4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.
2015-03-30Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2015/03/31, 77. zk.
I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
3442 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.
FELIPE VI.a
ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.
Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege organiko hau onetsi dutela, eta, Nik, hemen, berretsi egiten dudala.
HITZAURREA
I
Herritarren segurtasunak bermatzen du konstituzio demokratikoek aitortutako eta babestutako eskubide zein askatasunak herritarrek askatasunez baliatu ahal izatea, guztia ere ez daitezen geratu eraginkortasun juridikorik gabeko adierazpen formal huts gisa. Horrela bada, Zuzenbide Estatuko funtsezko elementuetako bat da herritarren segurtasuna.
Funtsean Estatuari egiten zaizkio herritarren segurtasunaren gizarte-eskaerak, gizartean zabalduta baitago Estatuak baino ezin duela bermatu eskubideak eta askatasunak erabiltzeko moduko bizikidetza-esparrua, horretarako indarkeria ezabatuz eta horien osotasunaren aurkako eragozpenak kenduz.
Espainiako 1978ko Konstituzioak herritarren segurtasunaren (104.1 artikulua) zein segurtasun publikoaren (149.1.29. artikulua) kontzeptuak bere egin zituen. Gerora, dotrinak eta jurisprudentziak bi kontzeptu horiek, xehetasunak xehetasun, sinonimotzat hartu dituzte, pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren lasaitasuna bermatzeko jarduera direla iritzita.
Era horretan interpretatu behar da, orobat, herritarren segurtasunaren ideia zein horren antzeko kontzeptuak, zehaztu gabeko arriskuen arabera herritarren gaineko esku-hartze hedakorra zuritzen duten definizio orokorrak baztertuta, bai eta diskrezionalitate administratibo eta zehatzeko ahal orokorrak saihestuta ere.
Herritarren segurtasuna bermatzea botere publikoen lehentasunetako bat da, eta Konstituzioak ezarritako Zuzenbide Estatuaren ereduak hiru mekanismo ditu horretarako: legez kontrako fenomeno guztiei erantzuteko egokia den ordenamendu juridikoa, hori aplikatzea bermatzen duen botere judiziala eta arau-hausteak prebenitzeko eta jazartzeko garaian eraginkorrak diren segurtasun-indar eta -kidegoak.
Konstituzioaren 149.1.29 artikuluaren barruan eta Konstituzioaren dotrinaren orientabideei jarraituta, pertsonak eta ondasunak babestea eta herritarren lasaitasuna bermatzea da lege honen helburua; hala, izaera eta eduki ezberdineko askotariko jarduerak hartzen ditu barnean, babestutako ondasun juridikoa zaintzeko helburu bera dutenak. Legearen edukiaren zati adierazgarri bat segurtasun-poliziaren esku-hartzeak arautzeari buruzkoa da (segurtasun-indarren eta -kidegoen berezko eginkizunak dira horiek) , baina horrek ez du barne hartzen segurtasun publikoaz ulertu beharrekoaren esparru material osoa, bestelako gaiak ere baitaude; horrela bada, azken horien artean herritarren segurtasunerako jarduera garrantzitsuak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek dokumentu bidez erregistratzeko edo segurtasun-neurriak hartzeko betebeharrak edota armen eta lehergaien gaineko administrazio-kontrola daude jasota legean, besteak beste.
II
Herritarren Segurtasunaren babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa lehen ahalegina izan zen, betiere konstituzioan jasotako eskubide eta balioen ikuspegia aintzat hartuta, eta herritarren segurtasuna bermatzeari dagokionez, botere publikoen, bereziki segurtasun-indarren eta -kidegoen, jarduera eta ahal nagusiak biltzen zituen kodea lantzeko.
Nolanahi ere, hainbat faktore dela eta gomendagarria da hori beste testu batez ordeztea. Lege-aldaketa sobera justifikatuta dago denboraren joanak arau juridikoen bertute eta gabeziei buruz ematen duen ikuspegiagatik, gure herrialdean izandako gizartealdaketengatik, herritarren segurtasuna eta lasaitasuna arriskuan jartzeko dauden modu berriengatik, gizarte-eskaerek kontzeptu horren barruan jasotzen dituzten eduki berriengatik, zehapen-araubidea eguneratu beharragatik edo jurisprudentzia konstituzionala arlo honetan jasotzea komenigarria izateagatik.
Gizarte demokratiko aurreratu batek behar bezala funtzionatzeko funtsezko bikotea dira askatasuna eta segurtasuna; eskubideak eta askatasunak bermatzeko tresna da segurtasuna, ez, ordea, berezko helburua.
Hortaz, herritarrek askatasunak baliatzeko orduan segurtasunagatik ezarritako intzidentzia edo muga guztiek legalitatearen eta proportzionaltasunaren printzipioak jarraitu behar dituzte, hiru dimentsio aintzat hartuta egin ere: mugatzea egokia izatea (proposatutako helburua lortzeko) , beharrezkoa izatea (helburu bera lortzeko hain gogorra ez den beste neurririk ez egotea, alegia) eta mugatze hori zentzu hertsian proportzionala izatea (neurriak interes publikoari onura dakarkio eta horrek eskubidearen erabilera nolabait sakrifikatzea zuritzen du) .
Hori guztia izan dugu gogoan lege hau idazteko garaian, saiatu baikara herritarren eskubideak eta askatasunak bateragarri egiten horrelakoen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa den esku-sartzearekin, azken hori gabe lehenengoen gozamena ez bailitzateke benetakoa eta eraginkorra izango.
III
Legearen abiapuntuan, jurisprudentzia konstituzionalarekin bat etorriz, herritarren segurtasunaren kontzeptu materiala dago –herritarren segurtasun hori pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren lasaitasuna bermatzeko jardueratzat hartuta–, eta askotariko jarduerak daude horren barruan, izaera eta eduki ezberdina dutenak, horrela zehaztutako ondasun juridikoa babestearren. Jarduera multzo horren barruan daude helburu horretara bideratutako erakunde instrumentalen berariazko jarduerak, bereziki segurtasun-indar eta -kidegoei dagozkienak; izan ere, Konstituzioaren 104. artikuluak horiei ematen die eskubideen eta askatasunen erabilera librea babesteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko ardura. Zentzu hertsian polizia-jarduerak diren horiekin batera, legeak bestelako administrazio-organo eta agintariei egotzitako alderdiak eta eginkizunak ere arautzen ditu, hala nola pertsonen dokumentazioa eta identifikazioa, armen, lehergaien, kartutxoen eta piroteknia-gaien administrazio-kontrola edo establezimendu jakin batzuetan segurtasun-neurriak hartzeko beharraren aurreikuspena, bai eta horiekin batera legearen helburuak betetzea bermatzeko ezinbestekoa den zehapen-araubide eguneratu egokia ere.
Lege honen bost kapituluetan berrogeita hamalau artikulu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen daude.
I. kapituluan, legearen xedea zehaztu ondoren, hauek dira berritasun nabarmenenak: botere publikoek herritarren segurtasunaren esparruan duten jardunaren xedeak eta printzipio zuzentzaileak, administrazioen arteko lankidetza eta agintarien eta langile publikoen, polizia-erkidegoen, herritarren eta enpresen zein segurtasun pribatuko langileen arteko lankidetza-betebeharra, segurtasun publikoaren ikuspegi osoarekin bat etorriz, betiere. Legearen helburuen artean hauek nabarmentzen dira: oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen eta ordenamendu juridikoan aitortu eta babestutako gainontzeko eskubideen erabilera librea babestea; erakundeen behar bezalako funtzionamendua
bermatzea; herritarren segurtasuna zein lasaitasuna eta bizikidetza baketsua babestea; eskubideen eta askatasunen erabileran legeak errespetatzea; pertsonak eta ondasunak babestea, eta arreta berezia ematea adingabeei eta babes berezia behar duten desgaituei; bideak eta erabilera eta gozamen publikora bideratutako jabari publikoko gainerako ondasunak era baketsuan erabiltzea; gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak normaltasunez ematea bermatzea, eta gardentasuna botere publikoek herritarren segurtasunaren arloan izandako jardunean.
II.kapituluak hau arautzen du: Espainiako herritarren dokumentazioa eta identifikazioa, Nortasun Agiri Nazionalaren eta pasaportearen froga-balioa eta horrelako agirien titularren betebeharrak. Agiri horiek identifikatzeko eta sinadura elektronikoa egiteko ematen duten aukera gehitzen ditu, eta legean xedatutakoarekin bat etorriz, agintaritzako agenteek eskatuz gero horiek erakusteko beharkizunari eusten zaio.
III. kapituluak agintari eskudunei gaikuntza ematen die herritarren lasaitasuna mantentzeko eta, hala badagokio, berrezartzeko jarduerak erabaki ditzaten segurtasun publikorik ez dagoen egoeretan; horrela bada, eginbide horietarako kasuak, xedeak eta eskakizunak zehatz-mehatz arautzen ditu, besteak beste proportzionaltasunaren, ahalik eta esku-sartze txikienaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioekin bat etorriz.
Ildo horretatik, zehatz-mehatz araututa daude agintariek eta segurtasun-indar eta -kidegoetako agenteek honelakoak egiteko dituzten ahalmenak: aginduak eta instrukzioak emateko, etxeetan sartzeko eta horiek miatzeko, pertsonen identifikazioa eskatzeko, toki publikoetan egiaztapenak eta miaketak egiteko, bide publikoan joan-etorriak mugatzeko eta kontrolak jartzeko, bai eta larrialdi-egoeretan herritarren segurtasuna bermatzeko ezinbesteko ezohiko bestelako neurriak hartzeko ere (lokalak edo establezimenduak utzaraztea, pasatzea debekatzea, higiezinak ebakuatzea, eta abar.) . Bilerak eta manifestazioak egin daitezen babesteko, bai eta herritarren segurtasuna asaldatzen den kasuetan horien behar bezalako garapena berrezartzeko ere, agintariek hartu beharko dituzten neurriak ere araututa daude.
Segurtasun-poliziaren ahal horien zerrenda otsailaren 21eko 1/1992 Legean jasotakoaren antzekoa da, halere, zehaztasun handiagoz adierazita daude ahalmen horiek gauzatu ahal izateko premisak eta horrelakoetan jarduteko baldintzak eta eskakizunak, betiere jurisprudentzia konstituzionalarekin bat etorriz, era horretan segurtasun-indar eta -kidegoetako kideen jardunak eragin ditzakeen herritarren legezko eskubideak bermatzearren. Hala, herritarren segurtasuna babesteko eginkizunak gauzatzeko orduan segurtasun-indar eta -kidegoetako agenteei ez zaie modu orokorrean ematen bide publikoan identifikazioak egiteko gaikuntzarik –1992ko Legean gertatu bezala–, horretarako arau-hauste bat egiten parte hartu izanaren zantzuak egotea beharrezkoa baita, edota identifikazioa egitea, arrazoizko moduan, beharrezkotzat jotzea delitu bat egin dadin prebenitzeko; halaber, eginbidea gauzatzeko orduan agenteek zorrotz errespetatu beharko dituzte proportzionaltasunaren, tratu-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak, eta identifikatzeari uko eginez gero, edo identifikazioa in situ egiterik ez balego, baino ezin izango diote pertsonari eskatu gertuen dagoen polizia-instalaziora laguntzeko identifikazioa egin ahal izateko; halaber, horrelakoetan, berehala eta ulertzeko moduan jakinaraziko dizkiote identifikatzeko eskaeraren helburuak eta, hala dagokionean, laguntzeko errekerimenduaren arrazoiak.
Lehenengoz arautzen da gorputza kanpotik miatzea; horrenbestez, legeek segurtasunindar eta -kidegoei agintzen dizkieten ikertzeko eta prebenitzeko eginkizunak gauzatzeko garrantzitsuak diren instrumentuak, gauzak edo bestelako objektuak aurki daitezkeela uste izateko arrazoiak daudenean baino ezin izango dira egin. Azaleko miaketa horiek ahalik eta kalte txikiena egin beharko diote pertsonaren duintasunari, pairatzen duen pertsonaren sexu bereko agente batek egin beharko du eta, intimitatea errespetatzeak hala eskatzen badu, beste pertsonek ikusten ez duten toki pribatu batean egin beharko dute.
Segurtasuneko administrazio-poliziaren ahal bereziei buruzkoa den IV. kapituluak, bestalde, arma, lehergai, kartutxo eta piroteknia-gaiekin lotutako jardueren gainean Estatuak ezar ditzakeen administrazio-kontroleko neurriak arautzen ditu.
Halaber, herritarren segurtasunerako garrantzitsuak diren honelako jardueretan erregistro dokumentaleko betebeharrak ezartzen dira: ostatuetan, jendearentzat irekita dauden establezimenduen bidez zerbitzu telefoniko edo telematikoetarako sarbide komertzialean, bitxi eta metalen, objektu edo artelanen salerosketan, segurtasun-sarraila dendetan edo txatarraren edo hondakin-produktuen handizkako merkataritzan.
Horrez gain, ikuskizun publikoen eta jolas-jardueren arloan agintari eskudunek esku hartzeko araubidea ere jasotzen da, betiere herritarren segurtasunaren ikuspegi hertsitik, eta horrelakoen garapen normalari dagokionez autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen eskumenei kalterik egin gabe.
Zehapen-araubidea arautzen duen V. kapituluak berritasun garrantzitsuak ditu otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoarekin alderatuta. Kapituluaren idazketak, oro har, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz adierazi duen moduan, kontuan hartzen du zehatzeko administrazio-zuzenbidea eta zigor-zuzenbidea, xehetasunak xehetasun, Estatuaren ius puniendi bakar baten adierazpenak direla. Horrenbestez, zehatzeko ahal administratiboa zuzentzen duten printzipioak betetzera bideratuta dago legea, bereziki erantzukizunaren, proportzionaltasunaren eta legezkotasunaren printzipioak betetzera (azken horren bi alderdiak barne hartuta; hots, legezkotasun formala edo lege-erreserba eta legezkotasun materiala edo tipikotasuna) , legeak tipifikatutako arau-hausteei dagokienez jokabideak eta zehapenak zehazteko erregelamenduzko laguntza onartzea alde batera utzi gabe.
Arau-haustetzat hartutako jokabideen egileei dagokienez, erantzukizunetik salbuetsita gelditzen dira hamalau urtetik beherakoak, adingabearen zigor-erantzukizunari buruzko legeriarekin bat etorriz. Halaber, baldin eta hemezortzi urtetik beherako pertsona emantzipatugabe bat edo judizialki gaitasuna aldatuta duen pertsona bat jotzen bada gertakarien egiletzat, eragindako kalte eta galeren erantzule solidarioak izango dira, harekin batera, haren gurasoak, tutoreak, kuradoreak, hartzaileak edo zaintzaileak, legezkoak edo egitatezkoak.
Legean aurreikusitako zehapen astunak eta oso astunak ezartzeko orduan proportzionaltasuna bermatzeko, hedadura bereko hiru tartetan banatuta daude diruzehapenak (gutxieneko, erdiko eta gehieneko mailak) eta diru-zehapenak indibidualizatzeko kontuan hartu beharko diren inguruabar astungarriak eta mailakatze-irizpideak ere biltzen dira, era horretan administrazioarekiko auzien jurisprudentzian jasota dagoen arren gure ordenamendu juridiko administratiboko arau ugarik dituzten zehapen-araubideetan gutxi islatuta ageri den proportzionaltasunaren printzipioaren eskakizuna betetzen da.
Arau-hausteen koadroari dagokionez, tipikotasun-printzipiora are hobeto doitzearren, arintzat, astuntzat edo oso astuntzat jotzen diren jokabideen zerrenda bat jasota dago; azkenak ez zeuden otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan jasota, arau-hauste astun batzuk gertatutako inguruabarren arabera oso astuntzat hartzeko aukera baino ez baitzegoen.
1992ko legegileak tipifikatutako arau-hausteekin batera, legeak beste jokabide batzuk ere zehatzen ditu, delitutzat hartzerik ez dauden arren herritarren segurtasunaren aurkako eraso larria direlako, hala nola debekatutako bilerak edo manifestazioak gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegitura eta instalazioetan egitea eta horrelakoetan sartzeko ekintzak egitea, pertsonentzat arriskutsuak direnean; garraiobideen gidari edo pilotuenganantz argi-sortak igortzea istripua eragiteko arriskuarekin, edota ikuskizun publikoak edo jolas-jarduerak egitea agintariek segurtasun-arrazoiengatik debekatzea edo bertan behera uztea erabaki arren, besteak beste. Biltzeko eta manifestatzeko eskubidea neurriz kanpo erabiltzea dakarten jokabideak ere zehatzen ditu, bai eta oinarrizko eskubide horren erabileran nahasmendua eragitea ere, delitu ez direnean. Agintariek eta horien agenteek zein larrialdi-zerbitzuek eginkizunak bidezko eran egin ditzaten babestea dute xedetzat beste arau-hauste batzuek.
Horrez gain, izapidetze-bidean dagoen Zigor Kodearen erreforma dela eta, kode horren
III.liburuan jasotako izaera horretako zigor-arloko arau-hausteak berrikusi behar dira administrazio-esparruan jokabide batzuk sartzeko, horrela egin ezean horiek zigorrik gabe geldituko bailirateke; horiek dira, besteak beste, orden publikoaren nahasmendu jakin
batzuk, agintaritzarekiko errespetu falta, bide publikoko ondasun jakin batzuk histea edo animalia arriskutsuak aske uztea. Otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoan droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen kontsumoarekin lotuta aurreikusitako arau-hausteak ere bilduta daude, eta horiei kontsumoa laguntzera bideratutako beste batzuk ere gehitu zaizkie. Pertsonen, bereziki adingabeen, sexuaskatasunaren aurkako jokabideak zehatzea egokitzat jo dugu, edota herritarren bizikidetzan edo bide eta eremu publikoen gozamen baketsuan nahasmendua eragiten dutenak; izan ere, horiek guztiak lege honen xedeei jarraiki babestu beharreko ondasun juridikoak dira, herritarren segurtasunarekin zerikusia dutelako.
Zehapenei dagokienez, diruzko zehapenak berriro antolatu eta hedadura bereko hiru tarte ezarri dira (gutxieneko, erdiko eta gehieneko maila) , baina ez da handitu arau-hauste oso astunak egiteagatik ezar daitezkeen zehapenen zenbatekoa, otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa onartu zenetik igarotako denbora gorabehera. Aurreikusi da, orobat, arauhausleari eskatu ahal izango zaiola, hala dagokionean, kaltetutako ondasunak jatorrizko egoerara leheneratzeko edo, hori ezinezkoa denean, eragindako kalte eta galeren ordaina emateko, beste esparru batzuetan ere gertatzen den bezala, horrelakoetan arauhauslearen jokabideagatik aldatutako egoera in natura konpontzeko eta, hori ezin denean, ordain ekonomikoa emateko eskatzen baitute. Eta hemezortzi urtetik beherakoek droga toxikoen, estupefazienteen edo gai psikotropikoen arloan egiten dituzten arau-hausteei tratamendu egokia ematearren, zehapena etetea aurreikusita dago, betiere horrelakoek tratamendua edo errehabilitazioa, hala behar badute, edo berrezteko jarduerak egitea onartzen badute.
Administrazio-prozedura bereziak ugaritu daitezen saihesten saiatzeko, herritarren segurtasuna babestearen arloko zehatzeko ahalak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta hori garatzeko araudia beteko ditu, baina espezialitate jakin batzuk gehitzea baztertu gabe, prozedura laburtu baten erregulazioa adibidez, betiere beste arau batzuetan jasotakoaren antzeko moduan; prozedura laburtu horri esker arau-hauste astunak edo arinak egiteagatik ezarritako diruzko zehapenen borondatezko ordainketa jakinarazi ondoko epe laburrean egin dezakete, era horretan zenbatekoaren 100eko 50eko murriztapena erdietsita. Azkenik, Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentrala sortuko da, ezinbestekoa baita arau-hausleen berrerortzeaz ohartu ahal izateko eta, era horretan, juridikoki gaitzestea merezi duten jokabideak beren borondatez eta behin eta berriz egiten dituztenak behar bezala zehatzeko.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea.
1.Herritarren segurtasuna ezinbesteko baldintza da oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak bete-betean baliatzeko, eta izaera kolektiboko ondasun juridikoa den aldetik, Estatuaren eginkizuna da hori babestea, Konstituzioa eta legeak beteta betiere.
2.Herritarren segurtasuna, pertsonak eta ondasunak babestuz eta herritarren lasaitasuna mantenduz, babestera bideratutako izaera ezberdineko jarduera anitz eta askotarikoak arautzea du xedetzat lege honek.
2. artikulua. Aplikazio-eremua.
1.Lege honen xedapenak Espainia osoan aplikatzekoak dira, autonomia-erkidegoek Konstituzioa, autonomia-estatutuak eta estatuko legeria direla eta segurtasun publikoaren arloan bere egin dituzten eskumenei kalterik egin gabe.
2.Zehazki, lege honen aplikazio-eremutik kanpo gelditzen dira administrazio-ekintza arruntaren bidez ikuskizunen behar bezalako garapena eta pertsonen eta ondasunen babesa zaintzea helburutzat duten preskripzioak, nahiz eta horrek segurtasun-indar eta
-kidegoen esku-hartzea ekarri, betiere azken hori ikuskizuna kontrolatzeko ohiko prebentzio-sistemaren osagaitzat hartzen bada.
3.Halaber, lege hau aplikatuko da segurtasun publikoaren esparru jakinak arautzen dituzten lege-araubideak baztertu gabe (aire-, itsas, trenbide-, bideedo garraiosegurtasunari buruzkoak, adibidez) , eta edozelan ere salbuetsita gelditzen dira defentsa nazionalari buruzko xedapenak eta alarma-, salbuespeneta setio-egoeren erregulazioa.
3. artikulua. Helburuak.
Lege honen eta botere publikoen jardunaren helburuak, nork bere aplikazio-eremuan, hauek dira:
a) Oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen eta ordenamendu juridikoan aitortu eta babestutako gainerako eskubideen erabilera askea babestea.
b) Erakundeen behar bezalako funtzionamendua bermatzea.
c) Herritarren segurtasuna eta bizikidetza gordetzea.
d) Legeak, bakea eta herritarren segurtasuna errespetatzea eskubideen eta askatasunen erabileran.
e) Pertsonak eta ondasunak babestea, arreta berezia emanda adingabeei eta babes berezia behar duten desgaitasunen bat dutenei
f) Bideak eta gainontzeko jabari publikoak eta, oro gar, erabilera eta gozamen publikorako esparruak modu baketsuan erabiltzea.
g) Gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak emateko orduan normaltasuna bermatzea.
h) Aurreko letretan adierazitako helburuekin zuzeneko lotura duten delituak eta administrazioko arau-hausteak egin daitezen prebenitzea eta lege honetan tipifikatutako era horretakoak zehatzea.
i) Herritarren segurtasunaren arloan botere publikoek izandako jarduna gardena
izatea.
4. artikulua. Botere publikoek herritarren segurtasunari dagokionez izan beharreko jardunaren printzipio zuzentzaileak.
1.Lege honek administrazio publikoei eta, zehazki, agintariei eta herritarren segurtasunaren arloan eskumena duten gainerako organoei eta segurtasun-indar eta -kidegoei aitortutako ahalak eta ahalmenak gauzatzean printzipio hauek jarraituko dituzte: legezkotasuna, tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza, aukera, proportzionaltasuna, eraginkortasuna, efizientzia eta erantzukizuna, eta egikaritza hori administrazioaren zein epaileen kontrolpean egongo da.
Zehazki, III. eta V. kapituluen xedapenak oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak bete-betean baliatzeko modurik mesedegarrienean interpretatu eta aplikatu beharko dira, bereziki biltzeko eta manifestatzeko eskubideei, adierazpeneta informazioaskatasunei, askatasun sindikalari eta grebarako eskubideari dagokienez.
2.Segurtasun-indar eta -kidegoen jardunak, zehazki, Estatuko Segurtasuneko Indar eta Gorputzei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 5. artikuluan araututako jarduteko oinarrizko printzipioen mende dago.
3.Esku hartzeko jarduera justifikatzeko mehatxu jakin bat edo objektibotasunez arriskutsua den jokabidea egon beharra dago, betiere horrek, arrazoizko moduan, herritarren segurtasunari benetako kaltea eragiteko modukoa bada eta, zehazki, banakoen eta taldeen eskubide eta askatasunen aurkakoa bada edo erakunde publikoen behar bezalako funtzionamenduan nahasmendua eragin badezake. Herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko esku-hartze zehatzak lege honen III. kapituluan xedatutakoaren arabera egingo dira.
5. artikulua. Agintari eta organo eskudunak.
1.Gobernuari dagokio, Barne Ministerioaren eta gainerako organo eta agintari eskudunen eta horien aginduetara dauden segurtasun-indar eta -kidegoen bitartez,
herritarren segurtasunaren administrazio orokorrari buruzko politika prestatzea, zuzentzea eta gauzatzea, beste administrazio publiko batzuei arlo horretan egotzitako eskumenen kalterik gabe.
2.Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan herritarren segurtasunaren arloko agintari eta organo eskudunak hauek dira:
a) Barne ministroa.
b) Segurtasunerako Estatuko idazkaria.
c) Legezko edo arauzko xedapenen arabera izaera hori egotzita duten Barne Ministerioko zuzendaritza-organoen titularrak.
d) Autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako gobernuaren ordezkariak.
e) Probintzietako gobernuaren ordezkariordeak eta uharteetako zuzendariak.
3.Pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren segurtasuna mantentzeko eskumenak beren gain hartu dituzten autonomia-erkidegoetan dagozkienak izango dira agintaritza eta organo eskudun, lege honen ondorioetarako, betiere bere polizia-kidegoa badute.
4.Martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoarekin eta toki-araubideari, ikuskizun publikoei, jolas-jarduerei eta jarduera sailkatuei buruzko legeriarekin bat etorriz dagozkien eskumenak baliatuko dituzte Ceuta eta Melilla hirietako agintariek eta tokiko agintariek.
6. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza.
Estatuko Administrazio Orokorrak eta herritarren segurtasunaren arloan eskumenak dituzten gainontzeko administrazio publikoek, harremanetan, lankidetzaren eta leialtasun instituzionalaren printzipioak jarraituko dituzte, eta, indarreko legeriarekin bat etorriz, informazioa eta beharrezko laguntza teknikoa emango diote elkarri nork bere eskumenak gauzatzean; halaber, beharrezkoa izanez gero, koordinatu egingo dituzte lege hau betetzen dela bermatzeko ekintzak, martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
7. artikulua. Lankidetza-betebeharra.
1.Agintari eta funtzionario publiko guztiek, nork bere eskumenen esparruan eta berariazko araudiarekin bat etorriz, lankidetzan jardun beharko dute 5. artikuluan aipatutako agintari eta organoekin, eta 3. artikuluan zehaztutako helburuak lortzeko ahal eta egoki den laguntza eman beharko diete. Baldin eta, karguagatik, herritarren segurtasuna modu larrian nahasten duten edo nahasmendu larria eragin dezaketela arrazionalki ondorioztatzera daramaten gertaeren berri jasotzen badute, berehala jakinarazi beharko diote eskudun agintaritzari.
2.Agintari eta organo eskudunek eta segurtasun-indar eta -kidegoek norbanakoen laguntza eta lankidetza behar den neurrian lortu ahal izango dituzte lege honetan aurreikusitako helburuak betetzeko, bereziki herri-lazeriako edo ezohiko hondamendiko kasuetan, betiere horrek ez badakarkie arrisku pertsonalik. Horren ondorioz kalte eta galerak pairatzen dituztenek kalte-ordaina jasoko dute legeekin bat etorriz.
3.Segurtasun pribatuko enpresek, detektibe pribatuen bulegoek eta segurtasun pribatuko langileek segurtasun-indar eta -kidegoei haien eginkizunetan laguntzeko, behar duten lankidetza emateko eta haien aginduei jarraitzeko betebehar berezia dute, betiere segurtasun pribatuaren araudian aurreikusita dagoen moduan.
4.Administrazio-poliziaren eginkizunak gauzatzen dituzten langileek lege honen 3. artikuluan aurreikusitako helburuak lortzeko lankidetzan jarduteko betebehar berezia izango dute.
II. KAPITULUA
Dokumentazio eta identifikazio pertsonala
8. artikulua. Espainiako herritarren nortasuna egiaztatzea.
1.Espainiarrek Nortasun Agiri Nazionala jaulki diezaieten eskubidea dute. Nortasun Agiri Nazionala agiri publiko eta ofiziala da eta legeek horrelakoei ematen
dieten babesa izango du; berez balio nahikoa izango du, halaber, titularraren nortasuna eta datu pertsonalak egiaztatzeko.
2.Nortasun Agiri Nazionalean titularraren argazkia eta sinadura ageriko dira, baita erregelamenduz zehaztutako datu pertsonalek ere; azken horiek pertsonaren intimitaterako eskubidea errespetatuko dute eta ez dituzte inola ere hauek barne hartuko: arraza, etnia, erlijioa, sinesmenak, iritzia, ideologia, desgaitasuna, sexu-orientazio edo -nortasuna edo afiliazio politiko edo sindikala. Nortasun Agiri Nazionalaren euskarri-txartelak beharrezko segurtasun-neurriak izango ditu kalitateeta aldaezintasun-baldintzak lortzeko, eta faltsutzea eragozteko ahalik eta berme handienak izango ditu.
3.Nortasun Agiri Nazionalak titularraren identifikazio elektronikoa ahalbidetzen die jarduteko gaitasun osoa duten espainiar adindunei eta adingabe emantzipatuei, bai eta agirien sinadura elektronikoa ere, berariazko legerian aurreikusitako moduan. Gaitasuna judizialki aldatuta duten pertsonek ahalmen horiek erabili ahal izango dituzte interesdunak berariaz eskatzen badu eta, bere gaitasuna osatzen duen ebazpen judizialaren arabera, ez badu babeseta laguntza-erakunde baten ordezkaritza edo laguntzarik behar betebeharrak hartzeko edo kontratatzeko.
Ziurtatzeko zerbitzuen emaileak sinadura elektrikoaren ziurtagiria errebokatuko du Barne Ministerioak eskatuta, baldin eta azken horrek Erregistro Zibilaren arduradunaren jakinarazpena jasotzen badu eta horretan adierazten badio pertsona batek betebeharrak hartzeko edo kontratatzeko gaitasunaren osagarria behar duela adierazten duen ebazpen judizialaren inskripzioa edota pertsona baten heriotzaren edo absentzia-deklarazioaren inskripzioa egin dutela.
9. artikulua. Nortasun Agiri Nazionalaren titularraren betebeharrak eta eskubideak.
1.Nortasun Agiri Nazionala nahitaezkoa da hamalau urtetik aurrera. Agiri hori pertsonala eta besterenezina da, eta titularrak, indarrean eduki ez ezik, behar adinako arretaz gorde eta zaindu ere egin behar du. Ezin izango diote kendu, ezta aldi baterako ere, beste agiri batez, legez aurreikusitakoaren arabera, ordeztu beharreko kasuetan izan ezik.
2.Nortasun Agiri Nazionala eskuratzera behartuta dauden guztiek hori erakusteko eta 8. artikuluaren 2. zenbakian aipatutako segurtasun-neurriak egiazta ditzaten baimentzeko beharra ere izango dute agintaritzak edo horren agenteek hori eskatuz gero,
16. artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako helburuak betetzeko. Haren ostearen edo galtzearen berri ahalik eta lasterren eman beharko da gertuen dagoen polizia-etxean edo segurtasun-indar eta -kidegoen postuan.
10. artikulua. Nortasun Agiri Nazionalaren gaineko eskumenak.
1.Barne Ministerioari dagokio Nortasun Agiri Nazionala egiteari eta jaulkitzeari buruzko alderdi guztiak zuzentzeko, antolatzeko eta kudeatzeko eskumen esklusiboa, lege honetan eta sinadura elektronikoari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.
2.Aurreko zenbakiak aipatutako eskumena Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak gauzatuko du, eta haren ardura ere izango dira Nortasun Agiri Nazionalarekin lotutako artxiboen eta fitxategien gaineko zaintza eta erantzukizuna.
3.Agiria tasa bat ordaindu ondoren jaulkiko da.
11. artikulua. Espainiako herritarren pasaportea.
1.Espainiako pasaportea agiri publiko, pertsonal, indibidual eta besterenezina da eta, aurkako frogarik ezean, Espainiako nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen ditu Espainiatik kanpo, eta lurralde nazionalaren barruan, espainiar ez-egoiliarren zirkunstantzia berak.
2.Espainiako herritarrek pasaportea jaulki diezaieten eskubidea dute, honako egoera hauetan izan ezik:
a) Askatasunaz gabetzeko zigor edo segurtasun-neurrien kondena jasotzea, hori amaitu gabe egonik, organo judizial eskudunaren baimena lortu ezean.
b) Organo judizial eskudunak pasaportea kentzea erabakitzea legeak aurreikusitakoarekin bat etorriz.
c) Lurralde nazionala uztea debekatzen duen zaintzapeko askatasunaren neurria ezarrita edukitzea, organo judizial eskudunaren baimena lortu ezean.
d) Organo judizial eskudunak Espainiatik ateratzea edo pasaportea jaulkitzea debekatu badio adingabeari edo judizialki gaitasuna aldatuta duen pertsonari, legeak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.Guraso-ahalaren edo babesaren mende dauden herritarrek pasaportea eskuratu ahal izateko, berariazko adostasuna eman beharko dute horren ardura duten pertsonek edo organoak edo, bestela, organo judizial eskudunak.
4.Pasaportearen titularrek erakutsi eta eman behar dute agintaritzak edo horren agenteek horrela egiteko eskatuz gero. Horrez gain, behar adinako arretaz zaindu eta gorde ere egin beharko dute. Ostearen edo galtzearen berri berehala eman beharko zaie segurtasun-indar eta -kidegoei edo, hala badagokio, Espainiak atzerrian duen ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrari.
12. artikulua. Pasaportearen gaineko eskumenak.
1.Jaulkitzeko eskumena hauek dute:
a) Espainian, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak.
b) Atzerrian, Espainiako Ordezkaritza Diplomatikoek eta Kontsularrek.
2.Agiria tasa bat ordaindu ondoren jaulkiko da.
3.Gobernuari dagokio, Barne eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako ministroek proposatuta, lege hau garatzea pasaportearen araubide juridikoari dagokionez.
13. artikulua. Atzerriko herritarren nortasuna egiaztatzea.
1.Espainiako lurraldean dauden atzerritarrek nortasunaren egiaztagiriak eduki eta soinean eramateko eskubidea eta beharra dituzte (jatorrizko herrialdeko agintari eskudunek jaulkiko dituzte egiaztagiri horiek) , eta gauza bera Espainiako egoera erregularra egiaztatzen duten agiriei dagokienez.
2.Atzerritarrei ezin izango dizkiete jatorrizko agiriak kendu, zigor-arloko ikerketa judizialen barruan izan ezik.
3.Baldin eta agintaritzak edo haren agenteek legean xedatutakoarekin bat etorriz horrela eskatzen badute, atzerritarrek artikulu honen 1. zenbakian aipatutako agiriak erakutsi behar dituzte eta haren segurtasun-neurriak egiazta ditzaten baimendu behar dute, egiaztapen hori egiteko behar den denboran egin ere; halere, soinean eraman ezean, nortasuna beste bideren bat baliatuz ere frogatu ahal izango dute.
III. KAPITULUA
Herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak
1.atala. Segurtasun-poliziaren ahal orokorrak
14. artikulua. Aginduak eta debekuak.
Agintari eskudunek, lege eta erregelamenduekin bat etorriz, aginduak eta debekuak
eman ahal izango dituzte eta ezinbesteko polizia-jardunak xedatu ahal izango dituzte lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko, betiere behar bezala arrazoitutako ebazpenaren bidez.
15. artikulua. Egoitzan eta erakunde ofizialen eraikinetan sartzea eta horiek miatzea.
1.Konstituzioak baimendutako kasuetan eta legeek finkatutako moduan baino ezin izango dira segurtasun-indar eta kidegoetako agenteak egoitzan sartu eta hori miatu.
2.Hur-hurreko hondamendia, lazeria, aurria dagoenean edo aparteko eta presazko beharrizana dagoen antzeko beste kasu batzuetan pertsonei eta gauzei hur-hurreko kalte larriak saihesteko beharra kausa zilegi nahikoa izango da egoitzan sartzeko.
3.Erakunde ofizialen edo erakunde publikoen eraikinetan sartzeko ez da beharrezkoa izango horien ardura duen agintaritzaren edo funtzionarioren adostasunik.
4.Segurtasun-indar eta -kidegoak artikulu honetan aurreikusitako kausengatik egoitza partikular batean sartzen badira, hori dela-eta jasotzen duten akta edo bideratzen duten atestatua berehala igorriko diote agintaritza judizial eskudunari.
16. artikulua. Pertsonen identifikazioa.
1.Delituak ikertzeko eta prebenitzeko eginkizunak betez, bai eta zigoreta administrazio-arloko arau-hausteak zehatzeko ere, segurtasun-indar eta -kidegoetako agenteek pertsonei beren burua identifikatzeko eskatu ahal izango diete honako egoera hauetan:
a) Arau-hauste bat egiten parte hartu ahal izan duten zantzuak daudenean.
b) Baldin eta, gertatutako inguruabarren arabera, nortasuna egiaztatzea zentzuz beharrezkoa dela jotzen badute delitu bat egin dadin prebenitzeko.
Horrelako kasuetan, agenteek bide publikoan edo errekerimendua egin duten tokian beharrezko egiaztapenak egin ahal izango dituzte adierazitako ondorioetarako beharrezkoa denean, baita aurpegia ezkutatzen duen jantzi edo objekturen bat darabiltelako aurpegia guztiz edo zati batez ikusgai ez duten pertsonak identifikatu ere, dena delako horrek identifikatzea eragozten edo zailtzen badu.
Identifikazioa egiteko orduan honako printzipio hauek zorrotz errespetatuko dituzte: proportzionaltasuna, tratu-berdintasuna eta bereizkeriarik eza (jaiotza, nazionalitate, arrazaedo etnia-jatorri, genero, erlijio edo sinesmen, adin, desgaitasun, sexu-orientazio edo -nortasun, iritzi edo bestelako egoera pertsonal edo sozialagatik) .
2.Baldin eta identifikazioa edozein bide erabiliz, baita bide telematikoen edo telefonoaren bidezkoa ere, ezinezkoa bada, edo pertsonak bere burua identifikatzeari uko egiten badio, agenteek, delitu bat egin dadin eragotzi edo arau-hauste bat zehatu ahal izateko, identifikatu ezin den pertsonari eginbide hori egiteko baliabide egokiak dituzten polizia-instalazio hurbilenetara joateko eskatu ahal izango diote, identifikatzeko soilik eta ezinbesteko denborarako (inola ere sei ordu baino gehiagorako) .
Identifikatzeko eskatzen dioten pertsonari berehala eta modu ulergarrian jakinaraziko dizkiote eskaera horren zergatiak, bai eta, hala badagokio, agenteekin batera poliziainstalazioetara joateko eskaerarenak ere.
3.Aipatutako instalazio horietan (2. zenbakian aipatuta) erregistro-liburu bat edukiko dute, eta horretan herritarren segurtasunarekin lotutako idazpenak bakarrik egingo dituzte.
Egindako identifikatze-eginbideak jasoko dituzte han, bai eta horrelakoen arrazoiak, inguruabarrak eta iraupena ere, eta datu horiek agintaritza judizial eskudunari eta Fiskaltzari bakarrik jakinarazi ahal izango dizkiete. Administrazioaren organo eskudunak hilero bidaliko dio Fiskaltzari identifikatze-eginbideen laburpena, horietako bakoitzean erabilitako denbora adierazita. Erregistro-liburu horren idazpenak ofizioz ezereztuko dira hiru urteren buruan.
4.Polizia-instalazioetara identifikatzeko joandako pertsonei, irteten direnean, horietan emandako denbora, horren zergatia eta agente jarduleen nortasuna egiaztatzen dituen txartela eman beharko diete.
5.Identifikatzeari edo identifikatzeko egiaztapen edo jardueretan laguntzeari uko egiten edo jarkitzen diotenean, Zigor Kodean, Prozedura Kriminalaren Legean eta, hala badagokio, lege honetan xedatutakoa beteko da.
17. artikulua. Bide publikoetako zirkulazioa murriztea eta bertan kontrolak jartzea.
1.Segurtasun-indar eta -kidegoetako agenteek bide edo toki publikoetan ibiltzea edo egotea mugatu edo murriztu ahal izango dute eta segurtasun-eremuak ezarri ahal izango dituzte herritarren segurtasunean edo bizikidetza baketsuan nahasmendua eragiten duten egoerak gertatzen direnean, edo nahasmendu hori gerta daitekeen arrazoizko zantzuak daudenean, mantentzeko edo berrezartzeko ezinbesteko denboraz. Halaber, legez kanpoko ekintzak egiteko erabiltzeko modukoak diren gauzak edo tresnak prebentzioz ere atzeman ahal izango dituzte, eta legez dagokien erabilera emango diete.
2.Bide, toki eta establezimendu publikoetan kontrolak ezarri ahal izango dituzte bereziki larriak diren edo gizartean alarma pizten duten delituak prebenitzeko, bai eta horiek egiten nork parte hartu duen jakin eta atxilotzeko zein instrumentuak, gauzak edo frogak biltzeko ere, betiere horrelakoetan dauden pertsonak identifikatzea, ibilgailuak miatzea edo norberaren gauzen azaleko kontrola egitea ezinbestekoa bada.
18. artikulua. Egiaztapenak eta miaketak toki publikoetan.
1.Agintaritzako agenteek behar diren egiaztapenak egin ahal izango dituzte pertsona, ondasun, eta ibilgailuekin loturik, bide, toki eta establezimendu publikoetan armak, lehergaiak, gai arriskutsuak edo pertsonentzat larria izan daitekeen arriskua sortzen duten bestelako objektuak, tresnak edo baliabideak, delitu bat egiteko edo herritarren segurtasunean nahasmendua eragiteko erabiltzeko modukoak direnak, legez kontra eramatea edo erabiltzea eragozteko, baldin eta toki horietan egon daitezkeen zantzuak badituzte, eta, hala dagokionean, horrelakoak atzemango dituzte. Horretarako, herritarrek agintaritzako agenteek beren eginkizunak betez egindako lanean laguntzeko eta hori ez oztopatzeko betebeharra dute.
2.Agintaritzako agenteek, beharrezkotzat jotzen badute, erasorako edozein objektu, tresna edo baliabide aldi baterako atzeman ahal izango dute, baita lizentzia edo baimena edukita eramaten diren armak ere, delituren bat egitea prebenitzeko edota pertsonen edo ondasunen segurtasunerako arriskua dagoenean.
19. artikulua. Identifikatzeko, miatzeko eta egiaztatzeko eginbideetan komunak diren xedapenak.
1.Segurtasun-indar eta -kidegoek atal honetan xedatutakoaren arabera egindako jarduerak direla eta gauzatutako identifikatzeko, miatzeko eta egiaztatzeko eginbideek ez dituzte atxiloketak bete behar dituen formalitate berberak bete beharko.
2.Identifikatu, miatu eta egiaztatzeko eginbideetan armak, droga toxikoak, estupefazienteak, gai psikotropikoak edo administrazio-arloko delitu edo arau-hauste batetik datozen bestelako gauzak atzemanez gero, dagokion aktan jasoko da; interesdunak sinatu beharko du akta, baina, horrela egiteari uko eginez gero, berariaz jasoko da horri uko egin diola. Egindako aktak dena delako eginbidean jazotako gertaeren egiazkotasunpresuntzioa izango du, aurkakorik frogatu ezean.
20. artikulua. Kanpoko gorputz-miaketak.
1.Pertsonaren gorputza kanpotik eta azaletik miatu ahal izango da, baldin eta legeek segurtasun-indar eta -kidegoei agintzen dizkieten ikertzeko eta prebenitzeko eginkizunak gauzatzeko garrantzitsuak diren instrumentuak, gauzak edo bestelako objektuak aurki daitezkeela uste izateko arrazoizko zantzuak badaude.
2.Agenteentzat arrisku larria eta berehalakoa dagoelako premiazko egoera bat dagoenean izan ezik:
a) Eginbidearen xede den pertsonaren sexu bereko agente batek egingo du miaketa.
b) Eta normalean arroparen azpian gelditzen diren atalak agerian utzi beharra badago, miaketa beste pertsona batzuek ikusten ez duten toki pribatu batean egingo da. Eginbide hori, horren zergatiak eta gauzatu zuen agentearen nortasuna idatziz jasoko da.
3.Kanpoko gorputz-miaketek 16. artikuluaren 1. zenbakiaren printzipioak errespetatuko dituzte, bai eta ahalik eta esku-sartzerik txikienarena ere, eta eragindako pertsonaren intimitateari eta duintasunari ahalik eta kalterik txikiena eragiteko moduan egingo dira; pertsona horri, halaber, miaketaren zergatiak berehala eta modu ulergarrian jakinaraziko dizkiote.
4.Artikulu honetan aipatutako miaketak eragindakoaren borondatearen aurka egin ahal izango dira, ezinbestekoak diren derrigortze-neurriak hartuta, betiere egokitasunaren, beharrizanaren eta proportzionaltasunaren printzipioekin bat etorriz.
21. artikulua. Aparteko segurtasun-neurriak.
Agintari eskudunek, aparteko segurtasun-neurri gisa, ezinbesteko bihurtzen duten
larrialdi-egoeretan eta herritarren segurtasuna bermatzeko ezinbesteko denboraz soilik, honako neurri hauek hartu ahal izango dituzte: lokalak edo establezimenduak ixtea edo utziaraztea, pasatzea debekatzea, higiezinak edo behar bezala mugatutako espazio publikoak ebakuatzea edota lehergaiak edo halakotzat erabil daitezkeen bestelako substantziak gordetzea. Agintaritzako agenteek aipatutako neurri horiek hartu ahal izango dituzte egoeraren larritasunak ezinbesteko bihurtuz gero, baita ahozko aginduak emanez ere.
Artikulu honen ondorioetarako, larrialditzat hartuko da pertsonak edo ondasunak berehala arriskuan jartzen dituen egoerak ondoren sortutako larrialdia, baldin eta hori edo horren eraginak arintzeko agintaritzaren edo bere agenteen aldetik berehalako jarduera beharrezkoa bada.
22. artikulua. Bideokameren erabilera.
Gobernu-agintariek eta, hala badagokio, segurtasun-indar eta -kidegoek pertsonak, tokiak edo objektuak legez baimendutako bideozaintzako kamera finko edo mugikorrez grabatu ahal izango dituzte, arlo horretan indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.
2.atala. Herritarren segurtasuna mantentzea eta berrezartzea bilera eta manifestazioetan
23. artikulua. Bilerak eta manifestazioak.
1.Lege honetan aipatutako agintariek bilerak eta manifestazioak egitea babesteko behar diren neurriak hartuko dituzte, eta herritarren segurtasunean nahasmendua eragitea saihestuko dute.
Halaber, iraganbide publikoetan bilerak eta manifestazioak desegitea ere erabaki ahal izango dute biltzeko eskubidea arautzen duen uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoaren
5. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Bide publikoetako ibilgailuen kontzentrazioak ere desegin ahal izango dituzte eta horiek edo beste edozein oztopo kendu ahal izango dituzte bide horietan ibiltzea eragozten, arriskuan jartzen edo zailtzen badute.
2.Bileretan eta manifestazioetan herritarren segurtasuna mantentzeko edo berrezartzeko esku-hartze neurriak mailakatuak eta egoeren neurrikoak izango dira. Bilerak eta manifestazioak desegitea azken errekurtsoa izango da.
3.Aurreko zenbakian aipatutako neurriak hartu aurretik, eragindako pertsonei neurri horien berri eman beharko diete segurtasun-indar eta -kidegoek; ohartarazpen hori ahoz egin ahal izango dute egoeraren larritasunagatik ezinbestekoa bada.
Segurtasun-indar eta kidegoek aurretik jakinarazi gabe desegin ahal izango dute bilera edo manifestazioa edo kendu ahal izango dituzte ibilgailuak eta oztopoak bide publikotik, baldin eta herritarren segurtasunean nahasmendua eragiten bada armak, lehergailuak edo objektu sendoak erabiliz edo beste edozein modu arriskutsu baliatuz.
24. artikulua. Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko lankidetza.
Aurreko artikuluak aipatutako kasuetan, segurtasun-indar eta -kidegoak elkarlanean
arituko dira lege organiko arautzailean aurreikusitako moduan.
IV. KAPITULUA
Segurtasuneko administrazio-poliziaren ahal bereziak
25. artikulua. Dokumentu-erregistroaren betebeharrak.
1.Herritarren segurtasunerako garrantzitsuak diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek dokumentu-erregistroaren eta informazioaren betebeharrak bete beharko dituzte aplikatu beharreko xedapenetan ezarritako moduan. Hona hemen era horretako jarduerak: ostatua ematea, pertsonen garraioa, jendearentzat irekitako establezimenduen bidezko zerbitzu telefoniko edo telematikoetarako merkataritza-sarbidea eskaintzea, objektu erabiliak salerosi edo konpontzea, motordun ibilgailuak alokatzea edo desegitea, bitxien eta metalen –preziatuak edo ez–, arte-objektuen edo artelanak salerostea, segurtasun-sarrailak saltzea, hondakin metalikoak horretarako zentroetan kudeatzea, txatarra edo hondakin-produktuak handizkako merkataritza-establezimenduetan salerostea edo produktu kimiko arriskutsuak partikularrei saltzea.
2.Abiadura handiko ontzien titularrek, bai eta aireontzi arinenen titularrek ere, indarreko araudian aurreikusitako dokumentu-erregistroaren eta informazioaren jarduerak egin beharko dituzte.
26. artikulua. Segurtasun-neurriak hartu behar dituzten establezimenduak eta instalazioak.
Erregelamenduz, lege honetan, segurtasun pribatuari buruzko legerian, azpiegitura kritikoei buruzkoan edo bestelako araudi sektorial batean xedatutakoa garatuta, industriako, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimendu eta instalazioetan, bai eta azpiegitura kritikoetan ere, segurtasun-neurriak hartu beharra xedatu ahal izango da delitu-egintzak edo administrazioko arau-hausteak egitea prebenitzeko, edo beste batzuei zuzeneko arriskuak sortzen dizkietenean edo bereziki kalteberak direnean.
27. artikulua. Ikuskizunak eta jolas-jarduerak.
1.Estatuak segurtasun publikoko arauak eman ahal izango ditu ikuskizunak eta jolasjarduerak egiten diren eraikin eta instalazioetarako.
2.Lege honetan aipatutako agintariek ikuskizun publikoak era baketsuan egiteko behar diren neurriak hartuko dituzte. Zehazki, ikuskizunak eta jolas-jarduerak debekatu eta, hasita badaude, eten ahal izango dituzte pertsona eta ondasunentzat benetako
arriskua dagoenean, edo herritarren segurtasunean nahasmendu larriak gertatzen edo gerta daitezkeela aurreikusten bada.
3.Araudi espezifikoak zehaztuko du ikuskizunen eta jolas-jardueretan noiz egon behar duten agintaritzaren ordezkariek, zeinek ekitaldi horiek eten ahalko baitituzte, betiere antolatzaileei jakinarazi ondoren, aurreko zenbakian aurreikusitako premiarik larrieneko kasuetan.
4.Kirol-ikuskizunak kirolaren inguruan ematen den indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako berariazko legerian indarkeria prebenitzeko xedatutako neurriei lotuta geldituko dira.
28. artikulua. Armen, lehergailuen, kartutxoen eta piroteknia-gaien gaineko administraziokontrola.
1.Honako hauek dagozkio Gobernuari:
a) Armak, horien imitazio, erreplika eta funtsezko piezak fabrikatzeko, konpontzeko, zirkulatzeko, biltzeko, salerosteko, eskuratzeko, besterentzeko, edukitzeko eta erabiltzeko betekizunak eta baldintzak arautzea.
b) Lehergailu, kartutxo eta piroteknia-gaiekin lotuta aurretik aipatutako betekizunak eta baldintzak arautzea.
c) Beharrezko kontrol-neurriak hartzea a) eta b) letretan aipatutako betekizunak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
2.Barne Ministerioari dagokio armak, lehergailuak, kartutxoak eta pirotekniaartikuluak atzematea, eta eskumen hori Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez gauzatzen du, horren zerbitzuak gaituta baitaude behar diren ikuskapenak eta egiaztapenak edonoiz egiteko, horrelakoak fabrikatu, gorde, merkaturatu edo erabiltzera bideratutako espazioetan.
29. artikulua. Kontrol-neurriak.
1.Gobernuak aurreko artikuluan zerrendatutako gaien gaineko beharrezko kontrolneurriak arautuko ditu:
a) Fabriken, tailerren, gordailuen, merkataritza-establezimenduen eta erabiltzeko tokien zein horiekin lotutako jardueren irekiera eta funtzionamendua katalogatu edo sailkatu, baimendu, informatu, ikuskatu, zaindu eta kontrolatzeko betekizunei lotuz, eta horrelakoak manipulatzeaz arduratzen diren langileei gaikuntza-eskakizunak ezarriz, bai eta arau-hauste jakin batzuk egitea prebenitu behar dutenen erantzukizun-erregimena zehaztuz ere.
b) Su-armak eskuratzeko, edukitzeko eta erabiltzeko lizentziak edo baimenak nahitaez eduki beharra ezarriz; horrelakoen jaulkipenak izaera murriztailea izango du defentsa pertsonalerako armak direnean, eta, horrelakoei dagokienez, lizentziak edo baimenak egiazko beharrizana dagoenean baino ez dira emango. Interesdunaren portaera eta aurrekariak kontuan hartuko dira lizentziak eta baimenak emateko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariazko adostasuna emango dio eskaera izapidetzen duen Estatuko Administrazio Orokorreko organoari bere aurrekari penalak bil ditzan.
c) Armak, kartutxoak, piroteknia-gaiak eta bereziki arriskutsuak diren lehergailuak fabrikatzea, edukitzea eta merkaturatzea, bai eta horiek gordetzea ere, debekatuz.
2.Armak, piroteknia-gaiak, kartutxoak eta lehergailuak fabrikatu, merkaturatu eta banatzeko jarduera kokatzeko eskubidearen arloko erregulazio espezifikoa duen sektorea da, Espainiako atzerriko inbertsioei buruzko legerian aurreikusitako moduan, eta Defentsa, Barne eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioei dagokie ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumenak baliatzea.
V. KAPITULUA
Zehapen-araubidea
1.atala. Arau-hausteen eta zehapenen aplikazioaren gaineko subjektu erantzuleak, organo eskudunak eta arau orokorrak
30. artikulua. Subjektu erantzuleak.
1.Arau-hausteen gaineko erantzukizuna araua hautsi duen pertsonari dagokio zuzenean.
2.Hamalau urtetik beherakoak salbuetsita egongo dira egindako arau-hausteen erantzukizunetik.
Arau-haustea hamalau urtetik beherako batek egiten badu, agintaritza eskudunak Fiskaltzari jakinaraziko dio, hala badagokio, jarduera egokiak has ditzan.
3.Lege honen ondorioetarako iraganbide publikoetako bileren edo manifestazioen antolatzaile edo sustatzailetzat hartuko dira nahitaezko komunikazioa sinatu duten pertsona fisiko edo juridikoak. Halaber, komunikazioa sinatu edo aurkeztu ez badute ere, antolatzaile edo sustatzailetzat hartuko dira horrelakoen buru direnak, horiek zuzentzen dituztenak edo antzeko ekintzak egiten dituztenak, edota horiek deitzeko argitalpen edo deklarazioengatik, horietan zabaltzen dituzten ahozko edo idatzizko adierazpenengatik, erakutsitako lelo, bandera edo bestelako zeinuengatik edo beste edozein egitategatik arrazoizko moduan horrelakoak zuzentzen dituztela ondoriozta daitezkeenak.
31. artikulua. Konkurtso-arauak.
1.Lege honen edo beste baten bi manurekin edo gehiagorekin bat etorriz kalifikatzeko moduko gertaerak honako arau hauen arabera zehatuko dira:
a) Manu orokorraren aurrean, bereziak du aplikatzeko lehentasuna.
b) Manu zabalenak edo konplexuenak baitaratuko du bere baitan irentsitako arauhausteak zigortzen dituen manua.
c) Aurreko irizpiderik ezean, manu astunenak baztertuko ditu egitatea zehapen arinagoarekin zehatzen dutenak.
2.Egitate bakar batek arau-hauste bat edo gehiago ekarriz gero, edo horietako bat bestea egiteko beharrezko bitartekoa bada, zehapen handiena aplikatzen zaion arauhausteagatik zehatuko da jokaera hori.
3.Baldin eta ekintza edo ez-egite bat kontuan hartu behar bada zehapena mailakatzeko irizpide gisa edo arau-haustearen kalifikazioa zehazten duen inguruabar gisa, ezin izango da arau-hauste independente gisa zehatu.
32. artikulua. Organo eskudunak.
1.Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan hauek dira organo eskudunak:
a) Barne ministroa, gehieneko mailako arau-hauste oso astunak zehatzeko.
b) Segurtasunerako Estatuko idazkaria erdiko eta gutxieneko mailako arau-hauste oso astunak zehatzeko.
c) Autonomia-erkidegoetako eta Ceuta eta Melilla hirietako gobernu-ordezkariak, arau-hauste astunak eta arinak zehatzeko.
2.Lege honetan tipifikatutako zehapenak ezartzeko eskumena izango dute autonomia-erkidegoko agintariek, herritarren segurtasunaren arloan dagozkien eskumenen esparruan.
3.Alkateek lege honetan aurreikusitako zehapenak ezarri eta neurriak hartu ahal izango dituzte dena delako arau-hausteak udalaren baitako espazio publikoetan egiten
direnean edo tokiko titulartasuneko ondasunei eragiten dietenean, betiere gaiaren gaineko eskumena badute berariazko legeriarekin bat etorriz.
41. artikuluaren arabera, udal ordenantzek espezifikazioak edo mailakatzeak sartu ahal izango dituzte lege honetan tipifikatutako arau-hausteen eta zehapenen koadroan.
33. artikulua. Zehapenak mailakatzea.
1.Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik zehapenak ezartzeko orduan proportzionaltasunaren printzipioa beteko da, honako zenbaki hauetan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.Arau-hauste oso astun eta astunentzat aurreikusitako mugen barruan, isunek hedadura bereko hiru tarte izango dituzte (gutxienekoa, erdikoa eta gehienekoa) 39. artikuluaren 1. zenbakian xedatutako moduan.
Arau-hauste bat egiteak dagokion isunaren gutxieneko maila ezartzea ekarriko du. Arau-haustea erdiko mailako isunarekin zehatuko da honako inguruabar hauetako bat
gutxienez egiaztatuz gero:
a) Berrerortzea, bi urteko epean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiteagatik, administrazio-bidean irmoa den ebazpenaz horrela aitortu bada.
b) Egitateak indarkeria, mehatxu edo larderia baliatuz egitea.
c) Egitateak aurpegia estaltzen duen edozein janzki edo objektu mota erabiliz egitea, identifikazioa eragotzi edo zailduta.
d) Arau-haustea egiteko orduan adingabeak, babes berezia behar duten desgaituak edo zaurgarritasun-egoeran daudenak erabiltzea.
Maila bakoitzean isunaren zenbatekoa kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Herritarren segurtasunari edo osasun publikoari eragindako arriskuaren garrantzia.
b) Eragindako kaltearen zenbatekoa.
c) Herritarren segurtasuna prebenitzeko, mantentzeko edo berrezartzeko kalteak zer garrantzi duen.
d) Zerbitzu publikoen funtzionamenduan edo herritarrentzako ondasunen eta zerbitzuen horniduran eragindako nahasmendua.
e) Erruduntasun-maila.
f) Arau-haustea egiteak zer onura ekonomiko ekarri duen.
g) Arau-hauslearen gaitasun ekonomikoa.
Egitateak bereziki larriak direnean eta horrela justifikatzen denean baino ez dira arauhausteak gehieneko mailako isunarekin zehatuko, batera gertatutako inguruabarren kopurua eta garrantzia zein zenbaki honetan aurreikusitako irizpideak kontuan harturik justifikatua, hain zuzen.
3.Arau-hauste arinak egiteagatik ezarri beharreko isuna zuzenean zehaztuko da, aurreko zenbakiko inguruabarrak eta irizpideak aintzat hartuta.
2.atala. Arau-hausteak eta zehapenak
34. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Lege honetan tipifikatutako arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan
daitezke.
35. artikulua. Arau-hauste oso astunak. Honako hauek arau-hauste oso astunak dira:
1.Gizartearentzat oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegitura edo instalazioetan edo horrelakoen inguruan jakinarazi gabe edo debekatu ondoren egindako
bilerak edo manifestazioak egitea, bai eta horien esparruetan sartzea –gainetik hegan egitea barne– ere, baldin eta pertsonen bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan jarri bada.
Bileren eta manifestazioen kasuan antolatzaile edo sustatzaileak izango dira erantzuleak.
2.Arauzko armak, katalogatutako lehergailuak, kartutxoak edo piroteknia-gaiak fabrikatzea, konpontzea, biltegiratzea, zirkulatzea (toki batetik bestera eramatea) , salerostea, garraiatzea, banatzea, eskuratzea, ziurtatzea, besterentzea edo erabiltzea aplikatu beharreko araudia bete gabe, beharrezko agiriak edo baimena eduki gabe edo baimendutako mugak gaindituta, baldin eta horrelako portaerak delitu ez badira, bai eta nahitaezko segurtasunedo arreta-neurririk ez hartzea, horiek aski ez izatea edo eraginkorrak ez izatea ere, betiere jarduera horiek kalte oso larriak eragiten badituzte.
3.Ikuskizun publikoak edo jolas-jarduerak egitea dagokion agintaritzak segurtasun publikoagatik debekatu edo eteteko agindu duenean..
4.Garraiobideen pilotu edo gidariak itsutu edo arreta galarazdiezaiekeen eta istripuak eragin ditzaketen argi-sortak igortzea edozein gailu erabiliz.
36. artikulua. Arau-hauste astunak. Honako hauek arau-hauste astunak dira:
1.Herritarren segurtasunari nahasmendua eragitea jendaurreko ekitaldietan, kiroledo kultura-ikuskizunetan, elizkizun eta jai erlijiosoetan edo pertsona ugarik parte hartzen duten bestelako bileretan, baldin eta zigor-arloko arau-haustea ez badira.
2.Diputatuen Kongresuaren, Senatuaren eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarren egoitzen aurreko bilerak edo manifestazioak direla-eta herritarren segurtasunari eragindako nahasmendu larria, egoitza horietan bilduta ez dauden arren, baldin eta zigor-arloko arauhaustea ez bada.
3.Bide, espazio edo establezimendu publikoetan desordenak eragitea edo bide publikoa hiriko altzariak, ibilgailuak, edukiontziak, pneumatikoak edo bestelako objektuak erabiliz oztopatzea, baldin eta bi kasuetan herritarren segurtasunari nahasmendu larria eragiten ba.zaio
4.Edozein agintari, langile publiko edo korporazio ofiziali bidezko eginkizunak egikaritzea edota erabaki edo ebazpen administratibo edo judizialak betetzea edo betearaztea eragotzi nahi dioten ekintzak, betiere legez ezarritako prozeduretatik kanpo gertatzen badira eta delitu ez badira.
5.Larrialdiko zerbitzuen funtzionamendua eragozten edo oztopatzen duten ekintzak eta ez-egiteak, baldin eta pertsonen bizitza edo osotasunerako arriskua edo ondasunetarako kalteak eragiten edo handitzen badituzte, edota zerbitzu horien jarduera eragin duen gertaeraren ondorioak larriagotzen badituzte.
6.Agintaritzari edo bere agenteei eginkizunak gauzatzen ari direnean desobeditzea edo jarkitzea, baldin eta delitu ez bada, eta, agintaritzak edo agenteek eskatuta, identifikatzeari uko egitea edo identifikatzeko prozesuetan datu faltsuak edo zehaztugabeak alegatzea.
7.Iraganbide publikoetako tokietan bilerak eta manifestazioak desegiteari uko egitea agintaritza eskudunak agindu arren, baldin eta uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoaren
5. artikuluaren kasuak gertatzen badira.
8.Bidezko bilera edo manifestazio baten garapenri nahasmendua eragitea, baldin eta zigor-arloko arau-haustea ez bada.
9.Gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegitura edo instalazioetan sartzea (horien gainetik hegan egitea barne) , baldin eta haien funtzionamenduan interferentzia larria gertatu bada.
10.Debekatutako armak eramatea, erakustea edo erabiltzea, eta armak axolagabeki, ausarkeriaz edo larderiaz, bai eta erabiltzeko prestatutako tokietatik kanpo ere, eramatea, erakustea edo erabiltzea, nahiz eta horretarako lizentzia eduki, betiere jokabide horiek ez badira zigor-arloko arau-hausteak.
11.Adingabeek erabil ditzaten bideratutako tokietatik gertu dauden iraganbide publikoetako guneetan (ikastetxeak, haur-parkeak edo adingabeak sar daitezkeen aisiarako eremuak) ordainpeko sexu-zerbitzuak eskatzea edo eskatzaileak horiek onartzea, edo horrelako jokabideek, egiten dituzten tokiagatik, bide-segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeenean.
Agintaritzako agenteek horrelako zerbitzuak eskaintzen dituztenei toki horietan egiteari uzteko eskatuko diete, eta eskaera hori ez betetzeak artikulu honen 6. zenbakia urratzea izan litekeela jakinaraziko diete.
12.Arauzko armak, katalogatutako lehergailuak, kartutxoak edo piroteknia-gaiak fabrikatzea, konpontzea, biltegiratzea, zirkulatzea, salerostea, garraiatzea, banatzea, eskuratzea, ziurtatzea, besterentzea edo erabiltzea aplikatu beharreko araudia bete gabe, beharrezko agiriak edo baimena eduki gabe edo baimendutako mugak gaindituta, baldin eta horrelako jokabideak delitu ez badira, bai eta nahitaezko segurtasunedo arretaneurririk ez hartzea, horiek aski ez izatea edo eraginkorrak ez izatea ere.
13.Lege honetan xedatutakoaren arabera ezarritako erregelamenduzko ikuskapenak edo kontrolak egitera doazenak lantegi, lokal, establezimendu, ontzi eta aireontzietan sar daitezen ukatzea edo horrelakoei nahita oztopo egitea.
14.Uniforme, intsignia edo kondekorazio ofizialak, edo horrelakoen erreplikak, baita poliziako edo larrialdi-zerbitzuetako kidegoen beste elementu batzuk ere, modu bidegabe eta publikoan erabiltzea, baldin eta horiek erabiltzen dituen pertsonaren izaeraz nahastera eraman badezake erabilera horrek.
15.Segurtasun-indar eta -kidegoekin elkarlanean ez aritzea delituak ikertzen edo herritarren segurtasuna arriskuan jar dezaketen ekintzak prebenitzen, 7. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
16.Droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak legez kontra kontsumitzea edo edukitzea toki, bide, establezimendu publikoetan edo garraio kolektiboetan, horrelakoak trafikatzeko ez badira ere, bai eta horretarako erabilitako tresnak edo bestelako gauzak aipatutako tokietan uztea ere.
17.Pertsonak edozein ibilgailutan lekualdatzea droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak eskura ditzaten errazteko, betiere hori delitua ez bada.
18.Droga toxikoak edo substantzia psikotropikoak legez kontra jendeak ikusteko moduko tokietan landatzeko eta hazteko ekintzak gauzatzea, horiek zigor-arloko arauhaustea ez direnean.
19.Droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen legez kontrako kontsumoa edo trafikoa onartzea lokal edo establezimendu publikoetan edo horrelakoen jabeek, administratzaileek edo arduradunek jarduera horiek eragozteko arretarik ez jartzea.
20.Lege honetan herritarren segurtasunerako garrantzitsuak diren jarduerentzat aurreikusitako erregistroak ez egitea edo nahitaezko komunikazioak ez egitea.
21.Lege honetan aurreikusitako agiriak eskuratzeko datu edo zirkunstantzia faltsuak alegatzea, betiere hori ez bada zigor-arloko arau-haustea.
22.Abiadura handiko ontziei eta aireontzi arinei erregelamenduz ezarritako nabigaziomurrizketak ez betetzea.
23.Agintarien edo segurtasun-indar eta -kidegoen irudiak edo datu pertsonalak baimenik gabe erabiltzea, baldin eta horrek agenteen segurtasun pertsonala edo familiarra, babestutako instalazioen segurtasuna edo eragiketa baten arrakasta arriskuan jar badezake, betiere informaziorako oinarrizko eskubidea errespetatuta.
37. artikulua. Arau-hauste arinak. Honako arau-hauste hauek arinak dira:
1.Bilerak egitea iraganbide publikoko tokietan edo manifestazioak egitea, uztailaren 15eko 9/1983 Lege Organikoaren 4.2, 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan agindutakoa betetzen ez badute; horien erantzukizuna antolatzaile edo sustatzaileena izango da.
2.Pertsonen bizitza edo osotasun fisikorako arriskutsuak diren objektuak larderiaz erakustea, betiere delitu edo arau-hauste astuna ez bada.
3.Ekintza publiko, bilera edo manifestazio baten kasuan oinezkoen zirkulaziorako edo ibilbiderako murrizketak ez betetzea, horrelakoen behar bezalako garapenari nahasmendu txikiak eragiten badizkio.
4.Segurtasuna babesteko eginkizunetan ari den segurtasun-indar eta -kidegoetako kide bati errespetua galtzea eta begirunerik ez izatea, betiere jokabide horiek ez badira zigor-arloko arau-haustea.
5.Sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako ekintzak egitea edo horiek egitera bultzatzea, edo erakuspen-egintza lizunak gauzatzea, zigor-arloko arauhaustea ez denean.
6.Argi-sortak igortzea segurtasun-indar eta -kidegoetako kideei, edozein gailu erabiliz, eginkizunak gauza ditzaten eragozteko edo zailtzeko.
7.Inoren higiezin, etxebizitza edo eraikinao okupatzea, edo horietan egotea, bi kasuetan jabearen, errentariaren edo horren gaineko beste eskubide baten titularraren borondatearen kontra, baldin eta zigor-arloko arau-haustea ez bada.
Baita bide publikoa okupatzea ere, legeak xedatutakoa urratuta edo agintari eskudunak legea aplikatuz hartutako erabakiaren aurka. Bide publikoa baimendu gabeko kalez kaleko salmenta egiteko okupatzea kasu horren barruan dagoela joko da.
8.Armen eta lehergailuen agiriak kontserbatzea bermatzeko neurririk ez hartzea edo nahikoak ez izatea, bai eta horrelakoak galtzean edo lapurtuak izatean salaketarik ez aurkeztea ere.
9.Lege honetan aurreikusitako erregistroak, herritarren segurtasunaren arloan garrantzia dutenak, betetzean egondako irregulartasunak, datu edo inguruabar faltsuak alegatzea edo nahitaezko komunikazioak ezarritako epeen barruan ez egitea barne, betiere zigor-arloko arau-haustea ez bada.
10.Legez eskatutako agiri pertsonalak eskuratzeko betebeharra ez betetzea, bai eta haren lapurretaren edo galeraren salaketa zabarkeriaren ondorioz ez egitea ere.
11.Legez eskatutako agiri pertsonalak zaindu eta gordetzeko orduan axolagabeki jokatzea; halakotzat hartuko da urtebeteko epean hiru aldiz edo gehiagotan galtzea.
12.Legez eskatutako agiri pertsonalak emateari uko egitea, baldin eta hori kentzea edo atxikitzea erabaki bada.
13.Erabilera edo zerbitzu publikoko ondasun higigarriak edo higiezinak kaltetzea edo histea, bai eta bide publikoan ondasun higigarri edo higiezin pribatuekin berdin jardutea, betiere horrelakoak ez badira zigor-arloko arau-hausteak.
14.Eraikinak edo monumentuak baimenik gabe eskalatzea pertsonei edo ondasunei kalteak eragiteko arrisku ziurra dagoenean.
15.Segurtasun-indar eta -kidegoek, prebentzioz bada ere, segurtasun-perimetroak mugatzeko ipinitako hesiak, zintak edo bestelako elementu finko edo mugikorrak kentzea, arau-hauste astuna ez denean.
16.Basapiztiak edo kaltea eragin dezaketen abereak aske edo kalteak eragiteko moduan uztea, bai eta etxeko animaliak horien bizitza arriskuan jartzen duten baldintzetan abandonatzea ere.
17.Toki, bide, establezimendu edo garraio publikoetan alkoholdun edariak kontsumitzea, horrek herritarren lasaitasuna modu larrian nahasten duenean.
38. artikulua. Arau-hausteen preskribatzea.
1.Lege honetan tipifikatutako administrazio arau-hausteak egiten dituztenetik sei hilabetera, urtebetera edo bi urtera preskribituko dira, arinak, astunak edo oso astunak direnean, hurrenez hurren.
2.Lege honetan adierazitako epeak arau-haustea egin den egunetik aurrera zenbatuko dira. Nolanahi ere, arau-hauste jarraituetan eta ondorio iraunkorrak dituzten arau-hausteetan, epeak azken arau-haustea egin zen egunetik eta legez kontrako egoera desagerrarazi zenetik zenbatuko dira, hurrenez hurren.
3.Administrazioak arau-haustea zehatzeko jardueraren bat hasteak eten egingo du preskripzio hori –interesdunak jarduera horren berri modu formalean jasoz gero–, eta
preskripzio-epea zenbatzeari berrekingo zaio prozedura hilabete batez baino gehiagoz etenda badagoustezko erantzuleari egozterik ez dagoen kausagatik.
4.Halaber, preskripzioa eten egingo da zigor-arloko prozedura judiziala hasiz gero, harik eta agintaritza judizialak administrazio-organoari prozedurarekin amaitu duela jakinarazten dion arte, 45. artikuluaren 2. zenbakian ezarritako moduan.
39. artikulua. Zehapenak.
1.Arau-hauste oso astunei 30.001 eta 600.000 euro arteko isunak ezarriko zaizkie; astunei, 601 eta 30.000 euro bitartekoak; eta, azkenik, arinei, 100 eta 600 euro bitartekoak.
33.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, arau-hauste astunak edo oso astunak egiteagatik aurreikusitako isunen gehieneko, erdiko eta gutxieneko mailei dagozkien tarteak, hauek izango dira:
a) Arau-hauste oso astunak: isuna, gutxieneko mailan, 30.001 eta 220.000 euro bitartekoa; erdiko mailan, 220.001 eta 410.000 euro bitartekoa; eta, gehieneko mailan, 410.001 eta 600.000 euro bitartekoa.
b) Arau-hauste astunak: isuna, gutxieneko mailan, 601 eta 10.400 euro bitartekoa; erdiko mailan, 10.401 eta 20.200 euro bitartekoa; eta, gehieneko mailan, 20.201 eta 30.000 euro bitartekoa.
2.Isunarekin batera honako zehapen osagarri hauetakoren bat edo batzuk ere ezarri ahal izango dira arau-haustea dakarten gertaeren izaeraren arabera:
a) Armak eta horiei dagozkien lizentziak edo baimenak kentzea.
b) Arau-haustea prestatzeko edo gauzatzeko baliatu diren ondasunak, baliabideak edo tresnak konfiskatzea eta, hala badagokio, horrek ekarritako ondorioak konfiskatzea, batzuk edo besteak onustedun hirugarrenarenak direnean izan ezik, arau-hauste horretan erantzukizunik ez badu, eta legez eskuratu baditu. Tresnak edo efektuak merkataritza zilegikoak direnean eta horien balioak arau-haustearen izaera edo astuntasunarekin zerikusirik ez duenean, dagokion zehapena ezartzeko eskumena duen organoak ez konfiskatzea edo zati batez egitea erabaki ahalko du.
c) Lizentzien edo baimenen indarraldia sei hilabete eta egun batetik bi urtera arte etetea arau-hauste oso astunengatik eta sei hilabetera arte arau-hauste astunengatik, betiere lege honen IV. kapituluan araututako gaien esparruan. Berrerortzea gertatuz gero, zehapena bi urte eta egun batetik sei urtera artekoa izan ahalko da arau-hauste oso astunengatik eta bi urtera artekoa arau-hauste astunengatik.
d) Lantegiak, lokalak edo establezimenduak ixtea, sei hilabete eta egun batetik bi urtera arte arau-hauste oso astunengatik eta sei hilabetera arte arau-hauste astunengatik, betiere lege honen IV. kapituluan araututako gaien esparruan. Berrerortzea gertatuz gero, zehapena bi urte eta egun batetik sei urtera artekoa izan ahalko da arau-hauste oso astunengatik eta bi urtera artekoa arau-hauste astunengatik.
40. artikulua. Zehapenen preskripzioa.
1.Arau-hauste oso astunak direla eta ezarritako zehapenak hiru urteko epean preskribituko dira; arau-hauste astunak direla eta ezarritakoak bi urteko epean; eta arauhauste arinak direla eta ezarritakoak urtebetera. Zehapena ezartzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtu eta biharamunean hasiko da zenbatzen preskripzioepea.
2.Betearazpen-prozedura hasten bada eta interesduna jakinaren gainean baldin badago, zehapena preskribatzeko epe hori etenda geratuko da, baina zenbatzen berriro hasiko da hilabete baino gehiago egiten badu geldirik eta errua ez baldin bada arauhauslearena.
41. artikulua. Arauak garatzeko gaikuntza.
Garapenerako erregelamendu-xedapenek espezifikazioak edo mailaketak sartu ahal izango dituzte lege honetan tipifikatutako arau-hausteen eta zehapenen koadroan; betiere, arau-hauste edo zehapen berriak ez badira, eta haien izaera edo mugak aldatzen ez badira, jokabideak hobeto identifikatzeko eta horiei dagozkien zehapenak zehatzago finkatzeko lagungarriak badira.
42. artikulua. Kaltea konpontzea eta kalte-ordaina.
1.Zehatutako jokabideek administrazio publikoari kalte eta galerak eragin badizkiote, prozeduraren ebazpenean berariaz jasoko dira honako hauek:
a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondorioz aldatutako egoera lehengoratzeko.
b) Hori ezinezkoa denean, eragindako kalte-galerei dagokien kalte-ordaina ordainaraztea, hori prozeduran zehaztu bada. Kalte eta galeren zenbatekoa ez bada ezarri, amaiera itundua izan dezakeen prozedura osagarri batean zehaztuko da; horren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
2.Arau-hauste baten ondoriozko erantzukizun zibila beti solidarioa izango da kaltea eragin duten guztien artean.
3.Baldin eta hemezortzi urtetik beherako pertsona emantzipatugabe bat edo judizialki gaitasuna aldatuta duen pertsona bat jotzen bada gertakarien egiletzat, eragindako kalte eta galeren erantzule solidarioak, harekin batera, izango dira haren gurasoak, tutoreak, kuradoreak, hartzaileak edo zaintzaileak, legezkoak edo egitatezkoak, dagokion moduan.
43. artikulua. Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentrala.
1.Barne Ministerioan Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentrala sortuko da, lege honetan tipifikatutako arau-hausteei dagokienez, berrerortzea dagoen egiaztatzeko soilik.
Pertsonak eta ondasunak babesteko eta herritarren segurtasuna mantentzeko eskumenak beren gain hartu dituzten autonomia-erkidegoek, berezko polizia-kidegorik badute, herritarren segurtasunaren aurkako arau-hausteen erregistro propioak sortu ahal izango dituzte.
2.Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentralaren antolaketa eta funtzionamendua erregelamenduz arautuko da, eta horretan honako idazpen hauek baino ez dira egingo:
a) Arau-hauslearen datu pertsonalak.
b) Egindako arau-haustea.
c) Ezarri eta administrazio-bidean irmoak diren zehapena edo zehapenak, denborairismena adierazita, hala badagokio.
d) Arau-haustea non eta noiz egin den.
e) Zehapena ezarri duen organoa.
3.Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentralean dagozkion idazpenak egingo direla jakinaraziko zaie administrazio-bidean irmo bilakatu den zehapena ezarrita duten pertsonei. Beren datuetara jotzeko edo horiek ezerezteko edo zuzentzeko eskatu ahal izango dute, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzeko araudian ezarritakoaren arabera. Idazpenak ofizioz ezereztuko dira hiru urteren buruan arau-hauste oso astunak direnean, bi urteren buruan arau-hauste astunen kasuan eta urtebeteren buruan arau-hauste arinei dagokienez, betiere zehapena irmo bilakatzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
4.Herritarren segurtasunaren arloan zehatzeko eskumena duten administrazio publikoetako agintariek eta organoek Herritarren Segurtasunaren Aurkako Arau-hausteen Erregistro Zentralari jakinaraziko dizkiote emandako zehapen-ebazpenak, lege honekin bat
etorriz, administrazio-bidean irmo bilakatu ondoren. Halaber, ondorio horietarako, aipatutako administrazio publiko horiek erregistro zentral horretan dauden datuetara ere jo ahal izango dute.
3.atala. Zehapen-prozedura
44. artikulua. Araubide juridikoa.
Herritarren segurtasuna babesteko arloan zehatzeko ahala gauzatzeko orduan
azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. titulua eta hori garatzeko xedapenak bete beharko dira, kapitulu honetan arautzen diren espezialitateei kalterik egin gabe.
45. artikulua. Administrazio-prozedura zehatzailearen izaera subsidiarioa zigor-arloko prozedurarekiko.
1.Administrazioedo zigor-arloan zehapena jaso duten gertaerei ezin izango zaie zehapenik berriro ezarri subjektua, egitatea eta arau-haustearen funtsa berberak badira.
2.Jokabideak delitua izan daitezkeen kasuetan, administrazio-organoak agintaritza judizialari edo Fiskaltzari helaraziko dio erruduntasun-testigantza; hori dela eta, ez du prozedura zehatzailearekin jarraitu beharrik izango, harik eta agintari judizialak epai irmoa edo beste modu batera prozedurari amaiera ematen dion ebazpena eman arte, edo Fiskaltzak jarduketak abiaraztea edo horiekin bide penalean jarraitzea ez dela bidezkoa ebazten duen arte, eta ordura arte etenda geldituko da preskripzio-epea.
Agintari judizialak eta Fiskaltzak hartu duten ebazpena edo erabakia administrazioorganoari jakinaraziko diote.
3.Zigor-arloko ez-zilegia dagoela baietsi ezean, edo zigor-arloko prozedurari amaiera ematen dion bestelako ebazpenik emanez gero, zehapen-prozedura hasi edo jarraitu ahal izango da. Nolanahi ere, administrazio-organoa bide judizialean frogatutzat jotako egitateek lotuta geldituko da.
4.Esku-hartze judizialaren aurretik hartutako kautela-neurriei eutsi ahal izango zaie agintaritza judizialak bestelakorik ebatzi ezean.
46. artikulua. Beste administrazio publiko batzuen datuetarako sarbidea.
1.Lege honekin bat etorriz zehapenak ezartzeko eskumena duten administrazio publikoetako agintariek eta organoek arau-haustea dakarten egitateen ikerketarekin zuzeneko lotura duten subjektu arau-hausleei buruzko datuetara jo ahal izango dute datuen titularrak aurretik adostasuna eman beharrik gabe, segurtasun-, osotasuneta erabilgarritasun-bermeekin, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.Lege honetan eta garatzeko arauetan araututako prozeduretan eskudun diren Estatuko Administrazio Orokorreko organoek aginduta dituzten jarduketak bete ditzaten soilik, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak, tributuei edo gizarte-segurantzari buruzko araudian ezarritako moduan, bai eta Estatistikako Institutu Nazionalak ere, Biztanleen Udal Erroldari dagokionez, aipatutako prozedura horietan jaso beharreko datuak dauden fitxategietara sartzen utziko diete haiei, interesdunek adostasuna eman beharrik gabe.
47. artikulua. Prozeduraren aurretiko behin-behineko neurriak.
1.Agintaritzako agenteek arau-haustea egiteko erabilitako tresnak kautelaz atzemango dituzte, bai eta zuzenean lortutako dirua, emaitzak edo produktuak ere; horretarako ezarritako gordailuetan edo segurtasun-indar eta -kidegoen zaintzapean egongo dira horiek zehapen-prozedura izapidetu bitartean edo harik eta, hala badagokio, itzultzea ebazten edo konfiskatzea dekretatzen den arte.
49. artikuluaren 3. zenbakian aurreikusitakoaren kalterik gabe, atzemandakoa ondasun suntsikorrak badira eta gordetzearen kostua salmenta-balioa baino handiagoa bada, horiek
suntsitu egingo dira edo helburu egokia emango zaie, erregelamenduz ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
2.Salbuespenez, pertsona edo ondasunentzat arrisku larria edo berehalakoa dagoenean, agintaritzako agenteek 49. artikuluaren 1. zenbakian aurreikusitako behinbehineko neurriak, f) letrakoak izan ezik, zuzenean hartu ahal izango dituzte prozedura hasi aurretik, eta neurri horiek berretsi, aldatu edo errebokatu beharko dituzte prozedurari hasiera emateko erabakian, gehienez hamabost eguneko epean. Nolanahi ere, neurriok ondoriorik gabe geldituko dira, baldin eta, epe hori amaituta, prozedura abiarazten ez bada edota abiarazteko erabakiak ez badu neurri horien gainean berariaz ezer adierazten.
48. artikulua. Aurretiazko jarduerak.
1.Prozedurari hasiera eman baino lehenago, horretarako arrazoirik dagoen edo ez zehazteko, aurretiazko hainbat jarduera egin daitezke. Bereziki, jarduera horien helburua izango da zehaztea, ahalik eta zehaztasun handienaz, zein gertakarik ematen duen prozedura hasteko bidea, erantzulea edo erantzuleak identifikatzea, eta tartean izan daitezkeen inguruabar garrantzitsuak zehaztea.
Aurretiazko jarduerak zehapen-prozeduran gehituko dira.
2.Ustezko erantzulearen esku-hartzerik gabe garatu ahal izango dira aurretiazko jarduerak, betiere ezinbestekoa bada ikerketa behar bezala amaituko dela bermatzeko, eta esku ez hartzeko zer arrazoi dauden idatziz jasoko da horretarako instruitutako eginbideetan.
3.Aurretiazko jarduerak egiteak ez du arau-hausteen preskripzioa etengo.
49. artikulua. Behin-behineko neurriak.
1.Espedientea hasita, ebazteko organo eskudunak, arrazoiak adierazita eta ebazpenaren eraginkortasuna bermatze aldera, erabaki ahal izango ditu beharrezkoak jotako behin-behineko neurriak, prozeduraren amaiera egokia bideratzeko, arauhaustearen ondorioen iraupena eragozteko edo herritarren segurtasuna gordetzeko, baina horrelakoek ez dute inola ere zehapen-izaerarik izango. Aipatutako neurri horiek arauhaustearen izaeraren eta astuntasunaren araberakoak izango dira, eta bereziki honelakoak izan ahalko dira:
a) Arau-hausteak egiteko erabilitako tresnak edo gauzak, eta, bereziki, armak, lehergailuak, aerosolak, herritarren lasaitasuna arriskuan jar dezaketen objektuak edo materiak, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak, toki seguru batean gordetzea.
b) Arriskuan dauden pertsonen, ondasunen, establezimenduen edo instalazioen segurtasun-neurriak hartzea, horien titularren kontura.
c) Herritarren segurtasunari eragin diezaioketen lantegiak, lokalak edo establezimenduak prebentzioz etetea edo ixtea.
d) Nabarmen zaurgarriak diren eta beharrezko segurtasun-neurriak aplikatzen ez dituzten establezimenduen jarduerak erabat edo partzialki etetea.
e) Gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegitura eta instalazioetan pertsonen eta ondasunen segurtasun-neurriak hartzea.
f) Baimenak, lizentziak eta administrazio-agintariek emandako bestelako agiriak eskuratu beharreko jarduera etetea, aplikagarri zaio araudiaren barruan.
g) Ikuskizunaren edo jolas-jardueraren sarreren salmenta, birsalmenta edo kalez kaleko salmenta etetea, hori egiteak edo garatzeak arriskua ekar badiezaioke herritarren segurtasunari.
2.Behin-behineko neurriak hartzeak eragindako gastuak zehapen-espedientearen xede diren egitateak eragin dituenaren kontura izango dira.
3.Behin-behineko neurriek ez dute iraungo egindako arau-hausteari legokiokeen zehapenarentzat lege honetan aurreikusitako epearen erdia baino gehiago, betiere organo eskudunak behar bezalako arrazoiak emanda hartutako erabakirik ezean.
4.Administrazioak edozein bide erabiliz ezagutzen duen helbidean jakinaraziko zaie interesdunei behin-behineko neurriak hartzeko erabakia edo, hala badagokio, bide elektronikoak erabiliz, eta horien aurka zer errekurtso jar ditzaketen, horiek zer organoren aurrean aurkeztu behar dituzten eta aurkezteko zer epe dauden adieraziko zaie. Neurriok hartzeko agintaritza eskudunak horiek jendaurrean jakinaraztea erabaki ahal izango du herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoa denean, betiere datu pertsonalak babestearen arloko legerian xedatutakoa betez.
5.Hartutako neurriak berehala betearaztekoak izango dira; halere, interesdunek horiek eteteko eskatu ahal izango dute benetako eskubidearen itxura edo konpontzen zailak edo ezinezko diren kalteak daudela arrazoituta; horrela eginez gero, herritarren segurtasunak jasan lezakeen kaltea aseguratzeko behar besteko kauzioa emango dute.
6.Erabakitako behin-behineko neurriak aldatu edo altxatu ahal izango dira horiek hartzea eragin zuten inguruabarrak aldatuz gero eta, edozelan ere, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak azkenduko ditu.
50. artikulua. Prozedura iraungitzea.
1.Prozedura hasi eta urtebetera iraungiko da ebazpenik jakinarazi ezean; halere, epe hori zenbatzean interesdunari egozteko moduko eteteak hartuko dira kontuan, bai eta zigor-arloko prozedura judiziala dagoelako, eta amaitzen den arte, erabaki beharreko etetea ere, betiere horrelakoetan subjektuaren nortasuna, gertaera eta oinarriaren funtsa berberak badira.
2.Iraungitzea adierazten duen ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio eta prozedurari amaiera emango dio, administrazioak, arau-haustearen preskripzioa gertatu arte, beste prozedura bat hastea erabaki ahal izatea baztertu gabe. Iraungitako prozedurek ez dute preskripzio-epearen zenbaketa geldituko.
51. artikulua. Ebazpenaren ondorioak.
Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan, zehapen-prozeduraren ebazpenaren
aurkako errekurtsoa jarri ahal izango da azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin bat etorriz. Administrazio-bideari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzien errekurtsoa jarri ahal izango da, hala badagokio, pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko prozeduraren bidez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.
52. artikulua. Agintaritzako agenteen adierazpenen froga-balioa.
Lege honen xede diren gaietan instruitzen diren zehapen-prozeduretan, gertaeren lekuko izan diren agintaritzako agenteek eginkizunak betez egindako salaketak, atestatuak edo aktak –salatutakoek horiek ukatzen badituzte agenteek berretsi ondoren– oinarri nahikoa izango dira dagokion ebazpena hartzeko, aurkako frogarik ezean eta eskuragarri dauden frogabide guztiak espedientera erantsi beharra baztertu gabe, betiere.
53. artikulua. Zehapena betearaztea.
1.Zehapena, administrazio-bidean irmoa denean, lege honetan xedatutakoari jarraiki betearaziko da.
2.Lizentziak edo baimenak eteteko zehapena administrazio-bidean irmo bilakatu eta hilabetera hasiko da betetzen.
3.Aurretiaz ordaindu ez diren isunak, zehapena irmo bilakatzen den egunaren osteko hamabost egunetan ordaindu beharko dira. Ordaintzeko epe hori amaitu eta zehapena oraindik ordaindu gabe badago, premiamendu-bidea erabiliko da haren ordainarazpena gauzatzeko. Horretarako, zordunari jakinarazi zaion premiamendu-probidentzia izango da betearazpen-titulua, administrazioaren organo eskudunak emango baitu.
4.Isunak Estatuko Administrazio Orokorrak ezarri baditu, Diru-bilketako Erregelamendu Orokorrean (uztailaren 29ko 939/2005 Errege Dekretuak onartuta) finkatutako organoen eta prozeduren bidez egingo da nahitaezko diru-bilketa.
5.Baldin eta ebazpenak 47. artikuluaren 1. zenbakiak aipatzen dituen kautelaz atzemandako tresnak itzultzea erabakitzen badu, horren jakinarazpenetik hilabete igarotzen bada titularrak atzemandako objektua berreskuratu gabe, suntsitu egingo da edo lege honen esparruan egokia den helburua emango zaio.
54. artikulua. Prozedura laburtua.
1.Arau-hauste astunak edo arinak zehatzeko prozedura hasteko erabakia jakinarazi ondoren, interesdunak hamabost eguneko epea izango du borondatezko ordainketa egiteko (diru-zehapena murriztuta) , edo egoki iritzitako alegazioak aurkezteko eta frogak proposatu edo helarazteko.
Isuna ordaintzen badu, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betez, zehapenprozedura laburtuari ekingo zaio; ordaintzen ez badu, berriz, zehapen-prozedura arruntari.
2.Zehapen-prozedura laburtua ez zaie aplikatuko arau-hauste oso astunei.
3.Isuna hamabost egun naturaleko epearen barruan (jakinarazi ondoko egunetik aurrera zenbatuta) borondatez ordaindu ondoren, zehapen-prozedura bukatutzat joko da, eta ondorio hauek sortuko ditu:
a) Isun-zehapenaren zenbatekoa ehuneko 50 murriztuko da.
b) Alegazioak egiteari uko egingo zaio. Alegaziorik aurkeztuz gero, ez-aurkeztutzat joko dira.
c) Prozedura ordainketa egiten den egunean amaituko da, berariazko ebazpenik eman beharrik gabe. Zehapena administrazioarekiko auzien jurisdikzioan baino ezin izango da errekurritu.
Lehenengo xedapen gehigarria. Drogen eta lehergailuen aitzindariak kontrolatzeko araubidea.
Jarduera-lizentziak emateko sistemak zein drogen eta lehergailuen aitzindarien merkataritza zaintzeko erkidegoko eta nazioarteko xedapenak urratuz gero aplikatu beharreko zehapen-araubideak horien berariazko legerietan xedatutakoa beteko dute.
Bigarren xedapen gehigarria. Azpiegitura kritikoak babesteko araubidea.
Azpiegitura kritikoen babesak berariazko araudia beteko du, eta modu osagarrian lege hau.
Hirugarren xedapen gehigarria. Nortasun Agiri Nazionala eta pasaportea lortzeko prozeduretan nahitaez agertzea.
Nortasun-agiri nazionala eta pasaportea eskuratzeko administrazio-prozeduretan interesdunak nahitaez agertu beharko du horrelakoak izapidetzeko eskumena duten administrazio-organoen edo -unitateen aurrean.
Espainiako misio diplomatiko edo bulego kontsular bateko behin-behineko pasaporte baten eskatzailea, salbuespenez, zuzenean agertzetik salbuetsi ahal izango da honelako arrazoiak behar bezala justifikatuta adieraziz gero: gaixotasuna, arriskua, urruntasuna edo behar bezala egiaztatutako antzeko beste batzuk, betiere hara ager dadin eragozten edo modu larrian zailtzen badute.
Laugarren xedapen gehigarria. Erregistro Zibilaren jakinarazpenak.
Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Erregistro Zibilak judizialki gaitasuna aldatzeko ebazpenen inskripzioak, heriotzak edo absentziaedo heriotza-deklarazioak
Barne Ministerioari jakinaraziko dizkio, betiere Erregistro Zibilari buruzko uztailaren 21eko 20/2011 Legearen 80. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bosgarren xedapen gehigarria. Droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen kontsumoaren arloan adingabeek egindako arau-hausteengatik ezarritako diru-zehapenak etetea.
Droga toxikoen, estupefazienteen edo substantzia psikotropikoen legez kontrako kontsumoaren edo edukitzearen arloan egindako arau-hausteengatik adingabeei ezartzen zaizkien isunak eten ahal izango dira, baldin eta, arau-hausleek eta beren legezko ordezkariek eskatuta, tratamendua edo errehabilitazioa egitea, beharrezko badute, edo berriz hezteko jarduerak egitea onartzen badute. Arau-hausleek tratamendua edo errehabilitazioa edo berriz hezteko jarduerak uzten badituzte, betearazi egingo da diruzehapena.
Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako zehapenak zati batez kentzeko baldintzak erregelamenduz arautuko dira.
Seigarren xedapen gehigarria. Gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegiturak eta instalazioak.
35.1eta 36.9 artikuluetan xedatutakoaren ondorioetarako, gizartearentzako oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten azpiegiturak edo instalazioak hauek dira:
a) Zentral nuklearrak, petrokimikak, findegiak eta erregai-deposituak.
b) Portuak, aireportuak eta gainerako garraio-azpiegiturak.
c) Ura, gasa eta elektrizitatea hornitzeko eta banatzeko zerbitzuak.
d) Telekomunikazio-azpiegiturak.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Gastu publikoa ez handitzea.
Lege honetan jasotako neurriek ez dute zuzkidurak edo ordainsariak handitzea ekarriko, ezta sektore publikoaren zerbitzupeko langileen bestelako gastuena ere.
Xedapen iragankor bakarra. Legea indarrean jartzean hasita dauden zehapenprozedurak.
Lege hau indarrean jartzean hasita dauden zehapen-prozedurek aurreko legeria bete beharko dute, betiere lege honetako xedapenak interesdunarentzat aldekoagoak ez badira.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
1.Indargabetuta gelditzen da Herritarren Segurtasuna babesteari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoa.
2.Era berean, indargabetu egiten dira lege honek xedatutakoaren aurka dauden maila bereko eta beheragoko xedapenak.
Azken xedapenetatik lehena. Ceutako eta Melillako araubide berezia.
1.Gehitu egiten da hamargarren xedapen gehigarria atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan. Hona nola geratzen den idatzita:
«Hamargarren xedapen gehigarria. Ceutako eta Melillako araubide berezia.
1.Ceutako edo Melillako lurralde-mugapenaren muga-lerroan muga modu irregularrean zeharkatzeko asmoz mugako euste-elementuak gainditzeko
ahaleginean ari direla hautemandako atzerritarrak atzera bota ahal izango dituzte Espainian legez kontra sar ez daitezen.
2.Nolanahi ere, giza eskubideen nazioarteko araudia eta Espainia barne hartzen duen nazioarteko babesaren araudia betez botako dituzte atzera.
3.Nazioarteko babes-eskaerak mugako igarobideetan horretarako prestatutako tokietan formalizatuko dituzte eta nazioarteko babesaren arloko araudian ezarritakoaren arabera izapidetuko dituzte.»
2.Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren azken xedapenetatik laugarrena honela geratzen da idatzita:
«Azken xedapenetatik laugarrena. Manu ez-organikoak.
1.Lege honen honako artikulu hauetan jasotako manuek izaera organikoa dute: 1., 2., 3., 4.1, 4.3, 5., 6., 7., 8., 9., 11., 15., 16., 17., 18., 18 bis, 19., 20., 21., 22.1, 23., 24., 25., 25 bis, 27., 29., 30., 30 bis, 31., 31 bis, 33., 34., 36., 37., 39., 40., 41., 42., 53., 54., 55., 57., 58., 59., 59 bis, 60., 61., 62., 62 bis, 62 ter, 62 quater, 62 quinquies, 62 sexies, 63., 63 bis, 64., 66., 71. artikuluetan, hirugarren xedapen gehigarritik zortzigarren xedapen gehigarrira artekoetan, hamargarren xedapen gehigarrian eta azken xedapenetan jasotakoek.
2.Aurreko zenbakian jaso gabeko manuek ez dute izaera organikorik.»
Azken xedapenetatik bigarrena. Eskumen-tituluak.
Lege honetako xedapenak Konstituzioaren 149.1.29. artikuluaren babesean ematen dira (Estatuari egozten dio horrek segurtasun publikoaren arloko eskumen esklusiboa) , 28. eta 29. artikuluak izan ezik, Konstituzioaren 149.1.26. artikuluaren babesean ematen baitira (Estatuari egozten dio horrek armak eta lehergailuen ekoizpen, merkataritza, edukitza eta erabileraren arloko eskumen esklusiboa) .
Azken xedapenetatik hirugarrena. Lege organikoaren izaera duten manuak.
1.Lege honen ondorengo manu hauek izaera organikoa dute:
I. kapitulua, 5. artikulua izan ezik.
II.kapituluaren 9. eta 11. artikuluak.
III. kapitulua.
V. kapitulutik: 30. artikuluaren 3. zenbakia; 35. artikuluaren 1 ordinala; 36. artikuluaren
2, 7, 8 eta 23 ordinalak, eta 37. artikuluaren 1 eta 4 ordinalak. Xedapen indargabetzaile bakarra.
Azken xedapenetatik lehena. Azken xedapenetatik hirugarrena.
2. Aurreko zenbakian jaso gabeko manuek ez dute izaera organikorik.
Azken xedapenetatik laugarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.
Gaikuntza ematen zaio Gobernuari lege honetan ezarritakoa garatzeko eta aplikatzeko beharrezko xedapenak eman ditzan bere eskumenen eremuan.
Azken xedapenetatik bosgarrena. Indarrean jartzea.
Lege hau 2015eko uztailaren 1ean jarriko da indarrean, azken xedapenetatik lehena izan ezik, hori Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko baita indarrean.
Horrenbestez,
Lege organiko hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.
Sevillan, 2015eko martxoaren 30ean
FELIPE E.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY
w.boe.es |
BOLETÍN OFICIAL DEL ESTADO |
D. L.: M-1/1958 ISSN: 02 |
|
|
|