Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Toki-araubidea

4/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 24koa, toki-administrazioko entitateen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko informazio-betebeharrak eta beharrezko prozedurak ezartzen dituena

2012-02-24

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2012/2/25, 48. zk.

I.  XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

2722

4/2012 Errege Lege Dekretua, otsailaren 24koa, toki-administrazioko entitateen hornitzaileei ordaintzeko finantzaketa-mekanismo bat ezartzeko informazio-betebeharrak eta beharrezko prozedurak ezartzen dituena.

Krisi ekonomiko larriaren eraginez, jarduera ekonomikoak nabarmen egin du behera, eta, horrekin lotuta, diru-sarrerak nabarmen jaitsi dira tokiko erakundeetan. Hori dela eta, tokiko erakundeek hornitzaileekin hartu dituzten obligazioetan, atzerapenak pilatzen ari dira, eta, ondorioz, enpresek likidezia arazoak dituzte.

Bestetik, kredituak eskuratzeko murrizketa handiak daude oraindik ere, eta horri goian aipatutako atzerapenak gehituz gero, enpresek oso zail dute finantzatzeko eta lehiakorrak izateko.

Egoera hori zuzentzeko, zenbait neurri hartu ziren bi dekretu hauetan: 5/2009 Errege Lege Dekretuan, apirilaren 24koan –tokiko erakundeei enpresekin eta autonomoekin ordaindu gabe dituzten zorrak saneatzen laguntzeko ezohiko eta premiazko neurriei buruzkoa– eta 8/2011 Errege Lege Dekretuan, uztailaren 1ekoan –hipoteka-zordunei laguntzeko neurriei buruzkoa, gastu publikoa kontrolatzeari eta tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeari buruzkoa, enpresa-jarduera sustatzeari eta birgaitzea bultzatzeari eta sinplifikazio administratiboari buruzkoa–.

Horretarako, tokiko erakundeen zorrak saneatzeko, lehenengo eta behin, zorpetze eragiketa berezi bat prestatu zen, baita Kreditu Ofizialeko Institutuaren abalen linea bat ere, eta, geroago, kreditu-linea bat tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeko.

Neurri horiek ez dute eraginkortasun handirik izan eta likidezia-faltaren arazoa gero eta larriagoa da. Horrela, bada, premiazko eta ezohiko neurriak hartu beharra dago.

Horretarako, beharrezkotzat jotzen da, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabakiz, tokiko erakundeen hornitzaileekiko zorrak kitatzeko eta ordaintzeko eta finantziaziorako mekanismo arin bat martxan jartzea. Modu horretan, honako hau lortuko da: enpresei likidezia ematea eta tokiko erakundeei laguntza finantzarioa ematea, zorren epe luzerako ordainketari aurre eginez, eta behar diren zergaeta finantza-baldintzak ezarriz.

Horrela, aipatutako mekanismo horri heldu ahal izango diote tokiko erakundeekin edo erakunde horien menpeko organismo eta entitateekin ordaindu gabeko obligazioak dauzkaten hornitzaileek. Gainera, ordaindu gabeko obligazio horiek hainbat baldintza bete beharko dituzte: mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak izatea; 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak izatea eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-esparruaren barruan sartzen diren kontratuak izatea.

Mekanismoak ondo funtzionatzeko beharrezkoa denez informazio finantzario fidagarria izatea, tokiko erakundeentzat zenbait informazio-betebehar ezarri dira, bai eta horiek betetzeko prozedura ere. Hasteko, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari informazioa bidali beharko diote, informazio ziurtatua, hornitzaileekiko zorra norainokoa den zehaztu ahal izateko. Ordurik aurrera, tokiko erakundeek edo zorrak ordaindu ahal izango dituzte edo, bestela, finantza-eragiketa batera jo ahal izango dute.

Finantziazio-mekanismo horrek epe luzerako zorpetze-eragiketa bat dakar berekin, eta, era berean, tokiko erakundeek doikuntza-plan bat onartu beharko dute. Plan horrek oinarriko irizpide batzuei erantzun behar die, eragiketa horren iraunkortasun finantzarioa bermatzeko. Doikuntza-plan horri oniritzia eman beharko dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak zorpetze eragiketa hitzartu ahal izateko.

Finantziazio-mekanismoaren baldintzak Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabaki bidez zehaztuko dira, berehala onartuko baita.

Horrela, errege lege-dekretu honen lehenengo bi artikuluetan, mekanismoaren xedea eta aplikazio-esparrua arautzen dira, eta finantza-mekanismo honi hel diezaioketen ordaindu gabeko obligazioak zehazten dira.

Hirugarren artikulutik seigarren artikulura bitartean, tokiko erakundeek dagozkion ziurtagirien bidez informazioa emateko dituzten betebeharrak ezartzen dira. Halaber, artikulu horietan ezarritakoaren arabera, hornitzaileek eman den informazioa kontsultatzeko ahalmena izango dute, eta, hornitzaileek hala eskatzen badute, kobratzeko eskubideak baliarazteko asmoz, tokiko erakundeek banakako ziurtagiriak egin beharko dizkiete. Arlo horiek arautzen bukatzeko, goian adierazitako dokumentazioa emateko betebeharrak ez betetzeak dakartzan ondorioak jasotzen dira.

Bestetik, 7. artikuluan, epe luzerako zorpetze eragiketa hitzartu nahi duten eta, azken batean, errege lege-dekretu honek arautzen duen finantziazio-mekanismoari heldu nahi dioten tokiko erakundeek nahitaez onartu behar duten doikuntza-planaren edukia ezartzen da. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak plan horren gaineko iritzia eman beharko du, eta, gainera, zorpetze eragiketa amortizatzeko epearen barruan sartzen diren ekitaldietan, saihestezineko erreferentzia izango da tokiko erakundeen aurrekontu orokorrak egitean.

Gero, 8. artikulutik 10.enera bitartean, finantziazio-mekanismoaren ildo nagusiak eta oinarriak garatzen dira. Ildo eta oinarri horiek berehala zehaztuko dira Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabaki bidez. Era berean, ordaindu gabe dauden obligazioak ordaintzeak dakartzan ondorioak –zorra kitatzea– arautzen dira.

Azken bi artikuluetan, 11.enean eta 12.enean, tokiko erakundeek Estatuko zergetan partaidetza izateko bermea jasotzen da, bai eta behar den gaikuntza ere, beharrezkoa denean, parte-hartze hori betearaz dadin, dagokion baliabide finantzarioaren transferentzietan aplikatzekoak diren atxikipenen bidez zorrak konpentsatuz.

Errege lege-dekretu honetan aipatzen den finantziazio-mekanismoa, xedapen gehigarri bakarraren bidez, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren –abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen– aplikazio-esparrutik kanpora geratzen da.

Azken xedapenetan, arau hau indarrean sar dadila ezartzeaz gain, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ahalmena ematen zaio 4. artikuluan aipatutako banakako ziurtagirien eskabide-eredua onartzeko eta doikuntza planen ereduak onartzeko.

Errege lege-dekretu honetako neurri guztiak, orokorrean zein banan-banan hartuta, ezaugarriak eta helburuak kontuan izanda, premia apartekoa eta presazkoa dagoelako hartutakoak dira, eta, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan premia apartekoa eta presazkoa izatea eskatzen da errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko.

Horrela, bada, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak eta Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2012ko otsailaren 24an eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:

1. artikulua.  Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea da behar diren baldintzak jartzea tokiko erakundeek obrak, hornidurak edo zerbitzuak kontratatzearen ondorioz hornitzaileekin ordaindu gabe dituzten obligazioak kitatu ahal izateko.

Ondorio horietarako, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak, lehenbailehen, errege lege-dekretu honetan ezarritako betekizun eta ondorioekin bat etorriz, dagozkion erabakiak hartuko ditu helburu horiek lortzeko behar diren mekanismo finantzarioak martxan jartzeko.

2. artikulua.  Aplikazio-eremua.

1.  Kontratistei ordaindu gabeko obligazioek, aurreko artikuluan aipatutakoek, honako baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

a)  Mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak izatea.

b)  Dagokion faktura, zuzentzeko faktura –hala balegokio–, edo horren pareko den ordainketa-eskaera 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen jasotakoa izatea tokiko erakundearen erregistro administratiboan.

c)  Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren aplikazio-esparruaren barruan sartzen diren obra-kontratuak, zerbitzu-kontratuak edo hornidura-kontratuak izatea.

2.  Kanpoan geratzen dira tokiko erakundeek honako hauekin hartutako obligazioak: Estatuko administrazio orokorrarekin edo haren menpeko organismo eta entitateekin, autonomia-erkidegoetako administrazioarekin edo haren menpeko organismo eta entitateekin, beste tokiko erakunde batzuekin eta Gizarte Segurantzarekin.

3.  Tokiko erakundetzat hartzen dira, errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3. artikuluan aipatutako erakunde guztiak eta haien menpeko organismo eta entitate guztiak, baldin eta oso-osorik Tokiko Sektore Publikoko Erakundeen Inbentarioan sartzen badira. Inbentario hori azaroaren 2ko 1463/2007 Errege Dekretuak –aurrekontuegonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapenerako araudia onartzen duenak– arautzen du.

4.  Kontratistatzat hartzen da, errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, bai kontratuaren esleipenduna bai esleipendun horrek kobratzeko eskubidea transmititu dion lagapen-hartzailea ere.

3. artikulua.  Tokiko erakundeek informazioa emateko duten betebeharra.

1.  Tokiko erakundeek, bide telematikoz eta sinadura elektronikoarekin, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren organo eskudunari, beranduenez ere 2012ko martxoaren 15ean, aurreko artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten ordaindu gabeko obligazioen zerrenda ziurtatua bidaliko diote, eta, bertan, informazio hau sartuko da:

a)  Kontratistaren identifikazioa; informazio hau ere erantsiko zaio: identifikazio fiskaleko kodea edo zenbakia, sozietatearen izena eta sozietatearen egoitza.

b)  Ordaindu gabe dagoen obligazioaren zenbateko nagusia, balio erantsiaren gaineko zerga edo, hala badagokio, Kanarietako zeharkako zerga orokorra barne hartuta, eta interesak, epaiketa-kostuak edo beste edozein kostu osagarri sartu barik.

c)  Erregistro administratiboko sarrera-data; fakturak, zuzentzeko faktura –hala balegokio–, edo horren pareko den ordainketa-eskaerak 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko sarrera-data izan beharko du.

d)  Kontratistak, 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen, justizia-auzitegietan obligazio hori eskagarria izatea eskatu duelako adierazpena.

2.  Aurreko paragrafoan adierazitako zerrenda ziurtatua kontu-hartzaileak emango du, eta tokiko korporazioaren osoko bilkurari jakinarazi beharko dio.

3.  Baldin eta tokiko erakundeek, arau hau indarrean sartu aurretik, zorrak kitatzeko ordainketa zatikatua egiteko akordioa lortu badute kontratistekin, aipatutako ziurtagirian, ziurtagiria ematen den unean zer kopuru geratzen den guztira ordaindu gabe adieraziko da. Kasu horietan, tokiko erakundeek 2012ko abenduaren 31ra arteko mugaeguneratzeen berri eman beharko dute.

4.  Tokiko erakunde bakoitzak bidali beharreko zerrenda ziurtatuan, lehenengo paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hauek ordaindu gabe dituzten obligazioak ere sartzen dira: oso-osorik Tokiko Sektore Publikoko Erakundeen Inbentarioan sartzen diren tokiko erakundeetakoak diren organismo autonomoak eta haien menpeko entitateak.

Inbentario hori azaroaren 2ko 1463/2007 Errege Dekretuak –aurrekontu-egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legearen garapenerako araudia onartzen duenak– arautzen du.

4. artikulua.  Informazioa kontsultatzea eta banakako ziurtagiriak ematea, kontratistak eskatuta.

1.  Tokiko erakundeek aukera emango diete kontratistei 3. artikuluaren arabera igorritako zerrenda ziurtatuan sartuta ote dauden kontsultatzeko; gainera, zerrenda ziurtatu horretan sartuta egonez gero, datu pertsonalak babesteko araudia dela-eta eragiten dien informazioaren berri izan ahalko dute.

2.  Igorritako zerrenda ziurtatuan ez dauden kontratistek, banakako ziurtagiri bat emateko eskatu ahal izango diote tokiko erakunde zordunari, 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.  Banakako ziurtagiri hori kontu-hartzaileak emango du, eta aurreko artikuluan aurreikusitako baldintzak eta edukia jaso beharko ditu. 15 egun naturaleko epea izango du horretarako, eskabidea tokiko erakundearen erregistroan sartzen denetik kontatzen hasita. Epe hori igarota ez bada artean eskabidea errefusatu, administrazioaren isiltasunak esan nahiko du zorra kobratzeko eskubidea baietsi eta aitortu zaiola eskabidean bertan aipatutako baldintzen arabera.

4.  Hilabete bakoitzeko lehenengo bost egun baliodunetan, tokiko erakundeko kontuhartzaileak zerrenda bat igorriko dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, aurreaurreko hilabetean aurkeztu diren banakako ziurtagirien eskabideekin, eman diren ziurtagiriekin, errefusatu diren eskabideekin eta erantzunik eman ez zaien eskabideekin.

Tokiko erakundeek aukera emango diete kontratistei 3. artikuluaren arabera igorritako zerrenda ziurtatuan sartuta ote dauden kontsultatzeko; gainera, zerrenda ziurtatu horretan sartuta egonez gero, datu pertsonalak babesteko araudia dela-eta eragiten dien informazioaren berri izan ahalko dute.

5.  Tokiko erakundeko presidenteak beharrezkoak diren jarraibideak emango ditu, kontratistei beren eskabideak direla-eta kasu egiten zaiela, banakako ziurtagiriak lehenbailehen ematen direla eta igorritako informaziorako irispidea dutela bermatzeko.

5. artikulua.  Ziurtagiriak emateak izango dituen ondorioak.

Zerrenda ziurtatuak eta banakako ziurtagiriak emateak berekin dakar ordaintzeko dauden obligazioak kontabilizatzea –baldin eta artean kontabilizatuta ez badaude–, eta horrek ez du esan nahi kontu-hartzaileak martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren –Toki-ogasunak arautzeko Legearen testu bategina onartu zuen– 188. artikuluan aurreikusitako erantzukizuna izango duenik.

6. artikulua.  Ziurtagiria emateko betebeharrak ez betetzeak izango dituen ondorioak.

Hartarako eskumena duten funtzionarioek 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako ziurtagiriak eta komunikazioak emateko betebeharrak ez betetzea arau-hauste oso larritzat joko da, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

7. artikulua.  Doikuntza-plana.

1.  Behin 3. artikuluan aipatzen den zerrenda ziurtatua igorritakoan, kontu-hartzaileak, aitortutako obligazioak artean ordaindu ez badira, tokiko korporazioko osoko bilkurari doikuntza-plan bat aurkeztuko dio artikulu honetan bertan ezarritako moduan, 2012ko martxoaren 31 baino lehenago onar dezan.

2.  Onartutako doikuntza-planak, bada, 10. artikuluan aurreikusitako zorpetzeeragiketarako ezarritako amortizazio-aldi osoak adina iraungo du, eta aldi horretan zehar onartzen diren urteko aurrekontu orokor guztiek bat etorri beharko dute doikuntza-plan horrekin. Nolanahi ere, doikuntza-plan horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a)  Gastu arruntak eta zorpetze-eragiketen amortizazioa –are arau honen esparruan gauzatzen den eragiketaren amortizazioa ere– finantzatzeko adina diru-sarrera arrunt bildu behar dira; b)  Diru-sarrera arrunten aurreikuspenek bat etorri beharko dute tokiko erakunde bakoitzak 2009tik 2011rako ekitaldietan bildutako diru-sarrera arrunten eboluzioarekin.

c)  Tasa edo prezio publikoen bitartez, emandako zerbitzu publikoen finantzaketa egokia jaso behar du; eta, horretarako, zerbitzu publikoen kostuaren eta haien finantzaketaren gaineko behar beste informazio jaso behar du.

d)  Gauzatu behar diren egiturazko erreformak zer-nolakoak diren deskribatu eta erreforma horiek aplikatzeko egutegia jaso behar du; orobat jaso behar ditu eta deskribatu herritarren eta enpresen gainean ezarritako administrazio-kargak murrizteko ezartzekoak diren neurriak –Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordearen erabakiak adierazitako eran ezarriko dira–.

e)  Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakita ezartzen diren gainerako baldintza guztiak.

3.  Doikuntza-planean, toki-korporazioaren antolakuntzaren aldaketa ere jaso daiteke.

4.  Tokiko erakundeak, bestalde, osoko bilkurak onartu eta hurrengo egunean igorri beharko dio doikuntza-plana Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko organo eskudunari; bide telematikoz eta sinadura elektronikoarekin bidaliko dio, eta hark iritzia emango du aurkeztutako planaren gainean, eta plana jaso eta 30 egun naturaleko epean jakinaraziko dio iritzia tokiko erakundeari. Epe hori iritzia jakinarazi gabe igaroz gero, doikuntza-planaren kontrakoa izan dela joko da.

5.  Iritzia doikuntza-planaren aldekoa izan bada, 10. artikuluan aipatzen den zorpetzeeragiketa egiteko baimena eman egin dela joko da.

8. artikulua.  Finantzaketa-mekanismoa.

Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak erabakita abiarazitako finantzaketa-mekanismoak honako ezaugarri hauek izan beharko ditu:

1.  Finantzaketa-mekanismoa garatzeko, hurrenez hurrengo aldiak ezarri ahalko dira, baina gehienez ere 2012. urtera arte.

2.  Aukeran da ordaintzeko lehentasun-irizpideak ezartzea; honako hauek, besteak beste:

a)  Ordaintzeko dagoen obligazio nagusiaren zenbatekoaren gainean eskaintzen den deskontua.

b)  Ordaintzeko dagoen obligazio bat izatea, eta justizia-auzitegietan obligazio hori eskagarria izateko eskaera egin izana 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen.

c)  Ordaintzeko dagoen obligazioaren antzinatasuna.

3.  Aldi bakoitzean, ordaintzeko dagoen obligazioaren zati nagusiaren gainean gutxieneko deskontu bat kontratistak eskaini behar duela ezarri ahal izango da, hartara ordaindu ahal izan dakion. Halaber, finantzaketa-zenbateko orokor eta gehienezko bat ezarri ahal izango da aldi bakoitzerako.

4.  Aldi bakoitzean, tarte espezifikoak ezarri ahal izango dira enpresa txiki eta ertainentzat eta autonomoentzat.

9. artikulua.  Ordaintzeko dauden obligazioak ordaintzeak izango dituen ondorioak.

1.  3. artikuluan aurreikusitako zerrendan jasota dauden kontratistek eta 4. artikuluaren arabera kobratzeko eskubidea dutenek beren borondatez gauzatu ahal izango dute kobrantza, kreditu-erakundeetan kobrantza-agiria aurkeztuta.

2.  Kontratistari egiten zaion ordainketak berez dakar tokiko erakundeak kontratistarekin hartutako zorra kitatzea, hau da, zorra osatzen duten zenbateko nagusia, interesak, epaiketa-kostuak eta beste edozein gastu osagarri kitatzea.

3.  Kreditu-erakundeek ordainagiria eskuratuko diete tokiko erakundeei eta kontratistari, eta horrenbestez prozesu judiziala amaitu egingo da –baldin eta izan bada– Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2001 Legearen 22.1 artikuluan ezarritakoaren arabera egindako prozesuz kanpoko ordainketa egoteagatik.

10. artikulua.  Zorpetze-eragiketak.

1.  Tokiko erakundeek aukeran izango dute mekanismoaren barruan ordaindutako obligazioak epe luzeko zorpetze-eragiketa bat itunduz finantzatzea; Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak finkatuko ditu finantza-baldintza horiek.

2.  Zorpetze-eragiketa horrek berekin ekar dezake tokiko erakundearen eskubideak Estatuaren tributuetan parte hartzeko duen eskubideari dagozkion zenbatekoak Estatuari laga beharra, ordainketa-obligazio horien amortizazioari aurre egiteko behar den arteko heinean.

3.  Zorpetze-eragiketa tokiko erakundeen Arriskuen gaineko Informaziorako Zentralean jakinarazi beharko da, formalizatzen denetik kontatzen hasita hilabeteko epean gehienez ere, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) 55. artikuluan eta Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren (abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen) 24. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan xedatutakoaren arabera.

4.  Zorpetze-eragiketa horren amortizazio-aldian gastu orokorretarako altxortegiko geldikin negatiboa sorrarazten bada, debekaturik egongo da hurrengo ekitaldian zorpetzearen bidez finantzatutako inbertsio berriak egitea, diren inbertsio materialak edo inmaterialak nahiz finantzazkoak, diren zuzenean egindako inbertsioak nahiz mendeko erakundeei emandako dirulaguntzen bidez zeharka egindakoak.

5.  Baldin zorpetze-eragiketa, osorik edo partez, aurrekontuari egotzi gabe geratu ziren obligazioen estaldurarako bada, obligazio horiek osorik onartu beharko dira 2012rako indarrean izango den aurrekontuan, finantzatutako guztizkoan dagokion zenbatekoaren kargura.

11. artikulua.  Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren –Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen– laugarren xedapen gehigarriak aurreikusitako aplikazioa.

Baldin eta tokiko erakundeek ez badute zorpetze-eragiketa hori ituntzen, edo itundu badute eta eragiketa horrek dakartzan ordainketa-obligazioak betetzen ez badituzte, Ogasun eta Herri Administrazioetako Ministerioan eskumena duen organoak edo beste organismo publiko eskudun batek egingo ditu dagozkion atxikipenak Estatuaren tributuetako parte hartzea gauzatzeko ematen diren ordainketa-aginduen kontura; horrek ez dio ezertan eragingo doikuntza-planean jasotako finantzazko zorpetze-eragiketen ondoriozko gainerako obligazioak betetzeko betebeharrari. Horretarako, Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen– testu bateginaren laugarren xedapen gehigarrian hartzekodun publikoentzat aurreikusitako araubidea aplikatuko da, bai eta lege hori garatzeko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak xedatutakoa ere –baldin eta garatzeko xedapenik eman badu–.

12. artikulua.  Atxikipenaren aplikazioaren eremu objektiboa.

Aurreko artikuluan aurreikusitako hori tokiko erakundeek hartutako zor irmoei aplikatuko zaie, hau da, Ekonomia Gaietarako Gobernuaren Ordezko Batzordeak onartutako finantzaketa-mekanismoak indarrean dirauen artean eta mekanismo horren esparruan hartutako zor irmoei bakarrik; nolanahi ere, aukeran izango da Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioan eskumena duen organoak egin beharreko atxikipenak hurrengo ekitaldietara ere luzatzea, hala behar balitz.

Xedapen gehigarri bakarra.  Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren xedapen gehigarri bakarraren aplikazio-eremutik kanpo uztea.

Errege lege-dekretu honetan aipatzen den finantzaketa-mekanismoa Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren –abenduaren 28ko 2/2007 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen– xedapen gehigarri bakarraren aplikazioeremutik kanpo geratuko da.

Azken xedapenetako lehena.  Ziurtagiria eskatzeko eredua.

Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak, ministro-agindu bidez, 4. artikuluan aipatzen den ziurtagiria eskatzeko eskabide-eredu bat eta tokiko erakundeek baliatu ahal izango dituzten doikuntza-planen ereduak onartuko ditu ministro-agindu bidez, 2012ko martxoaren 12a baino lehen.

Azken xedapenetako bigarrena.  Araugintzarako gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaio Gobernuari eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari errege lege-dekretu honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eta neurriak onar ditzan, bere eskumenen esparruan.

Azken xedapenetako hirugarrena.  Indarrean sartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko otsailaren 24an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra