Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

11/2008 Legea, azaroaren 28koa, Hirigintza-jarduerez sortutako gainbalioetan erkidegoak izan behar duen parte-hartzea aldatzekoa.

2008-11-28

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2008/12/12, 238. zk.; EAO, 2011/10/7, 242. zk.

§ 308. 11/2008 LEGEA, AZAROAREN 28KOA, HIRIGINTZA JARDUEREK SORTUTAKO GAINBALIOETAN ERKIDEGOAK IZAN BEHAR DUEN PARTE HARTZEA ALDATZEKOA

 

ZIOEN AZALPENA

 

       Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak agintzen du erkidegoak hirigintza-jarduerek sortutako gainbalioetan parte hartu behar duela. Nahiz eta teoriaren aldetik adostasunik ez izan, erkidegoaren parte-hartze hori honela gauzatu da orain arte: hirigintza-jarduera jakin bati esleitutako hirigintza-eraikigarritasunaren ehuneko jakin bati zegokion lurzorua eman behar zitzaion Toki Administrazioari, edo horren pareko balio ekonomikoa.

 

       Konstituzio Auzitegiak 1997ko martxoaren 20an emandako epaiaren ostean, ehuneko hori ezartzeko eskumenak partekatua izan behar du Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean. Hala, Estatuak horri buruzko legeria eman du, eta erreferentzia-tarte bat ezarri, ondoren autonomia-erkidegoetako hirigintza-legeriek zehaztu beharrekoa.

 

       Oraintsu indargabetutako Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko 6/1998 Legeak % 10ean ezartzen zuen erreferentzia-tarte hori, eta ez zuen gutxieneko mugarik ezartzen parte-hartze horretarako. Kasu batzuetan, baliogabetu ere egin zitekeen parte-hartze hori. Lege honek askatasuna ematen zion autonomia-erkidegoetako legegileari parte-hartzearen ehuneko hori hirigintza-kargarik gabea zen edo ez zehazteko.

 

       Bestalde, oraintsu onartu berri den Lurzoruaren 8/2007 Legeak 16.1.b artikuluan ezartzen du erreferentzia-tartea: batez besteko eraikigarritasun haztaturen gutxienekoa % 5, eta gehienezkoa % 15. Eta eskatzen du, gainera, hirigintza-kargarik gabeak izan daitezela lurzoru horiek. Gainera, gaitasuna ematen dio autonomia-erkidegoko legegileari zenbait kasutan parte-hartzearen ehuneko hori gehitu dezan, gehienez ere % 20ra arte, edo mugarik gabe murriztu dezan.

 

       Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak 27. artikuluan zehazten du erkidegoak hirigintza-plusbalioetan izan behar duen parte-hartzearen ehunekoa: jarduketa integratuetan, batez besteko eraikigarritasunaren % 10ekoa izan behar duela ezartzen du, eta, zuzkidura-jarduketetan, eraikigarritasun haztatuaren hazkundearen % 10ekoa. Kasu batean zein bestean, Estatuak ezarritako gehienezko mugari heldu behar zitzaion, oinarrizko legeriaren bidez une horretako lurzoruaren araubidearen arloan ezarritakoari, alegia. Horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren legegintza-ohiturari jarraitzen zitzaion, beti hautatu baitu, 1994az geroztik, ahalik eta parte-hartzerik handiena ezartzea.

 

       Hala, hortxe kokatu behar dira Eusko Legebiltzarrak apirilaren 25eko 3/1997 Legean eta apirilaren 20ko 11/1998 Legean emandako artikulu bakarraren arauak.

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eskatu dute Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea aldatzea, Estatuko araudiak orokorki ezarritako parte-hartzearen ahalik eta ehunekorik handiena iristearren, uste izan baitute gehitze hori herrien eta hirien diseinu eta garapenaren onerako izango dela.

 

       Nolanahi ere, parte-hartzearen ehuneko hori gehitzeko edo murrizteko aukerak, kasu batzuetan, gogoeta handiagoa behar du. Hori dela-eta, aukera hori arautzeko eginbeharra atzeratu egin da legegintza-prozeduran.

 

       Azkenean, eta indarrean den hirigintza-legeriarekin koordinaturik, beharrezkoa da igarotze-aldirako araubide juridiko bat ezartzea. Araubide juridiko hori nolabaiteko arintasunez eta presaz ezarri beharko litzateke, eta arau-aldaketa guztiek behar duten segurtasun juridikoaren berme ezinbestekoarekin ere lotu beharko litzateke, kontraesanik egon ez dadin.

 

Artikulu Bakarra

 

       Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27. artikulua honela geratuko da idatzita:

 

"27. artikulua. Erkidegoak hirigintzako ekintzan sortutako gainbalioetan parte hartzea

 

1.    Herri-erakundeen hirigintzako ekintzan sortutako gainbalioetan erkidegoak parte har dezan, hiri-lurzoru finkatugabearen eta lurzoru urbanizagarriaren jabeek doan laga beharko diote udalari egikaritze-esparruko batez besteko hirigintza-eraikigarritasun haztatuaren % 15i dagokion lurzorua, urbanizazio-kostuetatik libre. Jarduketa integratuetan, egikaritze-esparrua egikaritze-unitatea da.

 

2.    Eraikigarritasun haztatuaren gehitzeagatik finkatu gabeko hiri-lurzoruan, jabeek hirigintza-eraikigarritasun haztatuaren (aurreko hirigintza-antolamenduak esleitutakoaren) gaineko gehitzearen % 15i dagokion lurzorua laga behar diote dohainik udalari, hirigintza-kargetatik libre, non eta hirigintza-antolamendu horrek egikaritzea gauzatzeko ezarritako mugak gainditu ez diren, edo, halakorik ezarri ez bazuen, lege honetako 189. artikuluan ezarritakoak gainditu ez diren. Kasu horretan, gauzatutako eraikigarritasuna hartuko da kontuan.

 

3.    Artikulu honetan arautzen den lagapena partzela eraikigarrietan gauzatu beharko da, eta partzela horiek Lurzoruaren Udal Ondareari atxiki beharko zaizkio beti.

 

4.    Lege honek etxebizitza babestuak egiteko lurzorua erreserbatzera behartzen ez dituen eta erabilera nagusia bizitegirakoa duen area, sektore edo, hala badagokio, egikaritze-unitatean helburu horretarako lurzorurik aurreikusten ez duten udalek, inola ere, babes publikoko etxebizitzak egiteko izendatu beharko dituzte goian azaldutako eran lortutako partzelak.

 

5.    Aurreko paragrafo horretan xedatutakoa gorabehera, barrutiaren birpartzelazioaren ondorioz, Toki Administrazioak, gutxienez, orube baten edo partzela eraikigarri baten jabetza betea eskuratzen ez duenean, artikulu honetan aurreikusitako eraikigarritasunaren lagapena dirutan ordaindu ahal izango da, dagokion balioaren arabera, lagapen osoarena edo zati batena. Diru hori dagokion lurzoru-ondareari atxiki beharko zaio".

 

Xedapen Iragankorrak

 

Lehena

 

       1.    Hirigintza-ekintzak hiri-lur finkatu gabeetan eta hiri-lur finkatuetan sortutako gainbalioetan erkidegoak izan behar duen parte-hartzearen ehunekoa, lege honetan arautzen dena, hasierako izaeraz onartzen diren konpentsazio- eta birpartzelatze-proiektuetan aplikatu beharko da, bai eta lege hau indarrean sartu ostean hasten diren nahitaez desjabetzeko espedienteetan ere.

 

       2.    Hirigintza-ekintzak eraikigarritasun haztatuaren gehitzeagatik finkatu gabeko hiri-lurretan sortutako gainbalioetan erkidegoak izan behar duen parte-hartzearen ehunekoa, lege honetan arautzen dena, lege hau indarrean sartu ostean eskatzen diren zuzkidura-ekintzetarako eraikuntza-lizentzietan aplikatuko da.

 

       3.    Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, jarduketa horiek hirigintza-hitzarmenen xede izan direnean eta hitzarmen horiek Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera izapidetu direnean, eta lege hau indarrean sartu aurretik onartu direnean behin betiko, paragrafo horietan xedatutakoari jarraituko zaio, edo, hala balegokio, paragrafo horien aldaketetan xedatutakoari.

 

Bigarrena

 

       1.    Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen seigarren xedapen iragankorrak aginduta aurreko hirigintza-legeria hori aplikatzekoa den esparruetan, erkidegoak hirigintza-ekintzak eragindako gainbalioetan izan behar duen parte-hartzearen ehunekoa % 15 artekoa izango da, eta, horren ondorioz, partikularrek berenganatu ahal izango duten aprobetxamendua ereduzko aprobetxamenduaren edo batez besteko aprobetxamenduaren % 85 arte gutxituko da, eta gainerako araudiaren indarra aldi baterako edo iragankorra izango da.

 

       2.    Hala, 27.1 artikuluko egikaritze-esparruaren hirigintza-erakigarritasun haztatua honako hau izango da: esparruaren azalera eta aurreko legeriak ezartzen zuen ereduzko aprobetxamendua edo batez besteko aprobetxamendua (betiere bi horiek zehaztuta badaude) biderkatzearen emaitza.

 

Azken Xedapena

 

       Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra