5/2015 Errege Lege Dekretua, apirilaren 30ekoa, futbol profesionaleko lehiaketen ikus-entzunezko edukiak ustiatzeko eskubideak merkaturatzearekin loturiko urgentziazko neurriei buruzkoa
2015-04-30Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2015/05/01, 104. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
4780 5/2015 Errege Lege Dekretua, apirilaren 30ekoa, futbol profesionaleko lehiaketen ikus-entzunezko edukiak ustiatzeko eskubideak merkaturatzearekin loturiko urgentziazko neurriei buruzkoa.
ZIOEN AZALPENA
I
Kirola garapen pertsonal eta sozialeko balioak eskuratzeko bide egokitzat jo da tradizionalki, hala nola nork bere burua gainditzeko nahia, integrazioa, pertsonekiko errespetua, tolerantzia, arauak betetzea, pertseberantzia, talde-lana, mugak gainditzea, autodiziplina, erantzukizuna, lankidetza, zintzotasuna, leialtasuna eta abar. Ezaugarri desiragarriak dira edonorentzat horiek guztiak, eta kirolaren bidez eskuratu daitezke, bai eta irakasle, entrenatzaile eta familiek, kirolean esku hartzen duten eragile guztien laguntzarekin betiere, kirolari ematen dioten orientazioaren bidez ere. Horrela, pertsonarengan garatu eta iraun egingo dute baliook, eta garapen fisiko, intelektual eta sozial oso bat lortzen eta bizi garen gizartean hobeto integratzen lagunduko diote.
Kirol-jarduerak amateurren esparruan eta kudeaketako enpresa-irizpideetatik urrun iraun zuen bitartean, balio horiek nagusi izan ziren, eta errealitate ekonomikotik eta hura zuzentzen duten printzipio eta arauetatik kanpo geratu zen kirola. Alabaina, bi fenomeno berrik «kirol moderno» dei genezakeeneranzko trantsizioa markatu dute: profesionalizazioak eta komertzializazioak. Kirolaren profesionalizazio-prozesuak bai pertsonak, bai egiturak ukitzen ditu, eta kirolariak zaletu izatetik profesional izatearekin lotzen da, baina baita kirola sustatzen eta garatzen diharduten erakundeen funtzionamendu operatiboa arrazionalizatzearekin ere. Komertzializazio-prozesua berriagoa da, eta kirol-ekitaldiak hedabideen bidez transmititzearekin lotzen da. Transmisio horiek diru-sarrerak lortzeko aukera interesgarriak sortu dizkiete kirol-erakundeei, telebista-eskubideak eta irudi-lizentziak saltzearen bidez, eta orobat kirol-talde, jokalari eta izarrak hedabideetan agertzearen ondoriozko bestelako merkataritza-jarduera batzuen bidez.
Bi faktore horien bategitea ez da modu homogeneoan gertatu, eta zenbait diziplinatan beste batzuetan baino lehenago edo sakonkiago gertatu da; nolanahi ere, egoera horrek nabarmen eraldatu du kirola, ikuspegi bikoitz batetik. Batetik, kirola industria gisa ulertzen hasi da kirol-diziplina guztietan, eta hazkunde ekonomikorako motor ezin garrantzitsuago bihurtu da ondorioz. Bestalde, Mendebaldeko gizarteetan fenomeno sozial bihurtu da kirola, eta haren garrantziak kirol-esparru hutsa gainditu du.
II
Kirol-ekitaldiak hedabide sozialen bidez gero eta gehiago eta bizkorrago kontsumitzeak, non eta merkatu nazionalez askoz haratago doan dimentsio global batean, erabat eraldatu du kirol-txapelketa ofizial profesionalizatuenen konfigurazio klasikoa. Halakoen iraunkortasuna, gaur egun, bi faktoreren arteko balantzearen mende dago: zabalkunde masiboari esker erakartzen dituzten baliabide ekonomikoen kudeaketa egokia, batetik, eta produktu erakargarri, lehiakor eta sozialki garrantzitsu izaten jarraitzeko duten ahalmena, bestetik. Eskema berri horretan, kirol-txapelketa profesionalen ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzearen ondoriozko inpaktu ekonomikoa da, zalantzarik gabe, txapelketa horiek egiteko aukerak gehien baldintzatzen dituen faktorea, eta, aldi berean, ekonomia-arloaren eta kirol-arloaren arteko dualitatearen desorekak ondoen islatzen dituena.
Joera horiek guztiak, zeinetan kirol-faktoreak nahasi egiten diren ekonomia-sektore ahaltsu baten faktoreekin eta orobat futbolaren praktikari lotzen zaizkion elementu ez-material
eta kulturalekin, gizonezkoen futbol profesionalean bateratzen dira gehien Espainian, gure inguruko beste herrialde batzuetan bezala. Eta azken hamarkadetako prozesu konplexu, eta ez beti baketsu, honen kontakizun enpirikoan, bereziki kritikoa eta erabakigarria izan da ikusentzunezko eskubideetatik eratorritako diru-sarreren eragina, bai Espainiako futbol profesionaleko txapelketa munduko kalitate handienekoen artean kokatzeko eta finkatzeko, bai ikus-entzunezko merkatua sustatzeko eta garatzeko, batez ere ordainpeko telebistazerbitzuena. Maila berdintsuko txapelketak dituzten gainerako herrialdeen kasuan bezalaxe, futbolak telebista erabili du baliabideak eta diru-sarrerak eskuratzeko bide nagusi gisa, baina, era berean, telebista-kateen eta bestelako hedabide eta kanalen hedapena (batez ere ordainpeko telebistarena) , futbol profesionaleko topaketak programatzeko duten ahalmenaren mende egon da eta dago.
Espainian, futbol profesionaleko txapelketen ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzeko eredua esku hartzen duten eragileen borondatearen autonomian oinarritzen da, erabateko autonomia baitute beren merkataritza-harremanak antolatzeko. Testuinguru horretan, txapelketetan parte hartzen duten taldeek banaka saltzearen alde egin da; horrela, bada, txapelketako topaketa bakoitzaren eskubideen titulartasuna etxean jokatzen duen klubari onartzen zaio, betiere bisitariaren baimenarekin. Futbol-txapelketa profesional garrantzitsuak dituzten Europako beste herrialdeetan ez bezala, zeinetan baterako salmenta-ereduak ezartzen ari baitira pixkanaka, banakako salmenta-ereduak berekin ekarri du hitzarmen anizkoitzak lortu behar izatea taldeen eta ikus-entzunezko operadoreen artean partidak transmititzeko. Hitzarmenok ez datoz beti merkatuko arauekin bat, desorekatuak dira alderdien negoziazio-ahalmenari dagokionez eta gatazka judizial ugari ezagutzen dituzte. Eta praktikan, txapelketetako erakunde antolatzaileek ez dute parte hartu.
Ikus-entzunezko eskubideen salmenta-ereduaren funtzionamendu ezegonkor eta zatikatuak sistemaren egiturazko ahulezia bat sorrarazi du; horrek azaltzen du zergatik ekarri dituen salmenta horrek diru-sarrera txikiagoak Espainiako txapelketari, bere garrantziagatik, dimentsioagatik eta nazioarteko inpaktuagatik, egokituko litzaizkiokeenak baino, eta zergatik den handiagoa gehien eta gutxien jasotzen duten taldeen diru-sarreren arteko desoreka gure inguruko ligetan baino. Eskubideen komertzializazioko ahulezia horrek eta ondorioz eskubideak banatzeko merkatu eraginkorrik ez egoteak, orobat, difusio-kanal berrien garapena mugatua izatea eragin bide du, batez ere ordainpeko telebista-kateen kasuan. Izan ere, gure inguruko beste herrialde batzuetan hedatu egin dira halakoak, ikus-entzunezko eskubideen salmenta-baldintzak denboran nahiz ustiaketabaldintzetan gardenagoak eta egonkorragoak direla aprobetxatuta.
III
Xedapen honen edukia oinarrizko hiru ardatzen inguruan egituratzen da. Batetik, nahiz eta futbol profesionaleko txapelketen transmisioaren ikus-entzunezko eskubideen titulartasuna –izan transmisio hori zuzenekoa edo aurrez grabatua, osoa edo bertsio laburbildu eta/edo zatikatua– parte hartzen duten klub edo erakundeei dagokien, erakunde antolatzaileei transmisio horien baterako komertzializaziorako ahalmena lagatzeko betebeharra ezartzen da; hau da, Futbol Profesionaleko Liga Nazionalari, Lehen eta Bigarren Mailako Ligako Txapelketa Nazionalaren kasuan, eta Espainiako Futboleko Errege Federazioari, Errege Koparen eta Espainiako Superkoparen kasuan. Lagatako eskubideak enpresa-berdintasun eta -askatasun printzipioak errespetatzen dituzten esleipeneta ustiapen-prozesuen bidez komertzializatu behar dituzte erakundeok, eta betiere Espainiako eta Europako lehia arloko arauen esparru orokorraren barruan. Helburu horrekin, eskubideak komertzializatzeko eta esleitzeko prozedurari buruzko zenbait irizpide ezartzen ditu errege lege-dekretuak, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari rol protagonista eta erabakitzailea egozten dio ikus-entzunezko eskubideen baterako kontratazio-prozesu horien ikuskaritzan.
Errege lege-dekretuaren artikuluetako bigarren ardatza baterako komertzializaziotik eskuratutako diru-sarrerak banatzeko sistema bat ezartzea da; sistema horretan, irizpide zuzentzaile batzuk txertatzen dira, denboraldi bakoitzean diru-sarrera handienak eta
txikienak jasotzen dituzten erakundeen arteko diferentziak mugatze aldera. Irizpide horiei esker, diru-sarrerak futboleko Lehen eta Bigarren Mailen artean banatu daitezke, eta kategoria bakoitzaren barruko bidezko banaketa haztatzen da, lortutako kirol-emaitzen arabera eta parte hartzen duen erakunde bakoitzaren gizarte-ezarpenaren arabera. Azken hori neurtzeko, bi faktore hartzen dira kontuan: abonamendu bidez eta txarteldegian batez bestez lortzen diren diru-sarrerak, batetik, eta telebista-emankizunak komertzializatzetik sortzen diren baliabideetan eginiko ekarpen erlatiboa, bestetik.
Hirugarrenik, komertzializaziotik lortutako diru-sarrerak banatutakoan, parte hartzen duen erakunde bakoitzak derrigorrezko ekarpenak egin behar ditu honako hauetarako: futbol profesionaleko txapelketan parte hartu eta gero kategoriaz jaisten diren kirolentitateen Konpentsazio Funtserako; Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak lehiaketa profesionala sustatzeko eta Espainiako Futboleko Errege Federazioak futbol amateurra sustatzeko garatzen dituzten politiketarako; eta Kirol Kontseilu Gorenak Emakumezkoen Futboleko Lehen Mailari, Gizonezkoen Txapelketa Nazionaleko Bigarren B Mailari, eta futbolari, arbitro, entrenatzaile eta prestatzaile fisikoen elkarteei laguntzeko egiten dituen politiketarako.
Ildo horretan, gogoratu behar da kirol-sistema, zeina zorretan den nazioarteko erakundeek gaur egun ezagutzen dugun bezala sortu zutenean egotzi zioten autonomiaren kariaz –gaur egun halako arduraz zaintzen duten autonomia hori, hain zuzen–, ekosistema konplexua dela. Kirol-munduaren bereizgarri komuna da halaber elkartasunezko barneneurriak existitzea, gizartearen elkartasunezko neurri orokorren osagarri gisa. Erakunde guztietan gertatzen da, askotariko instituzioen bidez (prestakuntza-eskubideak, beheko kategorientzako konpentsazioak eta abar) . Arrazoizkoa da alde handiz profesionalizatuena den kirolaren diru-sarrerarik handiena, bera gailur duen piramidearen oinarria finantzatzeko ere erabiltzea. Hala, bada, interes orokorrekoa da diru-sarrera horien zati bat futbol amateurrera bideratzea, edo emakumezkoen futbolera (arrazoi historikoengatik askoz garapen txikiagoa izan baitu eta konpentsatu beharreko bereizkeria jasan eta jasaten baitu) , edo futbol-kategoria ez-profesionaletara (haiek elikatzen baitituzte ez gutxitan goragoko kategorien plantillak, eta urtero bigarren maila profesionalera igotzen diren taldeen % 20 dira) , edo gainerako kirol-modalitateetara eta kirolariengana, gure herrialdearen irudia aberasten baitute eta beren entrega eta garaipenak eskaintzen baitizkiete herritarrei (nahiz eta, askotan, kotizatzen hasi baino lehen amaitzen diren haien kirol-karrerak) .
Azkenik, errege lege-dekretuak antolamendu-neurri batzuk eta erregimen iragankor bat ere jasotzen ditu, edukiak pixkanaka eta egonkortasunez ezartzen direla bermatzeko; eta futbol profesionalaren praktikarekin lotura estua duten beste zenbait legeren aldaketa partzialarekin osatzen da. Horrela, eskubideen ustiapen ez-esklusiboa bermatzeko prozedura bat ezartzen da, hala Lehen Mailako Ligako Txapelketa Nazionaleko partiden merkatu nazionaleko ordainpeko telebista-kateetarako, eduki horiek merkatu horretarako funtsezkoak direla arrazoituta, nola haiei loturiko komunikazio elektronikoko zerbitzuen merkaturako, pakete gisa komertzializatu ohi baitituzte halako edukiak. Halaber, Ikusentzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Legea aldatzen da, izaera orokorreko albistegietan txerta daitezkeen kirol-laburpenen denbora doitzeko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azken jurisprudentzia-irizpideen arabera. Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea ere aldatzen da, kirol sozietate anonimoen gaineko ekonomiaeta finantza-kontrolerako sistemak indartzeko, eta sozietateok lehiaketaren eta parte hartzen duten erakundeen finantza-orekari eragiteko erabiltzen ez direla bermatzeko.
IV
Printzipioz, ondasun eta zerbitzuen merkatu batean eraginkortasun gabeziak existitzea gai erabat pribatua da, eta merkatu horretan jarduten duten eragileei dagokie konpontzea. Esku-hartze publiko orok ezohiko izaera izan behar du eta interes orokorreko goi arrazoien bidez justifikatu behar da.
Futbol profesionaleko lehiaketen ikus-entzunezko eskubideen merkatuaren kasuan, hiru arrazoik justifikatzen dute Gobernuak premiaz esku hartzea: lehenik, kirol
profesionalaren garrantzi sozial eztabaidaezina; bigarrenik, eragindako sektore guztiek behin eta berriz eta modu bateratuan eskatu izana halako esku-hartzea; eta, azkenik, ordainpeko telebista-kateen merkatuan haien funtsezko aktiboetako batean eraginez lehia sustatzeko beharra.
Espainian, agerikoa da kirol profesionalaren eta, batez ere, futbolaren garrantzi soziala, estatistikaeta iritzi-azterketetan islatzen den bezala. Hain zuzen ere, futbolean daude kirolari federatu gehien (855.987 ziren 2013an, alegia, federazio-lizentzien % 25,2) , eta 21.584 kirol-kluben bidez parte hartzen dute txapelketa ofizialetan.
Baina futbolaren interesa praktikaz haratago doa, CISen barometroak 2014ko ekainean agerian utzi zuen moduan; izan ere, biztanleriaren % 48k adierazten du futbolean interesa duela, nahiz eta ez praktikatu. Eta futbol profesionaleko taldeen jarraitzaile-izaerari buruz galdetutakoan, ehuneko hori, bitxiro, % 67,4ra igotzen da.
Gizarteak futbol profesionalean duen interes handi horrek biztanleriaren kontsumoohiturak baldintzatzen ditu. Hain zuzen ere, futbol profesionaleko taldeen jarraitzaileek aitortzen dutenez, ahal duten guztietan ikusten dituzte partidak telebistan (% 74,9) , baita ordainpeko telebista-zerbitzuen bidez ere (% 15,5) , zuzenean ikusten dituzte partidak (% 32) eta taldearen markarekin komertzializatutako erabilera pertsonaleko produktuak erosten dituzte (% 30,1) .
Iritzi-datu horiek bat datoz Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak urteko memorietan jasotzen dituen futbol-estadioetara bertaratutakoen eta telebistako ikus-entzuleen adierazleekin. Hartara, 2013/2014 denboraldian, 13 milioi pertsonatik gora joan ziren estadioetara Lehen eta Bigarren Mailako partidak zuzenean ikustera, eta telebistako ikusleak 210 milioitik gora izan ziren.
Futbol profesionalak jarduera ekonomikoari egiten dion ekarpena ere handia da, eta zuzeneko eta zeharkako inpaktu handia du aberastasuna eta enplegua sortzeko orduan. Gure herrian oso garrantzitsuak diren zenbait sektoretan du eragina, hala nola turismoan, publizitatean eta babesletzan, eta komunikazioaren teknologien komertzializazioan.
Gobernuaren esku-hartzea justifikatzen duen bigarren arrazoia da operadoreentzat zaila dela autoerregulazioaren bidez ikus-entzunezko eskubideak eraginkortasunez kudeatzeko eredu bat onartzea. Banakako salmenta-eredua, 1997/1998 denboralditik indarrean dagoena, behin eta berriz berrikusi dute jurisdikzio-organoek eta Espainiako lehia-aginteek, futbol-txapelketen telebista-emankizunen merkatuan parte hartzen duten eragile ugarien artean sortu diren erlazio askotariko eta konplexuak direla eta. Tentsioak hala klub eskaintzaileen artean nola ikus-entzunezko eskubideak eskatzen dituzten operadoreen artean sortu dira.
Komeni da futbol profesionalak historikoki jasan duen krisi endemikoa gogoraraztea. Duela zenbait hamarkadatik hona bata bestearen atzetik abian jarri diren «saneamenduplanek» ez dute eragotzi aldian behin ekipo historikoak likidatzea, talde profesionalen ehuneko handi bat konkurtso-egoeratik igarotzea, edota 2011/2012 denboraldiaren bukaeran futbol profesionaleko 42 taldeen artean lau mila milioi eurotik gorako zorra metatzea. Futbol profesionala aldaketa kultural sakon bat ari da jasaten, emaitzen kontuko etengabeko galeren joera historiko eta salbuespenik gabeko horren aurka egiteko. Kirol Kontseilu Gorenak ekonomiaeta finantza-kontrolerako sustatutako neurrien bidez, nabarmen murriztu da zor hori azken bi ekitaldietan, eta inertziari aurre egin zaio horrela. Baina ez litzateke arrazoizkoa izango ahalegin hori egitea tresnarik onena eduki gabe, munduko kirol profesionaleko lehiaketa guztietan zabalduta dagoen hori, alegia: telebista-eskubideen salmenta zentralizatua.
Azken hamarkadan metatu den tentsio izugarriak eragotzi egin du alderdiak akordio batera iristea ikus-entzunezko eskubideen baterako komertzializazioari eta diru-sarrerak banatzeari dagokionez, Europako beste txapelketa profesional batzuetan gertatu zen eta desiragarria litzatekeen moduan (Ingalaterrako Premier League eta Alemaniako Bundesliga) . Testuinguru horretan, lortu den adostasun bakarra Espainiako Futboleko Errege Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak 2015eko apirilaren 7an egindako jakinarazpenean laburbiltzen da, jakinarazpen hartan adostu baitzuen «Futbol profesionalaren eta amateurraren ordezkari guztiek, Espainiako Futboleko Errege Federazioaren eta Futbol Liga Profesionalaren babes baldintzagabearekin, berrestea
gaurko bileran agerian geratu den Espainiako futbolaren batasuna, ikus-entzunezko eskubideen komertzializazio bateratua eta Espainiako futbol osoan egin beharreko banaketa solidarioa arautuko dituen errege lege-dekretu bat aldarrikatzeko, premiazko izaerarekin».
Hau da, sektoreak bere burua arautzeko dituen zailtasunek Gobernuari premiaz jarduteko eskatzera behartu dituzte eragileak. Gobernuak Espainiako futbol profesionalaren dimentsio eta garrantzi sozialak handiak direla ikusita baino ez du esku hartzen, herritar askoren interesetan toki hain garrantzitsua duen jarduera ekonomiko hori normaltasunez eta gure inguruko gainerako herrialdeetan bezala garatzeko dagoen oztopo handiena gainditzea erraztuz.
Esku hartzeko premiazko eta ezohiko behar hori klubek eta erakunde partaideek ikusentzunezko eskubideen komertzializazioaren harira bizi duten kontratu-egoeraren ondorio da. Banakako komertzializazioaren ondorioz askotariko egoerak badaude ere, Ligako Txapelketa Nazionalean parte hartzen duten klub eta erakunde gehienek 2015/2016 denboraldira arteko kontratuak sinatu dituzte jadanik beren eskubideen banakako komertzializaziorako, eta salmenta-aldi berriko negoziazioak 2015ean amaitu beharko lirateke. Banakako kontratu batzuen indarraldia 2014/2015 denboraldian bukatzen da, eta klubak kontratu berriak negoziatzeko eta izenpetzeko moduan daude; horien indarraldia 2017/2018 denboraldira arte luza liteke. Bestalde, nazioarteko merkatuetako ustiapeneskubideak 2014/2015 denboraldirako soilik daude komertzializatuta.
Ondorioz, une honetan, indarrean dagoen denboraldiko (2014/2015) ikus-entzunezko eskubideak merkatu nazionalean eta nazioartekoetan ustiatzea posible da, baina 2015/2016 denboralditik aurrera ziurgabetasun-egoera bat sortuko da, eta egoera hori banakako eskubide guztiak bateratuz bakarrik segurtatuko litzateke. Bereziki zaila da eskubideen nazioarteko merkatuetako komertzializazioa. Ia bideraezina da egungo baldintzetan, ezinezkoa baita atzerriko operadore interesdunei baterako pakete bat eskaintzea. Hurrengo denboraldia horren gertu dagoenez, produktu hori etengabe debaluatzen da, eta Espainiako Futbol Ligaren lehiakideak diren aukerek ordezkatzen dute. Salmenta zentralizatuak ez beste formulek ez dute aukerarik ematen Espainiatik kanpo komertzializatzeko; ia ezinezkoa baita beste modu batean eragile ekonomiko bakar batek beste herrialdeetako operadoreei «Espainiako Liga» produktua eskaintzea. Sektoreak komertzializazio hori egiteko duen gaitasun-faltak beharrezkoa egiten du aukerak galtzen jarraitu gabe merkatura irten ahal izateko premiaz jardutea.
Egoera horretan, berme osoz ezar daiteke ikus-entzunezko eskubideen komertzializazio-sistema zentralizatua 2016/2017 denboralditik aurrera, indarrean dauden kontratu-konpromisoak errespetatuz. Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da kirolerakundeek 2015/2016 denboraldian komertzializatu ez dituztelako oraindik negoziatzen ari diren kontratu berriek denboraldi bakarreko indarraldia izatea.
Kontratu berri horiek une honetan negoziatzen ari direnez, eta datorren denboraldiaren hasierarekiko (2015eko iraila) behar adina aurrerapenez izenpetu behar direnez, ezohikoa eta premiazkoa da baterako ustiapeneta komertzializazio-eredua ezartzea ahalbidetzen duen lege-araua onartzea, behin betikoz segurtasuna eskaini ahal izateko operadore eta tartean egon litezkeen eragile guztiei.
Azkenik, azpimarratu behar da futbol-txapelketa profesionaletako ikus-entzunezko eskubideak aktibo estrategiko oso garrantzitsua direla ordainpeko telebista-kateen ikusentzunezko komunikazioaren merkatuan jarduten duten enpresentzat eta, ondorioz, horren komertzializazioa arautzen duen erregimen juridikoak bermatzen badu lehia libreko erregimenean ustiatuko dela, posible izango da ordainpeko telebista-kateen merkatua garatzeko oinarri sendo bat ezartzea Espainian.
Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimena baliatuz, Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroaren proposamenari jarraiki, eta Ministro Kontseiluak 2015eko apirilaren 30eko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
1.Errege lege-dekretu honen helburua Lehen eta Bigarren Mailako Ligako Txapelketa Nazionalari, Errege Kopari eta Espainiako Superkopari dagozkien futbol-txapelketetako ikus-entzunezko edukiak ustiatzeko eskubideen komertzializazio-arauak ezartzea da, eta orobat lortutako diru-sarrerak antolatzaileen eta partaideen artean banatzeko irizpideak ezartzea.
Ikus-entzunezko eduki horiek jokalekuan gauzatzen diren ekitaldiak barne hartzen dituzte, baita hortik ikusten diren kirol-esparruko eremuak ere, kirol-ekitaldia hasteko aurreikusitako ordua baino bi minutu lehenago zenbatzen hasi eta ekitaldia amaitu eta minutu batera arte. Halaber, edukiok zuzenean nahiz aurrez grabaturik, osorik nahiz laburbilduta edo zatikatuta erakusteko eskubideak barne hartzen ditu, izan merkatu nazionalean, izan nazioarteko merkatuan ustiatzekoak.
Atal honetan aurreikusten denak ez dio eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 19.3 artikuluan aipatzen den informazio-laburpen laburren emisioari.
2.Lege honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira irrati bidezko komunikaziozerbitzuen bitartez hedatzekoak diren edukien ustiapen-eskubideak.
2. artikulua. Ikus-entzunezko eskubideen titulartasuna.
1.Lege honen aplikazio-eremuan barne hartzen diren ikus-entzunezko eskubideen titulartasuna dagokion txapelketan parte hartzen duten klub edo erakundeei dagokie.
2.Futbol profesionaleko lehiaketa ofizial batean parte hartzeak berekin ekarriko du nahitaez titularrek errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan barne hartzen diren ikusentzunezko eskubideen baterako komertzializaziorako ahalmenak ematea erakunde antolatzaileari.
Errege lege-dekretu honi dagokionez, eta kirol-legedi orokorrean onartzen diren eskumenei eragin gabe, honako hauek hartuko dira erakunde antolatzailetzat:
a) Futbol Profesionaleko Liga Nazionala, Lehen eta Bigarren Mailako Ligako Txapelketa Nazionalei dagokienez.
b) Espainiako Futboleko Errege Federazioa, Errege Kopari eta Espainiako Superkopari dagokienez.
3.Komertzializazio-erakundeen ahalmenei eragin gabe, 1. artikuluan aipatzen diren txapelketetako kirol-ekitaldiren bat beren instalazioetan egiten duten klub edo erakundeek honako eskubide hauek ustiatu ahal izango dituzte:
a) Aurrez grabaturiko partidaren emisioa, kirol-jardunaldia amaitu ostean, betiere klub edo erakunde partaidearen kirol-jarduerari eskainitako berezko banaketa-kanal baten bidez egiten badu zuzenean.
b) Kirol-ekitaldiari dagokion ikus-entzunezko telebista-seinalearen zuzeneko emisioa ekitaldia egiten den instalazioen barruan.
4.Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan barne hartzen ez diren ikusentzunezko eskubideak banaka ustiatu eta komertzializatu ahal izango dituzte klub edo erakunde partaideek, zuzenean edota hirugarrenen bidez.
3. artikulua. Ikus-entzunezko edukiak ekoizten eta garraiatzen lankidetzan aritzeko betebeharra.
Errege lege-dekretu honetan aipatzen diren kirol-ekitaldiak beren instalazioetan egiten dituzten klub edo erakunde partaideek erabateko lankidetza eskaini behar diete ikusentzunezko edukiak ekoizteaz eta garraiatzeaz arduratzen diren erakundeei, haien funtzioak behar bezala garatu daitezen, eta inolaz ere ezingo dute kontraprestaziorik edo
konpentsaziorik eskatu kirol-esparrua edo -instalazioak funtzio horietarako erabiltzetik ondoriozta litezkeen gastu arruntengatik.
Nolanahi ere, ikus-entzunezko edukiak ekoiztean eta garraiatzean, ez zaie erasan beharko ez kirol-ekitaldiari, ez 2. artikuluko 3. zenbakian aipatzen diren eskubideez klubak edo erakunde parte-hartzaileak egiten duen ustiapenari, ez kirol-esparruan edo -instalazioetan gauzatzen diren bestelako merkataritza-jarduerei.
4. artikulua. Ikus-entzunezko eskubideak batera komertzializatzeko baldintzak.
1.Ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzeko eta ustiatzeko sistema enpresaaskatasunaren printzipioak arautuko du, lehiari buruzko Europako eta Espainiako arautegiek ezarritako ebaluazio-sistemari jarraiki.
2.Ikus-entzunezko eskubideak merkatu nazionalean eta Europar Batasuneko merkatuetan komertzializatzeko, ustiapen-erregimen esklusiboa zein ez-esklusiboa erabili ahal izango dira, operadore interesdun guztiak baldintza beretan dauden komertzializazio ez-esklusiboko modalitateak barne, artikulu honetan aurreikusten denarekin bat.
3.Erakunde komertzializatzaileek komertzializazio zentralizatuaren bidez ustiatuko diren ikus-entzunezko edukien ustiapen-eskubideen komertzializazioa arautzeko baldintza orokorrak ezarriko eta argitaratuko dituzte. Besteak beste, honako hauek: eskaintzen konfigurazioa, merkatu nazionalean eta Europar Batasuneko merkatuetan ustiatuak izateko; sortakako multzokatzeak, eta esleipenerako eta ustiapenerako betebeharrak. Baldintzok, betiere, errege lege-dekretu honetan ezartzen diren mugak eta printzipioak errespetatuko dituzte.
Baldintza horiek onartu aurretik, eta ekainaren 4ko 3/2013 Legean nahiz lehiari buruzko gainerako arautegietan xedatutakoari eragin gabe, eskubideen komertzializazio-baldintza horiei buruzko txosten bat eskatuko diote komertzializazio-erakundeek Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari. Hilabeteko epea izango da txostena egiteko, eskatzen dutenetik hasita.
4.Aurreko atalean adierazten den eskubideen komertzializazio zentralizaturako baldintzak zehazte aldera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Komertzializazio-baldintzetan, komertzializatzen diren eskubide-sorten helmena zehaztuko da; zehazki, sorta bakoitzean zer eduki dauden, zein den ustiapenerako esparru geografikoa, modu irekian edo kodifikatuta erakustera bideratzen diren, eta ustiapen esklusibo ala ez-esklusibokoak izango diren adieraziko da.
b) Bermatu behar da martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 20. artikuluan eta seigarren xedapen iragankorrean aipatzen diren gizarterako interes orokorreko ekitaldien eskubideak komertzializatzen direla.
c) Eskaintzaren baldintzetan, komertzializatutako emankizun guztien data eta ordua zehaztu behar dira, edota esleipendunei halakoak zehaztea ahalbidetuko dieten baldintzak.
d) Eskubideak esleitzeko prozedura publiko, garden, lehiakor eta lizitatzaileekiko bereizkeriarik gabea egin behar da, irizpide objektiboetan oinarrituta. Irizpide horien artean, nagusiki, honako hauek hartu beharko dira aintzat: eskaintzaren errentagarritasun ekonomikoa, txapelketaren kirol-interesa, eta esleipendunak ikus-entzunezko eskubideei ekar liezaiekeen hazkundea eta etorkizuneko balioa.
e) Sorta edo pakete bakoitza modu independentean esleituko da. Komertzializazioerakundeek ezartzen dituzten esleipen-baldintzak eta lizitatzaileek egindako eskaintzak ezin izango dira pakete edo sorta jakin batzuk erostearen edota ekitaldi jakin batzuen konkurrentziaren baldintzapean jarri.
f) Komertzializazio-kontratuen iraupena gehienez ere hiru urtekoa izango da.
g) Pertsona edo erakunde bakar bat ezingo da izan bi pakete edo sorta baino gehiagori dagozkien edukiak merkatu nazionalean ustiatzeko eskubide esklusiboen titularra, edo ezingo ditu halako eskubideak zuzenean edo zeharka eskuratu, ez lizitazio prozesuan, ez geroago, hirugarrenek eskuratutako eskubideen erosketaren edo lagapenaren bitartez, salbu eta sorta edo paketeren batean lizitatzaile edo eroslerik ez balego, ez eta ekonomikoki baliokidea litzatekeen eskaintzarik ere.
h) Komertzializazio-erakundeek kudeatzen dituzten eskubide guztiak behar adinako aurrerapenez komertzializatuko dituzte, ustiapena behar bezala gauzatu dadin.
5.Nazioarteko merkatuetako ikus-entzunezko eskubideen komertzializazio-baldintzak argitaratu egingo dira eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren aurretiazko txostena beharko dute, artikulu honen 3. zenbakiko bigarren paragrafoan aurreikusten den moduan. Komertzializazio-erakundeak, webgunearen bidez, informazio eguneratua eskainiko du indarrean dauden komertzializazio-kontratuei buruz.
6.Esleipendunetako batek ikus-entzunezko eskubideak ustiatzen ez baditu, kontratua indargabetu ahal izango dute komertzializazio-erakundeek, eta beste lizitatzaile bati esleitu ahalko diote, adostutako akordioak alde batera utzi gabe.
7.Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan barne hartuta ere batera komertzializatuko ez diren ikus-entzunezko eskubideak banaka ustiatu eta komertzializatu ahal izango dituzte klub edo erakunde partaideek, zuzenean edota hirugarrenen bidez.
5. artikulua. Ligako Txapelketa Nazionaleko partaideen artean diru-sarrerak banatzeko irizpideak.
1.Ligako Txapelketa Nazionaleko ikus-entzunezko eskubideak modu bateratuan ustiatzetik eta komertzializatzetik eskuratzen diren diru-sarrerak Lehen eta Bigarren Mailan parte hartzen duten klub eta erakundeen artean banatuko dira, artikulu honetan ezartzen diren irizpideekin bat.
2.Diru-sarreren % 90 Ligako Txapelketa Nazionaleko Lehen Mailan parte hartzen duten klub eta erakundeei esleituko zaie, eta % 10 Bigarren Mailako klub eta erakundeei.
3.Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak adosten diren irizpideen arabera banatuko ditu kategoria bakoitzari dagozkion kantitateak, betiere honako arau eta muga hauek errespetatuz:
a) Ehunekoaren parte bat zati berdinetan banatuko da kategoria bakoitzeko partaideen artean. Banatu beharreko kantitatea % 50 izango da Lehen Mailan eta, gutxienez, % 70, Bigarren Mailan.
b) Gainerako kantitatea, alegia, a) letran adierazitakoa kendu ostekoa, modu aldakorrean banatuko da kategoria bakoitzeko klub eta erakundeen artean. Kantitate horren erdi bakoitza honako irizpide hauen arabera banatuko da:
1.a Lortutako kirol-emaitzak. Lehen Mailan, azken bost denboraldietako kirol-emaitzak kontuan hartuko dira, balio hauen arabera: azken denboraldian lortutako emaitzek % 35 balioko dute; azken-aurrekoan lortutakoek, % 20; eta aurreko beste hiruretan lortutakoek, % 15. Bigarren Mailan, azken denboraldia bakarrik hartuko da kontuan.
Irizpide horiek aplikatzeko, kontuan hartzen den denboraldi bakoitzari esleituko zaio banatu beharreko kantitatea, aurreko paragrafoan ezarritako haztatze-irizpideekin bat. Denboraldi bakoitzari esleitzen zaion zenbatekoa honela banatuko da partaideen artean:
–1. sailkatua: 100eko 17.
–2. sailkatua: 100eko 15.
–3. sailkatua: 100eko 13.
–4. sailkatua: 100eko 11.
–5. sailkatua: 100eko 9.
–6. sailkatua: 100eko 7.
–7. sailkatua: 100eko 5.
–8. sailkatua: 100eko 3,5.
–9. sailkatua: 100eko 3.
–10. sailkatua: 100eko 2,75.
–11. sailkatua: 100eko 2,5.
–12. sailkatua: 100eko 2,25.
–13. sailkatua: 100eko 2.
–14. sailkatua: 100eko 1,75.
–15. sailkatua: 100eko 1,5.
–16. sailkatua: 100eko 1,25.
–17. sailkatua: 100eko 1.
–18. sailkatua: 100eko 0,75.
–19. sailkatua: 100eko 0,5.
–20. sailkatua: 100eko 0,25.
Txapelketan 20 partaide baino gehiago edo gutxiago egonez gero, ehuneko horiek doitu egin beharko dira hurrengo atalean xedatutakoarekin bat, emaitzen araberako progresibitatea errespetatuz.
2.a Ezarpen soziala. Irizpide honen balorazioaren heren bat azken bost denboraldietan abonamendu bidez eta txarteldegian batez beste eskuratutakoaren arabera zehaztuko da; gainerako bi herenak, berriz, telebista-emankizunak komertzializatzeagatik sortutako diru-sarreretan izandako partaidetzaren arabera.
Gizarte-ezarpeneko irizpideak aplikatzeko, banaketa proportzionaleko sistema ezarriko da, eta erakundeek ezin izango dute sorta horren % 20tik gorako kantitaterik jaso. Partaide batek muga hori gainditzen badu, gaineratiko hori modu proportzionalean banatuko da gainerako partaideen artean.
Partaideek ezin izango dute kontzeptu horrengatik sortaren % 2 baino gutxiago jaso.
4.Aurreko atalean aurreikusten den banaketarako aplikatuko diren irizpideak kategoria bakoitzeko gobernu-organoek onartu behar dituzte, botoen bi hereneko gehiengo kualifikatuaren bidez, Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren eskubideak komertzializatzeko kontratu bakoitza sinatu ostean. Horretarako deitzen den bileran hiru botazio egindakoan gehiengo hori lortzen duen proposamenik ez badago, aurreko denboraldiko irizpideei eutsiko zaie. Aurreko denboraldiko irizpiderik ez badago, Kirol Kontseilu Gorenak erabakiko ditu banaketarako irizpideak.
5.Bi kategorietan, artikulu honetan adierazitako irizpideen arabera dagozkien kantitateak banatutakoan, diru gehien eta gutxien jasotzen duten klub eta erakundeen arteko diferentzia ezin izango da izan 4,5 aldiz handiagoa baino gehiago. Hori gertatuko balitz, erakunde guztien kuota proportzionalki murriztuko da, gehieneko diferentzia horretara heltzeko handitu beharra dutenena handitzeko.
Guztizko banaketak mila milioi euroak gainditzen baditu, diru gehien eta gutxien jasotzen dutenen arteko diferentziak progresiboki behera egingo du, gehienez ere 3,5 aldiz handiagoa izateraino. Hori mila eta bostehun milioi euroko diru-sarrerarekin edo handiagoarekin lortuko litzateke.
Bi kasuotan, honako bi hauek kontuan hartuko dira muga horiek betetzen direla egiaztatzeko: 6.1 artikuluko a) letran aurreikusten den Konpentsazio Funtsetik jaso litezkeen kantitateak, eta parte hartzen duten erakundeek ikus-entzunezko eskubideen ustiapen esklusiboen esleipendunengandik bestelako harreman komertzialen kontraprestazio gisa jasotzen dituzten diru-sarrerak.
6.Ikus-entzunezko eskubideen komertzializazioaren kontraprestazio gisa klub edo erakunde partaide bakoitzari dagozkion kantitateak denboraldika likidatuko dira, denboraldi bakoitza hasten den urte naturala amaitu aurretik. Denboraldi baten amaieran kategoria igotzeak edo jaisteak ez du eraginik izango denboraldi horren likidazioan, eta hurrengo denboralditik aurrera soilik izango du eragina.
6. artikulua. Ligako Txapelketa Nazionaleko erakunde partaideen betebeharrak.
1.Txapelketaren sustapena eta funtzionamendua hobetze aldera, eta kirola oro har bultzatzen laguntzeko, Ligako Txapelketa Nazionalean parte hartzen duten klub eta erakunde guztiek (edozein kategoriatan) , honako betebehar hauek bete beharko dituzte urtero, ikus-entzunezko eskubideak modu bateratuan komertzializatzetik eskuratzen dituzten diru-sarreren araberako proportzioan:
a) % 3,5 Konpentsazio Funts bat finantzatzera bideratuko da. Futbol profesionaleko lehiaketan arituta, kategoriaz jaisten diren kirol-erakundeak izango dira funts horren
onuradunak. Kantitate horren % 90 Lehen Mailatik jaisten diren taldeentzat izango da, eta % 10, berriz, Bigarren Mailatik jaisten direnentzat.
b) % 1 Futbol Profesionaleko Liga Nazionalari emango zaio, eta berak txapelketa profesionala merkatu nazionalean nahiz nazioarteko merkatuetan sustatzera bideratuko du modu esklusiboan.
c) % 1 Espainiako Futboleko Errege Federazioari emango zaio, futbol amateurra garatzeko elkartasunezko ekarpen gisa. Kantitate hori handitu egin daiteke, Espainiako Kirol Federazioei eta Kirol Elkarteen Erregistroari buruzko abenduaren 20ko 1835/1991 Errege Dekretuaren 28. artikuluan aipatzen den hitzarmenaren testuinguruan. Gobernuak arauz zehaztuko du kantitate hori lurralde-esparruko federazioen artean banatzeko xedeak eta irizpideak,lizentzia kopuruaren arabera.
d) % 1era arte Kirol Kontseilu Gorenari emango zaio. Horrek, arauz ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan, goi mailako kirolari-izaera duten eta kirola jarduera nagusitzat duten langileen babes sozialeko sistema publikoen kostuak finantzatzeko erabiliko du, eta orobat, hala dagokionean, halakoak Langile Autonomoen Araubide Berezian sartu ahal izateko hitzarmen bereziak finantzatzeko. Halaber, nazioarteko txapelketetan parte hartzen duten kirolarientzako laguntzak finantzatzeko erabili ahal izango da.
e) % 0,5era arte Kirol Kontseilu Gorenari emango zaio eta, horrek, arauz ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan, honako xede hauetarako erabiliko du, lehentasun-ordena honen arabera:
1.a Emakumezkoen Futbol Txapelketako Lehen Mailan parte hartzen duten erakundeei laguntzea, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean dauden kirolariak eta entrenatzaileak kontratatzeagatiko enpresa-kuoten ordainketa finantzatzeko, bai eta kirolari eta entrenatzaileei langile-kuotak ordaintzen laguntzeko ere.
2.a Ligako Txapelketa Nazionaleko Bigarren B Mailan parte hartzen duten erakundeei laguntzea, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean dauden kirolariak eta entrenatzaileak kontratatzeagatiko enpresa-kuoten ordainketa finantzatzeko, bai eta kirolari eta entrenatzaileei langile-kuotak ordaintzen laguntzeko ere.
3.a Futbolari, arbitro, entrenatzaile eta prestatzaile fisikoen elkarte edo sindikatuei laguntzea, kategoria nazional bakoitzean dituzten lizentzia kopuruen arabera. Kolektibo beraren barruan elkarte edo sindikatu bat baino gehiago daudenean, ziurtatutako ordezkaritasunaren arabera esleituko dira kantitateak.
Kirol Kontseilu Gorenak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu elkarte horiekin, kirolari horiek futbolean aritzeari uzten diotenean laneratzen laguntzeko erabil daitezen lortzen diren baliabideak, eta orobat haien funtzionamendu-gastuak finantzatzeko.
2.Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekiko zor likido, mugaeguneratu eta galdagarri oro ordaintzeak lehentasunezko izaera izango du aurreko atalean aurreikusten diren betebeharren aurretik.
7. artikulua. Futbol Profesionaleko Liga Nazionaleko ikus-entzunezko eskubideen kudeaketa kontrolatzeko organoa.
1.Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren barruan, ikus-entzunezko eskubideak kudeatzeko kontrol-organo bat eratuko da, honako eskumen hauekin:
a) Ikus-entzunezko eskubideen komertzializazioa eta ustiapena kudeatzea, estatutu eta arauekin bat.
b) Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren gobernu-organoei 5. artikuluan ezarritako banaketa-irizpideei buruz hartzen diren erabakiak proposatzea.
c) Ikus-entzunezko eskubideen baterako kudeaketaren eta komertzializazioaren ustiapen eta komertzializaziotik eratorritako emaitza ekonomikoak kontrolatzea, berrikustea eta auditatzea, eta beharrezkotzat jotzen diren neurriak adostea, halako moduz non partaide guztiek gardentasun osoz ezagutu ahal izango dituzten komertzializazioari eta emaitza ekonomikoei buruzko datu guztiak, bai eta erakunde partaide bakoitzari kontzeptu bakoitzagatik zer kantitate dagokion jasotzea kalkulatzeko erabilitako datu guztiak ere.
d) Izaera profesionaleko txapelketa ofizialen ikus-entzunezko grabazioak ekoizteko eta errealizatzeko patroi bat ezartzea, estilo komun bat bermatu dadin, hain zuzen, lehiaketaren osotasuna, partidak egiteko indarrean dagoen arautegiaren betetzea eta produktuaren balioa sustatuko duena.
e) Erakunde partaide bakoitzari ikus-entzunezko eskubideen komertzializazioagatik zer kantitate dagokion jasotzea zehaztea, 5. artikuluan ezartzen diren irizpideak aplikatuz.
f) Erakunde partaideen ezarpen soziala balioztatzeko beharrezko datuak, eta orobat bakoitzari partida aldakorretatik dagozkion diru-sarrerak zehaztu ahal izateko beharrezkoak diren bestelakoak, eskuratzea eta egiaztatzea.
g) Webgunean honako hauek argitaratzea, denboraldi bakoitza hasi den urte naturala amaitu aurretik: ikus-entzunezko diru-sarreren banaketa-irizpideak, erakunde partaide bakoitzari dagozkion kantitateak eta 6.1 artikuluan aurreikusten diren betebeharrak betez egin diren diru-ekarpenak.
h) Xedapen honetatik ondorioztatzen den beste edozein eskumen, edota Futbol Profesionaleko Liga Nazionaleko organoek eskuordetzen dizkiotenak.
2.Kontrol-organo horren osaera denboraldi bakoitzean berrituko da eta honako kide hauek izango ditu:
a) Azken bost urteetan nazio mailako ikus-entzunezko eskubideetatik diru-sarrera gehien jaso dituzten bi klub edo kirol-sozietate anonimoak.
b) Lehen Mailako bi klub edo kirol-sozietate anonimo, aurreko atalekoez bestelakoak, kategoria horretako taldeek bozketa bidez aukeratuak.
c) Bigarren Mailako klub bat, kategoria horretako klubek edo sozietate anonimoek aukeratua.
d) Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren presidentea; haren botoak bozketetan gerta litezkeen berdinketak ebatziko ditu.
3.Organo horren bileretara Kirol Kontseilu Gorena eta Espainiako Futboleko Errege Federazioa deituko dira, eta parte hartu ahal izango dute, hitzarekin baina botorik gabe.
Era berean, ikus-entzunezko eskubideen kudeaketarako kontrol-organoaren bileretara deituko dira Zerga Administrazioko Estatu Agentzia eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra, hitzarekin baina botorik gabe, hartzekodun publikoak izaki, klub edo erakunde partaideren batek aipatutako administrazioren batekin ordaindu gabeko zenbatekoren bat badu.
4.Kontrol-organo horretako kideek beren funtzioetan jardutean zuzenean edo zeharka izan lezaketen interes-gatazka ororen berri eman beharko diote Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren presidenteari. Edonola ere, interes-gatazka dagoela ulertuko da organoko kide batengan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28.2 artikuluan xedatzen diren arrazoiak gertatzen direnean.
Eragindako kideak ezin izango du gatazkari dagozkion akordio edo eragiketetan esku hartu eta, hala jokatzen ez badu, ezetsi ahal izango dute, legozkiokeen erantzukizunen kalterik gabe.
8. artikulua. Errege Koparen eta Superkoparen ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzeko eta banatzeko berezitasunak.
1.Espainiako Futboleko Errege Federazioak zuzenean merkaturatu ahalko ditu Errege Koparen eta Superkoparen ikus-entzunezko eskubideak, 4. artikuluarekin bat.
Espainiako Futboleko Errege Federazioak eskubide horiek komertzializatzetik eskuratzen dituen diru-sarrerak honako irizpide hauen arabera banatuko ditu:
a) Diru-sarreren % 90 Futbol Profesionaleko Liga Nazionaleko taldeei bideratuko zaie, eta 5. artikuluan aurreikusitako arauekin bat esleituko dira. 5.3 artikuluko b) letrako 1. irizpidea aplikatzean, azken bost denboraldietan txapelketaren final-zortzirenetan parte hartu duten erakundeak soilik hartuko dira kontuan, honela haztatuta: txapelduna, % 22;
txapeldunordea, % 16; finalaurrekora iritsi direnak, % 9; final-laurdenetara heldu direnak,
%6; final-zortzirenetara heldu direnak, % 2,5.
b) Gainerako % 10a futbol amateurra eta txapelketan parte hartzen duten beste kategoria batzuetako taldeak sustatzeko erabiliko da.
Espainiako Futboleko Errege Federazioaren baitan, kudeaketa-organo bat eratuko da, 7. artikuluan ezarritakoaren osaera berarekin, bi berezitasun izango dituena:
a) Futbol Profesionaleko Liga Nazionalaren presidentea Espainiako Futboleko Errege Federazioko presidenteak ordezkatuko du.
b) Bigarren B Mailako klub bat organoko kide izango da, kategoria horretako klubek edo sozietate anonimoek aukeratuta.
Organo horrek 7.1 artikuluko a) , d) , e) eta g) letretan aurreikusitako funtzioak izango ditu, ustiatzen edo komertzializatzen dituen txapelketei dagokienez.
2.Bestela, Espainiako Futboleko Errege Federazioak Futbol Profesionaleko Liga Nazionalari eskatu ahalko dio eskubide horien komertzializazioa, honako arau hauek errespetatuz:
a) Errege Kopako eta Superkopako finala kanpo geratzen dira, horiek zuzenean Espainiako Futboleko Errege Federazioak komertzializatuko edo ustiatuko baititu.
b) Espainiako Futboleko Errege Federazioak Ligako Txapelketa Nazionaleko ikusentzunezko eskubideak batera komertzializatzetik eskuratutako guztizko diru-sarreren % 1 jasoko du, edo hamar milioi euro eguneratuta bestela (bi kantitateen artean, handiena) Futbol Profesionaleko Liga Nazionalarengandik, kontraprestazio gisa.
c) Espainiako Futboleko Errege Federazioak ez du zertan ekonomikoki konpentsatu futbol profesionaleko taldeak, eta jasotzen duen kontraprestaziotik, Batzar Orokorrak zehaztutako ehunekoa bideratuko die Errege Kopan parte hartzen duten kategoria ez-profesionaletako partaideei.
d) Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak eskubide horien komertzializaziotik eskuratzen dituen diru-sarrerak Ligako Txapelketa Nazionaleko partaideen artean banatuko ditu, 5. artikuluan xedatutako arauekin bat, artikulu honetako 1. zenbakiko a) letran aurreikusten diren kirol-irizpideak aplikatuz.
Ligako Txapelketa Nazionaleko ikus-entzunezko eskubideekin batera komertzializatzen badira, banaketa 5. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da, honako espezialitate hauekin, b) letrako 1. irizpidea aplikatuz:
1.a % 22 Ligako Txapelketa Nazionaleko kirol-emaitzen arabera esleituko da, artikuluan bertan aurreikusitako arauekin bat.
2.a Gainerako % 3a Errege Kopako kirol-emaitzen arabera esleituko da, artikulu honetako 1. zenbakian aurreikusitako irizpideekin bat.
e) Ligako Txapelketa Nazionalean parte hartzen duten erakundeek txapelketa sustatzeko gastuetan lagundu behar dute, 6. artikuluan ezartzen diren baldintzetan.
3.Nolanahi ere, Superkoparen eta Errege Koparen ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzetik eta ustiatzetik lortutako diru-sarrerak oso-osorik bideratuko ditu Espainiako Futboleko Errege Federazioak futbol amateurra sustatzera.
9. artikulua. Kirol Kontseilu Gorenaren arbitrajea.
1.Futbol profesionaleko txapelketa batean parte hartzen duten kirol-erakundeek, beren arautegiek xedatzen dutenarekin bat, Kirol Kontseilu Gorenaren arbitrajearen mende utz ditzakete ikus-entzunezko eskubideen komertzializazio eta ustiaketari loturiko desadostasunak.
2.Arbitraje-prozedura, hain zuzen ere, Arbitrajeari buruzko abenduaren 23ko 60/2003 Legean aurreikusitakoaren arabera arautuko da. Laudoa eman aurretik, Kirol Kontseilu Gorenak Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren txostena eskatu behar du.
3.Gobernuak Kirol Kontseilu Gorenaren arbitraje-funtzioa erregulatzeko arauak ezarriko ditu Errege Dekretu bidez, arbitroen izendapena gardena eta arbitroak independenteak direla bermatze aldera.
Lehenengo xedapen gehigarria. Administrazio publikoekiko zorrak ordaintzea.
1.Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak komertzializaziorako legez laga zaizkion eskubide guztiak erabili ahalko ditu finantzaketa eskuratzeko berme gisa, osatzen duten klub eta erakundeei administrazio publikoekin dituzten zorrak ordaintzeko baliabideak emateko helburu hutsarekin.
Zorrak guztiz edo zati batean kitatzeko finantza-baliabide horiek erabili dituzten erakundeei dagokien zenbatekoa jasanarazi beharko die Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak, eta zenbateko hori itzuli egiten dela bermatu beharko da.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako finantzaketarekin zorren zenbateko osoa kitatzen ez den bitartean, Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak bermatu egingo du azkenik adosten den banaketa-sistemak ez dituela kaltetzen Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren eskubide eta bermeak, errege lege-dekretu hau aldarrikatu baino lehenagoko egoerari dagokionez.
2.Banaketa-sistema honekin ezingo dira inolaz ere murriztu errege lege-dekretu honetan araututako komertzializazio-eskubideen titular diren Futbol Klub eta Sozietateek Ogasun Publikoarekin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin dituzten zorren eskubide eta bermeak.
Baldin eta errege lege-dekretu honetan aipatzen diren egungo eta etorkizuneko eskubideetan nola edo hala eragiten badute konkurtso-prozesu baten testuinguruan izenpetutako atzerapenedo zatikatze-akordioek, etendurek, akordio orokorrek edo bereziek, indarraldi osoa mantenduko dute akordio horiei jarraiki adostutako enbargo, kautela-neurri, berme eta gainerako afektazio guztiek, bermatzen duten zorren ordainketa osorik egiten den arte.
Berme berriak formalizatu behar izanez gero, Futbol Profesionaleko Liga Nazionala eta Espainiako Futboleko Errege Federazioa, erakunde komertzializatzaileak izaki, subrogatu egingo dira zordunak haiek formalizatzeko duen betebeharrean, eta haien osaeraren ardura hartuko dute.
Zehazki, baldin eta ikus-entzunezko eskubideak edo haien gainean eratutako kreditu, efektu edo balioak xede dituen pignoraziorik, baliozki osatutako bermerik edo osatzeko dagoen bermerik, edota enbargorik existitzen bada, eta baldin eta Ogasun Publikoarekin nahiz Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekin konkurtso-prozesu baten testuinguruan sinatutako ordainketa-akordio orokor zein bereziak existitzen badira, Futbol Profesionaleko Liga Nazionala eta, hala badagokio, Espainiako Futboleko Errege Federazioa zerga-zorren ordainketaren erantzule solidario egingo dira garai batean adostutako kontraprestazioa erabat ordaindu arte, ordainketa hori jatorrizko pignorazio, berme, enbargo, akordio edo bestelako afektazioek bermatzen zuten baldintza material eta denborazko berberetan.
Zerga Administrazioak arduradunarekin zuzenean egikaritu ahal izango ditu bere jarduketak. Hari eskatu ahalko zaio zerga-zorra, eta ez da beharrezkoa izango abenduaren 17ko 58/2003 Zergen Lege Orokorraren 41.5 artikuluan aurreikusten den ardura deribatzeko aurretiazko administrazio-ekintzarik egitea.
Bigarren xedapen gehigarria. Ordainpeko telebista-kateen ikus-entzunezko komunikaziozerbitzuak.
Lehen mailako Ligako Txapelketa Nazionaleko futbol-partidak ordainpeko telebistakateen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen bidez zuzenean eta nazio mailan erakusteko eskubide esklusiboak pertsona edo erakunde bakar batek erosten baditu, behar adinako aurrerapenarekin eskaini beharko dizkie hala eskatzen duten ordainpeko
telebista-kateen ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen eskaintzaileei eduki horien oinarrizko seinale baterako sarbidea gutxienez, baldintza objektibo eta gardenetan, eta bereizkeriarik gabe.
Alderdiek askatasunez negoziatuko dituzte artikulu honetan aipatzen diren sarbideari buruzko akordioak eta akordio horien baldintzak, baita kontraprestazio ekonomikoak ere. Alderdietako edozeinek sarbideari eta bere baldintzei buruzko gatazka bat aurkeztu ahal izango du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalean. Batzorde horrek, alderdiei entzunaldia egin ondoren, gatazkaren xede diren muturrei buruzko ebazpen loteslea emango du, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzeari buruzko ekainaren 4ko 3/2013 Legean adierazitako epean, kalterik egin gabe behin betiko ebazpena eman arte behin-behineko neurriak hartzeko aukerari.
Lehenengo xedapen iragankorra. Ikus-entzunezko eskubideak erosteko eta saltzeko sistema berria ezartzea.
1.Errege lege-dekretu hau indarrean sartzen den unetik, futbol profesionaleko txapelketetan parte hartzen duten klub edo erakundeek ezingo dute ikus-entzunezko eskubideak komertzializatzeko banakako kontraturik izenpetu, salbu eta komertzializazioerakundearen baimena lortzen badute eta kontratuaren iraupena indarrean dagoen azken banakako kontratuaren iraungipen-datatik aurrera luzatzen ez bada.
2.Errege lege-dekretu honetan aurreikusten den ikus-entzunezko eskubideen baterako komertzializaziorako sistema txapelketan parte hartzen duten klub edo erakundeek banaka izenpetu dituzten ikus-entzunezko eskubideen azken ustiapenkontratua iraungitzen den denboralditik aurrera hasiko da aplikatzen.
Denboraldi bateko ikus-entzunezko eskubideak Ligako Txapelketa Nazionaleko partaideen % 80k gutxienez ez badituzte banaka komertzializatu, Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak batera komertzializatu ahal izango ditu banaka saldu ez diren eskubideak.
Eskubideak jadanik komertzializatu dituzten kirol-erakundeek baterako komertzializazioan sartzeko eskatu ahalko diote Futbol Profesionaleko Liga Nazionalari, eta beren gain hartuko dituzte eskubide horiek erosi dituzten erakundeen aurrean sor litezkeen betebeharrak edo kalte-ordainak.
3.Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak eta, hala badagokio, Espainiako Futboleko Errege Federazioak, kontratuak aurrez ebaztea negoziatu ahal izango dute txapelketako ikus-entzunezko eskubideen ustiapen eta komertzializazioaren esleipendunekin, eta eskubideok saldu dituzten klubei eta kirol-sozietate anonimoei adostutako kontraprestazioaren zenbateko osoa bermatuko diete.
Ebazpen aurreratu horrek ezingo ditu, inolaz ere, eskubideak saldu dituzten kluben eta kirol-sozietate anonimoen hartzekodunen interesak kaltetu.
Zehazki, kreditu, efektu, balio eta eskubideen enbargorik badago Ogasun Publikoan edota Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean, Futbol Profesionaleko Liga Nazionalak eta, hala badagokio, Espainiako Futboleko Errege Federazioak, bakoitzak komertzializatutako zenbatekoarekiko proportzioan, aipatutako enbargoei dagozkien zorren guztizko zenbatekoa ordaindu beharko dute, kontratuak aurretiaz ebazten diren unean.
Bigarren xedapen iragankorra. Ligako Txapelketa Nazionaleko partaideen diru-sarreren mailaren bermea.
1.Errege lege-dekretu honetan onartzen diren ikus-entzunezko eskubideak batera komertzializatzeko sistema abian jarri osteko lehen sei denboraldietan, honako baldintza hauetan bermatzen dira Ligako Txapelketa Nazionalean parte hartzen duten klub eta erakundeen diru-sarrerak:
a) Kluben eta erakundeen artean banatu beharreko kantitatea, 5.1 artikuluarekin bat, 2014/2015 denboraldian ikus-entzunezko eskubideen banakako komertzializaziotik eskuratutako diru-sarreren batura baino txikiagoa bada, ez dira aplikatuko 5. artikuluan
xedatzen diren banaketa-irizpideak, ez mugak, eta partaide bakoitzari dagokion kantitatea kalkulatzeko, bakoitzak denboraldi hartan jaso zuten kantitatea murriztu egin beharko da, jasotako guztizko diru-sarreren murrizketaren araberako proportzioan.
b) Kluben eta erakundeen artean banatu beharreko kantitatea handiagoa bada 2014/2015 denboraldian ikus-entzunezko eskubideak banaka komertzializatzean partaide guztiek lortutako diru-sarreren batura baino, baina klub eta erakunderen batzuei dagozkien kantitateak banatzeko irizpideak aplikatutakoan kantitate hori klub edo erakunde horrek denboraldi horretan benetan jasotakoa baino gutxiago bada, ez dira aplikatuko 5.5 artikuluko mugak, eta murriztu egingo dira saldo positiboak dituzten klub edo erakundeek jaso beharreko zenbatekoak, diru-sarreren areagotze globalean egin duten ekarpenaren araberako proportzioan. Horrela murriztutako kantitateek saldo negatiboak dituzten klub eta erakundeek 2014/2015 denboraldian lortutako diru-sarreren % 100era heldu arte handituko dituzte klub eta erakundeon zenbatekoa.
2.7. artikuluan zehaztutako organoari dagokio 2014/2015 denboraldian kirolerakunde bakoitzak zer kantitate jaso duen egiaztatzea.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetuta geratu dira arau honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko eta txikiagoko xedapenak, eta bereziki:
a) Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 21. artikulua.
b) Espainiako Kirol Federazioei eta Kirol Elkarteen Erregistroari buruzko abenduaren 20ko 1835/1991 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarria.
Azken xedapenetatik lehenengoa. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra aldatzea.
Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren
19.3 artikulua honela geratuko da idatzita:
«3. Emisio esklusiborako eskubideak ezin du mugatu herritarren informazioa jasotzeko eskubidea. Gizarterako interes orokorrekoa den ekitaldi baten emisioa esklusiban kontratatu duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen eskaintzaileek baimendu behar dute gainerako eskaintzaileek informazio-laburpen bat eskaintzea, arrazoizko baldintza objektiboetan eta bereizkeriarik gabe. Zerbitzu hori informazio orokorreko programetarako bakarrik erabiliko da, eta komunikazio-zerbitzuaren eskaintzaileak berak programa bera aurrez grabaturik eskainiz gero soilik erabili ahal izango da ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan.
Ezingo da inolako kontraprestaziorik eskatu ekitaldi baten, ekitaldi multzo baten edo kirol-txapelketa baten informazio-laburpena izaera orokorreko albistegi batean aurrez grabaturik eta 90 segundoko iraupena baino gutxiagorekin eskaintzen denean. Dena den, kontraprestazioaren salbuespenean ez dira sartzen informaziolaburpena egiteko beharrezkoak diren gastuak. Laburpena eskaintzen denean, erakunde antolatzailearen eta txapelketaren babesle nagusiaren logotipoa edo marka komertziala etengabe agertzen dela bermatu behar da.
Ikus-entzunezko zerbitzuaren eskaintzaileak ekitaldia egiten ari den guneetara sartu ahal izango dira, eremu baimenduan.»
Azken xedapenetatik bigarrena. Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea aldatzea.
Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legea aldatu eta honela geratuko da idatzita:
Bat. 8. artikuluko r) letrari s) izena jarri zaio, eta r) letra berri bat erantsi da, honela dioena:
«r) Arbitrajea kudeatzea eta arbitroak izendatzea, futbol profesionaleko txapelketa ofizialetako ikus-entzunezko eskubideen komertzializazioari eta ustiapenari buruz sor litezkeen desadostasunetarako eta esleitzen zaizkien bestelako gaietarako.»
Bi. Aldatu egiten da 22. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«1. Kirol Sozietate Anonimo baten partaidetza esanguratsu bat erosten edo besterentzen duen pertsona fisiko edo juridiko orok, erosketaren edo besterentzearen helmena, epea eta baldintzak jakinarazi beharko dizkio Kirol Kontseilu Gorenari, arauz ezartzen diren baldintzetan.
Helarazitako informazioarekin ezin denean zehaztu zer partaidetza duen edo lortu duen zeharka pertsona fisiko edo juridiko batek, Kirol Kontseilu Gorenak informazio edo dokumentazio osagarria eskatu ahalko dio erosleari, akziodun taldearen osaerari buruz eta talde bereko enpresetako eta sozietate nagusietako administratzaileen identitateari buruz, bai eta tarteko pertsonen bidez egindako negozioei buruz ere.
Kirol Sozietate Anonimo batean partaidetza esanguratsua edukitzeak zera esan nahiko du: sozietatearen kapitalean ehuneko bosteko edo horren multiploa den partaidetza bat eduki ahal izateko adinako akzio edo, jadanik dituenekin batera, akzio bihurtu daitezkeen balore edo akzioak erosteko edo harpidetzeko zuzenean edo zeharka eskubidea eman dezaketen balore edukitzea.
2.Baldin eta pertsona fisiko edo juridiko batek Kirol Sozietate Anonimo baten akzioak erosi nahi baditu, edo zuzenean edo zeharka akzioak harpidetzeko edo erosteko eskubidea eman dezaketen baloreak bestela, halako moduz non jadanik dituenekin batera, ehuneko hogeita bosteko partaidetza edo handiagoa edukiko duen sozietateko boto-eskubideen guztizkoan, Kirol Kontseilu Gorenaren aurretiazko baimena eskuratu beharko du eta, bizilekua zerga-informazioa eraginkortasunez trukatzen ez duen herrialde edo lurralde batean duen pertsona fisiko edo juridiko bat
bada eroslea, ordezkari bat izendatu beharko du Espainian. Kirol Kontseilu Gorenak hurrengo artikuluan adierazten diren kasuetan bakarrik ukatu ahal izango du baimena. Eskaera jasotzen den unetik zenbatzen hasi eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik ez badago, baimena eman dela ulertuko da.
3.Artikulu honetan ezarritakoaren helbururako, honako hauek dira pertsona fisiko edo juridiko beraren jabetzakoak edo pertsona fisiko edo juridiko berak erosiak:
a) Talde bereko erakundeek dauzkaten edo erosi dituzten akzioak edo bestelako baloreak; taldea zer den Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 4. artikuluan definitutakoaren arabera ulertuko da.
b) Beste pertsona batzuek beren izenean, baina erakundearen kontura, dauzkaten edo erosi dituzten akzioak edo bestelako baloreak, baldin eta harekin hitzartuta eskuratu badituzte, edo harekin erabaki-unitate bat eratuta, lotura juridiko, komertzial edo familiar bidez, edo aholkularitza-zerbitzuak eskaintzearen bitartez.
Pertsona juridiko baten administrazio organoko kideek pertsona juridiko horren kontura edo harekin hitzartuta jarduten dutela ulertuko da, kontrakoa frogatzen ez den bitartean.
Nolanahi ere, kontuan izango dira bai akzioen eta gainerako balioen jabarititulartasuna, bai dena delako titulua edukitzeagatik baliatu daitezkeen botoeskubideak».
Hiru. Aldatu egiten dira 23. artikuluko 1. zenbakitik 4.era bitartekoak eta honela idatzita geratzen dira, eta egungo 4., 5. eta 6. zenbakiak aldatzen dira, 5., 6. eta 7. zebakiak izateko:
«1. Estatu mailako kirol-txapelketetan parte hartzen duten kirol-sozietate anonimoek eta klubek ezingo dute parte hartu, ez zuzenean, ez zeharka, beste kirol sozietate anonimo baten kapitalean, baldin eta beste kirol-sozietate anonimo horrek
txapelketa berean edota kirol-modalitate bereko beste txapelketa batean parte hartzen badu.
2.Kirol sozietate anonimo baten boto-eskubideetan ehuneko bosteko partaidetza zuzena edo zeharkakoa edo handiagoa duten pertsona fisiko eta juridikoek ezingo dute ehuneko bosteko edo gehiagoko beste partaidetza bat izan txapelketa berean parte hartzen duen beste kirol sozietate anonimo batean, edota beste txapelketa batean parte hartzen duen baina kirol-modalitate berekoa den batean.
3.Ezingo dira, halaber, kirol sozietate anonimo bateko akzioak edo zuzenean edo zeharka horiek harpidetzeko edo erosteko eskubidea ematen duten bestelako balioak erosi, horren eraginez sozietateak parte hartzen duen txapelketa faltsutzeko, hutsaltzeko edo eraldatzeko ondorioa gerta badaiteke.
4.Kirol Kontseilu Gorenak modu arrazoituan adostu ahalko du administratzaileen izendapena etetea eta boto-eskubidea nahiz gainerako eskubide politikoak erabiltzea txapelketa profesionaletan parte hartzen duten kirolerakundeetan, honako kasu hauetan:
a) Partaidetza esanguratsuak erosteari buruzko betebeharrak egiaztatzea eragozten denean, dagokion informazioa edo dokumentazioa eskaintzea oztopatuz, zailduz edo ukatuz.
b) Aurkeztutako dokumentuetan edo egindako deklarazioetan zehaztasun-falta edo faltsutasuna egiaztatzen direnean.
c) Administratzaileen izendapenak edo kirol sozietate anonimoen nahiz bestelako kirol-erakunde batzuen akzioen gainean egindako negozioek txapelketa faltsutu, hutsaldu edo eraldatu dezaketenean.»
Lau. Aldatu egiten da 76.3 artikuluaren a) letra. Hona nola geratzen den idatzita:
«a) Dagokion Liga profesionaleko akordio ekonomikoak ez betetzea, erakunde horietako ordezkaritza-organoek baliozki hartutako edozein akordio barne, beren erakunde elkartuen finantzaeta aurrekontu-kontrolean eragiten dutenean.»
Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidez garatzea.
Gobernuak beharrezko arau-neurriak hartu ahalko ditu, errege dekretu bidez, legemailako xedapen honetan aurreikusitakoa garatzeko eta aplikatzeko.
Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2015eko apirilaren 30ean.
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|