Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

10/1997 Legea, ekainaren 27koa, Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea Sortzeko Legea aldatzekoa.

1997-06-27

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 1997/7/28, 142. zk.; EAO, 2012/1/11, 9. zk.

 

§ 195. 10/1997 LEGEA, EKAINAREN 27KOA, OSALAN, INSTITUTO VASCO DE SEGURIDAD Y SALUD LABORALES-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEA SORTZEKO LEGEA ALDATZEAKOA

 

ZIOEN ADIERAZPENA

      Autonomia Erkidegoan erakunde asko dago gizarte eta lan-arazoez arduratzen dena.

      Guztien artetik hiru erakunde aholku-emaile dira aipagarrienak:

-  Consejo de Relaciones Laborales/Lan Harremanen Kontseilua, irailaren 30eko 9/1981 Legearen bidez sortu zena.

-  Consejo Económico y Social Vasco/Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, azaroaren 15eko 4/1984 Legearen bidez sortu zena eta ekainaren 30eko 15/1994 Legearen bidez aldatu zena.

-  Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Kontseilu Nagusia, erakunde autonomoa bera sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legean araututa dagoena.

      Gure gizartearen ustez zeregin publikoetan parte hartzea positiboa, integratzailea eta aberasgarria izanik, jakina, hiru horiek ez dira Administrazioko ateak gizartearen partaidetzara zabaltzen dituzten Autonomia Erkidegoko erakunde bakarrak, eta lan-esparruan parte hartzeko aukerak ematen dituztenak ere gehiago dira. Baina, hala ere, aipatutako horiek dira honako hiru ezaugarri hauek betetzen dituzten hiru erakundeak:

-  Lege bidez sortu dituzte. Bereizgarri hori, esate baterako, ez du Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak betetzen.

-  Denbora luzean irautekoak dira bai izaeraz eta bai borondatez. Eta Aurrekontu Legean agertzen den enplegu eta prestakuntzarako planen jarraipen-batzordeak, esate baterako, ez du ezaugarri hori betetzen, hau da, batzorde horrek legeak duen indarraldi bera izango du.

-  Gaiak lan-arlokoak dira argi eta garbi (nahiz eta Consejo Económico y Social Vasco/Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean bestelako gaiak ere aztertzen diren). Hori da, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun erakunde-mailako elkarguneetatik bereizten dituzten ezaugarri nagusia. Izan ere, elkargune horietako asko ez dira justu lan-arlokoak, nahiz eta ekonomia eta gizarteko ajenteek ere parte hartu (Gizarte Ongizaterako Euskal Kontseilua, Drogamenpekotasunen Aholku Batzordea...). Beste batzuk, berriz, ekonomia eta gizarterako oso garrantzitsuak dira, baina ez dira "stricto sensu" lan-esparrukoak (Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua), edo, bestela, lan-arloko gaiak beste gai batzuekin tartekatzen dituzte (Euskadiko Eskola Kontseilua, beste askoren artean).

      Horrenbestez, hasieran aipatutako hiru erakundeei dagokienez, alde batetik, badira gai batzuk erakunde horien araudietan berdin jasota ez daudenak, eta orain ezinbestekoa da kontraesan hori gainditzea, hau da, araudi denetan oinarrizko hatsapen jakin batzuk bete behar dira, erakunde guztietarako balioko dutenak. Eta beste alde batetik, sindikatuetako ordezkarien aukeraketa dela eta, aldaketa tekniko batzuk egin behar dira, egoera aldatu egin baita hauteskunde sindikalen sistema aldatu zenez geroz, hau da, maiatzaren 19ko 11/1994 Legea onartu zenetik hona.

      Oinarrizko hatsapen horietan dago, laburbilduta, lege-aldaketaren funtsa. Hona hemen hatsapen horiek:

1.-  Erkidegoan ordezkaritzarik handiena eta gutxieneko ordezkaritza bat duten sindikatu guztiek egon beharko dute lan eta gizarte-arloko partehartze-erakunde guztietan.

      Horrela egingo ez balitz, ordezkaritza erren geratuko litzateke eta, beraz, erakundearen izaera bera zalantzan izango genuke.

2.-  Erakunde horien barruan sortzen diren organo guztietan ere (batzorde, kontseilu, organo betearazle eta abarretan), erkidegoan ordezkaritzarik handiena eta gutxieneko ordezkaritza bat duten sindikatu guztiek egon beharko dute, organo horiek araudiz edo barruko arau bidez sortzen badira ere.

Hatsapen honek aurrekoa osatzeko balio du, ordezkaritza maila guztietara zabaltzea lortuko da eta. Horrela, aginpideak azpiko beste organo baten eskuetan uzten direnean ere, erabakiak hartzeko orduan sindikatuek behar besteko ordezkaritza izatea lortuko da.

3.-  Lortutako akordioarekin konforme ez dauden antolakundeek, oro har, boto partikularra adierazteko aukera izan behar dute. Boto hori akordioari erantsi beharko zaio beti.

4.-  Hauteskunde sindikalen sisteman gertatu den aldaketa horrek aukeraketa-sistema jarraia ekarri digu, eta orain behar-beharrezkoa da halako baliabideren bat zehaztea edozein organo sortu edo berritzen den momentuko ordezkaritza isla dadin organo horien osaeran. Ordezkaritza-maila horrek, gainera, osaera edo berrikuntza horrek irauten duenerako balioko du.

5.-  Azkenik, erreformaren barruan bada beste alderdi bat, hatsapen orokor edo erabatekoa ez izanagatik ere, derrigorrez aipatu behar dena, hau da, lan eta gizarte-arloko organoetan sindikatuek duten boto ponderatua, taldekako botoari lotuta dagoena derrigorrez.

      Partaidetzako erakunde batzuetan sindikatu-botoari ateak zabaltzea, betiere sindikatu bakoitzak duen ordezkaritza-maila kontuan hartuta, Euskadiko gizarte eta laneko errealitatearen ezaugarri berezi bat dela esan daiteke, zalantzarik gabe elementu positibo bat dakarrena: sindikatuen boto ponderatuari esker, akordioetara heltzeko orduan sindikatuen ordezkaritza-maila askoz ere zehatzago hartuko da kontuan.

      Berezitasun horrek, gainera, nahikoa sostengu ere badu, bai Eusko Legebiltzarraren aldetik (aipatutako berezitasun hori lehenengoz jaso zuen ekainaren 30eko 15/1994 Legea, Consejo Económico y Social Vasco/Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen Legea Aldatzen duena) eta baita sindikatuen aldetik ere, eredu hori aukeratu baitzuten etengabeko prestakuntza kudeatzeko organismorako.

      Egia da, hala ere, hatsapen hori sindikatuek parte hartzen duten erakunde guztietara zabaltzeak itxuragabekeria ugari ekar ditzakeela. Kontuan izan, esate baterako, zer gertatuko litzatekeen Euskadiko Eskola Kontseiluaren moduko organo batean hatsapen horri kasu egiteko erabakia hartuko balitz, kontseilu horretan sindikatuen ordezkaritza beste ordezkaritza askoren arteko bat besterik ez baita, hortxe ditugu eta, sindikatuekin batera, gurasoak, ikasleak, irakasleak, administrazioa, arloko enpresarioak e.a.). Eta, beste alde batetik, sindikatuek ere zurrunago jokatu beharko lukete, eta hori ez da oso zentzuzkoa parte hartzen duten organo guztien kasurako.

      Argi dago zein den orain arte azaldutako guztiaren ondorioa, hau da, boto ponderatuak kasu bakar baterako balio duela: organoaren izaera eta helburu bereziak direla-eta sindikatuaren jarrera talde gisa adierazi behar bada eta sindikatuak ordezkari gutxi-asko edukitzeak ez badu zerikusirik lortutako boto-kopuruarekin.

      Hatsapen horietan oinarrituta aldatu behar dira aipatu ditugun hiru arauak, nahiz eta, legegintzako arrazoi teknikoak direla medio, hiru lege-egitasmo egin behar izan, erreforma honek egoera ezberdin asko ekarriko dituela kontuan hartuta.

      Lege-egitasmo honek Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Kontseilu Nagusia besterik ez du aldatzen.

      Consejo Económico y Social Vasco/Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen eta Consejo de Relaciones Laborales/Lan Harremanen Kontseiluaren kasuan beste lege-testu berri bat egitea komeni zela erabaki bada ere, azpimarratzekoa da Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen kasuan erakundea bera sortzeko erabili zen legea aldatzea erabaki dela, beti ere, honako bi helburu hauek lortzeko asmoz:

-  Lege-aldaketa ekarri duten lau hatsapenak, dagoeneko azalduta daudenak, indarrean jartzea.

-  Sindikatuen ordezkari-kopurua bosteraino igotzea. Bestela, alderdi bakoitzerako aukeratu zen ordezkari-kopuruaren arabera, Erkidegoan ordezkaritzarik handiena duten sindikatuetako batek kanpoan geratu behar zuen. Beste alderdietako ordezkari-kopurua, hau da, enplegu-emaile eta administrazioko ordezkari-kopurua ere handiagotu egingo da neurri berean.

Lehenengo Atala

      Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari buruzko abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 1. artikuluak honako idazkera hau du:

"1. Atala

Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen da administrazioko autonomiadun erakunde modura. Lege-nortasuna izango du eta iharduteko gaitasun osoa. Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikiko zaio. Euskal Autonomi Elkarteko aginteek, laneko ingurugiroak berez dituen arriskuen arrazoiak jatorrian ezabatu eta, posible ez denean, arriskuen arrazoiak jatorrian gutxitzeko asmotan, laneko segurtasun, higiene, ingurugiro eta osasunaren arloari buruz ezarriko dituzten arauak kudeatzea izango da erakunde horren helburua".

2. Atala

     Abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 6. ataleko 2 eta 3. lerroaldiak (lege horren bidez sortu zen Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) honela idatzita geratuko dira:

"6. Atala

2.-  Era berean, honako hauek izango dira kideak:

a)   Sindikatuen eta sindikatu-konfederazioen aldetik, bost ordezkari. Bost horien artean Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik handiena eta gutxieneko ordezkaritza duten sindikatuek eta sindikatu-konfederazioek aukeratutako ordezkariek egon beharko dute sindikatu eta konfederazio bakoitzaren ordezkaritza-mailaren arabera. Gutxieneko ordezkaritza hori langile-ordezkarien eta enpresa-batzordeetako eta herri-administrazioen zerbitzura diharduten langileei dagozkien ordezkaritza-organoetako kideen %10 edo gehiagokoa izango da eta kontseilua osatu edo berritzen denean neurtuko da. Neurketa eta homologazioa Eusko Jaurlaritzak egin beharko ditu.

b)   Enplegu-emaileen aldetik, erabili beharreko arau orokorren arabera enpresarioen erakunde-ordezkaritza duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-elkarteen izenean, hiru kide; beste kide bat Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko ordezkaria izango da, eta beste bat Eusko Jaurlaritzak aukeratuko du, udalen eta foru-aldundien iritzia entzun ondoren.

3.-  Kontseilu Nagusiko kideak izango dira, era berean, Osasun Saileko bi ordezkari -bietako bat Kontseiluko lehendakariordea izango da- eta Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko beste hiru ordezkari, denak ere gai honetan duten gaitasunaren arabera aukeratuko direnak".

3. Atala

     Abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 6. atalean (lege horren bidez sortu zen Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) beste lerroaldi bat gehitu da, zortzigarrena:

"6. Atala

8.-  Kontseilu Nagusiko kideak lau urterako aukeratuko dira, eta berriro ere aukera daitezke.

Hala ere, Kontseiluan parte hartzen duten sindikatu, korporazio eta erakundeek beren ordezkariak aldatzeko aukera ere izango dute. Horrelako ordezkaketarik bada, kide berriak aurreko ordezkariaren kargualdia amaituko du, hau da, goiko lerroaldian aipatutako lau urteak amaitzeko falta zitzaion denboraldia beteko du".

4. Atala

      Abenduaren 21eko 7/1993 Legeko 8. ataleko lehen lerroaldiari (lege horren bidez sortu zen Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) 1 zenbakia erantsi zaio eta, era berean, bigarren lerroaldi bat ere gehitu da:

"8. Atala

2.-     Batzorde horien osaeran eta antzeko beste edozein organorenean -halakorik sortzen bada behinik behin-, 6.2 a) atalean aipatutako sindikatu eta sindikatu-konfederazio guztiek ordezkaturik egon beharko dute".

5. Atala

     Abenduaren 21eko 7/1993 Legean (lege horren bidez sortu Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) 8 bis) atala gehitu da:

"8 bis) Atala

1.-  Bai Kontseilu Nagusian, bai batzordeetan eta baita antzeko beste edozein organotan ere -halakorik sortuko balitz behinik behin-, akordioak hartzeko gehiengo soila behar da, hau da, bertaratu direnen gehiengoa, betiere dena delako organoa balio osoz osatu ondoren.

2.-  Hartutako akordioekin konforme ez dauden kideek boto erreserbatua adierazteko aukera dute gai horren gainean duten iritzia azaltzeko. Hartutako akordioan boto horren berri jaso beharko da beti".

6. Atala

     Abenduaren 21eko 7/1993 Legeko laugarren xedapen gehigarria (lege horren bidez sortu zen Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) indarrik gabe geratu da.

Azken Xedapenak

Lehena - Indarraldiaren hasiera

      Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena - Epearen hasiera

      Lege honetako bigarren atalean aipatutako lau urteko epea legea indarrean jartzen denetik aurrera hasiko da.

Hirugarrena - Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Kontseilu Nagusia berritzea

      Lege hau indarrean jarri eta hilabetera, Osalan, Instituto Vasco de Seguridad y Salud Laborales-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Kontseilu Nagusiaren zati bat berritu egin beharko da, osaera legeko lehen atalean erabakitakora egokitzeko.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra