12/1998 Legea, maiatzaren 22koa, gizarte bazterkeriaren aurkakoa.
1998-05-22Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/6/8, 105. zk.; EAO, 2011/12/31, 315. zk.
Indargabetua: 2009-01-01
§ 218. 12/1998 LEGEA, MAIATZAREN 22KOA, GIZARTE
BAZTERKERIAREN AURKAKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
- I -
Gizarte-bazterkeria gero eta jende
gehiagok jasaten duenez, horri aurre egitea Mendebaldeko gizarteen erronka
handienetako bat da. Larrituta ikusten dugu egituran finkatutako egoera dela,
eta ez dago zalantzarik ondorengoak esateko gizarte-bazterkeriaz: hainbat
dimentsio dituela, mugak zehaztu gabe daudela eta konplexuak direla, egoera
hori sorrarazten duten eragileen artean harreman sakona dagoela eta gizartea
bitan banatzeko prozesuaren agerpen dela.
Gizarte-bazterkeriaz dihardugunean, ez
gara pobreziaz hitz egiten ari, pobrezia dena delako gizarteko ongizateko
erdiko mailak dituen ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko zailtasuna edo
ezintasuna dela uste badugu. Harreman-sarearen prekarietatearekin batera,
pobrezia da gizarte-bazterkeriaren agerpenik bistakoena, baina ez da
gizarte-bazterkeriaren muina. Bazterkeria gizarte-eskubideak gauzatzeko
ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko
ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea,
kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa
jasotzeko eskubidea.
Zalantzarik gabe bazterkeriako prozesu eta
egoerak, hau da, pertsonaren eta gizartearen artean dagoen lotura haustea,
produkzio-prozesuan ez parte hartzearen ondorioa da, neurri handi batean.
Gure gizarte modernoan lana da gizartean
eskubide eta betebeharrak eskuratzeko biderik hedatuena eta baita gizarteak
pertsonarekiko gauza bera egiteko modua ere. Hori horrela izanik, lan egiteko
eskubidea ezinbesteko eskubidea da oso osoko herritar bihurtzeko, eta erabateko
esanahia eskuratzen du, gainera, eskubide politikoen artean.
Lan-merkatuan parte hartzen ez bada, edo oso
neurri txikian hartzen bada parte, ia nahitaez bazterkeria nagusitzen hasiko
da, eta horrek bete-beteko eragina izango du beste gizarte-eskubide batzuetan.
Dinamika horrek harrapatuz gero, gabeziek eta menpekotasunek, bata bestearen
ondoren pilatzeaz gainera, bata bestea indartu egingo dute.
Hala ere, gizarte-bazterkeria ezin dugu
erraz bereizteko moduko egoera jakin batzuetara mugatu, bazterkeriak era
askotako ondorioak dituelako eta hainbat gradutan agertzen direlako.
Gaiari ikuspegi orokor horretatik heltzen
badiogu, pertsona batek bazterkeria jasaten duela esango dugu pertsonari
herritar estatusa ematen dion gizarte-eskubideren bat edo batzuk ezin dituenean
gauzatu, neurri handiagoan edo txikiagoan; hau da, baztertuta egongo da
eskubide horiek aurrera eramateko beharko lituzkeen baliabideak bere esku ez
dituen pertsona (direla pertsona-baliabideak, gizarte-baliabideak edo
diru-baliabideak).
Gorago emandako azalpenen arabera, eta
erabat zehatzak izateko asmorik eduki gabe, ondoren aipatzen diren
pertsona-motak baztertuta daudela esan ahal izango dugu:
a) jateko
oinarrizko premiak betetzeko behar beste diru ez duten pertsonak.
b) etxebizitza
duin bat eskuratu eta baldintza onetan mantentzeko beharrezko baliabideak ez dituzten
pertsonak,
c) eta
modu orokorragoan, oinarrizko gizarte-eskubideak (lan egiteko eskubidea,
hezkuntza jasotzeko eskubidea, osasuna izateko eskubidea e.a.) eskuratzeko
aukerarik ez duten pertsonak; izan ere, egoera horretan egonda, bizimodu
independiente erabat normalizatua aurrera eramateko aukerarik gabe geratzen
dira.
Bazterkeriari
aurre egiteko politikek aipatu ditugun egoera horiei guztiei egin behar diete
aurre, jatorria zein den kontuan izan gabe, hau da, langabeziagatik dela,
soldata txikiak direla, familia desegitea dela, gutxiengo etniko edo
nazionaletako kidea izatea dela, gaixotasuna dela, minusbalia edo ezintasuna,
alkoholzaletasuna, drogazaletasuna edo antzeko beste edozein arazo.
Bazterkeria
eragiten duten arrazoiak egiturazkoak direnez, ondorioek bata bestearen gainean
pilatzeko joera dutenez, eta hainbat eratan agertzen denez, gizarteak,
orokorrean hitz eginda, eta administrazio publikoek bereziki, arazoari aurre
egin nahi badiote, jarduteko modu zabala abiarazi behar dute, bi helburu
dituztela: batetik, egituran ezinbesteko aldaketak egiten hasi eta bideratzea,
ezinbestekoak baitira gertakari hori gutxika-gutxika desagertarazteko;
bestetik, bazterkeriako prozesu eta egoerek gizartean dituzten ondorio larriak
arintzea epe laburrean.
Jarduteko
modu horrek, nahitaez, arlokako hainbat neurri izan beharko ditu, gizarteko era
guztietako esparruetara iritsi ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoan
hainbat ahalegin egin dira, eta guztiak ere oinarrizko osagaiak dira
bazterkeriaren aurka jarduteko eta pobrezia eragiten duten arrazoiak
desagertarazteko. Hauek aipatuko ditugu: enpleguaren aldeko politika eta,
zehazkiago esanda, langabeziari aurre egiteko ekimenak; lanbide-heziketa
sustatzeko politika (prestakuntza-mota eta -maila lan-merkatuak dituen premiei
egokitzeko asmoz); etxebizitza sozialak ugaritzeko politika; eskolan
integratzeko ekintzak; osasun-zerbitzuak denen eskura jartzea edo
gizarte-babeseko laguntzak sendotzea.
Dena
den, neurri horiek ahalik eta eraginkorrenak izateko, beti gogoan eduki behar
da helburu hori, hau da, bazterkeriaren aurka jardutea, bai politika publiko
horiek zer izango diren diseinatzean bai aurrera eramaterakoan, horietatik
sortuko diren ondorio zuzenak nahiz zeharkakoak areagotzeko. Era berean, ezinbestekoa da koordinatuta jardutea, guztien arteko
ondorioak etekin handiagoa emateko.
Horiekin batera, diru-baliabiderik eza
denez bazterkeriako prozesu eta egoeretan gehien ageri den ezaugarrietako bat,
beharrezkoa da okerren dauden multzoei oinarrizko premia materialak betetzeko
besteko bizitza-maila bermatzea.
Administrazioak bi bide horietatik aurrera
egitea (arlokako politiketatik eta gizarte-ongizateko politiketatik) aukeratu
dute gure inguru sozioekonomikoko herrialdeek, gizarte-bazterkeriari aurre
egiteko.
Europako Batasunak ere estrategia horren
alde egin du. Bermatutako gutxieneko errenta ezartzeko gomendatu zienetik
Europako Parlamentuak botere publikoei 1988an, Batasuneko erakundeak estatu
kideei nondik jo erakusten saiatu dira, horiek ere gizarte-bazterkeriari aurre
egiteko asmoz.
Gizarte Gaietarako Ministroen Kontseiluak
1989ko irailaren 29an hartutako Erabakiak prestakuntzaren, enpleguaren,
etxebizitzaren, zerbitzuen eta osasun-laguntzaren aldeko ekintzak garatzeko
gomendatzen du. 1992ko ekainaren 24an emandako Gomendioan (Gizarte Babeseko
Sistemetan Behar Beste Baliabide eta Laguntza Izateko Irizpide Orokorrei
buruzkoan), kontseiluak gutxieneko errenta bat finkatzea gomendatu zuen. 1992ko
abenduaren 23an Batzordeak emandako Komunikazioak (hots, "Solidaritatearen
aldeko Europarantz" Komunikazioak) gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka
areagotzea eta integrazioaren alde egitea du helburu. "Europako Gizarte
Politika-Batasunerantz Emandako Aurrerapausoa" Liburu Zurian, Europako
Batasunak arlo horretan aurrera eramango dituen ekimenen bilakaeraren berri
izateko agiri erabakigarria den horretan, helburu horiek lehentasuna dutela
adierazten da.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez,
1989. urtean Pobreziaren Aurkako Plan Integrala abiarazi zen, "Euskadi 93ko
Europan" izeneko programaren baitan, eta plan hori izan da integrazio eta
kohesio sozialaren alde aurrera egiteko tresna garrantzitsuena. Eredu hori
jarraitu dute, gero, gainerako autonomia-erkidego gehienetako legeriek.
Gainera, abian jartzeko orduan eta onurak jasoko zituzten herritarrengana
iristeko orduan, azkar jardun da, eta eredugarria izan da azkartasun eta
eraginkortasun hori.
Erabilitako bidea ebaluatzeko orduan,
orokorrean ona izan dela ikusi bada ere, badira, hala ere, zenbait hutsune
planaren diseinuan eta garatzeko moduan.
Aurkitu den hutsune nagusiak planaren
hirugarren mailarekin du zerikusia, hau da, gizarteratzearekin, ez baitira
lortu, hainbat arrazoi direla eta, hasieran jarritako helburu guztiak.
Aipatu dugun hutsune horren jatorria plana
abian jartzearekin zerikusia duten kontu batzuekin dago lotuta. Batetik,
hasiera-hasieratik protagonismo handia hartu zuen gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrerak, eta, gainera, diru-laguntza horiek jasotzeko izapideengatik,
administrazioak presio handia egiten zuen. Hori dela eta, ez dira hainbeste
landu gizarteratzeko hitzarmenak, eta hitzarmen horiek orientazio-eta
jarraipen-lana egitea eskatzen dute, eraginkortasunez egingo badira.
Bestetik, arlokako politikak ez direnez
zehaztu pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako neurri zehatzetan, eta plana
kudeatzen ziharduten administrazio publikoen artean koordinazio-arazoak egon
direnez, horrek guztiak ere hirugarren maila modu mugatuan ezartzea ekarri du.
Hala ere, aipatutako eragile horiek
garrantzitsuak izan arren, ezin ditugu ahaztu Pobreziaren Aurkako Plan
Integralean bertan, hirugarren mailaren diseinuan bertan, mugak zeudela. Muga
horiek planak zituen hiru hutsune-motarekin daude lotuta.
Lehenik, planean ez dago behar bezala
zehaztuta zein den diru-laguntzek eta gizarteratzeak duten lotura, eta,
ondorioz, zein harreman duten pobreziak eta bazterkeriak. Lehenago ere esan
dugu pobrezia eta bazterkeria ez direla sinonimoak. Hau da, ez da egokia,
besterik gabe, gizarte-bazterkeria diru-bazterkeriarekin lotzea edo diruz ondo
ibiltzea gizartean ondo ibiltzearekin lotzea.
Egoera hori hobeto definitu behar da,
gizarteratzea beste modu batean ulertzeko; hau da, bereizi egin behar dira
gizarteratzea eta pobreziari aurre egiteko ematen diren diru-laguntzak. Beraz,
gizarteratzeko hitzarmenen helburua gaur egun bazterkeria jasaten duten
pertsona guztien premiak betetzea izango da, bazterkeria hori arazo
ekonomikoekin lotuta dagoen edo ez alde batera utzita.
Bigarren, plan horrek ezagun du ez dela
gehiegi sakondu gizarteratzeko eredua garatzeko moduari dagokionez. Hutsune
hori batez ere kasu konkretuak -gizarteratzeko hitzarmenen bidez- arlokako
neurri orokorrekin nola lotu ez finkatu izanarekin dago lotuta, eta, jakina,
neurri orokor horiek dira kasu konkretuen oinarria. Plana ez da gauza izan
esparru orokorreko plangintza aurrera eramateko.
Bukatzeko, Pobreziaren Aurkako Plan
Integralak garatzeko muga garbiak izan ditu (gizarteratzeari dagokionez)
denboran mugatuta zegoen erakundeen arteko plana izateagatik, eta horrek ez
diolako hainbestetan mesederik egin planaren edukiak gero araudien bidez
zehazkiago garatzeari. Planari osotasunean eusteko (bere maila guztietan)
lege-araudi orokor bat ez egotea oztopo handia izan da planaren hirugarren
maila garatu ahal izateko.
Pobreziaren Aurkako Plan Integralak dituen
zatiak oso modu ezberdinean garatu dira araudien bidez, eta hori da, benetan,
planaren gabeziarik handienetako bat. Denborarekin ikusi ahal izan da
oinarrizko formulazio bakar bat behar dela, lege mailakoa, garai batean zehaztu
ziren tresna guztiak bideratzeko.
Badira, ordea, beste arrazoi garrantzitsu
batzuk ere bazterkeriari aurre egiteko arloa lege berri baten bidez aurrera
eramateko.
Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren inguruan
eta gizarte-larrialdietarako laguntzen inguruan dagoen araudiak dituen hutsune
edo gabeziak konpondu beharrarekin daude lotuta arrazoi horiek, eta, bereziki,
ondorengoak dira arrazoiak:
a) Ez dago garbi zehaztuta
zein pertsonak duen gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea,
batez ere elkarrekin bizi eta afinitatezko edo odolezko loturarik ez duten
pertsonen kasuan eta beste zenbait egoera bereziren kasuan.
b) Araudia zorrotzegia da
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera eskuratzeko jartzen dituen irizpide
batzuetan (ekonomiakoak ez diren irizpideetan), eta, gizarteko talde batzuekiko
gutxienez, jarrera malguagoa eduki beharko litzateke.
c) Gizarte-larrialdietarako
laguntzak arautzean zorrotzegi jardun da; laguntza horiek aztertu eta
baloratzeko eta horietaz erabakitzeko, autonomia behar dute oinarriko
gizarte-zerbitzuek.
d) Orokorrean, laguntza
ekonomikoak kudeatzeko jardunbideak konplexuegiak dira.
e) Ez dago arauhauste eta
zigorrei buruzko erregimenik.
Baina aipatu ditugun arrazoi horiek badute
zerikusia Pobreziaren Aurkako Plan Integralak ohiz kanpokoa izateari uzteko
duen beharrarekin; bazterkeriari aurre egiteko ereduak gure
autonomia-erkidegoan dauden tresna arrunten artean kokatu behar dira.
Esan bezala, beraz, eta 1994ko ekainaren
21eko akordioaren bidez Eusko Legebiltzarrak emandako jarraibideekin bat,
gizarte-bazterkeriaren aurkako neurri bereziak jarduteko esparru arruntaren
barruan sartu behar dira, eta alde batera utzi behar da Pobreziaren Aurkako
Plan Integrala ohiz kanpokoa izatea. Bestalde, neurri horiek osagarriak
direnez, ez da komeni hainbeste araudi egotea, eta dena lege batean jasoko da,
nahiz eta gero lege hori araudi bidez garatu.
Lege bidezko araudi berriaren oinarrizko
ildoei dagokienez, azpimarragarriena gizarteratzearen arloan hartutako jarrera
da. Bazterkeria bizitza independientea izateko beste baliabide pertsonal,
sozial edo diruzkorik ez izatea dela kontuan edukita, legeak aipatzen duen
tresna nagusia gizarteratzeko hitzarmenak dira. Hitzarmen horiek
programa-dokumentuak dira, eta horietan parte hartzen duten aldeek zehazten
dute gizarte arloko zein esku-hartze eta/edo jarduera berezi eraman behar diren
aurrera bazterkeria jasaten duten pertsonak gizarteratzeko. Hitzarmen horietan
sartuz gero, gizarteratzeko eskubidea gauzatzen da.
Aurreikusiko diren salbuespenekin batera,
gizarteratzeko hitzarmenen hartzaile ondorengo pertsona hauek izango dira:
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera eskuratzen dutenak, pertsona horien
elkarbizitzako unitate ekonomiko independientean daudenak, eta oinarriko
gizarte-zerbitzuen arabera tarteko epean edo epe luzean gizarteratzeko laguntza
behar duen beste edozein pertsona. Hitzarmen horiek nolakoak izango diren
udalak eta hartzaileek negoziatuko dute.
Legeak areagotu egin ditu erakundeen
artean beharrezko koordinazioa egoteko tresna politikoak, hain zuzen ere
jarduera orokorrak aurrera eramateko beharrezkoak diren tresnak, gero horietan
oinarritu daitezen banan-banako gizarteratzeko hitzarmenak.
Horiek horrela izanik, legeak lege-maila
eman dio Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordeari, maila hori bera mantendu du
Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeak, eta, gainera, Gizarte Ongizaterako
Euskal Kontseiluaren baitan Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorra sortzea ere
aurreikusi da; azkenengo hori izango litzateke bazterkeriaren aurka lanean
diharduten gizarteko taldeek parte hartzeko organo nagusia. Bestetik,
Gizarteratzeko Euskal Plana onartzea ere aurreikusi da legean. Plan horretan
jasoko dira, koordinatuta eta orokorrean, baztertuta dauden pertsonak
gizarteratzea lortzeko eskumena duten administrazioek aurrera eraman beharreko
esku-hartze eta jarduerak gidatuko dituzten ildoak eta jarraibideak.
Legeak berretsi egin du gutxieneko errenta
jasotzeko eskubidea, hau da, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera, hain zuzen
ere maiatzaren 3ko 2/1990 Legeak gizarte-eskubideen parean jarri zuena.
Sorburuan zegoen filosofiarekiko zintzoa izanda, testu berriak hasierako ideia
hau du: bazterkeria eta horren erakuslerik bistakoena eta ezberdintasun-modu
muturrekoena, hau da, pobrezia, gizarteko gertakariak direla eta egiturazko
arrazoiengatik sortu eta garatzen direla, prozesu horietan harrapatuta geratzen
diren pertsonekin zerikusirik izan gabe. Gizarte-solidaritatearen printzipioa
oinarri hartuta, herritar guztiek denen artean banatu behar dute erantzukizuna,
eta beharrezko bideak jarri behar dira denok aukera berdinak izateko eta
gizarte-eskubideak aurrera eraman ahal izateko.
Helburua hori izanda, gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera dutenek gizarteratzeko programa eta ekintzetan parte
hartu beharko dute, hitzartutako edukia duten hitzarmenetan. Konpromiso hori
dela eta, pertsonak gizarteko bizitzan modu aktiboan parte hartzeko eskubidea izango
du eta sisteman barneratuko da, baina ez da sistemaren menpe geratuko. Era
berean, garbi uzten du gizartearentzat beharrezkoa dela berak ere parte
hartzea, eta horrela, bi aldeen arteko berdintasuna bermatzen da.
Legean gizarte-larrialdietarako laguntzak
ere jaso dira, edukia zein den zehaztuta. Laguntza horiek arautzerakoan bi
egoera egokitu nahi izan dira; batetik, autonomia-erkidegoan kudeaketa
berdintsua izateko esparru orokorra zehazten saiatu da, baina, bestetik,
oinarriko gizarte-zerbitzuek erabakitzeko duten gaitasuna (laguntza horien
premia zein den ebaluatzeari dagokionez) ere errespetatu behar zen.
Laguntzak jaso edo ez jaso erabakitzeko
irizpide batzuk (ekonomikoak ez, gainerakoak) aldatu egin dira neurri batean,
eta, aldaketa horiek direla eta, premia duten pertsona batzuek laguntza jaso
ahal izango dute, gaur egun ia inolako babesik gabe daudelako.
Aldaketa horiekin batera, etxe
independientea kontzeptua ere beste era batean zehaztu da, orain arteko
araudiekin alderatuta. Horren ordez, elkarbizitzako unitate ekonomiko
independientea kontzeptua jarri da. Kontzeptu berri hori jarrita, legeak modu
egokiagoan hartu nahi ditu kontuan gure autonomia-erkidegoan elkarrekin
bizitzeko dauden era askotako moduak (familia erakoak nahiz bestelakoak),
horrela gaur egun dauden aukera guztiei erantzuteko.
Diru-laguntzak zenbatekoak izango diren
zehazteko konputagarriak izango ez diren diru-sarreren multzoa zabaldu egin da,
batez ere lanik ez egiteko gogoa ez izateko. Hori horrela izanda, zenbait
baliabide zenbatzerakoan, kanpoan geratu ahal izango dira diru-sarrera mota
batzuei (norberaren edo besteren kontura egindako lanarenei) dagozkien ehuneko
jakin batzuk. Aukera hori oso tresna garrantzitsua izango da bazterkeria
jasaten duten pertsonei lan-munduan sartzen laguntzeko.
Kudeatzeko modua aldatu egin da, laguntzak
modu egokiagoan garatu eta banatzeko, eta izapideak egiteko modua ahalik eta
gehien erraztu da.
Aipatutako antolaketa
berriaren ondorioz, eta Pobreziaren Aurkako Plan Integralean jasotako neurriak
ez direnez ohiz kanpokoak izango aurrerantzean, finantziatzeko erregimen arrunt
bat osatu da, ezaugarri hauek dituela:
1.- Gizarte-laguntzaren
arloan zuzeneko ekintzak aurrera eramateko eskumena duenez, Eusko Jaurlaritzak
finantziatuko ditu lege honetan araututako laguntza ekonomikoei aurre egiteko
beharrezko diru-baliabideak.
2.- Foru-aldundiek eta
udalek, urtero, diru-laguntzak eta gizarte arloko gainerako tresnak kudeatzeko
eta lege honetan jasotako eskumenak aurrera eramateko beharrezko diru-baliabideak
jasota utziko dituzte aurrekontuetan.
3.- Gizarte-larrialdietarako
laguntzak finantziatzeko diru-baliabideak Eusko Jaurlaritzak aldundiei eta
aldundiek udalei nola banatu jakiteko irizpideak Gizarteratzeko Erakunde Arteko
Batzordeak aztertuko ditu. Era berean, eta beharrezkoa bada, irizpide horiek
aldatzea ere proposatuko du.
Bukatzeko, arauhausteen eta horiei
dagozkien zigorren araudi bat jaso da, hain zuzen ere era horretako lehenengoa
gure legerian. Bazterkeriaren aurkako neurriak ezartzerakoan, baliabide
publikoak justizia sozialaren eta erantzukizunaren printzipioa beteta banatzen
direla bermatu beharko du araudi horrek, batetik, eta, bestetik, gizarteak gai
horrekiko sentsibilitate handia duenez, salbuespenez agertzen diren irregulartasun
batzuek gizarteak legeria osoarekiko susmo txarra izatea galerazi behar du.
- II -
Espainiako Konstituzioaren 9.2 atalean
esaten denaz bat, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskadiko Autonomia
Estatutuarenak, hauxe ezartzen du, modu orokorrean, atariko idazpuruko 9.
atalean: euskal botere publikoek, bakoitzak bere eskumenen barruan, beharrezko
neurriak hartuko dituzte norbanakoaren eta norbanakoak osatzen dituen taldeen
askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izateko baldintzak lortzeko
eta horretarako dauden oztopoak kentzen saiatzeko.
Eskumen materialik ematen ez badute ere,
atal horiek ordenamendu juridikoko balore nagusiak zehazten dituzte, eta botere
publikoei pertsonen arteko berdintasuna (egoera soziala zein den alde batera
utzita) lortzeko beharrezko tresnak erabiltzeko betebeharra ezartzen diete.
Era berean, I. idazpuruan (Euskal
Autonomia Erkidegoaren eskumenak izenekoan), 10. ataleko 12, 13, 14 eta 39.
idazatietan, gizarte-zerbitzuen arloan Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa
duela esaten da.
Bestetik, Estatutuaren 12.2 atalak Euskal
Autonomia Erkidegoaren esku uzten du lan arloan Estatuak emandako legeria
betearaztea, helburu hauek izanda: lan-baldintzak gizartearen garapen-eta
aurrerapen-mailara egokitzen saiatzea eta langileen trebakuntza eta
prestakuntza osoa lortzea bultzatzea. Ildo horri segituz, Eusko Jaurlaritzak
hainbat programa garatu ditu, enplegua eta lanerako prestakuntza sustatzeko.
Oinarri juridiko horien babesean, Gizarte
Bazterkeriaren Aurkako Legeak lan-tresna orokor bat arautu du, bertan direla,
elkarren osagarri, gizarte-tresnak eta diru-laguntzak.
Legean gizarte-bazterkeriaren aurka
prestatutako tresnak indarrean dauden gainerako legeetan jasotako era
guztietako baliabide eta gizarte-laguntza ekonomikoen ordezkoak eta osagarriak
dira, gizarteratzeko eskubidea izan ezik; eskubide hori gizarte-babeseko
diru-laguntzak jaso edo jaso gabe ere gauzatu ahal izango delako, edo laguntza
horiek nolakoak diren kontuan izan gabe gauzatu ahal izango delako. Hori dela
eta, babesa eskuratzeko azkenengo maila da, eta gizarte-babeseko sistemaren
babes arruntetik kanpora geratu diren pertsonei laguntza eskaintzeko eginkizuna
izango du.
- III -
Pobreziaren Aurkako Planean zituen
ezaugarriak gordeta, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera honela dago
definituta: aldian aldiko diru-laguntza da, bizitzeko oinarrizko gastuei aurre
egiteko behar beste diru-baliabide ez duten pertsonen premiak betetzeko.
Laguntza finalista denez (eskuratzen dutenek dirua jakiak erosteko erabili
behar izateak erakusten duenez), laguntza hori besteren esku utzi ezina izango
da, konpentsazioak edo beherapenak egiten direnean izan ezik (behar ez bezala
eskuratutako laguntzak itzultzea dela edo Estatuko legeria orokorrean
aurreikusitako erretentzio edo enbargoak direla).
Laguntzak orain eremu zabalagoa babesten
du Gizarte Bazterkeriaren Aurkako Legearekin. Horrekin lotuta, laguntza
eskuratu ahal izateko baldintzak aldatu egin ditu legeak, eta orain ez dira
hain zorrotzak.
Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren
araudi berrian azpimarra daitekeen beste gaietako bat da laguntza jasotzeko
baldintzak betetzen direla erakutsi beharra dagoela gutxienez urtean behin.
Dena delako unera arte pertsona bati zegokion gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera
amaitzen baldin bada, eta egoera horrek elkarbizitzako unitate ekonomiko
independienteko gainerako kideei kalte nabarmena egiten badie, kaltetu
horientzako laguntza berehala eta lehentasunez izapidetzeko aukera egongo da.
Bukatzeko, zenbait kasutan laguntza titularra ez den beste pertsona bati
ordaindu ahal izango zaio.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak honela
daude definituta legean: aldian aldikoak ez diren diru-laguntzak dira,
finalistak, gastu zehatzei aurre egiteko helburua dutenak (ohikoak edo ohiz
kanpokoak izan daitezke gastu horiek, eta gizarte-bazterkeria eragin dezaketen
egoerei aurre egin, egoera horiek konpondu edo saihesteko beharrezkoak).
Besteren esku jarri ezinak dira, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerak dituen
muga berekin.
Legeak zehatz-mehatz jaso ditu zeintzuk
diren laguntza hau jasotzeko aukera eman dezaketen gastu bereziak; dena den,
eta oinarrizkoenean, gaur egun indarrean dagoen jardueren eredua mantendu da.
Etxebizitza bat edo ohiko bizilekua
erosteagatik sortutako gastuen kasuan, legeak berrikuntza bat jaso du, laguntza
horiek maileguak bailiran eskuratu ahal izango direlako; kasu horretan gerta
liteke laguntzak jasotzen dituenak zorra duela onartzen duela dioen agiri bat
izenpetu behar izatea.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak jaso
ahal izateko, diruzkoak ez diren baldintzak oinarrizkoenean berdin geratu dira,
gaur egun dagoen araudiarekin alderatuta.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak
eskuratu ahal izateko, aurrekontuan behar beste diru egon beharko da, eta,
gainera, gizarte-zerbitzuek frogatu beharko dute benetako premia dagoela.
Egoera halakoa izanda, legeak oinarrizko eginkizuna onartu die oinarriko
gizarte-zerbitzuek egingo dituzten balorazioei (laguntzak eman edo ez
erabakitzea dela eta), hor ikusiko baita ematea bidezkoa den eta zenbateko
laguntza emango den.
- IV -
Antolatzeko sistema bat ere prestatu du
legeak, eta parte hartzen duten administrazio guztiak koordinatzea du oinarri.
Horretarako, Gizarteratzeko Erakunde
Arteko Batzordea sortu da, eta, erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa
bultzatuko dituen organo nagusia izanik, eginkizun hauek izango ditu: legea
garatzeko, ezartzeko eta, beharrezkoa bada, berrikusteko arauak zehazteko
irizpideak proposatzea, Gizarteratzeko Euskal Planaren proposamena idaztea,
administrazioei koordinatzeko neurriak gomendatzea, kudeaketaren kalitatea
kontrolatzeko txostena idaztea eta gizarte-larrialdietarako laguntzak
finantziatzeko erabiliko diren diru-balia-bideak banatzeko irizpideak
aztertzea.
Era berean, legean erakundeentzako
gizarteratzearen inguruko gune berezi bat sortu da, eta oinarrian hau du:
administrazio publikoen arteko koordinazioa, bazterkeriaren aurka diharduten
gizarteko sektoreen parte-hartzea eta administrazio horietan gizarteratzearekin
zerikusia duten arloetan eskumenen bat (zuzena edo zeharkakoa) duten sailen
arteko beharrezko lankidetza eta koordinazioa.
Helburu horrekin, Eusko Jaurlaritzaren
eskumenen baitan, Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordea eta Gizarteratzeko
Batzorde Iraunkorra sortu dira; azken hori aholku-batzordea izango dena Eusko
Jaurlaritzarentzat, gizarteratzearekin zerikusia duten arloetan.
Batzorde Iraunkorra Gizarte Ongizaterako
Euskal Kontseiluaren baitan egongo da, eta hori hala izateak Gizarte Zerbitzuen
Legea aldatu beharra eskatu du, kontseiluaren osaera egoera berrira egokitzeko.
Aldaketa hori laugarren xedapen gehigarrian gauzatu da, eta aldaketa egiteko
arrazoia hau izan da: parte-hartzean oinarritutako gune bat sortu nahi bada
bazterkeriari aurre egiteko, egokiagoa zela pentsatu da dagoeneko baden gune
batez baliatu eta hori indartzea.
Kontuan eduki behar da parte-hartzean
oinarritutako organo batean, nahitaez, jende askok egon behar duela, eta,
gainera, gune horren alde publikoan, administrazioarenean alegia, ia oso-osorik
gaur egun Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseiluan daudenak egongo lirateke.
Beste gune bat sortu izan balitz, bikoiztasunak sortuko lirateke bi organoen
osaeran.
Egoera hori izanda, Gizarte Ongizaterako
Euskal Kontseiluaren baitan batzorde iraunkor bat sortzea erabaki da, nolabait
arlokakoa edo berezitua izango dena, bazterkeriari aurre egiteko.
Ondorioz, aurrera begira ez da harritzekoa
izango batzorde iraunkor bereziak sortzea inmigrazioarekin, adinekoekin,
ezintasunekin eta abarrekin zerikusia duten gaiak aztertzeko.
Hala jardunda, gainera, Gizarte
Ongizaterako Euskal Kontseilua sendotzea lortuko da, gune nagusi eta
gizarte-zerbitzuen arloko gainerako zerbitzuen erreferentzia bihurtuko
litzatekeelako, nahiz eta oraindik beste gune batzuek ere jarraitu. Guneok,
teorikoki haren baitan batzorde iraunkor gisa biltzeko modukoak izanda ere,
eskuratutako lorpen, tradizio eta gaur egungo indarragatik nortasun
propioarekin jarraitu behar dute, eta hauexek dira, hain zuzen: Gazteriaren Kontseilua,
Emakumearen Kontseilua eta Drogramenpekotasunen Kontseilua.
Dena den, kontuan eduki behar dugu Gizarte
Bazterkeriaren Aurkako Batzorde Iraunkorrean badirela Gizarte Ongizaterako
Euskal Kontseiluan ez diren talde batzuk ere (enpresariak). Hori dela eta,
kontseilua osatzeko modua aldatu egin behar da, batzorde iraunkor batean ez
dadin osoko bilkuran baino ordezkaritza zabalagoa egon.
Bukatzeko, legean arauhausteei eta horien
zigorrei buruzko araudia jaso da, legean aipatzen diren diru-laguntzak emateko,
luzatzeko edo ukatzeko nahiz handiagoak edo txikiagoak izateko aukerarekin
zerikusia duten datu ekonomikoak edo bestelakoak ezkutatu edo okertzen
dituztenei atzera eragiteko edo pertsona horiek zigortzeko.
Arauhausteak zenbaterainoko larritasuna izango
duen jakiteko, irizpide hauek erabiliko dira: iruzurraren ondorioz laguntza
jasotzea lortu den edo ez, iruzurraren bidez zenbateko diru-kopurua eskuratu
den eta, azkenik, arauhauslearen elkarbizitzako unitate ekonomiko
independienteak zenbateko diru-sarrerak zituen araua hautsi zenean.
Zigorra jartzerakoan, ondorengoak izango
dira kontuan: pertsonak zenbaterainoko utzikeriaz eta intentzioz jardun duen,
pentsatzeko zenbateko gaitasuna duen, zenbateko kopurua jaso duen behar ez
bezala, laguntzei eragin ziezaieketen inguru eta abarren berri emateko duen
obligazioa zenbateraino ez duen bete, egoera berriaren edo familiaren egoeraren
berri emateko administrazio publikoek errekerimenduren bat eginda zuten edo ez.
Horien arabera, zigorrak ekonomikoak -isunak- edo bestelakoak izan daitezke,
hau da, ohartarazpena baino ez. Dena den, kasu guztietan, behar ez bezala
eskuratutako kopuruak edo behar zen baino neurri handiagoan eskuratutakoak
itzuli egin beharko dira beti.
I ATALBURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Atala - Helburua
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan
bazterkeriaren (pertsonaren, gizartekoaren nahiz lanekoaren) arriskuari aurrea
hartzeko eta bizitza independientea aurrera eramateko beharrezko baliabiderik
(pertsonarenik, gizartekorik nahiz ekonomikorik) ez dutenei gizartean sartzen
laguntzeko beharrezkoak diren tresnak (gizarte arlokoak zein laguntza
ekonomikoak) arautzea da lege honen helburua.
Era berean, ukitutako pertsonen
bazterkeriari aurrea hartzeko eta pertsona horiek gizarteratzeko ahaleginak
sendotzeko beharrezkoak diren plana, programak eta erakundeen arteko loturak
antolatzea ere bada legearen helburua.
2. Atala - Bazterkeriaren aurkako borrokarako tresnak
Gizarteratzeko eta
bazterkeriari aurrea hartzeko erabiliko diren tresnak ondoren datozenak izango
dira:
a) Gizarteratzeko
hitzarmenak: programak jasotzen dituzten dokumentuak dira, eta horietan
pertsonei gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzeko beharrezkoak diren
gizarte arloko ekintza bereziak jasotzen dira.
b) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera: bizi ahal izateko oinarrizkoak diren gastuei aurre egiteko
laguntza ekonomikoa da.
c) Gizarte-larrialdietarako
laguntzak: gizarte-bazterkeriari aurre hartu, egoera hori konpondu edo
saihesteko beharrezkoak diren gastu bereziak (ohikoak edo ohiz kanpokoak)
ordaintzeko laguntza ekonomikoak dira.
3. Atala - Elkarbizitzako unitate ekonomiko independientea
1.- Lege honetan aipatzen direnetarako,
ondorengo pertsonak edo pertsona-taldeak hartuko dira elkarbizitzako unitate
ekonomiko independientetzat, etxebizitza edo alojamendu batean bizi direnean:
a) Etxebizitza edo alojamendu
batean bakarrik bizi diren pertsonak.
b) Etxebizitza edo alojamendu
batean elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiago, bi diren kasuan ezkonduta
baldin badaude, edo, ezkontzaren antzeko lotura izanda, harreman iraunkorra
baldin badute, adopziozko lotura badute, edo 4. eta 2. mailako
odol-ahaidetasuna edo ezkon-ahaidetasuna, hurrenez hurren, baldin badute.
Lege honetan aipatzen
direnetarako, ezkontzaren antzeko lotura izanda harreman iraunkorra dagoela
behar den moduan egiaztatu beharko da.
c) Aurreko idazatian aipatzen
den lotura-moduetakoren batean izan gabe ere, etxebizitza edo alojamendu batean
elkarrekin bizi diren bi pertsona edo gehiago, premia larria dutelako (premia
hori frogatzeko modukoa izango da).
2.- Salbuespenetan
bada ere, elkarbizitzako unitate ekonomiko independientetzat hartu ahal izango
dira aurreko zenbakian aipatzen diren unitateekin etxebizitza edo alojamendu
berean bizi diren gainerako pertsonak.
3.- Lege
honetan jasotakoetarako, ondorengoa izango da etxebizitza edo alojamendua: modu
independientean bizitzeko pertsona bakar batek edo gehiagok ohiko bizileku gisa
erabiltzen duen gunea, aginte edo erregimen komun baten pean egon gabe.
Araudi bidez zehaztu ahal izango da
elkarbizitzako zein gune hartuko den etxebizitza edo alojamendu
independientetzat, lege honetan aipatzen direnetarako.
II ATALBURUA
GIZARTERATZEKO HITZARMENAK
4. Atala - Definizioa eta ezaugarriak
1.- Gizarteratzeko
hitzarmenak programa-dokumentuak dira, eta horietan, parte hartzen duten
aldeek, ados jarrita, zehazten dituzte elkarbizitzako unitate ekonomiko
independientean bizi diren kideak gizarteratzea eta lan-munduan sartzea
lortzeko edo horien bazterkeria-arriskuari aurrea hartzeko beharrezko diren
ekintza bereziak.
2.- Lehen aipatutako gizarteratzeko
hitzarmenetan jasotzeko moduko ekintzak era honetakoak izango dira:
a) Pertsonaren egonkortasuna,
elkarbizitzan oreka izatea eta gizarteratzea nahiz gizartean parte hartzea
(batez ere eguneroko bizitzako ingurunean) lortzeko beharrezkoak diren osagaiak
garatzen lagunduko duten ekintzak.
b) Osasun-sistema orokorrean
sartzea erraztuko duten ekintzak, batez ere medikuntzako tratamendu bereziak
behar direnean, edo desintoxikatzeko eta ohiturak galtzeko ekintza bereziak
eraman behar badira aurrera.
c) Hezkuntzako eta
prestakuntzako ezagupen berriak lortzeko beharrezko jarrerak eta ohiturak
garatzea erraztuko duten ekintzak.
d) Prestakuntzako jarduera
bereziak (araututakoak edo arautu gabeak) dena delako pertsonak dituen
ezagupenak edo gaitasun profesionalak produkzio-sistemak dituen premietara
egokitzen laguntzeko.
e) Lanpostu bat eskuratzen
lagunduko duten ekintzak, bai besteren kontura lan eginda edo baita norberaren
enpresa sortzeko dauden aukerez baliatuta.
f) Gizarteratzea bermatzeko
beharrezkoak izan daitezkeen beste ekintza batzuk.
3.- Ezin
izango dira sartu gizarteratzeko hitzarmenen barruan lan-esparrukotzat hartzeko
modukoak diren ekintzak, non eta ekintza horiek ez diren lan-esparruko kontratu
batean oinarritzen.
