Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

3/2019 Errege Lege Dekretua, otsailaren 8koa, Zientziaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta unibertsitatearen arloetako presako neurriena.

2019-02-08

Erakundea: ESTATUKO BURUZAGITZA

Argitalpena: EAO, 2019/02/09 ZK35

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

1782     3/2019 Errege Lege Dekretua, otsailaren 8koa, Zientziaren, teknologiaren,

berrikuntzaren eta unibertsitatearen arloetako presako neurriena.

I

Ikerketa zientifikoa eta teknikoa, garapena eta berrikuntza (unibertsitate-eremukoa barne) ezinbestekoak dira herrialdeen hazkunde ekonomikorako; faktore horiek berebiziko garrantzia dute gizartearen aurrerapenean eta ongizatean. Horregatik, lehiakortasun-diferentzialaz ohartuta, laurogeiko hamarkadako azken urteetatik I+G+b politikek garrantzi handia izan dute Europar Batasunaren agendan, gakotzat hartzen baitira epe luzera enplegua sortzeko eta hazteko, lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko eta nazioarteko erronkei heltzeko.

Azken urteotan inbertsio publikoak behera egin du Espainiako zientzia, teknologia eta berrikuntzako sisteman, eta, horren ondorioz, geroz eta atzeratuago dago Europar Batasunaren aldean, eta organo horien jardunaren eraginkortasuna narriatu da. Gainera, sistema horretako erakundeen kudeaketa kontrolatzeko arautegia geroago eta zorrotzagoa da.

Errege lege-dekretu honetan biltzen diren neurriei esker Espainiako zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistemako erakundeek eraginkortasun handiagoarekin bete ahal izango dute beren helburu nagusia, hau da, ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzea ezagutza-arlo guztietan, jakinik ezinbesteko faktorea dela lehiakortasuna hobetzeko eta ezagutza oinarri duen gizartea eratzeko ezagutza eta berrikuntzaren aldeko giroa sortuz ekonomian, gizartean, kulturan eta erakundeetan.

Adostasun argia dago politikarien eta herritarren artean: Espainiako ekonomia apurka-apurka aldatzen hasi behar da, sektore eta tamaina guztietako enpresa guztietako ekoizpen-ereduan berrikuntza jarduera sistematiko gisa behin betiko txertatzen joateko, eta ekoizpen-eredu horretan erdi-mailako eta goi-mailako teknologien sektoreek garrantzi handiagoa izan behar dute. Ingurumen-mugak kontuan edukita, funtsezkoa da ikerketaren eta berrikuntzaren alde egitea, ekonomiaren trantsizio ekologikoa errazteko eta garapen jasangarria, segurua, bidezkoa eta iraunkorra bermatzeko.

Hala ere, 2010-2017ko aldian, ikerketak eta garapenak joera kezkagarria izan dute Espainian.

Izan ere, eskura dauzkagun azken datu estatistikoen arabera, 2017an Espainian I+G arloko inbertsioa BPGd-aren % 1,20 izan zen (EIN), eta EB-28ko batezbestekoa % 2,07 izan zen (Eurostat). Azken hamarkadan, I+G arloko Espainiako inbertsio publiko eta pribatuaren eta EBko batezbestekoaren arteko arraildura hori geroz eta handiagoa da. 2009-2017ko aldian EBk, guztira, % 22 gehiago inbertitu du I+G arloan; Espainiak, aldiz, % 5,8 gutxiago. Joera horrek Europar Batasunaren helburutik urruntzen gaitu: 2020rako BPGd-aren % 3 ikerketa eta garapenean inbertitzea ezagutza eta enplegua sortzeko.

Krisi ekonomikoa hasi zenetik 2017ra arte I+G arloko inbertsio publikoa % 26,2 murriztu da Espainian; 2007ko mailara jaitsi da. Hamar urteko atzerakada.

Gaur egun ez dago inolako zalantzarik eta argi baino argiagoa da estu lotuta daudela I+G arloko inbertsioa eta herrialdeen hazkunde ekonomikoa. Urteetan zehar gehien -eta modurik iraunkorrenean- inbertitu duten estatuak dira aberatsenak eta, batez ere, ekonomia sendoen eta krisiei aurre egiteko gertuen dutenak.

Beraz, behar-beharrezkoa dugu urrats irmoak egitea Espainiako zientzia-, teknologia-eta berrikuntza-sistema sustatzeko, eta, horretarako, baliabide malguagoak ezarri behar dira jarraian azalduko diren helburuak lortzeko.

Lehenbizi, Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako erakundeek inbertsio publikoa eta pribatua jasotzeko bideak erraztea; horretarako, lege mailako xedapenak eman behar dira.

Bigarrenik, erakunde eta entitate horietara talentua erakartzea; horretarako, ikerlaririk hoberenak Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sisteman aritzea eta karrera bertan egitea sustatuko da, aurrekontuetan eta finantzetan egonkortasuna lortuta, beren ahaleginak guztiak ikerketan, garapenean eta berrikuntzan egin ditzaten. Horren xedea da azken hamarkadako joera negatiboa iraultzea, ikerlari askok beren karrera zientifikoa utzi behar izan baitute, eta are atzerrira lanera joan ere, beren gaitasun guztiak lanbidean osorik aplikatu ahal izateko.

Horren ildotik, errege lege-dekretu honetan ezartzen denaren osagarri izango diren mekanismo batzuei esker pertsona talentudunak entitate horietan lanean hasteko neurriak ezarriko dira: ikerketa, garapen eta berrikuntzako lan-eskaintza publikoak gehituko dira, pertsona gehiagok jardun dezaten arlo horietan eta zientzien eta teknologiaren arloetan.

Halaber, hurrengo eskaintzetan lehentasuna emango zaie I+G+b arloko lanpostu publikoei, eta, horri esker, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren gainerako eskumena duten erakundeek eta administrazioek gutxien-gutxienez behar dituzten langileak eduki ahal izango dituzte, bai eta unibertsitate publikoek ere, beren eskumenak eta eskudantziak ondo betetzeko eta ikerketa-lana hobeto egiteko, eta, gainera, behar diren neurriak hartuko dira langileak ordeztu eta berritzeko tasaren alorrean.

Horrela asko hobetuko dira Espainiako zientzia-, teknologia-eta berrikuntza-sistema barrutik kudeatzeko prozedurak, eta sistemak hobeto bete ahal izango ditu I+G+b arloko egitekoak, beteta geratuko baitira sistemako erakundeek beren berariazko eginkizunetarako behar dituzten zerbitzu orokorrak.

Hirugarrenik, eta azkenik, errege lege-dekretu honen bidez Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren kudeaketa azkartu nahi da. Hain zuzen ere, egungo prozedura-baliabiderik hoberenak emango zaizkio sistemari, ikerlariek karreretan berezko dituzten egitekoetan jardun ahal izan dezaten, gehiegizko administrazio-zamak alde batera utzita (batzuetan kaltegarriak izaten baitira), baina kudeaketa, orain arte bezala, ezarritako mekanismo publikoen bitartez kontrolatuz.

Horrenbestez, helburu hauek lortuko badira Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren arloan, behar-beharrezkoa da zientziaren eta teknologiaren garapenean, ikerketan eta berrikuntzan ari diren unitateak eta zentroak kudeatzeko prozedurak hobetzea.

Kasu honetan nabaria da badagoela aparteko eta presazko beharrizana, Espainiako Konstituzioak 86. artikuluan ezartzen duena, datozen urteetan ondorio kaltegarriak edukiko bailituzke botere publikoek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloetan ezer ez egiteak. Izan ere, lehen aipatutako datuek erakusten duten bezala, Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako inbertsioak eta sistemaren beraren eraginkortasuna atzeraka ari dira, eta, hala jarraituz gero, baliteke luze gabe bertan behera gelditzea eta behar duen mailara iristeko bidean aurrera ezin egin izatea gero.

Horren ildotik, eta Konstituzio Auzitegiak hainbat aldiz ezarritako doktrinarekin bat etorriz, Konstituzioak ezartzen duen aparteko eta presazko beharrizana ez da inolaz ere «esanahirik gabeko klausula edo adierazpen hutsala, Gobernuari inolako murrizketarik gabe aritzeko gaitasuna ematen diona; aitzitik, muga juridikoa ezartzen dio lege-dekretu bidez gobernatzeari». Horregatik, auzitegi horrek, «definizioaren erabilera gehiegizkoa edo arbitrarioa izanez gero», «erakunde politikoek egoera halakotzat jotzea ezets dezake» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa; 237/2012, abenduaren 13koa, 4. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 5. oinarri juridikoa).

Konstituzio Auzitegiaren kontrola ex post kontrol jurisdikzionala da; kontrol horren helburua da aztertzea ea Gobernua urruntzen den arauak ematen dion iritzi-marjinatik, hau da, legeriaren arabera egoeran «aparteko eta presazko beharrizana» dagoen ala ez. Beraz, hauxe da: «kanpoko kontrola: egiaztatu egin behar du, baina ezin da izan iritzi politikoaren edo aukera-iritziaren ordezkoa, hori Gobernuari dagokio eta» (Konstituzio Auzitegiaren 142/2014 epaia, irailaren 11koa; 3. oinarri juridikoa, eta bertan aipatzen direnak).

Errege lege-dekretuaren erabilera ondo fiskalizatzeko, bi alderdi aztertu behar dira Konstituzioaren ikuspegitik: batetik, Gobernuak dekretua onartzeko kontuan eduki dituen arrazoiak berariaz eta zentzuz azaldu diren ala ez (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 111/1983, abenduaren 2koa, 5. oinarri juridikoa; 182/1997, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa); bestetik, beharrizanaren eta horri aurre egiteko hartzen den neurriaren artean lotura ezinbestekoa den lotura dagoen ala ez (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 182/1997, urriaren 20koa, 3. oinarri juridikoa; 137/2003, uztailaren 3koa, 4. oinarri juridikoa).

Konstituzio Auzitegiak abenduaren 15eko 332/2005 epaian adierazten duen bezala (6. oinarri juridikoa), nahiz eta bi alderdi horiek estu lotuta egon, bakoitza bere aldetik aztertzeak erraztu egiten du aldeen gogoeten analisi metodologikoa, eta, azken funtsean, Konstituzio Auzitegiaren kontrola ere bai.

Beharrizanaren definizioari dagokionez, doktrinak zehazten du ez dela ezinbestekoa aparteko eta presazko beharrizana nahitaez agertzea errege lege-dekretuan bertan, eta nahikoa dela denetariko hainbat elementutan oinarrituta ondorioztatzea.

Presazko legegintza baliatzeko gaitzen duen bigarren alderdiaz denaz bezainbatean (beharrizanaren eta horri aurre egiteko errege lege-dekretuan ezartzen diren neurrien arteko lotura), hona zer dioen Konstituzio Auzitegiaren doktrinak: «Bi irizpide edo ikuspegi hartu behar dira kontuan lotura hori dagoenetz zehazteko: batetik, aztertzen ari den errege lege-dekretuaren edukia; bestetik, beraren egitura» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 29/1982, maiatzaren 31koa, 3. oinarri juridikoa; 1/2012, urtarrilaren 13koa, 11. oinarri juridikoa; 39/2013, otsailaren 14koa, 9. oinarri juridikoa).

Konstituzio Auzitegiak errege lege-dekretuaren erabilera onartu izan du «egoera ekonomiko zailetan», Konstituzioaren arabera guztiz zilegi baita horrelakoetarako; izan ere, bidezkoa eta egokia da ezartzen den xedea lortzeko (eta horrek presazko legegintza justifikatzen du): «presako legegintzaren xedea Gobernuaren helburuen barruko egoera jakin bat diruz laguntzea izatea, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan» (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 31/2011, martxoaren 17koa, 4. oinarri juridikoa; 137/2011, irailaren 14koa, 6. oinarri juridikoa; 100/2012, maiatzaren 8koa, 8. oinarri juridikoa).

Kasu honetan, Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren funtzionamendua egokitzeko egin beharreko erreforma egiturazkoa da, eta arautegiaren bi aldaketa handitan gauzatzen da: batetik, sistema horretan eraginkortasun handiagoarekin inbertitu ahal izateko behar diren xedapenak; bestetik, xede ekonomiko-finantzario hori lortzeko xedapenak, sistemako erakundeen kudeaketa-izapideak errazten lagunduko dutenak, horien ohiko jarduna sustatzeko eta administrazio-lanen erruz aurrera egin ezinik gerta ez daitezen (izan ere, batzuetan horixe gertatzen zaie, konplexutasun handiko sektore-politiken kudeaketa arau-esparru orokorretan txertatzen baita, kontuan eduki gabe ikerketaren, garapenaren, berrikuntzaren eta zientzia eta teknologiaren arloko politikaren funtzionamenduaren eta antolamenduaren berezitasunak).

Ohartarazi behar da erreforma egiturazkotzat jotzeak ez duela berez eragozten errege lege-dekretua erabiltzea; izan ere, konpondu nahi den arazoa ustez egiturazkoa bada ere, baliteke noizbait aparteko eta presazko beharrizan bihurtzea eta, beraz, orduan bidezkoa izatea errege lege-dekretua onartzea. Beharrizana ote dagoen erabakitzeko, kasuan kasuko inguruabarrak aztertu beharko dira (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: 137/2011,6. oinarri juridikoa; eta berriz ere: 183/2014, 5. oinarri juridikoa; 47/2015, 5. oinarri juridikoa; 139/2016, 3. oinarri juridikoa).

II

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 129. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, errege lege-dekretu hau bat dator erregulazio onaren printzipioekin, bai eta, batez ere, premiaren eta eraginkortasuna printzipioekin ere, eta interes orokorreko arrazoi sendoak daude onartzeko, kontuan hartu behar baita azken urteetan ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan inbertsio publikoa eta pribatua murriztu direla eta Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemak pertsona talentudunak eta inbertsioak erakartzeko baliabide azkarrak eduki behar dituela, gure herrialdean zientziaren eta teknologiaren arloko politikek atzera egin ez dezaten eta berriz ere inguruko herrialdeen pare egon gaitezen berrikuntzaren kudeaketari eta inbertsioei dagokienez.

Gainera, lege-indarreko xedapena da, eta ageri-agerian du proportzionaltasunaren printzipioa, zeren eta ezartzen dituen neurri guztiak (bai Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoen giza baliabideen kudeaketari buruzkoak, bai ekonomia eta finantzen kudeaketari, aurrekontuei, kontabilitateari eta kontrol eta izapide administratiboei buruzkoak) guztiz bat baitatoz lortu nahi duen xedearekin: Espainiako zientzia-, teknologia-eta berrikuntza-sistemaren kudeaketaren eraginkortasuna bermatzea, sistema horretako erakundeen jardun egokia sustatzeko, erakunde eta entitate horietara pertsona talentudunak erakartzeko eta, horrela, garun-ihesa eragozteko, eta sisteman inbertsio publikoa eta pribatua bultzatzeko, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloetako politika berriz ere eztabaida publikoaren eta gobernu-ekintzaren erdigunean egon dadin.

Errege lege-dekretu honetako neurriak egokiak eta proportzionalak dira onartu beharra ekarri duten beharrizanei erantzuteko. Egoera honetan, ez dago murrizketa gutxiago ekarriko lukeen edo jasotzaileei betebehar gutxiago ezarriko liekeen alternatibarik; aitzitik, bestela gertatzen da: lege-mailako arau honen bitartez kudeaketa-prozedura azkarragoak edukiko dituzte aipatutako erakundeetako interesdun guztiek, eta horri esker errazagoa lortu ahal izango dituzte zientziaren, teknologiaren, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloetako helburuak.

III

Hauxe da errege lege-dekretu honen egitura: bost artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta lau azken xedapen.

Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoetako langile lan-kontratudunak inbertsio-kredituen kargura kontratatzea arautzen da, eta, ondorioz, erakunde horiek Estatuaren Abokatutzaren urteko ereduzko txostenak jaso ahal izango dituzte, langile lan-kontratudunen kontratazioaren kudeaketa azkartzeko. Horrela asko hobetuko dira Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren barne-kudeaketako prozedurak, eta hobeto bete ahal izango dituzte ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloetan dauzkaten helburuak, beteta geldituko baitira erakunde horiek beren egiteko bereziak gauzatzeko behar dituzten zerbitzuak.

Arau honek ezartzen duen aparteko beste neurri bat honako hau da: finantzak egoki kudeatzeko lanek erakundeen berezko ikerketa-lanak ez moteltzeko, agintzen da urtebete pasatu baino lehen neurri egokiak ezarri behar direla estatu-agentzia ez diren Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeek beren finantzen kudeaketa zentralizatu ahal izateko.

Horrez gainera, eta ikerketa-erakundeen kudeaketa ekonomiko-finantzariotik irten gabe, kudeaketa horren barne-kontrolerako arauei buruzko neurriak ezartzen dira, erakunde horiei ezagutza sortzen, zabaltzen eta transferitzen laguntzeko eta, hala, gizartearen funtsezko arazoak konpontzeko, hori funtsezkoa den aldetik lehiakortasuna eta ezagutzan oinarritutako gizartea garatzeko, ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko ingurune ekonomikoa, soziala, kulturala eta instituzionala sortuz. Beraz, erakunde horien barne-kontrola berorien finantzen etengabeko kontrola izango da, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrari eta Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiaren barne-kontrolaren araubidea garatzen duen abenduaren 28ko 2188/1995 Errege Dekretuari jarraituz.

Neurri horren bidez, une oro bermatuko da erakunde horien kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne-kontrola egokia izatea; izan ere, Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiaren esku jartzen dira kudeaketa ekonomiko-finantzarioa kontrolatzeko egitekoak, eta, horri esker, eskuordetutako kontu-hartzaileen bidez, etengabe egiaztatu ahal izango da zertan diren Espainiako sektore publikoko erakundeak ekonomiaren eta finantzen aldetik eta nola diharduten arlo horietan, eta jakin ahal izango da aplikatzen zaizkien arauak eta gidalerroak betetzen dituzten eta, oro har, kudeaketa-lanak kudeaketa finantzario onaren printzipioarekin bat etorriz egiten dituzten eta, batik bat, aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-orekaren helburuak betetzen dituzten, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak 157. artikuluan agintzen duen bezala.

Horren ildotik, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak azken xedapenetako hogeita bederatzigarrenean ezartzen du bosgarren apartatua eransten zaiola Ministroen Kontseiluaren 2013ko abenduaren 20ko erabakiari (Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiak erakunde publiko jakin batzuen kontrol ekonomiko-finantzariorako aplikatzen duen araubideari buruzko erabakia): ikerketa-erakundeen jarduketen gastuak osorik edo zati batean Batasuneko edo atzerriko erakundeen funtsekin finantzatzen direnean, kontu-hartzailetzaren esparrutik ateratzen ditu, eta, horren ordez, etengabeko finantza-kontrola ezartzen die. Beraz, neurri honek Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren Legeak ezartzen duena osatzen du, eta ez du ezertan eragozten Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne-kontrola.

Gainera, Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeei, transferituta ez dauden unibertsitate publikoei eta Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren agente betearazle diren eta Estatuari atxikita dauden partzuergo, fundazio eta zuzenbide publikoko beste entitate batzuei baimena ematen zaie, Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan kasuko legeetan ezartzen denarekin bat etorriz, kreditu-eragiketak egiteko, itzuli beharreko aurrerakinak ematen zaizkiela-eta Estatuko Administrazio Orokorraren aurrekontuko 8. kapituluaren kargura. Baimen hori soil-soilik aplikatu ahal izango zaie Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren edo Europako Gizarte Funtsaren kontura eta justifikatu ostean finantzatzen diren gastuak ordaintzeko dirurik gabe ez geratzeko ematen diren aurrerakinei.

Halaber, Estatuko Ikerketa Agentziak laguntza eskatu ahal izango die auditoretzako enpresa pribatuei edo kontu-auditoreei (ordaindutakoa zein bestelakoa) Estatuko ikerketa zientifiko eta teknikoko eta berrikuntzako planen (edo horien ordezko tresnen) esparruan ematen diren dirulaguntzak eta laguntzak egiaztatzeko, horretarako behar den beste baliabide eduki ezean, edo, bestela, enkarguak egin ahal izango dizkie bere baliabideei (berak ezarriko ditu arauak eta jarraibideak), plantillan nahiko langile ez badauka orduan dagoen eta etorkizunean egongo den lan-karga bere gain hartzeko legez ezarritako epealdien barruan eta bere bitarteko hutsez baliatuz. Hori ezartzeko, aintzat hartu dira ebazpen honetan ezartzen diren gomendioak: Kontuen Auzitegiarekiko Harremanetarako Batzorde Mistoak 2012ko abenduaren 18an onartutako ebazpena, 2005eko ekitaldiko aurrekontuko 463B programa («Ikerketa zientifiko eta teknikoa sustatu eta koordinatzea») ikuskatzeko txostenari buruzkoa.

Halaber, arau honen bidez, parke zientifiko eta teknologikoetako jarduerei finantza-laguntza emateko neurriak ezartzen dira: bideragarritasun-plana daukaten parke zientifiko eta teknologikoek, frogatzen badute beren finantzen egoerak ordainketa-betebeharrei aurre egitea eragozten diela, eskatu ahal izango dute Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioak (edo aurreko urteetan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren gaineko eskumena eduki duen ministerioak) kudeatzen dituen deialdietan 2000. urteaz geroztik emandako maileguen edo aurrerakinen amortizazio-kuotak geroratzeko; zehazki, mugaeguna 2019. urtean dutenak geroratzeko.

Parke zientifiko eta teknologikoak zientzia-teknologia-enpresa sistemako eragileen arteko topaguneak eta lankidetza-tokiak dira. Horregatik, berebiziko garrantzia dute gure herrialdearen eredu ekonomikoa aldatzeko prozesuan. Eredu berria argi eta garbi aldezten dute administrazio guztiek, eta beraren oinarria ezagutzaren eta teknologiaren gainean finkatutako enpresa-sarea garatzea da.

Herrialdearen egoera ekonomikoak kalte egin die parke zientifiko eta teknologikoen sustatzaileei, nahikoa murriztu baitzaie diru-sarrerak sortzeko gaitasuna. Horren ondorioz, gaur egun entitate horiek ezin dizkiete aurre egin Estatuko Administrazio Orokorrak hainbat deialditan emandako maileguek sortutako ordainketa-betebeharrei.

Arazoa arindu nahiz, Estatuaren 2011,2012, 2013, 2014, 2015 eta 2017ko aurrekontu orokorren legeetako xedapen gehigarrien bidez prozedura bat ezarri zen mailegu horien amortizazio-kuoten ordainketak geroratu ahal izateko, maileguaren beraren mugaeguna luzatu gabe.

Hala ere, aplikatu diren luzamendu guztiak gorabehera, parke batzuek oraindik ez dute kitatu itzuli beharreko aurrerakinak direla-eta Administrazioarekin duten zorra. Oso gaitz dute hartutako mailegu horiek itzultzen, eta, gainera, 2019an itzuli beharrekoak batuko zaizkie; ondorioz, parke horietako batzuen bideragarritasuna kolokan dago.

Hori ez litzateke batere ona izango dagoeneko emaitza positiboak izaten ari diren eta etorkizunera begira bideragarriak diren entitateentzat, eta, horregatik, badirudi egokiagoa dela berriz ere finantzatzen laguntzea eta aukera ematea kredituak epe luzeagoan itzultzeko, horrela I+G+b arloan erakunde publikoen eta entitate pribatuen arteko lankidetza bideratzen laguntzen jarraitu ahal izango dute eta. Beraz, ordainketa horiek birfinantzatzeko tresna ezarri behar da.

Horrez gainera, errege lege-dekretu honetan neurriak ezartzen dira «errenta-unibertsitate mailegu» deritzenak ahalik ondoena itzuli ahal izateko. Mailegu horiek hainbat kreditu-entitatek eman zituzten, unibertsitateen arloan eskumena zuen ministerioaren eta Kreditu Ofizialeko Institutuaren arteko akordio bati esker, 2007. eta 2010. urteen artean, unibertsitate-masterrak eta ondoko doktoretza-ikasketak finantzatzen laguntzeko.

Azken urteotako krisi ekonomiko-finantzarioan mailegu-hartzailetako asko maileguaren ondoriozko zorrak ordaindu ezinik gertatu dira; horregatik, presazko neurriak ezarri behar dira ikasleek neurriz gaindiko zorrik ez edukitzeko, hori guztiz kaltegarria izango litzateke-eta haien kaudimenerako (oraingorako eta etorkizunekorako), zor dutena ezin ordaindu izateak berekin ekartzen baitu beste finantza-tresna batzuk ezin erabili izatea, kreditu-entitateekin eragiketa batzuk ezin egin izatea eta, laburbilduz, ekonomikoki eta bizitzan aurrera ezin egin izatea.

Horregatik, 22.000 euroko muga ezartzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarri orokorrean eta aurrezkiaren oinarrian maileguaren zenbateko osoa itzuli ahal izateko, mailegu-hartzaileak horretarako aski den errenta lortuz gero, eta maileguen gabealdia luzatzen da eta itzultzeko epealdia 15 urtetan jartzen da.

Gainera, errege lege-dekretu honen bidez hainbat manu aldatzen dira ekainaren 1eko 14/2011 Legean (Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea) honako gai hauei dagokienez: hitzarmenen izapideak; irakasleak eta ikerlariak hautatzeko eta ebaluatzeko prozedurak; ikerketa zientifiko eta teknologikoko edo berrikuntzako proiektuak egiteko eta plan eta programa publikoak gauzatzeko kontratuak.

Ministroen Kontseiluaren 2017ko abenduaren 15eko erabakiaren azalpen-zatian ezartzen den bezala, hitzarmenak sinatzea administrazio publikoen arteko lankidetzarako eta sektore pribatuarekiko lankidetzarako jardun-teknikarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da denboraren joanean, gure ordenamendu juridikoak horretarako aukera ematen duen kasuetan.

Ikerketako erakunde publikoetan eta unibertsitateetan, lankidetzan aritzeko are gehiago jotzen da hitzarmenetara eta antzeko beste formula batzuetara. Izan ere, ikerketako erakunde publikoetan eta unibertsitateetan jardun gehiena lankidetzaren esparruan gauzatzen da, batez ere eremu publikoak eta pribatuak (Estatukoek zein nazioartekoek) bat eginik. Horrenbestez, xede edo emaitza jakina lortu nahian aritzen diren kanpoko agente askoren finantza-iturriak biltzen dira.

Horretarako, dinamismo eta azkartasun bereziak behar dira, entitate horientzat errazagoa izan dadin estatuko eta nazioarteko beste agente batzuekin lehiatzea; izan ere, ikerketaren arloko proiektu, kontratu eta gainerako jarduketa bereziak gauzatzeko, egutegi zorrotzak bete behar dituzte, eta geroz eta ohikoagoa da horietan lankidetzan aritzea berezko nortasun juridikoa duten beste subjektu batzuekin.

Ikerketako erakunde publikoen eta unibertsitateen lankidetza-jardunaren ezaugarri berezi hori kontuan hartzen da Espainian zientzia arautzen duen lege osoan zehar: ekainaren 1eko 14/2011 Legea, zientzia, teknologia eta berrikuntzarena. Hain zuzen ere, lege horrek 34. artikuluan onartzen du bereziak direla Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente publikoek (horrelakoak dira ikerketako erakunde publikoak eta unibertsitateak) sinatzen dituzten hitzarmenak, eta adierazten du baliabide nagusietakoa dela ikerketa zientifikoa eta teknikoa, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren inguruko kultura zabaltzeko.

Zientziaren arloan -eta kontuan hartuta Konstituzioaren arabera administrazio publiko guztiek dutela hitzarmenak egiteko eskumena-, hitzarmena tresna oso erabilia eta malgua da. Hitzarmenen bidez honako xede hauek lortzen dira, besteak beste: ikerketako erakundeen arteko harremanak bideratzea, taldeen eta zientzialarien arteko trukea erraztea, proiektuen bitartez denetariko sinergiak eta baterako lanak egiteko bideak finkatzea, azpiegiturak eta datu-baseak batera jartzea, aldi batez beste erakunde batzuetan aritzea, eta abar. Horrekin azpimarratu nahi da ikerketako erakunde publikoek eta unibertsitateek ez dutela erabiltzen hitzarmena bi administrazio publikoren eskumen esklusiboak beren administrazio-erakundeen bidez nola erabili behar diren arautzeko eta jardun hori koordinatzeko lankidetzaren eduki juridikoa kontuz ibili beharrekoa denean; aitzitik, ohiko jardun-tresna da ikerketa-taldeen eguneroko lanetarako, eta sarritan erabiltzen da esperientzia eta ezagutza zientifikoak diziplina anitzeko ekimenen bitartez bideratzeko.

Laburbilduta: jardun zientifikoa berez lankidetzakoa denez eta arlo honetan azkar eta bat-batean jardun behar denez gero, administrazio-tratamendu berezia behar da hitzarmena -arlo honetako tresna nagusietakoa- arautzeko eta beraren erabilera errazteko.

Horrenbestez, arau honen bidez, lehen aipatutako ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 34. artikulua aldatzen da, lankidetzarako hitzarmenen eraginkortasuna hobetzeko. Aldaketari esker, hitzarmenaren iraupena hura eragiten duen ikerketa zientifiko, tekniko edo berrikuntzako proiektuaren beharrizanetara moldatu ahal izango da.

Gainera, ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloan ari diren guztiek aukera berak eduki ditzaten, eskatzen da unibertsitate publikoetako irakasleak eta ikerlariak eta Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoetako ikerlariak hautatzeko eta ebaluatzeko prozeduretan kontuan edukitzeko aldi baterako lan-ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasuna, adopzio aurreko zaintza, abegia, edoskitze-aldiko arriskua eta aitatasuna, egoera horietan dauden edo egon diren pertsonek hautapen- eta ebaluazio-prozeduran dauden beste guztien aukera berak eduki ditzaten eta haien espedienteak, merezimenduek eta curriculum vitaeak ez dezaten inolako kalterik izan egoera horietan emandako denboragatik.

Ekainaren 1eko 14/2011 Legeak aurrerakada handia ekarri zuen genero-berdintasunaren arloan, honako neurri hauek ezarri baitzituen, besteak beste: karrera zientifikoan eratzen diren ebaluazio-batzorde guztiak paritarioak izan beharra eta profesionalen curriculumak eta proiektuak izenik gabe ebaluatzea. Orain, errege lege-dekretu honek berme osagarri bat ekarriko du, pertsona guztiek tratamendu bera eta aukera berak edukiko dituztela ziurtatuko duena eta emakumeak Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sisteman sartzea eta beren lan-ibilbide zientifiko-teknikoetan gora egitea eta aurrera egitea erraztuko duena.

Azkenik, aldaketa batzuk sartzen dira ekainaren 1eko 14/2011 Legean (Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea), administrazio publikoek, erakunde publikoek, unibertsitate publikoek eta Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agentetzat jotzen diren sektore publikoko beste entitate batzuek lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak oinarritzat hartuta egin ditzaten ikerketa zientifiko eta teknologikoko edo berrikuntzako plan eta programa publikoak gauzatzeko kontratuak, xede jakineko kanpoko sarreren ondoriozko urteko aurrekontuko kontsignazioen bidez finantzatzen direnak.

Errege lege-dekretu hau onartzeko baliatzen diren eskumen-tituluei dagokienez, Konstituzioak Estatuari 149.1. artikuluko 15. eta 18. puntuetan ematen dizkion eskumenen babesean ematen da berau; 15. puntua ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeari eta koordinatzeari buruzkoa da, eta 18. puntua, berriz, administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriei buruzkoa.

Nolanahi ere, salbuespenak daude: xedapen gehigarri bakarra Konstituzioaren 149.1. artikuluko 13. eta 14. puntuen babesean ezartzen da (puntu horien arabera, Estatuak dauka eskumen esklusiboa jarduera ekonomikoaren antolamendu orokorraren oinarriak ezartzeko eta antolamendu hori koordinatzeko, bai eta ogasun orokorraren eta Estatuaren zorraren gainean ere); xedapen iragankor bakarra Konstituzioak 149.1.30 artikuluan ezartzen duenaren babesean ematen da (haren arabera, Estatuak dauka eskumena Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko behar diren arauak ezartzeko, asmoa botere publikoek arlo honetan dituzten betebeharrak betetzea dela).

Beste alde batetik, azken xedapenetako lehenak ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen du (Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea) eta azken xedapenetako bigarrenak azaroaren 8ko 9/2017 Legea aldatzen du (Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora); xedapen horiek, bada, aldatzen dituzten legeen eskumen-titulu beretan oinarritzen dira.

Horrenbestez, Konstituzioak 86. artikuluan ezartzen duen baimenaz baliatuz, Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako ministroak proposatuta eta Ministroen Kontseiluak 2019ko otsailaren 8ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

  • 1. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoetako langile

lan-kontratudunak inbertsio-kredituen kargura kontratatzea.

Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoek errazago kontratatu ahal izateko ikerketa zientifiko eta teknikoko berariazko proiektuak egiteko langileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak 26.7 eta 30. artikuluetan xedatzen duenarekin bat etorriz, urtero Estatuaren Abokatutzak ereduzko txostenak egingo ditu urte osorako proposatzen diren kontratuei buruz, eta gero ez da egin beharko banakako txosten bat urtean zehar egiten den kontratazio-proposamen bakoitzari buruz.

  • 2. artikulua. Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoen finantza-

kudeaketa.

Finantzak egoki kudeatzeko lanek erakundeen berezko ikerketa-lanei kalte ez egiteko, urtebete pasatu baino lehen, behar diren neurriak hartu behar dira estatu-agentzia ez diren Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeek beren finantzen kudeaketa zentralizatu ahal izateko.

  • 3. artikulua. Ikerketa-erakunde publikoen kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren barne-

kontrolaren araubidea.

  • 1.  Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoei etengabeko finantza-kontrola aplikatuko zaie, kontu-hartzailetzaren esparrutik aterata, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak 149. artikuluko 2. apartatuan xedatzen duenarekin bat etorriz.

  • 2.  Azaroaren 26ko 47/2003 Legeak 161. artikuluan ezartzen duena gorabehera, behin betiko txostena ematen denetik hilabete pasatu baino lehen ikerketa-erakunde publikoek Kontu Hartzailetza Nagusiari jakinarazi beharko diote bertan adierazten diren gomendioak aplikatzen hasi direla.

Urtero, Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiak ikerketa-erakunde publikoen etengabeko finantza-kontrolari buruzko txosten orokorra egingo du (urteko auditoretza planean ezarrita egonez gero, auditoretza publikoari buruzkoa ere bai), eta, bertan, urtean zehar egindako txostenetako daturik esanguratsuenak bilduko dira, bai eta gomendioak eta haien jarraipena ere. Txosten hori argitaratu egin beharko da.

  • 3. Erakunde horiei kontu-hartzailetzaren ordez etengabeko finantza-kontrola aplikatzen hasten zaienetik bi urte pasatu ondoren uste bada erakunde baten kudeaketa ekonomiko-finantzarioko sistemak eta prozedurak ez direla egokiak aurrez azaldutakoaren arabera, Ministroen Kontseiluak, Kontu Hartzailetza Nagusiak proposatuta, kontu-hartzailetza aplikatzea erabaki ahal izango du, azaroaren 26ko 47/2003 Legeak ezartzen duen bezala, erakundearen izaera juridikoarekin bat etorriz.

  • 4. artikulua. Baimendutako kreditu-eragiketak.

  • 1.  Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeek, transferituta ez dauden unibertsitate publikoek eta Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren agente betearazle diren eta Estatuari atxikita dauden partzuergo, fundazio eta zuzenbide publikoko beste entitate batzuek kreditu-eragiketak egin ahal izango dituzte, Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan kasuko legeetan ezartzen denarekin bat etorriz, itzuli beharreko aurrerakinak ematen zaizkiela-eta Estatuko Administrazio Orokorraren aurrekontuko 8. kapituluaren kargura.

  • 2.  Baimen hori soil-soilik aplikatu ahal izango zaie Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren edo Europako Gizarte Funtsaren kontura eta justifikatu ostean finantzatzen diren gastuak ordaintzeko dirurik gabe ez geratzeko ematen diren aurrerakinei.

  • 5. artikulua. Laguntza Estatuko ikerketa zientifiko eta teknikoko eta berrikuntzako planen

esparruan ematen diren dirulaguntzak eta laguntzak egiaztatzeko.

Estatuko Ikerketa Agentziak laguntza eskatu ahal izango die auditoretzako enpresa pribatuei edo kontu-auditoreei (ordaindutakoa zein bestelakoa) Estatuko ikerketa zientifiko eta teknikoko eta berrikuntzako planen (edo horien ordezko tresnen) esparruan ematen diren dirulaguntzak eta laguntzak egiaztatzeko, horretarako behar den beste baliabide eduki ezean, edo, bestela, enkarguak egin ahal izango dizkie bere baliabideei, zeinek agentziak ezartzen dituen arauak eta jarraibideak bete beharko dituzten (batez ere, eragina izan dezaketen auditoreen independentziaren babesari eta bateraezintasunei buruzkoak).

Artikulu honetan arautzen den lankidetzaren xedea eta inguruabarrak finkatzeko, aurretik txostena eskatu beharko zaio Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiari, eta Estatuko Ikerketa Agentziako organo eskudunak eskatzen duenetik hiru hilabete pasatu baino lehen eman beharko du.

Xedapen gehigarri bakarra. Parke zientifiko eta teknologikoetako jarduerei finantza-laguntza ematea.

Parke zientifiko eta teknologikoek, frogatzen badute beren finantzen egoerak ordainketa-betebeharrei aurre egitea eragozten diela, eskatu ahal izango dute Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioak (edo aurreko urteetan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren gaineko eskumena eduki duen ministerioak) kudeatzen dituen deialdietan 2000. urteaz geroztik emandako maileguen edo aurrerakinen amortizazio-kuotak geroratzeko; zehazki, mugaeguna 2019. urtean dutenak geroratzeko.

Gerorapena Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioak baimendu ahal izango du, Ogasun Ministerioak aurretik aldeko txostena egin ondoren, baldintza hauekin:

  • 1. Batasunaren araudiak Estatuko laguntzei dagokienez ezarritako laguntzen intentsitate-mugak errespetatuko dira.

  • 2.  Maileguen epemuga ez da aldatuko, baina geroratutako kuotak zatikatu ahal izango dira.

  • 3.  Geroratzen diren kuotek interesak sortuko dituzte, kuota horiei Estatuak antzeko epemuga duten tresnetan jaulkitako zorraren interes-tasa aplikatuz.

  • 4.  Kasu bakoitzean zehazten diren berme osagarriak eman beharko dira.

  • 5.  Sektore publikoko erakundeen kasuan, eragiketak erakundeari dagokion administrazioaren baimena eduki beharko du, eta, horrez gain, administrazio horrek geroratzea eskatu den zorra ordaintzeko betebeharra bereganatu beharko du, subsidiarioki. Era berean, Estatuak administrazio horri egin beharreko edozein ordainketarekin konpentsatu ahal izango dira geroratutako kuotak.

Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioaren agindu baten bidez, xedapen hau betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak eman ahal izango dira.

Xedapen iragankor bakarra. Unibertsitate-mailegu batzuei aplikatzen zaizkien xedapenak.

  • 1.  Urriaren 14ko CIN/2940/2008 Aginduaren bidez, azaroaren 17ko EDU/3108/2009 Aginduaren bidez edo abenduaren 17ko EDU/3248/2010 Aginduaren bidez onartutako deialdiren batean emandako unibertsitate-maileguren bat sinatu duten pertsonek beren kontratu-tresna berritzea hautatu ahal izango dute 2019ko ekainaren 30a baino lehen, xedapen iragankor honetan ezartzen denarekin bat etorriz (CIN/2940/2008 Aginduaren bidez, unibertsitate-masterreko ikasketak egiteko etorkizuneko errenta bati lotutako maileguak arautzen dira; EDU/3108/2009 Aginduaren bidez, unibertsitate-masterreko edo doktoretzako graduondoko ikasketak egiteko etorkizuneko errenta bati lotutako maileguak, eta, EDU/3248/2010 Aginduaren bidez, master- eta doktorego-ikasketak egiteko unibertsitate-maileguak). Berritzeak egun horretatik aurrera sortuko ditu ondorioak.

  • 2.  Berritzea eskatzeko, mailegu-hartzaileek Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioaren egoitza elektronikoan berariaz ezarritako formulario-eredua erabili beharko dute. Eskaera Unibertsitateen idazkari nagusiari bidali behar zaio.

  • 3.  Berritzeak honako baldintza hauek edukiko ditu:

  • a)  Emandako unibertsitate-maileguen amortizazio-aldia eten egingo da, eta berriz hasiko bada, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarri orokorrean eta aurrezkiaren oinarrian 22.000 euroko muga gainditu beharko du maileguen hartzaileak; muga hori gainditu eta hurrengo ekitaldian hasiko da berriz hartzaile bakoitzarentzat.

Maileguen amortizazio-aldia noiz hasten den zehazteko, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak honako informazio hau bidaliko die Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioari eta Kreditu Ofizialeko Institutuari jasotako mailegu-hartzaileez, interesdunek aldez aurretik baimena emanda beren datuak bidaltzeko: aitorpena egiteko epealdia amaituta dagoen azken ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria, Zergen abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrak 95.1 artikuluan arautzen duenarekin bat etorriz.

  • b)  Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarri orokorrean eta aurrezkiaren oinarrian 22.000 euroko muga gainditzen duten mailegu-hartzaileek, mailegua itzultzen hasita egonez gero, ezin izango diote heldu aukera horri.

  • c)  Xedapen iragankor hau aplikatzen zaien maileguen gabealdiak (interesik sortzen ez den aldia) amaierako mailegu-hartzailearen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren oinarria 22.000 euroko mugara heltzen ez den urteen ondoko urteak hartuko ditu.

Nolanahi ere, xedapen iragankor honetan arautzen den berritzeari heltzen zaion mailegu guztien hasierako gabealdia 2019ko abenduaren 31n amaituko da.

  • d)  Zorrak itzultzeko aldia 15 urtekoa izango da mailegua berritzen denetik.

  • e)  Ezarritako muga gainditzen den urte bakoitzean, ordaintzeko dagoen kopuruaren hamarren bat amortizatuko da.

  • f)  Maileguaren berritzea publiko egiteak ez du eragingo notariotza-gasturik batere.

  • g) Mailegu-hartzaileek hasierako kontratuetan sinatutako gainerako baldintza ekonomikoek beren hartan iraungo dute, aldatu gabe.

  • 4.  Errege lege-dekretu hau indarrean jarri aurretik diru kopururen bat itzuli duten mailegu-hartzaileek, lehen aipatutako muga gainditu gabe, ezin izango dute eskatu itzultzeko.

  • 5.  Xedapen honetan arautzen dena ez zaie aplikatuko honako mailegu-hartzaile hauei: mailegua ematea eragin zuten ikasketak amaitu direla frogatu ondoren bertan ezartzen diren baldintza berezi edo orokorretako bat bete ez eta zorra aldez aurretik itzuli behar izan dutenei.

  • 6.  1. apartatuan aipatzen diren deialdietako batean mailegua jaso eta sinatu ondoren hil direnen zorrak, amortizatu gabe badaude, barkatuta gelditzen dira.

  • 7.  Zientziako, Berrikuntzako eta Unibertsitateetako Ministerioaren titularrari ahalmena ematen zaio xedapen iragankor honetan xedatzen dena garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako lehena. Ekainaren 1eko 14/2011 Legea (Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea) aldatzea.

Bat. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 34. artikulua aldatzen da eta honela geratzen da:

«34. artikulua. Hitzarmenak

  • 1.  Administrazio-zuzenbidearen mendeko hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako finantzaketa-agenteek edo agente betearazleek, are administrazio publikoek, unibertsitate publikoek, Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeek, administrazio publikoek partaidetza duten partzuergo eta fundazioek, beste administrazio publiko batzuen ikerketa-erakundeek eta Osasun Sistema Nazionaleko zentroek eta erakundeek ere. Agente publikoek beren artean sinatu ahal izango dituzte hitzarmen horiek edo, bestela, ikerketa zientifikoan eta teknikoan aritzen diren estatuko, nazioz gaindiko zein atzerriko agente pribatuekin; hitzarmenaren xedea honako jarduera hauek elkarrekin egitea izan behar da:

  • a)  Ikerketa zientifiko, garapen eta berrikuntzako proiektuak eta jarduketak.

  • b)  Ikerketa-zentroak, -institutuak, -partzuergoak edo -unitateak eta azpiegitura zientifikoak sortzea edo finantzatzea.

  • c)  Proiektu zientifiko-tekniko bereziak finantzatzea.

  • d)  Langile zientifikoak eta teknikoak trebatzea.

  • e)  Zientzia eta teknologia zabaltzea.

  • f)  Higiezinak, instalazioak eta baliabide materialak batera erabiltzea ikerketa zientifikoan, garapenean eta berrikuntzan.

  • 2.  Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 49.h) artikuluan arautzen duenari dagokionez, aurreko apartatuko a), c), d) eta e) letretako hitzarmenen indarraldia (I+G+b arloko Espainiako, Europako edo nazioarteko programa edo proiektu bati lotutako hitzarmenena) hitzarmenen klausuletan bertan finkatuko da. Hasierako indarraldia inolaz ere ezin izango da izan bost urtetik gorakoa. Ezarritako indarraldia amaitu aurretik, sinatzaileek noiznahi hitzartu ahal izango dute hura luzatzea, gehienez ere bost urte gehiago.

Hamar urteko indarraldia izan dezakete aurreko apartatuko b) eta f) letretako hitzarmenek, Europako ikerketako azpiegitura-partzuergoei eragiten badiete, baita ikerketa-zentroak, -institutuak, -partzuergoak edo -unitateak edo azpiegitura zientifikoak sortzeko edo finantzatzeko aurreko apartatuko b) letrako hitzarmenek ere, haiek Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente badira. Ezarritako indarraldia amaitu aurretik sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hura luzatzea, gehienez ere zazpi urte gehiago; nolanahi ere, partzuergoak bere indarraldia edukiko du, sortzea eragiten duen xedea betetzearen, proiektu zientifikoaren beharrizanen edo behar diren inbertsioen edo horien amortizazioaren araberakoa.

  • 3.  Hitzarmenetan parte-hartzaileen ekarpenak zehaztuko dira, bai eta ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren ondoriozko eskubideak eta emaitzak banatzeko eta babesteko araubidea ere. Emaitza horien gaineko eskubideak eskualdatzeko, merkatuko balioarekin bat datorren kontraprestazioa jaso beharko da.

  • 4.  Hitzarmen hauetan ezin da xedetzat ezarri sektore publikoko kontratuen legerian arautzen diren kontratuen xedeetako ezein.

  • 5.  Lankidetza-hitzarmenen bidez ikerketa-zentro, -institutu eta -unitateak sortzen direnean, kasuan kasuko eraketako arau bereziak aplikatu beharko dira.

  • 6.  Gainera, hitzarmenak sinatu ahal izango dira atzerriko erakundeekin eta enpresekin Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemaren nazioartekotzea bultzatzeko.»

Bi. Paragrafo bat gehitzen zaio hamahirugarren xedapen gehigarriko 4. apartatuari; hona:

«Gainera, unibertsitate publikoetako irakasleak eta ikerlariak eta Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakunde publikoetako ikerlariak hautatzeko eta ebaluatzeko prozeduretan kontuan edukiko dira aldi baterako lan-ezintasunak, haurdunaldiko arriskuak, amatasuna, adopzio aurreko zaintza, abegia, edoskitze-aldiko arriskua eta aitatasuna, egoera horietan dauden edo egon diren pertsonek hautapen- eta ebaluazio-prozeduran dauden beste guztien aukera berak eduki ditzaten eta haien espedienteak, merezimenduek eta curriculum vitaeak ez dezaten inolako kalterik izan egoera horietan emandako denboragatik. Gobernuak arautuko du nola eduki behar diren kontuan inguruabar horiek.»

Hiru. Hogeita hirugarren xedapen gehigarria aldatzen da eta honela geratzen da:

«Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. Ikerketa zientifiko eta teknologikoko edo berrikuntzako proiektuak egiteko eta plan eta programa publikoak gauzatzeko kontratu guztietarako arauak.

  • 1.  Langileen Estatutuak hamabosgarren xedapen gehigarriko 2. apartatuan ezartzen duenarekin bat etorriz, estatutu horretako 15.1.a) artikuluan obra edo zerbitzuko kontratuen gehieneko iraupenari buruz xedatzen dena ez zaie aplikatuko ikerketa zientifiko eta teknikoko berariazko proiektuetarako egiten diren eta lege honetako 20.2, 26.7 eta 30. artikuluetan eta hamalaugarren xedapen gehigarriko 2. apartatuan aipatzen diren kontratuei.

Langileen Estatutuak 15.5 artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoetan xedatzen duena ere ez zaie aplikatuko, Langileen Estatutuak hamabosgarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Apartatu honetan azaltzen den salbuespena lege honetako 3.4 artikuluaren arabera Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente betearazle diren administrazio publiko, erakunde publiko, unibertsitate publiko edo sektore publikoko bestelako entitateei bakarrik aplikatuko zaie, ikerketa zientifiko eta teknikoko berariazko proiektuak egiteko aldi baterako kontratuak formalizatzen badituzte.

  • 2.  Aurreko apartatuko azken paragrafoan aipatzen diren eta irabazteko asmorik ez duten entitateek mugaegunik gabeko kontratuak egin ahal izango dituzte ikerketa zientifiko eta teknologikoko edo berrikuntzako plan eta programa publikoak gauzatzeko, xede jakineko kanpoko sarreren ondoriozko urteko aurrekontuko kontsignazioen bidez finantzatzen direnak gauzatzeko, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak oinarritzat hartuta eta Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrak ezartzen duenarekin bat etorriz. Kontratuak planen eta programen iraupenari lotuta egongo dira.

Apartatu honetan arautzen dena gorabehera, aurrekontu orokorren legeetan kontratazioari buruz ezartzen diren neurriak aplikatu beharko dira.»

Azken xedapenetako bigarrena. Azaroaren 8ko 9/2017 Legea aldatzea (sektore publikoko kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora).

Sektore publikoko kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarria aldatzen da (lege horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten du Espainiako ordenamendu juridikora), eta honela geratzen da:

«Berrogeita hamalaugarren xedapen gehigarria. Espainiako zientzia-, teknologia-eta berrikuntza-sistemako agente publikoek egiten dituzten kontratuen araubidea.

Agente horien jardueraren berezitasuna aintzat hartuta, lege honek 118. artikuluan ezartzen duen mugak salbuespen hau edukiko du: Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente publikoek sinatzen dituzten hornidura-kontratuak eta zerbitzu-kontratuak kontratu txikitzat hartuko dira zenbatetsitako balioa 50.000 eurotik gorakoa izan ezean, baldin eta hartzailea ez bada kontratazio-organoaren zerbitzu orokorra, ez azpiegitura-zerbitzua.

Hori dela eta, honako hauek dira Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente publikoak, Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz: unibertsitate publikoak, Estatuko Administrazio Orokorraren ikerketa-erakundeak, fundazioak, partzuergoak eta gainerako agente betearazleak, beste administrazio batzuetan aurrekoen antzekoak diren erakundeak eta entitateak, biomedikuntzako ikerketako fundazioak, eta Osasun Sistema Nazionaleko zentroak, erakundeak eta partzuergoak.

Espainiako zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako agente publikoek egiten dituzten kontratu txikietan, espedientearen izapideak egiteko, kontratazio-organoaren txostena beharko da, honako bi inguruabar hauek azaltzen dituena: kontratua beharrezkoa dela (arrazoiak emanda) eta kontratuaren xedea ez dela aldatu kontratua txikitzat jotzeko aplikatzen den muga saihesteko.

Aurreko paragrafoan xedatzen dena ez zaie aplikatuko kutxa finkoko aurrerakinen sistemaren bidez edo kopuru txikiak ordaintzeko antzeko sistemaren baten bidez ordaintzen diren kontratuei, baldin eta kontratuaren balio zenbatetsia 5.000 eurotik gorakoa ez bada.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu hau Konstituzioak 149.1. artikuluko 15. puntuan eta 18. puntuan ezartzen duenaren arabera Estatuak dauzkan eskumenen babesean ematen da; 15. puntua ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzeari eta koordinatzeari buruzkoa da, eta 18. puntua, berriz, administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriei buruzkoa.

Nolanahi ere, salbuespenak daude: xedapen gehigarri bakarra Konstituzioko 149.1. artikuluko 13. eta 14. puntuen babesean ezartzen da (puntu horien arabera, Estatuak dauka eskumen esklusiboa jarduera ekonomikoaren antolamendu orokorraren oinarriak ezartzeko eta antolamendu hori koordinatzeko, bai eta ogasun orokorraren eta Estatuaren zorraren gainean ere); eta xedapen iragankor bakarra Konstituzioak 149.1.30 artikuluan ezartzen duenaren babesean ezartzen da (horren arabera, Estatuak dauka eskumena Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko behar diren arauak ezartzeko, asmoa botere publikoek arlo honetan dituzten betebeharrak betetzea dela).

Beste alde batetik, azken xedapenetako lehenak ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen du (Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legea), eta azken xedapenetako bigarrenak azaroaren 8ko 9/2017 Legea aldatzen du (Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora); bada, aldatzen dituzten legeen eskumen-titulu beretan oinarritzen dira xedapen horiek.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Madril, 2019ko otsailaren 8a.

FELIPE e.

Gobernuko presidentea, PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra