Abenduaren 1eko 1471/1989 Errege Dekretua, uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, Garatu eta Betearazteko Erregelamendu Orokorra onestekoa
1989-12-01Itzulpena nork: EUSLEGE
Erakundea: Herri Lan eta Hirigintza Ministerioa
Argitalpena: EAO, 1989/12/12, 297. zk.
Eguneratua: 2009-12-31
Uztailaren 28ko 22/1988 Legeak, Kostaldeei buruzkoak, azken xedapenetatik bigarrenean jaso zuen Gobernuak, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak hala proposatuta, berau garatzeko eta betearazteko erregelamendu orokorra onetsi behar zuela.
Erregelamendu honek bere testura bildu ditu legea aplikatu edo interpretatzeko xedapen guztiak. Hartara, tresna egokia izatea du helburu, lege hori modu antolatu eta sistematikoan aplikatu, eta lege horren erabateko eragingarritasuna berma dadin.
Gainera, legeak bere alde jakin batzuk gerogarrenean erregelamendu bidez garatzea ezarri zuela aintzat hartuz, agindu hori ere bete da.
Bereziki nabarmendu behar da, itsas-lehorreko jabari publikoa eta hori erabiltzeko araubidea zehazteko administrazio-prozeduren bereizmena, bai eta jabari hori babeste aldera itsasertzaren hondoko lurren jabetza mugatzearekin zerikusia duten prozedura ere.
Era berean, erregelamendu honetara bildu da, lege-testuaren arabera estatuko Administrazioari dagozkion amdinistrazio-eskumenen eratxikipena.
Horren ondorioz, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministroak hala proposatuta, Estatu Kontseiluarekin bat etorriz, eta Ministroen Kontseiluak aurretiaz, 1989ko abenduaren 1eko bileran, eztabaidatuta, xedatzen dut:
Artikulu bakarra.
Uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, Garatu eta Betearazteko Erregelamendu Orokorra onesten da, Errege Dekretu honetako eranskin gisa jaso dena.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Hurrengo xedapenak indarrik gabe geratzen dira:
1877ko uztailaren 6an onetsitako Erregelamenduaren, Herri Lanen Lege Orokorra Betearaztekoaren, VIII eta IX. kapituluak, itsas-lehoarreko jabari publikoari dagokionez.
1926ko urtarrilaren 22ko Dekretua, Prekario Titulu Bidezko eta Mugatutako Eperik Gabeko Emakidei buruzkoa.
Portuei buruzko Legea Betearazteko Erregelamendutik, 1928ko urtarrilaren 19ko Errege Dekretuak onetsitakotik, 1. artikulua, 2. artikulua, 3. artikulua, 6. artikulua, 64.etik 71.era arteko artikuluak, 73. artikulua, 75. artikulua, 77. artikulua, 85. artikulua, 86. artikulua, 87. artikulua eta 92.etik 102.enera arteko artikuluak, itsas-lehorreko jabari publikoari dagokionez.
1935eko apirilaren 23ko Dekretua, Bainu Aldagelen Emakidei buruzkoa.
1936ko uztailaren 3ko Dekretua, Itsasertzeetan Harea Ateratzeari buruzkoa.
Apirilaren 26ko 28/1969 Legea, Kostaldeei buruzkoa, Betearazteko Erregelamendua, maiatzaren 23ko 1088/1980 Errege Dekretuak onetsitakoa.
Kirol Portuei buruzko Legearen Erregelamendutik, irailaren 26ko 2486/1990 Errege Dekretuak onetsitakotik, 6, 25 eta 30. artikuluak.
Ekainaren 13ko 1156/1986 Errege Dekretua, Itsas Jabari Publikoaren Mugakide diren Finkak Jabetza Erregistroan Inmatrikulatzeari buruzkoa.
Indarrik gabe geratuko dira, berebat, lege honetan ezarritakoarekin bateraezinak diren arau guztiak, lerrun berekoak nahiz beheragokoak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa (149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du)
Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministroaren eta Herri Lan eta Hirigintzaren Ministroaren bidez Gobernuari proposatuko zaio, hiru hilabeteko epean, 1954ko maiatzaren 13ko Dekretuan, Telefono eta Telegrafo Lineak Instalatze Aldera Jabari Publikoko Ondasunak Okupatzeari buruzkoan, aldarazpen egokiak egitea, dekretu hori bat etor dadin abenduaren 18ko 31/1997 Legeak, Telekomunikabideak Antolatzeari buruzkoak, eta uztailaren 28ko 22/1988 Legeak, Kostaldeei buruzkoak, xedatutakoarekin, itsas-lehorreko jabari publikoari dagokionez.
Bigarrena
Aurreko xedapenean aipatu epe berean, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministroak eta Industria eta Energiaren Ministroak batera hala proposatuta, Gobernuak itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko baimenen eta emakiden prozedurari dagokionez aplikatu beharreko arau bereziak onetsiko ditu, baliagarri izango direnak mehatze- eta energia-baliabideak miatu, ikertu eta ustiatzeko jarduerak gauzatzeko.
Hirugarrena
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministroari ahalmena ematen zaio, bere eskumenaren esparruan, behar beste xedapen eman dezan, aipatu Erregelamendua aplikatu eta garatzeko.
Laugarrena
Errege Dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, Garatu eta Betearazteko Erregelamendu Orokorra
ATARIKO TITULUA Xedea eta helburuak
1. artikulua
Erregelamendu honen xedea da uztailaren 28ko 22/1988 Legea, Kostaldeei buruzkoa, garatu eta betearaztea, itsas-lehorreko jabari publikoa eta, batez ere, itsasertza zehazteko, babes-, erabilera- eta polizia-ondoreetarako.
2. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoaren gaineko administrazio-jardunak hurrengo helburuak izango ditu:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoa zehaztea, eta ziurtatzea jabari horren osotasuna nahiz horren kontserbazio egokia, hala denean, beharrezko babes- eta berrezartze-neurriak hartuz.
b) Itsasoaren, horren ertzaren eta itsas-lehorreko gainerako jabari publikoaren erabilera publikoa bermatzea, horren salbuespen bakarrak izanik interes publikoko arrazoiek eratorritakoak, behar bezala justifikatutakoak izan beharko direnak.
c) Ondasun horien erabilera arrazionala arautzea, bat etorriz ondasunon izaerarekin, xedearekin eta paisaia, ingurumena eta ondare historikoa errespetatzearekin.
d) Uren eta itsasertzaren kalitate-maila egokia lortzea eta horri eustea.
I. TITULUA. Itsas-lehorreko jabari publikoaren ondasunak
I. KAPITULUA. Sailkapena eta definizioak
3. artikulua
Estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoaren ondasun dira, Konstituzioaren 132.2 artikuluan eta Kostaldeei buruzko Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:
Itsasertza eta erribera, horren barne daudela hurrengoak:
a) Itsasbeherako lerro eskoratu edo gehieneko ekinozio-lerroaren eta ekaitzik handienetan olatuak iristen diren mugaren, edo ekinozioko gehieneko itsasgora biziak hori gainditzen duenean horren lerroaren, arteko itsas-lehorreko gunea edo eremua.
Gune hori ibaiertzetan zehar ere hedatzen da, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino.
Gune horretara biltzen dira padurak, albuferak, istingak, zingirak eta, oro har, itsasaldien gorabeheren, olatuen edo itsasoko ura iragaztearen ondorioz urak hartzen dituen lur baxuak.
b) Hondartzak edo harea, legarra eta harri-koskorrak bezalako material solteak metatzen diren guneak, malkarrak, bermak eta dunak barne, landaredun nahiz landarediarik gabekoak, itsasoaren edo itsas haizearen eraginez, edo bestelako arrazoi natural edo artifizialen ondorioz, sortuak.
Lurralde-itsasoa eta barne urak, eta horien hondoa eta lurpea, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera.
Gune ekonomikoaren baliabide naturalak eta kontinenteko plataforma, dagokien legeria bereziak definitu eta araututakoaren arabera.
4. artikulua
Aurreko artikuluan jasotako definizioen arabera, itsas-lehorreko gunea eta hondartza zehaztean, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Ekaitzik handienetan olatuak noraino heltzen diren finkatzeko eskuarteko erreferentziak erabiliko dira, betiere, halakoak egiaztatuta badaude.
b) Itsas mailek itsasaldien ondorioz dituzten aldaketek barnean hartuko dituzte astronomia- eta meteorologia-aldaketen ondore gainjarriak.
Ez dira kontuan hartuko gehien irauten duten uhinak, jatorri sismikokoak edo erresonantziakoak izanik ez direnean modu sekuentzialean gauzatzen.
c) Berma izango da hondartzarekiko ia horizontala den zatia, malkarraren edo ezpondaren barnean dagoena, olatualdien ondorioz malda handikoa dena.
d) Hondartzaren zehaztapenera bilduko dira duna-kateak, halakoak garapen-, mugimendu- edo bilakaera-prozesuan daudenean, itsasoaren do itsas haizearen eraginez.
Era berean, zehaztapenera bilduko dira landarediaren ondorioz finkatutakoak, hondartzaren egonkortasuna eta kostaldearen defentsa bermatzeko beharrezkoa den mugaraino.
5. artikulua
Era berean, estatuaren itsas-lehorreko jabari publikokoak dira:
Itsasertzaren akzesioak, materialak metatzearen edo itsasoak atzera egitearen ondorioz, horien arrazoiak edozein direla.
Obren zuzeneko edo zeharkako ondorio gisa itsasoari irabazitako lurrak, eta itsasertzean lehortutako lurrak.
Edozein arrazoi dela bide, itsasoak hartu eta bere hondoaren osagai bihurtutako lurrak.
Itsasoarekin edo itsas-lehorreko jabari publikoko eremuekin elkar ukituz dauden itsaslabar aski bertikalak, tontorreraino.
Herri jabariko gisa mugatutako lurrak, edozein arrazoirengatik hondartza, itsaslabar edo itsas-lehorreko gunearen ezaugarri naturalak galdu dituztenean, Kostaldeei buruzko Legearen 18. artikuluan eta erregelamendu honetako 37. artikuluan ezarritakoa gorabehera.
Barne uretako edo lurralde-itsasoko uhartetxoak.
Itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean emakidak ematen direnean, gerogarrenean emakidadunek emakidaren azalera osatzeko gehitutako lurrak, emakidaren klausuletan hala ezarri denean.
Itsasertzaren mugakide diren lurrak, halakoak eskuratzen direnean itsas-lehorreko jabari publikoari gehitzeko.
Estatuak jabari horretan eraikitako obrak eta instalazioak.
Kostaldeak argiztatzeko eta itsas seinaleak jartzeko obrak eta instalazioak, estatuak eraikitzen dituenean, horien kokalekua edozein izanik, bai eta ondore horiei lotutako lurrak ere, Kostaldeei buruzko Legearen 18. artikuluan eta erregelamendu honetako 37. artikuluan ezarritakoa gorabehera.
Estatuaren titulartasuneko portuak eta portu-instalazioak, dagokien legeria bereziak araututakoaren arabera.
6. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritakoa itsasadarrei eta ibai-ahoei aplikatuko zaie, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino.
Teknika artifizialen bidez urez betetako lurrak, horien kostaldea itsasgorarik handienekoa baino gehiago denean, ez dira bilduko aurreko artikuluko 3. paragrafoan ezarritakora.
Aitzitik, 9. artikulura bildu gabeko lurrak, modu naturalean urez bete daitezkeenak, itsas-lehorreko jabari publikoaren osagai dira, Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honetako 3.1.a) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, lur horiek itsasaldien ondorioz urez betetzea eragozten denean tresna artifizialak baliatuta, hala nola, hesiak, lubetak, uhateak edo antzeko beste sistema batzuk.
Aurreko artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoaren ondoreetarako, itsaslabar aski bertikalak dira batez besteko parametro gisa dutenak, plano horizontalarekin 60 gradu sexagesimaleko angelua edo handiagoa egiten duen planoarekin berdinets daitekeena.
Definizio horrek barnean hartuko ditu itsaslabar horien tontorrera iritsi aurretik dauden berma edo mailaketak.
Aurreko artikuluaren 7. paragrafoko jabetza pribatuko lurrak jabari publikora bilduko dira, emakidadunak eta Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko ordezkariak kasuan kasuko emate-akta sinatzen duten datatik aurrera.
Ondore horietarako, emakidadunak bere jabaria egiaztatzeko agiriak ekarri beharko ditu.
Autonomia-erkidegoen eskumeneko portuak eta portu-instalazioak arautuko ditu euren legeria bereziak, estatuaren titulartasunari kalterik egin gabe, Kostaldeei buruzko Legearen 49.1 artikuluaren arabera atxikitako ondasunei dagokienez, eta lege horren 64 eta 65. artikuluetan jasotakoarekin bat etorriz, haien eskumeneko emakida baten oinarri izateko emakida bidez ematen diren eremuei dagokienez, eremu horiek itsas-lehorreko jabari publikokoak direnean.
7. artikulua
Estatuaren jabari publikokoak dira, halaber, arrazoi naturalen ondorioz, lurralde-itsasoan nahiz barne uretan edo ibaietan, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino, sortuta dauden edo sor daitezkeen uharteak, salbu eta halakoak subjektu pribatuen edo erakunde publikoen jabetza pribatukoak direnean edo jabetza hori zatikatzearen ondorio direnean; kasu horietan, jabari publikokoak izango dira uharte horien itsas-lehorreko gunea, hondartzak eta izaera hori duten gainerako ondasunak, Kostaldeei buruzko Legearen 3 eta 4. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
8. artikulua
Era berean, estatuaren itsas-lehorreko jabari publikoaren osagai izango dira, aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz euren jabetza edozein motatakoa dela:
a) Kostaldeei buruzko Legearen lehenengo eta bigarren xedapenetan eta erregelamendu honetan horien baterakoak diren xedapenetan jasotakoaren ondorioz izaera hori izan behar duten eremuak.
b) Estatuaren ondareko lurrak, baldin eta horiek lotzen bazaie jabari publikoaren erabilera propioari, Kostaldeei buruzko Legearen 17. artikuluak eta erregelamendu honetako 36. artikuluak jasotakoarekin bat etorriz.
c) Jabetza pribatuko lurrak, halakoei jabetza kentzen zaienean edo halakoak eskuratzen direnean Kostaldeei buruzko Legearen 29.2 artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian eta erregelamendu honetako 57. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hala denean, aldez aurretik jabari horri loturik.
9. artikulua
Arrazoi naturalen edo artifizialen ondorioz, itsasoak edo hondartzetako hareak hartzeko arriskuan dauden lurren jabeek defentsa-obrak eraiki ahal izango dituzte, aldez aurretik baimena edo emakida lortuta, baldin eta hondartza okupatzen ez badute edo horretan edo itsas-lehorreko gunean fenomeno kaltegarriak eragiten ez badituzte, eta kasuan kasuko mugei eta legezko zortasunei kalterik eragiten ez badiete.
Bestela, itsasoak nahiz hondartzak hartutako lurrak itsas-lehorreko jabari publikoaren zati bihurtuko dira, kasuan kasuko mugaketaren ondorioz.
Baimena lortu beharko da, obrak kokatu behar direnean lur pribatuetan, eta kasuan kasuko administrazio-titulua, obrek jabari publikoa okupatu behar dutenean.
Obrak gauzatzeko eskabideen izapidea eten egingo da, kasuan kasuko kostaldeko zatiaren mugaketa-espedientea ebazteke dagoen bitartean, salbu eta Kostaldeei buruzko Legearen 12.7 artikuluaren eta erregelamendu honetako 21.3 artikuluaren kasua gertatzen denean.
Larrialdi kasuan, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak baimendu ahal izango du behin-behineko defentsa-neurriak hartzea, aldez aurretik Kostaldeei buruzko Legearen 36. artikuluarekin eta erregelamendu honetako 78. artikuluarekin bat etorriz bidezkoak diren ekonomia-bermeak gauzatu badira eta interesdunak konpromisoa hartu badu, hilabeteko epean egoki den emakida edo baimena eskatzeko, eta instruitutako espedienteak eratorritako ebazpena betetzeko.
II. KAPITULUA Xedatzeko ezintasuna
1. ATALA Jabari publikoaren lehentasuna
10. artikulua
Konstituzioaren 132.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege honek definitutako itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira.
11. artikulua
Aurreko artikuluaren ondoreetarako, Kostaldeei buruzko Legearen arabera eskuratutako erabilera- eta aprobetxamendu-eskubideak bakarrik onartuko dira; jabari publikoari aurre egiteko edukitza pribatuek ez dute balioko, iraupen luzekoak izan arren, eta Jabetza Erregistroko idazkunek halakoak babestu arren.
12. artikulua
Estatuaren demanio-jabetzatik kanpoko lurrik ez da izango, itsas-lehorreko jabari publikoko esparruan, ezta itsasoari irabazitako lurretan edo itsasertzean lehortutako lurretan ere, Kostaldeei buruzko Legearen 49. artikuluan eta erregelamendu honetako 103. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Zuzenbide osoz deusezak izango dira aurreko paragrafoan xedatutakoa hausten duten administrazio-egintzak.
Aipatu manuari iruzurra eginez gauzatutako egintza pribatuek ez dute eragotziko manu hori behar den moduan aplikatzea.
13. artikulua
Estatuko Administrazioak betebeharra izango du, itsas-lehorreko jabari publikoaren osotasun eta babeserako beharrezkoak diren akzioak egikaritzeko, ezin izango duela amorerik eman jabari hori zein ondasunek osatu eta ondasun horien titulartasuna ukitzen duten demanden aurrean.
2. ATALA Administrazioaren ahalmenak
14. artikulua
Estatuko Administrazioak eskubidea eta eginbeharra du, ondasunen eta eskubideen egoera ikertzeko, uste denean halakoak itsas-lehorreko jabari publikokoak direla; horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatu ahal izango ditu, eta sustatu ahal izango du kasuan kasuko mugaketa egitea.
Orobat, halako ondasunen gaineko edukitza berreskuratzeko ahalmena izango du, ofizioz eta edozein unetan, 17. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.
Estatuko Administrazioaren ebazpenen aurka ez dira onartuko interdiktuak, Administrazioak ebazpenak ematen dituenean Kostaldeei buruzko Legeak eratxikitako eskumenak egikarituz eta ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
15. artikulua
Ikertzeko ahalmena Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak egikarituko du, ofizioz edo edozein pertsonak hala eskatuta; azken kasu horretan, pertsona horri jakinaraziko zaio, hala denean, espedientea hasi dela.
Behin ikerketa-espedientea hasita, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak gauzatuko ditu egokitzat jotzen dituen frogak, ikertutako ondasunen ezaugarri fisikoak eta egoera juridikoa egiaztatzeko; egokitzat jotzen badu, jendaurreko informazio-aldia zabalduko du hilabetez.
Ikerketa amaitu ondoren, hurrengoen artean bidezkoa den ebazpena emango da:
a) Edukitza berreskuratzeko espedientea hastea.
b) Kasuan kasuko mugaketari ekitea.
c) Jarduerak artxibatzea.
16. artikulua
Edukitza berreskuratzeko ahalmena Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak egikarituko du, ofizioz edo edozein pertsonak hala eskatuta.
Ahalmen hori egikaritu ahal izango da, edozein kasutan, mugaketaren ondorioz jabari publikora bildu diren ondasunei dagokienez.
Mugaketarik ez dagoenean, itsasertzaren edo itsasoaren zatiei bakarrik begira gauzatu ahal izango da, zati horien demanio-izaera oso-osoan eta zalantzarik gabe egiazta daitekeenean.
17. artikulua
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren probidentziaren bidez espedientea hasten denean, okupatzaileari jakinaraziko zaio hori, zortzi eguneko epean bere alde egokitzat jotzen duen guztia alega dezan.
Ebazpenaz eta betearazpenaz Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoa arduratuko da, Gobernuaren Ordezkariari edo Gobernadore Zibilari eskatu ahal izango diola estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen elkarlana.
Botatzea beharrezkoa denean, Kostaldeei buruzko Legearen 108. artikuluan eta erregelamendu honetako 201. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo bidezkoak izan daitezkeen administrazio-zehapenak ezartzeari eta usurpazioa agintaritza judizialari komunikatzeari, usurpazio horrek delituaren edo faltaren itxura duenean.
III. KAPITULUA Mugaketak
1. ATALA Xedea eta printzipio orokorrak
18. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoa zehazteko, Estatuko Administrazioak kasuan kasuko mugaketak egingo ditu, jabari hori osatzen duten ondasunen ezaugarriak kontuan hartuz, Legearen 3, 4 eta 5. artikuluetan eta erregelamendu honetako baterako artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren esku izango da, itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketen agiri eta planoen artxibo eguneratua, banakako fitxekin, ordeztu ahal izango direnak tratamendu informatikoko datu-banku batengatik; halakoek jasoko dituzte jabari hori osatzen duten ondasunen kokalekua eta motak.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferiko bakoitzaren esku izango da bere jardute-esparruaren ingurukoaren bikoiztua; horren ordez, informatika-konexioa egin ahal izango da, gorago aipatu datu-bankuarekin.
Portuetan eta portu-instalazioetan, horien titulartasuna edozein dela, itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa gauzatuko da Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan ezarritakoa aintzat hartuta, hori portuko zerbitzu-gunearen zehaztapenarekin bat etorri ala ez.
Zerbitzu-gunearen definizioa bat etorriko da aplikagarri den legeria berezian xedatutakoarekin.
19. artikulua
Mugaketak beti zehaztuko du itsas-lehorreko jabari publikoaren barruko muga; hori gorabehera, jabari hori osatzen duten jabetza-mota desberdinak ere mugatu ahal izango dira.
Aipatu barruko muga hori bat ez datorrenean itsasertzekoarekin, planoan, edozein kasutan, hura ez ezik, azken horren barruko muga ere jasoko da.
Nolanahi ere, mugarriztatzeak jabari publikoaren barruko muga bakarrik agertuko du.
Kasuan kasuko planoan jabari publikoaren muga finkatuko da erreferentziatzat zein puntu hartu eta puntu horiek guztiak lotuko dituen lerro poligonalaren bidez, hala denean, lurraren kurba naturalak zuzenduz.
Plano berean beti adieraziko da babes-zortasuneko gunearen barruko muga.
2. ATALA Prozedura
20. artikulua
Mugaketa ofizioz hasiko da edo interesdun den edozein pertsonak hala eskatuta, eta Estatuko Administrazioak onetsiko du.
Alderdiak hala eskatuta hasiz gero, alderdi horrek ordaindu beharko ditu kasuan kasuko tasak.
Mugaketa horien izapideek lehentasuna izango dute.
Espedientea hasteko, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari proposamena bidaliko dio, bere baitara bilduko duena jabari publikoaren eta babes-zortasuneko gunearen behin-behineko zehaztapen-planoa, argazkiekin eta lurraren gaineko alderatzeak eratorritako datuekin batera.
Proposamen hori ikusita, aipatu Ministerio-sailak, bidezkotzat jotzen badu, espedientea hastea aginduko du.
21. artikulua
Mugaketa-espedientea hastearen ondorioz, Estatuko Administrazioak ahalmena izango du datu-bilketa eta neurketa lanak egin edo baimentzeko, baita lur pribatuetan ere, eragindako kalte-galeren ondorioz bidezko kalte-ordainak ematea gorabehera, behin betiko onartzen den mugaketa aintzat hartuta.
Mugaketa-espedientea hasteko probidentziak berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoari eta horren babes-zortasun guneari begira eman daitezkeen emakida eta baimenak etetea; horretarako, probidentziarekin batera planoa argitaratuko da, jabari publikoaren eta babes-zortasunaren azalera zenbatetsia behin-behinean mugatuz.
Mugaketa-espedientearen ebazpenak berarekin ekarriko du etetea bertan behera uztea.
Edonola ere, larrialdi-obrak egin ahal izango dira kalteak prebenitu edo konpontzeko, Estatuko Administrazioak aldez aurretik hori baimenduta; halaber, Administrazioak bere kabuz egin ahal izango ditu obra horiek.
Artikulu honek Estatuko Administrazioari eratxikitzen dizkion ahalmenak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak egikarituko ditu Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren bidez.
3. paragrafoak aipatu baimenak emango dira 9. artikuluko 5. paragrafoak ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
22. artikulua
Prozeduran entzungo dira kasuan kasuko autonomia-erkidegoa eta udala, jabe mugakideak, aldez aurretik horiei jakinarazpena eginez, eta interesdun direla egiaztatzen duten enparauak.
Aldi berean, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren ardurak izango dira:
a) Espedientea hasteko iragarpena argitaratzea probintziako «Aldizkari Ofizialean», bere iragarpen-oholean eta guneko hedapen handieneko egunkari batean, hilabeteko epean edozein interesdunek aukera izan dezan espedientean aurkezteko, jabari publikoko gunearen eta babes-zortasunaren behin-behineko zehaztapen-planoa aztertzeko eta egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.
b) Autonomia-erkidegoari eta udalari txostena eskatzea, ondore horretarako jabari publikoaren eta babes-zortasuneko gunearen behin-behineko kokapenari eta zehaztapenari buruzko planoen kopia igorriko diela.
Hilabeteko epea igarotzen bada txostenik jaso gabe, ulertuko da hori aldekoa dela.
Udalari egindako eskabidean eskaria jasoko da, mugaketak ukitutako esparruan obra-lizentziak ematea kautela moduan eten dadin.
c) Hala denean, Udalari edo Katastroaren Kudeaketarako eta Tributu Lankidetzarako Zentroari eskatzea finka mugakideen titularren zerrenda, horien kasuan kasuko egoitzarekin, gerogarrenean Jabetza Erregistrora igortzeko, horren titularrak zerrenda horrekin ados datorrela adieraz dezan edo egokitzat jotzen dituen ohartarazpenak egin ditzan.
Erregistroari egindako igorpenetik hamabost egun igaro ostean horren erantzunik jasotzen ez bada, ulertuko da hori ados dagoela.
Aurreko paragrafoko c) idatz-zatiko informazioa lortu ondoren, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak lurrean bertaratzeko zitazioa egingo die, hamar eguneko aurrerapenarekin, batera edo mugaketa-zatien araberako taldeetan, banakako titularrei edo jabe-erkidegoetako ordezkariei, halakoak eratuta daudenean, jabari publikoaren behin-behineko zehaztapena erakusteko, horien apeoaren bidez. Zerbitzu horrek akta jaso ahal izango du, bertan jasoko dela bertaratutakoen adostasuna edo desadostasuna; azken kasu horretan, ados ez datozenek hamabost eguneko epea izango dute, alegazioak egin eta kasuan kasuko zioekin zehaztapen alternatiboa proposatzeko.
23. artikulua
Espedienteko interesdunek Jabetza Erregistroan inskribatutako tituluak ekartzen dituztenean, jabari publikora bil daitezkeen lurren gainean, espedientearen izapideak egiten dituen organoak horren berri emango dio erregistratzaileari, orri-bazterrean inguruabar horri buruzko aurreneurrizko idatzoharra egin dezan.
Aurreneurrizko idatzoharretan jasoko dira, hipoteka-legerian izaera orokorrarekin ezarritako inguruabarrez gain, inguruabar bereziak, mugaketa-espedientea hasi izana egiaztatzen dutenak eta, bidezkoa denaren arabera, horrek eratorritako ohartarazpena, finka, oso-osoan edo zati batean, estatuaren titulartasunekoa izan daitekeela edo oso-osoan edo modu partzialean babes-zortasuneko gunera bil daitekeela jakinarazteko.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoari kalterik egin gabe, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak, edozein kasutan, behin mugaketa-espedientea hasita, Erregistro eskudunari eskatu ahal izango dio aurreneurrizko idatzoharra luzatzea, mugaketa-espedientea badela egiaztatzen duena, horrek uki ditzakeen finketan.
Finkak inskribatu gabe badaude, aurreneurrizko idatzoharra egingo da, halaber, aurretiazko inskripziorik ez izateagatik.
24. artikulua
22 eta 23. artikuluetako jarduerak gauzatuta, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak mugaketa-proiektua aurkeztuko du, horretara bilduko direla:
a) Oroitidazkia, gauzatutako jarduerak eta gertatutako gorabeherak azalduz eta proposatutako mugaketa-lerroa eta 19. artikuluan jasotako gainerako mugaketak justifikatuz, jarduera eta gorabehera horien eta emandako txostenen nahiz aurkeztutako eskabideen arabera.
b) Plano topografikoak, 1/1.000 eskalatik beherakoak ez direnak, mugaketa-lerroaren eta aipatu mugaketen trazadurarekin.
c) Mugaketaren zuinketarako eta gerogarreneko mugarriztatzerako baldintzen agiria.
d) Zenbatetsitako aurrekontua.
Proiektuak eta horren betearazpenak gauzatu beharko dituzte, hala denean, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak onetsitako jarraibide teknikoak, horien barnean direla mugaketen mugarri-ereduak eta bestelako seinale edo erreferentziak.
Mugaketa-espedientea, zuinketa-proiektuarekin eta -aktarekin, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari bidaliko zaio, horrek Ministerio Agindu bidez onets dezan.
25. artikulua
Mugaketa-espedienteak funtsean aldarazten duenean aurretiaz gauzatutako behin-behineko zehaztapena, jendaurreko eta aurretiaz aipatu erakundeen informaziorako epealdi berria zabalduko da, bai eta ukitutako jabe mugakideak entzuteko epealdia ere.
26. artikulua
Mugaketa onesteko aginduak zehaztasunez agertarazi beharko du itsas-lehorreko jabari publikoaren barruko muga, bai eta itsasertzarena ere, hori harekin bat ez datorrenean.
Gainera, lur mugakideei ezarritako zortasunen kokapena jasoko da.
Agindu hori jakinaraziko zaie espedientean bertaratu diren interesdunei, bai eta autonomia-erkidegoari, udalari eta Jabetza Erregistroari ere.
27. artikulua
Edozein arrazoirengatik itsas-lehorreko jabari publikoaren egitura aldatzen denean, mugaketa-espedientea edo aldez aurretik zegoena aldarazteko espedientea hasiko da, aurreko paragrafoetan ezarritako ondoreekin.
Edozein kasutan, mugaketa berria egin beharko da, 5. artikuluaren 3. paragrafoko kasua gertatzen denean, bai eta 37. artikuluko jaregite-egoerak gertatzen direnean ere.
5. artikuluko 7 eta 8. paragrafoetako kasuan, eta 36. artikuluko kasuan, nahikoa izango da egon dagoen mugaketa zuzentzearekin, itsas-lehorreko jabari publikora bildutako lurrak jasoz.
3. ATALA Ondoreak
28. artikulua
Onetsitako mugaketak Kostaldeei buruzko Legearen 3, 4 eta 5. artikuluetan eta erregelamendu honetako baterako artikuluetan aipatu ezaugarri fisikoak badirela egiaztatzen duenez, estatuaren aldeko edukitza eta jabari-titulartasuna aldarrikatzen du; horrek berarekin ekarriko du mugarriak jartzea, eta Jabetza Erregistroko inskripzioek lehentasunik ez izatea mugatutako ondasunen demanio-izaerari dagokionez.
Mugaketa onesteak berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren babes-zortasuneko gunean emakidak eta baimenak ematearen inguruko etetea kentzea, Kostaldeei buruzko Legearen 12.5 artikuluan eta erregelamendu honetako 21.2 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
Halaber, berarekin ekarriko du mugaketaren ondorioz Erregistroan egindako aurreneurrizko idatzoharrak ezereztea, idatzohar horiek direnean mugaketaren ondorioz itsas-lehorreko jabari publikora bildu ez diren finken ingurukoak.
Mugarriztatzea egingo da lurrean mugaketaren perimetro-lerroa identifikatzea ahalbidetzen duten mugarriak jarriz.
Mugarrien ordez identifikazio hori ahalbidetzen duten beste seinale edo erreferentzia batzuk jarriko dira, horien kokalekuaren inguruabar fisikoek hala eskatzen dutenean.
29. artikulua
Mugaketa onesten duen ebazpena behar besteko titulua izango da, Erregistroan mugaketarekin bat egiten ez duten egoera juridikoak zuzentzeko, artikulu honetan zehazten diren modu eta baldintzetan.
Ebazpen hori behar besteko titulua izango da, halaber, Administrazioak jabari publikoko ondasunen inmatrikulazioa egiteko, hori egokitzat jotzen duenean.
Edozein kasutan, inskribatutako titular ukituek egokitzat jotzen dituzten akzioak egikaritu ahal izango dituzte euren eskubideak defendatzeko; kasuan kasuko erreklamazio judizialaren aurreneurrizko idatzoharra egin ahal izango da.
Mugaketaren aurkakoak diren erregistro-inskripzioak zuzentzeko hurrengo prozedura aplikatuko da:
a) Mugaketa onestea behar besteko titulua izango da, horretara bildutako ondasunen jabari publikotasunari dagokionez aurreneurrizko idatzoharra egiteko, hori ez denean egin Kostaldeei buruzko Legearen 12.4 artikuluan eta erregelamendu honetako 23. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
b) Idatzohar hori egin izana Jabetza Erregistratzaileak jakinaraziko die inskribatutako titularrei, halakoak ukituak izan daitezkeenean.
c) Jakinarazpena egin zenetik urtebete igaro ondoren Erregistroan ez badira jasotzen inskribatutako titularrek eragindako akzioek zein demanda eratorri eta demanda horien aurreneurrizko idatzoharrak, mugaketaren idatzoharra ezereztuko da edo inskripzio bihurtuko da, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren irizpidearen arabera, jabari publikoaren aurka doazen inskripzioak zuzenduz, hipoteka-legerian jasotakoarekin bat etorriz.
Bestela, kasuan kasuko epaiketaren emaitzaren arabera jardungo da.
Jabetza Erregistroan itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak inmatrikulatzeko kontuan hartuko da hipoteka-legerian jasotakoa; mugaketa onesten duen ebazpena, kasuan kasuko planoarekin batera aurkeztuta, behar besteko titulua izango da inmatrikulazio hori egiteko.
Aurkako inskripzioak izanez gero, aurreko paragrafoan ezarritako prozedurari jarraituko zaio; horretarako mugaketaren inguruko aurreneurrizko idatzoharra luzatuko da, mugaketak ukitutako ondasun eta eskubideen gainean.
Izaera orokorrarekin, komenigarritzat joko da ezaugarri naturalengatik ondasunen gaineko edukitza nabaria ez denean ondasun horiek inmatrikulatzea, bai eta beste horrenbeste egitea edozein inguruabar fisikok edo juridikok hori gomendatzen duenean ere.
30. artikulua
Mugatutako jabari publikora zein lur bildu eta lur horien gaineko eskubideen akzio zibilak bost urtera preskribatuko dira, mugaketa onesten den datatik zenbatzen hasita.
4. ATALA Itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide diren finkak inmatrikulatzea
31. artikulua
Jabetza Erregistroan egin nahi denean Kostaldeei buruzko Legearen 23. artikuluko eta erregelamendu honetako 43. artikuluko babes-zortasunaren gunean kokatutako finken inmatrikulazioa, finka horien deskripzioan zehaztuko da finka horiek itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide diren ala ez.
Finkak mugakide badira, ezin izango da inmatrikulaziorik egin, tituluarekin batera ekartzen ez bada Estatuko Administrazioaren ziurtagiria, finkak jabari publikoa hartzen ez duela dioena.
Finkaren deskripzioan adierazten bada hori ez dela itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide edo ez bada horren inguruan inolako adierazpenik egiten, erregistratzaileak interesdunari eskatuko dio finka identifikatzea eta kokatzea Estatuko Administrazioak helburu horrekin emandako planoan.
Identifikazio horrek ondorioztatzen badu finka ez dela mugakidea, erregistratzaileak inskripzioa egingo du, inguruabar hori jasoz.
Identifikazio hori egin arren edo identifikazio hori ez egiteagatik, erregistratzaileak uste badu finkak itsas-lehorreko jabari publikoa har dezakeela, inskripzio-eskabidearen berri emango dio Estatuko Administrazioari, eta hark inskripzioaren aldeko ziurtagiria eman arte eten egingo du inskripzioa.
Aurreko paragrafoek aipatu ziurtagiri eta planoak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emango ditu eta Erregistratzaileak ofizioz eskatu ahal izango ditu halakoak.
Erregistratzaileak kasuan kasuko paper-sortan artxibatuko du, 2. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz, behar besteko ahalordea izatea egiaztatzen duen jabearen edo pertsonaren planoa, finkaren kokapenaren berri ematen duena. Era berean, inmatrikulatzen den finkaren inguruko ziurtagiria edo planoa artxibatuko du, salbu eta jatorrizkoa notario-protokolo batean jaso dela agertzen denean.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emandako ziurtagirian agertzen denean babes-zortasuneko gunearen zehaztapena, ukitutako finken deskripzioan halakoak zortasun horren mende daudela ere adieraziko da.
Modu alternatiboan eta 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako ondore berberekin, inskribatu nahi den finkaren deskripzioan adierazten denean finka hori itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide dela edo uste denean finka jabari horren mugakide izan daitekeela edo finkak jabari hori har dezakeela, aurreko izapidea alboratu ahal izango da, deskripzioan esanbidez ezartzen bada finka horren muga dela Kostaldeei buruzko Legearekin bat etorriz mugatutako itsas-lehorreko jabari publikoa, hori berori agertzen duen planoaren arabera.
32. artikulua
Aurreko artikuluak aipatu ziurtagiria ofizioz eskatu eta hogeita hamar egun igaro ondoren erantzunik jasotzen ez bada, inskripzioa egin ahal izango da.
Mugaketa onetsi gabe badago, kasuan kasuko prozedura hasiko da, interesdunaren kontura, gehienez ere hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko eskabidea egiten denetik; bien bitartean, eskatutako inskripzioa etenda egongo da.
Aurkezte-idazkuna luzatu egingo da, hala denean, berrogei egun balioduneko epean, zenbatzen hasita Erregistratzaileak Kostaldeetako Barrutiei edo Zerbitzuei eskaria zein egunetan egin eta egun horren biharamunetik aurrera; luzapen hori bazterreko oharraren bidez jasoko da.
Behin mugaketa-espedientea hasita, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Jabetza Erregistroari eskatu ahal izango dio kasuan kasuko aurreneurrizko idatzoharra luzatzea, 23.3 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
33. artikulua
Erregistratzaileak eskatutako identifikazioa eta kokapena, 31.2 artikuluan jasotakoa, ez da beharrezkoa izango, inmatrikulatu nahi den tituluarekin batera ekartzen denean Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emandako planoa, Erregistroari eman behar zaizkion horietakoa, non finkaren berri zehaztasunez ematen den eta finkaren egoera agertzen den, itsas-lehorreko jabari publikoko guneari dagokionez.
Planoak emango dira interesdunek eskatuta.
34. artikulua
Aurreko artikuluko erregela berberak aplikatuko zaizkie gehiegizko luze-zabalera duten finkei ere, salbu eta inskripzio horiek dagozkienean muga finkoak dituzten finkei edo muga horien izaerak eragozten duenean finkek itsas-lehorreko jabari publikoa hartzea.
Erregistroko tituluak agertzen duenean finka itsasoaren mugakide dela, muga moduan hartuko da itsasertzeko barruko muga, baita finkaren gehiegizko luze-zabalera kasuetan ere.
Itsas-lehorreko jabari publikoak bere baitara itsasertzaz besteko jabetzaren bat biltzen badu, aurreko paragrafoak aipatu muga moduan hartuko da jabari horren barruko muga.
35. artikulua
Aurreko artikuluetan inmatrikulaziorako ezarri erregelak bigarren eta ondorengo inskripzioei ere aplikatuko zaizkie.
IV. KAPITULUA Lotzea eta jaregitea
36. artikulua
Estatuko ondarearen lurrak itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide direnean edo eraginpeko gunean daudenean, jabari publikoaren erabilerari lotuko zaizkio, estatuaren ondareari buruzko legerian ezarritakoaren arabera, lurrok beharrezkoak badira jabari hori babesteko edo erabiltzeko.
Lur horiek ezin izango dira besterendu, aldez aurretik adierazten ez bada lur horiek ez direla beharrezkoak aipatu ondoreetarako.
Lur horiek ez direla beharrezkoak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak adieraziko du, eta adierazpen hori zioduna izan beharko da.
37. artikulua
Lurrak jaregin ahal izango dira Kostaldeei buruzko Legearen 4. artikuluko 5 eta 10. paragrafoetako eta erregelamendu honetako baterako xedapenen kasuetan bakarrik, nahitaezkoa izanik ukitutako udalak edo autonomia-erkidegoak aldez aurretik txostena egitea, eta aldez aurretik adieraztea lurrok ez direla beharrezkoak aurreko artikuluan aipatu ondoreetarako.
Jaregitea esanbidezkoa izan beharko da, eta hori gauzatu aurretik kasuan kasuko mugaketak egin beharko dira.
38. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera jaregindako lurrak estatuaren ondarera bilduko dira.
Aurreikusten ez denean lurrok jaregin daitezkeenik, lur horiek doan laga ahal izango zaizkio udalerriari edo autonomia-erkidegoari, lagapenaren baldintza gisa ezarriz lur horiek destinatzea udalerri edo autonomia-erkidegoaren eskumeneko erabilera edo zerbitzu publikoko helburuetara.
Lagapena ez da gauzatuko, baldin eta jaregindako lurrak trukatzen badira itsas-lehorreko jabari publikoari lotzeko moduko beste higiezin batzuekin.
Lagapena gauzatu zenetik bost urte igaro ondoren lurrak ez badira erabili lagapena oinarritu zuten helburuetarako edo beste helburu batzuetarako erabili badira, estatuaren ondarera lehengoratuko dira, horren legeria arautzailean jasotako izapideekin.
Aurreko paragrafoek aipatu lagapena edo lehengoratzea Gobernuak erabakiko du, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak ofizioz hala proposatuta edo Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren ekimenez.
Administrazio interesdunen arteko adostasunik ez izateagatik, lagapena ez bada gauzatzen edo lehengoratzea bidezkoa denean, 3. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazioak jaregindako lurrak besterendu ahal izango ditu estatuaren ondareari buruzko legerian jasotakoaren arabera.
II. TITULUA Itsasertzaren mugakide diren lurren jabetza mugatzea itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko arrazoiengatik
I. KAPITULUA. Helburuak eta xedapen orokorrak
39. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoaren babesak bere baitan hartzen du jabari hori oso-osoan defendatzea eta jabari horren destinoak erabilera orokorreko zein helburu ukitu eta helburu horiek defendatzea; jabari horren ezaugarri eta osagai naturalei eustea eta obrek nahiz instalazioek izan ditzaketen ondorio kaltegarriak prebenitzea, Kostaldeei buruzko Legeak ezarritakoaren arabera.
40. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide diren lurrak titulu honetan ezarri mugen eta zortasunen mende izango dira, halakoek lehentasuna izango dutela edozein akziori begira.
Zortasunak preskribaezinak izango dira beti.
Ez dira muga eta zortasun horien mende izango esanbidez nazio-segurtasun eta -defentsarako interesgarritzat jotzen diren lurrak, dagokien legeria bereziarekin bat etorriz.
Titulu honetako xedapenek gutxieneko arauketaren eta arauketa osagarriaren izaera dute, autonomia-erkidegoek euren eskumenen esparruan ematen dituzten xedapenei begira.
41. artikulua
Estatuko Administrazioak arauak emango ditu, kostaldeko zenbait zati babesteko, Kostaldeei buruzko Legearen 23.2, 25, 26.1, 27.2, 28.1 eta 29. artikuluek ezarritakoa garatzeko.
Estatuko Administrazioaren eskumena, aurreko paragrafoko arauak emateko, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari dagokio.
Arauetan jaso behar den kosta-luzerak erreferentzia egingo dio, gutxienez, itsasertzeko dinamikaren edo lurraren inguruko unitate fisiografiko edo morfologikoari, edo, hala denean, mugakide den udalerri bati edo mugakide diren udalerri batzuei osotasunean.
42. artikulua
Aurreko artikuluak aipatu arauak behin betiko onetsi aurretik, arau horiei buruzko txostena eman beharko dute ukitutako lurraldeko autonomia-erkidegoek eta udalek, eragozpenak azaltzeko aukera izan dezaten, onetsita edo onesteko bidean dituzten antolamendu-tresnak oinarri hartuta.
Bat ez-etortze garrantzitsuak antzematen direnean, eman nahi diren arauen eta autonomia-erkidegoek eta udalek azaldutako eragozpenen artean, kontsultaldia hasiko da, hiru Administrazioak ados jarrita konpon daitezen agertutako bat ez-etortzeak.
Aurreko paragrafoak aipatutako txostenak hilabeteko epean emango dira.
Hiru Administrazio interesdunen arteko esanbidezko akordiorik izan ezean, arauak ezin izango dira onetsi.
Arauak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerio Aginduaren bidez onetsiko dira; agindu hori «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da, eta agindu horrekin batera jasoko dira, erantsita, ukitutako esparrua identifikatzeko, eta orokorrean arau horien eragingarritasuna ziurtatzeko garrantzitsutzat jotzen diren agiriak eta gainerako informazioa.
II. KAPITULUA Legezko zortasunak
1. ATALA Babes-zortasuna
43. artikulua
Babes-zortasuna ezarriko da 100 metroko gunean, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz neurtuta.
Gune horren hedadura Estatuko Administrazioak luzatu ahal izango du, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko Administrazioarekin eta udalarekin bat etorriz, beste 100 metro gehiagotan, beharrezkoa denean zortasunaren eragingarritasuna ziurtatzeko, babestu nahi den kostaldeko zatiaren berezitasunak aintzat hartuta.
Aurreko paragrafoak aipatu luzapena zehaztuko dute babes-arauek edo lurralde- nahiz hirigintza-plangintzak.
Babes-zortasuneko gunearen zabalera murriztuko da, Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrak eta erregelamendu honetako zortzigarren eta bederatzigarren xedapen iragankorrek aipatutako kasuetan.
Igarobide- eta babes-zortasuneko guneetako aldarazpenek ukitutako lurrak, aldarazpen horiek gertatzen direnean edozein arrazoirengatik itsasertzaren zehaztapena aldatzeagatik, hori jasoko dela kasuan kasuko mugaketan, geratuko dira Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren eta laugarren xedapen iragankorretan eta erregelamendu honetako baterako xedapenetan ezarri antzeko egoeran, edo geratuko dira zortasun horietarik aske, kontuan hartuta aldaketa horren ondorioz lehorrera begira atzerantz egiten den ala itsasorantz hedatzen den.
Obrak egiten direnean, hala nola, itsas obrak nahiz itsas-lehorreko urbanizazioak, eta horiek eragiten dutenean itsasoko edo ibaietako urek lurrak hartzea, itsasaldien eragina heltzen den tokiraino, lur horiek izanik obra horien aurretik itsas-lehorreko jabari publikokoak ez zirenak eta babes-zortasunari lotu gabe zeudenak, obra horiek hurrengo ondoreak izango dituzte lur horietan:
a) Urez betetako lurra itsas-lehorreko jabari publikora bilduko da.
b) Obren aurretik zegoen babes-zortasunak indarrean jarraituko du.
c) Aurreko b) idatz-zatiko zortasunaren xede ez diren lurretan ez da sortuko babes-zortasun berririk urez betetako eremuei dagokienez; aitzitik, kasu horretan, igarobide-zortasuna besterik ez da aplikatuko.
Edozein kasutan, kasuan kasuko administrazio-titulua beharko da, obra horiek egin daitezen.
44. artikulua
Gune horretara bildutako lurretan baimenik gabe gauzatu ahal izango dira lugintzak eta landaketak, Kostaldeei buruzko Legearen 27. artikuluan eta erregelamendu honetako 51. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Gune horretako lehenengo 20 metroetan aldi baterako utzi ahal izango dira itsasoak ekarritako objektu edo materialak eta itsas salbamenduko jarduerak gauzatu ahal izango dira; ezin izango dira itxiturak egin, non ez den artikulu honen 3. paragrafoan zehaztutako baldintzetan.
Aurreko paragrafoak aipatu okupazioen ondorioz eragiten diren kalteengatiko kalte-ordaina jasoko da, Nahitaez Jabetza Kentzeari buruzko Legean ezarritakoaren arabera.
Itxitura ilunak metro batera arteko alturaraino bakarrik baimenduko dira, altuera horretatik gora gardenak izan beharko direla, tarteak, gutxienez, 100eko 80koak izanik, salbu eta landare-osagai biziak erabiltzen direnean.
Era berean, itsas-lehorreko jabariaren gaineko emakidetakoei lotutako itxiturak baimendu ahal izango dira, emakida-tituluan zehaztutako ezaugarriekin.
Edozein kasutan, igarobide-zortasunari lotutako gunea aske geratu beharko da.
20 metro horietan debekatuta daude Kostaldeei buruzko Legearen 44.6 artikuluak eta erregelamendu honetako 95. artikuluak aipatutako instalazioak.
45. artikulua
Babes-zortasuneko gunean honako hauek debekatuko dira:
a) Bizitzeko edo biztantzeko destinatutako eraikinak.
b) Hiri arteko garraiobideak eta 3. paragrafoan ezarritako intentsitateaz gaindiko trafikoko garraiobideak eraikitzea edo aldaraztea, bai eta horietako zerbitzu-guneak ere.
c) Agregakin-hobiak suntsitzen dituzten jarduerak.
d) Goi-tentsioko linea elektrikoak airetik hedatzea.
e) Hondakin solidoak, obra-hondakinak eta araztu gabeko ur zikinak isurtzea.
f) Publizitatea kartelen eta hesien bidez edo baliabide akustikoak nahiz ikus-entzunezko baliabideak erabilita.
Aurreko paragrafoko a) idatz-zatiak aipatu eraikinak, bizitzeko eta biztantzeko destinatutakoak, direla eta ezarritako debekuak bere baitan hartzen ditu ostalaritza-eraikinak, edozein dela horien ustiatze-araubidea.
Debeku horretatik bazter utziko dira behar bezala baimendutako kanpamentuak, halakoek instalazio desmuntagarriak dituztenean.
Ulertuko da 1. paragrafoko b) idatz-zatiak aipatu garraiobideak eraiki edo aldarazteko debekuak bere baitan hartzen dituela babes-zortasuneko gunean zehar luzetara doazen garraiobideak, debeku horretatik salbuetsita izango direla zeharkako, halabeharrezko edo noizean behingo eragina dutenak.
Garraiobideen trafiko-intentsitateari dagokionez, muga da, errepideen kasuan, 500 ibilgailu eguneko, urteko batez bestekoan.
1. paragrafoko c) idatz-zatiak aipatutako debekuak, agregakin-hobiak suntsitzearen ingurukoak, ez du bere baitara bilduko halakoak aprobetxatzea, hondartzei gehitzeko.
Ulertuko da 1. paragrafoko f) idatz-zatiak publizitatearen inguruan jasotako debekura ez direla biltzen establezimenduen informazio-kartelak, baldin eta bere fatxadan kokatzen badira eta ikus eremua murrizten ez badute.
46. artikulua
Izaera arruntarekin, gune horretan soil-soilik ahalbidetuko dira obrak, instalazioak eta jarduerak, euren izaerarengatik beste kokalekurik eduki ezin dutenean edo halakoek beharrezko edo komenigarri diren zerbitzuak ematen dituztenean, itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko, bai eta kirol-instalazio estalgeak ere.
Edozein kasutan, lubeta, lurrerauzketa edo zuhaitz-ebaketak gauzatzen direnean, halakoek bete beharko dituzte jabari publikoaren babesa bermatzeko hurrengo paragrafoan ezarritako baldintzak.
Lurrerauzketak eta lubetak soil-soilik ahalbidetuko dira aurretiazko baimenarekin, horien altuera 3 metrotik beherakoa denean, altuera horrek paisaiari kalterik egiten ez dionean eta beraien ezpondak modu egokian tratatzen direnean, landaketa eta estalketekin.
Altuera horretatik gora, aurretiazko ebaluazioa egin beharko da, horien premiaren inguruan eta horiek itsas-lehorreko jabari publikoan eta babes-zortasuneko gunean duten eraginaren inguruan.
Zuhaitz-ebaketa soil-soilik ahalbidetu ahal izango da basoen gaian eskuduna den organoak aurretiaz emandako baimena dagoenean eta ebaketa horrek ez dionean kalte nabarmenik egiten zuhaitz-multzoari; baimenean esanbidez jaso beharko da basoak bertako espeziekin birlantzeko betebeharra, halako espezieak izango direla paisaiari eta oreka ekologikoari kalterik egiten ez dietenak.
47. artikulua
Salbuespenez, behar bezala egiaztatutako herri-onurako arrazoiengatik, Ministroen Kontseiluak baimendu ahal izango ditu erregelamendu honetako 45. artikuluaren 1. paragrafoko b) eta d) idatz-zatiek aipatu jarduerak eta instalazioak.
Modu berean baimendu ahal izango dira a) idatz-zatiak aipatu eraikinak eta industria-instalazioak, baldin eta horiek Kostaldeei buruzko Legearen 25.2 artikuluko eta erregelamendu honetako 46.1 artikuluko betekizunak gauzatzen ez badituzte, aparteko garrantzia dutenean eta, justifikatutako arrazoi ekonomikoak direla bide, egoki denean halakoak itsasertzean kokatzea; edozein kasutan ere, eraikin edo instalazio horiek kokatu beharko dira hondartza, hezegune edo babes bereziko beste esparru batzuk ez diren kostalde-zatien zortasun-guneetan.
Artikulu honetan ezarritakoaren arabera baimentzen diren jarduerak Administrazio eskudunek onetsitako hirigintza-plangintzari egokitu beharko zaizkio.
Ministroen Kontseiluak aurreko paragrafoko jarduerei edo instalazioei begira emandako baimena oinarritzen denean estatuaren eskumen esklusibo batean edo Ministroen Kontseiluak baliatzen duenean ekainaren 26ko 1/1992 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsitako Lurzoru Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legearen testu bategineko 244. artikuluko ahalmena, baimena ematen duen akordioa behar besteko titulua izango da kasuan kasuko jardunari ekiteko, kalterik egin gabe plangintza aldarazteko edo berrikusteko espedientearen izapidetzari, aldi berean hasiko denari.
48. artikulua
Babes-zortasuneko gune erabilgarriak baliatzeko kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren baimena beharko da; baimen hori emango da Kostaldeei buruzko Legean eta, hala denean, lege horren 22. artikuluan eta erregelamendu honetako 41 eta 42. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz aldarrikatuko diren arauetan xedatutakoaren arabera, jabari publikoa babesteko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak ezartzeko aukerarekin.
Eskatutako jarduera zuzenean lotzen bazaio itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari, beharrezkoa izango da, hala denean, aldez aurretik izatea Kostaldeei buruzko Legearen arabera emandako administrazio-titulua.
Emandako baimenek errespetatu beharko dute indarrean dagoen hirigintza-plangintza.
Antolaketarik izan ezean, baimen horiek emateko baldintza gisa ezarri ahal izango da aldez aurretik plangintza onestea.
49. artikulua
Aurreko artikuluko baimen-eskabideen izapideak egiten dituen autonomia-erkidegoko organo eskudunak, ebazpena eman aurretik, txostena eskatuko dio Herri Lan eta Garraio Ministerioari, itsasertzaren barruko muga zehaztearen, mugaketa-lerroaren, igarobide-zortasunari eta itsasora heltzeko zortasunari eustearen eta baimen horien ondorioz jabari publikoaren osotasunean sortzen diren jardueren eretzean.
Aurreko paragrafoak aipatu txostena Herri Lan eta Garraio Ministerioko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emango du hilabeteko epean; txosten hori eman dezan, obren eta instalazioen oinarrizko proiektuari buruzko agiriak bidaliko zaizkio.
Epe hori igarotzen bada txostena eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
Baimen-eskabidearen xede diren obra, instalazio edo jarduerek eragina badute igarobide-zortasunaren mende dauden lurretan ere, autonomia-erkidegoko organo eskudunak ebazpen bakarra emango du; ebazpen horrek nahitaez jaso beharko ditu, ondore horietarako, eta hala denean, Herri Lan eta Garraio Ministerioko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak 1. paragrafoko txostena ematean azaldutako ohartarazpenak,
Autonomia-erkidegoko organo eskudunak Herri Lan eta Garraio Ministerioak emandako ebazpena igorri beharko du erregelamendu honetako 209. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Kostaldeei buruzko Legearen laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, baimenak egikaritu beharko dira horretarako ezarri den epean. Epe hori, asko jota, bi urtekoa izango da; behin epe hori igarota, baimen horiek ez dute ondorerik izango, salbu eta egikaritzarik eza Administrazioari egotz dakiokeenean.
Jabetza Erregistroan ezin izango dira inskribatu babes-zortasuneko gunean artikulu honetako baimena egiaztatu gabe gauzatutako obra eta eraikuntzak.
Finka gune horretara biltzen den ala ez zehazteko, aplikatuko dira, egoki diren aldaketekin, finken inmatrikulazioei begira ezarritako erregelak, finka horiek itsas-lehorreko jabari publikoaren mugakide direnean.
50. artikulua
Kostaldeei buruzko Legearen 25.3 artikuluak eta erregelamendu honetako 47. artikuluak aipatu dituzten baimenak emateko, hurrengo prozedura hartuko da kontuan:
a) Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoan obren edo instalazioen oinarrizko proiektuaren hiru ale aurkeztea, horiekin batera ekarriz autonomia-erkidegoko organo eskudunak edo, hala denean, gaiaren arabera Estatuko Administrazioan eskuduna den sailak halakoen herri-onurari buruz egindako adierazpen zioduna.
b) Espedienteak jaso beharko ditu, edozein kasutan, kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren eta udalen txostenak.
Txosten horiek hilabeteko epean eman beharko dira; epe hori igarotzen bada txostenik eman gabe, aldekoak direla ulertuko da.
c) Espedientea, bere txosten eta guzti, Herri Lan eta Garraio Ministerioari bidaliko zaio, horren inguruko izapideak egin ditzan.
d) Espedientea Ministroen Kontseiluari bidaliko zaio, horrek ebazpena eman dezan, Herri Lan eta Garraio Ministerioak hala proposatuta, aldez aurretik eta ondore horietarako egokitzat jotzen dituen datu eta txosten guztiak eskatu ahal izango dituela.
Eskabidea Estatuko Administrazioaren beste sail batek egiten badu, proposamena bi sailek batera egin beharko dute.
Erregelamendu honetako 47.2 artikuluak aipatutako kasuetan, baimendu beharreko jarduerak indarreko plangintzaren mende egongo dira.
2. ATALA Igarobide-zortasuna
51. artikulua
Igarobide-zortasuna ezarriko da 6 metroko gunean, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz neurtuta.
Gune hori uneoro zabalik utzi beharko da, oinezkoen irtenbide publikorako eta jagoletza- nahiz salbamendu-ibilgailuentzako, modu berezian babestutako eremuetan izan ezik.
Igarobide zaileko edo arriskutsuko tokietan zabalera hori behar den beste hedatu ahal izango da, gehienez ere, 20 metroraino.
Gune hori salbuespenez okupatu ahal izango da, itsas-lehorreko jabari publikoan egin beharreko obrengatik.
Kasu horretan, zortasun-gunearen ordez antzeko baldintzak dituen beste bat ezarriko da, Estatuko Administrazioak jasotakoaren arabera.
Itsas pasealekuak egiteko ere okupatu ahal izango da.
Herri Lan eta Garraio Ministerioak du eskumena, autonomia-erkidegoaren aurretiazko txostenarekin, igarobide-zortasunari lotutako gunea hedatu edo ordezteko edo gune hori itsas pasealekuekin okupatzeko 2 eta 3. paragrafoetako kasuetan.
Txosten hori hilabeteko epean eman beharko da; epe hori igarotzen bada txostenik eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
3. paragrafoak aipatu kasuan, espediente bakarra instruituko da eta ebazpen bakarra emango da, hala denean, jabari publikoa okupatzeko, eta igarobide-zortasuna ordezteko.
Hedapena, hala denean, gauzatuko da babes-arauetan edo, halako araurik izan ezean, lurralde- nahiz hirigintza-plangintzan jasotakoarekin bat etorriz.
Kokapen alternatiboa itsas-lehorreko jabari publikotik at egongo da eta, ahal dela, babes-zortasuneko gunearen barruan, igarobidearen jarraitutasuna berma dadin.
Gune horretako lugintzek ez dute eragotziko zortasunaren egikaritza.
Eragin daitezkeen kalteek ez dute kalte-ordainik izango.
Igarobide-zortasuna zabalik uzteko betebeharrak bere baitan hartzen du lurra nahiz lurgaina eta eragina izango du zortasunaren eragingarritasuna eragozten duten erabilera guztietan.
3. ATALA Itsasora heltzeko zortasuna
52. artikulua
Itsasora heltzeko zortasuna, publikoa eta doakoa izango dena, gauzatuko da hurrengo paragrafoetan ezarritakoaren arabera, itsas-lehorreko jabari publikoko lur mugakideetan edo ondoko lurretan, sarbidearen izaerak eta helburuak behar duten luze-zabaleran.
Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilera publikoa ziurtatzeko, itsasertzaren lurralde- eta hirigintza-antolamenduko planek ezarriko dituzte, babes bereziko kalifikazioa duten eremuetan izan ezik, itsasora heltzeko behar beste sarbide eta aparkaleku izatea, itsas-lehorreko jabari publikotik kanpo.
Ondore horietarako, hiriguneetan eta gune urbanizagarrietan, ibilgailuen trafikoko zortasunak 500 metroko tartearekin bananduko dira, eta oinezkoen zortasunak 200 metroko tartearekin.
Sarbide guztiak seinaleztatuta egon beharko dira, eta amaieran erabilera publikoari irekita.
Amaieratzat ulertuko da sarbideen betearazpena bukatzea, kasuan kasuko udalak halakoak jasotzen dituen unea gorabehera.
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean dauden urbanizazioei dagokienez, kontuan hartuko da lege horretako hirugarren xedapen iragankorraren 5 eta 6. paragrafoetan eta erregelamendu honetako hamaikagarren xedapen iragankorrean xedatutakoa.
Itsasora heltzeko zortasunaren eragingarritasunerako, 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz beharrezkoak diren lurrak lortzeko hirigintza-legeriako mekanismoak baliatuko dira.
53. artikulua
Estatuko Administrazioak nahitaez jabetza kendu ahal izateko edo igarobide-zortasuna ezarri ahal izateko, herri-onurakoak izango dira itsasora heltzeko beste sarbide batzuk eta beste aparkaleku batzuk egiteko edo daudenak aldarazteko beharrezkoak diren lurrak, aurreko artikuluko 2. paragrafora bildu ez direnak.
Aurreko paragrafoan aipatu sarbide publiko eta aparkalekuak egin edo aldarazteko, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak kasuan kasuko proiektua egin eta proiektu hori utziko du jendaurrean, hogeita hamar egunean, eta autonomia-erkidegoaren eta udalaren txostenaren mende.
Proiektuaren onespenak berarekin ekarriko du ondasunak okupatzeko beharrizanaren adierazpena, ondoren jardungo dela jabetza kentzeko legerian jasotakoarekin bat etorriz.
54. artikulua
Inola ere ez dira baimenduko itsasora heltzea eragozten duten obra edo instalazioak, baldin eta interesdunek ez badute proposatzen ordezko neurririk; Estatuko Administrazioaren arabera, ordezko neurri horrek eragingarritasuna bermatu beharko du, aurreko sarbidearen antzeko baldintzetan.
55. artikulua
53 eta 54. artikuluetan Estatuko Administrazioari eratxikitako eskumenak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari dagozkio.
Jabetza kendu zaien lurrak itsas-lehorreko jabari publikora bilduko dira.
III. KAPITULUA Jabetzaren beste muga batzuk
56. artikulua
Ubideen azken zatietan eutsi beharko zaio ubideok ibai-ahoei egiten dieten agregakin-ekarpenari.
Kasu bakoitzean zehaztu beharreko distantziaraino, agregakin horiek ateratzea baimentzeko, Estatuko Administrazioaren aldeko txostena beharko da, ateratze horrek itsas-lehorreko jabari publikoan duen eragina dela eta.
Arroaren Erakunde edo Administrazio Hidrauliko eskudunak, ubide publikoan agregakinak ateratzeko espedientea ebatzi aurretik edo ubideak egokitzeko proiektua betearazi aurretik, txostena eskatuko dio kasuan kasuko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari, ateratze-puntuen eta itsasorako ibai-ahoen arteko distantzia, ubidearen luze-zabaleran zehar neurtutakoa, bi erakundeek ubide bakoitzari begira ezarritakoa baino txikiagoa denean.
Emandako ebazpena zerbitzu horri bidaliko zaio.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren txostenak, aurreko paragrafoan jasotakoak, eman beharko dira hondartzei agregakinak ekartzeko beharrizanen arabera.
57. artikulua
Eraginpeko gunean kokatutako agregakin-hobiak eroslehentasun-eskubidearen eta atzera-eskuratzeko eskubidearen mende izango dira, salmenta, lagapen edo beste edozein eskualdaketa-eragiketatan, Estatuko Administrazioaren mesedetan, agregakin-hobi horiek hondartzei gehitzeko.
Helburu berarekin, agregakin-hobi horiek herri-onurakoak izango dira, ministerio-sail eskudunak nahitaez jabetza kendu ahal izateko, oso-osoan edo, hala denean, zati batean, eta behar diren lurrak aldi baterako okupatu ahal izateko.
Aurreko paragrafoan Estatuko Administrazioari eratxikitako eskumenak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari dagozkio.
1. paragrafoko eroslehentasun-eskubidea egikaritzeko, ukitutako lurren jabeek Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari jakinarazi beharko diote lur horiek eskualdatzeko asmoa, aurreikusitako prezioa eta ordainbidea adierazita.
Zerbitzu horrek ziodun proposamena bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko organo eskudunari, horrek bidezkoa den ebazpena eman dezan.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritu ahal izango du, Erregistroan inskripzioaren jakinarazpena egin edo, halakorik egin ezean, aurreko paragrafoan jasotako jakinarazpena egin ondorengo bederatzi egunetan eta, edozein kasutan, eskualdaketaren prezioa jakinarazpenean adierazitakoa baino 100eko 20 baino txikiagoa denean.
Ondore horietarako, Jabetza Erregistroak eta eskualdatzaileak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari jakinarazi beharko diote eskualdaketa zein baldintzetan egin den.
Zerbitzu horrek ziodun proposamena bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, horrek ebatz dezan.
IV. KAPITULUA Eraginpeko gunea
58. artikulua
Lurralde- eta hirigintza-antolamenduak itsas-lehorreko jabari publikoa babesteko betekizunak errespetatuko ditu, ukitzen dituenean kasuan kasuko tresnen araberako zabalera izango duten lurrak, betiere, zabalera hori, gutxienez, 500 metrokoa bada, itsasertzaren barruko mugatik lehorrerantz; horretarako, antolamenduak aintzat hartuko ditu hurrengo irizpideak:
a) Hondartza duten zatietan eta ibilgailuen trafikorako sarbidea duten zatietan, ibilgailuen aparkalekuetarako lur-erreserbak ezarriko dira, igarobide-zortasuneko gunetik kanpo aparkalekuak bermatzeko bestekoak.
b) Eraikuntzak bat etorri beharko dira hirigintza-legeriak ezarritakoarekin.
Arkitektura-pantailak eta bolumen-metaketak saihestu beharko dira; ondore horietarako, eraikitze-dentsitateak ezin izango du gainditu kasuan kasuko udal-mugartean dagoen lurzoru urbanizagarri programatuaren edo lurzoru urbanizagarriaren batez bestekoa.
Itsas-lehorreko jabari publikora isuriak egitea dakarten obra- edo erabilera-lizentziak emateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik lortzea kasuan kasuko isurketa egiteko baimena.
Aurreko 1.b) idatz-zatiaren ondoreetarako, eraikitze-dentsitatea izango da gunera bildutako lurrentzako plangintzan definitutako eraikigarritasuna.
III. TITULUA Itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzea
I. KAPITULUA Xedapen orokorrak
1. ATALA Erabileraren araubide orokorra
59. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoaren eta, edozein kasutan, itsasoaren nahiz itsasertzaren erabilera askea, publikoa eta doakoa izango da, horren izaerarekin bat datozen erabilera arruntei dagokienez, hala nola, paseatzea, egotea, bainatzea, nabigatzea, ontziratzea, lehorreratzea, arrantzan egitea, landareak eta itsaskiak biltzea, eta antzeko beste jarduera batzuei dagokienez, inolako obra edo instalaziorik behar ez dutenak, eta legeekin eta erregelamenduekin edo Kostaldeei buruzko Legearen arabera onetsitako arauekin bat etorriz egiten direnak.
Intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-inguruabar bereziak dituzten erabileren eta obrak nahiz instalakuntzak gauzatzea dakarten erabileren oinarri bakarra izango da erreserba, atxikipena, baimena eta emakida, Kostaldeei buruzko Legean, beste lege berezi batzuetan, hala denean, eta kasuan kasuko arau orokor nahiz berezietan ezarritakoaren arabera; ezin izango da inolako eskubiderik alegatu usukapioaren ondorioz, igarotako denbora dena delakoa izanda ere.
60. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzea ahalbidetuko da soil-soilik izaeraren arabera beste kokalekurik eduki ezin duten jarduera eta instalazioak gauzatzeko.
Aurreko paragrafoak aipatu jarduera edo instalazioak dira:
a) Gauzatzen duten eginkizunarengatik edo ematen duten zerbitzuarengatik itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu behar dutenak.
b) Zerbitzu publikokoak edo jendaurrekoak, jabari horren mugakide diren lurretan kokatu ezin direnak, halakoak kokatu beharreko kostalde-zatiaren egitura fisikoarengatik.
Nolanahi ere, okupazioa ahalik txikiena izan beharko da.
61. artikulua
1. paragrafoaren ondoreetarako, eta okupazioa ahalbidetzen duen titulua eta titulu hori ematen duen Administrazioa edozein dela, erabat baztertuta izango dira Kostaldeei buruzko Legearen 25.1 artikuluan eta erregelamendu honetako 45.1 artikuluan aipatutako erabilerak, b) idatz-zatikoak izan ezik, Ministroen Kontseiluak aldez aurretik horiek herri-onurakoak direla adierazi duenean, eta behar bezala baimendutako beteguneetan erabilgarri diren obra-hondakinen isurketa.
Aurreko paragrafoan aipatutakoa aplikatuko zaie itsas-lehorreko jabari publikoko ondasun guztiei eta horren erabilera-araubide guztiei, baita erreserbei, atxikipenei, emakidei eta baimenei ere, Administrazio eskuduna edozein dela.
62. artikulua
Jabari publikoa okupatzea ahalbidetzen duen administrazio-titulua eman aurretik, bermatu beharko da ur zikinak ezabatzeko sistema, indarreko xedapenekin bat etorriz.
Gerogarrenean, betebehar hori gauzatzen ez bada, administrazio-titulua iraungi dela adieraziko da, eta instalazioak jaso beharko dira, hala denean, ezarri ahal izango den zehapena gorabehera.
63. artikulua
Ontziralekuak, arrapalak edo merkataritza-ustiapeneko araubidean dauden bidaiarien trafikoko linea erregularreko itsasontziek erabiltzeko beste atrakaleku-mota batzuk aldi baterako nahiz modu iraunkorrean ezin izango dira kokatu portuetako zerbitzu-guneetatik kanpo.
Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, aurreko paragrafoko instalazioak portuko zerbitzu-gunetik kanpo kokatu behar direnean, obrak hasi aurretik onetsita izan beharko da portuko zerbitzu-gunearen hedapena, horrek bere baitara bil dezan ukitutako itsas-lehorreko jabari publikoa.
Instalazio horiek kokatuko dira, ahal dela, hondartzetatik kanpo eta ingurua babesteko baldintzetan dituzten ondoreak aurretiaz ebaluatuta.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emango du atrakatze-, ontziratze- edo lehorreratze-puntuen edo kostaldera hurreratzeko puntuen kokapenerako baimena, halakoak direnean kostaldean zehar portuetako zerbitzu-gunetik at egiten diren itsas ibilaldi turistikoetarako itsasontzientzako; baimen hori emango da Merkataritzako Marinaren gaian Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioan eskuduna den organoak eman beharreko baimenaren aurretik.
2. ATALA Hondartzen erabilerari buruzko araubidea
64. artikulua
Hondartzek ez dute erabilera pribaturik izango, Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan demanio-erreserbaren inguruan ezarritakoari kalterik egin gabe.
Hondartzetan ahalbidetzen diren instalazioek aurreko artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, eta jendea askatasunez sartu ahal izango da horietara, salbu eta beste erabilera-modalitate batzuk baimentzen direnean, polizia, ekonomia eta interes publikoko beste arrazoi batzuengatik, behar bezala justifikatutakoak izan beharko direnak.
Hondartza-zerbitzuko eraikinak kokatuko dira, batez ere, hondartzetatik kanpo, erregelamendu bidez ezarriko diren dimentsio eta distantziak aintzat hartuta.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren ustez aurreko paragrafoko zerbitzu-eraikinak ezin direnean kokatu hondartzatik kanpo, itsas pasealekuetan edo mugakide diren lurretan, hondartzaren barruko mugari atxikita kokatu ahal izango dira.
65. artikulua
1. Jabari publikoa okupatzeko emakida eta baimenek, halakoek oinarri dutenean hondartzako zerbitzurako janariak edo edariak saltzeko makinak ezartzea, izaera orokorrarekin aplikagarri diren xedapenak eta beraien jarduera arautzeko xedapen bezeriak betetzeaz gain, bat egin beharko dute hurrengo irizpideekin, dimentsioei eta distantziei dagokienez:
a) Instalazio finkoek, behar bezala justifikatutako salbuespen-kasuetan izan ezik, 150 metro koadro okupatuko dituzte gehienez, horietarik 100, gehienez, itxiak izango direla, eta instalazio horiek antzeko beste batzuei begira, gutxienez, 200 metroko tartea utziz kokatuko dira, halakoak itsas-lehorreko jabari publikoan kokatu nahiz babes-zortasuneko gunean izan.
b) Instalazio desmuntagarriek 20 metro koadro okupatuko dituzte gehienez, eta instalazio horiek beste edozein instalazio finko edo desmuntagarriri begira, gutxienez, 100 metroko tartea utziz kokatuko dira.
Instalazio horien zerbitzurako hoditeria guztiak lurpekoak izan beharko dira.
Saneamendu-sistemak bermatuko du ur zikinak eragingarritasunez ezabatzea, bai eta usain txarrik ez izatea ere.
Xede horrekin, instalazioak saneamendu orokorreko sarearekin konektatu beharko dira, halakorik balego; edozein kasutan debekatuta daude drainatze- edo irenspen-sistemak, halakoek eragina izan dezaketenean hondartzetako harean edo bainurako uren kalitatean.
66. artikulua
Hondartzetan ez da onartuko kostarekin paraleloak diren goi-tentsioko lineak hedatzea, salbu eta behar bezala justifikatutako ezintasun materiala dagoenean.
67. artikulua
Edozein motatako instalazioek, sasoiko zerbitzuetakoek barne, hondartza okupatzen dutenean, okupazio horrek ezin izango du gainditu, osotasunean, hondartzak itsasgoran duen azaleraren erdia.
Instalazio horien banaketa ezarriko du itsasertza antolatzeko eskumena duen autonomia-erkidegoko Administrazioak edo, halakorik izan ezean, modu homogeneoan egingo da hondartzan zehar.
68. artikulua
Debekatuta daude ibilgailuen aparkalekua eta baimendu gabeko joan-etorria, bai eta kanpamentuak eta kanpaldiak ere.
Debeku horiek itsas-lehorreko jabari publiko osoan aplikatuko dira, ibilgailuen aparkalekuari eta joan-etorriari buruzko debekua izan ezik, horrek hondartzei begira bakarrik izango baitu eragina.
Kanpalditzat ulertuko da kanpadendak edo bizitzeko moduko ibilgailu nahiz atoiak instalatzea.
Kanpamentutzat ulertuko da antolatutako kanpaldia, indarreko arautegiak ezarritako zerbitzuak dituena.
Artikulu honetan ezarritako debekuak urratzen dituztenek berehala utzi beharko dute, Administrazioko agenteek hitzez egindako agindeiaren ondorioz, okupatutako jabari publikoa, espediente zehatzailea instruitzea gorabehera, hori bidezkoa denean.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Gobernuaren Ordezkariari edo Gobernadore Zibilari eskatu ahal izango dio indar publikoaren elkarlana hori beharrezkoa denean.
69. artikulua
Behar bezala balizatutako bainu-guneetan debekatuta egongo da kirol- eta jolas-nabigazioa, eta belaz nahiz motorrez mugitzen den itsasontzietarik edo tresna flotatzaileetarik edozein erabiltzea.
Itsasontziak uretara jaurti edo lehorreratu beharko dira behar bezala seinaleztatutako kanalen bidez.
Bainu-gune gisa balizatuta ez dauden kostalde-zatietan ulertuko da horrek okupatzen duela kostaldearen ondoko 200 metro zabalerako itsasertza, hondartzei dagokienez, eta kostaldearen ondoko 50 metro zabalerako itsasertza, gainerako lekuei dagokienez.
Gune horien barruan ezin izango da nabigatu hiru korapilotik gorako abiaduran; beharrezko arreta izan beharko da, giza segurtasunari arriskuak eragitea saihesteko.
Debekatuta dago itsasontzietatik edozein isurketa-mota egitea.
70. artikulua
Edozein motatako instalazioek, sasoiko zerbitzuetarakoek barne, hondartza okupatzen dutenean, okupazio horrek kontuan hartu beharko ditu, aurreko artikuluetan aipatutakoaz gain, hurrengo zehaztasunak:
a) Etengabe aske utziko da, gutxienez, sei metroko gunea, itsasgorako urertzetik.
b) Okupaziorik gabeko zatien luze-zabalerak izan beharko dira, gutxienez, ustiatzeko ezarritako zatien baliokideak; azken horiek ezin izango dute gainditu 100 metro, salbu eta hondartzaren egiturak bestelako egitura eskatzen duenean.
c) Uretara jaurtitzeko eta lehorreratzeko guneak kokatuko dira, ahal dela, hondartzaren hegaletan edo beste gune batzuetan, non 59.1 artikuluko erabilera erkideekin bat egiteko aukera murrizten den, eta ibilgailuentzako sarbideekin eta balizatutako kanalekin konektatuta.
3. ATALA Arauak
71. artikulua (Konstituzio Auzitegiaren 198/1991 Epaiak deuseza dela adierazi du)
Estatuko Administrazioak, autonomia-erkidegoen edo udalen eskumenei kalterik egin gabe, arau orokorrak eta bereziak emango ditu, kostaldeko zati jakin batzuei begira, itsas-lehorreko jabari publikoaren babesari eta erabilerari dagokienez, Kostaldeei buruzko Legean ezarritakoa kontuan hartuz.
Arau horiek jarraibideak jasoko dituzte, hurrengo gaien inguruan:
a) Jabari publikoa defendatzeko, lehengoratzeko, berreskuratzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko jarduerak gauzatzea.
b) Lehentasunak ezartzea, erabilera-eskariei erantzuteko orduan, egindako eskariei nahiz egin daitezkeenei begira, bereziki, hondartzetako sasoiko zerbitzuen, isurketen, eta itsasertzean nahiz Kostaldeei buruzko Legearen 4 eta 5. artikuluen ondorioz jabari publikoko gisa kalifikatutako lurretan agregakinak ateratzearen eretzean.
c) Jabari publikoan azpiegiturak eta instalazioak kokatzea, ur zikinak eta itsas isurketak ezabatzekoak barne.
d) Emakidak eta baimenak ematea.
e) Hondartzen erabilerari, bainutokietako giza segurtasunari eta hondartzak eta horien instalazioak erabiltzeko gainerako baldintza orokorrei buruzko araubidea ezartzea.
f) Lurrak eskuratzea, lotzea eta jaregitea.
Arau bereziek erreferentzia egin beharko diote, gutxienez, itsasertzeko dinamikaren edo lurraren inguruko unitate fisiografiko edo morfologikoari, edo, hala denean, mugakide den udalerri bati edo mugakide diren udalerri batzuei osotasunean.
72. artikulua (Konstituzio Auzitegiaren 198/1991 Epaiak deuseza dela adierazi du)
Arauek giza segurtasunaren eta pertsonen osasunaren araubidea jasotzen dutenean bainutokiei begira, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak gai horretako organo eskudunak eman beharreko txostenaren mende utziko ditu halakoak.
73. artikulua (Konstituzio Auzitegiaren 198/1991 Epaiak deuseza dela adierazi du)
Arau berezien gainean kasuan kasuko autonomia-erkidegoak eta udalak txostena egin beharko dute, arauok onetsi aurretik.
74. artikulua (Konstituzio Auzitegiaren 198/1991 Epaiak deuseza dela adierazi du)
72 eta 73. artikuluek aipatu txostenak urtebeteko epean emango dira; epe hori igarotzen bada txostenik eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
Agiri edo informazio osagarria eskatzen denean epe horren zenbaketa geldiaraziko da.
4. ATALA Beste printzipio erkide batzuk
75. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko eskabideak, modu nabarian doazenean indarreko legerian xedatutakoaren aurka, ukatu eta artxibatuko dira bi hilabeteko epean, eskatzaileari aldez aurretik entzuteko izapidea gauzatu ondoren.
Ongitzeko moduko gabeziak izanez gero, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritakoaren arabera jardungo da.
76. artikulua
Administrazio eskudunak antzemandako gabeziak komunikatuko dizkie eskatzaileei, horiek alegazioak egin ditzaten edo gabeziak ongi ditzaten hamar eguneko epean; bestelakoan, eskabideak ukatu eta artxibatuko ditu, ebazpena interesdunei bidaliz.
Estatuko Administrazioa denean eskuduna, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari dagokio, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoen bidez, aurreko paragrafoan jasotako ahalmenen egikaritza.
77. artikulua (Konstituzio Auzitegiaren 198/1991 Epaiak deuseza dela adierazi du)
Administrazioak ez du betebeharrik, itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko tituluak emateko, halakoak eskatzen direnean onetsitako plan edo arauetako zehaztasunen arabera; titulu horiek ukatu ahal izango dira aukera-arrazoien edo interes publikoko beste arrazoi batzuen ondorioz, behar besteko zioen bidez azalduta.
78. artikulua
Jabari publikoaren edo pribatuaren gainean kalte-galerak eragin ditzaketen erabilerei dagokienez, Estatuko Administrazioak ahalmena izango du, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, eskatzaileari galdatzeko behar den beste azterketa eta berme ekonomiko aurkeztea, kalte-galera horiek prebenitzeko, lotutako ondasunak berrezartzeko eta kasuan kasuko kalte-ordainak emateko.
Aurreko paragrafoan aipatu berme ekonomikoak ezartzeko hurrengoa hartuko da kontuan:
a) Zehaztuko ditu Estatuko Administrazioan titulua emateko eskumena duen organoak, aurkeztutako azterketekin ados datorrela adierazi ondoren; azterketa horiek neurri zuzentzaile egokiak jaso beharko dituzte, kalteak prebenitzeko eta ondasunak berrezartzeko.
b) Indarreko arautegiek onartutako sistemetarik edozein erabilita gauzatu ahal izango dira, ezeztaezinak izango dira, modu automatikoan betearaziko dira eta mugaeguneratzearen epera arte luzatuko dira.
Nahitaezko betearazpenerako, hala denean, erregelamendu honetako V. tituluko 3. kapituluaren 2. atalean xedatutakoa hartuko da kontuan.
c) Jabari pribatuaren gainean izan dezaketen eragina eta kasuan kasuko kalte-ordainak Administrazioak zehaztuko ditu, ofizioz edo ustez kalteduna izan daitekeenak hala eskatuta, behar bezala justifikatuta, horrek egikari ditzakeen akzio judizialei kalterik egin gabe.
79. artikulua
Jabari publikoaren okupazioak ez du inoiz horren lagapenik ekarriko, eta jabari publikoaren erabilera gauzatu arren, ez da ulertuko Estatuko Administrazioaren demanio-ahalmenak laga direnik, ezta horrek edozein motatako erantzukizunik hartu duenik ere, okupaziorako eskubidearen titularraren edo gainerakoei begira.
Aipatu titularrak izango du erantzukizuna, obrak eta jarduerek jabari publikoari edo pribatuari eragin diezazkioketen kalte-galerengatik, salbu eta kalte-galerok Administrazioak titularrari ezarritako klausula batengatik gauzatu direnean, eta klausula hori titularrak nahitaez bete beharrekoa denean.
Estatuko Administrazioak une oro izango ditu babes- eta polizia-ahalmenak lotutako jabari publikoaren gainean; okupazioaren edo jardueraren titularrak betebeharra izango du, Estatuko Administrazioa informatzeko, ondasun horien inguruan sortzen diren gorabeherei buruz, eta hark emandako jarraibideak betetzeko.
Administrazio eskudunaren esku izango da, eguneratuta, itsas-lehorreko jabari publikoko erabileren Erregistroa; erregistro horretan ofizioz inskribatuko dira, 80. artikuluan ezarritako forman, erreserbak, atxikipenak eta emakidak, bai eta isurketa kutsagarriak egiteko baimenak ere, urtero berrikusiz hizpatutako baldintzen betetze-maila eta eragindako ondoreak.
Erregistro horiek izaera publikoa izango dute; edukiaren gaineko kasuan kasuko ziurtagiriak eskatu ahal izango dira, ziurtagiri horiek izanik kasuan kasuko administrazio-tituluaren eta horren egoeraren froga-bide.
Titulartasunari eta ezaugarriei dagokienez gauza daitezkeen aldaketak ere kasuan kasuko idazkunean jaso beharko dira.
80. artikulua
Estatuko Administrazioak baimendu beharreko erabileren kasuan, Erregistroa osatuko dute behar bezala zenbatuta dauden eta kautoak diren fitxek, eta hori tratamendu informatikoko datu-banku batengatik ordeztu ahal izango da.
Administrazio eskudunak horren edukiaren gaineko jarraipenak eman ahal izango ditu.
Aurreko paragrafoaren ondoreetarako, arestian aipatu erabilera bakoitzaren araberako fitxak egingo dira; fitxa horiek, gutxienez, hurrengo datuak jasoko dituzte:
Probintzia, udalerria, kokalekua, destinoa, titularra, emandako azalera, epea, kanona eta, hala denean, titulartasun- eta ezaugarri-aldarazpenak, luzapenak eta arau-hausteen ondoriozko zehapen irmoak.
Erabileren Erregistroaren edukiari buruzko ziurtagiriak Administrazio eskudunari eskatuko zaizkio.
Erregistroaren ardura izango du Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak eta erregistro horren edukiari buruzko ziurtagiriak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari eskatuko zaizkio.
Ondore horietarako, zerbitzu horren esku izango da Erregistroaren bikoiztua, bere lurralde-mugabarruan kokatutako tituluentzako; horren ordez, informatika-konexioa egin ahal izango da, 1. paragrafoan aipatu datu-bankuarekin.
81. artikulua
Debekatuta dago kartelen eta hesien bidez edo baliabide akustikoak nahiz ikus-entzunezko baliabideak erabilita egiten den publizitatea.
Halaber, debekatuta egongo da, erabilitako hedatze-bidea edozein dela, itsas-lehorreko jabari publikoan gauzatutako jarduerak iragartzea, jarduerok ez dutenean kasuan kasuko administrazio-titulua edo, izanda ere, horren baldintzekin bat egiten ez dutenean.
Aurreko paragrafoetan ezarritako debekua aplikagarria da kokalekua edo hedatze-bidea edozein izanda ere, baita airetik zehar egindako publizitateari dagokionez ere.
Ez dira publizitatetzat hartuko establezimenduen informazio-kartelak, baldin eta bere fatxadan kokatzen badira eta ikus eremua murrizten ez badute.
82. artikulua
Elektrizitatea, ura, gasa eta telefonia hornitzeko enpresek euren zerbitzuak kontratatu nahi dituztenei eskatuko diete Kostaldeei buruzko Legearen arabera behar den administrazio-titulua, hondartzetan, itsas-lehorreko gunean edo itsasoan obrak edo instalazioak gauzatzeko.
Enpresa hornitzaileek kasuan kasuko emakidaren edo baimenaren kopia gordeko dute, Administrazio eskudunak eskatzen dienean erakusteko.
83. artikulua
Kostaldeei buruzko Legeak ezarritakoarekin bat etorriz, aldez aurretik baimendu gabeko erabilerak V. tituluan jasotakoaren arabera zehatuko dira, erabilera horiek legeztatzea gorabehera, ahal denean eta komenigarritzat jotzen denean; azken kasu horretan, Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan ezarritako prozedurari eta irizpideei jarraituko zaie, kasuan kasuko titulua emateko.
84. artikulua
Ekaitza, arrisku larria, hondamendi nahiz lazeria publikoa edo beste edozein beharrizan-egoera, larrialdi edo inguruabar anomalo nahiz salbuespenekoa dagoenean, Administrazio eskudunak berehala, eta aurretiazko izapiderik eta kalte-ordainik gabe, erabili ahal izango ditu okupatutako jabari publikoa eta emandako edo baimendutako obra nahiz instalazioak, hori egokitzat jotzen badu ukitutako ondasunen eta pertsonen babesari eta segurtasunari dagokienez.
Kasuan kasuko kalte-ordainei begira, kontuan hartuko da Jabetza Nahitaez Kentzeari buruzko Legeak xedatutakoa.
Administrazio eskudunak jabaria aldi baterako itxi ahal izango dio erabilera publikoari, inguruabarrek hala eskatzen dutenean, erabiltzaileen segurtasunari edo osasunari arriskuak saihesteko, edo anomaloak nahiz salbuespenekoak diren beste egoera batzuetan; itxiera horrek ezin izango du inolako kalte-ordainik eratorri.
II. KAPITULUA Proiektuak eta obrak
85. artikulua
Administrazio eskudunak itsas-lehorreko jabari publikoaren okupazioari edo erabilerari buruzko ebazpena eman dezan, kasuan kasuko oinarrizko proiektua aurkeztuko da; proiektu horretan finkatuko dira instalazioen eta obren ezaugarriak, itsas-lehorreko jabari publikoan okupatu edo erabili nahi den gunearen hedadura eta 88. artikuluan ezarritako gainerako zehaztasunak. Gerogarrenean, eta obrei ekin aurretik, eraikuntza-proiektua azalduko da; nolanahi ere, eskatzaileak bere eskabidearekin batera proiektu hori aurkeztu ahal izango du, eta ez oinarrizkoa.
Gainera, proiektatutako jarduerek itsas-lehorreko jabari publikoa modu garrantzitsuan alda dezaketenean, jarduera horiek jabarian izan ditzaketen ondoreak ebaluatu beharko dira aurretiaz, hurrengo paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
Ebaluazioak bere baitan hartuko du itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean proiektatutako jarduerek duten eraginaren azterketa, aintzat hartuz horiek betearazi nahiz ustiatu bitarteko denbora; hala denean, beharrezko neurri zuzentzaileak ere kontuan hartu beharko dira.
86. artikulua
Proiektua nahitaez jarriko da jendaurrean, non ez diren nazio-defentsarekin zerikusia duten baimenak nahiz jarduerak edo segurtasun-arrazoien ondorio.
87. artikulua
Administrazioa erabiltzailea ez denean, aurkeztuko dira ekonomia- eta finantza-azterketa, horren edukia 89. artikuluan zehaztutakoa izango dela, eta itsas-lehorreko jabari publikoan kokatutako obren aurrekontu zenbatetsia.
88. artikulua
Oinarrizko proiektuak, teknikari eskudunak izenpetuta egon beharko denak, hurrengo agiriak jasoko ditu:
a) Justifikazio- eta deskripzio-oroitidazkia, hala denean, eranskinekin. Oroitidazki horrek jaso beharko du 96. artikuluak aipatu adierazpena, bai eta 85. artikuluan aipatutako zehaztasunak eta beste datu garrantzitsu batzuk ere, hala nola, proiektuaren oinarrizko irizpideak, lanak betearazteko programa eta, hala denean, ur zikinak ebakuatzeko sistema.
b) Planoak:
Egoerari buruzkoa, behar bezalako eskalan; kokapenekoa, mugaketa eta okupatu beharreko gunea agertuz, 1/5.000 baino eskala handiagoan, inguruko hirigintza-sailkapen eta -erabilerekin; une horretako egoeraren araberako topografikoa, 1/1.000 baino eskala handiagoan; oinplano orokorrekoa, non agertuko diren proiektatutako instalazioak eta obrak, bere baitara bilduz mugaketa eta itsas-lehorreko jabari publikoan okupatu edo erabili beharreko azalera, urertzeko lerroak, igarobide-zortasuneko guneak, babesa eta sarbideak eta, bidezkoa denean, lotutako guneak berrezartzea eta itsas-lehorreko jabari publikora bildu beharreko lurrak; altxaera eta sekzio esanguratsuetakoa, definiziorako beharrezkoak direnean, obren eta instalazioen geometriarekin.
c) Gunearen argazki-informazioa.
d) Aurrekontua, obra-unitate eta esleipen garrantzitsuenen balioespenarekin.
89. artikulua
Administrazioaren zuzeneko kudeaketa ezarri ez bada, 87. artikuluak aipatu ekonomia- eta finantza-azterketak gauzatuko du ustiapenaren ustezko bilakaera, amortizazio-epearen inguruko alternatiba desberdinak aintzat hartuz, erregelamendu honetako xedapenekin bat etorriz, eta jasoko du:
a) Zenbatetsitako sarrerak, jendeak ordaindu beharreko tarifak zehaztuz eta, hala denean, horiek eratzeko osagaiak bananduta, bihar etziko berrikuspenen oinarri izateko.
b) Gastuak, horien barne direla proiektu eta obrena eta ordaindu beharreko kanon eta tributuena, bai eta kontserbatzearen, kontsumo energetikoen, langileen eta ustiapenerako beharrezkoak diren beste batzuen ondoriozkoak ere.
Halaber, gastuen artean izango dira, ezarri beharreko neurri zuzentzaileen kostuak, bai eta neurri horien eragingarritasuna egiaztatzeko jarraipen-planak eratorritako gastuak ere, halakoak daudenean.
c) Errentagarritasun garbiaren ebaluazioa, zergen aurretik.
90. artikulua
Obrak betearaziko dira kasu bakoitzean onesten den eraikuntza-proiektuarekin bat etorriz; eraikuntza-proiektuak oinarrizko proiektua osatuko du.
Obren zuzendaritza teknikari eskudunak gauzatuko du.
91. artikulua
Proiektuak aurkeztuko dira, hala denean, garatzen duten plangintzarekin bat etorriz, eta, obra-motaren nahiz obrak duen kokalekuaren arabera, Administrazio eskudunak onetsitako arau orokor, berezi eta teknikoak aintzat hartuta,
Proiektuek aurreikusi beharko dute, obrak euren kokalekuko inguruari egokitzen zaiela, eta, hala denean, obrak kostaldean duen eragina eta kostaldeak atzera egiteko orduan izan ditzakeen ondoreak.
Proiektuak, itsasoan edo itsas-lehorreko gunean jarduerak gauzatuko direla aurreikusten duenean, oinarrizko azterketa jaso beharko du, itsasertzaren dinamikari dagokionez, kasuan kasuko unitate fisiografikoa kontuan hartuz, eta aurreikusitako jardueren ondoreei dagokienez.
Hondartzak sortu eta lehengoratu ahal izateko, lehendabizi kontuan hartu beharko da lur mugakideetan jarduerarik gauzatu behar den, itsasoak ekarritako agregakinentzako hesiak ezabatu edo gutxitzen diren, agregakinak modu artifizialean ekarri behar diren, itsasoaren azpian obrak egin behar diren eta natura-inguruari ahalik kalterik gutxiena eragiteko beste edozein jarduera gauzatzea posible den.
92. artikulua
91.3 artikuluak itsasertzaren dinamikari dagokionez aipatu oinarrizko azterketa Oroitidazkiarekin batera aurkeztuko da, eranskin gisa, eta azterketa horrek hurrengo inguruabarrak jasoko ditu:
a) Itsasertzaren garraio-gaitasunaren azterketa.
b) Sedimentu-balantzea eta kosta-lerroaren bilakaera, aurretiazkoa nahiz aurreikusteko modukoa.
c) Itsas klima, horretara bilduz norabidearen nahiz eskalaren araberako olatualdien eta ekaitzen estatistikak.
d) Batimetria hondoan aldarazi gabe irauten duten guneetaraino, eta ukitutako kostalde-zatiaren oreka-forma, oinplanoan eta profilean.
e) Hondoen izaera geologikoa.
f) Itsasazpiko biosferaren baldintzak.
g) Agregakinen baliabide erabilgarriak eta harrobiak eta horien egokitasuna, dragatzeen edo harea batetik bestera eramatearen inguruko aurreikuspena.
h) Aurreikusitako jardueren jarraipen-plana.
i) Hala denean, obrek duten eragina murrizteko proposamena eta ezar daitezkeen neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-izaerakoak.
93. artikulua
Proiektatutako jardueren ondorioz, aurretiaz hondartzak duen azalera modu garrantzitsuan txikitzen denean, egoera hori, hala denean, konpentsatu beharko da baliokidea den beste batekin, gunean sortu edo lehengoratu beharko dena; dena den, konpentsazio hori ez da behar besteko baldintza, hala denean, titulua eman dadin.
94. artikulua
Itsas pasealekuak itsasertzetik kanpo kokatuko dira, eta, ahal dela, oinezkoentzat bakarrik izango dira.
Itsasertzean dauden itsas pasealekuen ezaugarriak aldarazten badira, horietan ez dira onartuko ibilgailuentzako bideak, salbu eta inguruetan beste bide alternatibo batzuk kokatzeko aukerarik ez dagoenean.
95. artikulua
Ur zikinak tratatzeko instalazioak kokatuko dira itsasertzetik eta babes-zortasuneko gunearen lehenengo 20 metroetatik kanpo.
Itsasertzean eta horren mugakide diren lurren lehenengo 20 metroetan ez da baimenduko kostaldearekiko paraleloak diren kolektoreak.
Aurreko paragrafoko debeku-kasuen artean ez da kontuan hartuko aurretiaz dauden kolektoreen konponketa, ezta kolektoreen eraikuntza ere, kolektore horiek biltzen direnean itsas pasealekuetara edo beste hiribide batzuetara.
96. artikulua
1. Proiektuek esanbidez adierazi behar dute, Kostaldeei buruzko Legeko eta lege hau garatu nahiz aplikatzeko ematen diren arau orokor eta berezietako xedapenak betetzen dituztela.
2. Autoreek erantzukizuna izango dute jaso diren datu tekniko eta hirigintza-datuen zehaztasunaren eta egiazkotasunaren inguruan.
97. artikulua
Estatuko Administrazioaren proiektuen izapidetza artikulu honetan xedatutakoaren arabera egingo da, eta, hala denean, proiektu horiek jendaurrean jarriko dira eta zehaztuko diren sail eta erakundeen txostena beharko dute.
Izapide horretan aurkeztutako alegazioen ondorioz, proiektuan funtsezko aldarazpenak egiten badira, berriro irekiko da proiektua jendaurrean jartzeko epealdia.
Artikulu honetan Estatuko Administrazioak egin beharreko proiektuen inguruan ezarritakoa aplikatuko zaie Kostaldeei buruzko Legearen 111. artikuluaren eta erregelamendu honetako 204. artikuluko interes orokorreko obren proiektuei ere.
Proiektuek jaso beharko dituzte estatuko kontratuei buruzko legerian aipatu agiriak.
Lehen ezarrerako obren, eraberritze-obren edo konponketa handiko obren inguruko proiektuen izapideak bere baitara bilduko ditu:
a) Hala denean, jendaurreko informazioaren fasea, hogei eguneko epearekin.
b) Autonomia-erkidegoaren txostena.
c) Obrak zein udalerritan kokatu eta udalerri horretako udalaren txostena.
d) Nabigazioaren gaian Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioko organo eskudunaren txostena, itsasoan egin beharreko obren kasuan, halakoek arriskua sor dezaketenean itsas segurtasunari begira.
e) Kostaldeen gaian Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko organo eskudunaren txostena, beste organo edo ministerio-sail batzuen proiektuen kasuan.
Txostenak bildu ahal izango dira jendaurreko informaziorako epean zehar, hilabeteko epean eman beharko direla; epe hori igarotzen bada halakorik eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
Aurreko izapidetzatik baztertuko dira Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko proiektuak, garrantzi gutxikoak direnean, edo konponketa txikiko obrei edo kontserbazio-obrei nahiz mantentzeko obrei buruzkoak direnean.
98. artikulua
Proiektu horiek onesteak berarekin ekarriko du, hala denean, jabetza kendu behar zaien ondasunak eta eskubideak okupatu beharra.
Ondore horretarako, proiektuan jaso beharko dira, modu zehaztuan eta banan-banan, ukitutako ondasun eta eskubideak, horien deskripzio materialarekin.
Aurreko paragrafoko ondoreetarako, proiektuak bere baitara bildu beharko du jabetza kentzeei buruzko eranskina; eranskin horrek paragrafo horretan zehaztutakoaz gain hurrengo datuak ere jasoko ditu:
a) Partzela-planoa, banakako finkekin eta ukitutako titularrekin, itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa-lerroa jaso beharko dela.
b) Ukitutako ondasun eta eskubideen balorazio ekonomikoa, horrekin batera ekarri beharko dela, bidezkoa denean, horien Katastroko balioaren ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Ministerioko organo eskudunak emandakoa.
99. artikulua
Proiektuaren zuinketari eta gerogarrenean onets daitezkeen obra-aldarazpenei dagokienez, horietara bildutako ondasun eta eskubideak okupatu beharko dira aurreko artikuluetan aipatu betekizun berberekin.
100. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoaren osotasuna eta horri buruzko babes-neurrien eragingarritasuna bermatzeko helburuarekin, Estatuko Administrazioak onetsi ahal izango ditu obren eta bere eskumeneko beste jarduera batzuen planak.
III. KAPITULUA Erreserbak eta atxikipenak
1. ATALA Erreserbak
101. artikulua
Estatuko Administrazioak itsas-lehorreko jabari publikoko ondasun batzuen gaineko erabilera erreserbatu ahal izango du, oso-osoan edo zati batean, bere eskumeneko helburuetarako bakarrik, betiere, Kostaldeei buruzko Legearen 32. artikuluan eta erregelamendu honetako 60 eta 61. artikuluetan ezarritako inguruabarrak badaude.
Erreserba egin ahal izango da azterketak eta ikerketak gauzatzeko, edo obrak, instalazioak nahiz zerbitzuak gauzatzeko.
Erreserba horrek iraungo du aurreko paragrafoak aipatu helburuak betetzeko behar den beste denbora.
Erreserba-gunearen adierazpena Ministroen Kontseiluak adostutakoaren arabera egingo da.
Erreserba horrek lehentasuna izango du beste edozein erabilerari begira, eta berezko ondorio izango du herri-onuraren adierazpena eta okupatu beharra, aldez aurretik zeuden eskubideen jabetza kentzeari dagokionez, eskubide horiek bateraezinak direnean erreserbarekin.
Erreserba-eskabidearekin batera ekarri beharko da obren eta instalazioen proiektua edo, halakorik ez balego, lotutako gunean gauzatuko diren erabilera edo jardueren definizioa.
Erreserba-gunearen adierazpenaren gainean txostena eman beharko dute autonomia-erkidegoak eta, Kostaldeei buruzko Legearen 115.b) artikuluan eta erregelamendu honetako 208.b) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, udalek.
Era berean, adierazpen horrek nahitaez beharko du Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren txostena, adierazpen hori beste ministerio-sail baten mesedetan egiten denean.
Txosten horiek hilabeteko epean eman beharko dira; epe hori igarotzen bada txostenik eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
Erreserba zein ministerio-sailen mesedetan egin eta ministerio-sail horrek bidaliko dio proposamena Ministroen Kontseiluari.
Behin erreserba adierazita, akta eta planoa izenpetuko dituzte ukitutako ministerio-saileko eta Herri Lan eta Hirigintzako ordezkariek.
Erreserba-adierazpenaren oinarri diren obra eta instalazioak, edo erabilera nahiz jarduerak ezin izango dira aldarazi erreserbak iraun bitartean.
Halakoak aldarazteko izapidetza izango da hasierako eskabideari begira egindako izapidetza bera.
102. artikulua
Erreserba guneen erabilera edo ustiapena gauzatu ahal izango da artikulu honetako 3. paragrafoan ezarri diren kudeaketa-modalitateetarik edozein baliatuta, zuzenekoak nahiz zeharkakoak.
Erreserba-gunearen adierazpena justifikatu zuten erabilera edo jarduerak kontuan hartu eta erreserbaren babesean ezin izango dira gauzatu bestelako erabilera eta jarduerak.
1. paragrafoaren ondoreetarako hurrengoak izango dira zeharkako kudeaketa-modalitateak:
a) Partzuergoa beste pertsona juridiko batzuekin, halakoak publikoak nahiz pribatuak izan daitezkeela.
b) Emakida.
c) Kudeaketa interesduna.
d) Ituna.
e) Ekonomia mistoko sozietatea.
f) Lege bidez ezarritako beste edozein modalitate.
2. ATALA Atxikipenak
103. artikulua
Estatuko Administrazioak atxikiko die autonomia-erkidegoei itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak, euren titulartasuneko portuak eta garraiobideak eraikitzeko, edo aldez aurretik daudenak hedatu edo aldarazteko.
Jabari publikotik atxikitako zatiak kalifikazio juridiko horri eutsiko dio, eta autonomia-erkidegoaren ardura izango da hori erabili eta kudeatzea, dagokion helburuarekin eta bidezko diren xedapenak kontuan hartuta.
Edozein kasutan, atxikitako ondasunen gainean emandako emakiden epea gehienez ere hogeita hamar urtekoa izango da.
Atxikipena mugatuko da portuko zerbitzu-guneak edo garraiobideak itsas-lehorreko jabari publikoan okupatutako azalerara.
104. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, autonomia-erkidegoetako proiektuek Estatuko Administrazioaren aldeko txostena izan beharko dute, estatuko jabari publikotik atxiki daitekeen zatia, horren gainean aurreikusten diren erabilerak eta jabari publikoa babesteko beharrezko neurriak zehazteari dagokionez; betekizun hori gauzatzen ez bada, ezin izango da ulertu proiektuak behin betiko onetsi direnik.
Proiektuak behin betiko onesten direnean, obrak jabari publikoko zein zatitan kokatu eta zati horren atxikipena gauzatuko da, eta, hala denean, portuko zerbitzu-gune berria zehaztuko da.
Atxikipena gauzatuko da bi Administrazioetako ordezkariek sinatutako aktaren bidez.
Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak autonomia-erkidegoei atxikitzen zaizkienean, halakoek ez dute sortuko kanonik Estatuko Administrazioaren mesedetan.
Atxikitako itsas-lehorreko jabari publikoan autonomia-erkidegoek emakidak edo baimenak ematen dituztenean, orduan kasuan kasuko okupazio-kanona sortuko da Estatuko Administrazioaren mesedetan, haiek galda ditzaketenei kalterik egin gabe.
105. artikulua
Atxikipena hurrengo prozeduraren bidez gauzatuko da:
a) Autonomia-erkidego interesdunak proiektua bidaliko dio Herri Lan eta Garraio Ministerioari, horrek txostena egin dezan, proiektua behin betiko onetsi aurretik.
Txostena bi hilabeteko epean eman beharko da, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak beharrezko agiriak dituen unetik aurrera zenbatzen hasita.
b) Autonomia-erkidegoak proiektua behin betiko onesten duenean, autonomia-erkidego horrek Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari jakinaraziko dio ebazpen hori; ondoren, atxikipenaren akta eta planoa izenpetuko dute bi Administrazioetako ordezkariek.
c) Obrak ezin izango dira hasi atxikipena gauzatu arte.
106. artikulua
Autonomia-erkidegoen eskumeneko portuen balizamendurako, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak hori osatu behar duten argiak eta seinaleak zehaztuko ditu, eta halakoak aldaraztearen edo ezabatzearen inguruko ardura ere izango du.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak horretarako beharrezkoak diren optika eta ordezkoak hornituko ditu; autonomia-erkidegoak ordaindu beharko ditu horiek, eta autonomia-erkidegoak izango du horien jardunbidearen, mantentzearen nahiz kontserbazioaren gaineko erantzukizuna, gai horretako eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeko kasuan kasuko errege-dekretuetan ezarritakoaren arabera.
Merkataritzako Marinaren gaian, Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioko organo eskudunak, nabigaziorako arrazoiengatik, agindu ahal izango du portua itsas trafikoari begira zarratzea, balizamenduaren inguruko jarraibideak ez badira betetzen, aldez aurretik autonomia-erkidegoari agindeia eginez eta hori entzunda.
107. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikotik autonomia-erkidegoari atxikitako ondasunak estatuari lehengoratuko zaizkio, aldez aurretik autonomia-erkidegoa entzunda, hurrengo paragrafoan zehaztu den prozeduraren bidez, eta ondasun horiei kasu bakoitzean bidezkoa den destinoa emango zaie, baldin eta atxikitako helburuetatik kanpo erabiltzen badira, edo beharrezkoak badira ekonomia-jarduerarako edo interes orokorrerako, Konstituzioaren 131 eta 149. artikuluen arabera.
Atxikipena justifikatu zuten helburuak betetzen ez badira, lehengoratzeak hurrengo prozedura izango du:
a) Herri Lan eta Garraio Ministerioak nahitaezko txostena eskatuko dio autonomia-erkidegoari; txosten hori hilabeteko epean emango da, lurrak zein helburuetarako atxiki eta helburuok betetzeko erabili diren ala ez adieraziz.
b) Autonomia-erkidegoa ados badago prozedurarekin jarraitzeko, Herri Lan eta Garraio Ministerioak Ministroen Kontseiluari proposatuko dio atxikitako lurrak lehengoratzea.
c) Autonomia-erkidegoak desadostasuna agertzen badu, kontsuldaldia hasiko da, bi Administrazioak ados jarrita konpon daitezen bat ez-etortzeak.
Lehengoratzea autonomia-erkidegoak eskatzen duenean, proposamena Ministroen Kontseiluari bidaliko zaio, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren bidez.
Gainerako kasuetan, lehengoratzeak beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoari komunikatzea hori justifikatzen duten arrazoiak, autonomia-erkidegoak azaldu ahal izateko, hilabeteko epean, egokitzat jotzen dituen alegazio guztiak.
Alegazio horiek bilduko dira Ministroen Kontseiluari bidali beharreko proposamenera.
Edozein kasutan, lehengoratzeak ondoreak sortuko ditu Ministroen Kontseiluarekin adosten denetik eta hori gauzatuko da bi Administrazioetako ordezkariek izenpetutako aktaren bidez.
IV. KAPITULUA Baimenak
1. ATALA Xedapen orokorrak
108. artikulua
Aldez aurreko administrazio-baimena behar dute, inolako obrarik edo instalaziorik egin beharrik gabe ere, intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-inguruabar bereziak dituzten jarduerek, bai eta itsas-lehorreko jabari publikoaren okupazioak ere, hori gauzatzen denean instalazio desmuntagarriekin edo ondasun higigarriekin.
Instalazio desmuntagarritzat joko dira:
a) Behin-behineko zimendu-obrak behar dituztenak, edozein kasutan lur-esparrua gaindituko ez dutenak.
b) Aurrefabrikatutako serie-osagaiekin, moduluekin, panelekin edo antzekoekin eginda daudenak, obran bertan materialik egin gabe eta soldadurarik erabili gabe.
c) Sekuentzia-prozesuen bidez muntatzen edo desmuntatzen direnak, baldin eta errauspenik gabe jaso badaitezke eta osagai guztiak modu errazean garraiatu badaitezke.
Intentsitate-, arrisku- edo errentagarritasun-inguruabar bereziak daudela ulertuko da, jardueretan, hurrenez hurren, honako hauek gertatzen direnean:
a) Kostaldeei buruzko Legearen 31.1 artikuluan eta erregelamendu honetako 59.1 artikuluan jasotako jarduerekin bateragarriak ez izatea.
b ) Halakoak gauzatzea arriskutsua izatea pertsonen edo ondasunen osotasunerako.
c) Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilera jarduerak duen errentagarritasun ekonomikoaren faktore erabakigarria izatea.
Ondasun higigarriekin egindako okupazioa izango da itsas-lehorreko jabari publikoan halako ondasunak uztea jarraitutasunez edo, edozein kasutan, egun batetik gorako epean.
109. artikulua
Baimen-eskabideak egin ahal izango dira Kostaldeei buruzko Legearen 32. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan jasotako instalazio eta jarduerei dagokienez bakarrik.
Eskabideak jendaurrean jarri ahal izango dira, 146.8 artikuluak ezarritakoaren arabera.
Baimenak emango dira banakako izaerarekin eta inter vivos eskualdatzeko aukerarik gabe, isurketen kasuan izan ezik, eta baimenok ez dira inskribatuko Jabetza Erregistroan.
Mugaeguneratze-epea kasuan kasuko tituluan ezarritakoa izango da, gehienez ere urtebetekoa izanik, salbu eta Kostaldeei buruzko Legeak kasu jakin batzuei begira beste epe batzuk ezarri dituenean.
Baimen-eskabideak emango dira, hala denean, erregelamendu honetan instalazio edo jarduera mota bakoitzari dagokionez izaera orokorrarekin ezarritako irizpideekin eta plangintza aplikagarriarekin bat etorriz.
110. artikulua
Administrazioak edozein unetan alde bakarrez ezeztatu ahal izango ditu baimenak, kalte-ordainetarako eskubiderik gabe, baimenok bateraezinak direnean gerogarrenean onetsitako arautegiarekin, jabari publikoan kalteak eragiten dituztenean, interes publiko handiagoa duten jarduerak gauzatzea eragozten dutenean edo erabilera publikoari kalte egiten diotenean.
Ezeztapena gauzatzen bada gerogarrenean onetsitako arautegia oinarri hartuta, arautegi hori autonomia-erkidegoak betearazi beharrekoa dela, edo autonomia-erkidego horren eskumenekoa bada beste jarduera batzuen interes publiko handiagoko arrazoiak aztertzea, espedientea hasiko da autonomia-erkidego horren ekimenarekin.
Behin baimena azkenduta, titularrak eskubidea izango du jabari publikotik edo horren zortasun-guneetatik kasuan kasuko instalazioak batzeko, eta hori egiteko betebeharra izango du Administrazio eskudunak hala agintzen duenean, hurrengo paragrafoan ezarritako moduan eta epean.
Edozein kasutan, aldatutako errealitate fisikoa berrezartzeko betebeharra izango du.
Instalazioak titularrak batuko ditu Administrazioak ezarritako epean, baimena azkendu eta, gehienez ere, hamabost egunean.
Instalazioak Administrazioak ezarritako epean edo baldintzetan batzen ez badira, instalazio horien betearazpen subsidiarioari ekingo zaio, horretarako ezarritako bermea aplikatuz.
Hori behar bestekoa ez bada, aldea hamar eguneko epean ordaintzea eskatuko da; bestela premiamendu-bideari ekingo zaio.
2. ATALA Hondartzetako sasoiko zerbitzuak
111. artikulua
Hondartzetan sasoiko zerbitzuak ustiatzea xede duten baimenak, betiere, zerbitzuok instalazio desmuntagarriak bakarrik badituzte, emango zaizkie hala eskatzen duten udalei, hurrengo paragrafoetan zehaztu den moduan:
Baimen horiek emateak inola ere ezin izango du baliorik gabe utzi hondartzen gaineko erabilera publikoaren printzipioa.
Urte bakoitzeko lehenengo hilabetean zehar, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoa bere lurralde-esparruko kostaldeetako udaletara zuzenduko da, bi hilabetetik gorakoa izango ez den epea ezarriz, udalok lehentasun-izaerarekin eska ditzaten sasoiko zerbitzuak ustiatzeko baimenak.
Aipatu zerbitzuok ustiatzeko interesa duten udalek kasuan kasuko baimen-eskabidea aurkeztu beharko dute zuzenean Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoan edo autonomia-erkidegoaren bidez, aurretiaz ezarritako epean; eskabidearekin batera aurkeztuko dute zerbitzuek okupatu beharreko guneen mugaketa-proposamena, instalazio eta zerbitzuen planoak, halakoen definizioak hala eskatzen duenean, eta ekonomia- eta finantza-azterketa.
Behin Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak baimena emanda, udalek, aurretiaz kasuan kasuko okupazio-kanona ordainduta, zerbitzua ustiatzeari ekin ahal izango diote, euren kabuz edo hirugarrenen bidez.
Zerbitzuak hirugarrenek ustiatzen badituzte, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak baimenaren klausulen artean jasoko du udalaren betebeharra, hirugarren horiei galdatzeko aurretiaz gordailua eratzea, haren eskura izango dena, Gordailuen Kutxa Orokorrean, instalazioak jasotzeko betearazpen subsidiarioaren gastuei aurre egiteko, instalazio horiek ez direnean jasotzen, Zerbitzu horrek aipatu epean.
Udalak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari komunikatuko dio zerbitzua ustiatzeaz arduratuko diren hirugarrenen izenen zerrenda, ustiatzeari ekin aurretik.
Behin horien instalazioa amaituta, udalak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari eskatuko dio praktikan hori aitortzea, emandako baimenarekin bat datorren egiaztatzeko.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak baimena eman ahal izango die beste pertsona fisiko edo juridiko batzuei, aldez aurretik erregelamendu honetako prozedurarekin bat datorren izapidea eginda, hurrengo kasuetan:
a) Udalaren eskabidea ez denean eskatu aurreko 3. paragrafoak aipatu epean.
b) Eskabide hori legearen arabera onartezina denean.
c) Udalak aurreko sasoiko tituluko baldintzak ez dituenen bete, Zerbitzu horren esanbidezko agindeiari jaramonik egin gabe.
Hala denean, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak lehiaketa egin ahal izango du baimen hori emateko, 152. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; lehiaketa horietara udala aurkeztu ahal izango da, gainerako lehiakideekin berdintasunean.
Edukirik gabe, irailaren 18ko 1112/1992 Errege Dekretuaren ondorioz (1992ko urriaren 6ko EAO, 240. zk.).
Erabilera pribatuko kasetarik ez da onartuko, halakoen destinoa edozein izanik ere, ezta sasoiko zerbitzuetara edo beste edozein helburura destinatutako tresnak gorde edo biltegiratzeko kasetarik ere.
Jolaserako tresna flotatzaileei dagokienez, halakoak merkataritza-ondoreetarako ustiatzen direnean, interesdunek Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren baimena lortu beharko dute, uretara jaurtitzeko eta lehorreratzeko guneak kokatzeko, sasoiko zerbitzuetarako zehaztutako guneen barruan; baimen hori lortu beharko dute jardunbiderako baimenaren aurretik, azken hori eman beharko diela Merkataritzako Marinaren gaian Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioko organo eskudunak.
112. artikulua
Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, sasoiko zerbitzuak oso-osoan edo zati batean ustiatzeko baimena eman ahal izango zaie hondartzak eratu, lehengoratu edo egokitzeko emakiden titularrei, kasuan kasuko tituluan ezarritako baldintzetan.
3. ATALA Isurketak
113. artikulua
Atal honetako xedapenak aplikatuko zaizkie isurketei, likidoei nahiz solidoei, kontuan hartu gabe horiek itsas-lehorreko jabari publikoko zein ondasunetan egiten diren.
Ontziek edo aireontziek itsasora egiten dituzten isurketak euren legeria bereziak arautuko ditu.
Debekatuta egongo da hondakin solidoak eta obra-hondakinak isurtzea itsasora eta itsasertzera, bai eta babes-zortasuneko gunera ere, salbu eta hondakin horiek erabiltzen direnean betegune gisa eta behar bezala baimenduta daudenean.
114. artikulua
Isurketa guztiek beharko dute Administrazio eskudunaren baimena; baimen hori emango da aplikagarri den legeriaren arabera, estatukoa edo autonomia-erkidegokoa izango dena, kalterik egin gabe, hala denean, jabari publikoa okupatzeko emakidari.
Isurketa kutsagarrien kasuan, beharrezkoa izango da eskatzaileak aldez aurretik justifikatzea isurketok ezabatzeari edo tratatzeari dagokionez konponbide alternatiboa aplikatzeko ezintasuna edo zailtasuna.
Ezin izango dira substantziak isuri edo energia-motak sartu, halakoek eragiten dituztenean osasun publikoarentzako eta natura-inguruarentzako onargarriak diren arriskuak edo galerak baino handiagoak, indarreko arautegiaren arabera.
Kutsadura zein inguruk hartu eta inguru horri begira ezarri kalitate-helburuen arabera, isurketak mugatuko dira, teknikaren egoerak eta lehengaiek ahalbidetzen duten neurrian, eta, bereziki, kutsadura-karga xurgatzeko ahalmenaren arabera, inguru hori modu nabarmenean alda ez dadin.
115. artikulua
Isurketak baimentzeko baldintzen artean hurrengoak jaso beharko dira:
a) Mugaeguneratzeko epea, gehienez ere hogeita hamar urtekoa izango dena.
b) Beharrezkoak diren tratamendu-, arazte- eta ebakuazio-instalazioak, horien ezaugarriak eta jardunbidearen kontrol-osagaiak ezarriz, instalazioak gauzatzeko hasierako eta amaierako datak finkatuz, bai eta instalazio horiek zein datatan hasiko diren zerbitzua eskaintzen ere.
c) Urteko isurketa-kopurua.
d) Isurketaren muga kualitatiboak eta epeak, halakoak bidezkoak badira, efluentearen ezaugarriak arian-arian ezarritako mugekin bat etor daitezen.
e) Isurketak inguru hartzailean eragiten dituen ondoreen ebaluazioa, gune hartzaileko uren kalitatearen helburuak eta, behar izanez gero, kutsadura murrizteko hartu behar diren neurriak.
f) Isurketa-kanona.
Administrazio eskudunak isurketa-baimenen baldintzak aldarazi ahal izango ditu, kalte-ordainetarako eskubiderik gabe, baimena ematea eragin zuten inguruabarrak aldatzen direnean edo beste batzuk sortzen direnean, aldez aurretik izan balira baimena ukatzea edo baimena beste baldintza batzuen arabera luzatzea justifikatuko zuketenak.
Administrazioak beharrezkotzat jotzen badu, baimenaren ondoreak eten ahal izango ditu, ezarritako baldintza berriak bete arte.
Baimenaren titularrak aldarazpenak gauzatzen ez baditu Administrazio eskudunak ezarritako epean, azken horrek isurketa-baimena iraungi dela adierazi ahal izango du, kasuan kasuko zehapenak ezartzea gorabehera.
Isurketa-baimena ematen duen Administrazioak kontrolatuko du isurketa horren oinarri diren obren egoera; hala denean, beharrezko obrak egiteko betebeharra ezarriko du, isurketak baimenean ezarri baldintzen arabera jarduten duela ziurta dadin.
Baimena lortzeko baldintzen artean jasoko den betebehar hori ez betetzea iraungitze-arrazoia izango da, baimenean ezarritakoaren arabera.
116. artikulua
Isurketa-baimenaren azkentzeak, horren arrazoia edozein dela, berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakida ere azkentzea.
Ondore horretarako, baimena azkendu dela adierazi duen Administrazioak horren berri emango dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, horrek okupatze-emakida azkentzeari ekin diezaion beste izapiderik gabe.
117. artikulua
Administrazio eskudunak egokitzat jotzen dituen azterketa eta ikuskatze guztiak gauzatu ahal izango ditu, isurketaren ezaugarriak egiaztatzeko eta, hala denean, isurketa-baimenean ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
118. artikulua
Isurketak tratatzeko instalazioaren garrantziak edo zailtasunak hala behar duenean, baimenerako baldintzen artean jaso ahal izango da, dela ustiapenaren zuzendaritza teknikari eskudunak izatea edo enpresa laguntzaile batek esku hartzea instalazio hori mantentzeko, instalazioaren jardunbideari buruz aldian-aldiko ziurtagiriak aurkeztuz, dela instalazio horiek aseguratzea.
119. artikulua
Erabiltzaileen batzak eratu ahal izango dira, efluente likidoak batera tratatzeko eta horien azken isurketa egiteko.
2. Erabiltzaileen batzak izan beharreko osaeraren eta jardunbidearen arauketa, bai eta hori aldatzeko edo desegiteko arrazoiak eta modua ere, halakoei baimena eman dien Administrazioak onetsiko ditu, erabiltzaileek hala eskatuta, edo, halako eskaerarik izan ezean, hark beharrezkotzat jotzen duenean, baimenaren baldintzak behar bezala betetzea ziurtatzeko.
120. artikulua
Isurketak eragin dezakeenean urak edo lurpeko geruzak kutsatzeko gai diren substantziak iragaztea edo metatzea, aldez aurretik isurketa horrek kalterik egiten ez duela justifikatzeko azterketa hidrogeologikoa egin beharko da.
121. artikulua
Beste lege berezi batzuek ezarritakoa gorabehera, eta itsasora hidrokarburoak isurtzearen ondoriozko kutsadura kontrolatzeko eta murrizteko programen betekizunak gorabehera, portuetan, lurralde-itsasoan eta barne uretan hidrokarburoak kargatzeko eta deskargatzeko terminalak dituzten petrolio-findegiek, faktoria kimiko eta petrokimikoek eta erregai likidoen hornidura-instalazioek izan beharko dituzte, terminal horien inguruetan, hidrokarburo-hondakinak jasotzeko instalazioak eta isuriak prebenitzeko nahiz isuriei aurre egiteko gainerako baliabideak; baliabide horiek izango dira itsasoko urak kutsatzearen inguruan zein xedapen izan indarrean eta xedapen horietan ezarritakoak.
Orobat, itsasoan hidrokarburoen prospekzioak egiten, horiek ustiatzen edo biltegiratzen dituzten plataformek eta instalazioek beharrezko baliabideak izan beharko dituzte, egin daitezkeen isuriak prebenitzeko eta halakoei aurre egiteko.
Hondakinak jasotzeko osagaiak eta prebentziorako gainerako baliabideak izatea galdatuko du aurreko paragrafoko instalazioen jardunbidea baimentzeko Administrazio eskudunak.
122. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoan isurketak egiten dituzten edo egin ditzaketen instalazioak edo industriak ezarri, aldarazi edo lekuz aldatzeko administrazio-baimenak baldintzapean emango dira, aldez aurretik lortu beharko direlako jabari horretan isurketak egiteko eta okupazio-emakidak izateko baimenak.
123. artikulua
Administrazio eskudunak, gune zehatzetan, industria-prozesuak debekatu ahal izango ditu, horien efluenteek, izan dezaketen tratamendua gorabehera, onargarria den kutsadura-arriskua baino handiagoa eragin dezaketenean, indarreko arautegiaren arabera, itsas-lehorreko jabari publikorako, dela industria-prozesu horren ohiko jardunbidean, dela aurreikus daitezkeen salbuespen-egoeretan.
4. ATALA Agregakinak ateratzea eta dragatzeak
124. artikulua
Agregakinak ateratzeko baimenak eta dragatze-baimenak emateko, beharrezkoa izango da halakoek itsas-lehorreko jabari publikoan dituzten ondoreak ebaluatzea; ebaluazio horrek kontuan hartuko ditu ateratze- nahiz dragatze-tokiak eta, hala denean, deskargatze-tokia ere.
Hondartzen egonkortasuna babestuko da, lehendabizi kontuan hartuz hondartzetara agregakinak heldu behar direla.
Agregakinak eraikuntzarako ateratzea debekatuko da, non eraikuntza horiek ez diren hondartzak eratzeko eta lehengoratzeko.
Aurreko paragrafoko debekura bilduko dira itsasoan agregakinei dagokienez egiten diren dragatzeak eta ateratzeak.
125. artikulua
Baimenak jaso beharreko baldintzen artean hurrengoak izango dira:
a) Baimena zein epetarako ematen den.
b) Itsas-lehorreko jabari publikora atera, dragatu edo deskargatu beharreko kopurua, ekintza horien erritmoa eta benetan lan egiteko denbora.
c) Ekintza horiek betetzeko prozedura eta makineria.
d) Ateratako edo dragatutako produktuen destinoa eta, hala denean, halakoak jabari publikoan deskargatzeko tokia.
e) Baldintza horiek erangingarritasunez kontrolatzeko baliabide eta bermeak.
Era berean, ezeztapen arrazoi berezi moduan jasoko da 127. artikuluan ezarritakoa, bertan dituen ondoreekin.
126. artikulua
Atal honek aipatu baimenak emateko eskumena Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak egikarituko du, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoen bidez.
Baimenen izapidea bat etorriko da 146. artikuluan ezarritako prozedura orokorrarekin, oinarrizko proiektuaren edukia eskabidearen xedeari egokituz.
Agregakinak ateratzeko dragatze-eskabideek beharko dute arrantza-, nabigazio- eta ingurumen-gaian eskudunak diren organoen txostena.
Edozein kasutan, bereziki kontuan hartuko dira, eskabidearekin batera aurkeztuko den proiektuan nahiz emango den ebazpenean, jarduerak izan ditzakeen ondoreak hondartzen orekan, itsasertzaren dinamikan eta itsasazpiko biosferan.
127. artikulua
1. Jabari publikoarentzat edo horren erabilerarentzat ondore kaltegarriak gauzatuz gero, Administrazio baimen-emaileak hasierako baldintzak aldarazi ahal izango ditu, baldintza horiek zuzentzeko, edo baimena ezeztatu ahal izango du, titularrarentzat inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
Kasu horietan, ebazpena emango da, interesduna entzuteko izapidea bakarrik eginda.
128. artikulua
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak gune batzuei begira adierazi ahal izango du agregakinak ateratzeko eta dragatzeak gauzatzeko debekua, hondartzak eta itsasazpiko biosfera babesteko arrazoiengatik, kalterik egin gabe beste lege batzuk aplikatzeak erator ditzakeen debekuei.
V. KAPITULUA. Emakidak
129. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunen okupazio oro aldez aurretik Estatuko Administrazioak emandako emakidaren mende izango da, okupazio hori desmuntagarri ez diren obra edo instalazioekin egiten denean.
Era berean, emakida eman beharko da instalazio desmuntagarriek itsas-lehorreko jabari publikoa okupa dezaten, instalazio horiek urtebetetik gorako okupazio-epea behar dutenean, euren izaera, helburu edo beste inguruabar batzuengatik.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak du itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak okupatzeko emakida emateko eskumena, 208. artikuluan jasotakoari begira izan ezik. Autonomia-erkidego bati atxikitako jabari publikoko emakidak emateko eskumena autonomia-erkidego horrek izango du.
130. artikulua
Aurreko artikuluak aipatu emakida eman arren, titularra ez da askatuko beste Administrazio publiko batzuek eskatutako emakida eta baimenak lortzetik, halakoak Administrazio publikoek portuen, isurketen edo beste gai berezi batzuen gainean dituzten eskumenen ondorio direnean.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie Estatuko Administrazioko sailek euren kasuan kasuko eskumenen arabera eman behar dituzten emakida eta baimenei ere.
131. artikulua
Emakidak emango dira, hirugarrenei kalterik egin gabe eta aldez aurretik zeuden eskubideak gorabehera.
Epea kasuan kasuko tituluan ezarritakoa izango da.
Erregelamendu honetako 4. paragrafoan ezarri dira emakidek izango dituzten gehieneko epeak, emakida horiek izango duten erabileren arabera.
Epe horiek inola ere ezin izango dute gainditu hogeita hamar urte.
Epea finkatzeko kontuan hartuko dira eskabidearen xedea eta gerogarrenean aipatuko diren inguruabarrak.
Eskabidearen xedeari dagokionez, emakidak emateko gehieneko epeak hurrengoak izango dira:
a) 60.2 artikuluko a) idatz-zatian definitutako erabilerak, euren izaerarengatik itsas-lehorreko jabari publikoan kokatu behar direnak, edo antzekoak:
hogeita hamar urte arte.
b) Aipatu artikuluko b) idatz-zatian zein zerbitzu definitu eta zerbitzu horietako bat ematen duten erabilerak:
hamabost urte arte.
Bi kasuetan, epe horiek zehazteko kontuan hartuko da eskariaren xedearen garrantzia, horrek inguruari begira duen egokitasuna, jabari publikoarentzat edo horren erabileentzat duen interes-maila eta ekonomia- eta finantza-azterketaren edukia edo, halakorik izan ezean, amortizatu beharreko inbertsioaren kopurua.
132. artikulua
Azkendutako emakida baten xedea denean mehatze- edo energia-baliabideak ustiatzeko beste emakida batean oinarritutako jarduera, eta beste emakida hori Estatuko Administrazioak eman duenean epe luzeagorako, azkendutako emakidaren titularrak eskubidea izango du, itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeari buruzko beste emakida bat izateko, ustiatze-emakidaren indarraldia amaitzeko geratzen den eperako, eta, gehienez ere, hogeita hamar urterako.
133. artikulua
Emakida-eskabidea ebatzi aurretik, jendaurreko informazioari ekingo zaio eta Estatuko Administrazioak baldintzak eskainiko dizkio eskatzaileari; emakida ez da gauzatuko emakida-eskatzaileak Administrazioak eskainitako baldintzak onartzen ez baditu.
Behin izapideok gauzatuta, kasuan kasuko ebazpena ministerio-sail eskudunak emango du, zuhurtziara, eta ebazpena jendaurrekoa izan beharko da.
Emakidadunak aurkaratzen baditu berak onartu zituen klausulak, Administrazioak ahalmena izango du titulua azkendutzat jotzeko, salbu eta klausulok legearen aurkakoak direnean.
Emakida eskatzen bada autonomia-erkidegoaren eskumeneko gai baten inguruko proiektu batentzako, eta proiektu horrek autonomia-erkidegoaren aldeko erabakia badu, Estatuko Administrazioak emakidari ezetza eman ahal izango dio soil-soilik jabari publikoaren degradazio- edo espoliazio-arrazoiengatik edo emakida horiek kokatzeagatik estatuaren berezko eskumenaren gaietan.
Emakiden izapideak egiteko prozedura izango da izaera orokorrarekin 146. artikuluan arautu dena.
134. artikulua
Emakida emateak berarekin ekar dezake, hurrengo paragrafoetan ezarritakoaren arabera, ministerio-sail eskudunak herri-onuraren adierazpena egitea, emakidaren xedeari lotutako ondasunak edo eskubideak behin-behinean okupatzeko edo horien jabetza nahitaez kentzeko.
Emakidaren xedeak ukitutako ondasunen eta eskubideen behin-behineko okupazioa edo horiei jabetza kentzea eskatu ahal izango du eskatzaileak, justifikatutako moduan.
Orobat, Administrazioak ofizioz eta zioak azalduz adierazi ahal izango du, eskatzailearen jabetzakoak ez diren lur pribatu mugakideak aldi baterako edo modu iraunkorrean biltzeko beharrizana, eskabidearen xede den jabari publikora.
Aurreko 2 eta 3. paragrafoetako kasuetan, oinarrizko proiektuak, eskatzaileak aurkeztu beharrekoak, bere baitara bildu beharko du jabetza kentzeari edo behin-behineko okupazioari buruzko eranskina, ukitutako ondasunak edo eskubideak zerrendatuz; horretarako, Administrazioaren agindeiaren ondorioz jarduten denean, biltze hori gauzatu beharko da, gehienez ere, hilabeteko epean.
Eskatzaileak ez badu onartzen jabetza kendu behar zaien ondasunak edo eskubideak biltzea, edo Administrazioaren agindeia epean betetzen ez badu, aurreko paragrafoak aipatu eranskina aurkezteko, jarduerak artxibatuko dira, interesduna entzuteko izapidea bakarrik eginda.
Eskatzaileak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoan aurkeztu beharko du Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren ardurapeko Gordailuen Kutxa Orokorrean eratutako gordailuaren gordekina; gordailu hori izango da oinarrizko proiektuarekin bat etorriz beharrezkoa dena kalte-ordainak emateko, jabetza kendu zaien eskubide eta ondasunengatik edo horiek behin-behinean okupatzeagatik, aldi berean 133. artikuluko baldintza-eskaintza onartu denean. Edozein kasutan, eskatzailearen kontura izango da balioespenaren ordainketa osoa, emakidarako beharrezko jabetza-kentzeei eta okupazioei dagokienez.
Behin baldintzak onartuta, Administrazioak kasuan kasuko ebazpena emango du.
Emakida ematen bada, horren eragingarritasuna atzeratuko da, hala denean, jabetza kentzeko espedienteak amaitu arte, halakoen izapideak egitea beharrezkoa denean.
135. artikulua
Jabetza kendu zaien ondasunak eta eskubideak itsas-lehorreko jabari publikora bilduko dira okupatzen direnetik, emakida-tituluan ezarritako moduan; emakidadunak ez du betebeharrik izango okupazio-kanona ordaintzeko, bere kontura emakidara biltzeko zein lurri jabetza kendu eta lur horiengatik.
Emakidadunek lurrak ekartzen dituztenean emakida baten azalera osatzeko, horren deskripzioa oinarrizko proiektuan agertu beharko dela, lur horiek itsas-lehorreko jabari publikora bilduko dira 6.4 artikuluan jasotakoaren arabera, obren eta instalazioen zuinketa baino lehen.
136. artikulua
1. Emakidak Jabetza Erregistroan inskribatu ahal izango dira.
Behin emakida azkenduta, inskripzioa ezereztuko da ofizioz edo Administrazioak nahiz interesdunak hala eskatuta.
Emakida baten epea mugaeguneratzea, edo emakida azkentzea adierazi duen ebazpen irmoa, arrazoi izango dira emakidak Jabetza Erregistroan duen inskripzioa ezerezteko.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Erregistratzaileari komunikatuko dizkio alde horiek, eta ezereztea gauzatuko da hipoteka-legeriak galdatutakoaren arabera.
137. artikulua
Emakidak ezin izango dira eskualdatu inter vivos egintzen bidez.
Emakidaduna hiltzen bada, kausadunak, jarauntsiaren edo legatuaren bidez, haren eskubide eta betebeharretan subrogatu ahal izango dira urtebeteko epean.
Behin epe hori igarota, emakida eman duen Administrazioari esanbidezko adierazpenik egin gabe, ulertuko da emakidari uko egiten diotela.
Hala ere, eskualdatzeko modukoak izango dira, zerbitzu publikoak emateko oinarri diren emakidak, Administrazioak baimentzen duenean zerbitzuaren kasuan kasuko kudeaketa-kontratua lagatzea, bai eta ekainaren 25eko 23/1984 Legean, Itsas Lugintzari buruzkoan, araututakoak, eta mehatzen eta hidrokarburoen legeriaren esparruko ikerketa-baimenei edo ustiatze-emakidei lotutakoak ere.
Eskualdaketa ez da eragingarria izango harik eta emakidan ezarritako baldintzak bete direla aitortu arte.
Emakida eskualdagarrien gainean hipotekak eta beste berme-eskubide batzuk eratzen direnean, bai eta horiek enbargatzen direnean ere, eskubidea zein pertsonaren edo erakunderen mesedetan eratu eta horrek aldez aurretik komunikatu beharko dio hori emakida eman duen Administrazioari.
Edozein kontratu egitearen ondorioz hirugarren batek parte hartzen badu emakidaren ustiapenean, hori berori jakinarazi beharko zaio Kostaldeetako Zerbitzu Publikoari.
Parte-hartze hori debekatu ahal izango da aipatu tituluan, salbu eta zerbitzu publiko bat ematearen inguruko emakidak direnean.
Emakidaduna pertsona juridiko bat denean, eta pertsona juridiko horren jarduera nagusia emakidan oinarritzen denean, eskualdaketatzat joko da akzioen edo partaidetzen titulartasunean izandako edozein aldaketa, aldaketa horrek berarekin dakarrenean emakida emateko unean bazkide edo akziodun zirenak ordeztea, sozietate-kapitalaren 100eko 50ean edo ehuneko horretatik gora.
Jabetza Erregistroan ez da inskribatuko emakidak eskualdatzea edo emakida horien gainean eskubide errealak eratzea, horrekin batera ekartzen ez bada Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren ziurtagiria, egiaztatzen duena artikulu honetan eta emakidaren klausuletan galdatutako betekizunak gauzatzen direla.
138. artikulua
Erabilera anitzerako emandako emakidak, instalazio banangarriak dituztenak, hala denean, banantzeko modukoak izango dira, emakida eman duen Administrazioaren adostasunarekin eta horrek ezarritako baldintzetan.
Adostasun-eskabidea Administrazio emakida-emaileari zuzenduko zaio, horren gaineko ardura izanik emakidaren titularrak edo titularrek; titular horiek izango dira emakida berrien jasotzaile bakarrak.
Banantze-eskabidea ebatzi aurretik, Administrazioak baldintzak eskainiko dizkie eskatzaileei, horien onarpenik gabe ez dela adostasunik izango.
Epeak ezin izango du gainditu hasierako emakidari geratzen zaiona.
Behin baldintzak onartuta, Administrazio emakida-emaileak kasuan kasuko ebazpena emango du, zuhurtziara; hala denean, emakida berriak eratuta geratuko dira.
Banantzeari ezetza ematen bazaio, hasierako emakidari eutsiko zaio, hori ematean onartu ziren baldintzetan.
139. artikulua
Emakida batzuk, euren ezaugarriak direla bide, titular batzuen artean bananduta badaude, baina euren kokapenak eta destinoak hein handi batean bat egiten badute, Administrazioak eskatu ahal izango du titularren batza eratzea; kasu horretan, batza horrek ordezkatuko ditu titular guztiak Kostaldeei buruzko Legeak eta erregelamendu honek eratorri ondore guztietarako.
140. artikulua
Emakidadunak, edozein unetan, emakida eman duen Administrazioaren adostasunarekin, uko egin ahal izango dio emakidaren perimetrora bildutako jabari publikoaren zatia okupatzeari, zati hori ez denean beharrezkoa emakidaren xederako.
Emakida eman duen ministerio-sailak adierazi behar du herri-onura, emakidaren erreskate-ondoreetarako, baita presako adierazpenarekin ere, hala denean.
Autonomia-erkidego baten eskumeneko proiektu bat gautzatzeko eman den emakidaren kasuan, proiektu hori autonomia-erkidegoak onetsi duenean, herri-onuraren adierazpena, emakida erreskatatzearen ondoreetarako, autonomia-erkidegoaren ekimenez egingo da, salbu eta adierazpen hori egiten denean estatuaren eskumeneko helburuak betetzeko edo jabari publikoa zaintzeko.
Kostaldeei buruzko Legearen 74.3 artikuluan eta erregelamendu honetako 149.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, lehentasuna izango du eskatzailearen titulartasuneko beste emakida baten erreskatearen balioespen gisa aurkeztutako emakida-eskakizuna.
141. artikulua
Emakida azkentzen den kasu guztietan, Estatuko Administrazioak erabakiko du, interesdunak obrei nahiz instalazioei eutsi behar dien ala horiek bere kontura jaso eta jabari publikotik nahiz horren babes-zortasuneko gunetik batu behar dituen.
Erabaki hori ofizioz edo hark hala eskatuta hartuko da, epemuga iritsi baino lehenago erregelamendu bidez ezarritako unean, epea betetzearen ondoriozko azkentze arruntaren kasuan, eta gainerako azkentze-kasuetan, kasuan kasuko espedientea ebazteko unean.
Autonomia-erkidego baten eskumeneko proiektua gauzatzeko emandako emakidaren kasuan, proiektu hori autonomia-erkidegoak onetsi duenean, horren txostena eskatuko da, obrei eta instalazioei eutsi behar zaien ala halakoak jaso behar diren azaltzeko, aurreko paragrafoko erabakia hartu aurretik.
Txosten hori hilabeteko epean eman beharko da; epe hori igarotzen bada txostenik eman gabe, ulertuko da egiteko moduko ohartarazpenik ez duela.
Emakidaren epea mugaeguneratzearen ondorioz gertatzen bada azkentzea, aurreko paragrafoak aipatu unea izango da epe horren lau bostena igaro ostean eta, edozein kasutan, mugaeguneratzea gertatu baino sei hilabete lehenago.
Une horretatik aurrera, Administrazioak hiru hilabeteko epean ez badu adierazpenik egiten, ulertuko da errauspenaren alde egin duela, kalterik egin gabe edozein unetan egin dezakeen esanbidezko adierazpenari.
142. artikulua
Aurreko artikuluan aipatu unetik aurrera, emakidaren titularrak behar besteko gordailua eratuko du gastuei aurre egiteko; gastu horiek izango dira, obrak edo instalazioak jasotzeko eta itsas-lehorreko jabari publikotik eta horren babes-zortasuneko gunetik batzeko, edo obra nahiz instalazio horiek konpontzeko, Administrazioak hartutako ebazpenarekin eta betearazpenerako ezarritako tasazioarekin bat etorriz, eta bidezkoa den likidazioaren ondoreetarako.
Gordailua eratzeko epea hamabost egunekoa izango da, erabakia jakinarazten denetik edo, isiltasun administratiboaren kasuan, aurreko artikuluko 2. paragrafoan ezarritako epea amaitzen denetik.
143. artikulua
Behin emakidaren mugaeguneratze-epea igarota, salbu eta eustearen alde egin denean, titularrak obrak eta instalazioak batuko ditu Administrazioak ezarritako epean.
Epe horrek ez du gaindituko hiru hilabete, salbu eta behar bezala justifikatutako salbuespen-kasuak daudenean.
Titularrak ez baditu instalazioak erraustu, batu edo konpondu, edo hori modu akastunean gauzatu badu kasuan kasuko epea igaro ostean, Administrazioak modu subsidiarioan betearaziko ditu gauzatu gabeko lanak.
Obrei eta instalazioei eustearen alde eginez gero, titularrak horiek konpontzeari ekingo dio Administrazioak aipatu epean eta baldintzetan.
Epe horrek ezin izango du gainditu hiru hilabete.
144. artikulua
Aurreko artikuluko 3. paragrafoaren kasuan, emakida azkentzeko datan, obra eta instalazio guztiak doan eta zamarik gabe lehengoratuko dira Estatuko Administraziora.
Administrazioak jarraitu ahal izango du instalazioak ustiatzen edo erabiltzen, hurrengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.
Instalazioak ustiatzen edo erabiltzen jarraitzeko baliatuko da kostaldeei buruzko legerian edo estatuko kontratuei buruzko legerian ezarritako kudeaketa-prozeduretatik edozein.
VI. KAPITULUA Xedapen erkideak baimenei eta emakidei dagokienez
1. ATALA Baldintza orokorren agiriak
145. artikulua
Administrazio eskudunak baldintza orokorren agiriak onetsiko ditu emakidak eta baimenak emateko.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren eskumeneko emakidak eta baimenak emateko agiri horiek agindu bidez onetsiko dira; agindu hori «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da.
Gainerako emakida eta baimenei dagokienez, eskumena izango du halakoak ematen dituen Administrazioak, erregelamendu honetan edo horren legeria berezian xedatutakoaren arabera.
Agiriak onetsi aurretik, Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren txostena eskatuko da, estatuaren ondareari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
2. ATALA Izapideak
146. artikulua
Eskabideak aurkeztuko dira oinarrizko proiektuarekin edo eraikuntza-proiektuarekin batera, Kostaldeei buruzko Legeriaren 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta hala denean eratu behar diren fidantzen egiaztatze-gordekinarekin batera, eta izapidetuko dira hurrengo paragrafoetan zehaztutakoaren arabera, jendaurreko informazioaren, kontsultatu beharreko erakundeetako txostenen eta aldez aurretik proiektua alderatzearen faseak gauzatuta.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak eman beharreko emakida eta baimenetan, izapidetza-prozedura bat etorriko da hurrengo paragrafoetan xedatutakoarekin.
Gainerako emakiden edo baimenen izapidetza, beste ministerio-sail batzuen eskumenekoa izango dena, arautuko du bere legeria bereziak, eta, modu subsidiarioan, erregelamendu honetan xedatutakoak.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren eskumeneko emakida- eta baimen-eskabideak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari zuzenduko zaizkio, oinarrizko proiektuaren edo eraikuntza-proiektuaren hiru alerekin, behin-behineko fidantza egiaztatzen duen gordekinarekin eta eskatzailearen eta agerlearen, eta horrek ordezkatzen duen subjektuaren nortasuna egiaztatzen duten agiriekin batera.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak aurkeztutako proiektua aztertuko du, aldez aurretik bidezkoak diren tasak ordainduta badaude, egiaztatzeko proiektu horren edukia Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan xedatutakoarekin bat datorren; bat-etortzerik ez badago, eskatzaileari agindeia egingo dio, antzemandako akatsak ongitzeko.
Hori egin ondoren, proiektua lurraren gainean aldaratzeari ekingo dio, erabakitzeko horrekin bat datorren, bai eta horren bideragarritasuna ere.
Proiektuaren edukia modu nabarian badoa indarreko legerian xedatutakoaren aurka, Kostaldeei buruzko Legearen 35.1 artikuluan eta erregelamendu honetako 75 eta 76. artikuluetan jasotakoa aplikatuko da.
Izapidetzarekin jarraitzeko, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak ondoren aipatzen diren erakundeen txostena eskatuko du, kasu berezietarako erregelamendu honetan jasotakoez gain:
1. Baimenak:
a) Baimenaren xedea zein udalerritan garatu eta udalerri horietako udalak.
b) Autonomia-erkidegoa.
2. Emakidak:
a) Emakidaren xedea zein udalerritan garatu eta udalerri horietako udalak.
b) Autonomia-erkidegoa.
c) Nabigazioaren gaian, Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioko organo eskuduna, emakidaren xedea itsasoan egin beharreko obra bada, halakoak arriskua sor dezakeenean itsas segurtasunari begira.
Txostenak izaera loteslea izango du.
d) Defentsa Ministerioa, baldin eta kontuan hartzen diren erabilerak edo gune zehatzak badira aldez aurretik, segurtasunaren edo nazio-defentsaren arrazoiengatik, aurretiazko txostena behar dutenak.
e) Beste erakunde batzuk, halakoen txostena komenigarritzat jotzen denean.
Itsas-lehorreko jabari publikoan gainerako ministerio-sailek eman beharreko baimenek eta emakidek beharko dute aurretiaz Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak emandako txostena; txosten hori hilabeteko epean eman beharko du.
Jendaurreko informazioa, hogei eguneko epean, gauzatuko da:
a) Emakiden izapideak egitean.
b) Baimenen izapideak egitean, baimen horiek direnean industria-isurketa eta isurketa kutsagarriak lehorretik itsasora egiteari buruzkoak eta agregakinak ateratzeari nahiz dragatzeei buruzkoak, bai eta komenigarritzat jotzen diren gainerako kasuetan ere.
Jendaurreko informazioa gauzatuko da 6. paragrafoko txostenak eskatzen diren aldi berean.
Behin informazio-fasea gauzatuta, organo eskudunak eskabidearen gaineko ebazpena emango du, hala denean, aldez aurretik entzun beharko dituela espedientean interesa dutenak.
Baimenen kasuan, organo hori izango da Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoa.
Emakiden kasuan, Zerbitzu horrek espedientea bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, bere txostenarekin eta proposamenarekin.
Emakida ematea erabakitzen bada, eskatzaileari komunikatuko zaizkio emate horretarako baldintzak, hamar eguneko epea emango zaiola, baldintza horiek onartzen dituen adierazteko.
Epe horretan inolako adierazpenik egiten ez badu, edo eskainitako baldintzak onartzen ez baditu, espedientea amaitu dela adieraziko da, eskatzaileak atzera egiteagatik, eta eratutako fidantza galduko da.
Hizpatutako epean baldintzak onartzen badira, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak ebazpena emango du, zuhurtziara, emakida ematearen inguruan.
Ematea gertatzen bada, ebazpena «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da.
Baimen- eta emakida-espedienteak ebazteko gehieneko epeak izango dira, hurrenez hurren, lau eta zortzi hilabetekoak; epe horiek igarotzen badira esanbidezko ebazpenik izan gabe, kasuan kasuko eskabideari gaitziritzia eman zaiola ulertu ahal izango da, aurretiaz eman bada 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 44. artikuluan jasotako ziurtagiria, edo ondore horretarako epea igaro bada.
Baimenen buruzko ebazpenei errekurtso arrunta jarri ahal izango zaie Kostaldeetako Zuzendari Nagusiaren aurrean, eta emakidei buruz emandako ebazpenek administrazio-bidea amaitzen dute.
Errekurtsoaren ustezko ebazpenaren eragingarritasunerako, beharko da 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 44. artikuluan, jasotako ziurtagiria ematea, hogei eguneko epean, hori eskatzen denetik, edo hori ematea eskatu eta gero, hori ez ematea aipatu epea igaro ondoren.
Ziurtagiria emateko epea igaro bitartean esanbidez ebatzi ahal izango da edukiaren inguruan, emakidaren arauarekin bat etorriz, eta loturarik izan gabe, zein ebazpenaren ziurtagiria eskatu eta ustezko ebazpen horri eratxikitako ondoreekin.
147. artikulua
Atzerritarrei emakidak edo baimenak eman ahal izateko elkarrekikotasun-froga gauzatu beharko da, atzerritar horien jatorrizko herrialdeetan Espainiako naziotasuna duten herritarren egoerari dagokionez.
Edozein kasutan, hurrengo betekizunak izan beharko dira:
a) Egoitza fiskala Espainian izatea.
b) Estatuko kontratuen legeriak atzerritarrekin kontratuak egiteko ezarri baldintzak betetzea.
c) Horiek Espainiako auzitegien jurisdikzioaren mende utziko direla adieraztea, emandako administrazio-titulua zein izan eta horrek eratorritako gorabehera guztiei dagokienez.
Ulertuko da erregelamendu honetan xedatutakoak ez diola kalterik egingo atzerritarrei emakidak eta baimenak emateko lege berezietan ezarritakoari.
148. artikulua
Aurreko artikuluan ezarritakotik salbuetsita geratzen dira Europako Ekonomia Erkidegoko estatu kideetako naziotasuna duten herritarrak, kalterik egin gabe ordena publikoaren, segurtasunaren eta osasun publikoaren arrazoiengatik ezar daitezkeen mugei.
149. artikulua
Emakidak ematean, lehentasuna izango dute herri-onura handienekoak.
Eskabide batzuk berdinak izanez gero bakarrik hartuko da kontuan aurkezte-uneko lehentasuna.
Era berean, kontuan hartu beharko da 140.3 artikuluan ezarritako lehentasuna.
150. artikulua
Autonomia-erkidegoen eskumeneko baimenen edo emakiden ematea, halakoek behar dutenean Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakida edo baimena, administrazio-koordinazioaren ondoreetarako, hurrengo paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
Autonomia-erkidegoko organo eskudunean aurkeztuko dira bere eskumeneko baimenaren edo emakidaren eskabidea, bai eta itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakidaren eskabidea ere, azken hori Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari zuzenduta.
Bi eskabide horiekin batera ekarriko dira uzi horietariko bakoitzari begira behar diren agiriak.
Autonomia-erkidegoaren organo eskudunak proiektuaren izapideak egingo ditu, erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera nahitaezkoak diren txostenak eskatuz.
Edozein kasutan, Herri Lan eta Hirigintzaren nahitaezko txostena, bi hilabeteko epean emango da, horretarako beharrezkoak diren agiri guztiak eskuratzen direnetik zenbatzen hasita; txosten horren inguruan egindako eskabideak berarekin ekarriko du autonomia-erkidegoaren hasierako adostasuna kasuan kasuko proiektuarekin.
Txostenak jasoko du okupazioaren bideragarritasunaren inguruko adierazpena, bai eta, hala denean, hori emateko baldintzak zein izango liratekeen ere, bere eskumenen esparruari dagokionez.
Autonomia-erkidegoko organo eskudunak eskatzaileari eskainiko dizkio, egindako eskabidearen arabera izango lituzkeen baldintzekin batera, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak ezarri dituen baldintzak jabari publikoa okupatzeko emakida emateari dagokionez.
Aipatu baldintzak osotasunean onartzen badira, autonomia-erkidegoko organo eskudunak espedientea, bere proposamenarekin batera, bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, horrek, hala denean, itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakida eman dezan.
Behin okupazio-emakida emanda, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak espedientea itzuliko dio, emakida-tituluarekin batera, organo bidaltzaileari, bere eskumeneko emakida edo baimena eman dezan; azken horrek horren inguruko ebazpena bidaliko dio.
151. artikulua
146.6 eta 7. eta 150.3 artikuluek aipatu txostenak hilabeteko epean eman beharko dira, esanbidez beste epe bat ezarrita duten kasuetan izan ezik.
Epe hori igarotzen bada txostena eman gabe, espedientearen izapidetzak aurrera jarraituko du.
3. ATALA Emateari buruzko lehiaketak
152. artikulua
Administrazioak lehiaketak deitu ahal izango ditu, itsas-lehorreko jabari publikoan emakidak eta baimenak emateko.
Lehiaketaren deialdia egiten bada emakida- edo baimen-eskabide baten izapidea egin bitartean, interesdunak eskubidea izango du, tituluaren emakidadun bihurtzen ez bada, proiektuaren gastuak kobratzeko, hurrengo paragrafoan ezarritako moduan.
Lehiaketaren deialdiak eten egingo ditu ukitutako emakida- edo baimen-espedienteen izapideak.
Proiektuaren gastuak zehaztuko dira kasuan kasuko tarifa ofizialaren arabera eta lehiaketaren oinarrietan tasatuko dira.
Tarifa ofizialik izan ezean, benetan gauzatutakoak balioetsiko dira, Administrazioak egingo duen zenbatespenaren arabera.
Gastu horiek emakidadunak ordainduko ditu; hori egiaztatzeko ordainketaren ziurtagiria eskatuko zaio, tituluaren izapidetzari ekin aurretik.
153. artikulua
Lehiaketa ezerezean utzi ahal izango da, baldin eta aurkeztutako eskaintzetarik bat berak ere ez baditu betetzen baldintza egokiak.
154. artikulua
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak bere eskumeneko lehiaketak arautu ahal izango ditu oinarri-agirien bidez.
Arauketa ministerio-aginduaren bidez onetsiko da; ministerio-agindu hori «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratuko da.
Oinarrien agiriek jasoko dituzte, gutxienez, hurrengo aldeak:
a) Obrak eta instalazioak amaitzeko epea.
b) Horiek erabiltzeko araubidea.
c) Tituluaren mugaeguneratze-epea.
d) Ebazpenerako irizpideak; halakoetara bildu ahal izango dira kanona hobetzea, mugaeguneratzearen epea eta erabilera edo zerbitzu publikorako ezarri beharreko tarifak murriztea, bai eta antzeko jardueretan justifikatutako esperientzia ere.
Proiektuak jendaurreko informazioari irekiko zaizkio eta hautatutakoen izapideak egingo dira erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.
4. ATALA Ematearen inguruko baldintzak
155. artikulua
Emate-titulu orok, izaera publikoa izanik, egoki diren baldintzak finkatuko ditu, eta, edozein kasutan, hurrengoak:
a) Okupazioaren xedea eta hedadura.
b) Emakidadunak egin behar dituen obra edo instalazioak, erreferentzia eginez kasuan kasuko proiektuari eta obra nahiz instalazioak hasteko eta amaitzeko epeari.
c) Emate-epea eta epe hori hedatzeko aukera, hori bidezkoa bada.
d) Emakidadunak ordaindu beharreko kanonak eta tasak.
e) Erabilera-araubidea, pribatua edo publikoa, hala denean, jendeak ordaindu beharreko tarifak barneratuz, tarifa eratzeko osagaiak bananduta, bihar etziko berrikuspenen oinarri izateko.
f) Irabazteko asmoa duten erabileren kasuan, emakidadunak duen betebeharra, Administrazioak eskatutako informazio guztia aurkezteko, ustiapenaren emaitza ekonomikoen inguruan.
g) Ondoreen ebaluazioa dela bide, inguruari kalterik ez eragiteko beharrezkotzat jotzen diren baldintzak.
h) Itsas seinaleak eta erabilera publikoko guneetako seinaleak.
i) Emakidadunaren betebeharra, jabari publikoa, obrak eta instalazioak egoera onean edukitzeko.
j) Emakidadunaren betebeharra, behar besteko gordailua eratzeko, bere kontura aurre egiteko obrak eta instalazioak, oso-osoan edo zati batean, konpontzeko edo horiek jaso eta batzeko gastuei, kasuan kasuko titulua azkentzen denean, salbu eta Administrazio eskudunak aurkako erabakia hartzen duenean.
k) Iraungitze-arrazoiak, Kostaldeei buruzko Legearen 79. artikuluan eta erregelamendu honetako 159. artikuluan ezarritakoekin bat etorriz.
l) Proiektuaren teknika-xedapenak, hala denean.
Halaber, hurrengo baldintzak jaso beharko dira:
a) Hala denean, emakidadunak ekarritako lurrak itsas-lehorreko jabari publikora biltzeko.
b) Obren eta instalazioen zuinketa, titulua betearazi aurretik.
c) Horien behin betiko aitorpena, erabiltzen hasi aurretik.
1. paragrafoko f) idatz-zatian jasotakoaren ondoreetarako, irabazteko asmoa duen erabileratzat ulertuko da obren edo instalazioen erabiltzaileek edozein zenbateko ordaintzea edo halakoak erabiltzeagatik edozein motatako baliabideak lortzea, bildutako funtsen destinoa edozein dela, horren salbuespen izanik, emakidaduna beste Administrazio publiko bat denean, obra eta instalazio horien betearazpena finantzatzeko egin daitezkeen kontribuzio bereziak.
5. ATALA Aldaraztea
156. artikulua
Baimenak eta emakidak aldarazi ahal izango dira:
a) Horiek gauzatzeko erabakigarri ziren egoerak aldatzen direnean.
b) Ezinbesteko kasuak daudenean, titularrak hala eskatuta.
c) Hori beharrezkoa denean, kasuan kasuko planekin edo arauekin bat etortzeko.
Hirugarren kasuan bakarrik, emakidadun kaltedunak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du, Kostaldeei buruzko Legearen 89. artikuluan eta erregelamendu honetako 173. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz edo, modu ordeztailean, nahitaez jabetza kentzeko legeria orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz.
Aurreko paragrafoko b) idatz-zatiaren ondoreetarako, ezinbesteko kasutzat hartuko da aurreikusi gabe kostaldeak atzera egitea, hori ez denean gertatzen emakidaren xede diren obrengatik, mugimendu sismiko edo itsasikarengatik, kalkulukoak baino handiagoak izanik aurreikusi ezin daitezkeen ekaitzengatik, eragin gabeko suteengatik eta antzeko salbuespen-arrazoiren batengatik.
Administrazio emaileak emakida baten ezaugarriak aldaraztea baimendu ahal izango du.
Aldarazpena funtsezkoa denean, eskabidea erregelamendu honetan emakidak emateko ezarri prozeduraren mende izango da.
6. ATALA Azkentzea
157. artikulua
Jabari publikoa okupatzeko eskubidea azkenduko da:
a) Emate-epea mugaeguneratzeagatik.
b) Ofizioz berrikusteagatik, Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritako kasuetan.
c) Administrazioak ezeztatzeagatik, baimenen kasuan.
d) Emakidak ezerezteagatik, emakida emateko unean zeuden egoera fisikoak aldatzearen ondorioz, titulua ezin aldarazi daitekeenean.
e) Emakidadunak uko egiteagatik, Administrazioak hori onartzen duenean, betiere, jabari publikoari edo horren erabilerari ondore negatiborik sortzen ez bazaizkio edo hirugarrenei kalteak eragiten ez bazaizkie.
f) Administrazioaren eta emakidadunaren arteko adostasunarengatik.
g) Zerbitzu publikoaren emakida azkentzeagatik, demanio-titulua denean horren oinarri.
h) Iraungitzeagatik.
i) Erreskatatzeagatik.
Aurreko paragrafoan jasotako azkentze-kasuetako jarduera egokiak hasi eta horien izapideak egingo ditu Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak, halakoen ebazpena eman beharko duela organo emaileak, a) idatz-zatiko kasuan izan ezik, kasu horretan Kostaldeei buruzko Legearen 81. artikuluan eta erregelamendu honetako 164. artikuluan jasotakoa aplikatuko baita.
Emakida aurretiaz azkentzen denean, espedientea, ebatzi aurretik, Estatu Kontseiluaren irizpenaren mende izan beharko da, horren lege organikoan jasotakoarekin bat etorriz.
Titulua azkendu ostean kanonak, tasak eta beste tributu batzuk ordaintzen badira, horrek ez du eragingo titulua indarrean izatea, kalterik egin gabe halakoak itzultzeko eskubideari, bidezkoa denean.
158. artikulua
Behin jabari publikoa okupatzeko eskubidea azkenduta, Administrazioak ez du bere gain inolako betebeharrik hartuko, ukitutako jardueraren titularraren lan-harremanei dagokienez.
Halaber, Administrazioak ez du bere gain hartuko titularraren inolako betebehar ekonomikorik, betebeharrok azkendutako titulua zein izan eta titulu horren xedera bildutako lur eta instalazioetako jarduerari lotzen zaizkion ala ez kontuan hartu gabe.
159. artikulua
Administrazioak, aldez aurretik titularra entzunda, iraungitzea adieraziko du, hurrengo egoerak gertatzen direnean:
a) Justifikaziorik gabe obrak ez hastea, horiek geldiaraztea edo horiek ez amaitzea, tituluaren baldintzetan ezarritako epean.
b) Urtebetez bertan behera uztea edo ez erabiltzea, horretarako bidezko arrazoirik izan gabe.
c) Kanona edo tasak ez ordaintzea, urtebetetik gorako epean.
d) Tituluaren xedea aldatzea.
e) Baldintzak ez betetzea, baldintza horiek ezarri direnean aldez aurretik egin den ebaluazioan, emakidek edo baimenek itsas-lehorreko jabari publikoan dituzten ondoreei dagokienez.
f) Agregakinak ateratzeko eta dragatzeentzako Kostaldeei buruzko Legearen 63.3 artikuluko b) eta d) idatz-zatietako eta erregelamendu honetako 125.1 artikuluko baldintzak ez betetzea.
g) Okupazioaren pribatizazioa, horren destinoa jendeari zerbitzuak ematea denean.
h) Eman ez den jabari publikoa hartzea.
i) Eraikitako azalera, gehieneko bolumena edo altuera 100eko 10ean gehitzea, baimendutako proiektuari dagokionez.
j) Obrak eta instalazioak konpontzeko edo horiek jasotzeko Administrazioak agindutako gordailua ez eratzea.
k) Jabari publikoaren mugakide diren lurretan zortasunen egikaritza eragoztea edo babes-zortasuneko eta eraginpeko gunearen gainean ezarritako mugak aplikatzea.
l) Orokorrean, beste baldintza batzuk betetzen ez direnean, ez-betetze horiek esanbidez zehatzen direnean kasuan kasuko titulua iraungiz, eta, hala denean, Kostaldeei buruzko Legearen 75. artikuluaren eta erregelamendu honetako baterako artikuluen arabera deitutako lehiaketa gauzatzeari dagokionez, oinarrizkoak edo erabakigarriak diren baldintzak betetzen ez direnean.
Aurreko paragrafoko g) idatz-zatiaren ondoreetarako, okupazioaren pribatizaziotzat ulertuko da baimendutako zerbitzua erabiltzeko baldintzak aldaraztea, halakoek zailtzen dutenean jendea askatasunez sartzea.
137. artikuluan emakidak eskualdatzeari dagokionez ezarritako debekua ez betetzea nahitaez jasoko da iraungitze-arrazoi gisa kasuan kasuko tituluan.
160. artikulua
Gainerako ez-betetze kasuetan edo Kostaldeei buruzko Legearen arabera arau-hauste astuna egiten denean, Administrazioak iraungitzea adierazi ahal izango du, aldez aurretik titularra entzunda eta erregelamendu bidez ezarritako izapideak eginda.
161. artikulua
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren eskumeneko kasuetan, iraungitzea adierazteko prozedura hurrengoa izango da:
a) Aipatu kasuak egiaztatuta, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak, espedientea hasteko probidentzia eman ondoren, horren berri emango dio titularrari, zortzi eguneko epea emanez, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak egin edo halakoak egiteko epea igaro ondoren, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak espedientea ebatziko du, eskuduna denean, edo, bestelakoan, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari bidaliko dio hori, bere ebazpen-proposamenarekin batera.
c) Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko emakiden kasuan, halakoak baliagarri direnean beste ministerio-sail batzuek edo autonomia-erkidegoek zein emakida edo baimen eman eta halakoen xede diren jarduerak gauzatzeko, aldez aurretik horien txostena eskatuko da.
d) Emakiden kasuan, nahitaezkoa izango da Estatu Kontseiluaren irizpena.
Isurketa-baimenak eta Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren eskumenekoak ez diren emakidak arautuko ditu, iraungitze-espedientearen izapideak egiteari dagokionez, euren arautegi bereziak eta, modu subsidiarioan, artikulu honetan ezarritakoak.
Inola ere ez da bidezkoa izango titulua birgaitzea.
162. artikulua
1. Behin iraungitze-espedientea hasita, Administrazioak agindu ahal izango du obrak berehala geldiaraztea, edo instalazioen erabilera eta ustiapena etetea; azken kasu horretan, aldez aurretik ukitutako titularra entzun beharko du eta horren alegazioei gaitziritzia eman beharko die.
Aurreko artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatiak aipatu jakinarazpen-idazkira bilduko da obrak geldiarazteko edo instalazioen erabilera edo ustiapena eteteko espedienteari ekiteko agindua, bidezkoa denaren arabera.
Entzunaldi-izapidea, bai eta etete-ebazpena ere, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren ardurapekoak dira.
163. artikulua
Iraungitze-adierazpenak berarekin ekarriko du fidantza galtzea, halakorik balego.
Iraungitzearen betearazpena eteteko, interesdunak gordailua gauzatu beharko du, aldez aurretik kasu bakoitzean ezarritako zenbatekoaren arabera.
Aldez aurretik egindako gordailuaren zenbatekoa ez da izango obren eta instalazioen balio eguneratuaren 100eko 30 baino handiagoa, balio hori izango dela hakoak emateko oinarri hartu zen proiektuan jasotakoa.
164. artikulua
Mugaeguneratzearen epea luzaezina izango da, salbu eta emakida edo baimena emateko tituluan esanbidez aurkakoa adierazi denean; kasu horretan, titularrak hala eskatuta eta Administrazio eskudunak erabakitakoaren arabera, mugaeguneratzearen epea luzatu ahal izango da, betiere, titularra ez bada zehatu arau-hauste astuna egiteagatik, eta erregelamendu bidez ezarritako gehieneko epeak osotasunean gainditzen ez badira.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren eskumeneko kasuetan, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak titularrari emakidaren mugaeguneratzea komunikatuko dio, eta zitazioa egingo dio obraren edo instalazioaren tokian lehengoratze-akta gauzatzeko.
Bertan gauzatuko da Administrazioak halakoak jasotzea, Kostaldeei buruzko Legearen 72.1 artikuluan eta erregelamendu honetako 141. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz hartutako erabakiaren baldintzetan.
Kasuan kasuko ondasunak emateko baldintzetan akatsak antzemanez gero, Administrazioak epea ezarriko du, akta horretan akatsok ongitzeko; epe horrek ez du gaindituko 143.3 artikuluan ezarritakoa.
Ongitzea ez bada gauzatzen aipatu epean, modu subsidiarioan betearazteari ekingo zaio interesdunaren kontura.
165. artikulua
Baimena edo emakida azkendu ondoren, Estatuko Administrazioak, beste inolako izapiderik gabe, instalazioen gaineko edukitza eskuratuko du, eta lortu ahal izango du elektrizitatea, ura, gasa eta telefonia hornitzeko enpresek eskainitako hornidura etetea.
IV. TITULUA Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilerari buruzko ekonomia- eta finantza-araubidea
I KAPITULUA. Obren eta bestelako jardueren finantzaketa
166. artikulua
Estatuaren eskumeneko obrak finantzatuko dira aurrekontuen kasuan kasuko kredituen kontura eta, hala denean, autonomia-erkidegoen, toki-korporazioen, nazioarteko erakundeen eta subjektu pribatuen ekarpenekin.
167. artikulua
Baterako finantzaketa dagoenean, partaide bakoitzari dagokion ekarpena adostasunez ezarriko da, zenbatekoa eta hartutako konpromiso-modalitateak zehaztuz.
Akordio horiek kontuan hartu ahal izango dituzte, berebat, kasuan kasuko obren inguruan egin beharreko plangintza eta proiektuak.
Baterako finantzaketaren akordioak hitzarmen bidez ezarriko dira, kasuan kasuko obraren finantzaketan parte hartzen duten Administrazioek edo subjektu pribatuek euren ekarpena bermatu beharko dutela.
Hitzarmenek jaso ahal izango dute plangintzei eta proiektuei buruzko azterketen eta lanen finantzaketa, bai eta lurrak ekartzeko eta obrak kontserbatzeko nahiz ustiatzeko konpromisoak ere.
II. KAPITULUA Fidantzak
168. artikulua
Itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean Kostaldeei buruzko Legean araututako emakidak eta baimenak eskatzen dituztenek Administrazio eskudunari egiaztatuko diote, eskabidea aurkeztean, behin-behineko fidantza eman dutela, ondoren ezarritako moduan; fidantza horren zenbatekoa izango da kasuan kasuko jabarian egin beharreko obren edo instalazioen aurrekontuaren 100eko 2.
Behin-behineko fidantza eratuko da indarreko arautegian ezarritakoaren arabera, ezeztaezina izango da eta modu automatikoan betearaziko da fidantza zein organoren mesedetan eratu eta organo horren ebazpenaren bidez; halaber, organo horrek aginduko du fidantza hori itzultzea, aurkeztutako eskabideari ezetza ematen bazaio.
169. artikulua
Behin emakida edo baimena emanda, behin betiko fidantza eratuko da, behin-behinekoa handituz, obren eta instalazioen kasuan kasuko aurrekontuaren 100eko 5a arte.
Eskatzaileak Estatuko Administrazioak eman beharreko beste emakida edo baimen batzuk eskatu baditu, halakoak beharrezkoak direlako jabari publikoa okupatzeko eskabidearen oinarri den jarduera gauza dadin, eta eskakibe horren ondorioz fidantzak eman baditu, fidantza guztien baterako zenbatekoak ezin izango du gainditu aipatu aurrekontuaren 100eko 5.
Jarduera gauzatzeko fidantza desberdinak behar badira, aurreko paragrafoan jasotakoaren ondoreetarako, kontuan hartuko diren fidantza bakarrak izango dira demanio-tituluan ezarritako epearen beste edo gehiago irauten dutenak.
Administrazio eskudunaren ustez obren eta instalazioen aurrekontua ez badator errealitatearekin bat, Administrazioak exekuzio bidean balioetsiko ditu halakoak, fidantzak zehazteko.
170. artikulua
Interesdunak bere eskarian atzera egiten badu edo bere tituluari uko egiten badio, eratutako fidantza galduko du.
171. artikulua
Isurketen kasuan, Administrazio eskudunak eskatu ahal izango du fidantza osagarria eratzea, isurketaren baldintzak betetzearen inguruan erantzuteko; fidantza horren zenbatekoa izango da seihileko bati dagokion isurketa-kanonaren baliokidea, eta aldian-aldian berrikusi ahal izango da, kanon horren aldaketen arabera.
Fidantza hori eratuko da Administrazio eskudunaren mesedetan, ezeztaezina izango da eta modu automatikoan betearaziko da Administrazioaren aginduaren bidez; halaber, Administrazioak aginduko du fidantza hori itzultzea, bidezkoa den zenbatekoan eta moduan.
172. artikulua
Behin betiko fidantza itzuliko da, obrak aitortzeari buruzko onespenetik urtebetera, emakidek edo baimenek urtebetetik gorako mugaeguneratze-epea dutenean, eta, bestelako kasuetan, halakoak mugaeguneratzean, salbu eta uko-egitea dagoenean edo iraungitzea gertatzen denean; fidantza kasuan kasuko zenbatekoak kenduta itzuliko da, emakidadunari ezarritako zigor eta erantzukizunengatik.
Fidantza itzularazteko eskubidea preskribatuko da, bost urteko epean eskatzen ez bada, hori eskatzea bidezkoa den unetik zenbatzen hasita.
III. KAPITULUA Erreskateak balioestea
173. artikulua
Erreskate osoa edo zatikakoa dagoenean, emakidak hurrengo erregelen arabera balioetsiko dira:
a) Kalte-ordaina emango da, amortizatu gabeko obren balioaren arabera, halakoak emakida aitortzeko aktan jasota daudenean; amortizazioa lineala izango da, obraren iraupenari begira, proiektuaren prezioak eguneratuz, horien barne direla zerbitzu-sariak eta obra-zuzendaritza ere, arau ofizialen arabera eta obren egoera kontuan hartuta.
b) Kalte-ordainak emango dira, halaber, erreskatea gauzatzeko uneko ekonomia-ekitaldian edo urtean galdutako onurengatik; kalte-galera horiek behar bezala justifikatu beharko dira, zerga-ondoreetarako aurkeztutako aitorpenekin.
c) Edozein kasutan, ez dira kontuan hartuko emakidadunak aldez aurretik baimenik izan gabe gauzatutako obra eta instalazioak; halakoak kalte-ordainetarako eskubiderik gabe igaroko dira jabari publikora.
Aurreko paragrafoko b) idatz-zatian jasotakoaren ondoreetarako, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak emakidadunari eskatuko dizkio, urteko batez besteko onura zehazte aldera, aurreko bost urteetan aurkeztutako aitorpenen datuak.
Aldea antzematen denean aitortutako onuren eta Tributu Administrazioak egiaztatutakoen artean, azken horiek hartuko dira kontuan.
Era berean kalte-ordainak emango dira hurrengo arrazoiengatik:
a) Jabetza kendua duten eta itsas-lehorreko jabari publikora bildu diren ondasunak direla bide ordaindutako zenbatekoengatik, 134. artikuluan jasotakoa aplikatzearen ondorioz, emakida-epearen amortizazioa lineala izango dela eta kasuan kasuko legezko korritu-tasak aplikatuko direla.
b) Itsas-lehorreko jabari publikora bildutako ondasunen balioarengatik, ondasun horiek direla 5.7 artikuluak aipatutakoak eta amortizatu gabeak; balio hori zehaztuko da Kostaldeei buruzko Legearen 84.3 artikuluko irizpideekin bat etorriz, emakida-epearen amortizazioa lineala izango dela.
Inola ere ez da kalte-ordainik emango, 137.3 artikuluko harremanek eratorritako eskubideei begira, ezta Administrazioak egindako obren ondorio diren gainbalioei begira ere, salbu eta kanonean eragina izan dutenean.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak emandako emakidetan, balorazioa Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak egingo du, eta horren berri emakidadunari emango zaio, horrekin ados dagoen azal dezan edo egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, aipatu ministerioak balorazioa onetsi aurretik.
V. TITULUA. Arau-hausteak eta zehapenak
I. KAPITULUA. Arau-hausteak
174. artikulua
Kostaldeei buruzko Legearen arabera arau-hauste gisa hartuko dira hurrengoak:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunei edo horien erabilerari kalteak edo urripenak eragiten dizkieten egite eta ez-egiteak, bai eta halako ondasunak beharrezko administrazio-titulurik gabe okupatzea ere.
b) Itsas-lehorreko jabari publikoan beharrezko administrazio-titulurik gabe lanak, obrak, instalazioak, isurketak, lugintzak, landaketak edo mozketak gauzatzea.
c) Zortasunei dagokienez ezarritakoa eta Kostaldeei buruzko Legearen arabera onetsitako arauen xedapenak ez betetzea.
d) Kasuan kasuko administrazio-tituluetako baldintzak ez betetzea, titulu horiek iraungitzea gorabehera.
e) Itsas-lehorreko jabari publikoan edo babes-zortasuneko gunean debekatutako publizitatea egitea.
f) Jabari publikoan eta horren zortasun-guneetan jarduerak gauzatuko direla iragartzea, beharrezko administrazio-titulurik izan gabe edo baldintzen inguruko auzia dagoela.
g) Administrazioak gauzatu behar dituen polizia-eginkizunak oztopatzea.
h) Administrazioari emandako informazioa faltsutzea, kontuan hartu gabe informazio hori norberaren ekimenez edo Administrazioak hala eskatuta eman den.
i) Kostaldeei buruzko Legean ezarritako beste debeku batzuk oso-osoan edo zati batean ez betetzea eta lege horren arabera nahitaezkoak diren jarduerak ez egitea.
175. artikulua
Arau-hausteak sailkatuko dira arin eta astun moduan.
Arau-hauste astunak izango dira:
a) Mugaketen mugarriak aldatzea.
b) Itsas-lehorreko jabari publikoan baimenik gabeko obrak eta instalazioak gauzatzea, bai eta baimenduta dauden obra eta instalazioen azalera, bolumena edo altuera gehitzea ere.
c) Agregakinak baimenik gabe ateratzea eta horien gaineko jabetzari ezarritako mugak ez betetzea.
d) Itsasora heltzeko sarbide publikoak eta igarobide-zortasuna geldiaraztea.
e) Babes-zortasuneko gunean baimendu gabeko eraikuntzak egitea.
f) Giza bizitzaren osasun edo segurtasunerako arriskutsuak diren egite eta ez-egiteak, betiere, halakoak delitu ez badira, eta, edozein kasutan, ur zikinen baimendu gabeko isurketa.
g) Itsas-lehorreko jabari publikoari eta horren zortasun-guneei Kostaldeei buruzko Legeak baimendu gabeko erabilera ematea.
h) Kostaldeei buruzko Legearen arabera beharrezkoa den administrazio-titulurik gabe gauzatzea edozein obra- edo instalazio-mota, legean zehaztutako zortasun-guneetan, betiere, abusuzko jokabidea bertan behera uzteko Administrazioaren esanbidezko agindeiari jaramonik egin ez bazaio, edo espediente zehatzailearen hasiera jakinarazi ondoren ere jokabide horri eutsi bazaio.
i) Jabari publikoan kalte konponezinak edo konpontzeko zailak eragiten dituzten egite eta ez-egiteak edo Administrazioaren eginkizunak gauzatzea oztopatzen duten egite eta ez-egiteak.
j) Falta arinetan berrerortzea, falta horiek preskribatzeko ezarri epea bete baino lehenago.
Arau-hauste arinen izaera izango dute Kostaldeei buruzko Legearen 90. artikuluan eta erregelamendu honetako 174. artikuluan jasotako egite eta ez-egiteek, aurreko paragrafoko zerrendara bildu ez direnean.
176. artikulua
Arau-hausteen preskripzio-epea lau urtekoa izango da, arau-hauste astunentzat, eta urtebetekoa arinentzat, halakoak burutu direnetik zenbatzen hasita.
Hala ere, gauzak itzultzea eta aurreko egoeran berrezartzea galdatuko da, igarotako denbora edozein dela.
Epea zenbatzen hasiko da arau-haustea egin den datan edo, jarraikako jardueraren kasuan, hori amaitzean.
Arau-haustea eragiten duten egitateak edo jarduerak ezezagunak badira, ageriko ezaugarririk ez izateagatik, epe hori zenbatzen hasiko da ezaugarri horiek azaltzen direnetik.
Uste izango da eraikuntza edo instalazio bat erabat amaituta dagoela, prest dagoenean aurreikusitako xedea betetzeko, geroagoko jardunik behar izan gabe.
Ondore horretarako, amaiera-data izango da organo zehatzaileak egiaztatutakoa, eta, modu subsidiarioan, hurrenkera honen arabera, hurrengoak: lizentzia-data, jardunbiderako edo zerbitzurako baimenen data, edo obra-bukaerari buruz teknikari eskudunak izenpetutako ziurtagiriaren data.
177. artikulua
Arau-haustearen erantzule izango dira hurrengo pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Administrazio-titulu baten baldintzak betetzen ez direnean, tituluaren titularra.
b) Beste kasu batzuetan, jardueraren sustatzailea, jarduera gauzatzen duen enpresaburua eta jardueraren zuzendari teknikoa.
c) Kostaldeei buruzko Legean ezarritakoaren aurka doazen administrazio-tituluak eman, eta titulu horiek egikaritzean jabari publikoari edo hirugarrenei kalte larriak eragiteagatik arauak hausten direnean, erantzule izango dira:
1. Kasuan kasuko titulua ematearen aldeko txostena egiten duten Administrazio publikoetako funtzionario eta enplegatuak; horiek diziplina-bidean zehatuko dira falta astunarengatik, kasuan kasuko espedientea egin ondoren.
2. Titulua ematearen aldeko ebazpena edo botoa ematen duten korporazio edo erakunde publikoetako agintariak eta kide anitzeko organoetako kideak, ebazpen edo boto hori eman dutenean jaramonik egin gabe titulua ematea legearen aurkakoa dela ohartarazi duten txosten nahitaezko eta ahobatezkoei, edo txosten horiek eskatu ez direnean.
Zehapena isuna izango da, eta horren zenbatekoa kasu bakoitzean Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honen irizpideak aplikatzearen ondoriozkoa.
Paragrafo honen kasuetan subjektu pribatuek jasandako kalte-galerei dagokienez, kalte-ordainaren bidezkotasuna erabakiko da Administrazioaren erantzukizuna izaera orokorrarekin arautzen duten arauekin bat etorriz.
Edozein kasutan, ez da kalte-ordainik emango, kaltedunari egozteko moduko doloa, errua edo arduragabekeria larria badago.
Arau-haustearen subjektu erantzule bat baino gehiago izanez gero, arau-hauste horren ondorioak modu solidarioan ezarriko dira.
II. KAPITULUA Zehapenak
1. ATALA Xedapen orokorrak
178. artikulua
Arau-haustea gauzatzen duen egite edo ez-egite oro zehatuko da Kostaldeei buruzko Legearen 97 eta 98. artikuluen eta erregelamendu honetako baterako artikuluen arabera bidezko den isunarekin.
Egite edo ez-egite berak bi arau-hauste edo gehiago gauzatzen baditu, kontuan hartuko da zehapen handiena duena bakarrik.
Edonola ere, Kostaldeei buruzko Legearen arabera emandako emakiden titularrak beti zehatu ahal izango dira lege horretako arau-hausteak egiteagatik, hala denean, titular horiei ezar dakizkiekeen beste erantzukizun batzuk gorabehera.
Administrazioaren ustez, arau-haustea delitua edo falta bada, administrazio-organoak Fiskaltzari helaraziko dio hori, prozedura zehatzailea bertan behera utziz, agintari judizialak adierazpenik egiten ez duen bitartean.
Zehapen penalak baztertuko du administrazio-zehapena ezartzea.
Arau hauste astunetan berrerortzen bada, urtebetetik hiru urterako epean baimenen eta emakiden titular izateko desgaikuntza adierazi ahal izango da.
179. artikulua
Ezarritako zehapen penala edo administrazio-zehapena gorabehera, arau-hausleak gauzak itzultzeko eta aurreko egoeran berrezartzeko betebeharra izango du, konponezinak diren kalteak eta eragindako galerak ordainduz, kasu bakoitzean ebazpenak ezartzen duen epean.
Edozein kasutan, itzulketak berarekin dakar modu ez zilegian lortutako onura osoa Administrazioari bueltatzeko betebeharra.
Itzulketarako, berrezartzeko eta kalte-ordainak emateko betebeharrak eskatzeko modukoak izango dira lehenengo eta behin jardueraren sustatzaileari eta, modu subsidiarioan, gainerako erantzuleei.
180. artikulua
Administrazio-tituluaren baldintzak ez betetzeak eratortzen badu arau-haustea, titulu hori iraungi dela adieraziko da, hori bidezkoa denean, Kostaldeei buruzko Legearen 79. artikuluan eta erregelamendu honetako 159 eta 160. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Era berean, administrazio-jardueren ondoreak eteteko eta jarduera horiek deuseztatzeko prozedurak hasiko dira, ustez jarduera horietan oinarritu daitekeenean legearen aurkako jarduna.
181. artikulua
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Jabetza Erregistroari jakinaraziko dizkio berrezartzea edo itzulketa agintzen duten administrazio-ebazpenak, horrek kasuan kasuko bazterreko oharra egin dezan, ukitutako eraikuntzen edo instalazioen inguruan, halakoak inmatrikulatuta izan daitezkeenean.
Ebazpena irmoa denean kasuan kasuko idazkuna ezereztuko da.
182. artikulua
Arau-hauste astunengatik ezarritako zehapenak hurrengo paragrafoan zehaztu den moduan egingo dira jendaurreko, irmo bihurtu ondoren.
Argitaratzeak guneko hedapen handieneko egunkari batean egingo dira, eta hurrengo datuak jasoko dituzte:
Zehapenaren zenbatekoa, arau-hauslearen edo arau-hausleen izena, arau-haustearen tipifikazioa, zehaztutako egitatearen kokapena eta, hala denean, itzulketarako eta kalte-ordainak emateko betebeharra.
2. ATALA Isunak
183. artikulua
Arau-hauste astunentzat isuna honako hau izango da:
a) Kostaldeei buruzko Legearen 91.2 artikuluko a), d), f), g) eta i) idatz-zatietako eta erregelamendu honetako 175.2 artikuluko kasuetan, 50 milioi pezeta arteko isuna
b) Aipatu artikuluetako b), e) eta h) idatz-zatietako kasuetan, obren eta instalazioen balioaren 100eko 50eko isuna, obra eta instalazio horiek jabari publikoan edo igarobide-zortasunean daudenean, eta 100eko 25eko isuna, gainerako babes-zortasunetan daudenean.
c) c) idatz-zatiko kasuetan, ateratako materialen balioaren 100eko 100ren isuna, edo 50 milioi pezeta arteko isuna, jabetzari ezarritako mugak betetzen ez badira.
d) j) idatz-zatiko kasuetan, aurreko idatz-zatietan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz bidezkoa den isuna, arau-haustearen izaera kontuan hartuta.
184. artikulua
Isunaren zenbatekoa kalkulatzeko hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Mugarriak aldatzen direnean, 50.000 pezeta ukitutako mugarri bakoitzeko, horri gehituko zaiola jabari publikoan gutxitutako edo mugitutako azaleraren balioa, kalkulatuko dena okupazio-kanona zehazteko balorazio-irizpide berberekin.
b) Itsasora heltzeko sarbide publikoak eta igarobide-zortasuna geldiarazten direnean, kontuan hartuko da egun bakoitzean zenbat ukitutako izan daitekeen, sarbidea edo igarobidea eragozten zaienen artean.
Isun horren zenbatekoa lortuko da zenbaki hori biderkatuz zortasunak etenda irauten duen egun-kopuruarekin eta 100 pezetarekin.
c) Giza bizitzaren osasun edo segurtasunerako arriskutsuak diren egite eta ez-egiteen kasuan, sortutako arriskuaren norainokoa, eragindako kalteen zenbatekoa eta arau-hausleari antzemandako asmokotasun-maila.
Itsas balizamenduko arauak ez betetzearen kasuan, 50.000 pezeta egunero.
Ur zikinak baimenik gabe isurtzen direnean, hala denean, baimena emateko isurketa-tratamenduaren ondorioz ezarri beharko litzatekeen kostua.
d) Itsas-lehorreko jabari publikoa eta horren zortasun-guneak erabiltzen direnean Kostaldeei buruzko Legeak eta erregelamendu honek baimendu gabeko erabileretarako, beste paragrafo batzuetan jaso ez direnetarako, arau-hausleak lortutako onura zenbatetsia, eta onura hori ezin denean zenbakitu, jabari publikoari eragindako kalte-galeren balioa eta, gutxienez, 5.000 pezeta.
Kanpaldiaren kasuan, 5.000 pezeta okupatutako metro koadro bakoitzeko eta eguneko.
Ibilgailuen baimenik gabeko joan-etorria dagoenean, 5.000 eta 20.000 pezeta artean, salbu eta sortutako kaltea handiagoa denean.
e) Jabari publikoan kalte konponezinak edo konpontzeko zailak eragiten dituzten egite eta ez-egiteen kasuan edo Administrazioaren eginkizunak gauzatzea oztopatzen duten egite eta ez-egiteen kasuan, halakoak beste paragrafo batzuetan jaso ez direnean, isunaren zenbatekoa mailakatuko da egitearen edo ez-egitearen astuntasunaren arabera.
Halakoak kalkulatzeko kontuan hartu ahal izango dira 190.2 artikuluan ezarritako irizpideak
f) Obrak edo instalazioak zortasun-guneetan egiten direnean ahalbidetze-titulurik gabe, kontuan hartuko dira Kostaldeei buruzko Legearen 97.1.b) artikuluan eta erregelamendu honetako 183.b) artikuluan ezarritako irizpideak.
g) Agregakinak baimenik gabe ateratzen direnean, zenbatekoa kalkulatuko da aprobetxamendu-kanona zehazteko erabiltzen diren irizpideekin.
Agregakinen jabetzaren mugak ez badira betetzen, isunaren zenbatekoa izango da eskualdaketak izandako balioaren 100eko 10.
h) Arau-hauste astunaren kasuan, hori gertatzen denean falta arinak berregiteagatik, halakoak preskribatu aurretik, isunaren zenbatekoa izango da horietariko bakoitzari begira ezarritakoaren batura, hala denean, kontuan hartuko dela, arau-hausteetarik lehenengoari begira, 187.1 artikuluak aipatu murrizketa bakarrik.
185. artikulua
Arau-hauste arinentzat zehapena isuna izango da; horren zenbatekoa erregelamendu honetan ezarritakoa da, arau-hauste mota bakoitzari begira, aurreko paragrafoetako irizpideak aplikatuz, baina isun hori ez da izango irizpide horiek aplikatuz ezarri beharreko isunaren erdia baino handiagoa, ezta, edozein kasutan, 10.000.000 pezetatik gorakoa ere.
Hurrengo kasuetan, zehapena izango:
a) 174. artikuluko a) idatz-zatiko kasuetan, 25.000 pezetako isuna, publizitatea ikus-entzunezko baliabideen bidez egiten denean, eta 10.000 pezetakoa, metro koadro bakoitzeko, kartelen eta hesien bidez egiten denean.
b) Aipatu artikuluko f) idatz-zatiko kasuetan, iragarpenak duen kostuaren 100eko 25, administrazio-titulu egokirik gabeko jardueren kasuan, eta titulu horretan ezarritako baldintzen aurkakoa denean, emakida-klausuletan jasotako zehapena.
c) Aipatu artikuluko g) idatz-zatiaren kasuetan, gutxieneko isuna, Administrazioak dituen polizia-eginkizunak oztopatzeagatik, 25.000 pezetakoa izango da, arau-hausleak lortutako onuraren arabera gehituta.
d) Aipatu artikuluko h) idatz-zatiaren kasuetan, gutxieneko isuna, Administrazioari emandako informazioa faltsutzeagatik, 25.000 pezetakoa izango da, arau-hausleak lortutako onuraren arabera gehituta.
e) 175. artikuluko 3. idatz-zatiko kasuetan, isuna izango da sortutako kaltearen baliokidea, eta, titulurik gabeko okupazioa dagoenean, 20.000 pezetakoa, metro koadro bakoitzeko eta eguneko.
186. artikulua
Isuna ezartzen denean, horren zenbatekoa edozein izanda ere, ez da bazter utziko lortutako onura osoa Administrazioari emateko betebeharra, 179. artikuluan xedatutakoaren arabera.
187. artikulua
1. Inguruabar aringarri gisa hartuko da, arau-haustea egiteagatik sortutako egoera zuzentzen ahalegindu izana, kasuan kasuko agindeian ezarritako epean, eta, ondorioz, isunaren zenbatekoa erdiraino murriztu ahal izango da.
Interesdunari egin beharreko agindeia jasoko da espediente zehatzailea hasi izanaren jakinarazpenean bertan.
188. artikulua
Zerbitzuak hornitzen dituzten enpresek Kostaldeei buruzko Legearen 39 eta 103. artikuluetako eta erregelamendu honetako 82 eta 194. artikuluetako betebeharrak hausten dituztenean, Administrazio eskudunak goren-mugako isuna ezarriko diete horiei, isun horren zenbatekoa izanik gauzatutako ez-betetzearen arabera zein zehapen ezarri eta zehapen horren zenbatekoaren boskoitza, bidezkoak izan daitezkeen beste zehapen batzuk gorabehera.
Isun hori zehazteko kontuan hartuko dira aldez aurretik jaramonik egin gabeko agindei-kopurua, hornidura geldiarazi arte igarotako denbora eta atzerapenarengatik sortutako galerak.
Hornidura geldiaraztea eragiten duen arau-hauste nagusia zehatzeko ahalmena zein Administraziok izan eta Administrazio hori hartuko da eskuduntzat.
189. artikulua
Gaiaren arabera eskuduna den Administrazioak ezarriko ditu isunak.
Eskuduna Estatuko Administrazioa denean, hurrengo organoek izango dute isunak ezartzeko ahalmena, ondoren finkatutako mugen arabera:
a) Zerbitzu Periferikoko Buruak, 5.000.000 pezeta arte.
b) Hala denean, Gobernuaren Uharte Ordezkariak, Gobernadore Zibilak edo Gobernuaren Ordezkariak autonomia-erkidegoetan, 10.000.000 pezeta arte.
c) Zuzendari Nagusiak, 50.000.000 pezeta arte.
d) Ministroak, 200.000.000 pezeta arte.
e) Ministroen Kontseiluak, 200.000.000 pezeta baino gehiago.
Muga horiek eguneratu ahal izango dira, Ministroen Kontseiluak onetsitako errege-dekretu bidez.
Autonomia-erkidegoek 200.000.000 milioi pezeta arteko isunak ezarri ahal izango dituzte, industria-isurketen edo isurketa kutsagarrien gaian estatuko legeria betearazteko duten eskumen-esparruan.
Kostaldeei buruzko Legearen arabera udal-eskumenekoak diren gaietan, alkateek 1.000.000 pezeta arteko isunak ezarri ahal izango dituzte.
Era berean, errege-dekretu bidez eguneratu ahal izango dira erregelamendu honetan ezarritako isunak.
3. ATALA Itzulketa eta berrezartzea, eta kalte-ordainak
190. artikulua
Kostaldeei buruzko Legearen 95.1 artikuluak eta erregelamendu honetako 179.1 artikuluak aipatu dituzten itzulketa eta berrezartzea ezin direnean gauzatu eta, edozein kasutan, kalte konponezinak eta galerak daudenean, arau-haustearen erantzuleek ordaindu beharko dituzte bidezkoak diren eta Administrazioak betearazpen-bidean ezarri dituen kalte-ordainak.
Kalteak ebaluatzea gaitza denean, hurrengo irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Itzulketaren eta berrezartzearen kostu teorikoa.
b) Kaltetutako ondasunen balioa.
c) Kaltea eragin duen proiektuaren edo jardueraren kostua.
d) Jarduera arau-hauslearekin lortutako onura.
Onura kalte-ordaina baino gehiago denean, kalte-ordaina zehazteko, gutxienez, onuraren zenbatekoa hartuko da kontuan.
Organo zehatzaileak balioetsiko ditu kalteak.
Kalteok zenbatzeko, 2. paragrafoko xedapenak aplikatu behar badira, horietako irizpideak aplikatzearen ondorioz lortzen diren balioetarik handiena aukeratuko da.
4. ATALA Isunak eta kalte-ordainak ordaintzea
191. artikulua
Estatuko Administrazioak ezarritako isunen eta kalte-ordainen zenbatekoa, halakoak eratortzen dituenean Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honen aplikazioak, Altxor Publikoan ordainduko da, ordaindu izana justifikatzen duten ziurtagiriak organo zehatzailean aurkeztu beharko direla.
Ordainketa egingo da kasuan kasuko ebazpenean jasotako epean, Biltzeei buruzko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.
Kalte-ordainen ondorioz sortzen diren sarrerek modu automatikoan sortuko dute Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko kostaldeko inbertsioen aurrekotu-kapituluko kredituaren igoera.
III. KAPITULUA Prozedura eta betearazpen-bideak
1. ATALA Prozedura
192. artikulua
Erregelamendu honetako arau-hausteak zehatzeko prozedura izango da Ahal Zehatzailea Egikaritzeko Prozeduraren Erregelamenduan, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak onetsitakoan, araututakoa, hurrengo artikuluetan jaso berezitasunekin.
Funtzionarioek eta kasuan kasuko agintariek betebeharra izango dute, salaketak jartzeko, aurkeztutako salaketen izapideak egiteko eta euren eskumenekoak diren salaketak ebazteko, bidezko diren zehapenak ezarriz.
Aipatu ondoreetarako, funtzionarioek eta Administrazioaren agenteek ahalmena izango dute jabetza pribatuko lurretan sartzeko, horietan kasuan kasuko egiaztapenak eta jarduerak gauzatu behar direnean.
Subjektu pribatuek salaketa bat egiten dutenean salatutako egitateak behar beste oinarritu beharko dituzte, salaketa horren izapideak egin daitezen.
Kasu horretan, espediente zehatzailearen hasiera komunikatuko zaie, hori bidezkoa bada.
193. artikulua
Behin ustezko arau-haustea antzemanda, organo eskudunak, egoki diren eginbideak aldez aurretik gauzatu ondoren, ustezko arau-hausleari begira espediente zehatzailea hasiko du, eta horri kargu-orria jakinaraziko dio, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; jarraian, ebazpena komunikatuko dio.
194. artikulua
Gauzatzen ari diren obrak legearen aurkakoak direnean, organo eskudunak obra horiek geldiaraztea aginduko du, espediente zehatzailea hasteko unean.
Ustiatzen ari diren instalazioen kasuan, bidegabeko erabilera edo jarduera etetea aginduko du, hala denean, egoki diren alegazioei gaitziritzia eman ondoren.
Bi kasuetan, obrak edo instalazioak zigilatu ahal izango dira.
Kostaldeei buruzko Legearen 39. artikuluak eta erregelamendu honetako 82. artikuluak aipatu zerbitzu-enpresek hornidura etengo dute, Administrazioak hala eskatuta.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak duenean eskumena, espedientea hasi beharko du Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoko Buruak, bere ekimenez edo goragoko aginduaren ondorioz.
Ez da izango espediente zehatzailea hasteko eragozpena beste lege-xedapen batzuen babesean emandako lizentziak, ahalmenak edo bestelako baimen batzuk aurkeztea, ezta Kostaldeei buruzko Legeak eta erregelamendu honek galdatutako baimena edo emakida eskatzea edo halakoaren izapideak hasita izatea ere.
Behin espedientea hastea akordatuta, organo eskudunak Instruktorea eta Idazkaria izendatuko ditu.
Hala denean, legearen aurkako obrak geldiaraziko ditu, ohartaraziz, hori egiten ez bada Kostaldeei buruzko Legearen 104. artikuluan eta erregelamendu honetako 195. artikuluan jasotako neurriak hartuko direla, eta adieraziko du, hurrenez hurren, aipatu legearen eta erregelamenduaren 97.3 eta 187.1 artikuluetako inguruabar aringarria kontuan hartzeko aukera, kasuan kasuko epea ezarriz.
Alde horiek jakinaraziko zaizkie ustezko erantzuleei.
Instruktoreak, egitateak argitzeko beharrezkotzat jotzen duenean, eginbide eta froga egokiak gauzatuko ditu, eta ezinbestekoak diren txostenak eskatuko ditu.
Instruktoreak kargu-orria azalduko du, horretara bilduko direla egotzitako egitateak, ustez urratu diren manuak, sortutako kalteak eta bidezkoak diren zehapenak, bai eta frogen emaitzak ere, halakoak gauzatu badira.
Aurreko paragrafoan aipatu jarduerak gauzatzen ez direnean, kargu-orria jakinaraziko da espediente zehatzailearen hasierarekin batera.
Ustezko arau-hausleak hamar eguneko epea izango du kargu-orriari begira alegazioak egiteko eta, hala denean, proposatzeko froga berriak gauzatzea, horiek egokiak direnean egitateak zehazteko.
Froga gauzatzeari dagokionez aplikatuko da Ahal Zehatzailea Egikaritzeko Prozeduraren Erregelamenduko 17. artikuluan xedatutakoa.
Ustiatzen ari diren instalazioak legearen aurkakoak direnean, eta kargu-orriari begira egindako alegazioei gaitziritzia ematen zaienean, Instruktoreak, espedientearekin jarraitzeari kalterik egin gabe, jarduerak komunikatuko dizkio espediente zehatzailea hastea erabaki zuen organoari, horrek agin dezan bidegabeko erabilera edo jarduera etetea eta bidezko den errekurtsoa aipa dezan, etetea berehala betearaztea gorabehera.
Behin kargu-orria erantzunda, edo horretarako epea igarota, espedientearen Instruktoreak ebazpenaren proposamena egingo du, espediente hori hastea agindu zuen organoari bidaliko diona, horrek ebatz dezan edo organo eskudunari bidal diezaion, aldez aurretik interesduna entzunda.
Ebazpenak ezarriko ditu, hala denean, zehapenak eragingarri egiteko epeak, bai eta, bidezkoa denean, gauzak itzultzeko eta aurreko egoeran berrezartzeko, edo, posible izanez gero, konponezinak diren kalteen eta sortutako galeren ordainak emateko baldintza eta epeak.
Bidezko kalte-ordainen zehaztasunak ez badira ezarri espediente zehatzailearen ebazpenean, halakoen izapideak espediente independentean egingo dira, arau-hauslea entzunda; espediente horretan kalteen zenbatekoa bakarrik eztabaidatu ahal izango da.
8. paragrafoak aipatu alegazioen fasean, interesdunak egiaztatzen badu ebazteke duela emakida- edo baimen-eskabide bat, aurretiaz aipatutako jarduera guztiek aurrera egingo dute, hala denean, espedientea amaituko dela isun egokia ezarriz.
Itzulketarako, berrezartzeko eta kalte-ordainak emateko gainerako neurriak emakida- edo baimen-espedientea ebatzi arte atzeratuko dira.
Ebazpenak ezezkoa ematen badu, ebazpen horrek kasuan kasuko neurriak jaso beharko ditu.
2. paragrafoak aipatu hornidura-etetea gauzatuko da espediente zehatzailea hasi duen Administrazioak hala eskatuta.
Estatuko Administrazio Orokorra gaiaren arabera eskuduna denean zehapena ezartzeko, ebazpena emateko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da.
Ezarritako epeetan ebazpenik ez bada ematen, iraungitze-adierazpena egingo da, 30/1992 Legearen 43.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Administrazio-bidea amaitzen duten ebazpenak berehala izango dira betearazleak, eta horien aurka ezin izango da egin administrazio-errekurtso arruntik.
Estatuko Administrazio Orokorrean administrazio-bidea amaitzen dute Ministroak eta Ministroen Kontseiluak emandako ebazpenek.
195. artikulua
Aurreko artikuluak aipatu geldiarazpena, debekua edo etetea eragingarriak izan daitezen, bai eta Kostaldeei buruzko Legearen 10.2 artikuluak eta erregelamendu honetako 14.2 artikuluak aipatu jabari publikoa ofizioz berreskura dadin ere, organo eskudunak indar publikoaren laguntza eskatuko du, beharrezkoa denean.
Interesdunak geldiarazpen-agindua betetzen ez duenean, obretan erabiltzeko prest dauden materialak eta obra horietarako makineria zigilatu edo batzeari ekingo zaio.
Azken kasu horretan, interesdunak batutako materialak berreskuratu ahal izango ditu, aldez aurretik garraio- eta zaintza-kostuak ordainduta.
196. artikulua
Isurketak tratatzeko eta iragazteko instalazio bat geldiaraztea edo horren jardunbidea etetea bidezkoa ez denean, eta hizpatutako baldintzak ez betetzeak eragozpen larriak eratortzen dituenean, Administrazioak, lehendabizi, titularrari agindeia egingo dio, ezarritako epean gabeziak zuzen ditzan; zuzenketa horiek egin ezean, Administrazioak betearazpen subsidiarioari ekingo dio, titularraren kontura.
197. artikulua
Geldiarazpenak, debekuak edo eteteak iraun bitartean, Administrazioak ez du bere gain hartuko inolako betebeharrik, ukitutako jardueraren titularraren lan-harremanei dagokienez, apirilaren 7ko 8/1988 Legeak, Lan Arloko Arau Hauste eta Zehapenei buruzkoak, 39 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2. ATALA Nahitaezko betearazpena
198. artikulua
Isunen nahiz administrazio-erantzukizunen zenbatekoak eskatu ahal izango dira administrazioko premiamendu-bidea erabilita.
Isunaren edo konponketaren betearazpena etetea erabakiz gero, etetea eragingarria izan dadin, interesdunak isunaren edo konponketaren zenbatekoa bermatzeko betebeharra izango du.
Estatuko Administrazio Orokorrak badu eskumena, bermea eratuko da Gordailuen Kutxa Orokorrean, organo zehatzailearen mende, fidantzaren edo abalaren bidez, isunaren eta gainerako betebeharren zenbatekoa aintzat hartuta.
199. artikulua
Organo zehatzaileek isun hertsagarriak ezarri ahal izango dituzte, kasuan kasuko agindeiaren epeak igarotzen direnean, eta Administrazio Prozeduraren Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
Halako bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko gauzatutako arau-hausteari begira zein isun ezarri eta isun horren zenbatekoaren 100eko 20.
200. artikulua
Era berean, betearazpen subsidiarioari ekin ahal izango zaio, arau-hauslearen izenean eta haren kontura.
201. artikulua
Bidegabe eta titulu askietsirik gabe itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak okupatzen dituztenak botatzeko administrazio-egintza organo eskudunak emango du, usurpatzaileari bere jarduna bertan behera uzteko agindeia egin ondoren, eta agindei horren aurkako jarkitze aktiboa edo pasiboa dagoenean; usurpatzaileak zortzi eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko.
Eragindako gastuak botatako pertsonen kontura izango dira.
Zehatzeko organo eskudunak botatzea akordatuko du.
Eskumen hori Estatuko Administrazioak duenean, Gobernuaren Ordezkariari edo Gobernadore Zibilari eskatuko dio estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen elkarlana, beharrezkoa denean.
3. ATALA Akzio Publikoa
202. artikulua
Administrazio-organoei eta auzitegiei Kostaldeei buruzko Legea eta hori garatzeko nahiz aplikatzeko emandako xedapenak bete daitezen galdatzeko akzioa publikoa izango da.
Administrazioak, arau-haustea egiaztatu ondoren eta, betiere, salatutako egitatea amaitutako edo izapidean dagoen espediente zehatzaile baten mende ez badago, subjektu pribatu salatzaileei izandako gastuak ordainduko dizkie, horiek justifikatzen badira.
Subjektu pribatuek egikaritutako akzio publikoaren izapideak modu egokian egin daitezen, subjektu pribatuek behar beste oinarritu beharko dituzte egitateak, halakoek urratzen dituztenean Kostaldeei buruzko Legea, erregelamendu hau edo horiek garatzeko emandako beste xedapen batzuk.
Administrazioak uste badu behar besteko frogarik ez dagoela, espedientea artxibatuko da bestelako izapiderik egin gabe, salbu eta interesdunak adierazitako egitateak egozten zaizkionean halakoak zein organotan aurkeztu eta organo horri; kasu horretan, organo horrek espedientea bidaliko dio goragoko organoari.
VI. TITULUA Eskumen administratiboa
I. KAPITULUA. Estatuko Administrazioaren eskumenak
203. artikulua
Estatuko Administrazioari dagokio, Kostaldeei buruzko Legean ezarritakoaren arabera:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoko ondasunak mugatzea, bai eta ondasun horiek lotzea eta jaregitea ere, eta lurrak eskuratzea nahiz lur horiei jabetza kentzea jabari horretara biltzeko.
b) Itsas-lehorreko jabari publikoa kudeatzea, horretara bilduz jabari hori okupatu eta aprobetxatzeko ematen diren atxikipen, emakida eta baimenak; erreserba-guneak adieraztea; zortasun-guneetako baimenak ematea; eta, edozein kasutan, itsasoko obra finkoen emakidak ematea, bai eta itsasoko instalazio txikiagoen emakidak ematea ere, instalazio horien artean izanik, besteak beste, ontziralekuak, pantalanak, ontzitegiak eta portuaren zati ez diren edo horri atxikita ez dauden antzeko beste instalazio batzuk.
c) Itsas-lehorreko jabari publikoaren eta horren zortasunen gaineko babes- eta polizia-jarduerak gauzatzea, bai eta kasuan kasuko emakidak eta baimenak emateko ezarri ziren baldintzak betetzen direla zaintzea ere.
d) Eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzea, agregakin-hobiak eskualdatzen direnean, eta, hala denean, horiei jabetza kentzea.
e) Neurketak egin eta edukierak zehaztea, itsasoaren inguruko azterketa hidraulikoak egitea eta itsasoko klimaren inguruko informazioa ematea.
f) Kostaldeei buruzko Legearen 22. artikuluan eta erregelamendu honetako 41. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egindako arauak onestea.
g) Interes orokorreko edo autonomia-erkidego bat baino gehiago ukitzen dituzten obrak eta jarduerak gauzatzea.
h) Isurketak baimentzea, non isurketok ez diren industria-izaerakoak eta kutsagarriak, lehorretik itsasora doazenak (198/1991 Epaiak Konstituzioren aurkakotzat jo du).
i) Isurketei, bainutokietako giza segurtasunari eta itsas salbamenduari buruzko xedapenak egin eta onestea.
j) Kostaldeak argiztatzea eta itsas seinaleak jartzea.
k) Aurreko eskumenak egikaritzearekin zerikusia duten zerbitzu tekniko guztiak eskaintzea eta aholkuak ematea autonomia-erkidegoei, toki-korporazioei eta gainerako erakunde publiko nahiz pribatuei eta hala eskatzen duten subjektu pribatuei.
l) Bere eskumeneko gaietan nazioarteko akordio eta hitzarmenak betearaztea.
m) Datu Ozeanografikoen Bankua eratzea, Espainiako kostaldeetan itsasoko klimaren baldintzak zehazteko balioko duena; horretarako, Administrazio publiko desberdinek eskatzen zaien informazioa eman beharko dute.
Informazioa izateko prozedura hurrengo paragrafoan zehaztutakoa izango da.
Datu Ozeanografikoen Bankuko edukia, horrek kostaldeetako ingenieritza-arazoetan zuzeneko eragina duen heinean, itsas klimari buruzko aldeak jasoz, hala nola, olatualdiak, korronteak edo itsasaldiak, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak garatuko du.
Datu Ozeanografikoen Bankuan interesdunek hala eskatuta sartu ahal izango da, eskatutako informazioaren mota eta edukia deskribatuz, horrekin batera ekarriz bidezkoak diren tasak ordaindu izanaren ziurtagiriak.
Estatuko Administrazioaren eskumenak, 1. paragrafoan zerrendatutakoak, egikarituko ditu Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak, horren salbuespen izanik erregelamendu honek beste ministerio-sail batzuei eratxikitako eskumenak.
Estatuko Administrazioak lurralde-itsasoan, barne uretan, gune ekonomikoan eta kontinenteko plataforman dituen eskumenen egikaritza bat etorriko da 206. artikuluan xedatutakoarekin, obra finkoen eta dragatzeen eskumenei dagokienez izan ezik, halakoak Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioarenak izango direlako.
Zortasunen babesa eta polizia, 1. paragrafoko c) idatz-zatiak aipatutakoak, babes-zortasuneko gunean gauzatzen direnean, Herri Lan eta Garraio Ministerioak egikarituko ditu, helburu izanik jokabide arau-hausleak pertsegitzea, halakoek jabari publikoaren aurka edo igarobide-zortasunari eta itsasora heltzeko zortasunari eustearen aurka egiten badute, kalterik egin gabe autonomia-erkidegoek gaiaren arabera dituzten eskumenei, jabari publikoan nahiz zortasun-guneetan.
204. artikulua
Interes orokorreko obra gisa kalifikatu eta Estatuko Administrazioaren eskumenekoak izango dira:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoa eta horren erabilera babestu, defendatu, kontserbatu eta erabiltzeko beharrezkoak direnak.
b) Hondartzak sortu, lehengoratu eta berreskuratzeko obrak.
c) Itsasora heltzeko sarbiderako obrak, hirigintza-plangintzan jaso ez direnak.
d) Itsasoan eta barne uretan kokatutako obrak, hala denean, autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik egin gabe.
e) Kostaldeak argiztatzeko eta itsas seinaleak jartzeko obrak.
Interes orokorreko obrak, aurreko paragrafoan aipatutakoak, betearazten direnean, beste Administrazio publiko batzuek ezin izango dituzte halakoak eten, bidezkoak diren errekurtsoak jartzeari kalterik egin gabe.
Estatuko Administrazioa salbuetsita egongo da lizentziak ematearen ondoriozko tasak ordaintzetik, halakoak galdatzeko modukoak direnean hirigintza-legeriaren arabera.
1. paragrafoak Estatuko Administrazioari eratxikitako eskumena Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak izango du.
Hondartzak sortu, lehengoratu eta berreskuratzeko obren artean izango dira, hala denean, beharrezkoak diren dragatzeak, obra horiek 1. paragrafoko b) idatz-zatiak aipatutakoak direnean.
Interes orokorreko obrek, 1. paragrafoak aipatutakoek, itsas baliabideak ukitzen dituztenean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak nahitaezko txostena emango du hilabeteko epean.
205. artikulua
Estatuko Administrazioari dagokio, berebat, hurrengo kasuetan txostena ematea:
a) Lurralde- edo hirigintza-antolaketari buruzko plan eta arauak, eta horien aldarazpenak edo berrikuspenak, Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honetako xedapenak eta horiek garatzeko nahiz aplikatzeko ematen diren arauak betetzeari dagokionez.
b) Isurketak lehorretik itsasora egiteko planak eta baimenak, estatuko legeria betetzearen eta itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzearen ondoreetarako.
c) Autonomia-erkidegoetako eskumeneko portu eta garraiobide berriak eraikitzeko proiektuak, dauden portuak edo horien zerbitzu-guneak hedatzeko proiektuak, eta halakoen kanpo egitura aldarazteko proiektuak, Kostaldeei buruzko Legearen 49. artikuluan eta erregelamendu honetako baterako artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
d) Itsas lugintzei, emakidei eta baimenei begira interesgarriak diren guneak adieraztea, legeria bereziarekin bat etorriz.
1.a) idatz-zatiak aipatu plangintzak bere baitan hartzen ditu lurralde- edo hirigintza-antolaketari buruzko tresna guztiak, Hiri Lurzorua Mugatzeko Proiektuak eta Xehetasun Azterketak edo antzeko edukia duten beste batzuk barne, halakoek eragina dutenean itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren zortasun-guneetan.
1. paragrafoan aipatu txostenak, mugatuko direnak itsas-lehorreko jabari publikoaren kudeaketa eta babesarekin zerikusia duten aldeetara, berezko eskumenen egikaritza oinarri hartuta, Herri Lan eta Garraio Ministerioak emango ditu, erregelamendu honetako kasuan kasuko artikuluetan ezarri moduan eta epean.
Agiri edo informazio osagarriak eskatzen badira, epe horien zenbaketa geldiaraziko da.
Txostena 1. paragrafoko c) idatz-zatian jasotako kasuari buruzkoa denean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ere txostena emango du itsas arrantzari eta arrantza-baliabideak kontserbatzeari dagokionez.
Herri Lan eta Garraio Ministerioaren txostena loteslea izango da hurrengo aldeetan:
a) 1. paragrafoko a) eta d) idatz-zatien kasuetan, txostenak proposatzen dituenean berezko ahalmenak egikaritzean oinarritutako eragozpenak, halakoak eratortzen dituztenean, dela demanio-titulartasunak, jabari publikoaren osotasuna eta erabilera askea babestuta egotea ziurtatzeko beharrizanaren ondorioz, dela Estatuko Administrazioaren sektorekako beste eskumen batzuek.
b) 1. paragrafoko b) idatz-zatiko kasuetan, txostenak dituen eragozpenak oinarritzen direnean jabari publikoan zein ondasun lotu eta ondasun horien osotasun fisikoa zaintzeko beharrizanean.
c) 1. paragrafoko c) idatz-zatiko kasuetan, txostenaren edukiak aintzat hartzen dituenean erregelamendu honetako 104.1 artikuluak aipatu aldeak.
1. paragrafoko b) eta d) idatz-zatiek aipatu dituzten emakiden eta baimenen kasuan, 129. artikuluko kasuak ez direnean gertatzen, Herri Lan eta Garraio Ministerioaren aldeko txostenak berarekin ekarriko du itsas-lehorreko jabari publikoa okupatzeko behar den baimena ematea.
206. artikulua
Kostaldeei buruzko Legeak eta erregelamendu honek Estatuko Administrazioari eratxiki dizkioten eskumenak kasuan kasuko ministerio-sailek egikarituko dituzte, horien xedapen organikoetan zehaztutako administrazio-egituren bidez.
Estatuko Administrazioak lurralde-itsasoan, barne uretan, gune ekonomikoan eta kontinenteko plataforman dituen eginkizunak, defentsari, arrantza eta itsas lugintzari, salbamenduari, kutsaduraren aurkako borrokari, itsasoan giza bizitzaren segurtasunari, soberakinak ateratzeari, Espainiako ondare arkeologikoa babesteari, ikerketari eta baliabideak ustiatzeari buruzko gaiei edota Kostaldeei buruzko Legean arautu gabeko beste gai batzuei dagokienez, gauzatuko dituzte Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzeko unean eginkizun horiek zituzten sail edo erakundeek, une horretan gauzatzen zituzten modu berean, kalterik egin gabe, hala denean, legeria berezian edo nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoari, halakoak aplikagarri direnean.
Ulertuko da erregelamendu honetan xedatutakoak ez diola kalterik egiten Nazio Defentsarako Interesgarri diren Gune eta Instalazioei buruzko Legearen erregelamenduan ezarritakoari.
Defentsa Ministerioari dagokio itsas-lehorreko jabari publikoko lurren artean Nazio Defentsari lotutakoetan erabilerak eta jarduerak baimentzea, aipatu sailaren bidez.
Defentsa Ministerioak gauzatuko du, berebat, kostaldeen jagoletza militarra, izaera horretako nazioarteko hitzarmenak betetzen direla zainduz.
Garraio, Turismo eta Komunikabideen Ministerioak egikaritu behar ditu nabigazioaren, kutsaduraren aurkako borroka eta itsasoan giza bizitzaren segurtasunaren eta salbamenduaren eginkizunak, bai eta Kostaldeei buruzko Legeriaren zortzigarren xedapen gehigarrian jasotako eginkizunak eta gai horietako nazioarteko akordio eta hitzarmenak betearazteko eginkizunak ere.
Itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilera, telekomunikabide-zerbitzuak ustiatzeko, arautuko du bere legeria bereziak.
Itsasoan giza bizitzaren salbamenduko eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurkako borrokaren zerbitzu publikoa Estatuko Administrazioak emango du, Herri Lan eta Garraio Ministerioaren bidez, bai eta eskudun diren gainerako Administrazio publikoek ere, koordinazio-printzipioarekin bat etorriz, kasuan kasuko planen eta programen bidez.
II. KAPITULUA Autonomia-erkidegoen eskumenak
207. artikulua
Autonomia-erkidegoek euren estatutuetan eratxikita dituzten eskumenak egikarituko dituzte, lurralde-antolaketari eta itsasertzaren, portuen, hirigintzaren, itsasora egiten diren isurketen eta Kostaldeei buruzko Legearen esparruarekin zerikusia duten gainerako gaien antolaketari dagokienez.
Euren eskumeneko emakidak eta baimenak emateko eta zehapenak ezartzeko prozedurak bat etorriko dira kasu bakoitzean aplikagarri den legeriarekin.
III. KAPITULUA Udal-eskumenak
208. artikulua
Udal-eskumenek, autonomia-erkidegoek emandako legeriaren arabera, hurrengo gaiak barneratu ahal izango dituzte:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketen gaineko txostenak egitea.
b) Itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu eta aprobetxatzeko erreserba-, atxikipen-, baimen- eta emakida-eskabideen gaineko txostenak egitea.
c) Toki Araubideko legerian ezarritako kudeaketa-moduetarik edozein erabilita, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, hondartzetan ezar daitezkeen sasoiko zerbitzuak ustiatzea, hala denean.
d) Hondartzak eta bainutoki publikoak behar bezalako garbiketa-, higiene- eta osasun-baldintzetan izatea, bai eta Estatuko Administrazioak giza bizitzen salbamendu eta segurtasunari buruz emandako arau eta jarraibideak betetzen direla zaintzea ere.
IV. KAPITULUA
Administrazioen arteko harremanak
209. artikulua
Kostaldeei buruzko Legean kontuan hartutako espazio-esparruaren gainean eskumenak zein Administrazio publikok izan eta Administrazio horiek elkarrekiko harremanak gauzatuko dituzte, elkar informatzeko, elkarlanean aritzeko eta elkarrekin koordinatzeko eginbeharrak betez eta eskumen horiek errespetatuz.
Ondore horietarako, itsas-lehorreko jabari publikoan eta horren zortasun-guneetan Estatuko Administrazioak, autonomia-erkidegoek eta udalek administrazio-tituluak ematen dituztenean, Administrazio emaileak hori berori jakinaraziko die beste Administrazioei.
Jakinarazpena hamar eguneko epean egin beharko da.
Udal batena denean, eta Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak jaso behar duenean, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoaren bidez gauzatuko da.
210. artikulua
Itsasertza antolatzen duen lurralde- eta hirigintza-plangintza osoaren izapideak egitean, plangintza hori behin-behinean onesteko eskumena duen organoak, onespen hori baino lehenago, kasuan kasuko proiektuaren edukia bidali beharko dio Estatuko Administrazioari, horrek, hilabeteko epean, txostena eman dezan, egokitzat jotzen dituen iradokizunak eta oharrak jasoz.
Kasuan kasuko planaren edo arauen izapideak amaitu ondoren eta horiek behin betiko onetsi aurretik, Administrazio eskudunak Estatuko Administrazioari helaraziko dio planaren edo arauen edukia, bi hilabeteko epean horren gaineko iritzia eman dezan.
Txostena ez bada aldekoa, eskumenaren inguruko inguruabarrei dagokienez, kontsultaldia hasiko da, akordioa lortzeko helburuarekin.
Akordio horren ondorioz, planaren edo arauen edukia funtsean aldarazten bada, plana edo arauak berriro jendaurrean jarri beharko dira eta berriro entzun beharko dira halakoak egitean nahitaez parte hartu duten erakundeak.
Aurreko paragrafoak aipatu izapideak betetzean, geldiaraziko da hirigintza-legerian antolaketa-planak onesteko ezarri epeen zenbaketa.
1 eta 2. paragrafoek aipatu txostenen izapideak modu honetara egingo dira:
a) Agiriak, edozein kasutan, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioko Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari bidaliko zaizkio, espedientea prozesuko zein fasetan dagoen zehaztuz.
Lurralde- eta hirigintza-antolaketari buruzko tresnaren ale oso bat bidaliko zaio, behar bezalako eginbideak gauzatuz, trena horrek txostenaren xedea osatzen duen heinean.
Kasuan kasuko planoetan jaso beharko da itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa-lerroa, Kostaldeei buruzko Legean xedatutakoaren arabera zehaztuta.
Aurreko baldintzak betetzen ez badira, txostena ematen duen organoak bidaltzaileari komunikatuko dio hori; txostena emateko epea ez da zenbatzen hasiko agiriak behar den moduan bidali arte.
b) Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak txostena emango du, Xehetasun Azterketen, Hiri Lurzorua Mugatzeko Proiektuen eta antzeko edukia duten beste tresna batzuen kasuan.
c) Gainerako kasuetan, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak espedientea bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, horrek nahitaezko txostena eman dezan.
Epeei buruzko zenbaketa geldiaraztea, 3. paragrafoak aipatu duena, aplikatuko zaio edozein lurralde- edo hirigintza-tresnari.
211. artikulua
Itsasertzaren gunean Administrazio publikoen jardunaren koherentzia ziurtatzeko, Estatuko Administrazioak ahalmena du jardun horretan parte hartzen duen toki-administrazioaren jarduera koordinatzeko, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzeari buruzko Legearen 59. artikuluaren arabera (198/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du).
V. KAPITULUA. Jarduerak eta akordioak aurkaratzea
212. artikulua
Interes orokorraren aurkakoak dira Kostaldeei buruzko Legea, erregelamendu hau edo horren arabera onetsitako arauak hausten dituzten jarduera eta akordioak; Estatuko, Autonomia Erkidegoko edo Tokiko Administrazioak zuzenean aurkaratu ahal izango ditu jarduera eta akordio horiek administrazioarekiko auzibideen jurisdikzio-arloko organoetan, esanbidez eskatuz horiek etetea.
Auzitegiak etete horren inguruko erabakia hartuko du, etetea eskatu ostean egiten den lehenengo izapidean.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa
Konstituzioaren 132.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, itsas-lehorreko guneko, hondartzako edo lurralde-itsasoko espazioen titularrak itsas-lehorreko jabari publikoa okupatu eta aprobetxatzeko eskubidearen titular izatera igaroko dira, baldin eta espazio horiek jabetza pribatukoak direla adierazi bada epai irmo bidez, Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik; horretarako, titular horiek kasuan kasuko emakida eskatu beharko dute urtebeteko epean, aipatu datatik aurrera.
Emakida hogeita hamar urterako emango da hasieran, eta beste hogeita hamar urterako eman ahal izango da gero, kasuan kasuko erabilera eta aprobetxamenduak errespetatuz, kanona ordaintzeko betebeharrik gabe; emakida Kostaldeei buruzko Legearen 37.3 artikuluak eta erregelamendu honetako 79.3 artikuluak aipatu duten Erregistroan inskribatuko da.
Aurreko paragrafoko epea igarotzen bada emakida eskatu gabe, emakida hori ofizioz emango du Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak, salbu eta interesdunaren esanbidezko uko-egitea dagoenean.
Emakida Kostaldeei buruzko Legean jasotakoaren arabera emango da, nahiz eta hori indarrean jartzeko unean zeuden erabilera eta aprobetxamenduetara mugatu; hasierako jabetza pribatuko gainerako azalera geratuko da itsas-lehorreko jabari publikoak duen erabilera orokorreko araubidearen mende.
Beste hogeita hamar urteko epea izango duen luzapena interesdunak eskatu beharko du, mugaeguneratzea baino sei hilabete lehenago, eta hori aitortuko da, emakida iraungitze-kasuan erori denean izan ezik.
Aurreko jabeak lehenespeneko eskubidea izango du, hirurogei urteko epean lortzeko hasierako jabetza pribatuko azalera osoaren gainean eman daitezkeen erabilera edo aprobetxamendu berrietarako emakidak.
Emakida horiek oso-osoan bat etorriko dira Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan jasotakoarekin, epea mugatzea eta kanona ordaintzeko betebeharra barne hartuta.
Emakida horiek lortzeko lehenespena bideratu ahal izango da erregelamendu honetako bigarren xedapen iragankorreko 4. paragrafoan jaso modalitateetarik edozeinen bidez.
Bigarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurreko mugaketa bat egitean, Administrazioak itsas-lehorreko guneko lurrak edo hondartzak okupatu gabe utzi baditu, halakoek 1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen 6.3 artikuluko tituluen babesa izateagatik, lur edo hondartza horiek lege berrian jabari publikoa erabiltzeko ezarri araubidearen mende izango dira; hala ere, inskribatutako titularrek eskatu ahal izango dute, urtebeteko epean, lege berria indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, gauzatzen diren erabilerak legeztatzea, kasuan kasuko emakidaren bidez, legearen laugarren xedapen iragankorrean eta erregelamenduaren hamabigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera.
Era berean, lehentasuna izango dute, hamar urteko epealdian, hala denean, lur horiei begira eman daitezkeen okupazio- edo aprobetxamendu-eskubideak lortzeko.
Hori guztiori titular horiek euren eskubideak defendatzeko egikari ditzaketen akzio zibilak gorabehera.
Ulertu behar da Administrazioak ezin izan dituela lurrak okupatu, mugaketa gauzatzean lur horiei begira Hipoteka Legearen 34. artikuluaren babesaren mende dauden tituluak eman baziren, betiere, Administrazioak titulu horien eragingarritasuna aitortu bazuen mugaketa onesteko ebazpenean.
Xedapen honetako 1. paragrafoan jasotako legeztatzeak bere baitan hartu ahal izango ditu, baita ere, behar bezala baimendutako erabilerak, nahiz eta oraindik kasuan kasuko eskubidea egikaritu ez.
Hala denean, Kostaldeei buruzko Legearekin bateraezinak diren egoerak, lege horretako laugarren xedapen iragankorrean eta erregelamendu honetako hamahirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoari egokituko zaizkio.
Hamar urteko epean okupazio- edo aprobetxamendu-eskubideak lortzeko lehentasuna soil-soilik aitortuko zaie egon dauden erabilerak xedapen honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz legeztatu dituztenei, eta lehentasun hori gauzatu ahal izango da, dela kasuan kasuko tituluak eskatuz, dela eroslehentasun-eskubidea egikarituz hirugarrenek eskatutako erabileren edo aprobetxamenduen gainean.
Ondore horretarako, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak interesdunei jakinaraziko die eskabide horiek aurkeztu dituela, hilabeteko epean euren eskubidea egikaritzeko aukera izan dezaten.
Epe hori igarotzen bada interesdunaren esanbidezko adierazpenik gabe, ulertuko da horrek bere eskubideari uko egin diola.
Hirugarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean, kostaldeko zatietan itsas-lehorreko jabari publikoa mugatu gabe dagoenean edo neurri batean baino ez denean mugatu, kasuan kasuko mugaketa egingo da; mugaketa horren ondoreak izango dira Kostaldeei buruzko Legearen 13. artikuluak eta erregelamendu honetako 28 eta 29. artikuluek ezarritakoak, jabari publikora biltzen diren lur guztiei begira, nahiz eta lur horiek obrek okupatu.
Mugaketa neurri batean bakarrik egin dela ulertuko da horretara ez direnean bildu 1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen arabera jabari publiko gisa kalifikatutako ondasun guztiak.
Legearen aurkako obra eta instalazioak Legearen laugarren xedapen iragankorreko 1. paragrafoan eta erregelamendu honetako hamabigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren mende izango dira.
Edozein kasutan, legearen aurkakotzat joko dira maiatzaren 23ko 1088/1980 Errege Dekretuak, Kostaldeei buruzko Erregelamendua onestekoak, bigarren xedapen iragankorrean jasotakoa urratuz eraikitakoak.
Jabari publikoan eta babes-zortasuneko gunean legearen arabera eraikitako obra eta instalazioak edo eraiki daitezkeenak, Kostaldeei buruzko Legean jasotakoaren aurkakoak badira, geratuko dira kasuan kasuko araubidearen mende, lege horren laugarren xedapen iragankorreko 2. paragrafoan eta erregelamendu honetako hamahirugarren xedapen iragankorrean jasotakoarekin bat etorriz.
Emakidarik izan ez badute, 1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen arabera finkatu beharreko mugaketa-lerrotik haratago kokatzeagatik, emakida hori emango da erregelamendu honetako laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat etorriz.
Laugarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzeko unean kostaldeko zatietan itsas-lehorreko jabari publikoaren mugaketa eginda badago, baina beste mugaketa bat egin behar bada, hura egokitzeko lege horretan ondasun desberdinei begira ezarritako ezaugarriei, aurreko mugaketaren eta mugaketa berriaren artean dauden lurrak erregelamendu honetako lehenengo xedapen iragankorreko araubidearen mende izango dira; xedapen horrek emakida eskatzeko aipatu duen urtebeteko epea zenbatzen hasiko da kasuan kasuko mugaketa onetsi den datatik.
Epe hori igarotzen bada emakida eskatu gabe, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak ofizioz emango du, aurretiaz baldintzak eskainiz, aipatu xedapen iragankorreko 3 paragrafoa aintzat hartuz, salbu eta interesdunaren esanbidezko uko-egitea dagoenean.
Aurreko jabeek, orobat, lehenespeneko eskubidea izango dute hirurogei urteko epealdian eman daitezkeen emakida berriak lortzeko, lehenengo xedapen iragankorreko 4. paragrafoaren arabera.
Bosgarrena
1969ko apirilaren 26ko Kostaldeei buruzko Legearen 5.2 artikuluaren arabera itsas-lehorreko jabari publikoan soberan dauden lurrak edo jabari horretatik jareginda dauden lurrak, betiere, Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik ez badituzte besterendu edo berreskuratu euren aurreko jabeek, eta estatuaren ondareko lurrak, baldin eta horietan Kostaldeei buruzko Legearen 17. artikuluko eta erregelamendu honetako 36. artikuluko inguruabarrak badaude, mugaketa eguneratu ondoren itsas-lehorreko jabari publikoari lotuko zaie, aipatu artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz; bien bitartean, lur horiek ezin izango dira besterendu, ezta bestelako erabilera edo zerbitzu publikoko xede batzuei lotu ere.
Lotura-espedientea onesteak berarekin ekarriko du mugaketa eguneratzea, beste espediente baten izapiderik egin beharrik gabe.
Seigarrena
Kostaldeei buruzko Legea aldarrikatu aurreko emakida-klausula baten ondorioz jabetza lortu bada, itsasoari irabazitako edo irabazi beharreko lurrei eta itsasertzean lehortutako lurrei dagokienez, lur horiek egoera horretan jarraituko dute, baina lur horietako hondartzak eta itsas-lehorreko gunea jabari publikoa izango dira beti.
Administrazio-titulu askietsirik gabe itsasoari irabazitako lurrak eta itsasertzean lehortutako lurrak jabari publikokoak izaten jarraituko dute.
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik jabetza pribatukoak ziren uhartetxoek izaera hori izaten jarraituko dute, baina horietako hondartzak eta itsas-lehorreko gunea jabari publikoa izango dira beti.
Xedapen honen 1. paragrafoan ezarritakoa aintzat hartuko da emakidei begira, halakoen klausulek esanbidez jaso dutenean lotutako lurren jabetza emateko xedapena.
Betiko emandako emakiden kasuan aplikatuko da erregelamendu honetako laugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoan xedatutakoa.
Zazpigarrena
II. tituluan babes-zortasuneko guneen eta eraginpeko guneen inguruan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean lurzoru urbanizagarri programatu gabe edo urbanizaezin moduan kalifikatuta dauden lurrei.
Gerogarreneko antolaketek, lur horiek urbanizagarri bihurtzea eta, ondorenez, lur horien kalifikazioa aldatzea dakartenean, oso-osoan errespetatu beharko dituzte aipatu xedapenak.
Igarobide-zortasuna nahiz itsasora heltzeko zortasuna eta II. tituluko III. kapituluan jabetzari ezarritako gainerako mugak aplikatuko dira, edozein kasutan, lurzoruaren sailkapena gorabehera.
Antolaketa-tresnarik ez duten udalerrietan oso-osoan aplikatuko dira Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honen xedapenak, babes-zortasuneko eta eraginpeko guneei dagokienez, salbu eta egiaztatzen denean aipatu legea indarrean jartzeko datan lurrek hirigintza-legeriak galdatutako betekizunak gauzatzen zituztela, lurrok hiri-lurzoru gisa kalifikatzeko.
Zortzigarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean, lurzoru urbanizagarri programatu edo urbanizagarri gisa kalifikatuta dauden lurretan eutsi egingo zaio halakoei eratxikitako hirigintza-aprobetxamenduari, hurrengo erregelak aplikatuz:
a) Behin betiko onetsitako plan partzialik ez badute, plan horrek oso-osoan errespetatu beharko ditu Kostaldeei buruzko Legearen xedapenak, aurreko xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, betiere, hirigintza-legeriaren arabera kalte-ordainak eman beharra sortzen ez bada.
b) Behin betiko onetsitako plan partziala badute, planeko zehaztapenak betearaziko dira, bederatzigarren xedapen iragankorraren 1. paragrafoan hiri-lurzoruari begira ezarritakoa kontuan hartuta.
Hala ere, 1988ko urtarrilaren 1etik aurrera eta Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik onetsitako plan partzialak, lege horren aurkakoak badira, berrikusi beharko dira lege horren xedapenei egokitzeko, betiere, hirigintza-legeriarekin bat etorriz kalte-ordainak eman beharra sortzen ez bada.
Erregela bera aplikatuko zaie, Administrazioari egotz dakizkiokeen arrazoiez landa, aurreikusitako epean gauzatu ez diren plan partzialei, horien behin betiko onespen-data edozein dela.
Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondoreetarako, kontuan hartuko dira hirigintza-aprobetxamenduaren gutxitzeak edo murrizketak, halakoak Kostaldeei buruzko Legearen aplikazio zehatzaren ondorioz galdatzeko modukoak direnean eta horien ondorioz indarreko plangintza aldarazi beharko litzatekeenean, hirigintza-legeriaren araberako kalte-ordaina emanez.
Horren ondorioz, aipatu legea aplika dadin ez dira oztopo izango, hala denean, gastuen ondorioz galdatzeko modukoak diren kalte-ordainak, gastu horiek egin direnean planak edo proiektuak idazteagatik, lizentziak emateagatik edo indarreko arautegiak ezarritako betebeharrak gauzatzeagatik.
Ondore berberetarako, Kostaldeei buruzko Legearen xedapenak modu mailakatuan aplikatu ahal izango dira, kasuaren inguruabarrak aintzat hartuz, babes-gunearen zabalera, ehun metrotik beherakoa izan arren, ahalik handiena izan dadin, plangintzak eratxikitako hirigintza-aprobetxamendua errespetatuz.
Plan partzialen berrikuspenak, halakoen betearazpena Administrazioari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gauzatzen ez denean, bere baitan hartuko ditu Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik behin betiko onetsitakoak nahiz gerogarrenean onetsitakoak.
Plangintzaren berrikuspena, xedapen hau betetzeari dagokionez, bat etorriko da hurrengo erregelekin:
a) Hirigintza-arloko Administrazio eskudunak ofizioz edo Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak nahiz planaren sustatzaileak hala eskatuta, zioak azalduz eta, edozein kasutan, 3. paragrafoko irizpideak kontuan hartuz, zehaztuko du berriskupena kalte-ordainik gabe gauzatzea posible den ala ez.
b) Hori ezinezkoa dela erabakiz gero, kasuan kasuko ebazpenak prozedura amaituko du.
Bestelakoan, izapideekin jarraituko da hirigintza-legeriaren arabera.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo hirigintza-arloko Administrazioek euren eskumenak egikaritzean plangintza berrikusi edo aldarazteko har dezaketen erabakiari, nahiz eta horrek kalte-ordainak eratorri.
Bederatzigarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzean hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurrak lege horren zortasunen mende daude, baina babes-zortasunaren zabalera 20 metrokoa izango da.
Edonola ere, aurretik dauden erabilera eta eraikuntzak errespetatuko dira, bai eta aurretik eman diren baimenak ere, Kostaldeei buruzko Legearen laugarren xedapen iragankorrean eta erregelamendu honetako baterako xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Orobat, erabilera eta eraikuntza berriak baimendu ahal izango dira, indarrean dauden antolaketa-planekin bat etorriz, betiere, zortasunaren eragingarritasuna bermatzen bada eta itsas-lehorreko jabari publikoari kalterik eragiten ez bazaio.
Lerrokadurak eta sestrak zehazteko, aurretik zeudenak egokitu edo birdoitzeko, bolumenak antolatzeko eta bide-sarea garatzeko xehetasun-azterketak eta egoki diren beste hirigintza-tresna batzuk erabiliko dira; tresna horiek errespetatu beharko dituzte Kostaldeei buruzko Legearen xedapenak eta lege horrekin bat etorriz onesten diren arauen zehaztapenak.
Erabilera eta eraikuntza berriak baimentzeko, antolaketa-tresnekin bat etorriz, hurrengo erregelak aplikatuko dira:
1. Legearen 25. artikuluan eta erregelamendu honetako baterako artikuluetan debekatu gabeko erabilera eta eraikuntzak direnean, kontuan hartuko dira lege horretan ezarritako araubide orokorra eta hirigintza-plangintzaren zehaztapenak.
2. Egon dauden eraikinen lerroa itsas-lehorreko barruko mugatik 20 metro baino distantzia txikiagoan kokatuta dagoenean, baimen berriak eman daitezen hurrengo betekizunak gauzatu beharko dira:
a) Baimena baino lehenago edo aldi berean plan berezi bat, xehetasun-azterketa bat edo bestelako hirigintza-tresna egokiren bat onetsi beharko da, horren helburu nagusia izanik itsas fatxada osoari hirigintza-tratamendu homogeneoa ematea.
b) Eraikuntza berriek lerrokadura berari eutsi beharko diote, halakoak zarratutako eraikinak badira eta eraikin horiek bil ditzaketen orube guztien luzerak ez badu gainditzen egon dagoen fatxadaren luzera osoaren laurdena.
c) Aurreko erregelan ezarritakoa soil-soilik aplikatuko da albo batera edo bi alboetara sendotutako eraikinak izan eta eraikin horien mehelinekin isolatutako orubeak daudenean, betiere, eraikin horiek bat badatoz indarreko hirigintza-legerian ezarritako lerrokadurarekin.
3. Multzo historikoaren adierazpena lortu duten guneetan edo, babes bereziari dagokionez, antzeko beste araubideren bat duten guneetan, halako araubideen neurriak aplikatuko dira, Kostaldeei buruzko Legean jasotakoen aurretik.
Aurreko 1. paragrafoaren aplikazio-ondoreetarako, hiri-lurzorutzat joko da Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzeko datan antolaketa-tresnetan kalifikazio hori esanbidez duen lurzorua bakarrik, hiri-guneetan izan ezik, halakoetan eraikinak sendotuta daudenean edo lurrek data horretan legeriak ezarritako zerbitzuak dituztenean eta hirigintza-arloko Administrazio eskudunak lur horiei izaera hori aitortu dienean.
Hamargarrena
Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzeko unean, kostaldeari buruz zegoen lurralde- eta hirigintza-antolaketa egokitu beharko zaie lege horretako 22. artikuluan eta erregelamendu honetako 41 eta 42. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz onetsitako arauei
Hamaikagarrena
Gaur egun itsasora irteteko dauden zortasunei eutsiko zaie, horiek ezarri zireneko baldintza berberetan.
Gaur egun itsasora heltzeko dauden sarbide publikoak eta Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik onetsitako hirigintza-plangintzaren arabera eraikitakoak erabilera publikora destinatuko dira, eta erabilera horretara bideratuko dira halakorik ez balute.
Kostalde-zatietan behar adinako sarbiderik ez dagoenean jendeari zabalik, Kostaldeei buruzko Legearen 28.2 artikuluak eta erregelamendu honetako 52.2 artikuluak horien arteko gehieneko distantzien inguruan ezarritakoari dagokionez, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoek helburu horretarako baliagarri izan behar diren zatiak seinaleztatuko dituzte.
Udalek oraindik jaso gabeko bideen kasuan, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak bere gain hartu ahal izango du bide horiek kontserbatzeko zama, udalek jaso arte.
Azaldutakoaren araberako sarbidea eragingarri egiteko behar adina bide ez dagoenean, Kostaldeei buruzko Legearen 28.3 artikuluan eta erregelamenduaren 53.1 artikuluan jasotakoarekin bat etorriz jardungo da.
Hamabigarrena
Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik, eta orduan indarrean zegoen kostaldeen legeriaren arabera baimen edo emakidarik gabe eraikitako obra eta instalazioak errautsi egingo dira, baldin eta, interes publikoko arrazoiengatik, bidezkoa ez bada horiek legeztatzea.
Legeztatzeko prozedura izango da kasuan kasuko baimen- edo emakida-motaren araberakoa.
Kasu bakoitzean, ebazpena emateko agintari eskudunak zioak azalduz balioetsi beharko ditu ebazpen bat edo bestea emateko dauden arrazoiak.
Legeztatzea, osoa edo partziala izan daitekeena, gauzatzeko, interes publikoko arrazoiak balioetsi beharko dira hiru Administrazioak (estatukoa, autonomia-erkidegokoa eta toki-mailakoa) ados jarrita; ondore horretarako, ebazpena emateko organo eskudunak txostena eskatuko die beste Administrazioei, legeztatzearen aurkakotzat joko dena, hilabeteko epean ematen ez bada.
Udal-lizentziarik gabe babes-zortasuneko gunearen 20 eta 100 metro bitarteko zatian eraikitako obra edo instalazioen kasuan, legeztatze-prozeduraren izapideak egingo ditu kasuan kasuko korporazioak edo agintariak, hirigintza-legerian ezarritakoarekin bat etorriz, eta prozedura hori hasiko da ofizioz edo autonomia-erkidegoko edo Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoko organo eskudunak hala eskatuta.
Hamahirugarrena
Aurreko xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera legeztatutako obra eta instalazioetan, bai eta Kostaldeei buruzko Legea indarrean jarri aurretik emandako udal-lizentziaren babesean eta, eskatzeko modukoa denean, Estatuko Administrazioak emandako baimenaren babesean eraikita dauden edo eraiki daiztekeen obra eta instalazioetan ere, halakoak lege horretan ezarritakoaren aurkakoak direnean, hurrengo erregelak aplikatuko dira:
a) Itsas-lehorreko jabari publikoko lurrak okupatzen badituzte, errautsi egingo dira emakida azkentzen denean.
b) Igarobide-zortasuneko gunean kokatzen badira, ez dira baimenduko sendotze-obrak, bolumena handitzeko obrak, modernizazio-obrak edo jabetza kentzeari begira balioa gehitzea dakarten obrak, baina bai higienearen, apainduren eta kontserbazioaren ondoriozko konponketak, aldez aurretik Estatuko Administrazioaren baimena lortuta.
Baimen hori ez da emango, baldin eta bermatzen ez bada, beharrezkoa denean, zortasuna beste nonbaiten kokatzea, modu alternatiboan.
c) Babes-zortasuneko gunearen gainerako zatian, eta Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrean eta erregelamendu honetako baterako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz lurzoru mota desberdinei aplikatzen zaien baldintzetan, konponketa- eta hobekuntza-obrak egin ahal izango dira, aldez aurretik kasuan kasuko autonomia-erkidegoaren baimena lortuta, betiere, obra horiek aurretik zeuden eraikuntzen bolumena handitzen ez badute; halaber, eraikin horien balio-gehikuntza ez da kontuan hartuko jabetza-kentzearen ondoreetarako.
Errauste osoa edo partziala dagoenean, eraikuntza berriek Kostaldeei buruzko Legearen xedapenak bete beharko dituzte oso-osoan.
Aurreko paragrafoko a) idatz-zatian ezarritakoa aplikatuko zaie, berebat, Kostaldeei buruzko Legearen lehenengo xedapen iragankorrean eta erregelamendu honetako baterako xedapenetan jasotakoaren arabera emandako emakidei, horien erabilera edo aprobetxamenduak bateraezinak direnean itsas-lehorreko jabari publikoaren erabilera arautzen duten lege-xedapenekin.
1. paragrafoko b) idatz-zatiak aipatutako baimenak Herri Lan eta Garraio Ministerioak emango ditu, erregelamendu honetan ezarritako prozedura aintzat hartuta.
1. paragrafoko c) idatz-zatiaren azken lerrokadan errauste osoko edo partzialeko kasuei dagokienez ezarritakoak ez dio kalterik egingo erregelamendu honetako zortzigarren xedapen iragankorreko 3. paragrafoan jasotakoari; kasu horretan, berreraikitzea posible izango da xedapen horretan jasotakoaren arabera.
Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak Jabetza Erregistratzaileari eskatu ahal izango dio bazterreko oharra egitea, xedapen honek ukitutako ondasun higiezinen inguruabarrak adieraziz.
Hamalaugarrena
Bi urteko epean eta, hala denean, inskripzioa egin aurretik, Kostaldeei buruzko Legearen 37. artikuluak eta erregelamendu honetako 79.3 artikuluak aipatu duten Erregistroan, autonomia-erkidegoek kasuan kasuko administrazio-ebazpenak emango dituzte, erregelamendu honetako 114. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoari egoki dakizkion lehorretik itsasora isurketa kutsagarriak zuzenean egiteko baimenak edo emakidak, egokitze-prozesu hori, gehienez ere, lau urteko epean amaitu behar dela aintzat hartuta.
Era berean, bi urteko epean eta, hala denean, inskripzioa egin aurretik, kasuan kasuko Erregistroan, Estatuko Administrazioak Kostaldeei buruzko Legea aldarrikatzeko unean indarrean zeuden erreserba, atxikipen eta emakiden ezaugarriak eta horien baldintzen betepena berrikusiko ditu.
Emakidak ezeztatu ahal izango dira, oso-osoan edo modu partzialean, kasuan kasuko tituluan ezarritako arrazoiez gain, emakida horiek bateraezinak direnean lege horretan jabari publikoa okupatzeko ezarri irizpideekin.
Kalte-ordaina zehaztuko da, hala denean, emakidaren klausuletan ezarritakoa aplikatuz edo, halako klausularik ez badago, emakida ematea oinarritu zuen legeria zein izan eta horretan ezarritakoa aplikatuz.
Edozein kasutan, Kostaldeei buruzko Legean jabari publikoa okupatzeko ezarri irizpideekin bateraezina izango da emakidei eustea, halakoak eman direnean betiko, iraupen mugagabearekin, mugatu gabeko eperako edo lege hori indarrean jarri eta hogeita hamar urtetik gorako eperako, betiere, emakida horiek ez badute gainditu edo ez badute gaindituko laurogeita bederatzi urteko gehieneko epea.
Kasu horietan guztietan, ulertuko da indarreko emakidak eman direla, gehienez, hogeita hamar urteko eperako, Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzen denetik, kalterik egin gabe beste klausula batzuk berrikusteko aukerari, aurreko paragrafoan jasotakoarekin bat eginez.
Gainerako kasuetan, emakida-klausulak berrikus daitezen espedientea hasi beharko da; espediente horretan interesduna entzungo da eta Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak eskainiko ditu berrikusitako baldintzak, Kostaldeei buruzko Legearen eta erregelamendu honen irizpideetara egokitutakoak izan beharko direnak.
Emakidadunak ez baditu onartzen baldintza berriak, emakida oso-osoan edo zati batean ezeztatuko da, pieza bananduan egingo direla kalte-ordainak emateko espedientearen izapideak.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak ebatziko du prekarioan emandako emakidak bere horretan uztearen edo ezeztatzearen inguruan.
Emakida horiei eustea erabakitzen bada, emakida irmoa eman beharko du, Kostaldeei buruzko Legean eta erregelamendu honetan ezarritako irizpideekin eta prozedurarekin bat etorriz.
Jabetza pribatuko uharte edo uhartetxoetara heltzeko sarbideak betegune- edo fabrika-obren bidez eraikitze aldera emandako emakidak ofizioz berrikusiko ditu Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak, sarbide horiek doako erabilera publikora zabalik egon daitezen, jabetza pribatuetara sartzeko ezarri diren erabilera-baldintza berberetan, uharteetako itsas-lehorreko jabari publikora eta igarobide-zortasunaren mendeko guneetara sartu ahal izatea bermatuz.
Baldintzen aldarazpen horrek ez du kalte-ordainik eratorriko.
Hondartzak eratu, lehengoratu edo egokitzeko titularrek euren klausulak berrikustea eskatu ahal izango dute, horietara biltzeko Kostaldeei buruzko Legearen 54. artikuluan eta erregelamendu honetako 112. artikuluan jasotako xedapena.
Autonomia-erkidegoen eskumeneko emakiden berrikuspena autonomia-erkidego horiek gauzatuko dute, xedapen honetako 1, 2 eta 3. paragrafoetan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Hamabosgarrena
Inola ere ez da baimenduko Kostaldeei buruzko Legea indarrean jartzeko unean dauden emakiden epea luzatzea, horretarako baldintzak lege horren edo lege hau garatzen duten xedapenen aurka badoaz.
Edozein kasutan, Kostaldeei buruzko Legean ezarritakoaren aurkakoa izango da hasierako epeari gehitutako luzapena, baturak hogeita hamar urteko muga gainditzen badu.
Hamaseigarrena
Kostaldeei buruzko Legearen aurretik emandako emakidak azkendu ondoren, Administrazio eskudunak ebatziko du instalazioei eutsi behar zaien edo instalazio horiek jaso behar diren, betiere, instalazio horiek ez badira lege horretan xedatutakoaren aurkakoak.
Instalazioei eustearen alde egiten bada, aipatu Legearen 72.3 artikuluan eta erregelamendu honetako 144.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Hamazazpigarrena
Kostaldeei buruzko Legea aldarrikatzeko unean itsas-lehorreko jabari publikoa erabili edo aprobetxatzeko eskubidea eskuratu dutenek, 1928ko Portuei buruzko Lege Dekretuko 57. artikuluaren babesean, Estatuko Administrazioari urtebeteko epean eskatu beharko diote kasuan kasuko titulua ematea; titulu hori emango zaie ondore horietarako aurkezten duten nabaritasun-akta oinarri hartuta.
Titulua epe horretan eskatzen ez badute, ulertuko da eskubide horretan atzera egin dutela.
Titulua gehienez ere hamar urterako emango da.
Nabaritasun-aktak egiaztatu beharko du Portuei buruzko Lege horretako 57. artikuluak ezarritako betekizunak gauzatzen direla eta, bereziki, itsas industriarako aprobetxamendua dagoela eta horrek ez duela aldaketarik eta gorabeherarik izan eskubidea eskuratzeko behar diren hogei urteetan zehar.
Hemezortzigarrena
Babes-zortasuneko guneko obra, instalazio edo jardueren kasuan, halakoak Kostaldeei buruzko Legearen arabera mugatu gabeko kostalde-zatietan daudenean, kasuan kasuko autonomia-erkidegoak erregelamendu honetako 48. artikuluak aipatu baimena galdatuko du; horretarako, aurretiaz, Herri Lan eta Garraio Ministerioari eskatuko dio hilabeteko epean ahalbidetzea mugaketaren ustezko lerroaren behin-behineko definizioa eta zortasun-gunearen hedadura.
Hala ere, desadostasuna badago, baimena emateko baldintza gisa, aldez aurretik edo aldi berean mugaketa onetsi beharko da; mugaketa horren izapideek lehentasuna izango dute.
Aurreko paragrafoan jasotakoaren ondoreetarako, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak probintziako «Aldizkari Ofizialean», hedapen handieneko egunkari batean eta bere iragarpen-oholean iragarriko du mugaketaren usteko lerroaren behin-behineko definizioaren planoa, autonomia-erkidegoak hasitako baimen-espedienteari dagokiona, edozein pertsonaren eskura dagoela, hamabost eguneko epean, kontsultatzeko eta alegazioak egiteko.
Jardunaren sustatzailea ez denean lurraren jabea, hori ere epe berean entzungo da.
Horrek guztiorrek ez dio kalterik egingo kasuan kasuko mugaketa-espedienteak erator dezakeenari.
Aurreko paragrafoko jarduerekin batera, Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoak txostena egingo du erregelamendu honetako 49.1 artikuluak aipatu dituen beste aldeen gainean.
Hemeretzigarrena
Jabari publikoko lurrak okupatu nahi direnean, Kostaldeei buruzko Legearen arabera mugatu gabe daudenak, eskatzaileak bere kontura izango den mugaketa eskatu beharko du, emakida- edo baimen-eskakizunarekin batera; mugaketa- eta emakida-espediente horien izapideak aldi berean egin ahal izango dira.
Emakida eskatzen bada, hori ezin izango da eman mugaketa onetsi aurretik.
Orobat, Administrazio publikoek gauzatu beharreko obrak ezin izango dira betearazi mugaketa onetsi ez bada.
Ulertuko da kostaldeko zati bat ez dagoela Kostaldeei buruzko Legeak jasotakoarekin bat etorriz mugatuta, mugaketarik ez dagoenean edo mugaketa horrek ez dituenean biltzen lege horren arabera itsas-lehorreko jabari publikokoak diren ondasun guztiak.
Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioaren txostenak, lurralde- eta hirigintza-antolaketaren plan eta arauei buruzkoak, halakoek ukitzen dituztenean Kostaldeei buruzko Legearekin bat etorriz mugatu gabeko kostalde-zatiak, emango dira aldez aurretik Kostaldeetako Zerbitzu Periferiko eskudunak mugaketaren ustezko lerroa zehaztuta.
Hogeigarrena
Kostaldeei buruzko Legea aldarrikatzeko unean hirigune gisa kalifikatutako guneei ez zaie aplikatuko Lege horren 44.5 artikulua eta erregelamendu honetako 94. artikulua, behar bezala justifikatutako kasuetan.
Aurreko paragrafoan ezarritakoak barnean hartuko ditu eraikita eta zerbitzuan dauden itsas pasealekuak eta eraikitzen ari direnak hirigintza-plangintzarekin bat etorriz.
Gainerako kasuetan, salbuespenaren justifikazioa egin beharko da kasuan kasuko plangintza-tresnan edo horren aldarazpen edo berrikuspenean.
Hogeita batgarrena
Kostaldeei buruzko Legearen aurretik gauzatutako egite eta ez-egiteak, aurreko legeriaren arabera arau-haustea dakartenean, zuzenduko dira bi legerien araberako zehapenik onuragarriena aplikatuz.
Aurreko paragrafoan ezarritakoak ez dio kalterik egingo lurra itzuli eta aurreko egoeran berrezartzeko betebeharrari, erregelamendu honetan ezarritako prozeduraren arabera.
Hogeita bigarrena.
Erregelamendu hau indarrean jartzeko unean izapidetzen ari diren espedienteak, Kostaldeei buruzko Legearen bederatzigarren xedapen iragankorreko 1. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz, organo eskudunak ebatziko ditu horretan ezarritakoaren arabera; ebazpenean ezin izango dira jaso lege horren aurkako klausulak.
Hogeita hirugarrena.
Hiru hilabeteko epean, erregelamendu hau indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita, Kostaldeei buruzko Legearen 84.etik 87.era arteko artikuluetan ezarritako kanonak eta tasak arautuko dira, apirilaren 13ko 8/1989 Legeak, Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoak, jasotakoarekin bat etorriz.
Bien bitartean, kanon eta tasa horiek eskatuko dira Kostaldeei buruzko Legean eta indarreko arautegi berezian ezarritakoarekin bat etorriz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa (149/1991 Epaiak Konstituzioaren aurkakotzat jo du)
Estatuko Administrazioak eroslehentasun-eskubidea eta atzera-eskuratzeko eskubidea izango du, Kostaldeei buruzko Legearen hirugarren xedapen gehigarriko 1 paragrafoan aipatu ondasunak kostu bidez eta inter vivos eskualdatzen direnean; ondore horietarako, eskualdaketa idatziz jakinarazi beharko da.
Eroslehentasun-eskubidea egikaritu ahal izango da hiru hilabeteko epean eta atzera-eskuratzeko eskubidea urtebeteko epean, bi-biak kasuan kasuko jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita; jakinarazpen horrek eskualdaketaren oinarrizko baldintzak jasoko ditu.
Aurreko paragrafoak ezarri eroslehentasun-eskubidea egikaritzeko, Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak probintziako «Aldizkari Ofizialean» argitaratuko ditu lurren jabeek zein gunetan jakinarazi beharko dioten Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari lur horiek besterentzeko asmoa; jakinarazpen horretara bildu beharko dira aurreikusitako prezioa eta ordainbidea .
Zerbitzu horrek Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari ziodun proposamena bidaliko dio, bidezko ebazpena eman beharko dela aipatutako epean.
Ondore horietarako, Jabetza Erregistratzaileak eta eskualdatzaileak Kostaldeetako Zerbitzu Periferikoari jakinarazi beharko dizkiote besterentzea zein baldintzetan egin den eta eskuratzailearen izena.
Zerbitzu horrek ziodun proposamena bidaliko dio Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioari, horrek ebatz dezan.
Bigarrena
Espediente bat hasten edo ebazten duen administrazio-organoak agindu ahal izango du interesdunak agertzea euren kabuz edo egiaztatutako ordezkariaren bidez, agindeian agerraldiaren xedea jasoz.
Hirugarrena
Autonomia-erkidegoek estatuko portu eta portu-instalazioetan emandako emakida edo baimenek ez dute sortuko Estatuko Administrazioaren mesedetan erregelamendu honetako 104.3 artikuluak aipatu kanona, portu eta portu-instalazio horiek transferituta dituztenean eta esanbidez aipatzen direnean portuen gaian transferentziak egiteko errege-dekretuetan.