Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Kostaldeei buruzko arauak

Uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa

1988-07-28

Itzulpena nork: EUSLEGE

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1988/7/29, 181. zk.

Eguneratua: 2009-12-31

UZTAILAREN 28KO 22/1988 LEGEA, KOSTALDEEI BURUZKOA

(2009ko abenduaren 31n itxitako argitaraldia)

ZIOEN AZALPENA

I

Espainiako kostaldeak luzera handia du, gutxi gorabehera, 7.880 kilometrokoa.Horietatik 100eko 24 hondartzei dagokie, eta, beraz, ondare publikoa 13.560 hektareakoa da. Ondare baliotsua da benetan, aukera handiak eskaintzen dituelako. Alabaina, eskaerak gero eta gehiago direnez gero, urri geratzen da; gainera, hauskorra da oso, eta haren oreka fisikoa berreskuratzea oso zail gertatzen da.

Munduko beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, gurean ere, biztanleria asko hazi da, eta, ondorenez, turismo-, nekazaritza-, industria-, garraio- eta arrantza-erabilerak, bai eta bestelako erabilerak ere, areagotu egin dira, eta horrek guztiak eragina izan du gure kostaldean.

Espainiako itsasertzak, gutxi gorabehera, bost kilometroko zabalera du, eta hori gure lurraldearen 100eko 7 da. Bada, Espainiako biztanle guztien 100ko 12 itsasertz horretan bizi zen mende honen hasieran; gaur egun, ordea, Espainiako biztanle guztien 100ko 35 bizi da itsasertzean. Estatu osoari dagokion batez besteko dentsitatea lau aldiz gehitzen da, beraz, itsasertzean.

Are gehiago, turismoaren eraginez, proportzio hori hirukoiztu egiten da gune eta aldi jakin batzuetan, turisten 100eko 82 kostaldean batzen delako.

Laburbilduta, esan daiteke biztanleak barruko guneetatik itsasertzera lekuz aldatu direla, eta prozesu hori azkarra izan dela. Horrela, Espainiako kostaldearen 100eko 40, gutxi gorabehera, dagoeneko urbanizatuta dago, edo, behintzat, urbanizagarri moduan kalifikatu da. Horretatik 100eko 7an, portu-instalazioak daude; 100eko 3an, industria-instalazioak; eta, 100eko 8an, nekazaritzako erabilerak.100eko 42an, aldiz, erabilerak ez daude argi definituta edo ez dira lehengoratu ezinak.

Loturarik gabeko jarduerek eragin dute, oro har, egoera hori. Gainera, ez da behar besteko koordinaziorik egon, itsas jabari publikoari buruzko legeriaren eta lurzoruari buruzko legeriaren artean; lurrak eta itsasoak elkarrengan duten eragina ez da kontuan hartu; ez dira neurriak ezarri, erraz narria daitezkeen gune horiek kontserbatzeko; eta, orobat, ez dira aintzakotzat hartu ekintzatik kanpoko kostuak, ezta ingurunearen errentagarritasuna edo gizarte-balioa ere.

Toki natural hori kontserbatzeko orduan, eragin kaltegarria izan dute hainbat faktorek. Kontserbazio horren balioa, ordea, asko gehitu da, giza ohiturak aldatzearen ondorioz eta aisiaren zibilizazioa masa-fenomeno bihurtzearen ondorioz.

Alde batetik, ibaiek eta errekek gero eta solido gutxiago ekartzen dituzte, eta horrek eragin du kosta-lerroak 100eko 17an atzera egitea. Izan ere, zenbait urtegi eraiki dira eta hainbat basotan zuhaitzak sartu dira. Horren ondorioz, estatuaren lurraldeko 100eko 80ak dagoeneko ez du agregakinik eramaten kostaldera; kontuan hartu behar da lurralde horrek bere barruan hartzen dituela lur malkartsuak, eta, beraz, jalkin-hornitzaile nagusiak. Horrekin batera, nabarmentzekoa da, ur-bilketen ondorioz ur-emaria gutxitzeak eragin duela, beste kasu batzuetan, solido gutxiago ekartzea.

Ahantzi egin da, ahantzi ere, agregakinak baliabide urriak direla, eta horiek berriztatzeko prozesua luze eta nekeza dela. Horri gaineratu behar zaizkio, besteak beste, itsasertzeko dunak suntsitzea, agregakinak abusuz ateratzea, eta, maiz-sarri, itsas obrak egitea, horien ondorio kaltegarriak gogoan izan gabe, eta kostaldean zehar hare-isuria oztopatzen duten hesiak jarrita.

Halaber, itsasertzeko jabari publikoko eremuak sarri askotan euren izaeraz landa erabili dira, jabetza pribatua aitortzeaz gain, egitezko pribatizazioa ere gauzatu delako, edozenbat emakida emanez eta eremu horiek sarrera publikorik gabe utziz; horrek berarekin ekarri du itsasertzeko zenbait eremu kolektibitatearen erabileratik kanpo uztea justifikaziorik gabe.

Degradazio fisiko nabarmeneko kasuen artean dago itsas ingurunean bizitza-sortzaile garrantzitsuenak diren esparruen suntsipena, padurena alegia.

Ekoizpen organiko eta biologikorako berebiziko garrantzia duten eremu horietako asko suntsitu dira, osasun- ekonomia- eta nekazaritza-arrazoien aitzakiarekin, eta, horretarako, diru-laguntzak eta tributu-salbuespenak ere baliatu dira; errealitatean, ordea, eremu horiek maiz erabili dira eraikuntzarako espekulazio-asmoekin.

Administrazioaren utzikeria larriak ahalbidetu du areagotuz joatea pribatizazio- eta harrapakaritza-prozesua; hain justu ere, prozesu horren ondorioek, azken hogeita hamar urteetan, toki askotan ezezagun bihurtu dute itsasertzeko paisaia, dela hirigintza kaltegarria gauzatu delako, hondartza edo itsas bazterretan eraikinen harresi altuak jasoz, dela urertzetik gertuegi trafiko handiko garraiobideak egin direlako, dela itsasora hondakinak isuri direlako, gehienetan araztu gabe.

Itsasertza suntsitu eta pribatizatzeko fenomeno bikoitz hori itsasertz osora hedatzeko arriskua dagoenez, beharrezkoa da ahalik eta lasterren konponbidea bilatzea, argia eta zalantzarik gabea, ondasun horien izaerarekin bat datorrena, eta etorkizunera begira xede dituena itsasertzaren oreka eta aurrerapen fisikoa defendatzea, itsasertzaren balioak eta natura- nahiz kultura-birtualitateak babestu eta horiei eustea, itsasertzeko baliabideak modu arrazionalean aprobetxatzea, eta pertsona guztiei bermatzea itsasertzaren erabilera edo gozamena, interes kolektiboak erabat justifikatutako salbuespenak gorabehera; salbuespen horiek modu hertsian mugatuko dira denbora nahiz eremu aldetik, eta neurri egokiak hartuko dira aipatu bermeak berrezartzeko.

II

Aipatu helburuak lortzeko indarreko legeriaren gabeziak hain nabariak izanik, ez da beharrezkoa horretan gehiago sakontzea.

1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen xede izan zen eskumenak koordinatzea, itsas jabari publikoaren gainean jardun behar zuten sail eta erakunde desberdinei eginkizunak eratxikiz.

1980ko Legeak, Espainiako Kostaldeak Babesteari buruzkoak, helburu izan zuen aurreko legearen hutsunerik handienetariko bat betetzea, gai horretako arau-hausteak tipifikatu eta kasuan kasuko zehapenak ezarriz, bai eta zehapenok ezartzeko prozedura jasoz ere; dena den, helburu hori ez zen modu egokian gauzatu.

Edonondik begira dakiola ere, argi dago eskumen- eta zehapen-ikuspegia ez dela nahikoa, ezta abiapuntu egokia ere, itsas jabari publikoko ondasunak osotasunean arautzeko.

Areago, indarreko legeriaren zatikako izaera dela bide, nahitaezkoa da XIX. mendeko lege-xedapenak aplikatzea, ordezko zuzenbide gisa.

Batetik, portuei buruzko legeria dago, urei buruzko legeriatik datorrena, eta, bere izenak erakusten duenez, oinarri duena portuko azpiegiturak eraiki eta ustiatzea.

Bestetik, herri-lanei buruzko legea dago; lege hori orokorregia da, eta, horrenbestez, ez ditu aintzat hartzen itsas-lehorreko jabari publikoaren ezaugarri zehatzak, gaur egun erabat gaindituta dagoen egitekoa aitortzen dio estatuari eta, eman zeneko garaia kontuan hartuta guztiz ulergarria bada ere, ez du natura kontserbatzearen inguruko ardurarik hartzen; gaur egun, aldiz, ardura hori beharrezkoa da, itsas-lehorreko jabari publikoari eragindako erasoen kopuru eta intentsitateari erreparatuz gero.

Halatan, indarreko legeriaren akats larriak dira, adituek eta gai horretaz idazten dutenek azaldutakoaren arabera, itsas-lehorreko gunearen eta hondartzaren zehaztasun urria, horrek ez baitu kontuan hartzen naturaren izatea; edukitza pribatuaren nagusitasuna, Jabetza Erregistroaren babesarekin, estatuak hala errebindikatuta, eta subjektu pribatuek eskuratzea jabari publikoa; zaharkituak eta behar adinakoak ez diren zortasunak; lurralde mugakidean inolako babes-neurririk ez izatea; hogei urteko usukapioa, erabilera legitimatzen duen titulu gisa; estatuaren jarrera pasiboa, okupazio- eta erabilera-tituluak ematean; baimenei eta emakidei tratamendu bera ematea, eta halakoak orokortzea, titularrek jabari publikoaren gainean dituzten eskubideak gehituz; berme eragingarririk ez izatea, titularrek ingurua kontserba dezaten, eta eraikinak estatuaren kontura jasotzea; paisaia eta ingurumena kontserbatzeko zehaztapenak eta arauak ez izatea; prozedura zehatzailearen moteltasuna, eta eskumen batzuen izaera zaharkitua, estatuaren antolaketa berritu eta gero.

Erabilera anitzak eta legeria egokiaren gabeziak argiro erakusten dute mundu-mailan Espainiako kostaldea dela modu larrienean mehatxatuta dagoena, eta badela garaia kostaldeak jasaten duen narriadura larri eta etengabea amaitzeko, eta beste horrenbeste egiteko orekan jasaten dituen behin betiko aldaketei dagokienez ere.

Halaber, lege honek helburu du konstituzio-agindua betetzea; izan ere, Konstituzioak, 132.2 artikuluan adierazi du jabari publikoko ondasunak direla legeak finkatzen dituenak, eta edozein kasutan, itsas-lehorreko aldea, hondartzak, lurralde-itsasoa, gune ekonomikoaren baliabide naturalak eta kontinenteko plataforma.

Bada, lege honen bidez, Espainiako legegintzaren historian, lerrun goreneko xedapen batek lehendabiziko aldiz sailkatu ditu ondasun batzuk jabari publikoaren izaerarekin; alabaina, kontuan hartu behar da Konstituzioak itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunei bakarrik eratxiki diela definizio hori.

Eta ageri-agerikoa da horren helburua, hau da, iraganean eremu garrantzitsu horien demaniotasunaren inguruan sortutako nahasteak eta demaniotasun horren aurka izandako jarrerak ezabatzea.

Orobat, oinarrian ondare natural hori kudeatu eta kontserbatzeko xedea duen lege honetan, konstituzio-testuaren 45. artikuluko printzipioak garatu dira, eta Europako Kontseiluaren 29/1973 Gomendioan, Kostaldeak Babesteari buruzkoan, Europako Ekonomia Erkidegoaren 1981eko Itsasertzeko Gutunean eta horren beste plan eta programa batzuetan jasotako irizpideak bildu dira.

Testuinguru horretan, lege hau ez da egungoaren eraldaketa hutsa.

Azken buruan, lege berria da hau; itsas-lehorreko jabari publikoa arautzeko modu desberdina du, kalterik egin gabe, gai zehatzei dagokienez, kasuan kasuko lege bereziek ezar dezaketenari, lege honek horietara jotzen duenean.

Legeak esparru zabalagoa izan arren, gehienbat, kostaldea eta itsasertza hartu ditu kontuan, horietan sortzen direlako arazorik handienak.

Hortik, bada, beraren izena.

Horrenbestez, legea, alde askotan, oso berritzailea da.

Espainiak izandako eskarmentuaren irakatsiak hartu dira kontuan, bai eta Espainiaren antzeko arazoak dituzten herrialdeenak ere.

Kasu batzuetan, berrikuntza izan da oso-osoan berrezartzea Espainiako zuzenbide historikoan sakon sustraitutako printzipioak, aplikazioaren aldetik garrantzia galdua zutenak.

Beste kasu batzuetan, izaera berriko manu eta teknikak gehitu dira, itsasertzeko kongestio eta degradazioak, arestian esandakoaren haritik, sortzen dituen arazoak konpontzeko asmoarekin.

III

Lege honen aplikazio-esparrutik kanpo daude interes orokorreko portuak; izan ere, halako portuak estatuaren titulartasuneko itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak izan arren, euren legeria bereziak arautuko ditu aurrerantzean ere, herri-lan handi horien garrantzia eta berezitasunak aintzat hartuta.

Bestalde, lege honetan ez dira arautu autonomia-erkidegoen titulartasuneko portuak, estatuaren eskumenekoak ez izateagatik, kasuan kasuko autonomia-erkidegoetako estatutuen arabera.

Hala ere, autonomia-erkidegoen eskumeneko portuak egitean edo zabaltzean, estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoko ondasun batzuk okupatu behar direnez, hain zuzen ere, lege honek araututakoak, egokitzat jo da lege honetan ezartzea ondasun horiek autonomia-erkidegoei atxikitzeko araubidea; horretarako, kontuan hartu dira portuen gaian zerbitzuak transferitzeko dekretuetan ezarritako jarraibidea; arean ere, jarraibide hori aplikatzen zaie, autonomia-erkidegoetako portu-lanei ez ezik, autonomia-erkidegoen eskumeneko garraiobideen eraikuntzari ere, halakoek estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu behar dutenean.

IV

Jabariaren inguruko gaiei dagokienez, itsasertza zehaztu da, naturaren izateari hobeto egokitzen zaion eran. Horrez gain, Espainiako tradizioaren jatorrietara jo da berriro, hots, zuzenbide erromatarrean eta Erdi Aroko zuzenbidean jasotako tradiziora; esangura horretan, berretsi da itsasoa eta itsasertza ondare kolektiboak direla, konstituzio-aginduari jarraituz, eta Kode Zibilaren 339.1 artikuluarekin bat etorriz.

Lege honek itxi du, 1866ko Uren Legeak pribatizazioaren alde irekitako parentesia, non oker ulertzen ziren modu legitimoan eskuratutako eskubideak, emakiden bidez eskuratutakoak baino ez liratekeenak izan behar; gerogarrenean, Uren Legearen jarraipen izan ziren 1880ko eta 1928ko Portuei buruzko legeak, bai eta 1969ko Kostaldeei buruzko Legea ere, garai haietan zeuden arazo larriak gorabehera, eta doktrinan aurkako jarrera ia-ia ahobatezkoa izan arren.

Lege honek jabari natural horren publizitateak duen lehentasuna ezarri du, jabari horren erregistro-inskripzioa ahalbidetu du, eta beste neurri batzuk ere jaso ditu, Administrazioaren jarduna eta Jabetza Erregistroa koordinatuta egon daitezen, publizitate horren gabeziak eragindako kalteak saihesteko helburuarekin.

Edu horretan, jabari publikoko lurraldeen gainean subjektu pribatuek edukitza sendotzeko aukera baztertu da.

Ildo bertsutik, komenigarritzat jo da, obrak egitearen ondorioz, itsasoari irabazitako lurren edo jabari publikoko beste edozein zatiren gaineko jabetza eskuratzeko aukera ezabatzea; bada, halako jarduerek sarri askotan higiezinen inguruko espekulazio-eragiketak estaltzen dituzte, eta, edozein kasutan, jabari publikoaren aurka egiten dute.

Behin 1918ko Legea, Itsas Pasealekuei buruzkoa, indargabetuta, eta kontuan hartuta urte bereko Padurak Lehortu eta Saneatzeko Legea urei buruzko lege berriak indargabetu duela, lege honen helburua guztiz kontrakoa da, alegia, jabari publiko horretan inguruaren ezaugarri naturalak dituzten eremuak iraunaraztea, eta mekanismoak ezartzea, lur gehiago bil dadin jabari publikora, gaur egun demanio gisa kalifikatutako itsasertz estua hedatzeko.

Horren haritik, nabarmendu behar da lege honetan itsas-lehorreko jabariaz hitz egiten dela, orain arte erabili izan den itsas jabaria baino egokiagotzat jo delako izen hori; izan ere, izen berriak itsas jabaria osatzen duen lehorreko eremua kontuan hartzeaz gain, hori beharrezkoa dela agertzen du. Itsas jabaria orokorrean izendatzeko, berriro ere itsasertz esamolde tradizionala erabiltzearen alde egin da.

Labur-zurrean esanda, Konstituzioaren 132.1 artikuluak jabari publikoaren preskribatu eta enbargatzeko ezintasunaren gainean ezarritako printzipioak garatu dira, Administrazioari ahalbidetuz halakoen gaineko edukitza ofizioz berreskuratzea, igarotako denbora kontuan hartu gabe.

Itsas-lehorreko jabari publikoa babesteari buruzko titulua berrikuntza garrantzitsua ez ezik, oso interesgarria ere bada, denbora natura-eremuak kontserbatzearen kontra doalako, eta hiriguneak hedatzearen alde.

Espainian jabari publikoko ondasunak arautzen dituen legeriaren tradizioari jarraituz, titulu horrek muga batzuk ezarri dizkio lur mugakideen jabetzari, gutxieneko arauketa eta arauketa osagarriaren izaera dutenak, autonomia-erkidegoek euren eskumenen esparruan eman ditzaketen arauei begira. Horrenbestez, lege hau mugatzen da lur horietan jabetza-eskubidea egikaritzeko oinarrizko baldintzak zehaztera; halaber, legeak ahaleginak egin ditu, ingurumen egokia izateko eskubidearen eragingarritasuna ziurtatzeko, bai eta hori zaintzeko ere; horretarako, kontuan hartu ditu Europako beste herrialde batzuetan ezarritako jarraibideak eta Espainian ezarritakoak, jabari publikoko beste ondasun batzuen mugakide diren lurrei begira.

Muga horietarik gehienak orain arte indarrean izan den legeriak jasotakoak dira, baina lege berriak, jabari publikoa oso-osoan kontserbatzeari dagokionez dituen helburuekin bat eginez, antzinako salbamendu-zortasuna itxuratu du. Halatan, zaharkitutako zortasun hori, izenak agertzen duen xedearen eretzean, aipatu jabaria babesteko zortasun bihurtu da; horrek berarekin dakar jarduera jakin batzuk gauzatzeko debeku orokorra, eta, batez ere, esperientziak erakutsi duenaren ildotik, natura-ingurune hain hauskorra modu egokian babesteko kaltegarriak diren eraikuntzak egiteko debekua.

Bada, itsas-lehorreko jabari publikoa kontserbatzeko bermea ezin da lortu, ekintza eragingarria gauzatuz kalifikazio juridiko hori duen ertz estuan bakarrik; orobat, nahitaezkoa da mugakide den ertz pribatuan jardutea, kalte konponezinak edo konpontzeko zail eta garestiak direnak saihesteko; halako kalteak sor ditzakete haizeak agregakinak ekartzeko ezintasunak eta pantaila-eraikinak egin daitezen ikuspegien itxierak, eraikinek itsasertzean egiten duten gerizpeak, kontrolik gabeko isuriak, eta, orokorrean, eraikuntza-presioak eta horren ondoriozko erabilera eta jarduerek natura-ingurunearen gainean dituzten eragin negatiboek.

Argiro antzeman daitekeenez, babes-zortasuneko gune horren zabalera konbentzionala izan behar da; baina zabalera hori, orokorrean, 100 metroko sakonera gordez finkatu beharko da, nahiz eta dagoeneko urbanizatuta dauden guneetan iraganeko salbamendu-zortasunaren 20 metroko zabalerari eutsi, gerogarrenean azalduko den moduan, araubide iragankorra aztertzean.

Zuzenbide konparatuak ezartzen dituen dimentsioetarik txikienetarikoak dira horiek.

Zortasunaren izaera hertsitik at, eraginpeko gune jakin bat ere zehaztu da; bada, gune horri begira jarraibide batzuk ezarri dira, planifikatzaileak kontuan har ditzan, babes-zortasuneko gunearen ertzean arkitektura-pantailak saihesteko, edo esparru horretan hirigintza-antolamendurako komenigarriak edo erabilgarriak izan daitezkeen konpentsazioak pilatzeko; horrek berarekin dakar ekonomiaren aldetik lur esparru zabalagoak bizkortzea.

Horrek guztiorrek ez die kalterik egingo, autonomia-erkidegoek ingurumenaren gaian ematen dituzten babes-neurri gehigarriei, ezta autonomia-erkidegoek eta udalek lurralde-antolaketaren eta hirigintzaren gaian euren eskumenak egikaritzean hartzen dituzten neurriei ere.

Era berean, iraganeko jagoletza-zortasunaren izena eta araubidea egokitu dira, horren ordez igarobide publikoko zortasuna ezarri baita, eta itsasora irteteko edo heltzeko zortasunari eutsi zaio, itsasoaren edo itsasertzaren erabilera publikoa bermatzeko behar adina irteera izan behar direla ezarriz.

Berrikuntza nabaritzat jo behar da ubideetako azken zatietan agregakinak ateratzeko muga; horrekin lortu nahi da kostaldera gero eta agregakin gutxiago iristeagatik sortu den egoera larria arintzea. Hori dela eta, nahitaezkoa da, agregakinak hornitzen jarraitu ahal izateko, irtenbide alternatiboak bilatzea, bai eta, xede horrekin, Administrazioari lehenespeneko eskubidea eratxikitzea ere, agregakin-hobiak ustia ditzan.

Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari dagokionez, arauketa eragingarria egin da, erabilera desberdinak jasoz; arauketa horretara bildu da, dela erabilera arrunt, natural, aske eta doakoa, dela baimena behar duen erabilera berezia, azken horrek barneratzen dituela intentsitate-, arrisku-, errentagarritasun-kasuak nahiz instalazio desmuntagarriak, eta obra finkodun okupazioak, emakiden xede direnak.

Babes-zortasunak ukitutako gunean baino arrazoi gehiagorekin, itsas-lehorreko jabari publikoan okupazio-pribilegiotzat jo daitezkeen jarduera guztiak eragozten dira, jarduerok gune horretan ez direnean beharrezkoak. Administrazioak baimena du konkurtso-deialdiak egiteko, bere ustez interes berezikoak diren baimenak eta emakidak emateko; horrenbestez, Administrazioak bazter utzi du bere jokabide pasiboa. Halaber, baimenen eta emakiden gehieneko epea 99 urtetik 30era gutxitu da, urte-kopuru hori nahikoa baita edozein instalazio amortizatzeko.

Obra eta jardueren finantzaketa-araubidea malgutasunez ezarri da, baterako finantzaketa-kasuetan erakunde interesdunen ekarpenak zehaztuko dituzten hitzarmenak gauzatzea ahalbidetuz.

Legeak arautu ditu, Administrazioak jabari publikoa okupatzeko eskubidea ematen duenean, kontraprestazio ekitatibo gisa ezarri beharreko kanon eta tasak, bai eta erreskatearen ondoriozko kalte-ordainak ere.

Arau-hausteen eta zehapenen gaian, zehaztasun handiagoarekin arautu dira 1980ko Kostaldeen Babesari buruzko Legeak jaso zituen irizpideak; halatan, prozedura zehatzailearen izapideak sinplifikatu, eta neurri praktiko batzuk sartu dira, arau juridikoak gutxiesteko jarrerei aurre egiten dietenak; horrekin arau-hausteei arinago eta eragingarritasun gehiagorekin erantzuten zaie, ustezko arau-hausleen bermeei kalterik egin gabe.

Berrikuntza garrantzitsua da akzio publikoa aitortzea, lege hau eta berau garatu eta osatzen duten xedapenak betetzeari dagokionez denon arteko elkarlana egon dadin.

Legearen azken titulua administrazio-eskumenei buruzkoa da.

Titulu honetan Estatuko Administrazioaren eta udalerrien eskumenak bakarrik zehaztu dira; autonomia-erkidegoen eskumenak modu orokorrean aipatu baino ez direla egin, horien norainoko eta edukiari dagokionez kasuan kasuko estatutuetan ezarritakora igorriz.

Estatuko Administrazioaren eskumenei dagokienez, komenigarritzat jo da erregelamendu-garapena, eskumenok egikaritu behar dituzten sail eta erakundeak zehazteko; bestela, lege-testu bati ez dagokion zehaztasun-maila beharko litzateke, eta hori ezegokia da, administrazio-antolakuntzak izan ohi dituen aldarazpenengatik.

Horrek ez die kalterik egingo, lege honen xedearekin zerikusia duten gaietan, beste lege berezi batzuek eratxikitzen dituzten eskumenei.

Edozein kasutan, itsasertzeko eremuan pilatzen diren eskumenak kontuan hartuta, ahaleginak egin dira lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnekin koordinazioan aritzeko, elkarrekiko kontsulta- eta txosten-sistemaren bidez; horrela, indarreko arautegian aldez aurretik diseinatuta zeuden eskemei jarraituz, erakunde desberdinen eskumenak aintzat hartu eta horien arteko artikulazioa ahalbidetzen da, elkarlaneko esparrua sortuz.

Azkenik, araubide iragankorra arreta handiz ezarri da, ahalbidetzeko legea indarrean jarri aurretik zeuden egoerak legean jasotako arauketa berriari egokitzea.

Legearen arabera eskuratutako eskubideak orokorrean errespetatzeko esparruan, oinarrizko irizpidea da babes-zortasuneko gunearen eta eraginpeko gunearen inguruan legeak ezarritako xedapenak oso-osoan aplikatzea, soil-soilik oraindik urbanizatu gabe dauden kostalde-zatietan eta hirigintza-legeriaren arabera aprobetxamendu-eskubidea sendotu gabe duten lur-jabeen kostalde-zatietan.

Aitzitik, hiriguneetan edo gune urbanizagarrietan, aprobetxamendu-eskubide horiek sendotu direnetan, ez dira aplikatzen eraginpeko gunearen inguruko zehaztasunak, eta babes-zortasunaren zabalera 20 metrokoa baino ez da, hau da, indargabetu den kostaldeen legeriak salbamendu-zortasunei begira ezarritako zabalera berekoa.

Lege berriaren irizpideekin, batetik, saihestu da eskuratutako eskubideen gainean legeak izan dezakeen eragina, batik bat, Hirigintzako Administrazioak eman beharreko kalte-ordainei dagokienez, eta, bestetik, plangintza berrikusteko prozesuari ekin beharra ere baztertu da, azken horrek eraikitze-igurikimenetan segurtasunik eza sortuko lukeelako.

Testuinguru horretan, zehaztasunez arautu da aldez aurretik zeuden eraikinen egoera, halakoak bateraezinak direnean lege berriaren xedapenekin.

Legearen aurka eraiki baziren, egoera legeztatzeko aukera ematen da, interes publikoko interesengatik posible denean.

Legearen arabera eraiki baziren, eskuratutako eskubideak errespetatuko dira, baina obraren egoera egokituko zaio obra hori zein lurretan izan eta lur horrek duen izaerari.

Eraikina jabari publikoan badago, emakidari eutsiko zaio hori mugaeguneratu arte; igarobide-zortasunean badago, antolamendutik kanpo geratuko da, egungo hirigintza-legeriak ezarri ondoreekin; azkenik, babes-zortasunaren gainerako gunean badago, edozein motatako konponketa- eta hobekuntza-obrak baimentzen dira, baldin eta, argi dagoenez, obra horiek aurrekoen bolumena handitzen ez badute.

V

Laburbilduz, zio horiek dira lege hau aldarrikatzea justifikatu dutenak, Espainiako kostaldeek gaur egun dituzten arazo larriei aurre egiteko; egin-eginean ere, lege hau nahitaezko tresna da, askatasuneko natura-eremu gisa bereziki baliotsua den ondare kolektibo horri eusteko, herritar guztiek erabili eta goza dezaten.

Legegilearen ardura noraezekoa da ondasun horien osotasuna babestea, ondasun horiek kontserbatzea, guztion jabetzako gisa, eta izaera horrekin uztea bihar-etziko belaunaldiei.

Itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean sarritan aurkako interesak izan arren, bi dira lege honek ideia nagusitzat dituen asmoak:

itsas-lehorreko jabari publikoaren izaera publikoa bermatzea eta horren natura-ezaugarriei eustea, garapenaren beharrizanak babes-aginduekin uztartuz, eta asmo horren aurka egiten duten arau guztiak indargabetuz.

ATARIKO TITULUA.

Legearen xedea eta helburuak

1. artikulua

Lege honen xedea da itsas-lehorreko jabari publikoa eta, batez ere, itsasertza zehaztea, babes-, erabilera- eta polizia-ondoreetarako.

2. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoaren gaineko administrazio-jardunak hurrengo helburuak izango ditu:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoa zehaztea, eta ziurtatzea jabari horren osotasuna nahiz horren kontserbazio egokia, hala denean, beharrezko babes- eta berrezartze-neurriak hartuz.

b) Itsasoaren, horren ertzaren eta itsas-lehorreko gainerako jabari publikoaren erabilera publikoa bermatzea, horren salbuespen bakarrak izanik interes publikoko arrazoiek eratorritakoak, behar bezala justifikatutakoak izan beharko direnak.

c) Ondasun horien erabilera arrazionala arautzea, bat etorriz ondasunon izaerarekin, xedearekin eta paisaia, ingurumena eta ondare historikoa errespetatzearekin.

d) Uren eta itsasertzaren kalitate-maila egokia lortzea eta horri eustea.

I. TITULUA. Itsas-lehorreko jabari publikoaren ondasunak

I. KAPITULUA. Sailkapena eta definizioak

3. artikulua

Estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoaren ondasun dira, Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoaren arabera:

Itsasertza eta erribera, horren barne daudela hurrengoak:

a) Itsasbeherako lerro eskoratu edo gehieneko ekinozio-lerroaren eta ekaitzik handienetan olatuak iristen diren mugaren, edo ekinozioko gehieneko itsasgora biziak hori gainditzen duenean horren lerroaren, arteko itsas-lehorreko gunea edo eremua.

Gune hori ibaiertzetatik zehar ere hedatzen da, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino.

Gune horretara biltzen dira padurak, albuferak, istingak, zingirak eta, oro har, itsasaldien gorabeheren, olatuen edo itsasoko ura iragaztearen ondorioz urak hartzen dituen lur baxuak.

b) Hondartzak edo harea, legarra eta harri-koskorrak bezalako material solteak metatzen diren guneak, malkarrak, bermak eta dunak barne, landaredun nahiz landarediarik gabekoak, itsasoaren edo itsas haizearen eraginez, edo bestelako arrazoi natural edo artifizialen ondorioz, sortuak.

Lurralde-itsasoa eta barne urak, eta horien hondoa eta lurpea, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera.

Gune ekonomikoaren baliabide naturalak eta kontinenteko plataforma, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera.

4. artikulua

Era berean, estatuaren itsas-lehorreko jabari publikokoak dira:

Itsasertzaren akzesioak, materialak metatzearen edo itsasoak atzera egitearen ondorioz, horien arrazoiak edozein direla.

Obren zuzeneko edo zeharkako ondorio gisa itsasoari irabazitako lurrak, eta itsasertzean lehortutako lurrak.

Edozein arrazoi dela bide, itsasoak hartu eta bere hondoaren osagai bihurtutako lurrak.

Itsasoarekin edo itsas-lehorreko jabari publikoko eremuekin elkar ukituz dauden itsaslabar aski bertikalak, tontorreraino.

Jabari publiko gisa mugatutako lurrak, edozein arrazoirengatik hondartza, itsaslabar edo itsas-lehorreko gunearen ezaugarri naturalak galdu dituztenean, 18. artikuluan ezarritakoa gorabehera.

Barne uretako edo lurralde-itsasoko uhartetxoak.

Itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean emakidak ematen direnean, gerogarrenean emakidadunek emakidaren azalera osatzeko gehitutako lurrak, emakidaren klausuletan hala ezarri denean.

Itsasertzaren mugakide diren lurrak, halakoak eskuratzen direnean itsas-lehorreko jabari publikoari gehitzeko.

Estatuak jabari horretan eraikitako obrak eta instalazioak.

Kostaldeak argiztatzeko eta itsas seinaleak jartzeko obrak eta instalazioak, estatuak eraikitzen dituenean, horien kokalekua edozein izanik, bai eta ondore horiei lotutako lurrak ere, 18. artikuluan ezarritakoa gorabehera.

Estatuaren titulartasuneko portuak eta portu-instalazioak, dagokien legeria bereziak araututakoaren arabera.

5. artikulua

Estatuaren jabari publikokoak dira, halaber, arrazoi naturalen ondorioz, lurralde-itsasoan nahiz barne uretan edo ibaietan, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino, sortuta dauden edo sor daitezkeen uharteak, salbu eta halakoak subjektu pribatuen edo erakunde publikoen jabetza pribatukoak direnean edo jabetza hori zatikatzearen ondorio direnean; kasu horietan, jabari publikokoak izango dira uharte horien itsas-lehorreko gunea, hondartzak eta izaera hori duten gainerako ondasunak, 3 eta 4. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

6. artikulua

Arrazoi naturalen edo artifizialen ondorioz, itsasoak edo hondartzetako hareak hartzeko arriskuan dauden lurren jabeek defentsa-obrak eraiki ahal izango dituzte, aldez aurretik baimena edo emakida lortuta, baldin eta hondartza okupatzen ez badute edo horretan edo itsas-lehorreko gunean fenomeno kaltegarriak eragiten ez badituzte, eta kasuan kasuko mugei eta legezko zortasunei kalterik eragiten ez badiete.

Bestela, itsasoak nahiz hondartzak hartutako lurrak itsas-lehorreko jabari publikoaren zati bihurtuko dira, kasuan kasuko mugaketaren ondorioz.

II. KAPITULUA.

Xedatzeko ezintasuna

7. artikulua

Konstituzioaren 132.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege honek definitutako itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira.

8. artikulua

Aurreko artikuluaren ondoreetarako, lege honen arabera eskuratutako erabilera- eta aprobetxamendu-eskubideak bakarrik onartuko dira; jabari publikoari aurre egiteko edukitza pribatuek ez dute balioko, iraupen luzekoak izan arren, eta Jabetza Erregistroko idazkunek halakoak babestu arren.

9. artikulua

Estatuaren demanio-jabetzatik kanpoko lurrik ez da izango, itsas-lehorreko jabari publikoko esparruan, ezta itsasoari irabazitako lurretan edo itsasertzean lehortutako lurretan ere, 49. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Zuzenbide osoz deusezak izango dira aurreko paragrafoan xedatutakoa hausten duten administrazio-egintzak.

Aipatu manuari iruzurra eginez gauzatutako egintza pribatuek ez dute eragotziko manu hori behar den moduan aplikatzea.

10. artikulua

Estatuko Administrazioak eskubidea eta eginbeharra du, ondasunen eta eskubideen egoera ikertzeko, uste denean halakoak itsas-lehorreko jabari publikokoak direla; horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatu ahal izango ditu, eta sustatu ahal izango du kasuan kasuko mugaketa egitea.

Orobat, halako ondasunen gaineko edukitza berreskuratzeko ahalmena izango du, ofizioz eta edozein unetan, erregelamendu bidez ezarriko den prozeduraren arabera.

Estatuko Administrazioaren ebazpenen aurka ez dira onartuko interdiktuak, Administrazioak ebazpenak ematen dituenean lege honek eratxikitako eskumenak egikarituz eta ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

III. KAPITULUA.

Mugaketak

11. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoa zehazteko, Estatuko Administrazioak kasuan kasuko mugaketak egingo ditu, jabari hori osatzen duten ondasunen ezaugarriak kontuan hartuz, lege honen 3, 4 eta 5. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

12. artikulua

Mugaketa ofizioz hasiko da edo interesdun den edozein pertsonak hala eskatuta, eta Estatuko Administrazioak onetsiko du.

Mugaketa-prozeduren ebazpena jakinarazteko epea hogeita lau hilabetekoa izango da.

Prozeduran entzungo dira kasuan kasuko autonomia-erkidegoa eta udala, jabe mugakideak, aldez aurretik horiei jakinarazpena eginez, eta interesdun direla egiaztatzen duten enparauak.

Mugaketa-espedientea hastearen ondorioz, Estatuko Administrazioak ahalmena izango du datu-bilketa eta neurketa lanak egin edo baimentzeko, baita lur pribatuetan ere, eragindako kalte-galeren ondorioz bidezko kalte-ordainak ematea gorabehera, behin betiko onartzen den mugaketa aintzat hartuta.

Espedienteko interesdunek Jabetza Erregistroan inskribatutako tituluak ekartzen dituztenean, jabari publikora bil daitezkeen lurren gainean, espedientearen izapideak egiten dituen organoak horren berri emango dio erregistratzaileari, orri-bazterrean inguruabar horri buruzko aurreneurrizko idatzoharra egin dezan.

Mugaketa-espedientea hasteko probidentziak berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoari eta horren babes-zortasun guneari begira eman daitezkeen emakida eta baimenak etetea; horretarako, probidentziarekin batera planoa argitaratuko da, jabari publikoaren eta babes-zortasunaren azalera zenbatetsia behin-behinean mugatuz.

Mugaketa-espedientearen ebazpenak berarekin ekarriko du etetea bertan behera uztea.

Edozein arrazoirengatik itsas-lehorreko jabari publikoaren egitura aldatzen denean, mugaketa-espedientea edo aldez aurretik zegoena aldarazteko espedientea hasiko da, aurreko paragrafoetan ezarritako ondoreekin.

Edonola ere, larrialdi-obrak egin ahal izango dira kalteak prebenitu edo konpontzeko, Estatuko Administrazioak aldez aurretik hori baimenduta; halaber, Administrazioak bere kabuz egin ahal izango ditu obra horiek.

13. artikulua

Onetsitako mugaketak 3, 4 eta 5. artikuluetan aipatu ezaugarri fisikoak badirela egiaztatzen duenez, estatuaren aldeko edukitza eta jabari-titulartasuna aldarrikatzen du; horrek berarekin ekarriko du mugarriak jartzea, eta Jabetza Erregistroko inskripzioek lehentasunik ez izatea mugatutako ondasunen demanio-izaerari dagokionez.

Mugaketa onesten duen ebazpena behar besteko titulua izango da, Erregistroan mugaketarekin bat egiten ez duten egoera juridikoak zuzentzeko, erregelamendu bidez zehaztuko diren modu eta baldintzetan.

Ebazpen hori behar besteko titulua izango da, halaber, Administrazioak jabari publikoko ondasunen inmatrikulazioa egiteko, hori egokitzat jotzen duenean.

Edozein kasutan, inskribatutako titular ukituek egokitzat jotzen dituzten akzioak egikaritu ahal izango dituzte euren eskubideak defendatzeko; kasuan kasuko erreklamazio judizialaren aurreneurrizko idatzoharra egin ahal izango da.

14. artikulua

Mugatutako jabari publikora zein lur bildu eta lur horien gaineko eskubideen akzio zibilak bost urtera preskribatuko dira, mugaketa onesten den datatik zenbatzen hasita.

15. artikulua

Jabetza Erregistroan egin nahi denean 23. artikuluko babes-zortasunaren gunean kokatutako finken inmatrikulazioa, finka horien deskripzioan zehaztuko da finka horiek itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide diren ala ez.

Finkak mugakide badira, ezin izango da inmatrikulaziorik egin, tituluarekin batera ekartzen ez bada Estatuko Administrazioaren ziurtagiria, finkak jabari publikoa hartzen ez duela dioena.

Finkaren deskripzioan adierazten bada hori ez dela itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide edo ez bada horren inguruan inolako adierazpenik egiten, erregistratzaileak interesdunari eskatuko dio finka identifikatzea eta kokatzea Estatuko Administrazioak helburu horrekin emandako planoan.

Identifikazio horrek ondorioztatzen badu finka ez dela mugakidea, erregistratzaileak inskripzioa egingo du, inguruabar hori jasoz.

Identifikazio hori egin arren edo identifikazio hori ez egiteagatik, erregistratzaileak uste badu finkak itsas-lehorreko jabari publikoa har dezakeela, inskripzio-eskabidearen berri emango dio Estatuko Administrazioari, eta hark inskripzioaren aldeko ziurtagiria eman arte eten egingo du inskripzioa.

Aurreko paragrafoak aipatu ziurtagiria ofizioz eskatu eta hogeita hamar egun igaro ondoren erantzunik jasotzen ez bada, inskripzioa egin ahal izango da.

Mugaketa onetsi gabe badago, kasuan kasuko prozedura hasiko da, interesdunaren kontura, gehienez ere hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko eskabidea egiten denetik; bien bitartean, eskatutako inskripzioa etenda egongo da.

16. artikulua

Aurreko artikuluko erregela berberak aplikatuko zaizkie gehiegizko luze-zabalera duten inskripzioei ere, salbu eta inskripzio horiek dagozkienean muga finkoak dituzten finkei edo muga horien izaerak eragozten duenean finkek itsas-lehorreko jabari publikoa hartzea.

Erregistroko tituluak agertzen duenean finka itsasoaren mugakide dela, muga moduan hartuko da itsasertzeko barruko muga, baita finkaren gehiegizko luze-zabalera kasuetan ere.

IV. KAPITULUA.

Lotzea eta jaregitea

17. artikulua

Estatuko ondarearen lurrak itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide direnean edo eraginpeko gunean daudenean, jabari publikoaren erabilerari lotuko zaizkio, estatuaren ondareari buruzko legerian ezarritakoaren arabera, lurrok beharrezkoak badira jabari hori babesteko edo erabiltzeko.

Lur horiek ezin izango dira besterendu, aldez aurretik adierazten ez bada lur horiek ez direla beharrezkoak aipatu ondoreetarako.

18. artikulua

Lurrak jaregin ahal izango dira 4. artikuluko 5 eta 10. paragrafoetako kasuetan bakarrik, nahitaezkoa izanik ukitutako udalak edo autonomia-erkidegoak aldez aurretik txostena egitea, eta aldez aurretik adieraztea lurrok ez direla beharrezkoak aurreko artikuluan aipatu ondoreetarako.

Jaregitea esanbidezkoa izan beharko da, eta hori gauzatu aurretik kasuan kasuko mugaketak egin beharko dira.

19. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera jaregindako lurrak estatuaren ondarera bilduko dira.

Aurreikusten ez denean lurrok jaregin daitezkeenik, lur horiek dohainik laga ahal izango zaizkio udalerriari edo autonomia-erkidegoari, lagapenaren baldintza gisa ezarriz lur horiek destinatzea udalerri edo autonomia-erkidegoaren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoko helburuetara.

II. TITULUA.

Itsasertzaren mugakide diren lurren jabetza mugatzea itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko arrazoiengatik

I. KAPITULUA. Helburuak eta xedapen orokorrak

20. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesak bere baitan hartzen du jabari hori oso-osoan defendatzea eta jabari horren destinoak erabilera orokorreko zein helburu ukitu eta helburu horiek defendatzea; jabari horren ezaugarri eta osagai naturalei eustea eta obrek nahiz instalazioek izan ditzaketen ondorio kaltegarriak prebenitzea, lege honek ezarritakoaren arabera.

21. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide diren lurrak titulu honetan ezarri mugen eta zortasunen mende izango dira, halakoek lehentasuna izango dutela edozein akziori begira.

Zortasunak preskribaezinak izango dira beti.

Ez dira muga eta zortasun horien mende izango esanbidez nazio-segurtasun eta -defentsarako interesgarritzat jotzen diren lurrak, dagokien legeria bereziarekin bat etorriz.

Titulu honetako xedapenek gutxieneko arauketaren eta arauketa osagarriaren izaera dute, autonomia-erkidegoek euren eskumenen esparruan ematen dituzten xedapenei begira.

22. artikulua

Estatuko Administrazioak arauak emango ditu, kostaldeko zenbait zati babesteko, lege honen 23.2, 25, 26.1, 27.2, 28.1 eta 29. artikuluek ezarritakoa garatzeko.

Aurreko paragrafoak aipatu arauak behin betiko onetsi aurretik, arau horiei buruzko txostena eman beharko dute ukitutako lurraldeko autonomia-erkidegoek eta udalek, eragozpenak azaltzeko aukera izan dezaten, onetsita edo onesteko bidean dituzten antolamendu-tresnak oinarri hartuta.

Bat ez-etortze garrantzitsuak antzematen direnean, eman nahi diren arauen eta autonomia-erkidegoek eta udalek azaldutako eragozpenen artean, kontsultaldia hasiko da, hiru Administrazioak ados jarrita konpon daitezen agertutako bat ez-etortzeak.

II. KAPITULUA.

Legezko zortasunak

1. atala.

Babes-zortasuna

23. artikulua

Babes-zortasuna ezarriko da 100 metroko gunean, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz neurtuta.

Gune horren hedadura Estatuko Administrazioak luzatu ahal izango du, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko Administrazioarekin eta udalarekin bat etorriz, beste 100 metro gehiagotan, beharrezkoa denean zortasunaren eragingarritasuna ziurtatzeko, babestu nahi den kostaldeko zatiaren berezitasunak aintzat hartuta.

24. artikulua

Gune horretako lurretan baimenik gabe gauzatu ahal izango dira lugintzak eta landaketak, 27. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Gune horretako lehenengo 20 metroetan aldi baterako utzi ahal izango dira itsasoak ekarritako objektu edo materialak eta itsas salbamenduko jarduerak gauzatu ahal izango dira; ezin izango dira itxiturak egin, non ez den erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.

Aurreko paragrafoak aipatu okupazioen ondorioz eragiten diren kalteengatiko kalte-ordaina jasoko da, Nahitaez Jabetza Kentzeari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.

25. artikulua

Babes-zortasuneko gunean honako hauek debekatuko dira:

a) Bizitzeko edo biztantzeko destinatutako eraikinak.

b) Hiri arteko garraiobideak eta erregelamendu bidez ezarritako intentsitateaz gaindiko trafikoko garraiobideak eraikitzea edo aldaraztea, bai eta horietako zerbitzu-guneak ere.

c) Agregakin-hobiak suntsitzen dituzten jarduerak.

d) Goi-tentsioko linea elektrikoak airetik hedatzea.

e) Hondakin solidoak, obra-hondakinak eta araztu gabeko ur zikinak isurtzea.

f) Publizitatea kartelen eta hesien bidez edo baliabide akustikoak nahiz ikus-entzunezko baliabideak erabilita.

Izaera arruntarekin, gune horretan soil-soilik ahalbidetuko dira obrak, instalazioak eta jarduerak, euren izaerarengatik beste kokalekurik eduki ezin dutenean edo halakoek beharrezko edo komenigarri diren zerbitzuak ematen dituztenean, itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko, bai eta kirol-instalazio estalgeak ere.

Edozein kasutan, lubeta, lurrerauzketa edo zuhaitz-ebaketak gauzatzen direnean, halakoek bete beharko dituzte jabari publikoaren babesa bermatzeko erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzak.

Salbuespenez, behar bezala egiaztatutako herri-onurako arrazoiengatik, Ministroen Kontseiluak baimendu ahal izango ditu artikulu honetako 1. paragrafoko b) eta d) idatz-zatiek aipatu jarduerak eta instalazioak.

Modu berean baimendu ahal izango dira a) idatz-zatiak aipatu eraikinak eta industria-instalazioak, baldin eta horiek 2. paragrafoko betekizunak gauzatzen ez badituzte, aparteko garrantzia dutenean eta, justifikatutako arrazoi ekonomikoak direla bide, egoki denean halakoak itsasertzean kokatzea; edozein kasutan ere, eraikuntza edo instalazio horiek kokatu beharko dira hondartza, hezegune edo babes bereziko beste esparru batzuk ez diren kostalde-zatien zortasun-guneetan.

Paragrafo honetan ezarritakoaren arabera baimentzen diren jarduerak Administrazio eskudunek onetsitako hirigintza-plangintzari egokitu beharko zaizkio.

26. artikulua

Babes-zortasuneko gune erabilgarriak baliatzeko Estatuko Administrazioaren baimena beharko da; baimen hori emango da lege honetan eta, hala denean, 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz aldarrikatuko diren arauetan xedatutakoaren arabera, jabari publikoa babesteko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak ezartzeko aukerarekin (Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

Eskatutako jarduera zuzenean lotzen bazaio itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari, beharrezkoa izango da, hala denean, aldez aurretik izatea lege honen arabera emandako administrazio-titulua.

2. atala.

Igarobide-zortasuna

27. artikulua

Igarobide-zortasuna ezarriko da 6 metroko gunean, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz neurtuta.

Gune hori uneoro zabalik utzi beharko da, oinezkoen irtenbide publikorako eta jagoletza- nahiz salbamendu-ibilgailuentzako, modu berezian babestutako eremuetan izan ezik.

Igarobide zaileko edo arriskutsuko tokietan zabalera hori behar den beste hedatu ahal izango da, gehienez ere, 20 metroraino.

Gune hori salbuespenez okupatu ahal izango da, itsas-lehorreko jabari publikoan egin beharreko obrengatik.

Kasu horretan, zortasun-gunearen ordez antzeko baldintzak dituen beste bat ezarriko da, Estatuko Administrazioak jasotakoaren arabera.

Itsas pasealekuak egiteko ere okupatu ahal izango da.

3. atala.

Itsasora heltzeko zortasuna

28. artikulua

Itsasora heltzeko zortasuna, publikoa eta doakoa izango dena, gauzatuko da hurrengo paragrafoetan ezarritakoaren arabera, itsas-lehorreko jabari publikoko lur mugakideetan edo ondoko lurretan, sarbidearen izaerak eta helburuak behar duten luze-zabaleran.

Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilera publikoa ziurtatzeko, itsasertzaren lurralde- eta hirigintza-antolamenduko planek ezarriko dituzte, babes bereziko kalifikazioa duten eremuetan izan ezik, itsasora heltzeko behar beste sarbide eta aparkaleku izatea, itsas-lehorreko jabari publikotik kanpo.

Ondore horietarako, hiriguneetan eta gune urbanizagarrietan, ibilgailuen trafikoko zortasunak 500 metroko tartearekin bananduko dira, eta oinezkoen zortasunak 200 metroko tartearekin.

Sarbide guztiak seinaleztatuta egon beharko dira, eta amaieran erabilera publikoari irekita.

Estatuko Administrazioak nahitaez jabetza kendu ahal izateko edo igarobide-zortasuna ezarri ahal izateko, herri-onurakoak izango dira itsasora heltzeko beste sarbide publiko batzuk eta beste aparkaleku batzuk egiteko edo daudenak aldarazteko beharrezkoak diren lurrak, aurreko paragrafora bildu ez direnak.

Inola ere ez dira baimenduko itsasora heltzea eragozten duten obra edo instalazioak, baldin eta interesdunek ez badute proposatzen ordezko neurririk; Estatuko Administrazioaren arabera, ordezko neurri horrek eragingarritasuna bermatu beharko du, aurreko sarbidearen antzeko baldintzetan.

III. KAPITULUA.

Jabetzaren beste muga batzuk

29. artikulua

Ubideen azken zatietan eutsi beharko zaio ubideok ibai-ahoei egiten dieten agregakin-ekarpenari.

Kasu bakoitzean zehaztu beharreko distantziaraino, agregakin horiek ateratzea baimentzeko, Estatuko Administrazioaren aldeko txostena beharko da, ateratze horrek itsas-lehorreko jabari publikoan duen eragina dela eta.

Eraginpeko gunean kokatutako agregakin-hobiak eroslehentasun-eskubidearen eta atzera-eskuratzeko eskubidearen mende izango dira, salmenta, lagapen edo beste edozein eskualdaketa-eragiketatan, Estatuko Administrazioaren mesedetan, agregakin-hobi horiek hondartzei gehitzeko.

Helburu berarekin, agregakin-hobi horiek herri-onurakoak izango dira, ministerio-sail eskudunak nahitaez jabetza kendu ahal izateko, oso-osoan edo, hala denean, zati batean, eta behar diren lurrak aldi baterako okupatu ahal izateko.

IV. KAPITULUA.

Eraginpeko gunea

30. artikulua

Lurralde- eta hirigintza-antolamenduak itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko betekizunak errespetatuko ditu, ukitzen dituenean kasuan kasuko tresnen araberako zabalera izango duten lurrak, betiere, zabalera hori, gutxienez, 500 metrokoa bada, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz; horretarako, antolamenduak aintzat hartuko ditu hurrengo irizpideak:

a) Hondartza duten zatietan eta ibilgailuen trafikorako sarbidea duten zatietan, ibilgailuen aparkalekuetarako lur-erreserbak ezarriko dira, igarobide-zortasuneko gunetik kanpo aparkalekuak bermatzeko bestekoak.

b) Eraikuntzak bat etorri beharko dira hirigintza-legeriak ezarritakoarekin.

Arkitektura-pantailak eta bolumen-metaketak saihestu beharko dira; ondore horietarako, eraikitze-dentsitateak ezin izango du gainditu kasuan kasuko udal-mugartean dagoen lurzoru urbanizagarri programatuaren edo lurzoru urbanizagarriaren batez bestekoa.

Itsas-lehorreko jabari publikora isuriak egitea dakarten obra- edo erabilera-lizentziak emateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik lortzea kasuan kasuko isurketa egiteko baimena.

III. TITULUA.

Itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzea

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

31. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoaren eta, edozein kasutan, itsasoaren nahiz itsasertzaren erabilera askea, publikoa eta dohainekoa izango da, horren izaerarekin bat datozen erabilera arruntei dagokienez, hala nola, paseatzea, egotea, bainatzea, nabigatzea, ontziratzea, lehorreratzea, arrantzan egitea, landareak eta itsaskiak biltzea, eta antzeko beste jarduera batzuei dagokienez, inolako obra edo instalaziorik behar ez dutenak, eta legeekin eta erregelamenduekin edo lege honen arabera onetsitako arauekin bat etorriz egiten direnak.

Intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-inguruabar bereziak dituzten erabileren eta obrak nahiz instalakuntzak gauzatzea dakarten erabileren oinarri bakarra izango da erreserba, atxikipena, baimena eta emakida, lege honetan, beste lege berezi batzuetan, hala denean, eta kasuan kasuko arau orokor nahiz berezietan ezarritakoaren arabera; ezin izango da inolako eskubiderik alegatu usukapioaren ondorioz, igarotako denbora dena delakoa izanda ere.

32. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzea ahalbidetuko da soil-soilik izaeraren arabera beste kokalekurik eduki ezin duten jarduera eta instalazioak gauzatzeko.

Ondore horietarako, eta okupazioa ahalbidetzen duen titulua eta titulu hori ematen duen Administrazioa edozein dela, erabat baztertuta izango dira 25.1 artikuluan aipatutako erabilerak, b) idatz-zatikoak izan ezik, Ministroen Kontseiluak aldez aurretik horiek herri-onurakoak direla adierazi duenean, eta behar bezala baimendutako beteguneetan erabilgarri diren obra-hondakinen isurketa.

Jabari publikoa okupatzea ahalbidetzen duen administrazio-titulua eman aurretik, bermatu beharko da ur zikinak ezabatzeko sistema, indarreko xedapenekin bat etorriz.

Gerogarrenean, betebehar hori gauzatzen ez bada, administrazio-titulua iraungi dela adieraziko da, eta instalazioak jaso beharko dira, hala denean, ezarri ahal izango den zehapena gorabehera.

33. artikulua

Hondartzek ez dute erabilera pribaturik izango, lege honetan demanio-erreserbaren inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Hondartzetan ahalbidetzen diren instalazioek aurreko artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta jendea askatasunez sartu ahal izango da horietara, salbu eta beste erabilera-modalitate batzuk baimentzen direnean, polizia, ekonomia eta interes publikoko beste arrazoi batzuengatik, behar bezala justifikatutakoak izan beharko direnak.

Hondartza-zerbitzuko eraikinak kokatuko dira, batez ere, hondartzetatik kanpo, erregelamendu bidez ezarriko diren dimentsio eta distantziak aintzat hartuta.

Edozein motatako instalazioek, sasoiko zerbitzuetakoek barne, hondartza okupatzen dutenean, okupazio horrek ezin izango du gainditu, osotasunean, hondartzak itsasgoran duen azaleraren erdia, eta okupazio hori homogeneotasunez banatuko da hondartzan zehar.

Estatuko Administrazioari eskatuko zaio banaketa egitea, baldintza bereziak daudela uste denean.

Debekatuta daude ibilgailuen aparkalekua eta baimendu gabeko joan-etorria, bai eta kanpamentuak eta kanpaldiak ere.

(Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

34. artikulua

Estatuko Administrazioak, autonomia-erkidegoen edo udalen eskumenei kalterik egin gabe, arau orokorrak eta bereziak emango ditu, kostaldeko zati jakin batzuei begira, itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta erabilerari dagokienez, lege honetan ezarritakoa kontuan hartuz.

Arau horiek jarraibideak jasoko dituzte, hurrengo gaien inguruan:

a) Jabari publikoa defendatzeko, lehengoratzeko, berreskuratzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak gauzatzea.

b) Lehentasunak ezartzea, erabilera-eskariei erantzuteko orduan, egindako eskariei nahiz egin daitezkeenei begira, bereziki, hondartzetako sasoiko zerbitzuen, isurketen, eta itsasertzean nahiz 4 eta 5. artikuluen ondorioz jabari publikoko gisa kalifikatutako lurretan agregakinak ateratzearen eretzean.

c) Jabari publikoan azpiegiturak eta instalazioak kokatzea, ur zikinak eta itsas isurketak ezabatzekoak barne.

d) Emakidak eta baimenak ematea.

e) Hondartzen erabilerari, bainutokietako giza segurtasunari eta hondartzak eta horien instalazioak erabiltzeko gainerako baldintza orokorrei buruzko araubidea ezartzea.

f) Lurrak eskuratzea, lotzea eta jaregitea.

Arau berezien gainean kasuan kasuko autonomia-erkidegoak eta udalak txostena egin beharko dute, arauok onetsi aurretik.

35. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko eskabideak, modu nabarian doazenean indarreko legerian xedatutakoaren aurka, ukatu eta artxibatuko dira bi hilabeteko epean, eskatzaileari aldez aurretik entzuteko izapidea gauzatu ondoren.

Ongitzeko moduko gabeziak izanez gero, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritakoaren arabera jardungo da.

Administrazioak ez du betebeharrik, itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko tituluak emateko, halakoak eskatzen direnean onetsitako plan edo arauetako zehaztasunen arabera; titulu horiek ukatu ahal izango dira aukera-arrazoien* edo interes publikoko beste arrazoi batzuen* ondorioz, behar besteko zioen bidez azalduta (hitz horiek Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak).

36. artikulua

Jabari publikoaren edo pribatuaren gainean kalte-galerak eragin ditzaketen erabilerei dagokienez, Estatuko Administrazioak ahalmena izango du, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, eskatzaileari galdatzeko behar den beste azterketa eta berme ekonomiko aurkeztea, kalte-galera horiek prebenitzeko, lotutako ondasunak berrezartzeko eta kasuan kasuko kalte-ordainak emateko.

37. artikulua

Jabari publikoaren okupazioak ez du inoiz horren lagapenik ekarriko, eta jabari publikoaren erabilera gauzatu arren, ez da ulertuko Estatuko Administrazioaren demanio-ahalmenak laga direnik, ezta horrek edozein motatako erantzukizunik hartu duenik ere, okupaziorako eskubidearen titularraren edo gainerakoei begira.

Aipatu titularrak izango du erantzukizuna, obrak eta jarduerek jabari publikoari edo pribatuari eragin diezazkioketen kalte-galerengatik, salbu eta kalte-galerok Administrazioak titularrari ezarritako klausula batengatik gauzatu direnean, eta klausula hori titularrak nahitaez bete beharrekoa denean.

Estatuko Administrazioak une oro izango ditu babes- eta polizia-ahalmenak lotutako jabari publikoaren gainean; okupazioaren edo jardueraren titularrak betebeharra izango du, Estatuko Administrazioa informatzeko, ondasun horien inguruan sortzen diren gorabeherei buruz, eta hark emandako jarraibideak betetzeko.

Administrazio eskudunaren esku izango da, eguneratuta, itsas-lehorreko jabari publikoko erabileren Erregistroa; erregistro horretan ofizioz inskribatuko dira, erregelamendu bidez ezarritako forman, erreserbak, atxikipenak eta emakidak, bai eta isurketa kutsagarriak egiteko baimenak ere, gutxienez urtero berrikusiz hizpatutako baldintzen betetze-maila eta eragindako ondoreak.

Erregistro horiek izaera publikoa izango dute; edukiaren gaineko kasuan kasuko ziurtagiriak eskatu ahal izango dira, ziurtagiri horiek izanik kasuan kasuko administrazio-tituluaren eta horren egoeraren froga-bide.

Titulartasunari eta ezaugarriei dagokienez gauza daitezkeen aldaketak ere kasuan kasuko idazkunean jaso beharko dira.

38. artikulua

Debekatuta dago kartelen eta hesien bidez edo baliabide akustikoak nahiz ikus-entzunezko baliabideak erabilita egiten den publizitatea.

Halaber, debekatuta egongo da, erabilitako hedatze-bidea edozein dela, itsas-lehorreko jabari publikoan gauzatutako jarduerak iragartzea, jarduerok ez dutenean kasuan kasuko administrazio-titulua edo, izanda ere, horren baldintzekin bat egiten ez dutenean.

39. artikulua

Elektrizitatea, ura, gasa eta telefonia hornitzeko enpresek euren zerbitzuak kontratatu nahi dituztenei eskatuko diete lege honen arabera behar den administrazio-titulua, hondartzetan, itsas-lehorreko gunean edo itsasoan obrak edo instalazioak gauzatzeko.

40. artikulua

Lege honek ezarritakoarekin bat etorriz, aldez aurretik baimendu gabeko erabilerak V. tituluan jasotakoaren arabera zehatuko dira, erabilera horiek legeztatzea gorabehera, ahal denean eta komenigarritzat jotzen denean; azken kasu horretan, lege honetan ezarritako prozedurari eta irizpideei jarraituko zaie, kasuan kasuko titulua emateko.

41. artikulua

Ekaitza, arrisku larria, hondamendi nahiz lazeria publikoa edo beste edozein beharrizan-egoera, larrialdi edo inguruabar anomalo nahiz salbuespenekoa dagoenean, Administrazio eskudunak berehala, eta aurretiazko izapiderik eta kalte-ordainik gabe, erabili ahal izango ditu okupatutako jabari publikoa eta emandako edo baimendutako obra nahiz instalazioak, hori egokitzat jotzen badu ukitutako ondasunen eta pertsonen babesari eta segurtasunari dagokienez.

Kasuan kasuko kalte-ordainei begira, kontuan hartuko da Jabetza Nahitaez Kentzeari buruzko Legeak xedatutakoa.

II. KAPITULUA.

Proiektuak eta obrak

42. artikulua

Administrazio eskudunak itsas-lehorreko jabari publikoaren okupazioari edo erabilerari buruzko ebazpena eman dezan, kasuan kasuko oinarrizko proiektua aurkeztuko da; proiektu horretan finkatuko dira instalazioen eta obren ezaugarriak, itsas-lehorreko jabari publikoan okupatu edo erabili nahi den gunearen hedadura eta erregelamendu bidez ezarriko diren gainerako zehaztasunak.

Gerogarrenean, eta obrei ekin aurretik, eraikuntza-proiektua azalduko da; nolanahi ere, eskatzaileak bere eskabidearekin batera proiektu hori aurkeztu ahal izango du, eta ez oinarrizkoa.

Gainera, proiektatutako jarduerek itsas-lehorreko jabari publikoa modu garrantzitsuan alda dezaketenean, jarduera horiek jabarian izan ditzaketen ondoreak ebaluatu beharko dira aurretiaz, erregelamendu bidez ezarritakoari jarraituz.

Proiektua nahitaez jarriko da jendaurrean, non ez diren nazio-defentsarekin zerikusia duten baimenak nahiz jarduerak edo segurtasun-arrazoien ondorio.

Administrazioa ez denean erabiltzailea, aurkeztuko dira ekonomia- eta finantza-azterketa, erregelamendu bidez zehaztuko dela horren edukia, eta itsas-lehorreko jabari publikoan kokatutako obren aurrekontu zenbatetsia.

43. artikulua

Obrak betearaziko dira kasu bakoitzean onesten den eraikuntza-proiektuarekin bat etorriz; eraikuntza-proiektuak oinarrizko proiektua osatuko du.

44. artikulua

Proiektuak aurkeztuko dira, hala denean, garatzen duten plangintzarekin bat etorriz, eta, obra-motaren nahiz obrak duen kokalekuaren arabera, Administrazio eskudunak onetsitako arau orokor, berezi eta teknikoak aintzat hartuta,

Proiektuek aurreikusi beharko dute, obrak euren kokalekuko inguruari egokitzen zaiela, eta, hala denean, obrak kostaldean duen eragina eta kostaldeak atzera egiteko orduan izan ditzakeen ondoreak.

Proiektuak, itsasoan edo itsas-lehorreko gunean jarduerak gauzatuko direla aurreikusten duenean, oinarrizko azterketa jaso beharko du, itsasertzaren dinamikari dagokionez, kasuan kasuko unitate fisiografikoa kontuan hartuz, eta aurreikusitako jardueren ondoreei dagokienez.

Hondartzak sortu eta lehengoratu ahal izateko, lehendabizi kontuan hartu beharko da lur mugakideetan jarduerarik gauzatu behar den, itsasoak ekarritako agregakinentzako hesiak ezabatu edo gutxitzen diren, agregakinak modu artifizialean ekarri behar diren, itsasoaren azpian obrak egin behar diren eta natura-inguruari ahalik kalterik gutxiena eragiteko beste edozein jarduera gauzatzea posible den.

Itsas pasealekuak itsasertzetik kanpo kokatuko dira, eta, ahal dela, oinezkoentzat bakarrik izango dira.

Ur zikinak tratatzeko instalazioak kokatuko dira itsasertzetik eta babes-zortasuneko gunearen lehenengo 20 metroetatik kanpo.

Itsasertzean ez da baimenduko kostaldearekiko paraleloak diren kolektoreak instalatzea.

Itsasertzetik kanpoko lehenengo 20 metroetan debekatu egingo dira kolektore paraleloak.

Proiektuek esanbidez adierazi behar dute, lege honetako eta lege hau garatu nahiz aplikatzeko ematen diren arau orokor eta berezietako xedapenak betetzen dituztela.

45. artikulua

Estatuko Administrazioaren proiektuen izapidetza erregelamendu bidez ezarriko da, eta, hala denean, proiektu horiek jendaurrean jarriko dira eta zehaztuko diren sail eta erakundeen txostena beharko dute.

Izapide horretan aurkeztutako alegazioen ondorioz, proiektuan funtsezko aldarazpenak egiten badira, berriro irekiko da proiektua jendaurrean jartzeko epealdia.

Proiektu horiek onesteak berarekin ekarriko du, hala denean, jabetza kendu behar zaien ondasunak eta eskubideak okupatu beharra.

Ondore horretarako, proiektuan jaso beharko dira, modu zehaztuan eta banan-banan, ukitutako ondasun eta eskubideak, horien deskripzio materialarekin.

Proiektuaren zuinketari eta gerogarrenean onets daitezkeen obra-aldarazpenei dagokienez, horietara bildutako ondasun eta eskubideak okupatu behar direlako premiak aurreko paragrafoan ezarri betekizun berberak ditu.

46. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoaren osotasuna eta horri buruzko babes-neurrien eragingarritasuna bermatzeko helburuarekin, Estatuko Administrazioak onetsi ahal izango ditu obren eta bere eskumeneko beste jarduera batzuen planak.

III. KAPITULUA.

Erreserbak eta atxikipenak

1. atala.

Erreserbak

47. artikulua

Estatuko Administrazioak itsas-lehorreko jabari publikoko ondasun batzuen gaineko erabilera erreserbatu ahal izango du, oso-osoan edo zati batean, bere eskumeneko helburuetarako bakarrik, betiere, lege honen 32. artikuluan ezarritako inguruabarrak badaude.

Erreserba egin ahal izango da azterketak eta ikerketak gauzatzeko, edo obrak, instalazioak nahiz zerbitzuak gauzatzeko.

Erreserba horrek iraungo du aurreko paragrafoak aipatu helburuak betetzeko behar den beste denbora.

Erreserba-gunearen adierazpena 34. artikuluan ezarri arauen arabera egingo da, edo, halakorik izan ezean, Ministroen Kontseiluak adostutakoaren arabera.

Erreserba horrek lehentasuna izango du beste edozein erabilerari begira, eta berezko ondorio izango du herri-onuraren adierazpena eta okupatu beharra, aldez aurretik zeuden eskubideen jabetza kentzeari dagokionez, eskubide horiek bateraezinak direnean erreserbarekin.

48. artikulua

Erreserba guneen erabilera edo ustiapena gauzatu ahal izango da erregelamendu bidez ezarriko diren kudeaketa-modalitateetarik edozein baliatuta, zuzenekoak nahiz zeharkakoak.

Erreserba-gunearen adierazpena justifikatu zuten erabilera edo jarduerak kontuan hartu eta erreserbaren babesean ezin izango dira gauzatu bestelako erabilera eta jarduerak.

2. atala.

Atxikipenak

49. artikulua

Estatuko Administrazioak atxikiko die autonomia-erkidegoei itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak, euren titulartasuneko portuak eta garraiobideak eraikitzeko, edo aldez aurretik daudenak hedatu edo aldarazteko.

Jabari publikotik atxikitako zatiak kalifikazio juridiko horri eutsiko dio, eta autonomia-erkidegoaren ardura izango da hori erabili eta kudeatzea, dagokion helburuarekin eta bidezko diren xedapenak kontuan hartuta.

Edozein kasutan, atxikitako ondasunen gainean emandako emakiden epea gehienez ere hogeita hamar urtekoa izango da.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondoreetarako, autonomia-erkidegoetako proiektuek Estatuko Administrazioaren aldeko txostena izan beharko dute, estatuko jabari publikotik atxiki daitekeen zatia, horren gainean aurreikusten diren erabilerak eta jabari publikoa babesteko beharrezko neurriak zehazteari dagokionez; betekizun hori gauzatzen ez bada, ezin izango da ulertu proiektuak behin betiko onetsi direnik.

Proiektuak behin betiko onesten direnean, obrak jabari publikoko zein zatitan kokatu eta zati horren atxikipena gauzatuko da, eta, hala denean, portuko zerbitzu-gune berria zehaztuko da.

Atxikipena gauzatuko da bi Administrazioetako ordezkariek sinatutako aktaren bidez.

50. artikulua

Aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, itsas-lehorreko jabari publikotik autonomia-erkidegoari atxikitako ondasunak estatuari lehengoratuko zaizkio, aldez aurretik autonomia-erkidegoa entzunda, erregelamendu bidez zehaztuko den prozeduraren bidez, eta ondasun horiei kasu bakoitzean bidezkoa den destinoa emango zaie, baldin eta atxikitako helburuetatik kanpo erabiltzen badira, edo beharrezkoak badira ekonomia-jarduerarako edo interes orokorrerako, Konstituzioaren 131 eta 149. artikuluen arabera.

IV. KAPITULUA.

Baimenak

1. atala.

Xedapen orokorrak

51. artikulua

Aldez aurreko administrazio-baimena behar dute, inolako obrarik edo instalaziorik egin beharrik gabe ere, intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-inguruabar bereziak dituzten jarduerek, bai eta itsas-lehorreko jabari publikoaren okupazioak ere, hori gauzatzen denean instalazio desmuntagarriekin edo ondasun higigarriekin.

Instalazio desmuntagarritzat joko dira:

a) Behin-behineko zimendu-obrak behar dituztenak, edozein kasutan lur-esparrua gaindituko ez dutenak.

b) Aurrefabrikatutako serie-osagaiekin, moduluekin, panelekin edo antzekoekin eginda daudenak, obran bertan materialik egin gabe eta soldadurarik erabili gabe.

c) Sekuentzia-prozesuen bidez muntatzen edo desmuntatzen direnak, baldin eta errauspenik gabe jaso badaitezke eta osagai guztiak modu errazean garraiatu badaitezke.

52. artikulua

34. artikuluak ezarritakoaren ondorioz ematen diren arau orokor eta bereziak kontuan hartu beharko dira, halakoek aipatzen dituzten instalazioei eta jarduerei dagokienez bakarrik egin ahal izango direlako baimen-eskabideak.

Eskabideak jendaurrean jarri ahal izango dira, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

Baimenak emango dira banakako izaerarekin eta inter vivos eskualdatzeko aukerarik gabe, isurketen kasuan izan ezik, eta baimenok ez dira inskribatuko Jabetza Erregistroan.

Mugaeguneratze-epea kasuan kasuko tituluan ezarritakoa izango da, gehienez ere urtebetekoa izanik, salbu eta lege honek kasu jakin batzuei begira beste epe batzuk ezarri dituenean.

53. artikulua

Hondartzetan sasoiko zerbitzuak ustiatzea xede duten baimenak, betiere, zerbitzuok instalazio desmuntagarriak bakarrik behar badituzte, emango zaizkie hala eskatzen duten udalei, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan, eta kasuan kasuko arau orokor eta berezietan ezarritako baldintzak aintzat hartuta.

Baimen horiek emateak inola ere ezin izango du baliorik gabe utzi hondartzen gaineko erabilera publikoaren printzipioa.

54. artikulua

Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, sasoiko zerbitzuak oso-osoan edo zati batean ustiatzeko baimena eman ahal izango zaie hondartzak eratu, lehengoratu edo egokitzeko emakiden titularrei, kasuan kasuko tituluan ezarritako baldintzetan.

Orobat, hondartzetan sasoiko zerbitzuak oso-osoan edo zati batean ustiatzeko baimena eman ahal izango da, hondartzekin zerikusia duen obra publiko baten betearazpen-kostuaren kontraprestazio gisa, obra hori, bere izaera eta ezaugarriengatik, ez denean ekonomia aldetik ustiatzeko modukoa.

55. artikulua

Administrazioak edozein unetan alde bakarrez ezeztatu ahal izango ditu baimenak, kalte-ordainetarako eskubiderik gabe, baimenok bateraezinak direnean gerogarrenean onetsitako arautegiarekin, jabari publikoan kalteak eragiten dituztenean, interes publiko handiagoa duten jarduerak gauzatzea eragozten dutenean edo erabilera publikoari kalte egiten diotenean.

Behin baimena azkenduta, titularrak eskubidea izango du jabari publikotik edo horren zortasun-guneetatik kasuan kasuko instalazioak batzeko, eta hori egiteko betebeharra izango du Administrazio eskudunak hala agintzen duenean, erregelamendu bidez ezarritako moduan eta epean.

Edozein kasutan, aldatutako errealitate fisikoa berrezartzeko betebeharra izango du.

2. atala.

Isurketak

56. artikulua

Atal honetako xedapenak aplikatuko zaizkie isurketei, likidoei nahiz solidoei, kontuan hartu gabe horiek itsas-lehorreko jabari publikoko zein ondasunetan egiten diren.

Ontziek edo aireontziek itsasora egiten dituzten isurketak euren legeria bereziak arautuko ditu.

Debekatuta egongo da hondakin solidoak eta obra-hondakinak isurtzea itsasora eta itsasertzera, bai eta babes-zortasuneko gunera ere, salbu eta hondakin horiek erabiltzen direnean betegune gisa eta behar bezala baimenduta daudenean.

57. artikulua

Isurketa guztiek beharko dute Administrazio eskudunaren baimena; baimen hori emango da aplikagarri den legeriaren arabera, estatukoa edo autonomia-erkidegokoa izango dena, kalterik egin gabe, hala denean, jabari publikoa okupatzeko emakidari.

Isurketa kutsagarrien kasuan, halaber, kontuan hartuko da 34. artikuluak aipatu arauek ezarritakoa, beharrezkoa izanik eskatzaileak aldez aurretik justifikatzea isurketok ezabatzeari edo tratatzeari dagokionez konponbide alternatiboa aplikatzeko ezintasuna edo zailtasuna.

Ezin izango dira substantziak isuri edo energia-motak sartu, halakoek eragiten dituztenean osasun publikoarentzako eta natura-inguruarentzako onargarriak diren arriskuak edo galerak baino handiagoak, indarreko arautegiaren arabera.

Kutsadura zein inguruk hartu eta inguru horri begira ezarri kalitate-helburuen arabera, isurketak mugatuko dira, teknikaren egoerak eta lehengaiek ahalbidetzen duten neurrian, eta, bereziki, kutsadura-karga xurgatzeko ahalmenaren arabera, inguru hori modu nabarmenean alda ez dadin.

58. artikulua

Isurketak baimentzeko baldintzen artean hurrengoak jaso beharko dira:

a) Mugaeguneratzeko epea, gehienez ere hogeita hamar urtekoa izango dena.

b) Beharrezkoak diren tratamendu-, arazte- eta ebakuazio-instalazioak, horien ezaugarriak eta jardunbidearen kontrol-osagaiak ezarriz, instalazioak gauzatzeko hasierako eta amaierako datak finkatuz, bai eta instalazio horiek zein datatan hasiko diren zerbitzua eskaintzen ere.

c) Urteko isurketa-kopurua.

d) Isurketaren muga kualitatiboak eta epeak, halakoak bidezkoak badira, efluentearen ezaugarriak arian-arian ezarritako mugekin bat etor daitezen.

e) Isurketak inguru hartzailean eragiten dituen ondoreen ebaluazioa, gune hartzaileko uren kalitatearen helburuak eta, behar izanez gero, kutsadura murrizteko hartu behar diren neurriak.

f) Isurketa-kanona.

Administrazio eskudunak isurketa-baimenen baldintzak aldarazi ahal izango ditu, kalte-ordainetarako eskubiderik gabe, baimena ematea eragin zuten inguruabarrak aldatzen direnean edo beste batzuk sortzen direnean, aldez aurretik izan balira baimena ukatzea edo baimena beste baldintza batzuen arabera ematea justifikatuko zuketenak.

Administrazioak beharrezkotzat jotzen badu, baimenaren ondoreak eten ahal izango ditu, ezarritako baldintza berriak bete arte.

Baimenaren titularrak aldarazpenak gauzatzen ez baditu Administrazio eskudunak ezarritako epean, azken horrek isurketa-baimena iraungi dela adierazi ahal izango du, kasuan kasuko zehapenak ezartzea gorabehera.

Isurketa-baimenaren azkentzeak, horren arrazoia edozein dela, berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakida ere azkentzea.

Administrazio eskudunak egokitzat jotzen dituen azterketa eta ikuskatze guztiak gauzatu ahal izango ditu, isurketaren ezaugarriak egiaztatzeko eta, hala denean, isurketa-baimenean ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Erabiltzaileen batzak eratu ahal izango dira, efluente likidoak batera tratatzeko eta horien azken isurketa egiteko.

59. artikulua

Isurketak eragin dezakeenean urak edo lurpeko geruzak kutsatzeko gai diren substantziak iragaztea edo metatzea, aldez aurretik isurketa horrek kalterik egiten ez duela justifikatzeko azterketa hidrogeologikoa egin beharko da.

60. artikulua

Beste lege berezi batzuek ezarritakoa gorabehera, eta itsasora hidrokarburoak isurtzearen ondoriozko kutsadura kontrolatzeko eta murrizteko programen betekizunak gorabehera, portuetan, lurralde-itsasoan eta barne uretan hidrokarburoak kargatzeko eta deskargatzeko terminalak dituzten petrolio-findegiek, faktoria kimiko eta petrokimikoek eta erregai likidoen hornidura-instalazioek izan beharko dituzte, terminal horien inguruetan, hidrokarburo-hondakinak jasotzeko instalazioak eta isuriak prebenitzeko nahiz isuriei aurre egiteko gainerako baliabideak; baliabide horiek izango dira itsasoko urak kutsatzearen inguruan zein xedapen izan indarrean eta xedapen horietan ezarritakoak.

Orobat, itsasoan hidrokarburoen prospekzioak egiten, horiek ustiatzen edo biltegiratzen dituzten plataformek eta instalazioek beharrezko baliabideak izan beharko dituzte, egin daitezkeen isuriak prebenitzeko eta halakoei aurre egiteko.

61. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoan isurketak egiten dituzten edo egin ditzaketen instalazioak edo industriak ezarri, aldarazi edo lekuz aldatzeko administrazio-baimenak baldintzapean emango dira, aldez aurretik lortu beharko direlako jabari horretan isurketak egiteko eta okupazio-emakidak izateko baimenak.

62. artikulua

Administrazio eskudunak, gune zehatzetan, industria-prozesuak debekatu ahal izango ditu, horien efluenteek, izan dezaketen tratamendua gorabehera, onargarria den kutsadura-arriskua baino handiagoa eragin dezaketenean, indarreko arautegiaren arabera, itsas-lehorreko jabari publikorako, dela industria-prozesu horren ohiko jardunbidean, dela aurreikus daitezkeen salbuespen-egoeretan.

3. atala.

Agregakinak ateratzea eta dragatzeak

63. artikulua

Agregakinak ateratzeko baimenak eta dragatze-baimenak emateko, beharrezkoa izango da halakoek itsas-lehorreko jabari publikoan dituzten ondoreak ebaluatzea; ebaluazio horrek kontuan hartuko ditu ateratze- nahiz dragatze-tokiak eta, hala denean, deskargatze-tokia ere.

Hondartzen egonkortasuna babestuko da, lehendabizi kontuan hartuz hondartzetara agregakinak heldu behar direla.

Agregakinak eraikuntzarako ateratzea debekatuko da, non eraikuntza horiek ez diren hondartzak eratzeko eta lehengoratzeko.

Baimenak jaso beharreko baldintzen artean hurrengoak izango dira:

a) Baimena zein epetarako ematen den.

b) Itsas-lehorreko jabari publikora atera, dragatu edo deskargatu beharreko kopurua, ekintza horien erritmoa eta benetan lan egiteko denbora.

c) Ekintza horiek betetzeko prozedura eta makineria.

d) Ateratako edo dragatutako produktuen destinoa eta, hala denean, halakoak jabari publikoan deskargatzeko tokia.

e) Baldintza horiek eragingarritasunez kontrolatzeko baliabide eta bermeak.

Jabari publikoarentzat edo horren erabilerarentzat ondore kaltegarriak gauzatuz gero, Administrazio baimen-emaileak hasierako baldintzak aldarazi ahal izango ditu, baldintza horiek zuzentzeko, edo baimena ezeztatu ahal izango du, titularrarentzat inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.

V. KAPITULUA. Emakidak

64. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunen okupazio oro aldez aurretik Estatuko Administrazioak emandako emakidaren mende izango da, okupazio hori desmuntagarri ez diren obra edo instalazioekin egiten denean.

65. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu emakida eman arren, titularra ez da askatuko beste Administrazio publiko batzuek eskatutako emakida eta baimenak lortzetik, halakoak Administrazio publikoek portuen, isurketen edo beste gai berezi batzuen gainean dituzten eskumenen ondorio direnean.

66. artikulua

Emakidak emango dira, hirugarrenei kalterik egin gabe eta aldez aurretik zeuden eskubideak gorabehera.

Epea kasuan kasuko tituluan ezarritakoa izango da.

Erregelamendu bidez emakidek izango dituzten gehieneko epeak ezarriko dira, emakida horiek izango duten erabileren arabera.

Epe horiek inola ere ezin izango dute gainditu hogeita hamar urte.

Azkendutako emakida baten xedea denean mehatze- edo energia-baliabideak ustiatzeko beste emakida batean oinarritutako jarduera, eta beste emakida hori Estatuko Administrazioak eman duenean epe luzeagorako, azkendutako emakidaren titularrak eskubidea izango du, itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeari buruzko beste emakida bat izateko, ustiatze-emakidaren indarraldia amaitzeko geratzen den eperako, eta, gehienez ere, hogeita hamar urterako.

67. artikulua

Emakida-eskabidea ebatzi aurretik, jendaurreko informazioari ekingo zaio eta Estatuko Administrazioak baldintzak eskainiko dizkio eskatzaileari; emakida ez da gauzatuko emakida-eskatzaileak Administrazioak eskainitako baldintzak onartzen ez baditu.

Behin izapideok gauzatuta, kasuan kasuko ebazpena ministerio-sail eskudunak emango du, zuhurtziara, eta ebazpena jendaurrekoa izan beharko da.

Emakidadunak aurkaratzen baditu berak onartu zituen klausulak, Administrazioak ahalmena izango du titulua azkendutzat jotzeko, salbu eta klausulok legearen aurkakoak direnean.

68. artikulua

Emakida emateak berarekin ekar dezake, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, ministerio-sail eskudunak herri-onuraren adierazpena egitea, emakidaren xedeari lotutako ondasunak edo eskubideak behin-behinean okupatzeko edo horien jabetza nahitaez kentzeko.

69. artikulua

Jabetza kendu zaien ondasunak eta eskubideak itsas-lehorreko jabari publikora bilduko dira okupatzen direnetik, emakida-tituluan ezarritako moduan; emakidadunak ez du betebeharrik izango okupazio-kanona ordaintzeko, bere kontura emakidara biltzeko zein lurri jabetza kendu eta lur horiengatik.

70. artikulua

Emakidak Jabetza Erregistroan inskribatu ahal izango dira.

Behin emakida azkenduta, inskripzioa ezereztuko da ofizioz edo Administrazioak nahiz interesdunak hala eskatuta.

Emakidak ezin izango dira eskualdatu inter vivos egintzen bidez.

Emakidaduna hiltzen bada, kausadunak, jarauntsiaren edo legatuaren bidez, haren eskubide eta betebeharretan subrogatu ahal izango dira urtebeteko epean.

Behin epe hori igarota, emakida eman duen Administrazioari esanbidezko adierazpenik egin gabe, ulertuko da emakidari uko egiten diotela.

Hala ere, eskualdatzeko modukoak izango dira, zerbitzu publikoak emateko oinarri diren emakidak, Administrazioak baimentzen duenean zerbitzuaren kasuan kasuko kudeaketa-kontratua lagatzea, bai eta ekainaren 25eko 23/1984 Legean, Itsas Lugintzari buruzkoan, araututakoak, eta mehatzen eta hidrokarburoen legeriaren esparruko ikerketa-baimenei edo ustiatze-emakidei lotutakoak ere.

Eskualdaketa ez da eragingarria izango harik eta emakidan ezarritako baldintzak bete direla aitortu arte.

Emakida eskualdagarrien gainean hipotekak eta beste berme-eskubide batzuk eratzen direnean, bai eta horiek enbargatzen direnean ere, eskubidea zein pertsonaren edo erakunderen mesedetan eratu eta horrek aldez aurretik komunikatu beharko dio hori emakida eman duen Administrazioari.

71. artikulua

Erabilera anitzerako emandako emakidak, instalazio banangarriak dituztenak, hala denean, banantzeko modukoak izango dira, emakida eman duen Administrazioaren adostasunarekin eta horrek ezarritako baldintzetan.

Emakidadunak, edozein unetan, emakida eman duen Administrazioaren adostasunarekin, uko egin ahal izango dio emakidaren perimetrora bildutako jabari publikoaren zatia okupatzeari, zati hori ez denean beharrezkoa emakidaren xederako.

Emakida eman duen ministerio-sailak adierazi behar du herri-onura, emakidaren erreskate-ondoreetarako, baita presako adierazpenarekin ere, hala denean.

72. artikulua

Emakida azkentzen den kasu guztietan, Estatuko Administrazioak erabakiko du, interesdunak obrei nahiz instalazioei eutsi behar dien ala horiek bere kontura jaso eta jabari publikotik nahiz horren babes-zortasuneko gunetik batu behar dituen.

Erabaki hori ofizioz edo hark hala eskatuta hartuko da, epemuga iritsi baino lehenago erregelamendu bidez ezarritako unean, epea betetzearen ondoriozko azkentze arruntaren kasuan, eta gainerako azkentze-kasuetan, kasuan kasuko espedientea ebazteko unean.

Aurreko paragrafoan aipatu unetik aurrera, emakidaren titularrak behar besteko gordailua eratuko du gastuei aurre egiteko; gastu horiek izango dira, obrak edo instalazioak jasotzeko eta itsas-lehorreko jabari publikotik eta horren babes-zortasuneko gunetik batzeko, edo obra nahiz instalazio horiek konpontzeko, Administrazioak hartutako ebazpenarekin eta betearazpenerako ezarritako tasazioarekin bat etorriz, eta bidezkoa den likidazioaren ondoreetarako.

Obra eta instalazio horiei eustearen alde egiten bada, emakida azkentzeko datan, obra eta instalazio guztiak dohainik eta zamarik gabe lehengoratuko dira Estatuko Administraziora.

Administrazioak jarraitu ahal izango du instalazioak ustiatzen edo erabiltzen, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.

VI. KAPITULUA

Xedapen erkideak baimenei eta emakidei dagokienez

73. artikulua

Administrazio eskudunak baldintza orokorren agiriak onetsiko ditu emakidak eta baimenak emateko.

74. artikulua

Eskabideak aurkeztuko dira oinarrizko proiektuarekin edo eraikuntza-proiektuarekin batera, 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta hala denean eratu behar diren fidantzen egiaztatze-gordekinarekin batera, eta izapidetuko dira erregelamendu bidez ezarriko den moduan, jendaurreko informazioaren, kontsultatu beharreko erakundeetako txostenen eta aldez aurretik proiektua alderatzearen faseak gauzatuta.

Erregelamendu bidez arautuko dira atzerritarrei begira emandako emakida eta baimenak; horiei begira betekizun bereziak edo gehigarriak ezarri ahal izango dira, elkarrekikotasun-froga gauzatuz, atzerritar horien jatorrizko herrialdeetan Espainiako naziotasuna duten herritarren egoerari dagokionez.

Salbuetsita geratzen dira Europako Ekonomia Erkidegoko estatu kideetako naziotasuna duten herritarrak, kalterik egin gabe ordena publikoaren, segurtasunaren eta osasun publikoaren arrazoiengatik erregelamendu bidez ezartzen diren mugei.

Eskabideak onartzeko kontuan hartuko da arau orokorretan eta kasuan kasuko arau berezietan ezarritako lehentasun-hurrenkera.

Araurik izan ezean, lehentasuna izango dute herri-onura handienekoak.

Eskabide batzuk berdinak izanez gero bakarrik hartuko da kontuan aurkezte-uneko lehentasuna.

Itsas-lehorreko jabari publikoko emakidak eta baimenak emango dira lurraldearen plangintzarako tresnetan edo hirigintza-plangintzan ezarritakoa errespetatuz, horien izena edo esparrua edozein dela, baldin eta itsasertza ukitzen badute, non ez den bidezkoa emakida eta baimen horiek ematea, interes publikoko arrazoiengatik, edo horiek itsas-lehorreko jabari publikoaren osotasunaren aurka egiten dutenean.

Emakidaren xede diren obrak edo baimenaren xede diren jarduera nahiz instalazioak ez direnean jaso arestian aipatu plangintza-tresnetan eta horien zehaztapenen aurka ez doazenean, edo halako tresnarik ez dagoenean, emakida edo baimen horiek zein autonomia-erkidegoko eta udaleko lurralde-esparruak ukitu eta autonomia-erkidego eta udal horiei txostena eskatuko zaie; dena den, txosten horiek ez dira lotesleak izango Estatuko Administrazio Orokorrarentzat.

75. artikulua

Administrazioak lehiaketak deitu ahal izango ditu, itsas-lehorreko jabari publikoan emakidak eta baimenak emateko.

Lehiaketaren deialdia egiten bada emakida- edo baimen-eskabide baten izapidea egin bitartean, interesdunak eskubidea izango du, tituluaren emakidadun bihurtzen ez bada, proiektuaren gastuak kobratzeko, erregelamendu bidez ezarriko den moduan.

Lehiaketa ezerezean utzi ahal izango da, baldin eta aurkeztutako eskaintzetarik bat berak ere ez baditu betetzen baldintza egokiak.

76. artikulua

Emate-titulu orok, izaera publikoa izanik, egoki diren baldintzak finkatuko ditu, eta, edozein kasutan, hurrengoak:

a) Okupazioaren xedea eta hedadura.

b) Emakidadunak egin behar dituen obra edo instalazioak, erreferentzia eginez kasuan kasuko proiektuari eta obra nahiz instalazioak hasteko eta amaitzeko epeari.

c) Emate-epea eta epe hori hedatzeko aukera, hori bidezkoa bada.

d) Emakidadunak ordaindu beharreko kanonak eta tasak.

e) Erabilera-araubidea, pribatua edo publikoa, hala denean, jendeak ordaindu beharreko tarifak barneratuz, tarifa eratzeko osagaiak bananduta, bihar etziko berrikuspenen oinarri izateko.

f) Irabazteko asmoa duten erabileren kasuan, emakidadunak duen betebeharra, Administrazioak eskatutako informazio guztia aurkezteko, ustiapenaren emaitza ekonomikoen inguruan.

g) Ondoreen ebaluazioa dela bide, inguruari kalterik ez eragiteko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak.

h) Itsas seinaleak eta erabilera publikoko guneetako seinaleak.

i) Emakidadunaren betebeharra, jabari publikoa, obrak eta instalazioak egoera onean edukitzeko.

j) Emakidadunaren betebeharra, behar besteko gordailua eratzeko, bere kontura aurre egiteko obrak eta instalazioak, oso-osoan edo zati batean, konpontzeko edo horiek jaso eta batzeko gastuei, kasuan kasuko titulua azkentzen denean, salbu eta Administrazio eskudunak aurkako erabakia hartzen duenean.

k) Iraungitze-arrazoiak, 79. artikuluan ezarritakoekin bat etorriz.

l) Proiektuaren teknika-xedapenak, hala denean.

77. artikulua

Baimenak eta emakidak aldarazi ahal izango dira:

a) Horiek gauzatzeko erabakigarri ziren egoerak aldatzen direnean.

b) Ezinbesteko kasuak daudenean, titularrak hala eskatuta.

c) Hori beharrezkoa denean, kasuan kasuko planekin edo arauekin bat etortzeko.

Hirugarren kasuan bakarrik, emakidadun kaltedunak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du, 89. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz edo, modu ordeztailean, nahitaez jabetza kentzeko legeria orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz.

78. artikulua

Jabari publikoa okupatzeko eskubidea azkenduko da:

a) Emate-epea mugaeguneratzeagatik.

b) Ofizioz berrikusteagatik, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritako kasuetan.

c) Administrazioak ezeztatzeagatik, baimenen kasuan.

d) Emakidak ezerezteagatik, emakida emateko unean zeuden egoera fisikoak aldatzearen ondorioz, titulua ezin aldarazi daitekeenean.

e) Emakidadunak uko egiteagatik, Administrazioak hori onartzen duenean, betiere, jabari publikoari edo horren erabilerari ondore negatiborik sortzen ez bazaizkio edo hirugarrenei kalteak eragiten ez bazaizkie.

f) Administrazioaren eta emakidadunaren arteko adostasunarengatik.

g) Zerbitzu publikoaren emakida azkentzeagatik, demanio-titulua denean horren oinarri.

h) Iraungitzeagatik.

i) Erreskatatzeagatik.

Behin jabari publikoa okupatzeko eskubidea azkenduta, Administrazioak ez du bere gain inolako betebeharrik hartuko, ukitutako jardueraren titularraren lan-harremanei dagokienez.

Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko eskubidearen inguruko azkentzea adierazi behar duen prozeduraren ebazpena jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da.

79. artikulua

Administrazioak, aldez aurretik titularra entzunda, iraungitzea adieraziko du, hurrengo egoerak gertatzen direnean:

a) Justifikaziorik gabe obrak ez hastea, horiek geldiaraztea edo horiek ez amaitzea, tituluaren baldintzetan ezarritako epean.

b) Urtebetez bertan behera uztea edo ez erabiltzea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.

c) Kanona edo tasak ez ordaintzea, urtebetetik gorako epean.

d) Tituluaren xedea aldatzea.

e) Baldintzak ez betetzea, baldintza horiek ezarri direnean aldez aurretik egin den ebaluazioan, emakidek edo baimenek itsas-lehorreko jabari publikoan dituzten ondoreei dagokienez.

f) Agregakinak ateratzeko eta dragatzeentzako 63. artikuluko 3. paragrafoaren b) eta d) idatz-zatietako baldintzak ez betetzea.

g) Okupazioaren pribatizazioa, horren destinoa jendeari zerbitzuak ematea denean.

h) Eman ez den jabari publikoa hartzea.

i) Eraikitako azalera, gehieneko bolumena edo altuera 100eko 10ean gehitzea, baimendutako proiektuari dagokionez.

j) Obrak eta instalazioak konpontzeko edo horiek jasotzeko Administrazioak agindutako gordailua ez eratzea.

k) Jabari publikoaren mugakide diren lurretan zortasunen egikaritza eragoztea edo babes-zortasuneko eta eraginpeko gunearen gainean ezarritako mugak aplikatzea.

l) Orokorrean, beste baldintza batzuk betetzen ez direnean, ez-betetze horiek esanbidez zehatzen direnean kasuan kasuko titulua iraungiz, eta, hala denean, 75. artikuluaren arabera deitutako lehiaketa gauzatzeari dagokionez, oinarrizkoak edo erabakigarriak diren baldintzak betetzen ez direnean.

Gainerako ez-betetze kasuetan edo lege honen arabera arau-hauste astuna egiten denean, Administrazioak iraungitzea adierazi ahal izango du, aldez aurretik titularra entzunda eta erregelamendu bidez ezarritako izapideak eginda.

80. artikulua

Behin iraungitze-espedientea hasita, Administrazioak agindu ahal izango du obrak berehala geldiaraztea, edo instalazioen erabilera eta ustiapena etetea; azken kasu horretan, aldez aurretik ukitutako titularra entzun beharko du eta horren alegazioei gaitziritzia eman beharko die.

Iraungitze-adierazpenak berarekin ekarriko du fidantza galtzea, halakorik balego.

Iraungitzearen betearazpena eteteko, interesdunak gordailua gauzatu beharko du, aldez aurretik ezarritako zenbatekoaren arabera, erregelamendu bidez ezarritako irizpideekin bat etorriz.

81. artikulua

Mugaeguneratzearen epea luzaezina izango da, salbu eta emakida edo baimena emateko tituluan esanbidez aurkakoa adierazi denean; kasu horretan, titularrak hala eskatuta eta Administrazio eskudunak erabakitakoaren arabera, mugaeguneratzearen epea luzatu ahal izango da, betiere, titularra ez bada zehatu arau-hauste astuna egiteagatik, eta erregelamendu bidez ezarritako gehieneko epeak osotasunean gainditzen ez badira.

Baimena edo emakida azkendu ondoren, Estatuko Administrazioak, beste inolako izapiderik gabe, instalazioen gaineko edukitza eskuratuko du, eta lortu ahal izango du elektrizitatea, ura, gasa eta telefonia hornitzeko enpresek eskainitako hornidura etetea.

IV. TITULUA

Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari buruzko ekonomia- eta finantza-araubidea

I KAPITULUA. Obren eta bestelako jardueren finantzaketa

82. artikulua

Estatuaren eskumeneko obrak finantzatuko dira aurrekontuen kasuan kasuko kredituen kontura eta, hala denean, autonomia-erkidegoen, toki-korporazioen, nazioarteko erakundeen eta subjektu pribatuen ekarpenekin.

83. artikulua

Baterako finantzaketa dagoenean, partaide bakoitzari dagokion ekarpena adostasunez ezarriko da, zenbatekoa eta hartutako konpromiso-modalitateak zehaztuz.

Akordio horiek kontuan hartu ahal izango dituzte, berebat, kasuan kasuko obren inguruan egin beharreko plangintza eta proiektuak.

II. KAPITULUA.

Kanonak eta tasak

84. artikulua

Emakida edo baimen baten ondorioz, itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean egiten den okupazio edo aprobetxamendu orok Estatuko Administrazioaren aldeko kanona sortuko du, kontuan hartu gabe zein Administraziok eman duen emakida edo baimena, eta horrek galda ditzakeen kanonak gorabehera.

Kanona ordaintzeko betebeharra dute, lege honetan ezarritako zenbatekoan eta baldintzetan, arestian aipatu emakiden eta baimenen titularrek.

Zerga-oinarria izango da okupatu eta aprobetxatutako ondasunaren balioa, modu honetara zehaztuko dena:

a) Itsas-lehorreko ondasunak okupatzeagatik, okupatutako ondasunaren balioespena egingo da, ondasun horietako zortasun-guneen ondoko lurrei zerga-ondoreetarako eratxiki zaien balioa aintzat hartuta, eta balio horri gehituta jabari hori erabiltzearen ondorioz aurreikusten diren etekinak.

Obren eta instalazioen kasuan, aintzat hartuko da horien balio materiala.

Lurralde-itsasoan egiten diren obra eta instalazioen kasuan, halakoen xedea mehatze- eta energia-baliabideak ikertzea edo ustiatzea denean, 0,006 euroko kanona ordainduko da, okupatutako azaleraren metro koadro bakoitzeko.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak aprobetxatzeagatik, ondasunaren balioa izango da aprobetxatutako materialen balioa, merkatuko batez besteko prezioan.

Itsas lugintzen kasuan, itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu eta aprobetxatzearen ondoriozko kanonaren zerga-oinarria kalkulatuko da hurrengo erregelen arabera:

a) Okupatutako lurren balio gisa hartuko da 0,006 euroko zenbatekoa metro koadroko.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeagatik aurreikusten diren etekinei dagokienez, kontuan hartuko dira hurrengo koefizienteak:

1. tasa. Itsas lugintzak lurralde-itsasoan eta barne uretan 0,4 €/m 2.

2. tasa. Itsas lugintzak itsasertzean eta erriberan 0,16 €/m 2.

3. tasa. Lehorrean kokatutako itsas lugintzen urartuneetarako eta isurbideetarako egiturei dagokienez 5 €/m 2.

Bi kasuetan, zenbatekoak Ingurumen Ministerioaren agindu bidez berrikusiko dira, kontuan hartuta Kontsumoko Prezioen Indize Sistemaren barruko Indize Nazional Orokorrak izandako aldaketak.

Urteko karga-tasa 100eko 8koa izango da, oinarriaren balioaren gainean, salbu eta aprobetxamendua dagoenean, kasu horretan karga-tasa 100eko 100ekoa izango baita.

Autonomia-erkidegoek kirol- edo arrantza-portuak eraikitzeko itsas-lehorreko jabari publikoan ematen dituzten emakidek okupazio-kanona sortuko dute Estatuko Administrazio Orokorraren alde, lege honetan eta lege hau garatzeko arautegian ezarritakoaren arabera kalkulatuko dena.

Kanonaren zerga-oinarria lortzeko erabiltzen den onura-zenbatespena inola ere ez da izango eskatzaileak egin beharreko inbertsioaren zenbatekoa baino 100eko 3,33 txikiagoa.

Kanona 100eko 90 murriztu ahal izango da okupazioen kasuan, halakoak doako erabilera publikora destinatzen direnean.

Akuikultura-sektorean ingurumen-eginera hobeak sustatzeko xedearekin, kanona 100eko 40 murriztuko da, emakidadunak atxikitzen zaizkionean, iraunkortasunez eta jarraitutasunez, Europako Erkidegoko Ingurumen-kudeaketa eta -auditoretzaren Sistemari (EMAS).

Kudeaketa sistema horri atxikita ez badaude, baina ingurumena kudeatzeko UNE-EN ISO 14001:1996 sistema badute, emakidadunek 100eko 25eko murrizketa izango dute.

Autonomia-erkidegoak eta toki-korporazioak okupazio-kanona ordaintzetik salbuetsiko dira eurei ematen zaizkien emakida eta baimenei dagokienez, betiere, halakoak ez badira ustiatzen irabazteko asmoarekin, zuzenean edo hirugarrenen bidez.

Orobat, kanon hori ordaintzetik salbuetsiko dira lege honen 54. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako kasuak.

Aurreko paragrafoetako irizpideen arabera kalkulatutako kanonaren sortzapena gertatuko da emakida edo baimena lehendabiziko aldiz ematen denean eta horri eusten zaion urte bakoitzean, eta kanon hori eskatuko da horri dagokion zenbatekoan eta emakida edo baimen horren baldintzetan aipatu epeetan.

Aprobetxamenduaren kasuan, sortzapena gertatuko da aprobetxamendua gauzatzen denean.

Urtebetetik gorako iraupena duten emakiden kasuan, halakoen kanona ezarri edo berrikusi denean aplikatuta Herri Lan eta Garraio Ministerioak 1992ko urriaren 30ean emandako Agindua, itsas-lehorreko jabari publikoaren okupazio- eta aprobetxamendu-kanonaren zenbatekoa ezartzeari buruzkoa, kanon hori urtero eguneratuko da, modu automatikoan, indarrean dagoen kanonaren oinarria handituz edo txikituz, oinarri horri aplikatuz azken hamabi hilabeteetan Kontsumoko Prezioen Indize Sistemaren barruko Indize Nazional Orokorrak izandako aldaketak, urteko lehenengo eguna baino lehenago argitaratutako datuen arabera.

Oinarria azaldutakoaren arabera eguneratuta duen kanonaren sortzapena eskatzeko modukoa izango da, titulu bakoitzeko baldintzetan ezarritako epeetan.

Urtebetetik gorako iraupena duten emakiden kasuan, halakoen kanona ez denean ezarri edo berrikusi 1992ko urriaren 30eko Agindua aplikatuz, lehendabizi kanona agindu horren arabera berrikusiko da.

Behin berrikuspen hori eginda, kanon hori urtero eguneratuko da, aurreko paragrafoak ezarritakoaren ildotik.

85. artikulua

Lege honetan xedatutakoarekin bat etorriz baimendutako isurketa kutsagarriak kargatuko dira kutsadura-zamaren araberako kanonarekin.

Ordainarazte horren zenbatekoa izango da isurketaren kutsadura-zama, kutsadura-unitateetan adieraziko dena, unitateari eratxikitako balioarekin biderkatu osteko emaitza.

Kutsadura-unitate gisa ulertzen da neurketak egiteko hitzartutako eredua, erregelamendu bidez ezarriko dena, erreferentziatzat hartuz urtebeteko epealdian 1.000 biztanleen etxeko hondakin-uren isurketak sortutako kutsadura-zama.

Era berean, erregelamendu bidez ezarriko dira beste izaera bateko ur zikinen isurketentzako baliokidetza-baremoak

Kutsadura-unitatearen balioa, desberdina izan daitekeena kostaldeko zati desberdinetan, zehaztu eta berrikusiko da itsasoko uren kalitateari buruzko arauen xedapenekin bat etorriz.

Kanona jasoko du isurketa baimendu duen Administrazioak, eta kanon hori destinatuko da itsasoko uren saneamendurako eta kalitatea hobetzeko jardueretara.

86. artikulua

Administrazioak jaso beharreko tasak ordainduko dira, Administrazioak hurrengo jarduerak gauzatzearen kontraprestazio gisa:

a) Proiektua aztertzea, baimen- eta emakida-eskabideen izapideak egitean.

b) Zuinketa eta egiaztapena itsas-lehorreko jabari publikoan edo horren zortasun-guneetan egiten diren obretan, eta obra horiek ikuskatzea eta behin betiko aitortzea.

c) Ikerketak edo agiri teknikoak ekartzea, interesdunek hala eskatuta.

d) Mugaketak, zehaztasunak eta bestelako teknika- eta administrazio-jarduerak gauzatzea, eskatzaileek hala eraginda.

e) Agirien kopiak.

87. artikulua

Tasa ordaintzeko betebeharra dute aurreko artikuluko prestazioak eskatzen dituztenek.

Zerga-oinarria osatuko dute zerbitzu-prestazioei zuzenean egotzitako kostuek, zerbitzua burutu ondoren.

Karga-tasa 100eko 100ekoa izango da, oinarriaren balioaren gainean.

Eskatzaileentzat tasak ordaintzeko betebeharra sortzen da Administrazioak zerbitzu-prestazioa onartzen duen unean.

Tasa, dagokion zenbatekoan, eskatzeko modukoa izango da, likidazioa zein datatan jakinarazi eta data horretatik aurrera zehaztutako epean.

III. KAPITULUA.

Fidantzak

88. artikulua

Itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean lege honetan araututako emakidak eta baimenak eskatzen dituztenek Administrazio eskudunari egiaztatuko diote, eskabidea aurkeztean, behin-behineko fidantza eman dutela, erregelamendu bidez ezarritako moduan; fidantza horren zenbatekoa izango da kasuan kasuko jabarian egin beharreko obren edo instalazioen aurrekontuaren 100eko 2.

Behin emakida edo baimena emanda, behin betiko fidantza eratuko da, behin-behinekoa handituz, obren eta instalazioen kasuan kasuko aurrekontuaren 100eko 5a arte.

Eskatzaileak Estatuko Administrazioak eman beharreko beste emakida edo baimen batzuk eskatu baditu, halakoak beharrezkoak direlako jabari publikoa okupatzeko eskabidearen oinarri den jarduera gauza dadin, eta eskabide horren ondorioz fidantzak eman baditu, fidantza guztien baterako zenbatekoak ezin izango du gainditu aipatu aurrekontuaren 100eko 5.

Interesdunak bere eskarian atzera egiten badu edo bere tituluari uko egiten badio, eratutako fidantza galduko du.

Isurketen kasuan, Administrazio eskudunak eskatu ahal izango du fidantza osagarria eratzea, isurketaren baldintzak betetzearen inguruan erantzuteko; fidantza horren zenbatekoa izango da seihileko bati dagokion isurketa-kanonaren baliokidea, eta aldian-aldian berrikusi ahal izango da, kanon horren aldaketen arabera.

Behin betiko fidantza itzuliko da, obrak aitortzeari buruzko onespenetik urtebetera, emakidek edo baimenek urtebetetik gorako mugaeguneratze-epea dutenean, eta, bestelako kasuetan, halakoak mugaeguneratzean, salbu eta uko-egitea dagoenean edo iraungitzea gertatzen denean; fidantza kasuan kasuko zenbatekoak kenduta itzuliko da, emakidadunari ezarritako zigor eta erantzukizunengatik.

Fidantza itzularazteko eskubidea preskribatuko da, bost urteko epean eskatzen ez bada, hori eskatzea bidezkoa den unetik zenbatzen hasita.

IV. KAPITULUA.

Erreskateak balioestea

89. artikulua

Erreskate osoa edo zatikakoa dagoenean, emakidak hurrengo erregelen arabera balioetsiko dira:

a) Kalte-ordaina emango da, amortizatu gabeko obren balioaren arabera, halakoak emakida aitortzeko aktan jasota daudenean; amortizazioa lineala izango da, obraren iraupenari begira, proiektuaren prezioak eguneratuz, horien barne direla zerbitzu-sariak eta obra-zuzendaritza ere, arau ofizialen arabera eta obren egoera kontuan hartuta.

b) Kalte-ordainak emango dira, halaber, erreskatea gauzatzeko uneko ekonomia-ekitaldian edo urtean galdutako onurengatik; kalte-galera horiek behar bezala justifikatu beharko dira, zerga-ondoreetarako aurkeztutako aitorpenekin.

c) Edozein kasutan, ez dira kontuan hartuko emakidadunak aldez aurretik baimenik izan gabe gauzatutako obra eta instalazioak; halakoak kalte-ordainetarako eskubiderik gabe igaroko dira jabari publikora.

V. TITULUA. Arau-hausteak eta zehapenak

I. KAPITULUA. Arau-hausteak

90. artikulua

Lege honen arabera arau-hauste gisa hartuko dira hurrengoak:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunei edo horien erabilerari kalteak edo urripenak eragiten dizkieten egite eta ez-egiteak, bai eta halako ondasunak beharrezko administrazio-titulurik gabe okupatzea ere.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoan beharrezko administrazio-titulurik gabe lanak, obrak, instalazioak, isurketak, lugintzak, landaketak edo mozketak gauzatzea.

c) Zortasunei buruz ezarritakoa eta lege honen arabera onetsitako arauen xedapenak ez betetzea.

d) Kasuan kasuko administrazio-tituluetako baldintzak ez betetzea, titulu horiek iraungitzea gorabehera.

e) Itsas-lehorreko jabari publikoan edo babes-zortasuneko gunean debekatutako publizitatea egitea.

f) Jabari publikoan eta horren zortasun-guneetan jarduerak gauzatuko direla iragartzea, beharrezko administrazio-titulurik izan gabe edo baldintzen inguruko auzia dagoela.

g) Administrazioak gauzatu behar dituen polizia-eginkizunak oztopatzea.

h) Administrazioari emandako informazioa faltsutzea, kontuan hartu gabe informazio hori norberaren ekimenez edo Administrazioak hala eskatuta eman den.

i) Lege honetan ezarritako beste debeku batzuk oso-osoan edo zati batean ez betetzea eta lege honen arabera nahitaezkoak diren jarduerak ez egitea.

91. artikulua

Arau-hausteak sailkatuko dira arin eta astun moduan.

Arau-hauste astunak izango dira:

a) Mugaketen mugarriak aldatzea.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoan baimenik gabeko obrak eta instalazioak gauzatzea, bai eta baimenduta dauden obra eta instalazioen azalera, bolumena edo altuera gehitzea ere.

c) Agregakinak baimenik gabe ateratzea eta horien gaineko jabetzari ezarritako mugak ez betetzea.

d) Itsasora heltzeko sarbide publikoak eta igarobide-zortasuna geldiaraztea.

e) Babes-zortasuneko gunean baimendu gabeko eraikuntzak egitea.

f) Giza bizitzaren osasun edo segurtasunerako arriskutsuak diren egite eta ez-egiteak, betiere, halakoak delitu ez badira, eta, edozein kasutan, ur zikinen baimendu gabeko isurketa.

g) Itsas-lehorreko jabari publikoari eta horren zortasun-guneei lege honek baimendu gabeko erabilera ematea.

h) Lege honen arabera beharrezkoa den administrazio-titulurik gabe gauzatzea edozein obra- edo instalazio-mota, lege honetan zehaztutako zortasun-guneetan, betiere, abusuzko jokabidea bertan behera uzteko Administrazioaren esanbidezko agindeiari jaramonik egin ez bazaio, edo espediente zehatzailearen hasiera jakinarazi ondoren ere jokabide horri eutsi bazaio.

i) Jabari publikoan kalte konponezinak edo konpontzeko zailak eragiten dituzten egite eta ez-egiteak edo Administrazioaren eginkizunak gauzatzea oztopatzen duten egite eta ez-egiteak.

j) Falta arinetan berrerortzea, falta horiek preskribatzeko ezarri epea bete baino lehenago.

Arau-hauste arinen izaera izango dute 90. artikuluan jasotako egite eta ez-egiteek, aurreko paragrafoko zerrendara bildu ez direnean.

92. artikulua

Arau-hausteen preskripzio-epea lau urtekoa izango da, arau-hauste astunentzat, eta urtebetekoa arinentzat, halakoak burutu direnetik zenbatzen hasita.

Hala ere, gauzak itzultzea eta aurreko egoeran berrezartzea galdatuko da, igarotako denbora edozein dela.

93. artikulua

Arau-haustearen erantzule izango dira hurrengo pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Administrazio-titulu baten baldintzak betetzen ez direnean, tituluaren titularra.

b) Beste kasu batzuetan, jardueraren sustatzailea, jarduera gauzatzen duen enpresaburua eta jardueraren zuzendari teknikoa.

c) Lege honetan ezarritakoaren aurka doazen administrazio-tituluak eman, eta titulu horiek egikaritzean jabari publikoari edo hirugarrenei kalte larriak eragiteagatik arauak hausten direnean, erantzule izango dira:

1. Kasuan kasuko titulua ematearen aldeko txostena egiten duten Administrazio publikoetako funtzionario eta enplegatuak; horiek diziplina-bidean zehatuko dira falta astunarengatik, kasuan kasuko espedientea egin ondoren.

2. Titulua ematearen aldeko ebazpena edo botoa ematen duten korporazio edo erakunde publikoetako agintariak eta kide anitzeko organoetako kideak, ebazpen edo boto hori eman dutenean jaramonik egin gabe titulua ematea legearen aurkakoa dela ohartarazi duten txosten nahitaezko eta ahobatezkoei, edo txosten horiek eskatu ez direnean.

Zehapena isuna izango da, eta horren zenbatekoa kasu bakoitzean lege honen irizpideak aplikatzearen ondoriozkoa.

Paragrafo honen kasuetan subjektu pribatuek jasandako kalte-galerei dagokienez, kalte-ordainaren bidezkotasuna erabakiko da Administrazioaren erantzukizuna izaera orokorrarekin arautzen duten arauekin bat etorriz.

Edozein kasutan, ez da kalte-ordainik emango, kaltedunari egozteko moduko doloa, errua edo arduragabekeria larria badago.

II. KAPITULUA.

Zehapenak

1. atala.

Xedapen orokorrak

94. artikulua

Arau-haustea gauzatzen duen egite edo ez-egite oro zehatuko da 97 eta 98. artikuluen arabera bidezko den isunarekin.

Egite edo ez-egite berak arau-hauste bi edo gehiago gauzatzen baditu, kontuan hartuko da zehapen handiena duena bakarrik.

Edonola ere, lege honen arabera emandako emakiden titularrak beti zehatu ahal izango dira lege honetako arau-hausteak egiteagatik, hala denean, titular horiei ezar dakizkiekeen beste erantzukizun batzuk gorabehera.

Administrazioaren ustez, arau-haustea delitua edo falta bada, administrazio-organoak Fiskaltzari helaraziko dio hori, prozedura zehatzailea bertan behera utziz, agintari judizialak adierazpenik egiten ez duen bitartean.

Zehapen penalak baztertuko du administrazio-zehapena ezartzea.

Arau hauste astunetan berrerortzen bada, urtebetetik hiru urterako epean baimenen eta emakiden titular izateko desgaikuntza adierazi ahal izango da.

95. artikulua

Ezarritako zehapen penala edo administrazio-zehapena gorabehera, arau-hausleak gauzak itzultzeko eta aurreko egoeran berrezartzeko betebeharra izango du, konponezinak diren kalteak eta eragindako galerak ordainduz, kasu bakoitzean ebazpenak ezartzen duen epean.

Administrazio-tituluaren baldintzak ez betetzeak eratortzen badu arau-haustea, titulu hori iraungi dela adieraziko da, hori bidezkoa denean, 79. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Era berean, administrazio-jardueren ondoreak eteteko eta jarduera horiek deuseztatzeko prozedurak hasiko dira, ustez jarduera horietan oinarritu daitekeenean legearen aurkako jarduna.

96. artikulua

Arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenak erregelamendu bidez zehaztu moduan egingo dira jendaurreko, irmo bihurtu ondoren.

2. atala.

Isunak

97. artikulua

Arau-hauste astunentzat isuna honako hau izango da:

a) 91.2 artikuluko a), d), f), g) eta i) idatz-zatietako kasuetan, 50 milioi pezeta arteko isuna

b) Aipatu artikuluko b), e) eta h) idatz-zatietako kasuetan, obren eta instalazioen balioaren 100eko 50eko isuna, obra eta instalazio horiek jabari publikoan edo igarobide-zortasunean daudenean, eta 100eko 25eko isuna, gainerako babes-zortasunetan daudenean.

c) c) idatz-zatiko kasuetan, ateratako materialen balioaren 100eko 100ren isuna, edo 50 milioi pezeta arteko isuna, jabetzari ezarritako mugak betetzen ez badira.

d) j) idatz-zatiko kasuetan, aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz bidezkoa den isuna, arau-haustearen izaera kontuan hartuta.

Arau-hauste arinentzat zehapena isuna izango da; horren zenbatekoa erregelamendu bidez ezarriko da, arau-hauste mota bakoitzari begira, aurreko paragrafoko irizpideak aplikatuz, baina isun hori ez da izango irizpide horiek aplikatuz ezarri beharreko isunaren erdia baino handiagoa, ezta, edozein kasutan, 10.000.000 pezetatik gorakoa ere.

Inguruabar aringarri gisa hartuko da, arau-haustea egiteagatik sortutako egoera zuzentzen ahalegindu izana, kasuan kasuko agindeian ezarritako epean, eta, ondorioz, isunaren zenbatekoa erdiraino murriztu ahal izango da.

98. artikulua

Zerbitzuak hornitzen dituzten enpresek 39 eta 103. artikuluetako betebeharrak hausten dituztenean, Administrazio eskudunak goren-mugako isuna ezarriko diete horiei, isun horren zenbatekoa izanik gauzatutako ez-betetzearen arabera zein zehapen ezarri eta zehapen horren zenbatekoaren boskoitza, bidezkoak izan daitezkeen beste zehapen batzuk gorabehera.

99. artikulua

Gaiaren arabera eskuduna den Administrazioak ezarriko ditu isunak.

Eskuduna Estatuko Administrazioa denean, hurrengo organoek izango dute isunak ezartzeko ahalmena, ondoren finkatutako mugen arabera:

a) Zerbitzu Periferikoko Buruak, 5.000.000 pezeta arte.

b) Hala denean, Gobernuaren Uharte Ordezkariak, Gobernadore Zibilak edo Gobernuaren Ordezkariak autonomia-erkidegoetan, 10.000.000 pezeta arte.

c) Zuzendari Nagusiak, 50.000.000 pezeta arte.

d) Ministroak, 200.000.000 pezeta arte.

e) Ministroen Kontseiluak, 200.000.000 pezeta baino gehiago.

Muga horiek eguneratu ahal izango dira, Ministroen Kontseiluak onetsitako errege-dekretu bidez.

Autonomia-erkidegoek 200.000.000 pezeta arteko isunak ezarri ahal izango dituzte, industria-isurketen edo isurketa kutsagarrien gaian estatuko legeria betearazteko duten eskumen-esparruan.

Lege honen arabera udal-eskumenekoak diren gaietan, alkateek 1.000.000 pezeta arteko isunak ezarri ahal izango dituzte.

3. atala.

Itzulketa eta berrezartzea, eta kalte-ordainak

100. artikulua

95.1 artikuluak aipatu dituen itzulketa eta berrezartzea ezin direnean gauzatu eta, edozein kasutan, kalte konponezinak eta galerak daudenean, arau-haustearen erantzuleek ordaindu beharko dituzte bidezkoak diren eta Administrazioak betearazpen-bidean ezarri dituen kalte-ordainak.

Kalteak ebaluatzea gaitza denean, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Itzulketaren eta berrezartzearen kostu teorikoa.

b) Kaltetutako ondasunen balioa.

c) Kaltea eragin duen proiektuaren edo jardueraren kostua.

d) Jarduera arau-hauslearekin lortutako onura.

Onura kalte-ordaina baino gehiago denean, kalte-ordaina zehazteko, gutxienez, onuraren zenbatekoa hartuko da kontuan.

III. KAPITULUA.

Prozedura eta betearazpen-bidea

1. atala.

Prozedura

101. artikulua

Funtzionarioek eta kasuan kasuko agintariek betebeharra izango dute, salaketak jartzeko, aurkeztutako salaketen izapideak egiteko eta euren eskumenekoak diren salaketak ebazteko, bidezko diren zehapenak ezarriz.

Aipatu ondoreetarako, funtzionarioek eta Administrazioaren agenteek ahalmena izango dute jabetza pribatuko lurretan sartzeko, horietan kasuan kasuko egiaztapenak eta jarduerak gauzatu behar direnean.

102. artikulua

Behin ustezko arau-haustea antzemanda, organo eskudunak, egoki diren eginbideak aldez aurretik gauzatu ondoren, ustezko arau-hausleari begira espediente zehatzailea hasiko du, eta horri kargu-orria jakinaraziko dio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; jarraian, ebazpena komunikatuko dio.

Prozedura zehatzaileen ebazpena jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da; epe hori igarotzen bada jakinarazpenik egin gabe, ebazpena emango da, prozedura iraungi dela adieraziz eta jardunaren artxiboa aginduz, indarreko legerian ezarritako ondoreekin.

103. artikulua

Gauzatzen ari diren obrak legearen aurkakoak direnean, organo eskudunak obra horiek geldiaraztea aginduko du, espediente zehatzailea hasteko unean.

Ustiatzen ari diren instalazioen kasuan, bidegabeko erabilera edo jarduera etetea aginduko du, hala denean, egoki diren alegazioei gaitziritzia eman ondoren.

Bi kasuetan, obrak edo instalazioak zigilatu ahal izango dira.

39. artikuluak aipatu dituen zerbitzu-enpresek eten egingo dute hornidura, Administrazioak hala agindu ondoren.

104. artikulua

Aurreko artikuluak aipatu geldiarazpena, debekua edo etetea eragingarriak izan daitezen, bai eta 10.2 artikuluak aipatu jabari publikoa ofizioz berreskura dadin ere, organo eskudunak indar publikoaren laguntza eskatuko du, beharrezkoa denean.

Interesdunak geldiarazpen-agindua betetzen ez duenean, obretan erabiltzeko prest dauden materialak eta obra horietarako makineria zigilatu edo batzeari ekingo zaio.

Azken kasu horretan, interesdunak batutako materialak berreskuratu ahal izango ditu, aldez aurretik garraio- eta zaintza-kostuak ordainduta.

105. artikulua

Isurketak tratatzeko eta iragazteko instalazio bat geldiaraztea edo horren jardunbidea etetea bidezkoa ez denean, eta hizpatutako baldintzak ez betetzeak eragozpen larriak eratortzen dituenean, Administrazioak, lehendabizi, titularrari agindeia egingo dio, ezarritako epean gabeziak zuzen ditzan; zuzenketa horiek egin ezean, Administrazioak betearazpen subsidiarioari ekingo dio, titularraren kontura.

106. artikulua

Geldiarazpenak, debekuak edo eteteak iraun bitartean, Administrazioak ez du bere gain hartuko inolako betebeharrik, ukitutako jardueraren titularraren lan-harremanei dagokienez, Langileen Estatutuaren 57.4 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

2. atala.

Nahitaezko betearazpena

107. artikulua

Isunen nahiz administrazio-erantzukizunen zenbatekoak eskatu ahal izango dira administrazioko premiamendu-bidea erabilita.

Isunaren edo konponketaren betearazpena etetea erabakiz gero, etetea eragingarria izan dadin, interesdunak isunaren edo konponketaren zenbatekoa bermatzeko betebeharra izango du.

Organo zehatzaileek isun hertsagarriak ezarri ahal izango dituzte, kasuan kasuko agindeiaren epeak igarotzen direnean, eta Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

Halako bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko gauzatutako arau-hausteari begira zein isun ezarri eta isun horren zenbatekoaren 100eko 20.

Era berean, betearazpen subsidiarioari ekin ahal izango zaio, arau-hauslearen izenean eta haren kontura.

108. artikulua

Bidegabe eta titulu askietsirik gabe itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak okupatzen dituztenak botatzeko administrazio-egintza organo eskudunak emango du, usurpatzaileari bere jarduna bertan behera uzteko agindeia egin ondoren, eta agindei horren aurkako jarkitze aktiboa edo pasiboa dagoenean; usurpatzaileak zortzi eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.

Eragindako gastuak botatako pertsonen kontura izango dira.

3. atala.

Akzio publikoa

109. artikulua

Administrazio-organoei eta auzitegiei lege hau eta hori garatzeko nahiz aplikatzeko emandako xedapenak bete daitezen galdatzeko akzioa publikoa izango da.

Administrazioak, arau-haustea egiaztatu ondoren eta, betiere, salatutako egitatea amaitutako edo izapidean dagoen espediente zehatzaile baten mende ez badago, subjektu pribatu salatzaileei izandako gastuak ordainduko dizkie, horiek justifikatzen badira.

VI. TITULUA

Administrazio-eskumenak

I. KAPITULUA. Estatuko Administrazioaren eskumenak

110. artikulua

Estatuko Administrazioari dagokio, lege honetan ezarritakoaren arabera:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak mugatzea, bai eta ondasun horiek lotzea eta jaregitea ere, eta lurrak eskuratzea nahiz lur horiei jabetza kentzea jabari horretara biltzeko.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoa kudeatzea, horretara bilduz jabari hori okupatu eta aprobetxatzeko ematen diren atxikipen, emakida eta baimenak; erreserba-guneak adieraztea; zortasun-guneetako baimenak ematea; eta, edozein kasutan, itsasoko obra finkoen emakidak ematea, bai eta itsasoko instalazio txikiagoen emakidak ematea ere, instalazio horien artean izanik, besteak beste, ontziralekuak, pantalanak, ontzitegiak eta portuaren zati ez diren edo horri atxikita ez dauden antzeko beste instalazio batzuk (Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

c) Itsas-lehorreko jabari publikoaren eta horren zortasunen gaineko babes- eta polizia-jarduerak gauzatzea, bai eta kasuan kasuko emakidak eta baimenak emateko ezarri ziren baldintzak betetzen direla zaintzea ere.

d) Eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzea, agregakin-hobiak eskualdatzen direnean, eta, hala denean, horiei jabetza kentzea.

e) Neurketak egin eta edukierak zehaztea, itsasoaren inguruko azterketa hidraulikoak egitea eta itsasoko klimaren inguruko informazioa ematea.

f) Lege honen 22 eta 34. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz egindako arauak onestea.

g) Interes orokorreko edo autonomia-erkidego bat baino gehiago ukitzen dituzten obrak eta jarduerak gauzatzea.

h) Isurketak baimentzea, non isurketok ez diren industria-izaerakoak eta kutsagarriak, lehorretik itsasora doazenak (Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioren aurkakotzat jo du).

i) Isurketei, bainutokietako giza segurtasunari eta itsas salbamenduari buruzko xedapenak egin eta onestea.

j) Kostaldeak argiztatzea eta itsas seinaleak jartzea.

k) Aurreko eskumenak egikaritzearekin zerikusia duten zerbitzu tekniko guztiak eskaintzea eta aholkuak ematea autonomia-erkidegoei, toki-korporazioei eta gainerako erakunde publiko nahiz pribatuei eta hala eskatzen duten subjektu pribatuei.

l) Bere eskumeneko gaietan nazioarteko akordio eta hitzarmenak betearaztea eta, hala denean, autonomia-erkidegoek halakoak betetzeko koordinazioa eta ikuskatzailetza gauzatzea; bidezkoa bada, akordio eta hitzarmen horiek betetzeko neurri egokiak ere hartu ahal izango ditu (Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

m) Datu Ozeanografikoen Bankua eratzea, Espainiako kostaldeetan itsasoko klimaren baldintzak zehazteko balioko duena; horretarako, Administrazio publiko desberdinek eskatzen zaien informazioa eman beharko dute.

Erregelamendu bidez informazio hori eskuratzeko prozedura zehaztuko da; informazio hori eskuragarri izango da, hala eskatzen duen ororentzat.

111. artikulua

Interes orokorreko obra gisa kalifikatu eta Estatuko Administrazioaren eskumenekoak izango dira:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoa babestu, defendatu, kontserbatu eta erabiltzeko beharrezkoak direnak, jabari hori osatzen duten ondasunen izaera edozein dela.

b) Hondartzak sortu, lehengoratu eta berreskuratzeko obrak.

c) Itsasora heltzeko sarbiderako obrak, hirigintza-plangintzan jaso ez direnak.

d) Itsasoan eta barne uretan kokatutako obrak, autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe.

e) Kostaldeak argiztatzeko eta itsas seinaleak jartzeko obrak.

Aurreko paragrafoan zerrendatutako interes orokorreko obrak betearazteko, obrak ukitutako lurralde-esparruko autonomia-erkidegoari eta udalari txostena eskatuko zaie, hilabeteko epean jakinarazteko obra bat datorren ala ez lurraldearen plangintzarako tresnekin, halakoek itsasertza ukitzen dutenean, eta tresna horien izena eta esparrua edozein dela, eta indarreko hirigintza-plangintzarekin.

Txosten horiek eman ezean, betearazpenaren aldekoak direla ulertuko da.

Desadostasuna dagoenean, Ingurumen Ministerioak Ministroen Kontseiluari bidaliko dio espedientea; azken horrek erabakiko du proiektua betearaztea bidezkoa den; bidezkoa izanez gero, plangintza aldarazteko edo berrikusteko prozedura hastea aginduko du, kasuan kasuko legerian ezarritako izapidetzarekin bat etorriz.

Arestian aipatu tresnak ez badaude edo interes orokorreko obra ez bada tresna horietan jaso, proiektua ukitutako autonomia-erkidego eta udalei igorriko zaie, plangintza egin edo berrikus dezaten, proiektuaren zehaztapenei egokitzeko, proiektua onetsi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Epea igarotzen denean plangintza egokitu gabe, ulertuko da ez dagoela inolako oztoporik obra betearazi ahal izateko.

Artikulu honen 1. paragrafoan aipatu interes orokorreko obra publikoek ez dute behar lizentziarik, ezta toki-administrazioen beste edozelako kontrol-egintzarik ere; halaber, bestelako Administrazio publikoek ezin izango dituzte eten halako obra publikoak, bidezkoak diren errekurtsoak jartzeari kalterik egin gabe.

112. artikulua

Estatuko Administrazioari dagokio, berebat, aginduzko izaerarekin eta ondore lotesleekin txostena ematea hurrengo kasuak gertatzen direnean:

a) Lurralde- edo hirigintza-antolaketari buruzko plan eta arauak, eta horien aldarazpenak edo berrikuspenak, lege honen xedapenak eta horiek garatzeko nahiz aplikatzeko ematen diren arauak betetzeari dagokionez.

b) Industria-isurketa eta isukerta kutsagarriak lehorretik itsasora egiteko planak eta baimenak, estatuko legeria betetzearen eta itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzearen ondoreetarako.

c) Autonomia-erkidegoetako eskumeneko portu eta garraiobide berriak eraikitzeko proiektuak, dauden portuak edo horien zerbitzu-guneak hedatzeko proiektuak, eta halakoen kanpo egitura aldarazteko proiektuak, 49. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) Itsas lugintzei, emakidei eta baimenei begira interesgarriak diren guneak adieraztea, legeria bereziarekin bat etorriz.

113. artikulua

Lege honek Estatuko Administrazioari eratxiki dizkion eskumenak egikarituko dira erregelamendu bidez ezarriko den administrazio-egituraren bidez.

II. KAPITULUA.

Autonomia-erkidegoen eskumenak

114. artikulua

Autonomia-erkidegoek euren estatutuetan eratxikita dituzten eskumenak egikarituko dituzte, lurralde-antolaketari eta itsasertzaren, portuen, hirigintzaren, itsasora egiten diren isurketen eta lege honen esparruarekin zerikusia duten gainerako gaien antolaketari dagokienez.

Lurraldearen eta itsasertzaren antolaketaren inguruan autonomia-erkidegoek duten eskumenak, aurreko lerrokadan aipatu denak, bere baitan hartuko du soil-soilik itsas-lehorreko jabari publikoaren lehorreko esparrua, lurralde-itsasoa eta barne urak bazter utzita.

III. KAPITULUA.

Udal-eskumenak

115. artikulua

Udal-eskumenek, autonomia-erkidegoek emandako legeriaren arabera, hurrengo gaiak barneratu ahal izango dituzte:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketen gaineko txostenak egitea.

b) Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu eta aprobetxatzeko erreserba-, atxikipen-, baimen- eta emakida-eskabideen gaineko txostenak egitea.

c) Toki Araubideko legerian ezarritako kudeaketa-moduetarik edozein erabilita, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, hondartzetan ezar daitezkeen sasoiko zerbitzuak ustiatzea, hala denean.

d) Hondartzak eta bainutoki publikoak behar bezalako garbiketa-, higiene- eta osasun-baldintzetan izatea, bai eta Estatuko Administrazioak giza bizitzen salbamendu eta segurtasunari buruz emandako arau eta jarraibideak betetzen direla zaintzea ere.

IV. KAPITULUA.

Administrazioen arteko harremanak

116. artikulua

Lege honetan kontuan hartutako espazio-esparruaren gainean eskumenak zein Administrazio publikok izan eta Administrazio horiek elkarrekiko harremanak gauzatuko dituzte, elkar informatzeko, elkarlanean aritzeko eta elkarrekin koordinatzeko eginbeharrak betez eta eskumen horiek errespetatuz.

117. artikulua

Itsasertza antolatzen duen lurralde- eta hirigintza-plangintza osoaren izapideak egitean, plangintza hori behin-behinean onesteko eskumena duen organoak, onespen hori baino lehenago, kasuan kasuko proiektuaren edukia bidali beharko dio Estatuko Administrazioari, horrek, hilabeteko epean, txostena eman dezan, egokitzat jotzen dituen iradokizunak eta oharrak jasoz.

Kasuan kasuko planaren edo arauen izapideak amaitu ondoren eta horiek behin betiko onetsi aurretik, Administrazio eskudunak Estatuko Administrazioari helaraziko dio planaren edo arauen edukia, bi hilabeteko epean horren gaineko iritzia eman dezan.

Txostena ez bada aldekoa, eskumenaren inguruko inguruabarrei dagokienez, kontsultaldia hasiko da, akordioa lortzeko helburuarekin.

Akordio horren ondorioz, planaren edo arauen edukia funtsean aldarazten bada, plana edo arauak berriro jendaurrean jarri beharko dira eta berriro entzun beharko dira halakoak egitean nahitaez parte hartu duten erakundeak.

Aurreko paragrafoak aipatu izapideak betetzean, geldiaraziko da hirigintza-legerian antolaketa-planak onesteko ezarri epeen zenbaketa.

118. artikulua

Itsasertzaren gunean Administrazio publikoen jardunaren koherentzia ziurtatzeko, Estatuko Administrazioak ahalmena du jardun horretan parte hartzen duen toki-administrazioaren jarduera koordinatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzeari buruzko Legearen 59. artikuluaren arabera (Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

V. KAPITULUA. Jarduerak eta akordioak aurkaratzea

119. artikulua

Interes orokorraren aurkakoak dira lege hau edo lege honen arabera onetsitako arauak hausten dituzten jarduera eta akordioak; Estatuko, Autonomia Erkidegoko edo Tokiko Administrazioak zuzenean aurkaratu ahal izango ditu jarduera eta akordio horiek administrazioarekiko auzibideen jurisdikzio-arloko organoetan, esanbidez eskatuz horiek etetea.

Auzitegiak etete horren inguruko erabakia hartuko du, etetea eskatu ostean egiten den lehenengo izapidean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa (149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du)

Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, itsas-lehorreko guneko, hondartzako edo lurralde-itsasoko espazioen titularrak itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu eta aprobetxatzeko eskubidearen titular izatera igaroko dira, baldin eta espazio horiek jabetza pribatukoak direla adierazi bada epai irmo bidez, lege hau indarrean jarri aurretik; horretarako, titular horiek kasuan kasuko emakida eskatu beharko dute urtebeteko epean, aipatu datatik aurrera.

Emakida hogeita hamar urterako emango da hasieran, eta beste hogeita hamar urterako eman ahal izango da gero, kasuan kasuko erabilera eta aprobetxamenduak errespetatuz, kanona ordaintzeko betebeharrik gabe; emakida 37.3 artikuluak aipatu duen Erregistroan inskribatuko da.

Lege hau indarrean jarri aurreko mugaketa bat egitean, Administrazioak itsas-lehorreko guneko lurrak edo hondartzak okupatu gabe utzi baditu, halakoek 1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen 6.3 artikuluko tituluen babesa izateagatik, lur edo hondartza horiek lege honetan jabari publikoa erabiltzeko ezarri araubidearen mende izango dira; hala ere, inskribatutako titularrek eskatu ahal izango dute, urtebeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, gauzatzen diren erabilerak legeztatzea, kasuan kasuko emakidaren bidez, laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

Era berean, lehentasuna izango dute, hamar urteko epealdian, hala denean, lur horiei begira eman daitezkeen okupazio- edo aprobetxamendu-eskubideak lortzeko.

Hori guztiori titular horiek euren eskubideak defendatzeko egikari ditzaketen akzio zibilak gorabehera.

Lege hau indarrean jartzean, kostaldeko zatietan itsas-lehorreko jabari publikoa mugatu gabe dagoenean edo neurri batean baino ez denean mugatu, kasuan kasuko mugaketa egingo da; mugaketa horren ondoreak izango dira 13. artikuluak ezarritakoak, jabari publikora biltzen diren lur guztiei begira, nahiz eta lur horiek obrek okupatu.

Lege hau indarrean jartzeko unean kostaldeko zatietan itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa eginda badago, baina beste mugaketa bat egin behar bada, hura egokitzeko lege honetan ondasun desberdinei begira ezarritako ezaugarriei, aurreko mugaketaren eta mugaketa berriaren artean dauden lurrak xedapen honen lehenengo paragrafoko araubidearen mende izango dira; xedapen horrek emakida eskatzeko aipatu duen urtebeteko epea zenbatzen hasiko da kasuan kasuko mugaketa onetsi den datatik.

Bigarrena

1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen 5.2 artikuluaren arabera itsas-lehorreko jabari publikoan soberan dauden lurrak edo jabari horretatik jareginda dauden lurrak, betiere, lege hau indarrean jarri aurretik ez badituzte besterendu edo berreskuratu euren aurreko jabeek, eta estatuaren ondareko lurrak, baldin eta horietan lege honen 17. artikuluko inguruabarrak badaude, mugaketa eguneratu ondoren itsas-lehorreko jabari publikoari lotuko zaie, aipatu artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; bien bitartean, lur horiek ezin izango dira besterendu, ezta bestelako erabilera edo zerbitzu publikoko xede batzuei lotu ere.

Lege hau aldarrikatu aurreko emakida-klausula baten ondorioz jabetza lortu bada, itsasoari irabazitako edo irabazi beharreko lurrei eta itsasertzean lehortutako lurrei dagokienez, lur horiek egoera horretan jarraituko dute, baina lur horietako hondartzak eta itsas-lehorreko gunea jabari publikoa izango dira beti.

Administrazio-titulu askietsirik gabe itsasoari irabazitako lurrak eta itsasertzean lehortutako lurrak jabari publikokoak izaten jarraituko dute.

Lege hau indarrean jarri aurretik jabetza pribatukoak ziren uhartetxoek izaera hori izaten jarraituko dute, baina horietako hondartzak eta itsas-lehorreko gunea jabari publikoa izango dira beti.

Hirugarrena

II. tituluan babes-zortasuneko guneen eta eraginpeko guneen inguruan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie lege hau indarrean jartzean lurzoru urbanizagarri programatu gabe edo urbanizaezin moduan kalifikatuta dauden lurrei.

Gerogarreneko antolaketek, lur horiek urbanizagarri bihurtzea eta, ondorenez, lur horien kalifikazioa aldatzea dakartenean, oso-osoan errespetatu beharko dituzte aipatu xedapenak.

Lege hau indarrean jartzean, lurzoru urbanizagarri programatu edo urbanizagarri gisa kalifikatuta dauden lurretan eutsi egingo zaio halakoei eratxikitako hirigintza-aprobetxamenduari, hurrengo erregelak aplikatuz:

a) Behin betiko onetsitako plan partzialik ez badute, plan horrek oso-osoan errespetatu beharko ditu lege honen xedapenak, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera, betiere, hirigintza-legeriaren arabera kalte-ordainak eman beharra sortzen ez bada.

b) Behin betiko onetsitako plan partziala badute, planeko zehaztapenak betearaziko dira, hurrengo paragrafoan hiri-lurzoruari begira ezarritakoa kontuan hartuta.

Hala ere, 1988ko urtarrilaren 1etik aurrera eta lege hau indarrean jarri aurretik onetsitako plan partzialak, lege honen aurkakoak badira, berrikusi beharko dira lege honen xedapenei egokitzeko, betiere, hirigintza-legeriarekin bat etorriz kalte-ordainak eman beharra sortzen ez bada.

Erregela bera aplikatuko zaie, Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiez landa, aurreikusitako epean gauzatu ez diren plan partzialei, horien behin betiko onespen-data edozein dela.

Lege hau indarrean jartzean hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurrak lege honen zortasunen mende daude, baina babes-zortasunaren zabalera 20 metrokoa izango da.

Edonola ere, aurretik dauden erabilera eta eraikuntzak errespetatuko dira, bai eta aurretik eman diren baimenak ere, laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.

Orobat, erabilera eta eraikuntza berriak baimendu ahal izango dira, indarrean dauden antolaketa-planekin bat etorriz, betiere, zortasunaren eragingarritasuna bermatzen bada eta itsas-lehorreko jabari publikoari kalterik eragiten ez bazaio.

Lerrokadurak eta sestrak zehazteko, aurretik zeudenak egokitu edo birdoitzeko, bolumenak antolatzeko eta bide-sarea garatzeko xehetasun-azterketak eta egoki diren beste hirigintza-tresna batzuk erabiliko dira; tresna horiek errespetatu beharko dituzte lege honen xedapenak eta lege horrekin bat etorriz onesten diren arauen zehaztapenak.

Erabilera eta eraikuntza berriak baimentzeko, antolaketa-tresnekin bat etorriz, hurrengo erregelak aplikatuko dira:

1. Lege honen 25. artikuluan debekatu gabeko erabilera eta eraikuntzak direnean, eta halakoek artikulu horren 2. paragrafoko betekizunak gauzatzen dituztenean, kontuan hartuko dira lege honetan ezarritako araubide orokorra eta hirigintza-plangintzaren zehaztapenak.

2. Bizitzeko edo biztantzeko destinatutako eraikinak direnean, edo lege honen 25.2 artikuluko baldintzak ez betetzeagatik, izaera orokorrarekin baimenik lortu ezin duten eraikinak direnean, salbuespenez bakarrik eman ahal izango dira baimenak, baldin eta aldez aurretik onetsi bada antolaketarako plan orokorra, arau subsidiarioak edo bestelako hirigintza-tresna bereziren bat, eta horietan esanbidez justifikatu bada baimena emateko beharrezkoak diren hurrengo betekizun guztiak gauzatzen direla:

a) Proposatutako eraikinekin hirigintza-homogeneotasuna lortzea, eraikin horiek kokatutako itsas fatxaden zatian.

b) Itsasertzaren barruko mugatik 20 metroko distantzia baino txikiagoan, eraikin-multzoa izatea, hirigintza-plangintzak aldez aurretik ezarritako lerrokadurari eusten diona.

c) Guneko hirigintza-antolamenduan beharrezko baldintzak izatea, gauzatu nahi diren eraikinak onargarriak izateko.

d) Zarratutako eraikina izatea, aldez aurretik dauden eraikinak eta baimendu daitezkeenak alboetatik atxikita gera dakizkien eraikin mugakideei.

e) Eraikuntza berrien lerrokadura aldez aurretik zeuden eraikuntzen lerrokadurarekin bat etortzea.

f) Ustez helburu den homogeneotasuna lortzeko zein orubetan jardun, orube horiek eraikita dauden ala ez kontuan hartu gabe, eta orube horietako fatxaden luzerak ez gainditzea kasuan kasuko zatian fatxadak duen luzera osoaren 100eko 25.

Hirigintza-plangintzak proposatu beharko du itsas fatxadako zatien mugaketa, baimena zein eraikitze-jardueretarako eskatu eta eraikitze-jarduera horien bidez lortu nahi denean itsas fatxadako zati horien homogeneotasuna.

3. Multzo historikoaren adierazpena lortu duten guneetan edo, babes bereziari dagokionez, antzeko beste araubideren bat duten guneetan, halako araubideen neurriak aplikatuko dira, lege honetan jasotakoen aurretik.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, lege hau indarrean jartzeko unean, kostaldeari buruz zegoen lurralde- eta hirigintza-antolaketa egokitu beharko zaie 22 eta 34. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz onetsi diren arau orokor eta bereziei.

Gaur egun itsasora irteteko dauden zortasunei eutsiko zaie, horiek ezarri zireneko baldintza berberetan.

Gaur egun itsasora heltzeko dauden sarbide publikoak eta lege hau indarrean jarri aurretik onetsitako hirigintza-plangintzaren arabera eraikitakoak erabilera publikora destinatuko dira, eta erabilera horretara bideratuko dira halakorik ez balute.

Laugarrena

Lege hau indarrean jarri aurretik, eta orduan indarrean zegoen kostaldeen legeriaren arabera baimen edo emakidarik gabe eraikitako obra eta instalazioak errautsi egingo dira, baldin eta, interes publikoko arrazoiengatik, bidezkoa ez bada horiek legeztatzea.

Aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera legeztatutako obra eta instalazioetan, bai eta lege hau indarrean jarri aurretik emandako udal-lizentziaren babesean eta, eskatzeko modukoa denean, Estatuko Administrazioak emandako baimenaren babesean eraikita dauden edo eraiki daitezkeen obra eta instalazioetan ere, halakoak lege honetan ezarritakoaren aurkakoak direnean, hurrengo erregelak aplikatuko dira:

a) Itsas-lehorreko jabari publikoko lurrak okupatzen badituzte, errautsi egingo dira emakida azkentzen denean.

b) Igarobide-zortasuneko gunean kokatzen badira, ez dira baimenduko sendotze-obrak, bolumena handitzeko obrak, modernizazio-obrak edo jabetza kentzeari begira balioa gehitzea dakarten obrak, baina bai higienearen, apainduren eta kontserbazioaren ondoriozko konponketak, aldez aurretik Estatuko Administrazioaren baimena lortuta.

Baimen hori ez da emango, baldin eta bermatzen ez bada, beharrezkoa denean, zortasuna beste nonbaiten kokatzea, modu alternatiboan.

c) Babes-zortasuneko gunearen gainerako zatian, eta hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz lurzoru mota desberdinei aplikatzen zaien baldintzetan, konponketa- eta hobekuntza-obrak egin ahal izango dira, aldez aurretik Estatuko Administrazioaren baimena lortuta, betiere, obra horiek aurretik zeuden eraikuntzen bolumena handitzen ez badute; halaber, eraikin horien balio-gehikuntza ez da kontuan hartuko jabetza-kentzearen ondoreetarako.

Errauste osoa edo partziala dagoenean, eraikuntza berriek lege honen xedapenak bete beharko dituzte oso-osoan.

(149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

Bosgarrena

Bi urteko epean eta, hala denean, inskripzioa egin aurretik, 37. artikuluko 3. paragrafoak aipatu duen Erregistroan, autonomia-erkidegoek kasuan kasuko administrazio-ebazpenak emango dituzte, 57. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoari egoki dakizkion lehorretik itsasora isurketa kutsagarriak zuzenean egiteko baimenak edo emakidak, egokitze-prozesu hori, gehienez ere, lau urteko epean amaitu behar dela aintzat hartuta.

Era berean, bi urteko epean eta, hala denean, inskripzioa egin aurretik, kasuan kasuko Erregistroan, Estatuko Administrazioak lege hau aldarrikatzeko unean indarrean zeuden erreserba, atxikipen eta emakiden ezaugarriak eta horien baldintzen betepena berrikusiko ditu.

Emakidak ezeztatu ahal izango dira, oso-osoan edo modu partzialean, kasuan kasuko tituluan ezarritako arrazoiez gain, emakida horiek bateraezinak direnean lege honetan jabari publikoa okupatzeko ezarri irizpideekin.

Kalte-ordaina zehaztuko da, hala denean, emakidaren klausuletan ezarritakoa aplikatuz edo, halako klausularik ez badago, emakida ematea oinarritu zuen legeria zein izan eta horretan ezarritakoa aplikatuz.

Seigarrena

Inola ere ez da baimenduko lege hau indarrean jartzeko unean dauden emakiden epea luzatzea, horretarako baldintzak lege honen edo lege hau garatzen duten xedapenen aurka badoaz.

Lege honen aurretik emandako emakidak azkendu ondoren, Administrazio eskudunak ebatziko du instalazioei eutsi behar zaien edo instalazio horiek jaso behar diren, betiere, instalazio horiek ez badira lege honetan xedatutakoaren aurkakoak.

Instalazioei eustearen alde egiten bada, 72. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da.

Lege hau aldarrikatzeko unean itsas-lehorreko jabari publikoa erabili edo aprobetxatzeko eskubidea eskuratu dutenek, 1928ko Portuei buruzko Lege Dekretuko 57. artikuluaren babesean, Estatuko Administrazioari urtebeteko epean eskatu beharko diote kasuan kasuko titulua ematea; titulu hori emango zaie ondore horietarako aurkezten duten nabaritasun-akta oinarri hartuta.

Titulua epe horretan eskatzen ez badute, ulertuko da eskubide horretan atzera egin dutela.

Titulua gehienez ere hamar urterako emango da.

Zazpigarrena

Babes-zortasuneko guneko obra, instalazio edo jardueren kasuan, halakoak lege honen arabera mugatu gabeko kostalde-zatietan daudenean, Estatuko Administrazioak 26. artikuluak aipatu baimena galdatuko du; horretarako, gehienez ere hilabeteko epean, baimena eskatu denetik edo baimen hori eskatzeko agindeia egin denetik zenbatzen hasita, behin-behineko izaerarekin zehaztu eta jendaurreko egingo ditu, kasuan kasuko planoarekin batera, ustezko mugaketa-lerroa eta zortasun-gunearen luzera,

Hala ere, desadostasuna badago, baimena emateko baldintza gisa, aldez aurretik edo aldi berean mugaketa onetsi beharko da; mugaketa horren izapideek lehentasuna izango dute.

(Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

Jabari publikoko lurrak okupatu nahi direnean, lege honen arabera mugatu gabe daudenak, eskatzaileak bere kontura izango den mugaketa eskatu beharko du, emakida- edo baimen-eskakizunarekin batera; mugaketa- eta emakida-espediente horien izapideak aldi berean egin ahal izango dira.

Emakida eskatzen bada, hori ezin izango da eman mugaketa onetsi aurretik.

Orobat, Administrazio publikoek gauzatu beharreko obrak ezin izango dira betearazi mugaketa onetsi ez bada.

Lege hau aldarrikatzeko unean hirigune gisa kalifikatutako guneei ez zaie aplikatuko 44.5 artikulua, behar bezala justifikatutako kasuetan.

Zortzigarrena

Lege honen aurretik gauzatutako egite eta ez-egiteak, aurreko legeriaren arabera arau-haustea dakartenean, zuzenduko dira bi legerien araberako zehapenik onuragarriena aplikatuz.

Bederatzigarrena

Lege honen kasuan kasuko erregelamendu-xedapenak ematen ez diren bitartean, baimen- eta emakida-eskabideen izapideak egingo dira 1980ko maiatzaren 23ko Kostaldeei buruzko Erregelamenduaren arabera. Nolanahi ere, ezin izango da jaso lege honen aurkako xedapenik.

Era berean, 113. artikuluan ezarritakoa bete arte, lege honek Estatuko Administrazioari eratxiki dizkion eskumenak gaur egungo sail edo erakundeek egikarituko dituzte, orain arte egin ohi duten bezala.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa (149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du)

Lege honetan aipatu distantziak proiekzio horizontalean aplikatzen direla ulertuko da.

Kanpo eta barne terminoak ulertuko dira, hurrenez hurren, itsasorantz eta lehorrerantz.

Bigarrena

Lege honek jabari publikotzat jotzen dituen ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatzen direnean, inskripzio horien arantzel-araubidea errege-dekretu bidez zehaztuko da, erregistro-zerbitzuaren kostua aintzat hartuta.

Hirugarrena

Herri-onurakoak dira, jabetza kentzearen ondoreetarako, bigarren xedapen iragankorrak aipatu lurrak, jabetza pribatukoak direnak, bai eta babes-zortasuneko gunean daudenak ere, halakoak beharrezkotzat jotzen badira itsas-lehorreko jabari publikoa defendatu eta erabiltzeko.

Jabetza aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kentzen denean, balioespena egingo da hirigintza-legerian ezarritako balorazio-irizipideak aplikatuta bakarrik.

Estatuko Administrazioak eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea izango du, 1 paragrafoan aipatu ondasunak kostu bidez eta inter vivos eskualdatzen direnean; ondore horietarako, eskualdaketa idatziz jakinarazi beharko da.

Eroslehentasun-eskubidea egikaritu ahal izango da hiru hilabeteko epean eta atzera-eskuratzeko eskubidea urtebeteko epean, bi-biak kasuan kasuko jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita; jakinarazpen horrek eskualdaketaren oinarrizko baldintzak jasoko ditu.

Laugarrena

Jabari pribatuan obrak eta beste jarduera batzuk egiteko baimenak egikaritu beharko dira horretarako ezarri den epean. Epe hori, asko jota, bi urtekoa izango da; behin epe hori igarota, baimen horiek ez dute ondorerik izango, salbu eta egikaritzarik eza Administrazioari egotz dakiokeenean.

Bosgarrena

Kasu berari begira beharrezkoak badira, bateko, jabari-emakida edo -baimena, eta, besteko, zerbitzu- edo jardunbide-emakida nahiz zerbitzu- edo jardunbide-baimena, lehenengoa lehentasunez eman edo baieztatuko da, eta independentea izango da bigarrenari begira.

Lege honen arabera lortutako baimen eta emakidek ez dituzte horien titularrak askatuko beste lege-xedapen batzuek eskatutako lizentzia eta baimenak lortzetik.

Hala ere, lizentzia eta baimen horiek lege honek eskatzen duen administrazio-tituluaren aurretik lortzen direnean, euren eragingarritasuna atzeratuko da administrazio-titulua eman arte, eta titulu horren klausulek lehentasuna izango dute edozein kasutan* (*Hitz horiek Konstituzioaren aurkakotzat jo ditu Konstituzio Auzitegiaren 149/1991 Epaiak).

Seigarrena

Lege honek lurzoruari begira ezarritako mugak aplikatuko dira, autonomia-erkidegoek eta udalek lurraldearen eta itsasertzaren nahiz hirigintzaren antolaketaren arloan egikari ditzaketen eskumenei kalterik egin gabe.

Zazpigarrena

Lege honetan jasotako xedapenak aplikatuko dira kalterik egin gabe nazioarteko hitzarmenei, Espainia horietan alderdi denean.

Zortzigarrena

Lege honen V. tituluan jasotako xedapenak aplikatuko zaizkie ontzietatik eta aireontzietatik itsasora egiten diren isurketei, legeria berezirik izan ezean.

Bederatzigarrena

Itsas ingurunera substantzia arriskutsuak isurtzearen ondoriozko kutsadura gutxitzeko, eta, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluaren babesean, ingurumena babesteko gaian oinarrizko legeriaren izaerarekin, ezarri dira inguru jasotzailearen kalitateko helburuak, lehorretik itsasertzeko barne uretara eta lurralde-itsasora egiten diren isurketei begira, halakoek I. eranskinera bildutako substantzia arriskutsu bat edo batzuk izan ditzaketenean, bai eta neurketa-metodoak eta kontrol-prozedurak ere, hurrengo baldintzetan:

a) I. eranskineko substantzia arriskutsuei dagokienez, ingurune jasotzailearen kalitateko helburuak izango dira, gutxienez, eranskin horretan zehaztutakoak.

I. eranskinean ezarritako kalitateko helburuak gainditzea onartu ahal izango da hurrengo kasuetan:

a´) Egiaztatzen denean substantzia horiek urak berez aberasten dituztela.

b´) Ezinbesteko kasua dagoenean.

b) Erreferentzia gisa hartuko diren neurketa-metodoak, I. eranskineko substantzia arriskutsu bakoitzaren presentzia zehazteko erabili beharko direnak, eta aplikatutako metodoaren zehaztasuna, doitasuna eta kuantifikazio-muga II. eranskinean ezarritakoak izango dira.

c) I. eranskineko substantziei begira ezarritako kalitate-helburuen betepena zaintzeko, III. eranskinean ezarritako kontrol-prozedura erabiliko da.

Autonomia-erkidegoetako organo eskudunek emandako isurketa-baimenek ezarriko dituzte, I. eranskineko substantzia arriskutsu bakoitzari dagokionez, isurketetan halakoen presentzia dagoenean, gehieneko isuri-kopuruak; kopuru horiek zehaztuko dira kontuan hartuta eranskin horretan jasotako kalitate-helburuak, bai eta, helburu horiez gain, autonomia-erkidegoek finkatuko dituztenak edo dagoeneko finkatuta dituztenak ere.

Xedapen gehigarri honetan eta autonomia-erkidegoen arautegian ezarritako kalitate-helburuak erdiesteko xedearekin, eta isurketen ezaugarriak baimenetan edo horien aldarazpenetan finkatutako mugei egokitzeko xedearekin, baimenenetan jasoko dira aurreikusitako jarduerak eta jarduera horiek betearazteko epeak.

Horretarako, kontuan hartuko dira gauzatu ahal diren teknika-hobekuntzak, eta xedapen bereziak ezarri ahal izango dira, substantzien edo substantzia-taldeen eta produktuen osaerari eta halakoak erabiltzeko moduari dagokienez.

Xedapen gehigarri hau aplikatzearen ondorioz hartutako neurrien ondorea inoiz ez da izango ur kontinentalen, azaleko uren, lurpeko uren edo itsasoko uren kutsadura gehitzea, zuzenean edo zeharka.

Europar Batasuneko Batzordeari informazioa emateko betebeharra gauza dadin, autonomia-erkidegoetako organo eskudunek Ingurumen Ministerioko Kostaldeen Zuzendaritza Nagusiari abenduaren 23ko 91/692/EE Zuzentaraua, ingurumenari buruzko zenbait zuzentarau aplikatzeko txostenen normalizazioaren eta arrazionalizazioaren ingurukoa, betetzeko behar diren datuak bidaliko dizkiote.

Gobernuak aldarazi edo gehitu ahal izango ditu I, II eta III. eranskinetan jasotako substantziak, kalitate-helburuak, neurketa-metodoak eta kontrol-prozedura.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira hurrengo xedapenak, azken xedapenetatik lehenengoan xedatutakoari kalterik egin gabe:

1877ko apirilaren 13ko Herri Lanen Lege Orokorreko VIII eta IX. kapituluak, itsas jabari publikoari dagokionez.

1918ko uztailaren 24ko eta 1957ko abenduaren 28ko Itsas Pasealekuei buruzko Legeak.

1928ko urtarrilaren 19ko Portuen Lege Dekretuko 1 artikuluko 1. paragrafoa, eta 2, 3, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 14, 34, 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 42, 43, 44, 48, 49, 50, 51, 52, 54, 55, 56 eta 57. artikuluak eta horien baterakoak 1880ko maiatzaren 7ko Portuen Legean, lege honen esparruari dagokionez.

Turismo Nazionalaren Aldetik Interesgarri diren Zentro eta Guneen 1963ko abenduaren 28ko Legearen 17. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatz-zatiak eta 2. paragrafoa; 19. artikulua; eta 21.1. e) artikulua, itsas-lehorreko jabari publikoari dagokionez.

1969ko apirilaren 26ko Kostaldeen Legea.

1969ko apirilaren 26ko Kirol Portuei buruzko Legearen 18. artikulua.

1980ko martxoaren 10eko Legea, Espainiako Kostaldeak Babesteari buruzkoa.

Halaber, indargabetuta geratzen dira izaera orokorreko gainerako xedapenak, lege honetan ezarritakoaren aurka doazenean.

Gobernuak, sei hilabeteko epean, errege-dekretu bidez, lege honek indarrean uzten dituen xedapenen taula gauzatuko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa (149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).

Estatuko Administrazioak lurralde-itsasoan, barne uretan, gune ekonomikoan eta kontinenteko plataforman dituen eginkizunak, defentsari, arrantza eta itsas lugintzari, salbamenduari, kutsaduraren aurkako borrokari, itsasoan giza bizitzaren segurtasunari, soberakinak ateratzeari, Espainiako ondare arkeologikoa babesteari, ikerketari eta baliabideak ustiatzeari buruzko gaiei edota lege honetan arautu gabeko beste gai batzuei dagokienez, gauzatuko dituzte lege hau indarrean jartzeko unean eginkizun horiek zituzten sail edo erakundeek, une horretan gauzatzen zituzten modu berean, kalterik egin gabe, hala denean, legeria berezian edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari, halakoak aplikagarri direnean.

Lege honek ukitutako administrazio-egitura erregelamendu bidez zehaztu arte, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak egikarituko ditu eskumenak, babes-zortasuneko gunean baimenak emateko, agregakinen jabetzari mugak ezartzeko, itsasertza eta horren zortasun-guneen babesari eta erabilerari buruzko arauak onesteko, defentsa-obren inguruan eta hondartzak lehengoratzeko, baita beharrezko dragatze-lanei dagokienez ere, eta itsasertzaren lurralde- eta hirigintza-antolamenduari buruz 112 a) artikuluak aipatzen dituen planei begira txostenak egiteko.

Bigarrena

Legea hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, Gobernuak, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministroak hala proposatuta, lege hau garatzeko eta betearazteko erregelamendu orokorra onetsiko du.

Era berean, Gobernuak, kasuan-kasuan eskudunak diren Ministroek hala proposatuta, lege hau betetzeko beharrezko diren gainerako xedapenak emango ditu.

Hirugarrena

Lege hau indarrean jarriko da, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean bertan.

I. ERANSKINA

Substantzia arriskutsuak eta kalitate-helburuak

Taldea

CAS zk.

Parametroa

Kalitate-helburua  g/l uretan

Kalitate-helburua biota eta sedimentuetan

Metalak eta metaloideak.

Artsenikoa.

EGA

Kobrea.

EGA

Nikela.

EGA

Beruna.

EGA

Selenioa.

EGA

Kromoa VI.

EGA

Zinka.

EGA

Biozidak

Atrazina.

Simazina.

Terbutilazina.

Trifluralina.

Endosulfan.

VOS-ak

Bentzenoa.

Toluenoa.

Xilenoa

Etilibentzenoa.

1,1,1-Trikloroetanoa.

Tributileztainua (TBT).

EGA

Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (HPA).

Naftalenoa.

EGA

Antrazenoa.

EGA

Fluorantenoa.

EGA

Bentzo(a)pirenoa.

EGA

Bentzo(b)fluorantenoa.

EGA

Bentzo(g.h.i)perilenoa.

EGA

Bentzo(k)fluorantenoa.

EGA

Indeno(1,2,3-cd)pirenoa.

EGA

Itsasoko uren kalitate-helburuek aintzat hartzen dute urteko batez besteko kontzentrazioa, horren kalkulua izanik urtean zehar bildutako laginetan zein balio neurtu eta balio horien batez besteko aritmetikoa.

Urtean zehar bildutako laginen %75ak ez ditu gaindituko ezarritako kalitate-helburuen balioak.

Antzemandako balioek inoiz ezin izango dute gainditu proposatutako kalitate-helburuaren %50.

Kontzentrazioa kuantifikazio-mugaren azpitik dagoenean, batez bestekoa kalkulatzeko kuantifikazio-muga birekin zatituta erabiliko da.

Puntu jakin batean urtean zehar egindako neurketa guztiak kuantifikazio-mugaren azpitik badaude, ez da beharrezkoa izango inolako batez bestekorik kalkulatzea; halakoetan, besterik gabe ulertuko da kalitate-araua betetzen dela.

NAS:

Denborak aurrera egin ahala, kutsatzailearen kontzentrazioa ezin da gehiegi areagotu.

II. ERANSKINA Erreferentzia gisa hartuko diren neurketa-metodoak

Taldea

CAS zk.

Parametroa

Metodoa

Kuantifikazio-muga

Zehaztasuna

Doitasuna

Metalak eta metaloideak.

Artsenikoa.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Kobrea.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Nikela.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Beruna.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Selenioa.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Kromoa VI.

Absortzio molekularraren espektrofotometria.

Zinka.

Absortzio atomikoaren espektrofotometria.

Plasmaren espektrofotometria.

Bioziodak.

Atrazina.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Simazina.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Terbutilazina.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Trifluralina.

Gasen kromatografia.

Endosulfan.

Gasen kromatografia.

VOS-ak

Bentzenoa.

Gasen kromatografia.

Toluenoa.

Gasen kromatografia.

Xilenoa

Gasen kromatografia.

Etilbentzenoa.

Gasen kromatografia.

1,1,1-Trikloroetanoa.

Gasen kromatografia.

Tributileztainua (TBT).

Gasen kromatografia.

Hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (HPA).

Naftalenoa.

Gasen kromatografia.

Antrazenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Bentzo(g.h.i)perilenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Bentzo(a)pirenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Bentzo(b)fluorantenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Bentzo(k)fluorantenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Fluorantenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Indeno(1,2,3-cd)pirenoa.

Gasen kromatografia.

Bereizmen handiko kromatografia likidoa.

Erabilitako metodoak normalizatuak izango dira.

Aipatutakoez gain, metodo alternatiboak erabili ahal izango dira, baldin eta bermatzen badira taulan jasotako zehaztasun-, doitasun- eta kuantifikazio-muga berberak, eta metodo horiek deskribatuta ez badute zuzendu ezin den interferentziarik, aztertutako parametroa zein izan eta horrekin batera ingurunean izan daitezkeen substantziei dagokienez.

Kuantifikazio-muga gisa ulertuko da lagin batean modu kuantitatiboan gutxien zehaztu ahal den kopurua, oinarri hartuta kasuan kasuko bereizketak zerotik egitea ahalbidetzen duen lan-prozedura.

Aipatu ehunekoak aintzat hartzen du kutsatzaile bakoitzari begira ezarritako kalitate-helburuaren ehunekoa.

III. ERANSKINA Kontrol Prozedura

Indarreko legerian ezarritakoari kalterik egin gabe, I. eranskineko substantzien kontrola egingo da hurrengoa kontuan hartuta:

Laginak bildu beharko dira isurketa-tokitik ahalik gertuena dauden puntuetan, laginok izan daitezen isurketa-guneko ur-inguruneak duen kalitatearen adierazgarri.

Metal astunen balioak metal oso moduan adieraziko dira.

Jalkinetan kontzentratutako kutsatzaileak zehaztuko dira frakzio xehean, 63 mm-tik beherakoan, pisu lehorrean.

Jalkinaren izaerak ez duenean ahalbidetzen analisiak frakzio horretan egitea, kutsatzaileen kontzentrazioa zehaztuko da 2 mm-tik behera, pisu lehorrean.

Biotetako kontzentrazioak pisu lehorrean zehaztuko dira, batez ere muskuilu ("Mytilus sp"), ostra edo txirletan.

Ur-matrizaren kontrolak egingo dira, gutxienez, urtaro bakoitzean.

Alabaina, kontrolen maiztasuna murriztu ahal izango da, aurreko urteetako emaitzak oinarri hartzen dituzten irizpide teknikoen arabera.

Jalkinetako edota biotetako zehaztasun analitikoak, gutxienez, urtean behin egingo dira.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra