1/2012 Legea, otsailaren 2koa, Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzkoa
2012-02-02Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2012/2/9, 29. zk.; EAO, 2012/2/16, 40. zk.
§ 332. 1/2012 LEGEA, otsailaREN 2KOA, lehiaren euskal
agintaritzari buruzkoa
ZIOEN
AZALPENA
I
Lehia
askea defendatzea funtsezko oinarria da merkatu-ekonomietan, eta aitorpen
berezia ematen zaio demokrazia modernoen ordenamendu juridikoetan.
Adibidez,
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 119. artikuluak
ezartzen du estatu kideek indarrean jarri behar dutela merkatu-ekonomia
irekiaren eta lehia askearen printzipioa errespetatuz aplikatuko den
ekonomia-politika.
Halaber,
Espainiako Konstituzioaren 38. artikuluak enpresa-askatasuna aitortzen du,
merkatu-ekonomiaren eremuan, eta, era berean, xedatzen du botere publikoek
bermatu eta babesten dituztela lehia-askatasuna gauzatzea eta produktibitatea
defendatzea, betiere ekonomia orokorraren eta, hala behar duenean,
plangintzaren eskakizunei kasu eginez.
Agente
ekonomiko guztiek merkatuetan benetako lehia dagoela jakinda jardun behar dute,
horrek produkzioaren efizientzia handiagoa izatea bermatuko baitu.
Konstituzio
Auzitegiak 1999ko azaroaren 11n epaia eman zuen, Eusko Jaurlaritzak eta
Kataluniako Generalitateko Kontseilu Betearazleak Lehiaren Defentsari buruzko
uztailaren 17ko 16/1989 Legearen artikulu batzuen aurka aurkeztutako errekurtsoak
ebazteko. Epaiari jarraiki, barruko merkataritzaren arloan eskumena duten
autonomia-erkidegoei dagokie Euskal Autonomia Erkidegoa kasu, 1979ko Autonomia
Estatutuaren 10.27 artikuluak xedatutakoaren arabera lehia askearen inguruko
gaietan eskua hartu, baimenak eman eta zehapenak ezartzearen eginkizun
betearazleak betetzea, baldin eta jardunbideak erkidegoaren barruan egiten
badira edo autonomia-erkidegoaren lurralde-eremutik kanpo hedatzen ez badira.
Beraz, onartu egin zen lehia murrizten duten jokabideei buruzko eskumen
betearazlea autonomia-erkidegoei dagokiela, nahiz eta eskumenetatik kanpo
geratu kontzentrazio ekonomikoen kontrola eta lehian eragina izan dezaketen
laguntza publikoen kontrola.
Konstituzio
Auzitegiaren epai horretan oinarrituta, Estatuak eta autonomia-erkidegoek
lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko
otsailaren 21eko 1/2002 Legea eman zen. Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren
17ko 16/1989 Legean ezarritako eskumen betearazleetatik Estatuari eta autonomia-erkidegoei
dagozkienak zehaztea eta mugatzea zuen helburu 1/2002 Legeak. Horrez gainera,
lehiaren defentsaren arloko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetan lehiaren
defentsarako organoak sortzea aurreikusi zen.
Lehiaren
Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren
Defentsarako Zerbitzuak izango dituen eginkizunak ezartzen dituen apirilaren
12ko 81/2005 Dekretuaren bidez sortu zituen Euskal Autonomia Erkidegoak
lehiaren defentsari buruzko organoak, lehen aldiz. Dekretu horrek Lehiaren
Defentsarako Euskal Auzitegia sortu zuen, Estatuko Lehiaren Defentsarako
Auzitegiaren parekoa. Delako organoa Ogasun eta Herri Administrazio Sailari
atxikita egon da, baina ez Administrazioaren egitura hierarkikoaren barruan,
eta hartara, beregaintasunez eta kudeaketa-autonomiaz bete ditu zegozkion
eginkizunak. Halaber, 81/2005 Dekretuak Estatuko Lehiaren Defentsarako
Zerbitzuaren eginkizunak Administrazioko berariazko organo bati ezarri zizkion,
Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari,
hain zuzen.
Lehiaren
Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legeak, 16/1989 Legea indargabetu
zuenak, helburu hauek zituen: lehiaren defentsari buruzko sistema eraberritu
eta hobetzea, Europar Batasuneko eredura egokitzea, eta koordinazioko
baliabideak sendotzea, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek nahiz
sektoreetako arautzaileek aplika dezaten araudia. Halaber, lehiaren defentsari
buruzko Estatuko antolaketa-egitura guztiz aldatu zuen, organismo bakarra sortu
baitzuen: Lehiaren Batzorde Nazionala, bere baitan instrukzioa egiteko eta
ebazteko eginkizunak hartzen dituena. Beraz, antzinako Lehiaren Defentsari
buruzko Zerbitzuaren eta Lehiaren Defentsari buruzko Auzitegiaren eskumenak
Ikerketa Zuzendaritzak eta Kontseiluak betetzen dituzte, eta bi erakundeok
Batzorde Nazionalaren mende daude.
Orobat,
15/2007 Legeak aldatu egin zituen lehia murrizten duten jardueren aurka egiteko
aplikatu beharreko prozedurak, eta berebiziko garrantzia eman zion lehia sustatzeko
eginkizunari, txostenak, azterlanak eta gomendioak egiteko ahalmenaren bidez.
15/2007
Legeak ekarritako aldaketen eraginez, 81/2005 Dekretua moldatu beharra zegoen.
Horren ildotik, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal
Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak ezarri
zituen dekretua aldatzeko den martxoaren 4ko 36/2008 Dekretua onartu zen. Hala
ere, dekretu horrek ez zuen antolaketa-egitura bateratua onetsi, euskal
Administrazioak bere burua antolatzeko duen gaitasuna dela eta; haatik,
aurreikusi zuen bi organismo horiek sustapenaren arloan abiarazten zituzten
jarduerak era koordinatuan planifikatzea, sistema eraginkorragoa izan eta
bitartekoak arrazionalizatuago egotearren.
Alabaina,
euskal organoak sortu zirenetik metatutako eskarmentua eta beste herrialde
batzuetakoa aintzat hartuta, badirudi une egokia dela nazioartean hedatuen
dagoen antolaketa-eredua Euskal Autonomia Erkidegoan ere onartzeko, lehiaren
defentsari buruzko organoak dituzten autonomia-erkidego gehienek onartu duten
bezala. Gai honen arloan eskumen guztiak beregaintasunez betetzen dituen organo
bakarrarena da eredu hedatu hori.
Horregatik
guztiagatik, Lehiaren Euskal Agintaritza sortuko da lege honen bidez, eta
erakunde-euskarri sendoa emango zaio hainbat eginkizun bete ditzan, lehia
sustatu eta defendatzearen arloan.
II
Lege
honek bost kapitulu ditu: xedapen orokorrak; antolaketa; agintaritzaren
jarduera gardena; ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-,
langileria- eta ondare-araubidea; eta beste xedapen batzuk, hitzarmenei,
jurisdikzio-organoekiko lankidetzari, sektoreetako arautzaileekiko
lankidetzari, laguntzeko betebeharrari, datuak isilpean gorde beharrari eta
ikuskatzeko ahalmenei buruzkoak.
Lehenengo
kapituluak, xedapen orokorrei buruzkoak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren izaera
juridikoa arautzen du. Zehazki, agintaritza Administrazioko erakunde autonomoa
izango da, ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko
Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko
gaitasun osoa izango ditu, dagozkion eginkizunak betetzeko. Halaber,
agintaritzaren helburuak, eskumenak eta egintzen araubide juridikoa arautzen
dira, bere ebazpen eta egintzen aurkako errekurtsoen araubidea barne. Eskumenen
artean, lehiaren aurkako jokabideak zehatzeaz eta lehia sustatzeaz gain berau
lehiaren defentsaren funtsezko osagaia da, eta ekonomia-politikako tresna
moderno eta eraginkorra bihurtu da, beste bat ere emango zaio, 15/2007
Legearen ildoarekin bat: eskumena duen jurisdikzioan aurkatzea
administrazio-zuzenbideari loturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen (erkidegoko, foru- eta toki-administrazioak) egintzak eta
legea baino beheragoko xedapen orokorrak foru-arau fiskalak izan ezik,
Konstituzio Auzitegiaren eta Botere Judizialaren lege organikoak aldatzen
dituen otsailaren 19ko 1/2010 Lege
Organikoari jarraiki, horien bidez merkatuetako lehia bideragarriari oztopoak
jartzen baldin bazaizkio.
Bigarren
kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren antolaketa arautzen duenak, lau
organoko egitura ezartzen du: lehendakaria Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu
eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen dituen pertsona bakarreko organoa,
Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere badena; Lehiaren Euskal Kontseilua
sustatu, ebatzi eta irizpenak emateko kide anitzeko organoa, lehendakariak, bi
kontseilukidek, eta idazkari orokor batek osatua (ahotsa bai, baina botorik ez
du izango idazkariak); Ikerketa Zuzendaritza instrukzioa egiteko eginkizunak
ditu, eta Idazkaritza Nagusia, erakundeari laguntza material, administratibo
eta teknikoa nahiz aholkularitza juridikoa emateko.
Erabakiak
hartzeko orduan beregaintasunez aritzeko berme gisa, lehendakaria eta Lehiaren
Euskal Kontseiluko kideak sei urterako izendatuko dituzte, eta berriz hartu
ahal izango dute kargua agintaldia, beraz, legegintzaldia baino luzeagoa
izango da. Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, ekonomia-politikaren eta lehia
defendatzearen ardura duen sailburuak proposatuta, eta legean bertan
zehazturiko arrazoiengatik bakarrik utziko dituzte karguak.
Hirugarren
kapituluak, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera gardenari buruzkoak,
eginkizun hauek ezartzen ditu: emandako ebazpenak argitaratzea, urteko
jarduera-oroitidazkia prestatzea, eta Eusko Legebiltzarrari informazioa ematea.
Laugarren
kapituluak ekonomia-, kontabilitate-, kontrol-, kontratazio-, langileria- eta
ondare-araubidea ezartzen du, herri-erakunde autonomoak gidatzen dituzten
printzipioei jarraiki.
Bosgarren
kapituluak arlo hauek arautzen ditu: Lehiaren Euskal Agintaritzak edozein
erakunde publiko edo pribaturekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena;
jurisdikzio-organoekiko lankidetza, lehia murrizten duten jokabideei buruzko
araudia aplikatzearekin zerikusia duten gaien inguruan, eta horrez gain,
arautzaile sektorialekiko lankidetza, interes komuneko gaietan; pertsona fisiko
edo juridiko orok agintaritzari laguntzeko betebeharra; zehapen-espedienteak
hasi, horien instrukzioa egin eta ebaztean parte hartu duten pertsona guztiek
datuak isilpean gorde beharra; eta Ikerketako zuzendariak beharrezko baimena
emanda, Lehiaren Euskal Agintaritzako langileek ikuskatzeko dituzten ahalmenak.
Azkenik,
xedapen gehigarriek, iragankorrak eta azken xedapenak lege honen arauak
indarrean jartzeko bideak ezartzen dituzte.
I.
KAPITULUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritza
1. Lehiaren Euskal Agintaritza sortu da,
Administrazioko erakunde autonomo gisa, ekonomia-politikaren eta lehiaren
defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko
nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu bere eginkizunak
betetzeko.
2. Lehiaren Euskal Agintaritzak erakunde- eta
funtzio-autonomia izango du, dituen eginkizunak betetzeko.
3. Lehiaren Euskal Agintaritzak zuzenbide
publikoaren mende jarriko du bere jarduera, eta lege honek, Administrazio
publikoko erakunde autonomoak arautzen dituzten xedapenek, nahiz horiek
garatzen dituzten arauek gidatuko dute agintaritza.
4. Halaber, objektibotasunez,
profesionaltasunez, ordenamendu juridikoaren mende, eta herri-administrazio eta
eragile ekonomikoekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak,
helburuak lortzeko.
5. Ekonomia-politikaren eta lehiaren
defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailak parte hartuko du Lehiaren
Euskal Agintaritzaren gidalerroak ezartzeko lanean, eta gidalerrook
agintaritzaren urteko jarduera-programan jasoko dira.
2.
artikulua. Helburuak
Lehiaren
Euskal Agintaritzaren helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta
gardentasunaren baldintzak sustatu, bermatu eta hobetzea da, Euskal Autonomia
Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.
3.
artikulua. Eskumenak
1. Lehiaren Euskal Agintaritzak eskumen hauek
izango ditu, dituen helburuak betetzeko: zehatzekoa, sustatzekoa, aurkatzekoa,
ebazpenak ematekoa, kontsultakoa eta arbitrajekoa.
2. Lehiaren Euskal Agintaritzak
zehapen-prozedurak ireki, haien instrukzioa egin eta ebatziko ditu, betiere
lehia murrizten duten jokabideei buruz; esate baterako, kolusiozko jokabideak,
nagusitasunezko egoeraren abusua eta lehia askea faltsutzea interes publikoari
eragiten dioten egintza desleialen bidez, lehia defendatzeko araudian araututakoaren
arabera. Eskumen hori gauzatzeko orduan, Lehiaren Euskal Agintaritzak ondokoak
egiteko aukera izango du:
a) isunak
jartzea, lehiaren aldeko legeriak dioena ez betetzeagatik,
b) hertsatzeko
isunak jartzea, ebazpenetan ezartzen diren betekizunak direla-eta, edo
laguntzeko betebeharra ez betetzeagatik,
c) zuhurtasunezko
neurriak eta nahitaez betearaztekoak hartzea,
d) isunak
ordaintzetik salbuestea edo isunaren zenbatekoa murriztea,
enpresetan eta enpresa-elkarteetan
ikuskapenak egitea.
f) lehia defendatzeko legeria urratzen
duten jokaeren egileek jokaera horien ondorioz kaltetuak izan diren
salatzaileei eta hirugarrenei ordaindu beharreko kalte-ordainak kuantifikatzeko
irizpideak ezartzea, eskumena duen organo judizialak hala eskatzen dionean.
3. Lehiaren Euskal Agintaritzak merkatuetako
lehia sustatuko du, eginkizun hauen bidez:
a) lehiaren
inguruko azterlan eta ikerlanak sustatu eta egitea,
b) sektoreei
buruzko txosten orokorrak egitea, eta horietan, benetako lehia egoteko konpondu
edo hobetu beharrekoak hobetzen laguntzeko proposamenak jasotzea,
c) arlo
publikoaren jarduerari buruzko txostenak idaztea,
d) txostenak
egitea, erakunde publikoek emandako laguntzek merkatuetako lehia bideragarrian
duten eraginari buruz,
e) Merkatuetako
lehia mantendu edo berriz ezartzeko proposamenak helaraztea
herri-administrazioei,
f) ekonomia-politikaren
ardura duen sailburuari lehia babesteko politikaren gidalerroak proposatzea,
beharrezkoa bada Gobernu Kontseiluan aurkez ditzan, dagokion politika
ekonomikoaren arloan, eta, bereziki, araudiak egin eta eraldatzeko proposamenak
egitea.
4. Lehiaren Euskal Agintaritzak ondoko egintza
hauek aurkatu ahal izango ditu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan:
administrazio-zuzenbideari loturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko
herri-administrazioen (erkidegoko, foru- eta toki-administrazioak) egintzak eta
legea baino beheragoko xedapen orokorrak, horien bidez merkatuko benetako
lehiari oztopoak jartzen baldin bazaizkio. Eskumen horretatik kanpo geratuko
dira lurralde historikoetako Batzar Nagusiek onartutako foru-arau fiskalak.
5. Lehiaren Euskal Agintaritza organo
aholku-emailea izango da Euskal Autonomia Erkidegoan lehia defendatzearekin
zerikusia duten arloetan. Zehazki, ondorengo erakundeek eskatu ahal izango
diote aholkua lehiaren eremuan: Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak,
batzar nagusiek, foru-aldundiek, udalek, lanbide-elkargoek,
merkataritza-ganberek, enpresarien elkarteek, sindikatuek, eta kontsumitzaile
nahiz erabiltzaileen elkarteek.
Era
berean, Lehiaren Euskal Agintaritzak lehiari eragiten dioten araugintzako
egitasmoei buruzko irizpena emango du, baina ez da loteslea izango.
6. Lehiaren Euskal Agintaritzak arbitraje
eginkizunak beteko ditu, zuzenbidezkoak zein ekitatezkoak, arlo horretan
indarrean dagoen araudiaren arabera.
7. Lehiaren Euskal Agintaritzak lehiaren defentsari buruzko legeriak
enpresa-kontzentrazioen arloan ezartzen dizkion funtzioak beteko ditu, eta
lehiaren sustapenari eta defentsari buruz indarrean dagoen araudiaren arabera
eskuratzen dituen beste eskumen batzuk ere bai.
Lehiaren
Euskal Agintaritzak legeek emandako beste edozein eskumen beteko du.
4.
artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritzak emandako egintzen araubide juridikoa
1. Lehia sustatu eta defendatzearen arloari
buruzko eginkizunak betetzean, eta ahalmen publikoak betetzea dakarten
gainerakoetan, Lehiaren Euskal Agintaritzak lege hau, lehia defendatzearen
arloan indarrean diren legeak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren
eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete
beharko ditu.
2. Lehiaren Euskal Agintaritzaren eta bere
agintari, funtzionario eta atxikitako langileen ondare-erantzukizunaren
araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarentzat orokorrean
ezarritakoa izango da. Lehendakariari dagokio arlo honi buruz ebaztea, Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraiki.
3. Ikerketa Zuzendaritzaren ebazpen eta
egintzen aurka, defentsa-gabezia edo eskubide zein bidezko interesetan kalte
konponezina sortzen badute, errekurtsoa jarri ahal izango da Lehiaren Euskal
Kontseiluaren aurrean, hamar eguneko epean, lehiaren defentsari buruzko
araudiari jarraiki.
4. Aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoen
ebazpenen aurka eta Lehiaren Euskal Kontseiluak edo lehendakariak harturiko
beste ebazpen eta egintza batzuen aurka ezin izango da errekurtsorik aurkeztu
administrazio-bidean, administrazio-bidea agortzen baitute.
5.
artikulua. Egoitza
Lehiaren
Euskal Agintaritzak Bilbon izango du egoitza.
II.
KAPITULUA
ANTOLAKETA
6.
artikulua. Lehiaren Euskal Agintaritzaren organoak
Lehiaren
Euskal Agintaritzak organo hauek izango ditu:
a) Lehendakaria,
b) Lehiaren
Euskal Kontseilua,
c) Ikerketa
Zuzendaritza,
d) Idazkaritza
Nagusia.
7.
artikulua. Lehendakaria
1. Lehendakaria pertsona bakarreko organoa da;
Lehiaren Euskal Agintaritza zuzendu eta ordezkatzeko eginkizunak betetzen ditu,
eta Lehiaren Euskal Kontseiluko burua ere bada.
2. Lehendakaria Eusko Jaurlaritzak izendatuko
du, berritu ahal izango den sei urteko eperako, ekonomia-politikaren eta
lehiaren defentsaren ardura duen sailburuak proposatuta, ospe zein eskarmentu
handi eta egiaztatua duten legelari, ekonomialari eta beste profesional batzuen
artetik agintaritzaren jarduteko arloan.
3. Lehendakaria goi-kargua izango da; zerbitzu
berezien egoeran geratuko da aldez aurretik funtzio publikoan ari bazen, eta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguen bateraezintasun
araubidepean egongo da.
4. Dituen eginkizunak aurrera eramateko,
Lehendakaria beregaintasun osoz arituko da. Ezin izango da lehendakari izendatu
agintaritzaren aurrean parte hartu duena, zuzen edo zeharka, interesdun edo
interesdunen baten ordezkari gisa, izendatze-data baino bi urte lehenago.
5. Halaber, lehendakariak kargua utzi eta gero,
ezin izango du bere agintaldian hasitako prozeduretan parte hartu, ezta kargua
utzi eta hurrengo bi urteetan hasitakoetan ere.
6. Lehendakariak ondorengo arrazoiengatik
utziko du kargua:
a) uko
egiteagatik,
b) agintaldia
amaitzeagatik,
c) bateraezintasuna
sortzeagatik,
d) dolozko
delitua dela-eta, zigor irmoa jasotzeagatik,
e) ezintasun
iraunkorragatik,
f) Gobernuak
kargutik kentzea erabaki duelako, Lehiaren Euskal Kontseiluaren iritzia entzun
ostean, karguari dagozkion betebeharrak modu larrian ez betetzeagatik, edo
bateraezintasun, interes-gatazka nahiz datuak isilpean gordetzeko betekizunak
ez betetzeagatik. Kargutik kentzeko erabakia Jaurlaritzaren ekimenez hartuko
da, aldez aurretik lehiaren defentsaren arloko eskumena duen sailburuak
espedientearen instrukzioa eginda; erabaki hori egoerak izan dezakeen
zehapen-araubidetik bereizita hartutakoa izango da.
7. Lehendakaria ondorengo arrazoiengatik
kenduko da kargutik:
a) dolozko
delitua dela-eta, bere aurka espetxeratzeko edo auzipetzeko autoa emateagatik,
b) aldi
baterako ezintasuna duela adierazteagatik,
8. Lehendakariaren kargu-uztea edo kargugabetzea
Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, artikulu honetan aipatzen diren
inguruabarretakoren bat gertatzen baldin bada.
9. Bakante, absentzia, gaixotasun edo beste
kausa legal baten kasuan, antzinatasun edo adin handiena ordena honetan duen
kontseilukideak ordezkatuko du lehendakaria.
8.
artikulua. Lehendakariaren eginkizunak
Lehendakariaren
eginkizunak honako hauek dira:
a) Lehiaren
Euskal Agintaritzaren lege- eta erakunde-ordezkaria izatea,
b) Lehiaren
Euskal Agintaritzaren baitako organoak zuzendu, koordinatu, ebaluatu eta
gainbegiratzea,
c) agintaritzaren
ikuskatze-jarduera bultzatzea,
d) Lehiaren
Euskal Kontseiluaren burua izatea,
e) 3.
artikuluaren 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta arauak eskumena duen
jurisdikzioan aurkatzeko agintzea, aldez aurretik Lehiaren Euskal Kontseiluak
hala adostuta,
f) Lehiaren
Euskal Kontseilua biltzeko deitzea eta gai-zerrenda erabakitzea,
g) Lehiaren
Euskal Kontseiluko kideen artean egitekoak banatzeko irizpideak ezartzea,
h) Lehiaren
Euskal Kontseiluko idazkari nagusiak emandako egintzak eta ziurtagiriak
baimentzea, bere sinaduraren bidez,
i) orokorrean,
azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta
Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, administrazioko kide anitzeko
organoetako lehendakariei ematen dizkien eskumenak baliatzea,
j) langileen
buru nagusia izatea; hortaz, hala behar duenean, agintaritzaren izendapen
askeko lanpostuetara iritsi diren langileak izendatuko ditu, baita kargutik
kendu ere, aldez aurretik deialdi publikoa eginda,
k) lanpostuen
zerrendak aldatzea proposatzea Eusko Jaurlaritzari, aldez aurretik Lehiaren
Euskal Kontseiluak hala adostuta,
l) agintaritzaren
gastuak baimendu, ordainketak agindu eta kontuen berri ematea, Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontu-erregimenari buruzko legeriak xedatutakoari jarraiki,
m) hitzarmenak
sinatzea,
n) sektore
publikoaren jardunari zein merkatuetako lehiaren egoerari buruzko urteko
txostenak Eusko Legebiltzarrari nahiz ekonomia-politikaren ardura duen
sailburuari helaraztea.
9.
artikulua. Lehiaren Euskal Kontseilua
1. Lehiaren Euskal Kontseilua lehia sustatzeko
eta horri lotutako gaiez ebazteko kide anitzeko organoa da; lehendakariak,
burua baita, bi kontseilukidek eta idazkari nagusiak osatzen dute; azken horrek
ahotsa bai, baina ez du botorik izango.
2. Kontseiluko kideek dedikazio esklusiboa
izango dute eta goi-karguak izango dira; titularra, aurretik eginkizun
publikoren bat betetzen bazuen, zerbitzu berezietan geratuko da, eta Euskadiko
Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-karguen bateraezintasun-erregimenaren
pean egongo da.
3. Kontseiluko kideen izendapen, kargu-uzte,
kargugabetze eta karguan irauteari dagokionez, 7. artikuluan
lehendakariarentzat ezarritako erregimena jarraituko da.
4. Kontseilukideen kargua beste kargu edo
jarduera batzuekin bateraezina izango da, horiek arriskuan jartzen badute
kontseilukide karguari dagozkion eginkizun propioak betetzeko beregaintasuna.
Halaber, ezin izango dira kontseilukide izendatu Lehiaren Euskal Agintaritzaren
aurrean parte hartu dutenak, zuzen edo zeharka, interesdun edo interesdunen
ordezkari gisa, izendatze-data baino bi urte lehenago.
5. Kargua utzi duten kontseilukideek ezin
izango dute beren agintaldian hasitako prozeduretan parte hartu, ezta kargua
utzi eta hurrengo bi urteetan hasitakoetan ere.
10.
artikulua. Lehiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak
Lehiaren
Euskal Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:
a) zehapen-prozedurak
ebaztea,
b) zuhurtasunezko
neurriak ezartzea ebaztea,
c) zehapen-prozeduren
ebazpenak bete diren ebaztea,
d) zehapen-prozeduraren
itundutako amaiera ebaztea,
e) Administrazioak
bere kabuz hasitako jarduerak edo salaketak artxibatzea ebaztea, hala egin
behar denean, zehapen-espediente bihurtu baino lehen,
f) zuzenbidezko
zein ekitatezko arbitraje-prozedurak ebaztea,
g) Ikerketa
Zuzendaritzari espedienteen instrukzioa egiteko eskatzea,
h)Ikerketa Zuzendaritzaren ebazpen eta
egintzen aurka aurkeztutako errekurtsoez ebaztea, defentsa-gabezia edo eskubide
edo bidezko interesetan galera konponezina sortzen badute,
i) lege
honen 3. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta xedapenak
aurkatzea erabakitzea,
j) urteko
jarduera-programa onestea, bai eta helburuak eta lehentasunak zehazten dituzten
urteko eta bi urtez behingo jarduera-planak ere, kontuan izanik lege honetako
1. artikuluko 5. idatz-zatiak dioena,
k) lege
honen 3. artikuluko 5. paragrafoan aipatzen diren irizpenak egin eta onartzea,
l) Lehiaren
Euskal Kontseiluko lehendakari eta kontseilukideei buruzko errefusatze,
bateraezintasun, diziplina-zentzarazpen eta ezgaitasunez ebaztea,
m) Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioek enpresei emandako laguntza publikoei
buruzko azterlan eta txostenetatik sor daitezkeen gomendioak ematea,
Kontseiluaren ekimenez edo Ikerketako zuzendariak proposatuta,
n) lege
honen 3. artikuluko 3. paragrafoan aipatzen diren txosten, azterlan eta
proposamenak egitea,
ñ) arauak
aldatzeko proposamenak egitea, haien kalitatea hobetzeko, horrela lehiari
lagundu ahal izateko,
o) lehiari
buruzko argitalpenak egitea zein dibulgazio-ekintzak antolatzea,
p) Lehiaren
Euskal Agintaritzaren aurrekontu-aurreproiektua onestea,
q) auzibide
zibilera edo lan arloko auzibidera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, bai eta
agintaritzaren kontra aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ere,
r) lankidetzan
eta elkarlanean jardutea, agintaritzaren izenean, sektoreetako erregulatzaileekin
beraien eginkizunak gauzatzen eta bien intereseko gaietan; hartarako,
informazio eta komunikazioko mekanismoak antolatu ahal izango ditu sektoreetako
organo erregulatzaileekin, bai eta organo horiei lotesleak ez diren txostenak
eskatzeko mekanismoak ere, lehiaren gaineko legeriaren aplikaziorako
espedienteen esparruan,
s) jurisdikzio-organoei
informazioa ematea edo oharrak aurkeztea, agintaritzaren izenean, bere ekimenez
edo organo judizial batek eskatuta, lehiari buruzko araudia aplikatzeari
dagozkion gaien gainean, auzipetze zibila arautzen duen legean ezarritako eran;
hartarako, agintaritzak organo jurisdikzionalari eskatu ahal izango dio bidali
edo bidalarazi diezazkiola gaiaren balorazioa egiteko beharrezkoak diren
dokumentu guztiak,
t) hitzarmenen
sinaketa erabakitzea eta baimentzea,
u) lehiari
buruzko legeriak organo kolegiatuari kontzentrazio ekonomikoen arloan esleitzen
dizkion eginkizunak gauzatzea, bai eta lehiaren sustapen eta defentsari
dagokionez indarreko araudian errekonozituta dauden eginkizun guztiak ere.
11.
artikulua. Lehiaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua eta akordioen
araubidea
1. Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala
eratzeko, lehendakaria, idazkari nagusia eta, gutxienez, kontseilukide bat
bertaratzea eskatuko da.
2. Lehendakariak Lehiaren Euskal Kontseiluaren
ohiko eta ezohiko bileretarako deialdia egitea eta gai-zerrenda erabakiko ditu.
Idazkari nagusiak agintaritzaren estatutuan ezarriko den aurrerapenarekin
igorriko die deialdia Lehiaren Euskal Kontseiluko kideei.
Halaber,
eta aurretiko deialdirik gabe, Lehiaren Euskal Kontseilua behar bezala eratu
ahal izango da kide guztiak bertaratuta aho batez hala erabakitzen badute.
3. Akordioak bertaratuen botoen gehiengoz
hartuko dira; bertaratutako kontseilukideak ezin izango dira abstenitu,
herri-administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura
erkideari buruzko araudiak abstenitzeko aurreikusitako kasuetan izan ezik.
Berdinketarik badago, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.
12.
artikulua. Ikerketa Zuzendaritza
1. Ikerketa Zuzendaritza lehendakariaren mende
egongo da, organikoki eta funtzionalki, 13. artikuluaren 1. paragrafoan
aipatzen diren eginkizunak betetzeari buruzko gaietan izan ezik; kasu horietan,
mendekotasuna organikoa bakarrik izango da.
2. Ikerketako zuzendaria goi-kargua izango da
eta Lehiaren Euskal Agintaritzako lehendakariarentzako izendatze, kargu-aldi,
kargua uzte, eginkizunak etete, zein bateraezintasunen araubide berdinen mende
egongo da, lege honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.
13.
artikulua. Ikerketa Zuzendaritzaren eginkizunak
1. Ikerketa Zuzendaritzaren eginkizunak honako
hauek dira, lehiaren defentsaren arloan:
a) zehapen-espedienteak
ireki eta haien instrukzioa egitea, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari
ebazpen-proposamena edo artxibatzekoa helaraztea.
b) Zehapen-prozeduren
espedienteen instrukzioan sor daitezkeen inguruabarrei buruz ebaztea.
c) Lehiaren
Euskal Kontseiluaren ebazpenetan ezarritako betebeharrak betetzen eta gauzatzen
direla zaintzea.
d) zehapen-prozeduraren
itundutako amaiera proposatzea Lehiaren Euskal Kontseiluari, baldin eta ustezko
arau-hausleek konpromiso batzuk hartzea proposatzen badute, eta horien bidez
espedientea irekitzea eragin duten jokabideek lehian zituzten ondorioak konpontzen
badira, betiere interes publikoa behar beste bermatzen bada.
e) ikuskapenak
egitea.
f) organo
eskuduna izendatzeko prozedurak aplikatzea, estatuak eta autonomia-erkidegoek
lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen koordinazioari buruzko otsailaren
21eko 1/2002 Legean ezarritakoari jarraiki.
g) arbitrajearen
esparruan indarrean dagoen araudiari jarraiki, eragile ekonomikoek aurkeztutako
zuzenbidezko zein ekitatezko arbitraje-espedienteak ireki eta haien instrukzioa
egitea, eta Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokion ebazpen-proposamena
helaraztea.
2. Halaber, Lehiaren Euskal Kontseiluari lege
honen 3. artikuluko 4. paragrafoan aipatzen diren egintzak eta xedapenak aurka
ditzala proposatzea dagokio.
14.
artikulua. Idazkaritza Nagusia
Idazkaritza
Nagusia lehendakariaren mende egongo da, eta erakundeari laguntza material,
administratibo eta teknikoa emateko organoa da, baita aholkularitza juridikokoa
ere.
15.
artikulua. Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak
1. Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak honako
hauek dira, Lehiaren Euskal Agintaritzari dagokionez:
a) agintaritzaren
aurrekontu-aurreproiektua prestatzea eta horren jarraipena eta aldaketak
egitea,
b) erakundearen
jarduera-oroitidazkia eta urteko jarduera-programa eta urtebeteko eta urte
anitzeko jarduera-planak egitea, jasotako jarraibideak kontuan hartuz, eta
Lehiaren Euskal Kontseiluari helaraztea,
c) erregistro
orokorra, agiritegia eta agintaritzaren beste dokumentazio-guneak kudeatzea,
d) espedienteak
zaintzea izapidetzearen edozein fasetan, jakinarazpenak egitea, eta
prozeduratik datorren edozein jarduera, administrazio-izaerakoa, egitea,
e) agintaritzaren
ekonomia, giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea,
f) agintaritza
arlo juridikoan aholkatzea,
g) zehapen-prozeduren
eta promozioko prozeduren jarraipena egitea eta horiek kudeatzea,
h) laguntza
emateko gainontzeko eginkizunak, lehendakariak hala erabakita.
2. Idazkaritza Nagusiaren eginkizunak honako
hauek dira, Lehiaren Euskal Kontseiluari dagokionez:
a) Lehiaren
Euskal Kontseilua biltzeko deitzea, lehendakariaren ekimenez,
b) bileretako
gai-zerrenda prestatu eta bidaltzea,
c) bileretako
aktak idatzi eta baimentzea,
d) akta,
ebazpen eta erabakien ziurtapenak egitea,
e) Lehiaren
Euskal Kontseiluko kideak arlo juridikoan aholkatzea,
f) herri-administrazioen
araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko araudiak
administrazioko kide anitzeko organoetako idazkariei ematen dizkien gainontzeko
eskumenak izatea.
III.
KAPITULUA
LEHIAREN
EUSKAL AGINTARITZAREN JARDUERA GARDENA
16.
artikulua. Jardueren berri ematea
Lehia
defendatzearen arloan indarrean dagoen araudiari jarraiki, emandako ebazpen
guztien berri emango du Lehiaren Euskal Agintaritzak, bere web orrian; honako
hau adierazi beharko da: irmoak diren, osorik edo zati batean deuseztatu diren
edo epai baten zain dauden.
17.
artikulua. Jarduera-oroitidazkia
1. Lehiaren Euskal Agintaritzak
jarduera-oroitidazki bat prestatuko du urtero, herritarrek haren organo
bakoitzak egindako jardueren berri izan dezaten.
2. Lehendakariak Eusko Legebiltzarrari eta
Eusko Jaurlaritzako ekonomia-politika eta lehiaren defentsaren ardura duen
sailburuari igorriko die jarduera-oroitidazkia, urteroko lehen seihilekoan.
3. Jarduera-oroitidazkia Euskal Autonomia
Erkidegoko herritar guztien eskura jarriko da, jakinaren gainean egon daitezen,
Lehiaren Euskal Agintaritzaren webgunearen bidez.
18.
artikulua. Eusko Legebiltzarrean agertzea
1. Agintaritzaren lehendakariak Eusko
Legebiltzarrari aurkeztu beharko dio urtero jarduera-oroitidazkia.
Halaber,
Eusko Legebiltzarrean agertu beharko du urteroko lehen hiruhilekoan, bere
jardueraren oinarrizko ildoak eta gerorako planak eta lehentasunak azaltzeko.
2. Lehendakariak merkatuen lehia-egoerari eta sektore
publikoaren jarduerari buruzko txostenak igorriko dizkio Eusko Legebiltzarrari.
3. Lehendakariak eta, beharrezkoa bada,
kontseilukideek Eusko Legebiltzarrean agertu beharko dute, beronek eskatuta,
Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduak arautzen duen eran, betiere 28.
artikuluak aipatzen duen datuak isilpean gorde beharraren mugak errespetatuz.
IV.
KAPITULUA
EKONOMIA,
KONTABILITATE, KONTROL, KONTRATAZIO, LANGILERIA ETA ONDARE ARAUBIDEA
19.
artikulua. Baliabide ekonomikoak
1. Lehiaren Euskal Agintaritzak ondoko
bitarteko ekonomikoak izango ditu, helburuak lortzeko:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero esleituko zaion
diru-kopurua,
b) bere
ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideak eta horietatik sortutako produktu
eta errentak,
c) tasa
eta prezio publikoen etekinak, arlo horretan indarrean dagoen legeriak
eskubidea ematen badio halakoak izateko,
d) legez bere esku utz daitekeen beste edozein.
2. Lehiaren
Euskal Agintaritzak jarritako isun edo zehapen ekonomikoak direla eta
eskuratutakoa Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren baliabideen
barruan sartuko da.
20. artikulua. Aurrekontua eta kontabilitate-araubidea
1. Lehiaren
Euskal Agintaritzak urtero aurrekontuaren aurreproiektua prestatu eta onartu
beharko du, eta Eusko Jaurlaritzari igorriko, Euskal Autonomia Erkidegoko
Aurrekontu Orokorretan sar dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko
aurrekontu-araubideari buruzko arauekin bat etorriz.
2. Lehiaren
Euskal Agintaritzaren aurrekontuek administrazioko erakunde autonomoei buruzko
arauek, horien finantza publikoei buruzkoek eta aurrekontuei buruzko urteroko
legeek diotena bete beharko dute.
3. Lehiaren
Euskal Agintaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko kontabilitate publikoko planak
bete beharko ditu.
21. artikulua. Kontrola
1. Kontrol
Ekonomikoko Bulegoari dagokio Lehiaren Euskal Agintaritza ekonomia, finantza
eta kudeaketaren arlotik kontrolatzea, eta beste horrenbeste egitea kontrol
ekonomiko-fiskalaren eta ekonomiko nahiz arauzkoaren arloan.
2. Herri
Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizatuko ditu Lehiaren Euskal Agintaritzaren
ekonomia eta finantzen arloko eta kontabilitateko jarduerak.
22. artikulua. Kontratazioa
Kontratazioaren arloan, Lehiaren Euskal Agintaritza
sektore publikoaren kontratazioari buruz administrazio publikoentzat
zehaztutako araudiaren mende egongo da.
23. artikulua. Langileak
1. Lehiaren
Euskal Agintaritzako langileak funtzionarioak edo lan-legepekoak izango dira,
indarrean den araudian erakunde autonomoentzat zehazten denaz bat.
2. Ahal
publikoak erabiltzea dakarten lanpostuak funtzionarioentzat gorderik egongo
dira.
24. artikulua. Ondarea
Lehiaren Euskal Agintaritza Euskal
Autonomia Erkidegoan ondareari dagokionez indarrean dagoen araudiaren mende
egongo da.
V. KAPITULUA
BESTE XEDAPEN BATZUK
25. artikulua. Hitzarmenak
Dituen eginkizunak eraginkortasunez
betetzeko, Lehiaren Euskal Agintaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu,
edozein erakunde publiko edo pribaturekin.
26. artikulua. Jurisdikzio-organoekiko lankidetza
1. Lehiaren Euskal Agintaritzak, dituen
eskumenen arloan eta bere ekimenez, informazioa edo iritzia eman diezaieke
jurisdikzio-organoei, lehia murrizten duten jokabideei buruzko araudia
aplikatzearekin zerikusia duten gaien inguruan, hala nola kolusiozko
jokabideak, nagusitasunezko egoeraren abusua eta lehia askea egintza desleialen
bidez faltsutzea, betiere urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean, Prozedura Zibilari
buruzkoan, xedatutakoarekin bat.
Lehiaren Euskal Agintaritzak lankidetza
osoa emango die jurisdikzio-organoei, haiek eskatutako edozertarako.
27. artikulua. Arautzaile sektorialekiko lankidetza
1. Lehiaren
Euskal Agintaritza lankidetzan arituko da arautzaile sektorialekin, guztien
intereseko gaietan.
2. Lehiaren
Euskal Agintaritzak bere jardueraren berri emango dio dagokion arautzaile
sektorialari, bere kabuz edo azken horrek eskatuta.
3. Halaber,
Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten ez-loteslea emango du, araudi sektoriala
aplikatzeko prozeduren arloan eta lehia defendatzeko indarrean dagoen
araudiaren barnean.
4. Lehiaren
Euskal Agintaritzak kasuan kasuko txosten ez-loteslea eman dezatela eskatuko
die arautzaile sektorialei, zehapen-prozeduren barnean.
28. artikulua. Laguntzeko betebeharra
1. Pertsona
fisiko edo juridiko orok lagundu beharko dio Lehiaren Euskal Agintaritzari,
lehia defendatzeari buruzko araudiak agintzen duen eran.
2. Euskal
Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek derrigorrez eman beharko diete
Lehiaren Euskal Agintaritzako organoei beren eginkizunak betetzeko organook
eskatutako informazioa; era berean, eskatzen zaizkien txosten edo azterlanak
eman beharko dituzte.
3. Euskal
Autonomia Erkidegoko edozein herri-administraziok, organok edo erakundek, lehia
defendatzeari buruzko araudiaren aurkakoak izan daitezkeen gertakarien berri
badu, bere eskuetan dagoen horien gaineko informazioa eta dokumentazioa
helarazi beharko dizkio Lehiaren Euskal Agintaritzari, kasuan kasuko prozedura
has dezan, bidezkoa bada.
4. Lehiaren
Euskal Agintaritzari laguntzeak, norberaren ekimenez edo hark eskatuta, ez du
dagokion prozeduran interesduntzat hartzerik ekarriko.
29. artikulua. Datuak isilpean gorde beharra
1. Lege
honetan aurreikusten diren espedienteak ireki, horien instrukzioa egin eta
ebaztean parte hartu duten pertsona guztiek, edo beren lanbideagatik,
karguagatik edo alderdi gisa parte hartzeagatik horien berri dutenek, isilpean
gorde beharko dituzte horiei buruzkoak, baita beren karguengatik jasotako
isilpeko edozein informazio ere, dagokion araudian ezarritako salbuespen
kasuetan izan ezik.
2. Datuak
isilpean gorde beharrak beren kargu edo eginkizunak utzitakoan ere iraungo du.
3. Datuak
isilpean gorde beharra ez betetzea diziplinaren arloko arau-hauste oso larria
izango da beti, alde batera utzirik dagozkion erantzukizun penal eta zibilak.
4. Era berean,
artikulu honetan aipatzen den informazioa isilpean tratatuko dela bermatzen da,
datu pertsonalak babesteari buruz indarrean den araudian esaten denaz bat.
30.
artikulua. Ikuskatzeko ahalmenak
1. Lehiaren Euskal Agintaritzako langileak,
Ikerketako zuzendariak beharrezko baimena eta akreditazioa emanda,
agintaritzaren agenteak izango dira, eta behar beste ikuskapen egin ahal izango
dituzte, lege hau behar bezala aplikatzeko.
Halaber,
ikuskapenak egitean ikuskapenaren arloetako adituek edo perituek lagunduta joan
ahal izango dira, baita informazioaren teknologian adituak direnek lagunduta;
horiek guztiek Ikerketa Zuzendariaren baimen egokia izan beharko dute.
2. Lan horiek egiteko baimena duten langileek
Lehiaren Defentsari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen 40. artikuluan
jasotzen diren ikuskapen-ahalmenak izango dituzte.
3. Herri-agintariek beharrezko babesa eta
laguntza emango diete Lehiaren Euskal Agintaritzako langileei, ikuskapena egin
dezaten.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa.
Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueren hasiera
1. Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak noiz
hasi Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, agintaritzaren jardunerako
barne-erregelamendua onartu ostean.
2. Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehiaren
Defentsarako Euskal Auzitegiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren
Defentsarako Euskal Zerbitzuaren titularitatekoak diren eskubide eta
betebeharrak eskuratuko ditu.
Bigarrena.
Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren
Defentsarako Euskal Zerbitzua desagertzea
1. Lehiaren Euskal Agintaritza lanean
hastearekin batera, desagertu egingo dira Lehiaren Defentsarako Euskal
Auzitegia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal
Zerbitzua.
2. Lehiaren Euskal Agintaritza lanean hastean
beren zerbitzuak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegian eta Lehiaren
Defentsarako Euskal Zerbitzuan burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorreko funtzionarioak Lehiaren Euskal Agintaritzan sartuko
dira, horretarako onartuko den lanpostuen zerrendan zehaztuko den moduan.
3. Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoki iritzitako sailen eta haren erakunde
autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Lehiaren Euskal Agintaritzari
lege honetan zehazturiko helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar
diren giza baliabideak esleitu ahal izateko.
Hirugarrena.
Euskal Autonomia Erkidegoak Gatazken arloko Aholku Batzordean izango dituen
ordezkariak izendatzea
Estatuak
eta autonomia-erkidegoek lehiaren defentsaren arloan dituzten eskumenen
koordinazioari buruzko otsailaren 21eko 1/2002 Legeak sortutako Gatazken arloko
Aholku Batzordean Euskal Autonomia Erkidegoak izango dituen ordezkariak
ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen sailburuak izendatuko
ditu, Lehiaren Euskal Kontseiluaren ekimenez.
Laugarrena.
Ordezko araubidea
Lege
honek zehazten ez duen guztiari dagokionez, aplikatzekoa izango da erakunde
autonomo administratiboak erregulatzeko arautegiak xedatutakoa.
Bosgarrena.
Karguan jarraitzea
Lehendakariak
eta Lehiaren Euskal Kontseiluko kideek, kargu-aldia agortu eta gero ere,
dituzten eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren ordezkoak izendatu arte.
Seigarrena.
Arauen berregituraketatik kanpo geratzea
Lehiaren
Euskal Agintaritzak ez du bete beharko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei
buruzko Legearen testu bateginean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu
bidez onartu zen 13. artikuluan aurreikusten dena.
Xedapen
Iragankorrak
Lehenengoa.
Lehiaren organoei buruzko erreferentziak tramitazioan dauden espedienteetan
Lege
hau indarrean sartu baino lehen hasitako prozedurak izapidetzean, Lehiaren
Defentsarako Euskal Auzitegiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren
Defentsarako Euskal Zerbitzuari egindako aipamenak, Lehiaren Euskal
Kontseiluari eta Ikerketa Zuzendaritzari, hurrenez hurren, egindakoak direla
ulertuko da.
Bigarrena.
Aurrezki-kutxetako gobernu-organoen luzapena
Helbide
soziala Euskadin duten aurrezki-kutxetako kontseilari nagusien,
administrazio-kontseiluko kideen eta kontroleko batzordeko kideen aginduak,
2012ko martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean, biak barne, iraungitzen
direnak, automatikoki luzatuko dira, salbuespenez, harik eta erakunde horietako
gobernu-organoak berriz izendatu arte, horretarako Aurrezki Kutxen Lege berrian
jasoko den araudiaren arabera, egun Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari den
lege-proiektua onetsi ondoren.
Hori
horrela izanik ere, indarrean dagoen araudian aurreikusitako arrazoiengatik
Legebiltzarrean tramitatzen ari den lege-proiektua onetsiko ez balitz,
aurrezki-kutxetako gobernu-organoek adierazitako arrazoietako bat gertatu eta
hilabeteko epean gobernu-organo horiek berritzeko prozesuak deituko dituzte,
aurrezki-kutxen alorrean indarrean dagoen legedian xedatutakoaren arabera.
Gaur
egun hasita dauden aurrezki-kutxetako gobernu-organoak berritzeko prozedurak
indargabetuta gelditzen dira. Aurreko paragrafoan adierazitako arrazoietako bat
gertatuz gero, aurrezki-kutxetako gobernu-organoek hilabeteko epean hasiko
dituzte organo horiek berritzeko prozedurak, indargabetuta geratu ziren
tramitetik aurrera.
Azken
Xedapena
Bakarra.
Indarrean sartzea
Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da
indarrean lege hau.