10/2007 Legea, ekainaren 29koa, Ahalmen Urrituentzako Laguntza Txakurrei buruzkoa.
2007-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2007/7/20, 140. zk.; EAO, 2011/10/26, 258. zk.
§ 293. 10/2007 LEGEA, EKAINAREN 29KOA, AHALMEN URRITUENTZAKO
LAGUNTZA TXAKURREI BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 10.12 artikuluan Euskal
Autonomia Erkidegoari gizarte-laguntzaren arloan ematen zaion eskumen
esklusiboaren arabera onesten da lege hau. Halaber, kontuan hartu behar da
Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foruzko
Jardute Erakundeen arteko Legean lurralde historikoetako foru-organoei ematen
zaiela, bakoitzari bere lurraldean, arlo horretakoak betetzeko eskumena.
Bestetik, gure Estatutuaren testuaren 9.2 artikuluan ezartzen
da euskal botere publikoei dagokiela, haien eskumenen barruan, gizabanakoaren
eta taldeen arteko askatasuna eta berdintasuna lortzeko baldintzak bultzatzea
eta oztopoak kentzea askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak
izan daitezen, bai eta politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean herritar
guztien parte-hartzea erraztea ere.
Konstituzioko 14. artikuluan jasota dagoen
berdintasun-printzipioa benetan gauzatuko bada, pertsona guztiek gune
publikoetara sartzeko eta gune horiek erabiltzeko modua izango dutela bermatu
beharra dago, haien gizarte-integrazioaren alde egiteko. Hartara, 49.
artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, botere publikoek urritasun
fisiko, sentsorial edo psikikoa dutenei begira aurreneurri-, tratamendu-,
birgaitze- eta integrazio-politika egin beharko dute, eta, horren arabera,
behar duten arreta berezia eman beharko zaie ahalmen-urrituei eta haien
eskubideak babestu beharko dira.
Horrela, euskal instituzioek, beren eskumenen esparruan,
ahalmen-urrituak integratzeko ekimenak aurrera eraman dituzte. Autonomia
Erkidegoaren esparruan, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997
Legeak eredu berria du helburu, izan ere, oztopo arkitektonikoak
desagerraraztea aldarrikatzen duen kontzeptu klasikotik harago joaten da, gure
Erkidegoko pertsona guztiek, eta bereziki hainbat arrazoirengatik
ahalmen-urritasunen bat dutenek, ingurune fisikora eta komunikaziora iristeko
modua bermatuta izan dezaten.
Lege honek Itsu Txakurren azaroaren 21eko 17/1997 Legea, Eusko
Legebiltzarrak onetsitakoa, indargabetzen du. Ikusteko arazoak dituzten
pertsonentzat tresna baliotsua izan bazen ere, denboraren joanean guztiz arau
zorrotza bilakatu da, ikusmen-urritasuna ez den beste urritasunen bat duten
pertsonei ez baitie onartzen laguntza-txakurrak erabiltzea.
Legearen helburua eskubide hori zabaltzea da, hots, beren
ahalmen-urritasunek ezarritako mugak gainditzeko txakur baten laguntza behar
duten pertsona guztiengana hedatzea.
Legea bi kapitulutan egituratzen da. Lehenengo kapituluan
xedapen orokorrak daude jasota, eta honako hauek arautzen dira: laguntza-txakur
gisa errekonozitzeko eskakizunak izaera aitorzeko eskumena foru-aldundiei
ematen zaie; laguntza-txakurra erabiltzen duten ahalmen-urrituek edozein leku,
establezimendu edo garraio publikotan edo erabilera publikokotan sartzeko,
ibiltzeko eta egoteko duten eskubidea, batetik, eta eskubide horretaz
baliatzean dituzten betebeharrak, bestetik. Bigarren kapituluan
zehapen-araubidea ezartzen da, legean adierazitako eskubideak eta betebeharrak
benetan bete daitezen; foru-aldundiei ematen zaie zehatzeko eskumena.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Helburua eta aplikazio-eremua
Lege honen helburua da laguntza-txakur batekin ibiltzen diren
ahalmen-urritu guztiei erabilera publikoko edozein toki, establezimendu edo
garraiotan, hala titulartasun publiko nola pribatukoetan, txakurrarekin
sartzeko, ibiltzeko edo egoteko eskubidea aitortu eta bermatzea.
2. Artikulua - Laguntza-txakurra zer den
Ahalmen-urrituekin ibiltzeko, haiek gidatzeko, laguntzeko eta
sorosteko trebatutako txakurrak dira laguntza-txakurrak, betiere balio
ezaguneko erakunde espezializatuetan trebatuak.
3. Artikulua - Errekonozitzea eta identifikatzea
1. Laguntza-txakur
gisa errekonozitzeko, ondoren aipatzen diren eskakizunak bete beharko dira:
a) Txakurrak lege honetako 2. artikuluan zehaztutako egitekoetan
trebakuntza jaso duela dioen egiaztagiria izatea.
b) Hurrengo artikuluan aipatzen diren higiene eta osasun arloko
baldintzak betetzen direla dioen egiaztagiria izatea.
c) Laguntza-txakurraren erabiltzailea identifikatzea.
2. Laguntza-txakurra
dela onartu eta gero, ezaugarri hori bizitza osoan gordeko du txakurrak, lege
honetako 6.4 artikuluan esaten dena kontuan izan beharko bada ere.
3. Laguntza-txakurra beti
halakotzat identifikatzen duen ikurrarekin ibiliko da. Horrekin batera,
txakur-espezieko animalia izateagatik eraman beharreko gainerako
identifikazioak ere jarrita eduki beharko ditu.
4. Foru-aldundien
eginkizuna izango da, bakoitzak bere lurraldean diharduela, laguntza-txakurrak
errekonozitu eta identifikatzea. Orobat, akreditaziorako prozedura ere xedatu
beharko dute.
5. Erabiltzaileari
laguntza-txakurraren egiaztagiria agintari eskudunak edo kasuan kasuko
zerbitzuko arduradunak soilik eskatu ahal izango dio.
6. Euskal Autonomia
Erkidegoan bizi ez eta laguntza-txakurra erabiltzen duten ahalmen-urrituek
baliozkoa izango dute, aldi bateko egonaldietan, dagokien administrazio
publikoak emandako egiaztagiria.
4. Artikulua - Higiene- eta osasun-baldintzak
1. Orokorrean etxeko
animalia guztiek higiene eta osasun arloan bete beharreko baldintzez gainera,
beste hauek ere bete beharko dituzte laguntza-txakurrek:
a) Ezin izango dute pertsonei kutsatzeko moduko gaixotasunik eduki.
Gaixotasun horiek une bakoitzean indarrean dagoen antropozoonosien taulan
jasotakoak izango dira.
b) Errabiaren kontrako txertoa hartuta egon beharko dute,
ekinokokosiaren aurkako tratamendua hartuta aldian-aldian; kanpoaldeko eta
barrualdeko parasitorik ere ez dute izan beharko. Bestalde, leishmaniasia,
leptospirosia eta bruzelosia duten edo ez ikusteko egindako probetan, emaitzak
negatiboa izan beharko du.
2. Aurreko paragrafoan
aipatzen diren gaitzetako bat ere ez duela egiaztatzeko, albaitariaren
egiaztagiria behar izango da.
3. Laguntza-txakur
izaten jarraitzeko, sei hilean behin azterketa egingo zaio txakurrari, artikulu
honetako lehen paragrafoan aipatzen diren higiene eta osasun arloko baldintzak
betetzen dituen edo ez ikusteko.
5. Artikulua - Leku publikoak edo erabilera publikoa
dutenak zeintzuk diren zehaztea
Legen honetako 1. artikuluan esaten denaren ondorioetarako,
hauek izango dira leku publikoak edo erabilera publikoa dutenak:
a) Bideei buruz unean-unean ezartzekoa den hirigintzako legedian
oinezkoentzako pasabide, oinezkoentzako bide eta oinezkoek bakarrik erabiltzeko
jotako bideak.
b) Aisiarako kanpoaldeko lekuak.
c) Era guztietako zentro ofizialak, titulartasuna edonolakoa dela ere,
orokorrean herritarrek sartzeko debekurik ez baldin badute.
d) Maila eta arlo guztietako ikastetxeak.
e) Osasun- eta laguntza-zentroak.
f) Kirol-instalazioak.
g) Zaharren egoitzak, zaharren etxeak eta zaharrei laguntzeko
elkarteak.
h) Erlijio-zentroak.
i) Merkataritzako denda eta establezimenduak.
j) Profesional liberalen bulegoak.
k) Autobus, metro, tren eta garraio publikoko ibilgailu arinen
geltokiak, aireportuak eta portuak.
l) Azaroaren 10eko 4/1995 Legearen menpe dauden lokal eta
instalazioak. Lege hori ikuskizun publiko eta jolas-ekintzei buruzkoa da.
m) Hotelak, aterpeak, kanpamenduak, bungalow-ak, apartamentuak,
oporguneak, bainuetxeak, kanpinak eta diru-ordainaren truke pertsonei logelaren
bat edo egoitza eskaintzeko diren establezimenduak. Baita turismoarekin
zuzeneko zerikusia duten zerbitzuak eskaintzen dituzten bestelako jendaurreko
zerbitzuak ere.
n) Edozein garraio kolektibo publiko edo erabilera publikoko edozein
garraio kolektibo eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen eskumenekoak
diren hiriko edo hiriarteko ibilgailu arinen bidezko zerbitzuak.
o) Orokorrean, beste edozein leku, lokal edo establezimendu, erabilera
publikokoa edo jendearen arretarakoa baldin bada.
6. Artikulua - Eskubidea erabiltzea
1. Lege honetako 1.
artikuluan aitorturiko eskubideak, hainbat lekutan sartu, ibili eta egotekoak,
berekin dakar laguntza-txakurra erabiltzailearen ondoan etenik eta mugarik gabe
egotea. Horren salbuespena izango da hirugarrenentzat, erabiltzailearentzat
edota laguntza-txakurrarentzat berarentzat arriskua egotea.
2. Garraiobideetan
sartu, ibili eta egoteko eskubideak ondorio hauek izango ditu:
a) Laguntza-txakurraren erabiltzaileak lehentasuna izango du
jarlekurik zabalena aukeratzeko, inguruan leku libre zabalena duena aukeratzeko
edo pasabidearen alboan dagoena aukeratzeko, betiere zein garraio mota den
kontuan izanda.
b) Ibilgailu arinetan egindako hiri barruko edo hiri arteko
garraio-zerbitzuetan, laguntza-txakurra atzeko aldean joango da eskuarki,
erabiltzailearen oinen alboan jarrita, eta betetako lekuak zenbatzerakoan,
txakurra ere zenbatu egingo da.
Dena den, eta
erabiltzaileak hala nahi badu, aurreneko lerroko eskuineko jarlekua hartu ahal
izango du, laguntza-txakurra oinen alboan jarrita duela, ondorengo kasuetan:
- Ibilbide luzeko bidaietan.
- Erabiltzaile bi, laguntza-txakur banarekin, elkarrekin doazenean.
3. Lege honetan
aitortzen zaizkien eskubideak indarrik gabe geratuko dira, laguntza-txakurrek
gaixotasunenak izan daitezkeen ondorengo zantzuak baldin badituzte:
a) Sukarraren zantzuak.
b) Ilea normalean ez bezala galtzea.
c) Kaka arina egitea.
d) Jario anormalak izatea.
e) Azaleko parasitosien zantzuak.
f) Zauriak izatea, betiere neurriaren eta itxuraren arabera.
4. Animaliak
laguntza-txakur izaera galdu ahal izango du dagozkion eginkizunak betetzeko
gauza ez bada. Era berean, eraso egiteko jarreraren bat erakusten badu,
laguntza-txakur izaera galdu ahal izango du.
Foru-aldundiei dagokie, bakoitzari bere lurraldean,
laguntza-txakur izaera kentzea, erregelamendu bidez zehaztutako prozedura
jarraituta, baina kasu guztietan albaitariaren egiaztagiria behar izango da.
7. Artikulua - Gastu ekonomikoak
Lege honetan onartutako eskubideez baliatzeak ez dio eragingo
inolako gasturik, inoiz ere, laguntza-txakurraren erabiltzaileari.
8. Artikulua - Laguntza-txakurraren erabiltzailearen
betebeharrak
Laguntza-txakurra erabiltzen duten pertsonek legeetan
jasotakoak betetzeko betebeharra dute, baina, bereziki, ondorengoak beteko
dituzte:
a) Txakurra laguntza-txakurra dela egiaztatzen duen agiria, lehen
aipatutakoa, aldean eraman eta erakustea, hala eskatzen zaionean.
b) Laguntza-txakurra erakutsi dizkioten eginkizun bereziak egiteko
baino ez erabiltzea.
c) Bide eta leku publikoetan, edo erabilera publikokoetan, higiene-
eta segurtasun-arauak bete eta errespetatzea, erabiltzaileak duen
ahalmen-urritasunak uzten dion neurrian.
d) Erantzukizun zibila babestuko duen poliza izenpetuta edukitzea,
laguntza-txakurrak hirugarrenei egin diezaiekeen kaltea babestuta izateko.
II. KAPITULUA
ZEHAPEN ARAUBIDEA
9. Artikulua - Arau-hausteak
Lege honi dagokionez, legean esaten dena ez betetzea izango da
administrazioko arau-haustea. Legean bertan zehaztuta dago zeintzuk diren
arau-hausteak.
Jokabide horiek lege honetan xedatzen denaren arabera zehatuko
dira.
10. Artikulua - Erantzukizuna duten pertsonak
1. Lege honetan
zehaztutako arau-hausteen erantzule arau-hauste horien egileak baino ez dira
izango.
2. Legean
tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste
norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira
arau-hausteen egileak, zor den lan-obedientzia kasuetan salbu.
3. Era berean, egileak
izango dira:
a) Arau-haustea burutzeko ezinbestekoa den laguntzaren bat eman duten
pertsonak.
b) Jarduerak antolatu edo establezimenduak ustiatzen dituzten pertsona
fisiko edo juridikoak, kasuan kasuko lizentziaren jabe diren pertsonak edo
zerbitzuaren jabe den erakunde publiko edo pribatuaren arduradunak, baldin eta
pertsona horiek ez badute galarazten beste norbaitek lege honetan jasota dauden
arau-hausteak burutzea.
11. Artikulua - Arau-hausteen sailkapena
1. Lege honetan
zehazturik dauden administrazioko arau-hausteak arinak, larriak eta oso
larriak izango dira.
2. Hauek dira
arau-hauste arinak:
a) Lege honetan eta legea garatuko duen araudian jasotako xedapenak ez
betetzea, horrek kalte larria sortzen ez badu eta hutsegite larri edo oso
larritzat jotakoa ez bada. Era berean, arau-hauste arinak izango dira aipatu
dugun araudian onartzen diren eskubideak gauzatzeari oztopoak jartzeko asmoa
duten jarrera guztiak.
b) Txakurra laguntza-txakurra dela egiaztatzen duten agiriak nahierara
eta arrazoirik gabe eskatzea eta lege honetan jasotakoez gainera beste
baldintza batzuk betetzeko eskatzea laguntza-txakurraren erabiltzaileari.
c) Laguntza-txakurraren erabiltzaileak lege honetako 8. artikuluan
aipatzen diren betebeharretakoren bat ez betetzea.
3. Hauek dira
arau-hauste larriak:
a) Laguntza-txakurra erabiltzen dutenei, txakurrarekin doazela, lege
honetako 5. artikuluan aipatzen direnetako edozein leku publikotan edo
erabilera publikokotan sartu, ibili edo egoten galaraztea, leku horiek
titulartasun pribatukoak izanda.
b) Laguntza-txakurrak nonbait sartzeagatik lege honetan esandako
baldintzak beteta bada ere gastuak kobratzea.
c) Hiru arau-hauste arin egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik
zehapena jasota egon beharko da erabaki irmoa dela eta.
4. Hauek dira arau-hauste
oso larriak:
a) Laguntza-txakurra erabiltzen dutenei, txakurrarekin doazela, lege
honetako 5. artikuluan aipatzen direnetako edozein leku publikotan edo
erabilera publikokotan sartu, ibili edo egoten galaraztea, leku horiek
titulartasun publikokoak izanda.
b) Hiru arau-hauste larri egitea urtebetean. Hutsegite horiengatik
zehapena jasota egon beharko da erabaki irmoa dela eta.
12. Artikulua - Zehapenak
1. Arau-hauste
arinengatik 300 eurorainoko zehapena jarriko da.
2. Arau-hauste
larriengatik 300,01 eurotik 3.000 eurorainoko zehapena jarriko da.
3. Arau-hauste oso
larriengatik 3.000,01 eurotik 12.000 eurorainoko zehapena jarriko da.
13. Artikulua - Erantzukizuna eta zehapen-mailak
Zehapena zenbatekoa den zehazteko, proportzionaltasunaren
printzipioa izango da gogoan, baina, batez ere hauek hartuko dira kontuan:
erruduntasuna eta intentzioa zenbatekoak izan diren, nolako galerak eragin
diren, zenbateko arriskua sortu den eta lehenbiziko aldia den edo ez.
14. Artikulua - Organo eskudunak
Lege honetan jasotako arau-hausteak direla-eta
zehapen-espedienteei hasiera ematea eta horietaz erabakitzea foru-aldundien
eginkizuna izango da; foru-aldundi bakoitzak bere lurralde-eremuan izandako
arau-hausteez erabakiko du.
15. Artikulua - Arau-hausteek eta zehapenek preskribitzea
1. Arau-hauste oso
larriek bi urteren buruan, larriek urtebetearen buruan eta arinek sei
hilabeteren buruan preskribituko dute.
2. Arau-hauste oso
larriei jarritako zehapenek bi urteren buruan, arau-hauste larriei jarritako
zehapenek urtebetearen buruan eta arau-hauste arinei jarritako zehapenek sei
hilabeteren buruan preskribituko dute.
3. Arau-hausteen
preskripzio-epea arau-haustea bera burutu zen egunetik bertatik hasiko da
zenbatzen. Preskripzioaren epea zenbatzea eten egingo da zehapen-prozedurari
hasiera eman eta interesatuari horren berri ematen bazaio. Dena den, ustezko
erantzulearekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik zehapen-espedientea
hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada, preskripzio-epea berriz
ere abian jarriko da.
4. Zehapena jarri duen
erabakia irmoa izan den egunaren biharamunetik hasita, zehapena preskribitzeko
epea zenbatzeari ekingo zaio. Interesatua jakinaren gainean egonda zehapena
betearazteko prozedura hasteak eten egingo du preskripzio-epea zenbatzea, baina
interesatuarekin zerikusirik ez duen arrazoiren batengatik betearazteko
prozedura hiru hilabetez baino gehiagoan geldirik egoten bada, preskripzio-epea
berriz ere abian jarriko da.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa - Txakurren trebatzaileak
Laguntza-txakurren erabiltzaileei lege honetan aitortzen
zaizkien eskubide berak izango dituzte balio ezaguneko erakunde
espezializatuetako trebatzaileek, laguntza-txakurrak trebatzen eta haien jarraipena
egiten ari diren artean, baita laguntza-txakurrek jardun behar duten lekura
eramaten ari diren artean ere.
Bigarrena - Erakunde espezializatuak
Lege honetan ezarritako ondorioetarako, balio ezaguneko
erakunde espezializatuak foru-aldundiek, bakoitzak bere lurraldean, halakotzat
jotakoak izango dira.
Hirugarrena - Informatzeko eta hezteko kanpainak
Euskal administrazio publikoek herritar guztiak informatzeko
eta hezteko kanpainak sustatu eta aurrera eramango dituzte,
laguntza-txakurrekin ibiltzen diren ahalmen-urrituak gizartean benetan eta modu
eraginkorrean integratzeko.
Xedapen Iragankor Bakarra
Lege honetan laguntza-txakurrak errekonozitu eta
identifikatzeko jarri diren baldintzak betetzeko, sei hilabeteko epea izango
dute txakurren arduradunek, baldintza horiek garatzeko erregelamendua
laguntza-txakur gisa errekonozitzeko baldintzei eta eskakizunei buruzkoa eta
ikur ofizialaren diseinuari buruzkoa indarrean jartzen denetik zenbatzen
hasita.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena
Eusko Jaurlaritzak izango du ahalmena lege honetako 12.
artikuluan zehaztutako zehapenen zenbatekoak eguneratzeko, eta baita legea
garatzeko beharrezko xedapenak emateko ere.
Bigarrena - Udal-ordenantzak egokitzea
Udalek, beren eskumenen eremuan, sei hilabeteko epean
egokituko dituzte lege honetako arauen alorreko udal-ordenantzak. Epea legea
indarrean jartzeaz bat hasiko da kontatzen.
Hirugarrena - Ordezko araubidea
Lege honetan ezarritako arau-hausteengatik hasitako
zehapen-espedienteak tramitatzeko eta horiei buruzko erabakiak hartzeko,
administrazioko zehapen-prozeduran esaten dena bete beharko da, lege honetan
zehaztu gabekoetan.
Laugarrena - Indarrean jartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
eta biharamunean jarriko da indarrean.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indargabetuta gelditzen da Itsu Txakurren azaroaren 21eko
17/1997 Legea.