1/2013 Legea, urriaren 10ekoa, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa.
§ 352. 1/2013 LEGEA,
URRIAREN 10EKOA, BIZIALDI OSOKO IKASKUNTZARI BURUZKOA
ZIOEN AZALPENA
Bizialdi osoan ikasten jardutea sustatzea da Europaren
modernizazio-prozesuaren ekimen garrantzitsuenetako bat, XXI. mendean. Bai
Lisboa 2000 Estrategiak, bai Europa 2020 Estrategiak berretsi egin dute bizitza
osoan zehar ikasten jardutea sustatu beharra dagoela, eraldaketan modu
eraginkorrean aurrera egin ahal izateko, eta horrela, Europa ezagutzaren
gizartearen eta ezagutzaren ekonomiaren aldetik aurreratua bihurtu ahal
izateko.
Gizarte parte-hartzaileago, kulturaniztunago eta iraunkorrago
bat sortzeak gaitasun pertsonalak hobetzea eskatzen du, herritarrak gizarte
konplexuago batean ondo molda daitezen.
Herritarren hezkuntza-maila eta bizi-itxaropena igo izanak
ikasteko behar berriak sortu ditu, garapen pertsonalari lotuta.
Teknologiak eta produkzio-sistema bilakaera azkarra izaten ari
direnez, horrek guztiak ikaskuntzak, gaitasunak eta trebakuntza profesionalak
etengabe egokitu eta birdefinitu beharra eskatzen du.
Egoera horren eraginez, hezkuntza eta prestakuntza beste
ikuspegi batetik landu behar dira, ezagutzaren gizarteak dituen erronka berriei
aurre egin ahal izateko, gizarte horren ezaugarri nagusiena baita herritarrek
bere osotasunean hobetu egin dutela hezkuntza eta prestakuntzako maila.
Ezinbestekoa da herritarrei garapen pertsonal, sozial eta
profesionala izateko aukera eskaintzea, elkarri erabat loturik dauden arloak
direla kontuan izanda.
Beharrezkoa da bizitza osoan ikasten aritzea sustatuko duen
sistema integratu bat bultzatzea, Haur Hezkuntzan hasi eta erretiroa hartu eta
gero ere jarraituko duena, eta herritar guztiak horretan jarriko dituena;
oinarrizko gaitasunak eskuratu eta garatzen direla ziurtatu behar luke sistema
horrek, eta pertsona guztiak, batez ere kaltetuenak direnak, gizarte, ekonomia,
politika eta kulturako arloetan bateratu daitezela eta horietan parte hartu eta
ekimena nahiz sormena izan dezatela sustatu.
Bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzepzio berri horrek pertsona
prozesuaren erdi-erdian kokatzen du. Helburua pertsonak gizarteko herritar
aktibo gisa garatzea da, eta ondorioz, jasoko duten prestakuntza ez da izango,
besterik gabe, gaitasun profesionalak eskuratzeko edo dagoeneko badituztenak
sendotzeko; baita gaitasun pertsonal eta sozialak eskuratzeko nahiz sendotzeko
ere. Bizialdi osoko ikaskuntzak funtsezko erregistro-aldaketa dakar. Pertsona
da ikaskuntzaren erdigunea. Egia esan, pertsonaren eskaritik abiatuta ari gara
hitz egiten eta ez eskaintzatik, beharretatik abiatuta eta ez eskain dezakedan
horretatik.
Eginkizun hori aurrera eramateko, aldaketa handiak egin behar
dira orain arte egon den hezkuntza- eta prestakuntza-ereduan. Eta aldaketa
horren ondorioz, ikaste-prozesua bizitzaren une jakin batean gertatzen dela
pentsatzetik, pertsonaren bizitza osora luzatzen dela pentsatzera igaro behar
da. Horrekin batera, ikasteko modu malguagoak finkatu beharra ere badakar
aldaketa horrek, eta baita igarobide hobeak egotea hezkuntzaren,
prestakuntzaren eta lan-munduaren artean; gainera, ikastea testuinguru
formaletara, arautuetara mugatzen duen ideia gainditu behar da, eta ikasteko
beste bide batzuk ere baloratu eta aitortu behar dira, esate baterako
testuinguru formaletan ikastea, eta baita testuinguru informaletan ikastea ere.
Era berean, bizitza osoan ikastea ahalbidetuko duen sistema
bat martxan jartzeak prestakuntza nork eskainiko duen aldatzea eta orain arteko
ideia tradizionala aldatzea dakar, izan ere orain arte eginkizun hori
erakundeek onartzen zituzten zentroei aitortzen zitzaien: ikastetxeei,
lanbide-heziketako zentroei eta unibertsitateei. Horrekin batera, erakunde
publikoen arteko elkarlana ere beharrezkoa izango da, eta baita erakunde
publiko horien eta eragile pribatuen arteko lankidetza ere. Esandakoez gainera,
orientazio-sistema iraunkor bat ere behar izango da, pertsonek beren ibilbidean
lagun izan dezaten beren bizitza-proiektua zehazten eta aurrera eramaten
laguntzeko.
Bizialdi osoko ikaskuntzaren kontzepzio berriaren beste
ezaugarri garrantzitsu bat hauxe da: bizitzako aldi guztietan ikasten da, eta
ez bakarrik ekintza formalizatuen bidez. Erabat baztertu behar da bakarrik
eskolan edo hezkuntza-sistemaren bidez ikasten dela dioen ideia. Pertsonek
badituzte ikasteko beste bide batzuk ere: laneko esperientziaren bidez, aurrera
daramaten jarduera bitalaren bidez (ikaskuntza informala), zuzenean
egiaztagiririk ematen ez duten prestakuntza-ekintzen bidez (ikaskuntza
ez-formala), edo arauturik dauden eta egiaztagiri ofizial bat ematen duten
ikasketen bidez (ikaskuntza formala).
Bizialdi osoko ikaskuntza sustatu beharra behin eta berriz
azpimarratu izan da europar gomendioetan, legedi organikoan eta euskal
legedian.
Europar Batasunak, Etengabeko Ikaskuntzaren Memoranduma eta
"Etengabeko ikaskuntzaren esparru europarra mamitzen" izeneko
komunikazioa argitaratuta, prozesu bat abiarazi zuen, eta horren baitan, Europa
mailako hainbat erakunde eta organismoren ebazpen batzuen bidez, hezkuntzaren
eta prestakuntzaren europar esparrua eraikitzeko bidean aurrera egiten joan da,
eta bide horretan, bizialdi osoko ikaskuntzak ezinbesteko eginkizuna dauka
herritar aktiboak, gizarte-kohesioa, garapen pertsonal eta profesionala,
egokitzeko gaitasuna eta lana eskuratzeko modua izateko.
Ildo horretan, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoa,
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzkoa, eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege
Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa, bat datoz bizialdi osoko ikaskuntza garapen
pertsonala areagotzeko eta enplegua lortzeko faktoretzat jotzeko orduan; eta
horrekin batera, bi legeek diote prozedura malguagoak jarri behar direla
hezkuntza-mundutik lan-mundura jauzi egiteko orduan, edo lan-esperientziari
esker edo prozedura ez-formalei esker ikasitakoak aitortzeko beste bide batzuk
jarri behar direla.
Unibertsitateko irakaskuntzari dagokionez, Unibertsitateei
buruzko 6/2001 Lege Organikoak eta hori aldatzen duen 4/2007 Lege Organikoak
garrantzi berezia ematen diote bizialdi osoko ikaskuntzari garapen pertsonalean
eta kultura, zientzia, teknika eta ekonomia arloko garapenean, eta, horretaz
gain, unibertsitate-esparru bateratu baterako printzipioak ezartzen dituzte,
mugikortasuna, titulazioen aitortza eta etengabeko prestakuntza oinarri.
Bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari
buruzkoak, bere helburuen artean jasotzen du ikasleei prestakuntza intelektual,
zientifiko, humanistiko eta teknikoa eskaintzea, eta baita gaitasun
profesionala ematea ere; horrekin batera, bizialdi osoko prestakuntza
iraunkorra eskaintzen laguntzea ere aipatzen du helburuen artean. Horrekin
batera, lege horrek dio unibertsitateek, beren kabuz edo beste erakunde publiko
edo pribatu batzuekin hitzarmenak sinatuta, ezagupenak eta gaitasunak bizialdi
osoan zehar eguneratu ahal izateko programak eskaintzeko aukera izango dutela, eta
irakasgai horiek emateko, baliabide ez-presentzialak erabiltzea sustatuko
dutela.
Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat jarduera eraman
ditu aurrera bizialdi osoko ikaskuntzarekin loturik, bai Eusko Jaurlaritzak bai
toki-administrazioek sustaturik. Jarduera horiek Bizialdi Osoko Ikaskuntzari
buruzko Liburu Zurian jasotako helburuen artean sartzen dira.
Azken urteetan lortutako esperientzia kontuan harturik, lege
hau sustatzeko unea da, kontuan izanda lehen helburua duela lege-esparru bat
zehaztea, bizialdi osoko ikaskuntzaren sistema eraginkor bat sustatu eta
arautzeko, Europako gomendioekin, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko Liburu
Zurian jasotako helburuekin, eta gorago aipaturiko lege organikoetan
jasotakoarekin bat; horren guzti horren xedea da parte hartzen dutenek lana
lortzeko eta gizarteratzeko aukera gehiago izatea eta etorkizunean zahartze
aktiboa izan dezaten prestatzea.
Horretarako, lege honetan bizialdi osoko ikaskuntza euskal herritar
guztien eskubidetzat hartzen da, eta prestakuntzako eskaintza zabal baten bidez
gauzatuko da, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Urrutiko prestakuntza- eskaintza
sustatuko da, batez ere informazio eta komunikazioko teknologien bidez, horiei
esker herritarrek prestakuntza-eskaintza hurbilago izan dezaten, era malguan,
prestakuntzaz batera beste eginbehar batzuk (norberarenak, familiakoak,
gizartekoak edo lanarlokoak) aurrera eramateko modua izateko. Gainera, legeak
lan-esperientziaren bidez edo bide ez-formal edo informalen bitartez ikasitakoa
aitortzeko bidea ezartzen du, euskaraz, gaztelaniaz edo beste hizkuntzetan
gaitasun profesionalak eta ez profesionalak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko
tresna bat abian jarrita.
Legearen bigarren helburua da Euskadiko lanbide-heziketan
izandako aldaketak jaso eta sustatzea, eta baita arlo horri buruzko oinarrizko
legerian izandako aldaketak ere.
Lanbide-heziketak aldaketa nabarmenak izan ditu Euskadin 90eko
hamarkadatik aurrera, eta ekoizpen-arloarekiko beste lankidetza-eredu batetik
eta inplikaziotik egin da aurrera ordudanik, enpresen beharrizanak kontuan
izanda eta euskal langileen prestakuntzan modu aktiboan parte hartuta. Aldaketa
horiekin batera, Eusko Jaurlaritzak hainbat erakunde sortu ditu, lanbide-heziketaren
sistema garatzen ari zen eginkizun berriei zerbitzua eskaintzeko; hauek dira
batzuk: Lanbide Heziketaren Euskal Kontseilua, Hobetuz-Lanbide Heziketa
Jarraiturako Euskal Fundazioa, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren Behatokia,
Kualifikazio Profesionalen eta Lanbide Heziketaren Euskal Erakundea, edo
Lanbide Heziketaren Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentzia.
Aldaketa horiek guztiak gure Autonomia-Erkidegoan errotzen
hasi eta bilakaera izaten ari ziren bitartean, Estatuan aldaketa garrantzitsua
gertatu zen lanbide-heziketa ulertzeko moduan eta arlo horren legezko
antolamenduan.
Ekainaren 19ko 5/2002 Legeak, Kualifikazioei eta Lanbide
Heziketari buruzkoak, sistema bat ezarri zuen, uneoro bermatu ahal izateko
kualifikazio profesionalak eta lan-merkatuaren beharrizanak bat etorriko
zirela. Gainera, lanbide-heziketa sistema bakar gisa konfiguratu zuen,
tradizionalki hasierako prestakuntza arautuaren eta lanerako nahiz etengabeko
prestakuntzaren artean egiten zen bereizketa gaindituta. Horrela,
lanbide-heziketako tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira
Kualifikazioen Katalogo Nazionala erreferentziatzat duten
lanbide-prestakuntzako eskaintza, hori langileek mugitzeko aukera izateko
ezinbesteko baldintza baita. Bukatzeko, lege horrek laneko esperientziari esker
lortutako gaitasun profesionalak aitortzeko bidea ezarri zuen.
Ondorioz, lege honen bidez Lanbide Heziketako sistema bateratu
bat ezarri nahi da, eta bizialdi osoko ikaskuntza oinarri hartuta, euskal
herritarrek beren lan-bizitza osoan izango dituzten kualifikazio- eta
birkualifikazio-premiak ase nahi dira, pertsonon lan-egoera dena delakoa izanik
ere. Lanbide-heziketa aldi zehatz bateko prestakuntzatzat ulertzea gainditu
nahi du legeak; lanean hasi aurretik jasotzen den edo laneko gorabeheraren
baten ondorioz berreskuratzen den prestakuntza-modua izatea alde batera utzi
nahi du. Horren ordez, lanbide-heziketa kualifikazioak eskuratu eta
eguneratzeko benetako eskubidetzat hartzea lortu nahi da, eta baita
lan-esperientziaren bidez edo ikasteko bide ez-formalen nahiz informalen bidez
eskuratutako gaitasun profesionalak aitortu eta egiaztatzea ere.
Legeak garrantzi berezia ematen dio orientazioari bizialdi
osoko ikaskuntzaren markoan, jabeturik herritarrek beren bizitzan zehar gero
eta trantsizio gehiago izango dituztela prestakuntzaren eta lan-munduaren
artean, bai eta prestakuntzaren bidez langabeziaren eta enpleguaren artean ere.
Orientazioak eginkizun erabakigarria izan behar du pertsonek
bizitzan zehar hartzen dituzten erabaki garrantzitsuetan, eta beraz,
orientazioari esker, gaitasun handiagoa eskuratu behar dute eta beren proiektu
profesionala seguruago kudeatzen lagundu behar die, bai eta norberaren
bizitzaren eta bizitza profesionalaren artean oreka hobea lortzen ere.
Esandakoaren ondorioz, legearen hirugarren helburua da bizitza
osorako orientazio-sistema bat sustatzea, eta bertan bateraturik egongo
lirateke, erakunde bakoitzak dituen eskumenak errespetatuta, orientazioaren
inguruko eskumenak dituzten erakundeek aurrera eramaten dituzten
orientazio-jarduerak, eta enpleguaren arloko politiketan eta gizarteratzearen
arloan duten eginkizuna indartu egingo litzateke.
Legearen artikuluetan zehar jasota ageri den laugarren
helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa osatzen duten erakundeen
arteko elkarlana sustatzea, eta beste horrenbeste egitea administrazio horien
eta aipagai dugun eremuan diharduten gainontzeko eragileen artean.
Beste alde batetik, bizi-itxaropenak 80 urteko adina
gainditzen du Euskadin eta erretiratuta 15 urte baino gehiago bizi izango den
biztanleriaren sektore handi bat dago. Hori dela eta, erretiratutako
herritargoaren ikasketa-grinari eta -beharrei erantzungo dien, eta zahartze
aktiborako prestatuko duen euskal ikaskuntza sistema bat bultzatzea da legearen
helburuetako beste bat.
Legeak koordinaziorako esparru batzuk zehazten ditu, betiere
erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatuta, hain zuzen ere bikoiztasunak
saihestu eta ahalegin guztiak ahalik eta errentagarrien bihurtzeko. Ondorioz,
Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua sortzen da, eta aukera ematen da
eremu bereko beste kontseilu batzuk sortzeko, prestakuntzaren arloko premiak
zein diren detektatu, erakundeek eta eragileek publiko zein pribatuek
dituzten eskaintzak koordinatu, eta emaitzak ebaluatzeko gune gisa; gainera,
hori guztia egiteko ez da beharrezkoa erakunde berriak edo egitura egonkorrak
sortzea.
Bizialdi
osoko ikaskuntzari buruzko legeak atariko kapitulu bat eta beste lau kapitulu
ditu.
Atariko kapituluan, ondorengoak zehazten dira: legearen xedea
zein den, oinarrizko zein kontzeptutan oinarritzen den, zein pertsonari
zuzendurik dagoen, eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemak oinarrizko
zein ezaugarri dituen: zeintzuk diren helburuak, planak eta programak,
kalitatearen bermea, berrikuntzaren aldeko ahalegina, malgutasuna eta
mugikortasuna.
Lehenengo kapituluan, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemako eragileak zein diren eta prestakuntza-eskaintza zein den zehazten da,
hau da, zein diren prestakuntza eskainiko dutenak, zein eremu eta programa
hartzen dituen, prestakuntza jasotzeko nahiz programa eta ekintzak aurrera
eramateko zein baldintza bete beharko diren, eta lege honen bidez aitortutako
prestakuntzako ekintzak nola egiaztatuko diren. Era berean, urrutiko
prestakuntza sustatzea aurreikusten du, eta baita Urrutiko Heziketako Euskal
Institutua (UHEI) sortzea ere.
Bigarren kapituluan, lanbide-heziketako sistema bateratuaren
helburuak eta tresnak zein diren zehazten da, eta prozedura bakar bat jasotzen
da lan-esperientziaren bidez eta prestakuntzako bide ez-formalen eta informalen
bidez lortutako gaitasun profesionalak aitortzeko. Bukatzeko, eskaintza
bateratua arautzen da, eta horretan, zentro bateratuen definizioa, eginkizunak
eta autonomia zehazten dira.
Hirugarren kapituluan, bizitza osorako orientaziorako sistema
bateratuaren oinarriak ezartzen dira; hau da, zein zerbitzuk osatzen duten,
funtzionamendua zein printzipioren araberakoa izango den, eta zein eginkizun
izango dituen. Era berean, bizialdi osoko ikaskuntzako programetan orientazioa
ere sartu beharra dagoela ezartzen da, eta, horrekin batera, administrazioek
zerbitzu horietan langile egokiak jarri beharko dituztela.
Bukatzeko, laugarren kapituluan, bizialdi osoko ikaskuntzako
prozesuaren inguruan egongo diren ekimenak nola koordinatu zehazten da, eta
Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseilua sortzea jasotzen da, bai eta,
hala badagokio, eremu bereko beste kontseilu batzuk ere, sisteman parte
hartzeko eta sistema koordinatu eta planifikatzeko organo izango direnak. Gai
horren inguruan, legeak erakunde bakoitzaren eskumenak errespetatzen ditu, eta
kontseilu horri administrazio publikoen eta erakunde pribatuen artean programak
koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko lana jartzen dio.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartutako
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal
Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du hezkuntza-gaietan, betiere Konstituzioaren
27. artikuluaren eta hori garatzen duten lege organikoen kalterik gabe eta
Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion eskumenak eta
eskumen horiek betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza
errespetatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoak, gainera, baditu eskumenak
enplegurako lanbide-heziketaren esparruan. Eskumen horiek lanaren, enpleguaren
eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-legeria betearazteko
funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko azaroaren
5eko 1441/2010 Errege Dekretuan daude araututa.
Halaber, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak HABE institutua sortu
zuen, helduak alfabetatzeko eta berreuskalduntzeko eta euskaltegiak
erregulatzeko erakunde gisa. Arau horrek HABEri helburutzat jarri dio
erregulatzea eta bultzatzea euskararen irakaskuntza helduen arloan.
Legea idazteko orduan, parte hartzean oinarritutako
metodologia jarraitu da, hain zuzen ere lege-proiektua herritarrek dituzten
beharrizan berrietara egokitzeko eta hori guztia gizarteko sektore guztien aniztasuna
eta integrazioa oinarri harturik egiteko.
ATARIKO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta definizioa
1. Lege honen xedea da
bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistema antolatzea eta arautzea, jendeak
etengabeko prestakuntzan eta kualifikazioan dituen beharrei erantzun
eraginkorra emateko, eta, hartara, garapen pertsonala, soziala eta profesionala
sustatzeko. Horretarako, egoki diren jardunak programatu, koordinatu, gauzatu
eta ebaluatzeko behar diren mekanismoak ezartzen ditu.
2. Euskal Autonomia
Erkidegoko Gobernuak, beste administrazio publiko batzuekin eta hezkuntza-,
gizarte- eta ekonomia-eragileekin koordinatuta, bizialdi osoko ikaskuntza
bultzatuko du, sustapen pertsonala, enplegua lortzeko gaitasuna eta kohesio
soziala bermatzeko bitarteko gisa, eta baita aktibo sentitzeak eta ezagutzaren
gizartean parte hartzeak dakarren gogobetetasuna ziurtatzeko.
3. Bizialdi osoko
ikaskuntzaz dihardugunean, hauxe ulertu behar dugu: pertsonek eremu formaletan,
ez-formaletan eta informaletan aurrera eramandako jarduera oro, beren
ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak hobetzeko, betiere ikuspegi pertsonal,
sozial eta profesionaletik begiratuta.
4. Lege honetan esaten
direnetarako, bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistematzat hartuko da aurreko
paragrafoan aipatzen diren helburuak lortzeko behar bezala antolaturik dauden
eremu, plan, programa, tresna eta eragileen multzoa.
2. artikulua. Oinarrizko kontzeptuak
Lege honetan esaten direnetarako, honako definizioak hartuko
dira kontuan:
- Hasierako prestakuntza: Hezkuntza-sisteman jasotako prestakuntza,
alde batera utzirik zenbat iraun duen, eskolaratzea hasten denetik amaitu arte,
dela utzi egin delako irakaskuntza edo lanean hasteagatik; tartean izan daiteke
unibertsitateko irakaskuntza ere.
- Gaitasuna: Ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak erabiltzeko
ahalmena, testuinguru eta egoera pertsonal, profesional zein sozialetan emaitza
egoki eta eraginkorra lortzeko.
- Oinarrizko gaitasunak: Pertsona gisa errealizatzeko eta garatzeko,
gizartean modu aktiboan parte hartzeko edo lana lortzeko gaitasuna hobetzeko
beharrezko jotzen diren gaitasunak dira.
- Lanbide-gaitasuna: Jarduera profesionala produkzioaren eta
enpleguaren eskakizunen arabera betetzeko behar diren ezagutzen eta gaitasunen
multzoa. Gaitasun profesionalak kualifikazio profesionalen gaitasun-unitateetan
bilduta daude.
- Lanbide-kualifikazioa: Lan batean garrantzia duten
lanbide-gaitasunen multzoa da, eta modulu bidezko prestakuntzaren edo beste era
bateko prestakuntzaren bidez eta laneko esperientziaren bidez eskura daitezke.
- Ikaskuntza edo hezkuntza formala: titulu edo ziurtagiri ofiziala
eskuratzeko den prestakuntza-prozesu egituratua.
- Ikaskuntza edo hezkuntza ez formala: titulu edo ziurtagiri ofiziala
eskuratzeko ez den prestakuntza-prozesu egituratua.
- Ikaskuntza edo hezkuntza informala: egituratu gabeko
prestakuntza-prozesua, familian, lanean edo aisialdian egiten diren eguneroko
jardueren ondoriozkoa.
- Urrutiko prestakuntza: bertaratu gabe edo noizean behin bertaratuz
jasotzen den irakaskuntza, prestakuntza-jarduera batik bat bitarteko
telematikoen bidez gauzatzen duena.
- Unitatea edo gaitasun elementua: egiazta daitekeen unitate partzial
eta metagarri txikiena, baliozkotzeak edo salbuespenak egiteko
lanbide-heziketako tituluen, lanbide- edo prestakuntza-moduluen,
profesionaltasun-tituluen edo unibertsitate-irakaskuntzako kredituen artean,
Kredituen Transferentziarako Europako Sistemaren esparruan.
- Ikaskuntza-proiektua: pertsonek berek gaitasunak eskuratzeko,
eguneratzeko, osatzeko eta handitzeko eraikitako proiektua,
hezkuntza-sistemaren barruko eta kanpoko orientazio-zerbitzuen laguntzarekin
prestatua.
3. artikulua. Hartzaileak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako sistemaren plan eta programen hartzaileak hauek dira: Euskal
Autonomia Erkidegoan bizi direlarik, hasierako prestakuntzaren ondoren
ikaskuntza-jarduera bati heltzen dioten, edo garapen pertsonal edo sozialerako
edo lanbide-kualifikazioa hobetu eta eguneratzeko ibilbideak egiten ari diren
pertsona guztiak.
2. Lehentasuna emango
zaie kualifikazio txikiena duten edo gizartean edo lanean baztertuta egoteko
arriskua duten pertsonei, bai eta hezkuntza-behar bereziak dituzten pertsonei.
4. artikulua. Helburuak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako euskal sistemak honako helburu hauek ditu:
a) Euskal herritar guztiei bermatzea aukera izango dutela,
berdintasunez, bizialdi osoan ikasteko eta garapen pertsonalerako eta
gizarteratzeko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak eskuratzeko.
b) Euskal herritarren ezagutzak eguneratu eta gaitasun profesionalak
hobetu daitezen bultzatzea, horixe baita herritarrek enpleagarritasun eta
ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa izateko bermerik hoberena.
c) Bizialdi osoko ikaskuntzaren kultura sendoa sustatzea, etengabe
ikasteak duen garrantziaren berri eman eta pertsonak motibatuta, beren
prestakuntza-ibilbideak premia eta interes pertsonalen arabera egokitzeko.
d) Pertsona nagusientzako ikaskuntza-eskaintza global bat eskaintzea,
dituzten ezagutzak landu eta zabaldu nahi badituzte.
2. Horretarako, Eusko
Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, ondorengoak lortzeko:
a) Herritar guztiek beren bizialdi osoko ikaskuntza-ibilbideak egin
ditzaten sustatzea, hezkuntza sistemaren barruan eta kanpoan eskuratutako
heziketaren arabera, gaitasunak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko asmoz
eta, horrela, garapen pertsonal, sozial eta profesionala areagotzeko.
b) Erraztasunak ematea ikasketak goiz utzi zituzten gazte zein helduei
ikasketei berriz ekiteko eta osatzeko, bai eta helduei ere ikasten jarraitu
ahal izateko.
c) Ikaskuntza-ibilbide malguak bultzatzea, ikasketa-maila desberdinen
arteko loturak hobetzeko, maila batzuetatik besteetara eta prestakuntzatik
lanera pasatzea errazteko, eta premia eta interes pertsonalen araberako
prestakuntza-ibilbideak egitea errazteko.
d) Lan-esperientziaren eta bide ez-formal zein informalen bitartez
ikasitakoa aitortzea sustatzea.
e) Kualifikazio-eskariei eta bizialdi osoko ikaskuntzako aukerei
buruzko informazio- eta orientazio-zerbitzuetarako bidea erraztea eta
bermatzea.
f) Aisialdi aktiboa sustatzea eta pertsonek kulturaren arloko ezagutzak
izateko duten gogoa asetzea.
g) Belaunaldi askotako kideak elkartzeko guneak eta arloak sortzea,
metatutako kapital pertsonal eta sozial hori elkarrekin baliatu ahal izateko.
h) Hezkuntzaren kalitatea eta bikaintasuna hobetzea, ikaskuntza
eraginkorragoa eta baliabideen erabilera efizienteagoa izan dadin, eta pertsona
bakoitzak ikasteko dituen trebetasunak erabat gara ditzan.
i) Bizialdi osoko ikaskuntzaren esparruan lanean diharduten
administrazio publikoen eta erakunde pribatuen prestakuntza- eta
orientazio-jardunak koordinatzea, ikaskuntzako ibilbide koherenteak eta
haietarako irispidea bermatuz.
j) Irakaskuntza-modalitate ez-presentzialak erabiltzen dituzten
irakaskuntzak indartzea, antolatzea eta eguneratzea, ikaskuntza lan- edo
familia-bizitzarekin uztartu behar dutenentzat baliabide erakargarriak izan
daitezen.
k) Bizialdi osoko ikaskuntzan barne-mugikortasuna bultzatzea, EAEko
prestakuntza-eskaintzaren barruan, eta kanpo-mugikortasuna, batez ere Europako
hezkuntza-esparruan.
l) Bizialdi osoko ikaskuntzako sistema behar adina baliabide hornitzea
eratzeko eta gauzatzeko.
5. artikulua. Plan eta programen ezaugarriak
Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren plan eta programek
bermatuko dute ezen jardueren eskaintza, ahal den neurrian, bi hizkuntza
ofizialetan izatea, prestakuntza-eskaintza behar bezala emateko herritarrek
aukeratutako hizkuntzan. Gainera, jarduera horiek ezaugarriok izango dituzte:
1. Ikaskuntza-metodo
aktiboak bultzatzea, autonomia pertsonala sustatzeko, ikasten ikasteko
gaitasuna garatzeko eta erabiltzaileek beren ikaskuntza-ibilbidea taxutzen parte
har dezaten bultzatzeko, orientaziorako sistema bateratuko zerbitzu
desberdinetako orientatzaileen laguntzaz.
2. Ikaskuntza-jarduerak
ikaskuntzan dauden aukeren bidez ematea: aurrez aurre egonda edo urrutitik.
3. Prestakuntza-eskaintza
eta gaitasunak eskuratu eta garatzeko prozesuen eskaintza gizartearen
eskakizunen eta ingurune produktiboaren arabera egokitzea, prestakuntza-ekukiak
etengabe eguneratuta.
4. Bide ematea
lan-esperientziaren bidez eta ikaskuntza-bide ez-formal edo informalen bitartez
lortutako ezagutzak kapitalizatzeko.
5. Hezkidetzako
helburuak barne hartzea, eta gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna
sustatzea.
6. Bazterkeria
jasateko arriskua duten edo hezkuntzako beharrizan bereziak dituzten pertsonei,
bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemarako irispidea erraztea eta modu
egokian erantzutea.
7. Orientazioa,
generoaren ondoriozko baldintzatzerik gabe, pertsonei laguntzeko oinarrizko
osagai gisa sartzea, pertsonon proiektu pertsonalak mamitu eta gauzatzeko
orduan.
8. Prestakuntzan,
orientazioan eta sistemaren koordinazioan esku hartuko duten eragileen
gaikuntza sustatzea, eta horrekin batera, prestakuntza hori
produkzio-sistemaren bilakaerari eta herritarrek dituzten ikaskuntza-premiei
egokitzea.
9. Sisteman diharduten
administrazioen eta eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzea.
10. Diagnostiko- eta
prospekzio-azterlanak egitea, etengabe eguneratzeko prestakuntza-edukiak eta
prestakuntzako eragileen ezaugarriak eta gaitasunak.
11. Prestakuntzako
eragileen ezaugarriak planifikatu, ezarri eta eguneratzea, bereziki gaitasun
linguistiko, digital eta sozialei dagokienez.
12. Bizialdi Osoko
Ikaskuntzako Euskal Sistemaren prestakuntza-jardueren kurrikuluma garatzea,
kaltetu gabe horregatik unibertsitateari esleitutako eskumenak.
13. Irakaskuntzen
jasotzaile diren pertsonen arabera, hirugarren hizkuntza batean ere garatzea
eduki-eskaintza nahiko bat.
6. artikulua. Kalitate-bermea
1. Kalitatea bizialdi
osoko ikaskuntzako sistemaren planen eta programen multzoaren oinarrizko
printzipioa da, eta ikaskuntzaren emaitzak, ematen diren zerbitzuen
eraginkortasuna eta efizientzia, eta hartzaileen eta beste interes-taldeen
gogobetetasuna hobetzera zuzenduta egongo da.
2. Eusko Jaurlaritzak
bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sisteman kalitatearen kultura indartzea
suspertuko du, barne- eta kanpo-ebaluazioko prozesuen bidez, bai eta emaitzak
eta errendimendua hobetzeko prozesuen bidez, eta orobat kalitatea bermatzeko
esparruaren Estatuko eta Europako sarean parte hartuz.
3. Lanbide-heziketako
eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal kontseiluek, bakoitzak bere esparruaren
barruan, Euskadiko bizialdi osoko ikaskuntzako programen kalitatea bermatzeko
marko bat onartu, eta betetzen den ebaluatuko dute.
4. Prestakuntza-eskaintzen
malgutasuna, barietatea eta kalitatea bermatzea, eta, zehatzago, funts
publikoen bidez finantzatutako prestakuntza-programa eta -edukien, eta
prestakuntzaren hornitzaile diren eragileen kalitatea.
7. artikulua. Berrikuntza
Eusko Jaurlaritzak eta bizialdi osoko ikaskuntzako sistemaren
eragile guztiek berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak bultzatuko ditu bizialdi
osoko ikaskuntzako euskal sistemaren eremuan, eta emaitzak plan eta programak garatzeko
baliatuko ditu. Lehentasuna emango zaie honako gai hauek lantzen dituzten
proiektuei:
1. Sistemaren premiak
eta baliabideak, eta sistema behatu eta koordinatzeko tresnak.
2. Gazte eta helduen
gaitasunei buruz gizarteak eta produkzio-sistemak eskatzen dutenaren bilakaera.
3. Eremu honetan ari
diren giza kapitalaren prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.
4. Informazioaren eta
komunikazioaren teknologiek eremu honetan duten aplikazioa.
5. Bizialdi osoko
ikaskuntzari lotutako ikerketa-ildo eta -taldeen sustapena.
8. artikulua. Sistemaren malgutasuna eta loturak
1. Ikaskuntzako
ibilbideak eta ikaskuntzako ekintzak garatu ahal izatea eta prestakuntzatik
lan-mundura jauzi egitea errazteko, Eusko Jaurlaritzak bizialdi osoko
ikaskuntzako euskal sistemaren programek modulu bidezko egitura izatea
sustatuko du, eta horrekin batera, hezkuntza-sistemaren nahiz lan-munduaren
bizialdi osoko ikaskuntzaren euskal sistemako programa ez-formalen eta
informalen artean loturak egotea bultzatuko du, dagokion erregelamendu
garapenaren bitartez.
2. Hezkuntzako eta
enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek laneko esperientziaren bidez
nahiz ikaste-prozesu ez formal eta informalen bitartez ikasitakoak aitor
daitezela zehaztuko eta sustatuko dute, aitortza horren bidez
lanbide-heziketako tituluak eta egiaztagiriak eskuratu ahal izateko eta,
beharrezkoa balitz, unibertsitatez kanpoko ikasketetan, unibertsitatekoetan eta
lanbide-heziketakoetan hasi ahal izateko.
3. Hezkuntza-gaietan
eskumena duen sailak unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan eta unibertsitateko
irakaskuntzan sartzen laguntzeko ikaskuntza-ibilbide eta ikaskuntza-ekintzak
antola daitezen sustatuko du.
4. Unibertsitateko
ikasketak, tituluak eta diplomak baliozkotzea unibertsitateen eginkizuna da.
Salbuesteen eta baliozkotzeen arloan indarrean den legeriaz bat, hezkuntza- eta
enplegu-gaietan eskumena duten sailek, Euskal Autonomia Erkidegoko
unibertsitateekin batera, bakoitzak bere eskumenen barruan diharduela,
unibertsitate-irakaskuntzako ECTS kredituen eta goi-mailako lanbide-heziketako
moduluen arteko baliozkotze eta salbuesteak ezarriko dituzte. Halaber,
baliozkotze eta salbuespenak finkatuko dituzte unibertsitate-ikasketak egin eta
lanbide-heziketako tituluak edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortu nahi
dituztenentzat.
5. Orientazio-sistema
bateratua osatzen duten zerbitzuek informazioa eta aholkua emango diete
pertsonei, lotura horiek kontuan har ditzaten beren trantsizioetan eta proiektu
pertsonaletan.
9 artikulua. Mugikortasuna eta lankidetza
1. Eusko Jaurlaritzak
ahalegina egingo du ikasle, irakasle eta langile guztiei mugitzeko erraztasunak
ematen, bai ikastera beste norabait joatekotan badira, bai beste herrialde
batzuetako erakunde, ikastetxe edo lan-zentroekin elkarlanean aritzekoak
badira.
2. Eusko Jaurlaritzak
ahalegina egingo du mugikortasun-proiektuak bultzatzeko, eta elkarlanerako
hitzarmenak sortuko ditu Europako gobernuekin eta hezkuntza nahiz
prestakuntzako arloan eskumenak dituzten bestelako organismo eta erakundeekin.
3. Eusko Jaurlaritzak
ahalegina egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateek beste herrialde
batzuetako unibertsitateekin elkarlanerako akordioak sina ditzaten; hala,
ikasleak, irakasleak zein ikertzaileak errazago mugituko dira.
4. Mugikortasun-proiektuen
xedea da prestakuntza hobea eta enplegua lortzeko aukera hobeak ematea
ikasleei, aukera izan dezaten ikastera beste autonomia-erkidegoren batera
joateko edo beste herrialderen batera joateko. Kanpoko ikasketa-egonaldi
horietan honako helburuak bete nahi dira:
a) Prestakuntza hobetzea, prestakuntzako eta ekoizpeneko beste
erakunde eta egitura batzuekin harremanak izatearen bitartez.
b) Norberaren gaitasunak eta gaitasun profesionalak beste edozein
inguru soziokulturaletan edo ekoizpeneko inguruetan ere aplikatzea.
c) Hizkuntza-gaitasunak eta kulturen arteko komunikazioa hobetzea.
5. Beste herrialde
batzuetako erakunde, ikasketa-zentro edo lan-zentroekin elkarlanean aritzeak
helburu hauek betetzen ditu:
a) Irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuen kalitatea eta berrikuntza
bultzatzen ditu, berrikuntza pedagogiko, teknologiko edo kudeaketakoak
elkarrekin trukatzeko aukera ematen delako hala.
b) Ikasle, irakasle nahiz prestakuntza-zentroei bilguneak uzten dizkie
elkarrekin trukean aritzeko, eta aukera ematen zaie hezkuntzarekin eta
prestakuntzarekin lotutako bestelako egituretara joateko, sistemak nazioartean
zabaltzeko helburuz.
c) Aukera ematen dute trukerako sare nazional eta internazionaletan
parte hartzeko eta lan egiteko.
d) Europako eta nazioarteko ikerketa-sare kooperatiboetan parte
hartzea sustatzen du.
I. KAPITULUA
BIZIALDI OSOKO IKASKUNTZAKO EUSKAL SISTEMAREN TRESNAK
1. SEKZIOA
ERAGILEAK, EREMUAK ETA PROGRAMAK
10. artikulua. Bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemaren eragileak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako euskal sistemaren eragileak hauek dira: garatzen diren plan eta
programen markoan diharduten entitateak, direla publikoak edo pribatuak. HABE,
helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko Eusko Jaurlaritzaren erakunde
autonomoa dena, izango da organo eskuduna bete beharreko baldintzak ezarriko
dituena euskarako ezagupenak eskuratzeko eremuan garatu beharreko jarduerei
dagokienez, kaltetu gabe horregatik gaia dela-eta Eusko Jaurlaritzako beste
sail batzuei esleitzen zaizkien eskumenak.
2. Lege honen xedeak
gauzatuko direla ziurtatzeko, Eusko Jaurlaritzak, tartean diren
toki-administrazio eta gainerako organismo guztiekin batera, ahalegina egingo
du 12. artikuluan zehaztutako lehentasuneko programak eskaintzen dituzten
zentro eta entitate publikoek elkarrekin lan egin dezaten, sare batean.
Eskualdez eskualde koordinatu beharko dute eskaintzen dutena, erabiltzeko
dauden baliabide publikoak behar bezala erabiliz.
3. Euskal Herriko
unibertsitateek ahalegina egingo dute bizialdi osoko ikaskuntzari bultzada
emateko, unibertsitateari atxikitako edo bertan integratutako zentroetan
horretarako jarduerak eginez.
11. artikulua. Esparruak
Lege honetan ezarritako helburuak lortu aldera, honako esparru
hauetan garatu ditzakete beren jarduketak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemako eragileek:
1. Oinarrizko
gaitasunak eskuratzea eta garatzea.
2. Unibertsitateaz
kanpoko hezkuntza-sistemako titulazioak lortzea.
3. Lanbiderako
kualifikazioak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea.
4. Goi-mailako
ikasketetako titulazioak eskuratzea.
5. Informazioaren eta
komunikazioaren teknologiak erabiltzen gaitasunak eskuratzea.
6. Euskadiko hizkuntza
ofizialetan eta beste batzuetan gaitasunak eskuratzea.
7. Ikaskuntza
ez-formala garapen pertsonal eta sozialerako, eta kultura-aberastasuna.
12. artikulua. Programak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako programak herritar batzuentzako eta inguruko produktibo baterako
direnez bereziki, haien premien eta egoeraren arabera egokitu behar dira
programok. Aurrez aurreko eskolen bidez edo urrutitik landu daitezke.
Programa horien zehaztapenetan, gutxienez, informazioa jasoko
da eragileei buruz, prestatzaileen titulazioari eta esperientziari buruz,
jasotzaileei buruz, aurreikusitako jarduketa nagusiei buruz eta edukien
programazioari buruzezarritako helburu eta baldintzekin eta beraien
tenporalitatearekin bat etorriz, bai eta ezartzen den ebaluazioarekin eta
kalitatea bermatzeko markoarekin lotutako beste alderdi batzuei buruz ere.
2. Finantziazio
publikoa eskuratzeko, honako programa hauek daukate lehentasuna:
a) Oinarrizko gaitasunak eta oinarrizko hezkuntzari dagokion titulu
akademikoa ortzeko programak.
b) Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako tituluak eta lan-sistemako
profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko programak.
c) Lanbide-heziketako eskaintzara iristeko prestaketa-programak.
d) Unibertsitateko irakaskuntzara iristeko prestaketa-programak.
e) Lanbide-kualifikazioak eta birkualifikazioak emateko programak.
f) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen oinarrizko
gaitasuna emateko programak.
g) EAEko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan gaitasuna
izatea sustatzeko programak; bereziki, helduentzako alfabetatze- eta
euskalduntze-programak.
3. Bizialdi osoko
ikaskuntzak bere baitan hartzen du hasierakoa ez den unibertsitate-prestakuntza
ere, barruan sartuta prestakuntza arautua eta etengabea: titulu propioak,
espezializazio-diplomak, aditu- edo espezialista-tituluak,
unibertsitate-hedakuntzako kurtsoak eta beste titulu eta ziurtagiri batzuk.
4. Lehentasunezko
programa horiez gain, beste programa batzuk ere landuko ditu, lagungarri
izateko pertsonen garapenerako, beraien espezializazio eta eguneratze
teknologiko eta profesionalerako, beraien prestakuntza kultural, zientifiko eta
humanistikorako, pertsona nagusien prestakuntzarako eta aisialdi aktiboaren
sustapenerako, eta orobat interes komunitarioko jarduera programatuetan
parte-hartze soziala eta hiritarra faboratzeko.
5. Bizialdi osoko
ikaskuntzako euskal sistemak programa global eta espezifiko bat izango du bere
baitan pertsona nagusien ikaskuntza eta sustapen aktiborako. Programa horrek
pertsona hauei zuzendutako unibertsitate-hedapeneko ikastaroak izango ditu bere
baitan.
Erakunde eskudunek eskaintza bariatu eta malgu bat sustatuko
dute, herritargoaren sektore honen ezaugarriei eta ikaskuntza beharrei
egokituko dena.
13. artikulua. Ikaskuntza-programetan sartzeko baldintzak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako programek baldintzak jarri ahal izango dituzte programa horietan
sartzeko. Programak behar bezala lantzeko beharrezko jakintzak badituztela
ziurtatzeko izango dira baldintza horiek.
2. Diploma edo titulu
propioak eskuratzeko prestakuntza- eta ikaskuntza-eskaintzara sartu ahal
izateko baldintzak unibertsitateek berek ezarriko dituzte.
14. artikulua. Prestakuntzako programak eta ekintzak
lantzeko baldintzak
1. Prestakuntzako eta
ikaskuntzako programak edo ekintzak bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemako eragileek garatu ahal izango dituzte, baldin eta programa horietako
bakoitzerako ezarri diren baldintzak (langileak, lekuak, ekipamenduak eta
baliabideak) behar bezala betetzen badituzte, kalitatezko eskaintza bat
bermatzeko helburuaz.
2. Ikasketaren bat
egitera iristeko programak edo unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemako
tituluak eskuratzeko programak, hezkuntzako administrazioak behar bezala
baimendutako zentroetan emango dira.
3. Erkidegoko
hizkuntza ofizialen gaitzea bultzatzeko programak hartarako baimendutako eta
homologatutako instituzio, zentro edo erakundeek emango dituzte.
4. Profesionaltasun-ziurtagiriak
lortzeko programak eman ahal izango dituzte: erreferentzia nazionaleko
ikastetxeek, lanbide-heziketako ikastegi bateratuek eta Lanbidek akreditatutako
ikastetxe edo prestakuntza-erakunde publiko eta pribatuek.
5. Lanbide-heziketako
tituluak edo ziurtagiri profesionaletako tituluak eskuratzeko prestakuntza- eta
ikaskuntza-ekintzak ematen dituzten zentroek, titulu edo ziurtagiri horiek
arautzen dituzten arauetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
6. Gainontzeko
programetarako, eskumena duten administrazioek erregelamendu bidez ezarriko
dute zein baldintza bete beharko duten ikastetxeek edo prestakuntza-erakundeek
eta irakasleek edo prestatzaileek, lege honetan aurkeztutako programen
ezaugarriak eta helburuak betetzeko.
15. artikulua. Egiaztapena eta aitorpena
1. Eusko Jaurlaritzak
eta unibertsitateek bakoitzak berari dagozkion titulu eta ziurtagiriak emango
dituzte.
2. Eusko Jaurlaritzan
hezkuntzan eta enplegurako prestakuntzan eskumena duten sailei edo, kasuan
kasu, unibertsitateei dagokie lan-esperientziaren bidez edo ikaskuntza-prozesu
ez-formalen nahiz informalen bidez lortutako lanbide-gaitasunak ebaluatzea,
egiaztatzea eta aitortzea. Unibertsitateek, berriz, gaitasun-unitateen bitartez
objektibatu beharko dituzte gaitasunak.
3. Eusko Jaurlaritzak
eskumena dauka lege honen baitan sortutako prestakuntza egiaztatze aldera
diplomak eta ziurtagiriak sortzeko, baldin eta hezkuntzako titulazioetan edo
lan-ziurtagirietan jasota ez badaude.
2. ATALA
URRUTIKO PRESTAKUNTZA
16. artikulua. Urrutiko ikaskuntza
1. Eusko Jaurlaritzak,
batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, urrutiko
hezkuntzako eskaintza zabala, eguneratua eta kalitatezkoa bultzatuko du, bai
euskaraz bai gaztelaniaz.
2. Eskaintza horren
barruan hainbat motatako irakaskuntza, euskarri eta eduki sartuko dira, esparru
formalekoak eta esparru ez-formalekoak, eta, baliabide eta modu didaktiko
egokiak erabiliz, helduen etengabeko prestakuntza- eta birkualifikazio-premiei
erantzutera zuzenduko da lehentasunez, eta jasoko du pertsona nagusiek beren
garapen pertsonalerako duten interesa ere.
3. Eusko Jaurlaritzak
urrutiko hezkuntzako material didaktiko zehatz eta egokituen garapena
bultzatuko du, Autonomia Erkidegoko errealitate sozioekonomikoak, kulturalak
eta linguistikoak eskatzen dituen ikaskuntza-beharrizanei (edo gaitasunak
eskuratu eta garatzeko beharrizanei) erantzuteko.
4. Euskadiko
unibertsitateek zehaztuko dituzte, beren autonomia erabiliz, eskaintzen
dituzten programen baldintzak; eta urrutiko ikaskuntzarako modalitate zabal,
eguneratu eta kalitatezkoa bultzatuko dute eremu birtualaren bidez eta
informazio- eta komunikazio-teknologien bidez.
17. artikulua. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua
sortzea
1. Urrutiko
Hezkuntzako Euskal Institutua (UHEI) sortzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren
lurralde-eremuan unibertsitateaz kanpoko eta lanbide-heziketako urrutiko
hezkuntzaz arduratuko den zentro publiko bakarra izateko.
UHEIk irakaskuntzako arlo hauetan egingo du lan:
a) Oinarrizko hezkuntzan eta batxilergoan, hezkuntza-gaietan eskumena
duen sailak ezartzen dituen baldintzen arabera; Erkidegoko bi hizkuntza
ofizialetako eta beste hizkuntza batzuetan gaikuntzan, euskarari dagokionez
gaian eskuduna den HABE erakundeak ezarritako baldintzetan.
b) Lanbide-heziketako tituluei eta profesionaltasun-ziurtagiriei
dagozkien irakaskuntzetan, hezkuntza- eta enplegu-gaietan eskumena duten sailek
ezarritako baldintzen arabera.
c) Erkidegoko hizkuntza ofizialetan eta beste hizkuntza batzuetan
gaitzeko ikasketetan.
d) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergo eta Lanbide
Heziketako graduatu-tituluak lortzeko probetarako pertsona nagusiak prestatzeko
kurtsoetan.
e) Helduak prestakuntza-zikloetara edo unibertsitatera iristeko
prestaketa-ikastaroetan.
f) Aurreko 12. artikuluan jasotako prestakuntza-programetatik, Eusko
Jaurlaritzaren iritziz UHEI bidez emateko modukoak direnetan.
2. Urrutiko
prestakuntza-programetan, irakaskuntza-ikaskuntzako eta ebaluazioko jarduerak
aurrez aurre egin beharra ezarriko da beharbada, eta horretarako sare bat
edukiko du UHEIk, zentro laguntzaile publiko nahiz pribatuez osatutakoa, zeinek
urrutiko moduluak eskaini ahal izango baitituzte hezkuntza-gaietan eskumena
duen sailak ezarritako baldintzetan.
3. Hezkuntza-gaietan
eskumena duen sailak arautuko du gaur egun urrutiko irakaskuntza ematen duten
ikastetxeetatik zein eta zer-nola sartuko diren Urrutiko Hezkuntzako Euskal
Institutuan.
18. artikulua. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuaren
autonomia
1. Urrutiko
Hezkuntzako Euskal Institutua autonomoa izango da nola antolatu eta zer-nolako
pedagogia eta kudeaketa eramango duen erabakitzeko, bere eskaintza jasotzekoak
diren ikasleen premietara ahalik ondoen egokitzeko moduan, Eusko Jaurlaritzak
adierazitakoaren arabera. Gainera, hezkuntza-arloko zein gizarte-arloko beste
erakunde batzuekin lankidetzan aritu ahal izango da, ikertzeko,
hezkuntza-materiala prestatzeko eta material horren hedapena proposatzeko, eta
urrutiko hezkuntzaren bidez egokienak izan daitezkeen hezkuntza-erantzunak esperimentatu
eta ebaluatzeko.
2. Hezkuntza gaietan
eskumena duen sailak arautuko du Urrutiko Hezkuntzarako Euskal Institutuaren
antolaketa eta funtzionamendua, irakasleen dedikazio-araubidea, eta
gobernu-organoak eta irakaskuntza koordinatzeko organoak, zentro honen
berezitasun eta ezaugarri zehatzetara egokituz. Halaber, berak ezarriko ditu
ikasleak hartzeko arauak eta prozedurak, lehentasuna emanez bakoitzaren
ibilbide pertsonalari eta profesionalari, eta aukera emanez ikasteaz gain beste
ekintza eta ardura batzuetan jarduteko.
19. artikulua. Zentro kolaboratzaileak
1. Aurreko 12.
artikuluan ezarritako lehentasunezko programak eskaintzen dituzten bizialdi
osoko ikaskuntzako euskal sistemako eragileek badute aukera Urrutiko
Hezkuntzarako Euskal Institutuaren zentro kolaboratzaile izateko.
2. Honako baldintza
hauek bete behar dituzte zentroek, urrutiko lanbide-heziketako tituluak edo
ziurtagiriak ematen dituzten programetako kolaboratzaile izateko:
a) Kasuan kasuko lanbide-heziketako tituluetan edo lanbide-ziurtagirietan
ezarritako baldintzak betetzea.
b) Lanbide-heziketako tituluak modu presentzialean emateko baimena
edukitzea, hezkuntza-gaietan eskumena duen sailak emanda, edo hezkuntza-gaietan
eskumena duen sailak akreditatuta egotea lanbide-ziurtagiriak modu
presentzialean emateko.
c) Hezkuntzaren eta enpleguaren gaineko eskumenak dituzten sailek,
elkar hartuta, zentro kolaboratzaile izendatzea.
II. KAPITULUA
LANBIDE HEZIKETAKO EUSKAL SISTEMA BATERATUA
1. ATALA
LANBIDE HEZIKETAKO SISTEMA BATERATUAREN HELBURUAK ETA
ANTOLAKETA
20. artikulua. Definizioa
Lanbide-heziketako sistema bateratua da, izan, dena delako
lanbidea behar bezala betetzeko kualifikazioa eskuratzeko, enpleguan sartzeko
eta gizartean, kulturan eta ekonomian parte aktibo izateko gaitzen duten
prestakuntza- eta ikaskuntza-ekintzek osatzen duten multzoa. Horren barruan
sartzen dira hasierako lanbide-heziketako ikasketak, lanean hasteko edo lanera
itzultzeko ekintzak, enpresetan prestakuntza etengabea lantzeko ekintzak,
lanbiderako gaitasunak hartzeko eta hartutakoak eguneratzeko helburuarekin.
21. artikulua. Helburuak
1. Lanbide-heziketako
sistema bateratua bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemaren osagaietako bat
da, eta ondoko helburuak ditu:
a) Jarduera profesionalak garatzeko gaitasuna ematea: batetik,
sustapen profesionaleko itxaropen pertsonalak ase ahal izateko eta, bestetik,
produkzio-sistemaren prestakuntza-beharrizanei erantzuteko.
b) Lanbide-kualifikazioa ofizialki ebaluatzea eta egiaztatzea,
erreferentziatzat Lanbide Kualifikazioen Katalogoa hartuta, ikaskuntza nola
egin den kontuan izan gabe.
2. Horretarako, Eusko
Jaurlaritzak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, ondorengoak lortzeko
helburuz:
a) Kalitatezkoa, eguneratua eta jasotzaileei egokitua izango den
prestakuntza-eskaintza sustatzea.
b) Gaitasunak eskuratu eta garatzeko ikaskuntza-eskaintza malgutzea,
urrutiko lanbide-heziketako eskaintza zabala eginez.
c) Lanbide-heziketako eskaintza bateratua egitea hasierako lanbide-heziketarena
zein enplegurako prestakuntzarena, titularitate publikoko edo pribatuko
ikastetxe-sare zabal baten bidez.
d) Ikasle, langile eta langabetuei orientazioa ematea, emakume edo
gizon diren begiratu gabe, bakoitzaren interes eta gaitasunen araberako
ibilbide pertsonalak eta profesionalak definitzeko eta lortzeko.
e) Ekintzailetza-gaitasuna garatzen duten programak sartzea
prestakuntza-eskaintzan.
f) Administrazio publikoen eta enpresen eta gizarte-eragileen arteko
lankidetza indartzea prestakuntza-eskaintzak planifikatzean, diseinatzean eta
gauzatzean.
g) Hasierako lanbide-heziketako ekintzak eta enplegurako prestatzeko
ekintzak koordinatzea, baliabide publiko zein pribatuak behar bezala
erabiltzeko.
22. artikulua. Tresnak
Lanbide-heziketako sistema bateratua honako tresna hauek
osatzen dute:
a) Lanbide Kualifikazioen Katalogoak.
b) Lanbide-kualifikazioak aitortu, ebaluatu, egiaztatu eta
erregistratzeko sistemak.
c) Lanbide-heziketako zentroen sareak.
d) Lanbide-heziketaren eta enpleguaren arloan informazioa eta
orientazioa emateko zerbitzuen sareak.
e) Lanbide-heziketaren kalitatea bermatzeko markoak.
23. artikulua. Arauketa eta koordinazioa
1. Eusko Jaurlaritzari
dagokio, gizarteko eragileekin eta bizialdi osoko ikaskuntzako euskal sistemako
eragileekin batera, lanbide-heziketako sistema bateratuari bultzada ematea,
arautzea eta koordinatzea. Eginbehar hori garatzeko, Lanbide Heziketako Sistema
Bateratua Garatzeko Sailarteko Batzordea erabiliko du.
2. Lanbide Heziketako
Euskal Sistemaren Behatokia eta Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal
Institutua dira Lanbide Heziketako Sistema Bateratua Garatzeko Sailarteko
Batzordeari laguntzeko organo teknikoak (bakoitza bere zereginetan, sorrerako
dekretuan bati eta besteari ezarritakoaren arabera), lanbideen eta lanpostuen
jarraipena egiteko, indarra hartzen ari diren lanbideak identifikatzeko, Euskal
Autonomia Erkidegoan zein kualifikazioren premia dagoen hautemateko, eta
lanbide-heziketako modulukako katalogoa prestatu eta eguneratuta edukitzeko.
3. Lanbide Heziketako
Euskal Kontseilua da kontsultetarako eta parte hartzeko organoa administrazio
publikoentzat, eragile sozialentzat eta lanbide-heziketako ikastetxeentzat;
Eusko Jaurlaritzari ere berak emango dio aholku lanbide-heziketaren inguruan,
bazter utzi gabe Euskadiko Eskola Kontseiluak eta Lanbideren Administrazio
Kontseiluak horretarako dauzkaten eskumenak.
24. artikulua. Prestakuntza eta ikaskuntzako eskaintza
1. Gaitasunak eskuratu
eta garatzeko ikaskuntza-eskaintzak egitura modularra, malgua eta kalitate
onekoa izango du, herritarren eskarietara, produkzio-sistemaren beharrizanetara
eta bi horien bilakaerara egokitutakoa.
2. Gaitasunak eskuratu
eta garatzeko ikaskuntzan zer eskainiko den, Lanbide Kualifikazioen
Katalogoaren arabera erabakiko da, nagusiki.
3. Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio lanbide-heziketako titulazioak
lortzeko ikaskuntza-eskaintza bateratuko ekintzak antolatzea.
4. Lanbide-ziurtagiriak
ateratzeko eskaintza bateratuko ikaskuntza nola antolatu, eta enplegua lortzeko
prestakuntzako beste programa batzuk nola antolatu, hori enplegu-prestakuntzako
gaietan eskumena daukan sailak erabakiko du.
5. Hezkuntzan eta
enplegu-prestakuntzan eskumena daukaten sailek zehaztuko dute lanbide-heziketan
zer prestakuntza emango den, Lanbide Heziketako Euskal Plana kontuan hartuta
eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak nahiz Lanbidek ezarritako irizpideak
jarraituz.
25. artikulua. Onarpen-irizpideak
1. Hezkuntzan eta
enplegu-prestakuntzan eskumena duten sailek, bakoitzak bere eskumenen
esparruan, lanbide-heziketako eskaintza bateratuko ikastaroetako
onarpen-irizpideak arautuko dituzte.
2. Titulu akademikoak
eta lan-arloko tituluak lortzeko programetan ikasleak onartzeko irizpideen
kasuan, urrutiko ikasketei dagokienez, berariazko arauak aplikatuko dira,
ikasketa horiek dituzten ezaugarrien arabera. Eskumena duten sailek arautuko
dituzte onarpen-irizpideak, prestakuntzako ibilbide pertsonal eta profesionalei
lehentasuna emanez.
26. artikulua. Prestakuntza egiaztatzea, aitortzea eta
baliozkotzea
1. Enplegu-prestakuntzako
gaietan eskumena duen sailak dagokion profesionaltasun-ziurtagiria emango die
profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten gaitasun-unitateei lotutako
lanbide-modulu guztiak gainditu direla egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa
lortu dutenei.
2. Hezkuntza gaietan
eskumena daukan sailak aitortuko ditu enplegu-prestakuntzan eskumena daukan
sailak egiaztatutako gaitasun-unitateak gainditu izana, lanbide-ziurtagiria edo
egiaztagiri partzial metagarria emanez. Gaitasun-unitate horiek bakoitzari
dagokion lanbide-moduluen bidez baliozkotuko dira, lanbide-heziketako titulu
bakoitza arautzen duen araudiaren arabera.
27. artikulua. Enpresen eta enpresa-erakundeen lankidetza
1. Lanbide-heziketako
sistema bateratua garatzeko, beharrezkoa da, eta halaxe sustatuko da,
administrazio publikoek eragile sozialekin lankidetza eta partaidetza izatea,
batez ere ordezkaritza handiena duten antolakundeekin; orobat enpresa,
profesional, unibertsitate eta lanbide-heziketako zentroekin ere, batez ere
gorabideko, hazkundeko edo berrikuntzako sektoreei dagokienez. Enpresek banaka
edo taldean ordezkatzen dituzten antolakundeen bidez parte hartu ahal izango
dute.
2. Lankidetza horrek
honako helburuetakoren bat izango du:
a) Lantokietan prestakuntza arautua jasotzea, egonaldien bidez.
b) Lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan
sartzen diren lanbide-moduluak ematea enpresen instalazioetan bertan.
c) Produkzio-sistemako profesional gaituek prestakuntza-sisteman edo
irakasleak prestatzeko programetan parte hartzea.
d) Enpresek ikastetxeetako instalazioak eta ekipamendua erabiltzea,
irakaskuntza- eta prestakuntza-jardueretan trabarik egiten ez badute.
e) Langileen eta irakasleen eguneratze profesionala, irakasleek
egonaldiak eginez enpresetan.
f) Enpresetan egindako prestakuntza-ekintzak baliozkotzea, hezkuntza-
eta lan-arloko administrazioek araututako eran, enpresetako langileek
lanbide-heziketako titulua edo profesionaltasun-ziurtagiria eskuratu ahal
izateko.
g) Prestakuntza-premiak diagnostikatzea.
h) Berrikuntza-proiektuak elkarrekin garatzea.
3. Lankidetza hori
hitzarmenen bidez edo administrazioek beren eskumenen barruan zehaztutako beste
formula batzuen bidez formalizatuko da.
4. Lanbide-heziketako
ikastetxeek, enpresekin, ekonomia sozialeko eragileekin eta eragile sozialekin
batera, batez ere ordezkaritza handiena duten organizazioekin batera, proiektu
estrategiko komunak bultzatzeko aukera izango dute, ekimen pribatuaren bidez
finantzatuko direnak osorik edo partez.
Eusko Jaurlaritzak baimendu eta, hala badagokio, finantzatuko
ditu proiektu horiek, baldin eta berritzaileak badira, ingurumena errespetatzen
badute, ekintzailetza bultzatzen badute eta beste arrazoi estrategiko batzuk
kontuan hartuta, eta proiektuen exekuzioaren jarraipena ere egingo du.
28. artikulua. Irakaskuntzarako instalazioak eta
ekipamenduak
Lanbide-heziketako zentro publikoetarako instalazioak eta
ekipamenduak eraiki, handitu edo berritzeko inbertsioak finantzatzeko, hein
batean edo guztiz, honako erakunde hauen funtsetara jo daiteke:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra.
b) Tokiko administrazioak; horretarako, lankidetza-hitzarmenak egin
ahal izango dira administrazioen artean.
c) Sektore pribatua, hezkuntza-arloko edo lan-arlo administrazioarekin
erabakitako baldintzetan; instalazioak eta ekipamenduak txandaka, oraintxe
prestakuntzarako oraintxe lan egiteko, erabiltzeko aukera izatea aurreikusi
ahal izango da.
29. artikulua. Mugikortasuna bultzatzea
1. Lanbide-heziketako
sistema bateratuak ikasleen eta irakasleen mugikortasuna bultzatuko du, bai eta
ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen lankidetza ere, nazioko eta nazioarteko
hezkuntza-sareetan, 9. artikuluan esaten denaz bat.
2. Mugikortasun-proiektuek
lanbide-heziketaren kalitatea eta berrikuntza sustatzea izango dute helburu,
ikastetxeetan eta enpresetan egonaldiak eginez, horrela, arlo pedagogikoko, teknologikoko
edo kudeaketako berrikuntzak eta lanbide-heziketako beste sistema batzuk
ezagutu ahal izateko.
2. ATALA
LAN ESPERIENTZIA ETA BESTELAKO IKASKUNTZA EZ-FORMALAK
NAHIZ INFORMALAK AITORTZEA
30. artikulua. Definizioa
Gaitasun profesionalak aitortzeko, ebaluatzeko eta
egiaztatzeko sistema da: lanean edo beste prestakuntza-bide ez-formal edo
informal batzuetan lortutako gaitasunak ebaluatzeko, aitortzeko, egiaztatzeko
eta erregistratzeko egiten diren jardueren multzoa.
31. artikulua. Prozedura
1. Prozedura bakarra
egongo da lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen edo
informalen bitartez lortutako gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta
egiaztatzeko, hezkuntza-arlorako eta lan-arlorako balioko du, eta Eusko
Legebiltzarrak jarriko du martxan, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluari eta
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari galdetu ondoren.
Prozeduraz arduratuko den antolakuntza-egitura ere Jaurlaritzak ezarriko du.
2. Prozedura horretan,
erreferente modura, Lanbide Kualifikazioen Katalogoa erabiliko da, eta, beti,
ebaluaketa fidagarria, objektiboa eta teknikoki zorrotza egingo dela bermatzeko
moduko irizpideak erabiliz garatuko da.
3. Hezkuntzako eta
enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek aitortuko dituzte prozedura
horren bidez egiaztatutako gaitasun-unitateak, profesionaltasun-titulu eta
-ziurtagirietako lanbide-moduluen edo prestakuntza-moduluen baliozkotzeei edo
salbuesteei dagokienez.
4. Hezkuntzako eta
enplegu-prestakuntzako eskumenak dituzten sailek orientazio-zerbitzu batzuk
bermatuko dituzte beharrezko informazioa, aholkularitza eta akonpainamendua
eskaintzeko, herritarrek ondo arrazoituta erabaki ahal izan dezaten sisteman
parte hartu edo ez.
5. Lanbide Heziketako
Euskal Kontseiluak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio
Kontseiluak parte hartuko dute gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko
sistemaren garapena eta emaitzak jarraitzeko eta ebaluatzeko lanean.
3. ATALA
ESKAINTZA BATERATUA
32. artikulua. Lanbide-heziketako eskaintza bateratua
1. Lege honetan
ezarritako helburua betetzeko, hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumena
daukaten sailek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ahalegina egingo dute
hasierako lanbide-heziketa eta enplegurako prestakuntza ematen duten zentroen
sare zabala sortzeko.
Sare hori ondorengoek osatuko dute:
a) Lanbide-heziketako ikastegi bateratuek.
b) Lanbide-heziketako tituluak emateko baimena duten ikastetxe
publikoek eta pribatuek.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegu-prestakuntza emateko
akreditaturik dituen ikastetxe pribatuek.
2. Prozedura bat
taxutuko da hasierako lanbide-prestakuntza emateko baimena duten ikastetxeek
enplegurako lanbide-prestakuntza ere eman dezaten, beharrezko baldintzak
betetzen badituzte. Prozedura hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta
hezkuntzako eskumenak dituen sailak zehaztuko dute.
3. Sareko zentroek,
hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako eskumenak dituen sailaren eta
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskuratu ondoren eta haien
baldintzen menpe, aukera izango dute prestakuntza-programak eskaintzeko,
baimenduta dauzkaten eta lanbide Kualifikazioen Katalogoko gaitasun-unitateekin
lotuta dauden lanbide-heziketako tituluetan edo profesionaltasun-ziurtagirietan
oinarrituta. Programa horietan katalogoarekin lotuta ez dagoen bestelako
prestakuntza osagarria sartzeko aukera ere badago. Prestakuntza-programa horiek
gaindituz gero, horretan eskumena daukan administrazioak emandako ziurtagiria
lortuko da. Ziurtagiri horretan, halaber, prestakuntza horri lotuta dauden
gaitasun-unitateak ere zehaztuko dira.
33. artikulua. Lanbide-heziketako ikastegi bateratuak
1. Lanbide-heziketako
ikastegi bateratuak dira: hezkuntzako eta enplegu-prestakuntzako gaietan eskudunak
diren sailek erregelamenduz ezarritako baldintzak betetzen dituztelarik,
baimenduta dauzkaten familia edo arlo profesionaletako lanbide-heziketako
tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera daramaten
prestakuntza-eskaintza guztiak, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalekin
lotuak, ematen dituztenak.
2. Lanbide-heziketako
ikastegi bateratuek, beren prestakuntza-ekintzen artean, eskaini behar dituzte:
hasierako lanbide-heziketak berezkoak dituen ikaskuntzak, lanik ez dutenak
lanean hasteko edo atzera lana aurkitzeko ekintzak, eta lanean ari diren
langileak etengabe prestatzeko ekintzak.
3. Baimenduta
dauzkaten familia edo arlo profesionaletako prestakuntza eskaintzeaz gainera,
ikastegi bateratuek informazio- eta orientazio-zerbitzuak ere eduki behar
dituzte, eta, beharrezkoa baldin bada, ikaskuntza ez-formalen bidez edo
lan-esperientziaren bidez gaitasunak ebaluatzeko zerbitzua ere bai,
lanbide-kualifikazioetarako eta lanbide-prestakuntzarako sistema nazionalaren barruan.
4. Lanbide-heziketako
ikastegi bateratuak publikoak nahiz pribatuak izan daitezke.
5. Lanbide-heziketako
ikastegi bateratu pribatuak itundutzat jotzeko, legeak ezarritako
itun-araubidea bete eta haren mende egon behar dute.
34. artikulua. Lanbide-heziketako ikastegi publiko
bateratuen autonomia
1. Lanbide-heziketako
ikastegi publiko bateratuek antolaketarako, pedagogiarako eta ekonomia-arloa
nahiz langileak kudeatzeko autonomia izango dute, Eusko Jaurlaritzak
erabakitzen duenaren arabera.
2. Lanbide-heziketako
ikastegi publiko bateratuek behar bezala bermatu behar dute helduek eta
langileek irispidea izango dutela beren prestakuntza- eta zerbitzu-eskaintzara,
bakoitzaren ibilbide profesionala eta gorabehera pertsonalak kontuan hartuta.
3. Lanbide-heziketako
ikastegi publiko bateratuek aukera dute, beren autonomiaren barruan, enpresa,
erakunde eta entitateekin akordio eta hitzarmenak sinatzeko, bai azpiegiturak
edo eskura dauden baliabideak denen artean hobeto aprobetxatzeko helburuz, bai lege
honetan aurreikusitako helburuak betetzen lagunduko duten beste ekintza batzuk
hobeto baliatzeko helburuz.
35. artikulua. Unibertsitate-sistemako ikastegiak eta
prestakuntza-eremuak, xedeak eta eskaintza
1. Euskal
Unibertsitate Sistemako unibertsitateek ahalegina egingo dute bizialdi osoko
ikaskuntzari bultzada emateko, berei atxikitako zentroetan horretarako
jarduerak eginez.
2. Unibertsitateek
etengabeko eta bizialdi osoko prestakuntzara bideratutako egiturak sortu ahal
izango dituzte; egitura horiek bizialdi osoko ikaskuntzako sisteman
integraturik egon beharko dute. Egitura horiek arduratuko dira bizitza osoan
zeharko prestakuntza guztiaren plangintza, proposamena, kudeaketa eta
jarraipena egiteaz.
3. Prestakuntza
presentziala, erdipresentziala eta ez presentziala izan ahalko da.
4. Bizialdi osoko
etengabeko prestakuntzaren barruan ondokoak sartzen dira: orain
unibertsitate-masterren titulu gisa eskaintzen den prestakuntza-eskaintza
finkatu eta aitortua; gaurko graduondoko tituluen pareko espezializazio-diplomak,
aditu- edo espezialista-tituluak; unibertsitate-ikasketak luzatzeko ikastaroak,
hala nola diren helduentzako unibertsitate-ikastaroak; eta bestelako titulu eta
ziurtagiriak.
5. Etengabeko
prestakuntzaren xedea da lanbide-eskaera betetzea hobekuntza, gaurkotze edo
espezializazio profesionalaren bidez, eta gizartearen eskaerari erantzuna
ematea, parte-hartze aktiboa eta gizarte-integrazioa ahalbidetuko dituen eta
bizi-kalitatea hobetzea ekarriko duen garapena bideratuz gizarte-, kultura- eta
hezkuntza-mailan.
6. Unibertsitate-sistemako
bizialdi osoko ikaskuntzaren prestakuntza-eskaintzaren helburua da prestakuntza
humanista eta teknikoa, gizarte-kohesioa eta enplegagarritasuna areagotzea, eta
zuzenduta dago ezarritako sarrera-baldintza guztiak betetzen dituzten entitate
(enpresak eta erakundeak) eta pertsona ororentzat.
36. artikulua. Kalitatea bermatzeko sistema
1. Etengabeko
prestakuntza kudeatzeaz arduratzen diren organoek kalitate-sistema bat edukiko
dute beren irakaskuntzen emaitzen bikaintasuna erdiesteko bide gisa eta, hala
dagokionean, egiaztapen- eta akreditazio-prozesu baterako baldintza gisa.
Edonola ere, erakundeak ezarritako bikaintasun-irizpideekin
bat datozen emaitzak lortzen lagunduko duten neurriak ezarriko dira. Neurri
horien bidez baloratu egingo da prestakuntza-proposamenen egokitasuna eta
garrantzia, partnerren kalitatea jarduketa bateratuetan, aurrekontu-doiketa,
eta abar.
2. Unibertsitateek
kalitatea bermatzeko barne-sistema bat ezarri beharko dute beren tituluentzako.
37. artikulua. Elkarrizketa
sozialerako organoak
1. Euskal
Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera,
Euskadiko Unibertsitate Kontseilua da euskal unibertsitate-sistemako
koordinazio-organoa eta Eusko Jaurlaritzaren kontsulta- eta
aholkularitza-organoa unibertsitateei dagokienez.
2. Unibertsitate
Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua da unibertsitate-sistema
publikoaren xedeak eta helburuak zehazteko orduan koordinazio-, aholkularitza-
eta partaidetza-organoa; eta Gizarte Kontseiluaren bidez gizarteak parte
hartzen du unibertsitatearen gobernuan eta zuzendaritzan.
38. artikulua. Enpresen eta enpresa-erakundeen lankidetza
Beharrezkoa da, eta halaxe sustatuko da,
administrazio publikoek lankidetza izatea enpresekin, enpresa-elkarteekin,
merkataritza-ganberekin, profesionalekin, eragile sozialekin eta
lanbide-heziketako zentroekin, batez ere gorabideko, hazkundeko edo
berrikuntzako sektoreei dagokienez. Enpresek
banaka edo taldean ordezkatzen dituzten antolakundeen bidez parte hartu ahal
izango dute.
39. artikulua. Baliabide tekniko eta pertsonalak
1. Euskal
unibertsitate-sistemako unibertsitateek garatuko dituzten bizialdi osoko
ikaskuntzako prestakuntza-programak eta ekintzak aurrera eramateko, nahitaezkoa
izango da baldintzak betetzea prestakuntza-proposamen bakoitzerako beharko
diren langile, espazio, ekipamendu eta baliabideei dagokienez, unibertsitateek
eurek dituzten baliabideak kontuan hartuz.
2. Unibertsitateek,
batez ere campus birtualaren eta informazio eta komunikazioaren teknologien
bidez, urrutiko hezkuntzarako modalitate zabala, gaurkotua eta kalitatezkoa
bultzatuko dute.
III. KAPITULUA
BIZIALDI OSOKO ORIENTAZIO SISTEMA BATERATUA
40. artikulua. Bizialdi osoko orientazio-sistema
bateratua
1. Bizialdi osoko
orientaziotzat ulertzen da prozesu jarraitu bat, herritarrari akonpainamendua
emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten,
hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako,
txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat
definitzen, planifikatzen eta kudeatzen.
2. Bizialdi osoko
orientazio-sistema integratua osatuko dute: herritarrak hezkuntza-testuinguruan
eta testuinguru profesional, pertsonal eta sozialean informatzea eta aholkatzea
eta, hala badagokio, akonpainamendua ematea helburutzat duten eragile, tresna
eta ekintza guztiek.
3. Orientazio-sistema
bateratua zerbitzu hauek osatuko dute:
a) Hezkuntza-sistemako orientazio-zerbitzuek.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta
orientazio-zerbitzuek.
c) Toki-administrazioetako informazio- eta orientazio-zerbitzuek.
d) Bizialdi osorako ikaskuntzaren inguruan lanean dabiltzan
gizarte-eragileen eta erakundeen informazio- eta orientazio-zerbitzuek.
4. Eusko Jaurlaritzak
orientazio-zerbitzuen arteko lankidetza-formulak sustatuko ditu, haien arteko
koordinazio eraginkorra bermatzeko; eta, informazio garrantzitsua partekatu
ahal izateko tresnen erabilera ere sustatuko du. Era berean, zerbitzu horien
eta herritarrari kasu egiteko edo premia bereziak dituztenei kasu egiteko beste
zerbitzu batzuen arteko harremana ere sustatuko du.
Administrazio bakoitzak bere eskumenekoa den
orientazio-zerbitzuaren aldizkako ebaluazioak egingo ditu eta, kasuan kasu,
zerbitzuaren kalitatea bermatuko duten hobekuntza-ekintzak ezarriko dira
5. Orientazio-zerbitzu
horien titularitatea daukaten administrazio eta erakundeei dagokie zerbitzuaren
antolaketaz, zereginak zehazteaz eta finantzazioaz arduratzea. Jarduketa-ildo
espezifikoak ezarri ahal izango dituzte, jasotzaileek eskatzen duten
zerbitzu-motaren arabera.
6. Lanbide-heziketaren
esparruan, hezkuntzan eta enplegurako formakuntzan eskumena duten sailek
zehaztuko dute, eragile sozialek ere parte hartuz, zer-nolako orientazio-eredua
garatu behar den, zer-nolako neurriak, tresnak eta baliabideak behar diren
bizialdi osoko orientazioaren eginkizunak garatzen laguntzeko, eta zer-nolako
lankidetza-formulak behar diren sail bakoitzaren zerbitzuak eta eginkizunak
definitzeko.
7. Goi-mailako
prestakuntzaren esparruan, Euskal Herriko unibertsitateek, enplegurako
prestakuntzan eskumena duen sailarekin elkarlanean, ezarriko dituzte garatu
beharreko orientazio programak, informazio- eta orientazio-lana egiteko
beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak, bai eta
unibertsitatearen eta Administrazioaren arteko elkarlan-formulak.
41. artikulua. Orientazio-sistema bateratuaren
printzipioak
Bizialdi osoko orientazio-sistemek printzipio hauen arabera
lan egingo dute:
1. Faboratuko dute
herritarrak protagonista izatea ikaskuntza, prestakuntza, laneratze eta bizitza
profesional edo sozialeko beren ibilbidea eraikitzen.
2. Herritar guztien
irispidean izango dira, kontuan hartu gabe beraien prestakuntza, egoera
pertsonal, profesional edo soziala eta kokapen geografikoa. Horretarako,
baliabide eta erreminta telematikoak erabiliko dituzte, herritarrek irispide
ez-presentziala eduki ahal izateko orientazio-zerbitzuetara.
3. Emango duten arreta
izango da indibiduala, pertsonalizatua, genero-baldintzapenetatik askea, malgua
eta erabiltzaileen behar eta interesekin konprometitua, betiere zainduz erabiltzaileek
emandako informazio pertsonalaren isilpekotasuna eta pribatutasuna.
4. Zerbitzuaren
kalitatea bermatuko dute.
5. Zerbitzuen arteko
koordinazioa eta lankidetza eta erreminta komunen garapena sustatuko dute,
bakoitza zein herritar-talderi zuzentzen zaion kontuan hartuta.
6. Zerbitzua premia
bereziak dituztenei edo gizartetik at geratzeko arriskuan direnei eskaintzea
erraztuko dute.
42. artikulua. Orientazio-zerbitzuen zereginak
Sistema osatzen duten orientazio-zerbitzuek eginkizun hauek
bermatu behar dituzte, gutxienez:
1. Herritarrei
informazioa eta aholkua ematea ikaskuntza, lanbide edo bizitzako ibilbideak
taxutzeko, zeinak koherenteak izango baitira herritarren jomuga eta
gaitasunekin eta, hala badagokio, lan-eskaintza eta -eskaerekin.
2. Ezagutzera ematea
bizialdi osoko ikaskuntzako zein plan- edo programa-eskaintza dagoen, eta
informazioa eta aholkua ematea dauden ikaskuntza-aukerei buruz, kontuan izanik
informazioa eskatzen duten pertsonen baldintzak, beharrak eta interesak.
3. Informatzea eta
aholkatzea okupazioen profil profesionalei eta beraien joerei buruz, enplegura
iristeko posibilitateei eta erlazionatutako prestakuntza-aukerei buruz, era
horretara errazteko lanean hastea eta berriro sartzea, enpleguan hobetzea eta
mugikortasun profesionala.
4. Informazioa eta
aholkua ematea titulu akademikoei eta ziurtagiri profesionalei buruz, eta
lan-munduan eskatzen diren gaitasun eta kualifikazioak lortu, ebaluatu eta
egiaztatzeko posibilitateei buruz, edo ezartzen diren antzeko beste programa
batzuei buruz.
5. Ikasleak eta, hala
badagokio, beren familiak orientatzea beren inguruabar pertsonaletara ondoen
egokitzen diren ikasketa akademiko edo profesionaletarako, edo ikaskuntzako
beste eremu batzuetarako, egindako aukera motibazio-iturri izan dadin eta
planteatutako prestakuntza eta ikaskuntzako helburuak lortzera eraman dezan.
6. Bizialdi osoko
ikaskuntzari buruzko informazioa antolatzen, eguneratzen eta ebaluatzen parte
hartzea, zainduz informazio hori egokitzea, edukiz, argitasunez eta
irisgarritasunez, jasotzaile diren pertsona-mota ezberdinei.
7. Irakasleekin eta
prestakuntza-arduradunekin lankidetzan jardutea, beren programetan
lan-orientazioari buruzko informazioa eta prozedurak jaso ditzaten, bai laneko
irtenbide eta aukerei buruzkoak, bai garapen pertsonalari eta norberaren
ibilbide profesionala kudeatzeko trebakuntzari lotutako gaitasunekin zerikusia
dutenak.
8. Zerbitzua emateko
beharrezko datu informatizatuen sistema erabiltzea eta, beharrezkoa baldin
bada, sistema hori mantentzen eta ebaluatzen laguntzea.
9. Bete behar duten
zereginarekin zerikusia daukaten beste erakunde eta zerbitzu batzuetako profesionalekin
koordinatzea, batez ere beren herri, eskualde eta sektoreetan.
10. Laneko
esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen edo informalen bidez
lortutako gaitasunak aitortzeko, ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduretan
parte hartzea, prozesu osoan zehar informazioa eta akonpainamendua eskainiz.
43. artikulua. Orientazioa bizialdi osoko ikaskuntzako
sistema bateratuko plan eta programetan
Bizialdi osoko ikaskuntzako planen barruko programek,
zehaztasunen artean, orientazioaren planteamendua jaso beharko dute,
erregelamenduz ezarriko diren arauen arabera. Programetan zehaztu beharko dira,
gutxienez, eragileak, zein talderentzat diren, aurreikusitako jarduera nagusiak
(kapitulu honetan ezarritako printzipio eta eginkizunekin ados), eta beste
alderdi batzuk kalitatea bermatzeko ezartzen den politikarekin zerikusia
dutenak.
44. artikulua. Orientazio-zerbitzuetako langileak
Gai honetan eskumenak dituzten administrazioek eta gainerako erakundeek,
zeinek bere eskumenen eremuan, ezarriko dituzte orientazio-zerbitzu egoki baten
garapena bermatzeko beharrezkoak diren giza baliabideak, profil profesionalak
eta hautaketa-prozedura.
Bizialdi osoko ikaskuntzako sistemara bildutako orientazio-zerbitzuen
titular diren administrazio, eragile sozial eta erakundeek adostuko dute
orientazio-zerbitzu batzu eta besteetako langileen prestakuntza espezifiko eta
komuna, kontuan izanik bakoitza zuzentzen zaion populazio-sektorearen
ezaugarriak eta eskatzen den zerbitzu-mota, eta adostuko dituzte orobat langile
horien etengabeko prestakuntzarako mekanismoak.
IV. KAPITULUA
GIZARTEAREN PARTAIDETZA, KOORDINAZIO LANA ETA
FINANTZAZIOA
45. artikulua. Bizialdi osoko ikaskuntzako kontseiluak
1. Lege honen
helburuak bermatzearren, Eusko Jaurlaritzak eta toki-administrazioek bizialdi
osoko ikaskuntzako kontseiluak sortzea bultzatu ahal izango dute.
2. Kontseilu horiek bi
helburu izango dituzte: batetik, ziurtatzea bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemako eragile guztiek parte hartzen dutela; eta bestetik, bizialdi osoko
ikaskuntzako planak eta programak bultzatzea, koordinatzea eta ebaluatzea.
3. Bizialdi osoko
ikaskuntzako kontseiluak izango dira Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal
Kontseilua eta sortzen diren lurralde, eskualde eta herri mailako beste
kontseilu batzuk.
4. Bizialdi osoko
ikaskuntzako plan eta programek osotasunean jasoko dituzte Lanbide Heziketako
Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren proposamenak, horiek
erreferenteak izango baitira prestakuntza eta orientazio profesionalaren
planifikazioari, garapenari, kalitatea bermatzeko markoari eta ebaluazioari
dagokionez.
46. artikulua. Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal
Kontseilua
Lege honen helburuak bermatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzako
Euskal Kontseilua sortzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko bizialdi osoko
ikaskuntzarako sistemako eragileen koordinaziorako eta parte hartzeko organo
gorena izango da, eta bizialdi osoko ikasketen plan eta programak bultzatu,
koordinatu eta ebaluatuko ditu.
47. artikulua. Eginkizunak
Hona hemen Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluaren
eginkizunak:
1. Egoeraren diagnosia
egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko bizialdi osoko ikaskuntzako euskal
sistemaren erronkak identifikatzea.
2. Bizialdi Osoko
Ikaskuntzako Plana egitea. Egin beharko du eragileen ekimenak koordinatuz eta
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak
lanbide-heziketari buruz ematen dituzten jarraibideei kasu eginez, bai eta nola
Gizarte Ongizaterako Kontseiluak helduen ikaskuntzari dagokionez emandako
norabideak jarraituz.
3. Onartzea bizialdi
osoko ikaskuntzaren kalitatea bermatzeko markoa, errespetatuz Lanbide
Heziketako Euskal Kontseiluak lanbide-heziketako programetarako prestatutako
markoa, eta ebaluatzea marko horren helburuen betekuntza eta etengabeko
hobekuntzarako neurrien hartzea.
Bizialdi osoko ikaskuntzaren kalitatearen bermearen esparruan,
prestatzaileen eta orientatzaileen ezaugarri profesionalak eguneratzerako
proposamenak sartuko dira, eta orobat bizialdi osoko ikaskuntzarako euskal
sistemaren ikasketa, orientazio, kudeaketa eta kalitateko helburuen
ebaluaziorako adierazleak ere.
4. Bizialdi osoko
ikasketetarako kualifikazioen euskal esparrua eratzea, erreferentziazko esparru
amankomun bat sortzeko, konbertsio-mekanismoa izan dadin kualifikazio-sistema
eta -maila desberdinetarako, bai hezkuntza orokorrerako eta goi-mailakorako,
bai hezkuntza ez formalerako eta lanbide-heziketarako.
5. Aldian-aldian,
Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Planaren garapena eta emaitzak ebaluatzea.
6. Baliabide publikoak
eta pribatuak erabiltzeko orduan, bikoiztasunak ekiditea eta eragimena
bermatzea.
7. Bizialdi osoko
ikaskuntzako programen eta jardueren berri zabaldu beharra sustatzea.
8. Bizialdi Osoko
Prestakuntzako Planak dakartzan prestakuntza-programetan eta -ekintzetan
administrazioen, erakundeen, entitate publiko eta pribatuen eta pertsonen
partaidetza sustatzea.
9. Lurralde, eskualde
edo herrietako kontseiluekin koordinatzea eta haien ekimenak biltzea.
10. Erregelamenduz
agindutako beste edozein egiteko.
48. artikulua. Osaera
1. Hezkuntza-gaietan
eskumena duen saileko arduradunak izendatuko ditu Bizialdi Osoko Ikaskuntzarako
Euskal Kontseiluko kideak, baina proposamena beste hauek egingo diote: Eusko
Jaurlaritzan gai honetako eskumenak dauzkaten sailek; toki-administrazioek;
Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritzarik zabalena duten
enpresaburu-elkarteek, ekonomia sozialeko eragileek eta eragile sozialek;
Euskadiko unibertsitateek; lanbide-heziketako ikastetxeen elkarteek; bizialdi
osoko ikaskuntzako sistemako eragileek; eta arlo honetan lan egiten duten ospe
handiko pertsonek. Lurralde, eskualde eta herrietan sortzen diren
kontseiluetako ordezkariek ere parte hartu dezakete kontseilu honetan.
2. Hezkuntza-gaietan
eskumena duen saileko burua bera edo hark izendatzen duen ordezkoa izango da
Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluko lehendakaria.
3. Eusko Jaurlaritzak
erabakiko du Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Kontseiluak nola osaturik egon
behar duen, kideak nola izendatu behar diren, barrutik nola antolatu behar den,
eta zein prozedura bete behar dituen jarduteko eta akordioak hartzeko.
49. artikulua. Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Plana
1. Bizialdi Osoko
Ikaskuntzako Euskadiko Planaren erreferentea izango dira lege honen itzalpean
garatzen diren plan eta programa guztiak.
2. Bizialdi Osoko
Ikaskuntzako Plana urte anitzekoa izango da eta Bizialdi Osoko Ikaskuntzako
Euskal Kontseiluak egingo du. Premien eta eskarien diagnosi batetik abiatuko
da, zeinak beste jarduketa-eremu batzuk ere kontuan izan beharko bailituzke
(sozioekonomikoa, industriala, enplegu, zientzia eta teknologia), eta programetako
helburuak, estrategiak eta kalitatea bermatzeko markoa jasoko ditu.
Hainbat urtetarako balioko du, eta, lurraldeetan, eskualdeetan
edo herrietan planik baldin bada, beren baitara bilduko du.
3. Bizialdi Osoko
Ikaskuntzako Euskadiko Planaren barruan dauden prestakuntza-ekintzetan,
adierazita utzi beharko da plan horren barruan daudela.
50. artikulua. Lurralde, eskualde eta herrietako
kontseiluak
1. Bizialdi osoko
ikaskuntzako planak, programak eta ekintzak lurralde, eskualde eta herrietako
prestakuntza- eta ikaskuntza-premietara hobeto egokitzearren, lurraldekako,
eskualdekako eta herrikako kontseiluak sortu daitezke.
2. Prestakuntza-premien
diagnosia egin ondoren, kontseilu hauek hiru helburu izango dituzte: beren
jardun-esparrurako bizialdi osoko ikaskuntzako plana egitea; baliabideak
lortzeko eta egokitzeko ardura hartzea; eta plan horren jarraipena eta
ebaluaketa egiten parte hartzea.
3. Eusko Jaurlaritzak
erabakiko du kontseilu hauek nola osaturik egon behar duten, kideak nola
izendatu behar diren, barrutik nola antolatu behar diren, eta zein prozedura
bete behar dituzten jarduteko eta akordioak hartzeko.
51. artikulua. Beste administrazio publiko eta erakunde
pribatu batzuekiko lankidetza
Bizialdi osoko ikaskuntzako planetako helburuak lortzearren,
Eusko Jaurlaritzak toki-administrazioekiko eta erakunde pribatuekiko lankidetza
sustatuko du. Horretarako, tartean diren instituzio eta erakundeen arteko
akordioak edo itunak erabil daitezke.
Alde horretatik, elkarrekin behaketa-tresnak garatzeko eta
ikasketa-sareak sortzeko ahaleginak egingo dira, hautemandako premiei
erantzuteko moduko proiektu koordinatuak garatu ahal izateko.
52. artikulua. Finantzaketa
1. Lege honetan
ezarritako helburuak modu eraginkorragoan bete ahal izateko, Eusko Jaurlaritza
eta toki-administrazioak koordinaturik arituko dira. Koordinazio hori egiteko,
Eusko Jaurlaritzaren eta dena delako administrazio eskumendunaren arteko
akordioak edo itunak erabil daitezke.
2. Lege honetan
aurreikusita dauden programak finantzatzeko, baliabide publikoak edo pribatuak
erabil daitezke. Lege honetan jasotako helburuak eta programak finantzatzeko,
Eusko Jaurlaritza eta toki-administrazioak Europar Batasunetik datozen diruak
erabiltzea bultzatuko dute.
Xedapen Indargabetzailea
Indarrik gabe geratzen dira Lege honetan ezarritakoaren
aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Xedapen Gehigarriak
Lehenengoa
Hezkuntza Administrazioari baimena ematen zaio Laudioko Udalarekin
hitzarmen bat sinatzeko, Laudioko Lanbide Heziketako Udal Zentroa zentro
publikoen sarean sartze aldera.
Bigarrena. Autonomia-araubidea
Lege honetako 34. artikuluak aurreikusitako
autonomia-araubidea hedatu egiten zaio Lanbide Heziketaren eta Etengabeko
Ikasketaren Berrikuntzarako Zentroari (TKNIKA), zeina sortu zen martxoaren 1eko
39/2005 Dekretuaren bidez.
Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 16ko 1/1993 Legearen
bigarren sekzioko IV. kapituluko V. tituluan aurreikusitako autonomia-araubidea,
hedatu egiten zaio unibertsitatez kanpoko Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko
Erakundeari (ISEI-IVEI), zeina sortu zen otsailaren 6ko 14/2001 Dekretuaren
bidez.
Hirugarrena. Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan
(UHEI) integratzea
Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan (UHEI) integratzen
dira: Urrutiko Oinarrizko Heziketako Euskal Ikastetxea (UOHEI), ekainaren 11ko
189/1985 Dekretuaren bidez sortutakoa eta urriaren 27ko 289/1998 Dekretuak
aldatutakoa; Ramiro de Maeztu Urrutiko Batxilergo Institutua, Indalencio
Bizkarrondo "Bilintx" Bizkaiko Urrutiko Batxilergo Institutua eta
maiatzaren 31ko 102/2011 Dekretuaren bidez sortutako EAEko Urrutiko Lanbide
Heziketako Institutua.
Aipatutako zentroen egungo langileak Urrutiko Hezkuntzako
Euskal Institutuko langile gisa adskribatu eta integratuko dira, maila
funtzional eta organikoan.
Xedapen Iragankorra
Kreditu-gehikuntza dakarten lege honetako xedapen guztiak
2013-2014 aurrekontu-ekitaldian sartuko dira indarrean, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduko
136.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Azken Xedapenak
Lehenengoa. Laneko esperientziaren bidez edo
prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako lanbide-gaitasunak
egiaztatzeko ordaindu beharreko tasa
Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko
Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintza
Dekretuan, IV. tituluan, beste kapitulu bat gehitzen da, X.a, idazkera honekin:
"X. KAPITULUA. LANEKO
ESPERIENTZIAREN BIDEZ EDO PRESTAKUNTZA BIDE EZ-FORMALEN BITARTEZ LORTUTAKO
LANBIDE GAITASUNAK EGIAZTATZEKO ORDAINDU BEHARREKO TASA
95. decies artikulua. Zergapeko
egitatea
Tasaren zergapeko egitatea da
aholkularitzako eta gaitasunak ebaluatzeko zerbitzu teknikoak eskaintzea
lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez lortutako
gaitasun profesionalak egiaztatzeko probetarako.
95. undecies artikulua.
Sortzapena
Tasa ordaindu beharra sortuko da
zergapeko egitatea osatzen duten zerbitzuak ematen diren unean. Alabaina,
prozeduraren faseetako bakoitzean izena emateko orduan eskatuko da ordainketa,
subjektu pasiboaren autolikidazio bidez.
95. duodecies artikulua. Subjektu
pasiboa
Zergapeko egitatea osatzen duten
zerbitzuak eskatzen edo jasotzen dituzten pertsona fisikoak izango dira tasa
honen subjektu pasiboak.
95. terdecies artikulua.
Zenbatekoa
Hauek izango dira tasaren
zenbatekoak:
1. Aholkularitza-fasean izena ematea: 24,00 euro.
2. Lanbide-gaitasuna ebaluatzeko fasean izena ematea: 12,00 euro, gaitasun-unitate bakoitzeko.
95. quaterdecies artikulua.
Salbuespenak eta hobariak
Tasatik salbuetsita egongo dira:
a) Langabeak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena
emanda badaude eta orientazio-prozesu pertsonalizatu batetik pasata badaude.
b) Terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta kalte fisiko
edo psikofisiko bereziki larriak jasan izana egiaztatzen badute; haien
ezkontideak edo antzeko afektibitate-harremanarekin iraunkorki bizi direnak,
eta beraien seme-alabak".
Bigarrena. Garapen eta exekuziorako gaikuntza
Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio amorez eta, bere
eskumenen eremuan, lege honen garapen eta exekuziorako beharrezkoak diren
izaera orokorreko xedapenak eman ditzan.
Hirugarrena. Indarrean jartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
eta biharamunean sartuko da indarrean.