1/2000 Legea, ekainaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzen duena.
2000-06-29Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 2000/8/1, 146. zk.; EAO, 2011/12/13, 299. zk.
§ 231. 1/2000 LEGEA, EKAINAREN
29KOA, EUSKADIKO KOOPERATIBEN LEGEA ALDATZEKOA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben
4/1993 Legea, indarrean jarri zenetik orain arteko sei urteetan, nabarmen arau
egokia izan da, bai enpresa-arloan eta bai baltzu-arloan, euskal
kooperatibagintza berria garatzeko, produkzioko faktore guztien bilakaera
indartzeko arauak ezarri dituen heinean eta kooperatibei, etengabe aldatzen ari
den egungo merkatuan, lehiatzeko malgutasun gehiago eman dien bezainbatean.
Ekainaren 24ko 4/1993 Legea, bestalde,
erreferentzia-puntu argia izan da kooperatibak direla-eta Estatuan gerora egin
diren beste legeentzat; izan ere, aparteko ardura izan zuen legeak, testu
osoan, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak aldarrikatutako kooperatibagintzako
balioak eta printzipioak betetzeko, baltzu eta enpresa sare osoa arautzerakoan
haiek oinarri moduan hartuta. Hala, egungo legedia bete-betean lotzen zaio
aipatutako aliantzak kooperatiben gainean emandako definizioari:
Kooperatiba
elkarte autonomoa da. Osatzen duten pertsonek bat egitea erabaki dute -nork
bere borondatez-, ekonomiaren aldetik, gizartearen aldetik eta kulturaren
aldetik dituzten behar eta helburuak asetzeko, enpresa baten bitartez. Enpresa
sortu duten pertsona guztiena da jabetza, eta demokratikoki egiten da
kudeaketa.
Hau da, legeak, oinarrian behintzat,
batzuetan hain zaila den oreka lortu du, kooperatibagintzako berezko printzipio
eta arauak betetzean kooperatiben nortasunari eusten diolako, eta, aldi berean,
enpresa moduan dauzkaten erronkei lege aldetik aurre egiten dielako; izan ere,
halako legerik gabe kokaleku eta garapen arazoak izango zituzten beren
jarduerak eraginkortasunez bete ahal izateko.
Urteotan legea aplikatzen jardun ondoren,
eta euskal kooperatiba-mugimenduaren eskariei erantzunez, garaia iritsia da
aztertzeko ea indarrean dagoen legearen bidez osorik bete ote den,
kooperatibagintza sustatzeko asmoz Espainiako Konstituzioaren 129. artikuluko
2. idatz-zatian jasotako agindua betetzeari begira, lege horrekin lortu nahi
zena, ala, aitzitik, indarrean dagoen arautegia sustatzaileen premietara eta
sortzen ari diren enpresa-proiektuetara egokitu behar ote den, kooperatiba
berriak eratzeko erraztasunak emanez eta, aldi berean -zenbait hobekuntza
tekniko eta egokitzapen zehatz aplikatuz-, Euskal Herrian egun daudenak
sendotuz.
Horixe da, hain zuzen, ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legea zati batean aldatzeko lege honen helburua.
Azalpen labur batekin batera, sistematizaturik adierazten dira araututako
aldaketak:
- Lehen mailako
kooperatibak eratzeko gutxieneko bazkide kopurua bostetik hirura jaisten da,
kooperatiba berriak sortzeko modua errazteko.
- Ondorioz, gutxieneko
baltzu-kapitala ere hiru mila eurotara jaisten da.
- Kooperatibako
Artezkaritza-kontseiluan postuak gordetzen badira, kasuan kasuko bazkide-talde
bakoitzak Batzar Orokorrean zuzenean bere aholkulari-kopurua hautatzeko
eskubidea izango du, kontseiluko gainerako kideak hautatzen parte hartu gabe.
- Batzar Orokorra
eratzeko modua malgutu egiten da kooperatiba-mota jakin batzuetan, hala nola
nekazaritzakoetan eta kontsumokoetan, kooperatibako organo gorena geratuta egon
ez dadin. Horrela, bada, hirugarren deialdia egin ahal izango da kooperatiba
horietan, bildutako zein ordezkatutako boto-kopurua edozein izanda ere, baina
aurreko bi deialdietako quorumak lortu ez direnean baino ez da egingo
hirugarrena.
- Baltzu-kapitalari
dagokionez, arautu egiten da menpeko finantza-ekarpenen araubidea, batez ere
kanpoko finantzaketa eskuratzeko -barrukoa saihestu gabe-; modu iraunkorrean
eskuraturik, kooperatibaren berezko baliabide izango dira ekarpenok
-baltzu-kapital moduan hartuko dira-, ezarriko diren baldintzetara lotuta
nolanahi ere.
- Partaidetza bereziei
dagokienez, beste araubide juridiko bat ezartzen da, aurreko aldaketarekin
lotuta doana.
- Sustatu egiten da
baltzuarekiko lotura. Horretarako, zabaldu egingo dira iraupen jakina duten
bazkideen mugak, eta horren parean, murriztu, hala badagokio, inoren konturako
kontratazioa. Era berean, gehienezko muga berri bat jarriko zaie bi talde
horiek guztira urtean eginiko orduei.
- Inoren konturako
lan-kontratudun langileek ehunekotan gainditu ezin duten mugari dagokionez,
aldatu egiten da ehunekoa eta ehuneko hori zehazteko irizpidea eta salbuespen
batzuk sartzen dira, malgutasuna, eraginkortasuna -batez ere kooperatiba
txikietan- eta segurtasun juridikoa lortzeko, alde batetik, eta iraupen
jakineko baltzu-kontratazioa sustatzeko, bestetik.
- Bazkide izateko aukerarik
ez daukaten soldatapeko langileei dagokienez, kooperatibako emaitza
positiboetan parte hartzeko printzipioa aplikatzerakoan sortzen diren arazo
zehatzei erantzun praktiko eta eraginkorra ematen zaie.
- Parean jartzen dira
bazkide langileen eskubideak eta inoren konturako langileen eskubideak,
administrazioko kontratak eta emakidak subrogatzen direnerako, beste enpresaren
batek kontratan edo emakidan kooperatiba ordezkatzean ukituak gertatu diren
bazkide langileen lanpostuak babestearren eta, aldi berean, eskubide horiek ez
onartzeak ekimen pribatuaren sustapenerako ekarriko lukeen oztopoa
saihestearren, oztopoa bailekarke halako ekimena zerbitzu publikoak kudeatu eta
emateko kooperatiba gisa eratzeari dagokionez.
- Bazkide langileen
kontratuak eten eta amaitzeari buruz, ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben
4/1993 Legea indarrean jarri ondoren sortutako kontzeptu berriak sartu dira
(arrazoi teknikoak, antolamenduko arrazoiak, produkzioko arrazoiak),
lan-gaietan indarrean dagoen arauteriarekin bat etorriz.
- Bigarren mailako edo
maila handiagoko kooperatibei dagokienez, eta bertako kideak kooperatiba
izateak -eta beste pertsona juridiko batzuk izateak, halakorik badago-, horrek
daukan berezitasuna kontuan hartuta; malgutu egiten da bigarren mailako kooperatibetan
bazkideak sartzeko eta baja izateko lehengo araubidea; irizpide berriak
ezartzen dira kapitalerako nahitaezko ekarpenak egiteko moduari buruz; malgutu
egiten da bigarren mailako kooperatiben egitura organikoari buruzko
tratamendua, bi ildotan hain zuzen: lehenengo eta behin, estatutuei aukera
ematen zaielako bigarren mailako kooperatibetako kideen gutxieneko eta
gehieneko ordezkaritza ezartzeko, nahiz eta proportzionaltasunari buruzko
oinarrizko irizpidea aplikatu (irizpide hori ez da zalantzan jartzen), eta,
bigarren, Artezkaritza-kontseiluko kide-kopurua zabaltzeko aukera uzten delako,
bazkide guztiak bertan sar daitezen, edo, gutxienez, bazkideen ordezkaritza bat
sar dadin, bazkide-mota guztien ordezkaritza nahikoa lortzeko bermeak ezarriz.
- Elkar-lankidetzarako
bide berriak irekitzen dira, baltzuaren helburua betetzeko balio duten
eragiketen kooperatiba-izaera onartuz.
- Orain arte egon ere
egin ez den figura juridiko berri bat sortu da: elkar-lankidetzan oinarritutako
kooperatiba-taldeak; arian-arian mundu osora zabaltzen ari diren merkatuetan
jarduteko gero eta gogorragoak diren erronkei erantzuteko, kooperatiba-baltzuak
enpresa moduan integratzeko beste era batzuk bultzatzearren egin da hori; izan
ere, merkatu horiek irtenbide juridiko berriak eskatzen baitituzte, eta
egungoak ez dira nahiko.
- Kooperatibagintza-gaietan
eskumenak dauzkan sailari beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak
emateko eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari, sustapenean, zabalkundean,
prestakuntzan, ikuskaritzan eta erregistroan dauzkan eginkizunak egoki bete
ditzan.
- Bazkide langileei eta
inoren konturako gainerako langileei tratu-berdintasuna onartzen zaie, enplegua
sustatu eta indartzeko neurri publikoei dagokienean.
- Arauketa-eremuari
dagokionez, uztailaren 16ko 27/1999 Legeko arauketa berrira egokitzen da
estu-estu, eta argitu egiten da, bertan araututako irizpidea jasotzen baita;
beraz, baltzu-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean daukaten
kooperatiba-elkarte guztiei aplikatuko zaie, baldin eta nagusiki lurralde
horretan betetzen badute beren jarduera kooperatibizatua.
Neurri horiek guztiok helburu berbera
daukate: Euskal Herrian kooperatibagintza sustatzea, frogatuta baitago
kooperatibagintza kalitatezko lanpostuak sortzeko, aberastasuna banatzeko eta
langileek ekoizpen-bideen jabetza eskuratzeko bereziki formula egokia dela.
Azkenik, araugintzako teknikak direla eta,
ezinbestekoa da kooperatibei buruz Euskal Autonomia Erkidegoari Euskadiko
Autonomia Estatutuko 10.23 artikuluak emandako eskumen esklusiboaren indarra
aipatzea, gerora Konstituzio Auzitegiak berak ere horrela onetsi baitu bere
72/83 KASean (F.J.3).
Eskumen esklusibo horretaz baliatzerakoan,
EAEk Euskadiko Autonomia Estatutuko 10.23 artikuluak berak ezarritako mugak
errespetatu behar ditu, hau da, merkataritza-legeria orokorra, bai eta
kooperatibetatik kanpoko beste eskumen-eremu guztiak ere, araugintza berriaren
edukiak eremu horietan eragin nabaririk izaten badu.
Beraz, zehaztasun batzuk egin behar dira
hamalaugarren eta hogeita hirugarren artikuluei dagokienez, zeren eta horietan
Estatuko arautegia aipatzen denean, Estatuko eskumenen eremua eta segurtasun
juridikoa errespetatu nahi direlako egiten baitira aipamen horiek.
Hamalaugarren artikuluak Euskal Autonomia
Erkidegora aldatzen du uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeko
86.2 artikuluan egindako aurreikuspena; hala, lan elkartuko kooperatibetako
bazkide langileak inoren konturako langileen parean jartzen ditu,
administrazioko kontrata zein emakidaren batean ordezkapenen bat gertatzen
denean eta ordezkatutako enpresaburuari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiak
tarteko direnean, enpresaburu berriarekiko harremanei buruz indarrean dagoen
araudian inoren konturako langileei onartutako eskubide eta betebeharrak
emateko haiei ere. Parekatze hori enpresa-subrogazio bat da, eta, ikuspegi
materialetik begiratuta, laneko legediaren eremuan kokatzen da, legedi hori
360/93 KASak zehaztutako moduan aditurik betiere. Eremu material horretan, Espainiako
Konstituzioko 149.1.7 artikuluak eta Euskadiko Autonomia Estatutuko 12.2
artikuluak mugatzen dute eskumenen banaketa, eta ez diote EAEri inolako eskumen
arautzailerik ematen gai horretan. Hori dela eta, hamalaugarren artikuluan
hitzez hitz jasotzen da uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeko
86.2 artikulua.
Beharrezkoa da, halaber, hogeita
hirugarren artikuluak legearen aplikazio-eremuari buruz dakarren definizio
berria aipatzea. Uztailaren 16ko Kooperatiben 27/1999 Estatuko Legeak bere
aplikazio-eremutik kanpo utzi ditu beren jarduera nagusiki
autonomia-erkidegoren batean betetzen duten kooperatibak. Horregatik, bada,
27/1999 Legeko 2 A artikuluan xedatutakoaren arabera, kooperatiben euskal
legearekin arautzen dira beren jarduera kooperatibizatua bereziki EAEko
lurraldean betetzen duten kooperatibak. Eta lege honetako hogeita hirugarren
artikuluan horregatik aipatzen da Estatuko legeko 2 A artikuluan ezarritako
aurreikuspena.
Legearen artikulatua osatzeko, itxierako
xedapenak jarri dira. Horien artean azpimarratzekoa, xedapen gehigarri bakarra,
erregistro guztien arteko koordinazioa bultzatzea eskatzen baitio
Jaurlaritzari, merkatua bat dela kontuan hartuta, eta enpresen taxu juridikoa
edozein izanda ere, enpresen artean izen berdinik eza egiaztatzeko sistema
sinplifikatzeko asmoz, eta sozietateen izenari dagokionez enpresen segurtasun
juridikoa indartzeko. Horrela, bada, adosturiko koordinazio-tresnak gauzatzen
direnean, indarra galduko du ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko
12.2.f) artikuluaren arabera egiaztagiriak egiteko aurreikusitako sistemak.
Lehenengo
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 4. artikuluari, eta honela idatzi da:
"4.
Atikulua - Gutxieneko baltzu-kapitala
Gutxieneko
baltzu-kapitala ezin da hiru mila euro (499.158 pta.) baino gutxiagokoa izan,
eta eurotan neurtuko da. Gutxieneko baltzukapital horri dagokion kopurua
kooperatiba eratzen den unean bertan egon beharko da oso-osoan
ordainduta".
Bigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 13. artikuluko 1. paragrafoko l)
idatz-zatiari, eta honela idatzi da:
"l) Ohiko eta ohiz
kanpoko Batzar Orokorrerako deia jendaurrean nola jarri eta epeak zehazteko
modua, lehenengo edo bigarren deialdian izanik ere, edo hirugarren deialdian
kontsumo eta nekazaritzako kooperatiben kasuan. Baita akordioak hartzeko
araubidea zein izango den ere, lege honen 34.2 artikuluan jasotakoaren
arabera".
Hirugarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 19. artikuluko 1. paragrafoari, eta honela
idatzi da:
"1.- Lehenengo
mailako kooperatibetako bazkide, edozein pertsona fisiko zein juridiko, publiko
nahiz pribatu, izan daiteke, betiere lege honetako II. tituluan ezarritako
salbuespenak kontuan izanda.
Bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibei dagokienez,
128.1 artikuluan erabakitakoa bete behar da.
Sortzen diren unean, lehenengo mailako kooperatibetan gutxienez
hiru bazkide izan behar dira, eratutako kooperatiba-motakoak. Bigarren mailako
edo maila handiagoko kooperatibek beren bazkide sortzaileen artean gutxienez bi
kooperatiba-elkarte izan beharko dituzte".
Laugarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 26.2 artikuluari, eta honela idatzi da:
"2.- Bazkidea
epe-mugarik gabe izango da kooperatiban.
Halere, estatutuetan horretarako aukera ageri bada eta langilea
onartzean hala zehaztu bazen, enpresarekiko harremana iraupen jakinekoa izan
liteke. Halako loturen berezko eskubide eta betebeharrak gainerako bazkideenen
baliokide izango dira eta estatutuetan arautuko. Halako bazkideak ez dira
izango inola ere kasuko motako behin betiko bazkideen bostena baino gehiago, ez
eta mota horretakoek Batzar Orokorrean dituzten botoen bostena baino gehiago
ere. Lan elkartuko kooperatiben kasuan, edo halakoak ez izan arren
lan-bazkideak dituztenen kasuan, gainditu ahal izango da bostenaren muga, baina
iraupen jakineko bazkideek eta inoren konturako langileek batera egindako
urteko lan-orduen kopurua ezin izango da inola ere iritsi bazkide langileek edo
epe jakinik gabeko lan-bazkideek egindako urteko lan-orduen kopuru osoaren
ehuneko 50era.
Iraupen jakineko bazkidetza-kontratuen titularrak diren bazkide
langileek edo lan-bazkideek egoera horretan hiru urteko aldi bat biltzen
badute, iraupen mugagabeko bazkide-izaera hartzeko aukera edukiko dute, eta
aldi hori bost urtekoa bada, edozein kasutan hartuko dute izaera hori.
Horretarako, iraupen mugagabeko bazkideentzat estatutuek ezarritako beste
betekizunak bete beharko dituzte".
Bosgarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 34. artikuluko 2. zenbakiari, eta honela
idatzi da:
"2.- Batzar Orokorra
balioz osatuta egoteko, lehenengo deialdian botoen gehiengoa izan beharko da
bertan edo ordezkatuta, eta bigarren deialdian, gutxienez botoen ehuneko hamar
osatzen duten bazkideak, bertan izanik edo ordezkatuta, edo bestela, ehun boto.
Estatutuetan bestelakorik esaten ez bada, nahikoa izango da bileraren hasieran
quorum hori lortzea. Horrez gain, hirugarren deialdia ere aurreikus daiteke
kontsumo eta nekazaritzako kooperatiben estatutuetan, bileran bertan edo
ordezkatuta dauden botoen kopurua edozein izanda ere Batzar Orokorra egin ahal
izateko".
Seigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 41. artikuluko 3. paragrafoari, eta honela
idatzi da:
"3.- Administratzaileak
Batzar Orokorrean hautatuko dira, isilpeko bozketan emandako baliozko botoen
kopururik handienaren arabera.
Legeko 45. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitakoaren arabera
kooperatibako Artezkaritza-kontseiluan postuak gorde badira, estatutuetan
kontrakorik esan ezik, kasuan kasuko bazkide-talde bakoitzak dagokion
artezkari-kopurua Batzar Orokorrean zuzenean hautatzeko eskubidea izango du,
kontseiluko beste kideak hautatzen parte hartu gabe".
Zazpigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 57.4 artikuluari, eta honela idatzi da:
"4.- Bazkide
bakoitzaren ekarpenen zenbateko osoa, lehen mailako kooperatibetan,
kooperatiba-baltzuak edo bazkide laguntzaileak ez badira behintzat, ez da
baltzu-kapitalaren herena baino gehiago izango. Ez dute muga hori izango hamar
bazkide baino gehiago ez duten kooperatibek".
Zortzigarren
artikulua
"1.- Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993
Legeko 57. artikuluari 5. zenbaki berria gehitu zaio, eta honela idatzi da:
5.- Menpeko finantzaketa
esaten zaie kooperatibek jaso, eta kredituen lehentasunen hurrenkeran,
hartzekodun arrunt guztien ondoren datozen finantzaketei.
Kooperatibak bazkideekin nahiz beste batzuekin kontratatutako
menpeko edozein finantza-ekarpenen epe-muga bere kitapena onartu aurretik
gertatzen ez bada, finantza-ekarpen hori baltzu-kapitala izango da, edozein
izan arren bere izen edo formalizazio juridikoa, eta ez zaio aplikatuko lege
honetako 59. artikulutik 63.era artekoetan xedatutakorik, kontrako itunik egon
ezik. Hala ere, ekarpen edo partaidetza horiek itzulgarriak izan daitezke edo karteran
eskuratuak, kapital-baltzuetan partaidetzek edo akzioek ezarrita dituztenen
pareko finantza-bermabideen bitartez -77/91 bigarren arteztarauan aureikusitako
aukerak ere balia daitezke- edo araudian ezartzen den eran.
Ekarpen horien ordainketa finkoa, berriz, aldakorra zein
partaidetzazkoa izan daiteke, eta tituluen bidez zein kontuan ohartarazita
ordezkatuko dira ekarpenok; balio higigarritzat har daitezke,
jaulkipen-akordioan horrela aurreikusten bada. Kasu horretan, finantza-aktibo
horiei aplikatzen zaien araudia izango dute araubide juridikoa.
Ekarpen horiek inola ere ez dute eskubiderik emango ez Batzar
Orokorrean botoa izateko ez administrazio-organoan partaidetza edukitzeko.
Ekarpen horien jaulkipena edo kontratazioa, ehuneko 50ena
gutxienez, kooperatibako bazkideei eta soldatako langileei eskaini beharko zaie
beste inori baino lehen. Eskaintza horren publizitatea kooperatiban Batzar
Orokorra deitzeko ezarritakoaren parekoa izango da.
2.- Aurreko gehikuntza hori egin ondoren,
ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 57. artikuluko 5. zenbakia
artikulu bereko 6. zenbaki bihurtu da, eta honela idatzi da:
6.- Artikulu honetako 1.
puntutik 5.erainokoan erabakitakoa kreditu-kooperatibei eta
aseguru-kooperatibei ezarri ahal izango zaie, baina batzuen nola besteen
araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez dutenean bakarrik".
Bederatzigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 64. artikuluari, eta honela idatzi da:
"64. Artikulua - Partaidetza bereziak
1.- Partaidetza bereziak
dira artikulu honetan ezarritako arauetara espresuki lotutako menpeko
finantzaketak. Horien harpidedunek -artikulu honetako 4. zenbakian
aurreikusitakoa izan ezik- kooperatiba ez diren erakundeak izan behar dute nahitaez,
jaulkipenetik gutxienez bost urte igaro arte ezin izango da diru-itzulketarik
egin eta kooperatibaren emaitzen arabera ezarriko da ordainketa.
2.- Partaidetza horien
gainerako ezaugarriak jaulkitzen direnean erabakiko dira askatasun osoz, baina
inola ere ez dute eskubiderik emango ez Batzar Orokorrean botoa izateko ez
administrazio-organorako partaidetza edukitzeko.
3.- Artikulu honetan
erabakitakoa kreditu-kooperatibei eta aseguru-kooperatibei bakarrik ezarri ahal
izango zaie, batzuen nola besteen araudiek horretarako eragozpenik jartzen ez
badute.
4.- Ekarpen horien
jaulkipena edo kontratazioa, ehuneko 50ena gutxienez, kooperatibako bazkideei
eta soldatako langileei eskaini beharko zaie beste inori baino lehen. Eskaintza
horren publizitatea kooperatiban Batzar Orokorra deitzeko ezarritakoaren
parekoa izango da.
5.- Edozein izan arren
bere izena, artikulu honetan araututakoari espresuki lotzen ez diren
partaidetzek itun askea edo 57. artikuluan baltzu-kapitalarentzat edo 65.ean
beste finantzaketa batzuentzat ezarritakoa izango dute araubide".
Hamargarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 66. artikuluko 2. zenbakiko b) hizkiari,
eta honela idatzi da:
"b) Lege honetako
57. artikuluan araututako baltzu-kapitalari egindako ekarpenengatik eta
baltzu-kapitalean bildu gabeko laguntza eta finantzaketengatik zordunduriko
korrituak".
Hamaikagarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 99. artikuluko 4. zenbakiari, eta honela
idatzi da:
"4.- Inoren konturako
lan-kontratudun langileek urtean egindako lan-orduek ez dute bazkide langileek
egindako urteko lan-ordu guztien ehuneko 25 baino gehiago izan behar.
Enpresaren beharrizanak direla-eta ehuneko hori gainditu behar izanez gero,
handitze hori hiru hilabeterako izango da gehienez ere; epe hori luzatzeko,
arrazoiak eman eta baimena eskatu beharko zaio Lan-arloa atxikita duen sailari,
eta hamabost eguneko epean erantzuten ez badu, baimena emandakotzat joko da.
Ehuneko horretan ez dira sartuko:
a) Menpeko edo osagarri diren lantegi zein
unitateetan urtean egindako lan-orduak.
Menpeko lantegietan edo lantegi
osagarrietan egindako lana da inoren konturako langileek bezeroaren zein haren
onuradunaren lokaletan administrazio publikoarentzat egindakoa, kooperatibek
iraupen jakineko zerbitzuak betetzeko kontratatu badituzte. Horrelakoak dira,
halaber, obretan, muntajeetan zein jarduera osagarrietan kooperatibek egiten
dituztenak, baldin eta jarduera horiek kooperatibaren helburu sozial nagusia ez
badira, jarduera ere den modukoa delako kooperatibako lokaletatik kanpo
betetzen bada, eta kooperatibarekin daukan lotura nabarmen egonkorra eta
iraupen jakinik gabekoa ez bada.
b) Legezko subrogazioz kooperatibetan bilduta
dauden inoren konturako langileek egindako lana, baita subrogazio horien
menpeko jardueretan parte har dezatenek egindakoa ere.
c) Bazkide langileak nahiz soldatakoak aldi
baterako lan-utzialdian eta ezintasun-egoeran daudenean, eta amatasunagatik edo
semetzakoa edo alabatzakoa hartu nahiz jasotzeagatik ezgai-egoeran daudenean,
haien ordezko langileek egindako lana.
d) Bazkide langile izateari berariaz uko egin
dioten langileek egindako lana.
Zenbaki honetan xedatutakoa hala izan arren, zortzi
bazkide langile baino gutxiago dauzkaten kooperatibek gehienez ere inoren
konturako lan-kontratudun bi langile enplega ditzakete".
Hamabigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 99. artikuluko 5. zenbakiko 2.
lerroaldeari, eta honela idatzi da:
"Bazkide izateko aukerarik ez duten soldatako
langileek, edo aukera horretaz baliatu ezin diren bitartean, kooperatibaren
emaitza positiboen honenbesteko bat irabazteko eskubidea izango dute,
estatutuetan esaten den neurrian, jakina, baina inolaz ere ez lanbide-sailkapen
bereko edo antzeko bazkideei emandako kooperatibaren itzulkinaren ehuneko
hogeita bostetik behera. Soldatako langilea baja izaten bada, Batzar Orokorrak
onartutako azkenengo urteko kontuetan oinarrituta kalkula daiteke emaitzetan
parte hartzeko kopurua, eta lege honetako 67.5 artikuluan adierazitako izaera
izango du emaitzetan parte hartze horrek".
Hamahirugarren
artikulua - Ezabatu egin da ekainaren 24ko Euskadiko
Kooperatiben 4/1993 Legeko 99. artikuluko 9. zenbakia.
Hamalaugarren
artikulua - Ekainaren 24ko Euskadiko
Kooperatiben 4/1993 Legeko 99. artikuluari 9. zenbaki berria gehitu zaio, eta
honela idatzi da:
"9.- Uztailaren 16ko
Kooperatibei buruzko 27/1999 Legeko 86.2 artikuluan ezarritakoarekin bat
etorriz, lan elkartuko kooperatibaren batek, berari egotzi ezineko arrazoiak
direla medio, administrazioko zerbitzu-kontrataren bat zein emakidaren bat
lagatzen badu, eta beste enpresabururen batek hartzen badu, kontratu edo
emakida horretan lanean diharduten bazkide langileek indarrean dagoen
arautegiaren arabera legozkiekeen eskubide eta betebehar berberak izango
dituzte, kooperatiban inoren konturako langile izanda lan egin balute.
Aurreko paragrafoko
egoeran aurkitzen diren langileek lehentasunezko eskubidea izango dute, bost
urteko epean, lehengo beren kooperatiban berriro sartzeko, baldin eta lehenago
zituztenen antzeko edukiko lanpostu berriak sortzen badira kooperatiba
horretan".
Hamabosgarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 103. artikuluari, eta honela idatzi da:
"103. Artikulua - Ekonomian, teknikan,
antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako arrazoiengatik nahiz ezinbesteko
beste arrazoi batzuk direla-eta aldi batez lan gabe gelditzea zein nahitaezko
baja izatea.
1.- Lan elkartuko
kooperatibetan, ekonomian, teknikan, antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako
arrazoiengatik nahiz ezinbesteko beste arrazoi batzuk direla-eta nahitaezkoa
bada, lana egiteko betebeharra eta eskubidea aldi baterako ken dakizkioke
bazkide langileari, lanarekin batera doazen diru-eskubide zein betebeharrak
galduz, baina bazkide moduan dagozkion gainerako eskubideak eta betebeharrak
gordez.
Horretarako, aipatutako arrazoiren bat oinarri hartuta, Batzar
Orokorrak adierazi behar du beharrezkoa dela kooperatiba osatzen duten bazkide
langile guztiek edo haietako batzuek lana etetea, eta berak zehaztuko du
etenaldiaren iraupena, baita egoera horretan egongo diren bazkide langileen
izenak eman ere.
Lana eteteko arrazoiak amaitzen direnean, bazkide langileek
bete-betean berreskuratuko dituzte beren eskubideak eta betebeharrak.
2.- Ekonomian, teknikan,
antolaketan zein ekoizpenean oinarritutako arrazoiak nahiz ezinbesteko beste
arrazoiak larriak direnean, kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoari eutsi
ahal izateko, lanpostu-kopuru osoa, zein lanbide-talde edo multzo jakin batzuen
kopurua behin betiko murriztu behar bada, Batzar Orokorrak zehaztu beharko ditu
kooperatibatik kanpo gelditu behar diren bazkideen izenak eta kopurua.
Horrelakoetan, nahitaezko eta bidezkotzat hartuko da baja, eta kanpoan gelditu
diren bazkideek baltzu-kapitalari egindako ekarpenak berehala berreskuratzeko
eskubidea izango dute, eta berriro sartzeko lehentasun-eskubidea gordeko dute
bajaren hurrengo bi urteetan antzeko lanpostuak sortzen badira".
Hamaseigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaie ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 129. artikuluko 2 eta 3. zenbakiei, eta
honela idatzi dira:
"2.- Pertsona
juridikoak bazkide moduan onartu ahal izateko, Artezkaritza-kontseiluan bertara
joanda zein ordezkari bidez emandako botoen bi herenen aldeko gehiengoa behar
da gutxienez, estatutuetan bestelako gehiengorik aurreikusten ez bada; bi
urtera arteko behin-behineko lotura-aldiak edo proba-aldiak agindu daitezke
estatutuetan, baita bazkide onartzeko erabakia Batzar Orokorraren esku uztea
ere.
3.- Bazkide izateari utzi
nahi dion pertsona juridikoak hala jakinarazi behar du urtebete aurretik
gutxienez, artezkaritzakontseiluak betebehar horretatik salbuesten ez badu,
eta, benetan banandu aurretik, bigarren mailako edo maila handiagoko
kooperatibarekin egindako hitzarmeneko betebeharrak bete behar ditu nahitaez,
edo dagokion kalteordaina eman beharko dio dirutan, artezkaritzakontseiluak
hala erabakitzen badu. Gainera, estatutuetan kontrakorik ohartarazten ez bada,
bereizitako elkarteak bajaren aurretik bereganatutako ardurak betetzen jarraitu
beharko du beste bi urtetan gutxienez".
Hamazazpigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 130. artikuluko 1. zenbakiari, eta honela
idatzi da:
"1.- Bigarren mailako
edo maila handiagoko kooperatibaren baltzu-kapitalari egin beharreko ekarpenak,
bazkide bakoitzak berarekin egindako hitzarmeneko kooperatiba-jardueraren
arabera egingo dira, estatutuetan ezarritako moduan, dela bazkide-kopuruaren
arabera, dela lege honetako 58.1 artikuluan lehenengo mailako kooperatibentzat
ezarritako irizpideen arabera".
Hemezortzigarren
artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 131. artikuluari, eta honela idatzi da:
"131. Artikulua - Egitura organikoa eta botoa
emateko eskubidea.
1.- Batzar Orokorra
honela osatuko da: bazkide diren pertsona juridikoen izenean, elkarturiko
erakunde bakoitzak duen boto-eskubidearen araberako ordezkari-kopuruarekin, gehiengo
eta gutxieneko mugak baltzu-estatutuetan finkatu daitezkeela kontuan hartuta,
eta, egon badaude, lanbazkideen ordezkariekin ere bai. Era berean, erakunde
bakoitzak kooperatiba-jardueran duen parte hartzearen edo bazkide-kopuruaren
araberakoa izango da botoeskubidea. Kooperatiba-elkarte ez diren erakundeen
botoak ezin dira baltzuaren boto guztien herena baino gehiago izan, lau bazkide
baino gutxiago daudenean izan ezik.
2.- Artezkaritza-kontseilu
batek administratuko ditu bigarren mailako edo maila handiagoko kooperatibak.
Gehienez ere, estatutuetan kontrakorik aurreikusten ez bada, hamabost kidez
osatuta egongo da, eta bazkide diren erakunde guztiek izango dute ordezkaritza
bertan, zuzenekoa edo zeharkakoa. Bazkide diren erakundeen kopuruak legez edo
estatutu bidez ezarritako kideen gehiengoa gainditzen badu, elkarrekin batu
daitezke boto gutxien daukaten erakundeak beren ordezkariak izendatzeko,
bakoitzak barruko bere estatutuetako edo araudietako aurreikuspenak
errespetatuz betiere.
Kontseiluan izango den boto-eskubidea kontseilukideek
ordezkaturiko erakundearen edo erakundeen kooperatibajardueraren edo
bazkide-kopuruaren araberakoa izan daiteke, Batzar Orokorrerako ezarritako
mugapenarekin.
Artezkaritza-kontseiluko kideen herenak, gehienez, artezkari
hautatuek izenda ditzaketela aurreikus daiteke estatutuetan; pertsona gaituen
artetik egingo da izendapena, taldeko kooperatibaren bateko kide izan beharrik
gabe".
Hemeretzigarren
artikulua - Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben
4/1993 Legeari 134 bis artikulu berria gehitu zaio, eta honela idatzi da:
"Kooperatibek kooperatiben arteko akordioak
izenpetu ditzakete, baltzuaren helburuak bete ahal izateko. Akordio horien
indarrez, kooperatibak berak eta bere bazkideek horniketa-eragiketak egin zein
produktu eta zerbitzuak eman ditzakete akordioa izenpetu duten beste
kooperatibetan; ekintza horiek, horrela, bakoitzaren bazkideekin egindako
eragiketa kooperatibizatu bailiran hartuko dira".
Hogeigarren
artikulua - Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben
4/1993 Legeari 135 bis artikulua gehitu zaio, eta honela idatzi da:
"135 bis Artikulua - Kooperatiba-taldeak
1.- Lege honen
ondorioetarako, kooperatiba-taldea hau da: edozein motatako zenbait
kooperatiba-elkartek eta talde-buru den erakundeak osatutako multzoa, bildutako
kooperatiben gaineko ahalmenak baliatzen dituena eta kooperatiba horiek
nahitaez bete beharreko jarraibideak ematen dituena; ondorioz, aipatutako
ahalmenen baitan batasuna agertzen du erabakiak hartzeko orduan. Taldeak
kooperatiben printzipioei lotuta jardun beharko du, lege honen 1.2 artikuluan
aurreikusitakoaren arabera.
2.- Emandako jarraibideak
kudeaketa, administrazio edo gobernu arlokoak izan daitezke, eta, besteak
beste, honako hauek egin daitezke horietan:
a) Oinarrizko kooperatibetan guztientzako arauak
ezarri estatutu eta araudi bidez.
b) Oinarrizko erakundeen artean
elkarlan-harremanak ezarri.
c) Enpresa bakoitzaren bilakaeraren zein
emaitza-kontuen arabera kalkulatutako baliabideak aldiro ekartzeko konpromisoak
ezarri.
Alabaina, emandako jarraibideen edo baliatutako ahalmenen
nahitaezkotasunak taldearen aurrean norbereganatutako konpromiso orokorretan
oinarritu beharko du, eta, edozein kasutan, ezin izango dira eskatu taldeko
kooperatiba bat edo batzuk espresuki libratu izan badira arau edo konpromiso
jakin batzuei lotzetik.
3.- Kooperatiba-taldean
sartzea onartzeko, oinarrizko erakunde bakoitzaren hasierako adostasuna behar
da, bakoitzaren eskumenekin eta jarduteko moduarekin bat etorriz.
4.- Taldearen aurrean
norbereganatutako konpromiso orokorrak idatziz gauzatu behar dira talde-buru
den erakundeko estatutuetan, kooperatiba-elkartea bada, edo beste kontratuagiriren
batean, halakoa ez bada, eskritura publikoaren bidez gauzatuta, eta idazki
horietan nahitaez jaso behar dira honako hauek: kontratuaren iraupena, mugatua
bada; kontratua aldatzeko prozedura; kooperatibaelkarteren bat banatzeko
prozedura, eta taldeburu den erakundeari eman zaizkion ahalmenak, bera
horietaz baliatzeko. Aipatutako konpromisoak aldatu, gehitu zein eten,
talde-buru den erakundeko organo gorenaren akordioz egin daiteke, hala ezarrita
badago.
5.- Talderen batekoa
izatea, eta bertatik banantzea ere, Kooperatiben Erregistroan
kooperatiba-elkarte bakoitzari dagokion orrian ohartaraziko dira.
6.- Talderen batean
bildutako kooperatiba-elkarteek beste batzuekin zuzenean egindako eragiketatik
sortutako erantzukizunak ez du taldean eraginik izango, ez eta taldea osatzen
duten gainerako kooperatiba-elkarteetan ere".
Hogeita
batgarren artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 137. artikuluko 3. zenbakiari, eta honela
idatzi da:
"3.- Eusko
Jaurlaritzak Lan-arloa atxikita duen sailaren bitartez jardungo du
kooperatiba-alorrean, eta beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak
emango dizkio sustapenean, zabalkundean, prestakuntzan, ikuskaritzan eta
erregistroan dauzkan eginkizunak egoki betetzeko; dena den, beste sail batzuek
ere jardun ahalko dute, aplikatu behar duten legedi berezia betetzeko onartuta
dauzkaten ahalmenei dagokienez".
Hogeita
bigarren artikulua - Ekainaren 24ko Euskadiko Kooperatiben
4/1993 Legeari laugarren xedapen gehigarria gehitu zaio, eta honela idatzi da:
"Laugarren
xedapen gehigarria - Enplegua sustatu eta indartzeko, tratu berdina
Debekatuta
dago lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileen eta beste
kooperatiba-motetako lan-bazkideen inolako bereizketarik egitea enplegua sortu
eta indartzeko emandako pizgarriak arautu eta gauzatzerakoan. Euskal Autonomia
Erkidegoak bere eskumenak erabiliz enplegua sustatu eta indartzeko inoren
konturako langileentzat ezarritako neurri eta pizgarri guztiak aplikatuko
zaizkie".
Hogeita
hirugarren artikulua - Idazkera berria eman zaio ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko bigarren azken xedapenari, eta honela
idatzi da:
"Bigarren azken xedapena - Aplikazio-eremua
Baltzu-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten
kooperatiba-elkarte guztiei ezarriko zaie lege hau, baldin eta, uztailaren 16ko
Kooperatiben 27/1999 Legeko 2 A artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lurralde
horretan betetzen badute nagusiki beren jarduera kooperatibizatua".
Xedapen
gehigarri bakarra
Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren
arteko eta Estatuko Kooperatiben Erregistroaren eta Merkataritzako Erregistro
Nagusiaren arteko koordinazioa sustatuko du Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 24ko
Euskadiko Kooperatiben 4/1993 Legeko 12.2.f) artikuluan aurreikusitako
sistemaren ordez izen berdinik eza egiaztatzeko erregistro bakarra jartzeko.
Xedapen
iragankor bakarra
Oraindik ere epe-muga agortu gabe daukaten
partaidetza bereziek jaulkipenean ezarri zen araubideari eutsiko diote.
Azken
xedapen bakarra
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean lege hau.