1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11ko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
1997-11-11Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1998/1/19, 11. zk.
§ IX. 1/1997 LEGEGINTZA DEKRETUA,
AZAROAREN 11KOA, EUSKADIKO OGASUN NAGUSIAREN ANTOLARAUEI BURUZKO LEGEAREN TESTU
BATEGINA ONARTZEN DUENA
Ekainaren
19ko 7/1997 Legeko azken xedapenetako laugarrenean jasota dagoenez (lege
horretan dago araututa diru-laguntza eta laguntzen errejimena eta lege horren
beraren bidez aldatu da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea),
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen gainean indarrean
diren lege-xedapenen testu bategina (maiatzaren 17ko 1/1988 Legegintzako
Dekretu bidez onartu zena) eta testu horretan gerora egindako aldaketak testu
bakar batean biltzeko baimena dauka. Aldaketa horiek egin ziren, hain zuzen
ere, antolarauei buruzko aipatutako legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazioaren Ariel eta Herri Prezioei buruzko maiatzaren 31ko 3/1990
Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko 1992ko Aurrekontu Orokorrerako
urtarrilaren 28ko 1/1992 Legearen bidez; Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia
Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legearen bidez;
Euskal Autonomia Erkidegoko 1996ko Aurrekontu Orokorrerako abenduaren 29ko
6/1995 Legearen bidez; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko
azaroaren 8ko 8/1996 Legearen bidez.
Era
berean, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 52. ataleko 4. lerroaldean
jartzen duenarekin bat, aurreko lerroaldean aipatu dugun baimena daukanak, aldi
berean, bateratu beharreko lege-testuak arautu, argitu eta armonizatzeko
baimena dauka eta terminologiaren aldetik beharrezkoak diren sistematizazio eta
egokitzapen guztiak egin ditzake.
Horregatik,
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak
1997ko azaroaren 11ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU
DUT:
Atal bakarra
Ekainaren 19ko 7/1997 Legeko azken xedapenetako laugarrenean
jasotakoaren arabera (lege horretan arautu zen diru-laguntzen eta laguntzen
errejimena eta lege horren beraren bidez aldatu da Euskadiko Ogasun Nagusiaren
Antolarauei buruzko Legea), Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko
Legearen testu bategina onartu dugu. Testu hori jarraian dago jasota.
Xedapen
Indargabetzailea
Legegintzako
dekretu honen bidez onartu den testu bategina indarrean jartzen denean,
kontrakoa dioten maila bereko edo baxuagoko gainerako xedapen guztiak indarrik
gabe geratuko dira, eta, bereziki, honako hauek:
- Maiatzaren 17ko
Legegintzako 1/1988 Dekretua. Dekretu horren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun
Nagusiaren Antolarauen gainean indarrean diren lege-xedapenen testu bategina.
- Euskal Autonomia
Erkidegoko Administrazioaren Ariel eta Herri Prezioei buruzko maiatzaren 31ko
3/1990 Legeko azken xedapenetako laugarrena.
- Euskal Autonomia
Erkidegoko 1992rako Aurrekontu Orokorrak Onartzeko urtarrilaren 28ko 1/1992
Legeko laugarren xedapen gehigarria.
- Euskal Autonomia
Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko
14/1994 Legeko azken xedapenetako lehenengoa.
- Euskal Autonomia
Erkidegoko 1996rako Aurrekontu Orokorrak Onartzeko abenduaren 29ko 6/1995
Legeko azken xedapenetako lehena.
- Euskal Autonomia
Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeko azken xedapenetako
bigarrena.
- Ekainaren 19ko
7/1997 Legea, hau da, diru-laguntza eta laguntzen errejimena arautzen duena eta
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legea aldatzen duena, honako xedapen
hauek izan ezik: aldibaterako xedapen bakarra eta azken xedapenetako
hirugarrena, aipatzen dituzten aurrikuspenak amaierara heldu arte izango
direnak indarrean; azken xedapenetako lehena (Euskadiko Ondareari buruzko
uztailaren 27ko 14/1983 Legea aldatzen duena) eta bigarrena (Euskal Autonomia
Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko
14/1994 Legea aldatzen duena).
Azken Xedapena
Legegintzako
dekretu honen bidez onartutako testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZAROAREN 11KO 1/1997 LEGEGINTZA DEKRETUA,
EUSKADIKO OGASUN NAGUSIAREN ANTOLARAUEI BURUZKO LEGEAREN TESTU BATEGINA
ONARTZEN DUENA
ZIOEN ADIERAZPENA
1.- Legeak zer planteatzen duen
Euskadiko Ogasun
Nagusia Euskal Autonomia Erkidegoak aginpideak ondo gauzatu eta finantzatzeko
daukan ogasuna da, bere autonomi estatutuko III. idazpuruan xedatutakoaren
arabera.
Euskadik erakundeen
aldetik duen antolakunde bereziarekin, besterik gabe ere, nahikoa arrazoi dauka
autonomia-erkidegoak ogasun nagusia arautzeko, horrela, ogasun hori
herrialdearen oinarrizko diseinuak dauzkan elementu berezietara egokitu ahal
izateko arauketa horren bitartez. Gorabehera hori gogoan eta
autonomia-erkidegoak gaur egun zenbat baliabide dituen eta zerbitzuak
zenbateraino garatzen dituen kontuan, beharrezkoa da ogasun nagusia arautzea,
horrela, sistema juridiko egonkorra antolatu ahal izateko eta sistema hori
esparru egokia izan dadin ogasuna lan-tresna modura erabili ahal izateko,
administrazioaren jarduna eraginkorragoa egin eta ekonomi baliabideak hobeto
erabili ahal izateko ezinbesteko lan-tresna modura.
Ogasuna ez da, hala
ere, gai homogeneoa eta beti-berekoa. Aitzitik, barruan hainbat gai dauka bata
bestetik ondo bereizita (aurrekontuen errejimena, Euskadiko Diruzaintza
Nagusia, tributuak eta abar); hain berezita ere, gainera, batzuk testu juridiko
bananduetan arautu izan baitira, besteetatik erabat aparte (kontratazioa,
ondarea), Ogasunaren aurrean autonomia eta independentzia lortu izan
bailuten-edo.
Beste alde batetik
-ezin inola ere ahaztu-, ogasunik orokorrenaren barruko gaiak, betiere,
luze-zabalak eta konplexuak izaten dira oso. Eta, horregatik, gorputza ohikoa
baino handiagoa dauka, beste gai batzuena baino areagoa dena.
Horiek horrela,
bada, nekez lortuko dugu Euskadiko Ogasun Nagusiaren araudi guztia lege-testu
bakar batean biltzea, eta beste konponbideren bat aurkitu behar, legegintzako
teknikaren aldetik, gaiak berak dakartzan arazoei hobeto erantzuteko balioko
duena.
Baina, hala ere,
heterogeneoa, zabala eta konplexua izangatik ere, horrek ez du esan nahi ogasun
osorako hatsapenik eman ezin denik, halakoak izan ere bai baitira, nahiz eta
berariaz zehaztuta egon ez batzuetan. Eta ez hori bakarrik, aholkugarria ere
bada hatsapen orokor horiek ematea, horrela, orain sakabanatuta dauden araudiak
batasunaren bidera ekartzeko, nahiz eta horrek sintesi-ahalegin handia eskatu.
Gogo horrek
bultzatuta onartu dugu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Lege hau, bi
helbururekin datorkiguna zuzenbidearen mundura: ogasun nagusiaren egitura
orokorra zehaztea; eta, nahiz eta zuzenean ere aplika daitekeen, ogasun horren
antolaketa osoan informazio-emaile eta integratzaile-legez jokatzea, araudi
juridikoaren enbor-tokian jarrita. Lege honek egitura eta logikaren aldetik
ematen duen euskarria abiapuntu hartuta, Euskadiko Ogasun Nagusiko gai bakoitza
aparte arautuko dugu, diru-laguntzen errejimena izan ezik, lege honetako
idazpuru baten antzera jartzea erabaki dugu-eta.
Legegintzako
teknika hori Euskadiko Ogasun Nagusiaren ezaugarriekin bat dator,
egitura-mailako hatsapen komunen batasuna eta ogasunaren barruko gaiei dagokien
araudi berezien dibertsitatea bateratzen ditu eta.
2.- I Idazpuruko xedapen orokorrak
Legeko I.
idazpurua, "Xedapen Orokorrak" izena duena, Euskadiko Ogasun
Nagusiaren antolarauak osatzen dituzten araurik orokor eta oinarrizkoenetara
zuzenduta dago, eta hasteko, jakina, arau horien kontzeptu juridikotik abiatzen
da.
Lehenengo eta
behin, ogasun nagusia antolatuko duen araudia diseinatu, eta araudi hori
onartzeko aginpidea banatu egin dugu, gero garapen juridikoa zentzuz egin ahal
izateko. Hori guztia, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoak ogasun nagusia
arautzeko duen aginpidearen esparruan dagoela uste dugu, eta, ondorioz,
erkidegoak derrigorrez bete beharreko estatu-mailako arauak ere bete beharko
dira, behin indarrean jarri eta lotesle bilakatu ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoaren
aginpideen esparru barrura sartuta, eta aginpide horiek gauzatzeari
dagokionean, 2. atalean xedatuta dagoenez, Euskadiko Ogasun Nagusia eta ogasun
horren barruko gaiak antolatzea erkidego horrek berak emandako
administrazio-zuzenbideko arau orokorragoen barruan dago. Arau-multzo integratu
horren ezean, hau da, Euskadiko Autonomia Erkidegoko berezko antolabidea
osatzen duen arau-multzo horren ezean, eta orduan bakarrik, izango du estatuko
zuzenbideak ordezko balioa. Arau hori ez dugu lege honetan jaso autonomi
estatutuan bertan zehaztuta dagoelako, baina horrek ez du esan nahi lege
honetako agindu batzuen barruan estatuko ordezko zuzenbideari aipamen zehatzik
egin ezin zaionik.
Bigarrenik,
autonomia-erkidegoaren jarduera guztia zuzentzeko hatsapenak jaso ditugu
(araugintza-mailakoa eta bestelakoa), horixe baita kudeaketa publikoan ahalik
eta emaitzarik onenak lortu ahal izateko bidea zabalduko duena.
3.- Euskadiko aurrekontu orokorrak eta Euskadiko
aurrekontu orokorren legeak
Orain arte, herri-erakundeetako
aurrekontu-legeak erakunde horietako aurrekontu-errejimenaren zerbitzura zeuden
tresnak izan dira, eta horregatik arautzen ziren errejimen horrekin batera,
zati guztien arteko beste bat balitz moduan.
Gerora, lege horien
esparrua zabalduz joan zen eta bete-betean aurrekontu-errejimenaren barrukoak
ez ziren beste alderdi batzuetara iristen hasi ziren, harik eta ekonomia eta
gizartearen onerako helburuak hobeto lortzeko baliabide juridiko bihurtu arte,
nahiz eta oraindik gaiaren aldetik aurrekontu-errejimenaren barruan kokatuta
jarraitu, antzekotasunak medio.
Aurreko lerroaldean
aipatutako bilakaera horretan barrena jarraituta, lege honetako II. idazpuruak
beste aurrerapauso bat dakar aurretik zegoen egoeraren aldean, aurrekontu
orokorrei eta aurrekontu orokorren legeei beste ordenamendu bat ematen baitie.
Halaxe da, Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorra edo Euskadiko Aurrekontu Orokorra,
legeak dionez, erkidego horretako ekonomi jarduera ekonomi ekitaldi batean
zenbatzeko tresna da. Eta, horrela, Euskadiko
aurrekontu orokorrak izaera eta autonomia berezkoak eskuratu ditu, diru-sarrera
eta irteeren esparru meharra alde batera utzita betiko.
Ikusmolde
horren arabera, autonomia-erkidegoa osatzen duten entitateetako aurrekontuak, hau
da, diru-sarrerak eta irteerak jasotzen dituztenak, Euskadiko Aurrekontu
Orokorraren barruan daude edukiaren aldetik, baina horrek ez du esan nahi
izaera berezitua dutenik aurrekontu orokor horren barruan. Euskadiko aurrekontu
orokorra ez da, beraz, diru-sarreren edo irteeren azalpen hutsa, eta bermeak
eskaintzeko eta zorpetzeko mugak ere biltzen ditu, erkidegoko ekonomi
jardueraren parte direlako berez. Hortaz, diru-sarrera eta irteeren egoerak
azaltzen dituzten aurrekontuek eta bermeak eskaintzeko eta zorpetzeko
muga-zehaztapenek osatzen dute Euskadiko Aurrekontu Orokorra, lege honek
aitortzen dion izaerarekin bat.
Aurrekontu
orokorraren osaera zehaztu ondoren, bada, zuzenbidearekin uztartzeko premia
nabarituko dugu, eta horretara dator, hasiera batean behintzat, Aurrekontu
Orokorren Legea. Lege honen lehenengo zeregina, beraz,
aurrekontu orokorren errejimena onartzea da, hain zuzen ere.
Baina herrialdearen
ekonomi egoera bera ikusirik, eta gizarte barruko ekonomi harremanak nolakoak
diren kontuan hartuta, herri-aginteek, batzuetan, bestelako neurriak hartu
behar izaten dituzte, aurreko lerroaldean aurrekontu orokorrak direla-eta
zehaztutako edukiarekin bat ez datozenak. Badira, gainera, beste xedapen batzuk
zenbait gai atzera aurrekontu orokorren legeetara bidaltzen dituztenak, nahiz
eta edukiaren aldetik aurrekontu horietan egokitu ez; behar bada, lege horiek,
aldi baterako direla eta, etengabeko eguneratzea lortzeko tresna egokiak diren
ustean. Horregatik guztiagatik, lege honen bidez beste eduki-mota bat eman
diegu Euskadiko aurrekontu orokorren legeei, aurrekontu horien onarpen hutsaz
bestelakoa. Eduki hori 6. ataleko 2. lerroaldean dago zehaztuta eta aurrera
begira zabalik utzi beharra dago, beste xedapen batzuetatik zer igorriko gogoan
eta, batez ere, gizarte eta ekonomiaren esparruan ageri diren gorabehera
guztiak -asko baitira- kontuan.
Azaldutako
guztiagatik, Euskadiko Aurrekontu Orokorren eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren
Legeen arteko sistema edozein ikusmolde hertsi eta zurrun baino harantzago doa.
Malgua eta dinamikoa da eta horiek ditu funtzionalitatearen -halakoxea baita-
ezaugarri nagusi. Lan-tresna bateratua da, erkidegoko administrazio publikoaren
barruko esparrua gainditu, eta ekonomi politikarako tresna egokia bilakatzen
dena.
Azpimarratu
beharrekoa da, azkenik, legea bat datorrela, guztiz, aldarrikatzen dituen
hatsapenekin, aurrekontu orokorretarako eta aurrekontu orokorren legeetarako
araudi propioa ezartzen baitu, jomugako gaiei dagozkien araudiez aparte.
4.- Erakundeen antolaketa
Legeko III.
idazpurua Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta
erakunde-mailakoaren egitura antolatzera begira dago egina edukiaren aldetik,
hobeto lan egiteko beharrezkoa denez.
Antolaketaren
esparrua nahikoa da, identitatearen aldetik, arauen mailan gorputz berezitua
edukitzeko. Baina, horretaz gainera, erakundeek gutxieneko batean behintzat,
autonomia-erkidegoaren beharretarako egokia izan behar dutenez, eta Euskadiko
Ogasun Nagusia berez eta kopuruei begira zein gai garrantzitsua den kontuan
hartuta, horrek guztiak III. idazpurua sortzea ekarri du.
Egituraketa horren
oinarrian antolaketaren ikusmolde bat dago, hain zuzen ere, antolaketa
autonomia-erkidegoari agindutako eginkizunak betetzeko bitarteko dela dioen
ikusmoldea. Bi hatsapen nagusi ditu:
a) Legegintzako botereen
eskuhartzea, garrantzizko kasuetan, bateragarria da antolaketa momentuan
momentuko gorabeheretara egokitzeko beharrezkoa den malgutasunarekin.
b) Batzuetan, zuzenbide
pribatua ere lan-tresna modura erabili behar da, horrela, zuzenbide publikoa
eta pribatua batera erabilita, eraginkortasun handiagoa lortzeko beste
baliabide bat izan dezagun.
5.- Aginpideen errejimena
Sistemak aginduta,
legeko IV. idazpurua aginpiderik esanguratsuenak eta orokorrenak emateko da,
nahiz eta idazpuru bereko 24. atalean jartzen duena ere bete behar den. Atal
horren funtsa Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legea eta lege honetako
III. idazpurua osorik betetzeko argibideak ematea da.
6.- Edukia
Euskadiko Ogasun
Nagusiaren edukia legeko V. idazpuruan dago jasota. Eskubideak eta obligazioak
bananduta ageri dira, ogasun horren bi alderdi diren aldetik.
Eskubide eta
obligazio horien errejimen orokorra zehazteaz gainera, V. idazpuruan eskubide horien
sailkapen bat ere egin dugu. Horretarako, diru-sarrera garrantzitsuenen
alderdirik azpimarragarrienak daude jasota.
7.- Diru-laguntzen errejimena.
Diru-laguntzen
errejimena VI. idazpuruan dago jasota. Errejimen horren alderdirik
garrantzitsuenek lege-erreserba eduki behar dute, nahiz eta administrazioak
baduen ahalmena bai errejimen hori erregelamendu bidez garatzeko, bai
diru-laguntzen programak legebiltzarrak onartutako kredituen arabera arautzeko
eta baita diru-laguntzei baiezkoa emateko administrazio-egintza agintzeko ere.
Diru-laguntza,
lehenengo eta behin, administrazio orokorraren edo administrazio horretako
erakunde autonomiadunen egintza bat da, eta egintza horren arabera, diru-kopuru
bat jarriko da, dohainik eta zuzenbide publikoaren mende. Diru hori jasoko
duenak ez du ordainetan beste ezer eman beharko, baina hala ere, nahi izanez
gero, karga jakin batzuk ezar dakizkioke, diru-laguntza jaso nahi badu bete
beharko dituenak. Diru-laguntza ematekotan, helburu publikoa eduki behar du eta
helburu horrek laguntza-emailearen aginpideen barruan egon behar du, edo,
bestela, gizartearen onerako jardueraren bat bultzatzeko balio behar du.
Honenbestez, diru publikoa honako helburu hauetakoren baterako eman behar da:
administraziokoak ez diren partikularrek eskaintzen dituzten baina
erantzukizunaren aldetik publikoak diren zerbitzuak finantzatzeko, baldin eta
dohainik edo balio dutena baino merkeago eskaintzen badituzte eta ez badaude
berariaz araututa; laguntza-zerbitzu berezietarako, esate baterako,
larrialdi-laguntzetarako; beka eta ikasketetarako laguntzetarako; baiezkoa eman
aurretik egin izandakoengatik eman beharreko laguntzak ordaintzeko; eta
kreditu-bide jakin batzuetako interesak diru-laguntzez arintzeko. Azkeneko kasu
horretan, administrazioak mailegu-emaileari interesen dagokion zatia
ordaintzeko ardura hartuko du, beti ere, etxebizitzetarako programetan eta
industria, merkataritza eta zerbitzuetako inbertsioetan.
Bigarrenik, formula
irekia erabiltzeko erabakia ere hartu dugu, diru-laguntzak direla-eta inork
interpretazio murriztailerik egin ez dezan. Horretarako, formula horren barruan
sartu ditugu administrazio orokorrak edo administrazio horretako erakunde
autonomiadunek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen
dituzten laguntza guztiak. Alde horretatik eta lege honen ondorioetarako,
administrazioak beste erakunde publiko edo partikular batzuei emandako kreditu
edo maileguak ere laguntzak edo diru-laguntzak izango dira, baldin eta
ondare-atribuzioren bat badaramate; interes publikoko helbururen bat betetzeko
baldintza batzuk betetzeko eskatzen badute; eta diruzaintza edo zorpetzea
dela-eta erakunde horiek administrazio publikoarekin egin behar dituzten
operazioekin inolako zerikusirik ez badaukate. Horrek ez du esan nahi kreditu
eta maileguen kontraprestazio-izaeraz beren araudietan jasota dauden
berezitasunak bete behar ez direnik.
Era berean,
kontzeptu zabal hori erabilita, helburu bat baino gehiagorako erabil daitezkeen
diru-laguntzei izaera propioa ematea lortu dugu. Diru-laguntza horiek
ikerketarako, doktoratu ondoko prestakuntzarako eta abarrerako laguntza edo
beken artekoak izan daitezke. Dirutan ematen ez diren eta Euskadiko
ondare-legedian zehaztutako baliabideen bitartez bideratzen ez diren laguntzak ere
jaso ditugu. Europako Batasunaren fondoekin finantzatutako laguntzak ere lege
honen esparru barruan dira, baina horrek ez du esan nahi Batasuneko legeak
araudi honen gainetik egongo ez direnik.
Dirutan ematen ez
diren laguntzak direla-eta, ondasun batzuk dohainik besterentzea erabakitzen
den kasuetan edo denbora-zati jakin batean ondasun horiek erabiltzen uztea
erabakitzen den kasurako, Euskadiko ondare-legedian zehaztutako bidea jarraitu
beharko da; eta, legedi horretan araututa ez dagoen guztirako, lege honetan
jasotako arauak bete beharko dira zuzen-zuzenean.
Legean, beraz,
laguntza edo diru-laguntzaren kontzeptua zehaztu ondoren, kontzeptu horretatik
kanpo geratu dira gizarte-segurantzaren sistema barruko diru-prestazioak,
Gizarteratzeko Gutxieneko Diru Sarrera, Euskadiko Autonomia Erkidegoko
administrazio orokorrak emandako zerga-abantailak (halakorik ematen badu), eta
dohainik eskainitako zerbitzu publikoak.
Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantzatutako baltzu publikoei, zuzenbide
pribatuko ente publikoei edo beste edozein entitateri dagokienean,
diru-laguntzen inguruko jarduera honako hiru hatsapen hauen arabera egokitu
beharko dute, haien izaera edo egikera juridikoa edozein izanda ere:
publizitatea, konkurrentzia eta objektibitatea. Hatsapen horiek betetze aldera,
erakunde-mailako administrazio publikoa osatzen duten baltzu publikoek eta
zuzenbide pribatuko ente publikoek, lege honetatik, 48. ataleko 5. lerroaldean
berariaz xedatutakoa bakarrik bete beharko dute, beti ere, daukaten izaera
juridikoarekin bateragarria den neurrian.
Bereziki aipatu
beharrekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eman
ditzakeen abal eta bestelako bermeak. Izan ere, lege honetan diru-laguntza eta
laguntzen inguruan erabili dugun kontzeptu zabalaren barruan ondo egokitzen
badira ere, aparte araututa daude, eta, horregatik, arau honen esparrutik kanpo
uztea erabaki dugu. Baina, hala eta guztiz ere, abalak eta bermeak jasotzekoak
direnek diru-laguntzak lortzeko baldintza orokorrak bete beharko dituzte, lege
honetako 50. atalean zehaztuta daudenak, alegia. Administrazioak ere, bermeak
sustapen-tresna modura erabili nahi dituenean, 49. atalean jasotako hatsapen
orokorrak bete beharko ditu, bermeak zer-nolakoak diren kontuan hartu, eta
hatsapenekin bateragarriak baldin badira, behintzat.
Beste alde batetik,
orain, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde-mailako administrazioak ere jaso
dezake laguntza eta diru-laguntzarik. Baina argi geratu behar du laguntzak
jasotzeko aukera hori ezin dela nahastu -gauza desberdinak baitira-
erakunde-mailako administrazio horrek Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu
orokorretik finantzaketa-premiak betetze aldera jasotzen dituen
tranferentziekin, ez daukate-eta diru-laguntzekin zerikusirik.
Diru-laguntzen
inguruko jarduera osoa zuzendu behar duten hatsapenei dagokienez, berriro ere
baiezkoa eman diegu publizitate, konkurrentzia eta objektibitateari; eta
aldarrikapen hori araudira bertara eraman dugu. Era berean, denon dirua gastatu
behar dugunean eraginkorrak eta aurrezte-zaleak izan behar dugunez eta hatsapen
horiek betetzeko kontuan hartu beharko ditugun eskakizunak gogoan hartuta,
halako arau edo muga batzuk jarri ditugu, administrazioak diru-laguntzen
inguruko zereginetan bete beharko dituenak.
Hemendik aurrera,
era berean, laguntzak ematen dituzten erakundeek ebaluaketa bat egin beharko
dute emaitzak aztertzeko eta, beharrezkoa bada, aurrerantzean diru-laguntzen
inguruan erabili beharreko programa errebisatzeko.
Arauak idazteko eta
laguntzak emateko aginpidea zabaletik zehaztu dugu. Laguntzak emateko,
zuzen-zuzenean aplikatu beharreko oinarrizko arau batzuk zehaztu ditugu eta,
arau horietan, gastu publikoaren mugak direla-eta jurisprudentziaren aldetik
izan diren azken pronuntziamenduak ere kontuan hartuta daude; eta, beraz,
aurrekontuetan kasuan kasu egon beharko lukeen dena delako kreditua egon ez,
edo, amaitu egiten bada, horrek balizko onuradunen artean izango lituzkeen
ondorioak ere kontuan hartuta daude. Lehiaketetan bete beharreko oinarrizko
hatsapenak ere arautu ditugu.
Diru-laguntza edo
laguntza publikoak kudeatzen kolaboratzen duten erakundeek laguntza ematen duen
administrazioaren eta laguntza hori jaso behar duenaren arteko bitartekari-lana
beteko dute. Alde horretatik, diru publikoa haiei zuzenduta egongo da behar
bada, baina ez dira, horregatik, diru-laguntzen onuradunak. Dena dela, legean,
betebeharren oinarrizko errejimen bat ezarri dugu erakunde horietarako.
Diru-laguntza
itzularazteko, diru-laguntza hori emateko egin zen akordioa indargabetu edo
aldatu egin behar da, eta, horretarako, aplika daitekeen araudian zehaztutako
arrazoietakoren bat egon behar du. Ez du zigorrekin zerikusirik, zigorrek
araudi berezia baitaukate, hain zuzen ere, VII. idazpuruko III. atalburuan.
Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreren artekotzat hartuko
dira, eta, beraz, administrazioak sarrera horietarako zehaztuta dituen
prozedura eta prerrogatibak bete beharko dituzte. Erantzukizun-errejimena
administrazio-mailako arauhauste eta zigorren erantzuleei ezartzen zaien
errejimenarekin batera arautu dugu lege honetako 64. atalean, hain zuzen ere
gauza berbera behin eta berriz esan beharrik ez izateko.
Azken batean,
laguntzak eta diru-laguntzak emateko ezarri nahi dugun errejimen orokorrak
-gure asmoa hau da behintzat- euskal gizartearen eta Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazio publikoaren premiei erantzun behar die, eta
diru-laguntzetarako gordetako dirua denon onerako eta zuzen kudeatzeko balio
behar du, hatsapenak baitira.
8.- Babesa
Euskadiko Ogasun
Nagusiaren babesaren ingurukoak lege honetako VII. idazpuruan jaso ditugu,
benetan babes daitekeen ustean: bermeak, erantzukizunak eta arauhauste eta
zigorren errejimenak, beti ere, diru-laguntzen esparru barruan.
Bermeak direla-eta,
57. atala da aipatzekoa, Ogasun Nagusiko eskubideak aseguratzeko bidea zabaldu
eta arautzen duena, eskubide horietarako arriskugarriak diren egoerei aurre
egin ahal izateko. Bide horrek batera uztartu nahi ditu bai babes eraginkorra
eta bai obligazioa duenaren eskubideak errespetatu beharra; eta, horretarako,
prozedura bitan banatzen du: behin-behingoz aseguratzea eta behin betiko
aseguratzea.
Erantzukizunak
direla-eta, legean jaso dugunez, Euskadiko Ogasun Nagusiari egindako kalteak
ordaindu egin behar dira, eta horrek ez du esan nahi, gainera, beste
erantzukizunik eska ezin denik, diziplina edo penaleko erantzukizunak esate
baterako. Ezarri beharreko zigorrak era jaso ditugu.
Diru-laguntzak eta
laguntzak direla-eta lege honetan jaso dugun zigor-errejimenak ogasun nagusia
gastu publikoaren ikuspuntutik babeste aldera gure araubidean halako baliabide
batzuk sartzeko premiari erantzuten dio. Alde horretatik, kontuan hartu ditugu
bai Konstituzio Auzitegiak administrazioaren zigor-ahalmenaz egin dituen
pronuntziamenduak, bai ahalmen hori eta administrazio-legedi orokorrean
jasotako zigor-prozedura zuzentzen dituzten hatsapenak, eta baita diru-sarrera
publikoak direla-eta ezar daitekeen errejimenaren berezitasunak ere.
I IDAZPURUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. Atala - Kontzeptua
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak ekonomiaren
arloan dauzkan eskubide eta obligazio guztiek osatzen dute Euskadiko Ogasun
Nagusia.
2.- Honako hauek
dira Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiak:
a) Ondarearen errejimena.
b) Aurrekontuak egin eta
kudeatzeko prozedura.
c) Autonomia-erkidegoko
ekonomi jarduerak bete behar duen kontrol- eta kontabilitate-sistema.
d) Kontratazioarako
errejimena.
e) Euskadiko Diruzaintza
Nagusiaren errejimena.
f) Bere tributuak eta
bestelako diru-sarrerak, publiko nahiz pribatuak, arautzea.
g) Zorpetzeko errejimena.
h) Bermeak emateko
errejimena.
i) Laguntza eta
diru-laguntzetarako errejimen orokorra, lege honetan araututa dagoena.
j) Autonomia Erkidegoak
bere ogasun nagusiaren barruko gainerako gaien inguruan dituen prerrogatiben
errejimena.
k) Atal
honetako 1. lerroaldean aipatutako eskubide eta betebeharrekin zerikusia duen
beste edozein.
2. Atala - Bete beharreko
araudia
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiak bete beharko ditu: lege
hau; ogasunari dagozkion gaien inguruan Euskal Autonomia Erkidegoak emandako
gainerako legeak; gai horien beren inguruan aplika dakizkiokeen beste batzuk;
eta, horiekiko kontraesanik ez dakarten neurrian behintzat, ogasuna bera
garatzeko edo exekutatzeko emandako erregelamendu-xedapenak ere bai.
2.- Lege bidez arautu beharko dira bai ogasun
nagusiaren berezko gaiei dagozkien oinarrizko hatsapenak, bai lege honetan
berariaz erreserbatutako gainerako kontuak ere.
3.- Gobernuak onartu beharko ditu 1. lerroaldean
aipatutako erregelamendu-xedapenak, non eta onarpen hori ez zaion, lege edo
gobernu-dekretu bidez, ogasun eta finantzako aginpidea daukan sailburuari
agindu. Halako kasuak Lehendakariak onartu beharko ditu lehenengo.
4.- Aurreko lerroaldeetan aipatutako araurik ez
badago, administrazio-zuzenbidekoak hartuko dira kontuan (Euskal Autonomia
Erkidegoak emandakoak).
5.- Ogasun eta finantzetako aginpidea daukan
sailburuarena da Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion arau guztiak ulertu edo
argitzeko xedapenak emateko ahalmena, arau horiek lege-mailakoak nahiz
erregelamendu-mailakoak izan, edota zuzenean nahiz ordezko modura aplikatu
behar izan. Salbuespena Autonomia Erkidegoak derrigorrez bete behar dituen
estatuko arauak dira. Xedapen horien itxurari dagokionez, Jaurlaritzako
sailburuek onartzen dituzten erregelamenduek legez daramaten itxura bera izango
dute, nahiz eta edukia argitutako arauaren edukiarekin bateratuko den.
Erkidegoko organo eta enteek derrigorrez bete beharko dituzte.
3.
Atala - Erakunde publikoen eskuhartzea
Euskal
Autonomia Erkidegoak bere oagasuntza nagusiaren berezko gaietan eskuhartuko du,
honako hatsapen hauetan oinarrituta: legalitatea, objektibitatea, aurreztu
beharra, eraginkoratasuna, kontrola, kutxa bakarra eta barruko organo eta
erakundeen arteko koordinazioa.
4.
Atala - Prerrogatibak
Euskal
Autonomia Erkidegoak -dagozkion aginpideen barruan eta ogasun nagusiaren
inguruan beti ere- Estatuak onartuta dituen prerrogatiba berberak izango ditu,
salbu eta ez duen berariaz bestelako xedapenik onartzen. Xedapen horrek
lege-mailakoa izan beharko du.
II IDAZPURUA
EUSKADIKO AURREKONTU OROKORRAK ETA EUSKADIKO AURREKONTU
OROKORREN LEGEAK
5.
Atala - Euskadiko aurrekontu orokorrak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak ekonomiako edo aurrekontuetako
ekitaldi bakoitzean egin behar duen ekonomi jarduera programa baten bidez
zuzenduta dago, eta programa hori osatzen duten erabakiak batu ondoren,
adierazpide formala ematen zaie agiri bidez, bai finantzen aldetik bai
kontabilitatearen aldetik azalduta egoten dena. Adierazpide hori dira, bada,
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak edo Euskadiko Aurrekontu
Orokorrak.
2.- Euskadiko
Aurrekontu Orokorrak, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko baliabideak ondo
administratzen diren kontrolatzeko tresna dira.
3.- Honako hauek Euskadiko Aurrekontu Orokorrak
dira:
a) Euskal Autonomia
Erkidegoa osatzen duten erakundeetako aurrekontuak, sarrera eta gastuen dena
delako egoera-orriekin osatuta daudenak; eta gizarte-segurantzako ekonomi errejimena
kudeatzeko aurrekontuak.
b) Autonomia
Erkidegoko erakundeen artetik, gai honetan zuzenbide publikoa betetzen dutenek
bermeak eskaintzeko daukaten gorengo muga.
c) Autonomia
Erkidegoko erakundeen artetik, gai honetan zuzenbide publikoa betetzen dutenek
zorrak egin ahal izateko daukaten gorengo muga.
4.- Aurrekontu orokorretan erreferentzia modura
erabiliko den ekonomiako edo aurrekontuetako ekitaldia urtebetekoa izango da
(egutegikoa).
6. Atala - Euskadiko
aurrekontu orokorren legeak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu
orokorren legeak edo Euskadiko aurrekontu orokorren legeak dira aurreko atalean
zehaztutako aurrekontu orokorrak onartzeko helburua daukatenak.
2.- Horretaz gainera, Euskadiko aurrekontuen legeek
berez Euskadiko Ogasun Nagusiari dagozkion edo ogasun horrekin zerikusia
daukaten beste gai batzuk ere arau ditzakete haraino zabalduta, esate baterako:
langileen ordainsarien errejimena eta aurrekontu orokorren barruko kredituei
dagozkien alokairu pasiboen errejimena; aurrekontu-errejimena eta aurrekontu
horietako gastu publikoa exekutatzeko errejimena; berez
autonomia-erkidegoarenak diren tributuen errejimena; eta zorpetzeko baldintzen
errgimena. Gai horiei dagozkien arauak aurrekontu orokorretako legeetan daude
eta lege horien izaera eta errejimen berbera izango dute.
3.- Euskadiko Aurrekontuetako Legeen barruko
arauak aldatu edo osatzeko legegintzako araurik baldin bada, arau batzuek eta
besteek izaera eta errejimen berbera edukiko dute, indarrean egongo diren epea
edozein motatakoa izanda ere: arrunta nahiz luzatua.
4.- Euskadiko Aurrekontu Orokorretako Legearen
egitasmoa dena delako gai bakoitzari dagokion araudian xedatuta dagoenaren
arabera egingo da. Gobernuak onartu eta legebiltzarrean aurkeztu beharko dute
arautzen duenaren aurreko ekitaldiko azaroaren 1a baino lehenago, eztabaidatu
eta, hala egokitzen bada, onar dadin.
III IDAZPURUA
ERAKUNDE-MAILAKO ANTOLAKETA
7. Atala - Erakundeen sailkapena
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
publikoa administrazio orokorrak eta erakunde-mailako administrazioak osatzen
dute.
2.- Administrazio orokorra edo Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioa da, Euskadiko administrazio publiko guztian,
lurralde-izaera daukan bakarra. Administrazio orokor hori Jaurlaritzaren
ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 53. atalean dago aipatuta.
3.- Honako
entitate hauek osatzen dute erakunde-mailako administrazioa:
a) Zuzenbide publikoaren
pean dauden erkidegoko erakundeak. Izena: erakunde autonomiadunak.
b) Erkidegoko
erakunde-mailako enteetatik, gehienen bat zuzenbide pribatuaz araututa
daudenak. Bi motatakoak izan daitezke:
- Zuzenbide
pribatuko ente publikoak.
- Baltzu
publikoak.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoa aurreko 2 eta 3.
lerroaldeetan aipatutako entitateek osatzen dute, erkidego horretako arlo
publikoa osatzen dutenez gero. Entitate horietako bakoitzak nortasun juridiko propioa
eta banandua dauka, besteek daukatenaren aldean.
5.- Administrazio orokorra edo Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioa da legebiltzarrari atxikitako eskubide eta betebeharren
jabea, nahiz eta eskubide-betebehar horien inguruan ganbara horrek dituen
aginpideak ere kontuan hartu behar diren.
I ATALBURUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOA
8. Atala - Arautzea
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa, Jaurlaritzaren
ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 53. atalean aipatuta dagoena, lege horretan
bertan jasotako arauen pean egongo da antolaketa eta funtzionamenduari
dagokionean.
2.- Berez Ogasun nagusiari dagozkion gaien
inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoak, gai horiei buruzko xedapenen artetik,
berariaz aplikatu behar zaizkionen pean jardungo du; eta, xedapen horiekiko
kontraesanik ez dakarten neurrian, zuzenbide publikoaz araututa dauden Euskal
Autonomia Erkidegoko entitateei -edozeini- aplika dakizkiokeen gainerako arau
guztien pean ere bai.
II ATALBURUA
ERAKUNDE AUTONOMIADUNAK
9.
Atala - Kontzeptua
Erakunde
autonomiadunak erakunde-mailako enteak dira, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta nortasun
publikokoak; haien helburua erkidego horren aginpidepeko aktibitateak egitea
da, deszentralizazio-errejimenean beti ere; eta zuzenbide publikoaz araututa
daude.
10.
Atala - Motak
Erakunde
autonomiadunak bi motatakoak izango dira:
a) Merkataritzako
erakunde autonomiadunak, hau da, ekonomia, merkatu, industria, finantza edo
merkataritzaren inguruko beste edozein jarduera daukatenak.
b) Administrazio-mailako
erakunde autonomiadunak, hau da, gainerako guztiak.
11.
Atala - Kalifikazioa
Dena
delako erakunde autonomiaduna sortzeko arauan egongo da zehaztuta, 10. atalean
xedatutakoarekin bat, erakunde hori zein motatakoa den.
12.
Atala - Sortzea eta desagertzea
1.- Erakunde autonomoak sortu edo desagertzeko,
legea beharko da.
2.- Desagertzeko arrazoiak zeintzuk diren eta
horretarako zein jarraibide bete behar den sorrera-arauan edo beste edozeinetan
zehaztuta baldin badago, orduan, ez da desagertzeko berariazko araurik beharko.
13.
Atala - Berregituraketa
Jaurlaritzak,
erregelamendu bidez, erakunde autonomiadunak beste era batera egituratu ahal
izango ditu, eta berregituraketa horien barruan egon daiteke erakunde horiek
eduki behar dituzten langile eta materialen inguruko aginpideak ematea,
aldatzea edo kentzea eta baita funtzionamendu-errejimenean aldaketak egitea
ere. Berregituraketa horiek, hala ere, ezin dituzte, inola ere, erakunde horien
izate-arrazoiak edo kalifikazioa aldatu.
14.
Atala - Arautzea
Berez
Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, eta nahiz eta 12 eta 13. ataletan
jartzen duena bete egin behar den, erakunde autonomiadunek gai horien inguruan
berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte, eta, xedapen
horiekiko kontraesanik ez dakarten neurrian, erkidegoko eta zuzenbide publikoko
edozein erakunderi aplika dakizkiokeen gainerako arauak eta, halakorik ezean,
autonomia-erkidegoko administraziorako ezarritakoak ere bai.
III ATALBURUA
ZUZENBIDE PRIBATUKO ERAKUNDE PUBLIKOAK
15.
Atala - Kontzeptua
Zuzenbide pribatuko ente publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeak dira eta nortasun publikoa dute. Haien helburua erkidego horren aginpidepeko jarduerak dira, deszentralizazio-errejimenean burutuko dituenak beti ere, eta zuzenbide pribatuaz araututa daude gehienbat.
16.
Atala - Kalifikazioa
Zuzenbide
pribatuko erakunde publikoek halaxe kalifikatuta egon beharko dute, berariaz,
beraien sorrera-legeetan.
17.
Atala - Sortzea, desagertzea eta berregituratzea
Zuzenbide
pribatuko erakunde publikoek lege honetako 12 eta 13. ataletan xedatutakoa bete
beharko dute.
18.
Atala - Arautzea
Aurreko atalean jartzen duena bete egin behar bada ere, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, gai horien inguruan berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte; eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez badakar, zuzenbide pribatua bete beharko dute.
IV ATALBURUA
BALTZU PUBLIKOAK
19.
Atala - Kontzeptua
Baltzu
publikoak merkataritzako baltzuak dira, baina beren kapitaletan Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioaren edo erakunde-mailako enteen
partizipazioak dira nagusi, ente horiek zuzenbide publikokoak edo pribatukoak
izan. Partizipazio nagusi hori zehazteko, aipatutako erakundeen partizipazio
guztiak hartuko dira kontuan.
20.
Atala - Sortzea eta desagertzea
1.- Hona hemen
baltzu publikoak sortzeko kasuak:
a) Merkataritzako
baltzu bat sortzea eta baltzu hori publikoa izatea.
b) Merkataritzako
baltzu bat, lehenagotik ere bazena, baltzu publiko bihurtzea.
2.- Hona hemen baltzu publikoak desagertzeko
kasuak:
a) Baltzu publiko
modura kalifikatuta dagoen merkataritzako baltzua desagertzea.
b) Merkataritzako
baltzuak publiko izateari uztea.
3.- Baltzu publikoak sortu edo desagertzeko eta
Euskal Autonomia Erkidegoak edo erkidego horretako erakundeek baltzu horietako
partaide nagusi bilakatu ahal izateko, Jaurlaritzaren dekretua beharko da.
4.- Merkataritzako baltzuek baltzu publikoak
izateari uzten badiote, horrek ez du derrigorrez desagertu behar izatea
ekarriko, lege edo estatutuetan desagertzeko arrazoitzat jasota badago salbu.
21.
Atala - Forma juridikoa eta soziala
1.- Baltzu publikoek baltzu anonimoen antzera osatu
beharko dira eta sortzearekin batera fundatutakotzat hartuko dira.
2.- Forma aldetik baltzu anonimoak direnez,
baltzu horiek garaian garai bete behar duten errejimen juridikoaren pean egongo
dira dena delako baltzu publikoak.
22.
Atala - Arautzea
Aurreko
atalean jartzen duena bete egin behar bada ere, baltzu publikoek, berez
Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, gai horien inguruan
berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituzte; eta, xedapen
horiekiko kontraesanik ez badakar, zuzenbide pribatua bete beharko dute.
23.
Atala - Baltzu publikoetako partizipazioak
Autonomia-erkidegoaren
ondarea osatuko dute erkidego horretako entitateek beren baltzu publikoetan
dauzkaten partizipazioek, beti ere, Euskadiko ondareari buruzko legedian
jasotakoaren arabera.
IV IDAZPURUA
AGINPIDEEN ERREJIMENA
24.
Atala - Errejimen orokorra
Lege hau edo beste edozein xedapen dela medio, berez Euskadiko Ogasun Nagusiarenak diren gaien inguruan aginpideren bat -edozein izan daiteke- eman edo antolaketako beste edozein erabaki hartu izanagatik ere, kontuan izan beharko da behar bada beste zerbait erabakiko dela, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta lege honetako III. idazpuruan xedatutakoaren arabera.
25.
Atala - Legebiltzarraren aginpideak
1.- Legebiltzarraren aginpide dira, lege honetan
eta aplikatu beharreko beste xedapen batzuetan jasotakoaren arabera:
a) Euskadiko Aurrekontu
Orokorrak onartzea, haien jarraipena egitea eta kontrolatzea.
b) Aurrekontuak egiteko eta
kudeatzeko prozedura.
c) Autonomia-erkidegoaren
berezko tributuak ezartzea edo aldatzea.
d) Ondarearen errejimena.
e) Kontratazio-errejimena.
f) Zorpetzeko
errejimena.
g) Autonomia-erkidegoaren
finantza eta ekonomiako eragiketa handienak onartzea.
h) Autonomia-erkidegoan
urte-sail batean aurrera eraman beharreko ekonomi jarduera, Jaurlaritzak burutu
beharko duena, planifikatzea.
i) Lege honen,
autonomia-erkidegoak emandako beste batzuen edo bete behar dituen besteen
arabera legez arautu behar diren gainerantzeko gaiak.
2.- Euskadiko Autonomi Estatutuko 27. ataleko 1.
lerroaldean eta legebiltzarraren beraren funtzionamendu-erregelamenduan
xedatuta dagoenez, Legebiltzarrak honako aginpide hauek ditu, bere barruko
errejimenak Ogasun Nagusiaren berezko gaien inguruan dioenari begiratuta:
a) Legebiltzarreko
bertako aurrekontua onartzea. Aurrekontu hori, ordena zaintze aldera, Euskal
Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren barruan sartuko da.
b) Bere aurrekontua
exekutatzea, Legebiltzarrak berak onartutako moduan.
c) Euskal
Autonomia Erkidegoak bertako ogasun nagusiari buruz emandako legeek ematen
dizkioten gainerakoak.
26.
Atala - Jaurlaritzaren aginpideak
Euskal
Autonomia Erkidegoaren aginpideen artetik, honako hauek Jaurlaritzari dagozkio:
a) Euskal Autonomia
Erkidegoko ekonomi eta finantza-mailako politikaren oinarrizko norabideak
zehaztea, Legebiltzarrak aldatzeko ahalmenak eduki edo ez.
b) Erkidegoko aurrekontu
orokorren lege-egitasmoak onartzea, gero legebiltzarrera bidaltzeko.
c) Jaurlaritzaren
ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren arabera Euskadiko Ogasun
Nagusiaren inguruan dagozkionak eta ordenamendu juridikoak agintzen dizkion
gainerakoak.
d) Oro har, direna
direlako edo daukaten garrantziagatik, Jaurlaritzak esku artean eduki behar
dituen eta legebiltzarraren aginpideen artekoak ez diren guztiak.
27.
Atala - Ogasuneko eta finantzetako ardura duen sailaren aginpideak
Ogasuneko
eta finantzetako ardura duen sailari dagokio:
a) Euskadiko Ogasun
Nagusiaren eskubideak administratu, kudeatu eta gauzatzea, araudian ezarrita
dagoen moduan.
b) Autonomia-erkidegoko
aurrekontu orokorraren aurregitasmoa gertatzea eta, gero, jarraipena egitea,
gauzatzen den jakiteko eta ekonomi eta finantza-mailako arauak betetzen diren
jakiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailek ere parte hartuko
dute horretan.
c) Aurrekontu Orokorren
Legeen aurregitasmoak gertatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko
sailen partaidetzarekin; Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruzko
beste aurregitasmo batzuk prestatzea; eta Jaurlaritzak onartu behar dituen
eduki bereko erregelamenduen egitasmoak prestatzea.
d) Euskal Autonomia
Erkidegoko ekonomi jardueraren kontabilitatea eta kontuhartzailetzako kontrola
egitea.
e) Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioak egin behar dituen ordainketa guztiak agintzea.
f) Jaurlaritzak ekonomi
eta finantzetarako onartutako politika exekutatzea, Jaurlaritzak berak
zehaztutako moduan.
28.
Atala - Sailen aginpideak
Sailei
dagokie:
a) Nork bere aurrekontuaren
aurregitasmoa prestatzea.
b) Atxiki dizkieten
gastuetarako kredituak kudeatzea.
c) Sailaren berezko
gastuetarako baimena ematea, Jaurlaritzaren aginpideen artekoak ez badira.
d) Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioaren kontura konpromezu ekonomikoak hartzea, beti ere,
dagozkien aginpideen eta kasuan kasu begiratu beharreko arauen arabera.
e) Obligazioak
ordaintzeko proposatzea ogasun eta finantzetako aginpidea duen sailari.
f) Atxikita dituzten erakundeetako aurrekontu-aurregitasmoak aurretiaz
onartzea.
g) Euskadiko Ogasun
Nagusiaren inguruan dagozkienak, Jaurlaritzako ekainaren 30eko 7/1981 Legean
xedatutakoaren arabera.
h) Jaurlaritzak
onartutako ekonomi politika exekutatzea, Jaurlaritzak berak zehaztutako moduan.
i) Euskadiko Ogasun
Nagusiaren inguruan ordenamendu juridikoak agindutako beste edozein.
29.
Atala - Erakunde-mailako enteen aginpideak
1.- Erakunde autonomiadunei dagokie:
a) Nork bere
aurrekontuaren aurregitasmoa prestatzea.
b) Nork bere ekonomi
eskubideak administratzea, kudeatzea eta gauzatzea, dagozkien xedapenetan
zehaztutako moduan.
c) Gastuetarako
baimena ematea -aurrekontuetan onartuta dituzten dotazioekin bat- eta dagozkion
ordainketak agintzea.
d) Euskadiko Ogasun
Nagusiaren inguruan ordenamendu juridikoak emandako beste edozein.
2.- Gainerako enteek nork
bere aurrekontu-aurregitasmoa gertatzeko aginpidea eta ordenamendu juridikoak Euskadiko
Ogasun Nagusiaren inguruan emandako beste edozein aginpide izango dute.
30.
Atala - Koordinazioa, irizpenak eta proposamenak egiteko aginpideak
26,
27, 28 eta 29. ataletan jartzen duena bete egin behar bada ere, koordinazioa,
irizpenak eta proposamenak egiteko aginpideak ere kontuan hartu behar dira, eta
aginpide horiek Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeari edo Euskal Autonomia
Erkidegoan horretarako dauden beste organo batzuei atxikita egon daitezke.
V IDAZPURUA
EDUKIA
I ATALBURUA
ESKUBIDEAK
31.
Atala - Sailkapena
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak
publikoak edo pribatuak izango dira.
2.- Eskubide publikoak dira Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioarenak eta erakunde autonomoenak direnak erlazio eta egoera
juridiko jakin batzuen ondorioz; hau da, erlazio eta egoera horietan erakunde
horiek ahalmen publiko batzuen jabe direnean. Eskubide publikoak honako hauek
izan daitezke:
a) Zuzenbide publikoko
sarrerak.
b) Beste eskubide batzuk.
3.- Eskubide pribatuak dira Euskal Autonomia
Erkidegoarenak direnak baina atal honetako 2. lerroaldean jasota ez daudenak.
Honelakoak izan daitezke eskubide pribatuak:
a) Zuzenbide pribatuko
sarrerak.
b) Beste eskubide batzuk.
32.
Atala - Zuzenbide publikoko sarrerak
Aurreko
ataleko 2. lerroaldean zehaztutako irizpidearekin bat, honako hauek dira
Euskadiko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarrerak:
a) Foru-aldundiek,
lurralde historikoek erkidegoko aurrekontu-gastuetarako egin behar duten
kontribuzioaren adierazgarri, Euskal Autonomia Erkidegoari egiten dizkioten
ekarpenak.
b) Euskal Autonomia
Erkidegoko tributuen eta prezio publikoen etekinak.
c) Euskal Autonomia
Erkidegoak zergetan ezarritako gainordainak, halakorik ezartzen badu.
d) Lurraldearteko
Konpentsazio Fondoak egindako transferentziak eta Estatuko Aurrekontu
Orokorraren kontura egindako beste asignazio batzuk.
e) Autonomia-erkidegoak
edo bere erakunde autonomiadunek beste erakunde publiko batzuetatik jasotako
tranferentziak eta diru-laguntzak.
f) Autonomia-erkidegoko
administrazioak eta erakunde autonomiadunek zorpetze aldera egindako operazioen
emaitza.
g) Autonomia Erkidegoko
administrazioak edo erakunde autonomiadunek jarritako isun eta gainerako
diru-zigorren emaitzak.
h) Euskal Autonomia Erkidegotik
datozen administrazio-egintzak ordezko modura exekutatzetik datozen
ordainarazpenak, kautelak izan edo ez.
i) Eskubide publikoei
egindako kalte-galeren ordainak.
j) Zuzenbide publikoko
sarrerei dagozkien interesak.
k) Obligazio publikoak
beteko diren berme modura jarritako kopuruak.
l) Erkidegoak pertsona
publiko edo pribatuei sustapen-helburuekin edo interes publikorako emandako
mailegu eta bermeen inguruan egindako kontratuengatik, autonomia-erkidegoko
administrazioak edo erakunde autonomiadunek jaso beharreko kopuruak.
m) Autonomia-erkidegoak
diru-laguntzaren bat eman ondoren, helburua edo baldintzak ez direla-eta bete,
diru-laguntza horretatik autonomia-erkidegoko administrazioari edo erakunde
autonomiadunei itzuli beharreko kopuruak.
n) Aurreko ataleko 2.
lerroaldean aipatutako beste edozein diru-sarrera.
33.
Atala - Lurralde historikoen ekarpenak
Lurralde
historikoetako ekarpenen kasuan, lurralde horien eta autonomia-erkidegoaren
arteko harremanetarako araudian xedatutakoa bete beharko da; eta, araudi horren
barruan jasota ez dauden kasuetarako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei
buruzko xedapenetan agindutakoa bete beharko da.
34.
Atala - Tributuak
1.- Honako hauek Euskal Autonomia Erkidegoaren
berezko tributuak dira:
a) Autonomia-erkidegoaren
berezko zergak, erkidegoak berak ezar ditzakeenak, Ekonomia Itunean jasota edo
aurrikusita ez egonagatik ere, Estatuak zergapetutako zegagaiei ez
dagozkielako. Erkidegoak ezar ditzake Euskadiko Autonomi Estatutuko 42. ataleko
b) idatz-zatian xedatutakoaren arabera.
b) Autonomia-erkidegoaren
jabari publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak; erkidego horrek
eskainitako zerbitzu publikoren bategatik ordaindu beharreko tasak; edo erkidego
horrek egindako beste jarduera batzuegatik ordaindu beharrekoak, jarduera
horiek subjektu pasiboari begira eginda badaude, harengan eragina badaukate edo
mesede egiten badiote.
c) Autonomia-erkidegoak
obra publikoak egin dituela-eta, edo haren kontura zerbitzu publiko berriak
jarri edo lehenagokoak zabaldu egin direla-eta, horrek subjektu pasiboari
onuraren bat badakarkio edo bere ondasunek balio handiagoa lortzea badakar,
halakoetan subjektu pasibo horri behar bada aginduko zaizkion kontribuzio bereziak.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoko tributu guztiak
fiskalak izango dira eta dagozkien aurrekontuetan jaso beharko dira.
3.- Tributuak sortu edo desagertarazteko, legea
beharko da.
4.- Estatuak Euskadiri egindako transferentzien artean
dauden zerbitzuak betetzeagatik sortutako tasa eta ordainarazpenak edo
Euskadira transferitutako organo edo zerbitzuak finantzatzeko balio dutenak ere
erkidego horretako berezko tribututzat hartuko dira eta erkidego horrek
eskatuko ditu, lege honetan haren ekonomi eskubideak hobeto betetze aldera jaso
denaren arabera.
35.
Atala - Zergen gainordaina
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak honako zerga
hauek direla-eta gainordainak ezartzeko aukera izango du:
a) Egoitza fiskala Euskal
Autonomia Erkidegoan daukaten pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.
b) Egoitza fiskala Euskal
Autonomia Erkidegoan daukaten pertsona fisikoen ondarearen gaineko zerga.
c) Ondare-eskualdaketa
eta agiri bidezko egintza juridikoen gaineko zerga.
d) Oinordetzen
eta dohaintzen gaineko zerga.
e) Salmenten gaineko
inposizio orokorra, gutxikako fasean.
f) Kontsumo espezifikoen
gaineko zergak, gutxiengoen fasean. Salbuespenena: monopolio fiskalen bidez
bildutakoak.
g) Jokoaren gaineko
tributuak.
2.- Aurreko lerroaldean jasotako gainordainak
zehazteko orduan, gogoan izan behar da lurralde historikoek ez dutela, zerga
horiek direla-eta, lehenago baino sarrera txikiagorik jaso behar.
3.- Gainordain horiek sortu edo desagertarazteko,
legea beharko da.
36.
Atala - Estatuaren transferentziak eta izendapenak
Estatuaren
tranferentzia eta izendapenen kasuan, dagokion araudi berezian xedatutakoa
bakarrik bete beharko da. Tranferentzia eta izendapen horiek 32. ataleko d)
idatz-zatian aipatuta daudenak dira.
37.
Atala - Zorpetzea
Autonomia-erkidegoko
administrazioak eta erakunde autonomiadunek egindako kreditu- eta
mailegu-operazioen emaitzak eta entitate horiek jaulkitako zor publikoaren
emaitzak dira zorpetzeak eragindako sarrerak, 32. ataleko f) idatz-zatian
aipatuta daudenak.
38.
Atala - Zuzenbide pribatuko sarrerak
Hona
hemen Euskadiko Ogasun Nagusiaren zuzenbide pribatuko sarrerak:
a) Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioaren edo erakunde autonomiadunen jabetzapeko ondasunak
edo entitate horien eskubide errealak nahiz pertsonalak erabili edo eskura
izateagatik lortutako etekin edo edozein motatako produktu, baldin eta dirutan
zenbat balio duten zehatz badaiteke eta ez badaude zerbitzu publikorako
erabilerapean.
b) Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazioak jaraunspen, legatu edo dohaintza bitartez
eskuratutako guztiak.
c) Lege honetako 32.
atalean jaso ez den beste edozein sarrera.
39.
Atala - Eskurapena
Euskadiko
Ogasun Nagusiaren eskubideak kasuan kasuko edo eskubide horietako bakoitzeko
araudi berezian xedatutakoaren arabera eskuratuko dira.
40.
Atala - Nola gauzatu
1.- 32. ataleko a), b), e) eta f) idatz-zatietan
aipatutako diru-sarreren kasuan izan ezik, Ogasun Nagusiaren eskubide publikoak
bilketa bidez (administrazio-prozedura) edo zuzenbideak onartutako eta kasu
honetan aplika daitekeen beste edozein prozedura bidez gauzatuko dira.
Bilketaren kasuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Bilketa Erregelamenduan
xedatutakoa bete beharko da.
2.- Borondatez ordaintzeko epe barruan -berariaz
bestelakorik xedatzen ez bada behinik behin-, autonomia-erkidegoko
administrazio eta erakunde autonomiadunen organoek kudeatu beharko dute bilketa
hori, nor bere administrazio-aginpideei lotuta eta arau organikoetan
zehaztutako sailak zuzendu eta ikuskatuta. Exekuzioaldian, berriz,
diruzaintzako aginpideak dauzkan sailak kudeatu beharko du bilketa.
3.- Sarrera-bilketaren kudeaketa, 1. lerroaldean
aipatzen den hori, foru-aldundietako zerbitzuek ere egin ahal izango dute,
horretarako izenpetu beharko diren hitzarmenak direla medio eta, beti ere,
hitzarmen horietan jarritako moduan. Hitzarmen horietan, gainera, indarrean den
legediaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak edo erakunde
autonomiadunenak diren aginpideak gauzatzeko aukera era jaso ahal izango da.
Hitzarmen horiek Jaurlaritzak onartu beharko ditu eta Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.
4.- Bilketa kudeatzeko lanetan, halaber,
hitzarmenak izenpetu ahal izango dira erakunde publiko nahiz pribatuekin.
Hitzarmen horiek izapide berberak izango dituzte, eta, erakunde publikoen
kasuan, aurreko lerroaldean aipatutakoen irispide bera izan ahal izango dute.
5.- Eskubideak ordaintzeko beharra, alegia, 1
zenbakiko lerroaldean aipatzen dena, atzeratu edo zatitu ahal izango da, beti
ere erregelamendu bidez finkatutako moduan. Diruzaintza-arloko sail eskudunak
ezarriko duen zenbatekotik gorako zorrak ordaintzeko atzerapen edo zatiketaren
eraginkortasunak bermea jartzea eskatuko du ezinbestez, non eta ez den
erregelamendu bidezko barkamena aurreikusten, edo zorduna ez den administrazio
publikoetako bat edo zuzenbide publikoko erakundeetako bat. Diruzaintza-arloko
sail eskudunari dagokio atzerapena edo zatiketa libreki onartzea.
6.- Eskubide pribatuen eraginkortasunak bat egin
behar du ordenamendu juridiko pribatuarekin.
41.
Atala - Zertarakoa
1.- Sarrera bakoitzaren araudian bestela ezartzen
ez bada, sarreraren helburua izango da horren titularra den erakundearen
betebeharren multzoa finantzatzea.
2.- Helburu zehatzetarako liberalitateetatik
datozen sarrerak direnean, ez da beharrezkoa izango berariazko xede-zehaztapena
egitea, baldin eta unean-unean indarrean dagoen araudiari jarraiki onartu
badira liberalitateak.
42.
Atala - Osotasuna
1.- Ogasun Nagusiaren eskubide publikoekin
zerikusia duten egintzak egin ahal izateko, ezinbestekoa da legeren batek
aurreikusitako kasuren batean izatea.
2.- Ogasun Nagusiaren eskubide publikoei
dagokienez eta Autonomia Erkidegoko administrazioaren nahiz bere erakunde
autonomiadunen jabetza diren eskubide pribatuei dagokienez, ezinbestekoa izango
da Jaurlaritzaren baimena, baldin eta transakzio judiziala edo estrajudiziala
egin nahi bada eta arbitrajearen menpean jarri nahi bada.
3.- Auzipetze Zibilari buruzko XII. idazpuruko 1.
eta 8. sekzioetan, eta XIII. idazpuruko 6. sekzioan (batzuk zein besteak II. liburukoak)
eta Ordainketak Eteteari buruzko 1992ko uztailaren 26ko Legean aurreikusitako
lehiaketa-prozesuetan akordioak edo hitzarmenak izenpetzeko, nahikoa izango da
erregelamendu bidez finkatutako organoaren baimena.
43.
Atala - Korrituak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen
jabetza diren eskubide publikoak direla-eta, erakunde publikoak ez direnek
Erkidegoari zor dizkioten zenbatekoek korrituak sortuko dituzte obligazioen
epe-mugatik aurrera, eta ez da beharrezkoa izango ohartaraztea, ez eta inolako
errekerimendurik ere.
2.- Arlo honetan unean-unean indarrean dagoen
legeriak finkatuko du zein den ezarri beharreko berandutze-korritua.
3.- Erakunde publikoek Euskal Autonomia
Erkidegoari zor dizkioten zenbatekoei dagokienez, Estatuko araudiak berak
aginduko du, non eta Erkidegoan ez dagoen berariazko araudia erakunde horiei
buruz. Azken kasu horretan, Erkidegoko araudiak izango du indarra.
44.
Atala - Preskripzioa
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak
preskribigarriak dira. Preskripzio-epeak zehazteko, bete beharrekoak izango
dira eskubide horietako bakoitzari zuzen-zuzenean edo zeharka espezifikoki ezar
dakizkiokeen xedapenak.
2.- Aurreko lerroaldean aipatzen den xedapenik ez
badago, bost urteren buruan preskribituko du Euskal Autonomia Erkidegoko
administrazioak eta bere erakunde autonomiadunek zenbait arlotan duten
eskubideak. Hona arloak:
a) Eskubide
publikoak aitortzea eta kitatzea bere alde, eskubideaz baliatu ahal izan zen
egunetik. Baldin eta finkatu bada aitorpen edo kitapen horretarako ezinbestekoa
dela aipatutako erakundeei egindako adierazpena, preskripzio-epea ez da
zenbatzen hasiko harik eta adierazpen hori, eskatutako baldintza guztiak betez,
egin arte.
b) Aitortutako
edo kitatutako kreditu publikoak kobratzea, jakinarazpena eraginkorra egin den
egunetik, edo, egun hori derrigorrezkoa ez bada, bere epe-mugatik aurrera.
3.- Nolanahi ere, eskubide publikoen
preskripzio-epeak honako arrazoi hauek direla-eta eten daitezke:
a) Edozein
administrazio-ekintza dela-eta: zordunaren ezagutza formalarekin egiten bada
ekintza, nahiz eta dagokion jakinarazpena akastuna izan, eta ekintzaren
helburua aitortzea, kitatzea edo kobratzea bada, edo aurreko hiru horiekin
zerikusia badu.
b) Zordunak ekintzak
burutzen dituenean, eta erreklamazioak edo errekurtsoak jartzen dituenean,
nahiz eta legez ezarritakoak ez izan edo formulazio aldetik txarto eginda egon.
Dena den, batzuek zein besteek zerikusia izan behar dute aurreko epigrafeek
aipatzen dituzten eskubideekin; hala ere, bada salbuespen bat, alegia,
erreklamazio edo errekurtsoen eskari nagusi eta bakarra izatea preskripzioa
ontzat ematea edo aitortzea.
c) Zordunaren
edozein jarduketa dela-eta, baldin eta jarduketa horren helburua aitortzea,
kitatzea edo kobratzea bada, edo aurreko hiru horiekin zerikusia badu.
4.- Atal honetako 1. lerroaldean aipatzen den
xedapenik ez badago, eskubide pribatuen preskripzioak ordenamendu juridiko
pribatua izango du arau.
II ATALBURUA
BETEBEHARRAK
45. Atala - Bere gain hartzea
1.- Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko
ditu bertan sortutako legeek zuzenean ezartzen dizkioten ekonomi betebeharrak.
Bere gain ere hartuko ditu ezargarri izango zaizkion beste batzuk, bai eta
ordenamendu juridikoarekin bat egiten duten egitate, egintza eta negozio
juridikoetatik datozenak ere.
2.- Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako
administrazio-egintzak eta erregelamendu-xedapenak baliogabeak izango dira
erabat, baldin eta egintza eta xedapenon bidez gastu-konpromisoak lortu nahi
badira gastu-orrian baimendutako kredituen zenbateko mugatutik gora.
46. Atala - Efektibitatea
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren
edo erakunde autonomiadunen kontura diru-kopuruak ordaintzeko obligazioak
efektiboak izateko, obligazio horiek autonomia-erkidegoaren aurrekontuak
betetzetik, epai irmotik eta diruzaintzako eragiketetatik sortutakoak izan
beharko dira. Dena den, epai irmoaren ondorioz sortutako obligazioak betetzeko,
obligazio horiek ez baldin badaude aurrekontuan behar bezala jasota,
autonomia-erkidegoko aurrekontu-errejimena arautzen duen araudian xedatutakoaz
bat hornitu beharko da hutsunea.
2.- Autonomia-erkidegoko gainerako erakundeen kontura
egitekoak diren ordainketa-obligazioak antolamendu juridiko pribatuan
xedatutakoaz bat izango dira efektiboak.
3.- Autonomia-erkidegoko administrazioaren edo
erakunde autonomiadunen kontura egiteko ordainketa-obligazioak beste
aldearentzat ere obligazioak eragin dituen harreman juridikoetatik sortu baldin
badira, lehenbizikoak ez dira efektibo egingo azkenengo horiek ez baldin badira
behar bezala bete edo bermatu. Salbuespena izango dira
epai irmoaren bidez onartutako obligazioak.
47.
Atala - Preskripzioa
1.- Lege berezietan ezarritakoa salbuetsita, bost
urtera preskribituko dute eskubide hauek:
a) Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek edonolako
obligazioak onartu edo kitatzeko eskubidea, ez baldin bada eskatu onar edo
kitatu dezala horretarako dauden baldintza guztiak beteta, eta ez badira kasuan
kasuko agiri justifikatzaileak aurkeztu. Epea zenbatzen hasteko, obligazioa
eragin duen zerbitzua edo prestazioa noiz amaitu den hartuko da kontuan.
b) Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazioak eta erakunde autonomiadunek onartuta edo
kitatuta dauden obligazioak ordain ditzatela eskatzeko eskubidea, legezko
hartzekodunek edo horien eskubide-hartzaileek erreklamatu ez badituzte. Epea
kasuan kasuko obligazioaren errekonozimenduaren jakinarazpenaren
efektibitate-egunetik edo obligazioa kitatzen denetik hasiko da zenbatzen.
2.- Lege berezietan ezartzen dena salbuetsita,
preskripzioa eteteko, ordenamendu juridiko pribatuko arauek esaten dutena bete
beharko da. Dena den, ez dute atal honetako 1. lerroaldeko a) idatz-zatian
aipatzen den eskubidearen preskripzioa etetea eragingo ondorengoek: obligazioak
aitortzeko edo kitatzeko eskatzeak, atal horretan ezartzen diren baldintzak ez
badira betetzen eskaria egitean.
VI IDAZPURUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO LAGUNTZA
ETA DIRU-LAGUNTZEN ERREJIMENA
48.
Atala - Helburua eta definizioa
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
orokorrak eta erakunde autonomiadunek kudeatu behar dituzten laguntza eta
diru-laguntza publikoen errejimen orokorra arautzea da idazpuru honen helburua,
beti ere atal honen beronen 5. lerroaldean esaten dena kontuan izanda.
2.- Aurreko lerroaldean aipatzen denari begira,
ondorengoak izango dira laguntza edo diru-laguntza publikoak: Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek pertsonei edo
erakunde publiko edo pribatuei doan emandako fondo publikoak, bai
gizartearentzat interesgarria edo erabilgarria den jarduera aurrera eramateko
edo helburu publiko bat lortzea bultzatzeko. Era berean, Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura emandako edozein laguntza-modu eta
oso-osorik edo zati batean Europako Batasuneko nahiz beste administrazio
batzuetako fondoekin finantziatutako laguntzak ere laguntza eta diru-laguntza
publikoak izango dira.
3.- Egoera berezietan, laguntza edo diru-laguntza
horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarea osatzen duten ondasunak doan besterenduz
edo aldi batez erabiltzeko utziz emango dira. Bide horiek erabiltzeko,
Euskadiko ondareari buruzko legerian aurreikusten diren jardunbide bereziak
jarraitu beharko dira. Dena den, ondareari buruzko legerian arautu gabe dagoen
kasuetarako, lege honetan aipatzen diren arauak bete beharko dira zuzenean.
4.- Europako Batasuneko arauetan (edo
autonomia-erkidegokoetan, Europakoak garatzeko edo egokitzeko baldin badira)
laguntzak eta diru-laguntzak emateko jardunbideetan ezarritakoaren ordezkoa
izango da lege honetan xedatutakoa, beste administrazio bati baldin badagokio
oinarrizko erregulazioa edo laguntza ematea eta laguntza hori zenbatekoa izango
den administrazioari lege mailako aginduren batek agintzen baldin badio.
5.- Euskal Autonomia
Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez finantziatuta dauden baltzu publiko,
zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta gainerako erakundeek, beren ezaugarri
edo forma juridikoa edozein izanik ere, diru-laguntzaren bat eman behar
dutenean, publizitate, konkurrentzia eta objektibitatearen printzipioak beteko
dituzte, idazpuru honetan aipatzen diren moduan.
Euskal
Autonomia Erkidegoko erakunde mailako administrazioa osatzen duten baltzu
publikoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek, beren ezaugarri
juridikoekin bateragarria den neurrian, 49. ataleko 3, 10, 11 eta 12.
lerroaldeetan xedatutakoa, 50. ataleko 1, 2, eta 3. lerroaldeetan xedatutakoa,
51. ataleko 1. lerroaldean eta 53. ataleko 1. eta 2. lerroaldeetan xedatutakoa
ezarri beharko dute. Laguntzak arautzen dituzten oinarriak onartzea eta
laguntza horiek ematea horretarako eskumena duten organoen eginkizuna izango da
(erakundearen estatutu sozialean edo sorrerako arauan esaten dena kontuan
izanda) eta aipatutako oinarri horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren
bidez zabalduko direla bermatuko da.
6.- Idazpuru honetan xedatutakoa, 50. atalean
aurreikusten dena alde batera utzita, ez zaie aplikatuko Euskal Autonomia
Erkidegoko administrazio publikoak emango dituen abal eta beste berme batzuei,
horiek beren araudi berezia izango dutelako.
Gorago esandakoa
hala izanik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta
erakunde autonomiadunek bermeak erabiltzen baldin badituzte sustapeneko tresna
moduan, 49. ataleko 1. lerroaldean finkatu diren printzipioak bete beharko
dituzte, baldin eta printzipio horiek bideragarriak baldin badira eman behar
diren bermeek dituzten ezaugarriekin.
49.
Atala - Diru-laguntzak emateko printzipioak eta mugak
1.- Idazpuru honetan aipatzen diren
diru-laguntzak eta laguntzak emateko, publizitate, konkurrentzia eta
objektibitatearen printzipioak bete beharko dira, eta baita idazpuru honetan
bertan aipatzen diren jardunbideak eta irizpideak jarraitu ere.
2.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian
argitaratu beharko dira jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen
deialdiak eta, hala gertatzen denean, baita eman edo ez erabakitzeko
proposamena egingo duen organoa nortzuk osatuko duten ere. Gainera, interesatuentzat
garrantzia izango duten ekintzak ere argitaratu egingo dira, modu orokorrean
eragiten baldin badiete.
Kasuan kasuko
laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten arauek besterik esaten ez badute
behintzat, laguntzak emateari edo ukatzeari buruzko erabakiak eta horietan
egindako aldaketak Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratu
beharko dira, ekonomia-kontroleko eskumenak dituen sailak ezarriko duen moduan.
Laguntzak edo diru-laguntzak eman direla ez da derrigorrez argitaratu beharko
horiek ematea eta zenbat eman lege mailako arauren batek agintzen baldin badio
administrazioari, edo onuradun askori eragiten bazaio horrekin edo emandako
diru-laguntzak arau bidez zehaztuko den kopuru jakin bat baino txikiagoak
baldin badira. Azken kasu horretan, arauek beste era bateko jardunbideren bat
erabili ahal izatea aurreikusi beharko dute, kasuko ezaugarri bereziak,
zenbatekoa eta kopurua kontuan izanda, laguntza horien onuradunen publizitatea
ziurtatu ahal izateko, kasuan kasuko kudeaketa-unitateetan.
3.- Laguntzak eta diru-laguntzak emateko, kasuan
kasuko arauek esaten dutena hartuko da kontuan. Dena den, jartzen diren
baldintzak betetzen dituzten guztiek askatasunez parte hartzeko aukera dutela
ziurtatu beharko dute arau horiek, eta gainera, berdintasunez parte hartzea ere
erraztu beharko da.
4.- Administrazioak diru-laguntzak emateak fondo
publikoak banatzea dakar, eta jarduera horretan ustezko onuradunek ezagutu egin
beharko dute, aldez aurretik, zeintzuk diren erabiliko diren baremoak,
parametroak eta irizpide objektiboak.
5.- Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi
ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta
daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu,
berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko
indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko
da.
6.- Aurreko lerroaldeetan esaten dena ez da
ezarri beharko Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan izendatuta
ageri diren diru-laguntzen kasuan. Lege honi dagokionez, halakotzat hartuko dira
ondorengo ezaugarriak dituztenak: Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu
orokorretan gehienezko kopurua kontsignatuta izatea, eta onuradunak zehazki
mugatuta egotea, modu bakarrean eta baztertzailean.
7.- Laguntzak edo diru-laguntzak zuzenean ematea
Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna izango da, interesa duen saileko sailburuak
proposamena egin eta gero. Zuzenean emandako diru-laguntza horiekin ez da
beteko aurreko lerroaldeetan xedatutakoa, baina salbuespenetan baino ez dira
emango. Hori horrela izanik, arrazoitutako justifikazio bidez eta txosten baten
bidez, interes publikoko, gizarteko, ekonomiako edo giza arloko zein arrazoi
dauden erakutsi beharko da, eta baita deialdia xedapen orokor baten bidez
egiterik ez dagoela erakutsi ere.
8.- Kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoa amaitzean,
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko sailek eta erakunde
autonomiadunek diru-laguntza jasota aurrera eraman diren programak aztetuko
dituzte, emaitzak zenbatekoak izan diren ikusteko, gizartean zenbateko eragina
izan duten eta zenbateraino diren erabilgarriak jakiteko eta dena delako
programa mantendu edo bertan behera utzi behar den erabakitzeko. Egingo den
ebaluaketa horren berri kontrol ekonomikoaren arloko eskumenak dituen sailari
emango zaio.
9.- Sei hilean behin, Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu gabe eman diren diru-laguntzen berri
emango dio Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontuen
Batzordeari, eta baita atal honetako 7. lerroaldean aurreikusitakoaz bat eman
diren diru-laguntzen berri ere. Era berean, Legebiltzarreko batzorde horretara
bidaliko ditu laguntzak jaso dituzten programei buruz egindako ebaluaketak,
hain zuzen ere aurreko lerroaldean esaten dena betez egindako ebaluaketak.
10.- Diru-laguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo
beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntza
edo laguntzak batuta, edo helburu bera lortzeko diren beste sarrera edo
baliabide batzuk ere batuta (azken hori arauetan hala zehazten baldin bada), ez
da inoiz ere onuradunak aurrera eraman nahi duen jardueraren kostua baino edo
hasieran jarri zen helburuaren kostua baino handiagoa izango.
11.- Diru-laguntza ordaintzeko, aldez aurretik
diru-laguntzarekin lortu nahi zen helburua bete dela erakutsi beharko da.
Aurreko hori hala
izanik ere, diru-laguntzaren ezaugarriak direla eta justifikatzen baldin bada,
konturako ordainketak egin ahal izango dira. Konturako ordainketak egitearen
bidez, zatikako ordainketak egin ahal izango dira, diru-laguntza jaso duten
ekintzek aurrera daramaten erritmoaren arabera ordaintzeko. Aurkezten den
justifikazioan ageri den kopurua ordainduko da zatikako ordainketa horretan.
Salbuespenetan,
kopuru batzuk aurreratuta ordaindu ahal izango dira, hau da, justifikazioa aurkeztu
baino lehen ere ordaindu ahal izango dira, finantziazio hori beharrezkoa baldin
bada diru-laguntzaren helburu diren jarduerak aurrera eramateko.
12.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein
baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen
edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia
bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo
baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal
izango da, beti ere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen
gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira. Egoera horren berri jasota
egon beharko da diru-laguntzei buruzko arauetan.
50. Atala - Diru-laguntza eta laguntza publikoen
onuradunak
1.- Laguntza edo diru-laguntza ematea eragin zuen
jarduera burutuko duen pertsona edo, era berean, ematea bera legitimatzeko
egoeran dagoen pertsona izango da laguntza edo diru-laguntzen onuraduna.
2.- Onuradunak betebehar hauek izango ditu:
a) Jaurduera aurrera
eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Diru-laguntza eman
duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea
eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango
dela.
c) Laguntza
eman duen erakundeak egingo dituen konprobazioen menpe eta Ekonomi Kontroleko
Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko
aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei
dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko
neurrien menpe ere egon beharko du.
d) Beste edozein
administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako
diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri
ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.
e) Laguntza ematerakoan
kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin
baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
3.- Ekonomi kontroleko eskumenak dituen sailak
erabakiko du diru-laguntzak jaso dituzten zein programetan izango den
beharrezkoa zerga arloko eta gizarte segurantzarekiko obligazioak beteta
daudela erakustea onuradunek, laguntza eman eta ordaindu ahal izateko. Era
berean, sail horrek erabakiko du aurrekoa zein agiriren bidez egiaztatuko den.
4.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo
diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko
prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin
beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal
izateko.
51.
Atala - Laguntzak emateko arauak, eskumenak eta jardunbidea
1.- Laguntzak edo diru-laguntzak emateko
arauetan, gutxienez ondoren aipatzen direnak adierazi beharko dira:
a) Laguntza edo
diru-laguntzaren helburua zein den zehatz definitu beharko da.
b) Laguntza edo
diru-laguntza eskuratzeko, onuradunek zein baldintza bete beharko dituzten
zehaztuko da; baita baldintza horiek nola egiaztatu behar diren eta zein eperen
barruan. Kasu guztietan, eskumena duen organoak egiaztatutako premia handiko
egoeretan edo arau-konkurrentzia dagoenetan salbu, eskabideak aurkezteko epea
araua argitaratzen denetik hilabetekoa izango da, gutxienez.
c) Laguntza
edo diru-laguntza esleitzeko eta, hala behar badu, baita neurtzeko ere,
irizpide objektiboak zehaztu beharko dira. Laguntzaren edo diru-laguntzaren
helburua den gaian hizkuntzaren erabilerak zerikusia baldin badu, edo azaroaren
24ko 10/1982 Legearen (Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizkoa) 25, 26
eta 27. ataletan aipatzen diren jarduera-eremuetakoak baldin badira gai horiek,
hizkuntza-gaitasuna kontuan eduki beharko da esleipena egiteko irizpide
objektiboen artean.
d) Laguntza edo diru-laguntzaren
banan-banako zenbatekoa zein den zehaztu beharko da, edo bestela, hori
zehazteko irizpideak zeintzuk diren adierazi. Hala behar badu, laguntza edo
diru-laguntzan gehienez zenbat diru erabiliko den ere adieraziko da.
e) Beste laguntza, diru-laguntza,
diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzeko aukerarik dagoen edo ez adierazi
beharko da. Bestelakorik eskuratzeko aukera egon daitekeela onartzen baldin
bada, gehiegizko finantziazioa saihesteko irizpideak eta mugak jarri beharko
dira nahitaez.
f) Laguntza edo
diru-laguntza kudeatzeko eta eman edo ez erabakitzeko eskumena zein organok
duen esan beharko da. Baita erabakia noiz emango den, eta erabakitakoa jendeari
behar bezala jakinaraziko zaiola bermatzeko zein bide jarraituko den.
g) Eskuratutako laguntza
edo diru-laguntza onuraduna hasieran jarritako helbururako erabiltzen ari dela
noiz eta nola egiaztatu esan beharko da.
h) Konturako ordainketak
eta aldez aurretiko ordainketak egiteko aukera dagoen edo ez, noiz egin behar
diren eta nola egin behar diren zehaztu beharko da; salbuespeneko kasuetan
aldez aurretiko ordainketan egiteko aukera eskaintzen baldin bada, edo
konturako ordainketen kasuan ere bai, onuradunek zein berme jarri beharko duten
ere esan beharko da. Horrekin batera, interes publikoen alde jarri beharreko
gainerako bermeak zeintzuk diren ere zehaztu beharko da.
i) 49. ataleko 12.
lerroaldean esaten denaz bat banatutako diru-laguntzen kasuan, diru-laguntza
horiek aldatu edo berrikusteko aukera egongo da, berariaz aurreikusitako kasuetan.
j) Laguntza edo
diru-laguntza emateko jarri ziren baldintzak ez baldin badira betetzen,
eskuratutako fondoak itzuli egin beharko dira.
k) Laguntzak
zertan erabili diren kontrolatzeko asmotan ari direnean, Ekonomi Kontroleko
Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazio guztia
eman beharko die onuradunak.
l) Beharrezkoa denean,
52. atalean aipatzen diren pertsona juridikoek zer nolako kaudimena eta
eraginkortasuna izan beharko duten zehaztu beharko da.
m) Baldintzak betetzen ez
direnetarako, dirua nola itzuli zehaztuko da; itzultzeko modukoak diren
laguntzen kasuan, itzultzeko jardunbidea finkatuko da, eta baita laguntza hori
erabat edo zati batean kentzeko egoerak ere.
n) Epearen barruan
erabakirik ez hartzeak zer adierazten duen, arauaren aurka zein errekurtso
aurkez daitezkeen (administrazioko edo justiziako organoa zehaztuta),
errekurtsoak aurkezteko zein epe egongo den eta ezartzekoa den araudi
orokorrean eskatzen diren gainerako baldintzak ere zehaztu beharko dira.
2.- Gobernua, sailburuak eta erakunde
autonomiadunen lehendakari eta zuzendariak dira arauak onartu eta bakoitzak
bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.
Laguntza edo diru-laguntzei buruzko arauetan, eskumena duten erakundeek beste
organo batzuen esku utzi ahal izango dute nori eman erabakitzeko eskumena,
egitura organikoa ezartzen duten arauen bidez.
3.- Laguntzak edo diru-laguntzak emateari buruzko
arauak onartzea gobernuaren eginkizuna den kasuetan, emate horrek kasuan kasuko
gastua onartzea ere izango du ondorioen artean.
4.- Laguntzak eta diru-laguntzak emateko
jardunbide orokorra lehiaketa izango da. Lege honetan aipatzen diren
egoeretarako, lehiaketa aipatzean, laguntzak edo diru-laguntzak emateko,
aurkeztutako eskabide guztiak alderatu egingo direla esan nahi da, eskariak
hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik arauetan balorazioa egiteko
ezarritako irizpideak jarraituz. Horrela, irizpideen arabera balorazio handiena
lortu duten eskabideei bakarrik emango zaie laguntza. Kasu horretan, laguntza
emateko proposamena hori erabakitzeko eskumena duen organoari egingo dio kide
anitzeko beste organo batek. Kide anitzeko organo hori nola osatuta egongo den
laguntzaren edo diru-laguntzaren ezaugarriak arautuko dituen arauan egongo da
jasota.
5.- Diru-laguntzaren helburuak eta ezaugarriak
kontuan izanda ez bada erabiltzen lehiaketaren sistema, arauetan berariaz esan
beharko da diru-laguntza eskuratu nahi duen dena delako programarako fondo
publikoak mugatuak izango direla, eta fondo horiek amaitzearen ondorioak
zeintzuk diren ere zehaztu beharko da. Dena den, fondoak amaitzen direnean,
egoera horren berri jendaurrean adierazi beharko da, beste laguntzarik eman ez
dadin.
6.- Dena den, gorago esandakoaren kaltetan izan
gabe eta laguntzaren edo diru-laguntzaren ezaugarriek aukera ematen dutenean,
eskumena duen organoak laguntza edo diru-laguntzendako zegoen gehienezko
zenbateko osoa diru-laguntzen onuradun guztien artean banatzea erabaki ahal
izango du, arauetan aukera hori aurreikusita dagoen kasu guztietan.
7.- Laguntza edo diru-laguntza emateko agirian,
ondorengoak adierazi beharko dira: laguntzaren helburua zein den, zenbatekoa
den laguntza, nola eta zenbat zatitan ordainduko den, gastua egiten ari dela nola
egiaztatuko den, zein xedapenetan oinarrituta eman den laguntza, eta laguntza
edo diru-laguntzari buruzko arauan eta ezartzekoa den araudi orokorrean
aipatzen diren gainerako baldintzak.
8.- Laguntza edo diru-laguntzen onuradunek zein
berme-sistema orokor bete beharko duten finkatuko du gobernuak erregelamendu
bidez. Berme horiek beharbada aldez aurretik egingo diren ordainketei aurre
egiteko edo dena delako laguntza edo diru-laguntzaren helburua ez betetzeko
arriskuari aurre egiteko izango dira. Horrekin batera, erakunde laguntzaileek
(52. atalean aipatzen dira) zein baldintza, errejimen eta betebehar izango
duten eta diru-laguntzak eta laguntzak itzultzeko jardunbide orokorra zein
izango den ere zehaztuko du gobernuak.
52. Atala - Dirulaguntzak
kudeatzeko erakunde laguntzaileak
1.- Laguntzen edo dirulaguntzen arauetan hala
jasotzen bada, erakunde laguntzaile batek kudeatu eta ordaindu ahal izango ditu
laguntza edo dirulaguntza publikoak.
Ondorio
horietarako, honako hauek hartu ahal izango dira erakunde laguntzailetzat:
zuzenbide publikoko erakundeak eta zuzenbide publikoko erakundeek eratutako
fundazioak, bai eta finkatuko diren kaudimen eta eraginkortasun-baldintzak
betetzen dituzten pertsona juridikoak ere.
Dirulaguntzarekin
edo laguntzarekin zerikusia duten ondorio guztietarako, erakunde laguntzaileak
organo emailearen izenean eta kontura jardungo du, eta kudeatuko duen
dirulaguntza edo laguntza ez da erakundearen ondaretzat hartuko. Onuradunak
erakunde emailearekiko dituen betebeharrak, hain zuzen ere, lege honen 50.
atalean jasotakoak, erakunde laguntzailearekiko betebeharrak dira.
2.- Hona hemen erakunde laguntzaileen
betebeharren oinarrizko errejimena:
a) Hala ezarrita
dagoenean, onuradunei ematea jasotako fondoak, beti ere dirulaguntzaren edo
laguntzaren arauetan aurreikusitako irizpideekin bat.
b) Dirulaguntza emateko
funtsezko baldintzak edo beharkizunak bete direla eta eraginkorrak direla
egiaztatzea, hala badagokio.
c) Erakunde
emaileari zuritzea nola banatu diren xede horrekin jasotako fondoak, eta, hala
badagokio, erakunde emaileari eskuratzea onuradunek aurkeztutako frogagiriak.
d) Erakunde emaileak,
Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fondoen
kudeaketari buruz egingo dizkieten egiaztatze-jarduketak onartu beharko
dituzte.
3.- Baldin eta dirulaguntzak eta laguntzak
kudeatzearren beharrezko bada Euskal Autonomia Erkidegoko
erakunde-administrazioko erakundeen lankidetza, administrazio horretako zuzenbide
publikoko erakundeena, edo lurralde historikoetako foru-organoena eta
toki-erakundeena, orduan, lankidetza-errejimena ezarriko da, bai arau
espezifiko modura, bai hitzarmenen bidez. Erakundeek edo organoek, nolanahi
ere, bete beharko dituzte atal honetako 2. lerroaldean erakunde
laguntzaileentzat aurreikusitako betebeharrak.
53. Atala - Dirulaguntza
eta laguntza publikoak itzultzea
1.- Ondoren zehazten diren kasuetan, ezin izango
da laguntzaren edo dirulaguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait
ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak
itzularaztea, eta, bestetik, laguntza edo dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera
sortuko ziren legezko korrituak galdatzea. Hona hemen kasuok:
a) Gastuak zuritzeko
beharkizuna ez betetzea.
b) Laguntza edo
dirulaguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak izan gabe.
c) Laguntzak
edo dirulaguntzak emate-erabakian zuen helburua ez betetzea.
d) Laguntzaren edo
dirulaguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.
e) Lege honetan
ezarritako kontrol-jarduketak oztopatzea edo uko egitea.
f) Laguntza edo
dirulaguntza bakoitzaren arau espezifikoetan aurreikusitako gainerako kasuak.
2.- Lege honen 49. ataleko 12. lerroaldean
jasotzen den kasuan, halaber, bidezko izango da diruz lagundutako
jarduera-kostuaren gainetik lortutako gaindikina itzularaztea.
3.- Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide
publikoko dirusarreratzat hartuko dira, eta ezarriko zaien
erantzukizun-errejimena lege honetako 64. atalean jasotakoa da.
4.- Erakunde emaileari
dagokio itzulketa-jardunbidea ebaztea, hasierako erabakia ezeztatzea eta, hala
badagokio, jasotako zenbatekoaren itzulketa galdatzea. Dena dela, dirulaguntzak
edo laguntzak itzultzeko jardunbide orokorrean, alegia, 51. ataleko 8. lerroaldean
jasotzen den horretan, aukera egongo da erakunde emailea ez den beste erakunde
batek itzultze-espedientea hasi eta izapidatzeko; espedientea ebaztea, berriz,
erakunde emaileari dagokio beti.
5.- Ikuskatze edo kontrol-lanetan antzematen bada
laguntza edo dirulaguntza ez dela zuzen lortu eta erabili, edo jasotako
laguntza edo dirulaguntzaren helburua ez dela aurkeztutakoa, orduantxe,
ikuskatze-lanok egiteko ardura dutenek atxiki ahal izango dituzte fakturak,
agiri baliokideak nahiz ordezkoak eta eragiketa susmagarriei buruzko beste
edozein agiri.
VII IDAZPURUA
BABESA
BERMEAK
54. Atala - Eskubideak
egikaritu ezina
1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideak,
baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarenak edo haren erakunde
autonomiadunenak badira, ezin izango dira egikaritu edo bahitu, ez
administrazio bidez, ez jurisdikzio bidez.
2.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren gainerako
eskubideek aurreko epigrafean xedatutakoa izango dute arau, beti ere legeren
batek hala ezarri badu.
55. Atala - Egintzak eta
kontratuak desegitea
1.- Euskadiko Ogasun Nagusia kaltetzen duten
egintzak eta kontratuak desegingarriak dira.
2.- Aurreko lerroaldean xedatutakoa ezarrita ere,
bidezkoak diren bestelako egintzak edo errekurtsoak ere ezar daitezke.
56. Atala -
Lehentasun-eskubidea
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak
eta bere erakunde autonomiadunek, beren eskubideen eraginkortasunari
dagokionez, izango duten lehentasun-eskubidea, eta ordenamendu juridikoak
Estatuko administraziorako eta beren erakunde autonomiadunetarako ezarritakoa
berbera izango da, non eta ez duten azken erakunde hauekin batera jarduten;
azken honetan, kasuan kasuko arau espezifikoak ezarriko dira.
2.- Lurralde historikoen jabetza diren
tributu-kredituek, hain zuzen ere, itunpeko zergei dagozkienek, lehentasuna
izango dute Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta bere erakunde
autonomiadunen eskubideekiko.
57. Atala - Eskubideak
aseguratzea
1.- Zordunaren ekonomi edo finantza-egoera
larriaren ondorioz, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak edo
bere erakunde autonomiadunek Ogasun Nagusian dituzten eskubideak galdu, urritu,
demeritatu edo eraginkorra ez izateko arriskua gertatzeko pisuzko zantzuak
badaude, erakunde horiek, eskubideon edukia eta eraginkortasuna bermatzeko,
zordunaren ondasun eta eskubideekiko berme-eskubide errealak eratu ahal izango
dituzte, edo eta zordunari ezarri bestelako ekonomi bermeak emateko beharra.
2.- Administrazio-jardunbidearen arabera hartuko
eta betearaziko dira aipatutako neurriak. Jardunbideak bi aldi izango ditu:
a) Behin-behineko
aseguratze-aldia.
b) Behin betiko
aseguratze-aldia.
3.- Behin-behineko aseguratze-aldian, 1.
lerroaldean zehaztutako erakundeek honako ekintza hauek egingo dituzte:
a) Jardunbidera
sartuko dituzte, batetik, arrisku-zantzuak era ditzaketen egitate eta
zuzenbide-osagaiak, eta, bestetik, hala badagokio, hartutako
egiaztatze-neurriak.
b) Hala
dagokionean, dauden arrisku-zantzuei egokituriko neurriak hartu beharko dituzte
behin-behinekotasunez.
c) Hartutako
neurriak betearazi beharko dituzte; neurrion barruan sartuko da, hala
dagokionean, berme-eskubideen inskripzioa kasuan kasuko erregistroetan.
4.- Behin betiko aseguratze-aldian, 1.
lerroaldean zehaztutako erakundeek honako ekintza hauek egingo dituzte:
a) Hartutako
behin-behineko neurriak jakinarazi beharko dizkiote zordunari.
b) Administrazio-jardunbidearen
arauei jarraiki bidezkoak diren probak egin beharko dituzte.
c) Zordunari entzun behar diote.
d) Txosten
juridikoa egin behar dute.
e) Hala
dagokionean, dauden arrisku-zantzuei egokituriko neurriak hartu beharko dituzte
behin betikotasunez; behin betikotasunez hartutako neurri horiek eta aurretik hartutako
behin-behinekoak berdinak edo ezberdinak izan daitezke.
5.- Nolanahi ere, behin-behineko neurriak hartzen
direnetik bi hileko epean indarrik gabe geratuko dira, eta, gainera, ez da
horri buruzko inolako aitorpenik egin beharko.
6.- Behin betiko neurriak hartzean zehazten den
epean zehar izango dute eraginkortsuna neurriek. Nolanahi
ere, epearen iraupena mugatua izango da: gehienez ere eskubideen edukia eta
eraginkortasuna bermatzeko behar den bestekoa.
7.- Aurreko lerroaldean xedatutakoa ezarrita ere,
bestelako aseguratze-neurriak ere har daitezke, beti ere neurriok ordenamendu
juridikoan aurreikusita badaude.
58. Atala - Eskubideak
erabili edo zaintzeagatiko fidantzak eta aseguruak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan
diharduten langileek, eta pertsona fisiko nahiz juridiko publiko nahiz
pribatuek, baldin eta erkidegoaren eskubide publikoak erabili edo zaintzen
badituzte, fidantza ipini beharko dute erregelamendu bidez zehaztuko den kasu,
zenbateko eta moduan.
2.- Autonomia Erkidegoak aseguru-kontratuak egin
ahal izango ditu bere erakundeenak diren eskubide publiko nahiz pribatuak inoiz
galdu edo lapurtzeko arriskuaz babesteko.
II ATALBURUA
ERANTZUKIZUNAK
59. Atala - Eragindako
kalte eta galeren ordainak
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
publikoan diharduten agintariek, funtzionarioek eta gainerako langileek
dagozkien kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, baldin eta Euskadiko Ogasun
Nagusiaren araudien aurka dagoen egintzaren bat edo ez-egiteren bat
burutzeagatik kalteak edo galerak eragiten badizkiote ogasunari, eta tartean
doloa, errua edo axolagabekeria larria izan bada.
2.- Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren
fondoetatik datorren edozein dirulaguntzaren edo laguntzaren titularrak diren pertsona
fisikoek edo juridiko partikularrek, edo zeinnahi arrazoi dela-eta fondo
publikoak zaindu, kudeatu edo administratzen dituztenek kalte-ordainak ordaindu
beharko dituzte, baldin eta Euskadiko Ogasun Nagusiarekiko beren harremanak
ezartzen dituzten arauen aurkako egintzaren bat edo ez-egiteren bat
burutzeagatik kalteak edo galerak eragiten badizkiote ogasunari, eta tartean
doloa, errua edo axolagabekeria larria izan bada.
3.- Barneko ekonomi kontroleko eginkizunak
dituztenek, diruzainek eta ordainketak agintzeko ardura dutenek kalte-ordainak
ordaintzeko beharra dute, baina kasu honetan bakarrik: Euskadiko Ogasun
Nagusiari kalteak eta galerak eragiten dizkioten egintzak edo xedapenak
bidezkoak edo legezkoak diren aztertzeko espedientean, doloa, errua edo
axolagabekeria larria erabiliz, zaindu egin ez badute beren jarduna.
4.- Kalte-ordainak ordaintzeko behar hori,
alegia, aurreko lerroaldeetakoa, ezarrita ere, bestelako erantzukizunak ere
eska dakizkieke, besteak beste, diziplina-erantzukizunak edo erantzukizun
penalak, edo eta bidezkoak diren zigorrak ezarri ere.
5.- Erantzule bat baino gehiago dauden kasuetan,
erantzukizuna mankomunatua izango da, dolorik ez badago; doloa egonez gero,
berriz, solidarioa izango da.
60. Atala - Portaeren
sailkapena
Ondoko egintzak edo
ez-egiteak direla-eta, kalte-ordainak ordaindu beharko zaizkio Euskadiko Ogasun
Nagusiari. Hona egintzok eta ez-egiteok:
a) Euskadiko Ogasun
Nagusiaren fondoetan zorpekoak egitea edo fondoak bidegabe erabiltzea.
b) Ekonomi eskubideak
kudeatzeko, kitatzeko, ikuskatzeko, biltzeko eta Euskadiko Diruzaintza Nagusian
sartzeko arauak bete gabe, administratzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren ekonomi
eskubideak.
c) Krediturik gabe edo
nahikoa krediturik gabe edo aurrekontu-diziplinako indarreko arauak hautsiz,
gastuak baimentzea, konprometitzea, eta ordainketak agintzea.
d) Obligazioak kitatzean
edo agindutako eginkizunen araberako agiriak egitean, behar ez diren
ordainketak egitea.
e) Arauek behartutako
kontu-errendapena ez egitea, edo berandu egitea, edo akats larriekin egitea.
f) Jasotako fondoak
zertan gastatu diren ez zuritzea, batez ere Euskadiko Aurrekontu Errejimenari
buruzko legeriak aipatzen dituen behin-behineko igorpenen arabera jasotako
fondoak direnean.
g) Euskadiko Ogasun Nagusiko
administrazioa eta kontabilitatea arautzen dituzten xedapenak betetzen ez
dituen edozein egintza edo ez-egite.
61.
Atala - Administrazio-espedientea
Arlo
honetako ekonomi kontroleko kanpo-organo edo organoen eskumenen kalterik gabe,
60. ataleko b)-tik g)-ra bitarteko idatz-zatietatik ondorioztatzen den
erantzukizuna administrazio-espedientearen bidez ezarriko da; espedientearen
izapidegilea Ekonomi Kontrolerako Bulegoa izango da. Baldin eta ustezko
erantzuleak agintari-izaera badu, Jaurlaritza bera izango da espedientea
abiarazi eta ebatziko duena; gainerako kasuetan, berriz, ogasun eta
finantzetako eskumenak dituen sailburuak egingo du.
Interesdunak
entzundakoan, izapidatutako espedientea amaitutzat jotzen duen ebazpenak behar
den erabakia agertuko du Euskadiko Ogasun Nagusiari eragindako kalte eta
galerei buruz. Erantzuleei, halaber, ezarriko die zenbateko kalte-ordainak eta
nolako epeetan ordaindu behar dizkioten Ogasun Nagusiari, beti ere
erregelamendu bidez ezarriko den jardunbidearen arabera.
III ATALBURUA
LAGUNTZA ETA DIRULAGUNTZA PUBLIKOEN ARLOKO ARAU-HAUSTEAK ETA
ZIGORRAK. ERREJIMENA
62. Atala - Arau-hausteen
errejimena
1.- Ondoko zerrendako portaerak, edozein
erru-mota izanik ere, laguntza eta dirulaguntza publikoen arloko arau-hausteak
dira. Hona portaerok:
1.1.- Onuradunei
dagokienez.
a) Laguntza emateko
eskatzen diren baldintzak gezurtatuz nahiz ematea galaraziko edo mugatuko zuten
baldintzak izkutatuz, laguntza edo dirulaguntza lortzea.
b) Jasotako zenbatekoak edo
ondasunak, guztiz edo zatiz, ez erabiltzea laguntza edo dirulaguntzak
emate-erabakian zuen helbururako, beti ere aurretiazko errekerimendurik izan
gabe itzuli ez bada.
c) Laguntza edo
dirulaguntza ematearen ondorioz onuradunak bete beharko lituzkeen beharkizunak
ez betetzea, beti ere onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak izan badira.
d) Organo emaileak,
erakunde laguntzaileak (hala badagokio), eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak egin
beharreko egiaztatze eta kontrol-jarduketak ukatu edo oztopatzea.
e) Organo emaileari edo,
hala badagokio, erakunde laguntzaileari ez jakinaraztea helburu berbererako
laguntzak, dirulaguntzak, dirusarrerak edo baliabideak lortu izana, edozein
dela ere administrazio edo erakunde (publikoa edo pribatua) emailea; halaber,
ez jakinaraztea dirulaguntza emateko funtsezkoa izan den edozein inguruabarren
aldaketa.
f) Jasotako fondoak edo
ondasunak zertan erabili diren ez zuritzea.
g) Organo emaileari edo,
hala badagokio, erakunde laguntzaileari ez frogatzea laguntza edo dirulaguntza
emateko erabakian ezarritako betebeharrak bete direla.
1.2.- Erakunde
laguntzaileei dagokienez:
a) Nahiz eta ezarrita
egon, laguntzako edo dirulaguntzako arauetan edo, hala badagokio, 52. ataleko
garapen-arauetan aurreikusitako irizpideak aintzat hartu gabe, onuradunei
ordaintzea jasotako fondoak.
b) Organo emaileak jaso
diren fondoen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztatze-jarduketak, eta
Ekonomi Kontrolerako Bulegoak egin beharreko kontrol-lanak ukatu edo
oztopatzea.
c) Laguntzaren edo
dirulaguntzaren onartze-erabakian funtsezkoak diren baldintzak bete direla eta
eraginkorrak direla ez frogatzea.
d) Organo emaileari ez
zuritzea jasotako fondoen erabilera, edo onuradunek aurkeztutako
zuritze-agiriak ez entregatzea.
2.- Atalburu honetan jasotako administraziozko
arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.
2.1.- Honako hauek
arau-hauste oso larritzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1
lerroaldeko a), b) eta c) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen
kasuan, berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko a) letran aurreikusitakoa.
2.2.- Honako hauek
arau-hauste larritzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1
lerroaldeko d) eta e) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen kasuan,
berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko b) eta c) letretan aurreikusitakoa.
2.3.- Honako hauek
arau-hauste arintzat joko dira: onuradunen kasuan, atal honetako 1.1
lerroaldeko f) eta g) letretan azaldutakoak; erakunde laguntzailearen kasuan,
berriz, aurreko 1.2 lerroaldeko d) letran aurreikusitakoa.
3.- Arau-hauste oso larriek bost urteren buruan
preskribituko dute, larriek hiruren buruan eta arinek urtebetearenean.
Arau-haustea egin den egunean berean hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.
63. Atala - Zigorrak
1.- Administraziozko arau-hausteek honako eskala
hau izango dute zigorbide:
1.1.- Arau-hauste oso
larriak:
a) Behar ez bezala
lortutako zenbatekoaren bi halakotik hiru halakora bitarteko isuna; erakunde
laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekoaren bi halakotik hiru
halakora bitarteko isuna.
b) Onuradun zein erakunde
laguntzailearen kasuan, hiru urtetik bost urtera bitarteko epean zehar, Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak
lortzeko eskubidea galtzea, edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea
galtzea.
c) Hiru urtetik bost
urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio
publikoarekin kontratuak egiteko debekua.
1.2.- Arau-hauste
larriak:
a) Behar ez bezala
lortutako zenbatekoaren adinakotik bi halakora bitarteko isuna; erakunde
laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekoaren adinakotik bi halakora
bitarteko isuna.
b) Onuradun zein erakunde
laguntzailearen kasuan, urtebetetik hiru urtera bitarteko epean zehar, Euskal
Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak
lortzeko eskubidea galtzea, edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea
galtzea.
c) Urtebetetik hiru
urtera bitarteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekin
kontratuak egiteko debekua.
1.3.- Arau-hauste arinak:
a) Behar ez bezala
lortutako zenbatekorainoko isuna, edo zuritu gabeko zenbatekorainokoa; erakunde
laguntzailearen kasuan, jasotako fondoen zenbatekorainoko isuna.
b) Onuradun zein erakunde
laguntzailearen kasuan, urtebeteko epean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko
administrazio publikoko laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko eskubidea galtzea,
edo erakunde laguntzaile izendatzeko eskubidea galtzea.
c) Urtebeteko epean
zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoarekin edo bere
erakundeekin kontratuak egiteko debekua.
2.- Atalburu honetan aurreikusitako
administraziozko arau-hausteengatiko zigorrak mailakatzeko, kontuan hartuko da
ba ote den aurretiazko asmorik, parte hartzerik izan ote den, zein izan den
lortutako irabazia, zein nolako garrantzia duen gizartearentzat, nolako kalteak
eragin dituen eta berriro erori ote den.
3.- Aurreko lerroaldean aipatzen diren zigorrak
ezarri arren, arau-hausleak lege honetako 53. atalean jasotzen den
itzuli-beharra du. Arau-hausleak, halaber, kalte-galerengatik eska dakizkiokeen
kalte-ordainak ordaindu beharko ditu, eta hala badagokio, erantzukizun penala
bere gain hartu.
4.- Arau-hauste oso larriak direla-eta ezarritako
zigorrek bost urteko epean preskribituko dute; arau-hauste larriak direla-eta
ezarritakoek hiru urteko epean; eta arau-hauste arinak direla-eta urtebetera.
Zigorra ezartzen duen erabakiak behin betiko indarra hartu eta biharamunean
hasiko da zenbatzen preskripzio-epea.
5.- Zigorrak ezartzen dituzten behin betiko
erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
64. Atala -
Erantzukizunen errejimena
1.- Atalburu honetako portaerak erakusten
dituzten onuradunek edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileek dagokien zenbatekoa
itzuli beharko dute, eta atalburu honetan jasotako arau-hausteen erantzuleak
izango dira.
2.- Urratutako beharkizunak betetzeko beharrezko
egintzak egiten ez dituzten administratzaileek, alegia, pertsona juridikoenek
(beren eginkizunei badagokie), era subsidiarioan, dagokien zenbatekoa itzuli
beharko dute. Kasu berean egongo dira, halaber, beharkizunak ez betetzea
ahalbidetzen duten akordioak hartzen dituzten administratzaileak, edo beren
menpekoen horrelako akordioak onartzen dituzten administratzaileak.
3.- Lege honen eraginez pertsona juridikoei
ezarritako zigorrak direla medio, erantzukizuna eskatuko zaie pertsona juridiko
horien administratzaileei, beti ere zigortzeko ahalmenari buruz unean-unean
indarrean egongo den legeria orokorreko kasu eta moduetan.
4.- Halaber, deuseztutako pertsona juridikoek
dituzten itzuli-beharren eta betegabeko zigorren erantzukizuna galdatuko da,
baina beti zuzenbide publiko edo pribatuari buruzko araudi ezargarriarekin bat.
5.- Desegindako eta kitatutako baltzu edo
erakundeak direnean, bazkideei edo kapitaleko partaideei eskualdatuko zaizkie
bete ez diren itzuli-beharrak eta zigorrak. Bazkideek edo partaideek
solidarioki erantzungo dute, noraino-eta esleitu zaien kitapen-kuotaren
balioaren mugaraino.
65. Atala -
Zigor-ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak
1.- Arau-hauste arin eta larriak direnean,
laguntza edo dirulaguntza eman duen saileko titularrak (sailburuak) edo organo
emaileari dagokion sailekoak eskumena izango du zigor-jardunbidea ebazteko.
Jaurlaritzaren Kontseiluari, berriz, beste hauek dagozkio, alegia, arau-hauste
oso larriak ebaztea, bai eta edozein arau-hauste eginez eman diren
dirulaguntzei buruzko erabakia hartzea ere.
2.- Zigorrak ezarri ahal izateko, beharrezkoa da
administrazio-espedientea irekitzea. Espedientean, nolanahi ere, dagokion
akordioa hartu aurretik, entzun egin beharko zaio interesatuari. Espedientea
izapidatzeko, zigor-jardunbidearen legedi orokorraren arabera egin beharko da.
3.- Organo emaileak edo erakunde laguntzaileak
egindako ikerketen ondorioz, edo Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri
Kontuen Euskal Epaitegiak egindako kontrol-jarduketak direla-eta,
administrazioak, bere kabuz, espedientea hasi ahal izango du.
4.- Zigorrak ezartzen dituzten akordioen aurka
administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, edo eta,
administrazio-bideko errekurtsoa, beti ere dagozkien arauekin bat.
5.- Herri-ogasunaren aurkako delitutzat jotzen
diren kasuetan, hau da, Kode Penalaren II. liburukiko XIV. idazpuruan jasotakoetan,
administrazioak dagokion jurisdikziora pasatuko du errua duen jardunbidearen
zatia, eta administraziozko zigor-jardunbidea etetea erabakiko du, harik eta
epaileek behin betiko ebazpena eman arte. Baldin eta sujetu bati
administrazio-zigorra ezartzeko erabili diren egitateak edo arrazoiak eta
epaileen zigor-jardunbideak aintzat hartutakoak berberak badira, agintaritza
judizialaren zigorrak indargetu egingo du administrazio-zigorra.
Deliturik ez dela
izan irizten bada, administrazioak aurrera jarraituko du
zigor-espedientearekin, beti ere epaileek frogatutzat jo dituzten egitateak
zigortzeko.
6.- Lege honek aurreikusten ez dituen kasuetan,
zigortzeko ahalmenari buruz unean-unean indarrean egongo den legeria orokorra
ezarriko da.