10/1998 Legea, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenerakoa.
1998-04-08Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/5/4, 80. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.
§ 216. 10/1998 LEGEA, APIRILAREN 8KOA, LANDA
INGURUNEAREN GARAPENERAKOA
ZIOEN AZALPENA
Euskal landa inguruak ekarpen garrantzitsu
eta funtzioanitzak egiten dizkio gizarte osoari, kalitate oneko eta nortasun
handiko elikagai zein lehengai osasungarriak ekoizten baititu, eta espazioaren
kudeatzailea eta natur baliabideen, bioaniztasunaren eta paisajeen
administratzailea baita.
Euskal landa ingurunearen
funtzioaniztasunak gizarteari egiten dion ekarpena halakoa edo bestelakoa izan
daiteke, Euskal Herri osoaren gizarte, ekonomia eta lurraldearen diseinua
egitean funtzioaniztasun horri ematen zaion lekuaren araberakoa. Hala, hiri
inguruarekiko harremanak orekatu behar dira, eta ingurune erakargarria osatzeko
behar diren baldintzak sortu behar dira, inguru hori gauza izan dadin bere
biztanle-galera geldiarazteko eta biztanle eta jarduera berriak erakartzeko.
Dena dela, ezagun da ezinbesteko
ekipamendu eta zerbitzuak egokitu behar direla (hezkuntza, osasuna edo
etxebizitza). Izan ere, faktore horiek, enplegurako aukerarik ezarekin eta
nekazaritzan oinarritutako ekonomiek ematen duten errenta urriekin batera,
garrantzi handiko oztopo dira landa inguruaren biziraupenerako eta, beraz,
landa inguruak euskal gizarteari eskaintzen dion funtzioaniztasunaren
iraupenerako.
Ildo horretatik, agente ekonomiko eta
sozial guztiek aho batez sinatu zuten "Euskal Landa Ingurunea Garatzeko
Gizarte Ituna". Itun horrek, bada, Euskadiren barne artikulazioan
sakontzeko eta lurraldearen egituraketa sendotzeko behar diren borondateak
aitortu eta integratzen ditu, landa eremuen lehiakortasuna bultzatzen duen
apustu irmo eta berritu baten bitartez.
Horretarako, landa ingurua, bere arazoak
eta bere funtzionaltasuna osotasunean biltzen dituen ikuspegia bermatu behar
da, eta, aldi berean, diskriminazio orokor positiboa egin behar da, hots, irizpide
ekonomikoen edo gutxienezko biztanle kopuruen erabilera neurtu behar da
oinarrizko ekipamenduak hornitzerakoan. Horretarako, agerikoa da euskal gizarte
osoaren ahalegina behar dela, zeren, azken finean, gizarte osoak jasoko baitu
ahalegin horren emaitza.
Eta Euskadi bereziki egokia da gizarteak
landa ingururako nahi duen garapen integrala gauzatzeko, azalera geografiko
txikia eta batez besteko biztanle dentsitate handia baitu, eta, oro har,
garapen ekonomikoaren maila ona baita bertan. Horrez gain, landa eta hiri
inguruneen arteko inbrikazio handia dago gure landa eremu batzuetan, eta egoera
horrek, zenbait eragozpen sortzen dituen arren, oso alde onak ditu.
Eusko Jaurlaritzak onetsi eta Eusko
Legebiltzarrak berretsi zuen "1997-2000 Euskal Landa Ingurunea Garatzeko
Jarduera Planak" jardun eremu orokorra zehazten du, eta, hortaz, funtsezko
tresna da lehen aipaturiko ituna sinatzean azaldutako borondateak gauzatzeko
eta borondate horiek eraginkor bilakatzeko.
Plan horren barruan beren-beregi jasotzen
da Landa Ingurunearen Garapenerako Legea, eta politika berriaren oinarrizko
osagarritzat hartzen da. Era berean, landa ingurunearen garapenerako kontseilua
aipatzen da, eta adierazten da haren baitan erakundeen arteko lankidetza eta
elkarlana gauzatu behar direla, kontseilu hori funtsezko elementua izango dela
landa garapenerako politikaren diseinu eta plangintza egiteko prozesuan.
Lege honek erantzun egokia eman nahi dio
zenbait tresna artikulatu beharrari, tresna horiek -behar adinako malgutasunaz
horniturik- aukera eman dezaten politika sektorialak era koordinatuan ezartzeko
landa ingurunearen errealitatean, hau da, alderdi ekonomiko edo produktibo
soilak gainditzen dituen errealitate batean. Aldi berean, erabakiak hartzeko
eta landa ingurunearen aldeko programa estrategikoak egiteko koordinazioa
indartuko du lege honek, eta bere aplikazioa ahalik eta gehien hurbilduko da
landa inguruneko biztanleen arazoetara.
Adierazi behar da, bestalde, hori guztia Europako
Batasunak landa inguruen garapenerako eratu duen politika irmo eta zabalaren
baitan kokatu behar dela, eta hainbat tresna juridiko eta finantzario dagoela
bera gauzatzeko.
Legearen lehenengo idazpuruan, legearen
xedea eta landa ingurunearen garapenerako politikaren helburu orokorrrak eta
sektorialak finkatzen dira.
Bigarren idazpuruan helburuak lortzeko
oinarrizko tresnetariko bat arautzen da, landa ingurunearen garapenerako
programak, alegia, programa horiek aukera ematen baitute herri administrazioek
batera esku har dezaten, hala landa ingurunearen garapenari berari dagokionean
nola administrazio jardunaren edozein esparrurekin erlazionaturik dagoen eta
landa ingurunearen garapenerako programetan ezarritako helburuak lortzeko
eragina duen guztian.
Halaber, Autonomia Erkidegoko erakunde
erkideei, lurralde historikoetako foru erakundeei eta udalerriei esleitu
beharreko eginkizunen banaketa jasotzen da landa ingurunearen garapenari
dagokionez, betiere herri administrazioen arteko harremanak orokorki antolatzen
dituzten arauetan ezarritako banaketa errespetatzen delarik.
Hirugarren idazpuruan, bestetik,
administrazioen lankidetza eta elkarlana aztertzen da bi ikuspuntutatik:
batetik, politika sektorialak aplikatzerakoan disfuntzioak eragoztera zuzendutako
aurreikuspenak biltzen dira, eta, bestetik, Landaberri sortzen da, landa
ingurunearen garapenari dagokion guztian erakundeen arteko lankidetza eta
elkarlanerako organo izan dadin, landa ingurunean eragina duten politikak
aztertu eta eztabaidatzeko gune naturala izan dadin, bertan erakundeek
ordezkaritza egokia dutelarik, hau da, egoera politiko-administratiboa behar
bezala islatuta dagoelarik.
Halaber, Landaraba, Landabizkaia eta
Landagipuzkoa sortzen dira, landa ingurunearen garapenari dagokion guztian
erakundeen arteko lankidetza eta elkarlanerako organoak izan daitezen, zein
bere lurralde historikoan, alegia.
Azkenez, landa ingurunearen garapenerako
elkarteak sortzen dira, landa ingurunearen garapenerako jarduketetan agente
ekonomiko eta sozialek parte hartu eta laguntzeko tresna izan daitezen.
I
IDAZPURUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1. Atala - Legearen xedea
Hona hemen
legearen xedea:
a) Landa
ingurunearen garapenaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko herri
administrazioen jarduna gidatu behar duten helburuak definitzea.
b) Landa eremuen garapenera bereziki orientatzen
diren politikak garatzeko arau markoa ezartzea.
c) Gainerako politika eta jarduketa
administratiboak lege honetan landa ingurunearen garapenerako ezartzen diren
helburuak lortzeari egokitzeko tresnak zehaztea.
Lege honi dagokionez, hau da landa
ingurunearen garapena: Euskal Autonomia Erkidegoan landa inguruko erkidegoak
mantendu eta indartzera zuzentzen den prozesua, bertako kultura eta bizimodu
propioen artapena bultzatzen duena, biztanleen bizi kalitatea hobetzera jotzen
duena. Landa inguruko biztanleek, prozesu horren onuradun nagusiak diren
aldetik, biziki parte hartuko dute, inplikaturiko gainerako agente publiko zein
pribatuekin batera, gauzatu nahi duten garapen motaren definizio eta lorpenean.
Prozesu horrek, halaber, garapen endogenoa bultzatu behar du, baita landa
inguruko bizilagunen eta gainerakoen arteko integrazio eta elkarreraginerako
lagungarri izan ere, eta landa inguruko erkidegoen zuzperketa ekonomiko eta
soziala lortzeko hartzen diren neurri guztiek paisajearen, naturaren eta
ingurugiroaren artapenerako bermea izan behar dute.
2.
Atala - Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunea garatzeko politikaren
helburu orokorrak
Landa ingurunearen garapenerako politikak
ondoko helburu orokor hauek izango ditu:
a) Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune
osoaren funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea ekonomi,
gizarte, ingurugiro eta kultur alderdietan, nola eta Euskadiko nekazaritzaren
egoera eta ezaugarrietara egokitutako eredua disenatuz, landa eremuak
despopulatu eta lagatzeko prozesuak eragotziz, eta landa eta hiri inguruen
arteko elkarreragina diskriminazio positiboaren bitartez bultzatuz.
b) Landa ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei
eustea, landa ingurunea nekazaritzako elikagaien sektoreko produkzio eta
eraldakuntzaren inguruan egituratzea, hori guztia oinarri ekonomikoa
dibertsifikatzearekin bateragarri eginez.
c) Nekazaritzak lehiatzeko duen gaitasunaren hobekuntza
sustatzea, ingurune fisikoaren ezugarriak eta nekazariek betetzen duten funtzio
sozial garrantzitsua kontutan harturik, famili ustiategia oinarritzat harturik,
asoziazionismo eta kooperatibismoaren bidez artikulaturik, betiere merkatuari
-euskal kontsumitzaileei kalitatezko elikagaien bidez on eginez-, ingurugiroa
babesteari eta nekazaritzako elikagaien kalitatea eusteari begira.
d) Landa inguruetako enpresen eta ekonomi
egituren lehiakortasuna areagotzea, arreta berezia jarriz nekazaritzako elikagaien
enpresetan, nekazalturismokoetan, landa turismokoetan, nekazaritza
ekologikokoetan eta landa ingurunean garapen endogenoko proiektuei ekiten dien
beste edozein enpresatan, horiek merkatuaren eta lehiaren joeretara egokitzea
bultzatuz, prozesu hori landa inguruak betetzen dituen mota guztietako funtzio
eta zerbitzuekin uztartuz. Horren guztiaren helburu nagusia izango da enplegua
mantendu eta sortzea landa inguruko biztanleen onerako.
e) Landa ingurunearen garapenean eragina duten
administrazio eta herri erakundeen arau eta jarduketak integratzea,
disfuntzioak eta koordinazio falta eragozteko, eta tresnen koherentzia hobea,
esku-hartzeen eraginkortasun handiagoa eta landa eta hiri inguruen arteko
elkarreragina bultzatzea.
f) Landa eremuen garapenaren protagonismoari
eustea, bai biztanlerian, bai bertako erakundeetan; asoziazionismoa bultzatzea,
eta emakumeek eta gazteek prozesu ekonomiko eta sozialetan parte hartzeko
erraztasunak ematea.
g) Landa inguruetako natur, histori, kultur eta
hizkuntz ondarea berreskuratu, artatu, garatu eta zabaltzea.
h) Lurraldearen antolamendua hobetzea,
espazioaren erabilera arrazoizkoago eta orekatuagoa bultzatuz.
i) Landa ingurunearen balioak aintzat hartzen
dituen eta landa ingurunearen garapenerako neurri egokiak ezartzeko bidea
ematen duen kultura soziala bultzatzea.
3.
Atala - Euskal Autonomia Erkidegoko landa ingurunea garatzeko politikaren
helburu sektorialak
I. eranskineko lurralde eremuak edota 5.1
atalean ezarritakoaren arabera eratzen direnak -osorik edo zati batez- barne
hartzen dituzten landa zonaldeetan eraginik izanez gero, erakunde eta entitate
eskudunek beren jarduna egokitu beharko dute, eta atal honetan ezartzen diren
helburu berezi edo sektorialak lortzera bideratu. Hala, helburu horien garapen
eta burutzapena bat etorriko da landa ingurunearen garapenerako politikarekin,
elkarren arteko koordinazio eta koherentzia mantentzen delarik. Edonola ere,
landa garapenerako politika aipaturiko helburuen menpean egongo da. Hona hemen
helburu berezi edo sektorialak:
1.- Lurralde antolamenduaren arloan:
a) Lurraldearen eta hirigintzaren
antolamendurako tresnak landa zonaldeen ezaugarri eta beharrizanen arabera
ezartzea, harmoniaz uztar daitezen, batetik, natur baliabideak antolatu eta
artatzeko premiak eta nekazaritza eta basogintzaren ikuspegitik balio handia
duten lurren babesa eta, bestetik, jarduera ekonomikoen mantenimendu eta
garapena eta landa herriguneak behar beste zerbitzuz hornitu beharra.
b) Arreta berezia jartzea landa zonaldeak eta
bertako biztanleria beharrezko zerbitzu eta azpiegiturez hornitzen eta alde
horietako ekonomiaren dibertsifikatze eta garatze jasangarrian, eta behar
bezala haztatzea zein neurritan eratxiki behar zaizkien landa zonaldeei hiri
ingurunean sortzen diren eta hiri ingurunearen beharrizanen asegarri diren
funtzioak, landa garapenerako politikaren helburuekin bateragarri egin behar
dituzten mugen barruan.
c) Landa inguruneak nekazaritza, basogintza eta
natur arloetan dituen balioak babestea.
2.- Nekazaritza eta basogintza arloan:
a) Mendiei buruzko foru arauen esparruan,
nekazaritza eta basogintzaren zeregina bultzatzea, landa ingurunearen
ekonomiaren oinarria izan dadin, eta funtsezko faktorea izan dadin gutxiegi
erabilitako lurrak eta natur baliabideak hobeto aprobetxatzeko, artatzeko eta
agenteen partaidetzaz antolatzeko, eta lurraldea behar bezala artikulatzeko.
b) Sektoreko enpresen lehiakortasuna hobetzea,
nola eta produktuak kalitateagatik bereiztea sustatuz eta ekoizkortasuna eta
ekoizpen kostuak hobetzeko sustapen komertziala bultzatuz, arreta berezia
jarriz garapen endogenoko jarduketetan eta hurbileneko merkatuetako
sustapenean.
c) Gazteak nekazaritzan aritzea errazteko
baldintzak sortzea, belaunaldi aldaketa gauzatzeko eta enplegua sortzeko bidea
emanez.
d) Transferentzia teknologikoa, teknika eta
enpresa arloko prestakuntza, informazioko teknologia berrien erabilera eta
ezagutza lehiakortasunerako faktoretzat hartu eta hobetzea.
e) Euskal nekazaritzako elikagaigintzan
kooperatibismoa bultzatzea, sektorearen artikulazioa agenteen parte-hartzetik
abia dadin lagunduz.
f) Sektoreen arteko lankidetza eta
nekazaritzako elikagaien industriaren garapena bultzatzea, eta, modu horretara,
nekazaritza eta elikagaigintza egituratzea, nekazaritza merkatuetara hurbil
dadin eta ahalik eta handiena izan dadin haren balio erantsia, hurbileneko
merkatuak bereziki kontuan izanez.
3.- Landa
inguruneko ekonomi ehuna dibertsifikatzeari eta enplegua sortzeari dagokionez:
a) Enplegu sorkuntza eta landa inguruneko aukera
berdintasuna sustatzea eta bultzatzea.
b) Industri lurzorua eta haren oinarrizko
azpiegiturak era ordenatuan eta zentzuz garatzen eta okupatzen laguntzea,
betiere landa ingurunearen ezaugarri bereziak errespetatu eta zaintzen
direlarik, eta ekonomia dibertsifikatu eta dinamizatu beharrari erantzuten
zaiolarik, arreta berezia jarriz garapen endogenoko ekimenak bultzatzen
dituzten nekazaritzako elikagaien industriaren proiektuetan.
c) Industri enpresa txiki eta ertainak ezartzeko
erraztasunak ematea, arreta berezia jarriz garapen endogenoko proiektuak
sustatzen dituzten lurraldeko produktuen eraldakuntzarako enpresetan, baita
zerbitzu enpresetan ere, nekazaritza tradizionaleko ekoizpenari balio
erantsirik handiena ematen diotenei lehentasuna emanez.
d) Lana informazioaren teknologia berrietan
oinarriturik antolatzeko eredu berrien garapena bultzatzea, landa inguruneko
enpleguaren lan baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko aukera egon dadin.
4.- Hezkuntza
eta kultur arloan:
a) Hezkuntzako eskaintza landa inguruneko
biztanleriarengana behar bezala iristeko modua bermatzea, biztanleria horren
berezitasunak kontutan hartzen dituzten irizpide eta baremoekin, hezkuntzako
eskaintza landa ingurunera gero eta hurbilagotzen ahaleginduz, batez ere
herrigunerik apartatu eta txikienentzako derrigorrezko hezkuntzari dagokionez.
b) Hezkuntzaren
kalitatea hobetzea. Horretarako, euskal landa ingurunearen berezitasunekin bat
datozen hezkuntza eredu, teknika eta jaraibide berritzaileak garatu behar dira,
landa inguruneko biztanleriari bere ingurua ezagutu eta baloratzeko aukera
ematen dioten kurrikulumak diseinatu behar dira, eta zonalde horietako emakume
eta gazteen prestakuntza eta trebakuntza lehentasunez bultzatu behar dira.
c) Landa
zonaldeetako biztanleen lanbide heziketa eta heziketa okupazionala egokitzea
zonalde bakoitzak lanesku kualifikatua lortzeko dituen beharrizan berezien
arabera, lanesku hori beharrezkoa baita enpresa berriak irekitzeko, aktiboken
erreziklapena bultzatzeko eta teknologia zein ekoizpen modu berriak
erabiltzeko.
d) Hezkuntza,
kultur eta kirol ekipamenduen artikulazio orokorra erraztea, ekipamenduon
balioaniztasuna eta funtzioaniztasuna sustatuz, eta egun dauden desorekak
zuzenduz.
e) Landa inguruneko kulturaren ezagutza,
zabalkundea eta balorazioa sustatzea.
5.- Osasun
arloan:
a) Osasun arloko eskaintza lurraldeko
herrigunerik apartatu eta txikienetako biztanleengana hurbiltzea, gero eta
hurbilagotzea.
b) Ordenazio Farmazeutikorako Legearen markoan,
landa ingurunearen premia bereziei erantzuteko berariaz diseinatutako eskaintza
farmazeutikoa sustatzea.
6.- Etxebizitza
arloan:
Landa
ingurunearen berezitasun eta aukeren araberako etxebizitza politika garatzea,
kalitate onekoa eta dentsitate txikikoa, alegia, landa ingurunea ohiko
bizilekutarako erakargarri bilakatzeko, espekulazioa eragozteko eta landa
inguruneko gazteei etxebizitza lortzeko modua errazteko.
7.- Azpiegitura
arloan:
a) Landa inguruneko biztanleek lana, zerbitzuak,
heziketa, aisia, gizarte harremanak eta kontsumoa eskuratzeko dauzkaten aukerak
hobetzea, hartarako beharrezko diren azpiegitura guztiak behar bezala garatuz.
b) Oinarrizko azpiegiturak presaz eta
lehentasuna emanez garatzea, hala nola garraio, elektrifikazio, ur-horniketa,
saneamendu, gas, telefonia eta ureztatze arlokoak, azken hauek nekazaritza
sektorearentzat funtsezkoak baitira. Era berean, arreta berezia jarriko da
landa zonaldeetako jarduera ekonomikoak eta zerbitzuak garatzeko aukera onak
eman ditzaketen telekomunikazio azpiegituretan.
c) Aurreko guztiak behar den lehentasuna izango
du lurralde bakoitzean, eta erakunde eskudunen babesa beharrezkoa izango da
herritar guztiek zerbitzuei buruzkoan dituzten aukera-berdintasunerako eskubide
guztiak bermatu ahal izateko.
8.- Ingurugiro
arloan:
a) Landa ingurunearen garapen jasangarria
bultzatzea, oraingo beharrizanei erantzunez, baina etorkizuneko belaunaldiei
beharrizanak asebetetzeko ahalmena eragotzi gabe.
b) Ingurugiroa babestea, narriadurari aurrea
hartzea eta kaltetuak izan diren aldeak lehengoratzea.
c) Bioaniztasuna babestea. Arreta berezia
jarriko da agroaniztasunean eta euskal espezie eta arrazak artatu eta
berreskuratzen; horretarako, jatorrizko ekosistemetako material genetikoa
erabiliko da.
9.- Turismo
arloan:
a) Landa turismoa bultzatzea. Horretarako,
hainbat sustapen ekintza burutuko dira -landa zonaldeetan eta natur ingurunean
aisiako jarduerak egiteko gero eta handiagoa den eskariari begira-, eta landa
ingurunea helmuga turistiko berezia bilakatuko da. Nekazalturismoa nekazaritzako
ustiategien osagarri gisa bultzatzea.
b) Landa turismoaren garapena antolatzea, nola
eta masifikazioa saihestuz, jarduera tradizionalekiko eta natur ingurunearekiko
orekari eutsiz, arauak landa ingurunearen egoera, aukera eta beharrizan
turistikoetara egokituz, ekimen endogenoetan eta nekazalturismoan arreta
berezia jarrita.
II
IDAZPURUA
LANDA INGURUNEAREN GARAPENERAKO PROGRAMAK
4.
Atala - Landa ingurunearen garapenerako programak
1.- Bereziki
Euskal Herriko landa ingurunea garatzera orientatzen diren politikek landa
ingurunearen garapenerako programen forma hartuko dute.
2.- Landa
ingurunearen garapenerako programek ondoko hauek hartuko dituzte beren baitan:
a) Aplikaziorako lurralde eremuaren muga argi
eta zehatzak, baita programaren indarraldiarenak ere.
b) Aipaturiko lurralde eremuaren garapen
sozioekonomikoan sumatutako arazoen deskripzioa, eta lurralde horretan dauden
eta aipaturiko arazoen iturburu izan daitezkeen ments eta beharrizanen diagnostikoa.
c) Jarduera arlo bakoitzean edo
Administrazioaren jardun eremu bakoitzean lortu beharreko helburuen
zehaztapena, sumatutako beharrizanak asebetetzeko eta mentsak osatzeko.
d) Helburu zehatzak lortzeko beharrezkoak diren
ekintzen programazioa, landa ingurunean aplikatu behar diren politika eta
jarduketa-plan sektorialen barruan bildu diren zehaztapenen arabera.
e) Programatutako ekintzak finantzatzeko
aurreikuspenak.
f) Ebaluazio sistema ezartzea, zertarako eta
jakin ahal izateko zein neurritan asebete eta osatzen diren helburu zehatzak
finkatzeko oinarri izan diren beharrizanak eta mentsak.
3.- Landa
ingurunearen garapenerako programak Eusko Jaurlaritzaren dekretuz eta foru
dekretuen bidez onetsiko dira, lege honen 6. atalean ezarritakoaren arabera.
5.
Atala - Landa ingurunearen garapenerako programen lurralde eta eginkizun eremua
1.- Euskal
Autonomia Erkidegoko landa ingurunea osatzen duen lurralde osoan ezarriko dira landa
ingurunearen garapenerako programak. Horien zehaztapena ondoko irizpide hauen
arabera egingo da:
a) biztanle dentsitate txikia, Euskal Autonomia
Erkidegoko beste zonalde batzuekin alderaturik;
b) biztanleak galtzeko joera nabarmena;
c) nekazaritzako enplegu maila altua izatea,
enplegu osoarekin alderaturik;
d) zonaldearen sentikortasuna nekazaritzaren
bilakaerarekiko, batez ere Nekazaritzako Politika Komunaren markoan;
e) mendi zonalde edo alde behartsuren baten
barruan egotea, 75/268/EEE Zuzentarauaren 3. atalean xedatutakoaren arabera
hala sailkaturik, eta
f) ingurugiroarekiko zonalde sentikorra izatea,
eta haren barruan naturaren, kulturaren eta paisajearen ikuspegitik balio
handikoak diren elementuak egotea.
2.- Landa
ingurunearen garapenerako programetan jarduera hauek jorratuko dira, besteak
beste:
a) Landa inguruetako ekonomi eta enpresa
jardunaren sustapena eta dibertsifikazioa, nekazaritza-jarduera lehentasun gisa
bultzatuz eta garapen endogenoko ekimenetan arreta berezia jarriz.
b) Landa zonaldeetako ingurugiroaren kudeaketa
jasangarria, natur baliabideen antolamendua eta naturaren babes eta
lehengoratzea.
c) Landa zonaldeetako azpiegituren garapen eta
egokitzapena.
d) Landa zonaldeetako zerbitzuak Autonomia
Erkidegoko gainerako zonaldeetakoekin parekatzea, hezkuntzan, osasunean,
etxebizitzan, gizarte zerbitzuetan, kultur azpiegituretan eta zerbitzuetan eta
hizkuntz normalizazioan batez ere, landa ingurunearen ezaugarrietarako egokiak
diren irizpide eta baremoekin.
6.
Atala - Administrazioen eskumenak
Lege hau ezartzea Administrazio
autonomikoari eta foru eta udal administrazioei dagokie Autonomi Elkarte
Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko
Ihardutze-Erakundeen arteko Harremanei buruzko 27/1983 Legearen esparruan. Hor
ezarritakoaren arabera, eginkizun hauek dagozkie:
A) Eusko Jaurlaritzari:
a) Landa ingurunearen garapenerako programak
egin eta onestea, bere eskumenaren eremuan.
b) Landa ingurunearen garapenerako programak
betetzea, bere eskumenaren eremuan.
B) Foru aldundiei:
a) Landa ingurunearen garapenerako programak
ezartzeko lurralde eremuak mugatzea, 5.1 atalean xedatutakoaren arabera.
b) Landa ingurunearen garapenerako programak
egin eta onestea, bere eskumenaren eremuan.
c) Landa ingurunearen garapenerako programak
betetzea, bere eskumenaren eremuan.
C) Landa ingurunearen garapenerako programek
ukituriko udalei:
a) Bere udalerriko landa lurraldea helburu duten
landa ingurunearen garapenerako programak egiten biziki parte hartzea.
b) Landa ingurunearen garapenerako programak
betetzea, bere eskumenaren eremuan.
7.
Atala - Landa ingurunearen garapenerako programak egiteko prozedura
1.- Hala
Eusko Jaurlaritzan nola kasuan kasuko foru aldundian nekazaritza eta landa
garapenaren alorreko eskumenak dituzten sailek batera hartuko dute landa
ingurunearen garapenerako programak egiteari ekiteko erabakia. Sail horiek, bi
hilabeteko epearen barruan, behar duten informazio guztia bilduko dute
gainerako administrazio, erakunde eta sailetatik, ukituriko zonaldearen
lurralde eremuetarako jarduketa programei eta aurreikuspenei buruz. Epe hori
hilabete luza dezakete programa egiteari ekitea erabaki duten Eusko
Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailek, programa egiteko behar
den informazioa lortzeko beharrezkotzat jotzen badute, edota ukituriko
administrazio, erakunde edo sailetariko baten batek eskabide arrazoitua egiten
badu.
Horrez gain, harako zonaldearen barruan
mendi nekazaritza eta landa garapenaren alorrean dauden elkarteetatik ere
jasoko da informazioa, betiere lehen ezarritako epeen barruan.
2.- Programa
egiteari ekitea erabaki duten Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru
aldundiko sail eskudunak izango dira prozedura gidatzeko eta hasierako zein
behin betiko proposamena egiteko, betiere haien eskumenaren eremuan.
3.- Programaren
hasierako proposamena egin baino lehen, eta bildutako informazio eta
aurreikuspenak administrazio, erakunde, sail eta elkarte egokiekin kontrastatu
ondoren, programaren aurrerapena egingo da, aipaturiko informazioa jaso eta bi
hilabeteko epearen barruan.
Epe hori, gehienez ere, hilabete luza
dezakete prozeduraz arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru
aldundiko sailek, programaren aurrerapena behar bezala egiteko beharrezkotzat
jotzen badute. Aurrerapen hori, gerora, programaren barruan bildutako
jarduketen alorrean eskudunak diren administrazio, erakunde eta sailei igorriko
zaie, egokitzat hartzen dituzten ohar, iradokizun, hautabide eta proposamenak
azal ditzaten atal honen 1. idazatian ezarritako epeen barruan. Horrez gain,
jendaurrean jarriko da, eta interesatutako pertsona zein erakundeek alegazioak
azal ditzakete epe beraren barruan. Gero, prozeduraz arduratzen diren Eusko
Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailek programaren hasierako
proposamena egingo dute epe berberaren barruan.
4.- Hasierako
proposamena lege honen 10. eta 12. ataletan aurreikusitako txostenen pean
jarriko da. Txostenak, bestetik, proposamena jaso eta bi hilabeteko epearen
barruan eman behar dira. Epe hori hilabete luza daiteke gehienez, prozeduraz
arduratzen diren Eusko Jaurlaritzako eta kasuan kasuko foru aldundiko sailen
erabaki arrazoituaren ondorioz.
5.- Lehen
aipaturiko txostenak emandakoan, nekazaritza eta landa garapenaren alorrean
eskudunak diren sailek dekreturako proposamena egingo dute 4.3 atalean
ezarritakoaren arabera.
6.- Administrazio
publiko eskudunek landa ingurunearen garapenerako programak egiten parte
hartzea bultzatuko dute eta parte-hartze hori bermatzen dela zainduko dute,
programak egiteko prozesu osoan gainerako administrazio eta erakundeek eta
gizarte eta ekonomi agenteek biziki parte hartzea bultzatuz.
III IDAZPURUA
ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA ETA
KOORDINAZIOA
8.
Atala - Administrazioen arteko lankidetza eta koordinazioa
1.- Herri
administrazioek lege honen 2 eta 3. ataletan adierazi diren helburuen arabera
ezarriko dituzte landa zonaldeetan eragina duten arau, politika eta jarduketak,
elkarren artean guztiz koherenteak eta osagarriak izan daitezen.
2.- Landa
ingurunearen garapenerako programak batera egin eta betetzeko modua ezarri ahal
izango dute herri administrazio eskudunek hitzarmen bidez. Nolanahi ere, 7.
atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo dira programa horiek.
9.
Atala - Landaberri
1.- Landaberri
eratzen da, erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako organoa izan dadin
landa garapenari dagokion guztian, eta, hain zuzen ere, organo honen baitan
gauzatzen dira lege hau aplikatzeko behar diren lankidetza eta elkarlana. Eusko
Jaurlaritzan nekazaritza eta landa garapenaren alorreko eskumenak dituen
sailari atxikita egongo da Landaberri. Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal
Autonomia Erkidegoko foru aldundien eta udalen ordezkariek osatuko dute, ondoko
osaera honen arabera:
Lehendakaria:
Eusko Jaurlaritzan nekazaritza eta landa garapenaren ardura duen sailburua.
Kideak:
- Eusko Jaurlaritzan lurralde antolamenduaren
eta industri arloen ardura duten sailburuak.
- Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza eta landa
garapenaren ardura duten foru diputatuak.
- Euskal Autonomia Erkidegoko landa udalerrien
hiru ordezkari, lurralde historiko bakoitzeko bat. Autonomia Erkidegoaren
eremuan ordezkaritzarik handiena duen udalerri elkarteak izendatuko ditu
ordezkari hauek.
Gainera, beste sailburu eta foru diputatu
batzuek hartuko dute parte Landaberriren bileretan, baita beste herri
administrazio batzuek horretarako izendaturiko ordezkariek ere, baldin eta
bilera horietan haien eskumeneko gaiak jorratzen badira.
2.- Landaberriren
baitan lantaldeak eratu ahal izango dira, ezaugarri bereziak izan eta
tratamendu espezializatua merezi duten arazoak aztertzeko. Lantalde horietan,
adituek eta ordezkaritza duten elkarte egokiek har dezakete parte.
Halaber, Landa Garapenerako Kontseilu
Aholkuemailea eratuko da, landa ingurunearen garapenean eta landa ingurunearen
garapenerako programetan inplikaturiko agente ekonomiko eta sozialentzako
kontsulta eta lankidetza organoa izateko. Kontseilu hori, Landaberri atxikita
dagoen sail berari atxikiko zaio.
3.- Eusko
Jaurlaritzak, foru aldundiei eta Euskal Herrian ordezkaritza handiena duen
udalerri elkarteari entzun ondoren, dekretu bidez, Landaberriren antolamendu
eta jardunerako arauak ezarriko ditu, eta baita ere Landa Garapenerako Kontseilu
Aholkuemailearen (gehienez hamabost kide izango ditu) eta sortzen diren
lantaldeen osaera eta jardunbidea. Halaber, Landa Garapenerako Kontseilu
Aholkuemaile horrek txostena egingo du landa ingurunearen garapenerako
programak onetsi baino lehen.
4.- Hartu
beharreko erabakiak hartuko ditu Landaberri atxikita duen sailak, Landaberriri
esleitutako eginkizunak behar bezala betetzeko behar den laguntza tekniko eta
administratiboa bermatzeko xedeaz.
10.
Atala - Landaberriren funtzioak
Legearen beste atal batzuetan jasotako
funtzioez gain, ondoko funtzio hauek dagozkio Landaberriri:
a) Landa ingurunearen garapenerako
programetarako proposamenak onetsi aurretik, proposamen horiei buruzko
txostenak egitea, baldin eta proposamen horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko
arloak ukitzen dituzten gaiei buruzkoak badira, 4.3 atalak aurreikusten duenez.
b) Lege egitasmoei, Eusko Jaurlaritzaren dekretu
egitasmoei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen plan eta
programei buruzko txostenak egitea -beraiek onetsi aurretik eta nahitaez-,
baldin eta egitasmo, plan edo programa horiek eragin nabaria badute landa
zonaldeetan, bai zonalde horietako jarduera ekonomikoei, zerbitzuei eta kultur
jarduerei buruzkoak direlako, bai garrantzi handiko emaitzak dituztelako eta,
ondorioz, jarduera eta zerbitzu horien etorkizuneko bideragarritasuna -lege
honen bidez ezarritako landa garapenerako politikaren helburuei dagokienez-
baldintzaturik geratzen delako. Landaberriri dagokio egitasmo horien eragina
ebaluatzea, bere txostenaren pean jarri behar ote diren zehazteko.
II.
eranskinean jasotako plan eta programak Landaberriren txostenaren pean jarriko
dira; horrek ez du esan nahi, baina, aipaturiko balizkoen barruan dagoen beste
edozein plan edo programari eskakizun hori exigituko ez zaionik. Eta Euskal
Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean ukituriko administrazioei
entzuteko ezartzen diren epeen barruan emango dira, eman ere, lurraldearen
antolamendurako tresnei buruzko txostenak.
c) Landa ingurunearen garapenerako programak
betetzeko aholkuak ematea.
d) Erakunde eskudunei lege honen xedearekin
erlazionaturiko edozein ekimen proposatzea.
11.
Atala - Landaraba, Landabizkaia, Landagipuzkoa
1.- Landaraba,
Landabizkaia eta Landagipuzkoa eratzen dira, landa garapenaren arloan
erakundeen arteko lankidetza eta koordinaziorako organoak izan daitezen Araba,
Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetan, hurrenez hurren. Lurraldean
lurraldeko foru aldundiak zehaztuko du bertako organoaren osaera.
2.- Landaraba,
Landabizkaia eta Landagipuzkoaren baitan lantaldeak eratu ahal izango dira,
ezaugarri bereziak izan eta tratamendu espezializatua merezi duten arazoak
aztertzeko. Lantalde horietan, adituek eta ordezkaritza duten elkarte egokiek
har dezakete parte.
Halaber, Landa Garapenerako Lurralde
Kontseilu Aholkuemailea eratu ahal izango du foru aldundi bakoitzak, lurraldean
lurraldeko landa ingurunearen garapenean eta landa ingurunearen garapenerako
programetan inplikaturiko agente ekonomiko eta sozialentzako kontsulta eta
lankidetza organoa izateko.
3.- Lurraldean
lurraldeko foru aldundiak Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren
antolamendu eta jardunerako arauak ezarriko ditu, eta baita ere Landa
Garapenerako Lurralde Kontseilu Aholkuemailearen eta sortzen diren lantaldeen
osaera eta jardunbidea.
4.- Hartu
beharreko erabakiak hartuko ditu lurraldean lurraldeko foru aldundiak,
Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoari esleitutako eginkizunak behar
bezala betetzeko behar den laguntza tekniko eta administratiboa bermatzeko
xedeaz.
12.
Atala - Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren funtzioak
Legearen beste atal batzuetan jasotako
funtzioez gain, ondoko hauek dira Landaraba, Landabizkaia eta Landagipuzkoaren
funtzioak:
a) Landa ingurunearen garapenerako
programetarako proposamenei buruzko txostenak egitea, proposamen horiek
lurraldean lurraldeko foru aldundiari aurkeztu baino lehen.
b) Foru arauen egitasmoei, foru aldundiaren
dekretu egitasmoei, eta lurraldean lurraldeko plan eta programei buruzko
txostenak egitea -beraiek onetsi aurretik eta nahitaez-, baldin eta egitasmo,
plan edo programa horiek eragin nabaria badute landa zonaldeetan, bai zonalde
horietako jarduera ekonomikoei, zerbitzuei eta kultur jarduerei buruzkoak
direlako, bai garrantzi handiko emaitzak dituztelako eta, ondorioz, jarduera
eta zerbitzu horien etorkizuneko bideragarritasuna -lege honen bidez ezarritako
landa garapenerako politikaren helburuei dagokienez-baldintzaturik geratzen
delako.
III.
eranskinean jasotako plan eta programak Landaraba, Landabizkaia eta
Landagipuzkoaren txostenaren pean jarriko dira; horrek ez du esan nahi, baina,
aipaturiko balizkoen barruan dagoen beste edozein plan edo programari eskakizun
hori exigituko ez zaionik. Eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko
Legean ukituriko administrazioei entzuteko ezartzen diren epeen barruan emango
dira, eman ere, lurraldearen antolamendurako tresnei buruzko txostenak.
c) Landa ingurunearen garapenerako programak
betetzeko aholkuak ematea, zeinek bere lurralde historikoaren baitan.
d) Erakunde eskudunei lege honen xedearekin
erlazionaturiko edozein ekimen proposatzea.
13.
Atala - Landa ingurunearen garapenerako elkarteak
1.- Jaurlaritzak
ezarriko ditu landa ingurunearen garapenerako elkarteak aintzatesteko
eskakizunak. Elkarte horiek zuzenbide pribatuko entitateak izango dira, eta
landa ingurunearen garapenerako harako programa batek barne hartzen duen
zonaldeko sektore ekonomiko eta sozialen ordezkari izango dira. Bestetik,
nekazaritzan eta landa garapenean eskumena duten herri administrazioek hartu
ahal izango dute parte elkarteotan.
2.- Ofizialki
aintzatesten diren landa ingurunearen garapenerako elkarteekiko hitzarmenen
baten bidez zehaztu ahal izango da elkarteok zer nolako parte-hartzea izango
duten eta zer nolako lana egingo duten landa ingurunearen garapenerako
programen barruko jarduketetan. Hitzarmen horietan ezarriko da elkarte hauek
nahitaez egongo direla jaso edo kudeatzen dituzten fondo publikoen erabileraren
fiskalizazioaren menpean.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
Euskal Autonomi Elkarteko nekazal
ustiakuntzen aldeko laguntzei buruzko uztailaren 30eko 210/1990 Dekretuan
xedatutakoa lege honen arabera egokituko du Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiei
entzun ondoren.
Bigarrena
Mendi nekazaritzako elkarteen araubidea
lege honen arabera egokituko du Eusko Jaurlaritzak.
Hirugarrena
Landa ingurunearen garapenerako
programaren bat garatzeko proiekturik onetsiz gero, ukituriko ondasun eta
eskubideak herri onurakoak direla eta presaz atzeman behar direla adieraziko da
nahitaez, derrigorrezko desjabetzapenari buruzko legeriaren ondoreetarako.
Ondasun eta eskubideak herri onurakoak
direla eta presaz atzeman behar direlako adierazpenak eragina izango du,
halaber, proiektuen birplanteatzeak eta gerora onesten diren aldaketek
ukituriko ondasun eta eskubideetan. Horretarako, ukituriko ondasun eta
eskubideen banan-banako zerrenda jaso behar dute proiektuek eta ondorengo
aldaketek.
Laugarrena
Herri sozietateek eta zuzenbide pribatuko
herri erakundeek, baita 13.2 atalean aurreikusitako landa ingurunearen
garapenerako elkarteek ere, baldin eta lege honetan jarri diren helburuak
lortzea xedetzat badute, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren
printzipioen arabera jardungo dute kontratuei, langileriari eta dirulaguntzei
dagokien guztian.
Aldibaterako
Xedapena
Bakarra
Landa ingurunearen garapenerako programak
I. eranskinean xedatutako lurralde-eremuen gain aplikatuko dira hasiera batean.
Halaber, foru aldundi bakoitzak, 9. eta 11. ataletan ezarritako organoek
txostena egin ondoren, landa ingurunearen garapenerako programen
aplikazio-eremua zabaldu ahal izango du 5.1 atalean ezarritako irizpideak
betetzen dituzten beste zonalde batzuetara.
Azken
Xedapenak
Lehenengoa
Lege hau indarrean jarri eta 30 eguneko
epearen barruan eratuko da Landaberri.
Bigarrena
Lege hau indarrean jarri eta bi urteko
epearen barruan egin behar dira I. eranskinean zehaztutako zonaldeen landa
garapenerako programak.
Hirugarrena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
I ERANSKINA
ARABAKO LURRALDE HISTORIKOA
ARABAKO
HARANAK
Armiñón
Berantevilla
Kuartango
Lantarón
Ribera Alta
Ribera Baja/Erribera Beitia
Añana
Valdegovía
Zambrana
ARABAKO
MENDIALDEA
Bernedo
Campezo/Kanpezu
Lagrán
Arraia-Maeztu
Peñacerrada/Urizaharra
Harana/Valle de Arana
ARABAKO
ERRIOXA
Baños de Ebro/Mañueta
Kripan
Elciego
Elvillar/Bilar
Labastida
Laguardia
Lanciego/Lantziego
Lapuebla de Labarca
Leza
Moreda de Álava
Navaridas
Oyón/Oion
Samaniego
Villabuena de Álava/Eskuernaga
Yécora
GORBEIALDEA
Aramaio
Urkabustaiz
Zigoitia
Zuia
AIARA
Artziniega
Ayala/Aiara
Okondo
ARABAKO
LAUTADA
Barrundia
Elburgo
Iruraiz-Gauna
San Millán/Donemiliaga
Zalduondo
BIZKAIKO LURRALDE
HISTORIKOA
ARRATIA-NERBIOIKO
ESKUALDEA
Arantzazu
Areatza
Artea
Zeanuri
Zeberio
Dima
Orozko
Otxandio
Ubide
ENKARTERRIAK
Arcentales
Carranza
Galdames
Lanestosa
Sopuerta
Trucios/Turtzioz
GIPUZKOAKO
LURRALDE HISTORIKOA
TOLOSA-UROLA
KOSTALDEA
Aia
Albiztur
Alkiza
Asteasu
Beizama
Bidegoyan
Errezil
Hernialde
Larraul
II
ERANSKINA
- Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera
Plana.
- 5b helburuaren barruko zonaldeetan jarduteko
programak.
- Leader ekimeneko jardun programak.
- Euskadiko Baso Plangintza.
- Parke naturalen eta babestutako biotopoen
deklarazioa, baita babestutako naturagune horietako natur baliabideen
antolamendurako planak edo erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak, edota
plan horien aldaketa eta berrikuspenak ere, baldin eta aipaturiko naturagune
horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde
eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.
- Parke naturalen edo babestutako biotopoen
lurraldeko bizilagunen garapen sozioekonomikorako programak, baldin eta
aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I.
eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera
mugaturikoetariko baten bat.
- I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat
edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat -osorik edo zati batez-
barne hartzen duten lurralde plan sektorialak, ondoko zerrenda honen arabera:
* Nekazaritza eta Basorako Lurraldearen
Antolamendurako Arloko Plana.
* Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken
Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.
* Harrobi Zonetarako Lurraldearen
Antolamendurako Arloko Plana.
* Etxibizitzen Sustapen Publikorako
Lurzoruetarako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.
* Ekonomi Ihardueretarako Lurzoru Publikoa
Sortzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.
* Euskadiko Baliabide Turistikoak Antolatzeko
Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.
* Telekomunikazioetarako Lurraldearen
Antolamendurako Arloko Plana.
* Gasaren Garraioa eta Banaketa Antolatzeko
Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana.
* Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroetako
Plan Hidrologikoa.
* Hondakin Uren Saneamendu eta Arazketarako Gida
Plana.
* Kultur Ondareari buruzko Lurraldearen
Antolamendurako Arloko Plana.
* Hezkuntza, Osasun eta Kulturako Ekipamenduak
Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak.
- I. eranskineko zonaldeetariko baten baten
zatirik edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten baten zatirik barne
hartzen duten alde funtzionaletarako lurralde plan partzialak.
- Epe Ertainerako Plan Ekonomikoa.
- Industri Politika. Jarduketa Esparru Orokorra.
- Eskualde turistikoen deklarazioa eta Baliabide
Turistikoen Antolamendurako Plan Estrategikoa, baldin eta barne hartzen badute,
osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1
atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.
- Eskola bilguneak sortu, aldatu eta ezabatzea,
eta eskola bilguneen lurralde eremua zehaztea, baldin eta barne hartzen badute,
osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1
atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.
- I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat
edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat -osorik edo zati batez-
barne hartzen duten osasun aldeen, osasun eskualde eta azpieskualdeen eta
osasun zonaldeen zehaztapena.
- I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat
edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat -osorik edo zati batez-
barne hartzen duten farmazi zonaldeen zehaztapena.
- Euskadiko
Herri Babeserako Plana.
- Lurraldean
lurraldeko herri babeserako planak, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo
zati batez, I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren
arabera mugaturikoetariko baten bat.
- Etxebizitza
planak
- Euskal Herriko
Errepideen Plan Orokorra.
- I. eranskineko
lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko
baten bat -osorik edo zati batez- barne hartzen duten aldeetako oinarrizko
kirol azpiegituraren zehaztapena.
- I. eranskineko
lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko
baten bat -osorik edo zati batez- barne hartzen duten ureztapen planak.
- Erkidegoarteko
arroetarako plan hidraulikoak, baldin eta eraginik badute I. eranskineko
lurralde eremuetariko baten batean edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko
baten batean, edota haietariko zatiren batean.
III
ERANSKINA
- Euskal Landa Ingurunea Garatzeko Jarduera
Plana.
- 5b helburuaren barruko zonaldeetan jarduteko
programak.
- Leader ekimeneko jardun programak.
- Euskadiko Baso Plangintza.
- Parke naturalen eta babestutako biotopoen
deklarazioa, baita babestutako naturagune horietako natur baliabideen
antolamendurako planak edo erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak, edota
plan horien aldaketa eta berrikuspenak ere, baldin eta aipaturiko naturagune
horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I. eranskineko lurralde
eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat.
- Parke naturalen edo babestutako biotopoen
lurraldeko bizilagunen garapen sozioekonomikorako programak, baldin eta
aipaturiko naturagune horiek barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I.
eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera
mugaturikoetariko baten bat.
- Nekazaritza eta Basorako Lurraldearen
Antolamendurako Arloko Plana.
- Foru aldundien errepide planak -toki
errepideak barne-, baldin eta barne hartzen badute, osorik edo zati batez, I.
eranskineko lurralde eremuetariko baten bat edo 5.1 atalaren arabera
mugaturikoetariko baten bat.
- I. eranskineko lurralde eremuetariko baten bat
edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten bat -osorik edo zati batez-
barne hartzen duten ureztapen planak.
- Obra eta zerbitzuetarako foru planak, baldin
eta eraginik badute I. eranskineko lurralde eremuetariko baten batean edo 5.1
atalaren arabera mugaturikoetariko baten batean, edota haietariko zatiren
batean.
- Erkidegoarteko arroetarako plan hidraulikoak,
baldin eta eraginik badute I. eranskineko lurralde eremuetariko baten batean
edo 5.1 atalaren arabera mugaturikoetariko baten batean, edota haietariko
zatiren batean.