Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Azpiegiturak

5/2013 Lege Organikoa, uztailaren 4koa, Estatuak errepide eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uzten dituen uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa aldatzen duena

2013-07-04

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2013/7/5, 160. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

7319

5/2013 Lege Organikoa, uztailaren 4koa, Estatuak errepide eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uzten dituen uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoa aldatzen duena.

JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau irakurtzen duten guztiek.

Jakizue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala.

HITZAURREA Espainiako Konstituzioaren 149.1.21. artikuluaren babesean eta 150.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz eman zen 5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepide bidezko garraioari buruz eta kable bidezko garraioari buruz dituen eskumenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa; izan ere, Espainiako Konstituzioaren 149.1.21

artikulu horrek estatuari aitortzen dizkio lehorreko garraioaren gaineko eskumenak, garraio hori autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurraldeetatik igarotzen denean.

Hala, 5/1987 Lege Organikoaren bidez, gai horren gaineko eskumen ugari utzi ziren autonomia-erkidegoen esku.

Lege Organiko horren xedea izan zen, berebat, errepide bidezko garraioaren eta kable bidezko garraioaren gaineko administrazio-eskumenen kudeaketan leihatila bakarraren printzipioa ezartzea; izan ere, lurralde bat baino gehiagotatik igarotzea dakarren jarduera hori dela-eta, hainbat administrazioren eskumenak nahasten dira, eta horrek dakartzan disfuntzioak saihestu nahi ziren hartara.

Hala, ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztean, ikuskatzeko eta zigortzeko eskumenak ere utzi ziren haien esku, enpresek, jarduera horretan, legeetan eta erregelamenduetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela behar bezala kontrolatzeko aukera izatearren.

Bestalde, autonomia-erkidegoek eskumen horiek baliatzeko aukera izateko, estatuaren administrazio periferikoaren giza baliabide eta baliabide material guztiak eskualdatu zitzaizkien haiei, eginkizun horretarako baliatzen zituenak, hain zuzen, eta, hartara, estatuak ez zuen atxiki lehorreko garraioari buruzko ezein kudeaketa- edo ikuskapen-organo eskumen horiek beren gain uztea onartu zuten autonomiaerkidegoetako estatuaren administrazio periferikoan, salbu eta mugetako probintzietan, haietan beharrezkoa baitzen estatuaren administrazioa, nazioarteko garraioa kudeatze aldera.

Hala, bada, ez dago argi ea ikuskatzeari eta zigortzeari dagozkion gaietan autonomiaerkidegoen esku utzitako eskumenak behar bezala baliatzen ote diren, ea eskumen horien erabilera behar bezala antolatuta ote dagoen, eta, beraz, iritzi zaio komenigarria dela 5/1987 Lege Organiko horren 10. artikulua aldatzea eta argiago adieraztea nola banatzen diren eskumen horiek autonomia-erkidegoen artean.

Artikulu bakarra.  5/1987 Lege Organikoa aldatzea (5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepide bidezko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa).

Honen bidez, aldatu egiten da 5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepide bidezko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa. Hona nola geratzen den idatzita:

«10. artikulua.

1.  Autonomia-erkidegoek gauzatuko dute, estatuak bere ahalmenak haien esku utzirik, estatuaren eskumeneko diren errepide bidezko garraioari eta kable bidezko garraioari dagozkien zerbitzuen eta gainerako jardueren ikuskapena, bai enpresek autonomia-erkidego bakoitzaren lurraldean dauzkaten lantokietan, bai autonomia-erkidego bakoitzaren lurraldetik igarotzen diren ibilgailuetan, edozein dela ere ikuskatzekoak diren zerbitzuak eta jarduerak gauzatu diren lurraldeesparrua.

Ikuskapen-ahalmen hori baliatzean, zerbitzu eta jarduera horiei buruz lantoki horietan dagoen dokumentazio guztia aurkezteko eska dezakete autonomiaerkidegoek.

Era berean, autonomia-erkidegoen esku uzten da aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera gauzatutako ikuskapen-jardun horietan hautematen diren arau-hausteak zigortzeko ahalmena, are arau-hausteak eragindako zerbitzu edo jardueren kudeaketa autonomia-erkidegoaren esku utzi ez bada ere edo beste autonomia-erkidego baten esku utzi bada ere.

Ez dira autonomia-erkidegoen esku uzten nazioarteko garraioa mugetan ikuskatu eta kontrolatzeko ahalmenak, ezta eginkizun horiek gauzatzean hautemandako arau-hausteak izapidetu eta zigorra ezartzeko ahalmenak ere.

2.  Zigortzeko eginkizuna baliatzeak berekin dakar dagozkion prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea ere, eta hor sartzen da, orobat, aplikatzekoa den legeriaren arabera dagozkion behin-behineko segurtapen-neurriak onartzea ere.

Nolanahi ere, autonomia-erkidegoak, alde batera utzi gabe hala egokituz gero beste zigor batzuk ere ezartzea, bidaiarien garraio erregularreko zerbitzu publiko erabilera orokorreko baten kudeaketako kontratua suntsiaraztea proposatzeko ahalmena baizik ez du, zerbitzu hori estatuaren eskumenekoa denean, eta, aldiz, estatuaren administrazio orokorraren organo eskudunaren ahalmena izango da horri buruz erabakitzea, eta, hala badagokio, ebazteko prozedura hasi, izapidetu eta ebaztea.

3.  Autonomia-erkidegoen esku utzitako ahalmen horiek ez dira eragozpen izango estatuaren administrazio orokorrak erabaki dezan zuzen-zuzenean egitea beharrezko irizten dizkion ikuskapenak. Hala bada, baldin ikuskapen-jardun horiek bidezko egiten badute dagokion zigor-prozedura hastea, estatuarenak izango dira, halaber, prozedura hori hasi, izapidetu eta ebazteko ahalmenak.

Guardia Zibilari garraioa zaintzeko esleitutako eginkizunak ez dira autonomiaerkidegoen esku uzten».

Horrenbestez, Lege organiko hau bete eta betearaz dezaten agintzen diet Espainiako herritar eta agintari guztiei.

Madrilen, 2013ko uztailaren 4an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra