11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko Liburutegiei buruzkoa.
2007-10-26Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/11/19, 222. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.
§ 294. 11/2007 LEGEA, URRIAREN 26KOA, EUSKADIKO LIBURUTEGIEI
BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
Euskal
Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.20 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia
Erkidegoak eskumen osoa du liburutegien alorrean horien titularra Estatua ez
denean.
Era
berean, Autonomia Estatutuaren 10.4 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia
Erkidegoak eskumen osoa du toki-araubidearen alorrean, betiere Konstituzioaren
149.1.18 artikuluan xedatutakoa errespetatuta.
Ildo
horretatik, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985
Legearen 26.1.b artikuluak dio 5.000 biztanletik gorako udalerriek liburutegi
publikoko zerbitzuak eman behar dituztela.
Gure
lurralde-eremuan, eskumen horren aitortza Lurralde Historikoen Legean
ezarritako eskumen-banaketaren arabera gauzatu behar da; izan ere, lege horrek
eskumen osoa ematen die lurralde historikoei beren titulartasunpeko
liburutegien alorrean.
Arau
horietan oinarriturik, Eusko Legebiltzarrak Euskal Kultura Ondarearen
uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zuen, besteak beste gure
bibliografia-ondarea eta liburutegiak arautzeko eta, Euskadiko Liburutegi
Sistema Nazionala sortuz, euskal liburutegi-sistema propio baten oinarriak
jarri ahal izateko, betiere administrazioen, erakundeen eta titular pribatuen
arteko lankidetza bultzatzeko asmoarekin eta Euskadiko liburutegi-eskaintzak
hobeto integratu, koordinatu eta optimizatzeko helburuarekin.
Gaur
egun, pilatutako esperientzia eta sektore honetako berezko beharren azterketa
teknikoa kontuan hartuta, komenigarritzat jo da berariazko arau bat sortzea
Euskadiko egungo liburutegi-sistema osotasunean berraztertzeko eta sistema
horretan Europako esparruan berriki egin diren ekarpen tekniko eta
doktrinazkoak sartzeko.
Premisa
horietatik abiatuta, lege honek sektorearen erregulazio zehatzagoa eskaini nahi
du, Euskadik liburutegi-azpiegitura eta -zerbitzu moderno eta koordinatuak izan
ditzan, herritar guztientzat irisgarri izango direnak. Horrela, gainera,
optimizatu egingo dira herri-administrazioek establezimendu horietarako jartzen
dituzten baliabide eta bitartekoak.
Hortaz,
teknologia-baliabide berriek eskaintzen dituzten aukerak eta aipatutako
ekarpenak gehituz, legearekin, arlo honetako ordenamendu juridikoa eguneratu
eta, aldi berean, osatu egin nahi da, hala kontzeptuen alorrean nola
antolaketa, kudeaketa edo plangintzarenean, helburu jakin batekin:
informazioaren gizarteak eskaintzen dituen tresnak pixkanaka ezarriz, Euskadiko
liburutegi-baliabideak denon eskura jartzea era osoago eta eraginkorrago
batean.
Halaber,
legeak jarduera publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatu nahi du,
baita liburutegien alorreko plangintza sustatu ere, betiere kulturari buruzko
interesa areagotzeko aukerak handituz, kultura pertsonaren eta gizarte osoaren
berezko ondasuna denez gero. Horretarako, konpentsaziozko liburutegi-politika
burutuko da, bai pertsonei dagokienez, egoera txarrenean dauden
gizarte-sektoreei arreta berezia eskainiz, bai Euskadiko lurralde eta herriei
dagokienez.
Lege
honen bitartez, oinarrizko eskubide diren adierazpen-askatasuna eta
informaziorako irispide publikoa bermatu nahi dira, eta, azken batean, euskal
gizartearen sektore guztietan zabaldu nahi da irakurzaletasuna, oinarrizko
zutabea baita norbanakoaren prestakuntza, garapen eta heziketan. Horretarako,
ordea, liburutegi publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuek herritarren
aukera-berdintasuna bultzatu behar dute, nork bere askatasunetik aukera izan
dezan bere burua lantzeko, literatura- eta kultura-interesak gauzatzeko,
ezaupideak etengabe areagotzeko, pertsona edo herritar gisa dituen gaitasunak
hobetzeko, nazioarteko errealitateetara iristeko eta bizitza osoan zehar
ikasteko.
Hori
dela eta, funtsezkoa da liburutegi-erakundeari asmo handiagoko ikuspegi batekin
heltzea, hezkuntza, kultura eta informazioaren benetako eragile izan dadin eta
bakea, tolerantzia eta gizakumearen berezko balioak bultza ditzan. Ildo
horretatik, aginte publikoek helburuak betetzeko behar diren bitartekoak
bermatuko dituzte eta liburutegi-zerbitzuen titular diren administrazioen
arteko koordinaziorik estu eta eraginkorrena bultzatuko dute.
Euskadiko
Liburutegi Sistema, hortaz, lankidetza-harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak
emateko gai diren erakundeen multzoa da lege honen ikuspegitik. Hauek dira
sistemaren oinarriak: informazio-politika, nazioarteko lankidetza, plangintza
bibliotekario bat (administrazioen arteko koordinazioa) eta Euskadiko
Liburutegiaren izatea bera.
Irakurketa
publikoko sarea oinarrizko eta ezinbesteko ekipamendua da informazioaren eta
ezagutzaren gizartearen gizarte- eta kultura-garapenerako. Ildo horretatik,
lege honetan liburutegien betekizunak aipatzen dira jende guztiak kultura- eta informazio-erregistroetara
irispidea izateko duen eskubidea bermatzeko.
Gainera,
irakurketa publikoko sarea toki-administrazioen menpeko liburutegi-sareen
bateratzea ere bada, eta bertan foru-aldundien eta Estatuaren liburutegiak eta
liburutegi pribatuak ere sartu ahal izango dira beren borondatez, beren
liburutegi-zerbitzuen multzoa herritar guztien eskura jartzen badute.
Bibliografia-
eta dokumentu-ondarea gizartearen kultura-ondarearen zati ordezkaezina da.
Gainera, XX. mendean izandako aurrerapen teknologikoek ondorio garrantzitsuak
izan dituzte informazioaren eta ezagutzaren munduan. Paperaren eta beste ohiko
euskarrien ordez, euskarri magnetikoak eta optikoak erabiltzen dira; ondorioz,
gaur egun, material inprimatuez gain, beste era batekoak ere badaude
liburutegietan: argazkiak, ikus-entzunezkoak, multimediak eta dokumentu
elektronikoak. Pentsatzekoa denez, XXI. mendean zehar beste euskarri eta
edukitzaile batzuk sortuko dira eta horiek ere bibliografia-ondarearen zati
izango dira.
Aurrerapen
aipagarrienetako bat, ondarearen esparruan izan duen eraginagatik, formatu
digitalaren sorrera izan da; izan ere, zenbait argitalpen formatu horretan
sortzen dira zuzenean, eta hori erronka bat da liburutegientzat hautaketa-,
kontserbazio- eta zabalkunde-prozesuei begira.
Ondarearen
unibertsoa zabaldu egin da nabarmen, eta liburutegiek, ondare digitala
berreskuratu, kontserbatu eta zabaldu ahal izateko, nahitaez arakatu behar dute
teknologia. Hain zuzen ere, ondare digitala Euskadiko Liburutegiaren elementu adierazgarria
izango da, zeren eta liburutegi horren ardura baita, Euskadiko
bibliografia-gordailuaren zentroa den aldetik, besteak beste Euskadiko
bibliografia-ekoizpena eta euskararen hizkuntza-esparruarekin erlazionatutakoa
jasotzea, kontserbatzea eta zabaltzea. Beste erakunde batzuekin koordinatuko
ditu euskal bibliografia-ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko lanak;
izan ere, ondare hori kontserbatzeak balio handia du, zalantzarik gabe,
informazio, hezkuntza eta ikerketarako eta kultura, oro har, eta oso bereziki
euskal herriaren kultura, ezagutu eta garatzeko.
Azkenik,
legearen beste helburuetako bat da Euskadiko liburutegi-araubide juridikoa
osatzea eta, horretarako, errealitate berrira egokitutako erregulazioa ezartzea
arau-hauste eta zehapenetarako. Izan ere, lege-erreserbaren printzipioaren
arabera, hori guztia maila honetako arau baten bitartez xedatu behar da,
Euskadiko Liburutegi Sistemara eta irakurketa publikoko sarera irispidea
izateko eskubidea eta horien funtzionamendua bermatzeko eta Euskadiko
bibliografia-gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.
Helburu
hori lortzeko tresna gisa, legeak bederatzi titulu eta berrogeita hamahiru
artikulu ditu, eta, horrezaz gainera, lau xedapen gehigarri, bi iragankor,
indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.
I.
tituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, eta horietan legearen helburua eta
aplikazio-eremua arautzen dira, liburutegien sailkapena egiten da eta
lankidetza-printzipioa ezartzen da sistemaren oinarrizko elementu gisa.
II
eta III. tituluak Euskadiko Liburutegi Sistemari eta Euskadiko irakurketa
publikoko sareari buruzkoak dira, hurrenez hurren. Arlo horretan, zehatz
errespetatu dira euskal herri-administrazio batzuen eta besteen
eskumen-esparruak eta bakoitzari bere bidea jarri zaio integratzeko eta
liburutegien alorrean administrazioen arteko harremanak artikulatzeko, betiere
tresna bideragarri bat ezartzearren liburutegien alorreko politika publikoen
koordinazioa eta lankidetza aurrera eramateko eta, era horretan, legea
eraginkortasunez gauzatu ahal izateko. Ildo horretatik, sarean eta sisteman
integratzearen ondorioak zehazten dira, sareko liburutegien erregistroa sortzea
aurreikusten da eta irakurketa-sare publikoko liburutegiek eman behar dituzten
zerbitzuak eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak adierazten dira.
Azkenik,
liburutegien titularrei ematen zaien agindua azpimarratu behar da, hots,
erabiltzaileei berma diezaietela liburutegietara berdintasun-egoeran eta
inolako tratu diskriminatzailerik gabe irispidea izateko eskubidea.
IV.
titulua Euskadiko Liburutegiari buruzkoa da. Bertan xedatzen denez, Euskadiko
Liburutegia Euskadiko Liburutegi Sistemaren buru izango da eta berak egingo
ditu koordinazio-lanak euskal bibliografia-ondarea bildu, kontserbatu eta
zabaltzeari begira. Euskadiko Liburutegiaren sorreran aintzat hartu da
gainerako euskal herri-administrazioak arlo horretan egiten ari diren lana,
eta, ildo horretatik, liburutegiak horiekin koordinatzeko eta lankidetzan
aritzeko borondatea du.
V.
tituluan, eskola-liburutegiek irakurketa publikoko sarean parte hartuko dutela
aurreikusten da, unibertsitatez kanpoko ikastetxeek egiten duten
heziketa-lanerako behar diren materialak eskaintzeko, kultura irispidean
jartzeko, ikasleei liburutegien funtsak baliatzen erakusteko, bai eta ikasleen
prestakuntza eta aisia osatu eta hedatzeko ere. Horrezaz gainera, eskola- eta
unibertsitate-liburutegiak progresiboki eta beren borondatez sareratzen joatea
ere aurreikusten da.
VI.
tituluan, Euskadiko bibliografia-gordailuari buruzkoan, bibliografia-lanak
definitzen dira, eta kontzeptu horretan sartzen dira teknologia berriek
sortutakoak eta bibliografia-interesekotzat jotzen diren lan eta bildumak.
Euskadiko bibliografia-gordailua arautzeak aukera emango du euskal bibliografia-ondarea
egituratzeko; horretarako, behar diren aleak bilduko dira Euskadiko
bibliografia-produkziotik eta euskararen hizkuntza-esparruarekin
erlazionatutako lanetatik, horien adierazpen-era dena dela, tradizionaletatik
hasi eta berritzaileenetara. Titulu honetan bi araubide desberdin ezartzen
dira, bata nahitaezko gordailuetarako eta bestea borondatezkoetarako; horien
oinarrizko alderdiak ezartzen dira, baina zehaztasunak, entregatu behar diren
aleen kopurua adibidez, geroago erregelamendu bidez finkatzeko uzten dira.
VII.
tituluan nazio-intereseko funtsak definitzen dira eta horien araubidea Euskal
Kultura Ondarearen Legean sailkatutako ondasun higigarrientzat ezarritakoa izango
dela xedatzen da. Halaber, horiek gure kulturaren erreferente gisa duten
garrantzia kontuan hartuta, hainbat berariazko neurri ezartzen dira Euskadiko
Liburutegiaren zuzeneko esku-hartzearen bitartez funts horien kontserbazioa
bermatzeko.
VIII.
tituluan Liburutegien Aholku Batzordea sortzen da, liburutegi alorreko kide
anitzeko kontsulta-organo gisa, eta horren eginkizunak eta osaera geroago
erregelamendu bidez arautzeko uzten dira.
IX.
tituluan zehatzeko araubidea zehazten da. Tresna horren bitartez, hainbat
helburu lortu nahi dira: herritarrei kalitateko liburutegi-zerbitzu publikoa
jasotzeko eskubidea bermatzea, Euskadiko Liburutegi Sistemak eta irakurketa
publikoko sareak funtziona dezaten ahaleginak egitea eta euskal
bibliografia-ondarearen gordailuaren alorrean xedatutakoa betetzen dela
ziurtatzea. Araubide horretan toki-erakundeen autonomiaren oinarrizko berme
instituzionala ziurtatzen da, Konstituzioan eta Estatutuan jasota baitago;
hala, ez da aldatzen, liburutegi batzuei eta besteei dagokienez, euskal
administrazioek duten eskumen-araubidea, baina aukera ematen da zeinek bere
esparruan modu bateratu eta eraginkorrean esku hartzeko markoa finkatzeko.
Legeak
lau xedapen gehigarri ditu. Lehenengoan, sei hilabeteko epea ezartzen da
Euskadiko Liburutegien Aholku Batzordea eratzeko, eta, bigarrenean, urtebeteko
epea, batzorde hori eratzen denetik kontatzen hasita, irakurketa publikoaren
mapa onartzeko. Hirugarren xedapen gehigarrian, Euskal Autonomia Erkidegotik
kanpo dauden liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako sareen sorrera
bultzatzeko eginkizuna izendatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, baldin eta
liburutegi horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts
garrantzitsuak badituzte. Laugarren xedapen gehigarrian, azkenik, 18 hilabeteko
epea ezartzen da Euskadiko Liburutegia eratzeko.
Bestalde,
legearen lehenengo xedapen iragankorrean, Euskadiko udalerrietan sor daitezkeen
arazoak ikusita, bost urteko epea ezartzen da udal-liburutegiak legean
jarritako baldintzetara egokitzeko, eta, gainera, babestu egiten dira
toki-erakundeek baldintza horiek betetzeko epe horretan burutu nahi dituzten
ekimenak, betiere ordenamendu juridikoaren araberakoak badira. Bigarren xedapen
iragankorrean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari hainbat eginkizun esleitzen
zaizkio Euskadiko Liburutegia abian jarri arte.
Legearen
testua osatzeko, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen daude, eta
horrelako xedapenetan ohikoa den edukia dute. Azken xedapenetako lehenengoaren
bidez, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 66. artikulua aldatzen da,
euskal bibliografia-ondarearen definizioa eguneratzeko; xedapen
indargabetzailearen bidez, berariaz indargabetzen dira lege horretako 67 eta
68. artikuluak eta IV. tituluko II. kapitulua, eta, gainera, lege honen aurka
doazen arauak ere indarrik gabe uzten dira, ohiko formula erabiliz.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Legearen xedea
Lege
honen xedea da funtsezko oinarri eta egiturak ezartzea Euskadiko Liburutegi
Sistemaren planifikazio, sorrera, antolaketa, funtzionamendu eta
koordinaziorako; liburutegien funtzionamendua erraztuko duten zerbitzuak
bermatzea, eta herritarrek irakurtzeko eta, informazioaren eta teknologia
berrien gizarte honetan, informazio-bide eta -edukietarako irispidea izateko
duten eskubidea ziurtatzea. Era berean, lege honen xede da Euskadiko
bibliografia-gordailua arautzea ere.
2. Artikulua - Aplikazio-eremua
Lege
hau Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasun publikoko liburutegi guztiei
aplikatuko zaie; baita Estatuaren edo foru-aldundien liburutegiei eta
liburutegi pribatuei ere, baldin eta, beren borondatez, Euskadiko Liburutegi
Sisteman edo Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzen badira. Horrezaz
gainera, Euskadiko bibliografia-gordailuaren eta nazio-intereseko funtsen
alorrean ere aplikatuko da, oro har.
3. Artikulua - Liburutegiaren kontzeptua
1. Lege honen
ondorioetarako, hauxe joko da liburutegitzat: eskuz idatzitako, inprimatutako edo
edozein euskarritan erreproduzitutako liburuen, aldizkako edo serieko
argitalpenen, grabatuen, mapen, soinu-grabazioen, dokumentazio grafikoaren,
argazkien, ikus-entzunezkoen, multimedia-materialen, dokumentazio
elektronikoaren eta bestelako material edo informazio-iturrien edozein bilduma
antolatu, baldin eta helburua bada horiek bildu eta kontserbatzea eta,
bitarteko tekniko eta pertsonal egokiak erabiliz, horien erabilera erraztea,
dela informaziorako, dela ikerketa, heziketa edo aisiarako.
2. Bolumen, eduki eta
lotura aldetik zeinahi izaera dutela ere, liburutegiak mota hauetakoak izan
daitezke lege honen ondorioetarako:
1. Titulartasunaren arabera:
a) Liburutegi publikoa: titularrak herri-administrazio eta erakunde
publikoak dira.
b) Liburutegi pribatua: titularrak pertsona edo entitate pribatuak
dira.
2. Erabileraren arabera:
a) Erabilera publiko orokorrekoak: guztientzat irekita daude eta,
beraz, komunitate osoari eskaintzen diote irakurketa publikoko zerbitzua, inolako
murrizketarik gabe funts eta zerbitzuen erabilerari dagokionez, salbu eta
liburutegien ondarea osatzen duten funtsak kontserbatzeko eta zaintzeko
beharrezko direnak.
b) Erabilera mugatukoak: erakunde baten edo erabiltzaile talde jakin
baten zerbitzura daudelako; halakoak izango dira liburutegi espezializatuak,
salbu eta haien titular direnek beren borondatez ez badute beren funtsetarako
irispidea mugatzen.
4. Artikulua - Lankidetza-printzipioa
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak lankidetzan jardungo du
toki-administrazioekin eta lurralde historikoetako, Estatuko, beste
autonomia-erkidegoetako eta euskararen hizkuntza-esparruko
liburutegi-erakundeekin, liburutegi-zerbitzuak sustatu eta hobetzeko.
5. Artikulua - Artxibo, liburutegi eta museoen
konbergentzia
Liburutegi-zerbitzuak
ematerakoan, artxibo, liburutegi eta museoen sektoreetako erakundeen
konbergentziara zuzenduriko informazio-politika egingo da.
II. TITULUA
EUSKADIKO LIBURUTEGI SISTEMA
6. Artikulua - Definizioa
1. Euskadiko
Liburutegi Sistema Euskal Autonomia Erkidegoko organo, liburutegi eta
liburutegi-zerbitzuen multzo antolatua da eta liburutegi-baliabide guztiak
hobeto aprobetxatzea du helburu, elementu guztien koordinazioan eta lankidetzan
oinarrituta.
2. Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari dagokio Euskadiko Liburutegi
Sistemak eskaintzen dituen liburutegi-zerbitzuen planifikazioa aurrera
eramatea.
7. Artikulua - Osaera
Hauek
dira Euskadiko Liburutegi Sistema osatuko dutenak:
a) Irakurketa publikoko sarea.
b) Euskadiko Liburutegia.
c) Unibertsitate eta ikastetxe publikoetako liburutegiak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpekoak izan arren,
irakurketa publikoko sarean sartuta ez dauden liburutegiak.
e) Irakurketa publikoko sareko kide izan gabe, Euskadiko Liburutegi
Sisteman sartzen diren liburutegiak eta liburutegi espezializatuak. Sisteman
sartzeko, liburutegiaren titularrak hitzarmen bat sinatu beharko du Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean kulturaren alorreko eskumenak
dituen sailarekin.
f) Liburutegien alorrean eskumenak dituzten Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio orokorreko organoak.
g) Liburutegien Aholku Batzordea.
8. Artikulua - Informatzeko eginbeharra
Euskadiko
Liburutegi Sistemako liburutegien titular edo arduradun publiko zein pribatuek
hainbat gairi buruzko datuak eman beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari, hala nola langileei, funtsei,
aurrekontuei, instalazioei, ekipamenduei, zerbitzuei eta horien erabilerari
buruzkoak, baita erregelamendu bidez eskatutako gainerakoak ere, ebaluatu eta
zabaldu ahal izateko.
Eskumena
duen sailak baldintza egokiak sortuko ditu Euskadiko Liburutegi Sistemako kide
ez diren liburutegi pribatu edo publikoek behar den informazioa eman dezaten,
Euskadiko liburutegi-eskaintzari eta euskal kulturarentzako interesgarriak
diren funtsak dituzten liburutegiei buruzko ezagutza osatzeko.
9. Artikulua - Bibliografia-informaziorako irispidea
Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak
bibliografia-informaziorako irispidea bermatuko die Euskadiko Liburutegi
Sistemako liburutegiei, katalogo kolektibo bat sortuz. Euskadiko Liburutegi
Sistemako liburutegiek, beren aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza
ofizial bien erabilera bermatuko dute, ematen diren erregelamenduzko xedapenak
beteko dituzte eta informazio-trukea ahalbidetzeko neurri teknikoak hartuko
dituzte. Bereziki, lan teknikoak, katalogoak eta baliabide teknikoak bi hizkuntzatan
izatea bermatuko dute.
Halaber,
herritarrei kulturarako irispidea bermatzeko, liburutegi publikoek beren
funtsei buruzko informazioa eman beharko diete erabiltzaileei, eta funts horiek
erabiltzen eta kontsultatzen utzi beharko diete, doan, nahiz eta erabilera muga
daitekeen.
10. Artikulua - Euskadiko Liburutegi Sisteman sartzearen
ondorioak
Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak ahaleginak egingo ditu
Euskadiko Liburutegi Sisteman sartzen diren kideek aukera izan dezaten politika
bateratuei ekiteko, informazioa trukatzeko, liburutegien arteko maileguak
koordinatzeko, edukiak sistema digitaletara edo bestelako euskarrietara
pasatzeko prozesuak planifikatzeko, liburutegi-ikerketak egiteko eta
liburutegietan informaziorako eta komunikaziorako irispidea izateko zerbitzuak
garatzeko.
11. Artikulua - Euskadiko Liburutegi Sistemaren bitarteko
eta baliabideak kudeatzeko printzipio gidariak
Kulturaren
alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko Liburutegi Sistemaren bitarteko eta
baliabideen kudeaketa bideratuko du, lankidetza-printzipioa kontuan izanez eta
bitarteko eta baliabide horiek euskal bibliografia-ondarearen izaera
eleaniztunari egokituz.
12 Artikulua - Liburutegi-zerbitzuen doakotasuna
Euskadiko
Liburutegi Sistemako liburutegiek betiere doan emango dituzte bai
erreferentzia-lan nagusiak kontsultatzeko zerbitzuak, bai liburuak eta
bestelako materialak norbanakoei maileguan uztekoak.
III. TITULUA
EUSKADIKO IRAKURKETA PUBLIKOKO SAREA
13. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen
kontzeptua, egitura eta helburuak
1. Erabilera publiko
orokorreko liburutegi-zerbitzuen multzo antolatua da Euskadiko irakurketa
publikoko sarea.
2. Liburutegi hauek
sartzen dira Euskadiko irakurketa publikoko sarean:
a) Udal-liburutegi publikoak.
b) Hitzarmen bidez irakurketa publikoko sarean sartzen diren erabilera
publiko orokorreko gainerako liburutegiak.
3. Ikastetxe
publikoetako liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sareko kide egin
daitezke.
4. Euskadiko
irakurketa publikoko sarearen helburu garrantzitsuena da herritarrei sareko
kultura- eta informazio-erregistroetara iristeko aukera ematea, eta ahalik eta
aukera zabalena eskaintzea kanpoko informazio- eta kultura-edukietara,
erabilera publiko orokorreko liburutegien zerbitzuetan daudenetara, iritsi ahal
izateko.
14. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegien betekizunak
1. Irakurketa
publikoko sareko liburutegiek izaera orokorreko funtsak izango dituzte;
kultura-, hezkuntza-, jolas- eta gizarte-informazioko zerbitzuak eta kontsulta-
eta mailegu-zerbitzuak emango dituzte, eta herritar guztientzat irekita egongo
dira, horien adina, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea edo gizarte-maila
dena dela.
2. Sareko liburutegiek
doan emango dute kultura- eta informazio-erregistro guztietarako irispidea;
salbuetsita geratzen dira, ordea, kostu bereziko zerbitzuak, hala nola
erreprografia-zerbitzuak, liburutegien arteko maileguak eta datu-baseetarako
irispidea.
3. Sareko liburutegiek
zerbitzu berezituak emango dituzte helduentzat eta haurrentzat.
4. Halaber, sareko
liburutegiek kontuan izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko egoera
soziolinguistikoa, eta zerbitzuak euskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte,
indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
5. Sareko liburutegiek
arreta berezia eskainiko diete desabantaila-egoeran dauden pertsona,
gizarte-talde eta geografia-guneei, benetan haietara irispidea izan dezaten.
Zerbitzu eta material bereziak eskainiko dizkiete ohiko zerbitzu eta materialak
erabili ezin dituzten erabiltzaileei, eta, ildo horretatik, irakurtzeko
zailtasunak dituztenen beharrei erantzuteko neurriak hartuko dituzte, soinudun
liburuak eta ikus-entzunezko bestelako dokumentuak edo irakurketa errazteko
bestelako material inprimatuak erabiliz, eta behar diren bitartekoak jarriko
dituzte liburutegira joan ezin diren gaixo, minusbaliatu, adindu edo
askatasungabetuek funtsetara irispidea izan dezaten.
Era berean, informaziora iristeko bidea bermatuko zaie
etorkinei, baita gizarteratzeko eta beren jatorrizko hizkuntza eta kultura
gordetzeko baliagarri zaizkien informazio eta materialetara iristekoa ere.
Gainera, haien hizkuntzan dauden materialak eta bildumak aukera eta eskain
daitezen bultzatuko da.
6. Ez da eragozpenik
izango sareko liburutegien funtsetara iristeko, ezta horiek maileguan hartzeko
ere. Hala ere, segurtasun- eta kontserbazio-arrazoiengatik beharrezkoa denean,
muga daiteke funts horien mailegua, bestelako euskarri baten bidez material
horietara iristeko aukera emanez.
7. Sareko liburutegiek
behar bezala egokitutako leku bat izango dute bertara joanda jasotzen diren
zerbitzuetarako. Leku horren ezaugarriak erregelamenduz zehaztuko dira.
8. Sareko liburutegiek,
materialak eskuratzerakoan eta baliabideetara iristeko bidea ematerakoan,
kalitatea eta erabiltzaile-komunitatearen beharretara egokitzea izango dituzte
irizpide.
15. Artikulua - Bildumen garapena
1. Liburutegi baten
bildumaren garapena liburuzainaren irizpide profesional independentean
oinarrituko da, merkataritza-eraginetatik at, eta erabiltzaileen
ordezkaritza-organoei, tokiko kolektiboei eta bestelako hezkuntza-, kultura-
eta informazio-erakundeei kontsultatuz egingo da.
2. Bildumen garapenerako
politikak etengabe aztertuko dira, behar- eta aukera-aldaketen arabera
egokitzeko. Bildumen garapenak prozesu gardena izan behar du, eta oinarritzat
dituen politikak publiko egin beharko dira.
3. Sareko liburutegiak
lankidetzan arituko dira bildumak eskuratu eta mailegatzeko. Halaber, beren
inguruko kultura-, hezkuntza- eta informazio-erakundeekin elkarlanean arituko
dira.
4. Liburutegiek beren
bildumetan ez dituzten materialetara iristeko aukera emango dute. Horretarako,
liburutegien arteko mailegu nazionalak eta nazioartekoak baliatuko dituzte, bai
eta dokumentuak lortzeko zerbitzuak ere, informazio-zerbitzu elektronikoak eta
informazio-sareak barne.
16. Artikulua - Sare elektronikoetarako irispidea
Liburutegiek
sare elektronikoetara iristeko aukera emango dute, eta, horretarako, irizpide
hauek erabiliko dituzte:
1. Informazio-sareen
ahalmena bete-betean baliatuko dute, bereziki Internetena.
2. Erabiltzaileei
informazio-baliabideetara bide elektronikoz iristeko aukera emango diete, eta
irisgune publikoak eskainiko dituzte, horietan informazio-sareak
independentziaz erabili ahal izateko laguntza eta orientazio egokia emanez.
3. Internet
erabiltzeko politikak prestatuko dituzte, eta sarean dagoen informaziora
iristeko bide publikoen eskaintzaren inguruko helburu eta metodoak adierazi
beharko dituzte horietan.
4. Erabiltzaileen
eskubideak errespetatuko dituzte, isilpekotasunari eta intimitateari
dagozkienak barne.
5. Etengabe eguneratuko
dituzte Internetera sartzeko direktorioak, kontuan izanik bai erabiltzaileen
tipologia eta bai zerbitzua ematen dioten komunitatearen errealitate soziala.
17. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegiek ematen dituzten zerbitzuen definizioa
Hauek
joko dira oinarrizko liburutegi-zerbitzutzat:
a) Aretoan bertan, erreferentzia-lan nagusiak, argitalpen monografiko
eta seriatuak eta dokumentu elektronikoak, ikus-entzunezkoak eta multimediak
irakurri eta kontsultatzea.
b) Informazio eta erreferentzia orokorrera eta tokikora irispidea
izatea.
c) Norbanakoei liburuak eta bestelako materialak maileguan uztea.
d) Liburutegien arteko maileguak.
e) Internetera eta lineako informazio-zerbitzuetara irispidea izatea.
f) Erabiltzaileentzako prestakuntza-programak.
18. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak
1. Erabiltzaileen
eskubide orokorrak.
1. Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegien erabiltzaileek
eskubidea izango dute, gutxienez, liburutegietako oinarrizko zerbitzuak,
instalazioak eta ekipamenduak izateko, baita horiek erabiltzeko aholkuak eta
laguntza jasotzeko ere. Hala, honako hauek bermatuko dira:
a) Behar bereziak dituzten kolektiboentzako material eta zerbitzu
egokituak.
b) Era guztietako euskarrietan dauden materialak kontsultatzeko bidea,
baita informazio-sare telematikoetarako irispidea ere.
c) Indarrean dagoen araudiari egokitutako instalazioak eta
irisgarritasun-baldintzak.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien erabilera.
2. Gutxieneko ordutegiak eta liburutegi-zerbitzua emateko baldintza
orokorrak erregelamendu bidez zehaztuko dira, Euskadiko irakurketa publikoko
sarearen erabiltzaileen eskubideak bermatzeko.
2. Erabiltzaileen
betebehar orokorrak.
Euskadiko irakurketa publikoko sarearen erabiltzaileek sareko
liburutegiek ondo funtzionatzeko behar den portaera zuzena eta egokia gordeko
dute, betiere lege honetan, lege hau garatzeko arauetan eta liburutegien
titularrek emandakoetan ezarritakoaren arabera. Zehazki, betebehar hauek izango
dituzte:
a) Sareko gainerako erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, eta, ildo
horretatik, behar den ordena, errespetua eta gizalegea gordetzea.
b) Liburutegi-zentro edo -zerbitzuak ez erabiltzea, ez bertara joanda,
ez urrutitik, erabiltzaile gisa bakoitzak dituen eskubideak gauzatzeko
bestetarako.
c) Erabiltzen diren liburutegi- eta informazio-materialak eta
bestelakoak zaintzea.
d) Sareko liburutegien eta liburutegi-zerbitzuen ondasun higigarri
zein higiezinak zaintzea.
e) Sareak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzea, doakoak ez badira.
f) Maileguan hartutako liburuei eta, oro har, materialei dagokienez,
hartu ziren egoera berean itzultzea.
g) Sarean diharduten langileek hala eskatzen dutenean,
erabiltzaile-izaera egiaztatzea, bai aurrez aurre, bai urrutitik.
h) Zentro edo zerbitzu bakoitzean ezarritako funtzionamendu-arauak
bete eta errespetatzea eta sarean diharduten langileen oharrak eta aginduak
betetzea.
19. Artikulua - Liburutegiak Euskadiko irakurketa
publikoko sarean sartzea
Lege
honen 13. artikuluko 2. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren liburutegiak
Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen saileko buruaren agindu
baten bitartez sartuko dira Euskadiko irakurketa publikoko sarean, betiere lege
honetako eta lege hau garatzeko arauetako betekizunak betetzen direla egiaztatu
ondoren. Sailburuaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko
da.
20. Artikulua - Liburutegiak Euskadiko irakurketa
publikoko sarean sartzeko baldintzak eta horren ondorioak
1. Euskadiko
irakurketa publikoko sareko liburutegiek Eusko Jaurlaritzak emandako
erregelamenduak bete beharko dituzte.
2. Euskadiko irakurketa
publikoko sareko liburutegiek eskubidea izango dute Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak irakurketa publikoa bultzatzeko
ematen dituen zerbitzuetara irispidea izateko. Funtsean, hauek izango dira
zerbitzuak:
a) Aholkularitza, lankidetza eta sostengua, funtsak eskuratzeko
orduan.
b) Langileak etengabe prestatzea eta beren lanbiderako birziklatzea.
c) Bikoiztuta dauden edo sobera diren funtsen tratamendua.
d) Liburutegiei laguntza teknikoa ematea.
e) Euskadiko irakurketa publikoko sarearen katalogo kolektiboa
prestatu eta kudeatzea.
f) Liburutegiak sustatzea.
g) Informazio bibliografiko eta dokumental hautatua eskaintzea.
h) Liburutegien arteko mailegua eta maileguaren laguntzarako funtsak
koordinatzea.
3. Arau teknikoak eta
telekomunikazioei, sare elektronikoei eta haiekin erlazionatutako ekipamenduari
dagozkien arauak aplikatuko dira, hartara nazio eta nazioarte mailako
informazio-trukea errazteko.
4. Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, urtero, laguntza-programak eta
zerbitzuak jarriko ditu liburutegientzat bere aurrekontuetan, bereziki
informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera
sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu
batzuetarako.
5. Euskadiko
irakurketa publikoko sareko liburutegiek lehentasuna izango dute Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak liburutegien
alorrerako ematen dituen laguntzak eskuratzeko.
6. Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, Euskadiko irakurketa publikoko
sarean dauden liburutegiekin lankidetzan arituz, katalogazio zentralizatua
egiteko behar diren mekanismoak jarriko ditu irakurketa publikoaren maparen
esparruan.
21. Artikulua - Irakurketa publikoko sarearen ikuskapena
Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko irakurketa
publikoko sareko zentroei informazioa eskatzen badie indarrean dagoen araudia
betetzen duten egiaztatzeko, zentroek eskatu zaien informazioa eman beharra
izango dute, eta ez dute eragozpenik jarriko Kultura Saileko teknikariek
haietara sarbidea izateko eta beren lana egiteko.
22. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegien erregistroa
Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak Euskadiko irakurketa
publikoko sarea osatzen duten liburutegien erregistro eguneratua izango du.
Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko da.
23. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen
mapa
1. Irakurketa
publikoko sarearen mapa liburutegi-plangintza estrategiko eta operatiborako
tresna da, eta bertan jasotzen dira Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegiak, irakurketa publikoaren beharrak eta herrigune bakoitzari
dagozkion zerbitzu-moduluak.
2. Irakurketa
publikoko sarearen mapan hainbat irakurketa-barruti zehaztuko dira, eta sareko
liburutegiak identifikatuko dira liburutegiek eman behar dituzten zerbitzuak
eta horien finantziazio-beharrak aztertuta.
3. Eusko Jaurlaritzan
kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak, Liburutegien Aholku Batzordeari
kontsultatu ondoren, irakurketa publikoaren mapa onartuko du eta eguneratuta
izango du.
4. Irakurketa
publikoaren mapan, emaitzen kalitatea neurtzeko jarraibideak ezarriko dira mota
bateko eta besteko liburutegiei eta haien zereginei dagokienez.
5. Mapa aldian-aldian
eguneratuko da, erregelamendu bidez zehazten denari jarraituz.
24. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sareko
langileak
1. Euskadiko
irakurketa publikoko sareko liburutegiek langile egokiak izango dituzte, hau
da, nork bere eginkizunak betetzeko behar duen prestakuntza eta maila teknikoa
izango du, betiere irakurketa publikoaren maparen arabera.
2. Sareko
liburutegietako langile teknikoen lanbide-baldintzak erregelamendu bidez
zehaztuko dira.
25. Artikulua - Euskadiko irakurketa publikoko sarearen
katalogo kolektiboa
Euskadiko
irakurketa publikoko sareko liburutegietako funtsen katalogazio bateratu eta partekatua
egiteko irizpideak bermatzeko eta liburutegiok batak besteen funtsak ezagutzen
dituztela ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen
sailak katalogo kolektiboa koordinatu eta kudeatuko du.
26. Artikulua - Irakurketa publikoko sarearen antolaketa
1. Zein arlotan
diharduten kontuan hartuta, sareko liburutegiak eta liburutegi-zerbitzuak mota
hauetakoak izan daitezke:
a) Hiri-liburutegi nagusiak.
b) Herrietako liburutegiak.
c) Liburutegi-zerbitzu mugikorrak.
d) Irakurketa publikoa bultzatzeko zentroak.
2. Hogeita hamar mila
biztanletik gorako udalerriek hiri-liburutegi nagusiak izango dituzte. Horiek
udalerriko beren liburutegi eta liburutegi-zerbitzuak koordinatuko dituzte.
3. Bost mila
biztanletik gorako udalerriek herriko liburutegiak izango dituzte. Eusko
Jaurlaritzak ahaleginak egingo ditu 3.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerriek
herriko liburutegiak izan ditzaten, eta, biztanle gutxiagoko udalerrien kasuan,
horiek biltzea sustatuko du, liburutegi-zerbitzua eman ahal izan dezaten.
4. Liburutegi-zerbitzu
mugikorrak: zerbitzuon helburua da informaziorako irispidea bermatzea eta
zerbitzu egonkorrik ez duten alde edo herrietan irakurketa publikoko zerbitzua
eskaintzea, betiere irakurketa publikoaren mapan zehaztutako moduan eta
baldintzetan.
5. Irakurketa publikoa
bultzatzeko zentroak: liburutegi-zerbitzu bat izatera behartuta ez dauden
udalerrietan irakurketa publikoa sustatzeko sortutako zentroak dira.
IV. TITULUA
EUSKADIKO LIBURUTEGIA
27. Artikulua - Definizioa
1. Euskadiko
Liburutegia sistemaren buru izango da eta bera arduratuko da Euskadin eta
euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo ekoitzitako lanak eta
euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutakoak bereziki euskal autoreek
egindakoak eta euskaraz egindakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz,
euskarria dena dela. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan alor honetan
diharduten gainerako erakunde publikoekin koordinatuko da, horiek osagarri
izango dituelarik.
2. Euskadiko
Liburutegiak ahaleginak egingo ditu Euskadiko bibliografia-ondarea kontserba
eta zabal dadin. Ondare horretan sartzen dira, 1. paragrafoan deskribatutako
lanez gain, Euskadin egonik kultura- edo historia-balio nabarmenak dituzten
bibliografia-lanak, kultura-ondareari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
3. Euskadiko
Liburutegia, Autonomia Erkidegoko bibliografia-zentroa, euskal kulturaren
nazioarteko kontsulta eta ikerketarako zentroa izango da, eskuratu beharreko
lanak eskuratuz edo legerian aurreikusitako beste edozein bide erabiliz.
4. Euskadiko
Liburutegia euskal ondare digitalaren egoitza izango da.
28. Artikulua - Izaera, egitura eta funtzionamendua
Euskadiko
Liburutegia Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailari
atxikitako erakunde autonomoa da. Egitura eta funtzionamendua legez zehaztuko
dira.
29. Artikulua - Eginkizunak
1. Euskadiko
Liburutegiak eginkizun hauek izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde
osoan:
a) Euskadin eta euskararen hizkuntza-esparruan argitaratu edo
ekoitzitako lan guztiak eta euskararekin edo euskal kulturarekin
erlazionatutakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzea. Helburu hori lortzeko,
Euskadiko bibliografia-gordailuaren jasotzaile izango da, eta bide horretatik
heltzen ez zaizkion bibliografia-lanak, berriz, berak eskuratuko ditu.
b) Euskal bibliografia-ondarea eskuratu, kontserbatu eta zabaltzeko,
erakundeen arteko koordinazioa sustatzea.
c) Euskal ondare digitala sortu, babestu eta zabaltzeko eta ondare
horretarako irispidea bermatzeko mekanismo egokiak jartzea.
d) Ondare digitalaren alorrean lankidetza-programak sustatzea.
e) Euskal bibliografia egin, kudeatu eta zabaltzea, beste erakunde
batzuekin batera.
f) Beste erakunde batzuekin batera, ahaleginak egitea euskal
bibliografia-ondarea kontserba dadin, ondare horren euskarria dena dela.
g) Bibliografia-ondarearen katalogo kolektiboa egitea, Eusko
Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumenak dituen sailarekin batera.
h) Euskadiko bibliografia-ondarea babesteko laguntza-zerbitzuak
ematea, bereziki zaharberritzeko, erreproduzitzeko eta bikoiztuta dauden edo
sobera diren lanak kudeatzeko zerbitzuak.
i) Beste euskal liburutegietatik datozen funtsen gordetzaile izatea.
j) Beste dokumentu-sistema batzuekin lankidetzan arituz, liburutegi-
eta dokumentu-teknikei buruzko ikerketen aitzindari izatea.
k) Euskal bibliografia-ondarea sustatzea, beraren bibliografia- eta
dokumentu-funtsa osatzen duten materialen ikerketa, kontsulta, azterketa eta
erreprodukzioaren bidez.
2. Euskadiko
Liburutegiak nazioarteko bibliografia-arauak edota informazioa kudeatzeko
bestelako estandarrak egokituko ditu, eta, hala badagokio, Euskadiko Liburutegi
Sistema osorako katalogazio-arauak egingo ditu. Era berean, autoritateen katalogoa
ikuskatu, baliozkotu eta zerrenda bakarrean bateratuko du.
3. Euskadiko
Liburutegiak katalogoetan, argitalpenetan eta beraren jardueren zabalkundean
elebitasuna kontuan har dadin bermatuko du.
30. Artikulua - Beste zentro batzuekin koordinatzea
1. Euskadiko
Liburutegiak lankidetza- eta koordinazio-harremanak izango ditu
bibliografia-intereseko funtsak dituzten beste zentro batzuekin.
2. Bere eginkizunak
betetzeko orduan, Euskadiko Liburutegiak Euskadiko Liburutegi Sistemako gainerako
elementuekin lankidetzan jardungo du.
V TITULUA
UNIBERTSITATE ETA ESKOLA LIBURUTEGIAK
31. Artikulua - Unibertsitate-liburutegi publikoak
1. Unibertsitate-liburutegi
publikoek bibliografia-funts espezializatuak biltzen dituzte, eta unibertsitarioei
eta ikertzaileei ematen diete zerbitzua, baita zerbitzua eskatu eta zentroaren
baimena lortzen duten partikularrei ere.
2. Katalogatzeko,
liburutegien arteko mailegurako eta historia- edo kultura-balio nabarmenak
dituzten funtsak babesteko, unibertsitate-liburutegi publikoak Euskadiko
Liburutegiaren bidez koordinatuko dira gainerako liburutegi-sistemarekin.
Koordinazio horrezaz gainera, beste liburutegi batzuekin bestelako
koordinazio-bideak ere ezarri ahal izango dituzte zerbitzu komunak emateko.
32. Artikulua - Unibertsitate- eta eskola-liburutegiak
Euskadiko irakurketa publikoko sarean sartzea
Kulturaren
eta hezkuntzaren alorreko eskumenak dituzten sailek diseinatu eta aurrera
eramango dute eskola-liburutegiak Euskadiko irakurketa publikoko sarean
progresiboki eta beren borondatez sartzeko prozesua, liburutegi bakoitzak
hurbilen duen lurralde-esparrutik hasiz.
VI. TITULUA
EUSKADIKO BIBLIOGRAFIA GORDAILUA
33. Artikulua - Bibliografia-lanak
1. Erabiltzeko edo zabaltzeko
aurkeztutako lan guztiak izango dira bibliografia-lan, eta berdin da horien
formatua analogikoa edo digitala izan eta euskarria paperezkoa, elektronikoa
edo gerora sortuko den beste era batekoa izan. Bereziki, hauek joko dira
bibliografia-lantzat:
a) Liburuak eta antzeko materialak, hala nola opuskuluak, liburuxkak
eta gainerako dokumentu unitarioak, elektronikoak barne, hala liburuki
bakarrean nola faszikulutan edo emanalditan argitaratuak.
b) Aldizkako argitalpenak, elektronikoak barne, hala nola egunkariak,
astekariak, aldizkariak, buletinak eta maiztasun jakinarekin edo gabe, serie
etengabean, izenburu berberarekin eta bata bestearen segidako zenbakiekin
argitaratzen diren dokumentuak.
2. Lege honetan
arautzen den Euskadiko bibliografia-gordailuari begira, bibliografia-lantzat
joko dira, besteak beste, musika-partiturak, lan grafikoak, argazki-lanak,
mapak eta planoak, soinuzko lanak, ikus-entzunezkoak, zinematografikoak eta
multimedia-lanak, ekoizteko, argitaratzeko edo zabaltzeko prozedura teknikoa
dena dela. Kanpoan gelditzen dira arte-grabaturik edo azalpen-testu tekniko edo
literariorik ez duten gizarte- edo merkataritza-izaerako inprimakiak eta
bulego-materialak.
34. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailua
1. Lege honen ondorioetarako,
Euskadiko Bibliografia Gordailua Euskadiko eta euskararen hizkuntza-esparruko
bibliografia-ekoizpen osoaren aleak eta euskararekin edo euskal kulturarekin
erlazionatuarenak jaso eta kontserbatzeko eratutakoa da. Gordailua Euskadiko
Liburutegian edo lege hau garatzeko arauetan zehaztutako gordailu-zentroetan
eratuko da.
2. Euskadiko
Bibliografia Gordailua lege honetan ezartzen diren ondasunak entregatuz eratuko
da.
3. Entregatu beharreko
aleen kopurua eta baldintzak erregelamenduz ezarriko dira.
35. Artikulua - Gordailu-zentroak
Euskadiko
Bibliografia Gordailua Euskadiko Liburutegian eratuko da, Euskal Autonomia
Erkidegoko lurralde osorako. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko
eskumenak dituen saileko buruak beste zentro edo zerbitzu batzuk ere ezar
ditzake horretarako, agindu bidez.
36. Artikulua - Euskadiko bibliografia-gordailu gisa jaso
behar diren ondasunak
1. Euskadiko
bibliografia-gordailu gisa ondasun hauek jaso behar dira:
a) Lege honen 33. artikuluaren arabera bibliografia-lantzat jotzen
direnak, Euskadin inprimatu, grabatu, ekoitzi edo argitaratu badira.
b) Aurreko idatz-zatian aipatutakoak, baldin eta, Euskaditik kanpo
inprimatu, grabatu, ekoitzi edo argitaratuak izan arren, euskal erakunde
publiko batek edo egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo
juridiko batek egin baditu eta, horretarako, diru-laguntza edo laguntza
publikoak jaso baditu edo edozein eratako onura fiskalak izan baditu,
erregelamenduz ezartzen denaren arabera.
2. Zalantzarik badago,
Euskadiko Liburutegiak zehaztuko du gordailua nahitaez egin behar den ala ez,
artikulu honetan ezarritakoaren arabera.
37. Artikulua - Bibliografia-ondarea borondatez
gordailutzea
1. Lege honen arabera
nahitaez gordailutu behar ez diren ondasunen kasuan, borondatez gordailutu ahal
izango dira Euskadiko Liburutegiari eskabidea eginda. Eskabidea egin eta sei
hilabeteko epean berariazko ebazpenaren jakinarazpenik egin ez bada,
interesatuak eskabidea ukatutzat jo dezake.
2. Bibliografia-ondarearen
borondatezko gordailurako prozedura eta baldintzak erregelamenduz arautuko
dira.
3. Berariazko
araudirik ez badago, borondatez gordailutzeko ondasunei nahitaezko gordailuaren
arauak aplikatuko zaizkie.
38. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailua egin
behar dutenak
Inprimatutako
lanen kasuan, inprimatzaileek egin behar dute gordailua; bestelako lanen
kasuan, berriz, ekoizleek.
39. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailuko ondasunak
entregatzeko epea eta tokia
1. Nahitaezko
gordailua osatzen duten ondasunak hiru hilabeteko epean entregatuko dira,
gordailutu beharreko lana amaitzen denetik kontatuta.
2. Ondasunak Euskadiko
Liburutegian edo 35. artikuluan adierazitako gordailu-zentroetan entregatuko
dira.
40. Artikulua - Euskadiko Bibliografia Gordailuko
funtsetarako irispidea
Lege
hau garatzeko erregelamenduetan finkatuko dira Euskadiko Bibliografia
Gordailuko funtsetara irispidea izateko baldintzak.
VII. TITULUA
NAZIO INTERESEKO FUNTSAK
41. Artikulua - Nazio-intereseko funtsei buruzko
adierazpena
Liburutegietan
dauden kultura-balio bereziko bibliografia-funtsak jo ahal izango dira
nazio-interesekotzat. Ondasun horiei Euskal Kultura Ondarearen Legean
sailkatutako ondasun higigarrientzat xedatutakoa aplikatuko zaie.
42. Artikulua - Adierazpenaren ondorioak
1. Funtsen bat
nazio-interesekotzat jotzen bada, funts hori dagoen liburutegiaren titularrek betebehar
hauek izango dituzte bibliografia-ondareari buruzko legerian ezarritakoez gain:
a) Euskadiko Liburutegiarekin batera lan egitea funtsa katalogatzeko
eta bibliografia-ondarearen dagokion katalogoan sartzeko.
b) Euskadiko Liburutegiarekin batera lan egitea funtsa kontserbatu eta
zabaltzeko.
2. Lehenengo
paragrafoan ezarritako betebeharrak betetzeko, liburutegien titularrek
Euskadiko Liburutegiaren laguntza tekniko eta ekonomikoa izango dute.
43. Artikulua - Funtsak kontserbatu eta erreproduzitzeko
arauak
1. Euskadiko
liburutegiek ahaleginak egingo dituzte dauzkaten nazio-intereseko funtsak
kontserba eta babes daitezen, Euskal Kultura Ondarearen Legean ezarritakoaren
arabera.
2. Funtsik
erreproduzitu edo konbertitu nahi izanez gero, aldez aurretik Euskadiko
Liburutegiari jakinaraziko zaio, behar diren segurtasun-neurriak jar ditzan.
3. Antzinako funtsak
edo funts espezializatu, arraro edo baliotsuak dituzten liburutegiek, horiek
kontserbatu eta ebaluatzeko bitartekorik ez badute, Euskadiko Liburutegira jo
dezakete laguntza eta orientabide bila.
VIII. TITULUA
LIBURUTEGIEN AHOLKU BATZORDEA
44. Artikulua - Liburutegien Aholku Batzordea
1. Euskadiko
Liburutegien Aholku Batzordea sortzen da, Eusko Jaurlaritzaren izaera teknikoko
organo aholku-emaile izan dadin lege honi eta lege honen garapenari dagozkien
gaietan.
2. Euskadiko
Liburutegien Aholku Batzordea Euskadiko Liburutegi Sistemaren
informazio-kontsulta- eta aholku-organoa izango da, eta liburutegien
erregelamendu-proposamenei buruzko irizpena emango du nahitaez.
3. Hauek izango dira
Liburutegien Aholku Batzordearen eginkizunak:
a) Euskadiko Liburutegi Sistemaren informazio-, kontsulta- eta
aholku-organo izatea.
b) Liburutegien alorreko eskumenak dituen sailari neurriak proposatzea
Euskadiko Liburutegi Sistemaren helburuak hobeto betetzeko.
c) Euskadiko Liburutegi Sistemari buruzko planak ezagutzea eta horiei
buruzko irizpenak ematea.
d) Beharrezko iritzitako neurriak proposatzea irakurzaletasuna eta
informazioaren erabilera sustatzeko.
e) Liburutegiei buruzko erregelamenduzko arauen proposamenez irizpenak ematea.
4. Liburutegien Aholku
Batzordearen barruan batzorde bereziak eratu ahal izango dira, lege hau garatzeko
arauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Batzordeak berak erabakiko ditu horien
osaera eta eginkizunak.
5. Osaera
erregelamendu bidez arautuko da, Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen duten sektore
eta erakunde guztien partaidetza bermatuta, baita liburutegien eta
bibliografia-ondarearen arloan ospea duten elkarte, entitate eta pertsonena
ere.
IX. TITULUA
ZEHATZEKO ARAUBIDEA
45. Artikulua - Xedapen orokorrak
1. Euskal Kultura
Ondarearen Legean aipatzen diren arau-hauste orokorrez gain, titulu honetan
aipatzen diren egiteak eta ez-egiteak liburutegien alorreko arau-hauste
administratibo berezitzat joko dira.
2. Legea garatzeko
arauetan titulu honetan araututako arau-hauste tipoak zehaztu ahal izango dira,
beren funtsezko elementuen arabera. Garapen-arauetan, ordea, ezin izango dira
inolaz ere aldatu arau-hauste tipo horien izaera edo lege honetan zehaztutako
mugak.
3. Euskadiko
Liburutegi Sistemaren erabiltzaileen datu pertsonalekin zerikusia duten egiteak
edo ez-egiteak datu pertsonalen babeserako araudiaren arabera zehatuko dira.
46. Artikulua - Arau-hausteen sailkapena
Arau-hauste
administratiboak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
47. Artikulua - Arau-hauste arinak
Egite
eta ez-egite hauek izango dira arau-hauste arinak:
1. Euskadiko
Liburutegi Sistemako zerbitzuek ondo funtzionatzeko behar den portaera zuzen
eta egokia gordetzeko betebeharra ez betetzea, lege honetan ezarritakoaren arabera,
eta, zehazki, honako hauek:
a) Beste erabiltzaileen eskubideak ez errespetatzea, portaera hori
arau-hauste larria ez denean.
b) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegiak eta gainerako
zerbitzuak erabiltzean, behar den ordena, errespetua eta gizalegea ez erakustea
edo ordena hori edozein modutan haustea.
c) Liburutegi-zentro edo -zerbitzuak, bertara joanda edo urrutitik,
erabiltzaile-eskubideak gauzatzea ez den beste zerbaitetarako erabiltzea, hori
arau-hauste larria ez denean.
d) Liburutegi-materialak, informaziozkoak edo beste edozein material
gaizki tratatzea edo hondatzea, hori arau-hauste larria ez denean.
e) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako
zerbitzuen ondasun higigarri zein higiezinak gaizki tratatzea edo hondatzea,
hori arau-hauste larria ez denean.
f) Maileguan utzitako liburuak eta, oro har, materialak galtzea edo ez
itzultzea.
g) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegietan eta gainerako
zerbitzuetan lan egiten dutenek erabiltzaile-izaera egiaztatzeko eskatzen dutenean,
horri uko egitea.
h) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegietan eta gainerako
zerbitzuetan lan egiten dutenek emandako aginduak edo egindako oharrak ez
betetzea eta, oro har, pertsona horiekin errespetuz ez jokatzea.
2. Lege honetan
ezarritako edozein betebehar ez betetzea, baldin eta hori arau-hauste larria ez
bada.
48. Artikulua - Arau-hauste larriak
Hauek
dira arau-hauste larriak:
1. Erabiltzaileek
liburutegian bertan edo urrutitik informaziora irispidea izateko duten
eskubidea arrazoi justifikaturik gabe urratu, mugatu edo edozein modutan
laburtzen duten egiteak edo ez-egiteak.
2. Euskadiko
Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako zerbitzuen
liburutegi-materialak edo informaziozkoak edo ondasun higigarri zein higiezinak
galtzea, suntsitzea edo, oro har, erabilezin bihurtzea dakarten dolozko egiteak
edo ez-egiteak.
3. Ikertzaileei
Euskadiko Bibliografia Gordailuko ondasunetarako irispidea arrazoi
justifikaturik gabe eragozten dieten egiteak edo ez-egiteak.
4. Euskadiko Liburutegi
Sistemaren titular eta kudeatzaileentzat ezarritako betebeharrak direla-eta
ikuskapenak egitera joaten direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio
orokorreko agintari eta funtzionarioei beren lana eragoztea edo oztopatzea.
5. Lege honen 8.
artikuluan ezarritako informazio-betebeharra arrazoi justifikaturik gabe ez
betetzea edo atzeratzea.
6. Lege honetan
Euskadiko bibliografia-gordailua erregulatzeko ematen diren arauetan ezarritako
betebeharrak ez betetzea.
7. Arau-hauste arin
bat egitea inguruabar larrigarri bi edo gehiago daudenean eta aringarririk ez.
Euskadiko irakurketa publikoko sareko liburutegi bat
ikuskatzean ondorioztatzen bada liburutegi hark ez duela betetzen araudia,
hots, ez duela betetzen langileei, azpiegituren baldintza teknikoei,
liburutegien kudeaketaren oinarri orokorrei eta funtzionamenduari, funtsen
katalogazio eta sailkatzeari, Euskadiko irakurketa publikoko sareko
liburutegien koordinazioari edo irakurketa publikoko katalogo kolektiboaren
mantentze-lanei buruzko araudia, kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak
ezarritako neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu liburutegiaren titularrak.
Horrela egiten ez badu, galdu egingo du irakurketa publikoa bultzatzeko
zerbitzuetara irispidea izateko eskubidea.
8. Liburutegi-zentro
edo -zerbitzuak, bertara joanda edo urrutitik, erabiltzaile-eskubideak
gauzatzea ez den beste zerbaitetarako erabiltzea, liburutegi-sisteman edo
-zentroetan edozein eratako kalteak eragiteko asmoz.
49. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Hauek
dira arau-hauste oso larriak:
1. Erabiltzaileek
liburutegian bertan edo urrutitik kultura- eta informazio-erregistroetara
irispidea izateko duten eskubidea arrazoi justifikaturik gabe urratu, mugatu
edo edozein modutan laburtzen duten egiteak edo ez-egiteak, baldin eta
berdintasun-printzipioa hautsi bada bai ideologia, erlijioa, nazionalitatea,
egoera juridikoa edo bestelako baldintza edo gorabehera sozial edo pertsonala
dela-eta, bai erregistroen eduki erlijioso, ideologiko, moral edo politikoa dela-eta.
2. Arau-hauste larri
bat egitea, inguruabar larrigarri bi edo gehiago daudenean eta aringarririk ez.
50. Artikulua - Arau-hausteen erantzuleak
1. Lege honetan
tipifikatutako egiteak edo ez-egiteak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak
izango dira arau-hausteen erantzule, baita ez-betetze mailan ere.
2. Liburutegien
titularrak izango dira, administrazioaren aurrean, Euskadiko Liburutegi
Sistemako erabiltzaileei zerbitzuak emateko hartutako langileen edo hirugarren
pertsonen arau-hausteen erantzule, baldin eta pertsona horiek ez badute haiekin
funtzionario- edo lan-lotura juridikorik.
3. Gurasoak, tutoreak
edo erabiltzaile adingabearen zaintza egiten duten pertsonak izango dira hari
ezartzen zaizkion diruzko zehapenen erantzule subsidiarioak
51. Artikulua - Arau-hausteen inguruabar larrigarriak eta
aringarriak
1. Hauek dira
inguruabar larrigarriak:
a) Nahita egitea.
b) Arau-hausteak beste erabiltzaileen eskubideetan duen eraginaren
larritasuna.
c) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako
zerbitzuen liburutegi-materialak, informaziozkoak eta erabiltzen diren
bestelakoak edo ondasun higigarri zein higiezinak gaizki tratatzearen edo
hondatzearen larritasuna.
d) Berrerortzea. Berrerortzea izango da urtebetean izaera berbereko
arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz horrela deklaratu denean.
Epea aurreko arau-hausteagatik ezarritako zehapena jakinarazi zenetik hasiko da
kontatzen.
2. Arau-haustetzat
jotzen direnak ezin izango dira inguruabar larrigarritzat jo.
3. Honako hauek
inguruabar aringarritzat joko dira: adingabea izatea, eragindako kaltea edo
galera eragileak bere kabuz berdintzea edo betebeharra zehapen-prozedura
izapidetzen den bitartean betetzea.
4. Zehapenaren zenbatekoa
edo iraupena zehazteko orduan, kontuan hartuko da inguruabar larrigarri edo
aringarririk dagoen.
52. Artikulua - Zehapen motak
1. Lege honetan
aurreikusitako arau-hausteengatik zehapen hauek jarriko dira:
a) Zehapen nagusiak:
- Ohartarazpena.
- Isuna.
b) Zehapen erantsiak:
- Erabiltzaile-eskubideak aldi baterako etetea.
- Euskadiko Liburutegi Sistemako edo irakurketa publikoko sareko kide
izateak dakartzan onurak aldi baterako etetea.
2. Hauek ez dira
zehapentzat joko:
a) Erabiltzaile bat liburutegitik botatzea ematen den zerbitzuan
ordena larriki hausteagatik.
b) Ezarritako bermea konfiskatzea maileguan utzitako liburuak edo
bestelako materialak itzultzeko betebeharra ez betetzeagatik.
c) Euskadiko Liburutegi Sistemako liburutegien eta gainerako
zerbitzuen liburutegi-materialak eta informaziozkoak edo bestelako ondasun
higigarri zein higiezinak galdu, suntsitu edo, oro har, erabilezin bihurtzeak
edo lege honetako betebeharrak ez betetzeak sortutako kalte eta galeren ordaina
emateko betebeharra. Kalte-ordaina bermetik kenduko da hasiera batean, baina
horrekin ezin bada dena ordaindu, gainerakoa ordaintzeko betebeharrak bere
horretan jarraituko du eta ordaintzea eska daiteke.
53. Artikulua - Zehapenak
1. Arau-hauste
arinengatik, ohartarazpena edo 3.000 eurorainoko isuna jarriko da zehapen
modura. Zehapen erantsi gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, sei
hilabeterako gehienez.
2. Arau-hauste
larriengatik, 3.001 eta 15.000 euro bitarteko isuna jarriko da. Zehapen erantsi
gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, urtebeterako gehienez, edo
Euskadiko Liburutegi Sistemako kide izateak dakartzan onurak eten daitezke, bi
urterako gehienez.
3. Arau-hauste oso
larriengatik, 15.001 eta 60.000 euro bitarteko isuna jarriko da. Zehapen
erantsi gisa, erabiltzaile-eskubideak eten daitezke, bi urterako gehienez ere,
edo Euskadiko Liburutegi Sistemako kide izateak dakartzan onurak eten daitezke,
hiru urterako gehienez ere.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa
Lege
hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean, Euskadiko
Liburutegien Aholku Batzordea eratuko da.
Bigarrena
Euskadiko
Liburutegien Aholku Batzordea eratu eta gehienez ere urtebeteko epean,
irakurketa publikoaren mapa onartuko da.
Hirugarrena
Eusko
Jaurlaritzak liburutegien arteko koordinazio eta informaziorako balioko duten
sareak sor daitezen bultzatuko du, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden liburutegiei
dagokienez, euskal etxeetakoei dagokienez bereziki, baldin eta liburutegi
horiek euskararekin edo euskal kulturarekin erlazionatutako funts
garrantzitsuak badituzte.
Laugarrena
Lege
hau indarrean sartu eta gehienez ere 18 hilabetera eratuko da Euskadiko
Liburutegia.
Xedapen Iragankorrak
Lehenengoa
Udal-liburutegiek
bost urteko epea izango dute, gehienez, irakurketa publikoaren mapa Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, Euskadiko irakurketa
publikoko sareko liburutegiei eskatzen zaizkien betekizunak guztiz betetzeko.
Bigarrena
Euskadiko
Liburutegia abian jarri arte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Liburutegi
Zerbitzuak beteko ditu haren eginkizunak.
Xedapen Indargabetzailea
Indarrik
gabe gelditzen dira Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 67
eta 68. artikuluak eta IV. tituluko II. kapitulua, bai eta lege honen aurka
doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.
Azken Xedapenak
Lehenengoa
Aldatu
egiten da Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 66. artikulua. Honela
geldituko da:
"Bibliografia-ekoizpen hauek
joko dira euskal bibliografia-ondaretzat: Euskadin eta euskararen lurraldeetan
argitaratu edo ekoitzitako lanak eta euskararekin edo euskal kulturarekin
erlazionatutakoak, bereziki euskal autoreek egindakoak eta euskaraz egindakoak,
horien euskarria dena dela.
Euskadiko bibliografia-ondarea,
aurreko lerrokadan aipatutakoez gain, Euskadin dauden eta historia- edo
kultura-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanek osatzen dute, horien
euskarria dena dela".
Bigarrena
Lege-gordailua
behar duten ondasunak Euskadiko Bibliografia Gordailua osatzen dutenekin batera
entregatu ahal izango dira, Estatuko araudian eta, hala badagokio,
autonomia-erkidegokoan ezarritako araubide juridikoa aplikatu behar bazaie ere.
Hirugarrena
Dekretu
bidez, Jaurlaritzaren Kontseiluak lege honetan aurreikusi diren zehapenen
zenbatekoak eguneratu ahal izango ditu.