8/2014 Lege Organikoa, abenduaren 4koa, Indar Armatuen Diziplina Araubidearena
2014-12-04Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2014/12/05, 294. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
12652 8/2014 Lege Organikoa, abenduaren 4koa, Indar Armatuen Diziplina Araubidearena.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onartu dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA
I
Lege organiko hau zuzentzen duen printzipio orokorra, ordenamendu juridiko zehatzaile guztiarena ere badena, arau-hauslearen oinarrizko bermeen eta Administrazioaren prerrogatiben arteko oreka da, ahaztu gabe diziplina-ahalaren esleipena interes publikoaren babes eta Indar Armatuen funtsezko balioen defentsa gisa justifikatzen dela.
Konstituzio-araua indarrean egonik, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko azaroaren 27ko 12/1985 Lege Organikoa onartu zen, eta funtsezko ekarpen bat egin zuela aitortu behar da: diziplinaeta zigor-eremu zehatzaile militarren arteko bereizketa formala egitea. Arau organiko hori jada indargabetuta dagoen Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Legeak ordeztu zuen, zeina abenduaren 2ko 8/1998 Lege Organikoaren bidez onetsi baitzen. Lege hori aurrerapauso handia izan zen armadaren balioen babesaren eta Konstituzioan jasotako banako bermeen arteko ezinbesteko oreka erdiesteko bidean. Haren manuetako batzuk, ordea, ez ziren aplikagarriak, nahitaezko soldadutza bertan behera utzi zelako, eta, jakina, ezin zituzten gerora onartutako lege guztiz garrantzitsu zenbait aipatu, hala nola Defentsa Nazionalaren azaroaren 17ko 5/2005 Lege Organikoa, Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea, Tropako Militarren eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legea eta Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa aldatu zuen uztailaren 15eko 9/2003 Lege Organikoa.
Bestalde, Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren azken xedapenetako zortzigarrenak ezartzen duenez (Indar Armatuen diziplina-araubidearen egokitzapena) , Gobernuak, urtebeteko epean, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 2ko 8/1998 Lege Organikoa erreformatzeko Lege Proiektua igorri beharko dio Diputatuen Kongresuari.
Hortaz, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoa erreformatu eta egokitzeko legea egiteko betebeharra uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoaren aginduan datza; lege organiko horrek xedatzen duenez, legea egiterakoan irizpide hauek hartu beharko dira kontuan: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Konstituzio Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak eremu militarrean diziplina-ahala gauzatzean diren funtsezko eskubideen eta bermeen gainean onartutako doktrina, eta Indar Armatuen profesionalizazio osoari, emakumearen presentziari eta Defentsa Nazionalaren Lege Organikoan adierazitako antolamenduari eta misioei egokitu beharra. Halaber, berariazko erregulazioa jaso behar du operazio-eremuetan bereizitako unitate eta langileentzat, Defentsa Nazionalaren Lege Organikoko 16. artikuluak haientzat jasotakoaren arabera.
Arrazoi horiengatik ez ezik, legegintza-teknikarekin lotutako beste batzuengatik ere bada diziplinari buruzko lege berri eta zabal bat egiteko beharra. Lege hori onartzeak, gainera, erraztu egingo du araua aplikatzeko bidea: batetik, asko direlako aldaketak
eskatzen dituzten manuak, aipatutako legeen eraginez –bereziki, Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Lege Organikoaren eraginez–, eta, bestetik, behar bezala koordinatu behar delako langile militarren erregulazioa jasotzen duten beste arau batzuetako manuekin eta Indar Armatuetarako errege ordenantzekin. Bereziki, diziplina militarrari buruzko araudia militarren portaerari buruzko arauei eta Justizia Militarraren funtzionamenduari egokitzeko beharrari erantzuteko.
II
Lege honen xedea, 1. artikuluan adierazitako moduan, militarren portaerari buruzko arauak betetzen direla bermatzea da; batez ere, diziplina, hierarkia eta batasuna. Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren arabera, horiexek osatzen dute Indar Armatuetako kideen jokabide-kodea.
Jarraian, arauaren aplikazio-eremu subjektiboa ezartzen da; bertan xedatutakoaren arabera, lege organikoa hauei ezarriko zaie: militar profesionalei, euren militar-izaera etenda ez badute; erreserbistei; prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei, ikastetxeko zehapen-araubidea aplikatzeari kalterik egin gabe, eta langile militarrekin parekatuta geratzen direnei.
Bateragarri izaten jarraitzen dute diziplina-erantzukizunak eta erantzukizun zibil, penal zein diziplinazko judizialak. Horrek ez du ne bis in idem printzipioa urratzen; izan ere, babestutako ondasun juridikoa bat bera ez den kasuetan soilik ezarri ahalko da egitate berberen gainean zehapen penala eta diziplinazkoa. Berebat, adierazten da ebazpen judizial batean frogatutzat emandako egitateak lotesleak izango direla Administrazioarentzat.
III
Diziplina-faltak legean aurreikusitako dolozko edo zuhurtziagabekeriazko egiteak edo ez-egiteak dira, eta hirutan sailkatzen dira: arinak, astunak eta oso astunak. Sailkapen hori bat dator gure ordenamendu juridiko zehatzailean jada finkatuta dagoen hiruko banaketarekin, eta alde batera uzten du aurreko tipifikazioa, non falta oso astunek ezohiko diziplina-zehapenak zituzten ondorio.
Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Lege Organikoa indarrean sartzeak aldaketa sakona ekarri du diziplina militarreko tipoetan, han bermatutako eskubideen babesa jasoz eta arau horretan xedatutako betebeharren urraketa zehatuz. Bestalde, diziplinazko arau-hauste zaharkitu batzuk kendu egin dira, utzi egin diotelako armadaren eremuan gaitzesgarriak izateari. Aldi berean, falta arin batzuk bateratu egin dira, eta beste batzuk falta astun bihurtu, oihartzun handiagoa izateagatik.
Lege honek ekarritako berrikuntza nagusietako bat falten tipifikazioan sortu duen ordena logikoan datza. Ordena horrek gainditu egiten du aurreko arauek xedatzen zuten zerrenda soila, eta faltak babestutako ondasun juridikoen edo urratutako betebehar militarren arabera ordenatzeko irizpide ondo finkatuari heltzen dio. Berrikuntza horrek erraztasunak ematen ditu diziplina-ahala dutenek legea aplika dezaten; batez ere, beheko aginte-mailetan. Bestalde, kontu handia jarri da falta arin, astun eta oso astun gisa tipifikatutako diziplinazko arau-hausteen deskribapenak koordinatzean, jokabide zehagarrien mailaketa koherentea ezartzeko, bakoitzaren astuntasunaren arabera.
Falta arin gisa zehatutako ekintza tipikoa deskribatzen duten aditzak zehaztasun handiagoz koordinatu dira falta astunen tipifikazioan erabilitakoen aldean. Hala, batean «begiramenik eza, oker betetzea, arduragabekeria edo ez-betetze arina» eta antzeko esapideak erabili dira falta arinetan, eta «ez betetzea, mendekotasunik eza, gehiegikeria edo betebeharrak urratzea» bezalakoak falta astunetan.
Falta oso astun izaten jarraitzen dute, idazketan aldaketak egin badira ere, indarrean zeuden «ezohiko diziplina-zehapenen zergati» batzuek, larritasun berezia agertzen dutelako, eta, beraz, armadako diziplina-bidean gaitzespenik gogorrena merezi dutelako. Jokabide horiek falta oso astunen katalogoan sartzeko, erabakigarriak izan dira, batez ere, portaera zehagarrien errepikapena eta Indar Armatuentzat funtsezkoak diren balioek (hala
nola diziplinak, aginteeta zerbitzu-betebeharrek) eta militarren Konstituzio-eskubideek merezi duten zaintza berezia.
Faltak tipifikatzean, oso kontuan izan da jokabide batzuen larritasun berezia; besteak beste, pertsonen sexu-askatasunari erasaten diotenak, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutakoa zein profesionala dakartenak, intimitateari, norberaren edo laneko duintasunari eraso egiten dietenak, edo bereizkeria dakartenak. Legearen berrikuntzetako bat gatazka armatuetan aplikatzekoa den nazioarteko zuzenbidearen urraketak zigortzea da; izan ere, zehapena ezartzen du arau humanitarioak zuhurtziagabekeriagatik ez betetzeagatik eta nagusiak bere mendekoen jokabidea bermatzeko betebeharra ez betetzeagatik. Kasu bietan, diziplinazko gaitzespena delitu militarra edo arrunta dakarren dolozko jokabidearen osagarria da.
Azkenik, falta astunen eta oso astunen tipifikazioan, kontuz bereizi dira diziplina-tipoak eta Zigor Kodean edo Zigor Kode Militarrean aurreikusitako zenbait delitu, haiek bereizteko idazketa erabiliz edo arau-hauste kriminala dakarten haiek besterik gabe kenduz. Hori dena zuzenbide penalaren esku-hartze minimoaren printzipioa bistatik galdu gabe.
Legeak, ordenamendu juridikoaren batasuna errespetatuz, Zigor Kodeak bezalaxe deskribatzen ditu diziplina-falten egileak eta partaide erantzuleak, eta berariazko arauhauste gisa zehatzen du estalketa.
IV
Diziplina-ahalaz baliatuz ezar daitezkeen zehapenei dagokienez, legeak garrantzi handiko zenbait berrikuntza dauka. Lehenik eta behin, egun bat eta hamabost egun arteko zehapen ekonomikoa sartzen du, eta, tarte horretan, galdu egiten dira ordainsariak. Zehapen hori Mendebaldeko eremukoak diren eta gurekin ohiko harremana duten armada ia guztietan dago, eta, egun, oso egokitzat jotzen da militar profesionalek egindako zenbait arau-hauste zehatzeko, prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleak haietatik kanpo utzita. Azken horientzat, besteak beste, egun bat eta zortzi egun bitartean irten gabe geratzea aurreikusten da zehapen modura.
Legeak atzipenaldi-zehapenari eusten dio falta arinak zigortzeko, eta nagusiari aukera ematen dio, arau-haustearen astuntasunaren arabera, errieta, zehapen ekonomikoa edo atzipenaldia hautatzeko, kontuan hartuz Konstituzioko 25.3 artikuluak, a sensu contrario, zuzenean edo subsidiarioki askatasuna kentzea dakarten zehapenak jartzea ahalbidetzen diola Administrazio militarrari. Atzipenaldiei edo askatasun-gabetzeei dagokienez, bestalde, nabarmentzekoa da eraginkortasun handia dutela diziplina berrezartzeko eta, era berean, gure eremu soziokulturaleko edo Aliantza Atlantikoko kide diren herrietako diziplina militarreko sistema gehien-gehienetan baliatzen direla, falta arinak zehatzeko. Falta arinengatiko atzipenaldiaren gehieneko denbora, ordea, asko murriztu da, hogeita hamar egunetik hamalau egunera igaro baita, eta mugatu egin da zehapen hura jartzeko eskumena, aginte-maila jakin batzuei baino ez baitzaie esleitzen. Bestalde, diziplinaagintari edo nagusiek falta arinetarako aurreikusitako atzipenaldi-zehapena jarri ahalko dute soilik Indar Armatuetako kideen portaera definitzen duten diziplina-arauak edo funtsezko arauak kaltetzen diren kasuetan.
Falta astunengatik jar daitezkeen zehapenei dagokienez ere mugatu egin da atzipenaldiaren gehieneko iraupena (bi hilabetetik hogeita hamar egunera igaro da) , eta, ondo arrazoitutako salbuespenetan izan ezik, diziplina-establezimendu militarrean beteko da zehapena; halaber, zehapen ekonomikoa sartu da, eta eutsi egin zaie gure diziplinaaraubide militarrean klasikoak diren zehapenei, hala nola destinoa galtzeari eta prestakuntzako ikastetxe militarrean baja emateari.
Falta oso astunengatiko zehapenen katalogoan, gehienez hirurogei eguneko atzipenaldia eta konpromisoaren azkentzea txertatu dira, eta kendu egin da eskalafoian postuak galtzea, oso gutxitan aplikatzen baita Espainiako Indar Armatuetan. Eutsi egiten zaie enplegu-etenaldiko eta zerbitzutik kentzeko zehapenei.
Falta astunen eta oso astunen preskripzio-epeak hainbeste luzatu dira bat etortzearren Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legean ezarritakoekin; falta arinak preskribatzeko ezarritako bi hileko epearen berezitasunak,
berriz, bi arrazoiri erantzuten die: halako arau-hausteak egitean lehenbailehen erantzuteko premiari, eta falta horiek zehatzeko lehenetsitako ahozko prozeduraren ezaugarriei.
Aipamen berezia merezi dute zehapenak zehazteko ezarritako arauek. Proportzionaltasun-printzipioaren gidaritzapean, irizpide batzuk ezartzen dira zehapenak mailakatzeko; irizpide horiek mugatu egiten dute agintaritza zehatzailearen erabakimena, eta jurisprudentziak finkatutako eta nazioko zein nazioarteko arau penalek jasotako justiziajarraibideak eramaten dituzte diziplina-esparrura.
V
Diziplina-ahala duten agintarien eta nagusien zerrenda nabarmen aldatzen da, eta horrek, noski, eragina du zehatzeko eskumenean. Hala, Defentsako ministroari ez ezik, maila hauetako agintariei ere ematen zaie falta oso astunak zehatzeko eskumena: Defentsako Estatu Nagusiko buruari, eta Lehor Armadako, Itsas Armadako eta Aireko Armadako Estatu Nagusiko idazkariordeari eta buruei; nolanahi ere, zerbitzutik kentzeko eskumena Defentsako ministroak baino ez du, lehen bezala.
Jokabide zehagarriak balioesteko prozedura bizkortzeko eta nahi bezain berehalakoa izateko, zabaldu egiten da falta astunak epaitzeko diziplina-eskumena. Lehen, aginte-maila gorenena zen eskumen hori; orain, berriz, indarrean, unitatean, zentroan edo organismoan agintea edo zuzendaritza duten ofizial jeneralei ere ematen zaie, legedi konparatuan usu ikusten diren ereduei jarraiki. Agintari horietan eta falta arinak zehatzeko eskumenak dituzten erregimentu-buruengan eta unitateen komandanteengan datza diziplina-sistema militarraren eskumenen muina, kalterik egin gabe goragoko mailako agintariei faltak zehatzeko emandako ahalari edo beheragoko aginte-mailei falta arinak zehapen txikiagoekin zigortzeko aitortutakoari.
Bere horretan mantentzen dira diziplina-ahala gerraontzietan erabiltzearen inguruko espezialitateak, bai eta eginkizun judizial zein fiskalak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideen eta esku-hartze eginkizunetan diharduten Esku-hartze Kidego Militarreko kideen gaineko diziplina-ahalari buruzkoak.
Zuzentzeko betebehar klasikoaz gain, kautela-neurriak ere xehetasunez arautzen dira. Neurri horiek beharrezkoak dira diziplina berehala berrezartzeko, eta hauek ezar ditzakete: bai diziplina-ahala duten agintariek zein nagusiek, bai zaintza edo zerbitzu batean agintzen duten militarrek. Neurri horiek ezartzean, arau-hausleak berrogeita zortzi ordu emango ditu kautelazko atzipenaldian, adierazten zaion unitatean edo tokian, eta utzi egin beharko ditu dagozkion eginkizunak. Halaber, legeak konpentsazio ekonomikoa ezartzen du arauhausterik egon ez delako prozedura erantzukizunik gabe amaitzen den kasuetarako, eta interesdunari babes judiziala bermatzen zaio, diziplina militarrari buruzko auzierrekurtsoaren bidez.
Arau bereziak sartzen dira honako hauek zehatzeko eskumena nori dagokion zehazteko: prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleak, erreserbistak eta kasu berezietako langileak; bereziki, nazioarteko erakundeetan postuak dituzten espainiar militarrak eta Indar Armatuetako Langileen Kontseiluko kideak diren elkarte profesionalen ordezkariak.
VI
Berrikuntza nabarmena da unitateetan eta operazio-eremuan bereizitako langileei aplikatu beharreko diziplina-araubidea erregulatzen duen kapitulu bat onartu izana. Parlamentu-agindu bati erantzuten dio kapitulu horrek; hain zuzen ere, Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Lege Organikoko azken xedapenetako zortzigarrenak bigarren paragrafoan adierazitakoari.
Aplikazio-eremu pertsonala eta denborazkoa ezarri ondoren, honako militar espainiar hauei esleitzen zaie diziplina-ahala: indar, kontingente, ordezkaritza, unitate edo taldekatze taktiko baten komandante, buru edo arduradun izendatu direnei, euren agintepean beste militar espainiar batzuk dauzkatela. Falta astunak zehatzeko eskumena ematen zaie aipatutako arduradunei, eta horretan datza, hain zuzen ere, manuaren berezitasuna;
arduradun horiek, dena den, ezin izango dute destinoaren galerarekin zehatu. Falta arinengatik ere jar ditzakete zehapenak. Halaber, basetik isolatuta jardun behar duen taldekatze taktiko, gune edo talde baten buruari konpainiaren edo antzeko unitatearen buruei dagozkien zehatzeko eskumenak ematen zaizkio. Bestalde, diziplina-ahala duten militar guztiek delegatu ahal izango dituzte zehatzeko eskumenak euren mendeko arduradunengan.
Operazio militarrak gauzatzeak eragindako beharrak direla kausa, aukera ematen da zehapena misioa bete ostean betetzeko, eta, kasuan kasu, lurralde nazionalean. Zehapena operazio-eremuan betez gero, arau orokorra hau da: zehapena betetzea bateragarria izango da zehatuak egin beharreko jarduerekin.
VII
Zehapen-prozedurak honako printzipio hauek ditu gidari: legezkotasuna, inpartzialtasuna, publikotasuna, ofiziozko bultzada, bizkortasuna, efikazia eta kontraesana. Prozedura horretan, hainbat eskubide aitortzen zaizkio ustezko arau-hausleari: errugabetasun-presuntzioa, diziplinazko akusazioa ezagutzeko eskubidea, defentsarako eskubidea, aurretiazko entzunaldirako eskubidea, frogabide egokiak erabiltzekoa, eta dagozkion errekurtsoak jartzekoa.
Legeak xedatzen duenez, falta arinengatiko prozedura ahoz gauzatuko da, ahal izanez gero, baina berme konstituzional guztiak gordez (hala nola interesdunari entzunaldia ematea) eta interesdunaren eskubideak bermatuz (isilik egoteko, bere buruaren aurka ez aitortzeko, bere burua errudun ez jotzeko eta errugabetasun-presuntziorako) . Usteko arauhausleari, bestalde, alegazioak egiteko, frogak egitea eskatzeko edo egokiak deritzen agiriak eta zurigarriak aurkezteko eskubideak ere aitortzen zaizkio entzunaldi-izapidean.
Berrikuntza modura, azpimarragarria da falta astunengatiko eta oso astunengatiko espedientea prozedura bakarrean bateratzen dela, eta aukera ematen dela militarra ez den batek aurkeztutako salaketan oinarrituta prozedura abiarazteko. Espedientea amaitzeko gehieneko epea ezartzen da, eta epe hori etenaraziko duten kasuak zehazten dira. Berrikuntza garrantzitsua da epea agortzearen ondorioz prozedura iraungitzat ematen duen adierazpena sartu izana. Aukera hori Indar Armatuen diziplina-prozeduratik kanpo zegoen lehen, eta Guardia Zibilaren diziplina-araubidearen barruan. Iraungitze-adierazpen horren ondorioz, jarduketak artxibatu egiten dira, baina horrek ez du falten preskripzioa eragiten, eta iraungitako prozedurak ez du preskripzioa eteten, administrazio-prozedura erkidearen arau orokorrek xedatzen dutenez.
Behin-behineko neurri gisa, honako hauek arautzen ditu legeak: ustezko arau-hausleari prebentziozko atzipenaldia ezartzea, diziplinaren beharrengatik; eginkizunak etetea, zerbitzuari kaltea ekiditeko, eta, falta oso astunen kasuan, interesduna Karrera Militarraren Legean araututako eginkizun-etetearen administrazio-egoerara igarotzea.
Ofiziozko bultzadaren, bizkortasunaren eta efikaziaren printzipioei esker, izapideak eta komunikazioak sinplifikatu egiten dira; hala, zuzenean eta elektronikoki gauzatu ahalko dira, bitarteko lekualdatzeak saihestuz eta herri-administrazioetako organo guztien elkarlana bultzatuz.
Prozeduraren garapenean, kendu egin da kargu-orria egiteko izapidea; izan ere, espedientepekoari entzunaldia eman ondoren, lehen jarduketa gisa haren aitorpena jasoz eta dauzkan eskubideak jakinaraziz (defentsarako eskubidea, batez ere) , instrukzio-egileak prozedura hasteko erabakiaren berri emango dio. Erabaki horretan, egotzitako egitateen narrazioa, egitate horien kalifikazio juridikoa, egozten zaion erantzukizuna, eta jar dakizkiokeen zehapenak jasoko dira. Instrukzio-egileak, halaber, frogak proposatzeko eskubidea duela adieraziko dio espedientepekoari, bai eta proposamena egiteko zein epe duen ere. Onartutako frogak gauzatzean, kontraesan-printzipioa tarteko, interesduna eta haren abokatua bertan egoteko eta esku hartzeko aukera jasotzen da.
Prozedura amaiarazten duen ebazpenean, nahitaez adierazi beharko dira zehapena ezartzeko arrazoiak, halakorik ezarriz gero. Baina, gainera, babesgabetasunik ez eragiteko, akusazioaren eta defentsaren arteko loturaren beharra sartzen da diziplina militarraren eremuan; horrenbestez, zehapen-erabakia instrukzio-egileak espedientepekoari jakinarazi
zizkion egitateetan baino ezingo da oinarritu; nolanahi ere, kalifikazio juridikoa beste bat izan ahalko da, betiere homogeneotasuna badago eta zehapena astunagoa ez bada.
VIII
Eutsi egiten zaio zehapenak berehala bete behar izateari; diziplina-araubide militarrean, printzipio tradizionala da hori. Betebehar horrek, izan ere, lotura estua du armadak berebereak dituen funtsezko balioekin, hala nola diziplinaz jokatzea eta zerbitzuari kalte konponezinik ez egitea. Berebat, zehapenak eteteko edo ez betearazteko zergatiak ezartzen dira.
Legeak berrikuntza bat jasotzen du: diziplina-faltengatiko idatzoharrak ofizioz indargabetu daitezke, zerbitzutik kentzekoak eta konpromisoa azkentzekoak izan ezik; dena den, alderdiek ere egin dezakete aipatutako baliogabetze-eskera.
IX
Diziplina-ebazpenak aurkaratzeari dagokionez, gora jotzeko errekurtsoa erregulatzen da, errekurtso hori beharrezkoa baita administrazio-bidea agortzeko eta bide judiziala zabaltzeko. Horrez gain, errekurtso hura zein agintarik edo nagusik ebatzi behar duen zehazten da. Zehapena ezartzen dutenean beheko aginte-mailek edota konpainia, sekzio, pelotoi edo antzeko unitateen buruek, errekurtsoa erregimentu-buruaren edo unitatearen komandantearen aurrean jarriko da zuzenean; ezabatu egiten da aurreko legediak aurreikusten zuen bigarren errekurtsoa. Berraztertzeko errekurtsoa Defentsako ministroak edo Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoak emandako ebazpenen kasuan baino ezingo da jarri.
Zehatuak eskaera egin ahalko du zehapena eteteko, administrazio-prozedura arrunta erregulatzen duten arauetan oinarrituta; eskaera hori, baina, ezetsi egin beharko da diziplinari kalte egingo zaiola aurreikusten bada.
Jada ez denez aplikatzen aurreko diziplina-arau militarren irizpide murriztailea, Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren aurkakoak direla adierazi baitzuen azaroaren 8ko 177/2011 Epaian, diziplina militarraren bidean zehatutako guztiei aitortzen zaie babes judiziala; hala, falta arinengatiko errekurtsoetan hartutako ebazpenen aurka diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtso arrunta jartzeko aukera ematen zaie. Horren ondorioz, edukirik gabe uzten dira Konstituzio-kontrakotasunak eragindako Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko Lege Organikoko eta Prozedura Militarrari buruzko Lege Organikoko manuak.
X
Legeak dagozkion xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta xedapen indargabetzailea ditu. Lehenengoen artean, bat nabarmentzen da: Indar Armatuen diziplina-araubidea Guardia Zibileko langileei aplikatuko zaiela xedatzen duena, zehazki, langile horiek misio militarretan edo unitate militarretan dihardutenean.
Azken xedapenetako lehenak aldatu egiten du Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa, organo judizial militarrek diziplina-arloan dituzten eskumenei dagokienez. Azken xedapenetako bigarrenak, batetik, diziplina-ahal militarrak esleitzen dizkie organo horiei, eta erreformatu egiten du Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa; bestetik, egoki diren aldaketak egiten ditu, diziplina-falta militar arinengatik zehapena jaso dutenei babes judiziala ahalbidetzeko, diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtso arruntaren bidez.
Azken xedapenetako hirugarrenak eta laugarrenak beharrezko diren egokitzapenak egiten dituzte Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legeko eta Tropako Militarren eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legeko artikuluetan, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Legearen erregulazio berrira doitzeko; batez ere, zerbitzutik kentzeko eta konpromisoa azkentzeko zehapenei eta enpleguedo eginkizun-etenaldiko egoerei dagokienez.
Azken xedapenetako zazpigarrenak xedatzen duenez, Defentsa Ministerioak aurreko ekitaldiko memoria igorri behar dio Bizitza Militarraren Behatokiari. Memoria horretan, lege organiko honen aplikazioaren estatistikak jasoko ditu, diziplina-prozedurei eta jarritako zehapenenei dagokienez.
XI
Lege organiko hau aurreproiektu gisa izapidetzean, egoki ziren txostenak prestatu zituzten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Kontseilu Fiskalak, Indar Armatuetako kideen elkarte profesionalek, Indar Armatuetako Langileen Kontseiluak eta Estatu Kontseiluak.
ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
Lege organiko honen xedea Indar Armatuen diziplina-araubidea erregulatzea da, militarren portaerari buruzko arauak betetzen direla bermatzeko; bereziki, diziplina, hierarkia eta batasuna. Horiek, Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren arabera, Indar Armatuetako kideen jokabide-kodea osatzen dute.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
1.Lege honetan xedatutakoaren pean daude Indar Armatuekin zerbitzu profesionaletako harremana duten militarrak, izaera militarra etenda duten administrazioegoera batera igarotzen ez diren bitartean.
2.Erreserbistei Indar Armatuetan sartuta daudenean aplikatuko zaie lege hau.
3.Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleak eta borondatezko erreserbista izan nahi dutenak, prestakuntza militarreko aldian, lege honetan xedatutakoaren pean daude. Prestakuntzako irakaskuntzan egindako arau-hauste akademikoak ez daude diziplinaaraubide militarrean sartuta, eta euren berariazko arauen arabera zehatuko dira.
4.Halaber, lege honen pean egongo dira militarrekin parekatuta gelditzen direnak eta militartzat hartuak direnak, Alarma-, Salbuespenedo Setio-egoerak Arautzen dituen Lege Organikoaren arabera.
3. artikulua. Erantzukizun zibil eta penala eta diziplina-erantzukizun judiziala.
Lege honetan araututako diziplina-araubideak ez dio kalterik egingo Indar Armatuetako kideek izan lezaketen erantzukizun zibilari eta penalari, ez eta diziplina-ahal judizialak erabiltzeari ere. Horiek denak alderdi horiek erregulatzen dituzten arauek xedatutako moduan gauzatuko dira.
4. artikulua. Egitate berberengatiko prozedura penala izapidetzea.
1.Prozedura penal bat hastea ez da eragozpen izango egitate berberengatik diziplina-espedienteak abiarazteko eta izapidetzeko. Hala ere, espedientea ezingo da behin betiko ebatzi prozedura hartan emandako ebazpena irmoa izan arte, eta prozedura hartan frogatutako egitateak lotesle izango dira Administrazioarentzat.
2.Egitate berberen gainean zehapen penala eta diziplinazkoa emateko, beharrezkoa izango da babestutako ondasun juridikoa bat bera ez izatea.
3.Prozedura penala hasten denetik diziplina-agintaritzak ebazpen irmoaren berri eman arte igarotako denbora ez da zenbatuko diziplinazko arau-haustearen preskripziorako.
I. TITULUA
Faltak eta zehapenak
I.KAPITULUA
Faltak
5. artikulua. Diziplina-faltak eta haien ondorioak.
1.Diziplina-faltak lege honetan aurreikusten diren dolozko edo zuhurtziagabekeriazko egiteak eta ez-egiteak dira.
2.Diziplina-faltak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.
3.Diziplina-faltak egiten direnean, lege honetan xedatutako zehapenak ezarriko dira.
4.Diziplina-zehapenak ezartzeak ez dio kalterik egingo kaltetuek edo Administrazioak arau-haustea eragin duen egitatean oinarritutako gainerako akzioak gauzatzeari.
6. artikulua. Falta arinak.
Honako hauek falta arinak dira, arau-hauste larriago edo delitu ez direnean:
1.Apur bat begirunerik gabeak diren adierazpenak egitea edo egintzak burutzea honako hauen aurka: Konstituzioa, Koroa eta Estatuko gainerako organo, erakunde edo botereak; bandera, armarri edo ereserki nazionalak; autonomia-erkidegoak, Autonomia Estatutua duten hiriak edo tokiko administrazioak eta haien sinboloak; haiek zein beste nazioak edo nazioarteko erakundeak ordezkatzen dituzten pertsonak eta agintariak; Indar Armatuak eta haiek osatzen dituzten kidegoak, eta izaera militarra duten beste institutu edo kidego batzuk, zein haietako agintari eta nagusi militarrak.
2.Egitura organiko edo operatiboan gorago daudenen aginduak edo jarraibideak oker betetzea, eta goragoko enpleguko militar batengandik ordenarekin eta portaerarekin lotutako xedapen eta arau orokorrei buruzko errekerimenduak oker betetzea.
3.Gatazka armatuetan aplikatzekoa den nazioarteko zuzenbideak ezarritako betebeharrak oker betetzea, eta nazioarteko erakundeetan zerbitzuak eman bitartean edo operazio militarretan parte hartu bitartean betetzen duen postuari dagozkion betebeharrak oker betetzea.
4.Jendaurrean, eta diziplinatik eratorritako mugak gaindituz, Indar Armatuetako zerbitzuari zorrozki lotuta dauden iritziak ematea, ahoz, idatziz zein bide telematikoen bidez.
5.Zentinelek, indar armatuak, polizia militarreko, itsas poliziako edo aireko poliziako kideek edota segurtasun-guardietako kideek agintaritzaren agente gisa dihardutela emandako aginduak eta jarraibideak oker betetzea, eta haienganako begirunerik izan gabe jardutea.
6.Beste militar baten oharrak edo jarraibideak ez betetzea, militar hori enplegu berekoa edo beheragokoa izanda ere zerbitzuan badago, eta betearazi behar dituen aginduak edo kontsignak betez badihardu.
7.Erreklamazioak edo eskaerak begirunerik gabe edo araututako bideak erabili gabe
egitea.
8.Nagusi bat ez agurtzea, enplegu berbereko edo beheragoko beste militar bati agurra ez itzultzea eta agur egiteko arauak oker betetzea.
9.Agintea betetzetik eratorritako betebeharrak oker betetzea, eta mendekoak begiramenik gabe tratatzea edo haien eskumenak justifikatutako arrazoirik gabe inbaditzea.
10.Beste militar bati legez aitortuta dauzkan eskubideak erabiltzea oztopatzea, eta mendekoek bultzatutako ekimenen, eskaeren, erreklamazioen edo kexen erregelamenduzko izapidetzean oker edo ardura gabe jardutea.
11.Destinoko edo postuko betebeharrak oker betetzea, bai eta edozein zaintza edo zerbitzu mota ere.
12.Segurtasuneko eta barne-araubideko arauak oker betetzea, bai eta derrigorrezko erreserbari buruzkoak ere.
13.Indar Armatuentzako errege ordenantzetan militarrentzat zerbitzari publiko jarduteko ezarritako arauak oker betetzea.
14.Norberaren instrukzioan edo prestaketan interesik ez izatea.
15.Norberaren garbitasuna ez zaintzea eta uniformetasuna erregulatzen duten arauak haustea, baita intsigniak, kondekorazioak edo bestelako ikur militar edo zibilak dagokion baimenik gabe agerian eramatea ere.
16.Bere eginkizunak betetzean edo arau militarrek galarazita duten beste egoera batzuetan alkoholdun edariak kontsumitzea.
17.Indar Armatuetako zerbitzurako aldi baterako bajari buruzko arauak oker betetzea.
18.Puntualtasunik ez izatea edo zerbitzu-egintzak aldi baterako uztea.
19.Nagusiei ez jakinaraztea, hogeita lau orduko epean eta arrazoi justifikaturik gabe, betetzen den destinoan edo postuan ez egotea zuritu lezakeen zergatia. Epea interesdunak destinoan, postuan edo prestakuntzako ikastetxe militarrean egon behar zuen unetik zenbatuko da.
20.Justifikaziorik gabe, betetzen den destinora edo postura edota ikasketak egiten dituen prestakuntzako ikastetxe militarrera ez bertaratzea edo handik alde egitea, hogeita lau ordutik beherako epean. Epea unetik unera zenbatuko da, eta hasierakoa interesdunak destinoan, postuan edo prestakuntzako ikastetxe militarrean egon behar zuen unea izango da.
21.Indar Armatuetako kideen bizileku-betebeharrari buruzko arauak ez betetzea.
22.Destinoko edo zerbitzua ematen duen unitatean, zentroan edo organismoan ez jakinaraztea bere ohiko edo aldi baterako bizilekuaren helbidea eta datu pertsonalak, zerbitzuaren premiei erantzutearren hura aurkitzeko beharrezko direnak; halaber, atzerrira baimenik gabe joatea, baimena eskuratzea derrigorrezkoa denean.
23.Parte hartzen duen operazioetarako ezarritako borroka-arauak oker betetzea.
24.Bere eginkizunak betetzean biztanleria zibilari tratu desegokia ematea.
25.Indar Armatuen eremuan, arriskuak prebenitzeari eta osasuna zein ingurumena babesteari buruzko arauak oker betetzea.
26.Kide bat ekintza edo hitz lotsagarri edo iraingarriekin mintzea.
27.Izaera militarrarekin bateraezinak diren toki edo establezimenduetara uniformez joatea, eskandaluzko eran jokatzea edo Indar Armatuetako kideei eskatu beharreko duintasunaren aurkako ekintzak egitea.
28.Kideen arteko liskarrak edo ordena egokiaren haustura bultzatzea edo haietan parte hartzea, zerbitzuaren interesa kaltetu gabe, jarduera militarrak burutu bitartean, instalazio militarretan, itsasontzietan, aireontzietan edo kanpamentuetan, edo ariketak edo operazioak egin bitartean.
29.Indar Armatuetan gizonaren eta emakumearen arteko berdintasuna bermatzera zuzendutako arauak edo neurriak oker betetzea.
30.Gutxiespena adieraztea edo agertzea, hauetako edozein alderditan oinarrituta: jaiotza, arraza edo etnia jatorria, generoa, sexua, orientazio eta identitate sexuala, erlijioa, sinesmenak, iritzia, desgaitasuna edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozial.
31.Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Lege Organikoan jasotako elkarketa profesionalerako eskubidea erabiltzeari buruzko araudia oker betetzea edo haren bidezko erabilera oztopatzea.
32.Gauzetan kalte arinak eragitea eta munta txikiko lapurretak egitea instalazio militarretan, itsasontzietan, aireontzietan edo kanpamentuetan, edo ariketak edo operazioak egin bitartean, edo zerbitzu-egintzan.
33.Armamentua, materiala edo ekipamendu ofiziala zaintzean arduragabekeriaz
jokatzea.
34.Diziplina-falta astun baten egileari ezinbesteko laguntzailea izan gabe laguntzea edo hura estaltzea.
35.Gainerako egiteak edo ez-egiteak, artikulu honetako aurreko paragrafoetan jasota ez daudenak, baldin eta Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko
Lege Organikoak, Indar Armatuetarako errege ordenantzek eta militarren estatutua zein Indar Armatuen funtzionamendua arautzen duten gainerako xedapenek adierazitako betebeharren bat era arinean ez betetzea edo oker betetzea badakarte. Zehapenebazpenean, urratutako manua aipatu behar da.
7. artikulua. Falta astunak.
Honako hauek falta astunak dira, falta oso astun edo delitu ez direnean:
1.Honako hauen aurka jendaurrean eta nabarmen adierazpenak egitea, begirunerik gabeko egintzak burutzea edota gutxiespen-jarrera hartzea: Konstituzioa, Koroa eta Estatuko gainerako organo, erakunde edo botereak; bandera, armarri edo ereserki nazionalak; autonomia-erkidegoak, Autonomia Estatutua duten hiriak edo tokiko administrazioak eta haien sinboloak; aipatutakoak ordezkatzen dituzten pertsonak eta agintariak, bai eta beste nazioak edo nazioarteko erakundeak ordezkatzen dituztenak ere; Indar Armatuak, haien kidegoak eta eskalak, Segurtasun Indarrak eta Kidegoak, eta haietako agintari eta nagusiak.
2.Egitura organiko edo operatiboan gorago daudenei begirunerik ez izatea edo haien mende ez jardutea, haien aginduak edo jarraibideak ez betetzea, eta goragoko militar batengandik ordenari eta portaerari buruzko xedapen eta arau orokorrekin lotuta jasotako errekerimenduak ez betetzea.
3.Nazioarteko erakundeetan zerbitzuak eman edo operazio militarretan parte hartu bitartean, sartuta dagoen egitura zibil edo militarretan, haren gainetik dauden agintari eta nagusiengandik jasotako aginduak eta jarraibideak ez betetzea.
4.Zentinelen, indar armatuen, polizia militarreko, itsas poliziako edo aireko poliziako kideen edo segurtasun-guardietako kideen aurkako adierazpen edo egintza iraingarriak egitea eta haien aginduak eta jarraibideak ez betetzea, agintaritzaren agente gisa dihardutenean.
5.Diziplinaren aurkako edo adierazpen faltsuetan oinarritutako eskaerak, erreklamazioak, kexak edo adierazpenak egitea, eta halakoak talde gisa edo gizartehedabideen bidez egitea.
6.Era egokian zitatua denean, eta justifikaziorik gabe, organo eskudunen aurrean edo administrazioedo diziplina-espedienteen instrukzio-egileen aurrean ez agertzea, eta agintarien edo nagusien aurrean egiazko izena, inguruabarra edo destinoa ezkutatzea edo aldatzea, edo berari ez dagokion agiria erabiltzea.
7.Unitate militarretan egindako bilera klandestinoak edo baimendu gabeak antolatzea, edo haietan parte hartzea edo egotea.
8.Aginpideaz edo arduraz baliatzean muga gainditzea, kalte larririk eragin gabe, laidoa edo gutxiespena dakarten agintzak eta hierarkiako nagusitasuna gehiegikeriaz erabiltzea, bere mendeko militarrei edo zibilei dagokienez, haiek nazionalak zein atzerritarrak izan, edo aginduak ematea horretarako eskumenik izan gabe.
9.Ordenamendu juridikoaren aurkakoak diren aginduak ematea, edo zerbitzutik kanpoko kontuei buruzkoak.
10.Bere agindupeko langileak prestatzean, agintzean eta trebatzean arduragabekeriaz jokatzea.
11.Beste militar bati legez aitortuta dauzkan eskubideak erabiltzea galaraztea edo mugatzea, mendekoek egindako ekimenak, eskaerak, erreklamazioak edo kexak ez izapidetzea edo jatorrira itzultzea arauetan xedatutako moduan bideratu gabe, edo diziplina-faltak egiteagatik ezarritako zehapenen aurrean jarritako errekurtsoak legezko epeetan ez ebaztea.
12.Betetzen duen destinoari edo postuari dagozkion betebehar militarrak ez
betetzea.
13.Indar Armatuetarako errege ordenantzetan militarrentzat zerbitzari publiko jarduteko ezarritako arauak ez betetzea.
14.Instrukzio edo prestaketa pertsonalaz ez arduratzea, horrek zerbitzuari kalte egiten dionean.
15.Zentinelaren edo beste armetako, transmisioetako edo segurtasun-guardiako zerbitzu baten betebeharrak ez betetzea, zerbitzua larriki kaltetzen ez bada, eta arestikoez bestelako zerbitzuak edo zaintzak uztea, edo ezin betetzeko egoeran jartzea.
16.Indar edo unitate militar baten segurtasuna arriskuan jar dezaketen ekintzak burutzea edo ez galaraztea, eta armak beharrik gabe edo era desegokian erakustea edo erabiltzea.
17.Armamentuari, materialari eta ekipamenduari buruzko erregelamenduzko arauak ez betetzea.
18.Barne-erreserbaren xede diren gaiei edo segurtasun eta defentsa nazionalari lotutako gaiei buruz behar den diskrezioa ez izatea, eta, edozein bide erabiliz, bere kargu edo eginkizunagatik ezagutu dituen sailkatu gabeko egitateak edo datuak interes publikoaren kaltetan zabaltzea.
19.Arma-zerbitzu batean edo armak eramanda alkoholdun edariak hartzea, eta droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak sartzea edo edukitzea instalazio militarretan edo kanpamentuetan, edo ariketak edo operazioak egin bitartean.
20.Epeak edo bateraezintasunen arloko beste xedapen batzuk ez betetzea, horrek ez duenean bateraezintasun-egoerari eustea eragiten.
21.Justifikaziorik gabe, betetzen duen destinora edo postura ez bertaratzea edo handik alde egitea, edo ikasketak egiten ari den prestakuntzako ikastetxe militarrera ez bertaratzea edo handik alde egitea, hogeita lau ordutik gorako epean. Epea unetik unera zenbatuko da, eta hasierakoa izango da interesdunak destinoan, postuan edo prestakuntzako ikastetxe militarrean egon behar zuen unea.
22.Ustezko gaixotasun batean babestea, bere eginkizunak ez betetzeko edo zerbitzurako aldi baterako baja justifikaziorik gabe luzatzeko.
23.Parte hartzen duen operazioetarako ezarritako borroka-arauak ez betetzea, edo, zuhurtziagabekeriagatik, gatazka armatuetan aplikatzekoa den nazioarteko zuzenbideak xedatutako betebeharrak ez betetzea.
24.Arrisku larriko, hondamendiko, zoritxarreko edo bestelako premia publikoetako kasuetan, Indar Armatuek jardun bitartean, laguntzaren beharrean diren herritarrei laguntza posiblea ez ematea, edo haien segurtasunaz edo ongizateaz inola ere ez arduratzea.
25.Indar Armatuen eremuan, arriskuen prebentzioari eta osasuna zein ingurumena babesteari buruzko arauak ez betetzea.
26.Norberarentzako arrisku bat ekiditearren, betebehar militar bat ez betetzea edo, justifikaziorik gabe, arriskuan dagoen kideari ez laguntzea.
27.Instalazio militarretan, itsasontzietan, aireontzietan edo kanpamentuetan, ariketak edo operazioak egin bitartean edo, haietatik kanpo, uniformea jantzita edo Indar Armatuen irudia kaltetzen duenean, mozkor egotea edo droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak hartzea, eta Indar Armatuen ospea galtzea edo gutxiespena eragin dezaketen duintasun militarraren kontrako ekintzak egitea.
28.Kideei erasotzea edo haiekiko liskarrak edo borrokak bultzatzea, edo haietan parte hartzea, horrekin unitateko bizikidetza honda badaiteke, edo jarduera militarrak egin bitartean edo instalazio militarretan, itsasontzietan, aireontzietan edo kanpamentuetan, ariketak edo operazioak egin bitartean, ordena onaren hausturetan parte hartzea, zerbitzuaren interesa kaltetzen dutenetan.
29.Sexu-harremanak izatea instalazio militarretan, itsasontzietan, aireontzietan edo kanpamentuetan, edo ariketak edo operazioak egin bitartean, inguruabarrengatik edo oihartzunagatik duintasun militarra kaltetzen dutenean.
30.Intimitateari edo norberaren duintasunari edo lanekoari edonola erasotzen dioten ekintzak egitea, agintzea edo onartzea, edo honako arrazoi hauetakoren batean oinarrituz bereizkeria eragiten dutenak: jaiotza, arrazaedo etnia-jatorria, generoa edo sexua, sexuorientazioa eta identitatea, erlijioa, sinesmenak, iritzia, desgaitasuna edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal edo sozial.
31.Militarren miaketa pertsonalak eta ikuskatzeak, ikuskapenak eta haien armairuen, gauzen eta ondasunen miaketak arautzen dituzten arauak eta prozedurak ez betetzea.
32.Jendaurrean, neutraltasun politiko edo sindikalari eusteko betebeharra urratzen duten adierazpenak egitea edo iritziak adieraztea. Alderdi politiko edo sindikatu bat sortzea, eta elkartea bat eratzea, bere helburu, xede, prozedura edo beste edozein inguruabarrengatik neutraltasun politiko eta sindikalari eusteko betebeharrak urratzen dituena. Halako erakundeetan afiliatzea edo haien jarduerak sustatzea zein iragartzea, eta beste militar batzuk hala egitera bultzatzea edo gonbidatzea. Kargu politiko edo sindikalak betetzea, edo haietarako hautagaitzak onartzea, lehenago legez ezarritako egoerara igarotzeko eskaera egin gabe. Hori dena, erreserbistei berariaz aplikatzekoak diren arauetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
33.Negoziazio kolektiboko ekintzak edo grebak eta beste ekintza hitzartu batzuk bultzatzea edo haietan parte hartzea, haien helburua Indar Armatuen edo haren unitateen ohiko funtzionamendua haustea bada, halakoak iragartzea, edo beste militar batzuk haiek burutzera bultzatzea edo gonbidatzea.
34.Bilera edo manifestazio politikoak edo sindikalak antolatzea edo haietan aktiboki parte hartzea, eta, uniformea jantzita edo izaera militarra erabiliz, toki publikoetan egindako izaera politiko, sindikal edo aldarrikatzaileko manifestazioak edo bilerak antolatzea, haietan parte hartzea edo haietara joatea.
35.Indar Armatuetako Kideen Eskubide eta Betebeharren Lege Organikoan ezarritako elkarketa profesionalerako eskubidea erabiltzeari buruzko araudia ez betetzea, eta eskubide hori legez baliatzea galaraztea edo mugatzea.
36.Sufragio aktiborako eskubidea erregulatzen duten arauak eta prozedurak oker betetzea.
37.Bitarteko edo baliabide ofizialak norberaren xedeetarako erabiltzea edo hirugarren bati uztea.
38.Ekipamendua, ondasunak, materiala edo beste gauza batzuk suntsitzea, abandonatzea, hondatzea edo ostea, eta halako edozein ondasun edo gauza eskuratzea edo edukitzea legez kontrako jatorria duela jakinda, edota beste batzuei ematea.
39.Aurrez ezarritako diziplina-zehapen bat edo behin-behineko neurri bat urratzea, edota urratzen laguntzea.
40.Diziplina-falta oso astun baten egileari, ezinbesteko laguntzailea izan gabe, laguntzea edo hura estaltzea.
41.Falta arin bat egitea, atzipenaldiarekin zehatutako hiru falta arin idatzita eta baliogabetu gabe izanik.
8. artikulua. Falta oso astunak.
Honako hauek falta oso astunak dira, delitu ez direnean:
1.Konstituzioari fidela izateko betebeharra ez betetzea, eta begirunerik gabeko egintzak egitea, edo jendaurrean adierazpenak edo agerpenak egitea ordenamendu konstituzionalaren, Koroaren eta Konstituzioan xedatutako gainerako erakundeen eta organoen aurka, egintza larria denean edo errepikatzen denean.
2.Nazioko zein atzerriko nagusiei zor zaien diziplinaren eta mendekotasunaren kontrako egintzak behin eta berriz egitea, eta zerbitzuaren betebeharrak behin eta berriz ez betetzea edo duintasun militarraren aurkako egintzak behin eta berriz egitea.
3.Argi eta garbi legez kontrakoak diren erabakiak hartzea edo egintzak egitea agintzea, kalte larria eraginez defentsa nazionalari, interes publikoari edo herritarrei, eta, halaber, askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak zein lanbide-eskubideak baliatzea larriki oztopatzea.
4.Sekretu ofizialei eta gai klasifikatuei buruzko erreserba-betebeharra urratzea.
5.Bere eskumenen muga gainditzea eta bere mendeko militar edo zibilekin, nazionalak zein atzerritarrak izan, gehiegikeriak egitea, halakoak errepikatuak direnean, eta tokiko biztanleekin edo misioan parte hartzen duten erakundeko, egituretako edo indarretako zein nazioarteko edo gobernuz kanpoko beste erakunde edo egituretako atzerritar langile militarrekin edo zibilekin istiluak sortzea, eragitea edo haietan aktiboki parte hartzea, behin eta berriro.
6.Bere mendekoek gatazka armatuetan aplikatzekoa den nazioarteko zuzenbidean xedatutako betebeharrak haustea saihesteko edo jazartzeko eskura dituen neurriak zuhurtziagabekeriagatik ez hartzea.
7.Arrisku larriko, hondamendiko, zoritxarreko edo bestelako premia publikoetako kasuetan, Indar Armatuek jardun bitartean, arrisku larrian dauden herritarrei laguntza posiblea ez ematea, edo betebehar militar bat behin eta berriz ez betetzea, norberaren arriskua saihesteko.
8.Zerbitzua bete bitartean, edota zerbitzutik kanpo behin eta berriro, mozkor egotea edo droga toxikoak, estupefazienteak edo gai psikotropikoak kontsumitzea.
9.Justifikaziorik gabe, uko egitea osasun-azterketa, alkohol-proba edo droga toxikoen, estupefazienteen, gai psikotropikoen edo antzekoen kontsumoa detektatzeko proba egiteari, azterketa edo proba hori egiteko agindua agintari eskudunak legitimoki eman duenean eta langile baimenduek egitekoak direnean, zerbitzua emateko gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko xedez; halaber, arrazoirik eman gabe, eta behin eta berriro, ez agertzea organo eskudunen aurrean edo administrazioedo diziplina-espedienteen instrukzio-egileen aurrean, agertzeko zitazioa behar bezala egin zaionean.
10.Parte hartzen duen operazioetarako ezarritako borroka-arauak era larrian edo behin eta berriz ez betetzea, edota gatazka armatuetan aplikatu beharreko nazioarteko zuzenbideak xedatutako betebeharrak zuhurtziagabekeria astunagatik ez betetzea.
11.Bateraezintasun-arauak ez betetzea, horren ondorioz bateraezintasun-egoera bat sortzen bada.
12.Pertsonen sexu-askatasunari eragiten dioten egintzak egitea, agintzea edo onartzea, edo sexu-jazarpena, sexuan oinarritutakoa edo profesionala dakarten egintzak egitea, agintzea edo onartzea, edota, beste edozein modutara, eta behin eta berriro, kalte egiten diotenak intimitateari edota norberaren edo laneko duintasunari, edo bereizkeria dakartenak jaiotzagatik, arrazaedo etnia-jatorriagatik, genero edo sexuagatik, sexuorientazio eta -identitateagatik, erlijioagatik, sinesmenengatik, iritziagatik, desgaitasunagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal edo sozialagatik.
13.Neutraltasun politiko edo sindikaleko betebeharrak behin eta berriz urratzea, edota mugak behin eta berriz gainditzea adierazpenedo informazio-eskubideak, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak, eta elkarketa politiko edo profesionalerako eskubidea baliatzean.
14.Zigor Kode Militarraz bestelako legeak aplikatuz, epai irmo bidez kondenatua izatea dolozko delituagatiko espetxe-zigorrera edo zuhurtziagabekeriaz egindako delituagatiko urtebetetik gorako espetxe-zigorrera; kasu batean zein bestean, delituak kaltetu egiten badu zerbitzua, Indar Armatuen irudi publikoa, duintasun militarra edo Administrazioa.
15.Sufragio aktiborako eskubidea erregulatzen duten arauak eta prozedurak ez
betetzea.
16.Administrazio-kontratazioko prozedurak arautzen dituzten arauak urratzea edo era desegokian aplikatzea, nahita edo zabarkeria larriagatik, Administrazio militarrari eragiten dion edozein kontratu motatan; betiere, interes publikoa edo partikularrak kaltetzen badira.
17.Falta astun bat egitea, astuntasun bereko edo handiagoko bi falta idatzita eta baliogabetu gabe izanik.
9. artikulua. Diziplina-falten erantzuleak.
Diziplina-falten erantzule dira arau-haustea dakarren egitatea egiten dutenak, euren kabuz edo beste baten bidez, edota haien egintzen bidez egitate hori gauzatzen laguntzen dutenak, baita beste pertsona bat egitate hura gauzatzera bultzatzen dutenak ere.
10. artikulua. Errepikatzea.
Lege honen ondorioetarako, jokabide tipiko bat errepikatu egiten dela jotzen da bi urteko epean hirutan edo gehiagotan egiten denean, egitate horietako bakoitza zehatuta egon zein ez. Bi urteko epe hori lehenengo jokabide tipikoa burutu zenetik zenbatuko da.
II. KAPITULUA
Zehapenak
11. artikulua. Diziplina-zehapenak.
1.Falta arinengatik honako zehapen hauek jar daitezke:
a) Errieta.
b) Egun bat eta zortzi egun bitartean irten gabe uztea.
c) Egun bat eta zazpi egun bitarteko zehapen ekonomikoa.
d) Egun bat eta hamalau egun bitarteko atzipenaldia.
2.Falta astunengatik honako zehapen hauek jar daitezke:
a) Zortzi eta hamabost egun bitarteko zehapen ekonomikoa.
b) Hamabost eta hogeita hamar egun bitarteko atzipenaldia.
c) Destinoa galtzea.
d) Prestakuntzako ikastetxe militarrean baja ematea.
3.Falta oso astunengatik honako zehapen hauek jar daitezke:
a) Hogeita hamaika eta hirurogei egun bitarteko atzipenaldia.
b) Enplegua etetea.
c) Zerbitzutik kentzea.
d) Konpromisoa azkentzea.
12. artikulua. Errieta.
Errieta diziplina-gaitzespen espresua da; diziplina-eskumena duen nagusiak idatziz zuzentzen dio mendekoari, zerbitzu-orrian jasota gera dadin.
Ez da diziplina-zehapena izango agintea duenak betebeharrak hobeto betetzeko xedez ahoz egindako ohartarazpena edo zentzarazpena.
13. artikulua. Irten gabe uztea.
Irten gabe uztean datzan zehapena prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei aplikatzekoa da; halakoetan, zehatua, jarduera akademikoko orduetatik kanpo, prestakuntza jasotzen ari den zentro edo unitatean geratu beharko da, irten gabe, gehienez ere zortzi egunez.
14. artikulua. Zehapen ekonomikoa.
1.Zehapen ekonomikoa egun bat eta hamabost egun bitartekoa izango da; zehapenak irauten duen denboran, zehatuak galdu egingo ditu ordainsariak, 60. artikuluan ezarritako kalkuluaren arabera. Ez du zehatuaren administrazio-egoeran aldaketarik eragingo.
2.Zehapen hori ez zaie aplikatuko prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei.
15. artikulua. Falta arinagatiko atzipenaldia.
Atzipenaldia egun bat eta hamalau egun bitartekoa izango da; atzipenaldiak irauten duen denboran, zehatua bere bizilekuan egongo da, edota, unitateari, kuartelari, baseari,
itsasontziari edo establezimenduari dagokienez, zehapen-ebazpenak adierazitako tokian. Askatasunaren murrizketa hori betetzeko tokia ezin da kartzela-gela edo antzeko lekua izan. Zehatuak unitatearen jardueretan parte hartuko du; gainerako denboran, adierazitako tokietan egongo da.
16. artikulua. Falta astun eta oso astunagatiko atzipenaldia.
1.Atzipenaldia hamabost eta hirurogei egun bitartekoa izango da; atzipenaldiak irauten duen denboran, zehatuari askatasuna kenduko zaio, eta zehapenak dirauen denboran diziplina-establezimendu militar batean sartuko da. Atzipenaldi horrek irauten duen denboran, zehatutako militarrak ez du unitatearen jardueretan parte hartuko.
2.Inguruabar justifikatuak daudenean eta diziplina kaltetzen ez denean, beste establezimendu militar batean sartzea erabaki ahalko da, askatasunik gabeko baldintza berberetan, 60. artikuluan xedatutakoa izan ezik.
3.Ez du zehatuaren administrazio-egoeran aldaketarik eragingo.
17. artikulua. Destinoa galtzea.
Destinoa galtzeko zehapena ezartzen denean, arau-hausleak utzi egin beharko du betetzen zuen destinoa, eta bi urteko epean ezingo du destino berririk eskatu unitate berean edo, zehapen-ebazpenak arrazoituta hala adierazten duenean, destinatuta zegoen herri berean.
18. artikulua. Prestakuntzako ikastetxe militarrean baja ematea.
Prestakuntzako ikastetxe militarrean baja emateko zehapena ikastetxe horietan ikasle direnei aplikatzekoa da; zehapen horren bidez, galdu egiten dira bai ikastetxeko ikasleizaera, bai behin-behinean lortutako enplegu militarra. Zehapen horrek ez dio ikasle izendatu aurretik zuen enpleguari eragiten.
19. artikulua. Enplegua etetea.
Enplegu-etenaldiaren zehapena militar profesionalei baino ez zaie aplikatuko. Zehapen horren bidez, zehatuari kendu egiten zaizkio enpleguaren berezko eginkizun guztiak, gutxienez hilabetez eta gehienez urtebetez; salbuespen izango da 8.14 artikuluan aurreikusitako kasua, hor etenaldiak kondenaren iraupena izango baitu gehienez.
Zehatua enplegu-etenaldiko administrazio-egoerara igaroko da.
20. artikulua. Zerbitzutik kentzea.
Zerbitzutik kendutako zehatuak militar-izaera galtzen du eta Indar Armatuetan baja ematen zaio; ezingo da bere borondatez haietan berriz sartu, eta galdu egingo ditu eskuratutako eskubide militarrak, enplegua eta dagokion Gizarte Segurantzako araubidean onartuta zeuzkan eskubideak izan ezik.
Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei, gainera, zehapen hori jarriz gero, baja emango zaie ikastetxean; hortaz, ikasle-izaera eta behin-behinean eskuratutako enplegu militarra galduko dituzte.
21. artikulua. Konpromisoa azkentzea.
1.Konpromisoa azkentzean, eten egiten da zehatuak Indar Armatuekin aldi baterako zuen zerbitzu profesionaletako harremana, zegokion konpromisoa sinatuz ezarria, eta ezingo da Indar Armatuetan bere borondatez berriz sartu.
2.Borondatezko erreserbisten kasuan, zehapen horrek baja eragingo die Indar Armatuetan; ezingo dira haietan euren borondatez berriz sartu, eta galdu egingo dute erreserbista-izaera.
3.Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei, gainera, zehapen hori jarriz gero, baja emango zaie ikastetxean; hortaz, ikasle-izaera eta behin-behinean eskuratutako enplegu militarra galduko dituzte.
22. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.
1.Diziplina-zehapenak proportzionaltasun-printzipioa betez ezarriko dira, behar bezala egokituta arau-haustearen izaerari eta inguruabarrei, kontuan hartuta erantzuleei dagozkienak, arau-hauslearen erruduntasun-modua eta maila, eta diziplinari zein zerbitzuaren interesei eragiten dieten edo eragin diezaieketen faktoreak, eta, halaber, kontuan hartuta jokabide zehagarria errepikatua den; betiere, legeak ez baditu kontuan hartu diziplinazko arau-haustea deskribatzean, eta ez badira falta dakarren egitatea osatzeko behar-beharrezko.
2.Lege honetako manuak aplikatzean, modu berezian hartuko dira kontuan ikaslea izatea eta prestakuntzako ikastetxe militarretan eta prestakuntza osatzen ari diren beste unitate, zentro edo organismo batzuetan jardutea; aintzat hartuko da, halaber, ahozko ohartarazpenek edo zentzapenek duten prestakuntza-balioa.
3.Lege honetan falta arinetarako aurreikusitako atzipenaldi-zehapena jarri ahalko da soilik Indar Armatuetako diziplina edo kideen portaera definitzen duten funtsezko arauak kaltetu direnean. Zehapen-ebazpenak arrazoitua izan beharko du.
III. KAPITULUA
Diziplina-erantzukizuna iraungitzea
23. artikulua. Iraungitzeko arrazoiak.
1. Diziplina-erantzukizuna hauetako edozein arrazoirengatik iraungiko da:
a) Zehapena betetzeagatik.
b) Falta edo zehapena preskribatzeagatik.
c) Militar-izaera galtzeagatik.
d) Erretirora igarotzeagatik.
e) Hiltzeagatik.
2.Falta astunagatiko edo oso astunagatiko zehapen-prozedura bat gauzatzen den bitartean interesdunak utzi egiten badio lege honen pean egoteari, jarduketak artxibatzea agintzen duen ebazpen arrazoitua emango da. Falta preskribatzeko epea agortu baino lehen berriz ere lege honen pean geratzen bada, prozedurari berrekitea erabakiko da, eta osorik izapidetuko da.
24. artikulua. Faltak preskribatzea.
1.Falta arinak bi hilabetera preskribatuko dira, astunak bi urtera, eta oso astunak hiru
urtera.
Epe horiek araua hautsi den egunetik hasiko dira zenbatzen; falta kondenazko epai irmo batean oinarritzen bada, berriz, zehatzeko eskumena duen agintariak edo nagusiak aipatutako ebazpen judiziala jaso duela formalki jasota geratzen den unetik.
2.Falta astunetan eta oso astunetan, preskripzioa eten egingo da ustezko erantzuleari zehapen-prozedura hasteko erabakia jakinarazten zaionetik, 48.5 artikuluan iraungitzeari buruz xedatutakoari kalterik egin gabe.
25. artikulua. Zehapenak preskribatzea.
Falta arinagatik ezarritako zehapenak hiru hilabetera preskribatuko dira, astunagatik
jarritakoak bi urtera, eta oso astunagatik jarritakoak hiru urtera. Epe horiek zehapenebazpena administrazio-bidean irmo bihurtzen den egunaren biharamunetik hasiko dira
zenbatzen, edo zehapena betetzen hasi behar zen egunetik. Preskripzioa zehapena betetzen hasten denetik etengo da, edota, diziplina-ahala duten agintariei edo nagusiei egozterik ez dagoen edozein ziorengatik, hura betetzea ezinezkoa denean edo bertan behera uzten denean.
II. TITULUA
Diziplina-ahala eta zehatzeko eskumena
I. KAPITULUA
Diziplina-ahala
26. artikulua. Diziplina-ahala duten agintari eta nagusiak.
Honako hauek dute euren eginkizunak betetzen dituzten egitura organikoan zein operatiboan euren agindupean diharduten langileei zehapenak jartzeko ahala:
Lehenengo. Defentsako ministroak.
Bigarren. Defentsako Estatu Nagusiko buruak, Defentsako idazkariordeak, eta Lehor Armadako, Itsas Armadako eta Aireko Armadako Estatu Nagusiko buruek.
Hirugarren. Indarrean, unitatean, zentroan edo organismoan agintea edo zuzendaritza duten ofizial jeneralek.
Laugarren. Erregimentuko edo antzeko unitateko buruek, indarreko, unitateko edo gerraontziko komandanteek, eta zentroko edo organismoko buruek edo zuzendariek.
Bosgarren. Batailoiko, taldeko edo aireko eskuadroiko edo antzeko unitateko buruek. Seigarren. Konpainiako edo antzeko unitateko buruek.
Zazpigarren. Sekzioko edo antzeko unitateko buruek. Zortzigarren. Pelotoiko edo antzeko unitateko buruek.
27. artikulua. Diziplina-ahala, gerraontzietan.
Gerraontzietan, horietako komandanteek eta haien gaineko diziplina-agintariek baliatuko dute diziplina-ahala.
Dena dela, itsasontziko eskifaia izan gabe iragaitzaz ontziratutako unitateetako nagusiek euren agindupeko langileak zehatzeko ahalmenari eutsiko diote, garraiatuak diren bitartean; betiere, burututako ekintzak ez badie eragiten ez segurtasunari, ez itsasontziko barne-araubideari.
28. artikulua. Eginkizun judizialak edo fiskalak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideen gaineko diziplina-ahala.
1.Eginkizun judizialak edo fiskalak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideen gaineko diziplina-ahala Lurraldeko Auzitegi Militarretako presidenteek eta Auzitegi Militar Zentraleko presidente auditoreak gauzatuko dute. Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoari baino ez dagokio falta oso astunengatiko zehapenak jartzea.
2.Eginkizun fiskalak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideen gaineko diziplina-ahala Defentsako ministroak, fiskal togadunak edo arau-hauslearen destinoko Fiskaltzetako fiskalburuek baliatuko dute.
3.Aurreko kasuetan, diziplina-eskumena baliatzean, ez zaio kalterik egingo legeek organo judizial eta fiskal militarren antolamenduari buruz xedatutakoari.
29. artikulua. Esku-hartze eginkizunak betetzen dituzten Esku-hartze Kidego Militarreko kideen gaineko diziplina-ahala.
Esku-hartze eginkizunak betetzen dituzten Esku-hartze Kidego Militarreko kideen gaineko diziplina-ahala Defentsako ministroak edota organikoki haien gainetik dauden euren kidegoko buruek baliatuko dute.
30. artikulua. Zuzentzeko betebeharra.
Militar orok dauka beheragoko enplegua dutenengan ikusten dituen arau-hausteak zuzentzeko betebeharra, langile horiek zuzenean haren mende egon zein ez, edozein dela ere haien armada edo kidegoa. Militarraren ustez arau-hausteak zehatzeko modukoak badira, hark ezarriko du zehapena, horretarako eskumena badu; halakorik ez badu, eskumena duenari jakinaraziko dio, zuzenean eta berehala, eta horren berri emango dio militarrak bere gain-gainekoari.
31. artikulua. Kautela-neurriak.
1.Diziplina-ahala duten agintariek eta nagusiek, bai eta zaintza edo zerbitzu batean agintea duten militarrek ere, kautelazko atzipenaldia ezartzea erabaki ahalko dute kargua, destinoa, zaintza edo zerbitzua dela-eta euren mende daukaten arau-hausleari dagokionez, mendeko horrek diziplina-falta bat egin duenean eta kautelazko neurri hori diziplina berehala berrezartzeko beharrezkoa denean; atzipenaldia gehienez ere berrogeita zortzi ordukoa izango da. Atzipenaldi hori arau-hauslearen unitatean edo zehazten den tokian beteko da.
Halaber, haien mendeko arau-hauslea eginkizunetan etetea erabaki ahalko dute, gehienez ere bi egunez, egindako arau-hausteak zerbitzua kalte dezakeenean. Kautelaetenaldi horrek ez du inolako ondoriorik izango arau-hauslearen ordainsarietan.
2.Egindako falta zehatzeko eskumena duen agintariari edo nagusiari berehala emango zaio neurri horien ezarpenaren berri, eta agintari edo nagusi horrek berretsi edota kendu egingo ditu neurri horiek. Neurri horiek indarrik gabe geldituko dira euren iraunaldiaren gehieneko epea igarotakoan; bestalde, kautelazko atzipenaldia, haren izaerak hala ahalbidetzen badu, kontuan hartuko da kasuan kasu ezarritako zehapena betetzeko orduan.
3.Diziplina-prozedura amaitzen bada espedientepekoak erantzukizunik ez duela ebatziz, arau-hausterik egon ez delako, edota aurrez hartutako neurriak baino iraupen laburragoko atzipenaldi-zehapena ezarriz, konpentsazioa emango zaio espedientepekoari: behar baino denbora gehiagoz atzipenaldian igarotako egun bakoitzeko, kalte-ordaina jasoko du, eta kalte-ordain horren zenbatekoa lurralde nazionaleko dietarako ezarritakoa izango da.
4.Artikulu honetan adierazitako neurriak ezartzearen aurka, interesdunak diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko du, zuzenean, prozedura militarrari buruzko legedian aurreikusitakoari jarraiki.
II. KAPITULUA
Zehatzeko eskumena
32. artikulua. Agintarien eta nagusien eskumena.
Diziplina-ahala duten agintariek eta nagusiek, euren eskumenen eremuan, honako zehapen hauek ezarri ahalko dituzte:
1.Defentsako ministroak, diziplina-zehapen guztiak.
2.Defentsako Estatu Nagusiko buruak, Defentsako idazkariordeak, eta Lehor Armadako, Itsas Armadako eta Aireko Armadako Estatu Nagusiko buruek, zehapen guztiak, zerbitzutik kentzea izan ezik.
Defentsako idazkariordeak aurreko lerrokadan aipatu zehapenak jarri ahalko dizkie Defentsa Ministerioko eta Sailaren mendeko organismo autonomoetako egitura zentraletan eta periferikoetan destinatutako langileei.
3.Indar, unitate, zentro edo organismo baten gaineko agintea edo zuzendaritza duten ofizial jeneralek, falta arin eta astunagatiko zehapen guztiak, destinoaren galera izan ezik.
4.Erregimentuko edo antzeko unitateko buruek, indarreko, unitateko edo gerraontziko komandanteek eta zentroko edo organismoko buruek edo zuzendariek, falta arinagatiko zehapen guztiak.
5.Batailoi, talde edo aireko eskuadroi edo antzeko unitateko buruek, honako zehapen hauek: errieta, zazpi egun arteko zehapen ekonomikoa eta bost egun arteko atzipenaldia.
6.Konpainiako edo antzeko unitateko buruek, honako zehapen hauek: errieta, bost egun arteko zehapen ekonomikoa eta hiru egun arteko atzipenaldia.
7.Sekzioko edo antzeko unitateko buruek, honako zehapen hauek: errieta eta hiru egun arteko zehapen ekonomikoa.
8.Pelotoiko edo antzeko unitateko buruek, ofizialorde-kategoria badute, errieta.
9.Bitarteko eta behin-behineko nagusiek ordezten dituzten titularren zehatzeko eskumen berberak izango dituzte.
Diziplina-ahala duten ofizial jeneralek, erregimentuko edo antzeko unitateko buruek, indarreko, unitateko edo gerraontziko komandanteek edo zentro edo organismoko buruek edo zuzendariek bereizitako edo isolatutako unitateetan buru diren mendeko nagusiei delegatu ahalko dizkiete zehatzeko eskumenak; halakoetan, delegazio horren eraginpeko langileei derrigorrean eman beharko zaie emandako eskumen horien berri.
33. artikulua. Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleak zehatzeko eskumena.
1.Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleak zehatzeko eskumena 32. artikuluko 1, 2, 3, 4, 5 eta 6. paragrafoetan aipatutako agintari eta nagusiek erabili ahalko dute. Ondorio horietarako, manu horretako 5. paragrafoan sartutzat joko dira ikasketaeta instrukzio-buruak eta batailoi edo antzeko tamainako kokapeneko unitate-buruak. Artikulu bereko 6. paragrafoan sartutzat joko dira konpainia edo antzeko tamainako kokapeneko unitate-buruak. Nagusi horiek 32. artikuluak esleitzen dizkien zehatzeko eskumenak izango dituzte, eta, horiez gain, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dizkiete ikasleei: ikasketaedo instrukzio-buruek, prestakuntzako ikastetxe militarretik gehienez ere zortzi egunez irten gabe geratzeko zehapena; batailoi edo antzeko tamainako kokapeneko unitate-buruek, gehienez ere sei egunez irten gabe geratzeko zehapena, eta konpainia edo antzeko tamainako kokapeneko unitate-buruek, gehienez ere lau egunez irten gabe geratzeko zehapena.
2.Halaber, 32. artikuluko 3. paragrafoan sartutzat joko da irakaskuntza militarraren ardura duen organoko titularra, Indar Armatuetako kidego komunetako ikasleei dagokienez.
3.Defentsako idazkariordeari dagokio prestakuntzako ikastetxe militarrean baja emateko zehapena jartzea.
34. artikulua. Erreserbistak zehatzeko eskumena.
Erreserbistak zehatzeko eskumena lege honetan xedatutako arau orokorren arabera erabiliko da; nolanahi ere, Defentsako idazkariordeari egokituko zaio borondatezko erreserbistei Indar Armatuekiko konpromisoa azkentzeko zehapena ezartzea.
35. artikulua. Kasu berezietan dauden langileak zehatzeko eskumena.
1.Destinorik betetzen ez duten edo Defentsa Ministerioaren egituratik kanpoko organismoetan betetzen duten militarrek egindako diziplina-faltak honako hauek zehatu ahalko dituzte: Defentsako ministroak, Defentsako Estatu Nagusiko buruak, Defentsako idazkariordeak, Lehor Armadako, Itsas Armadako eta Aireko Armadako Estatu Nagusiko buruek eta dagokion armadako agintaritzako buruek edo langileen buruzagitzak.
2.Honako hauek izango dute destinoak nazioarteko erakundeetan betetzen dituzten espainiar militarrei zehapenak ezartzeko eskumena: Defentsako ministroak, Defentsako Estatu Nagusiko buruak, erakundean agintea edo zuzendaritza duen espainiar ofizial jeneralak eta, kasuan kasu, erakundean destinatutakoen artean enplegurik eta antzinatasunik handienak dituen espainiar ofizialak; horrek 32. artikuluko 4. zenbakian aurreikusitako zehatzeko eskumena izango du.
3.Defentsako ministroak eta Defentsako idazkariordeak baino ez dute eskumena izango Indar Armatuetako Langileen Kontseiluko kide diren lanbide-elkarteen ordezkariak eta haien ordezkoak zehatzeko, organo horretan jardutean egindako faltengatik.
III. KAPITULUA
Operazio-eremuan bereizitako unitateak eta langileak
36. artikulua. Aplikazio-eremu pertsonala.
Kapitulu honetako xedapenen pean daude operazio-eremu bateko egitura operatiboan banaka edo unitate edo taldekatze taktikoetan sartzen diren militar espainiarrak.
37. artikulua. Denbora-eremua.
Langile horien gaineko diziplina-ahala egitura operatiboko aginte-kate nazionaleko agintari eta nagusiek gauzatuko dute, dagokion dokumentazio operatiboaren arabera egitura horretan sartzen diren unetik egitura organikora itzultzen diren arte.
Halaber, aipatutako agintariek eta nagusiek eskumena izango dute egitura operatiboaren eremuan ezarritako zehapenen aurka jarritako diziplina-errekurtsoak ebazteko, errekurtsogilea egitura organikora itzuli balitz ere.
38. artikulua. Diziplina-ahala.
Egitura operatiboan sartuta egonda, banaka edo unitateetan operazio-eremuan destinatu edo bereizitako militarrek, indar, kontingente, ordezkaritza, unitate edo edozein tamainako taldekatze taktiko baten komandante, buru edo nagusi izendatuak izan badira, euren agindupean misioa betetzen ari diren militarrak zehatzeko diziplina-ahala izango dute, 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, kapitulu honetan aurreikusitakoari kalterik egin gabe.
39. artikulua. Zehatzeko eskumena.
1.Indar, kontingente, ordezkaritza edo unitate baten komandantea, burua edo arduraduna den militarrak falta arinagatiko zehapen guztiak ezarri ahalko dizkie agindupean dauzkan militarrei, bai eta falta astunei dagozkienak ere, destinoaren galera izan ezik, 32. artikuluan xedatutakoaren arabera astunagorik ez badagokie.
Taldekatze taktiko, gune edo talde batek bere basetik isolatuta jardunarazten duen eginkizun bat bete behar duenean, haren buruak 32. artikuluko 6. zenbakian aurreikusitako zehapenak ezarri ahalko ditu, gutxienez.
2.Diziplina-ahala duten arduradunek euren mendekoei delegatu ahalko dizkiete zehatzeko eskumenak, dagokion dokumentazio operatiboan ezarritakoaren arabera; horrelakoetan, delegazio horrek eragindako langileei derrigorrean jakinarazi beharko dizkiete emandako eskumenak.
40. artikulua. Zehapena betetzea.
1.Zehapen-ebazpenean, zehapena misioa amaitutakoan eta, kasuan kasu, lurralde nazionalean bete dadila xedatu ahalko da. Zehapena ezartzen denetik misioa amaitzen den bitarteko aldian, etenda geratuko da zehapenaren preskripzioa.
2.Zehapenak operazio-eremuan betetzen direnean, zehatuak ez ditu dagozkion jarduerak etengo, arrazoituta hala xedatzen denean salbu.
III. TITULUA
Zehapen-prozedura
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
41. artikulua. Prozeduraren printzipio orokorrak.
1.Edozein diziplina-zehapen ezartzeko, dagokion prozedura izapidetu beharko da, titulu honetan xedatutako arauen arabera.
2.Prozedurak honako printzipio hauek beteko ditu: legezkotasuna, inpartzialtasuna, publikotasuna, kontraesana, ofiziozko bultzada, bizkortasuna eta efikazia. Era berean, eskubide hauek errespetatuko ditu: errugabetasun-presuntzioa, diziplinazko akusazioa jakinaraztea, aurretiazko entzunaldia ematea, arau-hauslea defendatzea, frogabide egokiak erabiltzea eta dagozkion errekurtsoak jartzea.
3.Prozedura hasi aurretik, eskumena duen agintariak, egitateak argitzeko xedez, aurretiazko informazioa gauzatzea agindu ahalko du, egitate horiek, printzipioz, ez dituztenean diziplinazko arau-hauste baten edo delitu baten ezaugarriak.
4.Falta astunagatiko edo oso astunagatiko prozedura bati amaiera ematen dion ebazpenean, espedientepekoari larritasun txikiagoko egitateengatik egotz dakizkiokeen faltak zehatu ahalko dira, egitate horiek jakinarazi bazaizkio eta preskribatu ez badira.
42. artikulua. Diziplina-aitorpena.
30. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, diziplinazko arau-haustea dakarren egitate edo jokabide bat ikusi edo ezagutzen duen militar orok, zehatzeko eskumenik ez badu, diziplina-aitorpena egingo dio, zuzenean eta berehala, falta zehatzeko edo dagokion diziplina-espedientea abiaraztea agintzeko eskumena duenari, eta horren berri emango dio militarrak bere gain-gainekoari.
Diziplina-aitorpenak honako hauek jasoko ditu: egitateen kontakizun argi eta laburra, inguruabarrak, balizko kalifikazioa eta ustezko arau-hauslearen identitatea. Idatzi duenak sinatu egin beharko du, eta identifikatu ahal izateko beharrezko diren datu guztiak jasoko ditu.
43. artikulua. Ebazpena jakinaraztea eta komunikatzea.
Zehatzeko eskumena duen agintariak edo nagusiak hartutako ebazpena jakinaraziko dio interesdunari, eta idatziz komunikatuko dio aitorpena egin zuenari, bai eta, kasuan kasu, arau-hauslearen dokumentazioan idatziz jaso dadila agindu behar duenari ere.
44. artikulua. Arau-hauste astunagoa.
1.Falta arinagatiko zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita hamabost eguneko epean, agintari edo nagusi eskudunak, zehatutako egitateak falta astuna edo oso astuna izan daitezkeela uste badu, dagokion prozedura irekitzeko agindua emango du, edo horretarako eskumena duen agintariari adieraziko dio.
2.Zehatuak falta arinagatiko zehapenaren aurka errekurtsoa jarri badu, errekurtsoa prozedura berriari metatuko zaio.
3.Prozedura titulu honetako III. kapituluan xedatutakoaren arabera izapidetuko da, eta hiru modu hauetako batean amaitu beharko da: ezarritako zehapena berretsiz, ezarritako zehapena eraginik gabe utziz, edota falta astuna edo oso astuna egon dela
ebatziz. Azken kasu horretan, aurreko zehapena errebokatu egingo da, eta dagokion diziplina-zehapena ezarriko da, posible izanez gero beteta dagoen zehapena aintzat hartuz.
45. artikulua. Epeak zenbatzeko modua.
1.Prozedurari eta errekurtsoei dagokienez ezarritako epeak egunetan adierazita daudenean, egun horiek baliodunak direla joko da; igandeak eta jaiegun izendatutakoak zenbaketatik kanpo utziko dira.
2.Epea hiletan edo urtetan adierazten denean, datatik datara zenbatuko da, dagokion egintzaren jakinarazpena edo argitalpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera. Muga-eguneko hilean ez badago zenbaketaren hasierako egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.
3.Epearen azken eguna baliogabea denean, hurrengo lehen egun baliodunera luzatuko da.
4.Egunetan adierazitako epeak dagokion egintzaren jakinarazpena edo argitalpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko dira.
II. KAPITULUA
Falta arinetarako prozedura
46. artikulua. Izapideak.
1.Falta arinagatiko zehapena ezartzeko, eskumena duen agintariak edo nagusiak ahozko prozedura gauzatuko du, ahal izanez gero. Prozedura horretan, egitateak egiaztatuko ditu, ustezko arau-hausleak egitate horiei buruz esateko duena entzungo du, eta eskubide hauek dauzkala adieraziko dio: isilik egoteko, bere buruaren aurkako adierazpenik ez egiteko, bere burua errudun ez jotzeko, eta errugabetasun-presuntziorako; ondoren, egitateak 6. artikuluko paragraforen batean tipifikatuta dauden egiaztatuko du, eta, egokia bada, dagokion zehapena ezarriko du, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera mailakatuz.
2.Entzunaldi-izapidean, ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio aukera duela frogak egitea eskatzeko, alegazioak egiteko, eta egokiak iruditzen zaizkion agiri eta justifikazioak aurkezteko; halaber, adieraziko zaio 50.2 artikuluak aipatutako aholkularitza eta laguntza jaso ahalko dituela.
47. artikulua. Zehapen-ebazpena.
1.Zehapen-ebazpenak honako hauek jaso beharko ditu beti: egitateen narrazio laburra, arau-hauslearen adierazpenak, egindako faltaren kalifikazioa, 6. artikuluko zer paragrafotan jasota dagoen adieraziz, ezartzen den zehapena eta, kasuan kasu, zehapena betetzeko baldintzak.
2.Ebazpena idatziz jakinaraziko zaio interesdunari; bertan, berariaz adieraziko da zein errekurtso jar ditzakeen ebazpenaren aurka, zein epe duen errekurtsoak jartzeko, eta zein agintari edo nagusiren aurrean jarri behar dituen. Halaber, ebazpena idatziz jakinaraziko zaio aitorpena egin zuenari eta, kasuan kasu, zehatuaren dokumentazioan idatziz jaso dadin agindu behar duenari.
III. KAPITULUA
Falta astunetarako eta oso astunetarako prozedura
1.atala. Hasiera
48. artikulua. Abiarazteko agindua, antolaketa eta izapidetzeko epea.
1.Falta astunengatiko eta oso astunengatiko diziplina-prozedura falta horiek zehatzeko eskumena duen agintari edo nagusiaren aginduz hasiko da. Hainbat modutara egin ahalko du hori: bere ekimenez, goragoko agindu baten ondorioz, diziplina-aitorpen bat dela kausa, Prozedura Militarrari buruzko Lege Organikoaren arabera partikularren lekukotasuna jasotzeagatik, beste organo batzuek arrazoituta eskatu diotelako, edota militarra ez den batek salaketa aurkeztu duelako.
2.Prozedura abiarazteko aginduak honako hauek jasoko ditu: agindua eragin duten egitateen narrazio laburra, ustez egin den falta, ezar litezkeen zehapenak eta ustezko erantzulea, identifikatua izan denean. Horri guztiari, kasuan kasu, diziplina-aitorpena, salaketa edo kondenazko epai irmoaren kopia erantsiko zaio.
3.Prozedura, bizkortasun-irizpidearen pean, idatziz gauzatuko da eta ofizioz bultzatuko da izapide guztietan.
4.Gehienez ere urtebeteko epea izango da prozedura izapidetzeko eta ebazpena interesdunari jakinarazteko. Kasu hauetan, epe horren kontaketa eten egingo da, automatikoki:
a) Prozedura gelditzen denean edo prozesu-egintzaren bat gauzatzerik ez dagoenean, espedientepekoari egotz dakiokeen zergatiagatik.
b) Edozein interesduni akatsak zuzentzeko eta beharrezkoak diren dokumentuak eta epaitzeko bestelako datuak aurkezteko errekerimendua egiten zaionean, errekerimendua jakinarazten denetik hartzaileak hori betetzen duenera arte edo, bestela, zuzenketa hori egiteko emandako epea igaro arte.
c) Ebazpenaren nondik norakoak zehazteko beharrezkoak edo erabakigarriak diren txostenak eskatu behar zaizkionean edozein administraziotako organo bati, eskaera egiten denetik (espedientepekoari horren berri eman beharko zaio) txostena jasotzen denera arte (horren berri ere eman beharko zaio) . Etenaldi hori ezin izango da hiru hiletik gorakoa izan.
d) Espedientepekoek proposatutako proba teknikoak edo kontraesanezko azterketak egin behar direnean, emaitzak prozeduran txertatzeko behar den denboran. Etenaldi hori ezin izango da hiru hiletik gorakoa izan.
5.Izapidetzeko gehienezko epea agortzen bada, etenaldiak kenduta, eta epe horretan ez bada ebazpenik eman eta ez bazaio espedientepekoari jakinarazi, prozedura iraungi egingo da. Halako kasuetan, prozedura iraungitzat jotzen duen ebazpenak jarduketak artxibatzeko aginduko du.
Iraungitze soilak ez du faltaren preskripzioa eragingo, baina iraungitako prozedurak ez du preskripzioa etengo.
49. artikulua. Instrukzio-egilea eta idazkaria.
1.Prozedura abiarazteko agindua ematean, agintari eskudunak instrukzio-egilea izendatuko du, eta instrukzio-egile horrek izango du prozedura izapidetzeko ardura.
2.Kidego Juridiko Militarreko ofizial bat izendatuko da instrukzio-egile, edota prestakuntza egokia duen ofizial bat, baldin eta prozedura abiaraztea agintzeko eskumena duen agintariaren mendekoa bada eta espedientepekoetakoetatik mailarik altuena duenak baino enplegu nagusiagoa badu edo zaharragoa bada. Baldintza horiek betetzen dituen ofizialik ez badago, goragoko agintaritzari jakinaraziko dio, eta izendapena egiteko eskatuko dio.
Edonola ere, ustez falta oso astun bat egiteagatik abiarazten bada prozedura, Kidego Juridiko Militarreko ofizial bat izendatuko da beti instrukzio-egile.
3.Prozedura eginkizun judizial edo fiskalak betetzen dituen ustezko erantzule baten ingurukoa denean, eginkizun judizial edo fiskalak –kasuan kasu– betetzen dituen Kidego Juridiko Militarreko ofizial bat izendatuko da instrukzio-egile.
4.Instrukzio-egileak idazkari bat izendatuko du, lagun diezaion. Idazkariari dagokio espedientea zaintzea, indexatzea eta foliatze korrelatiboa egitea, eta burututako guztia multzo ordenatu batean sartzea, prozeduran esku hartzen duten instantzia guztiek errazago aztertu eta ulertu ahal izateko.
5.Instrukzio-egileari eta idazkariari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako abstentzioeta errekusazio-zergatiak aplikatuko zaizkie.
Abstentzioak eta errekusazioak ez dute prozedura geldiaraziko. Prozedura abiaraztea erabaki zuen agintariari aurkeztuko zaizkio, eta haren ebazpenaren aurka ezingo da errekurtsorik jarri; nolanahi ere, prozedura amaiarazten duen ebazpenaren aurka jartzen diren errekurtsoetan, errekusazioa jaso ahal izango da.
50. artikulua. Defentsa-eskubideak.
1.Espedientepekoak adierazpenik ez egiteko, bere buruaren aurka ez egiteko, bere burua errudun ez jotzeko eta errugabetasun-presuntziorako eskubideak dauzka.
Instrukzio-egileak une oro bermatuko du espedientepekoaren defentsa-eskubidea, eta behar diren neurriak hartuko ditu horretarako.
2.Prozedurak eragindako jarduketa guztietan, espedientepekoak jarduneko abokatu baten aholkularitza eta laguntza jaso ahalko ditu, edota xede horretarako hautatu duen eta prestakuntza egokia duen bere konfiantzazko militar batena. Bigarren aukera hori hautatuz gero, agintariek eta nagusiek aukera emango diote izendatutako militarrari espedientepekoak diziplina-agintarien edo espedienteen instrukzio-egileen aurrean egin behar dituen agerraldietara joateko. Militar horren aholkularitza borondatezkoa izango da beti, eta izendapen horrek ez dio inolako eskubiderik emango bertaratzeak eragin litzakeen gastuengatik ordainketak jasotzeko.
Lege honetako 36. artikuluko kasuetan, gerraontziek nabigatzen duten bitartean edo abokatua egotea posible ez den beste ezohiko inguruabar batzuetan, ustezko arauhausleari unitateko edo itsasontziko bere konfiantzazko militar baten aholkularitza eta laguntza bermatuko zaizkio, eta, horrez gain, berak hautatutako abokatua telefonoz edo telematikoki kontaktatzeko aukera emango zaio, aholkuak jasotzeko, inguruabarrek ahalbidetzen badute.
3.Espedientepekoak prozedura abiarazi dela jakiten duenetik lehen aitorpena egiten duenera arte, gutxienez berrogeita zortzi ordu igaro beharko dira.
4.2. paragrafoan aurreikusitakoari jarraiki, espedientepekoak, bere abokatuak edo izendatutako militarrak edozein unetan ezagutu ahalko dute prozeduraren izapidetzeegoera, eta adierazitako tokietan eta orduetan utziko zaie hura ikusten; horrez gain, egindako jarduketen kopia eskuratu ahalko dute, lehenago eman ez bazaie. Elektronikoki ere bidali ahalko zaizkie, lege honetako 52. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
51. artikulua. Behin-behineko neurriak.
1.Diziplina-erantzukizun astuneko itxura oinarritua duen falta baten izaerak eta inguruabarrek berehala ekitea eskatzen dutenean, ez ekinez gero diziplinari eusteko sor dezakeen arriskuaren garrantzia dela eta, prozedura abiaraztea erabaki duen agintariak, arrazoituta, ustezko arau-hauslea diziplinazko establezimendu militar batean edo hautatutako tokian prebentziozko atzipenaldian egotea agindu ahalko du. Ustezko arauhauslea ez da egoera horretan hogei egunetik gora egongo, eta epe hori kontuan hartuko zaio ezar dakiokeen zehapena betetzeko orduan.
2.Agintari horrek berak, aurreko paragrafoan aurreikusitako neurria hartu ez badu, eta zerbitzuari kalterik ez eragiteko xedez, ustezko arau-hauslea bere eginkizunetan gehienez hogei egunez eteteko agindu ahalko du, arrazoituta.
3.Diziplina-prozedura erantzukizunik egotzi gabe amaitzen bada, espedientepekoak arau-hausterik egin ez duelako, edota hartutako behin-behineko neurria baino iraupen laburragoa duen atzipenaldi-zehapen batekin amaitzen bada, 31.3 artikuluan ezarritako konpentsazioak aplikatuko dira.
4.Prozedura falta oso astuna egin izanagatik izapidetzen denean, hura abiaraztea erabaki zuen agintariak, arrazoituta, erabaki ahal izango du interesduna Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legean araututako eginkizunen etenaldiko administrazioegoerara igarotzea.
Behin-behineko egoera horretan dagoen militarrak eskubidea izango du erregelamenduz dagozkion ordainsariak jasotzeko; hala ere, militarra diziplinaespedientean agertzen ez denean edo prozesua hari egotz dakiokeen zergatiren batengatik geldiarazten denean, organo ordaintzaileari agindu ahalko zaio zergatiak irauten duen bitartean ez egiteko ordainketarik.
5.Edonola ere, aurreko paragrafoetan aipatutako behin-behineko neurrietako edozein hartu baino lehen edo egoera-aldaketa erabaki aurretik, dagokion aholkulari juridikoaren txostena jaso beharko da.
6.Interesdunak zuzenean diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko du
1.eta 2. paragrafoetan aurreikusitako behin-behineko neurriak hartzea erabakitzen duen ebazpenaren aurka, Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoaren arabera.
Administrazio-egoera aldatzea erabakitzen duen ebazpenaren aurka, 4. paragrafoan aurreikusitako kasuan, gora jotzeko errekurtsoa edo, kasuan kasu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko du interesdunak Defentsako ministroaren aurrean.
52. artikulua. Komunikazioak, bultzada eta izapidetzea.
1.Komunikazioak zuzenean eta tarteko helarazpenik gabe egingo dira prozeduraren instrukzio-egilearen eta egitateak edo ustezko erantzulea ikertzera zuzendutako eginbideak egin behar dituzten agintarien, arduradunen eta organismoen artean; dagokion unitate, zentro edo organismoaren buruari emango diote horren berri. Egitura operatiboaren eremuan, komunikazio horiek dagokion operazioaren dokumentazio operatiboan zehaztutako aginte-kateari jarraiki bideratuko dira.
2.Ahal dela, komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira; betiere, komunikazio elektronikoen alorrean eskatutako baldintzak betetzen badituzte.
3.Herri-administrazioetako organo guztiek emango dute diziplina-prozedura izapidetu bitartean eskatzen zaien laguntza, zeinek bere eskumenen barruan eta zuzentzen duen araudia betez.
4.Abiarazteko agindua fiskal juridiko militarrari jakinaraziko zaio.
53. artikulua. Jakinarazpenak.
1.Prozeduran egin beharreko jakinarazpenak edozein bide erabiliz egingo dira; betiere, bide horrek modua eman beharko du egiaztatzeko interesdunak jaso duela jakinarazpena, bai eta interesdunari aholkularitza zein defentsarako laguntza ematen diotenek ere (lege honen 50. artikuluan egiten zaie erreferentzia) , eta, halaber, modua eman beharko du egiaztatzeko egintzaren data, identitatea eta edukia.
Jakinarazpenak egitean, norberaren intimitaterako zein duintasunerako eskubideak bermatu beharko dira beti, bai eta datuen babeserako eskubidea ere.
2.Interesdunak uko egiten dionean ebazpen baten edo izapide-egintza baten jakinarazpena jasotzeari, hala jasoko da jarduketetan; jakinarazpena egiteko ahaleginaren inguruabarrak adieraziko dira, jakinarazpena gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.
3.Jakinarazpena egiterik ez dagoen kasuetan, interesduna bere unitatean edo adierazitako bizilekuan topatu ez delako, haren unitateko iragarki-oholean eta Defentsa Ministerioaren Aldizkari Ofizialean ediktuak argitaratuz egingo da jakinarazpena, eta
jarduketek jarraitu egingo dute. Jakinarazpena bizilekuan egiteko izapidea betetzat joko da hiru eguneko epean egun eta ordu desberdinetan bi saiakera egin ondoren.
2.atala. Garapena
54. artikulua. Espedientepekoaren entzunaldia eta hasteko erabakia.
1.Prozedura abiarazteko agindua espedientepekoari jakinaraziko zaio; halaber, zein instrukzio-egile izendatu den adieraziko zaio, jasotako agiri guztien kopia emango zaio, eta jakinaraziko zaio lege honetako 50. artikuluak aipatutako aholkularitza eta defentsarako laguntza izateko eskubidea daukala. Instrukzio-egileak idazkari bat izendatuko du lege honetako 49.4 artikuluaren arabera, eta izendapen horren berri ere emango zaio interesdunari.
2.Instrukzio-egileak, lehen jarduketa modura, espedientepekoaren adierazpena jasoko du; espedientepekoari haren unitatearen buruaren bidez egin dio horretarako deia.
3.Ondoren, instrukzio-egilearen hasiera-akordioa jakinaraziko zaio espedientepekoari; akordio horretan, alderdi hauek jasoko dira: egozten zaizkion egitateen narrazioa, egitate horiek lege honen arabera duten kalifikazio juridikoa, ustezko arauhausleari egozten zaion erantzukizuna, eta jar dakizkiokeen zehapenak.
Egintza horretan bertan, espedientepekoari jakinaraziko zaio bere defentsarako komenigarritzat jotzen dituen frogak proposatzeko eskubidea duela, eta gehienez hamar eguneko epea emango zaio horretarako.
4.Lege honetako 8.14 artikuluan aurreikusitako ustezko falta oso astunagatik abiarazitako espedienteetan, prozedura eragin duen epai irmoa helaraziko zaio espedientepekoari.
55. artikulua. Froga.
Aurreko artikuluan aurreikusitako izapideak egin ostean, instrukzio-egileak frogak
eginaraziko ditu, hala ofizioz erabakitakoak nola espedientepekoak proposatutakoak, zuzenbidean onargarri direnean, eta ezetsi egin ahalko ditu bere ustez desegokiak, beharrik gabeak, alferrekoak edo ikertutako egitateei lotu gabeak direnak. Instrukzioegileak frogak ezetsiz emandako ebazpena arrazoitua izango da, interesdunari jakinaraziko zaio, eta haren aurka ezingo da errekurtsorik jarri; nolanahi ere, espedientearen ebazpenaren aurkako errekurtsoan, interesdunak berriz egin ahalko du ezetsitako frogak egiteko eskaera.
Interesdunari aldez aurretik eta behar besteko aurrerapenaz (gutxienez, berrogeita zortzi ordu lehenago) jakinarazi beharko zaio onartutako frogak egingo direla, bai eta, kasuan kasu, instrukzio-egileak ofizioz erabakitako frogak ere; jakinarazpen horretan, zehaztu beharko da zein toki, egun eta ordutan egingo diren frogak, eta adieraziko da interesduna bertaratu ahalko dela eta parte hartu ahalko duela, abokatuak edo izendatutako militarrak lagunduta.
Onartutako frogak baliabide teknikoen bidez egin ahalko dira; betiere, oinarrizko eskubideak eta proportzionaltasun-printzipioa bermatuta geratzen badira. Froga horiek egiteko bidea ematen duen ebazpena arrazoitua izan beharko da.
56. artikulua. Ebazpen-proposamena.
1.Instrukzio-egileak, espedientea amaitutzat jotzen duenean, ebazpen-proposamen arrazoitua egingo du; proposamen horretan, egiteak zehaztasunez jasoko ditu, egitate horiek diziplinazko arau-haustea dakarten adieraziko du, eta, kasuan kasu, zehaztuko du arau-haustea zein den eta espedientepekoaren erantzukizuna zein den, eta bere iritziz dagokion zehapena ezartzea proposatuko du.
2.Ebazpen-proposamena espedientepekoari jakinaraziko zaio, eta prozedura ikusten utziko zaio, hamar eguneko epean bere defentsarako egokia deritzon guztia alegatu ahal izan dezan.
3.Alegazioak egin ostean, edo alegazioak egiteko epea igarota, prozedura berehala igorriko zaio hura abiarazteko agindu zuen agintariari.
4.Espedientepekoak, idatziz edo instrukzio-egilearen eta idazkariaren aurrean agertuz, espresuki adierazten badu ados dagoela egozpenarekin eta instrukzio-egileak jakinarazitako ebazpen-proposamenean jasotako zehapenarekin, instrukzio-egileak ebazteko eskumena duen agintariari igorriko dio prozedura.
57. artikulua. Prozedura erantzukizunik gabe amaitzea eta beste kasu batzuk.
1.Prozeduraren edozein fasetan instrukzio-egileak ondorioztatzen badu ez dagoela diziplina-erantzukizunik, espedientea erantzukizunik egotzi gabe amaitzea proposatuko du, eta horretarako zergatiak adieraziko ditu.
2.Prozeduraren edozein unetan, ustezko diziplinazko arau-haustea bestelako arauhauste administratibo edo arau-hauste penal gisa kalifika litekeela sumatzen denean, edota espedientea abiarazi dutenez bestelako egitateengatiko erantzukizun-zantzuak agertzen direnean, prozedura abiarazteko agindua eman zuen agintariari horren berri emango zaio.
3.Modu horretan bertan jardungo du instrukzio-egileak, prozedura bat falta astunagatik hasi ondoren, egitateek falta oso astuna ekar lezaketela uste duenean.
4.Instrukzio-egileak, egitate berberen gainean prozedura penala izapidetzen ari dela jakiten duenean, jarduketa judizialei buruzko komunikazioa eskatuko dio dagokion organo jurisdikzionalari.
3.atala. Amaiera
58. artikulua. Eginbide osagarriak.
1.Ebazpen-proposamena dakarren espedientea jasotakoan, prozedura abiarazteko agindua eman zuen agintariak, horretarako eskumena badu, erabakiko du haren ustez egindako faltari dagokion zehapena jartzea edota prozedura erantzukizunik gabe amaitzea.
Halaber, prozedura osatu gabe dagoela iruditzen bazaio, instrukzio-egileari itzultzea erabaki ahalko du, eginbide osagarriak egin ditzan edo izapidetzean egindako akatsak zuzen ditzan, edota, kasuan kasu, beste ebazpen-proposamen bat egin dezan, egotzitako egitateei kalifikazio juridiko larriagoa emanez edo zehapen astunagoa jasoz; espedientepekoari hamar eguneko epea emango zaio, alegazioak egiteko.
2.Edonola ere, aurreko paragrafoan adierazitako edozein erabaki hartu aurretik, bai eta ebazpena eman aurretik ere, dagokion aholkulari juridikoaren txostena jaso beharko du, 28. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetako kasuetan izan ezik, edota aholkulari juridiko nagusiarena, ebazpena ematea Defentsako ministroari dagokionean.
Prestakuntzako ikastetxe militarrean baja-zehapena ezartzeko, derrigorrezkoa izango da zentroko zuzendariaren txosten ez-loteslea ere.
3.Ez baldin badu prozeduratik ondorioztatutako zehapena ezartzeko behar den eskumena, jarduketa guztiak agintari eskudunari igorriko dizkio, eta espedientepekoari horren berri emango dio.
4.Egitateak arau-hauste administratibo edo arau-hauste penal gisa kalifikatu ahal balira, lehen kasuan agintaritza administratiboari jakinaraziko dizkio, eta, bigarrenean, agintari judizial eskudunari edo fiskal juridiko militarrari.
5.Zerbitzutik kentzeko zehapena ezarri baino lehen, dagokion Kontseilu edo Batzorde Nagusia entzun beharko da, nahitaez.
59. artikulua. Ebazpena.
1.Prozedurari amaiera emateko ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta argi zehaztuko ditu arau-haustea dakarten egitateak, horien kalifikazio juridikoa, berariaz adieraziz zein artikulu eta paragrafotan dagoen tipifikatuta, haren erantzulea, eta ezarritako zehapena; zehapen hori 22. artikuluari jarraiki mailakatuko da, eta, beharrezkoa denean,
hura betetzeko baldintzak zehaztuko dira, eta berariaz adieraziko dira izapidetu bitartean hartutako kautelazko neurriak. Ebazpena instrukzio-egileak espedientepekoari jakinarazi zizkion egitateetan baino ez da oinarrituko; nolanahi ere, kalifikazio juridikoa beste bat izan ahalko da, azkenean zehaztutako falta jakinarazitakoaren homogeneoa bada eta zehapen astunagoa ez badagokio.
Jarritako zehapena destinoa galtzea bada, 17. artikuluan aurreikusitako muga zehaztu beharko da, eta espedientepekoak destinoa eskatzeko debekuaren xede izango den unitate edo udalerria aipatu beharko da.
2.Prozeduraren ebazpena espedientepekoari jakinaraziko zaio; jakinarazpen horretan, adieraziko zaio zein errekurtso jar ditzakeen ebazpenaren aurka, zer agintaritzaren aurrean, eta zein epetan. Halaber, partea eman zuenari eta zerbitzu-orrian idatzi behar duenari komunikatuko zaie.
3.Era berean, kasuan kasu, prozedura hasteko agindua eman zuen diziplinaagintariari eta espedientepekoaren unitatearen buruari jakinaraziko zaie ebazpena.
IV. TITULUA
Zehapenak betearaztea
I. KAPITULUA
Zehapenak betetzea
60. artikulua. Zehapenak betearaztea.
1.Diziplina-zehapenak berehala izango dira betetzekoak, eta arau-hausleari zehapena ezartzen duen ebazpena jakinarazten zaion egun berean hasiko dira betetzen; hala ere, itsasoan dauden gerraontzien komandanteek ezarritako diziplina-zehapenak itsasontzia portura iritsi arte geroratu ahalko dira, eta salbuespen izango dira 40. artikuluan aurreikusitako kasuak ere.
Zehatuari askatasuna kentzen zaionean, atzipenaldi-zehapena ezarri zaiolako, 31. artikuluko kautelazko neurri bat ezarri zaiolako, edota 51. artikuluko behin-behineko neurri bat ezarri zaiolako, zehapen edo neurri horiek bete beharrekoak izan arren, zehatuak aukera izango du lurraldeko epaile togadun militar eskudunaren aurrean habeas corpus prozedura eskatzeko, bat etorriz Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoko 61.3 artikuluarekin eta Habeas Corpus Prozedura Erregulatzeko maiatzaren 24ko 6/1984 Lege Organikoko 2. artikuluarekin.
2.Zehapen ekonomikoen kasuan, arlo horretan eskumena duen organoak kenduko dizkio zehatuari dagozkion ordainsariak, kenketa hori egin daitekeen lehenengo nominan. Kendu beharreko ordainsarien zenbatekoa dela eta, kenketa nomina bakarrean egiterik ez badago, hurrengo nominetan ere kenduko dira dagozkion ordainsariak, zehapena osorik bete arte.
Zehapen ekonomikoa kalkulatzeko, zehatuak falta egitean nominan jasotzen zituen hileko soldata eta enplegu-osagarria hartuko dira kontuan; zenbateko hori zati hirurogei egingo da, eta ezarritako zehapen-egunen kopuruarekin biderkatuko da.
Lege honetako II. tituluko III. kapituluko xedapenei lotuta dauden operazio-eremuan bereizitako militarrei dagokienez, zehapen ekonomikoa kalkulatzeko, zehatuak falta egitean nominan jasotzen zituen hileko soldata eta enplegu-osagarria hartuko dira kontuan; zenbatekoa zati hogeita hamar egingo da, eta ezarritako zehapen-egunen kopuruarekin biderkatuko da.
Edonola ere, Prozedura Zibilaren Legeak edo hori ordezten duen arauak soldatak eta pentsioak bahitzeko xedatutako mugak errespetatuko dira. Zehapenean agindutakoaren arabera kendu beharreko ordainsariaren zenbatekoak kenkaria egin behar den hilabeteko nominan adierazitako mugak gainditzen dituenean, kenkariaren zenbatekoa muga horiek ez gainditzeko behar diren hiletako nominen artean banatuko da.
Zehatuak, zehapena falta astunagatik jaso duen kasuetan, zehapena jarri zaion hilaren ondorengo hiru hiletan zatitu ahalko du ordainketa, kenkaria egiteko eskumena duen organoari aurrez eskaera eginda.
3.Falta astunagatiko eta oso astunagatiko atzipenaldietan, diziplina-establezimendu militarrean bete beharrekoetan, zehapena ezarri duen agintariak dagozkion neurriak hartuko ditu zehatua establezimendu horretan berehala sartzeko; establezimendu horretako barne-araubideko arauak Defentsako ministroak ezarriko ditu.
Nolanahi ere, falta astunen kasuan, zehapena ezarri duen agintariak atzipenaldia beste establezimendu militar batean edo unitatean betetzea erabaki ahalko du dagokion ebazpenean; betiere, inguruabar justifikatuak badaude, eta diziplina kaltetzen ez bada. Kasu horietan, zehatuak zehazten diren jardueretan parte hartuko du.
Ikasleek prestakuntzako ikastetxe militarrean beteko dituzte halako zehapenak; jarduera akademikoetan parte hartuko dute, eta, gainerako denboran, adierazitako lekuetan geratuko dira.
4.Egitate berberengatik askatasunik gabe igarotako denbora kontuan hartuko da atzipenaldi-zehapena betetzean. Kontuan hartuko da, halaber, atzipenaldiaren jakinarazpena egiten den egunetik igarotako denbora, askatasuna kentzeko zehapena etetea edo atzeratzea erabaki den kasuan izan ezik.
61. artikulua. Atzipenaldiaren beste ondorio batzuk.
1.Militar izateari uzteko eskaera egin duten karrerako militarrei, atzipenaldi-zehapena ezartzen zaienean, zehapena bete arte ez zaie eskabidea ebatziko.
2.Aldi baterako zerbitzu profesionaletako harremana duten militarrek, atzipenaldizehapena ezartzen zaienean, zehapena bete arte ezin izango dute konpromisoa azkendu edo amaitu.
Atzipenaldiaren iraupena luzeagoa izan bada zehatuari zehapena ezartzean geratzen zitzaion zerbitzu-denbora baino, atzipenaldia betetakoan azkendu egingo da haren konpromisoa.
3.Atzipenaldi-zehapena betetzen ari diren borondatezko erreserbistei, aktibazio-aldia amaitzen dutenean betetzat joko zaie zehapena.
62. artikulua. Zehapenak pilatzea.
Zenbait zehapen pilatzen direnean eta denak batera betetzerik ez dagoenean, ezarri
ziren hurrenkeran beteko dira, atzipenaldiak izan ezik, horiek lehentasuna izango baitute besteen aurretik; atzipenaldiei dagokienez, astuntasun mailaren arabera beteko dira: handienetik txikienera. Atzipenaldien iraupenaren batura lau hiletik gorakoa bada, muga hori gainditzen duen denbora ez da beteko.
63. artikulua. Zehapenak etetea edo ez betearaztea.
Diziplina-zehapena ezarri duten agintariek, 26. artikuluko lehenengo, bigarren eta hirugarren zenbakiek aipatutakoek, eta, kasuan kasu, Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoko auditore presidentea eta fiskal togadunak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, zehapenaren gauzapena etetea erabaki ahalko dute, preskripzioaren azpiko epean, edota zehapena behin betiko ez betearaztea, egoera psikofisikoko arrazoiengatik, egoera pertsonal bereziengatik edo zerbitzuari lotutako beste edozein egoeragatik, horretarako bidezko zergatia dagoenean eta diziplina kaltetzen ez denean.
Zehatzeko eskumena duten gainerako agintariek eta nagusiek erabaki horiek hartzea proposatu ahalko diete, eurek ezarritako zehapenei dagokienez, aurreko lerrokadan aipatutako organoei eta agintariei.
II. KAPITULUA
Zehapenak idatziz jasotzea eta idatzoharrak indargabetzea
64. artikulua. Zehapenak idatziz jasotzea.
Diziplina-bidean behin betikoak diren diziplina-zehapen guztiak zehatuaren zerbitzuorrian idatziko dira. Idatzoharrean, egitateak ere jasoko dira, argitasunez eta zehaztasunez, eta dagokien kalifikazioa zehaztuko da.
Prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleen zerbitzu-orrietan, honako falta hauengatik ezarritako diziplina-zehapenak soilik idatziko dira: falta oso astunengatik ezarritakoak, falta astunengatik ezarritakoak, eta atzipenaldiaz zehatutako falta arinengatik ezarritakoak.
65. artikulua. Idatzoharrak indargabetzea.
1.Zehapenen oharrak ofizioz edo alderdi batek eskatuta indargabetuko dira, zerbitzutik kentzekoa eta konpromisoa azkentzekoa izan ezik; horretarako, urtebete, bi urte edo lau urte igaro beharko dira, hurrenez hurren, falta arinagatik, falta astunagatik edo falta oso astunagatik jarritako zehapenak diren, eta, betiere, denbora horretan diziplinazko beste zigorrik edo zehapenik ezarri ez bazaio.
2.Epeak zenbatuko dira zehapena bete den egunetik, zehapena betetzeko epea amaitu den egunetik (zehapena bete ez bada) , edota preskribatu den egunetik.
3.Kasu guztietan, prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleen falta arin eta astunengatiko idatzoharrak ofizioz indargabetuko dira ikasleek aipatu ikastetxean baja hartzen dutenean edo euren prestakuntza amaitutakoan dagokien eskalan sartzen direnean.
66. artikulua. Indargabetzeko prozedura.
Erregelamendu bidez zehaztuko da aurreko artikuluan aurreikusitako indargabetzeetarako prozedura. Idatzohar bat indargabetzeko eskaera ezesten duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da agintari eskudunaren aurrean, eta horren ebazpenaren aurka diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Auzitegi Militar Zentralaren aurrean.
67. artikulua. Indargabetzearen ondorioak.
Falta arinagatiko zehapenaren idatzoharra indargabetzean, idatzoharra deuseztatu egingo da, eta ezingo da hari buruz ziurtagirik egin, San Hermenegildoren Errege Ordena Militarrean sartu, gora igo eta geratzeko xedeetarako izan ezik.
Falta astunagatiko edo oso astunagatiko zehapena indargabetzearen ondorioz, idatzoharra deuseztatu egingo da. Zehapen horien gaineko ziurtagiriak edo kontsultak egin ahalko dira soilik agintari eskudunek hala eskatzen dutenean, eta soil-soilik dagozkion ebaluazioak egiteko, zenbait sari emateko, segurtasun-gaikuntzak lortzeko, edo izendapen askeko destinoak esleitzeko, destino horiek betetzeko egokitasun-baldintza profesional eta pertsonalak behar direnean, eta horiek betetzea bateraezina denean zehatutako jokabideekin.
V. TITULUA
Errekurtsoak
68. artikulua. Errekurtsoak.
1.Interesdunek ondorengo artikuluetan aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango dituzte zehapen-ebazpenen aurka, ezarri zaien zehapena betetzeko beharrari kalterik egin gabe.
2.Errekurtsoak idatziz aurkeztuko dira, arrazoituta egongo dira beti, eta ezingo dira kolektiboki jarri.
69. artikulua. Gora jotzeko errekurtsoa.
1.Errekurtsoa zehapena ezarri zuen agintariari edo nagusiari zuzenduko zaio, kontuan hartuta 26. artikuluan adierazitako mailakatze hierarkikoa eta, kasuan kasu, 28. eta 29. artikuluetan aurreikusitakoa. Nolanahi ere, zehapena Erregearen Etxeko Gela Militarraren buruak ezarri badu, Defentsako ministroaren aurrean jarriko da errekurtsoa.
Dena den, errekurtsoa prestakuntzako ikastetxe militarretako ikasleei ezarritako zehapenen aurka jartzen bada, mailakatze hierarkikoa 33. artikuluan adierazitakoa izango da.
Konpainia, sekzio, pelotoi edo antzeko unitateen buruek hartutako zehapen-ebazpenen aurkako errekurtsoa 26. artikuluko laugarren paragrafoak aipatutako buruaren, komandantearen edo zuzendariaren aurrean jarriko da.
2.Zehapena Auzitegi Militar Zentraleko presidente auditoreak erabaki badu, errekurtsoa Auzitegi horretako Gobernu Aretoaren aurrean jarriko da.
3.Errekurtsoa hilabeteko epean jarri ahalko da, zehapenaren jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik hasita. Zehapena atzipenaldia bada, betetzen denetik hamabost egunera amaituko da epea.
70. artikulua. Berraztertzeko errekurtsoa.
Defentsako ministroak edo, kasuan kasu, Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoak
ezarritako zehapen-ebazpenen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da hilabeteko epean, aurreko artikuluan adierazi bezala zenbatuta.
71. artikulua. Errekurtsoa ebaztea.
1.Errekurtsoak diziplina-bidean ebazteko eskumena duten agintariek hilabeteko epean emango dute ebazpena. Errekurtsoa jarri zenetik bi hilabeteko epean ez bada hartutako ebazpenaren jakinarazpena jasotzen, errekurtsoa ezetsi egin dela jo ahalko da, diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jartzeko ondorioetarako.
Presuntziozko ezespenak, ordea, ez du baztertzen agintariak ebazpen espresua emateko duen betebeharra.
2.Errekurtsoa jaso duen agintariak dagokion prozedura bete den egiaztatuko du, egoki diren ikerketak egingo ditu, eta egitateak, kalifikazioa eta zehapena berraztertuko edo aintzat hartuko ditu; zehapena indargabetu, murriztu edo berretsi egin ahalko du.
3.Hartutako ebazpena errekurtsogileari jakinaraziko zaio, eta adieraziko zaio zein errekurtso jar dezakeen haren aurka, zein epetan, eta zein organo judizialen aurrean. Halaber, ebazpenaren berri emango zaie zehapena jarri zuen organoari edo agintariari eta hura idatziz jasotzeko eskumena duen agintariari.
72. artikulua. Etetea.
Falta astunagatiko eta oso astunagatiko zehapenak errekurtsoa izapidetzen den bitartean etenda uzteko eskaera egin ahalko du zehatuak, baldin eta zehapena betetzeak konpontzen ezinezkoak edo oso zailak diren kalteak eragin badiezazkioke edota errekurtsoa administrazio-prozedura erkidea erregulatzen duten arauetan aurreikusitako erabateko deuseztasuneko zergatiren batean oinarritzen bada. Errekurtsoa ebazteko eskumena duen agintariak bost eguneko epean ebatzi beharko du eskaera hori, eta zehapena eteteak diziplina militarrari kaltea eragingo diola aurreikusiz gero, ezetsi egin beharko du eskaera, behar bezala arrazoituta. Epe hori igarotakoan, eskaera ezetsitzat joko da, baina agintari eskudunak espresuki ebazteko betebeharra izaten jarraituko du.
73. artikulua. Diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa.
Gora jotzeko eta berraztertzeko errekurtsoetan hartutako ebazpenek amaiera emango diote diziplina-bideari, eta haien aurka diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, prozedura militarrari buruzko arauetan aurreikusitako moduan.
Lehenengo xedapen gehigarria. Osagarri modura aplikatzeko arauak.
Lege honetan aurreikusten ez den orotan, aplikatzekoak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa, edota unean-unean haiek ordezten dituzten legeak.
Bigarren xedapen gehigarria. Ebazpen judizialak komunikatzea.
Jurisdikzio arrunteko epaileek eta auzitegiek Defentsa Ministerioari jakinaraziko dizkiote langile militarrei eragiten dieten prozesu penalak amaiarazten dituzten epai irmoak edo behin betiko largespen-autoak.
Hirugarren xedapen gehigarria. Erregistro Zentralaren lankidetza.
Zigortuen Erregistro Zentralak interesdunei buruzko aurrekari penalik jasota dagoen edo ez dagoen egiaztatuko du, hala eskatzen diotenean diziplina-zehapenen idatzoharrak indargabetzeko prozedurak izapidetzeaz arduratzen diren organoek, eta, betiere, prozedura horien ondorioetarako bakar-bakarrik.
Laugarren xedapen gehigarria. Diziplinaz besteko neurriak, gerraontzietan.
Gerraontzi bateko komandanteak, diziplina-arloan dauzkan eskumenei kalterik egin gabe, diziplinazkoak ez diren neurriak hartu ahalko ditu gerraontzian; arrazoituta, betiere. Neurri horiek itsasontziko zenbait eremutan sartzeko mugak edo debekuak izango dira, eta horien xedea oldarkortasuneko, jazarpeneko edo indarkeriazko egoerak bukaraztea izango da, jokabide horiek diziplina militarraren arloko ustezko falta astun edo oso astun direnean. Neurriok hartuko dira biktimak ustezko arau-hauslearengandik babesteko behar beste denboraz.
Bosgarren xedapen gehigarria. Indar Armatuen Diziplina Araubidea Guardia Zibileko langileei aplikatzea.
Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoa Guardia Zibileko langileei aplikatuko zaie misio militarretan edo unitate militarretan dihardutenean, hala zehazten baita Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoko seigarren xedapen gehigarrian. Indar Armatuen prestakuntza-ikastetxeetan ikasle gisa prestakuntza militarra jasotzen ari diren Guardia Zibileko langileei ere aplikatuko zaie.
Operazio-eremuetan bereizitako unitateetan parte hartzen ari badira, aginte-kate multinazional batera transferituak izan zein ez, diziplina-ahala aginte operatiboko kate nazionalaren birez erabiliko da, lege organiko honetako II. tituluko III. kapituluan xedatutakoaren arabera.
Kasu horietan, Guardia Zibileko kideak Indar Armatuen diziplina-araubidearen pean egongo dira, egoera horren berri indibidualki ematen zaien uneaz geroztik.
Indar Armatuen diziplina-araubidearen mende dauden Guardia Zibileko langileek egindako egitateak, diziplinazko arau-haustea dakartenak, Guardia Zibilaren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, ikertu ditzan eta, behar balitz, zeha ditzan, eta, kasuan kasu, burututako jarduketak igorriko zaizkio; guztia ere, baldin eta arau-hauste horiek ez badira zehatu langile horiek aipatutako diziplina-araubide horren pean egoteari uztean.
Lehenengo xedapen iragankorra. Lege hau indarrean sartu aurretik egindako faltak.
1.Lege hau indarrean sartu aurretik egindako diziplina-faltak, zehatu gabe egonez gero, aurreko araudiaren arabera zehatuko dira; nolanahi ere, lege honetako xedapenak interesdunarentzat onuragarriagoak izanez gero, horiexek aplikatuko dira. Ondorio horietarako, falta oso astunen baliokidetzat joko dira Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 2ko 8/1998 Lege Organikoko 17. artikuluan aurreikusitako ezohiko diziplina-zehapenak ezartzeko arrazoiak.
Edozein erabaki hartu baino lehen, entzunaldia emango zaio interesdunari.
2.Aipatutako datan izapidetzen ari ziren prozedurek, amaitu arte, hasi ziren unean indarrean zeuden arauen pean jarraituko dute, eta ez zaie aplikatuko lege honetan iraungitzeari buruz xedatutakoa.
Bigarren xedapen iragankorra. Bete gabeko zehapenak berrikustea.
1.Defentsako ministroak eta diziplina-ahala duten gainerako agintariek eta nagusiek ofizioz berrikusiko dituzte, interesdunari entzunaldia emanik, eurek ezarri dituzten zehapenak, zehapen horiek Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 2ko 8/1998 Lege Organikoan xedatutakoa betez ezarri dituztenean, zehapen horiek artean bete ez badira, eta, lege hau aplikatuta, zehapen arinagoa ezartzea badagokie.
2.Kasu guztietan, lege hau indarrean sartzean falta arinagatiko atzipenaldia betetzen ari direnei eta hamalau egun baino gehiagoz bete dutenei edota, falta astunagatiko zehapenaren kasuan, atzipenaldian hogeita hamar egun baino gehiago igaro dutenei, berehala emango zaie betetzat zehapena.
Era berean, falta arinagatiko edo astunagatiko atzipenaldi-zehapena betetzen ari direnei, zehapen horren iraupena lege honetan aurreikusitakoa baino luzeagoa denean, bukatutzat emango zaie zehapena, hamalaugarren edo hogeita hamargarren egunera iristen diren unean, hurrenez hurren.
Hirugarren xedapen iragankorra. Indarrean den araudiaren aplikazio iragankorra.
Diziplina-establezimendu militarren barne-araubidea eta dokumentazio militarrean kalterako oharrak idazteko eta indargabetzeko prozedura onartu arte, lege hau indarrean sartzean indarrean dagoen araudia aplikatzen jarraituko da arlo horiei dagokienez, lege honetan xedatutakoaren aurkakoa ez den orotan.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzeak.
Indargabetuta geratzen dira Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko abenduaren 2ko 8/1998 Lege Organikoa eta lege honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa aldatzea.
Jurisdikzio Militarraren Eskumenari eta Antolaketari buruzko uztailaren 15eko 4/1987 Lege Organikoa honela aldatzen da:
Bat. 23. artikuluko 5. paragrafoak idazkera hau izango du:
«5. Defentsako ministroak edo Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoak ezarritako edo erreformatutako zehapenen aurka jar daitezkeen diziplina militarraren arloko errekurtso jurisdikzionalak.»
Bi. 35. artikuluari bigarren lerrokada eransten zaio, honela idatzita:
«Halaber, falta oso astunengatik diziplina militarreko zehapenak ezartzeko ahala ematen zaie eginkizun judizialak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideei, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera.»
Hiru. 122. artikuluko bigarren lerrokada aldatu egiten da, eta honela geratzen da idatzita:
«Falta astunengatiko eta oso astunengatiko prozeduretan, eginkizun judizial edo fiskalak betetzen dituen Kidego Juridiko Militarreko ofizial bat izendatuko da instrukzio-egile, kasuan kasu.»
Lau. 123. artikulua honela geratzen da idatzita:
«123. artikulua.
Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan araututako falta oso astunengatiko diziplina-zehapenak eginkizun judizialak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideei ezartzeko eskumena Auzitegi Militar Zentraleko Gobernu Aretoak izango du.
Eginkizun fiskalak betetzen dituztenean, prozeduran fiskal togadunari entzun beharko zaio.»
Azken xedapenetako bigarrena. Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa aldatzea.
Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoa honela geratzen da aldatuta:
Bat. 25. artikuluari 3.a bis paragrafoa eransten zaio, honela idatzita:
«3.a bis Eginkizun judizialak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideei falta oso astunengatik diziplina militarreko zehapenak jartzeko ahala erabiltzea, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera.»
Bi. 30. artikuluari bigarren lerrokada eransten zaio, honela idatzita:
«Gobernu Aretoak gora jotzeko eta berraztertzeko errekurtsoetan hartutako ebazpenen aurka, ebazpen horiek diziplina militarraren bidea amaitzen dutenean, diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Auzitegi Goreneko Arlo Militarraren Salaren aurrean, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan aurreikusitako moduan.»
Hiru. 32. artikuluari 7.a paragrafoa erantsi zaio, honela idatzita:
«7.a Eginkizun judizialak betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideei falta arinengatik eta astunengatik diziplina militarreko zehapenak jartzeko ahala erabiltzea, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera.»
Lau. 33. artikuluari 9.a bis paragrafoa eransten zaio, honela idatzita:
«9.a bis. Eginkizun judizialak beren lurraldean betetzen dituzten Kidego Juridiko Militarreko kideei falta arinengatik diziplina militarreko zehapenak jartzeko ahala erabiltzea, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera.»
Bost. 453. artikuluko bigarren lerrokada honela geratzen da idatzita:
«Liburu honetako II. eta IV. tituluen artean, biak barne, araututako diziplina militarrari buruzko auzi-prozedura arrunta aplikatuko zaio Indar Armatuen Diziplina
Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera ezarritako diziplina militarreko edozein zehapenetik eratorritako uzi orori, bai eta Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera ezarritako edozein diziplinazehapenetik eratorritako uzi orori ere.»
Sei. 465. artikuluak idazkera hau izango du:
«465. artikulua.
Diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa agintariek edo nagusiek emandako behin betiko egintzen aurka jarri ahal izango da, baldin eta egintza horiek administrazio-bidea amaitzen badute, eta agintari edo nagusi horiek diziplina-ahala badute, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera edo Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoaren arabera. Ondorio horietarako, administrazio-bidea amaitzen dute aipatutako lege organikoetan araututako gora jotzeko eta berraztertzeko errekurtsoak ebazten dituzten egintzek.
Izapidetze-egintzak ezingo dira errekurritu diziplina-prozedura bukarazten duen ebazpenetik bereiz; nolanahi ere, salbuespena izango da zehapen-prozedura abiarazteari buruzko erabakia, baldin eta, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoko 44. artikuluko lehenengo lerrokadan aurreikusitako kasuetan, lerrokada horretan adierazitako epetik kanpo hartu bada. Kasu horietan, diziplinazko auzi-errekurtsoa jarri dela frogatu ostean, zehapen-prozedura geldiarazi egingo da, errekurtso hura ebatzi arte, eta lege organiko horretako 51. artikuluak aurreikusitako neurriak etenda utziko dira, halakorik hartu bada.
Diziplina-ahala erabiliz emandako beste egintza batzuk ere errekurritu ahalko dira, aukera hori berariaz aurreikusten denean Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan edo Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan.»
Zazpi. 468. artikuluko b) idatz-zatia edukirik gabe gelditzen da. Zortzi. 513. artikuluko bigarren lerrokadak idazkera hau izango du:
«Diziplina-faltengatiko zehapenak etetea erabaki ahalko da:
a) Errekurritutako egintzaren aurkaratzea Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duten xedapenetan aurreikusitako erabateko deuseztasuneko zergatiren batean oinarritzen denean, eta Auzitegiak oinarri hori sumatzen duenean.
b) Errekurtsoa diziplina-bidean izapidetzen den bitartean, errekurritutako egintza etetea erabakitzean.
c) Errekurritutako zehapena destinoa galtzea denean, eta zehapen horren ondorioz zehatua ordura arte bizi zen herritik kanpo nahitaez lekualdatu behar denean.
d) Zehapena betearazteak konpontzen ezinezkoak edo zailak diren kalteak edo galerak ekarriko dituenean.»
Azken xedapenetako hirugarrena. Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea aldatzea.
Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legea honela aldatzen da:
Bat. 14. artikuluko 1. paragrafoko f) idatz-zatia honela geratzen da idatzita:
«f) Euren armadako langileei eragiten dieten falta oso astunagatiko diziplinaprozeduretan berariaz entzunak izatea, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.»
Bi. 71. artikuluko 2. paragrafoko d) eta e) idatz-zatiak eta 4. paragrafoa honela geratzen dira idatzita:
«d) Falta astunagatik, prestakuntzako ikastetxe militarrean bajako diziplinazehapena ezartzea, edota, falta oso astunagatik, zerbitzutik kentzeko edo konpromisoa azkentzeko zehapena ezartzea, bat etorriz Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan xedatutakoarekin.»
«e) Epai irmo bidez, dolozko delituagatiko kondena ezartzea, delitu mota eta ezarritako zigorra kontuan hartuta, aurrez administrazio-espedientea izapidetuz eta interesdunari entzunaldia emanda.»
«4. Diziplina-prozeduraren ebazpenak erabakitzen duenean 2.d) paragrafoan adierazitako zioagatik baja ematea, ebazpen horren aurka Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango dira; diziplina-bidea amaitzen duenaren aurka, berriz, diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, Prozedura Militarrari buruzko apirilaren 13ko 2/1989 Lege Organikoan aurreikusitako baldintzetan. 2. paragrafoko gainerako kasuetan, 141. artikuluan xedatutakoa beteko da.»
Hiru. 80. artikuluko 2. paragrafoa edukirik gabe geratzen da.
Lau. 86. artikuluko c) idatz-zatia honela geratzen da idatzita:
«c) Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoak aipatzen dituen falta astunengatiko eta oso astunengatiko zehapenak indargabetzeari buruzko ziurtagiriak.»
Bost. 111. artikulua honela geratzen da idatzita:
«111. artikulua. Eginkizun-etenaldiko egoera.
1.Kasu hauetan erabaki ahal izango da militar profesionala eginkizunetenaldiko egoerara igarotzea: prozedura penal batean prozesatzean, erruztatzean, edo inputatuaren aurka kautelazko neurriren bat hartzean, edota haren aurka falta oso astunagatiko diziplina-prozedura bat hastean.
2.Defentsako ministroak inplikatutako militarraren eginkizun-etenaldia erabaki ahalko du, eta berariaz adieraziko du etete horrek destinoa uztea dakarren; erabaki hori hartzeko, kontuan hartuko ditu egotzitako egitateen larritasuna, prebentziozko espetxealdirik dagoen, inputazioak Indar Armatuei dakarkien kaltea, edo gizartean eragindako alarma.
Falta oso astunagatiko diziplina-prozedura hasten den kasuetan, hura hasteko agindua eman zuen agintari zehatzaileak izango du eskumena espendientepekoa administrazio-egoera horretara igarotzea erabakitzeko; erabaki horretan ezingo da ezer xedatu espedientepekoak betetzen duen destinoa uzteari dagokionez.
Egoera horretan sei hilabete eman ahalko da gehienez, edota prebentziozko espetxealdiak irauten duen denbora, agintari judizialak prozeduraren uneren batean espetxealdi hori erabaki badu eta sei hilabetetik gorakoa bada.
3.Prebentziozko espetxealdia kentzearen ondorioz, espedientepekoak utzi egiten badio eginkizun-etenaldiko egoeran egoteari, Defentsako ministroak, ebazpen arrazoitu baten bidez, non egotzitako egitateak, gizarte-oihartzuna eta zerbitzuaren interesak balioesten dituen, epe jakin batean destinoa eskatzeko eta eskuratzeko debekua xedatu ahal izango du; epe horrek ez du gaindituko epai irmoa edo largespen-auto irmoa emateko unea.
4.Eginkizun-etenaldiko egoeran emandako denbora ez da zenbatuko zerbitzudenbora gisa, ez hirurtekoen eraginetarako, ez dagozkion gizarte segurantzaren araubideko eskubideen eraginetarako. Egoera horretan dagoen militarra dagokion eskalafoian duen postuan geldituko da.
5.Prozedura largetsiz gero, absoluzio-epaia emanez gero, edo diziplinaprozedura erantzukizunik egotzi gabe amaituz gero, militarra bere destinora itzuliko da, bere iritzian komeni bazaio, dagokion eskalafoian bere egoera berreskuratuko du, eta legokiokeen igoera izango du. Egoera horretan emandako denbora ondorio guztietarako zenbatuko zaio.
Eginkizun-etenaldiko egoeran emandako denbora luzeagoa denean epai irmo bidez ezarritako kondenaren edo diziplina-zehapenaren iraupena baino, aldea ondorio guztietarako zenbatuko zaio.
6.Plantillen ondorioetarako, eginkizun-etenaldiko egoeran dauden militar profesionalak zerbitzu aktiboan daudenak bezala zenbatuko dira.
7.Aurreko kasu guztietan, dagokion ebazpena hartu aurretik, alegazio-izapidea emango zaio interesdunari.»
Sei. 112. artikulua honela geratzen da idatzita:
«112. artikulua. Enplegu-etenaldiko egoera.
1.Militar profesionalak honako arrazoi hauetako batengatik igaroko dira enplegu-etenaldiko egoerara:
a) Epai irmo bidez, Zigor Kode Militarreko edo Zigor Kodeko espetxe-zigorraren kondena jasotzeagatik, askatasunik gabe dagoen bitartean eta Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari kalterik egin gabe, edota enpleguaren edo kargu publikoaren etenaldi-zehapen nagusi edo osagarria jasotzeagatik, interesdunari entzunaldia eman ondoren.
b) Falta oso astun baten ondorioz, enplegu-etenaldiko diziplina-zehapena jasotzeagatik.
2.Defentsako ministroak militar profesionalak enplegu-etenaldiko egoerara igarotzea ere erabaki ahalko du, profesioa, lanbidea edo beste edozein eskubide gauzatzeko desgaikuntza bereziko zigorra ezartzen duen epaia ikusita, desgaikuntza horrek haren eginkizunak betetzea galarazten edo kaltetzen duenean.
3.Militarra 1.a) eta 2. paragrafoetan definitutako zergatiren batengatik igarotzen bada enplegu-etenaldiko egoerara, militar horrek utzi egin beharko du destino militarra, eta aldaketa horrek eginkizun-etenaldiko egoerarako xedatutako ondorio berberak eragingo ditu. Prozedura beragatik azken egoera horretan kautelaz emandako denbora kontuan hartuko da ezarritako zehapena betez enpleguetenaldiko egoeran eman beharreko denborari dagokionez.
4.Enplegu-etenaldia eragin duen zergatia 1.b) paragrafoan definitutakoa denean, etenaldi horrek aurreko ondorio berberak eragingo ditu, eta eraginpekoak destinoa utzi beharko du soilik jaso duen zehapenaren iraunaldia sei hiletik gorakoa denean.
5.Militar profesionala 1.b) paragrafoan definitutako zergatiagatik igaro denean enplegu-etenaldiko egoerara, eta, gerora, bete duen diziplina-zehapena administrazioedo jurisdikzio-bidean behin betiko errebokatzen bada, militarra bere destinora itzularaziko da, bere ustez komeni zaionean, bere egoera berreskuratuko du dagokion eskalafoian, eta legokiokeen igoera izango du; berebat, etenaldi-egoera horretan emandako denbora ondorio guztietarako zenbatuko zaio.»
Zazpi. 115. artikuluaren amaierari lerrokada berri bat eransten zaio; honako hau dio:
«Erdietsitako enplegu militarrarekin identifikatzen jarraitu ahalko dute; betiere,
“erretiratuaˮ hitza erantsita.»
Zortzi. 118. artikulua honela geratzen da idatzita:
«118. artikulua. Aldi baterako zerbitzu profesionaletako harremana duten militarren konpromisoak amaitzea eta azkentzea.
1.Militar osagarrien eta tropako militarren zein marinelen konpromisoak iraungitze-datan amaituko dira, eta Tropako Militarren eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legeko 10.2 artikuluan konpromiso luzeetarako ezarritako arrazoiengatik azkenduko dira; betiere, interesdunak gutxienez hiru urte bete baditu hasierako konpromisoaren eta, kasuan kasu, berritzeko konpromisoaren artean. Horrelakoetan, interesdunak utzi egingo dio militar izateari.
2.Konpromisoaren lehen hiru urteetan, honako zergati hauetako batengatik azkenduko da hura:
a) Ezohiko inguruabarrak direla eta, interesdunak berariaz hala eskatzeagatik, erregelamendu bidez xedatutako baldintzetan.
b) Karrerako militar edo militar osagarri bihurtzeagatik.
c) Guardia Zibilaren edo Poliziaren Kidego Nazionalaren prestakuntzaikastetxe batean sartzeagatik.
d) Funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeagatik edota herriadministrazioetako eta horien mendeko organismo publikoetako lan-kontratudun langile finko bihurtzeagatik. Ondorio horietarako, eragin berbera izango dute praktikaldiko funtzionario izendatua izateak eta lan-kontratudun langileen hautaketaprozesuetan frogaldiak egiteko hautatua izateak.
e) Espainiako nazionalitatea galtzeagatik.
f) Gaitasun profesional nahikorik ez izateagatik.
g) Gaitasun psikofisiko nahikorik ez izateagatik.
h) Konpromisoa azkentzeko diziplina-zehapena jasotzeagatik, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoa aplikatuz.
i) Interesdunak prestakuntzako ikastetxe militarrean sartzeko deialdian parte hartu ahal izateko baldintzak betetzen zituela aitortu zuen arren, halako baldintzak ez betetzeagatik.
3.Halaber, militar osagarrien konpromisoa azkendu egingo da, bai eta zerbitzuan sei urte baino gutxiago daramaten tropako militarren eta marinelena ere, karrerako militar bat, 109.1 artikuluaren arabera, zerbitzu berezietako egoerara igarotzeko inguruabar bat ematen denean, edota, 110.2 artikuluan araututakoaren arabera, sektore publikoan zerbitzuak emateagatiko eszedentzia-egoerara igarotzeko inguruabarren bat ematen denean. Azken kasu horretan, azkendu egingo da iraupen luzeko konpromisoa duten tropako militarren eta marinelen konpromisoa ere.
4.Dolozko delituagatiko kondena ezartzeagatik ere, eta delitu mota zein ezarritako zigorra kontuan hartuta, azkendu egin ahalko da militar osagarrien eta tropako militarren zein marinelen konpromisoa, lehen hiru urteetan; aurrez, administrazio-espedientea izapidetu beharko da, eta interesdunari entzunaldia eman beharko zaio.
5.Aldi baterako zerbitzu-harremana duten militar osagarriak eta tropako militarrak zein marinelak langabeziako lege-egoeran egongo dira dagokien babesari dagokionez, sinatuta duten konpromisoa amaitzean edo konpromiso hori haien borondateaz kanpoko arrazoiengatik azkentzean.
6.Defentsa Ministerioak erakunde publikoekin eta entitate pribatuekin kudeatu eta adostuko ditu militar osagarriak, tropako militarrak eta marinelak laneratzera zuzendutako ekintzak.»
Azken xedapenetako laugarrena. Tropako Militarren eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legea aldatzea.
Tropako Militarren eta Marinelen apirilaren 24ko 8/2006 Legeko 10. artikuluko 2. paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«2. Konpromiso hori arrazoi hauetakoren batengatik azkenduko da:
a) Interesdunak berariaz eskatzeagatik, hiru hilabete lehenago jakinarazita.
b) Karrerako militar edo militar osagarri bihurtzeagatik.
c) Guardia Zibilaren edo Polizia Nazionalaren Kidegoaren prestakuntza-zentro batean sartzeagatik.
d) Funtzionarioen kidego eta eskaletan sartzeagatik edota herriadministrazioetako eta horien mendeko organismo publikoetako lan-kontratudun langile finko bihurtzeagatik. Ondorio horietarako, eragin berbera izango dute praktikaldiko funtzionario izendatua izateak eta lan-kontratudun langileen hautaketaprozesuetan frogaldiak egiteko hautatua izateak.
e) Finko bihurtzeagatik.
f) Espainiako nazionalitatea galtzeagatik.
g) Gaitasun profesional nahikorik ez izateagatik.
h) Gaitasun psikofisiko nahikorik ez izateagatik.
i) Konpromisoa azkentzeko diziplina-zehapena jasotzeagatik, Indar Armatuen Diziplina Araubideari buruzko Lege Organikoa aplikatuz.
Dolozko delituagatiko kondena ezartzeagatik ere, eta delitu mota zein ezarritako zigorra kontuan hartuta, azkendu egin ahalko da konpromisoa; aurrez, administrazioespedientea izapidetu beharko da, eta interesdunari entzunaldia eman beharko zaio.»
Azken xedapenetako bosgarrena. Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoa aldatzea.
Guardia Zibilaren Diziplina Araubideari buruzko urriaren 22ko 12/2007 Lege Organikoa honela aldatzen da:
Bat. 7. artikuluari 3 bis paragrafoa gehitzen zaio. Hona hemen testua:
«3 bis. Bilera edo manifestazio politiko edo sindikalak antolatzea edo haietan aktiboki parte hartzea, eta, armak eramanik, arauzko uniformea jantzita edo guardia zibil izaeraz baliatuz, toki publikoetan egindako izaera politiko, sindikal edo aldarrikatzaileko manifestazioak edo bilerak antolatzea, haietan parte hartzea edo haietara joatea.»
Bi. 8. artikuluari 21 bis paragrafoa eransten zaio, eta honela geratzen da idatzita:
«21 bis. Jendaurrean, neutraltasun politiko edo sindikalerako betebeharra urratzen duten adierazpenak egitea edo iritziak adieraztea, alderdi politikoen edo sindikatuen edo haien hautagaien aldeko edo kontrako adierazpenak edo propaganda eginik.»
Hiru. 50. artikuluko 2. paragrafoa eta 3. paragrafoko bigarren lerrokada honela geratzen dira idatzita:
«2. Hasiera emateko erabakian, instrukzio-egilea izendatu beharko da, kasuan kasu, eta berariaz adierazi beharko dira interesdunak dauzkan eskubideak, prozedura izapidetzen duena errekusatzeko eskubidea barne; halaber, interesdunari ohartarazi beharko zaio aurkakotasunik adierazten ez badu edo froga egitea proposatzen ez badu, espedientea izapide gehiagorik gabe ebatzi ahalko dela.»
«3. (…)
Prozedurari hasiera emateko erabakia lege honetako 28, 29 eta 30.1 artikuluetan aipatutako Guardia Zibileko agintari edo nagusiren batek hartu duenean, ebazpen horretan bertan mendeko bati agindu ahalko dio prozedura izapidetzea; betiere, mendeko horren enplegua interesdunak duenaren gainetik badago.»
Azken xedapenetako seigarrena. Bilera-eskubidea Arautzen duen uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoa aldatzea.
Bilera-eskubidea Arautzen duen uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoko 5. artikuluari d) idatz-zatia eransten zaio, honela idatzita:
«d) Indar Armatuetako edo Guardia Zibileko kideek antolatuak direnean, Indar Armatuetako Kideen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoko 13. artikuluan edo Guardia Zibileko Kideen Eskubide eta Betebeharrak Arautzeko urriaren 22ko 11/2007 Lege Organikoko 8. artikuluan ezarritako mugak urratuz.»
Azken xedapenetako zazpigarrena. Diziplina-estatistika.
Defentsa Ministerioak, urtearen lehen seihilekoan, aurreko ekitaldiko memoria igorriko dio Bizitza Militarraren Behatokiari. Memoria horretan, lege organiko honen aplikazioaren estatistikak jasoko dira, diziplina-prozedura eta ezarritako zehapen kopuruari dagokionez, eta egindako arau-hausteak zehaztuko dira, falta arinen, astunen eta oso astunen paragrafoak aintzat hartuta.
Azken xedapenetako zortzigarrena. Gaikuntza-titulua.
Lege hau Konstituzioko 149.1.4 artikuluan xedatutakoaren babesean eman da.
Azken xedapenetako bederatzigarrena. Lege arruntaren izaera.
Azken xedapenetako hirugarrenak eta laugarrenak lege arruntaren izaera dute.
Azken xedapenetako hamargarrena. Indarrean sartzea.
Lege organiko hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hiru hilabetera sartuko da indarrean.
Horrenbestez,
Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikularrei zein agintariei.
Madrilen, 2014ko abenduaren 4an.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|