1/2008 Legea, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa
2008-02-08Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2008/2/18, 34. zk.; EAO, 2011/9/3, 212. zk.
§
298. 1/2008 LEGEA, OTSAILAREN 8KOA, FAMILIA BITARTEKARITZAKOA
ZIOEN AZALPENA
Lege
honek familia-bitartekaritza arautzen du, familiaren barruan sortzen diren
gatazkak epailetzaz kanpo ebazteko prozedura gisa.
Joan
den mendeko hirurogeita hamarretako bigarren erdialdean hasi zen, Estatu
Batuetan eta gero Europan, familia-gatazkak konpontzeko bitartekaritzaren
teknika erabiltzen.
Bitartekaritza
egokiro ari da sartzen Europar Batasuneko herrialde gehienetan, eta hainbat
aldaera agertzen ditu izaeraren arabera eta esparruetan zehar. Europan,
bizikidetzako gatazkak bideratzeko tresna eraginkorra izan da, gatazka horiei
aurrea hartzeko nahiz konponbidea aurkitzeko. Horregatik familia-bitartekaritza
gizarte-zerbitzuetan egoten da sartuta
eta, aldi berean, gizarte-babeseko beste sistema batzuekin koordinatuta.
Mota horretako prozeduren bitartez justiziarako bideak hobetu egiten dira,
funtsean baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko asmoa dagoelarik.
Jurisdikzio-prozeduren osagarriak edota alternatibak dira prozedura hauek, izan
ere, aldeen arteko elkarrizketa sustatzen duten neurrian, gatazka jakin batzuk
konpontzeko egokiagoak dira; hori dela eta, ebatzi beharreko gaiei zor zaien
kalitateaz eraman behar dira. Horrela adierazita geratu zen Europako
Kontseiluko Ministroen Batzordeak estatu kideei emandako R (86) 12 gomendioan,
epaitegietako gehiegizko lan-karga murrizteko eta prebenitzeko neurriei
buruzkoan.
Bestalde, une hauetan bat egiten ari dira, era egokian egin
ere, familia-bitartekaritzaren garapena batetik eta gizarte-zerbitzuen
sendotze- eta unibertsalizatze-prozesua bestetik, gizarte-zerbitzuen norabidea
gero eta gehiago familiari eta gizarteari zuzenduta dagoelako; hartara,
gizarte-zerbitzuen esparrua oso egokia da bitartekaritza-zerbitzuak kokatzeko.
Bitartekaritza
bake sozialerako tresna gisa jasota dago honako hauetan: Europako Batzordearen
2001eko apirilaren 4ko gomendioan, kontsumo arloko auziak konponbide adostuez
ebazten dituzten epailetzaz kanpoko organoetan aplikatu beharreko printzipioei
buruzkoan; Ministroen Batzordeak estatu kideei emandako R (98) 1 gomendioan,
familia-bitartekaritzari buruzkoan; eta 2002ko apirilaren 19ko Liburu Berdean,
Zuzenbide Zibileko eta Merkataritza Zuzenbideko arloan auziak konpontzeko
modalitate alternatiboei buruzkoan. Auzian dauden alde batekoek nahiz bestekoek
jarrera aktiboa hartzen dute beren asmoak hurbiltzeko eta gehien komeni zaien
konponbidea bilatzeko. Gatazka adostasun-ikuspegi horretatik konponduz gero,
errazagoa izaten da gero alde batekoek nahiz bestekoek harremanetan jarraitzea.
Gomendioek, nahiz eta informazio-izaera duten, bitartekaritzaren araubide
juridikoko oinarriak ezartzen dituzte. Eta bitartekaritza-araubide horren
izaerak, borondatez, inpartzialtasunez, neutraltasunez eta isilpekotasunez
aritzea eskatzen duenez, bide berriak irekitzen ditu desadostasunak era zalu
eta malguan konpontzeko, eta, horrela, familia-harremanetarako arazo eta
gatazkei konponbide egokiak aurkitzeko aukera eskaintzen du.
Beraz,
bitartekaritzaren bidez, alde batekoek nahiz bestekoek zuzenean hartzen dute
parte haiei dagozkien familia-arazoak konpontzeko irtenbideak bilatzean, eta
horrek, alde batetik, familiako kideen arteko komunikazioa sustatzen du eta,
bestetik, aldeen arteko giro gatazkatsua arintzen du eta konponbiderako denbora
murriztu Esan liteke, beraz, bitartekaritzak lagundu egin behar duela
konponbide egingarriak eta alde guztiek onartzeko modukoak lortzen, aldeek
etorkizunean ere beren arteko harremanei euts diezaieten.
Laurogeita
hamarretatik hona familia-bitartekaritzako esperimentu aitzindariak egin dira
gure Autonomia Erkidegoan, arlo publikokoak nahiz gizarte-ekimenez sortutakoak.
Horiek guztiek familiako gatazkak elkarrizketaren bitartez konpontzeko kultura
eta praxia hedatzen lagundu dute eta, horiei esker, familietako
indarkeria-egoerak modu eraginkorrean prebenitu eta murriztu ahal izan dira.
Gure
lege-esparruaz denaz bezainbatean, Estatuan oraindik bitartekaritzari
berariazko marko juridikoa emango dion araudirik ez dagoen arren,
autonomia-erkidego batzuetan dagoeneko arlo hau lege-mailan arautzea erabaki
dute. Euskal ekimena, beraz, gertuen dugun inguruan sendotzen ari den joeraren
ildotik doa, eta, bere arauzko jardunbidean, alde batetik, Konstituzioan
aurkitzen du babesa, 39. artikuluan (horren arabera, botere publikoek
segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa, bai eta
babes osoa izango dutela seme-alabek), eta, bestetik, Autonomia Estatutuan
jasotako gizarte-laguntzari buruzko eskumenetan.
Bitartekaritza,
azken batean, prozedura bat da. Prozedura horretan inpartzialak eta arloan
adituak diren hirugarren pertsona batzuek esku hartzen dute auzia duten aldeei
laguntzeko, haien arteko gatazkari adostutako irtenbidea eman diezaioten.
Bitartekaritzan diharduen profesionalak ez du bere kabuz inolako erabakirik
hartzen; auzia duten aldeek berek erabaki behar dute, eta, adostekotan, haiek
adostu behar dute beren arteko gatazka hori nola konpondu. Hau da, profesional
espezializatu, inpartzial eta independentea da familia-bitartekaria; gatazka
duten aldeek eskatuta arituko da, haien artean komunikazio-bideak ireki
daitezen ahalbidetzeko, eta, helburu hori kontuan hartuta, familian bizi
dituzten gatazka-egoeretarako konponbide asebetegarriak lortzearren,
negoziazio-prozedura eskainiko die aldeei. Beraz, bitartekariari ez
zaio nahitaez erabakitzeko eta ebazteko ahalmenik esleitu behar.
Lege
honetan erabaki da bitartekaritza aplikatzeko eremua zabaltzea, hartara,
bikotea, senar-emazteak izan nahiz izatezko bikotea izan, hausten denean
sortzen diren gatazkak ez ezik, familia-ingurunean gerta daitezkeen beste
gatazka-egoera batzuk ere aintzat hartu ahal izango dira. Horrenbestez, lege
honen aplikaziorako aurreikusten diren egoeren artean honako hauek daude:
gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkak; familia biologikoaren eta harrera-familiaren
arteko gatazkak; mantenua dela-eta senideen artean sortzen diren gatazkak;
gurasoek aitona-amonei ilobekin harreman normalizatuak izatea galarazteagatik
sortzen diren gatazkak; jarauntsiak, oinordetzak edo familiako negozioak
direla-eta familietan sortzen diren gatazkak edota lege honen ondorioetarako
zehaztutako bizikidetza-taldeen artean sortutako gatazkak ere.
Familia-bitartekaritzaren
jarduera zerbitzu publikoa da, eta zerbitzu publiko eta sozialek bideratuko dute,
betiere arlo honetan egon daitezkeen ekimen pribatuei kalte egin gabe; ekimen
horiek lege honetan ezarritakoari jarraituz burutuko dira.
Administrazio
publikoek herritarrak familia-bitartekaritzaz baliatu ahal izango direla eta
zerbitzu hori legeak dioenaren arabera doakoa izango dela bermatuko dute.
Era
berean, familia-gatazka bat konpontzeko, beharrezkoa da batzuetan
gizarte-babeseko beste sistema batzuekin batera modu koordinatuan esku-hartzea;
horrexegatik egon behar du familia-bitartekaritzak gizarte-zerbitzuetan
sartuta. Eta horretarako, funtsezkoa da bideratze-agenteekiko koordinazioa
lantzea eta jarraipenean sakontzea.
Horrez
gainera, aipatu beharra dago lege honen bidez Bitartekarien Erregistroa sortzen
dela, eta Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea ere bai.
Bitartekarien
Erregistroa sortuta, bitartekaritza-lana kalitate-maila jakin batez beteko dela
bermatu nahi da, zeregin hori lege honetan eskatutako baldintzak betetzen
dituzten pertsonek egingo dutela eta arlo horretan profesional horiek bakarrik
jardungo dutela kontrolatzeko beharra dagoelako. Beste alde batetik,
Bitartekarien Erregistro honen bidez, herritarrek erraz jakin dezakete nortzuk
ari diren arlo horretan lanean, hau da, zein pertsonek eskaintzen dituzten
bitartekaritza-zerbitzuak, bai eta eskuragarri dauden bitartekaritza-zerbitzu
publikoak zein diren ere.
Familia
Bitartekaritzako Aholku Batzordea, berriz, Eusko Jaurlaritzan
familia-bitartekaritzaren arloko eskumenak dituen sailari aholkuak emateko
sortzen da, hori baitu helburu nagusia. Aholkularitza-zeregin hori beteko dela
bermatzeko, Administrazio publikoko ordezkariek ez ezik, lanbide-elkargoek,
unibertsitateek eta familia-bitartekaritzaren arloan diharduten erakundeek ere
osatuko dute aholku-batzorde hori.
Lege
honek 38 artikulu ditu, eta horiek ondoren zehazten diren sei kapituluetan
banatzen dira; horiez gain, xedapen iragankor bakarra eta azken xedapen bi
daude.
- Hasteko, I. kapituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, hala nola,
arauaren xedea, aplikazio-eremua, arloarekin zerikusia duten administrazioen
arteko eskumen-banaketa, familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programa
publikoak, familia-bitartekaritzan aztertu daitezkeen gatazkak,
familia-bitartekaritzaren prozesuan lortutako akordioen izaera eta familia-bitartekaritzaren
printzipio gidariak.
- Ondoren, II. kapituluan, bitartekari izan ahal izateko beharrezkoak
diren ezaugarriak arautzen dira, bitartekaritzan dihardutenek bete behar
dituzten baldintzak zehaztuta. Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea
sortzen da eta lanbide-elkargoen parte-hartzea ere jasotzen da.
- Gero, III. kapituluan, bitartekarien eskubideak, eginbeharrak eta
bateraezintasunak arautzen dira, baita bitartekaritzan parte hartzen duten
aldeen eskubideak eta eginbeharrak ere.
- Hurrengoan, IV. kapituluan, Bitartekarien Erregistroa arautzen da.
- Jarraian, V. kapituluan bitartekaritzari berariaz dagozkion
prozedura-ezaugarriak jasotzen dira: prozedurari ekitea, hasierako bileren
garapena, akten osaera eta bitartekaritzaren iraupena.
- Azkenik, VI. kapituluan, bitartekariaren jardunean egin daitezkeen
arau-hausteak eta horien zehapenen araubidea zehazten da.
Arautze
hau dela medio, Euskal Autonomia Erkidegoak beharrezkoa den tresna izango du
bitartekaritzaren beraren izaera sendotu eta indartzeko. Eta nahiz eta gure
lurraldean eginkizun hau lehendik ere ezaguna den, bai Eusko Jaurlaritzak
bultzatuta sendotu diren esperientzietatik esaterako, Eusko Jaurlaritzaren
Familia Bitartekaritzarako Zerbitzua, bai arlo pribatuan aurrera eramandako
era askotako esperientzietatik, beharrezkoa zen arlo honetan lege-esparru bat
ezartzea, gatazkak konpontzeko bide hau erabiltzen dutenei nahiz modu
profesionalean dihardutenei babes-bermeak emateko.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua Xedea
1. Lege honen xedea
familia-bitartekaritza eta arlo horretan lanean diharduten pertsonen jarduerak
arautzea da; horretarako, aintzat hartzen ditu familia-bitartekaritzaz
baliatzeko eskubidea eta familia-bitartekaritzako zerbitzuak egon beharra.
2. Familia-birtartekaritza
borondatezko prozedura da, profesional batek edo batzuek aurrera eramaten
dutena. Kualifikatuak, inpartzialak eta erabakitzeko ahalmenik gabeak dira
profesional horiek, eta familia-gatazka duten aldeei laguntza eta jarraibideak
ematen dizkiete gatazka amaitzeko beharrezkoa den elkarrizketa bidezko
prozeduraren bitartez irtenbide onargarriak aurki ditzaten.
3. Familia-bitartekaritza
integrala gizarte-zerbitzuetako sisteman dauden gainerako zerbitzuekin eta
gizarte-babeseko beste sistemekin modu koordinatuan jardutea da, familia bateko
edo bizikidetza-talde bateko kideen artean dauden gatazken konponbiderako
beharrezkoa den esparru guztietan.
2. Artikulua -
Aplikazio-eremua
1. Zati
batean nahiz osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurrera eramaten
diren familia-bitartekaritzako jardueretan aplikatu behar da lege hau.
2. Aurreko paragrafoan
ezarritakoari kalte egin gabe, aipatutako jarduerei dagokienez,
familia-bitartekaritzako programa edota zerbitzuak erabili ahal izango dira
baldin eta gutxienez familia-gatazka duten pertsonetako bat Euskal Autonomia
Erkidegoan erroldaturik badago.
3. Artikulua - Eskumen-banaketa
1. Familia-bitartekaritzan
eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak honako eskumen hauek izango ditu arlo
horretan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekin
elkarlanean, eta bere eskumenen esparruan, familia-bitartekaritzako zerbitzu
publiko integralak egongo direla eta herritar guztiek familia-bitartekaritzako
zerbitzu eta programak erabili ahal izango dituztela bermatuko du. Halaber,
arlo horri lotutako gizarte-ekimeneko programak sustatuko ditu baldin eta
horiek beharrezkotzat jotzen badira zerbitzu publikoek aurreikusita dituzten jarduerak
osatzeko.
b) Bitartekaritzako zerbitzuek berek garatzen dituzten jardueren
kalitatea bermatuko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean era
horretako zerbitzuak ematen dituzten pertsonen jardueren kalitatea ere.
c) Bitartekarien Erregistroa kudeatuko du eta erregistro horren
etengabeko eguneratzea begiratuko du.
d) Zehatzeko ahala erabiliko du, lege honen VI. kapituluaren arabera
arau-hauste diren egoeretan.
e) Dauden jarduerak planifikatu, arautu, koordinatu eta antolatuko
ditu, herritarrek benetan dituzten beharrizanei egokitzen zaizkiela bermatzeko.
f) Familia-bitartekaritza garatzeko eta lege honetan ezarritako xede
guztiak betetzeko egin beharrezko diren jarduera guztiak egingo ditu.
g) Bitartekariek berek edo bitartekaritza jaso duten pertsonek
jarritako kexak kudeatuko ditu, horretarako ezarriko den prozedura erabilita.
h) Urtero estatistika-azterlan bat egingo du Bitartekarien
Erregistroan izandako inskripzio, idatzohar eta ezabaketei buruz, Euskal
Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean
ezarritako betekizunen arabera. Azterlan hori Legebiltzarrari bidaliko dio
urtean-urtean.
i) Familia-bitartekari izateko kalifikazio profesionala lortze aldera
beharrezko diren prestakuntza-betekizunak onartuko ditu.
j) Familia-bitartekaria izendatuko du aldeak ados jartzen ez badira,
lege honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
k) Dagokion lanbide-elkargoari bidaliko dizkio,
informazio-ondorioetarako, elkargoetako erregistroetan izena emandako
bitartekarien jarduerak direla-eta jasotzen diren kexak eta salaketak, baita
horien ondorioz ezartzen diren zehapenak ere.
2. Toki- eta
foru-erakundeek honako eskumen hauek izango dituzte familia-bitartekaritzaren
arloan:
a) Familia-bitartekaritza sustatuko dute, arlo horretan eskudun den
Eusko Jaurlaritzako sailarekin elkarlanean.
b) Familia-bitartekaritzaren arloan, eta beren eskumenen esparruan,
zerbitzu edota programa propioak sor daitezen sustatuko dute eta, halakorik badago,
abian diren bitartekaritza integralerako gizarte-ekimeneko programak babestuko
dituzte, betiere horien ildotik sortutako jarduerak kalitatekoak izango direla
eta erregelamenduz ezartzen den moduan lege honi egokitzen direla bermatuta.
c) Gai horiei buruzko ezagutzak, esperientziak eta berrikuntzak
trukatzea sustatuko dute.
d) Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarekin elkarlanean,
familia-bitartekaritza garatzeko behar adina jarduera egingo dituzte.
e) Beren ardurapean dituzten familia-bitartekaritzako zerbitzu edo
programen berri emango diote Bitartekarien Erregistroari.
f) Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordearekin elkarlanean arituko
dira.
4. Artikulua - Familia-bitartekaritzako zerbitzu eta
programa publikoak
1. Familia-bitartekaritzan
eskudun den Jaurlaritzako sailak doako zerbitzu publiko integralak sortu eta
mantenduko ditu, arlo horretan dauden eskariei erantzuteko; zerbitzua jasotzeko
orduan, lehentasuna emango zaie beste gizarte-zerbitzu batzuetatik edo Justizia
Administraziotik bideratutako pertsonei.
Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan adierazten
denerako, zuzeneko ekintzakotzat joko dira zerbitzu horiek, eta erregelamenduz
garatuko dira. Familia-bitartekaritzaren arloan laguntza emateaz gainera,
zerbitzu horiek beste zeregin batzuk ere izango dituzte, besteak beste,
familia-bitartekaritza ikertu eta hedatzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren
lurraldean familia-bitartekaritzari lotuta egiten diren gainerako zerbitzu eta
programa guztiak koordinatzea ere.
2. Foru-aldundiek eta
udalek familia-bitartekaritzako doako eta berariazko zerbitzu eta programa
publikoak edota sozialak sortu eta mantendu ahal izango dituzte. Zerbitzu eta
programa horiek ere erregelamendu bidez garatuko ditu Eusko Jaurlaritzak.
3. Administrazio
horiek, halaber, familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programa integralak eta
gizarte-ekimenekoak babestuko ditu, beren eskumenen esparruan eta
erregelamenduz ezartzen den moduan.
5. Artikulua - Familia-bitartekaritzan aztertu daitezkeen
gatazkak
1. Familia-bitartekaritzan
aztertu daitezkeen egoerak eta bitartekaritza erabilita lortzen diren akordioak
gatazka hauei buruzkoak izango dira: odol bidez, adopzio bidez edo ezkontza
bidez laugarren gradura arteko ahaidetasunezko lotura edo ezkontzazko lotura
duten pertsonen arteko gatazkak, eta izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea
osatzen duten pertsonen artekoak; horretarako, aipatutako gatazka horiek
Zuzenbide pribatuaren arloko gaiei lotuko beharko zaizkie, eta unean-unean
indarrean dagoen ordenamendu juridikoak gai horiei dagokienez aitortu beharko
du pertsona interesdunek xedatzeko ahalmen askea dutela edo, hala badagokio,
judizialki homologatuak izateko aukera dutela.
Lege honen ondorioetarako, bizikidetza-unitatea da ezkontzaren
antzeko harreman iraunkor batez lotuta dauden pertsonena, agiri sinesgarri
batez egiaztatu beharko dena, bai eta, lehen adierazitako loturaren bat eduki
ez arren, gizarte-zerbitzuek egiaztatu ahal izango dituzten premiengatik,
elkarrekin etxebizitza edo bizitoki berean, urtebetez edo gehiago, etenik gabe
bizitzen diren pertsonena ere.
2. Bitartekaritzan,
besteak beste, honako hauek aztertu ahal izango dira:
a) Bikote-harremana hausten denean sortzen diren familia-gatazkak;
horien artean, banantze, dibortzio edo deuseztasun-prozeduretan hartutako
neurri judizialak betetzetik eratorritakoak eta epailetzan nahiz epailetzaz
kanpo hartutako erabakien ondorioz izandako aldaketek eragindakoak ere sartuta
daude.
b) Gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkak, seme-alabak biologikoak,
adoptatuak edo harrerakoak direla ere, edo seme-alabek beren artean dituztenak,
bai eta mantenua dela-eta senideen artean sortutakoak ere.
c) Harrera-familien eta familia biologikoen artean sortutako gatazkak.
d) Gurasoek aitona-amonei ilobekin harreman normalizatuak izatea
galarazten dietenean sortzen diren gatazkak.
e) Jaraunspenak, oinordetzak edo familia-negozioak direla-eta lehen
paragrafoan aipatutako pertsonen arteko gatazkak.
f) Mendeko pertsonen eta haiek zaintzen dituzten senideen arteko
gatazkak, baldin eta pertsona horiek 1. paragrafoan aipatutakoen artean
badaude.
g) Agintari judizialak aldeei bitartekaritza proposatu ahal izango
die, legeria zibil eta prozesalean aurreikusitakoaren arabera, banantze,
dibortzio edo deuseztasun-prozesuek irauten duten bitartean edo elkarbizitza
hausten den beste edozein kasutan, baldin eta jarduketak aldeen nahiarekin
eteten badira.
3. Adoptatuek, beren
seme-alabatasun biologikoari buruzko informazioa eskuratzeko duten eskubidea
baliatu nahi izanez gero, isilpeko bitartekaritza-prozedura erabili ahal izango
dute, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005
Legearen 84. artikuluari jarraituta.
4. Familia-bitartekaritzatik
kanpo geratzen dira bikotearekin, seme-alabekin edo familia-unitateko edozein
kiderekin indarkeria edo tratu txarrak erabiltzen diren kasuak, edo ez-zilegi
penal izan daitezkeen bestelako jarduerak.
6. Artikulua - Familia-bitartekaritzan lortutako akordioen
izaera
1. Familia-bitartekaritzaren
bidez gatazka bat konpontzeko lortzen diren akordioek aplikatzekoa den legerian
adierazitako ondorioak izango dituzte, baldin eta ezarritako baliozkotasun- eta
eragingarritasun-eskakizunak betetzen badituzte.
2. Lortutako akordioek
lehentasuna eman beharko diete seme-alaba adingabeen goreneko interesari eta
ongizateari, eta, halakorik badago, ezgaituei edo mendekotasuna duten
pertsonei.
7. Artikulua - Bitartekaritzaren izaera
1. Bitartekaritza
borondatearen autonomian oinarritutako jarduera da, izan ere, gatazka dutenek
berek eskatu behar dute, askatasunez, bitartekaritza izatea, eta edozein unetan
utzi ahal izango dute hasita egon arren.
2. Bitartekaritzaren
helburua familia-gatazka duten aldeei laguntza ematea da, haien gatazkari
amaiera emango dion elkarrizketa bidezko irtenbidea aurki dezaten.
Bitartekaritzan diharduten profesionalek, gaitze horrek ematen dien babesean,
aldez aurretik bukatutzat jo dezakete beren zeregina, gatazkaren irtenbidea
adostu ezinezkoa bada edo beste arrazoi batzuengatik.
3. Jarduketa
judizialak hasi baino lehen sustatu eta hitzartu ahal izango da bitartekaritza,
edo jarduketa horiek irauten duten bitartean, baina azken kasuan epaileak
jakinaren gainean egon behar du.
4. Bitartekaritzaren
izaera lege honetan jasotakoarekin bat etorriko da.
8. Artikulua - Familia-bitartekaritzaren printzipio
gidariak
Familia-bitartekaritza gidatu behar duten printzipioak hauek
dira:
a) Borondatezkoa izan behar du. Aldeek askatasun osoa dute prozedura
hau aukeratzeko, edozein unetan erabiltzeko edo uzteko, eta azken kasuan ez
dute horregatik inolako zehapenik jasoko. Bakar-bakarrik gatazka duten alde
guztien adostasunez hasi ahal izango zaio bitartekaritza-prozedurari.
Epaileek, egoki iritziz gero, gatazka duten aldeei
bitartekaritza-sistemari buruzko informazioa eman ahal izango diete, eta epe
horretan, aldeek hala erabakiz gero, etenda geratuko da prozesu judiziala.
Bitartekariak ere
borondatez jardun beharko du, izan ere, izendapenari ezetza eman diezaioke,
bitartekaritza-prozedura hasteari uko egin diezaioke, edo, behin hasita
dagoela, prozedura aurrera eramateko baldintza egokirik ikusten ez badu, eten
egin dezake edo amaitutzat eman. Nahitaez uko egin beharko dio bitartekari
izateari artikulu honetan azaldutako printzipio gidarietakoren bat betetzen ez
dela ikusten badu.
b) Isilpekoa izan behar du. Bitartekaritza aurrera eramatean bildutako
informazio guztia, ahozkoa nahiz agirietakoa, isilpekoa izango da; emaitza ere
halakoa izango da, salbu eta aldeek betetzea, berrestea edo homologatzea
adosten badute.
Bitartekariak printzipio
hori bete gabe utz dezake bakarrik Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko
15/1999 Lege Organikoan horri dagokionez zehaztuta dauden egoeretan.
c) Gardena izan behar du. Aldeek informazio zehatza izan behar dute
prozeduraren ezaugarriez eta jarduteko moduaz, prozeduraren irismenaz,
ondorioez eta lor litezkeen akordioen balioaz.
d) Zuzenbidea errespetatu behar du. Bitartekaritza ezin da erabili
legeria urratzeko edo iruzurra eginez haren aplikazioa saihesteko. Aldeek
zuzenbideari jarraituz bilatu beharko dituzte gatazka konpontzeko egoki
iritzitako irtenbideak. Aldeetako batek edo guztiek justiziara jo nahi izanez
gero, ezin izango zaie ezein kasutan eskubide hori mugatu.
e) Inpartziala izan behar du. Bitartekariak ezin izango du pertsona
edo alde batenganako interesik izan, beste baten gainetik igarota, lehenengoari
onura ekartzeko, eta bere inpartzialtasuna, nahitaezkoa, zalantzan jartzen duen
jarduerarik ez du egingo edo sustatuko. Era berean, ezin izango du
portzentajerik gorde bitartekaritzan lortutako akordioaren ondorioz aldeek lor
litzaketen onuretatik.
f) Neutrala izan behar du. Erabakitzeko ahalmena aldeei dagokie.
Bitartekariak ezin izango du bere iritzia eman, iradokizunik egin edo
akordiorik proposatu, eta aldeen ikuspuntua errespetatu beharko du eta
negoziazioan aldeen arteko berdintasuna zaindu. Bitartekariaren egitekoa,
bitartekaritzan azterkizun den gaiari dagokionez, aldeek irtenbideak beren
kabuz aurki ditzatela lortzea izango da.
g) Malgua izan behar du. Bitartekaritza-prozedura malgua da, eta horri
esker kasuan kasuko egoerara egokitzen da, baina betiere lege honetan jasotako
gutxieneko arauak bete beharko ditu, kalitatea bermatzeko.
h) Kontraesaneko eztabaida. Aldeek aske sentitu behar dute prozedura
osoan egoera gatazkatsuari buruz duten ikuspuntua azaltzeko. Bitartekariak
berdintasunezko tratatua bultzatu behar du aldeen artean, eta haien
parte-hartze orekatua bermatuko du bitartekaritzak irauten duen bitartean.
i) Berehalakoa izan behar du. Bitartekaritzan zuzenean parte hartu
behar da, bertan egonda, eta aldeek ezin izango dute bitartekorik izendatu.
j) Aldeek fede onez, lankidetzaz eta errespetuz jokatu behar dute.
Familia-bitartekaritzaren prozesuan parte hartzen duten pertsonek fede onez eta
elkarrenganako errespetuaz jokatu behar dute.
II. KAPITULUA
FAMILIA BITARTEKARITZAKO AGENTEAK
9.
Artikulua - Bitartekariak
1. Bitartekari
jardun ahal izateko beharrezkoa izango da Bitartekarien Erregistroan izena
inskribatuta egotea. Inskripzio hori lortzeko, lizentzia eduki behar da
Zuzenbidean, Psikologian, Pedagogian edo Psikopedagogian, edo diploma Gizarte
Lanean edo Gizarte Hezkuntzan, edo Eusko Jaurlaritzak lege hau erregelamenduz garatzean
izendatutako titulua, prestakuntzaren edukiagatik aurrekoen baliokidea izango
dena; horrez gain, ezinbestekoa izango da familia-bitartekaritzan berariazko
prestakuntza, nahikoa eta etengabekoa, erakustea.
2. Aurreko paragrafoan
aipatutako prestakuntzak, Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ere garatu beharko
duenak, ikastaro teoriko eta praktiko bat eduki beharko du beti, gutxienez 200
ordukoa. Ikastaroan, besteak beste, honako gaiak sartuko dira: familia-zuzenbideari
lotutakoak, familia-psikologiari buruzkoak, eta horien barruan familiako kideak
gizabanako gisa aztertzen dituztenak; familia-psikosoziologiari buruzkoak,
bitartekaritza oro har hartzen dituztenak eta gatazkei buruzkoak.
10. Artikulua - Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea
1. Bitartekaritzaren
arloan aholkuak emateko, Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea sortzen da, familia-bitartekaritzan
eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
2. Aholku-batzorde
horretako kide izango dira administrazio publikoetako ordezkariak,
unibertsitateak, lanbide-elkargoak, familia-bitartekaritzaren arloan nahiz
familiako kideen arteko gatazkei arreta profesionala emateko arloan diharduten
erakunde esanguratsuak eta, arlo horrekin lotura izanik eta aholkularitza
emateko modua dutelarik, beharrezko iritzitako pertsona guztiak.
3. Familia
Bitartekaritzako Aholku Batzordeak zeregin hauek izango ditu:
a) Lege hau garatzeko ematen diren erregelamendu-arauak direla eta,
nahitaezko txostena igorriko du aurretiaz, 15 egun balioduneko epean, txostena
eskatzen zaionetik hasita.
b) Bitartekari izateko prestakuntza-ikastaroetan aintzat hartu beharreko
irizpideak agertuko ditu, ikastaro horiek prestakuntzaren kalitatea bermatzeko
beharrezko diren betekizunen arabera egin daitezen.
c) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari
edozein eratako aholkularitza eta laguntza emango dio, sail horrek arlo
horretako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jo izanez gero.
d) Memoria bat prestatuko du urtero bere jarduerei buruz, baita Euskal
Autonomia Erkidegoan familia-bitartekaritzak duen egoerari buruz ere.
11. Artikulua - Lanbide-elkargoak
1. Lanbide-elkargoak
elkarlanean arituko dira familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko
Jaurlaritzako sailarekin, eta Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordeko kide
izango dira, erregelamenduz erabakitzen den eran.
2. Lanbide-elkargoek
beren bitartekari-erregistroa sortu eta kudeatu ahal izango dute, baina
bitartekariek, erregistro horretan izena eman aurretik, Eusko Jaurlaritzako
Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
3. Lanbide-elkargoek,
familia-bitartekaritzako lana kalitatez egingo dela bermatzeko, elkarlanean eta
modu koordinatuan jardungo dute familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko
Jaurlaritzako sailarekin; horretarako, lanbide-elkargo bakoitzak kide dituen
bitartekariak erregistroan inskribatuko ditu, interesdunek hala eskatzen
dutenean, eta, aldian-aldian, aipatutako sailak eskatzen dionean, elkargoko
erregistroan jasotako altak eta informazioan izandako aldaketak jakinaraziko
dizkio sail horri.
4. Artikulu honetan
ezarritakoa betetzerakoan, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999
Lege Organikoan ezarrita dauden xedapenak bete behar dira beti.
III. KAPITULUA
eskubideak eta eginbeharrak
12.
Artikulua - Bitartekariaren eskubideak
1. Bitartekariak bere jardunarekiko
errespetua izateko eskubidea du, baita bere eginkizunetan diharduela
askatasunez eta independentziaz jokatzeko eskubidea ere.
2. Bitartekariak,
egoki dela iritziz gero, bitartekaritzaren xedearekin edo sorburuarekin
zerikusia duten beste pertsona batzuk egotea proposa dezake, aholkulari gisa
jardun daitezen, baina, betiere, aldeek onartu beharko dute aurretiaz
partaidetza hori, baita horri dagozkion tarifak ere. Pertsona horiek lege honen
8. artikuluan jasotako printzipioak errespetatu beharko dituzte.
3. Bitartekariak
askatasun osoa du bitartekari-lana egiteari uko egiteko. Hala gertatuz gero,
idatziz jakinaraziko ditu, modu argian, uko egiteko izan dituen arrazoiak.
13. Artikulua - Bitartekariaren eginbeharrak
Bitartekariak eginbehar hauek ditu bere jardunean:
a) Independentziaz jokatu behar du.
b) Familia-bitartekaritzako printzipio gidariak errespetatu behar
ditu, 8. artikuluan jasotakoari jarraituz.
c) Zuzenean egin behar du bitartekaritza-lana.
d) Tresna gisa erabili behar du bitartekaritzaren prozedura aldeek
onartzeko moduko konponbideak adostu ditzaten.
e) Aldeen arteko komunikazioa sustatu behar du.
f) Begiratu beharko du lortutako akordioetan seme-alaba adingabeen
goreneko interesa, ezgaituena eta mendekotasuna duten pertsonena lehentasunez
errespetatuko direla.
g) Lagundu egin behar du bi aldeek askatasunez, borondatez eta
bortxarik gabe akordioak lortzeko behar beste informazio eta aholkularitza izan
dezaten. Bitartekariak ezin izango du inola ere aholkularitza hori eman, ezta
aholkularitza juridikoa ere.
h) Akordiorik badago, akordioa jasotzen duen amaierako dokumentua
idatzi behar du, sinatu eta eman.
i) Administrazioak egin beharreko ikuskapena edo jarraipena erraztu behar
ditu, kontuan hartuta lanbide-sekretuari eta isilpekotasunari lotutako
betebeharrak.
j) Arreta berezia jarri behar du aldeengan etxeko indarkeriaren
seinalerik, fisikorik nahiz psikikorik, atzematen badu.
k) Zaindu egin beharko du, bere jarduerak direla eta,
bitartekaritzaren irudiari kalterik ez egitea.
l) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari
jakinaraziko dizkio, erregelamenduz ezartzen den moduan, bitartekaritza-lan
bakoitzaren datuak, estatistika-ondorioetarako, betiere Datu Pertsonalak
Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako printzipioak
errespetatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren
23ko 4/1986 Legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, familia-bitartekaritzan
eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten dituen bitarteko telematikoak
erabili ahal izango dira.
14. Artikulua - Bitartekariaren bateraezintasunak
1. Artikulu honetako
hurrengo paragrafoan aurreikusitako egoeraren batean dauden bitartekariek ezin
izango dute parte hartu bitartekaritza-prozeduretan, eta berehala eman beharko
diote horren berri gaian eskudun den
Eusko Jaurlaritzaren sailari, sail horrek dagokiona erabaki dezan.
2. Bitartekaritzan
parte ez hartzeko arrazoiak honako hauek dira:
a) Interes pertsonala izatea bitartekaritzan aztertzen den gaian, edo
gai horretan zuzenean edo zeharka ondoriorik izan dezakeen beste edozein gaitan.
b) Ebatzi gabeko auziren bat izatea bitartekaritzan parte hartzen duen
aldeetakoren batekin.
c) Odol bidez nahiz ezkontza bidez laugarren gradura arteko
ahaidetasun-lotura honako hauekin izatea: bitartekaritzan parte hartzen duten
aldeetakoren batekin edo haien aholkulariekin, legezko ordezkariekin edo
mandatariekin. Orobat, horietakoren baten bulego profesionalean lan egitea edo
horietakoren batekin aholkularitzarako, ordezkaritzarako edo mandaturako
elkartuta egotea.
d) Aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonaren batekin adiskidetasun
estua edo ageriko etsaitasuna izatea.
e) Bitartekaritzaren aurreko prozesu judizialean peritu edo lekuko
gisa aritzea.
f) Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeekin zerbitzu-harremana
izatea edo edozein motatako zerbitzu profesionalak eman izana edozein egoera
eta lekutan, lege honen esparruko familia-bitartekaritzako zerbitzuak salbu,
bitartekaritza-prozedura hasi aurreko bi urteetan.
3. Bigarren
paragrafoan jasotako arrazoiren bat gertatzen bada eta bitartekariak ez badio
bere izendapenari uko egiten, aldeetako edozeinek, prozeduraren edozein unetan,
errekusatu egin dezake haren izendapena, errekusatzeko arrazoia edo arrazoiak
idatziz azalduta. Bitartekaria entzun ondoren, gaian eskudun den
zuzendaritzaren titularrak ebatziko du errekusatzeari buruz.
4. Bitartekaritzak irauten
duen bitartean, edo behin bitartekaritza bukatu ondoren, bitartekariak ezin
izango ditu bi aldeak hartu, gai bera aztertzeko, bitartekaritza ez den beste
jardun profesional batean, salbu eta aldeek horrela onartzen badute eta
familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak aurretiaz
baimendu beharreko salbuespen-egoeran badaude.
15. Artikulua - Aldeen eskubideak
Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeek honako eskubideak
izango dituzte:
1. Familia-bitartekaritza
erabili ahal dute legez aurreikusitako baldintzetan.
2. Erregistroan
inskribatutakoen artean bitartekari bat aukeratu ahal dute.
3. Familia-bitartekaritzaren
prozedura utzi ahal dute edozein unetan.
4. Prozedura edozein
unetan dagoela, bitartekariarekiko beren desadostasuna adierazi ahal dute, eta
haren esku-hartzea ez onartzea erabaki. Horrelakorik gertatuz gero, beste
bitartekari baten izendapena adostu ahal izango dute.
5. Bitartekaritza hasi
aurretik, jarduera horren gehieneko kostua jakin ahal izango dute.
6. Bitartekaritzak
irauten duen bitartean, bitartekariarena ez den beste pertsona baten
aholkularitza jaso ahal izango dute, egoki irizten badiote.
16. Artikulua - Aldeen eginbeharrak
Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeek eginbehar hauek
izango dituzte:
a) 8. artikuluan adierazitako printzipioak errespetatu behar dituzte.
b) Bitartekaritza-prozeduran lortutako akordioak bete behar dituzte.
c) Bitartekariari bere lanbide-sariak ordaintzea, baita
bitartekaritza-prozesuak eragindako gastuak ere, salbu eta bitartekaritzako
zerbitzu publiko batera edo doako bitartekaritza eskaintzen duen zerbitzu
pribatu batera joaten badira. Sari hori ordainduko da, halaber, legean jasotako
arrazoiren batengatik bitartekaritza bukatu gabe geratu bada, betiere
konpentsatu beharreko jarduera profesionalik eragin badu.
d) Bitartekariarekin egiten den hasierako bileran, zuzenbidean zilegi
den bideetako edozein erabilita, ezkontza edo familia bidez lotuta daudela edo
izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea osatzen dutela egiaztatu beharko dute,
5.1 artikuluan eskatutakoari jarraituz.
e) Ez dute eskatuko bitartekariak epaian edo instrukzio judizialeko
ekitaldietan alderen baten lekuko edo peritu gisa deklara dezala, bitartekariak
izan behar duen neutraltasuna auzitan ez jartzeko, arlo penal eta prozesaleko
legerian ezarritakoaren kalterik gabe.
IV. KAPITULUA
BITARTEKARIEN ERREGISTROA
17.
Artikulua - Bitartekarien Erregistroa
1. Bitartekarien
Erregistroa sortzen da, familia-bitartekaritzaren arloan eskumenak dituen Eusko
Jaurlaritzako sailari atxikita. Erregistro horretan inskribatuko dira
bitartekariak.
2. Erregelamenduz
zehaztuko dira erregistroaren osaera, zereginak eta izena emateko eta egiaztagiriak
egiteko prozedura.
3. Bitartekarien
Erregistroa kudeatzeko organo eskudunak erregistro horretan izena eman nahi
dutenen eskaerak jaso eta aztertuko ditu, eta, 9. artikuluan jasotako
betekizunak egoki betetzen dituztela egiaztatuz gero, erregistroan inskribatuko
ditu, betiere familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak,
Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordeak aurretiaz emandako aholkuak aintzat
hartuta, ezartzen dituen irizpideei jarraituz. Inskribatu eta gero,
Erregistroak horren ziurtagiria emango du.
4. Aurreko paragrafoan
aipatutako organo eskudunak zerrenda bat osatuko du familia-bitartekaritzaren
arloan diharduten pertsonez eta programa nahiz zerbitzu publikoez, herritarrek
informazio horren berri izan dezaten.
V. KAPITULUA
PROZEDURAREN EZAUGARRIAK
18.
Artikulua - Aurretiazko eskakizunak
1. Babes judizial
eragingarria izateko oinarrizko eskubidearen kalterik gabe,
familia-bitartekaritzako prozedurari ekin ahal zaio bai prozesu judiziala hasi aurretik,
bai horrek dirauen bitartean, baita ebazpen judizial irmoaren bitartez
prozedura judiziala amaitu ondoren ere.
2. Prozesu judiziala
hasi aurretik, aldeek familia-bitartekaritzako prozedurara jotzen badute,
bitartekariaren aurrean egiaztatu beharko dute, zuzenean edo beren ordezkarien
bidez, prozesu hori eten egin dela bien nahiarekin. Bitartekaritza-prozedura
amaitu ondoren, aldeek emaitzaren berri eman beharko diote epaitegiari, legeria
prozesalean ezarritako moduan.
3. Familia-bitartekaritzaren
prozedura hasi ahal izateko, gutxienez sei hilabete igaro behar dira gai
beraren gaineko beste bitartekaritza bat bukatutzat jo denetik edo, akordiorik
lortu ez arren, bitartekaritzari ekin zaionetik. Eskakizun hori ez da beteko
baldin eta gaiaz arduratuko den bitartekariak, gerora agertutako gorabeheraren
bat dela-eta, egokiera ikusten badu epe hori baino lehen beste
bitartekaritza-saio bat egiteko eta, batez ere, seme-alaba adingabeek, nagusi
ahalmen-urrituek edo mendekotasuna duten pertsonek kalte larriren bat izatea
ekiditeko.
19. Artikulua - Prozedura hastea
1. Idatzizko eskaera
eginda hasiko da bitartekaritza-prozedura:
a) Aldeek, elkarrekiko adostasunez, eskatzen badute.
b) Bi aldeetako batek eskatuta; horrelakoetan, gaiaz arduratuko den
bitartekariak beste aldeari edo aldeei horren berri emango die, eta eskatuko
die idatziz adieraz dezatela, jakinarazpena egin eta hamar egun balioduneko
epean, bitartekaritza onartzen duten ala ez. Epe horretan ez bada onartzen,
bitartekaritza ez da hasiko.
2. Aldeen eta
bitartekariaren artean 14. artikuluan ezarritakoaren arabera
bateraezintasun-arrazoiren bat badago, bitartekariak ezetza eman behar dio
izendapenari edo bitartekaritzan jarraitzeari, salbu eta parte hartzen duten
alde guztiek egoera hori idatziz onartzen badute, betiere 8. artikuluan
azaldutako printzipio gidariak betetzen direla bermatuta.
20 Artikulua - Bitartekaria izendatzeko prozedura
Arloan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak bitartekaria
izendatu behar baldin badu, Bitartekarien Erregistroan inskribatutako pertsonen
zerrenda baliatuta egingo du. Lehenengo izendapena zozketaren bidez egingo da,
eta hortik aurrerako izendapenak zerrendako ordenari jarraituz egingo dira.
21. Artikulua - Hasierako bilera
1. Bitartekaria
izendatuta egon ondoren, berak deituko ditu alde guztiak bilera batera, eta,
gutxienez, honako gai hauek hartuko dira kontuan bilera horretan:
a) Aldeek, zuzenbidean zilegi den bideetako edozein erabilita, beren
nortasuna egiaztatuko dute eta, orobat, ezkontza bidez edo familia bidez lotuta
daudela, edo izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea osatzen dutela;
bitartekariak ere bere izaera egiaztatuko du. Aldeek orduan daukate
bitartekariaren izendapena berresteko edo ezesteko aukera.
b) Bitartekaritzari buruzko informazioa emango da: printzipio
gidariak, bitartekaritza-prozedura onartzeak dakartzan ondorioak, gehieneko
iraupena, akordioen baliozkotasuna eta aldeek nahiz bitartekariak dituzten
eskubideak eta eginbeharrak.
c) Bitartekariak ez duela 14. artikuluan adierazitako
bateraezintasunetarik bat ere ez begiratuko da
d) Azalduko da aldeek kanpoko aholkularitza jaso ahal izango dutela,
nahi duten erakoa.
e) Bitartekaritza-prozeduraren kostua adieraziko da, ordaindu
beharrekoa bada.
f) Beharrezkoak izan daitezkeen saioak garatzeko plangintza.
2. Bitartekaritzak
irauten duen bitartean, aldeak eta bitartekaria hasierako bileran adostutako
maiztasuna errespetatuta bilduko dira.
22. Artikulua - Familia-bitartekaritzaren aktak
1. Bitartekariak
bitartekaritzaren hasierako bilerako akta egingo du, honako hauek jasota:
bilerako tokia eta data, parte-hartzaileak, bitartekaritzaren xedea eta
bitartekaritzaren printzipioen eta eginbeharren onarpena. Aldeek sinatu beharko
dute dokumentu hori, bitartekaritzako baldintzak ulertu eta onartzen dituztela
erakusteko. Bitartekariak kopia bana emango die aldeei, sinatuta, eta
jatorrizko agiria espedientearen artxiboan gordeko du.
2. Bitartekariak
bitartekaritzaren bukaerako bilerako akta egingo du, honako hauek adierazita:
bilkura-kopurua, -lekua eta -data, parte-hartzaileak eta, halakorik badago,
lortutako akordioak, zati batekoak nahiz osokoak, edo akordiorik eza. Kopia
bana emango zaie aldeei, sinatuta, eta jatorrizko agiria espedientearen
artxiboan gordeko da. Agiri horrek isilpekotasun-izaera izango du 8.b
artikuluan adierazitako moduan. Alabaina, akta hori bitartekaritzaren
eraginpean egondako pertsonetako edozeinek erabili ahal izango du, lortutako
akordioa epaitegietan eta bestelako erakunde eta administrazioetan baliozkoa
izatea nahi izanez gero.
23. Artikulua - Iraupena
Bitartekaritzaren iraupena gatazkako gaien izaeraren eta
konplexutasunaren araberakoa izango da, eta ezin izango da lau hilabetetik
gorakoa izan, bitartekariaren eta aldeen arteko hasierako bilera egiten denetik
kontatzen hasita. Hala ere, zenbait egoeratan, epe hori igarota egon arren
ikusten bada akordioetara iristeko aukera dagoela, eta bi aldeek hala eskatzen
badute, bitartekariak luzatu ahal izango du bitartekaritzako denbora, gehienez
ere beste bi hilabetez.
24 Artikulua - Familia-bitartekaritzaren prozeduraren
amaiera
1. Gatazka duten
aldeetako edozeinek erabaki dezake bitartekaritza-prozedurari amaiera ematea;
bitartekariak ere halakorik erabaki ahal du, eta bitartekaritza amaitutzat jo
dezake, aldeei jakinarazita, hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Aldeetakoren baten lankidetza ez izatea.
b) Jarritako baldintzak ez betetzea.
c) Aldeetakoren bat, justifikatu gabe, ez agertzea.
d) Bitartekariak prozeduran jarri den helburua betetzerik ez dagoela
iriztea.
e) Bitartekariak gatazkari bestelako esku-hartze edo tratamendu
batetik heldu behar zaiola atzematea.
2. Bitartekaritzaren
emaitzak prozedura judizial batean eraginik izan dezakeenean, bitartekariak
ziurtagiri bat emango die parte hartu duten aldeei, eta ziurtagiri horretan
jasota egongo da prozedura zein egunetan hasi zen eta zein egunetan amaitu eta
akordiorik lortu den ala ez, beste inolako daturik zehaztu gabe.
VI. KAPITULUA
ZEHATZEKO ARAUBIDEA
25.
Artikulua - Izaera orokorreko xedapenak
1. Administrazioko
arau-hausteak, lege honetan araututako gaiei eta erantzukizuna duten pertsonei
dagokienez, hurrengo artikuluetan tipifikatzen eta zehatzen diren egite edo
ez-egiteak dira.
2. Lege honetan
ezarritako administrazioko arau-hausteez gainera, erantzukizun zibil, penal edo
bestelakorik ere izan dezakete arau-hausleek.
3. Zehapen-prozedura
tramitatu eta ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da hasiera-datatik
kontatzen hasita. Epe hori gainditzen denean, prozedura iraungi egingo da Herri
Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen
azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako eran eta moduan, eta, hala badagokio,
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko
otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritako eran eta moduan.
26. Artikulua - Arau-hauste motak
Arau-hausteak hiru eratakoak izan daitezke: arinak, larriak
eta oso larriak.
27. Artikulua - Arau-hauste arinak
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari
lege honen 13. artikulu l) idatz-zatian adierazitako estatistika-datuak
emateari uko egitea.
b) Bitartekaritza-zeregina justifikatutako arrazoi bategatik baina
aldez aurretik jakinarazi gabe bertan behera uztea.
c) Prozedura-hasieran, 21. artikuluan adierazitako gaiei buruzko
informazioa ez ematea.
d) Lokalek, instalazioek, altzariek edo tresneriak zenbait gabezia
izatea, funtzionamendu, garbitasun eta higieneari dagokienez, nahiz eta horrek
erabiltzaileen segurtasunerako edo osasunerako arriskurik ez izan.
e) Lege honen bidez bitartekariei ezarri zaizkien eginbeharretako
beste edozein bete gabe uztea, baldin eta ez badago arau-hauste larri edo oso
larri modura sailkatuta.
28. Artikulua - Arau-hauste larriak
Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Bitartekaritza-jarduera kobratzea, zerbitzu hori doan eman behar
den egoeretan.
b) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzaren sailak
eskatutako agiriak eta datuak faltsutzea.
c) Bitartekaritzari edo bitartekaritzan diharduten profesionalen
jardunari kalte egin diezaieketen jarduerak garatzea.
d) Prozesua gehiegi luzatzea, bitartekariari bakarrik egotz dakiokeen
arrazoiren bat dela-eta.
e) Bitartekaritzan parte hartu duten aldeekiko ardurarik edo
begirunerik ez izatea.
f) Urtebeteko epean hiru arau-hauste arin egiteagatik zehapena
jasotzea.
g) Bitartekaritza-zereginekin hastea aldeen aldez aurreko onarpena
izan gabe.
h) Bitartekaritza-zeregina bertan behera uztea justifikaziorik gabe.
i) Bitartekaritza-prozesu batean esku hartzea bateraezintasunen bat
edo parte ez hartzeko arrazoiren bat dagoenean.
j) Bitartekaritzan parte hartu duten pertsonenganako errespetu-galtze
larria.
k) Prozeduraren hasierako eta bukaerako aktak idazteko eginbeharra
bete gabe uztea.
l) Aldeei bitartekaritzarekiko konpromisoaren kopiarik ez ematea.
29. Artikulua - Arau-hauste oso larriak
Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Nabarmen legez kanpokoak diren akordioak egiten uztea.
b) Lege honen 5.4 artikuluaren arabera bitartekaritzatik kanpo
utzitako egoeretan bitartekaritza-zereginekin hastea nahiz horiek aurrera
eramatea.
c) Lege honen 8. artikuluan ezarritako printzipio gidariak betetzen ez
direnean bitartekaritza-zereginekin hastea edota horiek aurrera eramatea.
d) Lege honen 14. artikuluan jasotako bateraezintasunen araubidea ez
betetzea, 19.2 artikuluan adierazitako egoera alde batera utzita.
e) Familia-bitartekaritzaren arloan jardutea,
Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon gabe.
f) Arraza, sexu, erlijio, edo bestelako gorabehera batengatik
bitartekaritzan parte hartzen dutenei bereizketarik dakarkiekeen jarduerak
aurrera eramatea.
g) Bitartekaritza-zeregina justifikatutako arrazoirik gabe bertan
behera uztea, horrek aldeetakoren bati kalte larria eragiten badio.
h) Bitartekaritzari eustea printzipio gidarietako baten bat bete gabe
edukita.
i) Arau-hauste larriak berriro egitea.
j) Bitartekaritza-prozeduretan parte hartzea horretarako gabetua
egonik.
k) Bitartekaritza-prozesu batean esku hartzea aldeetako bati kalte
nabarmena eta objektiboa eragiten dion bateraezintasunen bat edo parte ez
hartzeko arrazoiren bat gertatzen denean.
l) Bitartekaritza-saioetara joateko ordezkariak edo bitartekariak
erabiltzea, norbera joan ordez.
m) Isilpekotasuna gordetzeko betebeharra haustea.
n) Doako bitartekaritza eman behar duten zerbitzu publikoetan edo
pribatuetan bitartekaritza-jardueraren truke edozein ordainsari, sari ekonomiko
edo zenbateko jasotzea.
ñ) Esku hartu dutenei laguntza emateagatik, aldeengandik edozein
ordainsari, ordain ekonomiko edo zenbateko jasotzea.
o) Bitartekaritzaren barruan, aldeek adingabeen, ahalmen-urrituen eta
mendekotasuna dutenen interesak kontuan izan ditzaten eragoztea.
p) Bitartekaritza-zentro bat zabaldu edo ixtea,
edota zerbitzu bat ematea, bitartekaritzaren arloko erakunde eskudunaren baimen
administratiboa, behin-behinekoa nahiz behin betikoa, jaso gabe.
30. Artikulua - Arau-haustea berriro egitea
Lege honen ondorioetarako, arau-haustea berriro egin dela
esango da, arau-haustea egin duena, jakinarazi zaion egunetik bertatik bi urtera
bitarteko epean, lege honetan ezarritako beste arau-hauste bat egiteagatik
ebazpen irmoz zehatua izan denean.
31. Artikulua - Erantzukizuna
Erantzule dira arau-hausteak bakarka, batera edo beste
pertsona batez baliatuz egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak.
Erantzule solidariotzat hartuko dira arau-haustea egin dutenak
bat baino gehiago izan eta arau-haustean bakoitzaren erantzukizun-maila
zehazterik ez dagoenean.
32. Artikulua - Zehapen motak
Familia-bitartekaritzaren arloan egindako arau-hausteak
direla-eta, honako zehapen hauek ezarriko dira:
a) Arau-hauste arinak direnean, idatzizko ohartarazpena egingo da.
b) Arau-hauste larriak direnean, bitartekari-lanetan jarduteko aldi
bateko etendura ezarriko da, hiru eta hamabi hilabete arteko denborarako.
c) Arau-hauste oso larriak direnean, bitartekari-lanetan jarduteko
aldi bateko etendura ezarriko da, urtebete eta egun batetik hiru urtera
bitarteko denborarako, edo, arau-haustearen larritasunagatik edo arau-haustea
berriro egiteagatik, ezarritako etendura hori behin betikoa ere izan daiteke.
33. Artikulua - Zehapenak mailaka sailkatzea
Zehapenak aplikatzerakoan, organo eskudunak honako
mailakatze-irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Eragindako kalte moralak eta materialak.
b) Eragindako arriskua.
c) Ekintzaren intentzionalitate- edo zabarkeria-maila.
d) Arau-haustearen ondorioak jasan dituzten pertsonen kopurua.
e) Aurrez egindako ohartarazpenak eta errekerimenduak ez betetzea.
f) Arau-haustea lege honen 31. artikuluaren arabera berriro egitea.
g) Egindako kaltearen edo galeraren larritasuna.
h) Ez-betetzeak adingabeei, ahalmen-urrituei edo mendekotasuna dutenei
eragindakoaren garrantzia.
i) Arau-hausleak eskuratutako onura ekonomikoa.
Nolanahi ere, zehapenak erditik gorakoak izango dira
arau-hauslearen jokabideak adingabe edo ahalmen-urritu baten interesak arrisku
jakin batean jartzen dituenean.
34. Artikulua - Behin-behineko neurriak
1. Zehapen-prozedura
hasitakoan, ebazteko eskumena duen administrazio-organoak, ematekoa den
ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko, egoki iritzitako behin-behineko
neurriak hartu ahal izango ditu, arrazoitutako erabaki baten bidez.
2. Interesdunei
kalterik ekarriko dien behin-behineko neurririk ezin izango da hartu, kaltea
gerora konpontzen zaila bada edo atzeraezina bada.
35. Artikulua - Preskripzioen araubidea
1. Lege honetan
jasotako gaiei dagokienez, Administrazioko arau-hausteak preskribitzeko epeak
honako hauek izango dira:
a) Oso larriak direnean, bost urteko epea.
b) Larriak direnean, hiru urteko epea.
c) Arinak direnean, urtebeteko epea.
Egoera edozein dela ere, arau-haustea egin den egunaren
biharamunean hasiko da kontatzen epea.
2. Lege honi jarraituz
ezarritako zehapenak preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:
a) Oso larriak direnean, hiru urteko epea.
b) Larriak direnean, bi urteko epea.
c) Arinak direnean, urtebeteko epea.
Egoera edozein dela ere, zehapena ezartzeko eman den ebazpena
irmo bihurtzen den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen epea, edo zehapena
hasita egonik hori betetzeari uzten zaionetik aurrera.
36. Artikulua - Zehapen-prozedura
Zehatzeko ahalaren egikaritzea Herri Administrazioen Araubide
Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992
Legean ezarritakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri
Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean
ezarritakoari jarraituz burutuko da.
37. Artikulua - Ebazteko eskumena duen organoa
Familia-bitartekaritzaren arloan zehapen-prozedura ebazteko
eskumena duen organoa arlo horretako zereginak esleituta dituen Eusko
Jaurlaritzako sailaren titularra izango da arau-hauste arin eta larrietarako,
eta oso larrietarako, berriz, Gobernu Kontseilua.
38. Artikulua - Zehapenak erregistroan jaso eta
argitaratzea
1. Bitartekarien
Erregistroan zehapenei buruzko atal berezi bat egongo da, eta era bateko nahiz
besteko arau-hausteen ondorioz eman diren ebazpen irmoak jasoko dira atal
horretan.
2. Bitartekarien
Erregistroan zehapenei buruz jasotako idatzoharrak erregelamenduz ezarritako
moduan ezereztuko dira.
Xedapen Iragankorra
Lege hau indarrean sartzen denean abian dauden familia-bitartekaritzako
zerbitzu edota programa publiko eta sozialek ordura arte bete izan dituzten
zereginak bete ahal izango dituzte gerora ere, lege hau indarrean sartu eta
urtebeteko epean gehienez ere. Epe hori bukatzean, lege honen 4. artikuluan jasotakoari
egokituko zaizkio erregelamenduz ezartzen den moduan, azken xedapenetako
lehenengoan adierazitakoaren arabera.
Azken Xedapenak
Lehenengoa - Erregelamendu bidezko garapena
1. Bitartekarien
Erregistroaren antolamendua, garapena eta funtzionamendua eta Familia
Bitartekaritzako Aholku Batzordearen antolamendua, garapena eta funtzionamendua
lege hau indarrean hasi eta urtebeteko epean ezarriko da erregelamendu bidez.
2. Familia-bitartekaritzako
zerbitzu publiko eta pribatuetako alderdi materialak eta funtzionamenduari
buruzkoak erregelamenduz arautuko dira urtebeteko epean, lege hau promulgatzen
denetik kontatzen hasita.
Bigarrena - Indarrean sartzea
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu
eta biharamunean sartuko da indarrean.