Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

8/2017 Legea, azaroaren 8koa, Lehergailuen Aitzindariei buruzkoa

2017-11-08

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2017/11/09, 272. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

12901

8/2017 Legea, azaroaren 8koa, Lehergailuen Aitzindariei buruzkoa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

Europar Batasuneko Kontseiluak kontuan hartu du substantzia eta nahaste kimiko batzuk lehergailuen aitzindariak izan daitezkeela eta lehergailuak legez kontra fabrikatzeko erabil daitezkeela. Hori dela eta, Europar Batasunak Lehergailuen Segurtasuna hobetzeko Ekintza Plana ezarri zuen 2008ko apirilaren 18an, eta Europako Batzordeari proposatu zion aitzindariei buruzko komite iraunkor bat osatzea. Komite horren eginkizuna da merkatuan dauden lehergailuen aitzindariei buruzko araudiaren gaineko neurriak aztertzea eta gomendioak ematea.

Komiteak identifikatu zituen atentatu terroristak gauzatzeko erabil daitezkeen substantzia batzuk, eta, hartara, Europar Batasunean behar bezala jokatzeko gomendioa eman zuen.

Ondorio horietarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamendua onartu zen, lehergailuen aitzindariak merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzkoa.

Erregelamenduan arau bateratuak ezarri dira substantziak edota substantzia horiek dituzten nahasteak eskuratzeari, sartzeari, edukitzeari eta erabiltzeari buruz, baldin eta substantziok eta nahasteok lehergailuak legez kontra fabrikatzeko erabil badaitezke. Horren xedeak dira partikularrek substantziok eta nahasteok hain eskuragarri ez izatea eta hornidura-kate osoan transakzio susmagarriak behar bezala jakinarazten direla bermatzea.

Nahiz eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamendua Batasuneko estatuetan 2014ko irailaren 2tik zuzenean aplikatzekoa izan, bertan ezarritako xedapen batzuk betetze aldera, arau bat onartu behar da, erregelamendua behar bezala aplikatu ahal izateko. Arau horretan, besteak beste, lehergailuen aitzindarien arloko zehapen-araubidea ezarri behar da, eta, Espainiako Konstituzioaren 25.1 artikuluak aginduta, arau horrek lege-mailakoa izan behar du.

II

I. kapituluan legearen helburuak ezartzen dira: partikularrek lehergailuen aitzindari mugatuak Espainian sartzea, eskuratzea, edukitzea edota erabiltzea baimentzen duen lizentzia-sistema arautzea; eragile ekonomikoek lehergailuen aitzindarien transakzio susmagarriak, osteak edo desagertzeak jakinarazteko modua arautzea, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamendua hausten denean aplikatu beharreko zehapen-araubidea arautzea.

Legearen aplikazio-eremuan sartzen dira Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko eranskinetan bilduta dauden substantziak; besteak beste, hidrogeno peroxidoa, azido nitrikoa, azido sulfurikoa, amonio nitratoa eta horiek barruan daramatzaten substantziak eta nahasteak.

Gainera, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 9.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, Barne Ministerioko Segurtasuneko estatu-idazkariari berariaz agintzen zaio harremanetarako gune nazionala izenda dezala; hain zuzen ere, gune horri eman beharko zaio lehergailuen aitzindarien transakzio susmagarrien, osteen eta desagertzeen berri.

II.kapituluan arautzen dira lizentziari buruzko alderdi guztiak. Partikularrek lizentzia hori eskatu beharko dute, baldin eta aipatutako erregelamenduko I. eranskinean zerrendatuta dauden lehergailuen aitzindari mugatuak baimendutako ehunekoetatik gorako kopuruetan Espainian eskuratu, eduki, erabili edo sartu nahi badituzte. Hala da, lizentzia- sistema hori hautatu delako, erregelamenduaren 4.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Lizentzia hori eskuratzeko betebeharra bete dela egiaztatze aldera, eragile ekonomikoek partikularrei lizentzia erakusteko eskatuko diete, haiekin edozein transakzio egin aurretik. Horrez gain, lizentzia emateko eta baliogabetzeko baldintzak ere ezartzen dira.

Lizentziaren indarraldia gehienez ere urtebetekoa izango da, Europako Parlamentuak edo Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 7.2. artikuluan ezarritako muga betez.

Era berean, lizentzia bidez baimendutako substantziak osten badituzte edo desagertzen badira, partikularrek gehienez ere berrogeita zortzi orduko epea izango dute, gertatutakoaren berri izaten dutenetik aurrera, harremanetarako gune nazionalari jakinarazteko. Hala eta guztiz ere, ESTATUKO ALDIZKARI OFIZIALean arau hau argitaratu eta bi urte igaro arte ezin izango da betebehar hori galdatu, eta ez da zehapenik ezarriko arau- hauste astuna egiteagatik.

Partikularrek substantzia horien lapurreta jakinaraztea segurtasunaren arloko kontrol- neurri egokia da; hartara, halako substantziak lehergailuak legez kontra fabrikatzeko erabiltzea saihestuko da, eta, hala ez bada, erabilera hori detektatu eta ekidingo da.

Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da sistema hau —partikularrak lizentzia eskuratzera behartzen dituena— berria dela gure barne-ordenamenduan; hortaz, hasierako une honetan ez da egokitzat jo substantzia horiek dauzkatenei beste neurri osagarri bat betetzeko eskatzea, hau da, ostearen edo desagertzearen berri emateko. Era berean, neurri hori ez betetzeagatik jarri behar den zehapena ere ez da aplikatuko.

Arrazoi hori dela eta, bi urte igaro arte, partikularrei ez zaie eskatuko betebehar hori betetzeko; eta zehapena ere ez da ezarriko. Epe hori behar bestekotzat jo da partikularrek arau honetan ezarritako lizentzia-sistema berria ezagutzeko eta horrek ezartzen dizkien betebeharrak ere ezagutzeko. Epe hori igarota, kontrol-neurri osagarri hori betetzeko eskatu ahalko zaie, lehergailuen substantzia aitzindarien desbiderapena eragozteko.

Erregelamendua aplikatzeko ezinbestekoak diren bi alderdi jorratzen dira III. kapituluan, lehergailuen aitzindariekin egindako eragiketak eta transakzioak kontrolatzeko behar diren baliabideak eskuratze aldera, eta, horretarako, lehergailuen aitzindariekin transakzioak egiten dituzten eragile ekonomikoekiko nahitaezko lankidetza ezartzen da.

Alde batetik, eragile ekonomikoei ezartzen zaie substantzia horiekin egiten duten eragiketa bakoitzari buruzko datuak gordetzeko betebeharra; zehazki, transakzio bakoitzari buruzko barne-erregistroa egin behar dute.

Datu horiek gutxienez bost urtez gorde behar direla ezartzen da, eta datuen gutxieneko edukia ere ezarrita dago. Informazio horrek une oro osatuta, eskuragarri eta eguneratuta egon behar du, agintari eskudunek ikuska dezaten. Horrekin batera, informazio hori paperean edo beste euskarri iraunkor batean nola gorde behar den ere ezarrita dago.

Beste alde batetik, eragile ekonomikoek lehergailuen aitzindarien transakzio susmagarriei, osteei edota desagertzeei buruz egin behar duten jakinarazpena ere III. kapituluan lantzen da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Eragile ekonomikoek gutxienez ere bost urteko epean lortu eta gorde beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 9.3 artikuluan ezarritako inguruabarrei buruzko datuak,

transakzioren bat susmagarria den zehaztu eta jakinarazpena egin ahal izateko, hain zuzen ere.

Jakinarazpen hori eta osteei eta desagertzeei buruzko jakinarazpenak egiteko gehieneko epea berrogeita zortzi ordukoa da, epe hori erregelamenduko 9. artikuluan aipatzen den «bidegabeko atzerapen»aren araberakoa dela jotzen baita.

IV. kapituluan ezartzen da Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzeagatik aplikatuko den zehapen-araubidea.

Arau-hauste oso astunak, astunak eta arinak bereizi dira, eta banatuta daude, arau- hauslea eragile ekonomikoa ala partikularra den.

Zehapen batzuk ekonomikoak izan ahalko dira. Horrez gain, eragile ekonomikoei lehergailuen aitzindariekin egiteko jarduera baimenduak eteteko agindu ahalko zaie; eta partikularrei lizentzia baliogabetu ahalko zaie, denbora-tarte zehatz batean berriro lizentzia eskuratzeko debekua ezarrita.

Arau-hauste oso astunei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena Segurtasuneko estatu-idazkariari atxikitzen zaio; arau-hauste astunei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena Gobernuak autonomia-erkidegoetan eta Ceuta eta Melilla hirietan dituen ordezkariena da; eta arau-hauste arinak direnean, Gobernuaren probintzia-ordezkariordeek dute eskumen hori.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1.artikulua. Xedea.

1.Lege honen xedea honako hauek arautzea da: partikularrek lehergailuen aitzindari mugatuak Espainian sartzea, eskuratzea, edukitzea edota erabiltzea baimentzen duen lizentzia-sistema; eragile ekonomikoek lehergailuen aitzindarien transakzio susmagarriak, osteak edo desagertzeak jakinarazteko modua, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamendua —lehergailuen aitzindariak merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzkoa— hausten denean aplikatu beharreko zehapen-araubidea.

2.Lege honen ondorioetarako, eragile ekonomikotzat hartzen da merkatuan produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituen pertsona fisiko edo juridiko oro, edota horrelako pertsonek edo organoek eratutako entitate publiko edo talde oro.

3.Lege honen ondorioetarako, partikulartzat hartzen da bere merkataritza-jarduerekin edo jarduera profesionalekin lotuta ez dauden beste xede batzuk betetzeko jarduten duen pertsona fisiko oro.

2.artikulua. Aplikazio-eremua.

1.Lege hau aplikatuko zaie Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko eranskinean jasota dauden substantzia guztiei, bai eta substantzia horiek dituzten nahaste eta substantzia guztiei ere.

2.Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, erregelamendu bidez ezarri ahalko da transakzio susmagarrien berri emateko betebeharra. Horrez gain, lege honetan ezarritako mugak edo debekuak ere erregelamendu bidez ezarri ahalko dira, eranskinetan jasota ez dauden edo bestelako kontzentrazio-mailak dituzten substantziak eskuratu, eduki edo erabili nahi diren kasuetarako, lehergailuak legez kontra fabrikatzeko erabili ahal direla pentsatzeko arrazoi justifikatuak daudenean.

3.Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira honako gai eta substantzia

hauek:

a)Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006

(EE)Erregelamenduan eta martxoaren 31ko 8/2010 Legean definituta dauden eta berorien mende dauden gaiak. Lege horrek REACH Erregelamenduan (EE) —substantzia eta nahaste kimikoak erregistratzeari, ebaluatzeari, baimentzeari eta murrizteari buruzkoan— eta CLP Erregelamenduan (EE) —substantzia eta nahaste kimikoak sailkatzeari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzkoan eta REACH Erregelamendua aldatzekoan— aurreikusitako zehapen-araubidea ezartzen du.

b)Gai piroteknikoak.

c)Partikularrei legez eta mediku-errezeta baten arabera emandako sendagaiak.

d)Lehergailuei buruzko Erregelamenduan aipatzen diren lehergailuak. Erregelamendu hori otsailaren 24ko 130/2017 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.artikulua. Harremanetarako gune nazionala.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduaren 9.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Barne Ministerioko Segurtasuneko estatu-idazkariak harremanetarako gune nazionala izendatuko du, eta harremanetarako gune nazional horri jakinarazi beharko zaizkio aipatutako erregelamenduko eranskinetan zerrendatutako substantzien eta substantzia horiek dituzten nahasteen eta substantzien transakzio susmagarriak, osteak eta desagertzeak.

II. KAPITULUA

Partikularren lizentziak

4.artikulua. Lizentziak.

1.Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko I. eranskinean zerrendatuta dauden lehergailuen aitzindari mugatuak Espainian eskuratu, eduki, erabili edo sartu nahi izanez gero, partikularrek aldez aurretik eskatu eta lortu beharko dute horretarako lizentzia.

2.Lizentzia horrek titularrari baimena emango dio Espainian lehergailuen aitzindari mugatu bat edo batzuk eskuratzeko, edukitzeko, erabiltzeko edo sartzeko, bai eta lizentzian adierazitako jarduera edo jarduerak gauzatzeko ere.

3.Lizentziaren indarraldia gehienez ere urtebetekoa izango da. Aldi horretan, lizentziaren titularrak lehergailuen aitzindari mugatuak lizentzian baimendutako kopuruetan eta baldintzetan, eta baimendutako erabilerarako, Espainian eskuratu, eduki, erabili edo sartu ahalko ditu.

4.Lizentziaren bidez baimendutako substantziak ostu edo desagertzen baldin badira, titularrak ahalik eta arinen eman beharko dio horren berri harremanetarako gune nazionalari, gehienez ere gertatutakoa ezagutu eta berrogeita zortzi orduko epean.

Harremanetarako gune nazionalari jakinarazteko betebeharra gorabehera, Prozedura Kriminalaren Legearen arabera partikular guztiek lehergailuen aitzindari mugatuen ostea edo desagertzea salatzeko duten betebeharra ere bete beharko da.

5.Edozein transakzio egin aurretik eta bezeroak partikularrak direnean, eragile ekonomikoek lizentzia erakusteko eskatuko diete —lizentziak behar bezala beteta egon behar du— eta indarrean dagoela egiaztatuko dute.

5.artikulua. Agintari eskuduna.

Segurtasuneko estatu-idazkaria agintari eskuduna izango da, lizentzia emateko, eteteko edo baliogabetzeko, Europako Parlamentuak edo Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko 7. artikuluan ezarritako baldintzetan.

6.artikulua. Lizentzia ematea.

1.Lizentzia eredu ofizialean eskatu beharko da, eta eredua ondo bete beharko da. Besteak beste, honako datu hauek adierazi beharko dira: laburpen kimikoen zerbitzuaren izena eta erregistro-zenbakia (substantziaren CAS zenbakia), substantziaren kantitatea, zertarako erabili nahi den, non biltegiratu nahi den eta, hala dagokionean, non erabiliko den.

2.Lizentzia eman aurretik, behar diren inguruabar eta txosten guztiak jasoko dira. Horrez gain, honako erregistro hauetan bildutako datuak ere aztertu eta jasoko dira: Zigortuen Erregistro Zentralekoak; Etxeko Indarkeriaren Biktimak Babesteko Erregistro Zentralekoak, eta Kautela Neurrien, Errekisitorien eta Epai Ez Irmoen Erregistro Zentralekoak; horretarako, ez da beharrezkoa izango datuen titularraren aldez aurreko baimena izatea.

3.Lizentzia ukatuko da, interesdunaren interes legitimoa behar bezala egiaztatu ezean, edo, jasotako informazioaren arabera, arrazoi justifikatuak baldin badaude substantziaren erabilera legezkoa izango den edo legezko xedeetarako erabili nahi den zalantzan jartzeko.

4.Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eta epe hori igaro ondoren eskaera ezetsitzat joko da. Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta indarreko araudian ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahalko dira.

5.Tasa bat ordaindu beharko da, lizentzia jaso ahal izateko.

7.artikulua. Lizentzia baliogabetzea.

Lizentzia baliogabetuko da baldin eta arrazoi justifikatuen arabera ondorioztatu ahal bada titularrak lizentzia edukitzeko baldintzak betetzeari utzi diola eta, bereziki, aurreikusitako erabileraren legitimotasuna betetzeari utzi diola.

Ondorio horietarako, lizentziaren titularrari lizentziaren indarraldiaren edozein unetan eskatu ahalko zaio lizentzia jasotzeko ezarri zizkioten baldintzak oraindik ere betetzen dituela egiaztatzeko.

III. KAPITULUA

Transakzioak erregistratzea eta transakzio susmagarriak, osteak eta desagertzeak

jakinaraztea

8.artikulua. Transakzioak erregistratzea.

1.Eragile ekonomikoek barneko erregistroetan jaso beharko dute Europako Parlamentuak edo Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko I. eranskinean zehaztuta dauden lehergailuen aitzindari mugatuekin egiten duten transakzio bakoitza.

2.Transakzioen erregistroan, gutxienez, honako datu hauek bilduko dira:

a)Transakzioan parte hartu duen partikularraren edo eragile ekonomikoaren izena, helbidea eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia edo identifikazio fiskaleko zenbakia.

b)Substantziaren edo nahastearen izena, kontzentrazioa ere aipatuta.

c)Substantziaren edo nahastearen kantitatea.

d)Substantzia edo nahastea zertarako erabili nahi den.

e)Transakzioaren eguna eta lekua.

f)Transakzioan parte hartu duen partikularraren, eragile ekonomikoaren edo profesionalaren sinadura.

g)Partikularraren lizentzia-datuak eta lizentziaren indarraldia.

3.Datu erregistratuak paperean edo beste euskarri iraunkor batean gordeko dira bost urteko epean, transakzioa egin zenetik zenbatuta. Epe horretan, informazioak osatuta, eguneratuta eta erabilgarri egon beharko du, agintari eskudunek ikuska dezaten.

4.Honako baldintza hauek bete beharko dituzte baliabide elektronikoen bidez erregistratzen diren datu guztiek:

a)Paperezko dokumentuen formatuaren eta edukiaren araberakoak izatea.

b)3. apartatuan ezarritako aldi osoaren edozein unetan eskuragarri egotea, oztoporik gabe.

9.artikulua. Eragile ekonomikoek transakzio susmagarriak, osteak eta desagertzeak jakinaraztea.

1.Eragile ekonomikoek edozein transakzio susmagarri baztertu ahalko dute. Halaber, harremanetarako gune nazionalari ahalik eta arinen eta, edonola ere, berrogeita zortzi orduko epean emango diote edozein transakzioren edo transakzio-saialdiren berri, eta, ahal denean, bezeroaren izena ere jakinaraziko diote, baldin eta arrazoi justifikatuak badituzte pentsatzeko Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 15ean onartutako 98/2013 (EB) Erregelamenduko I. eta II. eranskinetan zerrendatutako substantziei edo horiek barruan daramatzaten substantziei eta nahasteei lotutako transakzio susmagarri bat egin dela edo egitea proposatu dela. Kasuaren inguruabarrak eta, bereziki, bezeroaren jokabide hauek hartuko dira kontuan horretarako:

a)Bezeroak argi ez adieraztea substantzia edo substantzia barruan daraman nahastea zertarako erabili nahi duen.

b)Itxura guztien arabera, bezeroa ez egotea ohituta substantziari edo substantzia barruan daraman nahasteari ematen zaion erabilerarekin, edo gai ez izatea erabilera behar bezala azaltzeko.

c)Substantziak partikularren erabileretan ezohikoak diren kantitateetan, konbinazioetan edo kontzentrazioetan erosten saiatzea.

d)Bere identitatea edo bizilekua egiaztatzeko probak eman nahi ez izatea.

e)Behin eta berriro eskatzea ezohiko ordainketa-metodoak erabiltzeko (adibidez, zenbateko handiak eskudiruz ordaintzeko).

Eragile ekonomikoak transakzio susmagarriaren saialdiaren jakinarazpenari buruzko erantzunik jasotzen ez badu hirurogeita hamabi orduko epean, transakzioa egin ahal duela joko da.

2.Eragile ekonomikoek gutxienez bost urteko epean lortu eta gorde beharko dituzte aurreko apartatuan ezarritako inguruabarrak ezagutzeko beharrezkoak diren datuak, eta datu horiek agintari eskudunen eskura egon beharko dute, ikuska ditzaten.

3.Eragile ekonomikoek substantzion osteak eta desagertzeak ahalik eta arinen jakinarazi beharko dizkiote harremanetarako gune nazionalari; gehienez ere, horren berri izan eta berrogeita zortzi orduko epean. Nolanahi ere, Prozedura Kriminalaren Legearekin bat etorrita, eragile ekonomiko guztiek lehergailuen aitzindari mugatuen ostea edo desagertzea salatzeko betebeharra dute.

10.artikulua. Beste administrazio publiko batzuen datuetarako irispidea. Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak eta Estatuko segurtasun-indar eta -kidego

eskudunek administrazio publikoen erregistroetako informazioa interesdunaren aldez aurretiko baimenik gabe eskuratu ahalko dute, baldin eta ikerketa zehatz batean jarduten badute, dagokion araudi espezifikoan jasotakoa betetzen badute, eta informazio hori beharrezkoa bada lehergailuen aitzindariekin lotutako egintza ez-zilegi bati aurrea hartzeko eta hura pertsegitzeko. Datuen ondoko tratamenduan nahitaez bete behar da datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa.

Horri dagokionez, informazioa eskatzen den bakoitzean, administrazioek eta Barne Ministerioak akordioak sinatu ahalko dituzte, informazioa emateko baldintzak zehazte aldera. Edonola ere, araudi aplikagarriarekin bat etorrita, eta horretarako ezarri diren kooperazio-mekanismoei jarraikiz, Barne Ministerioak informazioa koordinatu beharko du Estatuko segurtasun-indar eta -kidego eskudunen eta autonomia-erkidegoetakoen artean, baldin eta dagokion autonomia-erkidegoan berezko polizia-kidegoak badituzte, eta kidego horiek pertsonak, ondasunak eta ordena publikoa zaintzeko eskumenak badituzte.

IV. KAPITULUA

Zehapen-araubidea

1.ATALA. ARAU-HAUSTEAK

11.artikulua. ARAU-HAUSTE OSO ASTUNAK.

1.Honako hauek dira eragile ekonomikoen arau-hauste oso astunak:

a)Lizentziarik ez duten partikularren eskura jartzea lehergailuen aitzindari mugatuak, baldin eta arrisku edo kalte larria eragiten bada.

b)8. artikuluan ezarritakoaren araberako erregistro-sistema ez edukitzea, edo lehergailuen aitzindari mugatuen transakzioak bertan ez jasotzea.

c)Agintari eskudunek eskatu arren, lehergailuen aitzindari mugatuen transakzioei buruzko erregistroetako datuak ez ematea, horrekin arrisku edo kalte larria eragiten denean.

d)Agintari eskudunei eragoztea instalazioak ikuskatzea edo eskuratu behar dituzten datuak eskuratzea.

e)Datuak transakzioen erregistroan ez gordetzea 8. artikuluan ezarritako epean.

f)9. artikuluan ezarritako datuak ez gordetzea, transakzioa susmagarria den zehaztu ahal izateko.

g)9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat susmagarritzat jo daitezkeen transakzioak edo transakzio horiek egiteko saialdia jakinarazteko betebeharra ez betetzea; eta lehergailuen aitzindarien oste eta desagertze handiak ez jakinaraztea.

h)Etiketak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamenduko 5. artikuluan ezarritako moduan finkatzeko, gordetzeko edo egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, baldin eta jokabide horrek arrisku edo kalte larria eragiten badu.

2.Honako hauek dira partikularren arau-hauste oso astunak:

a)Lizentziarik ez duten beste partikular batzuen eskura jartzea lehergailuen aitzindari mugatuak, baldin eta jokabide horrek arrisku edo kalte larria eragiten badu.

b)Lehergailuen aitzindari mugatuak eskuratzea, sartzea, edukitzea edo erabiltzea, behar bezalako lizentziarik eduki gabe, edo lizentzia etenda dagoela, baldin eta jokabide horiek arrisku edo kalte larria eragiten badute.

12.artikulua. ARAU-HAUSTE ASTUNAK.

1.Honako hauek dira eragile ekonomikoen arau-hauste astunak:

a)Edozein transakzio egin aurretik, partikularrak lizentzia baduela egiaztatzeko betebeharra ez betetzea eta produktua partikularraren eskura jartzea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

b)Transakzioen erregistroan datuak osatu gabe edo akatsez gordetzea 8. artikuluan ezarritako epean, baldin eta horrek oztopatzen badu substantziak edo transakzioan parte hartzen duten pertsonak zehaztea.

c)Lehergailuen aitzindari mugatuen transakzioei buruzko erregistroan dauden datuen ematea justifikaziorik gabe atzeratzea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

d)Aginte eskudunei oztopatzea instalazioak edota araudi honetan ezarrita dagoen lehergailuen aitzindari mugatuen transakzioei buruzko erregistroan dauden datuak ikuskatzea.

e)Legez ezarritako epea amaituta dagoela, honako datu hauek jakinaraztea: 9.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz susmagarritzat jo daitezkeen transakzioak, horrelako transakzioak egiteko saialdiak eta lehergailuen aitzindarien desagertzeak eta osteak, baldin eta arau-hauste oso astunak ez badira.

f)Etiketak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013/EB Erregelamenduko 5. artikuluan ezarritako moduan finkatzeko, gordetzeko edo egiaztatzeko betebeharrak ez betetzea, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

2.Honako hauek dira partikularren arau-hauste astunak:

a)Behar bezalako lizentziarik eduki gabe, edo lizentzia etenda dagoela, lehergailuen aitzindari mugatuak eskuratzea, sartzea, edukitzea edo erabiltzea.

b)Lehergailuen aitzindari mugatuak eskuratzea, edukitzea, sartzea edo erabiltzea, dagokion lizentzian ezarritako muga kuantitatiboak gaindituta.

c)Beste partikular batzuen eskura jartzea lehergailuen aitzindari mugatuak, hori arau-hauste oso astuna ez denean.

d)Nahitaezko etiketak kentzea, gehitzea edo aldatzea.

e)Agintari eskudunei ez erraztea beren lana, merkataritzako dokumentazioaren bidez babestuta dagoen lehergailuen aitzindari mugatuen eskuratzea aztertu nahi dutenean, eskatutako betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko asmoz.

f)Legez eskuratu zituzten lehergailuen aitzindari mugatuen ostea edo desagertzea ez jakinaraztea.

13.artikulua. Arau-hauste arinak.

1. Honako hauek dira eragile ekonomikoen arau-hauste arinak:

a)Lehergailuen aitzindari mugatuak dituzten produktuen etiketetan akats arinak egitea, hori arau-hauste astuna ez denean.

b)Akats arinak egitea, datuak 8. artikuluan ezarritako lehergailuen aitzindari mugatuen transakzioei buruzko erregistroan idazten direnean.

c)Lege hau edota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamendua ez betetzeagatik egiten diren gainerako arau-hauste guztiak, arau-hauste oso astunak edo astunak ez direnean.

2.Partikularren arau-hauste arinak dira lege hau edota Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamendua ez betetzeagatik egiten diren arau-hauste guztiak, arau-hauste oso astunak edo astunak ez direnean.

2.atala. Zehapenak

14.artikulua. Zehapenak.

1.Eragile ekonomikoek arau-hauste oso astunak egiten badituzte, 10.001 eta 60.000 euro arteko isunak ezarriko zaizkie; arau-hauste astunak egiten badituzte, 3.001 eta 10.000 euro bitartekoak; eta, azkenik, arau-hauste arinak egiten badituzte, 601 eta 3.000 euro bitartekoak.

Horrez gain, arau-hauste oso astunak edota astunak egiten dituztenean, arau- haustearen ezaugarriak edo inguruabarrak nolakoak diren, lehergailuen aitzindariekin egiteko jarduera baimenduak ere etenarazi ahalko zaizkie: bi hilabete eta egun bat eta sei hilabete arteko epean, arau-hauste oso astunak direnean; eta bi hilabete arteko epean, arau-hauste astunak direnean.

2.Partikularrek arau-hauste oso astunak egiten badituzte, 10.001 eta 30.000 euro arteko isunak ezarriko zaizkie; arau-hauste astunak egiten badituzte, 3.001 eta 10.000 euro bitartekoak; eta, azkenik, arau-hauste arinak egiten badituzte, 601 eta 3.000 euro bitartekoak.

Horrez gain, arau-hauste oso astunak edota astunak egiten dituztenean, arau- haustearen ezaugarriak edo inguruabarrak nolakoak diren, partikularrei lizentzia ere baliogabetu ahalko zaie. Arau-hausteak oso astunak direnean, gutxienez bi hilabete eta egun batetik urtebete arteko epean debekatuta izango dute lizentzia berriro eskuratzea; eta bi hilabete arteko epean, arau-hausteak astunak direnean.

15.artikulua. Zehapenak mailakatzea.

1.Lege honetan ezarritako mugak betez eta proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, isunen zenbatekoa, jardueren etetearen iraupena edo lizentzia eskuratzeko debekuaren iraupena mailakatuko dira, honako inguruabar hauek kontuan hartuta:

a)Intentzionalitatea.

b)Herritarren segurtasunean izan duen eragina.

c)Berrerortzea.

d)Arau-haustea egiteak zer onura ekonomiko ekarri duen.

e)Arau-hauslearen merkataritzako jardueraren bolumena.

Honako egoera honetan joko da berrerortzea gertatu dela: aurreko zehapena eragin zuen arau-haustea jakinarazi eta urtebeteko epean mota bereko beste arau-hauste bat egiten denean, baldin eta, hurrengo arau-hauste hori egiten denean, ebazpen zehatzailea administrazio-bidean irmoa bada.

2.Artikulu honen ondorioetarako, zehapenak luzera bereko hiru tarteren arabera banatzen dira, eta tarte horiek bat egiten dute isunen zenbatekoaren edo itxieraren iraupenaren gutxieneko, tarteko eta gehieneko mailekin.

16.artikulua. Zehatzeko eskumena.

1.Honako hauek dira lege honetan araututako zehapenak ezartzeko organo eskudunak:

a)Segurtasuneko estatu-idazkariak dauka arau-hauste oso astunei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena.

b)Autonomia-erkidegoetan eta Ceuta eta Melilla hirietan gobernu-ordezkariek dute arau-hauste astunei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena, eta probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan arau-hauste astunei eta arinei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena ere badute.

c)Probintzietako gobernu-ordezkariordeek dute arau-hauste arinei dagozkien zehapenak ezartzeko eskumena.

2.Probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan eta Ceuta eta Melilla hirietan Gobernuaren ordezkariak izango du zehapen-prozedura hasteko eta instruitzeko eskumena; bestela, arau-haustea non egin den, probintzia horretako gobernu- ordezkariordeak izango du eskumen hori.

3.Ebazpenaren aurka, indarreko araudian ezarritako errekurtsoak jarri ahalko dira.

17.artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

Arinak baldin badira, arau-hausteak eta dagozkien zehapenak urtebete igaro ondoren

preskribatuko dira; hiru urte igarotakoan, astunak direnean; eta bost urte igarotakoan, oso astunak direnean.

18.artikulua. Behin-behineko neurriak.

1.Espediente zehatzailea hasita, ebazteko organo eskudunak, erabaki arrazoituaren bidez eta ebazpenaren efikazia bermatze aldera, beharrezkoak diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, prozeduraren amaiera egokia bideratzeko, arau-haustearen ondorioek ez irauteko edo herritarren segurtasuna gordetzeko, baina horrelakoek ez dute inola ere zehapen-izaerarik izango. Neurri horiek arau-haustearen izaeraren eta astuntasunaren araberakoak izango dira, eta honelakoak izan daitezke:

a)Lehergailuen aitzindarietan esku hartzea.

b)Lehergailuen aitzindariei lotutako jarduerak etetea.

c)Partikularrei emandako lizentziak etetea eta prebentzioz kentzea.

2.Espediente zehatzailearen xede diren egitateen sortzaileak bere gain hartuko ditu behin-behineko neurriak hartzeagatik sortzen diren gastuak. Hala dagokionean, zehapena administrazio-bidean irmoa izan bezain laster, gastuok erreklamatu ahalko dira.

3.Aurreko 1. apartatuko b) eta c) letretan zerrendatuta dauden behin-behineko neurriek ez dute iraungo egindako arau-hausteari legokiokeen zehapenarentzat lege honetan ezarritako epearen erdia baino gehiago, betiere ebazteko organo eskudunak erabaki arrazoiturik eman ezean.

4.Hartutako neurriak berehala betearazi beharko dira; hala ere, interesdunek horiek eteteko eskatu ahal izango dute eskubide onaren itxura edo konpontzen zailak edo ezinezkoak diren kalteak daudela arrazoituta; horrela eginez gero, herritarren segurtasunak jasan lezakeen kaltea aseguratzeko behar besteko kauzioa emango dute.

5.Erabakitako behin-behineko neurriak aldatu edo kendu ahal izango dira horiek hartzea eragin zuten inguruabarrak aldatuz gero, eta, edozelan ere, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak azkenduko ditu.

6.Halaber, urgentziazko kasuak baldin badira, eta tartean diren interesak behin-behinean babesteko, 1. apartatuan ezarritako behin-behineko neurriak zehapen-prozedura hasi baino lehen hartu ahal izango dituzte agintaritzako agenteek. Agintari zehatzaileak bost eguneko epean berretsi edo kendu ahal izango ditu neurriok, espedientea hasten denetik zenbatuta.

19.artikulua. Lehergailuen aitzindarietan esku hartzea.

1.Agintaritzako agenteek esku hartu ahal izango dute lehergailuen aitzindarietan, kautela-neurri gisa. Aitzindariok agintari zehatzailearen eskura egongo dira, hartutako substantziaren nolakotasunaren eta arriskugarritasunaren arabera egoki diren establezimenduetan gordeta. Zehapen-prozedura izapidetu bitartean edo, hala dagokionean, itzulketa erabaki arte, han gordeta jarraituko dute.

2.Substantzia suntsitu egingo da, baldin eta, itzultzea erabaki eta jakinarazpena egin ondoren, titularrak hilabeteko epean berreskuratu ez badu.

20.artikulua. Ikuskapen-ahalak.

1.Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak, berorren mende dauden organoen eta segurtasun-indar eta -kidego eskudunen bitartez, kontrol-, zaintza- eta ikuskapen- eginkizunak bete beharko ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urtarrilaren 15eko 98/2013 (EB) Erregelamendua eta lege honetan jasotako betebeharrak behar bezala bete daitezen. Horretarako, hau egin ahalko du:

a)Lehergailuen aitzindarien edozein eskariri buruzko informazioa eskatu, edo lehergailuen aitzindariak barne hartzen dituen edozein eragiketari buruzkoa.

b)Eragile ekonomikoen instalazio profesionaletan edozein unetan sartu.

c)Araudi horretan ezarritakoa betetzen ez duten bidalketak geldiarazi, beharrezkoa denean.

2.Ahal horiek egikaritzeko agintari eskudunak enpresen isilpeko informazioa errespetatu beharko du.

Lehen xedapen gehigarria. Datu pertsonalak babestea.

Lege hau aplikatzean erabiltzen diren datuak tratatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta lege hori garatzeko araudian ezarritakoa bete beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Informazio-kanpainak.

Lege hau betetzen laguntzeko, Gobernuak kanpaina bat antolatuko du, enpresei informazioa emateko, eta, bereziki, partikularren negozioei eta enpresa txiki eta ertainei informazioa emateko.

Hirugarren xedapen gehigarria. Baliabide elektronikoak.

Lege honetan arautzen diren eskabideak eta komunikazioak egiteko, dagokion egoitza elektronikoaren helbidearen bitartez eskura daitezkeen ereduak erabili beharko dira, hargatik eragotzi gabe Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak Segurtasuneko Estatu Idazkaritzan ere ereduok eman ahal izatea.

Laugarren xedapen gehigarria. Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa.

Segurtasuneko Estatu Idazkaritzak eta berezko polizia-kidegoa duten autonomia- erkidegoetan segurtasun publikoaren arloan eskumenak dituzten organoek informazioa trukatzeko mekanismo egokiak antolatuko dituzte, lege honetan ezarritakoa eraginkortasunez betetzeko.

Zehazki, polizien jarduna egiteko behar den informazio ofiziala elkarri emango diote, eta autonomia-estatutuetan lizentziei, behin-behineko neurriei, eragile ekonomikoek egiten dituzten lehergailuen aitzindarien transakzioei, aitzindarien desagertzeei edo osteei eta, hala dagokionean, ezarritako zehapenei buruz ezarritakoa beteko dute, lege honetan ezarritako baldintzen arabera.

Era berean, harremanetarako gune nazionalak jaramon egin beharko dio segurtasun- indarrek eta -kidegoek herritarren segurtasunaren arloarekin lotuta helarazten dioten informazio garrantzitsuari, baldin eta beraren eginkizunekin lotura zuzena badauka.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.26 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da. Artikulu horrek eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari lehergailuak ekoitzi, merkaturatu, eduki eta erabiltzeko araubidearen arloan.

Azken xedapenetatik bigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari ahalmena ematen zaio, lege honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

1.Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

2.Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, 12.2.f) artikulua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi urte igarotakoan jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2017ko azaroaren 8an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra