Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Gizarte-zerbitzuak

43/2015 Legea, urriaren 9koa, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearena

2015-10-09

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2015/10/10, 243. zk.

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

10922

43/2015 Legea, urriaren 9koa, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearena.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

Gizarte-ekintzako hirugarren sektorea gizartean diren desparekotasunaren eta gizarte- bazterketaren egoerei aurre egiteko ekintzetan beti parte hartu izan duen gizartearen partea da. Aintzat hartzen bada egoera horiek ekitate eza eragiten duten egiturazko ekonomia- eta gizarte-arazo etengabeen ondorio direla eta ez koiunturazko egitateen ondorio, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea osatzen duten erakunde eta elkarteen sare sozialak herritarrak ekintzara pasatzeko bide alternatiboa dela aldarrikatzen du, edo, batzuetan, instituzio publikoen jardueraren osagarria, instituzio-kudeaketa publikoari dagokionez; herritarren parte-hartzean jatorri duten konponbideak eskaintzen ditu, gizartearen talde batzuk ongizatearen oinarrizko mailatik baztertuak izan daitezen ekiditeko.

Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen, haren erakundeen eta sektorea osatzen duten pertsonen jarduera giza eskubideekiko konpromisoaren emaitza da, eta solidaritatea, aukera-berdintasuna, inklusioa eta parte-hartzea dira haren oinarrian diren balioak. Balio horiek egikaritzeak gizarte-garapen orekatura, gizarte-kohesiora eta jarduera ekonomikoa herritarren zerbitzura dagoen antolaketa eredura bideratzen gaitu.

Gure gizarteak bilakaera positiboa izan badu ere, talde zehatz batzuek pairatzen duten marjinazio edo bazterketari konponbidea emateko modua, oraindik, ez da aurkitu. Izan ere, azken hogeita hamar urtean gizarte- eta ekonomia-garapen handia izan bada ere, ez dira desparekotasunak desagerrarazi, are gehiago, mantendu egin dira, eta kolektibo kalteberenen bizitzari eragiten jarraitu dute.

Ahulezia egoeran edo bazterketa-arriskuan dauden gizartearen sektore marjinatu horiek dira gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen giza helburua, eta gizarte zibilari eskatzen diote parte har dezan horien garapenean eta inklusioan, herritar guztioi dagokigun erantzukidetasunera deituz.

Gizarte-ekintzaren hirugarren sektoreak gizarte-arazoak eta horiei aurre egiteko metodoak ezagutzen ditu, beraz, kokapen pribilegiatua izanik, zeregin erabakigarria du pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurkako politikak diseinatu eta egikaritzeko orduan. Rol hori burutzean, alderdiak integratzeko duen gaitasunaren meritua aitortzen zaio, bai eta gizartea kontzientziatzeko eta kohesionatzeko duen zeregin aktiboa ere.

Horregatik guztiagatik, estatu mailako arau-esparrua ezarri behar da gizarte-ekintzako hirugarren sektorea osatzen duten erakundeak haren babespean biltzeko, hain zuzen, erakunde horiek gizartean izan behar duten zeregina eta inklusio-politikek izan behar dituzten erronkak aintzat hartuko dituena.

Espainiako Konstituzioaren printzipio, balio eta mandatuek, zeharka eta zuzenean, xedatutakotik dator gizarte-ekintzako hirugarren sektorearentzako esparru juridikoa ezartzea. Izan ere, konstituzio-testuak asmoa gizarte demokratiko aurreratua lortzea dela esaten duenean eta Espainiako Estatua zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko gisa definitzen duenean, antolaketa politikoa, ordenamendu juridikoa eta aginte publikoen ekintzak honako hauetara bideratu nahi ditu: demokrazian sakontzera, alderdi guztien

parte-hartzea areagotuz; oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babestera, pertsona eta talde guztienak, salbuespenik gabe; herritar guztientzako giza eskubideak mailaka zabaltzera, duintasunezko existentzia, pertsonalitatearen garapen askea eta komunitateko bizitza baketsu eta orekatua —askatasunean, justizian, berdintasunean, aniztasun politikoan eta solidaritatean oinarrituta— ziurtatuz.

Ildo horretan, lege honen helburua da gizarte eremuko politika publikoak diseinatu, aplikatu eta horien jarraipena egiteko orduan gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Estatuaren Administrazio Orokorraren solaskide izateko duen gaitasuna sendotzea, gizarte-politiken garapen harmonikoa bermatu, ukitutako taldeen beharrak zuzen identifikatu eta baliabideen aprobetxamendu optimoa lortzeko xedez.

Gobernuaren lehentasunetako bat da solasaldi hori bultzatzea, eta horren adibide bikaina da Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren eremuan Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektorearen Plataformarekin Elkarrizketa Zibilerako Batzordea sortu izana. Eratu zenetik, 2013ko otsailean, instituzioetan parte hartzeko organo hori foro eraginkorra izan da Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Hirugarren Sektorearen Plataformaren ordezkarien arteko topaketetarako; plataforma horrek estatu- mailako gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakunde, organizazio eta federazio garrantzitsuenak bere barruan biltzen ditu. Haren barruan, eta elkarrizketaren bidez, gizarte-ekintzako hirugarren sektorerako garrantzitsuak diren interes publikoko neurriak batera bultzatzea lortu da. Era berean, elkarrizketa zibilaren printzipioa, bai eta Estatuaren Administrazio Orokorraren eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen ordezkarien arteko lankidetza aktiboaren, parte-hartzearen eta trabarik gabeko kontsultak egin ahal izatearen printzipioak ere, gauzatzeko, Gizarte Ekintzaren Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseiluaren arauketa erregelamendu bidez egingo dela jasotzen du legeak. Kontseilu hori kide anitzeko organoa da, parte-hartzekoa, gizarte-intereseko politika publikoen arloko topaketa, elkarrizketa, proposamen eta aholkularitzarako eremu gisa eratua, eta haren helburua da gizarte- eta inklusio-politiken eskumena duen ministerio-sailaren eta Hirugarren Sektoreko Plataformaren arteko elkarlana, lankidetza eta elkarrizketa etengabea instituzionalizatzea.

Beraz, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeek Estatuaren Administrazioaren eremuko gizarte-arau eta -politikak lantzeko, garatzeko, betearazteko, horien jarraipena eta berrikuspena egiteko prozeduretan benetako parte-hartze eraginkorra —parte hartzeko organoen bidez— izango dutela bermatzen du legeak, elkarrizketa zibilaren printzipioarekin bat, elkarrizketa etengabea izateko mekanismoa ziurtatuz.

Azken hamarkadetan gizarte-ekintzako hirugarren sektorea gizartean ematen diren kalteberatasun handieneko egoeren aurkako eragile gisa nabarmendu bada ere, estatuaren eremuko arau-babesik gabe gertatu da beren jarduera interes publikoko helburuak betetzera bideratzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen garapena, egun duen tamaina eta garrantzia izan arte.

Lege honen azken helburua da inguru juridiko gardenak eta arauketa propioa ezartzea, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea osatzen duten erakundeen jarduera gidatuko duten printzipioak eta haren izaera garbi adierazita; hala ere, sektore horren jarduerak ez du inolaz ere Estatuaren Administrazio Orokorraren erantzukizuna desagerraraziko, ez eta gizarte-interesekoen defentsan konprometitutako beste erakunde batzuekin eta gizarte- eragileen jarduerarekin lehian aritu edo haien lana oztopatuko ere.

Hori dela eta, legeak gizarte-ekintzako hirugarren sektorea eratzen duten erakundeen jarduera gidatuko duten zenbait printzipio ezartzen ditu. Printzipio horietako batzuk — nortasun juridiko propioa izatea, izaera juridiko pribatukoa izatea, irabazi asmorik ez izatea, kideen parte-hartze demokratikoa ziurtatzea edo izaera altruista izatea— antolakuntzari dagozkio, beste batzuk —botere publikoekiko autonomia kudeaketa eta erabakiak hartzeko unean, kudeaketa gardena, aukera eta tratu berdintasuna nahiz pertsonen arteko bereizkeriarik eza sustatzea, bereziki gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren printzipioa, eta interes orokorreko eta gizarte-intereseko helburuak gauzatzea—, berriz, jarduerari.

Era berean, erakunde horiek sustatzeko hainbat neurri aurreikusten du legeak, gizarte- ekintzako hirugarren sektorearen printzipioak lagundu eta bultzatzeko, sektorearen jarduna jasangarria dela eta sektoreak gizarte-politiketan parte hartzen duela bermatzeko eta, erregelamenduen bidez xedatutako prozedurekin bat, Estatuaren Administrazio Orokorraren erakunde laguntzaile izaera aitortzeko xedez, indarrean den legeriaren arabera. Edozein modutan, eta une bakoitzean aplikatu behar den esparru juridiko fiskalaren barruan, interes orokorreko jardueretan izaten den parte-hartze pribatuari indarreko zerga-pizgarrien araubidean, oro har, aitortzen diren zerga-onura handienak — beharrezko denean berrikusiko baitira, araubidea hobetzeko xedez— aplikatuko zaizkie gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei. Halaber, kontzientziazio neurriak aurreikusten dira erakunde horien rola indartzeko eta haien irudi publikoa finkatzeko.

Bukatzeko, legeak jasotzen du Gobernuak gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak bultzatzeko programa onetsiko duela, bera indarrean jartzen denetik kontatuta hamabi hilabeteko epean. Programa horren barruan egongo diren neurriak dira, besteak beste, gizarte-ekintzako hirugarren sektorea sustatzea, zabaltzea eta trebatzea; sektore horretako erakundeak estatuaren zerbitzu publikoekin lankidetzan aritzea; erakunde horiek finantzatzea; Estatuaren Administrazio Orokorraren eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak sustatzea, bereziki itun eta hitzarmenak erabilita; instituzioetan parte har dezaten sustatzea. Hori guztia, ahulezia baldintzetan edo gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsona edo taldeen onurarako diseinatu eta aplikatzen diren gizarte-politiketan gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeek duten rola sendotzearen mesedetan.

I.KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Lege honen xedea da gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak arautzea, gizarte-politika publikoei dagokienez Estatuaren Administrazio Orokorraren solaskide izateko erakunde horiek duten gaitasuna sendotzea eta botere publikoek haien onurarako hartu ahalko dituzten sustapen-neurriak definitzea.

2.artikulua. Kontzeptua.

1.Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak herritarren edo gizartearen ekimenagatik hainbat modalitatetan sortutako izaera pribatuko erakundeak dira, eta elkartasun eta partaidetza sozialaren irizpideei erantzuten diete; interes orokorra dute helburu, irabazi asmorik gabekoak dira eta eskubide zibilen aitorpena eta egikaritzea bultzatzen dute, bai eta ahultasun-baldintzak jasaten dituzten edo gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonen eta taldeen eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen aitorpena eta egikaritzea ere.

2.Edonola ere, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak dira lege honetan xedatutakoa betetzen duten elkarte eta fundazioak, bai eta horiek osatzen dituzten federazio eta elkarteak ere. Beren interesen ordezkaritza eta defentsa era eraginkorragoz burutzeko, elkarteak edo federazioak osatu ahalko dituzte gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeek, eta elkarte eta federazio horiek batu ahalko dira ere, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoarekin eta bere arau espezifikoekin bat.

3.artikulua. Aplikazio-eremua.

Estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakunde guztiei aplikatuko zaie lege hau, autonomia-erkidego batean baino gehiagotan edo Ceuta eta Melilla hirietan jarduten badute.

II. KAPITULUA

Printzipio gidariak

4.artikulua. Printzipio gidariak.

Estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen printzipio gidariak dira, erakunde horien izaera juridikoa gorabehera, honako hauek:

a)Berezko nortasun juridikoa izatea.

b)Izaera juridiko pribatukoak izatea.

c)Irabazi-asmorik ez izatea eta altruistak izatea.

d)Haien barruko parte-hartzea demokratikoa izango dela bermatzea, bereganatzen duten izaera juridikoari aplikatuko zaion araudiekin bat.

e)Gardentasunez jardutea, hala beren gizarte-helburua garatzean, nola beren funtzionamenduan, beren jardueren kudeaketan eta kontu-ematean.

f)Kudeatzeko eta erabakiak hartzeko orduan erabateko autonomiaz jardutea, Estatuaren Administrazio Orokorrarekiko.

g)Gizarte-kohesioa benetakoa izan dadila laguntzea, herritarrek gizarte-ekintzan duten parte-hartzearen bidez, hain zuzen, boluntarioak baliatuz.

h)Haien antolaketan, funtzionamenduan eta jardueretan aukera eta tratu berdintasuna, eta diskriminazio-eza —edozein dela inguruabar pertsonal edo gizarte- inguruabarra, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioari arreta berezia eskainiz— benetan aintzat hartuta jardutea.

i)Interes orokorreko helburuak eta jarduerak izan eta burutzea, hain zuzen, lege- mailako arau batek horrela definituko dituena; edonola ere, interes sozialeko honako jarduera hauek:

1.a Arreta sozio-sanitario osoaren premia duten pertsonen arreta.

2.a Hezkuntza- edo laneratze-premiak dituzten pertsonen arreta.

3.a Herritarren segurtasunaren sustapena eta delinkuentziaren prebentzioa.

III. KAPITULUA

Parte-hartzea

5.artikulua. Parte-hartzea.

Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak Estatuaren Administrazio Orokorraren instituzioetan—hirugarren sektorearen erakundeen jardute-eremu sektorial berekoak— parte-hartzeko organoen barruan sartuko dira. Organo horietan izango duten ordezkaritza estatuaren eremuan jarduten dutenei eta, gehien bat, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeak biltzen dituztenei egokituko zaie.

IV. KAPITULUA

Sustatzeko ekintza

6.artikulua. Estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak sustatzeko neurriak.

1.Honako hauek dira Estatuaren Administrazio Orokorraren estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorea sustatzeko neurriak:

a)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen printzipioak lagundu eta sustatzea.

b)Finantzaketa publikorako sistemak egokitzea aurrekontu-egonkortasunaren inguruko legeriaren esparruan, eta edonola ere, Europar Batasunaren araudiak estatu- laguntzen arloan aurreikusitakoarekin bat.

c)Finantzaketa iturrien dibertsifikazioa sustatzea, bereziki mezenasgoari buruzko araudia hobetzen eta enpresen gizarte-erantzukizuna bultzatzen.

d)Kasu bakoitzean egokienak diren arau-tresnak erabil daitezen bultzatzea, honako hauen gizarte-inklusioa sustatzeko: kalteberatasun baldintzak pairatzen dituzten pertsona eta taldeak, gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan daudenak, bai eta desgaitasunen bat duten edo dependentzia duten pertsonak ere.

e)Gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak kalteberak diren pertsona eta taldeen alde, eta gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan daudenen alde diseinatzen diren honako hauetan parte hartzen duela bermatzea: gizarte-politikak, enpleguarenak, berdintasunarenak eta inklusioarenak.

f)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei Estatuaren Administrazio Orokorraren erakunde laguntzaileen estatutua aitortzea, erregelamendu bidez xedatzen diren prozedurekin bat.

g)Estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeetan jarduera burutzen duten pertsonen trebakuntza eta berregokitzapen profesionala sustatzea.

h)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearekin loturiko edukiak eta haren inguruko erreferentziak sartzea hezkuntza-etapa desberdinen ikasketa planetan, hain zuzen, herritarrek zein gizarte zibila osatzen duten taldeek parte hartzeko bide gisa baloratu dezaten beharrezko direnak.

i)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak sustatzea, herritarrek gizarte demokratiko aurreratu batean partaidetza sozialerako dituzten eskubideak benetan egikaritzeko tresna adierazgarri diren neurrian.

j)Neurri zehatzak burutzea, emakumeek gizarte-ekintzako hirugarren sektorean duten parte-hartzea dinamizatzeko.

k)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen barruan kudeaketa arduratsuaren irizpideak sartzera bideratzen diren ekimenak sustatu eta laguntzea.

l)Gobernu onaren eta gardentasunaren inguruko praktikak eta irizpideak sendotu eta sustatzea gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen barruan.

m)Enpresen eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen arteko lankidetza ekimenak sustatu eta ahalbidetzea.

2.Gobernuak gizarte-ekintzako hirugarren sektorea sustatu, lagundu eta zabaltzeko jarduerak sustatuko ditu, arlo horretan eskumena duten ministerioen bidez.

3.Era berean, Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki- erakundeek gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen printzipioak sustatzeko lankidetzan jardun ahalko dute. Bereziki, sustatzeko, zabaltzeko edo trebatzeko jarduera espezifiko zehatzak bultzatzeko lankidetza hitzarmenak egin ahalko dira.

7.artikulua. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak bultzatzeko programa.

Gobernuak gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeak bultzatzeko programa onetsi egingo du, honako lege hau indarrean jartzen denetik kontatuta 12 hilabeteko epean. Programa horrek, besteak beste, honako neurri hauek jasoko ditu:

a)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorea sustatzea, zabaltzea eta trebatzea.

b)Boluntarioen kultura laguntzea, boluntariotzaren inguruko legeriak xedatu bezala eta ezarritako baldintzekin bat.

c)Zerbitzu publikoekin lankidetzan aritzea.

d)Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen finantzaketa publikoa.

e)Finantzaketarako irispidea, kreditu-erakunde ofizialen bidez.

f)Estatuaren Administrazio Orokorraren eta gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak sendotzea —kontzertu eta hitzarmenak erabiltzeari arreta berezia emango zaio—, honako hauen gizarte-inklusiorako programak garatzeko: gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsona eta talde kalteberak eta desgaitasunen bat duten pertsonak edo dependentzia egoeran daudenak.

g)5. artikuluan aurreikusitako erakundeetan parte-hartzea.

V.KAPITULUA

Parte-hartzeko organoak

8.artikulua Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseilua.

Erregelamendu bidez arautuko da Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseilua, erakundeen arteko kide anitzeko organo aholku-emaile gisa, eta Estatuaren Administrazio Orokorrari atxikia egongo da gizarte-zerbitzuen arloko ministerio eskudunaren bidez; kontseiluaren xedea izango da 4. artikuluaren i) letran ezarritako jarduerekin loturiko politika publikoen inguruan elkartzeko, eztabaidatzeko, parte-hartzeko, proposamenak egiteko eta aholku emateko gunea izatea.

9.Artikulua. Hirugarren Sektorearen Plataformarekiko Elkarrizketa Zibilerako Batzordea.

Erregelamendu bidez arautuko da Hirugarren Sektorearen Plataformarekiko Elkarrizketa Zibilerako Batzordea, gizarte-zerbitzuen arloko ministerio eskudunaren eta Hirugarren Sektorearen Plataformaren arteko etengabeko elkarlana, lankidetza eta elkarrizketa instituzionalizatzeko xedez; Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babespean sortu zen plataforma hori gizarte-ekintzako hirugarren sektoreari gizarte-eskubideen defentsan burutzen duen zeregin garrantzitsua aitortzeko eta gizarte-kohesioa eta -inklusioa bere dimentsio guztietan lortzeko helburu bikoitzarekin, gizartean bereziki kalteberak diren talde batzuk gizartetik baztertuak izan daitezen ekiditeko, hain zuzen.

Lehenengo xedapen gehigarria. Konstituzioan eta estatutuetan ezarrita indarrean dagoen eskumen-banaketa errespetatuko delako bermea.

Lege hau aplikatuko da gizarte-laguntzaren inguruan autonomia-erkidegoei beren estatutuetan eta legeria espezifikoan aitortzen zaizkien eskumenak gorabehera.

Bigarren xedapen gehigarria. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen inbentarioa eta informazio estatistikoa.

1.Gizarte-zerbitzuen arloko ministerio eskudunak, autonomia-erkidegoekin lankidetzan, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen inbentarioa egingo du eta eguneratua izango du. Erakunde tipoen arabera antolatuko da hori, autonomia- erkidegoetan dauden erregistro eta katalogoekin koordinatua. Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseiluak txostena egin ondoren sortuko da inbentarioa. Inbentarioa, zeina publikoa izango baita, eta baliabide elektronikoen bidez eskuratu ahalko da bertan jasotako informazioa, irispide unibertsalaren arloan indarrean diren arauekin bat.

2.Halaber, gizarte-zerbitzuen arloko ministerio eskudunak gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen eta horien ordezkaritza-erakundeen inguruko informazio estatistikoa eman ahal izateko beharrezko diren jarduketak burutuko ditu beste ministerio-sail eskudunekin eta autonomia-erkidegoekin koordinazioan, Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gobernuaren txostena.

Hirugarren sektorearen erakundeak bultzatzeko programa onartzen denetik bi urteko epean, lege honen aplikazioak izan dituen eragina eta ondorioak aztertu eta ebaluatu ondoren lortutako emaitzak jasotzen dituen txostena bidaliko du Gobernuak Diputatuen Kongresura.

Laugarren xedapen gehigarria. Gastu publikoa ez handitzea.

Lege honetan jasotako arauketak ezingo du gastu publikoa handitzerik eragin, ez eta hornidura, eta ordainsariak edo bestelako pertsonal-gastuak handitzerik ere.

Bosgarren xedapen gehigarria. Jarduera finalistak gizarte-ekintzako hirugarren sektorearekiko lankidetzaren bidez.

Lege honek xedatutakoa ulertuko da —kalteberatasun baldintzetan dauden edo gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden talde espezifikoei dagokienez— Estatuak bere eskumenak egikaritzetik eratorritako jardute-eremuetan jarduera finalistak, hirugarren sektorearekin lankidetzan arituz, sustatzeko duen gaitasuna gorabehera, eta autonomia- erkidegoen eskumenak errespetatuz. Edozein kasutan, gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeekin zerikusia duen edozein jarduera publiko lehia publikoaren printzipioaren mende egon beharko da, bai eta emateko eta esleitzeko irizpide objektibo eta gardenen mende ere.

Seigarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ordaindu gabe dituzten betebeharren ordainketa.

Autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeekin dituzten ordaindu gabeko betebeharrek —gizarte-zerbitzuen arloan sinatutako lankidetza hitzarmenen ondoriozkoak— beste hornitzaileekin dituztenek duten antzeko tratamendua izango dute, legeek aurreikusten dutenarekin bat.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei ematen zaizkien laguntza eta diru-laguntza publikoak.

Interes orokorraren aldeko zerbitzua ematen dutela eta horien izaera eta jardueren singularitateak aintzat harturik, Estatuaren Administrazio Orokorraren deialdiak arautzeko oinarriek kontuan hartuko dituzte laguntza eta diru-laguntza publikoen arloan gizarte- ekintzako hirugarren sektorearen erakundeek dituzten espezialitateak, betiere, diru- laguntzen araudi-esparru orokorraren barruan.

Xedapen iragankor bakarra. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeentzako zuzeneko diru-laguntzak.

1.2015 ekitaldian zehar, eta prozedura orokorra ezarri bitartean, ondoren zehazten diren diru-laguntza zuzenak jasoko dituzte estatuaren eremuko gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen honako erakunde hauek, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluak eta bera garatzen duen erregelamenduaren 66. artikuluak xedatutakoarekin bat. Estatuaren Administrazio Orokorraren erakunde laguntzaile gisa onartu diren erakunde izan beharko dira Tributuei, aurrekontuei eta ikerketa, garapen eta berrikuntza sustatzeari buruzko premiazko neurriei buruzko ekainaren 28ko 7/2013 Errege Lege Dekretuak xedatutakoarekin bat. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeen federazio, konfederazio, batasun edo plataformen kasuan, horien barruan estatuaren eremukoak diren erakundeak izan ahalko dira diru-laguntzen onuradun, eta hori, diru-laguntza bideratzeko sinatuko den hitzarmenean edo ebazpenean zehaztuko da,

2.zenbakian xedatutakoarekin bat, eta Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.2 eta 11.3 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Honako zenbateko hauek ordainduko zaizkie ondoren adierazten diren erakundeei eta adierazten diren 2015eko aurrekontuen aplikazioen kontura:

26.16.231F.480 «Terrorismoaren biktimen erakundeentzat»

Terrorismoaren Biktimen Fundazioari 105.000,00 euro.

26.16.231F.486 «Gizarte-ekintzako jardueretarako».

Espainiako Gurutze Gorriari 1.453.684,00 euro. Espainiako Cáritasi 850.272,00 euro.

Gosearen aurkako Ekintza Fundazioari 70.000,00 euro. Gizarte Ekintzako GKEen Plataformari 652.858,00 euro.

Espainian Pobreziaren eta Gizarte-bazterketaren aurka Borrokatzeko Europako Sareari 420.652,00 euro.

Espainiako Boluntarioen Plataformari 442.260,00 euro. Hirugarren Sektorearen Plataformari 129.584,00 euro.

26.16.231G.483 «Haurtzaro eta familia programetarako».

Nekazal Eremuko Familien eta Emakumeen Elkarteari 70.000,00 euro. Familia Elkarteen Batasunari 350.000,00 euro.

Haurtzaroaren inguruko Erakundeen Plataformari 1.133.574,00 euro.

Guraso eta Ikasleen Gurasoen Elkarteen Espainiako Konfederazioari 80.185,00 euro. Guraso eta Ikasleen Gurasoen Elkarteen Espainiako Konfederazio Katolikoari

54.000,00 euro.

Familia Ugarien Espainiako Federazioari 228.000,00 euro.

Bisiten Eskubiderako Elkarguneen Federazio Nazionalari 40.000,00 euro. Familiaren Espainiako Foroari 55.000,00 euro.

Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioari 85.000,00 euro. Ijitoen Idazkaritza Federazioari 211.431,00 euro.

Espainiako Ijitoen Elkarte Mugimenduaren Khetané Plataformari 40.000,00 euro.

26.17.231F.482 «Desgaitasunen bat duten pertsonentzako programetarako».

CNSE. Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioari 240.000,00 euro.

Desgaitasunen bat duten Pertsonen Ordezkarien Espainiako Batzordeari 295.000,00 euro.

FESPAU Autismo Konfederazioari 126.000 euro. Espainiako Autismo Konfederazioari 140.000,00 euro.

Pertsona Gorren Familien Espainiako Konfederazioari (FIAPAS Konfederazioa) 235.000,00 euro.

Gaixotasun Mentala duten Pertsonen eta horien Familien Elkarten Espainiako Konfederazioari (FEAFES Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioa) 187.000,00 euro.

Garuneko Paralisia duten Pertsonen eta Antzekoen Arretarako Erakundeen Espainiako Konfederazioari 165.000,00 euro.

FEAPS, Adimen- edo Garapen-desgaitasuna duten Pertsonen Aldeko Erakundeen Espainiako Konfederazioari 430.000,00 euro.

Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioari 1.142.000,00 euro.

Down España-Down Sindromerako Erakundeen Espainiako Federazioari 129.000,00 euro.

AICE Federazioa-Kokleako Inplantea dutenen Elkarteen Federazioari 20.000,00euro. Espainiako Gor-itsuen Elkarteen Federazioari 25.000,00 euro.

Kalte Zerebralaren Espainiako Federazioari 91.000,00 euro. Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioari 323.000,00 euro. FESOCE, Gor-itsutasunaren Espainiako Federazioari 14.000,00 euro.

Esklerosi Anizkoitzaren aurkako Borrokarako Espainiako Federazioari 33.000,00 euro. ONCE Fundazioari, Desgaitasunen bat duten Pertsonekiko Lankidetzarako eta haien

Gizarteratzerako, 153.000,00 euro.

Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Estatu Ordezkarien Plataformari 352.000,00 euro.

2.Diru-laguntza horien helburua da erakundeen egitura zentralari eustea, ekonomiari eta finantzaketari dagokionez, eta horren barruan daude gastu arruntak eta erakundeen funtzionamendu arruntetik eratorrikoak.

3.Onuradunen betekizunak, horien egiaztapena, diruz lagundu daitezkeen gastuak, diru-laguntza emateko organo eskuduna, epeak, justifikazioa egiteko modua, besteak beste, honako hauek xedatutakoarekin bat arautuko dira: Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta bera garatzen duen erregelamendua; zuzeneko diru-laguntza bakoitza formalizatzean, aipatutako erregelamenduaren 65. eta 66. artikuluek xedatutakoarekin bat, ematen den ebazpena edo hitzarmena. Ebazpenak edo hitzarmenak jaso ahalko du aurreordainketa bakarrean egingo dela diru-laguntzaren ordainketa, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 34.4 artikuluak eta bera garatzen duen erregelamenduarekin bat.

Azken xedapenetatik lehena. Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei aplikagarri zaien legeria.

Gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei hartu duten izaera juridikoaren arabera dagozkien lege espezifikoak aplikatuko zaizkie. Lege honetan xedatutakoarekin bat gizarte-ekintzako hirugarren sektorearen erakundetzat hartuak izateak ez du salbuespenik ekarriko aipatutako lege espezifikoek ezartzen dituzten betekizun eta baldintzak betetzeko orduan.

Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-titulua.

Lege hau Konstituzioaren 149.1.1. artikuluaren babespean eman da, eskumen esklusiboa esleitzen baitio estatuari espainiarren berdintasuna bermatuko duten oinarrizko baldintzak arautzeko, konstituzio-eskubideak egikaritu eta konstituzio-betebeharrak betetzeari dagokienez. Bigarren xedapenaren bigarren paragrafoa, berriz, Konstituzioaren

149.1.31.artikuluaren babespean eman da, estatu-mailako estatistikaren inguruko eskumena estatuari esleitzen baitio artikulu horrek.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuak, bere eskumenen eremuaren barruan, honako lege hau garatu eta betearazteko beharrezko diren xedapenak emango ditu, Gizarte Ekintzako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Estatu Kontseiluari eta Hirugarren Sektorearen Plataformarekiko Elkarrizketa Zibilerako Batzordeari kontsulta egin ondoren, estatuaren eremuko gizarte- ekintzako hirugarren sektorearen erakundeei dagokienez.

Azken xedapenetatik laugarrena. Indarrean jartzea.

Lege hau indarrean jarriko da Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 9an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra