Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

11/2012 Legea, ekainaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki Kutxena

2012-06-14

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2012/6/22, 122. zk.; EAO, 2012/7/5, 160. zk.

§ 342. 11/2012 LEGEA, ekainAREN 14KOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREZKI KUTXENA

 

ZIOEN AZALPENA

 

I

 

       Finantza-krisia sakona, iraunkorra eta nazioartekoa izatearen ondorioz, eta nazioarteko krisi ekonomikoak gurean ondorio larriagoak izateagatik, higiezinen eta eraikuntzaren sektoreek duten egoera dela-eta, ekonomiaren eta finantzen esparrua eraldatu egin da, eta, beste aldaketa batzuen artean, nabarmen murriztu da banku-sistemaren jarduera.

 

       Finantza-krisia dela eta, Espainiako kreditu-erakundeek kaudimen-test garrantzitsua pasa behar izan dute, eta, salbuespen txiki batzuk alde batera utzirik, gehienek gainditu egin dute, nahiz eta batzuek arazoak ere izan dituzten, bereziki arrisku-kontzentrazio handiegia zutenek eta kapitalizazio urria. Hori hala izanik ere, krisiaren ondorioek bere horretan dirautenez, kreditu-erakunde gehienek likidezia eta kaudimen-arazoak izaten jarraitzen dute, eta behera egin dute horien ratioek eta gora berankortasunak; esandakoagatik, gero eta zailagoa zaie handizkako merkatuetara jotzea behar bezala finantzatzea lortzeko.

 

       Testuinguru berri horretan, banku-sistema, orokorrean, eta horren barruan aurrezki-kutxen sektorea, bere burua prestatzen ari da erronka berri eta zailei aurre egiteko, errentagarritasun, likidezia eta kaudimenaren inguruan. Erronka horiei aurre egiteko eta krisitik irten ostean ustez izango den finantzen eszenatoki berrian kokatzeko, sektorea sakonki berregituratzeari ekin zaio, eta horrek nahitaez zera esan nahi du, besteak beste: kasu askotan handiago bihurtu beharra, denek efizientzia eta kaudimena hobetu beharra, eta sistemak duen kapital-maila handitzea erraztea eta maila hori indartzea.

 

       Aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua onartuta, eta sektorea indartzeko asmoz, aurrezki-kutxei buruzko oinarrizko araudia nabarmen eraberritu da, eta oinarrizko bi helburu ditu berritze horrek: kutxen kapitalizazioa lortzea, kategoria goreneko baliabideak eskuratzeko modua izan dezaten beste kreditu-erakunde batzuenak bezalako baldintzetan, eta gobernu-organoen profesionalizazioa.

 

       Lege honen xedea da egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten aurrezki-kutxak arautzea, baita egoitza soziala hortik kanpo duten aurrezki-kutxek Autonomia Erkidegoan egiten dituzten jarduerak arautzea ere.

 

       Lege honek denborak aurrera egin ahala sortu diren egoera eta premia berrien ondoriozko lege-egitura jasotzen du, baita aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko 11/2010 Errege Lege Dekretuan eta finantza-arloa onbideratzeko otsailaren 3ko 2/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudi berria ere.

 

       Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.26 artikuluan adierazten duenez, Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa izango du aurrezki-kutxen esparruan, betiere Estatuak kredituaren eta bankuen arloa arautzeko emandako oinarrien eta moneta-politika orokorraren barruan.

 

       Aipaturiko artikulu hori betetzeko asmoz eman zen Euskadiko Autonomi Elkarteko Aurrezki Kutxen azaroaren 8ko 3/1991 Legea, geroago maiatzaren 7ko 3/2003 Legeak aldatua. Lehenengoaren zioen azalpenean esaten denez, legea idazteko arrazoietako bat Euskadiko aurrezki-kutxek ondo funtzionatzeko ezinbestekotzat jotzen ziren gaiei heltzea zen, beharrezko ziren eta, beraz, arauketa uniboko bat merezi zuten uniformetasunak bermatuz eta aurrezki-kutxa bakoitzaren barne-legea osatzen duten estatutu eta erregelamenduen autodeterminazio askeak zehaztu beharreko alderdien zirriborroa eginez.

 

       Gai horren inguruko Estatuko oinarrizko araudia, lehen aipaturiko araudi autonomikoak garatua, eta, zehazkiago esanda, gobernu-organoei buruzkoa, Aurrezki Kutxen Eraentza Organoei buruzko Oinarrizko Arauak Erregulatzen dituen abuztuaren 2ko 31/1985 Legean zegoen jasota, nahiz eta gerora beste arau batzuek ere aldatu egin zuten, behin edo behin.

 

       Dena den, aurrezki-kutxen gobernu-organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretua eta lege-dekretu hori aldatu zuen Garapena Sustatzeko Funtsari buruzko urriaren 22ko 36/2010 Legea indarrean sartu ostean, nabarmen aldatu zen abuztuaren 2ko 31/1985 Legea, eta, hori dela-eta, berriz ere aldatu egin behar da Euskadiko Autonomi Elkarteko Aurrezki Kutxen 3/1991 Legea, Eusko Legebiltzarrak onartua, eta hori egiteko epea da Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako seigarrenean eta Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen bigarren xedapen iragankorrean arautzen dena.

 

       Horrekin batera, kontuan izanda, batetik, kutxen gobernu-organoek ordezkaritza sektorialaren inguruan beste irizpide berri batzuk bete beharko dituztela orain, eta, bestetik, aurreko euskal legea hainbat urtez ezarri ostean lege-egiturako aldaketekin batera egoera eta beharrizan berriak, aurreko legea onartu zenean ezin aurreikusi zirenak, agertu direla, ikusten da gomendagarri eta beharrezko dela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxak arautuko dituen lege berri bat onartzea, gaia osotasunean eta testu bakar batean arautzeko eta aurretik Autonomia Erkidegoan indarrean zen legeria autonomikoa osotasunean indargabetzeko.

 

II

 

       3/1991 Legearekin alderaturik, lege honen I. tituluan sartutako aldaketa nagusiak ondoren zehazten diren kontuei buruzkoak dira:

 

- Araudi berria zehazten da aurrezki-kutxek kreditu-erakunde gisa dagozkien eginkizunak banku-erakunde baten bidez betetzen dituztenerako, finantza-negozio guztia banku horren esku uztearen ondorioz. Horrekin batera, kutxa batek babes-sistema instituzional batean parte hartzea aurreikusten da.

- Aurrezki-kutxek, aurreikusitako erregimenaren arabera, beren finantza-jarduera eta gizarte-jarduera bereiztea nola erabaki ahal izango duten arautzen da.

- Partaidetza-kuotentzat zegoen erregimena aldatu eta beste bat arautu da, Estatuko araudiarekin bat etorriz, halako eran non kuota horien titularrei aurrezki-kutxa jaulkitzailearen gobernu-organoetan ordezkaritza izateko aukera ematen baitzaie, lege honetan zehazten den moduan.

 

III

 

       II. tituluan egindako aldaketek berrikuntza garrantzitsuak dakartzate. Hauek dira horietako batzuk:

 

- Beren jarduera zuzenean aurrera eramaten duten aurrezki-kutxentzat, Batzar Orokorraz, Administrazio Kontseiluaz eta Kontrol Batzordeaz gainera, beste gobernu-organo batzuk ezartzen dira: Zuzendaritza Nagusia, Inbertsio Batzordea, Ordainketa eta Izendapen Batzordea eta Gizarte Ekintzako Batzordea.

- Sektorea profesionalizatzeko asmoz, Administrazio Kontseiluko kideek eta Kontrol Batzordeko kideek ordainsaria jasotzeko aukera aurreikusten da, eta Batzar Orokorraren eginkizuna izango da hori zehaztea.

- Zehazten da aurrezki-kutxa baten gobernu-organoetako kide izatearekin bateraezina izango dela hautetsi politiko izatea, edo goi-kargudun izatea herri-administrazioetan nahiz horiei loturiko edo horien menpeko diren sektore publikoko erakundeetan, zuzenbide publikoko nahiz pribatukoetan.

- Instituzio publikoek lehen % 50eko ordezkaritza zuten arren, orain izango duten ordezkaritza % 40ra mugatzen da, eta lekua izango dute batzar nagusien eta interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeen ordezkariek.

- "Ex novo" ezartzen da aurrezki-kutxek partaidetza-kuotak zirkulazioan dituztenean, eta horien ondorioz eskubide politikoak sortzen badira, partaidetza dunen interesak ere ordezkatuta egongo direla Administrazio Kontseiluan, eta kasu horretan kontseiluko kide kopurua behar beste handituko da, partaidetza-kuotadunen interesen ordezkaritza errespetatzeko; dena den, Administrazio Kontseiluak ezin izango du inoiz ere 20 kide baino gehiago izan.

- Legean zehazki arautzen da nola eratu eta jardungo diren Inbertsio Batzordea eta Ordainketa eta Izendapen Batzordea.

- Esandakoaz gainera, indarra ematen zaio Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideak profesionalak izateko bideari, eta, ondorioz, bete beharreko eginkizunetarako egoki diren ezagutzak eta esperientzia eskatzen zaizkie kide horiei (Administrazio Kontseiluaren kasuan, kideen gehiengoari).

- Bateratu egiten dira Kontrol Batzordearen eginkizunak, halako eran non lehen b) eta c) idatz-zatietan agertzen zirenak orain definizio orokorrago batean jasotzen baitira, hain zuzen ere 24/1988 Legean Auditoretza Batzordearen esku utzitako eginkizunak ere jasotzeko.

- Gizarte Ekintzako Batzordea ere arautzen da.

- Bukatzeko, VI. kapituluan, partaidetza-kuotadunen ordezkaritza-eskubideei buruzko araudi berria txertatzen da lege honetan.

 

IV

 

       III. tituluan, 75. artikuluari dagokionez, beste modu batean arautzen da, aurretik zegoenarekin alderaturik, zer-nolako prestakuntza teknikoa eta esperientzia izan behar dituen zuzendari nagusiak, eta orobat eginkizun betearazleak dituzten erakundearen Administrazio Kontseiluko kideek; eta, horrekin batera, ezartzen da kutxaren ordezkari gisa egindako jarduerengatik lortu diren diru-sarrerak derrigor kutxari eman beharko zaizkiola. Azkeneko betebehar hori gobernu-organoetako kide guztiek izango dute, aipatutako jarduerak egiten badituzte.

 

V

 

       Bukatzeko, xedapen gehigarri bat, zazpi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen ezartzen dira. Laugarren xedapen iragankorrak ezartzen du ezen, kutxen gobernu-organo guztiak osatzeko orduan, lege honetan ezarritako arauak bete beharko direla, eta horretarako bi hilabeteko epea egongo dela, aurrezki-kutxen estatutuak eta erregelamenduak onartzen direnetik zenbatzen hasita.

 

I. TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

 

I. KAPITULUA

IZAERA ETA EGINKIZUNAK

 

1. artikulua. Legearen xedea

 

       1.    Lege honen xedea da egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxak arautzea, baita egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxek Autonomia Erkidegoan egiten dituzten jarduerak arautzea ere.

 

       2.    Lege honen ondorioetarako, honako hau da aurrezki-kutxa bat, bahitetxea eduki edo ez eduki: irabazi-asmorik gabeko kreditu-erakundea, fundazio publiko edo pribatukoa eta gizarte-izaerakoa, eta beste enpresa, instituzio edo erakunde baten mende ez dagoena.

 

2. artikulua. Kutxen xedea

 

       1.    Hauek dira kutxen berezko xedeak: aurrezpena sustatzea; legeriak onartutako finantza- eta ekonomia-eragiketak egitea, betiere erakunde horien eskuetan utzitako funtsen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzen dituzten politiken bidez; eta beren jarduera-esparruaren garapena zuzenean edo zeharka bultzatzen duten jarduerak egitea, bereziki gizarte-ekintza.

 

       2.    Likidezia-soberakinak honetarako erabiliko dira: erreserbak osatzeko, gizarte-ekintza egiteko, batez ere Euskadin, eta, hala badagokio, partaidetza-kuotak ordaintzeko, arlo horretako legeriaren arabera.

 

3. artikulua. Eusko Jaurlaritzaren kontrola: printzipioak

 

       Euskal Autonomia Erkidegoak, aplikatu beharreko araudiaren barruan, aurrezki-kutxen babes eta kontrol publikoaren eginkizunak izango ditu, printzipio hauen arabera:

 

a)  Ekonomiaren eta gizartearen garapena areagotzen lagunduko duten era guztietako jardueren alde egitea.

b)  Aurrezki-kutxek ekonomian eta gizartean duten eginkizuna betetzen duten zaintzea, aurrezpena ondo administratu eta inbertitzeko eta soberakinak banatzeko politika egokia egin dezaten.

c)  Kutxen inbertsio-kudeaketa ikuskatzea eta gizarte-ekintzaren arloan jarraibideak ezartzea premia nagusiak eta lehentasunak zein diren erabakitzen laguntzeko.

d)  Kutxen eta instituzio publikoen arteko harremanak sustatzea, kultura- eta gizarte-ekintzak sortzeko eta mantentzeko xedez.

e)  Kutxen gobernu-organoen hautaketan, osaeran eta funtzionamenduan demokratizazio-, profesionaltasun-, independentzia- eta gardentasun-printzipioak betetzen direla bermatzea.

f)   Aurrezki-kutxen bezeroen eskubide eta interesak babestea.

g)  Aurrezki-kutxek kreditu-erakundeei aplikatu behar zaizkien antolamendu- eta diziplina-arauak betetzen dituzten zaintzea.

 

II. KAPITULUA

SORTZEA, BAT EGITEA, LIKIDATZEA ETA ERREGISTRATZEA

 

4. artikulua. Sortzea

 

       Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio:

 

       1.    Aurrezki-kutxa berriak sortzeko baimena ematea, eta haien estatutuak eta erregelamenduak onartzea, indarrean dagoen araudia betetzen badute. Ondorio horietarako, erregelamendu bidez zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dituzte aipatutako sailean.

 

       2.    Batzar Orokorrak estatutu eta erregelamenduetan egindako edozein aldaketa onartzea; halaber, indarrean dagoen legeria betetzen ez duten manuak aldatzeko agindu ahal izango du.

 

       3.    Aurrezki-kutxek, beren gizarte-ekintza kudeatzeko eta administratzeko, beren aldetik edo erakunde laguntzaileekin elkartuta, eratu ahal dituzten fundazio edo patronatuen estatutuak zein horien aldaketak baimentzea.

 

5. artikulua. Jarduera hastea

 

       1.    Behin estatutuak eta erregelamenduak onartu, eta erakundea eratzeko baimena eman ondoren, erakundearen fundazio-eskritura egiletsiko da, eta finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailean aurkeztu beharko da. Sail horrek egiaztatzen duenean fundazio-eskritura baimenaren baldintzekin bat datorrela, eta zuzkidura-funtsa egokia eta nahikoa dela erakundearen xede eta helburuetarako, kutxa berria Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatuko da.

 

       2.    Inskribatzen den unetik aurrera, kutxak nortasun juridikoa izango du eta bere jarduerak egiten hasi ahal izango da.

 

       3.    Kutxa fundatzeko borondatea testamentuan jasota badago, fundatzaileak izendatutako pertsonek eratuko dute fundazioa; pertsona horiek lege honetan aurreikusitakoaren arabera egiletsiko dute fundazioaren eskritura publikoa, eta horrela gauzatuko dute aipatutako borondatea.

 

6. artikulua. Hasierako Patronatua

 

       1.    Fundazio-eskrituran adieraziko da nortzuek osatuko duten fundazioaren hasierako Patronatua, eta pertsona horiek, eskritura horretan bertan, administratzaile nagusia izendatuko dute, eta eratzen den lehenengo Administrazio Kontseiluak berronetsi beharko du gero izendapen hori.

 

       2.    Fundazioaren Patronatuak Administrazio Kontseiluari dagozkion eginkizunak izango ditu, eta kutxaren barne-erregelamenduak onartuko ditu.

 

       3.    Patronatuak lehen Batzar Orokorra eratzeko prozesua bideratuko du, kutxaren jarduera hasi eta, gehienez, sei hilabeteko epean.

 

       4.    Kutxaren lehen Administrazio Kontseiluan, aukeratutako kideez gain, Fundazio Patronatuaren kideek ere hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute; lehen Batzar Orokorra eratu eta bi urtera, azken horiek beren kargua utziko dute, baina Administrazio Kontseiluko kide gisa aukeratuak izateko eskubidea izango dute.

 

7. artikulua. Xurgatzeak eta bat-egiteak

 

       1.    Xurgatzeak eta bat-egiteak, oinarrizko araudian debekatutako prozesuetakoak izan ezik, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak baimenduko ditu, bat egin nahi duten erakundeek elkarren artean egindako eskabide arrazoitua aurkeztu ondoren. Bat-egiteak eta xurgatzeak egiteko orduan, baimenak ukatu ahal izateko, baita lege honetako I. tituluko III, IV eta V. kapituluetan jasotako erakunde-antolamenduari buruzko aldaketak egiteko baimenak ukatzeko ere, ezinbestekoa izango da ebazpen arrazoitua, betiere erakunde eskatzaileek edo sortutako erakundeak aplikatu behar den legerian aurreikusitako betekizun objektiboetatik edozein betetzen ez badute.

 

       Kutxen arteko bat-egitea Espainiako Bankuak erabakitako berregituratze-prozesu baten barruan gertatzen denean, bankuen berregituraketari buruzko ekainaren 26ko 9/2009 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

 

       2.    Baldintza hauek bete beharko dira:

 

a)  Bat egin nahi duten erakundeak edo xurgatutakoa likidatze-prozesuan ez egotea.

b)  Integratu nahi duten aurrezki-kutxetako ezarle edo hartzekodunen bermeentzako kalterik ez egotea.

c)  Sortutako erakunde berriak edo erakunde xurgatzaileak desagertuko diren erakundeen gizarte-ekintzekin jarraituko dutela bermatzea.

 

       3.    Baimena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta sozietatearen egoitza dagoen lurraldeko zabalkunde handieneko egunkarietan argitaratuko da.

 

       4.    Bat-egiteak edo lege honetako I. tituluko III, IV eta V. kapituluetan jasotako erakunde-antolamenduari buruzko aldaketak egiteko baimena eman eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eratzen den erakundearen estatutuak eta erregelamenduak aurkeztu beharko dira, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onar ditzan.

 

8. artikulua. Xurgatze bidezko bat-egitea

 

       Bat-egitea xurgatze bidez gauzatuz gero, xurgatutako kutxaren gobernu-organoak deuseztatu egingo dira, eta kutxa hori xurgatu duen aurrezki-kutxak bere egingo ditu haren administrazioa, kudeaketa, ordezkaritza eta kontrola.

 

9. artikulua. Desegite bidezko bat-egitea

 

       1.    Aurrezki-kutxen bat-egitea erakunde berri bat sortuz gauzatzen bada –bat egin duten erakundeen desegitez–, sei hilabeteko epea egongo da gobernu-organo berriak aukeratzeko, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak estatutuak eta erregelamenduak onartzen dituenetik zenbatzen hasita.

 

       2.    Gobernu-organo berriak aukeratu arteko aldirako, hauek izango dira sortzen den erakundearen gobernu-organoak: Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua, Kontrol Batzordea eta Gizarte Ekintzako Batzordea. Bat egindako erakundeen gobernu-organoetako kide guztiek osatuko dituzte organo horiek, bat egiteko hitzarmenek kopuru txikiagoa aurreikusten ez badute, behintzat.

 

       3.    Bat egitearen ondorioz sortzen den aurrezki-kutxaren erakunde fundatzailetzat joko dira bat egindako kutxen estatutuetan horrelakotzat hartzen direnak. Pertsona edo erakunde fundatzaile bat baino gehiago izanez gero, bakoitzari dagokion ordezkaritza zehazteko, bat egiteko hitzarmenetan xedatutakoari jarraituko zaio. Horrelakorik jasota egon ezean, ordezkaritza paritarioki banatuko da.

 

10. artikulua. Administrazioaren kontrola

 

       1.    Aurrezki-kutxak desegiteko eta likidatzeko erabakiak finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak berretsi beharko ditu.

 

       2.    Likidazio-prozesua Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari batek kontrolatuko du beti. Ordezkari hori finantza-politikako eginkizunak esleituta dituen saileko titularrak izendatuko du.

 

       3.    Likidazioaren ondoriozko ondasunen esleipena Eusko Legebiltzarrak fundazio pribatuei buruz onartutako legeriak xedatutakoari egokitu behar zaio.

 

11. artikulua. Aurrezki Kutxen Erregistroa

 

       1.    Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroa izango du, eta bertan hauek agertuko dira, nahitaez:

 

a)  Erakundearen izena.

b)  Helbidea.

c)  Pertsona edo erakunde fundatzaileen identifikazioa.

d)  Erakundea arautzen duten estatutuak eta erregelamenduak.

 

       Honako hauek ere inskribatuko dira, erregelamendu bidez ezarritako eran: estatutu-aldaketak, xurgatzeak, bat-egiteak, lege honetako I. tituluko III, IV eta V. kapituluetan jasotako erakunde-antolamenduari buruzko aldaketak, desegiteak eta likidatzeak, eta, halakorik egonez gero, jarritako zehapenak.

 

       2.    Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroa publikoa izango da. Interesa duen edonork eskuratu ahal izango ditu erregistro horretan ageri diren datuei buruzko egiaztagiriak.

 

       3.    Aipatutako inskripzioen ondorioek ez diete kalterik ekarriko, edo eragozpenik eragingo, indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera nahitaez egin beharreko beste inskripzio batzuetatik eratorritako ondorioei.

 

III. KAPITULUA

AURREZKI KUTXEN FINANTZA JARDUERAREN ZEHARKAKO GARAPENA

 

12. artikulua. Finantza-jardueraren zeharkako garapena

 

       1.    Aurrezki-kutxek kreditu-erakunde gisa duten berezko xedea banku-erakunde baten bitartez garatu ahal izango dute, beren finantza-negozio osoa hari eskualdatu ondoren. Halaber, atxikita dituzten aktibo ez finantzario batzuk edo guztiak eskualdatu ahal izango dituzte.

 

       2.    Aurrezki-kutxak kreditu-erakunde gisa jarduteko baliatzen duen banku-erakundeak, bere izen sozialean eta bere jardueran, beraren izaera instrumentala identifikatzeko moduko adierazpideak erabili ahal izango ditu, bera mendeko duen aurrezki-kutxaren izenak barne.

 

       3.    Beren gobernu-organoetan interes kolektiboek duten ordezkaritza zehaztearren, beren jarduera banku-erakunde baten bitartez zeharka garatzen duten aurrezki-kutxek lege honetako 44.1.b.i eta ii eta 44.1.c artikuluan xedatutakoa aplikatuko dute.

 

       4.    Aurrezki-kutxa batek kontrola izateari uzten badio, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan adierazitako moduan, edo bere partaidetza gutxitzen badu eta xedapen honetan aipatzen den kreditu-erakundearen boto-eskubideen % 25era iristen ez bada, uko egin beharko dio kreditu-erakunde gisa jarduteko baimenari, finantza-legerian aurreikusitakoaren arabera, eta legeria orokor autonomikoaren mendeko izaera bereziko fundazio bihurtu beharko du.

 

       Zehazki, kontrola galtzen bada eta baterako partaidetza aurreko lerrokadan jasotako mugatik behera gutxitzen bada, horren ondorioz partaide guztiek kreditu-erakunde izaera galduko dute eta izaera bereziko fundazio bihurtuko dira.

 

       Hainbat aurrezki-kutxak elkarrekin parte hartzen badute kreditu-erakunde gisa beren xedea banku-erakunde baten bitartez garatuz, aurreko lerrokadan aurreikusitakoa batera zenbatuko da parte hartzen duten aurrezki-kutxa guztiei dagokienez.

 

       5.    Baliabide propioen araudian ezarritakoa betetzea eragotzi gabe, artikulu honetan aipatzen diren aurrezki-kutxek ezin izango dute erabilera libreko soberakinen % 10 baino gehiago bideratu haien gizarte-ekintzan jasotzen ez diren gastuetarako, salbu eta Espainiako Bankuak baimena eman badie portzentaje handiagoak erabiltzeko, erakundeen funtsezko funtzionamendu-gastuei aurre egiteko beharrezkoak direlako.

 

       Kreditu-erakunde gisa duten xedea banku-erakunde baten bidez eta artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera garatzen duten aurrezki-kutxen gobernu-organoetako kideek, aldi berean kutxa horien ordezkari gisa banku-erakundeko administrazio-organoetan karguak baldin badituzte bankutik edozein ordainsari edo kalte-ordain jasoz, ezin izango dute inolako ordainsari edo kalte-ordainik jaso aurrezki-kutxetatik. Halaber, betetzen dituzten eginkizunengatik bankuak edozein ordainsari edo kalte-ordain ematen dien goi-zuzendaritzako langileek edo parekoek ezin izango dute inolako ordainsari edo kalte-ordainik jaso aurrezki-kutxetatik. Ondorio horietarako, ezin izango da aplikatu lege honetako 44.3 eta 75.2 artikuluetan ezarritakoa.

 

       6.    Aurrezki-kutxaren finantza-jarduera finantza-negozio guztia hartzen duen banku-erakunde baten bitartez zeharka garatuz gero, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu beharko du eta, gainera, zeharkako garapenaren oinarrizko baldintzak jaso beharko dira estatutuetan.

 

       7.    Artikulu honetan aipatzen diren aurrezki-kutxetako batzar orokorrak ohikoak edo ezohikoak izan daitezke.

 

       Ohiko batzarrak urtean behin egingo dira. Ezohiko batzarrak, berriz, haietara berariaz deitzen den guztietan egingo dira.

 

       Batzar Orokorra biltzeko deia Administrazio Kontseiluak egingo du Merkataritza Erregistroaren Aldizkari Ofizialean eta kutxaren web-orrian argitaratutako iragarkiaren bidez, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin. Deialdian ondorengoak adieraziko dira: eguna, tokia eta aztergaien zerrenda, baita bigarren deialdiaren eguna eta bilera-ordua ere.

 

       Estatutuetan ezarri ahal izango da, aurreko sistemaren ordez, deialdia kutxaren web-orrian argitaratutako iragarki bidez egin dadila, edo kontseilari nagusi guztiek iragarkia jasotzen dutela ziurtatzen duen edozein komunikazio-prozedura indibidual eta idatziren bidez.

 

       8.    Kreditu-erakunde gisa duten xedea banku-erakunde baten bidez eta artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera garatzen duten aurrezki-kutxak salbuetsita egongo dira lege honetako III. tituluko IV. kapituluan jasota dauden betebeharretatik.

 

       Edonola ere, aurreko lerrokadan jasotako betebeharra aurrezki-kutxek beren jarduerarako baliatzen duten banku-erakundeak beteko du.

 

       9.    Xedapen honetan ezarritakoa aplikatu egingo zaie, orobat, kreditu-erakunde gisa duten xedea, esklusiboki, eta elkarrekin hitzartuta, dagokion finantza-legeriaren arabera eurek guztiek batera kontrolatutako kreditu-erakunde baten bidez garatzen duten aurrezki-kutxei.

 

IV. KAPITULUA

BABES SISTEMA INSTITUZIONALAK

 

13. artikulua. Babes-sistema instituzionalak

 

       1.    Aurrezki-kutxek babes-sistema instituzional batean parte hartu ahal izango dute, baina, nolanahi ere, finantza-bitartekarien inbertsio-koefiziente, baliabide propio eta informazio-betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legean ezarritako oinarrizko baldintzak edo unean-unean aplikatu beharreko arauetan ezarritakoak bete beharko dira.

 

       2.    Beren gobernu-organoetan interes kolektiboek duten ordezkaritza zehaztearren, babes-sistema instituzional bat osatzen duten aurrezki-kutxek bakoitzak sistema horretan dituen partaidetza-baldintzak ezarri beharko dituzte integrazio-akordioetan.

 

       Aurreko lerrokadan xedatutakoaz gain, babes-sistema instituzional bat osatzen duten aurrezki-kutxek lege honetako 44.1.b.i eta ii eta 44.1.c artikuluan eta 48 eta 50. artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko dute.

 

       Babes-sistema instituzionaleko erakunde zentralak erakunde zentral horretan dauden bulego eta gordailuen zerrenda eman beharko die sistema osatzen duten kutxa guztiei, eta azken horiek beren kontrol-batzordeei, hauteskunde-batzorde gisa, aurreko lerrokadan aurreikusitako ondorioetarako.

 

       3.    Aurrezki-kutxaren batek babes-sistema instituzional batean parte hartzen badu, lege honetako 12. artikuluko 4. paragrafoan aurreikusitako boto-eskubideen partaidetza eta mugak, paragrafo horretan aurreikusitako ondorioetarako, sistema hori osatzen duten aurrezki-kutxa guztiekin batera zenbatuko dira.

 

       4.    Aurrezki-kutxaren batek babes-sistema instituzional batean parte hartu nahi badu, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu beharko du.

 

       5.    Banku-negozio bakoitzari atxikitako aktibo eta pasibo guztien titulartasuna babes-sistema instituzional bateko erakunde zentralari emanez gero, ulertuko da partaide diren aurrezki-kutxei lege honetako aurreko artikuluan aurreikusten den zeharkako garapeneko erregimena aplikatuko zaiela.

 

V. KAPITULUA

AURREZKI KUTXAK IZAERA BEREZIKO FUNDAZIO BIHURTZEA

 

14. artikulua. Izaera bereziko fundazio bihurtzea

 

       1.    Aurrezki-kutxek beren finantza-jarduera eta gizarte-jarduera bereiztea erabaki dezakete, artikulu honetan aurreikusitako erregimenaren arabera, honako kasu hauetan:

 

a)  12. artikuluko 4. paragrafoan eta 13. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

b)  Kreditu-erakunde gisa jarduteko baimenari uko egiten diotenean, eta baimen hori kentzen zaien gainerako kasuetan.

c)  Kreditu-erakundean esku hartzea gertatzen denean, Kreditu Erakundeen Diziplina eta Interbentzioari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legean aurreikusitako kasuetan.

 

       Horretarako, beren finantza-jarduerari atxikitako ondare osoa beste kreditu-erakunde bati eskualdatuko diote, azken horren akzioen truke, eta izaera bereziko fundazio bihurtuko dira, kreditu-erakunde izaera galduta.

 

       Paragrafo honetako a) eta c) idatz-zatietan ezarritakoa aplikatu egingo zaie, orobat, kreditu-erakunde gisa duten xedea, esklusiboki, eta elkarrekin hitzartuta, eurek guztiek batera kontrolatutako kreditu-erakunde baten bidez garatzen duten aurrezki-kutxei. Kasu horretan, partaide diren aurrezki-kutxek beren finantza-jarduerari atxikitako ondare osoa beste kreditu-erakunde bati eskualdatuko diote, azken horren akzioen truke, eta izaera bereziko fundazio bihurtuko dira, kreditu-erakunde izaera galduta.

 

       Fundazioaren jardueraren ardatza bere gizarte-ekintza aurrera eramatea eta garatzea izango da, eta, horretarako, bere balore-zorroa kudeatu ahal izango du. Fundazioak bere gizarte-helbururako erabili beharko ditu bere ondarea osatzen duten funts, partaidetza eta inbertsioetatik lortutako etekinak. Horretaz gain, modu osagarrian, finantza-hezkuntza sustatzeko jarduerak egin ahal izango ditu.

 

       2.    Fundazio bihurtzeko erabakiarekin batera, kutxako Batzar Orokorrak, edo kutxetakoak batera, izaera bereziko fundazioak eratzea erabakiko du, eta haien estatutuak onartuko ditu eta haien patronatua izendatuko. Finantza-jardueraren bereiztea, berriz, Merkataritza Sozietateen Egitura Aldaketei buruzko apirilaren 3ko 3/2009 Legean ezarritakoren arabera egingo da.

 

       3.    Kapitulu honetan aipatzen diren izaera bereziko fundazioak ikuskatzeko eta kontrolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak gauzatuko ditu.

 

       Kapitulu honetan aipatzen diren izaera bereziko fundazioek nortasun juridikoa izango dute haien eraketaren eskritura publikoa inskribatzen denetik finantza arloan eskumena duen sailean horretarako eratuko den erregistro berezian.

 

       4.    Autonomia Erkidegoko izaera bereziko fundazioen araubidea fundazioen arloko legeria orokor autonomikoa izango da. Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak fundazioaren babes-eginkizuna beteko du eta kide bat izendatuko du gobernu-organoan.

 

       5.    Aurrezki-kutxak izaera bereziko fundazio bihurtzeko, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren baimena behar da.

 

VI. KAPITULUA

KOEFIZIENTEAK, INBERTSIOAK ETA HEDAPENA

 

15. artikulua. Aktiboen kalifikazioa

 

       Politika monetarioaren eta Estatuaren kredituaren antolamenduaren esparruan, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kalifikatuko ditu egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek indarrean dagoen legerian momentu bakoitzean aurreikusitako inbertsio-betebeharrak gauzatzeko baliatuko dituzten aktiboak.

 

16. artikulua. Aldez aurreko baimena

 

       1.    Aurrezki-kutxak dituen baliabide propioen edo baliabide guztien arabera, edo kopuru edo portzentaje jakin bati dagokionez, aldez aurretik baimena eskatu beharra dagoela zehaztu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, ondorengo kasuetarako: higiezin, akzio, partaidetza edo beste aktibo monetario batzuetarako inbertsioak egiteko, kreditu handiak emateko edo pertsona edo talde batekiko arrisku-kontzentraziorako.

 

       2.    Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren eskumena izango da baimen horiek ematea.

 

       Eskumena duen sailak, aldez aurretik, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxen inbertsioak baimenduko ditu, betiere sozietatearen kontrola hartzea dakartenean eta inbertsioen zenbatekoa aurrezki-kutxaren bitarteko propio konputagarrien % 5 baino handiagoa denean, Espainiako Bankuaren araudiaren arabera.

 

       Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatu egingo da, halaber, inbertsioaren zenbatekoak, sozietatearen kontrola hartzerik ekarri gabe ere, aurrezki-kutxaren talde kontsolidatuaren aktibo guztien % 2 gainditzen duenean.

 

17. artikulua. Hedatzea

 

       1.    Aurrezki-kutxek bulegoak zabaldu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak emandako arauen eta aplikatu beharreko gainerakoen arabera. Edonola ere, edozein aurrezki-kutxak Autonomia Erkidegoan bulegoren bat zabaldu edo ixten duenean, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari jakinarazi beharko zaio.

 

       2.    Sail horri jakinarazi beharko zaio, halaber, egoitza soziala Autonomia Erkidegoan duten aurrezki-kutxek bulegoren bat hortik kanpo zabaldu edo ixten dutenean.

 

VII. KAPITULUA

EMAITZAK BANATZEA

 

18. artikulua. Emaitzak banatzea

 

       1.    Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio Batzar Orokorrak onartutako emaitzen banaketa baimentzea, eta bereziki:

 

a)  Urteko aurrekontu-zuzkidurak, aurrez ezarrita dagoen gizarte-ekintza propioari eta lankidetzakoari eusteko, baita haien gauzatzearen eta likidazioaren gainean kontuak emateko txostenen kontrola eta ikuskapena ere.

b)  Gizarte-ekintza berriak egiteko diru-izendapenak. Horretarako, aipatutako sailari jakinarazi beharko zaizkio helburua, inbertsioaren zenbatekoa eta lan horiek mantentzeko aurrekontuan sartutako urteko gastua.

 

       2.    Aurrezki-kutxa babes-sistema instituzional baten barruan badago, gizarte-ekintzetara edo gizarte-ekintzari dagozkion jardueretara bideratzen diren kopuruak, taldearen emaitzen mutualizazio-sistemaren araberako talde kontsolidagarriaren emaitzaren banaketatik datozenean, kutxaren gizarte-ekintzaren edo lankidetzakoaren eta gizarte-ekintza kudeatzeko sortzen diren fundazioen urteko aurrekontuari gehitu beharko zaizkio, eta, ondorio guztietarako, kutxaren gizarte-ekintzaren parte izango dira. Era berean, kutxaren gizarte-ekintzaren edo lankidetzakoaren eta gizarte-ekintza kudeatzeko sortzen diren fundazioen urteko aurrekontuari gehitu beharko zaizkio, eta, ondorio guztietarako, kutxaren gizarte-ekintzaren parte izango dira kutxak gizarte-ekintzetara edo gizarte-ekintzari dagozkion jardueretara bideratzen dituen kopuruak, kutxak kreditu-erakunde gisa bere jarduera guztia egiteko baliatzen duen banku-erakundearen emaitzaren banaketatik datozenean, 12. artikuluan aurreikusitako kasuan.

 

VIII. KAPITULUA

INFORMAZIOA

 

19. artikulua. Eusko Jaurlaritza informatzeko betebeharra

 

       Indarrean dagoen oinarrizko legeriak ezarritako informazio-betebeharren kalterik gabe, Euskadiko aurrezki-kutxak behartuta daude finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari lege honetan eta beronen garapeneko erregelamenduzko xedapenetan eskatzen den informazioa ematera beren jarduerari eta kudeaketari buruz, erregelamendu bidez zehaztutako moduan.

 

20. artikulua. Sei hilabetean behingo informazioa

 

       Edonola ere, aurrezki-kutxek, beren Kontrol Batzordearen bitartez, sei hilabetean behin igorriko diote finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari txosten bat, honako hauek bilduko dituena:

 

a)  Administrazio Kontseiluak eta, hala badagokio, Batzorde Betearazleak egindako kudeaketaren azterketa, non adieraziko baita kudeaketa horretan bete ote den indarrean dagoen araudiak, kutxaren estatutuek eta Batzar Orokorraren jarraibide eta ebazpenek diotena.

b)  Ondorengo arloetan egindakoen azterketa:

- Kutxaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa.

- Eragiketa aktibo eta pasiboetako politika orokorra.

- Langileen kudeaketa. Plantillaren bilakaera, kopuruari eta kostuari dagokienez.

- Gizarte-ekintzaren kudeaketa, horren aurrekontuen betekuntza eta gastu eta inbertsioen egokitzapena.

- Arriskuei buruzko politika orokorra eta horien estaldura pasiboa.

- Kontabilitateko arauen betekuntza, izandako aldaketen berri emanda.

- Egoki iritzitako beste edozein datu.

c)  Kanpoko auditoretzaren txostenak, non sozietateen finantza-egoerak ere ikuskatu beharko baitira, sozietate horietan zuzeneko edo zeharkako kontroleko posizioa dagoen kasuetan.

 

21. artikulua. Kanpoko auditoretza

 

       Aurrezki-kutxek ekitaldi bakoitzeko finantza-egoerei buruzko agiriak kanpoko auditoretzaren mende jarriko dituzte, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztutako irismen eta edukiarekin.

 

22. artikulua. Informazioa gordetzeko betebeharra

 

       1.    Aurrezki-kutxak behartuta daude beren bezeroen saldo, posizio, transakzio eta gainerako eragiketei buruzko informazioa gordetzera hirugarrenei jakinarazi gabe eta haren zabalkunderik egin gabe.

 

       2.    Betebehar horretatik kanpo egongo dira informazioak baldin eta bezeroak edo legeek baimentzen badute haiek hirugarren batzuei jakinaraztea edo zabaltzea, edo agintari judizialek eta ikuskapenekoek eskatzen badizkiete edo haiei bidali beharrekoak badira. Kasu horretan, bezeroak berak edo legeek diotena bete beharko da informazioa lagatzean.

 

       3.    Isilpekotasun-betebehar horretatik kanpo geratuko dira, halaber, talde kontsolidagarri berekoak diren kreditu-erakundeen arteko informazio-trukatzeak.

 

IX. KAPITULUA

IKUSKAPENA, ZEHAPENA ETA ESKU HARTZEA

 

23. artikulua. Eskumena duen organoa

 

       Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenen barruan, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ikuskatzeko, zehatzeko eta esku hartzeko ahalmena gauzatuko du, indarrean dagoen legerian jasotako moduan.

 

24. artikulua. Subjektu zehagarriak

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoan, lege honetan aipatzen diren aurrezki-kutxak eta horietan administrazio, kontrol eta zuzendaritzako karguak dituztenak zehatu ahal izango dituzte egindako arau-hausteen ondorioz, lege honetako eta indarrean dagoen oinarrizko legeriako arauekin bat etorriz.

 

       Ondorio horietarako, administrazio-karguak dituzte aurrezki-kutxen administratzaileek edo administrazio-organoetako kideek, zuzendari nagusiek edo parekoek eta Kontrol Batzordeko kideek.

 

       2.    Era berean, erantzukizuna izango dute Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan inskribatuta egon gabe lurralde horretan halako erakundeei dagozkien eragiketak egiten dituzten pertsona edo erakundeek, edo inskribatutako aurrezki-kutxen jarduerarekin nahas daitezkeen izenak edo beste elementu identifikagarri, propagandistiko edo publizitario batzuk erabiltzen dituztenek.

 

       3.    Aurreko paragrafoetan aipatzen den administrazio-erantzukizuna zehagarri izango da kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera, aplikatu beharreko beste araudirik baztertu gabe.

 

       4.    Finantza arloan eskumena duen sailak izango du zehapen-espedienteak instruitzeko eskumena. Espedienteak izapidetzerakoan, interesdunek zer dioten entzungo da.

 

25. artikulua. Arau-hauste oso larriak

 

       1.    Hauek dira arau-hauste oso larriak:

 

a)  Aldez aurretik Administrazioaren baimena izatea derrigorrezkoa izan arren, baimen hori gabe, edo baimen horretan ezarritako oinarrizko baldintzak bete gabe, edo baimena adierazpen faltsuei edo beste bide irregularren bati esker lortuta, beste kreditu-erakunde batzuei dagokienez bat-egite, xurgatze, banantze edo eskuratze eragiketak egitea, lege honetako I. tituluko III, IV eta V. kapituluetan aipatzen diren erakunde-antolamenduko aldaketak egitea, erreserbak banatzea eta atzerrian bulegoak irekitzea.

b)  Aurrezki-kutxa moduan jardun ahal izateko baimena lortzeko eskatzen dena baino baliabide propio gutxiago izatea sei hilabetez.

c)  Baliabide propioen koefizientea nahitaez eduki beharreko gutxienekoaren % 80tik behera mantentzea gutxienez sei hilabetez.

d)  Kutxaren xedearekin zerikusirik ez duten jardueretan aritzea etengabe.

e)  Eskatzen den kontabilitaterik ez izatea edo kontabilitate hori kutxaren egoera zein den erakusten ez duen moduan eramatea, eta kanpoko kontu-auditoretarik ez izatea, nahiz eta lege honen 21. artikuluak hala eskatzen duen .

f) Ikuskatze-lanari oztopoak jartzea edo ezetz esatea, nahiz eta berariaz eta idatziz adierazi ikuskatze-lana egin beharra dagoela.

g)  Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidali beharreko agiriak ez bidaltzea, edo sail horrek eskatutako datuak ez bidaltzea, nahiz eta behin eta berriz hori egiteko eskatu, eta bidalitako datuak egiazkoak ez izatea.

h)  Bezeroei eta orokorrean jende guztiari egiazko informazioa emateko betebeharra ez betetzea, baldin eta informazio horren ondorioen garrantziagatik ez-betetze hori oso larritzat joko balitz.

i) Antolamendu- eta diziplina-arau baten bidez debekaturik dauden egintza edo eragiketak egitea behin eta berriz.

j) Iruzur egitea edo zuzenean lortuz gero arau-hauste larritzat joko litzatekeen emaitza bat iristeko xedez tartean beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk jartzea.

k)  Beste arau-hauste larri bat egitea aurrekoari buruzko erabakia irmoa zenetik bost urte igaro baino lehen.

l) Kreditu-erakundeetan partaidetza nabarmenak eskuratzea edo areagotzea, indarrean dagoen legeriak dioena urratuz.

m) Partaidetza nabarmen baten titularraren eraginez kreditu-erakunde baten kudeaketa arriskuan jartzea.

n)  Kutxak edo kide den talde kontsolidagarriak hutsuneak edukitzea administrazioaren antolaketan, kontabilitatearen antolaketan edo barne-kontroleko prozeduretan –arriskuaren kudeaketari buruzkoak ere barruan direla–, hutsune horiek erakundearen kaudimena edo bideragarritasuna arriskuan jartzen badute.

ñ)  Gobernu-organoetako kideak aukeratzeko eta izendatzeko hauteskunde-prozesuen arauak urratzea, eta horrela hauteskunde-prozesuen emaitzetan aldaketak eragitea.

o)  Ezohiko batzar orokorrera ez deitzea, estatu sozialen arabera eskatzen denean.

p)  Estatutuak eta hauteskunde-prozedurako erregelamenduak legez aurreikusitako epeetan ez egokitzea.

 

       2.    Zehazki, Kontrol Batzordeko kideen arau-hauste oso larriak dira honako hauek:

 

a)  Zabarkeria larri eta etengabea legez dagozkien eginkizunak betetzeko orduan.

b)  Eskumena duen sailari ez proposatzea administrazio eta zuzendaritzako organoak edo kargudunek hartutako erabakiak eten ditzala, horiek argi eta garbi legea urratzen dutenean eta aurrezki-kutxaren ondare-egoerari, emaitzei, kredituari edo haren ezarleei edo bezeroei modu bidegabean eta larrian eragiten dietenean, edo kasu horietan lehendakariari ezohiko batzar orokor batera deitzeko ez eskatzea.

c)  Arau-hauste larria egitea, aurreko bost urteetan arau-hauste mota beragatik zehapen irmoa ezarri baldin bada.

 

26. artikulua. Arau-hauste larriak

 

       1.    Hauek dira arau-hauste larriak:

 

a)  Egintza edo eragiketak Administrazioaren baimenik gabe egitea baimen hori derrigorrezkoa den kasuetan, edo baimenean zehaztutako oinarrizko baldintzak bete gabe edo baimena adierazpen faltsuei edo beste bide irregularren bati esker lortuta egitea egintzak edo eragiketak, non eta ez den arau-hauste oso larria.

b)  Kutxaren organo errektoreen osaerari buruzko komunikaziorik ez egotea.

c)  Kutxaren xedearekin zerikusirik ez duten jardueretan aritzea noiz edo behin.

d)  Indarrean dauden arauak ez betetzea, direla arriskuak mugatzeari buruzko arauak edo direla zenbait eragiketa aktibo edo pasiboren bolumenari muga kuantitatiboak –absolutuak edo erlatiboak– ezartzen dizkieten arauak.

e)  Indarrean dagoen legeriaren arabera baliabide propio nahikorik ez izatea, gutxienez sei hilabetez, betiere arau-hauste oso larria ez bada.

f) Laguntza publikoez egindako kreditu-eragiketetan, kasuan kasuko araudiak eskatzen dituen baldintza eta betekizunak ez betetzea.

g)  Derrigorrezko erreserbetan eta kaudimengabeziei aurre egiteko aurreikuspenetan behar besteko kopururik ez izatea.

h)  Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidali beharreko agiriak ez bidaltzea, edo sail horrek bere eginkizunak betez eskatutako datuak ez bidaltzea, eskaria egitean zehaztutako epean.

i) Administrazio Kontseiluak Batzar Orokorrari gertakari batzuen berri ez ematea, nahiz eta eskumena duen administrazio-organoak hori egiteko eskatu.

j) Emandako informazioa egiazkoa izateko betebeharra ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso larria ez bada, eta isilpean gordetzekoak diren kontuak isilpean ez gordetzea.

k)  Kontabilitateko arauak ez betetzea, eta finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera derrigorrez bidali beharrekoak diren finantza-egoerari buruzko agiriak ez egitea.

l) Lege-mailakoak diren arauetan antolaketa eta diziplinari buruz debekatzen diren egintzak egitea noiz edo noiz, edo antolaketari eta diziplinari buruzko erregelamenduetan debekatutako egintza edo eragiketak egitea, non eta ez diren noizean behingoak edo bakanak.

m) Arau-hauste arina egitea, aurreko bost urteetan arau-hauste mota beragatik zehapen irmoa ezarri baldin bada.

n)  Eragiketen gardentasunari eta bezeroak babesteari buruzko araudia ez betetzea dakarten egintza edo eragiketak egitea.

ñ)  Iruzur egitea edo antolamendu- eta diziplina-arauen aurkako emaitza bat lortzeko xedez tartean beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk jartzea, baldin eta arau-hauste oso larritzat jotzen ez bada.

o)  Kutxak edo bera kide den talde kontsolidagarriak hutsuneak edukitzea administrazioaren antolaketan, kontabilitatearen antolaketan edo barne-kontroleko prozeduretan –arriskuaren kudeaketari buruzkoak ere barruan direla–, baldin eta hutsune horiek arau-hauste oso larriak ez badira.

p)  Partaidetza nabarmen bat eskualdatu edo murriztea, indarrean dagoen legeriak dioena urratuz.

q)  Kutxan zuzenbidez administrazio edo zuzendaritzako kargurik ez duten pertsonak benetan lan horietan aritzea.

r) Lege honen 22. artikuluan esaten dena ez betetzea.

s)  Gobernu-organoetako kideak aukeratzeko eta izendatzeko hauteskunde-prozesuen arauak urratzea.

t) Finantza-eragiketa, -produktu eta -zerbitzuei buruzko publizitatearen arloan Eusko Jaurlaritzak ezarritako betebeharrak ez betetzea.

u)  Aurrezki-kutxek erabiltzea kutxaren identitateari buruz jendea oker pentsatzera eraman dezaketen edo egoitza soziala Autonomia Erkidegoan duen beste kreditu-erakunde baten izenarekin nahas daitezkeen izenak edo kutxen beste elementu identifikagarri, propagandistiko edo publizitario batzuk.

 

       2.    Kontrol Batzordeko kideen arau-hauste larriak dira honako hauek, hark Kontrol Batzorde gisa edo Hauteskunde Batzorde gisa diharduela:

 

a)  Zabarkeriaz aritzea legeak izendatzen dizkien eginkizunak betetzeko orduan, arau-hauste oso larria ez bada.

b)  Finantza arloan eskumena duen sailari bidali beharreko datuak eta txostenak ez bidaltzea, edo atzerapen nabarmenarekin bidaltzea.

 

       3.    Arau-hauste larria da aurrezki-kutxen gobernu-organoetan karguak betetzen dituztenek kargu horietan legez eskatutako baldintzak bete gabe jardutea.

 

27. artikulua. Arau-hauste arinak

 

       Arau-hauste arinak izango dira antolamendu eta diziplina arloan egiten direnak, baldin eta lege honetan xedatutakoaren arabera larriak edo oso larriak ez badira.

 

28. artikulua. Zehapenak

 

       Aurreko artikuluetan aipatutako kasuetan, kutxari honako zehapen hauetako bat edo gehiago aplikatuko zaio:

 

       1.    Arau-hauste oso larriak egiteagatik:

 

a)  Baliabide propioen % 1era arteko isuna, edo 300.000 eurora arteko isuna, aipatutako portzentaje hori kopuru horretara iristen ez bada.

b)  Erakundeari emandako baimena ezeztatzea, eta Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistrotik kanpo uztea.

c)  Publikoki ohartaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gertatutakoaren berri emanda.

 

       2.    Arau-hauste larriak egiteagatik:

 

a)  Baliabide propioen % 0,5era arteko isuna, edo 150.000 eurora arteko isuna, aipatutako portzentaje hori kopuru horretara iristen ez bada.

b)  Publikoki ohartaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gertatutakoaren berri emanda.

 

       3.    Arau-hauste arinak egiteagatik:

 

a)  Modu pribatuan ohartaraztea.

b)  60.000 eurora arteko isuna.

 

29. artikulua. Zehapenak doloz edo zabarkeriaz jarduteagatik

 

       1.    Aurreko artikuluan aurreikusitako zehapenez gainera, ondoren zehazten direnetako bat jarriko zaie, egitezko edo zuzenbidezko administrazio- edo zuzendaritza-karguren bat izanik, arau-haustearen erantzukizuna izan dutenei, doloz edo zabarkeriaz jarduteagatik:

1.1.   Arau-hauste oso larriak egiteagatik:

a)  150.000 eurora arteko isuna.

b)  Hiru urtekoa baino gehiagokoa izango ez den epe batean, egitekoez gabetzea.

c)  Kargutik kentzea eta kutxa berean administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzeko gaitasunik gabe uztea, gehienez ere bost urtean.

d)  Kargutik kentzea eta edozein kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzeko gaitasunik gabe uztea, gehienez ere 10 urtean.

1.2.   Arau-hauste larriak egiteagatik:

a)  90.000 eurora arteko isuna.

b)  Kargutik kentzea eta edozein kutxatan administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzeko gaitasunik gabe uztea, gehienez ere urtebetez.

c)  Publikoki ohartaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gertatutakoaren berri emanda.

d)  Modu pribatuan ohartaraztea.

 

       2.    1.1 paragrafoko b), c) eta d) idatz-zatietan eta 1.2 paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren zehapenak bi paragrafo horietako a) idatz-zatian aipatzen diren zehapenekin batera jartzeko modua egongo da.

 

       3.    Ez da kutxek edo horien administrazio- edo zuzendaritza-organoek egindako arau-hauste oso larri edo larrien erantzule izango, honako kasu hauetan:

 

a)  Arau-hausteak eragin zituzten erabaki edo akordioen inguruan kontra bozkatu edo beren botoa babestu baldin bazuten edo ez baziren joan kasuan kasuko bileretara, justifikatutako arrazoia izanda.

b)  Arau-hauste horiek kutxan eginkizun betearazleak dituzten pertsonei bakarrik egoztekoak diren kasuetan.

 

30. artikulua. Zehapenak zehaztea

 

       Arau-hauste administratiboak egiteagatik kasu bakoitzean aplikatzeko zehapenak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

 

a)  Arau-haustearen izaera.

b)  Egitateen larritasuna.

c)  Eragindako kalteak edo sortutako arriskua.

d)  Arau-hauste diren egintzen edo ez-egiteen ondorioz lortutako irabaziak, halakorik izan bada.

e)  Arau-haustea egin duen aurrezki-kutxaren garrantzia, balantzearen zenbateko osoaren arabera neurtua.

f)   Arau-haustea norbere ekimenez zuzendu izana.

g)  Aurrezki-kutxak edo norbanako arduradunek hari dagozkion antolamendu- eta diziplina-arauei buruz aurretik izandako jokabidea, azken bost urteetan ezarritako zehapen irmoak kontuan hartuta, halakorik ezarri bada.

h)  Arau-hausteak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian izandako eragina.

i)   Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-sisteman izandako ondorioa.

j)   Kasuan kasuko egitateetan norbanakoek duten erantzukizun-maila.

k)  Norbanakoek duten ordezkaritza-maila.

 

31. artikulua. Arau-hausleen erantzukizuna

 

       Arau-hausteen erantzuleek itzuli egin beharko dituzte arau-haustearen ondorioz galdu ziren ondasun edo eskubideak, eta, era berean, eragindako kaltea konpondu eta kalte-galerak ordaindu beharko dituzte.

 

32. artikulua. Zehapenak ezartzeko eskumena

 

       Egoki diren zehapenak ezartzeko, diruaren inguruko arauei edo kreditu-sistemaren egonkortasunari eragiten dietenen kasuan izan ezik, honako eskumen-arauak beteko dira:

 

a)  Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu arau-hauste oso larriengatiko zehapenak.

b)  Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ezarriko ditu arau-hauste larri eta arinengatiko zehapenak.

 

33. artikulua. Behin-behineko eginkizun-gabetzea

 

       1.    Espedienteari hasiera emateko erabakian edo espedientea izapidetzen den bitartean, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, zuzenbidean oinarritutako ebazpen baten bidez, kutxako administrazio- edo zuzendaritza-kargudunen behin-behineko eginkizun-gabetzea erabaki ahal izango du, baldin arau-hauste larri edo oso larrien ustezko erantzule gisa agertzen badira, eta baldin eta hori egitea beharrezkoa bada finantza-sistema eta ukitutako interes ekonomikoak babesteko.

 

       2.    Eginkizun-gabetzea erabaki aurretik, interesdunari entzungo zaio bost eguneko epe komunaren barruan. Aurretiazko entzunaldiaren ordez, epe berean egindako ondorengo alegazioak ere onartu ahal izango dira, baldin eta eginkizun-gabetzeak eraginkortasuna galduko balu hartarako erabakia aurretiazko entzunaldia izapidetu arte atzeratuz gero.

 

       3.    Edonola ere, behin-behineko eginkizun-gabetzea ezin izango da luzatu hartarako erabakiaren helburuak betetzeko ezinbestekoa den epeaz haratago, eta ezingo du sei hilabete baino gehiago iraun.

 

34. artikulua. Baimenik gabe jardutea

 

       1.    Pertsona edo erakunderen batzuek, beharrezko baimena eskuratu gabe eta aurrezki-kutxa gisa Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroan edo Herritarren Aurrezkiko Kutxa Orokorren Erregistroan inskribatu gabe, kreditu-erakundeenak diren eragiketak egiten baldin badituzte Autonomia Erkidegoan, edo baimena duten aurrezki-kutxen jarduerarekin nahas daitezkeen izenak edo beste identifikagarri propagandistiko edo publizitario batzuk erabiltzen badituzte, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak 150.000 eurora arteko isuna jarriko die pertsona edo erakunde horiei.

 

       2.    Aurreko paragrafoan aipatzen diren pertsona edo erakundeei eskatzen bazaie utz diezaiotela izen horiek erabiltzeari edo jarduera horiek egiteari, eta hala ere berdin jarraitzen badute, 300.000 eurora arteko isuna ezarriko zaie, eta gerora berriz ere eskaria egin eta berdin jarraitzen badute, berriro jarri ahal izango zaie isun hori.

 

35. artikulua. Hertsatzeko isunak

 

       1.    Arau-hausleak zehapen gisa ezarritako betebeharra betetzen ez badu, edo bere osotasunean betetzen ez badu, hertsatzeko isunak jarriko dira, ezarritako betebeharra edo zehapena osotasunean bete dadin.

 

       Hertsatzeko isunak bereiziak izango dira, eta egindako arau-hausteari zehapen gisa dagozkion isunekin bateragarriak.

 

       2.    Hertsatzeko isunak errepikatu ahal izango dira hilabetetik gorako denbora-tarteetan, eta haien zenbatekoak ezin izango du gainditu zehapen gisa ezarritako isunaren zenbatekoaren % 30. Isun horiek ezartzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

 

a)  Zuzentzeko betebeharra betetzen izandako atzerapena.

b)  Betebeharrak ez betetzeko orduan intentzionalitatea edo errepikapena egotea.

c)  Eragindako kalteen izaera.

 

36. artikulua. Zehapenak argitara ematea

 

       Arau-hauste oso larrien ondoriozko zehapen irmoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kasuan kasuko lurralde historikoko aldizkarian argitaratu beharko dira.

 

37. artikulua. Esku-hartzea

 

       1.    Administrazio-organoen behin-behineko ordezpena eta esku-hartzea Eusko Jaurlaritzak aginduko ditu, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak proposatuta, erakundearen egonkortasuna arriskuan jartzen duen irregulartasun administratibo edo ekonomiko larriak hala gomendatzen duenean. Urgentziazko arrazoiengatik, finantza-politikako eginkizunak esleituta dituen saileko titularrak eman ahal izango du agindua, nahiz eta erabakiak Eusko Jaurlaritzaren berrespena beharko duen.

 

       2.    Kutxaren gobernu-organoen eskaera arrazoituaren bidez ere eman ahal izango da esku hartzeko agindua.

 

       3.    Esku hartzeko edo ordezteko erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta egoki den erregistroetan inskribatuko.

 

       4.    Esku hartzen bada, eragindako gastu guztiak kutxaren kontura izango dira.

 

38. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa

 

       1.    Lege honetan tipifikatutako arau-hauste oso larriek bost urtera preskribatuko dute, larriek hiru urtera eta arinek urtebetera, arau-haustea egin den egunetik kontatzen hasita.

 

       2.    Falta oso larrien ondorioz ezarritako zehapenek bost urtera preskribatuko dute, larriek hiru urtera eta arinek urtebetera, zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

 

39. artikulua. Berrerortzea

 

       Lege honen ondorioetarako, berrerortzea gertatuko da arau-hausteen erantzule diren pertsona fisikoek edo juridikoek bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiten dutenean eta ebazpen irmoaren bidez hala deklaratu denean.

 

40. artikulua. Zehatzeko prozedura

 

       Lege honek aipatzen dituen zehapenak ezartzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak araututakoa izango da.

 

X. KAPITULUA

AURREZKI KUTXEK PARTAIDETZA KUOTAK JAULKITZEA

 

41. artikulua. Jaulkitzeko aukera

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxek partaidetza-kuotak jaulki ahal izango dituzte finantza-legerian aurreikusitakoaren arabera.

 

42. artikulua. Partaidetza-kuotak

 

       1.    Aurrezki-kutxen partaidetza-kuotak balore negoziagarriak dira, iraupen zehaztugabeko diruzko ekarpenak ordezkatzen dituztenak, eta fundazio-funtsen eta erakundearen erreserben proportzio berean eta xede bererako aplika daitezke.

 

       2.    Partaidetza-kuotek titularrei aurrezki-kutxa jaulkitzailearen gobernu-organoetan beren interesak ordezkatzeko aukera emango diete, lege honetan xedatutakoaren arabera.

 

43. artikulua. Egonkortze-funtsa

 

       1.    Jaulkipen-erabakiak hala ezartzen badu, Batzar Orokorrak egonkortze-funtsa eratzea erabaki ahal izango du, kuoten ordainketan gorabeherak saihesteko.

 

       2.    Halaber, Batzar Orokorrari dagokio partaidetza-kuoten ordainketak zehaztea.

 

II. TITULUA

GOBERNU ORGANOAK

 

I. KAPITULUA

PRINTZIPIO OROKORRAK

 

44. artikulua. Gobernu-organoen printzipio orokorrak

 

       1.    Aurrezki-kutxen administrazioa, kudeaketa, ordezkaritza eta kontrola gobernu-organo hauei dagokie: Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea. Horiez gain, aurrezki-kutxen organo izango dira Zuzendaritza Nagusia eta Inbertsio Batzordea, Ordainketa eta Izendapen Batzordea eta Gizarte Ekintzako Batzordea.

 

       Gizonen eta emakumeen presentzia orekatuaren printzipioarekin bat etorriz, Batzar Orokorrerako, Administrazio Kontseilurako eta Kontrol Batzorderako aurkezten diren hautagaitzak gizonek eta emakumeek modu orekatuan osatuta egotea bilatuko da.

 

       Hala eta guztiz ere, beren jarduera lege honetako I. tituluko III eta IV. kapituluetan aurreikusitakoaren arabera zeharka burutzen duten aurrezki-kutxei honako berezitasun hauek aplikatuko zaizkie:

 

a)  Kutxaren gobernu-organoak Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta, aukeran, Kontrol Batzordea izango dira. Kontrol Batzorderik ez bada, kutxaren estatutuek aurreikusi eta arautu beharko dute zer osaera eta jardute-prozedura izango dituen hauteskunde-prozesuak kontrolatzeko eta gobernu-organoen izendapenerako prozesuak kontrolatzeko eginkizunak eta lege honetan batzorde horri ematen zaizkion informazio-eginkizunak bete behar dituen organoak.

b)  Ezarleen, kutxaren erakunde fundatzaile ez diren toki-korporazioen eta langileen interes kolektiboek gobernu-organoetan izango duten ordezkaritza honela ezarriko da:

i)   Toki-korporazioen ordezkaritzarako, aurrezki-kutxak bere finantza-jarduera burutzeko baliatzen duen banku-erakundeak bulegoa duen udalerria hartuko da oinarri.

ii)  Ezarle eta langileen ordezkaritzarako, aurrezki-kutxak bere finantza-jarduera burutzeko baliatzen duen banku-erakundearen kolektibo horiek hartuko dira oinarri. Langile horiek gobernu-organoetan izango duten ordezkaritzak aurrezki-kutxako langileak ere barne hartuko ditu.

c)  Gobernu-organoetako kideen kopurua, eta bilkuren maiztasuna ere, aurrezki-kutxaren estatutuek egokituko dituzte erakundearen dimentsio ekonomikora eta jarduerara.

 

       2.    Aurrezki-kutxa baten gobernu-organoetako kideak ezingo dira jarduera-esparru bereko beste finantza-erakunde baten gobernu-organoetako kide izan aldi berean, salbu kutxaren beraren ordezkari gisa badaude egoera horretan. Ezingo dira kutxa baten gobernu-organoetako kide izan, halaber, kutxa horren mendekoa ez den beste finantza-erakunderen batean lan-harreman aktiboa dutenak.

 

       3.    Batzar Orokorreko kide gisa dituzten eginkizunetan ari direla, kontseilari nagusiek ezingo dute bertaratze eta joan-etorrien ondoriozko dietez gainera bestelako ordainsaririk jaso.

 

       Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideek, kargu horiei dagozkien eginkizunetan aritzeagatik, ordainsariak jaso ahal izango dituzte, eta Batzar Orokorrak zehaztu beharko ditu horiek. Dedikazio esklusiboa behar bada, ordainsaria bateraezina izango da ordaindutako beste edozein jarduera publiko edo pribaturekin, non eta ez den ondare propioa administratzea edo kutxaren ordezkari gisa egiten den jardueraren bat.

 

       Edonola ere, kutxaren gobernu-organoetako kideek hari laga beharko dizkiote beraren ordezkari gisa egiten dituzten kanpoko jarduera edo ordezkatzeen ondorioz lortutako diru-sarrerak.

 

       Lege honetako I. tituluko III eta IV. kapituluetan aurreikusitako kasuetan, erakunde zentraleko Administrazio Kontseiluan kutxek dituzten kontseilari dominikalek haien ordezkari gisa egindako kanpoko jardueren ondorioz lortzen dituzten diru-sarrerak, paragrafo honetako lehen bi lerrokadetan adierazitako kontzeptuak izan ezik, aipatutako erakunde zentralari laga beharko dizkiote.

 

       4.    Administrazio Kontseiluaren, Kontrol Batzordearen eta gainerako batzordeen eztabaida eta erabakiak isilpekoak izango dira. Hori betetzen ez bada, lege honen 26. artikuluko 1.j idatz-zatian jasotako arau-hauste larria egingo da, eta lege honen beronen 53. artikuluko A) idatz-zatian aurreikusitako bateraezintasuna eragin.

 

       5.    Edonola ere, bateraezinak izango dira aurrezki-kutxa baten gobernu-organoetako kide izatea eta kargu politiko hautetsia edo herri-administrazioetako edo horien mendeko edo horiei loturiko sektore publikoko –zuzenbide publiko edo pribatuko– erakundeetako goi-kargudun izatea. Bateraezintasun horrek aipatutako goi-kargudunek kargua utzi ondorengo bi urteetan iraungo du, honako kasu hauetan:

 

a)  Goi-kargudunek, horiek proposatutako nagusiek edo mendeko organoen titularrek, eskuordetuta edo ordeztuta, aurrezki-kutxen inguruko ebazpenen bat eman izana.

b)  Aurrezki-kutxei buruzko erabaki edo ebazpenen bat onartu duten kide anitzeko organoen bileretan parte hartu izana.

 

II. KAPITULUA

BATZAR OROKORRA

 

45. artikulua. Batzar Orokorraren osaera

 

       1.    Batzar Orokorra da aurrezki-kutxen gobernurako eta erabakiak hartzeko organo gorena. Kontseilari nagusiek osatzen dute, honako talde hauen ordezkari direla:

 

a)  Erakunde fundatzaileak, % 17ko ordezkaritzarekin.

b)  Aurrezki-kutxako ezarleak, % 48ko ordezkaritzarekin.

c)  Aurrezki-kutxako langileak, % 7ko ordezkaritzarekin.

d)  Erakundeak bulegoren bat duen udalerriko toki-korporazioak, % 17ko ordezkaritzarekin.

e)  Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak, zientzia, gizarte, ekonomia edo lanbide arloan nabarmenak izan eta aurrezki-kutxak jarduten duen lurralde-eremuan –bereziki erakundearen jatorrizko lurralde-eremuan– ezarrita daudenak, % 5eko ordezkaritzarekin.

f) Aurrezki-kutxak egoitza soziala duen lurralde historikoa, % 6ko ordezkaritzarekin.

 

       Batzar Orokorrean ordezkaritza duten taldeetako kide kopurua zehazteko paragrafo honetan ezarri diren portzentajeak batzarra osatzen duten kideen kopuru osoari dagokionez aplikatuko dira. Portzentaje horiek aplikatzearen ondorioz zenbaki hamartarrak ateratzen direnean, hamarrena bost edo handiagoa bada, gorantz biribilduta lortzen den zenbaki osoa hartuko da, eta bost baino txikiagoa bada, beherantz biribilduta lortutakoa. Biribiltzearen ondorioz Batzar Orokorreko kide gutxiegi edo gehiegi ateratzen badira, honela jokatuko da: kide gutxiegi ateratzen badira, batzarrean ordezkari gehien duen taldean edo taldeetan handituko da kopurua, eta kide gehiegi ateratzen badira, biribiltzearen eraginak izan dituen eta batzarrean ordezkari gehien duen taldean edo taldeetan murriztuko da kopurua.

 

       2.    Batzar Orokorreko kideen kopurua kutxa bakoitzak, bere dimentsio ekonomikoaren arabera, estatutuetan libreki ezarritakoa izango da; gutxienez 60 eta gehienez 160 kide izango dira.

 

       Herri-administrazioen ordezkaritza-muga nahiz artikulu honetan aurreikusitako taldeen ordezkaritza-portzentajeak partaidetza-kuotadunei egokitu zaizkienak guztizkotik kendu ondoren geratzen diren boto-eskubideen arabera bete behar dira, lege honen 70. artikuluan xedatutakoaren arabera.

 

       3.    Batzar Orokorreko lehendakari Administrazio Kontseiluko lehendakaria izango da, eta lehendakariorde eta idazkari ere kontseiluan kargu hori dutenak izango dira.

 

       Lehendakaria eta lehendakariordea falta baldin badira, Batzar Orokorrak bertako kideen artetik jarduneko lehendakari bat aukeratuko du dena delako bilera zuzentzeko.

 

46. artikulua. Erakunde fundatzaileen eta udalbatzen ordezkariak

 

       1.    Erakunde fundatzaileak ordezkatzeko kontseilari nagusiak zuzenean izendatuko dituzte erakunde horiek. Erakunde fundatzaile batek ere ezin izango ditu kontseilari nagusiak izendatu Euskal Autonomia Erkidegoan zuzenean edo zeharka jarduten duen beste ezein kutxatan.

 

       2.    Erakunde fundatzaile diren udalbatzak ordezkatzeko kontseilari nagusiak zuzenean udalbatzek aukeratuko dituzte, beren araudiarekin bat etorriz.

 

       3.    Aurrezki-kutxaren erakunde fundatzaile diren udalbatzek erakunde fundatzaile gisa izango dute ordezkaritza, eta ezin izango dira aldi berean udalbatzen taldean ordezkatuta egon, salbu eta udalbatzen taldeko ordezkaritzaren bidez kontseilari nagusi gehiago lortzen badituzte; talde horretan kontseilari nagusi gehiago lortuz gero, gainetik lortutako kontseilari kopurua bakarrik izango dute aldi berean dagokion ordezkaritzan.

 

47. artikulua. Lurralde historikoen ordezkariak

 

       Dagozkien batzar nagusiek izendatuko dituzte lurralde historikoak ordezkatzeko kontseilari nagusiak, eta ospe eta profesionaltasun handikoak izan beharko dute kontseilariok. Erakunde horien osoko bilkuretan aukeratuko dituzte, batzarkide-talde bakoitzak duen kide kopuruari dagokion proportzioan, batzar nagusiek berek erabakitako prozeduren arabera.

 

48. artikulua. Ezarleen ordezkariak

 

       1.    Aurrezki-kutxen ezarleak ordezkatzeko kontseilari nagusiak, eta haien ordezkoak, konpromisarioek aukeratuko dituzte haien artetik. Kontseilariren batek kargua utziz gero, ordezko batek beteko du haren postua.

 

       2.    Aukeratu beharreko kontseilari nagusiak bider 30 egitetik ateratzen den kopurua izango da izendatuko diren konpromisarioen kopurua. Izendapena zozketa publiko bidez egingo da, notarioaren aurrean, lege honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeko ezarleen artean.

 

       3.    Konpromisarioak aukeratzeko, ezarleak zerrenda bakarretan jarriko dira, autonomia-erkidegoka.

 

       4.    Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan bulegoak dituzten kutxek, ezarleak ordezkatzeko, kontseilari nagusi kopuru bat esleituko diote erkidego bakoitzari; kopuru hori kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gordailuen –soil-soilik pertsona fisikoen gordailuen– saldoaren eta pertsona fisiko horiek kutxan dituzten gordailu guztien arteko proportzioaren araberakoa izango da.

 

       Aurrezki-kutxek babes-sistema instituzional batean parte hartzeari buruz lege honetako I. tituluko IV. kapituluan azaltzen den egoeran, sektore horretako kontseilari nagusien banaketa aurrezki-kutxak hartutako gordailuak –soil-soilik pertsona fisikoei dagozkienak– oinarri hartuta egingo da, eta orobat aurrezki-kutxak, beste aurrezki-kutxa batzuekin hitzartuta, bere finantza-jarduera zeharka garatzeko baliatzen duen banku-erakundeak hartutako gordailuak oinarri hartuta; betiere, aurretiaz lurraldekatuta, 3. paragrafoan eta aurreko lerrokadan xedatutakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ezarleek aurrezki-kutxa bakoitzean izango duten ordezkaritza zehazteko, erakunde fundatzaileak kokatuta dauden lurralde historikoko udalerriak bakarrik hartuko dira kontuan.

 

       Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden bulegoei dagozkien banku-erakundearen gordailuak kutxa bakoitzari esleituko zaizkio kutxek beren finantza-jarduera zeharka burutzeko baliatzen duten banku-erakundearen kapitalean haietako bakoitzak duen partaidetza-kuotaren proportzioan.

 

       5.    Aurreko paragrafoko prozedura berari jarraituko zaio lege honetako I. tituluko III. kapituluan azaltzen den egoeran ere. Kasu honetan, banku-erakunde instrumentaleko pertsona fisikoen gordailu guztiak oinarri hartuta esleituko dira kontseilari nagusiak.

 

       6.    Zerrenda bakoitzetik aukeratutako ordezkarien esleipena proportzionaltasun-irizpideekin bat etorriz egingo da, D'Hondt metodoaren arabera.

 

       7.    Ez dira kontuan hartuko emandako boto baliodunen % 5 gutxienez lortzen ez duten hautagai-zerrendak.

 

       8.    Behin betiko zerrendako konpromisarioen datu pertsonalak –izena, abizenak eta helbidea– aurkeztutako hautagai-zerrendetako zerrenda-buruei lagako zaizkie, hauteskunde-prozesuaren ondorioetarako soil-soilik.

 

49. artikulua. Langileen ordezkariak

 

       1.    Langileak ordezkatzeko kontseilari nagusiak sistema proportzionalaren bidez aukeratuko dituzte enplegatuen legezko ordezkariek. Hautagaiek, gutxienez, hiru urteko antzinatasuna izan beharko dute erakundearen plantillan.

 

       Langileak, eurak ordezkatzeko taldearen bidez bakarrik sartu ahal izango dira Batzar Orokorrean. Salbuespen gisa, udalbatzak ordezkatzen dituen taldearen bidez sartu ahal izango dira, langileak ordezkatzen dituzten kontseilari nagusien % 50 baino proportzio txikiagoan, eta ezin izango dira ezein kasutan erakunde fundatzailearen edo ezarleen ordezkari gisa sartu.

 

       Ezohiko izendapena egiteko proposamena ezohiko egoera justifikatzen duen txosten arrazoituarekin batera aurkeztuko zaio, Kontrol Batzordearen bidez, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, eta sail horrek erabakiko du izendapen hori egiteko arrazoirik dagoen edo ez.

 

       2.    Langileak ordezkatzen dituzten kontseilari nagusiek Langileen Estatutuaren 68.c artikuluan langileen legezko ordezkarientzat ezarritako berme berak izango dituzte.

 

       3.    Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lantokiei atxikitako langileak babes-sistema instituzionala osatzen duten kutxetako bakoitzari esleituko zaizkio bakarrik, beraien erakunde fundatzaileak dauden lurralde historikoa kontuan hartuta.

 

       Gainerako autonomia-erkidegoetan kokatutako lantokiei atxikitako langileak babes-sistema instituzionala osatzen duten kutxetako bakoitzari esleituko zaizkio, kutxek beren finantza-jarduera zeharka burutzeko baliatzen duten banku-erakundeak kutxa bakoitzari izendatutako kapitalean hark duen partaidetza-kuota kontuan hartuta.

 

       4.    Lege honetako I. tituluko III. kapituluan azaldutako egoeran ere aurreko paragrafoan azaldutako prozedura berari jarraituko zaio.

 

       5.    Kontseilari nagusitarako hautagarrien taldea eta hautagaien taldea osatzen dituzten langileen izaera pertsonaleko datuak, hau da, izena, abizenak eta langunea edo lantokia, haien legezko ordezkariei lagako zaizkie, soil-soilik, hauteskunde-prozesurako erabil daitezen.

 

50. artikulua. Udalbatzen ordezkariak

 

       1.    Udalbatzak ordezkatzen dituzten kontseilari nagusiak zuzenean udalbatzek aukeratuko dituzte, beren araudiarekin bat etorriz.

 

       2.    Kontseilari nagusi izateko, bizilekua ez da, nahitaez, ordezkatzen den udalerrian izan beharko.

 

       3.    Autonomia-erkidego batean baino gehiagotan bulegoak dituzten kutxek, udalbatzak ordezkatzeko, kontseilari nagusi kopuru bat esleituko diote erkidego bakoitzari; kopuru hori kasuan kasuko autonomia-erkidegoko gordailuen –soil-soilik pertsona fisikoen gordailuen– saldoaren eta pertsona fisiko horiek kutxan dituzten gordailu guztien arteko proportzioaren araberakoa izango da.

 

       4.    Autonomia-erkidego bakoitzerako, dagozkion kontseilari nagusien kopuruarekin bat etorriz, udalbatzek ordezkari kopuru bat aukeratuko dute; kopuru hori udalerri bakoitzean dauden bulegoetako gordailuen –soil-soilik pertsona fisikoen gordailuen– zenbatekoaren eta pertsona horiek autonomia-erkidegoan dituzten gordailu guztien arteko proportzioaren araberakoa izango da, eta ezin izango dira, ezein kasutan, udalerriak hauteskunde-barrutika batu, ezta udalerri bat baino gehiagori dagozkion gordailuak metatu ere. Proportzionaltasuna D'Hondt metodoaren arabera zehaztuko da.

 

       5.    Aurrezki-kutxek babes-sistema instituzional batean parte hartzeari buruz lege honetako I. tituluko IV. kapituluan azaltzen den egoeran, toki-korporazioen ordezkaritzarako, kutxak bulegoak dituen udalerriak hartuko dira oinarri, bai eta aurrezki-kutxak, beste aurrezki-kutxa batzuekin hitzartuta, bere finantza-jarduera zeharka garatzeko baliatzen duen banku-erakunde zentralak bulegoak dituen udalerriak ere; betiere, aurretiaz lurraldekatuta, aurreko 3 eta 4. paragrafoetan xedatutakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, toki-korporazioek aurrezki-kutxa bakoitzean izango duten ordezkaritza zehazteko, erakunde fundatzaileei dagokien lurralde historikoko udalerriak bakarrik hartuko dira kontuan.

 

       Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden bulegoei dagozkien banku-erakundearen gordailuak kutxa bakoitzari esleituko zaizkio kutxek beren finantza-jarduera zeharka burutzeko baliatzen duten banku-erakundearen kapitalean hark duen partaidetza-kuotaren proportzioan.

 

       6.    Aurreko paragrafoko prozedura berari jarraituko zaio lege honetako I. tituluko III. kapituluan azaltzen den egoeran ere. Kasu honetan, banku-erakunde instrumentalaren bulego guztiak oinarri hartuta esleituko dira kontseilari nagusiak.

 

51. artikulua. Interes kolektiboen ordezkariak

 

       Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak, zientzia, gizarte, ekonomia edo lanbide arloan nabarmenak izan eta aurrezki-kutxak jarduten duen lurralde-esparruan, bereziki erakundearen jatorrizkoan, ezarrita daudenak –erakunde politiko, enpresarial edo sindikalen mende daudenak alde batera utzita–, biltzen dituen taldea ordezkatzen duten kontseilari nagusiak notario aurreko zozketaren bidez izendatuko dira, erakundean kontua zabalik dutenen artean. Xede horretarako, Administrazio Kontseiluak baldintza horiek betetzen dituztenen zerrenda egingo du, zozketa-zakuan sartzeko.

 

52. artikulua. Konpromisario edo kontseilari nagusi izateko betekizunak

 

       Indarreko legerian aurreikusitako betekizun pertsonalak betetzeaz gain, ezarleen ordezkari zuzen gisa konpromisario edo kontseilari nagusi aukeratua izateko, dena delako aurrezki-kutxako ezarle izan behar da; zozketa egiten den unean, bi urtetik gorako antzinatasuna izan beharko da ezarle gisa, eta, egun horren aurreko seihilekoan, kontuetan batez beste 300 euroko edo gehiagoko saldoa eduki beharko da. Gutxieneko hori aldian-aldian berrikusi egin ahal izango da, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehaztutako irizpideen edo diruaren balioaren arabera.

 

53. artikulua. Bateraezintasunak

 

       Ezin izango dute konpromisario edo kontseilari nagusi kargua izan:

 

A)  Porrot egin dutenek eta birgaitu gabeko konkurtsopekoek, kargu publikoetarako desgaitzea dakarten zigorretara kondenatutakoek, eta arau-hauste larriengatik administrazio-zehapena hartu dutenek. Era berean, ezin izango dute kontseilari nagusi kargua izan dolozko delituengatik aurrekari penalak dituztenek.

Ondorio horietarako, arau-hauste larritzat hartuko dira ordenamendu juridikoak halakotzat jotakoak izanik auzitegiek eta eskumena duten administrazio-organoek hautemandakoak.

B)  Beste kreditu-erakunde edo finantza-erakunde batzuetako lehendakariek, kontseilariek, administratzaileek, zuzendariek, gerenteek, aholkulariek edo parekoek, edo beste kreditu- edo finantza-erakunde edo establezimendu batzuk bultzatu, sostengatu edo bermatzen dituzten korporazio edo erakundeetan kargu horiek berak dituztenek. Idatz-zati honetan aurreikusitakotik kanpo geratzen dira kutxa ordezkatuz edo kutxak bultzatuta beste kreditu-erakunde batzuetan karguak dituztenak.

C) Estatuko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzuan dauden pertsonek, baldin eta zuzenean aurrezki-kutxen berezko jarduerekin lotutako eginkizunak badituzte.

D) Aurrezki-kutxarekin edo hark kapitalean % 20tik gorako partaidetza duen beste sozietate batekin lotuta dauden pertsonek obra-, zerbitzu- edo hornidura-kontratu bidez edo lan ordainduko kontratu bidez. Bateraezintasun horrek loturak irauten duen bitartean eta beste bi urtetan jarraituko du, lotura amaitzen denetik zenbatzen hasita, lan-lotura salbu 49.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

E)  Nork bere izenean edo beste pertsona edo erakunde batzuen ordezkari gisa:

a)  Karguak aukeratzeko momentuan, aurrezki-kutxan edozein motatako zor mugaeguneratuak eta galdagarriak dituztenek.

b)  Kontseilari-karguan egon diren bitartean, kutxarekin beren gain hartuak zituzten obligazioak bete ez dituztenek, kreditu edo maileguak direla-eta edo erakundearekiko edozein motatako zorrak ez ordaintzeagatik.

 

54. artikulua. Agintaldiaren iraupena

 

       1.    Kontseilari nagusiak lau urterako izendatuko dira, eta berriz ere iraupen bereko beste aldi batzuetarako aukeratu ahal izango dira baldin eta 52. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen jarraitzen badute eta kutxaren estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritakoa betetzen bada.

 

       Kontseilari nagusien erdiak berrituko dira aldi bakoitzean, 45. artikuluan ezarritako ordezkaritzen proportzionaltasuna errespetatuz.

 

       Kontseilari nagusiak berritzeko, berriz aukeratzeko eta haien postu hutsak betetzeko prozedura eta baldintzak aurrezki-kutxa bakoitzaren estatutuetan edo erregelamenduetan zehaztuko dira.

 

       2.    Kontseilari nagusiek kargua utzi beharko dute honako kasu hauek gertatzean:

 

a)  Izendapenaren epea amaitzea.

b)  Uko egitea.

c)  Kargua betetzea nabarmen eragozten dien gaixotasuna izatea.

d)  Heriotza, heriotza-deklarazioa edo legezko absentzia.

e)  Lege honetan araututako berariazko bateraezintasunen bat izatea.

f) Gerora sortutako bateraezintasuna.

g)  Aukeratzeko edo izendatzeko eskatutako betekizunen bat galtzea.

h)  Batzar Orokorrak kargutik kentzeko erabakia hartzea, bidezko arrazoia balego. Bidezko arrazoia dagoela ulertuko da kontseilari nagusiak karguari berez dagozkion betebeharrak betetzen ez dituenean, edo bere jarduera publiko zein pribatuarekin kutxaren ospeari, izen onari edo jarduerari kalte egiten badio.

 

       3.    Aurrezki-kutxa baten gobernu-organo bateko kide izan direnek ezin izango dute egin kutxa horrekin, ezta kutxa horrek parte hartzen duen bat-egite prozesutik sortutako kutxarekin ere, obra-, zerbitzu- edo hornidura-kontraturik edo lan ordainduko kontraturik, gutxienez bi urteko epean, gobernu-organoko kargua utzi dutenetik zenbatzen hasita, kutxako langileen lan-harremanaren kasuan izan ezik.

 

       4.    Kontseilari nagusi batek agintaldia amaitu aurretik kargua uzten duenean edo kargutik kentzen dutenean, lege honetan ezarritako kasuetan, dagokion ordezkoa jarriko da haren lekuan, geratzen den aldirako, karguan egon den kontseilaria izendatu zuten erakunde berek izendatuta. Horrelakoetan, ezarleen ordezkari diren kontseilari nagusiei dagokienez, jadanik aukeratuta dauden ordezkoak jarriko dira haien lekuan.

 

       5.    Agintaldiaren iraupena ezin izango da 12 urte baino luzeagoa izan, duten ordezkaritza zeinahi dela ere. Eta 12 urteko agintaldia jarraian edo etenekin bete, eta azkenekoz bete zenetik zortzi urte igaro ostean, berriz aukeratu ahal izango dituzte, lege honetan jasotako baldintzetan.

 

55. artikulua. Batzar Orokorraren eskumenak

 

       1.    Kutxaren gobernu-organo goren gisa jarduteko duen ahalmena eragotzi gabe, batzarraren ahalmenak lege honetan eta lege hau garatzeko arauetan ezarritakoak izango dira, eta estatutuetan berariaz esleitutakoak.

 

       2.    Batzar Orokorraren eskumenekoak dira berariaz:

 

a)  Administrazio Kontseiluko kideen, Kontrol Batzordeko kideen eta Gizarte Ekintzako Batzordeko kideen izendapenak, beraren eskumenekoak badira, bai eta agintaldia bukatu aurretik kargutik kentzeko erabakiak hartzea ere, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

b)  Estatutuak eta erregelamenduak onartu eta aldatzea.

c)  Erakundea desegitea eta likidatzea, beste batzuekin bat egitea edo integratzea, izaera bereziko fundazio bilakatzea eta jarduera zeharka garatzeko erabakia hartzea, lege honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

d)  Erakundearen ekintza-planaren ildo nagusiak urtero definitzea, Administrazio Kontseiluak eta Kontrol Batzordeak beren lanean oinarri gisa erabili ahal izateko.

e)  Hala badagokio, Administrazio Kontseiluaren kudeaketa, memoria, urteko balantzea eta emaitzen kontua onartzea, eta, era berean, emaitza horiek aurrezki-kutxaren berezko helburuetara bideratzeko modua onartzea.

f) Gizarte-ekintzak eratzea eta desegitea, bai eta horien urteko aurrekontuak eta aurrekontuen kudeaketa eta likidazioa onartzea ere.

g)  Partaidetza-kuoten jaulkipena onartzea, lege honen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta urtero horien ordainsaria zehaztea.

h)  Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideen ordainsariei buruzko zehaztapena eta zenbatekoa onartzea.

i) Lehendakari exekutiboa izendatu eta haren ahalmenak finkatzen dituzten eta halaber zuzendari nagusia izendatzen duten Administrazio Kontseiluaren erabakiak berrestea, berrautatzearen kasuan edo jada esleituta dituzten ahalmen berak berrestearen kasuan izan ezik.

j) Kontu-ikuskariak izendatzea.

k)  Ahalmena duten organoek batzarraren esku jarritako gainerako gaiak.

 

       3.    Batzar Orokorrak hartutako erabakiak aktan jasoko dira, eta hark akta hori bileraren amaieran zuzenean onartzen ez badu, lehendakariak eta batzarrak berariaz izendatu dituen bi kontu-ikuskatzailek onartu beharko dute, gehienez ere 15 eguneko epean.

 

       Hala ere, Administrazio Kontseiluak fede-emaile publikoa egotea eska dezake, batzarraren akta egin dezan. Akta hori onartzeko izapiderik ez da egingo, eta batzarraren aktatzat hartuko da eta indar betearazlea izango du ixten den momentutik.

 

       Onartutako akta Kontrol Batzordearen lehendakariari helaraziko zaio.

 

56. artikulua. Ohiko eta ezohiko batzarrak

 

       1.    Batzar orokorrak ohikoak edo ezohikoak izango dira.

 

       Ohiko batzarrak urtean bitan egingo dira; egutegiko seihileko bakoitzean, bat. Lehendakariak deituko du haietara, Administrazio Kontseiluak erabakia hartu ondoren.

 

       Ezohiko batzarrak haietara berariaz deitzen den adina aldiz egingo dira, baina batzar horietan deialdian jarritako gaia baino ez da eztabaidatuko.

 

       Ezohiko batzarraren deialdia, estatutu sozialetan ezarritako prozeduraren arabera, lehendakariak egingo du, honako kasu hauetan:

 

a)  Lehendakariaren beraren borondatez.

b)  Administrazio Kontseiluaren erabakiz.

c)  Administrazio Kontseiluko kideen heren baten eskariz, gutxienez.

d)  Kontseilari nagusien heren baten eskariz, gutxienez.

e)  Kontrol Batzordeak eskatuta.

 

       Batzar Orokorraren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta aurrezki-kutxaren jarduera-eremuan hedapen handia duten egunkarietan ere, batzarra egin baino 15 egun lehenago gutxienez. Deialdian eguna, tokia eta aztergaien zerrenda adieraziko dira, baita bigarren deialdiaren eguna eta bilera-ordua ere.

 

       Batzar Orokorra lehen deialdian behar bezala eratuta egongo da bertaratutako kontseilari nagusiek eta, hala badagokio, partaidetza-kuotadun bertaratuek edo ordezkatuek boto-eskubideen % 50 gutxienez dutenean. Bigarren deialdian behar bezala osatuta egongo da bertaratutakoen kopurua edozein dela ere. Kontseilari nagusiak ezin izango dituzte ordezkatu ez beste kontseilari batzuek, ez beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek.

 

       2.    Batzar Orokorraren erabakiak, oro har, bertaratutakoen botoen gehiengo soilez hartuko dira, 55. artikuluko 2. paragrafoko b) eta c) idatz-zatietan jasotako kasuetan izan ezik. Kasu horietan, nahitaezkoa izango da boto-eskubideen gehiengoa ordezkatzen duten kontseilari nagusiak eta, hala badagokio, partaidetza-kuotadunak bertaratzea, eta nahitaezkoa, gainera, bertaratutakoen boto-eskubideen bi herenen botoa, gutxienez, aldekoa izatea.

 

       Titulu honen VI. kapituluan ezarritakoaren kalterik gabe, kontseilari nagusi bakoitzak boto baterako eskubidea izango du, eta bileraburuak kalitatezko botoa izango du, baldin eta botoa emateko eskubidea badauka. Behar bezala hartutako erabakiak kontseilari nagusi guztiek eta, hala badagokio, partaidetza-kuotadunek bete beharrekoak izango dira, disidenteak eta bertaratu ez direnak barne.

 

       Batzarrean hitza izango dute, baina botorik ez, kontseilari nagusi ez diren Administrazio Kontseiluko kideek eta erakundeko zuzendari nagusiak.

 

       3.    Batzar orokorretara deitzeko eta batzarren funtzionamendurako gainerako baldintzak kutxa bakoitzaren estatutuetan eta erregelamenduetan zehaztuko dira.

 

III. KAPITULUA

ADMINISTRAZIO KONTSEILUA

 

57. artikulua. Definizioa

 

       1.    Administrazio Kontseilua Batzar Orokorraren organo eskuordetua da kutxa eta kutxaren gizarte-ekintza kudeatu eta administratzeaz arduratzeko.

 

       Administrazio Kontseiluak funtzionamendu-arau eta prozedura egokiak ezarri behar ditu, kide guztiek une oro beren betebeharrak bete ditzaten ahalbidetzeko eta dagozkien erantzukizunak –kreditu-erakundeen antolamendu- eta diziplina-arauekin eta aurrezki-kutxei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz dagozkienak– har ditzaten ahalbidetzeko.

 

       Kutxak behar bezala funtzionatzeko behar den guztietan bilduko da, eta, gutxienez, bi hilabetean behin.

 

       2.    Gutxienez 13 kidek eta gehienez 20 kidek osatuko dute Administrazio Kontseilua.

 

       Administrazio Kontseiluan Batzar Orokorreko talde guztietako ordezkariak egongo direla ziurtatu beharko da, eta Batzar Orokorrerako ezarritakoaren antzeko proportzionaltasuna bete beharko da horien banaketan. Talde bakoitzeko kide kopurua zehazteko, lege honen 45. artikuluan ezarritako portzentajeak aplikatuko dira, Administrazio Kontseilua osatzen duten kide guztiak kontuan hartuta. Portzentaje horiek aplikatzearen ondorioz zenbaki hamartarrak ateratzen direnean, hamarrena bost edo handiagoa bada, gorantz biribilduta lortzen den zenbaki osoa hartuko da, eta bost baino txikiagoa bada, beherantz biribilduta lortutakoa. Biribiltzearen ondorioz Administrazio Kontseiluko kide gutxiegi edo gehiegi ateratzen badira, honela jokatuko da: kide gutxiegi ateratzen badira, kontseiluan ordezkari gehien duen taldean edo taldeetan handituko da kopurua, eta kide gehiegi ateratzen badira, biribiltzearen eraginak izan dituen eta kontseiluan ordezkari gehien duen taldean edo taldeetan murriztuko da kopurua.

 

       Aurrezki-kutxak partaidetza-kuotak dituenean zirkulazioan, Administrazio Kontseiluan partaidetza-kuotadunen interesak ere egongo dira ordezkatuta. Kasu horretan, kontseiluko kide kopurua gehitu egingo da, partaidetza-kuotadunen interesen ordezkaritza bermatzeko behar beste, baina, nolanahi ere, Administrazio Kontseiluan ez da ezein kasutan 20 kide baino gehiago egongo. Aurreko muga bete ahal izateko, beharrezkoa balitz, taldeek Administrazio Kontseiluan duten ordezkaritza proportzioan txikituko da, kutxaren estatutuetan ezarritako prozedurarekin bat etorriz, partaidetza-kuotadunen interesen ordezkaritza bermatzeko.

 

       Kide batek kargua uzten duenean edo kargutik kentzen dutenean, dagokion ordezkoa jarriko da haren lekuan, geratzen den aldirako. Ordezkari-talde bakoitzeko, ondorio hauetarako baino ez, kide adina ordezko izendatuko dira, kideak izendatzeko prozedura berarekin.

 

       3.    Administrazio Kontseilua erakundearen ordezkaria izango da erakundearen igorpen- eta trafiko-gai guztietarako, baita auzipeko gaietarako ere.

 

       Administrazio Kontseiluak estatutuetan ezarritakoaren eta Batzar Orokorrak hartutako erabakien arabera baliatuko ditu bere ahalmenak.

 

58. artikulua. Osaera

 

       1.    Taldeetako bakoitza ordezkatzen duten Administrazio Kontseiluko kideak eta dagozkien ordezkoak Batzar Orokorrak izendatuko ditu, dagokion taldeko kontseilarien % 10ek gutxienez proposatuta, taldea osatzen dutenen artetik.

 

       2.    Ordezkari-talde bakoitzak, autonomoki, dagozkion kideak eta horien ordezkoak proposatuko ditu izendatzeko. Talde batean proposamen bat baino gehiago baldin badago, aurkeztutako hautagaitzen inguruko bozketa egingo da, baina talde hori osatzen duten kontseilariek baino ez dute botoa emango. Administrazio Kontseiluko kideak esleitzeko, D'Hondt metodoa aplikatuko zaie ateratako emaitzei. Zerrendak itxiak izango dira, eta izendatu beharreko kide beste titular eta dagozkien ordezkoak egongo dira zerrendan.

 

       3.    Taldeetako batek ez badio Batzar Orokorrari hautagaitza-proposamenik egiten, lehendakariak egingo du proposamena.

 

       4.    Udalbatzen taldea ordezkatzen duten kideak taldeko kontseilari nagusien artetik edo beste pertsona batzuen artetik izendatu ahal izango dira; nolanahi ere, kontseilari nagusi ez badira, eginkizunak betetzeko profesionaltasun-baldintza egokiak izan beharko dituzte. Batzarrekoak ez diren pertsonen kasuan, gehienez bi kide izango dira halakoak.

 

       5.    Ezarleen taldea ordezkatzeko, Batzar Orokorrekoak ez diren ezarle bi izendatu ahal izango dira gehienez, baldin eta eginkizunak betetzeko profesionaltasun-baldintza egokiak badauzkate.

 

       6.    Kontseiluan postuak hutsik geratzen direnean agintaldia bukatu baino lehen, titularrei beren hautagai-zerrendetan dagozkien ordezkoek beteko dituzte postuok, eta ordezkoak agintaldia bukatu arte egongo dira.

 

59. artikulua. Kide izateko baldintzak

 

       1.    Lege honetan kontseilari nagusientzat ezartzen diren baldintza berak bete beharko dituzte Administrazio Kontseiluko kideek, eta, gainera, 70 urtetik beherakoak izan beharko dute, edo estatutuetan –betiere, urte horiez azpitik– ezarritako gehienezko adinetik beherakoak.

 

       2.    Administrazio Kontseiluko kideen gehiengoak, gutxienez, bere eginkizunak betetzeko berariazko ezagutzak eta esperientzia izan beharko ditu. Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez, baita kutxen estatutuetan ere, irizpideok zehaztu egingo dira eta egiaztatzeko prozedura ezarriko.

 

       3.    Dena dela, Administrazio Kontseiluan eginkizun betearazleak dituzten kideek 75. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusten diren prestakuntza teknikoa eta esperientzia izan beharko dituzte.

 

60. artikulua. Hautaezintasun-arrazoiak

 

       1.    Administrazio Kontseiluko kide izendatzeko hautaezintasunaren eta kargu hori betetzeko bateraezintasunaren kausa dira honako hauek:

 

a)  Konpromisarioei eta kontseilari nagusiei buruz 53. artikuluan ezarritakoak.

b)  Lau merkataritza-sozietate edo kooperatiba baino gehiagotako Administrazio Kontseiluko edo parekoa den organoko kide izatea. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko merkataritza-sozietateen Administrazio Kontseiluan edo parekoa den organoan betetako postuak, baldin eta interesdunek, horien ezkontideak, aurreko ahaideek edo ondorengoek –elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik– dituzten akzioak edo partaidetzak ondoko kopurua baino gutxiago ez badira: kapital soziala Administrazio Kontseiluko kide kopuruaz zatitzetik ateratzen den zatidura. Arau bera aplikatuko da adingabeen, bertaratu ez direnen edo ezinduen legezko ordezkariei dagokienez. Nolanahi ere, ezingo da kide izan zortzi kontseilu baino gehiagotan.

 

       2.    Administrazio-kontseiluetako kideek, horien ezkontideek, aurreko ahaideek edo ondorengoek, edo sozietateek, baldin eta pertsona horiek –bakoitzak bere aldetik edo elkarrekin– kapitalaren partaidetzaren gehiengoa badute, edo sozietate horietan lehendakari, kontseilari, administratzaile, gerente, zuzendari nagusi edo horren pareko den kargua baldin badute, ezin izango dute kasuan kasuko kutxaren kreditu, abal edo bermerik eskuratu, ez eta kutxari beren jabetzako edo erakunde horiek jaulkitako ondasun edo baloreak eskualdatu ere, baldin eta kutxaren Administrazio Kontseiluaren erabakirik ez badago eta finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak berariazko baimena eman ez badu.

 

       Debeku hori ez zaie aplikatuko etxebizitzak eskuratzeko kutxak emandako kreditu, abal edo bermeei, titularrak behar besteko berme erreala jarri badu; eta betiere eragingo die, ez soilik gorago aipatutako pertsona edo erakundeek zuzenean egindako eragiketei, baita tartean hainbat pertsona fisiko edo juridiko duten eragiketei ere. Era berean, ez da aplikatzekoa izango langileen ordezkariei dagokienez; izan ere, horien kasuan, lan-hitzarmenetan xedatutakoaren arabera emango dira kredituak, Kontrol Batzordeak txostena egin ondoren. Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak erabaki ahal izango du kreditu-, abal- eta berme-bolumen jakin bateraino ez dela nahitaezkoa izango sail horren berariazko baimena.

 

61. artikulua. Agintaldiaren iraupena

 

       1.    Administrazio Kontseiluko kideen jardunaren iraupena estatutuetan zehaztutako huraxe izango da, baina inoiz ez lau urte baino luzeago. Estatutuek aukera eman dezakete kidea berriz hautatzeko, epe berdinak betetzeko berriro, betiere hasierako izendapeneko baldintza, betekizun eta izapide guztiak betetzekotan.

 

       2.    Partaidetza-kuotadunek aukeratu ez dituzten Administrazio Kontseiluko kideak erdika berrituko dira, kontseilu hori osatzen duten ordezkaritzen proportzionaltasuna errespetatzeko moduan, edonola ere.

 

       3.    Kontseiluko kideak berritzeko, berriz hautatzeko edo kideon postu hutsak betetzeko prozedura eta baldintzak kutxa bakoitzaren estatutuetan zehaztuko dira; alabaina, ezin izango da behin-behineko izendapenik egin.

 

       4.    Administrazio Kontseiluko kideei lege honetako 54. artikuluko 2 eta 3. paragrafoetan kontseilari nagusiei ezartzeko jasota datozen salbuespen berberak ezarriko zaizkie. Horrez gain, 57. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa ere kontuan hartu beharrekoa da.

 

       5.    Agintaldiaren iraupena 12 urtekoa izan daiteke gehienera, partaidetza-kuoten titularrek izendatutako kideen kasuan izan ezik, kide horien iraupenak ez baitauka gehienezko mugarik. Jarraian edo etenekin 12 urteko agintaldia betetakoan, eta ordutik zortzi urte igaro ostean, berriz aukeratua izateko modua egongo da, lege honetan jasotako baldintzetan.

 

62. artikulua. Lehendakaritza eta Lehendakariordetza

 

       1.    Administrazio Kontseiluko lehendakari-, lehendakariorde- eta idazkari-karguetarako izendapenak kontseiluak berak egingo ditu, bere kideen artetik aukeratuta. Izendapena jaso duten lehendakariak eta lehendakariordeak, erakundean ez ezik, Batzar Orokorrean ere izango dute kargu hori.

 

       2.    Administrazio Kontseiluak osoko bilkuraren bidez jardun dezake, edo eginkizun batzuk Batzorde Betearazleari, Lehendakaritzari edo Zuzendaritza Nagusiari eskuordetuta. Nolanahi ere, ezingo du eskuordetu Batzar Orokorrari proposamenak aurkezteko eginkizuna, eta kontseiluari bereziki eskuordetutako ahalmenak ere ezingo ditu eskuordetu, horretarako berariazko baimena eman ez bazaio.

 

Bertaratutako kontseilarien gehiengoaren bidez hartuko dira erabakiak. Lehendakariak boto erabakigarria izango du berdinketa gertatuz gero.

 

       3.    Administrazio Kontseiluaren erabakiak –baita 63. artikuluan definitutako Batzorde Betearazlearen erabakiak ere, halakorik balego– aktan jaso behar dira, eta aktaren kopia bat Kontrol Batzordearen lehendakariari helarazi beharko zaio.

 

63. artikulua. Batzorde Betearazlea

 

       1.    Kutxaren zenbait arlo jakin kudeatu eta administratzeko, Administrazio Kontseiluak Batzorde Betearazle bat sor dezake bere kideen artetik; batzordeak kontseiluaren eskuordetzez jardungo du eta haren aurrean erantzun beharko du. Kontseilua osatzen duten talde guztiek egon behar dute ordezkatuta batzorde horretan.

 

       2.    Batzorde Betearazlearen osaera, eginkizunak, eraketa eta funtzionamenduaren nondik norakoak estatutuetan ezarriko dira.

 

64. artikulua. Inbertsio Batzordea

 

       Aurrezki-kutxaren Administrazio Kontseiluak Inbertsio Batzorde bat eratuko du bere baitan, hiru kidez osatua, eta helburua izango du kontseiluari informazioa ematea kutxak, zuzenean edo bere taldeko beste erakunde batzuen bitartez, egin asmo dituen inbertsio eta desinbertsio estrategiko eta finkoei buruz, bai eta inbertsio horien bideragarritasun finantzarioari eta erakundearen aurrekontuekiko eta plan estrategikoekiko egokitasunari buruz ere. Batzorde horretako kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, bere kideen artetik, haien gaitasun teknikoa eta lanbide-esperientzia aintzat hartuta. Kideak izendatzeko prozesuan hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, dagokion bozketa egin ondoren, ateratako emaitzei D'Hondt metodoa aplikatuko zaie batzordeko kideak esleitzeko.

 

       Inbertsio Batzordeak, urtero, txosten bat bidaliko dio Administrazio Kontseiluari, non, gutxienez, inbertsio horien laburpen bat sartu beharko den. Horrez gain, urteko txostenean adierazi beharko da zeintzuk eta zer-nolakoak diren batzordeak emandako txostenak. Inbertsio Batzordeak urtero prestatu beharreko txosten hori erakundearen gobernu korporatiboaren txostenari gehituko zaio.

 

       Estrategikoa izango da, hain zuzen, edozein sozietate kotizaturen edozein partaidetza esanguratsu eskuratu edo saltzea, edo, enpresa baten kudeaketan edo gobernu-organoetan parte-hartzaile izanik, enpresa horren proiektuetako partaidetza eskuratu edo saltzea.

 

       Inbertsio Batzordearen funtzionamendu-araubidea kutxaren estatutuetan eta batzordearen barne-araudian ezarriko da.

 

65. artikulua. Ordainketa eta Izendapen Batzordea

 

       1.    Aurrezki-kutxaren Administrazio Kontseiluak Ordainketa eta Izendapen Batzordea eratuko du bere baitan, honako eginkizun hauek bete ditzan:

 

a)  Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideei eta zuzendaritzako kideei emateko ordainketen eta pizgarrien gaineko politika orokorraz iritzia ematea, eta politika hori bete dadin lan egitea.

b)  Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrol Batzordeko kideen kargua betetzeko lege honek ezartzen dituen betekizunak betetzen direla bermatzea, bai eta zuzendari nagusiaren karguaren betekizunak ere.

 

       2.    Gobernu-organoetako edozein kidek batzordea jakinaren gainean jarri beharko du gatazkaren bat sortzen bada, zuzenean edo zeharka, kutxaren interesak direla-eta, edo kutxak bete beharreko eginkizun soziala dela-eta. Kideren bat halako gatazkaren batean badabil, dena delako eragiketatik alde batera utzi beharko du bere burua.

 

       3.    Batzordean, gehienez ere, bost kide izango dira, Batzar Orokorrak aukeratuak Administrazio Kontseiluko kide diren kontseilari nagusien artetik. Kideak izendatzeko prozesuan hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, dagokion bozketa egin ondoren, ateratako emaitzei D'Hondt metodoa aplikatuko zaie batzordeko kideak esleitzeko.

 

       4.    Ordainketa eta Izendapen Batzordearen funtzionamendu-araubidea kutxaren estatutuetan eta batzordearen barne-araudian ezarriko da. Horietan, 1. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan jasotako eginkizunak Ordainketa Batzorde bati eta Izendapen Batzorde bati eslei dakizkieke, hurrenez hurren, eta batzordeoi artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, kide kopuruari dagokiona izan ezik, hiruna kide izango dituzte-eta.

 

IV. KAPITULUA

KONTROL BATZORDEA

 

66. artikulua. Osaera

 

       1.    Kontrol Batzordea Batzar Orokorraren organo eskuordetua da Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen jarduna ikuskatzeko eta zaintzeko.

 

       Bere ahalmenen esparruan, beharrezko iruditzen zaizkion aurrekariak eta informazioa eskatu ahal izango dizkie ikuskatzen dituen organoei.

 

       2.    Batzar Orokorrak izendatuko ditu Kontrol Batzordeko kideak, kontseilari nagusien artetik, betiere kontseilari horiek 59. artikuluak aipatzen dituen ezagutza eta esperientzia egokiak biltzen badituzte, eta ez badira Administrazio Kontseiluko kide. Batzar Orokorreko ordezkari-talde bakoitzak, autonomoki, dagozkion batzordekideak proposatuko ditu izendatzeko. Talde batean proposamen bat baino gehiago baldin badago, aurkeztutako hautagaitzen inguruko bozketa egingo da, baina talde hori osatzen duten kontseilariek baino ez dute botoa emango. Batzordeko kideak esleitzeko D'Hondt metodoa aplikatuko zaie ateretako emaitzei.

 

       Gehienez 13 kidek osatuko dute Kontrol Batzordea. Administrazio Kontseilua osatzen duten talde beretako ordezkariek egon behar dute Kontrol Batzordean, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz. Osaera zehazteko, 57.2 artikuluan aurreikusitako metodologia aplikatuko da.

 

       Aurrezki-kutxak partaidetza-kuotak baldin baditu zirkulazioan, Kontrol Batzordean partaidetza-kuotadunen ordezkari gehigarri batzuk egongo dira, Batzar Orokorreko proportzio berean. Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak ordezkari bat izenda dezake, Kontrol Batzordeko kide izan gabe haren bileretan izango dena, hitzarekin baina botorik gabe. Karguaren iraupenerako eta batzordekideak berritzeko eta hautagaitzak aurkezteko araubidea Administrazio Kontseiluko kideentzat ezarritako bera izango da.

 

       3.    Batzordekideren batek bere agintaldia amaitu aurretik kargua uzten badu edo galtzen badu, haren ordezkoak beteko du amaitu bitarteko aldia. Ordezkari-talde bakoitzeko, betiere paragrafo honetan adierazitako ondorioetarako bakarrik, batzordekide adina ordezko izendatuko dira, batzordekideak izendatzeko prozedura berarekin.

 

       4.    Batzordeak berak izendatuko ditu, kideen artetik, lehendakaria, zeinak boto erabakigarria izango baitu, lehendakariordea eta idazkaria.

 

       Batzordearen erabakiek edo akordioek gehiengo absolutua behar dute, eta aktan jasoko dira. Akta lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute.

 

67. artikulua. Batzordekide izateko baldintzak

 

       Administrazio Kontseiluko kideen betekizun berberak izango dituzte batzordekideek, eta bateraezintasun eta muga berak halaber.

 

68. artikulua. Eginkizunak

 

       Honako eginkizunak izango ditu Kontrol Batzordeak:

 

a)  Erakundearen ekonomia- eta finantza-kudeaketa aztertzea; horretarako, sei hilean behin, lege honetan 20. artikuluan aipatzen den txostena gutxienez aurkeztu beharko dio finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari.

b)  Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriak Auditoretza Batzordearentzat ezarrita dauzkan zereginak.

c)  Bere kudeaketari buruzko txostena aurkeztea Batzar Orokorrari, eta iritzia ematea ikuskatu dituen organoek egin duten kudeaketari buruz.

d)  Indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan, lehendakariari eskatzea Batzar Orokorraren ezohiko bilerara deitu dezala.

e)  Hauteskunde-prozesuak nahiz gobernu-organoak izendatzeko prozesuak kontrolatzea, hauteskundeak direla-eta aurkeztutako aurkaratze edo erreklamazioei barne-instantzia bakarrean erantzunez, eta eskumena daukaten jurisdikzio-organoetan jar daitezkeen demandak eragotzi gabe.

f)   Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari proposatzea, behin betiko ebatz dezan –geroago bidezko izan daitezkeen akzioak eragotzi gabe–, ikuskaritzapean dauden organoen erabakien eraginkortasuna etetea, arauek edo estatutuek ezarritako kasuetan.

Ahalmen hori erregela hauen mende egongo da:

i)   Aurrezki-kutxako Administrazio Kontseiluaren akordioak eta erabakiak zein Batzorde Betearazlearenak, lehendakariarenak eta zuzendari nagusiarenak etetea proposatu ahal izango da, kontseiluak haien esku utzitako eginkizunetan dihardutenean.

ii)  Proposamena aurkeztea dagokio baldin batzordeak uste badu erabaki horiek indarrean dauden xedapenak urratzen dituztela edo kutxaren ondarearen egoerari, emaitzei edo kredituari edo haren ezarle edo bezeroei modu bidegabean eta larrian kalte egiten dietela. Proposamena nahitaez 15 eguneko epean aurkeztu beharko da, erabakiak jasotzen direnetik.

iii)  Proposamenak arrazoitua izan beharko du eta Euskal Autonomia Erkidegoko sail eskudunari aurkeztuko zaio.

iv)  Eteteko proposamena aurkeztean, Kontrol Batzordeko lehendakariak Administrazio Kontseiluari eskatuko dio, kontseiluko lehendakariari zuzendutako idazki baten bidez, dei dezala ezohiko batzar orokor batera.

g)  Finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari informazioa ematea zuzendari nagusiaren izendapen, kargu-uzte eta berrautaketari buruzko erabakien gainean.

h)  Indarrean dauden arauek edo estatutuek edo Batzar Orokorrak agindutako beste edozein eginkizun.

 

V. KAPITULUA

GIZARTE EKINTZAKO BATZORDEA

 

69. artikulua. Gizarte Ekintzako Batzordea

 

       1.    Aurrezki-kutxaren gizarte-ekintza behar bezala beteko dela bermatzeko, Gizarte Ekintzako Batzordea sortuko da.

 

       2.    Batzar Orokorrak izendatutako 10 kontseilari nagusik osatuko dute batzorde hau, partaidetza-kuotadunen boto-eskubideak kontuan hartu gabe, halakorik balego. Kontseilariok gizarte-ekintzaren arloko ezagutzak izan beharko dituzte.

 

       Kideak izendatzeko prozesuan hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, dagokion bozketa egin ondoren, ateratako emaitzei D'Hondt metodoa aplikatuko zaie batzordeko kideak esleitzeko.

 

       3.    Aurreko paragrafoan adierazitako pertsonez gain, Gizarte Ekintzako Batzordeko kide izan daitezke kontseilari nagusi ez diren bi pertsona, gehienez ere, baldin eta eskatzen zaien profesionaltasuna badaukate gizarte-laguntzaren edo gizarte-zerbitzuen arloan. Adituok izendatzeko prozesuan zerrenda bat baino gehiago aurkezten bada, 2. paragrafoko bigarren lerrokadan xedatutakoari jarraituko zaio.

 

       4.    Gizarte Ekintzako Batzordeko kide izango dira, halaber, Eusko Jaurlaritzak izendatutako ordezkari bat eta aurrezki-kutxak bere gordailu guztien % 10 baino gehiago hartu duen autonomia-erkidego bakoitzeko ordezkari bat.

 

       5.    Gizarte Ekintzako Batzordearen eginkizuna izango da aholku ematea, proposamenak prestatzea eta aurrezki-kutxaren gizarte-ekintza ikuskatzea, eta orobat ekintza horretarako aurrekontuen proposamenari eta betekuntzari buruz informatzea Batzar Orokorra eta finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saila.

 

       6.    Zuzenean edo zeharka Euskadin aritzen diren aurrezki-kutxek, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan ez dutenak barne, beren gizarte-jarduerari dagokionez, ondoko zenbatekoa duten gastu edo inbertsioak egin beharko dituzte Autonomia Erkidegoan: gutxienez, beren gizarte-jardueraren urteko aurrekontuaren zati proportzionala, Euskadin hartutako gordailu guztiei dagokienez. Zenbateko horren helburu garrantzitsua izango da, besteak beste, enplegua sortzea.

 

       Aurrezki-kutxen erakunde zentralek ondoko dokumentazioa bidali beharko dute Euskadiko beren lurralde-ordezkaritzara eta finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoaren barruan:

 

a)  Kutxaren edo/eta banku instrumentalaren gordailu guztien bolumena.

b)  Euskadin hartutako gordailu guztien bolumena.

c)  Urte bakoitzeko gizarte-ekintzaren aurrekontu osoaren zenbatekoa.

d)  Euskadin egindako gizarte-ekintzaren urteko aurrekontuaren zenbatekoa.

e)  Lanpostu berriak sortzeko Euskadin finantzatutako eta gauzatutako ekintzen kontakizuna.

f)   Euskadin egitekoa zen gizarte-ekintzaren aurrekontuaren likidazioa, aurreko ekitaldiari dagokiona.

 

VI. KAPITULUA

PARTAIDETZA KUOTADUNEN ORDEZKARITZA ESKUBIDEA

 

70. artikulua. Batzar Orokorreko partaidetza

 

       1.    Aurrezki-kutxaren batek eskubide politikodun partaidetza-kuotak jaulkitzen baditu, partaidetza-kuotadunek boto kopuru proportzionala izango dute Batzar Orokorrean, beren partaidetza-kuotek kutxaren guztizko ondare garbitik daukaten portzentajearen araberakoa. Boto kopuru hori kontuan hartuko da bai erabakiak hartzeko orduan, bai eta Batzar Orokorra behar bezala eratzeko bertaratze-quorumerako ere.

 

       Taldeen ordezkaritza-portzentajeak partaidetza-kuotadunei dagozkienak guztizkotik kendu ondoren geratzen diren boto-eskubideen arabera bete beharko dira.

 

       2.    Partaidetza-kuotadunek eskubidea izango dute aurrezki-kutxa jaulkitzaileak egiten dituen batzar orokorretara joateko; baita botoa emateko ere, erabakiak lege honek agindutako moduan behar bezala hartzeko beharrezkoa den borondatea osa dadin.

 

       Estatutuetan xeda daiteke gutxieneko kuota kopuru bat eduki beharra Batzar Orokorrera joan ahal izateko; kasu horretan, gutxieneko hori ezingo da inoiz izan ordezkaritza-eskubide eta guzti zirkulazioan dauden jaulkitako kuoten milako bat baino handiagoa.

 

Batzar orokorretan egoteko eta botoa emateko eskubidea gauzatzeko, zilegi da kuotak elkartzea.

 

       Batzar Orokorrean egoteko eskubidea daukan partaidetza-kuotadun orok dauka aukera bertan beste norbaiten bidez ordezkatua egoteko, eta ordezkari horrek ez du zertan izan partaidetza-kuoten titular. Ahalmen hori mugatu daiteke estatutuetan. Horretarako, sozietate anonimoetan akziodunak nola ordezkatu arautzeko jarrita dagoen araudia erabiliko da ordezko arau gisa, lege honetan aurreikusitakoaren aurkako ezer ez dioen neurrian.

 

       3.    Aurreko paragrafoan ezarritakoaren kalterik gabe, partaidetza-kuotadunek Batzar Orokorrean daukaten partaidetzak ez du baldintzatuko zenbat kontseilari nagusi dagozkion interes kolektiboen ordezkari diren taldeetako bakoitzari, indarrean dagoen araudiaren arabera.

 

       4.    Erakunde publikoek harpidetuta dituzten partaidetza-kuotetatik eratorritako eskubide politikoak ere kontatu egingo dira herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko erakunde eta korporazioen ordezkaritzaren mugak kalkulatzeko, zeintzuk 45.2 artikuluan baitaude jasota.

 

71. artikulua. Administrazio Kontseiluko partaidetza

 

       1.    Partaidetza-kuotadunek Batzar Orokorrari hautagaiak proposatu ahal izango dizkiote Administrazio Kontseiluko kide izateko.

 

       Horretarako, jaulkipen bakoitzarekin batera, erakundearen estatutuak aldatu egin beharko dira Administrazio Kontseiluan behar adina kide sartzeko, hartara osaera berrian berdinak izan daitezen partaidetza-kuotadunek proposatutako kideen portzentajea eta jaulkiko diren kuoten bolumenak kutxaren ondarean osatuko duen portzentajea.

 

       2.    Hala nahi izanda batzuen eta besteen kuotak elkartzen badituzte, eta, horren ondorioz, elkartutako kuota horiek zirkulazioan dauden jaulkitako kuota guztietatik osatzen duten portzentajea handiagoa bada zirkulazioan dauden jaulkitako kuota guztien balioa partaidetza-kuotadunek proposatzen dituzten Administrazio Kontseiluko kideen kopuruaz zatituta ateratzen den portzentajea baino, edo horren berdina bada, halakoetan eskubidea izango dute dagokion proportziotik –frakzio osoak gaindituta– deduzitzen diren kideak izendatzeko. Ahalmen hori erabiltzen bada, hala elkartutako kuoten titularrek ez dute esku hartuko Administrazio Kontseiluko gainerako kideen botazioan.

 

       3.    Partaidetza-kuotadunek, Administrazio Kontseiluko kide izateko, partaidetza-kuotadunak edo hirugarren batzuk izenda ditzakete. Edonola ere, izendatutakoek behar besteko profesionaltasuna eta ohoragarritasuna eduki behar dute. Haien hautagarritasunaren ondorioetarako, ez dira aplikatuko 53. artikuluko B) eta D) idatz-zatietan ezarritako bateraezintasunak.

 

72. artikulua. Kontrol Batzordeko partaidetza

 

       Partaidetza-kuotadunek Batzar Orokorrari hautagaiak proposatu ahal izango dizkiote erakunde jaulkitzaileko Kontrol Batzordeko kide izateko, eta eskubidea izango dute haiek izendatzeko, Administrazio Kontseiluko kideentzat jarrita dauden arau berberak erabiliz.

 

73. artikulua. Erabakiak aurkaratzea

 

       Partaidetza-kuotadunek eskubidea izango dute erakunde jaulkitzaileko Batzar Orokorrak edo Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak aurkaratzeko, kapital-sozietateetan akziodunek junten eta administrazio-organoaren erabaki sozialak aurkaratzen dituzten moduan eta baldintza berberetan.

 

       Horretarako, sozietate anonimoetan erabakiak aurkaratzeko jarrita dagoen araudia erabiliko da, ordezko arau gisa, lege honetan aurreikusitakoaren aurkako ezer ez dioen neurrian.

 

74. artikulua. Informazio-eskaera

 

       Partaidetza-kuoten titularrek, kuota kopuru batetik aurrera, erakundeari informazioa edo azalpenak eskatu ahal izango dizkiote, edo interesatzen zaien edozein gairi buruz idatziz galdetu, eta erakundeak eskatu diotena eman egin behar die eta erantzun, non eta ez den aurrezki-kutxaren interesen edo eginkizun sozialaren kalterako. Horretarako, partaidetza-kuotetan, gutxienez, jaulkita eta zirkulazioan dauden kuota guztien % 5 edo gehiago eduki behar dute.

 

III. TITULUA

BESTE XEDAPEN BATZUK

 

I. KAPITULUA

ZUZENDARITZA NAGUSIA

 

75. artikulua. Zuzendaritza Nagusia

 

       1.    Zuzendari nagusia edo parekoa Administrazio Kontseiluak izendatuko du, kargu horri dagozkion eginkizunak betetzeko nahikoa gaitasun, prestakuntza tekniko eta esperientzia duten pertsonen artetik aukeratuta. Izendapen hori Batzar Orokorrak berretsi beharko du, berariaz horretarako deituta.

 

       Norbaitek aurrezki-kutxa bateko zuzendari nagusi izateko prestakuntza tekniko eta esperientzia egokia duela ulertuko da baldin eta gutxienez bost urtez finantza-erakundeen goi-administrazio, zuzendaritza, kontrol edo aholkularitzako eginkizunak bete baditu, edo antzeko erantzukizuneko eginkizunetan aritu bada gutxienez pareko dimentsioko beste erakunde publiko nahiz pribaturen batean.

 

       Legez ezarritako erretiro-adin orokorra duenean, zuzendari nagusiak edo parekoak erretiratu egin beharko du, eta kargua utzi. Kargutik kentzeko aukera ere egongo da, bi modutara:

 

a)  Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez. Erabakia finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidali beharko da.

b)  Autonomia Erkidegoko Administrazioak instruitutako diziplina-espediente baten eraginez.

 

       2.    Zuzendari nagusia edo parekoa, lehendakaria edo eginkizun betearazleak dituen aurrezki-kutxaren Administrazio Kontseiluko beste edozein kide izateko, dedikazio esklusiboa beharko da, eta, ondorioz, kargu hori bateraezina izango da ordaindutako beste edozein jarduera publiko edo pribaturekin, non eta ez den ondare propioa administratzea edo kutxaren ordezkari gisa egiten den jardueraren bat. Azken kasu horretan, ordezkatzen duen kutxari laga beharko dizkio lortzen dituen diru-sarrerak.

 

II. KAPITULUA

GOI KARGUDUNEN ERREGISTROA

 

76. artikulua. Goi Kargudunen Erregistroa

 

       1.    Kutxek beren gobernu-organoetako kide bakoitzaren eta zuzendari nagusiaren izendapen, kargu-uzte eta berrautaketaren berri eman beharko diote finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, 15 eguneko epean.

 

       2.    Sail horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxetako Goi Kargudunen Erregistroa izango dute, eta komunikazio horiek denak hara bidaliko dira, inskribaturik utz ditzaten, indarrean dagoen arauan zehazturiko moduan eta epeetan.

 

       3.    Inskripzioak eragingo dituen ondorioak lege honetako 11. artikuluan jasota daudenak dira.

 

III. KAPITULUA

AURREZKI KUTXEN FEDERAZIOA

 

77. artikulua. Euskal federazioa

 

       1.    Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxak federazioen parte izan daitezke. Horretarako federazioek berezko lege-nortasuna izan beharko dute, eta, gutxienez, xede hauek eduki:

 

a)  Botere publikoen aitzinean bere baitako kutxen ordezkari izatea, dela banaka edo dela denak batera harturik, kutxen eta botere horien arteko lankidetza bateratuta.

b)  Aurrezkia hartzen, defendatzen eta hedatzen saiatzea, eta, bakoitzaren jardunaren lurralde-eremuan, federaturiko kutxen inbertsioak orientatzea.

c)  Zerbitzu teknikoak eta finantza-zerbitzuak eman daitezen sustatzea eta horiek koordinatzea.

d)  Federaturiko kutxak elkarrekin lan egitera bultzatzea eta akuilatzea, hartara baliabideak optimizatzeko, kostuak murrizteko eta finantza-zerbitzuak hobeto eskaintzeko.

 

       2.    Kontseilu Orokor batek zuzenduko du federazioa. Kontseilu horretan, kutxa federatu bakoitzak bi ordezkari izango ditu, bere estatutuen arabera aukeratuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoak beste bi ordezkari. Autonomia Erkidegoak Kontseilu Orokor bakoitzean izan behar dituen ordezkariak Eusko Jaurlaritzak izenda ditzake, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren bitartez, eta, izendatzekotan, hartarako modua eta baldintzak zehaztuko ditu.

 

       3.    Federazioaren estatutuak Kontseilu Orokorrak idatziko ditu. Gero, kutxen dagokion gobernu-organoak onartu beharko ditu haien estatutuetan ezarritakoaren arabera, eta, ondoren, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidaliko dira, behin betiko onar daitezen.

 

       4.    Hartzen diren erabakiak lotesleak izango dira eta botoen gehiengoz hartuko dira, federazioaren estatutuetan zehaztutako moduan. Xeda daiteke gai batzuk aho batez onartu beharko direla.

 

       5.    Dagokion gobernu-organoak berariaz berresten ez badu, ezein erabakik ezin die kutxa federatuei obligazio ekonomikorik ekarri.

 

       6.    Idazkaritza Orokorra kontseiluaren ildo nagusiak gauzatzeko ardura duen organo iraunkorra da, eta estatutuetan edo indarreko araudian izendatzen zaizkion beste eginkizunak betetzea dagokiona.

 

       7.    Indarrean dauden legeetako zehaztapenak betez, Euskadiko aurrezki-kutxak integra daitezke Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuaz gaindiko federazioetan.

 

78. artikulua. Beste kutxekin elkartzea

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxak izan daitezke Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioko kide.

 

IV. KAPITULUA

BEZEROAK BABESTEA

 

79. artikulua. Bezeroei arreta ematea

 

       Egoitza soziala Euskadin duten aurrezki-kutxek bezeroen arretarako sail edo zerbitzu bat eduki beharra daukate. Finantza-zerbitzuak darabiltzatenek, beren interesak eta legez aitortutako eskubideak direla-eta, inolako kexarik edo erreklamaziorik baldin badute, sail edo zerbitzu horren egitekoa izango da horietaz arduratzea eta horiei irtenbidea ematea.

 

80. artikulua. Bezeroen defendatzailea

 

       1.    Egoitza soziala Euskadin duten aurrezki-kutxek, baita haien ekimenez sortutako finantza-erakundeek ere, bezeroen defendatzaile bat izendatuko dute, bezeroen interes eta eskubideak defenda ditzan haiek kutxa edo finantza-erakunde horien arteko edozeinekin dituzten harremanetan.

 

       2.    Bezeroen defendatzailea ospe handiko erakunde edo aditu independente bat izango da, eta haren eginkizuna, berriz, aurkezten dizkioten erreklamazioez arduratzea eta haiei irtenbidea ematea, eta orobat bezeroekiko gardentasunaz eta bezeroak babesteaz araudiak dioena bete dadin eta finantza arloko jardunbide eta ohitura egokien arabera joka dadin bultzatzea.

 

       3.    Defendatzaileak hartutako erabakia bete beharrekoa izango da erakundearentzat, erreklamazioan bezeroaren alde egiten duen hartan.

 

       Erabakia bete beharrekoa izate horrek ez du esan nahi babes judizialaz baliatzerik egongo ez denik, gatazka konpontzeko beste bide batzuetara jo ez daitekeenik, edo administrazioaren babesa eskatzerik egongo ez denik.

 

Xedapen Gehigarria

 

Zehapenak eguneratzea

 

       Gobernu Kontseiluari dagokio diru-zehapenen zenbatekoa eguneratzea. Eginkizun hori betetzeko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizea, eguneratze-datara bitartean pilatutakoa.

 

Xedapenak Iragankorrak

 

Lehenengoa. Partaidetza-kuoten erregimen iragankorra

 

       Aurrezki-kutxek, 11/2010 Errege Lege Dekretua indarrean sartuz geroztik partaidetza-kuotarik jaulki baldin badute eta dekretuan jartzen duen bezala egin baldin badute, partaidetza-kuotadunen ordezkari berriak gaur egungo beren gobernu-organoetan sar ditzakete.

 

Bigarrena. Aurrezki-kutxen estatutuak egokitzea

 

       Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera, aurrezki-kutxek bi hilabeteko epea izango dute beren estatutuak eta erregelamenduak hemen jasota datozen xedapenetara egokitzeko. Gero, finantza arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailera bidali beharko dituzte hilabeteko epean onartzeko.

 

Hirugarrena. Batzar Orokorraren, Administrazio Kontseiluaren eta egungo gainerako gobernu-organoetako kideen kargu-uztea

 

       Lege honen arabera osatu beharreko organo berriak osatzeaz bat, aurrezki-kutxen gobernu-organoetako gaur egungo kideek kargua utzi beharra izango dute.

 

Laugarrena. Gobernu-organo berriak osatzea eta lehen berrikuntza partziala

 

       Kutxetako Batzar Orokorra eta gainerako gobernu-organoak bete-betean lege honetan aginduta dagoen bezala osatu behar dira, aurrezki-kutxen estatutuak eta erregelamenduak onartu eta hurrengo bi hilabeteetan.

 

       Salbuespen moduan, lege honetan ezarritakoaren arabera Batzar Orokorra eratu ostean, bi urtez iraungo du kontseilari nagusien, Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrol Batzordeko, Gizarte Ekintzako Batzordeko eta Ordainketa eta Izendapen Batzordeko kideen erdien agintaldiak.

 

       Aurreko lerrokadan xedaturikoaren ondorioetarako, ezarleak eta langileak ordezkatzeko kontseilari nagusiak aukeratu beharko dira, baita titularrak halako bi ordezko ere kasu bietan. Sektore horien ordezkariak izendatu eta bi urtera, erdiak kargurik gabe geratuko dira eta dagozkien ordezkoak sartuko dira lau urterako. Ordeztu beharreko erdiok zozketa bidez aukeratuko dira, notario aurrean.

 

       Aipaturiko ondorioetarako, izendaturik dauden udalbatzek ere dagozkien kontseilari nagusiak aukeratuko dituzte. Kontseilarion izendapena egin eta bi urtera, erdiak ordeztu egin beharko dira, ordeztekoak notario aurrean zozketa bidez zehaztu ostean. Kargua utzi behar dutenak izendatu zituzten erakundeek izendatu beharko dituzte ordezkoak ere, lau urterako.

 

       Izendapena egin eta bi urtera, gainerako taldeen ordezkarien erdiak ere ordeztu egin beharko dira. Kargua utzi behar dutenak izendatu zituztenek izendatu beharko dituzte ordezkoak ere, lau urterako.

 

       Gobernu-organo bateko kideen kopurua bakoitia baldin bada, lehen berrikuntza partzialean erdiak ken bat berrituko dira, kopuru bakoiti hori hurbileneko goragoko kopuru bikoitia bihurtu ostean.

 

       Gerora egin beharreko berrikuntza-prozesuetan, bi urtean behingo txandaketa noiz egin jakiteko, lege honetan ezarritakoaren arabera lehenengo Batzar Orokorra osatzen den eguna hartuko da abiapuntu modura.

 

Bosgarrena. Lehen berrikuntza partzialerako prozedura

 

       Laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren ondorioetarako, kontseilari nagusien, Administrazio Kontseiluko kideen eta Kontrol Batzordeko, Gizarte Ekintzako Batzordeko eta Ordainketa eta Izendapen Batzordeko kideen erdien lehen berrikuntza partzialari dagokionez, honela jokatuko da:

 

       1.    Ezarleen, langileen eta udalbatzen ordezkari diren kontseilari nagusien artetik, aldi berean Administrazio Kontseiluko kideak direnak eta batzordekideak direnak kenduko dira.

 

       2.    Horrela lortutako kontseilari nagusien zerrendatik, notario aurreko zozketa bidez zehaztuko dira talde horietako bakoitzean berritu beharreko erdiak.

 

       3.    Notario aurreko zozketa bidez zehaztuko dira berritu beharreko talde horietako bakoitzari dagozkion Administrazio Kontseiluko kideen eta batzordekideen erdiak, zeintzuek kontseilari nagusi kargua utzi beharko baitute.

 

       Aurreko lerrokadako zozketa horretan ez dute parte hartuko Administrazio Kontseiluko kide izatera lege honetako 58. artikuluko 4 eta 5. paragrafoak baliatuta iritsi direnek.

 

       4.    Gainerako ordezkari-taldeek, kontseilari nagusien artetik, bi urtera berritu behar diren erdiak zehaztuko dituzte. Betiere, berritzekoen zerrenda horretan egon beharko dute kontseilari nagusi eta, aldi berean, Administrazio Kontseiluan eta batzordeetan talde horien ordezkari diren kideen erdiek.

 

       5.    Hauteskunde-prozedurako erregelamenduetan, behar diren biribiltze-arauak eta bestelako irizpide eta aurreikuspenak jasota eduki beharko dira, betiere errespeta daitezen lege honetako 45. artikuluko 1. paragrafoan zehazturik dauden proportzionaltasunak.

 

       6.    Lege honetako laugarren xedapen iragankorrean aurreikusi bezala kontseilari nagusiak berritu ondoren, berehala aukeratuko dira Administrazio Kontseiluko kideak eta Kontrol Batzordeko, Gizarte Ekintzako Batzordeko eta Ordainketa eta Izendapen Batzordeko kideak. Ezin daiteke inor Administrazio Kontseilurako eta batzorde horietarako hautagai izan baldin eta berrikuntza horren ondorioz Batzar Orokorreko kide bihurtuko diren kontseilari nagusietakoa ez bada.

 

Seigarrena. Kasu jakin batzuetan agintaldi osoa neurtzeko modua

 

       Aurrezki-kutxen gobernu-organoetako edozein kideren agintaldiak oso-osorik neurtzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

 

a)  Norbaitek lege hau indarrean sartu aurretik dena delako kargua izan badu eta atzera berriro aukeratzen badute erakunde berberean, halakoa guztira ezingo da inoiz ere 12 urte baino denbora gehiago egon agintaldian, aurretiaz karguan egon zen denbora ere kontuan hartuta.

b)  Bat-egite prozesu batetik sortutako erakunde batean norbait aukeratzen badute lehen ere, lege hau indarrean sartu baino lehenago, kargu berberean egon dena bat egindako erakundeetako batean, halakoak gaindi dezake aurreko idatz-zatiaren arabera neurtutako 12 urteko muga, harik eta bat egindako erakundean lehenengo agintaldia osatu arte.

 

Zazpigarrena. Ordainsariei buruzko informazioa

 

       Euskadiko kutxetako Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideen ordainsariei buruzko urteko txostenean jasoko da, gutxienez, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak merkatu ofizialetan negoziaziorako onartutako baloreak jaulkitzen dituzten aurrezki-kutxei eskatzen dien informazioa. Aipatutako informazioa kutxa horietako zuzendari nagusiei eta zuzendariorde nagusiei edo parekoei buruz ere emango da.

 

Xedapen Indargabetzailea

 

Indargabetutako arauak

 

       Indargabetuta geratzen da Euskadiko Autonomi Elkarteko Aurrezki Kutxen 3/1991 Legea, baita maila bereko edo apalagoko arau guztiak ere lege honetan ezarritakoaz bestelakorik dioten edozertan. Hala ere, indarrean mantenduko dira, beren-beregi, aurrezki-kutxei buruzko urriaren 14ko 240/2003 Dekretuaren II. titulua eta Euskadiko Aurrezki Kutxen Erregistroaren eta Goi Kargudunen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko urtarrilaren 18ko Agindua, horiek ordeztuko dituzten erregelamendu-arauak eman arte.

 

Azken Xedapenak

 

Lehenengoa. Baimena

 

       Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hau garatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu eta xedapenak eman ditzan.

 

Bigarrena. Indarrean sartzea

 

       Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean lege hau.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra