27/2013 Legea, abenduaren 27koa, toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzkoa
2013-12-27Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2013/12/30, 312. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
13756
27/2013 Legea, abenduaren 27koa, toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzkoa.
JUAN CARLOS I.a ESPAINIAKO ERREGEA
Honako hau irakurtzen duten guztiek jakin dezaten.
Jakin ezazue: Gorte Nagusiek ondoko lege hau onetsi dutela, eta Nik, hemen, berretsi egiten dudala: HITZAURREA Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren 2011ko aldaketak herri-administrazio guztien jarduketetan nagusitu beharreko printzipio gidari gisa hartzen du aurrekontuegonkortasuna. Konstituzioaren arau hori garatzeko onartu zen aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa; bertan, tokiko administrazioari buruzko oinarrizko araudian egokitzapenak egitea agintzen zen, aurrekontuegonkortasunari, finantza-iraunkortasunari eta tokiko baliabide publikoen erabilera eraginkorrari dagozkien printzipioak behar bezala aplikatu ahal izateko. Hartarako, tokiko administrazioaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zenbait alderdi egokitu behar dira, haren ekonomia- eta finantza-kontrola hobetzeaz gain.
Adierazitako guztiagatik, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea indarrean jarri zenetik ia hogeita hamar urte igaro direla eta haren jatorrizko testuan hogei aldaketa baino gehiago egin direla kontuan hartuta, tokiko administrazioaren estatutu juridiko osoari dagozkion xedapenen berrikuspen sakona egiteko unea iritsi da.
Xede harekin, oinarrizko hainbat aldaketa planteatzen dira: udal-eskumenak argitzea, beste administrazio batzuen eskumenekin bikoiztasunak gertatu ez daitezen eta «administrazio bat, eskumen bat» printzipioa eraginkorra izan dadin; tokiko administrazioaren antolakuntza-egitura arrazionalizatzea, finantza esparruko eraginkortasun-, egonkortasun- eta iraunkortasun-printzipioekin bat etorriz; finantza- eta aurrekontu-kontrol zorrotzagoa bermatzea; eta ekimen ekonomiko pribatua erraztea, administrazioen neurriz kanpoko esku-hartzeak saihestuz.
Tokiko eskumenak argitzeko eta «administrazio bat, eskumen bat» printzipioarekin aurrera egiteko, orain arte gertatu diren administrazioen arteko eskumenen gainjartzeak saihestu nahi dira.
Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak disfuntzionalitateak eragin dituen eskumen-eredu bat diseinatu zuen, herri-administrazioen artean eskumen-konkurrentziak edo zerbitzuen bikoiztasun-egoerak sortuz sarri. Era berean, Udalek hartarako gaitzen dituen eskumen-titulurik gabe eta baliabide egokirik gabe eskaini izan dituzte zerbitzuak, legez eskuordetu edo esleitu ez zaizkien eskumenak gauzatuz, eta administrazioen arteko eskumen-bikoiztasunak sortuz. Espainiako udalerrien eskumen-sistema konplexuegia da eta hark bi eremu desberdinetan eragiten duten ondorioak sortu ditu.
Batetik, udalerrien eskumen-sistema haren bidez tokiko gobernuen erantzukizuna murriztu; eta beste herri-administrazio batzuen berezko eskumen-esparruekin nahasten da. Egoera horrek herritarrak nahasten ditu, eta, askotan, ez dute jakiten nor den zerbitzu publikoen administrazio arduraduna.
Bestetik, lotura estua dago toki-ogasunen eta eskumen-ereduaren disfuntzionalitatearen artean. Europak zerga-finkapenaren inguruan hartutako konpromisoak betetzeak lehentasunezko izaera du gaur egun, eta toki-administrazioak ere helburu hori lortzen lagundu behar du, bere egitura −batzuetan neurriz gaindikoa− arrazionalizatuz eta bere finantza-iraunkortasuna bermatuz.
Lotura estu horren eraginez, hain zuzen, eta Auzitegi Konstituzionalaren Jurisprudentziarekin bat etorriz −Auzitegi Konstituzionalaren 233/99 Epaia−, beharbeharrezkoa da ogasun orokorrari eta estatuaren zorrari buruzko 149.1.14. artikuluan eta herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarriei buruzko 149.1.18. artikuluan jasotzen diren eskumen-tituluen aipamen bateratua egitea. Zentzu horretan, eta bi titulu horien aipamen bateratua justifikatzeaz gain, Auzitegi Konstituzionalak ogasun orokorrari dagokiona nagusitzea justifikatu du, kasu zehatzetan eta izaera mugatuarekin. Hartara, eta toki-ogasunaren arauketak askotan araubide juridiko horretan eragingo duenez, Estatuak puntualki eta berariazko izaeraz bakarrik arautu ahal izango du esparru hori; horrela, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren 1.1 artikuluan aipatzen den beste eskumen-tituluari ematen zaio lehentasuna gaur egun (2/2004 LED, toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bategina onartzeari buruzkoa). Hau da, Konstituzioaren 149.1.14 artikuluko ogasun orokorrarena. Hala gertatuko da, hain zuzen, Estatuko araudiaren xedea denean ogasun desberdinen instituzio komunak edo Estatuko ogasunaren eta tokiko korporazioetako ogasunen arteko lankidetza-neurriak arautzea.
Eta hala gertatuko da, baita ere, Konstituzioaren 142. artikuluak bermatutako tokiogasunen finantza-nahikotasuna babesteko xedea duenean; izan ere, Konstituzioaren 137., 140. eta 141. artikuluek toki-autonomiaren jarduketarako ezinbesteko aurrekontua aitortzen dute.
Hartara, botere publiko guztien −tokikoak barne− aurrekontu-politika aurrekontuegonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren printzipio gidarietara egokitu beharko da. Lege hori, Konstituzioaren 135. artikulua garatzeko eman da.
Estatuak, Konstituzioaren babesa aintzat hartuta, toki-administrazioa aldatzeko eskumena gauzatzen du toki-administrazioak garatu behar dituen eskumenak zehaztasunez definitzeko, haiek Estatuko eta autonomia-erkidegoetako eskumenetatik bereiziz. Zentzu horretan, udalerriek berezko eskumenak gauzatu behar dituzten esparruak jaso dira zerrenda batean, haien finkapenerako lege-erreserba formal bat zehaztuz. Horretaz gain, berme jakin batzuk jasotzen dira haiek zehaztu eta gauzatu ahal izateko. Toki-entitateek ez dituzte beren gain hartuko legez esleitzen ez zaizkien eskumenak, baldin eta haietarako finantziazio egokirik ez budute. Horrenbestez, udalogasunaren finantza-iraunkortasuna arriskuan jartzen ez denean eta zerbitzu publiko bera beste herri-administrazio batekin batera gauzatzen ez denean bakarrik gauzatu ahal izango dituzte bereak ez diren edo delegazioz esleitzen ez dizkien eskumenak. Era berean, aurrekontu-egonkortasunak zuzenean lotzen ditu administrazioen arteko hitzarmenak eta administrazio-bikoiztasunen ezabapena.
Bestalde, Estatuko edo autonomia-erkidegoetako eskumenak udalerriei eskuordetu ahal izateko, beharrezkoa izango da aurrekontu-zuzkidura izatea; haiek 5 urteko iraupena izango dute gehienez ere, eta eskumenak eskuordetzen dituen administrazioak beretzat gordeko ditu kontrol-mekanismoak, eskuordetutako zerbitzuak behar bezala eskaintzen direla bermatzeko.
Legean onartutako beste neurri batek probintziako diputazioen eta uharteetako kabildo eta kontseiluen nahiz entitate baliokideen eginkizuna indartzen du. Xede horrekin, diputazioek 20.000 biztanletik beherako udalerrien gutxieneko zerbitzu jakin batzuk koordinatzen dituzte edo haiei eginkizun berriak esleitzen dizkiete, hala nola, zerga-bilketa, administrazio elektronikoa edo kontratazio zentralizatua 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan; era berean, udalerri horiek modu aktiboan parte hartu ahal izango dute udalerriek bat egiteko prozesuen koordinazio- eta ikuskapen-eginkizunetan nahiz ekonomia- eta finantza-planak egin edo haien jarraipena egiteko orduan, betiere autonomiaerkidegoekin lankidetzan.
Zentzu horretan, udalerriak beren borondatez bat egiteko neurriak txertatu dira lehen aldiz eta, hala, bat egiten duten udalerriak sustatu; izan ere, udalerrion egiturak arrazionalizatzen eta udalerri-maparen atomizazioa gainditzen laguntzen dute.
Neurri pizgarriak: udalerrien finantziazioa areagotzea; lehentasuna izatea tokiko lankidetza-planen edo diru-laguntzen esleipenean, edo zerbitzu berriak eskaini ahal izatea, biztanleriaren gorakada dela-eta. Gainera, bat egin duten udalerrien artean hala adostuz gero, udalerri horietakoren batek organizazio deskonzentratu gisa jardun ahal izango du; hala, bat egin duten udalerrien lurralde-nortasunari eta izendapenari eutsi ahal izango zaio, haiek beren nortasun juridikoa galdu arren. Azkenik, udalerriek bat egiteko neurri pizgarri horien bitartez −azken jurisprundentzia konstituzionalaren babesa dute, Auzitegi Konstituzionalaren apirilaren 25eko 103/2012 Epaiaren bidez−, bat egindako udalerriek finantziazio-gehikuntza bat izango dute, biztanle gutxien dituzten udalerriek finantziazio txikiagoa izango baitute.
Era berean, tokiko sektore publikoa osatzen duten entitate instrumentalak berrikusiko dira, haien gobernu-organoak arrazionalizatu eta tokiko korporazioen zerbitzura dauden langileen ordainsariak modu arduratsuan antolatuko dira, haiek administrazioarekin duten harreman juridikoa dena dela.
Tokiko zerbitzu publikoa berregituratzen duten azken aurrekariak Nazioko Gobernuaren eta tokiko entitateen arteko 2010eko apirilaren 7ko eta 2012ko urtarrilaren 25eko hitzarmenak dira. Lehenengoa, orokorragoa, toki-entitateekin egindako 20102013ko finantza publikoen iraunkortasunari buruzko esparru-hitzarmen gisa definitu zen; haren arabera, entitate horiek beren herri-, administrazio- eta enpresa-egiturak arrazionalizatzeko plan bat onartu behar dute eraginkortasuna hobetu eta gastu publikoa murrizteko. Bigarrenak, hau da, tokiko sektore publiko instrumentala berrantolatu eta arrazionalizatzeko eta hark kudeatutako gastu publikoa kontrolatu, eraginkor egin eta murrizteko hitzarmen gisa definituak, herri-administrazioen jarduna diziplinatzea zuen helburu, eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea murriztu gabe. Horretarako, tokiko sektore publikoa murrizteko neurriak jotzen ziren ardatz nagusi gisa, eta horretarako haren antolakuntza arrazionalizatu behar zen, jarduna kontrolatzeaz gain.
Testuinguru horretan, toki-entitateek entitate instrumentaletan parte hartzea edo horrelakoak sortzea galaraztea da helburua, horiek ekonomia- eta finantza-plan edo egokitzapen-plan baten menpe daudenean. Defizit-egoeran dauden entitateen kasuan, horiek saneatzea eskatzen da; eta hori gertatzen ez bada, desegin beharko dira. Azkenik, bigarren mailako entitate instrumentalak sortzea galarazten da, hau da, unitateak sortzea, zeinen kontrola toki-entitateek kontrolatutako beste unitate batzuen esku baitago.
Eraginkortasun eta arrazionaltasun ekonomikoari dagokion debeku horren eraginez, arau hau indarrean sartu aurretik jardunean dauden toki-entitateak desegin beharko dira aurreikusitako epean.
Bestalde, zerbitzuak modu koordinatuan atxikitzera eta haiek modu antolatuan arrazionalizatzera bideraturiko neurri berriak txertatzen dira, eta, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko 21. artikuluan aurreikusitakoekin batera, toki-entitateen ekonomia- eta finantza-planetan txertatu beharko dira.
Era berean, eta gardentasun-neurri gisa, toki-entitateek eskaintzen dituzten zerbitzuen kostu eraginkorra zehaztu beharra finkatzen da, irizpide komunen arabera; eta hura Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari igorriko zaio, hark kostu eraginkorra argitaratu dezan. Neurri hori funtsezko aurrerapauso gisa hartzen da –asimetriak ezabatuz– herritarrek eta administrazioak erabakiak hartzeko eskura duten informazioa hobetzeko, eta eraginkortasuna etengabe areagotzen laguntzeko. Zentzu horretan, toki-entitateek eskainitako zerbitzuen kostu eraginkor guztien informazioa argitaratuz, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak gardentasun-printzipioa betetzen dela bermatuko du, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoko 7. artikuluarekin bat etorriz.
Ekonomiaren eta aurrekontuen kontrol zorrotzagoa lortzeko, toki-entitateetako funtzio kontu-hartzailea indartu da. Gobernuak, aurrerantzean, tokiko korporazio guztietako funtzio publikoak garatzeko beharrezkoak diren arauak finkatuko ditu; hain zuzen ere, kontrol-prozeduren, aplikazio-metodologiaren, jarduketa-irizpideen eta eskubide eta betebeharren gaineko arauak. Horrela, legezko hutsune bat estaltzeaz gain, tekniken aplikazio orokorra ahalbidetzen zaie toki-entitateei −auditoria esate baterako, aldagai guztietan−, sektore publikoko beste esparru batzuetan garatutako termino homogeneoetan. Horretarako, Estatuaren Administrazioaren Kontu-hartzailetza Orokorrak parte hartuko du.
Gaikuntza nazionaleko funtzionarioek lan egiten duten toki-entitateekiko independentzia areagotzeko, Estatuari dagokio funtzionario horiek hautatu, prestatu eta gaitzea; baita zehatzeko ahalmena ere, arau-hauste larrienetan.
Ikuspegi horrek toki-entitateen ekonomia- eta finantza-informazioaren gardentasun handiagoa eragingo du, eta bideratuko du kargu hautetsiek –Konstituzio bidez jaso duten ordezkaritza-mandatua gauzatzen dutenean– erabakiak hobeto hartzea.
Horren ondorioz, egokitzat jotzen da funtzio bakoitzaren berezko jarduketa-eremua behar bezala argitzea eta mugatzea. Kontu-hartzeko araubidearen eta ikuskatzearaubidearen berezko funtzioak ekonomia- eta finantza-kudeaketaren eta aurrekontukudeaketaren barneko kontrol- eta ikuskatze-parametroekin loturik daude, eta kargu hautetsiaren jarduketari dagozkion funtzioak, aldiz, aukeran edo komenigarritasunean oinarritzen dira.
Barne-kontroleko eginkizunen profesionaltasuna eta eraginkortasuna bermatzearren, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen araubidea ere arautzen du Legeak.
Azkenik, administrazioaren neurriz kanpoko esku-hartzeak saihestu eta ekimen ekonomiko pribatua sustatzeko, jarduera ekonomikoak abiarazteko administraziobaimenen erabilera mugatu da; eta baimen horiek premia eta proportzionaltasuna argi eta garbi justifikatzen duten jarduera ekonomikoek bakarrik jasoko dituzte. Era berean, iraganetik datozen eta gaur egungo sektore ekonomiko indartsuek bereganatu dituzten udal-monopolioak ezabatzen dira.
Lege honen helbururik behinena: Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzea, eta martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuz onartutako testu bategina –Toki Ogasunak arautzen dituen Legearena– aldatzea. Era berean, enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bigarren xedapen gehigarria eta zazpigarren xedapen iragankorra indargabetu dira, besteak beste; eta herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu da, xedapen gehigarri berri bat txertatuz.
Horretaz gain, aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren 2003ko Legeari –indarrean denari– erantzungo dioten helburuak eta aginduak sustatu nahi dira Lege honen bidez, eta, bereziki, trabak eta oztopoak ezabatu, izan ere, ahalmen-urritasuna duten pertsonen integrazioa, parte-hartzea, informazioirisgarritasuna eta aukera-berdintasuna mugatu dezakete.
Bestalde, Legeak zenbait xedapen gehigarri eta xedapen iragankor hartzen ditu barne, eta, haien artean, autonomia-erkidegoek beren gain hartzen dituzten osasun- eta gizarte-zerbitzuen eskumenei buruzko xedapenak gailentzen dira, zeinak toki-ogasunaren eta autonomia-erkidegoen finantziazio-sistema berriari lotzen baitzaizkio.
Legea xedapen indargabetzaile bakar batekin eta sei azken xedapenekin amaitzen da, eta haietan eskumen-tituluak aipatzen dira, beste elementu batzuen artean; haiei jarraiki, Lege hau onartu eta indarrean sartuko da berehala.
Lehen artikulua. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzea.
Honela aldatu da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legea, apirilaren 2koa: Bat. Honela geratzen da idatzita 2. artikuluaren 1. paragrafoa:
«1. Konstituzioak toki-entitateei bermatzen dien autonomia eraginkorra izan dadin, Konstituzioak ezarritako eskumen-banaketaren arabera herri-ekintzako arloak arautzen dituzten Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediek ziurtatu beharko diete udalerri, probintzia eta uharteei beren interesen esparruari zuzenean eragiten dioten gai guztietan esku hartzeko eskubidea, eta kasuan kasuko herrijardueraren ezaugarrien araberako eta toki-entitatearen kudeaketa-gaitasunaren araberako eskumenak eman, deszentralizazioaren, hurbiltasunaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera, eta aurrekontuegonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari hertsiki lotuz.» Bi. Honela geratzen da idatzita 3. artikuluaren 2. paragrafoa:
«2. Toki-entitate dira hauek ere:
a) Lege honekin eta kasuan kasuko autonomia-estatutuekin bat etorriz autonomia-erkidegoek eratuta zenbait udalerriz osatutako eskualdeak zein beste toki-entitate batzuk.
b) Metropoli-areak.
c) Udalerrien mankomunitateak.» Hiru. Honela geratzen da idatzita 7. artikulua:
«1. Toki-entitateen eskumenak berezkoak edo eskuordetzan emandakoak dira.
2. Udalerri, probintzia, uharte eta gainerako lurralde-mailako toki-entitateen berezko eskumenak Legez baino ezin izango dira zehaztu. Haiek autonomiaz eta beren erantzukizunpean erabiliko dituzte beren eskumenak, betiere haiek programatu eta gauzatzerakoan gainerako herri-administrazioekiko behar bezalako koordinazioa kontuan hartuz.
3. Dagozkien eskumenen esparruan, Estatuak eta autonomia-erkidegoek beren eskumenak eskuordetu ahal izango dizkiete toki-entitateei.
Eskuordetutako eskumenak eskuordetze-erabakian edo -xedapenean zehaztutako terminoetan gauzatuko dira, dagokion moduan; betiere 27. artikuluan zehaztutako arauei kalterik egin gabe, eta zuzendaritza eta egokiera nahiz eraginkortasuna zaintzeko teknikak aurreikusiko eran.
4. Udal-ogasunaren finantza-iraunkortasuna arriskuan jartzen ez denean eta beste herri-administrazio batekin zerbitzu publiko bera aldi berean gauzatzen ez den kasuetan bakarrik erabili ahal izango dituzte norbere eskumenak ez diren eta delegazioz esleitu ez dizkieten eskumenak, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legedian jasotzen denari jarraiki. Ondorio horietarako, beharrezkoak eta lotesleak izango dira: alde batetik, arloan eskumena duen administrazioaren txostenak, non adieraziko baita ez dagoela bikoiztasunik; eta bestetik, eskumen berrien finantza-iraunkortasunaren finantza-tutoretza esleitu zaion administrazioaren txostena.
Edonola ere, eskumen horiek Estatuaren eta autonomia-erkidegoen legedian aurreikusitako terminoetan gauzatuko dira.» Lau. 10. artikuluaren 3. paragrafoa aldatu da, eta 4. paragrafo berri bat erantsi zaio.
Honela geratzen dira idatzita:
«3. Toki-entitateen koordinazioak aurrekontu-egonkortasunaren eta finantzairaunkortasunaren legedia betetzen dela bermatzea izango du helburu.
4. Koordinazio-zereginak bateragarriak izango dira toki-entitateen autonomiarekin.» Bost. Aldatu egiten da 13. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«13. artikulua.
1. Udalerriak sortu edo ezabatzea, zein udal-mugarteak aldatzea, tokiaraubideari buruzko autonomia-erkidegoetako legediak arautuko ditu, baina udalmugarteak aldatzeak inola ere ez du probintzietako mugak aldatzerik ekarriko.
Nolanahi ere, udalerri interesdunei entzun beharko zaie eta Estatu-kontseiluaren edo autonomia-erkidegoetako gobernu-kontseiluen organo aholku-emaile gorenaren irizpena beharko da, halakorik balego. Era berean, finantza-tutoretza gauzatzen duen administrazioaren txostena beharko da. Irizpen hori eskatzen den aldi berean Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.
2. Lurraldez bereizitako 5.000 biztanletik gorako guneak oinarritzat harturik baino ezin izango dira udalerri berriak sortu, eta betiere, sortutako udalerriak finantziazioaren alorrean jasangarriak badira eta udal-eskumenak betetzeko nahikoa baliabide badituzte, eta aurretik betetzen zituzten zerbitzuen kalitatea murrizten ez bada.
3. Autonomia-erkidegoen eskumenei kalterik eragin gabe, tokian tokiko gai publikoak kudeatzeko ahalmena hobetzeko, udalerriak bat egitera xedaturiko neurriak ezarri ahal izango ditu Estatuak, geografiaren, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren gaineko irizpideak kontuan hartuta.
4. Haien biztanle-kopurua dena dela, probintzia bereko udalerri mugakideek bat egitea erabaki ahal izango dute bat egiteko hitzarmen baten bidez, autonomiaerkidegoko araudian aurreikusitako prozedurari kalterik egin gabe. Bat-egitetik sortutako udalerri berria ezin izango da banandu bat egiteko hitzarmena egin denetik hamar urte igaro arte.
Bat-egitetik sortutako udalerriari honako hauek aplikatuko zaizkio:
a) Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 124.1. artikuluari jarraiki aplikatu beharreko ponderazio-koefizientea 0,10ean handituko da.
b) Ahalegin fiskala eta dagokion zerga-ahalmenaren alderantzizkoa ez dira, inola ere, udalerriek bat egin aurretik banaka zuten balio altuena baino baxuagoa izango, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Legearen –Toki-ogasunak arautzen dituenaren– testu bategineko 124.1 artikuluaren arabera.
c) Gutxieneko finantziazioa udalerriek bat egin aurretik zituzten gutxieneko finantziazioen batura izango da, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Legearen –Toki-ogasunak arautzen dituenaren– testu bategineko 124.2 artikuluaren arabera.
d) Aurreko idatzi-zatietan jasotako arauen aplikaziotik ez da, ekitaldi bakoitzerako, toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategin hartako 123. artikuluan xedatutakotik ateratako guztizko zenbatekoa baino zenbateko handiagoa aterako.
e) Toki-ogasunak arautzen dituen abenduaren 28ko 39/1988 Legea aldatzen duen abenduaren 27ko 51/2002 Legearen hamargarren xedapen gehigarriko ekonomia-jardueren gaineko zergaren aldaketatik eragiten diren eta bat egindako udalerriei banaka dagozkien konpentsazioen zenbatekoak batuko dira; haiek Estatuko zerga-sarreren termino beretan eguneratuko dira ekitaldi bakoitzean −2004. urtearekin alderatuta−, baita azaroaren 18ko 22/2005 Legearen bigarren xedapen gehigarrian arautzen den konpentsazio gehigarria ere, zein Estatuaren zerga-sarreren termino beretan eguneratzen baita ekitaldi bakoitzean −2006. urtearekin alderatuta−.
f) Ez du gutxieneko zerbitzu berriak eskaini beharrik izango, 26. artikuluan aurreikusitakoaren arabera biztanle-kopurua handitzeagatik dagozkionez aparte.
g) Bat egiteko hitzarmena egin eta hurrengo bost urteetan, gutxienez, lehentasuna izango du tokiko kooperazio-lanen, diru-laguntzen, hitzarmenen edo konkurrentziako beste tresna baliabide batzuen esleipenean. Epe hori luzatu egin ahal izango da Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen bitartez.
Bat egiteak honako hauek eragingo ditu:
a) Bat egin duen udalerriari dagozkion lurraldeak, biztanleak eta organizazioak txertatuko dira, giza-, materia- eta ekonomia-bitartekoak barne. Ondorio horietarako, korporazio bakoitzeko osoko bilkurak egoera berriak eragindako antolakuntza-, higiezin- eta giza-arloko egiturak eta baliabideak egokitzeko beharrezko berregituratze-neurriak onartuko ditu. Neurri horiek aplikatzeak ez du ekarriko aipatutako udalerri horietako soldata-masa handitzerik.
b) Sortutako udalerri berriaren gobernu-organoa bat egin duten udalerrietako zinegotziek osatuko dute aldi baterako, hauteskundeei buruzko araubide orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan aurreikusitako terminoetan.
c) Bat egiteko hitzarmenean hala jasotzen bada, bat egindako udalerri bakoitzak –edo haietakoren batek– deskonzentratutako organizazio gisa jardun ahal izango du, 24 bis artikuluan aurreikusten denarekin bat etorriz.
d) Udalerri berriak aurreko udalerrien eskubide eta betebehar guztiak subrogatuko ditu, e) Idatzi-zatian aurreikusitakoari kalterik egin gabe.
e) Bat egindako udalerrietako bat defizit-egoeran egonez gero, funtsa batean atxiki ahal izango dira likidagarritzat jotzen diren ondare-betebehar, -ondasun eta -eskubideak. Udalerri berriari atxikiko zaion funts horrek –zeinak ez baitu izango nortasun juridikoa eta bai kontabilitate berezia– likidatzaile bat izendatuko du funtsaren likidazioaz arduratzeko. Likidazio hori bat egiteko hitzarmena onartu eta hurrengo bost urteetan gauzatu beharko da, hartzekodunek izan ditzaketen eskubideei kalterik egin gabe. Funtsaren kontabilitateak arau jakin batzuk bete beharko ditu, eta haiek Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak onartu beharko ditu, Estatuko Administrazioko Kontu-Hartzailetza Nagusiak proposamena egin ostean.
f) Udalerri berriak aurrekontu berri bat onartuko du bat egiteko hitzarmena onartu eta hurrengo aurrekontu-ekitaldirako.
5. Autonomia-erkidegoarekin lankidetzan, probintziako diputazioek edo entitate baliokideek bat egiteko prozesuaren ondorioz sortutako zerbitzuen integrazioa koordinatu eta ikuskatuko dute.
6. Bat egindako udalerrietako osoko bilkura bakoitzeko gehiengo soilez onartu beharko da bat egiteko hitzarmena. 47.2 artikuluan aurreikusitako erabakiak korporazioko kideen gehiengo soilez hartuko dira, betiere bat egiteari buruzkoak badira..» Sei. 16. artikuluaren 2. paragrafoko f) Idatzi-zatia aldatu da, eta honela geratzen da idatzita:
«f) Nortasun-agiri nazionalaren zenbakia; edo, atzerritarren kasuan:
– Bizileku-txartelaren zenbakia –indarrean dagoena eta Espainiako agintariek emandakoa–, edo, haren ezean, nortasun-egiaztagiriaren edo pasaportearen zenbakia –indarrean dagoena eta jatorriko agintariek emandakoa– Europar Batasuneko Estatu-kideetako herritar nazionalentzat, baita ere Europako Esparru Ekonomikoaren Akordioan parte diren estatuetako herritarrentzat, betiere – nazioarteko hitzarmen bidez– estatu horiei ere eragiten badie EBko estatu kideetako herritarrentzat aurreikusitako araubide juridikoak.
– Atzerritar-identifikazioaren zenbakia –agirian jasotakoa, indarrekoa eta agintari espainiarrek emandakoa–; edo, agiri horien titular ez izanez gero, indarreko pasaporte-zenbakia –jatorri estatuko agintariek emandakoa–, baldin eta paragrafo honen aurreneko zatian adierazitako estatuetako herritar nazionalak badira, non eta ez duten, Nazioarteko Itun edo Akordio bidez, bisatu-salbuespenezko araubide berezia –muga trafiko txikiaren arloan– erroldatu gura den udalerriarekin; kasu horietan bisatua eskatuko baita.» Zazpi. 24 bis artikulu berri bat sartu da, eta honela geratzen da idatzita:
«24 bis artikulua.
1. Autonomia-erkidegoek toki-araubideari buruz emandako legeek udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko eta nortasun juridikorik gabeko enteak arautuko dituzte; hain zuzen ere, sakabanatutako biztanle-guneen administrazioa era deskonzentratuan antolatu ahal izateko, betiere ohiko izenak errespetatuz (baserri, parrokia, herrixka, auzo, elizate, kontzeju, alkate-auzo, alberriak eta antzeko beste batzuk), edo legeek ezar ditzatenak erabiliz.
2. Ekimena udalerri interesatuari nahiz dagokion Udalari dagokio. Udalari beti entzun beharko zaio.
3. Era horretako enteak sortu ahal izango dira, bakarrik, sakabanatutako biztanle-guneak modu deskonzetratuan administratzeko eraginkorragoak badira, Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitako printzipioei jarraiki.» Zortzi. Hau da 25. artikuluaren testu berria:
«1. Udalerriak, bere interesak kudeatzeko eta bere eskumenen esparruan, auzo-erkidegoaren beharrak eta nahiak betetzen lagundu dezaketen jarduerak bultzatu eta nahi adina zerbitzu publiko eskaini ditzake, artikulu honetan aurreikusitako terminoetan.
2. Udalerriak, beti, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legedian ezarritako moduan, gai hauetako eskumenak beteko ditu eskumen propio bezala:
a) Hirigintza: hirigintza-antolamendua, -kudeaketa, -egikaritza eta -diziplina.
Ondare historikoaren babesa eta kudeaketa. Babes publikoko etxebizitzaren sustapena eta kudeaketa, finantza-iraunkortasunerako irizpideekin. Eraikuntza mantentzea eta birgaitzea.
b) Hiri-ingurumena: batik bat parke eta lorategi publikoak, hiriko hondakin solidoen kudeaketa, eta hiri-eremuetako hots-, argi- eta atmosfera-kutsaduraren aurkako babesa.
c) Edateko uraren etxeko hornidura eta hondakin-uren ebakuazioa eta tratamendua.
d) Bide-azpiegiturak eta bere titulartasuneko beste ekipamendu batzuk.
e) Gizarte-premia duten egoeren ebaluazioa eta informazioa, eta gizartebazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen berehalako arreta.
f) Tokiko polizia, babes zibila, suteei aurrea hartzea eta suteak itzaltzea.
g) Trafikoa, ibilgailuen aparkalekua eta mugikortasuna. Hiri-garraio kolektiboa.
h) Tokiko jarduera turistiko interesgarriaren informazioa eta sustapena.
i) Azokak, hornidurak, merkatuak, lonjak eta kale-merkataritza.
j) Herri-osasungarritasunaren babesa.
k) Hilerriak eta hileta-jarduerak.
l) Kirolaren eta kirol-instalazioen nahiz aisialdirako instalazioen sustapena.
m) Kulturaren eta kultura-ekipamenduen sustapena.
n) Nahitaezko eskolatzea betetzeko zaintzan parte hartzea, eta kasuan kasuko hezkuntza-administrazioekin lankidetzan jardutea, ikastetxe berriak eraikitzeko beharrezkoak diren orubeak lortzeko. Haur-hezkuntza, lehen hezkuntza edo hezkuntza bereziko zentro publikoetara xedaturiko toki-titulartasuneko eraikinen kontserbazioa, mantenua eta zaintza.
ñ) Udalerrian bertan, herritarrek informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera eraginkorra eta jasangarrian parte hartu dezatela sustatzea.
3. Artikulu honetan adierazitako gaien udal-eskumenak Lege bidez zehaztuko dira; beraz, tokiko zerbitzuak ezartzearen komenigarritasuna ebaluatu behar da, deszentralizazioaren, eraginkortasunaren, egonkortasunaren eta finantzairaunkortasunaren printzipioak aintzat hartuta.
4. Aurreko paragrafoan aipatzen den Legearekin batera memoria ekonomiko bat egin beharko da; eta bertan, eragindako herri-administrazioetako finantzabaliabideetan izan duten inpaktua islatu beharko da, zerbitzuaren edo jardueraren egonkortasunaren, finantza-iraunkortasunaren eta zerbitzu- edo jardueraeraginkortasunaren printzipioak betetzen diren ala ez zehazteaz gain. Behar diren baliabideen zuzkidura aurreikusi beharko du legeak, toki-entitateen finantzanahikotasuna bermatzeko; dena den, hark ez du, inola ere, herri-administrazioen gastua handituko.
Estatuko lege-proiektuekin batera Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren txosten bat aurkeztu beharko da: eta, bertan, arestian aipatutako irizpideak egiaztatu beharko dira.
5. Legeak dagokion udal-eskumena zehaztuko du, eskumen bera aldi berean beste herri-administrazio bati esleitzen ez zaiola bermatuz».
Bederatzi. Hau da 26. artikuluaren testu berria:
«1. Udalerriek honako zerbitzu hauek eskaini beharko dituzte beti:
a) Udalerri guztietan: herriko argiteria, hilerria, hondakin-bilketa, kale-bideen garbiketa, edateko uraren etxeko hornidura, estolderia, biztanle-guneetarako irispideak, eta herri barruko bideen zoladura.
b) 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain: herriko parkea, liburutegi publikoa eta hondakinen tratamendua.
c) 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain: babes zibila, gizarte-premien egoerei buruzko informazioa eta ebaluazioa, eta gizartebazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen berehalako arreta, suteei aurrea hartzea eta suteak itzaltzea, eta erabilera publikoko kirol-instalazioak.
d) 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, lehengoez gain:
bidaiarientzako hiri-garraio kolektiboa eta hiri-ingurumena.
2. 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan probintziako diputazioak edo entitate baliokideak koordinatuko ditu honako zerbitzu hauek:
a) Hondakinen bilketa eta tratamendua.
b) Edateko uraren etxeko hornidura eta hondakin-uren ebakuazioa eta tratamendua.
c) Kale-garbiketa.
d) Biztanle-guneetako sarbideak.
e) Hiri-bideen zoladura.
f) Herriko argiteria.
Zerbitzu horiek koordinatzeko, eta eragindako udalerriak ados badaude, Diputazioak zerbitzuok eskaintzeko modua proposatuko dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari; izan ere, Diputazioak berak zuzenean nahiz kudeaketaformula partekatuen bidez eskaini ahal izango ditu, partzuergo, mankomunitate edo bestelako formulen bitartez. Zerbitzuen kostu eraginkorrak murrizteko, egindako proposamenaren inguruko erabakia hartuko du aipatutako Ministerioak; proposamen horrekin batera kasuan kasuko autonomia-erkidegoak egin beharreko txostena aurkeztuko da, finantza-tutoretza erkidegoak berak gauzatzen badu.
Zerbitzuak probintziako diputazioak edo haren entitate baliokideak proposatutako kudeaketa-moduaren kostua baino kostu eraginkor txikiagoan eskain ditzakeela frogatzen badio diputazioari udalerriak, zerbitzu horiek eskaintzeko eta koordinatzeko eskumena bereganatuko du, diputazioak hori behar bezala egiaztatu dela erabakitzen badu.
Zerbitzu horien eskumena diputazioak edo entitate baliokideak hartzen duenean bere gain, udalerriek zerbitzuaren kostu eraginkorra ordaindu beharko dute, zerbitzuaren erabileraren arabera. Zerbitzuok tasa bidez finantzatzen badira eta diputazioak edo entitate baliokideak haiek bere gain hartzea erabakitzen badu, hari xedatuko zaio zerbitzu horien finantziazio-tasa.
3. Lege honetako 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera diputazioek edo -entitate baliokideek udalerriei ematen dieten laguntza, batez ere gutxieneko zerbitzu publikoak ezartzeko eta egoki betetzeko izango da.» Hamar. Hau da 27. artikuluaren testu berria:
«1. Estatuak eta autonomia-erkidegoek –dagozkien eskumenen esparruan– udalerriei eskuordetu ahal izango dizkiete beren eskumenak.
Eskuordetzeak kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu, administraziobikoiztasunak ezabatzen lagundu eta Aurrekontu-egonkortasunari eta finantzairaunkortasunari buruzko legediarekin bat etorri beharko du.
Eskumenak eskuordetzean, haren irismena, edukia, baldintzak eta iraupena zehaztu beharko dira (bost urtekoa, gutxienez), baita administrazio eskuordetzaemaileak beretzat gordetako eraginkortasunaren kontrola, eta hark esleitutako giza baliabideak eta baliabide material nahiz ekonomikoak ere; dena den, hark ez du, inola ere, herri-administrazioen gastua handituko.
Eskuordetzearekin batera memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko da, eta, bertan, paragrafo honetako bigarren lerrokadan adierazitako printzipioak justifikatu beharko dira, herri-administrazioen gastuan eragindako inpaktua baloratzeaz gain; izan ere, haien gastua ez da inola ere handituko.
2. Estatuak edo autonomia-erkidegoek eskumen komun bat edo gehiago probintzia bereko udalerri biri edo gehiagori eskuordetzen dizkietenean, eskuordetze hori irizpide homogeneoetan oinarritu beharko da.
Administrazio eskuordetza-emaileak probintziako diputazioen edo entitate baliokideen laguntza eskatu ahal izango du paragrafo honetan aurreikusten diren eskuordetzen koordinazioa eta jarraipena egiteko.
3. Administrazio-bikoiztasunak saihestu, zerbitzu publikoen eta herritarrei eskainitako zerbitzuen gardentasuna hobetu, eta, oro har, administrazioaren arrazionalizazio-prozesuetan laguntzeko helburuarekin −baliabideen aurrezte garbia lortuz−, Estatuko administrazioak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek honako eskumen hauek eskuordetu ahal izango dituzte, besteak beste, irizpide homogeneoei jarraiki:
a) Ingurumen-kutsadura zaindu eta kontrolatzea.
b) Natura-ingurunea babestea.
c) Gizarte-zerbitzuak eskaini, aukera-berdintasuna sustatu eta emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzea.
d) Autonomia-erkidegoaren titulartasuneko asistentziazko osasun-zentroak kontserbatu edo mantentzea.
e) Haur-hezkuntzako lehen zikloko titulartasun publikoko haur-eskolak sortu, mantendu eta kudeatzea.
f) Ikastetxeetan jarduera osagarriak egitea.
g) Estatuaren edo autonomia-erkidegoaren titulartasuneko kulturainstalazioak kudeatzea, Espainiako Konstituzioaren 149.1.28. artikulutik eragindako irismena eta baldintzak kontuan hartuta.
h) Estatuaren edo autonomia-erkidegoaren titulartasuneko kirol-instalazioak kudeatzea; ikastetxeetan kokatuta daudenak barne, haiek eskola-orduetatik kanpo erabiltzen direnean.
i) Merkataritza-jarduerak eta -establezimenduak ikuskatu eta zehatzea.
j) Turismoa sustatu eta kudeatzea.
k) Ikuskizun publikoak jakinarazi, baimendu, ikuskatu eta zehatzea.
l) Estatuaren edo autonomia-erkidegoaren berezko zergen likidazioa egin eta bilketa egitea.
m) Estatuko administrazioaren edo autonomia-erkidegoaren administrazioerregistroetan entitateak, enpresak edo entitateak inskribatzea.
n) Informaziorako eta administrazio-izapideetarako bulego bateratuak kudeatzea.
o) Hezkuntza-administrazioarekin lankidetzan aritzea, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren zentro elkartuen bitartez.
4. Eskuordetza ematen duen administrazioak jarraibide tekniko orokorrak eman ditzake eskuordetutako zerbitzuak gauzatzeko modua zuzentzeko eta kontrolatzeko, eta edozein unetan udal-kudeaketari buruzko informazioa eskatzeko, baita ordezkariak bidaltzeko eta antzemandako gabeziak konpontzeko eskaerak egiteko ere. Jarraibideak betetzen ez badira, eskatutako informazioa ematen ez bada eta egindako eskaerei jaramonik egiten ez bazaie, eskuordetza ematen duen administrazioak eskuordetza baliogabetu dezake, edo eskuordetutako eskumena bere kabuz burutu dezake, udalerriaren ordez. Udalerriaren egintzen aurka helegitea aurkeztu ahal izango da eskuordetza eman duen administrazioko organo eskumendunen aurrean.
5. Eskuordetza eraginkorra izateko, udalerri interesdunak onartu egin beharko du.
6. Eskuordetzeak dagokion finantziazioa izan beharko du, eta, horretarako, administrazio eskuordetza-emailearen aurrekontuetan aurrekontu-zuzkidura egokia eta nahikoa ezarri beharko da jarduera ekonomiko bakoitzerako, hura nulua izango baita zuzkidura hori zehaztu ezean.
Autonomia-erkidegoko administrazio eskuordetza-emaileak finantza arloko betebeharrak betetzen ez baditu, eskuordetutako toki-entitateak harekin dituen beste finantza-betebehar batzuekin konpentsatu ahal izango ditu, automatikoki.
7. Eskuordetzarako xedapenetan edo erabakian eskuordetza baliogabetu edo uko egiteko arrazoiak zehaztuko dira. Uko egiteko arrazoien artean, administrazio eskuordetza-emaileak finantza-betebeharrak ez bete izana egongo da, baita, gerora gertatutako arrazoiak direla-eta, eskumenak eskuordetu zaizkion administrazioak haiek gauzatzeko ezintasuna justifikatu izana ere, bere eskumenak gauzatzeari kalterik egin gabe. Uko egiteko erabakia kasuan kasuko tokientitatearen osoko bilkuran hartuko da.
8. Eskuordetutako eskumenak Estatuko edo autonomia-erkidegoetako legediaren arabera gauzatzen dira.» Hamaika. 28. artikuluaren edukia ezabatu da.
Hamabi. 32 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:
«32 bis artikulua. Diputazioetako eta uharteetako kabildo eta kontseiluetako zuzendaritzako kideak.
Diputazioetako eta uharteetako kabildo eta kontseiluetako zuzendaritza-kideen izendapena eskumen profesionalari eta esperientziari dagozkion irizpideak kontuan hartuta gauzatuko da Estatuko, autonomia-erkidegoetako, toki-entitateetako edo gaikuntza nazionaleko funtzionarioen artean, haiek A1 azpimultzoan sailkatutako eskaletan edo kidegoetan daudenean, non eta dagokion araubide organikoak, zuzendaritza-organo horietako funtzioen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, titularrak funtzionario-baldintza hori ez izatea ahalbidetzen ez duen.» Hamahiru. Aldatu egiten da 36. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«1. Diputazioaren edo entitate baliokideen berezko eskumenak dira, gai honetan, herri-ekintzako arlo guztietan Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legeek egozten dituztenak; nolanahi ere, honako hauek izango dira:
a) Udal-zerbitzuak beren artean koordinatzea, 31. artikuluko 2. zenbakiko a) idatzi-zatian aipatutako moduan zerbitzuak osorik eta modu egokian betetzea ziurtatzeko.
b) Udalerriei, eta bereziki ekonomiaren aldetik eta kudeaketarako gaitasun txikia dutenei, laguntza eta lankidetza juridiko, ekonomiko eta teknikoa ematea.
Edonola ere, 1.000 biztanletik beherako udalerrietan idazkaritza eta kontuhartzailetzaren arloko zerbitzuak bermatuko dira.
c) Udalerriaz gaindiko eta, hala badagokio, eskualdez gaindiko zerbitzu publikoak eskaintzea, eta kasuan kasuko lurralde-eremuko udalerrietako zerbitzu bateratuen sustapena edo, hala behar izanez gero, koordinazioa. Bereziki, hondakinen tratamendua hartuko dute bere gain 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, baita suteei aurrea hartu eta suteak itzaltzeko zerbitzua ere 20.000
biztanletik beherako udalerrietan, udalerri horiek aipatutako zerbitzuak eskaintzen ez dituztenean.
d) Probintziako lurraldearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko eta plangintza egiteko lankidetza ematea, arlo horretan beste herri-administrazioek dituzten eskumenekin bat etorriz.
e) Koordinazio-eginkizunak, 116 bis artikuluan aurreikusitako kasuetan.
f) Zerga-bilketaren kudeaketa-zerbitzuetan laguntzea, borondatezko epean eta epe exekutiboan; eta udalerrien finantza-kudeaketan laguntzea, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan.
g) Administrazio elektronikoari eta kontratazio zentralizatuari dagozkien zerbitzuak eskaintzea, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan.
h) Probintziako udalerriek eskainitako zerbitzuen kostu eraginkorren jarraipena egitea. Diputazioak kostu horiek berak koordinatu edo eskainitako zerbitzuen kostuak baino handiagoak direla antzematen badu, bere laguntza eskainiko die udalerriei, zerbitzuen koordinazio-kudeaketa eraginkorragoa egin eta kostuak murrizteko.
i) Hitzarmen bidez koordinatzea autonomia-erkidegoarekin, 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietan mediku-kontsultategiak mantendu eta garbitzeko zerbitzua eskaini ahal izateko.
2. Aurreko paragrafoko a), b) eta c) Idatzi-zatietan ezarritakoaren ondorioetarako, diputazioak edo entitate baliokideak:
a) Udalerrien eskumeneko obra eta zerbitzuetarako lankidetza-plan bat onartzen du urtero probintzia osorako, eta probintziako udalerriek haren lanketan parte hartu behar dute. Plana diputazioaren edo entitate baliokidearen bitartekoekin, udalen ekarpenekin eta autonomia-erkidegoak eta Estatuak beren aurrekontuaren kontura egindako diru-laguntzekin finantzatu ahal izango da.
Bertan, haren helburuak eta funtsak banatzeko irizpideak gaineratuko dituen txosten justifikatzaile bat jaso beharko da, eta irizpide horiek objektiboak eta bidezkoak izango dira; haien artean, udalerriek eskainitako zerbitzuen kostu eraginkorrei dagokien azterketa bat jasoko da. Autonomia-estatutuetan aitortutako eskumenei eta aurretiaz beren gain hartutako eta estatutuek berretsitako eskumenei kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoak behar bezala ziurtatuko du, bere lurraldean, probintziako planen koordinazioa, lege honetako 59. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Diputazioak antzematen badu udalerriek eskainitako zerbitzuen kostu eraginkorrak hark koordinatu edo eskainitako zerbitzuen kostu eraginkorrak baino handiagoak direla, probintzia-planean zerbitzuak modu bateratuan edo udalerriaz gaindiko eremuan eskaintzeko formulak gaineratuko ditu, kostu eraginkor horiek murrizteko.
Estatuak eta autonomia-erkidegoak, kasua denean, zenbait irizpide eta baldintzaren pean jar ditzakete diru-laguntzak, erabili edo ezarri ahal izateko, eta udalerrietako zerbitzuen kostu eraginkorren azterketa hartuko dute kontuan.
b) Udal-eskumeneko gutxieneko zerbitzuez baliatzeko aukera ziurtatzen die probintziako biztanleei, baita zerbitzu horiek betetzerakoan eraginkortasun eta ekonomiarik handiena izatea ere, udalerriei laguntza emateko eta udalerriekin lankidetzan aritzeko edozein formula erabiliz.
Helburu horrekin, plan bereziez zein bestelako berariazko tresnez baliatuz egituratutako diru-laguntzak eta laguntzak eman ahal izango dituzte diputazioek edo entitate baliokideek beren funtsen kontura, udalerrietako obra eta zerbitzuak egiteko eta mantentzeko.
c) Udalen beharrezko funtzio publikoak gauzatzea bermatzen du eta langileen aukeraketa eta prestakuntzan laguntzen du, Estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako administrazioak esparru horietan garatutako jarduerari kalterik egin gabe.
d) Administrazio-prozedurak izapidetzeko eta jarduera materialak nahiz kudeaketa-jarduerak egiteko euskarria ematen die Udalei; udalek eskatzen dietenean jarduera horiek beren gain hartuz.» Hamalau. 45. artikulua edukirik gabe geratu da.
Hamabost. Hau da 55. artikuluaren testu berria:
«55. artikulua.
Administrazioen arteko koordinazioa benetakoa eta administrazioa eraginkorra izateko, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazioek honako hauek egin beharko dituzte, leialtasun instituzionalaren printzipioari jarraiki, elkarren arteko harremanetan:
a) Gainerako administrazioek beren eskumenak zuzenbidearen arabera erabiltzea eta horrek bakoitzari ekar liezazkiokeen ondorioak errespetatu.
b) Ongi neurtu, norberaren eskumenak baliatzerakoan, ukitutako interes publiko guztiak, eta, zehazki, gainerako administrazioei kudeatzeko gomendioan emandakoak.
c) Aurrekontu eta finantza arloan gauzatutako jarduketek gainerako herriadministrazioetan eragin ditzaketen ondorioak baloratu.
d) Gainerako administrazioei beren kudeaketaren gainean garrantzizkoa den informazioa eman, administrazioek beren eginkizunak modu egokian garatu ditzaten.
e) Norberaren eremuan, gainerako administrazioei lankidetza eta laguntza aktiboak eman, beren eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko behar dituztenean.» Hamasei. Hau da 57. artikuluaren testu berria:
«57. artikulua.
1. Toki-administrazioaren eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako administrazioen arteko ekonomia, teknika eta administrazio arloetako lankidetza, bai toki-zerbitzuetan bai guztien intereseko gaietan, borondatez burutuko da, legeetan ohartemandako moduan eta erara; nolanahi ere, izenpetzen dituzten administrazio-mailako partzuergo edo hitzarmenen bidez ere burutu daiteke.
Administrazio horietako batek burututako lankidetza-akordio bakoitzaren berri emango zaie akordio horretan parte hartu ez arren interesa duten gainerako administrazioei, eten gabe elkarren berri izan dezaten.
2. Hitzarmenak egin eta partzuergoak sortu ostean kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu, administrazio-bikoiztasunak ezabatu eta Aurrekontuegonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legedia bete beharko dira.
3. Lankidetza hitzarmen bidez gauzatu ezin daitekeen kasuetan bakarrik sortu ahal izango dira partzuergoak; betiere, eraginkortasun ekonomikoko terminoetan, baliabide ekonomikoak modu eraginkorragoan esleitzea ahalbidetzen badu. Dena den, partzuergoaren sorrerak ez du, inola ere, dagokion toki-entitateko ogasunaren finantza-iraunkortasuna arriskuan jarriko, ezta partzuergoarena berarena ere, eta ezin izango ditu hasiera batean aurreikusitako baliabideak baino gehiago eskatu.» Hamazazpi. 57 bis artikulu berri bat sartu da, eta honela geratzen da idatzita:
«57 bis artikulua. Eskuordetutako eskumenen ordainketa bermatzea.
1. Autonomia-erkidegoek eskumenak eskuordetzen badituzte edo lankidetzahitzarmenak sinatzen badituzte toki-entitateekin, eta haren eraginez autonomia- erkidegoen kargura egin beharreko ordainketa-konpromisoak edo finantzabetebeharrak sortzen badira, konpromiso horiek behar bezala betetzen direla bermatzeko klausula bat jaso beharko dute erkidegoek. Klausula horretan baimena emango zaio Estatuko Administrazio Orokorrari atxikipenak aplikatzeko bere finantza-sistema aplikatzeagatik dagozkion transferentzietan. Klausula horretan beti zehaztuko dira hitzemandako ordainketak egiteko epeak, toki-entitateak erreklamazioak egiteko epeak −autonomia-erkidegoak bere gain hartutako betebeharra betetzen ez badu−, eta Estatuko Administrazio Orokorrari betebehar hori ez bete izana jakinarazteko epeak; dena den, artikulu honetako 3. paragrafoan aipatzen den Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren Agindu bidez zehaztu litekeen epea hartu beharko da kontuan. Klausula hori aplikatzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretiko baimena izatea, hau da, Estatuaren 2013. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legearen hirurogeita hamabigarren xedapen gehigarrian aipatzen den baimena izatea.
2. Arau hau indarrean sartzean denboraldi zehatz baterako –espresuki edo isilbidez– luzatu diren eskumenak eta lankidetza-hitzarmenak eskuordetzeko erabakiak aurreko paragrafoan aipatu den bermearen klausula gaineratzen den kasuetan bakarrik luzatu ahal izango dira berriz. Indarrean sartu eta lehen aldiz – espresuki edo isilbidez– luzatu daitezkeen erabakien kasuan bakarrik izango da aplikagarria arau hau.
3. Aurreko 1. paragrafoan adierazitako atxikipenak aplikatzeko prozedura eta autonomia-erkidegoei atxikitako funtsak toki-entitateen eskura jartzeko prozedura honakoak arautuko du: Estatuaren 2013. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legearen hirurogeita hamabigarren xedapen gehigarrian jasotzen den Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren Agindua.» Hemezortzi. 75 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:
«75 bis artikulua. Toki-korporazioetako kideen eta Toki-entitateen zerbitzupeko langileen ordainsari-araubidea.
1. Toki-korporazioetako kideei beren karguan egindako jardueragatik ordainduko zaie, aurreko artikuluan adierazitako terminoetan. Estatuaren Aurrekontu Orokorretan urtero zehaztuko da toki-korporazioetako kideek – bertaratzeen eta ordainsari-kontzeptu guztien truke– jaso beharreko gehienezko zenbatekoa; kanpo geratuko dira zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, kontuan hartuz, besteak beste, tokiko korporazioaren eta biztanleriaren irizpideak: Biztanleak 500.000 baino gehiago . . . . . . . . . . . . . . . . . 300.001 eta 500.000 bitartean . . . . . . . . . . . 150.001 eta 300.000 bitartean . . . . . . . . . . . 75.001 eta 150.000 bitartean . . . . . . . . . . . . 50.001 eta 75.000 bitartean . . . . . . . . . . . . . 20.001 eta 50.000 bitartean . . . . . . . . . . . . . 10.001 eta 20.000 bitartean . . . . . . . . . . . . . 5.001 eta 10.000 bitartean . . . . . . . . . . . . . . 1.000 eta 5.000 bitartean . . . . . . . . . . . . . . . Erreferentzia Estatuko idazkaria.
Estatuko idazkaria -% 10 Estatuko idazkaria -% 20 Estatuko idazkaria -% 25 Estatuko idazkaria -% 35 Estatuko idazkaria -% 45 Estatuko idazkaria -% 50 Estatuko idazkaria -% 55 Estatuko idazkaria -% 60
1.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako tokiko korporazioetako kideek ez dute arduraldi esklusiboan lan egingo. Salbuespen gisa, arduraldi partzialeko karguak gauzatu ahal izango dituzte. Karguen ordainsariak Estatuaren Aurrekontu Orokorraren Legeak zehaztutako gehienezko zenbatekoen barnean egongo dira.
2. Aurreko paragrafoan zehaztutako arau orokorrari kalterik egin gabe, probintziako diputazioetako edo entitate baliokideetako lehendakarien ordainsarien kasuan, haiek ere gehienezko muga bat izango dute bertaratze eta ordainsarikontzeptu guztiengatik, honako hau, hain zuzen: probintzian biztanle gehien dituen udal-korporazioko alkateari edo lehendakari dagokion tartea.
Uharteetako kabildo eta kontseiluen kasuan, lehendakariek gehienezko muga hau izango dute bertaratze eta ordainsari-kontzeptu guztiengatik: probintzian biztanle gehien dituen udal-korporazioko alkateari edo lehendakariari dagokion tartea, honako taula honetan oinarrituta: Biztanleak Erreferentzia 150.000 baino gehiago . . . . . . Probintzian biztanle gehien dituen udal-korporazioko alkateari edo lehendakariari dagokiona.
25.000 eta 150.000 bitartean . . . Probintzian biztanle gehien dituen udal-korporazioko alkateari edo lehendakariari dagokionaren % 70.
0 eta 25.000 bitartean . . . . . . . . Probintzian biztanle gehien dituen udal-korporazioko alkateari edo lehendakariari dagokionaren % 50.
Probintziako diputatu edo baliokide izendatutako zinegotziek arduraldi esklusiboa toki-entitate batean edo bestean mantendu aukeratu beharko dute, baina ezin izango dituzte bi arduraldi-araubideak pilatu.
3. Arduraldi esklusiborik edo arduraldi partzialik ez duten toki-korporazioko kideek baino ez dituzte jasoko beren korporazioko kide anitzeko organoetako bilkuretara benetan joatearren dagozkien laguntzak, korporazioko osoko bilkurak adierazitako kopurukoak.
4. Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan eta Lege honetako 93.2 artikuluan zehaztutakoaren esparruan, Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko urteroko legeek behar bezala zehaztu ahal izango dute toki-entitateen eta haien menpeko toki-entitateen zerbitzura lan egiten duten pertsonek ordainsari gisa jaso ahal izango dituzten gehieneko eta gutxieneko mugak, betiere funtzionario publikoen edo lankontratudun langile baliokideen multzo profesionalaren arabera; era berean, Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko urteroko legeetan zehaztu daitezkeen beste faktore batzuk ezarri ahal izango dituzte.» Hemeretzi. 75 ter artikulu berria erantsi da; hauxe dio:
«75 ter artikulua. Toki-entitateetako arduraldi esklusiboko kargu publikoen kopuruari dagozkion mugak.
1. Lege honetako 75. artikuluan zehaztutakoaren arabera, Udaletan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten arduraldi esklusiboko langileek ezingo dituzte muga hauek gainditu:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako udaletan, kide bakar batek ere ezin izango ditu bere zerbitzuak arduraldi esklusiboan gauzatu.
b) 1.001 eta 2.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, kide bakar batek gauzatu ahal izango ditu bere zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
c) 2.001 eta 3.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere bi kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
d) 3.001 eta 10.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hiru kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
e) 10.001 eta 15.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere bost kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
f) 15.001 eta 20.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere zazpi kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
g) 20.001 eta 35.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hamar kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
h) 35.001 eta 50.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hamaika kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
i) 50.001 eta 100.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hamabost kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
j) 100.001 eta 300.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hemezortzi kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
k) 300.001 eta 500.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hogei kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
l) 500.001 eta 700.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hogeita bi kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
m) 700.001 eta 1.000.000 biztanle artean dituzten udalerrietako udaletan, gehienez ere hogeita bost kidek gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
n) Madril eta Bartzelonako udalerrietako udalen kasuan, gehienez ere berrogeita bost eta hogeita hamabi kidek –hurrenez hurren– gauzatu ahal izango dituzte beren zerbitzuak arduraldi esklusiboan.
2. Probintziako diputazioetan beren zerbitzuak arduraldi esklusiboz eskain ditzaketen kideen gehienezko kopuruari dagokionez, probintzian biztanle gehien dituen udalerriko korporazioari dagokion tartearen baliokidea izango da.
3. Uharteetako kabildo eta kontseiluen kasuan, honako irizpide hau hartuko da kontuan beren zerbitzuak arduraldi esklusiboz gauzatuko dituzten kideen gehienezko kopurua zehazteko orduan: 800.000 biztanle baino gehiago dituzten uharteetan, kabildoko kideen gaur egungo kopurua baino 2 gutxiago izango dira, eta 800.000 baino biztanle gutxiago dituzten uharteetan, aldiz, uharteko kabildo bakoitzean hautatutako karguen % 60 izango dira.» Hogei. Aldatu egiten da 84 bis artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«84 bis artikulua.
1. Aurreko artikuluan adierazitakoari kalterik egin gabe, eta izaera orokorrez, jarduerak gauzatzeko ez da lizentziarik edo bestelako prebentzio-baliabiderik behar izango.
Nolanahi ere, lizentzia edo bestelako prebentzio-baliabideren bat eskatu ahal izango da, honako jarduera ekonomiko hauetarako:
a) Jarduera gauzatzen den toki zehatzean ordena publikoko, segurtasun publikoko, osasun publikoko edo ingurumena babesteko arrazoiak direla-eta justifikatuta badago, eta arrazoi horiek ezin badira babestu erantzukizun-adierazpen baten edo jakinarazpen baten bidez.
b) Baliabide naturalen urritasunagatik, jabari publikoa erabiltzeagatik, eragozpen tekniko nabarmenak egoteagatik edo araututako tarifen eraginpeko zerbitzu publikoak egotearen arabera, merkatuko eragile ekonomikoen kopurua mugatua bada.
2. Jarduera ekonomikoetarako instalazio edo azpiegitura fisikoek oinarrizko baldintzak definitzen dituen Lege batek hala ezartzen duenean eta ingurumena, hiri-ingurunea, segurtasun edo osasun publikoa eta historia-ondarea kaltetu ditzaketenean bakarrik bete behar izango dute araubide bat, betiere neurriz kanpokoa ez bada. Arrisku hori ebaluatzeko, instalazioen ezaugarriak hartuko dira kontuan, honako hauek, adibidez:
a) Instalazioaren potentzia elektrikoa edo energetikoa.
b) Instalazioaren gaitasuna edo edukiera.
c) Kutsadura akustikoa.
d) Instalazioak isurtzen dituen hondakin-uren osaera eta haiek arazteko gaitasuna.
e) Gai sukoiak edo kutsakorrak izatea.
f) Historia-ondarea osatzen duten ondasun aitortuei eragiten dieten instalazioak.
3. Toki-entitate baten eta beste administrazio baten artean lizentzia edo baimen konkurrenteak daudenean, toki-entitateak berariaz arrazoitu beharko du, baimenaren edo lizentziaren premia jasotzen den justifikazioan, babestu nahi den interes orokor zehatza, eta arrazoitu beharko du, halaber, interes hori ez duela beste baimen batek betetzen.» Hogeita bat. 85. artikuluko 3. paragrafoa ezabatu eta 2. paragrafoa aldatu da.
Aurrerantzean honela geratzen da idatzita:
«2. Toki-eskumeneko zerbitzu publikoak modu jasangarri eta eraginkorrenean kudeatu beharko dira; honela: A) Zuzeneko kudeaketaz:
a) Toki-entitatearen beraren kudeaketaz.
b) Tokiko erakunde autonomo baten bidez.
c) Tokiko enpresa-entitate publiko baten bidez.
d) Tokiko merkataritza-sozietate baten bidez, bere sozietatearen kapitala titularitate publikokoa bada.
Xede horrekin landutako justifikazio-memoria baten bidez, a) eta b) idatzizatietan xedatutako moduak baino jasangarriagoak eta eraginkorragoak direla egiaztatzen denean bakarrik erabili ahal izango dira c) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako moduak, eta, horretarako, errentagarritasun ekonomikoari eta inbertsioa berreskuratzeari dagozkion irizpideak hartu beharko dira kontuan.
Gainera, jasotako aholkularitzaren justifikazio-memoria espedientean jasoko da.
Izan ere, hura osoko bilkurara eramango da, bertan onespena eman diezaioten.
Zerbitzuaren kostuari eta jasotako laguntza teknikoari buruzko txostenak ere gehituko zaizkio memoriari, eta jakitera eman beharko dira txostenok. Ondorio horietarako, tokiko kontu-hartzailearen txostena eskatuko da. Planteatutako proposamenen finantza-iraunkortasuna baloratuko du kontu-hartzaileak, Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 4. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.
B) Zeharkako kudeaketaz, zerbitzu publikoen kudeaketa kontratatzeko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bateginean aurreikusten den eratakoren baten bidez.
Aukeratutako kudeaketa-motak, funtzionario publikoei bakarrik dagozkien funtzioei dagokienez, apirilaren 12ko 7/2007 Lege bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 9. artikuluan xedatutakoa hartu beharko du kontuan.» Hogeita bi. Legearen 85 ter artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da; aurrerantzean, honela geratzen da idatzita:
«2. Sozietateak uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kapital Sozietateen Legearen testu bateginean aurreikusitako moduren bat aukeratu beharko du, eta sorrera-eskrituran behar bezala adieraziko da herriadministrazioek edo haien menpeko sektore publikoko entitateek egin beharreko ekarpena, haiei baitagokie titulartasuna.» Hogeita hiru. Hau da 86. artikuluaren testu berria:
«1. Toki-entitateak ekimen publikoaz baliatu ahal izango dira jarduera ekonomikoak garatzeko, beren eskumenak gauzatzean aurrekontuegonkortasunaren eta finantza-iraunkortasunaren helburua betetzen dela bermatzen bada. Neurriaren egokitasuna eta aukera frogatzen dituen espedientean behar bezala frogatu beharko da ekimen horrek ez duela udal-ogasunaren finantzairaunkortasuna arriskuan jartzen; horrenbestez, eskaintzari eta eskariari, errentagarritasunari eta tokiko jarduerak enpresen partaidetzan eragin ditzakeen ondorioei buruzko merkatuen analisia egin beharko da.
Tokian tokiko korporazioaren osoko bilkurari dagokio espedientea onartzea, eta bertan zerbitzua kudeatzeko modua zehaztuko da.
2. Toki-entitateen alde gordeko dira funtsezko jarduera edo zerbitzu hauek:
uraren arazketa eta etxeko hornidura; hondakinen bilketa, tratamendua eta aprobetxamendua; eta bidaiarien garraio publikoa, aplikagarria den sektoreko legedian aurreikusitakoari jarraiki. Estatuak eta autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, beste jarduera eta zerbitzu batzuk hartu ahal izango dituzte legearen bidez.
Jarduera horiek monopolio-araubidean benetan gauzatu ahal izateko, kasuan kasuko toki-korporazioaren osoko bilkuraren onespen-hitzarmenaz gain, autonomia-erkidegoko dagokion organoaren onarpena lortu behar da.
3. Dena den, Estatuko administrazioak Lege honetako V. Tituluko III.
Kapituluan xedatutakoarekin bat etorriz, artikulu honetan aurreikusitako egintzak eta erabakiak aurkatu ahal izango ditu, aurrekontu-egonkortasunari eta finantzairaunkortasunari buruzko legedia betetzen ez dutenean.» Hogeita lau. Hau da 92. artikuluaren testu berria:
«92. artikulua. Toki-administrazioaren zerbitzura lan egiten duten funtzionarioak.
1. Lege honetan xedatu gabeko guztietan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legea, funtzio publikoari buruzko Estatuko gainerako legedia eta autonomia-erkidegoetako legedia bete beharko dute toki-administrazioen zerbitzura lan egiten duten funtzionarioek, Konstituzioko 149.1.18. artikuluan jasotzen denaren arabera.
2. Oro har, toki-administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuak langile funtzionarioek gauzatuko dituzte.
3. Toki-administrazioaren zerbitzura lan egiten duten karrerako funtzionarioek bakarrik gauzatu ahal izango dituzte interes orokorren zaintzan edo ahalmen publikoak gauzatzean zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza eragiten duten funtzioak. Era berean, karrerako funtzionarioek baino bete ezin dituzten funtzio publikoak dira, hain zuzen, aginpideaz baliatzea eskatzen dutenak, eta, oro har, lege honetan xedatutakoa garatuz, funtzionarioei gorde zaizkienak, objektibotasuna, inpartzialtasuna eta independentzia ahalik ondoen bermatzeko.» Hogeita bost. 92 bis artikulu berri bat sartu da, honela geratzen da idatzita:
«92 bis artikulua. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioak 1. Toki-korporazio guztietan gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako administrazio-erantzukizuneko nahitaezko funtzio publikoak dira:
a) Idazkaritzakoak, fede publikokoak eta aginduzko lege-aholkularitzakoak barne.
b) Ekonomia-finantzen eta aurrekontuen kudeaketaren barneko kontrol eta ikuskapenekoak, eta kontabilitatekoak, diru-zaintzakoak eta diru-bilketakoak.
Dena den, biztanle asko dituzten udalerrietan Lege honetako X. Tituluan xedatutakoa hartuko da kontuan, eta Madrilen eta Bartzelonan, aldiz, Madril hiriburuari eta bere araubide bereziari buruzko uztailaren 4ko 22/2006 Legean eta Bartzelonako udalerriaren araubide bereziari buruzko martxoaren 13ko 1/2006 Legean ezarritakoa, hurrenez hurren.
2. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen eskala honako azpieskala hauetan banatzen da:
a) Idazkaritza; hari dagozkio aurreko 1.a) paragrafoan jasotako eginkizunak.
b) Kontu-hartzailetza-diruzaintza; hari dagozkio aurreko 1.b) paragrafoan jasotako eginkizunak.
c) Idazkaritza eta kontu-hartzailetza; hari dagozkio 1.a) eta 1.b) idatzi-zatietan jasotako eginkizunak, diruzaintzari dagozkionak salbu.
3. Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza-diruzaintzaren azpieskaletako funtzionarioak bi kategoria hauetakoren batean sartuko dira: sarrerakoa edo goimailakoa.
4. Gobernuak, errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten tokiadministrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak arautuko ditu, baita haien diziplina-araubideari eta administrazioegoerei dagozkienak ere.
5. Lan-eskaintza publikoaren onespena eta gaikuntza nazionala duten tokiadministrazioko funtzionarioen hautaketa, prestakuntza eta gaikuntza Estatuari dagokio, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren bitartez, betiere erregelamendu bidez onartutako oinarriei eta programei jarraiki.
6. Gobernuak, Errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten tokiadministrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak hornitzeko moduari dagozkion berezitasunak arautuko ditu. Dena den, lehiaketa izango da lanpostuak hornitzeko ohiko sistema. Lehiaketen lurralde-eremuak estatu-mailako izaera izango du.
Nahitaez balioetsi beharreko merezimendu orokorrak Estatuko Administrazioak zehaztuko ditu, eta haien puntuazioa lor daitezkeen puntu guztien % 80ra iritsi ahal izango da gutxienez, dagokien baremoaren arabera. Autonomia-erkidegoaren berezitasunei dagozkien merezimenduak erkidego bakoitzaren arabera finkatuko dira, eta haien puntuazioak % 15 lortu ahal izango du gehienez ere. Tokiko korporazioaren berezitasunei dagozkien merezimenduak korporazioak berak finkatuko ditu, eta haien puntuazioak % 5 lortuko du gehienez ere.
Urtean bi lehiaketa antolatuko dira: lehiaketa arrunta eta lehiaketa bateratua.
Lehiaketa bateratuaren deialdia Estatuko Administrazioak egingo du. Lanpostuak hutsik dituzten tokiko korporazioek lehiaketa arruntaren oinarriak onartuko dituzte, aurreko paragrafoan aurreikusitako errege-dekretuan onartutako oinarri komunekin eta deialdiaren ereduarekin bat etorriz; horretaz gain, dagozkien deialdiak egingo dituzte, eta haiek kasuan kasuko autonomia-erkidegoari bidaliko dizkiote, aldizkari ofizialetan argitaratu ditzaten.
Salbuespen gisa, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak izendapen askeko sistema bidez bete ahal izango dira – azpieskalako eta kategoriako funtzionarioen artean– martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Tokiko Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko 111. eta 135. artikuluetan definitutako eremu subjektiboan txertatutako udalerrietan, baita ere probintziako diputazioetan, metropoli-eremuetan, uharteetako kabildo eta kontseiluetan, eta autonomiaestatutua duten Ceuta eta Melillako hirietan. Artikulu honetako 1.b) idatzi-zatian jasotako eginkizunak esleitu zaizkien lanpostuen kasuan, Estatuko Administrazio Orokorreko toki-ogasuneko organo eskudunak horretarako berariazko baimena eman beharko du.
Era berean, Estatuko Administrazio Orokorreko toki-ogasunen arloko organo eskudunaren txostena beharko da artikulu honetako 1.b) idatzi-zatian jasotako eginkizunak esleituta dituzten eta izendapen askeko sistema bidez izendatu diren funtzionarioen jarduna eteteko.
Izendapen askeko lanpostu bat utziz gero, tokiko korporazioak titulazio-multzo bereko beste lanpostu bat esleitu beharko dio lanpostua utzi duen funtzionarioari.
7. Estatuko Administrazioak zehaztutako araudiari jarraiki, autonomiaerkidegoek gaikuntza nazionaleko funtzionarioak behin-behineko izaeraz izendatuko dituzte, baita zerbitzuen batzordeak, pilaketak, bitarteko langileak eta halabeharrezko langileak ere.
8. Funtzionarioek gutxienez bi urtez egon beharko dute lehiaketa bidez lortutako lanpostuan, gero lanpostuen hornidura-lehiaketetan parte hartu ahal izateko edo beste lanpostu batean –toki-entitate beraren esparruan salbu– behinbehineko izaeraz izendatuak izateko.
Salbuespen gisa, eta epe hori igaro aurretik, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak izendapen horiek egin ahal izango ditu behin-behinekoz, betiere lanpostua premiaz betetzeko arrazoiak edo egoerak daudenean, eta behinbehineko izendapen bat egitea ezinezkoa denean, aurreko lerrokadan zehaztutakoari jarraiki.
Behin-behineko izendapen baten eskaera justifikatuko duten salbuespenezko egoerak ezarriko dira erregelamendu bidez; nolanahi ere, eskaera egiten den unean lanpostua betetzen den toki-entitate horretan sortu litezkeen kalteak hartu beharko dira kontuan.
9. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioetako funtzionarioen erregistro bat –Autonomia-erkidegoekin osatutakoa– egongo da Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioan, eta, bertan, funtzionario horien administrazio-bizitzan eragiten duten egintza guztiak inskribatu eta jasoko dira.
10. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei diziplinazko espedienteak irekitzeko eskumena izango dute honako organo hauek:
a) Korporazioko dagokion organoa, non funtzionarioak egozten zaizkion egintzak burutu dituen, baldin eta arau-hauste arina sor badezakete.
b) Autonomia-erkidegoa, lurralde jakin bateko toki-korporazioetako funtzionarioei dagokienez, non eta salatutako egintzak Estatuaren oinarrizko araudian arau-hauste oso larritzat tipifikatuta ez dauden.
c) Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioa, salatutako egintzek Estatuaren oinarrizko araudian arau-hauste oso larritzat tipifikatutako arau-hausteak eragin ditzaketenean.
Espedientea irekitzea erabakitzen duen organo eskudunak haren instruktorea izendatzeko eta espedientepean dagoen pertsonaren behin-behineko etenaldia dekretatu edo altxatzeko eskumena izango du, baita espedientea irekitzeko erabakia hartu aurretik eginbideak agintzeko ere.
Espedientea titulazioen A1 Azpimultzoko Kidegoko edo Eskalako edozein karrerako funtzionariok ireki ahal izango du, baita gaikuntza nazionaleko funtzionarioen eskalako funtzionarioek ere, betiere arau-hausteari dagokion gaiari buruzko ezagutzak badituzte.
11. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei diziplinazehapenak jartzeko eskumena izango dute honako organo hauek:
a) Ogasun eta Herri Administrazioko Ministroak, Estatuaren oinarrizko araudian arau-hauste oso larri gisa jasotako arau-hausteengatik zehapenak jartzen direnean.
b) Autonomia-erkidegoak, eginkizunak eteteko eta kargugabetzeko zehapenak –aurreko lerrokadan jasotzen ez direnak– ezarri behar direnean.
c) Eskumena duen toki-organoak, arau-hauste arinengatik zehapenak jarri behar direnean.
Ezarritako zehapena bere terminoetan gauzatuko da, baita exekuzioaren unean funtzionarioa zehapena eragin duten egintzak sortu ziren lanpostua ez den beste bat gauzatzen ari bada ere.
Kargugabetze-zehapenak lanpostuaren galera eragingo du; beraz, langileak ezin izango du zehapenari dagokion korporazio berean beste lanpostu bat lortu finkatutako epean; epe hori sei urtekoa izango da, gehienez ere, arau-hauste oso larrien kasuan; eta hiru urtekoa, arau-hauste larrien kasuan.
Funtzioak eteteko zehapenak sei urteko iraupena izango du, gehienez ere, arau-hauste oso larrien kasuan, eta hiru urtekoa, gehienez ere, arau-hauste larrien kasuan.» Hogeita sei. Aldatu egiten da 100.1. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«1. Tokiko korporazio bakoitzari dagokio funtzionarioak hautatzeko eskumena, gaikuntza nazionaleko funtzionarioen kasuan salbu.» Hogeita zazpi. 103 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:
«103 bis artikulua. Tokiko sektore publikoko langileen soldata-masa.
1. Tokiko korporazioek tokiko sektore publikoko lan-kontratuko langileen soldata-masa onartuko dute urtero, betiere Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean ezarritako oinarrizko izaerako baldintzak eta mugak errespetatuz.
2. Aurreko paragrafoan adierazitako onespenak toki-entitateari, erakundeei, enpresa-entitate publikoei eta toki-entitatearen menpeko gainerako ente publiko eta merkataritza-sozietateei dagokiena hartuko du barne, baita herri-administrazioen araubide juridikoaren oinarrizko legedian aurreikusitakoaren arabera atxikitako partzuergoei dagokiena eta ondorengo egoera hauetakoren batek eragiten dien fundazioei dagokiena ere:
a) Paragrafo honetan adierazitako entitateek zuzenean edo zeharka egindako gindako ekarpenen bidez sortzen badira.
b) Fundazio-ondarea, 100eko 50etik gorako ehunekoan, aurreko paragrafoan adierazitako entitateek ekarritako edo utzitako ondasunez edo eskubidez eratuta badago eta irauteko izaera badu.
3. Onartutako soldata-masa korporazioaren egoitza elektronikoan eta probintziako aldizkari ofizialean argitaratuko da, edo, hala badagokio, probintzia bakarreko autonomia-erkidegoaren aldizkari ofizialean, 20 eguneko epean.» Hogeita zortzi. 104 bis artikulu berria erantsi da; hauxe dio:
«104 bis artikulua. Toki-entitateetako behin-behineko langileak.
1. Udaletako behin-behineko langileek bete beharreko lanpostuetako zuzkidurek muga eta arau hauek bete beharko dituzte:
a) Salbuespen gisa, 2.000 eta 5.000 biztanle arteko udalerriek behin-behineko langileari dagokion lanpostua txertatu ahal izango dute, arduraldi esklusiboko tokikorporazioko kiderik ez dagoenean.
b) 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrietako Udalek behin-behineko langile bat txertatu ahal izango dute, gehienez ere, beren lanpostu-plantilletan.
c) 10.000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako Udalek behin-behineko bi langile txertatu ahal izango dituzte, gehienez ere, beren lanpostu-plantilletan.
d) 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerrietako Udalek behin-behineko zazpi langile txertatu ahal izango dituzte, gehienez ere, beren lanpostu-plantilletan.
e) 50.000 eta 75.000 biztanle arteko udalerrietako Udalek tokiko korporazioko zinegotzi-kopuruaren erdia gaindituko ez duen langile-kopurua txertatu ahal izango dute, gehienez ere, beren lanpostu-plantilletan.
f) 75.000 eta 500.000 biztanle arteko udalerrietako Udalek tokiko korporazioko zinegotzi-kopurua gaindituko ez duen langile-kopurua txertatu ahal izango dute, gehienez ere, beren lanpostu-plantilletan.
g) 500.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako Udalek dagozkien toki-entitateetako plantillako lanpostu-kopuruaren ehuneko 0,7a gaindituko ez duen behin-behineko izaerako langile-kopurua txertatu ahal izango dute beren plantilletan; horretarako, Kontuen Sistema Europarraren esparruan herriadministrazio gisa hartzen diren enteak hartuko dira kontuan.
2. Probintziako diputazioetan behin-behineko langileek bete beharreko lanpostu-kopuruari dagokionez, probintzian biztanle gehien dituen udalerriko korporazioari dagokion tartea errespetatuko da. Uharteetako kabildo eta kontseiluen kasuan, ez da irizpide hau aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa gaindituko: 800.000
biztanle baino gehiago dituzten uharteetan, kabildoko kideen gaur egungo kopurua baino 2 gutxiago izango dira; eta 800.000 baino biztanle gutxiago dituzten uharteetan, uharteko kontseilu edo kabildo bakoitzean hautatutako karguen % 60 izango dira.
3. Gainerako toki-entitateek edo haien menpeko erakundeek ezin izango dituzte beren plantilletan behin-behineko langileei dagozkien lanpostuak txertatu.
4. Aurreko paragrafoetan adierazitako behin-behineko langileek eurei dagozkien toki-entitateen zerbitzu orokorretara egokitu beharko dute. Salbuespen gisa, eta izaera funtzionalarekin, toki-entitateko egiturako beste zerbitzu edo departamentu batzuei esleitu ahal izango zaizkie, erregelamendu organikoan beren-beregi hala islatzen bada.
5. Tokiko korporazioek behin-behineko langileei gordetako lanpostu-kopurua argitaratuko dute, sei hilero, beren egoitza elektronikoan eta probintziako aldizkari ofizialean, edo hala badagokio, probintzia bakarreko autonomia-erkidegoaren aldizkari ofizialean.
6. Toki-entitatearen lehendakariak artikulu honetan aurreikusitakoa betetzen dela jakinaraziko du osoko bilkuran, hiru hilez behin.» Hogeita bederatzi. Aldatu egiten da 109. artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«1. Estatuak, autonomia-erkidegoek, Gizarte Segurantzak eta haien menpeko zuzenbide publikoko entitateek toki-entitateekin izan ditzaketen zorrak, nahiz alderantzizkoak, guztiz eta zati batean kentzea adostu ahal izango da, konpentsazioz, baldin eta zorrak mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak badira.
Paragrafo honetan aurreikusitakoa Gizarte Segurantzaren eta Herri Ogasunaren araudian zorren konpentsazioari dagokionez jasotzen denaren arabera aplikatuko da.
2. Autonomia-erkidegoek eta haien menpeko zuzenbide publikoko entitateek zuzenbide publikoko entitateekin edo atxikitako sozietateekin –zeinak toki-entitateen menpekoak edo haiek guztiz partaidetutakoak– izan ditzaten zorrak, nahiz alderantzizkoak, guztiz eta zati batean kentzea adostu ahal izango da, konpentsazioz, baldin eta zorrak mugaeguneratuak, likidoak eta eskagarriak badira.» Hogeita hamar. 116 bis artikulu berri bat sartu da, eta honela geratzen da idatzita:
«116 bis artikulua. Ekonomia- eta finantza-planaren edukia eta jarraipena.
1. Aurrekontu-egonkortasunaren helburua, zor publikoaren helburua edo gastuaren arauari dagokion helburua betetzen ez dutenean, tokiko korporazioek Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak zehaztutako baldintza formalen araberako ekonomia- eta finantza-plan bat prestatu beharko dute.
2. Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 21. artikuluan aurreikusten denaz gain, plan horrek honako neurri hauek hartuko ditu barne, besteak beste:
a) Toki-entitateak gauzatzen dituen eskumenak kentzea, baldin eta norbere eskumenez bestekoak eta delegazioz gauzatutakoez bestekoak badira.
b) Toki-entitateak eskaintzen dituen nahitaezko zerbitzuen kudeaketa integratua edo koordinatua egitea, kostuak murrizteko.
c) Diru-sarrerak areagotzea, toki-entitateak eskaintzen dituen nahitaezko zerbitzuak finantzatzeko.
d) Antolamenduaren arrazionalizazioa.
e) Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateak ezabatzea, aurreko aurrekontu-ekitaldian aurrekontu-egonkortasunaren helburua edo zor publikoaren helburua bete ez badute, edo hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia berankortasun-araudian aurreikusitako gehienezko epea hogeita hamar egun baino gehiagotan gainditu badute.
f) Probintzia bereko udalerri mugakidearekin bat egiteko proposamena.
3. Probintziako diputazioak edo entitate baliokideak gainerako tokiko korporazioekin lankidetzan jardungo du eta finantza-tutoretza gauzatzen duen Administrazioarekin batera lan egingo du, dagokion moduan, ekonomia- eta finantza-planean jasotako neurriak aplikatu eta haien jarraipena egiteko.
Diputazioak edo entitate baliokideak aurreko paragrafoan jasotako neurriak proposatu eta koordinatuko ditu haiek udalerriaz gaindiko izaera dutenean; haiek ekonomia- eta finantza-plana onartu aurretik baloratuko dira.
Aurreikusitako haiez gain, udalaz gaindiko beste neurri batzuk proposatu eta koordinatuko ditu, baita hitzartutako toki-entitateek bat egiteko prozesuaren jarraipena bera ere.» Hogeita hamaika. 116 ter artikulu berri bat eransten da, honako idazketa honekin:
«116 ter artikulua. Zerbitzuen kostu eraginkorra.
1. Toki-entitate guztiek, urte bakoitzeko azaroaren 1a baino lehen, eskaintzen dituzten zerbitzuen kostu eraginkorra kalkulatuko dute aurrekontu orokorraren likidazioan jasotako datuak oinarritzat hartuta, eta hala, badagokio, atxikitako entitateek edo menpeko entitateek onartutako urteko kontuak kontuan hartuta, betiere azken ekitaldiari dagozkionak.
2. Zerbitzuen kostu eraginkorra kalkulatzerakoan zerbitzuen zuzeneko nahiz zeharkako kostu errealak hartuko dira kontuan, aurreko paragrafoan zehaztutako gastuen exekuzio-datuei jarraiki: Kalkulurako irizpide horiek Ogasuneko eta Herri Administrazioko ministroaren agindu bidez garatuko dira.
3. Toki-entitate guztiek zerbitzu bakoitzari dagozkion kostu eraginkorrak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, eta argitaratu egingo ditu.» Hogeita hamabi. 127. artikuluaren 1. paragrafoko m) Idatzi-zatia aldatu da eta n) Idatzi-zatia gehitu da, honako hau dioena:
«m) Udalak parte hartzen duen ente, fundazio edo sozietateen gobernu nahiz administrazioko kide anitzeko organoetan udal-ordezkariak izendatzea, haien izaera dena dela.
n) Dagozkion gainerakoak, indarrean dauden lege-xedapenekin bat etorriz.» Hogeita hamahiru. Legearen 130. artikuluaren 3. paragrafoa aldatu egiten da; aurrerantzean, honela geratzen da idatzita:
«3. Koordinatzaile nagusia eta zuzendari nagusia, gaitasun profesionala eta esperientzia aintzat hartuta, Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokientitateetako karrerako funtzionarioen artean izendatuko dira, edo A1 azpitaldean sailkatutako multzo edo eskaletako gaikuntza nazionaleko funtzionarioen artean, salbuespen gisa; eta udal-erregelamendu organikoak ahalbidetzen badu, titularrak ez du zertan funtzionarioa izan beharko, zuzendaritza-organo horietako eginkizunen ezaugarri bereziak direla- eta.» Hogeita hamalau. Aldatu egiten da bigarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geldituko da:
«Bigarren xedapen gehigarria. Euskal foru-araubidea.
Lege honetako xedapenak, Konstituzioaren eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetan aplikatuko dira, ondorengo berezitasunei kalterik eragin gabe:
1. Konstituzioko lehen xedapen gehigarrian eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 3., 24.2 eta 37. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoek askatasunez antolatuko dituzte beren instituzioak, haien jardunerako beharrezko arauak emango dituzte, eta beren lurraldeetako tokientitateen ezaugarri historikoak babestuz eta bermatuz. Ez zaizkie aplikatuko lege honetan probintzien antolakuntzari buruz jasotakoak.
2. Euskal Herriko Autonomia Estatutuak eta bera garatzeko eta aplikatzeko autonomia-erkidegoaren barne-legediak aitortutako eskumenak gauzatuko dituzte Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoek, baita lege honek orokorrean probintzietako diputazioei aitortzen dizkietenak ere.
3. Estatutuak eta bera garatzeko eta aplikatzeko emandako autonomiaerkidegoko legediak aitortutako eskumenak burutzerakoan, lurralde historikoetako foru-instituzioei dagokie Estatuko oinarrizko legedia garatzeko arauak egitea eta legedi hori betearaztea dagokien arloetan, horrela aitortzen bazaizkie.
4. Lurralde historikoetako foru-instituzioei, Estatuko Administrazioaren edo autonomia-erkidegoaren eskumeneko alorretan jarduten badute, probintzietako diputazioen eta Estatuko Administrazioaren eta, hala bada, autonomia-erkidegoko administrazioaren arteko harremanak arautzen dituen lege honetako arauak aplikatuko zaizkie, baldin eta jarduera horiek probintzietako diputazio arrunt bezala burutzen badituzte, eta ez beren araubide bereziaren arabera foru-instituzio bezala, orduan –Estatuko oinarrizko legedia garatzen edo aplikatzen ari direnean nahiz Estatuaren eskumenetan sartzen ari direnean– ezin baitzaizkie aplikatu arau horiek.
5. Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean ezarritakoari atxikiko zaizkio –Ogasunaren arloan– lurralde historikoen eta Estatuko Administrazioaren arteko harremanak. 7.4
eta 26.2 artikuluek finantza-tutoretza gauzatzen duen administrazioari esleitzen dizkioten eginkizunak instituzio eskudunek gauzatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere maiatzaren 23ko 12/2012 Legearen 48.5 artikuluan adierazten denari jarraiki.
6. Euskal Herriko lurralde historikoek, Ekonomia Itunaren Legean esandakoaren arabera, araubide bereziarekin jarraituko dute udal-arloan ekonomiaren eta finantzaketaren araubideari dagokionez. Horrek ez du esan nahi EAEko toki-korporazioek gainerako toki-korporazioek dutena baino autonomiamaila txikiagoa dutenik, aplikagarriak diren arren, alde batetik, lege honetako 115. artikuluan xedatutakoa eta, bestetik, gai honi dagokionez autonomia-erkidegoari dagozkion eskumenak.
Ondorio horietarako, Foru Aldundiek Lege honetako 116 ter artikuluan zehaztutakoaren araberako kalkulu-irizpideak garatuko dituzte, eta beren lurraldeetako toki-entitateek eskaintzen dituzten zerbitzuen kostu eraginkorraren berri izango dute.
Lege honetako 116 bis artikuluari dagokionez, eta finantza-tutoretzari dagozkion ahalmenak gauzatzean, Foru Aldundiei dagokie kasuan kasuko korporazioen ekonomia- eta finantza-planak onartzea eta beharrezko neurriak zehaztea, betiere Estatuak xede horrekin emandako araudiari jarraiki.
Era berean, Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunari buruzko 27/2013 Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusten denarekin bat etorriz, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateek beren kontuak jakinaraziko dizkiete foru-instituzioei. Foru-instituzioek eurek erabakiko dute, hala badagokio, entitate horiek desegitea, aipatutako xedapena aplikatuz.
7. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Lege honetako 92 bis artikuluan eta harekin bat datozen artikuluetan aurreikusitako gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen araudia bat etorriko da Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriarekin, Konstituzioaren 149.1.18 artikuluarekin, eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin; hala ere, instituzio eskudunek langile horiei buruz aurreikusitako ahalmen guztiak gauzatuko dituzte, autonomia-erkidegoak zehaztutako terminoetan, barne hartuz hutsik dauden lanpostuen deialdiak egiteko ahalmena eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko gaitasuna.
8. Lege honetako 92 bis artikuluko 6. paragrafoan Estatuarentzat gordetako baremoaren ehunekoa % 65 da. Eta lor daitekeen guztiaren % 30 Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio eskudunei egozten zaie, beren eskubide historikoetatik eta bereziki Ekonomia Itunetik darizkien berezitasun juridikoen eta ekonomikoadministratiboen ezagutzari dagozkien merezimenduak finkatu ditzan.
Gainerako % 5aren barruan, toki-korporazio interesdunak askatasunez ezarri ahal izango ditu tokiko ezaugarrien arabera egokitzat jotzen dituen berariazko merezimenduak.
9. Nazio-eremuan mota horretako funtzionarioak prestatzeko eskumena duten instituzioen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE) artean ezarriko den hitzarmenean, hain zuzen ere Lege honetako 92 bis artikuluan aipatzen diren funtzionarioak HAEEk prestatzeari dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoak bere berezitasunei dagozkien gaiak edo jakintzagaiak sartu ahal izango ditu. Estatu osoan eskakizun arruntekoak diren gaietarako orokorrean ezarritako ikasketamailako gutxieneko eskakizunak betetzea da baldintza bakarra, eta inola ere ez dira Herri Administrazioaren Institutu Nazionalerako indarrean daudenak baino gogorragoak izango.
10. Foru-aldundiek euren ekonomia-, finantzaketa- eta aurrekontukudeaketaren barruko kontrola eta ikuskapena –baita ere kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa– askatasunez antolatuko dituzte Ekonomia Itunaren esparruan, eta ez da aplikagarria izango lege honetako 92 bis artikuluan xedatutakoa.
11. Aurrekontu-egonkortasunaren helburuei dagokionez, eta Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak, Autonomia Estatutuak, Ekonomia Itunaren legeak eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen bigarren xedapen gehigarriak toki-araubidearen eta toki-finantziazioaren arloan eskaintzen dituen eskumenak eta ahalmenak kontuan hartuta, euskal lurralde historikoetako foru-organoek toki-korporazioetako kideen, behin-behineko langileen eta tokikorporazioen nahiz haien sektore publikoaren zerbitzura dauden gainerako langileen eta gaikuntza nazionaleko funtzionarioen ordainsari eta bertaratzeen gehienezko mugak zehaztuko dituzte. Estatuko legedian ezarritako printzipioak eta egitura hartuko dira aintzat aipatutako ordainsariak zehazterakoan.» Hogeita hamabost. Bosgarren xedapen gehigarriko 3. paragrafoa aldatu da eta 4. paragrafo berri bat erantsi da, eta honela geratzen da idatzita:
«3. Elkarte horiek, beren eginkizunen esparruan, hitzarmenak egin ahal izango dituzte edozein herri-administraziorekin. Era berean, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, administrazioaren entitate laguntzaile gisa jardun ahal izango dute elkarteok, toki-entitateek eta haien menpeko erakundeek jaso ditzaketen diru-laguntzen kudeaketan.
Toki-entitateetako elkarteak azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 206. artikuluan arautzen den Estatuko kontratazio-sistema zentralizatura atxiki ahal izango dira.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategineko 203. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, elkarte horiek kontratazio-zentralak sortu ahal izango dituzte. Haiei elkartutako toki-entitateak, testu bategin horretan aurreikusitako arauei jarraiki, eta herri-administrazioen kontratuak prestatu eta esleitzeko, zentral horietara atxiki ahal izango dira haiek kontratatutako zerbitzuen, horniduren eta obren kasuan.
4. Lurraldean ezarpen handiena izan duten estatu mailako toki-entitateen elkarteek toki-administrazioaren ordezkaritza instituzionala gauzatuko dute Estatuko Administrazio Orokorrarekin harremanetan jartzen direnean.» Hogeita hamasei. Aldatu egiten da bederatzigarren xedapen gehigarria, eta honela idatzita geldituko da:
«Bederatzigarren xedapen gehigarria. Tokiko sektore publikoaren neurriak berriz ezartzea.
1. Lege honetako 3.1 artikuluko toki-entitateek eta haien menpeko erakunde autonomoek ezin izango dituzte, zuzenean nahiz zeharka, entitate, sozietate, partzuergo, fundazio, unitate edo bestelako erakundeak erosi, sortu edo haien sorreran parte hartu, haien ekonomia- eta finantza-plana nahiz egokitzapen-plana indarrean den bitartean.
Aurreko paragrafoko entitateen ekonomia- eta finantza-plana edo egokitzapenplana indarrean den bitartean, entitateok ezin izango dituzte ondare arloko ekarpenak egin edo finantza-premia duten tokiko merkataritza-sozietateen nahiz enpresa--entitate publikoen kapital-gehikuntzan parte hartu. Salbuespen gisa, tokientitateek arestian aipatutako ondare-ekarpenak egin ahal izango dituzte, aurreko aurrekontu-ekitaldian aurrekontu-egonkortasunaren helburua edo zor publikoaren helburuak bete badituzte, edo hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldiak berankortasun-araudian aurreikusitako gehienezko epea hogeita hamar egun baino gehiagotan gainditzen ez badute.
2. Entitateek, baldin eta lege hau indarrean jartzen denean jarduera ekonomikoak garatzen badituzte, Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako Lege honetako 3.1 artikuluko toki-entitateetara edo haien erakunde autonomoetara atxikita badaude, eta finantza-desorekako egoeran badaude, Lege hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epea izango dute –desoreka hori zuzentze aldera– plan bat onartzeko. Udalerriko organo kontu-hartzaileak txostena egin beharko du aldez aurretik. Ondorio horietarako, eta zuzenketa-plan haren zati gisa, haren gainetik dagoen toki-entitateak arestian aipatutako ondare-ekarpenak edo toki-entitateen kapital-gehikuntzak egin ahal izango ditu, aurreko aurrekontu-ekitaldian toki-entitate horrek aurrekontu-egonkortasunaren helburua edo zor publikoaren helburua bete baditu, edo hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldiak berankortasun-araudian aurreikusitako gehienezko epea hogeita hamar egun baino gehiagotan gainditzen ez badu.
Zuzenketa hori 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen egin ezean, urteko kontuak onartu edo toki-entitatearen 2014ko ekitaldiaren aurrekontuaren likidazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan, dagokion moduan, toki-entitateak desoreka-egoeran jarraitzen duten toki-entitate guztiak desegingo ditu. Horrela egin ezean, 2015eko abenduaren 1ean automatikoki deseginda geldituko dira tokientitate horiek.
2. paragrafo honetako aurreko lerrokadan adierazitako epeak 2015eko abenduaren 31ra eta 2016ko abenduaren 1era arte luzatuko dira, hurrenez hurren, desoreka-egoeran dauden entitateek oinarrizko zerbitzu hauetakoren bat eskaintzen dutenean: uraren etxeko zuzkidura eta arazketa; hondakinen bilketa, tratamendua eta aprobetxamendua; eta bidaiarien garraio publikoa.
Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako herri-administraziotzat hartzen diren enteei dagokienez, Kontuen Europako Sistemaren barruan finantzatzeko beharra hartuko da finantza-desorekako egoeratzat; gainerako enteen kasuan, berriz, kontabilitateko bi ekitalditan jarraian ustiaketa-emaitza negatiboak edukitzea joko da finantza-desorekako egoeratzat.
3. Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako, Lege honetako 3.1
artikuluko toki-entitateei edo haien erakunde autonomoei atxikita, lotuta edo haien menpe dauden erakundeek, entitateek, sozietateek, partzuergoek, fundazioek, unitateek edo gainerako enteek ezin izango dute inolako ente berririk sortu edo haien sorreran parte hartu, haien sektore-sailkapena dena dela kontabilitate nazionaleko terminoetan.
4. Lege hau indarrean sartzean superabit- edo oreka-egoeran ez dauden edo ustiaketa-emaitza positiboak ez dituzten eta, Kontuen Europako Esparruaren ondorioetarako, Lege honetako 3..1 artikuluko edozein toki-entitatera edo haien erakunde autonomoetara atxikita nahiz lotuta egon, edo haien menpekoak diren erakunde, entitate, sozietate, partzuergo, fundazio, unitate eta gainerako enteek, Lege honetako 3.1 artikuluan zehaztutako toki-entitateekin zuzenean atxikita nahiz lotuta egon, edo haien menpekoak izan beharko dute, edo bestela, desegin egingo dira. B i kasuetan, lege hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean gertatuko da; eta desegin egiten bada, likidazio-prozesua abiaraziko da hura desegin eta hiru hilabeteko epean. Horrela ez bada, entitate horiek automatikoki desegingo dira Lege hau indarrean sartu eta sei hilabete igaro ostean.
Ez badute kontrol esklusiborik, mendeko unitate horiek hiru hilabete izango dituzte beren partaidetza eskualdatzeko, Lege hau indarrean sartzen denetik aurrera.
4. paragrafo honetako aurreko bi lerrokadetan adierazitako atxikitze, lotura edo menpekotasun hori aldatzeko, desegiteko edo partaidetzari dagokion eskualdaketa abiarazteko epeak urtebetez luzatuko dira, desorekan dauden entitateek oinarrizko zerbitzu hauetakoren bat gauzatzen dutenean: uraren etxeko hornidura eta arazketa; hondakinen bilketa, tratamendua eta aprobetxamendua; eta bidaiarien garraio publikoa.» Hogeita hamazazpi. Aldatu egiten da hamabigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:
«Hamabigarren xedapen gehigarria. Tokiko sektore publikoko goi-zuzendaritzako eta merkataritzako kontratuen ordainsariak, eta gobernu-organoetako gehienezko kide-kopurua.
1. Tokiko sektore publikoa osatzen duten ente, partzuergo, sozietate, erakunde eta fundazioek sinatutako merkataritza-kontratuetan eta goizuzendaritzako kontratuetan finkatu beharreko ordainsariak oinarrizko ordainsari eta ordainsari osagarri gisa sailkatzen dira esklusiboki.
Oinarrizko ordainsariak entitatearen ezaugarrien araberakoak izango dira, eta goi-arduradun, zuzendari edo kontratatutako langile bakoitzari esleitutako gutxieneko ordainsari nahitaezkoa hartzen dute barne.
Ordainsari osagarriek lanpostu-osagarri eta osagarri aldagarri bat hartzen dute barne. Lanpostu-osagarriak zuzendari-eginkizunen edo -karguen ezaugarri espezifikoak ordainduko lituzke; eta osagarri aldagarriak, berriz, aurrez zehaztutako helburuen lorpena.
2. Toki-korporazioaren osoko bilkurari dagokio tokiko sektore publikoa osatzen duten entitateak –lotutakoak edo menpekoak– hiru multzotan sailkatzea, betiere honako ezaugarri hauek kontuan hartuta: negozio-bolumena edo -zifra, langilekopurua, finantzaketa publikoaren premiatasun-maila, inbertsio-bolumena eta jarduera garatzen duen sektorearen ezaugarriak.
Sailkapen horrek entitatea kokatzen den maila zehaztuko du, honako helburu hauetarako:
a) Entitateen administrazioko edo gobernuko goi-organoen eta administraziokontseiluaren gehienezko kide-kopurua.
b) Antolakuntza-egitura, zuzendarien gehienezko eta gutxieneko kopurua nahiz guztizko ordainsariaren zenbatekoa finkatuz eta kargu-osagarriaren eta aldagaiaren gehieneko ehunekoa zehaztuz.
3. Hala badagokio, jenerotan jasotako ordainsariak zenbatu egingo dira, ordainsari guztiaren gehienezko zenbatekoaren mugak betetzearren. Ordainsari osoaren gehienezko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urtero finkatzen dituen mugak.
4. Aipatutako entitateen administrazioko edo gobernuko goi-organoen eta administrazio-kontseiluaren gehienezko kide-kopuruak ezin izango ditu honako hauek gainditu:
a) 15 kide 1. multzoko entitateen kasuan.
b) 12 kide 2. multzoko entitateen kasuan.
c) 9 kide 3. multzoko entitateen kasuan.
5. Nahitaez egin beharreko publizitateari kalterik egin gabe, tokiko sektore publikoan gaineratzen diren entitateek beren administrazio-, kudeaketa-, zuzendaritza- eta kontrol-organoen osaera adieraziko dute beren web orriaren bitartez, baita kideen datuak eta lanbide-esperientzia ere.
Organo horietako kideek jasoko dituzten ordainsariak entitatearen jardueramemorian jasoko dira urtero.
6. Lege hau indarrean sartu baino lehen egindako merkataritza-kontratuen eta goi-zuzendaritzako kontratuen edukia lege haren arabera egokitu beharko da hura indarrean sartu eta bi hilabeteko epean.
Egokitzapenak ez du gehikuntzarik ekarriko aurretik zuen egoerarekiko.
Entitateek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte beren barnefuntzionamendurako arauak edo estatutuak Lege honetan aurreikusitakoaren arabera egokitzeko, sailkapenaren jakinarazpena egin eta gehienez ere hiru hilabeteko epean.
7. Merkataritzako edo goi-zuzendaritzako kontratuak iraungitzean, langileek, sarbide-sistema arruntetatik kanpo, ez dute zerbitzuak eskaintzen zituzten sektore publikoko entitatearen menpeko toki-administrazioaren egituran txertatzeko eskubiderik izango.» Hogeita hemezortzi. Hamaseigarren xedapen gehigarri berri bat erantsi da, eta honela geratzen da idatzita:
«Hamaseigarren xedapen gehigarria. Toki-korporazioetan erabakiak hartzeko beharrezkoa den gehiengoa.
1. Salbuespen gisa, toki-korporazioaren osoko bilkurak lehen bozketan Lege honetan aurreikusitako erabakiak onartzeko beharrezko gehiengoa lortzen ez badu, tokiko gobernu-batzarrak honako hauek onesteko eskumena izango du:
a) Hurrengo ekitaldiko aurrekontua, aurretiaz aurrekontu luzatu bat badago.
b) Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aipatzen diren ekonomia- eta finantza-planak, berrorekatze-planak eta doikuntza-planak.
c) Toki-korporazioaren saneamendu-planak edo zorrak murrizteko planak.
d) Tokiko korporazioa apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan adierazten diren ezohiko finantziazio-mekanismoetan –indarrean daudenetan– sartzea, eta, bereziki, likideziari laguntzeko ezohiko neurriak erabili ahal izatea, zeinak herriadministrazioen berankortasunaren kontrako eta finantza-arazoak dituzten tokientitateei laguntzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 28ko 8/2013 Errege Lege Dekretuan aurreikusitakoak baitira.
2. Tokiko gobernu-batzarrak dagozkion jakinarazpenak egingo dizkio osoko bilkurari aurreko paragrafoan aipatutako erabakiak onartu eta hurrengo osoko bilkuran. Akordio horiek aplikagarriak zaizkien arau orokorren arabera argitaratuko dira.» Bigarren artikulua. Martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategina aldatzea.
Honela geratu da aldatuta martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategina: Bat. 193 bis artikulu berri bat sartu da, honela idatzita:
«193 bis artikulua. Biltzen zailak edo ezinezkoak diren eskubideak.
Toki-entitateek biltzen zailak edo ezinezkoak diren eskubideen irizpide erabakigarriak aplikatzearen emaitza jakinarazi beharko diete Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari eta haien osoko bilkurari edo organo baliokideari, gutxieneko muga hauek kontuan hartuta:
a) Likidazioa dagokion baino bi ekitaldi lehenagoko aurrekontuen barruan kitatzen diren kobratu gabeko eskubideak ehuneko 25 gutxituko dira gutxienez.
b) Likidazioa dagokion baino hiru ekitaldi lehenagoko aurrekontuen barruan kitatzen diren kobratu gabeko eskubideak ehuneko 50 gutxituko dira gutxienez.
c) Likidazioa dagokion baino lau eta bost ekitaldi lehenagoko aurrekontuen barruan kitatzen diren kobratu gabeko eskubideak ehuneko 75 gutxituko dira gutxienez.
d) Likidazioa dagokionaren aurreko gainerako ekitaldietako aurrekontuen barruan kitatzen diren kobratu gabeko eskubideak ehuneko 100 gutxituko dira.» Bi. Aldatu egiten da 213. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:
«213. artikulua. Barneko kontrola.
Hurrengo artikuluetan zehazten diren luzapenarekin eta ondorioetarako, tokientitateen, haien menpeko merkataritza-sozietateen eta erakunde autonomoen barne-kontrolerako eginkizunak gauzatuko dira, kontu-ikuskaritza funtzioaren eta finantza-kontrolerako funtzioaren modalitateetan, baita erregelamendu bidez zehazten diren entitateen auditoria eta eraginkortasunaren kontrolerako funtzioa ere.
Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren proposamenez, Gobernuak langile kontrolatzaileen eta kontrol-txostenen hartzaileen kontrolerako prozedurei, aplikazio-metodologiari, jarduketa-irizpideei, eskubideei eta betebeharrei buruzko arauak ezarriko ditu; haiek behar bezala bete beharko dira aurreko paragrafoan adierazitako kontrol-eginkizunen garapenean.
Toki-entitateetako organo kontu-hartzaileek ekitaldi bakoitzean garatutako kontrol horien emaitzak jasoko dituen laburpen-txosten bat igorriko diote, urtero, Estatuko Administrazioaren Kontu-Hartzailetza Nagusiari, aurreko lerrokadan adierazitako arauetan xedatutako epea eta edukia errespetatuz.» Hiru. Honako hau da 218. artikuluaren testu berria:
«218. artikulua. Desadostasunen ebazpenari buruzko txostenak.
1. Kontu-hartzailetzako organoak txostena helaraziko dio osoko bilkurari, adierazitako eragozpenei dagokienez toki-entitateko lehendakariak hartutako ebazpen guztien inguruan; halaber, diru-sarreren arloan antzemandako arazo nagusien laburpena bidaliko dio. Txosten horrek funtzio ikuskatzaileari dagozkion alderdiei eta betekizunei bakarrik erantzungo die, ikuskatutako jarduketen aukera edo komenigarritasunari dagozkion gaiak gaineratu gabe.
Atal honetan jasotzen denak puntu independente bat osatuko du dagokion osoko bilkurako gai-zerrendan.
Korporazioko lehendakariak jarduketaren txosten justifikatzailea aurkeztu ahal izango du osoko bilkuran.
2. Aurrekoari kalterik egin gabe, eta desadostasunak daudenean, tokientitateko lehendakariak kontrol-organo eskudunari aurkeztu ahal izango dio bere ebazpena, finantza-tutoretza esleitua duen administrazioaren gaia delako, hain zuzen.
3. Kontu-hartzailetzako organoak txosten bat helaraziko dio urtero Kontu Auzitegiari, toki-entitateko lehendakariak eta korporazioaren osoko bilkurak adierazitako eragozpenen kontra hartutako ebazpen eta hitzarmen guztien inguruan; halaber, diru-sarreren arloan antzemandako arazo nagusien laburpena bidaliko dio. Dokumentazio horrez gain, tokiko korporazioaren justifikazio-txostenak aurkeztu beharko dira, hala badagokio.» Lau. Aldatu egiten da zortzigarren xedapen gehigarria, eta honela geratzen da idatzita:
«Zortzigarren xedapen gehigarria. Euskal foru-araubidea.
1. Euskal Herriko lurralde historikoek araubide bereziarekin jarraituko dute udal-arloan ekonomia eta finantzak arautzeari dagokionez, Ekonomia Itunaren Legean esandakoaren arabera. Horrek ez du esan nahi euskal toki-korporazioek gainerako toki-korporazioek baino autonomia-maila txikiagoa izango dutenik, nahiz eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatutakoa eta gai honi dagokionez autonomia-erkidegoari dagozkion eskumenak aplikatu.
Euskal instituzioek, dagozkien eskumen-esparruetan, beren eskumenak esleitu ahal izango dizkiete beren lurraldeetako udalerriei, betiere Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoetan adierazitako irizpideei jarraiki.
2. Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren hirugarren azken xedapenean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Itunari buruzko Legearen 48. artikuluan aurreikusten den subrogazio-klausularen arabera, Lurralde Historikoek lege honetako 193. eta 218. artikuluetan xedatzen diren txostenak jasoko dituzte. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako organo kontu-hartzaileek Lege honetako 218.
artikuluan adierazten diren txostenak igorriko dizkiote Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, betiere Kontu Auzitegiari esleitutako eskumenei kalterik egin gabe.
3. Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Itunari buruzko Legearen 48. artikuluko bosgarren paragrafoan aurreikusten den subrogazio-klausularen arabera, foru aldundiek tokientitateekin hitzarmenak egiteko nahikoa eskumen izango dute beren lurraldeeremuetan; toki-entitate horien ekonomia- eta finantza-kudeaketa, kontabilitatekudeaketa eta aurrekontu-kudeaketaren barneko kontrolaz eta ikuskapenaz arduratzen diren organoen autonomia eta eraginkortasuna sendotzea da haren helburua.» Bost. Hamabosgarren xedapen gehigarri berria erantsi da, era honetara idatzita:
«Hamabosgarren xedapen gehigarria. Zerbitzuen kudeaketa integratua edo koordinatua.
Diputazioak edo haren entitate baliokideak txosten baten bidez frogatzen badu bi udalerrik edo gehiagok bertsuak diren udal-zerbitzu guztiak modu integratuan kudeatzeko lortutako akordioaren ondorioz %10a aurrezten dela udalerri bakoitzak bere aldetik gastatzen zuen erabateko kostu eraginkorrarekin konparatuz, udalerri bakoitzari aplikagarria zaion ponderazio-koefizientea 0,04 gehituko da, TokiOgasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko 124.1 artikuluaren arabera.
Arau hau aplikatzeak ez dakar berarekin, ekitaldi bakoitzerako, Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko 123. artikuluan xedatutakotik ateratzen den erabateko zenbatekoa baino handiagorik.» Lehenengo xedapen gehigarria. Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu beharreko araubidea.
1. Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoan izango da aplikagarria, betiere Konstituzioaren 149. artikuluko 1.14 eta 1.18 paragrafoetan eta lehen xedapen gehigarrian zehaztutako terminoetan; dena den, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan, eta foru-lurraldeetako eskubide historikoak eguneratzen dituzten gainerako arauetan jasotzen diren xehetasunak bete beharko dira. Legea aplikatzean, eta dagozkien koordinazio- eta tutoretza-ahalmenei kalterik egin gabe, zerbitzuak eskaintzeko moduari –Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen 26.2 artikuluan jasotzen denari– buruzko eskumena foru-aldundiei dagokie, eragindako udalerriek aurretiaz beren adostasuna ematen badute.
2. Hamabosgarren xedapen gehigarrian eta lehen, bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretan aipatutako arloetan eskualdatutako zerbitzuen kostua baloratzeko metodologia Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio eskudunek gauzatuko dute, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak xede horrekin ezarritako ildoak eta printzipioak kontuan hartuta.
Bigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Erkidegoan aplikatu beharreko araubidea.
1. Lege hau Nafarroako Foru Erkidegoan izango da aplikagarria, betiere Konstituzioaren 149. artikuluko 1.14 eta 1.18 paragrafoetan eta lehen xedapen gehigarrian zehaztutako terminoetan; dena den, Nafarroako foru-araubidea berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren hirugarren azken xedapenean jasotzen diren xehetasunak bete beharko dira. Hura aplikatzean, eta dagozkien koordinazio- eta tutoretza-ahalmenei kalterik egin gabe, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legearen 26.2 artikuluan jasotzen den zerbitzuak eskaintzeko moduari buruzko eskumena Nafarroako Foru Erkidegoari dagokio.
2. Bere eskumenen esparruan, Nafarroako Foru Erkidegoak berezko eskumenak esleitu ahal izango dizkie bere lurraldeko udalerriei nahiz Nafarroako gainerako tokientitateei; nolanahi ere, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen 25. artikuluko 3., 4. eta 5. artikuluetako paragrafoetan adierazitako irizpideak bete beharko dira.
3. Lege honetako 7.4 eta 26.2 artikuluek finantza-tutoretza gauzatzen duen administrazioari esleitzen dizkioten funtzioak Nafarroako Foru Erkidegoari dagozkio, Estatuaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean sinatutako eta uztailaren 15eko 25/2003 Legeak onartutako Ekonomia Itunaren zazpigarren xedapen gehigarrian aurreikusten den moduan.
4. Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren eta uztailaren 15eko 25/2003 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, Nafarroako Foru Erkidegoak Nafarroako toki-entitateetako organo kontu-hartzaileek igorritako txostenak jasoko ditu, oinarrizko araudia betez, haiek gero Ogasun eta Herri Administrazio Ministeriora bidaltzeko. Era berean, Nafarroako tokientitateetako organo kontu-hartzaileek Comptos Ganberara bidaliko dute informazio hori guztia, Kontu Auzitegiari esleitutako eskumenei kalterik egin gabe.
5. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen 116 ter artikuluan xedatutakoari jarraiki, Nafarroako Foru Erkidegoak Nafarroako toki-entitateek eskainitako zerbitzuen kostu eraginkorra kalkulatzeko irizpideak garatuko ditu, eta kostu horien berri izangu du.
6. Aurrekontu-egonkortasunari dagozkion helburuen esparruan eta Nafarroari aitortutako eskumenei jarraiki (xedapen honetako lehen puntuan aipatzen dira), Nafarroako Foru Erkidegoak zehaztuko ditu tokiko korporazioetako kideen, behinbehineko izaerako langileen eta haien zerbitzura eta beren sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariei eta bertaratzeei dagozkien gehienezko mugak. Ezarritako printzipioen eta egituraren arabera zehaztuko dira ordainsari horiek, eta, hala badagokio, Estatuko legedia oinarritzat hartuta.
Hirugarren xedapen gehigarria. Autonomia-eskumenak toki-araubidearen arloan.
1. Lege honetako xedapenak autonomia-erkidego guztiei izango zaizkie aplikagarriak, betiere beren autonomia-estatutuetan bereganatu dituzten toki-araubidearen esparruko eskumenei kalterik egin gabe, Estatuko oinarrizko araudiaren esparruan; gainera, behar bezala bete beharko dituzte aurrekontu-egonkortasunari, finantzairaunkortasunari eta administrazio-egituren arrazionalizazioari dagozkien printzipioak.
2. Sistema instituzional propioa duten autonomia-erkidegoen kasuan, Lege honetan egiten diren probintziako diputazioen aipamenak, autonomia-estatutuetan aurreikusitako udalerriaz gaindiko toki-enteei dagozkiela ulertuko da; haien bidez zenbait eskumen esleitzen zaizkie udalerriei laguntzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko, nahiz tokiko zerbitzu publikoak eskaintzeko.
3. Lege hau Aragoiko Autonomia Erkidegoan aplikatzean, haren autonomiaestatutuak toki-araubidearen arloan aurreikusten duen antolamendu instituzionalaren araubide berezia hartu behar da kontuan; haren arabera, autonomia-erkidegoak Lege honetan aurreikusitako eskumenak aplikatuko ditu administrazio-maila desberdinetan, betiere Konstituzioari, Lege honetako oinarrizko edukiari eta aurrekontu-egonkortasunaren, finantza-iraunkortasunaren eta administrazio-egituren arrazionalizazioaren printzipioei jarraiki.
Laugarren xedapen gehigarria. Ceuta eta Melillako hirien berezitasunak.
1. Ceuta eta Melillako hirietako gobernu-instituzioen antolamendua eta funtzionamendua Ceutako autonomia-estatutua arautzen duen martxoaren 13ko 1/1995 Lege Organikoan, Melillako autonomia-estatutua arautzen duen martxoaren 13ko 2/1995 Lege Organikoan eta dagozkien batzarren erregelamenduak egiteko ahalmenaren arabera arautuko dira; horrenbestez, esparru horretan ez da toki-araubideari buruzko araudian xedatutakoa ezarriko.
2. Martxoaren 13ko 1/1995 eta 2/1995 Lege Organikoen eta haien garapenean egindako erregelamendu-mailako arauen esparruan, Ceuta eta Melillako hiriei dagokie zerbitzu publikoak kudeatzeko modua zehaztea, betiere aurrekontu-egonkortasunari, finantza-iraunkortasunari, urte-aniztasunari, gardentasunari, erantzukizunari, instituzioen leialtasunari eta baliabide publikoen erabilera-eraginkortasunari dagozkien printzipioak errespetatuz, eta Lege honetan zehaztutakoari eta autonomia-estatutua duten hiriei aplikagarria zaien Estatuko gainerako arauei jarraiki.
3. Martxoaren 13ko 1/1995 eta 2/1995 Lege Organiko horien 21. eta 22. artikuluetan zerrendatutako eskumenen esparruan, eta Estatuko sektore-legedi zehatz bat ez dagoenean, Ceuta eta Melillako Batzarrek, erregelamenduak egiteko duten ahalmena gauzatuz, arau-hausteak tipifikatu eta betebeharrak ez betetzeagatik dagozkien zehapenak, debekuak edo mugak ezarri ahal izango dituzte, betiere eragindako asalduraren, kalteen edo arriskuaren intentsitatean oinarritutako gutxieneko antijuridikotasun-irizpideei jarraiki. Arau-hausteen eraginez isunak edo debekuak jarri ahal izango dira, arrazoizko eta neurrizko denbora-tarte baterako, jardueren exekuzioari −baita baimenduen edo jakinarazitakoen kasuan ere− nahiz ekipamendu, azpiegitura eta instalazioen erabilerari dagokionez.
Kasuan kasuko estatutuen 25. artikuluak hiriei esleitzen dizkien toki-araubideko eskumenei dagokienez, Ceuta eta Melillako Batzarrek arau-hausteak tipifikatu eta zehapenak jarri ahal izango dituzte, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. Tituluko terminoei jarraiki, zerbitzu, ekipamendu, azpiegitura, instalazio eta gune publikoen erabileraren eta bizikidetza-harremanen antolamendu egokia bermatzeko.
4. Ceuta eta Melillako hiriek lankidetza-jarduketak burutu ahal izango dituzte Estatuaren eskumena diren gaien inguruan, eta, horretarako, dagozkien lankidetzahitzarmenak sinatu beharko dituzte. Era berean, bi hiri horiek eta Estatuko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte estatutu-autonomien bidez bereganatutako eskumenei dagokienez, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamalaugarren xedapen gehigarrian zehazten den moduan.
5. Ceuta eta Melillako Batzarrek emandako eraginkortasun orokorreko arauak Estatuaren legedia orokorrean zehaztutako terminoetan gauzatuko dira, aurretiaz estatumailako arau zehatz bat egin beharrik izan gabe; izan ere, Batzar horiek erregelamenduak egiteko ahalmena erabiliko dute autonomia-estatutuei buruzko martxoaren 13ko 1/1995
eta 2/1995 Lege Organikoetako 21. artikuluko 1. paragrafoan aurreikusitako eskumenak garatzeko, arau bereko 2. paragrafoan zehaztutakoari jarraiki.
Bosgarren xedapen gehigarria. Madril eta Bartzelonako araubide bereziak.
Lege honetako xedapenak Madril eta Bartzelonako udalerrietan izango dira aplikagarriak, haien legedi espezifikoen berezitasunei kalterik egin gabe eta aurrekontuegonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioei jarraiki.
Seigarren xedapen gehigarria. Eskualdeak.
Lege honen aurreikuspenak aplikatzean eskualde-antolamendua errespetatuko da, autonomia-estatutuetan udalerriaz gaindiko zerbitzuen kudeaketa esleitzen den kasuetan.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Tokiko kontu-hartzailetzekin lankidetzan aritzea.
1. Toki-entitate interesdunarekin dagokion hitzarmena formalizatu ostean, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak laguntza-jarduketak bereganatu ahal izango ditu toki-entitateen ekonomia- eta finantza-kudeaketaren, kontabilitate-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren barne-ikuskapenaz eta kontrolaz arduratzen diren organoen autonomia eta eraginkortasuna indartzeko.
2. Toki-entitateak Estatuari ordaindu beharko dion kontraprestazio ekonomikoa aurreikusi beharko da hitzarmen horretan; horretarako kreditu bat sortu ahal izango da, aurrekontuei buruzko legedian xedatzen den moduan.
3. Lehen paragrafoan adierazitako hitzarmena sinatu ostean, Kontu-hartzailetza Nagusiak laguntza teknikorako jarduketa horiek gauzatu daitezela eskatu ahal izango dio kasu bakoitzean zehazten den kontu-hartzailetza delegatuari edo eskualdeko nahiz lurraldeko kontu-hartzailetzari.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Beste herri-administrazio batzuei eskualdatutako gizarte-segurantzako ondasun higiezinei dagozkien zerga-betebeharrak betetzea.
Ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 81.1.d) artikuluan xedatutakoa betetzen ez bada, Gizarte Segurantzako Diru-zaintza Orokorrak ez-betetzearen berri emango dio Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, haren berri izan bezain laster; horrela, dagokion subjektuari baliabideak atxiki eta ordainketa horiei legez ezarritako terminoetan aurre egingo zaie. Izan ere, eta arestian aipatutako legearen 81.1.d) artikuluaren arabera, hark subrogazio bidez ordaindu beharko ditu Gizarte Segurantzaren ondasun higiezinei dagozkien zerga-betebeharrak, haiek beste herri-administrazio batzuei edo harekin lotutako edo haien menpeko nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko entitateei atxikita edo eskualdatuta daudenean.
Bederatzigarren xedapen gehigarria. Udal-zerbitzuen eta -eskumenen erabilerari buruzko hitzarmenak.
1. Lege hau indarrean sartu aurretik toki-entitateekin Estatuak eta autonomiaerkidegoek sinatu zituzten lankidetza arloko hitzarmenek, akordioek eta gainerako tresnek Lege honetan aurreikusitakoa bete beharko dute 2014ko abenduaren 31n, baldin-eta finantziazio-motaren bat badakarte, zeinen helburua litzatekeen Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. eta 27. artikuluetan jasotakoez besteko eskumenez edo eskumen eskuordetuez toki-entitateok baliatzearen gastuak ordaintzea. Epea amaitu eta ez badira behar bezala egokitu, indarrik gabe geratuko dira.
2. Toki-entitateek Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren zentro elkartuen funtzionamendurako sinatu dituzten lankidetza-tresnak Lege honen arabera egokitu beharko dira Legea indarrean sartu eta hiru urteko epean. Toki-administrazioek, lankidetza-tresnen egokitze-epean zehar, zentro elkartuetara bideratutako finantziazioa ez zaie aplikatuko Lege hau indarrean sartu ostean matrikulatutako ikasleei eskainitako zerbitzu akademikoei.
Hamargarren xedapen gehigarria. Estatuaren eta toki-entitateen arteko lankidetzahitzarmenak.
Estatuak toki-entitateekin egindako lankidetza-hitzarmenak araudi espezifikoan xedatutakoaren arabera arautuko dira; hitzarmen horiek tokian tokiko zergak aplikatu ahal izateko informazioa lortzea eta mantentzea dute helburu. Kudeaketa-gomendioaren araubidearen, eskumenak eskuordetzeko araubidearen edo araubide mistoaren bidez egin daitezkeen hitzarmen horiek ez dute baliabide materialak edo giza baliabideak eskuordetu beharrik ekarriko, ezta bi alderdien arteko kontraprestazio ekonomikorik ere, haiek sinatzen dituzten toki-entitateen zerga-bilketa hobetzea ahalbidetzen baitute.
Hamaikagarren xedapen gehigarria. Administrazioen arteko zorren konpentsazioa, zerbitzuak edo eskumenak beren gain hartzeagatik.
Lehen eta bigarren xedapen iragankorren bigarren paragrafoetan adierazten diren zerbitzuak eta eskumenak beren gain hartu ostean, autonomia-erkidegoek, beren lurralde- eremuko udalerri bakoitzari dagokionez, jakinarazpena egingo diote Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari, udalerri horiei ordaindu beharreko betebeharren zenbatekoaz gain; horrela, eta erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan, eskubideen eta betebeharren elkarren arteko konpentsazioak gauzatuko dira eta lortutako saldoa dagokion herri-administrazioaren alde ordainduko da, eta hala badagokio, dagokion zenbatekoa berreskuratuko da herri-administrazio zordunaren finantziazio-sisteman atxikipenak aplikatuz.
Hamabigarren xedapen gehigarria. Finantza-tutoretzari buruzko informazioa.
Finantza-tutoretzaren esparruan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek tokientitateek aurkeztutako dokumentazio, txosten, egintza, ebazpen eta eskaeren inguruko txosten bat argitaratuko dute, hiru hilez behin, beren web atarien bitartez, betiere finantzatutoretzaren inguruko eskumenak betez, eta autonomia-erkidegoak esparru horretan hartutako ebazpenak betez.
Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari ere jakinaraziko zaizkio txosten eta ebazpen horiek.
Hamahirugarren xedapen gehigarria. Gutxieneko zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin sortutako partzuergoak.
Lege hau indarrean sartu aurretik sortutako partzuergoen zerbitzura egon eta Tokiaraubidearen Oinarriak arautzeari buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 26. artikuluan aipatutako gutxieneko zerbitzuak eskaintzen dituzten langile, honako hauek izan daitezke:
partzuergoan parte hartzen duten administrazioen lanpostu-berresleipenetik etorritako lan-kontratudunak edo funtzionarioak ez direnak.
Hamalaugarren xedapen gehigarria. Partzuergo jakin batzuen araubide juridiko berezia.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hogeigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa ez da aplikagarria izango Lege hau indarrean sartu aurretik sortutako partzuergoetan, baldin eta: Kontuen Europako Sistemaren ondorioetarako, haiek herri-administrazio gisa hartzen ez badira; toki-entitate eta entitate pribatuek partaidetzen badituzte; ondoz ondoko bi ekitalditan zehar galerak izan ez badituzte; eta Lege hau indarrean sartu aurreko bost ekitaldietan herri-administrazioen aldetik diru-laguntzarik jaso ez badute, partzuergoko enteek egin behar dituzten ekarpenei kalterik egin gabe. Aipatutako baldintza guztiak mantentzen diren bitartean, partzuergo horiek beren estatutuetan aurreikusitakoaren arabera arautuko dira.
Hamabosgarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoek hezkuntzarekin lotutako eskumenak beren gain hartzea.
Autonomia-erkidegoen eta toki-ogasunen finantziazio-sistema arautzen duten arauek behar bezala finkatuko dute autonomia-erkidegoek nola hartuko dituzten beren gain udalerriaren berezko eskumen gisa aurreikusten diren eskumenen titulartasuna, baita probintziako diputazioek edo entitate baliokideek nahiz beste edozein entitatek gauzatu dituenean ere. Eskumenok nahitaezko eskolatzea betetzen dela zaintzeko partaidetzarekin eta dagozkion hezkuntza-administrazioei laguntzearekin lotuta egongo dira, ikastetxe berrien eraikuntzarako beharrezko orubeak lortzeko, baita haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo hezkuntza bereziko eraikuntzetara xedaturiko toki-titulartasuneko eraikuntzak kontserbatu, mantendu eta zaintzeko ere. Horretarako, dagozkion giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak eskuordetzea begietsiko da.
Hamaseigarren xedapen gehigarria. Uharteetako Kabildoak eta Kontseiluak.
1. Lege hau legedi espezifikoan aurreikusitako terminoetan aplikatuko zaie Kanariar Uharteetako Kabildoei, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioei jarraiki.
2. Lege hau legedi espezifikoan aurreikusitako terminoetan aplikatuko zaie Balear Uharteetako Kontseiluei, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioei jarraiki.
Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Gurtzarako lekuak irekitzea.
Gurtzarako lekuak irekitzeko, eliza, konfesio edo erlijio-komunitateek haien nortasun juridiko zibila egiaztatu beharko dute Erlijio entitateen Erregistroak xede horrekin igorritako ziurtagiriaren bitartez; bertan, osatu nahi den gurtzarako lekuaren kokalekua agertuko da.
Ziurtagiri hori lortu ostean, izapideak Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84.1.c) artikuluan xedatzen denaren arabera egokituko dira; hala ere, dagokion hirigintza-lizentzia eskuratu beharko dute.
Lehenengo xedapen iragankorra. Autonomia-erkidegoek osasunarekin lotutako eskumenak beren gain hartzea.
1. Lege hau indarrean sartu ostean, autonomia-erkidegoen eta toki-ogasunen finantziazio-sistema arautzen duten arauekin bat etorriz, autonomia-erkidegoek udalerrien berezko eskumen gisa aurreikusten ziren eskumenen titulartasuna bereganatuko dute, osasunaren lehen mailako arretaren kudeaketan parte hartzeari dagokionez.
Autonomia-erkidegoek eskumen horien titulartasuna hartuko dute beren gain, ordura arte udalerri, probintziako diputazio edo entitate baliokideek nahiz bestelako toki-entitateek gauzatu arren.
2. Lege hau indarrean sartu eta gehienez ere bost urteko epean, autonomiaerkidegoek aurreko paragrafoan aipatutako osasunaren arloko eskumenekin lotutako zerbitzuen kudeaketa hartuko dute beren gain, pixkanaka (ehuneko hogei urtean).
Ondorio horietarako, autonomia-erkidegoak zerbitzuak ebaluatu eta berregituratzeko plan bat landuko du.
3. Edonola ere, autonomia-erkidegoek arestian aipatutako zerbitzu horiek kudeatzean ez da, inola ere, herri-administrazio guztien gastua areagotuko.
4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa behar bezala bete beharko da, eta autonomiaerkidegoek eskumen horiek udalerriei, probintziako diputazioei edo entitate baliokideei eskuordetu ahal izango dizkiete, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluan jasotzen den moduan.
5. Lehen paragrafoan aurreikusitako terminoetan, eta autonomia-erkidegoen eta toki-ogasunen finantziazio-sistema arautzen duten arauekin bat etorriz, autonomiaerkidegoek xedapen honetan aurreikusitako zerbitzuen urteko ehuneko hogeiaren garapena beren gain hartzen ez badute −arestian aipatutako bost urteko epearen barruan−, edo zerbitzuok eskuordetzea erabakitzen badute, udalerriak, probintziako diputazioak edo entitate baliokideak jarraituko du haiek eskaintzen, autonomiaerkidegoaren kargura. Autonomia-erkidegoak ez baditu xede horretarako zenbateko zehatzak transferitzen, beren finantziazio-sistemaren aplikazioari dagozkion transferentzietan atxikipenak aplikatuko dira, betiere araudiak jasotzen duena kontuan hartuta.
Bigarren xedapen iragankorra. Autonomia-erkidegoek gizarte-zerbitzuekin lotutako eskumenak beren gain hartzea.
1. 2015eko abenduaren 31n, autonomia-erkidegoen eta toki-ogasunen finantziaziosistema arautzen duten arauetan aurreikusitako terminoetan, autonomia-erkidegoek udalerrien berezko eskumen gisa aurreikusten ziren eskumenen titulartasuna hartuko dute beren gain, gizarte-zerbitzuak eskaintzeko eta gizarte-sustapeneko eta gizarteratzeko zerbitzuak eskaintzeko eskumenak, alegia.
Autonomia-erkidegoek eskumen horien titulartasuna hartuko dute beren gain, ordura arte udalerri, probintziako diputazio edo entitate baliokideek nahiz bestelako toki-entitateek gauzatu arren.
2. Aurreko paragrafoan adierazitako gehienezko epean, eta zerbitzuak ebaluatzeko, berregituratzeko eta ezartzeko plan bat landu ostean, autonomia-erkidegoek zerbitzu haren berehalako estaldura hartu beharko dute beren gain, beren eskumenen esparruan.
3. Edonola ere, autonomia-erkidegoek arestian aipatutako zerbitzu horiek kudeatzean ez da, inola ere, herri-administrazioen gastua areagotuko.
4. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa behar bezala bete beharko da, eta autonomiaerkidegoek eskumen horiek udalerriei, probintziako diputazioei edo entitate baliokideei eskuordetu ahal izango dizkiete, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluan jasotzen den moduan.
5. Xedapen honetako 1. paragrafoan adierazitako epean, eta autonomia-erkidegoen eta toki-ogasunen finantziazio-sistema arautzen duten arauetan aurreikusitako terminoetan, autonomia-erkidegoek ez badute udalerriek, probintziako diputazioek edo entitate baliokideek eskainitako beren eskumeneko zerbitzuen garapena beren gain hartzen, edo ez badute haiek eskuordetzea hitzartu, udalerriak jarraituko du zerbitzuak eskaintzen, autonomia-erkidegoaren kargura. Autonomia-erkidegoak ez baditu xede horretarako zenbateko zehatzak transferitzen, beren finantziazio-sistemaren aplikazioari dagozkion transferentzietan atxikipenak aplikatuko dira, betiere araudiak jasotzen duena kontuan hartuta.
Hirugarren xedapen iragankorra. Osasun-ikuskapenerako zerbitzuak.
Lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, autonomia-erkidegoek ordura arte udalerriek eskaini dituzten hiltegien, elikagai-industrien eta edari-industrien osasunkontrolarekin eta -ikuskapenarekin lotutako zerbitzuak eskainiko dituzte.
Laugarren xedapen iragankorra. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateen deuseztapena.
1. Lege hau indarrean sartzen den unean dauden Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateek beren nortasun juridikoari eta toki-entitatearen baldintzari eutsiko diote.
2. 2014ko abenduaren 31n, Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateek beren kontuak aurkeztu beharko dituzte Estatuari nahiz kasuan kasuko autonomiaerkidegoari dagozkion erakundeetan, desegiteko arrazoirik izan ez dezaten.
3. Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitateek beren kontuak Estatuari nahiz kasuan kasuko autonomia-erkidegoari dagozkion erakundeetan ez aurkeztea, hura desegiteko moduko arrazoia izango da. Desegite hori dagokion autonomia-erkidegoaren gobernu-organoaren dekretu bidez erabakiko da, eta, bertan, hura antolamendu deskonzentratu gisa mantentzea zehaztu ahal izango da.
Desegiteak honako ondorio hauek izango ditu:
a) Desegindako entitatearen zerbitzura zeuden langileak hari zegokion lurraldeeremuko Udalean txertatuko dira.
b) Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitatearen gainetik zegoen Udalak subrogatuko ditu haren eskubide eta betebehar guztiak.
Bosgarren xedapen iragankorra. Sortzen ari diren Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko -entitateak.
Udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko entitate gisa sortzeko prozedura 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen abiarazi duten biztanle-guneek nortasun juridiko propioa izango dute eta toki-entitatearen izaera izango dute sortu ostean; gainera, dagokion autonomialegedian xedatutakoaren arabera arautuko da.
Seigarren xedapen iragankorra. Partzuergoen araubide iragankorra.
Lege hau indarrean sartu aurretik sortutako partzuergoek bertan aurreikusten denaren arabera egokitu beharko dituzte beren estatutuak, Legeak indarra hartu eta urtebeteko epean.
Egokitzapenaren ondorioz, partzuergoen zerbitzura dauden langileen araubide juridikoan edo aurrekontu-araubidean kontabilitatearen edo kontrolaren arloko aldaketaren bat egin behar izanez gero, araubide berri hura hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango da aplikagarria.
Zazpigarren xedapen iragankorra. Gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide iragankorra.
Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluan aurreikusitako erregelamendua indarrean sartu bitartean, eta Lege honetan ezarritakoaren aurkakoa ez den guztirako, artikulu horretako aplikazio-eremuan sartzen diren funtzionarioen inguruko erregelamendu-mailako araudiak jarraituko du indarrean.
Lege hau indarrean sartu aurretik abiarazitako gaikuntza nazionala duten tokiadministrazioko funtzionarioen administrazio-prozedurek izapidetze-prozesuan jarraituko dute eta haiek abiarazi diren unean indarrean zen araudiaren arabera desegingo dira.
Gaikuntza nazionaleko funtzionarioen eskalari egindako erreferentziak gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioen eskalari dagozkiola ulertuko da.
Zortzigarren xedapen iragankorra. Diputazioetako eta uharteetako kontseilu eta kabildoetako zuzendaritza-kideen araubide iragankorra.
Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 32 bis artikuluan aurreikusitako araubidea Lege hau indarrean sartu ostean egindako izendapenetan izango da aplikagarria.
Bederatzigarren xedapen iragankorra. Toki-entitateetako zuzendari nagusien araubide orokorra.
Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 130. artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusitakoa Lege hau indarrean sartu ostean egindako izendapenetan izango da aplikagarria.
Hamargarren xedapen iragankorra. Behin-behineko langileen eta arduraldi esklusiboko kargu publikoen kopuruari dagozkion mugen aplikazioa.
1. Toki-entitateek aurrekontu-egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak betetzen dituztenean, eta hornitzaileei ordainketak egiteko batez besteko denbora-tarteak berankortasun-araudian aurreikusitako 30 eguneko gehienezko epea gainditzen ez duenean, salbuespen gisa, ez zaizkie aplikatuko Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75 bis eta ter eta 104 bis artikuluetan aurreikusitako mugak, 2015eko ekainaren 30era arte.
2. Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioko Tokiko eta Erkidegoko Koordinaziorako Idazkaritza Nagusiak egiaztatuko du aurreko paragrafoan aurreikusitako baldintzak bete egiten direla, eta, horretaz gain, toki-entitateek Ministerio horri helarazitako informazioaren arabera, aurreko paragrafoan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten toki-entitateen zerrenda argitaratuko du.
3. Xedapen honetan aurreikusitako salbuespena aplikatu ahal izango zaie, Lege hau indarrean sartzen den unean, lehen paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituzten toki-entitateei. Haien aplikazioa 2015eko ekainaren 30era arte mantenduko da, betiere aipatutako baldintzak betetzen jarraitzen badute.
4. Xedapen honetan adierazten diren baldintzak betetzen dituzten toki-entitateek ez dute, inola ere, 2012ko abenduaren 31n beren zerbitzura zeuden behin-behineko langileen edo arduraldi esklusiboko kargu publikoen kopurua handitu ahal izango.
Hamaikagarren xedapen iragankorra. Udalerrien mankomunitatea.
Lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, udalerrien mankomunitateek Tokiaraubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egokitu beharko dituzte beren estatutuak, haiek desegiteko arrazoirik egon ez dadin.
Udalerri-mankomunitateen eskumenak obrak egitera eta beharrezko zerbitzu publikoak betetzera bideraturik egongo dira, udalerriek, horrela, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. eta 26. artikuluetan adierazitako zerbitzuak eskaini edo eskumenak gauzatu ahal izan ditzaten.
Desegite-prozesua autonomia-erkidegoko gobernu-organoak abiarazi eta ebatziko du, eta honako ondorio hauek izango ditu:
a) Desegindako komunitatearen zerbitzura zeuden langileak hura osatzen zuten toki-entitateetan txertatuko dira, haien estatutuetan aurreikusitakoari jarraiki.
b) Desegindako mankomunitatea osatzen zuten toki-entitateek haren eskubide eta betebehar guztiak subrogatuko dituzte.
Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.
Lege hau indarrean jartzen denean, indargabeturik geratzen dira legean bertan xedatutakoaren aurka dauden edo harekin kontraesanean dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak. Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen bigarren xedapen gehigarria eta zazpigarren xedapen iragankorra indargabetuko dira.
Azken xedapenetako lehenengoa. Apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen da, zeinen bidez toki-araubidearen arloan indarrean dauden legexedapenen testu bategina onartzen baita.
Apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako tokiaraubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenetako testu bateginaren 97. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatu da, eta honela geratuko da:
«2. Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 86.2 artikuluan xedatutakoaren arabera gordetako jardueren monopolioaraubidearen exekuzio eraginkorra egiteko, aurreko zenbakian aurreikusten diren monopolio-araubidearen egokitasunari buruzko izapideak bete beharko dira eta dagokion eskumen-agintaritzaren txostena aurkeztu beharko da; horrez gain, korporazioko kideen gehiengo osoz onartu beharko da d) paragrafoan adierazten den akordioa.
Korporazioaren erabakia lortu ostean, autonomia-erkidegoko organo eskudunari igorriko zaio espediente osoa. Haren gobernu-kontseiluak espedientearen onespena hiru hilabeteko epean erabakiko du.
Estatuko Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko gobernu-kontseiluaren organo aholku-emaile gorenaren irizpena eskatuz gero −hala badagokio−, ez da kontsulta ebakuatzen igarotako denbora zenbatuko.» Azken xedapenetako bigarrena. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzea.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu da eta hogeigarren xedapen gehigarria gehitu da; honela idatzita geratzen da:
«Hogeigarren xedapen gehigarria. Partzuergoen araubide juridikoa 1. Partzuergo bakoitzeko estatutuetan hura atxikiko den herri-administrazioa zehaztuko da, baita haren araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa ere, hurrengo paragrafoetan aurreikusitakoaren arabera.
2. Aurrekontu-ekitaldiaren lehen eguneko egoerari dagozkion eta jarraian agertzen diren lehentasun-irizpideei jarraiki, partzuergoa honako herri-administrazio honetara atxikiko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eta epealdi horretarako:
a) Gobernu-organoetan botoen gehiengoa duen administraziora.
b) Organo betearazleetako kideen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.
c) Zuzendaritzako langileen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.
d) Araudi berezi bat duelako, partzuergoaren jardueraren gainean kontrol gehien duen administraziora.
e) Gobernu-organoko langileen gehiengoa izendatzeko edo ordezkatzeko ahalmenak dituen administraziora.
f) Partzuergoak garatutako jardueraren ehuneko berrogeita hamarra edo gehiago finantzatzen duen administraziora, ondare-funtsaren ekarpena nahiz urtero egindako finantziazioa kontuan hartuta.
g) Ondare-funtsean partaidetza-ehuneko handiena duen administraziora.
h) Biztanle gehien dituen edo lurralde-hedapen gehien duen administraziora, estatutuan definitutako helburuak zerbitzuen eskaintzara, pertsonengana edo lurraldearen gaineko jardueren garapenera xedaturik dauden kontuan hartuta.
3. Partzuergoan irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek parte hartzen badute, partzuergoa dagokion herri-administrazioari atxikita egongo da, aurreko paragrafoan zehaztutako irizpideei jarraiki.
4. erantsita dauden herri-administrazioari dagokion aurrekontuaren, kontabilitatearen eta kontrolaren arloko araubidea bete beharko dute partzuergoek, betiere aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitakoari jarraiki. Dena den, urteko kontuen auditoria egingo da, eta hura partzuergoa erantsi den administrazioaren kontrol-organoaren erantzukizuna izango da. Aurrekontuetan eta atxiki den herri-administrazioaren kontu orokorretan hartu beharko dute parte partzuergoek.
5. Partzuergoaren zerbitzura dauden langile izan daitezke, bakar bakarrik, administrazio parte-hartzaileetako lanpostuen berresleipenetik ateratako funtzionarioak edo lan-kontratudunak; haiek atxiki diren herri-administrazioaren araubide juridikoaren menpe egongo dira, eta haien ordainsariek ez dituzte, inola ere, bertako lanpostu baliokideetarako ezarritakoak gaindituko.» Azken xedapenetako hirugarrena. Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen aldaketa.
Ekonomia Iraunkorrari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 36. artikuluko 1. paragrafoa aldatu da. Aurrerantzean, honela geratzen da idatzita:
«1. Toki-entitateek ez badute Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioari ekitaldi bakoitzeko aurrekontuen likidazioari buruzko informazio guztia igortzeko betebeharra betetzen, martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutako Toki-ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategineko 193.5
artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Maila Autonomikoa eta Tokikoa Koordinatzeko Idazkaritza Nagusiak konturako ekarpenen atxikipena gauzatuko du, baita, hala badagokio, Estatuaren tributuetan duten partaidetzetatik eragindako aurrerakin eta behin betiko likidazioen atxikipena ere, likidazioari dagokion ekitaldiaren hurrengo ekainetik aurrera, harik eta igorpen hori eta arau hau aplikatuko zaien ekitaldietako likidazioak erregularizatzen diren arte.
Era berean, toki-entitateek ez badute martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako toki-ogasunak arautzen dituen legearen testu bateginaren 212.5 artikuluan adierazten den informazioa Kontu Auzitegira bidaltzen, kontura egindako emakiden zenbatekoa atxiki ahal izango da, baita, hala badagokio, dagozkien Estatuko zergen partaidetzaren behin betiko likidazioak eta aurrerakinak ere, informazio hori bidaltzeko betebeharra betetzen duten bitartean. Aipatutako atxikipena edo galarazpena burutu ahal izateko, Kontu Auzitegiak jakinarazpen bat egin beharko dio Maila Autonomikoa eta Tokikoa Koordinatzeko Idazkaritza Nagusiari.
Ondorio horietarako, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeetan araututako aurrerakinen itzulketak eta aipatutako testu bateginaren laugarren xedapen gehigarriak adierazitako atxikipenak egin ondorengo zenbatekoa izango da atxiki beharrekoa.» Azken xedapenetako laugarrena. Lurzoruaren Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua aldatzea.
39. artikuluari 5. paragrafo berri bat erantsi zaio; honako hau dio:
«5. Salbuespen gisa, lurzoruaren ondare publikoa duten udalerriek Udalaren merkataritza- eta finantza-zorra murriztera bideratu ahal izango dute ondare hori, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
a) Toki-entitatearen abian den urteko aurrekontua onartu eta aurreko ekitaldietakoa likidatu izana.
b) Lurzoruaren udal-ondarearen araubidea behar bezala eguneratu izana.
c) Udal-aurrekontuan lurzoruari dagozkion udal-ondarearen partidak behar bezala kontabilizatuta izatea.
d) Toki Korporazioko osoko bilkurak erabaki bat lortu izana. Bertan behar bezala jasoko da zenbateko horiek lurzoruaren udal-ondarearen berezko helburuetara bideratzea ez dela beharrezkoa eta haiek tokiko korporazioaren zorra murriztera xedatuko direla, betiere haiek nola itzuliko diren argi eta garbi adieraziz.
e) Finantza-tutoretza gauzatzen duen organoaren aurretiazko baimena lortu izana.
Eskuragarri dagoen zenbatekoa tokiko korporazioak birjarri beharko du, gehienez ere hamar urteko epean, betiere erabilitako kantitateak lurzoruaren udalondareari itzultzeko korporazioaren erabaki bidez zehaztu diren ehunekoak eta urterokoak betez.
Era berean, erabaki hartu eta hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan aurreko lerrokadan aipatutako urterokoak jaso beharko dira, diru-sarrera arrunten kargura.» Azken xedapenetako bosgarrena. Eskumen-titulua.
Lege hau Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 14. eta 18. paragrafoetan jasotzen diren eskumen-tituluen babespean eman da.
Azken xedapenetako seigarrena. Indarrean sartzea.
Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean».
Horrenbestez, Lege hau betetzeko eta betearazteko agintzen diet espainiar guztiei, norbanakoei eta agintariei.
Madrilen, 2013ko abenduaren 27an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY