Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

11/1988 Legea, ekainaren 29koa, Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundea sortzezkoa.

1988-06-29

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1988/8/6, 154. zk.; EAO, 2012/3/17, 66. zk.

§ 107. 11/1988 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, SOIN-HEZKUNTZAKO EUSKAL ERAKUNDEA SORTZEZKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

 

Euskal Herriko Autonomia-Elkarteak, Autonomia-Estatutuko 10.36 atalean esaten denez, Kirol-alorrean bakarreango agintepidea du.

 

Halaber, Autonomia-Estatutuko 16. atalean erabakitzen denez, "irakaskuntza, zabalera, maila, gradu era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate-Autonomoaren konpetentziapean dago".

 

Bestalde, Soin-Hezkuntzak hezkuntza-maila ezberdinetan duen garrantzia eta egiten ari den gorakoaren garrantzia gero eta nabarmenagoa denez, Soin-Hezkuntzako Erakundea eratzen da, Kultura eta Turismo-Sailari atxikiriko, arduralaritza-mailako ihardutze-erakunde burujabe gisa, eta Soin-Hezkuntzako titulodunak gaitzea, berariz gaitzea eta trebatzea, ikerlaritza suztatzea, eta kirol-teknikarien gaikuntzan diharduten beste izaikiekin batera lankide izatea izango ditu bere egiteko.

 

Bigarren Izenburuan, bestalde, Erakundearen ihardutze-sailak finkatzen dira: Zuzendaritzako Zaingo-Batzordea, Irakasle-Batzarra eta Soin-Hezkuntzako Erakundeko Artezkaria.

 

Hirugarren Izenburuan, Erakundeak bere helburuak betetzeko eta egiteratzeko izango dituen diruzko eskuarteak finkatzen dira.

 

I IZENBURUA

SOIN-HEZKUNTZAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN LEGEZKO JAURPIDEA

 

Lehenengo Atala

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundea eratzen da, Kultura eta Turismo-Salari atxikiriko, arduralaritza-mailako ihardutze-erakunde burujabe gisa; berenezko lege-nortasuna eta bere helburuak betetzeko ihardutzeko ahalmen osoa duela.

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundearen egoitza Vitoria-Gasteizen kokatuko da.

 

2. Atala

 

1.- Honako helburu hauek izango ditu Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeak:

 

a) Soin-Hezkuntzako tituloaren jabe izateko behar diren jakintzak irakatsi eta gaikuntza ematea, hala behar izanez gero, indarrean dauden legeen arauera, hirugarren sailekoak barne. Irakaskuntzak, Euskeraren Erabilera Normaltzeko Oinarrizko 10/82 Legearen arauera, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteko bi hizkuntza ofizialetan emango dira.

b) Soin-Hezkuntzako titulodunak hobetzea eta berariz gaitzea.

c) OHO-eko irakasleak Soin-Hezkuntzan hobetzea eta berariz gaitzea.

d) Soin-Hezkuntzaren alorreko zientzia-ikerkuntza, horretarako beste ihardutze-erakundeekin ituneak egin ahal izango dituela.

e) Bere baliapide eta antolapideen eraentza eta horiei onean eustea.

f) Kirol-teknikarien gaikuntzan diharduten beste ikastegiekin lankide izatea.

 

2.- Helburu horiek aurrera eramateko, Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeak ikastaroak eta mintegiak antolatu, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Sailarekin antolakidetza-moduak eratu, baita indarrean dauden legeei atxikizko azterlan-egitamuak gertatu ere, ahal izango ditu.

 

III IZENBURUA

SOIN-HEZKUNTZAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN JAURGORAKO SAILAK

 

3. Atala

 

Honako hauek izango dira Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundearen Jaurtze-sailak:

 

a) Bateangoak: Zaingo-Batzordea eta Irakasle-Batzarra.

b) Lagun bakarreko Sailak: Zuzendaria.

 

4. Atala

 

Zuzendaritzako Zaingo-Batzordea honako kideok osatuko dute:

 

Lehendakari: Kultura eta Turismo-Sailburua.

Lehendakariorde: Gazteria eta Kiroletarako Sailburuordea.

Batzordekideak:

- Kultura eta Turismo-Saileko Kirol-Artezkaria.

- Autonomia-Elkartea osatzen duten Kondaira-Lurraldeetako Foru-Diputazioetako bakoitzeko Kultura-Diputatuak.

- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza-Saileko bi ordezkari.

- Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte-Kontseiluko ordezkari bat.

- Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeko Lehendakariak Soin-Hezkuntzan eta Kirol-alorrean ospe haundiko diren lagunen artetik aukeratutako bi ordezkari.

- Erakundeko Irakasle-Batzarreko bi ordezkari.

- Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko ikasleen bi ordezkari.

- Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendaria.

- Kultura eta Turismo-Saileko teknikari bat; honek, hizpidea bai, baina boto-eskubiderik gabe, Idazkaritza-lanak egingo ditu.

 

5. Atala

 

Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeko Lehendakariari dagokio Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundearen ordezkotza ofiziala, horrek esku emanez, edo horren ezean edo ezinean, ordezko gisa Lehendakariordeak izan dezakeela.

 

6. Atala

 

Honako hauek izango dira Zuzendaritzako Zaingo-Batzordearen berenezko egitekoak:

 

- 3. atalean esandako helburuak betetzeko ardura izatea.

- Zuzendariak aurkeztuko duen Barne-Jaurpiderako Araudia onartzea.

- Erakundearen ihardunerako Urteko Egitamua onartzea.

- Jaurlaritzara bidaltzeko, urteko Aurrekontuen egitasmotarakoa onartzea.

- Erakundearen eraenpideari eta ekintzei buruzko urteko argipide-txostena onartzea.

- Erakundeari datxezkon ondasun eta baltzen ardura eta eraenpidea.

- Lege eta araudietan izenda dakizkiokeen beste guztiak.

 

7. Atala

 

Erakundeko Irakasle-Batzarra, Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendariaren artezkaritzapean, irakasle guztiek osatuko dute. Horren antolakuntza eta ihardunbidea araudi-bidez onduko dira.

 

8. Atala

 

Irakasle-Batzarrak Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeari eta Erakundeko Zuzendariari aholkuak eman eta irakaspidetza eta pedagojia-alorrean komenigarritzat eritzitako saloak egingo dizkie eta, halaber, Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko mailaz-mailako arauek bere esku utzi diezazkioten beste egiteko guztietan arituko da.

 

9. Atala

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendaria, Kultura eta Turismo-Sailburuaren saloz eta Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeari entzun ondoren, Jaurlaritzako Dekretoz izendatuko da.

 

Kargu horrek, Jaurlaritzaren Legean esaten denari jarraiki, Lanarigoaren Araudian Zuzendari-mailarako esaten dena izango du jaurpide.

 

10. Atala

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundeko Zuzendariak honako egiteko hauek izango ditu:

 

- Zuzendaritzako Zaingo-Batzordearen erabakiak eta ebazpenak egiteratzea.

- Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeari aldika eta horrek eska dezan guztietan, Erakundearen aribidearen berri ematea.

- Erakundeko urteko altzinak emanezko argipide-txostena gertatzea.

- Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundearen urte osorako diruegitamutarakoa gertatzea.

- Erakundeko irakaskuntzaren eta arduralaritzaren artezkaritza bere gain hartzea.

- Lanarien burugoa izatea.

- Urtean-urtean eginbideratu beharreko ekintza-egitasmoa Zuzendaritzako Zaingo-Batzordeari aurkeztea.

- Irakasle-Batzarraren bilkuretako buru izatea.

- Legeek eta araudiek eman diezazkioten beste egiteko guztiak.

 

III IZENBURUA

DIRUZKO BALIAPIDEAK

 

11. Atala

 

Honako hauek dira Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundearen diruzko eskuarte:

 

- Euskal Autonomia-Elkarteko Diruegitamu Nagusietan izendatu dakizkion baltzak.

- Izen-emate, tituloak, diplomak, ikasketa-agiriak emateagatikako eskubideak eta zerbitzu egiteagatikako beste eskubide guztiak.

- Erakundearen ondarea osatzen duten ondasun eta balioak.

- Ondasun horietatikako ekoizki eta irabaziak.

- Erakundea berari dagokion eremuan arituz, bere ekintzetatik sor daitezkeen diru-eskuraketak.

- Foru-Diputazioek, Udalek edo herri nahiz norbanako-alorreko erakundeek erabaki ditzaten diruzko eskuarteak.

- Legez eman dakizkion diru-laguntzak.

- Jaso ditzan era guztietako emaitzak, baita eman dakizkion hil-ondare, hilburuko emaitza eta sariak ere.

 

Gehigarrizko Erabakietak

 

Lehenengoa

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundea Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzea lehiaraziko du Eusko Jaurlaritzak.

 

Bigarrena

 

Soin-Hezkuntzako Euskal Erakundea Unibertsitateari atxiki dakion unean, Unibertsitate horrekin izenpetu beharreko itunean zehaztuta egon daitezen edozein eratako baldintza guztiak beteko ditu Jaurlaritzak.

 

Hirugarrena

 

Zuzendaritzako Zaingo-Batzordearen Barne-Jaurpiderako Araudia onar ez dadin bitartean, Zaingo-Batzordea bere ihardunbide eta erabakiak hartzeko erarekikoan, Arduralaritzabide-Legeko Lehenengo Izenburuko Bigarren Atalburuan agintzen denari atxikiko zaio.

 

Baliogabetzezko Erabakia

 

Soin-Hezkuntzarako Euskal Erakundea sortaraztezko, uztailaren 22ko 170/1986 Dekretua baliogabetuta geratzen da.

 

Azken Erabakiak

 

Lehenengoa

 

Lege hau osabideratzeko eta egiteratzeko beharrezko izan daitezen araudibidezko manuak Kultura eta Turismo-Sailburuaren saloz emateko baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

 

Bigarrena

 

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamonetik jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra