Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

7/2018 Legea, uztailaren 20koa, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatzen duena.

2018-07-20

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/07/21 176zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10240   7/2018 Legea, uztailaren 20koa, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen

abenduaren 13ko 42/2007 Legea aldatzen duena.

FELIPE Vl.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala.

HITZAURREA

Espezie exotiko inbaditzaileen aurka egiteko politikak hobeto aplikatze aldera, Espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako Katalogoa arautzen duen abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretua onartu zuen gobernuak, izen bereko azaroaren 14ko 2001ko Errege Dekretua konpontzera zetorrena; izan ere, azken hori aplikatzeko arazo handiak izan ziren, zenbait autonomia-erkidegok eta eragindako sektore batzuek errekurtsoak jarri baitzituzten haren aurka. Errekurtsook, halaber, Auzitegi Gorenaren bi autoren xedea izan ziren eta Ministro Kontseiluak erabaki bat promulgatu zuen, zeinaren bidez errege-dekretu horren zenbait artikulu, xedapen eta II. eranskina baliogabetzeaz gain, hura aldatzeko prozedurari ekitea erabakitzen baitzen.

Aldaketa horrek bere helburua bete zuen: segurtasun juridikoa eman zitzaien espezie exotiko inbaditzailearekin zerikusia duten kirol-ehiza eta -arrantza bezalako jarduerei eta aurreko arauaren aplikazioak ekarritako arazoak konpondu ziren.

Horren ondoren, gobernuz kanpoko zenbait erakundek jarritako errekurtsoaren ondorioz, Auzitegi Gorenak 637/2016 zenbakidun epaia eman zuen, martxoaren 16koa, zeinaren bidez katalogatutako espezien zerrenda aldatzeaz gain, 630/2013 Errege Dekretuaren zenbait xedapen baliogabetzen baitziren.

Auzitegi Gorenaren epaiak kezka handia piztu du bere ondorio ekonomiko eta sozialak direla-eta; izan ere, haren ondorioz debekatuta geratzen da ehiza- edo arrantza-aprobetxamendurako erabiltzen diren zenbait espezie edukitzea, garraiatzea, salerostea eta haiekin trafikatzea, eta, horrez gain, ezinezko bihurtu zuen katalogatutako espezien kirol-ehizan eta -arrantzan aritzea, salbuespen batekin: espeziok kontrolatzeko eta desagerrarazteko kanpainen barruan. Horrek eragin ekonomiko negatiboa izan du landa-eremuko zenbait udalerrietarako, zeinetan kirol-, turismo- eta aisia-jarduera horiek egiten baitira. Era berean, zaildu edo galarazi zituen merkataritza-jarduera batzuk, eta zalantzak sortu zituen elikadurarako katalogatutako espezieak erabiltzen dituzten zenbait industria-ustiapenen araubideri buruz (espezie horien artean daude, besteak beste, ortzadar-amuarraina edo karramarro gorria).

Gaia bereziki sentikorra da autonomia-erkidegoentzat, bai eta espezie horien kudeaketaren zein ehiza- eta arrantza-jarduera arautzearen gaineko zuzeneko ardura duten administrazioentzat ere.

Horrenbestez, bateragarri egin behar dira ingurumenaren babesa Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera eta ehiza- eta arrantza-sektoreen jarduera eta enplegua, betiere kontuan hartuta espezie exotiko inbaditzaileak sartzea eta hedatzea prebenitzeari eta kudeatzeari buruz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 22ko 1143/2014 Erregelamenduan ezarritakoa. Espainiak aktiboki parte hartu zuen haren onarpenean, eta onura sozialak eta ekonomikoak dakartzaten espezieak baloratu behar izan zituen bete beharreko jardueretan.

Helburua da, halaber, esparru bat sortzea autonomia-erkidegoek gai honen gainean dituzten kudeaketa-eskumenak gauzatu eta sektoreei segurtasun juridikoa eman ahal izateko.

Natura Ondarearen eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen aldaketa honen helburua da bateragarri egitea espezie exotiko inbaditzaileen aurkako ezinbesteko borroka eta haien ustiapena ehizarako eta arrantzarako eremu jakin batzuetan, zeinetan aspaldi izaten baitira espezie horiek, ingurumenean arazorik sortu gabe.

Aldaketak baliabide zoogenetikoen definizioa gehitzen du; izan ere, kontzeptu hori 42/2007 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eta 630/2013 Errege Dekretuan aipatzen bazen ere, ez zen sartu definizioak arautzen dituen Legearen 3. artikuluan, eta, horrenbestez, nolabaiteko ziurtasun-gabezi juridikoa sortu zen.

Legearen aldaketan jarraituko da ulertzen, batetik, espezie exotiko inbaditzaileak katalogatu behar direla haiei buruzko nahikoa informazio zientifikoa badago, eta, bestetik, ehizaren eta arrantzaren modalitate guztiak erabili ahalko direla 2007a aurretik okupatutako inguruetan, espezieok kontrolatzeko edo desagerrarazteko (urte hartan gai honi buruzko lehenengo araua promulgatu zen). Aitzitik, eremu horietatik kanpo debekatuta dago kirol-ehiza edo -arrantzako aprobetxamendua, modu horretan, ez dadila jarrai legez kanpo aleak askatzen orain arte egin den bezala.

Akuikultura ere arautzen du legearen aldaketak, akuikulturan espezie exotikoak eta tokian bertan ez dauden espezieak erabiltzeari buruzko Kontseiluaren 2007ko ekainaren 11ko 708/2007 Erregelamenduaren arabera. Bestalde, eta amuarrain autoktonoa duten tarteetan arrantzaren presioa gutxitze aldera, tarte jakin batzuetan ortzadar-amuarrainak askatzeko baimena eman ahalko da, eta erabat bermatuko da haien populazioak ezin izango direla berton egonkortu; izan ere, ugaltzeko inolako gaitasunik ez duten aleak baino ezin izango baitira askatu.

Azkenik, salbuespenezko mekanismo bat gaitzen da Natura-Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatu Batzordeak adostu ahal izateko espezie bat katalogatzeko prozedura etetea edo lehendik katalogatutako espezie bat katalogotik kanpo uztea sustatzea, salbuespenez eta araudi espezifikoa duten kasuetan, baldin eta lehenengo mailako interes publikoa badago.

Artikulu bakarra. Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen aldaketa.

Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea honela geratzen da aldatuta:

Bat. Aldatu egiten da 2. artikuluaren b) apartatua, eta apartatu berri bat eransten zaio, l) apartatua; honela geratzen da idatzita:

«b) Biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea eta leheneratzea, habita naturalen eta basafauna eta basafloraren kontserbazioaren bidez. Helburu horretarako hartzen diren neurriek kontuan hartuko dituzte baldintza ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, baita eskualdeetako eta tokian tokiko berezitasunak ere.»

«l) Naturan aske bizi diren hegazti-espezie guztien populazioak iraunaraztea eta egokitzea, eskakizun ekologiko, zientifiko eta kulturaren araberako maila egoki batean, baina eskakizun ekonomiko eta aisialdikoak ere kontuan hartuta.»

Bi. 3. artikuluari lau apartatu gehitzen zaizkio. Hona hemen:

«22 bis. Sartzea: Gizakiak nahita edo istripuz egindakoaren ondorioz espezie bat mugitzea bere banaketa-eremu naturaletik kanpo. Mugimendu hori herrialde baten barruan egin daiteke, edo herrialde batzuetatik beste batzuetara, edo jurisdikzio nazionaletik kanpoko eremuetan.

«29 bis. Nekazaritzarako eta elikadurarako baliabide zoogenetikoak: Jakiak produzitzeko, nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo elikadurarako erabiltzen diren edo erabil daitezkeen animalien espezieak, halakotzat jotzen dituenak Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, agindu bidez, edo nazioarteko hitzarmen edo erakunde ofizialen bidez izaera hori aitortua dutenak.

29 ter artikulua. Espezie naturalizatua: Espezie exotikoa, ekosisteman iraunkortasunez ezarria, legez sartua lege hau indarrean egoten hasi aurretik, betiere ez badago arrastorik ez ebidentziarik ondorio nabarmenik eragiten duenik bizitoki duen ingurune naturalean, eta gainera interes sozial eta ekonomiko berezia duena.

42. Askatzea: Aleak ingurune naturalean askatzea.»

Hiru. 54. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta beste apartatu bat eransten zaio, 5. bis; honela geratzen da idatzita:

  • 2. Estatuko Administrazio Orokorrak espezie edo subespezie aloktonoak lurralde nazionalera inportatzea edo sartzea debekatuko du, betiere espezie horiek basaespezie autoktonoekin lehian egon badaitezke, edo autoktonoen purutasun genetikoa edo oreka ekologikoak asalda baditzakete.»

«5 bis. Debekatuta dago ingurune naturalean baimenik gabe askatzea espezie aloktonoen eta autoktonoen aleak eta etxeko animaliak.»

Lau. 60.1. artikuluaren 2. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

  • 1. Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak proposatuta eta Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda, autonomia-erkidego batean baino gehiagotan dauden espezie mehatxatuak kontserbatzeko estrategiak onartuko ditu Ingurumenaren Konferentzia Sektorialak, edo autonomia-erkidego batean baino gehiagotan dauden ekosistemen funtzionamendurako funtsezkoak diren espezieenak; halaber, biodibertsitaterako mehatxu nagusiei aurre egiteko estrategiak ere onartuko ditu. Lehentasuna emango die Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan bildutako espezie gehien eraginpean hartzen dituzten estrategiei. Estrategia horiek edo, gutxienez, onartu izanaren aipamena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta eduki guztia argitaratu duen egoitza elektronikora jotzeko bidearen berri emango da.

Estrategia horiek berreskuratzeko eta kontserbatzeko planen orientazio-esparrua eratuko dute, eta, gutxienez, espezieen egoeraren eta espezien aurkako mehatxu nagusien diagnostikoa eta espezieok berreskuratzeko egin beharreko ekintzak jasoko dituzte.

Bost. 64. artikulua honela geratzen da idatzita:

«64 artikulua. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa.

  • 1.  Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoa sortzen da. Katalogoaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko da, eta espezie eta subespezie exotiko inbaditzaileak sartuko dira bertan, hori egitea gomendatzen duen informazio teknikoa edo zientifikoa dagoenean, baldin eta mehatxu larria badira espezie autoktonoentzat, habitat edo ekosistementzat, agronomiarentzat edo natura-ondarearen erabilerarekin lotutako baliabide ekonomikoentzat.

Katalogoa Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren mende egongo da, eta Estaturako katalogo administratiboa izango da.

  • 2.  Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak sartuko ditu espezieak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan, edo katalogo horretatik kanpo utziko ditu, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak proposatuta, eta autonomia-erkidegoen edo ministerioaren beraren aldez aurreko ekimenez, betiere baldin eta hori egitea gomendatzen duen informazio teknikoa edo zientifikoa baldin badago.

Edozein herritarrek edo erakundek ere eska dezake espezie edo subespezie bat katalogoan sartzeko edo katalogotik kanpo uzteko prozedurari ekitea, eskaerarekin batera proposatutako neurriaren arrazoibide zientifikoa aurkeztuz gero.

  • 3.  Berariaz araututa dauden kasuetan, batez ere mendiei, ehizari, nekazaritzari, osasunari eta osasun publikoari, arrantza kontinentalari eta itsasoko arrantzari buruzko legedian, salbuespenez, eta lehen mailako interes publikoko premiazko arrazoiak direla-medio (arlo sozialeko eta ekonomikokoak barne), Natura Ondare eta Biodibertsitaterako Estatuko Batzordeak erabaki ahalko du, ofizioz, autonomia-erkidegoek edo alde interesdunak eskatuta, eta erabaki arrazoitu eta publiko baten bidez, espezie baten katalogatze-prozedura etetea edo lehendik katalogatutako espezie bat katalogotik kanpo uztea. Espezie naturalizatutzat joz eten ahalko da katalogatze-prozedura edo dena delako espeziea katalogotik kanpo utzi.

  • 4.  Autonomia-erkidegoek proposatuta, eta zilegizko interesa duten kolektiboei eta erakundeei aurretik entzunaldia eman ondoren, Natura Ondare eta Biodibertsitaterako Estatuko Batzordeak espezie naturalizatuen zerrenda onartuko du, bai eta haien eremu zehatzak ere, Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan sartutako espezie baten katalogatze-prozesua eteteko edo katalogotik kanpo uzteko. Hori egiteko arrazoi sozialak edo ekonomikoak daudela behar bezala justifikatu beharko du. Orobat, modu frogagarrian demostratu beharko du espezie horiek bazeudela aukeratutako eremuetan lege hau indarrean hasi baino lehen.

  • 5.  Espezieak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sartzearekin batera, debekatuta geratzen da oro har bizirik dauden aleak eta biziraun edo ugaldu daitezkeen haien arrastoak edo propaguloak edukitzea, garraiatzea, salerostea eta haiekin trafikatzea; kanpoko merkataritza ere sartzen da debeku horren barruan. Debeku hori ondoriorik gabe gera daiteke, agintari eskudunak aurretik baimen administratiboa emanez gero, horrela egitea beharrezkoa denean ikerketa-arrazoiak direla-medio, edo pertsonen osasuna edo segurtasuna direla-eta, edo espezieak kontrolatzeko edo desagerrarazteko helburuz, horretarako onartzen diren estrategien, planen edo kanpainen barruan, eta kontuan hartua eragiten duten jardueraren kontu sozialen eta /edo ekonomikoen garrantzia.

Salbuespenez, eta behar bezala justifikatuta, lehen mailako interes publikoko bestelako arrazoiak direla-eta -interes sozialak edo ekonomikoak barne-, Natura Ondare eta Biodibertsitaterako Estatuko Batzordeak ondoriorik gabe utzi ahalko ditu, akordio bidez, aurreko paragrafoan adierazitako debeku batzuk espezie katalogaturen jakin baterako. Biodibertsitate autoktonoan ondorio negatiborik ez direla sortuko ziurtatzeko behar diren bermeak sartuko dira erabakian.

Espezieak kontrolatzeko edo desagerrarazteko estrategiek, planek eta kanpainek ekintzak eta adierazleak izan beharko dituzte, bai eta haien eraginkortasuna ebaluatzeko segimendu-programa bat ere.

  • 6.  Administrazio eskudunek inbaditzaileak izan daitezkeen espezie exotikoen segimendua egingo dute, batez ere beste herrialde edo eskualde batzuetan halakoxeak direla erakutsi dutenena. Horrela, beharrezkoa balitz, espezie horiek Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan sartzea proposatuko dute.

  • 7.  Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoko espezieak kudeatzeko, kontrolatzeko eta agian desagerrarazteko jarraibideak bilduko dituzten estrategiak prestatuko dituzte Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta autonomia-erkidegoek, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordearen esparruan; lehentasuna emango zaie fauna, flora edo habitat autoktono mehatxatuak kontserbatzeko arrisku handiena dakarten espezieei, bereziki erreparatuz uharteetako biodibertsitateari. Ingurumenaren Konferentzia Sektorialak onartuko ditu estrategia orientagarri horiek, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak proposatuta eta Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Kontseiluak aldez aurretik txostena eginda. Estrategia horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, edo gutxienez onartu izanaren aipamena, eta eduki guztia argitaratu duen egoitza elektronikora jotzeko bidearen berri emango da.

  • 8.  Autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere lurralde-eremuan, espezie exotiko inbaditzaileen katalogoak sortu ahal izango dituzte, eta espezie horiek desagerrarazteko beharrezkotzat jotzen diren debekuak eta jardun osagarriak erabakiko dituzte. Autonomia-erkidegoek sartu ahalko dituzte beren katalogoetan espezie naturalizatuen zerrendan agertzen diren espezieak, bai eta artikulu honen bosgarren aparatuko bigarren paragrafoan ezarritakoak eragiten dienak ere.

  • 9.  Itsasoko espezie exotiko inbaditzaileen kasuan, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak onartuko ditu estrategiak.»

Sei. 64 ter artikulua gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«64 ter artikulua. Espezie exotiko inbaditzailetzat jotako espezie katalogatuak, lege hau indarrean sartu aurretik ingurune naturalean sartuak eta ehizarako edo arrantza-aprobetxamendurako erabiltzen direnak. Ortzadar-amuarrainaren espeziearen aleak askatzea.

  • 1.  Lege hau indarrean jarri aurretik inguru naturalean sartu diren ehiza- edo arrantza-aprobetxamendurako katalogatutako espezieak ez daitezen hedatu data horren aurretiko banaketa-eremuen mugetatik kanpo, espezie horiek kudeatu, kontrolatu edo, hala balegokio, desagerrarazi ahalko dira eremu horietan modalitate guztietako arrantzaren eta ehizaren bidez. Modalitate horien barruan kirol-ehiza eta -arrantzako federazio espainolek araututakoak sartuko dira, baldin eta helburu hori jasotzen bada ehizari eta arrantzari buruzko arauetan.

  • 2.  Autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek erabili ahalko dituzte ehizaren eta arrantzaren arloko planifikazio- eta kudeaketa-tresnak, beren lurraldeetan aurreko apartatuaren edukiak zer espezierengan eragiten duten ezartzeko. Ehizan eta arrantzan aritzeko aukera egongo da, baldin eta aurretik onartzen bada, ehizaren eta arrantzaren arloa planifikatzeko eta kudeatzeko aurreneko tresnak onartu baino lehen, lege hau indarrean sartu aurretik espezie horiek okupatzen zuten esparruaren mugaketa kartografikoa, zeina aurretik autonomia-erkidegoko administrazio eskudunak egin eta «aldizkari ofizialean» argitaratuko baitu. Mugaketa hori autonomia-erkidego bakoitzean dagoen informazioan oinarritu beharko da, edo, bestela, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Espainiako Inbentarioan agertzen den informazioan, zeina ofizialki eman beharko baitute autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek, Natura Ondare eta Biodibertsitaterako Espainiako Inbentarioa garatzeko apirilaren 20ko 556/2011 Errege Dekretuaren 12. artikuluaren 12. apartatua aplikatze aldera.

  • 3.  Baldin eta ehiza- edo arrantza-aprobetxamendurako katalogatutako espezien aleak antzematen badira 2. apartatuan jasotako banaketa-esparrutik kanpo, ezin izango da baimendu eremu horietan haien ehiza edo arrantza. Halakorik gertatuz gero, administrazio eskudunek ekin beharko diote, ahal duten neurrian, espezie horiek kontrolatzeari eta desagerrarazteari, eta horretarako egokiak diren metodologiak erabili beharko dituzte.

  • 4.  Amuarrain arruntaren (salmo trutta) populazioaren arrantza-presioa gutxitze aldera, autonomia-erkidegoek ortzadar-amuarrainak (Oncorhynchus mykiss) askatzeko baimena eman ahalko dute, aurretik baimen administratiboa egonik, lege hau indarrean hasi aurretik aleak askatzeak baimendu diren ur-masetan bakarrik. Autonomia-erkidegoek eta -hiriek argitaratu beharko dute ur horien zerrenda. Askatzen diren ortzadar-amuarrainaren espeziearen aleek honelakoxeak izan behar dute: gatibu hazitakoak, sexu bakarreko haztegietatik ekarriak eta antzutasun-tratamendua jasotakoak.

Zazpi. 64 bis artikulua gehitzen da; honela geratzen da idatzita:

«64 quater artikulua. Espezie exotikoak eta tokian bertan ez dauden espezieak akuikulturan erabiltzea.

Espezie exotikoak eta tokian bertan ez dauden espezieak akuikulturan erabiltzeari buruzko 2007ko ekainaren 11ko 708/2007 Erregelamenduaren arabera erabiliko dira akuikulturan espezie exotikoak, espezie exotiko inbaditzailetzat jotakoak barne.»

Zortzi. 65.3 e) apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Ehiza eta arrantzari dagokionez, debekatuta geratzen da espezie aloktonoak baimenik gabe askatzea eta sartzea. Istripuz edo legez kanpo haien aleak sartzen edo askatzen badira, ezin izango da baimendu, inola ere, haien ehiza- edo arrantza-aprobetxamendua, eta haiek kontrolatzeko eta desagerrarazteko neurri egokiak sustatuko dira.»

Bederatzi. 80.1 bis apartatua gehitzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«g bis). Espezie aloktonoak baimenik gabe inportatzea eta espezie autoktonoak edo aloktonoak edo etxeko animaliak ingurune naturalean baimenik gabe askatzea edo sartzea.»

Hamar. Aldatu egiten da 80.2. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«2. Aurreko paragrafoan jasotako arau-hausteak honela kalifikatuko dira:

  • a)  Oso astuntzat joko dira a), b), c), d), e), f), g), g bis) eta t) apartatuetan jasota daudenak, baldin eta kalteak 100.000 eurotik gorakoak badira; eta b), k) n), t), u) eta v) apartatuetan jasotakoak, lortutako etekinak 100.000 eurotik gorakoak badira; baita gainerako apartatuetan jasotakoak ere, baldin eta kalteak 200.000 eurotik gorakoak badira; eta berrerortzea, baldin eta arau-hauste astun bat egiten bada, aurretik egin eta zehatu zen beste arau-hauste baten mota berekoa, zehapen hura jakinarazi ondorengo bi urteetan, eta betiere baldin eta zehatzeko ebazpena irmoa bada administrazio-bidean.

  • b)  Astuntzat joko dira a), b), c), d), e), f), g), g bis), h), i), j), k), l), m), n), o), t), u), v) eta w) apartatuetan jasota daudenak, oso astuntzat jotzen ez badira; p), q), r), s) eta x) apartatuetan jasotakoak, kalteen balioa 100.000 eurotik gorakoa bada; eta berrerortzea, baldin eta arau-hauste arin bat egiten bada, aurretik egin eta zehatu zen beste arau-hauste baten mota berekoa, zehapen hura jakinarazi ondoko bi urteetan, eta betiere baldin eta zehatzeko ebazpena irmoa bada administrazio-bidean.

  • c)  Arintzat joko dira g bis), p), q), r), s) eta x) apartatuetan jasota daudenak, ez bada kalterik eragin edo kalteok 100.000 eurotik beherakoak badira.»

Hamaika. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 2007ko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedapen iragankorra kentzen da.

Lehenengo xedapen iragankorra.

Lege hau indarrean jartzen denetik bost urteko epean onartu eta argitaratu beharko dira Espainiako Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoko espezieak kontrolatzeko edo desagerrarazteko jarraibideak jasotzen dituzten estrategiak, eta, horretarako, gobernuak dagozkion baliabideak gaituko ditu haiek kofinantzatzeko Natura Babeserako eta Biodibertsitaterako Funtsean.

Bigarren xedapen iragankorra. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean jarri aurretik sartutako espezieak, exotiko inbaditzailetzat joak.

Harik eta abenduaren 13ko 42/2007 Legea indarrean hasi aurretik sartutako eta exotiko inbaditzailetzat jotako espezieak planifikatzeko eta kudeatzeko arau-tresnak eta haiek okupatzen duten eremuaren mugaketa kartografikoa onartu arte (2. apartatuaren 64 ter artikuluak aipatzen duena), garrantzi soziala eta/edo ekonomikoa duten espezien ehiza eta arrantza baimendu dezakete autonomia-erkidegoek, eremu mugatuetan eta modalitate desberdinetan; horretarako, eta natura-gunea eta ekosistema babeste aldera jarduera horiek garatzen diren eremuetan, behar diren neurriak hartu beharko dituzte.

Azken xedapena. Indarrean jartzea.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean».

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2018ko uztailaren 20an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra