26/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa, Arte-sorkuntzari eta zinematografiari buruzko presako neurriak onartzen dituena.
2018-12-28Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2018/12/29 314zk
I. XEDAPEN OROKORRAK
17990 26/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 28koa, Arte-sorkuntzari eta
zinematografiari buruzko presako neurriak onartzen dituena.
Diputatuen Kongresuaren Osokoak aho batez onartu zuen, 2018ko irailaren 6an, Diputatuen Kongresuaren Kultura Batzordean sortutako azpibatzorde batek Artistaren Estatutua prestatzeko egindako txostena. Azpibatzorde horrek ekainaren 7an onetsi zuen txosten hori, eta, zeregin horretan, partaide izan zituen administrazio publikoen profesionalak, agente pribatuak eta arloko elkarte eta erakundeak.
Diputatuen Kongresuak onartutako txostenean, Gobernuari eskatzen zaio sorkuntza artistikoari buruzko presako neurriak har ditzan, Espainiako sortzaileen lan-baldintzak hobetzeko. Neurrion ardatza kulturako ordezkariek Azpibatzordeari helarazi zizkioten hiru arazo nagusi hauek dira: arloko fiskalitatea, lan-arloko eta gizarte-segurantzako babesa eta erretiro-prestazioen eta egile-eskubideengatiko diru-sarreren arteko bateragarritasuna.
Ildo horretatik, txostenak zenbait proposamen biltzen ditu, nagusiki zerga- eta lan-arlokoak eta gizarte-segurantza arlokoak, helburu dutenak lan artistikoaren espezialitateei aplikatzen zaien araubide arautzailea egokitzen saiatzea. Izan ere, lan horren ezaugarriak dira aldizkakotasuna, heterogeneotasuna eta beste sektore batzuetan baino egonkortasun-falta askoz nabarmenagoa. Hori guztia, oso bizkor aldatzen ari den lan-arloko testuinguru batean, eta, zer esanik ez, kultura arloko lanean, non, batzuetan, ez baita behar bezala ulertzen kultura-bokazioa, profesionalizazioaren aurkakotzat jotzen baita. Izan ere, premiazkoa da kultura sektoreen profesionalizazioa aldarrikatzea, eta, horretarako, ziurtatu beharra dago zerga- eta lan-arloko eta gizarte-segurantzako arauek ez dituztela sektoreok diskriminatzen. Baldintza materialak hobetzea da xedea, beraz, baina, baita ere, kulturaren garrantzia nabarmentzea, eta argi adieraztea kulturako egile eta profesionalek ordainsari bidezkoak merezi dituztela eta babestuta egon behar dutela, beste langile batzuk dauden neurria berean.
Hortaz, arau honetan proposatzen diren neurriek, txostenaren gomendioak oinarri hartuta, barnean hartzen dituzte kultura-sorkuntzan parte hartzen duten pertsona, jarduera eta tarteko prozesu guztiak, kulturako profesional guztien baldintzak hobetzeko asmoz, edozein direla ere haien jarduna garatzen duten lurraldea, sektorea edo aplikagarri zaien hitzarmen kolektiboa. Azpibatzordearen txostenak dioenez, «xedea da arau-proposamen honek biltzea kultura-prozesuaren pertsona, jarduera eta une guztiak, hau da: obra sortzen duena, horretarako, prestatu eta ikertu behar baitu; agertokia diseinatzen duena; argiztatzen duena; musika idazten duena eta interpretatzen duena; obra sustatzen duena; poema bat ilustratzen duena eta errezitatzen duena; obraren komisarioa; hura publikoari helarazten diona, eta, oro har, prozesu guztia kudeatzeaz eta eusteaz arduratzen dena, lan agerikoa, ezkutua edo biak batera eginda. Horiek guztiak ezinbestekoak dira antzezlan edo erakusketa batekin goza dezagun, edo liburu, pintura, argazki, film, opera edo kontzertu batekin. Haiek gabe, inork ez luke ordainduko kasuan kasuko sarreraren prezioa, edo harpidetza, liburu edo antzezlan batena.»
Hortaz, arau honetan txosteneko proposamenak bilduta, kultura arloko langile guztien baldintzak hobetu nahi dira, eta, horretarako, kultura sektoreko espezialitateei eta, bereziki, espezialitateen aldizkakotasunari aplikatu beharreko araudia egokitu behar da. Hartutako neurrien xedea, finean, baldintzak hobetzea da, bermatzeko eraginpeko kolektiboek (aktore, idazle, zinemagile, konposatzaile, dantzari eta abarrek) jarduera artistikoan egoki jardungo dutela, tratamendu espezifikoa emanez bai lan-arloan, bai gizarte-segurantzakoan, bai zerga-araubidearen arloan. Hortaz, zenbait aldaketa egin beharra dago sektore hau arautzen duten xedapen arauemaileetan; horrela, Gobernuak erantzuna ematen dio Diputatuen Kongresuari, kontuan hartuta, gainera, lehendik ere aldaketa horiek egitea presakoa zela.
Xedapen honen onarpena bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako erregulazio onaren printzipioekin, hau da, honako hauekin: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Premia- eta eraginkortasun-printzipioekin bat etorriz, interes orokorreko arrazoi batek justifikatzen du ekimen arauemailea, behin lortu nahi diren helburuak identifikatuta; gainera, errege lege-dekretua jotzen da tresna egokientzat, helburu horiek lortuko direla bermatzeko. Proportzionaltasun-eta efizientzia-printzipioei jarraituz, proposatutako aldaketak ezinbestekoak dira egungo eskaerei erantzuteko; izan ere, egiaztatuta dago ez dagoela beste neurririk, eskubide-murrizketa txikiagorik dakarrenik, edo hartzaileei betebehar gutxiago ezartzen dienik. Azkenik, segurtasun juridikoaren eta gardentasunaren printzipioak bermatzeko, ekimen arauemaile hau gauzatzean koherentzia gorde behar da gainerako ordenamendu juridikoarekin, izan Espainiakoa zein Europar Batasunekoa, segurtasuneko araugintza-esparru bat sortzeko, erraztasunak emango dituena araua ezagutzeko eta ulertzeko eta, ondorioz, eraginpeko pertsonek eta enpresek jarduteko eta erabakiak hartzeko.
Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluak honela dio: «Aparteko eta presako beharrizana dagoenetan, Gobernuak behin-behineko lege-xedapenak eman ditzake, lege-dekretuen forma hartuko dutenak; lege-dekretu horiek ezingo dute eraginik izan estatuaren oinarrizko erakundeei buruzko antolamenduan, 1. tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, autonomia-erkidegoen araubidean, ez eta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.»
Aztertzeko ematen den errege lege-dekretua justifikatuta dago bi beharrizan daudelako, biak ere apartekoak eta presakoak. Izan ere, 2018ko ekainaren 7an Diputatuen Kongresuaren Azpibatzordeak Artistaren Estatutuari buruzko txostena onartu zuen, eta Kongresuaren Osokoak 2018ko irailaren 6an berretsi zuen proposamen hori, eta, horren ondorioz, premiazkoa zen ardura handienaz erantzutea ganbara osoak egindako halako eskaerari. Egungo jardun parlamentarioan, ez da ohikoa Diputatuen Kongresuak aho batez onartzea eztabaidagai baten gaineko erabakia. Horregatik, ez dirudi politikoki egokia denik proposamen hori gehiago atzeratzea, aintzat hartuta eskaera parlamentarioak asetzera bideratuta dagoela. Gainera, errege lege-dekretuaren eduki arauemaile nagusiek denborarekin lotura nabarmena dute, indarrean jarri behar baitira urteko lehen egunean, eragina izan dezaten zerga-ekitaldian (lehenengo eta bigarren artikuluan bildutako zerga-neurriak). Berdin gertatzen da gizarte-segurantzaren arloko neurriekin; izan ere, artisten jarduerarik ezaren araubideari buruzko aurreikuspenak (laugarren artikulua) urte naturalen kalkuluan oinarritzen dira; Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzeko eskaera (xedapen iragankor bakarrekoa) urteko lehen egunetik aplikatzen da.
Gainera, lege-dekretua justifikatzen duen premisak oinarritzat du Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 4ko 6/1983 Epaiak deskribatutako egoera; izan ere, honela dio epai horren 5. oinarri juridikoak: «beharrizan erlatibo bat, Gobernuaren helburu diren egoera zehatzei dagokiena; izan ere, aurreikusten zailak diren arrazoiengatik, halako egoerek berehalako ekintza arauemaile baten premia dute, epe laburragoan gauzatuko dena ohiko bidetik baino edo legeak parlamentuan izapidetzeko urgentziako prozeduraren bidez baino» (ildo berekoak dira KAren epai hauek: abenduaren 2ko 111/1983, otsailaren 20ko 29/1986, urtarrilaren 21eko 23/1993, etab.). Oraingo honetan, Gobernuak bi helburu bete beharra dauka: ahalik eta lasterren erantzutea parlamentuak aho batez egindako eskaera bati; izan ere, araua 2018an indarrean jarriko ez balitz, 2020ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko lirateke haren eraginkortasun juridikoa eta ondorio sozialak. Beraz, «berehalako ekintza arauemailea»k epemuga bat dauka: 2018ko abenduaren 31.
Kontuan hartu behar da Konstituzio Auzitegiak Gobernuari esleitzen diola aparteko eta presako beharrizana dagoela hautemateko ahalmena, eta, horretarako, Gobernuak nahikoa du «Estatuaren zuzendaritza politikoaren ardura duten organoen azterketa politiko hutsa» (KAren maiatzaren 31ko 29/1982 Epaiaren 3. oinarri juridikoa, zeina berretsi baitzen KAren urriaren 28ko 182/1997 Epaiaren 3. oinarri juridikoaren bidez). Gobernuak, azterketa politikoaren bidez, uste badu beharrezkoa dela Diputatuen Kongresuaren eskaerei erantzuna ematea, kontuan hartuta, gainera, eskaera horiek demanda sozial zabal samar baten adierazpidea direla; eta, gainera, zergen denborazkotasuna dela eta, egiaztatuta badago neurri politikoak urte jakin bateko lehen egunean jarri behar direla indarrean, bada, indar handia hartzen du aparteko eta presako beharrizanak, justifikazio-premisa gisa; izan ere, lege-dekretuari heldu gabe, halako neurri politikoak urtebete atzeratuko lirateke, gorago adierazi bezala.
Horren aurrean, argudiatu liteke proposamena egin duten ministerioek arinago jardun zezaketela Kongresuaren agindua arau bidez gauzatzeko garaian; baina, horri erantzunez, adierazi beharra dago ezen, agindua, 2018ko udaberritik ezaguna izan arren, ez zela bukatutzat eman harik eta Kongresuaren Osokoak joan den irailaren 6an Kultura eta Kirol Ministerioaren funtzio koordinatzailea martxan jarri zuen arte; funtzio horren bidez, izan ere, proposamenean parte hartu zuten gainerako ministerioei eskatzen zitzaien haien artikuluak proposatzeko.
Gainera, Konstituzio Auzitegiak baldintza hau ezartzen du: «zentzuzko lotura bat edo egokitasun-erlazio bat egotea, prozedura justifikatzen duen egoeraren eta errege-dekretuan hartzen diren neurrien artean (KAren maiatzaren 31ko 29/1982 Epaiaren 3. oinarri judiziala, eta KAren uztailaren 7ko 189/2005 Epaiaren 3. oinarri judiziala). Baldintza hori bete egiten da kasu honetan, aurreikusitako neurriak jasota baitaude Diputatuen Kongresuak prestatu zuen eskaera-katalogoan, eta, hain zuzen ere, horregatik, denborazkotasuna agertzen da, hau da, neurriak urteko lehen egunean indarrean jarri beharra.
Behin aztertuta aparteko eta presako beharrizana justifikatzen duen premisa, eta premisa horren eta lege-dekretuan biltzen diren neurrien arteko zentzuzko lotura, zehatz aztertu behar dira arauaren manuak, badaezpada haietariko batek eragina badauka Konstituzioak kanpoan utzitako gaietan.
Zerga-arloan, lehenengo eta behin, azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen da, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena eta partez aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga. Aldaketa horren helburua da ehuneko 19tik 15era murriztea atxikipenaren eta konturako sarreraren ehunekoa, jabetza intelektualetik sortutako kapital higigarriaren etekinei aplikatzen zaiena, zergaduna egilea ez denean, betiere.
Bestalde, aurreikusita dago erregulatzea pertsona fisiko diren interprete, artista, zuzendari, eta teknikariek egiten dituzten zerbitzuei aplikatzen zaien balio erantsiaren gaineko zergaren tasa; eta, alde horretatik, abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen da, Balio Erantsiaren Gaineko Zergarena, tasa murriztua aplika dakien pertsona fisiko diren interprete, artista, zuzendari eta teknikariek kultura-obren eta -ikuskizunen ekoizle eta antolatzaileentzat egiten dituzten zerbitzuei. Hartara, kultura-industriaren funtsezko zerbitzuei ezarritako zerga horren tasa murriztua berreskuratuko da, 2012an ehuneko 21eko zerga-tasa orokorra ordaintzera igaro baitzen.
Azkenik, Sozietateen gaineko zergari dagokionez, film luze zinematografikoen edo ikus-entzunezko obren atzerriko ekoizpen bat burutzeko Espainiako lurraldean egindako gastuen kenkaria aldatzen da; betiere film edo obra horiek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat gauzatzea, serieko ekoizpen industrialaren aurretik egindakoa. Zinematografia eta ikus-entzunezkoen arteak garrantzi estrategikoa duen sektore bat dira Espainian, zerga-pizgarriak dituena, Sozietateen gaineko zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legean araututakoari jarraituz. Zerga-pizgarri hori eskatzen duten ekoizleei ezarritako betebeharrek ondorio kaltegarriak izan ditzakete Espainian egun filmatzen ari diren proiektuetan; ondorio horiek kalte egin diezaiokete zineman eta ikus-entzunezko arteetan dugun kultura politikari; ondorio horiek benetako arriskua dira Espainian atzerriko ekoizpenak egin daitezen, eta Espainian egiten diren filmaketak eta haiei lotutako zerbitzuen kontratazioa kanporatzea eragin dezakete; zerbitzu horietatik, Espainiako ekoizleek beren gain hartzen duten kostuari aplikatzen zaio, hain zuzen ere, zerga horren legean araututako kenkaria, Espainiako ekoizpenari dagokionez. Horregatik da ezinbestekoa betebehar horiek indargabetzea, 2018ko zergaldian ondorioak izan ditzan.
Hori gorabehera, arau-igorpen bat txertatzen da, zeinaren bidez ezartzen baitira egokitzat jotzen diren betebeharrak, pizgarri hori eskatzen duten ekoizleek bete behar dituztenak. Betebehar horiek, betiere, pizgarriaren xedearekin bat etorri behar dute eta proportzionalak izan.
Azkenik, gizarte-segurantzaren arloan, laugarren artikuluan eta azken xedapenetako bigarrenean zenbait neurri proposatzen dira jendaurreko ikuskizunetan diharduten artistei jarduerarik gabeko aldietan dagokien kotizazioari buruz; bada, neurri horiek ez dute inolako debekurik urratzen, eta, beraz, lege-dekretua justifikatzeko premisak betetzen badira, neurri horiek ere erabat konstituzionalak dira. Hortaz, berariazko justifikazio horrek balio bete-betea dauka kasu horretan.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluaren baimenaz baliatuta, Kultura eta Kiroleko ministroak eta Laneko, Migrazioetako eta Gizarte Segurantzako ministroak proposatuta, eta Ministro Kontseiluak 2018ko abenduaren 28ko bileran proposamena eztabaidatu ondoren, honako hau
Zerga-neurriak
Atxikipenaren eta konturako sarreren tasa murriztea, hain zuzen ere jabetza intelektualetik sortutako kapital higigarrien etekinei aplikatzen zaien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan
Lehenengo artikulua. Azaroaren 28ko 35/2006 Legea aldatzen da, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena eta partez aldatzen dituena sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga.
Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga arautzen duen eta sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga partez aldatzen dituen azaroaren 28ko 35/2006 Legearen 101. artikuluko 4. apartatua aldatzen da, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Honela idatzita geratzen da apartatu hori:
«4. Ehuneko 19 izango da kapital higigarriaren etekinen gaineko konturako sarreraren edo atxikipenaren ehunekoa. Ehuneko hori 15 izango da jabetza intelektualetik sortutako kapital higigarriaren etekinetarako, zergaduna egilea ez denean, betiere.
Ehuneko horri ehuneko 60ko murrizketa egingo zaio, baldin eta eskubidea badago etekin horiei lege honen 68.4 artikuluan aurreikusitako kuota-kenkaria egiteko, eta aipatutako artikuluaren 3. zenbakiaren h) letran zehaztutako sozietateetatik badatoz.»
Zerga-tasa murriztea pertsona fisikoak diren antzezle, artista, zuzendari eta teknikariek egindako zerbitzuei aplikatzen zaien balio erantsiaren gaineko zergan
Bigarren artikulua. Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzea.
13. zenbakia eransten zaio Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 91.1.2 artikuluari. Aldaketa horrek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Honela idatzita geratzen da aldatutako zenbakia:
«13. Pertsona fisikoak diren antzezle, artista, zuzendari eta teknikariek ikuskizun-aretoetan ematekoak diren film zinematografikoen ekoizleei egindako zerbitzuak, bai eta antzezlanen eta musikalen antolatzaileei egindakoak.»
Ekoizpen zinematografikoetan, ikus-entzunezko serieetan, eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetan inbertsioak egiteagatik sozietateen gaineko zergan kenkaria aplikatzeko betekizunak.
Hirugarren artikulua. Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legea aldatzea.
Sozietateen gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 27/2014 Legearen 36. artikuluko
2. apartatua aldatzen da. Aldaketak 2018ko uztailaren 5etik aurrera izango ditu ondorioak. Honela idatzita geratzen da aldatutako apartatua:
«2. Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografia Enpresen Erregistroan erregistratuta dauden ekoizleek, serieko ekoizpen industrialaren aurretik euskarri fisiko bat gauzatzea ahalbidetzen duten ikus-entzunezko obren edo film luze zinematografikoen atzerriko ekoizpenaz arduratzen direnean, Espainiako lurraldean egindako gastuen ehuneko 20ko kenkaria izan dezakete, baldin eta Espainiako lurraldean egindako gastu horiek gutxienez 1 milioi eurokoak badira.
Kenkariaren oinarria Espainiako lurraldean egin diren eta ekoizpenarekin lotura zuzena duten honako gastu hauek osatuko dute:
1. -Langile sortzaileen gastuak, baldin eta helbide fiskala Espainian edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean badute; gehienez ere 100.000 euro pertsona bakoitzeko.
2. -Industria teknikoak eta beste hornitzaile batzuk erabiltzetik eratorritako gastuak.
Kenkari horren zenbatekoa ez da 3 milioi eurotik gorakoa izango gauzatutako ekoizpen bakoitzeko.
Apartatu honetan aurreikusitako kenkaria lege honetako 39. artikuluko 1. apartatuko azken lerrokadan adierazitako mugatik kanpo geratuko da. Muga hori kalkulatzeko orduan ez da kenkari hori zenbatuko.
Kenkari horren zenbatekoak, zergadunak jasotako gainerako laguntzekin batera, ezingo du ekoizpen-kostuaren ehuneko 50 gainditu.
Erregelamendu bidez ezarri ahal izango da zein diren kenkari hau lortzeko eskubidea izateko baldintzak eta prozedurak.»
Gizarte-segurantzaren arloko neurriak, jendaurreko ikuskizunetan diharduten artistek jarduerarik gabeko aldietan duten kotizazioari buruzkoak
Laugarren artikulua. Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina aldatzea.
249 ter artikulua eransten da, «Jendaurreko ikuskizunetako artistak» izeneko 4. sekzio berrian, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko II. tituluaren XVII. kapituluan. Honela dio artikulu horrek:
«249 ter artikulua. Jendaurreko ikuskizunetan diharduten eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartuta dauden artisten jarduerarik gabeko aldiak.
1. Jendaurreko ikuskizunetan diharduten artistek jarduerarik gabeko aldietan ere jarraitu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, borondatez, baldin eta egiaztatzen badute aurreko urte naturalean gutxienez 20 egunez alta emanda egon direla jarduera berean benetako zerbitzuak ematen, eta, betiere, egun horietan jasotako ordainsariak handiagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldataren hileko zenbatekoa bider hiru baino. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari egin behar zaio eskaera araubide horretan jarraitzeko, urte bakoitzeko urtarrilaren 1 etik 15era bitartean, eta, onartuz gero, urte bereko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
2. Aurreko apartatuan aipatutako eran langileak Araubide Orokorrean jarraitzen badu, ezingo da sartu Gizarte Segurantzaren sistemako beste araubide batean, jarduera zein duen gorabehera.
3. Jarduerarik gabeko aldietan, artista bezala baja eska daiteke Araubide Orokorrean, era hauetako batean:
a) Langileak eskatuta: kasu horretan, eskaera Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian aurkeztu eta hurrengo hilaren lehenengo egunean gertatuko dira bajaren ondorioak.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, ofizioz, ez badira ordaintzen jarduerarik gabeko aldiei dagozkien kuotak, ondoz ondoko bi hilabetetan.
Bajaren ondorioak, kasu horretan, bigarren hileko kuota ordaindu gabe utzi eta hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera izango dira, salbu eta langilea, data horretan, aldi baterako ezintasuneko, amatasuneko, aitatasuneko, haurdunaldiko arriskuko edo edoskialdi naturaleko arriskuko egoeran badago; izan ere, kasu horretan, ondorio horiek kasuko prestazio ekonomikoa jasotzeari utzi eta hurrengo hilaren lehenengo egunetik aurrera izango dira, behar diren kuotak aurrez ordaindu ez badira.
Behin baja emanda Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean apartatu honetan aipatutako egoeraren bat dela eta, jendaurreko ikuskizunetan diharduten artistek berriz eska dezakete Araubidean sartu eta alta ematea jarduerarik gabeko aldietan, 1. apartatuan adierazitako eran eta baldintzetan.
4. Jarduerarik gabeko aldietan, arau hauei jarraituz kotizatuko da:
a) Langilea bera izango da kotizatzeko betebeharra betetzearen eta kasuko kuotak ordaintzearen erantzulea.
b) Hilero kotizatuko da.
c) Aplikatzekoa den kotizazio-oinarria une bakoitzean indarrean dagoen gutxieneko oinarria izango da, kontingentzia arruntei dagokiena; hain zuzen ere, Araubide Orokorreko kotizazio-taldeen eskalako 7. taldekoa.
d) Aplikatzekoa den kotizazio-tasa ehuneko 11,50 izango da.
5. Behin kontingentzia arruntengatik eta langabeziagatik egin beharreko urteko behin betiko likidazioa, artistei dagokiena, eginda (likidazioa hori aurreikusita dago Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorraren 32.5 artikuluan; abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), bada, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak jarduerarik gabeko aldian kotizatutako egunei dagozkien kuoten zenbatekoa itzuliko du, baldin eta egun horiek bat badatoz artistek kotizatutako beste aldi batzuetakoekin.
Itzulketarako eskubidea duen artista Gizarte Segurantzaren zorduna bada kuotengatik edo sistemaren beste baliabide batzuengatik, Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatzeko erabiliko da itzulketari dagokion kreditua, legez ezarritako eran.
Jarduerarik gabeko egoeran dauden artistek, artikulu honetan ezarritakoaren arabera Araubide Orokorrean sartuta badaude, ezingo dute baliatu Gizarte Segurantzaren beste eskubide batzuen kotizazioari eta likidazioari buruzko Erregelamendu Orokorreko 32.5.c) artikuluaren bigarren paragrafoan jasotako aukera.
6. Xedapen honetan aipatzen diren jarduerarik gabeko aldietan, babes-ekintzak barnean hartuko ditu kontingentzia arrunten ondoriozko amatasuna, aitatasuna, ezintasun iraunkorra, heriotza eta biziraupena direla-eta jasotzen diren prestazio ekonomikoak, bai eta erretirokoak ere.
Jarduerarik gabeko aldietan babestuta geratuko da, halaber, langile haurdunaren edo edoskitze naturalaren aldian dagoenaren egoera, seme-alabak 9 hilabete bete arte, baldin eta jendaurreko ikuskizunetan diharduen artista gisa Araubide Orokorrean sartzea eragin zuen lan-jarduera egiten jarraitu ezin badu langileak, bere egoeraren ondorioz. Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren ikuskaritza medikoak egiaztatuko du egoera hori. Halako egoeretan dagoen langileari aurreko apartatuan ezarritako kotizazio-oinarriaren ehuneko 100ekoaren pareko subsidio bat aitortuko zaio.
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak bere gain hartuko du prestazio horren ordainketa, zuzeneko ordainketaren modalitatean».
Xedapen gehigarri bakarra. Estatuaren bermea, interes kulturaleko artelanetarako,
1. Kultura eta Kirol Ministerioaren eta atxikitako erakunde publikoen eskumen esklusiboko erakundeetan erakusteko aldi baterako lagatako artelanei edo artelan-multzoei dagokienez Estatuak emandako konpromisoen zenbateko oso metatua, uneoro, 2.250.000 mila eurokoa izango da gehienez 2019ko ekitaldian, hala ezarrita baitago Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan. Gehieneko zenbateko horretatik kanpo geratuko da xedapen gehigarri honetako 2. apartatuan jasotako zenbatekoa.
Erakusketa berean jarriko diren artelanetarako edo artelan-multzoetarako 2019an lehen aldiz emandako konpromiso espezifikoen gehieneko muga 231.000 mila eurokoa izango da. Artelanak lagatzaileei itzuli ondoren, eta erakusketa-arduradunek emandako bermea gorabeherarik gabe bukatu dela egiaztatutakoan, konprometitutako zenbatekoak beste erakusketa bati eman ahal izango zaizkio.
Salbuespen gisa, 231.000 mila eurotik gorakoa izan ahal izango da muga hori, Ministroen Kontseiluak hala erabakita, Ekonomia eta Enpresako ministroaren proposamenez, eta Kultura eta Kirol Ministerioaren ekimenez.
Artelan batean gehienez konprometitutako zenbatekoa 100.000 mila eurokoa izango da, Estatuaren Bermeak estaltzearen ondorioetarako.
2. Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioak Espainian dituen egoitzetan erakutsi beharreko artelanei dagokienez fundazio horri emandako konpromiso espezifikoen gehieneko muga 500.000 mila eurokoa izango da 2019an. Konpromiso horiek kontratu honen barruan emango dira: «Artelanak mailegatzeko kontratua; alde batetik, Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioaren, eta, bestetik, Omicron Collections Limited, Nautilus Trustees Limited, Coraldale Navigation Incorporated, Imiberia Anstalt-en, eta Carmen Thyssen-Bornemisza baroisaren artekoa».
3. 2019an, Estatuaren Bermea aplikatu ahal izango zaie, halaber, Kultura eta Kirol Ministerioak, Ondare Nazionaleko Administrazio Kontseiluak eta «Sociedad Estatal de Accion Cultural SA (AC/E)» sozietateak antolatutako erakusketei, betiere Estatuko Administrazio Orokorra titularra den erakundeetan egiten badira. Orobat, Lazaro Galdiano Fundazioak bere museoaren egoitzan antolatutako erakusketei aplikatuko zaie Estatuaren Bermea.
Xedapen iragankor bakarra. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jarduerarik gabeko artista gisa sartzeko eskaera.
2019an, martxoaren 31ra arteko epea egongo da Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jarduerarik gabeko artista gisa sartzeko eskaera egiteko, hala ezarrita baitago Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 249 ter artikuluan (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
Estatuak ogasunaren arloan duen eskumen esklusiboaren babesean eta gizarte-segurantzaren arloko oinarrizko legediari eta ekonomia-araubideari buruzko eskumenaren babesean ematen da errege lege-dekretu hau, hala ezarrita baitago Konstituzioaren 149. artikuluko 1 zenbakiko 14. eta 17. puntuetan. Hori ez da eragozpena izango autonomia-erkidegoek xedapen horren zerbitzuak egikaritzeko. Era berean, Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluarekin bat etorriz ematen da, zeinak ezartzen baitu Estatuak eginbehartzat eta oinarrizko eskudantziatzat joko duela kultura zerbitzua, eta autonomia-erkidegoen artean kultura arloko harremanak erraztuko dituela, haiekin ados jarrita, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek eskumenak bereganatzea
Azken xedapenetako bigarrena. Erretiro-pentsioaren eta sorkuntza artistikoko jardueraren arteko bateragarritasuna.
Gobernuak, 6 hilabeteko epean, errege lege-dekretu hau argitaratzen denetik hasita, erregelamendu-arau bat onartuko du, bateragarri egiteko erretiro-pentsioak eta sorkuntza artistikoan diharduten eta jarduera horregatik jabetza intelektualaren eskubideak jasotzen dituzten profesionalen jarduerak, betiere Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 213. artikulua garatzeko (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
Bateragarritasun hori aitortzeak berekin ekarriko du ehuneko 8ko elkartasun-kotizazioa; besteren konturako langileen kasuan, enpresaburuak ehuneko 6 ordainduko du, eta langileak ehuneko 2.
Azken xedapenetako hirugarrena. Jendaurreko ikuskizunetan diharduten artisten lan-harreman berezia arautzea.
Gobernuak, 6 hilabeteko epean, errege lege-dekretu hau argitaratzen denetik hasita, errege-dekretu bat onartuko du, jendaurreko ikuskizunetan diharduten artisten lan-harreman bereziaren erregulazioa aldatzeko eta abuztuaren 1eko 1435/1985 Errege Dekretua ordezteko.
Azken xedapenetako laugarrena. Indarrean jartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Madrilen, 2018ko abenduaren 28an.
FELIPE e.
Gobernuko presidentea,
PEDRO SANCHEZ PEREZ-CASTEJON