Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Ingurumena

5/2020 Errege Lege Dekretua, otsailaren 25ekoa, nekazaritza eta elikadura gaietan zenbait presako neurri hartzen dituena.

2020-02-25

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 02/26/2020, 49. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2669     5/2020 Errege Lege Dekretua, otsailaren 25ekoa, nekazaritza eta elikadura

gaietan zenbait presako neurri hartzen dituena.

  • I. Aurrekariak

Askotariko faktoreak batu dira eta inoiz ez bezalako krisira eraman dute nekazaritza-sektorea. Hortxe ditugu, besteak beste, klima-ezbeharrek eragindako kalte gero eta sarriagoak, bereziki azken hilabeteotan, non ia etenik gabe etorri baitira goi-geruzetako depresio askatuak eta Gloria ekaitza eta haren gisako fenomeno kaltegarriak; tirabira komertzialak; lehengaien kotizazioen hegakortasuna; nekazaritza eta abeltzaintzako inputen kostuen gorakada (esaterako, energiarena); produkziorako eskakizunen bultzada gero eta bortitzagoa, eta elikagaien kateko prezioak finkatzeko orekarik eza. Hala, bada, egoerak presaz esku hartzera behartzen ditu botere publikoak.

Bestalde, nekazaritza-sektorea oso kaltebera da, dituen ezaugarriak direla eta. Izan ere, sektore guztiz zatikatua da, geldikorra eta eskari oso zurrunekoa, produkzio galkorra duelako. Pixkanaka merkatuan egiturazko desoreka bat gertatu da, eta dagoeneko inoiz ez bezalako mailetara iritsi da. Ondorioz, produkzio-ehuna eta lanpostuak galtzen ari dira nekazaritzan.

Gure inguruko herrialdeetan ere beste horrenbeste gertatzen ari da. Egoera ikusita, Europako Batzordea eta Europako Parlamentua, zenbait komunikazioren bidez, egiazko arazoen azterketan eta identifikazioan sakonduz joan dira. Ekimen horiei guztiei Europako beste erakunde batzuk batu zaizkie, hala nola Lehiakortasuneko eta Nekazaritzako Ministroen Kontseilua eta Ekonomia eta Gizarte Komitea, eta agerian jarri dituzte arazoaren larritasuna eta hedadura globala. Azpimarratu dute beharrezkoa dela estatuek neurriak hartzea, eta azkenaldian nabarmen hedatu dute arau-esparrua, funtsezko apustua egin dute katea berriz orekatzearen alde, eta jarduteko tarte nabarmenki zabalagoa eskaini diete estatu kideei. Kontuan izan behar da agenteen kopurua eta tamaina aldatu egiten direla nekazaritzako produktuen eta elikagaien hornidura-katearen etapa batetik bestera. Batzuen eta besteen negoziatzeko ahalmenean dagoen aldeak -hau da, hornitzaileak eroslearekiko duen mendekotasun ekonomikoak- ekar dezake agente handienek merkataritzako jardunbide desleialak inposatzea agente txikienei.

Hala, nekazaritzako eta elikadurako produktuen hornidura-katearen barruan maiz gertatzen dira desoreka handiak nekazaritzako eta elikadurako produktuen hornitzaileen eta erosleen artean, negoziazio-ahalmenari dagokionez. Litekeena da negoziazio-ahalmenaren desoreka horiek merkataritzako jardunbide desleialak ekartzea, baldin eta tamaina eta botere handiagoko bazkide komertzialak bere onerako zenbait jardunbide edo kontratu-xedapen inposatzen saiatzen badira salmentako transakzioen inguruan. Izan daitezke, adibidez, merkataritzako jokabide onetatik urrun dauden praktikak, fede onaren eta bidezko tratuaren kontrakoak eta alde batek bere kabuz besteari inposatutakoak; edo gerta daiteke alde batek arrisku ekonomikoa neurririk eta justifikaziorik gabe uztea bestearen gain; edo eskubideen eta betebeharren arteko desoreka handia inposatzea aldeetako bati.

  • II. Edukia

Azaldutako inguruabarrak direla eta, botere publikoek neurriak hartu behar dituzte nekazaritza-ustiategien errentagarritasuna hobetzeko. Azpimarratzekoak dira, berehalakotasunagatik, lehen sektoreko produkzioan ari diren askoren zailtasun izugarriak leunduko dituzten neurriak. Presako jarduketak dira eta inola ere ezin dira geroratu. Helburutzat daukate inork nekazaritza-ustiategia bertan behera utzi behar ez izatea eta ahal den neurrian zuzentasunez banatzea gizarte-kostuak, ingurumenekoak, lehiakortasunekoak eta jasangarritasunekoak, kostu horiek gehiago zamatzen baitituzte lehen sektorean ahalegintzen ari diren operadoreak, eta, bereziki, katebegi babesgabeen eta kalteberenak. Neurri horiek nekazaritza-ustiategien iraupena eta egonkortasuna ahalbidetu beharko dituzte.

Horregatik, ondorio ukigarriak izango dituzten neurri zehatzen multzo sistematiko bat jaso da errege lege-dekretu honetan. Faktore kaltegarriak murriztu eta bizi-maila bermatuko duten neurriak dira, eta hobetu egingo dituzte negoziatzeko ahalmena, harremanen zuzentasuna eta kostu orokorren banaketa bidezkoa lehen sektorean.

Osagai nagusi gisa, arestian azaldutako arrazoiengatik geroraezintzat jotzen diren erregulazio-neurri puntualak soilik ezartzen dira elikagaien katearen esparruan, aurrea hartuz Elikatze Katea Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 1eko 12/2013 Legean egitekoa den erreforma sakonari. Erreforma egiten denean, araudi horretan txertatuko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko apirilaren 17ko (EB) 2019/633 Zuzentaraua (nekazaritzako eta elikadurako produktuen hornidura-katean enpresen arteko harremanetan azaltzen diren merkataritzako jardunbide desleialei buruzkoa). Lehenbailehen ekingo zaio erreformari; eta parte-hartze publikoa bermatuko da; batez ere, elikagaien katean esku hartzen duten agente sozial guztien parte-hartzea, baita erakunde publiko eta pribatuena ere. Legeak funtzionatu badu ere, baditu osagai batzuk orain presako neurrien beharra dutenak erabat eraginkorrak izateko.

Botere publikoen jardunak bestelako abiapuntua hartu behar du beste azpisektore ekonomiko batzuen aldean. Horrela segurtatuko da funtzionamendu egokia, oinarritzat balio-katearen beharrezko bermea izango duena, operadore guztientzat jasangarria izan ahalko dena eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen posizioa ere hobetuko duena.

Elikagaien katearen esparruan hauxe da berrikuntza nagusia: operadore bakoitzak aurrekoari produktu baten truke ordainduko dion prezioa aurreko operadore horrek izan duen produkzio-kostuaren parekoa edo handiagoa izango da, halako eran non bermatuko baita balio erantsi gero eta handiago hori, ekintza publikoaren ardatz nagusietako bati eusten diona lehen sektorean, lagunduko baita sektore horren lehiakortasun orokorra handitzen balio erantsiaren bitartez eta, azken buruan, gizarte osoaren onerako izango baita. Halaber, kontsumitzaileari produktuaren azken salmenta egiten dion operadoreak ezin izango dio aurreko operadoreetako inori jasanarazi berak publikoarentzako prezioen arloan darabilen politika komertzialaren ondoriozko enpresa-arriskua.

Beste berrikuntza nagusi bat da produkzio-kostua kontratuetako gutxieneko elementu gisara sartuko dela prezioan. Legearen jatorrizko testuak, prezioaren osaeran, faktore objektibo batzuk hartzen ditu kontuan, kontratuan berariaz ezarri behar direnak, egiazta daitezkeenak eta ezin manipulatu daitezkeenak; baina ez du berariaz ezartzen prezioa zehazteko funtsezkotzat jotzen den faktore bat: produkzio-kostua, hain zuzen.

Premisa horiek bete daitezen, nekazaritza-ustiategietarako kontuan hartu beharreko elementu batzuk zerrendatzen ditu arauak adibide gisa, hala nola haziak, ongarriak, pestizidak, energia eta makineria, eta prezioa zehazterakoan objektibotasuna bermatzeko erabili ahalko diren indizeetako batzuk ere bai, hala nola Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak argitaratutakoak. Neurri horrek sekulako garrantzia du, balio-katearen zirkulua ixtea ahalbidetzen baitu. Izan ere, merkatuko arauei jarraituz prezioa askatasunez zehazteak bide ematen du borondate-eraketa librea eta eskaintzaren eta eskariaren autorregulazioa bateragarri izan daitezen egiazko produkzio-kostu horiek katearen hurrengo mailetan deuseztatuko ez direla bermatzearekin; gainera, prezioak kostu horiek estali beharko ditu, eta halaxe agertu beharko da kontratuan.

Puntu horretan xehetasun batzuk jaso dira, kostua zehazterakoan hura distortsionatuko luketen faktoreak sar ez daitezen; esaterako, halako faktoreak dira erreferentzia zirkularrak, hau da, operadorearen beraren edo beste operadore batzuen partaidetza duten prezioetatik lortzen direnak.

Bestalde, azpimarratzekoa da eskakizun berritzaile hau: legearen aplikazio-eremuaren barruan katean egiten diren sustapen-jarduerak betebeharren eta eskubideen esparru zuzen batean garatuko dira, eta betebehar eta eskubide horien artean hauek nabarmentzen dira: adostasuna eta ituntzeko askatasuna oinarri izatea -itunen gutxieneko edukiak ere ezartzen dira-; elkarren onura; eta operadore bakoitzaren inguruabarretara moldatzeko malgutasuna; ezin da produktuen prezioari eta irudiari buruz nahasteko bidea ematen duen sustapen-jarduerarik egin operadoreen artean, katean produktuen kalitateari edo balioari buruzko pertzepzioa kaskartu ez dadin, ekonomiarentzat eta gizartearentzat funtsezkoa den jarduera baten garrantzia gutxietsiz.

Azpimarratu behar da, neurri sektorial hori ordenamenduan ondo egokitze aldera, nekazaritzako elikagaien sektorean balio-katea beste ikuspuntu batetik babestera bideratutako neurria dela, eta ez dela kontsumitzaileentzat; izan ere, arau-aurreikuspen berritzaile hori argi bereizi behar da haren kalterik gabe aplikatuko diren beste arau sektorial batzuetatik. Bestalde, hura lehendik ere bazegoen jasorik soft law moduan Elikagaien Kontrataziorako Merkataritzako Jardunbide Egokien Kodean.

Halaber, gai honi buruzko Europako egungo araudiaren eskakizunari aurrea hartuz, arau-hauste astunen eta oso astunen berri zabalduko da, arauak urratzeko asmoa kentzeko, baina baita zigortzeko ere, zeren ospe ona funtsezkoa baita sektorean, eta, Europako legegileak adierazten duen bezala, bidezkoa baita herritarrek jakitea zein operadoreri ezarri dieten zehapena agintari eskudunek. Administratuen eskubideen errespetu osoa bermatzeko eta konponbide neurritsua bilatzearren, arauak soilik administrazio-bidean irmo bihurtu diren zehapenei aplikatzen die publizitate hori, edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri bada, auzibidean irmo bihurtu direnei. Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako zehapenen kasuan, publizitate hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren webgunearen bitartez gauzatuko da.

Bestalde, arauan jasotako aldaketa zehatz batek jarduera horien fiskalitateari eragiten dio sektorearentzat funtsezko garrantzia duen elementu oso sentikor batean.

Gazteak nekazaritzan has daitezen ematen den laguntzaren egungo tratamendu fiskalak kezka orokorra eragin du, beraren denbora-egozpena dela eta. Laguntza hori lehen sektorea eraberritzeko politikaren ildo nagusietakoa da, eta NPE Nekazaritza Politika Erkide berriaren ardatz ere izango da. Gazteak nekazaritzan has daitezen Landa Garapenerako Esparru Nazionalean ematen diren dirulaguntzen kalifikazio fiskala aldatu izanaren ondorioz, nekazarietako batzuek zailago dute laguntza horiek eskuratzea. Horrela, indarra kendu zaio neurri horri, produkzioa eraberritzeko prozesuan hain funtsezkoa izan arren. 2007-2013ko aldirako Esparru Nazionalean, nekazari gazteen instalaziorako laguntzak aurreikusten ziren, inbertsioetarako eta instalazio-gastuetarako neurri gisara, baina, 2014-2020ko aldirako Esparru Nazionalean, enpresa-plan bat garatu behar da laguntzak jaso ahal izateko. Horrenbestez, zergei begira, dagoeneko ez dira kapitaleko dirulaguntzak, errentarako laguntza moduan ematen diren dirulaguntza arruntak baino, eta hartzaileak hasieran ordaindu behar du zerga osoa, ezin baitu zerga zatika ordaindu lau urtean, laguntza jasotzen ari den bitartean.

Hori dela eta, askotan zerga likidatzen da oraindik jaso ez den laguntza batengatik, eta horrek atzera eragin diezaieke, hain zuzen ere, neurri horren bitartez belaunaldi-erreleboaren alde egin nahi dutenei. Hala, bada, egokitu egiten da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) araudia, zerga hainbat ekitalditan zehar zatituta ordaindu ahal izan dadin kasu horretan ere, antzeko beste kasu batzuetan dagoeneko egiten den bezala. Erreforma horrek garrantzi handia du eta sektorearen betiko eskakizun bati erantzuten dio. Izan ere, gazteen sarrera lehen sektorea eraberritzeko politikaren funtsezko ildoetakoa da, eta NPE berriaren ardatzetakoa. Oso eragin handia izango du, eta, hala ere, ez dio batere kosturik sortuko altxor publikoari, aukera ematen baitu zerga urteetan zehar ordaintzen joateko laguntzak gauzatu ahala; horrela, diru-sarrera publikoen amaierako zenbatekoa, txikitu gabe, egokitu egiten zaio laguntza jasotzen den epeari.

Gainera, errege lege-dekretu honek enpleguaren arloko neurri garrantzitsuak ezartzen ditu nekazaritzan, jarduera-esparru horretako lan-merkatuaren inguruabar bereziei aurre egin ahal izateko modukoak.

Herrialdeko produkzio-egituraren aldaketa gero eta bortitzagoek jardueraren murrizketa ekarri dute, eta horren eragina nozitu duten behin-behineko langileak babesteko neurriak ezarri nahi dira. Beste alde batetik, nekazaritzako enpresaburuei laguntzeko neurriak ere behar dira, errentagarritasun-galeraren ondorioek ez dezaten eragin nekazaritzako enplegua eta ustiategien jasangarritasun finantzarioa gero eta azkarrago galtzea.

Langabeen babesari dagokionez, arau honetan gizarte-neurri bat ezartzen da Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi eta askotariko inguruabarren ondorioz lan-murrizketak izan dituzten nekazaritzako behin-behineko langileentzat: hogei lanegun baino ez dituzte beharko urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Bereziko behin-behineko langileentzako langabezia-saria arautzen duenak) ezartzen duen langabeziako sorospena eta apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuak arautzen duen nekazaritza-errenta jaso ahal izateko. Horrela, deskribatutako egoerak langile talde kaltebera horren gizarte-babesean eragin dituen ondorio txarrak arinduko dira.

Salbuespenezko neurria da, eta justifikatuta dago, zeren, nekazaritza-sektoreari eragiten dioten inguruabarrez gainera, Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoen kasuan egiaztatu baita, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emandako datuen arabera, olibadietako produkzioa nabarmen jaitsi dela. Estatu Batuek sektoreari ezarritako aduana-zergek sortu dituzten zailtasunei gehituta, horrek autonomia-erkidego horietan murriztu egin du nekazaritzako behin-behineko langileentzako enplegua. Baldintzak betetzat jotzen dira, beraz, urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuan arautzen den langabezia-sorospena eta apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuan arautzen den nekazaritza-errenta jasotzeko behar den gutxieneko lanegun kopuruaren murrizketa arautzeko.

Gainera, nekazaritzako behin-behineko langileen aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzeko neurria berreskuratzen da 2020. urterako. Neurri horrek barruan hartzen ditu aldizkako langile finkoak ere, eta martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluan ezarri zen (dekretu horrek gizarte-babeserako eta lanaldian lan-prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriak ezarri zituen). Era horretara, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorreko Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Sistema Bereziko langileen aldi baterako kontratuak (aldizkako langile finkoenak barne) mugagabe bihurtzen dituzten enpresek berehala hobaria edukiko dute kontingentzia arruntei dagozkien enpresa-kuotetan; hobariaren zenbatekoa langilearen sailkapenaren eta kotizazio-modalitatearen araberakoa da (hilekoa edo lanegun errealetakoa izan daiteke kotizazio-modalitatea). Gainera, generoen arteko aldea txikitzeko neurriak aplikatu nahian, hobariaren zenbatekoa handiagoa izango da emakume baten kontratua mugagabe bihurtzen denean. Nekazaritzaren arloko lan-merkatuan aldi baterako kontratuak eta egonkortasunik eza nagusi direla kontuan izanik, presako neurriak hartu behar dira berehalako araugintzaren bitartez. Horrek justifikatzen du neurri hau errege lege-dekretuaren bidez berreskuratzea. Pizgarri horren bidez, sektorean kontratu iraunkorrak sinatzea sustatu nahi da, prekaritatea murrizteko, aspaldion gizartearentzat jasanezinak diren mailetara iritsi baita, eta enpleguaren iraunkortasuna gure lan-arloko antolamenduaren printzipio gidaria izan dadin.

Azkenik, aldatu egiten da Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 19.1 artikuluko a) letra, lege horren jarduketa-eremua zedarritzen duena. Letra horrek ez ditu Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-eremuan sartzen lantokietatik edo lan egiten den lekuetatik kanpo kokatuta dauden bizitokiak eta atseden hartzeko lokalak.

Albora utzita enpresak behartuta dauden ala ez horrelako lekuak langileen eskura jartzera (dela hitzarmenez, dela kontratuz, dela legez), behin bizitoki horiek langileen eskura jartzen direnean lan-harremanaren osagai bihurtzen dira, eta ezinbestez bete behar dituzte higiene-, osasungarritasun- eta bizigarritasun-baldintza egokiak, azaroaren 8ko 31/1995 Legeak (lan-arriskuen prebentzioari buruzkoak) 14.2 artikuluan enpresaburuari ezartzen dion langileak babesteko betebeharraren arabera.

Halaber, langileak euren jatorrizko herrialdean kontratatzeko kudeaketa kolektiboa arautzen duen urteroko aginduak (2020. urterako, abenduaren 23ko TMS/1277/2019 Aginduak) enpresaburuari betebehar hau ezartzen dio, besteak beste: «lan-kontratua indarrean dagoen bitartean langileari bizitoki egokia eskaintzea, araudi indardunean ezarritako baldintzak betetzen dituena; beti egon behar dira bermatuta bizitokiaren bizigarritasuna eta higiene egokia». Aginduak berak, gainera, sasoiko eta kanpainako bizitokiek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen ditu nekazaritza-sektorearentzat berariaz, IX. eranskinean.

Hori guztia dela eta, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 9. artikuluan eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen Legearen 1.2 eta 12. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-eremuan sartu behar dira langileen bizitoki, ostataleku edo laneko atsedenaldietarako egonleku izan daitezkeen lokalak, etxebizitzak edo atondutako bestelako lekuak, nahiz eta ez egon kokatuta langileek lanean diharduten enpresan, lan-zentroan edo lantokian bertan, baldin eta enpresaburuak halako lekuren bat langileen eskura jartzen badu lege-arau, hitzarmen kolektibo edo lan-kontratu batean ezarritako betebeharra betetzeko. Izan ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren egitekoa da, zerbitzu publikoa den aldetik, lan-arloko legezko eta hitzarmenezko arauak -laneko segurtasunari eta osasunari buruzkoak barne- zaindu eta betearaztea. Espainiako Konstituzioaren 18.2 artikulua eta uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 13.1 artikulua aplikatuta, gainera, ikuskatzailetzaren jarduketa-eremu berri horiek langileen bizileku direnean, haietan ere beharrezkoa izango da langilearen berariazko adostasuna, edo, horrelakorik ezean, baimen judizial egokia.

  • III. Aparteko eta presako beharrizanaren justifikazioa

Errege lege-dekretua aldaketa horiek ordenamenduan sartzeko tresna gisa erabiltzeari dagokionez, bi gauza hartu behar dira kontuan: errege lege-dekretu bidez arlo batzuk ezin direla arautu eta, gainera, inguruabar jakin batzuk gertatu behar direla errege lege-dekretua erabiltzeko. Arautu ezin diren arloei dagokienez, hona zer ezartzen duen Konstituzioak 86.1 artikuluan: errege lege-dekretuek «ezin eragingo diete, ez Estatuaren funtsezko instituzioen ordenamenduari, ez I. tituluan araututako herritarren eskubide, betebehar eta askatasunei, ez autonomia-erkidegoen araubideari, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrari». Errege lege-dekretu honek ez die eragiten arlo horiei.

Izan ere, arauan sartzen diren xedapenek ez dute ukitzen aurreko elementu horietako bakar bat ere muinean: ez da Estatuko funtsezko erakunderik arautzen; ez zaie eragiten herritarren eskubide eta betebeharrei -horiek ez dira ez handituko ez murriztuko-; ez da autonomia-erkidegoen araubidearen gaineko eraginik sortuko, ez baitira autonomia-erkidegoak neurrien hartzaileak; eta hauteskunde-araubidearekin ere ez dago inolako loturarik. Beraz, xedapen horien edukian ez dago ezer haiek onartzea eragozten duenik puntu honetan.

Errege lege-dekretua erabiltzea aparteko eta presako beharrizantzat jotzeko gertatu beharreko inguruabarrak direla eta, kontuan hartu behar da Konstituzio Auzitegiaren doktrina, 2018ko ekainaren 7ko 61/2018 epaiaren IV. oinarri juridikoan laburbiltzen dena. Horren arabera, hauek behar dira: batetik, «Gobernuak hori onartzeko kontuan hartu dituen arrazoien aurkezpen esplizitu eta arrazoitua», hau da, presako egoera deitu zaiona; eta, bestetik, «badela ezinbesteko lotura bat zehaztutako presako egoeraren eta egoera hori konpontzen laguntzeko neurri zehatzaren artean». Konstituzio Auzitegiak adierazi duen bezala, errege lege-dekretuaren erabilera «egoera ekonomiko zailetan» onartu izan da, Konstituzioaren arabera guztiz zilegi baita horrelakoetarako; izan ere, bidezkoa eta egokia da presako legegintza justifikatzen duen xedea lortzeko: «Gobernuaren helburuen barruko egoera jakin batzuk laguntzea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen dutenak, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 31/2011, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa). Azkenik, ohartarazi behar da erreforma hau egiturazkotzat jotzeak ez duela berez eragozten errege lege-dekretua erabiltzea; izan ere, konpondu nahi den arazoa ustez egiturazkoa bada ere, baliteke noizbait aparteko eta presako beharrizan bihurtzea eta, beraz, orduan bidezkoa izatea errege lege-dekretua onartzea. Beharrizana dagoen erabakitzeko, kasuan kasuko inguruabarrak aztertu beharko dira (Konstituzio Auzitegiaren 137/2011 epaia, 6. oinarri juridikoa, Konstituzio Auzitegiaren epai hauetan berretsia: 183/2014, 5. oinarri juridikoa; 47/2015, 5. oinarri juridikoa; 139/2016, 3. oinarri juridikoa)».

Errege lege-dekretua, Konstituzioaren arabera, tresna zilegia da, baina, horretarako, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatu bezala (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria, eta 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria; 68/2007 epaia, 10. oinarria, eta 137/2011 epaia, 7. oinarria) eta kasu honetan gertatzen den bezala, presako legegintza justifikatzen duen xedea egoera jakin batean laguntzea izan behar da, Gobernuaren helburuen barruan laguntzea betiere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duen egoera batean -esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, eta errege lege-dekretua are tresna zilegiagoa da prozedura hori zehaztea Gobernuaren esku ez dagoenean. Behean zehatz-mehatz azaltzen denez, arauan jasotako neurrietatik bakar bat ere ezin izan da aurreikusi -alegia, ezin izan dira lehendik iragarri ez arestian deskribatutako eragin klimatikoa, ez arestian azaldutako merkataritzako gorabeherak, ezta ekoizpen-baldintzen aldaketak ere-, baina hortxe daude eta botere publikoek ezin dute ez ikusiarena egin. Haiei aurre egiteko modu bakarra errege lege-dekretua da, beste edozein bide erabiliko balitz epeek eragotziko luketelako atzemandako beharrizanei behar bezala erantzutea.

Horrenbestez, baiezta daiteke zuzeneko lotura dagoela definitutako presako beharrizanaren eta berari aurre egiteko hartutako neurri zehatzaren artean: erabakitako lan-arloko neurriek ezingo lukete itxaron izapidetze parlamentarioa egin arte, atzerapenak kalte handiegia egingo liekeelako langileei; eta katearen oreka berreskuratzeko neurriak ere ezin dira geroratu zuzentarauaren transposizioa egin arte, esku-hartze publiko azkar eta irmoa eskatzen dutelako. Errege lege-dekretu hau berehala indarrean jartzekoa da eta hori ere egokia da, bestelako aukera bat gauzatzeak askoz luzeago joko lukeelako. Araugintzako presako ekintza honek bermatzen du ezen lege-aldaketa puntuala gauzatzeko epea laburragoa izango dela legeen izapidetze parlamentarioak -dela prozedura arruntean dela presako prozeduran- behar duena baino (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 68/2007, 10. oinarri juridikoa, eta 137/2011, 7. oinarri juridikoa).

Orain ezartzen den arau sorta elkarrekin koordinatutako neurrien multzo sistematikoa da. Neurriok hainbat ikuspuntutatik heltzen diete deskribatutako egoerei, baina denek helburu bera dute. Beharrezkoa da, beraz, egungo egoeran berehala eta hainbat esparru materialetan esku hartzea, eta horregatik onartzen da erabaki multzo hau, oraingo egoera hobetuko duena, elikagaien katearen ikuspegitik, zenbait laguntzaren zerga-tratamenduari edota sektoreko langileen lan-baldintzei dagokienez.

Horren ildotik, ez da ahaztu behar 2019an nekazaritzako errentak % 8,4 egin duela behera; 2018an geldirik egon zen, eta aurretik zenbait errekor historiko lortu zituen. Horren arrazoi nagusiak izan dira landare-produkzioaren beherakada eta, batez ere, nekazaritzako prezioen beherakada.

Elikagaien katearen arloko neurriak ezin daitezke geroratu, kalkulaezina litzatekeelako merkatuaren funtzionamendu zuzenak eta ekonomia osoak jasan lezaketen kaltea. Era berean, segurtasun juridikoak egoera honetarako konponbide azkarra eskatzen du. Luzamendurik gabe gehitu behar zaizkio neurriak ordenamenduari, bai uneko arrazoiengatik eta bai egiturazkoengatik ere. Azken horiei dagokienez, adierazitako aldaketak gauzatzea funtsezkoa da arau argiak edukitzeko, non operadoreek jardun ahal izango baitute, ez bakarrik euren arau-esparruaren baliozkotasun-baldintzak betetzen direlako uste legitimoan, baizik eta baita araudi hori euren egituraren beharrizan zehatzei bete-betean egokitzeko asmoz ere. Esan bezala, sektore hau berezia da hainbat arrazoirengatik. Arrazoi horiek aurreko paragrafoetan aipatu dira jada, eta labur-labur zerrenda honetan bil daitezke: zatikatzea, egiturazko desoreka eta ondasunen galkortasuna. Kausa horiek sektorean are gehiago esku hartzera behartzen dituzte botere publikoak. Behinola arrazoi horiexek justifikatu zuten 2013ko legeria onartzea, baina orain ezin dira atzeratu interes orokorrak babesteko neurri gehigarriak, zeren eta errege lege-dekretu honek beharrezkoa baitu bere berrikuntza garrantzitsuak berehala aplikatzea, hainbat inguruabar direla medio: elikagaien katean ari direnek jasandako ingurumen-kalteen eta klima-ezbeharren ugaritze etengabea; bai barruko zirkuituan bai nazioartekoan sortutako tirabira komertzialak -nabarmenenak aipatzearren, Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea, kontsumo-joeretan azken urteotan azkartu diren aldaketak, eta aduana-zergak gero eta gehiago igotzea, batez besteko hazkunde globala murrizten ari den bitartean-; produkzioaren arloko faktoreak ere bai, hala nola inputen prezio handia eta egiturazko kostuen gorakada, zeinak gero eta garrantzi handiagoa duten faktore batzuei gehitu baitzaizkie (herrialdearen lurralde-egitura, edota kanpoko faktoreen eta produkzio-baldintzen aldaketek eskaintzan eta eskarian eragindako desorekak, zeinek indar berezia hartu baitute azken hilabeteotan). Unean uneko elementu batzuek ere berebiziko garrantzia dute. Esaterako, premia handia dago luzamendurik gabe arauzko tresna bat antolatzeko, eraginkortasun osoa emango diena geroraezintzat jo diren neurriei, deskribatu diren portaeren areagotzearen eta kontzentrazioaren ondoriozko desorekatze-eredu hedakorrek espezifikoki eragiten dioten merkatu batean eta, bereziki, Espainiako sektorearentzat erabateko garrantzia duen Europako barne-merkatuaren esparruan.

Horrekin batera, eta arrazoi berberengatik, zerga-kostuen zati bat egokitu beharra dago helburu berberak lortzeko, eta neurri horren onarpena ere ezin daiteke geroratu; besteak beste, nekazari gazteentzako aipatutako tributazio-sisteman ezinbestez aldatu behar da izan nahi ez den ondorio juridiko bat, eta hor, justizia materialeko arrazoi bidezkoak ez ezik, aldaketa berehala egiteko premia geroraezina ere tartean da. Horrela, atarian dugun Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoa onartzen denerako zuzenduta edukiko dugu egoera hori, eta planaren lehentasunak egokiro uztartu ahal izango dira barneko arau-esparruarekin. Botere publikoek puntu horretan presaz jardutea behar-beharrezkoa da, neurriak atzeraeraginezko ondorioak izatea aurreikusten baita. Interesdunaren onerako badira ere, ondorio horiek berehala argitaratu behar dira, aurrekontu-ekitaldi osoari aplikatu ahal izateko moduan, gehiegizko atzeraeraginik gabe, hori oztopo izan bailiteke interesdunek neurriaren eraginaren berri izateko. Lege-izapidetze arrunta edo presakoa egingo balitz, atzerapenak eragotzi egingo luke neurria zerga-ekitaldi honetan eraginkortasunez aplikatzea, eta, ondorioz, neurria ez litzateke gauza izango bere helburua betetzeko -belaunaldi-erreleboa sustatzea-, edo, are gehiago, baliteke egokiro funtzionatu ezin izatea politika publiko gisara. Hortaz, presako bidetik baino ezin da lortu neurriaren helburua betetzea.

Era berean, neurri horien aparteko eta presako beharrizana ezinbesteko arrazoi batzuei zor zaie, zeinak ingurumen-arazo gero eta muturrekoagoek, nazioarteko merkataritzako krisi areagotuek eta jardueraren osagaien aldaketa sekuentzialek eragin baitituzte. Egoera ikusita, enpleguaren arloan aparteko neurriak ezarri behar dira presaka, ukitutako eremuetan lanerako beso gutxiago behar izateak babesik gabe ez uzteko langileak. Neurriak aurrekari asko ditu; esaterako, errege lege-dekretu hauek: 10/2005, ekainaren 20koa; 2/2010, martxoaren 19koa; 1/2013, urtarrilaren 25ekoa; 1/2015, otsailaren 27koa, eta 28/2018, abenduaren 28koa. Denek onartzen dute lanegun gutxiago egin behar izatea prestazioak jaso ahal izateko. Bestalde, lan-arloko beste neurri osagarri batzuk ere ezartzen dira, aurrekoa bezain premiazkoak. Beraz, askotan erabili izan da neurri hori, eta ez da inolako konstituzio-zalantzarik agertu hura errege lege-dekretuaren bidez arautu ahal izateari buruz.

Kontuan izan behar da, horri dagokionez, ezen jardueraren azpisektore honetan biltzen diren egiturazko eta uneko faktoreez gain -jada azaldu dira faktore horiek- badagoela funtsezko elementu bat egoera larriagotzen duena: hurrenez hurreneko klima-ezbehar bereziki bortitzak, denok ezagutzen ditugun ondorio latzak izan dituztenak nekazaritza-sektorearen jardueran. Bata bestearen atzetik sortzen ari dira goi-geruzetako depresio askatuak, eta aldatzen ari dira tenperaturen eta prezipitazioen ohiko ereduak. Horrelako gertaerek ageriko kalteak eragin dituzte nekazaritza-ustiategietan. Berez, kalte horiek aintzat hartu beharreko elementu gehigarriak dira neurri hauek presaz onartu behar izateko, eta, gainera, eragin espezifikoa dute neurri zehatz honen eremuan, nekazaritzako errenta eta sorospena goian aipatutako bi autonomia-erkidegoetan baino ez baitira ematen. Jardueraren kalteek nekazaritzako ustiategietan behin-behineko langileen kontratazioa ikaragarri jaistea ekarri dute berehala. Horrenbestez, behera egin du kotizatutako lanegunen kopuruak ere -babes-mekanismo horietaz baliatzeko baldintza-, eta hartzaileetako asko funtsezko baldintza hori bete ezinik geratu dira. Hori horrela, nazioarteko aduana-zergen eragin nabariarekin eta olio-ekoizpeneko jardueretan uzta murriztu duten ingurumen-arazoekin batera -olioa ekoizteko jarduerak dira nagusi, hain zuzen ere, bi eskualde horietan-, aise justifikatzen da premia larri eta geroraezina izatea bi figura horietaz baliatu ahal izateko eskatzen diren lanegunen kopurua gutxitzeko, lehen ere antzeko egoeretan errege lege-dekretuen bitartez erabaki izan denaren ildotik.

Gainera, nekazaritzaren arloan lan-merkatuak dituen ezaugarriak direla eta -aldi baterako lana eta, beraz, behin-behinekotasuna dira nagusi-, presako neurriak hartu behar dira araugintzako ekintza azkar baten bitartez, eta horrexek justifikatzen du neurri hori errege lege-dekretu batez berreskuratzea, halako moldez non kontratazio egonkorra sustatuko den sektorean, gizarte-ikuspegitik maila jasanezinetara iritsi den prekaritatearen bolumena murriztuz.

Era berean, uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 19.1.a) artikuluaren aldaketak badu oinarri materiala Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluan. Izan ere, presako beharrizana dago langileen osasun- eta segurtasun-baldintzak bermatzeko, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako moduan, eta lokal, etxebizitza eta ostatalekuen gaineko kontrolerako ahalak egikaritzeko, zeina, Langileen Estatutuaren 1.1 eta 1.2 artikuluen arabera, enpresaburuari baitagokio, halako tokiak langileen eskura jartzen dituen heinean. Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza leku horietara sartzeko aurreikuspenik ezak eta ondoriozko zaintzarik ezak kanpoan uzten dute enpresaburuaren segurtasun- eta zaintza-betebeharraren zati banaezin bat, zeinean irauten baitute lanarekin lotutako arriskuek (jazarpena, osasungarritasuna, atsedenerako eskubidea, eta abar), eta langilearen osasuna, segurtasuna eta osotasun fisikoa arrisku larri eta berehalakoan jar ditzakete. Halaber, aldaketa hori, zeinak batu egiten baititu Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduketa-eremu funtzionala -uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 12. artikulua- eta haren eremu materiala -lege beraren 19. artikulua-, bat dator LANE Lanaren Nazioarteko Erakundearen nazioarteko hitzarmenekin; bereziki, Langileen Segurtasunari eta Osasunari buruzko 155. Hitzarmenarekin eta Indarkeriari eta Jazarpenari buruzko 190. Hitzarmenarekin; ez hori bakarrik, gainera, bide ematen du osasuna eta segurtasuna bermatu ahal izateko arrisku handiena duten eta kalteberenak diren langile eta kolektiboei (emakume, migratzaile eta abarrekoei). Aldaketa hori bat dator uztailaren 21eko 23/2015 Legearen arabera aipatutako erakundeari dagozkion ahalmen eta eskuduntzekin, eta presaz onartu behar da, langileek osasun- eta segurtasun-baldintza egokiak izateko eta osotasun fisikoa zaintzeko duten eskubidea kolokan jartzen duten egoerak saihestearren.

Gainerakoan, kontuan izan behar da ezen errege lege-dekretu hau neurririk premiazkoenetara mugatzen dela, erantzun egokia eta nahikoa emateko, errege lege-dekretuek berezkoa duten berehalakotasunaren tarteen barruan, baina nahitaez kokatu behar dela bai Nazioaren Gobernua dagoeneko arlo horretan gauzatzen ari den neurrien multzoaren esparruan, baita etorkizuneko arau sorta baten esparruan ere, non erantzun zabalagoa emango baitzaie atzemandako beharrizanei, batez ere arlo horretako Europako araudi onartu berriaren esparruan.

Horregatik guztiagatik, xedea zein den ikusita eta ahalik azkarrena aplikatu behar dela kontuan hartuta, errege lege-dekretu honen beharrizana apartekoa eta presakoa da, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan eskatzen duen bezala.

  • IV. Erregulazio onaren printzipioak

Horregatik guztiagatik, errege lege-dekretu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioei jarraituz ematen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan agintzen duen bezala. Horren ildotik, aldaketa hau beharrezkoa eta eraginkorra da, une honetan dauden beharrei aurre egiteko aldaketa premiazkoenak egin behar direlako eta horretarako ez dagoelako beste mekanismorik lege-mailako araua baino. Gardentasun-printzipioaz denaz bezainbatean, kasu honetan errege lege-dekretua onartzen denez, ez da beharrezkoa aurretik kontsulta publikoa egitea, eta entzunaldi-izapidea eta informazio publikoaren izapidea ere ez dira behar. Halaber, proportzionala eta gardena da, zeren aldaketa hau bateragarria baita elikagaien katea dela-eta gure ordenamenduan etorkizunean txertatzekoa den zuzentarauaren edukiarekin; gainera, gutxieneko aldaketa denez, hala behar duten elementuei bakarrik gehitzen die interes publikoa babesteko egokitzat jotzen den eduki osagarria; eta segurtasun juridikoaren printzipioa bermatuta dago, neurri sorta egoki txertatzen dela segurtatzen baita. Azkenik, efizientziaren printzipioa betetzat jotzen da, ez baita egungo araudiaren aldean zama administratibo berririk ezartzen, ezinbestekoak izan ezik.

  • V. Eskumen-gaikuntza

Eskumen-tituluei dagokienez, lehenengo artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da; artikulu horrek jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena esleitzen dio Estatuari. Horretatik kanpo geratzen dira lehenengotik hirugarrenera bitarteko aldaketak -II. tituluari dagozkionak- eta errege lege-dekretu honetako xedapen iragankor bakarra; horiek guztiak 149.1 artikuluko 6. eta 8. arauen babesean ematen dira, zeinek Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitiote merkataritzako legeriaren eta legeria zibilaren arloetan.

Bigarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 14. arauak xedatzen duenaren babesean ematen da; arau horrek Estatuari eskumen esklusiboa ematen dio Ogasun Nagusiaren arloan.

Hirugarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 17. arauan jasotako gaikuntzaren babesean ematen da. Arau horrek Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren alorreko eskumena esleitzen dio Estatuari, ezertan eragotzi gabe haren zerbitzuak autonomia-erkidegoek betearaztea.

Laugarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. arauan jasotako gaikuntzaren babesean ematen da. Arau horrek Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen dio lan-legeriaren arloan, ezertan eragotzi gabe hura autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea.

Bosgarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. eta 17. arauen babesean ematen da, biak batera hartuta, eta horien bitartez eskumen hauek esleitzen zaizkio Estatuari: lan-legeriaren alorreko eskumen esklusiboa, ezertan eragotzi gabe hura autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea, eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren alorreko eskumena, ezertan eragotzi gabe haren zerbitzuak autonomia-erkidegoek betearaztea.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako ministroak, Ogasuneko ministroak eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2020ko otsailaren 25eko bileran proposamena eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Abuztuaren 2ko 12/2013 Legea aldatzea, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa.

Hona nola aldatzen den abuztuaren 2ko 12/2013 Legea, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa:

Bat. Honela idatzita geratzen da 9. artikuluaren 1. apartatuko c) letra, eta apartatu horri j) letra gehitzen zaio:

«c) Elikagai-kontratuaren prezioa, ordainketa guztiak berariaz adierazita, aplika daitezkeen deskontuak barne. Zenbateko finkoa edo aldakorra zehaztu ahal izango da. Zenbateko aldakorraren kasuan, faktore objektibo eta egiaztagarrien arabera baino ez da zehaztuko. Ez dira manipulatzeko moduko faktoreak izango, eta kontratuan berariaz ezarritakoak izango dira. Inoiz ere ez da erabiliko operadorearen beraren edo beste operadore batzuen partaidetza duten prezioei erreferentzia egiten dien faktorerik. Erabil daitezkeen faktoreak hauek dira, esate baterako: merkatuaren egoeraren bilakaera, entregatutako kopurua eta produktuaren kalitatea edo osaera. Betiere, faktoreetako bat izango da kontratuaren objektu den produktuaren benetako ekoizpen-kostua. Kostu hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira operadoreak berak izan dituen ekoizpen-kostuak, bere gain hartu dituenak edo antzekoak. Nekazaritza-ustiategien kasuan, kontuan hartuko dira honako faktore hauek, besteak beste: haziak eta mintegiko landareak, ongarriak, pestizidak, erregaiak eta energia, makineria, konponketak, ureztatze-kostuak, abereentzako janariak, albaitaritzako gastuak, kontratatutako lanak eta langileen soldatak. Faktore objektibotzat joko dira faktore inpartzialak, alderdiekiko loturarik gabe finkatuak eta kontsulta publikoko datuetan oinarrituak. Nekazaritza-ustiategien kasuan, halakotzat joko dira, esaterako, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ustiategien benetako kostuei buruz argitaratutako datuak.».

«j) Berariazko adierazpena, honako hau dioena: nekazaritzako, abeltzaintzako, arrantzako edo basogintzako lehen ekoizleak edo ekoizle elkarteak lehenengo eroslearekin itundutako prezioak benetako ekoizpen-kostua estaltzen duela.».

  • Bi. 12 bis artikulua gehitzen da; hona testua:

«12 bis artikulua. Sustapen-jarduerak.

Lege honen aplikazio-eremuan:

  • 1. Sustapenak abiatzean eta garatzean printzipio hauek hartuko dira oinarritzat:

  • a) adostasuna eta ituntzeko askatasuna;

  • b) elkarren onura; eta

  • c) operadore bakoitzaren inguruabarretara moldatzeko malgutasuna.

  • 2. Sustapen komertzialei buruzko itunak beren hartan eta beren osoan errespetatuko dira. Ituna egin ahal izateko, bi alderdiek berariaz adierazi beharko dute ados daudela. Itunean jasoko dira sustapenaren ezaugarriak: epeak (hasiera-eta amaiera-datak), lagapen-prezioak, bolumenak eta intereseko gainerako kontuak, bai eta sustapenaren prozedurari, motari, garapenari, estaldura geografikoari eta emaitzaren ebaluazioari dagozkien alderdiak ere.

  • 3. Ez da egingo produktuen prezioari edo irudiari buruz nahasteko bidea eman dezakeen sustapen-jarduerarik, ezta katean produktuen kalitatearen edo balioaren pertzepzioa kaskartu dezakeen sustapen-jarduerarik ere.».

Hiru. 12 ter artikulua gehitzen da; hona edukia:

«12 ter artikulua. Balio-suntsiketa katean.

Elikagaien katean balio-suntsiketarik gerta ez dadin, kateko operadore bakoitzak aurrekoari produktu baten truke ordainduko dion prezioa aurreko operadore horrek izan duen edo bere gain hartu duen benetako produkzio-kostuaren parekoa edo handiagoa izango da. Hori egiaztatzeko, zuzenbidean onartutako frogabideak erabiliko dira.

Kontsumitzaileari produktuaren azken salmenta egiten dion operadoreak inola ere ezin izango dio aurreko operadoreetako inori jasanarazi berak publikoarentzako prezioen arloan darabilen politika komertzialaren ondoriozko enpresa-arriskua.».

Lau. Honela aldatzen da 23. artikulua:

  • 1. 23.1.a) artikulua edukirik gabe geratzen da.

  • 2. Honela idatzita geratzen dira 23.1 artikuluko b) eta e) letrak:

«b) Elikagai-kontratuetan gutxienez jaso beharrekoak ez jasotzea, 2. apartatuan sartzeko modukoak diren jokabideen kalterik gabe.».

«e) Alderdiek berariaz hitzartu ez dituzten aldaketak egitea kontratuaren baldintzetan, 2. apartatuan sartzeko modukoak diren jokabideen kalterik gabe.».

  • 3. Paragrafo bat eransten zaio 23.2 artikuluari; honela dio:

«Arau-hauste astuna izango da, halaber, lege honetan aipatzen diren elikagai-kontratuak idatziz ez formalizatzea; 9.1.c) artikuluan jasotako prezioa elikagai-kontratuan ez jartzea; kontratuan jarritako prezioaren aldaketak egitea alderdiek berariaz hala itundu gabe; elikagai-katean balioa suntsitzea, 12 ter artikuluarekin bat, eta produktuen prezioari eta irudiari buruz nahasteko bidea eman dezaketen sustapen-jarduerak egitea, 12 bis artikuluarekin bat.».

Bost. 24.2 artikulua edukirik gabe geratzen da.

Sei. 24 bis artikulua gehitzen da; hona testua:

  • «2 4 bis artikulua. Elikagai-kontratazioaren arloko ebazpen zehatzaileak argitaratzea.

  • 1. Zehapenak ezartzeko eskumena duen administrazio publikoak aldian behin argitara emango ditu elikagai-kontratazioaren arloko arau-hauste astunengatik eta oso astunengatik zehapenak ezartzeko emandako ebazpenak, behin irmo bihurtzen direnean administrazio-bidean, edo, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri bada, auzibidean. Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako zehapenen kasuan, publizitate hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren webgunearen bitartez egingo da.

  • 2. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen I. tituluak arautzen dituen publizitate aktiboa eta informazio publikorako irispidea, bai eta legeria autonomikoak ezartzen dituen publizitate aktiborako betebeharrak ere, 19/2013 Legearen 5.3 eta 15. artikuluetan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren mendean egongo dira, informazioak datu pertsonalak dituenean.».

Zazpi. Bosgarren xedapen gehigarriari paragrafo bat eransten zaio; honela dio:

«Nolanahi ere, sektore horri aplikatzekoak izango dira lege honen 9.1.c) eta j) artikuluan eta 12 ter artikuluan jasotako beharkizunak.».

Bigarren artikulua. Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzea, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena eta partez aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga.

Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen da, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena eta partez aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga. Hona aldaketak:

Bat. Honela idatzita geratzen da 14. artikuluaren 1. apartatuko b) letra:

«b) Jarduera ekonomikoen etekinak sozietateen gaineko zergaren araudian xedatutako moduan egotziko dira, erregelamenduz zer berezitasun ezartzen diren albora utzi gabe.

Hala ere, nekazari gazteen lehenengo instalaziorako laguntza publikoak, Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean aurreikusitakoak, lau zatitan egotzi ahal izango dira: laurden bat jasotzen diren zergaldian eta laurden bana hurrengo hiruretan.»

Bi. 14. artikuluaren 2. apartatuan, c) letra aldatu egiten da eta l) letra gehitzen da; hona:

«c) Laguntza publikoen ondoriozko ondare-irabaziak kobratzen diren zergaldiari egotziko zaizkio, ezertan galarazi gabe apartatu honetako g), i), j) eta l) letretan jasotako aukerak.»

«l) Espainiako Landa Garapenerako Esparru Nazionalean nekazari gazteen lehenengo instalaziorako aurreikusten diren laguntza publikoak, nekazaritzako sozietate-enpresen kapitaleko partaidetza eskuratzeko erabiltzen badira, lau zatitan egotzi ahal izango dira: laurden bat jasotzen diren zergaldian eta laurden bana hurrengo hiruretan.».

Hirugarren artikulua. Andaluziako eta Extremadurako autonomia-erkidegoetan bizi diren nekazaritzako behin-behineko langileek langabeziako sorospena edo nekazaritzako errenta jaso ahal izateko gutxienez kotizatu beharreko lanegun errealen kopurua murriztea.

  • 1. Nekazaritzako besteren konturako behin-behineko langileek, baldin eta errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denean Gizarte Segurantzako Besteren Konturako Nekazaritzako Langileen Araubide Berezian badaude eta egun horretan Andaluziako edo Extremadurako autonomia-erkidegoan bizi badira, urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak arautzen duen langabezia-sorospena jaso ahal izango dute, edo apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretuak arautzen duen nekazaritza-errenta, nahiz eta Gizarte Segurantzako araubide horretan ez eduki beteta errege-dekretu horietako 2.1.c) artikuluan edo 2.1.d) artikuluan hurrenez hurren eskatzen den lanegun erreal kotizatuen gutxieneko kopurua. Horiek jasotzeko, baina, langabeziaren aurreko hamabi hil naturaletan araubide berezi horretan gutxienez 20 lanegun erreal eduki behar dituzte kotizatuta, eta gainerako baldintzak bete behar dituzte, hau da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 288. artikuluan ezarritako baldintzak (testu hori urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) eta arestian aipatutako errege-dekretuetan ezarritakoak.

  • 2. Artikulu honen 1. apartatuan ezartzen dena aplikatzen denean, 35 lanegun erreal joko dira kotizatutzat honako hauetan xedatzen denaren ondorioetarako:

  • a) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretua, 5.1.a) artikulua.

  • b) Apirilaren 11ko 426/2003 Errege Dekretua, 4.1 eta 5.1.a) artikuluak.

  • 3. Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera artikulu honen 1. apartatuan adierazitako lurralde-eremuan aurkezten diren eskaeretan honako erregela hauek hartuko dira kontuan:

  • a) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak lehenengo xedapen iragankorrean ezartzen duena aplikatzeko, 20 lanegun erreal kotizatu beharko dira gutxienez, xedapen horretan ezartzen denarekin bat etorriz.

  • b) Urtarrilaren 10eko 5/1997 Errege Dekretuak bigarren xedapen iragankorrean ezartzen duena aplikatzeko, 20 lanegun edo gehiago kotizatu direla frogatzen bada, 35 lanegun joko dira kotizatutzat.

Laugarren artikulua. Nekazaritzako langileen behin-behineko kontratuak kontratu mugagabe edo aldizkako kontratu finko bihurtzea.

  • 1. Besteren kontura lan egiten duten nekazarientzako sistema berezian (Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean ezartzen den horretan) dauden langileei lana ematen dieten enpresek 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen aldatzen badituzte langile horiekin sinatu diren aldi baterako kontratuak (aldizkako kontratu finkoak barne), noiz sinatu ziren alde batera utzita, eta kontratu mugagabe bihurtzen badituzte, enpresa horiek hobari hauek jaso ahal izango dituzte, Gizarte Segurantzaren kontingentzia arrunten ziozko enpresentzako kuotan, kontratua mugagabe bihurtu ondoko bi urteetan:

  • a) 1. kotizazio-taldeko langile baten kontratua aldatzen bada, kotizazioa hileka egiten bada eta hileko kotizazio-oinarria 1.800 euro baino gutxiago bada, hobaria 40 euro izango da hilean (480 euro urtean). Langilea emakumea izanez gero, hobaria 53,33 euro izango da hilean (640 euro urtean).

  • b) 1. kotizazio-taldeko langile baten kontratua aldatzen bada, langileak benetan lan egindako lanegunengatik kotizatzen badu eta eguneko kotizazio-oinarria 81 euro baino gutxiago bada, hobaria 2 euro izango da egunean. Langilea emakumea izanez gero, hobaria 2,66 euro izango da egunean.

  • c) 2. eta 11. kotizazio-taldeen arteko batean dagoen langile baten kontratua aldatzen bada eta langilearen hileko kotizazio-oinarria 1.800 eurotik beherakoa bada, edo egunekoa 81,82 eurotik beherakoa, hobaria kontingentzia arrunten kuota hilean gehienez 94,63 euro izateko edo benetan lan egindako lanegun bakoitzeko 4,30 euro izateko behar den bestekoa izango da. Langilea emakumea izanez gero, hobaria kontingentzia arrunten kuota hilean gehienez 63,09 euro izateko edo benetan lan egindako lanegun bakoitzeko 2,87 euro izateko behar den bestekoa izango da.

  • 2. 1. apartatuan arautzen diren hobariak ez dira aplikatuko langileak lana duela aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua edo edoskialdi naturaleko arriskua gertatzen denean, ez eta adingabea jaio eta zaindu beharra gertatzen denean ere. Egoera horiek abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuak arautzen ditu, 5.7 artikuluan, martxoaren 8ko 8/2019 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluak hura berridatzi duen bezala (dekretu horrek gizarte-babeserako eta lanaldian lan-prekaritatearen kontra borrokatzeko presako neurriak ezartzen ditu).

  • 3. Pizgarri hau aplikatu ahal izateko, enpresak gutxienez hiru urtez eduki beharko du langilea kontrataturik, kontratua mugagabe bihurtzen den egunetik zenbatzen hasita. Betebehar hori bete ezean, pizgarria itzuli beharko da.

Aurreko betebeharra (enplegu-mailari eutsi beharra) ez da urratutzat joko lan-kontratua arrazoi objektiboengatik edo diziplinazko kaleratzeagatik azkentzen bada (batera zein bestera, kaleratzea bidezkotzat jo behar da), eta kargua uzteagatik, heriotzagatik, erretiroagatik, ezintasun iraunkor oso edo absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik azkentzen bada ere ez.

  • 4. Xedapen honetan arautzen ez den guztiari Hazkundea eta Enplegua Hobetzeko abenduaren 29ko 43/2006 Legeak I. kapituluaren I. atalean ezartzen duena aplikatuko zaio, 2.7 artikulukoa izan ezik.

Bosgarren artikulua. Uztailaren 21eko 23/2015 Legea aldatzea, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duena.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 19. artikuluaren 1. apartatuko a) letra honela idatzita geratuko da:

«a) Enpresetan, lantokietan eta oro har lan-prestazioa gauzatzen den tokietan, baita administrazio publikoek edo haien menpeko edo haiekin lotutako nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeek zuzenean arautu edo kudeatzen dituztenean ere; azken kasu horretan, administrazio publikoetan jarduketa hori arautzen duen araudia bete beharko da. Laneko Ikuskatzailetzaren jarduketa-eremuan daude, halaber, langileen bizitoki, ostataleku edo laneko atsedenaldietarako egonleku izan daitezkeen lokalak, etxebizitzak edo atondutako bestelako lekuak, nahiz eta ez egon kokatuta langileek lanean diharduten enpresan, lan-zentroan edo lantokian bertan, baldin eta enpresaburuak halako lekuren bat langileen eskura jartzen badu lege-arau, hitzarmen kolektibo edo lan-kontratu batean ezarritako betebeharra betetzeko.»

Xedapen gehigarri bakarra. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren txostena.

Errege lege-dekretu hau indarrean jarri eta handik urtebetera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak txostena aurkeztuko dio Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeari. Bertan aztertuko da zer emaitza ekarri dituen hemen jasotako neurrien aplikazioak. Zehazki, txosten horrek azalduko du nola eragin dieten neurri horiek Espainiako nekazaritzako elikagaien sektoreari eta kontsumitzaileei, kontuan izanik nolako eboluzioa izan duten nekazaritzako elikagaien prezioak finkatzeko sistemak eta produktu horien azken prezioek.

Xedapen iragankor bakarra. Aurretik indarrean zeuden kontratuak.

Errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denerako indarrean dauden elikagai-kontratuak -horien luzapenak eta nobazioak barne- baliozkoak izango dira aurrerantzean ere, baina arau honetan xedatutakoarekin bat ez datorren guztia egokitu beharko dute sei hilabeteko epean, berau indarrean jartzen denetik hasita.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-tituluak.

Lehenengo artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoaren babesean ematen da; artikulu horrek jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumena esleitzen dio Estatuari. Horretatik kanpo geratzen dira lehenengotik hirugarrenera bitarteko aldaketak -II. tituluari dagozkionak- eta errege lege-dekretu honen xedapen iragankor bakarra; horiek guztiak 149.1 artikuluko 6. eta 8. arauen babesean ematen dira, zeinek Estatuari eskumen esklusiboa ematen baitiote merkataritzako legeriaren eta legeria zibilaren arloetan.

Bigarren artikulua Konstituzioak 149.1 artikuluko 14. arauan xedatzen duenaren babesean ematen da; manu horrek Ogasun Nagusiaren alorreko eskumen esklusiboa esleitzen dio Estatuari.

Hirugarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 17. arauan jasotako gaikuntzaren babesean ematen da. Arau horrek Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren alorreko eskumena esleitzen dio Estatuari, ezertan eragotzi gabe haren zerbitzuak autonomia-erkidegoek betearaztea.

Laugarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. arauan jasotako gaikuntzaren babesean ematen da; arau horrek Estatuari eskumen esklusiboa esleitzen dio lan-legeriaren arloan, ezertan eragotzi gabe hura autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea.

Bosgarren artikulua Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluko 7. eta 17. arauen babesean ematen da; horien bitartez eskumen hauek esleitzen zaizkio Estatuari: lan-legeriaren alorreko eskumen esklusiboa, ezertan eragotzi gabe hura autonomia-erkidegoetako organoek betearaztea, eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeriaren eta araubide ekonomikoaren alorreko eskumena, ezertan eragotzi gabe haren zerbitzuak autonomia-erkidegoek betearaztea.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea eta ondorioak.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarren artikuluak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Hirugarren artikuluan xedatutakoa errege lege-dekretu hau indarrean jartzen den egunetik 2020ko abenduaren 31ra bitartean (bi egun horiek barne) aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaie.

Madrilen, 2020ko otsailaren 25ean.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra