Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

4/2018 Errege Lege Dekretua, ekainaren 22koa, RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseilua eta haren lehendakaria izendatzerakoan aplikatu behar den araubide juridikoa premiaz zehazten duena

2018-06-22

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/06/23 152.zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

8577    4/2018 Errege Lege Dekretua, ekainaren 22koa, RTVE Korporazioaren

Administrazio Kontseilua eta haren lehendakaria izendatzerakoan aplikatu behar den araubide juridikoa premiaz zehazten duena.

Konstituzioaren 20. artikuluak xedatzen duenez, lege baten bidez arautuko dira Estatuaren mendeko komunikabide sozialen antolaketa eta kontrol parlamentarioa, eta honako balio hauek bermatuko dira: pluralismoa, independentzia eta informazioa egiazkoa izatea.

Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legeak esparru juridikoa ezarri zuen ikus-entzunezko zerbitzu publikorako, haren independentzia, neutraltasuna eta objektibotasuna ziurtatzen zuena eta Parlamentuaren parte-hartzea indartu. Halaber, mekanismoak ezarri zituen batzeko errentagarritasun soziala, oinarrizko printzipio gisa, eta ahalik eta ikusle gehienengana heltzeko beharra, betiere ikus-entzunezko zerbitzu publikoak berezkoak dituen hezkuntza xedea eta xede sozial eta integratzaileak gordeta.

Arau horrek oinarriak ezarri zituen Espainiako gizarteak eduki zezan ikus-entzunezko zerbitzu publiko anitza eta Gobernuarengandik independente, ekonomikoki jasangarria eta neutraltasun, kalitate eta gardentasun eskakizunei erantzuten diena, gure inguruko herrialdeek dituzten telebista publikoetan daudenen pareko ezaugarriak dituena, hain zuzen.

RTVE Korporazioaren Administrazio Araubidea Aldatzeko apirilaren 20ko 15/2012 Errege Lege Dekretua onartu eta gero, irailaren 29ko 5/2017 Legeak 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko. Arau horrek egindako aldaketek ziurtatu nahi zuten RTVE Korporazioaren komunikabideek dagozkien zereginak bete ahalko zituztela profesionaltasunez eta independentziaz, Espainian dagoen gizarte demokratiko aurreratuaren esparruan. RTVE funtsezkoa da herritarrak informatzeko eta politikan parte hartzeko, iritzi publikoa osatzeko, hezkuntza sistemarekin lankidetzan aritzeko, Espainiako kultura eta haren nazionalitate eta eskualdeak zabaltzeko, eta askatasuna eta berdintasuna errealak eta eraginkorrak izan daitezen laguntzeko baliabidea ere bada. Beraz, Espainiako gizarteari oso zerbitzu publiko adierazgarria ematen dion organismoa da; izan ere, herritar guztiekin komunikatzeko eta horiek informatzeko funtsezko bidea da.

2017ko Legearen bigarren xedapen iragankorrak xedatu zuenez, Gorte Nagusiek hiru hilabeteko epea —2017ko abenduaren 31an amaitua— izango zuten araudi bat onartzeko, eta araudi horrekin bat hautatuko ziren RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseilua eta haren lehendakaria. Epe hori nabarmen gainditu bada ere, legea onartu zenetik ia bederatzi hilabete pasa baitira, ganbarek ez dute abiarazi kontseilu berria hautatzeko prozedura. Arauaren lehentasunezko helburua zen independentzia eta pluralismoa ziurtatzea Korporazioaren organoen hautatze parlamentarioan, baina azken hilabeteetan izandako blokeo parlamentarioa dela eta, zeregin hori ez da bete. Errege lege-dekretu honek paralisi-egoera horri amaiera eman nahi dio; izan ere, ganbarek beraiek 2017ko legea onartzean finkatu zituzten helburuak gauzatzea eragozten du.

Horretaz gain, kontuan hartu behar da egungo RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluak bere agintaldia amaitu duela. Agintaldia amaitutakoan eta kontseilari berriak izendatu arte, kontseilari aritutakoek zereginetan jarrai dezaketela xedatzen du 17/2006 Legearen 12. artikuluak; baina Korporazioaren lehendakariaren kasuan ez da ezer xedatzen, eta horrek kudeaketa arazoak ekartzen ditu.

RTVE Korporazioak herritarrei ematen dien informazio- eta komunikazio-zerbitzua erabateko efikaziaz eta normaltasunez ematen jarraitu ahal izateko, zuzendu egin behar da, presaz, kontseilari guztiek agintaldia amaitua izateak eragiten duen anomalia, eta, batez ere, ekiditu gaitasun ahalmen guztiak dituen lehendakaria ez egoteak Administrazio Kontseiluaren ohiko funtzionamenduan eragin dezakeen paralisia; izan ere, lehenago aipatu den bezala, oraindik ez da abiarazi Administrazio Kontseiluko kide berriak izendatzeko prozedura parlamentarioa, 5/2017 Legeak aurreikusitakoarekin bat.

Ildo horretatik, egun RTVE Korporazioan dagoen egoerari blokeoa kentzeko, errege lege-dekretu honen bidez Administrazio Kontseiluko kideak eta Korporazioaren lehendakaria hautatzeko araubide juridikoaren zenbait aldaketa egiten dira, zeinen helburu bakarra baita egun dagoen egoera konpontzea kontseilari berriak eta lehendakari berria 5/2017 Legeak ezarritako sistemarekin bat hautatu arte. Artikulu bakarrean jasotzen den araudiak premiaz eta behin-behinean arautzen du Administrazio Kontseiluko kideen hautatzea, 2017ko Legea benetan aplikatu arte; hala ere, horrek ez du aldaketarik ekarriko ganbarek 2017ko arauaren bidez onartu zuten hautatze-sisteman. Azpimarratu egin behar da ganbarek izendapenetarako 2017an onartu zituzten kopuruak eta gehiengoak gordetzen dituela errege lege-dekretu honek.

Azken finean, errege lege-dekretu honen xedea da egoera zehatza konpontzea, hain zuzen, ganbarek irailaren 29ko 5/2017 Legearen bigarren xedapen iragankorrean jaso zen agindua ez betetzeak eragin duena; lege horrek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko. Artikulu bakarrak xedatutakoaren bidez, egoera premiaz ebazten da, eta ahalbidetu, behin-behingoz, Korporazioari zerbitzu publikoaren zeregina efikaziaz burutzea Administrazio Kontseilu berria hautatu arte, 2017an ganbarek onartu zuten prozeduraren bidez.

Ondorioz, adierazitakoak ikusirik, erabat justifikatua gelditzen da errege lege-dekretua emateko aparteko eta presako beharrizana.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Gobernuko presidenteordearen eta Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Berdintasuneko ministroaren eta Ogasuneko ministroaren proposamenari jarraikiz, Ministroen Kontseiluak 2018ko ekainaren 22ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.

  • 1.  RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideak, lehendakaria eta Kontseiluko kideak irailaren 29ko 5/2017 Legearen xedapen iragankorretan aurreikusitakoarekin bat izendatu arte, Gorte Nagusiek hautatuko dituzte agintaldia amaitu duten kontseilariak ordezteko kontseilari berriak honako errege lege-dekretu honek xedatutakoaren arabera. Aipatutako lege horrek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko.

Honako errege lege-dekretu hau indarrean jartzen denetik hamabost egun natural izango dituzte ganbarek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legearen 10.1 artikuluan aurreikusten diren hamar kontseilariak hautatzeko, lege horren beraren 11.1 artikuluan aurreikusitako ganbaren banaketarekin bat.

Era berean, kontseilariak hautatu eta gero, Diputatuen Kongresuak hamabost egun naturaleko epe berean RTVE Korporazioaren eta Kontseiluaren lehendakaria izango den kontseilaria izendatuko du, haren agintaldia amaitua bada.

  • 2.  Artikulu honetan arautzen da kontseilariak eta, kasua denean, lehendakaria hautatzeko behar den gehiengoa, irailaren 29ko 5/2017 Legearen lehen xedapen iragankorraren bigarren paragrafoan aurreikusitako bera baita, bigarren bozketarako aurreikusitako epea izan ezik; bigarren bozketa egingo da lehenengoan bi herenen aldeko botoa lortu ez denean. Irailaren 29ko lege horrek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko. Bigarren bozketa egin behar izanez gero, horretarako epea berrogeita zortzi ordukoa izango da, eta hautagai-zerrendaren proposamenak gehiengo osoa izan beharko du; gainera, gutxienez, dagokion ganbarako talde parlamentarioen erdiak proposatutakoa izan behardu.

  • 3.  Lehen apartatuaren bigarren paragrafoan aurreikusten den hamabost egun naturaleko epea pasa bada eta Senatuak hautatu behar zituen kontseilariak hautatu ez baditu, Diputatuen Kongresuak, salbuespenez eta beste hamar egun naturaleko epean, kontseilariak hautatu ahalko ditu. Hautatze horretan Senatuari aurkeztu zaion hautagai-zerrenda berbera, kasua hori bada, baliatuko da.

  • 4.  Artikulu honetan xedatutakoarekin bat hautatu diren kontseilarien eta lehendakariaren agintaldia amaituko da kontseilariak eta lehendakaria hautatzen direnean irailaren 29ko 5/2017 Legearen xedapen iragankorrek xedatutako prozedurarekin bat. Aipatutako lege horrek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko.

  • 5.  Artikulu honetan aurreikusitakoarekin bat hautatutako kontseilariak eta, kasua denean, lehendakaria berriro hautatuak izan ahalko dira.

  • 6.  Lehen apartatuan jasotzen den hamabost egun naturaleko epea edo Diputatuen Kongresuarekin zerikusia duen beste edozein epe amaitu bada eta ganbara horrek hautatu behar zituen kontseilariak hautatu ez baditu, Gobernuak Korporaziorako behin-behineko administratzaile bakarra izendatzeko proposatuko du, eta Diputatuen Kongresuaren osoko bilkurara eramango du proposamen hori. Administratzaile hori hautatua izateko, Diputatuen Kongresuaren osoko bilkuraren bi herenen aldeko botoa lortu beharko du lehen bozketan. Gehiengo hori lortu ezean, berriro egingo da bozketa osoko bilkuran, berrogeita zortzi ordu pasa eta gero. Bigarren bozketa horretan Diputatuen Kongresuaren gehiengo osoa lortu beharko da.

Behin-behineko administratzaile bakarra Korporazioaren administrazioaz arduratuko da, eta hura ordeztuko, kontseilariak izendatu arte irailaren 29ko 5/2017 Legearen bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araudiarekin bat. Aipatutako lege horrek Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatu zuen RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko. Administratzaile zereginetan ari denean, Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legeak RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluari, lehendakariari eta Kontseiluari esleitzen dizkion eskumenak izango ditu.

Azken xedapenetako lehenengoa.

RTVE Korporazioaren independentzia eta haren organoak hautatzeko pluralismo parlamentarioa berreskuratzeko, Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legea aldatzen duen irailaren 29ko 5/2017 Legearen bigarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:

  • 1. Gorte Nagusiek hiru hilabeteko epea izango dute, lege hau indarrean jartzen denetik, RTVE Korporazioaren Administrazio Kontseiluko kideak, lehendakaria eta Kontseilua hautatzeko araudia onartzeko; hautatzea lehiaketa publikoaren bidez egingo da, eta adituen komite batek parte hartuko du.

Adituen Komite hori osatuko dute komunikazioaren eremuan gaitasun profesionala eta irakaskuntzaren edo ikerketaren arlokoa aitortua duten pertsonek, eremu horretan gutxienez bi urteko esperientzia dutenek. Emakume- eta gizon-kopurua orekatua izango da,

Adituen Komiteko kideak RTVE Korporazioaren eta haren elkarteen Kontrol Parlamentariorako Batzorde Mistoaren bilkura batean izendatuko dira, hamar eguneko epean lehiaketaren deialdia egiten denetik. Batzorde Mistoan gutxienez ordezkari bat duen talde parlamentario bakoitzak aditu bat proposatu ahalko du izendatua izateko. Horretaz gainera, Batzorde Mistoko kide bakoitzak beste pertsona bat proposatu ahalko du, eta Komiteko kide izateko hautatuko dira gutxienez lau batzordekidek proposatu dituztenak.

Hautatutakoen artean baten batek uko egiten badio izendapenari, komitea eratuko da izendapena onartu dutenekin.

Komite horrek aditzera emango ditu bere ebaluazio-txostenak, eta hautagaiei entzunaldia emateko eskumena duen batzordeari helaraziko.

  • 2.  Behin Adituen Komiteak txostena eman ondoren, Diputatuen Kongresuan agerraldiak —legean aurreikusitakoak— egiteko eskumena duen batzordea deituko da. Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran kideak hautatu ondoren, osoko bilkura horretan hautatu ez diren hautagaien agerraldia egiteko Senatuan eskumena duen batzordea deituko da. Gero, Senatuaren erregelamenduarekin bat, ganbararen osoko bilkuran egingo da bozketa.

  • 3.  Harik eta kontseilariak eta lehendakaria aurreko zenbakian adierazitako araudiarekin bat onartu arte, Estatuaren Titulartasuneko Irratiaren eta Telebistaren ekainaren 5eko 17/2006 Legearen 11. artikuluan xedatutako hautatzea eta agerraldiak indarreko prozeduraren arabera egingo dira.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen, 2018ko ekainaren 22an.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea,

PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra