Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Trafikoari buruzko arauak

339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafikoari, Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatua onartzeko dena

1990-03-02

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Barne Ministerioa

Argitalpena: EAO, 1990/3/14, 63. zk.

339/1990 LEGEGINTZAKO ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 2KOA, TRAFIKOARI, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOARI ETA BIDE-SEGURTASUNARI BURUZKO LEGEAREN TESTU ARTIKULATUA ONARTZEKO DENA (5/1997, 11/1999, 43/1999, 55/1999, 19/2001, 62/2003eta 17/2005 legeetan eta 2822/1998 eta 1428/2003 errege dekretuetan sartutako aldaketak barne hartuta).

EAO, martxoaren 4koa

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko oinarriak ezartzen dituen uztailaren 25eko 18/1989 Legeak baimena eman zion Gobernuari, urtebeteko epean, testu artikulatu batean tresna arautzaile egoki bat onartzeko, ibilgailuen zirkulazioaren gaineko xedapenek lege-maila izan dezaten, betiere, aipatutako oinarrietan jasotako printzipio eta irizpideei lotuta. Printzipio eta irizpideok, bestalde, bi ezaugarri nagusi agertzen dituzte aldi berean: garrantzi handikoa dela norbanakoen eskubideak kontuan hartzea, eta zailtasun tekniko handiak daudela.

Motordun ibilgailuen trafikoa zabaldu eta hedatu den bestean zabaldu eta hedatu eta gero, eguneroko bizitzan sartu da, eta zirkulatzeko askatasunaz baliatzeko adierazgarririk argiena bilakatu da trafikoa.

Baina, andanaka eta aldi batera egiten denez trafikoa, arazoak sortzen ditu, eta arazoak arautu egin behar dira, zirkulatzeko askatasunaz baliatzerakoan norbanakoen edo gizataldeen interesek kalterik izan ez dezaten, guztiok ere babes publikoa jaso behar dute eta.

Ukatu ezineko ondorio negatiboak ditu, hala ere, trafikoak, eta zirkulazioko istripuak dira adierazgarririk nagusienak. Kostu handia sortzen diote gizarteari, eta, agintari publikoek, bideetako zirkulazioaren segurtasuna zaintzeko, derrigorrez parte hartu behar badute ere, areagotu egiten da betebehar hori, Konstituzioaren 149.1.21. artikuluan trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruz Estatuari emandako eskumen esklusiboaren ezinbesteko ondorioa baita.

Horien indarrez, oinarriei buruzko 18/1989 Legeko artikulu bakarrean aipatutako baimenarekin bat etorriz, Barne Ministerioaren proposamenez, Estatuko Kontseiluaren onarpenarekin eta Ministroen Kontseiluak 1990eko martxoaren 2an egindako bileran aztertu ondoren, hauxe

Xedatu dut:

Artikulu bakarra.

Onartu egiten da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua, oinarriei buruzko uztailaren 25eko 19/1989 Legean jasotako printzipio eta irizpideekin bat etorriz, eta erantsita doa jarraian.

TRAFIKOARI, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOARI ETA BIDE-SEGURTASUNARI BURUZKO LEGEAREN TESTU ARTIKULATUA

ATARIKO TITULUA:

LEGEAREN XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua. Legearen xedea.

Lege honen xedea hauxe da: trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko lege-arauak finkatzea.

Horretarako, lege honek honako puntuak arautzen ditu:

a) Konstituzioarekin eta autonomia-estatutuekin bat etorriz, gai horietan Estatuko Administrazioari dagozkion eskumenak gauzatzen ditu, eta toki-erakundeei dagozkien eskumenak zehazten ditu.

b) Ibilgailuen zirkulaziorako arauak, eta, bide-segurtasuna helburu dela, edozeinek erabil ditzakeen bideetan oinezkoak eta animaliak ibiltzeko arautzaile izan behar diren arauak. Horretarako, bada, bide horien erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak zehazten ditu.

c) Segurtasun aktibo eta pasiborako gaiak, eta horiek erabiltzeko araubidea; ibilgailuen baldintza teknikoak; eta bide-segurtasunari zuzenean eragiten dioten industriako jarduerak.

d) Edozeinek erabil ditzakeen bideak seinaleztatzeko irizpideak.

e) Batetik, bideko zirkulazioa segurua eta erraza izango dela bermatzeko, administrazioak eman behar dituen baimenak; hain zuzen, ibilgailuen zirkulazioarekin zerikusia duten jarduerak egin aurretik eman behar direnak, batez ere ibilgailu motordunen kasuan. Bestetik, baita helburu horretarako har daitezkeen aurrezaintzako neurriak ere.

f) Finkatutako arauak ez betetzeagatik sortzen diren arau-hausteak; arau-hauste horiei ezar dakizkiekeen zigorrak; eta trafikoko zigorren eremuko prozedura zigortzailearen berezitasunak.

2. artikulua. Aplikazio-eremua

Estatuko lurralde osoan aplikatuko dira lege honetako aginduak. Eta bete, ondoren aipatzen diren guztiek bete behar dituzte aginduok: batetik, herri barrukoak nahiz herriz kanpokoak izan, eta zirkulaziorako egoki diren bide eta lursail publikoen titular eta erabiltzaileek; bestetik, zirkulaziorako egokiak izan ez arren, edozeinek erabil ditzakeen bide eta lursailen titular eta erabiltzaileek; eta, gainera, bestelako araurik ezean, erabiltzaile-kopuru zehaztu gabe batek erabiltzen dituen bide eta lursail pribatuen titularrek.

3. artikulua. Erabilitako kontzeptuak

Lege honen ondorioetarako eta lege honen xedapen osagarrien ondorioetarako, testu honen eranskinean zehaztu diren modu-moduan ulertu behar dira ibilgailuei, bide publikoei eta bide-erabiltzaileei buruzko oinarrizko kontzeptuak.

LEHENENGO TITULUA:

TRAFIKOARI, IBILGAILU MOTORDUNEN ZIRKULAZIOARI ETA BIDE-SEGURTASUNARI BURUZKO ESKUMENAK GAUZATU ETA KOORDINATZEA

LEHENENGO KAPITULUA: ESKUMENAK

4. artikulua. Estatuko Administrazioaren eskumenak

Autonomia-erkidegoek beren estatutuen bidez eskuratuta dituzten eskumenen aurka jarri gabe, eta hurrengo artikuluan Barne Ministerioari ematen zaizkion eskumenak kontuan hartuta, hauek dira Estatuko Administrazioari dagozkion eskumenak:

a) Bide-segurtasunarekin zerikusi zuzena duen oinarrizko araudi teknikoa zehazteko ahalmena.

b) Ibilgailuen, atoien eta erdi-atoien elementuak aurrez homologatzeko ahalmena, bide-segurtasunarekin zerikusia duten heinean; baita ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko jarraibideak eta gidabideak emateko ahalmena ere.

c) Irakaskuntzako modu guztietarako balio dezan, bide-hezkuntza programatzeko oinarrizko eta gutxieneko arauak argitaratzeko eskumena.

d) Gidatzeko gaitasunik gabe uzten duten gaixotasun eta akats fisiko eta psikikoen zerrenda onartzeko eskumena; eta egoera horiek antzemateko arakaketak egiteko establezimenduen gutxieneko osasun-baldintzak finkatzeko eskumena. Jarduera horretan diharduten establezimenduak ikuskatu, kontrolatu eta, behar bada, baliogabetu edo ixteko eskumena ere Estatuari dagokio.

e) Gidatzeko orduan eragina izan dezaketen droga, sorgorgarri, produktu psikotropiko eta estimulatzaile edo antzeko beste produktuak zeintzuk diren ere berak zehaztuko du, baita produktuok antzemateko probak, eta produktuon gehieneko mailak zehaztu ere.

f) Bide publikoetan edo erabilpen publikoko bideetan osasun-sorospena emateko koordinazioa ere bere eskumenekoa da.

g) Nazioarteko itun eta hitzarmenak izenpetzeko ahalmena, ibilgailuen segurtasunarekin eta beren zati eta piezenarekin zerikusia dutenak direnean. Baita itun eta hitzarmen horietatik sortutako nazioarteko araudiak Espainian ezartzeko egokiak diren xedapenak emateko ahalmena ere.

h) Bide-segurtasunarekin zerikusi zuzena duten industriako jarduerak arautzeko ahalmena, batez ere ibilgailuak konpontzeko tailerrenak.

i) Pertsonen garraioa arautzeko eskumena, eta, bereziki, adingabeen garraioa eta eskola-umeen garraioa, bide-segurtasunarekin zerikusia duten ondorioetarako.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

j) Nazioarteko araudiekin bat etorriz, salgaien garraioa arautzeko eskumena, eta, bereziki, salgai arriskutsuen, salgai galkorren eta kontenedoreen garraioa arautzeko, bide-segurtasunarekin zerikusia duten ondorioetarako.

5. artikulua. Barne Ministerioaren eskumenak (17/2005 Legearen arabera idatzia)

Lege honen eremuan, hauek dira Barne Ministerioari aitortzen zaizkion eskumenak, autonomia-erkidegoek beren estatutuen arabera eskuratuta dituztenen aurka jarri gabe:

a) Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko baimenak eta lizentziak ematea eta aztertzea, ezagupenei, gaitasun teknikoei, baldintza psikofisikoei eta aldizkotasunari buruz araudiz zehaztuko diren betekizunak betez, baita baimen eta lizentzia horiek deuseztatu, bahitu, ezeztatu eta, hala badagokio, indargabetzea ere.

b) Aplikagarriak diren araudietako arauekin bat etorriz, militarren eta poliziaren eremuan emandako gida-baimenak eremu zibileko gida-baimenekin trukatzea; baita atzerrian emandako gida-baimenak trukatzea ere, indarrean dagoen legediak horrela aurreikusten badu.

c) Batetik, gidari-ikastetxeak ireki eta jardunean jartzeko baimenak ematea eta horien baliogabetasuna aitortzea, bestetik, gidatzen irakasteko lanbiderako gaitasun-ziurtagiriak eta baimenak ematea eta, gainera, gidarien gaitasun psikofisikoak aztertzeko gaitasun-ziurtagiriak eta baimenak ematea, araudiz zehaztuko diren betekizun eta baldintzen arabera.

d) Motordun ibilgailuak, atoiak, erdi-atoiak eta motor-bizikletak matrikulatzea, eta horiek guztiok zirkulatzeko behar dituzten baimenak edo lizentziak ematea; eta baimen edo lizentzia horiek deuseztatu, bahitu edo berriztatzea ere bai, betiere araudiz zehaztuko diren betekizun eta baldintzen arabera.

e) Aldi baterako eta behin-behineko baimenak ematea Ibilgailuek matrikulatu aurretik zirkulatu ahal izan dezaten.

f) Arau bereziak ezartzea ibilgailu historikoek zirkulatu ahal izan dezaten, eta kultura eta historiako ondarea osatzen duten ibilgailuak zaindu eta eraberritu daitezen.

g) Herriz kanpoko bideetatik ibilgailuak kentzea, eta ibilgailuok aldi baterako edo behin betiko zirkulaziotik kentzea.

h) Erregistroan jasotzea ibilgailuak, gidariak, arau-hausleak, gidatzen irakasteko lanbidea dutenak, gidari-ikastetxeak, motordun ibilgailuetako gidarien arakaketak egiteko zentroak eta matrikula-plakak prestatzeko zentroak, hain zuzen, araudiz zehaztuko den moduan.

i) Herriz kanpoko bide-mota guztietan eta zeharbideetan trafikoa zaindu eta trafikoaren diziplina jagotea, baita zeharbideetan ere, tokian tokiko poliziarik ez badago; bide horietan berak salatu eta zigortu behar ditu zirkulazio eta segurtasunerako arauen kontrako arau-hausteak.

j) Ibilgailuen nahitaezko azterketa teknikoa egin ezik edo bertan ezarritako aginduak bete ezik edota bide-segurtasunari zuzenean eragiten dioten industria-jardueren ondorioz arau-hausteak eginez gero, salatzea eta zehapenak jartzea.

k) Herrien arteko bideetan eta zeharbideetan, trafikoa bideratu, kudeatu eta kontrolatzea. Zeharbideen kasuan, lankidetza edo eskuordetza formulak ezarri beharko dira toki-entitateekin, bestelako xedapenetan ezarritakoa eta beste ministerio batzuetako sailen eskumenak errespetatuta.

l) Trafikoari eta motordun ibilgailuen zirkulazioari buruzko prestakuntza ematea agintaritzaren agenteei, eta horien jarduketetarako oinarrizko eta funtsezko gidabideak finkatzea, tokian tokiko korporazioek dituzten eskumenen kontra jarri gabe, bertako organoekin adostu ondoren egituratuko baita, hain zuzen, behar den lankidetza.

m) Kirol-proba baten ibilbide osoa edo zati bat estatuko errepideetatik igaro behar bada, proba egiteko baimena ematea, betiere, bide publiko horien administrazio titularren irizpena jaso ondoren; kirol-proba egiteko baimena udaletako edo autonomia erkidegoetako organoek eman behar badute, berriz, irizpen loteslea ematea baldin eta erabiliko diren bide publikoetako edo erabilpen publikoko bideetako trafikoa zaindu eta antolatzeko eskumena Administrazio Orokorrak badu.

n) Salbuespenez, errepide edo bidegune batzuk zirkulaziorako ixtea, trafikoaren segurtasuna lortzeko edo trafikoa erraza izateko, araudiz zehaztuko denarekin bat etorriz.

ñ) Trafikoko istripuen estatistika eta ikerketa koordinatzea eta ibilgailuen azterketa teknikoaren estatistikak egitea, beste erakunde ofizial eta pribatu batzuekin lankidetzan, araudiz zehaztuko denarekin bat etorriz.

o) Alkoholaren eraginez, edo sorgorgarrien, psikotropikoen edo estimulatzaileen bidez sortutako toxikazio-maila neurtzeko probak egitea errepide publikoetatik zirkulatzen ari diren gidariei, errepideon zaintza eta bideko zirkulazioaren segurtasunaren kontrola aginduta dituen heinean. Proba horiek araudiz ezarritakoak dira.

p) Esleitu zaizkien puntu guztiak edo batzuk agortu dituzten gidariek egin beharreko sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroak kudeatzea eta ikastaro horien edukia, iraupena eta eskakizunak zehaztea.

Kudeaketa hori emakiden bitartez egin ahal izango da, herri administrazioen kontratuei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

q) Aukera-berdintasuna, diskriminazio-eza eta irisgarritasun unibertsala bermatzea pertsona ezinduei, batez ere gidari diren aldetik, lege honetan araututako esparru guztietan.

6. artikulua. Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoa (19/2001 Legearen arabera idatzia)

1. Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoaren bidez beteko ditu Barne Ministerioak aurreko artikuluan zerrendatu diren eskumenak.

Barne Ministerioari emandako eskumenak betetzeko, bai trafikoa eta bide-segurtasuna zaindu, antolatu eta kontrolatzeko, bai lege honetan jasotako arauen kontrako arau-hausteak salatzeko, eta bai, azkenik, bide publikoetan edo erabilpen publikoko bideetan babes-lanak eta sorospen-lanak egiteko, Guardia Zibileko indarrak arituko dira, araudiz zehaztuko denarekin bat etorriz. Trafikoko Taldea izango da bereziki horretan jardungo duena, eta Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren menpe egongo da, beren-beregi, ondorio horietarako.

7. artikulua. Udalerrien eskumenak

Lege honen eremuan, hauek dira udalek dituzten eskumenak:

a) Beren titulartasunpeko herri barruko bideetako trafikoa antolatu eta kontrolatu behar dute, baita beren agenteen bidez trafikoa zaindu, eta bide horietan egindako arau-hausteak salatu eta zigortu ere, beste administrazioren bati eskumen hori berariaz eman ez bazaio.

b) Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez, herri barruko bideetako erabilpenak arautu behar dituzte, eta hiru puntu ezkondu ondo: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei,horien gizarteratzea errazteko.

(5/1997 eta 19/2001 Legeen arabera idatzia)

c) Herri barruko bideetako ibilgailuak ibilgetzeko eskumena dute; hain zuzen, harik eta gidaria nor den jakin arte ibilgetzeko eskumena, aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzeko gaitzen duen titulurik gabe daudenean, edo baimendutako denboratik gora daudenean.

Herri barruko bideetatik ibilgailuak kendu eta gordailuan uzteko eskumena ere badute, ibilgailuok zirkulazioa oztopatu edo zailtzen dutenean, zirkulaziorako arriskua sortzen dutenean, edo aparkaldi mugatuko eremuetan gaizki aparkatuta daudenean, betiere artikulu honetan ibilgailuak ibilgetzeko aurreikusitako baldintzetan.

Baita herriz kanpoko bideetatik ibilgailuak kendu eta gordailuan uzteko eskumena ere, araudiz zehaztuko diren kasu eta baldintzetan.

(5/1997 Legearen arabera idatzia)

d) Kirol-saioak egiteko baimena emateko eskumena, oso-osorik herri barruan egitekoak direnean, eta bertan bakarrik; beren eskumenetik kanpo daude zeharbideak.

e) 5. artikuluko o) idatz-zatian aipatutako probak egiteko eskumena, betiere araudiz ezarriko denarekin bat etorriz.

f) Herri barruko bideak ixteko eskumena, beharrezkoa denean.

II. KAPITULUA:

TRAFIKORAKO ETA BIDEETAKO ZIRKULAZIOAREN SEGURTASUNERAKO KONTSEILU NAGUSIA

8. artikulua. Osaketa eta eskumenak

Administrazio publikoen arteko eskumenen koordinazioa bermatzeko sortzen da Trafikorako eta Bideetako Zirkulazioaren Segurtasunerako Kontseilu Nagusia. Barne ministroa izango da kontseiluko lehendakaria; eta organo aholku-emailea izango da kontseilua, bideetako trafikoaren segurtasuna bultzatu eta hobetzeko lanetan. Estatuko Administrazioarekin, autonomia-erkidegoetako administrazioekin eta toki-administrazioekin batera, trafikoarekin eta bide-segurtasunarekin zerikusi zuzena duten antolakundeek ere ordezkotza izango dute kontseiluan; hau da, gehien nabarmentzen diren antolakunde profesional, ekonomiko eta sozialek, eta kontsumitzaile eta baliatzaileen antolakundeek.

Bide-segurtasunaren arloan, batera jarduteko planak egin eta proposatu behar ditu kontseiluak, aurrez Gobernuak jarritako arteztarauak betetzeko, edo Gobernuak onar ditzan aurkezteko. Aholkua eman behar die organo erabakitzaile gorenei, eta motordun ibilgailuei buruzko publizitatearen irizpena eman behar du; halaber, nazioarteko hitzarmen eta itunei buruzko irizpena eman behar du, baita ibilgailuen zirkulazioaren gaineko xedapen orokorretako egitasmoena ere. Era berean, bide-segurtasunarekin lotutako jarduerak gauzatzen dituzten antolakunde, erakunde eta elkarteen jarduketak ere berak koordinatu eta bultzatu behar ditu.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Kontseiluak osoko bilkuretan, batzordeetan eta lan-taldeetan jardungo du.

Osoko Bilkura kide anitzeko organoa da. Barne ministroa izango da buru, eta herri administrazioek eta lanbide, ekonomi, gizarte eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeek parte-hartze haztatua izango dute.

Osaketa arauz finkatuko da muga hauen barruan: Estatuko Administrazio Orokorreko hemeretzi ordezkari, hitz eta botodunak; autonomia erkidegoetako eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoetako hemeretzi ordezkari, hitz eta botodunak; toki-administrazioko hemeretzi ordezkari, hitz eta botodunak, eta aurreko paragrafoan aipatzen diren gainerako organizazioetako hogeita zazpi ordezkari, hitz eta botodunak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Autonomia-erkidego bakoitzean kontseiluaren batzorde bana eratuko da.

Era berean, kontseiluaren batzorde bat eratuko da herri barruko bideetako trafikoa eta segurtasuna aztertzeko.

II. TITULUA:

ZIRKULAZIORAKO JOKABIDE-ARAUAK

LEHENENGO KAPITULUA: ARAU OROKORRAK

9. artikulua. Bide-erabiltzaileak eta gidariak

Bide-erabiltzaileek ez dute zirkulazioa oztopatu behar modu txarrean, ez pertsonei arrisku, galera edo beharrik gabeko eragozpenik eragin, ezta ondasunei kalterik ere.

Bereziki, ez norbere buruari ez beste inori ezelako kalterik ez sortzeko behar den arretaz eta kontuaz gidatu behar da, norbere burua, bidaiariak eta gainontzeko bide-erabiltzaileak arriskuan ez jartzeko kontu eginez.

Erabat debekatuta dago arduragabekeriaz edo ausarkeriaz gidatzea.

10. artikulua. Lanak, eta debekatutako jarduerak

Lege honek hartzen dituen bideetan lanak egin edo instalazioak, edukiontziak hiri-altzariak edo beste edozer aldi baterako edo betiko jartzeko, bide horien titularraren baimena behar da aurrez; eta Errepideen Legean eta Araudian eta udal-ordenantzetan xedatutakoa izango dute arautzaile.

Arau horiek aplikatuko dira lanak eteteko ere, trafikoaren inguruabar edo ezaugarri bereziak direla-eta eten behar direnean; Trafikoko Buruzagitza Nagusiak eskatuta egin ahal izango da hori.

(19/2001 Legearen arabera idatzia).

Errepideen legedian aurreikusitako moduan zigortuko dira arau horien kontrako arau-hausteak, baita seinalerik gabe, edo araudi teknikoetan agindutakoa seinaleetan bete gabe errepidean lanak egitea ere; horrek ez du esan nahi udaletako arau zigortzaileak kontuan hartuko ez direnik.

Debekatu egiten da bideetara gauzak edo gaiak bota, bertan utzi edo lagatzea, baldin eta, horrela, eroso zirkulatu, gelditu edo aparkatzea oztopatu edo arriskutsu bihurtzen bada, bideak eta bideetako instalazioak narriatzen badira, edo bideetan edo bide-inguruetan zirkulatu, gelditu edo aparkatzeko baldintza egokiak aldarazten badira.

Bidean oztoporen edo arriskuren bat sortzen dutenek lehenbailehen kendu behar dute, eta, bitartean, beharrezko neurriak hartu, beste erabiltzaileak arriskuaz ohartarazteko eta zirkulazioa ez oztopatzeko.

Debekatu egiten da sua pitz dezakeen, eta, oro har, bide-segurtasuna arriskuan jar dezakeen edozein gauza bideetara edo bide-inguruetara botatzea.

Debekatu egiten da perturbazio elektromagnetikoak, gasak eta bestelako kutsagarriak jaurtitzea, eta zaratak egitea; hain zuzen, lege honen eraginpean dauden bideetan, beti ere araudiz ezar daitezen mugez gain badira.

Debekatu egiten da, debekatu, araudiz zehaztuta utziko den moduan barik beste era batera ibilgailuak zamatzea.

Lege honek hartzen dituen bideetan, ezin izango dute zirkulatu arauz ezarritako zarata-mugak gainditzen dituzten ibilgailuek, ez eta ezarritako ke edo gas mugak gainditzen dituztenek edo baimenik gabeko erreforma garrantzitsuren bat egin zaienek.

Ibilgailuen gidariek nahitaez eman behar dute laguntza horrelako akatsak dauden detektatzeko arauzko probetan.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

11. artikulua. Gidarientzako arau orokorrak (17/2005 Legearen arabera idatzia)

Gidariak une oro egon behar dira gidatzen ari diren ibilgailuak kontrolatzeko moduan.

Beste bide-erabiltzaile batzuengana hurbiltzen direnean, horien segurtasuna zaintzeko beharrezko arreta jarri behar dute, batez ere erabiltzaileok haurrak, zaharrak edo itsuak badira edo, oro har, urritasunen bat edo mugitzeko arazoak badituzte.

Ibilgailuetako gidariek, gidatzen ari direla, ezinbestean zaindu behar dute beren mugimenduen askatasuna, baita beharrezko ikus-eremua eta gidatzeko etengabeko arreta ere. Izan ere, beren segurtasuna, ibilgailuan doazen beste bidaiariena eta gainontzeko bide-erabiltzaileena bermatzeko izango da hori.

Horretarako, arreta berezia jarri behar du gidariak, bai bera eta bai beste bidaiariak egoki eserita joan daitezen, baita garraiatzen dituen gauzak edo animaliak ondo kokatzeko ere, horietako ezerk ere gidariari enbarazurik sor ez diezaion.

Debekatuta dago soinuak hartu edo entzunarazten dituzten aparatuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita gidatzea, salbu eta gidatzeko baimena ateratzeko zirkuitu irekiko gaitasun-probak egiten direnean eta, betiere, arauz ezarritako baldintzetan.

Gidatzen den bitartean, ezin izango da erabili telefonia mugikorreko gailurik edo beste komunikazio-sistemarik, salbu eta komunikazioa eskuak erabili gabe eta kasko, aurikular edo antzekorik gabe egiten bada.

Esleituta dituzten zereginetan diharduten agintaritzaren agenteak salbuetsita daude debeku horretatik.

Ibilgailuetako gidariek eta bidaiariek nahitaez erabili behar dituzte segurtasun-uhalak, kaskoa eta gainerako babes eta segurtasun elementuak arauz ezarritako baldintzak eta, hala badagokio, salbuespenak errespetatuta.

Gidari profesionalak ez dira erantzule izango baldin eta, zerbitzu publikoa ematen ari direla, ibilgailuko bidaiariek arau hau betetzen ez badute

Dena dela, debekatu egiten da 12 urte baino gutxiagoko haurrak ibilgailuaren aurreko eserlekuetan direla zirkulatzea, baldin eta horretarako homologatutako aparaturik erabiltzen ez badute.

Era berean, debekatu egiten da hiru urtetik beherako haurrak ibilgailuko atzeko jarlekuan direla zirkulatzea baldin eta, haurrari eusteko, bere altuera eta pisura egokitutako sistema homologatu bat erabiltzen ez bada, arauz ezarritako salbuespenak salbuespen.

Debekatuta dago 12 urtetik beherako haurrak bidaiari gisa eramatea motor-bizikletetan edo motorretan ?berdin da sidekarra duten ala ez? edozein motatako bideetan.

Salbuespen gisa, zazpi urtetik gorako haurrak eraman ahal izango dira, baina bakar-bakarrik gidaria gurasoetako bat, tutorea edo horien baimena duen adin nagusiko bat bada, haurrak kasko homologatua badarama eta arauz ezarritako berariazko segurtasun-baldintzak betetzen badira.

Debekatuta dago trafiko-agenteen zaintza saihesteko gailuak edo sistemak instalatzea, eramatea edo egokitzea ibilgailuetan; baita helburu horrekin seinaleak egitea ere.

12. artikulua. Edari alkoholdunak, gai sorgorgarriak eta antzerakoak

Araudiz ezarritako mailatik gora alkoholdun edari, sorgorgarri, psikotropiko, estimulatzaile edo antzeko beste gai batzuk dituen gidariak ezin izango du ibilgailuarekin edo bizikletarekin zirkulatu, lege honen eraginpean dauden bideetan barrena.

(43/1999 Legearen arabera idatzia)

Ibilgailuetako eta bizikletetako gidari guztiak daude behartuta alkoholez toxikaturik aurkitzen ote diren jakiteko ezar daitezen probak egitera.

Era berean, zirkulazioko istripuren batean tarteko diren gainontzeko bide-erabiltzaileak ere horretara beharturik daude.

(43/1999 Legearen arabera idatzia).

Araudiz zehaztuko da proba horiek zeintzuk diren, eta jaurtitako arnasa neurtzeko baimen ofiziala duten alkohol-neurgailuen bidez egingo dira normalean. Trafikoa zaintzeko ardura duten bidezainek egingo dituzte probok.

Interesatuak eskatuta, edo Epailaritzak aginduta, halako proba horiekin konparatzeko, beste batzuk egin ahal izango dira; hala, odol-analisiak, gernu-analisiak edo antzeko beste batzuk egin ahal izango dira.

Osasun-langileek, probak egin ondoren, emaitzen berri eman beharko diete derrigorrez, bai Epailaritzari, bai Trafikoko Buruzagitza Nagusiko lurralde-organoei, eta bidezkoa denean, baita udal-agintari eskudunei ere.

Artikulu honetako lehenengo idatz-zatian aipatutako gainerako gaiak detektatzeko probak ere, araudi bidez ezarri ahal izango dira, eta aurreko paragrafoan aipatutako pertsona guztiek egin beharko dituzte, nahitaez egin ere.

II. KAPITULUA:

IBILGAILUEN ZIRKULAZIOA

1. Atala. Kokalekua

13. artikulua. Zirkulazioaren noranzkoa

Orokorrean, eta batik bat ikuspen gutxiko bihurgune eta malda-gainaldeetan, galtzadaren eskuineko bazterretik ahalik eta hurbilen zirkulatu behar dute ibilgailuek lege honen xede diren bide guztietan, eta segurtasunez gurutzatzeko behar den besteko tartea utzi behar dute alboan.

14. artikulua. Erreietan nola ibili

Elbarrien automobilak ez diren beste automobiletako gidariek galtzadatik zirkulatu behar dute, eta ez bazterbidetik, larrialdi-arrazoirik ez badago behintzat. Berdin egin behar dute, halaber, araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisu baimendua duten ibilgailu berezietako gidariek ere. Horrez gain, arau hauek bete behar dituzte gidariok:

a) Bi zirkulazio-noranzko eta bi errei dituzten galtzadetan beren eskuineko erreitik zirkulatu behar dute gidariek, erreiok bide-marrez banatuta zein banatu gabe badaude ere.

b) Zirkulazioaren bi noranzkoak eta luzetarako bide-marra etenez banatutako hiru errei dituzten galtzadetan ere eskuineko erreitik zirkulatu behar dute; eta inola ere ez, ezker-ezkerreko erreitik.

c) Noranzko bereko errei bat baino gehiagoko galtzadetan eskuinerengoko erreitik zirkulatu behar dute normalean gidariek, herritik kanpo. Hala ere, zirkulazioaren zein bidearen egoerak aukerarik ematen badu, noranzko bereko gainontzeko erreietatik ibili ahal izango dira, baldin eta atzetik datozen beste ibilgailuen martxa oztopatzen ez badute.

Noranzko bereko hiru errei edo gehiagoko galtzadetan, herritik kanpokoak badira, normalean eskuinerengoko erreitik zirkulatu behar dute, bai araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisu baimendua baino gehiagoko kamioietako gidariek, bai derrigorrez bazterbidetik zirkulatu beharrik ez duten ibilgailu berezietakoek, eta bai, azkenik, 7 metro baino gehiagoko luzera duten ibilgailu-taldeetakoek. Hala ere, alboko erreitik ere ibili ahal izango dira, aurreko idatz-zatian aipatutako egoera eta baldintza berberetan bada.

d) Noranzko bereko bi errei edo gehiagoko galtzadetatik herrian zirkulatzen denean, eta erreiok luzetarako bide-marrez mugatuta badaude, gidariek beren helmugara iristeko erreirik egokiena erabili ahal izango dute. Baina, ezin izango dira errei batetik bestera aldatzen ibili, norabidea aldatzeko ez bada, edo aurreratzeko, gelditzeko edo aparkatzeko ez bada.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, erreiak zenbatu behar direnean ez dira aintzat hartuko, ez trafiko motelerako izendatutako erreiak, ez eta, araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz, ibilgailu jakin batzuetarako direnak.

15. artikulua. Bazterbidetik ibiltzea

Animaliek tiratutako ibilgailuak, araudi bidez zehaztuko den gehienezko masa baimendua gainditzen ez duten ibilgailu bereziak, bizikletak, motor-bizikletak, mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuak edo txirrindularien atzetik doazen ibilgailuak gidatzen dituzten gidariek eskuineko bazterbidetik zirkulatu behar dute, halako ibilgailuentzat berezi gordetako biderik edo bide-zatirik ez badago, eta bazterbide hori bertatik zirkulatzeko modukoa eta nahikoa bada; bestela, ahalik eta galtzadaren zatirik txikiena okupatuz ibili behar dira.

Larrialdi-kasuak direla eta, astiroegi zirkulatzen ari badira, horrela zirkulazioa larri oztopatuz, motorrak, kotxeak eta araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisu baimendua baino gehiagokoak ez diren kamioiak gidatzen dituzten gidariek ere eskuineko bazterbidetik zirkulatu behar dute; edo, bestela, paragrafo honetan aipatutako egoeretan, ezinbestez okupatu beharreko galtzadaren zatia hartuz.

Dena dela, bizikleta-gidariek ibilgailu horietarako araudiz ezarritako gehienezko abiadura gainditu ahal izango dute bidegune batzuetan baldin eta bidearen ezaugarriengatik komenigarria bada azkarrago joatea; horrelakoetan, galtzadako eskuineko aldea hartu ahal izango dute, bereziki bihurguneak dituzten jaitsiera luzeetan.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Aurreko idatz-zatian aipatutako ibilgailuei debekatu egiten zaie parez pare zirkulatzea, salbu eta bizikletei eta bi gurpileko motor-bizikletei, araudiz ezarritako kasu eta moduetan eta bidearen ezaugarriei edo trafikoaren arriskuei erreparatuz.

(43/1999 Legearen arabera idatzia)

16. artikulua. Zirkulazioaren noranzkoaren kasu bereziak.

Zirkulazioa segurua eta arina izan dadin, zenbait aldaketa agindu ahal izango dituzte agintariek: horrela, batetik, zirkulazioaren beste noranzko bat hartzeko agindua eman dezakete; bestetik, erabat edo aldi baterako debeka dezakete bidegune batzuetan sartzea -eta hori, gainera, agindu orokorra izan daiteke edo ibilgailu edo erabiltzaile batzuentzat bakarrik emandakoa-; hirugarren, bide batzuk itxita utz ditzakete; baita ibilbide zehatz batzuetatik ibiltzera behartu ere; eta, azkenik, ohiko noranzkoaren kontra zenbait bazterbide edo erreitik ibiltzera behartu ere bai.

Zirkulazioa ez oztopatzeko, eta arina izango dela ziurtatzeko, debekuak edo murrizpenak ezarri ahal izango zaizkie ibilgailu jakin batzuei, bide jakin batzuetarako; debeku edo murrizpen horiek derrigorrezkoak izango dira dagozkien erabiltzaileentzat.

17. artikulua. Babesguneak, irlatxoak edo gida-adierazgarriak.

Bidean babesguneak, irlatxoak edo gida-adierazgailuak daudenean, martxaren noranzkoan haien eskuinera aurkitzen den galtzada-zatitik zirkulatu behar da. Hala ere, noranzko bakarreko bidean edo zirkulazioaren noranzko bati dagokion bidegunean badaude, alde batetik zein bestetik zirkulatu ahal izango da.

18. artikulua. Autobideetatik eta autobietatik zirkulatzea.

(43/1999 eta 9/2001 Legeen arabera idatzia)

Debekatuta dago autobide eta autobietan zirkulatzea animaliek tiratutako ibilgailuetan, bizikletetan, motor-bizikletetan eta mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuetan.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, txirrindulariek autobietako bazterbideetatik zirkulatu ahal izango dute, salbu eta, bide-segurtasuneko arrazoiengatik, dagokion seinalearen bitartez debekatzen bada.

Zirkulazioa segurua eta arina izan dadin, lege honek hartzen dituen bestelako bideetan ere zirkulaziorako beste mugapen batzuk ezar daitezke araudi bidez, aldi baterako edo betiko.

2. atala. Abiadura

19. artikulua. Abiadura-mugak.

Gidari guztiak beharturik daude ezarritako abiadura-mugak errespetatzera; eta, gainera, kontuan izan behar dituzte, bai bakoitzak bere egoera fisiko eta psikikoa, bai bidearen ezaugarriak eta egoera, bai ibilgailuaren eta ibilgailuko zamaren ezaugarriak eta egoera, zein eguraldia, ingurugiroa eta zirkulazioaren egoera ere, eta, oro har, une bakoitzean ager daitezen inguruabar guztiak. Hartara, egoera horietara egokitu ahal izango dute ibilgailuaren abiadura; eta, ondorioz, beti geratu ahal izango dute ibilgailua, bakoitzaren ikusterrean eta sor daitekeen edozein oztoporen aurrean.

Araudi bidez finkatuko dira motordun ibilgailuen zirkulaziorako baimendutako gehieneko eta gutxieneko abiadura orokorrak, lege honen xede diren gidari, ibilgailu eta bideetarako, guztion ezaugarriak kontuan hartuta.

Abiadurari dagokionez debeku edo betebehar bereziak dituzten tokietan seinale iraunkorrak jarriko dira, edo, beharrezkoa bada, aldi baterakoak.

Berariazko seinalerik ez dagoenean, bide-mota bakoitzerako ezarritako arau orokorrak bete beharko dira.

Araudi bidez ezarriko da, halaber, baimendutako gehieneko abiadura-muga orokor bat herri barruko eta herrietako bideetarako.

Bereziki arriskutsuak diren zeharbideetarako, bestalde, gutxitu egin daiteke muga hori, udalerriko agintariak eta bidearen titularra ados jarri eta gero; herri barruko bideetarako, aldiz, udal-korporazioan eskumenak dituen organoak hartu behar du erabaki hori.

Herri barruko lurretatik igarotzen ez diren bide laster eta errepide arruntetarako ezarritako gehieneko abiadura baino astiroago zirkulatzen ari diren ibilgailuak aurreratzeko, kotxeek eta motorrek gainditu egin dezakete gehieneko hori, baina orduko 20 kilometrotan bakarrik.

Kasu hauetan, gutxieneko abiadura-muga baino astiroago zirkulatu ahal izango da: garraio edo ibilgailu berezien kasuan, trafikoaren gorabeherak direla-eta gutxieneko abiadura gainditzeak zirkulazioa arriskutan jartzen duenean eta beste ibilgailu batzuei babesa ematen edo laguntzen ari diren ibilgailuen kasuan, betiere, araudiz ezarritako baldintzetan.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

20. artikulua. Ibilgailuen arteko tarteak, eta zaindu beharreko abiadura.

Arriskua hurre-hurrekoa denean izan ezik, gidariek, beren ibilgailuen abiadura nabarmen jaisteko, maniobra hori beste gidariei arriskurik sortu gabe egin dezaketela jakin behar dute ziur. Eta araudi bidez ezarriko denarekin bat etorriz, aldez aurretik ohartarazi behar diete. Nolanahi ere, maniobra hori ezin izango dute zakar egin, atzetik datozen ibilgailuekin talka egiteko arriskurik sor ez dezaten.

Gidariek, beste ibilgailu baten atzean doazenean, tarte libre bat utzi behar dute bi ibilgailuen artean, aurrekoak zakar balaztatu arren, aurrekoarekin talka egin gabe geratu ahal izateko moduan. Horretarako, ordea, kontu berezia egin behar diete abiadurari, eta itsaspen eta balaztatze baldintzei.

Dena dela, txirrindulariek taldeka zirkulatu ahal izango dute, baina arreta handiz, beren artean talka ez egiteko.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Aurreko paragrafoan xedatutakoaz gain, gidari orok, beste baten atzean doanean, hura aurreratzeko asmorik agertzen ez badu, bere atzetik datorrenak bera segurtasunez aurreratzeko tarte nahikoa utzi behar du, salbu eta taldeka doazen txirrindularien kasuan.

(19/2001 Legearen arabera idatzia).

Araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisu baimendua baino gehiagoko ibilgailuek, eta 10 metro baino luzera gehiagoko ibilgailuek eta ibilgailu-taldeek, horretarako, 50 metroko tartea utzi behar dute gutxienez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da ezarriko ondorengo kasuetan:

a) Herrian.

b) Aurreratzea debekatuta dagoen tokietan.

c) Noranzko berean errei bat baino gehiago dagoen tokietan.

d) Zirkulazioa ia itota dagoelako, aurreratzea ezinezkoa den kasuetan.

Debekatu egiten da bide publikoetan edo erabilera publikoko bideetan abiadura-lehiaketak egitea. Baina, salbuespenez bada ere, izango da egiterik, aginpidea duen agintaritzak bideak horretarako mugatu eta gero.

3. atala. Pasatzeko lehentasuna

21. artikulua. Lehentasun-arau orokorrak

Elkarguneetan, pasatzeko lehentasuna nori dagokion jakiteko, lehentasuna arautzen duten seinaleen arabera egin behar da beti.

Pasatzeko lehentasuna arautzeko seinalerik ez badago, gidariaren eskuineko aldetik hurbiltzen diren ibilgailuei utzi behar die pasatzen gidari horrek, ondorengo kasuetan izan ezik:

a) Zoladura jarri gabeko bidetik zirkulatzen ari diren ibilgailuek barik, zoladura jarrita daukan bidetik zirkulatzen ari diren ibilgailuek izango dute pasatzeko lehentasun-eskubidea.

b) Errail gainetik zirkulatzen ari diren ibilgailuek dute pasatzeko lehentasun-eskubidea, beste guztiek baino lehenago.

c) Biribilguneetan, sartu nahi dutenek barik, aurretik bide biribilean aurkitzen direnek dute pasatzeko lehentasuna.

d) Araudi bidez beste salbuespen batzuk ezarri ahal izango dira.

22. artikulua. Estuguneak eta aldapa handiko bideguneak

Bidegunea estua delako, kontrako noranzkoan doazen bi ibilgailu aldi berean pasatzea ezinezkoa edo oso zaila bada, eta horretarako seinale zehatzik ez badago, bidegune horretan sartzen den lehenengoak izango du pasatzeko lehentasuna.

Zalantzazkoa bada nor izan den lehenengo sartu dena, maniobratzeko zailtasunik handienak dituen ibilgailuak izango du lehentasuna, araudi bidez aginduko denaren arabera.

Aurreko zenbakian bideen estuerari buruz zehaztutako ezaugarriak dituzten aldapa handiko bideguneetan, aldapan gora zirkulatzen ari den ibilgailuak izango du pasatzeko lehentasuna, baldin eta ibilgailu horrek baztergune bereziren batera lehenago iristerik ez badu.

Zalantzarik badago, aurreko zenbakian ezarritakoa bete beharko da.

23. artikulua. Gidariak, oinezkoak eta animaliak.

(43/1999, 55/1999 eta 19/2001 Legeen arabera idatzia)

Gidariek dute ibilgailuekin pasatzeko lehentasuna, oinezkoek baino lehenago. Hala ere, salbuespen dira kasu hauek:

a) Oinezkoen pasaguneak, behar den moduan seinaleztatuta daudenean.

b) Gidariek ibilgailuarekin beste bide batera sartzeko jiratzekotan dauden unean oinezkoak bide hori zeharkatzen ari badira, nahiz eta oinezkoentzako pasagunerik ez egon.

c) Oinezkoentzako gunerik ez dagoela eta, oinezkoak bazterbidetik dabiltzala, ibilgailuarekin bazterbide hori zeharkatzen denean.

Oinezkoentzako guneetan, ibilgailuentzat prestatutako pasaguneak zeharkatzen ari badira gidariak ibilgailuekin, bertatik dabiltzan oinezkoei pasatzen utzi behar diete gidariek nahitaez.

Honako hauei ere pasatzen utzi behar diete:

a) Pertsona-taldeak garraiatzeko ibilgailuren batera igotzekotan dauden edo bertatik jaitsi diren oinezkoei, behar den moduan seinaleztatuta badago geralekua, eta ibilgailu horretatik eta oinezkoentzako gune edo babesgunerik hurbilenera bitartean aurkitzen badira oinezkook.

b) Ilaran dabiltzan soldadu-taldeei, ikasle-ilarei edo antolatutako segizioei.

Gidariek dute ibilgailuekin pasatzeko lehentasuna, animaliek baino lehenago. Hala ere, salbuespen dira kasu hauek:

a) Abelbideak, behar den moduan seinaleztatuta daudenean.

b) Gidariek ibilgailuarekin beste bide batera sartzeko jiratzekotan dauden unean animaliak bide hori zeharkatzen ari badira, nahiz eta animalientzako pasabiderik ez egon.

c) Abelbiderik ez dagoela eta, animaliak bazterbidetik dabiltzala, ibilgailuarekin bazterbide hori zeharkatzen denean.

Kasu hauetan, txirrindulariek pasatzeko lehentasuna dute motordun ibilgailuen aldean.

(55/1999 eta 19/2001 Legeen arabera idatzia)

a) Bizikleta-errei batetik, txirrindularientzako pasagune batetik edo txirrindulariek bakarrik erabiltzeko behar bezala baimendutako bazterbidetik zirkulatzen ari direnean.

b) Beste bide batean sartzeko, motordun ibilgailuak eskuinera edo ezkerrera jo behar duenean, hori egin dezakeenean, eta inguruetan txirrindulari bat dagoenean.

c) Txirrindulariak taldean doazenean, mugitzen ari den unitate bakartzat hartuko dira igarotzeko lehentasunari begira.

Hiri barruko zirkulazioan kasuan kasuko udal-ordenantzetan xedatutakoa beteko da.

Gainerako kasuetan, ibilgailuen arteko lehentasunari buruz lege honetan jasotzen diren arau orokorrak aplikatuko dira.

24. artikulua. Pasatzen uztea eta elkarguneak

Beste ibilgailu bati pasatzen utzi behar dion ibilgailuko gidariak ezin du abiatzen edo maniobretan hasi edo jarraitu, ez eta halakoei berriz ekin ere, harik eta lehentasuna duen ibilgailuko gidariak ziur jakin arte lehenengo horrek ez duela traiektoria edo abiadura zakar aldatu beharrean jarriko. Eta gainera, lehenengoak garaiz erakutsi behar dio besteari benetan utziko diola pasatzen, bai berak zirkulatzeko duen moduaren bidez, bai, eta batez ere, arian-arian abiadura jaitsiz joango delako.

Nahiz eta pasatzeko lehentasuna izan, gidariak ez dira sartu behar ibilgailuekin elkarguneetan edo oinezkoentzako pasaguneetan, baldin eta, zirkulazioaren egoeragatik, ziurrenik ere bertan geratuta egon badaitezke, eta, ondorioz, zeharkako zirkulazioa eragotzi edo oztopa badezakete.

Semaforo bidez zuzendutako elkarguneren batean ibilgailua geratuta duten gidariek, baldin eta egoera horrekin zirkulazioa oztopatzen badute, hartu nahi duten noranzkorako zirkulazioa irekita eduki arte itxaron gabe irten behar dute elkargunetik; baina, horretarako, bidea irekita duten beste erabiltzaileen martxa oztopatu gabe jokatu behar dute.

25. artikulua. Larrialdi-zerbitzuan dabiltzan ibilgailuak

Larrialdi-zerbitzuko ibilgailu publiko zein pribatuek, larrialdi-zerbitzuan dabiltzanean, pasatzeko lehentasuna dute, gainontzeko ibilgailuek baino lehen eta beste bide-erabiltzaileek baino lehen.

Ezarritako abiadura-mugak gaindituz zirkulatu dezakete, baita bestelako arau edo seinale batzuk bete gabe ere, baina araudi bidez zehaztutako kasuetan eta baldintzetan izango da hori.

4. atala. Zirkulazioan sartzea

26. artikulua. Ibilgailuak zirkulazioan sartzea.

Zirkulazioan sartu nahi duen gidariak, bai bide batean geldituta edo aparkatuta dagoen ibilgailu bateko gidariak, zein bide horretara sartzeko bideetatik, bertako zerbitzuguneetatik edo aldameneko jabetzaren batetik datorren ibilgailuko gidariak, beste erabiltzaileei arriskurik sortu gabe sar daitekeela jakin behar du ziur aldez aurretik. Hala behar izanez gero, beste pertsona baten argibideak jarraitu beharko ditu horretarako; eta beste ibilgailuei pasatzen utzi behar die, eta ibilgailu horiek non dauden eta nolako traiektoria eta abiadura daramatzaten kontuan harturik jokatu. Nolanahi ere, kasu horietarako derrigorrezkoak diren seinaleen bidez adierazi behar du sartu nahi duela.

Hartu nahi den bidean bizkortzeko erreirik badago, bide horri dagokion abiaduraz sartzen ahalegindu behar da bertara doan gidaria.

27. artikulua. Zirkulazioan sartzeko bidegunean ibilgailuak gidatzeko modua

Zirkulazioan sartzen diren ibilgailuetako gidariek aurreko artikuluko aginduak betetzeko betebeharra badute ere, beste gidariek ere, ahal den heinean, erraztu egin behar diete maniobra hori, batez ere pertsona-taldeak garraiatzeko ibilgailua bada seinalez adierazitako geralekutik zirkulazioan sartu nahi duena.

5. atala. Norabide-aldaketak, noranzkoaren aldaketak eta atzeraka ibiltzea

28. artikulua. Bidez, galtzadaz eta erreiz aldatzea

Ibilgailuren bateko gidariak, bera zirkulatzen ari den bidetik barik beste batetik zirkulatzeko, edo bide bereko beste galtzada bat hartzeko, edo, bestela, bidetik irteteko, eskuinera edo ezkerrera jiratu nahi badu, maniobra hori aldez aurretik eta behar beste denborarekin adierazi behar die bidean berearen atzetik zirkulatzen ari diren ibilgailuetako gidariei. Horrez gain, guztiz ziur egon behar da kontrako noranzkoan datozen ibilgailuen abiaduraz eta tarteaz, berak arriskurik gabe maniobra egin ahal izateko.

Nolanahi ere, norabidea ezkerrera aldatu nahi badu, eta ikuspena nahikoa ez bada, ez du maniobra hori egin behar.

Albo batera mugitzeko, erreiz aldatu behar bada, hartu nahi den erreitik zirkulatzen ari den ibilgailuaren lehentasuna errespetatuz egin behar da maniobra hori.

Norabide-aldaketak direla eta, araudi bidez zehaztuko da halako kasu guztietarako beharrezko maniobrak egiteko modua.

29. artikulua. Noranzkoaren aldaketak.

Bere martxaren noranzkoa beste aldera aldatu nahi duen ibilgailuko gidariak leku egokia aukeratu beharko du maniobra hori egiteko, ahalik eta denborarik gutxienean eten dezan bidea. Bestalde, eta nahikoa lehenago hasita, agindutako seinaleak erabili behar ditu bere asmoak adierazteko, eta ziur egon behar da ez dituela arriskuan jarriko edo oztopatuko beste bide-erabiltzaileak.

Bestela, ezin izango du maniobra hori egin, eta maniobra egiteko unerik egokiena iritsi arte itxaron beharko du.

Noranzkoaren aldaketa egiteko itxaroten dagoela, galtzadan geratuta egotearekin atzetik zirkulatzen ari diren ibilgailuak geldiarazten baditu, ahal izanez gero, galtzadatik irten behar du eskuineko aldetik, harik eta zirkulazioa noranzkoa aldatzeko maniobra egin ahal izateko moduko egoerara itzuli arte.

30. artikulua. Noranzkoaren aldaketa egiteko debekua.

Aurreko artikuluan aipatutako egoerak egiaztatzerik ez badago, debekatu egiten da honako kasuetan noranzkoa aldatzea: batetik, trenbide-pasaguneetan eta tunel-seinalea duten bideguneetan; bestetik, autobide eta autobietan, horretarako prestatuta dauden tokietan izan ezik; eta, oro har, aurreratzea debekatuta dagoen bidegune guztietan, noranzkoa aldatzea berariaz baimenduta ez badago.

31. artikulua. Atzeraka ibiltzea

Debekatuta dago atzeraka zirkulatzea, kasu hauetan izan ezik: batetik, aurrerantz ibili ezin, eta norabidea nahiz noranzkoa aldatu ezin direnean, eta, bestetik, beste maniobraren bat egiteko, maniobra osagarri moduan, derrigorrez atzeraka ibili behar denean. Nolanahi ere, ibiltarterik txikienean burutu behar da maniobra hori.

Atzeraka ibiltzeko maniobra astiro egin behar da, agindutako seinaleekin adierazi ondoren. Gainera, maniobra egiteko ikuspena, tartea eta denbora nahikoak direla kontuan hartuta, beste bide-erabiltzaileei arriskurik sortu gabe egin daitekeela jakin behar du ziur gidariak; horretarako, behar izanez gero, ibilgailutik irten ere egin beharko du, edo beste pertsona baten adierazpenak jarraitu.

Debekatuta dago autobia eta autobideetan atzeraka ibiltzea.

6. atala. Aurreratzea

32. artikulua. Aurreratzea nolako noranzkoan egin.

Lege honen eraginpean dauden errepide guztietan hauxe da arau orokorra: aurreratu nahi den ibilgailuaren ezkerretik egin behar da aurreratzea.

Salbuespenez, eta aurreratzeko nahikoa tarterik badago, eskuinetik egingo da aurreratzea, kontu handiz ibiltzeko neurri guztiak hartuz; baina horretarako, aurreratu nahi den ibilgailuko gidariak argi eta garbi adierazi behar du ezkerrerako norabide-aldaketa egiteko edo alde horretan gelditzeko asmoa duela. Berdin egin daiteke, halaber, zirkulazioaren bi noranzkoak dituzten bideetan, bide erditik dabiltzan tranbiak aurreratzeko ere.

Artikulu honetako 1. zenbakian aipatutako arau orokorraren agiango salbuespenak eta aurreratzeko maniobraren berezitasunak araudi bidez ezarriko dira, maniobra hori gauzatzen den errepidearen izaera edo egitura kontuan hartuta.

33. artikulua. Aurreratzeko arau orokorrak

Ibilgailua albora mugitu behar bada aurreratzeko, aurreratzen hasi baino lehen, agindutako seinaleak erabiliz, garaiz adierazi behar du gidariak aurreratzeko asmoa duela. Eta, aurreratzeko erabili nahi duen erreitik kontrako noranzkoan zirkulatzen ari direnei arriskurik eta eragozpenik sortu gabe maniobra egiteko nahikoa tarterik baduela jakin behar du ziur. Horretarako, bere abiadura eta gainontzeko erabiltzaileena hartu behar ditu kontuan.

Bestela, ezin izango du maniobra hori egin.

Aurreratzeko asmoa duen gidariak, lehengoez gain, ziur jakin behar du errei beretik aurrean doan ibilgailuko gidariak ez duela adierazi alde berberera mugitzeko asmorik. Baina asmo hori adierazi badu, aurrekoaren lehentasuna errespetatu behar du.

Hala ere, zentzuzko itxaronaldi baten ondoren, aipatutako ibilgailuko gidariak bere lehentasun-eskubidea erabiltzen ez badu, aurreratzeko maniobra hasi ahal izango du, aurreko ibilgailuari ikus-seinaleen edo hots-seinaleen bidez maniobra adierazi ondoren.

Era berean, gidariak ziur jakin behar du, bai bere erreian atzean dabilen beste gidari batek ere ez duela hasi bere ibilgailua aurreratzeko maniobrarik, bai berak maniobra bukatzen duenean bere eskura itzultzeko nahikoa tarterik baduela ere.

Arau hauen ondorioetarako, ez dira aurreratzetzat hartuko taldean doazen txirrindularien artean gertatzen direnak.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

34. artikulua. Nola aurreratu

Gidariren batek aurreratzeko maniobra egiten diharduenean, aurreratu nahi duen ibilgailua baino nabarmen bizkorrago eraman behar du bere ibilgailua, eta maniobra segurtasunez egin ahal izateko behar besteko tartea utzi behar du alboan, bi ibilgailuen artean.

Aurreratzen hasi eta gero, maniobra hori arriskurik eragin gabe burutzeko zailtasunak sortzen dituzten inguruabarrak gertatzen direla antzematen badu gidariak, abiadura azkar jaitsi, eta bere aldera itzuli behar da, baina agindutako seinaleen bidez adierazi behar die hori atzean datozenei.

Beste ibilgailuren bat aurreratu duen ibilgailuko gidaria lehenbailehen itzuli behar da bere erreira, ezari-ezarian itzuli ere, beste erabiltzaileei beren traiektoria edo abiadura aldarazi gabe; eta agindutako seinaleen bidez adierazi behar du bere maniobra.

Motor-bizikleta bat edo multzo bat aurreratu nahi duen automobilak galtzadako alboko erreia edo horren zati bat hartuko du aurreratzeko, betiere, legean aurreikusitako baldintzak gertatzen badira maniobra hori egiteko.

Guztiz debekatuta dago aurreratzea baldin eta kontrako noranzkoan doazen txirrindulariak arriskuan jartzen badira edo traba egiten bazaie.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsia eta 62/2003 Legeak aldatua)

35. artikulua. Aurreratutako ibilgailua

Atzetik datorren ibilgailuak berea aurreratzeko asmoa adierazten duela ikusten badu gidari batek, galtzadaren eskuineko bazterrera hurbildu behar du estu-estu. Ez, ordea, lege honen 32.2. artikuluan aipatutako moduan norabidea ezkerrera aldatu edo alde horretan gelditzeko denean. Azken kasu horietan, izan ere, ahalik eta gehien hurbildu beharko da ezkerrera, baina kontrako noranzkoan zirkulatzen ari diren ibilgailuen martxa eragotzi gabe.

Aurreratu behar den ibilgailuko gidariari debekatu egiten zaio bere abiadura gehitzea, edo bere ibilgailua aurreratzea zaildu nahiz eragotz dezakeen beste edozein maniobra egitea.

Era berean, gidari horrek jaitsi egin behar du bere ibilgailuaren abiadura, baldin eta, aurreratzeko maniobra hasi ondoren, bere ibilgailuarentzat, aurreratzeko maniobra egiten ari denarentzat, kontrako noranzkoan zirkulatzen ari direnentzat edo beste edozein bide-erabiltzailerentzat arriskurik sor dezakeen egoerarik gertatzen bada.

36. artikulua. Aurreratzeko debekuak

Debekatuta dago honakoetan aurreratzea:

Ikuspen gutxiko bihurgune eta malda-gainaldetan, eta, oro har, maniobra egin ahal izateko, edo maniobrari ekin ondoren bertan behera uzteko behar den ikuspenik ez duten leku edota egoera guztietan. Hala ere, salbuespen izango dira zirkulazioaren bi noranzkoak argi mugatuta dauzkaten tokiak, baldin eta kontrako noranzkoarentzako aldean sartu gabe egin badaiteke maniobra.

Oinezkoentzako pasaguneetan, hala seinaleztatuta badaude, eta trenbide-pasaguneetan eta bertatik hurbil.

Elkarguneetan eta bertatik hurbil, honakoetan izan ezik:

a) Jiratuz zirkulatzeko diren plazetan.

b) Eskuineko aldetik aurreratu behar denean, lege honen 32.2. artikuluan adierazitakoaren arabera.

c) Aurreratzeko maniobra egiteko erabilitako galtzadak elkargunean lehentasuna badu, eta lehentasun hori adierazten duen seinalerik badago.

d) Bi gurpileko ibilgailuak aurreratzen direnean.

37. artikulua. Aurreratzeko kasu bereziak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Aurreratzea debekatuta dagoen bideguneren batean ibilgailuren bat ibilgetuta badago, eta galtzada osoa edo zatiren bat hartzen badu martxaren noranzkoaren erreian, eta trafikoaren premien eraginez ibilgetutakoa ez bada, ibilgailu horri aurrea hartu ahal izango zaio, aurreratzeko maniobra arriskurik gabe burutu daitekeela ziur egon eta gero, nahiz eta, horretarako, galtzadaren ezkerreko erreiko zati bat hartu beharra izan.

Baldintza berberetan aurreratu ahal izango dira txirrindulariak ere.

7. atala. Gelditzea eta aparkatzea

38. artikulua. Gelditu eta aparkatzeko arau orokorrak

Herriz kanpoko bideetan ibilgailua gelditu edo aparkatzea, galtzadatik kanpo egin beharko da beti, galtzadaren eskuineko aldean, eta bazterbidearen zati ibilgarria libre utziz.

Herri barruko bideetan, galtzada barruan edo bazterbidean gelditu edo aparkatu behar denean, eskuineko bazterretik ahalik eta hurbilen jarri behar da ibilgailua; hala ere, noranzko bakarreko bideetan ezkerreko aldean ere utzi ahal izango da.

Zirkulazioa oztopatu gabe eta beste bide-erabiltzaileak arriskuan jarri gabe gelditu eta aparkatu behar da ibilgailua. Arreta berezia jarri behar da, gainera, ibilgailua ondo kokatzeko, eta gidariak alde egin eta gero ibilgailua berez mugi ez dadin, beti ere, araudi bidez ezar daitezen arauekin bat etorriz.

Herri barruko bideetan gelditzeko eta aparkatzeko araubidea udal-ordenantzen bidez arautuko da, eta zirkulazioa ez oztopatzeko behar diren neurriak hartuko dira, hala nola, aparkaldiaren iraupena mugatzeko ordutegiak, eta beste neurri zuzentzaile batzuk, ibilgailuak bertatik kendu eta gordailuan uztea barne, gidaria nor den jakin arte, aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzeko gaitzen duen titulurik gabe daudenean, edo baimendutako denboratik gora daudenean.

(5/1997 Legearen arabera idatzia)

39. artikulua. Gelditu eta aparkatzeko debekuak.

(5/1997 eta 19/2001 Legeen arabera idatzia)

Debekatuta dago honako kasuotan gelditzea:

a) Ikuspen gutxiko bihurgune eta malda-gainaldeetan, horien inguruetan, eta tuneletan.

b) Trenbide-pasaguneetan, txirrindularientzako pasaguneetan eta oinezkoentzako pasaguneetan.

c) Erabiltzaile zehatz batzuen zirkulazio edo zerbitzurako soil-soilik gordetako erreietan edo bide-zatietan.

d) Elkarguneetan eta elkargune-inguruetan.

e) Tranbien errailen gainean; baita bertatik hurbil ere, baldin eta tranbiaren zirkulazioa oztopatzeko moduan bada.

f) Erabiltzaileengan eragina duten bide-seinaleak ikusteko eragozpenak sortzeko moduko lekuetan, edo maniobrak egitera behartzeko moduko lekuetan.

g) Autobia eta autobideetan, horretarako prestatutako lekuetan izan ezik.

h) Hiriko garraio publikorako soil-soilik izendatutako erreietan, edo txirrinduentzako gordetako bideetan.

i) Hiriko garraio publikorako soil-soilik izendatutako aparkaleku eta geralekuetan.

j) Elbarriek bakarrik erabiltzeko seinaleztatutako guneetan eta zebra-bideetan.

Debekatuta dago honako kasuotan aparkatzea:

a) Artikulu honetako aurreko zenbakian azaldutako guztietan, debekatuta baitago gelditzea.

b) Udal-agintariek xedatuta, ordutegi mugatuko aparkalekuetarako gaitutako tokietan, aparkaldirako baimena ematen duen ezaugarria jarri gabe bada, edo, ezaugarria jarrita izan arren, udal-ordenantzek onartutako gehieneko denboratik gora badago.

c) Zama-lanetarako seinaleztatutako eremuetan.

d) Elbarriek soil-soilik erabiltzeko seinaleztatutako eremuetan.

e) Espaloi, pasealeku, eta oinezkoak pasatzeko izendatutako beste eremuetan.

f) Behar bezala seinaleztatutako ibien aurrean.

g) Bigarren ilaran.

8. atala. Trenbide-pasaguneak eta zubi altxagarriak zeharkatzea

40. artikulua. Trenbide-pasaguneei eta zubi altxagarriei buruzko arau orokorrak

Trenbide-pasaguneetara edo zubi altxagarrietara hurbiltzerakoan, berebiziko arreta jarri behar dute gidari guztiek, eta baimendutako gehieneko abiaduran baino astiroago ibili behar dira.

Trenbide-pasagune batera edo zubi altxagarri batera iritsi, eta itxita badago edo ixten ari bada bertako langa edo langa-erdia, bata bestearen atzean geratu behar dira erabiltzaileak, bakoitzari dagokion erreian, harik eta bidea libre izan arte.

Astirik galdu gabe zeharkatu behar da trenbidea. Horrez gain, zirkulazioaren egoerarengatik edota bestelako arrazoiengatik pasagunean ibilgetuta geratzeko arriskurik ez dagoela jakin behar da ziur.

Trenbide-pasaguneak eta zubi altxagarriak behar bezala seinaleztatu behar ditu bidearen titularrak.

41. artikulua. Trenbide-pasaguneak eta zubi altxagarriak oztopatzea

Trenbide-pasagune batean ibilgailu bat ezinbestean geratuta badago, edo ibilgailuak daraman zama bertara erortzen bazaio, ibilgailuko bidaiariak bertatik ahalik eta bizkorren ateratzeko, eta bidea ahalik eta lasterren libratzeko neurri egokiak hartu behar ditu gidariak.

Horrela egiterik lortzen ez badu, eskura dituen neurri guztiak hartu beharko ditu, bai errailetatik zirkulatzen ari diren ibilgailuetako gidariak, eta bai hurbiltzen ari diren gainontzeko ibilgailuetako gidariak arriskuaz garaiz ohartarazteko.

9. atala. Argien erabilera

42. artikulua. Argiak nahitaez erabili beharra.

Eguzkia sartzen denetik irten arteko orduetan zirkulatzen ari diren ibilgailu guztiek, eta «tunel» seinalea duten tuneletatik eta gainontzeko bideguneetatik zirkulatzen ari diren ibilgailu guztiek, eguneko edozein ordutan dela ere, piztuta eraman behar dituzte araudi bidez zehaztuko diren argiak.

Egun-argiz ere piztuta eraman behar dituzte araudi bidez zehaztuko diren argiak honako ibilgailu hauek:

a) Lege honen eraginpean dauden bideetatik zirkulatzen ari diren motorrek.

b) Errei itzulgarri batean, edo dena delako galtzadan ohiko noranzkoaren kontra zirkulatzen ari diren ibilgailu guztiek; horretarako berdin da, bai ibilgailu horiek soilik zirkulatzeko gordeta egotea errei hori, bai salbuespenez noranzko horretan zirkulatzeko irekita egotea ere.

Bizikletek, gainera, araudi bidez ezarritako elementu islatzaile homologatuak eramango dituzte, nahitaez izan behar baitituzte jarrita araudi horren arabera.

Argiak piztuta eramatea nahitaezkoa denean, txirrindulariek jantzi islatzaileren bat ere eraman behar dute baldin eta herrien arteko bideetatik zirkulatzen ari badira.

(43/1999 Legearen ondorioz erantsia eta 19/2001 Legeak aldatua)

43. artikulua. Argiak erabiltzeko kasu bereziak

Eguraldiaren edo ingurugiroaren eraginez ikuspena nabarmen gutxitzen duten egoerak gertatzen direnean ere derrigorrezkoa izango da araudi bidez zehaztuko diren argiak erabiltzea; esaterako, behe-lainoa, euri-jasak, elurra, ke-multzoak, hauts-lainoak, edo antzeko beste edozein egoera gertatzen denean.

10. atala. Gidarien ohartarazpenak

44. artikulua. Gidarien ohartarazpenak.

Gidariek beren ibilgailuekin egin behar dituzten maniobrez ohartarazi behar dituzte gainontzeko bide-erabiltzaileak.

Arau orokorra hauxe da: ohartarazpen horiek ibilgailuaren argi-seinaleen bidez egingo dira, eta argi-seinalerik ezean, besoarekin, araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz.

Salbuespenez, edo lege honen edo bere araudien arauren batean horrela agertzen denean, hots-seinaleak erabil daitezke. Baina debekatuta dago beharrik gabe edo gehiegikeriaz erabiltzea.

Larrialdi-zerbitzuetako ibilgailuek, publiko nahiz pribatuek, eta beste ibilgailu berezi batzuek, beste era bateko ikus-seinaleak eta hots-seinaleak erabil ditzakete, araudi bidez zehaztuko diren kasu eta egoeretan.

III. KAPITULUA.

ZIRKULAZIOKO BESTE ARAU BATZUK

45. artikulua. Ateak

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Debekatuta dago, bai ibilgailuaren ateak irekita eramatea, bai ibilgailua erabat ibilgetu baino lehen ateak irekitzea, eta bai, azkenik, ateak irekitzea edo ibilgailutik jaistea ere, beste erabiltzaileei, bereziki bizikleta-gidariei, ez arriskurik ez oztoporik sortuko ez zaiela aurrez ziur jakin gabe.

46. artikulua. Motorra itzaltzea

Gidariak, ibilgailu barruan jarraitu arren, honako kasuetan deskonektatu egin behar du motorra: tunel barruan edo leku itxian ibilgailua geratuta dagoenean, eta erregaia hartzen ari den bitartean.

47. artikulua. Uhala, kaskoa eta gainerako segurtasun-elementuak

Ibilgailu motordun eta motor-bizikletetako gidariek eta bidaiariek segurtasun-uhala, kaskoa eta gainerako segurtasun-elementuak erabili behar dituzte, araudi bidez zehaztuko diren kasu eta baldintzetan.

Bizikleten gidariek eta, badaude, bidaiariek nahitaez erabili behar dute kaskoa herri-arteko bideetan, araudi bidez ezarritako baldintzetan.

(43/1999 Legearen ondorioz erantsitako paragrafoa)

Araudi bidez finkatuko dira, halaber, aurreko zenbakiko arauaren salbuespenak, gaiari buruzko nazioarteko gomendioei jarraiki, eta gidari elbarrien baldintza bereziak kontuan hartuz.

48. artikulua. Atsedenaldiak eta gidaldiak

Segurtasun-arrazoiak direla eta, arautu egin daitezke gidaldiak eta atsedenaldiak. Ibilgailuak gidatzeko prestatutako pertsona bat baino gehiago joatea ere eska daiteke, kasu batzuetan, ibilgailu bakoitzerako.

49. artikulua. Oinezkoak.

Oinezkoak oinezkoentzako guneetatik ibili behar dira. Baina, oinezkoentzako gunerik ez badago edo ibilgarria ez bada, bazterbidetik ibil daitezke, edo, halakorik ezean, galtzadatik, araudi bidez zehaztuko diren arauekin bat etorriz.

Herritik kanpo, lege honek barne hartzen dituen bide guztietan, eta herriko bideguneetan, berariaz oinezkoentzako lekurik ez duten errepideen garapeneko guneetan, oro har, ezkerreko aldetik ibili behar dira oinezkoak.

Debekatuta dago oinezkoak autobidean ibiltzea, araudi bidez zehaztuko diren kasu eta baldintzetan izan ezik.

50. artikulua. Animaliak

Lege honek araututako bideetatik ibili, abelbide erabilgarririk ez dagoenean eta norbaitek zainduta dabiltzanean baino ezin izango dira ibili lor-abereak, zamariak, zelako abereak eta abelburuak; azken horiek, ordea, bakarka nahiz taldean edo aldraka ibil daitezke.

Halakoetan, ibilgailu-zirkulazio gutxien daukan bide alternatibotik ibili behar dira, eta araudi bidez erabakiko denarekin bat etorriz.

Animaliek debekatuta dute autobideetan edo autobietan zirkulatzea.

51. artikulua. Laguntza

Bide-istripuren bat dagoenean, bai tarteko diren bide-erabiltzaileek, zein istripua ikusi edo haren berri dutenek ere, honela jokatu behar dute: -bertan inork kalterik izan badu, laguntza eman behar diete kaltedunei, edo, bestela, haientzako laguntza eskatu; -gainera, arrisku edo kalte handiagorik izan ez dadin ahalegindu behar dira; -are gehiago, ahal den neurrian segurua bilakatu behar dute berriro zirkulazioa; -eta, azkenik, gertatutakoari buruzko argibideak jaso eta eman behar dituzte.

Istripu edo matxuraren bat gertatu delako, ibilgailuak edo ibilgailuaren zamak galtzada oztopatzen badu, gidariek egoki seinaleztatu behar dute dena delako ibilgailua edo sortutako oztopoa, eta ondoren, ahalik eta lasterren bertatik kentzeko ezinbestekoak diren neurriak hartu; horretarako, ordea, galtzadatik atera behar dute aipatutako ibilgailu edo zama hori, eta ahal izanez gero, aparkatzeko arauak betez kokatu.

52. artikulua. Publizitatea

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Debekatuta dago motordun ibilgailuen publizitatea egitea, baldin eta hitzez edo idatzita ematen diren argudioekin eta erabiltzen diren hots-elementu edo irudiekin, larregiko abiadura erabiltzera, ausarkeriaz gidatzera edo egoera arriskutsuetara bultzatzen bada, edo lege honen printzipioen kontrako gidatzeko erak suspertzeko inguruabarrak indartzen badira edota, baita ere, gidariarengan segurtasun-sentsazio faltsu edo justifikaziorik gabea sortzen bada.

Hemen aipatutako publizitateak administrazioaren baimena behar du aurrez, horrela baita publizitatea arautzen duten legeetan ezarritakoaren arabera.

III. TITULUA:

SEINALEAK

KAPITULU BAKARRA

53. artikulua. Seinaleei buruzko arau orokorrak.

Legearen xede diren bideetako bide-erabiltzaile guztiek men egin behar diete betebehar edo debekuren bat ezartzen duten zirkulazioko seinaleei; era berean, bideetatik zirkulatzen ari direnean aurkitutako arauzko gainerako seinaleen aginduetara egokitu behar dituzte beren jokabideak.

Hortaz, seinaleak gelditzeko agintzen badu, horrela gelditutako ibilgailuaren gidaria ezin izango da berriro abiatu seinaleak ezartzen duen helburua bete arte.

Ordainketa dinamikoa edo teleordainketa erabiltzen duten ibilgailuek sistema hori egoki erabiltzeko behar diren bitarteko teknikoak izan behar dituzte.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

Bete gabe uzteko arrazoi berezirik ez badago behintzat, seinaleetan adierazitako aginduak bete behar dituzte bide-erabiltzaileek, nahiz eta zirkulaziorako jokabideak ezartzen dituzten arauekin bat ez datozela iruditu.

54. artikulua. Seinaleen arteko lehentasuna.

Zirkulazioko seinale-mota guztien arteko lehentasunen hurrenkera hauxe da:

1. bidezainen seinale eta aginduak.

2. Bideetan ibiltzeko ohiko araubidea aldatzen duten aldi baterako seinaleak.

3. Semaforoak.

4. zirkulazioko seinale bertikalak.

5. bide-marrak.

Seinaleak diferenteak izan, eta bertan adierazitako aginduak elkarren aurka daudela badirudite, aurreko paragrafoan aipatutako hurrenkeraren arabera lehentasuna duen seinalea izango da nagusi; eta seinaleak mota berekoak direnean, murriztaileena.

55. artikulua. Seinaleen taxua.

Araudi bidez finkatuko da zirkulazio-seinaleen eta bide-marren zerrenda ofiziala, nazioarteko araudi eta gomendioetan gai horri buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

Zerrenda horretan zehaztu behar dira, nahitaez, seinaleen forma, kolore, diseinu eta esanahiak; neurriak ere bertan zehaztu behar dira, bide-mota bakoitzaren arabera, eta seinaleok kokatzeko sistemak kontuan hartuta.

Araudi bidez ezar daitezen zehaztasunak bete beharko dituzte lege honek barne hartzen dituen bideetan erabil daitezen seinaleek eta bide-marrek.

56. artikulua. Seinaleetako hizkuntza.

Seinaleetan idatzitako adierazpenetan, gutxienez, Estatuko hizkuntza ofizial espainola erabili behar da.

57. artikulua. Seinaleen mantenimendua eta aldi baterako seinaleak

Bidearen titularraren erantzukizuna da bidea zirkulaziorako segurtasun-baldintzarik onenetan mantentzea eta, bertan, seinale eta bide-marra egokiak jarri eta zaintzea.

Bidean bestelako zirkulazioko seinaleak jartzeko aurretiazko baimena ematea ere bidearen titularrari dagokio.

Larrialdirik badago, aurretiazko baimenik gabe ezar ditzakete aldi baterako seinaleak agintaritzako agenteek.

Zirkulazioan gorabeherak izan direla-eta, aldi baterako seinaleak jartzeko erantzukizuna, eta zirkulazioa kontrolatzeko seinale aldakorrak jartzeko erantzukizuna, bietan ere zirkulazioa arautzeko ardura duen agintaritzak izango du, errepideei buruzko legediaren arabera.

Lege honek barne hartzen dituen bideetan egiten diren lanetako seinaleen erantzukizuna lanok burutzen dituzten erakundeena edo enpresa esleipendunena da, araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz. Halako lanetan zirkulazioa antolatzen duten langileen adierazpenak derrigorrez bete behar dituzte bide-erabiltzaileek.

58. artikulua. Seinaleak kendu, ordezkatu eta aldatzea.

Arauz kanpo jarrita dauden seinaleak, hasierako helburua galdu duten seinaleak, eta, hondatuta daudelako, beren helburua betetzen ez duten seinaleak, berehala kentzeko agindua emango du bidearen titularrak, eta, behar izanez gero, seinale egokiak jartzeko agindua; beharrezkoa bada, zirkulazioa antolatzeko ardura duen agintaritzak emango du agindu hori.

Behar bezalako arrazoirik izan ezik, inork ere ezin du seinalerik jarri bideetan, ez eta kendu, lekuz aldatu, ezkutatu edo itxuraz aldatu ere, bidearen titularraren, edo, bestela, zirkulazioa antolatzeko ardura duen agintaritzaren, edo instalazioen erantzukizuna duen agintaritzaren baimenik gabe.

Debekatuta dago bai seinaleen edukia aldatzea, bai seinaleen gainean edo inguruan plakak, kartelak, marrak edo bestelako gauzak jartzea, baldin eta horiekin nahasmendua sortu, ikuspena edo eraginkortasuna gutxitu, edo bide-erabiltzaileei itsualdia sortu edo arreta galarazten bazaie.

IV. TITULUA:

ADMINISTRAZIOAREN BAIMENAK

LEHENENGO KAPITULUA:

BAIMENAK, ORO HAR

59. artikulua. Administrazioaren baimenei buruzko arau orokorrak.

Gidariek ibilgailuak erabiltzeko gaitasuna dutela bermatzeko eta ibilgailuak ahalik eta arrisku gutxienaz zirkulatzeko egokiak direla ziurtatzeko, ibilgailu motordunek aurretiazko administrazio-baimena beharko dute lege honen xede diren bideetatik zirkulatzeko.

Araudi bidez zehaztuko dira gidarien eta ibilgailuen baimenetan agertu behar diren datuak. Gidarien kasuan agertu behar direnak: titularraren izen-abizenak; titularraren jaiotze-eguna eta helbidea; baimenaren eguna, tokia eta indarraldia, eta baimenarekin gidariari gidatzeko onartzen zaizkion ibilgailu-mota guztiak, agian ezar dakizkiokeen baldintza murriztaileekin batera. Ibilgailuen kasuan agertu behar direnak: matrikula, bastidorearen zenbakia, fabrikazio-eguna, eta, beharrezkoa bada, homologazio-zeinua; aurrekoekin batera, hauek ere bai: titularraren datuak, baimendutako gehieneko neurriak eta pisua, zama ere barne dela, eta baimendutako gehieneko plazak.

Ibilgailuetako gidariek derrigorrez eduki behar dituzte, eta soinean eraman, batetik, gidatzeko baimen edo lizentzia balioduna bestetik, ibilgailuaren zirkulatzeko baimena, eta, hirugarren, azterketa teknikoko txartela edo ezaugarrien egiaztagiria. Araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz, agintaritzaren izenean diharduten agenteei erakutsi beharko dizkiete, eskatzen badizkiete.

II. KAPITULUA:

GIDATZEKO BAIMENAK

60. artikulua. Gidatzeko baimenak eta lizentziak.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

Ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko, beharrezkoa izango da administrazioaren baimena lehenagotik edukitzea, agindutako moduan. Izan ere, gidariek ibilgailua gidatzeko beharrezko gaitasuna, ezagupenak eta trebetasuna badituztela egiaztatzeko izango da baimen hori, araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz.

Debekatuta dago administrazioaren baimen hori eduki gabe ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzea.

Gidatzeko ezagupenak eta teknikak irakatsi, gerora ezagupen horiek berritu edo hobetu eta gidarien gaitasun psikofisikoak egiaztatu, zentro ofizialek edo pribatuek egingo dute. Zentro horiek administrazioaren aurretiazko baimena beharko dute beren jarduera burutzeko.

Bide-segurtasuna bermatzeko, Gobernuak irakaskuntza eta miaketa zentroetako gutxieneko giza baliabide eta baliabide pertsonalak zehaztuko ditu, baita baimenak emateko baldintzak ere.

Zehazki, irakaskuntza-zentroetako irakaskuntza eta funtzionamendu erregimenak zehaztuko dira araudi bidez.

Irakasle eta zuzendarien titulazioa eta akreditazioa proba objektiboetan oinarrituko da. Proba horietan ezaupideak, pedagogia-gaitasuna eta esperientzia praktikoa neurtuko dira.

Probak aldiro-aldiro egingo dira, eta kalifikazioaren aurka errekurtsoa jarri ahal izango da.

Halaber, bide-segurtasuna bermatzeko, gidariei miaketak egiteko zentroen funtzionamendua ere araudi bidez zehaztuko da.

Profesionala izango ez den irakaskuntzarako baimena ere eman daiteke, baina araudi bidez zehaztutako baldintzetan izango da hori.

Gidatzeko baimenak eta lizentziak epe-muga jakin bat izan dezakete, eta araudi bidez zehaztutako epe eta baldintzetan aztertu ahal izango dira.

Era berean, baimena edo lizentzia indarrean egoteko, nahitaezkoa da titularrak esleitu zaizkion puntu guztiak galdu ez izana. Puntuak 12 izango dira guztira, salbu eta kasu hauetan:

a) Hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna ez daukaten gidatzeko baimen edo lizentzien titularrak, salbu eta antzinatasun hori duen beste gidabaimenik badute: zortzi puntu.

b) Gidatzeko baimen edo lizentzia edukita, puntu guztiak galdu eta berriro ere gidatzeko baimena edo lizentzia lortu dutenak: zortzi puntu.

Gidatzeko baimena edo lizentzia baten titularrari hasieran emandako puntu-kopurua murriztu egingo zaio puntuak galtzea dakarren huts-egite larria edo oso larria eginagatik zehapena jarri eta administrazio-bidean irmo egiten denan, betiere, II. Eranskinean ezarritako baremoaren arabera.

Gidariek ezin izango dituzte zortzi puntu baino gehiago galdu egun bakar batean egindako arau-hausteengatik, salbu eta 65. artikuluko 5. paragrafoko a), b), c), d), e), f) eta g) idatz-zatietan aipatzen diren arau-hauste oso larriak egin badituzte, kasu horietan puntu guztiak galduko baitituzte.

Puntuak galtzea dakarten arau-hausteengatik administrazio-bidean irmoak diren zehapenak bi urtetan jaso ez dituzten titularrek gidatzeko baimenaren edo lizentziaren hasierako 12 puntuak berreskuratuko dituzte baldin eta, une horretan, dagoeneko zenbait puntu galduta badituzte.

Hala ere, punturen bat arau-hauste oso larria eginagatik kendu bazaie, puntu guztiak berreskuratzeko epea hiru urtekoa izango da.

Era berean, aurreko paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan aipatzen diren titularrak, puntuak galtzea dakarten arau-hausteengatik administrazio-bidean irmoa den zehapenik bi urtetan jaso ez badute, 12 puntu izatera pasatuko dira.

Bestalde, arau-hausteren bat egiteagatik administrazio-bidean irmoa den zehapenik jaso ez izanagatik puntu guztiak gordetzen dituztenei, beste bi puntu emango zaizkio, hobari gisa, lehenengo hiru urteetan, eta bat hurrengo hiru urteetan; era horretan, hasierako hamabi puntuen ordez, hamabost puntu izatera hel daitezke.

Puntu guztiak edo batzuk galtzeak edo berreskuratzeak gidatzeko baimenean edo lizentzian izango du eragina, mota dena dela.

III. KAPITULUA.

IBILGAILUEI BURUZKO BAIMENAK

61. artikulua. Zirkulatzeko baimenak, eta ibilgailuen agiriak.

Ibilgailuek zirkulatu ahal izateko, beharrezkoa izango da administrazioaren baimena lehenagotik edukitzea, bakoitzari dagokion moduan. Izan ere, ibilgailuok jarduteko modu guztiz onean daudela egiaztatzeko izango da baimen hori; eta ibilgailuon ezaugarriak, ekipamenduak, ordezko piezak eta osagarriak ere, araudi bidez zehaztuko diren ezaugarri teknikoetara ondo egokitzen direla egiaztatzeko. Debekatuta dute ibilgailuek goian aipatutako administrazio-baimena eduki gabe zirkulatzea.

Ibilgailuak zirkulazioan hasteko onartu baino lehen, edo aldez aurretik homologatuta egon behar dira ?bai ibilgailuak berak, bai beren ekipamendu eta ordezko pieza eta osagarriak?, edo azterketa tekniko bat jaso behar dute horietako bakoitzak, araudi bidez ezarriko denarekin bat etorriz.

Ibilgailuok bereizi egin behar direnez, araudi bidez beharrezkotzat jotako markak eta zeinuak eraman behar dituzte agirian, grabatuta edo trokelatuta, irakurtzeko moduan eta ezabagaitz, ibilgailuok banan-banan bereizteko, beren fabrikazioa kautotzeko, beren erabilpena zehazteko, edo garrantzizko elementuren batzuk itsatsi ahal izateko.

Motordun ibilgailuek, motor-bizikletek eta araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisua baino gehiagoko atoiek, bakoitzak bere egiaztagiri ofizialean jasota eduki behar ditu funtsezko bere ezaugarri teknikoak. Bertan agertu behar dira, halaber, baimendutako berrikuntzak, eta beren zerbitzu-egoera eta mantenimendua egin ondorengo egiaztagiria, araudi bidez aginduko den moduan.

Ibilgailuaren titularra erregistroan aldatzen denean, zirkulatzeko baimena ere berritu egin behar da. Baina, titularrak berak eskatuta, edo, araudi bidez zehaztuko den moduan, zirkulaziorako egokia ez dela egiaztatu ondoren, titularrak erregistroan baja ematen duenean, amaitu egingo da zirkulatzeko baimena.

Ibilgailuren bat baimenik gabe ari bada zirkulatzen, dela lortu ez duelako, dela deuseztatu delako edo indarra galdu duelako, ibilgetuta utziko da, harik eta baimena lortu arte, araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

62. artikulua. Matrikulak.

Ibilgailu motordunak zirkulazioan jartzeko, eta araudi bidez zehaztuko den gehieneko pisua baino gehiagoko atoiak zirkulazioan jartzeko, matrikulatu egin behar dira, eta matrikula-plakak eraman behar dituzte, izendatuko zaizkion ezaugarriak finkatuko den eran ezarrita dituztela.

Betebehar hori motorrei ere eskatuko zaie, araudi bidez zehaztutakoarekin bat etorriz.

Zirkulatzeko baimena emateko eskumenak dituzten agintariek, behar bezala zuritutako kasuetan eta araudi bidez finkatu den moduan, aldi baterako baimenak eman ditzakete, behin betiko matrikulazioa egin aurretik, edo hori egiten ari den bitartean, ibilgailuak behin-behinean zirkulatu dezan.

IV. KAPITULUA:

DEUSEZTASUNA, KALTEGARRITASUNA ETA INDAR-GALTZEA (19/2001 Legearen arabera idatzia)

63. artikulua. Deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzea eta indarra galtzea.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

Titulu honetan arautzen diren administrazio-baimenei dagokienez, horien deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratu ahal izango da. Horretarako, nahitaezkoa da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. eta 63. artikuluetako kasuren bat gertatzea.

Aipatutako legearen VII. tituluko I. kapituluan xedatutakoari lotu behar zaio deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko prozedura.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, titulu honetan araututako administrazio-baimenak indarrean irauteko, nahitaezkoa izango da baimenok emateko eskatutako betekizunak betetzen jarraitzea.

Administrazioak, beraz, titulu honetan araututako baimenen indar-galtzea deklara dezake baldin eta baimenok emateko eskatutako ezaupideak, trebetasunak edo gaitasun psikofisikoak galdu badira.

Baimenaren indar-galtzea deklaratu ahal izateko, eskatutako betekizuna ustez falta duela jakinarazi behar dio administrazioak interesatuari , eta betekizun hori baduela egiaztatzeko ahalmena utzi behar dio, betiere, araudi bidez zehaztuko diren modu eta epeetan egiteko.

Indargabetutako baimenaren titularrak, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera, izango du hura berriz ere indarrean jartzeko aukerarik. Horretarako, araudi bidez ezarritako prozedurari jarraitu, probak gainditu eta eskakizunak bete beharko ditu.

Administrazioak gidatzeko baimenaren indar-galtzea deklaratuko du baldin eta, II. eranskineko baremoa aplikatzearen ondorioz, titularrak puntu guztiak galdu baditu.

Titularrak puntu guztiak galdu dituela egiaztatu ondoren, gidatzeko baimena edo lizentzia indargabetzeko erabakia jakinaraziko dio administrazioak interesatuari hamabost eguneko epean, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako eran.

Horrelakoetan, baimenaren titularrak ezin izango du beste gidatzeko baimen edo lizentziarik lortu sei hilabete igaro arte, erabakia jakinarazten zaionetik kontatzen hasita.

Gidari profesionalen kasuan, epe hori hiru hilabetekoa izango da.

Baimen berria eskuratu eta hurrengo hiru urteetan, puntu guztiak galdu izanagatik, berriro indargabetzen bada, ezin izango da gidatzeko baimen edo lizentzia berririk lortu harik eta hamabi hilabete igaro arte, erabakia jakinarazten denetik kontatzen hasita.

Gidari profesionalen kasuan, epe hori sei hilabetekoa izango da.

Puntu guztiak galdu izanaren ondorioz indargabetutako gidabaimenaren titularrak berriro ere lortu ahal izango du zeukanaren maila bereko beste gidatzeko baimen edo lizentzia, aurreko paragrafoan zehaztutako epeak igarota, baina, horretarako, sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaro bat egin eta gainditu beharko du behar besteko aprobetxamenduarekin eta, gainera, araudi bidez ezartzen diren probak ere gainditu beharko ditu.

Baimen baten titularrak, hasieran esleitutako puntuen zati bat galdu badu, puntu horietako batzuk berreskuratu ahal izango ditu, izan ere, bi urtetik behin, gehienez lau puntu berreskuratzeko aukera bakarra izango du. Horretarako, sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaro bat egin eta gainditu beharko du behar besteko aprobetxamenduarekin. Gidari profesionalek, berriz, urtean behin egin ahal izango dute ikastaro hori.

Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroen iraupena, edukiak eta eskakizunak barne ministroak erabakiko ditu.

Edozein modutan, sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroek 15 ordu iraungo dute, gehienez, zenbait puntu galdu eta berreskuratu nahi direnean, eta 30 ordu, gehienez, gidatzeko baimen edo lizentzia berria eskuratu nahi denean.

64. artikulua. Zuhurtasunez baimena indargabe uztea

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Administrazio-baimenen deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko edo indargabetzeko prozeduren barruan, zalantzan jarritako baimena zuhurtasunez etetea erabaki daiteke, baldin eta indarrean eusteak bide-segurtasunerako arrisku larririk sortzen badu. Halakoetan, espedientea lantzen diharduten agintariek, arrazoietan oinarritutako erabaki baten bidez, baimena berehala bahitzea agindu dezakete, baita baimenaz baliatzea ekiditeko beharrezko neurriak martxan jartzea ere.

V. TITULUA:

ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK, ZUHURTZIA-NEURRIAK ETA ERANTZUKIZUNA

LEHENENGO KAPITULUA:

ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

65. artikulua. Arau-hausteak; ikuspegi orokorra

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Lege honen kontrako edo lege hau garatzen duten araudien kontrako egintzak edo omisioak arau-hauste administratibotzat joko dira, eta Legean bertan zehaztutako kasu, era eta neurrian zigortuko dira, lege penaletan delitu edo hutsegitetzat hartzeko modukoak ez badira behintzat. Halakoetan, ministerio fiskalari igorriko dio kasua administrazioak, eta aurrera egingo du prozedurarekin, baina ebazpenik eman gabe harik eta epaileak epai irmoa edo amaiera ematen dion beste ebazpen bat eman arte, betiere, erantzukizun-aitorpenik gabe eta egintzaren existentzia-ezean oinarritu gabe.

2.- Aurreko paragrafoan aipatutako arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

3.- Arau-hauste arinak dira lege honetan edo berori garatzeko araudietan jasotako arauen kontra egindakoak, baldin eta hurrengo paragrafoetan berariaz larritzat edo oso larritzat jotzen ez badira.

4.- Arau-hauste larriak dira lege honetan zehaztutako portaerak, puntu hauetan:

a) Lege honetako xedapenak ez betetzea alor hauetan: abiadura-mugak, salbu eta 5.c) idatz-zatian ezarritako muga gainditzen bada; pasatzeko lehentasuna, aurreratzeak, norabidearen edo noranzkoaren aldaketak eta atzeraka ibiltzea.

b) Toki arriskutsuetan edo zirkulazioa larri oztopatzen den tokietan gelditu edo aparkatzea baldin eta zirkulaziorako, eta bereziki oinezkoen zirkulaziorako, arriskua edo oztopoa bada, arauz ezarritakoaren arabera.

c) Arauzko argiak itzalita eramatea ikuspen urriko egoeretan, ikuspena gutxituta dagoen egoeretan edota nahitaez piztuta eraman behar direnean eta beste bide-erabiltzaileei argiekin itsualdia sortuz zirkulatzea.

d) Baimenik gabe bidean lanak egin eta seinaleztatzea eta seinale iraunkorrak edo aldi baterakoak kendu edo hondatzea.

e) Gidatzen nahitaez jarri behar den arretarekin bateragarriak ez diren gailuak erabiliz gidatzea, araudi bidez ezarritakoaren arabera.

f) Soinuak hartu edo entzunarazten dituzten aparatuei lotutako kaskoak edo aurikularrak jarrita gidatzea edo gidatzen den bitartean telefonia mugikorreko aparatuak edo eskuz maneiatu behar diren komunikazio bitarteko edo sistemak erabiltzea, araudi bidez ezarritakoaren arabera, salbu eta segurtasunarekin, higienearekin edo laneko prebentzioarekin erlazionatutako arrazoiak badaude.

g) Trafikoko agenteen zaintza saihesteko mekanismoak edo sistemak jarrita dituzten ibilgailuak gidatzea, xede horretarako gailuak eramatea eta radarrak antzemateko mekanismoak erabiltzea.

h) Gidatzen ari den pertsonak edo bidaiariek segurtasun-uhalik gabe, kaskorik gabe edota nahitaez erabili beharreko babes-elementu edo segurtasun-aparatuak jarri gabe zirkulatzea, araudi bidez ezarritako baldintzetan eta salbuespenekin.

i) Motor-bizikletetan edo motorretan 12 urtetik beherako bidaiariak eramatea, araudi bidez ezarritako salbuespenekin.

j) Zirkulazioa bideratzen duten agenteen seinaleak ez betetzea.

k) Semaforoetako argi gorria ez errespetatzea.

l) Stop seinaleak ez errespetatzea.

m) Ibilgailu bat eskuratzen duenak zirkulatzeko baimena edo lizentzia berritzeko eskabidea ez egitea, erregistroko titulartasuna aldatzen bada, araudi bidez ezarritako epean.

n) Ibilgailu bat gidatzea baldin eta gidaria, araudi bidez ezarritako administrazio-eskakizunak ez betetzeagatik, baliorik ez duen gidabaimen baten titular bada.

ñ) Axolagabe gidatzea.

o) Suteak, zirkulazio-istripuak edo natur ingurunean kalteak eragin ditzaketen gauzak bidera edo bide-inguruetara botatzea.

p) Zirkulazio-istripu batean tartean egonez gero, norberaren identitatea edo ibilgailuaren datuak ez ematea eragindakoek hala eskatuz gero.

q) Araudi bidez ezarritako baldintza teknikoak betetzen ez dituen ibilgailu batekin zirkulatzea, 5.l) idatz-zatiko kasuetan sartzen ez bada, eta ibilgailuen azterketa teknikoa erregulatzen duten arauak urratzea.

Arau-hauste oso larriak dira, delitu ez direnean, jarrera hauek:

a) Araudiz ezarritako alkohol-mailak baino gehiago edaritan hartuta gidatzea lege honen xede diren bideetatik, eta sorgorgarrien, psikotropikoen, estimulatzaileen edo antzeko eragina duen beste edozein gairen eraginpean gidatzea.

b) Alkoholez, sorgorgarriz, psikotropikoz, estimulatzailez edo antzeko beste gairen batez toxikaturik aurkitzen ote diren jakiteko ezar daitezen probak ez egitea, nahitaezkoak baitira ibilgailuetako gidari guztientzat eta zirkulazioko istripuren batean tarteko diren gainontzeko bide-erabiltzaileentzat.

c) Baimendutako gehienezko abiadura ehuneko 50ean baino gehiagotan gainditzea baldin eta, horrela, gehienezko abiadura hori gutxienez 30 kilometrotan gainditzen bada orduko.

d) Nabarmen ausarkeriaz gidatzea.

f) Ibilgailuan pertsona gehiegi eramatea, baldin eta baimendutako plazen kopurua ehuneko 50ean handitzen bada, gidariaren plaza kontatu gabe. Salbuespen izango dira hiri barruko eta hiri arteko autobus-lineak.

f) Ezarritako noranzkoaren aurka zirkulatzea.

g) Ibilgailuen arteko lehiaketa eta lasterketak egitea baimenik gabe.

h) Lurreko garraioari buruzko legedian adierazitako gidaldiak ehuneko 50 baino gehiago luzatzea edo atsedenaldiak ehuneko 50 baino gehiago laburtzea.

i) Arau-haustea egin duen ibilgailuaren titularrak edo errentariak arau-haustearen erantzule izan den gidaria behar bezala ez identifikatzea hala eskatzen zaionean, betiere, horretarako arrazoizko eragozpenik ez badago.

j) Ibilgailu bat gidatzea behar den administrazio-baimena izan gabe.

k) Matrikulatu gabe dagoen edo beharrezko administrazio-baimenak ez dituen ibilgailu bat gidatzea edo, baimenok edukita ere, baliorik ez badute araudiz ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako.

l) Araudiz ezarritako baldintza teknikoak betetzen ez dituen ibilgailu bat gidatzea baldin eta horrek eragin larria badu bide-segurtasunean.

m) Irakaskuntza eta prestakuntza zentroen baimen eta funtzionamendu araubideari eta gidatzeko beharrezkoak diren ezaupide eta teknikei buruz araudiz ezarritako baldintzak ez betetzea.

n) Gidariei miaketak egiteko zentroen baimen eta funtzionamendu araubideari buruz erregelamenduz ezarritako arauak ez betetzea.

ñ) Bide-segurtasunean eragin zuzena duten industri jarduerei buruz erregelamenduz ezarritako arauak urratzea.

o) Autobide eta autobietan zirkulatzea horrelakoetan ibiltzea berariaz debekatuta duten ibilgailuetan.

p) Paraleloan zirkulatzea lege honen arabera hori egitea berariaz debekatuta duten ibilgailuetan.

6.- Ibilgailu motordunak aseguratzeko beharra ez betetzea edo ibilgailuak nahitaezko asegurua baduela egiaztatzen duen dokumentazioa ez aurkeztea arau-haustea izango da, eta berariazko legeriaren arabera arautu eta zehatuko da.

66. artikulua. Publizitateari buruzko arau-hausteak.

Kontsumitzaile eta baliatzaileen babeserako legedian ezarritako zenbatekoekin eta bertan finkatutako prozedurari jarraituz zigortuko dira 52. artikuluan aurreikusitakoaren kontrako arau-hausteak.

67. artikulua. Zigorrak.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Arau-hauste arinei 90 euro arteko isunak ezarriko zaizkie; larriei, 91 eta 300 euro bitartekoak; eta, azkenik, oso larriei, 301 eta 600 euro bitartekoak.

Arau-hausteak larriak direnean, lehengo zigorrez gain, indarrik gabe utz daiteke gidatzeko baimena edo lizentzia hilabetez gutxienez eta hiru hilabetez gehienez; hutsegite oso larrien kasuan, berriz, beti utziko da gidatzeko baimena edo lizentzia indarrik gabe, hilabetez gutxienez eta hiru hilabetez gehienez, betiere, artikulu honetan ezartzen diren salbuespenak salbuespen.

Gidatzeko baimena indargabetzearen zigorra zatika bete ahal izango da interesatuak hala eskatzen badu, baina gutxieneko aldiak 15 egunekoak izango dira gutxienez.

Aldi horiek txikiagoak izan daitezke gidari profesionalen kasuan baina, betiere, hala eskatzen badute eta zigor osoa hamabi hilabeteko epean betetzen bada, indargabetzeko ebazpena eman denetik.

Jakinarazpena jaso, eta isuna 30 eguneko epean ordaintzen bada, % 30eko kenketa egingo da agenteak salaketa-buletinean zuzen idatzitako zenbatekoan edo, horrelakorik ez badago, espedientearen instrukzio-egileak salaketari buruz egindako jakinarazpenean jarritako zenbatekoan.

Ordainketa aurreratu eta kenketaduna eginez gero, ezin izango da alegaziorik egin eta prozedura amaitu egingo da ebazpen espresua eman beharrik gabe, salbu eta horrekin batera gidatzeko baimena edo lizentziaren etendura ezarri behar bada. Edozein modutan, egoki diren errekurtsoak jarri ahal izango dira.

Arau-hausleak ez badu egiaztatzen legezko egoitza Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak isunaren behin-behineko zenbatekoa finkatuko du, eta diru hori gordailatzen ez bada, ibilgailua ibilgetuko du.

Edozein kasutan, kontuan hartuko da aurreko paragrafoan ehuneko 30eko kenketari buruz ezarritakoa, eta isunaren gordailatzea edo ordainketa egiteko orduan, Espainian edo Espainiarekin kanbio-tasa ofiziala duen edozein herritan legezko den dirua erabili ahal izango da.

2.- 65.5 artikuluko i), j), k), l), m), n) eta ñ) idatz-zatietan aurreikusitako arau-hauste oso larrien kasuan, 301 eta 1.500 euro bitarteko isuna ezarri ahal izango da.

Egindako arau-haustea j) idatz-zatikoa bada, hau da, ibilgailu bat gidatzea dagokion administrazio-baimenaren titular izan gabe, zehapenaz gain, ezin izango da baimen edo lizentzia hori eskuratu bi urtetan.

65.5 artikuluko m) idatz-zatian aurreikusitako arau-hauste oso larriaren kasuan, irakaskuntza eta prestakuntza zentroetako baimena, gidatzeko ezaupide eta teknikei buruzkoa, urtebetez eten daiteke gehienez, eta etendurak dirauen artean, titularrak ezin izango du beste baimenik lortu jarduera berberetarako.

Gainera, baimenaren indarra ere ken daiteke araudiz ezarritako moduan eta, horrelakoetan, ezin izango da baimen berririk eskatu baimenari indarra kentzen dion ebazpena jakinarazi ondorengo urtebetean.

Ondorio berberak izango ditu 65.5.n) artikuluan aurreikusitako arau-hausteak, hau da, Trafikoko Buruzagitzetako inskripzioaren eraginkortasunari dagokionez, gidariei miaketak egiteko zentroen jarduerak erregulatzen duten arauak ez betetzeak.

3.- Norbaitek bi urtetan bi arau-hauste oso larri egin izanagatik gidatzeko baimena edo lizentzia etetea dakarten zehapen irmoak jaso baditu administrazio-bidean, bigarren arau-hausteagatik dagokion etete-aldia segidan bete beharko du, zatitzeko aukerarik gabe.

4.- Baimena etenda izanda, baimen horri dagozkion jarduerak burutzeak urtebeteko beste etendura bat ekarriko du lehenengo aldia bada, eta bi urtekoa bigarren aldia edo gehiago bada.

5.- Lege honetan aurreikusitako isunen zenbatekoak eguneratu egin ahal izango ditu Gobernuak errege dekretu bidez, kontsumorako prezioen indizeak izandako aldaketaren arabera.

68. artikulua. Eskumenak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

1.- Lege honetan xedatutakoaren esparruan, zehatzeko ahalmena gobernuak arau-haustea egin den autonomia-erkidegoan duen ordezkariari dagokio, salbu eta arau-hauste arina bada, kasu horretan eskumena gobernuak kasuan kasuko probintzian duen ordezkariordeak baitu.

Arau-haustea, aldiz, autonomia-erkidego edo probintzia bateko lurraldean baino gehiagotan egin bada, arau-haustea lehenengo salatu duen autonomia-erkidegoko gobernuaren ordezkariari edo probintziako gobernuaren ordezkariordeari dagokio zigortzeko aginpidea, lehenengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Probintzia bakoitzeko trafikoko buruzagiaren esku utz daiteke, eskuordetzan, zigorrak ezartzeko ahalmena, lehen aipatutako agintaritza eskudunak zehaztutako neurrian eta hedapenez.

Gobernuaren ordezkariek ere eskuordetzan utzi ahal dizkiete beren eskumenak gobernuaren ordezkariordeei.

Ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioaren alorrean eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoetan, kasuan kasuko gobernu-kontseiluek izendatutako organoek izango dute zehatzeko eskumena.

2.- Zirkulazio-arauen aurka herri-barruan egiten diren arau-hausteengatiko zehapenak alkateek emango dituzte, eta eskumen hori eskuordetzan utz dezakete, aplikagarri den legeriaren arabera.

Justifikatutako arrazoiengatik edo udal-zerbitzu nahikorik ez dagoelako, alkateek eskumen hori gauzatu ezin dutenean, Gobernuaren ordezkariek edo ordezkariordeek hartuko dute beren esku, edo, ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioaren alorreko eskumen exekutiboak dituzten autonomia erkidegoetan, berariaz izendatutako organo eskudunek.

Udalaren eskumenen barruan ez dira sartzen lege honetako IV. tituluko manuen aurkako arau-hausteak, ezta zeharbideetan egindakoak ere, salbu eta herri-barruko bidetzat jotzen badira.

3.- Aurreko paragrafoetako kasu guztietan, gidatzeko baimena edo lizentziaren indarra eteteko eskumena Gobernuak kasuan kasuko autonomia-erkidegoan duen ordezkariari dagokio; hala ere, eskuordetzan utz diezaioke Gobernuaren ordezkariordeari edo trafikoko probintziako buruzagiari.

Lege honetako 52. artikuluan aipatutako arau-hausteak zigortzeko aginpidea Trafikoko zuzendari nagusiari dagokio nolanahi ere.

69. artikulua. Zigorren mailaketa.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Lege honetan aurreikusitako zigorrak mailakatu egingo dira, 67. artikuluan ezarritako mugak errespetatuta eta faktore hauek kontuan hartuta: egintzaren larritasun eta garrantzia; arau-hauslearen aurrekariak eta lehenengo aldia den ala ez, bere buruari edo beste bide-erabiltzaileei sortutako arriskua eta heinekotasun printzipioa.

2.- Lege honen eta 30/1992 Legearen arabera hartzen diren zuhurtasunezko edo prebentziozko neurriak ez dira zehapentzat hartuko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

II. KAPITULUA:

ZUHURTASUNEZKO NEURRIAK

70. artikulua. Ibilgailua ibilgetzea

(5/1997 eta 19/2001 Legeen arabera idatzia)

1.- Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzen diharduten agenteek ibilgetuta utz dezakete ibilgailua baldin eta, lege honetako aginduak ez betetzearen ondorioz, ibilgailua erabiliz gero, zirkulaziorako, pertsonentzako edo ondasunentzako arrisku larria sor badaiteke.

Ondorio horietarako, motor-bizikleta edo motorra homologatutako kaskorik gabe gidatzea pertsonentzako arrisku larritzat joko da. Neurri hori hartzeko arrazoia desagertu denean, ibilgetzea ere amaitu egingo da berehala.

Harik eta gidaria nor den jakin arte, ibilgetu egin daiteke ibilgailua, halaber, bai 12. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan aipatutako probak egiteari ezetza ematen bazaio, bai ibilgailuen nahitaezko asegururik ez badu edota aparkaldi mugatuko eremuetan aparkatzeko gaitzen duen titulurik gabe badago, eta bai, azkenik, baimendutako denboratik gora badago.

2.- Agintaritzako agenteek kasu hauetan ere ibilgetu ahal izango dituzte ibilgailuak: ibilgailu-mota bakoitzerako araudiz onartutako gas, ke eta zarata mailak gainditzen direnean; baimenik gabeko erreforma garrantzitsu bat egin zaienean; araudiz ezarritako gidaldiak ehuneko 50 baino gehiago luzatu edo atsedenaldiak ehuneko 50 baino gehiago laburtzen direnean eta kontrol-mekanismoak manipulatu direla adierazten duten zantzuak daudenean. Azken kasu horretan, ibilgailua behar den lekura eraman daiteke erreforma hori egin den edo takografoa edo abiadura-mugatzaileak manipulatu diren teknikoki egiaztatzeko, baina bakarrik horretarako eta behar-beharrezkoa den denboran. Arau-haustea egon dela egiaztatzen bada, ikuskapenaren gastuak salatuak ordainduko ditu.

3.- Gidari bati lege honetako 65.5.a) artikuluan aurreikusitako arau-haustea egotz dakiokeenean ere, agintaritzaren agenteek ibilgailua ibilgetuko dute, eta ibilgetuta egongo da arau-haustearen arrazoia dirauen artean.

4.- Ibilgailua ibilgetzeak dakartzan gastuak titularraren kontura izango dira; hortaz, neurria ezeztatu baino lehen ordainduko du edo bermatuko du ordainketa. Horrek, ordea, ez dio defentsa-eskubidea kentzen, ezta administrazioak neurri hori hartu izanaren ardura duen pertsonari gastua egozteko eskubidea ere.

71. artikulua. Ibilgailua bidetik kentzea.

1.- Araudi bidez zehaztuko denarekin bat etorriz, bidetik ken dezake administrazioak ibilgailua, eta aginpidea duten agintariek izendatutako tokian utzi, horretara behartuta dagoenak berak egiten ez badu, betiere ibilgailua herri barruan edo herritik kanpo dagoen kontuan hartuta. Eta honako kasuetan izango da horrela:

a) Ibilgailu batek beste ibilgailuen edo oinezkoen zirkulaziorako edo zerbitzu publikoren baten jarduteko modurako arriskua sortzen duenean, nahasmen larriak eragiten dituenean, ondare publikoa hondatzen duenean edo itxura guztien arabera abandonatuta dagoela antzeman daitekeenean.

(5/1997 Legearen arabera idatzia).

Kasu hauetan joko da ibilgailua abandonatutzat:

(11/1999 Legearen ondorioz erantsita)

a) Eskumena duen agintaritzak ibilgailua bide publikotik kendu eta gordailatu zuenetik bi hilabete baino gehiago igaro direnean.

b) Toki berean aparkatuta hilabete baino gehiago eramateaz gain, berez mugitzea ezinezko egiten duten kalteak dituenean edo matrikula-plakarik ez duenean.

Kasu horretan, hiri-hondakin solidoen trataera izango du, kasuan kasuko ingurumen-araudiaren arabera.

Aurreko a) idatz-zatian aipatutako kasuan eta, abandonatuta dauden zantzuak izan arren, matrikula-plakak edo titularra identifikatzeko zeinu edo markak dituzten ibilgailuen kasuan, arauzko epeak igaro ondoren, titularrarengana joko da hamabost eguneko epean ibilgailua gordailutik ken dezan, eta jakinaraziko zaio bestela hiri-hondakin solidotzat joko dela.

b) Martxan jarraitzea eragozten duen istripuren bat gertatu denean.

c) Ibilgailuaren akatsak direla eta, ibilgetuta utzi denean.

d) Lege honen 67.1. artikuluko hirugarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz ibilgailua ibilgetu eta gero, arau-hausleak behin eta berriz ezetza ematen badio isunaren zenbatekoa ordaintzeari, edo ordaintzeko bermea jartzeari.

e) Udal-agintariek aparkaldi mugaturako prestatutako tokietan ibilgailua aparkatuta dagoenean, baldin eta baimena ematen dion ezaugarria jarri gabe badauka, edo udal-ordenantzetan ezarritakoarekin bat etorriz ordaindutako denboraren bikoitza gainditzen badu.

(5/1997 Legearen arabera idatzia)

f) Erabiltzaile zehatz batzuen zirkulaziorako edo zerbitzurako soil-soilik gordetako errei edo bide-zatietan ibilgailua aparkatuta dagoenean.

(5/1997 Legearen arabera idatzia)

g) Legez ibilgailua ibilgetzea bidezkoa izanik, hori egitea ezinezkoa denean ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioa oztopatu gabe.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

2.- Aurreko zenbakian aipatutako moduan ibilgailua bidetik kentzeak sortutako gastuak titularraren kontura izango dira, ibilgailua lapurretan kendutakoa denean izan ezik, edo titularraren borondatearen kontra erabili denean izan ezik, nahiz eta egoera horiek behar den moduan egiaztatu beharko diren. Ibilgailua bihurtu aurretiko betekizuna da gastuok ordaintzea edo ordainketa bermatzea. Hala ere, errekurtsoa aurkezteko eskubidea izango du titularrak, baita ibilgailua bidetik kentzea eragin duen istripuaren, dena delako arau-haustearen edo ibilgailua bidean lagatzearen erantzukizuna duenari gastu horiek ezarri ahal izateko eskubidea ere.

71 bis artikulua.

Gidatzeko baimena edo lizentzia bahitzea (abenduaren 30eko 62/2003 Legearen ondorioz erantsia)

Agintaritzako agenteak nabarmen ikusten badu araua hautsi duen edo istripuan tarteko den gidariak ez dituela gidatzeko behar diren baldintza fisikoak betetzen, berehala bahituko du gidatzeko baimena edo lizentzia eta horrek, gainera, ez du eragotziko baimenak indargabetzeko prozedurari ekitea, 63. artikuluan xedatutakoari jarraituz, edo zehatzeko espedientea abiaraztea, hala badagokio.

III. KAPITULUA:

ERANTZUKIZUNA

72. artikulua. Erantzuleak.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Lege honetan xedatutakoaren kontrako arau-hausteen erantzukizuna arau-haustea dakarren egintza gauzatu duenarena izango da, salbu eta araudiz ezarritako kasuetan eta baldintzetan babesteko kaskoa nahitaez eraman behar duten bidaiarien kasuan, hor gidaria izango baita arau-haustearen erantzulea.

Dena delako egintza 18 urtetik beherako norbaitek burutu badu, berarekin batera erantzungo dute, solidarioki, gurasoek, tutoreek, atosleek eta legezko edo egitatezko zaintzaileek, ordena horretan, adingabeei egotzitako administrazioko arau-haustea prebenitzeko daukaten betebeharra konplitu ez izanagatik.

Ezarritako isunaren ondorioz ordaindu beharreko dirura mugatuko da erantzukizun solidarioa eta, horrelakoetan, zehatzen duen agintaritzak gutxitu egin dezake.

Arau-haustea arina bada eta paragrafo honetako bigarren lerroaldean aipatutako pertsonek baimena ematen badute, isunaren ordez bide-segurtasunaren inguruko gizarte-neurriak ezarri ahal izango dira.

2.- Ibilgailuen erregistroan ageri den titularra izango da erantzule, bai ibilgailuaren agiriei buruzko arau-hausteei dagokienez, bai ibilgailuaren egoerari dagokionez, ibilgailuaren akatsek ibilgailuaren segurtasun-baldintzei eragiten badiete, eta bai, azkenik, aldikako azterketei buruzko arauak bete gabe uztetik sortutakoei dagokienez ere.

3.- Arau-haustea egin duen ibilgailuaren titularrak edo errentariak arau-haustearen erantzule den gidaria identifikatu beharra dauka, behar bezala eskatzen zaionean.

Prozeduran zehar hala dagokionean justifikatutako arrazoirik gabe betebehar hori beteko ez balu, 65.5.i) artikuluan aurreikusitako diru-zigorra ezarriko zaio hutsegite larria egiteagatik.

Era berean erantzungo dute aurreko paragrafoan aipatutako pertsonek baldin eta, berei egotz dakiekeen arrazoiengatik, identifikatu duten gidariari salaketa jakinarazi ezin zaionean.

Gidaririk gabeko epe laburreko alokairuak egiten dituzten enpresek nahitaez konplitu behar dute arau-haustearen erantzule den gidaria identifikatzeko beharra. Horretarako, errentamendu-kontratuaren kopia bidaliko diote organo instrukzio-egileari eta, bertan, kontratuan agertzen den pertsona gidaria dela egiaztatu behar da.

4.- Gidatzen irakasteari eta gidarien gaitasun psikofisikoei buruz 5.c) artikuluan aipatzen diren baimenen inguruko jarduera profesionalaren erantzukizuna araudiz zehaztuko da.

5.- Ibilgailuen eta beren osagaien fabrikatzailea izango da, nolanahi ere, ibilgailuaren segurtasunari eragiten dioten eraikuntza-baldintzen kontrako arau-hausteen erantzule, baita fabrikazioa eredu homologatuen arabera egiteko ere.

VI. TITULUA:

ZIGOR-PROZEDURA ETA ERREKURTSOAK

LEHENENGO KAPITULUA:

ZIGOR-PROZEDURA

73. artikulua. Arau orokorrak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

Lege honetako aginduen kontrako arau-hausteengatik ez da inolako zigorrik ezarriko, kapitulu honetako eta 30/1992 Legearen IX. tituluko arauen arabera egindako prozeduraren baten indarrez ez bada (30/1992 Legea 4/1999 Legearen bitartez aldatu zen).

74. artikulua. Administrazioaren jarduerak, eta jurisdikzio penaleko jarduerak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

1.- Zehatzeko administrazio-prozedura batean delitu izan daitekeen edo ofizioz jazar daitekeen egintzaren bat egon dela sumatzen bada, administrazioko agintaritzak Ministerio Fiskalari jakinaraziko dio, egintza penala burutu behar den azter dezan.

2.- Aurreko paragrafoan aipatutako kasuan, ez da administrazio-prozeduraren jarduerak eteteko aginduko; beraz, aurrera egingo da izapideekin, harik eta prozedura ebazpenaren zain egon arte, orduan erabakiko baita etetea.

3.- Administrazio-prozedura etenda dagoela, prozedura penala amaitu eta epaiak erruztatuak kondenatzen baditu, administrazio-prozedura artxibatu egingo da erantzukizun-adierazpenik gabe.

Epaia absoluziozkoa bada edo prozedura penala beste ebazpen baten bitartez amaitzen bada eta ebazpen horretan ez bada erantzukizunik aitortzen eta ez bada egintzarik ezean oinarritzen, dagokion ebazpena emango da administrazio-prozeduran.

75. artikulua. Prozedurari hasiera ematea

1.- Bi eratara eman dakioke hasiera zigor-prozedurari: batetik, ofizioz, lege honetako aginduen kontrako arau-hausteak izan daitezkeen egintzen berri jakin ondoren, aginpideak dituzten agintariek hasita, eta, bestetik, salaketa bidez, zuzenean egintza horien berri daukan edozein pertsonak sartuta.

2.- Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzen duten agenteek bideetako zirkulazioa zaintzen eta kontrolatzen dihardutenean ikusitako arau-hausteak salatu egin behar dituzte.

3.- Zirkulazioko egintzak direla-eta egindako salaketetan honako datu hauek agertu behar dira:

ustezko arau-haustea egitean erabilitako ibilgailuaren identifikazioa; salatuaren identifikazioa, ezagutzen bada; egintzaren inguruan izandako gorabeheren azalpen zehatza, tokia, eguna eta ordua ahaztu gabe; eta salatzailearen izena, lanbidea eta egoitza.

Salatzailea agintaritzaren agente bat bada, azken datu horien ordez, identifikazio-zenbakia jaso daiteke.

Zirkulazioarekin zerikusirik ez duten egintzei buruzko salaketetan, bestalde, egintzok ahalik eta zuzenen azaltzeko beharrezko datu guztiak zehaztu beharko dira.

76. artikulua. Agintarien eta agenteen salaketak

Agintaritzaren izenean trafikoa zaintzeko ardura daukaten agenteek egindako salaketak fidagarriak dira berez, salatutako egintzei dagokienez, kontrako frogarik egiten ez bada behintzat. Hala ere, ahal diren froga-modu guztiak aurkeztu beharko dituzte agenteek, salatutako egintzak frogatzeko.

77 artikulua. Salaketak jakinaraztea.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Agintaritzaren agenteek derrigorrezko salaketak egiten dituztenean, unean bertan jakinarazi behar diote salatuari. Horixe da arau orokorra. Gainera, 75. artikuluan aipatutako datuak jaso behar dira salaketa horietan, baita 79.1. artikuluan onartutako eskubidea ere.

Legezkoa da salaketaren jakinarazpena geroago egitea baldin eta zirkulazioa oso handia bada edo ibilgailua geldirik egoteagatik arrisku zehatza sor badaiteke, dela eguraldi txarragatik, lanengatik edo beste edozein gorabeherarengatik.

Halaber, salaketaren jakinarazpena geroago egin ahal izango da baldin eta agintaritzak imajinak hartu eta erreproduzitzeko sistemak erabili baditu egintzak ezagutzeko eta sistema horiek ibilgailua identifikatzea ahalbidetzen badute.

Ibilgailua aparkatuta badago eta gidaria aurrean ez badago ere, bidezkoa da salaketa geroago jakinaraztea.

2.- Salaketaren jakinarazpenean agertzen den isunaren zenbatekoa ?agenteak salaketa egitean adierazitakoa edo instrukzio-egileak gerora bidalitako jakinarazpenean adierazitakoa, 67.1 artikuluko 3. paragrafoarekin bat? ordaintzeak berekin dakar alegazioak aurkezteari uko egitea eta prozedura amaitzea berariazko ebazpenik eman beharrik gabe, salbu eta horrekin batera gidatzeko baimena edo lizentziaren etendura ezarri behar bada. Edozein modutan, egoki diren errekurtsoak jarri ahal izango dira.

78. artikulua. Jakinarazpenetarako egoitza

1.- Jakinarazpenak egiteko, ibilgailuaren gidariak eta titularrak berariaz adierazitako egoitza hartuko da beren egoitzatzat. Halakorik egin ez badute, aldiz, hurrenez hurren, Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan eta Ibilgailuen Erregistroan agertzen dena hartuko da egoitzatzat.

Bai ibilgailuen titularrek, bai gidatzeko baimenen titularrek, egoitza aldatzen badute, jakinarazteko betebeharra daukate.

2.- Salaketaren unean ematen ez diren jakinarazpenak, eta zigor-prozeduraren barruan egin daitezen beste jakinarazpenak ere, artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatutako egoitzara bidaliko dira, eta Administrazioaren Jardunbideari buruzko Legean aurreikusitako araubidea eta betekizunak kontuan hartuta egingo dira.

79. artikulua. Izapideak

1.- Trafikoko Buruzagitza Nagusiko organo aginpidedunak eta udalak izango dira espedientea egin behar dutenak, baita agiango arau-hausleari salaketen berri eman behar diotenak ere, salatzaileak halakorik egin ez badu. Eta hamabost eguneko epea emango diote agiango arau-hausleari bere defentsarako egokitzat daukana alega dezan, eta bidezko iritzitako frogak proposa ditzan.

2.- Ondoren, salatuaren alegazioen berri emango zaio salatzaileari, hamabost eguneko epe barruan irizpena eman dezan.

3.- Aurreko paragrafoetan adierazitako epeak igarota, salaketa-egileak eta salatuak alegatutakoa eta frogatutakoa ikusita, prozeduraren instrukzioa bukatuta eta dagokion organoak interesatuari entzunaldia eskaini ondoren ?salbu eta 30/1992 Legearen 84.4 artikuluaren arabera behar ez denean?, ebazpen-proposamena helaraziko dio legez edo araudiz zehatzeko eskumena duen organoari, ebazpena eman dezan.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

II. KAPITULUA:

ERREKURTSOAK

80. artikulua. Errekurtsoak.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

1.- Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkarien eskumen diren zigor-espedienteen gaineko erabakien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Barne ministroari hilabeteko epearen barruan.

Gobernuaren ordezkariordeek ezarritako zehapenen aurka, berriz, errekurtsoa aurkeztu ahal zaio, epe berean, Gobernuaren ordezkariari.

Aurreko paragrafoan aipatutako gora jotzeko errekurtsoa ebazteko eskumena Trafikoko zuzendari nagusiari utzi ahal zaio eskuordetzan.

Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenen aurka, errekurtsoa jar daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, jurisdikzio hori arautzen duen legearen arabera.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabetetan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzietarako bidea irekiko da.

2.- Ibilgailu motordunen zirkulazioari eta trafikoari buruzko eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoetako organo eskudunek eta, toki-entitateen kasuan, alkateek, zehapen-espedienteei emandako ebazpenen aurka egiteko, dagokion araudian ezarritakoa beteko da.

III. KAPITULUA:

PRESKRIPZIOA, ETA AURREKARIAK IRAUNGITZEA

81. artikulua. Preskripzioa.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

1.- Lege honetan aurreikusitako arau-hausteetarako preskripzio-epea hiru hilabetekoa izango da arau-hauste arinen kasuan, sei hilabetekoa arau-hauste larrien kasuan eta urtebetekoa arau-hauste oso larrien kasuan.

Preskripzio-epea egintzak gertatu diren egunean hasten da kontatzen.

Preskripzioa, bestalde, eten egingo da, administrazioaren jarduketa edozein dela ere, baldin eta salatuak jarduketaren berri jasotzen badu, edo salatuaren identifikazioa edo helbidea jakiteko egiten bada, eta jarduketaren sorrerako bulegotik kanpora zabalduz egiten bada.

Eten egingo da preskripzioa, halaber, baldin eta 78. artikuluan ezarritakoaren arabera egiten bada jakinarazpena.

Salatuari egotz ezin dakiokeen arrazoiren bat medio, hilabete baino gehiago egoten bada geldituta jardunbidea, preskripzio-epea berriz hasiko da.

2.- Prozedura hasi eta urtebetean zehatzeko ebazpenik eman ez bada, prozedura iraungi egingo da, eta jarduketak artxibatu, interesaturen baten eskariz edo ebazpena emateko eskumena duen organoaren kabuz.

Jurisdikzio penalak egintzak jakin dituelako gelditu bada prozedura eta isuna jartzeko orduan beste agintaritza eskudun batek esku hartu badu eta espedientea Estatuko Administrazio Orokorrari bidali behar badio gidatzeko administrazio-baimena eten dezan, iraungitze-epea eten egingo da, eta berriz jarriko da martxan, epailearen edo administrazioaren ebazpena irmo bihurtzen denean, urtebetea burutu arte.

3.- Zehapenek urtebetean preskribituko dute, dena delako zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Preskripzioa eten egingo da baldin eta, interesatua jakinaren gainean egonda, exekuzio-prozedura hasten bada, baina arau-hausleari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik exekuzio-prozedura hilabetetik gora geldirik badago, preskripzio epea martxan jarriko da berriz.

82. artikulua. Oharpena eta iraungitzea.

(17/2005 Legearen arabera idatzia)

Prozeduraren instrukzioa egiten ari den trafiko-buruzagitzak gidarien eta arau-hausleen erregistroan idatziko ditu administrazio-bidean irmoak diren arau-hauste larriak eta oso larriak, irmo egiten dien egunean bertan.

Zehapen horiek alkateek edo trafikoaren eta ibilgailu motordunen zirkulazioaren alorreko eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek jarri dituztenean, komunikatu egingo dira, aipatutako erregistroan idatzoharra jartzeko. Komunikazioa zehapena irmo bihurtu eta hurrengo 15 egunetan egingo da.

Agintari judizialek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraziko dizkiote ibilgailu motordunak eta motor-bizikletak gidatzeko eskubideaz gabetzen dituzten epaiak, aipatutako erregistroan idatzoharra jartzeko. Jakinarazpen hori epaia irmo bihurtu eta hurrengo 15 egunetan egingo da.

Idatzoharrak ofizioz ezeztatuko dira, aurrekarien ondorioetarako, guztiz bete direnetik edo preskribitu dutenetik hiru urte igaro direnean.

IV. KAPITULUA:

ZEHAPENAK BETETZEA

83. artikulua. Zehapenak betetzea.

1.- Lege honetan aurreikusitako zigorrak ezin izango dira betearazi administrazio-bidean irmoak ez badira.

2.- Ezarritako zigorra behin irmo bilakatu eta gero, lege honetan araututako baimenak indargabe uzteko, agindua emango zaio arau-hausleari, adieraziko zaion agintaritzaren agentearen esku utz dezan agiria.

Agindu horri men egin ezik, epaileari pasatuko zaio auzia.

3.- Aurreko zenbakian aipatutakoa hala izanda ere, erregistroetan jaso behar da zenbat denborarako utzi den indargabe baimena.

Baimena indargabetuta dagoen denboraldian baimenak bere baitan hartzen dituen jardueren arteko bat gauzatzen bada, 60. artikuluan xedatutakoaren kontrako arau-haustea dela ulertuko da jarduera hori, ondorio guztietarako, nahiz eta agiria entregatu gabe egin.

84. artikulua. Isunak kobratzea

1.- Administrazio kudeatzailearen bilketa-organoei ordaindu behar zaizkie isunak, zuzenean edo banketxeen bidez, irmo egiten direnetik hamabost egun balioduneko epearen barruan.

2.- Aurreko paragrafoan isuna ordaintzeko finkatutako epea bete eta gero, oraindik ordaindu gabe badago, premiamenduko jardunbidez egingo da ordainarazpena.

Xede horretarako, administrazio kudeatzailearen organo aginpidedunak egindako zorpekoen egiaztagiria betearazlea izango da.

3.- Estatuko administrazioak ezarritakoak badira isunak, Bilketarako Araudi Nagusian eta aplikagarri diren gainerako arauetan finkatutakoak izango dira derrigorrezko bilketa egingo duten organoak eta erabiliko diren prozedurak.

Bestelako kasuetan, aldiz, isunak ezarri dituzten agintariek aplika ditzaketen arauetan finkatutakoak izango dira.

4.- Lege hau aplikatzeagatik ezarritako isunei dagokienez, Estatuko administrazioaren organoek premiamenduko bidetik bilketa egiteko gauzatutako kudeaketa-egintzak aurkatu egin ahal izango dira bide ekonomiko-administratiboa erabiliz.

5.- Trafikoari eta ibilgailu motordunen zirkulazioari buruzko eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluek izendatutako organoek eta alkateek ezarritako zehapenak gauzatzeko bilketa exekutiboko prozedurari dagokionez, zehatuen helbidea agintari horien eskumeneko lurralde-esparrutik kanpo badago ere, agintari horiek burutuko dute prozedura, zeinek bere legeriaren arabera.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

Lehenengo xedapen gehigarria.

Gidatzeko baimen eta lizentzietako puntuak galtzea.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Gidari bati, II. eranskinean aipatzen diren arau-hauste larri edo oso larrietako bat egiteagatik, administrazio bidean zehapen irmoa jartzen bazaio, gidatzeko baimen edo lizentziako kreditutik kendu behar zaizkion puntuak automatikoki kenduko zaizkio zehapena Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroan idazten den une berean. Erregistro horretan, gainera, jasota geldituko da zenbat puntu gelditzen zaizkion, guztira, baimenaren titularrari.

Bigarren xedapen gehigarria.

Gidatzeko baimen eta lizentzien antzinatasuna bermatzea.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Gidari bakoitzari hasieran esleitutako puntu guztiak galdu ondoren berriro ateratako gidatzeko baimen edo lizentzietan, antzinatasuna gorde egingo da.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Gidari profesionalak.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek dira gidari profesionalak: dagokion gidatzeko administrazio-baimena izanik, lan-jarduera nagusia salgaiak edo pertsonak garraiatzeko ibilgailu motordunak gidatzen dutenak. Gorabehera hori gidaria kontratatu duen enpresak egiaztatuko du, egiaztagiri baten bitartez eta, enpresa horretako langile den aldetik, Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duen dokumentazioaren bitartez.

Enpresaburu autonomoa bada, aurreko lerroaldean aipatzen den egiaztapenaren ordez, enpresaburuaren aitorpena beharko da.

Laugarren xedapen gehigarria.

Hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten autonomia-erkidegoetako gidatzeko baimen eta lizentziak.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Bigarren hizkuntza ofiziala duten autonomia-erkidegoetan, gidatzeko baimen eta lizentziak, gaztelaniaz gain, beste hizkuntzan ere egingo dira.

Bosgarren xedapen gehigarria.

Ibilgailu motordunen Trafiko eta zirkulazioaren alorreko eskumen exekutiboak dituzten autonomia-erkidegoak.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Ibilgailu motordunen trafikoaren alorreko eskumen exekutiboak dituzten autonomia erkidegoak arduratuko dira, beren lurralde-esparruan, bide-heziketa eta sentsibilizazioa nola eman zehazteaz, betiere, oro har finkatzen diren iraupen, eduki eta eskakizunak betez.

Seigarren xedapen gehigarria.

Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroa kontsultatzea puntuen saldoa jakiteko.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Administrazioak beharrezko neurriak hartuko ditu gidatzeko baimen eta lizentzien titularrek beren puntu-saldoa kontsultatu ahal izan dezaten.

Edozein modutan, Administrazioak puntuak kentzea dakarren zehapen bat jartzeko ebazpena jakinarazten duenean, berariaz jakinaraziko die zehatuei zenbat puntu kendu zaizkien eta nola jakin dezaketen beren puntu-saldoa.

Zazpigarren xedapen gehigarria.

Oinarrizko baldintzak eta minusbaliotasuna duten pertsonen irisgarritasuna.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Bide-segurtasunaren alorrean beren jarduera gauzatzeko aldez aurreko baimena behar duten zentroei edo Estatuko Administrazioak kudeatu behar dituen zentroei dagokienez, Gobernuak abenduaren 2ko 51/2003 Legean xedatutakoa betetzen dela ziurtatuko du (51/2003 Legea, abenduaren 2koa, minusbaliotasuna dutenen aukera-berdintasunari, diskriminazio-ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa).

Zortzigarren xedapen gehigarria.

Gidari profesionalentzako ikastaroak (17/2005 Legearen ondorioz erantsita).

Ikastaro hauek nahitaez egin beharrekoak dira gidari profesionalentzat eta, horien bitartez, lau puntu berreskuratu ahal izango dira gehienez, Barne Ministerioak agindu-bidez ezarritako baldintzetan.

Puntuak berreskuratzeko era hau bateragarria izango da bide-heziketa eta sentsibilizazio ikastaroen bitartez puntuak berreskuratzearekin.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.

Espezie zinegetikoak harrapatu izanak sortutako trafiko-istripuen erantzukizuna.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Espezie zinegetikoak harrapatu izanak sortutako trafiko-istripuen erantzukizuna ibilgailuaren gidariarena izango da baldin eta istripua zirkulazio-arauak ez betetzeagatik gertatu bada.

Istripu hauetan sortzen diren kalte pertsonal eta ondarezkoak, bakarrik egotzi ahal zaizkie aprobetxamendu zinegetikoaren titularrei edo, horrelakorik ez badago, lurren jabeei, baldin eta istripua ehiza-jardueraren zuzeneko ondorioa izan bada edo zedarritutako terrenoa kontserbatzeko orduan arduragabekeria egon bada.

Istripuaren eszenatoki izan den bide publikoaren titularra ere izan daiteke erantzulea, bidearen kontserbazio-egoeran eta seinaleztapenean duen erantzukizunagatik.

Hamargarren xedapen gehigarria.

Legearen aplikazioaren jarraipena. (17/2005 Legearen ondorioz erantsia)

Lege hau indarrean sartu eta hurrengo hiru urteetan, Gobernuak Legearen aplikazioaren eta lortutako emaitzen berri emango dio Diputatuen Kongresuari, urtean behin.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.

Legea aplikatzeko behar diren giza baliabideen zuzkidura. (17/2005 Legearen ondorioz erantsia)

Lege honen araudi bidezko garapenaren esparruan, eta araudiok onartzen diren heinean, Gobernuak beharrezko neurriak hartuko ditu, funtzio publikoa arautzen duten arauen esparruan, Lege honen berezko helburuak lortzeko behar diren lanpostuen zuzkidura eta sailkapena eta giza baliabideen prestakuntza bermatzeko.

Zehazki, neurri horien bitartez, prestakuntza akademiko egokia eta profesionaltasun eta espezializazio maila handiagoa lortu behar dira trafiko-istripuak ikertzen dituzten langile publikoentzat, gidariak prestatzeko eta horien gaitasunak aztertzeko zentroak eta jarduerak ikuskatzeaz arduratzen direnentzat, bide heziketaz eta irakaskuntzaz arduratzen direnentzat, gidatzeko administrazio-baimenak lortzeko gaitasun-probak egiten dituztenentzat eta bide-segurtasuna hobetzeko behar diren funtzioak gauzatzen dituztenentzat.

Hamabigarren xedapen gehigarria.

Gidatzeko baimen edo lizentziaren formatua.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Araudiz ezarriko da zein formatu izango duen gidatzeko baimen edo lizentziak, zeina gidariaren NANean integratuta egongo baita teknikoki ahal denean. Halaber ezarriko da araudiz puntuen saldoa ikustea ahalbidetuko duen dokumentu osagarriaren formatua.

Hamahirugarren xedapen gehigarria.

Gidatzeko eskubidea kentzea dakarten zigor penalen administrazio-eragina.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Gidatzeko baimen edo lizentzia baten titularrak, ibilgailu motordunak edo motor-bizikletak gidatzeko eskubidea kentzen duen delitu batengatik epai irmo baten bitartez kondenatua izan bada, berriro gidatu ahal izateko, 63.7 artikuluko lehenengo paragrafoan aipatzen den bide heziketako edo sentsibilizazioko ikastaroa aprobetxamenduz gainditu duela egiaztatu behar du.

Lehenengo xedapen iragankorra.

Legearen aplikazioa.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Lege honetan xedatutakoa bakarrik aplikatuko zaie legea bera indarrean sartzen denetik aurrera egindako arau-hausteei. Salbuespen izango da gidatzeko baimen eta lizentzien puntukako sistema, kasu horretan azken xedapenetatik bigarrenean xedatutakoa beteko baita.

Bigarren xedapen iragankorra.

Hiru urtetik gorako antzinatasuna ez duten gidari baimenen edo lizentzien titularrak.

(17/2005 Legearen ondorioz erantsita)

Lege hau indarrean jartzen denean hiru urtetik gorako antzinatasuna ez duten gidari baimenen edo lizentzien titularrek zortzi puntu izango dituzte guztira. Gidatzeko baimena edo lizentzia antzinatasun hori izatera heltzen denean, puntuak 12 izango dira, salbu eta tarte horretan titularrari puntuak kentzea dakarren arau-hauste bat egiteagatik zehapen irmoa jarri bazaio administrazio-bidean.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Arautegia indargabetzea.

(17/2005 Legea)

Indarrik gabe uzten dira lege honen aurka doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehena.

Indarrean dagoen araudia egokitzea. (17/2005 Legea)

Gobernuak jarraian aipatzen diren xedapenak aldatuko ditu lege honetan xedatutakoari egokitzeko: Gidarien Araudi Orokorra, maiatzaren 30eko 772/1997 Errege Dekretuaren bitartez onartua; Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua ?martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartua? aplikatzeko eta garatzeko den Zirkulazio Araudi Orokorra, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bitartez onartua; Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren alorreko zehapen-prozedurari buruzko araudia, otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuaren bitartez onartua, eta gidari-eskola partikularrak erregulatzen dituen araudia, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bitartez onartua.

Azken xedapenetatik bigarrena.

Indarrean sartzea.

(17/2005 Legea)

«Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratu eta 20 egunera jarriko da indarrean Lege hau.

Gidatzeko baimenaren eta lizentziaren puntukako sistema arautzen duten manuak eta II. eranskina, ordea, dagokien garatzeko araudiarekin batera jarriko dira indarrean eta, edozein kasutan, Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera.

Ahalmena ematen zaio Gobernuari lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan. Ahalmena ematen zaio, halaber, Legearen I. eranskinean jasotako oinarrizko kontzeptuak aldatzeko, Espainian eragina duten nazioarteko itun eta hitzarmenen eremuan kontzeptuon definizioetan egin daitezen aldaketen arabera egiteko.

Lehengoez gain, ahalmena ematen zaio Gobernuari, indar armatuetako ibilgailuen baimenetarako eta zirkulaziorako araubidearen berezitasunak arautu ditzan, Defentsa eta Barne ministroen proposamenez, eta, beharrezkoa bada, aginpideak dituzten beste ministroen proposamenak kontuan hartuta.

Bigarren eranskinean egin daitezen aldaketak errege-dekretu bidez onartu behar dira.

I. ERANSKINA

Lege honen ondorioetarako, eta bere xedapen osagarrien ondorioetarako, honela ulertu behar dira ondorengo kontzeptuak:

1.- Gidaria. Artikulu honetako 2. paragrafoko bigarren lerroaldean aipatutako salbuespenak salbuespen, bai direkzioaren mekanismoa darabilen pertsona, bai ibilgailuren bat bere aginduetara daraman pertsona, bai animalia bat zein hainbat animalia bere ardurapean dituen pertsona, horiek gidariak dira.

Gidatzen ikasten ari direla zirkulatzen diharduten ibilgailuen kasuan, aldiz, managailu gehigarrien ardura daukan pertsona da gidaria.

2.- Oinezkoa.

Gidari izan gabe, 2. artikuluan aipatutako bide edo lursailetatik oinez dabilen pertsona da oinezkoa.

Oinezko dira, halaber, batetik, ume-kotxea edo ezinduen kotxea, edo motorrik gabeko eta neurri txikiko beste edozein ibilgailu bultzaka edo herrestan daramatenak, bestetik, bi gurpileko txirrindua edo motor-bizikleta oinez daramatenak, eta, azkenik, motordun nahiz motorrik gabeko gurpildun aulkian pausoaren abiadan zirkulatzen ari diren ezinduak.

3.- Ibilgailuaren titularra. Ibilgailuari dagokion erregistro ofizialean ibilgailua zeinen izenean agertzen den, horixe da ibilgailuaren titularra.

4.- Ibilgailua. Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen 2. artikuluan aipatzen diren bide edo lurretan zirkulatzeko balio duen aparatua.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

5.- Zikloa. Gutxienez bi gurpil dituen ibilgailua da zikloa. Eta ibilgailuan dauden pertsonen giharretako indarrarekin baino ez da higitzen, batez ere pedalei edo manibelei eraginez. (2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

6.- Bizikleta. Bi gurpil dituen zikloa da bizikleta.

7. Motor-bizikleta. Hauek dira motor-bizikletak: (43/1999 Legearen arabera idatzita)

a) Bi gurpileko ibilgailua, 50 cm3-ko edo gutxiagoko motorra duena barne-errekuntzakoa bada, eta, fabrikazioz, gehienez, 45 kilometroko abiadura hartzen duena orduko.

b) Hiru gurpileko ibilgailua, 50 cm3-ko edo gutxiagoko motorra duena barne-errekuntzakoa bada, eta, fabrikazioz, gehienez, 45 kilometroko abiadura hartzen duena orduko.

c) Lau gurpileko ibilgailuak, hutsean 350 kilogramotik beherako masa dutenak (ibilgailu elektrikoen kasuan baterien masa ere kenduta), fabrikazioz, gehienez, 45 kilometroko abiadura hartzen dutenak orduko eta, 50 cm3-ko edo gutxiagoko zilindrada dutenak, eztanda-motorra badute, edo 4 kW-ko edo gutxiagoko gehienezko potentzia garbia dutenak, bestelako motorra badute.

8.- Tranbia. Bideetan jarritako errailetatik dabilen ibilgailua da tranbia.

Motordun ibilgailua. Propultsatzeko, motorra daukan ibilgailua da motordun ibilgailua. Definizio honetatik kanpo uzten dira motor-bizikletak eta tranbiak eta mugikortasun urria duten ibilgailuak.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

10.- Ibilgailu berezia (I.B.). Ibilgailu berezia autopropultsatua edo atoian eramatekoa izan daiteke, lanak edo zerbitzu zehatz batzuk betetzeko asmatu eta egina. Bere ezaugarriak direla eta, ez ditu betebehar izaten kode honetan eskatutako baldintza tekniko guztiak, batzuetatik salbuetsita egoten da eta; beste kasu batzuetan, berriz, berez gainditzen ditu bertan pisu eta neurrietarako ezarritako mugak. Nekazaritzako makinak eta horien atoiak ere ibilgailu bereziak dira.

11.- Lan edo zerbitzuetarako traktore eta makinak. Lanak edo zenbait zerbitzu zehatz egiteko asmatu eta egindako ibilgailu berezia da lan edo zerbitzuetarako traktore edo makina. Halakoak dira, izan, nekazaritzakoak ez diren traktoreak, marra-pintagailuak, induskailuak, motogalgailuak, zamagailuak, dardaragailuak, zapalgailuak, lokatz erauztailuak eta elurra kentzeko makinak.

12.- Nekazaritzako traktorea. Bi ardatz edo gehiagoko ibilgailu berezi autopropultsatua da nekazaritzako traktorea, nekazaritzako tresna, makina edo ibilgailuak herrestan eraman edo bultzatzeko asmatu eta egina. (2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzia)

13.- Motokultorea. Ardatz bateko ibilgailu berezi autopropultsatua da motokultorea, eta eskutainen bidez gida dezake oinez doan gidariak. Zenbait motokultore eserleku batetik ere gida daitezke, dela nekazaritzako atoi edo makinaren bati itsatsita dagoen eserlekutik, dela gurpildun tresna edo bastidoreren bati itsatsitako eserlekutik.

14.- Gurdi traktorea. Bi ardatz edo gehiagoko ibilgailu berezi autopropultsatua da gurdi traktorea, landetatik nekazaritzako produktuak garraiatzeko bereziki asmatua.

15.- Bere indarrez dabilen nekazaritzako makina. Bi ardatz edo gehiagoko ibilgailu berezi autopropultsatua da bere indarrez dabilen nekazaritzako makina, nekazaritzako lanak egiteko asmatu eta egina.

16.- Garraiagailua. Bi ardatz edo gehiagoko ibilgailu berezi autopropultsatua da garraiagailua, nekazaritzako makinak eramateko asmatu eta egina.

17.- Atoian eramateko nekazaritzako makina. Nekazaritzako lanak egiteko asmatu eta egindako ibilgailu berezia da atoian eramateko nekazaritzako makina; eta, leku batetik bestera eraman eta maniobrak egiteko, traktore, motokultore edo bere indarrez dabilen makinaren batek herrestan eraman edo bultzatu behar du.

Definizio honetatik kanpo gelditzen dira, batetik, nekazaritza-lanabesak, hau da, lurra prestatzeko edo lantzeko asmatu eta egindako nekazaritza tresna edo lanabes motorrik gabeak, zeinak, gainera, ez baitira ibilgailutzat joko kode honen ondorioetarako, eta, bestetik, atoian eramateko den nekazaritzako makineria baldin eta 750 kg-tik beherako masa badu.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

18.- Nekazaritzako atoia. Traktore, motokultore edo bere indarrez dabilen makinaren batek herrestan eramateko egindako garraio-ibilgailua da nekazaritzako atoia.

Definizio honen barruan sartzen dira nekazaritzako erdi-atoiak ere.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

19.- Automobila. Motordun ibilgailua da automobila. Normalean, pertsonak edo gauzak garraiatzeko balio du, edo biak batera, edo garraio-mota hori egiten duten beste ibilgailu batzuei tira egiteko.

Definizio honetatik kanpo uzten dira ibilgailu bereziak.

20.- Mugikortasun urria duten pertsonentzako ibilgailua. 350 kiloko edo gutxiagoko tara duen ibilgailua, fabrikazioz toki lauan orduko 45 kilometroko abiadura gainditu ezin duena, disfuntzio edo ezintasun fisikoren bat duten pertsonentzat bereziki proiektatu eta egina (ez egokitua). Gainerako ezaugarri teknikoei dagokienez, hiru gurpileko motor-bizikleten parekoa da.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

21.- Motor-bizikletak. Datozen epigrafeetan zehaztutako automobilak dira motor-bizikletak:

Bi gurpileko motor-bizikleta: bi gurpileko eta sidekarrik gabeko ibilgailua, 50 cm3-ko edo gehiagoko motorra duena barne-errekuntzakoa bada, eta/edo, fabrikazioz, orduko 45 kilometrotik gorako abiadura har dezakeena.

Motor-bizikleta sidekarduna: hiru gurpileko ibilgailua, luzetarako erdiko ardatzarekiko asimetrikoa, 50 cm3-ko edo gehiagoko motorra duena barne-errekuntzakoa bada, eta/edo, fabrikazioz, orduko 45 kilometrotik gorako abiadura har dezakeena .(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

22.- Turismoa. Pertsonak eramateko automobila, gutxienez lau gurpil eta, gidariaren eserlekuaz gain, gehienez beste zortzi plaza dituena.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

23.- Kamioia. Lau gurpil edo gehiago dituen automobila, salgaiak garraiatzeko asmatua eta egina, kabina gainerako karrozerian integratuta ez duena eta, gehienez, 9 plaza dituena, gidariarena barne.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

24.- Autobusa edo autokarra. Gidariarena barne, bederatzi plaza baino gehiago dituen automobila, pertsonak eta ekipajeak garraiatzeko egina eta egokitua. Definizio honen barruan sartzen da trolebusa ere, hau da, linea elektriko bati konektatuta dagoen eta errailetatik ez doan ibilgailua.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

25.- Autobus edo autokar artikulatua. Sekzio artikulatu baten bitartez lotutako bi alde zurrun dituen autobusa edo autokarra. Ibilgailu hauetan, alde zurrun bietako bidaiarien konpartimentuak komunikatuta daude elkarrekin. Sekzio artikulatuak aukera ematen die bidaiariei alde zurrun batetik bestera eragozpenik gabe ibiltzeko. Alde biak lotzeko edo askatzeko operazioa tailerrean baino ezingo da egin.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

26.- Ibilgailu misto egokigarria. Aldi berean edo bereiz, salgaiak eta pertsonak garraiatzeko apropos prestatutako automobila. Gidaria barne dela, bederatzi lagun eraman ditzake gehienez ere; eta noizbehinka zama osoaren edo zati baten ordez, pertsonak garraia ditzake, eserlekuak gehitu eta gero.

27.- Atoia. Autopropultsatua ez den ibilgailua, ibilgailu motordun batek eramateko diseinatu eta sortua.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

28.- Atoi arina. Atoiaren baimendutako gehieneko pisua 750 kg baino gehiagokoa ez denean, atoia arina dela esaten da.

29.- Erdi-atoia. Autopropultsatua ez den ibilgailua, automobil bati akoplatzeko diseinatu eta sortua. Erdi-atoiaren zati bat automobilaren gainean pausatzen da, eta masaren zati handi bat pasatzen dio.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

30.- Kamioi traktorea. Batez ere erdi-atoia herrestan eramateko asmatu eta egindako automobila da kamioi traktorea.

31.- Errepideko trena. Ibilgailu motordun batek bere atoiarekin osatzen duen automobila.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

32.- Ibilgailu artikulatua. Erdi-atoi bat daraman ibilgailu motordunak osatutako automobila da.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

33.- Tara. Ibilgailuaren masa da tara. Baimendutako ekipamendu finko eta guzti dela ulertu behar da horretarako, baina zerbitzuko pertsonak, bidaiariak eta zama kontuan hartu gabe. Gainera, urez, erregaiz eta labaingarriz ere guztiz hornituta egon behar du, eta pisuan sartuta eduki behar ditu ordezko piezak, lanabesak eta beharrezko osagarriak ere.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

34.- Masa osoa. Ibilgailuaren eta bere zamaren benetako masa da masa osoa, bidaiarien eta zerbitzuko pertsonen pisua barne hartuta.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

35.- Baimendutako gehienezko masa (BGM). Bide publikoetatik zama eta guzti zirkulatzeko, ibilgailuak izan dezakeen gehienezko masa.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

36.- Ardatzeko masa. Ardatz bati itsatsitako gurpil guztietatik pasata, lurzoruaren gainean grabitatzen duena da ardatzeko masa.

37.- Ardatz bikoitza, edo tandema. Ardatz birekin egiten den multzoa da ardatz bikoitz edo tandema, beti ere ardatzon arteko distantzia 1,80 metro baino gehiagokoa ez bada.

38.- Ardatz hirukoitza, edo tridema. Hiru ardatzekin egiten den multzoa da ardatz hirukoitz edo tridema, beti ere elkarren ondoko bi ardatzen arteko distantzia 1,80 metro baino gehiagokoa ez bada.

39.- Argi luzea. Ibilgailuaren aurreko bide-zati luze bat argitzeko erabiltzen den argia.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

40.- Argi laburra. Kontrako noranzkoan datozen gidariak eta gainerako bide-erabiltzaileak itsutu edo molestatu gabe, ibilgailuaren aurreko aldea argitzeko erabiltzen den argia.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

41.- Posizioko aurreko argiak. Aurretik begiratzen zaionean, ibilgailuaren presentzia eta zabalera adierazteko erabiltzen dena.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

42.- Posizioko atzeko argiak. Atzetik begiratzen zaionean, ibilgailuaren presentzia eta zabalera adierazteko erabiltzen dena. (2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

43.- Katadioptrikoa (edo erretrokatadioptrikoa). Ibilgailuaren presentzia adierazteko erabiltzen da gailu hau. Ibilgailuarena ez den argi-iturri batek sortutako argia islatzen du begira dagoena, iturritik gertu badago, ikusteko moduan.

Ez dira katadioptrikoak:

-Matrikula-plaka islatzaileak.

-ADRn aipatutako seinale islatzaileak.

-Ibilgailu-kategoria batzuk edo funtzionamendu-modu jakin batzuk erabiltzeari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko jarri behar diren gainerako plaka eta seinale islatzaileak.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

44.- Atzerako martxako argia. Ibilgailuaren atzeko aldea argitzeko eta gainerako bide-erabiltzaileei jakinarazteko ibilgailua atzeraka doala edo berehala abiatuko dela atzerantz.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

45.- Norabidea adierazteko argia. Gainerako bide-erabiltzaileei, gidariak norabidea eskuinerantz edo ezkerrerantz aldatu nahi duela jakinarazteko erabiltzen dena.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

46.- Balazta-argiak. Ibilgailuaren atzetik zirkulatzen duten gainerako bide-erabiltzaileei, gidaria zerbitzu-balazta erabiltzen ari dela adierazteko dena.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

47.- Aurreko behelaino-argia. Behelainoa, elurra, ekaitza edo hauts-hodei bat dagoenean errepidea hobeto argiztatzeko erabiltzen dena, eta atzeko behelaino-argia, behelaino itxia dagoenean ibilgailua atzetik hobeto ikus dadin erabiltzen dena.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

48.- Galibo-argia. Ibilgailuaren kanpoko ertz gorenetik ahalik eta hurbilen jarritako argia, ibilgailuaren guztirako zabalera argi adierazteko dena. Ibilgailu eta atoi batzuetan, argi hau aurreko eta atzeko posizio-argien osagarri da, eta bolumena adierazteko balio du.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

49.- Larrialdi-argiak. Ibilgailuak norabidea adierazteko dituen argi guztiak batera piztua egotea, gainerako bide-erabiltzaileentzat ibilgailua une horretan arrisku bat izan daitekeela adierazteko.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

50.- Barruko argia. Ibilgailuko bidaiari-lekua argitzeko erabiltzen da. Baina ezin izango ditu itsutu beste bide-erabiltzaileak, ez eta beharrik gabe nekarazi ere.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

51.- Aparkaldiko argiak. Eraikitako gune batean ibilgailua aparkatuta dagoela adierazteko dira. Horrelakoetan, aurreko eta atzeko posizio-argien ordezkoak dira.

(2822/1998 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

52.- Plataforma. Ibilgailuek erabiltzeko den errepide-guneari deitzen zaio plataforma. Galtzadak eta bazterbideek osatzen dute.

53.- Galtzada. Ibilgailuek zirkulatzeko jarritako errepide-gunea da galtzada. Hainbat erreik osatzen dute.

54.- Erreia. Galtzada zatibanatzeko orduan kontuan hartzen diren luzetarako zerrendak dira erreiak. Luzetarako bide-marraz, edo marrarik gabe mugatuta egon daitezke, baina automobil-ilara batek bertatik zirkulatu ahal izateko besteko zabalera izan behar dute edozelan ere; motorrak ez dira automobiltzat hartzen kasu honetan.

55.- Espaloia. Errepidearen luzetara dagoen gunea da espaloia, oinezkoak bertatik ibiltzeko egina; eta errepidea baino gorago egon daiteke, edo ez.

56.- Oinezkoentzako gunea. Oinezkoak ibiltzeko gordetako bide-zatia da oinezkoentzako gunea; bidea baino gorago egon daiteke, edo beste moduren batera zedarriztatuta.

Definizio honen barruan sartzen dira espaloia, nasa eta ibiltokia.

57.- Babesgunea. Galtzadan kokatuta dagoen oinezkoentzako gunea da babesgunea, eta ibilgailuen joan-etorrietatik babestuta.

58.- Bazterbidea. Galtzadaren ondo-ondoan dagoen luzetarako marra irmoa da bazterbidea; bertatik ezin dira ibili automobilak, salbuespeneko kasuetan izan ezik.

59.- Elkargunea. Bide-sareko gurutzagune bat da elkargunea; sestra bakar batean gurutzatzen dira bertatik dabiltzan ibilgailuen traiektoria posible guztiak.

60.- Trenbide-pasagunea. Plataforma independentea daukan trenbide bat, batetik, eta bide bat, bestetik, sestra-maila berean gurutzatzen badira, gune horri trenbide-pasagunea deitzen zaio.

61.- Autobidea. Bertatik automobilek, eta ez beste ezerk, zirkulatzeko berariaz proiektatu, eraiki eta seinaleztatuta dagoen errepidea da autobidea. Hona hemen autobidearen ezaugarriak:

a) Jabetza mugakideetatik ezin da bertara sartu.

b) Sestra berean autobideak ez du gurutzatzen inolako bidezidor, bide, trenbide edo tranbia-biderik; eta autobidea bera ere ez du gurutzatzen inolako bidezidor, komunikazio-bide edo bide-zorrek ere.

c) Zirkulazioaren noranzko bakoitzerako, galtzada propioak dauzka autobideak. Zirkulaziorako ez den lur-zerrenda batekin banatzen dira galtzadak elkarrengandik, edo, salbuespeneko kasuetan, beste moduren batera. Hala ere, puntu zehatz batzuetan edo aldi baterako denean, bestela ere banatzen dira autobideko galtzadak.

62.- Autobia. Berariaz autobia gisa proiektatu, eraiki eta seinaleztatutako errepidea da, eta ezaugarri hauek ditu:

a) Jabetza mugakideetatik ezin da bertara sartu.

b) Sestra berean autobideak ez du gurutzatzen inolako bidezidor, bide, trenbide edo tranbia-biderik; eta autobidea bera ere ez du gurutzatzen inolako bidezidor, komunikazio-bide edo bide-zorrek ere.

c) Zirkulazioaren noranzko bakoitzerako, galtzada bereiztuak dauzka autobiak, salbu eta puntu berezietan edo aldi baterako denean. Zirkulaziorako ez den lur-zerrenda batekin banatzen dira galtzadak elkarrengandik, edo beste moduren batera.

(Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

63.- Errepide arrunta. Autobideen, autobien eta automobilentzako bideen ezaugarriak betetzen ez dituzten errepideak dira.

(Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

64.- Herria. Herritzat izendatzen den eremuan eraikinak daude, eta sarrerako eta irteerako bideetan, hurrenez hurren, herriko sarrera eta herriko irteera adierazten duten seinaleak daude kokatuta.

65.- Zeharbidea. Arauzko xedapen honen ondorioetarako, Herria igarotzen duen errepide-zatia da zeharbidea. Ez dira zeharbidetzat hartuko beste bide-alternatiba bat edo saihesbidea duten zatiak baldin eta horietarako sarbidea badute.

(Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren arabera idatzita)

66.- Geratzea. Edo larrialdiren batengatik, edo zirkulazioko premien eraginez, edo araudiko aginduren bat betetzeko, ibilgailuren bat ibilgetuta badago, geratuta dagoela esaten da.

67.- Gelditzea: Ibilgailua ibilgetuta egotea bi minutu baino denbora gutxiago gidaria barruan dagoela.

(19/2001 Legearen arabera idatzia)

68.- Aparkatzea. Ibilgailuren bat ibilgetuta dagoenean aparkatuta dagoela esaten da, geratuta edo geldituta ez badago.

69.- Bizikleta-bidea. Zikloen trafikorako bereziki egokitutako bidea, dagokion seinaleztapen horizontal eta bertikala duena eta nahikoa zabalera duena horrelako ibilgailuak segurtasunez igarotzeko.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita)

70.- Bizikleta-erreia: galtzadari erantsita dagoen bizikletentzako bidea, noranzko bakarrekoa edo bikoa.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita).

71.- Babestutako bizikleta-erreia: alboetan galtzadatik eta espaloitik fisikoki bereizten duten elementuak dituen bizikleta-erreia.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita).

72.- Bizikleta-espaloia: espaloiaren gainetik doan bizikleta-bidea.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita).

73.- Bizikleta-pista: ibilgailu motordunen trafikotik aparte dagoen bizikleta-bidea, errepideen bestelako trazaketa duena.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita).

74.- Ziklo-bidexka. oinezkoentzako eta zikloentzako bidea, ibilgailu motordunentzako bidetik aparte dagoena eta gune ireki, parke, lorategi edo basoetatik doana.

(19/2001 Legearen ondorioz erantsita).

75.- Automobilentzako bideak. Bertan automobilak baino ezingo dute zirkulatu; galtzada bakarra izango dute eta ez dute jabetza mugakideetarako inolako sarbiderik izango; S-3 eta S-4 seinaleekin seinaleztatuko dira.

76.- Herriz kanpoko bideak. Herritik kanpo dauden bide publikoak dira.

77.- Herri barruko bideak. Herri barruan dauden bide publiko guztiak dira, zeharbideak izan ezik.

78.- Errepideak. Arauzko xedapen honen ondorioetarako, herritik kanpo dauden bide publiko zoladuradun guztiak dira errepideak, zeharbide-zatiak izan ezik.

79.- Biribilgunea. Elkargune-mota berezia da; bertan biltzen diren bideguneak erdian dagoen uztai baten bitartez komunikatzen dira, eta zirkulazioa erdian dagoen irlatxo baten biran antolatzen da. Biribilgune zatituak ez dira, berez, biribilgunetzat hartzen; horietan, bi bidegune, normalean aurrez aurrekoak, erdiko irlatxoaren bitartez konektatzen dira zuzenean eta trafikoa batetik bestera igarotzen da irlatxoa inguratu gabe.

80.- Okupazio handiko ibilgailuentzako erreia. Berariaz okupazio handiko ibilgailuentzako gordetako edo egokitutako erreia da.

(75etik 80ra bitarteko kontzeptuak, azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren bitartez erantsiak)

II. ERANSKINA

Puntuak galtzea dakarten arau-hausteak

Gidatzeko baimen edo lizentzien titularrek, ondoren aipatzen diren arau-hausteetako bat egin izanagatik administrazio-bidean irmoa den zehapena jasotzen badute, kasu bakoitzerako zehazten den puntu-kopurua galduko dute. Honela:

Araudiz ezarritako alkohol tasa gaindituta gidatzea:

Arnasan 0,50 mg/l gaindituz gero (profesionalen eta bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten gidabaimenen titularren kasuan, 0,30 mg/l): 6 puntu.

Arnasan 0,25etik 0,50era mg/l izanez gero (profesionalen eta bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten gidabaimenen titularren kasuan, 0,15etik 0,30era mg/l): 4 puntu.

Sorgorgarri, psikotropiko, estimulatzaile eta antzeko efektua duten gaien eraginpean gidatzea: 6 puntu.

Alkohol, sorgorgarri, psikotropiko, estimulatzaile eta antzeko efektua duten gaien maila detektatzeko probak egiteari uko egitea: 6 puntu.

Nabarmen ausarki gidatzea, kontrako noranzkoan zirkulatzea edo baimenik gabeko lehiaketa edo lasterketetan ibilgailuak gidatzea: 6 puntu.

Autopista edo autobietan, horrelako bideetan ibiltzea berariaz debekatuta duten ibilgailuetan zirkulatzea: 4 puntu.

Baimendutako gehienezko abiadura ehuneko 50ean baino gehiagotan gainditzea, baldin eta, horrela, gehienezko abiadura hori orduko 30 kilometrotan edo gehiagotan gainditzen bada: 6 puntu.

Lurreko garraioari buruzko legedian adierazitako gidatze-aldiak ehuneko 50 baino gehiago luzatzea edo atsedenaldiak ehuneko 50 baino gehiago laburtzea: 6 puntu.

Baimendutako plazen kopurua ?gidaria alde batera utzita? baino %50 okupatzaile gehiago, edo hortik gora, daraman ibilgailu bat gidatzea, salbu eta hiri barruko edo hiri arteko autobusa bada: 4 puntu.

Ibilgailu bat gidatzea horretarako gaitzen ez duen baimen edo lizentzia bat izanda: 4 puntu.

Suteak edo zirkulazio-istripuak sor ditzaketen gauzak bidera edo bide inguruetara botatzea: 4 puntu.

Arduragabekeriaz gidatzea, gainerako bide-erabiltzaileak benetan arrisku larrian jarriz: 4 puntu.

Ezarritako abiadura-mugak gainditzea kopuru hauetan:

Orduko 40 kilometrotik gora, 6. paragrafoko kasuan erori ezik. 4 puntu.

Orduko 30 kilometrotik gora eta 40ra arte: 3 puntu.

Orduko 20 kilometrotik gora eta 30era arte: 2 puntu.

Pasatzeko lehentasunari buruzko xedapenak hausteagatik eta stop seinalean eta argi gorria piztuta duten semaforoetan ez gelditzea: 4 puntu.

Aurreratzeari buruzko lege-xedapenak ez betetzea kontrako noranzkoan doazenak arriskuan jarriz edo oztopatuz eta ikuspen gutxiko leku edo egoeretan aurreratzea: 4 puntu.

Txirrindulariak arriskuan jarriz edo oztopatuz aurreratzea: 4 puntu.

Noranzkoa aldatzea lege honetako xedapenak eta araudiz ezarritakoa bete gabe: 3 puntu.

Autobide eta autobietan atzeraka ibiltzea: 4 puntu.

Aurreratua den ibilgailuko gidariak abiadura azkartzea edo aurreratzeko maniobra eragoztea edo zailtzea: 4 puntu.

Zirkulazioa bideratzen ari diren agenteen seinaleak ez betetzea: 4 puntu.

Aurreko ibilgailura arteko segurtasun-tartea ez errespetatzea: 3 puntu.

Sakelako telefonoa eskuz erabiltzea, aurikularrak jarrita izatea edo gidatze-lanetan nahitaez eta etengabe jarri behar den arretarekin bateraezina den edozein gailu erabiltzea, araudiz ezartzen denaren arabera: 3 puntu.

Bihurguneetan, malda-gainaldeetan, tuneletan, azpiko pasaguneetan, elkarguneetan edo zirkulaziorako edo oinezkoentzako arriskua sor daitekeen beste edozein lekutan gelditu edo aparkatzea, araudiz ezartzen denaren arabera: 2 puntu.

Hiri-barruko garraio publikorako gordetako erreietan gelditzea edo aparkatzea: 2 puntu.

Trafikoko agenteen zaintza saihesteko mekanismoak edo sistemak jarrita dituzten ibilgailuak gidatzea, xede horretarako gailuak eramatea eta radarrak antzemateko mekanismoak erabiltzea: 2 puntu.

Argiak piztuta eramatea nahitaezkoa denean, itzalita eramatea, edo argiak araudiz ezarritakoa bete gabe piztuta eramatea: 2 puntu.

Segurtasun-uhala, kaskoa eta bestelako babes-elementuak edo segurtasun-gailuak erabili gabe gidatzea araudiz ezarritako kasu eta baldintzetan: 3 puntu.

Motorretan edo motor-bizikletetan 12 urtetik beherako bidaiariak eramatea, araudi bidez ezarritako salbuespenekin: 2 puntu.

III. ERANSKINA

Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroak

Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroen iraupena, edukiak eta baldintzak Barne ministroaren agindu bidez ezarriko dira.

Xedea.- Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroen xedea hau izango da: batetik, gidariak kontzientziatzea arau-hausle gisa duten erantzukizunaz eta beren jarreraren ondorioez, batez ere trafiko-istripuen inguruan, eta, bestetik, berreztea, bide-segurtasunaren alorreko funtsezko balioak -norberaren eta besteen bizitza, besteak beste- errespeta ditzaten eta zirkulazio-arauak bete ditzaten.

Puntuak galtzea dakarten arau-hauste larri eta oso larriengatik zehatutako gidariek bide-zirkulazioaren inguruan duten jarrera aldatzea izango da ikastaro hauen azken helburua.

Ikastaro-motak.- Bi ikastaro-mota egin ahal izango dira:

a) Hasieran emandako puntu-kopuruaren zati bat galdu duten gidarientzako sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroak.

Ikastaro hauek behar besteko aprobetxamenduaz gaindituz gero, lau puntu berreskuratu ahal izango dira gehienez, betiere, lege honetan ezarritako betekizunak betez gero.

Hamabost ordukoak izango dira gehienez ere.

b) Hasieran emandako puntu guztiak galdu izanagatik, gidatzeko baimena edo lizentzia berriro atera nahi duten gidarientzako sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroak.

Ikastaro hauek behar besteko aprobetxamenduaz gainditzea ezinbesteko baldintza izango da titularrak berriro ere baimena atera ahal izan dezan, betiere, lege honetan ezarritako eskakizunak betez gero.

Hogeita hamar ordukoak izango dira gehienez ere.

Ikastaroen edukia.- Sentsibilizazio eta bide-berreziketako ikastaroen gai nagusiak trafiko-istripuen ingurukoak izango dira, zergatiak, ondorioak eta saihesteko jarrera egokiak.

Bide-berreziketako zentroak.- Ikastaro horiek administrazio-emakidaren bitartez esleituko dira, herri-administrazioen kontratuei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra