1/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzekoa.
2004-02-25Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2004/3/5, 45. zk.; EAO, 2011/11/19, 279. zk.
§ 259. 1/2004
LEGEA, OTSAILAREN 25EKOA, Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde
Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak AntolatzekoA
Herri-administrazioetako
giza baliabideak administrazio horiek egokiro jardutea ahalbidetzen duten eta
zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen duten osagaiak dira. Hartara, giza
baliabideen antolamenduak eta egituraketak funtsezko garrantzia dute. Baliabide
horiek ondo antolatuta erantzun hobea eman dakieke herritarren beharrei
zerbitzuak eskatzen dituzten eremuetan. Era berean, antolaketa-beharrekin bat
datozen bideen bitartez, hautespena arrazionalizatzea ahalbidetzen du
antolamendu horrek.
Euskal
Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak funtzionarioak kidego
eta eskaletan biltzea aurreikusi zuen, lanpostu-zerrendak antolatzeko
beharrezko osagarria zelako eta sarbide-proba komunak eta barne-promozioa
arrazionalizatzen zituelako hain zuzen ere. Legeak, halaber, kidegoen funtzioa
eta funtzio publikoaren egituran txertatzeko modua zehaztu zituen eta
lanpostu-zerrenda euskal funtzio publikoaren elementu egituratzaile bihurtu
zuen. Kidegoetan sartzeko exijitutako titulazio-mailaren eta bete beharreko
funtzioen izaera homogeneoaren arabera egokitzat hartu zen kidego-kopurua sortu
zen. Ildo honetan, administrazio-jardunaren oinarrizko funtzioak zein betetzeko
lanbide edo prestakuntza akademiko jakin baten berezko eta berariazko ezagutzak
eskatzen dituztenak esleitzen dituen kidegoen egitura bat onartu zen.
Urte hauetan guztietan, lanpostu-zerrenden bitartez egituratu
dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren giza baliabideak.
Zerrenda horietan lanpostu eta jarduera-arlo bakoitzari dagozkion
lanbide-perfilak zehaztu dira. Ildo honetan, esperientziak eta perfilen
azterketak erakutsi dutenez, dauden helburuak lortzeko beharrezkoak diren
lanbide-espezializazioen eta jarduera-arloen ugaritasuna kidego, eskala eta
espezialitateen behar bezala antolatutako egitura batean islatu beharra dago,
era honetan Euskadiko Administrazio orokorraren funtzio publikorako sarbidea
eta promozioa are neurri handiagoan argitzeko.
II
Giza
baliabideak Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eskumenak kontuan izanda
bete beharreko erantzukizunen arabera kidego eta eskalatan antolatzea Eusko
Legebiltzarrari dagokio, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko
6/1989 Legean bilduriko legezko erreserbaren arabera. Lege horretako 40.1
artikuluak ezartzen du legezko arauaren bidez soilik sortu, aldatu edo kendu
ahal izango direla, artikulu horretan bilduriko eskakizunen arabera.
Legeak,
bere I. kapituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta
honen erakunde autonomiadunetako kidegoak eta eskalak antolatzeko kontzeptu
orokorrak eta aplikazio-eremua definitzen ditu lehenik. Azpimarratu beharra
dago "eskala" eta "espezialitate" kontzeptuak argitu egiten
direla; izan ere, kontzeptu horiek, kontuan hartuta bazeuden ere Euskal Funtzio
Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean, inoiz ez zuten berariazko
tratamendurik izan-eta.
Legeak
bi kategoria handitan biltzen ditu kidegoak: kidego orokorrak eta kidego
bereziak. Horrela, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989
Legeak egindako taldeketa errespetatzen du baina zenbakizkoaz harago doan
izendapen bat ematen dio. Kidegoak bi multzo handitan katalogatzeko, kidegoei
esleitutako oinarrizko funtzioak hartu dira kontuan. Horrela, kidego orokorrak
eratzeko kontuan hartzen diren funtzioak administrazio-jardueraren arloetara
mugatuta daudenak dira. Kidego bereziak, berriz, lanbide-jarduera edo
prestakuntza akademiko zehatzen berezko funtzioen inguruan biltzen dira.
Kidego
berezien eraketari dagokionez, beren izaera azpimarratu beharra dago. 1989ko
legean ez zen titulazio akademiko, lanbide edo ofizio bakoitzeko kidego bat
sortu; horren ordez, kidego berezi handiak sortu ziren, titulazio-multzo
bakoitzaren barruan ahal ziren prestakuntza akademiko guztiak sartuta, eta
lanpostu-zerrendei eman zitzaien lanpostu bakoitza egoki betetzeko prestakuntza
akademikoak zehazteko eginkizuna. Horrexegatik, hezkuntza-sistema orokorrak
eskaintzen dituen titulazio ofizial adina azpizatiketa daude kidego berezietan.
Ildo horretan, "aukera" terminoa ezartzen du lege honek kontzeptu
hori argitzeko, titulazio ofizial jakin bakarra eskatzen den kidego berezietako
lanpostuak eskuratzeko bideari modu jakin batean izena emateko. Ildo horretan,
"aukera" terminoa eskaturiko titulazioaren sinonimoa da.
Kidego
horiek lanbide bati dagozkion zeregin propioen inguruan egituratzen dira, eta
hartan aritzeko titulazio akademiko jakin batek emandako gaikuntza behar da.
Horregatik, kidego berezietan, betiere eskalak ez badira, hezkuntza sistema
orokorrak eskaintzen dituen titulazio ofizial adina aukera daude, teorian. Ez
dira titulazio jakinak eratzen, sistemari zurruntasun handiegia emango bailioke
horrek. Hortaz, lanpostu-zerrendek zehaztuko dute, hala badagokio, zein
titulazio eska dezaketen edo ditzaketen lanpostua behar bezala betetzeko.
Kapitulu
berean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean
zehaztutako "eskala" kontzeptua jasotzen da eta eskalak zein kasutan
sor daitezkeen zehazten da. Sortzeko arrazoiek kidego berezien funtzioen
espezializazioaren irizpideari jarraitzen diote, baina eskala horiek eratu ahal
izateko beharrezkoa da titulazio zehatz eta jakin bat eskatu ordez hainbat
alorretako profesionalak bilduko lituzkeen talde zabal batek betetzeko moduko
edukiak bilduko dituen lanbide-esparru bat izatea.
Legeak
"espezialitate" kontzeptua ezartzen du, lanpostu jakinen eduki
tekniko eta zehatzak kidegoen eta eskalen funtzioak espezializazio
handiagoarekin betetzea eskatzen duela kontuan hartuta. Espezialitatearen
kontzeptua bera ulertzeko, Herri Administrazioa herritarren zerbitzurako
antolamendua dela hartu behar du abiapuntuko kontzeptutzat. Horren arabera,
lanpostu-zerrenda Administrazioak eman beharreko zerbitzuaren argitan ikusi
behar da. Zerbitzu hori emateko garaian antolatu behar ditu Administrazioak
bere gain hartzen dituen erantzukizunak, hartarako eskumenak dituen ingurunean.
Are gehiago, mundu aldakor eta balioanitzaren egungo kontzepzioaren eraginez,
oraingo eta gerora izan litezkeen erantzukizunak nork bere gain hartze dinamiko
bezala ikusi behar da lanpostua, antolamenduak jarduten duen inguruneari buruz
erabakitako esparru estrategikoetan.
Kontuak
kontu, ordenatzeko eta harremanen egitura formal bat ezartzeko erantzukizunean
kokatzen da espezialitatearen kontzeptua, eta hortik sortuko da lanpostu batek
bere gain harturiko funtzioa. Garrantzitsua da bereiztea zer egin behar den,
funtzioa adierazten baitu, eta nola egin behar den, zereginarekin
identifikatzen baita. Ikuspegi hori baliagarria da espezialitatearen kontzeptua
erantzukizunean edo funtzioan kokatzeko, baina kidegoen eta eskalen
erantzukizun orokorren ikuspegi zehaztu edo espezializatutik; erantzukizun
horiek partekatuak edo kidego eta eskala zenbaitetan esklusiboak izan litezke,
funtzio-sareak kidego edo eskala jakinei esklusiboki atxikita ez dauden
lanpostuen bidez bete daitezkeen erantzukizunak barne hartzen baditu. Kidegoen
eta eskalen funtzioen definizio orokorrari berari esker koka daitezke haien
barruan funtzio zehaztu eta espezializatuagoak, Euskal Funtzio Publikoari
buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 40 1.d) artikuluan zehaztu zenez; sortu,
desagertu eta taldekatu egiten diren funtzio zehaztuak dira, eta funtzio
publikoko giza baliabideek bete behar baitituzte.
Ildo
horretan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean ezarritakoari jarraiki, lege
honek erregelamendu bidez garatu behar diren gaiak bide horretatik garatzeko
irizpideak zehaztu behar ditu. Espezialitateen oinarrizko alderdiak eta horien
garapenean bildu beharreko edukiak arautzen dira. Adierazi beharra dago
espezializazio jakin baten akreditazioak ezein kasutan ez duela ukatzen
funtzionarioek lanpostu jakin edo esklusiboak betetzeko eskubiderik eta ez
duela mugatzen beste lanpostu batzuk eskuratzeko aukera, espezialitatea
eskakizuntzat duten lanpostuetan gutxieneko iraunaldia ezartzeko aukera izan
ezik.
III
II.
kapituluak kidego eta eskalak sortzen ditu, eta kidegoetan eta eskaletan
sartzeko eskatutako funtzioak eta titulazioak ezartzen.
Bestalde,
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen lehen xedapen
gehigarrian ezarritako kidegoen funtzioak eguneratzen dira, komenigarriagotzat
hartzen baita xedapen horretan jasotako kontzeptuak sakontzea eta eguneratzea.
Titulazio-taldeketako
izaera bati erantzuten dion eskala-kopuru mugatu bat sortzen da,
lanbide-esparru horiek hainbat alorretako profesionalek bete baititzakete. Ildo
honetan, eskalak sortzea beharrezko tresnatzat hartzen da funtzionarioen
kokapena finkatzeko eta antolamendu-beharrei jarraiki hautespen-baldintzak
ezartzeko.
Xedapen
gehigarrien helburua funtzionarioak eta lanpostuak arau honetan xedatutakoari
jarraiki egokitu eta ordenatzea da. Lehenengoak kidegoetan eta, hala badagokio,
eskaletan edo aukeretan haiekin bat datozen plazak eskuratu zituzten
funtzionarioen integrazio automatikoa xedatzen du. Bigarrenak, bestalde, eskala
jakinei atxikitako lanpostuak dituzten funtzionarioen borondatezko integrazioa
ahalbidetzen du, betiere hautespen-proben bitartez sartzeko aukerarik izan ez
bazuten, une horretan ez baitzeuden horrela eratuta, kidego berezietako aukera
bezala baizik.
Gainerako
xedapen gehigarrietan, legearen eduki arau-emailea moldatzeko eta ziurtatzeko
egin beharreko egokitzapen eta zehaztapenak adierazten dira.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Artikulua - Xedea
Lege
honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen
erakunde autonomiadunetako kidegoak eta eskalak antolatzea eta
arrazionalizatzea da.
2. Artikulua - Aplikazio-eremua
Lege
hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde
autonomiadunetako funtzionarioei aplikatuko zaie.
3. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen
erakunde autonomiadunetako kidegoak, bertan sartzeko exijitutako
titulazio-mailari jarraiki, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko
6/1989 Legearen 43. artikuluan ezarritako taldeetan biltzen dira.
2.- Kidegoak, bete beharreko funtzioen izaera homogeneoari jarraiki,
kidego orokor eta kidego berezietan sailkatuta daude.
3.- Kidegoen barruan eskalak edo aukerak egon daitezke.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen
erakunde autonomiadunetako funtzionario izateak parte hartu deneko deialdian
zehazturiko kidegoan eta, hala badagokio, eskalan edo aukeran sartzea ekarriko
du.
4. Artikulua - Kidego berezietako
eskalak
Kidego
berezien barruan eskalak egon daitezke funtzioek lanbide-kualifikazio bat
eskatu eta hura betetzea titulazio akademiko bakarrarekin bat ez datorrenean,
baizik eta hainbat titulazio akademikorekin bete daitezkeen edukiak biltzen
dituenean.
5. Artikulua - Kidego berezietako
aukerak
Kidego
berezien barruan aukerak egon daitezke; lege honen ondorioetarako, haietako
plazak eskuratzeko eskaturiko titulazio ofizialarekin bat datoz, betiere
prestakuntza akademiko bakar eta jakin bateko ezagutza propio eta berariazkoak
eskatzen badituzte.
6. Artikulua - Kidegoen eta eskalen
espezialitateak
Lanpostu
jakinen eduki tekniko eta zehaztuak hura betetzeko baldintza gisa kidegoen eta
eskalen funtzioen espezializazio handiagoa eskatzen duenean, espezialitateak
sortu ahal izango dira.
7. Artikulua - Espezialitateak
arautzea
1.- Espezialitateak Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretuz sortu,
aldatu, bateratu edo kenduko dira, ondokoak ezarrita:
a) Espezialitateen izena.
b) Espezialitateak
akreditatzeko eta, hala badagokio, galtzeko prozedurak eta exijitutako
baldintzak.
c) Espezialitateen funtzioak.
2.- Halaber, espezialitateari atxikitako lanpostuak betetzen egoteko
gutxieneko denboraldi bat ezarri ahal izango da espezialitateari atxiki gabeko
lanpostuak betetzeko. Denboraldi hori, prestakuntza-mailaren arabera, gutxienez
bi urtekoa eta gehienez zortzi urtekoa izango da.
3.- Espezialitateak honako prozeduren arabera akreditatu ahal izango
dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako funtzionarioen
kidegoan sartzeko hautaprobetan; gainditu egin beharko dira horretarako egingo
diren berariazko probak eta parte hartu deneko kidegoari eta, hala badagokio,
eskalari edo aukerari dagozkienak.
b) Integrazioz:
1. Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako
funtzionarioentzat, dagoeneko espezialitateren bat akreditatuta baldin
badaukate espezialitateak sortu, aldatu, bateratu edo kentzearen ondorioz.
2. Antzerako funtzioak betetzen
dituzten kidego, eskala edo espezialitateetako beste administrazio publikoetako
funtzionarioentzat; hala badagokio, hauei, gainera, egokitzapen-ikastaro bat
gainditzea eskatu ahal izango zaie.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio orokorreko eta honen autonomiadun erakundeetako
funtzionarioentzat horretarako deituko diren berariazko proben bidez. Gainditu
beharreko probak ariketa teoriko-praktikoen bidez edo ikastaro selektibo baten
bidez egin ahal izango dira; proba horietan ez dira sartuko funtzio publikoan
sartzerakoan gainditutako gaiak. Hala badagokio, hautaprobak egiteko, hainbat
kasutan, aurretiazko esperientzia akreditatu beharko da.
d) Arauei jarraiki zehazten
diren prozedura objektiboen bidez, baldin eta, merezimendu eta gaitasun
printzipioei jarraiki, akreditatu nahi den espezialitateak eskatzen dituen
lanpostuak betetzeko nahikoa gaitasun funtzional eta profesional egiaztatzen
bada.
8. Artikulua - Lanpostuak kidegoei
eta eskalei atxikitzea
1.- Lege honetan arautzen diren kidegoen eta eskalen berezko
funtzioek ez dute ezein kasutan lanpostu jakin batzuk kidego eta eskala
horietarako erreserbatzea ekarriko.
2.- Lanpostuak, beren ezaugarrien arabera, kidego eta, hala
badagokio, eskala edo aukera bati edo gehiagori atxikita egon daitezke.
Atxikipena, nolanahi ere, dagokion lanpostu-zerrendaren bitartez egingo da.
II. KAPITULUA
KIDEGOAK ETA ESKALAK
9. Artikulua - Kidego-motak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde
autonomiadunetako kidegoak ondoko eran sailkatuta daude:
a) Kidego orokorrak, funtsean
administrazio-jarduerari lotuta dauden funtzioak betetzen dituztenean
(kudeaketa, ikuskapen, aholkularitza, kontrol eta betearazpen funtzioak eta
antzekoak barne).
b) Kidego bereziak, funtsean
lanbide edo titulazio akademiko bati dagozkion funtzioak betetzen dituztenean.
10. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego orokorrak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde
autonomiadunetako kidego orokorrak ondokoak dira:
a) A Taldearen barruan,
Administrazioko Goi Mailako Kidegoa edo A‑1.
b) B Taldearen barruan,
Administrazio Kudeaketako Kidegoa edo B-1.
c) C Taldearen barruan,
Administrarien Kidegoa edo C-1.
d) D Taldearen barruan,
Administrari Laguntzaileen Kidegoa edo D-1.
e) E Taldearen barruan,
Mendekoen Kidegoa edo E-1.
11. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidego bereziak
Euskal
Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen erakunde
autonomiadunetako kidego bereziak ondokoak dira:
a) A Taldearen barruan, Goi
Mailako Teknikarien Kidegoa edo A-2.
b) B Taldearen barruan, Erdi
Mailako Teknikarien Kidegoa edo B-2.
c) C Taldearen barruan,
Laguntzaile Teknikoen Kidegoa edo C-2.
12. Artikulua - Kidegoen funtzioak
Kidegoei dagozkien oinarrizko
funtzioak ondokoak dira:
a) Administrazioko Goi Mailako
Kidegoari, programazio, kudeaketa, betearazpen, ikuskapen edo kontrol arloetan
administrazio-jardueran komunak diren goi-mailako azterketa, ordezkaritza,
administrazioa, aholkularitza, koordinazioa eta proposamen eta txostenak egitea.
b) Administrazio Kudeaketako
Kidegoari, goi-mailakoekiko lankidetza teknikoa; araudia aplikatzea; espediente
normalizatuak ebazteko proposamenak, eta goi-mailako zereginei ez dagozkien
azterketa eta txostenak egitea.
c) Administrarien Kidegoari,
goi-mailakoak prestatzeko edo horien ondoriozko lankidetza; dokumentazioa
egiaztatu, kudeatu, eguneratu eta bideratzea eta bere konplexutasunagatik
goi-mailako kidegoei ez dagokiena prestatzea; datuak landu eta administratzea;
ondasunen eta materialen inbentarioa egitea; jarduerak ikuskatzea; zeregin
ofimatikoak, eskuzkoak zein zenbakizko kalkulukoak, eta jendearentzako
informazioa eta arreta ematea.
d) Administrari Laguntzaileen
Kidegoari, administrazio-jardueraren arloetan laguntzea; ofimatika eta
korrespondentzia; kalkulu sinpleak; dokumentuen transkripzioa eta izapideak;
artxibatzea, sailkapena eta erregistroa; fitxategiak, jendearentzako arreta eta
antzekoak.
e) Mendekoen Kidegoari, ondasun
publikoak zaindu eta gordetzea; bulego edo zentro publikoetan sartzen diren
pertsonen kontrola; lokalen kokapenari buruzko informazioa; materiala,
altzariak eta instalazioak zaindu, kontrolatu, mantendu eta ikuskatzea;
korrespondentzia sailkatu eta banatzea; makina erreproduzitzaileak erabiltzea;
dokumentuak, altzariak, materiala eta pertsonak lekualdatzea; jakinarazpenak
ematea, eta, oro har, zaintzaile edo atezainen berezkoak.
f) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoari, kidegoan sartzeko exijitutako titulazioari dagokion lanbidearen
berezko azterketa, ordezkaritza, administrazioa, aholkularitza, koordinazioa
eta proposamena eta txostenak egitea, bai eta prestakuntza akademiko zehatz
baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen dituzten eginkizunak ere.
g) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoari, goi-mailakoekiko lankidetza teknikoa; araudia aplikatzea; espediente
normalizatuak ebazteko proposamenak egitea; azterketak eta txostenak egitea
-dena ere kidegoan sartzeko exijitutako titulazioari dagokion lanbideko berezko
funtzioak direnean-, eta prestakuntza akademiko zehatz baten berezko eta
berariazko ezagutzak eskatzen dituzten eginkizunak betetzea.
h) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoari, goi-mailakoak prestatzeko edo horien ondoriozko lankidetza;
informazioa kudeatzea; proiektuak lantzea; jarduerak ikuskatzea; dokumentazioa
eguneratu eta bideratzea; datuak landu eta administratzea; ekipoen eta
aplikazioen inbentarioa egitea eta mantentzea -dena ere kidegoan sartzeko
exijitutako titulazioari dagokion lanbideko berezko funtzioak direnean-, eta
prestakuntza akademiko zehatz baten berezko eta berariazko ezagutzak eskatzen
dituzten eginkizunak betetzea.
13. Artikulua - Kidegoetako aukerak
Goi Mailako eta Erdi Mailako
Teknikarien kidegoetan eta Laguntzaile Teknikoen Kidegoan, indarrean dauden
titulazio ofizial adina aukera egon daitezke.
14. Artikulua - Kidegoetako eskalak
Kidego
berezien barruan ondoko eskalak sortzen dira:
A) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoa:
1) Artxibo, Liburutegi eta
Dokumentazio Eskala.
2) Epidemiologia Eskala.
3) Estatistika Eskala.
4) Informazioaren Sistema eta
Teknologietako Eskala.
5) Laborategi Eskala.
6) Hizkuntza Normalizazioko
Eskala.
7) Osasun Publikoko Eskala.
8) Itzulpen Eskala.
B) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoa:
1) Artxibo, Liburutegi eta
Dokumentazio Eskala.
2) Estatistika Eskala.
3) Informazioaren Sistema eta
Teknologietako Eskala.
4) Hizkuntza Normalizazioko
Eskala.
5) Itzulpen Eskala.
C) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoa:
1) Laborategi Eskala.
2) Itzulpen Eskala.
15. Artikulua - Kidego eta eskaletan
sartzeko titulazio‑baldintzak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen
erakunde autonomiadunetako kidegoetan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da
ondoko titulazioren bat izatea:
a) Administrazioko Goi Mailako
Kidegoan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
b) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoan, A Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera
bakoitzari jarraiki.
c) Administrazio Kudeaketako
Kidegoan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
d) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoan, B Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera
bakoitzari jarraiki
e) Administrarien Kidegoan, C
Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
f) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoan, C Talderako gaitzen duen eta sartzean exijitu den titulazioa, aukera
bakoitzari jarraiki.
g) Administrari Laguntzaileen
Kidegoan, D Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
h) Mendekoen Kidegoan, E
Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta honen
erakunde autonomiadunetako eskaletan sartzeko, ezinbesteko baldintza izango da
ondoko titulazioren bat izatea:
a) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan, A Talderako gaitzen duen
edozein titulazio.
b) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Epidemiologia Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Soziologiako
lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari, Medikuntzako lizentziadunari edo
Albaitaritzako lizentziadunari dagokion titulazioa edo horiekin ofizialki
homologatutako titulazioak.
c) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Estatistika Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
d) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan, A Talderako gaitzen
duen edozein titulazio.
e) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Laborategi Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Kimikako
lizentziadunari, Biokimikako lizentziadunari, Elikagaien Zientzia eta
Teknologiako lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari, Medikuntzako
lizentziadunari edo Albaitaritzako lizentziadunari dagokion titulazioa edo
horiekin ofizialki homologatutako titulazioak.
f) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein
titulazio.
g) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan, Biologiako lizentziadunari, Elikagaien
Zientzia eta Teknologiako lizentziadunari, Farmaziako lizentziadunari,
Medikuntzako lizentziadunari, Kimikako lizentziadunari, Albaitaritzako
lizentziadunari edo Biokimikako lizentziadunari dagokion titulazioa edo
horiekin ofizialki homologatutako titulazioak.
h) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Itzulpen Eskalan, A Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
i) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan, B Talderako gaitzen duen
edozein titulazio.
j) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Estatistika Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
k) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalan, B Talderako gaitzen
duen edozein titulazio.
l) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein
titulazio.
m) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Itzulpen Eskalan, B Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
n) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Laborategi Eskalan, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Kimika
Adarreko teknikari espezialistari dagokion titulazioa, edo Bigarren Mailako
Lanbide Heziketaren Osasun Adarreko teknikari espezialistari dagokioa,
Laborategiko edo Ingurumen Osasuneko espezialitateetakoa, edota ondorio
akademiko eta profesionaletarako aurrekoen baliokideak diren titulazioak.
ñ) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Itzulpen Eskalan, C Talderako gaitzen duen edozein titulazio.
16. Artikulua - Eskalen funtzioak
Eskalei
dagozkien oinarrizko funtzioak ondokoak dira:
a) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalari, bibliotekonomiaren eta
artxibistikaren esparruko zerbitzuak eta baliabideak planifikatu, kudeatu eta
koordinatzea, informazioa berreskuratzeko tresnak sortzea, arau teknikoen aplikazioa
zaintzea, teknologia berriak martxan jartzea eta arlo hauetan irizpideak
ezartzea.
b) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Epidemiologia Eskalari, azterketa, txosten, koordinazio,
aholkularitza, plangintza, zaintza eta analisi epidemiologikoak eta gaixotasunen
prebentzioa (txertaketa‑programen plangintza eta kudeaketa barne), bai
eta estatistika‑informazioa landu, kudeatu eta tratatzea ere.
c) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Laborategi Eskalari, osasun publikoko arazoei edo eraginari lotutako
lagin guztien analisia egitea eta hori egin ahal izateko beharrezkoak diren
teknika analitikoak garatzea.
d) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Estatistika Eskalari, estatistika-lanen zuzendaritza (prestaketa,
ikuskapena eta banaketa barne), estatistikako proiektu eta sistemak landu eta
diseinatzea, estatistika-lanetan erabilitako metodologiaren azterketa eta
analisia egitea, estatistika-emaitzen analisi eta interpretazioa egitea eta
estatistika-informazioko beharrak identifikatzea.
e) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalari,
informazio-sistemetan aholkatzea eta irizpideak ezartzea; informatika-sistemen
plangintza, analisi, programazio eta eragiketa egitea; komunikazio eta
telekomunikazio sistema orokorrak planifikatu, instalatu, mantendu eta
ustiatzea; aplikazioak diseinatzea, eta informazio-sistemen segurtasuna eta
inbentarioa kudeatzea.
f) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalari, hizkuntza-plangintza egitea;
euskara-planak kudeatu, landu eta sustatzea eta horretarako irizpideak ezartzea
eta aholkatzea; hizkuntza-normalizazioaren esparruan ezagutzak ebaluatzea,
jarduerak kudeatzea eta prestakuntza‑diseinuak, kontrola eta ikuskapena
egitea.
g) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Osasun Publikoko Eskalari, aztertu eta ikertzea, planak eta programak
lantzea, metodoak diseinatzea eta kudeatze, burutze, proposatze eta ikuskatzea,
goi-mailako teknikarien funtzio diren heinean, osasun publikoaren sustapen eta
babesari dagokionez (elikadurari lotutako segurtasuna eta higienea,
ingurumen-osasuna eta osasunerako hezkuntza barne hartuta).
h) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Itzulpen Eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologia
funtzioak betetzea eta esparru horietan prestakuntza ematea, azterketak egitea,
irizpideak ezartzea eta ikuskapena egitea ere.
i) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalari, deskribapen
artxibistiko eta bibliografikoko funtzio teknikoak betetzea, datu-baseak
kudeatzea eta bilduma dokumental eta bibliografikoak garatzea, bai eta zerbitzu
hauek zabaltzea eta erabiltzaileei arreta eskaintzea ere.
j) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Estatistika Eskalari, estatistika-lanak egin, prestatu, ikuskatu eta
banatzeko funtzio teknikoak, estatistika proiektu eta sistemak landu eta
diseinatzekoak, estatistika-lanetan erabilitako metodologiaren azterketa eta
analisia egitekoak, estatistika-emaitzen analisi eta interpretazioa egitekoak
eta estatistika-informazioko beharrak identifikatzekoak.
k) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Informazioaren Sistema eta Teknologietako Eskalari, sistema
informatikoen plangintza, analisi, programazio eta eragiketa egitea eta
aholkatzea; komunikazio eta telekomunikazio sistema orokorrak planifikatu,
instalatu, mantendu eta ustiatzea; aplikazioak diseinatzea, eta
informazio-sistemen segurtasuna eta inbentarioa kudeatzea.
l) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalari, euskara-planak kudeatu, landu eta
sustatzeko eta aholkatzeko funtzio teknikoak betetzea; hizkuntza-normalizazioaren
esparruan ezagutzak ebaluatzea, jarduerak kudeatzea eta prestakuntza‑diseinuak,
kontrola eta ikuskapena egitea, eta hizkuntza-plangintza egitea.
m) Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Itzulpen Eskalari, euskarazko itzulpen, interpretazio eta
terminologiako funtzio teknikoak betetzea eta esparru horietan prestakuntza
ematea, azterketak egitea eta ikuskapena egitea.
n) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Laborategi Eskalari, osasun publikoko arazoei edo eraginari lotutako
lagin guztien analitika egiteko lankidetza‑funtzioak betetzea eta hori
egin ahal izateko beharrezkoak diren teknikak garatzea.
ñ) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Itzulpen Eskalari, prestaketa eta lankidetza funtzioak betetzea
euskarazko itzulpen, interpretazio eta terminologian, bai eta esparru horietan
prestakuntza ematen, azterlanak egiten eta ikuskapena egiten ere.
Lehena - Integrazio automatikoa
1.- Ondoko kidegoetan automatikoki integratuta geratzen dira haietan
lanpostu bat eskuratu zuten funtzionarioak:
a) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Administrazioko Goi Mailako Kidegoan, Administrazio Kudeaketako
Kidegoan, Administrarien Kidegoan, Administrari Laguntzaileen Kidegoan eta
Mendekoen Kidegoan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan
integratuta geratzen dira.
b) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoan, Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoan eta Laguntzaile Teknikoen Kidegoan, titulazio jakin bakar bat eskatzen
zitzaiela, plazak eskuratu zituzten funtzionarioak kidego horietan integratuta
geratzen dira, euren titulazioari dagokion aukeraren barruan.
2.- Dena delako kidegoetan plazak eskuratu zituzten funtzionarioak
ondoko eskaletan automatikoki integratuta geratzen dira:
a) Integrazio edo deialdi publiko
bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko artxibozain, liburuzain eta
dokumentalista plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan integratuta geratzen
dira.
b) Integrazio edo deialdi publiko
bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko estatistikari-plazak eskuratu zituzten
funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan integratuta
geratzen dira.
c) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko informatikari-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren Sistema
eta Teknologietako Eskalan integratuta geratzen dira.
d) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko hizkuntza-normalizazioko
teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratuta geratzen dira.
e) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Goi Mailako Teknikarien Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Goi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan
integratuta geratzen dira.
f) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko artxibozain, liburuzain eta
dokumentalista plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Eskalan integratuta geratzen
dira.
g) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko estatistikari-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Estatistika Eskalan
integratuta geratzen dira.
h) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko informatikari-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Informazioaren
Sistema eta Teknologietako Eskalan integratuta geratzen dira.
i) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko hizkuntza-normalizazioko
teknikari-plazak eskuratu zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratuta geratzen dira.
j) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Erdi Mailako Teknikarien Kidegoko Itzulpen Eskalan
integratuta geratzen dira.
k) Integrazio edo deialdi publiko
bidez Laguntzaile Teknikoen Kidegoko laborategi-laguntzaile plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Laborategi Eskalan
integratuta geratzen dira.
l) Integrazio edo deialdi
publiko bidez Laguntzaile Teknikoen Kidegoko itzultzaile-plazak eskuratu
zituzten funtzionarioak Laguntzaile Teknikoen Kidegoko Itzulpen Eskalan
integratuta geratzen dira.
1.- Integrazio edo deialdi publiko bidez dena delako kidegoetan
plazak eskuratu zituzten eta jarraian zehaztuko diren baldintzak betetzen
dituzten funtzionarioak ondoko eskaletan integratu ahal izango dira, hala nahi
izanez gero:
a) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Epidemiologia Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako
Teknikarien Kidegoko Biologiako, Soziologiako, Farmaziako, Medikuntzako edo
Albaitaritzako lizentziatu-plazak edo lizentziatura horiekin ofizialki
homologaturiko titulazioko plazak integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu
zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko
destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
b) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Laborategi Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Biologiako Elikagaien Zientzia eta Teknologiako, Kimikako, Farmaziako,
Albaitaritzako edo Medikuntzako lizentziatu-plazak edo lizentziatura horiekin
ofizialki homologaturiko titulazioko plazak integrazio edo deialdi publiko
bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu aurreko bi urteetan euren
behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko lanpostuetan izan duten
funtzionarioak.
c) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Hizkuntza Normalizazioko Eskalan integratu ahal izango dira Goi
Mailako Teknikarien Kidegoko Euskal Filologiako lizentziatu-plazak integrazio
edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten funtzionarioak.
d) Goi Mailako Teknikarien
Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan integratu ahal izango dira Goi Mailako
Teknikarien Kidegoko Biologiako, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako,
Farmaziako, Medikuntzako, Kimikako edo Albaitaritzako lizentziatu-plazak edo
lizentziatura horiekin ofizialki homologaturiko titulazioko plazak integrazio
edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean sartu
aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari atxikiriko
lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
e) Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Laborategi Eskalan integratu ahal izango dira Laguntzaile Teknikoen
Kidegoko Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Kimika Adarreko teknikari
espezialistako eta Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren Osasun Adarreko
Laborategiko edo Ingurumen Osasuneko teknikari espezialistako plazak, edo
ondorio akademiko eta profesionaletarako horien titulazio baliokideko plazak,
integrazio edo deialdi publiko bidez eskuratu zituzten eta lege hau indarrean
sartu aurreko bi urteetan euren behin betiko destinoa aipatutako eskalari
atxikiriko lanpostuetan izan duten funtzionarioak.
2.- Eskala bakoitzean integratzeko aukera lanpostu-zerrenda lege
honetara egokitu izana argitaratzen denetik sei hilabeteko epean gauzatuko da.
3.- Borondatez integratzeko aukera erabiltzen ez dutenek ordura
arteko baldintza beretan eutsiko diete euren lanpostuei, eta lege honen lehen
xedapen gehigarrian xedaturikoa aplikatuko zaie integrazioari dagokionez.
Lanpostu-zerrenden
bidez esleituko dira espezialitateak, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta,
lege honetan adierazitakoaren arabera arautzen dituen dekretuan zehaztutakoarekin
bat etorriz.
Kidego
berezietako aukeren zehaztapena dagozkien lanpostu-zerrendetan egingo da,
lanpostuen ezaugarriak kontuan hartuta.
Funtzio
publikoaren arloan eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio lege
hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean lanpostu-zerrendak arau honetan
aurreikusitakoari egokitzeko agindu bat eman dezan.
Legeak
sorturiko zenbait eskalari dagozkien funtzioak betetzeko titulazio ofizial
berriak onesten badira, Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, eskala haietan
sartzeko gaitzen duten titulazioen artean jarri ahalko ditu titulazio berri horiek.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bidean
diren deialdien bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren
eta honen erakunde autonomiadunen funtzio publikoan sartzen diren
funtzionarioak lortu nahi duten plazari dagokion kidegoan eta, hala badagokio,
eskalan edo aukeran integratuta geratuko dira, lege honetan ezarritako
irizpideei jarraiki.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Euskal
Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen lehen xedapen
gehigarria eta lege honi aurka egiten dion beste edozein xedapen indargabetuta
geratzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Eusko
Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatu eta betearazteko
beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean
sartuko da indarrean.