesteko".
Azken xedapena
"Lege hau argitaratzen den egunean jarriko da
indarrean".