25/2012 Errege Lege Dekretua, irailaren 7koa, hainbat autonomia-erkidegotan izandako baso-suteek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako kalteak arintzeko premiazko neurriak onartzen dituena
2012-09-07Erakundea: Estatuko Buruzagitza
Argitalpena: EAO, 2012/9/8, 217. zk.
ESTATUKO BURUZAGITZA
11409
25/2012 Errege Lege Dekretua, irailaren 7koa, hainbat autonomia-erkidegotan izandako baso-suteek eta beste hondamendi natural batzuek eragindako kalteak arintzeko premiazko neurriak onartzen dituena.
Baso-suteek eragin suntsigarriak izaten dituzte ekonomiarentzat, ingurumenarentzat eta gizartearentzat, desertifikazio prozesuak areagotzen dituzte eta paisaiari, uraren zikloari, biodibertsitateari eta turismoari eragiten diete. Baso-suteen arriskua berezkoa da gure herrialdearen baldintza klimatikoekin. Prebentzioa da, beraz, administrazioaren zeregin garrantzitsuenetako bat. Eragile ekonomikoek ere kontuan izan behar dute arrisku hori, eta prebentzio neurriak eta arrisku horrek daukan eragina arintzeko neurriak hartu beharko dituzte. Bestetik, herritarrek ardura handiz jokatu behar dute, edozein arinkeriak edo arduragabekeriak ondorio larriak izan baititzake.
Ekainaren hasieratik sute handiak izan dira Espainiako hainbat tokitan. Sute horietan, milaka hektarea erre dira eta, itzaltzeko eta ebakuazio-lanak martxan jartzeko, lurreko eta aireko baliabide asko erabili behar izan dira.
Sute bereziki gogorrak izan dira; hainbat lagun hil dira eta hedadura handiak erre dira.
Bestetik, joan den maiatzaren amaieratik hona, txingor-ekaitz gogorrak izan dira gure geografiako zenbait lekutan. Ekaitz horien ondorioz, sail eta uztak suntsitu dira, eta, gainera, kalteak izan dira titulartasun publikoko azpiegituretan eta titulartasun pribatuko ondasunetan, etxebizitzetan eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan.
Larrialdiak kudeatzeko eta kalteak minimizatzeko, beharrezkoa izan da inplikatuta egon diren administrazio guztien ahalegina, Barne Ministerioko Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza nagusiaren koordinaziopean. Era berean, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren aireko eta lurreko baliabideek eta Larrialdietarako Unitate Militarrak parte hartu dute. Horiek guztiek, agintariekin, suhiltzaileekin, autonomia-erkidegoetako polizia eta udaltzaingoekin, eta autonomia-erkidegoetako eta tokiko administrazioen baliabideekin batera, hondamendi horien ondorioak handiagoak izan ez daitezen lagundu dute.
Konstituzioan jasotako elkartasun-printzipioa kontuan hartuta eta, aurreko egoerei dagokienez, ekitate eta tratu-berdintasunaren printzipioak aplikatuta, gertakari hauek eta gertakari horien ondorioak oso larriak izan direnez, botere publikoek ezohiko neurriak hartu behar dituzte; besteak beste, berariazko laguntza-erregimen bat ezarriko da, eta, era berean, pertsona eta ondasunetan izandako kalteak arintzeko eta konpentsatzeko neurriak eta kaltetutako eremuak leheneratzeko neurriak hartuko dira.
Suteek eta ekaitzek uztetan eragindako galerak hondamendi naturaltzat har daitezke, Europako Erkidegoaren zuzentarauek nekazaritza sektorearentzako estatu-laguntzei buruz ezarritakoaren arabera.
Arau honen helburua da, ondorioz, hainbat ministerioetako saili eragingo dieten neurrisorta bat onartzea; besteak beste, kalte pertsonaletarako laguntzak edo zerga-zamak gutxitzea, modu horretan, galerek herritar eta enpresetan eragindako kalteak arintzeko.
Autonomia-erkidegoek dituzten eskumenak eragotzi gabe, kalteen larritasuna ikusita eta lehentasuna duten leheneratze-ekintza batzuk ziurtatzeko, gomendagarria da Estatuko administrazio orokorrak parte hartzea basoak eta ingurumena leheneratzeko zereginetan, administrazioen arteko lankidetzaren printzipioa dela bide.
Hartutako neurri zehatzak beharrizan geroraezinei erantzunez hartu dira, xedapen honetan aipatutako hondamendiei aurre egin ahal izateko, eta edukia eta helburua kontuan hartuta, lotura zuzena dute beharrizan haiekin; beraz, errege lege-dekretua eman ahal izateko Konstituzioan eskatzen den premia apartekoa eta presazkoa betetzen da.
Bestetik, gertatutako hondamendietako batzuetan ez denez kaltea ebaluatzen amaitu, beharrezkoa da arau hau aurrekontuaren aldetik osatzeko aukera kontuan hartzea, baina hori ezin da aitzakiatzat hartu neurririk premiazkoenen aplikazioa atzeratzeko, ahal den neurrian, kaltetutako eremuetako normaltasuna berreskuratzen lagundu behar baitute.
Horrela, bada, horren guztiaren ondorioz, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Gobernuko lehendakariordeak eta Lehendakaritzako ministroak, eta Defentsa, Ogasun eta Herri Administrazio, Enplegu eta Gizarte Segurantza, Industria, Energia eta Turismo eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroek proposatuta, Ministro Kontseiluak 2012ko irailaren 7ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Aplikazio-eremua.
1. Errege lege-dekretu honetan ezarritako neurriak ekainaren hasieratik eta errege lege-dekretu hau indarrean sartu arte izandako baso-suteetan kaltetutako pertsona eta ondasunei aplikatuko zaizkie, baso-suteak izan diren autonomia-erkidegoetan.
Era berean, neurri horiek joan den maiatzetik zenbait autonomia-erkidegotan izan diren txingor-ekaitz gogorren ondorioei ere aplikatuko zaizkie.
2. Aipatutako neurriak zein udal mugarte eta biztanlegune zehatzi aplikatuko zaizkion Barne ministroaren agindu bidez zehaztuko da. Era berean, udal mugarte edo biztanleguneetan, beharrezkoak diren lanak behar bezala egiteko eskumena duten ministerioetako sailen jarduna nahitaezkoa denean, udal mugarte edo biztanlegune horiek barruan direla ulertu ahal izango da.
3. Gobernuak, errege-dekretu bidez, errege lege-dekretu honetan ezarritako neurriak antzeko beste sute edo ekaitz batzuetan aplikatu daitezkeela ezarri ahal izango du (edozein autonomia-erkidegotan dagoeneko gertatu direnetan edo errege lege-dekretua indarrean sartzen denetik 2012ko azaroaren 1era arte gerta daitezkeenetan), udalerriak eta biztanleguneak zehaztuta.
2. artikulua. Kalte pertsonaletarako eta etxebizitzetan eta industria, merkataritza, nekazaritza, turismo eta beste zerbitzu batzuetarako establezimenduetan eta tresnerian izandako kalte materialetarako laguntzak.
1. Artikulu honetan ezarritako laguntzak heriotza kasuetan eta ezintasun kasuetan, errege lege-dekretu honetan jasotako ezbeharrek zuzenean eragindakoetan, aplikatuko dira, eta martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira. Errege-dekretu horrek larrialdi- edo hondamendi-egoeren ondoriozko premiei erantzuteko diru-laguntzak arautu eta diru-laguntza horiek emateko prozedura ezartzen du.
2. Tresneria suntsitzea edo tresnerian kalteak izatea eta etxebizitzetan kalteak izatea ere laguntzak jasotzeko arrazoi izango dira, martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
3. Martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuaren aplikagarritasuna dela-eta aurreko paragrafoan ezarritakoa eragotzi gabe, ezbeharrek kaltetutako higiezinen titulartasuna egiaztatzeko, titulartasun hori egiaztatzen duen edozein titulu onartuko da egiaztagiri gisa, esate baterako, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiriak edo pareko beste batzuk.
4. Laguntza horiek jasotzeko eskabideak Gobernuek izapidetuko dituzte dagozkion autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkaritza edo ordezkariordetzetan; bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita, eta Barne ministroak ebatziko ditu hiru hilabeteko epean, eskabidea aurkezten denetik kontatzen hasita.
5. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M
aurrekontu-aplikazioaren (ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko) 472, 482, 771 eta 782
kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.
3. artikulua. Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzei aplika dakiekeen araubidea, eta tokikorporazioentzako laguntzen araubidea.
1. Prestazio pertsonalak eta ondasunen prestazioak egin dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira.
2. Larrialdiko egoera hauei erantzuteko sortu diren gastuengatik toki-korporazioei eman beharreko laguntzak martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko dira, eta ez da aplikatzekoa izango 22 eta 23. artikuluetan ezarritako zenbatekoa.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako laguntzak emateko eskabideak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, errege lege-dekretu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.
4. Artikulu honetan ezarritakoa betez ematen diren laguntzak 16.01.134M
aurrekontu-aplikazioaren (ezbeharrek, hondamendiek edo premia nabarmeneko beste batzuek eragindako era guztietako beharrizanei erantzuteko) 461, 471 eta 761
kontzeptuen kredituen kontura finantzatuko dira, zabalgarritzat jotzen baitira indarrean dagoen Barne Ministerioaren aurrekontuan.
4. artikulua. Udal azpiegituretan izandako kalteengatik eta probintziako diputazio eta kabildoen bide-sarean izandako kalteengatik eman beharreko diru-laguntzak.
Errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren udal-mugarte eta biztanleguneetan gauzatzen diren proiektuei presazko prozedura aplikatuko zaie, eta Estatuak kostuaren % 50erainko diru-laguntza eman ahal izango die. Proiektu horiek probintziako diputazio eta kabildoen bide-sareen gainekoak eta udalen eta mankomunitateen titulartasunekoak diren azpiegiturak, ekipamenduak eta instalazio eta zerbitzuak konpondu eta leheneratzeko lanen gainekoak izango dira.
5. artikulua. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan izandako kalteetarako laguntzak.
1. Artikulu honetan ezarritako laguntzak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien titularrentzako izango dira, baldin eta, nekazaritzako aseguru konbinatuen planaren babespean indarrean duden polizak izanda eta 1. artikuluan adierazitako aplikazioeremuan egonda, produkzioaren % 30etik gorako galerak izan badituzte, arlo horretan Europar Batasunak ezarritako irizpideen arabera.
2. Laguntzak izango dira:
a) Abeltzaintza aprobetxamendurako eremuetan izandako kalteen eraginez abeltzaintza ustiategietan izandako galeretarako, baldin eta ustiategi horietako abereak aseguru-planean jasotako ustiategien aseguru-lineetan aseguratuta badaude.
b) Kanpaina honetarako poliza formalizatu gabe izan duten nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan izandako kalteetarako, baldin eta ustiategi horien kasuan, ezbeharra izan den egunetan dagokion asegurua sinatzeko epea hasi ez bada edo epe hori bukatuta egon ez bada, baina betiere produkzio eta labore horretarako aurreko kanpainan asegurua kontratatuta izan badute.
c) Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioetan izandako kalteetarako, baldin eta, produkzio horietarako nekazaritza aseguru konbinatuen sistemaren babespean indarrean dagoen poliza izan arren, sistema horrek ez baditu produkzio horiek bermatzen.
d) Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioetan izandako kalteetarako, indarrean dagoen nekazaritza aseguru konbinatuen planean sartzen ez diren produkzioen kasuan.
3. Abeltzaintza aprobetxamendurako eremuetan izandako kalteen eraginez abeltzaintza ustiategietan izandako galeretarako laguntzak egongo dira, abereei jaten emateko ezohiko gastuen konpentsazio gisa.
4. Nekazaritzako produkzioetan izandako kalteetarako laguntzak honela kalkulatuko dira: azken hiru kanpainetako batez besteko produkzioak kontuan hartuta izan diren galerei erreparatuta. Era berean, egur produkzioen kasuan, kontuan hartu ahal izango da kaltetutako eremua basoberritzeak izan duen kostuaren pareko laguntza bat.
5. Gainontzeko produkzioetarako, nekazaritza aseguruen sisteman ezarritako baldintzak eta prozedurak kontuan izanda kalkulatuko da laguntza, baldintza eta prozedura horiek aplikagarriak diren neurrian.
6. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, autonomia-erkidegoekin koordinatuta, artikulu honetan aurreikusitako laguntza guztiak eta laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura ezarriko du.
6. artikulua. Zerga-onurak.
1. Ez dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren 2012ko kuotak ordaindu behar izango ezbeharren eraginez zuzenean kaltetu diren etxebizitzen, industria, turismo eta merkataritza establezimenduen, nekazaritza eta baso ustiategien eta lantoki eta antzekoen kasuan, baldin eta egiaztatzen bada bertan kokatutako pertsonak eta ondasunak guztiz edo partez beste leku batean kokatu behar izan direla harik eta jasandako kalteak konpondu arte, edo uztetan izandako hondamendiak ez dituenean ezein aseguru-mota publiko edo pribatuk babesten.
2. 2012ko ekonomia-jardueren gaineko zergan murrizketa bat ezarri zaie industriei (edozein eratakoei), merkataritza establezimenduei, turismo establezimenduei eta establezimendu profesionalei, ezbeharren eraginez haiei atxikitako negozio-lokalak edo ondasunak zuzenean kaltetu direnean, eta, betiere, beste leku batean kokatu behar izan badira edo jarduera aldi baterako ixtea eragin duten kalteak izan direnean. Murrizketa hori proportzionala izango da, eta kontuan hartu da zenbat denbora igaro den jarduera eten behar izan zenetik berriz ere normaltasunez hasi den arte, dela lokal berberetan dela beste lokal batzuetan, hartara eragotzi gabe jarduera utzi behar izatea aintzat hartzea, kalteen larritasunak hori eragiten duenean, eta kasu horretan, 2011ko abenduaren 31tik aurrera izango du eragina.
3. Aurreko paragrafoetan aipatutako zergetan aipatutako salbuespen eta murrizketetan zerga horien gainean legez onartutako errekarguak sartzen dira.
4. Aurreko paragrafoetan ezarritako onurak lortzeko eskubidea duten zergadunek, zerga-urte horretako ordainagiriak ordaindu badituzte, ordaindutako kopuruak itzultzeko eskatu ahal izango dute.
5. Ez dira ordaindu behar izango Trafikoko Buruzagitza Nagusia organismo autonomoaren tasak, urriaren 2ko 16/1979 Legean ezarritakoak, ezbeharrek eragindako kalteen ondorioz eskatutako ibilgailuen bajak izapidetzeko, ezta arrazoi horiengatik suntsitu edo galdutako zirkulazio-baimenak eta gidabaimenak emateko ere.
6. Artikulu honen aurreko paragrafoek udaletan, probintzietako diputazioetan, uharteetako kabildoetan eta uharteetako kontseiluetan zergetatik lortzen diren dirusarreretan dakarten murrizketa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura konpentsatuko da, toki-ogasunak arautzen dituen Legearen Testu bateginaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu hori).
7. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo dira 2. artikuluan aipatutako kalte pertsonaletarako ezohiko laguntzak.
7. artikulua. Nekazaritza jardueretarako zerga murrizketa bereziak.
Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak, errege lege-dekretu honen 1. artikulua garatzeko ematen den aginduak zehaztutako eremuetan dauden nekazaritza ustiategi eta jardueretan, salbuespen gisa, azaroaren 21eko EHA/3257/2011 Aginduan aipatzen diren errendimendu garbiaren indizeak murriztea erabaki ahali zango du (Agindu horrek 2012rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zenbatespen objektiboa egiteko metodoa eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregimen berezi erraztua garatzen ditu). Eta hori egingo du martxoaren 30eko 439/2007 Errege Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 37. artikuluko 4.1. paragrafoan eta abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onartutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 38. artikuluko 3. paragrafoan jasotakoarekin bat etorriz eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak egindako txostenak aintzat hartuta.
8. artikulua. Lan eta Gizarte Segurantza neurriak.
1. Enplegua Erregulatzeko Espedienteak, errege lege-dekretu honen 1. artikuluko lehenengo eta bigarren paragrafoetan adierazitako hondamendien eraginez ezarritakoak, bai eta ostalaritza sektorean zuzenean hondamendi horien eraginez izandako jarduera galerak, behar bezala egiaztatuta badaude, ezinbesteko kasutzat hartuko dira eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 47. eta 51. artikuluetatik eratorritako ondorioak izango dituzte. Enplegua Erregulatzeko Espedienteen kasuan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak enpresaria Gizarte Segurantzaren kuotak ordaintzetik eta batera biltzeko kontzeptuetatik libratu ahal izango du etenaldiak irauten duen bitartean, eta epe hori langileak benetan kotizatutako alditzat joko da. Kontratua iraungitzen den kasuetan, langileen kalte-ordainak Soldatak Bermatzeko Funtsaren kontura ordainduko dira, legez ezarritako mugen barruan.
Enpresak kontratuak etetea edo lanaldia aldi baterako murriztea erabakitzen duen espedienteetan, ezohiko arrazoietan oinarrituta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak (ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren III. tituluan araututakoak) jasotzen diren aldi hori ez dadin zenbatu ezarritako prestazioak jasotzeko gehieneko aldia agortzeko ondorioetarako. Era berean, baimena eman ahal izango du langabezia-prestazioak jaso ditzaten espediente horietan sartuta dauden langileek, prestazio horiek jasotzeko beharrezkoak diren kotizazio-aldiak ez dituztenek.
2. Norberaren konturako langileek eta enpresek, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan sartuta daudenek, izandako kalteak justifikatu ondoren, interesik gabeko urtebeterainoko moratoria bat eskatu ahal izango dute Gizarte Segurantzaren kotizazioak eta batera biltzeko kontzeptuak ordaintzeko, elkarren segidako hiru hilabeteri dagozkionak, ezbeharra gertatu aurreko egunetik zenbatzen hasita; edo, norberaren konturako erregimen berezian edo autonomoenean sartuta dauden langileen kasuan, ezbeharra gertatu zen hilabetetik kontatzen hasita.
3. Aurreko paragrafoetan ezarritako onuretarako eskubidea duten Gizarte Segurantzako kotizatzaileek, salbuespenei dagozkien kuotak edo moratoriari dagozkionak ordaindu badituzte, ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eska dezakete, baita, hala badagokio, berandutza-interesak, errekarguak eta dagozkion kostuak ere. Itzultzeko eskubidea duena Gizarte Segurantzaren zorduna balitz (beste aldi batzuei dagozkien kuotengatik), itzultzeagatiko kreditua Gizarte Segurantzarekiko zorren ordainketari aplikatuko zaio, legez ezarritako eran.
4. Eragindako kalteak konpontzeko lanak egiteko, administrazio publikoek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek honako hau eskatu ahal izango diote eskumena duen enplegu zerbitzu publikoari: langabezia-prestazioak jasotzen dituztenak gizarte lankidetzako lanetarako atxikitzeko, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bateginaren 213.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
9. artikulua. Kontratazio araubidea.
1. Arazoaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 113. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, premiazko horniketa, zerbitzu edo obratzat hartu ahal izango dira, 113. artikulu horretako lehenengo paragrafoaren a) idatz-zatian aipatutako kotratazio-organoak dagokion erabaki hartu ondoren, hondamendiak kaltetu dituen azpiegitura, ekipamendu edo zerbitzuak konpontzeko eta mantentzeko kontratuak eta hondamendiak kaltetutako ondasunak birjartzeko lanak, zenbatekoa edozein dela ere.
2. Artikulu honetan aipatutako lanak egiteak dakartzan desjabetzeak ukitutako ondasunen okupazioa presazkotzat joko da, jabetza nahitaez kentzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3. Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 126.2. artikuluan sartuta ez dauden obren kontratazio espedienteak izapidetzeko, ez da bete beharko lurrak erabilgarri izateko aldez aurreko baldintza, nahiz eta lur-sailen benetako okupazioa egin aurretik okupazio-akta formalizatu beharko den.
10. artikulua. Tokiko administrazioekiko lankidetza.
1. Ogasun eta Herri Administrazioko ministroari ahalmena ematen zaio udalen eta mankomunitateen titulartasuneko azpiegitura, ekipamendu, instalazio eta zerbitzuetan izandako kalteen ondoriozko diru-laguntzen (4. artikuluan aipatutakoak) ordainketa proposatzeko, Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatzen duen zatiari dagokionez, behin kalteen balorazioak egin ondoren, eta garatzeko ematen diren errege-dekretuetan zehaztutako gehienezko zenbatekoarekin.
2. Sail horren aurrekontuetan helburu horretarako txertagarri gisa jartzen den kredituaren kontura egingo zaie aurre diru-laguntza horiei. Aurrekontu Orokorrei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50.1.b) artikuluan ezarritakorekin bat etorriz, aurrekontua betearazteko gertagarrien fondoaren kontura finantzatuko da jartzen den kreditua, eta baimentzea Ministro Kontseiluaren zeregina izango da.
3. Era berean, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren titularrari baimena ematen zaio diru-laguntza horiek emateko prozedura bat ezar dezan, bai eta jarraipena eta kontrola egiteko ere, Estatuak tokiko erakundeen inbertsioei diruz laguntzeko ezarritako esparruaren barruan.
11. artikulua. Kaltetutako autonomia-erkidegoetan basoak eta ingurumena leheneratzeko ekintzak.
1. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko ministroari baimena ematen zaio basoak eta ingurumena leheneratzeko jarduera bereziko esparruak deklaratzeko eta sail horrek egin beharreko obren premiazkotasuna deklaratzeko, ondoko arlo hauetan:
a) Basoak leheneratzea eta leheneratze hidrologikoa, erosioaren eta desertifikazioaren kontrola, bai eta lan osagarriak ere, su hartu duten baso-eremuetan gerora izan daitekeen euriak eragin ditzakeen ondorioak arintzeko.
b) Natura 2000 Sarea osatzen duten espazioak, baso-suteek kaltetutakoak, berreskuratzeko eta ingurumenaren aldetik leheneratzeko lankidetza, batez ere, EBren intereseko habitatetan eta EBren intereseko espezieak, endemismoak edo babes bereziko erregimenean dauden basa-espezieen zerrendan jasotako espezieak dituzten habitatetan.
c) Baso biomasa errea ateratzeko eta tratatzeko laguntza, hala dagokionean.
d) Baso-masetan izurriak kontrolatzeko tratamenduan laguntzea.
e) Erabilera orokorreko landa-azpiegiturak leheneratzea, bai eta bide naturalak eta burdinbide berdeak ere.
2. Aurreko paragrafoan aipatutako deklarazioen ondorioetarako, beharrezkoa izango da ezbeharraren ondorioz kaltetutako baso-eremuak honako ezaugarrietakoren bat izatea:
a) 10.000 hektareatik gora edukitzea.
b) 5.000 hektareatik gora izatea, eta horietatik % 70 baino gehiago zuhaitzez osatutako baso-azalera izatea.
c) 500 hektareatik gora edukitzea Natura 2000 Sarearen barruan dauden lekuetan, eta gutxienez azaleraren % 50 sare horren barruan daukaten udalerrietan egotea.
d) Uharteei dagokienez, honela egokituko dira baldintza horiek: a) idatz-zatiaren kasuan, 2.500 hektarea; b) idatz-zatiaren kasuan, 500 hektarea; eta c) idatz-zatiaren kasuan, 250 hektarea.
3. Jarduera horiek gauzatzeko, kostuaren % 50 dagokion autonomia-erkidegoak ordaindu beharko du.
12. artikulua. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa.
1. Kaltetutako autonomia-erkidegoko gobernuaren ordezkariak, pertsonalak ez diren kalteen ebaluazio zuzenagoa egiteko, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari beharrezkoak diren ebaluazioak egin ditzan eskatu ahal izango dio, errege lege-dekretu honen 2. eta 3. artikuluekin bat etorrita, betiere titulartasun publikoko ondasunei eragiten ez badiete.
2. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak eskubidea izango du Estatuko Administrazio Orokorrak peritatze lanak ordain diezazkion, Partzuergo horrek bere aseguruen peritu tasatzaileentzat onartuta dituen ordainsari profesionalen baremoaren arabera.
3. Laguntzen izapidetzea eta kalteen ebaluazioa errazteko, eskumena duen administrazioak eta Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak laguntzen eta kalte-ordainen onuradunei buruzko datuak, laguntza eta kalte-ordainen zenbatekoei buruzko datuak eta ukitutako ondasunei buruzko datuak trukatu ahal izango dizkiote elkarri. Espainiako lurraldean jarduten duten aseguru-erakundeek Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari nahitaez eman beharko diote partzuergo horrek eskatzen dien informazioa, goian xedatutakoa bete ahal izateko.
Lehenengo xedapen gehigarria. Laguntzen mugak.
Errege lege-dekretu hau aplikatuta ematen diren laguntzen balioa, kalte materialei dagokienez, ezin izango da inoiz bi balio hauen arteko diferentzia baino handiagoa izan; hau da, batetik, gertatutako kaltearen balioa eta, bestetik, kontzeptu berberarengatik beste administrazio batzuek emandako beste laguntza edo kalte-ordain batzuen zenbatekoa (bateragarritzat edo osagarritzat jotako laguntzak edo kalte-ordainak betiere), edo aseguru-polizei esker eskura daitezkeenena.
Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontu kredituak.
Estatuaren titulartasuneko ondasunetan izandako kalteen konponketa eta nekazaritza eta abeltzaintza produkzioetan izandako kalteengatik emandako kalte-ordainak dagozkien ministerioetako sailetako aurrekontuen kontura finantzatuko dira. Horretarako, behar diren kreditu-transferentziak egingo dira, eta ez dira aplikatzekoak izango azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 52.1.a) artikuluan jasotako mugak, kapital eragiketetatik eragiketa arruntetarako kreditu transferentziak egiteari dagokionez.
Hirugarren xedapen gehigarria. Kaltetutako autonomia-erkidegoetan basoak eta ingurumena leheneratzeko ekintzak finantzatzea.
Basoak eta ingurumena leheneratzeko ekintzak, errege lege-dekretu honen 11. artikuluan aipatzen direnak, aurrekontua betearazteko gertagarrien fondoaren kontura, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak jartzen dituen kredituen kontura edo Estatuko Aurrekontu Orokorretako diru-izendapen bidez finantzatuko dira, errege lege-dekretua garatzeko eta osatzeko emango den errege-dekretuan xedatutakoaren arabera.
Laugarren xedapen gehigarria. Defentsa Ministerioaren eta Barne Ministerioaren jarduerak.
Errege lege-dekretu honen 1. artikuluan aipatutako autonomia-erkidegoetan izandako suteak itzaltzearren Defentsa Ministerioari eragindako gastuei eta Barne Ministerioak egin behar izan dituen gastuei erantzuteko, Gobernuak, Ogasun eta Herri Administrazioko ministroaren proposamenez, dagozkion kredituak jarriko ditu ministerio-sail horien aurrekontuetan (garatzeko ematen diren errege-dekretuetan zehaztuko da horien gehieneko zenbatekoa), azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 50 eta 55. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bosgarren xedapen gehigarria. Nekazaritza-egiturak hobetu eta modernizatzeko mailegu jakin batzuei lotutako laguntzen aurrerakinak.
Errege lege-dekretu honen 1. artikuluaren arabera kaltetu diren udalerrietan ekainaren 8ko 613/2001 Errege Dekretuari (nekazaritza ustiategien produkzio egiturak hobetzeko eta modernizatzekoa) atxikitako maileguen printzipalaren urteko amortizazio-kuoten minoraziorako laguntzen zenbateko osoa aurretik ordaindu ahal izango da lehentasunez, betiere, konpromisoak bete direla eta inbertsioak egin direla egiaztatzen duen azken ziurtagiria duten espedienteen kasuan.
Seigarren xedapen gehigarria. Beste administrazio publiko batzuekiko hitzarmenak.
Estatuko Administrazio Orokorrak errege lege-dekretu hau aplikatzeko behar diren lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu kaltetutako autonomia-erkidegoetako organo eskudunekin eta tokiko korporazioekin.
Aginduzko txosten loteslea emateko, 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren ekainaren 29ko 2/2012 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen dena, kontuan izango dira batez ere errege lege-dekretu honetan araututako neurriak hartzea justifikatzen dituzten zirkunstantziak.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Kaltetutako eremuetan kokatutako nekazaritza kooperatiben araubidea.
Nekazaritza kooperatibek, zerga-egoitzak errege lege-dekretu hau aplikatu daitekeen lurralde esparruetan badute eta hondamendiaren eraginez kooperatiba horien jarduera zuzenean kaltetu bada, kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 93. artikuluaren laugarren paragrafoan eta kooperatiben araubide fiskalari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legearen 13. artikuluko 10. paragrafoan ezarritako mugak gainditu ahal izango dituzte, bazkide ez diren hirugarren batzuk egindako operazioei dagokienez. Horretarako, hurrenez hurren, uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 4. artikuluko 2. paragrafoan eta abenduaren 19ko 20/1990 Legearen 14. artikuluan ezarritako baimenak eskatu beharko dituzte.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Kaltetuei laguntzeko neurrien jarraipena egiteko ministerio arteko batzordea.
1. Ministerio arteko batzorde bat sortu da errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurriak aplikatzeko. Batzorde hori Babes Zibil eta Larrialdien Zuzendaritza Nagusiak koordinatuko du eta Defentsa Ministerioaren, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren, Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren eta Lehendakaritza Ministerioaren ordezkariek osatuko dute, bai eta kaltetutako autonomiaerkidegoetako gobernuaren ordezkariek eta Aseguruen Konpentsazio Batzordearen ordezkari batek ere.
2. Errege lege-dekretu honetan ezarritako laguntza neurrien jarraipena aurreko paragrafoan aipatutako batzordeak egingo du, autonomia-erkidegoetako agintariekin koordinatuta, Gobernuaren Ordezkaritzen bidez.
3. 2013ko uztailaren 31 baino lehenago, ministerio arteko batzordeak txosten bat egingo du errege lege-dekretu hau gauzatzeko egin diren jarduerei buruz.
Azken xedapenetako lehena. Eskumen-titulua.
Errege lege-dekretu hau Konstituzioaren 149. artikuluko lehenengo paragrafoaren 7., 13., 14., 17., 23. eta 29. arauetan xedatutakoaren babesean ematen da, kaltetutako autonomia-erkidegoek hartu duten edo har dezaketen babes neurri osagarriak eragotzi gabe.
Azken xedapenetako bigarrena. Garatzeko ahalak.
Gobernuak eta ministerio-sailetako titularrek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, behar diren xedapenak emango dituzte eta errege lege-dekretu honetan ezarritakoa betetzeko epeak ezarriko dituzte.
Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean sartzea.
Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean.
Madrilen, 2012ko irailaren 7an.
JUAN CARLOS E.
Gobernuko presidentea, MARIANO RAJOY BREY