1/1996 Legea, apirilaren 3koa, Larrialdiak Kudeatzekoa.
1996-04-03Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1996/4/22, 77. zk.; EAO, 2012/1/20, 17. zk.
§ 176. 1/1996 LEGEA,
APIRILAREN 3KOA, LARRIALDIAK KUDEATZEKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
I
Euskal
Autonomi Elkarteko Estatutuaren 17. atalak Euskal Elkarte osorako erakundeen
esku uzten du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babestea eta ordena
publikoa gordetzea. Agindu horrekin batera, herri-aginteek oinarrizko
eskubideak betearazteko derrigortasuna daukate, eta horien artean garrantzitsua
da lehen mailako eskubidea, hau da, bizitzarako eta osotasun fisikorako
eskubidea. Beraz, bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jartzen dituzten
oztopoak kendu egin behar dituzte. Ondasun juridikoentzako arriskurik
nabarmenenetakoak naturaren edo gizadiaren eraginez sortzen diren gertaeren
ondorio izaten dira, hots, hondamendien, lazerien edo bestelako istripu larrien
ondorio.
Euskal
Autonomi Elkartearen geografi kokapenak ez du hondamendirako arrisku handirik,
baina, hala ere, 1983. urtean uholde-euriteak eragindako aparteko hondamendia
jasateko zoritxarra izan zuen. Hainbat bizitzaren galerak eta ekonomi mailako
galera handiak elkarri zituen zoritxar horrek elkartasuna eragin zuen
jendearengan eta erakundeetan; horrelako gertakizunetarako babestu beharra eta
ahal den neurrian aurrea hartu beharra dagoela ikustarazi zuen. Horren
ondorioz, martxoaren 8ko 34/1983 Dekretuaren bidez sortutako
ihardun-antolakidetegiak ihardunean hasi ziren eta babes zibilerako
politika bereziaren garapenari ekin zitzaion. Lege honen xedea
babes zibila sendotzea da.
Euskal Autonomi Elkartean larrialdietarako
kudeaketa-sistema osotua eta bateragarria etengabe erabilgai egon dadin
bermatzea da lege honen xedea eta asmoa. Sistema hori egokia izango da babes
zibileko larrialdietarako, hala nola hondamendietarako edo lazerietarako, eta
baita larrialdi txikietarako ere, gizartea aztoratu ez arren eta oinarrizko
zerbitzuek gainezka egin ez arren, pertsonen bizitza edo osotasuna arriskuan
dagoelako arreta koordinatua eta eraginkorra behar duten larrialdietarako
alegia. Arauei dagokienez berritzailea da planteamendu hori, baina, bestalde,
gure autonomi elkarteak historian zehar izan duen esperientzia sendotzen du,
hondamendi-egoerak izanez gero eguneroko taldeko lanean trebatuak dauden
zerbitzuek bat egiten laguntzen du eta hondamendien jatorriari berari
erantzuten dio (istripu-egoera moztuz gero hondamendia ekidin daiteke);
bestalde, gero eta nabarmenagoa den segurtasun-eskaerari erantzuten dio.
Horretarako, Euskal Autonomi Elkarteko
herri-aginteek gertaera horiei antolatuta aurre egiteko bideak ezartzen dira
lege honetan. Elkarren artean lotuta dauden hiru ezaugarri arautzen ditu: a)
Euskal Herriko babes zibilaren antolamendu orokorra; b) larrialdi txikietan
erakundeek eta larrialdi horietarako arduradunek eman beharreko erantzuna eta
iharduera eraginkorra bideratuko duten hatsapenak, eskuarteak eta prozedurak,
eta c) sute- eta salbamendu-zerbitzuetako langileek izango duten
estatutu-errejimena, larrialdiei arreta eskaintzeko zereginetan aritzen diren
herri-zerbitzuak direnez. Horiek dira legearen barne-egitura osatzen duten
ezaugarriak.
Larrialdiei aurre egiteko sistema osotua
lortzeko, iharduerarako helburu, irizpide eta hatsapen bateratuak ezarri behar
dira eta sistema orokortu egin behar da. "Ex novo" zerbitzu
espezializatuak sortzea ekidin eta dagoeneko egon badauden zerbitzuetatik
abiatu behar da; hala ere, gaitasunak eta eskurantzek eta elkarren artean
aritzeko baliabideek anitzak izan behar dute nahitaez, hondamendia, lazeria edo
horietarako arrisku larria nahiz larrialdi arinagoa izan. Horrexegatik dago
banatuta atalburu ezberdinetan bakoitzari dagokion araubidea.
II
Legearen II. atalburuak Euskal Autonomi
Elkarteko babes zibilaren antolaketa arautzen du. Edozerk sortutako erasoak edo
naturako edo aparteko elementuek bake garaian pertsonei edo ondasunei eragindako
kalteak ekiditera, murriztera edo zuzentzera bideratuta dauden ekintzek osatzen
dute babes zibila, Konstituzio Auzitegiak eta Estatuko legeriak ezarritako
zentzu zorrotzean; baina, beti ere, ondorioen hedadura eta larritasuna lazeria
publiko izatera heltzen denean. Gaur egungo postulatuek aldez aurreko
plangintzan oinarritzen dute babes zibila.
Espainiako Estatuan Konstituzioaren 30.4
ataleko aipamenarekin eta Babes Zibilari buruzko urtarrilaren 21eko 2/1985
Legearen eta lege hori garatu zuen Babes Zibilari buruzko 1992ko Oinarrizko
Arauaren onarpenarekin hasi zen babes zibilaren historia, zentzu modernoan
ulertuta.
Konstituzio Auzitegiko abenduaren 18ko
123/1984 eta uztailaren 19ko 133/1990 epaiek diotenez, babes zibila Estatuaren
eta autonomi elkarteen arteko aginpidea da, larrialdi zehatzetan autonomiaz
gaindiko beharrak dauden edo ez kontuan hartuta. Auzitegiak berak hiru kasu
zehazten ditu: a) alarma-, salbuespen- edo setio-egoeren arautzea tartean
denean; b) larrialdia autonomiaz gaindikoa izanik, autonomiakoak ez diren
elementuen koordinazioa beharrezkoa denean, eta c) larrialdiaren zabalerak
Estatu-mailako zuzendaritza eskatzen duenean. Estatuko legeriak ezarriak ditu
babes zibilaren sistemarako ezaugarri baterakoiak. Horrela, sistemaren osotasuna
bermatzen du babes zibileko planen homologazioaren bidez eta oinarrizko
arauaren eta plan bereziak lantzeko gidabideen arabera; halaber, hondamendiak
edo lazeriak gertatzean herritarrek egin beharrekoak ezartzen ditu. Oinarri
horien barruan, Euskal Autonomi Elkarteari dagokio bertako babes zibila
antolatzea, Konstituzio Auzitegiak aitortzen duenez eta eman zaizkion
aginpideen indarrez. Eman zaizkion aginpideen artean daude pertsonak eta
ondasunak babestea, polizia, jendearentzako ikuskizunak, ingurugiroa babestea,
osasuna, nekazaritza eta mendiak, errepideak, lurraldearen antolamendua, itsas
salbamendurako Estatuko legeria gauzatzea eta abar.
II. atalburuak Autonomi Elkarteko
erakundeen arteko antolaketa eta erakunde bakoitzaren aginpidea zehazten ditu;
beti ere, Estatuaren aginpideak errespetatuz eta autonomiaz gaindikotzat
aitortzen diren kasuetarako babes zibilerako Estatuko sistemarekin bat etorriz
eta, horrekin batera, foru- eta udal-aginpideak ere errespetatuz. Erakundeen
arteko kide anitzeko organoa aurrikusten da, halaber, babes zibileko planak,
txostenak eta proposamenak homologatzeko. Autonomi Elkarteko maila guztietako
erakundeek izango dute ordezkaritza kide anitzeko organo horretan. Babes
zibilari dagozkion aurreneurriak, herritarrei beren buruak babesteko dagozkien
betebeharrak, zenbait iharduera edo saltokitan ari direnei bereziki, eta
herritarrek arriskuez informazioa jasotzeko duten eskubidea azaltzen dira,
besteak beste. Autonomi Elkartean garatu beharreko babes zibileko plana
adierazten da, halaber, Babes Zibilerako Euskadiko Planaren ezaugarriak zehazki
esanda; planak ezartzeko eta baliabide mugigarriak erabiltzeko irizpideak
jasotzen dira; bereziki larriak diren kasuetan larrialdiaren zuzendaritza
Lehendakariak hartzea eta hondamendiko larrialdi-egoera aitortzea arautzen da,
horrek dakartzan eragin juridikoekin, eta konponketa-lanak ere arautzen dira.
III
Legearen III. atalburuak lazeriak ez diren
larrialdien kudeaketaz dihardu. Iharduerarako eta erakundeen arteko
harremanetarako lehenengo atalburuan adierazi diren hatsapenak bete beharko
ditu kudeaketa horrek, autonomiari eta administrazio bakoitzari zor zaion
errespetuarekin; larrialdiak koordinatzeko guneak larrialdietako deiak
jasotzeko gune gisa aurrikusten dira, batetik, Europako Batasuneko arauen azken
joerak bide horretatik baitoaz, eta, bestetik, larrialdiaren jarraipena egiteko
eta parte hartzen duten elementuen arteko koordinazio eraginkorra egiteko
tresna gisa. Horrela, lege honetan zehazten diren oinarrizko irizpideen arabera
landutako eta ezarritako jokabide-protokoloen eta eragiketetako taktiken bidez
egindako planifikazioa gauzatuko da.
Estatutuaren 17. atalak ematen du alderdi
hori legez arautzeko gaitasuna. Berritzailea da, Espainiako Estatuan ez baitago
antzekorik, eta arau-hutsune bat betetzen du; hala ere, Euskal Autonomi
Elkarteak baditu ihardun-antolakidetegiak, "sos-deiak" gisa
ezagunagoak, sorrera eman zien 33/1983 Dekretua onartu zenetik. Horrenbestez,
legezko testu honek horien izatea eta zereginak sendotu nahi ditu, larrialdiak
kudeatzeko sistema egituratzen duten hatsapenekin bat eginda.
IV
Legearen IV. atalburuak sute- eta
salbamendu-zerbitzuak arautzen ditu, eta baita zerbitzu horietako kideen
estatutu-errejimenaren berezitasunak ere; Euskal Autonomi Elkarteak badu
horretarako gaitasuna Estatuko oinarrizko legeriari dagokionez,
toki-araubiderako eta funtzionarioen estatutu-errejimenerako aginpideen
indarrez. Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira
Lurraldeetako Foruzko Ihardutze Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren
25eko 27/1983 Legeak, bestalde, lurralde historikoei aitortzen die guztientzako
erakundeek sortu duten suteen aurkako legeria gauzatzeko aginpidea.
Legezko araubidearen oinarrizko
ezaugarriak dira Euskal Autonomi Elkarteko lurralde osoan zerbitzu horien
arrazoizko hedapena bermatzea eta zerbitzu horiek eskaintza osoa eta egokia
izatea gutxieneko maila batean. Hogei mila biztanletik gorako udalerrien
kasuan, udalari berari emango zaio zerbitzu horren ardura, toki-araubideari buruzko
oinarrizko legeriaren indarrez. Hala ere, hedapen hori foru-aldundiek bermatuko
dute, bestek ezean, eta berme hori gauzatu ahal izateko formula alternatiboak
egin ahal izango dira. Guztientzako erakundeen esku uzten dira hainbat
eskurantza, zerbitzuaren osotasuna eta homogeneotasuna bideratu ahal izateko,
jabea edozein izanda ere. Azkenik, zerbitzu horien zereginak pertsonek
gauzatzen dituztenez, inprobisazioa eta nahasmena onartzen ez dituzten
lanetarako hierarkia ezinbestekoa denez, prestakuntza berezia behar dutenez eta
etengabeko arriskuan daudenez, zerbitzu horren estatutu-errejimenaren xehetasun
batzuk arautzen dira, hala nola, sartzeko eta barne-igoerarako arauak, bigarren
iharduera eta disziplinazko araua. Gainerantzean Euskal Autonomi Elkarteko
herri-administrazioetako funtzionario guztientzako legeria bete beharko da.
V
V. atalburuak babes zibileko boluntarioen
iharduera arautzen du Euskal Autonomi Elkartean, garrantzitsua baita herritarrek
borondatez parte hartzea eta lege honetako xedeetara lotzea, eta parte-hartze
hori lagundu eta sustatu egin behar baita. Baina horrek ez dizkio sistemari
ondorio txarrak ekarri behar; borondatea izan baina antolatu gabe egoteagatik
egindako trakeskeriek eta koordinazio faltak sistemaren bihurdura ekar dezakete
eta hori ez da bidezkoa. Hori dela eta, boluntario-taldeek larrialdien
kudeaketarako euskal sisteman sartzeko eta xede horren sustapenerako
neurrietara iristeko bete behar dituzten oinarrizko baldintzak biltzen ditu.
Legeari amaiera emateko, sistematikoak ez
diren hainbat xedapen jasotzen dira. Horien artean nabarmentzekoa da itsas
salbamendurako planari buruzkoa, arlo espezifikoa izanik, trataera berezia
behar baitu; gainera, gizarte-mailako kontzientziazio berezi bati erantzuten
dio.
I
ATALBURUA
XEDAPEN
OROKORRAK
1.
Atala
1.- Lege
honen xedea Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen iharduera
antolatzea da, pertsonen bizitzaren osotasuna, pertsonen ondasunak eta guztion
ondasunak babesteko, hain zuzen, arrisku larriko, hondamendiko edo lazeriako
egoeren ondorioz edo istripu edo antzekoen ondorioz sor daitezkeen
larrialdi-egoeren kalteetatik.
2.- Aurreko
lerroaldiko xedeak bete ahal izateko, Euskal Autonomi Elkarteko herri- administrazioak,
bakoitzak berari dagokion aginpideen barruan, honako ekintza hauek garatzen
saiatuko dira:
a) Pertsona
eta ondasunen eta guztion ondasunen segurtasunerako arrikutsuak izan daitezkeen
egoerak aztertzea eta ebaluatzea.
b) Zona
arriskutsuei antzematea, horietako mapak lantzea eta zaurgarritasuna
ebaluatzea.
c) Gerta
daitezkeen arriskuen ondorioz sortuko liratekeen kalteak ekiditera edo
murriztera bideratutako aurreneurriak eta norbera babesteko neurriak hartzea,
bai eta jendea arrisku horietaz informatu eta kontzientziatzeko neurriak
hartzea ere.
d) Gertatutako
edo aurrikusitako ezbeharren aurrean erantzuna prestatzea, babesteko eta
sorospena emateko ekintza koordinatuak egitarautu ahal izateko larrialdi-planen
eta eragiketa-taktiken bitartez.
e) Alerta-
eta igorpen-sistemak sustatzea, sortzea, edukitzea eta kudeatzea, eta baita
parte hartzeko eta sorospena emateko zerbitzu-sistemak ere.
f) Hondamendia
edo lazeria jasan duten zonak birgaitzeko eta berreraikitzeko egitarauak
lantzea, lehen zegoen ekonomi eta gizarte-sarea nahiz ingurugiro-sarea
berreskuratu ahal izateko.
g) Jendea,
enpresak eta erakundeak segurtasun egokiaren beharraz kontzientziatzeko
egitarauak lantzea eta burutzea.
3.- Herritarrek
parte hartzen dute lege honetako xedeetan beren eginbeharrak betez eta
borondatezko laguntza lege honetan eta ezargarri den gainontzeko antolamendu
juridikoan aurrikusitako bideetatik eskainiz.
2.
Atala
Larrialdietarako etengabeko
kudeaketa-sistema osotua eta bateragarria erabilgai egongo dela ziurtatzen dute
Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazio guztiek, bakoitzak berari
dagokion aginpidearen esparruan, lege honetako xedeak bete ahal izateko.
Horretarako, erakundeen arteko koordinazioaren, lankidetzaren, elkartasunaren
eta leialtasunaren hatsapenak betetzeko konpromisoa hartzen dute; beren
iharduerak eskuarte eta baliabide mugigarrien osagarritasunera eta
subsidiariotasunera egokituko dituzte. Planak ezartzerakoan, halaber,
osotasunaren, gaitasunaren eta egokitasunaren hatsapenak beteko dituzte.
II ATALBURUA
BABES ZIBILA
I SAILA
ANTOLAKETA ETA AGINPIDEAK
3. Atala
Arrisku larrietan, hondamendietan eta lazeria
publikoetan aurrea hartzeari eta pertsonei, beren ondasunei eta guztion
ondasunei babesa eta sorospena emateari dagokionez, atalburu honetan
aurrikusitakoari egokikuto zaio Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen
iharduera, autonomiaz gaindikoa izanez gero Estatuko legeriak babes zibilari
buruz xedatzen duenaren kalterik gabe.
4.
Atala
Eusko Jaurlaritza da Euskal Autonomi
Elkarteko babes zibila zuzentzeko eta koordinatzeko organo gorena, bere
aginpideen esparruan; berari dagozkio:
a) Babes Zibilerako Euskadiko Plana eta plan
bereziak onartzea.
b) Babes zibilaren arloan lantzen diren xedapen
orokorrak onartzea.
c) Aurrea hartzeko eta norberaren burua
babesteko norabide nagusiak ezartzea.
5.
Atala
Herrizaingo Saila da Autonomi Elkarteko
babes zibileko politikaren ardura duen organoa, Jaurlaritzak ezarritako helburu
nagusiekin bat etorriz; organo arduraduna denez, berari dagozkio:
a) Gobernu
Kontseiluari onar ditzan aurkeztu behar zaizkion babes zibilari buruzko xedapen
orokorrak lantzea, garatzea eta gauzatzea.
b) Autonomi
Elkarteko arriskuen inbentarioa eta baliabide mugigarrien katalogoa lantzea.
c) Babes
Zibilerako Euskadiko Plana eta horretan sartzen diren plan bereziak lantzea,
eta baita beste administrazioen aginpide izan arren ezarpen-esparrua Autonomi
Elkartean duten larrialdietako planen idazketa sustatzen laguntzea ere.
d) Aurrea
hartzeko eta norberaren burua babesteko politika eta egitarauak garatzea eta
koordinatzea, Jaurlaritzak emandako norabideak kontuan hartuta.
e) Larrialdietan
parte hartzeko zerbitzuak sortzea eta edukitzea, eta baita ohartarazteko eta
alerta emateko sistemak ere.
f) Ertzaintzaren
parte-hartzea xedatzea, oro har, eta organo aginpidedunei Indar Armatuen
laguntza eskatzea.
g) Babes
zibilerako planetako ekintzen eta gauzatzeko baliabideen zuzendaritza eta koordinazio
gorena egiteratzea, planek hala xedatzen dutenean.
h) Babes
Zibilerako Euskadiko Planaren ezarpena xedatzea eta, planaren titularraren
bidez, horren zuzendaritza bakarra eta koordinazioa egiteratzea, 21. atalean
aurrikusitako egoeran salbu.
i) Hondamendiko
larrialdi-egoeraren aitorpena proposatzea Lehendakariari.
j) Lankidetza-bideak
ezartzea babes zibilaren arloan Administrazio zentralarekin eta beste autonomi
elkarte batzuekin.
6.
Atala
Lurralde historikoek babes zibilaren
zabalkundean parte hartuko dute dagozkien aginpideen esparruan eta honako lege
hau errespetatuz; beraiei dagokie:
a) Bakoitzari
dagokion lurralde historikoko babes zibilerako plana lantzea eta onartzea,
Babes Zibilerako Euskadiko Planak ezartzen duenarekin bat etorriz.
b) Lurralde
historikoaren babes zibilerako planaren baliabide mugigarrien katalogoa
lantzea.
c) Herrizaingo
Sailaren aginpideko babes zibilerako planak lantzeko eta eguneratzeko
interesgarriak izan daitezkeen datuak ematea Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo
Sailari.
d) Sute- eta
salbamendu-zerbitzuak sortzea, antolatzea eta edukitzea, lege honetan eta
ezargarri diren gainontzeko legeetan ezartzen denaren arabera.
e) Suteen
aurkako defentsarako gaiaz guztientzako erakundeetatik datozen legeria eta
arau-garapena egiteratzea.
7.
Atala
1.- Udalerriek
babes zibilaren zabalkundean parte hartuko dute dagozkien aginpideen esparruan
eta honako lege hau errespetatuz; beraiei dagokie:
a) Babes
zibilerako udal-egituraren sorrera bultzatzea.
b) Babes
Zibilerako Udal Plana lantzea eta onartzea.
c) Babes
zibilerako datu garrantzitsuak biltzea eta igortzea.
d) Babes
Zibilerako Udal Planaren baliabide mugigarrien katalogoa lantzea.
e) Aurrikusteko
eta aurrea hartzeko udal-egitarauak lantzea eta gauzatzea, gainerako
administrazioen egitarauek adierazten dutenarekin bat etorriz; horretarako,
jendea kontzientziatzeko kanpainak, norbera babesteko neurrien hedapena eta
babes zibileko praktikak eta simulazioak egingo dira.
f) Boluntarioen
erakundeen sorrera sustatzea udalerrian.
2.- Udalei
dagokie sute- eta salbamendu-zerbitzuak sortzea, antolatzea eta edukitzea, lege
honetan eta toki-araubidearen legerian ezartzen denaren arabera.
3.- Alkatea
da udaleko babes zibilaren agintari gorena. Atalburu honetako 3. atalean
adierazten diren larrialdietakoren bat izanez gero udalerrian, udal-agintariak
hartuko du sorospeneko eta laguntzako zerbitzuen zuzendaritza eta koordinazioa
eta, berehala, egoeraren informazio zehatza emango die Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Saileko organo aginpidedunei, larrialdiak koordinatzeko guneen
bitartez.
4.- Udal-autonomia
errespetatuz, lurralde historikoek eta Eusko Jaurlaritzak babes zibilerako
udal-egituraren antolaketa lagundu eta sustatuko dute.
8.
Atala
1.- Babes
Zibilerako Euskadiko Batzordea da herri-administrazioen koordinaziorako eta
lankidetzarako kide anitzeko organoa, babes zibilari dagokionez. Horretarako,
zeregin hauek gauzatuko ditu:
a) Babes
Zibilerako Euskadiko Planaren eta bertan sartzen diren plan bereziei buruzko
txostenak aurrez eta nahitaez egitea.
b) Autonomi
Elkartea bera baino murritzagoa den esparrua hartzen duten babes zibilerako
planak homologatzea.
c) Babes
zibilari dagozkion arau-egitasmoei buruzko txostenak egitea.
d) Autonomi
Elkartearen esparruko baliabide mugigarrien katalogoa lantzeko irizpideak
ezartzea.
e) Herri-administrazio
guztien politika koordinatua ezartzera bideratutako neurriak proposatzea, babes
zibilari dagokionez.
f) Babes
zibilerako erabil daitezkeen tekniken, eskuarteen eta baliabideen normalizazioa
eta, hala egokituz gero, homologazioa aztertzea eta erakunde aginpidedunei
proposatzea.
g) Sute- eta
salbamendu-zerbitzuen antolaketari eta ihardunbideari dagozkion
araudi-egitasmoak ezagutzea, eta baita zerbitzu horietako funtzionarioen
estatutu-errejimenari dagozkionak ere.
h) Lege- edo araudi-xedapen bidez aitortzen
zaizkion gainerako zereginak.
2.- Babes Zibilerako Euskadiko Batzordearen
osaketa, antolaketa eta iharduera araudi bidez ezarriko da. Autonomi Elkarteko guztientzako
erakundeak, Estatuko Administrazioa, lurralde historikoak eta
udal-administrazioa egongo dira bertan.
3.- Batzordeak
bere baitan sortu ahal izango ditu batzorde tekniko edo lantaldeak, bere kideez
eta, zer helburutarako sortzen diren kontuan izanik, beharrezko jotako beste
teknikariez osatuak.
4.- Eginarazten
zaizkion zereginak bete ahal izateko, batzordeak informazioa eskatuko dio
edozein erakunderi edo pertsona fisiko edo juridikori, eta bereziki babes
zibileko borondatezkoen erakundeei.
II
SAILA
AURRENEURRIAK
9.
Atala
Legeek Euskal Autonomi Elkarteko
herri-administrazioei arriskuen aurreneurrietarako ematen dizkieten eskurantzen
kalterik gabe, administrazio horietan babes zibilaz arduratzen diren organoei
honako aurreneurri hauek dagozkie:
a) Babes
zibileko praktikak eta simulazioak egitea.
b) Norberaren
babesa sustatzea eta zabaltzea, eta istripuak, hondamendiak edo lazeria
publikoak gertatuz gero nola jokatu behar den informatzea.
c) Norbera babesteko
tekniken ikaskuntza sustatzea eskoletan.
d) Arriskuei
aurrea hartzeko arauak betearaztea, ikuskatzeko eta isunak jartzeko ahalmenak
gauzatuz, dagozkien aginpideen esparruan.
e) Herritarren
lankidetza sustatzea babes zibilarekiko, boluntarioen erakundeetan sar daitezen
bultzatuz.
10.
Atala
1.- Herritarrek
legeetan aurrikusitako eginbeharrak bete beharko dituzte eta herri-aginteekin
lankidetzan aritu beharko dute norberaren burua babesteko neurriak hartuz.
2.- Herritarrek
eskubidea izango dute zein arrisku dituzten, arriskuen eraginak murrizteko
aurrikusita dauden iharduerak zeintzuk diren eta dagozkien babesteko neurriak
zeintzuk diren lehentasunez jakiteko, araudi bidez zehazten den modura.
Nolanahi ere, bermatuko da zenbait daturen isiltasuna, interes publikoak,
industri jabegoaren edo intelektualaren eskubidea gauzatzetik ateratzen diren
ahalmenek eta intimitaterako eskubideak hala eskatzen dutenean.
11.
Atala
1.- Pertsonentzat,
pertsonen ondasunetarako eta guztion ondasunetarako arriskutsuak izan
daitezkeen ihardueren, iharduera horiek garatzen diren toki edo saltokien eta
norbere burua babesteko kasu bakoitzerako derrigorrezkoak diren neurrien
katalogoa ezarriko da araudi bidez.
2.- Katalogo
horretan urtarrilaren 21eko 2/1985 Legearen 5. atalean aipatzen den katalogoan
sartzen direnak azalduko dira, gutxienez.
3.- Katalogo
horretan sartzen diren tokiak eta saltokiak norberaren babesereko plana eduki
beharra daukate. Plan horretan ezaugarri hauek azalduko dira, gutxienez:
a) Toki edo
saltoki horri eragin diezaioketen arriskuei antzematea eta horiek ebaluatzea.
b) Arriskuak
murriztera edo ezabatzera bideratutako aurreneurrien plana.
c) Larrialdietarako
plana, larrialdiko egoeretan garatu beharreko neurriak eta iharduerak biltzen
dituena, hala nola alarma, sorospena eta hustuketa; plan hori babes
zibileko planetan sartzea.
d) Instalazioetan
lanean ari diren prertsonei informazio, prestakuntza eta hornikuntza egokia
ematea. Araudi bidez hala eskatzen den kasuetarako, sorospena eta laguntza
ematen espezializatuta dauden talde profesionalak antolatzea, beren
baliabideekin osatuta.
e) Norberaren
babeserako planean dauden neurrien eraginkortasunaz arduratuko den pertsona
izendatzea; babes zibilaren gaian aginpidea dutenekin eduki behar dituen
harremanak ere ezartzea.
12.
Atala
1.- Herri-administrazioek
norberaren babeserako, aurrea hartzeko eta segurtasunerako neurrien betearazpen
subsidiarioa beren kabuz gauzatu ahal izango dute, bakoitzari dagozkion
aginpideen esparruan, betebeharra duenak gauzatzen ez baldin badu; beti ere,
administrazio-ihardunbidearen legerian aurrikusten denarekin bat etorriz eta
ezar daitezkeen zigorbidezko edo administraziozko arau-hausteak kaltetu gabe.
2.- Dolorik,
errurik edo dagokion eginbidean hutsegiterik izanez gero edo norberaren
babeserako legeak edo araudiak hautsiz gero, Euskal Autonomi Elkarteko
herri-administrazioek parte-hartze publikoen gastuak ordaintzea eskatu ahal
izango diete erantzuleei, legeria zibilean aurrikusitakoaren arabera.
III
SAILA
PLANGINTZA
13.
Atala
1.- Babes
zibilerako planek egituraren eta eginkizunen esparrua ezartzen dute, eta baita
eskuarteak mugitzeko bideak eta beharrezko baliabideak ere, arrisku larria,
hondamendia edo lazeria publikoa gertatuz gero pertsonak eta ondasunak
babesteko; horrekin batera, parte hartu behar duten administrazio guztien
arteko koordinazio-eskema ere ezartzen dute.
2.- Babes
Zibilerako Oinarrizko Arauak, lege honek eta lege hau garatzeko arauek xedatzen
dutenera egokituko dituzte egitura eta edukinak.
3.- Pertsona
eta ondasunei buruzko aurreneurriekin, arretarekin, sorospenarekin eta
segurtasunarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten ihardueretan aritzen
diren erakunde publiko nahiz pribatuek euskal herri-administrazioekin
lankidetzan aritu beharko dute babes zibilerako planak egiten.
14.
Atala
1.- Babes
zibilerako planak lurralde-mailakoak nahiz bereziak izan daitezke.
2.- Lurralde
bakoitzean gerta daitezkeen larrialdi orokorrei aurre egiteko landuko dira
lurraldeetako planak.
3.- Plan
bereziak arrisku zehatzei aurre egiteko landuko dira, arrisku horien
nolakotasunak metodologia tekniko-zientifiko berezia eskatzen duenean,
iharduera-arloaren, larrialdi-motaren nahiz ekintza zehatzaren arabera. Egon
daitezkeen oinarrizko norabideekin bat etorriz landuko dira plan bereziak.
15.
Atala
Babes Zibilerako Euskadiko Plana da
arrisku larriei, hondamendiei edo lazeriei aurre egiteko antolaketa-tresna
nagusia Euskal Autonomi Elkartearen eremuan. Zehatzago esanda:
a) Plangintza-prozesuaren
garrantzizko elementu iraunkorrak zehazten ditu Euskal Autonomi Elkartean.
b) Arlo,
ekintza edo larrialdi-mota zehatzak ezartzen ditu, gorabehera faktikoek,
oraingoek nahiz historian zehar izandakoek, plan berezien lanketa eskatzen dutenean.
c) Babes
zibilerako udal- edo foru-planak lantzeko norabideak ezartzen ditu. Planak
norabide horietara egokitu beharko dira Babes Zibilerako Euskadiko Planak
homolaga ditzan.
d) Plan
bereziak lantzeko norabideak ezartzen ditu Babes Zibilerako Euskadiko Planean
sar daitezela ziurtatzeko.
e) Euskal
Autonomi Elkarteko babes zibilaren antolaketa-esparru orokorra ezartzen du mota
guztietako larrialdiei aurre egiteko, larrialdiaren nolakotasunak, zabalkundeak
edo administrazio bat baino gehiago koordinatu beharrak Autonomi mailako
zuzendaritza eskatzen duenean.
f) Babes
Zibilerako Euskadiko Planaren garapenaren eta ezarpenaren ondorioz egindako
plan bereziak eta arlokako iharduera-egitarauak hartzen ditu.
16.
Atala
1.- Autonomi
Elkartea baino txikiagoa den eremua hartzen duten lurraldeko planak udal- edo
foru-mailakoak izan daitezke eta xede izango dute:
a) Plangintzaren
xede den lurraldeko arriskuei eta elementu zaurgarriei antzematea.
b) Aurrea hartzeko ezar daitezkeen neurriak
zehaztea.
c) Jendeari arriskuez eta aurreneurriez
informazioa emateko eta kontzientziatzeko plangintza egitea.
d) Plana
egiten duen administrazioaren babes zibilaren antolaketa itxuratzea;
horretarako, planak baliabide mugigarrien katalogoa edukiko du.
2.- Plan
horien egitura eta edukia Euskadiko Babes Zibilerako Planak ezartzen dituen
norabideei egokituko zaizkie.
3.- Plan
horiek Babes Zibilerako Euskadiko Batzordera bidali beharko dira homologatzeko.
Hiru hilabetetik gora gabeko epean egin beharko den homologatze horretan haiek
Babes Zibilerako Euskadiko Planera egokitzen direla egiaztatuko da.
4.- Homologatzen
ez diren lurralde-planak aldatu egin beharko dira homologatzea eragozten duten
arrazoiak kontuan harturik, eta, sumatutako hutsak zuzentzen ez diren
bitartean, lurraldeko plan zabalagoa izango da ezargarri.
17.
Atala
1.- Lege
honetan aurrikusitako organoek landu eta onartuko dituzte Euskal Autonomi
Elkartearen eremutik ateratzen ez diren plan bereziak, dagozkien oinarrizko
norabideek xedatzen dutenaren arabera.
2.- Aurreko
lerroaldian xedatutakoaren kalterik gabe, Babes Zibilerako Euskadiko Planak edo
plan bereziek aurrikusi ahal izango dute udalbatzek edo lurralde historikoetako
organo aginpidedunek arrisku zehatzetarako iharduera-plan bereziak landu eta
onartu ahal izatea; beti ere, plan bereziek ezarritako norabideak kontuan
hartuta.
Babes Zibilerako Euskadiko Batzordeak
homolo-gatuko ditu iharduera-plan horiek eta dagozkien plan berezietan sartuko
ditu.
IV
SAILA
SOROSPENA
18.
Atala
1.- Atalburu
honetan jasotako larrialdi-egoeraren bat sumatuz gero, udaleko agintaria izango
da udalerriko arduradun nagusia eta berari dagokio larrialdiari aurre egiteko
beharrezko neurri egokiak hartzea, lege honetako 7.3 atalaren arabera.
2.- Arriskuaren
nolakotasunak edo zabalerak, larrialdi-egoeraren garrantziak edo martxan jarri
beharreko zerbitzuek eta baliabideek bakoitzari dagokion planean
aurrikusitakoak gainditzen dituztenean, larrialdiaren beharrei jarraiki
lurralde-plan zabalagoa jarriko da martxan, bai diharduen administrazioa
osagarrizko baliabideak ekarriz sendotzeko lanetan, bai lurralde-plan
zabalagoan egiteko horietan diharduen agintariak ihardueren zuzendaritza eta
koordinazioa bere gain hartuz.
3.- Nolanahi
ere, Autonomi Elkarteko organo aginpidedunek beren gain hartuko dituzte
ihardueren zuzendaritza eta koordinazioa honako kasu hauetan:
a) Babes
Zibilerako Euskadiko Plana edo plan bereziren bat ezartzeko aukera izanez gero.
b) Lege
honen araberako hondamendiko larrialdi-egoera aitortzen denean.
c) Elkarteaz
gaindiko interesa aitortu ondoren, zuzendaritza eta koordinazioa Autonomi
Elkarteko organoetara eskuordetzen denean.
19.
Atala
1.- Lege
honen 21. atalean xedatutakoaren kalterik gabe, larrialdiari aurre egiteko
iharduera guztien zuzendaritza eta koordinazioa une bakoitzean ezartzen den
planaren zuzendariari egokituko zaio, aholku-batzorde baten laguntzarekin.
2.- Planaren
zuzendariak, edo bere ordezko eragileek, agindu orokorrak edo bereziak eman
ahal izango dituzte premiazkoa baldin bada. Agindu horiek betetzea
derrigorrezkoa izango da. Eragile horiek agintaritzaren mandatari-izaera izango
dute.
3.- Mota
guztietako ondasunen suntsidura, galera edo aldi baterako errekisa bereziki
xedatu ahal izango da; baita ondasunetan esku-hartzea eta aldibaterako jabetza hartzea
ere, herriak badaezpada hustea edo herrietatik irtetea; herritarrei ekintzak
egitea edo ez egitea agindu ahal izango zaie edo bestelako edozein
derrigorrezko neurri hartu ahal izango da, ihardunbide arrunta alde batera
utzita; beti ere, legeriak babesten duenean eta egoeraren beharrek hala
eskatzen duenean.
20.
Atala
1.- Plan
ezargarriek xedatutakoaren arabera erabiliko dira baliabide mugigarriak, eta,
planik ez baldin bada, agintariak edo aginpidea duenak emandako jarraibideek
eta aginduek xedatutakoren arabera.
2.- Erantzunaren
azkartasuna, larrialdi-tokiaren hurbiltasuna, eskuarteen erabilgarritasuna,
profesionalizazioa, parte hartzen dutenen espezializazioa, eskuarteen eta
baliabideen osagarritasuna eta subsidiariotasuna hartuko dira kontuan mobilizaziorako.
21.
Atala
1.- Arrisku-egoera
edo gertatutako kalteak zabalak edo sakonak izan direlako oso larriak direnean,
eta Estatuak autonomiaz gaindiko interesa edo Konstituzioaren 116. atalean
aurrikusitako egoeraren bat aitortzen ez duen bitartean, Lehendakariak aitortu
ahal izango du hondamendiko larrialdi-egoera.
2.- Estatuak
autonomiaz gaindiko interesa edo alarma-egoera aitortzen badu, Lehendakariak
eskatu ahal izango dio Estatuko Gobernuari larrialdirako ihardueren
zuzendaritza eta koordinazioa eskuordetzea, Estatuko legeriak aurrikusten
duenaren arabera.
3.- Hondamendiko
larrialdi-egoera aitortuz gero, Lehendakariak larrialdirako iharduera guztien
zuzendaritza hartuko du bere gain, Euskadiko Babes Zibilerako Planaren
erakuntza-egitura zuzenean bere menpe geratuko dela. Horretarako,
krisialdietarako kabinetearen aholkularitza izango du. Gobernu Kontseiluko
kide-kopuru murritzak osatuko du kabinete hori, eta horren osaketa eta
eskurantzak araudiz ezarriko dira.
4.- Aitorpen
horrek berarekin ekar dezake administrazioko zerbitzuen berrantolaketa
organikoa eta funtzionala, larrialdiari aurre egiteko beharrezkoa baldin bada.
5.- Eusko
Jaurlaritzak eta Lehendakariak eman ahal izango dituzte presazko arauak,
larrialdiaren beharrei aurre egin ahal izateko; arau horiek arrazoituak izan
beharko dute eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko
dira. Asmo berarekin, Jaurlaritzak lege-egitasmoak aurkeztu ahal izango dizkio
Eusko Legebiltzarrari, honen Araudiaren 119. atalean aurrikusitako irakurraldi
bakarreko ihardunbidearen bidez onartzeko.
V
SAILA
KONPONKETA
22.
Atala
1.- Presazko
eragiketak bukatu eta oinarrizko zerbitzuak betiko iharduerara itzultzen
direnean, administrazio eta zerbitzu aginpidedunen zeregina izango da ekonomi
eta gizarte-sarearen konponketa-lana.
2.- Hondamendiko
larrialdi-egoera aitortutako kasuetan, edo egoki iritzi denean, erakundeen
arteko batzordea osatuko da konponketarako neurriak edo planak aztertu eta
proposatzeko.
3.- Hondamendiaren
ondorengo konponketa-planen helburua ekonomi eta gizarte-sarea berreraikitzeko
eskuarteak eta baliabideak topatzea eta ziurtatzea da, ezbeharra jasan duen
geografigunean, eta baita arriskua eragin duten arrazoiak ezabatzea edo
murriztea ere, etorkizunean galerak ekiditeko. Herri-administrazioen arteko
erabaki edo hitzarmen bidez onartuko dira plan horiek, hartutako konpromisoak
finkatuko dituzte eta erabakia kudeatzeko organoa aurrikusiko dute. Bestelako
pertsona publikoak edo pribatuak ere elkartu daitezke erakundeen arteko batzorde
horretara.
4.- Hondamendiko
larrialdi-egoera aitortutako kasuetan, edo egoki iritzi denean, Eusko
Jaurlaritzaren menpeko bulego bat arituko da lanean kalteen lehenengo
balorazioa egiteko eta kaltedunei zer laguntza eta, egokituz gero, kalteordainak
jaso ditzaketen jakinarazteko. Horretarako, Euskal Autonomi Elkarteko
herri-administrazio guztien lana koordinatuko du.
III
ATALBURUA
LAZERIAK
EZ DIREN LARRIALDIAK KUDEATZEA
23.
Atala
1.- Arrisku
larrikoak, hondamendiak edo lazeria publikoak ez diren istripuen edo bestelako
gertaeren ondorio diren larrialdi-egoeretan pertsonak eta ondasunak babestera
bideratutako Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioen etengabeko
iharduera lege honetako 2. atalean eta atalburu honetan xedatutako arauetara
egokituko da.
2.- Eusko
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari dagokio atalburu honetan aurrikusitako
larrialdietako esku-hartzeak egoki koordinatzea. Larrialdiak koordinatzeko
guneek egindako lanaren bitartez egituratuko da batez ere koordinazioa, eta
eragiteko taktikak izango dira gune horien oinarrizko tresna.
24.
Atala
1.- Larrialdiak
koordinatzeko guneak Herrizaingo Saileko administrazio-zerbitzuak dira. Horien
helburua laguntza-eske egiten diren deiak jasotzea eta dei horiek dagozkien
zerbitzuekin kudeatzea da, eta baita beharrezkoak diren zerbitzuak koordinatzen
eta bateratzen teknikoki laguntzea ere.
2.- Xede horiek betetzeko,
honako zeregin hauek gauzatu behar dituzte:
a) Euskal Autonomi
Elkartearen eremuan laguntza eta sorospen eske egiten diren dei guztiak
jasotzea.
b) Premia
edo ustekabeari antzematea eta deia edo alarma dagokien zerbitzuei edo
agintariei pasatzea.
c) Larrialdiaren
garapenari jarraipena egitea, hala egokituz gero -horretarako, partehartzaileek
informazioa pasako diete-, eta parte hartzen duten eskuarte eta baliabideen
koordinazioan laguntzea.
d) Antolamendu
juridikoak emandako bestelako zereginak.
3.- Larrialdiak
koordinatzeko guneen antolaketak eta egiturak etengabe zerbitzuak eskainiko
dituela bermatuko du, eta baita laguntza eske egiten diren deiei arreta
eskainiko diela ere, Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan, Euskal
Autonomi Elkarteko hizkuntza ofizialez gain.
25.
Atala
Larrialdiko egoeretan pertsona
eta ondasunei buruzko aurreneurriekin, arretarekin, sorospenarekin eta
segurtasunarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten ihardueretan aritzen
diren Euskal Herriko herri-administrazio guztiek eta erakunde publiko nahiz
pribatuek lankidetzan aritu beharko dute larrialdiei arreta eskaintzeko eta
koordinatzeko ardura duten Herrizaingo Saileko organoekin:
a) Premiazko
egoera edo larrialdia non den, dauden langileak, eskuarte teknikoak, zerbitzua
eskaintzeko sistemak eta, oro har, zein baliabide erabil daitezkeen
jakinarazita, eta
b) ezagunak
dituzten larrialdi-egoera horien garapen eta bilakaeraren eta amaieraren berri
emanda.
26.
Atala
1.- Eragiketetako
taktikek deia edo alarma kokatzeko eta ebaluatzeko ihardunbideak benetako
denboran zehazten dituzte; horrekin batera, baliabideak martxan
jartzeko hartu behar diren neurriak eta irizpideak zehazten dituzte, ustekabea
nolakoa den eta larrialdia zein fasetan dagoen kontuan hartuta.
2.- Herrizaingo
Sailak onartuko ditu eragiketetako taktikak, interesatuak dauden zerbitzuei eta
administrazioei entzun ondoren eta Babes Zibilerako Euskadiko Batzordeak aldez
aurretik egindako txostena kontuan hartuta.
3.- Lege
honetako 20. atalean baliabideak martxan jartzeaz aurrikusitakoari egokituko
zaio eragiketetako taktiken lanketa eta ezarpena, eta, bereziki, arau hauei:
a) Premiaren
edo larrialdiaren arreta administrazio jakin baten edo administrazioko zerbitzu
jakin baten aginpidea denean eta kanpoko zerbitzuen lankidetzaren beharrik ez
dagoenean, larrialdiak koordinatzeko guneek alarmaren berri emango diote
dagokion administrazioari edo zerbitzuari eta jarraipen-lanak egingo dituzte.
b) Hainbat
eskuarteren edo baliabideren lankidetza beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak larrialdiak koordinatzeko guneen laguntza teknikoa eskainiko
du, koordinazioa eraginkorra izan dadin. Beharrezkoa izanez gero, larrialdiei
arreta eskaintzeko Herrizaingo Saileko teknikariak gertaeraren lekura joango
dira, eragiketetako ekintzak bateratuak izan daitezen ziurtatzeko; horretarako,
parte hartzen dutenekin adostasunera helduko dira.
c) Pertsonen
bizitzak arrisku larrian egonez gero eta parte hartzen dutenen arteko
bateratasunari eusteko ezinbestekoa izanez gero, Herrizaingo Saileko agintari
aginpidedunek gidabide zehatz-mehatzak xedatu ahal izango dituzte larrialdiari
aurre egiteko edo baita parte hartzen duten pertsonen arteko bat, gaitasuna
kontuan hartuta, eragiketetako zuzendari izendatu ere.
27.
Atala
1.- Eusko
Jaurlaritzak bere organo guztiek larrialdiak koordinatzeko guneetan zein
eratara parte hartu eta lagundu behar duten ezarriko du araudi bidez.
2.- Herrizaingo
Sailak hitzarmenak sustako ditu atalburu honetan azaltzen diren larrialdiei
erantzuteko interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak eta baliabideak dituzten
administrazio eta erakunde guztiekin.
IV
ATALBURUA
SUTE
ETA SALBAMENDU ZERBITZUAK
I
SAILA
XEDAPEN
OROKORRAK
28.
Atala
Atalburu honek ezarriko du Euskal Autonomi
Elkarteko administrazioen iharduera suteei aurrea hartzeari eta itzaltzeari
dagokienez; baita sute- eta salbamendu-zerbitzuetako langileen
estatutu-errejimena ere.
29.
Atala
1.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuak sortzea eta edukitzea toki-araubideari buruzko
legeriaren arabera zerbitzu hori eskaintzera behartuta dauden udalerriei
dagokie. Udal bakoitzak bere kasa edo gehiagorekin elkartuta eskaini ahal
izango du zerbitzu hori.
2.- Foru-aldundiek
bermatzen dute, bestek ezean, zerbitzu horien eskaintza lurralde historikoaren
eremu osora zabalduko dutela, eta euren zereginak dira, bereziki:
a) Suhiltzaileen
zerbitzu edo etxea behar duten geografi eremuak ezartzea, arriskuak,
kokapenaren egokitasuna eta eskuarte erabilgarriak kontuan hartuta, udalei
entzun ondoren eta Babes Zibilerako Euskadiko Batzordeak aldez aurretik
egindako txostena ikusi ondoren. Eremu horietan lurralde historiko bat baino
gehiagoko udalak elkartu ahal izango dira; horretarako, dagokien foru-aldundiek
akordioa egingo dute aldez aurretik.
b) Zerbitzu
propiorik ez duten udaletan, behartuta ez daudelako edo salbuespena lortu
dutelako, zerbitzuaren eskaintza bermatzea.
c) Eskatzen
duten udalak zerbitzua eskaintzetik salbuestea, salbuespen-akordioan jasota
utziz zerbitzua foru-aldundiak bere gain hartu duela eta horren kostua
finantzatzeko udalak egindako ekarketa.
3.- Azpiatal
honetako a) puntuan aurrikusitakoaren arabera ezarritako geografi eremuekin bat
etorriz, suhiltzaileen zerbitzuaren edo etxearen iharduera-eremuak udalerri bat
baino gehiago hartzen dituenean, zerbitzua antolamendu juridikoak
lankidetzarako onartzen duen edozein modutara eskaintzeko era beren artean
hitzartu ahal izango dute zerbitzua eskaintzera behartuta dauden udalerriek
eta, hala egokituz gero, dagokion foru-aldundiak.
4.- Foru-aldundiek
zerbitzuak beren kasa eskaini ahal izango dituzte, edo baita zerbitzu propioak
dituzten udalekin hitzarmenak egin ere, aldundiaren zerbitzuen iharduera
materialak kudeatzeko eremu edo toki zehatzetan, zerbitzuaren
eraginkortasunerako egokiagoa baldin bada.
5.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuen jabe diren administrazioek lankidetza-hitzarmenak
egin ahal izango dituzte suhiltzaileak eta/edo norberaren babeserako jendea
dituzten enpresekin.
30.
Atala
Euskal Autonomi Elkarteko guztientzako
erakundeei dagokie, suteei eta salbamenduari dagokionez:
a) Sute- eta
salbamendu-zerbitzu guztietarako zehaztasunak arautzea funtzionario edo
lan-kontratuko langile gisa sartu ahal izateko.
b) Langileen
prestakuntzan eta hobekuntzan lagunduz parte hartzea.
c) Sute- eta
salbamendu-zerbitzuen jabe diren administrazioei lankidetza eskatzea, dagokion
lurralde-eremutik kanpo iharduteko, beharrezkoa denean.
d) Ekipoak
eta materiala normalizatzen eta homologatzen saiatzea.
e) Suteen
aurkako aurreneurriak eta suitzaltzea arautzeko udal-araudia sustatzea.
31.
Atala
1.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuei honako zeregin hauek dagozkie, besteak beste:
a) Ezbeharra
edo bestelako larrialdi-egoera gertatzean suaren aurka egitea, arriskuan diren
giza biziak sorotsiz.
b) Zerbitzuaren
iharduera-egitarauak lantzea kasu bakoitzerako.
c) Suteen
aurka babesteko teknikak, instalazioak eta sistemak aztertzea.
d) Zabalkunde-kanpainak
antolatzea eta horietan parte hartzea, jendeak suteen aurkako aurreneurriei
buruzko arauak hobeto ezagut ditzan.
2.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuek suteen aurka norbera babesteko arauak betearazteko
lanak egin ahal izango dituzte, hala eskatzen baldin bazaie, ikuskapenari buruz
udaleko gainerako zerbitzu teknikoei dagokiena kaltetu gabe eta aurretik
baimenak emateko txostena egin ondoren. Foru-zerbitzuek edo udalaz gaindiko
zerbitzuek horretarako eskatzen zaizkien lankidetza eta aholkularitza eman ahal
izango dituzte, interesa duen udalak eskaera egin ondoren.
3.- Babes
zibilerako planetan aurrikusitakoaren eta eragiketetako taktiken arabera, babes
zibilerako eta herri-segurtasunerako zereginetan gainerakoekin parte hartzea
eta laguntzea dagokie, halaber, eta, batez ere:
a) Babes
zibilerako planak eta eragiketetako taktikak ezartzeko lanetan parte hartzea.
b) Edozein
larrialdi-egoeratan esku hartzea, arriskuguneak ezabatzeko eta arriskuan dauden
pertsonei eta ondasunei sorospena emateko, bertako kideen gaitasun berezia eta
eskuarte material erabilgarrien egokitasuna dela-eta hala eskatzen zaienean;
batez ere, industriaren, zirkulazioaren eta salgai eta bidaiarien garraioaren
ondorioz sortzen diren arriskuetan.
c) Agintari
aginpidedunak eskatzen dien guztietan ezbeharren arrazoiak, ondorioak eta
kalteak ikertzea, ezbehar horiei aurre egiten zuzenean parte hartu badute eta ez
badute.
d) Herri-administrazioek
babes zibilaren zabalkunderako eta kontzientziaziorako sustatzen dituzten
kanpainetan parte hartzea.
e) Indarrean
dagoen legeriaren arabera egokitzen zaizkien beste guztiak.
32.
Atala
1.- Sute
eta salbamendu-zerbitzu bakoitzeko langileak honako azpieskala eta kategoria
hauetan egituratuko dira:
a) Azpieskala
teknikoa; bertan inspektore eta inspektoreordeen kategoriak sartzen dira.
b) Azpieskala
eraginkorra; bertan ofizial, ofizialorde, sarjentu, kabu eta suhiltzaileen kategoriak
sartzen dira.
2.- Lan-kontratuko
langileak hartu ahal izango dira, halaber, laguntzako edo zerbitzu teknikoko
unitateak osatzeko edo boladaka egiten diren kanpainak gauzatzeko.
33.
Atala
1.- Zerbitzu
bakoitzaren berezko araudiek xedatu ahal izango dute beren suhiltzaile-etxeetan
suhiltzaile profesionalak eta boluntarioak, biak batera, izatea.
2.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuetan laguntza modu altruistan eta mesede egiteko
borondateagatik ematen dutenak dira suhiltzaile boluntarioak. Hierarkiari
eutsiz sartuko dira zerbitzu horietan baina inola ere ez dute funtzionario edo
lan-mailako harremanik izango zerbitzuarekin.
3.- Suhiltzaile
boluntarioek zerbitzu bakoitzean ezarritako arauak bete beharko dituzte;
zerbitzuaren kontura prestakuntza, hobekuntza eta gaitasuna jasotzeko eskubidea
izango dute; zerbitzuan daudela gerta daitezkeen istripuak estaliko dituen
aseguruaren babespea izango dute; zereginak betetzean egindako ekintzen
ondorioz bidera daitezkeen auzien aurrean legezko defentsa izateko eskubidea
izango dute eta zerbitzu bakoitzaren araudiak ezartzen dituen kasuetan
goraipamenak eta ordainak eskuratu ahal izango dituzte.
34.
Atala
Sute- eta
salbamendu-zereginetan agintaritzaren mandataritzat joko dira, lanean ari
direnean edo, lanean ez egon arren, ezbeharren batean parte hartzen dutenean;
beti ere, aurretik beren nortasuna egiaztatzen dutenean.
35.
Atala
Sute- eta
salbamendu-zerbitzuetan iharduteko oinarrizko hatsapenak honako hauek izango
dira:
1.- Herritarrekin:
a) Oinarrizko
eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzea.
b) Zereginak
betetzerakoan erabakiorra izatea eta atzerapenik gabe ihardutea; eskueran
dituen eskuarteak erabiltzerakoan adostasunaren, egokitasunaren eta
proportzionaltasunaren hatsapenak betetzea.
c) Gorabeherek
behartuta edo hala eskatu zaielako herritarrei laguntza eta babesa eman behar
dietenean, herritar horiekin errespetuz eta begirunez jokatzea.
2.- Gainerako
administrazioekin:
Lege honetako 2. atalean jasotako hatsapenei
atxikitzea, informazioaren arintasunak eta aginduak argitasunez bidaltzeak
ezbeharra berehala amaiaraz dezaten eta ahalik eta galera gutxienekin, bizitzei
eta ondasunei dagokienez.
3.- Zerbitzu
barruan:
a) Hierarkiaren
eta menpekotasunaren hatsapenak betetzea, agintariei eta hierarkian goian
daudenei obedituz eta errespetatuz.
b) Hierarkiaren
egituraren arabera egin behar dituzten zerbitzuak betetzea. Hala ere obeditu
beharrak ez du babesik ematen argi eta garbi legez kanpokoak diren aginduak betetzeko.
II
SAILA
ESTATUTU-ERREJIMENA
36.
Atala
Sute eta salbamenduko langileen
estatutu-errejimena Euskal Autonomi Elkarteko herri-administrazioetako
gainerako langileentzat aurrikusita dagoena izango da, lege honek eta lege hau garatzen
duten arauek zehazki aurrikusten ez dutenerako.
37.
Atala
32. atalean adierazi
diren azpieskalei eta kategoriei dagozkie honako sailkapen-talde hauek:
a) Inspektore eta ofizialen kategoriei, A
taldea.
b) Inspektoreordeen kategoriari, B taldea.
c) Ofizialordeen eta sarjentuen kategoriei, C
taldea.
d) Kabuen eta suhiltzaileen kategoriei, D
taldea.
38.
Atala
1.- Sute-
eta salbamendu-zerbitzuan sartzeko azterketa bidezko, meritu bidezko edo
azterketa eta meritu bidezko lehiaketa egingo da. Osagarri gisa, prestakuntzako
ikastaroak eta praktikaldiak egingo dira, hautapen-prozesuko beste fase bat
osatuko dutelarik. Ezingo dira biak aldi berean egin eta bakoitzaren iraupena,
ez bien arteko batuketarena ere, ez da hogeita hamar hilabete baino gehiagokoa izango.
2.- Suhiltzaileen
kategorian sartzeko azterketa bidezko edo azterketa eta meritu bidezko
lehiaketa irekia egingo da.
3.- Sarjentuen,
ofizialen, inspektoreen eta inspektoreordeen kategorietan sartzeko barne-igoera
eta txanda irekia egongo dira, azterketa bidezko, meritu bidezko edo azterketa
eta meritu bidezko lehiaketa dela medio. Txanda irekian bete beharreko
lanpostu-kopurua hutsik daudenen ehuneko berrogeita hamarra izango da gehienez
ere.
4.- Kabuen
eta ofizialordeen kategorietan sartzeko barne-igoera egingo da, azterketa
bidezko, meritu bidezko eta azterketa eta meritu bidezko lehiaketa dela medio.
39.
Atala
1.- Barne-igoeran
lehiatu ahal izateko, funtzionarioek baldintza hauek bete beharko dituzte,
kategoria bakoitzean sartzeko ezarritakoez gain: kategoria bakar bat beherago
iharduneko zerbitzuan edo zerbitzu berezietan aritzea; kategoria horretan
lanean hiru urte eman izana eta batzordeak zigorrik ezarri ez izana
hutsegite larriagatik edo oso hutsegite larriagatik, edo zigorrik ezarri izan
baldin bada, baliogabetzea lortu izana.
2.- Barne-igoeran
lehiatzen diren funtzionarioak ezaguerak egiaztatzeko probak edo teoria eta
praktika-mailako prestakuntza-ekintzak egiteko beharretik salbuets daitezke,
dagoeneko betetzen duten kategorian sartzeko ezaguera edota ekintza horiek
eskatu baldin bazitzaizkien edo lanean aritu diren denboran egiaztatu baldin
badituzte; baina, beti ere, deialdiaren oinarrietan hala zehazten denean.
40.
Atala
1.- Mediku-irizpenaren
arabera, ihardun arrunterako gaitasunak murriztuak dauzkaten sute- eta
salbamendu-zerbitzuetako funtzionarioek, zeregin eraginkorrak utzi eta bigarren
iharduerako egoerara pasako dira; baina, beti ere, elbarritasuna guztirakoa edo
larria ez denean.
2.- Bigarren
iharduera kidego berean egingo da eskuarki, ikuskaritzako lanak, aurrea
hartzekoak, prestakuntzakoak edo kategoria horri dagozkion beste lan batzuk
egingo direlarik; hori ezinezkoa bada, lanposturik ez dagoelako edo norberaren
ezintasunagatik, bakoitzaren kategoriari edo titulazioari dagozkion zerbitzu
osagarriak eskainiko dira dagokion administrazioko bestelako lanpostuetan.
3.- Bigarren
iharduerako egoerara pasatzeak ez dakar berarekin oinarrizko ordainsarien
murrizketa, ez norberaren mailarena ere.
4.- Atal
honetako lehen azpiatalean aipatzen den mediku-irizpena epaimahai batek emango
du. Hiru medikuk osatuko dute epaimahai hori, bata administrazioak izendatua,
bestea interesdunak eta bestea Osakidetzako medikuen artean zozketa bidez
hautatua, hirurak ere interesdunak duen elbarritasunean edo gaixotasunean
adituak.
41.
Atala
Sute- eta
salbamendu-zerbitzuetako kideen disziplinazko arauak dagokien administrazioko
gainerako funtzionarioen berberak dira, zerbitzu-motaren ondorio diren
xehetasun batzuk izan ezik. Ondorengo ataletan sailkatzen dira xehetasun
horiek.
42.
Atala
Funtzionarioen legeria
orokorrean sailkatzen direnez gain, oso hutsegite larriak dira:
a) Zerbitzuan
egon eta ezbeharreko deietara ez joatea.
b) Agintarien
edo goikoen aurka asaldatzea, banaka edo taldean, eta baita agintariek edo
goikoek emandako legezko aginduak ez obeditzea ere.
c) Mozkortzea
edo droga pozoitsuak, sorgorgarriak edo gai psikotropikoak eskuarki edo
zerbitzuan eragiten dutenean edo eragin dezaketenean hartzea; baita
egiaztatzeko proba teknikoak egiteari uko egitea ere.
d) Zerbitzuaren
zainpeko agiriak faltsutzea, ostea, aldatzea edo suntsitzea.
e) Zerbitzuko
materiala edo langileen ekipoko gauzak ostea.
f) Edonolako
zerbitzua eskaintzeagatik hobariak eskatzea edo jasotzea.
43.
Atala
Funtzionarioen legeria
orokorrean sailkatzen direnez gain, hutsegite larriak dira:
a) Funtzionarioaren
duintasunaren eta kidegoaren irudi eta izen onaren aurkako ekintzak eta
jokabideak.
b) Goikoei
jakin behar luketen edozein gairi buruzko informazioa emateko derrigortasuna ez
betetzea.
c) Eman
zaizkien aginteak gehiegikeriaz erabiltzea, herritarren kaltetarako; oso
hutsegite larria ez denean, beti ere.
d) Uniformea
edo zerbitzuko materiala ihardunean ez daudenean erabiltzea.
e) Zerbitzuan
egon eta edari alkoholdunak hartzea edo egiaztatzeko proba teknikoak egiteari
uko egitea.
f) Ihardunean
egon ez arren, sutea edo bestelako ezbeharren bat izan ondoren laguntza emateko
eskaria jaso eta ez azaltzea, interesatuak agindua jaso duenean, beti ere.
g) Azterketa
fisikoak edo medikuntza prebentiboaren azterketak egiteari uko egitea.
44.
Atala
Funtzionarioen legeria orokorrean
sailkatzen direnez gain, hutsegite arinak dira:
a) Norbera
txukun ez azaltzea.
b) Norberari
dagokion lan-txandara behar bezala uniformatuta ez azaltzea, arrazoi
justifikaturik gabe.
c) Oinarrizko
edozein zeregin ez betetzea, hutsegite larritzat edo oso larritzat jotzen ez
baldin bada behintzat.
V
ATALBURUA
BABES
ZIBILEKO BOLUNTARIOAK
45.
Atala
1.- Euskal
herri-administrazioek landutako babes zibilerako planen, egitarauen eta
ekintzen garapenean parte hartzen duten boluntarioen erakundeetarako ezargarria
izango da atalburu honetan aurrikusitako araubide juridikoa.
2.- Gogoz
eta bestelako diru-nahirik gabe erakunde publikoetan eta irabazi asmorik gabeko
pribatuetan sartzen diren herritarrak izango dira babes zibileko boluntarioak
lege honen xedeetarako. Boluntario horien helburua pertsonei eta ondasunei
babesa eta segurtasuna ematea izango da; boluntarioen erakundeak giza
elkartasunaren adierazpen antolatua izango dira eta herritarrek bizitza
komunitarioan parte hartzeko baliabide esanguratsua.
3.- Herri-administrazioek
sustatuko dituzte babes zibilerako boluntarioen erakundeen garakuntza eta
hornikuntza, horien prestakuntza eta gaitasuna bultzatuz eta, komenigarrien
deritzen formularen bidez, erakunde horiek beren kideen arrisku pertsonalak
segurtatzea bermatuz, lege honetako 48. atalean aurrikusten denez.
46.
Atala
Dagokion agintariaren
menpe garatuko da babes zibileko boluntarioen lana, istripuak, hondamendiak edo
lazeria publikoak izanez gero. Errefortzua edo laguntza ematera mugatuko dira,
oro har, eta, hala egokituz gero, profesionalek eta funtzionarioek osatutako
zerbitzu publikoen ordezkotza subsidiarioa egingo dute.
47.
Atala
1.- Babes
zibileko boluntarioen iharduna norberaren gogozkoa, altruista eta doakoa izango
da, bakoitzak aukeratzen duen erakundearen bitartez.
Boluntarioen harremanak erakundearekiko ez
du kontratu edo funtzionario-izaerako loturarik sortuko. Borondatez sartu den
erakundeko barne-araudia onartzean hartutako betebeharrak izango ditu burutu
beharrekoak.
2.- Aurreko
lerroaldietan xedatutakoen kalterik gabe, dagokion erakundeak ordaindu ahal
izango dizkio boluntarioari sortarazi dizkion gastuak, hala nola ohiko
lanpostua uzteagatik galdu duen diru-kopurua. Bestelako hobariak edo
konpentsazioak ere ezarri ahal izango dira baina aldizkakotasunik eta
soldata-izaerarik gabe.
3.- Babes
zibileko boluntarioen erakundeek besteren konturako langileak kontratatu edo
aldibaterako lan-zerbitzuak hartu ahal izango dituzte, iharduera arruntak
eskatzen duen neurrian.
48.
Atala
1.- Babes
zibileko boluntarioen erakundeek asegurua izan beharko dute, beren zereginetan
sor dakizkiekeen arriskuei, hala nola istripuei, elbarritasunei edo heriotzari,
bai eta besteri eragindako kalteei ere, aurre egiteko.
2.- Erakunde
bakoitzeko estatutuek zehaztuko dituzte boluntarioen eskubideak eta
betebeharrak erakundearekiko, lege honetako hatsapenak eta lege hau garatzen
duten araudiak kontuan hartuta. Nolanahi ere, hierarki egituraren barruan
ihardunbidea demokratikoa izan dadila bermatuko dute.
Xedapen
Gehigarriak
Lehenengoa
Martxoaren 8ko 32/1983
Dekretuaren bidez sortutako ihardun-antolakidetegiak izena aldatu eta
larrialdiak koordinatzeko guneak izango dira aurrerantzean, lege honetan
aurrikusitakoarekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzak gune horien antolaketa eta
ihardunbidea araudi bidez garatu, berrantolatu eta egokituko du, lege honen
arabera.
Bigarrena
Eusko Jaurlaritzak
onartuko du Itsas Salbamenduko Euskadiko Plana, Garraio, Herrizaingo eta
Ingurugiro gaietan aginpidea duten sailek batera egindako proposamenari jarraituz.
Plan horren edukinak autonomiaz gaindiko planetan sartzeko ahalmena emango du
eta helburu nagusiak izango ditu:
a) Bilaketako,
bizitzen salbamenduko eta itsas kutsaduraren aurkako eragiketak egiteko gai
diren euskal herri-administrazioetako eta gainerako erakunde publiko eta
pribatuetako eskuarte guztien iharduera koordinatzea.
b) Dagoeneko
badiren salbamenduko eta itsas kutsaduraren aurkako eskuarteak sustatzea eta
pertsona gaituak prestatzea.
Hirugarrena
Sute eta salbamenduari buruz
boladaka egiten diren kanpainetarako aldibaterako langileak kontratatzeko
meritutzat jo ahal izango da babes zibileko boluntarioen erakundeetako kidea
izatea.
Laugarrena
Babes zibileko aginpidea
duten herri-administrazioek errejistratutako edo aitortutako boluntarioen
elkarteetan garatutako lana meritutzat jo ahal izango da Euskal Autonomi
Elkarteko Poliziaren kidegoetan edo sute- eta salbamendu-zerbitzuetan sartzeko.
Aldibaterako
Xedapenak
Lehenengoa
Babes Zibileko Euskadiko
Batzordearen osaketa eta ihardunbide-araudia lege hau indarrean jartzean
indarrean dagoena izango da, legezko aurrikuspena araudi bidez garatzen ez den
bitartean.
Bigarrena
Lege hau indarrean jarri
aurretik landutako babes zibileko planak lege honetan ezarritakoari egokituko
zaizkio, urtebeteko epean, legea indarrean jartzen denetik hasita.
Indargabetzeko
Xedapena
Lege honetan
ezarritakoaren aurka doazen arauak, maila berekoak nahiz beheragokoak,
indargabetuta geratzen dira.
Azken
Xedapenetako
Lehenengoa
Eusko Jaurlaritzak aginpidea
du, Euskal Autonomi Elkarteko guztientzako erakundeen aginpideen esparruan,
lege hau garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.
Bigarrena
Euskal Herriko
Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean
lege hau.