Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2017 Legea, otsailaren 16koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legea aldatzekoa

2017-02-16

Erakundea: Euskal Autonomia Erkidegoa

Argitalpena: EHAA, 2017/02/21, 36. zk. eta EAO, 2017/03/08, 57. zk.

EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA

2017ko otsailaren 21a, 36. zenbakia

 

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA

925

1/2017 LEGEA, otsailaren 16koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 1/2017 Legea, otsailaren 16koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

2014ko azaroaren 27an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak onetsi zuen 4/2014 Legea, azaroaren 27koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, aurrerantzean Gogora, Eusko Legebiltzarraren mandatuari erantzunez eta memoriaren politika publikoa koordinatzeko helburuaz, 2015eko azaroaren 19an egin zuen bere lehen zuzendaritza-kontseilua. Egun hartan onartu zuen bere 2015-2016rako ekintza-programa. Ordutik hona, Gogorak bere ekintzak egin ditu, zeintzuetan bere arazo-muinetako bi (iraganaren irakurketak eta memoriaren politika publikoen proiekzioan sentsibilitate politiko desberdinen existentzia) erakundearen balio erantsirako giltzarrietako bat bilakatu dituen.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen zioen azalpenak honako hau aitortzen du: «Memoriaren politika publiko batek bi printzipio handi konbinatu behar ditu, batera ekarri. Alde batetik, erantzukizun etiko eta politikoa bereganatu behar du: oroitzea, oroitzapena egitea, elkarbanatzea eta transmititzea memoria demokratiko bat. Beste alde batetik, parte-hartzea eta pluralismoaren adierazpena bideratu behar ditu memoria eratzean». Hori horrela, aipatutako 4/2014 Legeak bere gain hartzen ditu pluralismoa eta parte-hartzea, institutuak jasotako funtzioen garapenerako jarraitu beharreko printzipio inspiratzaile gisa.

Printzipio horiek bete eta gauzatu ahal izateko, 4/2014 Legeko 8. artikuluak Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluaren osaera bat ezartzen zuen, euskal gizartearen izaera den pluraltasuna ordezkatzen zuena. Kontseilu hori Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza juridiko-instituzionalaren hiru mailek hautatutako kideek osatzen zuten, baita kide independenteek ere, Eusko Legebiltzarrak memoria sustatzen eta askatasun zibikoak eta elkarbizitza demokratikoaren printzipioak defendatzen itzal handia duten pertsonen artetik hautatu ondoren izendatuek.

Bere osotasunean aitortuta eta positiboki baloratuta Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluaren osaera, indarrean dagoen arauan aurreikusitakoa, zein horrek egindako lana, badirudi komeni dela Eusko Legebiltzarrari, euskal gizartearen borondatea eta pluraltasuna sinbolizatzen duen organoari, dagokion ordezkaritza egokitzea. Zehazki, Gogora osatzeko legeak ezartzen du, 8. artikuluko 1.b puntuaren bidez, Ganberaren Osoko Bilkurak lau ordezkari hautatu beharko dituela bere kideen artean, ordezkaritza horretan ahal den adostasunik handiena eta aniztasuna bilatuz.

Hala ere, gizarteak Eusko Legebiltzarrean duen ordezkaritzak aldaketak izaten ditu. Horrela, legegintzaldi berrian Ganberaren osaera berria ematen da, hauteskundeetan adierazitako herri-borondatean jatorri duena. Borondate horren azpian dagoen pluraltasuna talde parlamentario desberdinak osatzean zehazten da, modu horretan euskal herritarren pluraltasuna eta borondatea egitura parlamentariora eramanez.

Hori dela-eta, arau honek eguneratu egiten du 4/2014 Legea, azaroaren 27koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoa, Eusko Legebiltzarrak Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluan duen ordezkaritza egokitzeko Legebiltzarraren Osoko Bilkuraren osaera aldakorrera eta, hortaz, euskal gizartearen aniztasun eta borondatera, halako moldez non pluraltasun parlamentarioak behar bezalako isla izango baitu Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluan.

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten da Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko azaroaren 27ko 4/2014 Legeko 8. artikuluko 1.b apartatua, eta jarraian dagoen bezala geratzen da idatzita:

«b) Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko 24.1 artikuluaren arabera eratutako talde parlamentario bakoitzak hautatutako kide bana».

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 17.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

 
EUSKAL HERRIKO AGINTARITZAREN ALDIZKARIA
www.euskadi.net

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra