I. XEDAPEN OROKORRAK
ESTATUKO BURUZAGITZA
5451 3/2018 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzen duena ibilgailuak gidari eta guzti alokatzearen arloari dagokionez.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta azaroaren 20ko 1057/2015 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko arloari dagokionez. Erregelamendu horren 181. eta 182. artikuluetan, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jarduerarekin eta jarduera burutzeko gaitzen duten baimenak ematearekin lotutako zenbait baldintza ezarri ziren.
Kontuan hartzen bada baldintza horietako batzuk garraio modalitate horretako zerbitzuen eskaintzaren eta taxi-zerbitzuaren eskaintzaren artean oreka egokia bermatzeko oinarrizkoak direla, beharrezko ikusten da ahalik eta segurtasun juridikorik handiena ematea aplikatu behar diren arauei. Taxi-zerbitzua udal-lizentzien babespean ematen da eta, kasua denean, turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraiorako baimenen babespean.
Errege lege-dekretua bezalako tresna juridikora jotzeko gaitzen duen aparteko eta presako beharrizana justifikatua geratzen da ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenen kopuruaren hazkunde esponentziala gertatzen ari delako, hain zuzen administrazio eskudunek aurreikusi ezin izan zuten hazkundea; eta hazkunde hori berehala eta nabarmenki hasi da eragiten beste garraio modalitate batzuen ematea, bereziki hiri- eremuan ematen den taxi-zerbitzua. Hiri-eremuari loturiko zerbitzu horri aplikatzen zaizkion tokiko eta autonomia-erkidegoko erregelamenduetan, tradizioz, oinarrizko interes publikoko zerbitzutzat hartu izan da taxi-zerbitzua, eta zorrotz araututa dago; arauketa zorrotz horren ondorioz, eraginpeko bi sektore profesionalen artean gatazkak sortzen ari dira, are gehiago, zerbitzu erabiltzaileengan ere ondorioak egon daitezkeela aurreikusten da.
Beraz, adierazitako inguruabar horiek eragindako egoerari aurre egiteko xedez, neurriak hartuko dira merkatu-segmentu berean —ezin da bestela izan— aritzen diren garraio modalitate biei aplikatuko zaizkien arauen arteko koordinazio egokia bermatzeko, berehala eta etorkizunean, eta horrela eginez, zerbitzuen erabiltzaileengan nahiz orden publikoan eragina izan dadin ekidituko da.
Gainera, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenen kopuruak mugarik gabe handitzen jarraitzen badu, arriskuan egon daiteke hiri- eta metropoli-eremuan turismo- ibilgailuen bidezko garraio zerbitzu publikoa arrazionalizatzeko tokiko politiken eraginkortasuna.
Beraz, dagokion mailako arauaren bidez, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jardueran aritzeko baldintzak eta taxi modalitateko hiri-garraioari aplikatzeko arauak bateragarri egingo dituzten arauak zehaztu behar dira; horrela, kongruentziaz aplikatu ahalko dira autonomia-erkidegoen eta udalen eremuan turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraio publikoa —eremu horietan— arautzeko xedatutako arauak eta Estatuak bere eskumenak baliatuz araututako ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jarduera eta turismo-ibilgailuen bidezko hiriarteko garraio publikoari aplikatu beharreko araubidea.
Zerbitzu horien eta taxi-zerbitzuaren eskaintzen arteko oreka egokia bermatzeko helburua aintzat hartuta, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jarduerari aplikatu beharreko arauei segurtasun juridiko handiagoa emateko presako beharrizanak beharrezko egiten du zehaztea, berehala eta dagokion mailako arauaren bidez, turismo-ibilgailuaren bidezko bidaiarien garraio modalitate bien bizikidetza harmonikoa izan dadin ahalbidetuko duten arauak. Lurralde nazional osoan aplikatuko den araubidea izango da orekaren oinarri.
Esandakoaren ondorioz, kasu honetan, errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, aproposa eta egokia delako presako legegintzaren xedea lortzeko; hau da, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz eta Gobernuaren helburuen barruan, egoera jakin bat diruz laguntzeko, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen duena —esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presako prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan—.
Beraz, errege lege-dekretu honetako neurri guztiek —oro har zein banan-banan hartuta—, haien izaera eta xedea ikusirik, bete egiten dute Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak errege lege-dekretu bat onartu ahal izateko eskatzen duen aparteko eta presako beharrizanaren baldintza.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluak jasotzen duen baimena baliatuta, Sustapeneko ministroaren proposamenez, eta Ministro Kontseiluak 2018ko apirilaren 20ko bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzea.
Aldatu egiten da Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea, eta honela geratzen da idatzita:
Bat. Aldatu egiten da 9.1 artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«1. Garraioen Konferentzia Nazionala sortzen da, organo aholku-emaile eta eztabaida-organo gisa, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioek ahalmen publikoak koordinazioan egikaritu ditzaten sustatu eta errazteko, eta nazio osoan garraio sistema erkidea ziurtatzeko, bai eta bidaiarien garraio-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko ere; Sustapeneko ministroak eta autonomia-erkidegoetan garraio-arloan eskumena duten sailburuek osatuko dute konferentzia. Eztabaidatuko diren gaiak direla-eta beharrezko ikusten denean, Konferentziara batu ahalko dira Administrazio Nagusiko beste departamentuetako edo eragindako autonomia- erkidegoetako beste sailetako ordezkariak.»
Bi. Apartatu bat, 3.a, gehitu zaio 48. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«3. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, garraio modalitate bien eskaintzen arteko oreka egokia egon dadin, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimen berriak ematea ukatuko da, baldin eta eragiketa hau eginda ateratzen den proportzioa hogeita hamarretik bat baino handiagoa bada: baimen berrien helbidea zein autonomia-erkidegotako lurraldetan ezarri nahi den, han onartuta dagoen baimen-kopurua zati lurralde horretan helbidea duten turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraiorako baimen-kopurua.
Hala ere, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenen arloko eskumenak bere gain hartu dituzten autonomia-erkidegoak —Estatuak eskuordetuak— aurreko paragrafoan adierazitako proportzio araua aldatu ahalko dute haren ordez aplikatuko denak murriztapen txikiagoa ekartzen badu.»
Hiru. Apartatu bat, 2. a, gehitu zaio 91. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:
«2. Aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenak dena delako ibilgailua lurralde nazional osoan zerbitzuak emateko gaitzen badu ere, hau da, zerbitzuaren abiapuntu edo helmuga edozein dela ere zerbitzua eman badezake ere, horretan jarduten duten ibilgailuek zerbitzua emango dute, ohikotasunez, haientzako baimenean agertzen den helbideari dagokion autonomia-erkidegoaren lurraldearekin loturiko beharrak asetzeko.
Edozein modutan, ibilgailu batek dagokion autonomia-erkideagoaren lurraldeko beharrak asetzeko zerbitzua ez duela eman ulertuko da berarekin emandako zerbitzuaren ehuneko hogeia edo gehiago ez bada eman lurralde horretan, ez eta zati batean ere ez; baimenaren helbidea zein autonomia-erkidegotakoa den, horko beharrak ase egin beharko ditu zerbitzuak.»
Lehenengo xedapen gehigarria. Lankidetza Garraioen Konferentzia Nazionalaren esparruan, turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraioko sektorearen koordinazioa hobetzeko.
Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko ekainaren 30eko 16/1987 Legearen 9.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, Sustapeneko ministroak Garraioen Konferentzia Nazionalaren aparteko bilera deituko du Estatuaren eta autonomia-erkidegoen mailako alderdiak eta neurriak analizatu eta identifikatzeko; aldatu daitezkeen alderdiak eta neurriak analizatu eta identifikatuko dira, zerbitzuaren lehiakortasuna, eskumena eta ematea, bai eta hiri eta hiriartean turismo-ibilgailuen bidezko bidaiarien garraioko modalitate desberdinek burutzen duten jardueraren eremuko koordinazioa ere, hobetzeko xedez, indarrean dauden arauen arabera zerbitzu jardueretarako irispidea eta horien egikaritzea arautzeko baldintzek bete behar dituzten printzipioekin bat.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabeturik geratzen dira irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren bidez onartutako Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamenduko 181.3 artikulua eta 182.5 artikuluaren lehen bi paragrafoak, bai eta errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak
Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149.1.21 artikuluak xedatutakoaren babespean ematen da; artikulu horrek Estatuari esleitzen dio eskumena autonomia- erkidego batetik baino gehiagotik pasatzen diren lurreko garraioen ingurukoa xedatzeko.
Azken xedapenetatik bigarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2018ko apirilaren 20an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
MARIANO RAJOY BREY