1/1998 Legea, otsailaren 6koa, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko Legearen 53.3 Atala Ezabatzen duena.
1998-02-06Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/2/27, 40. zk.; EAO, 2011/12/23, 308. zk.
§
207. 1/1998 LEGEA, OTSAILAREN 6KOA, EUSKAL HERRIKO AUTONOMI ELKARTEKO
UNIBERTSITATEKOEZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IRAKASLEEN KIDEGOEI BURUZKO LEGEAREN
53.3 ATALA EZABATZEN DUENA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, Euskal
Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen
Kidegoei buruzkoak, honako hau dio bere 53. atalean:
"1.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzearren, kasuan
kasu jakin behar den euskara maila balioesteko probetan zer eskatu eta nola
eskatu behar den erabakiko du hezkuntza-administrazioak. Horretarako eratuko
diren epaimahaietan Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bana
izango da.
2.- Aurreko idazatian ezarritakoa horrela izanik
ere, lege honetako 50.1 atalean aipatzen den araupidean Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailak han ezarri daitezen eskakizunekin emango
dituen hizkuntz-egiaztagiriak baliokidetzeko eta parekatzeko sistema ezarriko
da.
3.- Aurreko idazatian esaten den araupidea
indarrean jarri dadinetik aurrera, hizkuntz eskakizunak eman, atal honetako 1
zenbakian ohartemandako ihardunbidez emango dira, beste inola ere ez".
Bestalde, Lege bereko 50.1 atalaren
arabera, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren eta Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzak zehaztu
behar zituen hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horiek lanpostuei ezartzeko
irizpideak. Hizkuntza-eskakizunok eta irizpideok martxoaren 9ko 47/1993
Dekretuan ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, hau da, irakaspostuetarako
hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-egunak zehazteko irizpideak finkatu
zituen. Eta Dekretu horretan ere 2/1993 Legeko 50.1 atalak aipatzen duen
baliokidetzeko eta parekatzeko sistema arautu zuen, Dekretuaren hirugarren
gehigarrizko xedapenean, hain zuzen ere.
Beraz, 2/1993 Legeko 53.3 atalak dioenez,
behin Eusko Jaurlaritzak Lege bereko 50.1 atalak aipatutako araupideak eman
ondoren, hizkuntza-eskakizunak Legearen 53.1 atalak ezarri zituen proben
bitartez soilik egiaztatuko dira.
Dena dela, 47/1993 Dekretuaren hirugarren
gehigarrizko xedapenak ezarri zuen baliokidetza-sistemak hainbat arazo sortu
ditu irakaskuntzaren munduan. Xedapen horrek homologazio- eta
baliokidetza-sistema horren barruan egon beharko liratekeen
hizkuntza-egiaztagiri eta titulazio akademiko jakin batzuk kanpoan utzi zituen.
Hor daude, azkenik, Legebiltzarrak
emandako Erabakia eta ez-legezko proposamena. Lehenengoak (Eusko
Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 1996ko azaroaren 29koan),
"Euskal Autonomi Elkartearen Herri Administrazioetan Euskararen Erabilera
Normaltzeko Planaren bigarren epealdirako Oinarriak" txostenari buruz
Gobernuak egindako komunikazioa dela-eta, Eusko Jaurlaritzari berariazko
araudiak dituzten Herri-Administrazioaren alor desberdinetan dauden
hizkuntza-agiri desberdinen konbalidazioak analizatu eta aztertu, eta hala
balegokio, aurkezteko agindu zion.
Bigarrenean (Legebiltzarraren Hezkunta eta
Kultura Batzordeak 1997ko ekainaren 23an onartutakoa), Legebiltzarrak premiazko
eskaera egin zion Gobernuari hezkuntza-sistema publikoko langileen titulazio
akademikoei eta hizkuntza-eskakizunei buruzko 1996ko azaroaren 15eko osoko
bilkuraren Erabakia bete zezan.
Eta horren arabera, ez-legezko proposamen
horretan, Legebiltzarrak Gobernuari irakaskuntza eremuko
hizkuntza-egiaztagirien arteko baliokidetzak ezartzeko beharrezkoak diren
araudi-ekimenak sei hilabeteko epean bultzatzeko eskatu zion.
Hau guztiau aztertuta, eta
Legebiltzarraren ez-legezko proposamenetik abiaturik eta berau betetzeko asmoz,
egokitzat jo da aipatu 2/1993 Legearen 53.3 atala ezabatzea.
Atal
bakarra
Euskal Herriko Autonomi Elkarteko
Unibertsitatekoez Kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren
19ko 2/1993 Legearen 53. atalaren hirugarren lerroaldia ezabatu egiten da.
Azken
Xedapena
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.