5. Atala - Parte hartzen duten aldeak
1.- Gizarteratzeko
hitzarmenetan hauek hartuko dute parte: batetik, udalek, eta, bestetik,
bazterkeria edo horren arriskua jasateagatik gizarteratzeko hitzarmenen
hartzaile izan daitezkeen pertsonek.
2.- Kasu
guztietan, gizarteratzeko hitzarmenak sinatuko dira gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera jasotzeko eskubidearen titular direnekin.
3.- Udalak ahalbide hauek izango ditu:
a) Gizarteratzeko hitzarmenen
hartzaile egin ahal izango ditu elkarbizitzako unitate ekonomiko
independienteko beste kide batzuk, horien bazterkeria eragiten duten arrazoiak,
zorrozki hitz eginda, ekonomikoez bestelakoak baldin badira.
b) Gizarteratzeko
hitzarmenetatik kanpora utzi ahal izango ditu gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera eskuratzeko eskubidearen titular diren pertsonak, horien baztertzea
soil-soilik arrazoi ekonomikoek eragindakoa den kasuetan.
c) Hala eskatzen duen edozein
pertsonarekin izenpetu ahal izango du gizartzeratzeko hitzarmena, baldin eta
oinarriko gizarte-zerbitzuen iritziz gizarteratzeko esku-hartze edo jarduera
berezi baten premia baldin badu pertsona horrek, tarteko epean eta epe luzean
aurrera eramateko.
6. Atala - Hitzarmenak egitea eta izena ematea
1.- Udalek
pertsona bakoitzaren diagnostikoa egingo dute, gizarteratzeko hitzarmenen
hartzaile diren pertsonek gizarteratzeko edo lan-munduan sartzeko zer-nolako
premiak dituzten ikusteko.
Diagnostikoa kontuan izanda, ondoren,
gizarteratzeko hitzarmenaren proposamena diseinatuko dute udalek pertsona
bakoitzarentzat. Proposamen horretan, parte hartzen duten aldeek zein konpromiso
izango dituzten zehaztuta utziko da, eta, zehazki, aldeek hartzaile izango
direnen ekonomi, gizarte-eta lan-integrazio eraginkorrena bultzatzeko neurriei
buruzko konpromisoak; horrezaz gainera, aplikatutako ekintza berezien
egokitasunaren ebaluazioa egiteko maiztasuna ezarriko da.
Gizarteratzeko hitzarmenaren proposamenak
dioenaz negoziatu ondoren, udalek gizarteratzeko hitzarmenaren behin betiko
testua idatziko dute, eta ondoren bi aldeek izenpetuko.
2.- Parte
hartzen duten aldeek gizarteratzeko hitzarmenak idazteko, udalak oinarriko
gizarte-zerbitzuez baliatuko dira, eta kontuan eduki beharko da gizarteratzeko
guztira zenbat ekintza eraman ahal izango den aurrera, horien artean daudelarik
eskumena duten gainerako erakunde publiko edo pribatuen jabetzakoak direnak.
3.- Aipatutako
helburuak lortzeko, gainerako euskal administrazio publikoek eta erakunde
pribatuek (Gizarte Zerbitzuen Entitate Laguntzaileen Erregistroan izena emanda
dutenak) udalekin batera jardutean, printzipio hauek bete beharko dituzte:
koordinazioa, lankidetza eta herritarrei zerbitzuak eskaintzea.
7. Atala - Parte hartzen duten aldeen betebeharrak
1.- Gizarteratzeko hitzarmenetan parte hartzen
duten aldeek betebehar hauek izango dituzte:
a) Gizarteratzeko
hitzarmenean egingo dituztela hitz eman duten ekintzak aurrera eramatea.
b) Hitzemandako jarduerak
aurrera eramateko eragina izan dezaketen gertakariren batzuk sortu badira,
horien berri ematea.
c) Izenpetu den
gizarteratzeko hitzarmenaren helburuen ondorio diren jarduera guztiak burutzea.
2.- Kasu
guztietan, eta gizarteratzeko hitzarmena izenpetzean hartutako konpromiso
guztien gainetik, hitzarmen hori ez da inoiz ere oztopo izango hartzaileek
hitzarmenean aurreikusi gabeko lanposturen bat eskuratu edo beste
prestakuntza-moduren bat jaso ahal izateko. Dena den, egoera horiek hitzarmena
berrikustea eragin ahal izango dute.
3.- Gizarteratzeko
hitzarmenetan jasota dauden jarduerak eta esku-hartzeak, 6.3 atalean jasotako
printzipioen arabera, udalek edo dena delako eremuan eskumena duten gainerako
administrazio edo erakundeek eramango dituzte aurrera. Bakoitzak bere programak
betearaziko ditu, programetan bertan jasotako moduan.
8. Atala - Berrikustea, aldatzea eta aldi batez indarrik gabe uztea
1.- Gizarteratzeko
hitzarmenak finkatu egin beharko du nolako maiztasunarekin egingo den haren
ebaluazioa. Ebaluazio horren eretzean edo esku hartzen duten aldeek hala
erabakitzen baldin badute, aldez aurretik aldeetakoren batek hala eskatuta edo,
bestela, ezinbestekoa baldin bada dena delako arrazoiagatik, gizarteratzeko
hitzarmena berrikusi edo aldatu egin ahal izango da, edo baita indarrik gabe
utzi ere.
2.- Aparteko
larritasuneko egoeretan, hau da, titularrak ezin duenean bete, aldi baterako
etenda utzi ahal izango da hitzarmenetik sorturiko konpromisoak bete beharra,
harik eta horretarako bidea ematen duen egoera desagertu edo aldatu arte.
9. Atala - Amaitzeko arrazoiak
Gizarteratzeko hitzarmena
amaitzea eragingo du:
a) Gizarteratzea dela eta
hitzarmenean jarritako helburuak lortzeak.
b) Onuradunak, bere erruz,
hartutako konpromisoen ondoriozko ekintzak aurrera ez eramatea.
c) Parte hartzen duten aldeek
hori egitea erabakitzeak.
d) Hasieran jarritako epea
betetzeak, epe hori luzatzea erabakita ez badago behintzat.
e) Ordenamendu juridikoan
jasotako gainerako arrazoiek.
III ATALBURUA
ERAKUNDEEN ANTOLAKETA,
GIZARTERATZEKO EUSKAL PLANA ETA GIZARTERATZEKO PROGRAMAK
10. Atala - Erakundeen antolaketa
Euskal Autonomia
Erkidegoan gizarteratzearen arloan erakundeek duten antolaketa ondorengoek osatzen
dute:
a) Gizarteratzeko Batzorde
Iraunkorrak.
b) Gizarteratzeko Erakunde
Arteko Batzordeak.
c) Gizarteratzeko Sail Arteko
Batzordeak.
11. Atala - Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorra
1.- Gizarte
Ongizaterako Euskal Kontseiluaren baitan Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorra
osatuko da, eta gune hori izango da bazterkeriaren aurkako lanean diharduten
gizarteko sektoreek parte hartzeko gune berezia. Era berean, lege honetan
aipatzen diren gaien inguruko lege-egitasmoak, xedapen orokorrak edo araudiak
proposatu edo agindu behar baditu Eusko Jaurlaritzak, zalantzak argitu eta
aholkularitza jasotzeko gunea ere batzorde iraunkor hori izango da.
2.- Ondorengoak izango dira Gizarteratzeko
Batzorde Iraunkorreko kide:
a) Euskal administrazio
publikoetako hemezortzi ordezkari, honela banatuta:
- Eusko Jaurlaritzak
izendatutako sei ordezkari; horietako bat batzordeburua izango da eta beste bat
idazkaria. Idazkariak hitz egiteko eta botoa emateko aukera izango du.
- Foru-aldundiek izendatutako
bi ordezkari.
- Ordezkaritza handiena duen
euskal udalen elkarteak izendatutako sei ordezkari, Autonomia Erkidegoan diren
udalerri-mota ezberdinak islatzen saiatuz.
b) Helburu nagusia
bazterkeriari aurre egitea duten erakunde pribatuek izendatutako zortzi
ordezkari, erakunde pribatu horiek Gizarte Zerbitzuen Entitate Laguntzaileen
Erregistroan izena emanda egon beharko dutelarik. Ordezkari horiek guztiak edo
horien zati bat aukeratzeko orduan denak ados jartzen ez baldin badira,
gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak dituen saileko sailburuak izendatuko ditu.
c) Euskal Autonomia
Erkidegoko enpresen elkarteek izendatutako lau ordezkari, orokorrean ezartzekoa
den araudiaren arabera enpresarien erakunde-ordezkaritza duten elkarteen
artetik aukeratuta.
d) Euskal Autonomia
Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta sindikatu-konfederazioek
eta gutxienez langileen ordezkarien eta enpresa-komiteko kideen eta
administrazio publikoetako organoen %10 eskuratu duten sindikatuek eta
sindikatu-konfederazioek izendatutako lau ordezkari.
e) Gizarte Lanean
Diplomatutakoen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Profesionalak izendatutako
ordezkari bat.
f) Euskadiko Kooperatiben
Konfederazioko ordezkari bat.
3.- Aurreko
lerroaldeko b) eta d) idazatietan aurreikusitako ordezkaritza lau urtetarako
izango da.
4.- Eginkizun hauek izango ditu Gizarteratzeko
Batzorde Iraunkorrak:
a) Bazterkeria jasaten duten
pertsonen oinarrizko premiak zeintzuk diren ikusi eta aztertzea, horren arabera
Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeari bazterkeriari zein eratan aurre egin
dakiokeen erakusteko.
b) Gizarteratzeko Euskal
Planaren proposamenari buruzko iritzia ematea, derrigorrez.
c) Gizarteratzeko Euskal
Plana betetzen den edo ez ikusteko eta ebaluaketa egiteko txostena urtero
idaztea. Lege honen 40.2 atalean aurreikusten diren eraginetarako, aipatutako
txostena Jaurlaritzari bidali beharko zaio Gizarteratzeko Euskal Plana ezarriko
den azken hiruhilabetekoa baino lehen.
d) Lege honetan aipatzen
diren laguntza ekonomikoen zenbatekoak finantziatzeko izendatutako
diru-baliabideei buruzkoan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren
lege-aurregitasmoaz informatzea.
e) Bazterkeria jasaten duten
pertsonak gizarteratzeko zein jarduera eraman beharko litzatekeen aurrera
proposatzea eskumena duten gainerako organo edo erakunde publikoei eta arlo
horretako eginkizunak dituzten erakunde pribatuei.
f) Gizarte-bazterkeriaren
inguruan emandako arauak, programa orokorrak edo arlokakoak direla eta, aldeko
edo kontrako iritzia ematea, derrigorrez, horien guztien eremua Euskal
Autonomia Erkidegoa baldin bada.
g) Batzordearen antolaketa
eta funtzionamenduari buruzko araudia idaztea.
12. Atala - Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordea
1.- Eskumena
duten euskal administrazio publikoek lege honetan jasotzen diren jarduerak
aurrera eramatea dela eta, elkarren artean koodinatuta ibiliko direla
ziurtatzeko, Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordea sortu da, eta batzorde
hori izango da elkarlanerako erakunde nagusia.
2.- Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeak
ondorengo kideak izango ditu:
a) Eusko Jaurlaritzako hiru
ordezkari, Gobernu Kontseiluak izendatutakoak, gizarte-zerbitzuen arloan
eskumena duen saileko sailburuak proposatuta; horietako bat,
batzordeburu-lanetan arituko dena, esandako sailekoa izango da.
b) Foru-aldundiek
izendatutako ordezkari bana.
c) Ordezkaritza handiena duen
euskal udalen elkarteak izendatutako hiru ordezkari.
13. Atala - Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordearen eginkizunak
Gizarteratzeko Erakunde
Arteko Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Lege hau garatzeko,
ezartzeko eta, hala behar badu, berrikusteko irizpideak proposatzea.
b) Gizarteratzeko Euskal
Planaren proposamena egitea.
c) Lege honetan jasotako
arloen inguruko jarduerak koordinatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko
proposatzea euskal administrazio publikoei; batez ere jarduerak aurrera
eramateko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak aztertu beharko
dira ondo.
d) Gestioaren kalitatea
neurtzeko txostena hiru urtez behin idatzi beharko du, lege honetan jasotzen
dena aurrera eramateko eta betearazteko orduan erakundeetako hiru mailek parte
hartzeak sor ditzakeen gabeziak edo akatsak aurkitzeko. Beharrezkoa bada,
legean esaten dena behar bezala bete eta garatzeko ekintza zehatzak proposatuko
ditu. Lege honen 40.2 atalean aurreikusten diren eraginetarako, aipatutako
txostena Jaurlaritzari bidali beharko zaio Gizarteratzeko Euskal Plana ezarriko
den azken hiruhilabetekoa baino lehen.
e) Eusko Jaurlaritzak
foru-aldundiei eta foru-aldundiek udalei gizarte-larrialdietarako laguntzak
finantziatzeko diru-baliabideak nola banatu jakiteko irizpideak aztertzea.
Beharrezkoa bada, irizpide horiek berrikusi egingo dira.
f) Ordenamendu juridikoak
bere ardurapean jarritako gainerako eginkizun guztiak.
14. Atala - Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordea
1.- Eusko
Jaurlaritzak gizarteratzearen arloan aurrera eramango dituen jarduerak
koordinatzeko organoa izateko, Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordea sortu da,
eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituen sailari egongo da atxikita.
2.- Batzorde horretako buru gizarte-zerbitzuen
arloan eskumenak dituen saileko sailburua izango da. Hamabi ordezkari izango
dira batzordekide, gutxienez zuzendari-maila dutenak, eta ondorengo sail edo
erakundeetan eskumena duten sailburuek izendatuko dituzte:
- Ogasuna.
- Enplegua.
- Enplegurako prestakuntza.
- Gizarte-zerbitzuak.
- Justizia.
- Drogamenpekotasunak.
- Hezkuntza.
- Osasuna.
- Gazteria.
- Etxebizitza.
- Herritarren segurtasuna.
- Gizon-emakumeen arteko
berdintasuna.
3.- Gizarteratzeko Sail Arteko Batzordeak
eginkizun hauek izango ditu:
a) Bazterkeriari aurre
egiteko har daitezkeen esku-hartze eta jarduera bereziak eta hori jasaten duten
pertsonei gizartean eta lan-munduan sartzen laguntzeko har daitezkeen
esku-hartze eta jarduera orokorrak zeintzuk diren ikustea eta jasota uztea.
Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak dituen
eskumenen barruan jardunda egin beharko da.
b) Bazterkeria jasaten duten
pertsonek goian aipatutako esku-hartze eta jarduera horietan parte hartuko
dutela bermatzeko printzipio orokorrak proposatzea; beharrezkoa bada,
bazterkeria jasaten duten pertsonek esku-hartze edo jarduera orokor bakoitzetik
jasoko duten diru-laguntza gutxienez zenbatekoa izango den edo haientzat nolako
ekintza eramango den aurrera zehaztuko da.
c) Gizarteratzearen arloan
sailen artean aurrera eramandako esku-hartze eta jarduerak koordinatzeko
proposamenak egitea eta, beharrezkoa bada, sail bat baino gehiagori eragiten
dioten jardueren gastuak sailen artean banatzeko irizpideak ezartzea.
d) Bazterkeriari aurre
egiteko aurrera eramandako esku-hartze edo jarduerak aztertzea. Beharrezkoa
bada, beste proposamen batzuk egitea ere aztertuko da, bazterkeriarekin
zerikusia duten egoerek eragindako arazoak zeintzuk diren ikusita.
e) Sailek Gizarteratzeko
Euskal Plana betetzeko ildo nagusiak proposatzea; gizarteratzeko sailetako
programen bidez beteko dute plana.
f) Gizarteratzeko Euskal
Plana zenbateraino bete den jakiteko, planaren jarraipen-eta ebaluazio-txostena
urtero idaztea; txosten horretan, nahitaez, gizarteratzearen arloan lortutako
helburuen ebaluazioa egin beharko da. Lege honen 40.2 atalean aurreikusten
diren eraginetarako, aipatutako txostena Jaurlaritzari bidali beharko zaio
Gizarteratzeko Euskal Plana ezarriko den azken hiruhilabetekoa baino lehen.
g) Batzordearen antolaketa
eta funtzionamenduari buruzko araudia idaztea.
h) Ordenamendu juridikoak
izendatzen dizkion gainerakoak.
15. Atala - Gizarteratzeko Euskal Plana
1.- Gizarteratzeko
Euskal Planak hiru urteko iraupena izango du eta bazterkeria jasaten duten
pertsonak gizarteratzea lortzeko eskumena duten administrazioen esku-hartzea
eta jarduera bideratuko duten ildoak jasoko ditu, modu koordinatu eta
orokorrean.
2.- Gizarteratzeko
Euskal Plana Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeak idatziko du eta Eusko Jaurlaritzak
onartuko, aldez aurretik Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorrak derrigorrezko
txostema emanda. Eusko Jaurlaritzak gero Eusko Legebiltzarrera bidaliko du,
komunikazio moduan.
16. Atala - Gizarteratzeko programak
Gizarteratzeko Euskal Plana gauzatzeko,
administrazioek, bakoitzak bere eskumenen barruan, hainbat programa idatzi eta
eramango dituzte aurrera.
IV ATALBURUA
GIZARTERATZEKO GUTXIENEKO DIRU
SARRERA
17. Atala - Definizioa eta ezaugarriak
1.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera aldian-aldian emango den laguntza ekonomikoa da, eta
helburua bizi ahal izateko oinarrizko gastuei aurre egiteko behar beste
baliabide ekonomiko ez dutenen premiak betetzea da.
2.- Laguntzaren ezaugarriak:
a) Indarrean dagoen
legeriaren arabera laguntzaren titularrak edo honen elkarbizitzako unitate
ekonomiko independienteko beste edozein kidek jaso ditzakeen era guztietako
baliabide eta gizarte-laguntza ekonomikoen osagarria izango da laguntza hau,
eta subsidiarioa izango da.
b) Elkarbizitzako unitate
ekonomiko independienteko kide guztientzako emango den laguntza izango da, eta
janariak erosteko erabiliko da.
c) Besteri eman ezina izango
da, eta ondorioz, ezin izango da:
- obligazioen berme gisa
eskaini.
- osorik edo zati bat eman.
- konpentsazio edo beherapenik
izan, non eta ez den behar ez bezala eskuratutako laguntzak itzultzeko.
- erretenitu edo enbargatu,
Estatu osorako legeriatik ezartzekoak diren legeetan aipatzen diren kasuetan
eta lege horietan jartzen diren mugekin izan ezik.
18. Atala - Eskubidedunak
1.- Lege honetan jasotzen diren baldintzak
beteta, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera eskuratu ahal izango dute
ondorengo baldintzak betetzen dituzten pertsonek:
a) Elkarbizitzako unitate
ekonomiko independientea osatzea laguntzaren eskabidea aurkeztu baino urtebete
lehenagotik gutxienez. Epe hori bete beharrik ez dute izango ondorengoek:
- Ekonomikoki
beren kargu adin txikikoak edo ezintasunen bat duen pertsona dutenek, edo beste
pertsona batekin ezkonduta daudenek edo ezkontzaren antzeko beste
lotura-moduren baten bidez harreman iraunkorra dutenek.
- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko berria osatu dutenek, banandu, dibortziatu edo ezkontzaren
nulitatea lortu dutelako (ezkonduta egonda nahiz izatezko bikotea osatzen
zutela), betiere unitate berria lehenagoko elkarbizitzako unitate ekonomiko
independientea osatzen zuten pertsona berek bakarrik osatzen baldin badute.
- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independiente berria osatzen dutenek, gurasoak, tutoreak edo
legezko ordezkariak hil direlako.
b) Euskal
Autonomia Erkidegoa osatzen duten herrietakoren bateko Erroldan azaltzea
eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik gutxienez.
Europako Batasuneko herritarrak ez direnen
kasuan, beharrezkoa izango da aurreko lerroaldeko baldintzak bete edo
autonomia-erkidegoan gutxienez hiru urtez legez bizi izan direla erakustea, eta
hamar urte horietatik hamabi hilabete justu eskabidea egin aurrekoak izan
beharko dira, epe laburragoak bete beharko direnean izan ezik, nazioarteko
hitzarmenetan esaten dena beteta edo, halakorik ezean,
elkarrekikotasun-printzipioaren arabera.
c) Behar beste baliabide ez
izatea. Behar beste baliabide ez dagoela pentsatuko da ondorengo baldintza
guztiak betetzen baldin badira:
- Hileroko irabaziak kasuan
kasuko gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren hileroko zenbatekoa baino
txikiagoak izatea, lege honen VI. atalburuan ezartzen denaz bat.
- Lege honen 3.2 atalean eta
hori garatuko duten araudietan jasotakoaren arabera elkarbizitzako unitate ekonomiko
independientetzat har daitezkeen pertsonen kasuan, pertsona horiek etxebizitza
edo alojamendu berean bizi badira beste pertsona batzuekin (3.1.b atalean
aipatutako lotura-moduren batekin), pertsona horiek guztiek, kasuan kasuko
denbora-tarterako, dituzten irabaziak legokiekeen gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarreraren gehienezko kopurua bider bost baino txikiagoak izatea; hori
guztia inolako baliabiderik ez baldin badute eta aipatutako lotura-moduen
arabera elkarrekin zenbat pertsona bizi diren kontuan izanda.
- Lege honen VI. atalburuan
ezartzen denaren arabera, dena delako ondarea izatea, baina ondare hori
legokiekeen urte osoko gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera bider lau eginda
ateratako kopurua baino txikiagoa izatea, betiere inolako baliabiderik ez
baldin badute eta aipatutako lotura-moduen arabera elkarrekin zenbat pertsona
bizi diren kontuan izanda.
d) 25 urte baino gehiago eta
kasuan kasuko legerian zahartzaroa dela eta pentsio publikoa eskuratzeko
jarritako gutxieneko adina baino urte gutxiago edukitzea.
Salbuespena
izango dira 25 urtetik beherakoak, baldintza hauetan: gainerako baldintza
guztiak beteta, ekonomikoki beren ardurapean baldin badituzte adin txikikoak
nahiz ezintasunen bat duten pertsonak, edo aitarik edo amarik gabeko umezurtzak
badira 25 urtez beherako horiek. Halaber, salbuetsitzat joko dira 25 urtetik
beherakoak, gainerako baldintza guztiak betetzen badituzte eta beste pertsona
batekin ezkontzaz edo ezkontzaren antzeko harremanez loturik badaude sei
hilabete lehenagotik gutxienez.
2.- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independiente berean pertsona bat baino gehiago egonda ere
laguntzaren titularra izateko baldintzak betetzen dituztenak, gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera bakar bati baino ezin izango zaio eman.
19. Atala - Eskubidedunen betebeharrak
Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera eskuratzeko eskubidedunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emateko arrazoia izan
diren egoerei aurre egiteko erabiltzea laguntza.
b) Lege honetan
erabakitakoaren arabera, laguntza aldatu, bertan behera utzi edo amaitzea
eragin dezaketen egoeren berri ematea.
c) Titularrak ohiko bizilekua
aldatu egiten badu, horren berri ematea, gizarteratzeko hitzarmenean
aurreikusita leudekeen berezitasunak baztertu gabe.
d) Akatsen bat dela eta
eskuratutako edo dagokionetik gora eskuratutako kopuruak itzultzea.
e) Gizarteratzeko hitzarmena
negoziatu, izenpetu eta betetzea administrazioarekin, lege honetako II. atalburuan
aipatzen diren egoeretan eta moduan.
f) Administraziora joatea
eta elkarlanean aritzea, hala eskatzen zaionean, gizarteratzeko hitzarmenean
aurreikusita leudekeen berezitasunak baztertu gabe.
g) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarreraren helburuen ondoriozko betebehar guztiak, araudi bidez zehaztuta
baldin badaude.
20. Atala - Zenbatekoa zehaztea
1.- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independiente bakoitzari gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarreratik hilero zenbateko diru-kopurua emango zaion jakiteko, eragiketa
hau egingo da: pertsona bakar bati hilero emateko jarritako kopuruari araudi
bidez ezarritako osagarri batzuk gehituko zaizkio, titularrarekin batera bizi
den pertsona bakoitzeko (halakorik dagoenean).
2.- Pertsona
bakar batek osatzen duen elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteak
hilero zenbat jasoko duen eta titularrarekin bizi diren gainerako pertsona
bakoitzeko zenbateko osagarriak eskuratuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko
Aurrekontu Orokorren Legean zehaztuko da, urtero.
3.- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independiente bakoitzari eman beharreko gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarreraren hileroko zenbatekoa oso-osorik emango da unitate
horrek inolako baliabiderik ez duenean. Besterik gertatzen da unitate horrek
baliabideren bat baldin badu, kasu horretan baliabideei dagokiena zenbateko
horretatik kendu egingo delako, eta gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera
kenketa hori egitearen emaitza izango delako, lege honen 38. atalean
zehaztutako moduan.
4.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarreraren hileroko zenbatekoa kontsumo-prezioen indizearen eta
lanbidearteko gutxieneko soldataren igoeren arabera berraztertu beharko da, eta
ezingo da izan indize horietatik gehien igotzen dena baino apalagoa.
21. Atala - Sortzapena eta ordaintzea
1.- Eskabidea
aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita egingo da laguntzaren sortzapena.
2.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera hilabetea bete ondoren ordainduko da.
22. Atala - Eskubidearen iraupena eta aldian aldiko berrikusketak
1.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea edukiko da laguntza emateko
arrazoiek dirauten artean eta titularrak lege honetako 19. atalean aipatzen
diren betebeharrak betetzen dituen artean.
2.- Eskumena
duen organoak aldian-aldian berrikusi egingo ditu egoerak bere kabuz,
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera jaso ahal izatea eragin zuten arrazoiek
bere horretan dirauten edo ez ikusteko. Lan hori egiteko, laguntza jasotzeko
eskubidea dutenei administrazioak eskatutako lekura joan eta elkarlanean
aritzeko eskatu ahal izango zaie. Dena den, kasu guztietan urtean behin
behintzat berrikusiko da laguntzak jasotzeko arrazoirik badagoen edo ez
oraindik.
23. Atala - Zenbatekoa aldatzea
Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren
zenbatekoa aldatzeko arrazoia izango da elkarbizitzako unitate ekonomiko
independienteko kideen kopuruan edo laguntza kalkulatzeko oinarritzat hartutako
baliabideetan gertatutako aldaketa. Zenbatekoa aldatzeko jardunbidea zehaztu
egingo da.
24. Atala - Eskubiderik gabe uztea
1.- Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera
eskuratzeko eskubiderik gabe geratuko da eskubideduna ondorengo arrazoiengatik:
a) Eskubidea izateko
eskatutako baldintzetakoren bat ez betetzea aldi batez.
b) Gizarteratzeko hitzarmen
bat negoziatu edo izenpetzeari uko egitea, lege honetako II. atalburuan esaten
den moduan.
2.- Era berean, gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera jasotzeko eskubidea bertan behera utzi ahal izango da titularrak
edo titularraren elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko kideren batek
ez baldin baditu betetzen gizarteratzeko hitzarmenean hartutako konpromisoak.
3.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea bertan behera uzten baldin bada, ez
da laguntzarik ordainduko, eta eskubideak bertan behera utzita jarraituko du
egoera horren eragileek bere horretan jarraitzen baldin badute. Egoera hori,
ordea, ez da luzatuko jarraian izandako 18 hilabetez baino gehiago. Izan ere,
epe hori igarota, laguntza jasotzeko eskubidea amaitu egingo da.
4.- Gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea bertan behera uztea eragin zuten
arrazoiak desagertuz gero, une horretan laguntzaren sortzapena hasteko
baldintzak betetzen diren aztertuko du administrazioak, bere kabuz edo
interesatuak eskatuta. Hala badagokio, laguntza zenbatekoa izango den ere
zehaztuko da. Laguntza berriz jasotzen hasteko baldintzak betetzen diren
egunaren hurrengotik hasiko da laguntzaren sortzapena.
25. Atala - Laguntza kautelaz bertan behera uztea
Laguntza kautelaz ez ordaintzea erabaki ahal izango du horretarako
eskumena duen organoak, laguntza onartzeko edo mantentzeko baldintzetakoren bat
ez dela betetzen erakusten duten zantzuak somatu baldin badira elkarbizitzako
unitate ekonomiko independientean. Halako kasuetan, laguntza mantendu, bertan
behera utzi edo amaitu egingo den erabaki beharko du organo horrek hiru
hilabete igaro baino lehen.
26. Atala - Eskubidea amaitzea
1.- Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera
jasotzeko eskubidea amaitu egingo da ondorengo arrazoiengatik:
a) Titularra hil egiten bada.
b) Laguntza emateko eskatzen
ziren baldintzetakoren bat ez bada betetzen.
c) Baldintza bertan behera
utzita egoten bada jarraian 18 hilabete baino gehiagoan.
d) Titularrak uko egiten
badio laguntzari.
e) Zigor-jardunbide baten
bidez hala erabakitzen bada.
f) Lege honetako 47.2
atalean aurreikusitako betebeharra ez baldin bada betetzen, gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea onartuta zutenen kasuan.
2.- Dena
delako unerarte gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea
zuenari eskubide hori kentzeak elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko
beste kide batzuei kalte nabarmenak eragiten badizkie, pertsona horiek laguntza
jaso ahal izateko izapideak berehala eta lehentasuna izanda burutuko dira.
27. Atala - Titularra ez denari ordaintzea laguntza
1.- Araudi
bidez zehaztuko diren moduan eta kasuetan, eta, kasu guztietan, legez
adierazten bada titularrak ez duela gaitasunik edo titularrak ez baldin badu
bete hartutako obligazioa (laguntza dagokion helburuak lortzeko erabiltzea),
laguntza titularra ez den beste pertsona bati ordaintzea erabaki ahal izango du
horretarako eskumena duen organoak.
2.- Laguntza,
aurreko lerroaldean aipatzen denez, beste pertsona bati ordaintzeak ez du
eragingo, inoiz ere, laguntza jasotzeko eskubidearen titularitatea aldatzea.
V ATALBURUA
GIZARTE LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK
28. Atala - Definizioa eta ezaugarriak
1.- Gizarte-larrialdietarako
laguntzak laguntza ekonomikoak dira, aldian-aldian emango ez direnak, eta
helburua gastu berezi batzuk egiteko behar beste baliabide ez duten pertsona
batzuei laguntzea da. Gastu horiek arruntak edo ohiz kanpokoak izango dira, eta
beharrezkoak gizarte-bazterkeriarik ez izateko edo bazterkeriaren ondorioak
arintzeko.
2.- Era horretako gastutzat ondorengoak hartuko
dira:
a) Ohiko etxebizitza edo
alojamendua eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuak; horren
barruan sartuko dira:
- Errentaren gastuak.
- Etxebizitza edo alojamendua
erosteko, gizarte-larrialdiko egoera baino lehen eskatutako maileguaren
interesak ordaindu edo amortizatzeko sortutako gastuak.
- Energiak, urak, estoldak,
zaborrek eta hiri-eta landa-ondasun higiezinen gaineko zergak eragindako
gastuak.
b) Ohiko etxebizitzan edo
alojamenduan bizi ahal izateko eta oinarrizko osagaiak edukitzeko beharrezko
gastuak.
c) Elkarbizitzako unitate
ekonomiko independienteko pertsona baten edo gehiagoren lehen mailako premiek
eragindako gastuak, hala nola janztea, hezkuntza eta prestakuntza eta
osasun-laguntza jasotzea, baldin eta sistema publikoek eskaintzen ez badizkiete
zerbitzu horiek.
d) Gorago aipatutako
gastu-moduren batengatik lehenagotik zorpetuta egoteagatik sortutako gastuak
edo bizitzako oinarrizko beharrizanei erantzuteko beharrezko gastuengatik
zorpetuta egoteagatik sortutakoak.
3.- Laguntza horien ezaugarriak:
a) Finalistak izango dira,
eta zertarako eman diren, horretarako baino ezin izango dira erabili.
b) Indarrean dagoen
legeriaren arabera laguntzaren onuradunak edo honen elkarbizitzako unitate
ekonomiko independienteko beste edozein kidek (edo lege honen 29.2 atalean
aurreikusitakoaz bat, etxebizitza edo alojamendu berean bizi diren beste
pertsona batzuek) jaso ditzakeen era guztietako baliabide eta gizarte-laguntza
ekonomikoen osagarria izango da laguntza hau, eta subsidiarioa izango da.
c) Besteri eman ezina izango
da, eta ondorioz, ezin izango da:
- obligazioen berme gisa
eskaini.
- osorik edo zati bat eman.
- konpentsazio edo beherapenik
izan, non eta ez den behar ez bezala eskuratutako laguntzak itzultzeko.
- erretenitu edo enbargatu,
Estatu osorako legeriatik ezartzekoak diren legeetan aipatzen diren kasuetan
eta lege horietan jartzen diren mugekin izan ezik.
4.- Ohiko
etxebizitza edo alojamendua erosi egiten baldin bada, eta hain zuzen ere
araudiz ezarritako moduan, laguntza horiek maileguen erakoak izateko aukera
egongo da, eta, hala behar badu, laguntza hartzen duenaren eta, etxebizitza edo
alojamendu berean elkarrekin bizi direlarik, orobat jaso lezaketenen egoera
ekonomiko eta sozialari egokitutako ezaldi bat ezarriko da.
29. Atala - Laguntzak lor ditzaketen pertsonak
1.- Lege honetan jasotzen diren baldintzak
beteta, gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu ahal izango dituzte ondorengo
baldintzak betetzen dituzten pertsonek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoa
osatzen duten herrietakoren bateko Erroldan azaltzea, eskabidea aurkeztu baino
sei hilabete lehenagotik gutxienez.
b) 18 urte beteta edukitzea.
Salbuespena
izango dira adin horretara iristen ez direnak, baldintza hauetan: gainerako
baldintza guztiak beteta, ekonomikoki haien kontu dauden pertsonak baldin
badituzte ardurapean, edo aitarik edo amarik gabeko umezurtzak badira 18 urtez
beherako horiek.
c) Lege honetako 28.2 atalean
aipatzen diren gastu bereziei aurre egiteko behar beste baliabide ez izatea;
gastu horiek elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko kideei eragiten
dietenak izan beharko dira. Behar beste baliabide ez dagoela pentsatzeko,
ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira:
- Azkenengo urtean zehar edo
laguntza eskatzeko arrazoia diren gastuen erreferentzia den denbora-tartean,
irabaziak legokiokeen gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren gehienezko
zenbatekoa (betiere elkarbizitzako unitate ekonomiko independientean zenbat
kide diren kontuan izanda) baino %150 txikiagoak izatea, lege honen VI.
atalburuan ezartzen denaz bat.
Aurrekoa hala bada ere,
araudi bidez zehaztuko diren kasu batzuetan, eskatzailearekin ohiko etxebizitza
edo alojamenduan bizi diren beste pertsona batzuen irabaziak ere kontuan hartu
ahal izango dira, pertsona horiek ere laguntzen onuradunak izateko aukera
baldin badute.
- Lege honen 3.2 atalean eta
hori garatuko duten araudietan jasotakoaren arabera elkarbizitzako unitate
ekonomiko independientetzat har daitezkeen pertsonen kasuan, pertsona horiek
etxebizitza edo alojamendu berean bizi badira beste pertsona batzuekin (3.1.b
atalean aipatutako lotura-moduren batekin), pertsona horiek guztiek, kasuan
kasuko denbora-tarterako, dituzten irabaziak dagokien gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarreraren gehienezko kopurua bider bost baino txikiagoak izatea; hori
guztia inolako baliabiderik ez baldin badute eta aipatutako lotura-moduen
arabera elkarrekin zenbat pertsona bizi diren kontuan izanda.
- Lege honen VI. atalburuan
ezartzen denaren arabera, dena delako ondarea izatea, baina ondare hori
legokiekeen urte osoko gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera bider lau eginda
ateratako kopurua baino txikiagoa izatea, betiere inolako baliabiderik ez
baldin badute eta aipatutako lotura-moduen arabera elkarrekin zenbat pertsona
bizi diren kontuan izanda.
2.- Etxebizitza
edo alojamendu berean onuraduna izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat
baino gehiago egonez gero, eta pertsona horiek gastu berari aurre egiteko
laguntzak eskatu baldin badituzte, kasu horietan gizarte-larrialdietarako
laguntza bat baino ez da emango.
30. Atala - Onuradunen betebeharrak
1.- Gizarte-larrialdietarako laguntza eskuratu
duten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emateko arrazoia izan
diren egoerei aurre egiteko erabiltzea laguntza.
b) Laguntzak jasotzeko
eskubidea izatearekin zerikusia duten gertaerak izan badira, horien berri
ematea.
c) Onuradunak ohiko bizilekua
aldatu egiten badu, horren berri ematea.
d) Akatsen bat dela eta
eskuratutako edo dagokionetik gora eskuratutako kopuruak itzultzea.
e) Araudi bidez zehaztuko den
moduan, zorra dagoela onartzen duen agiria izenpetzea.
f) Administraziora joatea
eta elkarlanean aritzea, hala eskatzen zaionean.
g) Gizarte-larrialdietarako laguntzaren
helburuen ondoriozko betebehar guztiak, araudi bidez zehaztuta baldin badaude.
2.- Onuradunak
ez baldin baditu laguntzak dagokien helburuak betetzeko erabiltzen, bere
betebeharra hori izanda ere, laguntza hori onuraduna ez den beste pertsona bati
ordaintzea erabaki ahal izango du horretarako eskumena duen organoak. Laguntza
beste pertsona bati ordaintzeak ez du eragingo, inoiz ere, hasierako
titularitatea aldatzea.
31. Atala - Zenbatekoa zehaztea
1.- Lege
honetako 28.2 atalean zehaztutako gastu berezi bakoitzerako gehienezko kopuru
orokor batzuk finkatuko dira araudi bidez, eta gizarte-larrialdietarako
laguntzen bidez ezin izango da, inoiz ere, kopuru horiek baino gehiago
ordaindu.
2.- Lege honetako 28.2 atalean zehaztutako
gastu berezi bakoitza dela eta eskabidegile bakoitzari zenbat ordainduko zaion
jakiteko, ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Aurreikusitako gastu
berezi bakoitza dela eta eskabidegile bakoitzari gehienez ere zenbat ordainduko
zaion, honen arabera zehaztuko da:
- Eskabidegileak,
elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko gainerako kideek eta,
halakorik baldin badago, lege honetako 3.2 atalean aurreikusitakoaren arabera,
laguntzen onuradunak izan daitezkeen gainerako kideek zenbat baliabide dituzten
kontuan izanda.
- Egindako edo egitekoak diren
gastu berezien kostua zenbatekoa den.
- Atal honetako 1. lerroaldean
aipatzen diren gehienezko kopuruak kontuan izanda.
b) Eman daitekeen gehienezko
kopurua murriztu egin ahal izango da ondorengoen arabera:
- Aurrekontuak eskaintzen
dituen aukeren arabera.
- Oinarriko gizarte-zerbitzuek
egindako balorazioaren arabera (gastua beharrezkoa den edo ez, bazterkeria
jasaten duten pertsonei gizarteratzen laguntzeko zenbateko garrantzia duen edo
lehentasunezkoa den edo ez kontuan izanda).
32. Atala - Laguntza ematea eta ordaintzea
1.- Gizarte-larrialdietarako
laguntza emateko, aldez aurretik ondorengoa egin beharko da: oinarriko
gizarte-zerbitzuek benetan premiazko egoera bat dagoela ikusi beharko dute,
batetik, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan
helburu horretarako diru-kopuruak jasota egon beharko dira.
2.- Laguntzak
emateko argitaratuko den erabakian zehaztutako moduan ordainduko dira
gizarte-larrialdietarako laguntzak, eta ordaintzea erabakia hartu duen
organoaren eginkizuna izango da.
3.- Oinarriko
gizarte-zerbitzuek erabakitzen dutenaren arabera, laguntzak dena batera edo
zatituta ordainduko dira. Laguntza emango duen erabakian, eskumena duen
organoak zehaztu egin beharko du zein izango den ordaintzeko modu zehatza, eta,
era berean, egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak aurkezteko epea ere
finkatu beharko du. Epe horren barruan ez badira aurkezten aipatutako fakturak
edo egiaztagiriak, emandako laguntzak itzultzeko jardunbideari ekingo zaio,
beharrezkoa bada.
VI ATALBURUA
ZENBATEKO BALIABIDEAK DAUDEN
ZEHAZTEA
33. Atala - Baliabideak orokorrean kontuan hartzea
Lege honetan aipatzen diren laguntzak
ematea dela eta, eskabidegileak, elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko
gainerako kideek eta laguntzen onurak jaso ditzaketenek (halakorik baldin
badago, 3.2 atalean erabakitakoaz bat) zenbat baliabide dituzten jakiteko,
horiek guztiek dituzten baliabideak hartuko dira kontuan.
34. Atala - Irabaziak zehaztea
1.- Irabaziak
zenbatekoak diren zehazteko, norbere edo besteren kontura egindako lanak
emandakoak eta ondasunek, pentsioek edo beste edozein tituluk emandakoak
hartuko dira kontuan.
2.- Irabaziak
zehazteko orduan, gerta liteke irabazi batzuk ez zenbatzea: hain zuzen ere
finalistak diren gizarte-laguntza eta diru-sarrera batzuk eta norbere edo
besteren kontura egindako lanagatik lortutako irabazien ehuneko jakin batzuk;
azken horiek eskabidegileak, elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko
gainerako kideek edo 3.2 atalean aipatzen diren pertsonek egindako lanari
buruzkoak izango dira.
3.- Zer
irabazi den jakiteko orduan hilabetea hartzen baldin bada erreferentzia moduan,
eskabidea egin den uneko hilabetea hartuko da kontuan. Erreferentzia hilabetea
baino handiagoa edo urte osokoa bada, justu eskabidea egin aurreko hilabeteak
izango dira erreferentzia.
35. Atala - Ondarea zehaztea
1.- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independientearen ondarea ondasun higigarri eta higiezin
hauek osatuko dute: unitateak jabetza, edukitza edo usufruktuaren titulu
juridikoz dituen guztiak.
2.- Elkarbizitzako
unitate ekonomiko independientearen ondarearen balorazioa egiterakoan, ez da
kontuan hartuko unitate horren ohiko bizilekua edo alojamendua den etxebizitza,
non eta ez den jabetzan duen aparteko balioko etxebizitza eta erraz dirutzekoa.
Lege hau garatuko duten arauetan zehaztu
egin beharko dira aurreko lerroaldean aipatzen diren baldintzak. Dena den,
ondasuna aparteko baliokoa den edo ez erabakitzerakoan, kontuan eduki beharko
da etxebizitza hori dagoen herrian etxeek katastroan duten balioaren batez
bestekoa zein den.
3.- Era
berean, balorazioa egiterakoan ez da kontuan hartuko familiaren tresneria
(altzari, jantzi, etxeko tresna...), horretan aparteko balioa duten eta erraz
dirutzekoak diren ondasunak ez badaude behintzat.
VII ATALBURUA
LAGUNTZEN ERREGIMEN EKONOMIKOA
36. Atala - Behar ez bezala eskuratutako laguntzak
1.- Arau
honetan aipatzen den edozein laguntza-modu eman duten administrazioek behar ez
bezala emandakoak berriz jaso beharko dituzte.
2.- Behar
ez bezala eman eta gero berriz eskuratzen dituzten kopuruak, halakorik baldin
badago, hasieran zuten helburu bera betetzeko erabiliko dira, horretarako
jarriko den jardunbideari jarraituta.
37. Atala - Preskripzioa eta iraungitzea
1.- Behar
ez bezala eskuratutako kopuruak berriz itzultzeko betebeharra amaitu egingo da
Euskadiko Ogasun Orokorraren eskubide eta betebeharrei ezartzekoa zaien
araudian aurreikusitakoaz bat.
2.- Laguntzak
oroharreko prezioan eta dena batera jasotzeko eskubidea urtebetera amaitu
egingo da, eta epe hori interesatuari laguntza eman zaiola formalki jakinarazi
eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.
3.- Aldian-aldian
jasotzeko laguntzak direnean, hileroko laguntza jasotzeko eskubidea laguntza
bakoitzaren mugaeguna igarotzen denetik urtebetera amaituko da.
38. Atala - Diru-laguntzen urteko zenbatekoa
1.- Aurrera
doan urtean gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrak izan direnek
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera eta gizarte-larrialdietarako laguntza
dela eta urte osoan zehar jaso ahal izango duten zenbatekoa ezin izango da,
inoiz ere, titularraren ezaugarriak dituen elkarbizitzako unitate ekonomiko
independiente batek gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera dela eta gehienez
jaso ahal izango lukeenaren %175 baino handiagoa izan.
2.- Gizarte-larrialdietarako
laguntzaren onuradunentzat gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrak
izan ez badira, aurreko lerroaldean aipatzen den ehunekoa %125ekoa izango da.
VIII ATALBURUA
ESKUMENAK ETA FINANTZIAZIOA
39. Atala - Printzipio orokorra
Lege hau eta berau garatuko duten
xedapenak aurrera eraman eta ezartzeko eskumena dutenak, ondorengo ataletan
esango denaz bat, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak izango dira.
40. Atala - Eusko Jaurlaritzaren eskumenak
1.- Eusko Jaurlaritzak, dena delako esparruan
eskumena duten sailen bidez, eginkizun hauek izango ditu:
a) Lege hau garatuko duten
arauak idatzi eta onartzea.
b) Gizarteratzeko Sail Arteko
Batzordea eta Gizarteratzeko Batzorde Iraunkorra abian jartzea, horiek egingo
dituzten lanei bultzada ematea eta, era berean, Gizarteratzeko Erakunde Arteko
Batzordea osatzea bultzatzea.
c) Gizarteratzeko Euskal
Plana idaztea eta plan hori Eusko Legebiltzarrera bidaltzea, komunikazio
moduan.
d) Gizarteratzeko Euskal
Plana aurrera eraman ahal izateko behar beste baliabide orokor prestatzea.
Horretarako, sailetan programak prestatu beharko dira eta gero horiek Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-aurregitasmoan sartu, urtero.
e) Legean aurreikusten diren
gizarte arloko laguntza ekonomikoei eta gainerako tresnei buruzko estatistikak
planifikatu, koordinatu eta diseinatzea eta baita estatistika horiek egin eta
mantentzea ere, estatistikei buruzko arauek diotena beteta.
f) Ordenamendu juridikoak
bere ardurapean jarritako gainerako eginkizun guztiak.
2.- Eusko
Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen esparruan eskumena duen sailaren bidez, hiru
urtean behin memoria bat idatziko du, ondorengoetan oinarrituta: Gizarteratzeko
Batzorde Iraunkorrak prestatutako txostenean (11.4 c atalean dago aurreikusita),
Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeak prestatutakoan (13 d atalean dago
jasota) eta Sail Arteko Batzordeak prestatutakoan (14.3 f atalean dago
aurreikusita). Memoria hori gero Eusko Legebiltzarrera bidaliko du
Gizarteratzeko Euskal Plana ezarriko den azkenengo hiruhilabetekoan.
41. Atala - Foru-aldundien eskumenak
Foru-aldundiek eginkizun
hauek izango dituzte:
a) Gizarteratzeko Euskal
Plana betetzea dela eta onartutako gizarteratzeko foru-programak idatzi eta
garatzea.
b) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera ematea onartu edo ukatzea eta, beharrezkoa den kasuetan, laguntza
horiek berrikusi, aldatu, bertan behera utzi eta ematen amaitzea.
c) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera ordaintzea hilero.
d) Ordenamendu juridikoak
beren ardurapean jarritako gainerako eginkizun guztiak.
e) Bere eskumen-esparruaren
barruan zigortzeko ahalmenaz baliatzea, lege honen X. atalburuan eta hori
garatuko duten arauetan jasoko denaz bat.
42. Atala - Udalen eskumenak
Euskal Autonomia Erkidegoko
udalek eginkizun hauek izango dituzte:
a) Hala egokitzen bada,
Gizarteratzeko Euskal Plana betetzea dela eta onartutako gizarteratzeko
udal-programak idatzi eta garatzea.
b) Bazterkeria jasaten duten pertsonak
nortzuk diren jakin eta zein premia duten aztertzea.
c) Gizarteratzea lortzeko
oinarriko gizarte-zerbitzuek aurrera eramango dituzten esku-hartze eta
jarduerak idatzi, sustatu eta garatzea.
d) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera lortzeko eskabideak jaso eta espedienteak bideratzea, erabakiaren
proposamena ere egiten dela.
e) Gizarteratzeko hitzarmenak
negoziatu, idatzi eta izenpetzea. Eginkizun hori oinarriko gizarte-zerbitzuena
izango da.
f) Gizarte-larrialdietarako
laguntzak ematea onartu eta ukatzea.
g) Gizarte-larrialdietarako
laguntzak ordaintzea.
h) Lege honetan
aurreikusitako laguntza ekonomikoen eta kasuan kasuko gizarteratzeko
hitzarmenen titular eta onuradunen etengabeko jarraipena egitea. Beharrezkoa
bada, gizarteratzeko hitzarmenak aldi batez bertan behera uztea, berrikustea
eta aldatzea, lege honetako 8. atalean aurreikusitakoaz bat.
i) Ordenamendu
juridikoak beren ardurapean jarritako gainerako eginkizun guztiak.
j) Bere eskumen-esparruaren
barruan zigortzeko ahalmenaz baliatzea, lege honen X. atalburuan eta hori
garatuko duten arauetan jasoko denaz bat.
43. Atala - Finantziazioa
1.- Gizarte-laguntzaren
arloan zuzeneko ekintzak aurrera eramateko dagoen eskumenagatik, urtero Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan lege honetan jasotzen diren
laguntza ekonomikoak finantziatzeko beste diru jasota utziko da.
2.- Foru-aldundiek
eta udalek beren aurrekontuetan urtero lege honetan jasotzen diren eskumenak
betetzeko beste baliabide ekonomiko jasota utziko dute.
44. Atala - Foru-aldundien eskumenak eskuordetzea
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde
historikoetako foru-aldundiek udalen esku utzi ahal izango dituzte haiei
zegozkien eginkizun batzuk, hain zuzen ere gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera ematea onartu, ukatu edo laguntza hori aldatu, bertan behera utzi,
amaitu eta ordaintzearekin zerikusia duten eginkizunak.
IX ATALBURUA
JARDUTEKO ARAU KOMUNAK
45. Atala - Eskabideak
1.- Lege
honetan aipatzen diren gizarte arloko laguntzak (laguntza ekonomikoak edo
bestelakoak) onartzeko, aldez aurretik eskabidea aurkeztu beharko du
interesatuak bizi den udaleko udaletxean.
Oinarriko gizarte-zerbitzuek lege honetan
aipatzen diren gizarte arloko tresnak eta laguntza ekonomikoak tramitatzeko
beharko duten informazio eta orientazio guztia eskainiko diete eskabidegileei.
2.- Eskabidearekin
batera lege honetan eta legea garatuko duten arauetan eskatzen diren baldintza
guztiak betetzen direla erakusten duten agiriak ere aurkeztu behar dira.
46. Atala - Instrukzioa
1.- Espedientea
bideratzea eskabidegilea bizi den udalaren eginkizuna izango da.
2.- Kasu
guztietan, udalak aurkeztu diren eskabide guztien edukia aztertuko du, eta
beharrezkoak diren datuak eta txostenak eskatuko dizkie beste erakunde publiko
edo pribatu batzuei edo eskaria egin duen pertsonari berari. Dena den, eskumena
duten beste euskal administrazio publiko batzuek kontrolatu eta berrikusteko
beste jarduera batzuk ere burutu ahal izango dituzte, aurrerago.
3.- Aurreko
lerroaldean aipatzen diren datuak eta txostenak eskabidegileak lege honetan
eskatzen diren baldintzak betetzen dituen edo ez ikusteko ezinbestekoak direnak
baino ez dira izango.
47. Atala - Baliabide eta laguntza ekonomikoak aztertzea
1.- Eskabidegileak
edo elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko kideek baliabide eta
laguntzaren bat eskuratzeko eskubidea baldin badute, laguntza edo baliabide
horiek oso-osorik erabili diren aztertuko du udalak.
2.- Eskabidegileak
edo elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteko kideek laguntza
ekonomikoren bat jasotzeko eskubidea eskuratu eta eskubide horretaz ez baldin
badira baliatu (baita jakiak eskuratzeko eskubidea ere, ezkontzazko
elkarbizitza amaitu den kasuetan), udalak jakinaraziko dio eskabidegileari,
espedientea izapidetzen amaitu baino lehen, eskubideaz baliatu behar duela,
indarrean dagoen legeriak dioenaz bat. Obligazio bera egongo da gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarreraren titularrak direnekiko, eskubide horiek laguntzaren
ondoren sortzen baldin badira.
3.- Eskabidegileak
ez baldin badu betetzen aurreko lerroaldean aipatzen den obligazioa, udalak,
besterik gabe, espedientea artxibatzeko aukera izango du.
4.- Araudi
bidez zehaztuta egongo diren ohiz kanpoko egoeretan, 2. lerroaldean aipatzen
den betebeharra ez betetzeko aukera izango du eskabidegileak.
48. Atala - Erabakitzeko epea eta administrazioaren isilbidea
1.- Laguntza
ekonomikoen kasuan, erabakia hartzeko eskumena duen organoak laguntza ematen
edo ukatzen dela dioen erabakia eskabidea aurkeztu zen egunetik gehienez ere bi
hilabete igaro aurretik eman beharko du.
Epe hori igaro eta berariazko erabakirik
ez baldin bada hartu, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren kasua bada,
laguntza eman dela adieraziko du horrek. Gizarte-larrialdietarako laguntzen
kasuan, berriz, laguntzarik ez dela eman adieraziko du.
2.- Gizarte
arloko tresnen kasuan, eskumena duen organoak gehienez ere bi hilabeteko epea
izango du, tresna horietaz baliatzeko asmoz aurkeztutako eskabideak jasotzen
direnetik, laguntza ukatzen duen erabakia hartzeko edo eskabidegilearekin
kasuan kasuko gizarteratzeko hitzarmena izenpetzeko.
Epe hori igaro eta gizarteratzeko
hitzarmenik izenpetu ez bada, hitzarmena izenpetzeko eskabideari
administrazioak uko egin diola pentsatu beharko da.
3.- Aurreko
zenbakietan aipatzen diren epeak eten egingo dira, eskabidea aurkeztu duenari
egoztekoa den arrazoiren batengatik geratu bada jardunbidea.
49. Atala - Isilpekotasuna
Eskumena duten organoek espedienteak
izapidetzerakoan lortutako datuak isilpean gordeko dituztela bermatuko dute
euskal administrazio publikoek.
50. Atala - Laguntzak eskatzen dituztenen eskubideak
Laguntzak ukatzen dituzten erabakien aurka
kasuan kasuko errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak jarri ahal izango
dira.
Errekurtso horiek jartzeaz gainera,
interesatuek kexa arrazoitua bidali ahal izango diote gizarte-eskubideen arloan
eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.
X ATALBURUA
ARAUHAUSTEAK ETA ZIGORRAK
51. Atala - Erantzukizuna duten pertsonak
Lege honetan arauhaustetzat hartutako
ekintzetan (zerbait egin edo ez egiteagatik) parte hartzen dutenak izango dira
erantzukizuna duten pertsonak.
52. Atala - Arauhauste arinak
Hauek dira arauhauste
arinak:
a) Laguntzaren titularrak edo
onuradunak, ohiko bizilekua aldaturik, aldaketa horren berri ez ematea, horretarako
obligazioa izanda, baldin eta aldaketa horren ondorioz ez bada sortzen lege
honetan aurreikusitako laguntzetakoren bat jasotzeko eskubidea edo behar ez
bezala laguntza mantentzen jarraitzeko eskubidea.
b) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, lortu nahi zen helburua (laguntza eskuratu edo luzatzea)
erdietsi ez bada.
c) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, ondorengo kasuan: iruzur horien bidez laguntzaren bat behar
ez bezala eskuratu baldin bada, baina ustezko arauhauslearen unitate
ekonomikoaren ezaugarriak dituen elkarbizitzako beste unitate ekonomiko
independiente bati gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera dela eta urte osorako
egokituko litzaiokeen gehienezko kopuruaren %50 edo gutxiago eskuratu baldin
bada.
53. Atala - Arauhauste larriak
Hauek dira arauhauste
larriak:
a) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, ondorengo kasuan: iruzur horien bidez laguntzaren bat behar
ez bezala eskuratu baldin bada, baina ustezko arauhauslearen unitate
ekonomikoaren ezaugarriak dituen elkarbizitzako beste unitate ekonomiko
independiente bati gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera dela eta urte osorako
egokituko litzaiokeen gehienezko kopuruaren %50 baino gehiago eta %100 baino
gutxiago edo %100 eskuratu baldin badu.
b) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, ondorengo kasuan: lortu nahi zen helburua erdietsi den edo
ez alde batera utzita, arauhaustearen unean ustezko arauhauslearen
elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteak ezaugarri berak dituen
elkarbizitzako beste unitate ekonomiko independiente bati gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera dela eta hilabeterako egokituko litzaiokeen gehienezko
kopuruaren %200 baino gehiagoko eta %250 baino gutxiagoko edo %250eko
baliabideak baldin baditu hilabetean.
54. Atala - Arauhauste oso larriak
Hauek dira arauhauste oso
larriak:
a) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, ondorengo kasuan: iruzur horien bidez laguntzaren bat behar
ez bezala eskuratu baldin bada, baina ustezko arauhauslearen elkarbizitzako
unitatearen ezaugarriak dituen elkarbizitzako beste unitate ekonomiko
independiente bati gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera dela eta urte osorako
egokituko litzaiokeen gehienezko kopuruaren %100 baino gehiago eskuratu baldin
bada.
b) Gizarteratzeko gutxieneko
diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntzak lortu edo mantentzeko
egindako iruzurrak, ondorengo kasuan: lortu nahi zen helburua erdietsi den edo
ez alde batera utzita, arauhaustearen unean ustezko arauhauslearen
elkarbizitzako unitate ekonomiko independienteak ezaugarri berak dituen
elkarbizitzako beste unitate ekonomiko independiente bati gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera dela eta hilabeterako egokituko litzaiokeen gehienezko
kopuruaren %250 baino gehiagoko baliabideak baldin baditu hilabetean.
55. Atala - Arauhauste bat baino gehiago egotea
Lege honetako 53.b) eta 54.b) ataletan
aipatzen diren iruzurrezko jarduerengatik, esandakoez gainera, gizarteratzeko
gutxieneko diru-sarrera edo gizarte-larrialdietarako laguntza behar ez bezala
eskuratu baldin bada -52 c), 53 a) eta 54 a) ataletan agertzen den eran-, hau
da, arauhauste bat baino gehiago egin bada batera, burututako arauhauste
larrienari dagokion zigorra baino ez da jarriko.
56. Atala - Zigorrak
1.- Arauhauste
arinen bat eginez gero, zigorra ohartarazpena izango da.
2.- Arauhauste
larriak eginez gero, isunak jarriko dira. Gutxieneko mailan, 20.000 pezetatik
30.000 pezetarainokoak; tarteko mailan, 30.001 pezetatik 40.000
pezetarainokoak; eta, gorengo mailan, 40.001 pezetatik 50.000 pezetarainokoak.
3.- Arauhauste
oso larriak eginez gero, isunak jarriko dira. Gutxieneko mailan, 50.001
pezetatik 200.000 pezetarainokoak; tarteko mailan, 200.001 pezetatik 350.000
pezetarainokoak, eta gorengo mailan, 350.001 pezetatik 500.000 pezetarainokoak.
4.- Atal
honetan aipatzen diren zigorrez gainera, behar ez bezala eskuratutako kopuruak
itzuli egin beharko dira.
57. Atala - Zigorrak mailakatzea
1.- Arauhausteen
kalifikazioa egin eta gero, zigor ekonomikoak mailakatu egingo dira,
gutxieneko, tarteko eta gorengo mailetan, burututako arauhaustea arindu edo
astundu dezaketen egoerak kontuan izanda.
2.- Ondorengoen arabera mailakatuko dira
zigorrak:
a) Arauhausleak zuen asmoa
kontuan izanda.
b) Arauhausleak pentsatzeko
benetan zuen gaitasuna kontuan izanda.
c) Behar ez bezala
eskuratutako kopuruaren zenbatekoa kontuan izanda.
d) Euskal administrazio publikoek
aldez aurretik egindako errekerimenduak ez betetzea kontuan izanda.
e) Familiako egoera kontuan
izanda, batez ere egoera ekonomikoa.
f) Kalifikatutako
arauhaustea egin zenetik urtebetearen barruan beste arauhausterik (berdina edo
beste era batekoa) egin den kontuan izanda. Arauhauste horiek administrazioaren
erabakiaren bidez irmotzat hartuta egon beharko dira.
g) Damutzerik egon den eta
zigor-jardunbideari hasiera ematea eragin zuten kalteak konpondu diren edo ez
kontuan hartuta, betiere damutzea edo kalteak konpontzea jardunbide hori amaitu
baino lehen gertatu bada.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - II Atalburua ezartzeko arauak
Lege honen II. atalburuan aipatzen diren
gizarteratzeko hitzarmenak izenpetuko dituzte udalek, legea indarrean sartzean
gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubidea duten pertsona
guztiekin, baina gutxika-gutxika egingo da hori, oinarriko gizarte-zerbitzuek
dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzen dituzten aukerak
kontuan izanda. Dena den, lehentasuna izango dute bazterkeria errazen jasateko
arriskua dutenek.
Bigarrena - Euskal gizataldeetako kideak
Lege honetako 18.1 b) eta 29.1 a) ataletan
jasota dauden baldintzak ez zaizkie eskatuko maiatzaren 27ko 8/94 Legearen 11.1
atalean aipatzen diren euskal gizataldeetako kideei (lege hori Euskal Autonomia
Erkidegoaz Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanei buruzkoa da). Dena den, aipatutako 11.1 ataleko baldintzak
bete beharko dituzte.
Hirugarrena - Gizarte Ongizaterako Euskal
Kontseilua aldatzea
Urriaren
18ko 5/1996 Legea, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa, aldatu egin da, hain zuzen ere
16.1 atalean. Honela geratu da atal hori:
"Gizarte
Ongizaterako Euskal Kontseilua aholkularitza-organo bat da eta Eusko
Jaurlaritzaren barruan, gai horretan eskumenak dituen sailari atxikia.
Kontseilu horretan ordezkariak izango dituzte bai Eusko Jaurlaritzak,
foru-aldundiek eta udalek, zein sindikatuek eta enpresarien, erabiltzaileen,
gizarte-bolondresen eta gizarte-zerbitzuetan lan egiten duten profesionalen
erakundeek".
Laugarrena
Lege honetako 13. atalak jartzen dizkion
eginkizunen arabera, Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordeak bost urtez behin
ebaluatuko du lege hau nola garatzen eta aplikatzen ari den eta, hala
badagokio, berraztertzea egoki den. Gizarteratzeko Erakunde Arteko Batzordearen
txostena Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaio.
Aldibaterako Xedapen Bakarra
Eusko Jaurlaritzak lege hau araudi bidez
garatzen ez duen artean, gaur egun indarrean dagoen araudia ezartzen jarraituko
da, lege honetan jasotako xedapenen aurka ez doan guztian.
Indargabetzeko Xedapen Bakarra
1.- Maila
bereko edo apalagoko arau guztiak indarrik gabe utzi dira, lege honetan
xedatutakoarekin bat ez datorren guztian.
2.- Berariaz indarrik gabe utzi dira ondorengo
xedapenak:
a) 2/1990 Legea, maiatzaren
3koa, Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrerei buruzkoa.
b) 200/1989 Dekretua,
abuztuaren 31koa, "Euskadi 1993ko Europan" egitarauaren barnekoa den
pobreziaren aurkako osoko planaren ondoriozko arlokako neurriak aztertu eta proposatzeko
sail arteko batzordea sortzen duena.
c) 25/1993 Dekretua,
otsailaren 9koa, Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrerari buruzko maiatzaren
3ko 2/1990 Legea garatzen duena.
d) 26/1993 Dekretua,
otsailaren 9koa, Gizarte Larrialdiko Egoeretarako Diru Laguntzak ezartzen
dituena.
e) Agindua, 1993ko otsailaren
10ekoa, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuarena, maiatzaren 3ko 2/1990 Legea
garatzen duen otsailaren 9ko 25/1993 Dekretuan adierazitako baliabideak
zehazteko sistema ezartzen duena.
f) Agindua, 1993ko
otsailaren 10ekoa, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuarena,
gizarte-larrialdiko egoeretarako diru-laguntzak ezartzen dituen otsailaren 9ko
26/1993 Dekretua garatzen duena.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Izatezko bikoteen errolda
Lege honetako 3.1 b) ataleko bigarren
lerroaldean aipatzen den egiaztapena, interesatuek izena emateko aukera duten
legezko erroldaren bat dagoen kasuetan, errolda horretan emandako
ziurtagiriaren bidez egin beharko da.
Bigarrena - Ordezko erregimena
Lege honetan aurreikusi
ez diren egoeretan, ondorengoak ezarriko dira:
- Administrazio-jardunbideari
dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide
Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzkoa.
- Zigortzeko jardunbideari
dagokionez, gaiaren inguruan indarrean dagoen legeria orokorrean aurreikusitako
arau sustantibo eta jardunbidezkoak.
- Laguntzak emateko
erregimenari dagokionez (gizarte-larrialdietarako laguntzak direla eta),
diru-laguntza eta laguntzei buruzko araudi orokorra.
Hirugarrena - Araudi bidezko garapena
Baimena eman zaio Eusko Jaurlaritzari lege
hau garatu eta ezartzeko beharrezko xedapenak eman ditzan.
Laugarrena - Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.