Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

8/2015 Errege Lege Dekretua, ekainaren 26koa, 2019-2023 aldirako Bartzelonak "Mobile World Capital" izaten jarrai dezan laguntzeko neurriena

2015-06-26

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/06/27, 153. zk.

bcl_50314479.htm

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7120 8/2015 Errege Lege Dekretua, ekainaren 26koa, 2019-2023 aldirako Bartzelonak «Mobile World Capital» izaten jarrai dezan laguntzeko neurriena.

ZIOEN AZALPENA

I

«Mobile World Congress» komunikazio mugikorrari buruzko kongresu bat da, urtero egiten dena. «Groupe Speciale Mobile Association» elkartea izaten da antolatzaile (aurrerantzean, GSMA) . Elkarte horretan, 219 herrialdetako telefonia mugikorreko operadoreak daude, ia 800, bai eta Mugikorraren munduko 200 enpresa baino gehiago ere. 1990etik aurrera, GSMA elkarteak antolatzen du «Mobile World Congress», zeina Bartzelonan egiten baita 2006. urteaz geroztik. Telefonia mugikorraren munduan garrantzi berezia duen ekitaldia da.

2010ean, GSMA elkarteak beste planteamendu bat ezarri zuen ekitaldi hau 2012-2018 aldian egiteko: munduan zehar hautagaitzak aurkezteko prozesu bat ireki zen. Hautaketaprozesu horrek 18 hil iraun zuen, eta mundu osoko 30 hiri baino gehiagok parte hartu zuten. Hiri hauek izan ziren finalista: Munich, Milan, Paris eta Bartzelona; azkenean, Bartzelona hautatu zen. Horiek horrela, dagokion akordioa sinatu zen GSMArekin, 2011ko uztailaren 14an. Bartzelona 2018ra arte «Mobile World Capital» izendatuta, aipatu ekitaldiaren egoitza ofiziala ez ezik, urte barruan mugikortasun-enpresak eta -proiektuak bultzatzeko jarduera eta proiektu paraleloak egiteko egoitza ere bada Bartzelona.

«Barcelona Mobile World Capital», zalantzarik gabe, jarduera berezia da: ezaugarri eta inplikazio nabarmenak ditu telekomunikazioen sektorerako, eta eragin handia dakar Espainiako ekonomia osorako. Gainera, hedapen-une batean edo beste jauzi teknologiko batean gaude; izan ere, indartsu sartu eta hedatu dira internet mugikorra eta sarera sartzeko dispositibo eta bide berriak, eta, ondorioz, eraldatzen ari dira internetez negozioa egiteko ereduak: zerbitzuak gailu mugikorren bidez balia daitezke eta mugikortasun-bideen bidez sar daiteke sarera. Mugikortasunari zor zaio aplikazio berriak hedatzea, dauden zerbitzuak birdiseinatzea, eta, batez ere, internetera gero eta jende gehiago sartzea munduan zehar.

Gertaera honi esker, berrikuntza-bolada hau baliatzeko aukera dute Espainiako enpresek, hamaika aukera zabaltzen baitira hemen arrakastatsuak izan diren enpresaekimenak partekatzeko eta esportatzeko. Baina, horretaz gainera, «Barcelona Mobile World Capital» ekitaldia bereziki garrantzitsua da, ez bakarrik telekomunikazioen garapena eta teknologien eta informazioaren gizartearen garapena kontuan hartuta, baita turismoa eta Espainiaren irudia kontuan hartuta ere, teknologia eta modernitatea uztartzen baitira, gure herrialdearen ezaugarri gisa.

«Barcelona Mobile World Capital» izendapenaren eragin positiboa areagotu egin da urterik urte. 2014ko edizioan, 397 milioi euroko diru-sarrerak zenbatu ziren, 12.300 lanpostu sortu ziren eta 30 milioi euro bildu ziren. Zenbatespenen arabera, Bartzelonako hirian 2.500 milioi euro metatu ditu «Mobile World Congress» kongresuak (2006-2014 aldian) , eta lan-merkatuan izan duen eraginari dagokionez, 60.000 aldi baterako lanpostu sortu dira. Datozen urteetarako eragin ekonomikoari buruzko aurreikuspenak, berriz, hobeak dira; izan ere, ekitaldi honen ospea finkatuta dago, erreferentzia da mundu osoan, eta biderkatu egin dira «Fundación Mobile World Capital» fundazioak gidatutako teknologia mugikorren garapenarekin lotutako jarduerak.

Kongresuaren azken edizioan, 2015. urtearen hasieran, «Mobile World Congress» kongresuan 200 herrialdetako 93.000 bisitari baino gehiago eta 2.000 konpainia baino gehiago batu ziren, eta produktu eta zerbitzu erabat berritzaileak erakutsi zituzten 100.000

metroko erakusketa-gunean. Lau egunetan egindako hitzaldiek eta erakustaldiek mundu osoko exekutiboak eta eragin handiena duten telefonia-operadoreak erakarri zituzten; horiez gainera, software-konpainiak, ekipo-hornitzaileak, Internet-konpainiak eta hainbat sektoretako enpresak (automozioa, finantzak eta osasun-arloa) ere erakarri zituzten, bai eta mundu osoko gobernu-ordezkaritzak ere. Kontuan hartu beharrekoak dira, halaber, turismoaren sektorean behe-denboraldian hirian izandako eragin zuzena eta zeharkakoa, eta Espainiaren irudiari dagokionez izandako eragina.

Gobernuak publikoki adierazi du ekitaldi hau babesteko asmoa: Gobernuko presidenteak Parlamentuan adierazi du babes hori, eta Espainiako erregea eta Bartzelonako Gobernuko kide batzuk ekitaldian izan dira. Horretaz gainera, Industria, Energia eta Turismoko Ministerioko goi-kargudunek erregulartasunez parte hartu dute Patronatuaren eta Batzorde Betearazlearen batzarretan.

II

Une honetan, GSMA elkarteak planteatu du 2019-2023 aldirako beste egoitza batzuk hautatzeko prozesua ez irekitzea, baldin eta Espainian luzatu egiten bada egungo konpromisoa.

Bartzelonako Udalak, «Fundación Mobile World Capital» fundazioarekin batera, egungo konpromisoa berritzeko proposamena aurkezteko asmoa iragarri du, ekitaldi hori Bartzelonan egiten jarraitu ahal izateko 2019-2023 aldian.

Bereziki garrantzitsua da aldi berri horretan ekitaldia egiteko konpromisoa berritzea. Konpromiso-berritzea sinatu ezean, Bartzelonak «Mobile World Capital» izendapena galtzeko arriskua dago. Ondorioak nabarmenak izango lirateke oso, zeren eta «Mobile World Congress» baita Espainian egiten den nazioarteko kongresu nagusia.

GSMAren erabakien egutegiaren menpe dago premia hori. Elkarte horren kontseiluak erabakiko du, 2015eko uztailaren 14an egingo duen bileran, Bartzelonaren hiriburutza 2019-2023 aldirako berritzea onartu edo beste hautagaitza batzuk hautatzeko prozesua ireki.

GSMAren Kontseiluak konpromisoa berritzea onartzeko, beharrezkoa da 2011ko Akordioaren luzapena alderdi guztiek aurrez sinatzea, alderdi horiek negoziatutako baldintzen arabera. Baldintza horiek Bartzelonako alkateak 2015eko ekainaren 2an aurkeztu eta berretsi zituen, eta Enpresa eta Okupazioko kontseilariak, 2015eko ekainaren 9an. Gaur egun, «Barcelona Mobile World Capital» ekitaldian parte hartzen duten erakundeen artean, Estatuko Administrazio Orokorra da akordioa luzatzea sinatu ez duen bakarra.

III

Arau honetan biltzen dira, bere nolakotasuna eta helburua kontuan hartuta, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak lege-dekretuak onartzeko eskatzen dituen aparteko eta premiazko beharrizana dakarten egoerak.

Errege lege-dekretu honetan arautzen diren neurriak hartzearen arrazoia premia da: Estatuko Administrazio Orokorraren izenean Industria, Energia eta Turismoko ministroari gaikuntza eman behar zaio 2011ko uztailaren 14ko Akordioa 2023ko urriaren 1era arte luzatzea sinatzeko, Bartzelona «Mobile World Capital» izan dadin 2019-2023 aldian. Horrek guztiak berehala erantzutea eskatzen du, eta neurri hori ahalik eta arinen hartzea justifikatzen du.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuta, Industria, Energia eta Turismoko ministroak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2015eko ekainaren 26an eztabaidatuta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Akordioak berrestea, Bartzelonako hiriari 2019-2023 aldian «Mobile World Capital» izendapena berritzeari dagokionez, eta berritzea sinatzeko baimena ematea.

1.Berretsi egiten da Espainiako Erresumako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, Kataluniako Generalitateak eta Bartzelonako Udalak sinatutako protokoloa, eta GSMA Ltd elkarteak aurkeztutako eskaintza. Horiek 2015eko martxoaren 26an sinatu zituzten Espainiako Erresumako Industria, Energia eta Turismo Ministerioak, Kataluniako Generalitateak, Bartzelonako Udalak, Bartzelonako Turismo Kontsortzioak, Bartzelonako Fira Internacional delakoak eta «Mobile World Capital Foundation» fundazioak, Bartzelonako hiriari «Mobile World Capital» izendapena berritzeko 2019-2023 aldirako.

2.Telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen Estatuko idazkariari ahalmena ematen zaio, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan, 2011ko uztailaren 14ko Akordioa 2023ko urriaren 1era arte luzatzea sinatzeko, alderdiek negoziatutako baldintzen arabera. Baldintza horiek 2015eko ekainaren 2an berretsi zituen Bartzelonako alkateak, eta Kataluniako Generalitateko Enpresa eta Okupazioko kontseilariak, 2015eko ekainaren 9an.

2. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren eskubideak bermatzea.

1.Baldin eta Estatuko Administrazio Orokorrak arau honetan aipatutako Akordioaren

27. artikulua aplikatzearen ondoriozko erantzukizunei aurre egin behar badie, administrazio publiko sinatzaileek beren gain hartuko dituzte (egotzi ahal zaien zatian) sortzen diren erantzukizunak, artikulu honetan eta artikulu hau garatzeko eta betearazteko ematen diren erregelamendu-xedapenetan xedatuarekin bat etorriz.

2.Estatuko Administrazio Orokorrak behar beste neurri hartuko ditu bere eskubideak bermatzeko, beste administrazio publikoren batek betetzekoak diren betebeharrengatik aurkezten zaizkion erreklamazioak direla-eta; horretarako, egoki diren konpentsaziomekanismoak antolatuko ditu.

Xedapen gehigarri bakarra.

Akordioa sinatzeko dagoen urgentzia kontuan hartuta (1. artikuluan baimentzen da sinadura) , hilabeteko epean egin beharko da dagokion gastu-espedientearen tramitazioa.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Madrilen, 2015eko ekainaren 26an.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

w.boe.es

BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO

D. L.: M-1/1958 ISSN: 02

 

 

 

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra