Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena

1992-11-26

Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 1992/11/27, 285. zk.

Eguneratua: 1999-01-14

30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena

(Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen aldaketak barne. EAO, 12 zk., urtarrilaren 14koa)

ATARIKO TITULUA

Aplikazio-eremua eta printzipio orokorrak

1. artikulua. Legearen zertarakoa

Lege honek herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarriak, administrazio-prozedura erkidea eta herri-administrazioen erantzukizun-sistema ezarri eta arautzen ditu, eta herri-administrazio guztiei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Aplikazio-eremua

1. Lege honen arabera, hauek dira herri-administrazio:

a) Estatuko administrazio orokorra

b) Autonomia-erkidegoetako administrazioak

c) Tokiko administrazioa osatzen duten erakundeak.

2. Horiez gain, herri-administraziotzat joko dira nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko erakundeak ere, edozein herri-administraziori loturik edo horien mendean daudenean. Erakunde horiek, administrazioaren ahalak erabiltzen badituzte, lege honetako arauak beteko dituzte; gainerako kasuetan, ordea, beren sortze-arauek diotena beteko dute.

3. artikulua. Printzipio orokorrak

1. Herri-administrazioek objektibotasunez egiten dute lan interes orokorraren alde. Halaber, eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio, deskontzentrazio eta koordinazioaren printzipioei begira dihardute, erabat errespetatuta konstituzioa, legeak eta zuzenbidea.

Era berean, fede onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioak errespetatu behar dituzte beren jardunean.

2. Herri-administrazioek, beren arteko harremanetan, lankidetza eta elkarren laguntza dute printzipio, eta, beren jardunean, eragimena eta herritarrekiko zerbitzua dituzte irizpide.

3. Legeetan eta ordenamendu juridiko osoan ezarritako helburuak lortzea da herri-administrazioen jardunaren jomuga; beti ere, estatuko gobernuaren, autonomia-erkidegoetako gobernu-organoen eta tokiko administrazioko erakundeetakoen zuzendaritzapean.

4. Herri-administrazio bakoitzak nortasun juridiko bakarrez dihardu, bere helburuak betetzeko.

5. Herri-administrazioek gardentasunaren eta parte-hartzearen printzipioen arabera jokatu behar dute herritarrekin dituzten harremanetan.

I. TITULUA

Herri-administrazioak eta beren arteko harremanak

4. artikulua. Herri-administrazioen arteko harremanen printzipioak

1. Herri-administrazioek beren jardunean eta elkarrekiko harremanetan erakundeen arteko leialtasunaren printzipioaren arabera jokatuko dute, eta, beraz, hau egin behar dute:

a) Gainerako administrazioek beren eskumenak zuzenbidearen arabera erabiltzea errespetatu

b) Ongi neurtu, norberaren eskumenak baliatzerakoan, ukitutako interes publiko guztiak, eta, zehazki, gainerako administrazioek kudeatu behar dituztenak

c) Gainerako administrazioei, beren eskumenak baliatuz darabilten jarduerari buruz behar duten informazioa eman

d) Norberaren eremuan lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini gainerako administrazioei, beren eskumenak modu eraginkorrean baliatzeko eskatzen dutenean.

2. Aurreko paragrafoaren c) eta d) idatz-zatietan xedatutakoa betetzeko, herri-administrazioek datuak, agiriak eta frogabideak eska diezazkiokete halakoak dituen erakundeari. Bestalde, laguntza ere eskatzea badute beren eskumenak baliatzeko.

3. Eskatutako laguntza eta lankidetza bakar-bakarrik uka daitezke eskatu zaion erakundeak laguntza hori emateko ahalmenik ez badu, horretarako baliabide nahikorik ez badauka edo laguntza emateak kalte larria ekartzen badie erakundeak babestu beharreko interesei edo bere egitekoak betetzeari. Laguntza ukatuz gero, adierazi egin behar zaio administrazio eskatzaileari, arrazoiak emanez.

4. Estatuko administrazio orokorrak, autonomia-erkidegoetakoek eta tokiko administrazioko erakundeek lankidetzan ari eta elkarri lagundu behar diote, egintzak bakoitzaren eskumen-lurraldetik kanpo betearazi behar direnean.

5. Estatuko administrazio orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioak, elkarri laguntza eman behar diotenean, berek adostuta eta beren borondatez ezarriko dute zein agiri-mota eta zein prozedura erabiliko dituzten.

Gaiari buruzko eskumenak bi administrazioen artean bananduta dituztelako edo gaiak elkarrekin jardutea eskatzen dielako, lankidetzaren printzipioari jarraituz, jarduera eraginkorragoa izan dadin erabakiak elkarrekin hartzea denean harreman horien helburua, orduan, hurrengo artikuluetan aipatzen diren lankidetzako agiri eta prozedurak errespetatuko dira.

5. artikulua. Arlokako batzarrak eta beste lankidetza-organoak

1. Estatuko administrazio orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioak lankidetza-organoak sor ditzakete beren artean, bataren eta bestearen eskumenak elkarri lotuta daudenean. Horien osaera bitarikoa zein askotarikoa izan daiteke, eta, eremuari dagokionez, orokorra nahiz arlo jakin batekoa. Egoera zein den ikusita, berriz, koordinazioa edo lankidetza izango da organo horien zeregina.

Kapitulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, estatuko administrazio orokorrak bere eskumenak baliatzeko sortutako kide anitzeko organoek ez dira lankidetza-organotzat joko. Baldin eta beren osaeran autonomia-erkidegoetako administrazioko ordezkariak, aholkua emateko badaude.

2. Lankidetza-organoen izena bitariko lankidetza-batzordea izango da, beren osaera bitarikoa izanik, eremu orokorrekoak direnean, parte-hartzaileak honako hauek badira: alde batetik, gobernuko kideak, estatuko administrazio orokorraren ordezkari, eta, bestetik, gobernu-kontseiluko kideak, dagokion autonomia-erkidegoko administrazioaren ordezkari. Organo hori akordioaren bitartez sortuko da, eta akordio horretan bertan ezarriko da bere oinarrizko araubidea.

3. Lankidetza-organoen izena arloko batzarra izango da, beren osaera askotarikoa izanik, eremu jakin batekoak direnean, parte-hartzaileak honako hauek badira: alde batetik, gobernuko kideak, estatuko administrazio orokorraren ordezkari, eta, bestetik, gobernu-kontseiluetako kideak, autonomia-erkidegoetako administrazioen ordezkari. Organo hori akordioaren bitartez sortuko da, eta akordio horretan bertan ezarriko da bere oinarrizko araubidea. Arloko batzar bakoitzaren araubidea dagokion erakundetze-akordioan eta bere barne-araudian ezarritakoa da.

4. Arloko batzarreko gaian eskumena duen edo duten ministroek egingo dute bilera-deia. Behar besteko denboraz egingo da, gai-zerrenda erantsiko zaio, eta, behar izanez gero, batzarra aurrez prestatzeko dokumentazioa ere bai.

5. Arloko batzarrean hartutako erabakiak izenpetu, bai eskumena duen edo duten ministroek, bai autonomia-erkidegoetako doakien gobernu-organoetako titularrek izenpetuko dituzte. Erabaki horiek arloko batzarreko hitzarmen modura formaliza daitezke.

6. Arlokako batzarretan batzordeak eta lan-taldeak sortzeko erabakia har dezakete, batzarreko eztabaida-eremuari dagozkion gai jakinak prestatu, aztertu eta gara ditzaten.

7. Helburu berberarekin, eztabaida-eremu zehatzetan, estatuko administrazio orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek, arloko arduradunak bilduta, beste lankidetza-organo batzuk ere eratu ditzakete.

8. Askotariko osaera duen lankidetza-organoaren arloko gaia tokiko administrazioko erakundeen eskumenei buruzkoa bada edo eskumen horiei eragiten badie, osoko bilkurak erabaki dezake tokiko administrazioko erakundeen estatuko elkarterik hedatuenari bileretara joateko gonbita egitea, modu iraunkorrean edo gai-zerrendaren arabera.

6. artikulua. Elkarri laguntzeko hitzarmenak

1. Administrazio orokorrak eta bere mendean edo berari lotuta dauden herri-erakundeek elkarri laguntzeko hitzarmenak izenpetu ditzakete autonomia-erkidegoetako dagokien organoekin, beti ere bakoitzaren eskumenen eremuan.

2. Hitzarmen-agirietan honako hauek zehaztu behar dituzte, dagokionean:

a) Zein diren hitzarmena izenpetzen duten organoak, eta zein gaitasun juridikoz diharduten

b) Zein den administrazio bakoitzaren eskumena

c) Hitzarmenaren finantza-bideak

d) Hitzarmena betetzeko adostu diren ekintzak

e) Kudeaketarako antolakunderik behar ote den

f) Hitzarmenaren indarraldia, nahiz eta hitzarmen-egileek luza dezaketen hala erabakiz gero

g) Hitzarmenaren amaiera, aurreko idatz-zatian jasotakoaz beste arrazoiren bategatik bada; eta, amaituz gero, nola burutuko diren egiten ari diren ekintzak.

3. Hitzarmena zaintzeko eta kontrolatzeko organo mistoa eratzen bada, organo horrek ebatziko ditu elkarri laguntzeko hitzarmenak interpretatzerakoan eta betetzerakoan azal daitezkeen arazoak.

4. Protokolo orokorra izango da hitzarmenaren izena, helburu bakarra hauetakoren bat denean: administrazioetako bakoitzak denen intereseko gai batean nola jardun zehaztuz jarraibide politikoak ezartzeko hitzarmena denean; edo eskumenak elkarri lotuta dauden arlo batean edo guztientzat interesgarria den gai batean lankidetzan aritzeko esparru orokorra eta metodologia finkatzeko hitzarmena denean.

5. Hitzarmena kudeatzeko elkarren arteko antolakundea eratu beharra ikusiz gero, nortasun juridikoa duen partzuergoa edo baltzua era daiteke.

Partzuergoaren estatutuetan, helburuak, antolakuntza, funtzionamendua eta finantza.bidea zehaztuko dira.

Partzuergoko organo erabakitzaileetan partzuergoko erakunde guztien ordezkariak izango dira, estatutuetan ezarritako heinean.

Partzuergoari agindutako zerbitzuak kudeatzeko, administrazio partzuerrei aplikatzen zaien legedian jasotako edozein bide erabil daiteke.

7. artikulua. Elkarrekin egiteko plan eta egitarauak

1. Estatuko administrazio orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioak jarduteko plan eta egitarauak elkarrekin egitea erabaki dezakete, erkide dituzten helburuak betetzearren, biak eskudun diren gaietan.

2. Bakoitzari dagokion arloaren barruan, arlokako batzarren ekimenez erabakiko da planak edo egitarauak elkarrekin egitea, horien edukia onartzea eta guztien artean bilakaeraren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

3. Planak edo egitarauak elkarrekin egitea onartzeko erabakietan, nolakoak diren aintzat hartuta, honako osagai hauek zehaztuko dira:

Bete behar diren denen intereseko helburuak

Administrazioetako bakoitzak egin beharreko jarduna

Administrazioetako bakoitzak eman beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak

Finantza-baliabideak jartzeko konpromisoak

Iraupena, eta jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta aldatzeko modua ere bai.

4. Elkarrekin egitekoa den plana edo egitaraua onartzeko erabakia eraginkorra da estatuko administrazio orokorra eta hitzarmena izenpetu duten autonomia-erkidegoetako administrazioak lotzeko, eta, gaiak administrazio horietako bakoitzarekin zehaztu beharrekoak badira, elkarri laguntzeko bitariko hitzarmenen bidez osa daiteke.

5. Elkarrekin egitekoak diren planak edo egitarauak onartzeko erabakiek argitalpen ofiziala behar dute.

8. artikulua. Hitzarmenen ondorioak

1. Arloko batzarreko hitzarmenak eta elkarri laguntzekoak izenpetuta ere, administrazio parte-hartzaileek ez diete inola ere beren eskumenei uko egingo.

2. Arloko batzarreko hitzarmenak eta elkarri laguntzekoak bete, izenpetzen diren unetik bete behar dituzte administrazio parte-hartzaileek; beti ere, hitzarmenotan besterik ezartzen ez bada.

Senatuari emango zaio arloko batzarreko hitzarmenen nahiz lankidetzakoen berri.

Mota bietako hitzarmenak argitaratu egin behar dira bai Estatuko Aldizkari Ofizialean bai dagokion autonomia-erkidegoko agintaritzaren aldizkarian.

3. Hitzarmen horiek interpretatu eta betetzerakoan gerta daitezkeen auziak, beti ere 6.3 artikuluaren mendean, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ardurapekoak eta eskumenekoak izango dira, eta, egokituz gero, Konstituzio Auzitegiaren eskumenekoak.

9. artikulua. Tokiko administrazioarekiko harremanak

Estatuko administrazio orokorrak edo autonomia-erkidegoko administrazioak tokiko administrazioko erakundeekin izan ditzaketen harremanak arautzeko, tokiko araubidearen oinarrizko legediari begiratuko zaio, eta titulu honetan xedatutakoa osagarri izango da

10. artikulua. Europako erkidegoei berri ematea

1. Europako Batasunaren Itunak edo Europako erkidegoen itunek edo beren erakundeen egintzek dakartzaten eginbeharrak direla eta, xedapen orokorren edo ebazpenen berri eman behar zaienean, herri-administrazioek estatuko administrazio orokorrean erakunde horiei berri emateko eskumena duen organoari bidaliko dizkiote. Eginbehar hori betetzeko berariazko eperik ez badago, hamabost egun izango dituzte bidaltzeko.

2. Xedapen-proposamenak edo bestelako informazioak direnean, berariazko eperik ez badago, eginbehar hori betetzeko nahikoa denboraz bidali behar dizkiote.

II. TITULUA

HERRI-ADMINISTRAZIOETAKO ORGANOAK

I. kapitulua

Printzipio orokorrak eta eskumena

11. artikulua. Administrazioko organoak sortzea

1. Herri-administrazio bakoitzak zehaztu behar du, nork bere eskumenen eremuan, zein administrazio-unitatek osatzen dituzten bere administrazio-organoak, hain zuzen ere, ezarrita duten antolaketaren araberako espezialitateei dagozkienak.

2. Administrazioko organoren bat sortzeko ondorengoak zehaztu behar dira:

a) Nola kokatuko den dagokion herri-administrazioan, eta zeinen mendean egongo den

b) Zein egiteko eta eskumen izango dituen

c) Abian jartzeko eta jarduteko beharko dituen diru-izendapenak.

3. Ezin da organo berririk sortu, lehendik dagoenen bat bikoiztea dakarrenean, baldin eta, aldi berean, lehendik daudenei eskumena kendu edo behar bezala murrizten ez bazaie.

12. artikulua. Eskumena

1. Eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, baldin eta, lege honetan zein beste batzuetan ezarritako moduan, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu.

Kudeatzeko gomendioak, izenpea eskuordetzan emateak edo ordezkotzak ez dute eskumenaren titulartasuna aldatzen; aldatzen dituzte, ordea, eskumen horretaz baliatzeko kasuan-kasuan aurreikusten diren elementuak.

2. Administrazioko organoei aitortutako eskumenen titulartasuna eta eskumen horietaz baliatzea, hierarkian mendeko dituzten organoetan deskontzentra ditzakete, eskumenak aitortzeko arauek ezartzen dituzten modu eta baldintzetan.

3. Xedapenen batean administrazioren bati eskumena aitortzen bazaio, baina eskumen hori zein organok erabili behar duen zehazten ez bada, gaiaren eta lurraldearen arabera eskumena leukaketen beherengo organoek izango dute espedienteen instrukzioa egiteko eta espedienteak ebazteko ahalmena, eta, bat baino gehiago badira, hierarkian komun duten goragokoak.

13. artikulua. Eskumenak eskuordetzan ematea

1. Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.

2. Ezin dira inola ere eskuordetzan eman:

a) Estatuko burutzarekin, estatuko gobernuko lehendakaritzarekin, Gorte Nagusiekin, autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluetako lehendakaritzekin eta autonomia-erkidegoetako legebiltzarrekin diren harremanei buruzko eskumenak

b) Xedapen orokorrak emateko eskumena

c) Errekurtsoa ebazteko eskumena, errekurtsopeko egintza eman zuen administrazio-organoari

d) Lege-mailako arauetan hala agindutako gaietako eskumenak.

3. Eskumenak eskuordetzan ematea eta horien eskuordetza kentzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar dira; non argitaratu jakiteko, kontuan izango da zein administraziotakoa den organo eskuordetza-emailea eta eskumena zein lurralde-eremutan duen.

4. Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.

5. Legeren batek espresuki baimenduta ez bada, ezin zaizkio inori eskuordetzan eman norberak eskuordetzaz baliatuz erabiltzen dituen eskumenak.

Nahiz eta prozeduraren arauan, nahitaezko izapide gisa ezarri irizpena edo txostena eman behar dela, hori ez da eragozpen izango prozedura ebazteko eskumena eskuordetzan emateko; dena den, ezin da eskuordetzan eman gai jakin bat ebazteko eskumena, dagokion prozeduran aldez aurretik gai horri buruzko nahitaezko irizpena edo txostena emanda dagoenean.

6. Eskuordetza eman duen organoak edozein unetan ken dezake.

7. Kide anitzeko organo batek bereak dituen eskumenak erabiltzerakoan quorum berezia behar badu ohiko jardueran, quorum bera beharko du beti eskumen horiek inori eskuordetzan ematerakoan ere.

14. artikulua. Goragokoak eskumena bereganatzea

1. Goragoko organoek berenganatu egin dezakete beren mendeko organoek ohiz edo eskuordetzaz ebatzi beharreko gairen baten ardura, arrazoi teknikoek, ekonomiazkoek, juridikoek edota gizartearen edo lurraldearen aldetikoek hala eskatzen dutenean.

Hierarkian mendeko ez diren organoei eskumenak eskuordetzan emanez gero, organo eskuordetza-emaileak bakarrik beregana dezake gairen baten ardura.

2. Goragokoak eskumenak bereganatzeko arrazoitu egin behar du beti erabakia, eta jakinarazi prozedurako interesdunei, halakorik balitz, azken ebazpenaren aurretik.

Eskumenak bereganatzeko erabakiari ezin zaio errekurtsorik jarri; dena den, aurka egin ahal izango zaio prozeduraren ebazpenari jarritako errekurtsoan, jartzen bada.

15. artikulua. Kudeatzeko gomendioa

1. Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

2. Kudeatzeko gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, kudeatzeko gomendioa eman duen organoaren edo erakundearen ardura izango da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

3. Kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako akordioari begiratuko zaio. Nolanahi ere, kudeatzeko gomendioa formalizatzeko agiria eta haren amaiera dagokion agintaritzaren aldizkarian argitaratu behar dira, eraginkortasuna izan dezaten.

Administrazio bakoitzak arautu ditzake akordio horiek balio izateko baldintzak. Akordio horietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: zein den jarduera, indarraldia, eta kudeaketaren izaera eta mugak

4. Kudeatzeko gomendioa zenbait administraziotako organo eta erakundeen artean egiten bada, hitzarmena izenpetuz formalizatu behar dute; ez da hitzarmenik behar, ordea, probintzietako diputazioek edo uharteetako kabildo edo kontseiluek autonomia-erkidegoetako zerbitzuen ohiko kudeaketaz arduratu behar dutenean, izan ere, kasu horretan, tokiko araubidearen legediak arautuko du kudeatzeko gomendioa.

5. Zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoek egin behar badituzte lehen paragrafoan adierazitako jarduerak, orduan, ez da aplikatuko artikulu honetan arautzen den kudeatzeko gomendioaren araubide juridikoa; bai, ordea, estatuaren kontratuei dagokien legedia, egoki den neurrian. Ezin dira zuzenbide pribatuko pertsona edo erakundeen eskuetan jarri indarrean dagoen legediaren arabera administrazio.zuzenbidepean egin beharreko jarduerak.

16. artikulua. Izenpea eskuordetzan ematea

1. Administrazioko organoetako titularrek, beren eskumeneko gaietan, ebazpenak eta egintzak izenpetzeko eskumena eskuordetzan eman diezaiekete mendeko organo edo unitateetako titularrei, 13. artikuluan adierazitako mugen barruan.

2. Izenpea eskuordetzan emateak ez du aldatzen organo eskuordetza-emailearen eskumena, eta balio izateko, ez du argitaratu beharrik.

3. Eskuordetzaz izenpetutako ebazpen eta egintzetan adierazi egin behar da zeinek duen jatorrizko eskumena.

4. Zehatzeko ebazpenetan ezin da izenpea eskuordetzan eman

17. artikulua. Ordezkotza

1. Administrazioko organoren batean titularrik ez bada edota kanpoan edo gaixorik badago, aldi baterako ordezkoa jar dezake titularra izendatzeko eskumena duen organoak.

Ordezkorik izendatzen ez bada, goragoko hurrengo mailako administrazio-organoak izendatzen duenak baliatuko du administrazio-organoko eskumena.

2. Ordezkotzak ez du eskumena aldatuko.

18. artikulua. Eskumenen koordinazioa

1. Administrazioko organoek, beren eskumenak erabiltzerakoan, lege honen 4.1 artikuluan ezarritako printzipioei lotuta jardungo dute administrazio bereko edo beste bateko organoekiko harremanetan; halaber, organo horiei zuzenbidearen arabera legokiekeen jarduerarekin koordinatuta arituko dira, eta horretarako behar duten informazioa eskura dezakete.

2. Administrazioko organoek bete egin behar dituzte gainerako herri-administrazioetako organoek, beren eskumena baliatuz, emandako arau eta egintzak, nahiz eta beren artean mendekotasun-loturarik egon ez, edo beste administrazio batekoak izan.

19. artikulua. Organoen arteko komunikazioak

1. Herri-administrazio bereko administrazio-organoek zuzenean egingo dute beren arteko komunikazioa, aldakiak edo kopiak bidaltzeko bitarteko organorik erabili gabe.

2. Administrazioko organoen arteko komunikaziorako edozein bide erabil daiteke, hartu izanaren agiria jasota geratzen dela ziurtatzen bada

20. artikulua. Eskumenari buruzko erabakiak

1. Administrazioko organo batek gai baten gainean ebazteko eskumenik ez daukala ikusten badu, jarduna zuzenean bidaliko dio bere iritziz eskumena duen organoari, herri-administrazio berekoa bada.

2. Prozeduran parte hartzen duten interesdunek, ebatzi beharreko gairen batez arduratzen ari den organora jo dezakete, organo horrek bere eskumena baliatzeari utzi eta eskumena duen organoari bidal diezaion jarduna.

Halaber, interesdunok beren iritziz eskumena daukan organora jo dezakete, ebatzi beharreko gaiaz arduratzen ari denari eska diezaion eskumena baliatzeari uzteko.

3. Eskumenen gaineko auziak bakar-bakarrik sor daitezke administrazio berekoak izanik mendekotasun-loturarik ez duten organoen artean; eta, beti ere, administrazio-prozedura bukatu gabe duten gaiei buruz.

21. artikulua. Zerbitzuko jarraibide eta aginduak

1. Administrazioko organoek zerbitzuko jarraibide eta aginduen bidez zuzen ditzakete mendeko dituzten organoen ekintzak.

Zerbitzuko jarraibide eta aginduak dagokion agintaritzaren aldizkarian argitaratuko dira xedapen bereziren batek hala ezartzen badu edo, hartzaileak edo gerta daitezkeen ondorioak direla eta, komenigarritzat jotzen bada.

2. Zerbitzuko jarraibide edo aginduak ez betetzeak ez dio eragiten, berez, administrazioko organoen egintzen balioari; hala eta guztiz ere, diziplinazko erantzukizuna eskatzea badago.

II. kapitulua

Kide anitzeko organoak

22. artikulua. Araubidea

1. Kide anitzeko organoen araubide juridikoa kapitulu honetako arauei lotuko zaie, organo horiek sartuta dauden herri-administrazioen antolaketako berezitasunen kalterik gabe.

2. Herri-administrazioetako kide anitzeko organoek beren jarduteko arauak ezar edo osa ditzakete, organo horietan gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek parte hartzen badute; eta gauza bera egin dezakete hainbat herri-administraziotako ordezkariek osatutako kide anitzeko organoek, nahiz eta organo horietan parte hartu ez gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek.

Paragrafo honetan adierazitako kide anitzeko organoak dagokien herri-administrazioan sartuko dira, baina ez administrazio horretako hierarkiazko egituran, baldin eta organoaren sortze-arauek, eginkizunek edo izaerak horretara bultzatzen ez badute behintzat.

23. artikulua. Organoko burua

1. Kide anitzeko organoan buruari dagokio:

a) Organoaren ordezkari izatea

b) Ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak, aurkeztu badituzte

c) Bilkuretako buru izatea, eztabaidak bideratzea eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu

d) Erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada bere botoaz erabakitzea; 22. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoen kasuan, ordea, hala izango da bakar-bakarrik buruaren botoa erabakigarria dela ezartzen bada organoaren arauetan

e) Legeak betetzen direla ziurtatzea

f) Organoaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea

g) Buru izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

2. Kargua hutsik, organoko burua kanpoan edo gaixorik, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, buruordeak ordeztuko du burua; eta buruorderik ez bada, berriz, kide anitzeko organoan maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du, beti ere, hurrenkera horretan.

Ez zaie arau hori aplikatuko 22. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoei. Organo horietako burua ordezteko moduak berariaz araututa egon behar du kasuan-kasuan, edo, bestela, organo horietako osoko bilkurak berariaz erabakita.

24. artikulua. Organoko kideak

1. Kide anitzeko organoan kideei dagokie:

a) Bilkuretako deia eta gai-zerrenda, gutxienez, berrogeita zortzi ordu lehenago jasotzea. Aztergaiei buruzko informazioa ere epe berean izango dute eskuragarri

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, beren boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.

Kide anitzeko organoetako kideek, herri-administrazioetako agintari edo langile diren aldetik badaude organoan, ez dute bozketetan abstentzioa egiterik

d) Eskaerak eta galderak egitea

e) Norberari emandako egitekoak betetzeko behar den informazioa lortzea

f) Kide izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

2. Kideek ezin dute organoari aitortutako ordezkaritasuna beren gain hartu, organoak berak ez badie berariaz eman arau baten bidez edo, kasu jakin bakoitzerako, balio osoz hartutako erabaki batez.

3. Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo, oro har, bidezko arrazoirik bada, ordezkoa jarriko da haren tokian, ordezkorik izanez gero

Bestalde, 22. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoetan, gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek beren kide titularrak ordeztu ditzakete, kide anitzeko organoko idazkaritzan egiaztatuz, antolaketa-arauetan ezarritako salbuespen eta mugei loturik.

25. artikulua. Idazkaria

1. Kide anitzeko organoek idazkaria dute; bai organoko kideetako bat bai dagokion herri-administrazioaren zerbitzuko bat izan daiteke.

2. Idazkaria izendatzeko, kargutik kentzeko eta ¿kargua hutsik edo idazkaria kanpoan edo gaixorik badago¿ aldi baterako ordezteko, organo bakoitzaren berariazko arauetan ezarritakoa beteko da; eta horrelako araurik ez badago organoak berak erabakiko du

3. Kide anitzeko organoan idazkariari dagokio:

a) Bilkuretara joatea. Idazkaria funtzionarioa bada hitz egiteko eskubidea izango du, baina botorik ez; organoko kidea bada, berriz, hizpidea eta botoa izango ditu

b) Buruaren aginduz organoaren bilkuretarako deia egitea eta kideei abisatzea

c) Kideek organoari egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean behar duten bestelako idazkiak jasotzea

d) Gaiak bideratzeko prestatzea, bilkurako aktak idaztea eta akta horien fede ematea

e) Emandako aholku, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea

f) Idazkari izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

26. artikulua. Deiak eta bilkurak

1. Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, buruak eta idazkariak bilkuran egon behar dute, edo, bestela, beren ordezkoek, eta, gutxienez, kideen erdiek. Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritakoa salbuespen izango da.

Bestalde, 22. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoetan buruak, bilkura egiteko, organoa balio osoz eratutzat jo dezake, baldin eta organoko kide direla, eledun izendatutako ordezkariak bertaratzen badira, bai herri-administrazioetakoak bai gizartearen interesen izenean diharduten antolakundeetakoak.

2. Kide anitzeko organoek deiak egiteko araubidea erabaki dezakete, jarduteko arauetan ezarrita ez badaukate. Araubide horretan bigarren deialdia egiteko aukera jar dezakete, eta zehaztu zenbat kide behar den bilkura horretan organoa balio osoz eratzeko.

3. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

4. Erabakiak hartzeko botoen gehiengoa behar da.

5. Zuzenbidearen araberako interesen baten titulartasuna egiaztatzen dutenek kide anitzeko organoaren idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko.

27. artikulua. Aktak

1. Kide anitzeko organoaren bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta erabakien edukiak.

2. Organoko kideren batek eskatzen badu, aktan jasoko da erabakiaren aurka emandako botoa, abstentzioa eta horien arrazoiak edo erabakiaren alde eman duen botoaren esanahia. Kide guztiek eska dezakete, halaber, norberaren berbaldia edo proposamena osorik jasotzeko, baina, horretarako, berbaldiaren testu osoa aurkeztu behar dute, une horretan bertan edo lehendakariak jarritako epean. Aktan testu hori idatzi behar da, edo, bestela, horren kopia erantsi.

3. Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko berrogeita zortzi ordu izango dituzte, eta onartutako testuan jasoko da.

4. Organoko kideek aurkako botoa ematen edo abstentzioa egiten badute, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.

5. Aktak bilkuran bertan edo hurrengoan onar daitezke; edonola ere, hartutako erabaki zehatzei buruzko ziurtagiriak egin ditzake idazkariak, akta aurrerago onartzeko egon arren.

Akta onartu aurretik egiten diren ziurtagirietan, espresuki adierazi behar da akta onartu aurretik eginak direla.

III. kapitulua

Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea

28. artikulua. Parte ez hartzea

1. Artikulu honetako hurrengo paragrafoan aipaturiko egoeraren batean dauden administrazioetako agintari edo langileek ez dute prozeduran parte hartuko, eta horren berri emango diote beren nagusi hurrenari, bidezkoa dena ebatz dezan.

2. Parte ez hartzeko arrazoiak dira:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo gai horretako ebazpenak eragin diezaiokeen beste batean; baltzu edo erakunde interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea

b) Laugarren maila arteko odol-ahaidetasuna edo bigarren maila arteko ezkontza-ahaidetasuna izatea interesdunetako edozeinekin, erakunde edo baltzu interesdunen bateko administratzaileekin, edo prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin, edo horien bulego berekoa izatea edo horiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzan

c) Aurreko idatz-zatian aipaturiko lagunetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko moduan aritzea

e) Gaian zerikusi zuzena duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo pertsona horri azken bi urteetan edozein era, baldintza eta tokitan lan-zerbitzuak eskaini izatea.

3. Herri-administrazioetako agintari edo langileek parte ez hartzeko arrazoiren bat izanik jardun badute, parte hartu duten egintzak ez dira nahitaez baliogabeak izango.

4. Goragoko organoek espedientean parte ez hartzeko agin diezaiekete parte ez hartzeko arrazoiren bat dutenei.

5. Parte hartu behar ez eta parte hartzen duenak erantzukizuna izango du.

29. artikulua. Errefusatzea

1. Aurreko artikuluan adierazitako kasuetan, prozeduraren edozein unetan errefusa dezakete interesdunek.

2. Idatzirik aurkeztuko da errefusatzea, arrazoiak adierazita.

3. Errefusatuak, biharamunean, alegatu den arrazoia beragan betetzen den ala ez esango dio bere nagusi hurrenari. Betetzen bada, nagusiak ordezkoa jartzea erabaki dezake berehala.

4. Errefusatuak ez badu errefusatzearen arrazoia onartzen, nagusiak hiru egun izango ditu ebazteko, bidezko deritzen informazioak bildu eta frogak erdietsi ondoren.

5. Ezin da errekurtsorik aurkeztu errefusatzearen gaineko ebazpenen aurka; hala ere, errefusatzea alega daiteke prozedura amaitzen duen egintzaren aurka errekurtsoa egiterakoan

III. TITULUA

INTERESDUNAK

30. artikulua. Jarduteko gaitasuna

Arau zibilen arabera jardun dezaketenez gain, adingabekoak ere herri-administrazioekin jarduteko gai izango dira, guraso-agintea, tutoretza edo kuradoretza duenak esku hartzea beharrezkoa ez denean, administrazioaren ordenamendu juridikoaren arabera, beren eskubideez baliatu eta interesen alde egiteko. Adingabeko ezinduak arau horretatik kanpo geratzen dira, beren eskubideez baliatu edo interesen alde egiteko eragozpen bada beren ezintasuna.

31. artikulua. Interesdunak

1. Administrazio-prozeduran interesdun dira:

a) Prozedurari hasiera eman diotenak, norbanakoen nahiz taldeen eskubide edo bidezko interesen titular modura

b) Prozeduran har daitezkeen erabakiek uki ditzaketen eskubideak dituztenak, nahiz eta beraiek hasiera eman ez prozedurari

c) Ebazpenak uki ditzakeen norbanakoen nahiz taldeen bidezko interesak dituztenak, behin betiko ebazpena eman baino lehen aurkezten badira prozeduran.

2. Ekonomiaren eta gizartearen interesen ordezkari diren elkarte eta antolakundeak bidezko talde-interesen titularrak izango dira legeak aitortutako moduan.

3. Interesdun izatea harreman juridiko eskualdagarriren baten ondorioz sortua bada, eskubideduna izango da ondorengo interesduna, prozedura edozein urratsetan dagoela ere.

32. artikulua. Ordezkaritza

1. Jarduteko gaitasuna duten interesdunek ordezkari bidez jardun dezakete. Administrazioaren jarduna ordezkariarekin gauzatuko da, interesdunak espresuki aurkakorik adierazten ez badu.

2. Jarduteko gaitasuna duten guztiak izan daitezke besteren ordezkari herri-administrazioekiko.

3. Beste baten izenean eskaerak egiteko, errekurtsoak aurkezteko, akzioetan atzera egiteko edo eskubideei uko egiteko, bi modutan egiazta daiteke ordezkaritasuna: zuzenbidean balio duen eta sinesgarritasunez jasota utziko duen edozein bidez baliatuz; edo, bestela interesduna bera bertaratu eta ordezkaria zein den esanez. Izapide hutsa diren egintza eta kudeaketak, berriz, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake ordezkariak.

4. Ordezkaritza egiaztatu ez edo behar bezala egiaztatu gabe izanda ere, egintza gauzatutzat jo daiteke, baldin eta ezarritako epean ordezkaritza egiaztatu, edo akatsa zuzentzen bada. Epea eman beharra du administrazioko organoak, eta hamar egunekoa izango da, edo luzeagoa, kasuaren gorabeherek hala eskatzen badute.

33. artikulua. Interesdun-aniztasuna

Eskaera, idazki edo komunikazio batean interesdun bat baino gehiago bada, interesdun horiek espresuki adierazitako ordezkari edo interesdunarekin egingo da egin beharreko jarduna; eta ezer adierazten ez bada, berriz, idazkian agertzen den lehenengoarekin.

34. artikulua. Interesdunak identifikatzea

Legez ezarritako forman zabalkundea eman ez zaion prozedura baten instrukzioa egitean ikusten bada badirela beste pertsona batzuk eskubide edo bidezko eta zuzeneko interesen titularrak, espedientean zehar identifikatuak eta prozeduraren ebazpenak uki ditzakeenak, prozedura izapidetzen ari dela jakinaraziko zaie pertsona horiei

IV. TITULUA

HERRI-ADMINISTRAZIOEN JARDUERA

I. kapitulua

Arau orokorrak

35. artikulua. Herritarren eskubideak

Herritarrek herri-administrazioekiko harremanetan eskubide hauek dituzte:

a) Interesdunak badira, edozein unetan jakin dezakete prozeduren izapideak zertan diren, eta prozedura horietako agirien kopiak lor ditzakete

b) Prozedurak izapidetzeko ardura duten herri-administrazioetako agintari edo langileak identifika ditzakete

c) Aurkeztutako agirien kopia zigilatua izan dezakete, kopia jatorrizko agiriekin batera eramaten badute, eta jatorrizko agiri horiek berreskura ditzakete, prozeduran jatorrizkoak jaso behar ez badira behintzat

d) Norberaren autonomia-erkidegoko lurraldean ofizialak diren hizkuntzak erabil ditzakete, lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera

e) Alegazioak eta agiriak aurkez ditzakete prozeduraren edozein alditan, beti ere, entzunaldiaren izapidea izan aurretik, eta organo eskudunak kontuan hartu behar ditu ebazpen-proposamena idazterakoan

f) Ez dute aurkeztu beharrik kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauetan eskatzen ez den agiririk, ezta horretan diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk

g) Argibideak eta aholkuak lor ditzakete, hain zuzen ere, indarrean dauden xedapenen arabera, proiektuak, jarduna edo eskabideak egiterakoan zein baldintza juridiko eta tekniko bete behar dituzten jakiteko

h) Herri-administrazioetako erregistro eta artxiboetara jo dezakete, konstituzioan, lege honetan zein besteetan ezarritako moduan

i) Errespetua eta begirunea erakutsi behar diete agintariek eta funtzionarioek, eta laguntza eman, eskubideez baliatzeko eta eginbeharrak betetzeko

j) Herri-administrazioen eta bertako langileen erantzukizuna eska dezakete, legez hala behar duenean

k) Konstituzioak eta legeek aitortzen dizkieten gainerako eskubide guztiak

36. artikulua. Prozeduretako hizkuntza

1. Estatuko administrazio orokorraren prozedurak gaztelaniaz izapidetuko dira. Dena den, interesdunek autonomia-erkidegoan ofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete, autonomia-erkidego horretan kokatutako estatuko administrazio orokorreko organoetara jotzen dutenean.

Kasu horretan, interesdunak aukeratutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura. Prozeduran interesdun bat baino gehiago bada eta hizkuntza bera aukeratzen ez badute, prozedura gaztelaniaz izapidetuko da. Dena den, interesdunek eskatutako agiri edo lekukotasunak beraiek aukeratutako hizkuntzan emango zaizkie.

2. Autonomia-erkidegoetako eta tokiko erakundeetako administrazioek izapidetutako prozeduretan, kasuan kasuko autonomia-legedian ezarritakoari lotuko zaio hizkuntzaren erabilera.

3. Herri-administrazio instrukzio-egileak gaztelaniara itzuli behar ditu agiriak, espedienteak edo horien atalak, autonomia-erkidegoko lurraldetik kanpo ondoriorik izan behar badute, eta interesdunei zuzendutakoak, espresuki hala eskatzen badute. Ez dago itzuli beharrik, gaztelania ez den beste hizkuntza ere ofiziala bada ondorioak izan behar dituzten autonomia-erkidegoan.

37. artikulua. Artxibo eta erregistroetara jotzeko eskubidea

1. Herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dute eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea, edozein dela ere agirion adierazpidea -idatzia, entzunezkoa nahiz irudizkoa- eta euskarri materiala, espedienteak ikusteko eskaera egiten den egunean espediente horien prozedurak amaituta badaude.

2. Pertsonen bizitza pribatuari buruzko datuak jasotzen dituzten agirietara pertsona horiek bakarrik izango dute irispidea, eta, datuok osatu gabe edo oker daudela ikusten badute, zuzentzeko edo osatzeko eska dezakete. Ezin dute zuzentzeko edo osatzeko eskatu, ordea, denbora pasatu eta prozedura bakoitzak zehazten dituen gehieneko epeen arabera iraungita dauden espedienteak badira, inolako funtsezko ondoriorik ez dakartenak.

3. Titularrez gain, bidezko eta zuzeneko interesa agertzen dutenek ere izan dezakete irispidea zuzenbidea aplikatzeko prozeduretako agiri izendunetara, zehatzeko eta diziplinazko prozeduretakoetara izan ezik, pertsonen bizitza pribatuari buruzko daturik agertzen ez bada, eta, agiri horietako edukien arabera, herritarrak beren eskubideez baliatzeko erabil badaitezke.

4. Hiru kasutan uka daiteke aurreko paragrafoetan ezarritako eskubideez baliatzea: interes publikoak hala agintzen duenean, besteren interes babesgarriagoak daudenean, edota legeren batean horrela ezartzen denean; horietakoren bat gertatuz gero, eskumena duen organoak ebazpen arrazoitua eman behar du.

5. Ez dago espediente hauetara irispidea izateko eskubiderik:

a) Estatuko gobernuak edo autonomia-erkidegoetakoek, administrazio-zuzenbideaz kanpoko konstituzio-eskumenak baliatzerakoan garatutako jardunari buruzko informazioa dutenak

b) Estatuko defentsari edo estatuaren segurtasunari buruzko informazioa biltzen dutenak

c) Delituak ikertzeko izapidetutakoak, beste inoren eskubide eta askatasunen babesa edo egiten ari diren ikerketak arriskutan jar daitezkeenean

d) Merkataritzako edo industriako sekretuak babestutako gaiei buruzkoak

e) Diru-politikaren ondoriozko administrazio-jardunari buruzkoak.

6. Xedapen berezien bidez arautuko dira:

a) Gai sailkatuen araudipeko artxiboetara irispidea izatea

b) Gaixoen osasun-datuak dituzten agiri eta espedienteetara irispidea izatea

c) Hauteskunde-legediak araututako artxiboak

d) Funtzio estatistiko publikoaren eremuan estatistikarako bakarrik diren artxiboak

e) Erregistro Zibila eta Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusia; baita erregistro publikoak ere, erabiltzeko arauak legez ezarrita badaude

f) Gorte Nagusietako diputatuek, senadoreek, autonomia-erkidegoetako legebiltzarkideek eta tokiko korporazioetako kideek herri-administrazioetako artxiboetako agirietara irispidea izatea

g) Artxibo historikoetako dokumentu-funtsetan kontsulta egitea.

7. Herritarrek ezin dute murriztu zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eraginkortasuna, artxiboetara eta erregistroetara irispidea izateko eskubideaz baliatzerakoan. Herritarrek, hortaz, aztertu nahi dituzten agiriak banaka zehaztu behar dituzte eskaeran; hau da, ezin dute gai edo gai-multzo baterako eskabide orokorrik egin, eta, eginez gero, aukerakoa izango da kontuan hartzea. Hala ere, eskatzaileak ikertzaile badira eta historian, zientzian edo kulturan interes handia dutela egiaztatzen badute, espedienteak zuzenean aztertzeko baimena eman dakieke, beti ere, pertsonen bizitza pribatua behar bezala bermatuta.

8. Artxiboetara eta erregistroetara irispidea izateko eskubideak esan nahi du, besteak beste, agirien kopiak edo ziurtagiriak lor daitezkeela, administrazioak agiri horiek aztertzeko baimena ematen badu, eta, legez ezarritako ordainarazpenik badago, aurrez kitatzen badira.

9. Herri-administrazioek aldizka argitaratuko dute beren esku dauden agiri hauen zerrenda: batetik, gizarte osoa ukitzen dutela-eta zabalkunde berezia egin behar zaien agiriena, eta, bestetik, herritarrek aztergai izan ditzaketen guztiena.

10. Aldiro argitaratuko dira herritarrek edo beste administrazioetako organoek aurkezturiko galdekizunen erantzun eta jarraibideak, zuzenbide positiboaren edo indarrean dauden prozeduren interpretazio direnean, herritarrek administrazioarekiko harremanetan alegaziotzat erabili ahal izan ditzaten.

38. artikulua. Erregistroak

1. Administrazioko organoek erregistro orokor bana izango dute, eta, bertan, organoko administrazio-unitateetan aurkeztutako edo jasotako idazki zein komunikazio guztien idazpena egingo da. Beste organo edo herritarrei bidalitako idazki eta komunikazioen irteera ere jasoko da.

2. Idazkiak eta komunikazioak errazago jasotzeko, administrazioko organoek beste erregistro batzuk eratu ditzakete beren antolakundeko administrazio-unitateetan. Erregistro horiek erregistro orokorraren lagungarri izango dira, eta idazpen guztien berri emango diote.

Idazki eta komunikazioen sarrera-egunaren edo irteera-egunaren hurrenkera errespetatuz egingo dira idazpenak, eta sarrera edo irteerako data adieraziko da.

Idazkiak eta komunikazioak erregistroan jaso ondoren, handik bertatik bidaliko zaizkie, luzaro gabe, hartzaileei eta dagozkien administrazio-unitateei.

3. Euskarri informatikoan egon behar dute bai erregistro orokorrek, bai herritarren edo administrazio-organoen idazkiak eta komunikazioak jasotzeko herri-administrazioek jartzen dituzten erregistro guztiek.

Sistema informatikoak bermatu egin behar du idazpenetan honako hauek jasotzen direla: zenbakia, idazkiaren izaera adieraziko duen izenburua, sarrera-eguna, aurkezpeneko data eta ordua, interesduna identifikatzeko datuak, administrazio-organo igorlearenak, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailearenak, eta, behar izanez gero, erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko aipamena ere bai.

Sistemak bermatu egin behar du, halaber, administrazio-organoko gainerako erregistro guztietan egindako idazpenak erregistro orokorrera biltzen direla informatika bidez.

4. Hona hemen herritarrek herri-administrazioetako organoetara zuzentzen dituzten eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko tokiak:

a) Eskabidea zuzendu zaion administrazio-organoko erregistroa

b) Edozein administrazio-organotako erregistroa, dela estatuko administrazio orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administraziokoa, dela, honi buruzko hitzarmena izenpetuz gero, tokiko administrazioko erakunderen batekoa

c) Posta-bulegoak, erregelamenduz ezarritako moduan

d) Espainiak atzerrian dituen diplomaziako ordezkaritzak edo kontsuletxeetako bulegoak

e) Indarrean dauden xedapenetan ezarritako gainerako tokiak.

Herri-administrazioek elkarri laguntzeko hitzarmenak izenpetuko dituzte, erregistroen arteko komunikazio eta koordinaziorako sistemak ezartzeko; sistema horiek, beti ere, erregistroek bateragarritasun informatikoa izan dezaten bermatzeaz batera, erregistroetako edozeinetan aurkeztutako erregistro-idazpenak eta eskabide, idazki, komunikazio zein agiriak era telematikoan igortzeko modua bermatu behar dute.

5. Herritarrek eskabide, idazki eta komunikazioekin batera aurkezten dituzten agirien kopia bana erants dezakete, lege honen 35.c) artikuluan aitortzen zaizkien eskubideez benetan balia daitezen

Kopia hori dagokion organoari igorri, eta jatorrizko agiria herritarrari itzuliko zaio, beti ere, artikulu honen 4. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan aipatutako erregistroetarik edozeinetan jatorrizkoa eta kopia erkatu ondoren. Prozeduran jatorrizkoak agertu behar duenean, herritarrari jatorrizkoaren kopia emango zaio, aipatutako erregistroetan jatorrizkoa eta kopia berdinak direla egiaztatu eta zigilua jarri ondoren.

6. Herri-administrazio bakoitzak ezarriko du zein egunetan eta ordutan egon behar duten irekita erregistroek; nolanahi ere, bermatu egin behar da herritarrek agiriak aurkezteko duten eskubidea, alegia, 35. artikuluan aitortzen den eskubidea.

7. Herri-administrazioei eskabideak eta idazkiak aurkeztean ordaindu beharreko zergak honela ordain daitezke: dagokion bulego publikora zuzendutako posta edo telegrafiazko igorpenez, banku-transferentziaz zein bestelako bideren batez.

8. Herri-administrazioek argitaratuta eta eguneratuta izango dituzte beren erregistro-bulegoen eta itundutakoen zerrenda, bulego horietara jotzeko eta horiekin komunikatzeko sistemak eta laneko ordutegiak.

39. artikulua. Herritarren lankidetza

1. Herritarrak lege bidez ezarritako kasuetan bakarrik daude behartuta administrazioari txostenak, ikuskapenak edo bestelako ikerketak egiteko erraztasunak ematera.

2. Prozedurako interesdunek, prozeduran agertu ez diren interesdunak identifikatzeko daturik izanez gero, jarduten ari den administrazioari ezagutarazi behar dizkiote datu horiek.

40. artikulua. Herritarren agerraldia

1. Lege-mailako arauren batean hala ezarrita dagoenean bakarrik agertu beharko dute herritarrek bulego publikoetan.

2. Herritarrek agerraldia egin behar dutenean espresuki adieraziko zaie deian nora, zein egunetan, zein ordutan eta zertarako agertu behar duten; baita agertu ezean gerta litezkeen ondorioak ere.

3. Herri-administrazioek agerraldiaren ziurtagiria emango diete interesdunei, eskatzen badute.

41. artikulua. Izapideen erantzukizuna

1. Gaiak ebazteko edo bideratzeko ardura duten administrazio-unitateetako arduradunak eta herri-administrazioetako langileak dira, zuzenean, izapideen erantzule. Arduradun eta langile horiek, bestalde, hartu beharreko neurriak hartuko dituzte izapideetan sor daitezkeen oztopoak kentzeko, era horretara, interesdunak beren eskubideez bete-betean baliatzerakoan edo bidezko dituzten interesak errespetatzerakoan, eragozpenik, zailtasunik edo atzerapenik izan ez dadin. Hartu beharreko neurriak hartuko dituzte, beraz, prozedurak izapidetzerakoan okerrik ez izateko eta daudenak kentzeko.

2. Interesdunek erantzukizun hori betetzeko eska diezaiokete dagokion herri-administrazioari.

42. artikulua. Ebatzi beharra

Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere

Preskripzioa gertatu, eskubideari uko egin, prozedura iraungi edo eskaeran atzera eginez gero, baita prozeduraren xedea gerora desagertzen denean ere, gertatutako ingurumariak adieraztea, horixe izango da ebazpena, beti ere, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuta

Lehen lerroaldean aipatutako eginbeharra salbuetsita egongo da prozedura adostuta edo hitzartuta amaitzen denean, eta aldez aurretik administrazioari adierazteko betebeharraren mendeko eskubideez baliatzeko prozedurak direnean.

2. Esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazteko egongo den gehienezko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan jarritakoa izango da. Epe hori ez da sei hilabetetik gorakoa izango, baldin eta lege-mailako arau batek hori baino epe luzeagoa ezartzen ez badu, edo Europako erkidegoko arauetan bestelakorik ezarrita ez badago.

3. Prozeduretako arauetan jakinarazpena jasotzeko gehienezko eperik ezartzen ez denean, hiru hilabetekoa izango da. Epe hori eta aurreko paragrafokoak honetara zenbatuko dira:

a) Administrazioaren kabuz hasitako prozeduretan, prozedura hasteko erabakiaren egunetik hasita

b) Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, izapidetzeko eskumena duen organoaren erregistroan eskabideak sarrera izan duen egunetik hasita.

4. Herri-administrazioek prozedura-zerrendak argitaratu behar dituzte, eta eguneratuta eduki, jendeak jakiteko. Era berean, bertan adierazita egongo dira bai prozeduren gehienezko epeak, bai administrazioaren isiltasunak ekarriko lituzkeen ondorioak

Herri-administrazioek interesdunei beti adieraziko diete bai prozedurak ebatzi eta jakinarazteko arauz ezarritako gehienezko epea, bai administrazioaren isiltasunak ekar litzakeen ondorioak. Argibide horiek aipatu egin behar dira, beraz, administrazioaren kabuz hasteko erabakia jakinarazi edo argitaratzean, edo interesdunei horren berri emateko bidalitako komunikazioan. Komunikazio hori, izapidetzeko eskumena duen organoan eskabidea jaso eta hurrengo hamar eguneko epean igorri behar da. Horrez gainera, eskumena duen organoak eskabidea zein egunetan jaso duen ere adierazi behar du komunikazio horretan.

5. Prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko legez ezarri den gehienezko epean etendura izan daiteke ondorengo kasuotan:

a) Edozein interesduni akatsak zuzen ditzan edo beharrezko diren agiriak eta datuak bidal ditzan eskatu behar zaionean. Epea etenda egongo da, beraz, interesdunari eskakizuna jakinarazten zaionetik agindutakoa bete arte, edo, bestela, horretarako emandako epea amaitu arte, beti ere, lege honen 71. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta

Prozedura burutu aurretik Europako Erkidegoetako organoren batek nahitaez zerbait esan behar duenean. Epea etenda egongo da, beraz, horretarako eskaria egiten denetik esan beharrekoa administrazio instrukzio-egileari jakinarazi arte. Bai eskaria egiterakoan, bai jakinarazpena jasotzerakoan, interesdunei horien berri eman behar zaie

Ebazpenaren nondik norakoak zehazteko beharrezko izanik, administrazio berean zein beste batean organo bati txostena eskatu behar zaionean. Epea etenda egongo da, beraz, horretarako eskaria egiten denetik txostena jaso arte. Bai eskaria egiterakoan, bai txostena jasotzerakoan, interesdunei horien berri eman behar zaie. Etenaldi hau ezin izan daiteke hiru hilabetekoa baino luzeagoa

Interesdunek proposaturik proba teknikoak edo azterlan erabakigarriak edo kontraesanezkoak egin behar direnean, epea etenda egongo da emaitzak espedientean sartzeko behar den beste denboran

Adostasuna edo hitzarmena lortzeko negoziazioak hasten direnean, beti ere, lege honen 88. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Epea, beraz, etenda egongo da negoziazioaren hasiera formala adierazten denetik negoziazioa arrakasta barik amaitu arte. Bukaera hori administrazioak edo interesdunek egindako adierazpen baten bitartez jasota geratuko da.

6. Egindako eskaeren edo tarteko diren pertsonen kopurua dela-eta, gehienezko epean ebazpena ematea zail ikusten denean, ebazteko eskumena duen organoak, organo instrukzio-egilearen arrazoitutako proposamenez, edo ebazteko eskumena duen organoaren goragoko mailakoak, haren proposamenez, giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu dena ondo bideratu eta epean betetzeko.

Salbuespen modura, ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea luzatzea erabaki daiteke, gertatutako ingurumariak argi arrazoituz, baina eskuerako baliabide guztiak agortuta daudenean bakarrik.

Gehienezko epea, azkenik, luzatzea erabakiko balitz, prozedura izapidetzeko ezarritako denbora baino luzeagoa ezin izan liteke luzapena.

Epe-luzapenaz ebazpena emateko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie, eta erabaki horren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik aurkeztu.

7. Gaiak bideratzeaz arduratu behar duten herri-administrazioetako langileek eta instrukzioa egin eta ebazpena emateko eskumena duten administrazio-organoetako titularrek, bakoitzak bere eskumen-esparruaren barruan, erantzukizun zuzena dute, epe barruan ebazpen adierazia emateko legez ezarrita dagoen eginbeharra bete dadin.

Eginbehar hori bete gabe utziz gero, diziplina-erantzukizuna eskatuko zaie, indarrean dagoen araudian ezarritako erantzukizunez gainera.

43. artikulua. Administrazio-isiltasuna, interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan.

1. Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, gehienezko epea igaro eta ebazpen adierazia jakinarazi ez bada, interesdunak edo interesdunek zilegi dute, eskaria administrazio-isiltasunez baietsi edo ezetsitzat jotzea, dagokion bezala. Dena den, administrazioak ebazpena eman beharko du artikulu honen 4. paragrafoan aurreikusitako moduan.

2. Administrazio-isiltasuna izanez gero, interesdunek baietsitzat jo ditzakete beren eskari guztiak kasu guztietan, baldin lege-mailako arau batek edo Europako erkidegoko zuzenbideko arau batek aurkakoa ezartzen ez badu. Ezin dituzte baietsitzat jo, ordea, konstituzioaren 29. artikuluak aipatzen duen eske-eskubideaz baliatzeko prozeduretan, baiestearen ondorioz eskatzaileari edo beste norbaiti jabari publikoaren edo zerbitzu publikoaren gaineko ahalmenak eskuratuko lizkioketen prozeduretan, ezta egintza eta xedapenen aurka egiteko prozeduretan ere; horietan guztietan isiltasuna ezesteko izango da.

Hala ere, eskaria administrazio-isiltasunez ezetsi izanaren aurka jarri den gorako errekurtsoa epea igaro delako jarri bada, baietsitzat joko da baldin eta ebazpen-epea heldutakoan eskumena duen administrazio-organoak ebazpen adierazia eman ez badu.

3. Administrazio-isiltasunez baiestea prozedura amaitzen duen administrazio-egintzatzat joko da, ondorio guztietarako.

Administrazio-isiltasunez ezestearen ondorio bakarra, ordea, interesdunei, kasuan-kasuan, administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bide ematea da.

4. Ebazpen adierazia eman beharrak, 42. artikuluko lehen paragrafoan ezarrita dagoenak, araubide hau izango du:

Administrazio-isiltasunez baietsitako kasuetan, egintzaren ondoren ebazpen adierazia ematekotan berresteko izango da.

Administrazio-isiltasunez ezetsitako kasuetan, epea igaro ondorengo ebazpen adierazia administrazioak emango du, baiesteko nahiz ezesteko.

5. Administrazio-isiltasunez egindako administrazio-egintzak edozeinen aurrean baliarazi ahalko dira, dela administrazioan dela edozein pertsonaren aurrean, fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu. Ebazpen adierazirik ematen ez bada, egintza horiek ondorioak izango dituzte ebazpen adierazi hori eman eta jakinarazteko dagoen gehienezko epea amaitzen denetik; eta, egiaztatu, zuzenbidean onartutako edozein frogabidez egiazta daitezke, baita ebazteko eskumena duen organoak isiltasuna gertatu dela egiaztatzeko emandako ziurtagiriaz ere. Ziurtagiria eskatzen bazaio, organo horrek, gehienez ere, hamabost eguneko epean eman beharko du.

44. artikulua. Ebazpen adierazirik eza, administrazioaren kabuz hasitako prozeduretan.

Administrazioaren kabuz hasitako prozeduretan ebazpen adierazia eman eta jakinarazi gabe igaro arren gehienezko epea, administrazioak ebatzi beharra dauka legez, eta epea horrela igarotzeak ondorio hauek izango ditu:

Eskubideak edo bakarkako beste egoera juridikoak aitortzea edota sortzea eratortzen bada prozeduratik, agertutako interesdunek beren nahiak ezetsitzat jo ditzakete administrazio-isiltasunez.

Administrazioa zehatzeko ahalez edo, oro har, esku hartzeko ahalez baliatzen den prozeduretan, interesdunei ondorio kaltegarria edo zorra sortaraz badiezaieke, iraungidura izango da ondorioa. Kasu horietan, iraungidura adierazten duen ebazpenak jarduna artxibatzeko aginduko du, eta 92. artikuluko ondorioak izango ditu.

Interesdunari egotz lekiokeen arrazoiren bategatik geldiarazi bada prozedura, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epearen zenbaketa ere gelditu egingo da.

45. artikulua. Baliabide teknikoak erabiltzea

1. Herri-administrazioek teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera eta abian jartzera joko dute, beren jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko; beti ere, konstituzioak eta legeek baliabide horiek erabiltzeko jartzen dituzten mugak kontuan izanik.

2. Herritarrek, eskubideez baliatzeko, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabil ditzakete herri-administrazioekiko harremanetan, baliabide horiek eta administrazioenak bateragarriak badira; beti, prozedura bakoitzean adierazitako berme eta baldintzak errespetaturik.

3. Euskarri informatikoan izapidetu eta amaitutako prozeduretan, eskumena duen organoa identifikatzen dela eta eskumena organo horrek baliatzen duela bermatuko da.

4. Eskumena duen organoak aldez aurretik eman behar du ontzat zein programa eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematiko erabiliko dituzten herri-administrazioek beren ahalez baliatzeko. Horrez gain, jakitera eman behar ditu programen eta aplikazioen ezaugarriak

5. Herri-administrazioek baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoz emandako agiriek edota bitarteko horietan jasota dauden jatorrizkoen kopiatzat ematen dituztenek, euskarria edozein dela ere, jatorrizko agirien balio eta eraginkortasun bera izango dute; beti ere, bermatuta badago agiriak kautoak direla, osorik eta egoera onean daudela eta, interesdunak hartu behar baditu, hartu dituela, eta lege honetan nahiz gainerakoetan eskatutako bermeak eta baldintzak betetzen direla.

46. artikulua. Agirien eta kopien balioa eta eraginkortasuna

1. Herri-administrazio bakoitzak erregelamenduz erabakiko du zein organori eskuratu zaion agiri publiko eta pribatuen kopia kautoak emateko eskumena.

2. Edozein motatako agiri publikoen kopiek jatorrizkoek besteko balioa eta eraginkortasuna izango dituzte, kautoak direla egiaztatuta badago.

3. Agiri pribatuen kopiek herri-administrazioen jarduera-eremuan bakarrik izango dute balioa eta eraginkortasuna, kautoak direla egiaztatuta badago.

4. Administrazio-agiri publikotzat joko dira herri-administrazioetako organoek balioz emandako agiriak.

II. kapitulua

Epe-mugak eta epeak

47. artikulua. Epe-mugak eta epeak bete beharra

Gaiak izapidetzeko eskumena duten herri-administrazioetako agintari eta langileek eta gai horietako interesdunek bete egin behar dituzte lege honetan nahiz besteetan ezarritako epe-mugak eta epeak.

48. artikulua. Zenbaketa

1. Legeek edo Europako erkidegoko arauek besterik adierazten ez duten bitartean, epeak egunetan jartzen badira, egun baliodunak bakarrik hartuko dira kontuan; beraz, ez dira zenbatuko igandeak eta jaieguntzat jotakoak.

Epeak jartzerakoan egun guztiak hartu nahi badira kontuan, horren berri eman behar da jakinarazpenetan.

2. Epea hilabetetan edo urtetan jartzen bada, berriz, dena delako egintza jakinarazi edo argitaratu den egunaren biharamunetik zenbatuko da, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunaren biharamunetik. Muga-eguneko hilean hasierako egunaren baliokiderik ez bada, hilaren azken egunean bukatuko da epea.

3. Epearen azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da epea.

4. Egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita zenbatuko dira egunetan adierazitako epeak, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunaren biharamunetik.

5. Interesduna bizi den udalerrian edo autonomia-erkidegoan egun balioduna bada eta administrazio-organoaren egoitzan, berriz, egun baliogabea, edo alderantziz, egun baliogabetzat hartuko da beti.

6. Epe-kontuetarako egun bat baliodun edo baliogabetzat jotzeak ez du zertan eraginik izan ez herri-administrazioetako lantokietako jardueran, ez lan-orduen antolaketan, ezta herritarrek erregistroez baliatzeko duten eskubidean ere.

7. Estatuko administrazio orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek, lan-egutegi ofizialari lotuz, egun baliogabeen egutegia ezarriko dute, epeak zenbatzeko, nork bere eremuan. Autonomia-erkidegoek onartutako egutegian beren lurralde-eremuko tokiko administrazioko erakundeen egun baliogabeak adieraziko dira, egutegi hori aplikatuko baitzaie.

Egutegia urtea hasi baino lehen argitaratu behar da dagokion aldizkari ofizialean eta herritarrek horren berri izango dutela bermatuko duten bestelako komunikabideetan

49. artikulua. Epe-luzapena

1. Komenigarritzat jotzen bada eta besteren eskubideei kalterik egiten ez bazaie, administrazioak, bere kabuz edo interesdunek eskatuta, luzatu egin dezake ezarritako epea, beste arauren batek aurkakorik ez badio. Epearen erdia luza dezake, gehienez ere. Epea luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie.

2. Epeak luzatu, baimendutako azken eguna arte luzatu behar dira diplomaziako ordezkaritzek eta kontsuletxeetako bulegoek izapidetutako prozeduretan; baita, estatu barruan izapidetu arren, atzerrian izapideren bat bete behar den prozeduretan edo Espainiatik kanpo bizi diren interesdunek esku hartzen dutenetan ere.

3. Bai interesdunen eskaera bai epe-luzapenari buruzko erabakia, dagokien epea igaro baino lehen egin behar dira beti. Ezin da inoiz luzatu amaituta dagoen epea. Epeak luzatzeari edo ez luzatzeari buruzko erabakien aurka ez dago errekurtsoa jartzerik.

50. artikulua. Presako izapidegintza

1. Interes publikoa dela eta, prozedurari presako izapidegintza aplikatzea erabaki daiteke, administrazioaren kabuz edo interesdunek eskatuta. Horrelakoetan, ohiko prozeduraren erdira laburtuko dira epeak; eskabideak eta errekurtsoak aurkeztekoak izan ezik.

2. Prozedura presakoa dela adierazten duen erabakiaren aurka ezin da inolako errekurtsorik aurkeztu

V. TITULUA

ADMINISTRAZIOAREN XEDAPENAK ETA EGINTZAK

I. kapitulua

Administrazioaren xedapenak

51. artikulua. Hierarkia eta eskumena

1. Administrazioaren xedapenek ezin dute ez konstituzioa ez inolako legerik hautsi, ezta arautu ere konstituzioak edo autonomia-estatutuek Gorte Nagusien edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarren eskumenekotzat jotzen dituzten gaiak.

2. Administrazioaren xedapenek ezin dute goragoko mailako araurik hautsi.

3. Administrazioaren xedapenak legeek ezarritako hierarkia-hurrenkerari lotuko zaizkio.

52. artikulua. Argitaratu beharra eta bakarrarentzat indargabetu ezina

1. Administrazioaren xedapenak, ondorio juridikoak izateko, dagokien aldizkari ofizialean argitaratu behar dira.

2. Administrazioaren ebazpen partikularrek ezin dute xedapen orokorren batean ezarritakoa hautsi, haiek maila berekoak edo goragokoak izan arren.

II. kapitulua

Administrazioaren egintzen betekizunak

53. artikulua. Egitea eta edukia

1. Herri-administrazioen egintzak, beren kabuz nahiz interesdunak eskaturik emandakoak, eskumena duen organoak gauzatuko ditu ezarritako prozedurari jarraituz.

2. Egintzen edukia ordenamendu juridikoan ezarritakoari lotuko zaio, zehatza izango da eta egintzon helburuei egokitua

54. artikulua. Arrazoitzea

1. Arrazoitu egin behar dira, egitateen eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra ere eginez:

a) Eskubide subjektiboak edo bidezko interesak mugatzen dituzten egintzak

b) Administrazio-egintzak administrazioaren kabuz berrikusteko prozedurak, administrazio-errekurtsoak, auzibidera jo aurreko erreklamazioak eta arbitraje-prozedurak ebazten dituztenak

c) Aurreko jardunean erabilitako irizpidearekin edo organo aholku-emaileek emandako irizpenarekin bat ez datozenak

d) Egintzen etendurako erabakiak, arrazoia edozein izanda ere, eta lege honetako 72 eta 136. artikuluetan jasotako behin-behineko neurriak hartzekoak

e) Presako izapidegintza aplikatzeko edo epeak luzatzeko erabakiak

f) Diskrezio-ahalez baliatuz emandakoak, baita lege edo erregelamenduetako berariazko xedapenen baten ondorioz hala behar dutenak ere.

2. Hautaketa-prozesu eta norgehiagoka-prozedurei amaiera ematen dieten egintzak arrazoitzeko deialdien arauei begiratuko zaie; nolanahi ere, ebazpenaren oinarriak adierazi egin behar dira prozeduran.

55. artikulua. Forma

1. Administrazio-egintzak idatziz egin behar dira; hala ere, beste era egokiagoren batean adierazi edo jaso daiteke, egintzen izaerak hala eskatzen duenean edo horretarako bide ematen duenean.

2. Administrazioko organoek eskumena ahoz erabiltzen dutenean, mezua ahoz jaso duen mendeko organoko titularrak edo funtzionarioak idatziz jaso eta izenpetuko du egintza, hala behar denean; eta, egintza komunikatzean, zein agintaritzak eman duen adieraziko du. Ebazpenak direnean, eskumenaren titularrak ahoz emandako ebazpenen zerrenda baimendu behar du, bakoitzaren edukia azalduz.

3. Izaera bereko egintza bat baino gehiago eman behar denean ¿hala nola izendapenak, emakidak eta lizentziak¿, denak egintza bakarrera biltzea erabaki dezake eskumena duen organoak. Egintza bakar horretan zehaztuko dira pertsonak edo bestelako zer-nolakoak, interesdun bakoitzari egintzak zein ondorio dakarzkion zehazteko.

III. kapitulua

Egintzen eraginkortasuna

56. artikulua. Bete beharra

Herri-administrazioen administrazio-zuzenbidepeko egintzak lege honetan xedatutakoaren arabera izango dira bete beharrekoak.

57. artikulua. Ondorioak

1. Herri-administrazioen administrazio-zuzenbidepeko egintzak baliozkotzat joko dira eta ondorioak izango dituzte ematen diren egunetik, egintza horietan besterik esaten ez bada.

2. Egintzaren eraginkortasuna berandutu egingo da, egintzaren edukiak hala eskatzen badu, egintza jakinarazi edo argitaratu behar bada, edota goragokoak onartu behar badu.

3. Salbuespen gisa, atzeraeragina eman dakieke egintzei, deuseztatutako egintzen ordezkoak direnean, eta interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean ere bai; beti ere, batetik, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren, eta, bestetik, eraginkortasunak kalterik ekartzen ez badie beste inoren eskubideei edo bidezko interesei.

58. artikulua. Jakinarazpena

1. Jakinarazi egingo zaizkie interesdunei beren eskubide edo interesak ukitzen dituzten administrazioaren ebazpenak eta egintzak, hurrengo artikuluan ezarritako modu eta neurrietan.

2. Egintza ematen den egunetik hamar egun izango dira jakinarazpena egiteko. Jakinarazpenean erabakiaren testu osoa jaso behar da, eta administrazio-bidetik behin betikoa den ala ez, zein errekurtso jar daitezkeen, zein organori aurkez dakizkiokeen eta zein epetan egin beharko litzatekeen adierazi behar da. Dena den, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkez dezakete, nahi badute.

3. Jakinarazpena egiterakoan egintzaren testu osoa agertu arren, aurreko paragrafoan aipatutako gainerako baldintzetakoren bat bete gabe geratzen bada, orduan, jakinarazpenak ondorioak izateko, interesdunak erakutsi behar du badakiela ebazpen horretan edo jakinarazi edo ebatzi beharreko egintza horretan zer esaten den eta horrek zer-nolako eragina izan dezakeen. Beraz, interesdunak hori adierazten duten ekintzak eginez badakiela erakusten duen egunetik, edo, bestela, interesdunak dagokion errekurtsoa aurkezten duenetik izango ditu ondorioak jakinarazpen horrek.

4. Aurreko paragrafoan ezarritakoaren aurka jo gabe, eta prozeduraren eperik luzeenaren barruan jakinarazi beharra beteta dagoela ulertzeko, nahikoa izango da jakinarazpenak, gutxienez, ebazpenaren testu osoa izatea, eta jakinarazpena egiten saiatu direla egiaztatzea.

59. artikulua. Nola jakinarazi

1. Jakinarazpenak egiteko edozein bide erabil daiteke, beti ere interesdunak edo bere ordezkariak hartu izanaren agiria jasota geratzen bada, eta jakinarazitako egintza zein den, noizkoa den eta zer dioen ere jasota geratzen bada.

Egindako jakinarazpenaren egiaztagiria espedienteari atxikiko zaio.

2. Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, eskabidean jarri duen tokian egingo da jakinarazpena. Horra bidaltzerik ez badago, jakinarazpenerako egokia den beste tokiren batean eta artikulu honetako lehen paragrafoan ezarritakoa betetzen duen edozein bide erabiliz egingo da.

Jakinarazpena interesdunaren bizilekuan egin eta interesduna ez badago, bizilekuan dagoen edozeinek har dezake, nor den jasota uzten badu. Bizilekuan jakinarazpenaz arduratzeko inor ez badago, hala jasoko da espedientean, eta, horrez gainera, jakinarazpena emateko saioa zein egunetan eta zein ordutan egin den ere idatziko da. Hurrengo hiru egunetako batean eta aurrekoa ez beste ordu batean, berriz saiatuko dira jakinarazpena ematen, beste behin bakarrik.

3. (…) ekainaren 22ko 11/2007 Legeak indargabetua)

4. Interesdunak edo bere ordezkariak administrazioaren jardunaren jakinarazpena hartu nahi ez badute, hala jasoko da espedientean, eta jakinarazpen.saioaren zer-nolakoak zehaztuko. Horrekin, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.

5. Prozedurako interesdunak ezezagunak direnean, jakinarazpena egiteko lekua eta, artikulu honetako lehen paragrafoaren arabera, bidea jakiteko modurik ez denean, edota jakinarazpena egiten saiatu arren ezin jakinarazi izan denean, iragarkia jarriko da interesdunak azken bizileku ezaguna izan duen udaletxeko iragarki-oholean. Era berean, argitaratu egin behar da Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo probintziakoan, kontuan hartuta jakinarazi beharreko egintza zein administraziorena den eta egintza eman duen organoa zein lurralde-eremutakoa den.

Azken bizileku ezaguna atzerriko herrialde batean egonez gero, hari dagokion kontsuletxeko edo enbaxadako kontsulatu-saileko iragarki-oholean argitaratuko da jakinarazpena.

Herri-administrazioek, jakinarazpenak egiteko modu osagarriak ezar ditzakete gainerako komunikabideez baliatuz, aurreko bi lerroaldeetan ezarritakoaren arabera jakinarazi beharraz gain.

6. Jakinarazpenaren ordez argitalpenera jo daiteke, hurrengo artikuluan ezarritako moduan, eta ondorio berak izango ditu kasu hauetan:

a) Zehaztu gabeko hartzaile-talde bati zuzendutako egintza denean, edo, administrazioaren iritziz, interesdun bakar bati zuzendutako jakinarazpenak bermatzen ez duenean denei jakinarazi zaiela; azken kasu horretan, jakinarazpenaren osagarri izango da argitalpena

b) Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean. Kasu horietan, prozeduraren deialdian esan beharko da zein iragarki-ohol edo komunikabidetan argitaratuko diren jakinarazpenak aurrerantzean; esandako tokietatik kanpo egindako jakinarazpenek ez dute baliorik izango.

60. artikulua. Argitalpena

1. Administrazioaren egintzak argitaratu egin behar dira, prozedura bakoitzaren arauetan ezarrita badago, edo, eskumena duen organoaren iritziz, interes publikoak hala eskatzen badu.

2. Bestalde, 58. artikuluko 2. paragrafoaren arabera jakinarazpenetan jaso behar diren zehaztasun guztiak jarri behar dira argitalpenetan ere. Artikulu bereko 3. paragrafoan esandakoa ere beteko da argitalpenean.

Egintza batean baino gehiagotan bat datozen zatiak ageri badira, batera argitara daitezke zati horiek, eta bereiz adierazi egintza bakoitzaren aldeak.

61. artikulua. Jakinarazpen eta argitalpenen abisua

Eskumena duen organoaren iritziz, egintza bat iragarki bidez jakinarazteak edo argitaratzeak eskubideei edo bidezko interesei kalte egiten badie, dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko du labur-labur egintzaren edukia, eta ezarritako epean interesdunek nora jo behar duten eduki osoa jakiteko eta jakinaren gainean daudela jasoarazi ahal izateko

IV. kapitulua

Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna

62. artikulua. Erabateko deuseztasuna

1. Erabat deusezak izango dira herri-administrazioen egintzak baldin eta:

a) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunei kalte egiten badiete

b) Gaia edo lurraldea dela eta, argi eta garbi eskumenik ez duten organoek eman badituzte

c) Ezinezko edukia badute

d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste badira edo hauste horren ondorioz eman badira

e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira

f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horiek ahalmen edo eskubideak eskuratzeko bide ematen badiete, horretarako funtsezko betekizunak ez dituztenei

g) Lege-mailako xedapen batean berariaz ezartzen bada.

2. Erabat deusezak izango dira honako administrazio-xedapen hauek ere: konstituzioa, legeak edo administrazioaren goragoko mailako xedapenak hausten dituztenak; legez arautu beharreko gaiak arautzen dituztenak; eta zehatze-xedapen kaltegarrien edo norbanakoen eskubideak murrizten dituzten zehatze-xedapenen atzeraeragina ezartzen dutenak.

63. artikulua. Deuseztagarritasuna

1. Deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoa hausten duten egintzak, agintea desbideratzen dutenak barne.

2. Hala ere, formazko akatsak bakar-bakarrik ekarriko du deuseztagarritasuna egintzak bere helburua lortzeko formazko ezinbesteko baldintzak betetzen ez dituenean, edo interesdunak babesik gabe uzten dituenean.

3. Ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna.

64. artikulua. Kutsagarritasuna

1. Egintza baten deuseztasunak edo deuseztagarritasunak ez dakar prozedurako ondorengoena, aurrekoarekin zerikusirik ez badute.

2. Administrazio-egintzaren zati bat deuseza edo deuseztagarria izateak ez dakar zati horrekin zerikusirik ez duten gainerako zatien deuseztasuna edo deuseztagarritasuna; ez bada, zati akastunaren garrantzia dela eta, zati hori kenduta egintzarik ez dagoela.

65. artikulua. Egintza akastunen bihurketa

Egintza deusez edo deuseztagarriek, beste egintza desberdin bat osatzen duten elementuak baldin badituzte, azken egintza honen ondorio berak sortaraziko dituzte.

66. artikulua. Egintza eta izapideak mantentzea

Jarduna deuseztatzen duen edo deuseza dela adierazten duen organoak beti mantenduko ditu arau-hausterik izan ez balitz berdin jarraituko zuketen egintza eta izapideak.

67. artikulua. Baliozkotzea

1. Administrazioak baliozkotu egin ditzake egintza deuseztagarriak, egintza horien akatsak zuzentzen baditu.

2. Baliozkotzeak, egiten den egun beretik izango ditu ondorioak, lehen aipatutako administrazio-egintzen atzeraeraginaz ezarritakoaren mendean.

3. Akatsa eskumenik eza bada, baina berez deuseztasunik ez dakarrena, eskumena duen organoak egintza baliozkotu dezake, egintza akastuna eman zuenaren goragoko organoa bada.

4. Akatsa baimenen bat ez izatea bada, eskumena duen organoak baimena emanda baliozkotu daiteke egintza.

VI. TITULUA

ADMINISTRAZIO-PROZEDUREI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

I. kapitulua

Prozeduraren hasiera

68. artikulua. Prozedura hasteko moduak

Prozedurak administrazioaren kabuz edo interesdunak eskaturik has daitezke.

69. artikulua. Administrazioaren kabuzko hasiera

1. Prozedura administrazioaren kabuz hasiko da eskumena duen organoaren erabakiz, bere ekimenez edo goragokoaren aginduz, beste organo batzuen eskari arrazoituei erantzunez edo salaketa baten ondorioz.

2. Prozedura hasteko erabakia hartu aurretik, eskumena duen organoak informazioaldia ireki dezake, dena delako kasuaren zer-nolakoak ezagutzeko eta prozedura hastea komeni den jakiteko.

70. artikulua. Prozedura hasteko eskaerak

1. Eskabideetan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, ordezkaria badu, bere ordezkariarenak, baita jakinarazpenak jasotzeko aukeratutako bidea eta lekua ere

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaria, argi eta garbi adierazia

c) Lekua eta eguna

d) Eskabide-egilearen izenpea edo benetan bere borondatea dela erakusteko edozein eratako egiaztapena

e) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskabidea.

2. Pertsona-talde baten eskariak eskabide berean aurkez daitezke, eduki eta oinarri bera edo funtsean antzekoa badute eta prozedura berezietako arauek besterik ez badiote

3. Administrazioko bulegoetan aurkeztutako eskabide, komunikazio eta idazkien hartu-agiria eska dezakete interesdunek, idazki horiek zein egunetan aurkeztu dituzten egiaztatzeko.Hartu izanaren agiritzat onartuko dira aurkeztutako eskabide, komunikazio eta idazkien kopiak, sarrera-data jarri badiete bulegoan.

4. Herri-administrazioek eskabideak egiteko eredu eta sistema estandarizatuak prestatu behar dituzte, prozedura ugari ebazteko jardunbideak direnean. Aipatutako ereduak herritarren esku egongo dira administrazioko bulegoetan.

Eskabide-egileek nahi adina datu erants dezakete eskabide-ereduan jasotakoak zehazteko eta osatzeko; organo hartzaileak onartu eta kontuan izan behar ditu.

71. artikulua. Eskabidea zuzendu eta hobetzea

1. Prozedura hasteko eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

2. Eskatutako agiriak aurkezteko zailtasun berezirik baldin bada, interesdunak eskaturik edo organoaren ekimenez beste bost egun eman daitezke, hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretan izan ezik.

3. Interesdunek eskaturik hasitako prozeduretan, eskumena duen organoak iradoki diezaioke eskabide-egileari eskabidean jasotakoa borondatez aldatzeko edo hobetzeko. Aldaketa horiek aktan jasoko dira labur-labur, eta akta prozedurari gehituko zaio.

72. artikulua. Behin-behineko neurriak

1. Prozedura hasi ondoren, ebazteko eskumena duen administrazio-organoak, administrazioaren kabuz nahiz interesdunak eskaturik, bidezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak har ditzake ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, nahiko datu baditu neurri horiek hartzeko.

2. Administrazio-prozedura hasi aurretik, premiazko kasuak badira eta tarteko diren interesak behin-behinean babestu behar badira, dagokion organoak, administrazioaren kabuz zein interesdunak eskaturik, hartu beharreko neurriak hartu ahal izango ditu lege-mailako arau batean espresuki ezarritako kasuetan. Behin-behineko neurri horiek berretsi, aldatu edo kendu egin beharko dira prozedura hasteko erabakian. Neurriak hartu direnetik hasita, hurrengo hamabost egunen barruan hartu behar da erabaki hori, eta horren kontra dagokion errekurtsoa jarri ahal izango da.

Dena den, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira, baldin eta prozedura aipatutako epe horretan hasi ez bada, edo prozedura hasteko erabakian neurriei buruz espresuki jarrera-adierazpenik egin ez bada.

3. Ezin da behin-behineko neurririk hartu, interesdunei kalte konpongaitza edo konponezina badakarkie edota legeek babestutako eskubideak zapaltzen baditu.

4. Prozedurak irauten duen bitartean, administrazioaren kabuz zein interesdunak eskaturik, behin-behineko neurriak aldatu edo kendu ahal izango dira, baldin eta neurriak hartu zirenean kontuan hartu ezin ziren gorabeherak edota gerora agertutakoak azaltzen badira.

Dena dela, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura amaitzeko administrazio-ebazpena eraginkorra den unean bertan.

73. artikulua. Metatzea

Prozedura hasi edo izapidetzen duen administrazioko organoak, prozedura hasteko modua edozein izanda ere, bateratu egin ditzake prozedura hori eta oinarri bera edo lotura estua duten beste batzuk.

Metatzeko erabakiaren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu.

II. kapitulua

Prozeduraren antolamendua

74. artikulua. Prozedura bultzatzea

1. Administrazioak, bizkortasuna irizpide dela, bere kabuz bultzatuko du prozedura izapide guztietan.

2. Izaera bereko espedienteak hasiera ematen zaien hurrenkera berean izapidetuko dira, administrazio-unitateko titularrak arrazoitutako agindua ematen ez badu horren aurka. Agindu horrek jasota geratu behar du.

Aurreko lerroaldean ezarritakoa ez betetzeak diziplinazko erantzukizuna ekarriko dio hausleari eta, hala badagokio, lanpostutik mugiaraztea.

75. artikulua. Bizkortasuna

1. Egintza bakar batean erabakiko dira, izaera dela-eta batera bultza daitezkeen eta bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak.

2. Beste organo batzuek bete beharreko izapideak eskatzerakoan, legeak horietarako ezartzen duen epea zehaztuko da bidaliko den komunikazioan

76. artikulua. Izapideak betetzea

1. Interesdunek, berek bete beharreko izapideak direnean, egintza jakinarazten zaienetik hamar eguneko epea izango dute, dagokion arauak bestelako eperik ezartzen ez badu.

2. Edozein unetan, interesdunen egintzaren batek beharrezko baldintzak betetzen ez dituela jotzen bada, administrazioak egintzaren egileari aditzera eman eta hamar egun emango dizkio egintza hori behar bezala betetzeko.

3. Aurreko paragrafoetan jasotakoa betetzen ez duten interesdunek izapidea betetzeko eskubidea galdu dutela jo daiteke; dena den, interesdunaren jarduna onartu egingo da eta lege-ondorioak izango ditu, epea amaitutzat jotzen duen ebazpena jakinarazten zaion egunean bertan edo lehenago egiten badu.

77. artikulua. Prozedurako inguruabarrak

Prozeduran sor daitezkeen gorabeherek ez dute prozeduraren etendura ekarriko, ezta jardunaren deuseztasunaren ingurukoak izanda ere. Errefusatzeak, ordea, etendura ekarriko dio prozedurari.

III. kapitulua

Prozeduraren instrukzioa

I. atala Xedapen orokorrak

78. artikulua. Instrukzio-egintzak

1. Prozedura izapidetzen duen organoak bere kabuz egingo ditu ebazpena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko instrukzio-egintzak. Interesdunek proposa ditzakete, nolanahi ere, beren esku-hartzea dakarten jardunak edota legez edo erregelamenduz ezarritako izapideak dakartzatenak.

2. Prozeduraren instrukzioan erantsitako galdeketa eta inkesten emaitzek, informazio-teknika horietarako legez ezarritako baldintzak bete behar dituzte eta emaitza horiek lortzeko jarraitutako jardunbidearen identifikazio teknikoa izan behar dute.

79. artikulua. Alegazioak

1. Interesdunek alegazioak ager ditzakete eta agiriak edo bestelako datuak aurkeztu prozeduraren edozein urratsetan, entzunaldiaren izapidea egin aurretik.

Organo eskudunak kontuan hartuko ditu horiek guztiak ebazpen-proposamena idazterakoan.

2. Interesdunek prozeduraren edozein urratsetan alega ditzakete izapideetako akatsak, eta, bereziki, akats hauek: prozedura geratzea, nahitaezkotzat jarritako epeak haustea edo gaiari buruzko behin betiko ebazpena eman aurretik konpon daitezkeen izapideak ez betetzea. Alegazio horiek direla eta, diziplinazko erantzukizuna eska daiteke, horretarako arrazoirik badago.

II. atala Froga

80. artikulua. Frogabideak eta frogaldia

1. Zuzenbidean onargarri den edozein frogabidez egiazta daitezke prozedura ebazteko garrantzizko diren egitateak.

2. Prozeduraren instrukzio-egileak frogaldia egitea erabaki dezake, administrazioak egiazkotzat jotzen ez baditu interesdunek alegatutako egitateak edo hala eskatzen badu prozeduraren izaerak. Frogaldia, gehienez, hogeita hamar egunekoa izango da eta, gutxienez, hamarrekoa, egoki iritzitako froga guztiak egin ahal izan daitezen.

3. Prozeduraren instrukzio-egileak bakar-bakarrik bota ditzake atzera interesdunek proposatutako frogak, argi eta garbi desegokiak edo alferrekoak badira, eta, beti ere, arrazoitutako ebazpen bidez.

81. artikulua. Froga egitea

1. Administrazioak behar besteko denboraz jakinaraziko die interesdunei noiz hasiko den onartutako frogak gauzatzeko behar den jarduna.

2. Frogak non, noiz eta zein ordutan egingo diren jasoko da jakinarazpenean, eta ohartaraziko, hala badagokio, interesdunak teknikariak izenda ditzakeela lagundu diezaioten.

3. Interesdunak eskaturik frogak egin behar direnean, froga horien gastuak administrazioak ordaindu behar ez baditu, administrazioak dirua aurreratzeko eska diezaioke interesdunari, eta, frogak egindakoan, gastuen behin betiko kitapena egingo da. Gastuak benetan egin direla eta hainbestekoak izan direla egiaztatzeko agiriak aurkeztuta egingo da gastuen kitapena.

III. atala Txostenak

82. artikulua. Txostenak eskatzea

1. Prozedura ebazteko, legezko xedapenetan nahitaezkotzat jotako txostenak eskatuko dira, eta ebazpena emateko beharrezko iritzitakoak, nahitaezkotasuna agintzen duen araua aipatuz edo, bestela, komenigarritasuna oinarrituz.

2. Txostena eskatzerakoan, aztertu beharrekoak zehaztu behar dira.

83. artikulua. Txostenak egitea

1. Txostenak borondatezkoak eta behartze-indarrik gabekoak izango dira, berariazko xedapenen batean aurkakorik esaten ez bada.

2. Hamar egun izango dira txostenak egiteko, ez badu xedapenen batek edo prozeduraren gainerako epeak betetzeak epe luzeagoa edo laburragoa eskatzen edo horretarako bide ematen.

3. Esandako epean txostenik egin ez arren, eta atzerapenaren errudunari erantzukizuna eskatzea gorabehera, ondorengo jardunari ekin ahal izango zaio, edozein dela ere eskatutako txostenaren izaera. Hala ere, ondorengo izapideen epea eten daiteke, prozedura ebazteko erabakigarriak diren nahitaezko txostenak direnean.

4. Prozedura izapidetzen ari denak ez, beste herri-administrazioren batek egin behar badu txostena bere eskumenen araberako ikuspuntua adierazteko, jarduten jarrai daiteke, epea amaitutakoan txostena egin gabe egon arren.

Epez kanpo emandako txostena kontuan hartu gabe utz daiteke ebazpena ematerakoan.

IV. atala Interesdunen parte-hartzea

84. artikulua. Entzunaldiaren izapidea

1. Prozedurak bideratu ondoren, eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, interesdunei edo, dagokionean, beren ordezkariei prozeduren berri emango zaie, beti ere, 37.5. artikuluan jasotako informazioak eta datuak salbuetsiz.

2. Interesdunek gehienez hamabost egun dituzte eta gutxienez hamar, egoki irizten dieten dokumentu eta egiaztapenak alegatzeko.

3. Epea amaitu aurretik interesdunek adierazten badute ez dutela alegaziorik egingo ez beste agiri ez justifikaziorik aurkeztuko, entzunaldiaren izapidea egindakotzat joko da.

4. Interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan ebazpena ematerakoan, ez dago entzunaldiaren izapidea egin beharrik.

85. artikulua. Interesdunen jarduna

1. Instrukzio-egintzetan interesdunek parte hartu behar dutenean, interesdunei ahalik eta erosoen gerta dakien moduan eta beren laneko edo lanbideko eginbeharrak ahalik eta gutxien oztopatuz egingo da.

2. Interesdunek aholkulari baten laguntza izan dezakete beti, beren interesen alde egiteko komeni zaiela iruditzen bazaie.

3. Edozein kasutan ere, organo instrukzio-egileak neurriak hartuko ditu prozeduran kontraesanaren printzipioa eta interesdunek duten berdintasunarena guztiz errespetatzea lortzeko.

86. artikulua. Jendaurreko informazioa

1. Prozeduraren izaera dela eta, ebazpena eman behar duen organoak jendaurreko informazio-erakustaldia egitea erabaki dezake.

2. Erakustaldi hori Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia-erkidegokoan edo dagokion probintziakoan iragarriko da, edozein pertsona fisiko edo juridikok prozedura edo erabakitzen den prozedura-zatia aztertu ahal izateko.

Iragarkian adieraziko dira prozedura non izango den ikusgai eta zein epe izango den alegazioak aurkezteko; epe horrek, gutxienez, hogei egunekoa izan behar du.

3. Interesdunek, izapide honetan agertu ez arren, beraiei dagozkien errekurtsoak aurkez ditzakete prozeduraren behin betiko ebazpenaren aurka.

Jendaurreko erakustaldiaren izapidean agertzen direnak ez dira, berez eta besterik gabe, interesduntzat joko. Nolanahi ere, izapide honetan alegazioak edo oharrak aurkezten dituztenek administrazioaren erantzun arrazoitua jasotzeko eskubidea dute. Horrelakoetan, erantzun bakarra eman dakieke funtsean arazo bera agertzen duten alegazio guztiei.

4. Legeetan ezarritakoarekin bat etorriz, herri-administrazioek beste era, bitarteko eta bide batzuk ezar ditzakete, herritarrek ¿zuzenean edo legeek onartutako antolakunde eta elkarteen bitartez¿ parte har dezaten administrazioaren xedapen eta egintzak prestatzerakoan.

IV. kapitulua

Prozeduraren amaiera

I. atala Xedapen orokorrak

87. artikulua. Amaiera

1. Prozedura amaitzen dute ebazpenak, atzera egiteak, eskaeraren oinarri den eskubideari uko egiteak -ordenamendu juridikoak ukazio hori debekatzen ez badu- eta iraungitzat jotzeak.

2. Prozedura amaitu egingo da, era berean, gerora sortutako arrazoiak direla-eta prozedura ezin bada inola aurrera eraman. Emango den ebazpenak, beti ere, arrazoitua izan behar du.

88. artikulua. Itundutako amaiera

1. Herri-administrazioek akordioak, itunak, hitzarmenak eta kontratuak egin ditzakete zuzenbide publikoko zein pribatuko pertsonekin ordenamendu juridikoaren aurkakoak ez badira, tratugai izan litezkeen kontuez badira eta babestu behar duten interes publikoari erantzuten badiote; beti ere, prozedura arautzeko xedapenean kasuan-kasuan berariaz ezartzen diren mugak, ondorioak eta araubide juridikoa izango dituzte kontuan. Egintza horiek amaitu egin ditzakete administrazio-prozedurak edo prozeduran sar daitezke, amaiera ematen dien ebazpenaren aurretik, behartze-indarrez zein behartze-indarrik gabe.

2. Agiri horietan adierazi behar dira, behintzat, parte-hartzaileak, pertsona-eremua, eremu funtzionala, lurralde-eremua eta indarraldia; argitaratu behar ote diren erabakitzeko, nolako izaera duten eta helburuko pertsonak nor diren hartuko da kontuan.

3. Ministro Kontseiluak onartu behar ditu berariaz bere eskumen zuzeneko gaiei buruzko akordioak.

4. Izenpetzen diren akordioek ez dituzte aldatuko, ez administrazioko organoei eskuratzen zaizkien eskumenak, ezta agintariek eta funtzionarioek zerbitzu publikoen funtzionamenduan dituzten erantzukizunak ere.

II. atala Ebazpena

89. artikulua. Edukia

1. Prozedura amaitzen duen ebazpenean erabakiko dira bai interesdunek agertutako gai guztiak bai prozedura horretatik eratorritakoak.

Eskumena duen organoak erabaki ditzake edukiari loturik dauden gaiak, nahiz eta interesdunek gai horiek agertu ez. Dena den, aurretik interesdunei adierazi behar die, interesdunek nahi dituzten alegazioak egin eta frogabideak aurkez ditzaten. Horretarako, hamabost egun izango dituzte, gehienez ere.

2. Interesdunek eskaturik izapidetutako prozeduretan, interesdunak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena. Ebazpenak ezin du inola ere interesdunaren aurreko egoera okerragotu; dena den, administrazioak, bere kabuz, beharrezkoa bada, beste prozedura bat hasteko ahala du.

3. Ebazpenean erabakitakoaren berri eman behar da, eta, 54. artikuluan aipatutako kasuetan, erabaki hori arrazoitu egin behar da. Horrez gain, ebazpenetan jaso behar dira zein errekurtso aurkez daitezkeen ebazpenaren aurka, zein administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaizkion, eta zein epetan. Nolanahi ere, interesdunek egoki iritzitako beste errekurtsoren bat aurkez dezakete.

4. Administrazioak beti eman behar du ebazpena; hau da, ezin ditu kasuan-kasuan aplikagarri diren lege-aginduen hutsunea, iluntasuna edo murriztasuna aitzakiatzat hartu ebazpenik ez emateko. Hori horrela bada ere, administrazioak onartezintzat jo ditzake eskubideak aitortzeko eskabideak, eskubide horiek ez badaude ordenamendu juridikoan aurreikusita edo argi eta garbi oinarria falta bazaie. Hala ere, interesdunek beti izango dute konstituzioaren 29. artikuluan jasotako eske-eskubidea.

5. Onartutako txostenak edo irizpenak, ebazpenaren testuari eransten bazaizkio, ebazpenaren arrazoitzat hartuko dira.

III. atala Interesdunek atzera egitea eta uko egitea

90. artikulua. Atzera egitea edo uko egitea

1. Interesdunek atzera egin dezakete beren eskaeran, edo, ordenamendu juridikoak debekatzen ez badu, uko egin diezaiekete beren eskubideei.

2. Hasierako idazkia interesdun bik edo gehiagok aurkeztutakoa denean, inork atzera egiteak edo uko egiteak, atzera egin edo uko egin duenari bakarrik eragingo dio.

91. artikulua. Bideak eta ondorioak

1. Atzera egiteko eta uko egiteko edozein bide erabil daiteke, jasota geratzeko modukoa bada.

2. Administrazioak bete-betean onartuko du atzera egitea edo uko egitea, eta amaitutzat emango du prozedura; hala ere, ez du prozedura amaitutzat emango, beste interesdunik aurkeztu bada eta, atzera egitea jakinarazi eta hamar egunetan, prozedura aurrera eramateko eskatzen badute interesdun horiek.

3. Hasitako prozedurako gaia interes orokorrekoa bada edo gai hori mugatzeko eta argitzeko komeni bada hezurmamitzea, administrazioak interesdunarentzat mugatu ditzake atzera egiteak edo uko egiteak dakartzan ondorioak, eta aurrera eramango du prozedura.

IV. atala Iraungitzea

92. artikulua. Betekizunak eta ondorioak

1. Prozedura interesdunak eskaturik hasten bada, eta interesdunari lepora dakiokeen arrazoiren bategatik gelditu, administrazioak adieraziko dio prozedura iraungi egingo dela hiru hilabete igaro ondoren. Hiru hilabeteok igaro eta interesdunak egin behar duena egin ez badu prozedura ostera izapidetzeko, administrazioak ordura arte egindakoa artxibatuko du, eta horren berri emango dio interesdunari. Iraungitzea aldarrikatzen duen ebazpenaren aurka dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

2. Interesdunek izapideak betetzen ez dituztela-eta ezin daiteke, berez eta besterik gabe, prozedura iraungi, izapide horiek ebazpena emateko ezinbestekoak ez badira behintzat. Izapidea ez betetzeak ondorio bakarra izango du: izapide horretarako eskubidea galtzea.

3. Prozedura iraungitzeak ez du besterik gabe norbanakoaren edo administrazioaren akzioen preskripzioa ekarriko, baina iraungitako prozedurek ez dute preskripzio-epearen zenbaketa geldituko.

4. Sortutako arazoa interes orokorrekoa bada edo arazoa mugatzeko eta argitzeko komeni bada hezurmamitzea, litekeena da iraungidura ez aplikatzea.

V. kapitulua

Ebazpenak betearaztea

93. artikulua. Oinarria

1. Herri-administrazioek, erabakiak betearazteko, ez dute herritarren eskubideak murrizten dituen ekintzarik hasiko, ekintza horren oinarri juridikoa den ebazpena eman gabe aldez aurretik.

2. Ebazpenen betearazte materialeko egintza agintzen duen organoak interesdunari jakinarazi behar dio administrazioaren jarduna baimentzen duen ebazpena.

94. artikulua. Betearazi beharra

Administrazio-zuzenbideari lotutako herri-administrazioen egintzak berehala dira betearazi beharrekoak.Salbuespen dira 111 eta 138. artikuluetan jasotakoak, eta xedapenen batean aurkakorik esaten bada edo mailaz goragoko beste organo batek onartu edo baimena eman behar badu, orduan ere salbuespen izango da.

95. artikulua. Egintzak nahitaez betearaztea

Herri-administrazioek, kasuan-kasuan eskumena duen organoaren bitartez, nahitaez betearaz ditzakete administrazio-egintzak, baina aldez aurretik ohartarazpena eginda. Salbuespen izango da, betearaztea legearen arabera eteten denean eta konstituzioak edo legeek auzitegien esku-hartzea eskatzen dutenean.

96. artikulua. Nahitaez betearazteko bideak

Herri-administrazioek beti zaindu behar dute heinekotasunaren printzipioa, egintzak nahitaez betearazterakoan. Hauek dira horretarako bideak:

a) Ondarearekiko premiamendua

b) Betearazte subsidiarioa

c) Hertsatzeko isuna

d) Pertsonak derrigortzea.

2. Hauetako bat baino gehiago onargarri denean, norbanakoaren askatasuna gutxien murrizten duena aukeratuko da.

3. Interesdunaren etxebizitzan sartzeko, herri-administrazioek interesdun horren onarpena lortu behar dute edo, horrelakorik ezean, epailearen baimena.

97. artikulua. Ondarearekiko premiamendua

1. Administrazioaren egintzaren baten ondorioz dirua ordaindu behar izanez gero, erabiliko den prozedura betearazte-bideko diru-bilketako prozeduraren arauetan ezarritakoa izango da.

2. Nolanahi ere, herritarrei ezin zaie dirua ordaintzeko eginbeharrik ezarri, lege-mailako arau batean zehaztuta ez badago.

98. artikulua. Betearazte subsidiarioa

1. Nahitaez norberak egin beharreko egintzak ez direla-eta, egintzak egin behar dituenaz gain beste norbaitek egin ditzakeenean, betearazte subsidiarioa erabiltzeko aukera egongo da.

2. Kasu horretan herri-administrazioek beraiek egingo dute egintza, edo beraiek izendatzen dituztenek, beti ere, eginbeharra zeukanaren kontura.

3. Aurreko artikuluan ezarritako moduan ordainaraziko da gastu, kalte eta galeren zenbatekoa.

4. Zenbateko hori behin-behinekoz kita daiteke eta egintza betearazi aurretik ordaindu, eta, ondoren, behin betiko kitapena egin.

99. artikulua. Hertsatzeko isuna

1. Herri-administrazioek hertsatzeko isunak ezar ditzakete, egintza jakin batzuk betearazteko, legeek horretarako aukera ematen dutenean, haietan jarritako forman eta zenbatekoan, eta agindutakoa betetzeko behar besteko tartea utzita isunak aldian-aldian errepikaturik, honako kasuetan:

a) Nahitaez norberak egin beharreko egintzetan, eginbeharra daukan pertsona zuzenean derrigortzea egoki ez denetan

b) Derrigortzea bidezko izanda ere, administrazioak komenigarritzat jotzen ez duenetan

c) Eginbeharra daukanak beste bati egintzak betetzeko mandatua eman diezaiokeenean.

2. Hertsatzeko isunak ez dauka zerikusirik zehatzeko ezar daitezkeen zehapenekin, eta horiekin batera ezar daiteke.

100. artikulua. Pertsonak derrigortzea

1. Administrazioaren egintza batzuk herritarrak zuzenean derrigortuz egin daitezke, baldin eta egintzok herritar horiei ezartzen badiete zerbait jasateko edo ez egiteko beharra, nahitaez norberak egin beharrekoa. Hori guztia, legean berariaz baimentzen den kasuetan, eta gizakiaren duintasuna eta konstituzioan aitortutako eskubideak behar bezala zainduz.

2. Nahitaez norberak egin beharrekoa zerbait egiteko eginbeharra bada, eta betetzen ez bada, kalte eta galerak ordaindu behar ditu eginbeharra daukanak. Administrazio-bidetik egingo dira kalte-galeren kitapena eta kobrantza

101. artikulua. Interdiktuen debekua

Ez da izapidetzeko onartuko administrazioko organoek beren eskumenen eremuan eta legez ezarritako prozedurarekin bat etorriz egindako jardunaren aurkako interdikturik

VII. TITULUA

EGINTZAK ADMINISTRAZIO-BIDETIK BERRIKUSTEA

I. kapitulua

Administrazioaren kabuz berrikustea

102. artikulua. Xedapen eta egintza deusezak berrikustea

1. Herri-administrazioek, beren ekimenez edo interesdunek eskaturik, eta Estatu Kontseiluak edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokideak, halakorik bada, aldeko irizpena eman ondoren, deuseztzat joko dituzte, beren kabuz eta edozein unetan, administrazio-bidea amaitu duten administrazio-egintzak edo epe barruan beren aurkako administrazio-errekurtsorik izan ez dutenak, 62.1 artikuluan jasotako kasuetan.

2. Era berean, herri-administrazioek, beren kabuz eta edozein unetan, eta Estatu Kontseiluak edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokideak, halakorik bada, aldeko irizpena eman ondoren, deuseztzat jo ditzakete administrazio-xedapenak 62.2 artikuluan jasotako kasuetan.

3. Administrazioaren kabuz berrikusteko eskumena duen organoak, Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emailearen irizpen beharrik gabe, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak azalduta, interesdunek egindako eskaerak izapidetzeko ez onartzea erabaki dezake honako kasu hauetan: eskaerak 62. artikuluaren arabera deuseztzat jotzeko arrazoiren batean oinarritzen ez direnean, edo argi eta garbi funtsik gabeak direnean, edo, mamiari dagokionez, funtsean berdinak diren beste eskaera batzuk ezetsita daudenean.

4. Herri-administrazioek xedapen edo egintza bat deuseztzat jotzeko ebazpenean zehatz dezakete zein kalte-ordain jaso behar duten interesdunek, beti ere, lege honen 139.2 eta 141.1 artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira; xedapena denean, iraun egingo dute xedapen horren ondorioz emandako egintza irmoek.

5. Prozedura, administrazioaren kabuz hasten denean, iraungi egingo da, baldin eta hasi denetik hiru hilabeteko epea betetzen bada ebazpenik eman gabe. Prozedura interesdunak eskaturik hasten denean, berriz, ezetsitzat joko da administrazio-isiltasunaren ondorioz.

103. artikulua. Egintza deuseztagarriak kaltegarritzat jotzea

1. Interesdunen aldeko egintzak izanda, lege honen 63. artikuluaren arabera deuseztagarri diren egintzak badira, egintzok interes publikorako kaltegarritzat jo ditzakete herri-administrazioek, gero administrazioarekiko auzien jurisdikzioan egintza horien aurka egiteko.

2. Administrazio-egintza eman zenetik lau urte igaro eta gero, ezin izango da egintza kaltegarritzat jo; egintza kaltegarritzat jo aurretik interesdun gisa agertzen diren guztiei entzunaldia eskainiko zaie, lege honen 84. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. Prozedura hasi denetik hiru hilabete igarotzen badira eta epe horretan egintza kaltegarritzat jotzen ez bada, prozedura iraungi egingo da.

4. Egintza estatuko administrazio orokorrarena edo autonomia-erkidegoena bada, arlo horretan administrazio bakoitzeko eskumena duen organoak joko du kaltegarritzat.

5. Egintza tokiko administrazioko erakundeena bada, korporazioko batzak joko du kaltegarritzat edo, horrelakorik ez badago, erakunde horretako kide anitzeko organo gorenak.

104. artikulua. Etendura

Administrazioaren kabuzko berrikustea hasita badago ere, ebazteko eskumena duen organoak egintza betearaztea eten dezake, egintza horrek kalte konponezinak edo konpongaitzak sor baditzake.

105. artikulua. Egintzak errebokatzea eta hutsen zuzenketa

1. Herri-administrazioek edozein unetan erreboka ditzakete kargak ezartzen dituzten edo inoren kalterako diren beren egintzak, beti ere, errebokazio hori ez bada legeek onartzen ez duten jaregite edo salbuespena, edo berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa ez bada.

2. Herri-administrazioek, beren kabuz edo interesdunek eskaturik, edozein unetan zuzendu ditzakete beren egintzetako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.

106. artikulua. Berrikustearen mugak

Berrikusteko ahalmenaz baliatzerik ez dago, akzioen preskripzioa, epeen amaiera edota bestelako gorabeherak direla eta, berrikusketa hori ekitatearen, fede onaren, herritarren eskubideen edo legeen aurkakoa bada.

II. kapitulua

Administrazio-errekurtsoak

I. atala Printzipio orokorrak

107. artikulua. Errekurtso-gaia eta errekurtso-motak

1. Interesdunek gorako errekurtsoa edo, aukerako, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete ebazpenen aurka baita, izapide-egintzen aurka ere, baldin eta azken horiek, zuzenean zein zeharka, gaiaren mamiaz erabakitzen badute, prozedura aurrera egin ezinik uzten badute, defentsa-gabezia sortzen badute edo eskubide eta bidezko interesetan kalte konponezina sortzen badute. Errekurtsoa egiteko, deuseztasunari eta deuseztagarritasunari buruz lege honen 62 eta 63. artikuluetan azaldutako arrazoietakoren batean oinarritu beharko da.

Gainerako izapide-egintzen aurka egonez gero, interesdunek alegatu egin behar dute, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean hori kontuan hartzeko.

2. Kasu eta arlo jakinetan, eta gaiaren berezitasunak hala eskatzen duenean, legeek, gorako errekurtsoaren ordez, beste prozedura batzuk ezar ditzakete egintzen aurka egiteko, hots, erreklamazioa, adiskidetzea bitartekotza zein arbitrajea. Bestalde, erreklamazio-bide horiek erabiltzeko, hierarkiako jarraibideen mendean ez dauden kide anitzeko organoetara edo berariazko batzordeetara jo behar da. Nolanahi ere, edozein bide erabiltzen dela ere, bete egin behar dira lege honek herritarrei eta administrazio-prozeduretako interesdunei aitortzen dizkien printzipio, berme eta epeak.

Baldintza berberetan, aurreko lerroaldean azaldutako prozedurak ezar daitezke berraztertzeko errekurtsoaren ordez, beti ere ahaztu gabe interesdunak nahi badu erabiliko dituela.

Prozedura horiek tokiko administrazioaren esparruan erabili arren, errespetatu egin behar dira legez ezarritako ordezkaritza-organo hautetsiei aitortzen zaizkien ebazte-ahalmenak.

3. Administrazioaren xedapen orokorren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu administrazio-bidean.

Administrazioaren egintzen aurkako errekurtsoen oinarri bakarra administrazioaren xedapen orokor baten deuseztasuna bada, xedapen orokor hori eman zuen organoari aurkez dakizkioke zuzenean errekurtso horiek.

4. Administrazioarekiko diru-erreklamazioak aurkezteko, erreklamazio horien berariazko legedian ezarritako prozedurei begiratuko zaie.

108. artikulua. Berrikusteko errekurtso berezia

Administrazio-bidetik irmoak diren egintzen aurka berrikusteko errekurtso berezia aurkez daiteke, baina 118.1 artikuluan adierazitako kasuetan bakarrik.

109. artikulua. Administrazio-bidearen amaiera

Administrazio-bidea amaituko dute:

Gorako errekurtsoen ebazpenek

b) Aurka egiteko prozeduren ebazpenek 107.2 artikuluan jasotakoek

c) Mailaz goragokorik ez duten administrazio-organoen ebazpenek, legeren batean aurkakorik ezartzen ez bada behintzat

d) Administrazioko organoen gainerako ebazpenek, lege edo erregelamenduetako xedapenen batek aginduz gero

e) Prozedura amaitzekoak diren akordio, itun, hitzarmen edo kontratuek.

110. artikulua. Errekurtsoa jartzea

1. Errekurtsoa aurkeztean adierazi behar dira:

a) Errekurtso-egilearen izen-abizenak eta bera identifikatzeko datuak

b) Zein egintzaren aurka egiten den errekurtsoa eta zergatik

c) Tokia, eguna, errekurtso-egilearen izenpea, jakinarazpenak jasotzeko bidea eta, hala badagokio, lekua

d) Administrazioko zein organo, erakunde edo unitateri aurkezten zaion

e) Xedapen berezietan ezarritako gainerako zehaztasunak.

2. Errekurtso-egileak okerreko errekurtso-mota aukeratzen badu ere, errekurtsoa izapidetu egingo da, garbi badago behintzat zein den bere benetako izaera.

3. Pertsona batek egintza batean hutsak edo akatsak egin baditu, eta horren ondorioz egintza deuseztagarri bihurtzen bada, ezin izango ditu gero akats edo huts horiek alegatu.

111. artikulua. Betearaztearen etendura

1. Errekurtsoa aurkezteak ez du etengo aurka egindako egintza betearaztea, xedapenen batean bestelakorik adierazten ez bada behintzat.

2. Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, aurka egindako egintza betearaztea eten dezake errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, bere kabuz edo errekurtso-egileek eskaturik; baina, horretarako, arrazoiak emanda, neurtu egin behar du, batetik, etendurak zer-nolako kalteak eragin diezazkiokeen interes publikoari edo beste inori; eta, bestetik, errekurtsoa izan duen egintzaren berehalako eraginkortasunak zein kalte egiten dion errekurtso-egileari. Dena den, hauetako baldintzaren bat bete behar da etendura horrela erabakitzeko:

a) Egintza betearazteak kalte konponezinak edo konpongaitzak ekartzea

b) Egintzaren aurka egitea lege honen 62.1 artikuluan ezarritako erabateko deuseztasuneko arrazoiren batean oinarritzea.

3. Aurka egindako egintza betearaztea eten egin dela ulertuko da, hori ebazteko eskumena duen organoak egintzaren etendura-eskabidea jaso eta hogeita hamar egunetan gaiaz ebazpen adierazirik eman ez badu. Kasu hauetan ez da aplikatuko lege honen 42.4 artikuluko bigarren lerroaldean ezarritakoa.

4. Eteteko erabakia hartzerakoan zuhurtasunezko neurriak har daitezke interes publikoa edo beste edonorena babesteko eta aurka egindako ebazpen edo egintzaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

Etetearen ondorioz kalteren bat etor badaiteke, kaltea edozein eratakoa dela ere, kalte horiei erantzuteko nahiko kauzio edo berme emandakoan bakarrik izango ditu ondorioak etendurak, erregelamenduz ezarritako moduan.

Administrazio-bidea amaituta ere, luzatu egin ahal izango da etendura, baldin eta zuhurtasunezko neurriak hartuta badaude eta neurri horien ondorioak administrazioarekiko auzibidera ere zabaltzen badira. Interesdunak, prozesuko egintza etetea eskatzeko, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen badu, etendurak bere horretan iraungo du, harik eta eskaerari buruz epaileak dagokiona esan arte.

5. Errekurtsoan zehaztugabeko hainbat pertsona ukitzen dituen administrazio-egintzari aurka egiten bazaio, egintza horren eraginkortasuna eten dela argitaratu behar da egintza agertu zen aldizkari ofizialean.

112. artikulua. Interesdunen entzunaldia

1. Jatorrizko espedientean jaso ez diren beste egitate edo agiri batzuk hartu behar badira kontuan, horien berri emango zaie interesdunei. Interesdunek, gutxienez, hamar egun eta, gehienez, hamabost izango dituzte alegazioak egiteko eta egoki iritzitako dokumentu eta egiaztagiriak aurkezteko.

Errekurtsoak ebazterakoan ez dira kontuan hartuko errekurtso-egileak, aukera izanda, alegazioen izapidean aurkeztu ez dituen egitate, agiri eta alegazioak.

2. Beste interesdunik izanez gero, errekurtsoaren aldakia emango zaio, lehen esandako epean bidezko iritzitako guztia alega dezan.

3. Artikulu honi dagokionez, ez dira beste agiri berritzat hartuko errekurtsoa, txostenak eta proposamenak. Aurka egindako ebazpena eman aurretik interesdunek espedienteari erantsitakoak ere ez dira agiri berritzat hartuko.

113. artikulua. Ebazpena

1. Errekurtsoan azaldutako eskariak osorik edo zati batean baietsiko dira, ezetsi egingo dira edota onartezintzat joko dira errekurtsoaren ebazpenean.

2. Formazko akatsa dela eta, edukiari buruzko ebazpena ematea bidezkotzat jotzen ez bada, prozedura ostera akatsa egin zen urratsera itzultzeko aginduko da. Horretan salbuespen izango da 67. artikuluan ezarritakoa.

3. Errekurtsoa ebatziko duen organoak prozedurako arazo guztiak argituko ditu, bai formazkoak bai edukizkoak, interesdunek alegatutakoak izan ala ez. Interesdunek alegatu ez dituzten arazoen gainean ebazpena eman baino lehen, interesdunen iritzia jasoko da. Nolanahi ere, errekurtso-egileak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena. Ebazpenak ezin du inola ere interesdunaren aurreko egoera okerragotu.

II. atala Gora jotzeko errekurtsoa

114. artikulua. Errekurtso-gaia

1. 107.1 artikuluan adierazitako ebazpen eta egintzen aurka, administrazio-bidea amaitzen ez dutenean, eman zituenaren goragoko organoari jar dakioke gorako errekurtsoa. Herri-administrazioetako langileak hautatzeko epaimahai eta organoak direnean, edo horien mendean autonomia funtzionalez diharduten beste edozeintzuk direnean, atxikita dauden organoaren edo, ez badaude, horietako burua aukeratu duenaren mendekoak direla ulertuko da.

2. Aurka egin nahi zaion egintza zein organok eman duen edo horri buruzko ebazpena nork eman behar duen, horrexeri jar dakioke errekurtsoa.

Aurka egin nahi zaion egintza eman duen organoari aurkeztutako errekurtsoa bada, honek ebazpena emateko eskumena duen organora igorriko du hamar eguneko epean, horrekin batera, bere txostena eta espedientearen kopia osoa eta ordenatua bidalita.

Errekurtsoa jarri zaion egintza eman zuen organoaren titularra izango da zuzen-zuzenean arduraduna, aurreko lerroaldean jasotakoa bete dadin.

115. artikulua. Epeak

1. Gorako errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da egintza adierazia denean.

Bestela, egintza adierazia ez bada, epea hiru hilabetekoa izango da eskaera egin duenarentzat eta gainerako interesdunentzat. Epe hori berariazko araudiaren arabera administrazioaren isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita zenbatuko da.

Epe horiek amaitu eta errekurtsorik jarri ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako.

2. Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez. Epe hori amaitu eta, ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela uler daiteke, 43.2 artikuluko bigarren lerroaldean aurreikusitako egoera salbuespen dela.

3. Gorako errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izango da bestelako administrazio-errekurtsorik jarri berrikusteko errekurtso berezia baino, eta hori, 118.1 artikuluan ezarritako kasuetan bakarrik.

III. atala Aukerako berraztertzeko errekurtsoa

116. artikulua. Errekurtso-gaia eta izaera

1. Administrazio-bidea amaitzen duten administrazio-egintzen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke egintza eman zuen organoari berari, edo, bestela, zuzenean aurka egin daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

2. Administrazioarekiko auzi-errekurtsorik ezin izango da aurkeztu, ebazpen adierazia eman arte, edo, jarritako berraztertzeko errekurtsoaren presuntziozko ezespena gertatu arte.

117. artikulua. Epeak

1. Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, egintza adierazia bada. Bestela, egintza adierazia ez bada, epea hiru hilabetekoa izango da eskaera egin duenarentzat eta gainerako interesdunentzat. Epe hori berariazko araudiaren arabera presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik hasita zenbatuko da. Epe horiek amaitu ondoren, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino ezin izango da jarri, edota, hala badagokio, berrikusteko errekurtso berezia.

2. Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hilabetekoa izango da gehienez.

3. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin da berriz berraztertzeko errekurtsorik jarri.

IV. atala Berrikusteko errekurtso berezia

118. artikulua. Errekurtso-gaia eta epeak

1. Administrazio-bidetik irmoak diren egintzen aurka, berrikusteko errekurtso berezia aurkez dakioke egintza horiek eman zituen organoari, ebazteko eskumena ere berea izango baita, ondorengo baldintzaren bat betetzen bada:

1.) Egintzak ematerakoan egitezko errakuntzaren bat izan, eta espedienteari erantsitako agiriak ikusita jabetzea.

2.) Gaia ebazteko funtsezko agiriak agertzea, ebazpenaren ondoren izan arren, eta agiri horiek errekurtsoa jarri zaion ebazpenean akatsen bat badagoela agerian jartzea.

3.) Ebazpena ematerakoan funtsezko eragina izan duten zenbait agiri edo lekukotasun, epai irmo batek, ebazpenaren aurretik edo ondoren, faltsuak direla adieraztea.

4.) Prebarikazio, funtzionario-eroskeria, indarkeria, iruzurrezko azpikeria edo bestelako jokabide zigorgarri baten ondorioz ematea ebazpena, eta epai irmo batek hala aitortzea.

2. Aurreko artikuluko lehen kasuan, berrikusteko errekurtso berezia aurkeztuko da aurka egindako ebazpena jakinarazi den egunetik lau urteko epean. Gainerako kasuetan, epea hiru hilabetekoa izango da, agirien berri izaten denetik edota epaia irmoa denetik hasita.

3. Artikulu honetan ezarritakoak ez dio kalterik egiten 102 eta 105.2 artikuluetan jasotako eskaerak egiteko interesdunek duten eskubideari, ezta eskabideok hezurmamitzeko eta eskarion gaineko ebazpena izateko eskubideari ere.

119. artikulua. Ebazpena

1. Errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emailearen irizpen beharrik gabe, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak azalduta, errekurtsoa izapidetzeko eskaera ez onartzea erabaki dezake honako kasu hauetan: errekurtsoa aurreko artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitako arrazoietakoren batean oinarritzen ez denean edo, mamiari dagokionez, funtsean berdinak diren beste eskaera batzuk ezetsita daudenean.

2. Berrikusteko errekurtso berezia ebazteko ardura duen organoak erabaki behar ditu bai errekurtsoaren egokitasuna bai, egokia bada, errekurtsoa jarri zaion egintzaren bidez ebatzitako arazoaren funtsa.

3. Berrikusteko errekurtso berezia aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioko bidea zabalik geratuko da

VIII. TITULUA

AKZIO ZIBILETARA ETA LAN-AKZIOETARA JO AURRETIKO ERREKLAMAZIOAK

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

120. artikulua. Izaera

1. Zuzenbide pribatuan nahiz lan-zuzenbidean oinarrituta dela, edozein herri-administrazioren aurka auzibideei ekin baino lehen, administrazio-bideko erreklamazioa egin behar da, lege-mailako xedapen batek betekizun hori salbuesten duen kasuetan izan ezik.

2. Erreklamazio hori izapidetzeko eta ebazteko titulu honetako arauak eta kasuan-kasuan aplikagarri direnak hartuko dira kontuan, eta, halakorik ez badago, lege honetako arau orokorrak.

121. artikulua. Ondorioak

1. Herri-administrazioei erreklamazioa aurkeztu ondoren, administrazioek ebazpenik eman ez arren, artean amaitu ez bada erreklamazioa ezetsitzat jotzeko epea, ezingo da dagokion jurisdikzioan eskari bera bideratu.

2. Erreklamazioa aurkeztuz gero, akzio judizialez baliatzeko epearen zenbaketa geldirik geratuko da. Epe hori berriro kontatzen hasiko da ebazpena berariaz jakinarazten denetik edo, epea amaitu dela eta, erreklamazioa ezetsitzat jotzen denetik aurrera.

II. kapitulua

Auzibide zibiletara jo aurretiko erreklamazioa

122. artikulua. Hasiera

1. Erreklamazioa dagokion herri-administrazioan eskumena duen organoari zuzenduko zaio.

2. Estatuko administrazio orokorrean, erreklamazioaren gaiaren arabera eskumena duen saileko ministroari aurkeztuko zaio. Lege honetan idazkiak eta eskabideak aurkezteko zehazten diren tokietarik edozeinetan aurkez daitezke erreklamaziook

123. artikulua. Instrukzioa

1. Erreklamazioa hartu duen organoak bost egun izango ditu eskumena duen organoari erreklamazioa eta gaiaren aurrekari guztiak bidaltzeko.

2. Ebazteko eskumena duen organoak espedientea osatzeko agin dezake, hau da, behar diren aurrekariak, txostenak, agiriak eta datuak eransteko espedienteari.

124. artikulua. Ebazpena

1. Eskumena duen ministro edo organoak erreklamazioa ebatzitakoan, interesdunari jakinaraziko zaio.

2. Administrazioak hiru hilabetean erabakia jakinarazten ez badio interesdunari, interesdun horrek ezetsitzat jo dezake erreklamazioa, dagokion auzi-eskea egiteko.

III. kapitulua

Lan-auzibidera jo aurretiko erreklamazioa

125. artikulua. Izapidetzea

1. Langileak bere langune edo erakundeko administrazio-buru edo zuzendariari aurkeztu behar dio erreklamazioa.

2. Hilabete igaro eta ebazpena jakinarazi ez badiote, langileak ezetsitzat jo dezake erreklamazioa laneko akzio judizialaren ondorioetarako.

126. artikulua. Funtzionario ez diren administrazio militarreko langile zibilen erreklamazioak

Funtzionario ez diren administrazio militarreko langile zibilek egindako erreklamazioak berariazko xedapenek arautuko dituzte

IX. TITULUA

ZEHATZEKO AHALA

I. kapitulua

Zehatzeko ahalaren printzipioak

127. artikulua. Legezkotasunaren printzipioa

1. Lege-mailako arau batek espresuki emandakoa denean balia daitezke herri-administrazioak konstituzioan ezartzen den zehatzeko ahalaz, beti ere, ahalaz baliatzeko aurreikusitako prozedura aplikatuz eta titulu honetan jasotakoarekin bat etorriz.

2. Lege edo erregelamenduren baten bidez zehatzeko ahala espresuki eskuratuta duten administrazio-organoei dagokie ahal horretaz baliatzea.

3. Herri-administrazioek, diziplinazko ahalaz baliatzerakoan, ezin dizkiete titulu honetako xedapenak aplikatu beren langileei, ezta eurekin kontratu-lotura dutenei ere.

128. artikulua. Atzeraeraginik eza

1. Administrazioaren arauak hausten direnean indarrean dauden zehatzeko xedapenak aplikatuko dira.

2. Zehatzeko xedapenek atzeraeragina izango dute, ustezko arau-hauslearen mesederako direnean.

129. artikulua. Tipikotasunaren printzipioa

1. Administrazioko arau-hauste dira, bakar-bakarrik, legediaren aurkakoak izanik, legeren batean arau-haustetzat jotzen direnak.

Legeetan oso larri, larri eta arinetan sailkatzen dira administrazioko arau-hausteak.

2. Administrazioko arau-hausteen ondorioz bakarrik ezar daitezke zehapenak; zehapen horiek, beti ere, lege bidez zehaztuko dira.

3. Garapeneko erregelamenduek zehaztu eta mailakatu egin ditzakete legez ezarritako arau-hausteak eta zehapenak; hori guztia, jokabideak hobeto identifikatzeko eta horiei dagozkien zehapenak zehatzago finkatzeko, baina arau-hauste edo zehapen berririk sartu gabe eta legeetan ezarritako arau-hausteen izaera edo mugak ere aldatu gabe.

4. Arau-hausteak eta zehapenak definitzen dituzten arauak ezin dira analogiaz aplikatu.

130. artikulua. Erantzukizuna

1. Administrazioko arau-hausteen ondorioz erantzule diren pertsona fisiko eta juridikoei bakarrik ezarriko zaizkie zehapenak, baita arau-haustea arauak ez betetze hutsa bada ere.

2. Zehatzeko prozedurak dakartzan administrazio-erantzukizunez gain, arau-hausleari eska dakioke, batetik, berak eraldatutako egoera lehengora eramateko, eta, bestetik, kalteak eta galerak ordaintzeko. Kalte eta galera horiek eskumena duen organoak zehatz ditzake, eta arau-hausleari horien berri emango zaio ezarritako epean ordaintzeko, eta, ordaintzen ez badu, dagokion bide judiziala zabalik geratuko da.

3. Lege-xedapen batean jasotako eginbeharrak pertsona batek baino gehiagok bete behar badituzte elkarrekin, arau-hausteak daudenean denak izango dira egindako arau-hausteen eta horiekatik ezartzen zaizkien zehapenen erantzule solidario.

Inork administrazioko araurik hauts ez dezan zaindu behar duten pertsona fisiko eta juridikoak, legez ezarritako eginbehar hori betetzen ez badute, arau-hauste horien erantzule subsidiario edo solidario izango dira; beti ere, zehatzeko araubideak arautzen dituzten legeek hori zehazten badute.

131. artikulua. Heinekotasunaren printzipioa

1. Administrazio-zehapenek, diruzkoak izan ala ez, ez dute inola ere ekarriko, zuzenean edo subsidiarioki, askatasungabetzea.

2. Diruzko zehapenak ezartzerakoan, zaindu egin behar da arau-hausleari ez dakion onuragarriago gerta legeetan jasotako arauak haustea, horiek betetzea baino.

3. Zehatzeko arauak zehazterakoan eta herri-administrazioak zehapenak jartzerakoan, egindako arau-haustearen larritasunaren neurrikoa izan behar du zehapenak. Zein zehapen jarri erabakitzeko, batez ere honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Nahita edota behin baino gehiagotan egitea

b) Zer-nolako kalteak eragin diren

c) Urte berean antzeko arau-haustea berriro egitea, ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.

132. artikulua. Preskripzioa

1. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epea dagokien legeetan jasoko da. Lege horietan eperik finkatzen ez bada, arau-hauste oso larrien preskripzioa hiru urtera izango da, arau-hauste larriena bi urtera, eta arau-hauste arinena sei hilabetera; hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenen preskripzioa hiru urtera izango da, hutsegite larriengatik ezarritako zehapenena bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoena urtebetera.

2. Arau-haustea egin zen egunetik hasita zenbatuko da arau-haustearen preskripzio-epea.

Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, zehatzeko prozedura hasten bada, interesduna jakitun dela. Ustezko erantzuleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldirik bada, jarraitu egingo da preskripzio-epea zenbatzen.

3. Zehatzeko ebazpena irmo bihurtu den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenaren preskripzio-epea.

Preskripzio-epearen zenbaketa geldirik geratuko da, betearazteko prozedura hasten bada, interesduna jakitun dela. Arau-hausleari ezin egotz dakiokeen arrazoiren bat dela eta, prozedura hori hilabetetik gora geldirik bada, jarraitu egingo da epea zenbatzen

133. artikulua. Zehapenak pilatzea

Zigorra edo administrazio-zehapena jaso duten egitateei ezin zaie beste zehapenik jarri, sujetua, gertakaria eta funtsa zigortu edo zehatutako berberak direla ikusten bada.

II. kapitulua

Zehatzeko prozeduraren printzipioak

134. artikulua. Prozeduraren bermea

1. Zehatzeko ahalaz baliatzeko, lege edo erregelamendu bidez ezarritako prozedura behar da.

2. Zehatzeko ahalaz baliatzeko prozeduretan argi bereizi behar da zein den instrukzioko aldia eta zein zehatzekoa. Organo ezberdinak arduratuko dira bi aldi horietaz.

3. Ezin da inola ere zehapenik ezarri, horretarako behar den prozedura izapidetu ez bada.

135. artikulua. Ustezko erantzulearen eskubideak

Zehatzeko prozeduretan ondorengo eskubideok bermatuko zaizkio ustezko erantzuleari:

Leporatzen zaiona zer den, hori nolako arau-haustea den eta ezar dakizkiokeen zehapenak zein diren esanez jakinarazpena jasotzeko eskubidea; bai eta prozeduraren instrukzio-egilea nor den, zehapena jartzeko eskumena zein agintarik duen eta eskumena zein arauk eskuratu dion jakinarazpenean jasotzeko eskubidea ere.

Alegazioak formulatzeko eta ordenamendu juridikoak onartutako defentsa-bide egokiak erabiltzeko eskubidea.

Lege honen 35. artikuluan aitortutako gainerako eskubideak.

136. artikulua. Behin-behineko neurriak

Erabaki arrazoitu bidez behin-behineko neurriak har daitezke azken ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko, zehatzeko prozeduren arauetan horrelakorik ezartzen bada.

137. Errugabetasun-presuntzioa

1. Frogatu gabeko administrazio-erantzukizunik ezaren presuntzioa errespetatuko da zehatzeko prozeduretan.

2. Zigor-ebazpen judizial irmoek frogatutzat jotako egitateak frogatutzat jo behar dituzte herri-administrazioek ere berek hezurmamitzen dituzten zehapen-prozeduretan.

3. Agintaritza aitortzen zaien funtzionarioek egitateei emandako sinestamenduek, legez behar diren betekizunak dituen agiri publikoan jasotzen badira, froga-balioa izango dute; baina herritarrek ere beti adierazi edo aurkez ditzakete frogak, beren eskubideak edo interesak aldezteko.

4. Zer gertatu den eta zein erantzukizun izan daitekeen argitzeko egoki diren froga guztiak onartuko ditu administrazioak, bere kabuz, edo ustezko erantzuleak hala eskatuta.

Zilegi da frogak bidezkotzat ez jotzea, bakar-bakarrik, ekintzekin duten lotura dela-eta azken ebazpena ustezko erantzulearen alde aldatzerik ez badute.

138. artikulua. Ebazpena.

1. Prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitu egin behar da, eta espedientean jasotako gai guztiak ebatziko ditu.

2. Ebazpenean ezin dira onartu prozeduran zehaztu ez diren egitateak, edozein dela ere egintza horien balioespen juridikoa.

3. Ebazpena betearazi beharrekoa izango da, administrazio-bidea amaitzen badu.

Ebazpena betearazi beharrekoa ez den bitartean eraginkortasuna bermatzeko, hala badagokio, behar diren zuhurtasunezko xedapenak jasoko dira ebazpenean

X. TITULUA

HERRI-ADMINISTRAZIOEN ETA ADMINISTRAZIOOTAKO AGINTARI ETA LANGILEEN ERANTZUKIZUNA

I. kapitulua

Herri-administrazioen ondarezko erantzukizuna

139. artikulua. Erantzukizunaren printzipioak

1. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, herri-administrazioek ordaindu egin behar dizkiete herritarrei beren ondasun eta eskubideetan eragindako kalteak, beti ere, izandako kaltea zerbitzu publikoen jarduera on edo txarraren ondorioz sortu bada.

2. Nolanahi ere, alegatutako kalteak benetan gertatutakoa izan behar du, diru aldetik zenbatgarria eta pertsona edo pertsona-talde bati mugatua.

3. Eskubideen jabetza kentzen ez duten legegintzako egintzak aplikatzen bazaizkie herritarrei eta herritar horiek legegintzako egintzak jasateko behar juridikorik ez badute, herri-administrazioek kalteak ordainduko dizkiete, beti ere, egintza horietan hala agintzen denean eta bertan adierazitako moduan.

4. Justizia-administrazioaren funtzionamendua dela-eta estatuak duen ondarezko erantzukizuna Botere Judizialaren Lege Organikoan arautuko da.

140. artikulua. Zenbait herri-administrazioren erantzukizuna pilatzea

1. Zenbait herri-administraziok elkarrekin jarduten badute, eta jardun horren ondorioz, lege honetan ezarritako erantzukizuna eska badakieke, administrazio horiek guztiak izango dira erantzule solidario. Elkarrekin egiteko jarduna arautzen duen agiri juridikoak zehatz dezake herri-administrazioen artean bakoitzak zein erantzukizun duen.

2. Beste egoera batzuetan, kaltea zenbait administrazioren artean batera egin dutenean, herri-administrazio bakoitzari dagokion erantzukizuna zehaztuko da irizpide hauek aintzakotzat hartuta: bakoitzak zein eskumen duen, babestu beharreko herri-interesak zeintzuk diren eta bakoitzak zein neurritan hartu duen parte. Hori zehazterik ez dagoenean, erantzukizun solidarioa izango dute.

141. artikulua. Kalte-ordaina

1. Herritarrei kalteak ordainduko zaizkie, bakar-bakarrik, legez kalte horiek jasan beharrik ez badute. Kaltea dakarren gertakari edo gorabehera bada, eta, nahiz une horretako zientziak zein teknikak eskainitako bide guztiak erabili, ezin izan bada aurretiaz ikusi edo saihestu, orduan, herri-administrazioek ez dute kalterik zertan ordaindu. Besterik izango da, herri-administrazioek horrelako egoeretan legez ematen dituzten laguntzak edo diruak.

2. Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan izango da zein balioespen-irizpide ezartzen diren jabetza nahitaez kentzeari buruzko legedian, zergei buruzkoan, eta aplikagarri diren gainerako arauetan; hala ere, behar izanez gero, merkatuan nagusi diren balioespenak ere aztertuko dira.

3. Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan izango da zein egunetan gertatu zen benetan kaltea; dena den, erantzukizun-prozedura noiz amaitzen den aintzat hartuta, kopuru hori eguneratu egingo da Estatuko Estatistika Institutuak ezarritako kontsumo-prezioen indizean oinarrituta, eta, finkatutako kalte-ordaina beranduago ordainduz gero, berandutzeagatik dagozkion interesak ere ordainduko dira, beti ere, Aurrekontu Lege Orokorrak ezarritakoaren arabera.

4. Kalte-ordainak dirutan ordaindu beharrean gauzatan ordain daitezke, edota epeka, kaltea behar bezala berdintzeko egokiago dela ikusten bada eta interes publikoari komeni bazaio; beti ere, interesduna bat badator.

142. artikulua. Ondarezko erantzukizuneko prozedurak

1. Administrazioaren kabuz edo interesdunen erreklamazioz has daitezke herri-administrazioen ondarezko erantzukizuneko prozedurak.

2. Ondarezko erantzukizuneko prozedurak ebatzi, dagokion ministroak, Ministro Kontseiluak ¿lege batean hala ezartzen bada¿ edo autonomia-erkidegoetako edo tokiko administrazioko erakundeetako organoetarik dagokienek ebatziko dituzte. Lege honen 2.2. artikuluan jasotako zuzenbide publikoko erakundeetako dagokien organoek ebatziko dute erreklamazioa, beren sortze-arauetan hala ezartzen bada.

3. Ondarezko erantzukizuna zehazteko prozedura orokorra finkatuko da erregelamenduz; prozedura laburtua ere jasoko da, lege honen 143. artikuluan esandako baldintzak betetzen direnerako.

4. Administrazio-egintzak edo xedapenak administrazio-bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan deuseztatzeak ez dakar, derrigorrean, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik; baina ebazpenaren edo xedapenaren aurka bere edukian edo forman oinarrituta egin bada, erreklamazioa egiteko eskubidearen preskripzioa behin betiko epaia eman eta urtebetera izango da, eta ez da aplikatuko 5. paragrafoan xedatutakoa.

5. Nolanahi ere, erreklamazioa egiteko eskubidearen preskripzioa urtebetegarrenean izango da, hain zuzen, kalte-ordaina ekarri duen egitate edo egintza izan zenetik edota kaltearen ondorioak agertu zirenetik urtebetera. Pertsonei kalte fisiko edo psikikoak eginez gero, sendatzen direnetik edo kalte horien ondorioak zehazten diren egunetik hasiko da kontatzen epea.

6. Ondarezko erantzukizuneko prozeduretan administrazioak ebazpena emateak administrazio-bidea amaitzen du, prozedura hori harreman-mota pribatu zein publikoaren ondoriozkoa dela ere.

7. Espresuki ebazten ez bada, ezetsitzat joko da kalte-ordaina jasotzeko eskaria.

143. artikulua. Prozedura laburtua

1. Prozedura orokorra hasi eta gero, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea hogeita hamar eguneko epean aitortzeko, eskumena duen organoak prozedura laburtua hezurmamitzea erabaki dezake, baldin eta inolako zalantzarik gabe ikusten badu kaltea zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren ondorioz izan dela, eta zehatz-mehatz finkatu badaitezke kaltearen balioespena eta kalte-ordainaren zenbatekoaren kalkulua.

2. Nolanahi ere, eskumena duten organoek prozedura orokorrari ekitea erabaki edo proposa dezakete.

3. Espresuki ebazten ez bada, ezetsitzat joko da kalte-ordaina jasotzeko eskaria.

144. artikulua. Zuzenbide pribatuko erantzukizuna

Herri-administrazioek zuzenbide pribatuko harremanetan dihardutenean, langileek sortutako kalteen erantzukizun zuzena izango dute, langile horiek egindakoak administrazioaren beraren egintzatzat hartuko baitira. Erantzukizuna lege honen 139. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera eskatuko da.

II. kapitulua

Herri-administrazioetako agintari eta langileen erantzukizuna

145. artikulua. Herri-administrazioetako agintari eta langileen ondarezko erantzukizuna eskatzea

1. Titulu honen I. kapituluan jasotako ondarezko erantzukizuna gauzatzeko, herritarrek zuzenean eskatuko diote dagokion herri-administrazioari bertako agintari eta langileek sortutako kalte eta galerak ordaintzeko.

2. Dagokion administrazioak, kaltedunei ordaindu ondoren, erantzukizuna bere kabuz eskatuko die bere agintari eta gainerako langileei, baldin eta dolu, erru edo zabarkeria larria egon bada beren jardunean. Horretarako, erregelamenduz ezarritako prozeduraren instrukzioa egin behar du lehendabizi.

Erantzukizun hori eskatzeko ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, besteak beste: zein kalte egin den, kaltea nahita ala nahigabe egin den, zein den herri-administrazioetako langileen lanbide-erantzukizuna eta langile horiek nolako lotura duten emaitza kaltegarri hori eragitearekin.

3. Era berean, administrazioak prozedura bera erabil dezake administrazioko agintari eta langileen aurka, baldin eta, dolu, erru edo zabarkeria larria dela eta, kalte edo galerarik eragiten badute administrazioaren ondasun eta eskubideetan.

4. Erantzukizuna dagoela adierazten duen ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du.

5. Aurreko lerroaldeetan esandakoa gorabehera, dagokionean eskumena duten auzitegiei erruduntasun-testigantza emango zaie.

146. artikulua. Zigor-erantzukizuna

1. Dagokion legedian ezarritakoarekin bat etorriz eskatuko zaie herri-administrazioetako langileei zigor-zuzenbideko erantzukizuna, bai eta delitutik eratorritako erantzukizun zibila ere.

2. Herri-administrazioetako langileei zigor-erantzukizuna eskatzeak ez du etendurarik sortuko ondarezko erantzukizuna aitortzeko prozeduretan, ez bada beharrezkoa, lehendabizi, zigor-jurisdikzioan egitateak zehaztea ondarezko erantzukizuna finkatzeko

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria. Kide anitzeko gobernu-organoak.

Lege honen II. tituluko II. kapituluko xedapenak ez zaizkie aplikatuko tokiko erakundeetako batzari eta gobernu-batzordeari, estatuko gobernuaren kide anitzeko organoei eta autonomia-erkidegoetako gobernu-organoei.

Bigarren xedapen gehigarria. Erregistroak informatizatzea.

Gobernuak, autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek eta tokiko administrazioko erakundeek erabakiko dute noiz eta nola jarri erregistroak euskarri informatikoan, lege honen 38. artikuluan ezarritako moduan, erakunde horietako baliabide teknikoen garapen-mailaren arabera.

Hirugarren xedapen gehigarria. Prozedurak egokitzea.

Lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean, administrazio-prozedura guztien arauak, edozein mailatakoak izanda ere, lege honi egokituko zaizkio erregelamendu bidez. Bestalde, zehatz-mehatz adierazi behar dira, baiespen edo ezespenari begira, zein ondorio ekar ditzakeen ebazpen adierazirik ez izateak.

Laugarren xedapen gehigarria. Prozeduraren tasak.

Administrazio-prozedurako jardunaren tasak beren arauekin bat etorriz ordainaraziko dira.

Bosgarren xedapen gehigarria. Zerga-arloko administrazio-prozedurak.

1. Zerga-arloko prozedurak eta zerga-aplikazioa gobernatuko dituztenak, honako hauek izango dira: Zerga Lege Orokorra, zergadunen eskubide eta bermeei buruzko araudia, zerga bakoitzaren legeak eta horiek garatu eta aplikatzeko emandako gainerako arau guztiak. Zergei buruzko araurik ezean, lege honen xedapenek arautuko dute osagarri modura.

Dena dela, zerga-prozeduretan ebazpenak emateko gehienezko epeak, horiek ez betetzearen ondorioak eta, gertatuz gero, ebazpenik ezaren ondorioak zerga-araudian jasotakoak izango dira.

2. Zerga-arloko egintzak administrazio-bidetik berrikusteko Zerga Lege Orokorraren 153.etik 171.era bitarteko artikuluetan jasotakoari eta lege hori garatzeko eta aplikatzeko xedapenei begiratuko zaie.

Seigarren xedapen gehigarria. Gizarte-segurantzako eta langabeziako egintzak.

1. Gizarte-segurantzako eta langabeziako egintzen aurka egiteko, Lan Prozeduraren Legearen testu artikulatuko 2. artikuluan jasotakoaren arabera, eta egintza horiek administrazioaren kabuz berrikusteko, apirilaren 27ko 521/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako lege horretan ezarritakoari begiratuko zaio.

2. Gizarte Segurantzaren diru-bilketa kudeatzeko egintzak beren berariazko arauek arautuko dituzte.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Lan-arloko arau-hausteak zehatzeko eta gizarte-segurantzako kuoten kitapen-aktak emateko administrazio-prozedurak.

Berariazko arauek arautuko dituzte lan-arloko arau-hausteak zehatzeko eta gizarte-segurantzako kuoten kitapen-aktak emateko administrazio-prozedurak; eta, horrelako araurik ez badago, lege honetako xedapenek.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Diziplinazko prozedurak.

Herri-administrazioak beren langileekiko eta beraiekin kontratu-lotura dutenekiko diziplinazko ahalaz baliatzeko prozedurak, beren berariazko arauek arautuko dituzte; prozedura horiei ez zaie lege hau aplikatuko.

Bederatzigarren xedapen gehigarria.Administrazio-bidearen amaiera

Estatuko administrazio orokorraren esparruan eta 109. artikuluko c) idatz-zatian xedatutakoaren arabera, egintza eta ebazpen hauek amaitzen dute administrazio-bidea:

a) Ministro Kontseiluarenak eta bere eskuordeko batzordeenak

b) Ministroenak, beren ardurapeko ministerioei eskuratutako eskumenak baliatuz egindakoak

c) Idazkariordeek eta zuzendari nagusiek langileen arloan hartutakoak.

Hamargarren xedapen gehigarria.Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legearen 37.1 artikuluaren aldaketa

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen 1956ko abenduaren 27ko Legearen 37.1 artikulua honela geratuko da:

"Administrazio-bidea amaitzen duten administrazioaren xedapen eta egintzen aurka aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera".

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Diplomaziako ordezkaritzetan eta kontsuletxeetako bulegoetan eskatutako administrazio-prozedurak.

Europako Erkidegokoak ez diren atzerriko herritarrek diplomaziako ordezkaritzetan eta kontsuletxeetako bulegoetan prozeduraren bati ekiten badiote, berariaz horretarako dagoen araudia erabiliko da hori bideratzeko; dena den, araudi hori, beti ere, Espainiak nazioartean bere egindako konpromisoetara egokituko da, eta, bisatuak badira, Schengengo Itunera eta itun hori garatzeko xedapenetara. Lege hau osagarri moduan erabiliko da.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Osasun-laguntzaren arloko erantzukizuna.

Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile eta zerbitzu komunek, estatukoak nahiz autonomia-erkidegoetakoak izan, eta Estatuko Osasun Sistemaren gainerako entitate, zerbitzu zein erakundeek, eta eurekin itundutako gaixotegiek, osasun-laguntza ematean edo horren ondorioz eragindako kalte eta galerak direla-eta, ondarezko erantzukizuna izan dezakete; ondorengo erreklamazioak bideratzeko, lege honetan aurreikusitako administrazio-prozedura erabiliko da, eta, auzitegietan berrikusi behar izanez gero, beti ere, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio zeregin hori.

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Elkarri laguntzeko hitzarmenak izenpetzeko araubidea.

Estatuko administrazio orokorrean, ministerioetako sailetako titularrek eta horiei lotuta edo horien mendean dauden herri-erakundeetako buru edo zuzendariek 6. artikuluan aurreikusitako hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte. Horretarako, aurrekontu-araudiak ematen dizkien ahalmenak errespetatu, eta ezarrita dauden izapideak bete beharko dituzte; besteak beste, ezinbestekoa izango da ukitutako ministerioak edo ministerioek egindako txostena aurretiaz aurkeztea. Hitzarmenak izenpetzeko araubidea eta, hala badagokio, horretarako baimena ematekoa, baita prozedura eta forma aldetik bete beharrekoa, aurretiaz erregelamenduz ezarriko den prozeduraren araberakoa izango da.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Ceuta eta Melillako hiriekiko harremanak.

Estatuko administrazio orokorraren eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko harremanei buruz lege honen I. tituluan ezarritako hori bera izango da Ceuta eta Melillako hiriekiko harremanetan erabiliko dena, beti ere, estatutuaren bitartez bereganatutako eskumenen erabilerari dagokion heinean.

Hamabosgarren xedapen gehigarria.

Estatuko administrazio orokorrean, lege honen 42.3.b) artikuluari dagokionez, eskaera izapidetzeko eskumena duen organoko erregistrotzat joko da eskaera izapidetzen hasteko eskumena duen ministerioaren erregistroetako edozein.

Prozedura interesdunak hala eskatuta hasi bada, eta prozedura hori izapidetu eta ebatzi behar duen organoa Defentsa Ministerioaren Organo Zentralekoa, Defentsako Estatu Nagusikoa edo Armadetako Kuartel Nagusietakoa bada, eskabidea organo horien erregistroetan sartu den egunetik hasiko da zenbatzen eskaera ebazteko eta jakinarazteko epea.

Hamaseigarren xedapen gehigarria. Euskal Herriko herrialdeetako administrazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, bigarren artikuluan ezarritakoari dagokionez, herri-administraziotzat joko dira foru aldundiak eta euren mendean dauden erakunde-administrazioak, baita lurralde historikoetako Batzar Nagusiak ere, zuzenbide publikoari lotuta, langileen eta ondare-kudeaketaren arloetan xedapenak eta egintzak ematen dituztenean.

Hamazazpigarren xedapen gehigarria.

1. Aholku-zereginetan, interes orokorraren eta legezkotasun objektiboaren bermea denez, autonomia-erkidegoak eta foru-erakundeak xedapen honetan ezarritakoaren arabera antolatuko dira.

2. Administrazio aholku-emailea, administrazio aholku-eskatzailearekiko autonomia organikoa eta funtzionala duten berariazko organoak erabilita eratu daiteke, edo administrazio aholku-eskatzailearen zerbitzu juridikoen bitartez antola daiteke.

Horrela bada, zerbitzu horiek ezin izango dira egon hierarkian, ez antolakuntzaz ez funtzionamenduz, aholku-gai diren egintzak sortu edo xedapenak egin dituzten organoen mendean, eta ezingo dute organo haiengandik jaso ez jarraibiderik, ez agindurik, ezta inolako norabiderik ere. Kide anitzeko organo moduan jardungo dute berme horiek bete daitezen.

3. Azken xedapen hau oinarrizkoa da konstituzioaren 149.1.18 artikuluaren arabera.

Lehen xedapen iragankorra. Zuzenbide publikoko korporazioak.

Ekonomi eta lanbide-interesen ordezkari diren zuzenbide publikoko korporazioen jarduna beren berariazko legediari lotuko zaio; legedi hori osatzen ez den bitartean, lege honetako aginduak aplikatuko zaizkie korporazio horiei, dagokienean.

Bigarren xedapen iragankorra. Prozeduren araubide iragankorra.

1. Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei ez zaie lege hau aplikatuko; hortaz, aurreko arauek arautuko dituzte.

2. Hirugarren xedapen gehigarrian jasotako egokitze-epean hasitako prozedurak aplikagarri zaizkien aurreko arauek arautuko dituzte, epea amaitu aurretik egokitze-arauak indarrean jartzen ez badira; izan ere, arau horiek arautuko dituzte, indarrean jarri ondoren hasitako prozedurak.

3. Hirugarren xedapen gehigarrian jasotzen den sei hilabeteko epea amaitu ondoren hasitako prozedurei, nolanahi ere, lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie

Xedapen indargabetzailea

Maila bereko edo apalagoko arauak indargabeturi geratuko dira lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean edo bertan xedatutakoaren aurka dauden puntuetan.

Ondorengo xedapenok indargabeturik geratuko dira berariaz:

Estatuko Administrazioaren Araubide Juridikoaren 1957ko uztailaren 26ko Legean, 22. Artikuluko 3 eta 5. Paragrafoak eta 29,33,34,36,37,38,39,40,41,42 eta 43. artikuluak.

Administrazioaren Jardunbideari Buruzko 1958ko uztailaren 17ko Legean, Atariko idazpurua; Lehen idazpuruko lehen, bigarren eta laugarren atalburuak; Bigarren idazpurua; Hirugarren idazpuruko 29 eta 30. atalak, 34. ataleko 2 eta 3. zenbakiak, 35. atala eta bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren atalburuak; Laugarren idazpurua; Bosgarren idazpurua, eta Seigarren idazpuruko bigarren eta hirugarren atalburuak.

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen 1956ko abenduaren 27ko Legean, 52,53,54 eta 55. artikuluak.

Herri-administrazioen prozedurak arautzen dituzten arauek, edozein mailatakoak direla ere, lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean edo bertan xedatutakoaren aurka ez dauden puntuetan indarrean jarraituko dutela adierazten da berariaz.

Berariaz indargabetutako xedapenei buruz aipamenak egiten badira indarrean dauden arauetan, lege honetan arlo hori bera arautzen duten xedapenei dagozkiela ulertuko da.

Azken Xedapena Legea garatzea eta indarrean jartzea

Eskumena ematen zaio Ministro Kontseiluari lege hau aplikatu eta garatzeko beharrezko xedapenak emateko.

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera jarriko da indarrean.

4/1999 Legea, urtarrilaren 13koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duena.

Lehen xedapen gehigarria. Prozedurak erraztea.

1. Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, gobernuak, egin beharreko aldaketa guztiak egingo ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea egokitu eta garatzeko emandako erregelamenduetan, beti ere, bai estatuko administrazio orokorrean eta bai bere herri-erakundeetan indarrean dauden prozedurak errazagoak izan daitezen. Horretarako, batez ere, prozeduren kategoria orokorrak egitera joko da, eta herritarren eta herri-administrazioen arteko harremanak eragozten dituzten izapideak kentzera joko da, beharrezkoak ez badira behintzat. Dena den, prozedurak edonolakoak izanda ere, ez dira inola ere lege honetan finkatutako bermeak urritu edo mugatuko.

2. Gobernuak, aurreko paragrafoan ezarritakoaren mendean, prozedurak arautzen dituzten arauak egokituko ditu bi urteko epean, lege honetan ezarritako administrazio-isiltasuna baiesteko ala ezesteko den aintzat hartuta.

3. Aurreko paragrafoetan aipatutako egokitzapenak aztertu eta proposatzeko, gobernuak Ministerioen arteko Batzordea eratuko du, Herri Administrazioetako ministroa buru dela.

4. Prozeduretan administrazioaren isiltasunaren esangura aldatu behar denean, autonomia-erkidegoetan eskumena duten organoek, bakoitzak bere esparruan, lege honetan ezarritakora egokituko dituzte prozedura horiek.

Bigarren xedapen gehigarria

Gorako errekurtsoaren eta berraztertzeko errekurtsoaren ordez erabiliko diren prozedurak arautzeko, hau da, aurka egiteko, erreklamazioa aurkezteko, adiskidetzeko eta bitartekotza zein arbitrajea egiteko prozedurak arautzeko, beharrezko den lege-egitasmoa edo behar diren lege-egitasmoak bidaliko ditu gobernuak Gorte Nagusietara hamazortzi hilabeteko epean.

Lehen xedapen iragankorra. Orain arteko arauen iraupena.

1. Lege honetako lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoak bete artean, indarrean jarraituko dute, maila bera dutela, orain arteko erregelamenduek eta, batez ere, honako hauexek: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari prozedurak egokitzeko onartutako arauek, bai eta lege hori garatzeko emandako arauek ere, beti ere, lege honen aurka ez badoaz.

2. Dena den, aipatutako arau horietan ezarritakoaren arabera prozeduraren epe oso-osoa sei hilabetetik gorakoa denean, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea doi-doi sei hilabetekoa dela ulertuko da, 42. artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako salbuespenak salbuespen.

3. Era berean, lehen xedapen gehigarriaren 2. paragrafoan ezarritakoak bete artean, balioa izango du administrazio-isiltasunaren esanahiaz arau horietan ezarritakoak, nahiz eta gertatzeko modua eta ondorioak lege honetan aurreikusitakoak izango diren.

Bigarren xedapen iragankorra. Legea nola erabili izapidetzen ari diren prozeduretan.

Lege hau ez zaie aplikatuko indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei, eta, beraz, aurreko araudia erabiliko da prozedura horietan.

Dena den, administrazioaren kabuz berrikusteko modua eta administrazio-errekurtsoen sistema, lege honetan arautzen direnak, aplikatuko zaizkie prozedura horiei.

Xedapen indargabetzaile bakarra

1. Indargabetuta geratuko dira 1904ko apirilaren 5eko Legea eta 1904ko irailaren 23ko Errege Dekretua, funtzionario publikoen erantzukizun zibilari buruzkoak.

2. Era berean, indargabetuta geratuko dira maila bereko edo beheragoko arau guztiak, lege honetan ezarritakoaren aurka daudenean.

Azken xedapen bakarra. Legea garatzea eta indarrean jartzea.

1. Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan, lege hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapenak emango dituzte.

2. Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta handik hiru hilabetera jarriko da indarrean.

Horrenbestez,

Lege hau errespeta dezaten eta errespetaraz dezaten agintzen diet espainiar guztiei, norbanako zein agintari izan.

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra