29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena
1998-07-13Itzulpena nork: Agoues Mendizabal, Carmen; Urkola Iriarte, Jasone; Aldasoro Katarain, Irene; Petrirena Altzuguren, Patxi; Elosegi Aldasoro, Antton; Garzia Garmendia, Juan; Tamayo Errazquin, José Angel
Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 1998/7/14, 167. zk.
I. ERREFORMAREN JUSTIFIKAZIOA
Gure zuzenbide-estatuaren atal nagusi bat da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa. 1845eko apirilaren 2ko eta uztailaren 6ko legeek gure lurraldean hura ezarri zutenez geroztik, eta gorabehera asko ezagutu eta gero, ondo baino hobeto erakutsi du zer-nolako gaitasunak dituen.
Batez ere, 1956ko abenduaren 27ko legeaz geroztik, lege horrek eman baitzizkion administrazioarekiko jurisdikzioari egun dituen ezaugarriak eta ezinbesteko eskudantziak dagokion eginkizuna betetzeko: administrazio-jardueraren legezkotasuna kontrolatzea, herritarren eskubide eta interes legitimoak bermatuz administrazioaren gehiegikerien aurrean.
Lege hori, jarraitzen dituen printzipioengatik eta zorroztasuna erraztasunarekin ezin hobeto uztartzen duen teknika bikainagatik orok balioetsia, egokia izan da administrazio-jardueraren kontrol judiziala orokortzeko, nahiz eta salbuespen nabarmen batzuk izan, legea onetsi zeneko erregimen politikoak ezarriak. Lege horrek indar bereziz berretsi zuen administrazioarekiko auzien ordenaren izaera judiziala, aurreko legeriak ordurako ezarria, eta ordena horretako magistratuen espezializazioaz arduratu zen. Era berean, prozedura sinple eta teorian laster bat sortu zuen, justizia eraginkor bat lortzeko asmoarekin bat zetorrena eta alde batera uzten zituena bere xede ona galaraz zezaketen interpretazio eta praktika formalistak. Hala, 1956ko Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legeak bide bat ireki zuen, beharrezkoa, baina ez hala ere nahikoa, gure zuzenbide-estatuaren muga eta hutsune historiko ugariak osatzeko, eta bide hori egoki baliatu zuen garaiko jurisprudentziak, berritzaile jokaturik, administraziozuzenbideko espainiar doktrinak izan duen garapen ikusgarriak bultzatuta.
Hala ere, lau hamarkada igaro dira lege hura onetsi zenetik, eta aldaketa ugari eta garrantzitsuak izan dira bitarte horretan ordenamendu juridikoan, erakunde politiko-administratiboetan eta gizartean.
Aldaketa horien ondorioz, irtenbide berriak behar dira, nahitaez, instituzioen xede berak lortzeko, zeren, legearen artikuluen parte handi bat moldagarria bada ere, 1956ko legea ez baitago doiturik ordenamenduaren bilakaerari eta gizarteak justizia-administrazioari eskatzen dionari erantzuteko.
Ororen gainetik, kontuan hartu behar da 1978ko Konstituzioak izandako eragina. Nahiz eta Konstituzioaren oinarrian dauden printzipio batzuk 1956ko jurisdikzio-erreforma eragin zuten eta haren babesean landutako jurisprudentzia mamituz joan zen printzipio berak izan, garbi dago Konstituzioaren testuak askoz ondorio handiagoak dakartzala administrazio-jardueraren kontrol judizialari dagokionez. Gure herrialdean, 1978ko Konstituzioaz geroztik baino ez dira bete-betean bermatzen zuzenbide-estatuaren postulatuak, eta, haien artean, pertsonak bere eskubide eta interes legitimoen babes judiziala izateko eskubidea, administrazio publikoa legera eta zuzenbidera menderatzea, eta erregelamendu-ahala eta administrazioaren jardueraren legezkotasuna auzitegiek kontrolatzea. Eskubide eta printzipio horiek Konstituzioan aldarrikatzeak eta zuzeneko eraginkortasun juridikoa izateak inplizituki derogatu ditu errekurtsoetarako irismena edo errekurtsoen eraginkortasuna mugatzen zuten jurisdikzio-legearen manuak, sistema demokratiko batean justifikaziorik ez zutenak.
Baina eztabaidagai izaten jarraitu du, 1956ko legearen puntu batzuei dagokienez, derogatze-efektu horren norainokoak, eta oso komenigarria zen argi egitea, lege bitartez. Gainera, jurisprudentziak, bai konstituzio-arlokoak eta bai administrazioarekiko auzietakoak, beste erregela asko atera ditu Konstituzioaren printzipio eta manuetatik, eta interpretazio jakin batzuk ezarri dizkiote erregelok lege horri, edo are legearen testuan espresuki aintzat hartu gabeko hainbat ahal eta jarduera judiziali sostengua eman diote. Azkenik, Konstituzioak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren araubidean duen eragina ez da mugatzen 9.1, 24, 103.1 eta 106.1 artikuluek xedatzen dutenera. Arartekotasun handiagoz edo txikiagoz, jurisdikzio-ordena horren antolamenduari, eremu eta hedadura materialari eta funtzionamenduari eragiten diote beste konstituzioxedapen askok: bai printzipio substantiboak eta oinarrizko eskubideak arautzen dituztenek, bai gure monarkia parlamentarioaren egitura eta Estatuaren lurraldeantolamendua taxutzen dutenek.
Gainerako ordenamendua bezala, Konstituzioaren letrari eta espirituari egokitu behar zaio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren lege-araubidea ere.
Bestalde, Espainiako gizartea eta administrazioa ikaragarri eraldatu dira azken hamarkadetan. Gizartea, gaur egun, orain dela berrogei urte baino askoz garatuagoa, libre eta pluralagoa, emantzipatuagoa eta bere eskubideez ohartuagoa da. Aldi berean, antzinako administrazio murritz, zentralizatu eta hierarkizatua erakunde zabal eta konplexu bihurtu da; eginkizun ugari eta baliabide handiak ditu, eta deszentralizatua dago lurraldeari eta eginkizunei dagokienez.
Eraldaketa horien ondorioz, hein handi batean aldatu egin dira, eta dibertsifikatu administrazio-antolamenduaren forma juridikoak, administrazioaren jardueraren xedeak, edukia eta formak, pertsonek eta gizarte-taldeek administrazioaren aurrean dituzten eskubideak, eta, azken batean, administrazio-zuzenbidearen mende dagoen erlazio-sistema.
Aldaketa horiek guztiek eragiten diote, era batera edo bestera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari. Gatazka juridiko gutxi batzuk ebazten espezializaturiko jurisdikzio gisa sortua zena, gainezka eginik dago azken aldian, hainbesteraino ugaldu dira herritarren eta administrazioen arteko eta administrazioen beren arteko auziak. Arazoak, alde horretatik, administrazioaren kontrol judizialerako sistemek beste herrialde askotan pairatzen dituzten berak dira.
Gurean, bestalde, nahiko atzeraturik geratu da jurisdikzioari bere xedeak betetzeko ematen zaion tresneria juridikoa.
Bereziki, administrazioaren jarduketa materialak eta jardute-eza kontrol juridikoaren mende jartzeko tresneria, baina baita erabaki judizialak lehenbailehen exekutarazteko eta prozesuaren eraginkortasuna segurtatuko duten kautela-neurriak hartzeko tresneria ere. Horregatik, nahiz eta jurisdikzioaren pertsona-baliabideak handitu, nahiz eta jurisprudentziak sormena erakutsi, nahiz eta kautelazko justizia garatu eta beste zenbait erremedio partzial jarri, garai kritiko batean dago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, eta beharrezkoa da erreformen bidez aurre egitea horri.
Erreforma horietariko batzuk dagoeneko egin ere egin ditu legegileak zenbait testutan, batzuk lehenago eta beste batzuk berrikiago. Izatez, hainbeste eta hain barreiatuak dira jurisdikzio-araubidearen alderdiren bat aldatu edo osatu duten arauak, ezen horiek bakarrik aski bailirateke bategite bat justifikatzeko.
Orain ekiten zaion erreformak aurreko legegintzaldian egindako lan parlamentarioak hartzen ditu oinarri -lan haietan, nahiko adostasun maila handia lortu zen puntu askotan-, baina puskaz harago doa. Alde batetik, kontuan hartzen ditu aldaketa partzial edo zeharkako horiek, guztiak testu batera biltzeko ez ezik, zenbait gauza zuzentzeko ere, praktika judizialak edo doktrinaren kritikak erakutsi duelarik desegokiak edo hobetzeko modukoak direla. Bestetik, erreformak osatu nahi du administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren araubide juridikoa Konstituzioaren balio eta printzipioetara egokitzeko lana, aintzat harturik Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren ekarpenak, Estatuaren antolamendu berria eta doktrina juridikoaren bilakaera.
Azkenik, bere eginkizuna betetzeko behar dituen tresnak eman nahi dizkio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari, egungo egoerak eskatzen duenaren araberakoak.
Azken ikuspuntu horretatik, bi alde hauek uztartzen ditu erreformak: alde batetik, administrazioarekiko auzien ordenan babes judizial material osoa bermatzeko neurriak, eta akzioak eta errekurtsoak baliatzearen eta alderdien defentsaren aldeko irizpidea, tentazio formalistetan batere erori gabe; bestetik, auziak arinago ebazteko neurriak. Eskubide eta interes publiko nahiz pribatuak eta erabaki judizial zuzen eta kalitatekoak bermatzearekin batera prozesuen lastertasuna eta epaitutakoaren eraginkortasuna lortzeko ahalegina da erreformaren ardatzetariko bat. Agerikoa baita justizia berantiarrak edo kautelazko hutsak ez dutela bermatzen Konstituzioaren 24.1 artikuluak aitortzen duen eskubidea.
Egia da justizia lasterra eta kalitatekoa ez dela lege bat erreformatze hutsarekin lortzen. Egia da, orobat, bide judizialaren osagarri diren beste bide batzuetatik ere kontrola daitekeela eta kontrolatu behar dela administraziojardueren legezkotasuna, eta bide horiek hobetu egin beharko liratekeela alferrikako errekurtsoak gehiegi ez ugaltzeko eta gatazka asko eta asko kostu gutxirekin eta laster ebazteko moduak eskaintzeko. Baina, nolanahi ere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren lege-araubidea, jurisprudentziaren bermatzaile eta sortzaile gisa duen eginkizun bikoitzean ordezkaezina izanik, egungo egoerara egokitu behar da lastertasun- eta kalitate-xede hori erdiesteko.
Premisa horiekin, aldi berean kontinuista eta oso berritzailea da erreforma. Kontinuista, lehenik, eutsi diolako Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioak aurreko legerian zuen eta Konstituzioak gero behin betiko finkatu zuen izaera guztiz judizialari. Bigarrenik, eutsi diolako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak duen alderdi arteko judizioaren izaerari, bai eta haren xede bikoitzari ere: norbanakoen berme izatea eta administrazioa zuzenbidera mendera dadin kontrolatzea. Eta, hirugarrenik, eutsi nahi izan zaiolako, ohartuki, konstituzio-aginduekin bat etorriz praktikan ondo funtzionatu duen guztiari.
Hala ere, instituzioa egokitzera behartzen duten eraldaketen garrantzia eta hedadura ikusita, ezinbestekoa zen haren araubide juridiko osoa berrikustea, eta hori ezin egin zen aurreko legeriari ukitu soil batzuk emanda. Gainera, gure garaiko beharrei erantzun ez ezik, etorkizunera begiratu ere egiten du erreformak, ahal den neurrian eta behar den zuhurtziaz, eta agindu eta klausula orokorrak sartzen ditu han eta hemen; doktrinaren eta jurisprudentziaren eginkizuna izango da manu eta klausula horiei eduki zehatza ematea, jurisdikzioaren funtzionamendua hobetzeko.
II. ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN JURISDIKZIOAREN EREMUA ETA HEDADURA
Aurreko legearen sistematika behar baino gehiago ez aldatzeko asmoari leial, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren eremua, hedadura eta mugak zehazten ditu lehenik lege-testu berriak.
Tradizioa errespetatuz, eta Konstituzioaren 106.1 artikuluarekin ados, erregelamendu-ahala kontrolatzea eta administrazio-zuzenbidearen mendeko administrazio-jardueraren legezkotasuna kontrolatzea esleitzen zaio. Baina, jurisdikzioaren eremua zehaztean, berrikuntza batzuk ere sartzen ditu lege honek, batzuk nahitaezkoak eta denak garrantzi handikoak.
Lehenik, beharrezkoa zen lege honi dagokion administrazio publikoaren kontzeptua eguneratzea, denborak ekarri dituen antolamendu-aldaketei erantzuteko eta beste lege batzuek xedatzen dutenarekin lotura egiteko.
Beharbeharrezkoa zen, orobat, lege honetan berrestea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren epaira menderatuko direla administrazioaren parte ez diren beste organo publiko batzuen egintzak eta xedapenak, edukiz eta efektuz materialki administrazio-izaerakoak direnean.
Eztabaida dogmatikoetan sartzeko asmorik gabe, ez baita hori legegilearen egitekoa, arazo praktiko bati erantzutera dator legea: babes judiziala segurtatzera ia denean administrazio publikotik datozenen antzekoak diren egintza eta xedapen horien eraginez beren eskubideak eta interesak ukitzen zaizkienei.
Bigarrenik, bistan da, gauden garai historikoan egonda, oso motz geratuko litzateke jurisdikzioaren eremu materiala, lege-maila baino apalagoko xedapenen edo zentzu hertsian administrazio-egintza edo -kontratu direnen inguruan aurkezten diren uziak epaitzea soilik balitz jurisdikzioaren egitekoa. Benetako garrantzia duena, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren izatea bera justifikatzen duena, hauxe da: segurtasuna ematea, interesdunen eta interes orokorraren onurarako, administrazioa zorrotz menderatzen dela zuzenbidera, botere publiko gisa eta horregatik dagozkion ahalak baliatuz egiten dituen jarduketa guztietan. Jakina denez, administrazio-jarduera guztia ez da adierazten erregelamendu, administrazio-egintza edo kontratu publikoen bidez; administrazioaren borondatearen adierazgarri dira, orobat, prestazio-jarduera, era guztietako negozio-jarduerak, jarduketa materialak, jardute-eza edo egin beharreko jarduketak ez egitea, eta legearen agintera menderaturik egon behar du beti borondate horrek.
Administrazio-jardueraren beste adierazpen horiek administrazioarekiko auzi-errekurtsoen bidez kontrolatzeko legezko ezintasuna, aspaldidanik kritikatua, ezin justifikatuzkoa da jadanik, hala konstituzioprintzipioen argitan, nola adierazpenon kopuruak eta nolakotasunak hartu duen garrantziaren argitan. Horregatik ezartzen du lege berriak jurisdikzioaren kontrolpean administrazio-zuzenbidearen mende dagoen edozein administrazio publikoren jarduera, dagozkion akzio prozesalak eraturik hartarako.
Ildo horretatik, legeak zehazten du administrazioarekiko auzien jurisdikzioordenak eskumena duela, administrazio-kontratuen inguruan sortzen diren arazoez arduratzeko ez ezik, baita administrazio publikoen kontratuen legeriaren mende dauden gainerako kontratuen prestatze- eta esleitze-egintza banangarrien ingurukoez arduratzeko ere.
Azken batean, administrazioarekiko auzien bidea kontratu-legeriara egokitzea da kontua, eta begiratzea ez daitezela hautsi, onura publikoaren izeneko xedeekin lotura zuzena duten jarduketetan zeinahi arrazoirengatik zuzenbide pribatua aplikatze hutsagatik, Konstituzioaren eta Europar Erkidegoaren zuzenbidearen aginduz subjektu publikoen kontratu-jokabidea arautu behar duten printzipio orokorrak.
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioak bermatu behar du, jakina, nahitaez bete daitezela printzipio horiek, kontratazio guztiz pribatua arautzen duten printzipioez oso bestelakoak.
Antzeko zerbait esan behar da administrazio publikoaren ondare-erantzukizunaren inguruan sortzen diren auziez ere.
Administrazio publikoak araubide juridiko berezia du horretan, Konstituzioak babestua, eta izaeraz publikoak dira araubide horren printzipioak. Gaur egun, erantzukizuna kasu guztietan administrazio-prozedura beraren bitartez galdatzera behartzen du legeak, eta, beraz, oso komenigarria dirudi era horretako auziez arduratzeko eskumena Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan bateratzea, orain dagoen akzio-sakabanaketarik izan ez dadin eta jurisprudentziaberdintasuna berma dadin, alde batera utzita, noski, erantzukizuna arau-hauste penal batetik eratorria den kasuak.
Jurisdikzioaren eremu materiala zedarritzean, kanpo utzitako gai batzuen zehaztapena ere egiten da. Alde horretatik, lege honek errespetatu egiten du administrazio-jarduerarekin zerikusia duten zenbait eskumen beste lege batzuek beste jurisdikzio-ordena batzuei esleitu izana -arrazoi pragmatikoengatik, gehienbat-, eta kontuan hartzen du jurisdikzio- eta esleipen-arazoez legeria berrienak xedaturikoa. Kanpo utzitakoen artean, legeak ez du jadanik jasotzen Gobernuaren egintza politiko direlakoen ingurukoa, 1956ko legean jasoa.
Ohar bat egitea komeni da azken gai horri dagokionez. Botere publikoak ordenamendu juridikora erabat menderatzearen printzipioa du lege honek abiapuntu, zuzenbide-estatuaren klausula gailena baita hori.
Printzipio horrekin bateraezina da aginte-egintzen edozein kategoria orokor -nolanahi ere deitzen dela: egintza politiko, gobernu-egintza edo zuzendaritza politikoaren arloko egintza- berez jurisdikzioaren kontroletik kanpokotzat aitortzea. Zentzugabekeria litzateke noski lege batek, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren lege-araubidea Konstituzioaren letrara eta espiritura egokitu nahi duelarik, zuzenbidearen eraginpetik salbuestea gobernujarduketen esparru oso bat. Izatez, «egintza politiko» kontzeptua bera bazterturik geratzen ari da gaur egun Europako zuzenbide publikoan.
Zuzenbide-estatu batean ezin onartuzkoa da kontzeptu hori mantentzen ahalegintzea, dela botere exekutiboaren jarduketan eremu bat orokorki zedarrituz, konstituzio-zuzenbideak soilik arautua eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren kontroletik salbuetsia, dela kontrol judizialetik kanpo utzitako kasuen zerrenda bat ezarriz.
Aitzitik, eta horren inguruan dudaren bat geratuko balitz ere, zenbait alderdi izendatzen ditu legeak, positiboki, edozein kasutan kontrol judiziala izan dezaketenak, den handiena delarik ere gobernu-ebazpenaren irizpidezkotasuna: oinarrizko eskubideak, egintzaren elementu arautuak, eta kalte-ordainak finkatzea.
III. JURISDIKZIOAREN ORGANOAK ETA HAIEN ESKUMENAK
Esan bezala, errekurtso-olde gero eta handiagoak oso egoera larrian jarri du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, eta garbi dago haren antolamendua berritzeak lehentasuna izan behar zuela.
Administrazioarekiko auzien epaitegien eskumenak arautzea da hirugarren kapituluko berrikuntzarik handiena. Botere Judizialaren Lege Organikoak aurreikusitako organo judizial horien sorrerak aldeko eta kontrako iritziak eragin zituen. Alde batetik, ezinbestekoa zirudien administrazioarekiko auzitegiak hainbat eta hainbat auziz arintzea, baina, bestetik, zalantzak sortu ziren ea epaitegiak, kide bakarreko organo izanik, egokiak ote ziren Botere Judizialaren Lege Organikoan ezarritako klausula orokorraren arabera legozkiekeen eskumenei erantzuteko.
Eztabaida luzea eragin du noski auzi askoren konplexutasun teknikoak eta klausula horren arabera auzitegiok epaitu beharko lituzketen beste batzuen garrantzi politikoak, eta beharrezkoa zen eztabaida hori ebaztea, azkenik epaitegiak ezarriko baziren.
Erabakitasunez eta aldi berean zuhurtziaz heltzen dio erreforma honek arazoari. Zerrenda tasatuko sistema baten bidez definitzen du epaitegien eskumena.
Zerrenda hori egitean, kontuan izan da komeni dela kide bakarreko organooi esleitzea eskumen multzo bat, nahiko uniformea, garrantzi ekonomiko eta sozial gutxiagokoa baina jurisdikzio honetako organoen aurrean egunero aurkezten diren errekurtsoen ehuneko handi bat hartzen duena. Horrela eman dakioke irtenbidea justizia-auzitegi nagusiek duten gehiegizko lanari, auzi kopuru handi bat kenduko baitzaie, nahiz eta eskumena izaten segituko duten lehen auzialdian epaitzeko «a priori» garrantzitsuenak diren auziak eta orobat hondar-klausulan sartzen diren mota guztiak, auzitegion eskumen-eremura pasatu baita orain hondar-klausula. Epaitegiek, berriz, arrazoizkoa denaren barruan balia ditzaketen eta esperientzia sendotzeko aski diruditen eskumen batzuk berenganatzen dituzte. Ez dago eragozpenik, alderantziz baizik, denboraldi batean proba egin eta esperientzia horren argitan eskumen-zerrenda berrikusteko. Nolanahi ere, garbi dago epaitegietako titularrak lehenbailehen eta egoki aukeratzean eta prestatzean dagoela batez ere erreforma egoki burutzeko gakoa.
Besterik ere badu erreformak kide bakarreko organoei dagokienez. Izan ere, arautzen da zer eskumen duten administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek, jurisdikzioa Espainia osoan dutela, gaur egun gainezka dauden jurisdikzioorganoen lana arintzen laguntzearren.
IV. ALDERDIAK
Aspaldi gainditu zen 1956ko abenduaren 27ko legean jasotzen zen alderdien erregulazioa, irizpide funtsean indibidualista eta zantzu korporatibodun batean oinarritua. Harrezkero, beste arau batzuen bidez zuzenduz joan da erregulazio hori, eta jurisprudentziak, gainera, interpretazio berri bat eman dio, jatorrian zuenaz oso bestelakoa. Bitarte honetako aldaketak jaso besterik ez du egiten lege berriak, oraindik ilun dauden puntu batzuk argituz eta manuak ahalik eta modurik soilenean sistematizatuz. Erdietsi nahi dena da ez inor geratzea justiziarako irispiderik gabe, izan pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, baldin gaitasun juridiko nahikoa badu eta babesteko interes legitimoren baten titular bada; interes legitimo esatean, eskubide subjektiboak barne hartzen dituen baina zabalagoa den kontzeptu bat adierazten da.
Oinarri hori harturik -Konstituziotik ere eratortzen den oinarria-, teknikoak dira funtsean legearen berrikuntzak. Legitimazioa arautzen duten manuetakoak dira esanguratsuenak. Legitimazio aktiboari dagokionez, sistematizatu egin dira indarrekotzat eta aukeraturiko irizpidearen araberakotzat jo daitezkeen arau orokor edo berezi guztiak. Kasuen azalpenak erakusten du, nolanahi ere, zenbaterainoko bilakaera izan duen administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, askotariko xedeak lortzeko tresna baita gaur egun: besteak beste, norbanakoaren interesen defentsa, talde-interesen defentsa eta legitimoak diren beste interes guztien defentsa egitea -interes politikoak barne-, maila apalagoko administrazioen legezkotasunaren kontrol-mekanismo izatea, administrazioon autonomiaren defentsarako tresna izatea, zenbait erakunde publikori gomendaturiko eskubide eta askatasunen defentsarako bide izatea, eta orobat legearen interes objektiboaren defentsarako bide izatea legez herri-akzioa balia daitekeen kasuetan.
Legitimazio pasiboari dagokionez, lehengo bera da funtsezko irizpidea, eta aurreko erregelak sinplifikatzera bideratua dago. Zehaztasunetan sarturik, ez du zentzurik laguntzailearen figura mantentzeak, jadanik ez baita inolako alderik eskubide subjektiboak emandako legitimazioaren eta interes legitimoak emandakoaren artean. Aitzitik, beharrezko ikusi da administrazio demandatua zein den gehixeago zehaztea aurretiazko fiskalizazioari loturiko egintzak aurkaratzen diren kasuan, eta, batez ere, xedapen orokor bat zeharka aurkaratzen den kasuan, demandatutzat hartzea xedapen hori eman duen administrazioa, nahiz ez berarena izan zuzenean errekurritu den jarduera. Erabaki horrekin, bide prozesala ematen zaio edozein administraziok onartzen dituen arauen legezkotasuna defendatzeko administrazio horrek berak duen interesari, eta berezitasun hori dute, besteak beste, lege honetan xedapen orokorrak zuzenbidearen araberako diren edo ez ebazteko arautzen diren errekurtsoek.
Ordezkaritzari eta defentsari dagokienez, kide anitzeko organoak eta kide bakarrekoak bereizten ditu legeak. Kide anitzekoetara jotzean, nahitaezkoak dira prokuradorea eta abokatua; kide bakarrekoetara jotzean, hautazkoa da prokuradorea eta nahitaezkoa abokatua. Funtzionario publikoak beren kabuz agertu ahal izango dira enplegatu publiko mugiezinak kargutik kentzea ez dakarten pertsonal-arazoetan.
Administrazio publikoen eta konstituzio-organoen ordezkaritzari eta defentsari dagokionez, prozesu mota guztietarako, Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Estatuaren eta Erakunde Publikoen Laguntza Juridikorako Legeak xedatzen dutenera igortzen du lege honek, eta orobat autonomia-erkidegoek beren eskumenen barruan gai horretan eman dituzten arauetara, ez baitago lege-mailako arau batean jasotzea merezi duen berezitasunik administrazioarekiko auzietan.
V. ERREKURTSOAREN OBJEKTUA
III. tituluko lehenengo bi kapituluetako manu bakanetan, administrazioaren kontrol judizialerako sisteman lege honek egin dituen berrikuntza garrantzitsuenetariko batzuk jaso dira. Gainditu egiten da administrazioarekiko auzierrekurtsoaren ideia tradizional eta murritza, errekurtso hori aurretiazko administrazio-egintzen berrikuspentzat hartzen zuena -hau da, egintzari jarritako errekurtsotzat-, eta ateak behin betiko zabaltzen zaizkio administrazioaren edozein jokabide legez kontrakoren aurrean justizia lortzeari.
Aldi berean, ordea, beharrezkoa da kasu bakoitzean alega daitezkeen uziak bereiztea, agerikoa baita, askotarikoak izanik errekurtsoa jar dakiekeen jarduketa eta ez-egiteak, errekurtsoa jadanik ezin irudika daitekeela akzio prozesal uniforme gisa. Ezaugarri erkideak murriztu gabe -«nomen iuris» delakoa, hasteko-, modulazio garrantzitsuak onartzen ditu errekurtsoak, objektuaren arabera.
Elementu erkideak eta bereizgarriak eskema sinple eta malgu batean bateragarri egitea da erreformaren beste xedeetariko bat.
Objektuaren arabera, lau errekurtso-modu bereizten dira: ohikoa, administrazio- egintza espresu nahiz presuntziozkoen kontra jartzen dena; zuzenean edo zeharka xedapen orokor baten legezkotasunaz diharduena, erregela berezi batzuekin; administrazioaren jardute-ezaren kontrako errekurtsoa; eta egitatebide diren jarduketa materialen kontra jartzen dena.
Egintzen aurkako errekurtsoak ez du berriztatu behar handirik, hura taxutu baitzen egokienik aurreko denboraldian. Legeak, nolanahi ere, aurreko ordenamendutik kendu egin ditu justifikaziorik ez duten arau murriztaile batzuk, baina orain ere onartezintzat jotzen du egintza irmo eta bere hartan utzien berrespen-egintzen aurkako errekurtsoa.
Segurtasun juridikoari dagozkion oinarrizko arrazoiak dira azken erregela horren euskarri, zeren, administrazioegintza batek kaltetu duena ez ezik, kontuan izan behar baitira interes orokorra eta banako edo talde gisa egintza horren onura edo babesa izan dezaketenak ere. Gainerakoan, aipaturiko arrazoi horrengatik babes judizialerako irispideak hein batean mugaturik badirau ere, muga hori ez da lehen bezain astuna gaur egun; izan ere, ohiko administrazio-errekurtsoaren epeak luzatu egin dira berriki, jakinarazpen akastunak eraginkortasunik gabetzat jotzen ditu indarrean den legeriak, inolako epe-mugarik gabe, eta, gainera, zabaldu egin dira ofizioz berrikusteko ahalmenak. Hautu arrazoizkoa eta orekatua da salbuespen hori mantentzea.
Aldiz, beharrezko ikusi da xedapen orokorrak zuzenbidearen araberako diren edo ez epaitzen duten errekurtsoen berezitasunak nabarmentzea legearen testuan, orain arte ez baitzaie behar adinako garrantzia eman. Izatez, errekurtso mota horien efektuak eta, bereziki, xedapen orokor bat legez kontrako deklaratzearenak, edozein bidetatik deklaratu dela ere, ezin konpara daitezke, oro har, egintzen aurkako errekurtsoaren efektuekin. Gero eta nabarmenago geratzen da desberdintasuna praktikan, kontuan izanik zer-nolako hedadura eta garrantzia hartu duen erregelamendugintzak estatu moderno polifazetikoan.
Xedapen orokorren legezkotasuna kontrol judizialaren mende jartzeko aukerarik zabalenak ziurtatzen ditu lege berriak, zuzeneko eta zeharkako errekurtso direlakoak mantenduz eta aurreko legeriak errekurtsoa jartzeko ezarri zituen muga guztiak kenduz. Aldi berean, xedapen orokorren aurkarapena arin izapidetzea bultzatzen du, eta izapideen amaieran erabaki judizial argi eta bakarra ematea, efektu orokorrak izango dituena; saihestu egin nahi ditu, hartara, behar ez diren arau-hutsuneak eta arauen baliozkotasunaren eta indarraldiaren inguruko egoera zalantzazko edo behin-behinekoak. Zeharkako errekurtso deritzonari ematen zaion trataeran gauzatzen da, beste xehetasun-arau askoren artean, irizpide hori.
Teoria juridikoan eta praktika judizialean guztiz argitu gabe egon da, orain arte, errekurtso mota horrek zer efektu dituen aurkaraturiko egintzak aplikatzen duen araua zuzenbidearen kontrakotzat jotzen den kasuan.
Eta, larriago dena, segurtasun juridikorik gabeko egoerak eta desberdintasun nabarmenak sortu ditu era horretako kontrolaren lausoak, zeren, organo judizial bakoitzaren irizpidearen arabera, instantzia bateragarri bat izan ezean -beti ez da izaten halakorik-, kasu eta eremu batzuetan xedapen jakin batzuk aplikatzen baitira, eta beste batzuetan aplikatu gabe uzten. Horri konponbidea emateko, beharrezkoa da xedapen orokorren legezkotasunari buruzko erabaki judiziala organo bakarrean bateratzea -kasu bakoitzean xedapenon aurkako zuzeneko errekurtsoaz arduratzeko eskumena duenean-, eta erabaki horri «erga omnes» efektuak ematea beti. Horregatik, zeharkako errekurtso batez organo bakar hori arduratzen denean, xedapen orokorra baliozko edo deusez den deklaratuko duela ezartzen du legeak. Halako errekurtso batean eskumena duen organoa dagokion xedapenaren aurkako zuzeneko errekurtsoaz arduratu daitekeena ez den kasurako, berriz, legezkontrakotasun-arazoa sartzen du.
Konstituzioaren 163. artikuluak aurreikusitako konstituziokontrakotasunarazoaren esperientzia hartu du kontuan prozedura honen erregulazioak, eta, neurri batean, haren mekanikari jarraitzen dio; hor amaitzen dira analogiak. Legezkontrakotasun-arazoa ez da segurtasun juridikoa indartzera datorren erremedio tekniko bat baino; ez du eragozten legez kontrako izatea egozten zaion erregelamendua aplikatzen duen egintzaren legezkotasuna erabakitzeko eskumena duen epaile edo auzitegiak epaitzea arauak, baina haren baliozkotasunari buruzko edozein zeharkako epai lotuko duen erabaki bakarra lortzea du helburu.
Doktrina juridikoak aspalditik egiten zuen eskaerari erantzunez, administrazioaren jardute-ezaren kontrako errekurtso bat sortu du Legeak, Europako beste ordenamendu batzuetan aurrekariak dituena. Hau da errekurtsoaren xedea: Administrazioak, dagokion kondena-epaiaren bitartez, zor den prestazio materiala ematea, edo, ofizioz hasitako prozesuetan, administrazio-isiltasuna bidezko ez den kasuan, dagokion egintza espresua ematea. Horrela, tresna juridiko bat eskaintzen zaio herritarrari administrazioaren pasibotasunari eta luzamenduei aurre egiteko. Noski, erremedio horrek ez die organo judizialei baimenik ematen administrazioaren lekua hartzeko zuzenbideak haien jardueran aurreikusiak ez dituen alderdietan; horien artean sartu behar da erabaki baten edo jarduketa material batenquandoaren inguruko irizpidezkotasuna. Ez die ahalmenik ematen, orobat, zerbitzuak sortzeko edo jarduerak egiteko legezko gaikuntza edo obligazio orokor eta zehaztugabeak agindu zehatz bihurtzeko, administrazioaren eginkizunetan sartuko bailirateke orduan. Horregatik, legezko epe bat duten prestazio konkretuak eta egintzak aipatzen ditu beti legeak, eta, horregatik beragatik, kondenaepaiak, halakorik bada, agindu behar du administrazioaren betebeharrak zorrotz bete daitezela, ezarrita dauden bezala. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoak ezin ditu erremediatu, duen izaera izanda, administrazioaren nagikeriak, geldotasunak edo eraginkortasunik ezak eragindako kasu guztiak; legea zehatz bete dadila bermatu behar du administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, ez besterik.
Egitate-bidezko jarduketa materialen aurkako errekurtsoa da beste berrikuntza aipagarri bat. Administrazioaren jarduketa materialen kontra jo daiteke errekurtso horren bidez, baldin jarduketok beharrezko estaldura juridikorik ez badute eta edozein eratako eskubide eta interes legitimoak kaltetzen badituzte. Deklarazio- eta kondena-izaera du akzio horrek, eta interdiktu-izaera ere bai, nolabait; horretarako, kautela-neurrien erregulazioarekin loturik egon behar du. Gaiaren aldetik, aski justifikaturik dago administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenak errekurtso horietaz arduratzeko duen eskumena.
Administrazioaren jardute-ezaren kontrako errekurtsoaren kasuan, administrazio- bideko aurretiazko erreklamazio bat ezartzen du legeak; egitate-bidearen kontrako errekurtsoaren kasuan, aurretiazko errekerimendu hautazko bat, administrazio-bidekoa hori ere. Baina errekurtsook ez dira bihurtzen, haatik, erreklamazio edo errekerimendu horien ezespenaren -isiltasunezko ezespenaren, hala bada- kontrako prozesu.
Ez, esan izan den bezala, egintza berriok dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoak tradizioz izan duen berrikuspenizaera, ez erreklamazioa edo errekerimendua guztiz edo partez ez baiestea har daiteke administrazio-egintza espresu zein presuntziozkotzat. Xedea, soil-soilik, administrazioari gatazka konpontzeko eta epaileak esku hartu beharrik ez izateko aukera ematea da. Kontrako kasuan, zuzenean, jardute-eza edo dagokion jarduketa materiala aurkaratzen da beste izapiderik gabe, haren inguruabarrek zehazten baitute prozesuaren objektu materiala.
III. tituluko gainerako manuek hobekuntza tekniko batzuk jaso besterik ez dute egiten. Auzien izapideak arintzea da ardura nagusia, eta, ildo horretan, erregela batek epaile edo auzitegiari aukera ematen dio objektu bera duten errekurtso-samalden izapideak geldieran uzteko eta haietariko bat edo batzuk lehentasunez ebazteko. Hartara, izapideak errepikatzea saihestu daiteke, zeren lehenengo epaiaren edo epaien efektuak, exekuzio bidean, beste kasuei aplika dakizkieke edo, beharbada, beste errekurtsoak utziestea eragin dezakete.
VI. PROZEDURA
1. Aurreko legeriaren eskeman oinarritzen da administrazioarekiko auzien prozedura arrunta. Asko dira, ordea, aldaketak; izan ere, alde batetik, oso kontuan izan dira praktikak erakutsitakoa eta doktrinaren ekarpenak, eta bestetik, arau bereziak ezarri dira prozedura berezirik behar ez duten hainbat errekurtso
motatarako. Printzipio erkideetan eta prozesu-eskema berean oinarriturik, prozedura malgu bat ezartzen du legeak, kasu bakoitzerako erantzun hein batean desberdinak ematen dituena. Prozesuaren eraginkortasuna eta lastertasuna bermatzearekin batera alderdien defentsa bermatzea izan da xede etengabe.
Berrikuntza garrantzitsua da prozedura laburtu bat sartu izana, ahozkotasun printzipioan oinarritua, munta jakin mugatua duten gai jakin batzuentzat.
Erreformatu egin dira legeak administrazio-espedientea lehenbailehen eta osorik organo judizialari bidaltzea lortzeko ezartzen dituen bermeak, auzi askoren izapideak luzatzen dituzten administrazio-praktika justifikaezin eta sobera zabalduei muga jartzeko asmoz.
Praktika horiek betiko baztertu behar dira, bateraezinak baitira administrazioaren herritarrekiko betebeharrekin eta justiziaadministrazioarekin lankidetzan jarduteko betebeharrarekin.
Prozesuak laster ebazteko ahalegin horren ildotik, zenbait ahalmen jartzen ditu legeak alderdien edo organo judizialaren esku: besteak beste, kasu batzuetan errekurtsoa demanda bidez hasteko aukera; froga, ikustaldi edo konklusiorik gabe epaitza eman dadila eskatzeko aukera, eta adiskidetze-ahalegina egiteko aukera.
Epaile eta magistratuen irizpidearen baitan eta alderdien lankidetzaren baitan dago neurri horiek beren xedeak iristea.
Epaiari dagokionez, lehendik araututakoari hurbiletik jarraitzen dio legeak.
Hain zuzen, lehen bezala aipatzen da xedapen, jarduketa edo egintza orokorki zuzenbidearen araberako izatea edo ez, ordenamendu juridikoaren araberako izatea edo ez, zeren -1956ko legearen Zioen Azalpeneko hitzetan esanik- araberakotasun hori legeei begira soilik aztertuz gero ahaztu egiten da juridikotasuna ez dagokiela xedapen idatziei soil-soilik, baizik eta printzipioei eta instituzioen izaerak berez duen arautasunari ere badagokiela. Hala ere, agindu batzuk gehitzen ditu honako baiespen-epaitza hauen edukiari eta efektuei buruz: administrazioa zerbait egitera kondenatzen dutenak, kalte-galerak berdintzeko uziak baiesten dituztenak, xedapen orokorrak deuseztatzen dituztenak eta irizpidezko jarduketei buruzkoak.
Azken horiei dagokienez, legeak gogorarazten du zuzenbide-kontrol izaera duela administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, eta horregatik dio epaileek eta auzitegiek ezin dutela erabaki deuseztatzen dituzten egintzen irizpidezko edukia. Jakina, erregela horren bidez ez zaie inola ere organo judizialei ahala murriztu nahi irizpidezko egintzen kontrola behar den neurriraino hedatzeko, hain zuzen ere administrazioa zuzenbidearen mendeko izateak eskatzen duen neurriraino: egintzon elementu arautuak epaitzea eta irizpidezkotasunaren muga juridikoak bermatzea.
2. Ebazpen judizialen kontrako errekurtsoei dagokienez, 1992ko apirilaren 30eko Erreforma Prozesalerako Presazko Neurrien 10/1992 Legeari atxikitzen zaio oro har legea, baina beharrezko aldaketa batzuk sartzen ditu. Aldaketa horietariko zenbait administrazioarekiko auzien epaitegien sorrerak eraginak dira, horren ondorioz berriz ezarri baitira epaitegion ebazpenen kontrako apelazioerrekurtsoak; beste zenbait, berriz, azken erreforma prozesal hartatik ateratako esperientzia labur baina adierazgarriak ekarriak.
Epaitegien epaien kontrako apelazio-errekurtso arrunt berria ez da, hala ere, orokorra. Auzialdi bikoitza ez denez Konstituzioak prozesu mota guztietarako galdatzen duen zerbait, komenigarritzat jo da justizia-auzitegi nagusiek bigarren auzialdian garrantzi gutxieneko auziez arduratu behar ez izatea, gaur pairatzen duten itomenari irtenbidea emateko. Hala ere, apelazioa bidezko da auzia funtsari dagokionez ebatzi ez denean, benetako babes judizialerako eskubidearen eduki normala bermatzearren, eta orobat oinarrizko eskubideak babesteko prozesuan, administrazioen arteko auzietan eta xedapen orokorren zeharkako aurkarapena ebazten denean, auzi hauek guztiek garrantzi handiagoa dutelako «a priori».
Legeak nabarmen igotzen du kasazio arruntera irispidea duten auzien munta, eta, neurri apalagoan, doktrina bateratzeko kasaziora irits daitezkeen auziena. Neurri zorrotza da, baina beharrezkoa azken urteotako esperientzia ikusita, zeren 10/1992 Legeak finkatutako muntek ez baitute gutxitu Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak duen lan-karga eskerga. Erregela berriek auzialdi bikoitzerako aukera kentzen badute ere kasu askotan, beste hautabideak are larriagotzen utziko luke karga hori, gaur egun ere arrazoizkoa baino aise handiagoa. Askoz kaltegarriagoak dira halako egoera baten eraginak, arriskua baitago Auzitegi Gorenaren aurrean ebazkizun dauden errekurtsoen ebazpena luzatzeko, benetako justiziarako eskubidearekin guztiz bateraezin den neurriraino.
Bestalde, ezin dira askoz atal eta magistratu gehiago jarri Auzitegi Gorenean, jurisprudentziazko doktrina objektibotasunez finkatzeko eginkizun garrantzitsuari erantzun behar baitio hark.
Doktrina bateratzeko errekurtsoaren bi aldaera arautzen dira; baten ardura Auzitegi Gorenari dagokio, eta bestearena, berriz, justizia-auzitegi nagusiei.
Beharrezko jo da legearen intereseko kasazio-errekurtsoa mantentzea, administrazioarekiko auzien epaitegien sorrerara egokiturik. Errekurtso horrek, betidaniko berrikuspen-errekurtsoarekin batera, jurisdikzio-ordena honetako aurkarapen-sistema ixten du.
3. Legeak ahalegin handia egin du epaiak exekutatzeko bermeak sendotzeko, administrazioarekiko auzien sistemaren gune ilunetariko bat izan baita hori gurean betidanik. Ebazpen judizialak betetzeko eta erabakitakoa exekutatzen laguntzeko Konstituzioak ezartzen duen nahitaezko betebeharra da abiapuntua, eta orobat Konstituzioak berak organo judizialei epaitutakoa exekutarazteko esleitzen dien ahala. Benetako babes judiziala izateko eskubidearekin lotzen dira zuzenean aginduok, zeren, jurisprudentziak behin eta berriz erakusten duen bezala, eskubide hori ez baita bermatzen justizia teoriko hutsez, baizik eta epaitzan emandakoa bere horretan eta garaiz exekutatzeko eskubidea baitago hor barruan. Konstituzioaren aurkako erasoa da ebazpen judizial bat betetzeari espresuki edo inplizituki uko egitea, eta ez dauka zuribiderik.
Epaiak geldieran uzteko eta exekutatu gabe uzteko gobernu-ahala kendu zuen Botere Judizialaren Lege Organikoak, baina, bestalde, bidea ireki zion administrazioaren aurka epai horietan aitortutako eskubideak desjabetzeari. Hala ere, ez zituen zehaztu desjabetze-ahal horren erabilera legitimatuko zuten onura publikoko eta gizarte-intereseko arrazoiak. Behar horri erantzuten dio lege honek, eta horretarako, hiru kasu oso jakin zehazten ditu: aipagarriena, oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen baliatze librea babesten duena.
Aurrekoa segurtaturik, administrazioa diru-zenbatekoak ordaintzera kondenatzen duten epaiak exekutatzeko modua arautzen du legeak, Ogasun Publikoaren ondasun eta eskubideen enbargaezintasun-prerrogatiba kendu gabe, aldaketa hori ezin baitu jurisdikzio-legeak egin bere bakarrean; egitekotan, ondasun publikoen estatutu juridikoaren arautze berri bat egin behar litzateke, osoa eta sistematikoa.
Baina interesduna ekonomikoki konpentsatzen du, justifikatu gabeko edozein atzerapen izaten den kasuan; neurriak hartzen ditu itxura hutsezko exekuzioen aurka, erabakiekin bat ez datozen egintzak zuzenbidean deusez deklaratuz eta egintza horiek lehenbailehen deuseztatzeko modua ezarriz; administrazioa jarduera bat egitera edo egintza bat ematera kondenatzen duten epaiak nahitaez exekutatzeko moduak zehazten ditu, eta, agindutakoa egiazki betetzea lortzeko, zehapen-ahala ematen die organo judizialei, arlo penaleko ondorioak aparte.
Bi berrikuntza garrantzitsuk osatzen dute legearen kapitulu hori. Batetik, aukera ematen da pertsonal- eta tributu-gaietako epai irmoen efektuak zabaltzeko, alderdi ez diren baina egoera berean dauden beste pertsona batzuetara.
Zabaltze horrek, behar den zuhurtasunez arautu beharko bada ere, hainbat prozesu alferrik errepikatzea saihestu dezake samaldakako egintza deiturikoen kasuan. Bestetik, nahitaezko exekuzioari begira, epaiaren indar bera ematen dio legeak epaiketaren inguruko adiskidetze-hitzarmenari; horrekin, legeak indartu egiten du prozedura amaitzeko modu horren aldeko ahalegina.
4. Errekurtso berezietatik, pertsonalarena kendu da, nahiz eta artikuluetan iraun duten gai horri buruzko zenbait berezitasunek. Oinarrizko eskubideen arloko prozesu bereziaren erregulazioa bildu da jurisdikzio-legearen testura, lehendik duen lehentasunezko eta presazko izaera berarekin eta aldaketa garrantzitsuak eginik indarrean den arauditik, zeren araudi horren izaera murriztaileak, praktikan, narriatu egin baitu auzibide hori. Berrikuntzarik aipagarriena hau da: administrazioarekiko auzietako prozesu guztien funts beraren arabera tratatzen da errekurtsoaren objektua -eta, beraz, epaiaren objektua-; hau da, administrazio-jarduketa ordenamendu juridikoarekin bat etortzearen ikuspuntutik begiratzen zaio babes-errekurtsoaren gai izan daitezkeen eskubideen kalteari.
Legeak gainditu egin nahi du, beraz, legezkotasun arruntaren eta oinarrizko eskubideen arteko bereizketa zorrotza; izan ere, ezin babestuko da oinarrizko eskubidea edo askatasun publikoa, kasu askotan, haren legezko garapena kontuan hartzen ez bada.
Legezkontrakotasun-arazoaren prozedura ofizioz hasten da, eta alderdien defentsaren bermea eta berezko lastertasuna batzen ditu.
Azkenik, erabakien aurretiazko administrazio-geldieraren kasurako, indarrean den legerian aurreikusten diren legezko geldiera-kasuetara egokitu da prozedura, eta, horrekin batera, hura laster izapidetzeko erregelak ezartzen ditu.
5. Xedapen erkideetan, nabarmentzekoa da kautela-neurrien erregulazioa.
Neurri horiek jurisprudentzian izan duten garapen ikusgarriak eta azken urteetako praktika prozesalak gainditu egin dituzte aurreko legeriaren aurreikuspen neurritsuak, eta puntu horretan legeria hori zaharkitua dagoela erakutsi. Lege berrian, nabarmen eguneratu da arloaren erregulazioa, har daitezkeen kautelazko neurri motak gehitu dira, eta neurriok onartzeko jarraitu beharreko irizpideak ezarri dira.
Kautelazko justizia, izan ere, benetako babes judizialerako eskubidearen parte da, jurisprudentzia berrienak deklaratua duen bezala, eta, beraz, prozesuaren emaitza segurtatzera bideratutako behin behineko neurriak hartzea ez da salbuespen bat, baizik eta hala behar den guztietan organo judizialak balia dezakeen ahalmen bat.
Gai honi heltzean, erregulazio erkide bat ezartzen die legeak kautela-neurri guztiei, edozein izaeratakoak direla ere. Irizpide hau ezartzen du kautela-neurriak onartzeko: egintza exekutatuz gero edo xedapena aplikatuz gero errekurtsoaren xedea galarazteko arriskua izatea, edo errekurtso-jartzaileari kalte konponezinak edo konpongaitzak eragiteko arriskua; betiere, gatazkan diren interes guztien balioespen aski arrazoituan oinarriturik.
Gainera, kontuan izanik azken urteetako esperientzia eta gaur egun administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren objektua zabalagoa dela, kautela-neurri bakarra ezin da izan xedapen edo egintza errekurritua geldieran uztea. Ondorioz, lege honek aukera ireki du kautelazko edozein neurri hartzeko, neurri positiboak barne. Kautela-neurri guztiek oinarri erkidea dutenez, ez dago murriztapen berezirik horretarako. Epaile edo auzitegiari dagokio zehaztea, inguruabarren arabera, zein hartu behar diren.
«Inaudita parte debitoris» hartzen diren neurri batzuk arautu dira -geroko agerraldi bat ezarririk, hartutako neurria kendu, mantendu edo aldatzeari buruzkoa-, eta orobat jardute-ezaren edo egitate-bidearen kasuan errekurtsoa jarri aurreko neurri batzuk.
I. TITULUA ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN JURISDIKZIO ORDENA
I. KAPITULUA Eremua
1. artikulua
1. Gai hauen inguruan aurkezturiko uziez arduratuko dira administrazioarekiko auzien ordenako epaitegi eta auzitegiak: administrazio-zuzenbidearen mendeko den administrazio publikoen jarduera; lege-maila baino apalagoko xedapen orokorrak; eta legegintza-dekretuak, eskuordetzaren mugak gainditzen dituztenean.
2. Horretarako, administrazio publikotzat hartuko dira:
a) Estatuaren Administrazio Orokorra.
b) Autonomia-erkidegoen administrazioak.
c) Toki-administrazioa osatzen duten entitateak.
d) Estatuaren, autonomia-erkidegoen edo toki-entitateen mendeko diren edo haiei loturik dauden zuzenbide publikoko entitateak.
3. Orobat arduratuko dira gai hauen inguruan aurkezten diren uziez:
a) Diputatuen Kongresuaren, Senatuaren, Konstituzio Auzitegiaren, Kontu Auzitegiaren eta Herriaren Defendatzailearen organo eskudunek pertsonal, administrazio eta ondare-kudeaketa arloetan emandako egintza eta xedapen zuzenbide publikoaren mendekoak, eta orobat autonomia-erkidegoetako legebiltzarren organo eskudunek eta Kontu Auzitegiaren eta Herriaren Defendatzailearen pareko instituzio autonomikoenek emandakoak.
b) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintza eta xedapenak, eta epaitegi eta auzitegietako gobernu-organoen administrazio-jarduera, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritako moduan.
c) Hauteskunde-administrazioaren jarduera, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoan aurreikusitako moduan.
2. artikulua
Gai hauen inguruan sortzen diren arazoez arduratuko da administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena:
a) Oinarrizko eskubideen jurisdikzio-babesa, elementu arautuak eta bidezko kalte-ordainen finkatzea; hori guztia, Gobernuaren edo autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluen egintzen inguruan, edozein dela ere egintzon izaera.
b) Administrazio-kontratuak, eta administrazio publikoen kontrataziolegeriaren mendeko gainerako kontratuak prestatzeko eta esleitzeko egintzak.
c) Zuzenbide publikoko korporazioek funtzio publikoetan dihardutela emaniko egintzak eta xedapenak.
d) Zerbitzu publikoen emakidetan, aitortu zaizkien administrazio-ahalak baliaturik emakidadunek ematen dituzten egintzen kontrol edo fiskalizaziorako, administrazio emakida-emaileak egindako administrazio-egintzak; orobat, emakidadunen beren egintzak, zuzenean jurisdikzio-ordena honen aurrean errekurtso bidez aurkaratu badaitezke, dagokion sektore-legeriaren arabera.
e) Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna, edozein dela ere jardueraren izaera eta edozein dela ere hura eragin duen erlazio mota; ezin jarriko da arrazoi horregatik administrazio publikoen aurkako demandarik jurisdikzioordena zibilean edo lan-arlokoan, nahiz eta kalte horren sorreran partikularrek ere parte izan edo erantzukizun-asegurua eduki.
f ) Lege batek espresuki esleitzen dizkion gainerako gaiak.
3. artikulua
Ez dagozkio administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenari:
a) Jurisdikzio-ordena zibilari, penalari eta lan-arlokoari espresuki esleituriko arazoak, nahiz erlazionaturik egon administrazio publikoaren jarduerarekin.
b) Diziplina militarrari buruzko auzi-errekurtsoa.
c) Epaitegi eta auzitegien eta administrazio publikoaren arteko jurisdikziogatazkak eta administrazio bereko organoen arteko eskudantzia-gatazkak.
4. artikulua
1. Hauetara zabaltzen da administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren eskumena: administrazio-ordenakoak ez diren baina administrazioarekiko auzierrekurtso batekin zuzeneko erlazioa duten judizio aurreko arazoez eta intzidente-arazoez arduratzera eta haiei buruz erabakitzera; salbuespen dira konstituzio-izaera edo izaera penala dutenak eta nazioarteko tratatuetan xedaturikoa.
2. Hartutako erabakiak ez du efekturik izango prozesu horretatik kanpo, eta ez du lotuko dagokion jurisdikzio-ordena.
5. artikulua
1. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa ezin zabalduzkoa da.
2. Jurisdikzio-ordena honetako organoek, jurisdikziorik eza ofizioz aztertu, eta hari buruz ebatziko dute, aurrez alderdiei eta Fiskaltzari hamar egunen epe erkidean entzuera emanik.
3. Kasu guztietan, funtsatua izango da deklarazio hori, eta eskudun jotzen den jurisdikzio-ordena zein den adieraziko du beti.
Baldin eta jurisdikziorik eza deklaratzen duen ebazpena jakinarazi eta hilabeteren epean pertsonatzen bada alderdi demandatzailea jurisdikzio-ordena horren aurrean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hasi zen datan pertsonatu zela ulertuko da, betiere egintzaren jakinarazpenaren jarraibideak jarraituz formulatu badu demandatzaileak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, edo jakinarazpena akastuna bada.
II. KAPITULUA Organoak eta eskumenak
6. artikulua
Organo hauek osatzen dute Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioordena:
a) Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak.
b) Administrazioarekiko Auzien Epaitegi Zentralak.
c) Justizia-auzitegi Nagusien Administrazioarekiko Auzien Salak.
d) Entzutegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Sala.
e) Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Sala.
7. artikulua
1. Auzi batez arduratzeko eskudun diren administrazioarekiko auzien jurisdikzio- ordenako organoak eskudun izango dira, orobat, auzi horren inguruko gorabehera guztietarako eta, 103.1 artikuluan adierazitakoaren arabera, ematen dituzten epaiak exekutarazteko.
2. Administrazioarekiko auzien epaitegi eta salen eskumena ezin zabalduzkoa izango da, eta berek balioetsi beharrekoa, are ofizioz, aurrez entzuera emanik alderdiei eta Fiskaltzari hamar egunen epe erkidean.
3. Eskumengabetasun-deklarazioa auto moduan egin beharko da, epaia baino lehen, eta eskudun jotzen den jurisdikzioaren organoari bidaliko zaizkio jarduketak, haren aurrean jarrai dezan prozesuak bere bidea.
Goragoko graduko auzitegi bat jotzen bada eskudun, azalpen arrazoitu bat ere bidaliko da, eta auzitegi horrek ebazten duenari men egingo zaio.
8. artikulua
1. Administrazioarekiko auzien epaitegiak arduratuko dira, lege honetan xedaturikoaren arabera auzialdi bakarrean edo lehen auzialdian, toki-entitateen edo haien mendeko edo haiei loturiko entitate eta korporazioen egintzen kontra aurkezten diren errekurtsoez, salbu eta hiri-antolamenduko edozein eratako instrumentuen aurkarapenez.
2. Orobat arduratuko dira, auzialdi bakarrean edo lehenengoan, autonomiaerkidegoetako administrazioen egintzen kontra aurkezten diren errekurtsoez, egintzak ez badira erkidegoko gobernu-kontseiluarenak, errekurtsoen objektua hau denean:
a) Pertsonal-arazoak, non eta ez diren karrerako funtzionario publikoen zerbitzu-harremana sortzeari edo amaitzeari buruzkoak.
b) Administrazio-zehapenak, 60.000 euro baino gutxiagoko isuna jartzea eta sei hilabete baino gutxiagoko jarduera bukaraztea edo eskubideak ezin baliatu izatea direnean.
c) Ondare-erantzukizuna dela-eta egindako erreklamazioak, 30.050 eurotik gorakoak ez badira.
3. Orobat arduratuko dira, auzialdi bakarrean edo lehenengoan, Estatuaren eta autonomia-erkidegoen administrazio periferikoen xedapen eta egintzen kontra aurkezturiko errekurtsoez, nazio-lurralde osorako eskumenik ez duten organismo, ente, entitate edo zuzenbide publikoko korporazioen egintzen kontrakoez eta goragoko organoen ebazpenen kontrakoez, baldin ebazpenok, errekurtso-, fiskalizazio- edo kontrol-bidean, guztiz berresten badituzte organismo, ente, entitate edo korporazio haiek emandakoak.
Salbuespen dira estatuaren administrazio periferikoak eta nazio-lurralde osorako eskumenik ez duten estatuko organismo publikoek emandako egintzak, baldin eta 60.000 eurotik gorako munta badute, edo erakundeok jabari publiko, estatuaren obra publiko, nahitaezko desjabetze eta jabego berezien gainean dituzten ahalmenak baliatuz emanak badira.
4. Era berean, Estatuaren administrazio periferikoak atzerritartasunaren gaian ematen dituen ebazpen guztiez arduratuko dira.
5. Epaitegioi dagokie eskualdeko hauteskunde-batzordeen egintzen kontrako aurkarapenez arduratzea, eta orobat hauteskunde-batzordeetariko edozeinek aldarrikaturiko hautagai-zerrenden eta hautagaien inguruan formulaturikoez, hauteskunde-legerian aurreikusitako moduan.
6. Administrazioarekiko auzien epaitegiak arduratuko dira egoitzetan eta titularraren adostasuna beharrezko den gainerako lekuetan sartzeko baimenez ere, betiere hori egitea badagokio administrazio publikoaren egintzen nahitaezko exekuziorako.
Administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokie, halaber, osasun-arloko agintariek osasun publikorako presazko eta beharrezko jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurriok askatasuna edo beste oinarrizko eskubide bat kentzea edo murriztea dakartenean.
9. artikulua
Administrazioarekiko auzien epaitegi zentralak arduratuko dira honako gai hauen inguruko administrazio-egintzen kontra aurkezturiko errekurtsoez:
a) Auzialdi bakarrean edo lehenengoan, pertsonal-arlokoak, ministroen edo estatu-idazkarien egintzen kasuan; salbuespen dira beheragoko organoen egintzak errekurtso-, fiskalizazio- edo kontrol-bidean berresten dituzten egintzak, karrerako funtzionarioen zerbitzu-harremana sortzeari edo amaitzeari buruzko egintzak, eta 11.1.a) artikuluan pertsonal militarraz jasotako gaietan emandakoak.
b) Auzialdi bakarrean edo lehenengoan, Estatuaren Administrazio Orokorraren organo zentralen egintzen kontrakoak, 8. artikuluaren 2.b) zenbakian aurreikusitako kasuetan.
c) Lehenengo auzialdian edo bakarrean, nazio-lurralde osoan eskumena duten organismo publiko nortasun juridikodunek eta estatuaren sektore publikokoak diren entitateek emandako xedapen orokorren eta egintzen kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak, 10. artikuluaren 1. zenbakiko i) letran xedaturikoaren kalterik gabe.
d) Lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean, ministroek eta estatu-idazkariek ondare-erantzukizunaren gaian emandako ebazpenen kontrako errekurtsoez, erreklamazioa 30.050 eurotik gorakoa ez denean.
e) Lehen auzialdian, asilo politikoaren eskaera ez onartzea erabakitzen duten ebazpenez.
f ) Auzialdi bakarrean edo lehen auzialdian, Espainiako Kirol Diziplinako Batzordeak kirol-diziplinaren gaian fiskalizazio-bidean emaniko ebazpenez.
10. artikulua
1. Justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salak arduratuko dira, auzialdi bakarrean, honako gai hauek direla-eta aurkezturiko errekurtsoez:
a) Toki-administrazioen eta autonomia-erkidegoetako administrazioen egintzak, non eta horietaz arduratzeko eskudantzia ez zaien administrazioarekiko auzien epaitegiei esleitu.
b) Autonomia-erkidegoek eta toki-entitateek emandako xedapen orokorrak.
c) Pertsonalari, administrazioari eta ondare-kudeaketari buruzko gaietan, autonomia-erkidegoetako legebiltzarren gobernu-organoek eta Kontu Auzitegiaren eta Herriaren Defendatzailearen pareko instituzio autonomikoen organoek emandako egintzak eta xedapenak.
d) Eskualde- eta toki-auzitegi ekonomiko-administratiboek emanak diren eta bide ekonomiko-administratiboa amaitzen duten egintzak eta ebazpenak.
e) Lagatako tributuen inguruan Auzitegi Ekonomiko-administratibo Zentralak emandako ebazpenak.
f ) Probintzietako eta autonomia-erkidegoetako hauteskunde-batzordeen egintzak eta xedapenak, eta orobat hauteskunde-batzordeek hautetsi-aldarrikapenari buruz eta toki-korporazioetako presidentearen hautaketa eta aldarrikapenari buruz hartutako erabakien kontrako hauteskunde-auzietako errekurtsoak, hauteskunde- legerian aurreikusitako moduan.
g) Eskumenak autonomia-erkidego baten lurralde-eremuan baliatzen dituzten administrazio publikoen arteko hitzarmenak.
h) Biltzeko eskubidea arautzen duen lege organikoan aurreikusten diren bileren debekua edo haiek aldatzeko proposamena.
i) Nazio-lurralde osoan eskumena duten eta ministroarena edo estatuidazkariarena baino maila organiko apalagoa duten Estatuaren Administrazio Orokorraren organoek emandako egintzak eta ebazpenak, baldin eta pertsonalaren, jabego bereziaren eta nahitaezko desjabetzearen ingurukoak badira.
j) Jurisdikzio-ordena honetako beste organo batzuen eskumenari espresuki esleitu gabeko beste edozein administrazio-jarduketa.
2. Bigarren auzialdian, berriz, administrazioarekiko auzien epaitegiek emandako epai eta autoen kontrako apelazioez eta kexa-errekurtsoez arduratuko dira.
3. Orobat dagokie, lege honetan ezarritakoaren arabera, administrazioarekiko auzien epaitegien epai irmoen kontrako berrikuspen-errekurtsoez arduratzea.
4. Autonomia-erkidegoan dauden administrazioarekiko auzien epaitegien arteko eskumen-arazoez ere arduratuko dira.
5. Orobat arduratuko dira 99. artikuluan aurreikusitako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoaz.
6. Orobat arduratuko dira 101. artikuluan aurreikusitako legearen intereseko kasazio-errekurtsoaz.
11. artikulua
1. Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Sala arduratuko da, auzialdi bakarrean, hauetaz:
a) Ministroen eta estatu-idazkarien xedapen orokor eta egintzen inguruan aurkezten diren errekurtsoak, oro har, eta pertsonal-arloaren inguruan aurkezten direnak, baldin eta karrerako funtzionario publikoen zerbitzu-harremana sortzeari edo amaitzeari buruzkoak badira. Orobat arduratuko da Defentsa Ministerioaren zeinahi organo zentralen egintzen kontrako errekurtsoez, baldin eta maila-igoerei, eskalafoiko hurrenkera eta antzinatasunari eta destinoei buruzkoak badira egintzok.
b) Ministroen eta estatu-idazkarien egintzen kontrako errekurtsoak, baldin eta egintzok, errekurtso-bidean edo fiskalizazio- edo kontrol-prozeduran, nazio-lurralde osoan eskumena duten beste organo edo ente batzuen egintzak zuzentzen badituzte.
c) Administrazio publikoen arteko hitzarmenen inguruko errekurtsoak, justizia-auzitegi nagusiei esleituak ez badira.
d) Ekonomia eta Ogasun Ministerioak eta Auzitegi Ekonomiko-administratibo Zentralak emandako egintza ekonomiko-administratiboak, 10.1.e) artikuluan xedaturikoa salbu.
e) Terrorismoa Finantzatzeko Jardueren Zaintzarako Batzordearen egintzen kontrako errekurtsoak, eta batzorde horren neurrien epeak luzatzeko baimenak, Terrorismoaren Finantzaketa Aurrezaintzeko eta Blokeatzeko Legean aurreikusitakoaren arabera.
2. Bigarren auzialdian, administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek emandako auto eta epaien aurkako apelazioez eta kexa-errekurtsoez arduratuko da.
3. Administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek emandako epai irmoen kontrako berrikuste-errekurtsoez arduratuko da.
4. Orobat arduratuko da administrazioarekiko auzien epaitegi zentralen artean sortzen diren eskumen-arazoez.
12. artikulua
1. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Sala arduratuko da, auzialdi bakarrean, gai hauen inguruan aurkezten diren errekurtsoez:
a) Ministro Kontseiluaren eta Gobernuaren batzorde eskuordetuen egintzak eta xedapenak.
b) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egintzak eta xedapenak.
c) Diputatuen Kongresuaren, Senatuaren, Konstituzio Auzitegiaren, Kontu Auzitegiaren eta Herriaren Defendatzailearen organo eskudunek pertsonal, administrazio eta ondare-kudeaketaren arloetan onartutako egintzak eta xedapenak.
2. Orobat arduratuko dira hauetaz:
a) Edozein eratako kasazio-errekurtsoak, lege honetan ezarritako moduan, eta dagozkien kexa-errekurtsoak.
b) Kontu Auzitegiak emandako ebazpenen aurkako kasazio- eta berrikuspenerrekurtsoak, haren funtzionamendu-legean ezarritakoaren arabera.
c) Justizia-auzitegi nagusietako, Auzitegi Nazionaleko eta Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien salek emandako epai irmoen kontrako berrikuspen-errekurtsoak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 61.1.1) artikuluan xedaturikoa salbu.
3. Orobat arduratuko da hauetaz:
a) Hauteskunde Batzorde Zentralaren egintza eta xedapenen inguruan aurkezten diren errekurtsoak, eta halaber hautetsi-aldarrikapenari buruzko erabakien kontra aurkezten diren hauteskunde-auzietako errekurtsoak, hauteskundelegerian aurreikusitako moduan.
b) Auzitegien gobernu-saletako kideak hautatzeko prozeduran hauteskundebatzordeek emandako egintzen kontra aurkeztutako errekurtsoak, Botere Judizialaren Lege Organikoak ezarritako moduan.
13. artikulua
Aurreko artikuluetan jasotzen diren eskumen-banaketarako arauak aplikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Estatuaren administrazioa, autonomia-erkidegoak eta toki-entitateak aipatzen direnean, haietariko edozeinen mendeko edo haiei loturiko entitate eta korporazioei ere badagokie aipamena.
b) Epaitegi eta auzitegiei administrazio-egintzen kontrako errekurtsoez arduratzeko esleituriko eskumenean sartzen da jardute-ezari eta egitate-bide diren jarduerei buruzkoa.
c) Kontrako xedapen espresurik ezean, gaiaren araberako eskumen-esleipena nagusituko zaio egintza eman duen administrazio-organoaren araberakoari.
III. KAPITULUA Epaitegi eta auzitegien lurralde-eskumena
14. artikulua
1. Erregela hauen arabera erabakiko da epaitegien eta justizia-auzitegi nagusien lurralde-eskumena:
Lehenengoa. Oro har, aurkaraturiko xedapen edo egintza jatorrizkoa eman zuen organoak egoitza duen barrutiko jurisdikzio-organoak izango du eskumena.
Bigarrena. Pertsonalaren, jabego berezien eta zehapenen arloetan administrazio publikoek emandako egintzak direnean errekurtsoaren objektu, demandatzaileak egoitza duen barrutiko epaitegia edo auzitegia izango da eskudun, edo aurkaraturiko egintza jatorrizkoa eman zuen organoak egoitza duen barrutikoa, demandatzailearen aukeran.
Hirugarrena. Hiri-antolamenduko planak eta hirigintza- eta desjabetzejarduketak eta, oro har, administrazioak jabetza pribatuan esku hartzea dakarten jarduketak aurkaratzen direnean, plan eta jarduketa horien eraginpeko higiezinak dauden barrutiko jurisdikzio-organoari dagokio eskumena.
2. Aurkaraturiko jatorrizko egintzak hartzaile askori eragiten dionean eta, aurreko erregelen arabera, epaitegi edo auzitegi eskudunak bat baino gehiago direnean, aurkaraturiko jatorrizko egintza agindu zuen organoak egoitza duen barrutiko jurisdikzio-organoak izango du eskumena.
IV. KAPITULUA Administrazioarekiko auzien salen osaera eta jarduera
15. artikulua
1. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ataletan banaturik jardungo du, eta salako presidentea edo atala osatzen duten magistratuetan antzinakoena izango da ataleko presidente, salbu eta 96.6 artikuluan aurreikusitako kasuan, orduan Auzitegi Goreneko presidentea izango baita ataleko buru.
2. Ikustaldirako edo deliberatze-saio eta epaitzarako, beharrezkoa izango da buru egiten duena eta magistratu hauek elkartzea:
a) Atala osatzen duten guztiak, kasazio- eta berrikuspen-errekurtsoak erabakitzeko.
b) Lau, gainerako kasuetan.
3. Jarduera arrunterako, nahikoa da buru egiten duena eta bi magistratu elkartzea.
16. artikulua
1. Auzien kopuruak eskatzen duen adina ataletan banatuko da Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Sala, eta salako presidentea edo atala osatzen duten magistratuetan antzinakoena izango da atal bakoitzean presidente.
2. Justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek, bost kide baino gehiagokoak direnean, ataletan banaturik jardungo dute; salako presidentea edo atala osatzen duten magistratuetan antzinakoena izango da atal bakoitzean presidente.
3. Ikustaldirako edo deliberatze-saio eta epaitzarako, eta jarduera arrunterako, nahikoa da buru egiten duena eta bi magistratu elkartzea.
4. Justizia-auzitegi nagusian egoitza duen administrazioarekiko auzien salaren atal bati gomendatuko zaio legearen intereseko eta doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoak eta berrikuspen-errekurtsoak ebaztea. Honela osatuko da atala: salako presidentea, hura dela buru; administrazioarekiko auzien gainerako saletako presidenteak, eta haien ataletakoak, atalik bada, biko kopurua gainditu gabe; eta, aipaturiko salako edo saletako magistratuetatik, denera bost izateko behar direnak.
Administrazioarekiko auzien salak edo salek atal bat baino gehiago baldin badute, haietako presidenteek zenbaki honetan arauturiko ataleko presidentetza betetzeko txanda bat ezarriko du justizia-auzitegi nagusiaren gobernu-salak urte judizial bakoitzeko. Orobat ezarriko du salan edo saletan diharduten magistratu guztiena.
V. KAPITULUA Auzi-banaketa
17. artikulua
1. Auzitegiaren gobernu-salak erabakiko du auziak nola banatu auzitegi bereko salen artean edo sala bereko atalen artean, errekurtsoen gaiak zein diren eta homogeneoak diren kontuan harturik.
2. Irizpide bera erabiliko da auziak hiri bereko administrazioarekiko auzien epaitegien artean banatzean. Justizia-auzitegi nagusiaren gobernu-salak onartu beharko du banaketa, jurisdikzio-ordena honetako epaile-batzarrak proposaturik.
3. Bi urtez behin hartuko dira auzi-banaketari buruzko erabakiak, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari jakinaraziko zaizkio, auzitegiak ireki baino lehen Estatuko Aldizkari Ofizialean edo autonomia-erkidegokoan argitara daitezen -zer dagokion- eta horretarako bakarrik.
Auzi-banaketa berri batek eskumen-aldaketak eragin baditu barruti judizial bereko epaitegietan, auzitegi bereko saletan edo sala bateko ataletan, errekurtsoa jarri zen garaian indarrean ziren erabakien arabera eskudun zen jurisdikzioorganoak jarraituko du arduratzen izapideetan diren prozesuez, eta hark ebatziko ditu.
II. TITULUA ALDERDIAK
I. KAPITULUA Gaitasun prozesala
18. artikulua
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean gaitasun prozesala dute, Prozedura Zibilaren Legearen arabera gaitasun hori dutenez gainera, adingabeek, baldin eta defendatzen ari diren eskubide eta interes legitimoak balia baditzakete, ordenamendu juridikoaren arabera, haien gaineko gurasoahala, tutoretza edo kuratela duen pertsonaren laguntzarik gabe.
Orobat izango dute gaitasun prozesala Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, legeak espresuki hala adierazten duenean, eraginpekotaldeek, nortasun juridikorik gabeko batasunek edo ondare independente edo autonomoek: eskubide eta betebeharren titular izateko gaitasuna duten entitateak denak ere, pertsona juridikoen egitura formaletan sarturik egon ala ez.
II. KAPITULUA Legitimazioa
19. artikulua
1. Legitimaturik daude administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean:
a) Eskubidea edo interes legitimoa duten pertsona fisikoak edo juridikoak.
b) Lege honen 18. artikuluan aipatzen diren korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta entitateak, eraginpean gertatu badira edo legezko gaitasuna badute eskubide eta interes legitimo kolektiboak defendatzeko.
c) Estatuaren Administrazioa, eskubidea edo interes legitimoa duenean, autonomia-erkidegoen administrazioaren eta autonomia-erkidegoei loturiko organismo publikoen egintzak eta xedapenak aurkaratzeko, eta orobat tokientitateenak, toki-araubidearen legerian xedaturikoaren arabera, eta Estatuaren Administrazioak fiskalizaziopean ez dagoen beste edozein entitate publikorenak.
d) Autonomia-erkidegoen administrazioa, haien autonomia-eremuari eragiten dioten egintza eta xedapenak aurkaratzeko, izan Estatuaren Administrazioak edo beste edozein administrazio edo organismo publikok emanak, edo izan toki-entitateenak, toki-araubidearen legerian xedaturikoaren arabera.
e) Toki-entitate lurraldetarrak, haien autonomiari eragiten dioten egintza eta xedapenak aurkaratzeko, izan Estatuaren edo autonomia-erkidegoen administrazioek emanak, edo izan Estatuaren Administrazioari eta autonomia-erkidegoei loturiko organismo publiko nortasun juridikodunenak edo beste toki-entitate batzuenak.
f ) Fiskaltza, legeak hala dioen prozesuetan esku hartzeko.
g) Administrazio publikoetariko edozeini lotuak edo haren mendekoak diren zuzenbide publikoko entitate nortasun juridikodunak, beren xedeen eremuari eragiten dioten egintza eta xedapenak aurkaratzeko.
h) Edozein herritar, herri-akzioa baliatuz, legeak espresuki aurreikusitako kasuetan.
2. Egintza bat eman duen administrazioa legitimaturik dago hura jurisdikzioordena honen aurrean aurkaratzeko, aurrez interes publikoaren kaltegarri dela deklaratuta legeak ezarritako moduan.
3. Auzotarrek toki-entitateen izenean eta interesetan akzioak baliatzeari dagokionez, toki-araubidearen legeriak xedatzen du.
20. artikulua
Ez dute zilegi administrazio publiko baten jardueraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea:
a) Administrazio publikoaren beraren organoek eta haren kide anitzeko organoetako kideek, non eta legeren batek espresuki baimentzen ez duen.
b) Partikularrek, administrazio publikoaren eskuordetzan edo haren agente edo mandatari soil gisa dihardutenean.
c) Estatuari, autonomia-erkidegoei edo toki-entitateei lotuak dauden edo haien mendeko diren zuzenbide publikoko entitateek, gainetik duten administrazioaren jarduerari dagokionez. Salbuespen dira administrazio horrekiko berariazko autonomia-estatutu bat dutenak, legez emana.
21. artikulua
1. Alderdi demandatu dira:
a) Haien jardueraren kontra errekurtsoa jarri den administrazio publikoak edo 1.3 artikuluan aipatuetariko edozein organo.
b) Demandatzailearen uziak baietsiz gero beren eskubide edo interes legitimoetan eragina jasan lezaketen pertsonak edo entitateak.
c) Administrazio publikoen aseguratzaileak, aseguratzen duten administrazioarekin batera alderdi demandatu izango baitira beti.
2. Aurreko zenbakiko a) paragrafoan xedaturikoaren ondorioetarako, lurralde-administrazio batek fiskalizatzen dituen organismo edo korporazio publikoei dagokienez, hau da administrazio demandatua:
a) Fiskalizaturiko egintza edo xedapena eman duen organismoa edo korporazioa, onarpenezkoa bada fiskalizazioaren emaitza.
b) Fiskalizazioa egiten duena, fiskalizazioaren bidez osorik onartzen ez bada egintza edo xedapena.
3. Xedapen orokor baten legezkontrakotasunean funtsatzen baditu demandatzaileak bere uziak, alderdi demandatutzat hartuko da xedapena eman duen administrazioa ere, nahiz errekurritutako jarduketa ez harena izan.
22. artikulua
Harreman juridiko eskualdagarri batetik datorrena bada alderdien legitimazioa, hasieran alderdi izan den pertsonaren lekua hartu ahal izango du kausadunak prozesuaren edozein unetan.
III. KAPITULUA Alderdien ordezkaritza eta defentsa
23. artikulua
1. Kide bakarreko organoen aurrean jarduteko, prokuradore bati eman ahal izango diote alderdiek ordezkaritza, eta, edozein kasutan, abokatua beharko dute.
Alderdiek ordezkaritza abokatuari ematen diotenean, hari egingo zaio jarduketen jakinarazpena.
2. Kide anitzeko organoen aurrean jarduteko, prokuradore bati eman beharko diote alderdiek ordezkaritza, eta abokatu batek lagundurik jardun.
3. Hala ere, beren kasa ager daitezke funtzionario publikoak beren estatutuzko eskubideen defentsan, baldin eta enplegatu publiko mugiezinak funtzio publikotik aldentzea ez den pertsonalari buruzko gai bat bada auzitan.
24. artikulua
Administrazio publikoen eta konstituzio-organoen ordezkaritza eta defentsa Botere Judizialaren Lege Organikoak eta Estatuaren eta Erakunde Publikoen Laguntza Juridikoaren Legeak arautzen dute, eta orobat gai horretan beren eskumenen barruan autonomia-erkidegoek emandako arauek.
III. TITULUA ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZI ERREKURTSOAREN OBJEKTUA
I. KAPITULUA Aurkaratu daitekeen administrazio-jarduera
25. artikulua
1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onargarria da xedapen orokorrei eta administrazio-bidea amaitzen duten Administrazio Publikoaren egintza espresu eta presuntziozkoen kasuan, behin betiko egintzak izan zein izapidezkoak, baldin eta izapidezko egintza horiek auziaren edukiari zuzenean eragiten badiote, edo prozedura jarraitzea ezinezko egiten badute, edo defentsa-gabezia edo eskubide edo interes legitimoen kalte konponezina eragiten badute.
2. Orobat da onargarria administrazioaren jardute-ezaren kontrako errekurtsoa, eta egitate-bide diren jarduketa materialen kontrakoa, lege honetan ezarritako moduan.
26. artikulua
1. Xedapen orokorrak zuzenean aurkaratzea ez ezik, onartzekoa da haiek aplikatzean ematen diren egintzak aurkaratzea ere, xedapen horiek zuzenbidearen araberakoak ez izatean funtsatzen bada aurkarapena.
2. Xedapen orokor bat zuzenean ez aurkaratu izateak edo haren kontra jarritako errekurtso bat ezetsi izateak ez du eragozten aplikazio-egintza bat aurkaratzea, aurreko zenbakian adierazitakoan funtsaturik.
27. artikulua
1. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioko epaile edo auzitegi batek baiespen- epai irmoa eman badu, legez kontrako iritzi diolako aplikaturiko xedapen orokorraren edukiari, xedapenaren aurkako zuzeneko errekurtsoaz arduratzeko eskudun den auzitegiaren aurrean planteatu beharko du legezkontrakotasunarazoa, ondorengo bi zenbakietan xedatutakoa salbu.
2. Egintza baten kontra xedapen orokor baten baliogabetasunean oinarriturik jarritako errekurtso batez arduratzeko eskudun den epaile edo auzitegia eskudun bada, orobat, xedapen horren kontrako zuzeneko errekurtsoaz arduratzeko, xedapen orokorra baliozko ala deusez den deklaratuko du epaiak.
3. Legezkontrakotasun-arazoa planteatu beharrik izan gabe, Auzitegi Gorenak, xedapen baten legezkontrakotasunean funtsaturiko egintza baten kontrako errekurtsoaz arduratzen ari bada, edozein gradutan dela ere, deuseztatu egingo du xedapen hori.
28. artikulua
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ez da onargarria lehenagoko egintza behin betiko eta irmo baten berdina den egintza bati buruzkoa bada, edo garaiz eta forma egokian ez errekurritzeagatik bere hartan utziriko egintza bat berresteko egintzei buruzkoa bada.
29. artikulua
1. Administrazioa beharturik baldin badago, aplikazio-egintzarik behar ez duen xedapen orokor baten ondorioz edo administrazio-egintza, -kontratu edo -hitzarmen baten ondorioz, pertsona baten edo batzuen aldeko prestazio jakin bat egitera, betebehar hori betetzeko eskatu ahal izango diote administrazioari prestazio horretarako eskubidea dutenek. Erreklamazioa egindako datatik hiru hilabetera administrazioak ez badu eskaera bete edo interesdunekin akordiorik lortu, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete administrazioaren jardute-ezaren kontra.
2. Administrazioak bere egintza irmoak exekutatzen ez dituenean, haiek exekutatzeko eskaera egin ahal izango dute eraginpekoek, eta, eskatu ondorengo hilabetean exekutatzen ez badira, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute eskatzaileek; 78. artikuluan arauturiko prozedura laburtuaren bidez izapidetuko da errekurtso hori.
30. artikulua
Egitate-bidearen kasuan, interesdunak errekerimendua egin ahal izango dio hala jardun duen administrazioari, eta jarduera horri utz diezaiola galdatu. Eskaera hori egin ez bada edo errekerimendua aurkeztu ondorengo hamar egunetan eskatutakoa bete ez bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du interesdunak zuzenean.
II. KAPITULUA Alderdien uziak
31. artikulua
1. Aurreko kapituluaren arabera aurkaratu daitezkeen egintza edo xedapenak zuzenbidearen kontrako deklara daitezela eta hala badagokio deusezta daitezela eskatu ahal izango du demandatzaileak.
2. Orobat eskatu ahal izango du banakoen egoera juridiko bat aitor dadila eta hura bere onera ekartzeko neurriak har daitezela; besteak beste, kalte-galerak ordaindu daitezela, hala dagokionean.
32. artikulua
1. Administrazio publikoaren jardute-ezaren kontra aurkezten bada errekurtsoa, 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazioa bere betebeharrak ezarritako moduan betetzera kondenatu dezala eska diezaioke demandatzaileak jurisdikzio-organoari.
2. Egitate-bide den jarduera material baten kontrakoa bada errekurtsoa, hura zuzenbidearen kontrako deklara dadila eskatu ahal izango du demandatzaileak, jarduera hari uzteko agindua eman dadila eta, hala badagokio, 31.2 artikuluan aurreikusitako gainerako neurriak har daitezela.
33. artikulua
1. Alderdiek formulaturiko uzien eta errekurtsoa eta aurkakotza funtsatzen dituzten zioen mugaren barruan epaituko dute administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako organoek.
2. Baldin eta epaile edo auzitegiak irizten badio, epaia ematean, auzigaia ez dutela behar bezala balioetsi alderdiek, itxuraz badirelako errekurtsoa edo aurkakotza funtsatzeko beste zio batzuk, horren jakinaren gainean jarriko ditu alderdiak, probidentzia bidez. Probidentzia horretan, behin betiko epaitza aurrez ematen ari ez dela ohartarazirik, zio horiek azalduko ditu eta interesdunei hamar egunen epe erkidea emango die egoki deritzoten alegazioak egiteko, epaitza emateko epea geldieran utzirik. Probidentzia horren kontra ez da errekurtsorik izango.
3. Gauza bera egingo da baldin eta, xedapen orokor baten zenbait manu zuzenean aurkaratu direnean, auzitegiak beharrezko ikusten badu xedapen bereko beste manu batzuk ere sartzea auzian, errekurrituekin lotura dutelako edo haien ondorio direlako.
III. KAPITULUA Metatzea
34. artikulua
1. Prozesu batean metatu ahal izango dira egintza, xedapen edo jarduera berari buruzko uziak.
2. Orobat metatu ahal izango dira egintza, xedapen edo jarduera bat baino gehiagori buruzko uziak bata bestearen errepikapen, berrespen edo exekuzio direnean, edo zuzeneko beste edozein lotura dutenean.
35. artikulua
1. Aurreko artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituzten uzi guztiak metatu ahal izango ditu auzi-jartzaileak demandan.
2. Jurisdikzio-organoak ez baderitzo egoki metatzeari, hogeita hamar egunen epean errekurtsoak banandurik jar ditzala aginduko dio alderdiari, eta, hark hala egin ezean, iraungitzat emango da agindutakoa betetzen ez duen errekurtsoa.
36. artikulua
1. Izapidetzen ari den errekurtsoarekin 34. artikuluan esaten den harremana duen egintza, xedapen edo jardueraren bat gertatzen bada, edo halako baten berri izaten bada epaia baino lehen, administrazio-egintza, xedapen edo jarduera hartara ere errekurtsoa zabaldu dadila eskatu ahal izango du demandatzaileak, 46. artikuluan adierazten den epean.
2. Eskaera alderdiei helaraziko zaie, bost egunen epe erkidean alegazioak aurkez ditzaten, eta prozesua geldieran uztea ekarriko du eskaera horrek.
3. Jurisdikzio-organoak errekurtsoa zabaltzea onartzen badu, prozesuaren izapideek geldieran jarraituko dute, zabaltzearen ondoriozko prozesua hasierakoaren egoerara iritsi bitartean.
4. Artikulu honen 1. zenbakian xedatutakoa aplikagarri izango da, orobat, presuntziozko egintzen kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoak izapidetzen ari diren bitartean administrazioak hasierako uziari buruzko ebazpen espresua ematen badu. Kasu horretan, errekurritzaileak errekurtsoa utziets dezake, emandako ebazpen espresuan funtsaturik, edo errekurtsoa ebazpen espresura zabaltzeko eskatu.
Hasieran jarritako errekurtsoa utzietsiz gero, jakinarazpenaren biharamunetik hasita kontatuko da ebazpen espresua errekurritzeko epea, bi hilabetekoa.
37. artikulua
1. Errekurtso bat baino gehiago jartzen badira 34. artikuluan adierazitako inguruabarren bat gertatzen den egintza, xedapen edo jardueraren baten ondorioz, jurisdikzio-organoak, ofizioz edo alderdietakoren baten eskariz, errekurtso horiek metatzea erabaki ahal izango du prozesuaren edozein unetan, alderdiei bost egunen epe erkidean entzuera eman ondoren.
2. Objektu berdina duten errekurtso bat baino gehiago epaile edo auzitegi baten ebazkizun daudenean, ez metatzea eta haietariko bat edo batzuk lehentasunez izapidetzea erabaki ahal izango du jurisdikzio-organoak, bost egunen epe erkidean alderdiei entzuera eman ondoren; gainerako errekurtsoak geldieran utziko dira lehenengoen epaia eman bitartean.
3. Geldieraren eraginpeko alderdiei jakinarazi beharko zaie epaia, eta alderdiok bi aukera izango dituzte: epaiaren efektuak 111. artikuluak dioen bezala zabal daitezela eskatu, edo errekurtsoa utzietsi. Hala egin ezean, testigantza eramango da geldieran utzitako errekurtsoetara.
38. artikulua
1. Kapitulu honetako metatze-kasuetan sar daitekeen administrazioarekiko auzi-errekurtso gehiagoren berririk izanez gero, administrazioak jakinaren gainean jarriko du auzitegia, administrazio-espedientea igortzen dionean.
2. Kapitulu honetako metatze-kasuetan sar daitekeen prozesurik izapidetzen ari baldin bada bere idazkaritzan, idazkari judizialak horren berri emango dio epaileari.
39. artikulua
Metatze-, zabaltze- eta lehentasunezko izapidetzeei buruzko ebazpenen kontra, erregu-errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da.
IV. KAPITULUA Errekurtsoaren munta
40. artikulua
1. Demanda- eta erantzun-idazkiak formulatu ondoren zehaztuko du jurisdikzio- organoak administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren munta. Alderdiek, idazki horietan, aukera izango dute muntari buruzko iritzia adierazteko, berebat bidez.
2. Hala egin ezean, munta zehazteko errekerimendua egingo dio epaitegi edo auzitegiak demandatzaileari, eta gehienez ere hamar egunen epea emango dio horretarako. Zehaztu gabe igaroz gero denbora hori, jurisdikzio-organoak zehaztuko du munta, demandatuari entzuera eman ondoren.
3. Demandatuak, demandatzaileak zehazturiko muntarekin ados ez dagoenean, idatziz adieraziko du hori, hamar egunen barruan, eta Prozedura Zibilaren Legeak kasu horietarako xedatzen duenaren arabera izapidetuko da intzidentea.
4. Munta finkatzen duen autoaren kontra, ezin jarriko da errekurtsorik, baina alderdi kaltetuak kexa-errekurtsoa aurkez dezake, munta oker erabaki dela argudiatuz, kasazio-errekurtsoa prestatutzat eman ez bada edo doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa edo apelazio-errekurtsoa onartu ez bada.
41. artikulua
1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren gai den uziaren balio ekonomikoaren araberakoa izango da errekurtsoaren munta.
2. Demandatzaile bat baino gehiago denean, haietariko bakoitzak aurkezturiko uziaren balio ekonomikoa hartuko da kontuan, eta ez guztien batura.
3. Metatze- edo zabaltze-kasuetan, uzien balio ekonomikoaren baturaren araberakoa izango da munta, baina horrek ez du ekarriko muntarik txikienekoei kasazio- edo apelazio-errekurtsoa jartzeko aukera.
42. artikulua
1. Uziaren balio ekonomikoa erabakitzeko, prozedura zibilaren legeriako arauei jarraituko zaie, berezitasun hauekin:
a) Demandatzaileak egintza deuseztatzea baino eskatzen ez duenean, haren eduki ekonomikoari erantzungo zaio; horretarako, zor nagusia hartuko da kontuan, eta ez errekarguak, kostuak edo beste zeinahi erantzukizun mota, non eta haietarikoren bat zor nagusia baino handiagoa ez den.
b) Demandatzaileak, deuseztapenaz gainera, banakako egoera juridiko baten aitorpena eskatzen duenean, edo administrazioaren obligazio bat betetzeko eskatzen duenean, honako hauen arabera erabakiko da munta:
Lehenik. Erreklamatzen denaren guztizko balio ekonomikoa, baldin eta administrazio publikoak ezezko erabatekoa eman badie demandatzailearen uziei administrazio-bidean.
Bigarrenik. Erreklamatzen denaren eta errekurtsoa eragin duen egintzaren muntaren arteko aldea, baldin eta administrazioak parte batean onartu baditu, administrazio-bidean, demandatzailearen uziak.
2. Munta zehaztu gabekotzat hartuko dira xedapen orokorrak zuzenean aurkaratzen dituzten errekurtsoak, xedapen horien artean direlarik hirigintzaplaneamendurako arau-tresnak, funtzionario publikoei buruzkoak -ez badira dirutan neur daitezkeen eskubide edo zehapenei buruzkoak- eta dirutan neur daitezkeen uziekin batera bestelako batzuk metatzen direnekoak.
IV. TITULUA ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN PROZEDURA
I. KAPITULUA Lehen auzialdiko edo auzialdi bakarreko prozedura
1. ATALAAurretiazko eginbideak
43. artikulua
Egintzaren baten egile den administrazioak berak hura deuseztatzeko eskatu nahi badu administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, egintza hori interes publikoaren kalteko dela deklaratu beharko du aurrez.
44. artikulua
1. Administrazio publikoen arteko auzietan, ezin jarriko da errekurtsorik administrazio-bidean. Hala ere, administrazio batek beste baten kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen duenean, aurrez errekerimendua egin ahal izango dio xedapena derogatzeko, egintza deuseztatu edo errebokatzeko, jarduketa materiala bukarazi edo aldatzeko, edo egitera beharturik dagoen jarduera egiten hasteko.
2. Idazki ziodun baten bidez egin beharko zaio errekerimendua organo eskudunari, eta idazki horretan adierazi zein den xedapen, egintza, jarduketa edo jardute-eza. Horretarako epea bi hilabete izango da, araua argitaratu denetik hasita, edo, bestela, administrazio eskatzaileak egintzaren, jarduketaren edo jardute-ezaren berri izan duenetik edo izan zezakeenetik hasita.
3. Jaso eta hurrengo hilabetearen barruan erantzuten ez badu errekerituak, ezetsitzat joko da errekerimendua.
4. Salburik uzten da toki-araubidearen legerian gai honi buruz xedaturikoa.
2. ATALAErrekurtsoa jartzea eta espedientea erreklamatzea
45. artikulua
1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa idazki baten bidez abiaraziko da. Idazki horretan, zer xedapen, egintza, jardute-ez edo egitate-bidezko jarduketa aurkaratzen den adierazi eta errekurtsoa jarritzat har dadila eskatu baino ez da egingo, legeak besterik xedatu ezean.
2. Idazki horrekin batera aurkeztuko dira:
a) Auzitara agertzen denaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria, baldin eta ez badago, lehendik, epaitegi edo auzitegi berean ebazkizun den beste errekurtso baten jarduketei loturik; kasu horretan, horren ziurtagiria ateratzeko eta jarduketei eransteko eskatu ahal izango da.
b) Auzi-jartzailearen legitimazioa egiaztatzen duen agiria edo agiriak, legitimazio hori jaraunspen bidez edo beste tituluren baten bidez jasoa badu.
c) Errekurritzen den xedapen edo egintza espresuaren kopia edo helarazpena, edo egintza jasotzen duen espedientearen edo xedapena argitaratu den aldizkari ofizialaren aipamena. Administrazioaren jardute-eza edo egitate-bide bat errekurritzen bada, adieraziko da bata edo bestea zer organo edo bulegori egozten zaion, zer espedientetan duen jatorria -hori bada kasua-, edo errekurtsoaren objektua behar bezala identifikatzeko beste edozein datu.
d) Aplikatzekoak diren arau edo estatutuen arabera pertsona juridikoek akzioak baliatzeko eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko agiria edo agiriak, non eta ez dauden zenbaki honen a) letrak aipatzen duen agirian dagokien moduan jasoak edo txertatuak.
3. Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu bezain laster, agerraldia baliozkoa den aztertuko du epaitegi edo salak, ofizioz. Errekurtso-idazkiarekin batera aurreko zenbakian adierazitako agiriak aurkeztu ez badira edo osorik aurkeztu ez badira, edo, oro har, agerraldia baliozko izateko lege honetan eskatzen diren betekizunak bildu ez direla irizten badio, haiek zuzentzeko eskatuko du epaitegi edo salak berehala. Hamar egunen epea jarriko dio errekurtso-jartzaileari horretarako, eta, zuzendu ezean, jarduketak artxibatzeko aginduko du.
4. Kaltegarritasun-errekurtsoa abiarazteko, demanda aurkeztu beharko da, 56.1 artikuluak dioenaren arabera, eta demanda horretan adierazi, zehazki, zein diren demandatua edo demandatuak eta zein den haien egoitza edo bizilekua, jasota badago. Demandarekin batera aurkeztu beharko dira, beti, kaltegarritasundeklarazioa, administrazio-espedientea eta, hala badagokio, artikulu honen 2. zenbakiko a) eta d) letretan eskatzen diren agiriak.
5. Hirugarren interesdunik ez den kasuan, demanda bidez ere hasi ahal izango da xedapen orokor, egintza, jardute-ez edo egitate-bide baten kontrako errekurtsoa, zein xedapen, egintza edo jokaera aurkaratzen den adierazita eta hura zuzenbidearen kontrakoa zergatik den arrazoituta. Demandarekin batera, artikulu honetako bigarren zenbakian aurreikusitakoaren arabera behar diren agiriak aurkeztuko dira.
46. artikulua
1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea bi hilabete izango da, aurkaraturiko xedapena argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita edo administrazio-bidea amaitzen duen egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, egintza hori espresua baldin bada. Espresua ez bada, epea sei hilabete izango da, eta, eskatzailearentzat eta izan litezkeen gainerako interesdunentzat, berariazko araudiaren arabera presuntziozko egintza gertatu den egunaren biharamunetik hasita kontatuko da.
2. Lege honen 29. artikuluan aurreikusiriko kasuetan, han adierazitako epeen muga-egunaren biharamunetik aurrera kontatuko dira bi hilabeteak.
3. Egitate-bidezko jarduketa baten kontra zuzentzen bada administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, hamar egun izango da errekurtsoa jartzeko epea, 30. artikuluan ezarritako epea amaitu eta biharamunetik hasita. Errekerimendurik ez badago, epea hogei egun izango da, egitate-bidezko administrazio-jarduketa hasi zen egunetik hasita.
4. Aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri den kasuan, haren ebazpen espresua jakinarazten den egunaren edo ezetsitzat jo behar den egunaren biharamunetik hasita kontatuko da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea.
5. Kaltegarritasun-errekurtsoa jartzeko epea bi hilabete izango da, kaltegarritasundeklarazioa eman den dataren biharamunetik hasita.
6. Administrazioen arteko auzietan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea bi hilabete izango da, legez besterik ezartzen ez bada. Lege honen 44. artikuluaren lehenbiziko hiru zenbakietan araututako errekerimendua egin bada aurretik, erabaki espresuaren jakinarazpena jasotzen den egunaren edo ezetsitzat jotzen den egunaren biharamunetik hasita kontatuko da epea.
47. artikulua
1. Lege honen 45.3 artikuluan xedatutakoa bete ondoren, epaitegi edo salak, hurrengo egun baliodunaren barruan, errekurtso-jartzaileak hala eskatzen badu, errekurtsoa jarri dela iragar dadila erabakiko du, eta ofizioa bidaliko du, organo eskudunak argitara dezan, nahiz eta errekurritzaileak ordaindu, dagokion aldizkari ofizialean -errekurritutako administrazio-jarduera egin duen organoaren eskumen-lurraldea zein den-. Argitaratzea ofizioz ere erabaki ahal izango du epaitegi edo salak, egoki baderitzo.
2. Lege honen 45.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan demanda bidez hasi bada errekurtsoa, errekurtsoa jarri izanaren iragarpena argitaratu beharko da; iragarpenean, hamabost egun emango dira aurkaraturiko xedapen, egintza edo jokaera zuzenbidearen araberakoa dela eusteko interes legitimoa dutenak pertsonatu daitezen. Epe hori igarotakoan, demandaren eta harekin batera aurkeztutako agirien helarazpena egingo da, erantzun diezaioten; lehenik, Administrazioak erantzungo du, eta, gero, pertsonaturiko gainerako demandatuek.
48. artikulua
1. Jurisdikzio-organoak, aurreko artikuluaren 1. zenbakian aurreikusirikoa erabakitzean, edo, argitaratzea beharrezko ez bada, ebazpen bidez, administrazioespedientea bidaltzeko errekerimendua egingo dio Administrazioari, eta 49. artikuluan aurreikusitako epatzeak egin ditzala aginduko dio. Espedientea erreklamatuko zaio aurkaraturiko xedapen edo egintzaren emaile den organoari, edo jardute-eza edo egitate-bidea egozten zaionari. Aurreko gradu edo faseetan izapideturiko espedienteen kopia kautotu bat egingo da beti, haiek jatorrizko bulegora itzuli aurretik.
2. Ez da espedientea erreklamatuko aurreko artikuluaren 2. zenbakiko kasuan; horrek ez du eragotziko artikulu honen 5. zenbakian emandako ahalmena.
3. Espedientea bidaltzeko epea, luzaezina, hogei egun izango da, organo errekerituaren erregistro orokorrean jakinarazpen judizialari sarrera ematen zaionetik hasita. Sarrera horren berri emango zaio jurisdikzio-organoari.
4. Espedientea, izan dadin jatorrizkoa edo kopia, osorik bidaliko da, foliozenbakiak ipinirik eta, kopia bada, kautoturik; harekin batera, espedienteko agirien aurkibidea bidaliko da, hura ere kautoturik. Bidaltzen dituen espedienteen jatorrizkoa edo kopia kautotu bat gordeko du beti administrazioak. Epaitegi edo auzitegi batek baino gehiagok erreklamatuz gero espedientea, gorderik duen jatorrizkoaren edo kopiaren kopia kautotuak igorriko ditu Administrazioak.
5. Demanda bidez abiarazi bada xedapenaren kontrako errekurtsoa, xedapen haren lantze-espedientea eska dezake auzitegiak, ofizioz edo demandatzailearen eskariz. Espedientea, jasotakoan, alderdien ikusgai jarriko da, bost egunez, alegazioak egin ditzaten.
6. Espedientetik kanpo utziko dira, ebazpen ziodun baten bidez, sekretu ofizial gisa sailkaturiko agiriak, eta horrela agerraraziko da agiri-aurkibidean eta kendutako agiriei espedientean zegokien tokian.
7. Bidaltzeko epea igarotakoan espedientea osorik jaso ez bada, berriz egingo da erreklamazioa, eta, 3. zenbakian adierazi bezala kontatutako hamar egunen epean bidali ezean, alegazioak egiteko modu pertsonalean helarazitako ohartarazpen baten ondoren erantzukizuna egiaztatutakoan, 300,50 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko hertsapen-isuna jarriko zaio erantzule den agintari edo enplegatuari. Hogei egunean behin berrituko da isuna, eskatutakoa bete arte.
Gertatzen bada erantzukizuna zehazki zein agintari edo enplegaturena den ezin argitu izatea, administrazioak izango du isuna ordaintzearen erantzukizuna, zuzeneko erantzuleari ordainaraztearen kalterik gabe.
8. Aurreko zenbakian esandako isunak ezartzea ebazten duten autoen kontra, erregu-errekurtsoa jarri ahal izango da, 79. artikuluak dioen moduan.
9. Borondatez ordaindu ezean, premiamendu judizialaren bidez gauzatuko dira isun irmoak.
10. Lehenengo hiru hertsapen-isunak ezarritakoan espedientea osorik igortzea lortu ezean, horren jakinaren gainean jarriko du epaile edo auzitegiak Fiskaltza, isun gehiago ezartzen jarraitzearen kalterik gabe. Errekerimendua ez betetzeak hirugarren hertsapen-isuna ekar dezakeen kasuan, horren ohartarazpena egingo da errekerimenduan bertan.
3. ATALADemandatuak epatzea eta errekurtsoa onartzea
49. artikulua
1. Espedientea igortzea erabakitzen duen ebazpena onartutakoan, espedientean interesdun gisa agertzen diren guztiei jakinaraziko zaie ebazpen hori, ondorengo bost egunen barruan, eta bederatzi egunen epea emango zaie demandatu gisa pertsonatu ahal izan daitezen. Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen legean xedaturikoaren arabera egingo da jakinarazpena.
2. Jakinarazpenak egindakoan, epaitegi edo auzitegira igorriko da espedientea, eta, harekin batera, epatzearen edo epatzeen justifikazioa, baldin eta espedientea igortzeko epearen barruan egin badira; ezin egin izan badira, espedientea bidaliko da lehenbailehen, eta epatzeak amaitutakoan, berriz, haien justifikazioa.
3. Espedientea jasotakoan, epaitegi edo auzitegiak, administrazio-jarduketen emaitza eta errekurtsoa jartzeko idazkiaren eta erantsitako agirien edukia ikusirik, epatzeko beharrezko diren jakinarazpenak egin direla egiaztatuko du. Osatugabeak direla ikusten badu, identifika daitezkeen interesdunen defentsa segurtatzeko beharrezko diren jakinarazpenak egin ditzala aginduko dio Administrazioari.
4. Jasorik ageri den egoitzan interesdunen bat epatzerik izan ez denean, errekurtsoa jarri izana iragarri zen aldizkari ofizial berean dagokion ediktua jartzeko aginduko du epaile edo auzitegiak. Demandari erantzuteko helarazpena egin beharko litzaiekeen unea arteko denboran pertsonatu ahal izango dira ediktuz epaturikoak.
5. Lege honen 47.2 artikuluan aurreikusitako kasuan, hartan xedaturikoa beteko da.
6. Kaltegarritasun-errekurtsoan demandaturiko pertsonak banan-banan epatuko dira, bederatzi egunen epean agertzeko.
50. artikulua
1. Espedientea erreklamatzearekin emango da epatutzat Administrazioa.
2. Espedientea igortzearekin emango dira pertsonatutzat administrazio publikoak.
3. Emandako epearen barruan pertsonatu ahal izango dira epaiketan legez epaturiko demandatuak. Geroago pertsonatuz gero, alderditzat edukiko dira artean epean dauden izapideetarako. Dagokienean pertsonatzen ez badira demandatuak, bere bidetik jarraituko du prozedurak, eta ez zaie inolako jakinarazpenik egingo, ez auzi-gelan, ez bestela.
51. artikulua
1. Epaitegi edo salak, aurrez administrazio-espedientea erreklamatu eta azterturik, beharrezko irizten badio, errekurtsoa ez dela onartzen deklaratuko du, zalantzarik gabekoa eta nabaria bada:
a) Epaitegi edo auzitegiaren jurisdikziorik edo eskumenik eza.
b) Errekurtso-jartzailearen legitimaziorik eza.
c) Ezin aurkaratu daitekeen jarduera baten kontra jarri izana errekurtsoa.
d) Errekurtsoa jartzeko epea iraungi izana.
2. Epaitegi edo salak errekurtsoa ez onartzea erabaki ahal izango du funtsean eduki bera duten beste errekurtso batzuk epai irmoz ezetsi direnean; kasu horretan, ezespen-ebazpena edo -ebazpenak aipatuko ditu.
3. Egitate-bide den jarduketa material bat aurkaratzen denean, errekurtsoa ez onartzeko aukera izango du epaitegi edo auzitegiak, orobat, agerikoa baldin bada eskumenaren barruan eta legeak ezarritako prozeduraren erregelen arabera egin dela administrazio-jarduketa.
Errekurtsoa onartu gabe utziko da, era berean, administrazioak 29. artikuluan aipatzen diren obligazioak ez bete izana aurkaratzen den kasuan, agerikoa baldin bada administrazioak ez duela errekurritzaileekiko obligazio zehatzik.
4. Epaitegi edo salak, errekurtsoa ez onartzea erabaki aurretik, alderdiei jakinaraziko die ez onartzeko zioa, hamar egunen epe erkidean bidezko deritzotena alega dezaten eta behar diren agiriak aurkez ditzaten.
5. Lege honetan aurreikusitako errekurtsoak jarri ahal izango dira errekurtsoa onartzen ez dela dioen autoaren kontra. Onarpen-autoaren kontra ezin jarriko da errekurtsorik, baina horrek ez du eragotziko ez onartzeko edozein zio kontrajartzea prozesuaren geroagoko uneren batean.
6. Onartzen ez dela deklaratutakoan, artikulu honen 1. zenbakiaren a) paragrafoan xedaturikoaren babesean, 5.3 eta 7.3 artikuluek ezarritakoa beteko da.
4. ATALADemanda eta erantzuna
52. artikulua
1. Administrazio-espedientea epaitegi edo auzitegian jasotakoan eta epatzeak egiaztatutakoan, eta, hala badagokio, osatutakoan, espedientea errekurritzaileari ematea erabakiko da, hogei egunen epean demanda aurkez dadin. Errekurritzaileak bat baino gehiago direnean, zuzendaritza beraren pean ez dihardutenean ere, aldi berean aurkeztuko dituzte demandak. Jatorrizko espedientea edo kopia emango zaio errekurritzaileari.
2. Epearen barruan aurkeztu ez bada demanda, epaitegiak edo salak, ofizioz, errekurtsoa iraungi dela deklaratuko du auto bidez. Demanda-idazkia, hala ere, onartu egingo da, eta legezko efektuak izango ditu, baldin eta autoa jakinarazten den egunaren barruan aurkezten bada.
53. artikulua
1. Administrazio-espedientea igortzeko epemuga igaro eta artean espedientea igorri ez bada, demanda jartzeko epea eman dakiola eska dezake alderdi errekurritzaileak, bere kabuz edo epaile edo auzitegiaren ekimenez.
2. Alderdi demandatzaileak aurreko zenbakian ezarritako eskubidea baliatutakoan espedientea jasotzen bada, alderdi demandatzaileei eta, hala badagokio, demandatuei emango zaie ikustera espediente hori, hamar egunen epe erkidean, bidezko deritzoten alegazio osagarriak egin ditzaten.
54. artikulua
1. Demanda aurkeztutakoan, haren helarazpena egingo zaie, administrazioespedientea emanez, agertu diren alderdi demandatuei, hogei egunen epean erantzun diezaioten. Administrazio-espedientea jaso gabe formalizatu bada demanda, administrazio demandatua epatuko da, erantzun dezan; epatzean, ohartaraziko zaio erantzuna ez dela onartuko espedientearekin batera ez badator.
2. Administrazio demandatuaren defendatzaileak irizten badio balitekeela errekurrituriko administrazio-xedapen edo -jarduketa zuzenbidearen araberakoa ez izatea, prozedura hogei egunez geldieran uzteko eskatu ahal izango du, denbora horretan bere iritzi arrazoituaren berri emateko administrazioari.
3. Administrazio demandatuak formulatuko du lehenik erantzuna.
Administrazioaz gainera beste demandatu batzuek ere erantzun behar dutenean, aldi berean formulatuko dute denek erantzuna, nahiz eta zuzendaritza beraren pean ez jardun. Kasu horretan, administrazio-espedientea eskura eman beharrik ez da izango, idazkaritzan ikusgai jarriko baita, baina bai haren kopia, gastuak demandatuen kontura direla.
4. Administrazio demandatua toki-entitate bat bada eta, epatua izan arren, prozesuan agertu ez bada, demanda helaraziko zaio, hogei egunen epean epaiketa-ordezkaria izenda dezan edo epaile edo entzutegiari idatziz adieraz diezaion zer oinarri dituen auzi-jartzailearen uziari bidegabe irizteko.
55. artikulua
1. Administrazio-espedientea osatu gabe dagoela irizten badiote, hura osatzeko aurrekariak erreklama daitezela eskatu ahal izango dute alderdiek, demanda edo erantzuna formulatzeko epearen barruan.
2. Aurreko zenbakian aipaturiko eskaerak geldieran utziko du dagokion epea.
3. Hiru egunen epean ebatziko du dagokiona epaitegi edo salak. Administrazioak, espedientea berriro igortzean, zer agiri erantsi diren adierazi beharko du 48.4 artikuluan aipaturiko aurkibidean.
56. artikulua
1. Demanda- eta erantzun-idazkietan behar bezala bereizirik adieraziko dira egitateak, zuzenbideko oinarriak eta aurkezten diren uziak; egoki diren arrazoi guztiak alegatu ahal izango dira uziak justifikatzeko, Administrazioaren aurrean planteatuak izan edo ez.
2. Demanda ofizioz aztertuko du epaitegi edo auzitegiak, eta, hutsik baldin badu, gehienez ere hamar egunen epean zuzendu daitezela aginduko du. Hutsak epearen barruan zuzendu ezean, jarduketak artxibatzeko aginduko da.
3. Demandarekin eta erantzunarekin batera, beren eskubidea zuzenean funtsatzeko baliaturiko agiriak aurkeztuko dituzte alderdiek, eta, beren esku ez badituzte, adieraziko dute zer artxibo, bulego edo protokolotan dauden edo nork dituen.
4. Demanda eta erantzunaren ondoren, prozedura zibilerako aurreikusitako kasuetakoren batean dauden agiriak baino ez zaizkie hartuko alderdiei. Hala ere, demandatzaileak aukera izango du demandaren erantzunetan emandako alegazioak indargabetzea xede duten eta egitateetan desadostasuna dagoela agerian jartzen duten agiriak aurkezteko, ikustaldirako edo konklusioetarako zitazioa baino lehen.
57. artikulua
Errekurtsoaren epaitza frogaldirik gabe eta ikustaldi edo konklusio-ekitaldirik gabe emateko eskatu ahal izango du auzi-jartzaileak, berebat bidez. Alderdi demandatua kontra agertzen ez bada, beste izapiderik gabe epairako prest geratuko da auzia, behin demandari erantzundakoan, non eta epaile edo auzitegiak ez duen baliatzen 61. artikuluak ematen dion ahalmena.
5. ATALAAurretiazko alegazioak
58. artikulua
1. Demandaturiko alderdiek, demandari erantzuteko epearen lehenengo bost egunen barruan, aukera izango dute jurisdikzio-organoaren eskumenik eza edo, 69. artikuluan xedaturikoaren arabera, errekurtsoa ez onartzea ekar lezaketen arrazoiak alegatzeko; horrek ez du eragotziko arrazoi horiek erantzunean alegatu ahal izatea, jurisdikzio-organoaren eskumenik eza salbu, baita aurretiazko alegazio gisa ezetsiak izan badira ere.
2. Izapide hori baliatzeko, administrazio-espedientea aurkeztu beharko du administrazio demandatuak, aurretik igorri ez badu.
59. artikulua
1. Aurretiazko alegazioak formulatzen dituen idazkia bost egunez helaraziko zaio auzi-jartzaileari, eta hark hamar egun izango ditu, hala badagokio, akatsa zuzentzeko.
2. Helarazpena egindakoan, intzidenteetarako aurreikusitako izapideei jarraituko zaie.
3. Aurretiazko alegazioak ezesten dituen autoari ezin jarriko zaio errekurtsorik, eta geratzen den epean demandari erantzuteko aginduko du auto horrek.
4. Aurretiazko alegazioen baiespen-autoa irmo geratutakoan, onartezin deklaratuko da errekurtsoa, eta administrazio-espedientea jatorriko bulegora itzultzeko aginduko. Jurisdikziorik edo eskumenik eza deklaratu bada, 5.3 eta 7.3 artikuluetan ezarritakoa beteko da.
6. ATALAFrogaldia
60. artikulua
1. Berebat bidez baino ezin eskatuko da prozesuaren frogaldia, demandaeta erantzun-idazkietan eta alegazio osagarrien idazkietan. Frogaldian ikusi beharreko egitate-puntuak adierazi beharko dira, modu ordenatuan, idazki horietan.
2. Demandari emandako erantzunetik auzia ebazteko garrantzi handiko egitateak ondorioztatzen badira, errekurritzaileak frogaldia eska dezake erantzuna helarazi den egunaren ondorengo hiru egunen barruan, hargatik eragotzi gabe 56.4 artikuluan xedaturikoaren arabera agiriak aurkezteko duen eskubidea baliatu ahal izatea.
3. Egitateetan desadostasuna dagoenean eta egitateok jurisdikzio-organoaren iritziz auzia ebazteko garrantzi handikoak direnean egingo da frogaldia. Administrazio- edo diziplina-zehapen bati jarri bazaio errekurtsoa, beti egingo da prozesuaren frogaldia egitateetan desadostasuna dagoenean.
4. Prozesu zibilerako ezarritako arau orokorren arabera egingo da frogaldia, baina hamabost egun izango da frogak proposatzeko epea eta hogeita hamar egun haiek egiteko. Hala ere, epe horretatik kanpo egindako frogak ere aurkeztu ahal izango dira prozesura, baldin epez kanpo aurkeztearen arrazoiak ezin egotzi bazaizkio frogak proposatu zituenari.
5. Beren magistratuetariko bati edo administrazioarekiko auzien epaitegi bati eskuordetu ahal izango diote salek froga-eginbide batzuk edo guztiak egitea, eta Administrazioaren epaiketako ordezkariak, berriz, funtzionario publiko bati eskuordetu ahal izango dio frogetan esku hartzeko ahalmena.
6. Peritu-froga emateko ekitaldian, epaileak, edozein alderdiren eskariz, epe bat emango du, gehienera ere hiru egunekoa, emandako irizpenaren argitasunak eskatu ahal izan ditzaten alderdiek.
61. artikulua
1. Epaile edo auzitegiak, ofizioz, erabaki ahal izango du frogaldia onartzea eta auzia modurik egokienean ebazteko beharrezko deritzon frogak egitea.
2. Frogaldia amaitutakoan, eta auzia epairako prest deklaratu arte, jurisdikzioorganoak ere erabaki ahal izango du beharrezko jotzen duen edozein frogaeginbide egitea.
3. Alderdiek parte hartuko dute aurreko zenbakietan xedaturikoaren babesean egiten diren frogetan.
4. Froga egitea ofizioz erabakitzeko ahalmena baliatzen badu epaile edo auzitegiak, eta alderdiek aukerarik ez badute ikustaldian edo konklusioen idazkian horri buruz alegazioak aurkezteko, frogaren emaitza ikustera emango zaie alderdiei, eta hiru egunen epea izango dute haiek egoki deritzotena alegatzeko emaitza horren hedadurari eta garrantziari buruz.
5. Peritu-frogen efektuak prozedura konexiodunetara hedatzea erabaki ahal izango du epaileak, ofizioz, aurrez alderdiei entzuera emanik edo alderdien eskariz. Froga horien kostuari dagokionez prozesu-kostuen arauak aplikatzeko, alderditzat hartuko dira efektuak hedatzeko erabakiaren pean geratu diren prozesuetan parte hartu duten guztiak, eta kostua hainbanatu egingo da prozesu horietan kostuak ordaintzera behartuak direnen artean.
7. ATALAIkustaldia eta konklusioak
62. artikulua
1. Lege honetan besterik xedatzen ez bada, ikustaldia egiteko, konklusioak aurkezteko edo auzia beste izapiderik gabe epairako prest deklaratzeko eskatu ahal izango dute alderdiek.
2. Eskaera hori demanda- eta erantzun-idazkietan berebat bidez formulatu beharko da, edo frogen aldia amaitutzat deklaratzen duen antolaketa-eginbidea jakinarazten denetik hasi eta hiru egunen epean aurkezturiko idazki batez.
3. Alderdiek bateratasunez eskatu dutenaren arabera ebatziko du epaile edo auzitegiak. Bestela, ikustaldia egitea edo konklusio idatziak formulatzea erabakiko du, baldin eta demandatzaileak eskatzen badu edo, behin froga egin delarik, edozein alderdik hala eskatzen badu; horrek guztiak ez du eragotziko 61. artikuluaren 4. zenbakian xedaturikoa.
4. Alderdiek inolako eskaririk formulatu ez badute, epaile edo auzitegiak, salbuespenez, auziaren izaera kontuan harturik, ikustaldia egitea edo konklusio idatziak formulatzea erabaki ahal izango du.
63. artikulua
1. Ikustaldia egitea erabakiz gero, auzien antzinatasunaren arabera jarriko da entzunaldi-data, non eta auziak ez diren, legeak hala agintzen duelako edo jurisdikzio-organoak ezohizko inguruabarretan oinarriturik emandako erabaki ziodun batengatik, lehentasunezkoak. Lehentasunezko auzi horiek, amaiturik daudenean, data ipini gabe dauden beste auzien aurretik jar daitezke.
2. Ikustaldian, beren hurrenkeran emango zaie hitza alderdiei, alegazioak laburki azaldu ditzaten. Epaileak edo salako presidenteak, bere kabuz edo magistratu txostengilearen bidez, hitza eman diezaieke alderdien defendatzaileei, ahozko txostenen aurretik edo atzetik, egitateak zehaztu ditzaten eta behar den guztia iruzkindu, argitu edo zuzendu dezaten eztabaidaren gaia zedarritzeko.
64. artikulua
1. Konklusio-izapidea erabakitzen denean, egitateei, egindako frogari eta beren uziak funtsatzeko oinarri juridikoei buruzko alegazio labur batzuk aurkeztuko dituzte alderdiek.
2. Idazkia formulatzeko, hamar egunen epea izango dute, hurrenez hurren, demandatzaileek eta demandatuek, batzuek besteen ondoren; taldeetakoren batean pertsona bat baino gehiago agertu badira eta ordezkaritza baten pean jarduten ez badute, aldi bereko epea izango du alderdi-talde horietariko bakoitzak.
3. Bozketa eta epaitzarako eguna jartzeko, aurreko artikuluaren 1. zenbakian adierazitako ordena jarraituko da.
4. Ikustaldia egin edo konklusioak aurkeztutakoan, auzia epairako prest geratu dela deklaratuko du epaile edo auzitegiak, non eta ez duen baliatzen 61. artikuluaren 2. zenbakian aipaturiko ahalmena; kasu horretan, erabakitako froga-eginbidea edo -eginbideak bukatu eta berehala egingo da deklarazioa.
65. artikulua
1. Ikustaldian edo konklusio-idazkian ezin planteatuko da demanda- eta erantzun-idazkietan planteatu ez den arazorik.
2. Epaile edo auzitegiak egoki ikusten badu epaitzarako garrantzi handikoak diren eta alegatu ez diren arrazoiak eztabaidatzea ikustaldian edo konklusioetan, horren berri emango die alderdiei probidentzia bidez, eta hamar egunen epea emango die horren inguruko entzuerarako. Probidentzia horren kontra ezin jarriko da errekurtsorik.
3. Ordaindu beharreko kalte-galeren izanari eta zenbatekoari buruzko erabaki zehatza epaian formulatu dadila eskatu ahal izango du demandatzaileak ikustaldian edo konklusio-idazkian.
66. artikulua
Xedapen orokorren kontrako zuzeneko errekurtsoek lehentasuna izango dute, eta behin epairako prest geratzen direnean, administrazioarekiko beste edozein auzi-errekurtsoren aurretik jarriko dira bozketa eta epaitzarako, edozein dela ere besteon instantzia edo gradua; salbuespen izango da oinarrizko eskubideen babesari buruzko prozesu berezia.
8. ATALAEpaia
67. artikulua
1. Auzia epairako prest geratzen denetik hamar egunen epean emango da epaia, eta prozesuan eztabaidaturiko gai guztiak erabakiko ditu.
2. Epaile edo auzitegiak irizten badio epaia ezin emango dela adierazitako epean, behar bezala arrazoituko du hori, eta epaia emateko geroagoko data bat zehaztu eta alderdiei jakinaraziko die.
68. artikulua
1. Epaitza hauetariko bat emango du epaiak:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartezina dela.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baiesten dela edo ezesten dela.
2. Epaiak, gainera, dagokion erabakia emango du kostuei buruz.
69. artikulua
Errekurtsoa edo uziren bat onartezina dela deklaratuko du epaiak kasu hauetan:
a) Administrazioarekiko auzien epaitegi edo auzitegiak jurisdikziorik ez badu.
b) Gaitasunik, behar bezalako ordezkaritzarik edo legitimaziorik gabeko pertsona batek aurkeztu badu.
c) Aurkaratu ezin diren xedapen, egintza edo jarduketei buruzkoa bada.
d) Gauza epaitu bati buruz emana bada edo auzibitartea badago.
e) Errekurtsoaren hasierako idazkia epez kanpo aurkeztu bada.
70. artikulua
1. Epaiak ezetsi egingo du errekurtsoa zuzenbidearen araberakoa bada aurkaraturiko xedapen, egintza edo jarduketa.
2. Epaiak baietsi egingo du administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ordenamendu juridikoaren arauren bat urratu bada xedapen, jarduketa edo egintzan, aginte-desbideratzea barne.
Aginte-desbideratzetzat hartzen da administrazio-ahalak ordenamendu juridikoan ezarritakoez bestelako helburuetarako baliatzea.
71. artikulua
1. Epaiak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baiesten duenean:
a) Zuzenbidearen araberakoa ez dela deklaratu eta, hala badagokio, deuseztatu egingo du errekurritutako xedapen edo egintza, osorik edo partez, edo aurkaraturiko jarduketa uzteko edo aldatzeko aginduko du.
b) Banakako egoera juridiko bat aitortzea eta berrezartzea bazen uzia, egoera juridiko hori aitortu, eta erabat berrezartzeko behar diren neurri guztiak erabakiko ditu.
c) Erabakitako neurria egintza bat ematea edo juridikoki nahitaezkoa den jarduketa bat egitea bada, epaitza betetzeko epea jarri ahal izango du epaiak.
d) Kalte-galerak berdintzeko uzi bat baiesten bada, ordaina izateko eskubidea deklaratuko da beti, eta orobat adieraziko da zein dagoen kalte-ordaina ematera behartua. Kalte-ordainaren zenbatekoa ere finkatuko du epaiak, demandatzaileak espresuki eskatu badu eta jarduketetan hartarako elementu nahikoa frogatu bada. Bestela, zenbatekoa finkatzeko oinarriak jarriko dira, eta behin betiko zenbatekoa zehaztea epaiaren exekuzio-aldira geroratuko.
2. Jurisdikzio-organoek ezin zehaztuko dute nola idatzirik geratu behar duten xedapen orokor deuseztatu baten ordezko manuek, ez eta deuseztaturiko egintzen irizpidezko edukia ere.
72. artikulua
1. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartzen ez dela edo ezesten dela deklaratzen duen epaiak alderdientzat bakarrik izango ditu efektuak.
2. Xedapen edo egintza bat deuseztatzeak eraginpeko pertsona guztientzat izango ditu efektuak. Xedapen orokor bat deuseztatzen duten epai irmoek efektu orokorrak izango dituzte deuseztaturiko xedapena argitaratu zen aldizkari ofizial berean haien epaitza eta deuseztaturiko manuak argitaratzen diren egunetik. Orobat argitaratuko dira pertsona multzo zehaztugabe bati eragiten dioten administrazio-egintzak deuseztatzen dituzten epai irmoak.
3. Banakoen egoera juridikoak aitortzeko edo berrezartzeko uziak baiesteak alderdientzat bakarrik izango ditu efektuak, baina hirugarren batzuetara zabaldu daitezke efektuok 110. eta 111. artikuluetan aurreikusitako moduan.
73. artikulua
Xedapen orokor baten manu bat deuseztatzen duten epai irmoek ez diote berez eragingo deuseztapenak efektu orokorrak lortu baino lehen manu hura aplikatu duten epai edo administrazio-egintza irmoen eraginkortasunari, non eta manuaren deuseztatzeak ez dakarren guztiz exekutatu gabe dauden zehapenak kentzea edo murriztea.
9. ATALAProzedura amaitzeko beste modu batzuk
74. artikulua
1. Errekurtso-jartzaileak errekurtsoa utzietsi ahal izango du epaia baino lehenagoko edozein unetan.
2. Epaiketako ordezkariaren utziespenak efektuak izan ditzan, beharrezko izango da errekurtso-jartzaileak berrestea edo ordezkariak hartarako baimena izatea. Administrazio Publikoak utziesten badu, organo eskudunak dagozkion lege edo erregelamenduek galdaturiko betekizunen arabera hartutako erabakiaren testigantza aurkeztu beharko da.
3. Epaile edo auzitegiak entzuera emango die, bost egunen epe erkidean, gainerako alderdiei, eta, herri-akzioen kasuan, Fiskaltzari; gero, auto bidez, prozedura amaitu dela deklaratuko du eta jarduketak artxibatzeko eta administrazioespedientea jatorriko bulegora itzultzeko aginduko du.
4. Administrazioa edo Fiskaltza aurka izanez gero, epaile edo auzitegiak ez du onartuko utziespena, eta interes publikoari kalte egiten diola irizten dionean ere atzera bota ahal izango du, arrazoiturik.
5. Bat baino gehiago badira errekurtso-jartzaileak, prozedurak jarraitu egingo du utzietsi ez dutenekin.
6. Utziespenak ez du, nahitaez, kostuak ordaintzeko kondena ekarriko.
7. Errekurtsoa utzietsi bada, administrazio demandatuak guztiz onartu dituelako demandatzailearen uziak administrazio-bidean, eta gero administrazioak beste egintza baten bidez onarpen hori osorik edo partez errebokatzen badu, auzi-jartzaileak eska dezake utzi zen lekutik aurrera jarrai dezala prozedurak, eta errebokatze-egintzara zabaldu dadila. Komenigarri irizten badio, epaile edo auzitegiak hamar egunen epe erkidea emango die alderdiei alegazio osagarriak egin ditzaten, idatziz, errebokazioari buruz.
8. Apelazio- edo kasazio-errekurtso bat utzietsitakoan, auzitegiak, beste izapiderik gabe, prozedura amaitu dela deklaratu eta jarduketak artxibatzeko eta jasotakoak jatorriko jurisdikzio-organora itzultzeko aginduko du, auto bidez.
75. artikulua
1. Demandatuek amore eman ahal izango dute, aurreko artikuluko 2. zenbakian eskaturiko betekizunak betez.
2. Demandatuek amore emandakoan, epaile edo auzitegiak, beste izapiderik gabe, demandatzailearen uziekin bat datorren epaia emango du, non eta horrek ez duen ordenamendu juridikoa nabarmen hausten; kasu horretan, uziak baiestearen kontrako zioak jakinaraziko dizkie alderdiei, eta entzuera emango die, hamar egunen epe erkidean; horren ondoren, zuzenbidearen araberako jotzen duen epaia emango du.
3. Bat baino gehiago badira demandatuak, prozedurak jarraitu egingo du amore eman ez dutenekin.
76. artikulua
1. Baldin eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri eta administrazio demandatuak guztiz onartzen baditu demandatzailearen uziak administraziobidean, alderdietariko edozeinek jakinarazi ahal izango dio hori epaile edo auzitegiari, administrazioak jakinarazi ez badio.
2. Epaile edo auzitegiak bost egunen epe erkidean emango die entzuera alderdiei eta, alegaturikoa egiaztatu eta gero, auto bidez, prozedura amaitu dela deklaratuko du eta jarduketak artxibatzeko eta administrazio espedientea itzultzeko aginduko du, baldin eta uziak onartzeak ez badu ordenamendu juridikoa nabarmen urratzen. Urratzen badu, zuzenbidearen araberako epaia emango du epaile edo auzitegiak.
77. artikulua
1. Lehenengo auzialdiko edo auzialdi bakarreko prozeduretan, epaile edo auzitegiak, ofizioz edo alderdi-eskariz, behin demanda eta erantzuna formulatutakoan, galdetu ahal izango die alderdiei ea egitate edo agiriak halakotzat onartzen dituzten, eta ea aukerarik dagoen eztabaida adostasunez amaitzeko, transakziogai izan daitezkeen gaiei buruzkoa denean auzia eta, bereziki, zenbateko baten balioespenari buruzkoa denean.
Administrazio publiko demandatuen ordezkariek baimena beharko dute transakzioa egiteko, ordezkariok akzioa nola balia dezaketen ezartzen duten arauen arabera.
2. Adiskidetze-ahaleginak ez ditu geldieran utziko jarduketak, non eta pertsonaturiko alderdi guztiek hala eskatzen ez duten. Auzia epairako prest deklaratu aurreko edozein unetan egin ahal izango da adiskidetze-ahalegina.
3. Eztabaida amaitzea dakarren adostasun batera iristen badira alderdiak, epaile edo auzitegiak amaitutzat emango du prozedura, auto bidez, baldin eta adostutakoa ez bada nabarmen ordenamendu juridikoaren kontrakoa, ez interes publikoaren edo hirugarren batzuen kaltekoa.
II. KAPITULUA Prozedura laburtua
78. artikulua
1. Administrazioarekiko auzien epaitegiak eta, hala badagokio, jurisdikzioordena honetako administrazioarekiko auzien epaitegi zentralak arduratuko dira, prozedura laburtuaren bitartez, gai hauetan sortzen diren beren eskumeneko auziez: administrazio publikoen zerbitzuko pertsonala, atzerritartasuna eta asilo politikoaren eskaerak onartzea, dopatzearen inguruko kirol-diziplinako gaiak, eta orobat 13.000 euroren zenbatekoa gainditzen ez duten guztiak.
2. Demanda bidez abiatuko da errekurtsoa, eta demandarekin batera aurkeztu beharko dira auzi-jartzailearen eskubidea funtsatzen duen agiria edo agiriak eta 45.2 artikuluan aurreikusitakoak.
3. Epaileak, aurkezturiko demandaren gainean jurisdikzioa eta gaiaren araberako eskumena duen aztertu ondoren, probidentzia baten bidez, demanda onartzen duela adieraziko du, hala badagokio, eta hura demandatuari helaraz dakiola aginduko du; horrekin batera, ikustaldirako zitatuko ditu alderdiak, eguna eta ordua jarrita. Probidentzia berean, ikustaldirako jarritako eguna baino gutxienez hamabost egun lehenago administrazio-espedientea igor dezala aginduko dio administrazio demandatuari.
4. Administrazio-espedientea jasotakoan, epaileak auzi-jartzaileari eta pertsonaturiko interesdunei igorriko die hura, ikustaldian alegazioak egin ahal izan ditzaten.
5. Alderdiak edo alderdietariko bat agertutakoan, ikustaldia hasi dela adieraziko du epaileak.
Alderdiak agertzen ez badira, edo demandatua bakarrik agertzen bada, auzi-jartzaileak errekurtsoa utzietsi duela joko da, eta kostuak ordaintzera kondenatua izango da; auzi-jartzailea bakarrik agertzen bada, ikustaldiak aurrera jarraituko du, demandaturik gabe.
6. Ikustaldian, lehenik, bere eskaeraren oinarriak azalduko ditu demandatzaileak, edo demandan azaldutakoak berretsiko.
7. Horren ondoren, demandatuak bere eskubideen aldeko alegazioak egin ahal izango ditu. Lehenik, arazo hauen ingurukoak, izanez gero: jurisdikzioa, gaiaren eta lurraldearen araberako eskumena, eta prozesuak modu baliozkoan jarraitzeko eta hura edukiari buruzko epai bidez amaitzeko eragozpen den beste edozein egitate edo inguruabar.
8. Arazo horien inguruan demandatzaileari entzuera emandakoan, dagokiona erabakiko du epaileak; epaiketak jarrai dezala agintzen badu, demandatuak bere desadostasuna aktan jaso dadila eskatu ahal izango du. Gauza bera egin ahal izango du demandatzaileak, baldin eta epaileak, arazo horietarikoren bati buruz ebaztean, auzi horretaz arduratzeko eskumena beste epaitegi edo auzitegi bati dagokiola adierazten badu edo errekurtsoa onartezin deklaratu behar duela irizten badio.
9. Erabilitako prozedura muntari ez dagokiona izatea alegatu badu demandatuak, horretan ados jartzeko eskatuko die epaileak alderdiei, froga egin baino lehen edo, hala badagokio, konklusioak baino lehen. Adostasunik ez bada, epaileak erabakiko du munta, eta auziak munta horri dagokion prozeduraren arabera jarrai dezala aginduko du.
Epailearen erabakiaren aurka ezin jarriko da errekurtsorik.
10. Aurreko zenbakietan aipatutako arazo prozesalik sortzen ez bada, edo, sortu arren, epaileak epaiketa jarraitzea erabakitzen badu, alderdiei emango zaie hitza, argi eta garbi adieraz dezaten zer egitatetan oinarritzen dituzten beren uziak. Adostasunik ez badago egitateetan, frogak proposatuko dira eta, desegoki edo alferrikako ez direnak onartutakoan, egin egingo dira froga horiek.
11. Baldin eta alderdien alegazioetatik ondorioztatzen bada demandatu guztiak auzi-jartzailearen uziekin ados daudela, eztabaidak izaera juridiko hutsa duela, froga-proposamenik ez dagoela edo proposaturiko froga guztia onartezina dela, eta alderdiek konklusiorik formulatu nahi ez badute, epaileak, unean berean hori balioetsirik, epaia emango du luzamendurik gabe, alderdietariko ezein aurka agertu ezean.
Aurkakotza aurkezten denean, hura baiestea edo ezestea erabakiko du epaileak. Baiesten badu, ikustaldiak aurrera jarraituko du, hurrengo zenbakietan araututakoaren arabera; ezesten badu, aurreko zenbakian aurreikusitakoaren arabera ematen duen epaian bertan ezetsiko du, erabaki berezi gisa, edukiari buruz ebatzi baino lehen.
12. Frogak, epaiketa laburtuetan, epaiketa arrunterako aurreikusitako moduan egingo dira, hori beren izapideekin bateraezina ez bada.
13. Aitormen-frogarako posizioak ahoz proposatuko dira, agiririk gabe.
14. Ez da galdera- eta birgaldera-idazkirik onartuko lekukotza-frogarako.
Lekukoak gehiegi badira eta, organo judizialaren iritziz, egitate aski argituen lekukotza alferrik errepikatzea gerta badaiteke haien adierazpenekin, lekuko kopurua bere irizpidez gutxitu ahal izango du organo judizialak.
15. Lekukoak ezin arbuiatuko dira. Alderdiek konklusioetan baino ezin egingo dituzte egoki deritzoten oharrak lekukoen egoera pertsonalari buruz eta haien adierazpenen egiazkotasunari buruz.
16. Peritu-froga egitean, ez dira aplikatzekoak izango perituen zozketari buruzko erregela orokorrak.
17. Frogak egitea ukatzeari buruz eta oinarrizko eskubideak bortxatuz lortutakotzat salatu diren frogak onartzeari buruz epaileak emandako ebazpenen kontra, erregu-errekurtsoa jarri ahal izango dute alderdiek. Jarraian bideratu eta ebatziko da errekurtso hori.
18. Epaileak irizten badio froga garrantzitsuren bat ezin egin dela ikustaldian, nahiz hura aurkeztearen karga duenak fede gaiztoz jokatu ez, geldieran utziko du ikustaldia, eta hari berrekiteko lekua, eguna eta ordua izendatuko ditu segidan, beste jakinarazpenik egin beharrik gabe.
19. Froga egin ondoren -frogarik baldin bada- eta konklusioen ondoren -konklusioak baldin badira- abokatuei entzuera emandakoan, auzietan alderdi diren pertsonek hitzez azaldu ahal izango dute beren defentsarako egoki deritzotena, epailearen baimenez, ikustaldiaren amaieran, ikustaldia amaitutzat eman aurretik.
20. Ikustaldia egin eta hamar egunen epean emango du epaileak epaia.
21. Epaiketa egiten den bitartean, dagokion akta idatziko da, eta honako hauek jasoko dira hartan:
a) Lekua, data, ekitaldiaren buru den epailea, agertu diren alderdiak, ordezkariak, halakorik bada, eta alderdien defendatzaileak.
b) Alderdien alegazioen laburpen doi bat, haiek proposaturiko frogabideak, frogen pertinentziari edo pertinentziarik ezari buruzko deklarazio espresua, ezezkoaren arrazoiak eta protesta, halakorik bada.
c) Onartu eta egindako frogei dagokienez:
1. Aitortza- eta lekukotza-frogen laburpen nahikoa.
2. Aurkezturiko agirien zerrenda xehetasunez hornitua, edo, zerrenda luzeegia izanez gero, agiriak identifikatzeko adina datu.
3. Agiri-frogari dagokionez epaiketan planteaturiko intzidenteen zerrenda.
4. Peritu-txostenen laburpen nahikoa, eta orobat perituak errekusatzeko proposamenen inguruan epaileak emandako ebazpenarena.
5. Ikustaldian egindako deklarazioen laburpena.
d) Konklusioak eta alderdiek formulaturiko eskaera zehatzak; diru kopuru bat ordaintzeko kondena ezartzea eskatzen dutenen kasuan, aktan jaso beharko da kopuru hori.
e) Epailearen deklarazioa, jarduketak amaitutzat jotzen eta jarduketok epaia emateko ikustaldira ekartzeko agintzen duena.
22. Epaileak ebatziko du, geroagoko errekurtsorik gabe, aktaren edukiari buruz egiten den edozein ohar, eta sinatu egingo du jarraian, alderdiekin edo haien ordezkari edo defendatzaileekin eta perituekin batera; haietarikoren batek sinatzen ez badu, ezin duelako, nahi ez duelako edo ez dagoelako, horren oharra jasoko du epaileak aktan, eta, azkenik, idazkariak sinatuko du, fede emanez.
Erreprodukzio-bide mekanikoz ere jaso ahal izango da epaiketaren akta. Kasu horretan, aurreko zenbakian adierazitako betekizun berak eskatuko dira.
Epaiketaren aktaren kopia eman beharko zaie prozesuan alderdi izan direnei, eskatzen badute.
23. Prozedura laburtuari buruz kapitulu honetan xedatu gabeko guztian, lege honen arau orokorrei jarraituko zaie.
III. KAPITULUA Probidentzia, auto eta epaien kontrako errekurtsoak
1. ATALAProbidentzia eta autoen kontrako errekurtsoak
79. artikulua
1. Apelaziorik edo kasaziorik jar ez dakiekeen probidentzia edo autoen kontra, erregu-errekurtsoa jarri ahal izango da; horrek ez du eragotziko, hala ere, aurkaraturiko ebazpena gauzatzea, non eta jurisdikzio-organoak ez duen kontrakoa erabakitzen, ofizioz edo alderdi-eskariz.
2. Ez da erregu-errekurtsorik onartuko, ez lege honetan espresuki hartatik salbuetsi diren ebazpenen kontra, ez erregu-errekurtsoak, argitze-errekurtsoak eta antolaketa-eginbidea berrikusteko eskaerak ebazten dituzten autoen kontra.
3. Erregu-errekurtsoa jartzeko epea bost egun izango da, aurkaraturiko ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
4. Errekurtsoa garaiz eta forma egokian jarri denean, idazkiaren kopiak helaraziko zaizkie gainerako alderdiei, hiru egunen epe erkidean aurkaratzeko aukera izan dezaten, egoki irizten badiote. Epe hori amaitutakoan, auto bidez ebatziko du epaileak, hiru egunen barruan.
5. Antolaketa-eginbideak berrikusteko eskatu ahal izango zaio epaile edo magistratu txostengileari, 3. zenbakian adierazitako epean.
Berrikuspena eskatu ondoren, 4. zenbakian aurreikusitako izapideari jarraituko zaio.
80. artikulua
1. Efektu bakarreko apelazioa jarri ahal izango zaie administrazioarekiko auzien epaitegiek eta administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek lehen auzialdian emandako autoei, kasu hauetan:
a) Kautela-neurrien pieza banandua amaitutzat ematen duten autoak.
b) Epai-exekuzioan emandakoak.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartzen ez dela deklaratzen dutenak edo errekurtsoak aurrera jarraitzea galarazten dutenak.
d) Lege honen 8.6 artikuluan aurreikusitako baimenei buruz emandakoak.
e) Lege honen 83. eta 84. artikuluak aplikatuz emandakoak.
2. Administrazioarekiko auzien epaitegiek eta administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek 110. eta 111. artikuluetako kasuetan emandako autoak apelatzen diren kasuetan, zabaldu nahi den epaiari dagokion apelazioren onarpenarau berei jarraituko zaie.
3. Administrazioarekiko auzien epaitegiek eta administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek emandako autoen kontrako apelazio-errekurtsoak kapitulu honen bigarren atalean ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.
2. ATALAApelazio-errekurtso arrunta
81. artikulua
1. Apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie administrazioarekiko auzien epaitegiek eta administrazioarekiko auzien epaitegi zentralek emandako epaiei, auziak ez badira:
a) Hiru milioi pezeta arteko munta dutenak.
b) Lege honen 8.4 artikuluan sartzen diren hauteskunde-gaien ingurukoak.
2. Apelazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie beti epai hauei:
a) Aurreko zenbakiko a) letrako kasuan errekurtsoa onartezin deklaratzen dutenak.
b) Pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko prozeduran emandakoak.
c) Administrazio publikoen arteko auziak ebazten dituztenak.
d) Xedapen orokorren zeharkako aurkarapenak ebazten dituztenak.
82. artikulua
Lege honen arabera demandatzaile edo demandatu gisa legitimaturik daudenek jarri ahal izango dute apelazio-errekurtsoa.
83. artikulua
1. Bi efektuetan onartzekoa izango da epaien kontrako apelazio-errekurtsoa, lege honek besterik xedatzen duen kasuetan izan ezik.
2. Aurreko zenbakian xedaturikoaz gainera, epaileak, edozein unetan, alderdi interesdunaren eskariz, egoki diren kautela- neurriak hartu ahal izango ditu epaia VI. tituluko II. kapituluan ezarritako irizpideen arabera exekuta dadin segurtatzeko, hala badagokio.
84. artikulua
1. Apelazio-errekurtsoa jartzeak ez du eragotziko errekurrituriko epaia behin-behinekoan exekutatzea.
Epaiak mesedetutako alderdiek hura behin-behinekoan exekutatzeko eskatu ahal izango dute.
Exekuzio horretatik edozein eratako kalteak etor badaitezke, kalte horiek galarazteko edo arintzeko egoki diren neurriak erabaki ahal izango dira.
Orobat galdatu ahal izango da kauzioa edo bermea ematea kalte horiei erantzuteko. Kasu horretan, behin-behineko exekuzioa ezin gauzatuko da harik eta kauzioa edo erabakitako neurria eratu eta jarduketetan egiaztaturik egon arte.
2. Lege honen 133.2 artikuluan ezarritakoaren arabera eratuko da kauzioa.
3. Ez da behin-behineko exekuzioa erabakiko ezin itzulizko egoerak edo kalte konponezinak eragin baditzake.
4. Gainerako alderdiei aurretiaz entzuera emanik hiru egunen epe erkidean, hurrengo bost egunen epean ebatziko du epaileak behin-behineko exekuzioaz.
5. Administrazio publiko batek eskatzen badu behin-behineko exekuzioa, ez du kauzioa eman beharrik izango.
85. artikulua
1. Apelatzen den epaia eman zuen epaitegiaren aurrean jarriko da apelazioerrekurtsoa, epaia jakinarazi den egunaren ondorengo hamabost egunen barruan, errekurtsoa funtsatzeko erabiltzen diren alegazioak biltzen dituen idazki arrazoitu baten bidez.
Hamabost egunen epea apelazio-errekurtsoa jarri gabe igaroz gero, epaia irmo geratuko da.
2. Baldin eta aurkeztutako idazkiak aurreko zenbakian aurreikusitako betekizunak betetzen baditu eta apelazioa jar dakiokeen epai bati buruzkoa bada, epaitegiak errekurtsoa onartzea ebatziko du, eta ebazpen hori ezin errekurrituko da. Gainerako alderdiei helaraziko die epaitegiak errekurtsoa, hamabost egunen epe erkidean aurkakotza formalizatu ahal izan dezaten. Bestela, ez onartzea erabakiko du, auto bidez; auto horren kontra kexa-errekurtsoa jarri ahal izango da, eta Prozedura Zibilaren Legean ezarritako forman bideratuko da errekurtso hori.
3. Errekurtsoa jartzeko idazkian eta hari aurka egitekoan, frogaldia eskatu ahal izango dute alderdiek, ukatu zaizkien frogak edo berei egotz ez dakizkien arrazoiengatik lehenengo auzialdian behar bezala egin ez direnak egiteko. Idazki horietan, funtzionario publikoek, 23.3 artikuluan aipaturiko prozesuetan, dagokion administrazioarekiko auzien salaren egoitzako helbide bat eman beharko dute, jakinarazpenetarako.
4. Alderdi apelatuak, apelazioa bidegabe onartu dela irizten badio, hala jaso beharko du aurkakotza-idazkian; kasu horretan, apelatzaileari ikustera emango zaio alegazio hori, hiru egunez. Apelatuak aukera izango du, orobat, bera ere idazki berean apelazioari atxikitzeko, epaia kalteko zaiola uste duen puntuak arrazoituz; kasu horretan, apelatzaileari helaraziko zaio aurkakotzaidazkia hamar egunerako, atxikitzeari aurka egin ahal izateko, ez bestetarako.
5. Aurreko 2. eta 4. zenbakietan aipaturiko epeak igarotakoan, epaitegiak administrazioarekiko auzien sala eskudunari igorriko dizkio jarduketak eta administrazio-espedientea, aurkezturiko idazkiekin batera, eta sala horrek, hala badagokio, behar dena ebatziko du errekurtsoaren onarpen eztabaidatuari edo frogaldia onartzeari buruz.
6. Salak egoki baderitzo eskaturiko frogari, alderdiak zitatuta egingo da froga.
7. Alderdiek, errekurtsoa jartzeko eta hari aurka egiteko idazkietan, eskatu ahal izango dute ikustaldia egin dadila, konklusioak aurkez daitezela edo, beste izapiderik gabe, auzia epairako prest deklara dadila.
8. Ikustaldia egitea edo konklusioak aurkeztea erabakiko du salak baldin eta alderdi guztiek hala eskatu badute edo froga egin bada, eta orobat auziaren izaera kontuan harturik beharrezko irizten dionean. Izapide horietan, aplikatzekoa izango da 63., 64. eta 65. artikuluetan xedaturikoa.
Ikustaldia egindakoan edo konklusioak aurkeztutakoan, auzia epairako prest geratu dela deklaratuko du salak.
9. Auzia epairako prest geratu dela deklaratu eta hamar egunen epean emango du salak epaia.
10. Salak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartezin deklaratu duen epai aurkaratua apelazioan errebokatzearekin batera, auziaren edukiaz ebatziko du.
3. ATALAKasazio-errekurtsoa
86. artikulua
1. Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salak edo justiziaauzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek auzialdi bakarrean emandako epaiei kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean.
2. Aurreko zenbakian ezarritakotik salbuetsirik daude:
a) Administrazio Publikoen zerbitzuko pertsonalari buruzko auzietan emandako epaiak, non eta ez dioten eragiten karrerako funtzionario publikoen zerbitzu-harremana sortzeari edo amaitzeari.
b) Edozein dela ere gaia, gehienez ere hogeita bost milioi pezetako munta duten auzietan emandakoak, salbu eta oinarrizko eskubideen defentsarako prozedura berezia denean; kasu horretan, egoki izango da errekurtsoa, edozein dela ere auziaren munta.
c) Lege honen 122. artikuluan adierazten den biltzeko eskubide oinarrizkoaren babeserako prozeduran emandakoak.
d) Hauteskunde-gaiei buruz emandakoak.
3. Kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da, beti, xedapen orokor bat deusez edo zuzenbidearen araberako deklaratzen duten Auzitegi Nazionalaren eta justizia-auzitegi nagusien epaien kontra.
4. Aurreko zenbakietakoa aplikatuz kasazioa jar dakiekeenak diren eta justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek eman dituzten epaiei kasazio-errekurtsoa jarri ahal izateko, ezinbestekoa da Estatuaren edo Europar Erkidegoaren zuzenbideko arau baten urraketa hartzea errekurtsoaren oinarri, eta urraketa hori epaitzan garrantzizko eta erabakigarri izatea, betiere arauok prozesuan behar bezala alegatuak izan badira edo epaia eman duen salak kontuan hartuak.
5. Kontu Auzitegiak kontabilitate-erantzukizunari buruz emandako ebazpenei kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie haren funtzionamendu-legean ezarritako kasuetan.
87. artikulua
1. Kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie, orobat, aurreko artikuluan aurreikusitako kasu beretan, auto hauei:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartzen ez dela deklaratzen dutenak edo errekurtsoak aurrera jarraitzea eragozten dutenak.
b) Geldieran uzteko edo beste kautela-neurri batzuetarako pieza bananduari amaiera ematen diotenak.
c) Epai-exekuzioan emandakoak, betiere epaian zuzenean edo zeharka erabaki gabeko arazoak ebazten badituzte, edo exekutatzen den epaitzaren kontrakoa esaten badute.
d) Lege honen 91. artikuluan aurreikusitako kasuan emandakoak.
2. Kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango zaie, edozein kasutan, 110. eta 111. artikuluak aplikatuz emandako autoei.
3. Aurreko zenbakietan aurreikusitako kasuetan kasazio-errekurtsoa prestatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da aurrez erregu-errekurtsoa jartzea.
88. artikulua
1. Honako zio hauetariko batean edo gehiagotan funtsatu beharko da kasazioerrekurtsoa:
a) Jurisdikzio-jardun abusuzkoa, gehiegizkoa edo gutxiegizkoa.
b) Eskumenik eza edo prozedura desegokia.
c) Epaiketaren funtsezko formak haustea: epaia arautzen duten arauak edo egintza edo berme prozesalen arauak urratzea, baldin eta, azken kasu horretan, alderdiaren defentsa-gabezia gertatu bada.
d) Eztabaidatzen diren arazoak ebazteko aplikatzekoak diren ordenamendu juridikoaren arauak edo jurisprudentzia urratzea.
2. Egintza edo berme prozesalen arauak urraturik defentsa-gabezia sortu izana alegatzeko, nahitaezko izango da aurrez akatsa edo arau-haustea zuzentzeko eskatzea auzialdian, hartarako une prozesal egokirik baldin bada.
3. Artikulu honen 1. zenbakiko d) letran aurreikusitako zioan funtsatzen bada errekurtsoa, auzialdiko auzitegiak frogatutzat onarturiko egitateetan sartu ahal izango ditu Auzitegi Gorenak beste batzuk ere, baldin eta besteok, auzialdiko auzitegiak kontuan hartu gabeak izanik ere, aski justifikaturik badaude jarduketen arabera eta kontuan hartu beharrekoak badira ordenamendu juridikoaren arauak edo jurisprudentzia hautsi izana alegatu denean -aginte-desbideratzea barne- hori balioesteko.
89. artikulua
1. Ebazpena eman duen salaren aurrean prestatuko da haren aurkako kasazioerrekurtsoa, ebazpena jakinarazi zen egunaren biharamunetik hasi eta hamar egunen epean, idazki bidez; idazki horretan, errekurtsoa jartzeko asmoa adierazi beharko da, forma-betekizunak betetzen direla laburki azaldurik.
2. Lege honen 86.4 artikuluan aurreikusitako kasuan, justifikatu egin beharko da Estatuaren edo Europar Erkidegoaren arau bat haustea garrantzizkoa eta erabakigarria izan dela epaitza ematean.
3. Errekurrituriko epaia edo ebazpena eman den prozeduran alderdi izan direnek jarri ahal izango dute kasazio-errekurtsoa.
4. Kasazio-errekurtsoa prestatu gabe igaroz gero hamar egunen epea, irmo geratuko da epaia edo ebazpena.
90. artikulua
1. Aurreko artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu prestatzeidazkiak, eta kasazio-errekurtsoa jar dakiokeen ebazpen bati buruzkoa bada, prestatutzat joko da errekurtsoa, eta alderdiak epatzeko aginduko da, haiek ager daitezen eta errekurtsoa jar dezaten, hogeita hamar egunen epean, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean. Epatzeak egindakoan, jatorrizko jarduketak eta administrazio-espedientea igorriko dira, hurrengo bost egunen barruan.
2. Bestela, auto ziodun baten bitartez, uko egingo zaio alderdiak epatzeari eta jarduketak Auzitegi Gorenera igortzeari. Auto horren kontra, kexa-errekurtsoa bakarrik jarri ahal izango da, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako moduan bideraturik.
3. Errekurrituriko alderdiak ezin jarriko du inolako errekurtsorik kasazioerrekurtsoa prestatutzat ematen duen probidentziaren kontra, baina hura onartzearen kontra egin dezake Auzitegi Gorenaren aurrean agertzean, epatze-epearen barruan betiere.
91. artikulua
1. Kasazio-errekurtsoa prestatzeak ez du galaraziko errekurrituriko epaia behin-behinekoan exekutatzea.
Epaia behin-behinekoan exekutatzeko eskatu ahal izango dute hark mesedetutako alderdiek.
Exekuzio horretatik edozein eratako galerak etor badaitezke, galera horiek saihesteko edo arintzeko egoki diren neurriak erabaki ahal izango dira.
Orobat galdatu ahal izango da kauzioa edo bermea aurkeztea galera horiei erantzuteko. Behin-behineko exekuzioa ezin gauzatuko da harik eta kauzioa edo erabakitako neurria eratu eta jarduketetan egiaztaturik egon arte.
2. Lege honen 133.2 artikuluan ezarritakoaren arabera eratuko da kauzioa.
3. Behin-behineko exekuzioa ukatu egingo da ezin itzulizko egoerak edo kalte konpongaitzak eragin baditzake.
4. Auzitegi Nazionaleko edo justizia-auzitegi nagusiko administrazioarekiko auzien salak, kasazio-errekurtso bat prestatutzat emana duenean, jarduketen eta errekurrituriko ebazpenaren behar besteko testigantza emango du, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako.
92. artikulua
1. Epatze-epearen barruan, errekurtso-jartzaileak, pertsonatu, eta errekurtsoa jartzeko idazkia formulatu beharko du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan; idazkian, babestzat hartzen duen zioa edo zioak adierazi beharko ditu modu arrazoituan, urratu direla uste duen arauak edo jurisprudentzia aipatuz.
2. Errekurtsoa jartzeko idazkia aurkeztu gabe igaroz gero epe hori, huts deklaratuko da errekurtsoa, eta jarduketak jatorrizko salari itzultzeko aginduko.
3. Errekurtso-jartzailea administrazioaren defendatzailea edo Fiskaltza bada, antolaketa-eginbidea emango da jarduketak jaso bezain laster, eta jarduketok helaraziko zaizkio, hogeita hamar egun emanez errekurtsoari eusten dion edo ez adieraz dezan, eta, eusten badio, errekurtsoa jartzeko idazkia aurkez dezan, artikulu honetako 1. zenbakian xedaturikoari jarraikiz.
4. Errekurtsoari eusten ez bazaio edo errekurtsoa jartzeko idazkia lehen adierazitako epean aurkezten ez bada, huts deklaratuko da.
93. artikulua
1. Kasazio-errekurtsoa jarritakoan, magistratu txostengileari pasatuko zaizkio jarduketak, haiek azter ditzan eta salaren erabakizun jar dezan errekurtsoa onartu edo ez.
2. Ez onartzeko autoa emango du salak kasu hauetan:
a) Baldin eta, prestatutzat emana izanik ere errekurtsoa, ikusten bada izapide horretan eskaturiko betekizunak ez direla bete edo aurkaraturiko ebazpena ez dela kasazio-errekurtsoa jar dakiokeena. Horretarako, hasieran finkaturiko munta zuzendu ahal izango du salak funtsatuki, ofizioz edo errekurrituriko alderdiaren eskariz, alderdiak hala eskatzen badu epatze-epearen barruan.
b) Baldin eta errekurtsoa jartzeko idazkian argudiaturiko zioa edo zioak ez badira 88. artikuluan zerrendatu direnetakoak; baldin eta urratutzat ematen diren arauak edo jurisprudentzia aipatzen ez badira; baldin eta egindako aipamenek inolako erlaziorik ez badute eztabaidaturiko gaiekin; edo baldin eta, hutsa zuzendu dadila eskatzea beharrezko izanik, eskaera hori egin denik inon jasorik ez badago.
c) Baldin eta edukiari dagokionez ezetsi izan badira beste errekurtso batzuk, funtsean berdinak.
d) Baldin eta agerikoa bada errekurtsoak oinarririk ez duela.
e) Baldin eta, munta zehaztugabea duten eta xedapen orokor baten zuzeneko edo zeharkako aurkarapenari buruzkoak ez diren auzietan, 88.1 d) artikuluko zioan funtsatzen bada errekurtsoa eta ikusten bada auziak kasazio-interesik ez duela, ez dielako egoera askori eragiten edo edukiz ez delako nahiko orokorra.
3. Salak, ebatzi aurretik, errekurtsoa ez onartzeko kausa adieraziko die pertsonaturiko alderdiei laburki, hamar egunen epean, egoki deritzoten alegazioak aurkez ditzaten.
4. Ez onartzeko kausa bat badela irizten badio, auto ziodun bat emango du salak, errekurtsoa onartzen ez dela eta errekurrituriko ebazpena irmo geratzen dela deklaratzeko. Ez-onartzea ez bada alegaturiko zio guztiena, auto zioduna emango du orduan ere, eta errekurtsoa izapidetzen jarraituko du, ez-onartze partzialaren autoak ukitzen ez dituen zioei dagokienez. Artikulu honen 2. zenbakiko c), d) eta e) letretan aurreikusitako kausengatik errekurtsoa ez onartzeko, aho batez eman beharko da autoa.
5. Errekurtsoa ez onartzeak, ez-onartzea guztizkoa denean, kostuak errekurtsojartzaileari ezartzea ekarriko du, non eta ez onartzearen kausa ez den 2. zenbakiko e) letrakoa soil-soilik.
6. Artikulu honetan aipatzen diren autoen kontra ezin jarriko da errekurtsorik.
94. artikulua
1. Errekurtsoa onartuz gero, zio guztiengatik edo bakarren batengatik, haren kopia bat emango zaie errekurrituriko eta pertsonaturiko alderdiari edo alderdiei, beren aurkakotza idatziz formaliza dezaten hogeita hamar egunen epe erkidean. Epe horretan, idazkaritzan ikusgai egongo dira jarduketak.
Aurkakotza-idazkian, errekurtsoa ez onartzeko kausak alegatu ahal izango dira, betiere auzitegiak atzera bota ez baditu 93. artikuluan ezarritako izapidean.
2. Epea igarotakoan, aurkakotza-idazkiak aurkeztu badira edo ez badira, salak ikustaldirako eguna eta ordua jarriko ditu, edo auzia epairako prest dagoela deklaratuko du.
3. Ikustaldia egitea dagokio alderdi guztiek hala eskatzen badute edo salak, auziaren izaera kontuan harturik, egoki irizten badio. Ikustaldi-eskaera berebat bidez egingo da errekurtsoa jartzeko idazkian eta errekurtsoari aurka egitekoan.
4. Ikustaldia egin edo auzia epairako prest deklaratu ondorengo hamar egunen epean emango du salak epaia.
95. artikulua
1. Kasazio-errekurtsoa ebazten duen epaiak errekurtsoa onartezina dela deklaratu ahal izango du, 93.2 artikuluan aurreikusitako zioren bat izanez gero.
2. Alegaturiko zio guztiengatik edo bakarren batengatik errekurtsoa baiesten bada, salak, epai bakarrean, errekurriturikoa kasatu eta zuzenbidearen arabera ebatziko du, hau kontuan harturik:
a) Errekurtsoa 88.1 a) artikuluko zioagatik baiesten bada, deuseztatu egingo da errekurrituriko epai edo ebazpena eta adieraziko da zein jurisdikzio-ordena jotzen den eskudun, edo auzia ebatziko da, zer dagokion. Lehenengo kasuan, 5.3 artikuluan xedaturikoa aplikatuko da.
b) Errekurtsoa 88.1 b) artikuluko zioagatik baiesten bada, jurisdikzio-organo eskudunari igorriko zaizkio jarduketak, hark ebatz dezan, edo atzera bihurtuko dira jarduketok gauzatzeko dagokion prozedurak eskatzen duen egoerara eta unera, salbu eta prozedura hori ezin jarraitu bada, aplikatzen diren arau bereziengatik.
c) Baiesten bada 88.1.c) artikuluko zioan aipaturiko arau-hauste prozesalak izan direla, jarduketak hutsegitea egin zeneko egoerara eta unera bihur daitezela aginduko da, non eta arau-haustea ez den epaiari dagozkion arauekikoa; kasu horretan, 88.1.d letran xedaturikoa beteko da.
d) Gainerako kasuetan, dagokiona ebatziko du salak, eztabaidan planteatzen denaren barruan.
3. Errekurtsoa bidezko dela deklaratzen duen epaian, 139. artikuluan ezarritakoaren arabera ebatziko du salak auzialdiko kostuei buruz.
4. ATALADoktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoak
96. artikulua
1. Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jarri ahal izango da Auzitegi Goreneko, Auzitegi Nazionaleko eta justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek auzialdi bakarrean emandako epaien kontra, epaitza desberdinak eman direnean auzilari berei buruz edo egoera berean ziren auzilari batzuei buruz, funtsean berdinak izanik egitateak, oinarriak eta uziak.
2. Orobat jar dakieke doktrina bateratzeko errekurtsoa Auzitegi Nazionalak eta justizia-auzitegi nagusiek auzialdi bakarrean emandako epaiei, Auzitegi Gorenak emandako epaiekin kontraesanean gertatzen badira, aurreko zenbakian adierazitako moduan.
3. Lege honen 86.2 artikuluko b) letran ezarritakoaren arabera errekurritu ezin diren epaiei bakarrik jarri ahal izango zaie doktrina bateratzeko kasazioerrekurtsoa, betiere hiru milioi pezetatik gorakoa bada auziaren munta.
4. Ezein kasutan ezin jarriko zaie errekurtsorik 86.2 a), c) eta d) letretan aipaturiko epaiei, ez eta 86.4 artikuluan kasazio-errekurtsotik kanpo geratzen direnei ere.
5. Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren barruan, sala horren antolamendu-arau orokorren arabera dagokion atala arduratuko da artikulu honetan aurreikusitako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoaz.
6. Hori horrela izanik ere, Auzitegi Gorenak auzialdi bakarrean emandako epaien kasuan, errekurtsoaz arduratuko den atalean honako kide hauek izango dira: Auzitegi Goreneko presidentea, Administrazioarekiko Auzien Salako presidentea, eta sala horretako bost magistratu, bi antzinakoenak eta hiru berrienak.
7. Aurreko zenbakian aipaturiko atala arduratuko da errekurtso horretaz baldin eta urratutzat aipatzen den Auzitegi Gorenaren epaia artikulu honen 5. zenbakian xedaturikoaren arabera arduratzea dagokion atala ez den beste batek emana bada, eta hala jasotzen badu errekurtso-jartzaileak prestatzeidazkian.
97. artikulua
1. Epaia eman duen salaren aurrean jarriko da zuzenean doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa, epaia jakinarazi den egunaren biharamunetik hasi eta hogeita hamar egunen epean, idazki arrazoitu baten bidez; idazki horretan adierazi beharko da, zehatz eta xehetasunez horniturik, zein diren alegaturiko kontraesana sortzen duten berdintasunak eta zein den errekurrituriko epaiari egozten zaion lege-haustea.
2. Idazki horrekin batera, alegaturiko epaiaren edo epaien ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta epai irmoak diren edo ez adierazi. Agiri horiek izan ezean, epaien testuaren kopia soila aurkeztuko da eta ziurtagiria eskatu izana frogatu; kasu horretan, ofizioz erreklamatuko du salak ziurtagiria. Epaia 72.2 artikuluan xedaturikoaren arabera argitaratu bada, aski izango da zein aldizkari ofizialetan argitaratu den adieraztea.
3. Baldin eta errekurtsoa jartzeko idazkiak aurreko zenbakietan aurreikusitako betekizunak betetzen baditu eta doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jar dakiekeen epai bati buruzkoa bada, epaia eman duen salak onartu egingo du errekurtsoa, eta antolaketa-eginbidean berean helaraziko die errekurtsoa errekurrituriko alderdiari edo alderdiei, kopia baten bitartez, beren aurkakotza idatziz formaliza dezaten hogeita hamar egunen epean; bitarte horretan, jarduketak ikusgai geratuko dira idazkaritzan.
Errekurrituriko alderdiari edo alderdiei errekurtsoa helarazteko, beharrezkoa izango da, hala badagokio, eskaturiko ziurtagiria aldez aurretik jarduketetara ekartzea.
4. Bestela, errekurtsoa onartzen ez dela deklaratzen duen auto zioduna emango du, baina, ebatzi baino lehen, ez onartzeko kausa adieraziko die alderdiei laburki, bost egunen epe erkidean, egoki deritzoten alegazioak egin ditzaten. Ez-onartze autoaren kontra, kexa-errekurtsoa jarri ahal izango da, eta Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren arabera bideratuko da hura.
5. Errekurtsoa jartzeko idazkian eta errekurtso horri aurka egitekoan, ikustaldia egiteko eskatu ahal izango dute alderdiek.
6. Errekurtsoari aurka egiteko idazkia edo idazkiak aurkeztutakoan, edo horretarako epea igarotakoan, epaia eman duen salak Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salari igorriko dizkio jarduketak eta administrazioespedientea, eta jakinaren gainean jarriko ditu alderdiak.
7. Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa bideratzeari eta ebazteari dagokionez aurreko artikuluotan aurreikusi ez den guztirako, aurreko atalean ezarritakoari jarraituko zaio, aplikatzekoa denean.
98. artikulua
1. Auzitegi Gorenak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoak ebaztean emandako erabakiek ez diete eragingo, ezein kasutan, aurkaraturiko epaiaren aurrekoek sortutako egoera juridikoei.
2. Epaiak, errekurtsoa bidezko dela deklaratzen badu, kasatu egingo du aurkaraturiko epaia, eta zuzenbidearen araberako erabakien bidez ebatziko du auzia, aurkaraturiko epaiaren deklarazioak eta hark sortutako egoerak aldatuz.
99. artikulua
1. Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jar dakiekeenak dira justiziaauzitegi nagusien administrazioarekiko auzien salek emandako epaiak, halako sala bat baino gehiago dagoelarik edo salak edo salek atal bat baino gehiago dutelarik erabaki desberdinak hartu badira epai batean eta bestean, berak edo egoera berean daudenak izanik auzilariak eta funtsean berdinak egitate, oinarri eta uziak. Errekurtso hau ezin funtsatuko da autonomia-erkidegoak emandako arauen urratzean baino.
2. Kasazio-errekurtsoa 86.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz jar ez dakiekeen epaien kontra edo doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa jar ez dakiekeen epaien kontra baino ezin baliatuko da errekurtso hau, betiere hiru milioi pezetatik gorakoa bada auziaren munta.
3. Justizia-auzitegi nagusian egoitza duen administrazioarekiko auzien salaren atal bat arduratuko da doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoaz. Honela osatuko da atal hori: salako presidentea, atalburu; gainerako saletako eta, izanez gero, ataletako presidentea edo presidenteak -atalen kasuan, bi gehienera ere-; eta aipaturiko salako edo saletako magistratuak, guztira bost kide osatzeko behar adinbat.
Atal bat baino gehiago badute administrazioarekiko auzien salak edo salek, justizia-auzitegi nagusiko gobernu-salak ezarriko du urte judizial bakoitzerako txanda, eta haren arabera beteko dituzte ataleko presidenteek zenbaki honetan araututako atalaren postuak. Orobat ezarriko du txanda salan edo saletan zerbitzuak ematen dituzten magistratuen artean.
4. Epeei, errekurtso hau bideratzeko prozedurari eta epaiaren efektuei dagokienez, 97. eta 98. artikuluetan ezarritakoak aginduko du, behar diren egokitzapenak eginda.
5. ATALALegearen intereseko kasazio-errekurtsoak
100. artikulua
1. Aurreko bi ataletan aipaturiko kasazio-errekurtsoak jarri ezin zaizkienean, administrazioarekiko auzien epaileek auzialdi bakarrean emandako epaiak eta justizia-auzitegi nagusietako eta Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien salek emandako epaiak kasazio-errekurtso bidez aurkaratu ahal izango dituzte, legearen interesean: auzian interes legitimoa duen administrazio publiko lurraldetarrak, interes orokor edo korporatiboen defentsa eta ordezkaritza izateaz gainera auzian interes legitimoa duten entitate eta korporazioek, Fiskaltzak eta Estatuaren Administrazio Orokorrak, baldin eta emandako ebazpenak interes orokorrari kalte larria egiten diola eta okerra dela irizten badiote.
2. Errekurtso honen bidez, errekurrituriko epaitzarako erabakigarri izan diren Estatuaren arauak zuzen interpretatu eta aplikatu diren epaituko da, ez besterik.
3. Hiru hilabeteren epean jarriko da errekurtsoa, idazki arrazoitu baten bidez, zuzenean Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean. Idazki horretan, adieraziko da zer lege-doktrina argudiatzen den, eta harekin batera aurkeztuko da aurkaraturiko epaiaren kopia ziurtatua, epaiaren jakinarazpendata jasorik. Betekizun horiek betetzen ez badira edo errekurtsoa epez kanpo aurkezten bada, errekurtsoa artxibatzeko aginduko da, besterik gabe.
4. Errekurtsoa garaiz eta forma egokian aurkeztu denean, Auzitegi Gorenak jatorrizko jarduketak erreklamatuko dizkio jurisdikzio-organo epai-emaileari, eta haietan alderdi izan diren guztiak epatzeko aginduko du, hamabost egunen epean errekurtsoan ager daitezen.
5. Pertsonaturiko alderdiei helaraziko zaie errekurtsoa jartzeko idazkia, kopia bidez, bidezko deritzoten alegazioak egin ditzaten hogeita hamar egunen epean; bitarte horretan, idazkaritzan ikusgai izango dituzte jarduketak. Helarazpen horrekikoak Administrazioaren defendatzailearekin egingo dira beti, bera ez bada errekurtso-jartzailea.
6. Alegazioetarako epea igarotakoan, idazkiak aurkeztu badira edo ez badira, eta Fiskaltzari hamar egunez entzuera eman ondoren, epaia emango du Auzitegi Gorenak. Errekurtso hauek izapidetzeak eta ebazteak lehentasuna izango du.
7. Ematen den epaiak errespetatu egingo du, edozein kasutan, errekurrituriko epaitik eratorritako egoera juridiko partikularra, eta, baiespen-epaia bada, legezko doktrina finkatuko du epaitzan. Kasu horretan, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lotura-indarra izango du, han txertatzen denetik aurrera, jurisdikzio-ordena honetako gradu apalagoko epaile eta auzitegi guztientzat.
101. artikulua
1. Administrazioarekiko auzien epaileek auzialdi bakarrean eman eta aurreko artikuluan aipaturiko kasazio-errekurtsoa ezin jarri zaien epaiak legearen intereseko kasazio-errekurtso bidez aurkaratu ahal izango dituzte, ebatzitakoa okerra dela eta interes orokorrari kalte larria egiten diola irizten badiote, honako hauek: auzian interes legitimoa duen administrazio publiko lurraldetarrak, interes orokor edo korporatiboen defentsa eta ordezkaritza izateaz gainera auzian interes legitimoa duten entitate eta korporazioek, Fiskaltzak eta autonomiaerkidegoko administrazioak.
2. Errekurtso honen bidez, errekurrituriko epaitzarako erabakigarri izan diren autonomia-erkidegoaren arauak zuzen interpretatu eta aplikatu diren epaituko da soilik.
3. Legearen intereseko kasazio-errekurtso honetaz justizia-auzitegi nagusiko administrazioarekiko auzien sala arduratuko da, eta, sala bat baino gehiago duenean, auzitegi horretan egoitza duen salaren atala, 99.3 artikuluan aipatua.
4. Epeei, errekurtso hau bideratzeko prozedurari eta epaiaren efektuei dagokienez, aurreko artikuluan ezarritakoak aginduko du, behar diren egokitzapenak eginda. Epaia, argitaratzea badagokio, autonomia-erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta lotura-indarra izango du, han txertatzen denetik aurrera, justizia-auzitegi nagusiaren jurisdikzioak hartzen duen lurraldean egoitza duten administrazioarekiko auzien epaile guztientzat.
6. ATALABerrikuspen-errekurtsoa
102. artikulua
1. Epai irmo bat berrikusi ahal izango da:
a) Epaia eman eta gero agiri erabakigarriak eskuratzen badira, ezinbesteagatik edo epaia aldeko izan duen alderdiaren jokaeragatik lehenago aurkeztu ez zirenak.
b) Baldin eta, epaia emateko garaian, epai hori funtsatu zuten agiriak faltsutzat eman eta hala deklaratu zirela ez bazekien alderdietariko batek, edo gerora aitortu edo deklaratu bada agirion faltsutasuna.
c) Baldin eta, lekukotza-frogan funtsatu delarik epaia, hura funtsatu zuten deklarazioetan lekukotza faltsua emateagatik kondenatuak izan badira lekukoak.
d) Funtzionario-eroskeria, prebarikazioa, indarkeria edo iruzurrezko beste azpilanen bat tarteko dela eman bada epaia.
2. Epeei, prozedurari eta errekurtso honetan emandako epaien efektuei dagokienez, Prozedura Zibilaren Legearen xedapenek aginduko dute.
Hala ere, alderdi guztiek eskatzen dutenean edo salak beharrezko irizten dionean soilik egin ahal izango da ikustaldia.
3. Kontabilitate-erantzukizunari buruzko berrikuspen-errekurtsoa, berriz, Kontu Auzitegiaren funtzionamenduari buruzko legean ezarritako kasuetan jarri ahal izango da.
IV. KAPITULUA Epaien exekuzioa
103. artikulua
1. Jurisdikzio-ordena honetako epaitegi eta auzitegiek bakarrik dute epaiak eta gainerako ebazpen judizialak exekutarazteko ahala, eta auziaz lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean arduratu denari dagokio ahal hori baliatzea.
2. Alderdiak beharturik daude epaia bere horretan eta berak dioen moduan betetzera.
3. Pertsona eta entitate publiko eta pribatu guztiak beharturik daude administrazioarekiko auzien epaile eta auzitegiek ebatzitakoa behar bezala eta osotara exekutatzeko eskatutako laguntza ematera.
4. Zuzenbidean erabat deusez izango dira epaietako erabakien kontrako diren eta erabakiok betetzea saihestea xede duten egintza eta xedapenak.
5. Epaia exekutatzea dagokion jurisdikzio-organoak, alderdi-eskariz, deusez deklaratuko ditu aurreko zenbakian aipaturiko egintza eta xedapenak, 109. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan aurreikusiriko izapideen bitartez, non eta organo hori ez den horretarako eskumenik gabea, lege honetan xedaturikoaren arabera.
104. artikulua
1. Epaia, irmo denean, errekurritutako jarduera egin duen organoari jakinaraziko zaio, hamar egunen epean. Organo horrek, epaia jaso ondorengo hamar egunen barruan hartu-agiria eman ondoren, zuzen eta egoki bete beharko du epaia, epaitzak eskatzen duena eginez, eta epaitza gauzatzearen ardura zer organori dagokion esan, epe berean.
2. Epaia jakinarazi eta bi hilabeteren buruan, edo epaian 71.1.c) artikuluak dioenaren arabera epaitza betetzeko ezarritako epea igarotakoan, epaiaren nahitaezko exekuzioa eskatu ahal izango du alderdietariko edo eraginpeko pertsonetariko edozeinek.
3. Eskatzen denaren izaera eta epaiaren efektuak aintzat hartuta, betetzeko epe txikiagoa ezarri ahal izango du epaiak, aurreko zenbakian xedaturikoaren ondorioz epaia eraginkortasunik gabe gelditzen den edo kalte larria dakarren kasuan.
105. artikulua
1. Ezin utziko da geldieran epaiaren exekuzioa, eta ezin deklaratuko da epaitza guztiz edo partez exekutatu gabe utzi behar dela.
2. Epai bat exekutatzeko ezintasun material edo legezkoa dakarren kausarik izanez gero, epaia betetzera beharturik dagoen organoak hala adieraziko dio aginte judizialari, administrazioaren epaiketako ordezkariaren bitartez, aurreko artikuluko bigarren zenbakian aurreikusiriko epean. Epaile edo auzitegiak, orduan, alderdiei eta interesduntzat dauzkanei entzuera emanik, kausa horiek badiren edo ez diren balioetsiko du eta behar diren neurriak hartuko ditu exekutatzekoaren eraginkortasunik handiena segurtatzeko; bete ezin den partearengatiko kalte-ordaina ere zehaztuko du, hala dagokionean.
3. Onura publiko edo gizarte-intereseko arrazoi dira, epai irmo batek administrazioaren aurrean aitorturiko eskubide edo interes legitimoak desjabetzeko, bai herritarren eskubide eta askatasunak libreki baliatzeko aukera larri murrizteko arrisku egiazkoa, bai gerraren beldur funtsatua edo nazio-lurraldearen osotasuna haustea. Aipaturiko kausa horietakoren bat gertatu dela deklaratzea nazio-gobernuari dagokio, baina autonomia-erkidego baten gobernu-kontseiluak ere deklaratu ahal izango du, baldin eta herritarren eskubide eta askatasunak libreki baliatzeko aukera larri murrizteko arrisku egiazkoa bada kausa, eta aurkaraturiko egintza, jarduera edo xedapena, berriz, erkidego horretako administraziotik edo haren lurraldeko toki-entitateetatik datorrena, edo bataren eta besteen mendeko zuzenbide publikoko entitate batetik edo korporazio batetik datorrena.
Aurreko paragrafoko kausetakoren bat badela deklaratzeko, bi hilabete izango dira, epaia jakinarazten denetik hasita. Epaia exekutatzea dagokion epaile edo auzitegiak zehaztuko du dagokion kalte-ordaina, intzidente-izapidearen bitartez, eta, herritarrek eskubide eta askatasunak libreki baliatzeko aukera larri murrizteko arrisku egiazkoa bada alegaturiko kausa, zio hori baden aztertuko du.
106. artikulua
1. Administrazioa diru kopuru likido bat ordaintzera kondenatua gertatzen denean, haren aurrekontuan dagokion kreditutik ordaindu dadila erabakiko du hori betetzea dagokion organoak, eta handitzeko modukotzat joko da beti kreditu hori.
Aurrekontuan aldaketarik egin behar bada ordaintzeko, ebazpen judiziala jakinarazi eta hiru hilabeteren barruan burutu beharko da horretarako prozedura.
2. Aurreko zenbakian aipaturiko kopuruari, diruaren legezko korritua gehituko zaio, auzialdi bakarrean edo lehen auzialdian emandako epaia jakinarazi zen datatik aurrerako denborari dagokiona kalkulaturik.
3. Lege honen 104.2 artikuluan xedaturikoaz gainera, nahitaezko exekuzioa eskatu ahal izango da epai irmoa bete behar duen organoari jakinarazten zaionetik hiru hilabete iragandakoan. Kasu horretan, agintari judizialak, epaia gauzatzea dagokion organoa entzunik, bi puntuz igo ahal izango du legezko korritua, epaia betetzeko ardurarik eza atzemanez gero.
4. Diru kopuru bat ordaintzera kondenaturiko administrazioak, epaia betetzeak bere Ogasunari nahasmendu larria ekarriko liokeela iritziz gero, horren berri emango dio epaile edo auzitegiari, eta horrekin batera proposamen arrazoitu bat igorriko dio, epaia kalterik txikienarekin exekutatzeko modua zein den ebatz dezan, alderdiak entzun ondoren.
5. Aurreko zenbakietan xedaturikoa aplikatzekoa izango da, orobat, epaiak behin-behinekoan lege honen arabera exekutatzen diren kasuetan.
6. Ordaindu beharreko kopurua administrazioak errekurritzailearen kontra dituen kredituekin konpentsa dadila eskatu ahal izango du alderdietariko edozeinek.
107. artikulua
1. Epai irmoak guztiz edo partez deuseztatzen badu aurkaraturiko egintza, epaile edo auzitegiak, alderdi-eskariz, xedatuko du deuseztapen-epaitza inskriba dadila egintza deuseztatua jasota dagoen erregistro publikoetan, eta argitara dadila aldizkari ofizial edo pribatuetan, horretarako kausa nahikoa baldin badago, alderdi exekutatuaren kontura.
Aldizkari pribatuetan argitaratzeko, hori justifikatzen duen interes publiko bat egiaztatu beharko da jurisdikzio-organoaren aurrean.
2. Pertsona-multzo zehaztugabe bati eragiten dion xedapen orokor edo administrazio-egintza bat deuseztatzen badu epaiak, guztiz edo partez, epaia irmo geratu ondorengo hamar egunen epean aldizkari ofizial batean argitara dadila aginduko du jurisdikzio-organoak.
108. artikulua
1. Jarduera jakin bat egitera edo egintza bat ematera kondenatzen badu epaiak administrazioa, eta administrazioak hori betetzen ez badu, hau egin ahal izango du epaile edo auzitegiak:
a) Epaia exekutatu, dela bere bitartekoekin, dela kondenaturiko administrazioko agintari eta agenteen laguntza eskaturik, edo, halakorik ezean, beste administrazio publiko batzuetako agintari eta agenteen laguntza eskaturik, betiere horretarako ezarritako prozedurak zainduz.
b) Behar diren neurriak hartu, egin gabeko egintzak izango zuen eraginkortasun bera izan dezan epaitzak. Neurri horien artean sartzen da exekuzio subsidiarioa, administrazio kondenatuak ordaintzekoa.
2. Administrazioak epaitzako erabakien kontrako jardueraren bat egiten badu, epaile edo auzitegiak, interesdunen eskariz, epaitzak eskatzen duenera ekarriko du egoera, eta ez-betetzeak zer kalte-galera sortu dituen zehaztuko du.
109. artikulua
1. Epaia guztiz exekutatu dela jarduketetan jasorik ez dagoen bitartean, Administrazio Publikoak, gainerako alderdi prozesalek eta epaitzaren eraginpeko pertsonek intzidentea sustatu ahal izango dute exekuzioan planteatzen den edozein arazo erabakitzeko, epaitzaren edukiari kontra egin gabe. Intzidentegai izan daitezke, bereziki:
a) Zer administrazio-organok hartu behar duen bere gain jarduketak egitea.
b) Zein den epaia betetzeko gehieneko epea, inguruabarrak kontuan harturik.
c) Zer bitartekorekin betearazi behar den epaia, eta zer prozedurari jarraitu behar zaion horretarako.
2. Intzidente-arazoa planteatzen duen idazkia alderdiei helaraziko zaie, egoki deritzotena alega dezaten; gehienez ere, hogei egunen epe erkidea izango dute horretarako.
3. Aurreko zenbakian aipaturiko helarazpena egindakoan edo epea iragandakoan, epaile edo auzitegiak auto batean ebatziko du arazoa, hamar egunen epean.
110. artikulua
1. Tributu-gaietan eta administrazio publikoen zerbitzuko pertsonalari dagozkion gaietan, epai irmo batek banakoen egoera juridiko bat aitortu baldin badu pertsona baten edo batzuen alde, epai horren efektuak beste batzuetara zabaldu ahal izango dira, epai-exekuzioan, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Aldeko epaitza izan dutenen egoera juridiko berberean egotea interesdunak.
b) Epaia eman duen epaile edo auzitegia eskudun izatea, lurraldeari dagokionez, banako egoera hori aitortzeko uziez arduratzeko ere.
c) Epaiaren efektuak zabaltzeko eskatzea urtebeteko epean, prozesuan parte izandakoei azken jakinarazpena egiten zaienetik aurrera. Legearen intereseko errekurtsoa edo berrikuspen-errekurtsoa jarri bada, hari amaiera ematen dion ebazpenaren azken jakinarazpenetik hasita kontatuko da epea.
2. Eskaera, zuzenean, efektuak zabaldu nahi zaizkion ebazpena eman zuen jurisdikzio-organo eskudunari egin beharko zaio.
3. Idazki arrazoitu batean egingo zaio eskaera jurisdikzio-organoari. Idazki horrekin batera, egoera-berdintasuna egiaztatzen duen agiria edo agiriak aurkeztu beharko dira, edo artikulu honen 5. zenbakiko inguruabarretariko ezein ere gertatzen ez dela egiaztatzen duen agiria.
4. Hurrengo 20 egunetan ebatziko du epaile edo auzitegiak, baina aurrez, beharrezko deritzon aurrekariak eskatuko dizkio administrazioari, eta, kasu guztietan, zabaltzearen bideragarritasunari buruzko txosten zehatza ere eskatuko dio. Jarduketa horien emaitzaren berri emango die alderdiei, hiru egunen epe erkidean alegazioak egin ditzaten, eta zabaltzearen efektuek zuzenean eragiten dieten interesdunak epatuko ditu, hala badagokio. Izapidea burututakoan, besterik gabe ebatziko du auto baten bidez; auto horretan ezin aitortuko da epai irmoan definiturikoaz bestelako egoera juridikorik.
5. Intzidentea ezetsi egingo da, beti, kasu hauetan:
a) Gauza epaiturik baldin bada.
b) Efektuak zabaldu nahi zaizkion epaitzarako erabakigarri izan den doktrina Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren kontrakoa edo 99. artikuluan aipatzen den errekurtsoan justizia-auzitegi nagusiek ezarritako jurisprudentziaren kontrakoa bada.
c) Interesdunarentzat ebazpenen bat eman izan bada administrazio-bidean bere hartan utzia eta irmoa dena, administrazioarekiko auzi-errekurtsorik sustatu ez delako.
6. Ebazkizun baldin badago berrikuspen-errekurtso bat edo legearen intereseko kasazio-errekurtso bat, intzidentearen erabakia geldieran utziko da errekurtso hori ebatzi arte.
7. Emandako autoa errekurritzeari dagokionez, 80. artikuluko arau orokorrei jarraituko zaie.
111. artikulua
Lege honen 37.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera errekurtso baten edo gehiagoren izapideak geldieran uztea erabaki bada, geldiera horren eraginpeko errekurritzaileek epaile edo auzitegiari eskatu ahal izango diote haien alde zabaldu ditzala ebatzitako errekurtsoetan emandako epaiaren edo epaien efektuak, aurreko artikuluko 3., 4. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera, haietan esandakoa aplikagarri denean.
112. artikulua
Epaitza osotara betetzeko ezarritako epeak iragandakoan, epaile edo auzitegiak, alderdiei entzuera eman ondoren, agindutakoa eraginkor izateko behar diren neurriak hartuko ditu.
Zehazki, erantzukizuna nork duen egiaztatuta eta hari ohartarazpena zuzenean helarazita, alegazioak egiteko aukera izan dezan, erabaki hauek hartu ahal izango ditu epaile edo auzitegiak:
a) Hertsapen-isunak ezartzea, 150,25 eta 1.502,53 euro bitartekoak, epaitegi edo salaren errekerimenduak betetzen ez dituzten agintari, funtzionario edo agenteei; orobat, isunak berrezartzea epaitza osotara exekutatu arte, izan litekeen bestelako ondare-erantzukizunen kalterik gabe.
Halako isunak ezartzeari dagokionez, 48. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu ahal izango da.
b) Dagokien partikularren lekukotza hartzea, erantzukizun penala galdatzeko, halakorik baldin bada.
113. artikulua
1. Lege honen 77.3 artikuluan aipatzen den erabakian zehazturiko exekuzioepea iragandakoan, nahitaezko exekuzioa eskatu ahal izango du alderdietariko edozeinek.
2. Erabakiak dakartzan obligazioak betetzeko eperik zehaztu ez bada, obligazio horiek betetzeko errekerimendua egin ahal izango dio alderdi kaltetuak beste alderdiari. Bi hilabete iragandakoan, nahitaezko exekuzioa eskatu ahal izango du.
V. TITULUA PROZEDURA BEREZIAK
I. KAPITULUA Pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko Prozedura
114. artikulua
1. Askatasun eta eskubideen babes judizialerako prozedura, Espainiako Konstituzioaren 53.2 artikuluan aurreikusia, kapitulu honetan xedatutakoak eraenduko du administrazioarekiko auzien ordenan; kapitulu honetan aurreikusten ez denerako, berriz, lege honen arau orokorrek aginduko dute.
2. Prozesu honetan, 31. eta 32. artikuluetan aipatzen diren uziak baliarazi ahal izango dira, betiere errekurtsoa jartzeko zio diren eskubide edo askatasunak berrezartzea edo gordetzea badute xede.
3. Errekurtso hauek izapidetzeak lehentasuna izango du, ondorio guztietarako.
115. artikulua
1. Errekurtso hau jartzeko epea hamar egun izango da, eta honela kontatuko da, beste izapiderik gabe, kasuaren arabera: egintza jakinarazi, aurkaraturiko xedapena argitaratu, egitate-bidea bukarazteko errekerimendua egin edo ebazteko ezarritako epea bete den egunaren biharamunetik aurrera. Oinarrizko eskubide baten kalteak administrazioaren jardute-eza badu sorburu, edo aukerako administrazio-errekurtsoa jarri bada, edo, egitate-bideko jarduera bat izanik, errekerimendurik egin ez bada, hamar eguneko epe hori hogei egunen buruan hasiko da, erreklamazioa egin denenetik, errekurtsoa aurkeztu denetik edo egitate-bideko administrazio-jarduera hasi denetik kontatuta.
2. Errekurtsoa jartzeko idazkian, zehatz eta argi adieraziko da zein den edo diren babestu nahi diren eskubideak, eta orobat adieraziko dira, labur, errekurtsoa oinarritzen duten funtsezko argudioak.
116. artikulua
1. Errekurtsoa aurkezten den egun berean edo biharamunean, presazko errekerimendua egingo zaio dagokion administrazio-organoari, errekurtsoa jartzeko idazkiaren kopia ere aurkezturik, espedientea eta harekin batera egoki deritzon txosten eta datuak igor ditzan, gehienez ere bost egunen epean, errekerimendua jasotzen denetik hasita, 48. artikuluan ezarritako guztiaren ohartarazpena ere egiten zaiola.
2. Espedientea igortzean, hartan interesdun gisa agertzen diren guztiei jakinaraziko die administrazio-organoak espedientea, eta, harekin batera, errekurtsoa jartzeko idazkia igorriko die eta epatu egingo ditu, demandatu gisa agertu ahal izan daitezen epaitegi edo salaren aurrean, bost egunen epean.
3. Administrazioak, espedientea igortzean, eta gainerako demandatuek, agerraldia egitean, errekurtsoa onartu ez dadila eta 117.2 artikuluan aipatzen den agerraldia egin dadila eskatu ahal izango dute, arrazoiturik.
4. Administrazio-espedientea aurreko zenbakian adierazitako epean ez igortzeak ez ditu geldieran utziko jarduketak.
5. Artikulu honen 1. zenbakian adierazitako epeaz kanpo jasotzen bada administrazio-espedientea epaitegi edo salan, ikusgai jarriko zaie alderdiei berrogeita zortzi orduz, eta epe horretan alegazioak egin ahal izango dituzte haiek; prozedurak jarraitu egingo du.
117. artikulua
1. Espedientea jasotakoan edo hura igortzeko epea iragandakoan, eta, hala badagokio, gainerako interesdunak epatzeko epea iragandakoan, jurisdikzioorganoak, hurrengo egunaren barruan, jarduketek jarrai dezatela aginduko du auto baten bidez, edo prozedura ez onartzeko izan litekeen zioa jakinaraziko die alderdiei, halakorik bada.
2. Prozedura ez onartzeko ziorik izan litekeen kasuan, agerraldi batera deituko dira alderdiak eta Fiskaltza. Bost egun baino lehen egin beharko da agerraldia, eta, hartan, alderdiei entzuera emango zaie errekurtsoa kapitulu honetan aurreikusi bezala izapidetzea dagokion erabakitzeko.
3. Hurrengo egunean, jurisdikzio-organoak, auto batean, jarduketak izapide honen bitartez jarraitzeko aginduko du, edo prozedura desegokia dela eta onartzen ez dela erabakiko.
118. artikulua
Kapitulu honetako prozedura bereziari jarraitzea erabakitzen denean, espedientea eta gainerako jarduketak errekurtsogileari erakutsiko zaizkio, demanda formalizatzeko eta behar diren agiriak eransteko modua izan dezan zortzi egunen epe luzaezinean.
119. artikulua
Demanda, formalizatutakoan, Fiskaltzari eta alderdiei helaraziko zaie, espedientea ikusirik alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, zortzi egunen epe erkide eta luzaezinean, eta egoki deritzoten agiriak erants ditzaten.
120. artikulua
Alegazio-izapidea betetakoan edo alegazioak egiteko epea iragandakoan, jurisdikzio-organoak hurrengo egunean erabakiko du frogaldia onartu edo ez, lege honetan ezarritako arau orokorren arabera eta 57. artikuluan xedatutakoaren kalterik gabe. Frogaldia, gehienez ere, hogei egunekoa izango da, hala frogak proposatzeko, nola egiteko.
121. artikulua
1. Jarduketak amaitutakoan, epaia emango du jurisdikzio-organoak, bost egunen apean.
2. Epaiak baietsi egingo du errekurtsoa baldin eta xedapen, jarduketa edo egintzak edozein urraketa egiten badio ordenamendu juridikoari, botere-desbideratzea barne dela, eta babes-errekurtsoaz babestekoak diren eskubideetakoren bat urratzen badu horren ondorioz.
3. Administrazioarekiko auzien epaitegiek emandako epaien kontra dagokion apelazioa efektu bakarrekoa izango da beti.
122. artikulua
1. Biltzeko Eskubidea Arautzeko Lege Organikoan aurreikusitako bileren debeku edo aldaketa-proposamenen kasuan, bileren sustatzaileek, debekua edo aldaketa onartzen ez dutenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute auzitegi eskudunaren aurrean. Debekuaren edo aldaketa-proposamenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo berrogeita zortzi orduen barruan jarri beharko da errekurtsoa; errekurtsoa jartzeko idazkiaren kopia behar bezala erregistratua helarazi beharko diote sustatzaileek gobernu-agintariari, hark espedientea igor dezan berehala.
2. Auzitegiak, lau egunen epe luzaezinean, eta espedientea jaso badu hura ikustera emanez, entzunaldi batera deituko ditu administrazioaren legezko ordezkaria, Fiskaltza eta errekurtsogileak edo haiek ordezkari izendatzen duten pertsona. Entzunaldi horretan, pertsonaturiko guztiak entzungo ditu auzitegiak, kontraesan printzipioaren arabera, eta ebazpena emango du, errekurtsorako aukerarik gabea.
3. Harturiko erabakian, debekuari edo aldaketa-proposamenari eutsi edo hura errebokatu besterik ezin egingo du auzitegiak.
II. KAPITULUA Legezkontrakotasun-arazoa
123. artikulua
1. Epaile edo auzitegiak auto bidez planteatuko du 27.1 artikuluan aurreikusiriko legezkontrakotasun-arazoa, epaia irmo dela jarduketetan jasorik gelditu eta hurrengo bost egunen barruan. Legez kontrako deklaratu izateagatik demanda baiesteko oinarri hartu diren erregelamendu-xedapenez beste ezer ez du hartuko arazoak. Arazoa planteatzen duen autoaren kontra ez dago errekurtsorik jartzerik.
2. Auto horretan, alderdiak epatzea erabakiko da, hamabost egunen epean auzia ebazteko eskumena duen auzitegiaren aurrean agertu eta alegazioak egin ahal izan ditzaten. Epe hori igarotakoan, ez da onartuko pertsonatzerik.
124. artikulua
1. Arazoa planteatu duen epaile edo auzitegiak presaz igorriko du, planteatzeautoaren ziurtagiriarekin batera, jarduketa nagusien eta administrazio-espedientearen testigantza-kopia.
2. Auzitan den xedapena argitaratu den aldizkari ofizial berean argitaratu beharko da arazoa planteatu dela.
125. artikulua
1. Pertsonatzeko idazkiarekin eta alegazioekin batera, auzitan den xedapenaren legezkotasuna epaitzeko egoki iritzitako agiriak aurkeztu ahal izango dira.
2. Pertsonatzeko eta alegazioak egiteko epea bukatutakoan, amaitutzat da prozedura. Ondorengo hamar egunen barruan emango da epaia.
Hala ere, betekizun prozesalak betetzen ez direnean, legezkontrakotasun-arazoa atzera bota ahal izango du auzitegiak, onarpen-izapidean, auto bidez eta alderdiei entzuera eman beharrik izan gabe.
3. Epaia emateko epea eten egingo da baldin eta auzitegiak, hobeki ebazteko, auzitan den xedapenaren prestaketa-espedientea eskatzen badu, edo ofizioz frogaren bat egitea erabakitzen. Kasu horietan, espedienteaz edo frogaren emaitzaz alderdiei entzuera ematea erabakiko da, eta hiru egunen epe erkidea izango da entzuera horretarako.
126. artikulua
1. Epaiak guztiz edo partez onetsi edo ezetsi egingo du arazoa, non eta ez den huts konponezinik izan betekizun prozesalen batean; halako hutsik izan bada, arazoa ez dela onartzen adieraziko du epaiak.
2. Legezkontrakontasun-arazoan ere aplikatuko da xedapen orokorren aurkako zuzeneko errekurtsoari buruz 33.3, 66, 70, 71.1.a), 71.2, 72.2 eta 73. artikuluetan xedaturikoa. Arazoa ezesten duten epai irmoak ere argitaratu egingo dira.
3. Legezkontrakotasun-arazoa ebazten duen epaia, irmo geratutakoan, hura planteatu zuen epaile edo auzitegiari jakinaraziko zaio.
4. Beste prozedura batzuen aurrerabiderako garrantzi berezia duenean, lehentasunez izapidetuko eta ebatziko da legezkontrakotasun-arazoa.
5. Legezkontrakotasun-arazoa ebazten duen epaiak ez dio eragingo hura planteatu zuen epaile edo auzitegiak emandako epaitik eratorritako egoera juridiko partikularrari.
III. KAPITULUA Erabakien aurretiko administrazio-geldiera kasuetarako prozedura
127. artikulua
1. Baldin eta, legeek diotenaren arabera, korporazio edo entitate publikoen egintza edo erabakiren baten administrazio-geldieraren ondoren egintza edo erabaki hori administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean aurkaratu edo hari helarazi beharra badago, manu honetan xedatu bezala jokatuko da.
2. Geldiera-egintza eman den dataren ondorengo hamar egunen epean, edo legeak ezarritako epean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko da, idazki funtsatu baten bidez, edo zuzenean jurisdikzio-organoari helarazi geldieran utzitako erabakia, zer dagokion; kasu batean nahiz bestean, geldieraegintzaren kopia erantsi beharko da.
3. Errekurtsoa jarritakoan edo geldieran utzitako erabakia helarazitakoan, jurisdikzio-organoak errekerimendua egingo dio korporazio edo entitateari, hamar egunen epean administrazio-espedientea igor dezan, geldieran utzitako erabakiaren defentsan egoki deritzona alega dezan eta geldieran utzitako erabakiak jarraitzearen edo deuseztatzearen inguruan interes legitimoa duten guztiei prozeduraren berri jakinaraz diezaien, hamar egunen epean jurisdikzio-organoaren aurrean agertu ahal izateko.
4. Jurisdikzio-organoak, administrazio-espedientea jasotakoan, prozesuan agertutakoei ikustera emango die hura, jarduketekin batera, eta ikustaldirako deia egingo die. Ikustaldirako, gutxienez hamar egun iragan beharko dira espedientea ikustera ematen denetik.
5. Jurisdikzio-organoak, zioak emanik, alegazio idatzien izapidea ezarri ahal izango du ikustaldiaren ordez. Alegazioak egiteko, hamar egunen epe erkidea izango da, hala erabakitzen den autoa jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita. Orobat, frogaldi bat ireki ahal izango du, hobeki ebaztearren, gehienez ere hamabost egunekoa.
6. Aurreko zenbakietan aipatu bezala ikustaldia egindakoan edo alegazioak aurkezturikoan, epaia emango da. Epaian, deuseztatu edo berretsi egingo da errekurtsopeko egintza edo erabakia, eta dagokiona xedatuko da geldierari buruz.
IV. TITULUA IV. ETA V. TITULUEN XEDAPEN ERKIDEAK
I. KAPITULUA Epeak
128. artikulua
1. Epeak luzaezinak dira; haiek iragandakoan, iraungitzat hartuko da eskubidea, eta galdutzat, berriz, erabili gabeko izapidea.
Hala ere, onartu egingo da dagokion idazkia, eta bere legezko efektuak izango ditu, autoa jakinarazten den egunaren barruan aurkezten bada, salbu eta epea errekurtsoak prestatzeko edo jartzeko denean.
2. Abuztuko hilean, epeek ez dute korrituko; ez administrazioarekiko auzierrekurtsoa jartzeko epeak, ez lege honetan aurreikusiriko beste ezeinek. Oinarrizko eskubideak babesteko prozedura da salbuespen bakarra, hartarako baliodun izango baita abuztua.
3. Presazko kasuetan, edo kasuaren inguruabarrek beharrezko egiten dutenean, egun baliogabeak baliodun bihurtzeko eska dezakete alderdiek, oinarrizko eskubideak babesteko prozesuan edo geldiera-intzidentean edo bestelako kautela-neurriak hartzeko intzidentean. Epaile edo auzitegiak gainerako alderdiei entzun eta hiru eguneko epean ebatzi beharko du, auto bidez, eta baliodun bihurtzea onartu egingo du hori ukatzeak ezin itzulizko kalteak ekar litzakeen kasu guztietan.
II. KAPITULUA Kautela-neurriak
129. artikulua
1. Epaiaren eraginkortasuna segurtatuko duen edozein neurri har dadila eska dezakete interesdunek, prozesuaren edozein unetan.
2. Xedapen orokor bat aurkaratzen bada, eta aurkaraturiko manuen indarra geldieran uzteko eskatzen bada, errekurtsoa jartzeko idazkian edo demandaidazkian egin beharko da eskaera.
130. artikulua
1. Lehian diren interes guztien balioespen xehea egin ondoren kautela-neurria hartzea erabaki daiteke, soil-soilik, egintza exekutatzeak edo xedapena aplikatzeak errekurtsoaren xede legitimoa galaraz lezaketela ondorioztatzen bada.
2. Kautela-neurria ukatu ahal izango da, kalte larria ekar badiezaieke interes orokorrei edo hirugarren baten interesei; epaile edo auzitegiak balioetsiko du hori, xehetasunez.
131. artikulua
Kautela-intzidentea pieza banandu gisa bideratuko da, kontrako alderdiari entzuera emanik, hamar egunen epean gehienez ere, eta auto bidez ebatziko da, hurrengo bost egunen barruan. Demandaturiko administrazioa ordurako agertu ez bada, aurkaraturiko egintzaren egile den organoari emango zaio entzuera.
132. artikulua
1. Kautela-neurriek indarrean iraungo dute neurri horiek hartu diren prozeduran epaia irmo izan arte, edo lege honetan aurreikusiriko beste edozein kausarengatik prozedura amaitu arte. Hala ere, alda edo erreboka daitezke prozedurak dirauen bitartean, aldaketarik gertatzen bada neurriok hartzea eragin zuten inguruabarretan.
2. Ezin aldatuko edo errebokatuko dira kautela-neurriak, prozesuak dirauen denboran, eztabaidagai diren formazko edo edukizko auzien analisian bitarte horretan egindako aurrerapenak direla eta; ezin aldatuko dira, orobat, kautela-intzidentea erabakitzean epaile edo auzitegiak egitateak balioesteko erabilitako irizpideak aldatu izateagatik.
133. artikulua
1. Kautela-neurriak edozein eratako kalterik ekar badezake, kalte horiek saihesteko edo arintzeko egoki diren neurriak erabaki ahal izango dira. Orobat eskatu ahal izango da kalte horietaz erantzuteko kauzio edo bermeak aurkez daitezela.
2. Zuzenbidean onarturiko moduetatik edozeinetan eratu daiteke kauzio edo bermea. Harturiko kautela-neurria ez da gauzatuko harik eta kauzio edo bermea eraturik eta jarduketetan egiaztaturik egon arte, edo aurreko zenbakian aipaturiko kalteak saihesteko edo konpontzeko erabakitako neurriak bete direla ziurtatu arte.
3. Epai bat edo beste edozein kausa dela-eta kautela-neurria kendu delarik, administrazioak edo jasandako kalteen ordaina jasotzeko eskubidea aldarrikatzen duen pertsonak kalte-ordain hori eskatu ahal izango du jurisdikzio-organoaren aurrean, intzidente-izapidearen bidez, neurria kendu eta hurrengo urtebetean. Epe horretan eskaera aurkezten ez bada, eskatzeari uko egiten bazaio edo eskubidea egiaztatzen ez bada, ezeztatu egingo da eraturiko bermea.
134. artikulua
1. Dagokion administrazio-organoari jakinaraziko zaio kautela-neurria erabakitzen duen autoa, eta berehala bete dadila xedatuko du organo horrek; halakoetan, IV. tituluaren IV. kapituluan xedaturikoa aplikatuko da, 104.2 artikulua izan ezik.
2. Izaera orokorreko xedapenak geldieran uzten badira, erabaki hori argitaratu egingo da, 107. artikuluan xedaturikoaren arabera. Gauza bera egingo da pertsona multzo zehaztugabe bati eragiten dion administrazio-egintza bat uzten bada geldieran.
135. artikulua
Epaile edo auzitegiak, presa bereziko inguruabarrik baldin bada kasuan, kontrako alderdia entzun gabe hartuko du kautela-neurria.
Auto horren kontra ezin jarriko da errekurtsorik. Ebazpen berean, hurrengo hiru egunen barruan egin beharreko agerraldi baterako deia egingo die epaile edo auzitegiak alderdiei. Harturiko neurria kentzeaz, mantentzeaz edo aldatzeaz jardungo da agerraldi horretan, eta haren ostean auto bidez ebatziko du epaile edo auzitegiak. Arau orokorren arabera errekurritu ahal izango da auto hori.
136. artikulua
1. Lege honen 29. eta 30. artikuluetako kasuetan, ez da kautela-neurria hartuko nabarmen hautematen bada artikulu horietan aurreikusiriko egoerak ez direla gertatzen, edo neurriak interes orokorren edo hirugarren baten interesen kalte larria dakarrela; epaileak balioetsiko du hori, xehetasunak emanez.
2. Aurreko zenbakiko kasuetan, errekurtsoa jarri aurretik ere eskatu ahal izango dira kautela-neurriak, eta aurreko artikuluan xedaturikoaren arabera izapidetuko dira. Halakoetan, interesdunak neurrion berrespena eskatu beharko du errekurtsoa jartzean; errekurtsoa, nahitaez, kautela-neurriak hartu direla jakinarazi eta hurrengo hamar egunen epean jarri beharko du. Hurrengo hiru egunen barruan, aurreko artikuluan aipaturiko agerraldirako deia egingo da.
Errekurtsoa jartzen ez bada, efekturik gabe geldituko dira erabakitako neurriak, eta haiek sorturiko kalte-galerak ordaindu beharko ditu eskatzaileak.
III. KAPITULUA Intzidenteak eta egintza prozesalen baliogabetasuna
137. artikulua
Prozesuan sortzen diren intzidente-arazoak pieza banandu gisa bideratuko dira, jarduketak geldieran utzi gabe.
138. artikulua
1. Alegatzen bada alderdien egintzetakoren batek ez dituela lege honek ezarritako betekizunak betetzen, delako alderdiak aukera izango du akatsa zuzentzeko, edo egoki deritzon bezala kontra egiteko, alegazioa dakarren idazkia jakinarazi eta hurrengo hamar egunen barruan.
2. Jurisdikzio-organoak, ofizioz, zuzendu daitekeen akatsen bat hautematen duenean, probidentzia bidez adieraziko du hori, eta aipaturiko epea emango du akatsa zuzentzeko, epairako ezarritako epea geldieran utzirik, hala badagokio.
3. Akatsa ezin zuzenduzkoa denean edo dagokion epean behar bezala zuzentzen ez denean bakarrik erabaki ahal izango da errekurtsoa akats horretan funtsaturik.
IV. KAPITULUA Prozesuaren kostuak
139. artikulua
1. Lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean, jurisdikzio-organoak, epaia ematean edo beraren aurrean jarririko errekurtso edo intzidenteak auto bidez ebaztean, fede gaiztoz edo ausarkeriaz akzioari eutsi edo errekurtsoak jarri dituen alderdiari ezarriko dizkio kostuak, behar bezala arrazoiturik.
Aurreko paragrafoan xedaturikoa gorabehera, uziak ezetsi zaizkion alderdiari ezarriko zaizkio kostuak baldin eta bestela errekurtsoari bere xedea galarazten bazaio.
2. Gainerako auzialdi edo graduetan, errekurtsoa guztiz ezesten bada, errekurtsogileari ezarriko zaizkio kostuak, non eta jurisdikzio-organoak ez duen hautematen, eta egoki arrazoitzen, hari ez ezartzea justifikatzen duen inguruabarren bat.
3. Kostu-ezarpena izan daitezke guztizkoa, parte baten gainekoa edo gehieneko kopuru baterainokoa.
4. Partikularrei ezarritako kostuak ordainarazteko, premiamendu bidea erabiliko du hartzekodun den administrazioak, borondatez ordaindu ezean.
5. Kostuak ez zaizkio Fiskaltzari ezarriko ezein kasutan.
6. Prozesuan sorturiko kostuak Prozedura Zibilaren Legean xedaturiko moduan arautuko eta tasatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena. Lurralde historikoak eta Euskal Arbitraje Batzordea
1. Euskal Autonomia Erkidegoan, foru-aldundiak eta haien mendeko erakunde-administrazioa ere hartzen ditu lege honen 1. artikuluko 2. zenbakian egiten den aipamenak. Halaber, 1. artikuluko 3. zenbakiko a) letrak barne hartzen ditu pertsonalaren eta ondare-kudeaketaren alorrean lurralde historikoetako Batzar Nagusien organo eskudunek zuzenbide publikoari atxikirik emandako egintza eta xedapenak.
2. Ez dagokio Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari Euskadiko Autonomia Estatutuaren 39. artikuluak aipatzen duen Arbitraje Batzordeak emandako erabaki edo ebazpenez arduratzea.
Bigarrena. Muntak eguneratzea
Gobernua baimendurik gelditzen da lege honetan adierazitako muntak bost urtean behin eguneratzeko, aurrez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Estatu Kontseiluak txostena emanik.
Hirugarrena. Epaien erregistroa
1. Justizia-auzitegi nagusietako, Auzitegi Nazionaleko eta Auzitegi Goreneko administrazioekiko auzien salek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari igorriko diote, sinatu eta hurrengo hamar egunen barruan, haiek arduratu diren prozesuetan emandako epaien testigantza.
2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erregistro bat eratuko du epai horiekin. Erregistro horren ziurtagiriek fede egingo dute era guztietako prozesuetan.
Laugarrena. Zenbait egintza, ebazpen eta xedapenen kontrako errekurtsoak Errekurritu daitezkeenak dira:
1. Espainiako Bankuak eman dituen eta errekurtso arrunterako aukerarik ez duten administrazio-egintzak; Espainiako Bankuaren egintzen kontrako errekurtso arruntak ebazten dituzten Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren ebazpenak; eta orobat Espainiako Bankuak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean, Espainiako Bankuaren Autonomiari buruzko 1994ko ekainaren 1eko 13/1994 Legeak aurreikusi moduan.
2. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eman dituen eta errekurtso arrunterako aukerarik ez duten administrazio-egintzak; Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren egintzen kontrako errekurtso arruntak ebazteko Ekonomia eta Ogasun ministroak emandako ebazpenak; eta orobat Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzien salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
3. Lehia Babesteko Auzitegiak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
4. Autonomia Erkidegoen Finantzaketarako 1980ko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoa partzialki aldatzen duen 1996ko abenduaren 27ko 3/1996 Lege Organikoak arauturiko Arbitraje Juntak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
5. Datuak Babesteko Agentziak, Sistema Elektriko Nazionalaren Batzordeak, Telekomunikazioen Merkaturako Batzordeak, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak, Cervantes Institutuak, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak eta Unibertsitate Kontseiluak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
6. Energiaren Batzorde Nazionalak eman dituen eta errekurtso arrunterako aukerarik ez duten administrazio-egintzak; Energiaren Batzorde Nazionalaren egintzen kontrako errekurtsoak ebazten dituzten Industria eta Energia ministroaren ebazpenak; eta orobat Energiaren Batzorde Nazionalak emandako xedapenak, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
71. Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuak emandako egintza edo xedapenen aurkako errekurtsoak ebazten dituzten Ekonomia eta Ogasun ministroaren ebazpenak, Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, zuzenean eta auzialdi bakarrean.
Bosgarrena. Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bategina aldatzea
Honela gelditzen da 1995eko apirilaren 7ko 2/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan Arloko Prozeduraren Legearen testu bateginaren 3. artikulua:
«1. Ez dira gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura:
a) Askatasun sindikalerako eskubideen eta grebarako eskubidearen babesa, funtzionario publikoei dagokienez eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategineko 1.3.a) artikuluan aipaturiko enplegatuei dagokienez.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak diru-bilketaren gaian emandako ebazpenak edo, batera biltzeko kuoten kasuan, erakunde kudeatzaileek emandakoak; orobat, likidazio eta arau-hauste aktei dagozkien ebazpenak.
c) Lan-arloko gaietan administrazio publikoek onartutako xedapen orokorrak eta administrazio-zuzenbideari atxikirik emandako egintzak aurkaratzearekin zerikusia duten uziak, hurrengo zenbakian adierazitakoak salbu.
2. Gizarte-arloko jurisdikzio-organoen ardura izango dira honako gai hauen inguruko uziak:
a) Gizarte-arloko edonolako arau-hausteengatik jarritako zigor ororen inguruko ebazpen administratiboak; salbuespen dira artikulu honen 1. zenbakiko b) letran aurreikusiak.
1 1999ko abenduaren 12ko 41/1999 Legeak erantsi zuen puntu hau.
b) Enplegu-erregulazioari buruzko ebazpen administratiboak, eta lantokialdaketa kolektiboetan administrazioak izandako jarduerari buruzkoak.
3. Lege hau indarrean jarri eta bederatzi hilabeteko epean, Gobernuak Gorte Nagusietara igorriko du lege-proiektu bat, haren bidez gehitzeko Lan Arloko Prozeduraren Legeari aurreko 2. zenbakiko kasuei dagozkien prozesualdaerak eta berezitasunak. Lege horrek zehaztuko du zer egunetatik aurrera sartuko den indarrean artikulu honen 2. zenbakiko gaiak Gizarte Arloko Jurisdikzioari esleitzea.»
Seigarrena2. Prozedura Ekonomiko-administratiboari buruzko Oinarri Legearen testu artikulatua aldatzea
Zazpigarrena. Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko epaitegi eta auzitegiak arduratuko dira, orobat, Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SAren eta hartan funtzionario-izaeraz lan egiten duten enplegatuen artean sorturiko arazoez, erakunde publikoen eta haien funtzionarioen arteko arazoez arduratzen diren modu berean, harreman horren izaera berezia kontuan hartuta.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena. Administrazioarekiko auzien epaitegien eskumeneko auziak
1. Justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien saletan ebazkizun dauden prozesuak, lege honen arabera administrazioarekiko auzien epaitegiei badagokie eskumena, sala horietan izapidetuko dira amaitu arte.
2. Administrazioarekiko auzien epaitegiak jardunean hasi bitartean, justiziaauzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek izango dute eskumena lege honek epaitegi horiei esleitu dizkien prozesuez arduratzeko. Halako kasuetan, errekurtsoei dagokienez, justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek bigarren auzialdian emandako epaientzat lege honetan ezarritakoari jarraituko zaio.
2 Derogatua.
Bigarrena. Prozedura arrunta
1. Lege hau indarrean sartu aurretik jarritako administrazioarekiko auzierrekurtsoak, gero ere, hasi zirenean indarrean ziren arauen arabera bideratuko dira.
2. Hala ere, prozesu horietan epaia emateko epea lege hau indarrean jarri ondoren hasia bada, epaian aplikatzekoa izango da IV. tituluko I. kapituluaren 8. atalean xedaturikoa. Berrikuntza dakarren manuren bat aplikatu behar bada, horri buruz entzuteko hamar egunen epe berezi bat emango zaie alderdiei.
3. IV. tituluko I. kapituluaren 9. ataleko erregelak ere aplikatzekoak izango dira lege hau indarrean sartzean epaia eman gabe dauden administrazioarekiko auzi-errekurtso guztietan.
Hirugarrena. Kasazio-errekurtsoak
1. Lege honetako kasazio-errekurtsoen araubidea guztiz aplikatzekoa izango da Auzitegi Nazionaleko eta justizia-auzitegi nagusietako administrazioarekiko auzien salek legea indarrean sartu ondoren ematen dituzten ebazpenetan. Aplikatzekoa izango da, orobat, legea indarrean sartu aurretik emandakoetan, baldin eta indarrean sartzeko unean amaituak ez badira dagokion kasazio-errekurtsoa prestatzeko edo jartzeko aurreko araudian ezarritako epeak. Kasu horretan, legea indarrean jartzen den datatik aurrera hasiko da kontatzen kasazio-errekurtsoa prestatzeko edo jartzeko lege honen arabera dagokion epea.
2. Lege hau indarrean sartu aurretik prestatutako kasazio-erekurtsoetarako, aurreko legeriari jarraituko zaio.
Laugarrena. Epaien exekuzioa
Lege honetan xedaturikoaren arabera exekutatuko dira legea indarrean jarri ondoren emandako epaiak, irmo geratzean. Aurretik emandakoak ere, jarduketetan ez bada jasorik geratu guztiz exekutatu direla, lege honen arabera exekutatuko dira exekutatzeke dagoen partean.
Bosgarrena. Pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteko prozedura berezia
Pertsonaren oinarrizko eskubideak babesteari dagokionez lege hau indarrean sartu aurretik jarritako errekurtsoak, gero ere, hasi zirenean indarrean zeuden arauen arabera bideratuko dira.
Seigarrena. Legezkontrakotasun-arazoa
Epaiak irmotasuna lege hau indarrean sartu ondoren hartzen duen prozesuetan bakarrik planteatu ahal izango da legezkontrakotasun-arazoa.
Zazpigarrena. Erabakien administrazio-geldierari dagokion prozedura berezia
Lege honen 127. artikuluan administrazio-geldiera kasuetarako arauturiko prozedura berezia aplikatuko da geldieran utzitako egintzak direla-eta lege hau indarrean sartu ondoren egiten diren aurkarapen eta helarazpenetan, legea indarrean sartu aurretik emanak izanik ere egintzak.
Zortzigarrena. Kautela-neurriak
Lege hau indarrean sartzean ebazkizun dauden prozesuetan, VI. tituluko II. kapituluan aurreikusiriko kautelazko neurriak eskatu eta erabaki ahal izango dira.
Bederatzigarrena. Kostu prozesalak
Lege honetan ezarritako kostu prozesalen araubidea aplikatuko da legea indarrean jarri ondoren hasten edo sustatzen diren prozesu eta errekurtsoen kasuan.
XEDAPEN DEROGATZAILEAK
Lehena. Derogazio-klausula orokorra
Derogaturik geratzen dira, lege honi kontra egiten dion hartan, lege honen maila bereko edo apalagoko arau guztiak.
Bigarrena. Arauen derogazioa
Derogaturik geratzen dira honako xedapen hauek:
a) Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea, 1956ko abenduaren 27koa.
b) 1973ko urtarrilaren 12ko 118/1973 Dekretuaren bitartez onartutako Nekazaritzaren Erreforma eta Garapenerako Legearen testu bateginaren 114. eta 249. artikuluak.
c) Pertsonaren Oinarrizko Eskubideen Babes Jurisdikzionalerako 1978ko abenduaren 26ko 62/1978 Legearen 6., 7., 8., 9. eta 10. artikuluak.
d) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 110. artikuluko 3. zenbakia.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehena. Prozedura Zibilaren Legea ordeztaile
Lege honetan aurreikusi gabekorako, Prozedura Zibilaren Legea izango da ordeztaile.
Bigarrena. Legea garatzea
Gobernuari baimena ematen zaio lege hau aplikatzeko eta garatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan. Zehazki, lege hau indarrean sartu eta urtebeteren epean, Gobernuak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposaturik, laugarren xedapen gehigarrian aurreikusiriko erregistroaren antolaketa eta hartara iristeko araubidea zehaztuko du. Aldi berean, 1998tik 2000ra bitartean administrazioarekiko auzietarako organo pertsona bakarrekoak ezartzeko behar diren programak prestatuko ditu Gobernuak; programa horiek garatzea eta gauzatzea, berriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta Justizia Ministerioari edo autonomia-erkidegoko organo eskudunari dagokie, bakoitzari bere eskumenen esparruan.
Hirugarrena. Indarrean sartzea
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bost hilabeteren buruan sartuko da indarrean lege hau, bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren kalterik gabe.