Zuzenbidearen webgunea, euskaraz
Adrian Celaya lehiaketaren oinarriak «Adrián Celaya Ibarra» 9. sariaren oinarriak deskargatu

Administrazio zuzenbidea  >>  Legeria  >> Orokorra

22/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 14koa, Makrozuhurtziazko Tresnak ezartzen dituena.

2018-12-14

Erakundea: Estatuko Buruzagitza

Argitalpena: EAO, 2018/12/18 304zk

 Untitled

I. XEDAPEN OROKORRAK

ESTATUKO BURUZAGITZA

17294   22/2018 Errege Lege Dekretua, abenduaren 14koa, Makrozuhurtziazko

Tresnak ezartzen dituena.

I

Gaur egungo finantza-sistema hain da konplexua eta hain dago interkonektatua, ezen ezinbestekoa baita beraren egonkortasuna bermatzea. Hori lortzeko, aurrea hartu behar zaie sistemikoak izan daitezkeen arriskuei, hau da, finantza-sistema osoaren edo zati baten narriaduraren ondoriozkoei, finantza-zerbitzuen merkatuetan sor dezaketen asaldurak ez diezaion kalterik egin benetako ekonomiari. Horrenbestez, makrozuhurtziako agintaritza nazionala sortzeaz gainera, funtsezkoa da, halaber, agintaritza publikoek sistema osoan eragina edukiko duten makrozuhurtziako neurri ugari edukitzea baliagarri, eta neurri horien irismena finantza-entitateei banaka aplikatu ohi zaizkien mikrozuhurtziako neurriena baino zabalagoa izatea.

Azken finantza-krisian agerian geratu zen nolako mugak dituzten agintaritzek politika ekonomikoan eta finantzak gainbegiratzeko erabili ohi dituzten tresnek arrisku horietako batzuk saihesteko eta arintzeko. 2009ko otsailaren 25ean, Europar Batasunean finantzak gainbegiratzeko goi mailako taldearen txostena argitaratu zen, De Larosiere txostena izenekoa; haren xedea Batasunaren finantzak gainbegiratzeko tresnak sendotzea zen. Txostenean, Europar Batasunak finantza-sistema osoko arriskuak gainbegiratzeko organoa sortzea gomendatzen zen. Ondorioz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 1092/2010 (EB) Erregelamendua onartu zen, Europar Batasunean finantza-sistema makrozuhurtziaz gainbegiratzeari buruzkoa eta Arrisku Sistemikoaren Europako Batzordea sortu zuena. Batzorde horrek Europar Batasuneko finantza-sistema gainbegiratzen du makrozuhurtziaz, arrisku sistemikoari aurrea hartzeko. Ezarritako egitekoa betetzeko, batzorde horrek gerta litezkeen arrisku sistemikoak kontrolatzen eta aztertzen ditu, eta alertak eta gomendioak eman ditzake.

2011ko abenduaren 22an, Arrisku Sistemikoaren Europako Batzordeak gomendioa eman zuen agintaritza nazionalen makrozuhurtzia-aginteari buruz; gomendio hartan, finantzak makrozuhurtziaz gainbegiratzeko agintaritza bat ezartzeko eskatu zien Europar Batasuneko kideei, eta «agintaritza horrek bere helburuak lortzeko tresna egokiak kontrolatzen dituela bermatzeko». Gomendio hori betetzeko epealdia 2013ko uztailaren 1ean amaitu zen. Beraz, argi dago ahalik azkarrena abiarazi behar direla tresna egokiak eta makrozuhurtziako agintaritza nazionala.

Bankuen eremuan, 2010eko abenduan Basileako Banku Ikuskaritzako Batzordeak «Bankuak eta banku-sistemak sendotzeko esparru arautzaile globala» ezarri zuen (Basilea III). Bertan, kreditu-entitateen arloko mikrozuhurtziako tresnak eguneratu zituen eta, gainera, makrozuhurtziako tresnak sortu zituen.

Europar Batasunak bere ordenamendu juridikoan txertatu zituen erabaki horiek, honako zuzentarau honen bidez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/36/EB Zuzentaraua, 2013ko ekainaren 26koa, kreditu-entitateen jardueran aritzeari eta kreditu-entitateak eta inbertsio-zerbitzuak egiten dituzten enpresak zuhurtziaz gainbegiratzeari buruzkoa, zeinaz aldatzen baita 2002/87/EE Zuzentaraua eta ezabatzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/48/EE eta 2006/49/EE zuzentarauak eta 575/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko ekainaren 26koa, kreditu-entitateen eta inbertsio-zerbitzuak egiten dituzten enpresen zuhurtziazko baldintzei buruzkoa, 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen duena. Hala ere, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduak 458. artikuluan bertan onartu egiten du Batasuneko estatuek beste neurri batzuk har ditzaketela finantzen egonkortasunari eusteko, Batasunak ezarritako neurriez gainera.

Oraintsuago, 2017ko Espainiako Finantza Sistema Ebaluatzeko Programan (Financial Sector Assessment Program, FSAP) Nazioarteko Diru Funtsak honako hau adierazi zuen: «Onuragarria izango litzateke makrozuhurtziako tresna gehiago egotea baliagarri, eta, batez ere, higiezinen merkatuko arriskuei eraginkortasun handiagoarekin heltzeko tresnak ezartzea». Hain zuzen ere, Nazioarteko Diru Funtsak gomendatzen zuen epe laburrean Espainiako Bankuak ahalmena eduki behar lukeela mugak ezartzeko maileguaren balio izendatuaren eta bermearen balioaren arteko ratioari (loan to value) eta zorraren zerbitzuaren eta mailegu-hartzailearen sarreren arteko ratioari (debt servlce to Income), bai eta gehieneko amortizazio-aldiari ere.

Beste alde batetik, inbertsio-funtsen eremuan, Finantza Egonkortasuneko Kontseiluak (Financial Stability Board, FSB) aktiboak kudeatzeko jardueretan dauden egiturazko ahuleziei heltzeko gomendioak plazaratu zituen politika ekonomikoaren arloan 2017ko urtarrilean. Gomendio haietan aintzat hartu zuen industria horrek izandako hazkunde izugarria, eta hark berekin ekarri dituen ahuleziak xehatzen zituen, arreta berezia emanez likidezia-arriskuari eta palanka-efektuaren arriskuari. Ildo beretik, Arrisku Sistemikoaren Europako Batzordeak 2017ko abenduaren 7an inbertsio-funtsen likideziaz eta palanka-efektuaz emandako gomendioan hainbat gomendio ematen zaizkie Europako Batzordeari eta Baloreen eta Merkatuen Europako Agintaritzari, bakoitzak bere jardun-eremuan aplika ditzan.

Europar Batasunak bere neurriak ezarri baditu ere, aktibo-kudeaketako industria hainbeste hazi da eta finantzen arloan hain dauka pisu erlatibo handia, non ezinbestekoa baita Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak ahalik azkarrena edukitzea inbertsio kolektiboko entitateek finantzen egonkortasunerako sortzen dituzten arriskuei arin eta eraginkortasunarekin aurre egiteko tresna berriak.

Beste alde batetik, aseguruen sektoreaz denaz bezainbatean, gaur egun Europar Batasuna lanean ari da aseguruetan eta berraseguruetan lan egiten duten entitateak makrozuhurtziaz gainbegiratzeko tresnak sortzeko, honako zuzentarau honen berrikuspena aintzat hartuta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/138/EE Zuzentaraua, 2009ko azaroaren 25ekoa, aseguruen eta berraseguruen jardueran aritzeari buruzkoa (Kaudimena II esaten zaio). Beraz, guztiz beharrezkoa eta presazkoa da makrozuhurtziako tresna batzuk ezartzea errege lege-dekretu honen bitartez.

II

Nazioarteko Diru Funtsak, Finantza Egonkortasuneko Kontseiluak eta Arrisku Sistemikoaren Europako Batzordeak eman dituzten gomendioak aintzat hartuta, hau da, ahalik azkarrena ezarri behar liratekeela finantza-sisteman gerta litezkeen ahuleziei aurre egiteko behar diren makrozuhurtziako tresnak, ezinbestekoa da gai honi presaz heltzea.

Hain zuzen ere, 2012ko uztailaren 4ko 648/2012 (EB) Erregelamenduak 458. artikuluan ezartzen duenarekin eta Nazioarteko Diru Funtsak 2017ko Finantza Sistema Ebaluatzeko Programan ematen duen gomendioarekin bat etorriz, Espainiako Bankuak behar-beharrezkoa du agente ekonomikoen zorrei mugak ezartzeko ahala. Egungo tresnek, batez ere, prezioen bitartez ezartzen dituzte mugak: kredituak garestitzen dituzte kapital-koltxoia eduki beharra ezarriz. Tresna horiek zeharkako eragina baino ez dute izaten kreditu-fluxuetan. Izan ere, eraginkortasuna galtzen dute entitateek dagoeneko zuhurtzia-baldintza nahiko zorrotzak ezarriak badituzte, eta horixe gertatzen da gaur egun, azkenaldi honetan finantzen arloan egin diren berrikuntzekin zuhurtzia-baldintzok askoz gehiago baitira. Beraz, ezinbestekoa da Espainiako Bankuak zuzenean eman daitezkeen kredituen zenbatekoak mugatu ahal izatea. Horrez gainera, bankuen kreditu-jarduera balore-merkatuetara edo aseguruen sektorera joan ez dadin, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaie gainbegiratzen dituzten entitateei murrizketak ezartzeko.

Orobat, ezinbestekoa da ahalik azkarrena ematea Espainiako Bankuari sektore-mailan arriskuak hartzeko gaitasuna murrizteko ahalmena; neurriak arriskurik gehien izaten den sektorean hartzen diren arriskuetarako bakarrik aplikatuko dira. Izan ere, oraintsu higiezinen sektorean izan den krisian gertatu den bezala, baliteke ahuleziak sistemako arlo jakin batzuetan pilatzea. Finantza-agintaritzek arriskuei erantzun behar diete, baina ahaleginak egin behar dituzte ezinbestekoa den arloetan bakarrik esku hartzeko.

Azken helburu hori gogoan hartuta, errege lege-dekretu honek Espainiako Bankuari ahalmena ematen dio sektore-ikuspegi batekin kapital-koltxoi antiziklikoa eta arriskatzeko mugak ezartzeko.

Inbertsio-funtsetara etorrita, ezinbestekoa da Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ahalik azkarrena ematea kasu jakin batzuetan inbertsio kolektiboko erakunde eta entitateei likidezia-baldintzak ezartzeko ahalmena. Lehenengoak funts irekiak dira, hau da, partaideek noiznahi atera ditzakete beren funtsak, eta, horregatik, merkatuko gorabeherek eragin handia edukitzen dute haietan, partaide askok aldi berean dirua ateratzeko arriskua izaten baita. Gainera, funts horiek pertsona partikularren artean saltzen dira, eta, ondorioz, ikuspegi sozialetik, kalteberak dira.

Beste alde batetik, aseguruen sektorean, arriskuak sektore batetik beste batera pasatuko ez badira, ezinbestekoa da gaur egun eragiketak gainbegiratzen dituenari (hau da, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari) tresna egokiak ematea arrisku-transferentziarik gerta ez dadin eta arau-artekaritza izatea aukeran.

Sistema osoan eragina izan lezaketen nahasmenduak arintzeko erabil daitezkeen tresnak zehaztuta daudela, presazkoa eta beharrezkoa da tresna horiek berehala sektoreetako gainbegiratzaileen eskura egotea, erabili behar badituzte ere.

III

Errege lege-dekretua Konstituzioaren araberako tresna zilegia da, baldin eta, Konstituzio Auzitegiak behin eta berriro eskatutakoari jarraituz (6/1983 epaia, otsailaren 4koa, 5. oinarria; 11/2002 epaia, urtarrilaren 17koa, 4. oinarria; 137/2003 epaia, uztailaren 3koa, 3. oinarria; 189/2005 epaia, uztailaren 7koa, 3. oinarria), presako legegintzaren xedea egoera jakin batean laguntza ematea bada, Gobernuaren helburuen barruan betiere, aurreikusteko zailak diren arrazoiengatik araudia berehala ematea eskatzen denean -esan nahi baita, ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan-, batez ere kontuan hartuta prozeduraren ezarpena ez dagoela Gobernuaren esku.

Azaldu den bezala, guztiz beharrezkoa da ahalik azkarrena txertatzea gure ordenamenduan finantza-sisteman izan litezkeen ahuleziei aurre egiteko behar diren makrozuhurtziako tresnak, horrela Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak tresna eta lanabes egokiak edukiko baitituzte finantza-sistema osoan eragina izan lezaketen nahasmenduak aritzeko. Eta presa eta behar gorria dago makrozuhurtziako tresna horiek berehala egoteko eskura, sektoreetako gainbegiratzaileek segituan erabili behar badituzte ere. Bestela, baliteke finantza-merkatuetan ustekabeko eta bat-bateko tentsioei aurre egin behar izatea eta, ondorioz, aurre egiteko tresna egokiak ez edukitzeagatik, finantza-sistemaren egonkortasuna eta benetako ekonomia kolokan gertatzea. Izan ere, nazioarteko hainbat erakundek eta, batez ere, Nazioarteko Diru Funtsak eta Finantza Egonkortasuneko Kontseiluak esan izan dute oraintsuko krisia leherrarazi duten huts larrietako bat izan dela makrozuhurtziako tresnarik ez egotea aldez aurretik ohartu ahal izateko finantza-sisteman desorekak pilatzen ari zirela.

Gainera, errege lege-dekretuaren figura onargarria da kasu honetan, ez baitira urratzen Espainiako Konstituzioaren 86.1 artikuluan ezartzen diren mugak; izan ere, ez dauka eraginik Estatuaren oinarrizko erakundeen ordenamenduan, ez Konstituzioaren I. tituluan arautzen diren herritarren eskubideetan, eginbeharretan eta askatasunetan, ez autonomia-erkidegoen araubidean, ez eta hauteskunde-zuzenbide orokorrean ere.

Aipatutako arrazoiek ondo baino hobeto justifikatzen dute Konstituzioan aipatzen den aparteko eta presazko beharrizana. Behar horrek, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera, gaitasuna ematen dio Gobernuari errege lege-dekretu hau emateko, Estatuaren politika zuzentzeko organoa den heinean. Halaber, araudia berehala ematea justifikatzen duten salbuespenezko egoera, larritasuna eta garrantzia biltzen dira hemen, esan nahi baita ohiko bidea erabilita edo legeen izapidetze parlamentariorako presazko prozedura erabilita beharko litzatekeena baino epe laburragoan ematea justifikatzen dutenak.

IV

Errege lege-dekretu hau bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eskatzen dituen printzipioekin: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa eta efizientzia.

Beharrezkotasuna eta eraginkortasuna direla eta, errege lege-dekretu hau tresna ezin egokiagoa da azken xedea lortzeko, hau da, Espainiako Bankuari, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari ahalik azkarrena tresna egokiak ematea atzematen dituzten eta beren ustez azkenean finantza-sistemaren egonkortasunean eragina eduki lezaketen arriskuak eragozteko eta murrizteko.

Proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa eta efizientzia direla eta, errege lege-dekretu honek bere xedeak betetzeko behar den gutxieneko erregulazioa ezartzen du, erregulazio hori bat dator gainerako ordenamendu juridikoarekin (Estatukoarekin zein nazioartekoarekin) eta ez du ezartzen behar ez den administrazio-zamarik. Kreditu-entitateen, inbertsio kolektiboko erakunde eta entitateen eta aseguru- eta berraseguru-etxeen arautegian egiten diren aldaketek arau-esparru egonkor, integratua eta argia eratzen dute.

V

Errege lege-dekretu honek bost artikulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen ditu.

Lehenengo artikuluak Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen du, eta hirugarren artikuluak, azaroaren 12ko 22/2014 Legea, zeinak arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko beste entitate itxi batzuk eta inbertsio kolektiboko entitate itxiak kudeatzen dituzten sozietateak arautzen baititu eta Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen baitu; helburua hau da: Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ahalmena ematea inbertsio kolektiboko erakundeen eta entitateen likidezia sendotzeko neurriak ezartzeko.

Bigarren artikuluak aldaketa batzuk egiten ditu ekainaren 26ko 10/2014 Legean (kreditu-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzkoa), Espainiako Bankuak aukeran makrozuhurtziako tresna gehiago izateko. Hain zuzen ere, Espainiako Bankuari ahalmena ematen zaio arrisku-zorro jakinetarako behar den kapitalaren zenbatekoa gehitzeko, kreditu-entitateek har ditzaketen arriskuak sektore ekonomiko jakin batzuetara mugatzeko, eta kreditu-entitateei mugak eta baldintzak ezartzeko maileguak emateko eta errenta finkoa eta eratorriak erosteko. Horrenbestez, Espainiako Bankuak ezarri ahal izango du mailegu-hartzaileek beren errentatik zenbat erabil dezaketen gehienez zorra ordaintzeko (debt service to income) eta zenbateko zorra eduki dezaketen gehienez emandako bermeen arabera (loan to value), besteak beste.

Laugarren artikuluak uztailaren 14ko 20/2015 Legea aldatzen du, aseguru- eta berraseguru-etxeen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenarena, makrozuhurtziako tresna berriak emateko Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari. Horren ildotik, zuzendaritza nagusi horri ahalmena ematen zaio aseguru- eta berraseguru-etxeei mugak ezartzeko sektore ekonomiko edo aktibo-kategoria jakin batean har dezaketen arrisku agregatuan, bai eta entitate horiek arrisku-transferentziak eta aseguru-zorroen transferentziak egiteko baldintzak ezartzeko ere. Hori guztia eragiketa horiek finantza-sistemaren egonkortasunari eragiten dioten heinean egin dezake.

Bosgarren artikuluak Balore Merkatuaren Legearen testu bategina aldatzen du, zeina urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen. Aldaketaren bidez, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari ahalmena ematen dio gainbegiratzen dituen entitateek egiten dituzten jarduera batzuei mugak ezartzeko kasu jakin batzuetan: agente ekonomikoen arriskua edo zorra gehiegi handitzen dutenean eta ondorioz finantza-sistemaren egonkortasuna kolokan jartzen denean.

Xedapen gehigarri bakarrak ezartzen du sektoreetako gainbegiratzaileek makrozuhurtziaren arloko agintaritzari eman beharko diotela ezartzen dituzten makrozuhurtziako tresnen berri herritarrei eta ukitutako pertsonei jakinarazi aurretik.

Arrisku Sistemikoaren Europako Batzordeak, horren haritik, makrozuhurtziaren arloko eskumenak edukiko zituen agintaritza bat sortzeko edo izendatzeko eskatu zien Batasuneko estatuei lehen aipatu den 2011ko gomendioan. Europar Batasuneko hogeita zortzi estatuetatik bik oraindik ez dute makrozuhurtzia-agintaritzarik, eta Espainia da horietako bat. Gainera, Nazioarteko Diru Funtsak hainbat aldiz adierazi du Espainiak makrozuhurtzia-agintaritza nazionala eduki behar duela. Hain zuzen ere, 2017ko Espainiako Finantza Sistema Ebaluatzeko Programan (Financial Sector Assessment Program, FSAP), Nazioarteko Diru Funtsak honako hau adierazi zuen: «Arrisku sistemikoaren erakundearteko kontseilua eratuz gero, arrisku sistemikoaren gaineko zaintza hobetuko litzateke, eta erabakiak makrozuhurtziaz hartzeak finantza-sektorearen lotura sistemiko geroz handiagoari heltzen lagunduko luke».

Xedapen iragankor bakarrak ezartzen du agintaritza hori sortu arte komunikazio horiek Finantza Egonkortasuneko Batzordeari bidali beharko zaizkiola. Organo horretan sektoreetako gainbegiratzaileen eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren ordezkariak daude, eta beraren egiteko nagusia finantza-sistemaren egonkortasuna arriskua jar dezaketen ahuleziak aztertzea da, krisi sistemikorik gerta ez dadin. Makrozuhurtzia-agintaritza nazionalak, sortzen denean, horren egitekoa hartuko du. Hori da asmoa. Beraz, agintaritza hori sortzen ez den artean, batzordea da erakunderik egokiena komunikazio horiek hartzeko.

Hiru azken xedapenetan eskumen-tituluak eta erregelamendu-garapenerako gaikuntza ezartzen dira, eta araua indarrean noiz jarriko den xedatzen da.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluaren 1.11 eta 1.13 puntuetan xedatzen denaren babesean ematen da; puntu horietan, hurrenez hurren, kreditua, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriei buruzko eskumen esklusiboa eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzko eskumen esklusiboa esleitzen zaizkio Espainiako Estatuari.

Horren arabera, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluko baimena baliatuta, Ekonomia eta Enpresa ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluak 2018ko abenduaren 14ko bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzea.

Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legearen 71 septies artikulua aldatzen da, eta zenbaki bat gehitzen zaio, zazpigarrena; hona testua:

«71 septies artikulua. Palanka-efektuaren mugak, kreditu-ebaluazioko prozesuen egokitzapena eta likidezia-arriskua gainbegiratzea.

«7. Partaide edo akziodun guztiek tratamendu ekitatiboa edukitzea bermatzeko edo finantza-sistema egonkortzeko edo zaintzeko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak aldi batez, eta neurria beharrezkoa eta proportzionala dela justifikatuz gero, lege honek arautzen dituen inbertsio kolektiboko erakundeen sozietate kudeatzaileei eskatu ahal izango die, banaka edo multzoka, kudeatzen dituzten inbertsio kolektiboko erakundeen zorroen likidezia handitu dezatela eta, bereziki, handitu dezatela likidezia handiko aktiboetan inbertitutako kopuruaren ehunekoa (likidezia handiko aktiboa zer den Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berak zehazten du).»

Bigarren artikulua. Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legea aldatzea.

Kreditu Entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legea honela aldatzen da:

Bat. 45. artikuluaren 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1. Kreditu-entitateek, entitate edo talde bakoitzarentzat berariaz kalkulatuta, kapital-koltxoi antizikliko bat eduki behar dute. Koltxoi hori arriskuan dagoen zenbateko osoaren bestekoa izango da, ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren 92.3 artikuluaren arabera kalkulaturik, Espainiako Bankuak ezartzen dituen zehaztapenak aintzat hartuta -halakorik ezartzen badu- eta berariazko kapital-koltxoiaren ehunekoaz biderkatuta lortua.

Espainiako Bankuak, zehazki, kapital-koltxoi antiziklikoa entitate edo talde baten arrisku guztietan edo sektore jakin bateko arriskuetan aplikatzeko eskatu ahal izango du.»

Bi. 69 bis artikulua gehitzen da; hona testua:

«69 bis artikulua. Sektore-kontzentrazioaren mugak.

Kreditu-entitateek edo halako entitateen azpitalde batek jarduera ekonomikoaren sektore jakin batean hartzen duten arrisku agregatuak arrisku sistemikoa ekartzen badu, Espainiako Bankuak kreditu-entitateei eskatu ahal izango die muga dezatela sektore horretako arriskua.»

Hiru. 69 ter artikulu berria gehitzen da; hona testua:

«69 ter artikulua. Maileguak emateko eta beste eragiketa batzuk egiteko baldintzak.

Agente ekonomikoen banku-arriskua edo zorra gehiegi handitu ez dadin, Espainiako Bankuak kreditu-entitateei mugak eta baldintzak ezarri ahal izango dizkie maileguak emateko, errenta finkoaren eta eratorrien tituluak eskuratzeko eta Espainiako sektore pribatuarekin eragiketak egiteko.»

Hirugarren artikulua. Azaroaren 12ko 22/2014 Legea aldatzea. Lege horrek arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxiak kudeatzen dituzten entitateak arautzen ditu eta Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen du.

Azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 87. artikuluaren izenburua aldatzen da (lege horrek arrisku-kapitaleko entitateak, inbertsio kolektiboko bestelako erakunde itxiak eta inbertsio kolektiboko erakunde itxiak kudeatzen dituzten entitateak arautzen ditu eta Inbertsio Kolektiboko Erakundeen azaroaren 4ko 35/2003 Legea aldatzen du), eta artikulu horri zenbaki bat gehitzen zaio, zazpigarrena; hona testua:

«87. artikulua. Palanka-efektuaren mugak, kreditu-ebaluazioko prozesuen egokitzapena eta likidezia-arriskua gainbegiratzea.

«7. Partaide edo akziodun guztiek tratamendu ekitatiboa edukitzea bermatzeko edo finantza-sistema egonkortzeko edo zaintzeko, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak aldi batez, eta neurria beharrezkoa eta proportzionala dela justifikatuz gero, lege honek arautzen dituen entitateak kudeatzen dituzten sozietateei eskatu ahal izango die, banaka edo multzoka, kudeatzen dituzten entitateen zorroen likidezia handitu dezatela eta, bereziki, handitu dezatela likidezia handiko aktiboetan inbertitutako kopuruaren ehunekoa (likidezia handiko aktiboa zer den Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak berak zehazten du).»

Laugarren artikulua. Aseguru- eta Berraseguru-etxeen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legea aldatzea.

117 bis artikulua gehitzen zaio uztailaren 14ko 20/2015 Legeari (Aseguru- eta Berraseguru-etxeen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko Legea); hona testua:

«117 bis artikulua. Makrozuhurtziaz gainbegiratzeko neurriak.

  • 1.  Aseguru- eta berraseguru-etxeek edo halako entitateetako batzuek sektore ekonomiko edo aktibo-kategoria jakin batean hartzen duten arrisku agregatuak arrisku sistemikoa ekartzen badu, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak mugatu ahal izango du sektore ekonomiko edo aktibo-kategoria horretan har daitekeen arriskua.

  • 2.  Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak mugak eta baldintzak ezarri ahal izango dizkie aseguru- eta berraseguru-etxeek egiten dituzten arrisku-transferentzien eta aseguru-zorroen transferentzien eragiketei, baldin eta transferentzia horietan balantzeko inbertsioak edo beste partida batzuk eskualdatuta entitate haien aktiboen edo funts propioen kalitatea jaisten bada eta horrek entitateen iraunkortasunari etorkizunean eragin badiezaioke edo finantza-sistemaren egonkortasunari eragin badiezaioke.»

Bosgarren artikulua. Balore Merkatuaren Legearen testu bategina aldatzea, zeina urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen.

Balore Merkatuaren Legearen testu bateginari, zeina urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen, 234 bis artikulua gehitzen zaio; hona testua:

«234 bis artikulua. Makrozuhurtziaz gainbegiratzeko neurriak sendotzeko beste ahalmen batzuk.

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak mugak eta baldintzak ezarri ahal izango dizkie gainbegiratzen dituen entitateei, sektore pribatuaren zorra gehiegi haz ez dadin eta finantza-sistemaren egonkortasuna arriskuan ez jartzeko.»

Xedapen gehigarri bakarra. Makrozuhurtziaren arloko agintaritzari ezartzen diren makrozuhurtziako tresnen berri ematea.

  • 1.  Arrisku sistemikoak eragozteko eta finantza-sistemak hazkunde ekonomikoari ekarpen jasangarria egin ahal izateko erabiltzen diren tresnak dira makrozuhurtziako tresnak. Arrisku sistemikotzat, berriz, finantza-zerbitzuen merkatuak nahasi eta benetako ekonomian kalte egin dezakeena joko da.

  • 2.  Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak edo Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, makrozuhurtziako tresnaren bat ezarri nahi izanez gero, gutxienez herritarrei eta ukitutako pertsonei baino zazpi egun baliodun lehenago jakinarazi behar diote makrozuhurtziaren arloko agintaritzari. Epealdi hori laburtu daiteke merkatuaren egoera dela-eta hala komeni denean edo neurria eraginkorra izango bada berehala ezarri behar denean. Halako kasuetan, neurria presazkoa dela frogatu behar da komunikazioan.

Xedapen iragankor bakarra. Makrozuhurtziako tresnen komunikazioen araubide iragankorra.

Xedapen gehigarri bakarrean aipatzen den makrozuhurtzia-agintaritza sortu arte, Finantza Egonkortasuneko Batzordeari bidali beharko zaizkio xedapen horretan arautzen diren komunikazioak.

Azken xedapenetako lehena. Eskumen-tituluak.

Errege lege-dekretu hau Espainiako Konstituzioaren 149. artikuluko 1.11 eta 1.13 puntuetan xedatzen denaren babesean ematen da; puntu horietan, hurrenez hurren, kreditua, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriei buruzko eskumen esklusiboak eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriei eta koordinazioari buruzko eskumen esklusiboak esleitzen zaizkio Espainiako Estatuari.

Azken xedapenetako bigarrena. Erregelamenduz garatzeko gaikuntza.

Gobernuari ahalmena ematen zaio errege lege-dekretu honetan arautzen dena garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Madril, 2018ko abenduaren 14a.

FELIPE E.

Gobernuko jarduneko presidentea, CARMEN CALVO POYATO

Atxekitako dokumentuak:

Sustatzaileak:

  • deustu
  • ivap
  • Bizkaiako foru aldundia - Diputación foral de Bizkaia
  • Eusko jaurlaritza / Gobierno vasco - Justizia eta herri administrazio saila
  • BBK
  • Deusto - Instituto de estudios vascos / Euskal gaien institutua

Laguntzaileak:

© IUSPLAZA  Lege-oharra