2822/1998 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, Ibilgailuen Araudi Orokorra onartzeko dena
1998-12-23Itzulpena nork: Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO)
Erakundea: Presidentzia Ministerioa
Argitalpena: EAO, 1999/1/26, 22. zk.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko oinarrien 18/1989 Legeak, uztailaren 25ekoak, aukera eman zion Gobernuari teknikoki hain korapilatsua den ibilgailuei buruzko gai hau arautzeko eta, arautu ere, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez arautu zuen, horren bitartez onartzen baita, aipatutako oinarriak garatuz, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua.
Legegintzako errege-dekretuak sarritan beste araudietara bidaltzen gaituela kontuan hartuz eta bere azken xedapenari erreparatuz gero, Ibilgailuen Araudi Orokorrak nahitaez gauzatu eta garatu behar ditu manu horiek eta, horretarako, 1934ko irailaren 25eko Dekretuaren bitartez onartutako Zirkulazio-kodeko arauak eta xedapen osagarriak mantendu edo aldatu beharko dira neurri handi batean, esperientziari jarraituz edota gaiari buruzko araudi tekniko ugariak hala eskatzen duelako. Araudi tekniko horiek bi lekutan daude jasota, batetik, Europako Batasuneko zuzentarauetan eta, bestetik, ibilgailu motordunen ekipoak eta piezak homologatzeko baldintza uniformeak betetzeari eta elkarren homologazioak onartzeari buruz 1958ko martxoaren 20an Genevan sinatutako akordioaren eranskinetan, eta helburu nagusi bat dute: ibilgailuen eta horien osagaien eta piezen fabrikazioari eta erabilerari buruz Europar Batasuneko estatuek duten legeria bateratzea, estatu kide guztiek batak besteena onartu ahal izan dezaten.
Hain araudi zabal eta zehatza tratatzeko eta zirkulatu ahal izateko ibilgailuek bete behar dituzten baldintza edo eskakizun teknikoetara egokitu ahal izateko -baldintzok aurrerapen teknikoen garapenagatik etengabe aldatzen baitira- Araudiak teknika berezi bat erabiliko du, hain zuzen ere, 2028/1986 Errege Dekretuan erabilitakoaren antzekoa (2028/1986 Errege Dekretua, ekainaren 6koa, automobil, atoi eta erdi-atoi motak eta ibilgailu horien zatiak eta piezak homologatzeari buruz Europako Batasunak emandako zenbait zuzentarau aplikatzeko arauak emateko dena – urriaren 2ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 236. zka.); izan ere, Europako Batasunak onartua du teknika hori, eta erabili ere, erabili izan du zenbait zuzentarautan, zeren, aukera ematen baitu eranskinak ministerio-agindu baten bitartez aldatzeko eta, beraz, artikuluetan, ustez iraunkorrak izango diren manuak baino ez dira jasotzen, hau da, orokorrak direnez, gidari edo ibilgailuen titular guztiei eragiten dietenak, eta eranskinetan batez ere izaera teknikoa duten arauak biltzen dira.
Ibilgailuen Araudi Orokorra, hortaz, araudi exekutiboa da, bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatua garatu, osatu eta zehazten duena, nahiz eta ez duen testu horren garapen orokor edo osoa egiten, baizik eta garapen edo exekuzio partziala, lege horren testu artikulatuaren I. Tituluaren zati bat eta IV. Titulua baino ez baititu garatzen eta osatzen.
Xedapenen artean, bereziki aipatzekoa da I. Tituluaren 2. artikulua, ibilgailuak Trafikoko Buruzagitza Nagusiko Erregistroan inskribatu behar direla agintzen duena.
Ibilgailuak ondasun higigarriak dira eta erraz identifika daitezke matrikularen eta bastidore-zenbakiaren edo egitura autosostengagarriaren zenbakiaren bitartez (Araudiaren 8. eta 49. artikuluak eta 18. eranskina). Beraz, neurri batean, erregistroko publizitatea ezar dakieke. Hala ere, Araudiaren 2. artikuluan arautzen den Ibilgailuen Erregistroak, Zirkulazio Kodearen indargabetutako 244. artikulukoek bezalaxe, administrazio-izaera hutsa du, Ondasun Higigarrien Hipoteken eta Jabetzaren Eskualdatzerik gabeko Bahituren Erregistroak eta Jabari Erreserben eta Erabiltzeko Debekuen Erregistroak ez bezala (lehenengoa 1954ko abenduaren 16ko Legearen bitartez ezarri zen eta bigarrena Ondasun Higigarriak Epeka Saltzeari buruzko uztailaren 17ko 50/1965 Legearen bitartez sortu zen), izan ere, azken bi horietan, kasuan kasuko bermeak edo kargak sortu, aldatu edo iraungitzeko egintzak inskribatzen dira, publizitate egokia emateko eta, ondorioz, hirugarrenek aurka egin ahal izan dezaten.
Ibilgailuen Erregistroan jasotako datuek ez dute benetako ondorio zibilik, horixe xedatzen baita, gainera, Auzitegi Gorenaren hainbat eta hainbat epaitan; besteak beste, 2984ko martxoaren 6koan, zeinetan adierazten den jabetza-eskubideak, oro har, ez duela loturarik (1966ko abenduaren 19ko, 1967ko azaroaren 16ko eta 1983ko abenduaren 14ko epaiak) matrikulazioari, gidatzeko baimenari, Probintzia Buruzagitzako erregistro-artxibategiari, Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren Erregistro Orokorrari eta eskualdaketei buruz Zirkulazio Kodean (bereziki 241. artikuluan eta hurrengoetan) xedatzen denarekin, eta horixe bera esaten dute 1954ko abenduaren 22ko, 1956ko abenduaren 20ko, 1965eko azaroaren 5eko eta 1967ko urtarrilaren 17ko epaiek ere.
Baina Ibilgailuen Erregistroan ohikoa den administrazio-izaera huts horretaz gain, badira berrikuntza nabarmenak ere; besteak beste, funtzionatzeko informatika-bitartekoak erabiltzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluarekin bat; erregistroarekin harremana duten herri-administrazio, organo judizial eta erregistroen laguntzaile izatea, eta automobilen nahitaezko asegurua dagoen ala ez egiaztatzea. Gainera, erregistro bereziak edo lagungarriak antolatzeko aukera ere aurreikusten da.
Ibilgailuen matrikulazioari dagokionez, IV. Tituluan bereziki aipatu behar dira: 25. artikulua, motor-bizikletak trafikoko buruzagitzetan nahitaez matrikulatu behar direla xedatzen duena; 27. artikulua, gure herrialdean matrikulatuta egon den ibilgailu bati noiz eman dakiokeen beste matrikula bat zehazten duena; 28. artikulua, ibilgailua jabearen izenean ez ezik (lehen horixe agintzen zuen Zirkulazio Kodearen 242. artikuluak) errentariaren izenean ere matrikulatzeko aukera ematen duena, bai erosteko aukera dagoenean, bai finantza-errentamendu edo “leasing”eko kasuetan edota merkatuan ohikoak diren beste errentamendu modalitateen kasuan, adibidez, epe luzeko errentamenduen kasuan (renting); artikulu horretan, gainera, tren turistikoek bide publikoetan zirkulatu ahal izateko izan behar dituzten baimenak eta baldintzak ere zehazten dira.
Ibilgailuaren titulartasuna aldatzeari dagokionez, 32. eta 33. artikuluetan, ibilgailuen transferentzia egiteko prozedurak arautzen dira, eta bi transferentzia-mota bereizten dira: ibilgailuen salerosketa lanbide ez duten pertsonen artekoa eta ibilgailu-saltzaileek parte hartzen duten transferentziak; horrela, funtsezko aldaketak egiten dira Zirkulazio Kodearen 247. artikuluan araututako prozeduran.
Partikularren arteko eskualdaketetan, titularrak Trafikoko Buruzagitzari emango dio ibilgailuaren zirkulazio-baimena, ez eskuratzaileari, eta, horrekin batera, salerosketa edo errentamendu kontratua ere emango dio; eskuratzaileak, bere aldetik, ezin izango du ibilgailuarekin zirkulatu harik eta zirkulazio-baimena bere izenean jarri arte eta, horretarako, hogeita hamar eguneko epea izango du. Epe horretan egin ez badu, ibilgailua ibilgetu egingo da.
Ibilgailu-saltzaileek parte hartzen duten eskualdaketetan, titularrak Trafikoko Buruzagitzan utzi behar du zirkulazio-baimena, ibilgailua salerosleari utzi diola egiaztatzen duen agiri batekin batera; ondoren, ibilgailuari behin-behineko baja emango zaio erregistroan, eta bakarrik zirkulatu ahal izango du aldi baterako enpresa-baimen batekin. Baimen hori salerosleari egingo zaio ibilgailua erosteko interesa duten pertsonek probak egin ahal izan ditzaten.
Transmititzaileak jakinarazpena egiteko beharra ez betetzeak bakarrik izango ditu ondorioak trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeari begira, 32.1 eta 33.1 artikuluetan adierazten denez, eta, ondorioz, administrazioaren esparruan bakarrik; izan ere, 32. eta 33. artikuluetan esandakoari jarraituz, salerosketa eta jabetzaren transmisioa Ibilgailuen Erregistroko inskripzioa eta jakinarazpena egin aurretik burutzen da, Kode Zibileko arauak betetze hutsarekin. Doktrina horren alde agertzen da Auzitegi Gorenaren 1965eko irailaren 20ko epaia ere, esaten baitu auto baten eskualdaketa burutzeko, Herri Lanen Buruzagitzari eman behar zaiola horren berri, 1934ko irailaren 25eko Zirkulazio Kodearen 249. artikuluko (oraingo 247. artikulua) 3. paragrafoan ezarritako administrazio edo zerga eskakizuna denez gero, baina horrek ez duela eraginik egindako kontratuaren balioan edo eraginkortasunean, kode substantiboaren 1.279 artikuluak erakusten duen bezala.
Matrikula-plakei dagokienez, zenbait aldaketa egin dira. Esanguratsuenen artean, probintziaren siglak kentzea matrikula-plaka guztietan, ibilgailu automobilen arruntetan izan ezik; ibilgailu berezien, atoien, erdi-atoien eta motor-bizikleten plaka arruntetan, matrikula turistikoetan, ibilgailu historikoen matrikuletan eta aldi baterako matrikuletan, letra bat jarriko da ibilgailu edo baimen mota adierazteko eta, ondoren, bi karaktere-multzo: lau zifrako zenbaki batez osatua lehena eta hiru letraz osatua bigarrena. Halaber, zilegi izango da beheko aldean, plakatik kanpo, publizitatedun marko bat jartzea.
Eranskinei dagokienez, garrantzi berezia du lehenengoak, indarraldien taula baten funtzioa betetzen baitu.
Lehenengo eranskinean, Ibilgailuen Araudiko artikuluen eta aplikagarri diren xedapenen arteko lotura egiten da lau zutaberen bitartez:
lehenengoan Araudiko artikulua agertzen da, bigarrenean artikuluaren paragrafoa, hirugarrenean gaia eta laugarrenean aplikagarri den legeria.
Bigarren eranskinean, aplikagarri diren xedapenen eta Araudiko artikuluen arteko lotura egiten da bi zutabe eta lau koadroren bitartez, segun eta aplikagarri diren xedapenak legeak, errege-dekretuak, EBko araudiak edo nazioarteko beste araudiren bat diren edo ministro-aginduak. “Estatuko Aldizkari Ofizialean” edo “Europako Erkidegoetako Aldizkari Ofizialean” noiz argitaratu diren ere adierazten da.
Era honetan, erraztu egiten da indarrean dauden xedapenen azterketa eta aplikazioa, izan ere, Araudiko artikuluetan modu orokorrean arautzen diren gaiak osatu egiten dira, hala badagokio, artikuluetan zehazten diren eranskinetan jasotzen diren gai tekniko edo berariazkoekin.
Xedapen honi arau eta araudi teknikoei buruzko irizpen-prozedura aplikatu zaio, horrela xedatzen baita Kontseiluaren martxoaren 28ko 83/189/CEE Zuzentarauan eta berori aldatzeko xedapenetan eta uztailaren 7ko 1168/1995 Errege Dekretuan, zeinaren bitartez, arau eta araudi teknikoen alorreko irizpenen igorpena arautzen baita.
Ondorioz, Barne ministroaren eta Industria eta Energia ministroaren proposamenez, Herri Administrazioen ministroak aldez aurretik onartuta, Estatu Kontseiluaren adostasunarekin eta Ministroen Kontseiluak 1998ko abenduaren 23ko bilkuran gaia aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.
Ibilgailuen Araudi Orokorra onartzen da, eta horren testua ondoren txertatzen da.
Lehenengo xedapen gehigarria.
Eskakizun teknikoak bete gabe zirkulatzea.
Ibilgailuren batek araudi honetako betekizun teknikoak bete gabe zirkulatuz gero, zirkulaziorako arrisku larria sortzen badu, ibilgetu egingo da, eta zehatzeko espedientea abiaraziko da.
Bigarren xedapen gehigarria.
Autonomia erkidegoen eskumenak.
Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, araudi honetan xedatutakoa ez da autonomia-erkidegoek beren estatutuen bidez eskuratutako eskumenen kontra jarriko.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Aseguru-kontratua ibilgailu motordunen zirkulazioan.
Beren eskumenen esparruan, trafikoa zaintzeko ardura duten agintariek laguntza berezia emango dute ibilgailu motordunen zirkulazioaren esparruko erantzukizun zibilari eta aseguruari buruzko araudian ezarritakoa betetzen dela bermatzeko.
Lehenengo xedapen iragankorra.
Aurreko araudiaren mende dauden ibilgailuen erregimena.
Araudi hau indarrean jarri aurretik matrikulatutako edo zirkulazioan jarritako ibilgailuek zirkulatzen jarraitu ahal izango dute matrikulatu edo zirkulazioan jarri zirenean bete behar zituzten baldintza tekniko berberetan.
Bigarren xedapen iragankorra.
Baldintza teknikoak betetzeko data.
Araudi honetan ezartzen diren baldintza teknikoak I. eranskineko araudian ezarritako datetatik aurrera eskatuko zaizkie bertan zehazten den unetik aurrera matrikulatu edo zirkulazioan jarri diren ibilgailuei.
Azken xedapenetatik hirugarrena.
Eusteko gailuak.
Araudi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebete igaro ondoren matrikulatutako ibilgailuek bete beharko dituzte araudi honetako VI. eranskinean karga segurtatzeko eta eusteko gailuei buruz ezarritako baldintzak, betiere, leku berean pertsonak eta zama eraman ditzaketen ibilgailuen kasuan.
Laugarren xedapen gehigarria.
Motor-bizikleten matrikulazio arrunta egiteko epeak.
Udaletako erregistroetan inskribatutako motor-bizikleten titularrek matrikulazio arrunta egiteko eskaria egin behar dute legezko helbideari dagokion probintziako trafiko-buruzagitzan, inolako tasarik ordaindu gabe, araudi honetako XIII. Eranskinean zehazten diren agiriak aurkeztuta, ondoren zehazten diren epeetan:
a) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 0 dutenek: araudi hau indarrean sartu ondorengo hiru hilabeteetan.
b) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 1 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
c) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 2 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
d) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 3 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
e) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 4 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
f) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 5 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
g) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 6 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
h) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 7 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
i) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 8 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
j) Inskripzio-plakaren azken zenbakia 9 dutenek: aurreko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan.
Araudi hau indarrean jarri aurretik eskuratutako motor-bizikletei, udaletako erregistroetan inskribatuta ez badaude, matrikulazio arrunta egin behar zaie jabearen, erosteko aukeradun errentariaren edo epe luzerako errentariaren legezko helbideari dagokion probintziako trafiko-buruzagitzan. Horretarako epea hiru hilabetekoa izango da, araudia indarrean jartzen denetik, eta XIII. eranskinean zehazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
Motor-bizikleta bat baino gehiagoren jabeak, erosteko aukeradun errentariak edo epe luzerako errentariak motor-bizikleta guztiak batera matrikulatzeko eskaria egin ahal izango du horietako lehenengoari dagokion unean.
Bosgarren xedapen gehigarria.
Matrikula-plakak aldatzea.
Araudi hau indarrean jarri aurretik matrikulatutako ibilgailuen kasuan, matrikula-plakak aldatu behar bazaizkie ?dela galdu edo hondatu zaizkielako, dela lapurtu dizkietelako? plaka berrien neurriek bat etorri behar dute XVIII. Eranskineko arauzko ereduaren neurriekin, nahiz eta matrikula-zenbakia lehendik esleituta duten berbera izango den.
Seigarren xedapen gehigarria.
Matrikula berezia.
Ordezkaritza diplomatikoak eta nazioarteko erakundeak.
Nazioarteko erakundeek eta estatutu diplomatikoa duten horietako langileek, Presidentetzako Ministerioaren 1985eko martxoaren 6ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera matrikulatutako ibilgailuen titular badira, Araudi honetako XVIII. eranskineko 39. artikuluko 1.b) idatz-zatian eta B), a),2.o idatz-zatian araututako zirkulazio-baimena eta matrikula-plaka eskatu beharko dituzte, araudi hau indarrean sartu ondorengo sei hilabeteetan.
Halaber, epe horretan, kontsuletxeek eta nazionalitate atzerritarra duten kontsuletxeetako karrerako funtzionarioek, Presidentetzako Ministerioaren 1977ko maiatzaren 31ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera matrikulatutako ibilgailuen titular badira, Araudi honetako XVIII. eranskineko B), a),3. idatz-zatian araututako matrikula-plaka berezia eskatu beharko dute.
Diplomaziazko misioetako eta nazioarteko erakundeetako langile tekniko-administratiboek eta kontsuletxeetako langile kontsularrek, araudi hau indarrean sartzean matrikula turistikoa esleituta badute, baimen eta plaka horiekin zirkulatzen jarraituko dute, harik eta horien balio-aldia amaitu arte.
Lehenengo xedapen indargabetzailea.
Zirkulazio Kodea.
Indargabetuta uzten dira jarraian aipatzen diren Zirkulazioko Kodeko artikuluak:
10a; 12tik 15era; 55etik 58ra, biak barne; 61etik 64ra, biak barne; 78tik 84ra, biak barne; 105etik 107ra, biak barne; 132a; 134a; 137tik 141era, biak barne; 143tik 148ra, biak barne; 154tik 166ra, biak barne; 175etik 194ra, biak barne; 201etik 260ra, biak barne, 305etik 308ra, biak barne; 310a eta 311.
Bigarren xedapen indargabetzailea..
Bestelako berariazko araudiak.
Halaber uzten dira indargabetuta xedapen hauek:
a) Matrikula turistikoari buruzko araudia barne-merkatuaren harmonizazio fiskalaren ondorioei egokitzeko den irailaren 10eko 1571/1993 Errege Dekretuaren 17. artikuluko c), d), e) eta f) idatz-zatiak.
b) Zirkulazio Kodea aldatzeko eta ibilgailuen gehienezko pisu eta neurriak zehazteko den apirilaren 14ko 490/1997 Errege Dekretua.
c) Nekazaritzako traktoreek produktuak nola garraiatu behar dituzten eta errepidean nola zirkulatu behar duten arautzen duen Herri Lanetako Ministerioaren 1951ko apirilaren 6ko Agindua.
d) Nekazaritzako traktoreek produktuak nola garraiatu behar dituzten eta errepidean nola zirkulatu behar duten arautzen duen 1951ko apirilaren 6ko Ministerio Agindua osatzeko jarraibideei buruzko Herri Lanetako Ministerioaren 1995eko martxoaren 23ko Agindua.
e) Zirkulazio Kodearen 144. artikuluaren B) 6. paragrafoa aplikatzeko arauak ematen dituen Gobernazio Ministerioaren 1970eko uztailaren 30eko Agindua.
f) Zirkulazio Kodearen X. kapituluan (zirkulazioa proban, garraioan eta aldi baterako baimenarekin izenekoan) xedatutakoa garatzen duen Gobernazio Ministerioaren 1971ko irailaren 24ko Agindua.
g) Zirkulazio Kodearen 242. eta 243. artikuluetan ibilgailuen matrikulazioari buruz xedatutakoa garatzen duen Presidentetzako Ministerioaren 1971ko urriaren 7ko Agindua.
h) Aldez aurreko baimenarekin berregindako ibilgailuen zerrendarako eredua ezartzen duen Industria Ministerioaren 1973ko azaroaren 5eko Agindua.
i) Presidentetzako Ministerioaren 1974ko azaroaren 8ko Agindua, 1971ko urriaren 7ko Agindua aldatzen duena.
j) Zirkulazio Kodearen XX. kapituluan ibilgailu berezien matrikulazioari buruz xedatutakoa garatzen duen Presidentetzako Ministerioaren 1977ko apirilaren 27ko Agindua.
k) CD eta CC plakadun ibilgailu automobilen matrikulazioari buruzko araudia ezartzen duen Presidentetzako Ministerioaren 1977ko maiatzaren 31ko Agindua.
l) Gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuentzako seinaleztapen-panelen homologazioari buruzko Industria eta Energia Ministerioaren 1977ko urriaren 21eko Agindua.
m) Presidentetzako Ministerioaren 1978ko ekainaren 26ko Agindua, 1977ko apirilaren 27ko Agindua aldatzen duena.
n) Bide publikoetan zirkulatzeko hainbat muga ezartzen dituen Barne Ministerioaren 1979ko ekainaren 20ko Agindua.
ñ) Barne Ministerioaren 1980ko urriaren 10eko Agindua, 1971ko irailaren 24ko Agindua aldatzen duena.
o) Ibilgailuen sailkapena eta estatistika-ondorioetarako definizioak eta zenbaki-klabeak ezartzeko arauak onartzen dituen Presidentetzako 1984ko uztailaren 16ko Agindua.
p) Nazioarteko erakundeenak edota “status” diplomatikoa duten horietako funtzionarioenak izanik, frankizia diplomatikoa duten automobilen matrikula-plakei buruzko Presidentetzako 1985eko martxoaren 6ko Agindua.
q) Ibilgailu-multzoetako partaide izateko bateragarritasunari edo akoplamenduko alderdi mekanikoen homologazioari dagokienez, ibilgailuen homologazioari buruzko arau teknikoak onartzen dituen Industria eta Energia Ministerioaren 1986ko ekainaren 26ko Agindua.
r) Barne Ministerioaren 1987ko apirilaren 22ko Agindua, 1971ko irailaren 24ko Agindua aldatzen duena.
s) Traktoreen, nekazaritzako makineriaren eta gainerako ibilgailu berezi edo garraio berezien argi-seinaleztapena arautzen duen Barne Ministerioaren 1993ko irailaren 9ko Agindua.
t) Ibilgailu motordunen matrikula aldatzea ahalbidetzeko, Zirkulazio Kodearen 209. artikulua aldatzen duen ekainaren 21eko 1539/1996 Errege Dekretuan xedatutakoa garatzen duen Presidentetzako 1996ko azaroaren 28ko Ministerio Agindua.
Hirugarren xedapen indargabetzailea.
Orokorra.
Indargabetuta uzten dira, baita ere, araudi honetan ezarritakoaren kontra dauden Zirkulazioko Kodearen artikulu guztiak eta maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetatik lehena.
Exekuzioa eta garapena.
Barne ministroari eta Industria eta Energia ministroari ahalmenak ematen zaizkie araudi honetan ezarritakoa aplikatu eta interpretatzeko bidezkoak diren xedapenak emateko edo sustatzeko, eurak bakarrik edo, gaiak eragiten dien neurrian, beste ministerioetako departamentuetako titularrarekin batera.
Azken xedapenetatik bigarrena.
Indar armatuen ibilgailuak.
Defentsa ministroari, Barne ministroari eta Industria eta Energia ministroari eta, hala dagokionean, eskumena duten gainerako ministroei, ahalmena ematen zaiie indar armatuen ibilgailuen zirkulazio-baimenen eta ezaugarri teknikoen araubidearen berezitasunak arautzeko, baita ibilgailu horien alderdi, pieza eta matrikula-plakenak ere.
Azken xedapenetatik hirugarrena.
Ibilgailuen Araudi Orokorraren eranskinak aldatzeko gaikuntza.
Barne ministroari eta Industria eta Energia ministroari ahalmena ematen zaie araudi honetako eranskinak agindu-bidez aldatzeko.
Bederatzigarren eranskina aldatzeko, berriz, Sustapen ministroaren adostasuna ere beharko da.
Dena den, I. eranskinean aipatutako arauak erakunde eskudunek baino ezin izango dituzte eguneratu, aldatu edo indargabetu eta, betiere, bakoitzaren izaera eta mailari dagozkien prozeduren bitartez.
Azken xedapenetatik laugarrena.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu artikulatuaren eranskina aldatzea.
Araudi honetako II., IX. eta X. eranskinetan xedatutakoarekin bat etorriz, aldatu egiten dira Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren 4. puntutik 51.era bitartean jasota dauden oinarrizko kontzeptuak (testu artikulatua martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zen).
Azken xedapenetatik bosgarrena.
Ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretua aldatzea.
Ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 5. paragrafoa honela gelditzen da idatzita:
Istripu baten ondorioz edo dena delakoagatik, ibilgailu batek kalte larriak jasan baditu eta kalte horiek direkzio, esekidura, transmisio edo balazta sistemetako segurtasun elementuren bati, bastidoreari edo egitura autosostengagarriari ainguraketa-punturen batean eragiten badio, zirkulazioan jarri aurretik ibilgailu hori nahitaez eraman behar da azterketa berriro egitera, bide publikoetatik ibiltzeko gai den ikusteko.
Trafikoa zaintzeaz arduratzen den agintaritzako agentea, txostena eta atestatua egiten duena, izango da ibilgailua konpondu ondoren eta zerbitzuan jarri aurretik azterketa egiteko proposatuko duena.
Ondorio horietarako, ibilgailuaren zirkulazio-baimena jaso, eta istripua izan den probintziako trafikoko buruzagitzara bidaliko du.
Buruzagitza horrek, edo interesatuak zirkulazio-baimena jasotzeko berariaz adierazitakoak, ibilgailua azterketa egitera eraman behar duen jakinaraziko dio interesatuari, hala badagokio. Halaber, interesatuak agintaritzen agenteari adieraziko dio ibilgailuari azterketa non egin behar dioten, eta trafikoko buruzagitzak autonomia-erkidego horretako organo eskudunari ere egingo dio aipatutako jakinarazpena.
Interesatuak beharrezko konponketak egin dituenean, ibilgailua IAT estaziora eramango du azterketa teknikoa egitera, trafikoko buruzagitzak emandako zirkulazio-baimena erabiliz. Azterketa aldekoa bada, txostena aurkeztu ondoren zirkulazio-baimena itzuliko zaio.
Azterketaren emaitza kontrakoa bada, IAT estazioak ikuskapen-txostenean emango du horren berri, eta 11. artikuluko 2. paragrafoan aurreikusitakoa egingo da.
Ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretuaren 11. artikuluko 2. paragrafoko lehenengo lerrokada honela gelditzen da idatzita:
Azterketa tekniko baten emaitza kontrakoa bada, IAT estazioak bi hilabetetik beherako epea emango dio interesatuari akatsak zuzentzeko. Epearen iraupen zehatza akatsen izaeraren araberakoa izango da.
Estazioa IAT txartelarekin geldituko da eta titularrak ibilgailua konpondu beharko du. Ibilgailua bide publikoetatik zirkulatzeko desgaituta egongo da, eta bakarrik hartu ahal izango da tailerrera eramateko edo bere egoera erregularizatzeko eta IAT estaziora eramateko azterketa berria egitera.
Azken xedapenetatik seigarrena.
Indarrean sartzea.
Errege Dekretu hau eta horren bitartez onartutako araudia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik sei hilabetera jarriko da indarrean.
IBILGAILUEN ARAUDI OROKORRA
I. TITULUA
Arau orokorrak
KAPITULU BAKARRA
1. artikulua. Baimenak eta horien eragina.
Ibilgailuek, zirkulatzen hasi baino lehen, administrazio-baimena jaso behar dute, horrela egiaztatuko baitute funtzionamendu-egoera egokian daudela eta horien ezaugarriak, ekipoak, ordezko piezak eta osagarriak araudi honetako eskakizun teknikoak betetzen dituztela.
Baimen hori ez duten ibilgailuek debekatuta dute zirkulatzea.
Industria eta Energia Ministerioak zenbait ibilgailu, ekipo, ordezko pieza edo osagarri salbuets ditzake araudi honetako eskakizun teknikoren bat betetzetik.
Ibilgailuren bat baimenik gabe ari bada zirkulatzen, dela lortu ez duelako, dela deuseztatu delako edo indarra galdu duelako, ibilgetuta utziko da, harik eta baimena lortu arte, araudi honetan zehazten denarekin bat etorriz.
Halaber, baimena ezdeus deklaratzeko, baliogabetzeko edo indarra kentzeko prozedura batean zirkulazio baimena kautelaz etetea erabaki bada eta, epe horretan, ibilgailua zirkulatzen ari bada, ibilgailua ibilgetu egingo da.
2. artikulua. Ibilgailuen Erregistroa.
Trafikoko Buruzagitza Nagusiak erregistro bat osatuko du matrikulatutako ibilgailu guztiekin. Bitarteko informatikoekin funtzionatuko du eta, bertan, zirkulazio baimen edo lizentzian nahitaez adierazi behar diren datuak jasoko dira gutxienez, baita datuotan edo titulartasunean gerora suertatzen diren aldaketak ere.
Batez ere helburu hauek izango ditu: ibilgailuaren titularra identifikatzea, ibilgailuaren ezaugarri teknikoak eta zirkulatzeko gaitasuna ezagutzea, egindako azterketen berri izatea, automobilen nahitaezko asegurua duen eta legezko eskakizunak betetzen dituen egiaztatzea, ibilgailu-parkea eta horren banaketa kontrolatzea eta bestelako helburu estatistikoak.
Ibilgailuen erregistroak administrazio-izaera hutsa du, eta publikoa izango da interesatuentzat eta bidezko eta zuzeneko interesa duten hirugarrenentzat, informazio-ohar soilen edo egiaztapenen bitartez. Bertan jasotako datuetan, bestalde, ez da aurreiritzirik agertuko jabetza-kontuei, kontratuen konplimenduari eta, oro har, ibilgailuen inguruan sor daitezkeen izaera zibileko edo merkataritza-izaerako kontuei buruz.
Herri administrazioen, organo judizialen, erregistro zibilen eta merkataritza-erregistroen lagungarri ere izango da.
Erregistroaren funtzionamendua, oharpenen forma eta ondorioak eta publizitatearen zabalkuntza I. eranskinean ezarritako araudiaren araberakoak izango dira.
Gainera, aurreko paragrafoan aipatzen den erregistroaz gain, erregistro bereziak edo osagarriak ere egin ahal izango dira behin-behineko zirkulazio-baimenetarako eta norbanakoek edo ibilgailuekin erlazionatutako enpresek erabiltzeko behin-behineko baimenetarako.
3. artikulua. Oinarrizko kontzeptuak.
Araudi honen ondorioetarako, hona hemen zenbait definizio:
a) EE mota-homologazioa: ibilgailu batek berariazko zuzentarauetan ezartzen diren eskakizun teknikoak betetzen dituela eta EE mota-homologazioko egiaztagirietan zehazten diren kontrol eta egiaztapenak pasatu dituela jakinarazteko, Europako Batasuneko estatu kide batek burutzen duen egintza.
b) Mota-homologazio nazionala:
ibilgailu batek bere kategoriarako ibilgailuentzat indarreko legerian ezarritako eskakizun teknikoak, ezaugarrien fitxan adierazitakoak, betetzen dituela jakinarazteko, Estatuko Administrazio Orokorrak burutzen duen egintza.
c) Homologazio partziala:
ibilgailuen parte diren edo horiekin erlazionatuta dauden sistema, osagai edo unitate tekniko jakin batzuek beharrezko eskakizun teknikoak betetzen dituztela adierazteko, Estatu Espainoleko Administrazio Orokorrak edo beste estatu batzuetako administrazioek burututako egintza. Eskakizun tekniko horiek zehaztuta daude Batasuneko zuzentarauetan; Ibilgailuen eta horien zati eta piezen homologazioa batak besteari onartzeari buruz Nazio Batuek emandako akordioaren ondorioz emandako araudietan eta nazio-esparruko araudi teknikoetan.
Izendapen hau berbera erabiliko da ibilgailuaren kontrolean, horren portaeraren alderdi partzialak aztertzen direnean.
d) Sistema:
Ibilgailuaren elementuen edo osagaien edozein multzo, baldin eta berariazko araudietako bateko eskakizunak bete behar baditu.
e) Osagaia:
Berariazko araudi bateko xedapenak bete behar dituen gailua, baldin eta ibilgailu bateko parte izateko bada eta, berezko araudiak espresuki horrela xedatzen duenean, mota-homologazioa ibilgailutik bereiz egin badakioke.
g) Unitate tekniko independentea:
Berariazko araudi bateko xedapenak bete behar dituen gailua, baldin eta ibilgailu bateko parte izateko bada eta, berezko araudiak espresuki horrela xedatzen duenean, mota-homologazioa bereiz egin badakioke, baina bakar-bakarrik ibilgailu mota baterako edo batzuetarako.
g) IAT txartela:
honako hauek osatutako agiria:
Aurrealdean:
aldiroko azterketen erregistroa.
Atzealdean:
ibilgailuaren ezaugarrien egiaztagiria, zeinetan ziurtatuko baita ibilgailua mota homologatu batekoa dela eta banakako azterketa teknikoa egina duela.
h) Motor-bizikleten ezaugarrien egiaztagiria:
Fabrikatzaile nazionalak, atzerritarren kasuan legezko ordezkariak, edo indarreko legerian aurreikusitako kasuetan autonomia erkidegoan industria-arloko eskumena duen organoak emandako agiria, zeinetan mota homologatu bateko motor-bizikleta baten ezaugarri teknikoak adierazten baitira.
i) EE adostasun-egiaztagiria:
Ibilgailuaren mota-homologazioaren titularrak ematen duen agiria, zeinetan egiaztatzen baita bat datorrela EE homologazioarekin.
4. artikulua. Ibilgailuen sailkapena.
Homologazioari eta azterketa teknikoko txartelak edo matrikulatzeko agiriak betetzeari begira, ibilgailuen definizioak, sailkapena eta kategoriak bat etorri behar dira I. eta II. eranskineko araudiarekin.
II. TITULUA
Ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien homologazioa, ikuskapena eta baldintza teknikoak
I. KAPITULUA
Homologazioa eta azterketa teknikoa
5. artikulua. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien mota-homologazioa eta salbuespenak.
Matrikula arrunta edo turistikoa egin ahal izateko, ibilgailu motordunak, atoiak eta erdi-atoiak mota homologatu batekoak izan behar dira nahitaez, I. eranskinean jasotako araudiaren arabera. Zehazki, Espainian homologa daitezke, urriaren 9ko 2140/1985 Errege Dekretuaren arabera, edo Europako Batasunean, 70/156/CEE, 74/150/CEE edo 92/61/CEE Zuzentarauen arabera, edo Europako Esparru Ekonomikoan, horiek aplikagarri bazaizkio.
Aurrekoa gorabehera, I. eranskineko araudian zehaztutako ibilgailuak mota-homologazio nazionaletik eta/edo homologazio partzial batzuetatik salbuetsita daude matrikula arrunta edo turistikoa egin aurretik.
Mota-homologazioa eskuratzeko eta, hala badagokio, banakako azterketa teknikoa egiteko prozedura Industria eta Energia Ministerioak finkatuko du aipatutako eranskinean jasotakoaren arabera eta, hala badagokio, nazioarteko hitzarmen edo itunak kontuan hartuta.
6. artikulua. Osagaien eta unitate tekniko independenteen betekizunak.
Aplikagarri zaien legerian ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten osagaiak eta unitate tekniko independenteak saltzea edo zerbitzuan jartzea debekatuta dago baldin eta bide publikoetan zirkulatuko duten ibilgailuetan jartzeko badira.
7. artikulua. Erreforma garrantzitsuak.
Lehenengo eranskinean zehaztutako erreformak joko dira garrantzitsutzat.
Erreforma garrantzitsu bat egin zaien ibilgailu motordunen, atoien edo erdi-atoien gidariek industria-alorreko eskumena duen administrazio-organoan erregularizatu behar dute aldaketa.
Ibilgailuaren fabrikatzaileak edo konponketa-tailerrek egin ahal izango dituzte erreformak, baita ibilgailua matrikulatu aurretik ere.
Erreforma garrantzitsuen izapideak eta erregularizazioa I. eranskinean jasotako araudiaren arabera egingo dira.
Araudi teknikoren bat bete behar duten piezak, elementuak edo multzoak ezin izango dira ordezkatu araudi hori betetzen ez duten edo ibilgailuari ez dagozkion beste batzuekin, eta ezin izango da horrelakorik gehitu edo kendu ere, I. eranskineko araudian aipatzen diren kasuetan izan ezik.
8. artikulua. Markak.
Identifikazioari begira, matrikulatutako edo zirkulazioan jarritako edozein ibilgailuk, arauzko plaka eta inskripzioez gain, ondoren aipatzen diren elementuak eraman beharko ditu, erraz irakurtzeko moduan eta aldatzea oso zail egingo duen era batean:
a) Identifikazio-zenbaki ezabagaitz bat, bastidorean edo egitura autosostengagarrian grabatu, trokelatu edo inskribatuta.
b) Fabrikatzailearen plaka bat.
c) Ibilgailu motordunetan, motor-mota identifikatzen duten markak edo siglak, motorraren beraren gainean jarrita.
Debekatuta dago bastidoreko identifikazio-zenbakietan edota arauzko plaketan edo inskripzioetan aldaketak edo ukituak egitea.
Ezin izango da identifikazio-zenbakia daraman bastidorea edo egitura autosostengagarria guztiz edo partzialki aldatu, salbu eta I. eranskinean jasotako araudian ezarritako baldintzetan eta, betiere, industria-alorreko eskumena duen organoaren kontrolpean.
9. artikulua. Ibilgailu-multzoak.
Multzoak osatzeko bateragarritasunari dagokionez, ibilgailuek I. eranskinean berariaz finkatutako araudia bete beharko dute.
Arau orokor gisa, eta arauz ezarritako salbuespenak salbuespen, ibilgailu traktore batek ezin izango du atoi edo erdi-atoi bat baino gehiago eraman aldi berean.
Ibilgailu motordunek ezin izango dute beste ibilgailu motordun bat atoian eraman, salbu eta ibilgailuak istripu bat izan badu edo matxuratuta badago eta propio horretarako den ibilgailu batek atoian eraman ezin badu. Horrelakoetan, baimenduta egongo da ibilgailu hori atoian eramatea, baina bakar-bakarrik zirkulazioa oztopatu gabe ibilgetuta utz daitekeen herri edo lekurik gertueneraino eta, betiere, autobide edo autobia batetik zirkulatu behar ez badu.
Edozein modutan, motorrek eta hiru gurpildun ibilgailuek ezin izango dute inolako atoi edo erdi-atoirik eraman.
Karabanek eta atoi arinek azterketa teknikoko txartel bat izango dute. Txartel hori I. eranskineko araudian xedatutakoaren arabera emango da, hori baita indarrean dagoena.
10. artikulua. Ibilgailuen azterketa teknikoak.
Matrikulatutako edo zirkulazioan jarritako ibilgailuei azterketa teknikoa egingo zaie, industria alorreko eskumena duen organoak baimendutako Ibilgailuen Azterketa Teknikorako Estazio batean, I. eranskineko araudian ezarritako kasuetan eta bertan zehaztutako aldirokotasun, eskakizun eta salbuespenekin.
Behin ibilgailuaren identifikazioa egiaztatu ondoren, azterketa teknikoan ibilgailuak alor hauetako baldintzak betetzen dituen begiratuko da: bide-segurtasuna, ingurumenaren babesa, arauzko inskripzioak, erreformak eta, hala badagokio, salgai arriskutsu eta galkorrak garraiatzeko egiaztagirien indarraldia.
Artikulu honetan aipatzen ez diren gaiei dagokienez, I. eranskineko araudian xedatutakoa beteko da.
II. KAPITULUA.
Baldintza teknikoak
11. artikulua.
Azalpen orokorrak
Baldintza teknikoak.
Ibilgailu motordunek, horien zatiek eta piezek ondorengo puntuetan aipatzen diren baldintza teknikoak bete behar dituzte matrikulatu edo zirkulazioan jarri ahal izateko, betiere, I. eranskinean ezartzen diren muga, salbuespen eta zehazpenekin.
Gidariak zirkulatzen ari den bidearen ikuspen gardena eskaintzen duen ikus-eremua izan behar du aurrerantz, eskuinerantz eta ezkerrerantz; ibilgailua, beraz, hori bermatzeko moduan egon behar da eginda eta horrela mantenduko da gerora ere.
Ibilgailuek atzerako ispilu bat edo gehiago izan behar dute, kategoriaren arabera.
Atzerako ispiluen kopurua, neurriak eta antolaketa III. eranskinean eta I. eranskineko araudian ezarritako baldintzen araberakoak izango dira, eta gidariari ibilgailuaren atzean dagoen zirkulazioa ikusteko aukera eman behar diote.
Bidaiari-lekuan, gidariaren ikus-eremuaren barruan sartzen diren elementu gardenek ezin dituzte objektuak modu nabarmenean deformatu, ezta bide-seinaleetan erabiltzen diren koloreak nahasteko aukera eman ere.
Ibilgailuaren haizetakoaren neurriagatik eta formagatik gidariak gidari-postutik haizetakoaren elementu gardenetatik zehar baino ezin badu aurrealdeko bidea normaltasunez ikusi, haizetako-garbitzekoa eta horretarako ur-isurgailua eduki behar ditu, I. eranskineko araudiaren arabera.
Gainera, I. eranskineko araudian horrela ezartzen bada, izotzaren eta lurrunaren aurkako gailuak ere izan behar ditu.
Ibilgailuek mekanismo egokia izan behar dute gidariak ibilgailuaren norabidea mantendu ahal izan dezan eta erraz, azkar eta segurtasunez aldatu ahal izan dezan.
Ibilgailu motordun guztiek, motorrek, oinez eramaten diren motokultoreek eta ibilgailuaren luzetarako erdiko planoarekiko hiru gurpil simetriko dituzten ibilgailuek izan ezik, gailu berezi bat eraman behar dute ibilgailua atzeraka joan ahal izan dadin. Gailu hori gidari-postutik maneiatuko da, eta motorrak eraginda funtzionatuko du.
Ibilgailu motordun guztiek, oinez eramaten diren motokultoreek izan ezik, soinu-seinaleak egiten dituen gailu bat izan behar dute. Egindako soinuak etengabea eta uniformea izan behar du, eta nahikoa intentsitate eduki behar du.
Lehentasuna duten ibilgailuetan baino ezin izango dira soinu-seinale bereziak jarri, eta bakarrik industria alorreko eskumena duen organoak horretarako baimena ematen badu.
Aginteak eta maniobratzeko gailuak, adierazleak eta ohar-argiak egoki egin eta muntatuta egongo dira gidariak erraz identifikatu, kontsultatu eta bat-batean erabili ahal izan ditzan, gorputza jarrera normalean izanik martxan doala eta gidatze-lanei arreta kendu gabe.
Organo mekanikoak eta horien osagarrizko ekipoa behar bezala eginda eta babestuta egon behar dira, funtzionatzen eta erabiltzen ari direnean bide publikoko erabiltzaileentzat arriskurik sor ez dezaten, ezta ibilgailua geldituta dagoenean ere.
Organo motoreak eta, bereziki, gai sukoiak gordeko dituzten tangak, hodiak eta piezak egoki eginda, instalatuta eta babestuta egongo dira arriskurik sor ez dezaten eta sute edo leherketa arriskua ahalik eta gehien gutxitu dadin.
Erregai-tangaren ahoa edo tapoia bidaiarien eta gidariaren lekutik kanpo eta motorraren konpartimentutik kanpo egon behar da.
Toki lauan orduko 40 kilometrotik gora egiteko gauza diren ibilgailu motordunek abiadura kilometrotan eta orduko adierazteko gailu bat izango dute.
Ibilgailu motordunek takografoa eta abiadura-mugatzailea eramango dute baldin eta I. eranskineko araudian horrela xedatzen bada.
Automobilek segurtasun-uhalak edo eusteko bestelako sistema homologatuak eraman behar dituzte I. eranskineko araudian horrela xedatzen bada, betiere, kategoriaren arabera eta araudi horretan xedatutakoari jarraituz.
Haurrak babesteko edo eusteko tresnek I. eranskineko araudian xedatutakoa bete behar dute.
Ibilgailuak burukoak baditu, I. eranskineko araudian ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
Automobilek, I. eranskineko araudian horrela xedatzen bada, baimenik gabe erabiltzea eragozten duen gailu bat izango dute. Horren bitartez, aukera egongo da ibilgailuaren funtsezko organo bat zerbitzutik kanpo uzteko edo blokeatzeko aparkatzen den unetik bertatik.Sistemak, gainera, aipatutako eranskineko araudian jasotzen diren betekizunak bete beharko ditu.
Aurrekoaz gainera, automobil horiek alarma-sistema bat ere izango dute, aipatutako gailutik independentea ala ez.
Ibilgailuak ?atoiak eta erdi-atoiak barne? egiterakoan, babesgarri eraginkor bat jarriko zaie atzealdean, atzetik talka egingo baliete ere. Babes hori talken kontrako gailu bat jarriz edo ibilgailuaren atzeko aldearen forma eta ezaugarrien bitartez lor daiteke, betiere, IV. Eranskineko eskakizunak eta I. eranskineko araudia betez.
Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek, atoiek eta erdi-atoiek barne, babesgarri bat izango dute alboetan baldin eta I. eranskineko araudian horrela ezartzen bada.
Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek talken kontrako babesgarri bat izango dute aurrealdean baldin eta I. eranskineko araudian horrela ezartzen bada.
Ibilgailu motordunek berariazko xedapenetan ezarritakoa bete behar dute kea eta gas kutsagarriak isurtzeari, zaratak egiteari eta bateragarritasun elektromagnetikoari dagokienez, betiere, I. eranskineko araudian xedatutakoaren arabera.
Ibilgailuen motorren potentzia fiskala V. eranskinean xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.
12. artikulua. Beste baldintza batzuk.
Ibilgailu motordunek, atoiek, erdi-atoiek eta atoian eramandako makinek I. eranskineko araudian xedatutakoa beteko dute eta, zehazki:
Egin eta ekipatzeko orduan, ezin izango zaie jarri, ez kanpoan ez barruan, ertz irtenik duen apaingarririk edo bestelako objekturik baldin eta okupatzaileentzat edo bide publikoaren gainerako erabiltzaileentzat arriskutsuak izan badaitezke.
Jarlekuak ibilgailuen egituran sendo ainguratuta eduki behar dituzte.
Ateek sarrailak eta finkatze-tresnak izan behar dituzte, nahi gabe ireki ez daitezen.
4.1 Ibilgailuaren kanpoko horma-elementu edo barrualdeko banaketa-elementu diren material gardenak aproposak izango dira, apurtuz gero edo horien kontra joz gero gorputz-lesioen arriskua ahalik eta txikiena izan dadin.
Behar besteko erresistentzia eta malgutasuna izan behar dute, I. eranskineko araudian zehazten den bezala.
4.2 Aldi berean pertsonak eta zama garraiatzeko baimena duten ibilgailuek babes egokia izango dute daramaten zamarako.
Babes horiek VI. eranskineko baldintzak eta I. eranskineko araudia bete behar dituzte.
5.1 Gurpiletan pneumatikoak edo antzeko elastikotasuna duten elementuak izan behar dituzte. Pneumatiko horiek marrak izango dituzte errodamendu-bandako arteka nagusietan eta erabiltzeko gutxieneko baldintzak bete behar dituzte, VII. Eranskinean eta I. eranskineko araudian xedatutakoaren arabera.
Errodadura-sisteman azalera metaliko, ildaskatu edo irtengunedunak dituzten ibilgailuek ezin izango dute bide publikoetatik zirkulatu baldin eta horien gainean banda elastikoak jartzen ez badituzte zoladurarekin kontaktua egiteko.
5.2 Kateak edo ez irristatzeko beste elementu batzuk jartzea nahitaezkoa edo gomendagarria denean, ibilgailuaren alde bakoitzeko gurpil eragile batean jarriko dira gutxienez, edo, bestela, pneumatiko bereziak erabiliko dira, VII. eranskinean eta I. eranskineko araudian xedatutakoaren arabera.
Ibilgailuen karrozeriak gurpilen zipriztinak ahal den neurrian saihesteko moduan diseinatuko dira edo, bestela, horretarako babesgarri egokiak izango dituzte.
Betebehar honetatik salbuetsita daude ibilgailu bereziak baldin eta babesgarriak ibilgailuaren erabilerarekin bateragarriak ez badira.
Esekidura elastikoko sistema bat izan behar dute, martxan doazenean itsaspena eta egonkortasuna hobetzeko.
8.1 Balaztatzeko sistema bat izan behar dute, VIII. Eranskinean eta I. eranskineko araudian ezarritakoaren arabera. Sistema horrek bermatu egin behar ditu ondoren zehazten diren funtzioetatik ibilgailuaren kategoriari dagozkionak:
Zerbitzu-balazta, ibilgailuaren abiadura gutxitu eta ibilgailua gelditzeko gauza dena modu azkar, seguru eta eraginkor batean.
Larrialdi-balazta, zerbitzu-balaztaren funtzio berberarekin, horrek huts egiten duenerako.
Aparkamendu-balazta, ibilgailua edota, lotuta ez daudenean, atoiak edo erdi-atoiak ibilgetuta uzteko.
8.2 Zerbitzu-balaztaren funtzioa inertzia-balaztako sistema baten bitartez egin ahal izango da atoietan.
8.3 Atoiak eta erdi-atoiak automatikoki balaztatzeko funtzioa ziurtatzen duten gailuek bermatu egin behar dute atoia edo erdi-atoia automatikoki gelditzen dela baldin eta, martxan joanda, lotura askatzen edo apurtzen bada.
8.4 Motor guztiek balaztatzeko bi gailu izango dituzte. Horietako batek atzeko gurpilean eragingo du, gutxienez, eta besteak aurrekoan.
Motorrak sidekarra badu, horren gurpilak ez du zertan balaztatzeko gailurik izan behar.
8.5 Luzetarako erdiko planoarekiko hiru gurpil simetriko dituzten ibilgailuek honako elementu hauek izango dituzte:
Zerbitzu-balaztako bi gailu independente, aldi berean gurpil guztietako balaztei eragiten dietenak
Edota gurpil guztietako balaztei eragiten dien zerbitzu-balaztako gailu bat eta larrialdi-balaztako gailu bat, aparkamendu-balazta izan daitekeena.
Kasu bietan, aparkamendu-balazta bat izango dute.
Bidaiariak garraiatzeko ibilgailuek, eskola-umeak eta adin txikikoak garraiatzekoek, salgai arriskutsuak edo galkorrak eramatekoek edo arau bereziak bete behar dituen beste edozeinek, I. eranskineko araudi bereziaz gain, kapitulu honetako eskakizunak ere bete behar dituzte.
13. artikulua. Atoien akoplamendu-gailuek eta bestelako elementuek bete beharreko baldintzak.
Ibilgailu traktoreak eta atoiak lotzeko elementu mekaniko, pneumatiko eta elektrikoek bateragarriak izan behar dute, eta I. eranskineko araudian ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
Atoiek gailu bat izango dute beren gurpilek ibilgailu traktorearen ibilbide berbera egin dezaten, aipatutako eranskineko araudiaren arabera.
Atoia eta ibilgailu traktorea akoplatzeko gailuak elementu bat izango du atoia traktoretik aska ez dadin, aipatutako eranskineko araudiaren arabera.
1.500 kiloko edo gutxiagoko baimendutako gehienezko masa duten atoiek, akoplamendu-gailua hausten denerako balazta-sistemarik ez badute, krokadura nagusiaz gain, bigarren akoplamendu-gailu bat izan behar dute (katea, kablea…), krokadura nagusia bereizten bada, akoplamendu-gailuko barrak lurra ukitu ez dezan eta atoia nola hala gidatzeko modua egon dadin.
14. artikulua. Masak eta neurriak.
Ibilgailuek ezin izango dute zirkulatu baldin eta horien masa, neurriak edo zoladuran egiten duten presioa IX. Eranskinaren eta I. eranskineko araudiaren xedapenetan ezartzen direnak baino handiagoak badira.
Trafiko-alorreko eskumena duen organoak baimen bereziak eman ahal izango die ibilgailuei baldin eta ezaugarri teknikoengatik edo daramaten zama banaezina delako IX. eranskineko eta I. eranskineko araudiko xedapenetan ezarritako gehienezko masak eta neurriak gainditzen badituzte. Baimen horiek zirkulazio-kopuru jakin baterako edo epe jakin baterako izango dira eta, aldez aurretik, bidearen titularrak txosten loteslea eman behar du eta ibilgailuok legez dagokion garraio-baimena dutela egiaztatuko da.
Ondorio horietarako, hau hartuko da zama banaezintzat: dauzkan neurriengatik edo masagatik, ibilgailu motordun, atoi, errepideko tren edo ibilgailu artikulatu batean ezin eraman daitekeena baimendutako masa eta neurriak guztiz errespetatuta eta, gainera, errepidez garraiatzeko, zati bitan edo gehiagotan banatu ezin daitekeena beharrezkoak ez diren kostuak edo kalte-arriskuak sortu gabe.
15. artikulua. Argiek eta seinaleztapen optikoak bete beharreko baldintzak.
Argiak eta distiragailuak, bikoitzak badira eta helburu berbera badute, berdinak izango dira kolorez eta intentsitatez, eta simetrikoki jarrita egongo dira, ahal dela, distantzia berberera ibilgailuaren ertzetatik.
Ibilgailuetako argiak ezin dira keinukariak edo intentsitate aldakorrekoak izan, salbu eta I. eranskineko araudian aipatzen direnak.
Posizioko atzeko argiak berez piztuko dira baldin eta ibilgailuak piztuta baditu argi luzeak, laburrak, posizioko aurrekoak, atzeko matrikula-plakakoak edo behelaino-argiak.
Atzeko behelaino-argiak bakarrik piztu ahal izango dira luzeak, laburrak edo aurreko behelaino-argiak piztuta daudenean.
Aurreko posizio-argiak piztuta eramango dira baldin eta luzeak, laburrak edo aurreko behelaino-argiak piztuta badaude.
Baldintza hauek ez dira aplikatuko argi laburrekin edo luzeekin baldin eta argi-abisuak egiteko pizten badira.
Ibilgailu motordunetan eta atoian eramandako ibilgailuetan, argiztatzeko eta seinale optikoak egiteko gailuek I. eranskineko araudian ezarritako eskakizunak bete behar dituzte.
Ibilgailuetan ezin dira jarri araudi honetan baimendutako argiak baino gehiago. Berariaz debekatuta dago baimenik gabeko pinturak, argiztapen-gailuak edo distiragailuak erabiltzea, salbu eta I. eta XI. Eranskinetako araudian aipatutako kasu eta baldintzetan.
Bide-segurtasuna hobetzeko probak egiteko, Trafikoko Buruzagitza Nagusiak behin-behineko baimena eman dezake dagoeneko matrikulatuta dauden ibilgailuetan gailu edo material distiratsuak jartzeko, betiere, lurralde nazionalaren barruan zirkulatzeko eta ibilgailuen homologazioaren alorreko organo eskudunak txostena eman ondoren.
Aipatutako txostenak gaiari buruzko araudi nazional eta nazioartekoa betetzen den adieraziko du, eta baldintza tekniko berberak dituzten gailu edo material distiratsuen arloan ematen diren baimen guztiak babestuko ditu.
16. artikulua. Argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko nahitaezko gailuak.
Ibilgailu motordunentzat eta atoian eramaten direnentzat nahitaezkoak diren argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko gailuak, I. eta X. eranskinetako araudian arautuak, hauek dira:
Automobil guztiek, ondorengo paragrafoetan aipatzen direnak izan ezik, honako hauek eraman behar dituzte:
Argi laburra.
Argi luzea.
Atzerako martxako argia.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak
Balazta-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Atzeko behelaino-argia.
Galibo-argia 2,10 metrotik gorako zabalera duten ibilgailuetan.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan 6 metrotik gorako luzera duten ibilgailuetan.
Alboko posizio-argia 6 metrotik gorako luzera duten ibilgailuetan, bastidoredun kabinetan izan ezik.
Gainera, bidaiari-zerbitzu publikoa ematen dutenek eta gidari eta guztiz alokatzen direnek bidaiari-lekua argiztatzeko argiak izan behar dituzte.
Motorrek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Argi luzea.
Balazta-argia.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argia.
Atzeko posizio-argia.
Triangelu-formakoa ez den katadioptrikoa atzean.
Sidekardun motorrek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Argi luzea.
Balazta-argia.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argia.
Atzeko posizio-argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Hiru gurpileko ibilgailu guztiek eta kuatriziklo ez-arinek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Argi luzea.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Balazta-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argia.
Triangelu-formakoa ez den katadioptriko bat atzean 1.000 milimetroko zabalera arteko ibilgailuetan eta bi katadioptriko zabalera hori gainditzen dutenetan.
Atoiek eta erdi-atoiek, nekazaritzakoak izan ezik, honako hauek izan behar dituzte:
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Balazta-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argia 1,60 metrotik gorako zabalera duten atoietan.
Atzeko posizio-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Galibo-argia, 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
Triangelu formako katadioptrikoak atzean.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Posizio-argiak alboetan 6 metrotik gorako luzera duten ibilgailuetan.
Garraiagailuek; nekazaritza, obra edo zerbitzuetako traktoreek; gurdi traktoreek eta beren indarrez dabiltzan zerbitzu-makinek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Balazta-argia, baimendutako gehienezko abiadura orduko 25 kilometrotik gorakoa duten ibilgailuetan.
Beren indarrez dabiltzan makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak badira, aurreko paragrafoan aipatutako argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko gailuak izan behar dituzte.
Beren indarrez dabiltzan makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez badira, honako hauek eraman behar dituzte:
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Balazta-argia, baimendutako gehienezko abiadura orduko 25 kilometrotik gorakoa duten ibilgailuetan.
gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak diren motokultoreek honako hauek eraman behar dituzte:
Argi laburra.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez diren motokultoreek honako hauek eraman behar dituzte:
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Gainera, ekipo elektrikoa badute, honako hauek ere eraman behar dituzte:
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Nekazaritzako atoiek eta atoian eramaten diren zerbitzu-makinek honako hauek izan behar dituzte:
Aurreko posizio-argia baldin eta, alboetako batetik, ibilgailu traktorearen zabalera 20 zentimetrotan baino gehiagotan gainditzen badu.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Atzeko posizio-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Norabidea adierazteko atzeko argiak.
Galibo-argiak aurrean eta atzean, ibilgailuak 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
Erpin bat gora begira duten triangelu-formako katadioptrikoak atzean.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Atoian eramaten diren makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak badira, aurreko paragrafoan aipatutako argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko gailuak izan behar dituzte.
Atoian eramaten diren makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez badira, honako hauek eraman behar dituzte:
Norabidea adierazteko atzeko argiak.
Salbuespen izango dira norabidea adierazten duten traktorearen atzeko argiak ikusten uzteko moduan eginda dauden makinak
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Erpin bat gora begira duten triangelu-formako katadioptrikoak atzean.
17. artikulua. Argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko aukerako gailuak.
Ibilgailu motordunek eta atoian eramaten direnenek ondoren aipatzen diren aukerako gailuak eraman ahal izango dituzte argiztatzeko eta seinale optikoak egiteko, betiere I. eta X. eranskinetako araudiaren arabera eta 18. artikuluko salbuespenekin:
Automobil guztiek, ondorengo paragrafoetan aipatzen direnak izan ezik, honako hauek eraman ditzakete:
Aurreko behelaino-argia.
Aparkaldiko argiak, baldin eta ibilgailuaren luzera 6 metrotik gorakoa eta zabalera 2 metrotik gorakoa ez bada.
Baldintza biak betetzen ez dituzten ibilgailuetan debekatuta daude.
Bidaiari-lekua argiztatzeko argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak edo alboko posizio-argiak baldin eta ibilgailuaren luzera 6 metrotik gorakoa ez bada.
Atea zabalik dagoela adierazteko argiak edo distiragailuak, egoera horretan baino ikusten ez direnak.
Galibo-argia 1,80 eta 2,10 metro bitarteko ibilgailuetarako.
Galibo-argiak atzean bastidoredun kabinetan.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Hirugarren balazta-argia.
Motor guztiek honako hauek eraman ditzakete:
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Sidekardun motor guztiek honako hauek eraman ditzakete:
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Lau gurpildun automobilentzat 1. paragrafoan onartzen diren gailu guztiak.
Hiru gurpileko ibilgailu guztiek eta kuatrizikloek honako hauek eraman ditzakete:
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Atzerako martxako argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Lau gurpildun automobilentzat 1. paragrafoan onartzen diren gailu guztiak.
Atoiek eta erdi-atoiek, nekazaritzakoak izan ezik, honako hauek eraman ditzakete:
Atzerako martxako argia.
Aurreko posizio-argia baldin eta 1,60 metroko edo gutxiagoko zabalera badute.
Triangelu-formakoak ez diren atzeko katadioptrikoak baldin eta atzeko beste seinaleztapen-gailu batzuekin multzo bat osatzen badute.
Garraiagailuek; nekazaritza, obra edo zerbitzuetako traktoreek; gurdi traktoreek eta beren indarrez dabiltzan zerbitzu-makinek honako hauek eraman ditzakete:
Argi luzea.
Atzerako martxako argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Bidaiari-lekua argiztatzeko argiak.
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Lanerako argiak.
Galibo-argia, 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
Gainerakoetan debekatuta dago.
Aparkaldiko argiak.
Beren indarrez dabiltzan makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak badira, honako hauek eraman ditzakete:
Argi luzea.
Atzerako martxako argia.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Bidaiari-lekua argiztatzeko argiak.
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Lanerako argiak.
Galibo-argia, 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
Gainerakoetan debekatuta dago.
Beren indarrez dabiltzan makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez badira, honako hauek eraman ditzakete:
Argi laburra.
Argi luzea.
Atzerako martxako argia.
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Bidaiari-lekua argiztatzeko argiak.
Aurreko behelaino-argia.
Atzeko behelaino-argia.
Lanerako argiak.
Galibo-argia, 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
Gainerakoetan debekatuta dago.
Gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak diren motokultoreek honako hauek eraman ditzakete:
Balazta-argiak.
Gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez diren motokultoreek honako hauek eraman ditzakete:
Norabidea adierazteko argiak, larrialdi-seinaledunak.
Argi laburra.
Balazta-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Nekazaritzako atoiek eta atoian eramaten diren zerbitzu-makinek honako hauek eraman ditzakete:
Atzerako martxako argia.
Balazta-argiak.
Atzeko behelaino-argia.
Aurreko posizio-argiak, ibilgailuaren zabalera kontuan hartuta nahitaez eraman behar ez direnean.
Gidariaren lekua argiztatzeko argia (atoian eramaten diren makinetan).
Beren indarrez dabiltzan makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak badira, aurreko paragrafoan aipatutako argiztapeneko eta seinaleztapen optikoko gailuak eraman ditzakete.
Atoian eramaten diren makinek, nekazaritzakoek zein obretakoek, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko egokiak ez badira, honako hauek eraman ditzakete:
Atzerako martxako argia.
Balazta-argiak.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Lanerako argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Bidaiari-lekua argiztatzeko argiak.
Atzeko behelaino-argia.
Galibo-argia, 2,10 metrotik gorako zabalera badu.
18. artikulua. Ibilgailuetako seinaleak.
Ibilgailuetan seinaleren bat jartzen bada ibilgailuaren beraren ezaugarri edo gorabeheraren bat jakiteko edota ematen duen zerbitzuari, garraiatzen duen zamari edo gidariari buruzko informazioren bat emateko, seinale horiek XI. eranskinean xedatutakoa bete behar dute ezaugarriei eta kokapenari dagokienez.
Hori gorabehera, berariazko bestelako araudien ondorioz ibilgailuetan jarri behar diren seinaleek I. eranskinean xedatutakoa bete behar dute.
19. artikulua. Zirkulazioan dauden ibilgailuen osagarriak, ordezko piezak eta erremintak.
Zirkulazioan dauden ibilgailu motordunek eta ibilgailu-multzoek XII. eranskinean adierazitako erremintak eraman behar dituzte gutxienez.
20 artikulua. Gailuei buruzko baldintzen aldaketa garapen teknikoaren arabera.
Aukerako gailuak nahitaezko bihurtu ahal izango dira, garapen teknikoaren arabera, araudietan horrela ezartzen bada.
III. TITULUA
Motor-bizikletak, zikloak, animaliek tiratutako ibilgailuak eta tranbiak
I. KAPITULUA
Motor-bizikletak
21. artikulua. Homologazioa eta ezaugarri teknikoak.
Matrikula arrunta edo turistikoa egin ahal izateko, motor-bizikletak mota homologatu batekoak izan behar dira nahitaez, I. eranskinean jasotako araudiaren arabera.
Zehazki, Espainian homologa daitezke, urriaren 9ko 2140/1985 Errege Dekretuaren arabera, edo Europako Batasunean, 92/61/CEE Zuzentarauaren arabera, edo Europako Esparru Ekonomikoan, zuzentarau hori aplikagarri bazaio.
Motor-bizikletek araudi honetako 5., 6., 7., 8., 11. (1etik 11ra, 19 eta 20 paragrafoak), 15. eta 20. artikuluetan motorrentzat eta hiru gurpildun ibilgailuentzat xedatutakoa bete behar dute.
Hamabigarren artikulutik, motorrentzat xedatutakoa aplikatuko zaie, aparkamendu-balaztari buruz 8.5 paragrafoan eskatzen dena izan ezik.
Argiztatzeko eta seinale optikoak egiteko gailuek ondorengo paragrafoetan xedatutakoa bete behar dute, baita I. eta X. eranskinetako araudian xedatutakoa ere.
Bi gurpileko motor-bizikletek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Atzeko posizio-argiak.
Balazta-argiak.
Triangelu-formakoa ez den katadioptrikoa atzean.
Katadioptrikoak pedaletan, pedalik badute eta horiek bilkorrak ez badira.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Hiru gurpileko motor-bizikletek eta kuadriziklo arinek honako hauek izan behar dituzte:
Argi laburra.
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Balazta-argiak.
Triangelu-formakoa ez den katadioptriko bat 1.000 milimetroko zabalera arteko ibilgailuetan eta bi katadioptriko zabalera hori gainditzen dutenetan.
Katadioptrikoak pedaletan, pedalik badute eta horiek bilkorrak ez badira.
Norabidea adierazteko argiak karrozeria itxia duten ibilgailuetan.
Bi gurpileko motor-bizikletek honako hauek eraman ditzakete:
Argi luzea.
Norabidea adierazteko argiak.
Aurreko posizio-argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak aurrean.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Hiru gurpileko motor-bizikletek eta kuatriziklo arinek honako hauek eraman ditzakete:
Argi luzea.
Norabidea adierazteko argiak karrozeria itxia ez duten ibilgailuetan.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak alboetan.
Atzeko matrikula-plakako argia.
Motor-bizikletek ezin izango dute eraman inolako atoirik edo erdi-atoirik.
II. KAPITULUA.
Zikloak, animaliek tiratutako ibilgailuak eta tranbiak
22. artikulua. Zikloak eta bizikletak.
Zikloek, zirkulatu ahal izateko, honako hauek izan behar dituzte:
Balazta-sistema egokia, aurreko eta atzeko gurpiletan eragiten duena.
Txirrina. Debekatuta dago beste edonolako gailu akustikoa erabiltzea.
Gainera, gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko, zikloek, bizikletak izan ezik, honako hauek eraman behar dituzte:
Aurreko eta atzeko posizio-argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean eta alboetan.
Katadioptrikoak pedaletan.
Bizikletak eta pedalei eragiteko laguntza duten bizikletak mota homologatukoak izan behar dira, I. eranskineko araudiaren arabera.
Gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko, bizikletek honako hauek eraman behar dituzte:
Aurreko eta atzeko posizio-argiak eta atzeko katadioptrikoa. Gainera honako hauek eraman ditzakete: katadioptrikoak gurpilen erradioetan eta pedaletan.
Artikulu honetan aipatzen diren gailu guztiek homologatuta egon behar dute I. eranskineko araudiaren arabera.
Zikloek eta bizikletek ezin izango dute eraman inolako atoirik edo erdi-atoirik.
23. artikulua. Animaliek tiratutako ibilgailuak.
Animaliek tiratutako ibilgailuek, ematen zaien erabilera ematen zaiela, gurpil pneumatikoak edo antzeko elastikotasuna dutenak eraman behar dituzte bide publikoetatik zirkulatu ahal izateko.
Animaliek tiratutako ibilgailuek galgak badaramatzate, galga horiek ezin izango dira 10 zentimetro baino gehiago irten ibilgailuko lekurik irtenenetik.
Kateak eta gainerako osagarri mugikor edo esekiak ondo lotuta eramango dira, zabu egitean ibilgailuaren ingeradatik atera ez daitezen edota lurretik herrestan joan ez daitezen.
Animaliek tiratutako bi gurpileko ibilgailuek eustoin egokiak eraman behar dituzte.
Gauez ibiltzeko, “tunel” seinalearekin seinaleztatutako bide-zatietan zirkulatzeko edota ikuspena nabarmen gutxitzen duten meteorologi edo ingurumen egoeretan ibiltzeko animaliek tiratutako ibilgailuek nahitaez eraman behar dituzten argiak eta seinale optikoak egiteko gailuak I. eta X. eranskinetako araudian daude araututa. Hauek dira:
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Triangelu-formakoak ez diren katadioptrikoak atzean.
Animaliek tiratutako ibilgailuak argiak alde bietan badaramatza, berdinak eta simetrikoak izango dira, eta alde bakar batean badaramatza, ezkerreko aldean jarriko dira, martxaren norabideari erreparatuz.
Katadioptrikoak ibilgailuaren ertzetatik ahalik eta hurbilen jarriko dira.
24. artikulua. Tranbiak.
Ondoren zehazten dira tranbiek nahitaez eraman behar dituzten argiztapen-gailuak, I. eta X. eranskinetako araudian arautuak:
Aurreko posizio-argiak.
Atzeko posizio-argiak.
Zerbitzua adierazteko aurreko argia.
Zerbitzua adierazteko atzeko argia.
Tranbiak posizio-argi bana baldin badu atzean eta aurrean, ibilgailuaren luzerako simetria-planoan jarriko dira.
Tranbiak bina posizio-argi baditu aurrean eta atzean, berdinak eta simetrikoak izango dira ibilgailuaren luzetarako simetria-planoarekiko.
IV. TITULUA
Ibilgailuen zirkulazio-baimenak
I. KAPITULUA
Matrikulazioa
25. artikulua. Arau orokorrak.
Ibilgailu motordunak zirkulazioan jartzeko, eta 750 kilogramo baino gehiagoko baimendutako gehienezko masa duten atoiak eta erdi-atoiak zirkulazioan jartzeko, matrikulatu egin behar dira, eta matrikula-plakak eraman behar dituzte, izendatuko zaizkion ezaugarriak XVIII. eranskinean finkatutako eran ezarrita dituztela.
Betebehar hau motor-bizikletei ere eskatuko zaie, araudi honetako 28. artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Matrikulatu aurretik, aurreko paragrafoan aipatutako ibilgailuek agiri ofizial bat izan behar dute funtsezko ezaugarri teknikoak egiaztatzeko eta bide publikoetatik zirkulatzeko gai direla frogatzeko. Agiri hori hauek eman behar dute:
a) Administrazioetako edo entitate eskuordetutako organo eskudunek baldin eta ibilgailua osoki homologatu gabeko mota batekoa bada, homologatua ez bada, aurretik beste herrialde batean matrikulatuta egon bada, Espainian egindako enkante ofizial batetik datorren ibilgailu erabilia bada edo beste herrialde batean zuzenean eskuratutako ibilgailu berria bada eta EB adostasun-egiaztagiria badu.
b) Europako Batasuneko fabrikatzaile batek edo inportatzaile batek edo horien ordezkariek baldin eta ibilgailua berria bada eta legeria nazionalaren arabera mota homologatu batekoa bada edo EB homologazioa badu.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, ibilgailu jakin batzuk matrikulatu gabe jarri ahal izango dira zirkulazioan titulu honetako VI. kapituluan zehaztutako kasu eta baldintzetan.
26. artikulua. Ibilgailuen dokumentazioa.
Gidariek nahitaez eduki eta eraman behar dituzte dokumentu hauek, baita agintaritzako agenteei erakutsi ere, hala eskatzen dietenean:
a) Zirkulazio-baimena edo zirkulazio-lizentzia motor-bizikleten kasuan.
Zirkulazio-baimenaren ordez, Trafikoko Buruzagitzak emandako behin-behineko baimen bat eduki ahal izango da, eta ondorio berberak izango ditu.
b) Azterketa teknikoko txartela edo ezaugarri teknikoen egiaztagiria motor-bizikleten kasuan.
c) Baimendutako gehienezko masa 750 kilogramokoa edo txikiagoa duten atoiak edo erdi-atoiak daramaten automobilek osatutako ibilgailu-multzoen kasuan, atoiaren edo erdi-atoiaren azterketa teknikoko txartela; horretaz gain, ibilgailuaren azterketa teknikoko txartelaren atzealdean, atoiarekin bateragarria den akoplamendu-sistema bat daramala adierazi behar da, indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz.
Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren dokumentuak jatorrizkoak izango dira, nahiz eta horien ordez fotokopiak ere aurkeztu ahal izango diren behar bezala kautotuta badaude.
II. KAPITULUA.
Matrikulazio arrunta
27. artikulua. Matrikulazio bakarra. Salbuespenak.
Matrikulazio arrunta bakarra da ibilgailu bakoitzarentzat.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, hasieran esleitutakoaren desberdina den beste matrikula arrunt bat eman ahal izango da, araudi honetan ezarritako baldintzetan, kasu hauetan:
a) Ibilgailu bat eskuratzen duenak aldi berean matrikula berria eta jabetza-aldaketa eskatzen duenean, baldin eta ibilgailuaren matrikulak jatorrizko probintziako siglak baditu eta jabe berriak egoitza beste probintzia batean badu.
Eskabidearekin batera, XIV. eranskinean zehazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
b) Matrikulan probintziaren siglak dituen ibilgailu baten titularrak egoitza beste probintzia batera aldatzen badu. Horrelakoetan, XIII. eranskineko agiriak aurkeztu behar dira.
c) Atzerrian matrikulatutako baina lehenago Espainian matrikulatuta egondako ibilgailu baten egoera gure herrialdean legeztatu nahi denean, betiere, Espainian matrikulatuta egon zenean probintziako siglak bazituen.
Eskabidea titular berriak baino ezin izango du egin; betiere, bera eta Ibilgailuen Erregistroan inskribatutako azken titularra pertsona bera ez badira eta XIII. eranskineko agiriak aurkezten baditu.
Halaber, hasierako matrikulaz edo gerora esleitutakoaz bestelako bat ere eman ahal izango da baldin eta ibilgailuaren titularrak segurtasun pertsonaleko arrazoiengatik hala eskatzen badu. Arrazoi horiek behar bezala egiaztatu behar dira, XIII. eranskinean adierazten diren manuen arabera.
Matrikula-aldaketa honengatik ez da matrikulazio-tasarik ordainduko.
Estatuaren ibilgailuek, eduki behar duten matrikula ofizialaz gain, matrikula arrunta ere eduki dezakete.
Autonomia-erkidegoetako polizia-kidegoei atxikitako ibilgailuek berezko kontraseina eta zenbakiak erabili ahal izango dituzte autonomia-erkidegoaren esparruan eta, gainera, matrikula arrunta egingo zaie dagokion trafikoko buruzagitzan.
28. artikulua. Ibilgailuen matrikulazioa.
Automobilak eta ibilgailu berezi autopropultsatuak ?horien masa dena dela? eta 750 kilogramotik gorako baimendutako gehienezko masa duten atoiak, erdi-atoiak eta atoian eramandako makina bereziak matrikulatzeko edo horien zirkulazio-baimena eskuratzeko eskaria jabeak, erosteko aukeradun errentariak edo epe luzerako errentariak egingo du, legez bere egoitza den probintziako edo nekazaritza-ibilgailu bereziaren egoitza izango den probintziako trafikoko buruzagitzan.
Motor-bizikletak matrikulatzeko edo horien zirkulazio-baimena eskuratzeko izapideak jabearen, erosteko aukeradun errentariaren edo epe luzerako errentariaren legezko egoitzari dagokion trafikoko buruzagitzan egingo dira.
Eskabidea eredu ofizialaren arabera egingo da, trafikoko buruzagitzari zuzenduta.
Nekazaritzako ibilgailu berezia bada, kasuan kasuko autonomia-erkidegoko organo eskudunari atxikitako Nekazaritzako Makinen Erregistro Ofizialean inskribatuko da.
Eskabidearekin batera, XIII. eranskinean zehaztutako agiriak aurkeztuko dira ibilgailuaren betekizun teknikoak egiaztatzeko, zerga-betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko edota, hala badagokio, ibilgailua legearen arabera inportatu dela edo gidaririk gabeko alokairu edo garraioko jardueretarako gaitzen duen titulua lortzeko baldintzak betetzen dituela edo dagoeneko titulu hori baduela frogatzeko. Gainera, interesatuak egoki iritzitako agiriak aurkeztuko ditu ibilgailua matrikulatzeko eskubidea oinarritzeko eta bere nortasuna eta helbidea egiaztatzeko.
Nekazaritzako ibilgailu berezien kasuan, behin Nekazaritzako Makinen Erregistro Ofizialean inskribatu eta inskribatze-egiaztagiria egin ondoren, espediente osoa Trafikoko Buruzagitzara bidaliko da.
Erabilpen-mugak edo ibilgailuen eskualdaketa eragozten duten bestelako kargak edo eskubideak Ibilgailuen Erregistroan idazteko eskabidea egitean, XIII. eranskineko A ataleko 12. edo 13. zenbakietan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.
Espedientea ikusita, Trafikoko Buruzagitzak, hala badagokio, ibilgailua matrikulatzeko baimena emango du edo zirkulazio baimen edo lizentzia egingo du, eta interesatuari emango dio azterketa teknikoko txartelarekin edo ezaugarrien egiaztagiriarekin edo, hala badagokio, nekazaritzako inskribaketa-agiriarekin batera. Gainera, egokitu zaion matrikularen berri emango die zerga-administrazioko, industriako eta, nekazaritzako ibilgailu berezia bada, nekazaritzako organo eskudunei, baita ibilgailuaren titularrak legezko helbidea duen udalerriko udalari ere.
Zirkulazio baimen edo lizentziaz gain, Trafikoko Buruzagitzak beste agiri bat ere eman ahal izango du, XIII. eranskinean horrela ezartzen bada, bertan ezarritako baldintzen arabera eta eskainitako ereduari jarraituz.
Araudi honetako 27. artikuluko 2. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatzen diren kasuetan, matrikula berria ematen denean, aurreko matrikularen behin betiko bajaren oharpena egingo da Ibilgailuen Erregistroan, eta ematen den zirkulazio-baimenean, aurreko zirkulazio-baimenean agertzen ziren data berberak jarriko dira.
Aurreko matrikulari dagokion azterketa teknikoko txartela ibilgailua matrikulatuta egon zen probintzian industria-esparruko eskumena duen organoari bidaliko zaio.
Tren turistikoek, elementu bakoitza ibilgailu berezi gisa matrikulatzeaz gain, bide publikoetatik zirkulatzeko, osagarrizko baimen bat eskatu behar diote trafiko-alorreko eskumena duen organoari, hau da, hiri-barruko bideen kasuan, udalari.
Baimen hau bidearen titularrak emandako irizpen loteslea ikusi ondoren emango da eta, bertan, honako hauek adieraziko dira kasu guztietan: ibilbidea, ordutegia eta segurtasuna bermatzeko beharrezko ikusten diren mugak.
Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren ibilgailuak, Estatuarenak badira, horiek zaindu eta erabiltzeko ardura duten erakundeek matrikulatuko dituzte, eta horiek emango dute zirkulatzeko baimena edo lizentzia ere, betiere, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak zehaztutako eskakizun eta izapideen arabera.
Ibilgailu horiek Trafikoko Buruzagitzan ere matrikulatu ahal izango dira, artikulu honetako 2. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztuz.
Berregindako ibilgailuak matrikulatu ahal izateko, beren funtsezko ezaugarri teknikoen azterketa egin behar da, indibidualki homologatzeko.
29. artikulua. Zirkulazio baimen eta lizentzien motak.
Ereduari eta edukiari dagokienez, zirkulazio baimena eta lizentzia XIII. eranskinean adierazitakoaren araberakoak izango dira.
30. artikulua. Zirkulazio baimen edo lizentziaren kopiak eta berritzea.
Zirkulazio baimena edo lizentzia hondatu, galdu edo lapurtuz gero, kopia bat egin ahal izango da eta, bertan, jatorrizkoak zeuzkan datu berberak azalduko dira.
Kopia egiteak berez ekarriko du jatorrizkoa baliogabetzea.
Zirkulazio baimena edo lizentzia galdu delako edo lapurtu dutelako kopia bat eskatzen bada eta, horrekin batera, azterketa teknikoko txartela edo ezaugarrien agiria ere galdu bada edo lapurtu badute, Industria-alorreko eskumenak dituen organoak ibilgailua aztertu behar du, azterketa teknikoko txartelaren edo ezaugarrien agiriaren kopia egiteko.
Agiri hori oinarria izango da zirkulazio baimen edo lizentziaren kopia egiteko, salbu eta gauza segurua bada ibilgailuak aldizkako azterketak egunera dituela, kasu horretan ez baita nahitaezkoa izango aurkeztea.
Zirkulazio baimena edo lizentzia galdu duelako edo lapurtu diotelako kopia bat egin duen titularrak, jatorrizkoa aurkitzen badu, itzuli egin behar du, kopia egin duen trafikoko buruzagitzak artxiba dezan.
Zirkulazio baimen edo lizentziaren titularrak izena, abizenak edo helbidea aldatzen baditu eta horrek ibilgailuaren erregistroko titulartasuna aldatzea ez badakar, hamabost eguneko epean eman behar dio horren berri baimena edo lizentzia eman zuen trafikoko buruzagitzari edo helbide berriari dagokion probintziakoari, aldaketa egin den egunetik kontatuta. Trafikoko buruzagitzak, bere aldetik, udalei jakinaraziko die aldaketa.
Erabilera aldatzen denean ere, berritu egin beharko da zirkulazio baimena edo lizentzia; baita agiri horretan ibilgailuari buruz jasotzen diren ezaugarrietako bat edo gehiago aldatzen direnean ere.
Zirkulazio baimena edo lizentzia berritzeko edo kopia bat egiteko eskabidearekin batera, XIII. eranskinean adierazten den dokumentazioa ere aurkeztu behar da.
III. KAPITULUA.
Ibilgailuaren titularra aldatzea
31. artikulua. Baimena edo lizentzia berritzea.
Ibilgailuaren erregistroko titularra aldatzen denean, zirkulazio baimena edo lizentzia ere aldatu behar da.
1. ATALA. IBILGAILUEN SALEROSKETA LANBIDE EZ DUTEN PERTSONEN ARTEKO ESKUALDAKETAK
32. artikulua. Izapideak
Espainian matrikulatutako ibilgailu baten titular den edozein pertsona natural edo juridikok, ibilgailua beste pertsona bati transmititzen badio, baita jabari-erreserba edo ibilgailuaren gaineko beste edozein eskubide gordetzen badu ere, trafikoko buruzagitzari jakinarazi behar dio. Jakinarazpena, beraz, legezko helbidea dagoen probintziako edo ibilgailua matrikulatu zen probintziako trafikoko buruzagitzari egingo zaio, eskualdaketa egin eta hamar eguneko epean, aitorpen baten bitartez. Aitorpenean, erasota utziko dira uzten duenaren eta hartzen duenaren identifikazioak eta helbideak eta eskualdaketaren eguna eta titulua.
Eskualdaketaren jakinarazpenarekin batera, honako agiriak ere entregatuko dira: zirkulazio baimena edo lizentzia, buruzagitzan artxibatuta geldi dadin; eskualdaketa egiaztatzeko agiria; zerga-betebeharrak bete izana egiaztatzeko agiria eta XIV. Eranskinean adierazten diren gainerako agiriak.
Ibilgailua uzten duenak ez badu aipatutako nahitaezko jakinarazpena egiten, ireki dakion zehapen-prozeduraz aparte, eskualdatutako ibilgailuaren titulartzat joko da Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeriaren ondorioetarako, harik eta beste pertsona baten eskariz, ibilgailua pertsona horren izenean inskribatzen den arte. Horretarako, pertsona horrek eskualdaketa frogatzen duen agiria eta 3. paragrafoan adierazitako gainerakoak aurkeztu behar ditu.
Ibilgailu bat eskualdatzeko unean artikulu honetako 7. paragrafoan aipatzen diren erabilpen-mugetako bat ezarri nahi bada, eskabidea egiteko orduan XIV. eranskineko III. paragrafoan zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.
Eskualdaketaren jakinarazpena eta aurreko paragrafoan aipatutako agiriak hartzen dituen trafikoko buruzagitzak ibilgailua eskuratu duen pertsona Ibilgailuen Erregistroan inskribatuko du titular berri gisa, salbu eta ibilgailua artikulu honetako 7. artikuluan aipatutako eragozpenetako baten menpe badago, izan ere, kasu horretan, horren berri emango zaie ibilgailua uzten duenari eta hartzen duenari eta, eragozpena deuseztatu edo konpondu ondoren, titulartasun berria inskribatuko da, eta bien legezko helbideei dagozkien udalei jakinaraziko zaie.
Ibilgailua eskuratzen duenak zirkulazio baimena edo lizentzia berritzeko eskabidea egin behar du bere legezko helbideari dagokion probintziako edo ibilgailua matrikulatu zen probintziako trafikoko buruzagitzan, hogeita hamar eguneko epean. Eskabidean ibilgailua uzten duen pertsonaren eta bere identitateak eta helbideak adierazi behar ditu, baita eskualdaketaren titulua ere.
Ibilgailuak ezin izango du zirkulatu zirkulazio baimen edo lizentzia berria izan arte.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: zerga-betebeharrak bete izana egiaztatzen dutenak; hala badagokio, ibilgailuak garraioko edo gidaririk gabeko errentamenduko jardueraren bat egiteko gaitzen duen titulua lortzeko eskakizunak betetzen dituela edo dagoeneko titulu hori baduela egiaztatzen dutenak eta XIV. eranskinean aipatzen diren gainerako guztiak.
Hogeita hamar eguneko epe hori amaituta, ibilgailua eskuratu duenak ez badu zirkulazio baimena edo lizentzia berritzeko eskabidea egin, ibilgailua ibilgetu egingo da eta dagokion zehapen-prozedura abiaraziko da, ibilgailuaren titular gisa dagozkion erantzukizunak baztertu gabe.
Ibilgailua eskuratu duen pertsonaren eskabidea eta XIV. eranskineko dokumentazioa jaso dituen trafikoko buruzagitzak titulartasunaren aldaketa egingo du Ibilgailuen Erregistroan, baldin eta saltzailearen eskariz dagoeneko eginda ez badago, eta zirkulazio baimen edo lizentzia berri bat egingo du bere izenean. Ondoren, ibilgailua utzi duen pertsonaren eta hartu duen pertsonaren legezko helbideei dagozkien udalei horren jakinarazpena egingo die, salbu eta jakinarazpen hori lehenago egin ez bada.
Saltzaileak eta erosleak eskabideak eta aurreko paragrafoetan eskatutako nahitaezko agiriak batera bidaltzen badituzte horietako edozeinen legezko helbideari dagokion probintziako edo ibilgailua matrikulatu zen probintziako trafikoko buruzagitzara, buruzagitza horrek aldi berean egingo du Ibilgailuen Erregistroko titulartasun-aldaketa eta zirkulazio baimen edo lizentzia berria eroslearen izenean, eta saltzailearen eta eroslearen legezko helbideei dagozkien udalei emango die horren berri.
Eskualdaketa ibilgailuaren titularra hil izanak eragin badu, oinordekoren bati esleitu arte ibilgailua zaindu eta, hala badagokio, erabiltzeko ardura duen pertsonak trafikoko buruzagitzari jakinarazi behar dio bere legezko helbidea, titularra hil ondorengo laurogeita hamar egunetan.
Behin zirkulazio baimena edo lizentzia eta XIV. eranskineko agiriak jaso ondoren, buruzagitza horrek hauxe idatziko du baimen edo lizentzian eta Ibilgailuen Erregistroan: jaraunspenez esleitu arte, …………………ren ardurapean. Gainera, arduradunaren identifikazioa eta helbidea eta titularra hil zeneko data ere erasoko dira, eta arduradun horrek hartuko ditu bere gain ibilgailuaren titularrari dagozkion betebehar guztiak.
Behin betiko esleipenean ibilgailua jasotzen duen pertsonak bere izenean zirkulazio baimen edo lizentzia berri bat egiteko eskatu beharko du laurogeita hamar eguneko epean, esleipen hori egiaztatzen duen agiriaren datatik kontatzen hasita.
Ibilgailuen Erregistroan jasota baldin badago ibilgailuaren gainean hipoteka bat dagoela Ondasun Higigarrien Hipoteken Erregistroan inskribatuta edota erabiltzea eragozten duen hitzarmen bat edo jabari-erreserba bat dagoela Epeka Saldutako Ondasun Higigarrien Erregistroan inskribatuta, ezin izango da Ibilgailuen Erregistroan titulartasuna aldatu harik eta aipatutako erregistroetako inskribaketa ezabatu dela egiaztatzen den arte ?XIV. eranskineko IV. Paragrafoan zehazten diren agiriak aurkeztuz? edota hartzekodunaren edo inskribaketaren onuradun den pertsonaren onespena egiaztatzen den arte. Azken kasu horretan, ordea, inskribaketa ez da Ibilgailuen Erregistrotik kenduko.
Ibilgailuaren gainean Ondasun Higigarrien Hipoteken Erregistroan inskribatutako hipoteka bat dagoela zirkulazio baimen edo lizentzian jasota egoteak eragin berbera izango du, nahiz eta ibilgailuen Erregistroan erasota ez egon.
Ibilgailuen Erregistroan erosteko aukeradun errentamendua edo epe luzerako errentamendua dagoela adierazten bada, bakarrik egin ahal izango da Ibilgailuen Erregistroko titulartasun-aldaketa baldin eta errentatzailearen baimena egiaztatzen bada.
Ezin izango da titularra aldatu baldin eta eskualdatutako ibilgailuarekin Lurreko garraioak antolatzeko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen aurkako arau-hausteak egin badira eta horiengatik ezarritako zehapenak ordaindu gabe badaude, betiere, zehapenok Ibilgailuen Erregistroan jasota badaude.
Trafikoko buruzagitzak titulartasuna aldatzeko eragozpenen berri emango die erosleei.
Ibilgailuari ez bazaizkio egin dagozkion aldizkako azterketa teknikoak, trafikoko buruzagitzak titulartasun-aldaketa Ibilgailuen Erregistroan inskribatuko du, baina ez du zirkulazio baimen edo lizentzia berria egingo harik eta ibilgailuak azterketa gainditzen duen arte.
Administrazio edo epai agintaritzak eskualdatutako ibilgailua bahitu badu eta bahitura Ibilgailuen Erregistroan inskribatuta badago, trafikoko buruzagitzak titulartasuna aldatu eta zirkulazio baimen edo lizentzia berrituko du, eta bahituraren berri emango dio erosleari. Gainera, eroslearen identifikazioa eta helbidea jakinaraziko dizkio bahitura erabaki zuen agintaritzari.
Administrazio edo epai agintaritzak eskualdatutako ibilgailua zigilatu badu eta zigilua Ibilgailuen Erregistroan inskribatuta badago, trafikoko buruzagitzak titulartasuna aldatuko du, baina ez du zirkulazio baimen edo lizentzia berrituko, eta eragozpen horren berri emango dio erosleari. Gainera, eroslearen identifikazioa eta helbidea jakinaraziko dizkio zigilua jartzea erabaki zuen agintaritzari.
2. ATALA. ESKUALDAKETAK IBILGAILUEN SALEROSKETA LANBIDE DUTEN PERTSONENEK PARTE HARTZEN DUTENEAN
33. artikulua. Izapideak.
Espainian matrikulatutako ibilgailu baten titular den edozein pertsona natural edo juridikok, Espainian berariazko establezimendua irekita duen saltzaile bati ematen badio ibilgailua ondoren sal dezan, aldi baterako baja emateko eskatu beharko du, ibilgailua entregatu eta hamar eguneko epean, araudi honetako 36.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aldi baterako baja emateko eskabidea eskabide-egilearen legezko egoitza dagoen probintziako trafikoko buruzagitzan aurkeztuko da edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, eta, bertan, ibilgailuaren titularraren eta saleroslearen identitatea eta helbidea eta entregatu zen eguna adieraziko dira. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira: ibilgailua entregatu izanaren egiaztagiria; zirkulazio baimen edo lizentzia, zeina buruzagitzan artxibatuta geldituko baita; zerga betebeharrak bete izanaren egiaztagiria eta XIV. eranskinean adierazten diren gainerako agiriak.
Ibilgailua uzten duenak ez badu aipatutako betebeharra burutzen, ireki dakion zehapen-prozeduraz aparte, eskualdatutako ibilgailuaren titulartzat joko da Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legeriaren ondorioetarako, harik eta beste pertsona baten eskariz, ibilgailua pertsona horren izenean inskribatzen den arte. Horretarako, pertsona horrek eskualdaketa frogatzen duen agiria eta 3. paragrafoan adierazitako gainerakoak aurkeztu behar ditu.
Eskabidea eta gainerako nahitaezko agiriak jasotzen dituen trafikoko buruzagitzak Ibilgailuen Erregistroan inskribatuko du eskualdaketagatiko aldi baterako baja eta saleroslearen identitatea eta helbidea, bera agertuko baita ibilgailuaren edukitzaile gisa. Hala ere, araudi honetako 32. artikuluko 7. paragrafoan zehazten diren eragozpenetako bat baldin badago, datu horien inskribaketa ez da egingo harik eta eragozpena deuseztatu edo konpondu arte XIV. eranskineko IV. paragrafoan aipatzen diren agiriak aurkeztuz.
Trafikoko buruzagitzak eskualdaketagatiko aldi baterako bajaren berri emango dio ibilgailua entregatu duen pertsonaren legezko egoitza dagoen udalari.
Epai edo administrazio agintaritza batek ibilgailua zigilatzea erabaki ez badu, eskualdaketagatiko aldi baterako bajan dagoen ibilgailuak enpresako aldi baterako plakak eta baimena beharko ditu zirkulatzeko, araudi honetako 48. artikuluan araututakoaren arabera eta bertan ezartzen diren baldintzetan.
Ibilgailua saltzen bada, eskuratzen duenak ibilgailua bere izenean inskribatzeko eta, ondorioz, zirkulazio baimena edo lizentzia berritzeko eskabidea egin behar du bere legezko egoitza dagoen probintziako edo ibilgailua matrikulatu zen probintziako trafikoko buruzagitzan, hogeita hamar eguneko epean, ibilgailua eskuratu duenetik. Eskabidean, ibilgailua uzten duen pertsonaren, saleroslearen eta bere identitateak eta helbideak adierazi behar ditu, baita eskualdaketaren titulua ere.
Ibilgailuak ezin izango du zirkulatu zirkulazio baimen edo lizentzia berria izan arte.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: zerga-betebeharrak bete izana egiaztatzen dutenak; erosketarenak; hala badagokio, ibilgailuak garraioko edo gidaririk gabeko errentamenduko jardueraren bat egiteko gaitzen duen titulua lortzeko eskakizunak betetzen dituela edo dagoeneko titulu hori baduela egiaztatzen dutenak eta XIV. eranskinean aipatzen diren gainerako guztiak.
Eroslearen eskabidea eta XIV. eranskinean adierazitako gainerako agiriak jaso dituen trafikoko buruzagitzak Ibilgailuen Erregistroko titulartasun-aldaketa gauzatuko du, saleroslearen eskariz lehenago egin ez bada, eta zirkulazio baimen edo lizentzia berria egingo du, horren berri emanez eroslearen legezko egoitza dagoen udalari.
Ibilgailu bat eskuratzen denean araudi honetako 32. artikuluko 7. paragrafoan aipatzen diren erabilpen-mugetako bat ezarri nahi bada, eskabidea egiteko orduan XIV. eranskineko III. paragrafoan zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.
Ibilgailua eskuratu zenetik hogeita hamar eguneko epea igaro bada eta ibilgailua eskuratu duenak ez badu paragrafo honetako lehenengo lerroaldean ezarritako beharra burutu, ibilgailua ibilgetzeko agindua emango da; dagokion zehapen-prozedura abiaraziko da eta Ibilgailuen Erregistroan eroslea inskribatuko da titular berri gisa, horren kariaz dagozkion erantzukizunak baztertu gabe.
Administrazio edo epai agintaritzak eskualdatutako ibilgailua bahitu badu eta bahitura Ibilgailuen Erregistroan inskribatuta badago, trafikoko buruzagitzak titulartasuna aldatu eta zirkulazio baimen edo lizentzia berrituko du, eta bahituraren berri emango dio erosleari. Gainera, eroslearen identifikazioa eta helbidea jakinaraziko dizkio bahitura erabaki zuen agintaritzari.
Administrazio edo epai agintaritzak eskualdatutako ibilgailua zigilatu badu eta zigilua Ibilgailuen Erregistroan inskribatuta badago, trafikoko buruzagitzak titulartasuna aldatuko du, baina ez du zirkulazio baimen edo lizentzia berrituko, eta eragozpen horren berri emango dio erosleari. Gainera, eroslearen identifikazioa eta helbidea jakinaraziko dizkio zigilua jartzea erabaki zuen agintaritzari.
Salerosleak erregistroan titular gisa agertu nahi badu, araudi honetako 32. artikuluan ezarritako izapideak burutuko dira.
Edozein kasutan, ibilgailuaren titular bihurtzeko eskabidea egin ahal izateko, nahitaezkoa da urtebete igarotzea ibilgailua hirugarren bati transferitu gabe, ibilgailuari aldi baterako baja eman zitzaionetik kontatzen hasita.
IV. KAPITULUA.
Ibilgailuei baja ematea eta birgaitzea
34. artikulua. Baimenak edo lizentziak indarra galtzea.
Zirkulazio baimenak edo lizentziak indarra galduko du ibilgailuari erregistroan baja ematen zaionean, alde baten eskariz edo zirkulatzeko gai ez dela egiaztatu delako, araudi honetan zehaztutako eran.
35. artikulua. Behin betiko bajak.
Matrikulatutako ibilgailuei kasu hauetan emango zaie behin betiko baja Ibilgailuen Erregistroan:
Titularrek edo ibilgailuaren jabe direla behar bezala egiaztatzen duten pertsonek berariaz adierazten badute ibilgailua zirkulaziotik behin betiko kendu nahi dutela.
Baja emateko eskabidea legezko egoitzari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan aurkeztuko da, edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, eta, eskabidearekin batera, XV. eranskineko agiriak aurkeztuko dira.
Trafikoko edozein buruzagitzak, bere kabuz eta ebazpen baten bitartez, ibilgailua zirkulaziotik behin betiko kentzea erabakitzen badu, betiere industria-alorreko organo eskudunak dagokion irizpena eman badu adieraziz ibilgailua, elementu mekanikoen higadura edo narriaduragatik, begien bistako arriskua dela bidaiarientzat edo zirkulazioren segurtasunerako oro har.
Trafikoa zaindu eta kontrolatzeaz arduratzen diren agenteek bide publikoetatik kendutako ibilgailuen kasuan, trafikoko edozein buruzagitzak bere kabuz erabakitzen duenean, betiere titularrek abandonatu egin dituztela egiaztatzen denean I. eranskineko araudiaren arabera. Horrelakoetan, ibilgailua desegitera eraman ahal izango da.
Titularrak edo jabetza egiaztatzen duen beste edozeinek eskatzen duenean ibilgailua beste herrialde batera eraman eta han matrikulatu behar delako. Horrelakoetan, XV. Eranskineko agiriak aurkeztu behar dira.
36. artikulua. Aldi baterako bajak.
Matrikulatutako ibilgailuei kasu hauetan emango zaie aldi baterako baja Ibilgailuen Erregistroan:
a) Titularrak berariaz adierazten duenean ibilgailua aldi baterako zirkulaziotik kendu nahi duela.
b) Ibilgailua lapurtu dutelako, titularrak hala eskatzen duenean. Horrelakoetan, salaketa jarri duela egiaztatu beharko du.
Aldi baterako baja emateko eskaria eskabide-egilearen legezko egoitzari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan aurkeztuko da, edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, eta, eskabidearekin batera, XV. eranskineko agiriak aurkeztuko dira.
Matrikulatutako ibilgailuei kasu hauetan ere emango zaie aldi baterako baja Ibilgailuen Erregistroan:
a) Titularraren eskariz, Espainian berariazko establezimendua zabalik duen ibilgailu-saltzaile bati ematen zaionean sal dezan.
Eskaria eskabide-egilearen legezko egoitzari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan egingo da, edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, eta, eskabidearekin batera, XV. eranskineko agiriak aurkeztuko dira.
b) Ibilgailu baten errentatzaileak eskatzen duenean, behin erosteko aukeradun errentamendua edo epe luzeko errentamendua adostasunez edo ebazpen judizial baten ondorioz bukatu ondoren, ibilgailua errentatzailearen esku uzten bada ondoren saldu edo errentan eman dezan.
Ibilgailu horiek ezin izango dute zirkulatu aldi baterako bajan dauden bitartean.
Eskaria eskabide-egilearen legezko egoitzari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan egingo da, edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, hamar eguneko epean, errentatzaileak ibilgailua berreskuratzen duenetik, eta, eskabidearekin batera, XV. eranskineko agiriak aurkeztuko dira.
Errentatzaileak ibilgailua eskualdatu edo errentan eman ondoren, erosleak edo errentariak titularra aldatzeko eskabidea egin behar du, hogeita hamar eguneko epean, bere legezko helbideari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan edo, bestela, ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, eta, eskabidearekin batera, XIV. eranskineko agiriak aurkeztu behar ditu.
37. artikulua. Izapideak.
Araudi honetako 36 artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako behin betiko eta aldi baterako bajak izapidetzeko orduan, ondoren xedatzen dena beteko da:
Zirkulaziotik behin betiko kendu nahi den ibilgailuari behin betiko baja emateko eskabidea jasotzen duen trafikoko buruzagitzak eskabidea eta aurkeztutako gainerako frogagiriak aztertu eta, hala badagokio, behin betiko baja onartuko du eta, ondorioz, zirkulazio baimena edo lizentzia baliogabetuko du.
Trafikoko buruzagitzak bere kabuz erabakitzen badu behin betiko baja ematea eta ibilgailuaren titularrak zirkulazio baimena edo lizentzia entregatu nahi ez badu, ibilgailua zigilatzeko agindua emango da.
Ibilgailua beste herrialde batera eraman eta han matrikulatuko delako eskatzen diren behin betiko bajen kasuan, trafikoko buruzagitzak interesaturi itzuliko dizkio zirkulazio baimena edo lizentzia eta azterketa teknikoaren txartela edo ezaugarrien egiaztagiria, lehenengoan baliogabetu egin dela idatzita.
Aldi baterako bajen kasuan, zirkulazio baimena edo lizentzia eta azterketa teknikoko txartela edo ezaugarrien egiaztagiria atxiki egingo dira, harik eta, behin baja-aldia amaituta, agiri horiek berriro emateko eskatzen den arte.
Ibilgailuen Erregistroan baja bat idazten duen trafikoko buruzagitzak titularraren helbideari dagokion udalari emango dio horren berri, baita ibilgailua matrikulatu zen probintziako industria alorreko organo eskudunari ere eta, behin betiko bajen kasuan, azterketa teknikoko txartela edo ezaugarrien egiaztagiria ere bidaliko du.
Trafikoko buruzagitzak, nekazaritzako ibilgailu berezi bati bere kabuz baja ematen badio, horren berri jakinaraziko dio Nekazaritzako Makinen Erregistro Ofizialari.
Ibilgailuen Erregistroan jasota baldin badago ibilgailuaren gainean hipoteka bat dagoela Ondasun Higigarrien Hipoteken Erregistroan inskribatuta edo erabiltzea eragozten duen hitzarmen bat edo jabari-erreserba bat dagoela Epeka Saldutako Ondasun Higigarrien Erregistroan inskribatuta edota erosteko aukeradun errentamendu bati edo epe luzerako errentamendu bati buruzko oharrik badago, baja ematea erabaki duen trafikoko buruzagitzak horren berri emango dio hartzekodunari edo inskribaketaren onuradun den pertsonari.
Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, ibilgailua beste herrialde batera eraman eta han matrikulatu behar delako eskatutako bajen kasuan, bakarrik onartuko da baja hori baldin eta eragozpena ezeztatu dela egiaztatu bada edo hartzekodunaren edo inskribaketaren onuradun den pertsonaren baimena aurkezten bada.
Administrazio edo epai agintaritzak aldez aurretik bahitu duen ibilgailu bati eman nahi bazaio baja, eta bahitura hori Ibilgailuen Erregistroan jasota badago, trafikoko buruzagitzak, baja eman, eta horren berri emango dio bahitura agindu zuen agintaritzari.
Ibilgailuen Erregistroan zigilatzeko agindu bat badago inskribatuta, trafikoko buruzagitzak eskatzaileari jakinaraziko dio, eragozpena ezezta dezan, eta, ezeztapena eginda dagoenean, baja inskribatuko du.
38. artikulua. Behin betiko bajan dauden ibilgailuak birgaitzea.
Erregistroan behin betiko baja emandako ibilgailu baten titularrak edo horren jabetza behar bezala egiaztatzen duen hirugarren batek zirkulazio baimen edo lizentzia berri bat eskuratu ahal izango dute, legezko helbideari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzan edo ibilgailua matrikulatu zen probintziakoan, betiere, XV. eranskinean zehaztutako agiriak aurkeztuta eta, ibilgailuak araudi honetako baldintza teknikoak betetzen dituen aztertu ondoren, Industriako organo eskudunak zirkulatzeko gai dela aitortzen badu.
Zirkulazio baimena edo lizentzia ematen duen trafikoko buruzagitzak horren berri emango dio ibilgailuaren titularraren legezko helbideari dagokion udalari.
V. KAPITULUA.
Matrikula bereziak
39. artikulua. Matrikula diplomatikodun ibilgailuak.
Zenbait erakunderen ibilgailuek zirkulazio-baimen eta matrikula-plaka bereziak izan ditzakete. Hona hemen erakundeok:
a) Espainiak kreditatuta egonda, Erresumaren hiriburuan egoitza iraunkorra duten diplomaziako misioak eta, halaber, diplomazia-agenteak.
b) Espainiako Estatuarekin egoitza-hitzarmen bat sinatu duten nazioarteko edo nazioz gaindiko organizazioak eta horien funtzionarioak estatutu diplomatikoa badute.
c) Kontsuletxeko bulegoak eta atzerriko nazionalitatea duten kontsuletxeko karrerako funtzionarioak.
d) Diplomaziako misioetako eta nazioarteko organizazioetako langile tekniko eta administratiboak eta kontsuletxeko bulegoetako langile kontsularrak.
Zirkulazio-baimen horiek XVI. eranskinean adierazitako edukia izango dute, Madrilgo Probintziako Trafikoko Buruzagitzak emango ditu, eta horretarako eskabidea Kanpo Arazoetarako Ministerioak egingo du Protokolo, Kantzilertza eta Ordena Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.
Baimen horiek, matrikulak bezala, urtero berraztertuko ditu Kanpo Arazoetarako Ministerioak.
Aurreko xedapenen arabera emandako matrikula bat beste pertsona bati esleitu ahal izango zaio baldin eta aurreko titularrak kargua uzten badu, eta matrikula eramango duen ibilgailua berbera edo beste bat izan daiteke. Halaber, titular berberari ere eman ahal izango zaio ibilgailua aldatzen duenean.
Artikulu honetan aipatzen diren zirkulazio-baimenak emateko, ez da nahitaezkoa izango ibilgailua onartutako mota batekoa dela egiaztatzea edota aldez aurreko azterketa teknikoa egitea baldin eta elkarrekikotasun-tratua badago.
Dena dela, baimen-eskariarekin batera, azterketa teknikoko txartelaren eredu ofizialean agertzen diren ezaugarrien zerrenda aurkeztu beharko da.
Baimenarekin batera, Madrilgo Probintziako Trafikoko Buruzagitzak dagokien matrikula arrunta esleituko die ibilgailu horiei, Espainiako Administrazioak bakarrik erabiltzekoa, eta diplomazia-matrikulako araubidea utziz gero erabiliko dutena. Hori gertatuz gero, matrikula arrunta eskatu beharko da eta, horretarako, azterketa teknikoko txartela eta XIII. eranskineko A) paragrafoan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, I. eranskineko arauak bete ondoren.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, Madrilgo Probintziako Trafikoko Buruzagitzak diplomazia-matrikula esleitu ahal izango die dagoeneko Espainian matrikulatuta dauden ibilgailuei eta, horrelakoetan, ez zaie beste matrikula arruntik esleituko, baina nahitaezkoa izango da azterketa teknikoko txartela eta zirkulazio-baimena buruzagitza horretan entregatzea. Ibilgailuak diplomazia-araubideari uzten badio, buruzagitzak itzuli egingo ditu bi dokumentu horiek.
Legez ezarritako arrazoiengatik ibilgailu hauen titulartasunean aldaketarik badago, diplomaziako misioak, nazioarteko organizazioak edo, hala badagokio, diplomaziako misio baten menpe ez dagoen kontsuletxeko bulegoak idatziz emango dio horren berri Kanpo Arazoetako Ministerioari, eta plakak eta zirkulazio baimena entregatuko dizkio. Ministerioak, berriz, matrikulen zerrenda bidaliko dio Madrilgo Probintziako Trafikoko Buruzagitzari diplomazia-matrikulako araubideak indarrean jarraitzen badu.
Araubide horri utzi bazaio, ordea, horren berri emango zaio titularraren edo eroslearen helbideari dagokion trafikoko buruzagitzari.
Aurreko paragrafoetan xedatutakoaz gain, I. eranskineko araudia aplikatuko da.
40. artikulua. Matrikula turistikodun ibilgailuak.
Badago matrikula berezi bat, turistikoa deitzen dena eta edozein trafikoko buruzagitzatan lor daitekeena, turismoko automobil, karabana eta atoi, motor eta antzekoentzat. Hauek dira eska dezaketenak:
a) Bizilekua atzerrian duten pertsona fisikoak.
b) Europar Batasuneko aduana-lurraldean bizi diren eta beren ohiko bizilekua lekuz aldatu eta hortik kanpo ezarri nahi duten pertsona fisikoak.
c) Elkarrekikotasun printzipioa betez gero, Espainian kreditatutako prentsa-korrespontsalak, Europar Batasuneko kide diren estatuetakoak ez badira, eta Europar Batasunekoak ez diren estatuetako gobernuek jarritako lizeo eta institutuetako irakasleak baldin eta kide diren estatuetako nazionalitatea ez badute eta, gainera, ohiko bizilekua Europar Batasunean ez badute.
d) Elkarrekikotasun printzipioa betez gero, Espainian kreditatutako atzerriko prentsa-korrespontsalak, Europar Batasuneko kide diren estatuetakoak badira, eta Europar Batasuneko estatuetako gobernuek Espainian jarritako lizeo eta institutuetako irakasleak baldin eta espainiarrak ez badira eta, gainera, ohiko bizilekua Espainiatik kanpo badute.
Matrikula turistikoa egiteko eskubidea duten pertsonek inprimaki ofiziala erabiliko dute eskabidea egiteko eta, horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dituzte: ibilgailuaren azterketa teknikoko txartela; interesatuak matrikula turistikoa egiteko eskubidea duela egiaztatzen duen agiria, zerga-administrazioko organo eskudunak egina eta ibilgailuaren marka eta bastidore-zenbakia adierazten duena, gutxienez, eta XVI. eranskinean zehaztutako gainerako dokumentazioa.
Eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, trafikoko buruzagitzak interesatuari itzuliko dizkio eta, hala badagokio, zirkulazio-baimen berezia ere emango dio (horren eredua eta edukia XVI. eranskinean daude jasota). Gainera, esleitutako matrikula turistikoaren berri emango dio ibilgailuaren titularraren helbideari dagokion udalari.
Esleitutako matrikula turistikoaren indarraldia zerga-administrazioko organo eskudunak erabakiko du, eta luzatu ere egin dezake epe hori.
Epea luzatzeko eskabideak baimena eman zuen trafikoko buruzagitzan aurkeztu behar dira epea amaitu baino lehen eta, eskabidearekin batera, XVI. eranskinean aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira.
Epea luzatuz gero, zirkulazio baimena eta matrikula-plakak aldatu egin beharko dira, matrikulazio-epe berriari dagozkionak jartzeko.
Matrikula turistikoari dagozkion baimen bereziak iraungi egingo dira indarraldia amaitu eta luzatu ez bada.
Baimena iraungitzen denean, ibilgailua zigilatu eta gordailatu egingo da, eta zerga-administrazioari emango zaio horren berri baldin eta neurri horiek berak agindu ez baditu.
Matrikula turistikodun ibilgailuak erabiltzean, dagokien zirkulazio-araudia hausten bada, zerga-administrazioko organo eskudunari jakinaraziko zaio.
Trafikoko buruzagitzek baliogabetu egingo dituzte baimen horiek I. eranskineko araudian jasotzen diren kasuetan eta, zehazki:
a) Titularrek ibilgailua matrikula turistikoa erabiltzeko eskubidea duten beste pertsona batzuei transferitzen dietenean. Horrelakoetan, ibilgailua eskuratzen dutenek beste baimen bat eta matrikula-plakak eskatu ahal izango dituzten berentzat.
b) Ibilgailuari Espainian matrikula arrunta egiten zaionean, betiere, dagozkion zergak ordaindu eta ohiko izapideak egin ondoren, XVI. eranskinean xedatutakoari jarraituz.
41. artikulua. Ibilgailu historikoak.
Ibilgailuak historiko izendatzeko eskakizunak eta prozedura erregulatzen duten arauak eta horiek matrikulatzeko eta bide publikoetatik zirkulatzeko bete behar dituzten eskakizunak I. eranskineko araudian daude jasota.
VI. KAPITULUA.
Zirkulatzeko aldi baterako baimenak
42. artikulua. Arau orokorrak.
Zirkulatzeko baimena emateko eskumena duten agintariek, behar bezala justifikatutako kasuetan eta araudi honetan finkatutako moduan, aldi baterako baimenak eman ditzakete, behin betiko matrikulazioa egin aurretik, edo hori egiten ari den bitartean, ibilgailuak behin-behinean zirkula dezan.
Ibilgailuak zirkulatzeko aldi baterako baimenek kapitulu honetan ezarritako manuak bete behar dituzte baldin eta probak, ikerketa-entseguak edo erakusketak egiteko edota ibilgailua batetik bestera eramateko badira.
1. ATALA. NORBANAKOENTZAKO BEHIN BEHINEKO BAIMENAK
43. artikulua. Noiz eman eta horretarako baldintzak.
Ibilgailu motorduna, motor-bizikleta, atoia edo erdi-atoia eskuratu duten pertsona fisiko edo juridikoek aldi baterako zirkulazio-baimena lortu ahal izango dute kasu hauetan:
Hamar egunekoa, ibilgailua probintzia batean eskuratu eta beste batean matrikulatu nahi badute. Eskabidea ibilgailua dagoen probintziako trafikoko buruzagitzan egin behar da.
Hirurogei egunekoa:
Behin betiko matrikula izapidetzen ari direnean, kasu hauetan:
a) Matrikulatu gabe erosi dutenean atzerrian.
b) Enkante batean edo epai judizial baten bitartez, matrikulatu gabe esleitu denean, baldin eta, aldez aurretik, ibilgailuari azterketa tekniko unitarioa egin behar bazaio.
c) Karrozatu gabe erosi denean.
d) Espainiarra ez den matrikula duen ibilgailua erosi denean Espainian edo atzerrian.
Eskabide-egileak legezko helbidea duen probintziako trafikoko buruzagitzan egin behar da eskabidea eta, nekazaritzako ibilgailu berezien kasuan, baita ibilgailuaren egoitza izango den probintziako trafikoko buruzagitzan ere.
Salbuespen gisa, eta matrikula berbera mantenduz, baimen hauen hirurogei eguneko ondoz ondoko luzapenak egin ahal izango dira, betiere, aurreko baimena indarrean dagoen bitartean eskatzen badira eta egiaztatzen bada ibilgailua ezin izan dela matrikulatu aldi baterako baimenaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
Espainian erositako ibilgailu bat atzerrira eramateko eta han behin betiko matrikula egiteko. Eskabidea eskabide-egilearen legezko helbideari dagokion probintziako edo ibilgailua matrikulatu zen probintziako trafikoko buruzagitzan egin behar da.
Hamar edo hirurogei eguneko iraupena duten baimenen titularrek trafikoko buruzagitzetara itzuli beharko dituzte, plakekin batera, behin betiko zirkulazio-baimena jasotzen dutenean, salbu eta 1.2.2 paragrafoan aipatutako kasuan.
Aldi baterako baimena eskuratzeko eskabideak trafikoko buruzagitzek emandako inprimaki ofizialetan egingo dira eta, eskabidearekin batera, XVII. Eranskinean zehaztutako agiriak aurkeztu beharko dira.
Eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, trafikoko buruzagitzak interesatuari itzuliko dizkio eta, hala badagokio, aldi baterako baimena ere emango dio (horren eredua eta edukia XVI. eranskinean daude jasota).
Aldi baterako baimen hauen menpe zirkulatzen duten ibilgailuek araudi honetako eskakizun tekniko guztiak betetzen dituztela ziurtatzea baimenen titularren erantzukizuna izango da.
2. ATALA. IBILGAILUAREKIN ERLAZIONATUTAKO ENPRESA EDO ENTITATEEK ERABILTZEKO ALDI BATERAKO BAIMENAK
1. azpiatala. Espainian matrikulatuta ez dauden ibilgailuentzako aldi baterako baimenak
44. artikulua. Noiz eman eta horretarako baldintzak.
Fabrikatzaile diren pertsona natural edo juridikoek, horien legezko ordezkariek, karrozariek eta ibilgailu motordunen, motor-bizikleten, atoien edo erdi-atoien inportatzaile, saltzaile edo banatzaileek ?Espainian jarduera horietako edozeinetarako establezimendua irekita badute? eta laborategi ofizialek aldi baterako baimenak eskuratu ahal izango dituzte, legezko helbidea duten probintziako trafikoko buruzagitzan, Espainian matrikulatuta ez dauden beren ibilgailuek lurralde nazionalean zirkulatu ahal izan dezaten, betiere, helburua baldin bada pertsonal teknikoak edo ibilgailua erosteko interesa duten pertsonek joan-etorriak, probak edo ikerketa-entseguak egitea.
Baimen horiek urtebeterako izango dira, eman eta hurrengo hilabetearen batetik kontatzen hasita, eta ezin izango dira luzatu.
Baimena eman zuen trafikoko buruzagitzan entregatu behar dituzte titularrek baimenak eta plakak, bost eguneko epean, horien indarraldia bukatzen den egunetik kontatuta.
Baimen bakoitzarekin, hainbat ibilgailuk zirkulatu ahal izango dute, baina ez batera, horien marka eta kategoria dena dela. Baimena trafikoko buruzagitzak emandako inprimaki ofizialean eskatu behar da eta, horrekin batera, XVII. eranskinean ezarritako agiriak aurkeztu behar dira.
Trafikoko buruzagitzak, jasotako agiriak aztertu ondoren, hala badagokio, aldi baterako baimena emango du (horren eredua eta edukia XVII. eranskinean daude jasota).
Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren pertsonek ibilgailu bat lurralde nazionaletik kanpo atera nahi badute, azpiatal honetan aurreikusitako aldi baterako zirkulazio-baimenetako bat lortu beharko dute.
Industria eta Energia Ministerioak izendatutakoak joko dira laborategi ofizialtzat eta, nekazaritzako ibilgailu berezien kasuan, baita Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Mekanika Estazioa ere.
45. artikulua. Zirkulazio-buletinak.
Araudi honetako 44. artikuluan aipatzen den aldi baterako baimena duten ibilgailuetako gidariek, agiri horrekin batera, “zirkulazio-buletina” eraman behar dute, hori barik baimenak ez baitu baliorik izango.
Buletin hori taloi-liburu orriduna izango da eta kasuan kasuko baimena eman zuen trafikoko buruzagitzak onartu behar du. Horren eredua eta edukia XVII. eranskinean xedatutakoaren araberakoak izango dira.
Aldi baterako baimenaren titularrek, bidaia bakoitzean, buletina beteko dute bi kopiatan, data jarrita eta titularrak berak edo baimendutako ahaldunak edo arduradunak sinatuta. Jatorrizkoa gidariak eramango du eta kopia taloi-liburuan geldituko da matrize gisa.
Agintaritzako agenteek ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioaren alorrean egin behar duten kontrolaz gain, trafikoko buruzagitzek edozein unetan eskatu ahal izango diote baimenaren titularrari taloi-liburua eta erabilitako buletinak eta kopiak aurkezteko, baita baimena iraungi eta gero ere, iraungitze-datatik sei hilabete igaro arte.
46. artikulua. Baimen horiekin zirkulatzeko baldintzak.
Aldi baterako enpresa-baimena duten ibilgailuek araudi honen aplikazio-esparruan sartzen diren bideetatik zirkulatu ahal izango dute, betiere, bertan adierazitako baldintza teknikoak betetzen badituzte.
Baimenaren titularrek ziurtatu behar dute, beren erantzukizunpean, ibilgailuek baldintza horiek betetzen dituztela.
Aldi baterako enpresa-baimena duten ibilgailuek xasisean eta kabinarik gabe zirkulatu ahal izango dute, karrozatzeko edo banatzeko garraiatzen direnean, baldin eta araudi honetan aipatzen diren segurtasun-baldintzak betetzen badira.
Aldi baterako enpresa baimen eta plakekin zirkulatzen duten kamioiek ?berdin da karrozatuta edo xasisean dauden? matrikulatu gabeko beste ibilgailu bat garraiatu ahal izango dute gainean, baldin eta ibilgailu horrek ere aldi baterako enpresa plakak, baimena eta buletina baditu.
Xasisean dagoen atoi edo erdi-atoi batek beste bi atoi edo erdi-atoi eraman ditzake, bata bestearen gainean, baldin eta araudi honetan masa eta neurriei buruz agindutakoa betetzen bada eta Zirkulazio Araudi Orokorrean kargaren kokapenaz xedatutakoa errespetatzen bada. Gainera, hiru ibilgailuek izan behar dituzte aldi baterako enpresa plakak, baimena eta buletina.
Bide publikoetatik aldi baterako enpresa plaka eta baimenarekin zirkulatzen duten ibilgailu motordun matrikulatugabeak baimenaren titularrak gidatuko ditu, edo bere zerbitzura dagoen norbaitek, baina, kasu horretan, agiri bidez egiaztatu beharko da, nahiz eta zerbitzu hori emateak ez dakarren ezinbestez lan-harreman esklusiborik egotea.
Ibilgailuetan bakarrik joan daitezke erosleak edo erosi nahi dituen entitateko kideak eta fabrikatzailearen edo saltzailearen teknikariak edo mekanikoak, betiere, izaera hori agiri-bidez egiaztatzen bada edo buletinean jasota badago eta hiru pertsona baino gehiago ez badira.
Ibilgailua balizko erosleak edo bere ordezkariak gida dezakete, alboan aldi baterako enpresa-baimenaren titularra edo bere zerbitzura diharduen gidari bat badoa.
Ibilgailua erosle den pertsona natural edo juridikoari ematen zaionetik aurrera, ezin izango du zirkulatu aldi baterako enpresa plaka, baimen eta buletinekin.
Era berean, ibilgailuok ezin izango dute zirkulatu eta ezin izango dira erabili 44. artikuluan aipatutako helburuez bestelakoetarako, baimena horietarako bakarrik eman baitzen, eta ezin izango dute karga erabilgarririk eraman.
Entseguak egiten direnean, ibilgailuetan neurtzeko tresnak eraman ahal izango dira, baita hormigoi-blokeak, area edo perdigoi zakuak edo manikiak ere. Bestelako kargak ere eraman ahal izango dituzte, 47. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
Ibilgailu-multzoek, elementuetako batek aldi baterako enpresa-baimena badu eta bestea dagoeneko matrikulatuta badago, artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera zirkulatu behar dute, eta 45. artikuluan aipatutako zirkulazio-buletina eraman behar dute.
47. artikulua. Fabrikatzaileek, karrozariek eta laborategi ofizialek egindako aparteko ikerketa proba edo entseguak.
Azpiatal honetako arauak betez, aldi baterako enpresa-baimenak dituzten ibilgailu-fabrikatzaileei edo horien ordezkariei, karrozariei eta laborategi ofizialei baimena eman dakieke ibilgailu jakin batekin aparteko ikerketa proba edo entseguak egiteko. Baimen horiekin jarduera hauek burutu ahal izango dituzte:
a) Aparteko kasuetan, lurralde nazionaleko autopista, autobia eta gainerako bide publikoetan, bide horietan ezarritako abiadura-muga generikoak gainditzea eskatzen duten entseguak burutzea.
Horrelakoetan, baimena emateko eskumena duen organoak finkatuko du, baimenean bertan, zein izango den gehienezko abiadura. Bidea trafikora itxi ez bada, gehienezko abiadurak, gehienez, 30 kilometrotan gainditu ahal izango du, orduko, ibilgailuari eta bide-motari berez dagokiona.
Proba horiek ezin izango dira herri barruko bideetan edo zeharbideetan egin, ezta abiadura-muga berezia seinaleztatuta duten bide-zatietan ere, eta, gainera, nahitaez bete behar dira seinaleetan adierazitako arriskuengatik edo bestelako gorabeherengatik ezarritako mugak eta Zirkulazio Araudi Orokorrean abiadura murrizteari edo egokitzeari buruz jasotzen diren xedapenak.
b) Lurralde nazionalean zirkulatzea entseguak egiteko behar diren era guztietako kargak eta gainerako gailuak edo pertsonak ibilgailuan doazela.
Interesatuek eskabide bat aurkeztu behar dute, ibilgailu bakoitzeko, Trafikoko Buruzagitza Nagusian eta, horrekin batera, baita XVII. Eranskineko agiriak eta eskabidearen beharraren justifikazioa ere.
Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren eta trafikoaren kontrolerako exekuzio eskumenak hartuta dituzten autonomia erkidegoen kasuan horiek emandako aldez aurreko irizpena ikusita, Trafikoko Buruzagitza Nagusiak baimena emango du, hala badagokio, entsegua egiteko. Baimenean, jasota egongo dira entsegu-mota, ibilbidea, iraupena eta burutzeko gainerako baldintzak.
Artikulu honetan araututako baimenarekin zirkulatzen duten ibilgailuak, arau orokor gisa, baimenaren titularrak gidatuko ditu, edo horien zerbitzura dagoen pertsonaren batek, eta dagokion zirkulazio-buletina eraman behar dute.
Ibilgailua nahitaez beste pertsona batek gidatu behar badu, pertsona horrek Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren berariazko baimena beharko du.
Proben izaeragatik komenigarri ikusten denean, eskabide-egileak proba egingo den bide-zatia bere kontura eta adierazten zaion moduan seinalezta dezala eskatu ahal izango da, zirkulazioaren segurtasuna bermatzeko eta gainerako erabiltzaileei jakinarazteko.
Ibilgailuen fabrikatzaileek, abiadura-muga gainditzea eskatzen duten entseguak edo proba bereziak egin behar dituztenean, hirurogeita hamabi orduko aurrerapenarekin egingo dute eskabidea, egoki iritzitako zerbitzu bereziak jarri ahal izateko.
Artikulu honetan aipatzen diren baimenekin zirkulatzen duten ibilgailuek, 44. artikuluan aurreikusitako matrikula-plakez eta baimenez gain, F.V. letrak dituzten bi plaka ere eraman behar dituzte, araudi honetako XI. eranskinean ezarritakoaren arabera.
2. azpiatala. Espainian matrikulatutako ibilgailuentzako aldi baterako baimenak
48. artikulua. Noiz eman eta horretarako baldintzak.
Ibilgailu motordunen, motor-bizikleten, atoien edo erdi-atoien saltzaile diren pertsona natural edo juridikoek ?Espainian jarduera horretarako establezimendua irekita badute? aldi baterako baimenak eskuratu ahal izango dituzte, legezko helbidea duten probintziako trafikoko buruzagitzan, gure herrialdean matrikulatuta eta, eskualdatu nahi direlako, aldi baterako baja emanda dauden beren ibilgailuek lurralde nazionalean zirkulatu ahal izan dezaten, betiere, helburua baldin bada erosteko interesa duten pertsonekin probak egitea.
Baimen horiek urtebeterako izango dira, eman eta hurrengo hilabetearen batetik kontatzen hasita, eta ezin izango dira luzatu.
Baimena eman zuen trafikoko buruzagitzan entregatu behar dituzte titularrek baimenak eta plakak, bost eguneko epean, horien indarraldia bukatzen den egunetik kontatuta.
Baimen bakoitzarekin, hainbat ibilgailuk zirkulatu ahal izango dute, baina ez batera, horien marka eta kategoria dena dela. Baimena trafikoko buruzagitzak emandako inprimaki ofizialean eskatu behar da eta, horrekin batera, XVII. eranskinean ezarritako agiriak aurkeztu behar dira.
Trafikoko buruzagitzak, jasotako agiriak aztertu ondoren, hala badagokio, aldi baterako baimena emango du (horren eredua eta edukia XVII. eranskinean daude jasota).
Aldi baterako baimen honekin dabiltzan ibilgailuen gidariek, baimenaz gain, araudi honetako 45. artikuluan aipatzen den zirkulazio-buletina eraman behar dute eta, bertan, eskatzen diren datuez aparte, ibilgailuaren matrikula arrunta ere adierazi behar da.
Halaber, azterketa teknikoko txartela eraman behar dute, eguneratuta, eta ezaugarrien egiaztagiria ere bai.
Baimen honekin dabiltzan ibilgailuen gidariek araudi honetako 46. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan ezarritako zirkulazio-baldintzak bete behar dituzte.
VII. KAPITULUA.
Matrikula-plakak
49. artikulua. Homologazioa, ezaugarriak, neurriak eta bestelako betekizunak.
Matrikula-plakek eredu homologatuen araberakoak izan behar dute, ahalmen islatzailea kontserbatu behar dute eta ikusteko eta irakurtzeko modukoak izan behar dute, I. eranskinean jasotzen den araudiaren arabera.
Matrikula-plaketan XVIII. eranskinean adierazitako karaktereak erabiliko dira.
Matrikula-plaken neurriak, bertan jarri behar diren karaktereen neurriak eta karaktereen arteko eta horien eta plaken ertzen arteko tarteen neurriak eranskin horretan daude zehaztuta, koloreekin batera.
Ibilgailu bakoitzak eraman behar dituen plaken kopurua eta kokapena ere eranskin horretan zehaztutakoak izango dira.
Manipulatzaile-zenbakia, helbideari dagokion probintziako trafikoko buruzagitzak esleitua eta erregistratua, plakaren ezkerreko ertzeko erdian trokelatuko da plaka guztietan goitik behera, estali eta pintatu gabe, eranskin horretan adierazitakoaren arabera.
Matrikula-plaketan ezin izango dira jarri, inskribatu edo pintatu apaingarriak, ikurrak edo XVIII. eranskinean adierazitakoez bestelako karaktereak, plaka-barruko publizitatea barne.
Baimenduta dago, ordea, plaka bera ez den beste marko bat jartzea plakaren azpian publizitatearekin, betiere, horren inguruak plakaren kanpoko ertza 26 milimetro baino gehiago gainditzen ez badu.
Halaber, debekatuta dago ibilgailuen aurreko eta atzeko aldeetan baimendu gabeko plaka osagarriak jartzea edo marka eta ezaugarriak itsastea edo pintatzea baldin eta, formagatik, koloreengatik edo karaktereengatik, matrikula-plaken arauzko karaktereak irakurtzea zailtzen badute edo horiekin nahasteko bidea ematen badute.
VIII. KAPITULUA.
Ibilgailuak atzerrian zirkulatzea
50. artikulua. Matrikula-plakak, ezaugarriak eta dokumentazioa.
Espainian matrikulatutako ibilgailu motordunak eta horien atoiak:
a) Espainian matrikulatutako ibilgailuek, atzerriko bide publikoetatik zirkulatu behar badute, matrikula-plaka nazionalaz gain, espainiar nazionalitatearen bereizgarria eraman behar dute atzeko aldean.
Ibilgailu motordunak atoi bat edo gehiago badu, azken atoiaren edo atoi bakarraren atzeko aldean ere jarri behar dira matrikula eta bereizgarria.
Espainiar nazionalitatearen bereizgarriaren ezaugarriak, neurriak eta kokapena XI. eranskinean xedatutakoak izango dira.
b) Aipatutako ibilgailuen gidariek trafikoko buruzagitzek emandako zirkulazio-baimena eraman behar dute, araudi honetako 28. artikuluaren arabera.
Genevako Nazioarteko Hitzarmeneko partaide diren estatuetan matrikulatutako ibilgailu motordun atzerritarrak:
a) Errepideko zirkulazioari buruz 1949ko irailaren 19an sinatutako Genevako Nazioarteko Hitzarmenean adostutakoari jarraituz, hitzarmeneko partaide diren estatuetan matrikulatutako ibilgailu motordunek Espainiako bide publikoetatik zirkulatu ahal izango dute baldin eta, atzeko aldean, gutxienez, beren herrialdeko agintaritza eskudunak esleitutako matrikula-zenbakia badaramate plaka batean edo ibilgailuan bertan idatzita.
Ibilgailuak atoi bat edo gehiago badu, azken atoiaren edo atoi bakarraren atzeko aldean ibilgailu traktorearen matrikula-zenbakia edo atoiaren beraren matrikula-zenbakia jarri behar da
Matrikula-zenbakiaren osaketa eta nola jarri behar den aipatutako nazioarteko hitzarmenaren 3. eranskinean daude jasota.
Matrikula-plakan Europar Batasuneko beren estatuaren sigla bereizgarria eta banderaren sinboloa I. eranskineko araudiaren arabera jarrita ez daukaten ibilgailu motordunek beren matrikularen nazionalitatearen ikur bereizgarria eraman behar dute atzeko aldean.
Ibilgailuak atoi bat edo gehiago badarama, bereizgarri hori atoi bakarraren edo azken atoiaren atzeko aldean ere jarri behar da.
Atzerriko nazionalitatearen bereizgarriaren ezaugarriak, neurriak eta kokapena XI. eranskinean xedatutakoak izango dira.
b) Paragrafo honetan aipatzen diren ibilgailu motordunen gidariek berekin eraman behar dute beren herrialdeko agintaritza eskudunak edo horretarako gaitutako elkarte batek emandako matrikula-ziurtagiria.
Ziurtagiri horretan, hauek adieraziko dira gutxienez: Ibilgailuaren matrikula-zenbakia, fabrikatzailearen izena edo marka, fabrikazio-zenbakia eta fabrikatzailearen serie-zenbakia, noiz matrikulatu zen ibilgailua lehenengo aldiz eta ziurtagiriaren titularraren izena, abizenak eta helbide iraunkorra.
Aipatutako baldintzetan emandako matrikula-ziurtagiriak onartu egingo dira Espainian, adierazitako datuen doitasunaren legezko presuntzio gisa.
c) Hitzarmena sinatu duten estatuetatik datozen ibilgailu motordunek, Espainiatik zirkulatzeko, identifikazio-marka hauek eraman behar dituzte:
Fabrikatzailearen izena edo marka.
Xasisean edo, xasisik ez badute, karrozerian, identifikazio-zenbakia edo fabrikatzailearen serie-zenbakia.
Motorrean, motorraren fabrikazio-zenbakia, fabrikatzaileak jarri ohi badu.
Atoien kasuan, 1. eta 2. zenbakietan aipatutako bereizgarriak edo, bestela, jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunak atoiari esleitutako identifikazio-marka bat.
Aipatutako markak erraz ikusteko moduan jarri behar dira, eta irakurtzeko errazak eta aldatzeko edo kentzeko zailak izan behar dira.
Genevako Nazioarteko Hitzarmeneko partaide ez diren estatuetan matrikulatutako ibilgailu motordun atzerritarrak eta horien atoiak:
Genevako 1949ko irailaren 19ko Hitzarmeneko kide ez diren estatuetan matrikulatutako ibilgailu motordunek, Espainian zirkulatzeko, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak bete behar dituzte edo, bestela, Vienako 1968ko azaroaren 8ko Nazioarteko Hitzarmenean zehaztutakoak edo berariazko nazioarteko hitzarmenetan adierazitakoak.
Vienako Nazioarteko Hitzarmenaren barruan sartzen diren ibilgailuen atzerriko nazionalitatearen bereizgarriaren ezaugarriak, neurriak eta kokapena XI. Eranskinean eta, hala badagokio, I. eranskineko araudian xedatutakoak izango dira.
IX. KAPITULUA.
Zirkulazio-baimenen baliogabetasuna, baliogabetzea, indar-galtzea eta kautelazko etendura.
51. artikulua. Prozedurak eta errekurtsoak.
Ibilgailuen zirkulazio-baimenak izapidetzeari buruzko IV. titulu honetan jasotzen diren berariazko arauak 30/1992 Legearen VI. Tituluan xedatutakoa errespetatuz aplikatuko dira (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Titulu honetan arautzen diren zirkulaziorako administrazio-baimenak baliogabeak izan daitezke edo baliogabetu egin daitezke 30/1992 Legearen 62tik 67ra bitarteko artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta, prozedura, lege horretako VII. Tituluan ezarritakoaren arabera burutuko da (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Baimen horiek iraungitzat jo daitezke edo indarra gal dezakete baldin eta, eman ondoren, emateko eskatu ziren betekizunak dagoeneko betetzen ez direla egiaztatzen bada.
Iraungitzea edo indar-galtzea deklaratzeko ebazpena eman baino lehen, Administrazioko organo eskudunak interesatuari jakinaraziko dio ustez ez duela eskakizuna betetzen, eta bi hilabeteko epea emango dio, gehienez, betetzen duela egiazta dezan.
Epe hori amaituta, baimena lortzeko eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatu ezik, ebazpena emango da iraungitzea edo indar-galtzea deklaratzeko.
Ebazpen horren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak gorabehera, iraungitako edo indargabetutako baimen baten titularrak berriz atera ahal izango du baimena baldin eta, dagokion prozeduraren bitartez, emateko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen badu.
Ibilgailuen zirkulaziorako administrazio-baimenak baliogabe deklaratzeko, baliogabetzeko, indargabetzeko edo iraungitzeko prozeduretan zehar, baimenaren kautelazko etendura erabaki daiteke baldin eta, horrelakorik ez egiteak, arrisku larria ekar badiezaioke trafikoko segurtasunari edo kalte handia interes publikoari.
Ibilgailuen administrazio-baimenen esparruan trafikoko buruzagiek eman ditzaten ebazpenen aurka, interesatuek errekurtso arrunta aurkeztu ahal izango dute hilabeteko epean. Errekurtsoa Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VII. tituluaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera bideratuko da.
Administrazio-bideari amaiera ematen dioten ebazpenen aurka errekurtsoa aurkez daiteke administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan.