Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

7/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-funtsa sortzen duena

2012-03-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/3/10, 60. zk

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

3395

7/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 9koa, hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-funtsa sortzen duena.

Azken urteetan, lurralde administrazioek beren ondasun eta zerbitzuen hornitzaileei ez ordaintzearen arazoa larritu egin da pixkanaka, eta eragin bereziki handia ari da izaten enpresa txiki eta ertainetan. Egoera honek tokiko erakundeei zein autonomia-erkidegoei eragiten die, eta arazoari alderdi guztietatik heldu behar zaio; beraz, arazoaren garrantziarekin bat datozen tresnen bidez, hurbilketa globala egin behar da. Horretarako abiapuntua 4/2012 Errege Lege Dekretua da, otsailaren 24koa, toki-administrazioko entitateen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko informaziobetebeharrak eta beharrezko prozedurak ezartzen dituena.

Ondorioz, hornitzaileei ordaintzeko plana gauzatzeko tresna sortu beharko dugu, 4/2012 Errege Lege Dekretuko mekanismoak behar bezala funtzionatzen duela bermatuko duena. Gainera, autonomia-erkidegoek ere aplikatu ahalko dute, 2012ko martxoaren 6an egindako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluan lortutako akordioari jarraiki.

Plan horren azken helburua jarduera ekonomikoa suspertzea da; horrenbestez, planaren eragiketak ahalik eta eraginkorrenak izan beharko dira.

Errege Lege Dekretu honek ordaintzeke dauden obligazioak ordaintzeko hitzartu daitezkeen zorpetze-eragiketak finantzatzeko nahikoa finantza-baliabide lortzea ahalbidetzen duten baldintzak ezartzen ditu.

Bildu beharreko zenbatekoaren tamaina dela-eta, alegia, 35.000 milioi euro inguru, ezinbestekoa da Espainian lan egiten duten ahalik eta kreditu-erakunde gehienek parte hartzea.

Partaidetza horiek, planteaturiko eragiketen baldintza bereziak aintzat hartuko dituzten merkatu-baldintzetan egin beharko dira.

Lurraldeko administrazioei dagokienez, lehenik, hartutako konpromisoak finantzaegoerara egokituko dira; beraz, 10 urteko epea eta 2 urteko gabezia-aldia ezartzen zaie, hori guztia ezinbestekoa baita eragiketa jasangarria izan dadin.

Bigarrenik, eta ikuspegi operatibotik, epemugen ordainketa modu erantsian egitea ahalbidetzen du, oso epe laburretan gauzatu beharreko eragiketa ugari-ugarien –inoizko gehien– izapide guztiak sinplifikatuz.

Aurreko betekizunen ondorioz, ezinbestekoa izango da Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa izeneko zuzenbide publikoko erakundea sortzea. Erakunde hori aurretik azaldutako gai guztiei erantzun egokia emateko bidea izango da, eta hartutako neurrien eraginkortasuna bermatzekoa.

Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa zuzenbide publikoko erakunde gisa sortuko da, eta izaera juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu. Gainera, merkatuetan era guztietako zorpetze-eragiketak egiteko ahalmena izango du, Estatuaren berme osoaz, baita tokiko erakundeekin eta autonomia-erkidegoekin haien obligazioak ordaintzeko beharrezko kreditu-eragiketak gauzatzekoa ere.

Halaber, ordaintzeko dauden obligazioak Funtsak zuzenean ordaintzea aurreikusten da, eta kreditu-eskubidean lurralde-erakunde zordunaren ordez hura agertzea.

Dena den, neurri horien guztien eraginkortasuna mekanismoaren jasangarritasunean oinarritzen da. Horrek konpromiso zorrotza eskatzen die lurralde-administrazioei beren gain hartutako obligazioak betetzeko. Dena dela, Estatuko sarreretan duten partaidetza atxikitzeko aukerak betebehar hori bermatzen du, azaroaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hori dela-eta, hartutako neurriekin batera, zerga diziplina gogorra ezarriko zaie lurralde-administrazioei, eta otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuak tokiko erakundeetarako zehazten dituen obligazioak garatuko dira; obligazio horiek, bestalde, mekanismo horri atxikitako autonomia-erkidegoetara zabaldu ahalko dira.

Aurrekoaren erakusgarri da Errege Lege Dekretu honetan honako gai hauekin lotutako zenbait xedapen jasotzen direla: batetik, tokiko erakundeek Estatuko sarreretan duten partaidetza atxikitzeko aukerarekin lotutakoak, eta, bestetik, doikuntza-planen segimenduarekin lotutakoak, horiek baitira sistema osoaren jasangarritasunaren gakoa eta orain planteatutako irtenbidea behin betikoa izateko bermea.

Funtsak ez ditu erakunde publikoak areagotuko; izan ere, desagertzear dagoen beste erakunde batean oinarritzen da, hain zuzen, Finantza Aktiboak Erosteko Funtsean. Haren emaitza ekonomikoei esker, funts berria sor daiteke gastu publikoa handitu gabe, eta hala, Gobernuarentzat lehentasun diren soiltasun-helburuak eta herri administrazioaren egitura sinplifikatzeko helburuak betetzen dira.

Egiturari dagokionez, Errege Lege Dekretuak lau titulu eta hamar artikulu ditu.

Atariko tituluak xedapen orokorrak biltzen ditu, eta dekretuaren helburua eta aplikazioeremua zehazten ditu.

I. titulua Funtsari buruzkoa da oso-osorik, eta bi kapitulu ditu. I. kapituluak Funtsaren osaera eta araubide juridikoa erregulatzen ditu, eta II. kapituluak finantza- eta kontrolaraubideak ezartzen dituzten artikuluak biltzen ditu, baita gobernu-organoa ezartzen duena ere, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko eta Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko ordezkariek osatzen duten artezkaritza-kontseilua.

II. tituluan, Funtsaren eta lurralde-administrazioen arteko kreditu-eragiketak gauzatzeko baldintzak ezartzen dira, baita Funtsak onartzen dituen obligazioei aurre egiteko tokiko erakundeei Estatuko diru-sarreretan dagokien beharrezko partaidetzaren atxikipen-erregimena ere.

III. tituluak artikulu bakarra du, doikuntza-planen segimenduari buruzkoa. Horretarako, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari aurkeztu beharreko aldizkako txostena aurreikusten du, hark azter dezan eta emaitzak Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari jakinaraz diezazkion.

Azkenik, Errege Lege Dekretuak sei xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

Errege lege-dekretu honetako neurri guztiak, orokorrean zein banan-banan hartuta, ezaugarriak eta helburuak kontuan izanda, premia apartekoa eta presazkoa dagoelako hartutakoak dira, eta, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan premia apartekoa eta presazkoa izatea eskatzen da errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko.

Horrela, bada, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2012ko martxoaren 9an eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATU DUT: ATARIKO TITULUA Xedapen orokorrak 1. artikulua.  Xedea eta aplikazio-eremua.

Errege Lege Dekretu honen helburua da hornitzaileei ordaintzeko ezohiko finantzaketa-mekanismoari atxikitako tokiko erakundeek eta autonomia-erkidegoek ordaintzeke dituzten obligazioak ordaintzera bideraturiko eragiketak gauzatzeko baldintzak arautzea.

Horretarako, Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa sortu da, eta horren araubide juridikoa ezarri da.

I. TITULUA

Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa I. KAPITULUA Sorrera eta araubide juridikoa 2. artikulua.  Sortzea.

1.  Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa sortu da, 1. artikuluan aipatutako eragiketak gauzatzen laguntzeko.

2.  Funtsa Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari atxikita egongo da, Ekonomia eta Enpresak Babesteko Estatu Idazkaritzaren bidez, eta, 8. eta 10. artikuluetan ezarritako funtzioei dagokienez, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren babespean egongo da; ondorio hauetarako, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren mende egongo da.

3. artikulua.  Araubide juridikoa.

1.  Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa erakunde publikoa izango da, aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 2.1.g) artikuluari jarraiki; beraz, izaera juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu.

2.  Haren araubide juridikoa Errege Lege Dekretu honetan eta Dekretu hau garatzeko emandako arauetan jasotako izango da, eta, ordezko arau gisa, Estatuko Administrazio Orokorraren Antolakuntzari eta Funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

3.  Funtsari aplikagarri izango zaio azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 3.2 artikuluan enpresa-sektore publikoari buruz ezarritakoa.

II. KAPITULUA Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsaren finantzazioa, eta gobernu- eta kontrol-organoak 4. artikulua.  Finantzazioa.

1.  Funtsak 6.000.000.000 eurorainoko hornidura izango du Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura, eta horietatik 1.500.000.000 euro 2012an ordaindu ahalko ditu.

2.  Horretarako, Errege Lege Dekretu honen bidez, 1.500.000.000 euroko ezohiko kreditua emango zaio indarrean dagoen aurrekontuari: Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa 27. saila, «Ekonomiako Estatuko Idazkaritza» 03 zerbitzua, «Ekonomia eta Ogasuneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak» 923 M programa, «Finantza-aktiboak» 8. kapitulua, «Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsaren ondare-ekarpena» 87. artikulua.

Aurreko paragrafoan aipatutako ezohiko kreditua zor publiko bidez finantzatuko da.

3.  Xedeak betetzeko, Funtsak herrialdeko eta atzerriko kapital-merkatuetako finantzazioa erakarri ahal izango du, besteak beste, balioak jaulkiz, maileguak hitzartuz, eta kredituak irekiz, baita beste edozein zorpetze-eragiketaren bidez ere. Gainera, azaldutako eragiketen gaineko truke-, erosketa- eta bihurketa-operazioak egin ahalko ditu, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ekitaldi bakoitzerako ezartzen dituen mugen barruan.

4.  Xede berarekin, Estatuak eta Funtsak mailegu-eragiketak hitzartu ahalko dituzte, ekitaldi bakoitzeko Aurrekontu Orokorreko Legeak ezartzen dituen mugen barruan.

Estatuarekin hitzartutako maileguek behar besteko aurrerapenarekin bermatuko dute hartutako obligazioen ordainketa.

5.  Halaber, Funtsak altxortegia aktiboki kudeatzeko eragiketak egin ahalko ditu.

6.  Era berean, finantza-arriskuak minimizatzeko, finantza-tresnetan oinarritutako eragiketak gauzatu ahalko ditu.

7.  Funtsak egiten dituen balio-jaulkipenak Errege Lege Dekretu honetan xedatutakoaren arabera eta Dekretua garatzeko arauen arabera arautuko dira.

8.  Finantzaketa erakartzeko Funtsak hartzen dituen zorrak eta obligazioak Estatuaren bermea izango dute hirugarrenen aurrean. Berme hori esplizitua, ezeztaezina, baldintzarik gabea eta zuzena da.

5. artikulua.  Gobernu-organoak.

1.  Artezkaritza-kontseilu bat arduratuko da Funtsa administratzeaz, kudeatzeaz eta zuzentzeaz.

2.  Aurrekontu eta Gastuen Estatuko Idazkaritzako ordezkari batek, Herri Administrazioen Estatu Idazkaritzako ordezkari batek, Ekonomia eta Enpresei Laguntzeko Estatuko Idazkaritzako ordezkari batek eta Altxorraren eta Finantza Politikaren Idazkaritza Orokorraren ordezkari batek osatuko dute Artezkaritza-kontseilua. Era berean, Estatuko Abokatutza Orokorreko ordezkari batek eta Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiko beste batek hitza izango dute, baina bozkatzeko eskubiderik ez.

Herri Administrazioen Estatuko Idazkaritzako eta Ekonomia eta Enpresei Laguntzeko Idazkaritzako ordezkariak izan ahalko dira Artezkaritza-kontseiluko presidentekideak, hala hitzartzen bada, edo, hala izan ezean, presidentetza txandakakoa izango da.

3.  Artezkaritza-kontseiluak ondoko funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

a)  Kudeaketako gidalerroak ezartzea.

b)  Funtsaren jardueraren segimendua eta ebaluazioa egitea.

c)  Funtsaren errendimenduen aplikazioa erabakitzea.

d)  Ustiapen- eta kapital-aurrekontuen proiektua onartzea.

e)  Urteko kontuak formulatzea eta onartzea.

f)  Azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritakotik eratorritako beste edozein eragiketa.

g)  Funtsaren kudeaketaren gaineko hiruhileko txostena onartzea.

h)  Funtzionamenduko barne arauak onartzea.

i)  Dagozkion hitzarmenak egitea, erakunde publikoekin edo pribatuekin zerbitzuak kontratatzea barne, Funtsa beharrezko baliabide materialez eta giza baliabidez hornitzeko.

4.  Proposamenak eta bere eskumeneko gainerako erabakiak balioesteko, Artezkaritza-kontseiluak egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa jasoko du, bereziki, Espainiako Bankuarena eta Balore Merkatuen Batzorde Nazionalarena.

5.  Artezkaritza-kontseiluaren jardueraren araubide juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko arazoaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan azaldutakoari egokituko zaio.

6.  Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak Funtsa kontrolatuko du auditoria publikoaren bidez, azaroaren 26ko 47/2003 Legean aurreikusitako moduan.

6. artikulua.  Kontabilitate-araubidea.

1.  Funtsak Merkataritzako Kodean eta Espainiako enpresen Kontabilitate Plan Orokorrean jasotako printzipioak eta arauak aplikatu beharko ditu, bai eta kode eta plan hori garatzeko egokitzapenak eta xedapenak ere.

2.  Funtsak kontuak emango dizkio Kontu Auzitegiari azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

3.  Kontu Auzitegiari haren Lege Organikoaren bidez eman zaizkion eskumenei kalte egin gabe, Funtsaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren auditoria publikoa egingo du Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, azaroaren 26ko 47/2003 Legean zehaztutako moduan.

II. TITULUA

Kreditu eragiketak tokiko erakundeekin eta autonomia-erkidegoekin 7. artikulua.  Kreditu-eragiketak hitzartzea.

1.  Funtsak kreditu-eragiketak hitzartuko ditu hornitzaileei ordaintzeko ezohiko finantzaketa-mekanismoari atxikitako tokiko erakundeekin eta autonomia-erkidegoekin, ordaintzeke dituzten obligazioak ordain ditzaten.

2.  Hala badagokio, Funtsak lurralde-administrazioek ordaintzeke dituzten obligazioak ezeztatzeko eragiketak gauzatu ahalko ditu, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren aginduz.

3.  Funtsak zuzenean ordainduko die hornitzaileei, eta hori izango da lurraldeadministrazioek jasoko duten finantzazioa. Hala, Funtsa subrogatuko da hornitzaileek lurralde-administrazioekiko zituzten eskubideetan –ordaindutako zenbatekoan–, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuari, toki-administrazioko entitateen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko informazio-betebeharrak eta beharrezko prozedurak ezartzen dituenari, jarraiki.

8. artikulua.  Tokiko erakundeek Estatuko zergetan duten partaidetza atxikitzea.

1.  Titulu honetan zehaztutako kreditu-eragiketak, tokiko erakundeekin hitzartzen direnak, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako atxikipenek bermatuko dituzte.

2.  Estatuak Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsari transferituko dizkio tokiko erakundeei atxikitako Estatuko diru-sarreretako partaidetzak (eragiketatik eratorritako obligazioak ordaintzeko atxikitako partaidetzak, alegia); horretarako, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen– testu bateginaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuko da, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ekitaldi bakoitzerako ezartzen duen eran, hala badagokio.

3.  Tokiko erakundeak ez balu zorpetze-eragiketarik hitzartu, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako atxikipenarekin ordainduko lituzke eragindako gastuak eta finantza-kostuak.

4.  Era berean, aurreko arauak aplikatuko zaizkie kreditu-eragiketarik hitzartu ez duten tokiko erakundeei.

9. artikulua.  Ordainketa-agentea.

Kreditu Ofizialeko Institutua arduratuko da Errege Lege Dekretu honen babespean hitzartzen diren eragiketak administratzeaz eta kudeatzeaz, dagokion konpentsazio ekonomikoa ordainduz.

III. TITULUA Doikuntza-planaren segimendua 10. artikulua.  Tokiko erakundeen informazio betebeharrak.

Oro har, Errege Lege Dekretu honetan ageri diren zorpetze-eragiketak hitzartzen dituzten tokiko erakundeek, urtero, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluan azaltzen diren doikuntza-planen gauzatzeari buruz kontu-hartzaileak egindako txostena aurkeztu beharko diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari.

Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 111. eta 135. artikuluetan zehaztutako eremu subjektiboan sartzen diren tokiko erakundeen kasuan, txosten hori hiru hilean behin aurkeztu beharko dute.

Kontu-hartzailearen txostena tokiko korporazioko osoko bilkurari jakinaraziko zaio.

Txostenaren edukia erregelamenduz zehaztuko da, eta, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren eskariz, haren organo eskudunek aztertuko dute.

Balorazioaren emaitza Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioari helaraziko zaio.

Era berean, hitzartutako zorpetze-eragiketetatik eratorritako zenbatekoak itzuliko dituztela bermatzeko, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak kontroljarduerak egin ahalko dizkie eragiketa horiek hitzartu dituzten tokiko erakundeei. Kontuhartzailetza Nagusiak zehaztuko du zer kontrol gauzatu, bai eta kontrol horien irismena ere, segimendu-txostenak aztertzeko emaitzak dakarren arriskuaren arabera.

Kontrol-jarduera horiek gauzatzeko, Kontu-hartzailetza Nagusiak laguntza eskatu ahalko die auditoria-arloko beste erakunde publiko eta enpresa batzuei; erakunde eta enpresa horiek Kontu-hartzailetza Nagusiak ezarritako arauak eta jarraibideak bete beharko dituzte. Horretarako behar den finantzazioa Funtseko baliabideen kontura izango da.

Lehen xedapen gehigarria.  Estatuaren Zorraren araubidea hedatzea.

Errenta finkoko balioei hedatzen zaie (Errege Lege Dekretu honen bidez ezarritako Funtsak jaulkitzen dituen kontuan egindako oharpenen bidez adierazitakoei, alegia) Estatuaren Zorrerako kontuan oharpenak egiteko sistema sortzea xedatzen duen apirilaren 3ko 505/1987 Errege Dekretuak ezartzen duen Estatuko Zorraren araubidea.

Bigarren xedapen gehigarria.  Estatuko zorraren zerga-araubidea hedatzea.

Funtsak erakartzeko asmoz Funtsak bere gain hartutako zorrek Estatuko Zorrak zerga-araubide berbera izango dute, egoiliarrentzat zein egoiliar ez direnentzat.

Hirugarren xedapen gehigarria.  Tokiko erakundeen hornitzaileei egin beharreko ordainketak finantzatzeko mekanismoa aplikatzea.

Toki-administrazioko entitateen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko informazio-betebeharrak eta beharrezko prozedurak ezartzen dituen otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuaren aplikatzeko:

1.  Bere aplikazio-eremukotzat joko dira emakida modalitateko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuetatik eratorritako ordaintzeko dauden obligazioak, betiere, aipatutako Errege Lege Dekretuko baldintzak betetzen badituzte.

2.  Otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuko 3.3 artikuluan ageri diren ordainketa zatikatuetan, arau berberak aipatzen duen ordaintzeko dagoen obligazioaren eskagarritasuna tokiko erakunde zordunak zerrenda ziurtatua ematen duen unean ordaintzeko dagoen zenbatekoarena izango da.

3.  Arau horren aplikazio-eremuan sartuko dira soilik Estatuko zergen partaidetza eredua aplikagarri zaien tokiko erakundeak, Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen (martxoaren 5eko 2/2004 Errege Lege Dekretuaren bidez onartutakoa) testu bateginaren II. eta III. tituluetako III. eta IV. kapituluetan ageri direnak, alegia.

4.  Foru-araubidearen berezitasunak direla-eta, otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretua ez zaie Euskadiko eta Nafarroako tokiko erakundeei aplikatuko.

5.  Otsailaren 24ko 4/2012 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluan araututako doikuntza-plana tokiko korporazioek egingo dute, autoantolaketako duten ahalmenaren arabera, eta kontu-hartzailearen txostenarekin batera aurkeztuko da, tokiko korporazioak osoko bilkuran onar dezan.

Laugarren xedapen gehigarria.  2010. urtean tokiko erakundeek Estatuko zergetan izandako partaidetzaren behin betiko likidazioaren aurrerapena.

1.  Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak ofizioz aurreratuko du 2010. urteari dagozkion Estatuko zergen partaidetzaren behin betiko likidazioen saldoetarako –tokiko erakundeen aldekoak– kalkulatzen den zenbatekoaren ehuneko 50, Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen (martxoaren 5eko 2/2004 Errege Lege Dekretuaren bidez onartutakoa) testu bateginaren II. eta III. tituluetako III. eta IV. kapituluetan ageri diren finantzazio-kontzeptu guztiengatik.

2.  Aurrerapen hori aipatutako likidazioaren konturako ordainketatzat joko da, eta 2012an kalkulatuko da; gainera, 2012. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea onartu arte, gastuen egoerari dagokion zatia, luzatutako 2011. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorren kredituaren kargura transferituko da –kreditu hau aurreko urteetako likidazioari eta finantzaketa sistema berritik eratorritako konpentsazioei dagokie, eta 36. sailean, 21. zerbitzuan, 942M programan, 468 kontzeptuan dago hornitua–. Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea onartuta egongo balitz, dagokion gastuen egoerako sailean, zerbitzuan, programan eta kontzeptuan azaldutako kredituaren kargura transferituko litzateke.

Estatuko zergen lagapenean kalkulatutako likidazioari dagokion aurrerapena sarreren itzulketa gisa izapidetuko da, lagapen horrek azaltzen duen kontzeptuan.

3.  Behin betiko likidazioan geratzen den zenbatekotik –beharrezko elementu guztiak ezagutu ondoren kalkulatzen da–, dagokion zatia 2012. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako zuzkitutako kontzeptuaren kargurako gastuen egoerara transferituko da, eta estatuko zergen lagapenari dagokion zatia sarreren itzulketa gisa izapidetuko da, lagapenari dagokion kontzeptuarekin.

4.  Aurrerapen horren kargura ordainduko dira tokiko erakundeek Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrarekin dituzten zorrak, Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen (martxoaren 5eko 2/2004 Errege Lege Dekretuaren bidez onartutakoa) testu bateginaren laugarren xedapen gehigarria aplikatuz, 2011. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 125. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

5.  Ezingo zaie agindu honek azaltzen duen aurrerapena aitortu araua indarrean jarri zen egunean Estatuko zergen partaidetzaren konturako entregen zerga aplikatzen zitzaien tokiko erakundeei (Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2012 Legearen 36. artikulua betez aplikatzen zitzaienei, alegia).

6.  Estatuko aurrekontu orokorren legearen bidez, tokiko erakundeek 2010etik aurrerako ekitaldiei dagozkien Estatuko zergetan izandako partaidetzaren behin betiko likidazioaren aurrerapenak ezarri eta arautu ahal izango dira.

Bosgarren xedapen gehigarria.  Autonomia-erkidegoetako hornitzaileei egin beharreko ordainketak finantzatzeko ezohiko mekanismoak.

Hornitzaileei ordaintzeko ezohiko finantzaketa-mekanismoei atxikitzen zaizkien autonomia-erkidegoek Gobernu Batzordearen edo organo eskudunaren akordioa onartuko dute, eta bertan espresuki adieraziko dute 2012ko martxoaren 6an onartutako Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluaren Akordioa onartzen dutela.

Seigarren xedapen gehigarria.  Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa desagertzea.

Ministro Kontseiluak Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa desagertzea eta likidatzea adostu ahalko du.

Xedapen indargabetzaile bakarra.  Arauak indargabetzea.

Errege Lege Dekretu hau indarrean jartzen denean beraren kontra dauden maila berbereko edo txikiagoko xedapenak indargabetuko dira.

Azken xedapenetako lehena.  2011. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 22ko 39/2010 Legearen III. eranskina aldatzea.

2011.  urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen III. eranskinari Hornitzaileei Ordaintzeko Finantzaketa-funtsa erantsi zaio, 35.000.000 mila euroko zenbatekoarekin; baimendutako zifra balio-jaulkipenarekin, mailegu-ematearekin, kreditu-irekierarekin eta beste edozein zorpetze-eragiketarekin bat datorrela ulertuko da, baita deskribatutako eragiketen gaineko truke-, erosketa- eta bihurketa-eragiketekin ere.

Azken xedapenetako bigarrena.  Araugintzarako gaikuntza.

Baimena ematen zaie Ekonomia eta Lehiakortasuneko eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroei Errege Lege Dekretu honetan azaldutakoa aplikatzeko eta garatzeko beharrezko arauak emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean jartzea.

Errege Lege Dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko martxoaren 9an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra