1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.
1993-02-19Erakundea: Eusko Legebiltzarra
Argitalpena: EHAA, 1993/2/25, 38. zk.; EAO, 2012/2/10, 35. zk.
§ 144. 1/1993 LEGEA, OTSAILAREN
19KOA, EUSKAL ESKOLA PUBLIKOARI BURUZKOA
ZIOEN
ADIERAZPENA
Egungo
gizarteetan, eta gero eta gehiago, hezkuntza-sistemek funtsezko zereginak
betetzen dituzte norbanakoen heziketan.
Eskola publikoa, testu inguru horretan, administrazioaren iharduketa zuzeneko tresna da, bai hezkuntza-eskubidea bermatzen duen Konstituzioaren agindua betetzeko, bai ezberdintasunak berdintzeko.
Azken
urteotan, herritarren artean kultura-itxarobide handiagoak hedatzeak,
oinarrizko irakaskuntzetako eskolaketa zabaltzeak, ekoizpen-sektoreak lan
desberdinak egiteko gauza diren lanbidedunak eskatzeak eta Europako
bateratasun-prozesuan ongi prestatutako pertsonekin parte hartzeko maila gorako
kalitatea lortu beharrak hezkuntza-sistema eraberritua eskatzen dute.
Sistemaren antolaketa berria HSALOk arautzen du oinarrian eta Estatu osorako.
Euskal
Herriko Autonomi Elkarteak, Autonomi Estatutuak 16. atalean dioenez,
irakaskuntzari buruzko bakarreango aginpidea du, beti ere Konstituzioko 27.
atalak eta hura garatzen duten lege organikoek ezarritakoari, Konstituzioko 149.1.30
atalak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei eta hura betetzeko eta garatzeko
behar den goi-ikuskatzailetzaren kaltetan gabe. Autonomi elkarte honek,
bestalde, baditu hezkuntza-sistemak kontutan hartu beharreko kultura -ezaugarri
berarizkoak: bi hizkuntza ofizial, zeinen garapenerako lagundu behar duen
sistema horrek, eta hizkuntza-alorrean gainditzeko dauden zenbait gatazka,
konponbidea eskatzen dutenak.
Ildo
horretatik, euskal eskola publikoa legez arautzea premiazkoa da haren bidez
lege-esparru egonkor bat sortuz, esparru horrek ezarriko baititu eskola
publikoaren eredua zehazten duten arauzko hautabideak eta bertan egingo baita
eraginkortasun handiagoz martxan dagoen hezkuntza-berrikuntza.
Lehenengo
idazpuruan euskal eskola publikoaren hatsapen orokorrak eta helburuak jasotzen
dira eta haren ezaugarriak zein diren zehazten: anitza, elebiduna,
demokratikoa, euskal gizartearen zerbitzura dagoena, gizarte eta kultura mailan
bere ingurunean errotua, partaidetzazkoa, ezberdintasunen berdintzaile eta
dibertsitateen bateratzaile izango da.
Lehenengo
idazpuru horretan sendo bultzatzen den eskola publikoak giza eta gauzazko
baliabideez ongi hornituta egon behar du eta harekin loturik dauden
gizarte-sektore guztiek esku hartzea eta ikastetxeek egiazko autonomia izatea
ahalbideratuko du.
II.
idazpuruak euskal eskola publikoan hezkuntza-eskubidea nola gauzatzen den
arautzen du. Idazpuru horrek bultzatzen duen irakaskuntza kalitatezkoa da, hiru
urtetik aurrera -eta ez bakarrik derrigorrezko mailetan- doakoa, eta
ezberdintasunen zuzentzailea. Batipat gizarte- eta ekonomi jatorria duten
ezberdintasunak zuzenduko ditu, haiek ezabatzen lagunduko duten neurriak
ezarriz. Horretarako, konpentsazio-fondo bat eratzen da; aurrekontuez osatuko
da eta fondoaren beraren soberakina, babes-neurri gisa, berez eta besterik gabe
sartuko da fondo horretan, urteroko Aurrekontu Nagusien Legean ezarritako modu
eta neurrietan.
III.
idazpuruak eskola publikoan euskarak duen tratamendua arautzen du. Azaroaren 24ko
10/1982 Oinarrizko Legearen, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezkoaren,
hatsapenei begirunea izanik, haietan sakontzen da, hezkuntza-administrazioak
gizarte-alorreko administrazio eta giza taldeekin lankidetzan eta elkarlanean
aritzeko hatsapena ezartzen da eta irakaslegoa euskalduntzeko plan urteanitza
ohartematen da.
Legeak,
laugarren idazpuruan, eskola-bilguneka egiten den lurralde-banaketan oinarri
hartuta antolatzen du euskal eskola publikoa, Hezkuntzako Ikuskaritza
Teknikoaren eta Administrazioko Zerbitzu Ikuskaritzaren aginpide den
ikuskaritza-egitekoa arautzen du, eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak
taiutzen ditu, gehienbat bilgunean antolatuz, nahiz lurraldeari dagokionean
eskola-bilgunearekin bat ez datozen zerbitzu-ikuskaritzak sortzeko ahalbidea
eskaintzen duen.
Ikastetxeen
autonomiaren hatsapena jadanik urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Hezkuntza
Sistema Antolatzekoak, jasotzen du pedagogiazko autonomia gisa bere 2.3.f)
puntuan eta hatsapen hori garatzen duten 57. eta 58. ataletan. Azken bi atal
horietan antolakuntza-eremuetara eta ekonomi kudeaketara hedatzen da autonomia
eta haren sustapena hezkuntza-administrazioen gain jartzen da.
Ikastetxeek
beren antolakuntza, irakaskuntza-iharduera, ekonomia eta finantzen kudeaketa
zein langilegoaren kudeaketa moldatzeko ahalmen handiagoak izanez gero,
irakaskuntzaren kalitatea hobetuko da; uste horretan oinarriturik, lege
honetako V. idazpuruak ikastetxeen autonomia arautzen du, saiatzen delarik
ikastetxeetarako ahalik eta autonomia handienaren eta administrazioak haien
gainean egin beharreko koordinaketa eta kontrolaren arteko oreka mantentzen,
administrazioak bermatu beharra baititu eskola publikoen helburu nagusiak
sistema osoak lortzeko behar diren gutxieneko neurriak.
Bai
ikastetxearen hezkuntzako, ikasketetarako eta kudeaketako proiektuak, bai
antolakuntza eta iharduera-araudia onartu eta burutzean gauzatzen da euskal
eskola publikoko ikastetxeen autonomia.
Antolaketa-eskemari
dagokionez, legeak gutxienekoen sistema bat hautatu du, ikastetxeei
ezinbestekotzat jotzen diren organoak zein diren esan eta haien egoerarekin
hobekien egokitzen diren beste batzuk sortzeko askatasun osoa ematen dielarik.
Irizpide bera erabili da ikastetxeko aginte-organo nagusiaren
(ordezkaritza-organo gorenaren) osaera dela-eta, behin eskola-elkartea osatzen
duten talde bakoitzari dagokion partaidetza bermatuta, ikastetxe bakoitzak
egokien erizten dion moduan eratzeari oztoporik jartzen ez zaiola.
Ikastetxeko
zuzendariaren irudia indartu nahi du legeak, eta horretarako, zuzendariak
espezializazio-ikastaroak gainditu beharko ditu kargu horren egitekoak
burutzeko prestakuntza egokia izan dezan.
Lege
mailan zuzendaritza-taldea ikastetxeko agintezko batzar-organo gisa definitzea
gauza berria da. Beste alde batetik, irakasle-klaustroa ikastetxeko
irakaskuntza-iharduerei buruz erabakitzeko ahalmena duen organo gisa indartu
nahi da. Eta, eskolarekin lotuta dauden talde guztiek bertan parte hartu behar
dutela dioen hatsapenari erantzun emanik, gurasoen batzarra eta ikasleen
partaidetza-organoa ikastetxean behar diren organoak direla ezartzen da.
Pedagogiazko
autonomiari eman nahi zaion indarra hezkuntza-aukera eta eskola-curriculumaren
zehaztapena jasotzen dituzten agiriak ikastetxeek egin eta onartzean gauzatzen
da. Beraz, agiri horiek, lege-arauen begirune barruan, eskola-elkartearen
kideen erabakimen askearen adierazgarri izango dira, bakoitza dagokion
batzar-organoan erabakiko delarik.
Lege
honen berritasunik handienetako bat kudeaketa-autonomia arautzeko eran datza.
Sortzen den eskeman, administrazioak berarentzat gordetzen dituen ziurtapen eta
kontrolen kaltetan gabe, ikastetxeek beren diru-kudeaketa antolatzeko
malgutasun handiagoa izango dute, beren aurrekontua egingo baitute eta
aurrekontu-urtean zehar funtzionamendu-gastuen banaketa askatasunez alda
baitezakete.
Ikastetxeetako
zuzendariek administratzaileen laguntza izango dute ikastetxearen
diru-kudeaketa guztia egiteko, administratzaileak, gaikuntza bereziko
ikastaroen bidez, ikastetxeko ekonomi ihardueraren arintasuna eta egokitasuna
berma ditzaketen lanbidedunak izatea bilatzen delarik.
Ikastetxeek,
legeak V. idazpuruko V. atalburuan dioenez, bere langilegoaren hautaketan eta
langileen presta-berritze ikastaroetan parte hartzeko aukera izatea ere gauza
berria da. Neurri horiek garatzen dituzten erabakiak hartzean langileen
ordezkaritzaren pardaidetza nolakoa izango den azken erabakietako lehenengoan
jasotzen da.
Bere
erabaki gehigarrietan eskola publikoaren legea bi gai garrantzitsuz mintzatzen
da:
1.- Urriaren 28ko 13/1988 Legea, Euskadiko Eskola
Kontseiluena, onartu eta erakunde hori martxan jarri ondoren, Euskadiko Eskola
Kontseiluaren aginpideak hedatzeko beharra dagoela nabarmendu da, hura izan
dadin unibertsitatez kanpoko irakaskuntzaren plangintza orokorrean esku hartzen
duten gizarte-sektoreek parte hartzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak
eskatzeko duten goi-organoa.
2.- Ikastolak, Konstituzio-aurreko aldian
euskaraz irakasteko xedez sortu zirenak, 1978. urtetik zabalduz joan dira, maiz
botere publikoak konpondutako diru eta gauzazko zailtasunekin, ikastetxe-multzo
bat osatu arte. Horietatik asko ekainaren 29ko 10/1988 Legeak jasotzen dituen
itune bereziez baliatu dira. Legearen erabaki gehigarrietako zazpigarrenaren
arabera, ikastolek askatasunez aukera dezakete sare publikora bildu ala
ikastetxe pribatu izan eta Ikastolak eta Herri Eskola Biltzeko Legeak
ezarritakoa bermatzen da, hezkuntza-sistema behin-betiko eta zalantza gabe bi
saretan, publiko eta pribatuan, egitura dadin.
I IDAZPURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN HATSAPEN OROKORRAK ETA HELBURUAK
Lehenengo
Atala
1.- Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza ematen
duten herri-ikastetxe guztiek osatzen dute euskal eskola publikoa.
2.- Lege honen ondorioetarako, autonomi elkarteko administrazioaren jabetzapekoak dira herri-ikastetxe; eta udal-erakundeen jabetzapekoak, erabaki gehigarrietako hamaikagarrenean jasotako modu eta neurrietan.
3.- Ebaluazio, ikerketa eta hezkuntzari
laguntzeko zerbitzu bereziak izango ditu euskal eskola publikoak, eta Euskal
Autonomi Elkarteko hezkuntza-sistema osoa izango dute iharduera-eremua.
4.- Euskal eskola publikoak Konstituzioari, Autonomi
Estatutuari, lege honi eta berau gara dezaten arauei men eginez gauzatuko du
bere iharduera.
2.
Atala
1.- Euskal eskola publikoa osatzen duten
herri-ikastetxeei antolaketa, pedagogia eta kudeaketarako autonomia aitortzen
zaie, lege honetan arautzen den moduan.
3.
Atala
1.- Euskal eskola publikoa, horko ikastetxe
bakoitza, anitza, elebiduna, demokratikoa da, euskal gizartearen zerbitzura
dagoena, gizarte eta kultura mailan bere ingurunean herrotua, partaidetzazkoa,
ezberdintasunen berdintzailea eta dibertsitateen bateratzailea.
2.- Hona hemen euskal eskola publikoaren
helburuak:
a) Konstituzioak
aitortutako hezkuntzarako eskubidea benetan baliatu ahal izatea bermatzea, hori
galerazten duten ekonomi eta gizarte-oztopoak edo beste edonolakoak ezabatuz.
b) Elkarbizitza
demokratikoa ahalbideratzen duten baloreetan oinarriturik ikasleen nortasuna
askatasunean garatzea eta heziketa osatua bultzatzea, besteak beste, gaitasun
eta jokaera kritikoa, berdintasuna, zuzentasuna, partaidetza, aniztasunarekiko
eta kontzientzi askatasunarekiko begirunea, elkartasuna, gizartearekiko kezka,
elkar eramankortasuna eta elkarrenganako begirunea, bai eta giza eskubideen
aldeko jarrera ere, sustatuko dituela.
c) Irakasleek,
gurasoek eta ikasleek herri-ikastetxeen kudeaketan demokrazia-legez parte
hartzeko duten eskubidea gauza dadin sustatzea eta bermatzea.
d) Irakasleen
katedra-askatasuna, lege honek zehazten duen esparruan guraso nahiz tutoreek
beren seme-alabentzako ikastetxea aukeratzeko eta, hala dagokionean, legez
ezarritako baldintzetan, beren seme-alabentzako nahi duten erlijio-irakaskuntza
aukeratzeko eskubidea gauzatuko direla bermatzea.
e) Kalitatezko
irakaskuntza emango dela ziurtatzea, arreta berezia eskainiz irakatsi beharreko
edukien balio pedagogikoari eta erabiliko diren metodo-bideen
eraginkortasunari, gure inguruneko aurrerapausoak kontutan har ditzaten
metodologia aktibo eta malguak sartuz, irakaslegoari behar duen
presta-berrikuntza eskainiz eta ikaslearentzako laguntza psikologikoa, eskola
eta lanbide mailakoa ziurtatuz.
f) Ikasleen
jatorrizko ezberdintasunak berdintzeko, maila, etapa, ziklo eta gradu guztietan
ihardutea.
g) Ikasle
guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi
hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen
erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz.
h) Euskal
Herriko kide direnez ikasleek duten kultura-nortasuna mamitzen laguntzea,
ikasleak beren geografiazko, gizarte-ekonomiazko eta kulturazko ingurunean
errotzea bultzatuz.
i) Ikasleengan
ohitura intelektualak, lan-teknikak eta jakintzak garatzea, jakintza-gai
guztiak baterabiltzeko moduan.
j) Bakerako,
askatasunerako eta herrien arteko lankidetza- eta elkartasun-ideiak sustatzeko
heziketa.
k) Ematen den
heziketaren hezkidetasuna ziurtatzea.
l) Irakaskuntzaren
edukietan manipulazioak eta ideologiazko dotrinatzera bideratutako edukiak
irakastea baztertzea.
4.
Atala
Aurreko
atalean adierazitako helburuak erdiesteko, euskal eskola publikoak ondorengo
bitartekoak izango ditu:
a) Hezkuntza,
curriculum eta kudeaketako proiektuak eta lege honen 2. atalean ikastetxeei
aitortzen zaien autonomia gauzatzeko arauak egitea eta garatzea.
b) Eskola-elkarteko
kide guztien parte hartze demokratiko eta eraginkorra, lege honetan landutako
esparruan.
c) Eskolaren
beharrei erantzuteko lanbide- eta hizkuntza-eskakizunen jabe izango den
irakaslegoa.
d) Eskolako
zerbitzuen elebitasuna.
e) Ikastetxe
bakoitzaren hezkuntza-proiektuari egokituriko instalazioak eta hornidura.
f) Ikastetxeek
beren geografia, gizarte eta kulturazko ingurunearekiko harreman estua,
bateratutako ekintzetarako planen eta trukaketen bidezko elkarren arteko
lankidetza, eta E.H.A.E.ko administrazioen eta erakundeen arteko koordinazioa
eta lankidetza.
5.
Atala
3.
atalean zerrendatutako helburuak betetzeko, Euskal Autonomi Elkarteko
herri-aginteek honako egitekook izango dituzte, zeinek bere aginpideen esparruan:
a) Irakaskuntzaren
programazio orokorra eta, demokraziazko eta partaidetzazko plangintzaren
barruan, euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeak sortzea, aldatzea edo
ezabatzea, irakaskuntza kalitatezkoa izango dela bermatzeko.
b) Ikastetxeek
beren hezkuntza eta ikasketa-proiektuak garatzeko irizpideak eta gutxieneko
betebeharrak arautzea, irakaskuntza kalitatezkoa izango dela bermatzeko.
c) Hezkuntzarako
eskubidea benetan gauzatzen dela bermatzeko beharrezko neurriak hartzea.
d) Ikastetxeen
autonomia gauzatzeko bide eman dezan lege-esparrua sortzea.
e) Hizkuntza-ereduen
plangintza, gurasoek eta ikasleek eredua aukeratzeko duten eskubidea gauzatu
ahal izan dezaten, eta bai aukeratzeko askatasun hori bermatuko duten
administrazio-bideen garapena ere.
f) Lege
honetan eta gainerako legebidean berariaz ezar daitezen egiteko guztiak eta,
oro har, euskal eskola publikoaren helburuak betetzera bideratutako guztiak.
6.
Atala
Egiteko
horiek garatzeko, herri-aginteek guraso eta ikasleen elkarteen, langile-sindikatuen
eta enpresa-elkarteen, udalen eta gizarte-arlo guztien parte hartzea bultzatuko
dute, lege honetan, urriaren 27ko 13/1988 Legean, Euskadiko Eskola Kontseiluei
buruzkoan, eta ezarpen orokorreko gainerako arauetan ohartemandakoaren arabera.
II IDAZPURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN HEZKUNTZA-ESKUBIDEA GAUZATZEAZ
7.
Atala
Herri-aginteek,
euskal eskola publikoko irakaskuntza doakoa eta kalitatezkoa izango dela
bermatuko dute, hurrengo ataletan ohartemandako modu eta neurrietan.
8.
Atala
Euskal
herri-administrazioek etengabe zainduko dute euskal eskola publikoko
irakaskuntzaren kalitatea, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektuarekin bat
etorriaz; horretarako, helburuei egokituriko instalazioak eta hornidura jarri,
ikastetxeetan irakasle/ikasle ratioak egokitu, hezkuntza- eta
curriculum-proiektu berezituak bultzatu, euskararen erabilera normaldu,
ikasleei psikologiazko, eskola-giroko eta lanbiderako orientabidea eman,
eskolako langile guztien lan-baldintzak hobetu eta hezkuntza-beharrak asetzeko
lagungarri izan daitezkeen neurri guztiak hartuko dituzte.
9.
Atala
1.- Herri-aginteek, euskal eskola publikoa
osatzen duten ikastetxeen bitartez, unibertsitatekoaz kanpoko irakaskuntza
orokorreko maila guztietan, 3 urtetik aurrerakoentzat doako eskolatzea
bermatuko dute, errepikapenei eta ikastetxeetan jarraitzeari buruz ezar
daitezen mugapen berezien mendean.
2.- Hezkuntza-administrazioak, gainerako
Administrazioekin eta gizarteko eragileekin lankidetzan, eska dezaten guztiak
arian-arian zero urterekin eskolatzea ezarriko du, haurrak eskolatzeko aukeren
berri emanez hezkuntza-munduko alor guztiei. Nolanahi ere, ezarpen-prozesuan
lehentasuna izango dute gizarte eta ekonomi maila apaleneko aldeek eta,
orokorrean, hezkuntzako behar bereziak edo hizkuntzazkoak dituzten ikasleek.
10.
Atala
1.- Euskal eskola publikoan neurri positiboak
hartuko dira bereizketazko egoerak ezabatzen laguntzeko.
2.- Aurreko atalkian adierazitako berdintasuna
benetakoa izan dadin eta bereziki gizarte-ekonomiazko jatorria duten
bereizketa-egoerak gainditze aldera, euskal eskola publikoaren baliabideak
hobeto banatzeko bide emango duen konpentsazio-fondoan sartu beharreko
diru-kopuruak sartuko dira Euskal Autonomi Elkarteko urtean urteko aurrekontu
orokorretan. Aurrekontu-aldiaren amaieran soberan geratzen diren
konpentsazio-fondo honetako diru-kopuruak hurrengo aurrekontu-aldiko fondokoei
erantsiko zaizkie, hurrengo urte horretako Aurrekontu Orokorren Legeak ezar
dezan moduan.
3.- Halaber, beka eta ikasketa-laguntza sistema
bat bideratuko da, gizarte eta ekonomi izaerako ezberdintasunak gainditzeko
banakako bide bezala.
4.- Bestalde, gorputz- nahiz adimen-ezintasunak dituztenei
laguntzeko banakako neurriak hartzeko ahaleginak egingo dira. Hezkuntzako behar
bereziak aurrezaintzeko, garaiz antzemateko, testuingurua kontutan hartuz
ebaluatzeko eta behar berezi horiei erantzun egokia emateko neurriak hartuko
dira.
Ahal
denean, behintzat, gela arruntetan eskolatuko dira ikasle guztiak, eta
behar-beharrezko denean baino ez ikastetxe arruntetako heziketa bereziko
geletan. Ezinbesteko izan dadinean, heziketa bereziko ikastetxeetan emango zaie
heziketa ikasle horiei.
5.- Euskal eskola publikoan, hizkuntzaren
normalkuntzari laguntzeko behar diren neurri positiboak hartuko dira.
6.- Euskal eskola publikoko herri-ikastetxeek,
beren autonomia erabiliz eta, hala behar izanez gero, kanpoko laguntza-sistemen
laguntzaz, gelako taldeen antolaketan indartze- eta malgutasun-neurriak,
curriculumen egokitzapenak eta pedagogi baliabideen antolaketa-neurriak ezarri
ahal izango dituzte, beti ere, derrigorrezko irakaskuntza-aldian zehar muinbakar,
aniztasuna modu bateratzaile eta banakakoan bereganatzeko asmokoa eta ikasleei
beren hezkuntza-helburuak erdiesteko aukera emango dien kalitatezko eskola
ahalbideratuz.
7.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
hitzarmenak egin ahal izango ditu gizarte eta osasun-zerbitzuekin, orobat
bestelako erakunde publiko nahiz pribatuekin ere, lege honetan adierazitako
helburuen garapen osorako egitekoetan koordinazio haundiagoa lortzeko.
11.
Atala
Herri-aginteen
ahalmenak hezkuntzarako eskubidea benetan gauzatzera bideratuta daude, eta
bereziki eskolara sartzeko aukerara eta baita hezkuntza-prozesua arrakastaz
burutzera ere.
12.
Atala
1.- Euskal eskola publikoan, ikasle guztiek
hezkuntzaren maila guztietan euskaraz nahiz gazteleraz ikasteko duten eskubidea
bermatuko da.
2.- Eskubide hori gauzatzea eta herri-aginteen
eremu horretako ekintza, lege honen III. idazpuruan eta azaroaren 24eko 10/1982
Legean, Euskeraren Erabilera Arauzkotzezkoan, ezarritakoari lotuko zaizkio.
13.
Atala
1.- Euskal eskola publikoan, ikastetxeetarako
sarbidea bermatuko da ezar dadin plangintzaren barruan, beste zenbait
irizpideren artean eskaintza eskaerari egokitzea hartuko dela kontutan.
Ikastetxeetan sartzeko mugapen orokor gisa ikastetxeon hezkuntza-eskaintzari
darizkionak besterik ezingo dira ezarri, finka dadin plangintzaren arabera.
Ikasleen onarpena araudi bidez zehaztuko da, ikastetxeetan ikaspostu aski ez izatekotan;
familiaren urteko irabaziak, ikastetxearekiko hurbiltasuna eta ikastetxe berean
neba-arrebarik edukitzea izango dira kontutan hartuko diren lehentasunezko
irizpideak, inolako bereizketarik ezingo dela egin ez arautzean ez eta
onartzean ere.
2.- Heziketa-behar bereziak dituztela eta,
baliabide berezituen beharrean diren ikasleek lehentasuna izango dute baliabide
horietaz osatutako ikastetxeetan sartzeko orduan.
3.- Gurasoek edo tutoreek dute ikastetxea
askatasunez aukeratzeko eskubideaz baliatzeko ahalmena. Euskal eskola
publikoaren esparruan, berau osatzen duten ikastetxeetako bakoitzari dagokionez
erabili ahal izango da eskubide hori.
14.
Atala
Ikasleen
heziketaren atal da Euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeetako gobernu
-lanetan, eta oro har eskolako eginkizun guztien garapenean, burutsu esku
hartzeko eskubideaz baliatzea. Eskubide horretaz gehiago edo gutxiago
baliatzeko ikaslearen adinari begiratuko zaio, eta lege honetan ezarritako
esparruan garatuko da.
15.
Atala
1.- Ikasleek eskola-munduan dituzten banakako eta
gizartezko eskubideak errespetatzetik abiatuz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko
Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, ikasleen eskubideak eta betebeharrak
dekretu bidez arautuko ditu.
2.- Euskal eskola publikoko ikasleei
bidegabekeriarik gabeko zigorbidea zor zaie eta zigorrak jartzeko ihardunbideak
bermeak izan ditzan eskubidea dute. Atal honetako aurreko atalkian ohartemandako
dekretuak arautuko ditu ikasleen hutsegiteak eta zigorrak, baita zigorrok
ezartzeko ihardunbidea ere, beti ere, doakionari entzunaldia emango zaiola,
ukitu gabe horregatik hutsegiteon ondoriozko balizko ekintza zibilak edo
zigor-legezkoak.
16.
Atala
1.- Eskola-errendimendua objetibotasun osoko
irizpideen arabera ebaluatuko da, eskola-prozesuaren garapenean ikasleari eta
irakasleari argibideak emateko, etorkizuneko ikasketa- eta lanbide-aukerak
hautatzen laguntzeko eta goragoko irakaskuntza-mailetara sartzeko eskubidea
bermatzeko. Prozesu horretan, irakasle-klaustroak eta ikastetxeko
ordezkaritza-organo gorenak, ikastetxearen hezkuntza- eta ikasketa-proiektuaren
arabera, prozesuaren iharduera eta emaitza orokorrak neurtu eta eskola-elkarteari
ezagutaraziko dizkiote.
2.- Ikastetxeek ikasturte hasieran jakinarazi
beharko dituzte ebaluaziorako irizpideak eta ikasmaila nahiz ziklo bakoitzean
gainditu beharreko gutxieneko helburuak, ikastetxearen ikasketa-proiektuan
jasotakoak hain zuzen. Irizpideek nahiz gutxieneko helburu horiek bat etorri
beharko dute indarrean dauden ikasketa-planekin eta ikastetxeari aitortutako
pedagogiazko autonomia erabiliz har daitezen aukerekin.
3.- Ikastetxeek beren antolakuntza- eta
iharduera-araudietan ebaluazioen kalifikazioen aurkako erreklamazioak
aurkezteko ihardunbidea arautuko dute.
17.
Atala
1.- Idazpuru honetan jasotako hezkuntzarako
eskubidea gauza dadin bideratzeko, euskal eskola publikoko ikastetxeek eskolako
elkarbizitzaren garapena bultzatuko dute.
2.- Aurreko atalkian jasotako hatsapena
ezartzeko, eskola-elkarteko kideek ikastetxearen antolakuntza- eta
iharduera-araudian bakoitzari izendatutako eskubideak eta eginbeharrak hartuko
dituzte beren gain.
III IDAZPURUA
EUSKARA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAN
18.
Atala
Euskara
eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen
irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta
adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako
hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen.
19.
Atala
1.- Hezkuntza-administrazioa arreta bereziz
arduratuko da aurreko atalean araututako helburua bete dadin.
2.- Horretarako, eta 12. atalean ohartarazitako
helburuetarako, urtero berrituko dira irakaskuntzaren programazio orokorraren
esparruan ikasleen ikastetxeekiko hurbiltasunari buruzko irizpide orokorrak.
Halaber,
hezkuntza-administrazioak laguntza eta lankidetza eskatu ahal izango die
gainerako administrazioei eta gizarte-erakundeei.
3.- Irakaskuntzaren hizkuntza-plangintza
Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak ezar dezan hizkuntza-plangintza
orokorrarekin elkarlotuta egongo da.
4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
egingo du irakaskuntza-alorreko hizkuntza-plangintzaren irizpide orokorren
ezarpenaren jarraipena, hizkuntza-plangintza orokorraren jarraipenerako
Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren aginpideen kaltetan gabe.
5.- Euskadiko Eskola Kontseiluak, Euskadiko
Autonomi Elkarteko irakaskuntzaren egoerari buruzko urteko txostenean, atal
berezia eskainiko dio aurreko atalean araututako helburuaren betetze-mailari.
Atal horretan bertan, euskara derrigorrezko ikasgai baino ez den kasuetan
euskara benetan ikasarazteko eta erabilera bultzatzeko behar diren neurriei
buruzko gomendioak emango ditu.
20.
Atala
1.- Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Sailaren proposamenez, dekretu bidez onartuko du hizkuntza-ereduen
araubidea, lege honen 47. atalean erabakitakoaren mende. Eredu horiek
lan-tresna dira, 18. atalean finkatutako hizkuntza-normalkuntzaren helburua eta
hezkuntza-sistema ororen berezko ikasketa-edukien eskurapena kasuan kasu
ezkontzeko bide egoki diren neurrian.
2.- Aurreko atalkian adierazten den aginpidea
gauzatzean, Jaurlaritzak kontutan izango du ereduon hizkuntza- eta
ikasketa-emankortasunaren guztizko ebaluazioa eta, hala badagokio, ikastetxeek,
beren autonomia pedagogikoa erabiliz, aurkeztutako ekinbideena.
3.- Atal honetako lehen atalkian aipatutako araua
onartzeko ihardunbidean Euskadiko Eskola Kontseiluaren aholkuak eta Hizkuntza
Politikarako Idazkaritza Nagusiaren txostena hartuko dira kontutan.
21.
Atala
Jaurlaritzak,
hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza zehazteko oinarrizko irizpideak
arautuko ditu. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gurasoen edo
tutoreen nahia eta zonaldearen gizarte- eta hizkuntza-egoera kontutan izanik,
ikastetxe bakoitzean eman beharreko hizkuntza-ereduak izendatuko ditu.
Hezkuntza-administrazioak
hezkuntza-maila batetik bestera igarotzean hizkuntza-ereduen aldaketa egiteko
baimena eman ahal izango du, gurasoen edo tutoreen eskaera nahikoa izan eta
plangintzak horretarako bide ematen badu.
22.
Atala
1.- Euskal eskola publikoan, azaroaren 24eko 10/1982
Euskeraren Erabilera Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak eta lege honek zehaztutako
helburuak lortzeko beharrezko diren giza eta gauzazko baliabideak izango
dituzte ikastetxe guztiek.
2.- Aurreko atalkian ezarritakoarekin bat etorriz,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaslegoa euskalduntzeko plan
urteanitza burutuko du. Plan horrek izaera malgua izango du eta urtero
berraztertuko da, eta gauzatzean irakaslegoa bere borondatez horri atxikitzeko
ahaleginak egin eta haien lan-baldintzak errespetatuko dira. Planak zein
beronen berrazterketek Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostena beharko dute.
3.- Irakaslegoa euskalduntzeko planak, gutxienez,
honako osagai hauek izango ditu:
a) Euskarazko
eta euskararen irakaskuntzako eskariaren aurrikuspena.
b) Horren
ondorioz, euskaraz eta euskara irakasteko gaitasun bereziko irakaslegoaren
premien kalkulua.
c) Irakaslegoaren
presta-berritze eta euskalduntze-premien haztapena.
d) Aurreko
atalkietan zehaztutako iharduera guztiak burutzeko beharrezko diru-baliabideen
aurrikuspena.
23.
Atala
Azaroaren
24eko 10/1982 Euskeraren Erabilera Arauzkotzezko Oinarrizko Legearen 17. atalak
ohartemandakoa betetzeko, autonomi administrazioak beharrezko neurriak hartuko
ditu euskal eskola publikoko ikastetxeetako ihardueretan euskararen
ingurune-erabilera segurtatzeko, eskolako eta eskolaz kanpoko ekintzetan eta
eskolaren iharduera osoan euskararen erabilpena ahalbidetzeko xedez.
IV IDAZPURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ ETA BERE ERAKETAZ
I ATALBURUA
ESKOLA-BILGUNEAZ
24.
Atala
1.- Irakas-zerbitzuen antolakuntzarako eta
plangintzarako lurralde-banaketarako oinarrizko esparrua da eskola-bilgunea,
eta:
a) Ikastetxeak
eta Irakaskuntzarako Ebaluazio eta Laguntza-Zerbitzuak elkarri egokitu eta
zerbitzu horien lurralde-antolakuntza koordinatzeko esparrua da.
b) Hezkuntza-administrazioak
esparru horretarako onartu beharreko plangintza orokorrean ikastetxe eta
zerbitzu horiek parte hartzeko esparrua da.
2.- Bilguneak beharrezko ikastetxe eta zerbitzuez
horniturik egon beharko du unibertsitatez kanpoko maila guztietako
hezkuntza-eskaria asetzeko. Era berean, bere eginkizunak betetzeko eta
baliabideak administratzeko beharrezko giza eta gauza-baliabideak izango ditu.
3.- Eskola-bilgunearen oinarrizko egitura
zehaztea, bai eta bilgune bakoitza sortu, aldatu edo ezabatzea ere Eusko
Jaurlaritzak egingo ditu dekretu bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
sailburuaren proposamenez, Euskadiko Eskola Kontseiluaren txostenaren ondoren.
II ATALBURUA
IKUSKARITZA-EGITEKOAZ
25.
Atala
1.- Ikuskaritza-egitekoa, euskal eskola
publikoan, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoaren eta Administrazioko Zerbitzu
Ikuskaritzaren aginpide da.
2.- Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak, indarrean
dauden arauetan aitortzen zaizkion gainerako aginpideen kaltetan gabe, honako
egiteko hauek betetzen ditu:
a) Ikastetxe
bakoitzaren, ikastetxe-multzoaren eta laguntza-sistemaren ebaluazio
tekniko-pedagogikoa.
b) Hezkuntza-gaietan
indarrean dagoen araubidea betetzen dela kontrolatzea eta hezkuntza-sistemaren
oinarrizko helburuak iristeko ikastetxeen eta laguntza-sistemaren
ihardute-baldintzak zaintzea.
c) Lege honek
aipatzen duen pedagogiazko autonomiaren esparruan garatzen diren ikastetxeen
proiektuei eta programei buruzko txostengintza, Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Sailaren erabakiaren aurretik, eta baita berauen jarraipen eta
ikuskapena ere.
d) Oro har,
ikastetxeei, irakaslegoari eta administrazioari berari argibideak eta aholkua
ematea irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko.
e) Ikuskaritza
Teknikoa, bere egitekoak betetzean, eskola kontseiluekin eta ikastetxeekin
arituko da elkarlanean, behar dituzten argibideak eta laguntza teknikoa emanez.
f) Lege
honen 15. atalean adierazitako arauaren ondoriozkoak, ikasleentzako
zigorbidearen alorrean.
3.- Hezkuntza-administrazioak Administrazioko
Zerbitzu Ikuskaritza sortu eta garatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.
Ikuskaritza hori ikastetxeetako giza eta gauza-baliabide egokien horniketa eta
antolakuntzaz arduratuko da, bai eta baliabide publikoak eginkortasun
haundiagoz erabiltzeaz ere.
III ATALBURUA
HEZKUNTZARAKO LAGUNTZA ZERBITZUEZ
26. Atala
1.- Hezkuntzarako
Laguntza Zerbitzuak elkarlanean arituko dira ikastetxeekin irakaskuntzaren
kalitatea hobeagotzeko.
2.- Laguntza Zerbitzuek
honako zeregin hauek beteko dituzte:
a) Ikastetxeen
beharrizanak bete, eta beren irakas-proiektuak eta programak gauzatzean, eta
ikastetxeek beraiek edota administrazioak, behar izanez gero, proposaturiko
hezkuntza-aldaketa eta -proiektuak ezartzean lagundu, bideratu eta aholku
emateko ekintzak burutzea.
b) Baliabideen
kokagune izatea, ikastetxeen eskura egon arren, beren izaera edo neurriengatik
berauetan eduki ezin daitezkeenetan.
c) Irakaslegoa
prestatzeko zonaldekako planen gertatze-lanetan eta kudeaketan, eta bilguneko
giza baliabideen koordinaketan laguntza ematea, ikastetxeen eskakizunei
erantzunez.
d) Irakas-esperientzien
trukaketak sustatzea.
e) Pedagogiazko
baliabide eta irakas-materialen dokumentazio eta mailegutzarako gune gisa
aritzea.
f) Ikastetxeetako
irakaslegoa euskalduntzeko planak bultzatzea.
g) Araudi
bidez ezar daitezen gainerakoak.
3.- Zeregin horiek
eskola-bilgunea oinarri harturik gauzatuko dira nagusiki.
Bilgune bakoitzeko Laguntza Zerbitzu bakoitza zuzendaritza
bakarraren pean arituko da eta bilgune bakoitzaren beharren zer-nolakoei
egokitu beharko zaie eta elkarloturik ihardun, ikastetxe berean badihardute
bereziki.
4.- Ikastetxeetarako
Laguntza Zerbitzu gisa eta eskakizunei eta eskueran dauden baliabideei begira,
Administrazioak eskola-bilgunea baino ihardun-eremu zabalagoko zein
murritzagoko Laguntza Zerbitzuak eratu ahal izango ditu, beti ere aurreko
atalkian ohartemandako koordinazio-arauak errespetatuz.
5.- Lege hau garatzeko,
Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez arautuko ditu hezkuntza-sistemaren laguntzako
oinarrizko egiturak, eskola-bilgunearen eta ikastetxearen mailan laguntza eta aholkularitza-bideak
indartzeko eta lege honen 3. atalak aipatzen dituen helburuak iristearren
erakunde arteko lankidetza bultzatzeko beharrezko ekinbide guztiak kontutan
hartuz.
V IDAZPURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN AUTONOMIAZ
ERABAKI OROKORRAK
27. Atala
Euskal eskola publikoko ikastetxeek bermatuta dute pedagogia,
antolaketa eta kudeaketako autonomia, indarrean dagoen legediaren esparruan eta
lege honetan zein berau gara dezaten arauetan ohartemandako modu eta
neurrietan.
28. Atala
1.- Euskal eskola
publikoko ikastetxeen autonomia, ikastetxeak epe erdikorako ihardueraren
ondorengo eratze-tresnak onartu eta burutzean gauzatzen da. Hona eratze-tresnok:
a) Ikastetxearen
hezkuntza-proiektua.
b) Ikastetxearen
ikasketa-proiektua.
c) Antolakuntza-
eta iharduera-araudia.
d) Kudeaketa-proiektua.
2.- Aurreko atalkian adierazitako
eratze-tresnetan jasotako zehaztapenak urtez urte gauzatzea ikastetxearen
egitekoa izango da, horretarako ikastetxearen urteko plana onartu beharko
duela. Hona plan horren atalak:
a) Irakaskuntza-ihardueren
egitaraua.
b) Prestakuntza-ihardueren,
eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua.
c) Urteko
kudeaketa-egitaraua.
3.- Ikastetxeak aurreko atalkian adierazitako
programen urteko helburuen betetze-maila ebaluatuko duen txostena onartuko du;
era berean atal honetan aipatutako bere aribidearen antolakuntzako
baliabideetan egin beharreko aldakuntzak proposatu ahalko ditu txosten
horretan.
II ATALBURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN ANTOLAKETA AUTONOMIA
ANTOLAKETA AUTONOMIAZ
29.
Atala
1.- Ikastetxe bakoitzak, aitortua duen autonomiaz
baliatuz eta lege honen 1.4 atalean adierazten diren arauen esparruan, bere antolakuntza-
eta iharduera-araudia egin eta onartuko ditu. Araudi horretan, bertako organoen
osakera, aginpideak eta hautatzeko modua jasoko dira, eta baita ikastetxearen
iharduera onerako eta ikasketa-ekintzen zein administrazio- eta ekonomi
jaurbidearen garapen egokia bermatzeko beharrezko jo daitezen erabaki guztiak
ere.
2.- Nolanahi ere, antolakuntza- eta
iharduera-araudian ondorengoak zehaztu beharko dira:
a) Ikastetxearen
antolakuntza- eta iharduera-egitura, behar izanez gero atalburu honetako ondorengo
sailetako erabakiak osatuz.
b) Eskola-elkarteko
kideen elkarbizitza eta elkarrekiko errespetua eta egoitzaren zein instalazioen
erabilpen egokia berma dezaten arauak; arauok demokraziazkoak izan beharko
dute, eskubideen errespetua eta eginbeharrak betetzea eskola-elkarteko kide
guztien konpromezu izanik.
Lege
honetako 55.2 atalak ohartemandakoaren arabera, arautu gabeko lanbide-heziketa
ematen den ikastetxeetan, antolakuntza- eta iharduera-araudiak bi ihardunon
behar bezalako gauzatzea bermatuko duten elkar bizitzarako eta egoitzaren zein
instalazioen erabilpenerako arauak jaso beharko ditu.
c) Ikasketen
ebaluazioen aurkako erreklamazioetarako bidea, lege honen 16.3 atalean
jasotakoaren arabera.
3.- Antolakuntza- eta iharduera-araudia ordezkaritza-organo gorenak onartu eta, hala badagokio, aldatuko du, eta hezkuntza-administrazioari heleraziko dizkio beti ikastetxeak uki ditzakeen gaiak arautzen dituzten arau-erabakiekin bat datorren hezkuntza-administrazioak erabaki dezan.
II SAILA
ESKOLAREN ANTOLAKETAZ
30.
Atala
1.- Lege honek ukitzen dituen herri-ikastetxeek,
gutxienez, honako aginte-organo hauek izango dituzte:
- Batzar-organoak:
. Ordezkaritza-organo
gorena.
. Irakasle-klaustroa.
. Zuzendaritza-taldea.
. Gurasoen
batzarra.
. Ikasleek
ikastetxearen kudeaketan izango duten partaidetza berezia mamitu dezan organoa.
- Bakar-organoak:
. Zuzendaria.
. Ikasketa-burua.
. Idazkaria
eta, hala badagokio, administratzailea.
2.- Ikastetxe bakoitzaren antolakuntza- eta
iharduera-araudiak, aurrean zehaztutakoez gain, bestelako organorik ere
oharteman ahal izango du.
3.- Bakar-organoen
agintaldia hiru urtekoa izango da. Hautapenezko batzar-organoak bi urtez behin
berrituko dira, ikastetxearen antolakuntza- eta iharduera-araudiak kasu
bakoitzerako ezar ditzan zehaztapenen arabera, epe horretan gerta daitezen
hutsuneak betetzearen kaltetan gabe.
III SAILA
ORDEZKARITZA ORGANO GORENAZ
31.
Atala
1.- Ordezkaritza-organo gorena da
eskola-elkarteko kideen partaidetza-organoa euskal eskola publikoko ikastetxeen
gobernuan, eta beroni dagokio eskola-bizitzarako funtsezkoak diren erabakiak
hartzea, eta ikastetxearen autonomi esparruan, ikastetxearen ihardueraren azken
erantzulea da.
2.- Ordezkaritza-organo gorenak honako eskumen
hauek izango ditu:
a) Ikastetxearen
hezkuntza-proiektua, antolakuntza- eta iharduera-araudia eta
kudeaketa-proiektua onartzea, bete daitezen begiratzea eta 28.3 atalak agintzen
duenaren arabera ebaluazioa egitea.
b) Ikastetxearen
urteko plana onartzea, 35.2.a) atalean erabakitakoaren kaltetan gabe.
c) Prestakuntza-ihardueren,
eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua eta urteko kudeaketa-egitaraua
onartzea, horien jarraipena eta aldizkako ebaluazioa bere gain hartuz.
d) Ikastetxearen
urteko txostena onartzea.
e) Zuzendaria hautatzea eta, beronen proposamenez, ikastetxeko
gainerako bakar-organoak izendatzea. Zuzendariaren izendapena ezeztatzea edo
bera indargabetzeko proposatzea, bi herenek onartutako erabakiz.
f) Ikasleen
onarpena erabakitzea, indarrean dagoen araubidean agindutakoari bete-betean
lotuz.
g) Ikasleen agindupe arloko gatazkei irtenbidea ematea eta
zigorrak ezartzea, ikasleen eskubide eta betebeharrak arautzen dituzten arauen
arabera.
h) Beste
ikastetxe batzurekin lankidetza-harremanak izatea kultura eta hezkuntzazko
helburuez.
i) Eskolako
instalazio eta tresneriaren aldaberrikuntza sustatzea, bai eta haien iraupena
zaintzea ere.
j) Ikastetxearen
iharduera orokorra gainbegiratzea, administrazio eta irakaskuntza alderdietan.
k) Lege honek
edo beste arau batzuek, edo ikastetxearen antolakuntza- eta iharduera-araudiak
ematen dioten beste edozein aginpide.
32.
Atala
1.- Ikastetxe bakoitzaren antolakuntza- eta
iharduera-araudiak zehaztuko du, ondorengo bi atalkietan finkatutako mugen
barruan, ordezkaritza-organo gorenaren izena, dela Eskola Kontseilua, dela
Asanblea edo dela egoki deritzon beste edozein. Horretaz gain, organoko kide
-kopuru osoa eta kideen banaketa ezarriko du. Zehaztuko ditu, halaber,
organoaren bilkura-sistema eta beronen iharduerarako gainerako arauak.
2.- Ikastetxeko ordezkaritza-Organo Gorena, gutxienez,
honako kide hauek osatuko dute:
a) Ikastetxeko
zuzendariak, organoko lehendakari izango denak.
b) Ikasketa-buruak.
c) Zinegotzi
batek edo ikastetxea dagoen udal mugarteko udalaren ordezkari batek.
d) Irakasle-klaustroak
hautatutako irakasle-kopuru jakinak, ikastetxeko ordezkaritza -organo goreneko
kide guztien herenetik beheragokoa izaterik ez daukanak.
e) Ikasle eta
ikasleen gurasoen artean hautaturiko guraso- eta ikasle-kopuru jakinak,
organoko kide guztien ehuneko berrogeita hamar baino gutxiagokoa izango ez
denak.
Gurasoen
partaidetza eta ikasleen partaidetza ordezkatzen duten gutxieneko ehunekoak
araudi bidez zehaztuko dira, ikastetxe-mota ezberdinak bereiziz ikasleen
adinaren arabera.
Ikasleen
ordezkaritza derrigorrezko bigarren mailako irakaskuntzaren lehen zikloaz geroz
ezarriko da.
f) Administrazio
eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek.
g) Ikastetxeko
idazkariak, organoko idazkari gisa arituko denak, hizpidearekin baina
boto-eskubiderik gabe.
3.- Haur-heziketako
ikastetxeetan, sei gela baino gutxiagoko lehen mailako hezkuntzakoetan, hainbat
udalerriren hezkuntza-beharrizanei erantzuten dieten ikastetxeetan,
helduentzako heziketarako eta heziketa berezikoetan, bai eta ezaugarri bereziak
dituzten gela edo ikastetxeetan, hezkuntza-administrazioak ikastetxe horien
berezitasunari egokituko dio atal honetan zehaztutakoa. Lanbide-heziketako
ikastetxeetan, batxilergo teknikoak ematen dituztenetan eta arte plastikoak eta
diseinua irakasten dituztenetan, ordezkaritza-organo gorenean sindikatu eta
enpresa-elkarteen eta irakaskuntza horiekin zerikusia duten beste erakundeen
partaidetza ezarri ahal izango da araudiz.
4.- Ordezkaritza-organo
gorenerako arlo guztietako ordezkariak hautatzeko ihardunbidea arautuko du
Jaurlaritzak.
5.- Ordezkaritza-organo
goreneko kideek beren ordezkaritza-lanean ez dute nahitaezko mandaturik izango.
IV SAILA
ZUZENDARIAZ
33.
Atala
1.- Zuzendaria ikastetxearen kudeaketa orokor eta
ihardueraren arduraduna da, irakas-iharduerarena bereziki, ordezkaritza-organo
gorenak emandako jarraibideen arabera jokatuz.
2.- Zuzendaria ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak
hautatuko du gehiengo osoz, gutxienez ikastetxean urtebete eta irakaskuntzan
hiru eginak dituzten irakasleen artetik.
Araudiz
xeda dadinari jarraiki, horrela hautatutako zuzendaria, zuzendaritza-postuetan
aritzeko berarizko gaitasunerako ikastaroak gaindituta izan edo hautatua izan
ondorengo lehenengo deialdian gainditzen baditu, Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Sailak izendatuko du kargu horretarako.
3.- Aurreko lerroaldian ohartemandakoaren
ondorioetarako, hezkuntza-administrazioak, urtero, zuzendari kargua betetzeari
begira irakasle funtzionariak gaitzeko beharrezkoak diren hastapen- eta
hobekuntza-ikastaroetarako dei egingo du.
4.- Aurreko atalkian adierazitako ihardunbidearen
arabera zuzendaria hautatzea edo izendatzea ezinezko gerta dadinean, bai eta
ikastetxe sortu berrien kasuan ere, ordezkaritza-organo gorenari entzun ondoren
eta araudiz xeda dadin ihardunbidez, behin-behingoz izendatu ahal izango da
ikastetxeko zuzendaria ezintasunak dirauen aldirako, ezingo dela, inola ere,
urtebete baino gehiagorakoa izan, eta administrazioak, hala behar izanez gero,
egoki diren zerbitzu-eginkizunak eman ahal izango ditu.
5.- Bere egitekoak larriki ez baditu betetzen,
ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak zuzendaria kargugabetzea edo indargabetzea
proposatu ahal izango dio hezkuntza-administrazioari. Administrazioak, aldebiko
espedientea bideratu eta gero, izendapena baliogabetzeari edo egitekoak
kentzeari ekingo dio, hala badagokio.
6.- Ikastetxearen tamainak hala eska
dezanetarako, araudi bidez ezarri ahal izango da zuzendariorde bat nahitaez
izatea, haren egitekoen artean agertuko direla zuzendariaren gaisotasun,
kanpoaldi, indargabetze edo kargugabetze kasuetan ordezko gisa aritzea, legez
ezarritako ihardueraren bidez ordezkorik izendatu arte. Hala gerta dadinean,
zuzendariordea zuzendaritza-taldeko kide izango da, ordezkaritza-organo gorenak
hautatuko du zuzendariaren proposamenez eta hezkuntza-administrazioak
izendatuko.
34.
Atala
Zuzendariari
honako hauek dagozkio:
a) Ikastetxearen
ordezkaritza ofiziala egitea.
b) Ikastetxearen
iharduera zuzendu eta koordinatzea; ikas-ospakizunetarako eta batzar-organoen
bileretarako dei egitea eta horietan mahaiburu izatea.
c) Gastuak
egiteko baimena ematea, ikastetxearen urteko kudeaketa-egitarauarekin bat
etorriz, eta ordainketak agintzea.
d) Lege
honen 63. atalak aipatzen dituen lan-, zerbitzu- eta hornikuntza-hitzarmenak
egitea.
e) Egiaztagiriak
eta agiri ofizialak ikus-onestea.
f) Arauak,
erabakiak, proiektuak eta iharduera-egitarauak eta ikastetxearen iharduerari
eragiten dioten erabakiak betearaztea.
g) Zuzendaritza-karguen
izendapena proposatzea ordezkaritza-organo gorenari.
h) Ikastetxeari
atxikitako langile guztien buruzagitza izatea.
i) Hezkuntza,
Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organoek ordezkotzan eman diezazkioten
gainerako aginpideak; bestelako arauek eta ikastetxearen antolakuntza- eta
iharduera-araudiak eman diezazkiotenak.
V SAILA
IRAKASLE KLAUSTROAZ
35.
Atala
1.- Irakasle-klaustroa ikastetxean lanean
diharduten irakasle guztiek osatuko dute eta zuzendaria izango du buru.
2.- Irakasle-klaustroaren egitekoak honako hauek
dira:
a) Ikastetxearen
ikasketa-proiektua eta irakaskuntza-ihardunen egitaraua egin eta onartzea,
ordezkaritza-organo gorenak irizpena eman ondoren; organo horrek erabakiko du
ikastetxearen hezkuntza-proiektuan jasotako arteztarauen egokitasunaz.
b) Irakaskuntza-ihardueren
egitarauaren betetze-mailaren berri ematea ordezkaritza-organo gorenari, urteko
txostena egin dezan.
c) Ikasleak
ebaluatu eta berreskuratzeko lanari buruzko irizpideak ezarri eta koordinatzea.
d) Ikaslegoaren
bideratze-eginkizunak eta tutoretza planifikatzea eta zuzentzea.
e) Ikastetxean
garatu behar diren pedagogiazko saioetarako edo ikerketarako ekinbideak
sustatzea.
f) Ikastetxearen iharduera-arauak onartzea.
g) Irakaslegoaren prestakuntzari dagozkionetan
prestakuntza-ihardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitarauari
buruzko txostena egitea, 36.3 atalean erabaki bezala egina, eta
ordezkaritza-organo gorenak onartu baino lehen.
3.- Irakasle-klaustroak hautatuko ditu
ikastetxeko ordezkaritza-organo goreneko bere ordezkariak.
VI SAILA
ZUZENDARITZA TALDEAZ
36.
Atala
1.- Zuzendariak, ikasketa-buruak, idazkariak eta,
hala dagokionean, ikastetxeko administratzaileak osatuko dute
zuzendaritza-taldea.
2.- Ondorengoak dira zuzendaritza-taldearen
egitekoak:
a) Ikastetxearen
zuzendaritza eta koordinaziorako irizpideak erabakitzeko eta iharduerari begira
garrantzi handiagoko erabakiak hartzeko orduan zuzendariari laguntzea.
b) Kudeaketa-proiektua,
prestakuntza-ihardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua eta
urteko kudeaketa-egitaraua gauzatzea, ordezkaritza-organo gorenak onar ditzan.
c) Aurreko
puntuan adierazitako programen burutzapena zaintzea eta koordinatzea, eta
horien betetze-mailaren berri ematea ordezkaritza-organo gorenari urteko
txostena onar dezan.
d) Urteko
txostenaren zirriborroa egitea, ordezkaritza-organo gorenak eztabaida dezan.
e) Ordezkaritza-organo
gorenari euskal eskola publikoko beste zenbait ikastetxerekin
lankidetza-harremanak izateko proposamena egitea eta, halaber, kultura eta
hezkuntza-xedez, erakundeekin ituneak izenpetzeko proposamenak egitea, organo
horrek, egoki baderitzo, hezkuntza-administrazioari aurkez diezazkion.
f) Irakasle-taldeak
antolatzea eta irakasleak beren ihardueretara atxikitzeko irizpideak
erabakitzea ikasturte bakoitzaren hasieran.
3.- Aurreko atalkiko b) eta d) puntuetan
adierazten diren egitekoak betetzeko, zuzendaritza-taldekoek organo gorenak
esku emandako batzorde baten partaidetza izango du. Antolakuntza eta iharduneko
araudiak organo gorenaren batzorde iraunkorra oharteman dezan kasuetan,
batzorde horri emango zaio esandako dokumentuak egiteko ardura.
Edonola
ere, ordezkaritza-organo gorenaren baitako ordezkaritza-baldintza eta
-proportzioak gorde beharko dira, horretarako proportziozko botoa ezarri ahal
izango dela.
37.
Atala
Hezkuntza-administrazioak
ikastetxeetako zuzendaritza-taldekideen prestakuntza eta iharduera hobetzeko
neurri egokiak hartuko ditu, besteak beste ikastetxearen hizkuntzazko
normalkuntzako helburuaren hariko hizkuntza-prestakuntza.
VII SAILA
GURASOEN BATZARRAZ ETA IKASLEEK PARTE HARTZEAZ
38.
Atala
1.- Gurasoen batzarra, ikastetxearen kudeaketan
gurasoek bereziki parte hartzeko organoa da. Ikasleen guraso edo tutore guztiek
osatuko dute.
2.- Gurasoen batzarrak honako egitekook ditu:
a) Ikastetxeko
gainerako organoei beren ardurapeko diren gaiei buruz egoki jo ditzan
proposamenak egitea, eta irakaskuntza-ihardueren egitaraua,
prestakuntza-ihardueren, eskolaz kanpokoen eta osagarrizkoen egitaraua eta
urteko kudeaketa-egitaraua egiteratzeari buruzko balorazioa ematea.
b) Zuzendaritza-taldearekin
eta irakasle-klaustroarekin harremanak izatea, ikastetxearen
hezkuntza-proiektuaren garapenean lankidetzarik handiena lortzeari begira.
c) Ikastetxeko
bizitzan parte hartzeko gurasoen ekimena suspertzea.
d) Batzar-organoetan
gurasoen ordezkari direnak bileretara deitzea, egindako kudeaketaren berri eman
dezaten.
e) Bere
iharduera-arauak onartzea.
3.- Guraso-asanbleak barne-organo bat eratu
dezake bilkurak prestatu eta erabakiak bete daitezen zaintzeko.
39.
Atala
Ikastetxe bakoitzeko antolakuntza- eta iharduera-araudiak ikasleen parte hartzea bideratuko du, dela mailako ikasleen ordezkariaren bitartez, dela ordezkari-batzordeen, jakineko xede edo egitekoa duten batzordeen edo antzekoen bidez.
VIII SAILA
IKASKETA BURUAZ, IDAZKARIAZ ETA ADMINISTRATZAILEAZ
40.
Atala
Ordezkaritza-organo
gorenak, zuzendariaren proposamenez, ikasketa-burua eta idazkaria aukeratuko ditu
irakasleen artean. Kargudun horiek hezkuntza-administrazioak izendatuko ditu.
41.
Atala
Ikasketa-burua
da ikasketa-proiektua eta irakaskuntza-ihardueren egitaraua koordinatu eta
gauzatzen direla zaintzeko ardura duen organoa. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak
onartutako irizpideekin bat etorriz ondorengo egitekoak ditu:
a) Irakaskuntzako
iharduerak koordinatzea.
b) Eskolako
ordutegiak egitea eta betetzen direla zaintzea.
c) Irakasle
bakoitzari ikastetxeko gela bat edo gehiago izendatzea, 36.2.f) atalean
araututakoari jarraiki.
d) Arauek eta
ikastetxearen antolakuntza eta iharduera-araudiak aitor diezazkioten gainerako
egitekoak.
42.
Atala
Idazkariak
ondorengo egitekoak izango ditu:
a) Ordezkaritza-organo
gorenaren, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eta irakasle-klaustroaren
bilkuretako gai-zerrendan sartu beharreko gaiak prestatzea, organo horietako
lehendakariak ezarritakoaren arabera, eta organo horien bilkuretako akta
egitea.
b) Aktak,
espedienteak eta ikastetxearen beraren agiriak zaintzea, eta bertako organoen
eskueran izatea. Ikastetxeko irakas-baliabideak zaintzea.
c) Zuzendariaren
oneritziaz, ikastetxearen egintza, erabaki, hitzarmen, aurrekin, liburu eta
agiri guztiak egiaztatzea.
d) Arauek eta
ikastetxearen antolakuntza eta iharduera-araudiak aitor diezazkioten gainerako
egitekoak.
43.
Atala
1.- Euskal eskola publikoko ikastetxeetan
administratzaile bat izango da, zuzendariari aurrekontua betetzen laguntzeko
eta baita ikastetxeko kudeaketa-egitarauan eta urteko kudeaketa-planean
jasotako diru-kudeaketazko gainerako alderdietan ere.
2.- Araudi bidez erabaki dadinaren arabera eta,
besteak beste, ikastetxeen tamainari begira, administratzaileak eta beren
ihardunean lagundu diezaieten giza eta gauzazko baliabideen egiturak
ikastetxean bertan ala eskola-bilgunearen esparruan antolatuko dira.
3.- Administratzaileak lege honetako 64. atalean
ohartemandako egitekoak beteko ditu eta baita araudi bidez leporatu dakizkion
beste guztiak ere.
IX SAILA
ESKOLAN PARTE HARTZEA SUSTATZEAZ
44.
Atala
1.- Eskola osatzen duten talde guztien parte
hartzea dakarten bide guztiak bultzatuko ditu hezkuntza-administrazioak, ezar
daitezen laguntza-ekintzen bitartez.
2.- Bereziki gurasoen eta ikasleen elkarteak
sortzea eta elkarteon iharduera bultzatuko da eta baita elkarte horien
federakunde eta konfederakundeena ere, honako hauen bidez:
a) Berauek
sendotzeko eta garatzeko finantziazio-bideak finkatuz.
b) Guraso-elkarteetako
gurasoen etengabeko prestakuntza eta gurasoek aitortuta dituzten egitekoak
betetzeko egoki izan dadin laguntza teknikoa emanez.
c) Guraso eta
ikasle-elkarteen ikastetxeetako presentzia bultzatuz, araudi bidez erabaki
dadin bezala.
3.- Hezkuntza-zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena izan dezaten atal hau garatzeko arauei eta izaera orokorreko erabakiei buruzko iritzia federakunde eta konfederakundeei eskatuko die hezkuntza-administrazioak.
III ATALBURUA
PEDAGOGIAZKO AUTONOMIAZ
45.
Atala
Euskal
eskola publikoa osatzen duten ikastetxeei pedagogiazko autonomia aitortzen
zaie. Ikastetxeok, indarrean dagoen legediaren esparruan, legedi horrek
ezarritako gutxieneko programen esparruan eta baliabide erabilgarrien mugapean,
hezkuntza-proiektua eta ikasketa-proiektua mamitzeko beharrezko erabakiak hartu
ahal izango dituzte. Erabakiok ezin izango dute hezkuntza-elkarteko
inorenganako bereizkeriarik eragin.
46.
Atala
1.- Ikastetxeko hezkuntza-proiektuak
eskola-elkarteko arloek aukeratutako hezkuntza-mota adierazten du, eta
ikastetxearen ihardueren bidez lortu nahi diren baloreak eta oinarrizko
helburuak zehaztuko ditu.
Hezkuntza-proiektua
bateratzailea izango da, bereizkeriarik eza eta hezkuntza-baterabiltzea izanik
funtsezko baloreak.
2.- Hezkuntza-proiektuan ondorengo zehaztasunak
jasoko dira gutxienez:
a) Hezkuntza-helburuak
zehazteko kontutan hartzen diren ingurunearen eta gainerako baldintzen
zehaztapena.
b) Ikastetxearen
iharduera mugatuko duten oinarrizko helburuak eta lehentasunak; besteak beste,
ondorengoak jasoko dira:
. Ikasketa-proiektuan
garatuko diren ikastetxearen curriculum-helburuak eta, beraien artean, pedagogi
ildoa.
. Eskolako
bizitzan parte hartzeko modua, ikastetxearen iharduera arautzeko irizpide
nagusiak jasoz; irizpide horiek antolakuntza- eta iharduera-araudian zehaztuko
dira.
. Inguruneko
gizartearekiko lotura-harremanak.
. Ikastetxeak
garatuko dituen proiektuak, eskola-elkarteko partaideen prestakuntzarakoak,
hezkuntza-berrikuntzakoak, desberdintasunarekiko arretazkoak, ikastetxe eta
erakundeekiko lankidetzakoak, edo epe erdikora ikastetxearen
hezkuntza-iharduera zehaztu dezaten gainerakoak.
. Euskararen
erabileraren normalkuntza lortzera bideratutako jarraipideak.
. Berarizko
lanbide-heziketako irakaskuntzak dituzten bigarren mailako heziketako
ikastetxeetan arautu gabeko lanbide-heziketari buruzko xede eta orientabideak
oharteman ahal izango dira.
3.- Irakasleen prestakuntza ikastetxearen
hezkuntza-proiektuari eta irakaslegoaren ezaugarriei egokituko zaie.
47.
Atala
Ikastetxearen
ikasketa-proiektuak hezkuntza-proiektua garatzen du irakaskuntzaren arloan.
Gutxienez, ondorengo edukiak izango ditu:
a) Ikasleen
beharrei egokitutako irakaskuntza-helburuak eta -edukiak, irakaskuntzaren
alderdi guztietan, indarrean dauden irakaskuntza elebiduneko ereduak
ikastetxean ezartzeari loturikoak barne.
b) Irakaskuntza-edukien
banaketa.
c) Ikastetxeko
irakasleen lanak jarraipena izango duela berma dezaten pedagogi eta
irakas-irizpideak.
d) Irakas-metodologiaren
eta ikas-materialeen alorrean egindako aukerak.
e) Hezkuntzako
beharrizan bereziei nola egingo zaien aurre.
f) Ebaluaziorako
irizpideen gauzatze eta osabetetzea.
48.
Atala
1.- Ikastetxearen urteko planean sartzen diren
irakaskuntza-ihardueren eta prestakuntza-ihardueren, eskolaz kanpokoen eta
osagarrizkoen egitarauek aurreko bi ataletan adierazitako proiektuetan
ohartemandako erabakiak isladatu beharko dituzte. Egitarau horietan iharduera
horien inguruko proposamen bereziak sartu ahal izango dira. Iharduerak
askatasunez garatuko dira ikastetxearen programazio orokorraren esparruan eta,
beti ere, ikastetxeei emandako baliabideak erabiliz.
2.- Irakasle-talde guztiak, maila guztietan, eta
irakaslegoa ikastetxearen hezkuntza- eta ikasketa-proiektuei loturik egongo
dira. Horiei men egitearen barruan, eskolako iharduerak lantzeko eta
programatzeko nahiz bakoitzak bere arloko iharduera-egitarauak aurrera
eramateko egoki eritzitako erabakiak hartu ahal izango dituzte. Hartzen
dituzten erabaki horiek ikastetxeko irakasle-klaustroak eta ordezkaritza-organo
gorenak berraztertu ahal izango dituzte, zeinek bere aginpideen esparruan.
49.
Atala
Jaurlaritzak,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez emandako dekretu
bidez, ikastetxe guztiek ikasketa-edukietan gutxienez bete beharrekoak
zehazteari dagokionez indarrean dagoen legedian jasotako oharpenak garatuko
ditu. Gutxieneko edukiok ikastetxeek aukera ditzaketen ikasketa-proiektuen
barne-lotura eta bateragarritasuna ziurtatuko dituzte.
50.
Atala
1.- Ikastetxeetan egindako proiektuak eta
egitarauak hezkuntza-administrazioari aurkeztuko zaizkio, honek, Hezkuntzako
Ikuskaritza Teknikoaren txostena ikusi ondoren, proiektu nahiz egitarauak uki ditzakeen
alderdi desberdinak arautzen dituzten arau-erabakiekiko adostasuna erabaki
dezan eta, bereziki, ezarritako gutxieneko ikasketa-edukiekikoa.
2.- Halaber, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak
proiektu edo egitarauaren inguruko txostena egingo du, eta kontutan izango dira
ikastetxeak dituen giza baliabideak zein instalazio teknikoak.
Hezkuntza-administrazioak, txosten hori oinarri izanik, dagokion proiektu edo
ikasketa-egitaraua ikusita, egoki eritzitako proposamenak eta iradokizunak
aurkeztu ahal izango dizkio ordezkaritza-organo gorenari, eta klaustroari, hala
badagokio, azter ditzan.
51.
Atala
1.- Euskal eskola publikoa bateratzailea dela
kontutan izanik, ikastetxeak beren ezaugarriengatik laguntza bakoiztua behar
duten ikasleei egokitutako curriculumak onartzea proposatu ahal izango du, 45.
atalean zehaztutako haren pedagogiazko autonomiaren esparrutik kanpo geratzen
denetan.
2.- Curriculum-egokitzapenari eta behar diren
osagarrizko baliabideei dagokienez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
horretarako hartuko duen erabakiak ikastetxearen eskola-bilgunean diharduten
Laguntza-Zerbitzuen aurretiazko aldeko txostena behar izango du.
52.
Atala
1.- Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek
ikasgela-kopuruaren aldaketa eta beren hezkuntza-eskariari egokitutako
hizkuntza-ereduak ezartzea proposatu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate
eta Ikerketa Sailari.
2.- Sailak, ikasgela-kopuruaren aldaketari
dagokionean bere erabakia hartzeko orduan, irakaskuntzaren programazio
orokorra, giza eta diru-baliabideak eta Euskadiko Eskola Kontseiluak nahiz
dagokion bilguneko eskola-kontseiluak aldizka egindako txostenak hartuko ditu
kontutan.
3.- Lege honen 21. atalean agindutakoaren arabera
hartuko du sailak hizkuntza-ereduak ezartzeari buruzko erabakia.
53.
Atala
1.- Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek
aginpidea izango dute legedi ezargarriaren arabera zehaztutako
batxilergo-modalitateen edo berarizko lanbide-heziketako moduluen artean
aukeratzeko; aukera hori egin dezatenean, hurrengo zatiko b) eta c) letretan
bildutako irizpideak hartu beharko dituzte kontuta.
2.- Aukera hori eragingarri bihurtzeko baimena
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango du, ondorengo irizpideak
oinarritzat hartuta:
a) Irakaskuntzaren
programazio orokorra.
b) Ikastetxeak
dituen giza baliabideak eta instalazioak.
c) Hezkuntza-eskubidea
benetan gauzatzea bermatu behar dela eta, kontutan hartu beharreko gainontzeko
baldintza guztiak.
IV ATALBURUA
KUDEAKETA AUTONOMIAZ
ERABAKI OROKORRAK
54. Atala
1.- Ikastetxeek
kalitatezko irakaskuntza bermatzeko behar diren hezkuntza-, giza eta gauza
-baliabideak izango dituzte, mailaren, tamainaren eta gainontzeko gorabeheren
arabera. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
irakaskuntza-maila eta -mota bakoitzean izan beharreko irakasle/gela erlazioa
eta eskola-gela bakoitzari dagozkion gainerako baliabideak ezarriko ditu,
Euskadiko Eskola Kontseiluaren eritzia entzun ondoren.
2.- Aurreko atalkian
adierazitako baliabideez gain, diru-kopuru osagarriak eman ahal izango zaizkie
ikastetxeei, 10. atalean araututako konpentsazio-fondoaren kargu. Bestalde,
hezkuntza-administrazioak diru-kopuru handiagoak eman ahal izango dizkie
ikastetxeei, hezkuntza-proiektuetan eta eskabiderik egin dezaten ikastetxeen
urteko planetan oinarrituta, aurrekontuan horretarako jar daitezen kontuen
kargu.
55.
Atala
1.- Lege honek eragiten dien herri-ikastetxeek beren baliabideak kudeatzeko autonomia izango dute, atalburu honetan ezarritakoaren arabera. Autonomia horren adierazgarri eta bai eskola-elkarteak bai administrazioak ikastetxeen ekonomi iharduera errazago kontrolatu ahal izan dezaten, ikastetxe bakoitzak bere kudeaketa-proiektua onartuko du.
Kudeaketa-proiektuan
ikastetxeek beren hezkuntza-proiektua gauzatzeko dituzten baliabideen
antolaketa eta erabilpena adierazten da. Gutxienez ondorengoak jasoko dira
proiektu horretan:
a) Ikastetxeak
dituen baliabideak.
b) Irakasle-taldeak
antolatzeko oinarrizko irizpideak.
2.- Berarizko lanbide-heziketako irakaskuntza
ematen duten bigarren mailako hezkuntzako ikastetxeek, arauz ezartzen denaren
arabera, arautu gabeko lanbide-heziketa eman ahal izango dute.
Ikastetxe
horietan, kudeaketa-proiektuak arautu gabeko lanbide-heziketari buruzko
beharrezko alderdiak ohartemango ditu, eta, horiei dagozkienetarako, baita
enpresekiko erlazioak ere.
3.- Kudeaketa-proiektuan epe ertainerako
ohartemandako iharduera-aurrikuspenak urteroko kudeaketa-egitarauan jasoko
dira.
Arautu
gabeko lanbide-heziketa ematen den ikastetxeetan, urteroko kudeaketa-egitarauak
heziketa horretarako ohartemanda dituzten iharduerak jasoko ditu.
4.- Aurreko atalkietan adierazten diren tresnak, bai eta horien aldaketak ere, ordezkaketa -organo gorenak onartu eta gero hezkuntza-administrazioari helaraziko dizkio ikastetxeak, eraginik izan dezaketen gaiak arautzen dituzten arauei jarraiki, hezkuntza-administrazioak bat datozen erabakia eman dezan.
II SAILA
EKONOMI ETA DIRUBIDETARAKO AUTONOMIAZ
56.
Atala
1.- Kudeaketa-proiektuan eta urteko
kudeaketa-egitaraua jasotako aurrikuspenen arabera, herri-ikastetxe guztiek
beren diru-baliabideak kudeatzeko ahalmena izango dute.
2.- Urteko kudeaketa-egitarauaren aurrikuspenetan
ikastetxearen beraren aurrekontua azalduko da; bertan, iharduera-gastuak eta
araudi bidez ezarritako hornikuntza-lanek nahiz inbertsioek eragindako gastuak
jasoko dira, eta baita gastu horiei aurre egiteko baliabideak ere.
57.
Atala
1.- Aurrekontuan, diru-sarreretan, honakook
azalduko dira:
a) Ikastetxeak,
54. atalean ezarritako gaiak direla eta, Euskal Autonomi Elkarteko aurrekontu orokorren
pentzutan jasoko dituen diru-kopuruak.
b) Ikastetxeak
bere iharduera dela eta sortutako gastuei aurre egiteko beste
herri-administrazio batzuetatik jasoko dituen diru-kopuruak.
c) Tasen bidez
ordaindutako nahiz lege honen 9. atalaren indarrez tasotatik salbu-etsitako
zerbitzuez besteko zerbitzuak egiteagatik eskuratutako diru-kopuruak.
d) Irakaskuntza
alorreko iharduerak burutzeko ikastetxeari emandako emari eta oinordetzetatik
sortutako diru-kopuru eta etekinak, autonomi elkarteko ondareari buruzko
legedian erabakitakoa ezartzearen kaltetan gabe.
e) Ikastetxearen
ohizko iharduera dela eta sortutako gaiak saltzeagatik izandako diru-sarrerak
nahiz altzariak aldatzearen ondorioz, zahartuta edo andeatuta daudenak
saltzeagatik izandakoak.
f) Ikastetxearen
ondasun edo instalazioak indarrean dagoen legediaren arabera erabiltzearen
ondorioz izan daitekeen beste edozein diru-sarrera.
2.- Ikastetxearen aurrekontuan, gastuen atalean,
iharduera arruntak eta araudi bidez ezarritako hornikuntza-lanek nahiz
inbertsioek eragindako gastuak jasoko dira. Bertan ez dira langilegoak
eragindako gastuak agertuko eta, bestalde, gastuen zenbatekoa ezingo da
ohartemandako diru-sarrerak baino handiagoa izan.
3.- Aurrekontuan, ikastetxearen diru-sarrerak
dagozkien gastuei lotuko zaizkie. Hasiera batean ikastetxearen aurrekontuan
jaso ez ziren diru-sarrerak bertako gastuetarako erabili ahal izango dira,
baina Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari diru-sarrera horien berri
eman beharko zaio indarrean dagoen autonomi elkartearen aurrekontuan sar ditzan
berez eta besterik gabe.
58.
Atala
Araudi
bidez zehaztuko da euskal eskola publikoko ikastetxeen aurrekontuaren egitura,
eta beronen kontaduritza osotuko kudeaketa-eredua eta diruzaintzakoa.
59.
Atala
Ikastetxearen
aurrekontua egiteko, jarraian aipatzen den moduan ihardungo da:
1.- Urtero, eta hezkuntza-administrazioak
eskatuta, administratzaileak, zuzendaritza-taldearen edo, hala badagokio,
batzorde iraunkorraren artezpideen arabera, ikastetxearen diru-beharrizanen
zerrenda zehatza egingo du, bertako aurrekontuan sartu beharreko gastuei
dagokienez. Ikastetxeek, bestalde, beren instalazioak aldatu edo handitzeko ere
proposatu ahal izango dute. Zerrenda hori, ordezkaritza-organo gorenak ontzat
eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari heleraziko zaio.
Ikastetxearen
diru-beharrizanen zerrenda, aurreko atalaren arabera aldez aurretik zehaztutako
aurrekontu-egiturari egokituko zaio.
2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
ikastetxe bakoitzaren beharrizanak balio-etsiko ditu, baina ez soilik
ikastetxearen egoera objektiboa kontutan izanik; sare publikoko beste ikastetxe
batzuekin alderatuta nola dagoen ere kontutan hartuko da. Hala, ahal den
neurrian, unibertsitatez kanpoko sare publikoko ikasleen arteko jatorrizko
ezberdintasunak berdintzen saiatuko da.
3.- Legebiltzarrak Euskal Autonomi Elkarteko
aurrekontu orokorrak onartu ondoren, hezkuntza-administrazioak ikastetxe
bakoitzari eman zaion diru-kopurua zenbatekoa den jakin araziko dio, kopuru
hori ikastetxearen aurrekontuan sartzeko.
4.- Aurreko atalkian adierazitako kopurua ikusi
eta 57. atalean aipatzen diren gainerako diru-sarrerak balioetsi ondoren, zuzendaritza-taldeak
edo, hala badagokio, batzorde iraunkorrak ikastetxearen aurrekontu-proiektua
egingo du, eta gainerako aurrikuspenekin batera, urteko kudeaketa-egitarauan
sartuko da. Egitarau hori ordezkaritza-organo gorenari helaraziko zaio onarpena
eman diezaion.
60.
Atala
1.- Ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenek
aurrekontuetan egoki eritzitako aldaketak egin ahal izango dituzte, iharduerako
gastuei dagokien atalean, arduraz egindako administrazioan oinarrituta,
baliabideak beste era batean banatzea egokiagoa jo izanagatik.
2.- Ikastetxearen aurrekontuko baliabideak ez
dira, inola ere, legediaren arabera udaletako herri-administrazioek edo
autonomi administrazioak ordaindu beharrekoak estaltzeko erabiliko.
3.- Ikastetxeek, araudiz ezarritako modu eta
neurrietan, bere aurrekontuko diru-sarreretan baliabide soberakinak sartu eta
erabaki ditzaten gastuetarako erabili ditzakete, Hezkuntza Sailari erabaki
horren berri emanez.
61.
Atala
1.- Ordezkaritza-organo gorenak emari eta
oinordetzak onartu ahal izango ditu, zorpe, betekizun nahiz baldintzaren bat
dakartenak eta lur-ondasunei dagozkienak ezik.
2.- Aurreko atalkian erabakitakoaren arabera
ikastetxeak onar ditzan emari eta oinordetzak Hezkuntza, Unibertsitate eta
Ikerketa Sailari jakinaraziko zaizkio, honek Jaurlaritzari ezagutaraz
diezazkion, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 39. atalak dioenaren arabera
ondasunok nori esleitu erabakitze aldera.
62.
Atala
Euskal
eskola publikoko ikastetxeetako zuzendariak dira ikastetxe bakoitzean
aurrekontua gauzatzeko organoak. Arlo horretan, gastuak egitea baimendu eta
ordainketak egiteko agintzen dute. Bestalde, ordezkaritza-organo gorenak
ekonomia eta finantzen arloan hartutako erabakiak betearazten dituzte.
Zuzendariak,
araudiz ezarri daitezen aurrikuspenen arabera, gastuak egiteko eta ordainketak
agintzeko aginpidea ikastetxeko idazkariari edo administratzaileari eman ahal
izango dio ordezkotzan.
63.
Atala
1.- Zuzendariek beste organo batzuren aginpideko
ez diren lan, zerbitzu eta hornikuntza guztiak hitzartu ahal izango dituzte,
araudi bidez ezarritakoarekin bat etorriz.
2.- Zuzendariaren aginpidekoak ez diren
hitzarmenak egiteko, zuzendariak aginpidea duen administrazio-organoari
eskatuko dio egoki diren hitzarmenak egin ditzan.
64.
Atala
Administratzailea
ikastetxearen kontaduritzaz arduratuko da, eta 59. atalean adierazitako beharrizanen
zerrenda eta ikastetxearen aurrekontua jasoko duen agiria eta aurrekontuaren
kitapenari buruzko kontua idatziko ditu. Hori guzti hori, lan horiek egin eta
onartzeko aginpidea duten organoen orientabideak jarraituz egingo du.
Hitzarmenak egin eta materialea erosteko nahiz inbertsioak egiteko
aurre-izapideak burutuko ditu. Ikastetxearen horniduren zerrenda egin eta
ikastetxeko instalazioen mantenimendua zaintzea ere haren egitekoak izango
dira.
65.
Atala
1.- Ikastetxeen diru-kudeaketa ekonomi eta
finantza-izaerako kontu hartzailetzaren kontrolaren menpe egongo da gero.
2.- Zuzendariak ikastetxearen diru-kudeaketaren
berri emango dio administrazioari. Araudiz erabakiko da aurkeztu beharreko
kudeaketa-kontuen eredua, eta baita zenbatean behin aurkeztu beharko diren ere.
3.- Aurrekontu-urtea amaitu ondoren, euskal
eskola publikoko ikastetxeek, hezkuntza-administrazioak eskatuta eta
ikastetxeko zuzendariak izenpetutako egiaztagiriaren bidez, amaitu berria den
ekitaldiari dagokion ekonomiazko kudeaketa argitu beharko dute. Kitapen-kontu
batean ikastetxeko aurrekontuan ageri diren baliabideak zertan erabili diren
adierazi beharko da.
4.- Gastu bakoitzari dagozkion banan-banako
argitasunak kasuan kasuko ikastetxean geratuko dira dagokien kontu-ikuskaritzako
organoen esku, edo behar izanez gero, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren
eskuetan, egoki eritzitako egiaztapenak egin ahal izan ditzaten.
V ATALBURUA
LANGILE KUDEAKETAZKO AGINPIDEEZ
66.
Atala
1.- Herri-ikastetxearen ordezkaritza-organo gorenak
ikastetxeko langile-zerrenda diseinatuko du, beti ere ikastetxearen
hezkuntza-proiektuarekin, hezkuntza-administrazioak finkatutako gutxienekoekin
eta aurrekontuko baliabide erabilgarriekin bat etorriz.
Hezkuntza-administrazioak
herri-ikastetxeei dagokien langilegoa jarriko du, ikastetxeek aurkeztutako
langile-zerrendaren diseinua kontutan izanik.
2.- Ikastetxeek, beren hezkuntza-proiektuekin
bat, ikastetxeko zenbait lanpostutarako bete beharreko titulazioko eta
lanbide-gaitasuneko eskakizunak zehaztu ahal izango dituzte.
Hezkuntza-administrazioak,
araudiz zehatzagotuko diren bide hauetakoren batez erantzun ahal izango dio
eskaera horri:
a) Ikastetxeko
lanpostu-zerrenda modu egokian alda dadin galdatuz.
b) Lanpostuari
dagozkion titulazioko eta lanbide-gaitasuneko eskakizunekiko araberakotasunari
merezimendu gisako balioa emanez lanpostuak betetzeko orduan.
c) Lanpostuan
iharduteko betekizunen artean, lanpostuaren titulazioko eta lanbide-gaitasuneko
eskakizunei dagokien prestakuntza ezarriz, hurrengo atalean erabakitakoari
jarraiki.
3.- Herri-ikastetxeetako gobernu-organoek beren
ikastetxeko lanpostuak betetzean parte hartu ahal izateko beharrezko neurriak
araudi bidez hartuko dira.
67.
Atala
1.- Herri-ikastetxeek, irakasle-klaustroak
proposatuta eta ordezkaritza-organo gorenak irizpena eman ondoren, antolatuko
diren presta-berritze ekintzetan parte hartzeko zenbait irakasle proposatu ahal
izango diote hezkuntza-administrazioari. Ikastetxearen urteko planarekin zer ikusia
izan beharko du proposamenak eta hezkuntza-administrazioak ekintzotarako
irakaslegoa aukeratzeko orduan merezimendutzat hartuko du.
2.- Aurreko atalkian erabakitakoaren kaltetan
gabe, irakasleek nork bere izenean parte hartu ahal izango dute antola daitezen
presta-berrikuntzarako ekintzetako deialdietan.
3.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak
hautaketan iharduteko modua atal honetan agindutakoa kontutan hartuz arautuko
du.
VI ATALBURUA
EUSKAL ESKOLA PUBLIKOKO IKASTETXEEN ARTEKO LANKIDETZAZ
68.
Atala
1.- Hezkuntza-administrazioak euskal eskola
publikoko ikastetxeen arteko lankidetza-harremanak bultzatuko ditu,
hezkuntza-sistemaren baliabideei etekin handiagoa ateratzeko eta ikastetxe
bakoitzean egindako pedagogi esperientziak edo ikerlanak elkarri hobeto
ezagutarazteko. Dagokion bilgunearen barruko harremanak bultzatuko dira
bereziki.
2.- Jaurlaritzak, Euskadiko Eskola Kontseiluaren
eritzia entzun ondoren, araudiz ezarriko ditu lankidetza-harreman horiek
bideratzeko modu-baldintzak.
3.- Euskal eskola publikoko ikastetxeek,
bestalde, kultura eta hezkuntza helburu izanik, hezkuntza-administrazioaz
kanpoko ikastetxeekin eta beste zenbait erakunderekin hitzarmenak izenpetzeko
proposamena egin ahal izango diote hezkuntza-administrazioari.
Erabaki
Gehigarriak
Lehenengoa
Administrazio-organo
jakinik adierazten ez den guztietan, lege honek administrazioaz,
hezkuntza-administrazioaz edo autonomi administrazioaz egiten dituen aipamen
guztiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organo aginpidedunei
buruzkoak direla ulertuko da, bere egitura-arauetan ezarritako
egiteko-banaketaren arabera.
Bigarrena
Jaurlaritzak,
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren
proposamenez, beharrezko neurriak erabakiko ditu Euskadiko unibertsitatez
kanpoko ikastetxeetan lege honen V. idazpuruko IV. atalburuan ohartemandako
diru-kudeabidea pausoz pauso ezartzeko.
Ezarpen
hori lurralde-esparruka nahiz ikastetxe-motaka egin ahal izango da,
administratzaileen, baliabideen eta ezarpen egokia ziurta dezaten gainerako
baldintzen eskuragarritasunari begira.
Lege
honetako V. idazpuruko IV. atalburua garatzeko eman daitezen arauek,
ikastetxeen hitzarmengintza eta kudeaketa arautuko dute, izapideak erraztea eta
ikastetxearen kudeaketan eraginkortasuna izanik helburu.
Hirugarrena
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, doakien zerbitzu teknikoen bitartez, pedagogiazko esperientziak bultzatuko ditu eta, hala badagokio, curriculum-eredu zenbait garatuko du orientabide gisa, lege honen VI. idazpuruko I. atalburuan aitortutako pedagogiazko autonomia benetan gauzatzen laguntzeko. Orientabide gisa, halaber, ikastetxeen antolaketa eta kudeaketazko autonomia erakusten duten gainerako proiektu eta programen ereduak garatuko ditu.
Laugarrena
9.
atalean adierazi den zero urterekin eskolaratzeko helburua iristeko,
eskolaratze horretaz arduratuko den irakaslegoaren prestakuntzaren plangintza
egiteko beharrezko neurriak hartuko dira.
Bosgarrena
Lege
honen 66.2 atalean ikastetxeek beren lanpostuak betetzeko ezartzen den
partaidetza, hezkuntza-proiektu bereziak dituzten ikastetxeetan edo irakatsi
beharreko edukiek hala eskatzen dutenetan gauzatuko da batez ere.
Seigarrena
Euskadiko
Eskola Kontseiluei buruzko urriaren 28ko 13/1988 Legearen 4, 6, 14 eta 18.
atalak aldatu eta ondoan adierazten den moduan geratuko dira:
"4. Atala
Honako alderdi hauek izango ditu, gutxienez, irakaskuntzako
programazio orokorrak:
a) Hezkuntza-alorrean premiazkoen diren beharrak zehaztea.
b) Ekonomiazko plangintzari jarraiki, beharrezko baliabideak
finkatzea.
c) Hezkuntza-alorrean lehentasuna duten beharrak zehazteko oinarrizko
irizpideak eta, horiek direla eta, kontutan hartutako aldirako oinarrizko
ekintza-helburuak.
d) Eskola-bilgunearen oinarrizko egitura finkatzea eta horiek sortzea,
aldatzea edo kentzea.
e) Ikaspostuen plangintza eta sortzeko direnen programazioa arautzeko
oinarrizko irizpideak, zein alde eta udaletan sortu behar diren zehaztuz.
f) Eskolako instalazioak eta hornidura zaindu, hobetu eta berritzeko
ihardueren programazioa.
g) Irakaskuntzan aukera-berdintasuna lortzeko ihardueren, berdintzaile
nahiz hezkuntza-integrazioa bultzatzekoen, programazioa.
h) Itunepeko ikastetxeak herri-diruz finantziatzeko ihardueren
programazioa.
i) Giza baliabidezko beharrak eta gizakiok prestatu eta trebatzeko
iharduerak nahiz gela bakoitzari dagozkion baliabideak zehaztea.
6. Atala
Honakoak dira unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako programazio
orokorrerako kontsulta, partaidetza eta aholkularitzako organoak:
a)
Euskadiko Eskola
Kontseilua.
b)
Lurralde Kontseiluak.
c)
Bilguneetako Eskola
Kontseiluak.
d)
Udal
Eskola Kontseiluak.
14. Atala
Euskadiko Eskola Kontseiluari derrigorrez eskatu beharko zaio
aholkua ondorengo gaietarako:
a) Irakaskuntzaren programazio orokorrerako.
b) Hezkuntzarako eskubidea benetan gauzatzeko,
irakaskuntzaren askatasunari eta Konstituzioaren 27. atalean herri-aginteei
ezartzen zaizkien betebeharrei zuzenean eragiten dieten lege-aurreproiektu eta
erabaki orokorren proiektuetarako.
c) Ikaspostuak sortu, kendu eta aldatzeko
irizpideetarako.
d) Ikastetxeak hornitu eta eraikitzeko arau
orokorretarako.
e) Euskal Automi Elkartean oinarrizko
curriculum-diseinuak arautzen dituzten arau orokorretarako.
f) Pedagogiazko programak eta orientabideak berritu eta
esperimentatzeko planetarako.
g) Irakaskuntza-maila bakoitzeko ereduetako hizkuntza-helburuak eta
hizkuntza-ereduen eskaintzaren plangintza egiteko oinarrizko irizpideak finkatzeko.
h) Ekintza berdintzaileak eta hezkuntza-integrazioa bideratzeko
oinarrizko irizpideetarako.
i) Helduen etengabeko hezkuntzari buruzko oinarrizko helburuetarako.
j) Gizarteak hezkuntza-elkarteari egin diezazkion osagarrizko
prestakuntza-eskaintzei erantzuteko oinarrizko helburuak eta bateratzeko
irizpideak zehazteko.
k) Giza baliabideekin eta hauek prestatzeko eta hobetzeko beharrekin
zerikusirik duten langilego-politikari buruzko oinarrizko irizpideetarako.
Hezkuntza-sistemaren gainontzeko baliabideak bidezkotzeko eta erabat
aprobetxatzeko oinarrizko irizpideetarako.
l) Aukera-berdintasunerako ihardueraren, ekintza berdintzaileen eta
hezkuntza-integrazioko ekintzen oinarrizko irizpideetarako.
18. Atala
1.- Lurraldeko eskola-kontseiluak irakaskuntzaren
programazio orokorrak ukitutako sektoreen partaidetza-organo dira
kondaira-lurraldeen eremuan, eta baita lege honetan aipatzen diren erabaki eta
hitzarmenak egitean ere.
2.- Bilguneetako eskola-kontseiluak araudiz
arautuko dira, eta eskola-bilgunearen eremuan unibertsitatez kanpoko
hezkuntzaren programazio orokorrak hartzen dituen arloen aholku- eta
partaidetza-organo izango dira. Bilguneetako eskola-kontseiluak, Euskadiko
Eskola Kontseilua osatzeko partaidetza-irizpideen arabera osatuko dira.
Bilguneetako eskola-kontseiluei nahi eta nahi ez galdetu
beharko zaie Lege honetako 4. atalean jasotzen diren gaiei buruzko eritzia,
Bilgunean bertan gai horiei buruzko erabakiak hartzeko orduan".
Zazpigarrena
Ikastolak
eta Eskola Publikoa Biltzeko ekainaren 29ko 10/1988 Legean ezarritakoaren
ondorioetarako, lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen
den egunetik hasita hiru hilabeteko epea izango dute ikastolek beren aukera
gauzatzeko. Epe horretan aukerarik egiten ez duten ikastolek ez dutela biltzeko
asmorik joko da.
Zortzigarrena
Ahalmena
ematen zaio hezkuntza-administrazioari lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren
Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabeteko epean sare publikoan sartu nahi
duten ikastetxeekin hitzarmenak izenpetzeko, baldin ikastetxe horiek jabekideen
artean herri-alorreko lege-nortasundunen bat badute edo eskolaratzeko eta
hezkuntza-plangintzako beharrek sarrera hori arrazoitzen badute. Hitzarmen
horietan, ikastetxeak berehala eta inolako baldintzarik gabe sare publikoan
sartu nahi duela adieraziko da.
Bederatzigarrena
1.- Konstituzio-irizpideen eta indarrean dagoen
legebideak agindutakoaren esparruan, udal-erakundeek hezkuntza-administrazioari
laguntza emango diote herri-ikastetxeak sortzen, eraikitzen eta mantentzen, eta
baita nahitaezko eskolatzea bete dadin zaintzen.
Hezkuntza-administrazioak
lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu udalekin jaurbide bereziko irakaskuntzetarako.
Hitzarmen horietan lankidetza berezia ezarri ahal izango da musika eta
dantza-eskolekin, bertako ikasketen bidez balio akademikoa duen titulu
ofizialik ematen ez bada.
2.- Udal-erakundeen jabetzapeko herri-ikastetxeen
sortzea, erakundeon eta hezkuntza-administrazioaren arteko hitzarmen bidez
egingo da, sortze hori Euskal Herriko irakaskuntzaren programazio orokorrarekin
ados egon dadin.
3.- Ikastetxe horiei lege honen V. idazpuruko IV.
eta V. atalburuetan erabakitakoaren ezarpena, atalburuok ukitzen dituzten
gaietan indarrean dagoen araubideak udal-erakundeei aitortzen dizkien
aginpideen kaltetan gabe ulertuko da.
4.- Ikastetxeotako zuzendaria eta gainerako
bakar-organoak izendatzeko lege honek hezkuntza-administrazioari egozten
dizkion egitekoak, dagokion udal-erakundeari dagozkiola ulertuko da.
5.- Ihardun diharduten udal-erakundeen
jabetzapeko herri-ikastetxeak aldi baterako erabakietan agindutakoari jarraituz
lotuko zaizkio lege honetan ohartemandakoari.
Hamargarrena
Lege
honetako 20. atalean aipatutako hizkuntza-ereduak irakaskuntza-sistema osoan
ezarriko dira, publikoan nahiz pribatuan, eta honako hauek izango dira:
a) A eredua;
ikasgaiak batipat gazteleraz emango dira, zenbait ekintza edo gai euskaraz eman
ahal izango direlarik.
b) B eredua;
ikasgaiak euskaraz eta gazteleraz emango dira.
c) D eredua;
ikasgaiak euskeraz emango dira.
Hiru
ereduetan gaztelera eta gaztelerazko literatura, euskara eta euskal literatura
eta hizkuntza modernoak beren jatorrizko hizkuntzetan irakatsiko dira nagusiki.
Aldi
Baterako Erabakiak
Lehenengoa
1.- Lege hau indarrean jarri ondorengo hiru
hilabeteren barruan, lege honen 32.2 ataleko e) puntuan ohartemandako
araudi-erabakia onartuko du Jaurlaritzak.
2.- Epe berean Hezkuntza, Unibertsitate ete
Ikerketa Sailak ikastetxeetan eskola-elkarteko talde bakoitzak aukeratu
beharreko kideen kopurua zehaztuko du. Horrela hautatutako kideek, dagokion
udal-administrazioaren ordezkariarekin batera, ikastetxearen antolakuntza- eta
iharduera-araudia egiteari ekingo diote berehalakoan.
3.- Lege hau indarrean jarri ondorengo sei hilabeteren
barruan, aurreko atalkian ohartemandako hauteskundeetarako deiak egiteari
ekingo dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.
4.- Antolakuntza eta iharduera-araudia onartu
ondoren, administrazioak hauteskundeetarako dei egingo du, ikastetxeetako
gobernu-organoak lege honetan agintzen den bezala eratu daitezen.
5.- Aurreko atalkian ohartarazitakoak bete
artean, ihardunean dihardutenak izango dira ikastetxeetako gobernu-organoak.
6.- Nolanahi ere, ikastetxeen antolakuntzari
buruz lege honetan ohartarazitakoak 1994-95 ikasturtearen hasiera baino lehen
gauzaraziko dira.
Bigarrena
Lege
honen V. idazpuruan zehaztutako batzar-organoen batzarraldiei buruzko araubide
bereziturik ez dagoen bitartean, batzar-organoen iharduera arautzen duten administrazio-ihardunbideko
legediaren arauak erabiliko dira.
Hirugarrena
Lege
honen III. idazpuruak aipatutako araudi-erabakiak ematen ez diren bitartean,
indarrean jarraituko dute Euskal Herriko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan
hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuan
agindutakoak eta, halaber, gai horri buruzko erabaki erabilgarri guztiek.
Laugarrena
1.- 33.2 atalean ezarritako
zuzendaritza-postuetan aritzeko prestakuntza bereziko ikastaroak gainditu
beharra lege hau indarrean jarri eta bost urteko epea igaro ondoren eskatuko
da.
2.- Hezkuntza-administrazioak
zuzendaritza-postuetan aritzeko irakasleen prestakuntza bultzatuko du.
3.- Erabaki honetan adierazitako
prestakuntza-ikastaroetan lehentasuna izango dute izendapena izan eta
zuzendari-postuetan daudenek, bai eta ikastetxeetako gainerako
zuzendaritza-langileek ere.
Bosgarrena
Administratzaile-lanpostuak
bete daitezen arte, administratzaile-egitekoak ikastetxeko idazkariak beteko
ditu.
Indargabetzeko
Erabakiak
Lehenengoa
Indargabetu
egiten dira uztailaren 27ko 15/1983 Legea eta lege honetan ezarritakoaren
aurkakorik dioten maila bereko edo apalagoko erabaki guztiak.
Bigarrena
Indargabetu
egiten da ekainaren 29ko 10/1988 Legearen 1. atala, eta baliogabetuta uzten da,
beraz, horrek Euskal Herriko Autonomi Elkarteko administrazioari ikastolekin,
hauek eskola publiko bilakatzeko aintzin-urrats gisa, banakako hitzarmenak
izenpetzeko ematen zion baimena.
Azken
Erabakiak
Lehenengoa
Gastu-espedienteei
buruzko aginpideak eta ikastetxeen kudeaketa-autonomiaz kanpo geratzen diren
erabakiak ikastetxeen kudeaketaz arduratzen diren organoei deskontzentratzeko
eskua ematen zaio Jaurlaritzari.
Bigarrena
Jaurlaritzak,
lege hau ezartzeko beharrezko erabakiak emango ditu, hezkuntza-elkarteko
gizarte-sektore desberdinekiko elkarrizketa ahalbidetuz.
Gizarte-sektoreok
Euskadiko Eskola Kontseiluaren bidez hartuko dute parte aurreko atalkian
aipatutako erabakien lantze-lanean, Euskadiko Eskola Kontseiluei buruzko
urriaren 28ko 13/1988 Legearen 14.b) atalean ohartemandako modu eta neurrietan.
Sindikatu
eta sindikatu-erakundeek bereziki parte hartuko dute lege honetako V.
Idazpuruko V. atalburua gara dezaten eta azken erabaki honen lehen zatian aipatutako
erabakien prestakuntzan Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluaren bitartez,
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 8.b) atalean
ohartemandako modu eta neurrietan.
Hirugarrena
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren
biharamunean jarriko da indarrean.