6/2012 Legea, abuztuaren 1ekoa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzekoa, ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publiko autonomikoen kudeaketa-moduak malgutzeko
2012-08-01Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/8/2, 184. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
10385
6/2012 Legea, abuztuaren 1ekoa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzekoa, ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzu publiko autonomikoen kudeaketa-moduak malgutzeko.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA Ikus-entzunezko komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 40. artikuluak interes ekonomiko orokorreko funtsezko zerbitzu gisa definitzen du ikusentzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa, eta helburu hauek dituela zehazten du:
konstituzio-printzipioak eta -balioak sustatzen dituzten edukiak zabaltzea, iritzi publiko anitza eratzen laguntzea, Espainiako kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ezagutaraztea, eta jakintza eta arteak zabaltzea, ikus-entzunezko kultura sustatzea bereziki nabarmenduta.
Halaber, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileek gehiengoarentzako programazioaren hartzaile ez diren herritarrei eta gizarte-taldeei ere kasu egin behar diete.
Hain zuzen, artikulu honen hirugarren paragrafoak xedatzen duenez, Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ematea erabaki dezakete kanal orokorrak edo gaikakoak irekian emateko.
Egoera ekonomikoak eraginda eta herri-administrazioek aurrekontua finkatzeko eta kontu publikoak saneatzeko zenbait jarduera martxan jarri behar dituztenez, autonomiaerkidegoei malgutasun handiagoa eman behar zaie ikus-entzunezko zerbitzua emateko garaian.
Horregatik, aldaketa honen bidez, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa emateari buruz erabaki ahal izango dute aurrerantzean autonomia-erkidegoek; hala, kudeaketa zuzena edo zeharkakoa egin nahi duten ere hautatu ahal izango dute hainbat formularen bitartez, lankidetza publiko-pribatuko modalitateak barne. Autonomiaerkidegoek lizentziak esleitzeko lehiaketak antolatu ahal izango dituzte, baldin eta ikusentzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ez ematea erabakitzen dute.
Gainera, orain arte ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa eskaini duten autonomia-erkidegoek hirugarren bati eskualdatu ahal izango diote zerbitzu hori, betiere beren legeria bereziari jarraiki.
Lege honetan jasotako kasu guztietan, esku hartzen duten enpresek zein herriadministrazioek ikus-entzunezko komunikazioko Zuzentaraua bete beharko dute, bai eta interes ekonomiko orokorraren, estatu-laguntzen eta irrati-difusioko zerbitzu publikoen arloko Europako gainerako araudia ere.
Aldaketa horiekin bat etorririk, hainbat aldaketa egin dira zerbitzu publikoaren emaileek ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren beste emaile pribatuen kapital sozialeko partaidetzan duten araubide mugatzailean.
Malgutasun-neurri gehigarri gisa, esparru autonomikoko zerbitzu publikoaren emaileei, beren jardueraren eraginkortasuna hobetzearren, edukiak batera ekoizteko edo editatzeko hitzarmenak egiteko baimena ematen zaie.
Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2002 Lege Organikoa hobeto aplikatzen dela bermatzeko helburuz, hainbat betebehar jartzen zaizkie esparru autonomikoko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileei, horien artean honako hauek dira nabarmentzekoak:
ekitaldi ekonomikorako gastuaren gehieneko muga bat finkatzea, gainditzerik ez dagoena edo telebista horien kudeaketa aipatutako lege organiko horren printzipioetara egokitzen dela adierazten duen urteko txostena aurkezteko beharra.
Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorraren aldaketa horiek ez zaizkio aplikagarri Corporación de Radio y Televisión Española SAri, lege berezia baitu: Estatuaren titulartasuneko irrati eta telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea. Lege horren 7.5 artikuluan, hain zuzen Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak berak emandako idazketan (ez da lege honen bidez aldatzen), hauxe xedatzen du:
«Korporazio horrek ezin izango dizkie hirugarrenei laga albistegien ekoizpena eta edizioa, ezta esparru-aginduak espresuki zehaztutako programenak ere».
Azkenik, xedapen gehigarriak jasotzen ditu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorraren 43. artikuluan sartutako 8 bis paragrafoa Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunei aplikatzearen berezitasunak.
Artikulu bakarra. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzea.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra honela aldatu da: Bat. 7. artikuluko 2. eta 5. paragrafoak aldatu dira, eta honela geratu idatzita:
«2. Debekaturik dago adingabeen garapen fisikoa, mentala edo morala larriki kalte dezaketen ikus-entzunezko edukiak ematea, eta, bereziki, pornografiako, tratu txarren, genero-indarkeriaren edo funtsik gabeko indarkeriaren eszenak jasotzen dituzten programak.
Adingabeen garapen fisiko, mental edo moralarentzat kaltegarriak izan daitezkeen gainerako edukiak 22etatik 6ak arte baino ezin izango dira irekian eman, eta aurretik ohar akustikoa eta bisuala jarriko da beti, ikus-entzunezko eskudun agintaritzak finkatutako irizpideei jarraiki. Adierazle bisualak agerian egon beharko du eduki horiek barne hartzen dituen programa osoan. Era horretako edukiak baldintzapeko sarbide-sistema baten bidez ematen direnean, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaileek gurasoek kontrolatzeko sistemak erantsi beharko dituzte.
Halaber, babes bereziko gisa jotzen diren hiru ordu-tarte ezartzen dira, erreferentzia gisa penintsulako ordutegia hartuta: 8etatik 9ak arte eta 17etatik 20ak arte, lanegunetan, eta 9etatik 12ak arte larunbat, igande eta Estatuko jaiegunetan.
Hamahiru urtetik gorakoentzat gomendatutako edukiak aurreko ordu-tarte horietatik kanpo eman beharko dira, eta horiek barne hartzen dituen programa eman bitartean adinen araberako kalifikazioaren adierazle bisuala erakutsiko da.
Larunbat eta igandeetako ordu-tarte babestuak egun hauetan ere balio izango du: urtarrilaren 1 eta 6a, Ostiral Santu eguna, maiatzaren 1a, urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 6, 8 eta 25a.
Telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen emaile guztiek, eskaerapekoek barne, gurasoen kontrola ahalbidetzen duen kodetze digitala erabiliko dute edukiak adinen arabera sailkatzeko. Ikus-entzunezko agintaritzak homologatu beharko du kodetze-sistema.
Ausazko jokoei eta apustuei buruzko programak ordu batetik goizeko bostetara bitartean baino ezin izango dira eman. Esoterismoarekin eta parazientziekin lotutako edukia dutenak, berriz, 22etatik 7etara bitartean baino ezin izango dira eman. Nolanahi ere, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaileek erantzukizun subsidiarioa izango dute programa horien bidez gerta daitezkeen iruzurren gainean.
Ordu-mugaketa horretatik salbuetsita gelditzen dira xede publikoa duten jokomodalitate eta -produktuen zozketak.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaileek, adingabea babesteko ordutegian, debekatuta izango dute honelako komunikazio komertzialak txertatzea:
gorputzarekiko kultua eta norberaren irudia arbuiatzea sustatzen dituztenak, argaltzeko produktuak adibidez; egoera fisikoagatik gizarte-bazterkeria sustatzen duten kirurgiako ebakuntzak edo estetika-tratamenduak, edota pisu- edo estetikakontuek arrakastan eragina dutela ulertarazten dutenak.» «5. Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua programa-katalogo baten bidez egiten denean, emaileek katalogo bereizi batean sartu beharko dituzte adingabeen garapen fisikoa, mentala edo morala larriki kalte dezaketen edukiak. Hartarako, emaileek gailu, programa edo mekanismo eraginkorrak, eguneragarriak eta erabilerrazak ezarriko dituzte, gurasoek adingabeentzako eduki kaltegarriak blokeatuz kontrolatu ahal izateko, eta, bide batez, adingabeak beraientzat ez diren edukiak bistaratu ez ditzaten.» Bi. 40. artikuluko 1. paragrafoaren hirugarren eta laugarren lerrokadak kendu dira.
Hiru. 40. artikuluko oraingo 3. paragrafoa 4.a izango da aurrerantzean, eta 2. eta 3. paragrafoak, berriz, honela idatzita gelditu dira:
«2. Estatuak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ematea erabaki ahal izango dute irekian kanal orokorrak edo gaikakoak emateko, betiere dagozkien lurraldeen egoera eta berezitasunen eta aurreko paragrafoan ezarritako irizpideen arabera.
Autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunek erabakiko dute, erreserbatzen zaizkien kanal anizkun digitalen artetik, telebistako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoak ustiatuko dituzten autonomia-esparruko kanal digitalak, baita enpresa pribatuek lizentzia-araubidean ustiatuko dituztenak ere.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ematea erabakitzen duten autonomia-erkidegoek zerbitzu hori kudeatzeko moduak zehaztuko dituzte; honelakoak izan daitezke, besteak beste: zerbitzua zuzenean ematea beren organo, bitarteko edo erakundeen bidez; zerbitzuaren edo ikus-entzunezko programen ekoizpen eta edizioaren zeharkako kudeaketa hirugarren bati ematea, edo arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako beste tresna batzuen bitartez ematea, betiere publizitateko, gardentasuneko eta lehiako printzipioei jarraiki, baita ez diskriminatzeko printzipioari eta tratu-berdintasuneko printzipioari kasu eginez ere. Era berean, zerbitzuaren kudeaketa zuzena zeharkako kudeaketa bihurtzea erabaki ahal izango dute autonomia-erkidegoek, zerbitzua ematen duen erakundearen titulartasuna besterenduz; azken hori aurretik adierazitako printzipioen arabera egingo da.
3. Autonomia-erkidegoek, eskudun organoen bitartez, lehiaketak antolatu ahal izango dituzte ikus-entzunezko lizentziak lege honen 27. artikuluari jarraiki esleitzeko.
Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa ematen duten autonomiaerkidegoek zerbitzu hori emateko gaikuntza eskualdatu ahal izango dute, ikusentzunezko lizentzia bihurtutakoan, betiere bakoitzaren legeria berezian ezarritako prozeduraren arabera.
Lankidetza publiko-pribaturako bitartekoen bidez zerbitzua zeharka kudeatzea edo ematea agintzen zaien pertsona fisikoek edo juridikoek lege honen 40.1 eta 41. artikuluak bete beharko dituzte. Horiek zein ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko gaikuntza eskualdatzen zaien lizentziadun berriek banako lizentzia baten titularra izateko legerian ezarritako eskakizun eta muga guztiak bete beharko dituzte.» Lau. Bosgarren paragrafo bat erantsi zaio 40. artikuluari, eta honela geratu da idatzita:
«5. Autonomia-esparruko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren emaileek elkarrekin akordioak egin ahal izango dituzte edukiak batera ekoizteko edota editatzeko, edukiei buruzko eskubideak eskuratzeko edo, beste esparru batzuetan, beren jardueraren eraginkortasuna hobetzeko. Era berean, RTVE Korporazioarekin ere egin ahal izango dituzte akordioak xede horrekin berarekin.» Bost. Aldatu egin da 42. artikuluaren 1. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:
«1. Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileek, Merkataritza Kodearen 42. artikuluari jarraiki, ezin izango dute parte hartu ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren emaile pribatuen kapital sozialean, ez eta herri-administrazioek, horien mendeko edozein erakundek, edota aurrekoetakoren batek kontrolatutako sozietateek ere. Nolanahi ere, 40.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoa zuzeneko kudeaketa bidez edo lankidetza publiko-pribatuko beste tresna batzuen bidez ematea erabakitzen denean, autonomia-erkidegoek beren zerbitzu publikoaren kapital sozialean parte hartu ahal izango dute.
Autonomia-erkidegoek ezin izango dute zuzenean edo zeharka parte hartu ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren lizentzia-titularren kapital sozialean.» Sei. 8 bis paragrafoa erantsi zaio 43. artikuluari, eta honela geratu da idatzita:
«8 bis. Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoa hobeto betetzea bermatzeko, autonomia-esparruko ikusentzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileek obligazio hauek bete beharko dituzte:
a) Urtero gastuaren gehieneko muga bat onartuko da dagokion ekitaldi ekonomikorako, eta ezin izango da gainditu.
b) Urteko kontuen memorian eta kudeaketa-txostenean espresuki jasoko da finantza-oreka eta -iraunkortasuna betetzea.
Baldin eta, salbuespen gisa, kontuak ez badaude finantza aldetik orekaturik, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileek sortutako galera edo defizitaren neurriko gastuak hurrengo ekitaldian murrizteko proposamena aurkeztuko diote autonomia-erkidegoko organo eskudunari, onar dezan.
Autonomia-erkidegoak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileen alde, zuzenean edo zeharka, egindako ondareekarpenak, kontratuak, programak, aginduak, hitzarmenak edo beste edozein emate gauzatzeko, ezinbestekoa izango da onartutako gastu-murrizketa abiaraztea.
c) Urte bakoitzeko apirilaren 1a baino lehen, txosten bat aurkeztu beharko dute autonomia-erkidegoko eskudun organoaren aurrean, aurreko ekitaldiaren kudeaketa Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoaren printzipioetara egokitzen dela agerian uzteko.
d) Autonomia-erkidegoek kontrol-sistemak ezarriko dituzte, ikuskaritza operatiboak barne, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu publikoaren titulartasun publikoko emaileen finantzak egoki ikuskatu ahal izateko, aurrekontuaren orekari eta iraunkortasunari arreta berezia jarrita.
Horretarako, erakundeak egindako eragiketen eta prozeduren azterketa sistematikoa eta objektiboa hartuko da ikuskaritza operatibotzat; ikuskaritza horren xedea erakundearen arrazionaltasun ekonomikoaz eta finantzarioaz balorazio independentea egitea izango da, bai eta kudeaketa onaren printzipioetara egokitzen den balioestea ere. Hala, azalera daitezkeen gabeziak hautemango dira, eta horiek zuzentzeko gomendio egokiak proposatuko.» Xedapen gehigarria. Foru-ogasunak.
1. Lege honen 43. artikuluaren 8 bis paragrafoan xedatutakoa Nafarroako Foru Erkidegoari aplikatzeko garaian, bere foru-araubidea dela-eta, Nafarroako Foru Eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 64. artikuluan ezarritakoa beteko da, Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoari jarraiki.
2. Lege honen 43. artikuluaren 8 bis paragrafoan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzeko garaian, bere foru-araubidea dela-eta, Ekonomia Itunari buruzko Legean xedatutakoa beteko da.
Azken xedapena. Indarrean jartzea.
Agindu hau «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Horrenbestez, Agintzen diet espainiar guztiei, banakoei zein agintariei, bete eta betearaz dezatela Lege hau.
Madril, 2012ko abuztuaren 1a.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY