Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbidea  >>  Legeria

1/2001 Legea, martxoaren 16koa, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofiziala sortzekoa.

2001-03-16

Erakundea: Eusko Legebiltzarra

Argitalpena: EHAA, 2001/4/11, 71. zk.; EAO, 2011/12/3, 291. zk.

§ 241. 1/2001 LEGEA, MARTXOAREN 16KOA, EUSKADIKO FISIOTERAPEUTEN ELKARGO OFIZIALA SORTZEKOA

ZIOEN ADIERAZPENA

Autonomia Estatutuko 10.22 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideak betetzearen arloan; nolanahi ere, Konstituzioko 36. eta 139. artikuluetan xedatzen direnak kontuan hartuta. Estatutuko artikulu horri jarraiki onartu zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa. Eta, lege horrek 29. artikuluan dioenez, profesionalen elkargo berriak sortzeko, Eusko Legebiltzarraren lege bat beharko da. Lege hori profesionalek berek eskatu beharko dute eta eskariak haiek ordezkatzeko nahikoa indar eduki beharko du eta behar bezala egiaztaturik egon beharko du.

1998ko uztailaren 21ean, Espainiako Fisioterapeuten Elkarteko Euskadiko Delegazioak Fisioterapeuten Elkargoa sortzeko eskatu zuen. Segidan, eskaria arrazoizkoa ote zen eta legezko baldintzak betetzen ote ziren egiaztatzeko izapide-lanei ekin zitzaien, eta bete beharreko baldintza nagusietako bat honako hau zen: interes publikoko nahikoa arrazoirik ba ote zegoen lanbide horretako elkargo bat sortzeko.

Fisioterapiako ikasketak urriaren 26ko 1.414/1990 Errege Dekretu bidez bihurtu ziren, ofizialki, unibertsitateko ikasketa. Dekretu horrek fisioterapiako unibertsitate-diplomatuko titulu ofiziala ezarri zuen eta bai titulu hori lortzera bideratutako ikasketa-planen jarraibide orokorrak ere. Hortaz, nahikoa egiaztaturik dago tituluaren beharra, alegia azaroaren 21eko 18/1997 Legean, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoan, 23. artikuluan, ezarrita zegoen baldintza.

Gaur egun fisioterapiak geroz eta garrantzi handiagoa dauka osasun-zerbitzuetan, eta fisioterapia hori kontrolatzeko eta garatzeko ardura duten profesionalek ere bai. Horregatik, elkargo ofizial bat sortzeko premia dago, gizartearen interes orokorrak eta profesional horien interes bereziak zuzen babesteko. Osasun- eta gizarte-mailako beharra da lanbidea denon onerako antolatzea eta deontologia ere horrelaxe arautzea, osasunaren arloan prebentzio, arreta eta birgaitze eraginkorra benetakoa izan dadin. Unibertsitateko titulazioak, prestakuntza orokorreko ikastaroekin eta praktikekin batera, arlo horri dagokion profesionalen multzoa osatu egingo du, Europako Batasuneko herrialdeetan indarrean dauden irizpideen arabera, eta garapen-maila bertsuko herrialdeetako egoerarekin parekatuko da lanbidea. Hauek dira korporazio profesional hori sortzeko arrazoi edo helburu batzuk, eta helburuak lortzeko tresna egokiren bat behar da, denon interesaren ikuspuntutik.

1. Artikulua - Sortzea

1.- Sortu egin da Fisioterapeuten Euskadiko Elkargo Ofiziala. Zuzenbide publikoko korporazio bat da, nortasun juridiko propioa dauka, eta bere helburuak eta eginkizunak betetzeko gaitasun osoa ere bai, legearen barruan betiere.

2.- Lege honetan ezarritakoari eutsiz gobernu-organoak osatzen direnetik aurrera izango ditu elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa.

2. Artikulua - Norako den

Fisioterapiako Elkargo Ofiziala Euskal Autonomia Erkidegorako da.

3. Artikulua - Langileak

Fisioterapeuta-titulua dutenak sar daitezke Fisioterapeuten Euskadiko Elkargo Ofizialean, baldin eta titulu horiek urriaren 26ko 1.414/1990 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera lortuak badira. Orobat, eskumena daukan aginteak homologaturiko beste edozein titulu dutenak ere sar daitezke elkargo horretan.

4. Artikulua - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrarekiko harremanak

Azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 56.1 artikulua baztertu gabe (lanbideari buruzko gai orokorretan, erakunde arteko gaietan eta elkargoei buruzko gaietan harremanak izateko eskumena duen administrazio-organoari dagokio artikulu hori), Fisioterapeuten Euskadiko Elkargoak Euskadiko Administrazio orokorrera jo behar badu bere lanbidearekin zerikusia duen zerbaitekin, harreman horiek Osasun Sailaren bitartez izan beharko ditu, edo momentu horretan osasun-eskumenak dituen sailaren bitartez.

Azken Xedapenak

Lehenengoa - Estatutuak

Espainiako Fisioterapeuten Elkarteko Euskadiko Delegazioak sei hilabeteko epea izango du, lege hau indarrean jartzen denetik, elkargoko estatutuak egiteko. Estatutu horiek onartu ondoren, Euskadiko Administrazio orokorrari helarazi behar zaizkio justizi gaietan eskumena duen sailaren bitartez, hark legea betetzen ote duten azter dezan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agin dezan.

Bigarrena - Elkargoan izena emateko epea

Estatutuak argitaratu ondoren, elkargoan izena emateko epea zabalduko da, baldintzak betetzen dituzten guztiek elkargoko kideak izateko aukera izan dezaten. Epe horren hasiera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko egunkari zabalduenetako bitan argitaratu beharko da.

Hirugarrena - Gobernu-organoak eratzea

Elkargoan izena emateko epea amaitu ondoren, elkargoak osoko bilkura baterako deia egin beharko du, gobernu-organoak osatuko dituzten kideak aukeratzeko. Gobernu-organoen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Laugarrena - Indarraldia

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra